S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 33 min 7 sec

Mikroskopia teknika iraultzailea

lun, 2018/03/05 - 09:00
Mikroskopia teknika berri eta iraultzailea aurkitu dute: SUSHI. Garuneko ehun biziaren eremu jakin batean zelula guztien irudiak jasotzea ahalbidetzen du lehen aldiz. Orain arte ezinezkoa zen garuneko eremu jakin batean zelula bizi etiketatu gabe guztien irudiak lortzea.

Irudia: Etiketatutako neurona (horiz), markatu gabeko neuronez inguratua. SUSHI teknika gabe, zuriz agertzen diren neuronak ez lirateke ikusiko. (Iturria: Jan Tønnesen & Valentin Nägerl).

SUSHI (ingelesezko “Super-resolution Shadow Imaging”) teknika berriak begiraldi batez ahalbidetzen du garuneko zelulak inguratzen dituen eremu txiki-txikia, likidoz betea, etiketatzea eta horrela saihestu egiten da aztertu nahi diren zelula guztiak banaka etiketatu behar izatea. Teknika honi esker, lortzen den informazioa nabarmen hobetu eta horrekin batera garunaren biologiari buruzko ezagutza hedatu daitezke.

Mikroskopia oinarrizko tresna da edozein organismoren biologia ikertzeko, aztertzen diren elementuek –zelulak– tamaina mikroskopikoa baitute eta, askotan, baita nanoskopikoa ere. Neurozientzian ere gehien erabiltzen den metodoetako bat da mikroskopia.

Orain arte, garuneko ehun bizia ikertzeko erabili izan diren mikroskopia metodoak aldez aurretik markatutako zelulak bakarrik bistaratzen zituzten. Hala ere, muga teknikoak zirela eta, garuneko eskualde jakin bateko zelula guztiak ezin ziren aldi berean etiketatu, eta horrek mugatu egin du haien ikusgarritasuna eta baita garuneko zelulak, nabarmen elkarkonektatuak, antolatu eta elkarrekintzan aritzen diren moduari buruzko ulermena ere.

Gainera, “etiketa” hori zeluletatik kanpo egoten denez gero, negatiboko irudi antzeko bat sortzen du, argazki kamera zaharretako filmen antzera. Hala, irudi negatiboak garuneko zelulei buruz biltzen duen informazioa eta dagokion irudi positiboak biltzen duena bera da, baina etiketatzeko prozesua sinpleagoa denez gero, askoz ere errazagoa da irudi hori eta biltzen duen informazio guztia lortzea.

Diziplina anitzeko eta mugaz haraindiko proiektu baten emaitza da aurrerapen zientifiko hau, Bordeleko Unibertsitateko (Frantzia) Valentin Nägerl irakasleak zuzendutako ikerltzaile talde baten eta Jan Tønnesen doktorearen artean garatutako proiektua. Jan Tønnesen UPV/EHUko Neurozientzia Sailera elkartu eta ACHUCARRO zentroko instalazioetan egiten du lan.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Algoritmo berri bat garatu dute bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin

Erreferentzia bibliografikoa

Jan Tønnesen, V.V.G. Krishna Inavalli, U. Valentin Nägerl, Super-Resolution Imaging of the Extracellular Space in Living Brain Tissue, Cell, Vol. 172, Issue 5, 2018, Pages 1108-1121.e15. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2018.02.007.

The post Mikroskopia teknika iraultzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #192

dim, 2018/03/04 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Lehen izarren seinalea jaso dute. Hain zuzen, Unibertsoaren hasierako hidrogenoaren seinalea, Big Bangetik 180 milioi urtera hidrogeno-atomoek utzitakoa. Irrati-uhin moduan iritsi da eta Australiako mendebaldean dagoen irrati-espektometro txiki baten bidez detektatu dute. Aurkikuntza honek ezusteko bat ekarri du gainera: unibertsoa garai hartan uste baino askoz ere hotzagoa zela. Izan ere, kalkulatu dute ustezko tenperaturaren erdia zuela: -270 ºC inguru.

Biologia

Bonoboek dituzten komunikazio keinuen inguruko datu-basea osatu dute ikertzaile batzuek eta era berean, ikusi dute egiten dituzten gehienak txinpantzeek erabiltzen dituztenekin bat datozela. Ikerketaren arabera, bi espezieek egiten dituzten keinuen %88-%96 esanahian bat datozela kalkulatu dute. Erresuma Batuan egin dute ikerketa, Tximino Handien Hiztegia egitasmoaren baitan. Honen inguruan, betiko eztabaida mantentzen da: Animalien seinaleek “esanahiak” dituzte ala “funtzioak” baino ez dituzte betetzen? Jo ezazu artikulura erantzuna topatzeko!

Sockeye izokina izan da protagonista testu honetan. Kontatzen duten moduan, Sockeye espezieko izokinak ibaietan edo aintziretan jaio daitezke, baina ibaietan jaiotzen diren gehienak, ahal badute, ibaiaren sistema hidrologiko bereko aintzira batean gelditzen dira gaztaro gehienean zehar. Arrain anadromoak gizentzera joaten dira itsasora. Zooplanktona da sockeyeren janari-iturri nagusia. Urtebete eta lau urteren artean egoten dira itsasoan. Gero ibaira itzultzen dira eta bidaia horretan, harrigarria bada ere, ez dute ezer ere ez jaten. Bidaian zehar, pilaturiko erreserbak gastatzen dituzte; hasieran, lipidoak, gero proteinak katabolizatzen dituzte. Azkenean, glukogenoa. Halere, bidaia bukatu ondoren egin behar duten azken-aurreko jarduerarako gorde behar dute glukogeno gehiena. Errunaldirako energia asko behar dute sockeye izokinek. Bi edo hiru aste bizirik irauten dute eta gero hil egiten dira.

Euskal balea 2040. urterako desagertu daiteke, aditu batzuen arabera. 400 ale bakarrik geratzen dira, hortik 100 eme ugalkor, eta ugalkortasun-tasa gero eta baxuagoa da. Azken urteotan gehiago dira hiltzen diren baleak jaiotzen direnak baino.

Ekologia eta ingurumena

Hondakinen kudeaketa mundu mailako arazo larria da egun. Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batasunak eta beste hainbat nazioarteko erakundek ohartarazi dute, martxa honetan, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo dela itsasoan. 1950eko hamarkadan industrialki erabiltzen hasi zenetik, 8.300 milioi tona baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako ekoizpena 34.000 milioi tonaraino iritsiko da. Hemendik aurrera, zer?

Javi Franco Aztiko marea eta kosten ingurumen kudeaketako ikertzaileak plastikoaren ekoizpena eta kontsumoa gutxitzen hasteko neurriak eskatu ditu. Ikertzaileak dio itsas ekosistemaren osagai guztietan aurki daitezkeela plastikoak. Material horri buruz dio “oso baliagarria” izan zitekeela, baina “arazo asko” sortzen dituela: “Batetik, ez delako ondo kudeatzen haren erabileraren ondorengo zikloa; eta, bestetik, asko irauten duen materiala delako”. Horretaz gain, Francoren esanetan, plastikoaren %80a lurretik datorrela eta gainerako %20a itsasoan izaten diren jardueretatik, “batik bat, arrantzatik, itsas zirkulaziotik edo gas eta petrolio ustiaketatik”. Aztik egiten duen lanari buruz ere mintzo da. “Esaterako, ur masen garraioen simulazio eredu ezberdinak. Hala ikus dezakegu itsasora iritsi diren plastiko horiek zer tokitara joan daitezkeen errazago”, dio.

Emakumeak zientzian

Josu Lopez-Gazpiok hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu artikulu honen bitartez. Emakumeek eta neskek hainbat muga gainditu behar dituzte arlo zientifiko eta teknologikoetan. Egoera horren isla dira bildu dituen datuak: 2010eko datuen arabera, emakumeek unibertsitate-tituluen %60 lortzen dituzte, baina, zientzia-arloan, ingeniaritzan eta konputazioan %43, %32 eta %21 bakarrik dira, hurrenez hurren. Hori gertatzeko arrazoietako bat azaltzen du: zientzian interesa duten neskek dituzten erreferente eskasak. Zientzialari ospetsuak aipatzen direnean, kimikariak dio, ia denak gizonezkoak direla. Nobel Sarien auzia aipatzen du tartean. Hausnartzeko modukoa da Nobel saridunen gehiengoa gizonak direla guztira, 844 gizon eta 49 emakume. Emakumeen lana azaleratzeko hainbat egitasmo martxan jarri badira ere, oraindik asko dago egiteko.

Genetika

Heriotzaren unea zehaztea erabakigarria izan daiteke hilketak argitzeko. Honen harira, teknika berri bat bidean egon daiteke, geneen espresioa nola aldatu den aztertzea oinarri duena. Artikuluan azaltzen digute espresioaren bitartez, geneek gordetzen duten informazioa hainbat proteinatara bideratzen dute, organo eta ehun bakoitzean proteinek dagokien funtzioa bete dezaten. Bartzelonako CRG Erregulazio Genomikorako Zentroko ikertzaile Roderic Guigok argitzen du zertan datzan: “Geneen espresioan egon diren aldaketak aztertuta, eredu bat proposatu dugu heriotzaren unetik zenbat denbora igaro den iragarri ahal izateko”. Proposatutakoa oraindik ikerketa akademikoa dela esan du. Bideratutako ikerketa nolakoa izan den ezagutzeko, irakur ezazue artikulua Berrian!

Adituak ez dira ados jartzen noiz bilakatu zen txakurra gizakiaren lagunik onena. Batzuek diote Paleolitoan gertatu zela, duela 17.000 urte baino gehiago, gizakia ehiztari-biltzaile zenean. Beste batzuek, ordea, Neolitoan. Azterketa genetikoek ezta ez dute eztabaida argitzen. Txakurren eta beste espezie ahaideen genomak alderatuta, batzuek Europan kokatzen dute txakurraren sorrera, eta beste batzuek, Asian. Garbi dutena da otsoa eta txakurra urruneko arbaso beretik datozela. Badago ikerketa bat oso deigarria dena eta ideia hau du oinarri: txakurren lagunkoitasunaren oinarri genetikoa gizakiotan gehiegizko jendetasuna eragiten duen sindrome batenaren oso antzekoa da: Williams-Beuren. 20.000 pertsonatik bati eragiten dio. Aurpegi berezia, asaldura kognitiboak eta neurrigabeko jendetasuna dute pertsonok. Ikertzaileek azaldu dutenez, txakurren jendetasunaren atzean aldaera genetiko jakin bat egotea lagungarria izan da otsoetatik bereizteko.

Gene ikertuenen sortarekin jarraitzen dugu aste honetan. Gaurkoan, TGFB1 dugu protagonista. Gene hori 19. kromosoman daramagu eta hazkunde faktore bat da. Ehun askotan aktibo dago baina batez ere barean eta hezur-muinean. 101 generekin elkarrekintzak ditu eta 199 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Ez galgu Koldo Garciaren azalpen txukuna!

Kimika

Parametro biologikoak neurtzeko sentsore plataforma adimendunak sortzea gainazal‑eraldaketa ikerkuntzaren erronka nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da. Osasungintzan oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)ren historia, gaur egun gainazalaren modifikazioak egiteko teknika erabilienak eta horiek eragindako modifikazioa karakterizatzeko moduak azaltzen dira lan honetan. Horretaz gain, poli(metilmetakrilatoa)n eginiko zenbait modifikazio eta emaitza agertuko dira.

Medikuntza

Algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin. Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazikoak zein sakonerarekin eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmoak. Gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen da gaixoari egiten ari zaizkion konpresioen sakonera eta maiztasuna eta, beraz, behar izanez gero, zuzendu daiteke kalitatezko BBBa egiteko.

Amaia Jauregi Miguel biologoak eritasun zeliakoa izan du ikergai bere doktorego-tesian. Jauregik azaltzen du ez zuela eritasun zeliakoa aztertzea erabaki gaixotasun horretan interes berezia nuelako, gaixotasunen genetika molekularra aztertzeko eredu aproposa zelako baizik”. Bere ikerketa lerroa lotura hertsiak izeneko egituren azterketa genetikoa izan da. Berak azaltzen du: “Heste meharrean hesi funtzioa betetzen dute, zelulen arteko fluxu librea ekiditen baitute eta beraz, mantenugaien xurgapena zelulen kontrolpean dago. Eritasun zeliakoan, lotura hertsien suntsipena ematen da eta ondorioz, glutena zelulen artetik zehar barneratzen da, hanturazko erreakzioa piztuz”.

Diagnostikatu gabeko kasuak ere badaude, pertsonen %15 soilik diagnostikatzen da. “Hau horrela izanda, zeliakia pairatzen denaren susmoa badago, glutenik gabeko dieta hasi beharrean, medikura joatea eta frogatzea gomendatzen da”, dio Jauregik. Orain, Suediara doa doktoratu ondoko ikerketa egitera.

Neurobiologia

Mikroskopia-teknika berri bat aurkeztu dute eta lehenengo aldiz garuneko eremu bateko zelula guztiak ikusteko aukera ematen du. UPV/EHUk eta Achucarro neurozientzien ikerketarako euskal zentroak Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitza da. Aurretik garatutako metodoek aurrez markatutako zelulak ikusteko aukera ematen zuten bakarrik. Horrek mugatzen zuen garuneko eremu batzuetako zelulak etiketatzea. Adibidez, ezin zen ikusi nola antolatzen diren eta nola jokatzen duten garuneko zelulek.

