Aurreko ostiralean, otsailaren 16an, Gertu kultura programaren barruko lehengo bisita izan genuen museoan. Elkargunetik hurbildu ziren gure museoa ezagutzera. Oso talde parte hartzailea izan zen eta interes handia erakutsi zuten. Benetan bisita atsegina eta errepikatzeko modukoa.

ZER DA GERTU KULTURA?

Gertu kultura kulturaren bidezko gizarteratze-programa bat da, eta kultura-programatzaileek, erakundeek eta gizarte-zerbitzuek hartzen dute parte bertan. Egoera ahulenean dauden pertsonen kultura eskuratzeko eskubidea errealitate bihurtzeko lan egiten du. Kultura gizartearen ezinbesteko beharrizan gisa aldarrikatu, eta komunitate anitza eta komunitate hori osatzen duten pertsonen beharrak errespetatzen dituena defendatzen du. Ahulezia-egoeran dauden pertsonei, gehien behar dutenei, lehentasuna emango dien kultura defendatzen du, kulturaren efektu eraldatzailean sinesten duelako. Guztiontzako kultura bermatzeko konpromisoa hartzen duen gizarte baten alde lan egiten du eta Laboratorium museoa harro dago ekimen honen parte izateaz.

 

Laboratorium museoa bat dator guztiok lagundu behar dugula bidegabekeria sozialak gainditzen, nahiz eta erantzule zuzenak ez izan. Elkarri laguntzeko gaitasuna eta betebeharra dugu. Horretarako, gizartearen eta kulturaren artean zubiak eraikitzeko hezkuntza, inklusioa bermatuko duen eta parte hartzeko aukera-berdintasuna zainduko duen kultura sustatzen dugu. Kultura irisgarria eta inklusiboa posible delako.