Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 51 min 48 sec ago

Zenbat gatz du Plutoneko ozeanoak?

Wed, 2024/09/25 - 09:00

Laurogeita bost urte igaro ziren 1930ean Pluton aurkitu zutenetik 2015eko uztailean espazio-zunda batek lehenengo bisita egin zuen arte. New Horizons zundak gaur egun nanoa den planetaren gainazala lehenengo aldiz hurbiletik ikusteko aukera eman zigun, eta, a priori, gorputz hotz eta interesik gabekoa izan zitekeela uste genuen, haren tamaina txikiagatik eta energia-iturri faltagatik, ustez jarduera maila jakin bati eustea galarazten ziona.

Baina errealitatea bestelakoa da oso: ikusi ahal izan genuena mundu konplexu eta aktibo bat izan zen, nitrogenozko lautada eta glaziarrak zituena, baita ur izoztuko mendiak eta atmosfera arin bat ere. Zehazki, lautadarik handienean, Sputnik Planitia-n, zientzialariek eredu poligonal batzuk aurkitu zituzten. Eredu horiek iradokitzen zuten izotzaren barnean mekanismo konbektibo bat egon zitekeela, izotza mugitzea eragiten zuena. Baina, horretaz gain, ordokia bera egoteak adieraz zezakeen gainazalaren azpian ur likidoko ozeano bat zegoela.

sputnik1. irudia: Plutonen irudia. Ikusi gainazala zein anitza den: leku lauak, leku menditsuak eta kraterrik gabeko eremuak daude. (Argazkia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute – domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Nola izan daiteke Pluton bezalako gorputz txiki bat gai lurrazpiko ozeano bati eusteko, eguzkitik distantzia horretara, gainera? Alde batetik, bere nukleo harritsuan elementu erradioaktiboak egon litezke, eta horiek desintegratzean, baliteke bero nahikoa sortzea ura egoera likidoan mantentzeko.

Bestalde, ozeanoko gatzek izotz-kontrako gisa balio ahal dezakete, ura izozteko beharrezkoa den tenperatura are gehiago jaitsita, neguan gure errepideetatik izotza kentzeko gatza erabiltzen dugunean bezalaxe.

Baina, bada beste xehetasun bat ere: Sputnik Planitia gure Eguzki Sistemaren inpaktu-arro handienetako bat izan liteke, Marteko Hellas edo Merkurioko Kaloris diren bezalaxe, eta bere kokapena eta ezaugarriak hobeto azal daitezke horren azpialdean ozeano bat balego, Nimmo eta lanfideek 2016an azaldu zuten bezala. Izan ere, ozeanoko ur hotz eta trinkoak gainazalera igotzeak eragingo luke eremu horretan hauteman den grabitate-anomalia positiboa.

sputnik2. irudia: Plutonen gainazalaren irudi zeihar honetan, ondo baino hobeto ikus ditzakegu, batetik, nagusiki ur izotzezko blokeek sortutako mendiak eta, bestetik, Sputnik Planitia, zerumugatik haratago hedatzen dena. (Argazkia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute – domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Gainera, horri guztiari gehitzen badiogu nitrogeno-gordailuak lautadan duen eragina (tenperaturak oso baxuak direnean gas hori atmosferan izoztea eragiten duena), grabitate anomalia ere hobeto uler daiteke. Antzemandako grabitate-anomalia ezin izango litzateke azaldu soilik nitrogeno gordailuaren bidez; izan ere, 40 kilometro baino gehiagoko lodiera duen geruza bat beharko litzateke behaketak azaltzeko.

Lehen aipatu dugun bezala, ura likido mantentzeko ozeanoak gazia izan behar du baina, zenbat gatz behar da ura egoera horretan mantentzeko? McGovernek eta lankideek 2024an argitaratutako ikerlan batek aztertu du ozeanoak duen erantzuna goialdeko azalaren kargaren aurrean (gogora dezagun izotzezkoa dela) eta ikertu du zein izango litzatekeen espero genezakeen gainazaleko deformazioa nitrogeno izotzaren pisuagatik.

Jakina, galdera horrek ez du erantzun bakarra, emaitza ezberdina baita izotz-azalaren beraren lodieraren, Sputnik Planitiaren sakontasunaren eta, azkenik, lurrazpiko ozeanoaren dentsitatearen arabera. Hori dela eta, zientzialariek parametroak aldatu eta zenbait agertoki sortu behar izan dituzte. Adibidez, gazitasunari dagokionez, 1000 kg/m3 eta 1400 kg/m3 arteko uraren dentsitate-balioak aukeratu dituzte. Edo, bestela esanda, ur purutik oso ur gazira aldarazten duten balioak.

Eredu horien aurkikuntza garrantzitsuenetako bat da ozeanoaren gazitasuna areagotzen bada (ondorioz urak dentsoagoak izango lirateke) gainazalean ikusten diren egitura geologikoak ez lirateke hain ondo egokituko ereduetara; bai ordea, ozeanoko uraren dentsitatea 1100 kg/m3 baino txikiagoa balitz. Xehetasun horrek adierazten du gazitasunak oso apala izan behar duela, eredua eta gainazalean ikusitako deformazioa hobeto doi daitezen.

sputnik3. irudia: Plutonen atmosfera nabarmentzen da irudi honetan, planeta inguratzen duen eguzki-argiaren sakabanatzeak “distira” sortzen baitu. (Argazkia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute – domeinu publikoko irudia. Iturria: NASA)

Gazitasun txikiagoko ozeano bat egonkorragoa litzateke denboran zehar eta gutxiago deformatuko luke izotzaren azala eta baita gainazala ere. Horrexek azaltzen du zergatik den hain leuna topografikoki Sputnik Planitiaren gainazala.

Bestalde, neurrizko gazitasunak eragin astrobiologiko asko ditu; izan ere, datu hori baieztatuko balitz, Plutoneko ozeanoa askoz ere bizitzarako leku abegitsuagoa izango litzateke oso gazia izango balitz baino. Beraz, ikerketa honek agerian uzten du, alderdi horretan behintzat, Plutoneko ozeanoa bizitzeko egokia izan litekeela.

Ziurrenik, hamarkada asko beharko ditugu Plutonen zerua zeharkatuko duen beste misio bat egiteko, eta misio horrek eredu horiek egiazkoak diren ala ez esateko. Erantzunak erantzun, ziur nago planeta nano horrek ez gaituela epel utziko.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Nimmo, F., D. P. Hamilton, W. B. McKinnon, P. M. Schenk, R. P. Binzel, C. J. Bierson, R. A. Beyer, et al. (2016). Reorientation of Sputnik Planitia Implies a Subsurface Ocean on Pluto. Nature 540(7631), 94–96. DOI: 10.1038/nature20148.
  • Kimura, J., Kamata, S. (2020). Stability of the Subsurface Ocean of Pluto. Planetary and Space Science, 181. DOI: 10.1016/j.pss.2019.104828
  • McGovern, P. J., Nguyen, A. L. (2024). The Role of Pluto’s Ocean’s Salinity in Supporting Nitrogen Ice Loads within the Sputnik Planitia Basin. Icarus, 412. DOI: 10.1016/j.icarus.2024.115968.
Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 24an: ¿Cuánta sal tiene el océano de Plutón?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zenbat gatz du Plutoneko ozeanoak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ozeano atlantikoa gurutzatu du tximeleta talde batek

Tue, 2024/09/24 - 09:00

DNAren zein isotopoen analisian abiatuta, ikertzaile talde batek ondorioztatu du tximeleta multzo batek 4.200 kilometroko bidaia egin duela, Afrikatik Hego Amerikara.

Planetan izaten diren migrazio handiek arreta ematen dute beti. Besteak beste, telebistako dokumentaletan irudi indartsuak eskaintzen dituzte ugaztun talde handiek pasaia ikusgarrietan egindako mugimendu zabalek. Lurra bizirik dagoelako beste seinale bat ekarri ohi dute gogora irudiok.

atlantikoan zehar1. irudia: Kardu tximeletek migrazio handiak egiten zituela ezagutzen zen, baina aurreneko aldia da bidaia transatlantikoa frogatzen dena. (Argazkia: Jean-Pol Grandmont – CC BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Dena dela, migrazio hitza aipatzean, burura berehala datoz hainbat animalia mota, hala nola itsas edo lur ugaztunak, arrainak edota hegazti taldeak. Arraroa da zeregin horretan intsektuak irudikatzea, eta are arraroagoa horren txiki eta hauskor diruditen tximeletak.

Baina horiek ere migratu egiten dute, eta beren txikitasuna baino askoz zabalagoak diren tarteetan egin dezakete beren mugimendua. Adibidez, biologoek ezagutzen dute Monarka tximeletak (Danaus plexippus) eta beste hainbat tximeleta espezie migratzaile gai direla haizeak erabiliz hegazkadak eta planeaketak tartekatzeko, eta modu horretan oso tarte luzeak egin ditzaketela.

Baina orain, hamar urteko lan baten ondorioz, zientzialari talde batek aurkitu du zinez tarte luzea egin dezakeela Vanessa cardui edo kardu tximeleta espezieak. Orain arte, Europa eta Afrika artean egindako migraziorik luzeenak egiten dituztela ezagutzen zen, baina, orain, Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, bidaia horiek are luzeagoak izan daitezke; Ameriketara iristerainokoak.

Aurkeztutako ebidentzien arabera, zientzialariek uste dute intsektuek 4.200 kilometroko bidaia egin dutela Ozeano Atlantikoan zehar, Afrikatik Guyana Frantseseraino. Hori da aurkitu duten gutxieneko tartea. Baina, isotopoen analisian oinarrituta, ez dute baztertzen bidaia askoz luzeagoa izan ahal zutelako ideia: migrazioa Europan hasi ahal zutela azaldu dute. Hala gertatu izan balitz, horrek suposatuko zukeen 7.000 kilometro inguruko bidaia.

Ikerketa luze baten emaitza izan da hau. Izan ere, duela hamarkada bat baino gehiago abiatu zen hau guztia, 2013ko urrian CSIC Bartzelonako Institutu Botanikoko ikertzaile Gerard Talaverak Guyana Frantseseko hondartza batean hainbat kardu tximeleta hondartzan atzeman zituenean. Berehala jabetu zen ezohiko aurkikuntza baten aurrean zegoela, tximeleta horiek ez direlako bizi Hego Amerikan. Bost zentimetro inguruko intsektu txikiak ziren. Orotara, ikertzaileak hamar ale aurkitu zituen, guztiak hegoak kaltetuta zituztenak

Topaketa arraro horri erantzun bat eman nahian, ikertzaileek bi hipotesi izan dituzte esku artean: batetik, tximeleta horiek Ipar Amerikatik etorri izana, bertan badirelako espezie horretako populazioak. Bigarren hipotesia zen tximeleta horiek Europatik edo Afrikatik etorri izana. Baina, horretarako, noski, Ozeano Atlantikoa gurutzatu behar zuten ezinbestean.

Haizeen ibilbidea aztertuta, ikusi dute horien norabidea bat zetorrela tximeletek egin ahal zuten ibilbidearekin. Are, bidaia luze hori alisio haizeen laguntzari esker posible izan zela argi dute. Ozeano Atlantikoan zehar bost eta zortzi egun bitarteko bidaia izan zela kalkulatu dute ikertzaileek. Intsektu espezie batek eskalarik gabe egin duen mugimendurik luzeena delakoan daude ikertzaileak.

atlantikoan zehar2. irudia: tximeletetan aurkitutako Guiera senegalensis (argazkian) eta Ziziphus spina-christi landareen polenak eman die zientzialariek behin -betiko argudioa. (Argazkia: Marco Schmidt – CC BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Hipotesia lantzeko, dena dela, diziplina arteko ikerketa bidea erabili dute. Batetik, kontinente guztietako tximeleten lagin genetikoak bildu eta aztertu dituzte, eta modu horretan ebatzi ahal izan dute Guyanan aurkitutako tximeleta horien DNAk lotura zuela Europako eta Afrikako populazioetako aleekin. Modu berean, horrek alde batera utzi zuen Ipar Amerikakoak izateko aukera.

Dena dela, behin betiko froga polenak eman zien. Izan ere, tximeleten hegaletan harrapatutako polen aleetako azterketa genetikoa egin zuten ere. Bertan hamabi bat landare espezieen DNA aurkitu zuten, baina landare horietatik gehienak zabalpen handikoak ziren. Gauzak hala izanik ere, horietako bi urtaro euritsuaren ondoren bi Afrika Mendebaldean baino loratzen ez diren espezieetakoak ziren. Horrela demostratu ahal izan dute tximeleta horiek Afrikan ibilitakoak zirela.

Azken urteotan bereziki arkeologiaren alorrean duela gutxira arte eginezinak ziruditen izugarrizko aurkikuntzak ahalbidetzen ari den diziplinaz ere baliatu dira Ozeano Atlantikoan zehar egindako bidaia izan dela berresteko. Isotopoen analisiei buruz ari gara.

Zehazki, tximeleten hegaletako hidrogeno eta estrontzio isotopoak aztertu dituzte. Ikertzaileek jakin badakite hegaletan mantentzen dela larba zireneko garaiko osaketa isotopikoa. Izan ere, isotopoen proportzioa desberdina izan ohi da eremu geografikoaren arabera. Ondorioz, proportzio horiek batez ere Europako zein Afrika mendebaldeko lurraldeekin bat datozela uste dute. Zehazki, jatorrizko habitaten zerrendan proposatu dituzten jatorrizko herrialdeak honako hauek dira: Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Portugal, Mali, Senegal eta Ginea-Bissau.

Haizeek eman duten laguntza modelizatu dute ikertzaileek, eta kalkulatu dute horien laguntzarik gabe tximeletek soilik egin ahalko zituztela 780 kilometro inguru, energiarik gabe amildu aurretik. Uste dute aldeko haize lasterrak izan zituztela, eta tartekatu zituztela goranzko haizeen bultzada eta hegaldi aktiboak.

Hain zuzen, hemen behin baino gehiagotan aipatu dugunez, ezaguna da Saharatik ateratzen diren haizeek garrantzi handia daukatela hautsa eta horiekin batera bestelako materialak eramateko Atlantikoan zehar. Bada, oraingoan ere ikertzaileek ikusten dute Saharako haize geruzak zer esana izan zuela tximeleta hauen hegaldia abiatzerakoan. Ikertzaileek nabarmendu dute material horiekin batera doazen elementu biologikoak edo organismo txikiak ere aintzat hartu beharrekoak direla etorkizunean egin beharreko ikerketetan.

Izan ere, uste dute orain aurkitutako tximeletak ez direla kasu bakarra izan, eta, horregatik, munduan zehar kontinenteak lotzen dituzten aire bidezko ibilbide naturalak badaudela; hortaz, horiek ere sakontasun handiz ikertu beharrekoak direlakoan daude. Ikertzaileen arabera, baliteke gaur egun horrelako intsektuen mugimendu luzeak uste baino ohikoagoak izatea; hortaz, horregatik ikusten dute aintzat hartu behar direla zientzialarien artean, ekosistemetan ere inpaktu bat izango dutelako.

Ohi bezala klima aldaketak honetan guztian izango duen eraginaz ere ohartarazi dute berez ia horrelako mugimendu gehiago izateko aukerak handitu daitezkeelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Suchan, Tomasz; Bataille, Clément P.; Reich, Megan S.; Toro-Delgado, Eric; Vila, Roger; Pierce, Naomi E.; Talavera, Gerard (2024). A trans-oceanic flight of over 4,200 km by painted lady butterflies. Nature Communications, 15, 5205. DOI: 10.1038/s41467-024-49079-2

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Ozeano atlantikoa gurutzatu du tximeleta talde batek appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Jupiterren Orban Gorri Handia

Mon, 2024/09/23 - 09:00

Euskal Herriko UnibertsitatekoUniversitat Politècnica de Catalunya-ko – BarcelonaTech-eko (UPC) eta Barcelona Supercomputing Center-eko (CNS-BSC) ikertzaileek Jupiterren Orban Gorri Handiaren hainbat ezaugarri argitu dituzte.

