Asteon zientzia begi-bistan #374
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaPirinioetan ere airean mikroplastikoak daudela baieztatu du zientzialari talde batek. Pic du Midi de Bigorre mendiaren gailurrean dagoen behatoki astronomiko eta meteorologikoan egin zuten azterketa, 2017ko udan, ekainaren 23tik urriaren 23ra. Datuak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Emaitzen arabera, 0,09 eta 0,66 mikroplastiko partikula artean topatu dituzte metro kubo bakoitzeko. Kontzentrazio handiagoak atzematen dira beste leku askotan noski, baina datuek erakusten dute mikroplastikoak libre barreiatzeko gaitasun handia dutela. Ikertzaileek uste dutenez, gailurretan topaturiko mikroplastikoak ozeano Atlantikotik, Afrikatik eta Ipar Amerikatik datoz. Edu Lartzangurenek azaldu du Berrian: Amaitu da aire garbia Pirinioetan.
BiologiaICES Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren arabera, 2022rako antxoa kuota aurtengoaren berbera izatea komeni da. Erakunde horrek eginiko azterketetan oinarrituta erabakitzen du Europako Batzordeak arrain espezie bakoitzeko ze proportzio arrantzatu daiteken; Antxoaren kasuan, 33.000 tonako kuota jarri zuen iaz Kantauri itsasorako eta Bizkaiko golkorako eta, dirudienez, kuota berari eutsiko dio aurten ere. Kopuru hori da, hain zuzen ere, eremu horretarako arrantzatu daiteken gehienekoa. Azalpen guztiak Berrian: Antxoaren kuotari eustea gomendatu dute txosten zientifikoan. Honen harira, Zientzia Kaieran antxoaren biomasan eragiten duten faktoreen azterketa irakur daiteke. Antxoa europarra mundu mailako hirugarren espezie arrantzatuena da, eta haien populazioaren egoera kontutan izatea garrantzitsua da populazioen biziraupena bermatzeko. Populazioaren dinamikarako erreklutamendua garrantzitsua da, hau da, urtero helduen taldera gehitzen diren indibiduo kopurua. Prozesu honetan antxoaren elikadurak du garrantzi handia, zooplanktonaren eskuragarritasunak, hain zuzen. Harraparitzak, arrantzak eta gaixotasunek ere eragin nabaria dute antxoaren biomasan.
GenetikaNeolitoko familia zabal baten bost belaunaldi identifikatu dituzte Ingalaterra hego-mendebaldean, hobiratutako gizakien DNA aztertuta. Guztira, familia bereko 27 senide biologiko identifikatu dituzte, duela 5.700 urte inguru bizi izan zirenak. Iñigo Olalde EHUko ikertzaileak parte hartu du aurkikuntzan eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Zuhaitz genealogikoaren burua gizon bat da, eta gizon honek lau emakumerekin izan zituen seme-alabak. Ikerketak, zuhaitz genealogikoa osatzeaz gain, senidetasunak hildakoak ehorzteko orduan zuen garrantzia erakutsi du. Ikusi dutenez, aita-lerroak ematen zuen bertan hobiratzeko eskubidea eta komunitateko emakumeak, ugaltzeko adina zutenean, beste komunitate batzuetara joaten ziren, beste komunitate batzuetako gizonekin ugaltzera. Hau da, emakumeen exogamia praktikatzen zuten eta beraz, emakume horiek beste komunitate horietako gizonekin hobiratzen zituzten. Berri hau Alean irakur daiteke, eta baita Berriako “Zuhaitz genealogiko zaharrena” eta “Zuhaitz genealogiko zaharrena osatu dute” artikuluetan.
Genetika helburu askorekin erabil daiteke gaur egun, baina bereziki eragin handia du osasun-arloan erabiltzen den genetikak. Badakigu gaixotasun batzuetan ehunaka gene-aldaerek eragiten dutela. Horregatik, pertsona batek dituen gene-aldaerak kontuan hartuta, gaixotasun jakin bat izateko arriskua kalkula daiteke. Kalkulu horri arrisku poligenikoaren balioa –ingelesez, polygenic risk score– esaten zaio. Argi dago informazio hori jakiteak onura asko ekar ditzakeela, baina baditu bere arriskuak ere. Alde batetik, gene-informazioa soilik erabiltzeak positibo faltsuen eragina handitzen du, hau da, pertsona bat arrisku handikoa bezala sailkatzea halakoa ez denean. Bestetik, pazienteari informazioa ondo helarazten ez jakitea ere arriskutsua izan daiteke, balio horren ziurgabetasuna eta informazio hori gomendio egokiekin batera ez badoa. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran: Gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzen.
OsasunaOsasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasuna ez da gaixotasunik edo minik ez izatea soilik, erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera bat baizik, eta ariketa fisikoak garrantzia du ongizate honetan. Erakunde honek argitu duenez, jarduera fisiko erregular eta konstanteak bizi zikloaren etapa guztietan ditu eragin positiboak, baita zahartzaroan ere. Honen harira, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko AgeingOn ikertaldea adinekoen hauskortasunari aurre egiteko hainbat tresna eta estrategia garatzen dihardu. Tresna hauetako bat, egoitzetan adinekoei zuzendutako ariketa fisiko indibidual eta progresiboko programa berri bat diseinatzea izan zen. Ikusi zutenez, programa honetan parte hartu zuten pertsonek gaitasun funtzionala hobetzea lortu zuten, maila fisikoan eta baita kognitiboan ere; eta are garrantzitsuagoa dena, beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu zituzten. Maria Larumbek azaltzen du Zientzia Kaieran: Osasuntsu zahartzea, ariketa fisikoari esker.
AstronomiaAste honetan Elhuyar aldizkarian, Berrian 2021eko abenduan argitaratutako artikulu bat berreskuratu du Ana Galarragak, Maitasun-uhinak eta tardigradoak estralurtarrentzat. 1977an jaurtitako bi zunda, Voyager zundak, espaziotik bidaiatzen dabiltza, estralurtarrak topatzeko helburuarekin eta, topatuz gero, haiekin komunikatzeko intentzioarekin. Zunda hauetako bakoitzaren barnean Lurrari eta lurtarroi buruzko informazio esanguratsua sartu zuten, kobrezko disko urreztatu banatan. Lurreko bizidunen dibertsitate biologikoa eta kulturala erakusteko asmoz, besteak beste, 118 argazki eta 90 minutuko audio bat sartu zituzten, soinu natural eta artifizialekin, garai eta kultura desberdinetako musikarekin, agurrak 55 hizkuntzatan, eta baleen hizkuntzaren lagin bat. Orain, egitasmo bat dago tardigradoak ere izarrarteko espaziora bidaltzeko.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, James Webb espazio-teleskopioa (JWST) prest dago espaziora joateko. Teleskopio honen helburua sortu ziren lehen izarrak eta galaxiak hautematea izango da. Bere lana ongi betetzeko ordea, lehenik, jaurti, eta gero, bere lekura onik iritsi beharko du. Pausu kritikoena, hala ere, ezkutu termikoa edo parasola zabaltzea izango da. Horrek teleskopioa Eguzkiaren argitik eta erradiaziotik babestuko du; parasolaren kanpoaldea 85 ºC-tan egongo den bitartean, barrukoa -233 ºC-tan egongo da. Izan ere, Webb infragorri-teleskopio bat da, eta objektu oso hotzak hautemango ditu. Beraz, beroarekiko oso sentikorra da. Jaurti eta seigarren hilabetera hasiko da lan zientifikoarekin.
SoziologiaFaktore fisiologiez gain, faktore sozialek ere eragiten dute emakumeek bularra emateari goizegi uztea. Early Human Development aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, faktore sozialak dira edoskitze luzeak gehien eragozten dituzten faktoreak. Faktore esanguratsu bat, adibidez, jendaurrean bularra ematen deseroso sentitzea da, eta baita jaioberriei txupetea ematea ere. Bestalde, edoskitze luzeak atzerritarra izatearekin, haurrak amaren ohean lo egitearekin eta amak ikasketa-maila altua izatearekin erlazionatu dira. Ikertzaileek adierazi dute funtsezkoa dela gizarte guztietan amagandiko edoskitzea sustatzea eta baita baldintzapen sozialak murrizteko urratsak ematea ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Juanma Gallegok erritualek pertsonengan duten eraginaren inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Erritualak aldez aurretik definitutako jardueren errepikapenak dira, sinbolismo handiagoa duen zerbaiten parte direnak. Erritualek antolaketa behar dute, bai eta denbora, esfortzua, eta askotariko baliabideak. Izaera honegatik, beraz, erritualak egiteko prest dauden pertsonen artean atxikimendua sortzen da, eta kanpoan uzten ditu atxikimendu hori erakusteko gai ez direnak. Gai honen inguruko berrikuspen artikulu bat argitaratu da Current Opinion in Psychology aldizkarian, eta bertan azaldu dutenez, erritualek pertsonek taldearekiko duten konpromisoa indartzeaz aparte, ondorio psikologikoak ere badituzte.
TeknologiaAste honetan Zientzia Kaieran, Mirari Antxustegiri egin diote elkarrizketa. Mirari Antxustegi UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldeko kidea da hondakinen berrerabilpenari buruz ikertzen du. Nekazaritza-, basogintza- edo industria-prozesuetako hondakin asko lignozelulosaz osatuta daude eta osagai hau munduko iturri organikorik merkeena, ugariena eta berriztagarriena da. Horregatik, erregaiak, energia eta produktu kimikoak ekoizten dira hondakin biomasatik abiatuta biobirfindegi prozesuen bidez. UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldean prozesu termokimikoak erabiltzen dituzte, batez ere, hauek jasangarriagoak izateko helburuarekin.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #374 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #379
Karbono nanohodiak, hodiak dira! Eta, beraz, argi-katalisia laguntzeko ezkutu gisa baliatu daitezke. Carbon nanotubes as shields to enhance photocatalysis Daniel González-Muñozen eskutik.
Seriea modan dagoelako zure semeari Sandokan izena jartzea bezalakoa da zenbait izen zientifikoena. Umea hazi, doktoratu eta Sandokan Iruretagoiena izenarekin aurkeztu behar da. Gauza bera zulo beltzekin, beltzak direla. Ala ez. Some black holes are anything but black – and we’ve found more than 75,000 of the brightest ones Jessica Thorne eta Sabine Bellstedt.
2D materialek propietate batzuk ala besteak dituen esaten da. Baina gutxitan izaten da kontuan materialak ez daudela hutsean, nonbaiten baizik. Eta euskarri horretan dago gakoa. Proximity effects or the fragility of electronic ground states in 2D materials.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #379 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mirari Antxustegi: “Hondakinei balio erantsia emateak ingurumenari eta ekonomiari lagun diezaioke” #Zientzialari 166
Lignozelulosa biomasaren osagai nagusiena izateaz gain, munduko iturri organikorik merkeena, ugariena eta berriztagarriena da. Biomasa lignozelulosikoa zelulosaz, hemizelulosaz eta ligninaz osatuta dago. Biomasa honen barruan daude nekazaritza-, basogintza- edo industria-prozesuetako hondakinak. Hondar hauek kantitate handitan sortzen dira eta, normalean, aire zabaleko errekuntzaren bidez errausten dira, ingurumen-arazo larriak sortuz.
Hori dela eta, erregaiak, energia eta produktu kimikoak ekoizten dira hondakin biomasatik abiatuta biobirfindegi prozesuen bidez. Prozesu hauek fisikoak zein kimikoak izan daitezke, eta UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldean prozesu termokimikoak erabiltzen dituzte, batez ere, hauek jasangarriagoak izan daitezen helburuarekin. Prozesu termokimikoek, presio- eta tenperatura-baldintza jakin batzuetan, erreakzio exotermikoen bidez, produktu solidoak, likidoak edo gaseosoak lortzeko biomasa eraldatzen dute.
Energia eta materialak modu iraunkor batean lortzeko prozesuei buruz gehiago jakin nahi izan dugu, Mirari Antxustegi UPV/EHUko BioRP Biobirfindegietako Prozesuen taldeko kidearekin batera.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Mirari Antxustegi: “Hondakinei balio erantsia emateak ingurumenari eta ekonomiari lagun diezaioke” #Zientzialari 166 appeared first on Zientzia Kaiera.
Antxoaren biomasan eragiten duten faktoreen azterketa
Antxoa europarra (Engraulis encrasicolus), mundu mailako hirugarren espezie arrantzatuena da, Ipar Itsasotik Mediterraneora arte. 2005 eta 2010. urte bitartean bere arrantza debekatuta egon zen zenbait urtez jarraian erreklutamendua baxua izan zelako. Egoera hori berriz gerta ez dadin, haiengan eragina duten eragileak eta haien populazioaren egoera kontutan izatea garrantzitsua da.
Urtero helduen taldera gehitzen diren indibiduo kopuruak badu inportantzia. Hau da, populazioaren dinamikarako erreklutamendua garrantzitsua da, erreklutatuko diren gazte hauen hilkortasunean faktore biotiko zein abiotikoek eragiten dute. Bestetik, indibiduoen energia erreserbak ere garrantzitsuak dira, izan ere, erreserba hauek desfaboragarriak diren inguruneko baldintzei aurre egiten laguntzen baitie, oinarrizko funtzioak asetzeaz gain. Lipidoak funtsezko osagai biokimikoak dira, dentsitate energetikoarekin erlazionatuta baitaude eta eskuragarri dauden elikagai kantitatearekin zuzenki erlazionatzen baitira. Hori dela eta, larba faseak antxoaren elikagai diren zooplanktonaren abundantzien maximoekin sinkronizatzeak helduentzat baldintza optimoak sortuko lituzke.
Grafikoa: Bizkaiko Golkoko antxoa biomasaren balio totalen (tonak) serie historikoa (1987-2018). Gorriz, antxoaren arrantza debekatuta egon zen urte tartea. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Arestian aipatutakoa kontutan hartuta, zooplanktonarengan eragiten duten faktoreak garrantzitsuak dira kate trofikoan zehar transmititzen den energian eragiten baitute, antxoetaraino edo beste maila trofiko altuagoko harraparietaraino. Oinarrizko faktoreak dira:
- tenperatura, zeinak prozesu metabolikoengan, garapenean eta zeharka elikagaien eskuragarritasunean eragiten du,
- ekoizpen primarioa (fitoplanktona, zooplanktonaren elikagaia) eta bere aldakortasuna, argiaren, fotoperiodoaren eta mantenugaien ekarpenaren menpekoa dena,
- gazitasuna, organismo guztiek ez baitute tolerantzia maila berbera,
- zooplanktonaren ugaritasuna murrizten duten harrapariak, esaterako, organismo gelatinosoak edota beste arrain espezie batzuk; eta azkenik,
- giza jarduerak, uraren konposizio kimikoan aldakortasunak sortzen dituztenak.
Era berean, antxoan zuzenki eragiten dituzten faktoreak daude, zeinak desberdinak diren ontogenian zehar.
Fase goiztiarrean eragiten duten faktoreak dira:
- harrapariak, arrautza eta larba kopurua baldintzatzen dutenak, esaterako, sardinak (Sardina pilchardus), makrozooplanktoneko organismo gelatinosoak eta kanibalismoa;
- elikadura, elikadura egokiak gazteen erreserba energetikoak eta garapenaren abiadura optimizatzen baitu;
- negua, elikagai eskasiak energia erreserba gutxiago egotea eragiten du.
