S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 36 min 55 sec

Animalien inbentarioa

jeu, 2024/11/21 - 09:00

Animalien inbentarioa irudiduna (2020) honek mundu osoko fauna ordezkatzen duten ehun bat espezie biltzen ditu, hala ornodunak -ugaztunak, hegaztiak, arrainak, anfibioak, narrastiak- nola ornogabeak, zeinak, 60 klase baino gehiagotan sailkaturik, animalia espezieen % 95 baitira. Animalia bakoitzari dagokionez, izen zientifikoa nahiz arrunta ematen dira, eta haren deskribapena gehitzen da akuarelaz koloreztatutako marrazki naturalistaren ondoan.

animalienIrudia: Animalien inbentarioa liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Etxea)

Animaliak sailkaturik aurkituko ditugu, ingurune geografiko hauen arabera: oihan tropikala, basamortua, sabana, mendialde eta oihan epelak, eskualde polarra, ozeanoa, ur-bazterra, jendeztatutako eremua eta abeletxea. Hain desberdinak diren tukana eta behia aurkituko ditugu liburu berean, eta bien artean beste hamaika gehiago: dromedarioa, lehoinabarra, otsoa, arrabioa, hartz zuria, izurdea, burruntzia edo pauma. Liburu hau katalogo darwiniar interesgarria da, natura hobeki ezagutzeko eta, beraz, hura zaintzen laguntzeko.

Hemen erakusten diren espezieetako batzuk gaur egun mehatxatuta daude (tigrea edo txinpantzea); beste batzuk galzorian daude (errinozero beltza, itsas txakur fraidea eta larruzko dortoka); eta badira dagoeneko desagertu direnak animalia basati gisara (orix izenekoa, adibidez). Nahi genuke lan honek balio izatea kontzientzia hartzeko halakoak babestu behar direla eta, oro har, hain ederrak diren animalia hauek errespetatzeko eta haienganako jakin-mina pizteko.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Animalien inbentarioa
  • Egilea: Virginie Aladjidi
  • Itzultzailea: Mikel Taberna eta Juanjoxe Petrirena
  • Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
  • ISBNa: 978-84-91721-32-1
  • Argitaletxea: Pamiela etxea; Kalandraka
  • Hizkuntza: Euskara
  • Orrialdeak: 80
  • Urtea: 2020
Iturria:

Pamiela etxea: Animalien inbentarioa.

The post Animalien inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Martikara mota berri bat

mer, 2024/11/20 - 09:00

Gaur egun, zalantzarik gabe esan dezakegu NASAren InSight misioa Marteren barne egiturari buruzko ezagutza iturri garrantzitsua izan dela —eta hala izaten jarraituko duela datozen hamarkadetan, eskuratutako datuen berrinterpretazioari esker—. Baina, baita Marteren azaleratik askoz hurbilago gertatzen diren prozesuei buruzkoa ere. Hala nola jatorri bolkanotektonikoko lurrikara posibleen detekzioa edo meteroideen eta asteroideen erorketa eta talka Marteren azaleraren aurka.

Hain zuzen ere, planeten azaleren gaineko talkek oso ikuspegi garrantzitsua eman digute gure Eguzki Sistemaren historiari eta bilakaerari buruz. Baina banakako informazioa ere eman diezagukete xehetasunez azter ditzakegun gorputzetako bakoitzaren bilakaerari eta jarduera mailari buruz.

krater1. irudia: Duela gutxiko talka bat Marteren azaleran. Badakigu duela gutxikoa dela oraindik jaurtikina —talkaren ondorioz ateratzen den materiala— kolore ilunez ikusten delako azaleraren gainean, eta kraterraren forma markatuta dagoelako oraindik. Denborak aurrera egin ahala, jaurtikina laranjatuko da, hauts depositua dela eta, eta kraterraren forma leunduko da. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Izan ere, Marten, beste edozein lekutan bezala, talka kraterren maiztasuna, tamaina eta banaketa azalera geologikoen adina kalkulatzeko tresna gisa erabil dezakegu. Horiek horrela, funtzionamenduan dauden edo egon ziren prozesu geologikoen erritmoa ezagutu dezakegu, baita horien jarduera maila ere. Eta behin baino gehiagotan esan dugun moduan, oro har, planetaren azalera gero eta zaharragoa den eta gero eta gutxiago aldatu den, orduan eta krater gehiago izango ditu azalera unitateko, denbora gehiago egon baita gorputzen talkak jasotzeko arriskupean.

Oro har, metodo horri esker, planetaren orbitan dauden sateliteen —edo hurbil igaro direnen— argazkiak erabiliz, horren adina kalkula daiteke. Baina arazo bat dauka krater txikiago eta ugariagoen sorkuntzarekin, ez baitugu ezagutzen horiek sortzeko urteko gutxi gorabeherako talka erritmoa.

InSight misioan zehar hartutako datu sismikoei esker, badirudi gutxienez Marterako erantzun bat izan dezakegula talka kraterretan oinarritutako adin eskala horiek kalibratzeko. Izan ere, misioko sismografoak misioa egin bitartean izandako talka batzuk detektatu ditu. Baina Mars Reconaissance Orbiter espazio-ontziaren aparteko ikusmena erabiltzeaz gain, HiRISE kamerak 30 cm/pixel inguruko bereizmeneko irudiak egin ditzake. Horren bidez, talka puntua eta kraterraren tamaina identifika daitezke.

krater2. irudia: InSightek detektatutako eta Mars Reconaissance Orbiterrek behatutako talketako bat. Kasu honetan, talka 2021eko irailaren 5ean gertatu zen. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Artikulu berri batean (Zenhäusern, et. al. 2024), zientzialariek ekitaldi sismiko oso berezi batzuk bilatu eta aztertu dituzte: maiztasun oso handiko (VHF) martikarak. Martikara mota horrek —barkaidazue terminoa gustuko ez baduzue—, Marteren jarduera tektonikoak eragindako lurrikaren bestelako ezaugarriak ditu.

Horietatik lehena da energia askatze oso indartsua, 5 eta 30 Hz arteko maiztasunetan. Bigarrena, ebaki- edo ertz-maiztasuna, zientzialariei adierazten diena oso iraupen txikiko ekitaldia dela. Eta, azkenik, astindu indartsu bat horizontalean, 5 Hz-tik gorako maiztasunetan. Hiru ezaugarri horiek —InSighten sismometroak eskuratutako datuei esker azter daitezkeenak— meteroideen hiperabiadurako talken adierazle onak dira.

Ikertzaileek konfirmatu dute InSighten misioan detektatutako talka guztiek ezaugarri horiek dituztela seinalean. Hortaz, baliteke horrelako ekitaldi guztiak Marteren azaleraren kontrako talkak izatea. Gainera, ekitaldi horietako batzuetan uhin-tren bat detektatu da, talkak atmosferan sortzen duen perturbazioak eragindako seinale akustiko gisa interpretatzen dena.

krater3. irudia: InSightek eta Mars Reconaissance Orbiterrek behatutako duela gutxiko beste hiru talka. Talka horiek 2020ko maiatzaren 27an, eta 2021eko otsailaren 18an eta abuztuaren 31n izan ziren. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea)

Baina beste datu bat ere badago, eta oso garrantzitsua da hura zehaztea: horrelako ekitaldien banaketa espazialak ausazko patroi bat erakusten du. Hala ere, InSightek detektatutako ekitaldi tektonikoak, ohikoa den moduan, egitura tektoniko aktiboetan (hala nola failak) multzokatzen dira, gure planetan gertatzen den bezalaxe.

InSighten datu sismikoen analisiari esker, zientzialariek kalkulatu ahal izan dute urtero 8 metrotik gorako 280 eta 360 krater artean sortzen direla Marteren azaleran. Datu hori bat dator aurretik argitaratutako eredu kronologikoekin; baina —eta hau garrantzitsua da— erritmoa satelite bidezko irudietan zenbatesten dena baino askoz handiagoa da… Zergatik alde hori?

Litekeena da alde hori faktore hauen ondoriozkoa izatea, besteak beste: kameren bereizmena; bereizmen handiko planetaren irudien estaldura —izan ere, krater berriak ikusteko, irudiak behin eta berriro hartu behar dira une ezberdinetan—; eta azalera batzuetan dagoen hauts kantitatea, horrek krater txikiagoen detekzioa zailtzen baitu, argi angelua oso zeiharra denean izan ezik.

Zer ondorio izan ditzake ikerketak? Hasteko, maila zientifikoan, lagundu egingo digu talka kraterretan oinarritutako denbora eskalak hobeto kalibratzen. Horri esker, arroka geruzen eta laba koladen adina edo planeta gorriaren erregistro geologikoan ikus ditzakegun ekitaldi batzuen iraupena hobeto “zehazten” lagunduko digu. Eta, aldi berean, argi uzten du oso baliagarria dela gure Eguzki Sistemako beste leku batzuetako datu sismikoak jasotzea denbora eskalak hobeto zehazteko… Horrenbestez, sismometro gehiago ikusiko ditugu azalerako zundetan?

Eta, orain bai, azkenik, ikerketak lagundu egingo digu hobeto ulertzen Marte planetako giza esplorazioko misioetan egon daitekeen arriskua. Baita ere, zer-nolako babes neurriak har genitzakeen talka horien aurrean; talkak, momentuz, saihetsezinak baitira.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zenhäusern, Géraldine; Wójcicka, Natalia; Stähler, Simon C.; Collins, Gareth S.; Daubar, Ingrid J.; Knapmeyer, Martin; Ceylan, Savas; Clinton, John F.; Giardini, Domenico (2024). An estimate of the impact rate on Mars from statistics of very-high-frequency Marsquakes. Nature Astronomy, 8, 1138–1147. Doi: 10.1038/s41550-024-02301-z.

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 22an: Una nueva clase de martemotos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Martikara mota berri bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Fisikan arrakasta duten emakumeek gizonezkoen ezaugarriak hartzen dituzte beren gain?

mar, 2024/11/19 - 09:00

Ikerketa askok aztertzen dute zergatik emakumeek ez duten fisikan parte hartzen edo zergatik jasaten duten hain neke handia diziplina horretan. Jaimie Miller-Friedmann-en, Judith Hillier-en eta Nicola Wilkin-en azterlanak, Erresuma Batuan egin dutenak, eliteko fisika akademikoa du ardatz, bai eta haren iraunkortasuna eta arrakasta ere. Azterlana emakumezko sei fisikarik gizonezkoak nagusi diren eremu batean aurrera egiteko erabilitako estrategietan oinarritzen da. Badirudi denak identifikatzen zirela emakume gisa baina maskulinitate mota berezi bat normalizatzen zutela, gizonezko fisikarien lau ezaugarri estereotipatu jartzen baitzituzten praktikan. Goi mailako emakumezko zientzialari horiek oso adeitsuak ez ziren inguruneetara egokitu eta lorpen profesional handiak lortu zituzten.

duten1. irudia: Fisikako Solvay Kongresuaren 5. edizioa (1927). (Argazkia: Benjamin Couprie – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Denboran dirauen desberdintasuna

Eskolako zientzien artetik (biologia, kimika, fisika eta matematikak), fisika da maskulinizatuenetako bat. Arlo horretan gizonek eta emakumeek duten parte hartzea batez ere faktore soziologikoek erregulatzen dute, interesek edo gaitasunek baino. Argitaratutako ikerketa gehienen gai nagusia da neskatoek zergatik ez duten fisika hautatzen edo emakumeek zergatik uzten duten alde batera diziplina hori. Horren arrazoia da, askotan, fisika maskulinitate mota jakin batekin lerrokatuta dagoela eta ez diola lekurik uzten aniztasunari. Hau da, jakintza arlo hori ezaugarri asko baztertzen dituzten eta oso errotuta dauden mitoekin lotzen da, eta, horrela, besteak beste, zuria, maskulinoa eta klase ertainekoa den diziplinari eusten zaio.

Azken urteetan ahaleginak egin dira fisikan dagoen genero ekitate ezari aurre egiteko, baina, hala ere, arlo horretan diharduten emakumeen kopuruak txikia izaten jarraitzen du. Arrazoi horrengatik egindako azterketa askok hiru alderditan jartzen dute arreta.

Lehenik eta behin, emakumeek fisika ez aukeratzeko arrazoiak. Azterketok honako hauek identifikatzen dituzte: alborapen inplizituak, autoefizientzia txikiagoa gizonezko kideen aldean eta kide izatearen sentimendua zailtzen dituzten beste oztopo batzuk. Bigarrenik, emakumeek zientzia orokorrean duten parte hartzea aztertu da (STEM). Arlo horretako ikerketaren arabera, gizarte arauek eta parekoen eta familiaren/komunitatearen arteko interakzioak zientziaren egileei buruzko sinesmenak indartzeko joera dute. Halaber, jarraitu beharreko eredurik, hau da, hurbileko erreferenterik ez izatea aipatzen da. Horrez gain, ikerketa identitate intersekzionalak aztertzen hasi da (adibidez, desgaitasuna dutenenak edo zientifikoak) zientzian dauden desberdintasunak ulertzeko eta hobetzeko bide gisa. Hirugarrenik, ikerketak metodo kuantitatiboak erabili ditu emakumeen parte hartzea korrelazioan jarri edo aurreikusteko, eta emakumeak fisikara eramango dituzten faktoreak identifikatzeko. Aldagaietako batzuek zientzia identitatearen sorrera goiztiarra, autokontzeptu sendoa eta aurreiritziei aurre egiteko gaitasuna hartzen dituzte barne. Azterketa kuantitatiboek, halaber, erakutsi dute emakumeen eta gizonen helburuak ez direla berdinak eta emakumeek, ehuneko handi batean, helburu komunitarioak izaten dituztela.

Zaildu egiten duten beste inguruabar batzuk

Kontuan hartu beharreko aldagai bat da ikerketa askok aipatzen dutela departamendu kultura ez dela abegitsua emakumeentzat; izan ere, baztertu egiten ditu emakumeak adiskidetasuna sortzeko prozesu eta esperientzietatik, eta eragotzi egiten die kide izatearen sentimendua garatzea. Era berean, ezin dugu ahaztu emakumezko zientzialarientzat oso zaila dela lan eta familia bizitzaren arteko orekari eustea eta amatasun edo zaintzarako baimen baten ondoren berriz lanean hastea. Zaintzen erantzukizuna, oraindik orain, batez ere emakumeek hartzen dute beren gain. Adibidez, umeak eskolara edo guraso helduak medikuarenera eramateko behar den denbora, zientziari, kudeaketari edo hezkuntzari kentzen zaion denbora da, eta ondorioz, argitalpenari eta sustapenari kentzen zaiona. Azterketa ugarik aztertzen dute horrek emakumezko fisikarien artean duen eragina. Horrek guziak aurretik esandakoa berresten du eta fisika departamentuen “ingurune hotzari” mikroeraso posibleak jasateko eragozpenak gehitzen dizkio.

Antza denez, argitaratutako literaturak berretsi egiten du fisika “gizonen kontua” izaten jarraitzen duela gizartean eta, bereziki, fisika arloko ikasleen eta irakasleen artean.

 “Fisikariaren” inguruko mitoak

Fisikaria deskribatzeko jarraian adierazten diren lau estereotipoak dira nagusienak eta ohikoenak. Uste horiek beren gain hartu zituzten Jaimiek, Judithek eta Nocolak elkarrizketatu zituzten eliteko emakumezko fisikariek eta ezaugarri horiei esker lortu zuten arrakasta.

  1. “Maskulinitatea gauzatzearen” efektua

Parte hartzaile horien identitatean “maskulinitatea” hartzea haien kanpoko jarduketa maskulinoaren hedadura da: eskolan beste emakume batzuekin duten desberdintasuna aitortu zuten, diskurtso esparru alternatiboak bilatu zituzten eta modu tautologikoan naturalizatu zituzten beren identitate maskulinoa eta fisikan nabarmentzeko nahia. Parte hartzaileak modu inkontzientean hasi ziren beren burua “maskulinitatearekin” lotzen eta, ondoren, beste genero batzuk baztertzen. “Femeninotik” bereizten saiatu ziren eta “maskulinitatearekin” lotzen.

Margaret Thatcher-ek (Ronald Reaganek 1983an “Ingalaterrako gizonik onena” bezala definitu zuen) edo Cecilia Payne-Gaposchkin-ek (“Harvardeko onena”, Edwin Hubbleren hitzetan) bezalaxe eraiki zuten beren identitatea. Normalizatze hori funtsezkoa izan zen emakumezko fisikarien identitaterako, fisikari gisa legitima zitzaten eta haien gaitasuna eta taldean sartzea baliozkotu zezaten.

duten2. irudia: Cecilia Payne-Gaposchkin. (Argazkia: Smithsonian Institution/Science Service, Adam Cuerdenek zaharberritua – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)
  1. “Antisozialak izatearen” efektua

“Antisoziala” estereotipoa sartzea jarduketa maskulino sendo baten parte izan zen. Baina, aldi berean, antisozializazioak eten egin zuen “gremioko” kide gisa ikusiak izateko gaitasuna. Fisikaren narratiban onartuak izateko trebetasunaren parte bat izan zen “feminitatetik” bereiztea eta “maskulinitatearen” estereotipoekin bat egitea. Hala ere, bere kide maskulinoekin sozialki lotzeari uko egiteak ere isolatu egin zituen, laborategiko taldetik baztertu eta, aldi berean, “fisikari bakarlariaren” diskurtso esparruan normalizatu. Aisialdirako denbora fisikari eskaintzean, murriztu egin zuten bizitza pertsonalean lagun, ama edo emazte gisa igaro zezaketen denbora. Denbora, identitatea eta jarduera alde batera uztea ez zen arazoa beren karrera profesionalean, baina bai bikotekideentzat, eta, maiz, harremana eteteko arrazoi izan zitekeen. Laneko distantziak beren kideengandik bereizi eta isolatu zituen bezalaxe, etxeko distantziak familia harremanetatik bereizi zituen.

