Zertarako balio du etorkizunak?
“Gure ezagutza oro iraganari buruzkoa da, baina gure erabaki guztiak, berriz, etorkizunari buruzkoak” esan zuen behin Gregory Benford zientzia-fikzioa generoan aritutako idazleak. Hala ere, errealitatean, etorkizuna ez dugu gure erabakien arabera gauzatzen den zerbait balitz bezala hartzen, denboran nolabaiteko leku gisa baizik, nahikoa hurbiltzen garenean modu espontaneoan agertuko dena; eta gutxitan hautatzen dugu kontzienteki bertara eramango gaituen bidea.
1. irudia: aldaketak bizi ditugu, onartu ere ezin dugun abiaduran. (Argazkia: jingoba – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay)Eta hori, praktikan, autobidean gidaririk gabe bidaiatzearen parekoa da, seinaleei jaramonik egin gabe eta gure bidaiaren helmuga zein izango den erabaki gabe. Baliteke dena hain azkar joatea non ezin dugun antzeman kilometroek aurrera egiten dutela begiratzen ez dugun leiho batetik?
Baina, “zalantzazko” patua izateaz gain ―etorkizunak ematen dizkigun pistak antzematen jakiten badugu hain zalantzazkoa ez den arren―, etorkizunak ia inoiz kontuan izaten ez dugun funtzio bat bete dezake; izan ere, tresna bat izan daiteke. Horren adibide argi bat zientzian ikus dezakegu: aurkikuntza, ikerketa… Ezinezkoak dira geure burua etorkizunean kokatzen ez badugu, ez badugu helbururik edo xederik.
Gizateriaren historian zehar, garai bakoitzak etorkizuna bere modura imajinatu du. Tamalez, gure garaiaren kasuan nahiko itxura ospela du, baina ez da beti horrela izan. Neure buruari galdetzen diot ea neurri batean etorkizunaren ikuspegi horrek badaukan loturarik XX. mendearen erdialdean zientziak berarekin ekarri zituen desengainuekin, hala nola bonba atomikoa edo espazioa konkistatzeko agintzarekin; izan ere, azkeneko hori desagertu egin zen herrialde batek gailentzen zela erakutsi zuenean eta horrek buruan maiz planeta anitzeko gizateria globalaren ideia erabiltzen zutenen ametsak zapuztu zituen.
2. irudia: Bill Andersek Lurraren lehen argazkietako bat hartu zuen Ilargitik 1968ko abenduaren 24an, Apollo 8 misioan. Gaur egun, oraindik ere, gizateriak zerbait eskuratu nahi duenean lortu dezakeenaren eredu da. (Argazkia: Bill Anders. Iturria: NASA)Aurrerapen zientifikoen ondorioz egungoa gure espeziearen une emankorrenetariko bat izan arren, badirudi zientziarekin gero eta gutxiago fidatzen garela ―edo, besterik gabe, agian Internetek indar gehiegi ematen die gehiengoarenak izan beharrean burrunbatsuak diren ahotsei―.
Egunero, gutako askok zur eta lur ikusten dugu milaka urte daramatzaten egiaztatutako gertakariak zalantzan jartzen direla, hala nola Lurraren esferikotasuna; edo, bestela, XXI. mende betean, eta eskutan smartphone bat dugula ―arlo askotan hamarkadetako garapen zientifikorik gabe funtzionatuko ez lukeen objektua―, badira datu eta lege zientifikoak iritzi kontua direla uste duten pertsonak. Hortaz, deigarria da duela ez hainbeste, zientziaren lorpenak eta frogak egungoak baino lausoagoak zirenean, zientziarengan genuen konfiantza askoz handiagoa zela. Edo, beharbada, ez da hain deigarria. XIX. mendearen amaieran jaiotako norbait lasai asko bizi zitekeen argindarrik gabe, telefonorik gabe, irratirik gabe, autorik gabe, baita haurtzaroan bere anai-arreba gehienak hiltzen ikusi ere… eta egungo munduan hil zitekeen, non gaixotasunak errotik kentzen diren, planetako puntutik puntura berehalako komunikazioa dugun eta Ilargira iristea lortu dugun. Egoera ikusita, nola ez dugu zientzian sinetsiko?
3. irudia: motordun lehen hegaldia Wright anaien eskutik egin zen, 1903an. XIX. mendearen amaieran jaiotakoek lehenengo hegazkinaren garapena eta ilargira iristeko unea bizitzeko aukera izan zuten. Iturria: jabetza publikoa (Argazkia: John T. Daniels – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Hura izan zen pentsamendu zientifikoaren une ederrenetako ―eta eroenetako― bat; hots, zientziaren eta teknologiaren lehen aurrerapen modernoak “estreinatu” zituena, jostailu berrien antzera. Haurren antzera. Nahiko luze iraun zuen, gutxienez XX. mendeko 50eko edo 60ko hamarkadetara arte, non inoiz ez bezala etorkizuna irudikatu zen… Distopia alde batera uztean askori burura etortzen zaigun etorkizuna: auto hegalariak, domotika, automatizazioa, fusio-energia edo hyperloop-a… Non geratu zen hori guztia? Ba, hala ez dirudien arren, edonon dago.
4. irudia: eta ez pentsa orain arte auto hegalaririk asmatu ez denik. Modern Mechanics aldizkariaren 1933ko urtarrileko alean saiakeraren bat aipatu zen, baina praktikan ez ziren oso bideragarriak. Iturria: eskubiderik gabea. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Hasieran aipatu bezala, etorkizuna erabaki bat da, eta ikuspegi batzuekin aurrera egitea erabakitzen dugu, eta, beste batzuekin, berriz, ez da hori gertatzen. Beste kontu bat da horren zergatia edo atzean egon daitezkeen interesak zein diren. Beste batzuetan, berriz, ezintasun tekniko bat da arrazoia. Iraganeko etorkizun horietan erreakzio hegazkinak, satelite geoestazionarioak eta xurgagailu robotikoak aipatu ziren, bai eta komunikazio sare globalak, ordenagailu eta telefono eramangarriak ere… Baina agian horretara oso ohituta gaude eta ez gaitu gure autoak zerua zeharkatzeak bezainbeste harritzen. Ziur? Auto hegalariak edonon aurki daitezkeen munduan biziko bagina, miresgarriak izango lirateke?
Etorkizuna imajinatzea posible izan litekeen oro imajinatzea da, besterik gabe. Ez da egiantzeko egoera izan behar, egoera posiblea baizik, eta, horren bidez, memoria kolektiboan bideak ireki behar dira, garapen zientifikoa eta teknologikoa bideratzeko unea iristen denean bidean aurrera egin ahal izateko. Batzuetan ez gara une horretara iristen, eta beste batzuetan, berriz, beste bide batzuk hartzen ditugu, baina behin imajinatutakoa, modu batera edo bestera, gauzatu egin da. Hortaz, honako galdera hau planteatzea besterik ez zaigu geratzen: egia bihurtuko dela jakingo bagenu, zientziak zein etorkizunekin amets egitea nahiko genuke?
Erreferentzia bibliografikoak:Benford, G. (2010). The wonderful future that never was. Hearst Books.
Gil, J. M. eta Polanco Masa, A. (2017). Aviones bizarros. Los aparatos más asombrosos de la historia de la aviación. Glyphos.
Egileaz:Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 16an: ¿Para qué sirve el futuro?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zertarako balio du etorkizunak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurreko bizitza gehiena lozorrotuta dago
Mikrobio eta zelula asko lo sakonean daude, aktibatzeko une egokiaren zain. Biologoek deskubritu dute zelula batean jarduera bat-batean geldiarazten duen eta arintasun berarekin berriro aktibatzen duen proteina oso hedatu bat.
Duela gutxi jakinarazi da Balon izeneko proteinaren deskubrimendua. Proteina hori gai da proteina berrien zelula ekoizpena erabat gelditzeko. Balon permafrost artikoan hibernatzen duten bakterioetan aurkitu da, baina badirudi beste organismo askok ere ekoizten dutela eta bizitzaren zuhaitz osoan alde batera utzi den lozorro mekanismo bat izan daitekeela.
1. irudia: zailtasunen aurrean, mikrobio asko inaktibatu egiten dira. Ikerketa berri batean, zelula baten proteina ekoizpena istant batean gelditzen duen proteina nonahiko bat deskubritu da. Argazkia: Nico Roper – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Bizi forma gehienentzat, isolatzeko gaitasuna bizirauteko funtsezko ahalmena da. Izan ere, edozein unetan aurre egin behar izaten diete elikagaien gabezia edo klima hotza bezalako baldintza gogorrei. Eta zorigaiztoko egoera horietan, etsi eta hil ordez, organismo askok lozorroaren artea menperatu dute. Beren jarduera eta metabolismoa moteltzen dituzte. Eta garai hobeak datozenean, biziberritzen dira.
Baina, benetan, egoera latentean egotea Lurreko bizitza gehienaren ohikotasuna da: estimazio batzuen arabera, zelula mikrobiano guztien % 60 hibernatzen ari dira une jakin batean. Zenbait organismotan, ez da gorputz osoa inaktibatzen (hala nola, ugaztun gehienetan), baina zenbait zelula populaziok atseden hartzen duten beren baitan, eta aktibatzeko une egokiaren zain geratzen dira.
«Lozorrotuta dagoen planeta batean bizi gara», adierazi du Sergey Melnikovek, Newcastleko Unibertsitateko biologo molekular ebolutiboak. «Bizitza, nagusiki, lo egotean datza».
Baina, nola da posible zelulek hori egitea? Urteetan zehar, ikertzaileek «hibernazio faktore» batzuk deskubritu dituzte, zelulek egoera latentea eragiteko eta mantentzeko erabiltzen dituzten proteinak. Zelula batek aurkako baldintza motaren bat detektatzen duenean (hala nola, gosea edo hotza), hibernazio faktoreen multzo bat ekoizten du, bere metabolismoa geldiarazteko.
Hibernazio faktore batzuek makineria zelularra eraisten dute; beste batzuek geneak adieraz daitezela eragozten dute. Garrantzitsuenek, aldiz, erribosoma desaktibatzen dute, proteina berriak eraikitzeko makina zelularra. Proteinen ekoizpenak hazkuntza prozesuan dagoen zelula bakteriano baten energia erabileraren % 50 baino gehiago hartzen du. Hibernazio faktore horiek harea botatzen dute erribosomaren engranajeetan, proteina berriak sintetiza ditzala eragotziz, eta, horrela, bizirauteko oinarrizko beharretarako energia gordetzen dute.
Urte honen hasieran, Nature aldizkariko argitalpen batean, ikertzaileek talde batek jakinarazi du hibernazio faktore berri bat deskubritu dutela, eta Balon jarri diote izena. Harrigarria bada ere, proteina oso arrunta da: haren sekuentzia genetikoaren bilaketa egiterakoak deskubritu zen sailkatutako genoma bakteriano guztien % 20an dagoela. Eta biologo molekularrek orain arte ikusi ez duten moduan funtzionatzen du.
Orain arte, erribosomak alteratzen zituzten hibernazio-faktore ezagun guztiek pasiboki funtzionatzen zuten: erribosoma batek proteina bat eraikitzen amaitu arte itxaroten zuten, eta gero proteina berri batekin hastea eragozten zioten. Balonek, berriz, esku balazta erabiltzen du. Zelularen erribosoma bakoitzean sartzen da, baita lanean ari diren erribosoma aktiboak oztopatzen baditu ere. Balonen aurretik, hibernazio faktoreak erribosoma hutsetan besterik ez ziren hauteman.
«Baloni buruzko artikulua xehetasunez beteta dago», komentatu du Jay Lennon biologo ebolutiboak, Indianako Unibertsitatean latentzia mikrobianoa aztertzen duenak (hark ez du ikerketan parte hartu). «Lozorroaren funtzionamenduari buruzko gure ikuspegia zabalduko du».
2. irudia: Karla Helena-Buenok hibernazio faktore arrunt bat deskubritu zuen nahi gabe Artikoko bakterio bat izotzetan denbora luzeegiaz utzi zuenean. «Naturan gutxi aztertutako txoko bat bilatzen saiatu nintzen, eta zerbait aurkitu nuen», adierazten du. (Argazkia: Karla Helena-Bueno – Copyright lizentziapea. Iturria: Quanta Magazine)Melnikovek eta haren graduondoko ikasle Karla Helena-Buenok Balon deskubritu zuten Psychrobacter urativorans bakterioan; bakterio hori hotzera egokituta dago, izoztutako lurzoruetakoa baita, permafrost artikoan bildutakoa. (Melnikoven arabera, bakterioa lehen aldiz aurkitu zen 1970eko hamarkadan, izoztutako saltxitxa pakete bat infektatzen ari zela; eta, ondoren, berriro deskubritu zuen Craig Venter genetista famatuak Artikora eginiko bidaia batean). P. urativorans eta arruntak ez diren bestelako mikrobioak aztertzen dituzte, bizitzaren espektro zabalean erabiltzen diren proteinak eraikitzeko tresnen aniztasuna karakterizatzeko, eta ulertzeko nola egoki daitezkeen erribosomak muturreko inguruneetara.
Lozorrua hainbat baldintzek eragin dezakete, hala nola goseak eta lehorteek. Hori dela eta, zientzialariek ikerketa egiten ari dira helburu praktiko bat buruan dutela: «Baliteke ezagutza horiek gerora erabili ahal izatea klima epelagoetara egoki daitezkeen organismoak diseinatzeko», adierazi du Melnikovek. «Eta, beraz, klima aldaketara egoki daitezkeenak ere bai».}«Eta, beraz, klima aldaketara egoki daitezkeenak ere bai».
Hona hemen: BalonHelena-Buenok kasualitatez deskubritu zuen Balon. P. urativorans konbentzitzen saiatzen ari zen, laborategian poz-pozik haz zedin. Baina, aitzitik, kontrakoa egin zuen. Kultiboa izotz kubo batean utzi zuen denbora luzeegiz, eta hotz kolpe bat aplikatzea lortu zuen. Bertan utzi zuela gogoratu zuenean, hotzera egokitutako bakterioak lozorroan zeuden jada.
Kultiboa alferrik ez galtzeko, ikertzaileek jatorrizko interesen bidean jarraitu zuten. Helena-Buenok hitzak eragindako bakterioetako erribosomak atera zituen eta cio-EM teknikaren pean jarri zituen. Crio-Em (mikroskopia elektroniko kriogenikoaren laburdura) egitura biologiko ñimiñoak bereizmen handian ikusteko teknika bat da. Helena-Buenok proteina trabatu bat ikusi zuen paralizatutako erribosomaren A lekuan, proteina berriak eraikitzeko aminoazidoak entregatzen diren «atean».