Helduaroan eragiten duten faktorean dira:
- elikadura, arestian aipatu bezala energia erreserban eragiten baitu,
- birus, parasito eta bakterioak, indibiduoen osasunean eta biziraupenean eragiten baitute,
- tamaina handiko indibiduoak eta hauen desagertzea, arrautza kantitate eta kalitate handiagokoak erruten dituztenez, populazioa mantentzeko funtsezkoak dira. Tamaina handiko indibiduoak desagertzean, hurrengo belaunaldikoek tamaina txikiagoan lortzen dute heldutasun sexuala, haien energia erreserbak lehenago agortuz eta, azkenik,
- arrantza, gain ustiatutako populazioen tamaina banaketan eta biomasan eraginez.
Klima-aldaketak antxoaren biomasan eragina izan dezake. Iragartzen den tenperatura igoerak itsaso epelagoak eta ugalkortasun gaitasun baxuagoko arrain gutxiago izatea eragin dezake. Haizearen indarrean eta norabidean ere aldaketak sor daitezke, ur zutabearen nahasketan alterazioak, edota, “upwelling” edo azaleratzeetan aldaketak sortuz. Ibai edota erreken fluxuen inguruan ere ziurgabetasunak dakartza klima aldaketak, ibaien lumengan eraginez.
Aurretik aipatutako guztiak arrantzarako interesgarriak diren espezieen kontserbazio eta maneiurako kontutan hartu beharreko faktoreak dira. Beraz, hauen ikerketa sakonago batek, batetik, klima-aldaketak ekarriko dituen mehatxuei aurre egiten lagunduko luke eta, bestetik, antxoa bezalako espezie baten biomasaren galera eragozten lagunduko luke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2020ko ale berezia
- Artikuluaren izena: Antxoaren maneiu eta kontserbazioa: biomasan eragiten duten faktoreen azterketa.
- Laburpena: Antxoa arrantza-munduko genero pelagiko garrantzitsuenetariko bat da. Bizkaiko Golkoan, 2005 eta 2010 bitartean antxoaren arrantza debekatu egin zen aurreko urteetan izandako errekrutamendu baxuak zirela eta. Halakorik errepikatu ez dadin populazioaren egoera eta honi eragiten dioten faktoreak zeintzuk diren jakitea garrantzitsua da; hala nola tamaina handiko indibiduoen kopurua zein den, harrapariak, korronteak, parasitoak, birusak eta bakterioak, ibaien lumak, zooplanktonaren (beraren elikagaia) ugaritasuna eta komunitatearen estruktura/dibertsitatea etab. Antxoaren biomasan (eta errekrutamenduan) zuzenean eragiten duten faktore horietaz gainera, badira zeharkako eragile batzuk ere, antxoaren elikagai nagusia den zooplanktonean eragiten dutenak hain zuzen ere. Adibidez, uraren tenperatura, fitoplanktona, gazitasuna, upwellinga, etab. Eragile horiek kontuan ez hartzeak ondorioak ekarri ditzake etorkizuneko antxoaren biomasan eta, beraz, horiek aztertzea ezinbestekoa da.
- Egileak: Estibalitz Txurruka Alberdi, Ziortza Barroeta Legarreta, Álvaro Fanjul Miranda
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 299-320
- DOI: 10.1387/ekaia.21056
Estibalitz Txurruka Alberdi EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzailea da, Ziortza Barroeta Legarreta Plentziako Itsas Estaziokoa (PiE) eta Alvaro Fanjul Miranda Ambiotek enpresakoa.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Antxoaren biomasan eragiten duten faktoreen azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Taldea ez ezik, erritualek pertsonak aldarazten dituzte ere
Erritualak taldea indartzeko egin ohi dira, baina, ikertzaile talde baten arabera, norbanakoek taldearekiko duten konpromisoa indartzeko balio dute ere.
Asko hitz egiten da azken belaunaldiko ibilgailuek daramaten pilotu automatikoei buruz. Adimen artifizialaren laguntzaz, gidatzeko modu berri horiek garraiatzeko modua aldatzen ari dira pixkanaka. Baina gutxiago aipatzen da gutako bakoitzak antzeko zerbait daramala barruan. Adimen artifizialak ez baizik adimen biologikoak gidatuta. Horregatik, batzuetan, zalantzan gaude etxeko atea ondo itxi ote dugun, edo sukaldean genuen sua amatatu ote dugun. Hain ekintza automatikoak izanda, oharkabean pasatzen zaizkigu. Garuna ez gainkargatzeko modu bat da, hori, baina azken urteetan ere mekanismo horiek aztertzen dituzten ikertzaileek aurkitu dute garunak ere gainbegiratzen dituela hain automatikoak diruditen ohitura horiek.
Modu horretan, ia-ia oharkabean, sortzen eta indartzen dira ohitura asko, onerako ala txarrerako. Baina jakina da ere gizakion portaeraren ondorioz harago doan alkimia sozial bat sortzen dela. Soziologoak eta antropologoak betidanik liluratu dituen kontua da hau. Alkimia sozial horren ondorio dira ohitura berezi batzuk, batera egiten direnak eta bestelako abiapuntu eta inplikazioak dituztenak. Erritualei buruz ari gara.
1. irudia: errituala hitza aipatzean, berehala dator burura erlijioa, eta egia da erlijioak erritualez beterik daudela. Baina egunero guztiok parte hartzen dugu hain agerikoak ez diren erritual profanoetan. (Argazkia: Juanma Gallego)Erritualak aldez aurretik definitutako jardueren errepikapenak dira, modu zurrunean eta formalean egiten direnak, baina sinbolismo handiagoa duen zerbaiten parte direnak. Hala, berdin eliza katoliko batean jaunartzea hartzean, edo ekitaldi baten ostean parte hartzaile guztiek ereserki bat batera abestean, bietan hala bietan erritualak egiten ari dira. Erritual erlijiosoa lehena; profanoa bigarrena.
Hain justu horrelakoak izateagatik, erritualek kostu bat dakarte ezinbestean: berdin xumea edo erraldoia izan, egintza horiek beti antolaketa baten beharra dute. Denbora, esfortzua, eta askotariko baliabideak behar dira erritualak egiteko. Horrek argi uzten du erritualak prest egiteko daudenen atxikimendua taldearekiko, eta kanpoan uzten ditu atxikimendu hori erakusteko gai ez direnak.
Horrez gain, kohesioa ere ematen diote taldeari. Ezer gutxi dute komunean indonesiar batek eta sudandar batek, baina, biak musulmanak baldin badira, egunean bost aldiz errezo egingo dute Mekari begira, besteak beste. Gauzak horrela, talde barruan parte hartzaileen arteko konfiantza eta osotasun kontzeptua handitzen dira ohitura berezi horien bitartez.
Alabaina, haien garrantzia aztertzerakoan, gehienetan taldean duten eraginaren ikuspuntutik jorratu izan dira. Baina, antza, harago doa kontua, ikertzaile talde batek egindako proposamenari kasu eginez gero. Current Opinion in Psychology aldizkarian argitaratutako berrikuspen artikulu batean, [hemen, bertsio irekian)], ikertzaile hauek babestu dute erritualek ere laguntzen dutela pertsonek taldearekiko duten konpromisoa indartzen. Modu oso sinplean esanda, ondorio sozialez gain, ondorio psikologikoak ere badituzte.
Hainbat ikerketa argudiotzat hartu dituzte. Gertuago ditugun adibide batzuk jartzearren, Done Jakue bidea egiten duten erromesei erreparatzen dien ikerketa bat aipatu dute. Bidea egin duten 609 erromesi egindako inkesta batean ondorioztatu dute erromesaldi horietan “identitateen fusioa” deitu duten fenomenoa ematen dela, taldearen eta norberaren identitateen artean “funtsezko batasun” bat sortzen dela argudiatuta.
2. irudia: Done Jakue bidea egin duten 600 bat laguni inkesta bat egin diete. Emaitzen arabera, bidean zehar egindako erritual txikiek indartzen dute erromesaldiarekiko atxikimendua. (Argazkia: Juanma Gallego)Diotenez, bieira maskorra eraman dutenak edo bidean zehar harri pilaketa txikiak egin dituztenak dira taldearekiko atxikimendu gehien garatu dutenak. Uste dute erromesaldian zehar gertatzen diren erritual txiki horiek garrantzia dutela atxikimenduaren garapenean, eta baita bidea amaitzen denean erromesen artean sortzen den kontaktua ere. Erromesaldia bukatu eta hiru hilabetera inkestatutakoen heren bati bigarren inkesta bat egitea lortu dute, eta, diotenez, bidaiaren ondorio pertsonal hauek oraindik indarrean mantentzen ziren.
Aipatu duten beste ikerketa multzo batek Gabonetako ospakizunak ikertu ditu. Zehazki, data horien bueltan familia giroan pasatzen diren oporraldiak. Oraingoan lagina zertxobait handiagoa bada ere —1.098 lagun—, kontuan hartu behar da hiru ikerketatan banatuta daudela. Emaitzen arabera, Gabonetako oporrak familia artean emate soilarekin gehiago gozatzen bada ere, familian giroan erritual batean parte hartzen dutenek gozamen handiagoa dute. Egileen arabera, Gabonetako erritual horiek familiarekiko hurbiltasuna eta esperientzian izandako parte hartzea handitzen dituzte.
Halako ikerketatan abiatuta, berrikuspena egin dutenek argi dute erritualen eragina ez dela taldera mugatzen. Are, erritual horiek modu guztiz pribatuan egiten denean ere —hortaz, taldeari horien berri eman gabe—, eragina izaten jarraitzen dute. “Taldeko kideek egiten dituzten errituak pribatuak ez dira mandatu kulturalak, eta erabat idiosinkratikoak diren ezaugarriak izan ditzakete agian; baina, hala eta guztiz ere, lagungarriak dira taldearekiko konpromisoa hobetzeko”, idatzi dute berrikuspen artikuluan.
Giza zientzietan gertatu ohi den moduan, oraingoan zere zaila da jakitea norainoko harremana izan ahal duten ikertutako aldagai hauek guztiek, eta parte hartzaileen sinesmenek eta isuriek izan dezaketen eragina kontuan hartu behar dira. Kasurako, Done Jakue bideari buruzko ikerketa egin dutenek onartu dute etorkizunean esperimentuak baliatzen dituzten ikerketek baieztatu ala ezeztatu beharko dituztela haien hasierako ondorioak. Ibilbidean zehar egindako erritual txiki horiek manipulatuz, adibidez, prozesu osoaren gaineko kontrol zorrotzagoa eduki aldera.
Hasierako zuhurtzia hori mantenduta ere, emaitzak aintzat hartzekoak dira. Hortaz, eman diezaiogun urteari merezi duen agurra. Talde eragina ala eragin pertsonala izan ala ez, ospatze soila bada gozamena, osasun egoerak horretarako bidea badu bederen. Aurten Gabonetako otordu erritualetan parte hartuz gero, erakutsi ondorio hauek koinatari, amaginarrebari edo aitaginarrebari, sikiera menia edo bake proposamen modura, eta indartu horrela zure friki ospea familia zabalaren artean.
Ea, On Jaxinto, pasaidazu mesedez ogi apurtxo bat, eta izan dezagun errituala bakean.
Erreferentzia bibliografikoa:Stein, D. H. et al. (2021). A sacred commitment: How rituals promote group survival. Current Opinion in Psychology, 40, 114-120. DOI:10.1016/j.copsyc.2020.09.005
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Taldea ez ezik, erritualek pertsonak aldarazten dituzte ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Osasuntsu zahartzea, ariketa fisikoari esker
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera bat da, ez gaixotasunik edo minik ez izatea soilik. Eta hiru eremu horietan ongizatea lortzeko bizitzako bilaketa horretan, ariketa fisikoak pisu handia du.
1. irudia: Jarduera fisikoak osasunean eragiten du eta ariketa fisikoko esku-hartze programak erreminta baliagarriak dira eragin hauek neurtzeko. (Argazkia: Pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ariketak garrantzia du hainbat eremutan: fisikoan –indarra eta egonkortasuna ematen ditu, oreka izaten laguntzen du–, sozialean –talde bateko kide izatearen sentipena areagotzen du–, eta baita mentalean ere –antsietate eta depresio mailak murrizten ditu, beste ondorio onuragarri batzuen artean–.
Era berean, jarduera fisiko erregular eta konstanteak bizi zikloaren etapa guztietan ditu eragin positiboak, baita zahartzaroan ere, eta zahartzearen ondorio negatiboak murrizten lagun dezake, adibidez: hauskortasun fisikoa. Faktore anitzeko sindrome bat da hori, nagusiki adinekoei erasaten die eta gertaera kaltegarriak izateko –erorikoak, ospitaleratzeak eta mendetasuna, baita heriotza ere– arrisku handiagoa eragiten die.
Ildo horretan, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko AgeingOn ikertaldea aspaldidanik ari da adinekoen hauskortasunari aurre egiteko hainbat tresna eta estrategia garatzen eta zahartze osasungarria eta estimulatzailea sustatzen, adinekoek, ariketa eta jarduera fisikoen bidez, beren bizi kalitate fisiko, sozial eta mentala hobetu ahal izan dezaten.
Adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko programa2015ean, adineko pertsona kalteberen bizi kalitatea hobetzeko, AgeingOn taldeak bere buruari galdetu zion ea adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonek hauskortasunari buelta emateko gaitasuna zuten. “Ordura arte planteatu ziren ariketa fisikoaren inguruko azterlan eta programa gehienak komunitatean bizi ziren pertsonekin egin ziren, geriatrikoetan bizi zirenen pareko mendetasun mailetara iritsi gabekoekin”, azaldu du talde horretako kide eta EHUko Fisioterapia Saileko irakasle Ana Rodriguez Larradek.
“Gure hipotesia zen ariketa programa baten bidez pertsona horiek jasaten zuten narriadura geldiaraz genezakeela, baita haien egoera fisikoa, mentala eta soziala hobetu ere, eta, beraz, hauskortasunari buelta eman geniezaiokeela”.
Premisa horretatik abiatuz, taldeak egoitzetan bizi ziren adinekoei zuzendutako ariketa fisiko indibidual eta progresiboko programa berri bat diseinatu zuen. Rodriguez Larradek azaldu duenez, “programa hori baliozkotu egin behar zen eta, pertsona horientzat onura fisiko, mental eta sozial handiak izateaz gain, erorikoak eta hauskortasun maila murrizten dituela erakutsi du”.
Bideoan ikus daitekeen bezala, ariketa programa hori osagai anitzekoa da, hau da, oreka, indarra eta gaitasun aerobikoa modu konbinatuan lantzen ditu eta hiru ezaugarri nagusi ditu: indibidualizazioa, progresiboa izatea eta intentsitate ertaineko lana.
Lehenengo ezaugarria ariketa indibidualizatuko programa bat izatea da. “Parte hartzaileek askotariko ezaugarriak zituzten arren, alderdi sozialagatik taldean egitea interesatzen zitzaigun, nahiz eta modu indibidualizatuan egin, ariketak, intentsitatea eta gustuak parte hartzaile bakoitzari egokituz».