Osasuna

Jakina da espinakak burdina duela baina badaude beste elikagai batzuk osagai hori ere badutenak eta kantitate handiagoan gainera. Josu Lopez-Gazpiok egin digu zerrenda: curryak 295 mg/kg ditu, oilasko gibelak 120 mg/kg, mertxikak 41 mg/kg eta dilistak 33 mg/kg. Kimikariak azaltzen digu espinakak azido oxaliko asko daukala -600 mg/kg, gutxi gorabehera- eta horren ondorioz, espinakak duen burdinaren %5 bakarrik asimilatzen dugula. Nondik dator, beraz, espinakek burdin asko dutela pentsatzearen ustea? Akats tipografiko bat izan da uste horren kausa. Testuan azaltzen diguten moduan, 1870eko zientzia-argitalpen batean espinakaren burdin-edukiaren zifrari dezimalen koma jartzea ahaztu zitzaien. Komarik gabe, espinakak hamar aldiz burdina gehiago zeukala zirudien. Zientzialariek 1981ean izan zuten akats horren berri eta konturatu ziren espinakaren burdin edukia ez zela horren altua. Bada, aditu batzuen ustetan, burdinaren dezimalaren akatsa ez zen inoiz gertatu. Egin diren ikerketa batzuen arabera, ustezko dokumentu horren existentzia ez da inoiz frogatu ahal izan.

Teknologia

Izaro Goienetxea Urkizuk BertsoBot robot bertsolariaren proiektuaren barruan lortutako emaitzak orain dela gutxi publikatu ditu. Honen inguruan, argi utzi du bere lanaren helburua ez dela izan robota bertsotan jartzea, baizik eta musika-sorkuntza automatikoko eta musika sailkatzeko metodo bana sortzea. Txikitan, ordenagailuekin jolastea gustatzen zitzaion, “baina ez nekien nola funtzionatzen zuten”. Gauzak horrela, Informatika ikastea erabaki zuen. Informatikari beste zaletasun bat erantsi behar zaio: musika. Txikitatik jotzen du biolina. BertsoBot proiektuaren baitan, musika sortzeko eta sailkatzeko metodoak bakoitza bere aldetik garatu ditu, baina orain konbinatu nahi ditu. Bi metodoen uztarketa aurkeztuko du tesian (orain azken urtean egiten dabil).

Zer ikusten du ibilgailu autonomo batek gidatzen duenean? Eta nola gidatzen du? Galdera horiei erantzuna emateko bideo bat dakargu.

Zoologia, herpetologia

Aranzadi Zientzia Elkartearen azken ikerketen arabera, pinu eta batez ere eukalipto landaketak, uhandreen osasunarentzako eta ugalketarako kaltegarriak dira. Maider Iglesias-Carrasco eta Carlos Cabido herpetologian doktoreen lan-taldeak ondorioztatu dute bizilekuak, hots, putzua kokatua dagoen inguruneak eragin zuzena eduki dezakeela uhandre palmatuen osasunean eta emeak arra aukeratzeko prozesuan. Emaitza bi horiek lotuta daude, gainera. Izan ere, eukalipto landaketetako emeek duten osasun egoera makala dela medio, ez dute energia askorik xahutzen arra aukeratzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #192 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #205

sam, 2018/03/03 - 09:00

Gorputzaren homeostasirako ezinbestekoak dira azalaren funtzioak. Hartzaile nuklear bakar batek berebiziko papera du azalarentzat eta bizitzarentzat. NuRCaMein-ek The skin I live in: the mineralocorticoid receptor.

Historiako garairik onenean ala txarrenean bizi gara? Zeini galdetzen diozun, erantzuna aldatzen da. Momentuz eztabaidan dabiltza. Oso serio, baina, dituen inplikazio soziopolitikoak direla eta. Jesús Zamorak eztabaida hurbiltzen digu: The Enlightenment wars (1): progress or decline?

Miniaturizazio gaitasunagatik du etorkizuna espintronikak eta, horretarako, parte hartzen duten molekulen kimikoki diseinatutako espinaren kontrola oso erabilgarria izango da. Horretan dabil DIPCko jendea: Spin control using chemical design

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #205 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izaro Goienetxea: “Niretzat, naturala izan da informatikan sartzea”

ven, 2018/03/02 - 09:00
Ana Galarraga Duela gutxi aurkeztu ditu Izaro Goienetxea Urkizuk bere orain arteko lanaren emaitzak. BertsoBot robot bertsolariaren proiektuaren barruan plazaratu ditu, baina argi utzi du Goienetxeak bere lanaren helburua ez dela izan robota bertsotan jartzea, baizik eta musika-sorkuntza automatikoko eta musika sailkatzeko metodo bana sortzea.

Horra iristeko egin duen bidea “nahiko naturala” izan dela onartu du Goienetxeak. Izan ere, etxetik datorkio teknologiarekiko zaletasuna; anaiek ordenagailuak zituzten eta haiekin ibiltzea gustatzen omen zitzaion: “Ordenagailuekin jolastea gustatzen zitzaidan, baina ez nekien nola funtzionatzen zuten. Horrek jakin-mina piztu zidan, eta horrek bultzatu ninduen Informatika ikastea”.

Irudia: Izaro Goienetxea informatika-ingeniaria.

Robotak eta zientzia-fikzioa ere gustuko zituen, eta, horrekin batera, bazuen, eta badu, beste zaletasun bat: musika. Hain zuzen, txikitatik jotzen du biolina. Horrenbestez, maite dituen bi munduak, teknologiarena eta musikarena, uztartu ditu bere lanean.

Aurretik, informatika-ikasketak amaitu zituenean, Vicomtech ikerketa-zentroan aritu zen lanean, medikuntza-irudiekin eta aplikazio biomedikoetan. Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra ere egin zuen, eta orduan sortu zitzaion aukera lana egiteko UPV/EHUn Informatika musikala lantzen zituen ikertzaile batekin.

Alde horretatik, zorte ona izan duela iruditzen zaio: “Europako beste leku batzuetan hemen baino garatuagoa dago musika eta teknologia nahasten dituen ikerketa. Bartzelonan egiten da zerbait, baina hemen oso gutxi; beraz, zorionekoa naizela esan dezaket”. Hori bai, aitortu du lanean hasi aurretik zituen aurreikuspenak aldatu egin direla. “Beti gertatzen da, magia galtzen da. Arazoak sortzen dira, gauzak ez dira beti norberak nahi duen bezala ateratzen… Baina oso gustura nabil”.

Doinu berriak eta sailkapenak

Emaitzak ere lortu ditu. Lehenik, musika automatikoki sortzeko metodo bat sortu du. Hasteko, corpus bat behar zuen, eta horretan ere zorte ona izan duela esan du: “Justu proiektua hasten ari nintzela, Euskadi Irratian entzun nuen Joanito Dorronsorok landutako bertso-doinuen corpusa aurkeztu zuela Xenpelarrek. Corpus hori altxor bat da, ez baita erraza horrelako corpus osatu eta eguneratu bat topatzea. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta horrela hasi zen dena”.

Kasualitatea izan zela dio Goienetxeak. Edonola ere, berriro ere bere zaletasunak lanarekin uztartzeko aukera eman zion horrek, bertsozalea ere bada eta. “Gainera, nire osaba baten laguna zen Joanito Dorronsoro. Hortaz, lehendik nuen harremana”. Corpus horretan oinarrituta garatu du doinu berriak automatikoki sortzeko metodoa.

Robotika eta Sistema Autonomoen Taldekoek (RSAIT) ikusi zuten Goienetxearen lana aproposa zela sailkapen-metodo bat sortzeko ere, eta halaxe hasi zen haiekin elkarlanean. Haiekin eta BertsoBot robot bertsolariarekin, hari aplikatzen baitizkiote sortzen dituzten aurrerapenak. Hain zuzen, gizakien eta roboten arteko elkarrekintza hobetzea da RSAITen helburua.

Musika sortzeko eta sailkatzeko metodoak bakoitza bere aldetik garatu ditu, baina orain badu biak konbinatzeko asmoa. Hain zuzen, tesiaren azken urtean dabil, eta bi metodoen uztarketa aurkeztuko du. Etorkizunera begira, gustatuko litzaioke arlo horretan jarraitzea, baina ez ditu baztertzen bestelako aukerak: “Azkenean, datuen analisiko metodoak dira, eta beste arlo batzuetan aplika daitezke. Esaterako, irudi biomedikoekin aritu nintzenean, oso gustura ibili nintzen. Interesgarria bada, berdin zait arloz aldatzea”.

Fitxa biografikoa:

Izaro Goienetxea Urkizu 1985eko abuztuaren 29an jaioa, Lezon, Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen UPV/EHUn, eta, gero, hiru urtez, Vicomtech ikerketa-zentroan lan egin zuen, aplikazio biomedikoen sailean. Aldi berean, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra egin zuen, eta, jarraian, UPV/EHUn lanean hasi zen, Informatika Musikaleko taldean. 2014. urtean, berriz, Ingeniaritza Informatikoko doktoretzako ikasketak hasi zituen, eta laster aurkeztuko du tesia.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Izaro Goienetxea: “Niretzat, naturala izan da informatikan sartzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Parametro biologikoak sortzeko sentsore adimendunak

jeu, 2018/03/01 - 15:00
Mikel Azkune, Garazi Larrakoetxea, Maia Etxebarria eta Leire Ruiz-Rubio Parametro biologikoak neurtzeko sentsore plataforma adimendunak sortzea gainazal‑eraldaketa ikerkuntzaren erronka nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da.

Irudia: Egun, parametro biologikoak neurtzeko sentsore-plataforma adimendunak sortzea da gainazalak eraldatzearen arrazoi nagusienetako bat.

Horrela sentsorea bi atal nagusitan banatua egongo da, bioelementua eta transduktorea. Lehenengoa neurtu nahi den substantzia atxikitzeaz arduratuko da eta bigarrenak atxikiturikoaren neurketa emango digu. Lan honetan lehengo atala jorratuko da gainazal‑eraldaketan eta honen karakterizazioan sakontzen baita. Helburua parametro biologikoak neurtzea eta kuantifikatzea izango denez, osasungintzara bideraturiko sentsoreen diseinua eta eraldaketa prozesuak azalduko dira.

Bioelementuak ordea, substratu baten gainean egingo dira, substratu honek hainbat ezaugarri bete behar dituelarik. Kasu honetan, esparruan oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)n sakontzen da. Material honen historia eta erabilera, sintesia eta ezaugarri nagusiak azaltzen dira. Plexiglas izenarekin saltzen den material hau hainbat eremutan erabiltzen da, oso helburu ezebrdinekin gainera. Eraikuntzan, dekorazioan edo argiztatze sistemetan erabiltzen da baina batez ere gardena eta inertea dela aprobetxatuz, optikako hainbat osagai egiteko erabiltzen da, besteak‑beste polimerozko zuntz optikoak egiteko gehien erabiltzen den polimeroa da.

Bestalde, gainazal‑eraldaketak egiteko modu ezberdinak eta teknika erabilienak azaltzen dira. Teknika hauek burutzerakoan sortzen den arazo nagusia tratamenduaren kuantifikazioa izan ohi denez, hauek karakterizatzeko zenbait teknika deskribatzen dira, teknika hauek espektroskopiko eta ez‑espektroskopikotan banatuaz eta bakoitzak eskaintzen dituen abantailak eta desabantailak agerian utziz erabiltzaileak zenbait kriterio izan ditzan zein teknika izan litekeen egokiena aukeratzerako orduan.

Azkenik, azaldutakoaren adibide esperimentala erakusten da. Poli(metilmetakrilatoa) laginei gainazala eraldatu zaie hidrolisia eta ozonolisia erabiliz eta ondoren silanizazio tratamenduak aplikatu zaizkie. Modifikazio hauek zein gradutan gauzatu diren azaltzeko aurrez azalduriko zenbait karakterizazio teknika azaltzen dira modifikazio teknikak optimizatze aldera, XPS, TBO‑kolorimetria, ukipen angelua eta SEM teknika hain zuzen ere.

Honela, gainazal‑eraldaketak zer diren eta zertarako balio dezaketen erakusteaz gain, poli(metilmetakrilatoa)ren, oso erabilia den substratuaren historia eta erabilerak azaltzen dira berebiziko abantailak eskaintzen baititu. Argumentu hori indartzeko material honen laginen gainazalak eraldatu dira eta zenbait karakterizazio tekniken bidez erakutsi da eraldaketa hauek gertatzen direla eta kuantifikatu daitezkeela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Poli(metilmetakrilatoa)ren gainazal eraldaketa. Sentsore adimendunak.
  • Laburpena: Parametro biologikoak neurtzeko sentsore-plataforma adimendunak sortzea gainazalak eraldatzearen arrazoi nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da. Horrez gain, osasungintzan erabili ahal izateko, biobateragarritasuna ezinbesteko ezaugarria denez, polimerozko sentsoreen erabilpena hazi egingo dela aurresan daiteke. Esparru honetan, oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)ren historia, gaur egun gainazalaren modifikazioak egiteko teknika erabilienak eta horiek eragindako modifikazioa karakterizatzeko moduak azaltzen dira lan honetan. Gainera, poli(metilmetakrilatoa)n eginiko zenbait modifikazio eta emaitza erakusten dira eraldaketen parametroak optimizatu nahian.
  • Egileak: Mikel Azkune, Garazi Larrakoetxea, Maia Etxebarria, Leire Ruiz-Rubio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 67-82
  • DOI: 10.1387/ekaia.16318

—————————————————–
Egileez:

Mikel Azkune, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fotonika Aplikatu Tadean dabil. Garazi larrakoetxea, Maria Etxebarria eta Leire Ruiz-Rubio UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailean dabiltza.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Parametro biologikoak sortzeko sentsore adimendunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Heriotzarako bidaia

jeu, 2018/03/01 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

izokin

Irudia: Arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; gero itsasora joan eta, han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera.

