S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 1 min

FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoen bitartez

jeu, 2024/09/19 - 09:00

Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, hala nola kontsumo elektrikoaren hazkundeari eta baliabide berriztagarrien integrazioari, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko, hala nola, akats elektrikoak arintzeko.

FPLIrudia: Sare adimenduaren irudikapena. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Akats bat linea elektrikoaren barruan desiragarria ez den gertakaria da, eta hainbat arrazoiengatik gerta daiteke. Tradizionalki, akats bat agertzerako unean, deskonexioa burutuko da saretik, gainkorronteetatik babesteko. Aldiz, potentzia-elektronika banaketa sarean sartuta, arazo horin ekidin daiteke, eta hornidura uneoro mantendu. Hau posible egiteko, kargak triangelu bidez konektatuta egon beharko dira; normalean hala egoten dira.

Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baitaitzake. Horrela tentsio sinpleak (fase-neutro) desorekatuta egon arren, kargetara konektatuta dauden triangelu motako transformadoreak tentsio orekatu bat (fase-fase) jasoko dute. Hala, akatsen bat gertatuta ere, sareko erabiltzaileek hornidura bermatuta izango dute uneoro.

FPL-en topologiak

Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak ikertzen ditu, eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Tentsio homopolarra duen tentsioak lortzeko laugarren hari bat beharrezkoa izango denez, lau adarreko topologia eta hiru adarreko topologia DC buseko erdi puntura konexioa duen topologia aztertu da. Azterketa burutzeko Matlab-Simulink programa erabili da, bihurgailuaren tentsio, korronte eta potentziak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.

Lortutako emaitzen arabera, lau adarretako topologiak duen abantaila nagusia zera da: hiru adarreko topologiarekin alderatuta, DC buseko tentsioaren erabilpen hobeagoa lortzen duela potentzia berdina duen kargak elikatzeko, korronte maila baxuagoa erabilita. Korronte maila txikiagoak ahalbidetzen du kommutazio maiztasun handiagoa erabiltzea, eta horrek aldi berean, irteerako filtroaren dimentsioen murrizpena eragiten du. Hala ere, hiru adarreko topologiak kontrol eta modulazio errazagoak eskaintzen ditu, aztertuago dagoen topologia mota baita. Gainera, topologia merkeagoa da baita ere, IGBT eta diodo gutxiago dituenez, adar bat gutxiago duelako.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoetan zehar
  • Laburpena: Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko; horietako bat akats elektrikoak arintzea litzateke. Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia-fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baititzake. Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak aztertzen ditu eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Simulazioaren emaitzak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.
  • Egileak: Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos, Adriano Rai Navarro
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 279-291
  • DOI: 10.1387/ekaia.24567
Egileez:

Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos eta Adriano Rai Navarro UPV/EHUko Teknologia Elektrikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoen bitartez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sofoiak, edo nola zabaldu unibertsoa

mer, 2024/09/18 - 09:00

Zalantzarik gabe, soken teoria da —benetan hainbatetan bereiz daitekeena— imajinario popularrean pasio gehien pizten dituen fisikaren teorietako bat; hala ere, oso gutxitan da protagonista fikziozko narratibetan.

Teoria horri heltzera ausartu den gutxienetako bat Liu Cixin idazle txinatarra izan da, El recuerdo del pasado de la Tierra (Lurraren iraganaren oroitzapena) trilogian. Obra hori Hiru gorputzen trilogia gisa ezagunagoa da, eta bigarren aldiz egokitu berri dute pantaila handietara, telesail baten forman. Autoreak beste obraren batean ere landu izan du gaia. Adibidez, Espejo (Ispilua) kontakizunean, supersoken ordenagailu bat ageri da, mota guztietako unibertsoak simulatzeko gai dena… Eta horrek badu zentzu pixka bat teoriaren testuinguruan jartzen denean.

soken teoria1. irudia: El recuerdo del pasado de la Tierra (Lurraren iraganaren oroitzapena) trilogia, Liu Cixin idazlearena. Espainian Nova/Ediciones B argitaletxeak editatu zuen. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Fisikari gehienak bat datoz soken teoria «ederra» dela esatean, baina beharbada zorigaitzezko edertasuna du, eragiten dituen buruhausteak ikusita. Printzipioz, formalismo osoa ideia sinple batean oinarritzen da: partikulak ez dira «bolitak», baizik eta harizpi dimentsiobakarrak, zeinen bibrazio moduek zehaztuko lituzketen beren ezaugarriak —masa, karga…—; eta, beraz, baita zein partikula mota diren ere —elektroiak, quarkak…—. Ikuspegi intuitiboa litzateke hori, oso agerikoa; izan ere, fisika sistema ondulatorioz beteta dago. Arazoa sortzen da matematikaren bidez zentzua ematen saiatzen garenean.

Soken teoria hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran sortu zen, elkarrekintza nuklear bortitzaren ikerketaren testuinguruan —nukleo atomikoen batasuna mantentzearen arduradun den oinarrizko lau elkarrekintzetako bat, elkarrekintza ahularekin, elektromagnetismoarekin eta grabitatearekin batera—, Gabriele Venezianok Eulerren beta funtzioa erabili zuenean CERNen modu esperimentalean behatutako fenomeno batzuk azaltzeko.

Denbora gutxira, 1970ean, Yoichiru Nambu, Holger Nielsen eta Leonard Susskind-ek proposatu zuten Venezianoren hurbilketak zentzua zuela baldin eta interpretatzen bazen partikulek soka dimentsiobakar dardaratsu gisa jokatzen zutela. Hala ere, ikuspegi horrek ez zuen guztiz bat egin esperimentuekin, nahiz eta beste ikertzaile batzuek «sormenezko» elementuak sartzen hasiak ziren , hala nola dimentsio osagarriak —hogeita zazpira arte ere—. Kromodinamika kuantikoa gailendu zenean, azkenean, elkarreragin bortitza azaltzeko aukera onena gisa, soken teoria sortu berria bertan behera geratu zen. Baina 1974an, John Henry Schwarz eta Joël Scherkek soka horien bibrazio moduak ikertu zituzten eta deskubritu zuten moduetako bat grabitate eremuko partikula mezulariarekin bat etor zitekeela: grabitoia. Eta ginerakoa historia da.

Soken teoria guztiaren teoria bat bihurtzeko zantzuak agertu zirenetik, asko eta asko idatzi da hari buruz, bai teoriaren jarraitzaileen eskutik bai haren aurkakoen eskutik. Izan ere, unibertsoa ulertzeko gure nahiaren abiapuntu ona balitz ere, oraindik zailtasun ugari planteatzen ditu, hala maila teorikoan nola esperimentalean, izango lituzkeen posibilitateez askoz harago.

Alde batetik, formalismoa Plancken luzeraren ordenako eskaletan planteatzen da ―1,616199(97) × 10-35 m―; horrek esan nahi du, esperimentalki horren egiazkotasuna frogatu ahal izateko, 10¹⁹ GeV ordenako energiak beharko genituzkeela —LHCa (Hadroi Talkagailu Handia) 14 TeV edo 1,4⁴ GeV-era iristeko sortu zen—.Beste alde batetik, tresna matematiko oso zabala da eta hainbeste soluzio onartzen dituenez, denek ez lukete zertan fenomeno fisiko bat adierazi. Gainera, horietako askoren emaitza sistema ezegonkorrak edo kaotikoak dira.

Soken teoriak 10⁵⁰⁰ ordenako unibertso motak deskriba litzake; hortaz, nola aurki genitzakeen gurea definitzen dituzten baldintzak handitasun horretan? Eta, azkenik, multidimentsionalitatearen gaia aurreko guztiaren oinarrian dago. Egunerokoan hautematen ditugun lau dimentsioez gain, soken teoriak adierazten du beste sei ere badaudela, «trinkoak» edo «biribilkatuak» izena hartzen dutenak. Espazio-denboran bertan forma geometriko oso zehatzetan «zanpatuta» daudela imajina dezakegu, eta egungo bitartekoekin ez ginatekeen gai izango haiek detektatzeko. Susma daitekeen moduan, horrek guztiak buruhauste handia sortu du zientziaren esparruan. Baina, bestetik, zientzia fikzioarentzat posibilitate infinituetarako ate irekia da.

soken teoria2. irudia: LHCaren tunelaren sektore bat, CERNen; hura da gaur egun partikulen fisika ikertzeko daukagun tresnarik onena. (Argazkia: Maximilien Brice – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Stanley Schmidt Analog Science Fiction and Fact aldizkari historikoko editoreak —1978tik 2012ra; John W. Campbell eta Ben Bova historikoen ondorengoa— esaten zuen «ezinezkoa dela froga ezin daitekeen edozer erabil daitekeela zientzia fikzioan». Horrekin esan nahi zuen benetako oinarri zientifikoa baldin badago, zilegi dela zientzia fikzioaren bidez zientziaren irismenaren mugarekin jolastea eta hortik aurrera espekulazioak egitea. Eta horixe bera da Liu Cixinek bere trilogian —eta obra osoan— egiten duena; eta horregatik funtzionatzen du hain ongi. Eta harago ere joango nintzateke: horregatik eramaten gaitu amestera… Zientziaren etorkizunarekin amestera, egunen batean deskubri genitzakeen gauza miragarriekin.

Hiru gorputzen trilogian, Liu Cixinek soken teoriaren multidimentsionalitatea baliatzen du aitzakia gisa espazio-denborarekin papiroflexia egiteko. Horrela, magiarengandik hurbilago dauden mota guztietako teknologiak sortzen ditu biribilkatutako dimentsioak zabaltze hutserako, hala nola sofoiak.

Errealitatean, Liu Cixinen imajinazioak sortutako sofoiak dirudiena baino sinpleagoak dira, baina dimentsio osagarriak zabaltzeko gaitasunak ematen dien ñabardura abstraktu horrek bihurtzen ditu fenomeno exotiko. Soken teoriaren arabera, protoia, beste partikula guztiak bezalaxe, harizpi dimentsiobakar dardaratsua da eta hamar dimentsiotako espazio batean definituta dago (hamaika, M teoria aintzat hartzen badugu, bertsio ezberdinak bateratuko lituzkeena); Trisolaristarrek egiten duten «gauza bakarra» dimentsio biribilkatu horietako bat makroskopiko bihurtzea da, protoia objektu bidimentsional erraldoi bihurtuta. Eleberrian Trisolarisen azalera osoa estaltzen du, ispilu bat bailitzan. Ondoren, eta berriro ere partikulen fisikako kontzeptuak erabiliz, zirkuitu integratuen korapilo zabal bat txertatzen da bertan. Eta Trisolaristarren azken pausoa da dimentsioa berriro trinkotzea; eta, beraz, informazioa ere berriro konprimatzea (.zip fitxategi baten moduan).

Liu Cixinen espekulazioa honako hau da: biribilkatutako dimentsio bakoitzak konplexutasun aberatsa gordetzen du, eta guztiak zabaltzea lortuko balitz, partikula bakar batean kodifikatu ahalko litzateke unibertsoaren informazio guztia; baina bakar bat zabaltzea zail-zaila dela planteatzen da.

Sofoi bat, beraz, superordenagailu bat besterik ez da, edo berezitasun teknologikoaren mugan dagoen adimen artifizial mota bat, zeinak, soken teorian oinarritutako prestidigitadore trikimailu bati esker, gure harritzeko zentzua pizten baituen, Liu Cixinek beste modu batera kontatu izan baligu baino askoz erakargarriagoa dena. Baina gehiago ere badago…

Lehen esan dut soken teoriako dimentsio trinkoak forma geometriko oso zehatzetan definitzen direla: Calabi-Yauren barietate gisa ezagunak dira. Askok ez dute horrekin ezer irudikatuko, baina honen antzeko forma daukate:

soken teoria3. irudia: soken teoriako dimentsio trinkoak Calabi-Yauren barietateetan oinarrituta definitzen dira. (Argazkia: German – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Common)

… Eta orain, Netflixeko telesaila ikusten ari direnak animatzen ditut arretaz begiratzera nola irudikatu dituzten sofoiak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Greene, Brian (2003). El universo elegante. Crítica.

Hossenfelder, Sabine (2015). Will the LHC be able to test string theory? Medium.

Liu, Cixin (2016). El problema de los tres cuerpos. Nova.

Liu, Cixin (2021). Espejo. En Sostener el cielo. Nova.

Egileaz:

Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 4an: Sofones, o como desplegar el universo

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Sofoiak, edo nola zabaldu unibertsoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Adimen artifiziala irudi biomedikoak hobetzeko

mar, 2024/09/17 - 09:00

Irudi biomedikoen analisian adimen artifizialaren abantailak erraz txertatzeko moduko plataforma bat garatu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Duela hainbat urtetik iragarrita zegoen moduan, olatu bat bezala txertatzen ari da adimen artifiziala askotariko esparruetan, eta zientzia ez da, inondik inora, horren kanpo geratuko den eremua. Izan ere, zientzialariak jakitun dira tresna berri hauek duten potentzialaz.

adimen1. irudia: besteak beste, Ivan Hidalgo-Cenalmor eta Estibaliz Gomez de Mariscal ikertzaileek parte hartu dute plataformaren garapenean. (Argazkia: Estibaliz Gomez de Mariscal / DL4MicEverywhere)

Norabide horretan aurrerapen asko iragartzen ari dira. Horietako bat nazioarteko ikertzaile talde batek aurkeztu du Nature Methods aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Mundu osoko ikertzaileei adimen artifiziala erabiltzeko aukera eman nahi die tresnak. Zehazki, irudi biomedikoak —bai mikroskopio bidez hartutakoak, edo mediku eskanerren bide lortutakoak— modu errazean aztertzeko bidea eman nahi du plataformak.

DL4MicEverywhere izena eman diote egitasmoari; besteak beste, Portugalgo Gulbenkian Zientzia Institutuak garatu du plataforma. Zientzia erakunde horrekin batera, Finlandiako Åbo Akademi Unibertsitateko eta AI4Life nazioarteko partzuergoko ikertzaileek parte hartu dute garapenean.

EHUn ikasi eta gaur egun Gulbenkian institutuan dabilen Estibaliz Gomez de Mariscal matematikariak azaldu duenez, une honetan, zientzia jarduna gero eta kuantitatiboagoa da, eta, ezagutza eskuratzeko, algoritmoak gero eta beharrezkoagoak dira. “Adibidez, jakiteko botika batek efektua egiten duen ala ez, edo ezagutzeko zelulak nola aritzen diren egoera jakin batean”. Aintzat hartu beharra dago, gainera, gaur egun biologoek eta antzeko espezialistek milaka irudi hartzen dituztela beren jardunean, eta horiek prozesatzea eta interpretatzea erronka izugarri handia dela.

Norabide horretan, adimen artifiziala oso lagungarria izan daiteke, baina hori erabiltzea, ordea, “zaila” dela azaldu du ikertzaileak. “Programatzen jakin behar duzu, edo sarbidea izan behar duzu konputazio ahalmen handiko azpiegituretara. Edo, besterik gabe, teknika hauek aplikatzeko ezagutza bat izan behar duzu”. Ikertzaileak dioenez, horretan laguntzeko asmoz eratu dute plataforma: biozientzien alorreko zientzialariek aukera izan dezaten ikasketa sakoneko algoritmoak erabiltzeko, beren irudi mikroskopikoak aztertu aldera.