Bigarrena, programa honek ariketa fisikoa modu progresiboan egitea aurreikusten duela, “intentsitate txikitik handira, parte hartzaile bakoitzaren bilakaera errespetatuz”, adierazi du Rodriguez Larradek. Eta, azkenik, hirugarren ezaugarria intentsitate ertainetan lan egitea da. “Ordura arte, egoitzetan bizi ziren adinekoei zuzendutako programak beti intentsitate oso txikikoak ziren».
“Ikusi dugunez, programan parte hartu zuten pertsonek gaitasun funtzionala hobetzea lortu dute, maila fisikoan ez ezik, baita kognitiboan ere, eta, are garrantzitsuagoa dena, beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu dituzte, ariketa fisikoa egin ez zuten kontrol taldeko pertsonekin alderatuz. Era berean, pertsona horien erorikoen kopurua eta hauskortasun maila ere murriztu direla ikusi dugu”, azaldu du Rodriguez Larradek.
Laburbilduz, azterlanean parte hartu zutenengan ondorio onuragarriak izan zituen: indar handiagoa zuten, hauskortasunaren prebalentzia murriztu zitzaien, parametro kognitiboak hobetu zituzten –memoria, bizkortasun mentala, arazoen konponketa–, antsietate eta depresio mailak murriztu zitzaizkien, bakardadearen pertzepzioan hobera egin zuten, etab. Bitxia bada ere, kontrol taldearen kasuan ere, nahiz eta ariketarik ez egin, bakardadearen sentipena murriztu egin zen, maila txikiagoan bada ere. “Azterlanean parte hartzeak eta ikertzaileekiko harremanak –aldizkako balorazioak egiten zizkieten– azaldu dezakete hori”.
Programa hori Gipuzkoako 10 egoitzatan baino gehiagotan ezarri zen eta egoitzetako parte hartzaileek eta langileek harrera “ikusgarria” egin zioten. Halaber, zentro horietan bizi ziren 70 urtetik gorako 100 pertsonak baino gehiagok eta haien senideek parte hartu zuten. Saioak astean bi egunetan egiten ziren eta ordubete irauten zuten, beroketak, saioa bera eta lasaitasunerako itzulera barne hartuta.
Ariketa motei dagokienez, lehen esan bezala, parte hartzaileek nagusiki oreka, indarra eta gaitasun aerobikoa landu zituzten. “Indarra lantzeko, pisuak, halterak eta orkatilako babes lastadunak erabili zituzten; gaitasun aerobikoa lantzeko, ibilaldiak egin zituzten; oreka lantzeko, berriz, bestelako material batzuk erabili zituzten eta beste parte hartzaile batzuekin elkarrekintzan aritu ziren, eta hala, talde sentipena sortu zen”.
2. irudia: Ageing On taldeko ikertzaileak. (Irudia: UPV/EHU)Urrutiko modalitateakPentsatzekoa denez, COVID-19ak eragindako pandemiak horrelako programak ezartzeko zailtasun handiak sortu ditu. “AgeingOn taldeko kideok lantzen ari ginen proiektu gehienak dagoeneko jarraipen fasean zeuden, baina egoitzetara sartu ahal ez izateak agerian utzi digu urrutiko modalitateko programak garatzeko beharra dagoela.
Ildo horretan, gaur egun, hainbat online proiektu diseinatzen eta abian jartzen ari da taldea, besteak beste, geriatriako laguntzaileentzako urrutiko ariketa planak. “Ikusi dugunez, talde horretan hezur eta muskuluetako minaren prebalentzia handia dago eta online modalitateek harrera eta jarraipen ona dute kolektibo horretan. Oraingoz, esperientzia pilotu bat da, baina feedback-ak itxaropen handia eragiten digu”. A posteriori, mota horretako programak egoitzetan bizi diren pertsonentzako urrutiko modalitatera egokitzeko asmoa dago.
Dela online modalitatean dela aurrez aurrekoan, gaixotasunen ondorioak murriztea ez baizik eta gaitasunak lantzea ardatz duten prebentzio estrategiek –horixe egiten du aipatutako programak–, adinekoei beren bizi proiektuarekin modu normalizatuan jarraitzen laguntzen diete. Hala, bizitzako etapa garrantzitsu horretan, zahartzaroan, haien autoestimua, bizi kalitatea eta ongizate sentipena hobetzen dira.
Ikertzaileaz:Ana Rodriguez Larrad fisioterapeuta, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko Fisioterapiako irakaslea eta AgeingOn taldeko kidea da.
Egileaz:Maria Larumbe kazetaria da.
The post Osasuntsu zahartzea, ariketa fisikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.
Gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzen
Genetika hamaika arlotan erabilgarria bada ere –hona hainbat adibide harrigarri ekarri ditugu–, ezaguna da osasun-arloan duen eraginagatik. Zerbaitengatik da genetika medikuntzako Nobel Sarietan aipamen gehien dituen jakintza-arloa. Gaixotasunetan parte hartzen duten geneak –eta, ondorioz, funtzio biologikoak– ezagutzeaz gain, genetika baliagarria izan daiteke kalkulatzeko gaixotasun edo ezaugarri bat izateko probabilitatea. Gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzeak onurak izan ditzake, baina badira arriskuak eta hutsuneak ere.
Urte askotako lanari esker, jakina da ehunaka gene-aldaerak duten eragina hainbat gaixotasunetan. Eragin horietan oinarrituta eta pertsona batek dituen gene-aldaerak kontuan hartuta, gaixotasun jakin bat izateko arriskua kalkula daiteke. Nolabait, zenbakiz adieraz daiteke pertsona bakoitzaren gene-informazioa. Kalkulu horri arrisku poligenikoaren balioa –ingelesez, polygenic risk score– esaten zaio eta, bestelako arrisku-faktoreekin batera, gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko erabil daiteke. Hau da, gene-informazioa jardunbide klinikoaren osagarria izan daiteke.
1. irudia: gene-informazioa erabil daiteke kalkulatzeko gaixotasun bat garatzeko probabilitatea. (Argazkia: Pete Linforth – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Argi dago, hortaz, gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzeak onurak izan ditzakeela. Onura horien artean dago gaixotasun bat izateko arriskua aurresatea. Adibidez, arteria koronarioetako gaixotasunaren diagnostikoa hobetzen du ohiko arrisku-faktoreei gene-informazioa gehitzeak eta, horri esker, diagnosia askoz lehenago egin daiteke. Hala, arteria koronarioetako gaixotasunean arrisku-balio altuak dituzten pertsonetan tratamendua eraginkorragoa da balio baxuak dituztenetan baino. Gainera, arrisku-balio altuak dituzten pertsonek bere bizimodua moldatzen badute gaixotasuna garatzeko probabilitatea murritz dezakete.
Beste onura bat da diagnostikoak findu daitezkeela. Batzuetan 1 eta 2 motako diabetesak ezberdintzea konplexua izan daiteke, antzekoak diren sintomak izan ditzaketelako eta analisiek antzeko emaitzak izan. Bi diabetes motak ezberdintzeko gene-informazioa erabiltzeak, beste arrisku faktore batzuei gehituta, eraginkortasun handia izan du diagnosia fintzeko. Halako estrategiak eraginkorrak izan daitezkeela iradoki da gaixotasun zeliakoan, gazte-artritis ideopatikoan eta espondilitis ankilosatzailean. Hala, diagnostikoa lehenago egin daiteke eta proba inbaditzaileen erabilera murritz daiteke. Diagnostikoa hobetzeaz gain, tratamenduak fintzeko erabil daiteke gene-informazioa eta, ondorioz, gaixotasunaren garapena eta errepikatzea mugatu. Horrela, hobeto funtziona dezaketen tratamenduak ezarri daitezke edo bizimoduan aldaketak egin daitezke botikak hartu behar ez izateko.
Gene-informazioa gehitzea onuragarria izan daiteke populazio-mailako miaketetarako ere. Halako miaketetan helburua da gaixotasun bat izateko aukera handia duten pertsonak aurkitzea. Askotan arazoa izaten da gaixotasun horren maiztasuna txikia dela edo positibo faltsuen kopurua altua dela. Gene-informazioa erabil daiteke gaixotasuna izateko aukera handia duten pertsonak aukeratzeko eta pertsona horietan miaketak maizago egiteko edo froga zehatzagoak egiteko. Halako estrategia eraginkorra izan daitekeela iradoki da osteoporosian, bularreko minbizian edo arteria koronarioetako gaixotasunean.
2. irudia: gene-informazioa eskuratzea ohiko proba bilakatuko da jardunbide klinikoan. (Argazkia: DarkoStojanovic – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hala ere, edozein informaziorekin gertatzen den bezala, arriskuak ditu gene-informazioa erabiltzeak.
Alde batetik, informazio okerretik sortzen diren arriskuak daude. Gene-informazioa bakarrik erabiltzeak –beste mota batzuetako probak erabili gabe– positibo faltsuen eragina handitzen du, hau da, pertsona bat arrisku handikoa bezala sailkatzea halakoa ez denean. Horrek izan ditzakeen osasun ondorioak larriak izan daitezke eta, ondorioz, kontuan hartu beharreko arazoa da. Gainera, informazio-genetiko gehiena europar jatorriko populazioetatik sortu denez, emaitza okerrak lortzea eragin dezake beste jatorri bat duten populazioetan erabiltzeak gene-informazio hori.
Beste batetik, informazioa zuzena bada ere, arriskuak egon daitezke. Arrisku horien artean daude pertsona bati gene-informazioa modu egokian komunikatzea eta gene-informazio horrek esan nahi duena behar bezala azaltzea. Batik bat, arriskutsua izan daiteke egoki ez azaltzea arriskuaren balio horren ziurgabetasuna eta informazio hori gomendio egokiekin batera ez ematea. Gene bakarrean oinarritutako diagnostikoetan informazio hori modu egokian nola eman garatu den bezala –medikuarekin batera gene-kontseiluan aditua den pertsona bat egotea pazientea artatzerakoan, adibidez–, oraindik garatu egin behar da hainbat gene-aldaera erabilita lortzen den gene-informazioa behar bezala nola eman.
Gero eta gaixotasun eta ezaugarri gehiagorako gene-informazioa eskuragarri dagoenez, handitu egingo da gene-diskriminazioen aurrean babesteko beharra. Hainbat giza populaziok halako diskriminazioak pairatu dituzte historian zehar eta, ondorioz, mugatua da beren parte hartzea gene-ikerketetan. Gene-diskriminazioaren arriskua murriztu behar da giza populazio guztiek gene-informazioaren onurak jaso ditzaten. Gizarte-mailako beste arrisku batzuk dira jarrera determinista indartzea eta, ondorioz, osasun-gomendioak egokiak ez izatea; gene-informazioaren erabilera arrazista, sexista eta klasista; eta gene-informazioa ematea tratamendurik ez duten gaixotasunetarako, izan ere, ezinegona sortzen baitu horrek.
3. irudia: gene-informazioari esker medikuek informazio-iturri gehigarria izango dute beren jardunbidea zehatzagoa izateko. (Argazkia: Sebastián García – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Edonola ere, onartu behar da oraindik hutsuneak daudela gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzerako orduan.
Arrisku poligenikoaren balioen garapena eta ebaluazioa gutxira arte ez da trinkoa izan. Arrisku poligenikoak kalkulatzeko, genoma osoko asoziazio-analisiak erabiltzen dira eta halako lanen emaitzak publiko egitean hutsuneak daude. Ondorioz, zaildu egiten da arrisku poligenikoaren balioen garapena, sendotasuna eta erabilera orokorra. Gainera, lehen aipatu bezala, europar jatorrikoak dira gene-ikerketa gehienak eta, hortaz, zalantzazkoa da jatorri eta egitura ezberdinetako populazioetan balio horien erabilpena. Hutsune horiek konpontze aldera, arrisku poligenikoaren balioak biltzen dituen datu-base irekia garatu da, gardentasunaren eta emaitzak errepikatzeko gaitasunaren mesedetan.
Beste hutsune bat da ez dagoela argi osasun-profesionalek nola jasotzen dituzten emaitzak eta jardunbide klinikoan erabili. Hainbat egitasmo gene-informazioa nola komunikatu lantzen ari badira ere, praktika onak egiteko gida-lerro argirik ez dago. Gene-informazioaren erabilera medikuntzako arlo gutxi batzuetan garatu denez, ez dago argi gene-kontseiluek izan ditzaketen eragina arestian aipatutako arriskuetan. Gainera, ez dago argi halako sistemak ezartzeak duen kostuen eta onuren arteko harremana aldekoa den.
Azkenik, gene-informazioaren erabilerak erregulatuta egon behar du, osasungintzan erabiltzen den beste edozein gailu dagoen bezala. Horrela, arrisku poligenikoaren balioak seguruak eta eraginkorrak direla bermatu behar da, beren kalitatea, eraginkortasuna, egokitasuna eta segurtasuna aztertuta. Hutsune hau betetzeko araudi argi bat garatu beharko da, gene-informazioaren erabilerarekin batera moldatzen joan beharko dena.
Laburbilduz, gero eta ohikoagoa izango da gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzea, diagnostikoen eta tratamenduen zehaztasuna eta egokitasuna emendatzeko. Baina erabilera hori bidezkoa, zuzena eta unibertsala izan dadin, gene-informazio horren nondik norakoak eta mugak ulertu behar dira. Horretarako, halabeharrez, beharrezkoak ditugu herritarrekin batera egiten den zientzia arduratsua gauzatzea eta genetikaren oinarriak ulertzen dituen gizarte bat eratzea. Ez izan zalantzarik, lan horretan jarraituko dugu txoko honetan datorren urtean ere.
Erreferentzia bibliografikoa:Polygenic Risk Score Task Force of the International Common Disease Alliance, (2021). Responsible use of polygenic risk scores in the clinic: potential benefits, risks and gaps. Nature medicine, 27, 1876–1884. DOI: 10.1038/s41591-021-01549-6
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #373
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
GeologiaBlanca Martinez geologoak gure planetako geologiari buruzko irakurketa egitera gonbidatzen gaitu Zientzia Kaieran. Jules Vernek gruyère gazta baten modura irudikatu bazuen ere, Lurraren barnealdea egitura askoz ere konplexuagoa da, material eta ehundura ugariz josia. Hasteko, Blancak azaltzen duenez, ez da esfera perfektu bat, elipsoide bat baizik eta geruzetan dago banatuta lurrazaletik nukleoraino. Geruza hauek, ordea, bi modutara sailka daitezke: konposizio kimikoaren arabera edo portaera mekanikoa kontutan izanik. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Gure planeta eta haren erraiak.
PsikologiaIkerketek erakutsi dutenez, benetan garena baino gazteagoak sentitzen gara, batez ere 40 urtetik aurrera. Zahartzeari buruzko azterketak adin subjektiboa kontuan hartzen hasi dira, hau da, norberak sentitzen duen adina. Alexandre Kalache medikuak zahartze-prozesuak ikertzen ditu eta haren esanetan, adin kronologikoa jada ez da zahartzaroa neurtzeko tresna erabilgarria. Izan ere, gaur egun beste modu batera zahartzen gara, besteak beste, bizi-baldintza hobeak ditugulako. Adin subjektiboak aukera ematen die adinekoei proiektu berriak hasteko eta interes pertsonal berriak garatzeko, eta ikerketek erakutsi dute harreman positiboa dagoela gazteago sentitzearen eta osasun hobea izatearen artean. Datuak Zientzia Kaieran: Garena baino gazteagoak sentitzen gara.
