Wolframa Bergaran isolatu zela ospatzeko egun berezia antolatu dute Laboratorium Museoak eta Bergarako Udalak: museora doako bisitak eskainiko dira goizean; eguerdian, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari ZTB Bergarako Enbaxadore Saria emango zaio Seminarixoan eta, jarraian, Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak Bergarako artistek egindako wolframaren mural berria inauguratuko da Seminarixoko aterpeetan.
Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak irailaren 28an ospatuko dute lehen aldiz Wolframaren Eguna, Bergarako herriari lotutako gertaera zientifiko garrantzitsuena ospatzeko helburuarekin jaio den eguna: wolframaren aurkikuntza. Hain zuzen, egun horretan beteko dira 243 urte Elhuyar anaiek ordura arte ezezaguna zen elementu kimiko bat lehen aldiz isolatzea lortu zutela.
Ekimen honekin, ondare zientifikoa balioan jartzen jarraitu nahi dute Udalak eta museoak eta, aldi berean; herriaren historiaren zati hori herritarrengana hurbildu. Ekintzak ZTBk (Zientzia, Teknologia, Berrikuntza) urte osoan garatzen duen programaren barnean kokatzen dira.
Lehen edizio hau, gainera, etorkizunean sendotu eta urteroko hitzordu bilakatzeko asmoarekin dator, zientziaren dibulgazioari, kulturari, ondareari eta Bergararekin lotutako talentua balioan jarrita.
“Besteak beste, Bergarak badu munduari egin zion ekarpen handi bat: wolframaren aurkikuntza. Duela bi mende eta erdi, Elhuyar anaiek hemen lortutako lorpen hark gure herria zientziaren historiaren mapan kokatu zuen, eta gaur ere harro sentitzeko arrazoia da. Wolframaren Eguna sortu dugu ondare hori aitortu, zaindu eta herritarrei hurbiltzeko. Gure historiaren pasarte garrantzitsu bat gogoratzeaz gain, zientziak, ezagutzak eta berrikuntzak gure komunitatean izan duten eta izaten jarraitzen duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Argi geratzen da ospakizun honek iraganari begiratzen diola, baina baita etorkizunari ere”, nabarmendu du Gorka Artolak, Bergarako alkateak.
“Wolframaren Eguna aukera bat da ondare zientifikoa herritarrengana hurbiltzeko eta zientziaren inguruan elkartzeko. Egun hau ez dugu soilik iraganeko gertakari bat gogoratzeko ospakizun gisa ulertzen, baizik eta ezagutza partekatzeko, zientziaren eta gizartearen arteko loturak indartzeko eta Bergararekin lotura duten pertsonen ekarpena aitortzeko topagune gisa. Aurrera begira, Wolframaren Eguna urteroko hitzordua bilakatzea gustatuko litzaiguke, herritarrei zientzia beste ikuspegi batzuetatik hurbiltzen jarraitzeko”, azaldu du Rosa Errazkinek, Laboratorium Museoko zuzendariak.
Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarria: Bergarako Enbaxadore Saria 2026
Wolframaren Eguneko ekitaldi nagusietako bat Bergarako Enbaxadore Saria aitorpen ekitaldia izango da, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriak jasoko duena. Aintzatespen hau estreinakoz banatuko da eta beraren helburua da ibilbide nabarmena duten Bergarako pertsonak aitortzea; ikerketa, berrikuntza, kultura zientifikoa, garapen teknologikoa edo ezagutzaren transferentzia bezalako esparruetan dabiltzanak, eta, era berean, beren ibilbide profesionalarekin Bergara proiektatzen laguntzen dutenak.
Sariak, halaber, herriari lotutako talentu zientifiko eta teknologikoa balioan jartzea ditu xede, Bergararen eta bere jarduera profesionala udalerrian zein udalerritik kanpo garatzen duten pertsonen arteko loturak indartuta. Azken finean, belaunaldi berrientzako inspirazio iturri izatea.

Ildo horretan, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari egindako aitortzak, bere ibilbide profesionala eta arlo zientifikoan egindako ekarpena nabarmendu nahi ditu, baita Bergararekin izan duen lotura eta herriarentzat duen proiekzioa ere. Ugalde EHUko Kimika Fisikoko katredaduna da. Ikerketan egindako ibilbide luzeaz gain, zientziaren dibulgazioan ekarpen handia egin du.
Ekitaldia Seminarixoan egingo da 12:00etan. Sarrera irekia da bertaratu nahi duen edozein herritarrentzat. Lehen edizio honekin, Bergarako Enbaxadore Saria urtez urte aitortzeko ekimena ipintzen da abian.
Wolframaren aurkikuntza gogoratzeko mural berria
Aldi berean, egun horretan bertan aurkeztuko da ofizialki Bergarako ondare kultural eta artistiko bilakatuko den elementu berri bat: Seminarixoaren aterpeetan dagoen wolframaren aurkikuntzari eskainitako murala.
Obra Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artistek egin dute, eta espazio publikotik Bergara zientziaren historian ipini zuen gertaera zientifikoa gogoratzeko asmoarekin sortu da. Horma-irudiak historiaren pasarte honi beste begirada bat eskaini nahi izan dio, eta artearen bidez mugarri historiko hura herritarrengana hurbiltzen laguntzen du, Bergarako kaleetan ondare zientifikoaren zati garrantzitsu bat ikusgai eginez.
Irailaren 28an egingo da muralaren aurkezpen ofiziala, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari aitortza egitearekin batera; 12:00etan Seminarixoan hasi eta muralera bisita gidatu bat eginez amaituko den ekitaldian.

Doako bisitak gidatuak Laboratoriumen
Wolframaren Eguna dela eta, Laboratorium Museoak ere ateak irekiko ditu irailaren 28an eta programazio berezia eskainiko du. Museora gerturatzen diren pertsonek doako bi bisitetan parte hartu ahal izango dute: bata, museoko erakusketa iraunkorrera, Bergarako historia zientifikoa eta herriak zientziaren garapenean izan zuen papera ezagutzeko aukera ematen duena; eta bestea, “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” aldi baterako erakusketara, wolframaren aurkikuntzari eta bere testuinguru historikoari bestelako hurbilketa bat eskaintzen dion esperientzia murgiltzailera.
Doako bisitak 10:15ean eta 11:00etan eskainiko dira, eta derrigorrezkoa da aurrez izena ematea 943 76 90 03 telefonora deituta edota laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.
Wolframaren Eguna: Bergarako zientzia, ondarea eta harrotasuna batuz
Wolframaren Egunak Bergarako nortasunaren dimentsio ezberdinak lotuko ditu: historia zientifikoa, ondarea, dibulgazioa, kultura eta herriarekin lotura duten pertsonen talentua.
Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak azpimarratu nahi dute wolframaren aurkikuntza gogoratzea ez dela soilik iraganera begiratzea, baita Bergararen identitatearen parte den tradizio zientifikoa aldarrikatzea eta etorkizunera proiektatzea ere.
Hori dela eta, lehen edizio honek urtez urte hazi daitekeen ospakizunaren oinarriak ezarri nahi ditu, jarduera berriak txertatuz eta irailaren 28a erreferentziazko data bilakatuz, Bergarako historia zientifikoa eta talentua balioan jartzeko.