  1. “Intelektualki bikaina izatearen” efektua

Haien talentuak, auto hautemandakoak zein gainerakoek aitortuak, fisikariei buruzko beste estereotipo batzuekin estuki lotzeko balio izan zuen. Bikaintasuna, identitate ezaugarri gisa, maskulinoarekin lotzen da. Kasu honetan, ordea, beren jarduteko modua arrakastaranzko bidearen erakusgarria izan zen eta bere merezimenduen erakustaldia kanpoaldean. Jakina da haien adimenak lan konplexu eta berritzaileetan arrakasta lortzera bultzatu dituela, bai eta unibertsitate ospetsuenetan bikaintasun tituluak lortzera ere. Baina bere bikaintasuna adieraztea, arrakasta intelektualak azaltzea eta maila intelektualean alde onuragarriak arrandiaz erakustea maskulinitaterako joera gisa interpreta daiteke.

Argi dago azkarra izatea oso baliagarria dela fisikan arrakasta izateko bidean. Hala ere, fisikariak “maskulinitatearekin”, adimena “maskulinoarekin” eta fisikariak oso bikainak izatearekin lotzen dituen estereotipoen triangulazio konplexua bereganatzeak are gehiago lagundu zien emakumezko fisikariei gizonezko fisikarien antza izan zezaten saiatzen eta haien kideak eta nagusiak konbentzitzen (agian gizartea konbentzitzen haiek nahiko onak direla). Fisikari gisa egin zuten proba bihur hori erabakigarria izan zen haien arrakastan. Fisikari bikain gisa agertzea, hala direla jakinaraztea eta errepikatzea haien identitatearen parte bihurtu da, kide eta nagusien aintzatespena lor dezaten.

  1. “Fisikaria izateko jaiotzearen” efektua

Azken estereotipo honek, “fisikaria izateko jaiotzeak”, berretsi eta laburbildu egiten ditu aurreko hiru estereotipoak. Fisikari arrakastadunek fisikarako berezko talentua dutelako kontzeptua azterlan berrietan aztertutako estereotipoetako bat da. Aztergai dugun ikerketa honetan, eliteko emakumezko fisikariak beren ezaugarrien bidez saiatu ziren hori agerian jartzen. Beren burua “fisikari” gisa identifikatu zuten, jaiotzean neska gisa identifikatu zituzten bezalaxe. “Fisikaria izateko jaiotzea” eta fisikaria izatea naturala da. Fisikoaren identitate “objektiboa” da, hau da, horrela jaio ziren, eta horrek naturalizatu egiten du, genero arauak gorabehera, karrera hori hautatu izana. Fisikaren etiketa berez dutela baieztatuta, aldi berean, emakume gisa agertu eta, arau minoritario bati jarraikiz, maskulinoa irudikatu dezakete. Natural baina marjinal gisa kokatzearen anbiguotasunak “egokitzeko” eta, aldi berean, “nabarmentzeko” aukera ematen die.

Egokitu edo ingurunea aldatu

Garrantzitsua da aipatzea emakumezko fisikari bikainek fisikari batek izan behar duenaren ustean oinarrituta berreraiki zutela beren identitatea. Horrek lagundu egin zien kanpoko aintzatespena lortzen, kide izatearen sentimendua lantzen, beren esparruan tematzen eta nazioartean arrakasta lortzen. Ez zuten inolako ahaleginik egin fisika barrutik aldatzeko, baizik eta maiz toxikoak ziren eta ongietorriak ez zirela hauteman zuten inguruneetan lekua aurkitzen saiatu ziren.

Ikerlan honetako emakumezko fisikariek feminitatearen roletatik urrunarazi zituzten esperientzien bidez berreraiki zuten beren identitatea, parekoek indartuta, eta “maskulino bihurtzen” jardun zuten. Ondorio gisa, beren narratibek identitate hibridoak erakutsi zituzten, beren jardun femeninoak ezkutatzen zituztenak, eta beren genero identitate ingurunearekin “mimetizatuz” berreraiki zuten. Emakumezko zientzialari horiek bere gain hartutako maskulinitatea, ustez, gizonezko fisikari akademikoarena da: goi mailako adimena, gaitasun teknikoa, sormena, berrikuntza, jokabide asozialak, autoefizientzia handia eta konfiantza beren buruarengan.

Kontrako egoeretan ez zuten beraien lekua aldarrikatu; haietara egokitzeko jardun zuten. Munduan ezagunak diren emakumezko fisikariek onartu egin zituzten beste emakume batzuei fisikan parte hartzea oztopatzen dieten arazoak. Egokitzeko modua aurkituta, beren parekoen aintzatespena, laudorioak eta errespetua lortu zituzten, eta, hala, genero diskriminazioaren esperientzien maiztasuna murriztu. Emaitza horiek nazioarteko konferentzietan jakinarazi dira eta baietsi egin da mundu osoko emakumezko fisikarien artean daudela zabalduta.

Fisikaren epistemologia berrikusten

Irudi horrek erakusten du moraltasunari eta hierarkia tradizionalari eusten dion eremu akademikoa dela, prozedura eta sistemetan aldaezina. Fisika akademikoak aldatu egin behar du, ingurune abegitsuagoa eta dibertsifikatuagoa izan behar du; baina denborak aurrera egin ahala eremua aldatu egiten den neurrian, laguntza handiagoak izan behar ditu identitate marjinalak dituzten pertsonentzat. Fisika akademikoko emakumeak erabat femeninoa den subjektibotasun bat sortzen saia litezke (eta, nola edo hala, gainerakoek duten aintzatespen eta estimu bera lortu) edo egokitzen saiatzen jarraitu. Jakina, egokitzea da pertsona gehienek gogokoen duten eredua: kide sentimendua lortzea dakar, bai eta identitate partekatu bat sendotzea ere.

duten3. irudia: egokitzea da pertsona gehienek gogokoen duten eredua: kide sentimendua lortzea dakar. (Iturria: egileak lagatako irudia)

Orain, esku hartze eta saiakera ugari egin baina aurrerapen gutxi lortu ondoren, baliagarriagoa izan liteke atzera pausu bat eman eta azpian dauden arrazoiak argitzea. Egokia litzateke fisikaren epistemologia berraztertu eta fisika zer den eta zertarako balio duen birdefinitzea. Objektibotasuna, arrazionaltasuna eta antzeko ezaugarriak azpimarratzen jarraitzen dute. Ez da aitortzen fisikan diharduten guztiek berezko ezaugarri bat dutela eta horrek ikerketetan eta ideietan kolaboratiboak izatera eramaten dituela. Fisikak ez du zerikusirik naturaren gainean agintea izatearekin, baizik eta natura ulertu eta harekin lan egitearekin, gainerakoek bizitza errazagoa izan dezaten moduak aurkitzeko. Fisikaren ideologian bertan sartu behar ditugu emakumeak egokitzeko zain, alerta egoera etengabean ez sentiarazteko ezaugarriak, eta diziplina neutral gisa eraiki behar dugu, ez “oso gizon adimentsuentzako zientzia gogor” gisa.

Ez da bidezkoa neskak fisikan parte hartzera bultzatzea, ondoren egokitu eta identitateari buruzko negoziazio handi baten menpe egon behar badute. Fisikak lekua egin behar die estereotipatu gabeko identitateak dituzten pertsonei, ekarpenak egin ditzaketenei, ikasi eta hain zoragarria den zientzia horretan parte hartzeak liluratu egiten dituenei, nondik begiratuta ere.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Bug, Amy (2000). Gender and physical science: A hard look at a hard science. J. Bart (Ed.), Women succeeding the sciences: Theory and practices across the disciplines ( 221–244). Purdue UP.
  • Miller-Friedmann, Jaimie; Hillier, Judith; Wilkin, Nicola (2024). Being a physicist: Gendered identity negotiations on the pathways to becoming an elite female physicist in the United Kingdom. Journal of Research in Science Teaching, 1–35. DOI: 10.1002/tea.21980
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko irailaren 24an: ¿Las mujeres que triunfan en física, asumen rasgos masculinos?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Fisikan arrakasta duten emakumeek gizonezkoen ezaugarriak hartzen dituzte beren gain? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da erabat

lun, 2024/11/18 - 09:00

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Isabel Martínek 3 eta 9 urte bitarteko adingabeen metaforak interpretatzeko gaitasuna aztertu du, eta ondorioztatu du 6 urterekin ulertzen dituztela erabat. Adin txikiagoetan badute nolabaiteko intuizioa irudizko adierei antzemateko, baina haien gaitasuna ez dago erabat garatuta. Ondorio horiek lortzeko modu berriak erabili ditu, irudiak hautatzeko metodologiak eta begi-mugimenduen jarraipena egitekoak konbinatuta.

UPV/EHUko Lindy Lab ikerketa-taldeak 3 eta 9 urte bitarteko 80 haurrekin egindako azterlan batek ondorioztatu du metaforen erabateko interpretazioa 6 urtetik aurrera lortzen dela. Hala eta guztiz ere, emaitzek adierazten dute esanahi ez-literalei antzemateko gaitasuna lehenago hasten dela garatzen. “Ikusi da adin txikiagoetan irudizko hizkuntza nolabait atzematen dutela, baina ez dute menderatzen eta gaitasun mugatua dute. Sei urterekin ondo identifikatzen dute haren esanahia, eta badirudi aurrerago, 10 urte inguru dituztenean, metaforak azaltzeko gai direla” argitu du ikerketaren egilea den Isabel Martínek. Ikerketaren emaitzek doktoregaia egiten ari den tesia argitzen lagundu dezakete. Tesiak hizkuntza metaforikoaren ulermena aztertzen du garapen tipikoa duten eta autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonetan, eta haren helburua da bi taldeetan gertatzen dena alderatzea eta autismoa duten pertsonen adimena hobeto ulertzea.

metaforakIrudia: ikerketan erabilitako irudi baten adibidea. (Iturria: Martín-Gonzalez, Isabel et. al.)

Martínek azaldu duenez, ikerketa berritzaile bat baliatu dute aipatutako ondorioetara iristeko: “Psikologia esperimentaleko eta psikolinguistikoko joera metodologiko berri bat abiarazi dugu, eta, horri esker, dagoeneko existitzen diren lanek baino ondorio ñabarduraz osatuagoak atera ahal izan ditugu”. Izan ere, esan beharra dago gai hori aztertu duten hainbat ikerketa daudela aurretik, baina haien emaitzak askotarikoak dira. UPV/EHUko taldeak informazio osatuagoarekin aberastu du eztabaida zientifikoa, bi metodologia desberdin konbinatu baititu aurretik egin ez zen moduan.

Alde batetik, irudiak hautatzeko metodologia erabili dute. Hala, esperimentu bat egin dute, zeinetan haur bakoitzak metafora bat diktatzen duen audio bat entzuten baitu (adibidez: “Matxinsaltoek jauzi handia egiten dute; ume hori matxinsalto bat da”) eta, aldi berean, lau irudi ikusten dituzte (haur bat saltoka, haur bat korrika, kakalardo bat eta matxinsalto bat saltoka). Orduan, parte-hartzaileek entzun duten mezua irudikatzen duen marrazkia aukeratu behar dute (haurra saltoka). “Metodologia horri esker jakin ahal izan dugu 6 urteko parte-hartzaileek ulertzen dituztela irudizko esanahiak, adin horretan ikusten baita argi eta garbi irudikapen egokia aukeratzen dutela”, dio ikertzaileak.

Infragorrien kamera emaitzak ñabarduraz osatzeko

Hala ere, irudien aukeraketak ez du argitzen nola prozesatu dituen parte-hartzaile bakoitzak mezuak eta zer neurritan aurreikusi dituen beste aukera batzuk. Xehetasun horiek ezagutzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-taldeak planteatutako ariketa bakoitza baliatu du haien begi-mugimenduak aztertzeko.

Irudiak ikusten, entzumen-estimulua entzuten eta behin betiko marrazkia aukeratzen duten bitartean, infragorrien kamera batek begien desplazamenduak neurtzen ditu; bai sakadikoak (begi-globoaren mugimendu azkarrak eta begi hutsez hauteman ezin direnak), bai ibilbideak eta irudi bakoitzean egindako finkapenak. Isabel Martínek azaldu duenez, datu horiek aukera ematen dute ikusi eta entzun dutena nola prozesatu duten jakiteko: “Kamerak begiak irudi batetik bestera nola mugitu diren atzematen du, eta parte-hartzaileek zuzentzat jotzen duten marrazkia aukeratu aurretik haien buruen barruan gertatzen ari denari buruzko informazioa ematen digu: zailtasunak izan dituzten, zein aukeraren artean egin duten zalantza… Izan ere, azkenean hautatzen duten irudia erabaki baten emaitza da eta prozesu oso bat burutu du”. Begi-mugimenduen erregistroak aukera ematen die prozesu horretara hurbiltzeko eta lortutako emaitzei ñabardurak emateko, irudien hautaketaren bidez.

Hain zuzen ere, bi metodologien konbinazioari esker jakin ahal izan dute 6 urtetik beherako haurrek metaforak argi interpretatzen ez badituzte ere, gutxiagotan aukeratzen dutelako irudi zuzena, badutela nolabaiteko intuizioa irudizko esanahiak detektatzeko. Izan ere, begien jarraipenaren bidez antzeman ahal izan dute zalantza egin dutela marrazkia aukeratzeko orduan. “Esaldiak zer esan nahi duen oso argi dutenean, ez diote buelta gehiagorik ematen, eta beren ustez zuzena den aukeran jartzen dituzte begiak. Baina zalantzak dituztenean, beste leku batzuetara begiratzen dute. Eta hori da atzeman duguna adin txikiko haurretan”, zehaztu du ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da erabat UPV/EHUko ikerketa baten arabera

Erreferentzia bibliografikoa:

Martín-González, Isabel; Ronderos, Camilo R.; Castroviejo, Elena; Schroeder, Kristen; Lossius-Falkum, Ingrid; Vicente, Agustín (2024). That kid is a grasshopper! Metaphor development from 3 to 9 years of age. Journal of Child Language. DOI: 10.1017/S0305000924000187

The post Metaforak interpretatzeko gaitasuna 6 urterekin garatzen da erabat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #507

dim, 2024/11/17 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

eragiten

Glaziologia

Ikerketa berri batek Everest mendia hazten duen faktore bat gehiago identifikatu du: “River piracy” edo ibai-harrapaketa. Fenomeno honek ibai baten arroak beste batena bereganatzea dakar, eta horrek inguruko mendiak gorantz bultzatzen ditu isostasia prozesuaren bidez, lurrazaleko pisua arintzean eragiten den goranzko erreakzioa baita. Tibeten jaiotzen den Arun ibaiak Koshi ibaiaren arroa bereganatu zuen, eta higadura honek Everest eta inguruko mendiak altxatzen laguntzen du. Euskal Herrian ere antzeko prozesuak gertatzen dira, hala nola, Deba ibaiak Urola ibaiari zati bat kentzean. Informazio guztia Gara egunkarian.

Adimen artifiziala

Ikaskuntza automatikoa, adimen artifizialaren azpieremua, eredu matematikoen doitze automatikoaren bidez algoritmoak hobetzean datza. Gainbegiratutako ikasketan, datuak etiketatuta dituen eredu bat entrenatzen da, behin eta berriz doituz iragarpenetan errorea murrizteko. Gainbegiratu gabekoan, datuak ez daude etiketatuta, eta ereduak patroiak identifikatzen ditu. Errefortzu bidezko ikaskuntzak sariak erabiltzen ditu proba eta akats bidezko lana hobetzeko. Neurona-sareak, giza garunean inspiratuta, zeregin konplexuak egiteko gaitasunagatik nabarmendu dira, baina hainbat erronkari egin behar diete aurre, besteak beste, gaindoitzeari eta interpretagarritasun faltari. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Psikologia

Marta Buenok emakumeek etxeko arduren antolakuntzan jasaten duten karga mentalaz hitz egiten du, lan fisikoa bikotean banatuta egon arren. Karga mental honek plangintza eta zaintza-lan ikusezina biltzen ditu, eta emakumeen estresa eta asebetetasun falta eragiten ditu. Genero-arauek eta amatasunaren idealizazioak emakumeak lan horiek beren gain hartzera bultzatzen dituzte, aitortzarik gabe. Konponbide gisa, karga mentala banatzeko antolaketa-lanak agerian jarri eta genero rolak berrikusi behar dira. Datuak Zientzia Kaieran.