OsasunaKukutxeztularen intzidentzia izugarri igo da azken hamarkadetan mundu zabaleko herrialde desberdinetan. EAEn esaterako, 2015ean Espainia osoko intzidentziarik altuena izan zuen, 100.000 biztanleko 91,67 kasurekin. Egoera hau hobetzeko, gorakada honen arrazoi posibleak identifikatu eta aurre egiteko tresnak diseinatu beharrean gaude. Osasun publikoa bermatzeko hautatutako neurririk erabiliena txertoa da, baina kukutxeztularen aurkako txertoek eraginkortasun txikia erakutsi dute. Horregatik, infekzioa sortzen duen Bordetella pertussisen bakterioaren ezaugarriak eta honek jariatzen dituen birulentzia faktoreak ere deskribatu dira. Informazio honetaz baliatuz, sendagai berriak diseinatu ahal izango dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera.
Duela aste batzuk, COVID-19aren kontrako bi botika antibiralen berri eman zuten laborategiek eta sendagaien agentziek: Molnupiravir eta Paxlovid. Saio-klinikoetan jasotako emaitzen arabera, biak ziren eraginkorrak ospitaleratzeekiko eta heriotzarekiko, baina Molnupiravir antibiralak % 50-eko eraginkortasuna lortu zuen, eta Paxlovid-ek, berriz, % 89-koa. Bestalde, bi antibiralen saio-klinikoetan boluntarioek arrisku-faktoreak izan zituztela azaldu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren kontrako antibiralak: Molnupiravir, ez hain eraginkorra; Paxlovid, oso.
BiokimikaMaxine Frank Singer biokimikaria 1931ko otsailaren 15ean jaio zen, New York hirian. Emakume honek zientziari eskaini zion bizitza guztia, esparru oso ezberdinetan gainera; laborategietan egin zuen zan, baina baita bulegoetan ere, zientzia kudeatzen eta defendatzen. Kimika ikasketekin hasi zuen bere karrera zientifikoa eta ondoren biologiara salto egitea erabaki zuen. Bere aholkulariak azido nukleikoen ikerketan espezializatzera animatu zuen Singer eta alor horretan espezializatu zen. Noizbait azaldu zuenez, berak 50eko eta 60ko hamarkadetan ez zituen izan beste emakumezko ikertzaile batzuek aurkitu zituzten zailtasunetako batzuk. Alabaina, urte batzuk beranduago, bere larruan bizi izan zuen garai hartan zientzia ingurunean ohikoa zen emakumeenganako diskriminazioa, bere laborategirako hautagai kualifikatu askok ez baitzuten emakumezko nagusi batekin lan egin nahi. Horren ondorioz, emakumeek aurrerapen zientifikoan duten rolaren aldeko defendatzaile eta ekintzaile bihurtu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Maxine Singer, ikerketa genetikoaren ildo etikoak zehaztearen alde lan egin zuen biokimikaria.
AstronomiaElhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, Esne Bidearen erdiko zulo beltzaren inguruko izarren irudi onenak lortu dituzte. Irudi hauek lortzeko, 2021eko martxotik uztailera bitartean behaketak egin dituzte, ESOren VLTI interferometroaren Gravity tresna erabilita. Izar horietako bat, S29 izenekoa, zulo beltzetik inoiz baino gertuago ikusi zuten, zulo beltzetik 13 mila milioi kilometrora, hain zuzen; Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia 90 aldiz baino ez. Aurkikuntza honetaz aparte, beste izar bat behatu dute lehen aldiz eta S300 izena jarri diote.
Lehenengo aldiz, NASAren zunda bat Eguzkiaren koroan barneratu da. 2018an jaurti zuten Parker Solar Probe zunda eta azkenean, apirilean Eguzkiaren kanpo-atmosferan sartu zen. Bost orduz egon zen koroaren barnean eta denbora horretan, Eguzkiaren partikulak eta eremu magnetikoa aztertzeko laginak hartu zituen. Datu hauekin eginiko aurkikuntzak aste honetan argitaratu dira Physical Review Letters aldizkarian. NASAk informazio hau oso baliotsua izatea espero du, izarrak gure Eguzki-sisteman duen eragina hobeto ulertu ahal izateko.
Abenduaren 24ean, James Webb espazio teleskopioa jaurtiko dute Guyana Frantsesetik. Aparailu hau unibertsoaren eta galaxien sorrera orain arte ikusi gabeko zehaztasunez ikertzeko erabiliko da eta espaziotik egingo ditu neurketak. Espazioko izpi infragorriak jasoko ditu, hau da, Big Bangetik 250 milioi urtera sortu ziren izarren izpiak. Beroa eta distirak saihestu behar ditu teleskopio honek eta, horregatik, eguzkiaren inguruan orbitatuko du, baina beti Lurra atzean duela, itzala egiteko. Hainbat atzerapen izan ditu jaurtiketa honek, besteak beste, jarri dioten izenak sortu zuen asalduragatik, Webbek ustez LGTBI kolektibokoak baztertu zituelako. Datuak Berrian: Begi berria, aro berria.
IngurumenaMilaka zientzialarik eta 30 elkartek adierazpen bat sinatu dute natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatuz, SERE natura lehengoratzeko Europako elkartearen gidaritzapean. Idatzi horretan azaldu dutenez, gizateria arrisku goreneko egoera batean dago klimari eta biziari dagokionez eta, beraz, ahaleginak areagotu behar direla adierazi dute. Xede zehatzak jaso dituzte adierazpenean, besteak beste, ekosistema jakin batzuei lehentasuna ematea, ebidentzia zientifikoan oinarritutako metodologiak erabiltzea eta epe luzeko konpromisoa hartzea. Sinatzaileek baieztatu dutenez, horrekin guztiarekin, klima-larrialdiaren ondorioak apaltzea eta biodibertsitatea babestea lortuko da. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Natura lehengoratzeko asmo handiko lege bat eskatu diote zientzialariek Europako Batasunari.
75 urte eta gero, igaraba berriro azaldu da Urumearen behe eremuan. Iñaki Sanz-Azkue biologoaren hitzetan, aurreko asteko uholdeak bultzatuko zuen igaraba eremu horretara, igelak ehizatzera ziurrenik. Igaraba galtzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta, duela urte gutxi arte, Gipuzkoan galdutzat ematen zen. Itsas Enara ornitologia elkarteko eta Haritzalde naturazaleen elkarteko kideen laguntzaz, igaraba filmatu dute gauez eta Berrian dago ikusgai. Iñakik biodibertsitatearen aldeko proiektu lokalak beharrezkoak direla nabarmendu nahi izan du, ikusi denez, luzera emaitzak ematen baitituzte.
Artikoan inoiz neurturiko tenperaturarik altuena erregistratu zuten iaz. Siberian izan zen, 2020ko ekainaren 20an, eta 38 gradu zentigraduko tenperatura izan zen. Zientzialariek azaldu dutenez, bero uholde luze batean neurtu zen. Uda horretan, Siberiako Artikoko batez besteko tenperaturak normalean baino hamar gradu beroagoak izan ziren. Uda horretan bertan, Antartikan ere tenperatura errekorra erregistratu zen: 18,3 gradu. Petteri Taalas Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak azaldu duenez, erakunde honetako fitxategiak ez du inoiz horrenbeste ikerketa eduki mahaiaren gainean aldi berean. Edu Lantzargurenek azaldu du Berrian.
Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, urtean 1,5 trilioi musuko beharko dira munduan, berrerabilgarriak sustatzeko politika aktiboak egin ezean. Portsmoutheko Unibertsitateko ikertzaileek salatu dute arazo hau eta, beraien esanetan, gobernuek giza osasuna babesteko irizpidetan oinarrituta erantzun diote pandemiari, baina ingurumen-arazo larri bat sortu dute bitartean. Gaur egun, zabortegiak eta kaleak polimero ez birziklagarriez egindako milioika musukoz, eskularruz eta toallatxo desinfektatzailez beterik daude. Ingurumen-arazoa kuantifikatzeko, 2020ko martxotik azaroa bitartean munduko hamaika herrialdetan bildutako zaborra aztertu dute eta joera orokor batzuk identifikatu dituzte: pandemiaren hasieran eskularruak izan ziren gehien erabili zirenak, baina ondoren musukoen erabilera gailendu zen, OMEk komunikatu zuenean birusa batez ere aerosolen bidez transmititzen zela. Datuak ikusirik, zaborraren arazoa lehenesten duten politikak ezarri behar direla adierazi dute ikertzaileek.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #373 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #378
Influenceren eta isuri kognitibo sustatuen garai honetan, robotak ere izan daitezke influencer. Robots can be companions, caregivers, collaborators — and social influencers Shane Saundersonen eskutik.
Bi partikulen arteko elkarrekintza duten arazoak analizatzen zailak dira, baina egingarria da. Baina hiru baino gorputz gehiago, analitikoki, praktikoki ezinezkoa da. Pentsa, esterako, atomo erdi-metaliko baten eragina duen molekula sinple baten elektroien arteko elkarrekintzak. Amesgaiztoa izan daiteke nukleo eta elektroi ezberdinen artekoak zenbatzea. Hona DIPCren proposamena: Towards the complete description of the electron correlation
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #378 appeared first on Zientzia Kaiera.
Maxine Singer, ikerketa genetikoaren ildo etikoak zehaztearen alde lan egin zuen biokimikaria
Maxine Singerrek karrera zientifiko zabala izan du; laborategietatik bulegoetara, zientzia egitetik kudeatzera, defendatzera eta arlo horretan lan egiten dutenen gizarte erantzukizuna azpimarratzera eraman zuen karrera zabala. Hori dela eta, garapen zientifikoaren funtsaren ikuspegi oso zabala izan zuen, horretan zihardutenentzako baliabideak defendatu eta ahalbidetu zituen eta eztabaida garrantzitsuetan parte hartu zuen, bai aurrerapen zientifikoei buruzkoetan, bai muga etikoei buruzkoetan –besteak beste, askatasun zientifikoarekin, edizio genetikoarekin eta espazioaren esplorazioarekin lotutakoak–.
1. irudia: Maxine Singer laborategian lanean. (Argazkia: National Institutes of Health, USA – Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikipedia)Maxine Frank Singer 1931ko otsailaren 15ean jaio zen, New York hirian. Brooklyn barrutiko eskola publikoetara joan zen, eta, zioenez, betidanik izan zuen zientziarekiko interesa, berak oroitzen zuenaren arabera behintzat. Kimikako emakumezko irakasle batek interes hori lantzera animatuta, Kimikan matrikulatu zen Swarthmore Collegen eta bertan graduatu zen 1952an –ohorezko aipamena egin zioten–. Garai hartan, ez industria ez akademia ez ziren bereziki abegikorrak emakumeekin, baina bere unibertsitate ikastegian adineko ikasle talde baten eta irakasleen babesa aurkitu zuen Singerrek. Administrazioarekin borrokatu behar izan zuen, ordea, arrazoi batengatik: kimika egin ondoren, biologia ikasten jarraitu nahi zuen, baina aukera bakarrak fisika edo matematika egitea ziren. Arau horri aurre egin zion eta garaitu egin zuen.
DNAren azterketa, oso gai ezezaguna zeneanOndoren, emakume ikasleentzat bereziki egokia zen unibertsitate batean hasi eta 1957an osatu zuen biokimikako doktoregoa, Yale Unibertsitatean. Bere tesiaren gaia proteinen kimikarekin lotuta zegoen, baina bere aholkulariak azido nukleikoen ikerketan espezializatzera animatu zuen Singer. Garai hartan, arlo hori oso ezaguna zen, baina James Watsonek eta Francis Crickek 1953an DNAren helize bikoitza argitaratu ondoren, hurrengo hamarkadan, biokimikako oinarrizko arloa eta nagusia bihurtu zen.
1956an, Singer Artritisaren eta Gaixotasun Metabolikoen Institutu Nazionalean sartu zen, Leon Heppelen laborategian –orduan DNA ikertzen ari zen zientzialari bakarrenetako bat zen– eta, bi urte geroago, Osasun Institutu Nazionaletan (NIH) ikertzaile lanpostu bat lortu zuen. Han 17 urtez lan egin zuen; 1975ean, berriz, Minbiziaren Institutu Nazionalean sartu eta mailaz igo zuten. Hala, 1980an, Biokimika Laborategiko buru bihurtu zen.
Urte batzuk geroago kontatu zuenez, garai hartan ezohikoa izan arren, emakume zientzialariekiko abegitsuak ziren erakunde akademiko eta zientifikoetan lan egin zuen eta bazekien, arrazoi horregatik beragatik, berak 50eko eta 60ko hamarkadetan ez zituela izan beste emakumezko ikertzaile batzuek aurkitu zituzten zailtasunetako batzuk. “Desparekotasun hori existitzen zenik ere ez nekiela uste dut; ez genuen horretaz hitz egiten, ezta pentsatzen ere. Garai hartan ‘normaltzat’ hartzen genuen jokabidea, neurri handi batean, gaur egun diskriminatzaile eta onartezintzat hartuko genuke, ikuspegi zuzen batetik”.
Inork ez zuen emakumezko nagusi batentzat lan egin nahiUrte horietan, biokimika eta biologia molekularra bereizten edo nahasten dituen lerroari buruzko lan bat garatu zuen: RNAren sintesia, hainbat entzimak DNAren eta RNAren ekoizpenean eta metabolismoan duten rola, birus jakin batzuen birkonbinazio genetikoa eta kromatina izeneko DNAren proteina baten egitura. Urte batzuk lehenago, 1960an, Marshall Nirenberg kideari giza kode genetikoa deszifratzen lagundu zion, hari DNA molekula sintetiko ezagunak emanda. Horiei esker, informazio genetikoa hiru hizkiko kode batean gordeta dagoela zehaztu ahal izan zuten.
60ko hamarkadaren erdialdean bai, orduan, bere larruan bizi izan zuen garai hartan zientzia ingurunean ohikoa zen emakumeenganako diskriminazioa: bere laborategirako doktorego ondoko ikertzaileak bilatzen ari zela ikusi zuenez, hautagai kualifikatu askok ez zuten emakumezko nagusi batekin lan egin nahi, horrek gerora beren anbizio zientifikoetan eta lanekoetan eragina izango zuen beldurrez. Horren ondorioz, diskriminazioaren aurkako eta emakumeek aurrerapen zientifikoan duten rolaren aldeko defendatzaile eta ekintzaile bihurtu zen.
Edizio genetikoaren mugak eta horiek noiz aldatu1973an, Azido Nukleikoei buruzko Gordon Konferentziaren buruetako bat izan zen. Horren barruan, DNA birkonbinatzeko eta edizio genetikoa egiteko lehen teknologiek osasunean eta ingurumenean izan zitzaketen ondorioei buruzko lehen eztabaidak eta kezkak sortu ziren. Singer Asilomarreko Konferentziaren parte izan zen. Konferentzia horretan, 1975eko otsailean, mota horretako ikerketetarako lehen muga etikoak ezarri ziren eta, ikerketa zientifikoek aurrera egin ahala, horiek egitea segurutzat eta egokitzat jotzen zen neurrian, mugak aldatzeko eta ezabatzeko esparrua finkatu zen.