Eginkizunen artean, adibidez, algoritmoa zelulak detektatzeko gai da, edo ikertzaileari une jakin batean interesatzen zaizkien ehunaren zatiak identifikatzeko. “Modu berean, irudiaren bereizmena hobetu daiteke, edo irudietan tindaketak egin; hau da, zelula bat hartu, eta algoritmoa gai da identifikatzeko non dagoen zelularen nukleoa, fluoreszentziaz markatuta egongo balitz bezala”.

adimen2. irudia: Askotariko hobekuntzak egin daitezke irudi biomedikoetan. Irudiaren goiko aldean, mikrohodien irudi erreala, nanoeskalan. Beheko aldean, bereizmen hobetua. (Irudia: Estibaliz Gomez de Mariscal / DL4MicEverywhere)

Beste gaitasun bat bereizmenari dagokio. Izan ere, gaur egun ikertzaileak gai dira mundua nanoeskalan ikusteko. Baina nanoeskala horretara iristeko oso laser indartsuak erabili behar dira ezinbestean, eta horiek zelulak guztiz erretzen dituzte. Horretan ere lagungarria izan daiteke tresna.
“Algoritmo hauek gai dira pixka bat lausotuta dauden irudiak hartu eta horiek ebazteko, guretzako garrantzitsuak diren detaileak emanez”, erantsi du euskal ikertzaileak. “Kuantifikatzeko edo dinamika molekular baten jarraipena egin ahal izateko”.

Gainera, tresnak zabaltzeko nahia ez da mugatu teknologia garatzera: plataformaren eskuragarritasunaren alde ere egin dute lan. “Hasieran hau guztia Google-ren zerbitzuak erabiltzen egin behar zen, baina orain eraman dugu edozein ordenagailutan erabili ahal den plataforma batera, edozein erakunderen edo unibertsitateren zerbitzaritan jartzeko moduan. Arlo teknikoaren inguruan batere ideiarik izan gabe, ikertzaileak egin behar duen bakarra da plataforma instalatzea, eta, modu horretan, bere irudiak aztertzeko teknika bilduma izango du eskura”, argitu du Gomez de Mariscalek.

Kontuan hartzen duten beste kontu garrantzitsu bat datuen kalitateari dagokio. “Aintzat hartu behar da algoritmo hauek guztiak datuekin entrenatzen ditugula. Beraz, pertsona aditu batek hartzen ditu datuak. Zentzu honetan, gizakiek aukeratutakoak izanda, dagoen kezka da noraino dagoen datu horietan isuri kognitibo bat. Hori dela eta, ahalegintzen ari gara isuri kognitibo hori ahalik eta gehien gutxitzen, horretarako hainbat laborategi inplikatuz, edo sarbidea izanik hainbat instituzioek egindako datu bildumetara”.

Azpimarratu nahi izan dutenez, FAIR irizpideen arabera egiten dute lan: findable, accesible, interoperable and reusable; hots, datu horiek aurkitzeko errazak izan behar dira, horietarako sarbidea bermatu behar da, beste datu eta tresnekin erabiltzeko modukoak, eta, azkenik, berrerabiltzeko modukoak izanik. “Software irekian egiten dugu lan”, laburbildu du ikertzaileak.

Gauzak hala, ikertzailearen esanetan, gaur egun zenbait atazatan gizaki baten parean dago adimen artifiziala. “Adibidez, zelulen nukleoak identifikatzeari dagokionez”, azaldu du matematikariak. “Hori dagoeneko lotu dugu, eta tresna horiek eskura daude gure plataforman”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hidalgo-Cenalmor, Iván; Pylvänäinen, Joanna W.; Ferreire, Mariana G.; Russell, Craig T.; Saguy, Alon; Arganda-Carreras, Ignacio; Shechtman, Yoav; AI4Life Horizon Europe Program Consortium; Jacquemet, Guillaume; Henriques, Ricardo; Gómez-de-Mariscal, Estibaliz (2024). DL4MicEverywhere: Deep learning for microscopy made flexible, shareable, and reproducible. Nature Methods, 21, 925-927. DOI: 10.1038/s41592-024-02295-6

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Adimen artifiziala irudi biomedikoak hobetzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Informatikariek zenbatzeko modu efiziente berri bat asmatu dute

lun, 2024/09/16 - 09:00

Ausazkotasuna erabiliz, talde batek algoritmo sinple bat sortu du datu fluxu batean objektu ezberdin asko kalkulatzeko.

Imajina ezazu oihan tropikal birjina batera bidaltzen zaituztela basoko bizitzaren errolda egiteko. Animalia bat ikusten duzun bakoitzean, argazki bat ateratzen duzu. Zure argazki digitalak ateratako argazki guztien erregistroa eramango du, baina zuri animalia bakarren kopurua baino ez zaizu interesatzen, oraindik zenbatu ez dituzun guztiak. Zein da zenbaki hori lortzeko modurik onena? «Begi bistako soluzioak eskatzen du orain arte ikusi dituzun animalia guztiak gogoratzea eta animalia berri bakoitza zerrendarekin alderatzea», azaldu du Lance Fortnow Illinoisko Teknologia Institutuko informatikariak. Baina jokatzeko modu adimentsuagoak daude, gaineratu du; izan ere, milaka sarrera badituzu, begi bistako ikuspegia ez da batere erraza.

modu1. irudia: zientzialari informatikoek zerrenda luze batean sarrera ezberdinen kopurua alderatzeko modu berri bat deskribatu dute. (Ilustrazioa: Nico Roper – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Okertu egiten da. Zer gertatzen da Facebook bazara eta egunero saioa hasten duten erabiltzaile ezberdinen kopurua zenbatu nahi baduzu, are gehiago, horietako batzuk gailu askotatik eta askotan saioa hasten badute? Orain saio hasiera bakoitza milaka milioiko zerrenda batekin alderatzen ari gara.

Duela gutxiko artikulu batean, zientzialari informatikoek zerrenda luze batean sarrera ezberdinen kopurua alderatzeko modu berri bat deskribatu dute, eta metodo horrek sarrera kopuru txiki bat bakarrik gogoratzea eskatzen du. Algoritmoak elementuak banan-banan gehitzen diren edozein zerrendatarako funtzionatuko du: pentsa diskurtso bateko hitzak, uhal garraiatzaile bateko produktuak edo errepide bateko autoak.

CVM algoritmoa, bere sortzaileengatik hala deitua (Indiako Estatistika Institutuko Sourav Chakraborty , Lincoln-eko Nebraskako Unibertsitateko Vinodchandran Variyam , eta Torontoko Unibertsitateko Kuldeep Meel ), urrats esanguratsua da elementu ezberdinen arazoa deritzona konpontzeko. Zientzialari informatikoek 40 urte baino gehiago daramatzate arazo horrekin borrokan. Elementu fluxu bat efizienteki monitorizatzeko modu bat eskatzen du (horren guztizko kopurua eskura dagoen memoria baino handiagoa izan daiteke), eta, ondoren, elementu bakarren kopurua zenbatestea.

«Algoritmo berria izugarri sinplea eta inplementatzen erraza da», adierazi du Massachusetts-eko (Amherst) Unibertsitateko Andrew McGregor-ek. «Ez nintzateke harrituko [elementu desberdinen] arazoari praktikan aurre egiteko lehenetsitako modua bihurtuko balitz».

Arazoa eta CVM algoritmoak arazoa nola konpontzen duen argitzeko, imajinatu Hamleten audioliburua entzuten ari zarela. Lanak 30.557 hitz ditu. Zenbat dira desberdinak? Hori jakiteko, lana entzun dezakezu (eteteko botoia maiz erabiliz), hitz bakoitza alfabetikoki idatzi koaderno batean eta dagoeneko zure zerrendan dauden hitzak albo batera utzi. Amaierara iristean, zerrendako hitz kopurua baino ez duzu zenbatuko. Ikuspegi horrek funtzionatzen du, baina, gutxi gorabehera, hitz bakarren kopuru bereko memoria kantitate bat eskatzen du.

Datuen transmisioan ohikoak diren egoeretan, milioika elementu egon daitezke jarraipena egiteko. «Agian ez duzu dena biltegiratu nahi», dio Variyamek. Eta horretan eskain dezake CVM algoritmoak modu errazago bat. Trikimailua da, baieztatu zuen, ausazkotasunean konfiantza izatea.

Itzul gaitezen Hamletera, baina oraingoan zure lan memoriak (arbel bat) 100 hitzentzako tokia besterik ez du. Obra hasten denean, entzuten dituzun lehen 100 hitzak idazten dituzu, errepikapenak berriro alde batera utzita. Espazioa beteta dagoenean, sakatu eten eta jaurti txanpon bat hitz bakoitzeko. Aurpegia ateratzen bada, hitza zerrendan geratuko da; gurutzea ateratzen bada, berriz, ezabatu egingo duzu. Aurretiazko txanda horren ostean, 50 bat hitz desberdin geratuko zaizkizu.

Orain aurrera egin taldeak 1. txanda deritzonarekin. Segi Hamlet irakurtzen eta gehitu hitz berriak aurrera egin ahala. Zure zerrendan dagoen hitz bat aurkitzen baduzu, jaurti txanpona berriro. Gurutzea bada, ezabatu hitza; aurpegia bada, hitza zerrendan geratuko da. Jarraitu horrela arbelean 100 hitz izan arte. Ondoren, ezabatu ausaz gutxi gorabehera erdia, 100 txanpon jaurtiketen emaitzaren arabera. Hor amaitzen da 1. txanda.

Ondoren, jarraitu 2. txandarekin. Jarraitu 1. txandan bezalaxe, baina orain zailagoa izango da hitz bat mantentzea. Errepikatutako hitzen bat aurkitzen duzunean, jaurti txanpona berriro. Gurutzea ateratzen bada, ezabatu hitza, lehen bezala. Baina aurpegia ateratzen bada, bigarren aldiz jaurtiko duzu txanpona. Hitza mantenduko duzu soilik aurpegia bigarren aldiz ateratzen bada. Taula bete ondoren, txanda 100 txanpon jaurtiketetan oinarritutako beste garbiketa batekin amaitzen da, gutxi gorabehera hitzen erdia.

Hirugarren txandan, jarraian hiru aurpegi atera beharko dituzu hitza mantentzeko. Laugarren txandan lau aurpegi atera beharko dituzu jarraian. Eta horrela hurrenez hurren.

Azkenik k txandan, Hamleten amaierara iritsiko zara. Ariketaren helburua izan da hitz bakoitzak, egin dituzun ausazko aukeraketen arabera, hor egoteko probabilitate bera izatea: 1/2k. Adibidez, 61 hitz badituzu zerrendan Hamleten amaieran eta prozesuak sei txanda behar izan bazituen, 61 zati probabilitatea egin dezakezu, 1/26, hitz desberdinen kopurua zenbatesteko, eta horrek 3904 hitzeko emaitza ematen du kasu honetan. (Erraza da prozedura horrek nola funtzionatzen duen ikustea: demagun 100 txanponekin hasten zarela, bakoitza banaka jaurtitzen duzula, eta aurpegia ateratzen duten txanponak bakarrik gordetzen dituzula. 50 bat txanponekin amaituko duzu, eta norbaitek zenbaki hori probabilitatearen arabera zatitzen badu, ½, asma dezake hasieran 100 txanpon inguru zeudela).

Variyam eta haren kideek matematikoki frogatu zuten teknikaren zehaztasuna handitu egiten dela memoriaren tamainarekin. Hamletek 3.967 hitz bakar ditu zehazki. (Zenbatu egin zituzten). 100 hitzeko memoria erabili zuten esperimentuetan, bost egikaritzeren ondorengo batez besteko kalkulua 3955 hitzekoa izan zen. 1.000 hitzeko memoriarekin, batez bestekoa 3.964ra igo zen. «Jakina», azaldu du Variyamek «[memoria] hitz guztiak sartzeko bezain handia bada, orduan % 100eko zehaztasuna lor dezakegu».

«Hori oso adibide egokia da adierazteko batzuetan konponbide oso sinpleak daudela, bai eta oso oinarrizko eta ondo aztertutako arazoetarako ere, baina ez direla begi bistakoak eta aurkitu ditzaten zain daudela», baieztatu du Harvardeko Unibertsitateko William Kuszmaul-ek.

Jatorrizko artikulua:

Steve Nadis (2024). Computer Scientists Invent an Efficient New Way to CountQuanta Magazine, 2024ko maiatzaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Informatikariek zenbatzeko modu efiziente berri bat asmatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #498

dim, 2024/09/15 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aurkitu

Ingurumena

UPV/EHUko ikerketa batek, INMA proiektuaren parte denak, ingurune berde edo urdinetan bizitzearen eta haurren garapen kognitiboaren arteko erlazioa ikertu du; zehazki, lan-memoria, 1.500 haurrengan. Emaitzek ez dute ebidentzia argirik erakutsi ingurune horiek lan-memoria hobetzen dutenik. Nazioarteko ikerketa batzuek eremu berdeagoetan bizi diren haurrengan onura kognitiboak iradokitzen dituzten arren, ebidentziak mistoa izaten jarraitzen du, eta ikerketa gehiago behar da adostasun zientifiko bat lortzeko. Datuak Zientzia Kaieran.

Kataluniako 11 hiritan egindako ikerketa baten arabera, airearen kutsadurak antibiotikoen erabilera areagotzen du. PM10, PM2.5 eta NO2 kutsatzaileen eraginpean egoteak arnas narritadura eta infekzio baten antzeko sintomak eragiten ditu, eta horrek antibiotikoen preskripzioa areagotzen du osasun-zentroetan. Bigarren mailako bakterio-infekzioekin ere egon liteke lotuta. JAMA Network aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta airearen kalitatea hobetzeko beharra nabarmendu dute; izan ere, kutsadura eta antibiotikoekiko erresistentzia osasun publiko globalaren erronkak dira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Aranzadi Zientzia Elkarteak Alkizako Itxuraingo tumulua induskatu du, eta bertan harrizko trikuharri bat zegoela baieztatu dute. Aurkikuntzak Neolitotik Brontze Arora arte datatutako zeramika eta suzko harriak dituen hileta-ganbera baten berri eman du. Gainera, aztarnategiak aurkitu dituzte inguruko kobazuloetan; Olatzazpin, esaterako, hilobi kolektibo bat eta zeramika esanguratsua aurkitu dituzte. Neolitoko eta Brontze Aroko gizarteak konplexuagoak nola bihurtu ziren aztertzen ari dira ikertzaileak, aldaketa sozialak eta erritu sinbolikoak islatuz. Informazio gehiago Berrian.