Helena-Buenok eta Melnikovek ez zuten proteina ezagutu. Izan ere, ordura arte inork ez zuen deskribatu. Beste proteina bakteriano baten antzekoa zen, erribosomaren atalak desmuntatu eta birziklatzeko garrantzitsua dena, hain zuzen; eta proteina hori Pelota deitzen da, gaztelaniazko terminoagatik. Eta horregatik deitu zioten Balon proteina berriari, “pelota”ren gaztelaniazko homonimo den “balón” hitzarengatik.
Balonek erribosomaren jarduera geldiarazteko duen gaitasuna egokitzapen kritikoa da estrespean dagoen mikrobio batentzat; halaxe azaldu du Mee-Ngan Frances Yapek, ikerketan parte hartu ez duen Northwesterneko Unibertsitateko mikrobiologoak. «Bakterioak aktiboki hazten direnean, RNA eta erribosoma asko ekoizten dituzte», adierazi du. «Estresatuta dagoenean, espezie batek itzulpen prozesua geldiarazteko beharra izan dezake», hain zuzen ere, RNA proteina berri bihurtzeko prozesua. Horrela, energia gorde ahal izango luke luzea izan daitekeen hibernatze aldirako.
Harritzekoa bada ere, Balonen mekanismoa prozesu itzulgarria da. Beste hibernatze faktore batzuk ez bezala, hazkuntza geldiarazteko sartu eta, ondoren, arin batean atera daiteke kasete zinta batekin. Ahalbidetzen du zelula bat arin sar dadila lozorro egoeran larrialdi baten aurrean, eta arintasun berarekin itzul ahal izan dadila bizitzara, baldintza hobeetara berregokitzeko.
Balonek gaitasun hori du erribosometara modu bitxian itsasten delako. Aurretik deskubritutako hibernatze faktore erribosomiko guztiek erribosomaren A lekua fisikoki blokeatzen dute. Hori dela eta, proteinak ekoizteko prozesuak abian badaude, horiek amaitu arte itxaron behar da faktorea elkartu ahal izateko, erribosoma desaktibatze aldera. Balon, berriz, kanaletik gertu jartzen da, baina ez hartan zehar. Hortaz, modu independentean mugi daiteke, erribosoma egiten ari dena alde batera utzita.
Balonen berritasun mekaniko hori gorabehera, proteina arrunt-arrunta da. Identifikatu ondoren, Helena-Buenok eta Melnikovek Balonen ahaide genetikoak aurkitu zituzten datu base publikoetan sailkatutako genoma bakterianoen % 20an. Texaseko Unibertsitateko Medikuntza Adarreko biologo molekular Mariia Rybaken laguntzarekin, proteina bakteriano alternatibo horietako bi karakterizatu zituzten: Mycobacterium tuberculosis giza patogenoaren bat, tuberkulosia eragiten duena; eta Thermus thermophilusen beste bat, P. urativorans aurkituko genukeen azken lekuan bizi dena, hau da, itsaspeko iturri hidrotermal ultraberoetan. Bi proteinak erribosomaren A lekuan elkartzen dira, halaber; eta horrek esan nahi du ahaide genetiko horietako batzuek, gutxienez, Balonen antzeko jokabidea dutela beste espezie bakteriano batzuetan.
Aitzitik, Balon ez da aurkitu Escherichia coli eta Staphylococcus aureus bakterioetan. Horiek dira zelulen lozorrorako gehien erabiltzen diren ereduak eta gehien aztertzen diren bakterio arruntenak. Laborategiko organismo gutxi batzuetan zentratzean, zientzialariek hibernatze taktika orokortu bat baztertuta utzi zuten, Helena-Buenoren hitzetan. «Naturan gutxi aztertutako txoko bat bilatzen saiatu nintzen, eta zerbait aurkitu nuen».
Mundu guztiak hibernatzen duZelula guztiek behar dute lozorroan egoteko gaitasuna, beren unearen zain. Melnikovek azaldu du E. coli bakterioaren laborategiko ereduak hibernatzeko bost modu ezberdin dituela, eta guztiak direla indibidualki mikrobioak krisi batean bizirauteko nahikoa.
«Mikrobio gehienak gosez hiltzen ari dira», adierazi du Lyongo Unibertsitateko Ashley Shade mikrobiologoak (hark ez du ikerketan parte hartu). “Premia egoera batean existitzen dira. Ez dira bikoizten ari. Ez dira beren bizitzarik onena bizitzen ari”.
Baina lozorroa ere beharrezkoa da gose aldietatik harago. Zenbait organismotan, ez da gorputz osoa inaktibatzen (hala nola, ugaztun gehienetan), baina, hala ere, zenbait zelula populazio aktibatzeko une egokiaren zain geratzen dira. Giza obozitoak inaktibo mantentzen dira hamarkadetan, ernalketarako zain. Gizakion ama zelulak hezur-muinean jaio eta inaktibo mantentzen dira, gorputzak deitzeko zain, orduan hazi eta bereizteko. Nerbio ehuneko fibroblastoak, immunitate sistemako linfozitoak eta gibeleko hepatozitoak fase latenteetan sartzen dira, inaktibo eta dibisiorik gabe, eta aurrerago berraktibatzen dira.
«Ez da bakterio edo arkeoen ezaugarri esklusiboa», adierazi du Lennonek. “Bizitzaren zuhaitzeko organismo guztiek dute estrategia hori lortzeko modu bat. Beren metabolismoa geldiaraz dezakete”.
Hartzek hibernatzen dute. Herpesaren birusak lisogenizatzen dira. Zizareek dauer etapa bat dute. Intsektuak diapausan sartzen dira. Anfibioek estibazioa egiten dute. Txoriak logalean. Eta hitz guzti horiek gauza bera adierazten dute: lozorro egoera bat, organismoek baldintza hobeak daudenean aldatu dezaketena.
«Hibernazioa asmatu aurretik, bizirauteko modu bakarra hazten jarraitzea zen, etenik gabe», azaldu du Melnikovek. “Bizitza pausan jartzea luxua da”.
Baita seguru mota bat ere populazio mailan. Zelula batzuek lozorro egoera bilatzen dute ingurunean aldaketak detektatuta eta horiei erantzuteko. Hala ere, bakterio askok estrategia estokastikoa erabiltzen dute. «Ausaz fluktuatzen duten inguruneetan, batzuetan, lozorro egoeran sartu ezean, populazio osoa desager liteke» hondamendiekiko ausazko topaketen ondorioz, azaldu du Lennonek. Are E. coli kultibo osasuntsu, alai eta hazkuntza arinekoenetan ere, zelulen % 5 eta % 10 artean inaktibo mantentzen dira. Horiek dira biziko direnak beren lehengusu aktiboago eta zaurgarriagoei zerbait gertatzen bazaie.
Zentzu horretan, lozorroa hondamendi globaletan bizirauteko estrategia da. Eta horregatik ari da Helena-Bueno hibernazioa ikertzen. Jakin nahi du zein espezie manten liratekeen egonkor klima aldaketa gorabehera, zeintzuk izango luketen berreskuratzeko aukera, eta zein prozesu zelularrek —hala nola Balonek bultzatutako hibernazioa— lagun zezaketen horretarako.
Melnikovek eta Helena-Buenok espero dute Balonen deskubrimenduak eta haren ubikuitateak jendeari lagun diezaioten bizitzan garrantzitsua dena birplanteatzen. Guztiak inaktibatzen gara askotan, eta askok benetan gozatzen dugu egoera horretaz. «Bizitzaren herena ematen dugu lotan, baina ez dugu horri buruz hitz egiten», komentatu du Melnikovek. Lotan gaudenean galtzen ari garenaz kezkatu beharrean, Lurreko bizitza guztiarekin konektatzen gaituen prozesua dela pentsa dezakegu, Artikoko permafrostaren sakontasunean lotan dauden mikrobioekin ere bai.
Jatorrizko artikulua:Dan Samorodnitsky (2024). Most Life on Earth Is Dormant, After Pulling an ‘Emergency Brake’, Quanta Magazine, 2024ko ekainaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Lurreko bizitza gehiena lozorrotuta dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #502
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AntropologiaEuskal kobazuloen ikerketa batek iradokitzen du Paleolitoko labar arteak funtzio anitz zituela. Metodo konputazionalen erabilera konbinatua erabili dute UPV/EHUko ikertzaileek, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika. Teknika horien bidez, Madeleine aldiko labar-irudiak lau klusterretan biltzen direla egiaztatu dute. Ikerketak tekniken eta kokapenen aldakortasuna nabarmentzen du, sakoneraren arabera haitzuloen erabilera desberdinak adieraziz. Informazio guztia Kaieran.
NeurozientziaZientzialariek Drosophila melanogaster ozpin- euli heldu baten garun osoaren mapa egin dute: 140.000 neuronaz eta 50 milioi konexio baino gehiagoz osatua. Nature aldizkarian argitaratu dute, eta 300 ikertzailek hartu dute parte proiektuan, eta adimen artifizialeko 21 milioi irudi eta eredu erabili dituzte 3Dko mapa zehatza egiteko. Aurrerapen horri esker, hobeto aztertu ahal izango dira garunaren funtzionamendua eta gaixotasun neurologikoak. Gainera, 8.400 zelula-mota baino gehiago identifikatu dituzte eta horietatik 4.581 berriak dira. Datu-basea modu irekian dago eskuragarri beste ikertzaile batzuentzat. Datuak Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaVictor Ambros eta Gary Ruvkun biologoek jasoko dute 2024ko Medikuntzako Nobel saria, mikroRNAk eta geneen transkripzio osteko erregulazioan duten funtzioa aurkitzeagatik. RNA txiki horiek gene-jarduera erregulatzen dute, zelula mota desberdinak behar bezala gara daitezen ahalbidetuz. Caenorhabditis elegans zizarearekin egindako ikerketek erakutsi zuten nola mikroRNAek gene gakoen aktibazio denborak erregulatzen dituzten. Hasieran komunitate zientifikoan oihartzunik izan ez bazuten ere, 2000n baieztatu zen mikroRNAek zeregin unibertsala dutela organismo zelulanitzetan. Haren funtzionamendu txarrak minbizia bezalako gaixotasunak eragin ditzake, eta horrek zelulen garapenean eta funtzionamenduan duen garrantzia nabarmentzen du. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
Klima-aldaketaMunduko Meteorologia Erakundeak argitaratutako ‘Munduko baliabide hidrikoen egoera’ txostenaren arabera, ur gezaren eskuragarritasuna murrizten ari da. 3.600 milioi pertsonak baino gehiagok ur-eskasia dute urtean hilabete batez, gutxienez, eta kopuru hori 5.000 milioira igo daiteke 2050erako. Klima-aldaketak, lehorteak, uholdeak eta 2023ko tenperatura errekorrak tarteko, egoera larriagotu du: Amazonas bezalako ibaiei eragin die, eta glaziarren galera azkarra eragin du. Informazio guztia Berrian.
PaleontologiaIkertzaileek proposatu dutenez, duela 13.000 urte, historiaurreko gizakiek mamutak ehizatzen zituzten, lurrean lantzak sartuta, bota beharrean. Defentsarako teknika horrek, zaldien kontrako gailu militar historikoen antzekoa, areagotu egingo zuen inpaktua animaliak lantzetarantz korrika zihoazenean. Esperimentuek erakutsi zuten estrategia horrek lantzak jaurtitzeak baino kalte handiagoa eragin zezakeela, eta, aldi berean, tresna baliotsuak zaindu. Hipotesiak iradokitzen du Ipar Amerikan aurkitutako Clovis puntak defentsarako erabili izan zitezkeela, eta horrek aldatu egingo lukeela historiaurreko ehizari buruzko gure ulermena. Datuak Zientzia Kaieran.
FisikaJohn J. Hopfieldek eta Geoffrey E. Hintonek Fisikako Nobel saria jasoko dute, ikasketa automatikorako funtsezkoak diren sare neuronal artifizialei egindako ekarpenengatik. Hopfieldek osatu gabeko irudiak berreraikitzen dituen memoria asoziatiboaren sarea sortu zuen, espin atomikoen elkarrekintzan inspiratuta. Hintonek, bere aldetik, Boltzmann Makina garatu zuen, ezkutuko nodoak erabiltzen dituen metodoa, patroiak modu autonomoan ikasteko. Biek ezarri dituzte egungo adimen artifizialaren oinarriak, eta hainbat aplikazio nabarmendu dituzten, hala nola egitura molekularren iragarpena eta material aurreratuen garapena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian eta Gara egunkarian.
KirolaHaritz Esnalek eta Saioa Martinez de Lahidalgak hilekoaren zikloak ultra-distantziako korrikalariengan duen eraginari buruzko ikerketa bat argitaratu dute Osagaiz aldizkarian. 46 parte hartzailerekin, % 76k esan zuten hilekoak eragina zuela haien kirol errendimenduan, eta hainbat sintoma nabarmendu zituzten: puztuta egotearen sentsazioa (% 73,9), nekea (% 47,8) eta bizkarreko mina (% 34,7), besteak beste. Iraupen luzeko kiroletan emakumeei buruzko ikasketarik ez egoteak bultzatu zuen ikerketa. Emakumeen fisiologian erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratzen dute egileek, eta lagina zabaltzeko eta alor horretan kalitatezko azterketa gehiago egiteko beharra nabarmentzen dute. Informazioa UEU webgunean.
BiologiaWolbachia bakterioa soilik zelula zitoplasmaren barruan bizi daiteke eta belaunaldi batetik bestera obuluen bidez transmititzen da. Intsektuak eta artropodoak infektatzen ditu, eta ostalarien sistema endokrinoa manipulatzen du, feminizatuz edo partenogenesia egiten. Ikerketa baten arabera, Encarsia formosa liztorrean, Wolbachiak intsektu batetik lapurtutako genea erabiltzen du Piff proteina ekoizteko, eta proteina horrek Transformer (Tra) proteina gisa jokatzen du, feminizaziorako funtsezkoa dena. Datuak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenaDinosauroen inbentarioa (2018) liburu irudiduna dinosauroen arora garamatza eta 47 espezie aztertzen ditu garai geologikoen arabera banaturik. Virginie Aladjidik idatzia, eta Emmanuelle Tchoukrielen ilustrazioekin, liburuak Lurreko bizitzaren jatorritik orainaldira garamatza, gaur egungo hegaztiak antzinako erraldoi horien ondorengoak direla agerian utziz. Datuak Zientzia Kaieran.
ZoologiaSatsue Mito maistra japoniarra funtsezkoa izan zen Kōjima uharteko makakoen portaeraren azterketan. 1953an, jan aurretik batatak garbitzen ikusi zuen Imo izeneko makako eme bat eta kulturalki tximino gazteen artean transmititu zen jokabidea. Makakoen artean itsasoan bainatzeko ohitura eragiteko ardura ere izan zuen. Aurkikuntza horiek primateen transmisio kulturala ulertzen lagundu zuten. Mitok makakoak aztertzen eta zaintzen eman zuen bizitza, eta haren ondareak gaur egungo ikerketa primatologikoan jarraitzen du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #502 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #509
Baliteke arriskuan dauden espezieen desagerpena saihesteko arma sekretua genetikan egotea, katamotz iberikoaren kasuan ikus daitekeen bezala. Iberian lynx’s potential secret weapon against extinction, Johanna L.A. Paijmans, Axel Barlow eta José A. Godoy.