Jupiterren1. irudia: aldaketak Jupiterren Orban Gorri Handiaren tamainan 134 urtetan. Ezkerrean, 1890ko urriaren 14an Lickeko Behatokian (AEB) lortutako argazkia, apur bat koloreztatuta obaloa nabarmentzeko. Eskuinean, 2024ko urtarrilaren 5ean Hubble Teleskopio Espazialarekin lortutako irudia. (Argazkiak: BDIP-Observatoire Paris (ezkerra) eta HST/NASA/ESA/OPAL program (eskuina). Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Ikertzaileek behaketa historikoak aztertu dituzte XVII. mendeaz geroztik, eta eredu numerikoak garatu dituzte fenomeno meteorologiko zirraragarri horrek planeta erraldoi gaseosoaren atmosferan duen adina eta izaera azaltzeko. Lan hori American Geophysical Unioneko Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu da.

Jupiterren Orban Gorri Handia (ingelesez GRS, Great Red Spot), ziurrenik, egitura atmosferiko ezagunena da, Eguzki Sistemako objektuen artean ikono hedatua. Bere tamaina handiari esker (gaur egun Lurraren diametroa du) eta baita bere kolore gorrixkak planetako hodei zurbilekin duen kontrasteari esker, erraz ikus daiteke, baita teleskopio txikiekin ere. Jupiterren Orban Gorria zurrunbilo antizikloniko handi bat da, eta haren periferiatik 450 km/h-ko abiaduran ibiltzen dira haizeak. Eguzki Sistemako planeten atmosferetan dagoen zurrunbilo handiena eta urtetsuena da, baina haren adina eztabaidagaia da, eta eraketa-mekanismoa ere ez da ezagutzen oraindik.

GRSren jatorriari buruzko hausnarketak Giovanni Domenico Cassini astronomoaren lehen behaketa teleskopikoekin hasi ziren. 1665ean obalo ilun bat aurkitu zuen GRSren latitude berean eta “Orban Iraunkorra” (ingelesez PS) izena jarri zion; izan ere, hark eta beste astronomo batzuek 1713ra arte behatu zuten. Ondoren, 118 urtez galdu zen haren arrastoa, eta 1831ean eta hurrengo urteetan S. Schwabek egitura argi bat ikusi zuen, gutxi gorabehera obalatua eta GRSren latitude berekoa. Egungo GRSren lehen behaketatzat har daiteke, agian sortzen ari den GRS batena. Ordutik, GRS aldizka behatu izan da teleskopioekin eta, gaur egunera arte, planeta bisitatu duten misio espazialekin.

Jupiterren organ Gorriaren bilakaera

Egindako azterketan, egileek, alde batetik, denboran zehar tamainak izan duen bilakaera, egitura eta bi eraketa meteorologikoen mugimenduak aztertu dituzte, PS eta GRS zaharra; horretarako, XVII. mendearen erdialdeko iturri historikoetara jo dute, teleskopioa asmatu eta gutxirako iturrietara. “Tamaina eta mugimenduen neurketetatik ondorioztatzen dugu oso gertagaitza dela egungo GRS G. D. Cassinik ikusitako PS izatea. Ziur aski, PSa noizbait desagertu zen XVIII. eta XIX. mendeen erdialdean; kasu horretan, esan dezakegu Orban Gorriak, oraingoz, gutxienez 190 urte baino gehiagoko bizi luzetasuna duela”, azaldu du Agustín Sánchez Lavega ikerketa honen buru izan den UPV/EHUko fisikako katedradunak. Orban Gorriak 1879an 39.000 km-ko tamaina zuen ardatzik luzeenean, eta uzkurtzen joan da eta biribildu egin da, gaur egun 14.000 km-ra iritsi arte.

Bestalde, 70eko hamarkadaz geroztik, hainbat misio espazialek gertutik aztertu dute fenomeno meteorologiko hori. Duela gutxi, “Jupiterren inguruko orbitan dagoen Juno misioko hainbat tresnek erakutsi dute GRS ez dela oso sakona eta mehea dela haren tamaina horizontalarekin alderatzen bada, bertikalki 500 km inguru hedatzen baita”, azaldu du Sánchez Lavegak.

Haizearen kontua

Zurrunbilo izugarri hori nola sortu zen jakiteko, UPV/EHUko eta UPCko taldeek simulazio numerikoak egin dituzte Espainiako superordenagailuetan, hala nola Espainiako Superkonputazio Sarean (RES) sartuta dagoen BSCko MareNostrum IVan, Jupiterren atmosferako zurrunbilo meheen portaeraren bi eredu osagarriren bidez. Planeta erraldoian, paraleloetan zehar doazen haize korronte biziak nagusitzen dira, beren norabidean latitudearekin txandakatuz. GRSren iparraldean, haizeak mendebalderantz jotzen du 180 km/h-ko abiadurarekin; hegoaldean, berriz, kontrako noranzkoan jotzen du, ekialderantz, 150 km/h-ko abiadurarekin. Horrek zizaila handi bat sortzen du iparretik hegoaldera haizearen abiaduran, eta hori bere baitan zurrunbiloa hazteko oinarrizko osagaia da.

Jupiterren2. irudia: ezkerretik eskuinera: Enrique García-Melendo (UPC) Agustín Sánchez Lavega eta Jon Legarreta (UPV/EHU). (Argazkia: Fernando Gómez. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Ikerketan hainbat mekanismo aztertu dituzte GRSren sorrera azaltzeko, besteak beste, superekaitz erraldoi baten erupzioa, Saturno planeta bikian oso gutxitan ikusten direnen antzekoa, edo haizearen zizailak sortutako zurrunbilo txikiago askoren fusioa. Emaitzek adierazten dutenez, bi kasuetan antizikloi bat eratzen bada ere, antizikloi hori ez dator bat egungo GRSren forma eta propietate dinamikoekin. “Gainera, uste dugu ezohiko fenomeno horietako bat gertatu izan balitz, ziur aski bera edo atmosferan izandako ondorioak garaiko astronomoek behatu eta jakinaraziko zituztela”, adierazi Sánchez Lavegak.

Zelula egonkorrak

Esperimentu numerikoen hirugarren talde batean, ikertaldeak GRSren sorrera aztertu du haizeen ezegonkortasun ezagun batetik abiatuta. Uste dugu ezegonkortasun hori zelula luzanga bat sortzeko gai dela, eta horiek entzerratzen eta harrapatzen dituela. Zelula hori proto-GRS bat izango litzateke, sortzen ari den Orban Gorri bat, eta haren uzkurtzeak XIX. mendearen amaieran ikusten den GRS trinko eta azkar birakaria eragingo luke. Zelula luzanga handien eraketa Jupiterren beste zurrunbilo garrantzitsu batzuen sorreran ikusi da. “Gure simulazioetan, superordenagailuen erabilerari esker, aurkitu dugu zelula luzangak egonkorrak direla Jupiterren haizeen abiadurarekin periferiatik biratzen direnean, ezegonkortasun horren ondorioz sortzen direnean espero zen bezalaxe”, adierazi du Enrique García-Melendo UPCko Fisika Saileko ikertzaileak. Bi eredu numeriko erabiliz, bata UPV/EHUn eta bestea UPCn, ikertzaileek ondorioztatu dute proto-GRSren errotazio abiadura inguruko haizeena baino txikiagoa bada, zatitu egiten dela, eta ezinezkoa dela zurrunbilo egonkor bat sortzea. Eta, oso altua bada, bere propietateak ez datoz bat egungo GRSren propietateekin.

Etorkizuneko ikerketen helburua GRSren uzkurdura denboran erreproduzitzen saiatzea izango da, denboran mantentzearen azpian dauden mekanismo fisikoak zehatzago ezagutzeko. Aldi berean, GRS desintegratu eta desagertuko den iragartzen saiatuko dira, muga-tamaina bat lortzean, Cassiniren PSri gertatu ahal izan zitzaion bezala, edo mugako tamaina batean egonkortuko den, zeinetan urte luzez iraun dezakeen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sánchez-Lavega, A.; García-Melendo, E.; Legarreta, J.; Miró, A.; Soria, M.; Ahrens-Velásquez, K. (2024). The origin of Jupiter’s Great Red Spot. Geophysical Research Letters, 51(12). DOI: 10.1029/2024GL108993

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Jupiterren Orban Gorri Handiaren adina eta jatorria zehaztu dute

The post Jupiterren Orban Gorri Handia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #499

Sun, 2024/09/22 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Matematika

Informatikari talde batek CVM izeneko algoritmo berritzaile bat garatu du, datu-fluxu bateko elementu bakarren kopurua modu eraginkorrean zenbatesteko. Ausazkotasuna erabiliz, algoritmoak aukera ematen du elementuak zerrenda luzeetan zenbatzeko, Facebookeko erabiltzaileak edo testu bateko hitzak, adibidez, elementu guztiak gogoratu behar izan gabe. Metodoak hobetu egiten du eskura dugun memoriaren tamaina, eta aurrerapen handia dakar elementu desberdinen arazoa konpontzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

OMEk patogeno berrien jatorriak ikertzeko nazioarteko esparru bat argitaratu du, SAGO taldearekin elkarlanean. Pandemiak edo izurrite larriak eragin ditzaketen patogeno arriskutsuen agerpena prebenitzea du helburu ekimen horrek. Zerrenda berrituan, SARS-CoV-2, ebola eta zika bezalako birusak eta kolera bezalako bakterioak daude. Giza eta animalien arteko transmisioaren ikerketa, azterketa genetikoak eta biosegurtasun neurriak jorratzen ditu esparruak. Gainera, zaintza-sistemak eta araudiak ezartzen ditu agerraldiak modu eraginkorragoan detektatzeko eta kontrolatzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

Ikertzaileek FPL (Flexible Power Links) potentzia-bihurgailuak aztertu dituzte, sare elektriko adimendunek akats elektrikoen aurrean duten erresilientzia hobetzeko. Matlab-Simulink programarekin egindako ikerketan, bi bihurgailu topologia alderatu zituzten: lau adarrekoa eta hiru adarrekoa. Lau adarreko topologiak eraginkortasun hobea eta korronte txikiagoa eskaintzen ditu, irteerako iragazkiaren tamaina txikitzeko aukera emanez. Hala ere, hiru adarrekoa merkeagoa da, eta kontrolatzeko errazagoa. Bi ikuspegi horien helburua da hornidura elektriko jarraitua eta orekatua bermatzea, baita sarean akatsak daudenean ere. Datuak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Nazioarteko ikertzaile-talde batek DL4MicEverywhere plataforma garatu du. Horri esker, zientzialariek adimen artifiziala  erabil dezakete irudi biomedikoak erraz aztertzeko. Portugalgo Gulbenkian Institutuak beste kolaboratzaile batzuekin batera sortutako tresna honek zelulen eta ehunen identifikazioa errazten du, irudien bereizmena hobetzen du eta ezagutza tekniko aurreraturik gabe analisi konplexuak egiteko aukera ematen du. Plataforma edozein ordenagailutatik sar daiteke eta FAIR (irisgarria, elkarreragingarria eta berrerabilgarria) irizpideak jarraitzen ditu. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Kutsadura

Environmental Research Letters aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, metano-kontzentrazioa inoiz baino gehiago handitu da azken bost urteetan eta metanoaren urteko isuriak % 20 hazi dira azken bi hamarkadetan. Isurtzen den metanoaren bi heren giza jardueretatik dator, hala nola erregai fosiletatik, abeltzaintzatik eta zabortegietatik. Metanoa berotegi efektuko bigarren gas garrantzitsuena da, CO2aren atzetik. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Fisika

Soken teoriak, fisikaren teoria liluragarri eta konplexuenetako batek, zientzia fikziozko autoreak inspiratu ditu, Liu Cixin kasu, bere narratibetan ezinezkoak diren teknologiak imajinatzera. Lurraren iraganaren oroitzapena izeneko trilogian, Liuk fisikaten teoria hori erabiltzen du “sofoiak” sortzeko. Sofoi hauek dirudiena baino sinpleagoak dira, baina dimentsio osagarriak zabaltzeko gaitasunak ematen dien ñabardura abstraktu horrek bihurtzen ditu fenomeno exotiko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

LHCko zientzialariek lehenengo aldiz behatu dute quarken arteko lotura kuantikoa ATLAS detektagailuan, Nature aldizkarian jakinarazi bezala. Aurretik, energia baxuko partikuletan behatu zen gurutzatze kuantikoa, baina hemen, protoien talken ondoren, energia handiko baldintzetan lortu zen. Milioi bat quark t eta anti-t pare aztertuta, quarken artean astunenak, haien spinetan endredo kuantikoaren ebidentzia antzeman zen. Quark hauek, bizitza laburra izan arren, elkarlotura mantentzen dute beste partikula batzuk sortu aurretik. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Astrofisika

Ikertzaileek ondorioztatu dute Lurrak eraztunak izan zituela Ordoviziarren garaian, duela 446 milioi urte. Ekuatoretik gertu dauden 21 krater aztertzean, asteroide bat planetatik gertu igarotzean zatitu egin zela ondorioztatu zuten, dozenaka milioi urtez iraun zuen eraztun sistema bat sortuz. Fenomeno horrek kliman eragina izan zezakeen eta hirnantiako glaziazioarekin, (Lurraren historiako garairik hotzenetako batekin) zerikusia izan zezakeen. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza UPV/EHUko ikertzaileek protokolo zehatz bat garatu dute neke kronikoaren sindromea ebaluatzeko, gaixotasun neurologiko konplexua eta diagnostikatzeko zaila, batez ere emakumeetan. Ikerketa Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu zen, eta sintomak karakterizatu eta pazienteen azpitaldeak sortu zituen, patologia hori beste batzuetatik bereizten lagunduz, post-COVID-19 sindromea kasu. Nerbio-sistema autonomoaren funtzioak eta autoantigorputzak ebaluatu zituzten, inpaktu neurologikoa eta immunea aztertzeko. Protokolo horri esker, diagnostiko azkarragoak eta zehatzagoak egin ahal izango dira, eta aurrerapauso erabakigarria izango da batez beste bost urte behar dituen gaixotasun batean. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #499 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #506

Sat, 2024/09/21 - 09:00

Urtero, balizko farmako berrien ehunka saiakuntza kliniko bertan behera uzten dira hainbat arrazoirengatik. Ikerketa berri baten arabera, farmakoaren jarduera-mekanismoetan inplikatutako genetikak zeresan handia… eta diru aurrezte handia ditu. Aborted clinical trials: what genetics has to say, Rosa Garcia-Verdugoren eskutik.

Planetak behar duen iraultza energetikoa metatu daitezkeen energien araberakoa izan beharko da nahitaez. Bateriak ez dira konponbide egokia; izan ere, onak izan arren, balio-bizitza mugatua dute, eta, gainera, elementu kimiko arraroak behar dituzte eta birziklatzearen mende daude. Birziklatzea, ona bada ere, ez da inoiz % 100ekoa izango, eta horrek ingurumenean eragina izango du. Irtenbide bat hidrogeno berdea da, energia berriztagarriak erabiliz uraren hidrolisitik lortzen dena. Baina erreakzioa katalizatu egin behar da eta katalizatzaile industrial eraginkor eta merke bat aurkitzea lastategi handi batean orratz bat bilatzea da. Hor sartzen da adimen artifiziala: A cheaper way to make green hydrogen, using AI

Aski ezaguna da txinpantzeak komunikatzen direla. Zirkulazio-agenteak eskuarekin keinu bat egin eta ibilgailua geldiarazi behar duzula dakizun bezala. Beste gauza bat da elkarrizketa bat izatea. Do chimpanzees converse?, José Ramón Alonso.