Astrofisika

Uppsalako Unibertsitateak Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, gure galaxiako zazpi izar izan daitezke Dyson-en esfera gisa ezagutzen diren megaegitura estralurtarrak hartzeko hautagai. Freeman Dysonek 1960an teorizatu zituen egitura horiek zibilizazio aurreratuek eraikiko lituzkete, haien izarren energia aprobetxatzeko. Ikerketak ez du horrelakorik baieztatu, baina Gaia eta WISE bezalako teleskopioen emisio infragorrien eta ikusgarrien datuek iradokitzen dute objektu horiek bateragarriak izan litezkeela halako megaegiturekin, eta ikerketa gehiago behar direla hori baieztatzeko. Informazioa Zientzia Kaieran.

Medikuntza

Ehun-birsorkuntzaren arloan 3D bioinprimaketak dituen potentziala, mugak eta erronkak aztertu dituzte Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Bertan aztertu dute bioinprimaketaren mugak, hala nola zelula-dentsitatea, oraindik oso txikia dena, eta ehun desberdinen ezaugarri eta funtzionaltasun ezberdinak. Hala ere, bioinprimaketa prozesuak ehun-mota bakoitzera egokitzea aurrerapauso handia izango litzateke. Aurrera begira, helburua da “ohean bertan” zuzenean birsortzea kaltetutako ehunak, klinikara hurbiltzeko. Ikerketak beste adituen ikuspegiak jasotzea eta ikerketa-proiektu sendoak garatzea espero du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Hegazti-gripea pandemiaren arrisku handikoa izanik, orain basabizitzan ere ondorio larriak eragiten ari da. AEBko ikertzaileek ohartarazi dute birusa hegazti eta ugaztun basatiak kutsatzen ari dela, bereziki Antartikako hegazti eta itsas ugaztun, eta kalte ekologikoak sor ditzakeela. Birusa eboluzionatzen ari da, eta patologia neurologikoak eta hilkortasun masiboak eragiten ditu. Ikertzaileek basabizitzaren jarraipena hobetzea eskatu dute, birusaren transmisioa eta eboluzioa hobeto ulertzeko, giza osasuna babesteko. Osasun Bakarrak gure erantzukizun moral eta etikoa aldarrikatu du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Beatrix Potter, haurrentzako ipuinez gain, mikologo ezaguna izan zen. Espora eta likenen ernetzeari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen Linnean Society-ra 1897an, baina baztertu egin zuten. Horrek eztabaida sortu zuen likenen sinbiosiaren teoria babesten ote zuen. Batzuek diote garaiko elitismo zientifikoak eta misoginiak baztertu zuela; beste batzuek, berriz, uste dute interesa galdu zuela zientzian. Mikologia utzi bazuen ere, marrazki zientifikoak ekoizten jarraitu zuen eta haur literaturan zentratu zen, non arrakasta handia lortu zuen bere estilo zehatz eta naturalistari esker. Datuak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Science aldizkarian argitaratutako simulazio batek adierazi duenez, plastiko-hondakinak 2050erako bikoiztu egin litezke, ezer egiten ez bada. Hala ere, zortzi esku-hartze politiko globalen bidez, hondakinak % 90 murriztu eta plastikoari lotutako gas-isuriak heren bat jaits daitezke. Esku-hartze horiek plastikozko produktuen birziklapena, plastiko berrien ekoizpenaren muga, hondakinak kudeatzeko inbertsioak eta zerga txikiak ezartzea barne hartzen dute. Politika horiek, gainera, onura klimatiko nabarmenak ekarriko lituzkete. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Urak, nahiz eta zaporerik ez duela uste izan, bere osagai mineralek eta inguruko faktoreek zaporea ematen diote. Gatz mineralek, karbono dioxidoak eta lurralde bakoitzaren ezaugarriek eragiten dute uraren zaporean. Bilboko Zientzia Astean egindako tailer batek erakutsi zuen ur hotzak eta beroak zapore ezberdina dutela, eta mineralen presentziak funtsezkoak direla osasunerako. Gainera, Caltech Unibertsitateko ikerketa batek aurkitu zuen uraren zaporea mingainean zapore mingotsarekin lotutako zelulen bidez detektatzen dela. Azalpen guztiak Berrian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #507 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #514

sam, 2024/11/16 - 09:00
metaverseIrudia: Metabertsoa, edo «mundu birtual» operatiboen kopuru mugagabearen irudikapena. (Argazkia: cottonbro studio – Sinpletasun legala lizentziapean. Iturria: Pexels)

Jesús Zamora oso eszeptikoa da multibertsoaren etorrera dela eta. No metaverse in sight (& 2) artikuluan azaltzen ditu eszeptizismo horren arrazoiak.

Zulo beltz supermasibo batek materia irensten du muga teorikoa baino 40 aldiz gehiago. Beraz, huts handi bat dago unibertso goiztiarraren ereduetan: Rapidly growing black holes in the early universe.

Gauzak ahazteak izugarri sumintzen gaitu, baina ahanzturak badu arrazoi bat: The evolutionary benefits of forgetting.

Izar nano bat eta erraldoi bat bereiztea funtsezkoa da astrofisika alorreko ikerketan, baina baita lortzen zaila ere. DIPCko ikertzaileek argitzen digute kontua: Photometric segregation of FGK dwarf and giant stars.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #514 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (eta II)

ven, 2024/11/15 - 09:00

Batez ere haurrentzako ipuin ilustratuen liburuengatik ezaguna den arren, Beatrix Potter naturaren miresle eta artista botaniko bikaina ere izan zen. Ingalaterran jaioa, ehunka xafla xehatu eta zehatz margotu zituen, eta horiekin onddo eta likenen edertasun ezkutua agerian jartzea lortu zuen. Linda Learren arabera (bere biografoetako bat), «Potterrek ez zituen inoiz ikusi artea eta zientzia elkar baztertzailetzat; ikusten zuena erregistratu zuen erantzun estetiko bat gogora ekartzeko».

Potterren eskuizkribua, izenburuak dioen bezala, esporen ernetzea eta ondorengo garapenari buruzkoa da, nahiz eta bera ez izan prozesu horiek aztertzen lehena. Australian National Herbariumen webgunean adierazten da ikerketa horien adierazle nagusia Heinrich Anton de Bary (1831-1888) izan zela, laborategiko teknika zainduak garatzen aitzindaria onddoen bizi zikloak aztertzeko. Bere argitalpenak 1872tik aurrera egin ziren, eta sinesgarritasun handia lortu zuten.

1. irudia: Beatrix Potter britainiar idazlea, ilustratzailea eta naturalista izan zen. (Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)Onddo eta likenei buruzko ikerketa eztabaidatsua

Beatrix Potterrek likenen benetako izaerari buruzko hausnarketak ere sartu zituen bere lanean; XIX. mendearen amaieran eztabaida gogorra zegoen gai horri buruz. Batzuek deskribatu dute komunitate espezializatuarentzat landare horiek «benetako buruhaustea» zirela. 1860ko hamarkadan, Simon Schwendener (1829-1919) botanikari suitzarrak iradoki zuen likenak onddo baten eta alga baten konbinazio estu eta ehundua zirela. Nahiz eta ondorengo lanek frogatu zuten Schwendenerrek arrazoi zuela, likenek onddoak eta algak baitituzte, hasiera batean ideia horiek etsaitasun handia eragin zuten bere parekoen artean, iseka bidegabeak eraginez.

Simon Schwendener garai hartako mikroskopista onenetako bat zen, eta 1867 inguruan hamarkada bat baino gehiago zeraman likenak aztertzen. Australian National Herbariumeko webguneak informatu duenez, onddo/alga loturaren xehetasun mikroskopikoak deskribatzen zituen artikulu bat argitaratu zuen 1869an, eta une hartako likenologo gehienek ideia hori baztertu zuten sutsuki. 1870eko eta 1880ko hamarkadetan, beste biologo batzuek ikerketa gehiago egin zituzten gaiari buruz, bai Frantzian, bai Alemanian, eta haien ondorioek ere botanikari suitzarrak defendatutako lotura erakusten zuten. Hala ere, ez zituzten aditu nabarmenak konbentzitu, eta hipotesi duala ukatu egin zen mende osoan zehar, baita hurrengo mendearen hasieran ere (Australian National Herbarium).

1897an Beatrix Potterrek bere lana aurkeztu zuenean, eta baztertua izan eta gutxira erretiratu zuenean, likenen izaerari buruz zuen jarrera ez zen argi geratu. Jatorrizko eskuizkribua ez zegoen eskuragarri eta, beraz, gerora bere ekarpenak aztertu ondoren zalaparta handia sortu zen.

Gogora dezagun, bestalde, Beatrix Potterrek kode konplexu batean idatzita utzi zuela ia ulertezina zen eguneroko bat. 1966an, ordea, aipatutako Leslie Linder idazleak eguneroko hori deskodetzea lortu zuen, eta The Journal of Beatrix Potter from 1881 to 1897 izeneko liburu batean argitaratu zuen. Itzultzaileak ohar bat sartu zuen orri oinean eta, bertan adierazten zuen, dirudienez, Beatrix Potterrek sinbiosian bizi ziren bi kidek osatzen zituztela zioela. Argitu beharra dago termino hori espezie ezberdinetako bi organismoren arteko iraupen luzeko edozein interakzio biologiko eta esturi dagokiola. Terminoa 1877an sartu zuen Albert Bernhard Frank (1839-1900) botanikari alemaniarrak, eta, ondoren, «elkarrekiko onuragarria den lotura batean elkarrekin bizi diren organismo» gisa onartu zen.

Beatrix Potter2. irudia: Beatrix Potter-en egunerokoa, 1881etik 1897ra. Leslie Linder-ek transkribatuta Potter-ek idatzitako kodetik. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

British Mycological Society webgunean adierazten denez, idazle ospetsu batzuek balioa eman zioten Linderrek idatzitako oin oharrari. Beraz, Potterrek Schwendener zuzen zegoela konbentzitu zion lan bat egin zuela iradoki dute, eta «establishment zientifiko elitista kontserbadore batek baztertu zuela».

Hortik aurrera, gertakarien interpretazioa nahastu egiten da; izan ere, interpretazio batzuen arabera, Potter ez zegoen ados lotura sinbolikoaren ideiarekin. Emakume amateur gisa literatura espezializatua eskuratzeko zailtasun handiak zituela esan izan da, eta horregatik bere inguruan nagusi ziren Schwendenerren aurkako jarrerei nagusitasuna eman ziela.

Tom Wakeford biologo eta idazleak, Linnean Societyko kideak, ere parte hartu zuen eztabaida horretan. 2001ean argitaratutako Liaisons of Life (Bizitzaren loturak) liburuan esaten zuen Potter komunitate biologiko ofizialetik bota zutela Londresko institutu ospetsuenetan nagusi zen pentsamolde estuagatik. «Kideek uko egin zioten Beatrixen ebidentzia zientifikoak onartzeari, hark esaten zuen likenak, zuhaitz enborretako biztanleak, itsasoko kostaldeak, arrokak eta hormak […],  harreman estuan zeuden bi organismok eginak zirela, ez batek».

Interpretazio horren arabera, «Potter historiaren alde zuzenean egongo zen», azaldu du British Mycological Society webguneak. Hala ere, oraintsuagoko urteetan komunitate espezializatuaren zati batek argudiatzen du Potterrek benetan uste zuela likenak organismo bakarrak zirela eta ez bi espezie ezberdinen elkarbizitzaren emaitza. Leslie Linder itzultzailearen oin oharra, azpimarratzen dutenez, oker zegoen.

Akats hori Beatrix Potterri buruz idatzitako hainbat biografiatan errepikatu zen. Aipatutako egileak, Linda Learrek, adibidez, ilustratzailearen likenei buruzko ikuspegiari behar baino kreditu gehiago eman ziola aitortu du. Zehaztu duenez, «Potterren sinbiosia onartzeari dagokienez, eman ditudan argudioak gehiegi neurriz kanpokoak eta okerrak dira», baieztatu du. Baina Linda Learrek gaineratu duenez, «sinesgarritasuna eman beharko litzaieke [Beatrix Potterrek] hainbat liken espezieri buruz egindako behaketa zainduei eta hausnartuei, eta arlo profesionalean [analitikoki] espekulatzeko emakume ausart gisa erakutsitako adoreari».

Suari egur gehiago gehitzeko, Miamiko Unibertsitateko biologiako irakasle, mikologian aditu eta idazle zientifiko Nicholas Moneyk honako hau argudiatzen du: «Potterrek uste zuen likenak bere klorofila propioa sor zezaketen onddoek osatzen zituztela». Zientzialariak gaineratu duenez, aipatutako William Thistleton-Dyer Keweko Lorategi Botanikoko zuzendariak «mespretxatzaile agertu zen Beatrix Potterrekin; izan ere, lan hori egiten ari zenean, frogatuta zegoen likenak onddo baten eta bazkide fotosintetiko baten arteko lotura zirela. Potter alde okerrean argudiatzen ari zen» (The British Mycological Society).

Hala ere, Nicholas Moneyk onartzen du «[Potterren] onddoen marrazkiak ederrak eta zientifikoki zorrotzak» zirela; eta aitortzen du bere akuarelen zehaztasunak aukera eman diela mikologo modernoei onddoak identifikatzeko. Azkenean, ondorioztatu du «hori dela mikologiari egin dion ekarpen garrantzitsua». Izan ere, Potterren marrazketa teknikorako trebezia miragarria benetan aitortu eta goraipatu dute gaian adituak diren guztiek.

Beatrix Potter3. irudia: Hygrocybe coccinea onddo bateko ugalketa sistemaren ilustrazio mikologikoa. (Ilustrazioa: Beatrix Potter – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Eztabaida oraindik ez dago erabat itxita. The British Mycological Society webgunean irakur dezakegu zenbait egilek defendatzen dutela Beatrix Potter «zientzialari garrantzitsua izan zela, baina bere bidean viktoriar elitistek geldiarazi zutela». Ordea, gehiengoa dira alegatzen dutenak beren egunerokoaren irakurketa zehatzagoak iradokitzen duela baieztapen horiek gehiegizkoak direla. Hori esanda, gogoratu behar da urte haietako komunitate zientifikoaren misoginia oso nabarmena zela, eta Linnean Societyn, adibidez, 1905era arte ez zela emakumerik onartu kide gisa; eta hori eztabaida luze eta beroen ondoren besterik ez zen lortu.

Zenbait iturrik aipatzen duten beste alderdi baten arabera, Beatrix Potterren egunnerokoaren irakurketa arretatsuak iradokitzen duela bere motibazio nagusia talentua eta jakingura okupatzeko eta diru pixka bat irabazteko jarduera bat bilatzea zela. Bere helburu nagusia, orduan, independentzia ekonomiko eta pertsonala berrestea izango zen, emakumeentzako aukerak oso mugatuak ziren garai batean. Horren harira, Linda Learrek honako hau idatzi du: «Ez dut uste Beatrixek mikologo izateko anbizioa zuenik […]. Idatzi zuen ikerketa artikuluak lan gehiago behar izan zuenean, interesa galdu zuen zerbait egokiagoaren alde».

Antzeko ildo batean, Australian National Herbariumeko webguneak parte hartu du eztabaidan, honako hau argudiatuz: «gertakari horrek [artikulua baztertzeak] amaiera eman zien Potterrek onddoei buruz egindako ikerketei, etsipenaren edo haserrearen ondorioz». Gainera, orrialde horrek honela jarraitzen du: «ez dago informaziorik amateur eta emakume gisa Potterrek nagusi ziren aurreiritzi gogorrei aurre egin zienari buruz».

Hala ere, kontraesanen bat detektatzen da; izan ere, orrialde horrek berak dio monografia erretiratu ondoren, Potterrek hurrengo bi urteetan mikroskopioan 70 marrazki berri ekoizten jarraitu zuela. Charles McIntoshi bidali zion azken gutun ezagunean, 1897ko irailean, artikulua erretiratu eta bost hilabetera, Potterrek ernetzea eta garapenari buruzko emaitza berriei buruz idazten zuen. Laburbilduz, «noiz eta zergatik, azkenean, utzi zion onddoekin lan egiteari, ezezaguna da», ondorioztatzen du orrialde horrek.

Linnean Societyk baztertutako Beatrix Potterren artikuluari buruzko eztabaidaren zirrikituek hainbat arlotan eztabaidatutako gai bat argitzen dute. Australian National Herbariumen azaltzen den moduan: «bera bizi zen bitartean bere lana ez ezagutzea bezain ergela izan da orain bere lorpenei buruzko goraipamen sutsuak egitea». Egia esan, emakume zientzialarien ekarpenen benetako dimentsioaz haratago joateak pozoi kaltegarri bat izan daiteke kausa zuzen batentzat, hain zuzen ere, ahanztea ekiditea.

Amaitzeko, esan beharra dugu XIX. mendetik XX. menderako aldaketaren inguruan, Beatrix Potterrek haurrentzako liburu ilustratuak idazten eman zuela denbora. Estilo naturalista zehatzari esker eta bere kontakizunekin batera aurkeztutako marrazkien edertasuna zela eta, bere garaiko haurrentzako ipuinen idazle nagusi eta ospetsuenetako bat bihurtu zen. Fikzioaren eta mikologiari buruzko jarduera zientifiko baten arteko uztartze bitxia.