Mendizale talde batek 60 cm-ko diametroko amonite bat aurkitu zuen irailaren hasieran Langraiz Okatik (Araba) gertu, 87 milioi urtekoa, Kretazeo garaikoa. Aurkikuntzaren ostean, Arabako Natur Zientzien Museoarekin harremanetan jarri ziren. Fosila osorik dagoela baieztatu zuen erauzketa arrakastatsuak. Orain, zaharberritze prozesuan dago, museoan ikusgai jarri aurretik, eta dagoeneko ikusgai dauden beste bi amoniterekin bat egingo du bertan. Kultura diputatuak herritarren elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen aurkikuntzan. Datuak Berrian eta Alea aldizkarian.

Osasuna

Sexu transmisiozko infekzioen (STI) gorakada globala eta sexu osasunari lotutako arriskuak —minbizia eta antzutasuna, besteak beste— nabarmentzen ditu Miren Basaras Biologian doktoreak Zientzia Kaierarako idatzitako artikuluan. Tratamenduak eskura izan arren, sintomarik ez izateak eta sexu ez-segurua praktikatzeak kasuak ugaritu dituzte, bereziki gazteen artean. Ezinbestekoak dira prebentzioa, aldizkako kontrolak eta diagnostiko arinak hedapena kontrolatzeko. Datuak Zientzia Kaieran.

Neurozientzia

Ikertzaile batzuek aurkitu dute Caenorhabditis elegans zizare nematodoak elkarte desatseginak gogoratzeko eta ahazteko gai dela. Baldintza normaletan, harrek ordu gutxitan ahazten dute butanoarekiko lotura negatiboa, baina ahanztura hori atzeratu egiten da hotzaren edo litioaren eraginpean jarriz gero. “Ahanzturaren etengailu” hori, dirudienez, zelula-mintzen zurruntasunaren eta neuronetako diazilglizerolaren murrizketaren araberakoa da. Aurkikuntza horiek etorkizunean aplikazioak izan ditzakete memoria eta ahanztura ikerketetan, organismo konplexuagoetan. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

Txinako larrugintzarako animalien etxaldeetan egindako ikerketa batek 125 birus aurkitu ditu; horietatik 36 berriak dira, eta 39k gizakietara salto egiteko gaitasuna dute. Aurkikuntzen artean, zazpi koronabirus —saguzarren HKU5aren antzeko bat barne— eta A gripearen hiru aldaera nabarmendu dituzte. Ikertzaileek ohartarazi dute animalia horiek hazteak zoonosi arriskua dakarrela, hau da, animalietatik gizakietara transmiti daitezkeen gaixotasunak. Osasun publikorako mehatxua azpimarratzen duen ikerketa Nature aldizkarian argitaratu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Ekonomia

Sektore anitzeko krisi globalari erantzunez, bi alternatiba nagusi sortzen dira: Desazkundea, Europan sortua, eta Bizitza Ona, Latinoamerikan sortua. Desazkundea “gutxiagorekin hobeto bizitzearen” eta kontsumoa murriztearen aldekoa da, eta Bizitza Onak, berriz, norbanakoen, gizartearen eta ingurumenaren arteko errespetuzko oreka bilatzen du. Problematika berean zentratzen diren arren, desberdintasunak ikusten dira haien planteamendu estrategikoetan. Ikerketak ondorioztatu du alternatiba horien arteko eztabaida eta ideien trukea onuragarriak izan daitezkeela, horien aniztasunak erresilientzia handiagoa sustatzen baitu krisi globalaren aurrean. Datuak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Euskarazko adimen artifizialerako neurona-eredu aurreratua garatu du Oraik, chatbotak, zuzentzaileak eta itzultzaileak bezalako tresnetarako diseinatua. Euskarazko testuen bilduma handirik ez dagoenez, ingelesezko eredu bat erabili dute, eta ikasketa automatikoko algoritmoen bidez egokitu dute. ZelaiHandi corpusa, euskarazko handiena, giltzarri izan da prozesu horretan. 11 hizkuntza-atazatan ebaluatuta, eredu hori, ingelesa baino txikiagoa izan arren, euskararako dagoen eraginkorrena da, eta AAk hizkuntza horretan garatzea errazten du. Informazio guztia Berrian, Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Alma Levant Hayden Estatu Batuetako kimika analitikoa ibilitako kimikaria izan zen, eta funtsezko papera izan zuen 50eko eta 60ko hamarkadetan. Espektrofotometria eta kromatografia bezalako teknikak erabili zituen minbiziaren aurkako iruzurrezko erremedioak identifikatu eta azaltzeko, hala nola Krebiozen, zeina kreatina hutsa izan baitzen. Bere lanaren bidez, Haydenek osasun publikoa defendatu zuen, sendagaiak benetan eraginkorrak eta seguruak zirela ziurtatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Astronomia

Pertseidak, “San Lorenzoren malkoak” bezala ezagutzen direnak, Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometaren orbita gurutzatzen duenean sortzen diren meteoroak dira. Izotzez eta hauts partikulez osatutako kometak partikula horiek askatzen ditu Eguzkira hurbiltzen denean, eta, Lurreko atmosferan sartzean, erre egiten dira, meteoro-euria sortuz. Fenomenoa uztaila eta abuztua bitartean ikusten da urtero. Informazio gehiago Berrian.

Klima-aldaketa

Texasko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, hirien % 60k inguruko landa eremuek baino euri gehiago jasotzen dute, eta horrek hiri uholdeen arriskua larriagotzen du. Urbanizazioak atmosferaren dinamika aldatzen du, haizea moteltzen duten eta kondentsazioa eta hodeien eraketa sustatzen duten eraikinekin. Hiririk beroenek eta hezeenek prezipitazio-anomalia handiagoak dituzte. Populazio-dentsitateak eta azalera iragazgaitzek fenomeno hori anplifikatzen dute; haranetako zenbait hirik, ordea, Seattlek edo Kyotok, adibidez, kontrako efektua dute. Pnas aldizkarian argitaratu duten aurkikuntza hori funtsezkoa da klima-aldaketaren aurrean. Azalpen guztiak Gara egunkarian.

Aurtengo uda erregistratutako beroena izan da, ipar hemisferio osoko tenperatura errekorrekin, Copernicus Behatokiaren arabera. Ekainetik abuztura, orain arteko hilabeterik beroenak bizi izan zituen planetak: muturreko bero boladak, lehorteak eta uholde hilgarriak. Tenperatura altuek Espainian, Txinan eta Indian izan zuten eragina, eta beroak milaka heriotza eragin zituen. Ozeanoek ere, zeintzuek giza jarduerak sortutako beroaren % 90 xurgatzen duten, aurrekaririk gabeko tenperaturak izan zituzten. Datuak Gara egunkarian.

Medikuntza

Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaileek sagu bizien azala garden bihurtzea lortu zuten tartrazina elikagai-koloratzaile arrunta aplikatuta. Koloratzaile horrek larruazalaren opakutasuna murrizten du eta errefrakzio-indizeak aldatzen ditu. Horrela, organoak eta odol-hodiak ikus daitezke. Efektua itzulgarria da eta ez da toxikoa erabilitako dosietan. Science aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, metodo hori medikuntzan aplika daiteke egitura biologikoak modu seguruan ikusi eta aztertzeko. Ikertzaileak beste koloratzaile batzuk aztertzen ari dira etorkizuneko aplikazio medikoak garatzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #498 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #505

sam, 2024/09/14 - 09:00


Badirudi erreguladore epigenetiko bat dela leuzemia-zelulak mantentzearen arduraduna. Eta orain badakigu nola egiten duen. PHF6 maintains acute myeloid leukemia via regulating NF-κB signaling pathway por Marta Irigoyen.

Ez al litzateke ezinhobea izango lehortea duten leku hezeetan, Saudi Arabiako kostaldean adibidez, ura airetik erauzi eta harekin laboreak ureztatu ahal izatea? Eutsi gameluari une batez: A passive, efficient way to extract water from air

Joko olinpikoetako surf lehiaketa Polinesia Frantsesean egiten da. Horren arrazoia olatu berezi bat da. Anatomy of a wave: the Olympic surf break at Tahiti, Tom Shand.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #505 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Alma Levant Hayden, minbiziaren aurkako sendagai faltsuei aurre egin zien kimikaria

ven, 2024/09/13 - 09:00

Minbiziarekin eta horren prebentzioarekin, detekzioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztia oso garrantzitsua da gaixotasun hori pairatzen duen edo beldur dion jende askorentzat. Eta, beraz, eskrupulurik ez dutenentzako erakargarria da oso, beldur eta kezka horiekin negozioa egin dezaketelako. Negozio horietan sartzen dira mota guztietako iruzurtiak, eta osasun agintaritzek ahal duten guztia egiten dute, edo egin behar lukete, hori geldiarazteko.

Alma Levant Hayden1. irudia: Alma Levant Hayden aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian, eta bi teknika horiek erabiltzen zituen sendagaiak eta substantziak aztertzeko. (Argazkia: NIH History Office – jabari publikoa. Iturria: Flickr)

Alma Jerlene Haydenek bizitzaren zati handi bat bideratu zuen horretara, eta Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (FDA) 50eko eta 60ko hamarkadetan agentziaren analisi gaitasunaren bultzadako ezinbesteko figuratzat aitortzen du gaur egun ere. Aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian. Bi teknika horien bidez substantziak aztertzen dira mikroskopiako tresnen bidez, eta Haydenek sendagaiak eta substantziak aztertzeko erabili zituen, agentziak benetako efikazia zuten tratamenduak kontrolatu eta baimentzeko lanetan, hala nola, minbiziaren kontrakoetan.

Zehazki, Haydenek lan gogoangarria egin zuen minbizia sendatzea agintzen zuten sasisendagaien aurka; tamalez, gaur egun ere aurre egin beharreko borroka dena. 1963ko irailean, likidoz beteriko anpoila misteriotsu batzuk aztertu zituen. Haren sustatzaileen arabera, anpoilak minbizia arin eta guztiz sendatzeko gai zen produktu bat zeraman. Hala ere, uko egiten zioten sendagai miraritsua zer substantziaz osatzen zen argitzera. Haydenen lana hori deskubritzea zen.

Eta, misterioa deskubritzeaz gain, beharrezkoak ziren frogak lortuta, agentziaren izenean testifikatu zuen benetan ezer sendatzen ez zuen sendagai horren sortzaile eta sustatzaileen aurkako epaiketa kriminalean. Haydenen karrera osoa osasun publikoa babestu eta sustatzeko ebidentzia zientifikoa erabiltzean oinarritu zen, eta kontatu dugun istorioa horren adierazle argia da.

Kimikarekiko bat-bateko maitasuna

Alma Jerlene LeVant —hori zen bere familiaren abizena— 1927ko martxoaren 30ean jaio zen Greenvillen (Hego Carolina). Hasiera batean erizaina izan nahi zuen, baina unibertsitatean kimika ezagutu eta bat-bateko interesa izan zuen harekiko, eta ezin izan zen bide horretatik aldendu. Lehendabizi South Carolina State College-en ikasi zuen, gazte beltzen hezkuntzaren erakunde historikoan, non goraipamenekin graduatu baitzen 1947an. Ondoren, Kimikako lizentziatura egin zuen Howard Unibertsitatean; bertan ikasi zituen analisi kimikoko teknikak, Lloyd Noel Ferguson nobel saridunaren eskutik. Ferguson ezaguna zen, halaber, ikasle beltzen aukerak sustatzeko egiten zuen lanagatik. 1949ko ekainean masterra amaitu ostean, Fergusonekin egin zuen lan beste bi urtez, zeinetan eskarmentua eta ezagutzak bildu baitzituen infragorrien espektroskopiaren erabileran.

Ondoren, lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. Eta hantxe puntako teknologia erabili zuen giza gorputzak eta haren analogo sintetikoek sortutako substantzia kimiko organikoak aztertzeko, gaixotasun horietarako sendabideak eta sendagaiak bilatzeko.

Teknika horietako bat paper kromatografia izan zen. Teknika horretan, aztergai den substantziaren tanta batzuk jartzen dira paper mota berezi batean, eta paper hori bertikalean jartzen da tantek paper osoa busti dezaten, beherantz; eta, ondoren, substantzia erreaktibo jakin batzuekin zipriztintzen da. Substantzia bakoitza abiadura ezberdinean mugitzen da paperean zehar, masaren eta biskositatearen arabera, eta kolore ezberdinekin erreakzionatzen du zipriztindutako likidoekiko. Horri esker, ikertzaileek hainbat ezaugarri zehaztu ditzakete, eta, horrekin batera, aztergai den substantzia identifikatu.

Alma Levant Hayden2. irudia: Alma Levant Hayden -ek lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. (Argazkia: Jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

1952an, teknika horren asmatzaileek Kimikako Nobel saria irabazi zuten. Hayden bezalako kimikariek maiz erabiltzen zuten teknika hori osagai farmazeutikoak identifikatzeko edo elikagaietan adulteratzaileak detektatzeko.

Kimika analitikoko teknika modernoak FDArentzat

Hori izan zen Haydenek FDAn erabili eta hobetzen lagundu zuen tekniketako bat, baina ez bakarra. Espektofotometria izeneko beste prozesu batean ere izan zen aditu. Teknika horretan ekipo berezi bat erabiltzen da substantziek xurgatzen dituzten erradiazio elektromagnetikoak ikusteko, eta, horrela, identifikatu ahal dira. Izan ere, elementu kimiko bakoitzak espektro elektromagnetikoaren zati jakin bat xurgatzen du, eta hori ezaguna da. 40ko hamarkadan metodo hori garatu zenean, analisi kimikoko prozesua hainbat aste iraun eta % 25eko igartze maila izatetik, minutu gutxi batzuk besterik ez iraun eta emaitzetan % 99,99ko igartze maila izatera igaro zen.

50eko hamarkadaren erdialdean, FDAk espektrofotometria eta kromatografiako ekipo modernoak zituen, horiek baitziren analisi kimikoko teknikarik garrantzitsu eta efikazenak une hartan. Eta Haydenen ezagutza adituak izan ziren, neurri handi batean, agentziari ahalbidetu ziotenak horiek kontrolatzen eta arautzen.

1956an, analista kimiko gisa hasi zen lanean kimika farmazeutikoko atalean, non infragorrien espektroskopian zeukan abilezia oso lagungarri suertatu zitzaion sendagaietan adulteratzaileak identifikatzeko. 60ko hamarkada hasi zenerako, 17 artikulu argitaratu zituen jada gai horri buruz.

1963ko maiatzean, espektrofotometria adarreko zuzendari izendatu zuten. Sei hilabete lehenago, Estatu Batuetako Kongresuak zuzenketa bat gehitu zion Elikagai, Sendagai eta Kosmetikoen Lege Federalari, zeinetan aldaketa handiak ezartzen baitziren sendagaien arauketan. Besteak beste, prozesu berriak bete behar ziren farmako berrien ikerketa klinikorako, baita estandar zorrotzak ere horiek herrialdean merkaturatzeko ere. Industria farmazeutikoak sendagaien segurtasuna frogatzeaz gain, horien efikazia ere erakutsi behar zuen. Horrez gain, herrialdean jada saltzen ziren sendagaiek FDAren azterketa prozeduraren pean jarri behar ziren.

Krebiozen kasua

Zuzenketa hori onartu eta handik gutxira, sendagai horietako bat ikertzeko aplikazio bat aurkeztu zen, FDAk eszeptizismo handiz hartu zuena. Egiteko modutik hasi eta jabeek eman nahi zioten erabilerara eta banatzeko modura arte, itxura txarra zuen. Agentziak ikerketa bat abiarazi zuen, eta, neurri handi batean, Haydenen lanaren menpekoa zen.

Farmakoa Krebiozen deitzen zen, eta Estatu Batuetan 1950ean sartu zuten Jugoslaviako emigratzaileak ziren Durovic anaiek. Esaten zutenaren arabera, minbizia sendatzeko sendabidea zen, zaldi odoletik abiatuta eginiko serum batekin eginikoa, zeinak tumoreekiko erresistentzia naturala baitzuen. Andrew Ivyk produktu hori babestu zuen, eta horrek ospea eta errespetua eman zion. Izan ere, Ivy minbiziaren arloko ikertzaile ospetsua zen, Minbiziari buruzko Aholku Kontseilu Nazionaleko zuzendari izandakoa, bai eta gizakiekin eginiko esperimentazioaren arloko etikari buruzko Nurembergeko Kodearen egileetako bat ere. Dozenaka pertsonak jaso zuten Krebiozen bidezko tratamendua, horretarako ehundaka dolar ordainduta, nahiz eta oso informazio gutxi zegoen farmakoaren konposizioari edo benetako efektuei buruz.

Alma Levant Hayden3. irudia: Krebiozen medikamentuak minbiziaren aurka zuen elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. (Argazkia: Ron Grossman – Copyright lizentziapean. Iturria: Chicago Tribune)

Legean izandako aldaketen eta substantziaren jabeek aplikazioa aurkeztu ondoren, FDAk ikerketa bat abiarazi zuen Minbiziaren Institutu Nazionalean eskuratutako lagun bat erabilita. Soilik askotan eskatu ondoren bidali zuten jabeek Krebiozenen gramo bat. Hayden lanpostuan hasi berria zen, eta hark zuzendu zuen lagin horiek infragorrien espektrofotometria bidez analizatu zituen taldea.

Emaitzen adierazten zuten substantziak odolean dagoen aminoazido bat zeukala. Hortaz, Haydenek taldeko ikertzaile bati eskatu zion 20.000 kromatogramaren arteko bilduma batean bila zezala produktuan aurkitutako substantziarekin bat zetozena. Eta lortu zuen. Minbiziaren aurkako elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. Garai hartan Krebiozen bidezko tratamendua jaso zuten pertsonen 500 bat kasu aztertu dituzten duela gutxiko ikerketen arabera, “ezinezkoa da ulertzea nola kreatina dosi minimoak lagungarriak izan daitezkeen minbizia tratatzeko”.

Orduan, FDAk Durovic anaiak eta Ivy salatu zituen, eta sendagaien arauketa federalaren aurkako 49 delitu egotzi zizkieten, onartu gabeko sendagai bat merkaturatzea, FDAri adierazpen faltsuak egitea, adulterazioa eta iruzurra barne. Oso kasu polemikoa izan zen, sendagaia oso ezaguna zelako, eta horren propietateetan sinesten zuten paziente eta familiek defendatu zutelako.

Hayden lekukoetako bat izan zen, eta Krebiozen kreatina zela eta benetan minbiziaren aurkako efekturik ez zuela frogatzeko ebidentzia zientifikoa aurkeztu zuen. Hala ere, akusatuen defentsak bere alde baliatu zuen kasuaren konplexutasun zientifikoa eta epaimahaiak errugabe deklara zitzala lortu zuen. Aurrerago, epaimahai horretako kideetako bat kartzelara bidali zuten men ez egiteagatik, frogatu zenean Krebiozenen aldeko propagandaren eraginpean zegoela irizpenerako botoa eman zuenean.

Haydenek oso karrera emankorra izan zuen, baina bere izena, batez ere, Krebiozen kasuari dago lotuta, osasun publikoa defendatzearen aldeko bere bokazioaren eta abilezia zientifikoaren adibidea baita. Tragikoki ironikoa da jakitea Alma Levant Hayden bera minbiziagatik hil zela urte bat beranduago, soilik 40 urte zituela.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 12an: Alma Levant Hayden, la química analítica que plantó cara a los vendedores de falsos remedios contra el cáncer.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alma Levant Hayden, minbiziaren aurkako sendagai faltsuei aurre egin zien kimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa

jeu, 2024/09/12 - 09:00

Gaur egungo arlo anitzeko krisi globalari erantzuna emateko asmoarekin, hainbat korronte edota ideologia zabaltzen ari dira mundu mailan, horien artean Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, sistema ekonomikoa guztiz bideraezina dela argi geratu da, ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak ikusi ostean.

egungoIrudia: desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. (Argazkia: Patrick Hendry – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Oraingo sistema ekonomikoak baliabide naturalen eta energiaren ustiapenean eta kontsumoan, eta hondakinen sorkuntzan oinarritzen den hazkunde mugagabe zentzugabea bilatzen du biosfera mugatu baten baitan. Horregatik, bi alternatiba horiek, Bizitze Onak eta Desazkundeak, egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta egoera horri aurre egiteko irtenbideak proposatzen dituzte.

Kontuan izan behar da bi alternatibak testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan hasi zen, eta Bizitze Ona, berriz, Latinoamerikan. Lurralde- eta kultura-testuinguru oso ezberdinetan jaio baziren ere, biak hala biak problematika berari erantzuteko sortu dira, krisi ekosozial globalari aurre egiteko, hain zuzen. Horregatik esaten da “txanpon beraren bi aldeak” direla.

Bizi ari garen krisi globala alderdi anitzeko krisia da, bai ekonomiko, bai sozial eta baita ekologikoa ere, eta hiruek elkarri eragiten diote. Hortaz, alternatibek hainbat arlotan aplikatu daitezkeen estrategiak proposatzen dituzte. Hala ere, bi alternatiben oinarrizko proposamen zera da: egungo metaketan eta hazkundean oinarritutako sistema eta garapenaren ideia aldatzea, baita bizimodua ere.

Alternatibak aztertzen

Egia da testuinguru ezberdinetan jaio izanak bakoitzaren diskurtsoan eragin handia daukala eta ezberdintasunak nabariak direla. Horrek bakoitzaren kosmobisioa markatzen du, eta ondorioz, estrategiak planteatzerako orduan alternatiba bakoitzak bide ezberdinak hartzen ditu. Europan jaiotako Desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta horretan oinarritzen ditu bere proposamenak. Gainera, Ipar hemisferioan oro har garatutako kontsumo eredua murrizteko beharraz ohartarazi nahi du. Latinoamerikan sortutako Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. Haren proposamenak arlo ezberdinetan oinarritzen dira, eta errespetuzko eta berdintasun osoko harremanak sortu nahi ditu indibiduoen artean, gizartean eta baita ingurumenarekin ere.

Demaria, Schneider, Sekulova eta Martinez-Alier autoreen desazkundearen barneko aniztasunari buruzko gogoetak jarraituz, onuragarria izan daiteke bi alternatiben arteko berdintasun eta ezberdintasunak aitortzea eta balioztatzea, eta eztabaidak eta ideien trukea ematea. Horrela, bi alternatibak etengabeko hobekuntza eta bilakaeran mantenduko lirateke, eta posible litzateke krisiak aitortzen duen kolapsoa ekiditea.

Alternatiben aniztasunak etorkizunean erresilientzia handiagoa sortu dezake problematika berdinen eta berrien aurrean. Gainera, mugimendu bakoitzak bere testuinguruan dauka zentzua, eta ez litzateke logikoa izango hauen arteko konpetentzia bilatzea, edo bakar bat hautatzea; elkarrekiko errespetua eta onarpena bultzatu beharko litzateke. Belling-ek dioen moduan, bi diskurtsoak lotuta daude eta elkarri eragiten diote. Batak bestea eusten du: Desazkundeak Ipar hemisferioan proposaturiko kontsumo-murrizketak Bizitze Onak eskatzen duen extraktibismoaren murrizketan ere lagunduko du, eta alderantziz.

Ondorioz, bi alternatiben arteko eztabaida eta ideien trukea onuragarriak izan daitezkeela ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa suposatu dezakeelako krisi ezberdinen aurrean eta batak bestea eusten duelako.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa: Desazkundea eta Bizitze Ona
  • Laburpena: Lan honetan, gaur egun bizi den arlo anitzeko krisi globala aztertzen da, eta horren konponbide gisa aurkezten diren bi alternatiba deskribatzen dira: Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, gaur egungo sistema ekonomikoa guztiz bideraezina da ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak aztertzen baditugu.  Horregatik, bi alternatiba hauek egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta irtenbideak proposatzen dituzte. Kontuan izan behar da alternatiba hauek testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan eta Bizitze Ona Latinoamerikan. Horrela, bi alternatiben jatorria eta garapen historikoa, oinarrien deskribapena, proposatutako estrategiak eta jasotako kritikak edo eragindako eztabaidak ikertu dira. Biak, «txanpon beraren bi aldeak» direla ondorioztatu da; izan ere, bideraezina den egoera berari aurre egiteko proposamenak bilatzen dituzten mugimenduak dira. Aldi berean, batez ere, testuinguruak eragindako ezberdintasunak nabaritu daitezke, eta estrategiak planteatzeko orduan azaleratzen dira. Haien arteko eztabaidak eta ideien elkartrukea onuragarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa ekar dezakeelako, eta batak bestea eusten duelako.
  • Egileak: Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 245-258
  • DOI: 10.1387/ekaia.24877
Egileez:

Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako: erantzunak

mer, 2024/09/11 - 15:00

Aurten ere erantzun asko izan ditugu eta gehienak zuzenak. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

1. ariketa:

Mahai-joko batean animaliak erosten dira. Behi batek 5 euro balio du, txerri batek 1 euro eta 20 txorik ere 1 euro. Gutxienez bakoitzetik bat erosita, 100 animalia erosi ditugu, 100 euro ordainduta. Zenbat txori erosi ditugu?

Esan dezagun x behi, y txerri eta z txori erosi ditugula. Orduan,

x + y + z = 100    eta     5x + y + z/20 = 0.

Bigarren ekuazioari lehena kenduz,

4x – 19z/20 = 0    edo    80x – 19z = 0.

Ezin direnez x eta z  0 izan, 100 baino txikiago den soluzio bakarra x = 19 eta z = 80 da. Hortik y = 1 ondorioztatzen da. Beraz, 19 behi, txerri bat eta 80 txori erosi ditugu.

Beste bide bat hartu nahi izanez gero, kontuan izan prezioa zenbaki osoa denez, txori kopurua 20ren multiploa dela, hots, 20, 40, 60 edo 80 txori erosi ditugula. Banan-banan probatuz, bakarrik 80 txoriren kasuak ematen du soluzio osoa behientzat eta txerrientzat.

2. ariketa:

Irudiko zuzenki batzuen neurriak hauek dira: AB = 9 cm, BC = 14 cm, CD = 13 cm, DA = 12 cm eta BD = 15 cm. Zein da PQ zuzenkiaren neurria?

txori erosi

Pitagorasen teorema erabiliz ABP eta  APD triangeluetan,

AP2 = AB2 – BP2 = AD2 – PD2.

Idatz dezagun BP = x. Orduan, PD = 15 – x da eta

92 – x2 = 122 – (15 – x)2.

Hortik, x = 5.4 cm ateratzen da.

Era berean, BCQ eta CDQ triangeluak erabiliz,

CQ2 = BC2 – BQ2 = CD2 – QD2.

QD = y idatziz, BQ = 15 – y da, eta

142 – (15 – y)2 = 132 – y2.

Hortik, y = 6.6 cm.

Beraz, PQ = 15 – 5.4 – 6.6 = 3 cm.

3. ariketa:

Zenbaki arrunt bati ezkerreko lehen zifra ezabatuta lortzen den zenbakia aurrerakoaren 29rena da (aurrekoa zati 29). Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

Zenbaki arrunt baten forma orokorra hau da:  10ka + N, non a lehen zifra den eta N k zifrako zenbaki bat. Adibidez, 4138 = 103 x 4 + 138. Ariketak diosku   10ka + N = 29N   dela, hau da,

10ka = 28 N = 4 x 7 x N.

Ezkerreko atala 7ren multiplo izateko, a izan behar da 7ren multiplo, beraz, a = 7. Hortik, 10k = 4N ateratzen da eta k gutxienez 2 izango da, 10k 4ren multiplo izan dadin. Beraz, 100 x 10k-2 = 4N, hots,  25 x 10k-2 = N dugu.

Txikiena, k = 2rako, N = 25 da. Ondorioz, ariketaren soluzioa 725 da.

Propietatea betetzen duten zenbaki guztiak hauek dira: 725, 7250, 72500, 725000…

4. ariketa:

Aurkitu zenbaki arrunten (a, b, c) hirukote guztiak ekuazio hauek betetzen dituztenak:

ab + bc = 44, ac + bc = 23

Bistan da b eta c ezin direla 0 izan, eta a = 0 balitz, ekuazioak ez lirateke bateragarriak izango (bc = 44 eta bc = 23 izango genuke aldi berean).

Bigarren ekuazioa  (a+b) c = 23 idatzita, a + b = 23 eta c = 1, edo a + b = 1 eta c = 23 izan behar dira. Azken aukera hori ezinezkoa da, a + b gutxienez 2 delako, beraz, a + b = 23 eta c = 1 ditugu. b = 23 – a  eta  c = 1 lehen ekuaziora eramanez,  a2 – 22a + 21 = 0 bigarren mailako ekuazioa lortzen dugu.  Horren soluzioak  a = 1  eta  a = 21 dira.  Hortaz, bilatzen ditugun hirukoteak  (1, 22, 1) eta (21, 2, 1) dira.

5. ariketa:

1 eta 7 arteko zifrak errepikatu gabe erabilita idatz daitezkeen zenbaki arrunt guztietatik, 10.000 baino txikiago direnen artean, zenbat dira 15en multiplo?

Zenbaki bat 15en multiplo izateko, 3ren eta 5en multiplo izan behar da. 5en multiplo izateko, azken zifra 0 edo 5 izan behar da. Hemen azken zifra 5 izango da, ezin dugulako 0 erabili. 3ren multiplo izateko, zifren batura 3ren multiplo izan behar da. Azken zifra 5 denez, horren aurrekoen batura 1, 4, 7, 10, 13 edo 16 izango da (19 edo gehiago izatea ezinezkoa da).

Zifra biko zenbakiak: 15, 45 eta 75.

Hiru zifrako zenbakiak: 135, 165, 345, 375, 465 eta 675, gehi lehen bi zifrak trukatuz lortzen diren beste seiak. Denetara, 12 zenbaki.

Lau zifrako zenbakiak: 1245, 1275, 1365, 2475, 3465 eta 3675, gehi lehen hiru zifrak permutatuz lortzen diren guztiak. Hiru zifren permutazioek 6 aukera ematen dituztenez, denetara 36 zenbaki lortuko ditugu.

Guztira, 3 + 12 + 36 = 51 zenbakik betetzen dute eskatutako baldintza.

6. ariketa:

Egurrezko ABC triangelua dugu mahai gainean. C erpineko angelua 25º-koa da. Triangelua birarazi dugu, B erpina finkatuta, A’BC’ posiziora heldu arte, non A’, B eta C lerrokatuta dauden. Hori egin dugunean, C, A eta C’ ere lerrokatuta geratu dira. Zein da B erpineko angeluaren neurria?

txori erosi

Lehenengo eta behin, kontura gaitezen ABC eta A’CC’ triangeluen angeluak berdinak direla. Izan ere, C erpineko angelua bietan dago, eta A eta A’ erpinetako angeluak berdinak dira eraikuntzagatik. Hortaz, hirugarren angelua ere berdina da, eta bilatzen dugun angelua A’CC’ triangeluaren C’ erpineko angeluaren berdina da.

Bestalde, BCC’ triangelua isoszelea da, BC = BC’ delako. Orduan, ang(BC’C) = ang(BCC’) = 25oda. Gainera, ang(A’C’B) = 25oda  eraikuntzagatik. Beraz, ang(A’C’C) = 50oda, eta hori da eskatutako angeluaren neurria.

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zizare memoria

mer, 2024/09/11 - 09:00

Memoria gure adimenaren funtsezko ezaugarria da. Bai eta ahanztura ere, jakina. Oroitzapenak ezinbestekoak dira, gure esperientzia gehienak ahazteko gaitasuna saihetsezina den neurri berean. Jorge Luis Borgesek horixe gogorarazten digu “Funes el memorioso” kontakizun ederrean. Memoria eta ahanztura hain prozesu mental konplexuak dira, ezen oraindik ere ez ditugun zehatz-mehatz ezagutzen haien mekanismoak. Horrexegatik da, hain zuzen ere, garrantzitsua animalia-eredu sinple eta manipulagarriak garatzea.

Animalia bereziki sinplea da Caenorhabditis elegans zizare nematodoa. Milimetro luze da eta 959 zelula somatiko baino ez ditu (ugal-zelulak aintzat hartu gabe). Zelula horietatik 302 neuronak dira. Hau da, neurona horiek dute gaitasuna zentzumenei buruzko informazioa jasotzeko, integratzeko eta erantzun motorrak eta portaerazkoak emateko. Hain baliabide eskasak izanik, gogoratzeko gai al da C. elegans? Eta ahazteko gai?

Bada, bai. Sevillako Biomedikuntza Institutuko ikertzaile baten lankidetzarekin egindako ikerketa batek agerian utzi du C. elegans  zizareak, jarraian adieraziko dugun bezala, gogoratzeko eta ahazteko mekanismo bat duela, eta esperimentuen bidez manipula daiteke mekanismo hori.

Ezer baino lehen ohartarazi behar da emaitzak ez direla formalki argitaratu eta ez zaiela parekoen arteko ebaluaziorik egin. Aurreargitalpen batean bildu dira, baina interesgarriak eta sendoak direnez, aurreikusten da maila altuan argitaratuko direla aurki. Izan ere, Nature aldizkariak ikerketa horren berri eman du.

1. irudia: Caenorhabditis elegansek, hotzaren eraginpean dagoenean, atzeratu egiten du asoziazio desatsegin bat ahaztea. (Irudia: MA Hanson – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: rawpixel.com / Freepik)

Lehenengo galdera: nola sor ditzakegu oroitzapenak zizare horretan? Ikertzaileek dagoeneko baliozkotuta dagoen memoria asoziatiboaren protokolo bat erabili zuten, Prousten madalena ezagunaren antzekoa, baina estimulu desatsegin batekin. Elikagairik gabeko eta butanona zuen inguru batean jarri zituzten zizareak. Butanona usain melenga eta sarkorra duen substantzia bat da. Zizareek, butanona iturri bat duen beste ingurune batean jartzean, butanonatik aldentzeko joera izaten dute; izan ere, usaina jasan duten barauarekin lotzen dute. Bitxiki, bi edo hiru ordu igaro ondoren, ahaztu egiten dute asoziazio negatibo hori eta ez zaie axola butanona usaintzea. Baina, zizareak izotz gainean inkubatzen badira, 16 orduz baino gehiagoz izaten dute usaina gogoratzeko gaitasuna, eta aldendu egiten dira berriro butanona iturri batetik gertu jartzen direnean. Hala ere, behin hotzaren efektua pasata, oroitzapena ahaztu egiten da hiru ordu igaro baino lehen. Hau da, hotzak ez du zizarearen memoria indartzen; atzeratu egiten du asoziazio desatseginaren ahanztura.

2. irudia: testuan deskribatutako esperimentuen eskema. Butanona barauarekin lotzearen ondorioz, zizareak aldendu egiten dira butanona iturri batetik, baina elkarketa hori ahaztu egiten da bi edo hiru ordu igaro ostean. Hotzak zein litio tratamenduak atzeratu egiten dute elkarketa desatsegina ahaztea. (Irudia: Cuaderno de Cultura Científica – euskaratua)

Emaitza harrigarri horretan oinarrituta, ikertzaileek esperimentu gehiago eta kontrol mota ugari egin zituzten. Adibidez, baraurik baina butanonaren usainik gabe egondako zizareei ez zien axola usain horrek hotzaren eraginpean egon ostean. Beste substantzia usaintsu batzuk erabiltzen baziren (besteak beste, bentzaldehidoa) emaitza berbera zen. Baldintzapena substantzia batekin egiten bazen, zizareei ez zien axola beste edozein usainek. Zizareak esperimentuaren aurretik tenperatura baxuetan (15°C) berregokitzen baziren, galdu egiten zuen izotz gainean memoria luzatzeko gaitasuna. Eta, azkenik, egiaztatu zen litioaren bidez inkubatzeak ere atzeratu egiten zuela zizareen ahanztura bost bat orduz, bai eta giro tenperaturan ere. Litioa nahasmendu bipolarraren tratamenduan erabiltzen den substantzia da.

Laburbilduz, C. elegansen hirurehun bat neuronek ahalbidetu egiten diote usain jakin bat egoera desatsegin batekin lotzea. Oroitzapen hori hiru orduan baino gutxiagoan aktibatzen den “ahanzturaren botoi” moduko batek ezabatzen du. Hotzak edo litio tratamenduak atzeratu egiten dute botoi hori sakatzea. Honako hau da galdera gakoa: zein mekanismok hartzen dute parte ahanzturaren prozesuan?

Jakina da hotzak zurrundu egiten duela zelulen mintza, eta, ondorioz, oztopatu egin daiteke neuronen funtzionamendua, adibidez, neurotransmisoreen trafikoan. Ikertzaileek egiaztatu zuten C. elegansen mintzetan jariakortasuna mantentzen duten geneetan bi mutaziok ere ahanztura atzeratua eragiten dutela. Bestalde, hotzaren eraginpean jarritako zizareen transkriptomak (gene adierazien multzoa) adierazten zuen diazilglizerola molekula seinaleztatzaile garrantzitsua sintetizatzeko bide metabolikoek behera egiten zutela. Lipido txiki horrek prozesu fisiologiko anitzetan hartzen du parte, ikasketa eta memoria barne. Litioaren ondorioetako bat da, hain zuzen ere, diazilglizerolaren sintesia murriztea, eta horrek lotu egiten du haren mekanismoa eta hotzak eragindakoa. Ondorioa da “ahanzturaren botoia” zelulen mintzaren zurruntasunaren eta neuronetan diazilglizerolaren metaketaren araberakoa dela.

Galdera interesgarri bat hau da: zergatik du C. elegansek azkar ahazteko premia? Batetik, ahanztura horiek ingurunera egokitzea kaltetu dezakete, baina, egia da, halaber, 302 neurona bakarrik izanik oroitzapenei epe luzean eusteak kostu ez onargarria zian dezakeela. Gainera, haien bizi-itxaropena bi edo hiru astekoa da laborategiko baldintzetan; hortaz, bizitza osoko oroitzapenak baliteke ez izatea oso baliagarriak.

Ikerketako ikertzaileek organismo konplexuagoetara (tardigradoak edo zeinbat ornodun) hedatu dituzte esperimentuak. Halaber, ez dute baztertzen tenperaturak, litioak eta diazilglizerolak memorian eta ahanzturan duten zereginari buruzko ezagutza horiek klinikan ezin susmatuzko aplikazioak izateko aukera.

Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 20an: Memoria de gusano.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zizare memoria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sexu-transmisiozko infekzioak ala sexu segurua: bi errealitate lehian

mar, 2024/09/10 - 09:00

Gizabanako bakoitzak osasun sexuala eta ongizatea lortzeko duen gaitasuna zenbait egoeraren aurrean duen kalteberatasunaren mende dago, hala nola inguruan aurki ditzakeen arriskuak eta babesik gabeko sexu-jardueraren ondorio kaltegarriak.

Dudarik gabe, sexu-osasunarekin lotutako arazoak gorabehera handikoak dira, eta zoritxarrez, ondorio negatiboak dituzte, hala nola sexu-transmisiozko infekzioak (STI) eta haiek sorrarazitako ondorio kaltegarriak (esate baterako, minbizia edo antzutasuna).

Sexu-transmisiozkoIrudia: sexu-transmisiozko infekzioak (STI) nahiz eta iraganeko infekzioak diruditen gaurkotasun-albiste dira. (Argazkia: Klaus Nielsen – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Historian zehar, mota honetako infekzioak aspalditik dira ezagunak eta hainbat pertsona ospetsuk ere sufritu egin zituzten, hala nola Shakespeare idazleak, Goya pintoreak edo Mozart konpositoreak. Baina nahiz eta iraganeko infekzioak diruditen gaurkotasun-albiste dira.

Gaur egun hainbat mikroorganismo daude sexu-bidez transmiti daitezkeenak: bakterioak, birusak, onddoak zein parasitoak. Horiek sorrarazitako infekzio batzuk ezagunak dira: gonorrea edo gonokozia, sifilisa, baginitisa, herpes genitala edo HIESa. Beste batzuk ezezagunagoak dira; esate baterako, Chlamydia trachomatis bakterioak eragiten duena, baina honek ere gonokoziaren antzeko sintomak sorrarazi ditzake (uretritisa, zerbizitisa).

Aurreko mendean, giza immunoeskasiaren birusa agertu zen 80ko hamarkadan eta, ordutik hona, hark sorrarazitako harturiko immunoeskasiaren sindromeak (HIESa) sarraskia eragin izan du mundu osoan, 40 milioi hildako baino gehiago zenbatzeraino. Gaur egun, urtero 600.000 hildako baino gehiago gertatu dira. Infekzio honen hasierako urteetan estigmatizazio handia zegoen, arrisku talde batzuei eragiten zielako, gehien bat bena-barneko drogazaleei eta homosexualei. Baina gaur egun kutsatze bide nagusia sexu-bidezkoa da, homosexuala zein heterosexuala izan. Izatez, Euskadin, urtero 100 HIES kasu berri bildu dira; horietatik % 56 homosexualetan eta % 38 heterosexualetan. Zorionez, une honetan birus honen kontra badago terapia antierretrobirala, nahiko eraginkorra, eta birusaren erreplikazioa mozteko gai dena, nahiz eta kutsatutako pertsonak oro har ez diren sendatzen. Arrazoi hori eta arrisku taldeetan erabiltzen den esposizio-aurreko eta –ondoko profilaxiak badirudi beldurra kendu digula birus honekin kutsatzearen aurrean, eta, horren ondorioz, zoritxarrez urtez urte bere horretan irauten dute birusaren kutsatzeak eta HIESaren kasuak.

Infekzio hauen arazoak

Sorrarazitako arazo klinikoetan datza sexu-transmisiozko infekzioen garrantzia. Egia da infekzio horiek sarritan sintomarik gabekoak direla eta infektaturik dagoen pertsonak ez daki benetan infektatuta dagoenik. Hori bada, bai, kezkatzeko arazoa, kutsatuta daudenak babesik gabeko sexu harremanak izatean mikroorganismoa transmiti diezaiekeelako bere sexu-kide guztiei.

Sintoma klinikoak agertzen direnean askotarikoak izan daitezke mikroorganismoaren edo kokapenaren arabera. Horrela, genitaletan agertzen diren klinika arruntenak dira uretraren hantura (uretritisa), zerbixaren hantura (zerbizitisa) edo baginaren hantura (baginitisa). Sexu-harremanaren motaren arabera, kaltetuak egon litezke genitalez kanpo gorputzeko beste hainbat alde ere, hala nola faringea (faringitisa), konjuntiba (konjuntibitisa), ondestearen hantura (proktitisa).

Baina infekzio hauek ez badira arin diagnostikatzen eta tratatzen mikroorganismoa gorputz osora heda daiteke eta nabarmen handitzen da infekzioaren larritasuna. Kasu horietan kaltetuak egon litezke, besteak beste, artikulazioak (artritisa), burmuina edo hezur-muina (neurosifilisa), kardiobaskularra (aortitisa) edo sabela (gaixotasun inflamatorio pelbikoa). Are gehiago, infekzio hauek guztiak antzutasunaren egoera handitzen dute nabarmen. Horiez gain, badaude minbiziarekin erlazionatuak dauden infekzioak, hala nola giza papilomabirusak sorrarazitako minbizi motak (umetoki-lepokoa, faringekoa, uzkikoa, zakilekoa…).

Horri guztiari gehitu behar zaio haurdun dagoen emakumearen umekian arazo kongenitoak ager daitezkeela sexu bidez transmititzen diren mikroorganismoekin infektatzen bada. Batzuetan galdu egiten du umea infekzio horren ondorioz. Beste batzuetan, jaiotzean bertan daude ikusgai arazo klinikoak: begietako arazoak (kataratak, korioerretinitisa), entzefalitisa, larruazaleko exantemak, edo hainbat organotako akatsak.

Infekzio hauen datuak

Sexu-transmisiozko infekzioak sexu ez segurua praktikatzen duen edonor kaltetu dezakete eta, beraz, edozein maila sozio-ekonomikoko gizonak eta emakumeak kaltetu ditzake.

Mundu osoan zehar, gehituz doa urtez urte halako infekzioen intzidentzia edo kasu kopurua. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, egunero milioi bat pertsonak baino gehiagok kutsatzen du STIren batek. Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak jakinarazi du 2022an STI kasu kopurua nabarmen igo dela aurreko urteekin konparatuta: gonorrearen kasuek % 48 egin zuten gora, sifili kasuek % 34, edo chlamydia kasuek, % 16. Baina ez da ezaguna arazo honen tamaina benetan zein den, esan bezala STI batzuk sintomarik gabekoak baitira.

Euskadin argitaratuta dauden kasuen arabera, 2011-2022 urteen artean nabarmena izan da STI batzuen gorakada ere, bereziki gonokoziaren eta chlamydiaren kasuak (1. grafikoa).

Sexu-transmisiozko1. grafikoa: sexu-transmisiozko infekzioen kasuen eboluzioa 2011-2022 urteetan zehar Euskadin. Datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun publikoaren txostenetik aterata daude.