Beste atal batean (Izokinaren lan astunak) aritu izan gara izokinei buruz. Gogora dezagun: arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; gero itsasora joan eta, han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera. Izokin guztiak familia berekoak dira, Salmonidae familiakoak[1] hain zuzen ere, baina desberdintasun nabariak daude izokin espezieen artean.

Oraingo honetan, horietako baten istorioa kontatzera gatoz, sockeye izokinarena hain justu. Oncorhynchus nerka du izen zientifikoa, eta Ipar Amerikako ekialde-kostaldeko hizkuntza baten izenetik (suk-kegh) dator haren izen arrunta (sockeye). Suk-kegh hitzak «arrain gorri» esan nahi du, baina Salish hizkuntzako hitzaren soinua ingelesera egokitzean sockeye sortu da.

Izokinen migrazio-jokabideak desberdinak dira populazioen arabera. Zenbait populaziotakoak, oso gutxi, ez dira inoiz itsasoratzen; bizitza osoa ematen dute aintziretan, eta oso tamaina txikia dute. Gehienak, baina, itsasoratu egiten dira. Sockeye espezieko izokinak ibaietan edo aintziretan jaio daitezke, baina ibaietan jaiotzen diren gehienak, ahal badute, ibaiaren sistema hidrologiko bereko aintzira batean gelditzen dira gaztaro gehienean zehar. Urtebete, bi urte edo hiru egon daitezke aintziran itsasora joan aurretik, baina aintzira batean gaztaroa igarotzeko aukerarik ez dutenak lehenago itsasoratzen dira.

Ezaguna denez, arrain anadromoak gizentzera joaten dira itsasora. Zooplanktona da sockeye izokinaren janari-iturri nagusia. Urtebete eta lau urteren artean egoten dira itsasoan, gizendu eta sexu-heldutasunera iritsi arte. Orduan hasten da ibairako itzulera-bidaia, naturan den gertaerarik harrigarrienetako bat, bidaia osoan zehar ez baitute ezer ere jango.

Bidaia oso luzea izan daiteke; zenbait izokinentzat milaka kilometrokoa. Bada, bidaia hasten den unean jateari utzi eta baraurik egongo dira, hilabete batzuk igaro ondoren hil arte. Itzulera-bidaia hasi aurretik, behar izango dituzten erreserba-gaiak metatuak dituzte euren ehunetan eta gametoak ere sortuta daude. Ez dute, beraz, gehiagorik behar.

Lehenago pilaturiko erreserbak gastatuz doaz bidaian zehar, igeriketa-jardueraren beharrak asebetetzeko. Hasieran, lipidoak erabiltzen dituzte. Gero, lipidoak bukatzen direnean, proteinak katabolizatzen dituzte. Harrigarria bada ere, glukogenoa ―beste ornodun gehienek lehenago erabiltzen duten erreserba-gaia― azken ordurako uzten dute. Egia esan, ur-jauziak gainditu behar dituztenean eta horretarako salto handiak egin, orduan bai erabiltzen dute glukogenoa, baina horrela ere ez dute dena gastatzen. Bidaia bukatu ondoren egin behar duten azkenaurreko jarduerarako gorde behar dute glukogeno gehiena. Errunaldirako energia asko behar dute sockeye izokinek, mugimendu azkar eta indartsuak egin behar baitituzte gametoak askatzeko, eta ernalketaren ondoren legarrez estaltzeko. Hori egindakoan, beste bi edo hiru aste irauten dute bizirik, habia zaintzen emeak eta beste emeen arrautzak ernaltzen saiatzen arrak. Gero, hil egiten dira.

[1] Amuarrainak familia berekoak dira.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Heriotzarako bidaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bonobo eta txinpantzeen komunikazio-keinuak, esanahi bereko hizkera

mer, 2018/02/28 - 09:00
Juanma Gallego Bonoboek dituzten komunikazio keinuen inguruko datu-basea osatu dute ikertzaileek. Animalien portaera behatuta, keinu gehienak txinpantzeek erabiltzen dituztenekin bat datozela konturatu dira.

Filosofo, antropologo, etologo eta hizkuntzalari askoren jomugan daude tximinoak. Ez da harritzekoa. Gizakiaren eta gainerako primateen arteko desberdintasunean sakontzea gizakia bera definitzeko bidea izan daitekeelako. Nortzuk gara, nondik gatoz eta nora goaz galdera filosofiko klasiko hiru horietatik, hasierako biei erantzun bat topatzeko ahalegina dago, noski, ikerketa horien oinarrian.

Bereziki, tximinoen pentsamendua eta komunikazioa daude ikerketa askoren oinarrian, kontzeptu horiek gizakiaren portaerarekin alderatu ahal izateko. Izan ere, zerbait egitekotan, gizakiak komunikatu egiten du. Bi kontzeptuek lotura zuzena dute, baina, ohi bezala, hizkuntzalarien arteko adostasunik ez dago. Noam Chomsky eta beste hainbat hizkuntzalariren iritziz, lengoaiaren funtzio nagusia pentsamendua ahalbidetzea da. Ray Jackendoff eta beste hainbaten ustez, berriz, espezie bereko kideen arteko komunikazioa da lengoaiaren berezko funtzioa.

1. irudia: Tximinoek erabiltzen dituzten keinuak biltzen dituen “hiztegia” biltzen ari dira St Andrewsko Unibertsitatean. (Argazkia: Catherine Hobaiter)

El sello indelebe liburuan Juan Luis Arsuaga eta Manuel Martín Loeches egileak planteamendu bateragarri baten alde azaltzen dira. “Esan genezake lengoaia agian ez dela ezinbestekoa pentsatzeko, baina lengoaiarik gabe gure pentsamendua ez litzateke berdina izango. Bere aurreneko erabilera agian ez zen pentsatzea, komunikatzea baizik. Baina badirudi azken funtzio hau betetzeak hasierako funtzioa modu nabarmenean hobetu duela”.

Bi egile hauen iritziz, komunikazioari dagokionean, gizakiok sinboloak erabiltzeko dugun gaitasunean oinarritzen da tximino baten eta gizaki baten arteko alde komunikatiboa. Hitzak sinbolo bilakatzen diren heinean, une honetan bertan eskura ez dagoen zerbaiti buruz ari gara. Sinbolismo horren arabera eratu dira gizarteak. Besteak beste, denboran aurrera eta atzera egiteko bidea ematen dute sinboloek, eta hau gizakiari baino ez dagokio. Yubal Noah Harari historialariak kontua ederki laburbildu zuen esaldi sinple batean. “Inoiz ezin izango dugu konbentzitu txinpantze bat guri platano bat emateko, hil ondoren, tximinoen zeruan nahi dituen haina platano izango dituen promesarekin”.

Hiztegi “batua”

Eztabaida honetan aurrera egiteko, aste honetan PLOS Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean datu berriak aurkeztu dituzte. Bonoboek (Pan paniscus) egiten dituzten keinuei buruzko datu-basea osatu dute, eta 2014an aurkeztu zuten txinpantzeen (Pan troglodytes) keinuen beste datu-base batekin alderatu dituzte datuak. Ikerketa St Andrewseko Unibertsitateak (Erresuma Batua) gidatutako “Tximino Handien Hiztegia” izeneko egitasmoaren baitan kokatuta dago.

Tximino handiek erabiltzen duten imintzioen errepertorioa keinuen forma fisikora mugatu direla diote egileek, keinu horien esanahia kontuan hartu gabe. Esanahi horiek argitzea izan dute jomuga ikertzaileek. Izan ere, animalien komunikazioaren alorrean eztabaida mantentzen da: animalien seinaleek “esanahiak” dituzte, ala “funtzioak” baino ez dituzte betetzen? Funtzioak ezagunak dira: predatzaile baten inguruko abisuak ematea edo janaria non dagoen erakustea, esaterako.

2. irudia: Keinu eta esanahi batzuk. Hasierako biak berdinak dira bi espezietan. Hirugarrena, berriz, polisemikoa eta desberdina da espezie bakoitzean. (Ilustrazioa: St Andrews University/moldatua)

“Esanahi” bat dagoela esateko, ordea, ezinbestean mezua bidaltzen duenak berariaz jarrera aldaketa bat eragin nahi du mezua jasotzen duen animaliarengan. Keinu batek komunikatzeko intentzionalitatea ote duen zehazteko “Antza asegarria den emaitza” (Apparently Satisfactory Outcome) izeneko parametroa erabili dute. Ikerketa artikuluan azaldu dute kontzeptua: “Horrek islatzen du nola erreakzionatzen duen keinua jaso duenak, eta erreakzioak mezua bidali duena asebetetzen ote duen. Mezua zabaldu duenak asebetetze hori erakusten du keinu gehiago egiteari utzita”.

Ikerketa honen egileentzat, beraz, intentzionalitatea argi dago. “Gizakiak ez diren animalia gehienak ez bezala, ebidentziak erakusten du tximino handiek lehen mailako komunikazio intentzionalean parte hartzen dutela: tximino handiek haien keinuak jasotzaile zehatz bati bideratzen dizkiote, jasotzailearen arreta egoera zein den konprobatzen dute, eta horren arabera egokiak diren keinuak aukeratzen dituzte”. Egileen ustez, irizpide hauek frogatzen dute berez tximinoek helburu zehatz bat buruan dutela, eta keinuak darabiltzatela helburu hori lortzeko.

Bi espezieek duela miloi bat urte banandu ziren. Ezaugarri anatomiko komunak dituzte, eta antzeko ingurunetan bizi dira. Halere, oro har, izaera arras desberdina dute bi espezieek. Txinpantzeak indarkeriara jotzeko joera handiagoa dute (txinpantzeen arteko benetako “gerrak” deskribatu izan dira), bonoboen “izaera” askoz lasaiagoa den bitartean. Hauen artean, sexu harremanek protagonismo berezia daukate. Behin baino gehiagotan aipatu izan da bazkalostean telebistan ematen dituzten dokumentaletan ezin direla bonoboak agertu, haur ordutegiaren arauak urratuko liratekeelakoan.

Txinpantzeen inguruko datuak, 2007tik 2009ra eskuratu dituzte, Budongoko parkean (Uganda). 260 egunez 81 txinpantzez osatutako talde bati jarraipena egin zioten. Bonoboei buruzko datuei dagokienez, 2014an eta 2015ean, 204 egunez jarraipena egin zieten Kongoko Errepublika Demokratikoko Wamba eskualdeko bi bonobo komunitateri, -guztira 63 animalia ziren jarraipena hasi zen egunean-. Animalien hartu-emanak bideoz grabatu dituzte, eta, portaera guztiak kodetu ostean, datu-base batean sartu dituzte. Ausazko patroiekin ere nahastu dituzte datuak, konparaketan egon litezkeen kasualitateak alboratu ahal izateko. Horrela, bi espezieek egiten dituzten keinuen %88-%96 esanahian bat datozela kalkulatu dute ikertzaileek.

Bonobonoen kasuan, guztira 4.256 keinu-egoera atzeman dituzte. Horietatik, 2.463 keinuk emaitza asegarria izan zuten. Jolasari lotutako 231 keinu-egoerak kenduta, txinpantzeen inguruko beste datu-basearekin alderatzeko moduko 1.896 keinu-egoera konparatu ahal izan dituzte. Guztira 33 keinu mota eta 14 emaitza asegarri identifikatu dituzte: objektua edo janaria hartu, igo nire gainean, zure gainean igoko naiz, kontaktuan jarri, jarrai nazazu, hasi garbiketa (iletik bizkarroiak kentzeko tximinoek egin ohi duten egintza ezaguna), estal nazazu, hurbildu, aldatu lekuz, hasi kopula, igurtzi genitalak, bidaiatu nirekin, urrundu zaitez, eta utzi hori egiteari.