80ko hamarkadan, tartekatutako elementu nuklear luzeak izeneko (ingelesezko laburdura LINE da) DNAko sekuentzien familia batean jarri zuen arreta; hau da, leku batetik bestera salto egin, ugaztunen kromosomen hainbat puntutan sartu eta batzuetan mutazioak eragin eta horien ondorioz gaixotasunak sortzeko gai diren kode genetikoko elementuen sekuentzia luzeetan.
Hainbat urtez, Singerrek ingeniaritza genetikoari, haren aukerei eta muga etikoei buruzko eztabaidan rol eta ahots garrantzitsuak izaten jarraitu zuen. Eztabaida publikoan ere parte hartu zuen, komunikabideetan gai horiei buruz idatziz eta gizartearentzat dibulgazioa eginez; giza genomari buruzko ikerketak finantzatzeko beharraz, aldaketa genetikoaren nekazaritza eta medikuntzako erabilerez eta erlijioaren eta zientziaren arteko harremanaz, besteak beste.
1988an, biologiaren, astronomiaren eta Lurraren zientzien arloetan itzal handia zuen erakunde zientifiko pribatu baten, Washingtongo Carnegie Institutuaren, zuzendari izateko aukeratu zuten. Bertan, ekologia globaleko sail berri bat sortu zuen, zeinak gaur egun oraindik ere garrantzitsuak diren hainbat gai hartu zituen ardatz, hala nola jasangarritasuna eta biodibertsitatearen kontserbazioa. Halaber, Txilen bi Magallanes teleskopio bikiak ezartzeko lanean parte hartu zuen eta Washingtongo eskola publikoetako ikasle eta irakasleentzako hezkuntza zientifikoko hainbat programa sortu zituen.
1992an, Zientziako Domina Nazionala jaso zuen, “bere lorpen zientifiko bikainengatik eta zientzialarien gizarte erantzukizunaren inguruan zuen kezka sakonagatik”.
Artikulu zientifiko ugari idazteaz gain, Singerrek, ikerketa genetikoari, haren potentzialari, mugei eta hura ahalbidetu zuten figura zientifikoei buruzko ezagutza sustatzeko, dibulgazio zientifikoko hainbat lanetan eta ikastetxeetarako testuliburutan parte hartu zuen. “Biologiaren aparteko alderdi batean parte hartu dut. Eta beti horretan aritu nahi izan dut”.
Iturriak:- Biographical Overview, Maxine Singer Papers.
- Jewish Women Archive, Maxine Singer.
- National Medal of Science, Maxine F. Singer (1931 ).
- Your Dictionary, Maxine Singer.
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 2an: Maxine Singer, la bioquímica que trabajó para trazar las líneas éticas en la investigación genética.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Maxine Singer, ikerketa genetikoaren ildo etikoak zehaztearen alde lan egin zuen biokimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera
Arnasbideetako infekzioak dira mundu mailan gaixotasun kutsakorrik hilgarrienak, heriotza-kausa nagusien artean hirugarrena izanik. Asko dira aipa genitzakeen infekzioak: azken urtean ezagun egin den koronabirusa (MERS eta SARS), difteria, tuberkulosia edota kukutxeztula, besteak beste.
Kukutxeztula atzean utzi genuela pentsatu arren, azken hamarkadetan haren intzidentzia izugarri igo da mundu zabaleko herrialde desberdinetan. 2012an AEBtako intzidentzia 1980an baino 9 aldiz handiagoa izan zen eta Brasilen, berriz, 2011tik 2014ra kasu kopurua bikoiztu egin zen. Australiak, Argentinak edo Kanadak ere kasu kopuruen igoera jasan dutela adierazi dute. Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, ustez gaindituta zegoen arren, kasu kopuruak gora egin du 2009. urtetik hona. Esaterako, EAEk 2015ean Espainia osoko intzidentziarik altuena izan zuen, 100.000 biztanleko 91,67 kasurekin. Beraz, honek argi uzten du kukutxeztularen zabalkundea saihestu eta desagerrarazteko erreminten faltan gaudela.
Grafikoa: EAEko kukutxeztul kasu berrien eboluzioa 1996-2016 urteen artean. EDO erregistrotik eratorritako datuekin osatuta. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Datuak ikusirik, gaixotasunaren gorakada azaltzen duten arrazoi posibleak jaso eta horiei aurre egiteko erabili ditzakegun tresnak identifikatu nahi izan dira. Horretarako, gaixotasunaren egungo egoera aztertu da mundu mailan eta baita EAEn martxan dauden prebentzio neurriak ere. Osasun publikoa bermatzeko hautatutako neurririk erabiliena txertoa da, hala ere, kukutxeztularen aurkako txertoek eraginkortasun txikia erakutsi dute. Eritasun honek sortutako immunitatea behin-behinekoa izateak honi aurre egitea zailtzen du. Izan ere, infekzio naturalekin nahiz txertoekin eskuratutako immunitatea poliki-poliki galdu egiten dela ikusi da. Ondorioz, gaixotasunaren gorakada ziklikoak behin eta berriz errepikatzen dira.
Gaixotasunaren analisiaz gain, infekzioa sortzen duen Bordetella pertussisen bakterioaren ezaugarriak eta honek jariatzen dituen birulentzia faktoreak ere deskribatu dira. Izan ere, gaixotasunaren gorakadaren aurrean, txertoak eta immunizaziorako tresna berriak garatzeko beharra ikusi da. Sendagai berrientzako itu zelularrak identifikatu nahi badira, infekzioa maila zelularrean eta molekularrean nola gertatzen den guztiz deskribatzea beharrezkoa da.
Kukutxeztula eragiten duen B. pertussisek trakeako epitelioa eta birikak inbaditu, bertan itsatsi eta ostalariaren defentsak erasotzen ditu. Arnasbideetako beste patogeno batzuek ez bezala, B. pertussisi lotutako agerraldiak ez dira uniformeak izaten, ez baitaude urtaroei edo leku zehatzei loturik. Horrez gain, bakterioaren aurkako immunitatea behin-behinekoa da: immunitate naturalak 3,5-30 urte artakoa da eta txertoen bidezkoa 4-14 urte artekoa. Beraz, birulentzia faktoreen mekanismoak eta funtzionamenduak ongi ulertuz gero, gaixotasunari aurre egiteko itu molekular eraginkorra izan liteke.
Adenilato ziklasa toxina (ACT), adibidez, B. pertussisek jariatutako birulentzia faktore garrantzitsuenetako bat da. Zelula ostalari desberdinei (immunitate-sistemako zelulei, eritrozitoei, epitelioko zelulei, etab.) espezifikoki edo ez-espezifikoki lotu eta haiek zulatzeko gaitasuna dauka. Honez gain, zelula hauen zitosolean katalizatu egiten da adenosin monofosfato zikliko (cAMP) kontzentrazio altuen sintesia eta, ondorioz, zelulen seinaleztapen bidezidorrak asaldatu ditzake. Zenbait kasuetan, gainera, zelularen apoptosia eraginez.
Bestalde, ACTak txerto antigeno garraiatzailea izateko potentziala dauka. Izan ere, immunitate-sistemako zelula dendritikoak espezifikoki ezagutu eta zenbait T zelularen eta antigorputzen erantzuna eragiteko gai da. 30 urteko ikerkuntza ibilbidearen ostean, haren funtzionamenduari buruzko hainbat galdera erantzun diren arren, beste hainbat airean daude oraindik. Toxina honen inguruko ezagutzak, itu molekularra izatetik harago, zelularen mintzean zehar gertatzen diren beste hainbat prozesuren ulermenean ere lagun dezake.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera.
- Laburpena: Arnasbideetako infekzioek heriotza tasa altuak eragiten dituzte munduan, COVID-19 birusa izanik azken urteetako adibiderik argiena. Hala ere, ez da libre dabilen patogeno bakarra eta berrikuspen honetan Bordetella pertussis bakterio patogenoak eragindako kukutxeztulaz arituko gara. Kukutxeztula arnasbideen infekzio larri eta kutsakorra da, bertako jariakinekin edota listu tantekin kontaktua izatean transmititzen dena. Helduetan arrisku berezirik ez duten sintomak eragiten dituen arren (etengabeko eztul gertakariak, arnasteko zailtasuna edota sukarra, besteak beste), heriotza eragin dezake urte batetik beherako haurretan batez ere. Kukutxeztula fase goiztiar batean gainditu ez duten gaixoek bigarren mailako pneumonia bezalako konplikazioak garatu ditzakete, horixe izaten delarik kukutxeztulaz hiltzen diren gehienen arrazoi nagusia. Lehen txertoa garatu zenetik kontrolpean zegoela uste izan den arren, kalte handiak eragin ditu garapen bidean dauden herrialdeetan batez ere. Herrialde garatuetan ere badu bere inpaktua, eta 2011tik gaur arte Ipar Amerikan eta mendebaldeko Europan epidemia egoera zabaldu da. Berrikuspen honetan kukutxeztulari buruzko informazioaren eguneratze bat aurkezten da, B. pertussisek erabiltzen dituen hainbat mekanismo infekziosotan arreta jarriz. Mekanismo hauen oinarri molekularra ulertzeak lagundu dezake zeluletan gertatzen diren beste hainbat prozesuren ulerkeran, gaixotasunaren aurkako sendagai berrien garapenean edota biologia molekularreko tresna berrien garapenean.
- Egileak: Jone Amuategi, Asier Benito-Vicente, Kepa B. Uribe, Cesar Martin eta Helena Ostolaza
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 61-78
- DOI: 10.1387/ekaia.21789
Jone Amuategi, Asier Benito-Vicente, Cesar Martin eta Helena Ostolaza Biofisika Zentroko ikertzaileak dira eta Kepa B. Uribe Cic biomaGUNEkoa.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera appeared first on Zientzia Kaiera.
Garena baino gazteagoak sentitzen gara
Gizakiok ez dugu adin bakarra. Alde batetik, denborak ematen duen adina daukagu, jaiotza-agiriak agerian uzten duen hori. Bestalde, adin biologikoa dugu, gure gorputzean eragina zehazten duen markatzaile biokimikoen multzoa. Azkenik, sentitzen dugun edadea dago, gure adin subjektiboa.
Adin subjektiboak norberaren zahartze-tasari buruzko pertzepzioa deskribatzen du. Pertzepzio hau aztertu duten ikerketek erakutsi dute, benetan garena baino gazteagoak sentitzen garela, batez ere 40 urtetik aurrera.
Irudia: Zientzialariak ikusi dute adin kronologikoa baino gazteagoak sentitzen diren pertsonak, oro har, osasuntsuago daudela eta zaharragoak sentitzen direnak baino erresilienteagoak izan daitezkeela. (Argazkia: Praveen Raj – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Zahartzeari buruzko azterketak adin subjektiboa kontuan hartzen hasi dira. Adin subjektiboa sentitzen dugun edadea da eta, bitxia bada ere, nerabezaroan eta gaztaroan gure adin kronologikoa baino zaharragoak sentitzen gara. Adituen ustetan, honen arrazoia izan daiteke, batetik, gazteek helduarora heltzeko prisa dutela eta, bestetik, erabakiak hartu beharrak zaharragoak sentiarazten dituela. Behin 40 urte beteta, aldiz, benetan garena baino gazteago ikusten gara. Kasu honetan gazteagoak “ikusi” bere horretan har dezakegu, izan ere, ispiluaren aurrean gaudenean ez ditugu hautematen honek erakusten dizkigun zimur eta ile urdinak dagokien neurrian. Badira ere iraganeko irudia ikusten dutenak ispiluaren aurrean, gazteagoko oroitzapena giltzaperatuta balukete bezala.
Ikerketen emaitzek erakutsi dute, esaterako, 30 urte betetzerakoan inflexio-puntu bat dagoela eta pertzepzioa kontrakoa bihurtzen da: adin kronologikoak adierazten duenak baino gazteagoak sentitzen gara. Adibidez, 40 urtekoen % 80 gazteago sentitzen da. Batez beste, hiru urte gazteagoa. 50 urte bete ondoren, kopurua handitu egiten da, eta 5 urte gazteagoak sentitzen omen gara. Aldiz, 70 urte inguru dituztenen % 60k 10 eta 15 urte gazteagoak sentitzen dira. Soilik 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen % 25ak, eta 65 eta 70 urte bitartekoen %11k sentitzen du benetan duen adina.
Alexandre Kalache medikua aditua da zahartze-prozesuetan eta haren esanetan, adin kronologikoak zahartzaroa neurtzeko tresna erabilgarria izateari utzi dio. Gaur beste era batera zahartzen gara. Bizi-baldintza hobeagoek lagundu egin diete 65 urtekoei osasuntsu eta bizkor mantentzen eta erretiroa hartu ondoren, hogeita hamar urte inguru dituzte aurretik jubilatuek. Horregatik sentitzen dira gazteagoak kronologikoki adineko pertsonatzat har daitezkeen baina funtzionalki ondo dauden nagusiak. Azken urteetan hazi egin da kopuru hau eta, ondorioz, bizitzaren etapen definizioan, beste fase berri bat gehitu beharko litzatekeela uste du Kalachek: “gerontoneraberazoa” (gaztelaniaz, gerontolescencia; gerontologia eta nerabezaroa batzen dituen terminoa).
Gazteago sentitzearen ajeakAdin subjektiboak aukera ematen die adinekoei proiektu berriak hasteko eta interes pertsonal berriak garatzeko. Behar duten bultzada emateko baliagarria izan daiteke. Baina, ba al du ondorio negatiborik? Ebidentzia zientifikoek adierazten dute adin errealaren eta adin subjektiboaren arteko alde horrek arazoak sortuko lituzkeela, baldin eta badira norberak dituen gaitasunak egoki neurtu edo baloratzen. Adibidez, badira bastoia erabiltzeari, audifonoa jartzeari edo hirugarren pertsonen laguntzari uko egiten diotenak, aldaketa fisikoak neurrian hauteman ez eta euren burua gaztetzat hartzen dituztelako. Ezezko horiek arriskuan jartzen dituzte adinekoak, eta euren bizi-kalitatea eta ongizatea galaraz ditzakete.
Hala ere, adineko pertsonen adin subjektiboari buruzko ikerketek adierazten dute harreman positiboa dagoela gazteago sentitzearen eta osasun hobea izatearen artean. Zergatik? Gazte sentitzerakoan, besteak beste, errazago parte hartzen da ekintzetan, aktiboagoak mantentzen gara, sedentarismoa ekiditen da eta elikadura gehiago zaintzen dugu. Bizi-ohitura on horiek, guztiek, osasun fisiko zein mental hobeago baten eragiten dute.
Azkenik, adineko pertsonak gazteago sentitzen dira, baldin eta adin txikikoez inguratuta badaude. Adibidez, aiton-amonak gazteago sentitzen dira bilobekin duten harremanagatik. Txikiekin batera paseatzea, jolastea edo zereginetan parte hartzeak aktibo mantentzen laguntzen die eta zahartze-prozesu hobeago bat izaten laguntzen die.
Iturriak:- Celdrán, Montserrat (2021). ¿No le pesan los años? Entonces está en plena gerontolescencia. The Conversation.
- Zhavoronkov, A., Kochetov, K., Diamandis, P., Mitina, M. (2020). PsychoAge and SubjAge: development of deep markers of psychological and subjective age using artificial intelligence. Aging, 12(23), 23548-23577. DOI: 10.18632/aging.202344
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Garena baino gazteagoak sentitzen gara appeared first on Zientzia Kaiera.