Iturriak: Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Mujeres con Ciencia blogean 2024ko maiatzaren 22an argitaratu zen artikulua: Beatrix Potter (1866-1943), asombrosa y controvertida estudiosa de hongos y líquenes.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera

jeu, 2024/11/14 - 09:00

Artikulu hau Geologia 1-Fisika 0 artikuluaren jarraipena da, bertan William Thomson (Lord Kelvin) fisikari ospetsua partidako «galtzailetzat» jo nuen. Aitzitik, Fisikaren arrakasta hain handia ez zenean Fisikak partida berdintzea lortu zuela azaltzen da artikulu honetan; Luis Alvarezen eskutik bereziki (1968ko Fisikako Nobel Saria jaso zuena).

Alvarez joko dut partidaren «irabazletzat», hein handi batean bera izan zelako Lurrak duela 65 milioi urte meteorito baten inpaktua jaso zuela proposatu zuen ikertzailea. Aipatutako hipotesia Alvarez fisikariak eta lankideek 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu zuten. Bertan, gainera, dinosauroen suntsipenaren ardura meteorito horri eman zioten. Izan ere, azken iraungipen/suntsipen masiboak adin hori du eta bera erabiltzen da Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga ezartzeko (mugari K/Pg muga deritzo).

Science aldizkariko argitarapen horrek sortu zuen zirraraz, egonezinaz eta diziplina arteko eztabaida zientifiko aberatsaz dihardu artikulua.

meteorito batenIrudia: Alvarez fisikariak eta bere lankideek 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu zuten hipotesia: duela 65 milioi urte, Lurrak meteorito baten inpaktua jaso zuen. (Argazkia pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Aurkikuntza bat egiten denean, ahaztu egiten gara horraino heltzeko igaro behar izan den bide malkartsuaz, sortu diren kezkez, zalantzez… Nire uste apalean, aurkikuntza berak baino irakaspen handiagoa hura lortzeko egindako bideak eman diezaguke. Hizpide dugun dinosauroen suntsipenaren adibidea oso adierazgarria da. Horregatik, bide malkartsu horretan gertatutako hainbat gauza kontatzen dira artikuluan, hala nola, ikerketa zientifikoaren munduan maiz gertatzen den «migrantearen efektua» deitu dudana, komunitate zientifikoan gerta daitezkeen jeloskeriak, parekideen berrikuspena prozesuan gerta daitezkeen «subjektibotasunak» eta halaber, ikerketa arloaren adituen ezinegona eta erreakzioak hipotesi iraultzaile bat eremutik kanpoko zientzialariek egina bada.

Hipotesi iraultzailea Science aldizkariko argitarapenean proposatu ostean beste 10 urte pasa ziren oin sendoak zituela ziurtatu arte. Tartean, fisikarien eta geologo/paleontologoen arteko borroka zientifiko eta ez-zientifiko itzela dago. Hainbat arlotatik kritika zorrotzak egin zitzaizkion proposamen ausart horri, baina Chixulub kraterra topatu zenean gehienak isildu ziren. Zoritxarrez, hipotesiaren proposatzaile nagusiak, Luis Alvarezek, ez zuen istorioaren amaiera dastatzeko aukerarik izan.

Benetako istorioa ondo jarraitu ahal izateko, artikuluaren lehen bi ataletan Geologiaren eta Paleontologiaren historiari sartu-atera labur bat egiten zaio eta bertan 1980 arte nagusiak ziren ereduak azaltzen dira.

Istorioaren 3. atala Apeninoen erdialdean hasten da, bertan oso agerian baitago K/Pg muga (Zumaiako Flyschean ere). Gutxi gorabehera 1 cm-ko lodiera duen buztinezko geruza bat dago, fosilik gabea. Mugaren azpian, Kretazeoko goi estratuetan/geruzatan foraminiferoak ugariak eta hondar aleak bezain handiak dira. Mugaren gainean, Paleogenoko lehen estratuetan berriz, oso gutxi ageri dira, eta aurkitzen direnak txikiak dira. Honek hainbat galdera dakar: Zergatik desagertu ziren ia erabat foraminiferoak? Ba al du fosilik gabeko buztinak suntsipenarekin zerikusirik? Galdera horiek erantzuteko, bereziki Luis Alvarez fisikariak, hipotesi desberdinak aztertzen ditu eta 1980n Science aldizkari ospetsuan aipaturiko hipotesi iraultzailea argitaratzen dute.

Aipatutako hipotesiak hamarkada osoan zehar komunitate zientifikoan orro galanta egin zuen, eta lan honetan erreakzio eta eztabaida sutsuen nondik-norakoak sakontasunez aztertzen dira.

Duela 65 milioi urte gertatutako kontingentzia horren ondoriozko eboluzio naturalak, gu, Homo sapiensak, munduko nagusi egin gaitu. Yucatánen jauzitako tamainako meteoritorik ez balitz existitu, dinosauroak mundu honetako nagusiak izaten jarraitu zuketen, ziur aski. Beraz, egun ezagutzen dugun Homo sapiens kontingentzia baten ondorio da, eta nork daki beste kontingentzia batek ez ote duen beste nagusi bat ekarriko mundura.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera
  • Laburpena: Artikulu hau «Geologia 1-Fisika 0» artikuluaren jarraipena da, non xx. mendeko, eta bereziki mendearen lehen erdiko fisikaren nagusitasuna, ez zela arlo guztietara heldu erakutsi zen. Izan ere, Lurraren adinaren ezagutzan Geologiak gol galanta sartu zion Fisikari. Bigarren artikulu honetan, berriz, azalduko dut, xx. mendearen laugarren laurdenean, Fisikaren arrakasta hain handia ez zenean Fisikak partidua berdintzea lortu zuela, 1968ko Fisikako Nobel Saria jaso zuen Luis Walter Alvarezen eskutik bereziki. Hein handi batean bera izan baitzen Lurrak meteorito baten inpaktua duela 65 milioi urte jaso zuela proposatu zuena. Azken iraungipen/suntsipen masiboak adin hori du eta adin hori erabiltzen da Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga ezartzeko. Hipotesi hori azken suntsipen masiboaren kausa bezala 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu ostean komunitate zientifikoan sortu zuen zirraraz, egonezinaz eta diziplina arteko eztabaida zientifiko aberatsaz arituko da artikulua. Artikuluak bide emango digu, baita ere, ikerketa zientifikoaren munduan maiz gertatzen den «migrantearen efektua» deitu dudana azaleratzeko, arazoei aurre egiteko bide desberdinak erakusteko, kuriositate zabaleko pertsonen garrantzia, komunitate zientifiko desberdinetan, eta baita bakoitzean ere, gerta daitezkeen jeloskeriak, parekideen berrikuspena prozesuan gerta daitezkeen «subjektibotasunak» eta, halaber, ikerketa arloaren adituen ezinegona eta erreakzioak hipotesi iraultzaile baten aurrean, hipotesia eremutik kanpoko zientzialariek egina bada.
  • Egilea: Fernando Plazaola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 153-199
  • DOI: 10.1387/ekaia.23754
Egileaz:

Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dysonen esferak, argi tranpen errezelak

mer, 2024/11/13 - 09:00

Zientzialariei galdetuko bagenie zein izan zitekeen zientziaren historiaren berririk eraldatzaileena, baliteke ehuneko handi batek honako hau erantzutea: beste planeta batzuetan bizitza badagoela frogatzea. Eta, nahiz eta bizitza hori adimenduna izateko aukerak gure pretentsioetatik nahiko urrun dauden, askotan, kuriositatez, gure buruari galdetzen diogu: «Eta… hala balitz?».

Horixe bera egin zuen Uppsalako (Suedia) Unibertsitateko astronomoen talde batek, eta aurten artikulu bat argitaratu dute Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian. Artikuluan, gure galaxiaren barruan megaegitura estralurtarrak izan ditzaketen zazpi izar izangai izendatu dituzte; eta egunen batean hori konfirmatuko balitz, gure zibilizazioa baino askoz aurreratuagoa den beste zibilizazioren bat badagoela esan nahi ahalko luke: Dysonen esferak. Ikerketa (Hephaistos II Proiektua izenekoa) bost milioi objektu ingururen argi ikusgaiaren eta infragorrien emisioen analisian oinarritzen da, Gaia eta WISE teleskopio espazialen behaketa datuetatik eta zerua kartografiatzeko 2MASS proiektutik abiatuta. Baina, zer esan nahi du aurkikuntza horrek?

Hasteko, defini dezagun zer diren Dysonen esferak, dibulgazio zientifikoan zein zientzia fikzioan hain ezagunak direnak. Objektu horien izendapena Freeman Dyson fisikariaren eta 1960. urtean Science aldizkarian argitaratu zuen Search for artificial stellar sources of infrared radiation artikuluaren ondoriozkoa da. Dyson SETI institutuaren jarraitzaile sutsua izan zen optimismo zientifikoko garai batean, eta, ondorioz, itxaropena zuen egunen batean gizakia gai izango zela beste zibilizazio batzuekin kontaktatzeko. Hori dela eta, beren garaian beste zientzialari askok egin zuten moduan —Frank Drake eta Carl Sagan dira horietatik ezagunenak—, harreman hori ezartzeko moduak bilatu zituen.

Dysonen1. irudia Freeman Dyson fisikaria izan zen, baina baliteke zientziaren esparruko azken ameslari handienetako bat ere izatea. (Argazkia: Monroem – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Freeman Dysonek bere artikuluan planteatzen du guk detektatu ahal izateko moduko edozein zibilizazio milioika urtetan existitu behar izan dela, eta, beraz, denbora izan duela gurea baino askoz aurreratuagoa den teknologia garatzeko. Eta teknologia horren laguntzarekin, zibilizazio horrek bere planetaz harago joateko aukera izan duela, eta arrastoren bat utziko zuela, batez ere energetikoa, bere izarraren inguruan. Hortaz, arrasto horiek une honetan gizakiok dauzkagun bitarteko teknologikoekin detekta litezke.

Arrastoak radio igorpenak izan litezke (hori izan da SETIren hurbilketa «klasikoa»), baina Freeman Dysoni bururatu zitzaion izar baten inguruan erradiazio infragorriaren espektroan anomalia jakin batzuk detektatzeko gai izango bagina, datu interesgarriak lortuko genituzkeela:

Erradiazio hori izar ikusgai baten inguruan ikus liteke bi egoera hauetakoren batean: Baliteke izaki adimendunen espezie bat gai ez izatea beren izarrak erradiatutako energia guztia aprobetxatzeko materia erabilgarri nahikorik ez duelako, edo baliteke sistema anizkoitz bateko izarretako bat inguratzen duen biosfera artifizial batean bizitzea, eta sistema horretako izar bat edo batzuk ustiatzeko desegokiak izatea eta, beraz, guretzat ikusgai izaten jarraitzea. […] Horiek horrela, zentzuzkoa da jatorri artifizialeko erradiazio infragorria bilatzen hastea hurbileko izar ikusgaien inguruan eta, bereziki, binarioak direla eta kide ikusezinak badituztela dakigun izarretan.

Eta horixe egin du, hain zuzen, eta ez behin baizik eta bitan —2022an eta 2024an—, Uppsalako Unibertsitateko Behaketazko Astrofisikako taldeak. Eta, horretarako, Dysonek bere artikulua idatzi zuenean zeuzkanak baino askoz ere doiagoak diren izar mapak eta bitartekoak erabili dituzte. Baina, Dysonen esferarik detektatu dute? Tamalez, ez; baina ondorioztatu dute aztertutako datuak objektu horiekin bateragarriak izan litezkeela. Hala ere, ez dira gai izan iturri horien izaera zehatza zehazteko. Are gehiago, egileek beraiek diote artikuluan bertan informazioa tentuz hartzeko, eta ohartarazten dute datu gehiago beharko liratekeela megaegitura estralurtarrak direla onartzeko.

Dysonen2. irudia: Dysonen esfera bat izar baten inguruan eraikitako megaegitura bat da, izarrak emititzen duen energia aprobetxatzeko xedez. Solidoa izan daiteke, satelite multzo baten itxurakoa, eraztunak izan ditzake —kasu honetan bezalaxe—, edo beste edozein konfigurazio izan. (Argazkia: Kevin Gill – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Popular Astronomi)

Orain artekoa azken asteetako berrien laburpen txikia da, baina gehiago dago. Nola bururatu zitzaion Freeman Dysoni izar bat inguratzen duen eta haren energia guztia aprobetxatzen duen «biosfera artifizialaren» ideia? Kontuan izan behar dugu Nikolái Kardashevek ez zuela zibilizazio baten garapen teknologikoaren maila neurtzeko bere eskala planteatu lau urte beranduago arte. Hortaz, Dysonek II. mailako zibilizazio bat aipatu zuenean, maila hori ez zegoen oraindik «ofizialki» ezarrita. Beste behin ere, zientzia fikzioak inspiratu zuen zientzia:

Eguzki sistema bakoitza argi tranpen errezel batek inguratzen zuen, eta tranpa horiek eguzki energia barreiatua kontzentratzen zuten xede praktikoren baterako, eta ondorioz, galaxiako argia errezel batez estalita zegoela zirudien. Baina, horrez gain, beste astro asko ere, eguzki izateko oso egokiak ez zirenak, desintegratzen zituzten energia subatomikoa gordetzeko biltegi gisa erabiltzeko.

Pasarte hori 1937ko Star Maker (Izargilea) eleberrikoa da, Olaf Stapledon filosofo eta idazlearena. Freeman Dysonek idazlea eta eleberria ezagutzen zituen, eta bere iritziz, «bere burua kultutzat jotzen duen orok liburu hori irakurri behar luke». Stapledonek hazia jarri zuen, eta Dysonek hazi hori erne zuen:

Zientzia fikzioko idazle batzuek niri eman didate, modu okerrean, biosfera artifizialaren ideia asmatzearen kreditua, baina ideia Olaf Stapledonengandik hartu nuen, hau da, zientzia fikzioko beste idazle batengandik.

Dysonen3. irudia: Minotauro argitaletxeak Izargile eleberria berrargitaratuko du, urte askoren ondoren. 1985eko edizioak Jorge Luis Borgesen hitzaurre zoragarria dauka. (Iturria: Planeta de Libros)

Askotan ahaztu egiten zaigu zientzialariak ez direla soilik zientzialari, eta gehienak haur ameslari izan zirela hasiera batean. Freeman Dysonek, beharbada, ez zion inoiz haur ameslari izateari utzi. Zientziaren esparruko lanaz gain utzi zizkigun idazki kontaezinak irakurri besterik ez dago. Horrexegatik saiatzen zen, hain zuzen ere, gutxi batzuen imajinazioan soilik existitzen ziren kontzeptuak ideien mundutik gure mundura ekartzen; eta, zenbaitetan, kasu honetan bezalaxe, lortu egin zuen. Baliteke oraindik Dysonen esferarik aurkitu ez izana, baina zientzia egitura horien atzetik ibiltzeak asko dio ametsen botereari buruz.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Dyson, Freeman (1960). Search for artificial stellar sources of infrared radiation. Science, 131 (3414), 1667-1668. DOI: 10.1126/science.131.3414.1667
  • Dyson, Freeman (1979). Disturbing the universe. Basic Books.
  • Dyson, Freeman (2008 [2006]). El científico rebelde. Debate.
  • Stapledon, Olaf (1985 [1937]). Hacedor de estrellas. Minotauro.
  • Suazo, Matías; Zackrisson, Erik; Wright, Jason T.; Korn, Andreas J.; Huston, Macy (2022). Project Hephaistos – I. Upper limits on partial Dyson spheres in the Milky Way. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, 512(2), 2988–3000. DOI: 10.1093/mnras/stac280
  • Suazo, Matías; Zackrisson, Erik; Mahto, Priyatam K.; Lundell, Fabian; Nettelblad, Carl; Korn, Andreas J.; Wright, Jason T.; Majumdar, Suman (2024). Project Hephaistos – II. Dyson sphere candidates from Gaia DR3, 2MASS, and WISE. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, 531(1), 695–707. DOI: 10.1093/mnras/stae1186
Egileaz:

Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 30ean: Esferas de Dyson, cendales de trampas de luz.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dysonen esferak, argi tranpen errezelak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eskatu izan bazenit, egingo nukeen

mar, 2024/11/12 - 09:00

Zergatik gaude emakumeok zeharo nekatuta, etxeko lanak gutxi gorabehera berdintasunez banatzen baditugu? Lucia Ciciolla eta Suniya S. Luthar ikertzaileek galdera bera egin zioten beren buruari, eta aztertu zuten nola banatzen zen benetan etxe bat eramateko eta seme-alabak zaintzeko lana, eta nola eragiten zion horrek emakumeen ongizateari (Ciciolla eta Luthar, 2019). Ikerketaren arabera, zereginen eta zainketa lanen banaketan beren bikotekideek baino erantzukizun handiagoa sentitzen duten emakumeek –baita lan horien arduradun bakarrak direnek ere– ondorio kaltegarriak jasaten dituzte beren osasunean, eta ez daude hain pozik beren bizitzekin.