Komenigarria litzateke adimen artifizialak ogi txigortuan norbaiten aurpegia ikusteko gai izatea? AI pareidolia: Can machines spot faces in inanimate objects?
THCak, marihuanaren printzipio aktiboak, bere onurak izan ditzake zahartzean, Long-term, low-dose THC can improve cognitive decline in mice, Rosa-García Verdugoren eskutik.
Bilioi (europarra) bat erreferentzia dituen liburutegi batean bilatu behar dela. Minbiziaren aurkako tratamendu bat bilatzeko bada, egin egiten da, baina adimenez. DIPCko jendea Helix-focused peptide libraries for de novo inhibitor discovery
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #509 appeared first on Zientzia Kaiera.
Satsue Mito, makakoei begira egoten zen maistra
Primateen jokabideari buruz dakizkigun gauza asko eta asko hainbat emakumeren azterketei esker izan dira, emakume adimentsu horiek behatzeko gaitasuna ere izan dutenez, animalia horien berezitasun harrigarriez ohartu baitira.
Satsue Mito Japoniako irakaslearen egitekoa funtsezkoa izan zen primatologiaren historian gehien aipatzen den azterlan batean. Azterlan horren arabera, makakoen ohiturak talde eta belaunaldi batetik bestera igarotzen dira komunikazioaren bidez, herentzia biologikoaren bidez igaro ordez.
1. irudia: Satsue Mito tximu batekin. (Iturria: Mujeres Con Ciencia)Satsue Mito 1914ko apirilaren 21ean jaio zen Saeki-kun, Hiroshimako prefekturako zortzi barrutietako batean, Japonian. 1932an lortu zuen irakasle titulua, handik bi urtera ezkondu egin zen eta Korea iparraldera joan zen lan bila. 1940an bat-batean hil zitzaion senarra eta hiru alabekin Dalianera (Txina) joan zen, eta eskola batean aritu zen lanean. Handik zazpi urtera Japoniara itzuli zen; Hiroshima suntsituta zegoen, ezagutu ere ez zuen egiten eta handik hegoaldeko segurtasunera joan zen: Kyūshūra. Bizitzeko toki bat lortu zuen han, Kōjima uharte txikiaren ondoan, eta uhartean bizi ziren tximuak behatzen hasi zen.
Makakoak behatzen1934an Kōjima uhartea eta bertako tximuak monumentu natural izendatu zituen Japoniako Monumentu Naturalen 1919ko Legeak.
Kōjiman betidanik izan zen Nihon-zaru izeneko tximu espezie bat (Macaca fuscata edo Japoniako makakoa), eta Bigarren Mundu Gerran primate horietako gehienak hil egin zituzten jateko nahiz saltzeko. Zeuden apurrak baldintza txarretan eta galtzeko zorian zeudenez, Satsue Mito gaixo zeuden tximu horiek zaintzen hasi zen. Pixkanaka gauzak hobetu egin ziren eta tximuen biztanleria berreskuratu zen.
Uharteko tximuen azterketa zientifikoa 1947an hasi zen. Gaur egun, Primateak Aztertzeko Japoniako Institutuak uhartean basa baldintzetan mantentzen ditu Japoniako makakoak, azterketa primatologikoak egiteko. Hainbat ikerketa egin dira bertan, denboran zehar gizarte dominantzian egoten diren aldaketei buruzkoak edo animalien kulturari buruzkoak, esaterako.
Satsue Mitok makakoen ongizateaz zuen kezkaren ondorioz, Kiotoko Unibertsitateko primatologiako ikertzaileen taldearekin lankidetzan aritu zen. 1953an Satsue Mito izan zen animalia taldeko tximuetako batean ezohiko jokabidea hauteman zuen lehenengoa. Imok (urte eta erdiko eme batek) aurrez ikusi gabeko gauza bat egin zuela ikusi zuen Satsue Mitok: batata bat garbitzen ari zen uretan. Ondoren egindako behaketek argi utzi zuten Imoren komunitateko tximuen % 74 pixkanaka hasi zirela batatak garbitzen. Ohitura hori bereganatu zuen makakoetako bat ere ez zen heldua; Eba zen salbuespen bakarra, Imoren ama. Garbitzeko era aldatu egin zen denborarekin, Imok batatak ur gezatan garbitzen zituen hasieran eta denborarekin itsasoko ur gazitan garbitzen hasi zen. Uste da lehorteen ondorioz hasi izango zela batatak itsasoan garbitzen, ur geza gutxi zegoenetan, edo beharbada itsasoko urak batatari ematen dion zapore gaziagatik gertatu izango zela aldaketa.
Masao Kawai primatologoak Mitok bildutako informazioaren berri eman zuen artikulu zientifiko batean, baina, zoritxarrez, beste ikertzaile batzuen ustez tximuak norbaitek entrenatu zituen.
Itsasoz inguratutako uharte txiki batean bizi diren arren, Kōjimako tximuak ez ziren inoiz uretan sartzen garbitzeko, nahiz eta eskuak eta oinak sartzen zituzten. 1959ko udan, kakahuete batzuk uretara botata, Satsue Mitok tximuak erakarri zituen itsasoan sar zitezen. Bainatu zen lehenengo tximua Ego izan zen, bi urteko makako bat. Handik hiru urtera ia tximu gazte guztiak itsasoan bainatzen ziren naturaltasun osoz; helduak ordea, ez ziren itsasoan sartzen, amak ziren salbuespen bakarra, beren kumeen eraginez sartzen baitziren.
Eta Satsue Mitok behatzen jarraitu zuen.
Satsue Mitoren oinordetza1970ean Mitok irakaskuntza utzi eta Kiotoko Unibertsitateko primatologia taldeko kide bihurtu zen Kōjimako Behatokian; bere bizitzako gainerako urteak bere makakoei (hala esaten zien) eskaini zizkien.
Haurrentzako zenbait liburu idatzi zituen Kōjimako Nihon-zaruei buruz, eta liburu horietako batzuk bereziki aitortu eta saritu ziren.
Umeyo Mori, bere bigarren alaba, graduatu ondoren tximuen arloan hasi zen ikertzaile lanetan Kiotoko Unibertsitateko Primateen Zentroan.
Satsue Mito 97 urte zituela hil zen, 2012ko apirilaren 7an.
2. irudia: Kōjima uhartea kontinentetik ikusita. (Argazkia: Sanjo – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Gaur egun, Satsue Mitok Imo batata garbitzen lehenengoz ikusi zuenetik 70 urtera, Kōjima uharte txikiko makako berriek ere horixe egiten jarraitzen dute.
Iturriak:- Jorge Martínez Contreras, Two moments in the history of Primatology: Hanno’s Periplus and Satsue Mito’s legacy, Almagest 14 (2) (2023) 36-45
- Masao Kawai, Newly-acquired pre-cultural behavior of the natural troop of Japanese monkeys on Koshima islet. Primates 6 (1965) 1–30
- Yoshi Kai, The Legend of Satsue Mito, Wawaza, 2016ko martxoaren 10a
- Satsue Mito, Wikipedia
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 15ean: Satsue Mito, la maestra que observaba a los macacos.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Satsue Mito, makakoei begira egoten zen maistra appeared first on Zientzia Kaiera.
Dinosauroen inbentarioa
Dinosauroen inbentarioa liburuak gure planetan orain dela 230 milioi urte bizi izandakoak ditu protagonista gisa. Zenbaiten iritziz, meteorito baten erorketak eragin zuen, neurri batean, haien desagerpena; gaur egun Mexiko dagoen tokian izan zen, orain dela 66 milioi urte. Erabat desagertu ote ziren? Ez dirudi hala izan zenik: gaur egungo hegaztiak haien ondorengoak dira…
Irudia: Dinosauroen inbentarioa liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Etxea)Bizia Lurraren gainean orain dela 4.300 urte sortu zela ikasiko dugu inbentario (irudiduna) honen hasieran, eta jarraian bizidunen historiaren mugarri batzuk aipatzen zaizkigu, sorrera hartatik gaur egun arte.
Liburuan 47 dinosauro espezie azaltzen dira, garai geologikoen arabera banaturik: Triasikoa, eta orduko Mussaurus patagonicus, adibidez; Jurasikoa, non agertzen zaigun Diplodocus carnegii, besteak beste; eta Kretazeoa, Tyrannosaurus rex-en garaia.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Dinosauroen inbentarioa
- Egilea: Virginie Aladjidi
- Itzultzailea: Mikel Taberna
- Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
- ISBNa: 978-84-9172-039-3
- Argitaletxea: Pamiela etxea; Kalandraka
- Hizkuntza: Euskara
- Orrialdeak: 72
- Urtea: 2018
Pamiela etxea: Dinosauroen inbentarioa.
The post Dinosauroen inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Lapurtutako gene bat erabiliz feminizatzen duen bakterioa
Mikrobioen mundua askotarikoa da, baina egunen batean bakterio harrigarriena aukeratu beharko bagenu, uste dut Wolbachiak boto asko eskuratuko lituzkeela. Bakterio hori (1. irudia) naturako ugalketa parasito ugariena da, eta intsektu eta artropodo espezie guztien erdiak infektatzen dituela kalkulatzen da. Soilik zelula zitoplasmaren barruan bizi daiteke eta belaunaldi batetik bestera obuluen bidez transmititzen da, ez espermatozoideen bidez. Transmisio modu berezi horren ondorioz, Wolbachiak hainbat estrategia garatu ditu bere hedapena maximizatzeko. Hain zuzen ere, estrategia horiek ez diete laguntzen ostalari arrei, ez baitira gai bakterioa hedatzen laguntzeko.
1. irudia: Wolbachiak infektatutako intsektu zelula (geziak). (Iturria: O’Neill, Scott et. al. DOI: 10.1371/journal.pbio.0020076Wolbachia ostalari batzuen sistema endokrinoa manipulatzeko gai da, feminizatzeko eta soilik obuluak sor ditzaten. Beste batzuetan, ostalari arren heriotza eragiten du, edo ezinezkoa egiten du infektatutako arren espermatozoideek Wolbachiak infektatu gabeko obuluak ernaltzea, eta horrek ondorengo osasuntsuak sortuko lituzke. Estrategia horiei buruzko informazio gehiago aurki dezakezue bakterioak garatutako mekanismo zelular eta molekular batzuk deskribatu nituen artikulu batean. Halaber, artikulu horretan azaldu nuen Wolbachia erabiltzen ari direla aliatu gisa intsektuek transmititutako gaixotasunen aurkako borrokan.
Laugarren estrategia partenogenesia eragitea da, hau da, emeak ugaltzea arren esku hartzerik gabe, ondorengo emeak bakarrik sortzeko. Kasu horretan, ez dira hain ezagunak Wolbachiak bere ostalarien ugalketa sistema manipulatzeko erabiltzen dituen mekanismoak. Orain arte Shenyangeko (Txina) Nekazaritza Unibertsitateko ikertalde batek Wolbachiak Encarsia formosa liztorraren ugalketa nola manipulatzen duen argitu berri du. Intsektu hori partenogenesi bidez ugaltzen da, eta emeek emeak bakarrik sortzen dituzte, ugalketa zikloko ezein unetan arrik egon gabe. Ikerketaren garrantzitsuena da Wolbachiak beste intsektu bati “lapurtu” dion gene bat erabiltzen duela manipulazio horretarako.
2. irudia: irudia. Goian, intsektu askoren sexuaren zehaztapena. Doublesexen aurre-RNAm-ren prozesamenduak dsxF eta dsxM polipeptidoak sortzen dituzten bi mezulari sortzen ditu, garapen femeninoa eta maskulinoa eragiten dutenak, hurrenez hurren. Transformer (Tra) proteinaren presentzia funtsezkoa da garapen femeninorako. Behean, feminizazioaren eragitea eta partenogenesia Wolbachiak infektatutako Encarsia formosa liztorrean. Wolbachiak intsektu baten Transformer gene bat eskuratu du bere eboluzioan, zeinarekin Tra-k bezala jokatzen duen Piff proteina sortzen duen. Emeak bakarrik bereiz daitezke, eta nahitaez partenogenesi bidez ugaldu behar dira, Wolbachiaren hedapenean laguntzeko. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Hori azaltzeko, jakin behar dugu nola zehazten den intsektu bat arra edo emea den (2. irudia). Kasu askotan, gene bakar baten produktuaren mende dago hori, Doublesex (Dsx) izenekoaren mende. Gene horrek aurre-RNA mezulari bat sortzen du, eta prozesatu egiten da bi polipeptido desberdin eman ditzan: dsxF eta dsxM. Prozesamendu horri “lotura alternatiboa” (alternative splicing) esaten zaio, RNA mezulariaren segmentuen “moztu eta itsatsi” bat. dsxF polipeptidoak enbrioiaren feminizazioa eragiten du; dsxM formak, berriz, arrak. dsxF forma sortzeko, bi proteina behar dira, Transformer (Tra) eta Transformer2 (Tra2) izenekoak, hurrenez hurren. Bi proteina horiek enbrioiaren garapenean agertzen badira, intsektu eme bat sortuko da, eta bestela ar bat izango dugu.
Esan dugu Wolbachiak infektatutako E. formosa liztorrak soilik emeak sortzen dituela. Bada, liztorrak antibiotikoz (tetraziklinaz) tratatzen badira, bakterioa hil egiten da eta arrak agertzen hasten dira ondorengoetan. Hori bai, arrak ez dira emeak ernaltzeko gai. E. formosak betiko galdu du sexu bidezko ugalketarako gaitasuna, eta hori ez da antibiotikoaren tratamenduarekin berreskuratzen.
Txinako ikertzaileek liztorraren sexu zehaztapenaren sistema aztertu zuten eta Transformer geneak Tra proteina ez funtzional bat sortzen zuela ikusi zuten. Gogora dezagun Tra-ren eta Tra2-ren arteko konbinazioa funtsezkoa dela emeak sortzeko. Orduan, nola gertatzen dira ondorengo emeak infektatutako liztorretan, Tra ez bada funtzionala?
Wolbachiak Piff izeneko proteina sortzen du (izen bitxia, eta hemendik dator: parthenogenesis-induction feminization factor). Piff-ek Tra-k bezala funtzionatzen du, Tra2-rekin bat egiten du eta dsxF sortzea eragiten du faktore feminizatzailea (2. irudia). Harrigarriena da Wolbachiak “adimena” duela Piff faktorea enbrioiaren sexua zehazten den garapen unean bertan jariatzeko. Are harrigarriagoa da Piff ez dela agertzen Wolbachiaren andui guztietan, eta haren sekuentziak intsektu gene bat dela adierazten du, koleoptero bat ziurrenik.
Beste era batera esanda, Wolbachiaren andui batzuek intsektuaren Transformer gene zahar bat hartu dute, “geneen transferentzia horizontala” izenez ezagutzen den fenomenoagatik. Bikaintasun ebolutibo horri esker, liztor enbrioiaren zelulei Piff produktua ematen die Tra2-ren osagarri gisa, eta garapen femeninoa bultatzen du. Hala, partenogenesi bidez bakarrik ugaldu daitekeen heldu bat sortzen da, ez baitago arrik. Garrantzitsua da nabarmentzea kasu hori eta garapena feminizatzeko sistema endokrinoa manipulatzea prozesu desberdinak direla; bigarren hori Wolbachiak egiten du beste espezie batzuetan. Kasu horretan, esku hartzen du sexua zehazten duen sistema genetikoan.
Ez al du merezi Wolbachiak bakterio harrigarrienen elitean egotea?
Erreferentzia bibliografikoa:Li C, Li CQ, Chen ZB, Liu BQ, Sun X, Wei KH, Li CY, Luan JB. (2024). Wolbachia symbionts control sex in a parasitoid wasp using a horizontally acquired gene. Curr Biol. Doi: 10.1016/j.cub.2024.04.035.
Egileaz:Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 3an: La bacteria que feminiza usando un gen robado.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Lapurtutako gene bat erabiliz feminizatzen duen bakterioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Izotz Aroko ehizan erabilitako teknika berria proposatu dute
Lantzak jaurtiki beharrean, duela 13.000 urteko gizakiek lantzak lurretik altxatu eta erasoan ari ziren mamuten kontra jotzeko erabili zituztelako hipotesia aurkeztu du ikertzaile talde batek.
Dozenaka irudi, film, berreraikipen eta kontakizunetan agertu da eszena: Historiaurreko gizaki talde bat animalia erraldoi bat inguratzen ari da, eskuetan lantza eta zuziak dituztela. Ez da borroka erraza, inondik inora, basapiztiaren tamaina aintzat hartuta; baina gizakiek abantaila garrantzitsu bezain erabakigarria dute: komunean ehizatzen duten beste hainbat animaliak bezala estrategia bat izateaz gain, gizakiek tresnak ere dituzte eskura.
Halere, argi dago garai horretako zuzeneko kontakizunik ez zaigula iritsi —Historiaurrea delako, hain justu—, eta arrasto arkeologikoetan utzitako aztarnak interpretatzea beste erremediorik ez dago.
1. irudia: mamutak eta tamaina handiko beste animaliak ehizatzeko Clovis punten erabilera berria proposatu dute ikertzailek. (Irudia: Flying Puffin – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Logikan eta gaur egungo ehiztari-biltzaileen jardunean oinarritu da ehizatzeko modu horren interpretazioa. Beste aukera bat da, noski, ehiztariak gehienbat animalia zaurituez profitatu izana, eta beren haragia apurtu eta ebakitzeko harrizko tresnak erabili izana. Unearen arabera, noski, izan zitekeen bata edo bestea gertatzea: zenbaitetan modu aktiboan ehizatzea, eta, besteetan, hildako animaliei probetxua ateratzea.
Baina adituak ez dira ados jartzen, eta eztabaida hori bereziki handia izan da Ipar Amerikan aurkitutako Clovis punten inguruan. Horrelako puntak 1920ko hamarkadan aurkitu ziren aurrenekoz, Mexiko Berriko Clovis hirian, eta, arkeologian askotan gertatu ohi den moduan, lehenengo aldiz aurkitu ziren lekuaren izena hartu zuten.
Handik geroztik, halako milaka punta agertu dira Ameriketako aztarnategietan, horietako batzuk mamuten hezurduren barruan. Silex, suharri edo harrinabarrezkoak izaten dira, eta ertz oso bereizgarriak dituzte. Oinarriaren inguruko bi aldeetan arraildura ildaskatuak dituzte, eta, beheko aldean, koska bat. Baina gehienetan lantza osoak ez dira agertzen, horiek osatzen dituzten zatiak —egurrezko makila, pinu brea edo lokarriak— denborak aurrera egin ahala galtzen diren elementuak direlako.
Aipatutako adituen arteko eztabaida horren adibide, 2021ean Journal of Archeological Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean ikertzaile batzuek proposatu zuten mamutak ehizatzeko arma modura beharrean, benetan haragia apurtzeko aizto gisa erabili izan zirela Clovis puntak. Bertan argudiatu zutenez, arraroa da puntetan apurketa arrastorik geratu ez izana. Baina, kontrako norabidean, 2022an aldizkari berean argitaratutako beste ikerketa batek zioen mamuten hezurretan aurkitutako markak bat zetozela Clovis punten ezaugarriekin.
Bada, orain, Berkeley Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) arkeologoek beste aukera bat jarri dute mahai gainean, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bidez.
Proposamenaren arabera, duela 13.000 urte inguru, Izotz Aroan, mamutak eta antzeko animalia handiak hiltzeko, garaiko ehiztariek lurrean sartutako zutoinak erabiltzen zituzten, eta, hortaz, ez zituzten erabiltzen lantza gisa, jaurtikita. Hala, horren arabera, garaiko ehiztariek lantzen atzeko aldeak lurraren gainean txertatzen zituzten, eta ihesean edo erasoan ari ziren animalien aurka altxatzen zituzten. Horrek lantzen eragina asko handitu ahal zuela diote, animaliatzarren gorputzean sakonki sartuz.
Egileek errepasatu dute gaiaren bueltan idatzitakoa eta, are, artearen munduan marraztutakoa, jakiteko lurrean iltzatutako lantzen bidezko ehizaren inguruan dagoen ezagutza. Baina, horrez gain, arkeologia esperimentalaz baliatu dira ere, pika bidezko ehiza tekniken erabilgarritasuna egiaztatu aldera.
Egin duten ikerketa historikoan, arkeologoak konturatu dira dezenteko ezagutza dagoela antzeko funtzioa betetzen zuten metalezko gailu militarren inguruan, gerretan zaldien aurka egiteko erabili izan direlako historian zehar. Baina ehizarako egindako erabilera ez da asko jorratu testuetan.
2. irudia: Clovis puntek oso ezaugarri bereizgarriak dituzte; tartean, oinarrian egindako koska bat, berreraikipen hauetan ikus daitekeenez. (Argazkia: Scott Byram / Berkeleyko Unibertsitatea).Baina, esan bezala, horrez gain, esku artean izan duten hipotesia frogatzeko arkeologia esperimentalera ere jo dute, beren beregi prestatutako esperimentu praktikoen bidez. Modu horretan, hurbiltzen den animalia baten aurrean lantza horiek nola erantzuten zuten jakin nahi izan dute. Arkeologoek probetarako plataforma bat eraiki dute. Punta apurtu aurretik lantza batek jaso ahal duen indarra neurtzen ahalegindu dira, animalia baten erasoaren simulazioa eginez. Hainbat lantza mota probatu dituzte modu horretan.
Aurretik egindako esperimentuetan ohiko beste modu batean neurtu dute lantzen indarra, buztinezko edo gelezko egituren aurka tiro eginez. Bederatzi tonako mamut batek jaso ahalko zuen kaltea neurtu nahi izan dute jaurtiketen bidez.
Bi motako esperimentuak alderatuz, ikertzaileek argi dute gizaki batek jaurtikitako lantza baten indarra eta erasoan ari den animalia handi batena oso desberdinak direla. “Magnitude ordena baten aldea dago”, adierazi du Jun Sunseri antropologoak.
Egileen arabera, orain arte zabalduen dagoen irudiak ez du zentzu askorik, gehienetan utziko zituelako animalia erraldoi eta haserre bat —are arriskutsuago izateko aukerarekin, beraz—, eta lantza apurtuta duen ehiztari bat.
“Ameriketako natiboen diseinu zahar hau berrikuntza ikaragarria izan zen ehiza estrategietan”, babestu du Scott Byram arkeologoak prentsa ohar batean. Koskadun beste hainbat puntaren aldean, Clovis puntak “substantzialagoak” direla babestu du Byramek, eta defentsarako erabili izan zirelakoan dago.
Aintzat hartu behar da garai horretan halako lantzak oso baliotsuak izango zirela, ez baitzen erraza horiek eraikitzeko material egokiak lortzea eta lantzea. Horregatik, egileek diote logikoa dela pentsatzea ehiztariek ez zutela nahi izango lantza horiek besterik gabe animalien kontra botatzea, horiek puskatzeko arriskua handia izango zelako, animaliak akabatuko zuten ziurtasuna izan gabe. Gauzak hala, arkeologoek babestu dute tresna iraunkorrak izatea lehentasuna izan behar zela duela 13.000 urte bizi ziren komunitateentzat.
Egileek esan dutenez, gaia ikertzeko ideia su baten inguruko solasaldi batean hasi zen, Afrika Hegoaldean bizi den Venda herriko lagunen artean beren lantzen erabileraz izandako irakaspenak jaso eta gero.
Babestu dute ideia hau ez dela zertan mugatu Ameriketara, eta munduko beste hainbat lekutan erabili ahal zela. Dena dela, aurreratu dute beren hipotesian sakontzeko esperimentu berriak prestatzen ari direla; horietan, mamut baten erreplika egingo dute, eta pendulu batez edo irristatzeko gai den beste tramankuluren batez baliatuko dira animaliaren erasoa simulatzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:Eren, Metin I.; Meltzer, David J.; Story, Brett; Buchanan, Briggs; Yeager, Don; Bebber, Michelle R. (2021). On the efficacy of Clovis fluted points for hunting proboscideans. Journal of Archaeological Science: Reports, 39. DOI: 10.1016/j.jasrep.2021.103166
Kilby, J. David; Surovell, Todd A.; Huckell, Bruce B.; Ringstaff, Christopher W.; Hamilton, Marcus J.; Haynes Jr, C. Vance (2022). Evidence supports the efficacy of Clovis points for hunting proboscideans,
Journal of Archaeological Science: Reports, 45. DOI: 10.1016/j.jasrep.2022.103600
Byram, R. Scott; Lightfoot, Kent G.; Jun Sunseri, Ueno (2024). Clovis points and foreshafts under braced weapon compression: Modeling Pleistocene megafauna encounters with a lithic pike. PLOS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0307996
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Izotz Aroko ehizan erabilitako teknika berria proposatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zen
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa bat argitaratu berri dute Archaeological and Anthropological Sciences aldizkari zientifikoan. Ikerketa horrek alderdi anitzeko izaera proposatzen du lurrazpiko eremu sakonetako arte parietalerako.
Irudia: Santimamiñeko haitzuloko panel nagusia (Bizkaia). (Argazkia: Iñaki Intxaurbe. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)Metodo konputazionalen erabilera konbinatuari esker, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika, Madeleine aldiko labar-irudiak (duela 18,5 eta 13,5 mila urte bitartekoak) lau klusterretan biltzen direla egiaztatu ahal izan da, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera. Lana Iñaki Intxaurbe UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailean egiten ari den doktore tesiaren barruan kokatzen da, Martin Arriolabengoa (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Diego Garate (Kantabriako Unibertsitatea) irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean.
Lau talde nagusi“Bi taldek antagonikoak dirudite beren funtzioari dagokionez. Batzuetan, eszenaratzea zaindu zen, eta komunikazio-helburu bat iradoki zen (ikusiak izateko egin ziren); beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa bilatu zen (ezkutuko eta oso ikuspen gutxiko irudiak dira, oso sarbide zaileko zonalde sakonetan kokatuak). Horrek iradokitzen du bigarren taldean irudien marrazketa bakarrik izan zela garrantzitsua, eta ez gizarteak hauek ulertzea”, azaldu dute ikerketaren egileek.
Lehenengo taldean, “azalpen xamaniko batek onargarria dirudi: helduek egindako adierazpen grafikoak dira (mihise altuetan kokatzeagatik), ikusgarritasuna errazten zuten eremuetan egindakoak, ziurrenik kontakizunekin batera, pertsona kopuru ertainak edo handiak har lezaketen espazioetan baitaude. Bigarren taldeak beste arrazoi batzuei erantzuten diela dirudi, hala nola igarotze-erritoei. Ohikoa da irudi horiek (irudi “ezkutuen” klusterra) lurretik gertuago dauden eremuetan aurkitzea, baita beste aukera batzuk zeudenean ere. Horrek gazte edo haurren presentzia iradoki lezake irudien egile bezala, testuinguruko beste elementu batzuetatik ateratako informazioarekin bat eginez (haur eta nerabeen oin biluzien aztarnak, hatzekin egindako marren tamaina, eta abar)”.
Sarbidearen garrantziaIrudiz osatutako beste kluster bat Madeleine aldiko gizarteek buztinean grabatutako elementuek eta egindako eskulturek osatzen dute, haitzuloetako eremu sakon eta ezkutuenetan bakarrik aurkitu ohi direnak. “Sarbide zaileko eremuetan kokatzeak kontserbazio-gaiei erantzun diezaiekeen arren (hain hauskorrak diren elementu grafiko hauen babesa, esaterako, onargarriagoa dirudi sarbide zaileko eremuetan), historiaurreko bisitaren ondoren itxi egin ziren beste kobazulo batzuetan (adibidez, Erberua, La Garma, Fontanet, etab.) patroi hori errepikatzeak iradokitzen du aurrez pentsatutako eta kontzienteki aukeratutako erabaki kultural bat izan zela”, diote ikertzaileek.
Azken taldea zeinu abstraktuek osatzen dute, Paleolitoko labar-arte figuratibotik (animaliak eta/edo gizakiak irudikatzen dituena) desberdin jokatzen dutela diruditenak, eta ausaz agertzen dira apaindutako haitzuloan zehar. Azterlanaren egileek nabarmendu dutenez, mota horretako irudi gehiago sartu behar dira (Armintxe, El Pindal edo Cullalvera bezalako kobazuloetan daudenak) baliozko estatistika-inferentziak ezartzeko.
Laburbilduz, Santimamiñe (Bizkaia), Ekain (Gipuzkoa) eta Etxeberri (Zuberoa) moduko euskal kobazulo apainduetatik ateratako informazioari esker, Paleolitoko irudi multzo ezberdinak identifikatu ahal izan dira. Batzuk ikusiak izateko sortuak izan ziren, hainbat teknika erabiliz eta ikusgarritasun, irisgarritasun edo pertsonak hartzeko gaitasun oneko kokapenak hautatuz; beste batzuk, berriz, kontrakoa bilatzen zuten. “Erabilitako tekniken eta kobetan duten kokapenaren arteko korrelazioa ere badago, agian baliabideak aurrezteko. Sarreretatik hurbilen zeuden eremuetan irudiak egiteko denbora gehiago hartu zuten bitartean, eremu sakonetan, berriz, irudiak azkar egitea nahiago izan zuten, agian lurrazalera onik itzultzeko erregaia ziurtatzeko. Datu horiek Madeleine garaian haitzuloetako sektore sakonetarako erabilera desberdinak egon zirela babesten dute”, ikerketaren ikertzaileek ondorioztatu dute.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal kobazuloetan egindako ikerketa batek iradokitzen du Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zela.
Erreferentzia bibliografikoa:Intxaurbe, I.; Garate, D. eta Arriolabengoa, M. (2024). Drawing in the depths: spatial organization patterns related to Magdalenian cave. Archaeological and Anthropological Sciences, 16, 104. DOI: 10.1007/s12520-024-02007-3
The post Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #501
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
MatematikaEgin berri den ikerketa batek Big Bangetik harago ikustea posible ote den ikertzen du, Einsteinen erlatibitatearen teoria aplikatuz. Unibertsoaren hasiera markatzen duen singularitatea kurbadura-singularitatea (infinitua) edo koordenatu-singularitatea (erauzgarria) den aztertu dute. Bere lanak inflazio aurreko berezitasunak sailkatzen ditu eskala faktorea izeneko parametroa erabiliz. Emaitzek iradokitzen dute, baldintza espezifikoetan, Big Banga ez dela oztopo gaindiezina izango. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Javier Fernandez de Bobadilla matematikariak Tomasz Pelkarekin batera ebatzi du Oscar Zariski bielorrusiarrak duela 54 urte planteatutako arazo bat, geometria algebraikoko aniztasunarekin zerikusia duena. Elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Fernandez de Bobadillak, Matematikak beste diziplina batzuekin etengabeko elkarrizketan ari direla adierazi du ikertzaileak, eta, aurrera egiteko, funtsezkoa dela ideiak lankideekin eztabaidatzea. Lorpen honek geometria sinplektikoan eta mekanika klasikoan aplikatzeko teknika berriak irekitzen ditu. Azalpenak Berrian.
IngurumenaIkertzaile talde batek, “mikroplastiko” terminoaren 20. urteurrenean, 7.000 azterketa baino gehiago berrikusi ditu. Ekosistema eta organismo guztietan (gizakietan barne) mikroplastikoek eragindako kutsaduraren larritasuna nabarmendu dute Science aldizkarian. Plastiko horiek elikagaietan, organoetan eta ehunetan daude, eta 1.300 animalia espezie baino gehiagori eragiten diete. 2040rako kutsadura bikoiztea espero dute. Adituek azpimarratu dute premiazkoa dela arazo global horri aurre egitea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaTxinan, obesitatearekin lotutako minbiziek % 3,6 egin dute gora urtero 2007tik 2021era, eta datorren hamarkadan bikoiztu egingo diren beldur dira adituak. Igoera hori bizimodu sedentarioagoarekin eta dieta ez-osasungarriarekin lotzen da, Mendebaldekoaren antzekoa. Koloneko, bularreko eta tiroideko minbiziak dira obesitateari lotuenak. Zientzialariek premiazko neurriak eskatu dituzte gehiegizko pisuaren epidemia gero eta handiagoari aurre egiteko, bereziki gazteen artean, minbizia izateko arriskua nabarmen handitu baita. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Maren Martinez de Rituertok, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatuak, osasun arloan egiten du lan gaixo onkologikoekin. Jarduera fisikoaren onuretan sinesten du, ez bakarrik onura fisikoetan, baita psikologiko eta sozialetan ere. Minbizia duten pazienteekin lan egitea erronka handia bada ere, ariketa fisikoa egiteak haien ongizatean duen eragin positiboa nabarmentzen da. Beste herrialde batzuetan bezala, kirol arloko profesionalak osasun sisteman integratzea defendatzen du, eta kirol-errezeta sustatzen du sedentarismoari aurre egiteko funtsezko tresna gisa. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AstronomiaAstronomoek exoplaneta bat aurkitu dute Barnarden izarra orbitatzen, Eguzkitik gertuen dagoen izar indibiduala, 6 argi-urtera. Exoplanetak, Barnard b deitu dutena, Artizarraren masaren erdia du eta bere orbita lurreko hiru egun eta zertxobait gehiagotan osatzen du. Bere izarra Eguzkia baino nano gorri eta hotzagoa den arren, exoplanetaren azaleko tenperatura 125 °C-ra iristen da, eta horrek ur likidoaren presentzia eragozten du. ESPRESSO tresnarekin egindako aurkikuntza hau bost urteko lanaren emaitza da. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
GeologiaBlanca Martínez geologoak mitologiaren eta geologiaren arteko harremana aztertzen du Zientzia Kaieran, antzinako kondairak fenomeno geologikoak azaltzeko nola sortu ziren nabarmenduz. Fosilek, batez ere itsas ornogabeenak, istorio fantastikoak inspiratu dituzte. Horren adibide da Santa Hilda Santa Hilda Whitbykoaren kondaira, sugeak harri bihurtu zituena, amoniteen fosilei lotuta.
BiomedikuntzaJanire Alonso Puyok Biologiako Gradua eta Ikerketa Biomedikoa Masterra ikasi zituen. Doktore-tesia egiten ari da orain sarkopenia ikertzen, adineko pertsonetan ohikoa den muskulu-masa eta -funtzionaltasuna galtzea eragiten duen sindromea. Detekzio goiztiarra ezinbestekoa da, baina oraingo diagnostikoa konplikatua eta garestia da, eta sindromea aurreratuta dagoenean egiten da. Bere ikerketak biomarkatzaile molekularrak identifikatu nahi ditu diagnostiko goiztiarra egiteko, eta horrek sarkopenia ariketa eta dietarekin tratatzea ahalbidetuko luke. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.
EkologiaEkaia aldizkarian argitaratutako ikerketa batek sei larre espezie atlantikok lehorteari nola erantzuten dioten ikertzen du, sustraien atributuetan eta lurreko mikroorganismoen eraginean arreta jarriz. Mikroorganismoek sustraiak espezie guztietan haztea sustatu zuten, baina % 30 eko ur-edukia ez da nahikoa izan lehorte-estresa simulatzeko. Etorkizunean lehorte-baldintza gogorragoekin esperimentuak egitea proposatzen da, emaitza argiagoak lortzeko. Datuak Zientzia Kaieran.
ArkeologiaIrailean, ikertzaileek Cell Genomics aldizkarian argitaratu zuten Rodano haranean aurkitutako Thorin neandertala 50.000 urte baino gehiagoz komunitate isolatu batean bizi izan zela. Azterketa horrek analisi genomikoak eta arkeologikoak konbinatu zituen, eta agerian utzi zuen Thorin beste neandertal berantiar batzuk ez bezalako populazio batekoa zela. Ikerketak gezurtatu egin zuen neandertalen populazio genetiko homogeneo bakarraren ideia, eta gutxienez bi talde bakartu erakutsi zituen. Bakartze luzea giltzarri izan zitekeen hura iraungitzeko orduan, iradokiz taldeen arteko kontaktu faltak eragin handiagoa izan zutela Homo sapiensekiko gurutzatze hutsak baino. Azalpen guztiak Berrian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #501 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #508
Diodo termoionikoen ondoren, diodo erdieroaleak iritsi ziren. Orain diodo supereroaleak ditugu zelatan. DIPCko jendeak A superconducting diode free of esoteric electronic effects
Leuzemia mieloide akutuaren kasuen % 3an erregulazio-faktore epigenetiko baten mutazioa dago. Horrek diana terapeutiko bat eman lezake. PHF6 maintains acute myeloid leukemia via regulating NF-κB signaling pathway, Marta Irigoyen.
Aktibatzen denean, MIPS proteinak bere zentro desordenatua aldatzen du eta egitura ordenatu bat bilakatu. Fenomeno hori nola gertatzen den ikusi da lehen aldiz. From chaos to order: the case of MIPS.
Eredu zientifikoak eta teoria zientifikoak «egiatik errotik urruntzen diren» idealizazioz beteta egotea ez da inolako arrazoia zientziak aztertzen dituen sistemei buruzko egiatik gero eta hurbilago dagoen ezagutza lortzeko duen gaitasuna zalantzan jartzeko, idealizazio horietako asko ez baitira «faltsukeria hutsak». Jesús Zamora Bonilla Pototchniken ideien inguruan Misunderstanding idealization, truth, and understanding (& 2)
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #508 appeared first on Zientzia Kaiera.
Maren Martinez de Rituerto, kirol-hezitzailea: “Kirol-errezeta pertsona guztientzat da ona”
Maren Martinez de Rituerto Zeberiok (Tolosa, 1998) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradua —JFKZ— egin bazuen ere, osasun-arloan dabil lanean. Ez du, beraz, gradu hori egiten dutenen ohiko bidea hartu. “Egia da oraintxe hasi garela osasun-munduan sartzen; beti soinketako irakasleak izan garelako, eta, gradua hasi nuenean ere, uste nuen horretan arituko nintzela. Gero, gradua egitean, beste arlo batzuk bazeudela ere jakin nuen, adibidez, kudeaketa. Baina ni ospitale batean nago, eta guztira, Euskal Herrian, bizpahiru izango gara”, azaldu du.
Irudia: Maren Martinez de Rituerto kirol-hezitzailea da. (Argazkia: Nagore Iraola – UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa)Dioenez, beste leku batzuetan, AEBn kasurako, jarduera fisikoko profesionalak osasun-sisteman integratuta daude. Hemen, ordea, oraindik ez, nahiz eta hasiak diren kontuan hartzen, psikologoekin, nutrizionistekin eta fisioterapeutekin gertatzen ari den bezala. “Hor muga administratibo bat dago. Gu entrenatzaileak gara, eta, orain dela gutxi arte, medikuak, erizainak eta horrelakoak bakarrik hartu dira osasun-langiletzat”.
Gradua ikasten hasterako garbi zeukan pertsonekin lan egin nahi zuela. Aitak ere JFKZ ikasi zuen, eta ama sendagilea da, “beraz, betitik izan ditut presente bi arlo horiek, eta jabetu naiz zer lotura estua dagoen osasunaren eta mugimenduaren artean. Jakin nuen ikerketa bat zegoela onkologikoan, eta hor hasi nintzen praktiketan“.
Aitortu du hasieran ez zuela uste hainbeste gustatuko zitzaionik, erreparo pixka bat ematen baitzion, minbiziak gizartean duen estigma edo tabuarengatik. Gero, ordea, oso lan polita dela ikusi du: “Alderdi gogorrak ditu, oso gaixotasun gogorra delako, baino asko betetzen nau”.
Martinez de Rituertoren esanean, paziente guztiei egiten die mesede jarduera fisikoak, eta ez bakarrik alderdi fisikoan, baita psikologikoki eta sozialki ere: “Batzuek indarraren aldetik hainbesteko hobekuntza antzematen ez badute ere, paziente guztiek esan digute on egiten diela. Bularreko minbizia eta prostatarena dira gehien ikertu direnak, eta horietan hobeto ezagutzen dira onurak, baina ikertu behar da, objektiboki jakiteko zer ariketa-mota egin behar duten, zer pisurekin, zenbat denboraz… Botikekin egiten den bezala“.
Horrenbestez, zer parametro hobetzen diren (giharretakoak, odolekoak…) eta haiek kuantifikatzen dabiltza orain. “Alderdi psikologikoa funtsezkoa da, eta, askotan, fisikoaren aurretik doa. Izan ere, horrelako berri bat jasotzen dutenean, bizitza gelditzen zaie, ez bakarrik beraiengatik, baizik eta ingurukoengatik ere. Hortaz, haientzat oso garrantzitsua da talde baten parte sentitzea, beldurrak eta bizipenak elkarren artean partekatzea… Batzuk, etxetik ez ateratzetik eta inguru soziala galtzetik, gimnasio batera joatera eta lagunak egitera igarotzen dira. Eta horrek dena beste modu batera ikusten laguntzen du”.
Estigma gainditzenIldo horretatik, psikologoen lana oso garrantzitsua dela azpimarratu du. “Diziplinarteko lana funtsezkoa da, nire ustez”. Denen artean, pazientearen ongizatea hobetzearekin batera, estigma gainditzen laguntzen dute: “Gogoan dut irakasle batek adineko pertsonen bi irudi erakutsi zizkigula: bat makuluarekin, makurtuta… eta bestea atletismoko pista batean. Eta galdetu zigun zer den normala eta ohikoa. Eta egia da minbizidun paziente bat irudikatzen dugunean, pertsona oso ahul bat etortzen zaigula burura, eta guk hemen gimnasioan ikusten ditugu pazienteak sentadillak egiten 100 kg-ko gainkargarekin”.
Orain dabilen lanean jarraitu nahiko luke, baina, tamalez, ikerketek epe-mugak dituzte. Hori dela eta, ez daki noiz arte arituko den horretan: “Kasu honetan, hiru urteko proiektu bat da, eta, bukatutakoan, jarraitzeko finantziazioa lortzen saiatuko gara. Baina zaila da. Gainera, niri gustatuko litzaidake hau egitea ikerketatik kanpo; ez izatea paziente jakin batzuentzat bakarrik. Egia da ikerketa beharrezkoa dela, oraindik asko geratzen baitzaigu jakiteko, baina nire nahia da gu osasun-langiletzat hartzea eta ospitale barruan egotea kirol-errezeta hau eskaini ahal izateko“.
Berez, kirol-errezeta pertsona guztientzat da ona, eta, Martinez de Rituertok gogorarazi duenez, osasun-zentro batzuetan hasi dira errezeta horiek eskaintzen: “Nire ustez, funtsezkoak dira, geroz eta sedentarioagoa den gizarte honetan jendea mugitu dadin”. Proiektua bukatutakoan, osasun-munduan jarraitu nahiko luke. Ziur dago, gainera, etorkizunean gero eta lan gehiago egongo dela arlo horretan, eta, inor zalantzan balego horretan sartu ala ez, animatu nahiko luke, oso lan polita eta beharrezkoa iruditzen baitzaio.
Fitxa biografikoa:Maren Martinez de Rituerto Zeberio Tolosan jaio zen, 1998an. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gradua ikasi zuen EHUn. Osasunean eta minbizian espezializatu zen ondoren, eta aukera izan zuen Donostiako Institutu Onkologikoan praktikak egiteko, minbizidun pazienteekin. Geroztik, han jarraitzen du, ariketa fisikoaren bidez minbiziaren tratamendua jasotzen duten pazienteen ongizatea hobetzeko proiektu batean ikertzen.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Maren Martinez de Rituerto, kirol-hezitzailea: “Kirol-errezeta pertsona guztientzat da ona” appeared first on Zientzia Kaiera.
Larre atlantiarretako landareen sustraien atributuak
Zalantzarik gabe, etorkizunean lehorteak intentsitatean eta iraupenean areagotu egingo dira klima-aldaketa ospetsuaren eta kezkagarriaren ondorioz. Izan ere, azken urteotan prezipitazioak behera egiten ari dira, baita tenperaturak igotzen ere. Horrek, noski, mundu osoko laborantzen ekoizpenean eta produktibitatean galera handiak ekar ditzake.
Irudia: Trifolium repens espezieak (hirusta zuriak) mikroorganismoen presentzia altua du sustraietan. Espezie honek sinbiosi-noduluak eratzen ditu Rhizobium bakterio nitrogeno-finkatzaileekin. (Irudia: Andrey Larionov – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Hori nolabait aurreikusteko asmotan, premiazkoa da landare-espezieen lehortearekiko erantzuna ikertzea, eta horretarako, esperimentu honetan larre atlantiarreko sei landare-espeziek lehortearen aurrean duten erantzuna aztertu da, bai mikroorganismoekin batera bai mikroorganismorik gabe, sustraien atributu morfologikoei erreparatuz. Izan ere, sustraiak dira lurrera ainguratzeaz gain lurzorutik mantenugaiak eta ura xurgatzen dituzten organoak, eta ondorioz, lehortea nabaritu dezaketen landarearen lehengoko atalak.
Egindako ikerketa honetan, baldintza kontrolatuko negutegian landare batzuk lehorte-baldintzetan mantendu ziren (ur-edukiaren % 30eko kapazitatean) eta beste batzuk, aldiz, ur-baldintza normaletan (ur-edukiaren % 70eko kapazitatean). Horretaz gain, horietako batzuk mikroorganismoak izan zituzten lurrean, eta beste batzuek ez. Izan ere, naturan sustraiak inguratzen dituen lurzoruak materia organikoa, ura eta mantenugaiak izateaz gain, mikroorganismoak ere baditu, eta euren efektua zein den behatzea interesgarria izan daiteke euren garrantziaz ohartarazteko. Izan ere, lurzoruko mikroorganismoek, batik bat, efektu positiboa izan dezakete lehorte-estresaren aurrean, ekoizten dituzten konposatuek lurzoruko hezetasuna mantentzen lagundu ahal dutelako, eta ondorioz lehortearen efektuak arindu. Hala ere, lehortea bortitza bada, mikroorganismoen aktibitatea murriztu egin daiteke eta eskaintzen dituzten onurak murriztu.
Esperimentuak aurrera egin ahala, lehorte-estresaren aurrean euren biziraupena bermatzeko landareek lurzoruko baliabideak (ura, mantenugaiak…) kontserbatzeko ala eskuratzeko estrategiak garatzea espero genuen, sustrai-atributuak aldatzearen bidez. Horretaz gain, lehorte-estresaren aurrean ere mikroorganismoen jarduera aldatzea espero zen. Hori egiaztatzeko, negutegian hazitako landare horien sustraiak aztertu ziren WinRhizo© Pro 2007 softwarea erabiliz.
Sustraien bi estrategiaEmaitzek aditzera eman duten bezala, eta nahiz eta landareek ez dituzten sustrai-atributu guztiak lehortera moldatu, landare bakoitzak lehortearen aurrean hartu duen estrategia identifikatu da aldatu dituzten sustrai-atributuak aztertuta. Gauzak horrela, Festuca nigrescens, Lotus corniculatus, Trifolium repens eta Jasione laevis espeziek, lurzoruko baliabideak eskuratzeko estrategia garatu dute, eta Deschampsia flexuosa eta Bellis perennis-ek, aldiz, landarearen baliabideak kontserbatzearen estrategia, lehortera moldatzeko eta bizitzen jarraitu ahal izateko.
Beste aldetik, lurzoruko ur-eskuragarritasun murriztuak ez du mikroorganismoen aktibitatean eraginik izan. Izan ere, emaitzetan argi ikusi da mikroorganismoen eragina berdina izan dela bai lehorte-baldintzetan bai ur-edukiaren baldintza normaletan, sustrai-atributu guztietarako. Hori ikusita, onar dezakegu mikroorganismoek % 30eko ur-edukia ez dutela lehorte-estres bezala hauteman.
Dena den, aztertu nahi izan da mikroorganismoek oro har eduki duten eragina positiboa (sustraien hazkundea bultzatuz) edo negatiboa (sustraien hazkundea murriztuz) izan den landare-espezie bakoitzean, sustrai-atributuen aldaketei erreparatuz mikroorganismoen presentzian eta ausentzian. Ez zaitu harrituko mikroorganismoek eragin onuragarria izan dutela landare espezie guztietan, hau da, landare guztiak hobeto hazi direla lurzoruan mikroorganismoak izan dituztenean.
Hurrengo esperimentuei begira, proposatzen da lehorte bortitzagoa eragitea, sustrai-atributu guztien aldaketa bultzatzeko lehortearen aurrean, bai eta mikroorganismoek lehortea somatzeko ere. Alde batetik, lehorte-baldintzak simulatzeko lurzoruan ur-eduki murritzagoa ezartzea proposatzen da (% 10-20koa, adibidez), eta beste alde batetik, ureztatu gabe egun gehiago igarotzea. Gainera, negutegiko baldintzak aldatu ahalko lirateke, hezetasuna murriztuz eta tenperatura igoz, benetako lehortea simulatzeko helburuarekin. Horretaz gain, etorkizunera begira interesgarria litzateke lurzoruko mikroorganismoen identifikazioa ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Larre atlantiarretako landareen sustraien atributuak (traits): lurzoruko ur-edukiaren eta mikrobiotaren eragina
- Laburpena: Etorkizunean lehorteak intentsitatean eta iraupenean emendatzea espero da, prezipitazioen murrizpenaren eta tenperaturen igoeraren ondorioz. Horrek galera handiak ekar ditzake mundu osoko laborantzen ekoizpen eta produktibitatean. Horregatik, premiazkoa da landare-espezieek lehortearen aurrean duten erantzuna ikertzea. Esperimentu honetan larre atlantiarreko sei landare-espezieren lehortearen aurreko erantzuna aztertu da, mikroorganismoen presentzian eta ausentzian, sustraien atributu (traits) morfologikoei erreparatuz. Esperimentuaren hipotesi nagusietako bat izan da lehorte-estresaren aurrean landareek lurzoruko baliabideak (ura, mantenugaiak…) kontserbatzeko edo eskuratzeko estrategiak gara ditzaketela, sustrai-atributuak aldatzearen bidez. Bigarren hipotesia, berriz, izan da elkarren mendekoak direla lurzoruko ur-edukia eta mikroorganismoen efektua zein erantzuna. Emaitzek adierazitakoaren arabera, esperimentu honetan ez dira hipotesiak bete. Alde batetik, lurzoruko ur-eduki murriztuaren eragina sustrai-atributuen eta espezieen mendekoa izan da, eta horiek kontuan hartuta, landareek jarraitu duten estrategia identifikatu da. Beste aldetik, lurzoruko ur-eskuragarritasun murriztuak ez du eraginik izan mikroorganismoen aktibitatean. Horretaz gainera, aztertu egin da positiboa edo negatiboa izan den landare-espezie bakoitzean mikroorganismoek eduki duten efektua. Horregatik guztiagatik, ondorioztatu da %30eko ur-edukia ez dela nahikoa izan lehorte-estresa simulatzeko.
- Egileak: Izaro Zelaia eta Arantza Aldezabal
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 345-364
- DOI: 10.1387/ekaia.24497
Izaro Zelaia eta Arantza Aldezabal UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Larre atlantiarretako landareen sustraien atributuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kondairetako fosilak
Askotan aipatu dut Mitologiaren eta Geologiaren arteko harreman estua. Izan ere, gizakiok askotan fantasia eta errealitatea nahasten dituzten kondaira edo asmatutako istorioetara jotzen dugu gure inguruko prozesu naturalei azalpen koherente bat, edo, behintzat, ulergarria emateko.
Munduko sinesmen guztietan jainkoak/jainkosak eta erdijainkoak/erdijainkosak daude gertaera geologiko suntsitzaileen atzean (sumendiak, lurrikarak edo tsunamiak, besteak beste), batez ere haserretzen direnean; sekulako mendiak altxatzen dituzte gizakien herritik urrun etxea eraikitzeko; edo ozeanoaren hondotik uharteak altxatzen dituzte euren berebiziko boterea erabilita, bai eta uharte horiek urperatu ere, berriro haserretzen badira.
Hala ere, adibide gehienak desagertutako ornodun handien fosiletan aurki ditzakegu; izan ere, piztia mitologiko ikusgarriak sortzeko erabili izan dira, epopeia klasikoetako etsaiak, eta gure ametsak elikatzen dituzte oraindik ere (zinemako hamaika gidoi elikatzeaz gain). Testuinguru horretan, dinosauroen, beste narrasti hegalarien, itsas narrasti mesozoikoen edo makrougaztun zenozoikoen arrastoak mota askotako erraldoi, dragoi edo kimera bihurtu ziren. Baina ziur nago orain arte ez dizuedala ezer berririk kontatu. Hortaz, aho zabalik utzi nahi zaituztedanez eta, batez ere, geologiaren kuriositateen berri ematea gustuko dudanez, jarraian itsas ornogabeen fosilen agerpenetatik sortutako zenbait istorio azalduko dizkizuet.
1. irudia: A) Santa Hilda Whitbykoaren irudia duen beiratea; ezkutuan hiru fosil amonite ditu. (Argazkia: Dixe Wills – Copyright lizentziapean. Iturria: The Guardian). B) Benetako amonite fosila; atzeko zatia manipulatuta dago harrian suge baten burua zizelkatu zutelako. (Iturria: Whitby Museum – copyright lizentziapean)Hasteko, benetako pertsona bat eta bizitzan zehar gertatu ez den gertakari fantastiko baten existentzia nahasten duten mitoetako bat kontatuko dizuet. Kondairaren arabera, VII. mendean, Ingalaterrako ipar-ekialdeko Whitby herrian sugeen inbasio bat gertatu zen. Herritarrak ofidioen erasoaren beldur zirenez, gertuen zegoen abadiara joan ziren bertan zegoen Hilda izeneko emakume ausart eta azkar bati laguntza eskatzera. Abadesak, botere jainkotiarraz blai eginda, sugeei aurre egin zien eta animaliak bildu eta harri bihurtzea lortu zuen. Aurrerago, abadesa kanonizatu egin zuten. Istorio polit horren bidez, herritarrek herriaren inguruan zeuden fosil amoniten presentzia azaldu nahi zuten.
Amoniteak dagoeneko desagertu diren zefalopodoen talde bat dira, eta Devoniarraren eta Kretazeoaren artean dauden ur epeletan bizi ziren, sakonera txikiko eremuetan. Zefalopodo talde horren ezaugarri nagusia maskor biribildua zen, askotan lerroekin apainduta. Ahuntzen adarra ekar dezake gogora, eta ezaugarri horretatik datorkie izena; izan ere, Amon jainko egiptoarretik dator, ahariaren buruarekin identifikatzen baitzen. Hala ere, ingelesei morfologia hori biribildutako suge baten antzekoagoa iruditzen zitzaien, baina gauza garrantzitsu bat falta zitzaien: burua. Hortaz, Hildaren eta ofidioen arteko gudu epikoa indartzeko, bertako herritarrek, elizgizonek barne, ahalik eta amonite gehien bildu zituzten eta fosiletan sugeen burua lantzen zuten.
2. irudia: Gryphaea arcuata fosila Ingalaterrako jurasikoko ostreido mota bat da, “deabruaren apoa” izenez ezaguna dena. (Argazkia: James St. John – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ongia eta gaizkiaren arteko borroka eta akerra aipatu ditudanez, deabrua edo demonio guztien burua aipatzeko unea iritsi da. Kuskubiko espezie fosil asko daude, batez ere ostreidoen edo ostren taldearen barruan. Hauek organismoa dagoen tokia osatzen duen kusku handiago bat dute, eta estalki gisa beste kusku txikiago bat. Kusku handienak forma luzanga eta kurbatua izaten du, eta maskorra zeharkatzen duten protuberantzia oso markatuek apaintzen dute. Protuberantzia horiek animaliaren hazkuntza erakusten duten ildoak besterik ez dira. Fosil horien morfologia oso berezia da, eta animalia baten petrifikatutako apatx baten antza dute. Erdi Aroan deabrua edonon zegoenez, azkar asko deabruaren galdutako apatxak zirela esaten hasi ziren.
3. irudia: Micraster generoko fosil bat, Kantabrian topatutako Kretazeoko ekinodemartu bat. Bertan, bost puntako izarraren forma duen aparatu anbulakrala ikus daiteke. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Hala ere, fosil guztiek ez zituzten gauza txarrak irudikatzen, eta batzuk kutun babesle gisa erabiltzen ziren. Kantabriako ekialdean, Euskadi osoan eta Nafarroako iparraldean oso ohikoa da Kretazeoko itsaso subtropikal zaharrak ordezkatzen dituzten eta Micraster generoko fosil ekinodermatu ugari dituzten arroka sedimentarioak agertzea. Dagoeneko desagertu diren itsas trikuek bihotz formako oskola zuten (emotikono erromantikoetan agertzen den bihotzarena, ez zirkulazio aparatuaren organoarena), eta bertan oso argi ikus daiteke aparatu anbulakral bat (animalien oinak daude bertan, sinplifikazio biologikoa alde batera utzita), bost puntako izar bat irudikatzen duena. Lehen fosil hauek “tximista edo inar harriak” zirela uste zen; hots, jainko-jainkosak haserretu eta Lurraren kontra ekaitz elektrikoak bidaltzen zituztenean zerutik erortzen ziren harriak. Kondairaren arabera, zeruko harri horietakoren bat aurkitu eta zurekin eraman edo etxeko atean jartzen bazenuen, tximisten aurkako babesa bermatuta zegoen izarraren markari esker, eta, aldi berean, tximista leku berean bitan erortzen ez den sinesmen okerrari esker.
Eta horiek dira ornogabeen fosilei lotutako mitoetako batzuk. Egia da ez dituztela desagertu diren ornodun handiek bezainbeste istorio ikusgarri elikatu, baina gure kultuaren ondarearen parte dira, eta herrien folklorearen oinarria dira. Halaber, azken kondaira Euskadiko eta Nafarroako herri askotan bizirik dirau, eta, nire ustez, zaindu beharreko ondarea da. Sinesmen zaharrekin konektatzen gaituzten istorio mitikoak baliatzea baliabide bikaina izan daiteke azalpen zientifikoak zabaltzeko. Kasu honetan azalpena geologikoa da, eta, zorionez, orain horren berri dugu.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 23an: Fósiles de leyenda.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Kondairetako fosilak appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizentasunari lotutako minbizia azkar handitzen ari da Txinan
Azken urteetan, gehiegizko pisuari lotutako minbizi motak urteko %3,6 hazi dira herrialdean. Datorren hamarkadan mota horretako minbiziak bikoiztuko diren beldur dira ikertzaileak.
