Laboratorium Museoaren albisteak

Bergarako zientzia-ondarea eta herriari lotutako talentua jarri ditu balioan Wolframaren Egunak

Lehen edizio honetako ZTB Bergarako Enbaxadore Saria Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriak jaso du, eta Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artistek Seminarixoko arkupeetan wolframaren aurkikuntzari eskainitako mural berria inauguratu da. Ekitaldira bertaratu dira tokiko, lurralde eta autonomia mailako erakunde zein enpresetako ordezkariak eta herritarrak, besteak beste, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Gorka Artola, Bergarako alkatea eta Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendaria.

Gaur ospatu da lehen aldiz Wolframaren Eguna, Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak antolatutako ekimena, 1783an Elhuyar anaiek Bergaran wolframa isolatu zuteneko efemeridea gogoratu eta herriak zientziaren historian izan duen garrantzia balioan ipini duen eguna. Hain zuzen, gaur, irailak 28, 243 urte bete dira Euskal Herrian aurkitu den elementu kimiko bakarra isolatu zutenetik.

Ospakizunak zientzia, ondarea, dibulgazioa, artea eta herriari lotutako talentua nabarmendu ditu, Bergarako historia zientifikoa herritarrengana hurbilduta eta, aldi berean, ezagutzak eta zientziak etorkizunera begira duten garrantzia azpimarratuta. Ekintzak ZTBk (Zientzia, Teknologia, Berrikuntza) urte osoan garatzen duen programaren barnean kokatu dira.

Programazioa Laboratorium Museoan hasi da. Wolframaren Egunaren harira, museoak doako bi bisita gidatu eskaini ditu. Modu horretan, herritarrek erakusketa iraunkorra ezagutzeko aukera izan dute, baita “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” erakusketa ere. Azken horrek wolframaren aurkikuntzara eta haren testuinguru historikora hurbiltzen du bisitaria, esperientzia murgiltzaile baten bidez.

Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarria, ZTB Bergarako Enbaxadore Saria

Wolframaren Eguneko ekitaldi nagusia eguerdian egin da Seminarixoan, eta bertan Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriak jaso du lehen aldiz banatu den ZTB Bergarako Enbaxadore Saria.

Aitortza honek Bergararekin lotura duten eta ikerketa, berrikuntza, kultura zientifikoa, garapen teknologikoa edo ezagutzaren transferentzia bezalako esparruetan ibilbide nabarmena egin duten pertsonak nabarmendu nahi ditu. Era berean, beren jarduera profesionalaren bidez Bergararen izena eta irudia esparru desberdinetara proiektatzen laguntzen duten norbanakoak ere balioan ipintzen ditu.

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari ZTB Bergarako Enbaxadore saria eman dion momentua.
Gorka Artolak, Bergarako alkateak, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari ZTB Bergarako Enbaxadore saria eman dion momentua.

Aurtengoak, beraz, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriaren ibilbide zientifikoa aitortu du. EHUko Kimika Fisikoko katedraduna ikerketan egindako ibilbide luzeagatik eta zientziaren dibulgazioari egindako ekarpenagatik nabarmentzen da eta, nola ez, Bergararekin duen lotura estuagatik ere.

Ekitaldian izan dira tokiko, lurralde eta autonomia mailako erakunde zein enpresetako ordezkariak, herritarrak eta aitorpena jaso duen Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriaren gertukoak. Besteen artean, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Gorka Artola, Bergarako alkatea eta Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendaria. Emozioz betetako ekitaldia herriko musika eskolako musikariek girotu dute.

Gorka Artola Bergarako alkateak nabarmendu du Wolframaren Eguna ez dutela iraganeko lorpen bat gogoratzeko bakarrik sortu. “Bergarak zientziaren historiari egindako ekarpena aitortu, gure ondare zientifikoa belaunaldi berriei transmititu eta zientzia, ezagutza eta jakin-mina herritarrengana hurbildu nahi ditugu. Gure iragana ezagutzea eta balioan jartzea etorkizunari begiratzeko ere bada. Horregatik, Wolframaren Eguna urtero elkartzeko, gure historia zientifikoa ezagutzeko eta gaurko zein etorkizuneko bergararren jakin-mina pizteko hitzordua izatea nahi dugu”, adierazi du.

Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, “poza eta zoriona” adierazi dizkio Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari, ZTB Bergarako Enbaxadore Saria jasotzeagatik, eta Bergarako herriari, zientziaren alorrean egiten ari den ekarpenagatik.

Wolframaren Egunaren harira, hausnarketa bat ekarri du gogora, Elhuyar anaien eta Ugalderen artean paralelismoa eginez: “Guztiak dira pertsona “kosmopolitak”, beren goi-mailako ikasketak beren lurraldetik kanpo egin dituztenak, baina, gerora, jakintza horren bidez beren ingurune hurbilean eragin dute eta beren jatorria munduko mapan kokatu dute. Lehenengo kasuan, wolframaren aurkikuntzaren bidez; bigarrenean, fisikaren eta kimikaren alorretan egindako ekarpenen bidez. Beren ibilbidean zehar egindako aportazio horiei esker, Bergara, Gipuzkoa eta Euskadi ezagunak dira”.

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua.
Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua.