Etxe eta familia bat mantentzeko izan behar den inplikazio psikologikoa jarduera mental gogor, ikusezin eta gutxi aitortua da eta, gehienetan, rol femeninotzat hartzen da. Lan horiek plangintza, koordinazioa, eta etorkizuneko gertakari eta zereginei aurrea hartzea eskatzen dute eta, azken batean, etengabeko arreta egoeran egon behar da etxe bateko egunerokotasuna maneiatzeko. Horren egitura ez da ikusten; izan ere, sarritan, zer egin behar den, noiz egin behar den eta zereginak nola gauzatu behar diren biltzen dituen prozesu kognitibo bat da, eta ez da hitzez adierazten. Hori gutxi balitz, pentsamenduen eta ekintzen engranaje horrez gain, guztia ahalik eta modu eraginkor eta onuragarrienean egiteko asmoa egoten da.

karga mentala1. irudia: emakume askok egunero etxe eta familia bat mantentzeko egiten dituzten malabarismo mentalak ez dira aintzat hartzen. (Argazkia: azubcic – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gainera, emakume askok egunero egiten dituzten malabarismo mentalak ez dira aintzat hartzen, eta zeregin fisikoa egiten duenak eramaten du meritua, hau da, enkargatutako lanak egiten dituenak: «Ez da azukrerik geratzen. Haurraren lagunak galletak egitera datoz gaur arratsaldean. Erosi beharko genuke, eta irin gehiago izatea ere komeniko litzateke. F.-ri esango diot pakete bat hartzeko lanetik itzultzean. Mezu baten bidez gogoratuko diot, irten baino hamabost minutu lehenago, ahaztu ez dezan». Bada, agerian dagoena laguntza hori da, aitak egiten duen erosketa, zeina pozik heltzen den etxera, haurren dibertimendurako funtsezkoa dena ekarrita.

Karga mentala

Halako pentsamendu kateen multzoari karga mentala esaten zaio. Baina, zer da zehazki lan emozional hori? Emakume askorentzat, oso argigarria izan daiteke kontzeptu hori ezagutzea. Adibide asko ditugu deskribatzeko: bikote batek zeregin fisikoak banatzen ditu (arropa nork garbitzen duen, nork prestatzen duen janaria, zer egunetan, etab.). Banaketa zati berdinetan egin daiteke, baina, oraindik ere, gehienetan, emakumeak arduratzen dira xaboia amaitu ez dadin, arropa zikin guztia garaiz garbitu dadin edo zaborrontzia (edo txigorgailuaren barrualdea) garbi egon dadin ziurtatzeaz.

Gemma Hartleyren kontakizuna ere irakur dezakegu: «Amaren Egunerako gauza bat eskatu nuen: etxearen garbiketa orokor bat egitea, prezioa arrazoizkoa bazen. Oparia, niretzat, ez zen hainbeste garbiketa bera, behingoagatik kontratatu nahi nuen zerbitzu horren bilaketa eta optimizazioa nik neuk kudeatu behar ez izatea baizik. Ez zen nire ardura izango deiak egitea, aurrekontu batzuk eskatzea, aipamenak begiratzea, ordainketa antolatzea eta hitzordua programatzea. Benetako oparia lan nekagarri horren lan emozionala nire ordez egitea zen. Etxea garbia egotea estra bat besterik ez zen. Nire bikotekidea zain egon zen, iritzia aldatu eta opari errazago bat aukeratu nezan, Amazonen klik bakar batekin eros zezakeen zerbait. Nire nahia tinkoa zela ikusirik, etsita, Amaren Egunaren bezperan enpresa bakar batera deitu zuen, garestiegia zela pentsatu eta bainugelak berak garbituko zituela agindu zuen. Proposamen horiekin beste zerbait lortu nahi nuen: lagunei gomendioak eskatzea, beste lauzpabost zerbitzutara deitzea, nire lana izanez gero nik egingo nukeen lan mentala egitea. Horregatik eskatu nuen opari hori». (Hartley, 2017).

Badakigu, hainbat arrazoi estruktural eta sozioekonomiko direla medio, eguneroko zereginak genero ildoen arabera esleitzen direla. Lanaren banaketa ekitatibo bat lortu dutela uste duten bikoteen kasuan ere, zainketa lanik ezkutukoenak emakumeak egin ohi ditu. Hain zuzen ere, gero eta ikerketa gehiagok adierazten dutenez, etxeko erantzukizunetarako, emakumeek askoz ere lan kognitibo eta emozional handiagoa egiten dute gizonek baino. Errealitate horretaz jabetzea lagungarria izan liteke genero berdintasuna zergatik eten den eta zergatik ari den atzera egiten ulertzeko (England et al., 2020).

karga mentala2. irudia: lanaren banaketa ekitatibo bat lortu dutela uste duten bikoteen kasuan ere, zainketa lanik ezkutukoenak emakumeak egin ohi ditu. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hiru kategoria bereiz ditzakegu karga mental horretan. Batetik, lan kognitiboa dago, hau da, etxeko erantzukizunen elementu praktiko guztietan pentsatzea, besteak beste, ekitaldi sozialak antolatzea, erosketak aurreikustea, hitzorduak planifikatzea, etab. Bestetik, familiaren gogoari eusteko egiten den ahalegin emozionala dago: egoera lasaitzea haurrak borrokatzen badira edo urduri edo kezkatuta badaude, eskolan nola doazen zaintzea, azken batean, familia giro on bat lortzen saiatzea. Azkenik, aurreko bien arteko elkargunea da karga mentala deitzen duguna: guztia, alderdi emozionala eta praktikoa, prestatu, antolatu eta aurreratzea, ahal den neurrian bizitza zailtasun handirik gabe eta modu atseginean igaro dadin beharrezkoa dena egitea.

Zaila da halako lana neurtzea, zaila da non hasi eta amaitzen den jakitea. 2019an, Harvardeko Unibertsitateko soziologiako eta gizarte politikako doktore Allison Damingerrek ikusi zuen etxeko lan kognitiboari buruzko ikerketan parte hartu zutenen ehuneko handi batek jakin bazekiela emakumeek egiten zutela zatirik handiena, baina oraindik ez zuten barneratzen irizpide ekitatiboen arabera alda daitekeen zerbait denik (Daminger, 2019).

Damingerrek karga mentalaren lau etapa argi bereizi zituen etxeko ardurekin lotuta: premiak aurreikustea, aukerak identifikatzea, horien artean erabakitzea eta, ondoren, zereginen eta emaitzen jarraipena egitea. Amek puntuazio handiagoa izan zuten etapa guztietan; aitek, aldiz, partekatutako erabaki batzuk hartzen lagundu zuten, baina amak arduratzen ziren gehien aurrea hartzeaz, planifikatzeaz eta zeregin bakoitzerako aukerak eta irtenbideak bilatzeaz.

Lan mentalak hainbat ondorio ditu; jakin badakigu, adibidez, emakumeak haurren zainketaz kezkatzen direla, baita haiekin ez daudenean ere. Horrek estres gehigarria eragiten du, seme-alaben ongizatearekiko kezkak bere horretan jarraitzen baitu, baita amek beste gauza batzuetan kontzentratuta egon beharko luketenean ere. Sakoneko zurrumurru bat balitz bezala, zalantzan jartzen du, une oro, familiaren alde nahikoa egiten ari diren eta seme-alabei emandako edo eman gabeko minutu bakoitzak haiengan nola eragingo duen.

Gauza batek harritu zuen Daminger: lan mentalaren banaketa despareko horrek ez zuen gatazka handirik sortzen parte-hartzaileen artean. Horren zergatia ulertzeko, jarraipeneko ikerketa bat egin zuen urtebete geroago, eta genero portaera horietako batzuk egiaztatu zituen; hala gizonek nola emakumeek ondorioztatu zuten bikotekideetako batek besteak baino ordu gehiago lan egiten zuelako zirela desparekoak lan mentalaren banaketak. Era berean, adierazi zuten emakumeek beren kabuz antolatzeko interesa dutela, eta aldez aurretik planifikatzeko eta ondorioak ateratzeko onak direla; hau da, gizonak baino hobeak direla karga mentalaren gai horretan. Ondorio horrek estereotipo bat utzi zuen agerian: parte-hartzaileek uste zuten emakumeak berez hobeak direla hainbat zeregin planifikatzeko, antolatzeko edo egiteko. Kontzeptu hori faltsua da, praktikak berak bihurtzen ditu azkarragoak eta eraginkorragoak (Hirsch et al., 2019).

Eskatu izan bazenit…

Hala ere, beste arrazoi estruktural batzuengatik, emakumeek oraindik ere karga kognitibo handiagoa hartzen dute beren gain etxean; emakumeek, askotan, lan egiteko modu malguagoak aurkitzen dituzte, eta gizonen plangintza eta kudeaketa erantzunak, berriz, zurrunagoak eta linealagoak dira. Jaiotzatik datozen genero espektatibek garrantzi handia dute; agian horregatik jarraitzen dute zeregin eta zainketen antolamenduaz gehien arduratzen direnei buruzko ideiak estereotipatuak izaten. Amatasunaren kontzeptu idealizatua ere ekuazioan sartzen da: adibidez, etxea emakumearen eremu gisa ikusten da askotan; hala, emakumeen txukuntasuna gizonena baino gogorrago epaitzen da. Oraindik ere, emakume baten etxearen egoera pertsona gisa duen balioari lotuta dago.

Aurreiritzi horiek beren burua betikotu dezakete. Emakumeak beren etxearen funtzionamenduaren arabera balioesten direnez, «amatasun kontrol» bat eskatzen zaie. Hau da, bere gain hartu behar dituzte haurrak zaintzeko jarduerak, hala nola otorduak planifikatzea edo arropa aukeratzea. Benetan uste dugu zeregin horiek ezin direla partekatu? Pentsa dezagun txantxa honetan: irribarre atsegin eta adeitsu batekin, «Badirudi gaur aitak jantzi duela neskatoa» esaten denean. Baina goiz horretan neskatoak daraman txirikorda ez bada perfektua eta amak egin badu, txantxa ez da hain barregarria.

karga mentala3. irudia: karga mentalak ondorio larriak izan ditzake: nekea eta estresa ez ezik, amak ez dira aitak bezain zoriontsu sentitzen haurrekin igarotzen duten denboran. (Argazkia: ID 652234 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Egia da aurrerapauso handiak eman direla gizonek seme-alabak zaintzea normalizatzeko bidean, baina «oraindik ere, jendeak pentsatzen du emakumeak direla, azken batean, familiaren emaitzen erantzuleak», adierazi du Damingerrek. Karga mental horrek ondorio larriak izan ditzake: nekea eta estresa ez ezik, amak ez dira aitak bezain zoriontsu sentitzen haurrekin igarotzen duten denboran; neurri batean, gizonek dibertimenduzko eta olgetazko jarduerak maizago egiten dituztelako gertatzen da (McDonnell et al., 2019). Ikerketa batean (Haas eta Hwang, 2008) jasotako datuek beste ondorio bat ere iradokitzen dute: emakumeek uste zutenean agerikoenak diren etxeko lanen banaketa bidegabea zela eta bikotekide bakoitzaren ekarpenaren pertzepzioak desberdinak zirela, arazoak sortzen ziren senar-emazteen artean eta banantzeko probabilitatea handitzen zen.

Nekeagatik kexu diren emakumeek arrisku sotil bati egin behar diote aurre, hau da: «eskatu izan bazenit, egingo nukeen» (Clit, 2018). Emma Clitek karga mentalari buruz egindako komikian, tranpa hori modu zehatzean adierazten da. Etxean laguntzeko iradokizun epelak, edo jarrera zintzoa, gogaikarriak izan daitezke egin beharreko gauzak behin eta berriz errepikatu behar badira.

Gainkarga kognitiboaren ondorioak

Emakume askoren gainkarga mentalaren beste ondorio bat da denera iristen ez direla sentitzea eta enplegu askok eskatzen dituzten aparteko lanorduak egiteko fisikoki edo mentalki gai ez direla pentsatzea; beraz, generoari lotutako soldata arrakalak handitzen jarraitzen du.

Hori dela eta, konponbideak bilatu behar dira. Karga mentalari buruz argiago hitz egiten bada, karga hori banatzea errazagoa da. Onuragarria da familian etxeko edozein lanen atzean dauden aurretiko urratsak ezagutzea. Gizartean ere gizonei eta emakumeei esleitutako rolei buruz oso errotuta dauden zenbait uste birpentsatu behar ditugu. Garrantzitsua da ulertzea «lantokian malgutasuna eragozten duten egiturazko faktoreak» gizonak etxetik kanpo mantentzen dituen «laneko kultura» bat direla. Politika batzuk lagungarriak izan litezke, baina erabaki eraginkorrik hartu ezean, emakumeek karga mentala murrizteko modurik onena etxean lan gutxiago egitea izango litzateke, agian. Amak zer egin behar den pentsatzeari uzten badio, eta aitak ez badie aurrea hartzen premiei, hasieran nolabaiteko estresa edo kalteak ager daitezke, baina horrek aukera eman dezake denek hurrengorako ikasteko. Jarrera hori ia pentsaezina da emakume askorentzat eta, hala ere, dirudienez, abiapuntu egokia da karga mentala arintzeko, zeina batzuetan kezkagarria, desparekoa eta, batez ere, onartezina den familiako pertsona bakoitzaren ongizatea helburu duen bizikidetzan.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Ciciolla, Lucia; Luthar, Suniya S. (2019). Invisible Household Labor and Ramifications for Adjustment: Mothers as Captains of Households. Sex Roles 81, 467-486. DOI: 10.1007/s11199-018-1001-x
  • Clit, Emma (2018). La carga mental. Lumen
  • Daminger, Allison (2019). The Cognitive Dimension of Household Labor. American Sociological Review 84 (4) 609-633. DOI: 10.1177/0003122419859007
  • England, Paula; Levine, Andrew; Mishel, Emma (2020). Progress toward gender equality in the United States has slowed or stalled. PNAS 117 (13) 6990-6997. DOI: 10.1073/pnas.1918891117
  • Hartley, Gemma (2017). Women Aren’t Nags—We’re Just Fed Up. Harper’s Bazaar
  • Haas, Linda; Hwang, C. Philip (2008). The Impact of Taking Parental Leave on Fathers’ Participation In Childcare And Relationships With Children: Lessons from Sweden. Community, Work & Family 11 (1) 85–104. DOI: 10.1080/13668800701785346
  • Hirsch, Patricia; Koch, Iring; Karbach, Julia (2019). Putting a stereotype to the test: The case of gender differences in multitasking costs in task-switching and dual-task situations. PLOS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0220150
  • McDonnell, Cadhla; Luke, Nancy; Short, Susan E. (2019). Happy Moms, Happier Dads: Gendered Caregiving and Parents’ Affect. Journal of Family Issues 40 (17) 2553–2581. DOI: 10.1177/0192513X19860179
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko apirilaren 26an: Si me lo hubieras pedido, lo habría hecho.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eskatu izan bazenit, egingo nukeen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zer da ikasketa automatikoa?

lun, 2024/11/11 - 09:00

Neurona-sareen eta ikasketa automatikoko beste forma batzuek, besterik ezean, proba eta errore bidez ikasten dute, pixkanaka hobetuz.

Egun, askok uste dute badakitela zer den ikasketa automatikoa: ordenagailuak “elikatzen” dira “entrenamendu datu” pila batekin, gauzak nola egin “ikas dezaten”, hori nola egin behar duten guk zehazki zehaztu behar izan gabe. Baina ordenagailuak ez dira txakurrak, datuak ez dira gozokiak, eta aurreko esaldian kakotx gehiegi daude. Zer esan nahi du, benetan, horrek guztiak?

ikasketa automatikoaIrudia: ikasketa automatikoa adimen artifizialaren azpieremu bat da, eta giza adimena konputazionalki nola simulatu (edo gainditu) aztertzen du. (Ilustrazioa: Son of Alan – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Ikasketa automatikoa adimen artifizialaren (AA) azpieremu bat da, eta giza adimena konputazionalki nola simulatu (edo gainditu) aztertzen du. AAko teknika batzuetan (hala nola sistema adituak) beste ikuspegi batzuk erabiltzen dira, baina ikasketa automatikoak eremuko egungo aurrerapenaren zatirik handiena sustatzen du gauza bakar batean zentratzen delako: algoritmoak erabiltzen ditu beste algoritmo batzuen errendimendua automatikoki hobetzeko.

Ikus dezagun horrek nola funtziona dezakeen praktikan, ikasketa gainbegiratua izeneko ikasketa automatiko mota komun batean. Prozesua zeregin batekin hasten da; adibidez, «argazkietan katuak identifikatzea». Helburua da zeregin hori egin dezakeen funtzio matematiko bat aurkitzea. Funtzio horrek, eredu izenekoak, zenbakien mota bat hartuko du sarrera gisa (kasu honetan, argazki digitalizatuak), eta horiek zenbaki gehiagotan bihurtuko ditu irteera gisa, «katua» edo «katua ez» dioten etiketak irudikatu ahalko dituztenak. Ereduak oinarrizko adierazpen matematiko bat du, edo forma bat, eta horrek nolabaiteko egitura ematen dio zeregina betetzeko. Hala ere, ezin dugu espero hasieratik emaitza zehatzak eman diezazkigula.

