Laboratorium Museoaren albisteak

Zabalik da “Bergaran Artea eta Zientzia uztartuz” ilustrazio zientifikoko tailerrerako izen-ematea

Ikastaroaren hamaikagarren edizioa urriaren 10ean eta 11n – larunbat eta igande – egingo da Laboratorium Museoan, Laura Gonzalez ilustratzaile zientifikoaren gidaritzapean eta NorArte Visual Science estudioaren laguntzarekin. Lantegia maila guztietako helduei zuzenduta dago eta ortuko botanika landuko dute parte hartzaileek aurtengoan.

Laboratorium Museoak eta Bergarako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta bEArt elkartearekin elkarlanean, urriaren 10ean – larunbata 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 – eta 11n – igandea 10:00-14:00 – museoan egingo den “Artea eta Zientzia uztartuz” ilustrazio zientifikoko tailerraren edizio berri batean izena emateko epea ireki dute. Ekintza ZTBk (Zientzia, Teknologia, Berrikuntza) urte osoan garatzen duen programaren barnean kokatzen da.

Lantegiaren hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa eta ortuko botanika landuko da. Ikastaroak parte hartzaileei aukera emango die ilustrazio zientifikora hurbiltzeko, hainbat landare-espezie eta -elementu behatuz eta irudikatuz, tinta txinatarraren eta koloretako arkatzen bitartez. Tailerraren gidaria eta irakaslea, lehen aldiz, Laura Gonzalez ilustratzaile zientifikoa izango da, NorArte Visual Science estudioaren laguntzarekin. 

“Jarduera maila guztietako helduei zuzenduta dago, eta, beraz, ez da beharrezkoa aurretik ilustrazio zientifikoan esperientzia izatea. Belar-orri gisa prentsatutako eta lehortutako baratze-landareekin egingo da lan, erreferentziazko argazkiekin batera. Lehenengo egunean marrazketa eta konposizioa landuko ditugu eta bigarren egunean kolorearen teknikaren inguruan arituko gara. Gainera, saio bakoitzean, labore-barietateen garrantzia landuko da, eta, baita emakumeek historian zehar ilustrazio zientifikoan izan duten papera”,  azaldu du Laura Gonzalezek tailerraren gidariak.

“Hamaika edizio ez dira kasualitatez betetzen. Urte hauetan guztietan, “Bergaran Artea eta Zientzia uztartuz” tailerra, ilustrazio zientifikoa ezagutzeko eta praktikatzeko erreferentziazko hitzordu bilakatu da Bergaran. Artea eta zientzia elkarren artean harremanetan jartzeko eta esperimentatzeko espazio bat eskaintzea da ziklo honen helburu nagusietako bat, eta aurten ere, naturaren behaketa eta sorkuntza artistikoa uztartuz, bide horretan sakontzen jarraituko dugu”, nabarmendu du Rosa Errazkinek, Laboratorium Museoko zuzendariak.

Interesa duen pertsona orok, izen-ematea Laboratorium Museoaren webgunean – www.laboratorium.eus – eskuragarri ipini den formularioa beteta gauzatu behar du. Ikastarorako dagoen plaza kopurua mugatua da, 20 guztira, eta izen ematea zabalik egongo da plazak bete arte. Prezioa 20 eurokoa da, mateariala barne. 

“Bergaran artea eta zientzia uztartuz” zikloaren edizio berri honekin, Laboratorium Museoak eta Bergarako Udalak ilustrazio zientifikoa publiko desberdinengana hurbiltzen eta Bergara dibulgazio zientifikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko topagune gisa finkatzen jarraitu nahi dute. 

Laura González Hernandez

Laura González Hernández biologoa eta ilustratzaile zientifikoa da, botanikan espezializatua. Zientzia, artea eta dibulgazioa uztartzen ditu bere lanean. Hainbat erakunde zientifikorekin eta akademikorekin aritu da lankidetzan, hala nola Madrilgo Errege Lorategi Botanikoarekin (CSIC) – “Artea eta Emakumeak Botanikan” tailerraren gidaritzapean – eta Leongo Unibertsitatearekin. 

Halaber, HaziBiziArtea proiektuaren sustatzailea da, Euskal Herriko laborantza barietate tradizionalak ilustratzeko eta horiei balioa emateko egitasmoa.  

NorArte Visual Science

NorArte Visual Science, 2011n sortutako estudioa, dibulgazio eta komunikazio zientifikoan espezializatua, ilustrazio, animazio eta infografia zientifikoen bidez. Ilustrazio zientifikoko lanetan aritzen dira, besteak beste, herbario-pliegoen eta espezie erregistroen arloan.


Scroll to Top