Droneak etorkizunean
Droneak tripulatu gabeko ibilgailu hegalariak dira –UAVak, ingelesezko laburduraren arabera– eta duela urte batzuetatik zerua zeharkatzen dabiltza, hegazkinekin eta txoriekin batera. Askotariko helburuetarako erabiltzen dira: besteak beste, erreskate lanak egiteko, azpiegiturak ikuskatzeko, jolas jardueretarako eta salgaiak garraiatzeko –mezularitzako paketeak eta medikuntzako materiala, kasu–.
Gaur egun, mota horretako aireko robotak –adibidez, paketeak entregatzeko Amazonen banaketa drone ezaguna– eskala handian garatzera bideratuta dago industria. Baina ez da erraza sistema horren bidezko garraioaren erabilera zabaltzea. Kostu handia du, salgaiak banatzeko beste aukera batzuekin alderatuz. Gainera, autonomia mugatua du, eta, segurtasun arrazoiengatik, hiriguneetan hegan egin ahal izateko muga ugari daude.
1. irudia: Drone bat hegan. (Argazkia: Goh Rhy Yan – erabilera publikoko irudia. Iturria: Unsplash)Etorkizunean droneek alde batetik bestera askatasunez hegan egin ahal izango balute eta zeruan ehunka edo milaka robot hegalari ibiliko balira, posible izango litzateke dronea bere helmugara modu autonomoan –pilotu baten esku-hartzerik gabe– eta beste oztopo batekin talka egin gabe iristea kontrolatzea?
Ideia hori buruan, Euskal Herriko Unibertsitateko Adimen Konputazionaleko Taldeko ikertzaileek, droneekin hainbat esperimentu eginez, nabigazio autonomoko sistema bat ezartzea lortu dute. Zehazki, azterlan horretarako, 10 bat minutuko autonomia duten low cost kuadrikopteroak erabili dituzte –lau errotoreko droneak–, barneko esperimentu batzuetan.
“Sistema sinple honen bidez, bi drone airean elkarrekintzan aritzea eta gurutzatzen direnean elkarrekin talka egitea nola saihestu modu autonomoan ‘erabaki’ ahal izatea lortu dugu. Drone oso sinpleak izatea eskakizun gehigarri bat da, hardware konplexuagoa duten errotore anitzeko gailuetara transferitzeko moduko irtenbide sendo bat lortzeko”, azaldu du Julián Estévez ingeniari eta UPV/EHUko ikertalde horretako esperimentu honen arduradunak.
- bideoa: Bi dronerekin egindako esperimentua. Airean elkar saihesten dute, modu autonomoan. (Bideoa: EHUko Adimen Konputazionala ikerketa-taldea)
Esperimentuko droneek bakoitzak erdian daraman kamera erabiltzen dute eta koloreen aurrean erreakzionatzen dute: kartoi mehe gorritik ihes egiten dute eta urdinera hurbiltzen dira, bideoetan ikus daitekeen bezala. Hori posible da, izan ere, “dronearen ikuspegia bi hemisferiotan banatu dugu eta droneak badaki ezkerreko aldean kolore gorria badago eskuinera mugitu behar duela eta alderantziz. Oinarri hori erabili dugu esperimenturako”, adierazi du Estévezek. Bere taldean 10 urte daramatzate droneekin lanean, eta 30 urte, adimen artifizialean eta datuen analitikan.
Funtzionamenduari dagokionez, ez dago sistema osoa aldi berean kontrolatzen duen ordenagailu bakar bat; horren ordez, modu deszentralizatuan egiten da lan. “Sistemako kide bakoitzak bere kabuz erabakitzen du eta ez da beharrezkoa haien artean informazioa trukatzea”. Hau da, drone bakoitza ordenagailu batek kontrolatzen du eta, bi robotak airean gurutzatzen diren bezain laster, ordenagailu bakoitzak bere droneak zerbait egin dezan kudeatzen du.
- bideoa: ‘Lehen pertsonako’ ikuspegia: hauxe ikusten du droneak. (Bideoa: EHUko Adimen Konputazionala ikerketa-taldea)
Taldearen azken helburua, esperimentu hauek laborategitik kanpora eramateaz gain, honako hau da: droneek aurrean topatu ditzaketen objektuak –adibidez, zuhaitzak eta hormak– zein diren eta libreki hegan egiteko zer bide dituzten modu autonomoan ezagutzea lortzea. Esperimentu honetan, kolore urdinen (hegaldi librea) eta gorrien (oztopoak) bitartez zehaztu dira horiek. Hala ere, oso lan zaila da, eta, horrek azaltzen du, beste alde batetik, zergatik dauden gaur egun zeregin gutxi drone erabat autonomoentzat, piloturik gabekoentzat.
- bideoa: Kartoi mehe urdinaren aurrean, droneak hegan egiten du eta egonkor mantentzen da; gorria ikusten duenean, berriz, ezker edo eskuinera mugitzen da, modu autonomoan. (Bideoa: EHUko Adimen Konputazionala ikerketa-taldea)
Julián Estévez ikertzaileak oso argi deskribatzen du. “Drone bat zuhaitz bat saihesteko gai izan dadin, adibidez, zuhaitzak ezagutzeko ikusmen artifizialeko algoritmo oso espezializatuak eduki behar ditugu eta dronearen kameran ekipatu behar ditugu. Horretarako, algoritmo hori entrenatu egin behar da, aurki ditzakeen mota guztietako zuhaitzen morfologia, koloreak eta adar motak erakutsi behar zaizkio. Ondoen funtzionatzen duten ikusmen artifizialeko algoritmoak gauza oso zehatz bat identifikatzen espezializatuta daudenak dira. Adibidez, gaur egun, zereginak modu autonomoan gainbegiratzen dituzten droneek aplikazio oso espezifikoak dituzte, hala nola linea elektrikoak, oliobideak edo aerosorgailuak ikuskatzea.
Hau ez da UPV/EHUko taldean droneei buruz egin duten ikerketa bakarra. Horrez gain, droneen arteko elkarlaneko garraio sistema bat ikertu dute, objektu lineal deformagarriak erabiliz, hala nola kableak, sokak edo mahukak. Eta berriki argitaratu duten artikulu zientifiko batean, honako hau aztertu dute: pendulu bikoitz bat nola garraiatu ibilbide batetik, pendulua ahalik eta gutxien kulunkatuz. Hau da, “zerbitzari batek edalontzi beteak dituen erretilu bat garraiatzea” bezalako zeregin bat aztertu dute esperimentu baten bidez.
Ondorioz, hainbat aplikazio zibil, komertzial eta militarretarako probatzen ari diren arren, Estévezek azpimarratu duen bezala, droneak “berehalakotasuna kostua baino garrantzitsuagoa den egoeretarako –larrialdiak, kasu– dira irtenbide egokiak”, batez ere. Testuinguru horretan, modu autonomoan nabigatuz edo pilotu batek urrutitik gidatuz, “gizartearen zerbitzuak hobetzen lagun dezaketen tresnak dira; izan ere, desagertuak bilatzen, suteak prebenitzen, sendagaiak eta txertoak oso leku isolatuetara garraiatzen eta iristeko zailak diren lekuetan paketeak entregatzen lagundu dezakete”.
Ikertzaileaz:Julián Estévez Sanz ingeniari industriala da, Ingeniaritza Informatikoan doktorea eta EHUko Adimen Konputazionaleko taldeko kidea.
Egileaz:Maria Larumbe kazetaria da.
The post Droneak etorkizunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure planeta eta haren erraiak
Jules Vernek, 1864an, Lurraren bihotzeraino eleberria argitaratu zuen. Gure planeta gruyère gazta moduko bat bezala irudikatzen zuen, eta, bertan, barnealde hutsera eramaten gintuzten pasadizoak zeuden. Hala ere, eta azterketa geologikoen tekniketan egindako aurrerapenei esker, gaur egun badakigu ideia zoragarri hori ez zela oso egokia.
Lurra esfera ia perfektu gisa irudikatu ohi dugun arren, berez, egiten duen errotazioaren ondorioz, poloetan partzialki zapalduta dagoen biraketa elipsoide baten antz handiagoa du; beraz, 12.756 km-ko diametroa du gehienez, eta 12.714 km-koa gutxienez, eta 6.370 km-ko batez besteko erradioa. Eta barne egiturari dagokionez –horixe da gaur hizpide dugun gaia–, gure planeta tipula bat bezala defini genezake, bata bestearen gainean gainjarrita dauden hainbat geruza zentrokidek osatzen baitute. Baina geruza horietako bakoitza izendatzeko eta deskribatzeko orduan, bi banaketa desberdin ditugu, materialen zein propietate fisikori erreferentzia egin nahi diogun.
Irudia: Lurraren barne banaketak, materialen konposizio kimikoaren eta propietate fisikoen arabera. (Egileak: Tarbuck, E.J., Lutgens, F.K. eta Tasa, D.G. (2009). Earth Science, 12. Edizioa. Argitaletxea: Pearson Prentice Hall, Estatu Batuak. Fair use.)Gure planetaren lehen barne banaketak berau osatzen duten materialen konposizio kimikoari erantzuten dio, eta horrek zerikusi zuzena du elementu kimikoen dentsitatearekin. Gure planeta eratzen hasten ari zela, dentsitate handiko elementuak, hau da, pisutsuenak, Lurraren barnealdean geratu ziren, eta dentsitate txikiagokoak eta, beraz, arinagoak zirenak, kanpoaldera joan ziren. Horregatik, konposizio kimiko desberdinak ditugu sakonera handitu ahala. Hori horrela, hiru geruza handi defini ditzakegu gure planetan:
- Lurrazala, Lurreko geruzarik kanpokoena edo azalekoena da, eta batez ere aluminio eta magnesio silikatoz osatuta dago. Bitan bana dezakegu; batetik, lurrazal ozeanikoa, ozeanoetako ur zutabearen azpitik dagoena eta 7 eta 12 km arteko lodiera duena, eta, bestetik, lurrazal kontinentala, 30 km inguruko batez besteko lodiera duena, nahiz eta mendikate handien azpitik (Himalaia, esaterako) 70 km-ko sakoneraraino iristen den. Lurrazalaren beheko mugari –7 eta 70 km bitarteko sakonera– Mohorovičić-en etendura deitzen zaio, edo, geologian modu maitekorrean ezagutzen dugun bezala, “Mohoa”.
- Lurrazalaren azpi-azpitik, 2.900 km-ko sakonerara arte, mantua dago. Mantua burdina eta magnesio silikatoz osatuta dago gehienbat. Hemen ere bi zati bereiz ditzakegu: goiko mantua eta beheko mantua. Horren muga 660 km-ko sakoneran dago, eta Repettiren etendura bezala ezagutzen da.
- Azkenik, burdinaz eta nikelez osatutako nukleoa dugu, eta Gutenbergen etendurak bereizten du mantutik. Nukleoa ere bi azpigeruzatan banatzen da: kanpoko nukleoa eta barneko nukleoa. Horren muga 5.150 km inguruko sakoneran agertzen da, Lehmannen etenduran.
Gure planetaren barne egituran egiten dugun beste banaketa bat dator berau osatzen duten materialen propietate mekanikoekin. Kasu honetan, presioa eta tenperatura dira kontuan hartzen diren parametro fisiko nagusiak. Lurraren barrualderantz zenbat eta sakonago joan, presioa eta tenperatura gero eta altuagoak dira, eta, beraz, bi parametro fisiko horien ekintza konbinatuak aldaketa eragiten du aurkitzen goazen materialen portaera mekanikoan. Hori horrela, gure planeta lau geruzatan bana daiteke:
- Litosfera, kanpoko geruza solido eta zurruna, lurrazal osoa eta goiko mantuaren zati bat hartzen dituena. Litosfera ozeanikoan eta litosfera kontinentalean ere banatzen da; beraz, 70 eta 150 km arteko lodiera du.
- Jarraian, astenosfera dugu, goiko mantuaren gainerakoa hartzen duen erdisolido plastiko eta likatsua.
- Azpian mesosfera dago; astenosfera baino zertxobait solidoagoa da, baina bere materialek portaera plastikoa dute. Beheko mantuarekin bat dator.
- Eta azkenik, endosfera dugu. Bertan, kanpoko nukleoa –likidoa– eta barneko nukleoa –solidoa– bereiz ditzakegu.
Horrela, nomenklatura bat edo beste bat erabiliko dugu Lurraren barne geruzetarako, materialen zer propietateri erreferentzia egin nahi diogun. Konposizio kimikoari erreparatuta, “lurrazala”, “mantua” eta “nukleoa” terminoak erabiliko ditugu gure planeta banatzeko. Hala ere, portaera mekanikoari erreparatu nahi badugu, “litosfera”, “astenosfera”, “mesosfera” eta “endosfera” kontzeptuak erabiliko ditugu. Are gehiago, bi banaketak nahasi eta termino konposatuak erabil ditzakegu –esaterako, “mantu astenosferiko”– materialen konposizioari eta propietate mekanikoei, biei, erreferentzia egin nahi badiegu. Baina gogoratu hitz horiek ez direla ez sinonimoak, ez trukagarriak, eta, beraz, ez dela gauza bera lurrazalaz hitz egitea eta litosferaz hitz egitea.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Gure planeta eta haren erraiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #372
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
GenetikaManu Araolaza (Donostia, 1990) Biologian lizentziatu zen UPV/EHUn eta ondoren Biología celular y genética masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun, doktoretza egiten ari da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Epigenetikaren inguruan dabil ikertzen, genetikaren alor hau hobeto aztertzeko helburuarekin. Izan ere, ikerketa alor konplexua da eta asko geratzen da honen mekanismo guztiak erabat ulertzeko. Epigenetika, genomaren gainean ezartzen diren zenbait molekula kimiko txikiek eratzen dute, eta geneen adierazpena baldintzatzen dute, zer adierazi eta zer ez kontrolatuz. Manu Araolazaren ikerketa DNAren metilazioan zentratzen da, morfina erabiliz metilazioak pairatzeko DNA sekuentzia sentikorrenak zeintzuk diren identifikatuz. Azalpen guztiak Unibertsitatea.net atarian: Manu Araolaza: “Epigenetikaren azpian dauden mekanismoak aztertzea, ezagutzea eta hobeto ulertzea da gure helburu nagusia”.
TeknologiaAste honetan Berrian, Jose Luis Villate fisikari eta Tecnaliako Itsas Energia Arloko zuzendariari egin diote elkarrizketa, itsasoko haize-sorgailuei buruz. Gaur egun Iparraldeko Itsasoan daude haize-sorgailu gehienak baina, orain, azpiegitura flotagarriekin askoz leku gehiagotan jar daitezkeela azaltzen du Villatek. Hala ere, itsas-inguruneak asko baldintzatzen du teknologia honen funtzionamendua, gehienbat korrosio arazoengatik eta olatuen indarragatik. Honen harira, Berrian bertan itsas eolikoei buruzko infografia eskaini dute informazio interesgarria eskainiz.
Oraingoz ez dago honelako teknologiarik euskal kostaldean, baina Galizian bi eraikitzeko asmoa du Iberdrolak eta Bretainian, berriz, 62. Kalkulatu denez, errotek arrantzaren %30 uxatu dezake. Datuak Berrian: Arrantzaleak ez dira fio itsasoko haize errotekin.
GeologiaZientzia Kaieran, Mareta Nelle West geologoaren ekintza gogoangarrien inguruan irakur daiteke. 1964an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak kontratatutako lehen emakumezko geologoa bihurtu zen. Ondoren NASAko Geologiako Talde Esperimentalean sartu zen eta Apolo misioan parte hartu zuen, ilargirako lasterketa espazialaren garaia baitzen. Mareta West izan zen Ilargia kartografiatzeaz arduratu zen zientzialaria, eta baita historiako lehen ilargiratzea gertatuko zen puntu zehatza erabakitzeaz arduratu zena ere. Lehen emakumezko astrogeologoa kontsideratzen da. Baina Maretaz aparte, badira beste bi geologo Ilargirako lasterketa honetan parte hartu zutenak: Eugene Merle Shoemaker eta Harrison Hagan Schmitt. Azken hau, besteak beste, Ilargitik ekarritako hauts eta arroka laginak aztertzeaz arduratu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Geologoak Ilargian.
BiologiaJuanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek. Baieztapen honen zergatia, dirudienez, albedoa deritzon fenomeno fisikoa da. Gorputz guztiek xurgatzen dute erradiazioa, baina gainazal baten kolorea gero eta argiagoa izan, orduan eta erradiazio gehiago islatzen du. Hau horrela izanik, Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dutenez, hegazti migratzaileak argitsuagoak izango lirateke, antza, migrazioan zehar Eguzkiaren erradiazioa hobeto jasateko. Eboluzioaren prozesu bat izango litzateke beraz hori, gorputza gehiegi berotzea saihesteko mekanismoa, hain zuzen.
PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa baten arabera, biobotak beren burua erreplikatzeko gaitasuna izan dezaketela ikusi da. Biobotak milimetro bateko egitura biologikoak dira eta funtzio jakin batzuk egiteko balio dute, hala nola, zehaztutako helmuga batera joatea, pisua altxatzea edo ebaki bat ixtea. Duela urtebete izan genuen robot biologiko horien berri, baina orain, ugaltzeko gaitasuna ere izan dezaketela ikusi da. Ugalketa, hala ere, ez da animaliena edo landareena bezalakoa: Petri plaka batean mugitzen dira, eta banakako zelulak topatzen direnean, elkartuta eta beste biobot bat sortzen da. Ikertzaileen esanean, lana oso baliagarria izan daiteke medikuntza birsortzailean, lesio traumatikoak sendatzeko, adibidez. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Ugaltzeko gai diren lehen biobotak sortu dituzte.
OsasunaAste honetan Zientzia Kaieran Jon Zarate UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa-taldeko ikertzaileari egin diote elkarrizketa, teknologia biofarmazeutikoaren inguruan. Teknologia honen helburua tratamendu pertsonalizaturako terapia aurreratuko medikamentuak sortzea da. Hau da, farmako konbentzionalen printzipio aktiboak erabili ordez, zelula, ehun edo gene batean oinarritutako medikamentu konplexuak sortzen dituzte, eta hainbat gaixotasun tratatzeko erabiltzen dira gaur egun; hala nola, fibrosi kistikoa eta gisa horretako gaixotasun monogenetikoak tratatzeko aproposak izan daitezke.
IngurumenaHainbat ikerketek adierazi dutenez, gune berdeek eragin positiboa izan dezakete osasunean, arrazoi ezberdinengatik. Besteak beste, ingurumenarekiko faktoreekiko esposizioa handitzen dutelako, jarduera fisikoa bultzatzen dutelako eta giza kohesioa areagotzeaz eta estresa gutxitzeaz gain, atentzioaren berrezartzea eragiten dutelako. Hauek guztiek osasun fisiko zein mentalean dute eragina. Gainera, beste abantaila oso nabarmena eskaintzen dute: aire kutsaduraren murrizpena. Horregatik, hiri plangintzan eta hiritarren bizitzetan maizago kontuan hartu beharko litzateke. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Hiriko gune berdeak eta osasuna.
Kaliforniako itsas espezieak aurkitu dituzte Ozeano Pazifikoko plastikozko zabor multzo erraldoietan bizitzen. Lur lehorretik itsasora iristen diren plastikozko hondakinek hainbat bizidun espezie izan ditzakete itsatsita eta, beraz, plastikozko hondakin hori iristen den tokiraino joango dira berarekin batera. Kasu honetan, plastikozko kontinente mugikor batean hartu dituzte datuak, 1,6 milioi koadroko eremu bat estaltzen du, 77 Euskal Herriren parekoa. Landareak nahiz animaliak aurkitu dituzte bertako plastiko zatietan: anemonak, hidroideak, moluskuak, izkiren antzeko anfipodoak, karramarroak… Ikusi ahal izan dutenez, espezieek uste baino gehiago iraun dezakete bizirik ozeanoaren erdian, eta inbaditzaile bihurtzeko arrisku handia dago. Munduan bost zabor orban erraldoi atzeman dituzte uretan, eta Ozeano Pazifikokoa da handiena. Datuak Berrian: Plastikoa etxe eta garraiobide.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #372 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #377
Osasuntsu jateak eta, bereziki, barazkijalea izateak, abantailak baino ez ditu. Coviden inpaktua minimizatzeko ere baliagarria izan liteke. Greens could potentially decrease COVID-19 risk, Rosa García-Verdugorena.
Imajinatzen ehun mila milioi piezadun 3D puzzlea? Ia ezinezkoa, ezta? Bada jendea horretan dabilena: Mapping how the 100 billion cells in the brain all fit together is the brave new world of neuroscience, Yongsoo Kimena.
Minbizi zelulak hiltzeko substantzia toxikoa erabiltzera bagoaz, hobe substantzia zelula horietaraino, eta ez besteetara, eraman eta urrutiko aginte batekin askatu, kalte kolateralak txikitzeko. Ezinezkoa? DIPCk: A hydrogel matrix as viable solution for the efficient catalytic activation and delivery of cisplatin
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #377 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jon Zarate: “Terapia aurreratuko medikamentuek gaixotasun konplexuak tratatzeko balio dute” #Zientzialari 165
Teknologia biofarmazeutikoak tratamendu pertsonalizaturako terapia aurreratuko medikamentuak sortzea du helburu. Medikamentu hauek sortzeko teknologia berritzaileak erabiltzen dira, hala nola, mikrofluidika, nanoteknologia eta mikropartikulen teknologia, 3D bioinprimaketa edo edizio genetikoa dira esanguratsuenak.
Terapia aurreratuko medikamentuek farmako konbentzionalen printzipio aktiboak izan ordez, zelula, ehun edo gene batean oinarritutako medikamentu konplexuak dira. Oro har, terapia zelularrerako edo genikorako erabiltzen dira eta hainbat gaixotasun tratatzeko dira egokiak; esaterako, fibrosi kistikoa bezalako gaixotasun monogenikoak edo faktore anitzek eragiten duten hesteetako hanturazko gaitza.
Estrategia terapeutiko berritzaileei buruz eta teknologia farmazeutikoari buruz gehiago jakiteko, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel ikerketa-taldeko Jon Zaraterekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Jon Zarate: “Terapia aurreratuko medikamentuek gaixotasun konplexuak tratatzeko balio dute” #Zientzialari 165 appeared first on Zientzia Kaiera.
Hiriko gune berdeak eta osasuna
Hiriko gune berdeak eragin positiboa dute osasunean. Bai, geroz eta ugariagoak dira baieztapen hau babesten dituzten ikerketak. Nahiz eta hainbat teoria duela urte askokoak izan, ingurumen epidemiologiako arloan duela 5-10 urte hasi ziren gune berde eta osasunaren arteko erlazioa aztertzen. Honen arrazoia, azken urteetan GISak (Geografia Informaziorako Sistemak) eta datu espazialek bizi izan duten garapena dela eta, gune berdeen inguruko esposizio objektibo zehatzak lortzea ahalbidetuz.
1. irudia: Gune berdeek osasunean duten eragina geroz eta esanguratsuagoa dela ikuste da, eta geroz eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute hori. (Argazkia: Pixabay.com – Pixabay lizentziapean)Gune berdeek osasunean eduki dezaketen eragin positiboa arrazoi ezberdinengatik ematen da. Faktore horiek lau talde nagusietan bana genitzake: ingurumenarekiko faktoreekiko esposizioa, jarduera fisikoa, giza kohesioa eta estresaren gutxitzea eta atentzioaren berrezartzea. Hauek guztiak bitartekariak dira eta osasun fisiko zein mentalean dute eragina.
Bitartekari moduan jokatzen duten ingurumen faktoreak aire kutsadura, zarata, tenperatura eta hezetasuna dira. Hiriguneetan aire kutsadura eta zarataren iturri nagusiena trafikoarena da. Gune berdeei esker aire kutsadura maila gutxitu egiten da, landarediak aire kutsatu hori poroetan barneratuz edota besterik gabe kutsadura hostoetan pausatuz, gizakiekin antzekotasun bat eginez, kutsadura arnastea edo arropan geratzea bezala litzateke. Zarata mailak ere gutxitu egiten dira. Batetik, trafiko gutxitu egiten delako eta bestetik, zuhaitz handiek pantaila bezala jokatzen dutelako. Tenperatura eta hezetasunari dagokionez, hirietan udan ematen diren bero-irlak ekiditen dituzte gune berdeek, hostaje dentsoen bitartez eguzki izpiak ez dira asfaltora iristen. Gainera, ura lurruntzeko ahalmena dutenez, tenperaturak ere jaitsi egiten dira.
2. irudia: Gune berdeek nola eragiten dioten osasunari. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Gune berdeek jarduera fisikoa garatzeko espazio osasuntsu, ireki eta zabal bat eskaintzen dute. Hiri guneetan oso urriak dira jarduera fisikoa aire librean egiteko existitzen diren espazioak. Ikerketa ezberdinek baieztatu dute etxebizitzatik gertu gune berde bat edukitzeak ariketa fisikoa egitera bultzatzen duela.
Gune berdeek ere elkarbizitzarako guneak sortzen dituzte, honela, elkartze sozialak errazten dituzte eta auzoarekiko eta auzokideekiko atxikimendua areagotzen dute. Landarediaren bitartez ere, auzoko espazioak erakargarriagoak bilakatzen dira giza kohesioa ahalbidetuz eta ondorioz, ingurukoen ongizatea hobetuz.
Eta azkenik, estres maila gutxituz eta atentzioa berrezarriz osasuna hobetzea legoke. Roger S. Ulrich ikertzailearen “Stress Reduction Theory” (SRT) eta Stephen Kaplanen “Attention Restoration Theory”-ek (ART) dioten bezala gune berdeek estresa gutxitzeko eta atentzio maila berreskuratzeko ahalmena dute. Gune berde batean egoteak emozio positiboak sortzen ditu, negatiboak blokeatuz eta honela estres maila gutxituz, Ulrichen arabera, eboluzioaren oinarrian dauden erantzun biologikoen prozesu bezala ulertzen da. ARTa aldiz, gune berdeetan atentzio esfortzurik gabe egoteak atentzio berreskuratzen dela dio.
Hortaz, hirietako gune berdeek osasunean duten eragina aztertuta, hiri plangintzan eta hiritarren bizitzetan maizago kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, osasunean eragin positiboak izateaz gain, ingurumenean, eta hortaz, aldaketa klimatikoan ere, eragin positiboak dituelako. Hiri osasuntsuagoak eta jasangarriagoak baditugu helburu gune berdeek garrantzi handiagoa eduki beharko dute.
Erreferentzia bibliografikoak:Ulrich, Roger S. (1993). Biophilia, biophobia, and natural landscapes, Kellert, S.R. eta Wilson, E.O. (ed.), The biophilia hypothesis, (73–137). Island Press.
Ulrich, Roger S. (1983). Behavior and the Natural Environment. Springer US, Boston.
Kaplan, Rachel, Kaplan, Stephen (1989). The Experience of Nature: A Psychological Perspective. Cambridge University Press.
Kaplan, Stephen (1995). The restorative benefits of nature: Toward an integrative framework. Journal of Environmental Psychology, 15(3), 169–182. DOI: https://doi.org/10.1016/0272-4944(95)90001-2
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Hiriko gune berdeak eta osasuna.
- Laburpena: Azken urte luzeetan hiritarragoa den mundu batean, hiriguneek sortutako esposizio positibo zein negatiboek osasunean duten eraginak geroz eta gehiago kezkatzen gaitu. osasunean eragin negatiboa duten esposizioak ikertu dira gehien, baina, hauei aurre egiteko, esposizio positiboak ere badaude, bizimodu osasuntsuago batera eta hortaz osasun maila hobe bat edukitzera bultzatzen gaituztenak. Esposizio positibo hauek gune berde eta urdinak dira. Geroz eta ikerketa gehiagotan aurki daitezke, eta osasun mental, fisiko eta sozialean duten eragin positiboa hainbat ikerketatan aurki daiteke. Artikulu honen helburua gune berde eta urdinak aztertzen dituzten ikerketek diotena aztertzea, esposizio hauek neurtzeko metodologia ezberdinak azaltzea eta osasunean dituzten eragin ezberdinak ikustea da.
- Egileak: Asier Anabitarte, Jesus Ibarluzea, Kepa Azkona, Aitana Lertxundi
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 45-63
- DOI: 10.1387/ekaia.20910
Egileez:
Asier Anabitarte eta Aitana Lertxundi UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak dira; Jesus Ibarluzea Psikologia Fakultatekoa eta Kepa Azkona BIODONOSTIA Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hiriko gune berdeak eta osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek
Ikertzaile talde batek aurkikuntza bitxia egin du: hegazti migratzaileek luma argitsuagoak izateko joera dutela ondorioztatu dute, eta atzean egon daitekeen arrazoi ebolutiboa ere proposatu dute: beroa hobeto jasan dezakete horrela.
Esperientzia hutsagatik txikitatik ikasten den kontzeptu horietako bat da albedoarena. Lagun askok hitz horren berririk ez duen arren, horren adierazpena nahiko agerikoa da jende gehienarentzat. Udako egun eguzkitsu batean hondartzatik autora itzultzean beltz koloreko autoa ukitzea besterik ez dago. Azal ilunek askoz arinago hartzen dute beroa, eta denbora gehiagoz mantentzen dute ere. Arrazoi berdinagatik, Mediterraneo aldeko herri askok zuriz marraztutako mihiseak dirudite. Maila handiagoan, klima globalean garrantzi handia du albedoak, eta hori aintzat hartzen dute klimatologoek mundu mailako eredu klimatikoak lantzerakoan.
Fenomeno horren atzean arrazoi fisiko ezaguna dago: gorputz guztiek xurgatzen dute erradiazioa —are gehiago, teknikoki 0 absolututik gora dauden gorputz guztiek erradiazioa igortzen dute ere—, baina gainazal baten kolorea gero eta argiagoa izanda, orduan eta erradiazio gehiago islatzen du.