Bestalde, STIak edozein adinetan ager litezke, pertsona gazteetan zein adinekoetan. Baina 20-50 urte bitartean kasu kopuru gehienak atzematen dira eta, azken urteetan bereziki nerabe eta heldu gazteetan kasuen % 65 zenbatzen dira (2. grafikoa). Infekzio horien guztien artean chlamydia da gehien igo dena adin tarte horretan.

Sexu-transmisiozko2. grafikoa: Euskadin 2022an zenbatzen diren sexu-transmisiozko infekzioak adinaren arabera. Datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun publikoaren txostenetik aterata daude.

Igoera horren arrazoiak bilatuz gero hainbat aurki daitezke: sexu-kide ugari izatea, garai bateko HIESari beldurra galdu izana, bai eta beste STIei ere, edo sexu segurua ez praktikatzea.

Zer egin horiek saihesteko

Dudarik gabe, prebentzio-neurri nagusia sexu-harremanetan hesi bat jartzea da, fluidoei esker mikroorganismoa ez dadin garraiatu sexu-kide batetik bestera, eta hori preserbatiboaren bidez lortzen da. Preserbatiboa jartzea ezinbestekoa da; are gehiago, funtsezkoa da modu egokian erabiltzea. Sarritan, nahiz eta erabili, gaizki jartzen baldin bada mikroorganismoaren garraioa gerta liteke. Nahitaezkoa da sexu segurua praktikatzea.

Baina infekzio hauen gorakada saihesteko hartu daitezkeen beste neurri batzuk dira diagnostikoan eta tratamenduan azkar jokatzea. Aurretik esan den moduan, batzuetan infekzio hauek sintomarik gabekoak dira; beraz, norbaitek STI bat duela susmatzen badu, berehala bilatu beharko luke medikuaren arreta, mikroorganismoaren diagnostikoa ahalik eta arinen egiteko. Garrantzitsua da, sexu-harremanak izanez gero, mediku-kontrolak aldizka egitea eta hori ondo burutzea bermatu beharko litzateke.

Zorionez, STI batzuk sendatzeko badago tratamendu eraginkorra. Beraz, tratamendu horiek ahalik eta arinen ematea funtsezkoa da balizko konplikazio klinikoak saihesteko. Horrez gain, badaude beste aholku batzuk ere, hala nola harreman sexualik ez izatea tratamenduak irauten duen bitartean edo babestutako sexu-harremanak izatea tratamenduaren osteko ebaluazioa egin arte. Batzuetan kontrol-ebaluazio horiek pazientea tratatu eta hiru hilabetera egin behar dira. Bestalde, sexu-kideak ere diagnostikatu eta tratatu beharko lirateke. Horrek guztiak transmisioa galarazten lagunduko luke.

Baina nahiz eta STI batzuen kontrako tratamendua egon, gaur egun dagoen arazoa da antibiotikoekiko erresistentzia agertu dela kasu batzuetan. Gonorrearen kasuan, esate baterako, kezkatzekoa da andui erresistenteak atzeman direla bakterioa tratatzeko erabiltzen diren antibiotikoen aurrean. Gainera, andui erresistente horiek non topatzen diren identifikatzea bada osasun publikoko arazo larri bat. Gaur egun ikusi da nazioarteko bidaiek badutela eragin zuzena bakterio erresistente horien garraioan eta bereziki Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako bidaiariak, Erresuma Batura bueltatzean, gonorrea erresistentearekin infektaturik bueltatu dira. Pentsatu beharra dago munduko hainbat herrialdetan bakterioaren diagnostikoa edo erresistentziaren detekzioa ez dela egiten eta, beraz, zaintza epidemiologikorik ez dagoela.

Hezkuntza mailan ere lan handia egin beharra dago. Informazio argia kaleratu behar da sexu-transmisiozko infekzio hauek nola transmititzen diren, zer sintomak dituzten, zer arrisku duten argi eta garbi azalduta, eta adinari eta gizarte- edo kultura-testuinguru bakoitzari egokituta.

Ezinbestekoak dira prebentzioa, aldizkako kontrolak, diagnostiko arina, informazioa eta norbanakoaren erantzukizuna infekzio hauen gorakada saihesteko eta etorkizunean, osasun publikorako arrisku larria ez bihurtzea galarazteko.

Iturriak: Egileaz:

Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

The post Sexu-transmisiozko infekzioak ala sexu segurua: bi errealitate lehian appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Berdeguneak eta haurren garapen kognitiboa

lun, 2024/09/09 - 09:00

UPV/EHUko ikerketa batek ez du ebidentzia garbirik azaldu inguru berdeagoetan edo urdinagoetan bizitzearen eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen artean.

berdeguneakIrudia: Mikel Subizak aztertu du bizitokiaren inguruko gune berdek eta urdinek haurren garapen kognitiboan duten eragina. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Beti lotu izan da osasun hobea izatea berdeguneak edo inguru urdinak —parkez, lorategiz, urmaelez, erriberaz eta abarrez inguratuta— gertu izatearekin, halakoetan kutsadura-maila txikiagoa espero baita. Hain zuzen, bizitokian gune berde eta urdinak eskuragarri izatea askotariko emaitzekin lotu izan da haurren osasunaren arloan, neurogarapenarena barne. Ikerketa batzuek erakutsi dute gune berdeago eta/edo urdinagoetan bizi diren haurrek puntuazio handiagoak lortzen dituztela ataza kognitiboetan; beste batzuek, ordea, ezin izan dute hori baieztatu.

UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko ikertzaileek Haurtzaroa eta Ingurumena (INMA) proiektuan parte hartzen dute. Haren baitan egin dute azterlana, eta Mikel Subiza ikertzaileak galdera horri heldu nahi izan dio, horrelako espazioek osasunean eta garapen kognitiboan duten eragina ezagutzeko. Horretarako, INMAn jasotako estatuko hainbat lekutako sei eta hamabi urte arteko 1.500 haurren datuak erabili ditu. Datu horietan, “2000ko hamarkadan haurdun zeuden emakumeen kohorte bat bildu zen. Haien datuak jaso ziren eta urteetan zehar jarraipena egin zitzaien, haien osasunaren eta seme-alabenaren bilakaera aztertzeko, hainbat eremutan”, aipatu du.

Aztergai izan dituzte bizitokiaren inguruko gune berde eta urdinek haurren garapen kognitiboan (besteak beste, haien arreta-, oroimen- eta adimen-gaitasunean) dituzten eraginak, ikusteko ea inguru berdeagoetan bizi diren haurrek puntuazio hobea lortzen zuten. Zehazki, haurren lan-oroimena aztertu zuten: oroimenaren eta arretaren eragin-truketik sortzen den funtzio exekutibo bat, informazioa denbora-tarte laburretan mantentzeko eta manipulatzeko aukera ematen duena.

Emaitza esangarririk ez

Ikerketak ez zuen apenas frogarik topatu abiapuntuko hipotesia babesteko; hau da, bizigune berdeago eta urdinagoetan bizitzeak ez du lan-oroimeneko probetan hobeto aritzen laguntzen. Subizak adierazi duenez, nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatzen du auzorik berdeenetan bizi diren gazteek emaitza hobeak lortzen dituztela adimen- edo oroimen-probetan.  Beste lan batzuek, aldiz, ez dute halakorik erakusten. “Gure ikerketan —gaineratu du Subizak— bizitokiaren berdetasunaren neurri batzuk lotuta daude lan-oroimenarekin, baina beste batzuk ez”.

Ikerketa-arlo honetako ebidentzia ahula bada ere, eta adostasun zientifikoa lortzeko oraindik lan egin behar den arren, emaitza hauek ekarpena egiten diote literatura espezifikoari, eta etorkizuneko azterlanak justifikatzen dituzte. Berdeguneak izateak izan dezake zerikusirik haurren lan-oroimenarekin, baina ikertzen jarraitu beharra dago oraindik. Ikertzaileak erantsi duenez, “badago ebidentzia iradokitzen duena berdeguneek eta, oro har, naturak, lagundu egiten digutela estres-maila txikitzen, gure arreta fokuratzen, eta neke mentaletik suspertzeko bidea ere ematen digutela, besteak beste. Garapen kognitiboari dagokionez, baina, ezin dugu oraindik ospakizunetan hasi, azterlan gutxi dagoelako eta ebidentzia oraindik ere mistoa delako”.

Gaur egun, Subizak Europako LifeCycle (Horizon 2020) proiektuan dihardu lanean, eta proiektu horrek Europako hainbat kohorte-azterlanen ikerketa-datuak biltzen ditu. INMAren antzeko diseinua duen azterlan-sare bat da. “Lanean ari gara INMAko datuekin egin dugun analisi hori gutxi gorabehera 15.000 haurren datuekin erreplikatzeko, ikusi ahal izateko beste leku horietan antzeko zerbait topatzen dugun ala ez”, argitu du. “Uste dugu hirietan berdeguneak eta eremu urdinak izateak lagundu dezaketela haurren osasuna eta garapena hobetzen, baina lan handia egin beharra dago oraindik ere zehazteko zein prozesu psikologikotan eta osasun-prozesutan duten eragina eta zeintzuetan ez”, esan du Subizak, amaitzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Berdeguneek izan dezakete zerikusirik haurren garapen kognitiboan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Subiza-Pérez, Mikel; García-Baquero, Gonzalo; Fernández-Somoano, Ana; Guxens, Mónica; González, Llucia ; Tardón, Adonina; Dadvand, Payam; Estarlich, Marisa; de Castro, Montserrat;  McEachan, Rosemary R.C.; Ibarluzea, Jesús; Lertxundi, Nerea (2023). Residential green and blue spaces and working memory in children aged 6–12 years old. Results from the INMA cohort. Health & Place, 84. DOI: 10.1016/j.healthplace.2023.103136

The post Berdeguneak eta haurren garapen kognitiboa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #497

dim, 2024/09/08 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ikertzaile

Zoologia

Japoniako ikertzaile batek frogatu du Regimbartia attenuata kakalardoak gaitasuna duela Pelophylax nigromaculatus igelaren digestio-sistema zeharkatzeko eta bere kloakatik bizirik ateratzeko irentsita izan ostean. Hau egin dezake digestio-sistema era aktiboan gurutzatzen baitu hankak erabiliz eta exoeskeleto gogorra eta aire-poltsiko moduko bat duelako. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek eredu konputazional bat sortu dute koronabirusen jatorria eta bilakaera aztertzeko. Horren bidez ondorioztatu dute birus horiek saguzarretan sortu zirela Asia ekialdean eta Europan, eta gero beste ugaztun batzuetara jauzia eman zuela. Gizakiak, antza, aldi baterako ostalariak dira transmisio kate horretan. Aurkikuntza horiek erabakigarriak dira etorkizuneko antzeko pandemien aurkako prebentzio-estrategiak diseinatzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

Ikertzaile-talde batek modelizatu du klima-aldaketak Artikoaren inguruko lurretan dauden lurpeko suteen sorreran izan dezakeen eragina. Sute horiek, sute zonbi gisa ezagutzen direnak, aktibo egon daitezke lur azpian neguan, eta udaberrian berpiztu. Ikerketak iradokitzen duenez, atmosfera azkar berotzeak zohikatzaren berezko errekuntza eragin lezake, kanpoko txinparten beharrik gabe. Hauek, karbono iturri garrantzitsua den permafrosta urtu dezakete. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Minbizi-zelulak eta birusek kutsatutako zelulak fase goiztiarrenean detektatzeko gai den adimen artifizialeko tresna garatu dute, AINU deiturikoa. Haren garapenean, EHUko, DIPCko eta beste hainbat zentrotako ikertzaileak aritu dira elkarlanean teknologia mikroskopiko aurreratua erabiliz. Emaitzak Nature Machine Intelligence-n argitaratu dituzte. AINUk bereizmen handiko irudiak erabiltzen ditu zeluletan patroi espezifikoak identifikatzeko. Diagnostikoan aukera interesgarriak eskaintzen baditu ere, ikertzaileek ohartarazi dute oraindik muga handiak gainditu behar dituztela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Oihane Cantero Dominguez, Orai zentroko ikertzailea, adimen artifizialaren arloan ari da lanean, bereziki hizkuntza naturalaren prozesamenduan. Bere lanean, hizkuntza-ereduak euskal kulturara egokitzean eta laguntzaile pertsonalizatuak sortzean jartzen du arreta, genero-arrakalari aurre eginez. Teknologian emakumeen ordezkaritza handitzeko beharra nabarmendu du Canterok, eta ikuspegi baikorra du adimen artifizialeko ikerketaren etorkizunari buruz. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Duela 5,5 milioi urte, mugimendu tektonikoek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten. Horren ondorioz, Mediterraneoko espezieen % 11 baino ez zuen iraun. 1,7 milioi urte gerora arte ez zen aurreko espezieen ugaritasuna berreskuratu. Atlantikoa eta Mediterraneoa berriz konektatu zirenean, espezie atlantikoek Mediterraneoa kolonizatu zuten, eta espezieen mendebaldetik ekialderako mailakatze bat eman zen, gaur arte irauten duena. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

Biosentsoreak bioerrezeptore batekin interakzioaren bidez analitoak detektatu eta kuantifikatzen dituzten gailuak dira, seinale hori erantzun neurgarri bihurtuz. Gero eta ohikoagoak dira, batez ere diabetesa kontrolatzeko edo Covid-19a detektatzeko aplikazio medikoetan, baina elikagaien industrian, ingurumenean eta nekazaritzan ere erabiltzen dira. 2022an, munduko biosentsoreen merkatua 26.800 milioi dolarrera iritsi zen. Ekoizpen-erronkak izan arren, etengabeko hazkundea espero da, gailu jasangarriago eta zehatzagoen eskaerak bultzatuta. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Biomedikuntza

Suediako, Frantziako eta Erresuma Batuko ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, hiru hilabeteko terapia hormonalaren ostean, trans gizonen erantzun immunitarioa cis gizonen antzekoa da. Hormona sexualek immunitate sisteman duten eragina nabarmentzen du aurkikuntza horrek, eta trans pertsonen osasunari buruzko ikerketen gabezia nabarmentzen du. Ikerketak lagina mugatua izan arren, emaitzak esanguratsuak izan dira, pubertaroaren osteko hormona tratamendua immunitate sistema aldatzeko nahikoa dela erakutsiz. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #497 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #504

sam, 2024/09/07 - 09:00
Irudia: Eva-Maria Geigl et al.

Ba al dago genoma europartzat har dezakegun ezer? Baldin badago, estepetako herrien eta mendebaldeko populazio neolitikoen arteko batasuna izan behar du. Eta paleoantropologo talde batek une zehatzaren “argazkia” aurkitu du. The final stage in the formation of a ‘European genome’, Eva-Maria Geigl, Oкuzhan Parasayan, eta Thierry Grangeren eskutik.

Animaliekin eta gizakiekin proba kliniko arriskutsuak egin beharrean, adimen artifizial prediktiboa erabil daiteke. Eta bide batez, ehunka milioi euro aurreztu. De-risking drug discovery with predictive AI, Claire Hendershoten eskutik.

Badirudi sistema immunea eta gantz-ehuna gehiagi komunikatzen badira, zahartzea gertatzen dela. The ageing effect of immune system and adipose tissue chatting, José R. Pineda.