Askotariko faktoreak daude gizentasunaren atzean, baina gorantz ari den gaitza da, bereziki gero eta elikadura ohitura txarragoak eta sedentarismo handiagoa dituen gizarteetan. Dena dela, funtsean, aritmetika sinple baten emaitza da kontua: janariarekin hartutako kalorien eta, gehienetan, ariketa fisikoarekin gastatutakoen artean dagoen aldean dago gakoa. Egunean bi faktore horien arteko alde positibo txikia izan arren, denborarekin horiek pilatuko dira, pisua irabazita. Muga hori oso lausoa dela esan zion 2004an National Geographic aldizkariari Columbiako Unibertsitateko (AEB) mediku Rudolph Leibelek, sagar zuku baten adibidean abiatuta. Zuku txiki horrek eragiten badu egunaren amaieran beharrezkoak diren kaloriak baino %5 izatea, ezinbestean nabarituko da eragina. “100 kaloria baino ez dira, baso bat sagar zuku. Baina gehiegizko kaloria gutxi horiek ekar dezakete pisua nabarmenki handitzea”, ohartarazi zuen. Alde txiki horrek ekar lezake, beraz, pertsona batzuek urtebetean bost kilo irabaztea.
1. irudia: Txinan gizentasunaren eta horri lotutako minbizi moten gorakaden atzean Mendebaldeko bizi estiloa dagoela uste dute ikertzaileek. (Argazkia: Christian Lue – Unplash lizentziapean. Iturria: Unplash)Gizentasuna bera gaitz kronikotzat jotzen du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta gaur egun oso zabalduta dago munduan. Zenbaki handitara joanda, OMEk berak kalkulatzen du munduan diren zortzi gizakitatik batek gizentasuna duela. Ez da, inondik inora, arazo txikia. Izan ere, soberan ezaguna da gizentasuna beste gaitz askotan arrisku faktore garrantzitsua dela. Hori gertatzen da, esaterako, gaitz kardiobaskularrekin, 2 motako diabetesarekin, artrosiarekin edota hainbat minbizi motarekin.
Bereziki minbiziarekiko lotura hau aspaldiko kezka izan da AEBetan edo Europan. Kasurako, AEBetako CDC Gaixotasunak Kontrolatzeko Zentroaren arabera, 2000an estatubatuarren %30,5ek gizentasuna zuten. Hogei urte geroago, 2020an, kopurua %41,9 zen. Mendebaldeko gizarte askotan zabalduta dagoen dietak gantzak, haragi gorria, jaki ultraprozesatuak eta azukre asko izan ohi dituzte, eta horiek gizentasuna erraz bultzatzen duten elikagaiak dira.
Munduak gero eta gehiago antzeko eskemetara jotzen duen heinean, arazoa jada ez da soilik Mendebaldeko gizarteena: Txinan ere hasiak dira kezkatzen. Asiako erraldoiaren kopuruak beti harrigarriak izan ohi dira arlo guztietan, eta, tamalez, badirudi gai honetan ere herrialdea indartsu datorrela. Cell Press talde entzutetsuko Med aldizkarian argitaratutako azterketa batek argi erakusten du hori. Bertan, ikertzaile talde batek egiaztatu du gizentasunari lotutako minbizi tasa azkar handitzen ari dela Txinako biztanleen artean: 2007 eta 2021 urte tartean urteko %3,6 hazi da gaitza, gizentasunari lotuta ez dauden minbizi motak bere horretan mantendu izan diren bitartean. Tarte horretan, herrialdean 651.000 kasu inguru erregistratu dira; horietatik %48 OMEk gizentasunarekin lotzen dituen hamabi minbizi motakoak izan dira.
Zientzialariek azaldu dute ume eta nerabeen artean gainpisu eta gizentasun tasak hurbiltzen ari direla AEBetan dituztenetara. Eta hori lotu dute halako minbizien hazkundearekin. 60 eta 65 urte bitartekoen artean, mota hauetako minbiziak urtean %1,6 hazi dira. 25-29 bitartekoen artean, berriz, tasa hori %15 baino gehiago handitu da.
Gizentasunari lotzen dira kolon eta ondesteko, bularreko eta tiroideko minbiziak, eta horiek asko handitu dira, ikertzaileek esku artean izan dituzten datuen arabera. Kontrara, gizentasunarekin lotzen ez diren minbizi motak, hala nola birikietako edo maskuriko minbizia, egonkor mantendu dira herrialdean urte hauetan guztietan.
Egoeraren larritasuna agerian uzten duen beste datu esanguratsu bat nabarmendu dute ikertzaileek. 1962 eta 1966 urteen artean jaiotakoen aldean, 1997 eta 2001 urteen artean jaiotakoek mota honetako minbiziaz diagnostikatzeko zuten aukera halako 25 da. Gazteen artean, kolon eta ondestekoa, bularrekoa, tiroidekoa, giltzurrunekoa eta uterokoa dira gizentasunari lotuta gehien hazi diren minbizi motak.
2. irudia: 2019ko datuetan oinarrituta, txinatar helduen %34k gainpisua zuten, eta %16 gizentzat hartzen ziren. (Argazkia: Isaac Chou – Unplash lizentziapean. Iturria: Unplash)Egileek zabaldutako prentsa ohar baten arabera, emaitzek agerian utzi dute “osasun publikoko politika hobeak ezartzea urgentziazkoa dela Txinan gero eta gehiago handitzen ari diren gainpisu eta gizentasun tasei” aurre egin aldera.
“Gizentasunaren epidemia errotik aldatzen ez badugu, ezinbestean gizentasunari lotutako minbizi tasek handitzen jarraituko dute”, azaldu du Pekingo (Txina) Unibertsitate Medikoko endokrinologo Jin-Kui Yang-ek. Medikuak erantsi du egoerak “zama handia” ekarriko diela Txinako ekonomiari eta osasun sistemari.
Txinan heriotza zio handienetakoa da minbizia, biriketakoa zabalduena delarik. Zentzu honetan, aurreko ikerketek iradoki dute laster gizentasuna izango dela partez ekidin daitezkeen minbizien artean zabalduena, tabakoak eragindakoaren gainetik.
Diotenez, bereziki kontzientziazio kanpainetan oinarritutako estrategiak egin dira gaiaren bueltan, baina hori “nahikoa izan” ez delakoan daude. Hori dela eta, estrategia “eraginkorragoak eta indartsuagoak” ezartzeko eskatu dute. Botikak erabiltzea eta etiketetan kalorien zenbatekoa jartzea aipatu dituzte.
Ikertzaileak sinetsita daude Mendebaldeko bizi estiloa hartu izanagatik hazi dela gizentasuna Txinan. Hau argudiatzeko ere datuetara jo dute, eta aipatu dute 2019an txinatar helduen %34k gainpisua zutela, eta %16 gizentzat hartzen zirela. Ohartarazi dutenez, egoera are larriagoa da haur eta nerabeen artean, tasa horietan azkarrago ari direlako aurrea hartzen.
Zientzia artikulua sinatu duten ikertzaileak ezkor azaldu dira etorkizunari dagokionez, uste dutelako, gaiaren bueltan neurri indartsuak hartu ezean, minbizi mota hauek bikoiztu daitezkeela datorren hamarkadan.
Erreferentzia bibliografikoa:Liu, Chang; Yuan, Ying-Chao; Guo, Mo-Ning; Xin, Zhong; Chen, Guan-Jie; Ding, Nan; Zheng, Jian-Peng; Zang, Bai; Yang, Jin-Kui (2024). Rising incidence of obesity-related cancers among younger adults in China: A population-based analysis (2007-2021). Med. DOI: 10.1016/j.medj.2024.07.012
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Gizentasunari lotutako minbizia azkar handitzen ari da Txinan appeared first on Zientzia Kaiera.
Matematiken bidez Big Bangaz harago arakatzea
Duela 13.800 urte inguru, kosmos osoa energia bola txiki, trinko eta bero batek osatzen zuen, eta, bat-batean, bolak eztanda egin zuen.
1. irudia: espazio-denbora ereduen geometria aztertzerakoan, ikertzaileek unibertsoaren lehen uneen ikuspegi alternatiboak eskaintzen dituzte. (Ilustrazioa: Nico Roper – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Eta horrelaxe hasi zen dena, Big Bangari buruzko historia zientifiko estandarraren arabera. Teoria hori 1920. urtean plazaratu zen lehen aldiz, eta denborak aurrera egin ahala, xehetasunak gehitzen joan dira, batez ere 1980ko hamarkadan. Izan ere, garai hartan, zientzialariak konbentzituta zeuden unibertsoa, bere lehen uneetan, inflazio izeneko hedapen bereziki azkarreko aldi labur batetik igaro zela, eta gero martxa moteldu zuela.
Uste da aldi labur hori grabitatea inbertitzen duen energia handiko materia berezi batek eragin zuela, unibertsoaren egitura esponentzialki hedatuta, eta segundo milamilioiren baten milamilioiren baten milamilioiren bat baino gutxiagoan koatrilioi baten faktore batean haz zedila eraginda. Inflazioak azalduko luke zergatik dirudien unibertsoak hain lau eta homogeneo astronomoek eskala handian aztertzen dutenean.
Baina inflazioa baldin bada egun ikus dezakegun guztiaren erantzule, galdera hau egin behar diogu gure buruari: zer zegoen aurretik, baldin eta zerbait bazegoen?
Oraindik ez da esperimenturik asmatu inflazioaren aurretik gertatu zen guztia aztertu ahal izateko. Hala ere, matematikariek zenbait aukera plantea ditzakete. Estrategia honetan datza: Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorra aplikatzea (grabitatea espazio-denboraren kurbadurarekin parekatzen duen teoria) ahalik eta atzerago denboran.
Hori da hiru ikertzaile hauek itxaropena: Perimeter Instituteko Ghazal Geshnizjani, Kopenhageko Unibertsitateko Eric Ling eta Waterlooko Unibertsitateko Jerome Quintin. Hirukoteak artikulu bat argitaratu du duela gutxi Journal of High Energy Physics aldizkarian, eta bertan Lingek honako hau azaltzen du: «matematiken bidez frogatzen dugu gure unibertsoaz harago ikusteko modu bat egon litekeela».
Jerome Quintin eta Eric Lingekin lankidetzan, Perimeter Instituteko Ghazal Geshnizjanik espazio-denbora Big Big Bangaz harago heda zitekeen formak aztertu ditu. (Argazkia: Evan Pappas/Perimeter Institute. – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)McGill Unibertsitateko fisikari Robert Brandenbergerrek, ikerketan parte hartu ez duenak, komentatu du artikulu berriak denboraren hasierako matematiken «analisirako estandar berri eta zehatz bat ezartzen duela». Zenbait kasutan, hasiera batean singularitatea dirudien hori (matematika deskribapenek esanahia galtzen duten espazio-denboraren puntu bat) baliteke benetan ilusio bat izatea.
Singularitateen taxonomia batGeshnizjani, Ling eta Quintinen galdera nagusia izan da ea inflazioaren aurretik puntu bat ote dagoen non grabitatearen legeak singularitate batean deskonposatzen diren. Singularitate matematiko baten adibiderik sinpleena da 1/x funtzioari gertatzen zaiona x-k zerora hurbiltzen denean. Funtzioak x zenbaki bat hartzen du sarrera gisa, eta beste zenbaki bat sortzen du. x harik eta txikiagoa egiten den neurrian, 1/x gero eta handiagoa da, infinitura hurbilduz. x zero bada, funtzioa ez dago ondo definituta: ez du errealitatea deskribatuko.
3. irudia: «Matematiken bidez frogatu dugu gure unibertsoaz harago ikusteko modu bat egon litekeela», adierazi du Kopenhageko Unibertsitateko Eric Lingek. (Argazkia: Annachiara Piubello – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Zenbaitetan, alabaina, matematikariek singularitate bat saihets dezakete. Adibidez, har dezagun lehen meridianoa, Greenwichetik (Ingalaterra) igarotzen dena, zero longitudean. 1/longitudea funtzio bat bagenu, Greenwichen erotuko litzateke. Baina, benetan, ez dago fisikoki berezia den ezer Londresko aldirietan: zero longitudea erraz birdefini genitzake Lurreko beste lekuren batekin igarotzeko, eta orduan aipatu dugun funtzio horrek normaltasun osoz jokatuko luke Greenwicheko Errege Behatokira hurbiltzean.
Bada, antzeko zerbait gertatzen da zulo beltzen eredu matematikoen mugetan. Zulo beltz esferiko ez-birakariak deskribatzen dituzten ekuazioek (Karl Schwarzschild fisikariak egin zituen 1916an) muga bat dute, non beren izendatzailea zerora iristen den zulo beltzaren gertaeren horizontean: zulo beltza inguratzen duen azalera, zeinetatik harago ezerk ezin duen ihes egin. Hori dela eta, fisikariek uste zuten gertaeren horizontea singularitate fisiko bat zela. Baina zortzi urte geroago, Arthur Eddington astronomoak frogatu zuen koordenatuen multzo ezberdin bat erabiltzean singularitatea desagertzen dela. Meridiano nagusia bezalaxe, gertaeren horizontea ilusio bat da: koordenatuen singularitate izeneko tresna matematikoa, hautatutako koordenatuak direla-eta besterik sortzen dena.
Zulo beltzen erdigunean, berriz, dentsitatea eta kurbadura infinitura iristen diren modua ezin da koordenatuen sistema ezberdin bat erabiliz ezabatu. Erlatibitate orokorraren legeek nahaste-borrastea eraikitzen hasiak dira. Horri kurbaduraren singularitate deritzo; eta esan nahi du egungo teoria fisiko eta matematikoen deskribapen gaitasunetik harago doan zerbait gertatzen ari dela.
Geshnizjani, Ling eta Quintinek aztertu zuten ea Big Bangaren hasierak zulo beltz baten erdigunearen edo gertaeren horizonte baten antza handiagoa duen. Ikerketa 2003an Arvind Bordek, Alan Guthek (inflazioaren ideia proposatzen lehen ikertzaileetako bat) eta Alexander Vilenkinek frogatutako teorema batean oinarritzen da. Teorema horrek BGV du izena, egileen inizialengatik, eta adierazten du inflazioak hasiera bat izan behar zuela: ezin da iraganerantz amaierarik gabe luzatu. Singularitate bat egon behar zuen gauzak abiarazteko. BGV teoremak ezartzen du singularitate hori gertatu izan zela, baina ez du azaltzen zer singularitate mota izan zen.
Quintinek azaldutako moduan, bere kideekin batera lanean aritu da deskubritzeko ea singularitate hori adreilu horma bat den (kurbadura singularitate bat) edo ireki daitekeen gortina bat (koordenatuen singularitate bat). Albertako Unibertsitateko matematikari Eric Woolgarrek, ikerketan parte hartu ez duenak, komentatu du lanak Big Bangaren singularitateari buruzko gure irudia argitzen duela. «Zehaztu dezakete ea kurbadura infinitua den hasierako singularitatean, edo singularitatea suabeagoa den, eta horrek ahalbidetuko luke unibertsoaren gure eredua zabaltzea Big Bangetik aurretiko garaietara».
4. irudia: «Argi izpiek muga gaindi dezakete», adierazi du Waterlooko Unibertsitateko Jerome Quintinek. (Argazkia: Gabriela Secara – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Inflazioaren aurreko egoera posibleak sailkatzeko, hiru ikertzaileek eskala faktore izeneko parametro bat erabili zuten. Parametro horrek deskribatzen du nola objektuen arteko tartea aldatu egin den denborarekin unibertsoa hedatu ahala. Definizioz, Big Banga eskala faktorea zero zen unea da: den-dena geratu zen konprimituta puntu adimentsional batean.
Inflazioan zehar, eskala faktorea abiadura esponentzialean areagotu zen. Inflazioaren aurretik, eskala faktorea hainbat modutan alda izan zitekeen. Artikulu berriak singularitateen taxonomia bat ematen du zenbait egoeretarako, eskala faktoreen arabera. «Frogatu dugu baldintza zehatz batzuetan eskala faktoreak kurbadura singularitate bat eragingo duela, eta beste baldintza batzuetan, aldiz, ez», azaldu du Lingek.
Ikertzaileek bazekiten energia iluna duen baina materiarik gabeko unibertso batean, BGV teoreman identifikatutako inflazioaren hasiera bazter daitekeen koordenatuen singularitate bat dela. Baina benetako unibertsoak badu materia, jakina. Trikimailu matematikoen bidez haren singularitatea ere saihets genezake? Ikertzaileek frogatu dute materia kantitatea oso txikia baldin bada energia ilunaren kantitatearekin alderatuta, orduan singularitatea bazter daitekeela. «Argi izpiek muga gaindi dezakete», argitu du Quintinek. “Eta, ildo horretan, mugaz harago ikus daiteke; ez da adreilu horma bat”. Unibertsoaren historia, beraz, Big Bangaz harago hedatuko da.
Hala ere, kosmologoek uste dute unibertso primitiboan materia kantitatea energia kantitatea baino handiagoa zela. Kasu horretan, lan berriak erakusten du BGV singularitatea kurbadura fisiko errealeko singularitatea litzatekeela, non grabitatearen legeek ez duten zentzurik.
Singularitateak iradokitzen du erlatibitate orokorrak ezin duela fisikaren oinarrizko legeen deskribapen osoa izan. Ahaleginetan ari dira deskribapen hori formulatzeko, baina horretarako erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa uztartu beharko dira. Lingen iritziz, artikulu berria teoria horretara bideratzeko pauso bat da. Unibertsoari zentzua emateko energia mailarik handienean, esan du «lehendabizi fisika klasikoa ahalik eta hobekien ulertu behar dugula».
Jatorrizko artikulua:Steve Nadis (2024). Mathematicians Attempt to Glimpse Past the Big Bang, Quanta Magazine, 2024ko maiatzaren 31a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Matematiken bidez Big Bangaz harago arakatzea appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #500
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AstronomiaUPV/EHUko, Universitat Politècnica de Catalunya-ko – BarcelonaTech-eko (UPC) eta Barcelona Supercomputing Center-eko (CNS-BSC) ikertzaileek zehaztu dutenez, Jupiterren Orban Gorri Handiak (GRS), erraldoi gaseosoaren atmosferan dagoen zurrunbilo antizikloniko batek, gutxienez 190 urte ditu. Zenbakizko simulazioen eta behaketa historikoen analisien bidez, XVII. mendean ikusitako “Orban Iraunkor” batekin lotura izatea baztertu dute. Ikerketen arabera, Jupiterreko haizeen ezegonkortasunengatik sortu zen GRS, eta litekeena da uzkurtzen jarraitzea edo muturreko tamaina batean egonkortzea. Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu zituzten aurkikuntza horiek. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Astronomo-talde batek inoiz detektatutako zorrotadarik luzeenak aurkitu ditu, zulo beltz supermasibo batek igorritakoak. Porfirion izeneko zorrotada horiek 23 milioi argi-urteko luzera dute. Nature aldizkarian argitaratutako aurkikuntza horrek iradokitzen du zorrotada horiek eragina izan zezaketela unibertso gaztean galaxiak eratzeko moduan, haien eboluzioa azkartuz, materia distantzia handietatik jaurtiz. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Plutongo lurpeko ozeanoa, Sputnik Planitia lautadaren gainazalaren azpian dagoena, gatzik gabekoa izan liteke. Ozeano horrek 1100 kg/m³ baino dentsitate txikiagoa izango luke, eta horrek gazitasun apala adierazten du. Gazitasun horrek ur likidoa luzaroago egonkor mantentzea ahalbidetuko luke, eta Sputnik Planitia-ren gainazalaren leuntasun topografikoa azalduko luke. Gainera, ozeano ez hain gaziak giroa bizigarriagoa izateko aukerak areagotzen ditu, planeta nanorako inplikazio astrobiologiko interesgarriak planteatuz. Datuak Zientzia Kaieran.
ZoologiaIkertzaile talde batek jakin duenez, Vanessa cardui tximeletak Afrikatik Hego Amerikara migratu dezake, Ozeano Atlantikotik 4.200 km eginez. Aurkikuntza DNA, isotopo eta polen analisien bidez egin zen. Haize alisioak funtsezkoak izan ziren bidaia osatu ahal izateko, bost eta zortzi egun artean iraun baitzuen. Ikerketa horrek iradokitzen du intsektuen migrazioak uste baino ohikoagoak eta zabalagoak izan litezkeela, eta horrek ondorio ekologiko garrantzitsuak izango lituzkeela, bereziki klima aldaketaren eraginarekin. Datuak Zientzia Kaieran.
MatematikaEkaia aldizkarian matematikaren eta musikaren arteko lotura aztertzen duen artikulua topatu dezakegu. Honek, uhin-ekuazioak musika-tresnek sortutako soinua nola deskribatzen duen azaltzen du. Bereziki, harizko instrumentuek, biolinek eta gitarrek, adibidez, soinua sortzen dute soken bibrazioaren bidez; haien portaera uhin-ekuazioarekin modelatzen da dimentsio batean, eta Fourier-en serieen bidez ebazten da. Horri esker, soinuaren maiztasuna sokaren luzeraren eta elastikotasunaren arabera karakteriza daiteke, eta musika-soinua ulertzeko matematikaren aplikagarritasuna frogatu. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
Rubik kuboa 1974an asmatu zuen Erno Rubikek, eta hiru dimentsioko mugimendua azaltzeko hezkuntza tresna gisa diseinatu zuten. Harrezkero, aldaera ugaritan eboluzionatu du, piramide eta dodekaedroetan esaterako, merkatuan 3.000 puzzle ezberdin baino gehiagorekin. 450 milioi unitate salduta dituen jostailu herrikoia izateaz gain, bere egitura matematikoak aljebrako talde eta permutazioak bezalako kontzeptuak azaltzeko aukera ematen du. Konmutadoreak eta konjugazioak bezalako teknikak erabiltzeak kuboa konpontzen laguntzen du, batez ere azkartasuna edo itsu-itsuan konpontzea bilatzen den gaitasunetan. Azalpenak Berrian.
NeurozientziaMaitane Serrano Murgiak, Neurozientzietan doktoreak, nerabezaroan alkohol gehiegi kontsumitzeak dituen eraginak eta garunean duen eragina ikertu ditu. Plastikotasun sinaptikoan, neurotransmisioan eta portaeran kalte iraunkorrak izan direla ondorioztatu du ikerketak. Horrez gain, Serranok omega-3ak kalte horiek arintzeko tresna gisa duen potentziala aztertu du, eta frogatu du elikagai horrekin aberastutako dieta batek alkoholak garunean dituen ondorio kaltegarri batzuk hobetu ditzakeela, nahiz eta ohartarazi duen kalteak ez dituela guztiz lehengoratzen. Gaur egun, Omega-3ari eta sistema endokannabinoideari buruzko ikerketekin jarraitzen du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #500 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #507
Ruben Lijók bere doktore-tesia defendatu berri du, zientzia eta matematika irakasteko dibulgazio-bideoen erabileren inguruan. Ondorioen laburpena Dissemination videos can enhance education in STEM disciplines
Materialak indartsuago bihurtzen dira deformatzen direnean. Horregatik, horietako askok itxura berezia dute estalkietan eta itxituretan, baina egitura-funtzio argia dute. Hori ezaguna da, beste kontu bat efektua maila atomikoan ikustea da. Why do materials get stronger when they are deformed?
Duela milioika urte, Mediterraneoa gatz-aintzira txiki bat bihurtu zen. Horri buruz ikasitakoak etorkizunean gerta zitekeena argitzen du. What if the Mediterranean dried out?, Daniel Garcia-Castellanos eta Konstantina Agiadi.
Biokimikan eta biologia molekularrean adimen artifizialaren erabilerak ez dira promesa, errealitatea baizik. DIPCko jendea AINU, a powerful AI tool for studying cell heterogeneity
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #507 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: intsektuak
Milioi bat espezie baino gehiago daude katalogatuta dauden planetako biztanle txiki horiei buruz hitz egingo digu gaur gure Kiñuk. Animalia ezagunen % 80 baino gehiago dira intsektuak.
Oraindik asko geratzen zaigu guztiz ezagutzeko ekosistemen funtsezko diren hauen. Hala ere, pixkanaka, zientziak gero eta funtzio eta ezaugarri gehiago deskubritzen dizkigu. Adibidez, Vanessa cardui tximeletak Afrikatik Hego Amerikara migratu dezake, Ozeano Atlantikotik 4.200 km eginez jakin izan da aurten. Pasaden urtean, Drosophila melanogaster edo frutaren euliaren larbaren garunaren mapa osoa egin zuten ikertzaileek. Gure trikuak intsektuen hainbat funtzio eta zenbait ezaugarri azalduko dizkigu.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: intsektuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Uhin-ekuazioa eta musika
Musika eta matematika lengoaia unibertsalak eta abstraktuak izateaz gain, historian zehar harreman estua izan duten bi diziplina ere badira. Antzinako Greziako garaian, musika matematikaren adierazpen artistikotzat jotzen zen. Gainera, musikaren azterketa eta analisia beti egon dira Zenbaki Teoriarekin eta Astrologiarekin erlazionatuta.
Irudia: musika atzemateko soinuaren beharra dugu, eta soinua da objektu baten bibrazioek eragindako uhinek gure entzumen sisteman sortzen duten sentsazioa. (Irudia: Marius Masalar – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Musika atzemateko soinuaren beharra dugu, eta soinua da objektu baten bibrazioek eragindako uhinek gure entzumen sisteman sortzen duten sentsazioa. Honako hauek dira soinuak dituen ezaugarriak: intentsitatea, maiztasuna, altuera edo tonua eta tinbrea. Soinu baten intentsitatea azalera unitate bakoitzeko soinu-uhinek garraiatzen duten potentzia da. Maiztasuna soinuak segundo bakoitzean emandako bibrazio kopurua da. Altuera, berriz, soinu baten maiztasunaren araberakoa da, eta belarriekin nabari dezakegu. Azkenik, tinbreari esker, bi soinu-foku ezberdinek sortzen dituzten maiztasun eta intentsitate bereko bi soinu bereiz daitezke.
Uhin-ekuazioaren dimentsioakMusika atzemateko prozesuan, garrantzia bera dute soinuak eta soinua eragiten duten objektuek; hots, instrumentuek. Instrumentuek soinua sortzen dute modu batean edo bestean, eta, horren arabera, haien sailkapena egin daiteke. Gauzak horrela, antzinako greziarren garaian oinarritutako musika-tresnen sailkapena ezagutzen dugu; hain zuzen ere, hari-, haize- eta perkusio-instrumentuen familiak. Orkestra sinfonikoaren garapenarekin batera, sailkapen tradizionala aldatzen hasi zen orkestrako musika-tresnetara egokituz. Testuinguru horretan, Sachs-Hornbostel-en instrumentuen sailkapena lau taldetan oinarritzen da: kordofonoak edo hari-instrumentuak, aerofonoak edo haize-instrumentuak, menbranofonoak eta idiofonoak, azken bi hauek perkusio-instrumentuak direlarik.
Artikulu honen helburu nagusia matematika eta musika harremanetan jartzea da, musika-tresnen sailkapenean oinarrituz. Horretarako, dimentsio bateko eta bi dimentsioko uhin-ekuazioa musikarekin eta instrumentuekin erlazionatuko da. Jean le Rond d’Alembert-ek, XVIII. mendeko matematikaria, filosofoa eta musikaren teorialaria, frogatu zuen hari dardarkari baten mugimendua deribatu partzialetako ekuazio baten soluzioa dela, eta hori da gaur egun ezagutzen dugun dimentsio bateko uhin-ekuazioa. Bide hori jarraituz, mota bakoitzeko instrumentuek betetzen duten uhin-ekuazioa aztertuko dugu, aipatutako Sachs-Hornbostelen instrumentuen sailkapena aintzat hartuz.
Hari-instrumentuen edo kordofonen kasuan, hariaren desplazamendua dimentsio bateko uhin-ekuazioaren soluzioa da, eta, ekuazio hori ebaztean, desplazamendua Fourier-en serie baten bidez adierazgarria dela frogatzen da, hots, hari-instrumentuek Fourierren legea egiaztatzen dute. Ondorioz, hari dardarkari batek sortutako soinuaren maiztasunaren karakterizazioa ematen dugu, soilik hariaren luzeraren eta elastizitate-koefizientearen menpekoa dena.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Uhin-ekuazioa eta musika
- Laburpena: Musika eta matematika lengoai unibertsalak eta abstraktuak dira, eta historian zehar betidanik egon dira erlazionatuta; izan ere, musikan emandako aurrerapenetan matematikak garrantzia handia izan du. musika soinuaren bidez adierazten da, eta, matematikaren ikuspuntutik, soinuak uhinak dira. Artikulu honetan erlazio horren adibide batzuk aurkeztuko ditugu. Horretarako, musika-tresnen sailkapenean oinarrituta, instrumentuen familia bakoitzaren berezitasunak aztertu eta lengoai matematikakoan adierazi
ondoren, soinu bakoitzak eragindako uhinek betetzen dituzten problemak aztertuko ditugu, bai eta horien soluzioak esplizituki eman ere. Soluzio horiek lortzeko ezinbesteko tresnak izango dira uhin-ekuazioa, Fourierren serieak eta Besselen funtzioak, besteak beste. - Egileak: Iratxe de la Hoz González, Osane Oruetxebarria, Judith Rivas
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 293-326
- DOI: 10.1387/ekaia.24978
Iratxe de la Hoz González, Osane Oruetxebarria eta Judith Rivas UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Uhin-ekuazioa eta musika appeared first on Zientzia Kaiera.