Emaitzak oso argigarriak dira. Bonoboen artean, 33 keinuetatik 17k emaitza asegarri bakarra dute, seik bi emaitza izan ditzakete eta gainerako hamarrek anbiguoagoak dira. Lehen aipatu bezala, keinu eta esanahi hauetako asko berdinak dira bi espezietan: adibidez, goazen elkarri garbitzera edo igo zaitez nire gainean, berdin “esaten” dute bi espezieek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Graham K.E. et al. Bonobo and chimpanzee gestures overlap extensively in meaning. PLOS Biology 16(2):e2004825. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2004825

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bonobo eta txinpantzeen komunikazio-keinuak, esanahi bereko hizkera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Popeyeren akatsa

mar, 2018/02/27 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio 1929an Elzie Crisler Segar komikigileak eginbehar berezi bat jaso zuen: Estatu Batuetako espinaka ekoizleek barazki horren kontsumoa sustatzeko komiki bat sortzea eskatu zioten. Komikiaren protagonista hain ezaguna den Popeye marinela zen eta barazkien kontsumoa handitzea zen komikiaren helburuetako bat. Garai hartan espinaken kontsumoa nabarmenki hazi zen -%30 inguru- eta sarritan entzun izan da espinakek burdin eduki altua dutela beste barazki edota elikagaien aldean. Alabaina, espinaken eta Popeyeren ingurua entzuten eta irakurtzen diren kontuak ez dira zuzenak, askotan errepikatu badira ere.

1. irudia: Popeyeren irudia Bigarren Mundu Gerra garaiko kartel batean. (Argazkia: U.S. National Archives and Records Administration – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)

Organismoak burdin gabezia duenean anemia sufritzeko arriskua dago. Burdina behar-beharrezkoa da hemoglobinak bere funtzioa oxigenoa zeluletaraino garraiatzea bete ahal izan dezan. Baina ez hori bakarrik. Burdinak ere garrantzi ordezkaezina du DNAren sintesi-prozesuan, erradikal askeen suntsipenean eta garunaren garapenean, besteak beste. Guzti horretarako, dietaren bidez burdina kontsumitu behar dugu eta hainbat elikagairen bidez lor dezakezu burdina preziatu hori. Espinakak ere burdina du, bai, baina uste zena baino askoz ere gutxiago: 27 mg/kg, hain zuzen ere. Elikagai asko daude espinakek baino burdina gehiago dutenak, esaterako, curryak 295 mg/kg ditu, oilasko gibelak 120 mg/kg, mertxikak 41 mg/kg eta dilistak 33 mg/kg. Egun ezagutzen denez, gainera, espinakak azido oxaliko asko dauka -600 mg/kg, gutxi gorabehera- eta horren ondorioz, espinakak duen burdinaren %5 bakarrik asimilatzen dugu. Dilisten kasuan ere antzekoa gertatzen da azido oxaliko edukiaren kausaz eta, hortaz, barazki horiek ez dira burdina iturri egokienak. Berberetxoak -260 mg/kg burdina- eta odolkiak -300 mg/kg-, esaterako, burdin ekarpen handiagoa egiten dute.

2. irudia: Espinaken burdin edukia ez da bereziki altua, badira beste elikagai asko burdin gehiago dutenak. (Argazkia: kkolosov – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Nondik dator orduan espinakek burdin asko dutela pentsatzearen ustea? Antza, akats tipografiko baten erruz izan zen hau; izan ere, 1870eko zientzia-argitalpen batean espinakaren burdin-edukiaren zifrari dezimalen koma jartzea ahaztu zitzaien. Komarik gabe, espinakak hamar aldiz burdina gehiago zeukala zirudien. Zientzialariek 1981ean izan zuten akats horren berri eta konturatu ziren espinakaren burdin edukia ez zela horren altua. Akatsa konponduta, gainera, espinakak ez dira barazki gomendagarrienak haurrentzat; izan ere, nitrato eduki handi samarra dute. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA), esaterako, ez du gomendatzen 1 eta 3 urte bitarteko haurrek astean behin baino gehiagotan espinakak jatea.

Akatsik ez al zen egon?

Popeye eta burdinaren akatsak zenbait eztabaida ere eragin ditu eta, zenbait adituk diotenez, burdinaren dezimalaren akatsa ez zen inoiz gertatu. Antza 1981ean zabaltzen hasi zen burdinaren edukian gertatutako akats tipografikoaren kontua, baina, inoiz ez da frogatu argitalpen hori existitu denik. L. Kovács eta haren lankideek egindako ikerketen arabera, ustezko dokumentu horren existentzia ez da inoiz frogatu ahal izan eta, hortaz, espinakek burdin eduki txikia dutela egia da, jakina, baina, Popeyek ez ditu espinakak jaten haien burdin edukiarengatik. Hain zuzen ere, ikertu zutenaren arabera 1870eko artikulu hori ez da inoiz existitu eta akats tipografiko horren ebidentziarik ezin izan dute jaso. Egia da sarean hainbat lekutan irakur daitekeela kontu horren berri, baina, litekeena da egia ez izatea. Gainera, jakina da Popeye protagonista den komikian inoiz ez dela aipatzen espinakek burdina asko dutenik eta, izatez, A bitamina edukiaren ondorioz aukeratu zuten espinaka izatea Popeyeri indarra ematen dion barazkia.

Honek hausnarketa garrantzitsu batera eraman behar gaitu; izan ere, Popeyeren espinaken kasuan praxi zientifiko desegokiaren adibide argia dugu. Gezur bat azaleratzeko ebidentzia zientifikorik ez erabiltzea, alegia, espinakek burdin eduki baxua dutela baieztatzeko existitzen ez den argitalpen bati erreferentzia egitea eta bibliografia aztertu gabe mezu desegokiak zabaltzea. Informazio desegokia zabaltzea bezain larria da ebidentzia zientifiko okerrekin mito horiei aurre egitea, edo zientziaren izen ona erabiltzea gustukoa ez den ideia bati aurre egiteko. Polita zen Popeyeren eta espinaken akatsa dezimal baten koma ahazteagatik izan zela esatea, baina, hori horrela denik ezin da frogatu.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Popeyeren akatsa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bihotz-biriketako bizkortze eraginkorrerako algoritmoa

lun, 2018/02/26 - 09:00
Algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin.

Irudia: ihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izaten laguntzen duen algoritmo bat garatu dute UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileek AEBko Oregon Health & Science University (OHSU) unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean.

Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazikoak zein sakonerarekin eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmoak. Bihotz-birikak gelditzen diren kasu errealetan jasotako azelerazio-seinaleekin algoritmoa baliozkoa dela bermatzen du.

Bihotz-birikak gelditzean bi ekintza dira ezinbestekoak pazienteen biziraupenerako: bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibrilazioa. Pazientearen bularraldea erritmikoki sakatzean datza BBBa, gutxieneko odol jarioa mantentzeko eta bizitzeko ezinbestekoak diren organoak (bihotza eta garuna) ez kaltetzeko. Desfribilazioan, berriz, deskarga elektrikoa aplikatzean datza, arritmia leheneratzeko.

Bihotz-biriketako bizkortzea ongi egitea ez da erraza, ezta entrenatuta dauden adituentzat ere. Izan ere, bularraldea maiztasun eta sakonera jakin batekin sakatu behar da (100-120 konpresio minutuko eta 5 eta 6 cm artean). Konpresioen kalitateak zerikusi zuzena du pazienteen biziraupenarekin . Horrenbestez, bihotz-biriketako berpiztearen kalitatea denbora errealean monitorizatzen duten feedback sistemak gomendatzen dituzte suspertze-gidek.

Bularreko azelerazioan oinarrituta, gomendatutako konpresioen sakonera eta maiztasuna kalkulatzen duen algoritmo berria garatu dute UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileek. Gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen da gaixoari egiten ari zaizkion konpresioen sakonera eta maiztasuna eta, beraz, behar izanez gero, zuzendu daiteke kalitatezko BBBa egiteko.

Algoritmoak oso modu zehatzean kalkulatzen ditu konpresioen maiztasuna eta sakonera egiazko bihotz-biriken gelditzea izan duten gaixoen kasuan neurtutako azelerazio-seinaleak aztertuta.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Algoritmo berri bat garatu dute bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin.

Erreferentzia bibliografikoa:

González-Otero DM, Ruiz JM, Ruiz de Gauna S, Gutiérrez JJ, Daya M, et al. (2018), Monitoring chest compression quality during cardiopulmonary resuscitation: Proof-of-concept of a single accelerometer-based feedback algorithm. PLOS ONE 13(2): e0192810. DOI: 10.1371/journal.pone.0192810

The post Bihotz-biriketako bizkortze eraginkorrerako algoritmoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #191

dim, 2018/02/25 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Aurora taupakarien sorreraren mekanismoa argitzea lortu dute zientzialariek. Nola sortzen dira argi ikusgarriak? Testuan azaltzen zaigu: Eguzki haizeak bidalitako partikulak Lurraren eremu magnetikoaren poderioz planetara inguratzen dira, eta “autobide” magnetiko horren bitartez atmosferara heltzen dira. Bertan dauden molekulen aurka jotzen dutenean sortzen dira. Aurora horiek, baina, ez dira mota bakarrekoak. Taupakariak, esaterako, poloen inguruan izan ohi den fenomeno ezagunaren aldaera bereziak dira. Ohiko aurorekin alderatuta, taupakariek aldizkako taupadak marrazten dituzte zeruan. Japoniako, Taiwango eta Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek lehenengo aldiz aurora horiek nola sortzen diren deskribatu ahal izan dute: eremu magnetikoan dauden elektroien eta eguzkitik datorren plasma uhinen arteko elkarrekintzaz abiatzen da fenomenoa, magnetosferan.

Eguzki ekaitzen sorreraren atzean dauden mekanismoak argitu dituzte heliofisikariek. Funtsean, eguzkiaren eremu magnetikoaren bat-bateko berrantolaketa bat izaten denean sortzen dira eguzki ekaitzak. Artikuluaren egileek azaldu dutenez, garatu duten ereduari esker, hemendik aurrera aukera egongo da eguzkiaren eremu jakin batean askatu ahal izango den gehienezko energia potentziala kalkulatzeko. Espazioan diren behatokiei esker, uhin luzera guztietan eguzkia aztertzeko aukera dago.

Biologia

Eskonbridoen artean tunidoak dira fisikoki ahaltsuenak. Gainerakoekin konparatuz gero, atunen giharreria eta gainerako eskonbridoena ez da oso desberdina. Dena dela, muskuluen metabolismoari buruz ariko bagina, tunidoek erakusten duten ezaugarri bat oso berezia da gainerakoekin konparatuz gero. Testuan azaltzen digute ezaugarri bereizgarri hori ez dela metabolikoa, fisiologikoa baizik; “hau da, ez dagokio zelulen organuluen funtzionamenduari, sistemaren funtzionamenduari baino”. Zein da giltzarria orduan? Gihar gorrien tenperatura inguruko itsas urarena baino 10 °C altuago mantentzen dutela tunidoek. Horren kariaz, beste eskonbrido guztiek baino jarduera-maila altuagoa garatu dezakete. Gihar-jarduerak sortzen duen beroa gordetzeko edo ez galtzeko ahalmena dute.

Sustatuk Current Biology aldizkarian argitaratuko ikerketa bat dakargu. Azaldu dutenez, 1999-2015 bitartean munduko orangutanen erdia desagertu da. Guztira 100.000 orangutan gutxiago daude munduan XXI. mendea hasi denetik. Datozen 20 urteotan egoerak ez du hobera egingo: oraingoen erdia desagertuko da. Desagertu diren gehienak gizakiak hil ditu. Halere, palma-olio landaketak ere arazo dira. Azken bi hamarkadetan Indonesiako basoen zati handia desagertu da palma-olio landaketak ezartzeko.

Emakumeak zientzian, klima-aldaketa

Uxua Lopez telekomunikaziotako ingeniaria da eta espedizio batean dabil orain Antartikan, 80 emakume zientzialarirekin batera. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Bigarrena, klima-aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea. Uxuak duela bi urte ziber-segurtasun graduondoa egin zuen eta industriarako kontrol sistemak kudeatzea da bere espezialitatea. Antartikako espedizioari dagokionez, azaltzen du urtero 80 emakume aukeratzen dituztela STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) alorrekoak. Klima-aldaketari buruz, tartean, honakoa dio: “Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke. Itsas mailaren igoera kezkagarria gertatzen ari da, itsas eta haize korronteak desberdinak dira, itsas ekosistemak aldatzen dira eta denok pairatzen ditugu ondorioak”.

Informatika, matematika

Wikipediako artikuluak idazten irakatsi nahi diote robot bati. Algoritmo bat garatzen ari dira Google Brain egitasmoaren barruan. Wikipediako hainbat artikulu aztertu, eta behin eta berriz errepikatzen diren egiturak berridazteko gaitasuna garatu nahi dute. Hau da, robot horri erreferentziakoak diren testuak ematea eta hura gai izatea eduki hori laburbiltzeko. Lortu diren emaitzak ez dira txarrak. Jakin nahi duzu nola “ikasten” duen robotak? Jo ezazue Adimen Artifiziala erabiliz Wikipediako artikuluak idazten irakatsi nahi diote robot bati artikulura!

Ingeniaritza, energia berriztagarriak

Egunaren eta gauaren arteko tenperatura-aldea baliatuta elektrizitatea sortzen duen sistema berritzaile bat aurkeztu dute Massachusetts Teknologia Institutuko ikertzaileek (MIT). Nahikoa da 10 ºC-ko aldea eta ez du zertan aldi berean izan, ez du bateriarik behar ezta eguzkia ere. Horrelako sistema bat egiteko, beroa ondo garraiatu eta ondo metatzen duen material bat behar zuten. Arazoa da garraiatzaile onak ez dutela ondo metatzen, eta alderantziz. Azkenean, hiru material elkartu dituzte: kobrezko edo zinkezko metal-apar bat, grafeno-geruza batean bilduta, eta oktadekano izeneko argizari batean sartuta.

