Iristear da abuztuko oporraldia eta, horrekin batera, Laboratorium Museoak bisita gidatuen programa indartuko du, Bergara eta haren ondarea ezagutzeko aukera gehiago eskainiz. Hilabete osoan zehar, bisitariek Museoak eskaintzen dituen ibilbideen artean aukeratu ahal izango dute, herriaren historian, istorioetan eta ezkutuko altxorretan barneratzeko.
Hiru bisita gidatu desberdin egongo dira: museoko bisita gidatua, Bergara Monumentala eta herriko lorategi historikoen bisita. Lehenengoan, Laboratoriumeko erakusketa iraunkorra eta Bergarako Errege Mintegiaren ondare zientifikoa ezagutuko dituzte; bigarrenean, hirigune historikoko eraikin, plaza eta elizen historian murgilduko dira; eta hirugarrenean, Bergarako lorategi historikoen balioa eta haien bilakaera ezagutzeko aukera izango dute.
Bisita gidatu horiek egunero egingo dira abuztuan. Astelehenetik ostiralera 13:00etan izango dira; igande eta jaiegunetan, 12:00etan; eta larunbatetan, ohiko bi saioak mantenduko dira, 11:00etan eta 12:30ean. Bisita guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da gutxienez egun bat lehenago izena ematea, 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita.
Erreserba egiten duen lehenengo pertsonak aukeratuko ditu bisita mota eta hizkuntza, ondorioz, ordu-tarte horretako bisita haren aukeraren araberakoa izango da.

Abuztuko beste ekintza batzuk
Bisita gidatu hauetaz gain, abuztuan beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera ere izango da Laboratoriumen. Ohi bezala, hilabeteko lehen larunbatean, abuztuaren 1ean, Escape the Museum ihes-jokoa programatu da. Espioitza zientifikoko abentura honetan, parte-hartzaileak Juan Jose Elhuyarren garaiko espioi bihurtuko dira, erronkak gainditu eta mezu zifratuak deszifratuz.
Bestalde, abuztuaren 8an Olaso Dorrea ezagutzeko bisitak antolatu dira, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Horrez gain, abuztuaren 29an ere, Olaso Dorrea ezagutzeko bisita egingo da 11:00etan, eta egun berean San Pedro de Ariznoako elizara bisita gidatua egiteko aukera ere izango da. Jarduera horietan parte hartzeko aurrez erreserbatu beharko da Laboratoriumen.

Museoa egunero zabalik udan
Abuztuan zehar, Laboratorium egunero egongo da zabalik. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekiko ditu ateak; igande eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara.
Bisitariek museoko erakusketa iraunkorra bisitatzeko aukera izango dute. Bergarako Errege Seminarioaren ondare zientifikoan oinarrituta, museoak zientziaren historian mugarri izan ziren aurkikuntzak, bilduma zientifikoak eta esperientzia interaktiboak eskaintzen ditu, publiko guztientzat.
Horrez gain, W74: Arrazoia, Boterea eta Etorkizuna aldi baterako erakusketa ere dago ikusgai. Esperientzia artistiko eta murgiltzaile honek wolframaren iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen ditu, elementu horrek zientzian, industrian eta gizartean izan duen eragina ikuspegi garaikide batetik aztertuz.
Irailean itzuliko dira W74 erakusketaren bisita gidatuak
Abuztuan etenaldia egingo badute ere, irailetik aurrera berriro eskainiko dira W74: Arrazoia, Boterea eta Etorkizuna erakusketara bisita gidatuak. Ostiralero, 11:00etan, egingo dira, eta gaian espezializatutako gida baten eskutik edukietan sakontzeko aukera eskainiko da.
Bisita gidatu hauetan, parte-hartzaileek espioitza zientifikoaren, boterearen eta wolframaren inguruan eraikitako kontakizunean murgilduko dira. Erakusketako piezak eta instalazio artistikoak testuinguruan ulertzeko aukera izango dute, eta esperientzia murgiltzaileak planteatzen dituen galdera eta gogoetak gidaren azalpenekin osatuko dituzte.