1. irudia: Espezie migratzaileen kasuan, hautespen naturalak lumadi argiagoa duten hegaztiak lehenetsi dituela ondorioztatu dute. (Argazkia: Juanma Gallego)Hala izanik, kontraesankorra eman dezake ikustea ingurune hotzean bizi diren ugaztun askok ile zuria dutela, eta hainbat espeziek ilea aldatzen dutela urtaroen arabera. Negua iristean, ile marroixka kendu eta jantzi zuria jartzen dute. Kasu horietan, azalpenik agerikoena da elurraren kolorea hartuta errazagoa dela kamuflatzea, eta horrek bizirik irauteko aukerak biderkatzen dituela, berdin harrapakina zein harrapakaria izan. Baina beste batzuetan argudiatu izan da ere kasu horietan ile zurietan melalinak okupatzen ez duen espazioa aireak betetzen duela, eta horrek hobetzen duela animaliaren isolamendu termikoa.
Ikertzaile talde batek egin duen azken proposamenaren arabera, hegaztietan ere garrantzi handia izan dezake lumadiaren kolorazioak. Zehazki, zientzialari hauek diote hegaztien espezie migratzaileak argitsuagoak direla, antza, migrazioan zehar Eguzkiaren erradiazioa hobeto jasateko. Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dute haien proposamena.
“Espezie migratzaileek kolore argitsuagokoak izateko joera dute migratzaile ez diren espezieen aldean”, laburbildu du Ornitologiarako Max Planck Institutuko (Alemania) ikertzaile Kaspar Delheyk. Dioenez, eboluzioak luma argiagoak dituzten hegaztiak lehenetsi ditu, horrela Eguzkiaren argiaren aurrean gehiegi berotzeko arriskua arintzen delako. “Hau bereziki garrantzitsua izan daiteke distantzia luzeko hegaztientzat, bidaia horietan ezin dutelako gelditu itzalpean atsedena hartzeko”, erantsi du.
Ikertzaile hauek aurretik ibiliak ziren klimaren eragina aztertzen hegaztietan, eta azterketa horietan ondorioztatu zuten kolore argitsuak dituzten hegaztiak tenperatura altuko eta itzal gutxiko eremuetan bizi direla.
Oraingoan jakin nahi izan dute ea migratzaile diren hegaztien kasuan harreman hori ote dagoen. Horretarako, beste egile batzuek emandako pista bat jarraitu dutela aitortu dute: zantzu horren arabera, hegazti espezie batzuk altitude handiagoetan hegan egiten dute egunez, eta baxuagoetan gauez. Altitude handiagoetan hegan egiteak kostu energetiko handiagoa du. Hortaz, portaera horren arrazoia izan liteke altitude horietan tenperatura baxuagoa dela, eta horrek laguntzen du konpentsatzen Eguzkitik jasotako erradiazioa.
2. irudia: Txirri zuri (Calidris alba) espezieko talde bat, migrazio bat abiatzen. (Argazkia: Pablo F. Petracci)“Termorregulazioa espezie migratzaileetan hautespen faktore garrantzitsua baldin bada, baliteke espezie hauek lumadi argiagoa eta islatzaileagoa garatu izana, gehiegizko beroa ekiditeko”, idatzi dute gutunean. Hipotesi horretatik abiatuta, zenbakietara jo dute.
Lumadiaren argitasuna kuantifikatzeko, 0tik 100erako eskala osatu dute, eta Birds of the World datu basean bilduta dauden espezie guztiak sailkatu dituzte ezaugarri horien arabera. Datu base horrek 10.000 espezie inguru jasotzen ditu.
Bi aldagaiak alderatzean —lumadiaren argitasuna eta migratzaile izan ala ez—, horien arteko korrelazioa aurkitu dute. Diotenez —seguruenera korrelazioetan ateratako ondorioen inguruan zientzia komunitatean dauden zuhurtziei aurreratu nahian—, lumadiaren kolorean eragiten duten beste hainbat faktore ere aintzat hartu dituzte alderaketa horretan. Eta kontuan hartu dute ere hegaztien kasuan oso garrantzitsua den faktore bat: dimorfismo sexuala. Espezie bakoitzeko, emeen zein arren koloreak jaso dituzte, eta horrek biderkatu du datu-basean sartu behar izan dituzten itemen kopurua: guztira 19.552 izan dira.
Migratzen duten hegaztiak argitsuagoak izateaz gain, migrazioaren luzeraren arabera ere desberdina da kolorea. Migrazio luzeagoak egiten dituzten hegaztien lumadiak are argiagoak dira, eta zertxobait ilunagoak dira migrazio motzagoak egiten dituztenak. Berdin hegazti handia ala txikia izan, lurtarra ala urtarra izan, joera berdina aurkitu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Delhey, Kaspar et al. (2021). Migratory birds are lighter coloured. Current Biology, 31, R1505–R1512. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2021.10.048
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek appeared first on Zientzia Kaiera.
Hesteetako gaixotasun inflamatorioa tratatzeko zelula amak
Hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) kontzeptu zabala da, eta patologia immunomediatu, inflamatorio eta kronikoak deskribatzeko erabiltzen da, hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna, digestio-traktuaren hantura kronikokoak.
Crohn eta Kolitis Ultzeradunaren Konfederazioak (ACCU) ematen duen deskribapenaren arabera, bi nahasmendu horiek aldatu egiten dute organismoak elikagaiak digeritzeko eta mantenugaiak xurgatzeko duen gaitasuna. Gaixotasun hori duten pertsonek beherakoa, gorozkietan odola, nekea, sabeleko mina, jateko gogoa eta pisua galtzea edo sukarra izan ditzakete, besteak beste.
Azken urteotan, hesteetako gaixotasun inflamatorioen eragina handitzen ari da mundu mailan, batez ere herrialde garatuetako hiriguneetan. Osagai genetikoren bat duten kausak gorabehera, jakina da zenbait faktorek, hala nola bizimodu frenetiko batek dakarren estresak, giroan dauden substantzia toxikoek eta elikadurak eragin handia dutela hesteetako floraren aldaketan. Horrek erantzun immune anomalo bat eragiten du, eta, ondorioz, hantura eta hesteetako gaixotasun inflamatorioaren sintomatologia agertzen dira; beraz, gaixotasun horren kasu gehiago jakinarazten dira.
1. irudia: Jatorri adiposoko zelula ama mesenkimalak (AT-MSCak), alginatozko hidrogeletan kapsulatuak. Tindaketa Live/dead tindaketa: zelula bideragarriak (berdea) eta ez-bideragarriak (gorria). (Argazkia: Cuaderno de Cultura Científica)Gaur-gaurkoz, ez dago hesteetako gaixotasun inflamatorioa sendatzeko tratamendurik. Merkatuan eskuragarri dauden farmakoak –hala nola aminosalizilatoak, kortikoesteroideak eta immunomodulatzaileak– hesteetako hantura txikiagotzen saiatzen dira, sintomak agertzea saihesten, eta mina arintze-egoeran edukitzen dute, baina ez dute behin betiko erantzunik ematen.
Hala ere, farmazia eta medikuntzako terapia aurreratuen bilakaerak aukera ematen du mota horretako patologia inflamatorio eta immunologikoen tratamendua eraginkorra izateko. Zehazki, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioceleko ikertaldean –sendagaiak garatzen eta kapsulatzen adituak– 2017tik ari dira lanean zelula ama mesenkimaletan oinarritutako sendagai eraginkor bat garatzea helburu duen proiektu batean, gaixotasun hori tratatzeko.
Zergatik aukeratu dira zelula mota horiek? Rosa Hernandez Farmaziako katedradunak eta proiektuaren arduradunak azaldu duenez, “zelula ama mesenkimalek gaitasun terapeutiko handia dute jariatzen dituzten substantziengatik, zitokina eta hazkunde-faktore ugari, kasu. Horiek, Crohnen gaixotasuna edo kolitis ultzeraduna duten pazienteetan bezala, asaldatuta dagoen sistema immune baten funtzionamendua erregulatu dezakete”.
Terapia zelularrak ez dira ezezagunak. Aspalditik aplikatzen dira gaixotasunak tratatzeko, esaterako, leuzemia. Diogunaren adibide da hezur-muinaren transplantea, zelula eriak zelula ama osasuntsuz ordezkatzean datzana.
Hala ere, HGIren tratamenduan terapia zelularrak aplikatzeak baditu, Hernandezen ustez, sendagai eraginkor bat garatu ahal izateko konpondu behar diren arazo batzuk. “Zelula organismo bizi bat da, eta ezin da konprimatu, beste printzipio aktibo sintetiko batzuk bezala, hala nola azido azetilsalizilikoa –Aspirinaren printzipio aktiboa–. Beraz, beharrezkoa da zelula horiek kapsulatu ditzaketen sistema berriak garatzea, gorputzean ezarri, eta substantzia terapeutikoak denbora luzez jaria ditzaten”.
2. irudia: UPV/EHUko NanoBiocel ikerketa-taldeko kideak. (Argazkia: UPV/EHU)Ildo horretan, Hernandezek dioen bezala, ez dira lehenak horrelako terapiak HGIren tratamenduan aplikatzen. “Eremu horretan lehenago egindako ikerketetatik abiatuta, gure helburua da zelula amen efektu positiboak indartzea eta luzatzea lortuko duen emate-sistema bat garatzea, eta, gainera, horrelako terapiei lotutako arazoak saihestuko dituena, hala nola organismotik azkar kanporatzea eta tronboak sortzea. Horretarako, zelula behar bezala kapsulatzea da gakoa”.
Asmo handiko lankidetza-ikerketa hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du, eta, UPV/EHUko taldearen beraren partaidetzaz gain, beste unibertsitate batzuetako -Harvard (AEB), eta Lovainako Unibertsitate Katolikoa (Belgika)- medikuntza, biokimika, farmazia eta biologiako adituen eta, besteak beste, Arabako Unibertsitate Ospitaleko patologia-zerbitzuen laguntza izan dute.
24/7 zelula-lantegi batDiziplina anitzeko lankidetza-ikerketa horren barruan, erronka nagusia zelula amak modu eraginkorrean kapsulatzea da, eta organismoan behar adina denboran egon daitezela, hantura iraunkorra arintzeko eta kaltetutako ehunak birsortzeko.
Helburu hain konplexu hori lortzeko, funtsezko hiru elementu garatu dituzte: zelulak kapsulatzeko hidrogel bat (euskarria), zelula amak beraiek (sendagaiaren printzipio aktiboa) eta gamma interferona (zelulak aktibatzeko substantzia).
Zelula ama mesenkimalen (MSK) propietate terapeutikoak indartzeko sistema funtzioanitz bat garatzea. MSKak interferonez kargatutako mikropartikulak dituzten alginato-kolagenozko hidrogeletan kapsulatzen dira, haien eragin immunomodulatzailea sustatzeko eta inplantearen atxikipena errazteko.
Lehenik eta behin, kapsulatzearen arazoa konpontzeko, hidrogel bat garatu dute Harvardeko Unibertsitatearekin lankidetzan, zeina euskarri modukoa den, eta zelula babesten duen. “Jatorri naturaleko polimeroz osatutako hidrogel horren ezaugarri biomimetikoak direla eta, zelula ‘etxean bezala’ egongo da, bizirik irauteko baldintza egokiak topatuko dituelako. Gainera, zelulak hidrogel horretan sartzean, lokalizatuta daude eta organismoko beste edozein lekutara migratzea saihesten da.
Bestalde, sendagai hori garatzeko erabili den bigarren osagaia da garrantzitsuena: printzipio aktiboa bera, hau da, zelula. “Kasu honetan, jatorri adiposoa duten zelula ama mesenkimalak aukeratu ditugu. Etorkizunean, dena ondo badoa, translazio klinikoa egitean, helburua izango litzateke zelulak pazientearen beraren gantzetik atera ahal izatea, transplante erabat autologoa izan dadin eta erantzun immunearen ikuspegitik arazo gutxiago sor ditzan”. Ildo horretan, beste zelula batzuk erabiltzea ere ikertzen ari dira, hala nola ile-folikuluetakoak, oso propietate immunomodulatzaile onak baitituzte eta inbaditze oso txikiko teknikak erabiltzen baitira.
Azkenik, hirugarren osagaiak zelula amak aktibatzea du xede, gaixotasun hori tratatzeko behar diren substantzia immunomodulatzaileak modu jarraituan eta luzaroan jariatu ahal izan ditzaten. “Garatu duguna mikropartikula batzuk dira, gamma interferon substantzia ‘aktibatzaileari’ elkartu dizkiogunak. Substantzia horrek seinaleak bidaltzen dizkio zelula amari, HGIren sintomak apaltzen dituzten substantzia onuragarri horiek jaria ditzan”.
Hizpide dugun lana pazienteari larruazalpean emango zaion sistema funtzioanitz bat sortzeko egin da. Hala, substantzia terapeutiko horiek etenik gabe askatuko lituzke, etengabe funtzionatzen ari den zelulen lantegi bat balitz bezala.
Gaur egun, proiektua fase preklinikoan dago. “Saguekin egin berri dugu lehen kontzeptu proba, animalia horietan ereduari jarraikiz, gaixotasuna gizakiengan bezala erreproduzitzeko”. Lan hori egiteko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko patologia-zerbitzuaren laguntza izan dute. Zerbitzu horrek gaixotasun patologikoa diagnostikatzen die gizakiei, eta saguen eredua sortzen lagundu diete.
Saguei autopsia egin ondoren, “egiaztatu da kapsulatutako zelulek bizirik jarraitzen dutela, eta substantzia immunomodulatzaileak jariatzen, eta hori aurrerapauso bat da ikerketan”, Hernandezek dioenez. “Hala ere, emaitza histologikoak egiaztatu arte ezin izango dugu zehaztu tratamendu horrek ehunak birsortzen laguntzen duen, hau da, organismoaren ehunak birsortzen laguntzen duen”, dio Hernandezek.
Beste gaixotasun immunologiko batzuetarako tratamenduaIkerketa duela lau urte hasi zen, eta oraindik bide luzea du aurretik. “Doikuntzak egin beharko ditugu, eta sistema pixkanaka kontrolatu, zelularen jariatze portaera hobetzea ekarriko duten beste elementu batzuk txertatuz.“ ”Horretaz gain, propietate immunomodulatzaileak dituzten beste zelula mota batzuk probatuko ditugu, nahiz eta gaur egun erabiltzen ari garenak izan gold standarda”.
Etorkizunean, terapia mota horiek, Hernandezek dioen bezala, “hantura edo erantzun immune disfuntzionalak ere agertzen dituzten beste patologia immunologiko batzuen tratamenduan sartu ahal izango dira, hala nola lupusean edo beste gaixotasun autoimmune batzuetan. Gainera, gaur egun zauri kronikoetarako birsortze terapietan ere aplikatzen ari gara, emaitza onekin”.
Ildo horretan, terapia zelularrak COVID-19a ikertzeko saiakuntza klinikoetan ere erabiltzen ari dira, paziente batzuetan birus horren aurrean ematen den gehiegizko erantzun immunea geldotu ahal izateko.
Ikerketaren azken helburua da laborategitik pazienterako jauzia egitea, eri dagoenaren bizi-kalitatea hobetzeko. “Sendagaien garapenean dakigun guztia eskaini nahi dugu, tratamendu luzeagoak, seguruagoak eta patologia horiek dituzten pazienteen bizi-kalitatea hobetuko dutenak lortzen laguntzeko”.
Ikertzaileaz:Rosa Hernandez Farmaziako eta Teknologia Farmazeutikoko katedraduna da eta UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa-taldeko kidea.
Egileaz:Maria Larumbe kazetaria da.
The post Hesteetako gaixotasun inflamatorioa tratatzeko zelula amak appeared first on Zientzia Kaiera.