Kimika

MOF polimero metal-organikoak porotsuak dira eta ezaugarri hori da iraultza sorrarazi duena material porotsuen munduan. Porositate itzelak (bolumen hutsak: % 90 arte) eta ikaragarrizko barne-azalerak (gaur egungo marka 7000 m2/g-tan kokatzen da) dauzkaten konposatu kristalinoak dira. Hain zuzen ere, MOF-ak estekatzaileen eta nodoen arteko loturen (koordinazio-loturen) ondorioz eratzen diren egitura molekularrak dira. Bere natura hibridoak propietate anitzak jorratzeko aukera ematen die; hidrogeno eta metano gasen biltegi molekular gisa erabil daitezke, hala nola gas kutsatzaileen adsorbatzaile selektibo gisa, esaterako. MOF konposatuek dituzten propietate anitzak direla eta, haien gaineko ikerkuntzak etorkizuneko material adimendunekiko begirada islatzen du.

Medikuntza

Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak artikuluan minbiziaren ezaugarri orokorrak deskribatu dituzte. Minbizi-zelulek mugarik gabe erreplikatzeko gaitasuna eskuratzen dute eta hilezinak bilakatzen dira. Horrez gain ehunak inbaditu eta metastasia aktibatzeko gaitasuna dute. Horrek guztiak energia eskatzen du, jakina. Horrela, beharrizan horiek asetzeko, angiogenesia sustatzeaz gain, metabolismo energetikoa birprogramatzen dute tumore-zelulek. Bada, tumore batean bakarrik dira protagonistak minbizi-zelulak? Tumorearen mikroinguruan hainbat zelula ezberdin daude eta tumore-zelulekin izandako elkarrekintzak nabarmen baldintzatzen du minbiziaren bilakaera. Horregatik abiatu dira azken urteotan tumorearen mikroinguruaren ikerketa andana bat.

Paleontologia, paleoantropologia, eboluzioa

Penintsulako hiru kobazulotan –La Pasiega (Kantabria), Matravieso (Cáceres) eta Ardales (Málaga) – dauden horma-irudiak Neandertalek egindakoak direla frogatu dute. Hain zuzen ere, Europan ezagutzen diren horma-irudi zaharrenak gizaki modernoa Afrikatik Europara iritsi baino 20.000 urte lehenagokoak edo are zaharragoak direla frogatu dute nazioarteko ikertzaileek. Gorriz eta beltzez margotutako animaliak, zeinu klabiformeak, puntuak, eskuen negatiboak… Irudi horien gaineko karbonato-geruza datatuta jakin dute gutxienez 64.800 urte dituztela. Horretaz gain, beste ikerketa batean, Cueva de los Aviones eta Cueva Antón (Murcia) haitzuloetako maskorrak ere aztertu dituzte. Ikerketak erakutsi du zaharrenek 115.000 urte dituztela. Hauek ere neandertalek egin zituzten. Azkenik, La Ferrasie-1 (Dordoina) kobazuloan, neandertal hezurduratik informazio berria jaso du nazioarteko talde batek, UPV/EHUko Asier Gomez-Olivenciak gidatzen duena. 1901ean aurkitu zuten hezurdura eta 40.000-54.000 urte inguru ditu. Ia osorik dagoenez, oso baliagarria izan da neandertalak ezagutzeko.

Aurkitutako munduko artelanik zaharrenei buruz aritu dira Sutatu agerkari digitalean. Aurkikuntzaren ondorioak oso sakonak dira. Ikertzaileek uste dute duela 80.000 urte lurrean zeuden 5 espezieak (Homo sapiens, Homo neanderthalensis, Homo floresiensis, Homo erectus eta denisovako gizakia) espezie berbera zirela.

Psikologia

Familiako giro emozionala kalitatekoa izatea beharrezkoa da lehen haurtzaroko garapen kognitiboan eragina duelako. Hori ondorioztatu du ikerketa batek. Bi urteko haurren familia ingurunearen kalitatea eta faktore soziodemografikoak ebaluatu ditu ikerketa honek eta aztertu du nola eragiten duten garapen kognitiboan lau urte dituztenean.Lortutako emaitzek agerian utzi dute gurasoen eta seme-alaben artean kalitate handiko elkarrekintza sozioemozionala duten familiak direla aldi berean garapen kognitibo eta linguistikoa estimulatzeko gaitasun handiena dutenak. Lortutako emaitzak gidari izan daitezke haurren garapen kognitiboaren sustapena sendotzen duten hazkuntza-programak sortzeko.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #191 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #204

sam, 2018/02/24 - 09:00

Zentzurik du eskola txekeen erabilerak eta gurasoak erakartzeko eskolek haien artean lehiatzea? José Luis Ferreirak analizatzen du: School vouchers

Pertsona baten aurpegia beste batean bilakatzen diren gifak oso popularrak dira. Posible egiten duten matematikak, triangeluetan oinarrituta, ez horrenbeste. David Orden Triangulations and face morphing artikuluan.

Gasen eta gainazal metalikoen interakzioen ikerketak berebiziko garrantzia du ikuspuntu zientifiko eta industrialetik. DIPCko jendeak berrikuspena egin du xehetasunik txikiena era kontuan izateko Non-adiabatic effects in gas-surface interactions artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #204 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Arantxa Bodego: “Euskokantauriar arroko rifta duela 250 milioi urte inguru sortu zen” #Zientzialari (89)

ven, 2018/02/23 - 09:00

Riftak plaken tektonikaren ondorioz sortzen diren arro sedimentarioak dira. Jarduera sismiko eta bolkaniko handia duten sakonune hauei esker lurrazalean gertatzen diren hedapen eta mugimenduen inguruko informazioa lor daiteke.

Gaur egun Euskokantauriar arroan eta Bizkaiko Golkoan azaleratzen diren arroka asko duela 250 milioi urte sortutakoak dira. Arroka hauek, sedimentarioak gehienak, Iberiar plaka Europar plakatik urruntzean metatutakoak dira, bi plaken artean sortu zen rift ingurune batean.

Euskal orografia eta geologia sakonean ikertzeko grinak Europar eta Iberiar plaken arteko mugimendu erlatiboa azaltzeko zenbait modelo argitaratzea ekarri du. Eredu zientifiko horiek askotan eraldatzen dira ezagutza zehatzago bat lortzeko helburuarekin.

Rift sistemen inguruan sakontzeko UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Arantxa Bodego irakaslearekin izan gara. Rift inguruneen eta Euskokantauriar arroko rift sistemaren ezaugarriak azaltzen dizkigu Bodego geologoak bideo honetan.

‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Arantxa Bodego: “Euskokantauriar arroko rifta duela 250 milioi urte inguru sortu zen” #Zientzialari (89) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Funtzio anitzeko polimero metal-organiko porotsuak (MOF): etorkizuneko material adimendunei begira

jeu, 2018/02/22 - 15:00
Javier Cepeda, Sonia Pérez-Yáñez

MOF (ingelesez Metal-Organic Frameworks) deritzen polimero metal-organikoek, azken bi hamarkadetan, material porotsuen munduan iraultza sorrarazi dute. Porositate itzelak (bolumen hutsak: % 90 arte) eta ikaragarrizko barne-azalerak (gaur egungo marka 7000 m2/g-tan kokatzen da) dauzkaten konposatu kristalinoak dira. Hain zuzen ere, MOF-ak estekatzaileen eta nodoen arteko loturen (koordinazio-loturen) ondorioz eratzen diren egitura molekularrak dira. Estekatzaileak atomo emaileak dituzten molekula organikoak dira, eta nodoak ioi metaliko edo kluster metalikoak. Egituraren barruan eratutako poroak molekula ostalariak harrapatzeko, eta kasu batzuetan, erreakzio kimikoetan parte hartzeko oso egokiak dira.

Bere natura hibridoak propietate anitzak jorratzeko aukera ematen die, porositatearekin erlazionatuta daudenez gain (gasen bilketa eta banaketa) katalizatzaile heterogeneo, sentsore magnetiko edota lumineszente bezala jokatzekoak ere bermatuz. Halaber, energia berriztagarrien arloari begira, hidrogeno eta metano gasen biltegi molekular gisa erabil daitezke, hala nola gas kutsatzaileen adsorbatzaile selektibo gisa.

Gainera, material hauek beste material porotsuekin (zeolitak, karboi aktiboak) konparatuta abantaila nagusia daukate: beraien egitura zehaztasun osoz diseinatzeko erraztasuna. Izan ere, gaur egun material hauen 20.000 ale baino gehiago ezagutzen dira. Bereziki, egitura hauek topologia anitzetan sailka daitezke, eta asko naturan sorturiko mineraletan oinarrituta daude. Era horretan, propietate eta funtzio zehatzak dituzten egiturak diseinatzea ahalbidetzen dute konposatu hauek, eta materialak ikertzen dituzten zientzialarien ametsari edo xedeari eusten diete.

Hasiera batean, MOF-ak ahulegiak zirelako sinesmena hedatu zen zientzia mailan, maiz, aurretik harrapatutako molekulak askatzean egitura orokorra suntsitzen baitzen. Horregatik, zientzialari batzuen ustez, produktu hauek inoiz ez zuketen erakutsiko zeolitek industria mailan iragazteko eta katalizatzeko erakusten duten ahalmena. Hala ere, urte batzuk geroago, eta milaka laborategietan gauzatu den lanaren ondorioz, MOF materialak aplikazio komertzialetan debuta egin dute, eta zientzialari horien ustea suntsitu dute.

Bere aplikazioei esker, hainbat kimika-enpresek, BASF multinazionala barne, material hauek jadanik merkaturatu dituzte. Horregatik, diseinatu beharreko material berrien propietateak hobetzeaz gain, merkeak eta ingurumena zaintzen duten sintesi-bide berriak aurkitzea ere helburu nagusia bihurtu da.

Material hauen izenetan unibertsitate edo laborategi bakoitzak bere zigilua utzi dezake. Orain arte ospetsuenen artean MIL-101 (Materials of Institut Lavoisier), HKUST-1 (Hong Kong University of Science and Technology), UiO-66 (Universitetet i Oslo), eta NU-110E (Northwestern University) aipa ditzakegu, besteak beste. EHU izena daukan batek ere argia ikusi du. Betiko iraungo duen zigilua… Lortuko al dugu kopurua handitzea? Gure ahaleginak horretan dabiltza. MOF konposatu berriak lortu nahi ditugu, gasen bilketan eta banaketan erabilgarriak direnak, baina propietate magnetikoak eta lumineszenteak erakusten dutenak ere. Prozedura merke eta jasangarrian bada, are hobeto.

MOF konposatuek dituzten propietate anitzak hainbat aplikazioetan arrastoa utzi dezaketela kontutan hartuz, haien gaineko ikerkuntzak etorkizuneko material adimendunekiko begirada islatzen du.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Funtzio anitzeko polimero metal-organiko porotsuak (MOF): etorkizuneko material adimendunei begira.
  • Laburpena: MOF deritzen polimero metal-organikoak ioi metalikoz eta estekatzaile organikoz osatutako koordinazio-sare porotsuak dira. Azken urteotan beste material porotsuen artean gailentzen ari dira. Bere natura hibridoak propietate anitzak jorratzeko aukera ematen die, porositatearekin erlazionatuta daudenez gain (gasen bilketa eta banaketa) katalisia, sentsore magnetiko edota lumineszente bezala jokatzekoak ere bermatuz. Material hauek egitura eta funtzionalitatea aldatzeko erraztasun handia dutenez, aldi berean ikatz aktibatuaren eta zeoliten barne-azaleren mugak gainditzen dituzte. Hori dela eta, MOFen arloak garapen sakona sustatu du eta kimikaren barnean hazkunde azkarrenetariko esparrua izatea lortu du.
  • Egileak: Javier Cepeda, Sonia Pérez-Yáñez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 105-116
  • DOI: 10.1387/ekaia.16220

—————————————————–
Egileez:

Javier Cepeda, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Sailean eta Kimika aplikatua Sailean dabil eta Sonia Pérez-Yáñez Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoa da.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Funtzio anitzeko polimero metal-organiko porotsuak (MOF): etorkizuneko material adimendunei begira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Atunen berogailua

jeu, 2018/02/22 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Eskonbridoak etengabe igeri egiteko ahalmen handiena duten arrain teleosteoak dira. Beste zenbaiten artean, atunak eta berdelak dira talde horretako kideak. Iraupen laburreko ahalegin handiak egiteko gai dira, giharreria zuri[1] indartsuari esker. Baina beste teleosteoekin erkatzen baditugu, haien gihar gorriak[2] ere oso ahaltsuak dira. Gihar gorriei esker egin dezakete igeri horren distantzia luzeetan.

