29 haur eta gaztek parte hartu dute Laboratorium Museoaren Udaleku Zientifikoetan eta Kanpus Teknologikoan, zientzia eta teknologia esperimentazioaren bidez ezagutuz
Bergarako Laboratorium Museoak amaiera eman dio haur eta gazteei espreski bideratutako aurtengo udako hezkuntza eskaintzari, ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean garatutako bi ekimenekin: Udaleku Zientifikoak (8-11 urte) eta Kanpus Teknologikoa (12-14 urte), azken hau Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroaren gidaritzapean.
Guztira, 29 pertsonek hartu dute parte bi programetan, eta egiten den balorazio “oso positiboa” da, parte-hartzeari zein bizitako esperientziak kontuan hartuta.
Bi astez, zientzialari
Udaleku Zientifikoetan 16 haurrek hartu dute parte eta bi astez zientziaren hainbat arlo ezagutzeko aukera izan dute esperimentazioaren bidez. Astronomia, paleontologia, kimika, biologia, fisika, matematika, ingeniaritza eta zientzia-ilustrazioa landu dituzte, azken hau zianotipiaren teknikaren bidez.
Saio arrakastatsuenen artean astronomiari eskainitakoa nabarmendu da, abuztuko eguzki-eklipseak piztu duen jakin-minagatik. Interes handia sortu du, halaber, paleontologiaren jardunaldiak, izan ere, Joxeba Larrañaga adituarekin benetako fosilak ikusi, ukitu eta aztertzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, ondoren fosilak lantzeko tailer praktiko batean parte hartuz. Bi asteotan, gainera, hasieran elkar ezagutzen ez zuten haur askok harremanak eraiki dituzte. Talde sendoa osatu dute eta giro aparta sortu da jarduera guztietan.
Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariaren hitzetan, lehen edizio honek aurreikuspenak gainditu ditu. “Haurrek galdetzeko, probatzeko eta esperimentatzeko askatasuna izan dute, eta horrek zientziaren oinarrizko kontzeptuak modu naturalean barneratzen lagundu die”, azpimarratu du.
Jarduera guztietan metodo zientifikoa izan da lan egiteko oinarria: hipotesiak planteatu, esperimentuak egin eta emaitzak aztertu dituzte. Horrela, zientzia ez dute eduki teoriko gisa soilik ulertu, baizik eta galderak egiteko eta erantzunak bilatzeko tresna gisa.
Era berean, udaleku guztia euskaraz garatu da, eta emakume zientzialari nahiz ilustratzaile zientifikoen lana ere balioan jarri da, parte-hartzaileek askotariko erreferenteak ezagutzeko aukera izan dezaten. Azken egunean, haurrek museoan bertan bi asteotan egindako lana erakutsi dute, eta familiek eta lagunek erakusketa bisitatzeko aukera izan dute, udalekuetako bizipenak partekatu eta esperientziari amaiera emanez.

Diseinatu, sortu eta eraiki teknologiarekin
Bestalde, Kanpus Teknologikoan 13 gaztek hartu dute parte. Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroaren gidaritzapean garatutako hirugarren edizio honetan, bost egunez proiektu teknologiko praktikoak garatu dituzte.
Beste hainbat proiekturen artean, robot-kotxeak programatu dituzte lasterketak egiteko, tornua eta laser bidezko ebaketa erabiliz erlojuak fabrikatu dituzte, eta museo baten maketa eraiki dute, alarma-sistema batekin hornituta.
Oihana Garmendia Miguel Altunako Kanpuseko arduradunaren esanetan, talde-lana izan da kanpusaren ardatz nagusietako bat. “Proiektu guztiek elkarlana eskatu dute. Une batzuetan desadostasunak edo antolaketa-zailtasunak sortu badira ere, egoera horiek komunikazioa, koordinazioa eta arazoen ebazpena lantzeko aukera bihurtu dira”, azpimarratu du.
Kanpusaren arrakastaren erakusgarri da parte-hartzaile batzuek hiru edizioetan parte hartu izana, urtez urte berriro izena emanez. Horrez gain, lehen edizioan parte hartu zuen gazteetako batek aurten Miguel Altunako Lanbide Heziketan hasi ditu ikasketak, eta aurtengo parte-hartzaile askok ere datorren urtean itzultzeko asmoa azaldu dute. Antolatzaileen ustez, kanpusaren helburua ez da ezagutza teknologikoak transmititzea soilik, baizik eta sormena, lankidetza, autonomia, erantzukizuna eta arazoak konpontzeko gaitasuna bezalako balioak ere sustatzea.

Bergarako udako erreferente
Lehen Udaleku Zientifikoen arrakastak eta Kanpus Teknologikoaren hirugarren edizioaren sendotzeak agerian utzi dute Laboratorium Museoa Bergarako udako hezkuntza-eskaintzaren erreferente bihurtzen ari dela. Antolatzaileak dagoeneko datorren urteko edizioari begira lanean hasiko dira, eskaintza erreferente gisa finkatzeko eta parte-hartzea handitzen jarraitzeko helburuarekin.