Material ferromagnetikoak erdieroale organiko edo metalorganikoekin konbinatzen dituen ikerketa-eremua da espintronika molekularra. Eta DIPCko jendeak galdetu du, eta antiferromagnetiko bat sartzen badiogu? Eta oso gauza interesgarria aurkitu dute: Inducing an antiferromagnetic exchange coupling at a hybrid metal–organic interface

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #506 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eta hutsean argiaren abiadura askoz ere txikiagoa balitz?

Fri, 2024/09/20 - 09:00

Bada, erlatibitatea gupidagabea izango litzateke…

Gure unibertsoan, argiak hutsean duen abiadura 300.000 km/s-koa da. Baina demagun 50 km/h-ko dela soilik. Kasu horretan, gure pertzepzioa asko aldatuko litzateke.

25 km/h-ko abiaduran joatea (bizikleta baten gainean, adibidez) nahikoa litzateke efektu erlatibistak somatzeko. Adibidez, bizikleta gainean munduari begiratzean, tubel baten barruan bageunde bezala ikusiko genuke dena; erdigunea oso distiratsua ikusiko genuke, eta hertzak oso ilunak. Hala zango litzateke argi gehiago jasoko genukeelako gure mugumenduaren norabidean.

Hori gutxi balitz, “bikien efektua” gertatuko litzateke geldi egon den pertsona batekin alderatuko bagina; bata geldi egotean eta bestea mugimenaduan, geldi egon denarentzat denbora azkarrago pasako bailitzateke.



Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.

The post Eta hutsean argiaren abiadura askoz ere txikiagoa balitz? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoen bitartez

Thu, 2024/09/19 - 09:00

Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, hala nola kontsumo elektrikoaren hazkundeari eta baliabide berriztagarrien integrazioari, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko, hala nola, akats elektrikoak arintzeko.

FPLIrudia: Sare adimenduaren irudikapena. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Akats bat linea elektrikoaren barruan desiragarria ez den gertakaria da, eta hainbat arrazoiengatik gerta daiteke. Tradizionalki, akats bat agertzerako unean, deskonexioa burutuko da saretik, gainkorronteetatik babesteko. Aldiz, potentzia-elektronika banaketa sarean sartuta, arazo horin ekidin daiteke, eta hornidura uneoro mantendu. Hau posible egiteko, kargak triangelu bidez konektatuta egon beharko dira; normalean hala egoten dira.

Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baitaitzake. Horrela tentsio sinpleak (fase-neutro) desorekatuta egon arren, kargetara konektatuta dauden triangelu motako transformadoreak tentsio orekatu bat (fase-fase) jasoko dute. Hala, akatsen bat gertatuta ere, sareko erabiltzaileek hornidura bermatuta izango dute uneoro.

FPL-en topologiak

Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak ikertzen ditu, eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Tentsio homopolarra duen tentsioak lortzeko laugarren hari bat beharrezkoa izango denez, lau adarreko topologia eta hiru adarreko topologia DC buseko erdi puntura konexioa duen topologia aztertu da. Azterketa burutzeko Matlab-Simulink programa erabili da, bihurgailuaren tentsio, korronte eta potentziak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.

Lortutako emaitzen arabera, lau adarretako topologiak duen abantaila nagusia zera da: hiru adarreko topologiarekin alderatuta, DC buseko tentsioaren erabilpen hobeagoa lortzen duela potentzia berdina duen kargak elikatzeko, korronte maila baxuagoa erabilita. Korronte maila txikiagoak ahalbidetzen du kommutazio maiztasun handiagoa erabiltzea, eta horrek aldi berean, irteerako filtroaren dimentsioen murrizpena eragiten du. Hala ere, hiru adarreko topologiak kontrol eta modulazio errazagoak eskaintzen ditu, aztertuago dagoen topologia mota baita. Gainera, topologia merkeagoa da baita ere, IGBT eta diodo gutxiago dituenez, adar bat gutxiago duelako.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoetan zehar
  • Laburpena: Banaketa-sarea hainbat erronkari aurre egiten ari da, eta horiek gaur egungo banaketa-sarea sare adimenduagoetara bideratzen ari dira. Sare adimendu horietan, ezinbestekoa da potentzia-elektronika erabiltzea beharrezko funtzionalitate berriak gehitzeko; horietako bat akats elektrikoak arintzea litzateke. Alde horretatik, akats elektrikoak arintzean tentsio desorekatuak sortzen dira eta potentzia-bihurgailuak erabili daitezke tentsioak orekatzeko. Goi-tentsioko lineen kasuan, Flexible Power Links (FPL) aukera egokia da, energia-fluxua bi norabideetan kontrolatzeko gai izateaz gain, tentsio desorekatuak sor baititzake. Artikulu honek FPL potentzia-bihurgailuetan erabiltzen diren topologia nagusiak aztertzen ditu eta haien portaera aztertzen du akats monofasikoak arintzean. Simulazioaren emaitzak aztertu dira, eta topologia bakoitzaren abantailak eta desabantailak lortu dira.
  • Egileak: Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos, Adriano Rai Navarro
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 279-291
  • DOI: 10.1387/ekaia.24567
Egileez:

Estefanía Planas, José Antonio Cortajarena, Ander DeMarcos eta Adriano Rai Navarro UPV/EHUko Teknologia Elektrikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post FPL potentzia-bihurgailuen analisia akats elektrikoen bitartez appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sofoiak, edo nola zabaldu unibertsoa

Wed, 2024/09/18 - 09:00

Zalantzarik gabe, soken teoria da —benetan hainbatetan bereiz daitekeena— imajinario popularrean pasio gehien pizten dituen fisikaren teorietako bat; hala ere, oso gutxitan da protagonista fikziozko narratibetan.

Teoria horri heltzera ausartu den gutxienetako bat Liu Cixin idazle txinatarra izan da, El recuerdo del pasado de la Tierra (Lurraren iraganaren oroitzapena) trilogian. Obra hori Hiru gorputzen trilogia gisa ezagunagoa da, eta bigarren aldiz egokitu berri dute pantaila handietara, telesail baten forman. Autoreak beste obraren batean ere landu izan du gaia. Adibidez, Espejo (Ispilua) kontakizunean, supersoken ordenagailu bat ageri da, mota guztietako unibertsoak simulatzeko gai dena… Eta horrek badu zentzu pixka bat teoriaren testuinguruan jartzen denean.

soken teoria1. irudia: El recuerdo del pasado de la Tierra (Lurraren iraganaren oroitzapena) trilogia, Liu Cixin idazlearena. Espainian Nova/Ediciones B argitaletxeak editatu zuen. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Fisikari gehienak bat datoz soken teoria «ederra» dela esatean, baina beharbada zorigaitzezko edertasuna du, eragiten dituen buruhausteak ikusita. Printzipioz, formalismo osoa ideia sinple batean oinarritzen da: partikulak ez dira «bolitak», baizik eta harizpi dimentsiobakarrak, zeinen bibrazio moduek zehaztuko lituzketen beren ezaugarriak —masa, karga…—; eta, beraz, baita zein partikula mota diren ere —elektroiak, quarkak…—. Ikuspegi intuitiboa litzateke hori, oso agerikoa; izan ere, fisika sistema ondulatorioz beteta dago. Arazoa sortzen da matematikaren bidez zentzua ematen saiatzen garenean.

Soken teoria hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran sortu zen, elkarrekintza nuklear bortitzaren ikerketaren testuinguruan —nukleo atomikoen batasuna mantentzearen arduradun den oinarrizko lau elkarrekintzetako bat, elkarrekintza ahularekin, elektromagnetismoarekin eta grabitatearekin batera—, Gabriele Venezianok Eulerren beta funtzioa erabili zuenean CERNen modu esperimentalean behatutako fenomeno batzuk azaltzeko.

Denbora gutxira, 1970ean, Yoichiru Nambu, Holger Nielsen eta Leonard Susskind-ek proposatu zuten Venezianoren hurbilketak zentzua zuela baldin eta interpretatzen bazen partikulek soka dimentsiobakar dardaratsu gisa jokatzen zutela. Hala ere, ikuspegi horrek ez zuen guztiz bat egin esperimentuekin, nahiz eta beste ikertzaile batzuek «sormenezko» elementuak sartzen hasiak ziren , hala nola dimentsio osagarriak —hogeita zazpira arte ere—. Kromodinamika kuantikoa gailendu zenean, azkenean, elkarreragin bortitza azaltzeko aukera onena gisa, soken teoria sortu berria bertan behera geratu zen. Baina 1974an, John Henry Schwarz eta Joël Scherkek soka horien bibrazio moduak ikertu zituzten eta deskubritu zuten moduetako bat grabitate eremuko partikula mezulariarekin bat etor zitekeela: grabitoia. Eta ginerakoa historia da.

Soken teoria guztiaren teoria bat bihurtzeko zantzuak agertu zirenetik, asko eta asko idatzi da hari buruz, bai teoriaren jarraitzaileen eskutik bai haren aurkakoen eskutik. Izan ere, unibertsoa ulertzeko gure nahiaren abiapuntu ona balitz ere, oraindik zailtasun ugari planteatzen ditu, hala maila teorikoan nola esperimentalean, izango lituzkeen posibilitateez askoz harago.

Alde batetik, formalismoa Plancken luzeraren ordenako eskaletan planteatzen da ―1,616199(97) × 10-35 m―; horrek esan nahi du, esperimentalki horren egiazkotasuna frogatu ahal izateko, 10¹⁹ GeV ordenako energiak beharko genituzkeela —LHCa (Hadroi Talkagailu Handia) 14 TeV edo 1,4⁴ GeV-era iristeko sortu zen—.Beste alde batetik, tresna matematiko oso zabala da eta hainbeste soluzio onartzen dituenez, denek ez lukete zertan fenomeno fisiko bat adierazi. Gainera, horietako askoren emaitza sistema ezegonkorrak edo kaotikoak dira.

Soken teoriak 10⁵⁰⁰ ordenako unibertso motak deskriba litzake; hortaz, nola aurki genitzakeen gurea definitzen dituzten baldintzak handitasun horretan? Eta, azkenik, multidimentsionalitatearen gaia aurreko guztiaren oinarrian dago. Egunerokoan hautematen ditugun lau dimentsioez gain, soken teoriak adierazten du beste sei ere badaudela, «trinkoak» edo «biribilkatuak» izena hartzen dutenak. Espazio-denboran bertan forma geometriko oso zehatzetan «zanpatuta» daudela imajina dezakegu, eta egungo bitartekoekin ez ginatekeen gai izango haiek detektatzeko. Susma daitekeen moduan, horrek guztiak buruhauste handia sortu du zientziaren esparruan. Baina, bestetik, zientzia fikzioarentzat posibilitate infinituetarako ate irekia da.

soken teoria2. irudia: LHCaren tunelaren sektore bat, CERNen; hura da gaur egun partikulen fisika ikertzeko daukagun tresnarik onena. (Argazkia: Maximilien Brice – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Stanley Schmidt Analog Science Fiction and Fact aldizkari historikoko editoreak —1978tik 2012ra; John W. Campbell eta Ben Bova historikoen ondorengoa— esaten zuen «ezinezkoa dela froga ezin daitekeen edozer erabil daitekeela zientzia fikzioan». Horrekin esan nahi zuen benetako oinarri zientifikoa baldin badago, zilegi dela zientzia fikzioaren bidez zientziaren irismenaren mugarekin jolastea eta hortik aurrera espekulazioak egitea. Eta horixe bera da Liu Cixinek bere trilogian —eta obra osoan— egiten duena; eta horregatik funtzionatzen du hain ongi. Eta harago ere joango nintzateke: horregatik eramaten gaitu amestera… Zientziaren etorkizunarekin amestera, egunen batean deskubri genitzakeen gauza miragarriekin.

Hiru gorputzen trilogian, Liu Cixinek soken teoriaren multidimentsionalitatea baliatzen du aitzakia gisa espazio-denborarekin papiroflexia egiteko. Horrela, magiarengandik hurbilago dauden mota guztietako teknologiak sortzen ditu biribilkatutako dimentsioak zabaltze hutserako, hala nola sofoiak.

Errealitatean, Liu Cixinen imajinazioak sortutako sofoiak dirudiena baino sinpleagoak dira, baina dimentsio osagarriak zabaltzeko gaitasunak ematen dien ñabardura abstraktu horrek bihurtzen ditu fenomeno exotiko. Soken teoriaren arabera, protoia, beste partikula guztiak bezalaxe, harizpi dimentsiobakar dardaratsua da eta hamar dimentsiotako espazio batean definituta dago (hamaika, M teoria aintzat hartzen badugu, bertsio ezberdinak bateratuko lituzkeena); Trisolaristarrek egiten duten «gauza bakarra» dimentsio biribilkatu horietako bat makroskopiko bihurtzea da, protoia objektu bidimentsional erraldoi bihurtuta. Eleberrian Trisolarisen azalera osoa estaltzen du, ispilu bat bailitzan. Ondoren, eta berriro ere partikulen fisikako kontzeptuak erabiliz, zirkuitu integratuen korapilo zabal bat txertatzen da bertan. Eta Trisolaristarren azken pausoa da dimentsioa berriro trinkotzea; eta, beraz, informazioa ere berriro konprimatzea (.zip fitxategi baten moduan).

Liu Cixinen espekulazioa honako hau da: biribilkatutako dimentsio bakoitzak konplexutasun aberatsa gordetzen du, eta guztiak zabaltzea lortuko balitz, partikula bakar batean kodifikatu ahalko litzateke unibertsoaren informazio guztia; baina bakar bat zabaltzea zail-zaila dela planteatzen da.

Sofoi bat, beraz, superordenagailu bat besterik ez da, edo berezitasun teknologikoaren mugan dagoen adimen artifizial mota bat, zeinak, soken teorian oinarritutako prestidigitadore trikimailu bati esker, gure harritzeko zentzua pizten baituen, Liu Cixinek beste modu batera kontatu izan baligu baino askoz erakargarriagoa dena. Baina gehiago ere badago…

Lehen esan dut soken teoriako dimentsio trinkoak forma geometriko oso zehatzetan definitzen direla: Calabi-Yauren barietate gisa ezagunak dira. Askok ez dute horrekin ezer irudikatuko, baina honen antzeko forma daukate:

soken teoria3. irudia: soken teoriako dimentsio trinkoak Calabi-Yauren barietateetan oinarrituta definitzen dira. (Argazkia: German – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Common)

… Eta orain, Netflixeko telesaila ikusten ari direnak animatzen ditut arretaz begiratzera nola irudikatu dituzten sofoiak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Greene, Brian (2003). El universo elegante. Crítica.

Hossenfelder, Sabine (2015). Will the LHC be able to test string theory? Medium.

Liu, Cixin (2016). El problema de los tres cuerpos. Nova.

Liu, Cixin (2021). Espejo. En Sostener el cielo. Nova.

Egileaz:

Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 4an: Sofones, o como desplegar el universo

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Sofoiak, edo nola zabaldu unibertsoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Adimen artifiziala irudi biomedikoak hobetzeko

Tue, 2024/09/17 - 09:00

Irudi biomedikoen analisian adimen artifizialaren abantailak erraz txertatzeko moduko plataforma bat garatu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Duela hainbat urtetik iragarrita zegoen moduan, olatu bat bezala txertatzen ari da adimen artifiziala askotariko esparruetan, eta zientzia ez da, inondik inora, horren kanpo geratuko den eremua. Izan ere, zientzialariak jakitun dira tresna berri hauek duten potentzialaz.

adimen1. irudia: besteak beste, Ivan Hidalgo-Cenalmor eta Estibaliz Gomez de Mariscal ikertzaileek parte hartu dute plataformaren garapenean. (Argazkia: Estibaliz Gomez de Mariscal / DL4MicEverywhere)

Norabide horretan aurrerapen asko iragartzen ari dira. Horietako bat nazioarteko ikertzaile talde batek aurkeztu du Nature Methods aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Mundu osoko ikertzaileei adimen artifiziala erabiltzeko aukera eman nahi die tresnak. Zehazki, irudi biomedikoak —bai mikroskopio bidez hartutakoak, edo mediku eskanerren bide lortutakoak— modu errazean aztertzeko bidea eman nahi du plataformak.