Eskonbridoen artean tunidoak dira, alde handiarekin gainera, fisikoki ahaltsuenak. Igerilari apartak, oso distantzia luzeak egiten dituzte lastertasun handiz. Harrigarria bada ere, atunen giharreria eta gainerako eskonbridoena ez da oso desberdina. Izan ere, ezin liteke alde handiegirik izan eskonbrido desberdinen gihar-ahalmenen artean. Adituen iritziz arrain multzo horren giharren ezaugarri metabolikoak nekez hobetu litezke, oso egokiak baitira lan handia eta eraginkorra garatzeko. Kasik ez dago, beraz, hobetzeko tarterik. Baina muskuluen metabolismoari dagokionez batzuk eta besteak antzeko samar badira ere, oso berezia da tunidoek erakusten duten ezaugarri bat, eskonbridoek eta gainerako arrainek erakusten ez dutena. Ezaugarri bereizgarri hori ez da metabolikoa, fisiologikoa baino; hau da, ez dagokio zelulen organuluen funtzionamenduari, sistemaren funtzionamenduari baino.

Gihar gorrien tenperatura inguruko itsas urarena baino 10 °C altuago mantentzen dute tunidoek. Horixe da ezaugarri gakoa. Beste eskonbrido guztiek baino jarduera-maila altuagoa garatu dezakete giharraren tenperatura horri esker. Esan bezala, gihar gorriak dira beroago daudenak, ez beste gihar- edo gorputz-atalak. Azken batean, tunidoek egiten dutena eta animalia homeotermoek egiten duguna, nonbait, ez da oso desberdina, baina tunidoak noski, ez dira homeotermoak.

Gihar-jarduerak sortzen duen beroa gordetzeko edo ez galtzeko ahalmena dute, eta horri zor zaio, hain zuzen ere, tenperatura altuagoa mantendu ahal izatea. Rete mirabile (sare miragarria) latinezko izena duen zirkulazio-sistemaren gailu berezi bati dagokio atunen ahalmen hori. Gailu horri esker, brankietatik datorren odol hotza berotu egiten da giharretara heldu baino lehen. Ibilbide horretan arteria-odolak irabazten duen beroa kontrako noranzkoan doan beste odol batek galtzen du. Giharretatik igaro berria den zain-odola da beste odol hori; zain-odola bero dago, muskuluaren metabolismo-jarduerak sortu duen beroaren eraginez, eta gihar gorrietatik irteten denean arteria txikietatik datorren odolari ematen dio berotasuna. Odol-hodiak, zainak eta arteriak, elkarren ondoan daude, eta kontrako noranzkoan mugitzen dira barruan daramaten zain- eta arteria-odolak. Odolak (edo beste edozein fluidok) zirkulatzeko era horri “korrontearen kontra” deitzen zaio, eta horri esker lortzen da bi azpisistemen arteko bero-transferentzia ahalik eta handiena izatea.

Korrontearen kontrako trukatzailea dugu rete mirabile. Bera bezalako zenbait trukatzaile fisiologiko daude animalietan, eta beroa, ioiak edo arnas gasak eta abar trukatzeko erabiltzen dira. Korrontearen kontrako trukatzaileak oso erabiliak dira instalazioetan eta lokaletan tenperatura konstante mantendu ahal izateko, eta ingeniariek giza adimenak sortuak direla uste duten arren, naturak sortu zituen duela milioika urte.

Orain arte emandako azalpenetatik ondoriozta daiteke tunidoek badutela endotermiarako ahalmena; hau da, barne-jatorria duen beroa gordetzeko gai dira eta bero horri esker igo dezakete gorputz-atal baten tenperatura. Oso antzekoa da animalia endotermook egiten duguna, geure metabolismoaren emaitza den beroari esker egon baikaitezke bero. Antzekoa da, bai, homeotermook egiten duguna eta atunek egiten dutena, baina ez berdina: homeotermook konstante[3] mantentzen dugu barne-tenperatura eta atunek euren gihar gorriak kanpo-medioa baino apur bat beroago mantentzea lortzen dute. Lorpen txikia dirudi, baina lorpen horri esker dira igeri egiteko makina ahaltsuak atunak. Eta lorpen hori bi ezaugarriri esker da posible: gihar-metabolismoaren berogailua bata, eta berogailu horrek sortzen duen beroa ez galtzeko sare miragarria bestea.

[1] Gihar zurien ezaugarriak: uzkurtze azkarrekoak, anaerobikoak, berehala nekatzen dira.

[2] Gihar gorrien ezaugarriak: astiro uzkurtzen dira, aerobikoak, mitokondrio askokoak, ondo odololeztatuak, ez dira erraz nekatzen.

[3] Ez beti eta ez guztiz konstante, eskualde-heterotermia deritzon gertaera oso arrunta baita animalia homeotermoetan.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Atunen berogailua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zeruko keinukari erraldoien misterioa goitik behera azaltzea lortu dute

mer, 2018/02/21 - 09:00
Juanma Gallego Aurrenekoz, aurora taupakarien sorreraren mekanismoa argitzea lortu dute zientzialariek. Lurreko behatokiak eta satelite bidezko neurketak baliatu dituzte horretarako.

Ohiko esperimentua da ikasgeletan, eta, aurreneko aldiz ikusten denean, harrigarria izaten da: paper baten gainean burdin txirbilak zabaldu, eta behean iman bat jarri. Imanak sorraraziko eremu magnetiko ikusezinei jarraituz, bat-batean, txirbilek estruktura zehatza osatzen dute paperaren gainean. Natura moldatzen duten indarrak irudikatzeko esperimentu sinple bezain eraginkorra da.

Zientzialariek ere antzeko amarruak erabili behar dituzte paper baten gainean kabitzen ez diren eremu magnetiko handiagoak azalarazteko. Munduan zehar sakabanatuta dauden magnetometroen bitartez, noski, posible da horiek ikertzea, eta zenbait satelitetan ere magnetismoa neurtzeko halako gailuak daude. Bestetik, argi polarizatua erabil daiteke; adibidez, eguzkiaren magnetismoa aztertzeko.

1. irudia: Ohiko auroren aldaera bereziak dira aurora taupakariak. Hauek ere poloetan ikusten dira, baina euren jatorria ekuatore magnetikoan dago. (Argazkia: Joshua Earle/Unsplash)

Baina, batzuetan, paisaia hutsak ikustea nahikoa izan daiteke begi hutsez ikusezinak diren indar harrigarri horiek atzemateko. Kasurako, poloen inguruetan ikusten diren aurorak. Horiek ikusteko pribilegioa dutenek zientzia eta edertasuna biltzen dituen ikuskizunaz gozatzen dute.

Ezaguna da fenomenoaren atzean dagoen zientzia azalpena. Eguzki haizeak bidalitako partikulak Lurraren eremu magnetikoaren poderioz planetara inguratzen dira, eta “autobide” magnetiko horren bitartez atmosferara heltzen dira. Bertan dauden molekulen aurka jotzen dutenean sortzen dira argi zoragarriak. Elementu kimiko nagusiaren arabera (oxigenoa eta nitrogenoa, batez ere) eta altueraren arabera kolore bat ala bestea margotuko da zeruan.

Aurora horiek, ordea, ez dira mota bakarrekoak. Aurora taupakariak poloen inguruan izan ohi den fenomeno ezagunaren aldaera bereziak dira. Ohiko aurorek ez bezala, aldizkako pultsu edo taupada ikusgarriak “marrazten” dituzte zeruetan, batez ere goizaldean (NASAren Eguneko irudi astronomikoa zerbitzu ezagunean, adibide ikusgarri bat dago hemen) Kasu honetan, prozesua ez da abiarazten goiko atmosferan, magnetosfera urrunean baizik: 30.000 kilometro ingurura. Argiak poloetan ikusten badira ere, fenomenoak planetaren ekuatore magnetikoan du abiapuntua. Behin elektroi horiek “erorita”, poloen inguruan pultsu ikusgarriak agertzen dira: zeruetan jarritako keinukari erraldoiak balira bezala azaltzen dira ortzian.

Orain arte ez zegoen argi aurora berezi horiek nola sortzen diren. Eredu teorikoek eskema bat irudikatzen bazuten ere, behin betiko azalpena falta zen. Behaketan oinarritutako berrespena 2018an iritsi da. Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, Japoniako, Taiwango eta Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek lehenengo aldiz aurora taupakariak nola sortzen diren deskribatu ahal izan dute.

Eremu magnetikoan dauden elektroien eta eguzkitik datorren plasma uhinen arteko elkarrekintzaz abiatzen da fenomenoa, magnetosferan. Plasma uhin hauek “koru” uhin gisa ere ezagunak dira. Aurretik, jakina zen koru uhinek elektroiak garraiatzen dituztela atmosferara, eta argia isurtzeko gai zirela, baina orain arte ez zegoen argi elektroi horiek aurorak sortzeko bezain indartsuak ote ziren. Aurkeztutako datuek hipotesi hori berretsi dute.

Sentsore berezia

Gakoa erabilitako sentsoreetan datza. Orain arte erabilitako gailuak ez ei ziren gai bereizteko ohiko elektroiak eta atmosferara jauzitako elektroiak. Tokioko Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile Satoshi Kasahara-ren taldeak, berriz, elektroi hauek bereizteko moduko gailua eratu eta ERG izeneko satelitean jarri zuen.

2. irudia: JAXA Japoniako Espazio Agentziaren ERG satelitearen bitartez egin dute aurkikuntza. (Argazkia: ISAS/JAXA)

JAXA Japoniako Espazio Agentziaren satelite hau berariaz prestatuta dago energia eta erradiazioa neurtzeko. Satelitearen bitartez, ikertzaileek magnetosferan dauden plasma uhinak zein elektroiak neurtu dituzte. Bestetik, Lurrean kokatutako neurketak egin dituzte, Kanadako erdialdean (The Pas izeneko hiritik gertu, Manitoban). 2017ko martxoan burutu dituzte behaketak. Zehazki, ortzi osoko irudiak eskuratzeko gai den kamera bat erabili dute, all-sky motakoa. Bi behatokietako datuak baliatuta, eureka aldarrikatzeko unea heldu zaien ikertzaileei: komunitate zientifikoari prozesu osoaren azalpena emateko garaia, hain zuzen.

Bideoa: Aurora taupakariak. ERG satelitearen behaketak.

Nature aldizkariaren ale berean egindako iruzkin batean, Iowako Unibertsitateko (AEB) Allison N. Jaynes fisikariak aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du. “Kasaharari eta haren kideei esker, aurrenekoz, aurora taupakarien sorreraren prozesua bere osotasunean ikusteko aukera izan dugu: kanpo espazioan dauden elektroien gorabeherak, gorabehera hauen erantzule diren koru uhinak, eta Lurretik ikusten diren auroren argiaren indarrean izaten diren aldaketak”.

Adituak etorkizunari begira irekitzen diren aukerak azpimarratu ditu. “Ereduetan azaldutako aztarnen kokapena eta behatutako kokapena alderatuta, teknika honek izugarrizko potentziala dauka orain ditugun eredu magnetikoen ereduak frogatzeko eta txukuntzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kasahara, S. et al. Pulsating aurora from electron scattering by chorus waves. Nature volume 554, pages 337–340 (15 February 2018) DOI:10.1038/nature25505

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zeruko keinukari erraldoien misterioa goitik behera azaltzea lortu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak

mar, 2018/02/20 - 09:00
Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López Zer dakigu minbiziaz? Artikulu-sortan, minbizia bere konplexutasunean aztertuko dugu hainbat ikuspuntutatik. Lehenengo, minbiziaren ezaugarri orokorrak deskribatuko ditugu. Gero minbizi ama-zelulen inguruan arituko gara. Hurrengo ataletan tumorearen mikroingurunean aurki ditzakegun zelula ezberdinen biologia deskribatuko dugu. Bukatzeko, tumoreen heterogeneotasuna aztertuko dugu, eboluzioaren zein ekologiaren ikuspuntutik.

1. irudia: Egun, minbizia gaixotasun hedatuenetariko bat da herrialde garatuetan.

Minbiziaren markak

Minbizia da herrialde garatuetan gaixotasunek eragindako heriotzen bigarren kausa. Adierazle demografiko guztiek aditzera ematen dute gero eta zaharrago bilakatzen ari dela gure gizartea, eta minbizia zahartze prozesuari estuki lotuta dagoenez, urtero kasu berri gehiago diagnostikatzen dira. Hala ere, intzidentziak gora egin arren, minbizidun gaixoen biziraupena bakoitzean luzeagoa da. Honek esan nahi du aurrerapauso garrantzitsuak egiten ari direla gaixotasunaren ezagutzan. Baina, era berean, ikerketek eta tratamendu berrien agerpenak ageri-agerian jartzen dute minbiziaren konplexutasuna.

Ugariak eta anitzak dira ehun talde edo zelula talde normal batetik minbizi zelulak sortu eta tumore txar honen garapenean zehar emandako prozesu biologiko eta molekularrak. Minbizia oso gaixotasun heterogeneoa da, ez baitaude minbizi berdin bi. Baina hau horrela izanda ere, badira minbiziek bere bilakaeran zehar eskuratzen dituzten ezaugarri komun batzuk, Douglas Hanahan eta Robert Weinberg-ek Cell aldizkari ospetsuan “Minbiziaren Markak” (“Hallmarks of Cancer”) bezala definitu zituztenak (2. Irudia).

2. irudia: Minbiziaren Markak. Adarretan minbizi zelulek eskuratzen dituzten ezaugarriak edo markak ditugu. Sustraietan marka edo ezaugarri hauek ahalbidetzen dituzten fenomeno biologikoak. (Argazkia: Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López)

Gure ehunetako zelulen hazkundeak eta garapenak hainbat kontrol fisiologiko ditu prozesuak era egokian gerta daitezen. Zelulak maila edo intentsitate ezberdinetan banatzen dira mitosia izeneko prozesu batean, baina banaketa hauen kopurua mugatua da, belaunaldiz belaunaldi zelulen egitura eta funtzioa asaldatu egiten baita, seneszentzia izeneko prozesuan. Zahartzen doazen zelula hauek banatzeari uzten diote eta hil egiten dira. Gainera, zelulen hazkunde eta garapen anormala ekiditeko, gure zeluletan badago apoptosi izeneko programa antzeko bat, buru-hiltzea eragiteko prozesuak abian jartzen dituena.

Zelulen banatze eta hazkunde honen kontrola gure geneek ez ezik zelularen inguruan jariatutako substantzia ezberdinek ere egiten dute, hazkundea eta banaketa estimulatu edo inhibitzen dituzten mezulari kimiko ezberdinak daudelarik.

Minbizi-zelulek kontrol mekanismo hauek galdu edo eten egiten dituzte. Alde batetik, mugagabeki erreplikatzeko gaitasuna eskuratzen dute, eta hilezinak bilakatzen dira. Bestetik, zelula-heriotza programatutik, hau da, apoptositik ihes egin dezakete. Honez gain, euren hazkundea estimulatuko duten seinaleak sustatu eta, era berean, seinale inhibitzaileetatik ihes egiteko gaitasuna daukate.

Tumorea hazi ahala, mantenugai ezberdinen eskaria handitu egiten da, baita hondakin metabolikoak kanporatzeko beharrizana ere. Horretarako, ezinbestez sortu behar dira mantenugaiak eta metabolitoak garraiatuko dituzten odol-hodi berriak. Gure ehun helduetan, baldintza fisiologiko arruntetan, angiogenesia egoera gutxitan aktibatzen da, zaurien sendatze prozesuetan. Ordea, tumore zelulak angiogenesia induzitzeko gaitasuna daukate, eta horrela odol-hodi berrien ekoizpena tumorearen hazkundera egokitzen dute. Minbizi-zelulek prozesu hau estimulatzen duten seinaleak sustatu eta seinale inhibitzaileak mugatzeko gaitasuna eskuratzen dute.

Baina gaixoaren pronostikoa nabarmen baldintzatzen duen minbiziaren marka inguruko ehunak inbaditu eta metastasia aktibatzeko gaitasuna da. Minbizi-zelulek plastikotasun handia daukate, euren egituran aldaketa nabarmenak izan ditzaketelarik. Epitelio-mesenkima trantsizioa (EMT) izeneko prozesu konplexu bati esker, zelula hauek lehen mailako tumoreari (euren “sorterriari”) lotuta mantentzen dituzten “aingurak” jaso eta mugikortasuna eskuratzen dute. Horrela, inguruko ehunak inbaditu eta odol-hodi eta hodi-linfatikoetara sartzeko gai dira, bidai luzea eginez eta gorputzeko beste organo eta ehunetara helduz. Organo berri hauetan kolonizazioa gauzatzeko hainbat prozesu gertatu behar dira eta urteak luza daiteke kontua. Hauen artean bat mesenkima-epitelio trantsizioa da (MET), alegia EMT-aren alderantzizko prozesua. Fenomeno honen bitartez, minbizi-zelulek mugikortasuna galtzen dute, berriro aingurak botatzen dituzte, eta inguru berri batean sustraitu eta hazi egiten dira.

3. irudia: Minbizia gaixotasun konplexua eta heterogeneoa da. Horren adierazle dira azken urteotan ikerketek hartutako ikerlerro anitzak.

Mugagabeki erreplikatu eta ehunak inbaditzen doazen minbizi-zelulen energia-beharrizanak handiak dira. Beharrizan hauek asetzeko, angiogenesia sustatzeaz gain, metabolismo energetikoa birprogramatzen dute tumore-zelulek. Adibidez, tumore txar askotan glukosaren harmena nabarmenki handitzen da, energia lortzeko bere metabolismoa (glukolisia) eta hartzidura gailentzen baitira beste bide metabolikoekiko. Glukosaren harmena hobetzeko, minbizi-zelulen mintzetan zelula normaletan baino askoz garraiatzaile gehiago aurki daitezke mantenugai honen barneratzea errazteko. Fenomeno hau tumore batzuetan hain garrantzitsua delarik, gaur egun, tomografiaren bitartez irudizko diagnostikoa egiteko glukosaren antzeko molekula sintetikoak (erradioaktiboki markatuak) erabiltzen dira. Bai lehen mailako tumorean, bai metastasietan zelulek markatzaile erradioaktibo hau kantitate handiagotan hartzen dute eta, ondorioz, ondo ikus daitezke.

Etengabe banatzen doazen minbizi-zelulen ezegonkortasun genomikoa eta mutazio kopurua zelula normalena baino askoz handiagoa da. Honela, tumorearen garapenean zehar minbizi zelula talde edo klon ezberdinak bereizten doaz eta euren artean konpetentzia bat eratzen da, batzuk besteak baino hobeto egokitzen direlarik ingurune horretara. Mutazioen ondorioz klon batzuek banan-banan eskuratzen dituzte goian azaldu ditugun ezaugarri edo marka ezberdinak.

Gainera, mutazio batzuek minbiziaren tratamendu askorekiko erresistente bilakatzen dituzte zelula hauek. Beraz ezegonkortasun genomikoa eta mutazioak minbiziaren ezaugarrien oinarrian egoteaz gain, bere agresibitatearen eragile ere badira.

Baina tumore batean bakarrik dira protagonistak minbizi-zelulak? Zalantzarik gabe ez. Tumorearen mikroinguruan hainbat zelula ezberdin daude eta tumore-zelulekin izandako elkarrekintzak nabarmen baldintzatzen du minbiziaren bilakaera. Horregatik, azkeneko urteotan tumorearen mikroinguruaren ikerketa hainbat ikertalderentzako lerro estrategikoa bilakatu da.

Adibidez, minbiziaren diagnostikoa egiten duten patologoek aspaldidanik ikusi dute tumoreetan gure babes-zelula ezberdinak aurki daitezkeela. Horrela, esan izan da mikroinguru horretan tumore zelulei erasotzea dela leukozito, makrofago eta linfozitoen betebeharra. Baina, paradoxikoa dirudien arren, gaur egun badakigu tumorean sorturiko hanturak ekintza protumoralak ere izan ditzakeela eta onartu da ezegonkortasun genomikoa bezala, hantura ere minbiziaren ezaugarrien eragilea dela. Handitutako ehunean angiogenesia, hazkuntza zelularra, mutazio genikoak eta abarreko fenomenoak eragin ditzaketen mezulari kimikoak askatzen dira eta tumore-zelulek euren alde erabil dezakete askapen hau. Gainera, mutazio genetikoei esker, minbizi-zelulek immunitate-sistemaren suntsitzeari ihes egiteko gaitasuna ere eskuratzen dute (hurrengo artikulu batean azalduko dugun bezala).

Beraz, minbiziaren ikerketek aurrera egin ahala, gaixotasun oso konplexu bat dugula berretsi baino ez dugu egiten. Aurrerantzean ere, seguruenik, ezaugarri berriak aurkituko dira. Marka hauek ondo definitzea oso garrantzitsua izango da diagnostiko eta tratamendu bide berriak zabaltzeko. Bere ezaugarri ezberdinetan oinarritutako tratamenduak sortuz, eta baita ere hain heterogeneoa den gaixotasun honen aurrean ahalik eta tratamendu espezifiko edo zuzenenak lortuz, minbizia alderdi ezberdinetatik erasotzea erraztuko da.

Erreferentzia bibliografikoak:

– Hanahan D, Weinberg RA. The hallmarks of cancer. Cell, 2000; 100: 57-60.
– Hanahan D, Weinberg RA. The hallmarks of cancer: The next generation. Cell, 2011; 144: 646-674.
– Fouad YA, Aanei C. Revisiting the hallmarks of cancer. Am J Cancer Res 2017; 7:1016-36.

———————————————————————————-

Egileez:

Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.

Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.

José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

On Zientzia: Zer da entropia?

lun, 2018/02/19 - 15:00
Entropia ulertzeko oso argi izan behar da energia zer den eta, honekin lotuta, energiaren kontserbazioa eta dispertsioa zertan dautzan. Entropia ulertzeko oinarri batzuk ulertu behar dira:
  • Energia lan bat egiteko gaitasuna da.
  • Termodinamikaren lehenengo legea: energia ez da ez sortzen ezta suntsitzen, kontserbatu egiten da.
  • Termodinamikaren bigarren legea: unibertsoaren entropia maila beti hazten ari da.

Deabrutxo bat baliatuta entropiaren ingurukoak azaldu dizkigu Jonas Casado Etxebarriak “Zer da entropia?” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VII. edizioan euskarazko epaimahaiaren azken errondaren parte izan zena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Zer da entropia? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Familia ingurunea, umeen garapen kognitiboaren iragarle

lun, 2018/02/19 - 09:00
Garapen kognitiboa bultzatzeko gurasoen eta seme-alaben arteko interakzio egoki hutsa ez da nahikoa, beharrezkoa da familiako giro emozionala kalitatekoa izatea, familia ingurunearen kalitateak lehen haurtzaroko garapen kognitiboan duen eragina aztertu duen ikerketa baten arabera.

Haurren garapenaren lehen urteen garapen kognitibo, pertsonal, emozional eta sozioafektiboan gehien eragiten duen alderdietako bat familia da. Familiaren eragina hainbat urtean luzatzen da, baina lehenbiziko urte horietan funtsezkoa da. Familia taldea da haurrari maitasun, aintzatespen, onarpen edo gutxiespen, arrakasta edo porrot seinale guztiak ematen dizkiona.

Lortutako emaitzek agerian utzi dute gurasoen eta seme-alaben artean kalitate handiko elkarrekintza sozioemozionala duten familiak direla aldi berean garapen kognitibo eta linguistikoa estimulatzeko gaitasun handiena dutenak.

Gurasoek seme-alaben garapena bultzatzeko asmoarekin lotutako prozesua da aldamiatzea, haurren gaitasunen zertxobait gainetik dauden jarduera edo eginkizunak ezartzen dizkiete gurasoek, betiere haurrari frustraziorik eragin gabe. Gidari bihurtzen dira gurasoak jarduera egiten lagunduta eta haurraren jakintza osatuz eta barneratuz doan neurrian, gurasoak urrundu egiten dira. Neuronen arteko konexioak estimulatzea lortzen dute gurasoek modu honetan eta, horrenbestez, haurraren garapen kognitiboa aktibatzea.

Garapen kognitiboa behar bezala sustatzeko ez da nahikoa prozesua abian jartzea, baizik eta prozesuak kalitate oneko interakzio sozioemozionalarekin lotuta egon behar du nahitaez: autonomia eta autoestimuaren sustapenarekin, giro afektibo positiboarekin eta atxikimendu seguru bat ezartzearekin.

Lehensemeak/lehenalabak gurasoen baliabide ekonomikoen eta gurasoek haiekin pasatzen duten denboraren esklusibitatea balia ditzaketeela egiaztatu da, betiere familia-ingurunea kalitatekoa bada garapena estimulatzeko. Horretaz gain, familia horietan guztietan etxean bertan bigarren hizkuntza bat erabiltzearekin osatzen da estimulazioaren aberastasuna.

Ikerketa luzea

Bi urteko haurren familia ingurunearen kalitatea eta faktore soziodemografikoak ebaluatu ditu ikerketa honek eta aztertu du nola eragiten duten garapen kognitiboan lau urte dituztenean. INMA proiektuko Gipuzkoako 295 haurren populazio kohorte bat eta haien familiak hartu dute parte ikerketan.

Familia ingurunea ebaluatzeko eta informazioa eskuratzeko etxez etxeko bisitak egin ziren: zuzenean behatu ziren seme-alabekiko elkarrekintzak eta ingurunearen kalitatea. Horretaz gain, gurasoek galdetegiak bete zituzten eta elkarrizketa bana egin zitzaien. Ingurune fisikoaren kalitatearen eta estimulazio kognitiboaren inguruko informazioa ere batu zen: zenbat ipuin eta puzzle zegoen etxean, afektibitate adierazpenen kalitatea, gaizki ahoskatutako hitzak zuzentzen ziren, eta abar.

Ondoren, umeek lau urte bete zituztenean garapen kognitiboa bakarka ebaluatu zitzaien. Haurraren zenbait gaitasun neurtu dira: hitzezko gaitasuna, pertzepzio eta manipulazio gaitasuna, zenbakizko gaitasuna, memoria-gaitasuna eta gaitasun orokor kognitiboa. Horretarako, garapen kognitiboa zenbait azpieskalaren batura gisa ebaluatzen duen tresna bat erabili zen.

Lortutako emaitzak gidari izan daitezke haurren garapen kognitiboaren sustapena sendotzen duten hazkuntza-programak sortzeko. Gainera, familien populazio orokorrari informazio hau helarazteak lagungarria izan daiteke seme-alaben garapen intelektualean familiek duten eragin aukeraren kontzientzia har dezaten.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Familia-ingurunea, lehen urteetako garapen kognitiboaren iragarle.