Benetan ez diren estimulu energetikoei aldizkako erantzunak dira ohikoak izaki bizidunentzat. Ikertzaileek denbora asko daramate portaera hori duten sistema artifizialak aurkitu nahian, aplikazio ugari izango lituzkeelako. DIPCko jendeak hutsala izatetik urrun dagoen bat aurkitu du: DNAz estalitako urrezko nanopartikulak. Oscillatory hydrodynamics in DNA-coated gold nanoparticles

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #504 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Oihane Cantero, adimen artifizialeko ikertzailea: “Ikerketan beti egongo da aurrera segitzeko modua”

ven, 2024/09/06 - 09:00

Oihane Cantero Dominguezek modako arloan egiten du lan: adimen artifiziala. Zehazki, Orai ikerketa-zentroan dabil ikertzen; hau da, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologikoetan espezializatutako Elhuyarren langunean.

Oihane CanteroIrudia: Oihane Cantero adimen artifizialeko ikertzailea da. (Argazkia: Fernando Gómez – UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa)

Horra heltzeko egin duen ibilbidea aintzat hartuta, badirudi ia halabeharrez iritsi dela adimen artifizialeko ikertzaile izatera. “Hendaiarra naiz, eta hasierako ikasketa guztiak Seaskan egin ditut. Azken urtean, galdetzen digute zer egin nahi dugun gure bizitzarekin. Nik ez neukan ideiarik ere, beste askok bezala, baina argi neukan euskaraz ikasi nahi nuela. Horretarako, hegoaldera etorri behar nuen, eta ez nuenez etxetik urrun joan nahi, Donostian zer zegoen begiratu nuen. Informatikako gradua zegoen, eta interesa sortu zidan. Pixka bat probatzeko asmoz joan nintzen, eta han programatzen ikasi nuen, eta gustatu zitzaidan”.

Zehaztu duenez, aurrez ez zekien programazioaz ezer, aita informatikaria den arren. “Programatzeak badauka pentsatzeko modu ezberdin bat, beste logika bat da, beste era batera bisualizatzen dira gauzak, eta hori guztia interesgarria eta erakargarria iruditu zitzaidan”.

Laugarren mailan adimen artifizialari buruz zerbait ikasi zuen, eta, masterra egiteko garaian, bi zeuden aukeran: bat hizkuntzaren prozesamenduaren gainekoa, eta, bestea, adimen artifizialekoa. Azken hori gaztelaniaz zenez, berriz ere euskararekiko grinak bultzatuta, lehenengoaren alde egin zuen, nahiz eta ingelesez zen: “Egia da laugarren mailan eman genituela hizkuntzaren prozesamenduari buruzko gauzak, eta interesa piztu zidatela“, onartu du Canterok. Arlo horretako ikerketa adimen artifizialari lotuta dagonez, horrela iritsi da Orain egiten duen lanera.

Hain zuzen, Oraik bi arlo nagusitan ikertzen du: testuan eta hizketan. Canteroren esanean, hasieratik bietan ibili da, eta master-amaierako lana testuaren arloan egin du, hizkuntza-ereduak euskal kulturara moldatzen saiatzen, hutsune nabarmena baitute. “Gainera, emaitza onak lortzeko, ingelesez egin behar izan ditugu esperimentu guztiak, oraindik ez baitago euskarazko eredurik”.  Hizketaren arloan ere badabil, laguntzaile pertsonalizatuekin, eta ahotsaren sintesian hastekotan da.

Aukerak, arriskuak, arrakalak eta itxaropena

Ez dago zalantzarik adimen artifizialeko tresnak ahaltsuak direla, baina arriskuak ere badituzte. “Horregatik jakin behar da tresnaren alde onak hartzen, eta arriskua apaltzeko neurriak jartzen. Kontuz ibili behar da ez normalizatzea gehiegi; espiritu kritikoz begiratu behar da, alegia, badakigu tresna honek arazo hau duela, ez dugu horrela utziko, eta saiatuko gara arazo hori konpontzen”. Justu horretan aritu da Cantero, adimen artifizialaren alborapen kulturalak zuzendu nahian.

Beste alborapen batzuk ere aipatu ditu, hala nola generoari eta arrazari lotutakoak. Eta adimen artifizialaren ikasketetan ere agerikoa da genero-arrakala. Canteroren esanean, unibertsitatera aurreiritzirik gabe joan zen, baina informatikako graduan gizonak gehiengoa ziren. Gero, masterrean, hizkuntzalaritzatik zetozen emakumeei esker, orekatu egin zen. Orain, ordea, lantaldean, emakumeak berriro daude gutxiengoan.

Arrakala hori txikitzeko zer egin daitekeen galdetuta, azkar erantzuten du: “Badago modu bat: emakume gehiago kontratatzea”. Garbi dauka emakume gehiago behar direla, ikasketetatik hasita. “Emakume ikasleak badaude, baina gutxiago dira, beraz, agian hortik hasi behar da konpontzen”. Emakume informatikari gehiago egoteak ere lagundu dezake ikasketetara emakumeak animatzen.

Aurrerantzean, adimen artifizialarekin lanean jarraitzeko itxaropena du. Lana egiteko modua ere alda daitekeela aurreikusten du; adibidez, hizkuntza-ereduak gai dira kodeak sortzeko, eta, beraz, agian, kodeak sortzetik zuzentzera igaroko dira. Baina ilusioz eta irekita begiratzen dio datorrenari: “Ikerketan beti egongo da aurrera segitzeko modua”.

Fitxa biografikoa:

Oihane Cantero Dominguez Hendaian jaio zen, 1999an. EHUn informatikako gradua egin ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Unibertsitate Masterra egin du unibertsitate berean. Gaur egun, Orai languneko ikertzailea da.

Informazio gehiago:
  • EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2024). EHU Ekinean podcasta: Oihane Dominguez Cantero, Campusa Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/09/oihane-cantero-ehu-ekinean.mp3 Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Oihane Cantero, adimen artifizialeko ikertzailea: “Ikerketan beti egongo da aurrera segitzeko modua” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Material biologikoen integrazioa teknologian: biosentsoreak

jeu, 2024/09/05 - 09:00

Biosentsoreak lagin mota ezberdinetako analitoak detektatzeko edo/eta kuantifikatzeko erabiltzen diren gailuak dira. Azken urteetan, emaitzak eskuragarriago izateko, telefono mugikorretan eta aplikazio adimendunetan oinarritutako hainbat biosentsore garatu dira.

biosentsoreakIrudia: gaur egun gehien ezagutzen diren biosentsoreak diabetesa kontrolatzeko gailua eta haurdunaldiaren testa dira, nahiz eta 2020-2022 urteetan Covid-19aren detekziorakoa ere oso ospetsu bihurtu zen. (Argazkia: Mika Baumeister – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Biosentsoreetan, analizatu nahi den substantziaren (analitoaren) eta biohartzaile deritzon material biologiko baten arteko elkarrekintzaren ondorioz seinale bat sortzen da. Seinale hori transduktore batek seinale fisiko-kimiko neurgarri bihurtzen du. Batzuetan, transduktoreak emandako seinalea zuzenean irakur daiteke -kolorearen kasuan, adibidez- baina, besteetan, era analogikotik digitalera eraldatu behar da eta horretarako prozesadorea ere behar da.

Biohartzaileak eta transduktoreak, beraz, biosentsoreen funtsezko osagaiak dira. Biohartzaileak, besteak beste, entzimak, proteinak, zelulak eta inmunosentsoreak izan daitezke. Transduktoreen kasuan, bestalde, elektrokimikoak dira erabilienak (mota horretako transduktorea duten biosentsoreen merkatuaren diru-sarrera % 71,4 izan zen 2022an), baina beste mota batzuk ere badaude, esaterako, optikoak, termikoak, elektronikoak eta grabimetrikoak.

Biosentsoreak erabiliz, analisi kualitatiboak, erdikuantitatiboak edo kuantitatiboak burutu daitezke. Gailu horien propietate analitikoen artean azpimarragarriena espezifikotasuna da; hau da, laginean konposatu ezberdin asko izanda ere, analito bakarra era espezifikoan detektatzeko ahalmena daukate. Nabarmentzekoak dira baita ere analisi horien erreproduzigarritasuna, sendotasuna, sentsibilitatea eta linealtasuna.

Biosentsoreak geroz eta ohikoago

Aplikazioei dagokienez, medikuntza-osasuna da eremurik indartsuena, batez ere arreta-guneko probak eta etxeko osasun-diagnostikoak egiteko. Arlo horretan gaur egun gehien ezagutzen diren biosentsoreak diabetesa kontrolatzeko gailua eta haurdunaldiaren testa dira. Bestetik, 2020-2022 urteetan Covid-19aren detekziorako biosentsorea ere oso ospetsua bihurtu zen. Baina beste alor askotan ere erabilgarritasun handia dute biosentsoreek. Elikagaien industrian, esaterako, lehengaien kalitatea eta prozesaketa kontrolatzeko erabili daitezke (elikagaien freskotasuna edo heldutasun-maila determinatzeko), eta baita produktuen segurtasuna bermatzeko ere; hau da, konposatu kaltegarrien presentzia (patogenoak, alergenoak, biotoxinak eta abar) detektatzeko ere erabil daitezke.

Ingurumenaren alorrean, uretan eta lurzoruan dauden hainbat metal astunen biodetekzioa eta plastikoen degradazioaren monitorizazioa aipa daitezke, besteak beste. Gainera, mikroplastikoen presentziak sortutako toxikotasuna neurtzeko ere balio dute. Nekazaritzan, elikagaien ekoizpenari kalte egin diezaioketen izurriteak, birusak, patogenoak eta ingurumen-baldintzak detektatzeko tresna baliogarriak dira, elikagai-baliabideak alferrik gal ez daitezen. Biosegurtasunaren arloan eraso biologikoen (bioterrorismo delakoaren) kasuan babeserako erabaki azkarrak hartzeko balio dute.

Mundu mailan, 2022. urtean, biosentsoreen munduko merkatuaren balioa 26.800 milioi dolar izan zen, eta horien erabileraren eta salmentaren etorkizuna oso baikorra da. Urte horretan, Ameriketako Estatu Batuak (AEBk) izan ziren biosentsoreen merkatu-kuota handiena izan zuen herrialdea, biztanleen % 11,3ak diabetesaren tratamendua hartzen duelako eta biosentsoreak merkaturatzen dituzten enpresa indartsuenetarikoak herrialde horretan sortu direlako. Erabilerari dagokionez, arreta-guneko osasun-probak egiteko erabiltzen diren biosentsoreek merkatuko diru-sarreraren % 46,7 inguru eragin zuten 2022an, laborategi klinikoko probak pazientea tratatzen den lekutik gertu egitea ahalbidetzen baitute.

Nahiz eta biosentsoreak eskala industrialean fabrikatzeko erronka handiak gainditu behar diren, protagonismo gero eta handiagoa dute gure bizitzan. Biosentsore iraunkor, zehatz eta sentikor gehiago garatzeko premia handia dagoela aurreikusi da eta, erronka teknologikoak kontuak izanik, biologia, kimika, materialen zientzia, fabrikaziorako mikro-nanoteknologia eta merkatu bultzatzailea erabakigarriak izango dira berrikuntzak aurrera eramateko eta, azken finean, biosentsoreen erabilera unibertsala lortzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Material biologikoen integrazioa teknologian: biosentsoreak
  • Laburpena: Biosentsoreak XX. mendeko azken hamarkadetan garatzen hasi ziren gailu analitikoak dira eta derrigorrezko osagai bi dituzte: biohartzailea eta transduktorea. Haien ezaugarri nagusia material biologiko bat (entzima, proteina…) plataforma egokiarekin konbinatzean datza, analitoak sortutako efektua seinale neurgarri bihurtzeko. Analisi kualitatiboa, erdikuantitatiboa edo kuantitatiboa burutu daiteke biosentsoreak erabiliz. Gehien ezagutzen direnak diabetesa kontrolatzekoa eta haurdunaldia detektatzekoa diren arren, sektore askotan hedatzen ari dira eta, medikuntzarako aplikazioez gain, askotariko aplikazioak dituzte elikagaien industrian, nekazaritzan eta beste hainbat eremutan. Mundu mailan, oso baikorra da gailu hauen erabileraren eta salmentaren etorkizuna, eta merkatuaren urteko hazkuntza-tasa konposatua % 7-8 ingurukoa izango dela aurreikusi da 2023-2032 tartean. Nahiz eta biosentsoreak eskala industrialean fabrikatzeko erronka handiak gainditu behar diren, protagonismo gero eta handiagoa dute gure bizitzan, eta tresna baliagarriak dira premiazko erabakiak hartzeko. Beraz, artikulu honen helburua biosentsoreen mundu zabala irakurlegoari hurbiltzea da eta, horretarako, gailu horien osagaiak eta funtzioa deskribatzeaz gain, ezaugarri analitikoak eta sailkapena azalduko dira, erabilerako adibide ugariz hornituta.
  • Egileak: Maite García-Hernando, Naiara Rojo, Astrid Barona, Lurdes Basabe-Desmonts, Fernando Benito-Lopez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001 
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 229-244
  • DOI: 10.1387/ekaia.23770
Egileez:
  • Maite García-Hernando UPV/EHUko Microfluidics Clusterreko Lascaray Ikerguneko eta Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da.
  • Naiara Rojo UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzailea da.
  • Astrid Barona UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzailea da.
  • Lurdes Basabe-Desmonts UPV/EHUko Lascaray Ikerguneko eta Ikerbasque ikertzailea da.
  • Fernando Benito-Lopez UPV/EHUko Microfluidics Clusterreko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Material biologikoen integrazioa teknologian: biosentsoreak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (6): triangelua biratu

mer, 2024/09/04 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure seigarren ariketa:

Egurrezko ABC triangelua dugu mahai gainean. C erpineko angelua 25º-koa da. Triangelua birarazi dugu, B erpina finkatuta, A’BC’ posiziora heldu arte, non A’, B eta C lerrokatuta dauden. Hori egin dugunean, C, A eta C’ ere lerrokatuta geratu dira. Zein da B erpineko angeluaren neurria?

triangelua

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (6): triangelua biratu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sute ‘zonbiak’ azaltzeko eredu matematikoa garatu dute

mar, 2024/09/03 - 09:00

Artikoaren inguruko lurretan abiatzen diren lurpeko suteen sorreran klima aldaketak izan dezakeen eragina modelizatu du ikertzaile talde batek. Uste dute tenperaturaren gorakada faktore abiarazlea izan daitekeela.

Klima aldaketa antropogenikoa abian den testuinguru honetan, Artikoa azkar berotzen ari da. Horretan zalantza izpirik ez dago. Zalantza gehiago daude, ordea, beroketa horrek ekarriko dituen ondorioen inguruan, askotariko agertokiak marraztu direlako. Ohi bezala, ziurgabetasun andana daude gaiaren bueltan, baina nahiko argi dago aldaketak ez direla samurrak izango.

1. irudia: Artikoaren inguruan zohikaztegi ugari pilatzen dira. Irudian, Alaskako zohikaztegi zingiratsu batean izandako sutea. (Argazkia: Western Arctic National Parklands – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

Kezka gehien eragiten duen kontua permafrostaren urtzearen haritik doa, hemen behin baino gehiago aipatu izan dugun moduan. Azken glaziazioan pilatutako sedimentu organikoek osatzen dute permafrosta, eta eremu zabal bat okupatzen dute. Bertan pilatuta dago, AEBetako USGS zerbitzu geologikoaren arabera atmosferan dagoen karbonoa halako bi. Hortaz, permafrosta karbono iturri garrantzitsua izan daiteke, batez ere mikroorganismoak materia hori guztia deskonposatzeko lanean hasten direnean. Bereziki itsas hondoan eta permafrostaren azpian diren metano hidratoen balizko askatze masibo bat ere antzeko kezka iturri izan ohi da, gehienbat metanoa negutegi efektuko gas askoz indartsuagoa delako.

Horrenbeste ospea ez izanda ere, Artikoko lurraldeen inguruan —Alaska, Kanada eta Siberian— dauden zohikaztegiei buruzko kezka ere zabalduta dago adituen artean. Izan ere, zohikaztegi horietan sute zonbi gisa ezagutzen direnak gertatzen ari dira, eta, horien ondorioz, karbono gigatonak askatzen ari dira atmosferara. Oraingoan bederen, kontzeptua ez da kazetariek arreta erakartzeko asmatutako izendapena, zientzialariek beraiek erabilitakoa baizik. Are, oraingoan plaza honetara ekarri dugun Proceedings of the Royal Society A aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluaren izenburuan bertan agertzen da arras adierazgarria den kontzeptu hori.

Neguan lurrazaletik desagertzen direla dirudien arren, benetan lurpean suteek jarraitzen dutelako deitzen zaio horrela fenomenoari. Hibernazioan diren ugaztunak balira bezala gordeta mantentzen dira, baina udaberria etorri orduko berriz ere berpizten dira lurrazalean.

Beren ikerketaren berri emate aldera The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean ikertzaileek azaldu dutenez, orain arte gehienetan pentsatu izan da lurrazaleko suteen arrasto direla sute horiek, baina zientzialari talde honek bestelako azalpen bat proposatu du. Hasieratik argi utzi nahi izan dute beraiek proposatutakoa hipotesia baino ez dela. “Oraindik ez dugu frogarik ziurtatzeko hau mundu errealean ematen dela”, ohartarazi dute. Baina eredu matematikoak alde dituztela uste dute, eta horietan oinarritu dute argudioa.

Proposatu dutenez, lurrazalaren gainean dagoen atmosferaren berotze azkar batek zohikatzaren bat bateko berotzea eragin dezake, txinparta edo beste ezein sutze behar izan gabe. Ondorioz, sute hauek klima aldaketak eragindako bat-bateko errekuntza baten ondorio izan daitezkeela proposatu dute.

sute2. irudia: azkarren berotzen ari diren eremuak (gorriz) eta karbono asko duten zohikaztegiak (grisez eta beltzez). Zenbait tokitan —Siberia iparraldean dagoen Txerskilurraldean, kasurako— bi motatako eremuak batera agertzen direla ohartarazi dute zientzialariek. (Irudia: O’Sullivan et al. (2023). Iturria: Royal Society A)

Besteak beste, ikerketan ahalegindu dira aurreikusten tenperaturek zein lurzoruek duten karbono kopuruak zelan erantzuten dioten klima aldaketari. Bestetik, eredu hauetan, simulatu dute mikrobioek nola askatzen duten beroa lurzorua deskonposatzen eta atmosferara karbonoa isurtzen duten bitartean. Ondorioztatu dutenez, mikrobioak gai dira bero andana sortzeko, eta, hori dela eta, zohikatza neguan 80 ºC-ra egon daiteke. Horren ondorioz, udaberrian aise piztu daitezke suteak, zoru gainean inolako suterik egon behar izan gabe, edo suteak pizteko tenperatura nahikoak eduki behar izan gabe. Egoera honi zohikatzen egoera metaegonkor beroa deitu diote.

Bestetik, landutako simulazioetan ikusi dute egoera hotz batetik egoera metaegonkor bero horretara igaro daitekeela beroketa globala dela eta. Baina hau gertatzeko, atmosferaren tenperatura azkar igo behar da. Tasa kritiko batera heldu ezean, aldaketarik ez omen da gertatuko. Hau da, beroketa berdina erritmo motelago batean gertatzen bada, ez da zohikatzaren beroketarik egongo. Ondorioz, atmosferaren beroketaren erritmoa da lurrazpiko zohikatzaren erretzea eragiten duena.

Zientzialariek ohartarazi dute balitekeela gaur egungo klimak aldaketa tasa arriskutsuetara hurbildu edo gainditu izana. Eta horrek “azaldu ahalko luke izaten ari den sute zonbien gorakada”. Modu honetan, iritsi daiteke inflexio puntu batera non sistema klimatikoak ez duen lortzen egokitzea azkarregi gertatzen diren aldaketara.

Hau bezalako kontuak aztertzerakoan, askotan zientzialariek ohartarazten dute berrelikaduren arriskuaz, eta, oraingoan ere, horrela egin dute. Diotenez, klima aldaketak eragindako beroketak gora egiten duen heinean, gero eta halako sute zonbi gehiago sortzeko arriskua egongo da, eta, ondorengo karbonoaren askatzearekin, noski, klima beroagoak sute gehiago eragingo ditu, sorgin gurpil bat abiatuz.

Testuingurua ez da erraza: berotasun egoera horretan hamar bat urtez mantendu daiteke zohikatza, erabat erre arte. Gainera, azken bi hamarkadetan horrelako suteak gero eta gehiago gertatzen ari dira, eta intentsitate handiagorekin, gainera. Kasurako, 2024aren hasieran Columbia Britaniarrean (Kanada) halako ehun sute baino gehiago egon direla aipatu dute.

Mundu errealean ikusi duten antzeko fenomeno bat aipatu dute argudio gisa: 2022an Londresko konpost biltegi batean gertatutako sute bat. Seguruenera beroaldi batek eragin zuen sute hori, konposta bere kabuz piztu zenean. Zientzialari hauek diotenez, konposta eta zohikatza parekotzat jo daitezke portaera honi dagokionez.

Erreferentzia bibliografikoa:

O’Sullivan, Eoin; Mulchrone, Kieran; Wieczorek, Sebastian (2023). Rate-induced tipping to metastable Zombie fires. Proceedings of the Royal Society A, 479(2275). DOI: http://doi.org/10.1098/rspa.2022.0647

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Sute ‘zonbiak’ azaltzeko eredu matematikoa garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Igel kaka-lardoa

lun, 2024/09/02 - 09:00

Akabo uda eta iritsi da ikasturte berriari ongietorria emateko ordua. Gogotsu ekingo diozue batzuk, erdipurdi besteok. Eta zelan laguntzeko gauden, itzulera arinagoa egingo digun istorio batekin nator.

kakalardo1. irudia: ur-kakalardo sarraskijalea dugu honakoa, Regimbartia attenuata. (Argazkia: Sugiura, S. (2020) artikulutik ateratako argazkia. Iturria: Current Biology)

Hiru osagai zoragarri ditu dakardan kontu honek: bizitzari eutsi eta aurrera egiteko grina duten protagonistak, eskatologia pixka bat eta bitxikeria moduan kontatzeko istorioa dela. Hasteko, noski, protagonistak aurkeztuko ditugu.

Gure lehenengo protagonista igel bat da. Igel normal eta arrunta. Pelophylax nigromaculatus espeziekoa, hain zuzen. Pelo, hemendik aurrera.

Hurrengo protagonista kakalardo bat da. Hau ere kakalardo arrunt eta normala. Ur-kakalardo sarraskijalea dugu honakoa, Regimbartia attenuata. Regi, lagunentzako eta guretzako.

Gure bi protagonistek habitata partekatzen dute Japonia aldean, baita beste zenbait tokitan ere, baina gure istorioa Japonian dago kokatuta. Japonian auzokideak dira gure protagonistak, beraz. Haien harremana zein den? Gure igela zorigaiztoko kakalardoaren harrapakari posiblea da. Auzokide gatazkatsuak, hortaz.

Kontua da harrapakari-harrapakin harreman posible hori ikertzea erabaki zuela Shinji Sugiura ekologoak. Esperimentua prestatu zuen horretarako. Esperimentu erabat logikoa, baina ez oso bidezkoa kakalardoen ikuspuntutik: Pelo igela kutxa garden batean sartu zuten laborategian eta, Regi kakalardoa jango ote lukeen ikusteko, kakalardoa kutxa berean sartu zuten eta gertatzen zena behatu zuten.

Eta espero litekeen moduan, ikusi zutena zera izan zen: jatetxe batean bezala poz-pozik zegoela Pelo gure igela. Kakalardoa ikusi eta pentsatu barik jan egin zuela. Bizitza honetan, baina, gauzak ez dira hain errazak. Are gutxiago auzokideen arteko harremanak. Eta sorpresatxoa zuen gordeta gure Regi kakalardoak.

Izan ere, bere burua jaki bihurtuta ikusi eta 6 ordu pasa baino lehen, igelaren uzkitik -kloakatik, alegia- ateratzen ikusi zuten gure Regi. Onik eta osorik.

Janaria ondo murtxikatzearen garrantziaz

Kontua zelan izan daitekeen ulertzeko, xehetasun batzuk ezagutu behar dira harrapakarien eta harrapakinen arteko harremanen inguruan; janaria harrapatu nahi duenaren eta janaria izan nahi ez duenaren arteko harremana.

kakalardo2. irudia: bigarren protagonista: Pelophylax nigromaculatus igela. (Argazkia: Alpsdake – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikipedia)

Harrapakari-harrapakin harremanetan ihes egitea da ohikoena. Harrapakinak harrapakariengandik ihes egitea ulertzen da. Kontrakoa, ordea, ikustekoa litzateke. Denok egunero ikusten ditugun La 2 kateko dokumentaletako gazelek lehoiengandik ihes egitea. Hau da, kontaktua egon baino lehen, alde egitea.

Harrapakari batek harrapakinarekin kontaktua egitean kalteak eragiten baitizkio normalean: kosk egitean edo murtxikatzean kaltetu egiten du, eta digestio-sistemak akabera ematen dio. Bada, hala ere, harrapariak harrapakinarekin kontaktua egin ostean bizia salbatzeko estrategia garatu duenik. Gure Regi, esaterako. Bizitzeko grinaren adibide. Heroia.

Eta zelan egiten duen? Digestio-sistema zeharkatuta. Erraz esaten da. Baina egin, egin behar da. Bizitzaren kontrako ingurunea baita digestio-sistema. Benetan erasokorra. Eta, hala ere, ateratzea lortzen du. Kakaz inguratuta, hori bai.

Ateratzeko, atzeko atea ireki behar da, noski. Ikertzaileen esanetan, Regik berak eragiten du esfinterra irekitzea. Izan ere, burua aurretik duela ateratzen da gure kakalardoa eta hortaz, rol aktiboa duen seinaletzat hartu dute hori ikertzaileek: hestearen azken atala estimulatuta esfinterra irekitzea lortzen duela ondorioztatu dute.

Baina hori baino lehen, zelan lortzen du Regik bere burua jaki bihurtuta ikustearen esperientziaren ondoren bizirautea? Pelo gure igelak jateko dituen ohiturak dira gakoetako bat, ikertzaileen aburuz. Osorik eta murtxikatu barik jaten baititu bere biktimak, gero urdailak bere lana egin dezan. Badirudi kasu honetan, baina, urdailak kale egiten duela eta gure Regi osasuntsu ateratzen dela digestio-sistematik bidaia egin ostean.

Urdailari eta, oro har, digestio-sistemari borroka irabazteko gakoetako bat denbora izan daiteke. Ingurune hilgarria sistema hori, harrapakinak hiltzeko diseinatua baitago eta, hortaz, ezinbestekoa da handik azkar irtetea. Hainbat Regik egin behar izan diote aurre jaki izatearen probari, eta azkarrenak 6 minutu baino ez ditu behar izan ateratzeko. Motelenak 6 ordu.

Hanketan dago gakoa

Eta horri lotuta, kontu honen bigarren gakoa dator: Regi gure kakalardo biziraulearen hankak. Bai, hankak. Regik hankak baliatuta egiten baitu bidaia digestio-sisteman barrena; modu aktiboan egiten du ihes eta, mugitzeko, hankak baliatzen ditu. Gazelak bezala, baina jaki bihurtu ostean. Pentsa norainokoa Regiren sendotasuna: jaki izanak ere ez du gelditzen.

Zelan baieztatu duten hau? Bada, beste behin ere, Regirekiko inongo errespetu, maitasun edo gizalegerik gabe. Ia ziur galtzaile aterako zen egoera batean jarri zuten kakalardoa. Zailtasun are gehiago jarri zizkioten bizitzeko grina izugarria eta elementuei eta igelen digestio-sistemari aurrera egiteko gaitasun paregabea duen Regiri.

Zer egingo eta hankak argizariarekin itsatsi zizkioten. Eta, berriro ere, jango zuela zekiten igelarekin sartu kutxa batean. Eta jaki bihurtu zen. Baina aldi horretan ez zen atera. Gainerako kakarekin atera ziren Regiren gorpuzki atalak 24 ordu pasata.

Hildakoan gorozkiekin batera ateratzeko 24 ordu behar izatea gure Regi borrokalariak kaka eragiten duelako teoria indartzen du: askoz denbora gutxiagoan ateratzen dira bizirik (eta hankak itsatsi barik) dagoenean.

Pena da, baina ikerketan ez dute egiaztatu Regik agrofitnessa egiten ote duen hankak entrenatu eta bizirik ateratzeko aukerak handitzeko. Ezezko frogarik ez dago eta hala dela sinestea erabaki dugu hemen.

Kontu honen guztiaren hirugarren gakoa Regiren morfologian eta uretan bizitzeko dituen adaptazioetan datza. Aire-poltsiko moduko bat du gure kakalardoak eta, hura baliatuta arnasa hartu dezake digestio-sisteman dagoen ingurune anaerobioan. Gainera, exoeskeleto gogorra du, urdailaren urin gastrikoetatik babesten duena. Kakalardoaren forma ere lagungarria izan daiteke igelaren barrutik mugitzeko. Haren morfologiak eta bizimoduak aurreikusi ezin zuten arrisku bakarra argizaria omen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sugiura, S. (2020). Active escape of prey from predator vent via the digestive tract. Current Biology, 30(15), R867-R868. DOI: 10.1016/j.cub.2020.06.026

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko urrian, 254. zenbakian.

The post Igel kaka-lardoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (5): multiploak

sam, 2024/08/31 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bosgarren ariketa:

1 eta 7 arteko zifrak errepikatu gabe erabilita idatz daitezkeen
zenbaki arrunt guztietatik, 10.000 baino txikiago direnen artean,
zenbat dira 15en multiplo?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

multiploak(Argazkia: an_photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (5): multiploak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages