- Urriaren 30etik azaroaren 15era bitarte ikerketaren unibertsoan barneratu eta zientziara modu desberdinetan murgiltzeko aukera eskainiko dute jardunaldiek aurtengoan
- Urriaren 30ean, Aroztegi aretoan, emango zaie hasiera ofiziala, “Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketaren inaugurazioarekin batera
- Edizio honetako berritasun nagusietako bat (HI)! Ikerlari – Gazte ikerlarien Forum Zientifikoaren I. edizioa izango da; azaroaren 11tik 13ra hainbat diziplinatako ikerlari gazteek eurek ikerketa-proiektuak aurkeztuko dituzte
- “Wolfram Txinpartak” umorezko zientzia bakarrizketek ere itzulera egingo dute azaroaren 5ean azalberrituta
- Adimen artifizialak ere protagonismoa izango du, enpresa eta profesionalentzako barnetegi teknologikoarekin eta merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako tailerrarekin
Bergara zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren inguruko topagune bilakatuko dute ZTB Jardunaldien 11. edizioak udazken honetan. Aurtengo ardatza ikerketa izango da eta, urriaren 30etik azaroaren 15era, zientziara eta berrikuntzara modu desberdinetan barneratzeko aukera eskainiko da.
Galdera bat egitea eta erantzun bat aurkitzea. Horren artean dagoen bidea da ikerketa: jakin-mina, hipotesiak, saiakerak, akatsak, urteetako lana eta, batzuetan, dena aldatzen duen aurkikuntza. Eta prozesu horretatik sortzen dira ezagutza, berrikuntza eta etorkizunerako aukerak.
Horixe erakutsi nahi dute aurtengo ZTB Jardunaldiek: ikerketaren emaitzez harago, haren atzean dagoen prozesua ezagutzea eta ulertzea. Eta, batez ere, erakustea ikerketa ez dela urruneko edo abstraktua den zerbait, baizik eta gure eguneroko bizitzarekin, enpresekin, hezkuntzarekin eta etorkizuneko erronkekin lotuta dagoen jarduera.
Horretarako, ikerlariak, enpresak, ikastetxeak, profesionalak eta herritarrak elkartuko dituen bi astetik gorako programazioa antolatu da, zientzia eta berrikuntza hainbat ikuspegitatik ezagutzeko. Programazio osoa hemen kontsultatu daiteke.
Gaur goizean egin den ZTB Jardunaldien aurkezpenean parte hartu dute Maite Usabiaga Bergarako Udaleko Garapen, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak; Marije Unamuno Bergarako Udaleko Garapen teknikariak; Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak; Edurne Gaston Elhuyarreko zientzia-koordinatzaileak; Carla Añón Enpresare elkarteko zuzendariak; Oihana Garmendia Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkariak; eta Janire Lamariano UNED Bergarako koordinatzaileak. ZTB Jardunaldiak izaera anitz eta elkarlanekoa dute, zientziaren, hezkuntzaren, enpresaren eta kulturaren esparruetako eragileak ikerketaren, teknologiaren eta berrikuntzaren inguruan elkartuta.
“Ikerketa askotan urrun dagoen zerbait balitz bezala irudikatzen dugu, baina gure inguruan dago: gure enpresetan, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta eguneroko bizitzan. Horregatik, aurtengo ZTB Jardunaldiek ikerketa herritarrengana hurbildu eta gure artean egiten den lana ezagutzeko aukera eskaini nahi dute”, adierazi du Maite Usabiaga Bergarako Udaleko Garapen, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak.
“Aurtengo ZTB Jardunaldiek, azken batean, ikerketa ulertzeko eta hurbiltzeko modu desberdinak proposatzen dituzte. Ikerlari gazteen lana ezagutuz, zientzia umoretik biziz, adimen artifizialaren aukerak aztertuz edo Bergarako enpresen esperientzia ezagutuz, ikerketa gure eguneroko errealitatearekin lotu nahi dugu jardunaldien bitartez”, adierazi du Rosa Errazkinek, Laboratorium Museoko zuzendariak.
Bergarako Udala, Laboratorium Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, UNED, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroa, Enpresare, Elhuyar, Mondragon Unibertsitatea, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Erreka, POLYMAT, Soraluce, Bergara Bizi eta Bedelkar lankidetzan aritzen dira ZTB Jardunaldiak antolatzeko eta garatzeko. Erakunde, unibertsitate, ikerketa-zentro, enpresa eta tokiko eragileek bat egiteak ZTBk duen izaera kolektiboaren erakusle da.

Bergaratik mundura
ZTB Jardunaldien hasiera ofiziala urriaren 30ean, 18:00etan, Aroztegi aretoan izango da. Bertan, jardunaldiei hasiera emateaz gain, “Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketa inauguratuko da.
Enpresarek antolatutako erakusketak Bergarako enpresa-sarea izango du ardatz, eta herritik ezagutza, jarduera eta berrikuntza sortzen duten enpresen ekarpena ezagutaraziko du. Erakusketa urriaren 30etik azaroaren 15era egongo da ikusgai Aroztegi aretoan.
Gazte ikerlarien lana lehen lerrora
Ikerketari eskainitako edizio honetan, ZTB Jardunaldiek berrikuntza nagusi bat izango dute: (HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien Forum Zientifikoa. Lehen edizioa azaroaren 11tik 13ra egingo da, UNED eraikinean, eta ikerlari gazteen lana herritarrengana hurbilduko du. Aldi berean, ikerlarien artean ezagutza eta esperientziak partekatzeko topagunea sortzea ere izango du helburu.
Forumaren barruan, “Bailarako ikerlari gazteen poster zientifikoak” erakusketa ere izango da ikusgai. Erakusketak gazte ikerlarien ikerketa-proiektuak formatu bisualean ezagutzeko aukera eskainiko du, eta azaroaren 11tik 13ra egongo da ikusgai UNED eraikinean. Sarrera doakoa da eta UNED zabalik dagoen ordutegietan bisitatu daiteke.
Honetaz gain, hiru egunetan zehar, hainbat arlotako ikerlari gazteek beren ikerketa-proiektuak eta esperientzien ahozko aurkezpenak plazaratuko dituzte. Besteak beste, adimen artifiziala, konputazioa, biologia, bioteknologia, osasuna, biomedikuntza, immunologia, minbizia, kimika, sintesia, materialak, polimeroak, teknologia kuantikoak, robotika, ingeniaritza, basoak, ekosistemak, industria eta simulazio teknologikoa izango dituzte hizpide.
CIC bioGUNE, IKERLAN, NEIKER, CFM, EHU, CureVac eta Biogipuzkoa bezalako zentro eta erakundeetako ikelariak hartuko dute parte lehen edizio honetan. Parte hartzaileen artean dira: Oihane Altube Urkia (EHU), Usue Olatz Aspiazu Iturbe (EHU), Ane Blazquez García (IKERLAN), Itxaso Calbano Osinaga (Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutoa), Jon Irureta Barrena (EHU eta IKERLAN), Jokin Labaien Soto (IKERLAN), Janire Lamariano Merketegi (UNED eta Taia Laborategia), Uxue Lazkano Dobao (CIC bioGUNE), Asier Mongelos Martínez (CFM eta EHU), Maitane Mujika Unamuno (NEIKER), Maider San Torcuato Labaien (Biogipuzkoa), Irati Sanz Zubizarreta (EHU), Ibai Sanz Zubizarreta (IKERLAN), Iker Badiola (EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria), Gorka Mendiaraz (Erreka), Mikel Atxega Zirako (Miguel Altuna Lanbide Heziketa).
Ahozko aurkezpenetara bertaratzeko plaza kopurua mugatua da eta, hortaz, beharrezkoa da aurrez izena ematea 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. (HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien Forum Zientifikoaren egitaraua, egunez egun, hemen kontsulta daiteke.