Bestalde, Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak begiak itxi eta iraganera bidaia bat proposatu die Seminarixoko ekitaldira bertaratu diren pertsonei, 1783ko Bergarara. “Imaginatu laborategi bat eta bi anai gazte, Elhuyar anaiak. Argi bizirik gabeko toki bat, tresna digitalik gabea. Mahai gainean mineralak, beirazko ontziak eta balantzak. Koadernoak, oharrak eta formulak. Irailaren 28 da. Elhuyar anaiek denbora daramate mineral bat aztertzen. Halako batean, zuen buruetan irudikatu duzuen laborategi horretan, ordurarte ezezaguna zen elementu kimiko bat isolatzea lortzen dute, wolframa, Euskal Herrian aurkitu eta mundua aldatu duen elementu kimiko bakarra”.

Begiak irekitzeko eskatu die jarraian, gaur egunera jauzi eginez. “Gaur Wolframaren eguna da eta wolframa Bergaran isolatu zela ospatzen ari gara. Lehen aldia da, baina uste dugu mundua aldatu duen horrelako istorio batek merezi duela aitortua izatea”, gaineratu du.

Sariaren bidez, Udalak eta Laboratorium Museoak Bergarari lotutako talentu zientifikoari eta teknologikoari ikusgaitasuna eskaini nahi diote, eta beren jarduera profesionala Bergaran zein udalerritik kanpo garatzen duten pertsonen arteko loturak indartu.

Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriak “ohore handiz eta atxikimendu osoz” jaso du ZTB Bergarako Enbaxadore Saria, eta bere ibilbidearekin eta Bergararekin duen lotura aitortzea bereziki eskertu du. “Nork esango zidan sari handi honetarainoko bidea egingo nuenik: Bergarako enbaxadore izateraino”, adierazi du umorez.

Ugaldek gogora ekarri du, halaber, Laboratorium Museoaren hastapenetan egindako lana, Jose Mari Elorza eta biek Seminarixoko txoko batean aurkitutako material zientifikoaren balioaz ohartu zirenean. Bereziki nabarmendu du Rosa Errazkinek eta bere lantaldeak urte hauetan egindako lana; eta 2011n Jakiunde Bergarara ekartzeko eta, ondoren, 2018an Laboratorium Museoa European Science Historic Site izendatzeko egindako bidea ere gogoratu du.

“Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”, baieztatu du, Bergararen ondare zientifikoaren eta etorkizuneko belaunaldien arteko lotura azpimarratuz.

 

Wolframaren aurkikuntzari eskainitako mural berria

Mikel Larrañaga (Remak), muralaren egileetako bat.
Mikel Larrañaga (Remak), muralaren egileetako bat.

Jarraian, ekitaldiaren amaieran, Seminarixoko arkupeetan ikusgai den wolframaren aurkikuntzari eskainitako mural berria ofizialki inauguratuta gelditu da. Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak bergarar artistek egin dute obra, eta espazio publikotik Bergara zientziaren historian ipini zuen gertaera zientifikoa gogoratzeko asmoarekin sortu da.

Horma-irudiak historiaren pasarte honi beste begirada bat eskaini nahi izan dio, eta artearen bidez mugarri historiko hura herritarrengana hurbiltzen laguntzen du, Bergarako kaleetan ondare zientifikoaren zati garrantzitsu bat ikusgai eginez. Horrela, wolframaren aurkikuntza museoko erakusketa-espazioetatik harago doa eta Bergarako paisaia urbanistikoan ikusgai dagoen ondare-elementu berri bihurtu da.

Lanak bertaratutakoen arreta bereganatu du, bere tamaina eta ikusgarritasunagatik ez ezik, wolframaren istorioa eta Bergararen ondare zientifikoa gaur egungo lengoaia artistiko baten bidez kalera eramateko duen gaitasunagatik ere.

Bi artistentzat proiektu berezia izan da, “biok Bergarakoak garelako, hemen hazi garelako eta herrian bertan elkarrekin lan egiteko aukera izateak asko pozten gaituelako”. Obraren abiapuntua wolframaren ikurra den W-a izan da, baina hasieratik argi izan zuten ez zutela historia modu literalean irudikatu nahi. Horren ordez, bakoitzak bere hizkuntzatik lan egin du: Oregik figurazioa landu du, Elhuyar anaiei eta aurkikuntzaren historiari erreferentzia eginez, eta Larrañagak, berriz, forma, plano, kolore eta konposizioen bidezko zati abstraktua. “Historia abiapuntu izanda ere, emaitzak izaera garaikidea izatea nahi genuen”, azaldu dute.

Bi artistek nabarmendu dutenez, muralak ez du jada soilik haiena izan nahi: “lekuaren parte bihurtzen da, hemendik pasatzen den jendearena, herritarrena, egunero ikusiko dutenena”.

Urtero zientziaren, ondarearen eta talentuaren inguruan elkartzeko hitzordua

Lehen edizio honekin, Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak urtero errepikatzeko asmoa duen ospakizuna jarri dute abian, zientzia, ondarea eta talentua uztartzen dituen egun berezi bat antolatuta: Wolframaren Eguna.

1783ko irailaren 28an, Elhuyar anaiek wolframita izeneko mineraletik abiatuta ordura arte ezezaguna zen elementu kimiko bat isolatzea lortu zuten Bergaran. 243 urte geroago, udalerriak data hori baliatu du gertakari historiko hura gogoratzeko, baina baita Bergararen nortasunaren parte den tradizio zientifikoa balioan jartzeko eta belaunaldi berrietara transmititzeko.

Horrela, Wolframaren Eguna, gaurtik aurrera, Bergarako egutegian txertatuta gelditu da, eta datozen edizioetan hazten eta jarduera berriak gehitzen joateko asmoarekin hasi du bere ibilbidea; historia, ezagutza, artea eta etorkizuna lotuko dituen hitzordu gisa.


Scroll to Top