Orduan, eredua entrenatzeko unea da. Eta, horretarako, beste algoritmo mota bat hasiko da lanean. Hasteko, funtzio matematiko ezberdin batek (helburuko funtzioa) ereduaren emaitzen eta lortu nahi den emaitzaren arteko benetako «distantzia» irudikatzen duen zenbaki bat kalkulatzen du. Ondoren, entrenamendu algoritmoak helbururako distantziaren neurketa erabiltzen du jatorrizko ereduaren forma doitzeko. Ez da beharrezkoa ezer “jakitea” ereduak irudikatzen duenari buruz; besterik gabe, ereduaren zatiak (parametro izenekoak) bultzatzen ditu benetako irteeraren eta lortu nahi denaren arteko distantzia hori murrizten duten norabide matematikoetarantz.

Doikuntza horiek egin ondoren, prozesua berrabiarazten da. Eredu eguneratuak entrenamendu adibideetako sarrerak emaitza bihurtzen ditu (pixka bat hobeak); ondoren, helburuko funtzioak ereduaren beste doikuntza bat (pixka bat hobea) adierazten du. Eta horrela behin eta berriro; aurrera eta atzera, aurrera eta atzera. Interakzio nahikoak egin ondoren, entrenatutako ereduak emaitza zehatzak eman behar lituzke entrenamendu adibide gehienentzat. Hona hemen benetako trikimailua: jarduera hori mantendu behar du ere zereginaren adibide berrietan, horiek entrenamendukoetatik oso ezberdinak ez direnean.

Funtzio bat erabiltzea beste funtzio bat behin eta berriro aldatzeko lan neketsua dirudi “ikasketa automatikoa” baino. Baina hori da gakoa. Prozesu mekaniko hori abian jartzean, zereginaren hurbilketa matematiko bat sortzen da automatikoki, gizakiok xehetasun garrantzitsuak zein diren zehaztu behar izan gabe. Algoritmo efizienteekin, ondo hautatutako funtzioekin eta adibide nahikoarekin, ikasketa automatikoak programatzen jakingo ez genituzkeen gauzak egiten dituzten eredu konputazional indartsuak sor ditzakete.

Sailkapen eta aurreikuspen zereginak, hala nola argazkietan katuak identifikatzea edo mezu elektronikoen artean spama identifikatzea, oro har, ikasketa automatiko gainbegiratuaren araberakoak izaten dira. Horrek esan nahi du entrenamendu datuak aurretik ordenatuta daudela: katuak dituzten argazkiek, adibidez, «katua» etiketa daukate. Entrenamendu prozesuak dagozkion irteerentzako (ezagunak) sarreren kopuru posiblerik handiena eslei dezakeen funtzio bati ematen dio forma. Ondoren, entrenatutako ereduak ezezagunak diren adibideak etiketa ditzake.

Bestetik, ikasketa ez-gainbegiratuak egitura aurkitzen du etiketatu gabeko adibideen artean, eta aurretik zehaztuta ez dauden taldeetan multzokatzen ditu. Ikasketa ez-gainbegiratuaren menpekoak izan daitezke erabiltzaile baten aurreko portaera oinarri hartuta ikasten duten edukia gomendatzeko sistemak, bai eta ordenagailu bidezko ikuskatzean objektuak ezagutzeko zeregin batzuk ere. Zenbait zereginek, hala nola GPT-4 bezalako sistemek egiten duten hizkuntza modelatzeak, teknika gainbegiratuen eta ez-gainbegiratuen konbinazio adimendunak erabiltzen dituzte. Teknika konbinatu horiei teknika autogainbegiratu eta erdigainbegiratu deritze.

Azkenik, errefortzu bidezko ikasketak funtzio bati ematen dio forma, baina lortu nahi diren emaitzen adibideak erabili beharrean, sari seinale bat erabiltzen du. Sari hori maximizatzean proba eta errorearen bidez, eredu batek bere jarduera hobetu dezake zeregin dinamiko eta sekuentzialetan, hala nola jokatzea (xakea eta Go) edo benetako agenteen edo agente birtualen (gidaririk gabeko autoak edo elkarrizketa bot-ak, adibidez) portaera kontrolatzea.

Ikuspegi horiek praktikan jartzeko, ikertzaileek izen exotikoak dituzten algoritmoen sorta zabala erabiltzen dute, kernel makinetatik hasi eta Q-learning delakoraino. Baina 2010eko hamarkadatik, neurona-sare artifizialek leku nagusia hartu dute. Algoritmo horiek izen hori hartzen dute beren oinarrizko forma garuneko zelulen arteko konexioetan inspiratuta dagoelako, eta algoritmo oso baliagarriak izan dira ordura arte oso praktikotzat jotzen ez ziren zeregin konplexuetan arrakasta izan dutelako. Hizkuntza zabaleko ereduak, testu kate batean hurrengo hitza (edo hitz zatia) asmatzeko ikasketa automatikoa erabiltzen dutenak, mila milioika edo bilioika parametro dituzten neurona-sare «sakonekin» eraikitzen dira.

Baina baita erraldoi horiek ere, ikasketa automatikoko eredu guztiak bezalaxe, funtzioak besterik ez dira: forma matematikoak. Testuinguru egokian, tresna benetan boteretsuak izan daitezke, baina ahultasun ezagunak ere badituzte. Eredu «gaindoituak» hain doituta daude beren entrenamendu adibideetara, non ezin diren modu fidagarrian zabaldu. Horren adibidea izan daiteke katuak identifikatzeko sistema batek huts egin dezakeela argazki bat alderantziz dagoenean. Datuen alborapenak hedatu egin daitezke gaikuntza prozesuan, eta horrek emaitza distortsionatuak edo baita doitu gabeak ere eman ditzake. Eta eredu batek funtzionatzen duenean ere, ez dago beti argi zergatik funtzionatzen duen. («Interpretagarritasun» arazo horrek partikularki eragiten die ikasketa sakoneko algoritmoei.)

Hala ere, prozesua bera erraz identifikatzen da. Funtsean, makina horiek guztiek modu berean ikasten dute: aurrera eta atzera, aurrera eta atzera.

Jatorrizko artikulua:

John Pavlus (2024). What Is Machine Learning?Quanta Magazine, 2024ko uztailaren 8a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zer da ikasketa automatikoa? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #506

dim, 2024/11/10 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aldaketa

Biologia

UPV/EHUk gidatutako talde batek aurkitu du zelularen mugimendua prozesu autoantolatu batek kontrolatzen duela, eta prozesu horrek zelularen prozesu fisiologiko guztiak barneratzen dituela. 700 zelulen desplazamendua aztertuta, taldeak frogatu zuen haien mugimendua mekanismo molekular sistemikoek zuzentzen dutela, doministikuen edo inurrien portaera kolektiboaren parekoak. Aurkikuntza honek kontrol zelularrari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzen du, eta migrazio zelular akastun batekin lotutako gaixotasunentzako terapien garapenean lagun lezake. Ikerketak datu esperimentalak eta fisikako eta matematikako metodo aurreratuak konbinatu zituen. Informazioa Zientzia Kaieran.

Ikertzaileek Arthrobotrys oligospora onddoak, onddo “haragijaleak”, zizare nematodoak nola detektatu eta harrapatzen dituen aurkitu dute. Onddoek nerbio-sistemarik ez duten arren, giza usaimenaren antzeko mekanismoa erabiltzen dute. Nematodoak askarosido izeneko molekulak ezkutatzen dituenean, onddoak G proteinetara (GPCR) akoplatutako hartzaileak aktibatzen ditu, eta horrek erantzun molekular bat eragiten du, harra eta hura digeritzen duten entzimak harrapatzeko filamentu itsaskorrak sortzen dituena. Aurkikuntza horrek onddoen detekzio-prozesuen eta animalien sistema sentsorialen arteko paralelismoa nabarmentzen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

Andrew Fire buru duen nazioarteko talde batek “obelisko” izeneko RNA-kate zirkular berriak aurkitu ditu gizakien ahoan eta hesteetan dauden bakterioetan. 1.000 nukleotido inguruko egitura sinpleak dira, birusak baino sinpleagoak eta kapsiderik gabeak, baina geneak kodetzeko gaitasuna dute. Giza gorozkietatik eta beste ekosistema batzuetatik ateratako sekuentzia genetikoak aztertuz, ikertzaileek ia 30.000 obelisko-mota identifikatu dituzte. Aurkikuntzak mikrobiologiaren bilakaera eta jatorria ulertzeko galdera berriak sortu ditu. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Natalia Baranova CIC Biomaguneko biologia zelularreko Bottom-up Cell Biology and Bioengineering ikerketa taldeko zuzendaria da. Baranovak bakterioen mekanismo molekularrak aztertzen ari da, bakterioak laborategian berreraikitzen dituelarik. Bere ikerketa bakterioen horma zelularrak, zatiketa eta komunikazioa ulertzen saiatzen da, alderantzizko ingeniaritza erabiliz. Helburua, bakterioen funtzionamendua ulertu eta antibiotikoen garapenean eragitea da. Baranovak zientzia diziplinen arteko lankidetza defendatzen du, biologia, kimika eta fisika elkarrekin uztartuz aurrerapenak egiteko. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.

Kimika

UPV/EHUko Katalisi metalikoa eta Organokatalisia Ikerketa Taldeak eta Rovira i Virgili Unibertsitateak metodo bat garatu dute ziklobutano-taldearen molekula enantiomerikoetako bat selektiboki sortzeko. Kobretik eratorritako katalizatzaile baten bidez, farmako gisa erabil daitezkeen egitura berriak lortzeko aukera zabaltzen du. Aurkikuntza hau Angewandte Chemie aldizkarian argitaratu dute, eta bizia eragin zuten molekulen sorrerari buruzko teoria batekin bat dator: molekulen simetriaren desimetrizazio espontaneoaren bidez biomolekula asimetriko bakarrak sortzea. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Neurozientzia

Haurdunaldiak aldaketa esanguratsuak eragiten ditu amaren garunean, hala nola masa grisa eta kortexaren lodiera txikitzea, garuneko konektibitatea handitzen den bitartean, amaren eta haurraren arteko lotura indartuz. Kalifornia Irvine Unibertsitateko ikerketa batek aldaketa horiek zehaztu zituen erresonantzien eta odol analisien bidez, sortzetik erditu eta bi urtera arte. Aldaketa hormonalek eragindako garuneko asaldurek animaliengan ikusitakoen antza dute, eta urteak iraun dezakete. Antzeko aurkikuntzen berri eman dute beste zentro batzuetan, iradokiz haurdunaldiak ondorio iraunkorrak uzten dituela amaren burmuinean, eta, neurri txikiagoan, aitaren burmuinean. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Hezkuntza

Amaia Alberdi Ruiz de Alegria, ingeniaritza ikasketak izan arren, hezkuntzaren eraldaketan aurkitu du bere benetako interes profesionala. Peru-n boluntario moduan aritzean, energia-sistema justuago baten aldeko lana eta pedagogia kritikoaren beharraz ohartu zen. Gaur egun, doktoregoko ikerketa bat egiten ari da irakasleen posizionamendu sozial eta politikoak hezkuntzan duen eraginari buruz. Alberdiren ikerketak hezkuntza neoliberal, patriarkal eta kolonialaren kritika egiten du, eta hezkuntza justizia sozialaren aldeko ondasun kolektibo gisa ulertzea proposatzen du. Gainera, irakasleen arteko elkarlana eta kontrabando-espazioak sustatzea defendatzen du, ikuspegi kritikoak indartzeko eta sistema hegemonikoari aurre egiteko. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Argitalpena

Jonatan Miranda eta Bittor Rodriguez-en Zaporeen abentura (2021) liburuak komikiak erabiltzen ditu dieta osasungarri baten eta elikagai tradizionalen garrantzia nabarmentzeko. Kontakizun grafiko bakoitzak sukaldaritzako zapore aniztasuna eta sormena nabarmentzen ditu. Berrikuntza garrantzitsua bada ere, tradizionalari eustearen garrantzia azpimarratzen dute egileek. Datuak Zientzia Kaieran.

Fisika

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek metodo berri bat aurkezten du atomoen nukleoen forma zehatzak aztertzeko, haien arteko energia handiko talkak erabiliz. Brookhaven-eko (New York) RHIC talkagailuan uranio-238 eta urre-atomoen nukleoak talka eginarazi zituzten; talka horien ondorioz, nukleoak “zopa” moduko plasma batean disolbatu ziren. Plasmaren hedapen-moduak nukleoen hasierako formaren berri ematen du, eta teknika berri honek nukleoen forma unean bertan zehaztasunez neurtzeko aukera ematen du. Urre nukleoak ia esferikoak direla erakutsi du, eta uranio nukleoek, aldiz, kiwi-forma dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Mikologia

Onddo espezie berri bat deskribatu dute, Hymenochaete ametzii, ametzetan hazten dena, eta euskarazko izena jarri diote. Onddoek funtzio ekologiko garrantzitsuak betetzen dituzte, hala nola mikorrizak osatzea eta materia organikoa deskonposatzea. Klima aldaketak onddo espezieen banaketan eragina duela azpimarratu dute ikertzaileek, eta espezie asko desagertzeko arriskuan daude, hala nola belardietako perretxikoak eta zuhaitz zaharrei lotutako onddoak. Aurkikuntzak baso zaharren kontserbazioaren garrantzia azpimarratzen du, bioaniztasunaren adierazle diren espezieak babesteko. Informazioa Berrian.

Klima-aldaketa

Parisko Hitzarmenean adostutako tenperatura-igoeraren muga gainditu da 2024ko urriko tenperaturaren arabera, 1,65 ºC altuagoa izan delarik industrializazio-aurreko tenperaturarekin alderatuta. Hori 16 hilabeteetako epean 15. hilabetea izan zen, 1,5 ºC-ko igoera gaindituz. Copernicus klima-aldaketarako zerbitzuak baieztatu du 2024a izan daitekeela inoiz izandako urterik beroena. Hori ekiditeko, urtea amaitu bitartean tenperatura-anomaliak ia zerora jaitsi beharko lirateke. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #506 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #513

sam, 2024/11/09 - 09:00
behatokiIrudia: Txilen Europako Behatoki Australa (ESO) eraikitzen dabilen Teleskopio Izugarri Handiaren irudikapena. (Ilustrazioa: Telescope Systems Division – CC BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

CASZ1 onkogene bat da, eta minbizi motaren arabera haren papera aldatu egiten da. T zelulen leuzemia linfoblastiko akutua da horietako bat. Azalpenak Marta Irigoyenen artikuluan: CASZ1 promotes T-cell acute lymphoblastic leukemia.

Mediterraneoko ekialdean hasi genuen gizakiok hildakoak lurperatzeko ohitura. Antza Sapiensak eta Neandertalak sinkronizatu egin ziren ohitura honetan, baina bakoitza berezko ezaugarriekin. Xehetasun guztiak Burial practices of Neanderthals and early humans in the Levant artikuluan.

Txilen Europako Behatoki Australa (ESO) eraikitzen dabilen teleskopio berriak ez dakiguna ere aurkituko duela iragarri dute: Probing unknown unknowns: A new generation of telescopes por Richard Massey.

Apokalipsi kuantikoa gertatuko omen da ordenagailu kuantikoek ohiko kriptografia apurtzeko gai direnean, eta munduko azpiegitura kritiko guztiak   terrorista, despota edo soziopaten eskuetan erotzen direnean. Baina DIPCko ikertzaileak lanean dihardute holako gertaera bat apur bat zailago bihurtzeko: Post-quantum cryptography to avoid the Quantum Apocalypse.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #513 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eta silizioan oinarrituriko bizitza aurkituko bagenu?

ven, 2024/11/08 - 09:00

Lurreko bizitza karbonoan dago oinarrituta; hau da, molekula organikoen osagai nagusia karbonoa da. Baina existitu al liteke beste elementu batean oinarritutako bizitzarik? Eta Artizar planetan silizioan oinarritutako bizitza aurkituko bagenu? Nolakoa izango litzateke?

Silizioak eta karbonoak propietate kimiko antzekoak dituzte, baina horrek ez du esan nahi silizioz osatutako bizidunak Lurrekoan antzekoak izango liratekeenik.

Oxigenoa arnastuko balute, adibidez, karbono dioxidoa beharrean harea sortuko lukete. “Hidratatzeko”, berriz, azido sulfurikoa edan beharko luke alegiazko organismo horrek, eta ura ezingo luke ikusi ere egin.

Badirudi silizioan oinarritutako bizitza aukera bakarra izaki zelulabakar bat izatea litzatekeela.

Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.

The post Eta silizioan oinarrituriko bizitza aurkituko bagenu? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zaporeen abentura

jeu, 2024/11/07 - 09:00

Zaporeen abentura (2021) liburuko komikiek garrantzi handia ematen diete zaporeei, plater tradizional bat nabarmentzen saiatzen baitira, sinplea, baina oso gozoa. Kontakizun grafiko hauetako bakoitzak modu originalean erakusten digu zein garrantzitsua den dieta osasungarria egitea, baita janari tradizionalen nabarmentasuna ez galtzea ere. Egia da sormena funtsezkoa dela, baina lehendik dagoenetik abiatuta sortzeko aukera ere badago. Berritzea ez da beti gauza nagusia, jada lehendik dagoena gorde eta baloratu beharko genuke.