Programak, hortaz, ikerketa-prozesuaren ikuspegi desberdinak ezagutzeko aukera eskainiko du, ikerlari gazteen aurkezpenak, aditu zein profesionalen hitzaldiak eta enpresa zein prestakuntza arloko esperientziak uztartuta.
Zientzia bai, algarak ere bai!
Ikerketa eta zientzia herritar guztiengana hurbiltzeko beste modu bat izango dira “Wolfram Txinpartak” umorezko zientzia bakarrizketak. Zientzia-umorezko bakarrizketak ZTB Jardunaldietara itzuliko dira azaroaren 5ean, 18:30ean, Seminarixoan.
Euskarazko saioak zientzia eta umorea uztartuko ditu, zientziaren inguruko gaiak modu dibertigarrian lantzeko, “zientzia bai, algarak ere bai” lelopean. Sarrera doakoa izango da, aretoaren aforoa bete arte.
Zientzia, teknologia eta umorea uztartuko dituen saio fisiko, kimiko, analogiko eta antologiko honetan, zientziarekiko interesa piztu, gai horiekiko beldurrak gainditu eta bokazio berriak sustatu nahi dira, betiere euskaratik eta gertutasunetik.
Alaitz Ochoa de Eribek gidatuta, Uxue Lazkano biologo konputazionala, Ugutz Basauri geologoa, Miren Aldasoro zoologoa, Unai Garcia Lopez Adimen Artifizialean eta soinu teknologian aditua, Maider Triviño “Mimi” biokimikaria eta “Tinder Match edo Koxk” bideoaren egile eta On Zientzia saridunak arituko dira solasean oholtzan. Iluntze ederra aurreikusten da Seminarixoan.
Ikerketa eta berrikuntza enpresen zerbitzura
Aurtengo ZTB Jardunaldiek ikerketaren eta berrikuntzaren aplikazio praktikoari ere erreparatuko diote, eta adimen artifiziala ekarriko dute lehen lerrora.
Azaroaren 5ean, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan, “Adimen Artifizialeko laguntzaileak, enpresa-produktibitatera begira” barnetegi teknologikoa egingo da, 9:00etatik 14:00etara. Saioa jardunean dauden enpresei eta profesionalei zuzenduta egongo da, eta adimen artifizialeko tresnek produktibitatea hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak landuko ditu.
Adimen artifizialaren erabilera merkataritzan eta ostalaritzan ere jorratuko da. Azaroaren 11n, 14:30etatik 16:30etara, Irizar jauregian, “Adimen Artifiziala, merkataritzan eta ostalaritzan kide-lagun” tailerra egingo da, sektore horietako negozioei zuzenduta.
Bi jarduerak Begoña Lashayasen Mondragon Unibertsitateko irakasleak gidatuko ditu eta 15 lagunentzako plaza mugatuak izango dituzte. Hori horrela, aurrez izena ematea beharrezkoa da 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

2026ko ZTB Jardunaldien mugarri nagusiak
Urriak 30 · 18:00 · Aroztegi aretoa
ZTB Jardunaldien hasiera ofiziala eta “Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketaren inaugurazioa.
Urriak 30 – azaroak 15 · Aroztegi aretoa
“Bergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak” erakusketa.
Azaroak 5 · 9:00-14:00 · Miguel Altuna LH
“Adimen Artifizialeko laguntzaileak, enpresa-produktibitatera begira” barnetegi teknologikoa.
Azaroak 5 · 18:30 · Seminarixoa
“Wolfram Txinpartak” zientzia-umorezko bakarrizketak.
Azaroak 11 · 14:30-16:30 · Irizar jauregia
“Adimen Artifiziala, merkataritzan eta ostalaritzan kide-lagun” tailerra.
Azaroak 11, 12 eta 13 · UNED eraikina
(HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien Forum Zientifikoa, lehen edizioa.
- Erakusketa: bailarako ikerlari gazteen poster zientifikoa
- Ikerlari gazteen aurkezpenak, aditu zein profesionalen hitzaldiak eta enpresa zein prestakuntza arloko esperientziak
