

- “Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala” proiektuagatik jaso du aitorpena museoak
- 17 herrialdeetatik jasotako berrehundik gora proposamenetatik hamar proiektu saritu dituzte: Brasilgo, Argentinako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Txileko, Dominikar Errepublikako, Uruguaiko eta Espainiako museoetakoak
Laboratorium Museoa saritu dute Ibermuseoak Hezkuntza Sariaren XIII. edizioan. “Lorategian taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala” proiektuagatik jaso du aitorpena Bergarako museoak, zentzumenen estimulazioan oinarritutako hezkuntza inklusiborako aurten abiatu duen proiektu berritzaileagatik.
Sariak Iberoamerikako hezkuntza-lanak aitortzen ditu. Komunitateekin, narratzeko moduekin eta aldaketa-eragile gisa duten funtsezko eginkizunekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dituzten proiektuak dira saridunak. Aurtengoan, 17 herrialdeetatik jasotako berrehundik gora proposamenetatik hamar proiektu saritu dituzte: Brasilgo, Argentinako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Txileko, Dominikar Errepublikako, Uruguaiko eta Espainiako museoetakoak. Tartean Laboratorium Museoak aurkeztutakoa, zeinak hirugarren saria eskuratu duen.
“Proiektuak duen izaera berritzaileagatik, jasangarritasunagatik eta garatzen den testuinguruan sortzen duen eragin positiboagatik jaso dugu aitorpena”, adierazi du Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendariak. “Mundu mailako izen handiko museoekin batera izan gara sarituak. Handia da hori. Pozarren gaude eta ondo egindako lanaren emaitza da. Aurkeztutako proiektuak Laboratoriumen esentzia betea baitu bere baitan. Hezkuntzarako tresna da eta gizartea hobetzeko bitartekari. Saria une berezian iritsi da gainera, gure hamargarren urteurrenaren ospakizunen azken txanpan. Urtemuga berezi honi ginda jartzeko modu ederra da”, gaineratu du Errazkinek.
“Lorategian taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala”
2024an, Laboratorium Museoak “Zentzumenen lorategia” egitasmoa jarri zuen martxan, Laboratorium Museoaren egoitza den Bergarako Errekalde Jauregiko ingeles estiloko lorategian garatutako hezkuntza inklusiboko proiektu berritzailea.
Hasiera batean, alzheimerra duten pertsonentzat sortu zen programa. Proiektuaren irismena zabaldu eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden kolektiboak ere gehitu ziren programara, museoak irisgarritasunarekin eta komunitate-ongizatearekin duen konpromisoa indartzeko.
Proiektua EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta Gertu Kulturak garatutako egitasmo batekin lankidetzan sortu zen eta EHUko psikologiako adituek parte hartu zuten bertan. Horiek, parte hartzaileen beharretara egokitutako esperientzia multisentsorial bat sortzeko aholkuak eman zituzten. Fase pilotua Bergarako adinekoen zentroko egoiliarrekin egin zen —museotik 50 metrora kokatua—, eta eragin oso positiboa izan zuen: ingurune naturalarekin izandako elkarreraginak oroitzapenak piztu zituen, erlaxazioa eragin zuen eta lotura soziala indartu zuen.
“Zentzumenen lorategia” proiektuaren arrakastak bultzatu du Laboratorium Museoa 2025ean programa zabaltzera, “Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala” egitasmoa abian ipinita. Kolektibo berriak parte hartzen dute programan, hala nola autismoa duten haur eta gazteak eta bakardade egoeran dauden pertsonak.
Ikusmen-, ukipen- eta entzumen-estimuluko elementuak dituzten zentzumen-espazioak egokitu dira. Material eskuragarriak landu dira (irakurketa erraza, piktogramak) eta bitartekaritza-taldeari prestakuntza espezializatua eskaini zaio. Proiektu honekin, Laboratorium Museoak gizartea eraldatzeko espazio gisa duen zeregina indartzen du, hezkuntza, inklusioa eta jasangarritasuna kulturaren bidez sustatuz.
10 urte zientziari ateak zabaltzen
Euskaltzaletasuna eta unibertsaltasuna. Ekintzailetza eta ezagutza. Eraginkortasuna, gizartegintza eta jakinmina. Aurrerabidea. Hori eta gehiago da Errekalde jauregian kokalekua duen museoa. Euskal Herriko zientziaren sehasketako bat da, ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen duena. Zientzia bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez.
Hezkuntza zentroak, haurrak, gazteak, helduak zein familiak ditu egun bisitari. Erakusketak, programak, irteerak, tailerrak, udalekuak, eta abar. Helburua, gozamenaren bitartez gizartea zientziaren munduan barneratzea da. Zientziaren mundua gertutik ezagutzea eta transmisioaren bitartekari bilakatzea. Erakusketa, bisita gidatu eta ekimen zehatzen bitartez.
Elhuyar anaiek egin bezala, Laboratorium Museoak zientziaren munduan kokatzen jarraitzen du Bergara. Zientzia gizartera gerturatu eta gizartea zientzian murgildu. Laboratorium Museoak, jakintza eta berrikuntza bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dihardu. Izan ere, museoa ezagutza eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean. Historian zehar izandako ekarpen horiek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen du, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.