DL4MicEverywhere izena eman diote egitasmoari; besteak beste, Portugalgo Gulbenkian Zientzia Institutuak garatu du plataforma. Zientzia erakunde horrekin batera, Finlandiako Åbo Akademi Unibertsitateko eta AI4Life nazioarteko partzuergoko ikertzaileek parte hartu dute garapenean.

EHUn ikasi eta gaur egun Gulbenkian institutuan dabilen Estibaliz Gomez de Mariscal matematikariak azaldu duenez, une honetan, zientzia jarduna gero eta kuantitatiboagoa da, eta, ezagutza eskuratzeko, algoritmoak gero eta beharrezkoagoak dira. “Adibidez, jakiteko botika batek efektua egiten duen ala ez, edo ezagutzeko zelulak nola aritzen diren egoera jakin batean”. Aintzat hartu beharra dago, gainera, gaur egun biologoek eta antzeko espezialistek milaka irudi hartzen dituztela beren jardunean, eta horiek prozesatzea eta interpretatzea erronka izugarri handia dela.

Norabide horretan, adimen artifiziala oso lagungarria izan daiteke, baina hori erabiltzea, ordea, “zaila” dela azaldu du ikertzaileak. “Programatzen jakin behar duzu, edo sarbidea izan behar duzu konputazio ahalmen handiko azpiegituretara. Edo, besterik gabe, teknika hauek aplikatzeko ezagutza bat izan behar duzu”. Ikertzaileak dioenez, horretan laguntzeko asmoz eratu dute plataforma: biozientzien alorreko zientzialariek aukera izan dezaten ikasketa sakoneko algoritmoak erabiltzeko, beren irudi mikroskopikoak aztertu aldera.

Eginkizunen artean, adibidez, algoritmoa zelulak detektatzeko gai da, edo ikertzaileari une jakin batean interesatzen zaizkien ehunaren zatiak identifikatzeko. “Modu berean, irudiaren bereizmena hobetu daiteke, edo irudietan tindaketak egin; hau da, zelula bat hartu, eta algoritmoa gai da identifikatzeko non dagoen zelularen nukleoa, fluoreszentziaz markatuta egongo balitz bezala”.

adimen2. irudia: Askotariko hobekuntzak egin daitezke irudi biomedikoetan. Irudiaren goiko aldean, mikrohodien irudi erreala, nanoeskalan. Beheko aldean, bereizmen hobetua. (Irudia: Estibaliz Gomez de Mariscal / DL4MicEverywhere)

Beste gaitasun bat bereizmenari dagokio. Izan ere, gaur egun ikertzaileak gai dira mundua nanoeskalan ikusteko. Baina nanoeskala horretara iristeko oso laser indartsuak erabili behar dira ezinbestean, eta horiek zelulak guztiz erretzen dituzte. Horretan ere lagungarria izan daiteke tresna.
“Algoritmo hauek gai dira pixka bat lausotuta dauden irudiak hartu eta horiek ebazteko, guretzako garrantzitsuak diren detaileak emanez”, erantsi du euskal ikertzaileak. “Kuantifikatzeko edo dinamika molekular baten jarraipena egin ahal izateko”.

Gainera, tresnak zabaltzeko nahia ez da mugatu teknologia garatzera: plataformaren eskuragarritasunaren alde ere egin dute lan. “Hasieran hau guztia Google-ren zerbitzuak erabiltzen egin behar zen, baina orain eraman dugu edozein ordenagailutan erabili ahal den plataforma batera, edozein erakunderen edo unibertsitateren zerbitzaritan jartzeko moduan. Arlo teknikoaren inguruan batere ideiarik izan gabe, ikertzaileak egin behar duen bakarra da plataforma instalatzea, eta, modu horretan, bere irudiak aztertzeko teknika bilduma izango du eskura”, argitu du Gomez de Mariscalek.

Kontuan hartzen duten beste kontu garrantzitsu bat datuen kalitateari dagokio. “Aintzat hartu behar da algoritmo hauek guztiak datuekin entrenatzen ditugula. Beraz, pertsona aditu batek hartzen ditu datuak. Zentzu honetan, gizakiek aukeratutakoak izanda, dagoen kezka da noraino dagoen datu horietan isuri kognitibo bat. Hori dela eta, ahalegintzen ari gara isuri kognitibo hori ahalik eta gehien gutxitzen, horretarako hainbat laborategi inplikatuz, edo sarbidea izanik hainbat instituzioek egindako datu bildumetara”.

Azpimarratu nahi izan dutenez, FAIR irizpideen arabera egiten dute lan: findable, accesible, interoperable and reusable; hots, datu horiek aurkitzeko errazak izan behar dira, horietarako sarbidea bermatu behar da, beste datu eta tresnekin erabiltzeko modukoak, eta, azkenik, berrerabiltzeko modukoak izanik. “Software irekian egiten dugu lan”, laburbildu du ikertzaileak.

Gauzak hala, ikertzailearen esanetan, gaur egun zenbait atazatan gizaki baten parean dago adimen artifiziala. “Adibidez, zelulen nukleoak identifikatzeari dagokionez”, azaldu du matematikariak. “Hori dagoeneko lotu dugu, eta tresna horiek eskura daude gure plataforman”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hidalgo-Cenalmor, Iván; Pylvänäinen, Joanna W.; Ferreire, Mariana G.; Russell, Craig T.; Saguy, Alon; Arganda-Carreras, Ignacio; Shechtman, Yoav; AI4Life Horizon Europe Program Consortium; Jacquemet, Guillaume; Henriques, Ricardo; Gómez-de-Mariscal, Estibaliz (2024). DL4MicEverywhere: Deep learning for microscopy made flexible, shareable, and reproducible. Nature Methods, 21, 925-927. DOI: 10.1038/s41592-024-02295-6

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Adimen artifiziala irudi biomedikoak hobetzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Informatikariek zenbatzeko modu efiziente berri bat asmatu dute

Mon, 2024/09/16 - 09:00

Ausazkotasuna erabiliz, talde batek algoritmo sinple bat sortu du datu fluxu batean objektu ezberdin asko kalkulatzeko.

Imajina ezazu oihan tropikal birjina batera bidaltzen zaituztela basoko bizitzaren errolda egiteko. Animalia bat ikusten duzun bakoitzean, argazki bat ateratzen duzu. Zure argazki digitalak ateratako argazki guztien erregistroa eramango du, baina zuri animalia bakarren kopurua baino ez zaizu interesatzen, oraindik zenbatu ez dituzun guztiak. Zein da zenbaki hori lortzeko modurik onena? «Begi bistako soluzioak eskatzen du orain arte ikusi dituzun animalia guztiak gogoratzea eta animalia berri bakoitza zerrendarekin alderatzea», azaldu du Lance Fortnow Illinoisko Teknologia Institutuko informatikariak. Baina jokatzeko modu adimentsuagoak daude, gaineratu du; izan ere, milaka sarrera badituzu, begi bistako ikuspegia ez da batere erraza.

modu1. irudia: zientzialari informatikoek zerrenda luze batean sarrera ezberdinen kopurua alderatzeko modu berri bat deskribatu dute. (Ilustrazioa: Nico Roper – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Okertu egiten da. Zer gertatzen da Facebook bazara eta egunero saioa hasten duten erabiltzaile ezberdinen kopurua zenbatu nahi baduzu, are gehiago, horietako batzuk gailu askotatik eta askotan saioa hasten badute? Orain saio hasiera bakoitza milaka milioiko zerrenda batekin alderatzen ari gara.

Duela gutxiko artikulu batean, zientzialari informatikoek zerrenda luze batean sarrera ezberdinen kopurua alderatzeko modu berri bat deskribatu dute, eta metodo horrek sarrera kopuru txiki bat bakarrik gogoratzea eskatzen du. Algoritmoak elementuak banan-banan gehitzen diren edozein zerrendatarako funtzionatuko du: pentsa diskurtso bateko hitzak, uhal garraiatzaile bateko produktuak edo errepide bateko autoak.

CVM algoritmoa, bere sortzaileengatik hala deitua (Indiako Estatistika Institutuko Sourav Chakraborty , Lincoln-eko Nebraskako Unibertsitateko Vinodchandran Variyam , eta Torontoko Unibertsitateko Kuldeep Meel ), urrats esanguratsua da elementu ezberdinen arazoa deritzona konpontzeko. Zientzialari informatikoek 40 urte baino gehiago daramatzate arazo horrekin borrokan. Elementu fluxu bat efizienteki monitorizatzeko modu bat eskatzen du (horren guztizko kopurua eskura dagoen memoria baino handiagoa izan daiteke), eta, ondoren, elementu bakarren kopurua zenbatestea.

«Algoritmo berria izugarri sinplea eta inplementatzen erraza da», adierazi du Massachusetts-eko (Amherst) Unibertsitateko Andrew McGregor-ek. «Ez nintzateke harrituko [elementu desberdinen] arazoari praktikan aurre egiteko lehenetsitako modua bihurtuko balitz».

Arazoa eta CVM algoritmoak arazoa nola konpontzen duen argitzeko, imajinatu Hamleten audioliburua entzuten ari zarela. Lanak 30.557 hitz ditu. Zenbat dira desberdinak? Hori jakiteko, lana entzun dezakezu (eteteko botoia maiz erabiliz), hitz bakoitza alfabetikoki idatzi koaderno batean eta dagoeneko zure zerrendan dauden hitzak albo batera utzi. Amaierara iristean, zerrendako hitz kopurua baino ez duzu zenbatuko. Ikuspegi horrek funtzionatzen du, baina, gutxi gorabehera, hitz bakarren kopuru bereko memoria kantitate bat eskatzen du.

Datuen transmisioan ohikoak diren egoeretan, milioika elementu egon daitezke jarraipena egiteko. «Agian ez duzu dena biltegiratu nahi», dio Variyamek. Eta horretan eskain dezake CVM algoritmoak modu errazago bat. Trikimailua da, baieztatu zuen, ausazkotasunean konfiantza izatea.

Itzul gaitezen Hamletera, baina oraingoan zure lan memoriak (arbel bat) 100 hitzentzako tokia besterik ez du. Obra hasten denean, entzuten dituzun lehen 100 hitzak idazten dituzu, errepikapenak berriro alde batera utzita. Espazioa beteta dagoenean, sakatu eten eta jaurti txanpon bat hitz bakoitzeko. Aurpegia ateratzen bada, hitza zerrendan geratuko da; gurutzea ateratzen bada, berriz, ezabatu egingo duzu. Aurretiazko txanda horren ostean, 50 bat hitz desberdin geratuko zaizkizu.

Orain aurrera egin taldeak 1. txanda deritzonarekin. Segi Hamlet irakurtzen eta gehitu hitz berriak aurrera egin ahala. Zure zerrendan dagoen hitz bat aurkitzen baduzu, jaurti txanpona berriro. Gurutzea bada, ezabatu hitza; aurpegia bada, hitza zerrendan geratuko da. Jarraitu horrela arbelean 100 hitz izan arte. Ondoren, ezabatu ausaz gutxi gorabehera erdia, 100 txanpon jaurtiketen emaitzaren arabera. Hor amaitzen da 1. txanda.

Ondoren, jarraitu 2. txandarekin. Jarraitu 1. txandan bezalaxe, baina orain zailagoa izango da hitz bat mantentzea. Errepikatutako hitzen bat aurkitzen duzunean, jaurti txanpona berriro. Gurutzea ateratzen bada, ezabatu hitza, lehen bezala. Baina aurpegia ateratzen bada, bigarren aldiz jaurtiko duzu txanpona. Hitza mantenduko duzu soilik aurpegia bigarren aldiz ateratzen bada. Taula bete ondoren, txanda 100 txanpon jaurtiketetan oinarritutako beste garbiketa batekin amaitzen da, gutxi gorabehera hitzen erdia.

Hirugarren txandan, jarraian hiru aurpegi atera beharko dituzu hitza mantentzeko. Laugarren txandan lau aurpegi atera beharko dituzu jarraian. Eta horrela hurrenez hurren.

Azkenik k txandan, Hamleten amaierara iritsiko zara. Ariketaren helburua izan da hitz bakoitzak, egin dituzun ausazko aukeraketen arabera, hor egoteko probabilitate bera izatea: 1/2k. Adibidez, 61 hitz badituzu zerrendan Hamleten amaieran eta prozesuak sei txanda behar izan bazituen, 61 zati probabilitatea egin dezakezu, 1/26, hitz desberdinen kopurua zenbatesteko, eta horrek 3904 hitzeko emaitza ematen du kasu honetan. (Erraza da prozedura horrek nola funtzionatzen duen ikustea: demagun 100 txanponekin hasten zarela, bakoitza banaka jaurtitzen duzula, eta aurpegia ateratzen duten txanponak bakarrik gordetzen dituzula. 50 bat txanponekin amaituko duzu, eta norbaitek zenbaki hori probabilitatearen arabera zatitzen badu, ½, asma dezake hasieran 100 txanpon inguru zeudela).

Variyam eta haren kideek matematikoki frogatu zuten teknikaren zehaztasuna handitu egiten dela memoriaren tamainarekin. Hamletek 3.967 hitz bakar ditu zehazki. (Zenbatu egin zituzten). 100 hitzeko memoria erabili zuten esperimentuetan, bost egikaritzeren ondorengo batez besteko kalkulua 3955 hitzekoa izan zen. 1.000 hitzeko memoriarekin, batez bestekoa 3.964ra igo zen. «Jakina», azaldu du Variyamek «[memoria] hitz guztiak sartzeko bezain handia bada, orduan % 100eko zehaztasuna lor dezakegu».

«Hori oso adibide egokia da adierazteko batzuetan konponbide oso sinpleak daudela, bai eta oso oinarrizko eta ondo aztertutako arazoetarako ere, baina ez direla begi bistakoak eta aurkitu ditzaten zain daudela», baieztatu du Harvardeko Unibertsitateko William Kuszmaul-ek.

Jatorrizko artikulua:

Steve Nadis (2024). Computer Scientists Invent an Efficient New Way to CountQuanta Magazine, 2024ko maiatzaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Informatikariek zenbatzeko modu efiziente berri bat asmatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #498

Sun, 2024/09/15 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aurkitu

Ingurumena

UPV/EHUko ikerketa batek, INMA proiektuaren parte denak, ingurune berde edo urdinetan bizitzearen eta haurren garapen kognitiboaren arteko erlazioa ikertu du; zehazki, lan-memoria, 1.500 haurrengan. Emaitzek ez dute ebidentzia argirik erakutsi ingurune horiek lan-memoria hobetzen dutenik. Nazioarteko ikerketa batzuek eremu berdeagoetan bizi diren haurrengan onura kognitiboak iradokitzen dituzten arren, ebidentziak mistoa izaten jarraitzen du, eta ikerketa gehiago behar da adostasun zientifiko bat lortzeko. Datuak Zientzia Kaieran.