ZaporeenIrudia: Zaporeen abentura liburuaren azala. (Iturria: Saure argitaletxea)

Sukaldari ospetsuenentzat funtsezkoa da sukaldaritzako plater batek izan dezakeen zapore aniztasuna. Hala ere, etxean janaria prestatzen dugunean, elikagai nahasketak ere garrantzitsua izan behar luke, ez bakarrik gure osasunerako, baita plater baten zaporea ezin hobea izateko ere.

Komiki hauek erakusten dutenez, dena lor daiteke pasio apur bat gehiago gehituz, Giancarlok sukaldaritzarekiko erakutsi zuen grina edo Newtonek ikerketaren aurrean erakutsi zuen suhartasuna kasu. Helburutzat hartzen duguna lortzeko gai nola izan gaitezkeen erakusten digute, zailtasunak gaindituz, baina, bereziki, abenturak biziz.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zaporeen abentura
  • Egileak: Jonatan Miranda eta Bittor Rodríguez
  • Ilustratzailea: Victor Araque
  • ISBNa: 978-84-17486-73-0
  • Argitaletxea: Saure
  • Hizkuntza: Euskara
  • Orrialdeak: 96
  • Urtea: 2021
Iturria:

Saure argitaletxea: Zaporeen abentura

The post Zaporeen abentura appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Onddo karniboroek beren harrapakinak “usaintzen” dituzte

mer, 2024/11/06 - 09:00

Ziur nago izenburuak atentzioa eman diela irakurleei. Alde batetik, “onddo karniboro” kontzeptuagatik, izaki horiei buruz dugun ideiaren kontrakoa delako. Eta, bestetik, usaintzeko gaitasuna eman diogulako nerbio sistemarik ez duen organismo bati. Jarraian azalduko dizuegu dena.

Onddoek eta animaliek ezaugarri garrantzitsu batzuk partekatzen ditugu. Zelulaniztunak eta heterotrofoak gara. Horrek esan nahi du antolatuta dauden zelula ugariz osatuta gaudela; eta zelula horiek energia eskuratzen dute materia organikoaren oxidaziotik. Horrek bereizten gaitu landareak bezalako izaki autotrofoengandik. Izaki autotrofoak argia bezalako energia iturri ez-organikoak erabiltzeko gai dira.

Onddo1. irudia: berdez, onddo gosetiak sortutako zelulak, zizare nematodoak erakartzen eta harrapatzen laguntzen diotenak. Hari formako lerro gisak mizelioa dira, onddo bakar bat osatzen duten konexio harizpiak. (Iturria: Hsueh, Yen-Ping et. al. (2023))

Onddoak eta animaliak, halaber, ezberdinak gara adierazitako bi esparruetan. Animalietan, zelulaniztasuna enbrioiaren garapenaren bidez lortzen da. Eta hori ez da onddoetan gertatzen. Onddoen kasuan, mizelioa esporetatik abiatuta hazten da, ehunik edo organorik osatu gabe. Bestetik, onddoen elikadura nagusiki pasiboa da: mizelioa hazi egiten da materia organikoaren iturri baten gainean. Animaliok (belakiak eta plakozooak izan ezik) nerbio sistema bat garatzen dugu eta, horri esker, elikagaia detektatu eta eskuratzeko portaera proaktiboa izan dezakegu.

Izaki bizidunen bilakatzeko gaitasunak eskema sinpleak hausten dituzten ohiz kanpoko berrikuntzak eragiten ditu. Onddoen talde batek, hain zuzen NTF (nematode trapping fungi) izen orokorraz ezagun direnak, ahulkeria baldintzetan eta nematodoak hurbil baldin badaude, gai dira zizareak harrapatzeko filamentu itsaskorrak arin batean garatzeko. Teknika horren bidez, zizarea hil egiten da eta onddoek beren elikagaia lortzen dute.

Portaera harrigarri hori erregulatzen duten mekanismoak Arthrobotrys oligospora NTFari buruzko ikerketa batzuetan azaltzen ari dira. Ikerketa horien burua Taiwango Yen-Ping Hsueh ikertzailea da. Onddo hori ezaguna zen jada nematodoak erakartzeko jaki gisa jarduten duten konposatu kimikoak ekoizteko duen gaitasunagatik, elikadura iturrien usaina edo sexu erakarpenerako feromonena simulatuta.

Onddo2. irudia: C. elegans nematodoa A. oligospora onddoak harrapatuta. Eskala=10 μm. (Iturria: Hsueh et. al. (2017))

Duela gutxiago, Yen-Ping Hsuehnen taldeak erakutsi zuen Caenorhabditis elegans nematodoaren presentzian, onddoan gene kopuru handi bat aktibatzen zela. Erantzun horrek aldaketa morfologikoak eragiten zituen: hasteko eta nagusiki, tranpa filamentuen hazkuntza arina (2. irudia); bestetik, proteina itsaskorren ekoizpena, zizareak ihes egitea ekiditeko; eta, azkenik, entzimen jariaketa, zehazki metaloproteasak, C. elegans dohakabea digeritzen zutenak onddoak xurgatu ahal izateko. Prozesu osoa Hsueh doktorearen laborategiko bideo ikusgarri honetan1 ikus daiteke.

Nola erregulatzen da maila molekularrean A. oligosporaren erantzun azkarra nematodoaren presentzian? Taiwango taldeak AMPc-PKA bidea identifikatu zuen prozesuaren aktibatzaile gisa. Adenosina-monofosfato ziklikoa (AMPc) “bigarren mezulari” bat da. Zelula batek kanpoko seinale bat jasotzen duenean errezeptore baten bidez, ohikoa da haren barnean hainbat erreakzio gertatzea bata bestearen atzetik, eta, horien eraginez, zelulak erantzun fisiologiko bat izatea; adibidez, gene zehatz batzuk adieraztea. Prozesu hori “seinaleen transdukzio” deitzen da, eta prozesuan bigarren mezulari askok parte hartzen dute; hau da, AMPc-a bezalako molekula txikiek edo kaltzioa (Ca2+) bezalako ioiek. Zehazki, AMPc-ak A kinasa (PKA) proteina aktibatzen du, eta horrek, aldi berean, erantzun zelularra erregulatzen duten beste proteina batzuk aktibatzen ditu.

Yen-Ping Hsuehk eta bere kolaboratzaileek frogatu zuten seinaleak egiteko bide hori inaktibatzean, onddoak ez zirela ohartzen beren harrapakin potentzialen hurbiltasunaz. Baina oraindik ere beste gai bat zegoen ebazteke: nola detekta dezake onddo batek C. elegansen presentzia nerbio sistemarik ez badu?

Onddo3. irudia: gure usain sentsazioa sortzen da usaimenaren epitelioaren GPCR errezeptore batek lotugai (molekula usaintsua) bat hauteman eta bere konfigurazioa aldatzen duenean. Horrek disoziazioa eragiten du eta G proteina aktibatzen da, zeinaren α azpiunitateak AMPc-en entzima sintetizatzailea aktibatzen duen. Molekula horrek kanal ionikoak irekitzea, mintz zelularra despolarizatzea eta nerbio bulkada sortzea eragiten du. A. oligosporaren kasuan, GPCR-en lotugaia nematodoak jariatzen duen askarosido bat da. AMPc-en mailak igotzean, A kinasa proteina aktibatzen da eta tranpa garatzeko mekanismoa pizten da.

Nolabait, A. oligospora onddoak nematodoa “usaintzen” du. Argi dago onddoek ez dutela usaimen organorik, baina, harritzekoa bada ere, erabiltzen duten mekanismoa guk usaintzeko erabiltzen dugunaren oso antzekoa da.

Gure usaimena G proteinara akoplatutako errezeptoreetan (GPCR: G protein-coupled receptors) oinarritzen da. Proteina horien kateak zazpi aldiz zeharkatzen du mintz zelularra. Horien zati estrazelularrak seinale egokiak detektatzen dituenean (hormonak, peptidoak, molekula mota batzuk…), errezeptorearen konfigurazioa aldatu eta domeinu intrazelularrari lotutako G proteina disoziatzen du; eta horrek seinalearen transdukzioa eragiten du.

Errezeptore horiek benetan garrantzitsuak dira seinaleak detektatzeko. Hobeto ulertzeko: gizakiok prozesu sentsorial eta hormonei edo neurotransmisoreei erantzuna emateko prozesu ugaritan parte hartzen duten 800 GPCR baino gehiago dauzkagu. Hori dela eta, horiek dira, hain zuzen, erabiltzen ditugun farmakoen xedea.

Berriki argitaratutako artikulu batean, Yen-Ping Hsuehren taldeak A. oligosporak nematodoen presentzia detektatzeko erabiltzen dituen GPCRen bi familia identifikatu berri ditu. Familia horietako batek askarosidoak detektatzen ditu, nematodoek feromona gisa etengabe jariatzen dituzten glikolipido txikiak. Eta bigarren familiak nematodoek jariatzen dituzten beste molekula batzuk detektatzen ditu (horiek ez dituzte oraindik identifikatu). Bi kasuetan, G proteinak aktibatzean, AMPc-PKA bidea pizten da, eta horrek tranpak eraikitzeko programa martxan jartzen du.

Labur esanda, NTF onddoek ez dute nematodoa “usaintzen”, baina harrapakinak detektatzeko GPCRen erabileraren eta gure usaimenaren funtzionamenduaren arteko paralelismoa benetan deigarria da.

Oharra:

1 Lehen zatian. Bigarren zatian, beste onddo karniboro baten (Pleurotus ostreatus) estrategia ikus daiteke: nematodoa paralizatzen duen toxina lurrunkor bat askatzen du.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Chen, Sheng-An; Lin, Hung-Che; Hsueh, Yen-Ping (2022). The cAMP-PKA pathway regulates prey sensing and trap morphogenesis in the nematode-trapping fungus Arthrobotrys oligospora. G3 Genes Genomes Genetics, 12, 10. DOI: 10.1093/g3journal/jkac217
  • Hsueh, Yen-Ping; Gronquist, Matthew R.; Schwarz, Erich M.; Nath, Ravi David; Lee, Ching-Han; Gharib, Shalha; Schroeder, Frank C.; Sternberg, Paul W. (2017). Nematophagous fungus Arthrobotrys oligospora mimics olfactory cues of sex and food to lure its nematode prey. eLife, 6. DOI: 10.7554/eLife.20023
  • Kuo, Chih-Yen; Tay, Rebecca J.; Lin, Hung-Che; Juan, Sheng-Chian; Vidal-Diez de Ulzurrun, Guillermo; Chang, Yu-Chu; Hoki, Jason; Schroeder, Frank C.; Hsueh, Yen-Ping (2024). The nematode-trapping fungus Arthrobotrys oligospora detects prey pheromones via G protein-coupled receptors. Nature Microbiology, 9, 1738-1751. DOI: 10.1038/s41564-024-01679-w
  • Lin, Hung-Che; Vidal-Diez de Ulzurrun, Guillermo; Chen, Sheng-An; Yang, Ching-Ting; Tay, Rebecca J.; Iizuka, Tomoyo; Huang, Tsung-Yu; Kuo, Chih-Yen; Gonçalves, A. Pedro; Lin, Siou-Ying; Chang, Yu-Chu; Stajich, Jason E.; Schwarz, Erich M.; Hsueh, Yen-Ping (2023). Key processes required for the different stages of fungal carnivory by a nematode-trapping fungus. PLoS Biol, 21. DOI: 10.1371/journal.pbio.3002400
Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 17an: Los hongos carnívoros “olfatean” a sus presas.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Onddo karniboroek beren harrapakinak “usaintzen” dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gero eta argiago dago haurdunaldiak garuna eraldatzen duela

mar, 2024/11/05 - 09:00

Haurdunaldian zehar, emakumearen garunak masa grisa galtzen du, baina konektibitatea handitzen du, ikerketa berri batek argitu duenez. Prozesuak haurtxoarekiko loturak indartuko lituzke.

Giza garunaren gaineko sekretuak argitzea zientziaren alorrean azken hamarkadetan dagoen erronka handienetako bat da, eta norabide horretara bideratuta dauden hainbat ikerketak organo horren portaera modu orokorrean ulertzeko helburua dute.

handitzen1. irudia: Oro har, haurdun dauden emakumeek masa grisaren %4 galtzen dute, baina, aldiz, beren garuneko konektibitatea handitzen da. (Irudia: Daniela Cossio. Iturria: Kalifornia-Irvine Unibertsitatea)

Dena dela, alor honetan dagoen erronketako bat da giza garuna ez dela berdina, eta aldeak badirela bizitzan zehar. Zentzu horretan, adina da, noski, gehien ikertu den faktoreetako bat, batez ere nerabezaroan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako. Baina aldaketak eragin ditzakeen beste une erabakigarria haurdunaldia da, eta, horren inguruan, asko dago oraindik ikasteko.

Ez da faktore hutsala, inondik inora, are gehiago aintzat izanda urtean munduan 140 milioi erditze inguru daudela: segundo bakoitzeko bat, hain justu. Baina oraindik ere asko dago ikasteko haurdunaldiak eta ondorengo amatasunak garunean izan dezakeen eraginaren bueltan. Hutsune hori betetzen saiatu dira Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, eta jasotako emaitzek gainera, berresten dute beste hainbat ikerketatan ondorioztatutakoa.

Ikerketan, Kalifornia Irvine Unibertsitateko (AEB) emakumezko zientzialari talde batek 38 urteko emakume baten haurdunaldia xehetasun handiz jarraitu du. Elizabeth Chrastil zientzialaria izan da ikerketaren jomuga, eta bera ere badago zientzia artikuluaren egileen artean. Jarraipen oso zabala egin dute, gainera: sortzearen unea bera baino hiru aste lehenago hasi dute monitorizazioa, eta erditu eta bi urtera mantendu dute. Orotara, prozesuan zehar 26 erresonantzia magnetiko egin dizkiote Chrastili, eta, azterketa horiez gain, astean behin odol analisiak egin dizkiote. Jarraipenean zehar, alderaketak egin dituzte ere kontrol gisa erabilitako zortzi pertsonarekin. Egileek babestu dute hau dela haurdunaldian dagoen emakume baten garunaren “lehen mapa zehatza”.

Jasotako datuak aztertuta, atera duten ondorio nagusia da haurdunaldiko bederatzigarren astetik aurrera bai substantzia grisaren bolumena zein kortex zerebralaren lodiera gutxitu egiten direla. Modu berean, handitu dira bolumen bentrikularra, likido zefalorrakideoa eta substantzia zuria. Zenbaki handitara eramanda, garuneko eremuen %80 inguruan materia grisaren bolumena %4 gutxitu da. Ehun horrek mugimenduak, emozioak eta memoria arautzen ditu. Aldiz, materia zuriaren integrazioa neurtzean —garuneko eremuen arteko loturaren kalitatea neurtzen duen aldagaia da hau— umea jaio eta gutxira ohiko baloreetara bueltatzen dela egiaztatu dute.

Emily Jacobs ikertzaileak azaldu duenez, horrek ez du zertan txarra izan. Kontrara, zientzialariek uste dute bolumenaren galera zirkuitu neuronalen doitze fin baten ondorioa izan daitekeela, eta horrek ahalbidetuko diola garunari espezializatuagoa izatea. Uste dute neuronen berrantolaketa baten ondorioa dela hau, haurtxoaren eta amaren arteko lotura indartu aldera. Hots, amari haurtxoarekin egoteko nolabaiteko espezializazio bat fintzeko baliogarria izango zaiola aldaketa; alderatu dute nerabezaroan gertatzen den fenomenoarekin: helduaroko trantsizioko garai horretan ere garunak espezializatzera jotzen du.

Ezaguna denez, haurdunaldian gizaki berri bat sustengatzeko egokitzen da emakumearen gorputza. Odolaren kopurua handitzen da, eta amaren energiaren kontsumoa egoera berrira egokitu behar da ere, oxigeno eta elikagai gehiago hartuz. Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat hormonei dagokie, estrogenoak edo progesterona biderkatu egiten direlako emakumearen gorputzean. Horrek guztiak, ezinbestean, nerbio sistemaren berrantolaketa ekarri behar du ezinbestean.

Animalietan ikusi izan da antzekorik aurretik, eta ikertzaileek horren adibide bat jarri dute: arratoietan, haurdunaldian handitutako estrogenoek eta progesteronak batez ere nerbio zirkuituak birprogramatzen dituzte hipotalamoan, eta horrek handitzen du amak kumeen usainak eta soinuak hobeto bereizi ahal izateko gaitasuna. Esperimentu horietan ikusi da hormonek neuronen hazkundea sortzen dutela. Modu berean, neuronen arteko loturak ahalbidetzen dituzten espina dendritikoak handitzen dituzte ere.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, jende askori probak egitean oinarritu da gaia aztertzeko orain arte gehien jarraitu izan den metodoa, baina une zehatz batean egin dira proba horiek. Baina, ohartarazi dute taldekako ikuspegi horrek ez duela ahalbidetzen ikustea egunez egun garunean izaten diren aldaketak.

handitzen2. irudia: Sare neuronaletan konektibitatea handitzen da haurdunaldian. Ilunago agertzen diren eremuak dira aldaketa gehien izan dituztenak. (Argazkia: Anastasiia Chepinska. Iturria: Unsplash)

Denboran mantendutako ondorioei dagokienez ere irakaspen interesgarriak aurkitu dituzte. Hala, erditu eta bi hilabete ingurura atzera egin dute zenbait aldaketak. Baina, adibidez, kortex zerebralaren lodieraren jaitsiera erditu eta gutxienez bi urtera mantendu dira. Oraingo honetan umea jaio eta bi urteko gehienezko tartea izan duten arren, ikertzaileek diote beste zenbait ikerketak ondorioztatu dutela aldaketak mantendu direla umea jaio eta sei urtera. Are, argudiatu dute ikasketa automatikoko teknikak erabilita gai izan direla bereizteko haurdun izan diren eta izan ez direnen garunak, hori gertatu zenetik hamarkadak igaro arren.

