Enpresarek antolatutako erakusketak Bergarako industriaren iragana eta gaur egungo garrantzia ditu ardatz. Azaroaren 15era arte egongo da ikusgai Aroztegi aretoan, ZTB Jardunaldien barruan.
«Bergaratik mundura: Herria sortzen duten enpresak» erakusketak Bergarako industriaren historia, gaur egun herrian duen garrantzia eta nazioarteko irismena ezagutzeko aukera ematen du. Enpresarek antolatu du, Bergarako eta inguruko enpresen lankidetza-sareak, Bergarako Udalaren eta Laboratorium Museoaren laguntzarekin. Gaur arratsaldean inauguratu dute Aroztegi aretoan, eta ekitaldi horrekin eman zaio hasiera ZTB, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien 11. edizioari.
Inaugurazioan hitza hartu dute Gorka Artola Bergarako alkateak, Carla Añón Enpresareko zuzendari exekutiboak eta Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak. Bertan izan dira, halaber, Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendaria, Alain Vivas Enpresareko lehendakaria eta Marije Unamuno Bergarako Udaleko Garapen Zerbitzuko teknikaria.
Gorka Artola alkateak gogorarazi du ZTB Jardunaldiak “erreferentziazko gune bihurtu direla zientzia, teknologia eta berrikuntza herritarrengana hurbiltzeko, modu irisgarri eta parte-hartzailean”. Aurtengo edizioaren ardatza ikerketa da, eta alkatearen hitzetan, “emaitzak ez ezik, haien atzean dagoen bidea ere erakutsi nahi da: jakin-mina, hipotesiak, saiakerak eta, zergatik ez, akatsak ere”. Erakusketari dagokionez, “hemen sortu eta errotutako proiektuek munduan ere izena dutela, eta hori harro egoteko modukoa dela” nabarmendu du.
Carla Añónek erakusketaren izenburuan jasotako bi ideia nabarmendu ditu. Batetik, Bergarako enpresek nazioartean duten irismena: “Bergara bezalako herri batetik munduko edozein txokotara iristeko gai gara. Hemen fabrikatzen diren piezak eta produktuak mundu osora iristen dira”. Bestetik, enpresa horiek herriarekin duten lotura: “Mundu osoan lan egin arren, hemen daude, gure herrian. Hemen sortzen dute enplegua, eta hemen egiten diote ekarpena gizarteari eta herriari”.
Añónen esanetan, industria Bergararen nortasunaren parte da, baina “askotan, hain gertu daukagunez, ez gara konturatzen gure inguruko enpresetan zer egiten den edo noraino iristen diren”. Horregatik, erakusketaren helburu nagusietako bat da “gure enpresak ezagutaraztea eta egiten duten lana eta ekarpena balioan jartzea”.
Unai Andueza foru diputatuak Bergarak historian izan duen zeregina azpimarratu du, bai industrian bai zientzian. Enpresen lana balioan jartzeko deia ere egin du: “Askotan esaten dugu makina-erremintaren bihotza Elgoibarren dagoela, baina gogoratu behar dugu estatuan egiten diren torloju industrialen eta loturako osagai guztien % 50 Bergaran egiten dela, eta hori ere balioan jarri behar dugu”. Era berean, ZTB Jardunaldiek, hamaikagarren ediziora iritsita, betetzen duten zeregina nabarmendu du.

Zazpi mende eta erdiko ibilbidea
Erakusketak Bergararen ibilbide historikoa jasotzen du, herria 1268an sortu zenetik gaur egunera arte. Gasteiz eta kostaldeko portuen arteko kokapen estrategikoak merkataritza bultzatu zuen. Erdi Aroan, labanagintza, guraizegintza, armagintza eta ehungintza bezalako lanbideek gerora etorriko zen industria-garapenaren oinarriak jarri zituzten.
Ibilbidean, herriaren historiako mugarri nagusiak ageri dira: Errege Mintegia, Elhuyar anaiek 1783an wolframa isolatu izana, “Bergara urdina” oihalek lortutako ospea, 1846an sortutako Algodonera San Antonion, Labe Garaiak, trenbidearen etorrera eta MAYC S.A. enpresa, Espainiako lehen garbigailu automatikoetako batzuk merkaturatu zituena. 1970eko hamarkadako krisia eta ondorengo berregituraketa ere jasotzen ditu erakusketak.
Prestakuntzaren eta industriaren arteko lotura ere ibilbide osoan ageri da, Arte eta Lanbide Eskolatik Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentrora arte.
Industria gaur egun: Bergarako motor ekonomikoa
Erakusketak datuen bidez erakusten du industriak gaur egun Bergaran duen garrantzia. Herriko enpleguaren % 47,9 industria-sektoreari dagokio, eta herrian sortzen den aberastasunaren % 51,3 ere sektore horrek sortzen du.
Erakusketak nabarmentzen duenez, Bergarako batez besteko errenta pertsonala eta per capita errenta Debagoieneko, Gipuzkoako eta EAEko batez bestekoen gainetik daude. Era berean, herrian bertan lan egiteko aukerak izateak gazteek Bergaran bizitzen eta lan egiten jarraitzea errazten du, eta familia berriak erakartzen laguntzen du.
Mundura begira, herrian errotuta
Erakusketaren azken atalean Enpresareko kide diren enpresak aurkezten dira. Bakoitzak bere panela du, eta QR kode baten bidez enpresa bakoitzari buruzko informazio gehiago eskura daiteke.
Sektore askotako enpresak dira: doitasunezko mekanizazioa, dekoletajea, galdaragintza, soluzio elektrikoak, isolamendu termikoa, tratamenduak eta sukaldaritzako profesionalentzako produktuak, besteak beste. Munduko mapa batek erakusten du Bergaran ekoitzitako produktuak munduko zer txokotara iristen diren.
Enpresare 2012an sortu zen, krisialdiaren ostean, erronka berriei elkarlanean erantzuteko. Gaur egun, 27 enpresa biltzen ditu. Enpresa horiek 1.000 langile baino gehiago dituzte, eta guztira 200 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte.
Erakusketa azaroaren 15era arte egongo da ikusgai Aroztegi aretoan, aretoaren ordutegian. Sarrera doakoa da.

ZTB Jardunaldiak, ikerketa ardatz
ZTB Jardunaldiak azaroaren 15era arte luzatuko dira. Aurtengo edizioaren ardatza ikerketa da, eta emaitzez gain, horien atzean dagoen prozesua ere ezagutarazi nahi du: galderak nola sortzen diren, hipotesiak nola egiaztatzen diren eta akatsetatik zer ikas daitekeen.
Horretarako, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak eta umorezko bakarrizketak antolatu dira, besteak beste. Jarduera horien bidez, zientzia, teknologia eta berrikuntza adin eta interes guztietako herritarrengana hurbildu nahi dira, modu irisgarri eta parte-hartzailean.
Edizio honetako berrikuntza nagusia (HI)! Ikerlari da, Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa. Azaroaren 10ean, 12an eta 13an egingo da UNED Bergaran. Ikerketan bidea egiten ari diren bailarako gazteei beren lana erakusteko gunea eskaintzea du helburu, eta, aldi berean, herritarrei gaur egun egiten den ikerketa gertutik ezagutzeko aukera ematea.
Forumean poster zientifikoen erakusketa, hitzaldiak eta ahozko aurkezpen saioak izango dira, eta ikertzaile gazteek beren lanak aurkeztuko dituzte. Alkateak inaugurazioan adierazi duenez, “ezinbestekoa da talentu berriei ikusgarritasuna ematea eta etorkizuneko zientzialari eta ikertzaileentzat eredu eta erreferente izatea”.
Jarduera guztiak doakoak dira. Egitarau osoa: ztbergara.eus