Kataluniako 11 hiritan egindako ikerketa baten arabera, airearen kutsadurak antibiotikoen erabilera areagotzen du. PM10, PM2.5 eta NO2 kutsatzaileen eraginpean egoteak arnas narritadura eta infekzio baten antzeko sintomak eragiten ditu, eta horrek antibiotikoen preskripzioa areagotzen du osasun-zentroetan. Bigarren mailako bakterio-infekzioekin ere egon liteke lotuta. JAMA Network aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta airearen kalitatea hobetzeko beharra nabarmendu dute; izan ere, kutsadura eta antibiotikoekiko erresistentzia osasun publiko globalaren erronkak dira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Aranzadi Zientzia Elkarteak Alkizako Itxuraingo tumulua induskatu du, eta bertan harrizko trikuharri bat zegoela baieztatu dute. Aurkikuntzak Neolitotik Brontze Arora arte datatutako zeramika eta suzko harriak dituen hileta-ganbera baten berri eman du. Gainera, aztarnategiak aurkitu dituzte inguruko kobazuloetan; Olatzazpin, esaterako, hilobi kolektibo bat eta zeramika esanguratsua aurkitu dituzte. Neolitoko eta Brontze Aroko gizarteak konplexuagoak nola bihurtu ziren aztertzen ari dira ikertzaileak, aldaketa sozialak eta erritu sinbolikoak islatuz. Informazio gehiago Berrian.

Mendizale talde batek 60 cm-ko diametroko amonite bat aurkitu zuen irailaren hasieran Langraiz Okatik (Araba) gertu, 87 milioi urtekoa, Kretazeo garaikoa. Aurkikuntzaren ostean, Arabako Natur Zientzien Museoarekin harremanetan jarri ziren. Fosila osorik dagoela baieztatu zuen erauzketa arrakastatsuak. Orain, zaharberritze prozesuan dago, museoan ikusgai jarri aurretik, eta dagoeneko ikusgai dauden beste bi amoniterekin bat egingo du bertan. Kultura diputatuak herritarren elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen aurkikuntzan. Datuak Berrian eta Alea aldizkarian.

Osasuna

Sexu transmisiozko infekzioen (STI) gorakada globala eta sexu osasunari lotutako arriskuak —minbizia eta antzutasuna, besteak beste— nabarmentzen ditu Miren Basaras Biologian doktoreak Zientzia Kaierarako idatzitako artikuluan. Tratamenduak eskura izan arren, sintomarik ez izateak eta sexu ez-segurua praktikatzeak kasuak ugaritu dituzte, bereziki gazteen artean. Ezinbestekoak dira prebentzioa, aldizkako kontrolak eta diagnostiko arinak hedapena kontrolatzeko. Datuak Zientzia Kaieran.

Neurozientzia

Ikertzaile batzuek aurkitu dute Caenorhabditis elegans zizare nematodoak elkarte desatseginak gogoratzeko eta ahazteko gai dela. Baldintza normaletan, harrek ordu gutxitan ahazten dute butanoarekiko lotura negatiboa, baina ahanztura hori atzeratu egiten da hotzaren edo litioaren eraginpean jarriz gero. “Ahanzturaren etengailu” hori, dirudienez, zelula-mintzen zurruntasunaren eta neuronetako diazilglizerolaren murrizketaren araberakoa da. Aurkikuntza horiek etorkizunean aplikazioak izan ditzakete memoria eta ahanztura ikerketetan, organismo konplexuagoetan. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

Txinako larrugintzarako animalien etxaldeetan egindako ikerketa batek 125 birus aurkitu ditu; horietatik 36 berriak dira, eta 39k gizakietara salto egiteko gaitasuna dute. Aurkikuntzen artean, zazpi koronabirus —saguzarren HKU5aren antzeko bat barne— eta A gripearen hiru aldaera nabarmendu dituzte. Ikertzaileek ohartarazi dute animalia horiek hazteak zoonosi arriskua dakarrela, hau da, animalietatik gizakietara transmiti daitezkeen gaixotasunak. Osasun publikorako mehatxua azpimarratzen duen ikerketa Nature aldizkarian argitaratu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Ekonomia

Sektore anitzeko krisi globalari erantzunez, bi alternatiba nagusi sortzen dira: Desazkundea, Europan sortua, eta Bizitza Ona, Latinoamerikan sortua. Desazkundea “gutxiagorekin hobeto bizitzearen” eta kontsumoa murriztearen aldekoa da, eta Bizitza Onak, berriz, norbanakoen, gizartearen eta ingurumenaren arteko errespetuzko oreka bilatzen du. Problematika berean zentratzen diren arren, desberdintasunak ikusten dira haien planteamendu estrategikoetan. Ikerketak ondorioztatu du alternatiba horien arteko eztabaida eta ideien trukea onuragarriak izan daitezkeela, horien aniztasunak erresilientzia handiagoa sustatzen baitu krisi globalaren aurrean. Datuak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Euskarazko adimen artifizialerako neurona-eredu aurreratua garatu du Oraik, chatbotak, zuzentzaileak eta itzultzaileak bezalako tresnetarako diseinatua. Euskarazko testuen bilduma handirik ez dagoenez, ingelesezko eredu bat erabili dute, eta ikasketa automatikoko algoritmoen bidez egokitu dute. ZelaiHandi corpusa, euskarazko handiena, giltzarri izan da prozesu horretan. 11 hizkuntza-atazatan ebaluatuta, eredu hori, ingelesa baino txikiagoa izan arren, euskararako dagoen eraginkorrena da, eta AAk hizkuntza horretan garatzea errazten du. Informazio guztia Berrian, Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Alma Levant Hayden Estatu Batuetako kimika analitikoa ibilitako kimikaria izan zen, eta funtsezko papera izan zuen 50eko eta 60ko hamarkadetan. Espektrofotometria eta kromatografia bezalako teknikak erabili zituen minbiziaren aurkako iruzurrezko erremedioak identifikatu eta azaltzeko, hala nola Krebiozen, zeina kreatina hutsa izan baitzen. Bere lanaren bidez, Haydenek osasun publikoa defendatu zuen, sendagaiak benetan eraginkorrak eta seguruak zirela ziurtatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Astronomia

Pertseidak, “San Lorenzoren malkoak” bezala ezagutzen direnak, Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometaren orbita gurutzatzen duenean sortzen diren meteoroak dira. Izotzez eta hauts partikulez osatutako kometak partikula horiek askatzen ditu Eguzkira hurbiltzen denean, eta, Lurreko atmosferan sartzean, erre egiten dira, meteoro-euria sortuz. Fenomenoa uztaila eta abuztua bitartean ikusten da urtero. Informazio gehiago Berrian.

Klima-aldaketa

Texasko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, hirien % 60k inguruko landa eremuek baino euri gehiago jasotzen dute, eta horrek hiri uholdeen arriskua larriagotzen du. Urbanizazioak atmosferaren dinamika aldatzen du, haizea moteltzen duten eta kondentsazioa eta hodeien eraketa sustatzen duten eraikinekin. Hiririk beroenek eta hezeenek prezipitazio-anomalia handiagoak dituzte. Populazio-dentsitateak eta azalera iragazgaitzek fenomeno hori anplifikatzen dute; haranetako zenbait hirik, ordea, Seattlek edo Kyotok, adibidez, kontrako efektua dute. Pnas aldizkarian argitaratu duten aurkikuntza hori funtsezkoa da klima-aldaketaren aurrean. Azalpen guztiak Gara egunkarian.

Aurtengo uda erregistratutako beroena izan da, ipar hemisferio osoko tenperatura errekorrekin, Copernicus Behatokiaren arabera. Ekainetik abuztura, orain arteko hilabeterik beroenak bizi izan zituen planetak: muturreko bero boladak, lehorteak eta uholde hilgarriak. Tenperatura altuek Espainian, Txinan eta Indian izan zuten eragina, eta beroak milaka heriotza eragin zituen. Ozeanoek ere, zeintzuek giza jarduerak sortutako beroaren % 90 xurgatzen duten, aurrekaririk gabeko tenperaturak izan zituzten. Datuak Gara egunkarian.

Medikuntza

Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaileek sagu bizien azala garden bihurtzea lortu zuten tartrazina elikagai-koloratzaile arrunta aplikatuta. Koloratzaile horrek larruazalaren opakutasuna murrizten du eta errefrakzio-indizeak aldatzen ditu. Horrela, organoak eta odol-hodiak ikus daitezke. Efektua itzulgarria da eta ez da toxikoa erabilitako dosietan. Science aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, metodo hori medikuntzan aplika daiteke egitura biologikoak modu seguruan ikusi eta aztertzeko. Ikertzaileak beste koloratzaile batzuk aztertzen ari dira etorkizuneko aplikazio medikoak garatzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #498 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #505

Sat, 2024/09/14 - 09:00


Badirudi erreguladore epigenetiko bat dela leuzemia-zelulak mantentzearen arduraduna. Eta orain badakigu nola egiten duen. PHF6 maintains acute myeloid leukemia via regulating NF-κB signaling pathway por Marta Irigoyen.

Ez al litzateke ezinhobea izango lehortea duten leku hezeetan, Saudi Arabiako kostaldean adibidez, ura airetik erauzi eta harekin laboreak ureztatu ahal izatea? Eutsi gameluari une batez: A passive, efficient way to extract water from air

Joko olinpikoetako surf lehiaketa Polinesia Frantsesean egiten da. Horren arrazoia olatu berezi bat da. Anatomy of a wave: the Olympic surf break at Tahiti, Tom Shand.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #505 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Alma Levant Hayden, minbiziaren aurkako sendagai faltsuei aurre egin zien kimikaria

Fri, 2024/09/13 - 09:00

Minbiziarekin eta horren prebentzioarekin, detekzioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztia oso garrantzitsua da gaixotasun hori pairatzen duen edo beldur dion jende askorentzat. Eta, beraz, eskrupulurik ez dutenentzako erakargarria da oso, beldur eta kezka horiekin negozioa egin dezaketelako. Negozio horietan sartzen dira mota guztietako iruzurtiak, eta osasun agintaritzek ahal duten guztia egiten dute, edo egin behar lukete, hori geldiarazteko.

Alma Levant Hayden1. irudia: Alma Levant Hayden aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian, eta bi teknika horiek erabiltzen zituen sendagaiak eta substantziak aztertzeko. (Argazkia: NIH History Office – jabari publikoa. Iturria: Flickr)

Alma Jerlene Haydenek bizitzaren zati handi bat bideratu zuen horretara, eta Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (FDA) 50eko eta 60ko hamarkadetan agentziaren analisi gaitasunaren bultzadako ezinbesteko figuratzat aitortzen du gaur egun ere. Aditua zen espektrofotometrian eta kromatografian. Bi teknika horien bidez substantziak aztertzen dira mikroskopiako tresnen bidez, eta Haydenek sendagaiak eta substantziak aztertzeko erabili zituen, agentziak benetako efikazia zuten tratamenduak kontrolatu eta baimentzeko lanetan, hala nola, minbiziaren kontrakoetan.

Zehazki, Haydenek lan gogoangarria egin zuen minbizia sendatzea agintzen zuten sasisendagaien aurka; tamalez, gaur egun ere aurre egin beharreko borroka dena. 1963ko irailean, likidoz beteriko anpoila misteriotsu batzuk aztertu zituen. Haren sustatzaileen arabera, anpoilak minbizia arin eta guztiz sendatzeko gai zen produktu bat zeraman. Hala ere, uko egiten zioten sendagai miraritsua zer substantziaz osatzen zen argitzera. Haydenen lana hori deskubritzea zen.

Eta, misterioa deskubritzeaz gain, beharrezkoak ziren frogak lortuta, agentziaren izenean testifikatu zuen benetan ezer sendatzen ez zuen sendagai horren sortzaile eta sustatzaileen aurkako epaiketa kriminalean. Haydenen karrera osoa osasun publikoa babestu eta sustatzeko ebidentzia zientifikoa erabiltzean oinarritu zen, eta kontatu dugun istorioa horren adierazle argia da.

Kimikarekiko bat-bateko maitasuna

Alma Jerlene LeVant —hori zen bere familiaren abizena— 1927ko martxoaren 30ean jaio zen Greenvillen (Hego Carolina). Hasiera batean erizaina izan nahi zuen, baina unibertsitatean kimika ezagutu eta bat-bateko interesa izan zuen harekiko, eta ezin izan zen bide horretatik aldendu. Lehendabizi South Carolina State College-en ikasi zuen, gazte beltzen hezkuntzaren erakunde historikoan, non goraipamenekin graduatu baitzen 1947an. Ondoren, Kimikako lizentziatura egin zuen Howard Unibertsitatean; bertan ikasi zituen analisi kimikoko teknikak, Lloyd Noel Ferguson nobel saridunaren eskutik. Ferguson ezaguna zen, halaber, ikasle beltzen aukerak sustatzeko egiten zuen lanagatik. 1949ko ekainean masterra amaitu ostean, Fergusonekin egin zuen lan beste bi urtez, zeinetan eskarmentua eta ezagutzak bildu baitzituen infragorrien espektroskopiaren erabileran.

Ondoren, lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. Eta hantxe puntako teknologia erabili zuen giza gorputzak eta haren analogo sintetikoek sortutako substantzia kimiko organikoak aztertzeko, gaixotasun horietarako sendabideak eta sendagaiak bilatzeko.

Teknika horietako bat paper kromatografia izan zen. Teknika horretan, aztergai den substantziaren tanta batzuk jartzen dira paper mota berezi batean, eta paper hori bertikalean jartzen da tantek paper osoa busti dezaten, beherantz; eta, ondoren, substantzia erreaktibo jakin batzuekin zipriztintzen da. Substantzia bakoitza abiadura ezberdinean mugitzen da paperean zehar, masaren eta biskositatearen arabera, eta kolore ezberdinekin erreakzionatzen du zipriztindutako likidoekiko. Horri esker, ikertzaileek hainbat ezaugarri zehaztu ditzakete, eta, horrekin batera, aztergai den substantzia identifikatu.

Alma Levant Hayden2. irudia: Alma Levant Hayden -ek lanpostu bat eskuratu zuen, aurrena kimikari organiko gisa eta gero esteroideetako kimikari gisa, Gaixotasun Artritiko eta Metabolikoen Institutu Nazionalean. (Argazkia: Jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

1952an, teknika horren asmatzaileek Kimikako Nobel saria irabazi zuten. Hayden bezalako kimikariek maiz erabiltzen zuten teknika hori osagai farmazeutikoak identifikatzeko edo elikagaietan adulteratzaileak detektatzeko.

Kimika analitikoko teknika modernoak FDArentzat

Hori izan zen Haydenek FDAn erabili eta hobetzen lagundu zuen tekniketako bat, baina ez bakarra. Espektofotometria izeneko beste prozesu batean ere izan zen aditu. Teknika horretan ekipo berezi bat erabiltzen da substantziek xurgatzen dituzten erradiazio elektromagnetikoak ikusteko, eta, horrela, identifikatu ahal dira. Izan ere, elementu kimiko bakoitzak espektro elektromagnetikoaren zati jakin bat xurgatzen du, eta hori ezaguna da. 40ko hamarkadan metodo hori garatu zenean, analisi kimikoko prozesua hainbat aste iraun eta % 25eko igartze maila izatetik, minutu gutxi batzuk besterik ez iraun eta emaitzetan % 99,99ko igartze maila izatera igaro zen.

50eko hamarkadaren erdialdean, FDAk espektrofotometria eta kromatografiako ekipo modernoak zituen, horiek baitziren analisi kimikoko teknikarik garrantzitsu eta efikazenak une hartan. Eta Haydenen ezagutza adituak izan ziren, neurri handi batean, agentziari ahalbidetu ziotenak horiek kontrolatzen eta arautzen.

1956an, analista kimiko gisa hasi zen lanean kimika farmazeutikoko atalean, non infragorrien espektroskopian zeukan abilezia oso lagungarri suertatu zitzaion sendagaietan adulteratzaileak identifikatzeko. 60ko hamarkada hasi zenerako, 17 artikulu argitaratu zituen jada gai horri buruz.