“Haurdunaldian zehar, amaren garunak aldaketen koreografia bat izaten du, eta, azkenean gai izan gara prozesu osoa denbora errealean ikusteko”, laburbildu du Laura Pritschet ikertzaileak.

Antzeko ondorioak

Ondorioak bat datoz beste hainbat taldetan egiten ari diren aurkikuntzekin. Horien berri eman du joan den urrian Bidebarrieta Zientifikoa zikloko hitzaldi batean Madrilgo Gregorio Marañon Ospitaleko neurozientzialari Susana Carmonak.

Madrilgo laborategian ikusi dugun berdina ikusi dute Kaliforniako ikertzaile hauek, eta beste hainbat lekutan ere ikusi dute hau. Horrek esan nahi du oso aurkikuntza ziurrak eta sendoak direla”, nabarmendu du.

Hitzaldi horretan Carmonak ideia nagusi bat azpimarratu nahi izan du: haurdunaldiak aldaketa sakon, dinamiko eta iraunkorrak sortzen ditu amaren garunean; ideia horretan, ebidentzia asko pilatuta daudela argitu du. Eta hasierako ebidentzia ere hasia da metatzen beste norabide honetan: estrogeno mailek arautzen dituzten aldaketa hauek amaren eta haurtxoaren arteko loturak indartzen dituztelako ideian.

Bestetik, aiten garunak ere zerbait aldatzen duela azaldu du Carmonak, baina askoz modu txikiagoan gertatzen da hori, eta, beti ere, haurtxoarekin izan duen hartu-emanaren arabera izaten dela. Horrek azalduko lituzke ere guraso biologiko ez direnen artean edo haurdunaldia hirugarren baten esku utzi behar duten amen artean atzematen diren aldaketa txikiak. Horren gaineko ezagutza handitzeko, Carmonak aurreratu du haurdunaldian dauden 127 emakumeri buruzko kontrolak sei unetan egiten ari direla orain, kontrol talde bat izanda eta baita zenbait amaren bikote homosexual kontrolpean izanda ere. Besteak beste, haurdunaldia eta hazkuntza bereizi nahi dituzte horrela.

Hurrengo pausua izango da ikerketetan parte hartzaile gehiago aintzat hartzea, aldakortasun handia duten beste zenbait faktorerekin alderatu ahal izateko: erditze mota, haurtxoari edoskitzea eman ote zaion edo estatus sozioekonomikoa, besteak beste. Adituak azaldu du ezagutzan aurrera jo ahal izateak besteak beste aukera emango duela erditu eta ondoren sor daitezkeen buruko patologiak hobeto tratatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pritschet, Laura; Taylor, Caitlin M.; Cossio, Daniela; Faskowitz, Joshua; Santander, Tyler; Handwerker, Daniel A.; Grotzinger, Hannah; Layher, Evan; Chrastil, Elizabeth R.; Jacobs, Emily G. (2024). Neuroanatomical changes observed over the course of a human pregnancy. Nature Neuroscience. DOI: 10.1038/s41593-024-01741-0

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Gero eta argiago dago haurdunaldiak garuna eraldatzen duela appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zelulak autoantolaketa globalaren bidez mugitzen direla frogatu dute lehen aldiz

lun, 2024/11/04 - 09:00

UPV/EHU buru duen diziplina anitzeko talde batek frogatu du zelulen lekualdatzeak orain arte ezezaguna zen mekanismo batek zuzentzen dituela

Ildefonso Martínez de la Fuente UPV/EHUko ikertzaileak 700 zelula indibidualen mugimendu-ibilbideen teknika zientifiko aurreratuen bidezko analisi xehea gidatu du diziplina anitzeko ikerketa batean. Ikertzaileek ikusi dute du zelula osatzen duten ia prozesu fisiologiko guztien baterako jarduera autoantolatu baten mende daudela zelulen lekualdatzeak. Horrela, lehen aldiz frogatu da zelula bizidun guztietan berez sortzen den funtsezko prozesu autoantolatu batek zuzentzen eta arautzen duela zelulen mugimendua.

zelulen lekualdatzeakIrudia: mugimendu zelularra arabazozoen sistema edo mugimendu autoantolatuarekin aldera daiteke. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Martínez de la Fuente Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika saileko ikertzailearen arabera, “mekanismo molekular autoantolatu horien ondorioz, zelulan gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional bat osatzen dute, osotasun bakar gisa erabat integratua dagoena, eta milaka prozesu fisiologiko entitate bakar bihurtzen dituzte. Funtsezko indar horren bidez, portaera integratu bat gertatzen da zelulan, migratzean oso egitura ordenatu eta koordinatuak osatzen dituzten milaka  arabazozoen mugimendu autoantolatuarekin konpara litekeena, edo inurriek portaera kolektibo autoantolatuen bidez inurritegia egituratzeko duten gaitasunarekin”.

Ikerketaren egileak nabarmendu duenez, orain arte ez da zientifikoki onartu zelulen lekualdatze-mugimenduak maila globalean jarduten duten izaera sistemikoko prozesu autoarautuek gobernatzen dituztela. “Aurkikuntza zientifiko honek ikuspegi berri bat eransten dio zelulari berari eta haren gaitasun funtzionalei buruz dugun kontzeptuari”, gaineratu du. Gainera, “zelulen migrazioaz ikuspegi sistemiko batetik egiten diren ikerketak eta ohiko azterketa molekularrak konbinatzea erabakigarria izan daiteke zelulen migrazio eskasak eragindako gaixotasunekin lotutako patologien terapia eraginkorren belaunaldi berri bat garatzeko”, Martínez de la Fuentek adierazi duenez.

Mugimendu zelularra prozesu giltzarria da giza gorputzaren garapenerako eta funtzionamendu egokirako. Zelulak mugitzen dira, adibidez, organismo bat enbrioian garatzen ari denean, zauri bat orbaintzen denean edo metastasian zehar. Zelulen mugimendua gaizki kontrolatzean gertatzen diren akatsek ondorio larriak izan ditzakete gaixotasun garrantzitsu batzuetan, hala nola Crohn-en gaixotasunean, garunaren sortzetiko desordena jakin batzuetan eta zenbait patologia immunologiko edo baskularretan.

Datu esperimentalen eta analisi kuantitatiboen konbinazioa

Hamarkadetan zehar, lan zientifikoek ahalbidetu dute zelulen mugimenduan esku hartzen duten tokiko mekanismoak identifikatzea. Hala ere, ahaleginak ahalegin, ezin izan da funtsezko galdera argitu: nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren mugimenduak.

“Zelulen migrazioa gidatzen duten indar molekularrak aurkitzea zailtasun itzeleko erronka zientifikoa da —adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak—. Izan ere, ikerketa horretarako propio sortutako laborategiko gailu berezi konplexu batzuk prestatzeaz gainera, beharrezkoa izan da diziplina anitzeko teknikak erabiltzea, haien bidez azterketa esperimentalak metodo kuantitatibo aurreratuekin uztartzeko”.

“700 zelularen mugimenduaren ezaugarriak aztertu ditugu. Horretarako, mekanika estatistikoan —fisikaren funtsezko parte bat— erabili ohi diren teknikak erabili ditugu. Aplikatu ditugun metodoetako bi Albert Einstein Nobel saridunak garatu zituen. Era berean, lan honetan, Ilya Prigogine Nobel saridunak garatutako autoantolaketa disipatiboaren printzipioak —koherentziaz antolatutako egiturak— erabili ditugu”, Ildefonso Martínez de la Fuentek dioenez.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurkitu dute nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren lekualdatzeak

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez De la Fuente, Ildefonso; Carrasco-Pujante, Jose; Camino-Pontes, Borja; Fedetz, Maria; Bringas, Carlos; Pérez-Samartín, Alberto, Pérez-Yarza, Gorka; López, José I.; Malaina, Iker; Cortes, Jesus M. (2024). Systemic cellular migration: The forces driving the directed locomotion movement of cells. PNAS Nexus, 3, 5, p.171. DOI: 10.1093/pnasnexus/pgae171

The post Zelulak autoantolaketa globalaren bidez mugitzen direla frogatu dute lehen aldiz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #505

dim, 2024/11/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Matematika

Konplexutasun konputazionaleko lan berri batek ekitate algoritmikoko tresnak erabiltzen ditu, hala nola, zehaztasun anitza eta multikalibrazioa, arazo zailak aztertzeko. Algoritmoen ekitatea bermatzeko diseinatu ziren tresna horiek, eta arazo konputazional baten zatirik konplexuenak identifikatzen laguntzen dute. Ikuspegiak hobetu egiten du Impagliazzoren funtsezko lema, eta aukera ematen du arazo baten input zailak modu eraginkorragoan isolatzeko, analisiaren konplexutasuna handitu gabe. Horrek ikuspegi berriak eskaintzen ditu konplexutasunaren teoriaren arazoak lantzeko eta sinplifikatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

Munduko Meteorologia Erakundearen urteko txostenaren arabera  CO2 isuriak % 11 egin du gora azken bi hamarkadetan. Baso-suteak eta erregai fosilen emisioak dira errudun nagusiak. Ohartarazi dute El Niño bezalako fenomenoek egoera larriagotzen dutela, CO2 isuriak areagotzen dituztelako eta ekosistemek xurgatzeko duten gaitasuna murrizten dutelako. Emisioen murrizketa erabakigarria bada ere, berotze globalaren gaineko ondorioek hamarkadatan jarraituko lukete. Datuak Berrian.

Astronomia

Zientzialari talde batek inoiz ikusitako zurrustarik luzeenak aurkitu ditu, Lurretik 7.500 milioi argi-urtera dagoen zulo beltz supermasibo batetik datozenak. “Porfirion” izena eman diote egiturari.  Zurrustek 11,5 milioi argi urte neurtzen dituzte, eta 2.000 milioi urtez egon dira zuzen, azalpen zientifikoei desafio eginez. Aurkikuntza horrek iradokitzen du zorrotada horiek zeresan handia izan zutela galaxien eraketan eta unibertso goiztiarraren bilakaeran, eta eragina izan zutela sare kosmikoko materiaren banaketak eta magnetismoak. Informazioa Zientzia Kaieran.

Fisiologia

Monasheko Unibertsitateak (Australia) egindako ikerketa baten arabera, ondorengoak izatearen energia-kostua gutxietsi egin da. Pertsona baten kasuan, gastua aurrez kalkulatutakoa baino 24 aldiz handiagoa da. 81 espezietan egindako ikerketek, gizakiak barne, ugalketaren zeharkako kostua, haurdunaldiko metabolismoa kasu, nabarmen handiagoa dela erakusten dute. Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Blanca Martinez geologoak, aprobetxatuz Paris hiria aurten Olinpiar Jokoen egoitza izan dela, Parisko arroaz dihardu. 250 milioi urteko sedimentuak dituen formazio geologikoa, erreferentzia-eredu da arro sedimentarioak aztertzeko mundu mailan. Eozeno garaian, Luteciense pisua identifikatu zen, Paris izen zaharraren omenez, Lutezia. Garrantzi geologikoa ez ezik, geologiak denboran zehar eboluzio anatomikoa ulertzeko izan duen eragina ere nabarmentzen du arroak. Datuak Zientzia Kaieran.

 Osasuna

Ainara San Juan Escudero, osasun biologoa eta osasun publikoan aditua, auzoek biztanleen osasunean nola eragiten duten ikertzen ari da. Bilboko hiru auzori buruzko ikerketan, jarduera fisikoari eragiten dioten faktoreak identifikatu zituen, hala nola irisgarritasuna, trafikoa eta segurtasuna. Bizilagunekin batera, inguruaren oztopoak eta aukerak aztertu zituzten, konponbideak proposatuz. Emaitzak Udalarekin partekatu zituzten, baina oraindik denbora falta da aldaketa zehatzak ikusteko. Auzo osasuntsuagoak eta bidezkoagoak sortzeko erabakiak hartzerakoan herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Escuderok. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Adimen artifiziala

Nature Computational Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, adimen artifizial sortzaileko sistemek 1,2 eta 5 milioi tona hondakin elektroniko sor ditzakete 2030erako, batez ere hardwarekoak, hala nola prozesadoreak eta elikadura-sistemak. Zabor elektronikoak metal arriskutsuak izango ditu, beruna eta kromoa, besteak beste. Txinako Zientzia Akademiak gidatuta, hondakin horiek % 86ra arte murrizteko ekonomia zirkularra iradokitzen du analisiak. Ikerketak AAren eta bere hondakinen erabileran eta kudeaketan neurri arduratsuak hartzeko premia nabarmentzen du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Zetazeoek plastikoa janariarekin nahastu dezakete, antzekotasun akustikoak direla eta. Zehazki, ilunpetan ehizatzeko erabiltzen dituzten ultrasoinuek beren harrapakinen antzera detektatzen dute plastikoa. Zetazeoen urdailetan ohikoak diren plastikoak aztertzean (poltsak, botilak, sokak), ikertzaileek aurkitu zuten horietako askok, bereziki film plastikoek, elikagaiek dituzten antzeko soinuak igortzen dituztela. Horrek azal lezake kaxaloteak eta antzeko zetazeoek sarritan plastikoak irenstea. Ikerketa Marine Pollution Bulletin aldizkarian argitaratu da. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpena

Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) (2019) ehun bat fruta, barazki eta landare jangarri baino gehiagoren hautaketa aurkezten du, haien aniztasuna eta sukaldaritzako erabilerak nabarmenduz. Kolorearen arabera sailkatuta, elikagai gordinak eta kozinatuak barne hartzen ditu, baita tea, kafea eta txokolatea bezalako produktu eratorriak ere. Obra honek azpimarratu nahi du biodibertsitatearen, jasangarritasunaren eta elikadura osasungarriaren garrantzia. Datuak Zientzia Kaieran.

Botanika

Beatrix Potter, haurrentzako ipuinengatik ezaguna, artista botaniko eta mikologo trebea ere izan zen. Naturarekiko maitasuna haurtzaroan hasi zitzaion eta interes bat garatu zuen floran, bereziki onddoetan eta likenetan. Charles McIntosh naturalistari esker, behaketa eta mikroskopia teknika hobetu zituen, eta 350 lamina zientifiko baino gehiago sortu zituen. Emakume gisa komunitate zientifikoan oztopo ugari izan zituen arren, hala nola Linnean Societyk bere artikulua errefusatu izana, Potterrek ondare bat utzi zuen botanikan. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Eboluzioa

Ugaztunak narrastien gisara ibiltzetik tente egotera pasatzea trantsizio konplexua eta ez-lineala izan zen, eta uste baino askoz beranduago gertatu zen. Harvardeko ikertzaileek, eredu biomekanikoak eta datu fosilak erabiliz, egungo espezieen eta fosilen postura eta lokomozioa aztertu zuten, gorputz-adarren indarrak mugimenduaren eboluzioan nola eragin zuen behatuz. Ondorioztatu zuten trantsizio horrek, narrastien jarrera etzanetik ugaztun modernoen tente jartzeraino, aldaketa anatomiko handiak ekarri zituela, eta terioen arbaso komunetik gertu finkatu zela, lehen sinapsidoak baino geroago. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #505 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #512

sam, 2024/11/02 - 09:00

Abeltzaintza-ustiategi asko dago Espainian. Eta abeltzaintzako ustiategi asko dauden lekuetan simaur asko dago. Eta simaurra biogas bihur daiteke. Eta zenbat eta biogas gehiago izan, orduan eta gas gutxiago erosten duzu. Biogas from livestock manure, unlocking Spain’s potential: Ben Wunderlich, Esther Acha, Erlantz Lizundia, Estibaliz Sáez de Cámara eta Ion Agirre.

Klima-aldaketa eragin neurgarria izaten ari da baso-suteetan, bai suteen kopuruan, bai haien birulentzian eta portaeran. Increasing effects of global warming found on wildfire dynamics

Fisikako eta Kimikako azken Nobel saridunek joera berri bati ekiten diote, non saridunek ez duten zertan diziplina horietan espezialistak izan. AI tools and the science to come por Nello Cristianini.

Gauge eremuko teorien matematikak konplexuak edo konplexuak dira, konmutatiboak badira edo oso konplexuak, abeliarrak ez badira. DIPCko jendeak azken hauen simulazio kuantikoak egiteko modu bat asmatu du: Quantum simulations of lattice gauge theories

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #512 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages