Asteon zientzia begi-bistan #182
Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak. Dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero. Gehienek ez dute ia sintomarik izaten, baina gutxi gorabehera bi milioi lagunek sukar hemorragikoa izaten dute birusaren eraginez, eta azkenerako, 25.000 hiltzen dira urtero. Arazoari aurre egiteko, zergatik ez jo eltxo horien kontra? Zilegi al da espezie horiek behin betiko iraungitzea? Juanma Gallego kazetariak galdera bota du Berrian: “Ziztada hilgarrien aurkako lasterketa” artikuluan. Eta erantzuna bilatu nahian, besteak beste, Roger Eritja entomologoari luzatu dio gaia. Honen ustez, “eltxoen edo gaixoen kopuruak apalduta, aurre egin dakioke gaixotasunari. Beraz, ez da beharrezkoa espezie bat guztiz akabatzea”.
Zientziak baditu emaitza bitxiak plazaratzen dituen ikerketak eta horrelako bat ekarri digu Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Abiapuntua Robert Alan Kloner medikuak eta ikertzaileak 1999. urtean egin zuen ikerketan daukagu. Bihotzarekin lotura zuten arazoen heriotza-tasa izan zuten aztergai eta frogatu zuten neguan udan baino heriotza gehiago gertatzen direla, gehienak abendutik urtarrilera. Antza, neguan tenperaturak hotzagoak izaten direnez horrek azal zezakeen heriotza-tasa hori baina beste kontu batekin egin zuten topo: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Zergatik ordea? Azalpen guztiak Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea artikuluan.
BiologiaFlora aloktonokoa da tokikoa edo jatorrizkoa izan ez arren ohikoa bilakatu den espeziea. Horrelako espezieak ikus daitezke Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Izan ere UPV/EHUko ikertzaile batek denera 156 espezie detektatu dira zonalde horietan eta, horrez gain, ikusi du espezie horien %40 puntu bakar batean agertzen dela. Horren adibidea da, esaterako, Urumea ibaian aurkitu den Ipar Amerikako Muhlenbergia schreberi graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehar -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak). Datu guztiak Kantauriar ibaietako espezie exotikoak artikuluan.
Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. 2006. urtean antzeman zuten lehen aldiz Frantziako Lot-et-Garonne departamenduan eta handik aurrera Europan inoiz izan den liztor-inbasiorik arrakastatsuena izan da ziur aski velutinaren inbasioa. Erle europarrak harrapatzen dihardu ordutik hona liztor erle-hiltzaile honek. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez. Espezie honen ezaugarriak eta jokaera azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek: David vs Goliat?
Hegaztien behaketen datuak biltzen dituzten hainbat webgune ditugu eskura. Esaterako, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen Ornitho webgunea daukagu. Bertan faunan behatzen diren animalien datuak biltzen dira, besteak beste, hegaztienak. Ornitho.eus 2015ean sortu zen eta jada 100.000 behaketa baino gehiagoren datuak ditu. Datu-base hau Euro Bird Portal erakusleiho handiagoan integratzen da. Asier Sarasua biologoak Sustatun Euro Bird Portalen aukera berriak azaldu ditu egunotan. Izan ere, hegaztien joan-etorriak erakusten dituzten mapak sortu daitezke. Milaka ornitologoren datuak bildu eta mapa dinamikoen bidez erakusten dituzte: Hegaztien migrazioa irudikatzen duten mapa animatuak.
Emakumeak zientzianZiortza Guezuraga kazetariak genero berdintasuna eta lidergoa batzen dituen Homeward Bound nazioarteko egitasmoaren berri eman digu asteon. Hamar urtean 1.000 emakume zientzialariren kolaborazio sarea sortu nahi du Homeward Boundek, planetan eragina duten politiketan eta erabaki-hartze guneetan eragina izan dezaten. Horrez gain, beste ildo bat du egitasmoak: aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzea. Xehetasun guztiak Ama naturak bere alabak behar ditu artikuluan.
Astrofisika2069. urtean gizakia Ilargira ailegatu zenaren mendeurrena izango dugu. Urte hori hautatu du NASAk beste urrats handi bat emateko: Izarrarteko lehen misioa gauzatzeko. Sustatu agerkarian eman dizkigute NASAren asmoen berri. Antza, 2069rako aurreikusten du NASAk izarrarteko lehenengo misioa, Alpha Centauri izar sistemara iritsiko litzatekeena, gugandik gertuen dagoen izar sistema.
FisikaDuela 50 urte aurreikusitako materiaren egoera berria egiaztatu dute zientzialariek, bereizmen handiko elektroskopia erabilita. Illinoisko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrenekoz elektroi baten eta elektroi horrek berak atzean utzitako hutsunearen arteko egoera existentzia frogatzea lortu dute: eszitonioa. Titanio diselenioa (TiSe2) konposatuaren azterketa baliatu dute egoera horren existentzia frogatzeko. Orain topatu berri duten egoera honen ezaugarriak arretaz aztertuko dituzte, bertatik atera daitezkeen aplikazio teknologikoak garatu ahal izateko. Datu guztiak Juanma Gallegoren eskutik: Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #182 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #196
Elikagai bankuekin egindako esperimentua merkatuen funtzionamendua erraz ulertzeko. José Luis Ferreira Use markets to feed the poor artikuluan.
Limite fisikoetara heltzen ari da elektronika. Elektroien fluxu sinplea ez diren bestelako fenomeno fisikoetan oinarritutako dispositiboetan oinarrituko da etorkizuna. Aukera horietako bati, espintronikari, ekarpena egiten diote DIPCn fase industrialetik hurbilago egon dadin: Towards a bottom-up engineering of molecular spintronic devices
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #196 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ama naturak bere alabak behar ditu

1. irudia: Klima-aldaketaren ondorioak nabarmenen izaten dira Antartikan.
Zientziaren alorrean emakumeak duen egoera dago proiektuaren oinarrian. I+G alorrean emakumeen errepresentazio maila %29koa da batez beste mundu mailan Unescoren datuen arabera. Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan %32ra igotzen da portzentaia.
Europar Batasunari dagokionez ere, ikertzaileen %33 dira emakumeak Komisio Europarraren She Figures txostenak adierazten duenez. Estatu mailan %39an dago emakumeen portzentaia, ekonomia ministerioaren Científicas en cifras 2015 txostenaren datuei begira. Euskadiko datuei erreparatuta emakumeen portzentaia %35ean dagoela ikus daiteke Zientzia 2017 txostenean.
Ikertzaile karreran aurrera egin ahala, baina, beheranzko joera du emakumeen portzentaiak. Hala, ikertzaile karreraren maila apalenetan emakumeen kopurua gizonen parekoa edota gehiago bada ere, karreran aurrera eta postuetan gora egin ahala emakumeen portzentaia jaitsi egiten da, dela estatu mailako unibertsitate eta OPISetan:

2. irudia: Emakumeen portzentaia ikertzaile karreran estatu mailako unibertsitate eta OPISetan.
Dela CSICen:

3. irudia: CSICko ikertzaile-karreraren eboluzioa sexuaren arabera.
Edo UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleen banaketa:

4. irudia: UPV/EHUko ikertzaileen eta irakasleen banaketa sexuaren arabera.
Edota BERCetakoa:

5. irudia: BERCetako banaketa sexuaren arabera.
Kasu guztietan patroi bera errepikatzen da: karreran aurrera egin ahala emakumeen portzentaia behera egiten du. Aurten bertan Rosa María Menéndez izendatu dute CSIC erakundearen historiako lehen presidente emakumea. Euskal unibertsitate pribatuetan egoera ezberdina da; kontuan izan behar da, hala ere, karrera profesionala bestelakoa dela, ez duela bide bera jarraitzen eta, beraz, ez direla konparagarriak.
Emakumeek zientzian duten egoera irauli nahi du Homeward Bound programak. Horretarako lau ataletan banatutako programa garatu dute:
- Urtebeteko iraupena duen lidergo formakuntza birtuala.
- 12 eguneko formakuntza intentsiboa lidergoan eta estrategian.
- 6 eguneko formakuntza berezitua aldaketa klimatikoan.
- Hiru asteko espedizioa Antartikara.
Programaren baitan Antartikara espedizioa egitea ez da ausaz hartutako erabakia. Esplorazioaren paradigma izateaz gain, klima-aldaketaren gaian, Homeward Bound programaren ildo nagusietako bat, erreferente da Antartika.
Klima-aldaketaren ondorioak Antartikan (eta baita Antartidan ere) dira nabarmenen, Eñaut Izagirrek azaldu bezala, glaziarrak klimaren indikatzaile sentikorrak dira. Hori hala, klima-aldaketaren eboluzioaren ikerketan Antartika gehien ikertzen den puntuetako bat da. NASAren Global Climate Change: Vital Signs of the Planet programak (klima-aldaketaren jarraipena egiten duen programa), esaterako, Antartikaren izotz masa du aldaketa klimatikoaren egoeraren adierazle moduan.

6. irudia: Landare bizitza lurrazalean eta ozeano azalean, 1997ko irailetik 2017ko irailera arteko satelite behaketez osatutako animazioa. (Iturria: NASA)
Klima-aldaketari erantzun azkarrenetarikoak ematen ari dira Antartikaren zenbait zonaldek eta hauek zuzenean ikertzeaz gain, Homeward Bound proiektuan parte hartzen duten emakumeen arteko harremanak bultzatzea da bertara joateko beste arrazoietako bat. Klima-aldaketaren aurka emakume zientzialarien sare kolaboratiboa sortzea.
Emakumeak zientzian duten papera indartzeko, emakume zientzialarien arteko harremanak sustatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko asmoa du Homeward Bound nazioarteko proiektuak. Zientziaren baitako emakumeen inpaktua eta influentzia handitu planetan eragina duten politiketan eta erabakietan egungo egoerari aurre egiteko.
Zientziak gaur egun dituen erronketako biri, emakumeak zientzian duten egoerari eta aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzeko asmotan sortutako ekimena da Homeward Bound.
Erreferentziak:
- European Commission – Research and Innovation.
- Homeward Bound
- NASA – Global Climate Change: Vital Signs of the Planet.
- National Geographic – See the Extreme Ice Changes Near the Antarctic Peninsula (bideoa, ingelesez).
- NASA – The Arctic and the Antarctic Respond in Opposite Ways (bideoa, ingelesez).
- Ministerio de Economía, industria y competitividad – Científicas en cifras.
- CSIC – Mujeres y ciencia.
- Ikerbasque – Zientzia Euskadin 2017.
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.
——————————————————————
The post Ama naturak bere alabak behar ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
David vs Goliat?

———————————————————————————————————–
Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. Liztor hori Vespa crabro Europako liztorraren oso antzekoa da, baina honek ez bezala, erleak erabiltzen ditu proteina-iturri modura.
Irudia: ‘Vespa velutina’ liztorrak erleak erabiltzen ditu proteina iturri gisa.
Asiako liztorrak, beraz, Europan sartu zenez geroztik erle europarrak harrapatzen dihardu. Frantziara heldu zenetik hedatzen ari da liztor erle-hiltzailea, eta Pirinioak zeharkatzea ere lortu du. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez.
Vespa generoaren barruan, beraz, erleak harrapatzen ez dituzten liztorrak ditugu batetik, bertako Vespa crabro Europako liztorra esaterako, eta erle-harrapariak direnak bestetik; azken hauen artean Vespa velutina ez da bakarra, badira elikatze-jokaera bera erakusten duten beste espezie batzuk. Horietako bat liztor japoniarra dugu: Vespa mandarinia japonica liztor japoniarra ere harraparia da, baina bere harrapakinen artean bada bat arazo larriak ekar diezazkiokeena; hain larriak non harrapakinak harraparia hil egin dezakeen. Apis cerana japonica izeneko erle japoniarra da ustezko harrapakina. Aspalditik zen jakina erle hauek garaile atera zitezkeela liztorraren kontrako lehian, baina hasieran ziztadaka hiltzen zutela uste bazuten, gero ikusi zen ezetz, beste prozedura sofistikatuago bat erabiltzen zutela liztorra garbitzeko. Ikus dezagun orain nola akabatzen duen txikiak (erleak) handia (liztorra).
Liztorrak erle bati erasotzen dionean, berehala hurbiltzen zaizkio bostehunetik gora erle, eta liztorra inguratu egiten dute. Egia esan, inguratu baino gehiago egiten dute, “erle-pilota” bat osatzen baitute, eta pilota horren erdi-erdian geratzen baita liztorra. Bada, berehala 48 °C-ra igotzen da tenperatura pilotaren erdigune horretan, eta horixe da, tenperatura horixe hain justu, liztorra hiltzen duena.
Bideoa: Apis cerana japonica erleak beroa baliatzen du Vespa mandarinia liztorrari aurre egiteko. (Iturria: National Geographic)
Liztorraren hiltze-muga 44-46 °C-koa da, eta, beraz, 48 °C tenperatura handiegia da berarentzat. Ez, ordea, erleentzat, 48-50 °C artean baitago horien hiltze-tenperatura. Ikusi dugunez, bizitzaren ertz bero hori oso zorrotza da zenbait kasutan, zorrotzegia animalia batzuentzat. Eta, ikusi dugunez, badago desberdintasun txikiei etekina ateratzen dion espezierik ere.
Tamalez, erle japoniarrek erakusten duten babes-jokaera hori ez da unibertsala erleen artean, eta hori dela eta erle europarrek (Apis mellifera) japoniarrek erabiltzen duten erle-pilota hipertermikoa osatzeko jokaera garatzen ez duten artean, Asiako liztor hiltzaileari aurre egiteko modu bakarra gizakiaren bidezkoa izan beharko da. Bi modu omen daude: erregina gazteak harrapatzea udaberrian habia berria eraiki orduko, edo/eta habiak atzeman eta suntsitzea. Ea laster “ikasten” duten gure erleek ere bizitzaren ertz beroa baliatzen!
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post David vs Goliat? appeared first on Zientzia Kaiera.
Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria
Denbora gutxian, gauzak asko konplikatu dira unibertsoaren eskala txikienetan. 1930eko hamarkadara arte protoiak, neutroiak, elektroiak eta fotoiak baino ez zeuden testu liburuetan. Partikula horien bitartez, zientzialariak gai ziren natura bere osotasunean azaltzeko. Fotoiak alde batera utzita, kalean inkesta bat eginez gero, seguruenera horiek izango dira “nola osatuta dago materia?” galderari gehienek emango geniokeen erantzuna. Eskola garaietako eskemak berehala datoz burura; eguzki sistema baten antzera osatuta dagoen atomoaren irudi polit hori: protoiak eta neutroiaz osatutako “eguzki” bat, eta inguruan dantzan dabiltzan elektroiak, planetak balira bezala.

1. irudia: Eszitonioaren irudikapena. Egoera ordenatua urdinez marraztu dute, eta, eszitoiak, hori kolorez. (Argazkia: Peter Abbamonte / Ilinoisko Unibertsitatea)
Fisikariek badakite, ordea, gauzak askoz konplexuagoak direla. Bai protoiak zein neutroiak quark izeneko oinarrizko partikula txikiez osatuta daudelako, baina askoz partikula gehiago daude. Horrenbeste, ezen “partikulen zooa” kontzeptua asmatu baitzen.
Gehienak, laborategian fisikariek marraztutako koadernotan ageri ziren, eta esperimentuen bitartez horien existentzia frogatzen aritu dira. Matematika baliatuz, mundua osatzen duten adreiluak zeintzuk diren asmatzen eta ordenatzen aritu dira fisikariak. Horrela jaio zen gaur eredu estandar gisa ezagutzen duguna.
Eredu estandarrean, oinarrizko 12 partikulek osatzen dute materia, eta horiek loturik egotea ahalbidetzen duten indarren partikulak ere badira. “Ez da munduaren errepresentaziorik garbiena, baina datu guztiek bat egiten dute”, Sean Carroll fisikari ezagunaren esanetan. Hori guztia Lurreko eskalei dagokienean, Carrollek berak The Particle at the End of the Universe liburuan aitortzen duenez. Izan ere, unibertsoaren handitasunean gertatzen diren fenomenoak azaltzeko materia eta energia ilunaren kontzeptuetara jo beharra dago, ezinbestean.
2012an LHC Hadroien Talkagailu Handian Higgs bosoia aurkitu zutenean, eredu estandar horretan aurkitzeko zegoen azken partikula bezala aurkeztua izan zen. Baina argitu gabeko eremuak geratzen ziren. Ezagunenak, arestian aipatutako materia eta energia ilunak. Argitzeko dauden beste eremu zehatzagoak badira. Tartean, gaurkoan mintzagai daukagun exzitonioa.
Elektroiaren dantzaEzagunak dira materiaren egoera arruntak: solidoa, likidoa eta gasa. Hain ezaguna ez bada ere, plasma ere materiaren laugarren egoera bezala ezagutzen da. Gasak tenperatura altua hartzen duenean, bertako atomo gehienak ionizatu egiten dira. Egoera horretan daude izarrak, gure Eguzkia barne.
Horietaz gain, ordea, beste egoera bereziak ere badira: fluido superkritiko deritzenak, edota Bose-Einsteinen eta Fermiren kondentsatuak. Baina orain, zerrenda horri egoera berri bat gehitu behar zaio: eszitonioa.
Harvardeko Unibertsitateko (AEB) fisikari Bert Halperin matematikariak materiaren egoera hau aurreikusi zuen 1960ko hamarkadan, beti ere maila teorikoan. Halperinen proposamenaren arabera, elektroi batek eta elektroi horrek utzitako eremu hutsak osatutako egoera bat egon behar zen. Halere, lehen hurbilpena Yakol Frenkel fisikariak egin zuen, 1931n.

2. irudia: 2. irudia. Aurkikuntzan parte hartu duten ikertzaileak: Mindy Rak, Peter Abbamonte eta Anshul Kogar. Irudia: (Argazkia: Brian Stauffe / Illinoisko Unibertsitatea)
Proposamena mahai gainean jarri zenetik, fisikariak ez dira ados jarri materiaren egoera berri horrek izan beharko lituzkeen ezaugarrien inguruan. Batzuen ustez, isolatzailea izango litzateke; beste batzuek eroalea edo superfluidoa izango litzatekeela esan zuten. Orain, Illinoisko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrenekoz egoera horren existentzia frogatzea lortu dutela jakinarazi dute Science aldizkarian.
Duela 50 urte inguru Halperinek aurreikusi zuen bezala, erdieroale diren materialetan, kitzikatuak direnean, elektroiek atomoaren hurrengo energia mailara jauzi egiteko gaitasuna dute. Alabaina, atzean utzitako tarte horretan hutsune bat uzten dute. Hutsune horrek karga positiboa duen partikula baten funtzioa betetzen du, eta jauzi egin duen elektroia erakartzen du. Indar elektrostatikoari esker, lotuta mantentzen dira bai elektroia zein atzean utzitako hutsunea. Karga negatiboaren eta positiboaren arteko lotura honek konposatutako partikula osatzen du: eszitoia.
Titanio diselenioa (TiSe2) konposatuaren azterketa baliatu dute egoera horren existentzia frogatzeko. Orain arte halako estrukturak ongi bereizteko moduko teknologiarik ez zegoela eta, bereizmen handiagoko elektroskopia berezia garatu behar izan dute. Seguruenera, ez da halako materiala lortu den aurreneko aldia, zientzialariak aspaldi dabiltzalako horren bila, baina bai da aurreneko aldia ziurtasunez frogatu dela. Ikertzaileek diotenez, bost aldiz lortu dute emaitzak errepikatzea, kristal mota desberdinak erabilita. Batez ere, aurrean zeukatena Peierls-en fasea izenekoa ala eszitonioa ote zen bereiztea ezinezkoa izan da orain arte, bi fenomenotan kristaletan antzeko simetriak marrazten direlako.
Ikertzaileek orain aurrean duten erronka da topatu berri duten egoera honen ezaugarriak arretaz aztertzea, bertatik atera daitezkeen aplikazio teknologikoak garatu ahal izateko. Halere, egileek aitortu dutenez, aplikazio hauek “guztiz espekulatiboak” dira, eta, batez ere, mekanika kuantikoaren misterioak argitzeko baliagarria izango dela aurreratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kogar, Anshul et a. Signatures of exciton condensation in a transition metal dichalcogenide. Science, 2017; 358 (6368): 1314 DOI: 10.1126/science.aam6432
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea
Hasiera batean azalpen errazenera jo zuten eta ondorio horrekin argitaratu zuten haien lana: neguan tenperaturak hotzagoak dira, eta fenomeno horrek azaltzen du neguan heriotza-tasa handiagoa izatea. Guztiak zentzua zuen: tenperatura hotzagoa denean odol-presioa, hemostasia, basoespasmo koronarioa, eta abar handitu egiten dira eta errazagoa da bihotz-arazoak izatea.

1. irudia: Eguberrietako oporraldia ez da beti zoriontasunen iturri, zientziaren arabera; izan ere, hiltzeko egunik probableenak Gabonetako egun seinalatuak dira. (Argazkia: jill111 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Datuak grafikoetan irudikatu zituztenean, ordea, bazen zentzurik ez zuen datu bat: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Alabaina, gorabehera hauek ezin ziren azaldu tenperaturaren bilakaerarekin; izan ere, tenperatura baxuak konstanteak dira abenduan eta urtarrilean -zergatik gertatzen zen orduan Eguberri inguruan igoera eta gero jaitsiera?-.
Azken galdera hori erantzunik gabe egon behar izan zen David P. Phillips eta bere lankideak gaia ikertzeari ekin zioten arte. Haien ikerketen emaitzen berri 2004an eman zuten eta ordura arte ezagutzen zena jaso zuten. Alde batetik, frogatuta zegoen neguko oporraldian suizidioak, hilketak eta heriotza eragiten duten auto-istripuak areagotu egiten zirela -baina, ez zen ikertu heriotza naturalak ere neguko oporraldian areagotzen ziren edo ez -. Bestetik, ezaguna zen neguan heriotza-tasa handiagoa zela neguan udan baino. Nolanahi ere, aurreko ikerketetan ez zen kontuan hartu Gabonetako oporraldiak heriotza naturaletan eragina zuen edo ez, neguaren efektua kendu ondoren -alegia, Eguberriak berak efekturik ba ote zuen-.
Phillips eta bere lankideek hainbat galdera erantzun nahi zituzten: Gabonetako oporraldian espero direnak baino heriotza gehiago gertatzen al dira? Heriotzen gehikuntza hori bihotz-arazoekin lotzen da bakarrik edo heriotza mota guztiak handitzen dira? Neguaren efektuaz gainera, zenbaterainokoa da Eguberrien efektua? Eguberrien efektu hori handitzen ari al da urtez urte? Bada, galdera horiei guztiei erantzuna emateko Ameriketako Estatu Batuetan 1973tik 2001era gertatutako 53 milioi heriotza aztertu zituzten eta ondorio aztoragarri batera iritsi ziren.
Eguberrietan hiltzea probableena daUrtean zeharreko datu guztiak irudikatuta, urte-sasoien tenperaturaren arabera espero den irudikapena lortu zuten ikertzaileek. Neguan jende gehiago hiltzen da udan baino, espero zuten bezala. Baina abendu bukaeran eta urtarrila hasieran, Eguberrietako oporrekin batera, tenperaturarekin bat ez datorren igoera bat nabaritzen da eta, bitxiagoa dena, heriotza-tasak bi tontor ditu oporraldi horren barruan: Eguberri- Urteberri-egunetan, hain zuzen ere. Bihotzeko arazoen kausaz gertatutako heriotzei dagokienez, urte guztia kontuan hartuta, heriotza gehien gertatzen diren eguna abenduaren 25a da, bigarrena abenduaren 26a eta hirugarren postuan urtarrilaren 1a dago. Ikertzaileek aztertutako 26 urteetatik, 24 urtetan betetzen zen hori eta, gainera, urtetik urtera egun horietako heriotza-tasaren tontorra geroz eta handiago zen.

2. irudia: Olentzero edo Aita Noelen oparia ez da beti gustukoa izaten, izan ere, arrazoi naturalez hiltzeko egunik probableenak abenduaren 25a eta 26a dira. (Argazkia: Free-photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Bihotzarekin zerikusirik ez duten heriotza naturalen kasuan ere, antzeko patroia betetzen zela ikusi zuten. Heriotza naturala gertatzeko urteko egunik probableena abenduaren 26a da, gero abenduaren 25a eta, hirugarren postuan, urtarrilaren 1a. Berriro ere, Eguberrietako oporraldi horretan heriotza-tasak bi tontor ditu egun berezi horien inguruan. Neguko tenperatura baxuen hipotesiak ezin du azaldu tontor horien agerpena; izan ere, tenperaturaren aldaketa garrantzitsurik ez da gertatzen abenduaren 25ean edo urtarrilaren 1ean. Phillipsen analisian, urteko-sasoiaren kausazko heriotza-tasaren fluktuazioak kentzen zirenean Eguberri- eta Urteberri-eguneko igoerak ere mantendu egiten ziren eta, gainera, AEBtako zonalde hotzetan tontorra txikiagoa zen zonalde epeletan baino ¾hortaz, tenperatura baxuen eragina ez da gakoa¾. Datuak aztertu ondoren, Phillips eta bere kolaboratzaileek argi ikusi zuten zer gertatzen zen: Eguberrietako oporraldian bada heriotzak areagotzen dituen faktoreren bat, eta faktore hori ez da neguko tenperatura baxua.
Olentzerok ekarritako bihotzekoaren balizko azalpenakNeguko tenperatura hotzen hipotesia baztertu ondoren, beste bederatzi azalpen proposatu izan dira zientzia-bibliografian Eguberrietako oporraldiaren heriotza-tasaren handitze anormala argitzen saiatzeko. Klonerren taldeak balizko lau azalpen eman zituen: neguko arnasketa-arazoen areagotzea, oporraldi horretan gertatzen den kutsadura-maila handiagoa, dieta aldaketa eta alkohol kontsumoa eta oporraldiarekin lotutako estresa. Phillipsen taldeak lau hipotesi horiek baztertu zituen. Lehen bi hipotesiek ezin ditu azaldu bi egun berezietan gertatzen den tontorra eta beste biak baztertzeko ikerketak ere egin zituzten. Oporraldiarekin lotutako estresa baztertzeko, Alzheimerra zuten gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, Alzheimerra duten gaixoek ez dira hain kontziente Eguberrietako oporraldiaren estresaz. Datuak aztertuta, ikusi zuten Alzheimerra zuten gaixoen artean ere heriotza naturala probableagoa zela Eguberri- zein Urteberri-egunean. Dieta eta alkohol kontsumoaren azalpena baztertzeko, ospitaleratutako gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, ospitaletan dieta ez da nabarmenki aldatzen Eguberrietako egunetan. Gaixo horien kasuan ere, probableago zen abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean hiltzea.

3. irudia: Eguberrietako oporraldian heriotza-tasa handiagoa izatearen arrazoiak asko dira: oporraldiaren estresa, dieta aldaketa, alkohol kontsumoa, gaixotasunei arretarik ez egitea, bidaia luzeak egin beharra eta tenperatura hotzak proposatu dira, besteak beste, azalpen gisa. (Argazkia: jill111 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Phillipsen taldeak beste bost azalpen luzatu zituen: hilabete aldaketetan heriotza gehiago gertatu daitezkeela, jaiegunetan heriotzak ez direla jakinarazten, gaixoek heriotza atzeratzen dutela egun garrantzitsuak iritsi arte, egun berezi horiek heriotza azkartzen dutela, edota jaiegunetan gaixoek ez dituztela tratamenduak behar bezala hartzen edo ez dutela medikuengana jotzen. Ikertzaileek ezin izan zuten aurkitu azalpen horietako gehienak babesteko frogarik, baina, bai azkenekoaren kasuan. Hau da, gaixoek modu desegokian jarraitzen dituzte medikuen aholkuak eta medikuarengana joatea atzeratu egiten dute Gabonetako oporraldiaren egun seinalatuetan. Ikertzaileen arabera, arrazoi horrek abenduaren 25eko, 26ko eta urtarrilaren 1eko heriotza-tasaren handitzea azaltzen du. Hala ere, azalpenak hutsen bat ere baduela adierazi zuten; izan ere, ospitaleratutako gaixoek ere heriotza-tasa handiagoa dute egun horietan -eta egun horietan medikuen arreta bera izatea espero da, ospitalean baitaude-.
Eguberrietarako zenbait gomendioNolanahi ere, frogatuta dago Eguberrietan heriotza naturala izatea probableago dela, baina, oraingoz ez da azalpen zientifiko bat aurkitu datuek erakusten dutena azaltzeko. Zerk eragingo ote du Eguberri- eta Urteberri-egunak hiltzeko urteko egunik probableenak izatea? Baliteke oraindik aztertu gabeko azalpenen bat egotea, edo literaturan proposatutako azalpen guztien bateratzea izatea arrazoia. Oraingoz, ez da lortu horietako hipotesirik zientifikoki frogatzea. Edozein kasutan, arrazoi hori aurkitzen den bitartean, zientzia-literaturan Eguberrietako oporraldiari aurre egiteko zenbait gomendio aurki ditzakegu.
Gomendioetako batzuk gaixoei edo arrisku handiagoan dagoen populazioari zuzendutakoak dira: batez ere, Eguberrietako gehiegikerietatik alde egitea eta kalterik eragingo ez duen dietarekin jarraitzea, tenperatura hotzak saihestea eta beharrezkoa den atsedena hartzea Eguberrietako oporraldi izanik ere. Osasun zerbitzuei ere zuzentzen zaizkie gomendioak, alegia, urtean zeharreko beste edozein egunetan bezala jarraitzea eta salbuespenik ez egitea jaiegunak izanik ere -osasun-zerbitzuak, langileria eta beharrezkoak diren arretak aldatu gabe-. Populazio osoarentzat gomendiorik ere bada: Eguberrietako oporraldia izanik ere, ondoeza edo bestelako sintomarik sentitzen bada medikuarengana jotzea urteko beste edozein egunetan egingo litzatekeen bezala. Egun seinalatuetan bazkarian edo afarian egon nahi izateagatik, agian, Urtezahar-gaueko mahatsak kontrako eztarritik joango zaizkizu koinatuari bihotzekoak ematen badio. Hori gertatzeko egunik probableenetakoa da, behintzat, zientziaren arabera.
Informazio osagarria:
- Christmas and New Year as risk factors for death, D.P. Phillips et al., Social Science & Medicine 71(8), 1463-1471, 2010.
- The “Merry Christmas Coronary” and “Happy New Year Heart Attack” phenomenon, R. A. Kloner, Circulation 110, 3744-3745, 2004.
- Cardiac mortality is higher around Christmas and New Year’s than at any other time, D.P. Phillips et al., Circulation 110, 3781-3788, 2004.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea appeared first on Zientzia Kaiera.
Kantauriar ibaietako espezie exotikoak
Flora aloktonoko (jatorrizkoa ez dena) espezieak bilatu dira Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Denera 156 espezie detektatu dira, espezie horien %40 puntu bakar batean agertu delarik.
Detektatu diren zenbait espezie, hala nola ‘Fallopia japonica’, oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, ‘Paspalum distichum’ kasu, ibai-hondartzak (ibaian zehar sortzen diren metakinak -harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak-) ia osorik estaltzera irits daitezke.

1. irudia: ‘Fallopia japonica’ (ezk.) oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen da. ‘Paspalum distichum’ (esk.) ibai-hondartza batzuk ia osorik estaltzera irits daiteke.
Ipar Amerikan jatorria duen ‘Muhlenbergia schreberi’ graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehat -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak) aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie honen bigarren erreferentzia da Iberiar penintsulan, orain arte Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Deigarria da emaitza, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baita. Espero zen baino askoz zabalduago dagoela azaltzen du ikertzaileak eta espezie horren populazioari segimendua egin behar zaiola uste du haren inbasio potentziala ebaluatu ahal izateko.

2. irudia: ‘Muhlenbergia schreberi’ren populazio naturalizatuak topatu dira bigarrenez Iberiar penintsulan.
Landare exotikoei dagokienez Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden azaltzen du ikerketak. Ekosistema hauen kudeaketarako garrantzitsua izan daiteke informazioa, ekosistema guztiek ez baitute kalteberetasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko.
Inbasio biologikoaIbai ekosistemak bereziki sentiberak dira espezie exotikoen inbasioarekiko, ibaien beren ezaugarriengatik, ibai ingurunea oso dinamikoa baita. Noizbehinka izaten diren uholdeek landarediaren parte bat eramaten dute eta beste espezie horiek sartzea errazten da. Nahiko ingurune egokia da, gainera, nutriente ugari eta ura eskuragarri baititu.
Inbasio gradua zenbait aldagairen araberakoa da, ikerketan azaltzen denez:
- Aldagai klimatikoak (tenperatura).
- Inguruneari dagozkion aldagaiak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare-komunitateen kopurua).
- Aldagai antropikoak (ibai-zatiaren inguruko hiri-lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia).
Halaber, ibai-arro industrializatuetan inbasio maila askoz ere handiagoa dela ikusi da. Jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren %50ean edo gehiagoan hiri edo industria lurra duten arroetan.
Inbasio biologikoen fenomenoa, gizakiak espezieak beren banaketa eremu naturaletatik kanpo mugitzea eta huek bertan ezartzea, ingurumen arazo nagusietako bat da mundu mailan. Kontinente arteko garraio sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz areagotu egin da fenomenoa, bereziki azken hamarkadetan.
Munduko edozein lurraldeko ia edozein ekosistematan aurki daitezke kanpotik ekarritako espezie exotikoak eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Eta gaur egun portaera inbaditzailerik ez badute ere, aurrerago izan dezakete, ikertzaileak azaltzen duenez inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita.
Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako beste ikerketa bat ere egin da. Ibaiertzean hazten diren baso naturalak eta ibai-hondartzak aztertu dira eta ibai-hondartzetan espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa dela aurkitu da.
Iturria:
UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ehun espezie baino gehiagotako landare exotikoek inbaditzen dituzte kantauriar ibaiak
Erreferentzia:
Diego Liendo Pérez ‘Plant Invasion in Cantabrian rivers: drivers and effects on plant diversity and riparian habitats’. ADDI.
The post Kantauriar ibaietako espezie exotikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #181
Lurra da, bere bizi guztiarekin, gure aterpe bakarra. Ez dugu besterik. 1992. urtean zientzialariek ohartarazi ziguten Lurraren egoera ez zela ona eta gizakion eragina zela nagusi horretan. 25 urte beranduago planetaren egoerak txarrera jo du aztertutako adierazle gehienetan, eta horrela jarraituz gero atzera bueltatzeko aukerarik ez dela izango nabarmendu dute oraingoan mundu osoko 15.000 zientzialarik BioScience aldizkarian argitaratutako ohar batean. Juanma Gallego kazetariak aldarriarekin bat egin duten ikertzaile euskaldunen hitzak batu ditu Berrian: Planeta babesteko bigarren aldarria.
MeteorologiaUrakanek eta tifoiak izenak dituzte. Eta badakizue zer dioen esaera zaharrak: “Izanaren itzala, izena“. Izan ere, arreta gehiago jartzen diogu urakan, tifoi edo ekaitz gogorrei hauek izena badute. Urakanen eta tifoien kasuan 1979. urtetik aurrera emakume eta gizonezkoen izen propioak tartekatzea adostu zuten Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO-k) eta Estatu Batuetako Meteorologia Zerbitzuak (NWS-k). Bestalde, 1954. urtetik aurrera Berlingo unibertsitate batek, Freie Universität Berlin, antizikloiak eta ekaitz gogorrei izena jarri izan diete. Hariari jarraituz, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo meteorologia zerbitzuek iragarri dute hemendik aurrera ekaitz gogorrak edo behe presio sakonak izendatzen hasiko direla. Datu guztiak Sustatu agerkarian bildu dituzte: Borraska sakonak izendatzen hasi dira Aemet, MéteoFrance eta IMPA. “Ana” izan da lehenengoa.
TeknologiaGure inguruan gertatzen dena ezagutzeko teknologiak hainbat tresna garatu ditu. Horrenbestez, buia, radar, sismografo eta meteorologia estazioetan bildutako datuek datorrenaren berri ematen digute. Euskal Herrian baditugu arestian aipatutako erremintak eta Edu Lartzanguren kazetariak aurkeztu dizkigu Berrian: Euskal Herriaren zentzumenak.
MatematikaJosu Doncel matematikariak Galileoren esaldi bat dakarkigu gogora asteon: “Natura matematika erabiliz sortua da“. Eta, antza, zuzen zegoen. Gure matematikariak oso kontu bitxia eta interesgarria azaldu digu Zientzia Kaieran, kilkerren kantuak tenperatura adierazten duela. 15 graduko tenperatura dagoenean hasten dira kantuan kilkerrak eta zenbat eta gehiago abestu, are eta tenperatura beroagoa dago. Hori ba, 36 gradutik aurrera moteldu egiten duten euren txirtxirra eta 40 gradutik aurrera ez dira entzuten. Tenperatura kalkulatzeko formula matematikoa sortu zuen Amos Dolbear fisikariak 1897. urtean “Kilkerra termometro gisa” izeneko artikuluan.
AstronomiaULAS J1342+0928 du izena, Eguzkiak baino 800 milioi masa handiagoa du eta Unibertsoak 690 milioi urte zituenean sortutako quasarra da. Quasarra honek badu berezitasun bat, urrunen detektatutako quasarra da eta gugandik argiarena baino 7,54 aldiz abiadura handiagoan urruntzen ari dela ere zehaztu dute berarekin topo egin duten Carnegie Institutuko astronomoek. Ana Galarragak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Urruneneko zulo beltza detektatu dute.
GenetikaFrancis Galton zientzialariak hainbat esparru jorratu zituen, esaterako estatistika. Berak sortu zuen korrelazio kontzeptua. Baina bada ere ezaguna antropologiarekin eta genetikarekin lotura duen beste termino bat sortzeagatik: eugenesia. Eugenesiak herentziazko giza ezaugarrien hobekuntza du helburu, teknika biologiko eta genetikoak erabiliz. Eugenesiaren historia ardatz hartuta Koldo Garcia genetistak edizio genomikoari so egiten dio eta haren erabilerari: Eugenesiaz hitz egin behar dugu.
RobotikaRobot biohibridoak osagarri organikoak dituzten gailuak dira. Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan eta etorkizunean ere bide oparoa izan dezakete. Hori dela eta, robotak sailkatzeko proposamena egin du zientzialari talde batek, beren taxonomia finkatzeko asmoz. Juanma Gallegok hurbiltzen dizkigu datu guztiak: Ate-joka ari diren roboten landa gida.
BiologiaLaktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio. Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa eta ondorioz hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira eta horiek eragiten dute ondoeza. Baina ba al dakizue ondoezaz gain, deshidratazioa ere ekar dezakeela laktosa digeritu ezin izateak? Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek azaltzen digute kontua: Esnea denontzat?
Zientziarekiko pertzepzioaEusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak “Zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioa“ri buruzko soziometroaren emaitzak plazaratu berri ditu. Txostena aztertu du Ana Galarraga kazetariak eta emaitzen berri eman digu Elhuyar aldizkarian: Zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa: oro ez da urre. Plazaratu diren datuen arabera 2012tik hona hazi egin da gizarteak duen zientziarekiko interesa, baina galdetutakoen artean, hamarretik ia hiruk nahiko uste du ikerketa zientifikoaren zati handi bat ez dela fidagarria, finantziazio pribatuaren mende omen dagoelako.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #181 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #195
Humanitateak babestu behar dira, zalantza barik, baina arrazoi zuzenengatik. Jesús Zamora Humanities: how not to defend them, and how to do it (2) artikuluan.
Duela urte batzuk pentsaezinak ziren efektuak lortzeko gai diren literalki atomoz atomo diseinatutako egituren eraikuntzan parte hartzen du DIPCko jendeak. Adibibez, A Kondo effect by manipulating spin chains
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #195 appeared first on Zientzia Kaiera.
Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84)
Plentziako Itsas Estazioa UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Bertan, zientzian eta teknologian oinarritutako ikerketa gauzatzen da, itsas ekosistemak giza osasunean duen eragina aztertzeko helburuarekin.
Biologo zelularrak, zoologoak, ekologoak, botanikoak, fisikariak, geologoak, mikrobiologoak eta kimikariak elkarlanean dabiltza itsas estazioetan. Zientzialariek modu integratuan ikertzen dute itsasoa, ekosistema honek gizarteari eskaintzen dizkion baliabideak aztertzeko xedearekin.
Besteak beste, itsaso sakonean minbiziaren aurkako farmakoak aztertzeko edo hainbat prozedura industrialetan erabiltzeko konposatu aktiboak aurkitu daitezke.
Zertan datza Itsas Estazio baten jarduera? Zeintzuk dira itsasoak eskaintzen dizkigun baliabide nagusiak? Lotura ote dago itsasoaren eta giza osasunaren artean? Itsasoa eta giza osasunari buruz gehiago jakiteko, Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordearekin izan gara. Bere esanetan itsas ekosistema osasungarriak dira giza ongizatearen euskarri.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84) appeared first on Zientzia Kaiera.
Esnea denontzat?

———————————————————————————————————–

1. irudia: Esnearen laktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deritzo.
Batzuek gustukoa dute esnea; beste batzuek, berriz, ezin dezakete edan. Jende helduaren artean asko dira esneak kalte egiten dietela diotenak, digeritu ezin dezaketelako. Zehatzak izateko, esnearen laktosa da digeritu ezin dezaketena. Laktosa digeritzeko ezintasun horri laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio.
Laktosa disakarido bat da, bi hexosaz osatua dagoen azukrea. Horrelako azukreak digeritu ahal izateko, disakaridasak behar dira, disakaridoak hidrolizatzen laguntzen duten entzimak. Laktosaren kasuan laktasa da disakaridasa hori. Laktasa, beste disakaridasak bezala, hestearen epitelioko zelulen mintzean dago, hestearen argira begira dagoen aldean. Mintzean egotea garrantzitsua da: laktosaren digestioaren ondorioz sortzen diren bi monosakaridoak (glukosa eta galaktosa) xurgatzen baitira digestioaren prozesu berean.
Zer gertatzen da, baina, laktosa digeritu ezin daitekeenean? Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa. Hori dela eta, hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, eta hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira; gas horiek eragiten dute ondoeza. Baina, horrez gain, eragile osmotikoa da disakarido hori; hau da, hestearen argian xurgatu gabe dagoen bitartean ura erakartzen du eta, horren ondorioz, ura iragaten da barne-mediotik hestearen argira. Ur hori digestioaren hondakinekin batera galtzen da, gorotzekin batera, eta beherakoa gertatzen da. Ondoeza alde batera utzirik, deshidratazioa ere ekar dezake laktosa digeritu ezin izateak. Esnearekiko nazka eta errefusa dira ezintasun horren ondorioak eta, beraz, esneak dituen makro eta mikroelikagaiak baliatzeko aukera galtzea.
Laktosarekiko intolerantziak jatorri bi izan ditzake. Lehen mailako intolerantzia deitzen duguna oso arrunta da, eta gizabanako askori gertatzen zaio amaren bularretik bereizi ondoren. Geroago arituko gara intolerantzia mota horretaz. Bigarren mailako intolerantzia, berriz, heste-hodiaren gaixotasunek sortua da. Zenbaitetan, heste-hodiaren gaixotasun batek laktasaren gabezia ekar dezake. Gaixotasun zeliakoa, Crohn gaitza, edo hantura-gaixotasunak egon daitezke intolerantzia mota horren oinarrian. Zenbaitetan, birus- edo bakterio-infekzioak dira bigarren mailako intolerantzia sorrarazten dutenak. Oso arruntak dira horiek, haurren artean esaterako. Infekzio-gaitz batek heste-hodiaren mukosa kaltetzen duenean epitelio-zelula asko galtzen dira, eta, beraz, zelula horien mintzetan dagoen laktasa ere galtzen da. Hortik dator esnea digeritu ezin izatea.

2. irudia: Ugaztun gehienek laktosarekiko intolerantzia garatzten dute edoskitze aldiaren ostean (Dehesadevaldelazarzaren irudia).
Baina askoz hedatuago dago lehen mailako laktosarekiko intolerantzia, intolerantzia mota horrek gizabanako gehienei eragiten baitie. Lehen mailako intolerantzia, berez, ugaztun gehienei gertatzen zaie amagandiko edoskitze-aldia bukatu ondoren. Esnea, azken batean, ugaztunen lehen hilabete edo lehen urteetako elikagaia da, eta ez luke zentzu handirik bizitza osoan zehar beharrezkoa ez den entzima bat, laktasa, ekoiztea. Izan ere, ume batzuengan bigarren urtetik aurrera hasten da laktasa-jarduera jaisten.
Zenbait herritako gizakiek, baina, esnea digeritzeko ahalmena bizitza osoan zehar mantentzen dute, edoskitzeari utzi ondoren ere laktasa sortzen baitute. Ahalmen hori, esan bezala, ez da unibertsala eta duela 8.000 urte[1] sortu zen abereak etxekotu zituzten zenbait herritan. Horri esker, elikatze-balio handia duen elikatze-baliabidea erabili ahal izan dute, eta, bereziki, D bitamina- eta kaltzio-emari egokia bermatu. Gogoan izan behar dugu kaltzioa eta D bitamina hezurrak osasuntsu hazteko ezinbesteko elikagaiak direla.
Hortaz, goi-latitudeak kolonizatzeko moldaera baliotsua izan da esnea digeritu ahal izatea, latitude horietan argi gutxi baitago, eta argi gutxi egonda D bitamina gutxiago sor baitaiteke. Eguzki-argiaren izpi ultramoreei esker sortzen dira D2 bitamina (ergosteroletik) eta D3 bitamina (kolesteroletik). Interes handikoa da laktosarekiko intolerantziari dagozkion herrien arteko desberdintasunei begiratu bat ematea. Hona zenbait datu: herbeheretarrak, % 0; suediarrak, % 1; danimarkarrak, % 3; ingelesak, % 6; errusiarrak, % 15; espainiarrak, % 15; europar jatorriko estatubatuarrak, % 24; grekoak, % 53; Australiako aborigenak, % 67; italiarrak, % 71; arabiarrak, % 80; afrikar jatorriko estatubatuarrak, % 81; inuitak, % 83; afrikarrak, % 83; mexikarrak, % 83; nigeriarrak, % 89; Estatu Batuetako aborigenak, % 95; tailandiarrak, % 98; asiar jatorriko estatubatuarrak, % 100. Oso esanguratsua da inuitei dagokien datua, frogatzen baitu aldaketaren joera ez dela latitudearen araberakoa. Aipagarria da, halaber, Estatu Batuetako aborigen eta europar jatorrikoen arteko aldea. Argi dago herri europarretan gertatzen dela laktosarekiko tolerantzia-maila handiena, Europan esne-abereek beste inon baino garrantzi handiagoa izan dute-eta historia osoan zehar.
Oharrak:
[1] 2010ean egin diren aurkikuntza berrien arabera, baliteke ahalmen hori lehenago ere (duela 12.000 urte) sortu izana.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Esnea denontzat? appeared first on Zientzia Kaiera.
Ate-joka ari diren roboten landa gida
Kolaborazioan oinarritutako edozein sisteman funtsezkoa da hizkuntza komuna erabiltzea. Bestela, arazoak suerta daitezke. Esaterako, 1999an Mars Climate Orbiter espazio ontziak planeta gorriaren kontra talka egin zuenean, mundu guztiak ulertu zuen komenigarria zela kalkuluak burutzeko neurri unitate berdinak erabiltzea. Jakina denez, zunda ekoiztu zuen enpresako ingeniariek sistema anglo-saxoia erabili zuten, baina NASAk Nazioarteko Unitate Sistema erabili zuen.

1. irudia: Orain arte, Wyss Institutuak garatutako arraia-robota da gailu biohibridoen artean ospe gehien eskuratu duena. Iaz ‘Science’ aldizkariak azal bat eskaini zion. (Argazkia: K. Hudson and M. Rosnach / Science Robotics)
Robotika bezalako arlo batean, gainera, are garrantzitsuagoa da komunikazioan batasun hori mantentzea. Izan ere, aurrerapenak hain bizkor suertatzen ari dira, ezen beharrezkoa bihurtu baita adostasun terminologikoa lortzea. Hala pentsatu du, bederen, Victoria Webster-Wood ikertzaileak gidatutako lan taldeak. Horregatik, Science Robotics aldizkarian robot biohibridoen sailkapen sistema berria proposatu dute.
Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan, eta litekeena da etorkizunean ere bide oparoa izatea. Izenak dioenari jarraituz, osagarri organikoak dituzten gailuak dira robot biohibridoak. 2016an Harvardeko Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaileek aurkeztu zuen tramankulua adibideetako bat da: alga baten eta arratoi baten ehunak biltzen zituen arraia-robota egin zuten. Optogenetika baliatuz, algaren geneak arratoiaren muskuluetan sartu zituzten, eta, horrekin, argiaren poderioz mugitzen zen arraia antzeko bat lortu zuten.
Momentu honetan halako burutazioek aplikazio askorik ez badute ere, argi dago teknologia honen garapena funtsezkoa izan daitekeela, besteak beste, medikuntzaren alorrean. Giharren mugimenduari dagokionez, bederen, bihotzari lotutako gaixotasunak berehala datoz burura.
Ikertzaileek artikuluan argudiatu dutenez “ohiko ingeniaritza sistemekin alderatuz, osagarri organikoek etorkizun oparoko alternatiba suposatzen dute sistema robotiko autonomo konplexuak garatu aldera”. Ohiko roboten sentsoreak mugatuta daudela diote (txakurrek droga edo lehergaiak atzemateko duten gaitasun paregabea jarri dute adibidetzat). Bestetik, efizientziari dagokionean, oraindik ere eskala txikiko robotetan ez da lortu animaliek duten gihar eta eskeleto sistemaren parekorik, eta ehunak erabiltzea aukera bikaina izan daiteke.
Taxonomia baterantzRobotic Taxonomic Key (Roboten Gako Taxonomikoa) izena eman diote proposamenari. Horren bitartez, robotak deskribatzeko eta sailkatzeko modua garatu nahi izan dute. Eurena ingeniaritzari lotutako arloa dirudien arren, profesional asko inplikatuta daude bertan: biologia, farmakologia, neurologia edota adimen artifiziala, besteak beste. Hortaz ere sailkatze honen beharra. Sailkapena egiteko, gaiaren ingurua dagoen bibliografia hartu dute abiapuntutzat. Lau parametrotan oinarritu dira: estruktura, jokaera (edo mugimendua), sentsoreak eta kontrola.

2. irudia. Taxonomia berriaren bi adibide: intsektu batean txertatutako gailuaz garatu duten robot hibridoa, eta arraia-robota. (Argazkia: Webster-Wood / Science Robotics)
Zuhaitzak, hegaztiak edo onddoak identifikatzeko gakoa balitz bezala, robotak identifikatzeko bidea proposatu dute. Halako “espezimen” baten aurrean, galdera hau egin beharra dago: parametro bakoitzari dagokionean, osagarria organikoa, hibridoa ala sintetiko al da? Era eskematiko batean aurkeztuta, horrelakoa da sailkapena:
1. Estruktura a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 2. Jokaera a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 3. Sentsoreak a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 4. Kontrola a) Organikoa b) Hibridoa c) SintetikoaGako hau modu grafiko batean era errazean irudikatzeko bidea eman dute, gainera. Organikoa bada, margo solidoarekin adierazten da. Hibridoa bada, marratuta; azkenik, sintetikoa bada, hutsik irudikatzen dute. Osagarri organikoa genetikoki eraldatua izan bada, puntutxoak jartzea proposatu dute.
Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak, esaterako, honako klasifikazioa izango luke: estruktura sintetikoa, jokaera organikoa, sentsore organikoa (genetikoki eraldatua) eta kontrol sintetikoa.
Arraia-robotari buruzko bideoa.
OrganobotakTaxonomia berezi hau landu duten honetan, terminologiaren alorrean ere proposamen bat egin dute. Artikuluan “organoboten” aukera ere kontuan hartu dute, nahiz eta oraindik halakorik ez den garatu. Izan ere, termino hori proposatu dute “soilik osagarri organikoez osatutako robotak” definitzeko. Teknologiaren garapena ikusita, argi dago laster bioteknologiaren eta ingeniaritzaren arteko mugak are lausoagoak izango direla, eta egunen batean “organobotak” errealitate bat izango direla.
Alde etikoak ere jaso dituzte: “Robot biohibridoen eta organoboten garapenean ehunen ingeniaritzari lotuta doazen kezka berdinak agertzen dira”. Horren adibide jarri dituzte ehunen eta zelulen jatorria, edota lagin horiek eskuratzeko erabili diren animalien zaintza egokia. Harago joan dira, etorkizunean “izaki” berri hauen inguruan sor daitezkeen bestelako kezkak aurreikusita. “Periferia garatuak dituzten gailu autonomoen garapenarekin, agertzen hasi dira kezkak gailuak mina edota estresa sentitzeko ote dituzten, edota organismo bizi bezala existitzen hasiko ote diren”. Bestalde, baliteke robot horiek bakterioen edo bestelako kutsatzaile biologikoen arriskua jasan behar izatea, eta horrek erronka berria ekarriko du etorkizunean: birus informatikorik ez, baizik benetako birusak izan ditzakete lagun.
Erreferentzia bibliografikoa:
Webster-Wood V.A. et al. Organismal engineering: Toward a robotic taxonomic key for devices using organic materials. Science Robotics, 29 Nov 2017: Vol. 2, Issue 12, eaap9281 DOI: 10.1126/scirobotics.aap9281
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ate-joka ari diren roboten landa gida appeared first on Zientzia Kaiera.
Kilkerrek tenperatura adierazten dute matematikak erabiliz

1. irudia: Bitxia bada ere kilkerren kantuak tenperatura adierazten du. 15 graduko tenperatura dagoenean hasten dira kantuan eta zenbat eta gehiago abestu, are eta tenperatura beroagoa dago. Hori ba, 36 gradutik aurrera moteldu egiten duten euren txirtxirra eta 40 gradutik aurrera ez dira entzuten.
Galileok zioen natura matematika erabiliz sortu zela. Izan ere, toki askotan agertzen dira matematikak naturan. Fibonacciren zenbakietakoa da nire ustez kasurik ezagunena, untxi edo hosto kopuruaren hazkundea deskribatzen baitute zenbaki horiek. Ahateen eta joko-teoriaren arteko harremana da beste adibide bat. Izan ere, animalia hauek jana maximizatzeko hartzen dituzten erabakiak aztertzen du joko-teoriak hain zuzen ere.
Harrigarria bada ere, kilkerrek ere matematikak erabiltzen dituzte. Animali horiek txirtxir izeneko soinu bat egiten dute, 15 gradu eta 40 gradu artean. Hortaz, kilker baten txirtxirra entzunez gero, ondoriozta dezakegu tarte horretan dagoela toki horretako tenperatura. Tenperatura zehatza jakiteko, ordea, hurrengo formula erabili ahal da.

2. irudia: Dolbear Legari dagokion formula. Formula honen airearen tenperatura eta kilkerren kirrinkak lotzen ditu. Amos Dolbear fisikariak formulatu zuen 1897. urtean “Kilkerra termometro gisa” izeneko artikuluan.
Formula horretan, N60 da kilkerren txirtxirraren maiztasuna minutuero eta TC tokiaren tenperatura. Horiek horrela, kilker batek minutuero 110 bider txirtxir egiten badu, N60 = 110 da. Hortaz, balio hori ken 40 eta zati 7 eginez gero, eta lortutako balioari 10 gehituz gero, toki hartako tenperatura lor dezakegu. Adibidez, N60 = 110 bada, tenperatura 20 gradukoa izango da.
Matematikak ezagutzen dituen batek esan dezake formula hori nahiko sinplea dela, lineala baita txirtxirren maiztasunarekiko. Izan ere, formula hori lortzeko erregresio linealaren tresnak erabili dira eta, horrek esan nahi du hurbilketa bat dela formula hori. Hala ere, arlo honetan egindako ikerketa kontuan hartuz, esan daiteke formula horrek ematen duen balioa oso gertukoa dela, ohiko errorea gradu bat baino gutxiagokoa izanik.
Artikulu honetan ikusi dugunaren arabera, kilkerrek badakite matematikan aritzen. Horrela, kilkerren txirtxirraren maiztasuna jakinez gero, eragiketa erraz bat egitea besterik ez dago toki horren tenperatura jakiteko.
Beste animalia batzuk ere matematikak erabiltzen dituzte, baina hori beste artikulu batean kontatuko dizuet.
———————————————————————————-
Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.
———————————————————————————-
The post Kilkerrek tenperatura adierazten dute matematikak erabiliz appeared first on Zientzia Kaiera.
Nerabeek ez dute publizitateko sexismoa hautematen

1. irudia: Ikerketan erabilitako iragarkietako bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetako 528 ikasleri (266 mutil eta 261 neska, 15 eta 16 urte bitartekoak) eduki sexista nabarmena zuten zazpi iragarki erakutsi zitzaizkienean emandako erantzuna da ikerlanean aztertutakoa.
Lynx, Natan, Calvin Klein, Gucci, Axe, Cesare Paciotti eta Ché Magazine marketako iragarkiak izan dira erabilitakoak.Bi galdera sorta diseinatu dira (bata galdera irekiekin eta bestea galdera itxiekin) eta eztabaida taldeak bildu dira lau saioetan ikerlana egiteko.Emaitzen analisiari dagokionez, sexua, bizilekuaren ingurunea eta sorterria hartu dira kontuan.
Ikerketan parte hartu duten %34k (horietatik %65 neska eta %35 mutil) erakutsi dute publizitatean sexismoa zer den hautemateko gaitasuna; gainerakoek, nahasten dute edo ez daukate argi.
Publizitatean sexuaren pertzepzioari buruzko azterlan honetan parte hartu duten Euskal Herriko laugarren DBHko ikasle gehienak ez dira gai izan emakumeen erabilera sexista eta emakumeenganako tratu apalgarria hautemateko. Era berean, bere egiten dituzte publizitateak, duela 40 urte bezala, hedatutako emakumeen estereotipo eta aurreiritzi ugari.
Sexismoa lehenaldiko zerbait bezala ikusten dute nerabeek, berdintasunean oinarritutako oraingo gizarteari ez dagokion zerbait. Publizitatean erabiltzen den lengoaiaren manipulazio eta eraginkortasunaz ez dira jabetzen: “Publizitatean ikusten dena errealitatean ere gertatzen da. Horrelakoa da publizitatea”, adierazten dute haien erantzunetan.
Ezberdintasunak nesken eta mutilen arteanEzberdintasun handiak daude nesken eta mutilen artean sexismoa onartzeko garaian. Mutilen gehiengo batentzat onargarria, normala eta justifikagarria dena, gaitzesgarria, desegokia edo matxista da neska askorentzat. Sexismoa onartzea naturaltzat ikusten dute mutilen % 70ek eta nesken % 30ek, gizartean ohiko eta berezko zerbait bezala ikusten dute emakumeak modu sexistan aurkeztea.
Sexismoa hautematea eta intentsitatea bereiztea zaila da nerabeentzat. Gehiengo handi batek berdintasun eza erakusten duten portaerak onartzen ditu intentsitate baxuko sexismoa erakusten duten iragarkietan. Hau da, berdintasunean oinarritzen ez diren harremanak esplizituki iraingarriak edo agresiboak ez direnean onartu egiten dituzte, ez dituzte sexistatzat jotzen, gure errealitate sozialaren parte gisa onartzen dituztelako, mikromatxismoak legitimatuz. Eta, nolanahi ere, proiekzio matxista horiek ez direla hainbesterako ulertzen dute, umorez hartzen baitituzte, broma bat edo gehiegikeria barregarri bat balira bezala.

2. irudia: Ikerketan erabilitako iragarkietako bat, nerabeek sexismoa hautemateko duten gaitasuna neurtzeko.
Intentsitate ertaineko sexismoa, emakumeei tratu txarra eman eta haiek apaltzen dituena, oharkabean pasatzen da mutil gehienen artean (% 80 inguru) produktua gizonei zuzentzen zaienean. Are gehiago, iragarkia ez dute sexistatzat jotzen. Gizonezkoen produktuak iragartzen direnean emakumea apalduta gizonak motibatzea onartzen dute bai mutilek bai neskek.
Emakumeei buruz dauden sexu arketipoei eta estereotipoei dagokienez, mutilek eta neskek sentsibilitate ezberdina erakusten dute. Bai mutilek bai neskek erraz identifikatzen dute emakume-objektu edo emakume-sari arketipoa. Beste estereotipo batzuk aurkezten direnean (etxeko andre, emakume mantendua, haur-emakumea edota emakume biktima) gehiengoak ez ditu kontuan hartzen edo hautematen.

3. irudia: “Emakume-sari” arketipoa erraz identifikatu arren, bestelako arketipoak, “emakume-biktima” kasu, identifikatzeko zailtasunak dituzte nerabeek. Gizonen oldarkortasuna, gainera, gizonen botere faktore gisa ikusten dute.
Ikerlanean antzeman denez, nerabe gehienak naturaltasunez bizi dira indarkeria matxistarekin. Haien boterearen faktore gisa ikusten da oldarkortasuna gizonengan. Oldarkortasuna indarkeria bilakatzen denean, hala ere, aho batez gaitzesten dute emakumeek; gizonek, ordea, zalantzak dituzte, ñabartu egiten dute indarkeria eta ez dute kondenatzen. Zentzu horretan, ikasleen %35 iragarkietako sexismoaren alde agertu dira eta talde horretako %10 emakumeen aurkako indarkeriaren alde eta berdintasunaren kontra.
Bizileku eta sorterriaren arabera ezberdintasunakLanda eremuen eta hiri munduen artean ere ezberdintasunak ikusi dira ikerketan. Landa munduko ikasleen sexismo maila baxuagoa da, argiago ikusten dituzte estereotipoak, modu aktibo batez salatzen dute emakumeekiko tratu txarra publizitatean eta neurri handiagoan defendatzen dituzte emakumeekiko errespetuzko jarrerak eta berdintasuna.
Ikertzailearen arabera, honen arrazoia kritikan datza, hiri inguruneko ikasleek munduaren ispilua, imitatzeko diren joera berrien eta bizi-estilo berrien isla gisa ikusten dute publizitatea. Hau da, hirietako ikasleak ez dira landakoak bezain kritikoak eta haiek baino sexistagoak dira, kritikarik egin gabe onartzen baitute iristen zaien guztia.
Era berean, hiri inguruneko mutilak dira matxistenak eta landa inguruneko neskak feministenak. Hala, landako eta hiriko ikasleen artean aisiaren eta jolasaren bitartez ezartzen den sozializazio eredu ezberdinak azaltzen ditu ezaugarri horiek. Landa ingurunean hainbat adinetako neska-mutilak elkarrekin ibiltzen dira kanpoaldean eta zenbait espaziotan. Hiri ingurunean, aldiz, neska-mutilak bakarrik jolasten dira haien geletan eta jokoak sedentarioagoak dira, etxe barrukoak eta teknologia berriekin lotutakoak.
Ikasle migratzaileak ez dira hain sexistak Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoen aldean. Ikasle autoktonoengandik bereizten dira kritikoagoak agertzen direlako tratu txarra ematen duen sexismoaren eta sexismo erasotzailearen aurrean
Ikertzailearen ustetan publizitateak erraztu egiten du bidea nerabeek bere egin ditzaten genero estereotipoak, emakumeen rol gaindituak eta irudi sinbolikoak; gizonak eta emakumeak nolakoak diren erakusten dituen errealitatea balitz bezala hartzen da publizitatea eta lortu egin du duela 40 urte bizirik zeuden maskulinotasun eta femeninotasun kontzeptuek berriro indar hartzea.
Ondorio orokor gisa, 15 eta 16 urte bitarteko laugarren DBHko ikasleen erantzunak aztertu ondoren, berdinen arteko harremanen diskurtsoa tokia irabazten ari dela uste du ikertzaileak, neska gazteen artean eta oso apurka mutilen artean ere. Kontuan hartu behar da mutilek aurre egin behar izaten dietela euren arketipo eta estereotipoei, euren ‘gizontasunari’ (maskulinotasun hegemonikoa) azken batean, eskuak lotu eta eragotzi egiten dizkienari aurrera egitea emakumeen pauso berean, ikertzaileak azaltzen duenez.
Iturria:
UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Nerabeak, sexismoa eta publizitatea.
Erreferentziak:
La percepción del sexismo en la publicidad: un estudio con alumnado adolescente de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Addi.
The post Nerabeek ez dute publizitateko sexismoa hautematen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #180
Planck satelitearen emaitzen arabera Unibertsoaren % 68,3 energia iluna da, %26,8 materia iluna eta soilik %4,9 da materia arrunta. Beraz, Unibertsoa ezezagun handi bat gizakiontzat. Hori dela eta, energia iluna eta, batez ere, materia iluna aurkitzeko ahaleginak areagotu egin dira azken hamarkadetan. Ahaleginak areagotu bai, baina erantzun garbirik ez dute aurkitu adituek. Juanma Gallegok, ordea, Berrian azken aurrerapausoen berri eman digu. Besteak beste, DAMPE Materia Iluneko Partikulen Esploratzailearen bidez eginiko behaketaren emaitzak kontatzen dizkigu: Susmagarria aurkitu ezinik.
KimikaSarritan entzun dugu esaten “begiekin jaten dugula”. Bai, ikusmenak badu zerikusia ere jaten dugun horretan. Izan ere, platano zaporea duen jogurta horia izatea espero dugu, eta laranja koloreko freskagarri baten zaporea laranja izatea espero dugu. Zeren, jango zenuke platano zaporeko jogurt beltzik? Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu asteon jaten ditugun elikagai gehienak ez luketela kolore erakargarria izango koloratzaileak erabiliko ez balira. Eta, nondik ateratzen ditugu koloratzaile horiek? Erantzun argigarria artikulu honetan aurkituko duzu: Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria.
Meteorologia eta klima-aldaketaDuela urtebete Maialen Martija meteorologoak esan zigun “badirudi ezohikoak diren meteorologia-fenomenoak gero eta ohikoagoak izango direla aurrerantzean”, eta aurreikuspena bete-betean asmatu du. Sustatu agerkarian urakanen denboraldia nolakoa izan den plazaratu digute. Ekainaren 1ean hasi eta azaroaren 30ean bukatzen da ofizialki urakanen sasoia eta NASAk aurtengo sasoiak eman duena laburbildu du: “izugarri aktiboa” izan dela ondorioztatuz eta ezohikoa. Izan ere, ohikoa baino bi hilabete lehenago hasi da sasoia eta iraila Metatutako Energia Ziklonikoari dagokionez inoizko aktiboena izan da. Datu guztiak Sustatun: 2017ko urakan-denboraldiaren laburpena: “izugarri aktiboa” eta ezohikoa.
Azaroaren 18an JPSS-1 satelitea bota zuten espaziora Kaliforniatik. Satelitearen eginkizuna datu meteorologikoak biltzea da, irudiak eta informazioa, eguraldi aurreikuspenak hobetu eta doitzeko asmoz. JPSS-1 NASA eta NOAAren (National Oceanic and Atmospheric Administration) egitasmoa da eta zazpi urteko biziraupena izango du. Lana burutzeko, besteak beste, VIIRS (Visible Infrared Imaging Radiometer Suite) erradiometroa darama. Erradiometroa erradiazioen energia neurtzen duen tresna da, batez ere infragorriena. Erreminta honi esker, sateliteak klima-aldaketaren adierazleak jasoko ditu: hezetasuna, tenperatura aldaketa, hodei-geruzaren bilakaera, itsasoan dagoen izotza edota suteek eragindako aldaketak. Datu osotuak Sustaturen bidez: Argazki-kamera erraldoia espazioratu dute klima-aldaketaren jarraipena egiteko.
Emakumeak zientzianAinhoa Gonzalez Pujana ikertzaileak farmakologia alorrean dihardu lanean. Egun, UPV/EHUko Mikro eta Nanoteknologien, Biomaterialen eta Zelulen taldean (NanoBioCel) ari da zelulen mikroenkaptsulazioari buruzko doktorego-tesia gauzatzen. Tesiaren ikerlerroa da zelulen mikroenkapsulazioan sortzen den arazo bat aztertzea: kontrolik eza duten zelulen portaera ikertzea. Ikertzaile gazte honen ibilbidea ezagutzera eman digu Ana Galarraga kazetariak: Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea”.
Teknologia eta zientziaren historiaAuto elektrikoak ez dira gaurko asmakizuna. XIX. mendeko hasieran egin zuten lehen prototipoa, 1837. urtean Robert Davidon kimikari britaniarrak egin zuen lehenengo auto elektrikoa eta handik aurrera asko zabaldu diren. Adibidez, XIX. mendearen amaieran “kolibri” izeneko taxi elektriko ugari zeuden Londresen eta XX. mendeko hasieran Estatu Batuetan 30.000 kotxe elektrikotik gora zeuden. Baina 1912. urtean abiarazteko motorra asmatu zen eta hantxe amaitzen zen auto elektrikoen nagusitasuna, barne errekuntzakoak gailendu baitziren handik aurrera. Juan Ignacio Pérezek dakarkigu istorioa Zientzia Kaiera blogean: Auto elektrikoen parabola.
OsasunaBadira gizartean errotuta dauden gauzak. Horietako bat da hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuak anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri direla. Juanma Gallego kazetariak aipatutako uste hori irauli egiten duen ikerketa bat ekarri du Zientzia Kaiera blogera. Christopher J. Ferguson ikertzaileak eta haren taldeak 2008an eta 2013an egindako bi meta analisiko hirurehun bat ikerketen gainbegiratuaren emaitzei erreparatuz ondorioztatu dute: “Hedabideetako eraginak txikiak eta idiosinkratikoak izan ohi dira (elikadura asalduretan), eta aurretiaz gorputzarekiko kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“. Datu guztiak: Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak artikuluan.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #180 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #194
Ez dago zalantzarik, humanitateak babestu behar dira baina beti ere arrazoi zuzenak direla medio. Jesús Zamorak lantzen du gaia: Humanities: how not to defend them, and how to do it (1).
DNA molekulak ez du soilik informazio genetikoa biltzen, katalizatzailea ere izan daiteke. DIPCko ikertzaileak lehenak izan dira organismo bizidunetan gertatzen ez dena lortzen: DNA molekula batek, zertxobait aldatuta, uretan ere katalizatzea lortu dute: Modified DNA catalysts for chemical reactions in water.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #194 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea”
Bide horretan jarraitzeko, karrera amaitutakoan, master bat egin zuzen, eta zuzenean, tesian sartu zen. Orain, tesiaren hirugarren urtea hasiko du. Dioenez, oso gustura dabil, asko gustatzen baitzaio egiten ari dena. Dena dela, onartzen du ez dela erraza: “Lan gogorra da. Batzuetan gauzak ez dira ateratzen pentsatzen genuen bezala, eta denbora asko ematen dugu gero emaitza arrazoitzen, esperimentu-plana moldatzen… Hala ere, animo handia ematen dit pentsatzeak nire formazioa aberasten ari dela”.

Irudia: Ainhoa Gonzalez Pujana ikertzailea.
Gogoa pizten dien gauzen artean dago atzerrian egonaldia egiteko aukera ere. Hain zuzen, datorren urtean sei hilabete emango ditu ikertzen Bostonen, Harvard Unibertsitatean. “Irrikatan nago teknikak ikasteko, han lana nola egiten duten ikusteko”.
Aurrera egiteko indarraGainera, duela gutxi ahozko komunikazio onenaren saria irabazi zuen CRS erakundeak antolatutako Ikertzaile Gazteen Lehenengo Biltzarrean, Espainiako eta Portugaleko tokiko atalean. Bada, irabazitako saria beka bat izan zen, Teknologia Farmazeutikoaren arloko kongresu esanguratsuenetako batera joateko, CRS 2017 Urteko Biltzarrera. Eta non izango biltzarra, eta Bostonen!
Pozik gogoratzen ditu biltzarreko egunak. “Nire arloan dabiltzan ikertzaile garrantzitsuenen lanak ezagutzeko aukera eman zidan. Oso interesgarria izan zen”.
Tesian ikertzen ari den alderdi bati buruzkoa zen aurkezpena; zehazki, zelulen mikroenkapsulazioan sortzen den arazo bati heldu zion: kontrolik eza zelulen portaeraren gainean.
Gonzalezek horrela azaldu du egiten duten ikerketa: “Zelulak hainbat faktore terapeutiko ekoizteko gai dira. Guk alginato-matrize batean enkapsulatzen ditugu, eta, hala, gorputzean ezarrita, farmakoen askapen iraunkorra lortzen da”. Zelulak ekoizten duen farmakoa zein den, gaixotasun bat edo beste tratatzeko erabil daiteke teknika hori, adibidez, diabetea, parkinsona, minbizi batzuk…
NanoBioCel taldea oinarrizko ikerketa egiten ari den arren, dagoeneko badaude entsegu klinikoak teknika horretan oinarrituta, bai diabetea tratatzeko, bai Parkinsonen gaitza.
Bostongo egonaldiari ahalik eta zuku handiena atera ondoren, tesia aurkeztea espero du. Hortik aurrera, irekita dago gauzak probatzera, baina gustatuko litzaioke farmazia-industrian ikertzen jarraitzea.
Argi du, ordea, horrek ahalegin handia eskatzen duela, eta iruditzen zaio, oro har, jendeak ezjakintasun handia duela egiten duten lanaren inguruan: “Horregatik, ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea. Dibulgazioa behar-beharrezkoa da gizarteak gure lana baloratzeko, eta azken finean, zientzia gehiago sustatzeko”.
Fitxa biografikoa:Ainhoa Gonzalez Pujana Gasteizen jaio zen, 1991n. UPV/EHUn Farmazian lizentziatu ondoren (2014), Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi zuen. Jarraian, Ciber-BBNek ikerketa-iniziazio beka bat eskaini zion, UPV/EHUko NanoBioCel taldean lan egiteko. Hortik aurrera, elkartearen kide izan da, gaurdaino. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren beka jasota, zelulen mikroenkaptsulazioan tesia hasi zuen talde berean.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria
Horrek zentzua du, noski: marrubiak gorriak direnez, marrubi-zaporea duen elikagai baten kolorea gorria izatea espero dugu. Platano zaporea duen jogurta horia izatea espero dugu, eta laranja koloreko freskagarri baten zaporea laranja izatea espero dugu. Salbuespenen bat aipatzekotan, gazta urdinaren kasuan lizunaren kolorea berdea izatea ere onartzen dugu, baina tira, horrelako kasu gutxi daude.

1. irudia: Koloreek lotura zuzena dute zaporeekin, baina, koloratzaileei esker kiwizko zukuaren kolorea gorria izan daiteke, esaterako. (Argazkia: silviarita/Pixabay.com)
Egun kontsumitzen ditugun elikagai asko eta asko —gehienak— prozesatu egiten dira merkaturatu aurretik, hau da, aldatu egiten dira jateko arriskurik gabekoak izan daitezen. Esate baterako, elikagaiak izan ditzaketen mikroorganismo kaltegarriak kentzen zaizkio edo haien hazkuntza saihesteko kontserbagarriak gehitzen zaizkio. Jaten ditugun elikagai gehienak ez lukete kolore erakargarria izango koloratzaileak erabiliko ez balira. Adibidez, saltxitxak grisak izango lirateke koloratzailerik erabili ezean. Elikagaietan erabiltzeko eskuragarri dauden koloratzaileak, etiketan E markarekin zerrendatzen direnak, hainbat jatorri desberdinetakoak izan daitezke. Horietako askok naturan dute jatorria, eta beste batzuk sintesiz lortzen dira. Edozein kasutan, guztiak araututa daude eta, araututako moduan erabiltzen direnean, ez dute osasunarentzat arriskurik ekartzen. Horrek ez du esan nahi, ordea, batzuen jatorria nahiko berezia ez denik.
Azido karminikoaren sekretuaAzido karminikoaren Europar Batasuneko identifikazio marka E 120 da, eta Natural Red 4 izenez ere ezagutzen da. Ehungintzan, elikagaietan, kosmetikoetan eta produktu farmazeutikoetan erabiltzen da eta produktu zein elikagaiei kolore gorria emateko erabiltzen da. Egun, koloratzaile hau geroz eta gutxiago erabiltzen da eta haren ordez antzeko kolorea duten koloratzaile sintetikoak erabiltzen dira, baina, urte askotan zehar erabili izan da industrian, eta egun ere erabiltzen jarraitzen da, neurri txikiagoan bada ere. Koloratzaile horren sekretua da, hain zuzen ere, kotxinila intsektuak birrinduta lortzen dela.

2. irudia: Azido karminiko edo E 120 koloratzailearen egitura. (Argazkia: De Edgar181 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)
Hernan Cortes konkistatzailea 1518an Mexikora iritsi zenean, Moctezumaren erreinuan ehunen tindaketa prozesuak oso garatuta zeudela ikusi zuen. Urre eta bestelako altxorren ondoren, Aztekek erabiltzen zituzten arropen kolore gorri ederrak konkistatzaileak txundituta utzi zituen. Kolore gorri hura nopal motako kaktusetan bizi ziren intsektuetatik erauzten zutela erakutsi zieten ¾aztekek nochezli deitzen zioten intsektuari¾. Intsektu hori kotxinila edo kukurutxa bezala ezagutzen dugu –Dactylopius coccus-.

3. irudia: Kotxinila hauek birrinduta E 120 koloratzaile gorria lortzen da. (Argazkia: Frank Vincentz – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)
Kotxinila espezie horrek intsektu guztien artean kolore gorri intentsuena ematen du eta horregatik aukeratu zuten aztekek tindagaiak egiteko. Horretarako natural-naturala den prozesua jarraitzen zuten eta, egun ere, antzeko prozesua egiten da E 120 koloratzailea lortzeko: kotxinila emeak guztiz garatuta daudenean bildu egiten dira eta eguzkipean lehortzen uzten dira. Ondoren, kotxinilak guztiz lehortu direnean, erauzketa egiten da ingurune azidoan edo alkalinoan. Iragazketa egitea nahikoa da koloratzaile gorria prest edukitzeko -bideo honetan edo honetan prozesu guztia ikus daiteke-. Gutxi gorabehera, 150.000 kotxinila zanpatuta, 1 kg estraktu gorri lortzen da. Gutxi gorabehera, kotxinilaren masaren %10 azido karminikoa da.
Industrian, den den, aipatutakoa baino erauzketa prozedura konplexuagoak erabiltzen dira. Industrian ingurune alkalinoan egiten da kotxinila intsektuen erauzketa eta disolbatzaile organikoak erabiltzen dira prozesuan. Ondoren erauzketa alkalinoan lortutako disoluzioaren flokulazio eta iragazketa egiten da eta zentrifugazioz hauspeakin solidoa berreskuratzen da. Solido hori azido karminikoa da eta, azken pausoan, birdisolbatu eta kontzentratu egiten da. Erauzketa prozesuaren etekina nahiko baxua da, eta etekina hobetzeko asmoz, intsektu jatorria duen proteinak gehitzen dira. Erauzketa prozesuan erabiltzen diren substantziek alergiak eragin ditzakete zenbait kontsumitzaileengan eta horregatik E 120 koloratzailea produktu batean baldin badago, etiketan adierazi egin behar da alergiak izan ditzaketen kontsumitzaileak ohartarazteko. Era berean, informazio hori ezinbestekoa da elikadura begetarianoa edo beganoa dutenentzat; izan ere, E 120 koloratzailea ezin dute kontsumitu.

4. irudia: Kotxinila zanpatzen denean kolore gorria lortzen da, kosmetikoetan, elikagaietan eta produktu farmazeutikoetan erabiltzen dena. (Argazkia: Whitney Cranshaw, Colorado State University – CC BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons).
Intsektuak FrapuccinoanKolonizatzaile espainiarrek ikusi zutenean, kotxinilaren kolore gorria erabiltzen hasi ziren eta mende batzuk geroago, 1826an, Kadizen, Malagan eta Kanariar uharteetan Dactylopius coccus kotxinilak hazten saiatu ziren. Azken horretan bakarrik lortu zuten eta, egun ere, mota horretako kotxinilak aurki daitezke bertan. Nolanahi ere, egun Peru, Txile eta Mexiko dira kotxinila estraktuaren esportatzaile nagusienak, kotxinilak klima beroak behar baititu hazteko. Asko dira gehigarri hori duten produktuak, baina, zenbait kasutan E 120 beste substantzia batzuengatik ordezkatzen ari dira ¾merkeagoa delako edo jatorria intsektuetan izateak ematen dion ospe txarrarengatik¾. Agertu diren alternatiben artean, patata more gozoaren estraktuak antzeko kolore gorria ematen du, antza. Kotxinilaren estraktuan zein zabalduta zeuden konturatzeko, pentsa, Starbucks kafetegi-katearen Frapuccinoak intsektuen estraktu hori erabiltzen zuen marrubi kolorea lortzeko. Esan behar da, dena den, 2012an kateak jakinarazi zuela koloratzaile hori beste batengatik ordezkatuko zuela.
Tira, hemendik aurrera produktu edo elikagai baten etiketan E 120, azido karrminikoa edo kotxinila estraktua ikusten baduzu, badakizu nondik lortzen den. Horiexek dira kimikaren sekretuak. Intsekturik ez baduzu jan nahi gehigarri hori duten elikagaiak baztertu beharko dituzu, baina, lasai, intsektuak jateagatik ez zaizu ezer gertatuko eta.
Informazio osagarria:
- Cochineal carmine: an ancient dye with a modern role, F.L.C. Baranyovts, Endeavour 2(2), 85-92, 1978.
- Natural dyes extraction from cochineal (Dactylopius coccus). New extraction methods, M.E. Borges et al., Food Chemistry 132, 1855-1860, 2012.
- Eating with your eyes: the chemistry of food colorings, acs.org
- E-120, el colorante rojo que esconde insectos en tus alimentos favoritos, playgroundmag.net
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria appeared first on Zientzia Kaiera.
Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak
Kontrakoa dirudien arren, uste baino zailagoa da jendea manipulatzea. Batez ere, Gerra Hotzaren garaian argi geratu zen hori. Koreako Gerran (1950-1953), Erresuma Batuko eta AEBetako zenbait soldadu gatibu kapitalismoaren kontrako gutun sutsuak idazten hasi ziren. Nola lortu zuten ba komunistek gazte abertzale horiek hain modu errazean doktrinatzea? Ondorengo ikerketek eman zuten erantzuna: egiatan, ez zuten lortu; edo, hobeto esanda, pertsuasioaren mirari magikorik erabili gabe lortu zuten. James A. C. Brown psikiatrak Techniques of Persuasion. From propaganda to brainwashing liburuan zehazten duenez, komunismoa besarkatu zuten gehienek aldez aurretik ideia komunista edo sozialistak zituzten. Herrialde komunista batean preso egotea izan zen, hain zuzen, ideia horiek garatzeko bidea eman ziena.
Ondorengo urteetan ere CIAk diru eta baliabide mordoa xahutu zituen MK-ULTRA bezalako programetan arerioei “garuna garbitzeko” modua aurkitu nahian. Beste behin ere, alferrikakoak izan ziren ahalegin horiek guztiak.

1. irudia: Hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuak anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri direla zabalduta dago. (Argazkia: Raphael Ferraz / Unsplash)
Antzeko ahalmen ia miraritsuak lepora zaizkie askotan hedabideei. Horiek omen dira besteak guk ez bezala pentsatzera eramaten dituzten errudunak. Ideia horren haritik, denetariko teoriak mahai gainean jarri dira, eta horietako batzuek ñabardura garrantzitsuak egin dituzte. Agian ezagunena Joseph T. Klapper ikertzaileak bultzatutakoa da: errefortzuaren teoriaren arabera, hedabideek aldez aurretik finkatutako iritziak indartzen dituzte; baina, berez, ez dituzte aldarazten.
Elikadura asalduren arlora etorrita ere, antzeko planteamenduak sustraituta daude. Ez soilik herri irudimenean, akademian ere. Horren arabera, hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuek anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri omen dira; edo, gutxienez, eragile garrantzitsuak dira. Argudio hori kolokan jarri duen Christopher J. Ferguson ikertzailearen planteamendua ekarri dugu gurera, eztabaida piztuko duelakoan.
“Hedabideen eraginari buruzko arlo gehienetan gertatu ohi den bezala, datuetara begiratuz, jabetzen gara egia konplexua dela”, dio psikologo honek. Beste bi ikertzailerekin batera, Review of General Psychology aldizkarian 2011n argitaratutako artikulu batean azaldu zuen planteamendua Texas A&M Nazioarteko Unibertsitateko psikologoak. Bestetik, iaz Huffington Post egunkari digitalean argitaratutako artikulu batean planteamendua era informalagoan babestu zuen. Azken honetan dioenez, komunikazioaren psikologiaren alorreko “behi sakratua” izan da gaia.
Nerbiotako anorexia eta bulimia hartu dituzte ikerketaren abiapuntutzat. Eskaini dituzten datuen arabera, maila batean edo bestean, mendebaldeko gizarteetan, emakumeen %40-50 inguruk izaten du norbere gorputzarekiko atsekabea, eta horrek elikadura asaldura eragin dezake.
Arazo hauen jatorrian hedabideetan azaldutako irudiak daudela suposatutzat eman da. APA Amerikako Psikologia Elkarteak 2007an argitaratutako txosten bat jarri dute adibidetzat. Bertan ondorioztatu zuten hedabideek rol garrantzitsua betetzen zutela neskek izaten zuten atsekabeak azaltzeko.
2008an eta 2013an egindako bi meta analisi aipatzen ditu bere argudioak babesteko. Hurrenez hurren, ehun bat eta berrehun bat ikerketa berrikusi ziren meta-analisi horietan. Gaiaren bueltan landutako literaturaren analisitik ateratako ondorioa honela laburbildu du egileak: “Hedabideetako eraginak txikiak eta idiosinkratikoak izan ohi dira, eta aurretiaz gorputzarekiko kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“.
Adinkideak, gakoPsikologoek ikerketa artikuluan diotenez, hedabideek duten eraginari buruzko ikerketa ugari egin dira, baina askoz gutxiago izan dira adinkideen eragina aztertu duten ikerketak. Hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke abiapuntua. “Adinkideek atsekabean eragin dezaketela onartu duten ikertzaileak badaude ere, gorputzari buruzko irudiaz izan den literaturak hedabideetan fokalizatuta jarraitzen du”.

2. irudia: Ferguson psikologoaren arabera, hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke elikadura asalduren abiapuntua. (Argazkia: Katy Belcher/ Unsplash)
Ikuspuntu ebolutibo batetik aztertu dute gaia. Izan ere, egileen ustez, indar soziokulturalek emakumeen arteko lehia hauspotzen dute, eta lehia horrek gorputzarekiko atsekabean eragiten du. Hautespen sexualaren teoria baliatu dute egoera azaltzeko. Jatorrian, biologiaren teoria ezagunaren lehia intra-sexuala eta inter-sexuala leudeke atzean.
Hitzezko iruzkinak eta konparaketak, edertasun arauen komunikazioa edota edertasunean oinarritutako norberaren balioaren atribuzioa aipatu dituzte arrazoi gisa. “Bikotea eskuratzeko lehiak gidatzen ditu sozializazio prozesu hauek”. Argaltasuna mendebaldeko gizarteetan balio estetiko gisa sustraituta badago ere, hau ez da berdin izaten kultura eta garai guztietan. Kasu horietan, andreek pisu gehiago edukitzeak adierazten zuen janaria eskuratzeko baliabide gehiago zituztela, eta, ondorioz, ugalketarako arrakasta aukera gehiago zeudela.
Bereziki anorexiaren kasuan, genetikaren eragina handia izan daitekeela diote, beste asaldura mota batzuetan inguruneak indar gehiago duen bitartean. Halere, psikologiaren ikuspuntutik landutako artikulua izanda, ez dute sakondu gaian, lotura hori “konplexua” dela esanez.
Gai honetan ere errua hedabideei leporatzea ohikoa da. “Ikerketak erakutsi du gizakiak askotan ez direla gai beren portaeraren zioak bereizteko, eta kultur narratibetara jotzen dutela beraien portaera eta besteena azaltzen saiatzeko”. Bestalde, modu honetan “gaizkile argi” bat lortzen da, hedabideak kopla-buruko gisa hartuta.
Froga bezala, Iraneko emakumeekin egindako ikerketa bat aipatu dute. Bertan AEBtan eta Iranen bizi ziren andreen elikadura asaldurak alderatu ziren, baina aparteko desberdintasunik ez zuten topatu. “Hau garrantzitsua da, Iranek Mendebaldeko hedabideak debekatu dituelako 1979tik, eta beloarekin edo soingainekoarekin gorputzak babestera behartzen ditu emakumeak”.
Alborapen ideologikoakEgin diren zenbait hurbilketaren kritika zorrotza ere egin dute, haien abiapuntu beratik alborapena dutelako. “Zenbait ikerketatan, asmoa hain da agerikoa, ezen nahiko argi baitago parte-hartzaileek benetako erantzunak aldatu dituztela, ikertzaileei nahi dutena emateko”.
Gainera, halako ikerketatan bestelako akatsak ere aurkitu dituzte. Adibidez, maila berean jarri izan dira hedabideetan agertzen diren “emakume argal erakargarriak” eta “batez besteko pisua duten emakume erakargarriak”. Aldagai horiek guztiek elikadura asaldurekin lotu dira, argaltasuna bereizi gabe.
Bestetik, asaldura hauek arraroak direla aipatu dute (AEBtako datuei erreparatuz, anorexiaren kasuan, %0.4koa da prebalentzia; bulimiaren kasuan, %1-1.5ekoa), eta horrek zailtasunak dakartza parte-hartzaileen kopuru esanguratsuak lortzeko. Argitalpenei lotutako alborapena ere iradoki dute, zientzian ohikoa den arazo batean oinarrituta: aldizkariak aldagaien arteko loturak frogatzen dituzten ikerketak argitaratzea nahiago dute, eta ez, horrenbeste, loturarik eza frogatzen duten ikerketak.
Amanda J. Holmstrom ikertzailearen zuhurtzia aipatzen dute ere. “Badirudi emakume argalen irudiak ikustearen eragina etxeak edo lorategiak ikustearen parekoa dela: hutsa”.
Fergusonek argi utzi du bere jarrera, moralitatea eta errealitatea bereizi behar direla aldarrikatuz. “Ez dut zalantzarik: argaltasunari buruz hedabideek zabaltzen duten ideala zakarra eta askotan moralki arbuiagarria da”. Hala ere, “komunikazioaren psikologiari askotan zaila egiten zaio moralitatea eta datu onak bereiztea”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Christopher J. Ferguson et al. Who Is the Fairest One of All? How Evolution Guides Peer and Media Influences on Female Body Dissatisfaction. Review of General Psychology 2011 , Vol. 15, No. 1, 11–28 DOI: 10.1037/a002260
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Auto elektrikoaren parabola
Robert Davidonen autoan kontsumitzen zen zinka, berrogei aldiz merkeagoa zen lurrun-makina batean emaitza berberak lortzeko erabili behar zen karbonoa baino. Edonola, erabiltezina zen garai hartan. 1884.ean, Thomas Parkerrek bateria birkargarriko auto bat egin zuen lehendabizi, Londresen. Izatez, prototipo bat izan zen. 1888.ean, Andreas Flockenek zinez lehenengo auto elektrikotzat jotzen dena egin zuen Alemanian. Ordutik, industri esparruan hasi ziren fabrikatzen, eta nahiko arrakasta handia izan zuten, erosoak eta erabilerrazak zirelako.

Irudia: Lehenengo auto elektrikoa 1837an egin zuten eta 1912ra arte barne errekuntzakoak baino ohikoagoak ziren. Esaterako, sasoi hartan 30.000 bat auto elektriko zeuden Amerikako Estatu Batuetan.
XIX. mendearen bukaera aldean, Londresen bazeuden taxi elektriko ugari: “kolibri” izenekoak. Polizia Metropolitarraren Elkarteak arautu egin zituen auto horien trafikoa eta zaldi-orgena. Izatez, auto elektrikoek bi aldiz toki gutxiago hartzen zuten zaldi-orgek baino.
Antzerako taxiak egon ziren Parisen, Berlinen eta Nueva Yorken. XX. mendearen hasieran, 30.000 bat auto elektriko zeuden Amerikako Estatu Batuetan. Jendeari gehiago gustatzen zitzaizkion gasolinakoak baino. Izan ere, zarata gutxiago ateratzen zuten, eta ez zuten hirietako airea kontaminatzen, baina hala ere, hamarkada batean beren fabrikazioak behera egin zuen, eta azkenean utzi egin zioten fabrikatzeari. Zaldi-orgen gidariek sutsuki plazaratu zituzten auto elektrikoek izan zituzten eragozpenak eta istripuak. Azkenean, lortu zuten London Electric Cab Company izenekoa merkatutik ateratzea. Egia da hainbat arazo tekniko izan zituztela, baina beren etsaiek ahalegin guztiak egin zituzten auto elektrikoei ahalik eta itxura txarrena emateko.
Aldi berean, petrolio-erreserba handiak aurkitu ziren eta horrek erregai horren prezioa izugarri jaitsarazi zuen. Horrela, Henry Ford hasi zen gasolina-autoak saltzen… auto elektrikoen prezio erdian. Gainera, Amerikako Estatu Batuetan errepideak hobeak egiten hasi ziren, eta luzera handiko bidaiak egiten hasi ziren amerikarrak. Horrelako bidaiak ezin zituzten egin auto elektrikoek, autonomia txikia zutelako, eta bateriak kargatzeko denbora luzea behar zutelako. 1912.ean, abiarazteko motorra asmatu zen, eta horrek betiko egin zuen barne errekuntzako motordun autoen alde. Horrelaxe bukatu zen ba mendea: hasieran auto elektrikoa bazen nagusi, barne errekuntzakoa gailendu zen bukaeran.
Auto elektrikoaren porrota oso argigarria da berrikuntzen nondik norakoak ondo ulertzeko. Izan ere, hasiera batean berrikuntza batzuek onuragarri ematen dute, baina porrot egiten dute, sortzen diren une horretan. Baldintza batzuk batera bete behar dira berrikuntzak aurrera egin dezan eta ez da nahiko ideia ona izatea. Ziur aski, horregatik ahaztuko ziren arrakastatsu izan litezkeen berrikuntza asko eta asko, agian denboraz kanpo sortu zirelako. Hori dela eta, egun berreskurapen-egitarauak ari dira abian jartzen, porrot egin zuten ideiak berriz abian jartzeko asmotan.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Auto elektrikoaren parabola appeared first on Zientzia Kaiera.