1963ko maiatzean, espektrofotometria adarreko zuzendari izendatu zuten. Sei hilabete lehenago, Estatu Batuetako Kongresuak zuzenketa bat gehitu zion Elikagai, Sendagai eta Kosmetikoen Lege Federalari, zeinetan aldaketa handiak ezartzen baitziren sendagaien arauketan. Besteak beste, prozesu berriak bete behar ziren farmako berrien ikerketa klinikorako, baita estandar zorrotzak ere horiek herrialdean merkaturatzeko ere. Industria farmazeutikoak sendagaien segurtasuna frogatzeaz gain, horien efikazia ere erakutsi behar zuen. Horrez gain, herrialdean jada saltzen ziren sendagaiek FDAren azterketa prozeduraren pean jarri behar ziren.

Krebiozen kasua

Zuzenketa hori onartu eta handik gutxira, sendagai horietako bat ikertzeko aplikazio bat aurkeztu zen, FDAk eszeptizismo handiz hartu zuena. Egiteko modutik hasi eta jabeek eman nahi zioten erabilerara eta banatzeko modura arte, itxura txarra zuen. Agentziak ikerketa bat abiarazi zuen, eta, neurri handi batean, Haydenen lanaren menpekoa zen.

Farmakoa Krebiozen deitzen zen, eta Estatu Batuetan 1950ean sartu zuten Jugoslaviako emigratzaileak ziren Durovic anaiek. Esaten zutenaren arabera, minbizia sendatzeko sendabidea zen, zaldi odoletik abiatuta eginiko serum batekin eginikoa, zeinak tumoreekiko erresistentzia naturala baitzuen. Andrew Ivyk produktu hori babestu zuen, eta horrek ospea eta errespetua eman zion. Izan ere, Ivy minbiziaren arloko ikertzaile ospetsua zen, Minbiziari buruzko Aholku Kontseilu Nazionaleko zuzendari izandakoa, bai eta gizakiekin eginiko esperimentazioaren arloko etikari buruzko Nurembergeko Kodearen egileetako bat ere. Dozenaka pertsonak jaso zuten Krebiozen bidezko tratamendua, horretarako ehundaka dolar ordainduta, nahiz eta oso informazio gutxi zegoen farmakoaren konposizioari edo benetako efektuei buruz.

Alma Levant Hayden3. irudia: Krebiozen medikamentuak minbiziaren aurka zuen elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. (Argazkia: Ron Grossman – Copyright lizentziapean. Iturria: Chicago Tribune)

Legean izandako aldaketen eta substantziaren jabeek aplikazioa aurkeztu ondoren, FDAk ikerketa bat abiarazi zuen Minbiziaren Institutu Nazionalean eskuratutako lagun bat erabilita. Soilik askotan eskatu ondoren bidali zuten jabeek Krebiozenen gramo bat. Hayden lanpostuan hasi berria zen, eta hark zuzendu zuen lagin horiek infragorrien espektrofotometria bidez analizatu zituen taldea.

Emaitzen adierazten zuten substantziak odolean dagoen aminoazido bat zeukala. Hortaz, Haydenek taldeko ikertzaile bati eskatu zion 20.000 kromatogramaren arteko bilduma batean bila zezala produktuan aurkitutako substantziarekin bat zetozena. Eta lortu zuen. Minbiziaren aurkako elementu miraritsua kreatina zen, animalietan oso ohikoa den proteina bat. Garai hartan Krebiozen bidezko tratamendua jaso zuten pertsonen 500 bat kasu aztertu dituzten duela gutxiko ikerketen arabera, “ezinezkoa da ulertzea nola kreatina dosi minimoak lagungarriak izan daitezkeen minbizia tratatzeko”.

Orduan, FDAk Durovic anaiak eta Ivy salatu zituen, eta sendagaien arauketa federalaren aurkako 49 delitu egotzi zizkieten, onartu gabeko sendagai bat merkaturatzea, FDAri adierazpen faltsuak egitea, adulterazioa eta iruzurra barne. Oso kasu polemikoa izan zen, sendagaia oso ezaguna zelako, eta horren propietateetan sinesten zuten paziente eta familiek defendatu zutelako.

Hayden lekukoetako bat izan zen, eta Krebiozen kreatina zela eta benetan minbiziaren aurkako efekturik ez zuela frogatzeko ebidentzia zientifikoa aurkeztu zuen. Hala ere, akusatuen defentsak bere alde baliatu zuen kasuaren konplexutasun zientifikoa eta epaimahaiak errugabe deklara zitzala lortu zuen. Aurrerago, epaimahai horretako kideetako bat kartzelara bidali zuten men ez egiteagatik, frogatu zenean Krebiozenen aldeko propagandaren eraginpean zegoela irizpenerako botoa eman zuenean.

Haydenek oso karrera emankorra izan zuen, baina bere izena, batez ere, Krebiozen kasuari dago lotuta, osasun publikoa defendatzearen aldeko bere bokazioaren eta abilezia zientifikoaren adibidea baita. Tragikoki ironikoa da jakitea Alma Levant Hayden bera minbiziagatik hil zela urte bat beranduago, soilik 40 urte zituela.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 12an: Alma Levant Hayden, la química analítica que plantó cara a los vendedores de falsos remedios contra el cáncer.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alma Levant Hayden, minbiziaren aurkako sendagai faltsuei aurre egin zien kimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa

Thu, 2024/09/12 - 09:00

Gaur egungo arlo anitzeko krisi globalari erantzuna emateko asmoarekin, hainbat korronte edota ideologia zabaltzen ari dira mundu mailan, horien artean Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, sistema ekonomikoa guztiz bideraezina dela argi geratu da, ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak ikusi ostean.

egungoIrudia: desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. (Argazkia: Patrick Hendry – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Oraingo sistema ekonomikoak baliabide naturalen eta energiaren ustiapenean eta kontsumoan, eta hondakinen sorkuntzan oinarritzen den hazkunde mugagabe zentzugabea bilatzen du biosfera mugatu baten baitan. Horregatik, bi alternatiba horiek, Bizitze Onak eta Desazkundeak, egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta egoera horri aurre egiteko irtenbideak proposatzen dituzte.

Kontuan izan behar da bi alternatibak testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan hasi zen, eta Bizitze Ona, berriz, Latinoamerikan. Lurralde- eta kultura-testuinguru oso ezberdinetan jaio baziren ere, biak hala biak problematika berari erantzuteko sortu dira, krisi ekosozial globalari aurre egiteko, hain zuzen. Horregatik esaten da “txanpon beraren bi aldeak” direla.

Bizi ari garen krisi globala alderdi anitzeko krisia da, bai ekonomiko, bai sozial eta baita ekologikoa ere, eta hiruek elkarri eragiten diote. Hortaz, alternatibek hainbat arlotan aplikatu daitezkeen estrategiak proposatzen dituzte. Hala ere, bi alternatiben oinarrizko proposamen zera da: egungo metaketan eta hazkundean oinarritutako sistema eta garapenaren ideia aldatzea, baita bizimodua ere.

Alternatibak aztertzen

Egia da testuinguru ezberdinetan jaio izanak bakoitzaren diskurtsoan eragin handia daukala eta ezberdintasunak nabariak direla. Horrek bakoitzaren kosmobisioa markatzen du, eta ondorioz, estrategiak planteatzerako orduan alternatiba bakoitzak bide ezberdinak hartzen ditu. Europan jaiotako Desazkundeak “gutxiagorekin hobe bizitzea” bilatzen du, eta horretan oinarritzen ditu bere proposamenak. Gainera, Ipar hemisferioan oro har garatutako kontsumo eredua murrizteko beharraz ohartarazi nahi du. Latinoamerikan sortutako Bizitze Onak, aldiz, “betetasunezko bizitza” du helburu. Haren proposamenak arlo ezberdinetan oinarritzen dira, eta errespetuzko eta berdintasun osoko harremanak sortu nahi ditu indibiduoen artean, gizartean eta baita ingurumenarekin ere.

Demaria, Schneider, Sekulova eta Martinez-Alier autoreen desazkundearen barneko aniztasunari buruzko gogoetak jarraituz, onuragarria izan daiteke bi alternatiben arteko berdintasun eta ezberdintasunak aitortzea eta balioztatzea, eta eztabaidak eta ideien trukea ematea. Horrela, bi alternatibak etengabeko hobekuntza eta bilakaeran mantenduko lirateke, eta posible litzateke krisiak aitortzen duen kolapsoa ekiditea.

Alternatiben aniztasunak etorkizunean erresilientzia handiagoa sortu dezake problematika berdinen eta berrien aurrean. Gainera, mugimendu bakoitzak bere testuinguruan dauka zentzua, eta ez litzateke logikoa izango hauen arteko konpetentzia bilatzea, edo bakar bat hautatzea; elkarrekiko errespetua eta onarpena bultzatu beharko litzateke. Belling-ek dioen moduan, bi diskurtsoak lotuta daude eta elkarri eragiten diote. Batak bestea eusten du: Desazkundeak Ipar hemisferioan proposaturiko kontsumo-murrizketak Bizitze Onak eskatzen duen extraktibismoaren murrizketan ere lagunduko du, eta alderantziz.

Ondorioz, bi alternatiben arteko eztabaida eta ideien trukea onuragarriak izan daitezkeela ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa suposatu dezakeelako krisi ezberdinen aurrean eta batak bestea eusten duelako.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa: Desazkundea eta Bizitze Ona
  • Laburpena: Lan honetan, gaur egun bizi den arlo anitzeko krisi globala aztertzen da, eta horren konponbide gisa aurkezten diren bi alternatiba deskribatzen dira: Bizitze Ona eta Desazkundea. Izan ere, gaur egungo sistema ekonomikoa guztiz bideraezina da ingurumenean eta gizartean dakartzan kalteak aztertzen baditugu.  Horregatik, bi alternatiba hauek egoeraren iraunkortasun eza azpimarratzen dute, eta irtenbideak proposatzen dituzte. Kontuan izan behar da alternatiba hauek testuinguru ezberdinetan jaiotako mugimenduak direla: Desazkundea Europan eta Bizitze Ona Latinoamerikan. Horrela, bi alternatiben jatorria eta garapen historikoa, oinarrien deskribapena, proposatutako estrategiak eta jasotako kritikak edo eragindako eztabaidak ikertu dira. Biak, «txanpon beraren bi aldeak» direla ondorioztatu da; izan ere, bideraezina den egoera berari aurre egiteko proposamenak bilatzen dituzten mugimenduak dira. Aldi berean, batez ere, testuinguruak eragindako ezberdintasunak nabaritu daitezke, eta estrategiak planteatzeko orduan azaleratzen dira. Haien arteko eztabaidak eta ideien elkartrukea onuragarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu da, alternatiben dibertsitateak erresilientzia handiagoa ekar dezakeelako, eta batak bestea eusten duelako.
  • Egileak: Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 245-258
  • DOI: 10.1387/ekaia.24877
Egileez:

Maider Vallo-Lerendegui eta Ainara Saralegi UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Egungo sistema sozioekonomikoaren alternatiben azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako: erantzunak

Wed, 2024/09/11 - 15:00

Aurten ere erantzun asko izan ditugu eta gehienak zuzenak. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

1. ariketa:

Mahai-joko batean animaliak erosten dira. Behi batek 5 euro balio du, txerri batek 1 euro eta 20 txorik ere 1 euro. Gutxienez bakoitzetik bat erosita, 100 animalia erosi ditugu, 100 euro ordainduta. Zenbat txori erosi ditugu?

Esan dezagun x behi, y txerri eta z txori erosi ditugula. Orduan,

x + y + z = 100    eta     5x + y + z/20 = 0.

Bigarren ekuazioari lehena kenduz,

4x – 19z/20 = 0    edo    80x – 19z = 0.

Ezin direnez x eta z  0 izan, 100 baino txikiago den soluzio bakarra x = 19 eta z = 80 da. Hortik y = 1 ondorioztatzen da. Beraz, 19 behi, txerri bat eta 80 txori erosi ditugu.

Beste bide bat hartu nahi izanez gero, kontuan izan prezioa zenbaki osoa denez, txori kopurua 20ren multiploa dela, hots, 20, 40, 60 edo 80 txori erosi ditugula. Banan-banan probatuz, bakarrik 80 txoriren kasuak ematen du soluzio osoa behientzat eta txerrientzat.

2. ariketa:

Irudiko zuzenki batzuen neurriak hauek dira: AB = 9 cm, BC = 14 cm, CD = 13 cm, DA = 12 cm eta BD = 15 cm. Zein da PQ zuzenkiaren neurria?

txori erosi

Pitagorasen teorema erabiliz ABP eta  APD triangeluetan,

AP2 = AB2 – BP2 = AD2 – PD2.

Idatz dezagun BP = x. Orduan, PD = 15 – x da eta

92 – x2 = 122 – (15 – x)2.

Hortik, x = 5.4 cm ateratzen da.

Era berean, BCQ eta CDQ triangeluak erabiliz,

CQ2 = BC2 – BQ2 = CD2 – QD2.

QD = y idatziz, BQ = 15 – y da, eta

142 – (15 – y)2 = 132 – y2.

Hortik, y = 6.6 cm.

Beraz, PQ = 15 – 5.4 – 6.6 = 3 cm.

3. ariketa:

Zenbaki arrunt bati ezkerreko lehen zifra ezabatuta lortzen den zenbakia aurrerakoaren 29rena da (aurrekoa zati 29). Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

Zenbaki arrunt baten forma orokorra hau da:  10ka + N, non a lehen zifra den eta N k zifrako zenbaki bat. Adibidez, 4138 = 103 x 4 + 138. Ariketak diosku   10ka + N = 29N   dela, hau da,

10ka = 28 N = 4 x 7 x N.

Ezkerreko atala 7ren multiplo izateko, a izan behar da 7ren multiplo, beraz, a = 7. Hortik, 10k = 4N ateratzen da eta k gutxienez 2 izango da, 10k 4ren multiplo izan dadin. Beraz, 100 x 10k-2 = 4N, hots,  25 x 10k-2 = N dugu.

Txikiena, k = 2rako, N = 25 da. Ondorioz, ariketaren soluzioa 725 da.

Propietatea betetzen duten zenbaki guztiak hauek dira: 725, 7250, 72500, 725000…

4. ariketa:

Aurkitu zenbaki arrunten (a, b, c) hirukote guztiak ekuazio hauek betetzen dituztenak:

ab + bc = 44, ac + bc = 23

Bistan da b eta c ezin direla 0 izan, eta a = 0 balitz, ekuazioak ez lirateke bateragarriak izango (bc = 44 eta bc = 23 izango genuke aldi berean).

Bigarren ekuazioa  (a+b) c = 23 idatzita, a + b = 23 eta c = 1, edo a + b = 1 eta c = 23 izan behar dira. Azken aukera hori ezinezkoa da, a + b gutxienez 2 delako, beraz, a + b = 23 eta c = 1 ditugu. b = 23 – a  eta  c = 1 lehen ekuaziora eramanez,  a2 – 22a + 21 = 0 bigarren mailako ekuazioa lortzen dugu.  Horren soluzioak  a = 1  eta  a = 21 dira.  Hortaz, bilatzen ditugun hirukoteak  (1, 22, 1) eta (21, 2, 1) dira.

5. ariketa:

1 eta 7 arteko zifrak errepikatu gabe erabilita idatz daitezkeen zenbaki arrunt guztietatik, 10.000 baino txikiago direnen artean, zenbat dira 15en multiplo?

Zenbaki bat 15en multiplo izateko, 3ren eta 5en multiplo izan behar da. 5en multiplo izateko, azken zifra 0 edo 5 izan behar da. Hemen azken zifra 5 izango da, ezin dugulako 0 erabili. 3ren multiplo izateko, zifren batura 3ren multiplo izan behar da. Azken zifra 5 denez, horren aurrekoen batura 1, 4, 7, 10, 13 edo 16 izango da (19 edo gehiago izatea ezinezkoa da).