Erreferentzia bibliografikoa: Florencia Belén Barreto, Manuel Sánchez de Miguel, Jesús Ibarluzea, Ainara Andiarena, Enrique Arranz “Family context and cognitive development in early childhood: A longitudinal studyIntelligence”. Vol. 65. November-December 2017. Pages 11-22DOI: https://doi.org/10.1016/j.intell.2017.09.006

The post Familia ingurunea, umeen garapen kognitiboaren iragarle appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #190

dim, 2018/02/18 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

NanoBioCel taldeko Haritz Gurrutxagaren ikerketaren arabera, zelula ama mesenkimalen ezaugarri onuragarriak babes daitezke tenperatura baxuetan gordeta. Zelulak biomaterialetan babesteko zenbait metodo daude eta ikerketa honetan kriobabeste geldoa izan da funtsa. Lan honek ate berria ireki dio zelula ama mesenkimalen babesteari, prozedura berri eta erraz bat proposatuta, bai prozesuen kostua zein konplexutasuna gutxituz. Asko areagotu da zelula ama mesenkimalen erabilera hainbat izaerako gaixotasunak tratatzeko.

Arrainen haragiaren itxura oso desberdina da espezieen arabera. Alde batetik, atunak ez dira zuriak, eta hezurraren inguruan dagoen haragia odol-hodiz beterik dago. Odol asko galtzen dute arraina ebakitzean. Bestalde, Arrain zapalen haragia, berriz, zuri-zuria da, eta ez du odolik botatzen ez eta xerrak egitean ere. Haragi odoleztatuagoa duten arrainak oso aktiboak dira. Mihi-arrainak, aldiz, eseri-eta-itxaron harrapariak dira. Harrapakin bat ikusten dutenean, mugimendu azkar eta indartsua egiten dute. Harrapakinarenganaino iristeko egin behar duten mugimendurako erabiltzen dituzten giharrek ez dute oxigenorik behar. Bereziak dira muskulu horiek. Mugimendua egiteko behar duten energia (ATP) glukolisiaren bitartez lortzen dute. Zer da glukolisia? bide metaboliko azkarra da, denbora laburrean energia asko ematen duena.

Planetako eremurik hotzenetako bakterioek sortutako molekula tentsioaktiboak industrian erabiltzeko modukoak izan daitezkeela proposatu dute Alemaniako ikertzaileek. Erabilpen potentzial mordoa omen dute molekula tentsioaktiboek. Hala nola detergenteak, garbitzaileak, kosmetikoak, botikak, elikadura osagarriak eta emultsionatzaileak sortzeko erabili daitezkeela diote. Gainera, horien erabilpenak ingurumen abantailak izango lituzke. Molekula hori sortzeko gai diren organismoen artean, ikertzaileek legamia bat nabarmendu dute, Moesziomyces antartcticus izena duena.

Emakumeak zientzian

Nazio Batuek sustatzen duten Zientziaren arloko Emakume eta neskatoen Nazioarteko Egunarekin batera, Euskal Herrian ‘Ez da pertzepzio bat’ ekimena abiatu zuten aurreko igandean. Honen helburua da emakumeek zientzian pairatzen duten diskriminazioa salatzea eta era berean, zientzian murgildu nahi duten neskak animatzea. Ekimen honek bat egiten du orain dela gutxi Pew Research Center-ek argitaraturiko azterlan batekin. Ikerketak argitara eman zituen ondorioen arabera, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin edo matematikarekin lotutako ogibideak dituzten emakumeen lantokia euren lankide gizonena ez bezalako ingurune bat izan ohi da, batzuetan deserosoagoa. Maizago jasaten dute sexu diskriminazioa eta jazarpena eta uste dute emakume izatea abantaila baino gehiago desabantaila dela euren karreran arrakasta izateko. Adibidez, emakume ikertzaileak mendebaldeko herrialde guztietako (Mendebaldeko Europa eta Ipar Amerika) ikertzaile guztien % 32 dira; Espainian, % 39ra iristen dira. Txosten horietan agertzen diren datuak ulertzeko, Nobel saridunen zerrenda ikusi besterik ez da egin behar: historian zehar, sarien %3 baino ez zaizkie eman emakumeei. Zientziaren munduan dagoen desoreka nabarmena da, ez da pertzepzio bat.

Wangari Muta Maathair biologo, ekologista eta aktibista politikoa aurkeztu digute artikulu interesgarri honetan. Kikuyu etniako nekazarien alabak, Wangari barne, landa-eremuan lan egin, egurra pilatu eta ura ekartzera kondenatuta zeuden. Baina Wangarik zortea izan zuen; ikasketak egiteko aukera izan zuen. 1960an, Estatu Batuetan ikasteko beka bat lortu zuen. Biologiako Gradua eta Biologia Zientzietako Masterra egin zituen. Horren ondotik, Kenyara itzuli zen eta lanpostu bat lortu zuen Nairobiko Unibertsitateko Albaitaritza Anatomiako Sailean mikroanatoniako ikerketako laguntzaile gisa. Doktorego bat eskuratu zuen Afrika Erdialde eta Ekialdeko lehen emakumea izan zen. Horretaz gain, Saileko lehen emakumezko Burua (Albaitaritza Anatomian, 1975) izan zen eta Nairobiko Unibertsitateko Irakasle Elkartu (1977) ere bai. 2004an, Bakearen Nobel Saria lortu zuen.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen pasa den igandean. Argi dago oraindik berdintasun teorikoak ez duela bermatzen parekidetasun erreala. Artikulu honetan zenbait emakume zientzialariren ahotsak izango dira irakurgai. Adibidez, Naiara Barrado Izagirre astrofisikariarena: “Lehen uste nuen genero berdintasun nahikotxo bazegoela, eta orain hasia naiz konturatzen gauzak ez direla uste nuen bezain politak”. Beste kontakizun bat: Inmaculada Delage arkeologoarena, bokazioz hasi zen alor horretan. 2014. urtetik Egipton induskatzen ari da Delage, Myriam Seco egiptologoaren gidaritzapean. Emakumezkoek zientziaren eta ikerkuntzaren alorreko goi mailako postuetara heltzea denbora kontua dela dio. Halere, bidean oztopo ugari daudela ohartarazi du. Emakume hauen (eta beste batzuen) ibilbide zientifikoak topatuko ditu irakurleak, baita berauen pentsamendu eta iritziak ere. Ez galdu!

Fisika

Erloju atomiko eramangarri batekin, Frantziako Alpetako puntu baten altuera neurtu ahal izan dute. Laborategitik kanpo egiten den lehen neurketa izan da. Ikertzaileek aitortu dute erlojuak ezin izan zuela kondizio onenetan lan egin, eta lortutako emaitzaren zehaztasuna ez dela gaur egungo beste metodoekin lortu daitekeena baino hobea; baina, azpimarratu dute, oraindik erronka tekniko batzuk gainditu behar diren arren, pausu garrantzitsua izan dela erloju atomikoen aplikazio geofisikoetarako.

Ingeniaritza, teknologia

Aurpegi-ezagutzaren teknologiak zure sexualitatea antzeman lezake. Bai, ondo irakurri duzu. Stanford Unibertsitateko ikertzaileek jakinarazi dute algoritmo bat sortu dutela, bereizteko pertsona gay eta heterosexualak, argazkiak erabilita. Aurpegiaren irudia eskaneatzean, hainbat gauza hartzen ditu kontuan: zer distantzia dagoen begietatik belarrietara, adibidez. Datu horiek gero konparatzen ditu milaka pertsonaren datu-base batekin. Nick Rule Psikologia irakaslea da Torontoko Unibertsitatean, Kanadan, eta bere iritziz, gizon heterosexualek aurpegi nasaiagoak dituzte, testosterona maila altuagoak dituztelako.

Fulsion Smart Systems enpresak sortu du Irudikon aplikazioa, arreta-defizitaren nahasmendua duten haurrengan pentsatutakoa. Aplikazio honek bestelako joko-estrategia dakar. Umeak tarte labur batez egon behar du kontzentratuta oinarrizko mailetan, baina, aurrera egin ahala, joko- eta kontzentrazio-denbora luzeagoa eskatuko dio haurrari.

Betaurreko adimendunak erabiltzen hasi da polizia txinatarra, herritarrak automatikoki identifikatzeko. Nola funtzionatzen du? Betaurrekoek herritarren argazkiak ateratzen dituzte; zuzenean datu-base batekin alderatzen dute; poliziak une horretan jakin dezake parean daukan hori nor den eta ea poliziak bilatzen ote duen. Orain dela astebete jarri zuten martxan metodo berri hau eta dagoeneko zazpi pertsona atxilotu dituztela esan dute agintariek.

Garraio publikoan aldaketa handia gertatzen ari da. KERS sistema (kinetic energy recovery system) jarri diote Euskotrenek utzitako autobus diesel bati. Garatu duten sistema ideala da hiri barneko garraio publikorako. David Arredondo Zumaiako eMotion Dynamics enpresako zuzendari teknikoak azaltzen du “sorturiko indarra, bero gisa degradatu beharrean, argindar bihurtzen du sistemak”. Sistemak superkondentsadoreetan biltzen du argindarra, ez baterietan; beraz, askoz arinagoa da, eta merkeagoa. Ibilgailu elektrikoei buruz, hau da bere iritzia: “Garraioaren iraultza elektrikoak arazo bat du, Arredondoren aburuz: “Ibilgailu elektrikoak errealitatea dira dagoeneko, baina garesti samarrak asko zabaltzeko”. Badaude, baina, beste konpainia batzuk horien alde egiten dutenak. Irakur ezazue artikulua!

Ibilgailuekin jarraituz, Didi enpresa txinatarra ere gidaririk gabeko ibilgailuen lehian sartu da bete-betean, dagoeneko trafiko errealarekin probak egiten hasia da Shangain.

Bertso-doinuz osatutako bilduma batetik abiatuta, doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea Urkizu ikertzaileak. EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldean (RSAIT) egiten du lan eta euren proiektu nagusietako bat da BertsoBot-a. Helburua roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea da eta horretarako, robotak bertsotan jartzen dituzte. Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko bi metodo berri sortu dituzte. Jo ezazue artikulura horiek ezagutzeko!

Medikuntza

Zelula amak minbiziaren aurkako txerto modura erabili ahalko liratekeela adierazi dute Stanford Unibertsitateko ikertzaileek. Zelula amen eta minbizi zelulen artean antzekotasunak daudela azpimarratu dute: batzuek zein besteek ez dute mugatua hazteko eta ugaltzeko gaitasuna. Gainera, bien mintzetan antzeko antigenoak azaltzen direla ikusi dutenez, tratatutako zelula amak gorputzean txertatu, eta immunitate-sistema minbiziaren aurka entrenatzeko erabili daitezkeela iradoki dute. Elhuyarrek eman dizkigu ikerketa horren xehetasunak.

Osasuna

Duela bi urte inguru, MOE Munduko Osasun Erakundeak minbizia eragiten zuten gaien zerrendan haragi prozesatuak sartu zituen. Albiste andana bat publikatu zen horren inguruan; gehienetan sentsazionalismoa izan zen nagusi. Haragi prozesatua janez gero, minbizi tasa %18 igotzen zela esan zuten prentsan. MOEren menpekoa den IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko agentziak nahiko ebidentzia zeudela iragarri zuen eta horregatik minbizi eragileen 1 taldean sailkatu zituen haragi prozesatuak eta 2A taldean haragi gorria. Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digu tabakoa, plutonioa edo haragi prozesatua talde berean egoteak ez duela esan nahi modu berean minbizia eragiten dutenik. Datuak ematen ditu: Mundu mailan haragiaren kontsumoarekin lotutako minbiziak 34.000-50.000 dira urteko, baina tabakoarekin, alkoholaren kontsumoarekin edo aire-kutsadurarekin lotutakoak 1.000.000, 600.000 eta 200.000 dira, hurrenez hurren. Halaber, ohartarazi digu substantzia oro toxikoa izan daitekeela, baita fruta ugari ere! Ez galdu!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #190 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #203

sam, 2018/02/17 - 09:00

Disruptore endokrinoa, oreka hormonalean eragiteko gai den substantzia da bisfenol-A (BPA). Haurdunaldian zehar esposizioak diabetesaren antzeko sintomatologia eragin lezake, bai amarengan bai umearengan. NuRCaMein-en BPA and pregnancy: diabetes for you and your kids artikulua.

Gaixotasun neuroendekatazile lazgarria da adrenoleukodistrofia. Terapia genikoa baliatuta sendabidea iragarri zen pasa den urtean lehen aldiz. Terapia horren nondik-norakoak azaltzen dizkigu Pablo Raneak: Gene therapy is back: The X-ALD case.

Mundu guztiak entzun du grafenoari buruz. Gutxiago nanografenoei buruz, pluralean, hainbat molekula baitira. Metodo lehorren bidez (egoera solidoan) nanografeno egiturak lortzea oso garrantzitsua da espintronikan, elektronikan eta etorkizuneko eguzki-biltzaileetan erabiltzeko. DIPCko jendea Mechanochemistry of nanographenes artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #203 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages