Laboratorium Museoak Euskal Baleari buruzko modulu interaktibo berria inauguratu du

Laboratorium Museoak erakusketa iraunkorra handitu du Ipar Atlantikoko sardako balearen (Eubalaena glacialis) inguruan sakontzen duen modulu berritzaile batekin. Erakusketa iraunkor berriko moduluak, museoko piezarik nabarmenetako bat jarriko du balioan, euskal balearen hezurdura osoa. Zaharberritze tratamendua egindako orno bat erakusgai jarri da, Euskal Herriko historian eta kulturan funtsezkoa izan den animalia baten tamaina erreala ikusteko aukera eskainiz.

 

Zaharberritze lanak Artez Zaharberritze estudioan egin dira. Maite Fernandez piezaren kontserbazio egoeraz eta egindako esku-hartzeaz aritu da, ornoak zeukan zikinkeria garbitu eta pitzadurak egonkortzean oinarritu da beraien lana.

 

Wasabi Produccionesek modulua diseinatu eta elementu interaktiboak ekoitzi ditu, Expomon fabrikazio fisikoaz arduratu da eta Tecnoradio instalazioaz. Beste zenbait kolaboratzaile ere aritu dira lanean proiektuan, hala nola,  Fernando Baptista, National Geographicekin (gaur egun Disney) lotura duen ilustratzaile zientifiko ezaguna. Bere ilustrazioek balio zientifikoaz gain, bisualki erakargarri egiten dute erakusketa. Bestalde, Tekniker, Artez Zaharberritze estudioa eta Donostiako Aquariuma ere elkarlanean aritu dira.

 

Donostiako Aquariumeko Alex Larrodék azaldu du Laboratorium Museoak daukan eskeletoaren tamaina neurtzeko, Aquariumean daukaten eskeletoarekin eginda zeukaten neurketarekin konparazio anatomiko bat egin dutela. Masailezurreko hezurren neurketa bat eginda, eskeletoaren luzeraren datuak eta ehizatua izan zeneko datuak alderatzeko aukera izan dute.

 

Erakusketa iraunkorreko modulu interaktibo berri hau Laboratorium Museoak ospatzen duen 10. urteurrenaren baitan kokatzen da. Urteurrenaren harira, datozen hilabeteetan jarduera bereziz betetako programa du museoak.

 

Modulu honek bat egiten du museoaren identitate eta misioarekin. Modu horretan, ornoak, balearen tamainara hurbilketa erreal bat egitea ahalbidetzen du eta, aldi berean, zetazeoak tokiko tradizioan zein ikerketa zientifikoan izan duen garrantziaren berri emateko ere balio du.

 

Modulu interaktiboa 3Dn

Balearen biologia lantzen duen modulu interaktibo honek zetazeoaren anatomia du ardatz. 3Dko eredu birtual bat oinarri, balearen hezur bakoitza dagokion tokian kokatzeko jolas bat garatu da. Dibulgazio-baliabide honek, entretenitzeaz gain, Euskal Balearen eboluzio-egokitzapenak ulertzen laguntzen du. Itsasoko espezieen artean kasu berezia zergatik den azaltzen da.

 

Bigarren atala euskal balearen arrantzari buruzkoa da. Euskal Herriko bale arrantzari buruzko galdetegi baten bidez, bisitariak Ternuako bidaietan barrena murgiltzen dira. Aldi berean, bale ehiza nola egiten zen, olioaren garraioa eta erabilerak zein ziren ezagutzeko aukera eskaintzen da.

 

Teknikerretik fotogrametria prozesua egiten ari dira hezurdura guztia digitalizatzeko eta, horrek, ikerketa, dokumentazio eta zabalkunderako aukera berriak irekiko ditu. Hezur bakoitza zehaztasunez aztertzeko aukera emango du 3D eredu zehatz bat izateak, eta informazio hori beste profesional batzuekin eta itsas biologian interesa duen publikoarekin partekatu ahal izango da.

 

Teknikerreko hiru ikertzaile dabiltza balearen eskeletoaren digitalizazioa lantzen eta Alberto Mendikuteren hitzetan, eskeleto osoaren berreraikuntza birtuala etorkizuneko azterketetan lagungarri izateaz gain, kontserbazio digitala bermatuko du.

 

Laboratorium Museoa

Laboratorium Museoak, ezagutzaren eta berrikuntzaren sustatzaile izanik, euskal balea-industriaren iragana ezagutarazteaz gain, itsasoko ugaztun bat babesteko erantzukizunari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du modulu honekin. Museo hau ezagutzaren eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean. 10 urte zientziari ateak zabaltzen.