Zifra biko zenbakiak: 15, 45 eta 75.

Hiru zifrako zenbakiak: 135, 165, 345, 375, 465 eta 675, gehi lehen bi zifrak trukatuz lortzen diren beste seiak. Denetara, 12 zenbaki.

Lau zifrako zenbakiak: 1245, 1275, 1365, 2475, 3465 eta 3675, gehi lehen hiru zifrak permutatuz lortzen diren guztiak. Hiru zifren permutazioek 6 aukera ematen dituztenez, denetara 36 zenbaki lortuko ditugu.

Guztira, 3 + 12 + 36 = 51 zenbakik betetzen dute eskatutako baldintza.

6. ariketa:

Egurrezko ABC triangelua dugu mahai gainean. C erpineko angelua 25º-koa da. Triangelua birarazi dugu, B erpina finkatuta, A’BC’ posiziora heldu arte, non A’, B eta C lerrokatuta dauden. Hori egin dugunean, C, A eta C’ ere lerrokatuta geratu dira. Zein da B erpineko angeluaren neurria?

txori erosi

Lehenengo eta behin, kontura gaitezen ABC eta A’CC’ triangeluen angeluak berdinak direla. Izan ere, C erpineko angelua bietan dago, eta A eta A’ erpinetako angeluak berdinak dira eraikuntzagatik. Hortaz, hirugarren angelua ere berdina da, eta bilatzen dugun angelua A’CC’ triangeluaren C’ erpineko angeluaren berdina da.

Bestalde, BCC’ triangelua isoszelea da, BC = BC’ delako. Orduan, ang(BC’C) = ang(BCC’) = 25oda. Gainera, ang(A’C’B) = 25oda  eraikuntzagatik. Beraz, ang(A’C’C) = 50oda, eta hori da eskatutako angeluaren neurria.

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zizare memoria

Wed, 2024/09/11 - 09:00

Memoria gure adimenaren funtsezko ezaugarria da. Bai eta ahanztura ere, jakina. Oroitzapenak ezinbestekoak dira, gure esperientzia gehienak ahazteko gaitasuna saihetsezina den neurri berean. Jorge Luis Borgesek horixe gogorarazten digu “Funes el memorioso” kontakizun ederrean. Memoria eta ahanztura hain prozesu mental konplexuak dira, ezen oraindik ere ez ditugun zehatz-mehatz ezagutzen haien mekanismoak. Horrexegatik da, hain zuzen ere, garrantzitsua animalia-eredu sinple eta manipulagarriak garatzea.

Animalia bereziki sinplea da Caenorhabditis elegans zizare nematodoa. Milimetro luze da eta 959 zelula somatiko baino ez ditu (ugal-zelulak aintzat hartu gabe). Zelula horietatik 302 neuronak dira. Hau da, neurona horiek dute gaitasuna zentzumenei buruzko informazioa jasotzeko, integratzeko eta erantzun motorrak eta portaerazkoak emateko. Hain baliabide eskasak izanik, gogoratzeko gai al da C. elegans? Eta ahazteko gai?

Bada, bai. Sevillako Biomedikuntza Institutuko ikertzaile baten lankidetzarekin egindako ikerketa batek agerian utzi du C. elegans  zizareak, jarraian adieraziko dugun bezala, gogoratzeko eta ahazteko mekanismo bat duela, eta esperimentuen bidez manipula daiteke mekanismo hori.

Ezer baino lehen ohartarazi behar da emaitzak ez direla formalki argitaratu eta ez zaiela parekoen arteko ebaluaziorik egin. Aurreargitalpen batean bildu dira, baina interesgarriak eta sendoak direnez, aurreikusten da maila altuan argitaratuko direla aurki. Izan ere, Nature aldizkariak ikerketa horren berri eman du.

1. irudia: Caenorhabditis elegansek, hotzaren eraginpean dagoenean, atzeratu egiten du asoziazio desatsegin bat ahaztea. (Irudia: MA Hanson – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: rawpixel.com / Freepik)

Lehenengo galdera: nola sor ditzakegu oroitzapenak zizare horretan? Ikertzaileek dagoeneko baliozkotuta dagoen memoria asoziatiboaren protokolo bat erabili zuten, Prousten madalena ezagunaren antzekoa, baina estimulu desatsegin batekin. Elikagairik gabeko eta butanona zuen inguru batean jarri zituzten zizareak. Butanona usain melenga eta sarkorra duen substantzia bat da. Zizareek, butanona iturri bat duen beste ingurune batean jartzean, butanonatik aldentzeko joera izaten dute; izan ere, usaina jasan duten barauarekin lotzen dute. Bitxiki, bi edo hiru ordu igaro ondoren, ahaztu egiten dute asoziazio negatibo hori eta ez zaie axola butanona usaintzea. Baina, zizareak izotz gainean inkubatzen badira, 16 orduz baino gehiagoz izaten dute usaina gogoratzeko gaitasuna, eta aldendu egiten dira berriro butanona iturri batetik gertu jartzen direnean. Hala ere, behin hotzaren efektua pasata, oroitzapena ahaztu egiten da hiru ordu igaro baino lehen. Hau da, hotzak ez du zizarearen memoria indartzen; atzeratu egiten du asoziazio desatseginaren ahanztura.

2. irudia: testuan deskribatutako esperimentuen eskema. Butanona barauarekin lotzearen ondorioz, zizareak aldendu egiten dira butanona iturri batetik, baina elkarketa hori ahaztu egiten da bi edo hiru ordu igaro ostean. Hotzak zein litio tratamenduak atzeratu egiten dute elkarketa desatsegina ahaztea. (Irudia: Cuaderno de Cultura Científica – euskaratua)

Emaitza harrigarri horretan oinarrituta, ikertzaileek esperimentu gehiago eta kontrol mota ugari egin zituzten. Adibidez, baraurik baina butanonaren usainik gabe egondako zizareei ez zien axola usain horrek hotzaren eraginpean egon ostean. Beste substantzia usaintsu batzuk erabiltzen baziren (besteak beste, bentzaldehidoa) emaitza berbera zen. Baldintzapena substantzia batekin egiten bazen, zizareei ez zien axola beste edozein usainek. Zizareak esperimentuaren aurretik tenperatura baxuetan (15°C) berregokitzen baziren, galdu egiten zuen izotz gainean memoria luzatzeko gaitasuna. Eta, azkenik, egiaztatu zen litioaren bidez inkubatzeak ere atzeratu egiten zuela zizareen ahanztura bost bat orduz, bai eta giro tenperaturan ere. Litioa nahasmendu bipolarraren tratamenduan erabiltzen den substantzia da.

Laburbilduz, C. elegansen hirurehun bat neuronek ahalbidetu egiten diote usain jakin bat egoera desatsegin batekin lotzea. Oroitzapen hori hiru orduan baino gutxiagoan aktibatzen den “ahanzturaren botoi” moduko batek ezabatzen du. Hotzak edo litio tratamenduak atzeratu egiten dute botoi hori sakatzea. Honako hau da galdera gakoa: zein mekanismok hartzen dute parte ahanzturaren prozesuan?

Jakina da hotzak zurrundu egiten duela zelulen mintza, eta, ondorioz, oztopatu egin daiteke neuronen funtzionamendua, adibidez, neurotransmisoreen trafikoan. Ikertzaileek egiaztatu zuten C. elegansen mintzetan jariakortasuna mantentzen duten geneetan bi mutaziok ere ahanztura atzeratua eragiten dutela. Bestalde, hotzaren eraginpean jarritako zizareen transkriptomak (gene adierazien multzoa) adierazten zuen diazilglizerola molekula seinaleztatzaile garrantzitsua sintetizatzeko bide metabolikoek behera egiten zutela. Lipido txiki horrek prozesu fisiologiko anitzetan hartzen du parte, ikasketa eta memoria barne. Litioaren ondorioetako bat da, hain zuzen ere, diazilglizerolaren sintesia murriztea, eta horrek lotu egiten du haren mekanismoa eta hotzak eragindakoa. Ondorioa da “ahanzturaren botoia” zelulen mintzaren zurruntasunaren eta neuronetan diazilglizerolaren metaketaren araberakoa dela.

Galdera interesgarri bat hau da: zergatik du C. elegansek azkar ahazteko premia? Batetik, ahanztura horiek ingurunera egokitzea kaltetu dezakete, baina, egia da, halaber, 302 neurona bakarrik izanik oroitzapenei epe luzean eusteak kostu ez onargarria zian dezakeela. Gainera, haien bizi-itxaropena bi edo hiru astekoa da laborategiko baldintzetan; hortaz, bizitza osoko oroitzapenak baliteke ez izatea oso baliagarriak.

Ikerketako ikertzaileek organismo konplexuagoetara (tardigradoak edo zeinbat ornodun) hedatu dituzte esperimentuak. Halaber, ez dute baztertzen tenperaturak, litioak eta diazilglizerolak memorian eta ahanzturan duten zereginari buruzko ezagutza horiek klinikan ezin susmatuzko aplikazioak izateko aukera.

Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 20an: Memoria de gusano.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zizare memoria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sexu-transmisiozko infekzioak ala sexu segurua: bi errealitate lehian

Tue, 2024/09/10 - 09:00

Gizabanako bakoitzak osasun sexuala eta ongizatea lortzeko duen gaitasuna zenbait egoeraren aurrean duen kalteberatasunaren mende dago, hala nola inguruan aurki ditzakeen arriskuak eta babesik gabeko sexu-jardueraren ondorio kaltegarriak.

Dudarik gabe, sexu-osasunarekin lotutako arazoak gorabehera handikoak dira, eta zoritxarrez, ondorio negatiboak dituzte, hala nola sexu-transmisiozko infekzioak (STI) eta haiek sorrarazitako ondorio kaltegarriak (esate baterako, minbizia edo antzutasuna).

Sexu-transmisiozkoIrudia: sexu-transmisiozko infekzioak (STI) nahiz eta iraganeko infekzioak diruditen gaurkotasun-albiste dira. (Argazkia: Klaus Nielsen – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Historian zehar, mota honetako infekzioak aspalditik dira ezagunak eta hainbat pertsona ospetsuk ere sufritu egin zituzten, hala nola Shakespeare idazleak, Goya pintoreak edo Mozart konpositoreak. Baina nahiz eta iraganeko infekzioak diruditen gaurkotasun-albiste dira.

Gaur egun hainbat mikroorganismo daude sexu-bidez transmiti daitezkeenak: bakterioak, birusak, onddoak zein parasitoak. Horiek sorrarazitako infekzio batzuk ezagunak dira: gonorrea edo gonokozia, sifilisa, baginitisa, herpes genitala edo HIESa. Beste batzuk ezezagunagoak dira; esate baterako, Chlamydia trachomatis bakterioak eragiten duena, baina honek ere gonokoziaren antzeko sintomak sorrarazi ditzake (uretritisa, zerbizitisa).

Aurreko mendean, giza immunoeskasiaren birusa agertu zen 80ko hamarkadan eta, ordutik hona, hark sorrarazitako harturiko immunoeskasiaren sindromeak (HIESa) sarraskia eragin izan du mundu osoan, 40 milioi hildako baino gehiago zenbatzeraino. Gaur egun, urtero 600.000 hildako baino gehiago gertatu dira. Infekzio honen hasierako urteetan estigmatizazio handia zegoen, arrisku talde batzuei eragiten zielako, gehien bat bena-barneko drogazaleei eta homosexualei. Baina gaur egun kutsatze bide nagusia sexu-bidezkoa da, homosexuala zein heterosexuala izan. Izatez, Euskadin, urtero 100 HIES kasu berri bildu dira; horietatik % 56 homosexualetan eta % 38 heterosexualetan. Zorionez, une honetan birus honen kontra badago terapia antierretrobirala, nahiko eraginkorra, eta birusaren erreplikazioa mozteko gai dena, nahiz eta kutsatutako pertsonak oro har ez diren sendatzen. Arrazoi hori eta arrisku taldeetan erabiltzen den esposizio-aurreko eta –ondoko profilaxiak badirudi beldurra kendu digula birus honekin kutsatzearen aurrean, eta, horren ondorioz, zoritxarrez urtez urte bere horretan irauten dute birusaren kutsatzeak eta HIESaren kasuak.

Infekzio hauen arazoak

Sorrarazitako arazo klinikoetan datza sexu-transmisiozko infekzioen garrantzia. Egia da infekzio horiek sarritan sintomarik gabekoak direla eta infektaturik dagoen pertsonak ez daki benetan infektatuta dagoenik. Hori bada, bai, kezkatzeko arazoa, kutsatuta daudenak babesik gabeko sexu harremanak izatean mikroorganismoa transmiti diezaiekeelako bere sexu-kide guztiei.

Sintoma klinikoak agertzen direnean askotarikoak izan daitezke mikroorganismoaren edo kokapenaren arabera. Horrela, genitaletan agertzen diren klinika arruntenak dira uretraren hantura (uretritisa), zerbixaren hantura (zerbizitisa) edo baginaren hantura (baginitisa). Sexu-harremanaren motaren arabera, kaltetuak egon litezke genitalez kanpo gorputzeko beste hainbat alde ere, hala nola faringea (faringitisa), konjuntiba (konjuntibitisa), ondestearen hantura (proktitisa).

Baina infekzio hauek ez badira arin diagnostikatzen eta tratatzen mikroorganismoa gorputz osora heda daiteke eta nabarmen handitzen da infekzioaren larritasuna. Kasu horietan kaltetuak egon litezke, besteak beste, artikulazioak (artritisa), burmuina edo hezur-muina (neurosifilisa), kardiobaskularra (aortitisa) edo sabela (gaixotasun inflamatorio pelbikoa). Are gehiago, infekzio hauek guztiak antzutasunaren egoera handitzen dute nabarmen. Horiez gain, badaude minbiziarekin erlazionatuak dauden infekzioak, hala nola giza papilomabirusak sorrarazitako minbizi motak (umetoki-lepokoa, faringekoa, uzkikoa, zakilekoa…).

Horri guztiari gehitu behar zaio haurdun dagoen emakumearen umekian arazo kongenitoak ager daitezkeela sexu bidez transmititzen diren mikroorganismoekin infektatzen bada. Batzuetan galdu egiten du umea infekzio horren ondorioz. Beste batzuetan, jaiotzean bertan daude ikusgai arazo klinikoak: begietako arazoak (kataratak, korioerretinitisa), entzefalitisa, larruazaleko exantemak, edo hainbat organotako akatsak.

Infekzio hauen datuak

Sexu-transmisiozko infekzioak sexu ez segurua praktikatzen duen edonor kaltetu dezakete eta, beraz, edozein maila sozio-ekonomikoko gizonak eta emakumeak kaltetu ditzake.

Mundu osoan zehar, gehituz doa urtez urte halako infekzioen intzidentzia edo kasu kopurua. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, egunero milioi bat pertsonak baino gehiagok kutsatzen du STIren batek. Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak jakinarazi du 2022an STI kasu kopurua nabarmen igo dela aurreko urteekin konparatuta: gonorrearen kasuek % 48 egin zuten gora, sifili kasuek % 34, edo chlamydia kasuek, % 16. Baina ez da ezaguna arazo honen tamaina benetan zein den, esan bezala STI batzuk sintomarik gabekoak baitira.

Euskadin argitaratuta dauden kasuen arabera, 2011-2022 urteen artean nabarmena izan da STI batzuen gorakada ere, bereziki gonokoziaren eta chlamydiaren kasuak (1. grafikoa).

Sexu-transmisiozko1. grafikoa: sexu-transmisiozko infekzioen kasuen eboluzioa 2011-2022 urteetan zehar Euskadin. Datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun publikoaren txostenetik aterata daude.

Bestalde, STIak edozein adinetan ager litezke, pertsona gazteetan zein adinekoetan. Baina 20-50 urte bitartean kasu kopuru gehienak atzematen dira eta, azken urteetan bereziki nerabe eta heldu gazteetan kasuen % 65 zenbatzen dira (2. grafikoa). Infekzio horien guztien artean chlamydia da gehien igo dena adin tarte horretan.

Sexu-transmisiozko2. grafikoa: Euskadin 2022an zenbatzen diren sexu-transmisiozko infekzioak adinaren arabera. Datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun publikoaren txostenetik aterata daude.

Igoera horren arrazoiak bilatuz gero hainbat aurki daitezke: sexu-kide ugari izatea, garai bateko HIESari beldurra galdu izana, bai eta beste STIei ere, edo sexu segurua ez praktikatzea.

Zer egin horiek saihesteko

Dudarik gabe, prebentzio-neurri nagusia sexu-harremanetan hesi bat jartzea da, fluidoei esker mikroorganismoa ez dadin garraiatu sexu-kide batetik bestera, eta hori preserbatiboaren bidez lortzen da. Preserbatiboa jartzea ezinbestekoa da; are gehiago, funtsezkoa da modu egokian erabiltzea. Sarritan, nahiz eta erabili, gaizki jartzen baldin bada mikroorganismoaren garraioa gerta liteke. Nahitaezkoa da sexu segurua praktikatzea.

Baina infekzio hauen gorakada saihesteko hartu daitezkeen beste neurri batzuk dira diagnostikoan eta tratamenduan azkar jokatzea. Aurretik esan den moduan, batzuetan infekzio hauek sintomarik gabekoak dira; beraz, norbaitek STI bat duela susmatzen badu, berehala bilatu beharko luke medikuaren arreta, mikroorganismoaren diagnostikoa ahalik eta arinen egiteko. Garrantzitsua da, sexu-harremanak izanez gero, mediku-kontrolak aldizka egitea eta hori ondo burutzea bermatu beharko litzateke.

Zorionez, STI batzuk sendatzeko badago tratamendu eraginkorra. Beraz, tratamendu horiek ahalik eta arinen ematea funtsezkoa da balizko konplikazio klinikoak saihesteko. Horrez gain, badaude beste aholku batzuk ere, hala nola harreman sexualik ez izatea tratamenduak irauten duen bitartean edo babestutako sexu-harremanak izatea tratamenduaren osteko ebaluazioa egin arte. Batzuetan kontrol-ebaluazio horiek pazientea tratatu eta hiru hilabetera egin behar dira. Bestalde, sexu-kideak ere diagnostikatu eta tratatu beharko lirateke. Horrek guztiak transmisioa galarazten lagunduko luke.

Baina nahiz eta STI batzuen kontrako tratamendua egon, gaur egun dagoen arazoa da antibiotikoekiko erresistentzia agertu dela kasu batzuetan. Gonorrearen kasuan, esate baterako, kezkatzekoa da andui erresistenteak atzeman direla bakterioa tratatzeko erabiltzen diren antibiotikoen aurrean. Gainera, andui erresistente horiek non topatzen diren identifikatzea bada osasun publikoko arazo larri bat. Gaur egun ikusi da nazioarteko bidaiek badutela eragin zuzena bakterio erresistente horien garraioan eta bereziki Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako bidaiariak, Erresuma Batura bueltatzean, gonorrea erresistentearekin infektaturik bueltatu dira. Pentsatu beharra dago munduko hainbat herrialdetan bakterioaren diagnostikoa edo erresistentziaren detekzioa ez dela egiten eta, beraz, zaintza epidemiologikorik ez dagoela.

Hezkuntza mailan ere lan handia egin beharra dago. Informazio argia kaleratu behar da sexu-transmisiozko infekzio hauek nola transmititzen diren, zer sintomak dituzten, zer arrisku duten argi eta garbi azalduta, eta adinari eta gizarte- edo kultura-testuinguru bakoitzari egokituta.

Ezinbestekoak dira prebentzioa, aldizkako kontrolak, diagnostiko arina, informazioa eta norbanakoaren erantzukizuna infekzio hauen gorakada saihesteko eta etorkizunean, osasun publikorako arrisku larria ez bihurtzea galarazteko.

Iturriak: Egileaz:

Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

The post Sexu-transmisiozko infekzioak ala sexu segurua: bi errealitate lehian appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Berdeguneak eta haurren garapen kognitiboa

Mon, 2024/09/09 - 09:00

UPV/EHUko ikerketa batek ez du ebidentzia garbirik azaldu inguru berdeagoetan edo urdinagoetan bizitzearen eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen artean.

berdeguneakIrudia: Mikel Subizak aztertu du bizitokiaren inguruko gune berdek eta urdinek haurren garapen kognitiboan duten eragina. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Beti lotu izan da osasun hobea izatea berdeguneak edo inguru urdinak —parkez, lorategiz, urmaelez, erriberaz eta abarrez inguratuta— gertu izatearekin, halakoetan kutsadura-maila txikiagoa espero baita. Hain zuzen, bizitokian gune berde eta urdinak eskuragarri izatea askotariko emaitzekin lotu izan da haurren osasunaren arloan, neurogarapenarena barne. Ikerketa batzuek erakutsi dute gune berdeago eta/edo urdinagoetan bizi diren haurrek puntuazio handiagoak lortzen dituztela ataza kognitiboetan; beste batzuek, ordea, ezin izan dute hori baieztatu.

UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko ikertzaileek Haurtzaroa eta Ingurumena (INMA) proiektuan parte hartzen dute. Haren baitan egin dute azterlana, eta Mikel Subiza ikertzaileak galdera horri heldu nahi izan dio, horrelako espazioek osasunean eta garapen kognitiboan duten eragina ezagutzeko. Horretarako, INMAn jasotako estatuko hainbat lekutako sei eta hamabi urte arteko 1.500 haurren datuak erabili ditu. Datu horietan, “2000ko hamarkadan haurdun zeuden emakumeen kohorte bat bildu zen. Haien datuak jaso ziren eta urteetan zehar jarraipena egin zitzaien, haien osasunaren eta seme-alabenaren bilakaera aztertzeko, hainbat eremutan”, aipatu du.

Aztergai izan dituzte bizitokiaren inguruko gune berde eta urdinek haurren garapen kognitiboan (besteak beste, haien arreta-, oroimen- eta adimen-gaitasunean) dituzten eraginak, ikusteko ea inguru berdeagoetan bizi diren haurrek puntuazio hobea lortzen zuten. Zehazki, haurren lan-oroimena aztertu zuten: oroimenaren eta arretaren eragin-truketik sortzen den funtzio exekutibo bat, informazioa denbora-tarte laburretan mantentzeko eta manipulatzeko aukera ematen duena.

Emaitza esangarririk ez

Ikerketak ez zuen apenas frogarik topatu abiapuntuko hipotesia babesteko; hau da, bizigune berdeago eta urdinagoetan bizitzeak ez du lan-oroimeneko probetan hobeto aritzen laguntzen. Subizak adierazi duenez, nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatzen du auzorik berdeenetan bizi diren gazteek emaitza hobeak lortzen dituztela adimen- edo oroimen-probetan.  Beste lan batzuek, aldiz, ez dute halakorik erakusten. “Gure ikerketan —gaineratu du Subizak— bizitokiaren berdetasunaren neurri batzuk lotuta daude lan-oroimenarekin, baina beste batzuk ez”.

Ikerketa-arlo honetako ebidentzia ahula bada ere, eta adostasun zientifikoa lortzeko oraindik lan egin behar den arren, emaitza hauek ekarpena egiten diote literatura espezifikoari, eta etorkizuneko azterlanak justifikatzen dituzte. Berdeguneak izateak izan dezake zerikusirik haurren lan-oroimenarekin, baina ikertzen jarraitu beharra dago oraindik. Ikertzaileak erantsi duenez, “badago ebidentzia iradokitzen duena berdeguneek eta, oro har, naturak, lagundu egiten digutela estres-maila txikitzen, gure arreta fokuratzen, eta neke mentaletik suspertzeko bidea ere ematen digutela, besteak beste. Garapen kognitiboari dagokionez, baina, ezin dugu oraindik ospakizunetan hasi, azterlan gutxi dagoelako eta ebidentzia oraindik ere mistoa delako”.

Gaur egun, Subizak Europako LifeCycle (Horizon 2020) proiektuan dihardu lanean, eta proiektu horrek Europako hainbat kohorte-azterlanen ikerketa-datuak biltzen ditu. INMAren antzeko diseinua duen azterlan-sare bat da. “Lanean ari gara INMAko datuekin egin dugun analisi hori gutxi gorabehera 15.000 haurren datuekin erreplikatzeko, ikusi ahal izateko beste leku horietan antzeko zerbait topatzen dugun ala ez”, argitu du. “Uste dugu hirietan berdeguneak eta eremu urdinak izateak lagundu dezaketela haurren osasuna eta garapena hobetzen, baina lan handia egin beharra dago oraindik ere zehazteko zein prozesu psikologikotan eta osasun-prozesutan duten eragina eta zeintzuetan ez”, esan du Subizak, amaitzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Berdeguneek izan dezakete zerikusirik haurren garapen kognitiboan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Subiza-Pérez, Mikel; García-Baquero, Gonzalo; Fernández-Somoano, Ana; Guxens, Mónica; González, Llucia ; Tardón, Adonina; Dadvand, Payam; Estarlich, Marisa; de Castro, Montserrat;  McEachan, Rosemary R.C.; Ibarluzea, Jesús; Lertxundi, Nerea (2023). Residential green and blue spaces and working memory in children aged 6–12 years old. Results from the INMA cohort. Health & Place, 84. DOI: 10.1016/j.healthplace.2023.103136

The post Berdeguneak eta haurren garapen kognitiboa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #497

Sun, 2024/09/08 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ikertzaile

Zoologia

Japoniako ikertzaile batek frogatu du Regimbartia attenuata kakalardoak gaitasuna duela Pelophylax nigromaculatus igelaren digestio-sistema zeharkatzeko eta bere kloakatik bizirik ateratzeko irentsita izan ostean. Hau egin dezake digestio-sistema era aktiboan gurutzatzen baitu hankak erabiliz eta exoeskeleto gogorra eta aire-poltsiko moduko bat duelako. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek eredu konputazional bat sortu dute koronabirusen jatorria eta bilakaera aztertzeko. Horren bidez ondorioztatu dute birus horiek saguzarretan sortu zirela Asia ekialdean eta Europan, eta gero beste ugaztun batzuetara jauzia eman zuela. Gizakiak, antza, aldi baterako ostalariak dira transmisio kate horretan. Aurkikuntza horiek erabakigarriak dira etorkizuneko antzeko pandemien aurkako prebentzio-estrategiak diseinatzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

Ikertzaile-talde batek modelizatu du klima-aldaketak Artikoaren inguruko lurretan dauden lurpeko suteen sorreran izan dezakeen eragina. Sute horiek, sute zonbi gisa ezagutzen direnak, aktibo egon daitezke lur azpian neguan, eta udaberrian berpiztu. Ikerketak iradokitzen duenez, atmosfera azkar berotzeak zohikatzaren berezko errekuntza eragin lezake, kanpoko txinparten beharrik gabe. Hauek, karbono iturri garrantzitsua den permafrosta urtu dezakete. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Minbizi-zelulak eta birusek kutsatutako zelulak fase goiztiarrenean detektatzeko gai den adimen artifizialeko tresna garatu dute, AINU deiturikoa. Haren garapenean, EHUko, DIPCko eta beste hainbat zentrotako ikertzaileak aritu dira elkarlanean teknologia mikroskopiko aurreratua erabiliz. Emaitzak Nature Machine Intelligence-n argitaratu dituzte. AINUk bereizmen handiko irudiak erabiltzen ditu zeluletan patroi espezifikoak identifikatzeko. Diagnostikoan aukera interesgarriak eskaintzen baditu ere, ikertzaileek ohartarazi dute oraindik muga handiak gainditu behar dituztela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Oihane Cantero Dominguez, Orai zentroko ikertzailea, adimen artifizialaren arloan ari da lanean, bereziki hizkuntza naturalaren prozesamenduan. Bere lanean, hizkuntza-ereduak euskal kulturara egokitzean eta laguntzaile pertsonalizatuak sortzean jartzen du arreta, genero-arrakalari aurre eginez. Teknologian emakumeen ordezkaritza handitzeko beharra nabarmendu du Canterok, eta ikuspegi baikorra du adimen artifizialeko ikerketaren etorkizunari buruz. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Duela 5,5 milioi urte, mugimendu tektonikoek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten. Horren ondorioz, Mediterraneoko espezieen % 11 baino ez zuen iraun. 1,7 milioi urte gerora arte ez zen aurreko espezieen ugaritasuna berreskuratu. Atlantikoa eta Mediterraneoa berriz konektatu zirenean, espezie atlantikoek Mediterraneoa kolonizatu zuten, eta espezieen mendebaldetik ekialderako mailakatze bat eman zen, gaur arte irauten duena. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

Biosentsoreak bioerrezeptore batekin interakzioaren bidez analitoak detektatu eta kuantifikatzen dituzten gailuak dira, seinale hori erantzun neurgarri bihurtuz. Gero eta ohikoagoak dira, batez ere diabetesa kontrolatzeko edo Covid-19a detektatzeko aplikazio medikoetan, baina elikagaien industrian, ingurumenean eta nekazaritzan ere erabiltzen dira. 2022an, munduko biosentsoreen merkatua 26.800 milioi dolarrera iritsi zen. Ekoizpen-erronkak izan arren, etengabeko hazkundea espero da, gailu jasangarriago eta zehatzagoen eskaerak bultzatuta. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Biomedikuntza

Suediako, Frantziako eta Erresuma Batuko ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, hiru hilabeteko terapia hormonalaren ostean, trans gizonen erantzun immunitarioa cis gizonen antzekoa da. Hormona sexualek immunitate sisteman duten eragina nabarmentzen du aurkikuntza horrek, eta trans pertsonen osasunari buruzko ikerketen gabezia nabarmentzen du. Ikerketak lagina mugatua izan arren, emaitzak esanguratsuak izan dira, pubertaroaren osteko hormona tratamendua immunitate sistema aldatzeko nahikoa dela erakutsiz. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #497 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #504

Sat, 2024/09/07 - 09:00
Irudia: Eva-Maria Geigl et al.

Ba al dago genoma europartzat har dezakegun ezer? Baldin badago, estepetako herrien eta mendebaldeko populazio neolitikoen arteko batasuna izan behar du. Eta paleoantropologo talde batek une zehatzaren “argazkia” aurkitu du. The final stage in the formation of a ‘European genome’, Eva-Maria Geigl, Oкuzhan Parasayan, eta Thierry Grangeren eskutik.

Animaliekin eta gizakiekin proba kliniko arriskutsuak egin beharrean, adimen artifizial prediktiboa erabil daiteke. Eta bide batez, ehunka milioi euro aurreztu. De-risking drug discovery with predictive AI, Claire Hendershoten eskutik.

Badirudi sistema immunea eta gantz-ehuna gehiagi komunikatzen badira, zahartzea gertatzen dela. The ageing effect of immune system and adipose tissue chatting, José R. Pineda.

Benetan ez diren estimulu energetikoei aldizkako erantzunak dira ohikoak izaki bizidunentzat. Ikertzaileek denbora asko daramate portaera hori duten sistema artifizialak aurkitu nahian, aplikazio ugari izango lituzkeelako. DIPCko jendeak hutsala izatetik urrun dagoen bat aurkitu du: DNAz estalitako urrezko nanopartikulak. Oscillatory hydrodynamics in DNA-coated gold nanoparticles

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #504 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages