Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 37 min ago

Nostalgiaren bertuteak

Wed, 2023/10/25 - 09:00

Iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. Nostalgia sentimenduak unibertsalak dira, eta, gertakari arrunten oroitzapenekin aldetuta, baikortasuna areagotzen dute edo, gutxienez, baikortasun adierazpenak sortzen dituzte.

nostalgiaIrudia: iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. (Argazkia: Miray Bostancı – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Hori da egin diren lau azterlanen ondorio nagusia. Azterlan horietan, zehaztuko ez ditudan hainbat prozedura erabiliz, aztertu da nostalgia sentimenduek zein neurritan sortzen duten baikortasuna, baita harreman horretan bitartekari diren prozesu mentalak ere. Ikerketak adin ezberdinetako eta hiru nazionalitatetako (estatubatuarrak, danimarkarrak eta ingelesak) gizon eta emakumeekin egin dira.

Lehenengo azterlanak harremanaren existentzia posiblea identifikatzeko balio izan zuen. Bigarrenak erakutsi zuen nostalgia sentimenduen indukzio esperimentalak pertsonen baikortasuna areagotzen duela. Hirugarrenak aurrekoaren aurkikuntzak erreproduzitu zituen, eta, horretarako, abesti nostalgikoen eta, kontrol gisa, abesti arrunten esposizioa erabili ziren. Hirugarren azterlan horrek agerian utzi zuen autoestimua bitartekari gisa aritzen dela nostalgiak baikortasunean duen eraginean. Hau da, nostalgia sentimenduek autoestimua hobetzen dute, eta azken horrek, dirudienez, baikortasuna areagotzen du.

Behaketa hori bat dator aurreko aurkikuntzekin, eta horien arabera norberaren iraganeko oroitzapenek norberaren maitasun sentimenduei eusten laguntzen dute. Baina, gainera, ezagutza hori etorkizunera zabaltzen du; izan ere, nostalgiak eragindako autoestimu sentimenduek gure etorkizuneko perspektibak hobetzen lagun diezagukete. Laugarren azterketak prozesu horiek gehiago argitzen lagundu zuen, esperimentuetan parte hartu zuten pertsonak abesti nostalgikoen letren eta, kontrol gisa, abesti arrunten letren eraginpean jarriz. Laugarren azterlan horren bidez, kausazko sekuentzia zabalago bat ezarri zen sentimendu nostalgikoen eta autoestimuaren arteko loturarako, harreman horren bitartekari gisa gizarte konektibitatearen sentsazioa sartu baitzen.

Beraz, nostalgiak gizarte konektibitatearen sentsazioa sustatzen du; horrek, era berean, autoestimua areagotzen du, eta autoestimu handiago baten ondorioz, baikortasuna areagotzen da. Edo, beste era batera esanda, parte hartzaileek autoestimua handitzea amets nostalgikotik eratorritako gizarte konektibitatearen sentimendu biziago baten ondorioa da; eta autoestimu handiago horrek, bestalde, baikortasuna areagotzen du.

Jakina da baikortasunak ongizatea eta onurak eragiten dituela osasunari dagokionez. Horregatik, eta esperimentu horietan lortutako emaitzen arabera, nostalgia ongizaterako bide oso egokia izan daiteke, portaera osasungarriak eta harremanetan arrakasta bultzatuz. Gainera, oroitzapen nostalgikoetara jotzea tristura, bakardade, asperdura edo zalantza existentzialeko aldietan areagotu ohi denez, lan honetan lortutako emaitzen arabera, nostalgiak, baikortasuna sustatzean, pertsonei ezbehar psikologikoari aurre egiten lagun liezaieke. Nostalgia, lanaren egileen arabera, azken batean, pertsona baten iragana, oraina eta etorkizuna konektatzeko katalizatzailea izan daiteke, jarraitutasun zentzua emanez.

Egileen hitz ia testualak (baina itzuliak) erabiliz, lan honen ondorioa da “nostalgia ez dela kaxoi batean giltzapean gordetako sepiako argazki zahar bat. Nostalgiak irismen handiko ahalmena du, eta jarraitu beharreko bidea argi diezaguke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cheung, Wing-Yee; Wildschut, Tim; Sedikides, Constantine; Hepper, Erica G.; Arndt, Jamie; Vingerhoets, Ad J. J. M. (2013). Back to the Future: Nostalgia Increases Optimism. Personality and Social Psychology Bulletin, 39(11), 1484-1496. DOI: 10.1177/0146167213499187

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Nostalgiaren bertuteak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa

Tue, 2023/10/24 - 09:00

Historiaurrean tamaina handiko animaliak desagertzen joan ziren heinean, gizakiak gero eta ehiza tresna txukunagoak egitera behartuta egon ziren, ikertzaile talde baten arabera. Horrek gaitasun kognitiboak handitu zituela babestu dute.

Gosea baino argiagorik ez dago. Atsotitzak ideia bera azpimarratzen duen aldaera asko ditu hainbat hizkuntzatan. Necessity is the mother of invention. El hambre agudiza el ingenio. La faim aiguise l’esprit… kontzeptu argia da, eta ez du azalpen gehiagoren beharrik.

Zaila da sen hutsean oinarritutako ideia hori benetan norainokoa den egiazkoa frogatzen saiatzea, baina, noizean behin, saiakerak egiten dira. Hain justu, atsotitzaren bide beretik doan proposamena bota du Israelgo ikertzaile talde batek. Haien ustez, historiaurrea garatu ahala, gizakiek ehizatzen zituzten animalien tamainaren beherakadak gero eta arma hobeak egitera bideratu zituen.

Funtsean, Tel Aviveko unibertsitateko ikertzaile horiek Quaternary aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluaren arabera, harrapakin handiak iraungi izanak gizakien garapen kognitiboan onerako eragina izan zuen, gizakiek animalia txikiagoak ehizatzeko moduko arma berriak asmatu behar izan zituztelako.

lantza1. irudia: ikertzaileen aburuz, animalia handien desagerpenak ehiza tekniken aldaketa ekarri zuen, gizakiaren kognizio gaitasunaren onerako. Irudian Victor Vasnetxov margolariaren irudikapen bat. (Irudia: – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, “zabalduen zegoen hipotesiak zioen ehiza egiteko armetan izandako aldaketak funtsean esplikaezina den hobekuntza kognitibo baten ondorio izan zirela”. Aldiz, haien hipotesia da animaliatzarren desagerpenaren eta ehizarako erabilitako tresna eta tekniken artean ikusi duten korrelazioan kausalitate bat dagoela: ehiza behar berriei egokitzeko beharrak ekarri bide zuen arma berrien garapena.

Miki Ben-Dor eta Ran Barkai arkeologoak Afrika, Espainia eta Frantziako historiaurreko zenbait aztarnategitako arrastoetan oinarritu dira analisia egiteko. Aztarnategi horietan aurkitutako harrapakinen arrastoak aztertu dituzte, eta espezie bakoitzaren kopuru erlatiboak zenbatetsi dituzte. Modu berean, hezur horiekin batera aurkitutako harrizko tresnak aintzat hartu dituzte ere. Beren hipotesiaren aldeko argudioen bila, aztarnategi horietako datuekin bost kasu azterketa egin dituzte.

Bereziki Levallois teknikaren agerpenean jarri dute arreta. Harria lantzeko metodo honen bitartez, historiaurreko gizakiak gai ziren herrizko erdigune batetik harri printzak eskuratzeko, kolpe jakin batzuen bitartez. Metodo honen erabilpenak berekin dakar gizaki horiek aldez aurretik irudikatzen zutela lortu nahi zuten tresnaren forma. Bada, diotenez, aztertu duten aztarnategi guztietan korrelazioa dago Levallois teknikaren bitartez landutako tresnen garapenaren eta harrapakin handien arrastoen desagerpenaren artean. Soilik aztarnategi batean —Kenyako Olorgesailie aztarnategian— ikusi dute megafaunaren iraungitzea klima aldaketari lotuta egon zela.

Ez da lehen aldia ikertzaile hauek animaliatzarretan arreta jartzen dutena. 2021ean argitaratutako beste zientzia artikulu batean erakutsi zutenez, Ekialde Hurbilean batez bestean animalien gorputz masa %98 gutxitu zen azken milioi eta erdi urteetan, 3.000 kilo izatetik 50 kilora izatera pasata.

Baina analisia harago eraman dute, denboran zehar izandako bilakaera aztertuz. Hala, duela 1,5 milioi urte inguru Homo erectus espeziea egurrezko lantzez baliatzen zela azaldu dute ikertzaileek. Diotenez, seguruenera gertu zeuden presa handiak akabatzeko erabiltzen zituen lantza horiek. Dena dela, zaila da horretaz ziur egotea, jakina delako egurra ez dela horrenbeste denboraz kontserbatzen.

lantza2. irudia: historiaurrean gehien ehizatutako animalien eta ehiza tresnen bilakaera, grafiko batera eramanda. (Irudia: Ben-Dor et al., Juanma Gallegok euskaratua)

Hurrengo pausoa lantza horietan harrizko puntak jartzea izan zen. Hori duela 300.000 urte inguru gertatu zen, neandertalen eta gizaki modernoen eskutik. Duela 64.000 urtetik Afrika Hegoaldean arkua eta gezia agertu ziren, eta horiekin batera garatu ziren lantza edo dardoen jaurtigailuak. Tresnez harago, garai batetik aurrera ehiza lanetan lagungarriak izan ziren txakurrak sartu zituzten ere: hori duela 23.000-14.000 urte artean gertatu zela uste dute. Garai horretan ere dokumentatuta daude tranpa zein arrantzarako amuen erabilera. Beraz, indar hutsean oinarritutako armak beharrean, egoera berriak gero eta arma zehatzagoak eskatzen zituen.

Antropologiaren eremura jauzi eginez, adibide bat jarri dute, egungo ehiztari-biltzaileen portaeran oinarrituta. Elefante bat ehizatzeko nahikoa zaizkie animaliatzarra norabait bideratzea eta, behin mugikortasun mugatua duela, egurrezko lantzak erabiltzea hura akabatzeko. Aldiz, abiaduran zein pisuan askoz arinagoa den orein baten kasuan, nekez akabatu ahalko da egurrezko lantza soilen bidez. Lantza horiek harrizko puntak edukiz gero, zientzialari hauek sinetsita daude errazagoa izango dela oreinari dezenteko zauria eragin eta bere ihesaldia moteltzea. Bestetik, harrizko gezi puntek apurtzeko joera duten arren, abantaila da behin azalaren aurka jota askotan animaliaren beraren barruan geratzen direla, harrapakina hiltzeko aukerak handituz.

Oraingoan, ikertzaile hauek ez dira sartu gai honen bueltan adituen artean klasikoa den aspaldiko polemika batean: norainoko eragin izan zuen gizakiek egindako ehizak animaliatzat hauen iraungitze prozesuan.

“Harrapakinen tamaina txikiagoa edukitzeak erronka nabarmena suposatu zuen lehen gizakientzat, eta horrek bultzatu zituen ehiza praktiketan moldagarritasuna eta berrikuntza handitzera”, laburbildu dute egileek.

Aipatu dute badagoela beste teoria bat harrapakinen tamainari lotuta: gizakiak haitzuloetan bizitzen hasi zirenean, errazagoa egiten zitzaien harrapakin txikiak etxera eramatea. Baina zientzialari hauek uste dute efektua kontrako norabidean joan zela: animalia txikiagoak ehizatzeak gizakiei haitzuloetan bizitzea erraztu ziela argudiatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ben-Dor, Miki, and Ran Barkai (2023). The Evolution of Paleolithic Hunting Weapons: A Response to Declining Prey Size. Quaternary 6(3), 46. DOI: https://doi.org/10.3390/quat6030046

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute

Mon, 2023/10/23 - 09:00

Biodonostia, Tomellosoko Ospitale Orokorra, Ikerbasque eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa erraztuko duen metodo ez-inbaditzailea garatu dute. Lana Clinical Gastroenterology and Hepatology aldizkarian argitaratu dute.

Esofagitis eosinofilikoa esofago edo hestegorriaren hantura kronikoa ezaugarri duen gaixotasuna da. Hantura hau eosinofiloak deritzen globulu zuriak mukosan sartu eta irensteko zailtasunak eragiten dituztenean gertatzen da. Gaixotasun arraroa izan arren, gero eta prebalentzia handiagoa du. Orain arte, gaixotasun honen diagnostikoa hestegorriko hainbat puntutan hartutako biopsiak aztertuz egiten zen. Proba hau inbaditzailea eta oso molestagarria da pazienteentzat. Horren harira, test ez-inbaditzaileen garapena benetako erronka bihurtu da.

 EsofagitisIrudia: esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia duten 68 gene hautatu eta hauen jarduera aztertu da. (Argazkia: Artem Podrez – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHU, Biodonostia eta Tomelloso Ospitale Orokorra (Ciudad Real) partaide dituen ikerketa batek honako hipotesi hau izan du abiapuntu: ahoko mukosa hestegorritik gertu dagoenez gero, baliteke bertan biomarkatzaile erabilgarriak aurkitzeko aukera egotea, laginak ahotik lortzeak dakarren erraztasun eta abantailarekin.

Biomarkatzaile horiek aurkitzeko, esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia dute 68 gene hautatu eta hauen jarduera aztertu da esofagitis aktiboa duten pazienteengan, sendatzeko bidean daudenengan eta osasun-kontrol egokiak dituztenengan, Tomellosoko Ospitale Orokorraren eta Donostia Unibertsitate Ospitalaren eskutik. 68 gene horietatik 29 ahoko laginetan detekta zitezkeen, eta hauetatik, zortzi gene biomarkatzailetzat erabiltzeko modukoak izan zitezkeen. Hartara, gene horiek beste paziente batzuengan aztertu ziren, eta horietako hiruk jarduera-desberdintasunak erakutsi zituzten pazienteen eta osasun-kontrol egokiak zituztenen artean. Hiru gene horiek datu klinikoekin konbinatuta erabiliz gero (sexua edo atopien presentzia, kasu), predikzio-gaitasuna % 95ekoa da.

Ikerlan honen egileen iritziz, emaitza itxaropentsu horiek oinarritzat erabil daitezke esofagitis eosonofilikoaren diagnostikoa errazteko, test inbaditzaileen kopurua murriztuz. Etorkizunean, beste lan batzuk egin beharko dira lortutako emaitzak baliozkotzeko, eta test honen erabilerak esofagitis eosonofilikoa eta hestegorriko beste gaixotasun batzuk bereizteko aukera emango duen aztertzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sebastian-delaCruz, Maialen; Garcia-Etxebarria, Koldo; Bilbao, Jose Ramón; Lucendo, Alfredo J; Bujanda, Luis; Castellanos-Rubio, Ainara (2023). A novel, non-invasive method to diagnose active eosinophilic esophagitis, combining clinical data and oral cavity RNA levels. Clinical Gastroenterology and Hepatology. DOI: 10.1016/j.cgh.2023.07.023

The post Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #457

Sun, 2023/10/22 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

garbitzeko

Fisika

Esperimentu berri batek nukleoaren teoria nagusiari buruzko zalantzak sortu ditu. Teoria horren arabera, atomo bateko nukleoa kitzikatzean nukleo hori puztu edo hazi egiten da, protoietako batek salto egiten duen arte. Helio-4arekin egindako neurketa berri batean ordea, ez da teoria hori bete. Atomo hori espero baino gehiago puztu zen eztanda egin aurretik, eta horrek aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Esperimentu horrek agerian jarri du oraindik ez dela indar nuklear bortitza ongi ezagutzen. Datuak Zientzia Kaieran.

Genetika

1999. urtean, Kathleen Folbigg-i bere lau seme-alabak hil izana leporatu zitzaion. Lauak jaio eta hilabete batzuetara hil ziren, bata bestearen atzetik, ustez, arrazoi naturalak medio. Gertaera hain bitxia izanik, Folbigg-i seme-alabak itota hiltzea egotzi zitzaion. 2003tik atxilotuta egon ostean, 2023ko ekainaren 5an aske geratu zen emakumea, genetikari esker. Ikertzaile batek frogatu zuen CALM2 eta MLKL geneetan mutazioak zituztela Folbigg-en seme alabek, eta mutazio horiek sortutako gaixotasun arazoen ondorioz hil zirela lauak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errugabea genetikari esker.

Neurologia

Giza garuneko zelulen zehaztasun handiko atlas bat osatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. 21 artikuluk osatzen dute atlasa, eta hura sortzeko informazioa hildako hiru gizonen garunetako 3 milioi zeluletatik eta emakume baten kortex motorraren disekzio batetik lortu dute. Hala, 3.000 zelula mota baino gehiago identifikatu dituzte, horietako asko ezezagunak. Atlas hori oso baliagarria izatea espero da etorkizuneko ikerketetarako. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Kepa Paz Alonsok Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzailea da, eta bere taldekideekin batera talamoaren eta kortex prefrontalaren arteko komunikazioa aztertu dituzte. Erresonantzia magnetikoaz baliatuz, bi eskualdeak lotzen dituen materia zurizko egiturak ikusi ahal izan dituzte, eta ohartu dira gizakiaren kasuan konektibitatea oso masiboa dela beste espezie batzuekin alderatuz. Bi gune horiek funtsezkoak dira memoriarako eta emozioetarako, eta espero dute etorkizunean aurkikuntza honek laguntzea gaixotasun askoren tratamenduan. Azalpen guztiak Berrian: «Oraindik ez dakigu zehazki garunak nola funtzionatzen duen».

Osasuna

Bagina garbitzeko produktuak saltzen dituzten enpresek gorputzeko atal hori garbitzeko eta usaina kentzeko beharra zabaldu dute emakumeen artean. Baina mezu hori faltsua izateaz gain arriskutsua ere bada, kalte egiten baitie baginaren anatomiari eta fisiologiari. Baginak mikrobiota berezi bat du, eta horrek babestu egiten du bakterio eta onddo patogenoengandik. “Garbitzeko produktuek” ordea, mikrobiota hori desorekatu dezakete. Gainera, gorputz atal horrek badu bere garbitzeko mekanismoa: baginako fluxua. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bagina zikinaren mitoa.

COVID iraunkorra serotoninaren jaitsierarekin erlazionatuta egon daitekeela iradoki du ikerketa berri batek. Ikertzaileak jabetu ziren gaixotasun hori modu iraunkorrean pairatu duten hainbat pazienteren gorozki-laginetan SARS-CoV-2 birusaren arrastoak zeudela. Horrek pentsarazi zien birusaren konposatuek hesteetan iraun zutela. Gainera, ikusi zuten konposatu horiek triptofano aminoazidoa behar bezala xurgatzea eragozten zuela, eta horrek serotoninaren jaitsiera eragiten zuela. Neurotransmisore hori funtsezkoa da garunaren eta gorputzaren funtzionamendurako. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Nekane Balluerkak eta Jaume Arnauk Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak liburua argitaratu zuten 2001ean. Bertan, psikologia zientifikoaren historia lantzen da, eta bilakaera horretan sortu diren paradigma ezberdinak aurkezten dira. Izan ere, psikologia benetako zientzia ote den eztabaidak bizirik jarraitzen du gaur egun ere, eta eztabaida horri buruzko hausnarketa aurki daiteke liburu honetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Astronomia

Milaka satelite daude espazioan, eta aditu batzuek elementu horien baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute. Izan ere, orbita baxuko sateliteen sekulako igoera aurreikusten da datozen urteetarako. Cinnamon 937 konstelazioak, adibidez, 337.000 satelite jarri nahi ditu orbitan. Hainbeste satelite egoteak hainbat arazo eragin ditzakeela ohartarazi dute adituek; besteak beste, gehiegizko hondakinak sortzea, orbitan talkak gertatzeko arriskua handitzea, edota ikerketa astronomikoak oztopatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Jupiterreko atmosferaren jet edo zurrusta-korronte berri bat topatu dute EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek. James Webb espazio-teleskopioak egindako behaketetatik lortu dute informazioa, eta planeta horretako sistema meteorologikoen hiru dimentsioko ikuspegia lortu dute. Irudi horiei esker ikusi dute Jupiterreko goiko hodeietan haizea 500 km/h-ko abiadurara iristen dela, eta, behekoetan, horren erdira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Dorothy M. Horstmann epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile estatubatuarra izan zen, eta Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna izatera iritsi zen. Zientzialari honek milioika haurren heriotza ekidin zuen bere ibilbide profesionalean egindako aurkikuntzengatik. Horstmann frogatu zuen poliobirusa odolaren bidez hedatzen zela gorputzean, eta ez soilik nerbio sisteman, garai hartan pentsatzen zen moduan. Poliobirusak poliomelitis gaixotasuna sortzen du, eta Horstmannen aurkikuntzei esker, haren kontrako txertoa garatzea lortu zen. Kalkulatzen da 1988az geroztik txerto horrek 1,5 milioi haurren heriotza ekidin dituela, bai eta 18 milioi paralisi ere. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #457 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #465

Sat, 2023/10/21 - 09:00

Ikuspuntu militarretik, zure armamentuak potentzia nahikoa izatea etsaiaren defentsak gutxi izatea bezain garrantzitsua da. Gauza bera gertatzen da minbiziarekin. Badirudi leuzemia mota batzuetan faktore baten inhibizioak nabarmen murrizten dituela zelula kantzerigenoen defentsak. Marta Irigoyenek idatzia: Inhibition of Hypoxia-Inducible Factor Alpha (HIF-1α) helps suppress T-ALL drug resistance.

Zenbat ur-izotz mota daudela uste duzu? Bada, ez, 19 dira. Eta aurkitutako azkena oso bero dago. XIX, a new phase of high-density, ultra-hot water ice.

Mikrobioen materia iluna laborategian landu ezin diren mikroorganismoen multzoa da, eta, beraz, ezer gutxi dakigu horri buruz. Multzo horrek elementu bat galdu du. Throwing light on microbial dark matter Ramón Muñoz-Chápuliren eskutik.

Tunel-efektuko mikroskopio baten punta erabiliz, DIPCko ikertzaileek spinak hiru atomoetan manipulatu dituzte gainazal batean, konputazio kuantikoa ikertzeko plataforma berri bat sortzeko. Eta Science aldizkarian argitaratu dute. A new qubit platform, atom by atom.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #465 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dorothy M. Horstmann, polioaren buru-hausgarria argitzen lagundu zuen zientzialaria

Fri, 2023/10/20 - 09:00

Estatu Batuetako epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile hau izan zen Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna. Poliobirusa odol fluxuaren bidez hedatu eta pertsonen nerbio sistemari iristen dela frogatu zuen. Oso lagungarria izan zen poliomielitisaren aurkako txertoa garatzeko oinarriak finkatzeko, gaixotasun infekzioso hori hilkorra baitzen XX. mendearen lehen erdian. Zenbatesten da polioaren aurkako txertoak 1,5 milioi haurren heriotza ekidin duela eta 18 milioi paralisi ere bai 1988az geroztik, urte horretan abiarazi baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasuna errotik kentzeko mundu osorako programa bat.

Dorothy Horstmann 1911ko uztailaren 2an jaio zen Spokanen, Washington (AEB), baina gaztaroaren zatirik handiena San Frantziskon (Kalifornia) igaro zuen. Kaliforniako Unibertsitatean ikasi zuen sendagile izateko, lehenengo Berkeleyn eta ondoren San Frantziskon, 1940an amaitu zuen. Praktikak eta egonaldia San Frantziskoko Ospitale Orokorrean egin zituen eta Karl Friedrich Meyer zientzialariaren hitzaldiak entzuteko aukera izan zuen han, gaixotasun infekziosoen alorreko zientzialaririk prestigiotsuena garai hartan. Horrela sortu zitzaion gaixotasun horiekiko interesa.

Horstmann1. irudia: Dorothy M. Horstmann, Estatu Batuetako epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Dorothyk trebatzen jarraitu nahi izan zuen Vandebilteko Unibertsitate Ospitalean, baina hasieran ezetz esan zioten, Hugh Morgan zuzendariak gizonezkoak bakarrik hartzen zituelako lanerako. Hilabete batzuetara ospitale horretako eskutitz bat iritsi zitzaion Horstmanni, oraindik ere postua interesatzen zitzaion galdetzeko, eta baietz erantzun zien. Dirudienez, Morgan ez zen gogoratzen eskaria atzera botatzeko jatorrizko arrazoiaz, eta harrituta geratu zen atetik sartzen emakumezko bat ikusi zuenean.

1942an Yaleko Medikuntza Eskolan lan egiteko kontratatu zuten Dorothy Horstamnn. Barne medikuntzan espezializatu zen Unibertsitate horretan John R. Paul gainbegirale zuela. Epidemiologia klinikoan aitzindaria zen John R. Paul, bai eta poliomelitisa aztertzeko Yaleko unitatearen sortzaileetako bat ere, herrialdean polioaren epidemia etengabe hazten ari zelako sortua.

Poliomielitisaren buru-hausgarria

Poliomielitisa poliobirusak eragiten du, RNA birus batek; birus hori 1908an identifikatu zuten lehenengoz Karl Landsteiner eta Erwin Popper zientzialari austriarrek. Poliobirusaz kutsatutako pertsonen % 90ak inoiz ez du sintomarik garatu. Sintomak garatzen dituzten gehienek gaixotasun arina izaten dute, aldiz, % 10ak gaixotasunaren formarik larriena garatzen du: paralisi flazido akutua.

Paralisia gertatzen da birusak nerbio sistema zentrala eta neurona motorrak suntsitzen dituenean, muskuluak uzkurtzeko beharrezkoak. Gehienetan nerbio ehuneko kalte horrek aldi bateko paralisia eragiten du, baina kaltea larriagoa izanez gero, pazienteak betirako gal dezake muskulu horien funtzioa. Paralisi iraunkorra sarriago gertatzen da oinak edo arnasketa kontrolatzen duten muskuluetan eta, ondorioz, heriotza eragin dezake.

40ko hamarkadaren hasieran, polioa ikertzen zuten alorreko liderrek uste zuten (New Yorkeko Rockefeller Institutuko Simon Flexnerrek, esaterako) poliobirusak garuna infektatzen zuela, sudur hobietako nerbioak igaro ondoren. Polioaren patogenesia eta transmisioa aztertzeko erabiltzen zen eredu esperimentalagatik uste zuten hori. Flexner eta kideek paralisia zuten tximinoen garuneko ehuneko birus isolatuak erabiltzen zituzten garun barneko inokulazio bidez beste tximino talde batzuk infektatzeko. Poliobirusa soilik bide horren bidez transmitituta, birusaren laborategiko anduia egokitu egin zen eta nerbio ehuna baino ez zuen infektatzen. Hori zela eta, Flexner tximinoak ahoz inokulatzen saiatzen bazen birusaren laborategiko andui harekin, ez zen gaixotasunaren sintomarik garatzen. Flexnerren aurkikuntzen ondorioz, komunitate zientifikoak uste zuen (oker uste arren) poliobirusa nerbio ehunean baino ezin zela erreplikatzen, Horstmannek eta haren kideek uste horri aurka egin zioten arte.

Horstmann2. irudia: 1943tik 1944ra Horstmann eta gainerako unitatea izan ziren Estatu Batuetan izandako poliomielitisaren bost agerraldi aztertzeko arduradunak. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1943tik 1944ra Horstmann eta gainerako unitatea izan ziren Estatu Batuetan izandako poliomielitisaren bost agerraldi aztertzeko arduradunak. Banakoetan eta biztanleriaren taldeetan gaixotasuna agertzen lagun zezaketen balizko faktore sorta bat aztertzea erabaki zuten. Horretarako, ur hornikuntzako osasun baldintzak aztertu zituzten, balizko bektoreak izan zitezkeen intsektuak bildu zituzten eta hainbat lagin hartu zizkieten (eztarria eta sudurra, odola eta gorozkiak) pazienteei hainbat egunez. Ordura arte ez zen hain modu konplexuan egin eta ikuspegi berritzailea zen. Informazio horri esker jakingo zuten birusak zenbat denbora irauten zuen faringean eta digestio hodian eta toki bakoitzak zer garrantzi erlatibo zuen infekzioan. Gorotz lagin gehienek positibo eman zuten poliobirusean hainbat astez, aldiz, faringean zuen presentzia iragankorra zen eta gutxitan gertatzen zen. Emaitza horiek, beste zientzialari batzuen aurkikuntzekin batera, adierazi zuten digestio hodia zela, eta ez sudur hobiak, poliomielitisaren patogenesian garrantzia zutenak. Baina birusa –irentsitakoa- digestio hoditik garunera nola igarotzen zen, deszifratu gabe zegoen.

Horstmannen ekarpena polioaren patogeniari

New Havenen 1943an izan zen agerraldian polioa zutela uste zen 111 pazienteren odola jaso zuen Horstmannek Yale New Haven ospitalean. 111 laginetatik bakarrak eman zuen positibo poliobirusean. 9 urteko neskato bat zen, eta neskato horren odola izan zen lehenengo sintoma arinak garatu ondorengo sei orduetan atera zen bakarra. Laginketaren denboran egondako alde horren ondorioz Horstmannek gertuagotik behatu nahi izan zuen birusaz infektatu eta sintomak agertu arteko aldia. Emaitza horiek funtsezko paradigma aldaketa izan ziren poliomielitisaren transmisioa eta patogenesia ulertzeko.

Horstmannek tximino eta txinpantzeetan egin zituen esperimentu zenbait, odol fluxuak polioaren patogenesian zerikusirik ba ote zuen ikertzeko. Hasteko, animaliei ahoz eman zieten poliobirusa, Horstmann eta beste batzuek kutsatzeko bide naturala hori zela erakutsi baitzuten. Ondoren animalia horien odolaren laginak hartu zituzten infektatu ondorengo zazpi egunetan, poliobirusa odolean egon ote zitekeen eta noiz egon zitekeen zehazteko. Poliobirusa odolean agertu zen ingestio ondorengo 4-6 egunetara eta paralisia hasi aurretik aztertutako animalia gehienetan. Emaitzek adierazten zuten aurrez zientzialariek, Horstmann bera barne, askotan zergatik ezin izan zuten birusa detektatu odol fluxuan: luzeegi itxaron zuten. Izan ere, odolaren laginak gaixotasunaren sintomarik larrienak (esaterako, paralisia) agertu ondoren jasotzen ziren. Ordurako poliomielitisaren aurkako berariazko antigorputzak odol fluxuan ibiliak ziren, birusa neutralizatuz; horregatik ezin zen odolean detektatu.

Horstmannek, ordea, pazienteen kontaktuen odolean poliobirusa detektatu zuen; horietako batzuek gaixotasuna garatuko zuten gero eta beste batzuk asintomatikoak izango ziren. Aurkikuntza horrek poliomielitisa ulertzeko funtsezko paradigma aldatu zuen: ordura arte zientzialariek uste zuten poliobirusak nerbioen ehuna infektatzen zuela soilik eta aurkikuntzaren ondorioz gaur egun poliobirusaren transmisioari eta patogeniari buruz dugun eredurako lehenengo urratsa egin zen.

Horstmann3. irudia: polioaren aurkako txertoa ahoz ematea. (Argazkia: Wellcome images – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Horstmannen aurkikuntzak poliobirusa geldiaraz zitekeen puntu anatomiko espezifikoak ere adierazi zituen: odola eta digestio hodia. Ondorioz, Dorothy izan zen poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoaren sustatzaile nagusia, birusaren infekzioaren bide naturala gertutik imitatuko zuena, eraginkorra izan baitzitekeen odolean eta digestio hodian antigorputzak eragiteko, ondoren infekzioa blokeatu ahal izateko. Txerto hori Albert Sabin birologoak garatu zuen eta 1964an baimendu zen. Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunak errotik kentzeko mundu osoko programa bat hasi zuen eta oso emaitza onak eman zituen; dena dela, 2019ra arte ez zen erabat deuseztatu munduan.

Pediatra eta hezitzailea

Poliomielitisaren azterketan izandako esperientziaren ondorioz (batez ere paziente gazteei erasotzen die), Horstmannek, bere ibilbide profesionalaren erdi aldera, berez aldatu zuen egiten zuen lanaren ikuspegia eta medikuntza pediatrikoan hasi zen. Ondorioz, haurren gaixotasunak eragiten dituzten beste birus askoren (errubeola, Coxsackievirus eta Echovirus) epidemiologia klinikoan aditu bihurtu zen.

Epidemiologia eta Pediatriako baterako izendapenarekin, Horstmann izan zen Yaleko medikuntza eskolako lehenengo emakume katedraduna 1961ean. Postu hark ematen zion autoritateari esker, gaixotasun infekziosoen irismena zabaltzearen alde egin zuen osasun publikoko alderdiak ere barne hartu arte, eta diagnostikoko mikrobiologia eta birologia gaixotasun infekziosoen praktikan eta irakaskuntzan sartzearen alde egin zuen.

Yalez harago, Dorothy Estatu Batuetako gaixotasun kutsakorren elkarteko presidentea izan zen eta Zientzietako Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten 1975an. 1982an erretiratu zen irakasle emeritu gisa.

Dorothy Millicent Horstmann 2001eko urtarrilaren 11n hil zen New Havenen, Connecticut. (AEB), Alzheimerraren konplikazioen ondorioz. 89 urte zituen.

Iturriak: Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 27an: Dorothy M. Horstmann, la científica que ayudó a resolver el rompecabezas de la polio.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dorothy M. Horstmann, polioaren buru-hausgarria argitzen lagundu zuen zientzialaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak

Thu, 2023/10/19 - 09:00

Zientifiko hitza psikologian dauden hitzik eztabaidatuenetakoa izan da eta izaten jarraitzen du. Nekane Balluerka eta Jaume Arnauren Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak (2001) liburuak psikologia zientifikoaren historiaz dihardu, psikologia ezagutza zientifikoaren arauak jarraitzen dituen zientzia esperimental gisa ulerturik. Thomas Kuhn fisikari eta filosofoaren paradigma ideiatik abiatuz, autoreek psikologia zientifikoaren garapen historikoa aztertzen dute, sortu zenetik gaur egun arte. Diziplina honen bilakaeran parte hartu duten ikuspegi metateoriko eta metodologikoak, edo hitz batean, paradigma ezberdinak aurkezten dira bertan.

Irudia: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak liburuaren azala. (Iturria: Erein argitaletxea)

Psikologiak benetako zientzia izateko ahaleginean bizi izan dituen gertaera nagusien ikuspegi orokorra eskaintzea da lan honen helburua. Bilakaera historiko horren haritik, autoreek psikologiaz duten ikuspegi berezia eta psikologia zientzien artean sartzeari dagokion eztabaidari buruzko hausnarketa aurki dezake irakurleak.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak
  • Egileak: Nekane Balluerka Lasa eta Jaume Arnau i Gras
  • Itzultzailea: Garbiñe Ortiz Anzola
  • ISBN: 978-84-7568-982-1
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2001
  • Orrialdeak: 128 or.
Iturria:

Erein argitaletxea: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak

The post Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bagina zikinaren mitoa

Wed, 2023/10/18 - 09:00

Negozio nitxo berriak sortzeko estrategia nagusietako bat kontsumitzaileei beharra sortzea da; lehen ez zuten behar bat sortzen zaie, produktu berriak erosi behar dituztela konbentzitzeko. Aire frijigailuak, kapsuletako kafea edo robot xurgagailuak dira horren adibide. Baina higienearen eta osasunaren alorrean metodo hori etikarik gabea izan daiteke, kontsumitzaileei iruzur egiten baitie eta arazo bat dutela pentsarazi, arazorik ez dagoen arren, «irtenbide» egokia saltzeko (egiaz ezer gutxi edo ezer ere konpontzen ez duen irtenbidea). Zentzu horretan, osagarri dietetikoen salmenta gehienak merkadotekniaren iruzurrezko forma horren bidez egiten dira, biztanleriari okerreko usteak sortarazi eta gero.

Higienearen munduan mendebaldeko gizarteetako emakumeetan funtsezko ideia bat sartu nahian ari dira buru belarri hamaika enpresa. «Zure bagina zikina daukazu eta usain txarra du garbitzen ez baduzu». Mezu hau igortzen duten enpresen asmoa bagina «garbitzeko» dituzten produktuen salmenta areagotzea da: irrigatzekoak, gelak, soluzioak, toallatxoak, kremak, xaboiak, lurrinak… Baina publizitate estrategia hau iruzurtia izateaz gain, emakumeen gorputzaren zati bat deabrutzen du eta emakume batzuei segurtasun eza eragin diezaieke, beren zona intimoetako egoera higienikoaz.

baginaIrudia: bagina garbitzeko produktuak beharrezkoak ez izateaz gain, kalterako dira baginaren anatomia eta fisiologia kontuan badugu. (Argazkia: Karolina Grabowska – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Kanadan psikologo talde batek urteak daramatza fenomeno honi arreta berezia eskaintzen, herrialde askotan aintzat hartzen ez den arren. Emakumeei egindako inkesten ondorio hauek dituzte: «Gure partaide askorentzat garbitasun eta freskotasun sentsazioa lortzea behar fisiko subjektiboa zen. Garbitasun eta freskotasun hori beharrezkoak ziren partaideentzat, eta ondorio sozialak hautematen zituzten baginan usaia eta fluxua izateagatik, besteak beste estigmatizazioa. Garbitasunari eta freskotasunari buruzko ideiek bagina garbitzeko produktuak erabiltzean eragina izateaz gain, mezu sozial hedatuagoak ere islatzen zituzten; hau da, emakumeen garbitasun genitala zerbait zikina dela, ihesak daudela eta lotsagarria dela. Baginaren higienerako produktuen marketinean garbitasuna eta freskotasuna terminoen erabilera orokorra enpresen mesederako da, genital femeninoei buruzko mezu negatibo horiek nazioartean emakumeetara hedatzean aberastu egiten baitira».

Bagina garbitzeko alferrikako produktuak

Bagina garbitzeko produktuak beharrezkoak ez izateaz gain, kalterako dira baginaren anatomia eta fisiologia kontuan badugu. Emakumearen zona intimo horrek bere mikrobiota du («flora» esate zaion arren, gaizki esanda dago) eta Lactobacillus generoko hainbat bakterio ditu nagusiki. Mikroorganismo horiek azido laktikoa sortzen dute, horrek giro apur bat azidoa eragiten du baginan, eta bakterio eta onddo patogeno gehiegi ez sortzetik babesten du hainbat mekanismoren bidez. Gainera, laktobaziloen espezie batzuek ur oxigenatua ere sortzen dute, eta hori ere mesedegarria da mikroorganismo kaltegarriak arrastoan sartuta izateko.

Laktobaziloen ondorioz, baginak usain apur bat izaten du, nahiko esanguratsua (apur bat hartzitutako esnearena) eta usaina aldatu egiten da menstruazioarekin, baina horrek ez du esan nahi higiene arazorik edo arazo medikorik denik. Gainera, baginak garbitzeko bere mekanismoa du, baginako fluxua, eta horren bidez kanporatzen dira gainerako zelulak eta mikroorganismoak, zona hori heze mantentzen du eta infekzioak saihesten laguntzen du.

Zenbaitetan baginako usaina aldatzeak zerbait ez dagoela ondo esan nahi dezake. Adibidez, arrain ustelaren usaina badu eta bagina fluxuan aldaketak badaude, hazkura eta erremina izateaz gain, baginako infekzioa izan daiteke eta medikuarengana joan behar da.

Bagina «garbitzearen» arriskuak

Baginako dutxak edo irrigazioak sarri eginez gero eta emakume osasuntsuen bagina «garbitzeko» beste produktu batzuk sarri erabiliz gero, ez dagoen arazo bat tratatzen ari gara, normala baita zona horrek usain apur bat izatea. Gainera, baginaren mikrobiota normala aldatu dezakete (laktobaziloak suntsitzean edo kanpoko mikroorganismoak baginaren barrura eramatean), eta, era berean, baginaren pH-a eta lubrifikazioa ere aldatu dezakete. Bestalde, emakumeen aparatu genitaleko zona horretako baldintza normalak aldatuz gero, lehortasuna eta onddo eta bakterioen ondorioz infekzio urogenitala agertzeko arriskua areagotzen da, eta horrek sexu transmisioko gaixotasunak eta pelbiseko gaixotasun inflamatorioa izateko arrisku handiagoa dakar. Are gehiago, produktu horien osagai batzuek (lurrinek, esaterako) bagina narritatu dezakete, bereziki sentikorra delako produktu horiekiko.

Kanadan baginako osasunari eta praktika higienikoei buruz egindako inkesta baten emaitzak argitaratu ziren 2018an eta inkesta horren arabera, emakumeen % 95k gutxienez produktu bat erabiltzen zuen baginarako edo inguruetarako. Ikertzaileek ikusi zutenaren arabera, gel desinfektatzaileak erabiltzen zituztenek onddo bidezko baginako infekzioa izateko 8 aldiz arrisku handiagoa zuten eta bakterio bidezko infekzioa izateko ia 20 aldiz handiagoa. Bagina dutxak edo zona horretan toallatxoak erabiltzea, besteak beste, infekzioak izateko arriskua nabarmen hazten zuten. Inkesta horrek ez ditu zergatiak eta ondorioak ezartzen, baina baginako higienerako produktua erabiltzea onuragarria izatetik urrun dagoela ondorioztatzen du.

Baginak ez bezala, bulbak bai behar duela higienea, baina gehiegizkoa ere ez: ura eta dutxako gel apur bat nahikoa dira zona hori garbi izateko. Gel intimoak gomendagarriak izan daitezke zona hori garbitzeko, baina inoiz ere ez lirateke erabili behar bagina barruan.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko ekainaren 19an: El mito de la vagina sucia que necesita limpieza.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Bagina zikinaren mitoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Errugabea genetikari esker

Tue, 2023/10/17 - 09:00

1999. urtean, Kathleen Folbigg-i bere lau seme-alabak hil izana leporatu zion bere senarrak. Ez zuten atxilotu 2001. urtera arte eta 2003. urtean epaitu zuten Hegoaldeko Gales Berriko –Australia– Epaitegi Nagusian. 2003ko maiatzaren 21ean erruduntzat jo zuen epaimahaiak, baina 20 urte geroago –2023ko ekainaren 5an, hain zuzen ere– aske geratu zen genetikari esker.

Azalpenik gabeko edo azalpen zalantzagarriak zituzten bat-bateko heriotzak izan zituzten Kathleen Folbigg-en lau seme-alabek. Caleb 1989ko otsailaren 1ean jaio zen eta 19 egun zituela hil zen, ustez bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromearen ondorioz. Patrick 1990eko ekainaren 3an jaio zen eta urriaren 18an arnasik gabe aurkitu zuten gurasoek; erreanimazioa egin zioten eta anbulantzian eraman zuten. Gertaera azaldu gabe gelditu zen eta epilepsia eta itsutasun kortikala diagnostikatu zioten. 1991ko otsailaren 13an hil zen osasun-krisi baten ostean. Sarah 1992ko urriaren 14an jaio zen eta 10 hilabete zituela hil zen, arnas aparatuko infekzioa zuela. Laura 1997ko abuztuaren 7an jaio zen eta 18 hilabeterekin hil zen, miokarditisa zuela.

genetikari1. irudia: epai bat baliogabetu da genetikaren ondorioz (Argazkia: 12019 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Epaiketaren garaian, akusazioak alegatu zuen Folbigg-ek bere lau seme-alabak itota hil zituela eta lau heriotzak naturalak izatearen probabilitatea oso txikia zela. Ideia hori indartzeko, argudio gisa erabili zuten Roy Meadow pediatra britaniarrak bere garaian proposatutako araua: “Haur baten bat-bateko heriotza tragedia bat da, bi heriotza susmagarria da eta hiru hilketa da, kontrakoa frogatu ezean”. 2003. urtetik aurrera Meadow-ren ospeak gainbehera egin zuen eta gaur egun arau hori ez da ontzat hartzen, oinarri sendorik ez duela frogatu baita. Folbigg-entzat, ordea, berandu heldu zen Meadow-ren teorien ezeztatzea eta ez ziren nahikoak izan defentsak haurren heriotzentzat kausa naturalak proposatu izana eta haurrek inolako itotze-zantzurik ez edukitzea.

2011. urtean, Emma Cunliffe lege-akademiko australiarrak liburu bat argitaratu zuen non, besteak beste, babestu zuen Folbigg bidegabeki zigortua izan zelako ikuspegia, frogak engainagarriak zirela argudiatuta. 2013. urtean, abokatu talde batek Folbigg-en kasua berriz hartu zuen eta hainbat adituren iritziak jaso zituzten. Horien artean Stephen Cordner patologo forentsea egon zen. Patologo honek azaldu zuen Sarah-ren heriotza bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromearen adibide argia zela, eta gainerako haurren sintomak –Caleb-en laringeko arazoak, Patrick-en osasun-krisiak eta Laura-ren miokarditisa– hobeago azaltzen zituztela kausa naturalek itotzeak baino. 2015. urtean kasua berrikustea eskatu zuen abokatu taldeak eta hiru urte geroago ikerketa judizial berri bat abiatu zuen Fiskal Orokorrak.

genetikari2. irudia: 20 urte kartzelan eman ostean aske da Kathleen Folbigg (Argazkia: HoBoTrails12AM – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

2018. urtean Folbigg-en defentsa Carola Vinuesa ikertzailearekin jarri zen harremanetan. Mediku-txostenak irakurtzean konturatu zen lau haurren sintomak genetikaren bidez azal litezkeela: hilabete lehenago, bere lankideekin batera gene-mutazio bat aurkitu zuen Mazedoniako familia batean jazotako antzeko ezbehar batean. Haurren bat-bateko heriotzen heren batek gene-oinarria duela jakinda, Vinuesak eta bere lankide Todor Arsov-ek DNA lagin bat hartu zioten Folbigg-i eta aztertu egin zuten. DNA sekuentzia aztertzerakoan, mutazio bat aurkitu zuten CALM2 delako genean eta jakina zen gene horren funtzionamendu okerrak eragin zitzakeela arritmiak, gaixotasunak eta haurren heriotza.

Folbigg-en haurrek mutazio hori heredatu balute, azaldu egin litezke haien heriotzak, batez ere haurrek infekzioak edo beste estres batzuk izan bazituzten. 2019. urtean alaben odol-laginak aztertu zituzten eta baieztatu zuten mutazio hori zutela. Hala ere, ez zegoen argi mutazio hori kaltegarria ote zen eta, hortaz, hainbat adituren iritzia jaso zuten bere kaltegarritasuna ezartzeko. Horien artean Peter Schwartz zegoen: hark ikertu zuen CALM2 genearen familiako hainbat genek duten eragina bihotz-arazoetan. Hala, konturatu zen esku artean antzeko kasu bat zuela, non ama osasuntsua bazen ere, bere bi haurrek bihotzekoak izan zituztela, eta horietako bat hil.

Hala ere, ebidentzia horiek ez ziren nahikoak izan 2019. urtean egin zen ikerketa judizialerako eta epaia eutsi egin zitzaion, beste aditu batzuek ebidentzia horiek zalantzan jarri baitzituzten. Vinuesarentzat eta bere lankideentzat etsigarria izan bazen ere, lanean jarraitu zuten. Hala, hiru laborategik baieztatu zuten CALM2 genearen mutazioa kaltegarria izan zitekeela. Gainera, MLKL genean mutazioak aurkitu zituzten gainerako bi semeetan. Gene horren mutazioek saguetan epilepsia eta heriotza eragiten zutela ikusi zuten eta zientzia-artikulu batean ebidentziak argitaratu zituzten. Folbigg-en kasuaren ikerketa judizial berri bat eskatu zuten ikertzaile hauek guztiek eta beste hainbat ikertzailek eta eskaera Australiako Zientzia-Akademiak babestu zuen.

genetikari3. irudia: Hainbat gene-aldaera arrarok azal lezakete nekez jazo daitezkeen zoritxarreko gertaeren segida (Argazkia: R-region – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

2022. urtean ikerketa judizial berri bat abiatu zen eta, Vinuesaren eta Schwartz-en testigantzez gain, Toft Overgaard eta Mette Nyegaard ikertzaileek azaldu zuten CALM2 genean egin zuten lana. Ikusi zuten CALM2 genearen mutazioak arritmiak sor zitzakeela zelula-ereduetan, oraindik lan hori bere lehenengo pausuetan bazegoen ere. Ikerketa judizial hartan lan egiten ari zen fiskalak Fiskal Orokorrari esan zion kasuan arrazoizko zalantzak zeudela eta, hala, 2023eko ekainaren 5an aske geratu zen Folbigg.

Gene-ikerkuntzaren garapenari esker eskuragarri dago gene-informazio gehiago eta informazio hori ulertzeko gaitasun handiagoa. Hala ere, kasu honetan ikusi da norainoko kaltea egin zuen aditu batek sortutako arauak eta ikertzaile askoren lana beharrezkoa izan dela kalte hori ezeztatzeko. Zorionez, frogatu egin da zientzia erabilgarria izan daitekeela susmagarriak diren bat-bateko heriotzei bestelako azalpenak emateko eta bidea ireki zaie antzeko kasuetan epaiak berrikusteari. Etorkizunean, espero dezagun halako prozesu bihurri eta luzea bizi behar ez izatea errugabe bat aske izan dadin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Travis, John (2023). How a geneticist led an effort to free a convicted serial murderer. Science, 380, 6650, 1096-1097. DOI: 10.1126/science.adj2238

Iturria:

Kathleen Folbigg, Wikipedia.

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu), genetikan doktorea, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko arduraduna da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Errugabea genetikari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Esperimentu berri batek nukleoaren teoria nagusiari buruzko zalantzak sortu ditu

Mon, 2023/10/16 - 09:00

Helio nukleo puztua neurtzean, fisikariek lortu dute protoiak eta neutroiak lotzen dituen indarra hobeto ulertzea.

Protoiak eta neutroiak lotzen dituen indar nuklear bortitzaren neurketa berri batek egia deseroso baten aurretiko zantzuak berresten ditu: oraindik ez dugu sistema nuklear sinpleenen gaineko ulermen teoriko sendorik.

helio1. irudia: helio nukleo kitzikatuak globoak bezala puzten dira, eta horrek aukera ematen die fisikariei nukleoko protoiak eta neutroiak lotzen dituen indar nuklear bortitza aztertzeko. (Iluztrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)

Indar nuklear bortitza probatzeko, fisikariek helio-4aren nukleora jo zuten. Nukleo horrek bi protoi eta bi neutroi ditu. Helio nukleoak kitzikatzen direnean, hazi egiten dira puzten den globo baten gisan, protoietako batek salto egin arte. Harrigarria bada ere, berriki egindako esperimentu batean, helio nukleoak ez ziren puztu aurreikusi bezala: eztanda egin aurretik, espero baino gehiago puztu ziren. Hedapen hori deskribatzen duen neurri bat, forma faktorea izenekoa, aurreikuspen teorikoetakoa halako bi da.

“Teoriak funtzionatu egin beharko luke”, ziurtatzen du Sonia Baccak, Mainzeko Johannes Gutenberg Unibertsitateko fisikari teorikoak eta desadostasun hori deskribatzen duen artikuluaren egileak, Physical Review Letters-en argitaratua. “Zurtuta gaude”.

Ikertzaileek diotenez, puzten den helio nukleoa teoria nuklearra probatzeko minilaborategi moduko bat da, mikroskopio bat bezalakoa delako: kalkulu teorikoen gabeziak areagotu ditzake. Fisikariek uste dute puzte horren berezitasun batzuek sentiberatasun handia eragiten dietela indar nuklearraren osagairik ahulenei ere; faktore horiek oso txikiak direnez, orokorrean ez dira kontuan hartzen. Nukleoa zenbat puzten den ere materia nuklearraren biguntasunaren mende dago. Propietate horrek neutroi izarren bihotz misteriotsuei buruzko informazioa ematen du. Baina materiak neutroi izarretan duen zapalketa azaldu aurretik, fisikariek lehendabizi jakin behar dute zergatik dauden hain egiatik urrun beren iragarpenak.

Bira van Kolck Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko teorialari nuklearrak dio Baccak eta bere kideek fisika nuklearreko arazo garrantzitsu bat ikusarazi dutela. Kasu bat aurkitu dute, zeinetan interakzio nuklearren gure ulermenik onena ere motz geratzen den. Marko horri eremuen teoria efektibo kirala deritzo.

“Trantsizio horrek beste egoera batzuetan hain garrantzitsuak ez diren [teoriarekiko] arazoak areagotzen ditu”, ondorioztatu du van Kolckek.

Indar nuklear bortitza

Indar bortitzak lotzen ditu nukleoi atomikoak (protoiak eta neutroiak). Baina indar bortitzaren teoria ez zen garatu nukleoak nola lotzen diren azaltzeko. Lehen aldiz erabili zen protoiak eta neutroiak quark eta gluoi izeneko oinarrizko partikulez eginda daudela azaltzeko.

Urte luzez, fisikoek ez zuten ulertu indar bortitza nola erabili protoien eta neutroien itsaspena ulertzeko. Arazoetako bat indar bortitzaren izaera bitxia zen: gero eta indartsuago bihurtzen da distantzia handitu ahala, pixkanaka gutxitu beharrean. Ezaugarri horrek ohiko kalkulurako trikimailuak erabiltzea eragotzi zien. Partikulen fisikariek sistema jakin bat ulertu nahi dutenean, oro har, indar bat gutxi gorabeherako ekarpen erabilgarriagoetan banatzen dute, ekarpen horiek garrantzitsuenetik hutsalenera ordenatzen dituzte, eta, ondoren, ekarpenik txikienak alde batera uzten dituzte. Indar bortitzarekin ezin zuten halakorik egin.

Geroago, 1990ean, Steven Weinbergek quarken eta gluoien mundua nukleo itsaskorrekin konektatzeko modu bat aurkitu zuen. Trikimailua honetan zetzan: eremuen teoria efektibo bat erabiltzea. Natura tamaina (edo energia) eskala jakin batean deskribatzeko behar bezain zehatza da teoria hori. Nukleo baten portaera deskribatzeko ez duzu quarken eta gluoien berri izan behar. Aldiz, eskala horietan indar eraginkor berri bat sortzen da: indar nuklear bortitza, nukleoien artean pioien trukearen bidez transmititzen dena.

Weinbergen lanak indar nuklear bortitza indar bortitzetik nola ateratzen den ulertzen lagundu zien fisikariei. Gutxi gorabeherako ekarpenen ohiko metodoan oinarritutako kalkulu teorikoak egiteko aukera ere eman zien. Teoria efektibo kirala orain «daukagun teoriarik onena» da, Baccak azaltzen duenez, nukleoen portaera gobernatzen duten indarrak kalkulatzeko.

helio2. irudia: Sonia Baccak, Mainzeko Johannes Gutenberg Unibertsitateko fisikariak, deskubritu du indar nuklear bortitzaren gaineko ulermen teoriko hoberena ez datorrela bat emaitza esperimentalekin. (Argazkia: Angelika Stehle)

2013an, Baccak eremuen teoria efektibo hori erabili zuen kitzikatutako helio nukleo bat zenbat haziko zen aurreikusteko. Baina kalkulu hori 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako esperimentuekin alderatu zuenean, desadostasun nabarmen bat aurkitu zuen. Hark ez zituen neurtutako kopuruak bezain puzte handiak aurreikusi, baina akats esperimentalen barrak handiegiak ziren seguru egoteko.

Nukleo puzgarriak

Arazo baten lehen zantzu haren ondoren, Baccak Mainzko lankideak animatu zituen duela hamarkada batzuetako esperimentuak errepikatzera: tresna sofistikatuagoak zituzten eskura, eta neurketa zehatzagoak egin zitzaketen. Eztabaida horien ondorioz, beste lankidetza bat sortu zen: Simon Kegelek eta bere lankideek lan esperimentala eguneratzea erabaki zuten; Baccak eta bere lankideek, berriz, desadostasun misteriotsu hura ulertzen saiatuko ziren, agertuko balitz.

Esperimentuan, Kegelek eta lankideek nukleoak kitzikatu zituzten, elektroi sorta bat helio hotzeko gas tanga batera jaurtita. Elektroi bat helio nukleo baten irismenaren barruan sartzen bazen, bere gehiegizko energiaren zati bat protoiei eta neutroiei ematen zien, eta horrek nukleoa puztea eragiten zuen. Puzte egoera hori iragankorra zen: nukleoak azkar galtzen zuen protoietako baten kontrola, eta bi neutroi eta protoi libre bat zituen hidrogeno nukleo batean desegiten zen.

Beste trantsizio nuklear batzuetan gertatzen den bezala, emandako energia kantitate espezifiko batek bakarrik ahalbidetuko du nukleoa puztea. Elektroien unea aldatzean eta helioak nola erantzuten zuen behatzean, zientzialariek hedapena neurtu ahal izan zuten. Ondoren, taldeak kalkulu teoriko anitzekin konparatu zuen forma faktorea, hau da, nukleoa puztean izandako aldaketa hori. Teorietako bat ere ez zetorren bat datuekin. Baina, harrigarriki, gehien hurbildu zen kalkuluak indar nuklearraren eredu sinplifikatua erabiltzen zuen, eta ez eremuen teoria efektibo kirala.

“Hori guztiz ustekabekoa izan zen”, dio Baccak.

Beste ikertzaile batzuk ere zurtuta daude. “Esperimentu garbia da, ondo egindakoa. Beraz, konfiantza dut datuetan”, adierazi du Laura Elisa Marcuccik, Italiako Pisako Unibertsitateko fisikariak. Baina, dioenez, esperimentua eta teoria kontraesanean daude, eta, beraz, bietako batek oker egon behar du.

Oreka indarrera ekarriz

Atzera begirakoan, fisikariek hainbat arrazoirengatik susma zezaketen neurketa sinple horrek indar nuklearrari buruzko gure ulermenaren mugak frogatuko zituela.

Hasteko, sistema hori bereziki gogaikarria da. Aldi baterako puztutako helio nukleoa sortzeko behar den energia (hau da, ikertzaileek aztertu nahi duten egoera) protoi bat kanporatzeko behar den energiaren gainetik dago, eta neutroi bat kanporatzeko, aldiz, atalase beraren azpitik dago. Ondorioz, zailagoak dira kalkuluak.

Bigarren arrazoia Weinbergen eremuen teoria efektiboarekin lotuta dago. Fisikariei ekuazioen zati ez hain garrantzitsuak alde batera uztea ahalbidetu zielako funtzionatu zuen. Van Kolckek dioenez, hain garrantzitsuak ez diren eta normalean ezagutzen ez diren zatietako batzuk oso garrantzitsuak dira. Bere esanetan, helioaren neurketa zehatz horrek emandako mikroskopioa oinarrizko errore hori argitzen ari da.

“Ezin naiz kritikoegia izan, kalkulu horiek oso zailak baitira”, gaineratu du. “Ahal duten ondoen ari dira egiten”.

Hainbat taldek, van Kolckenak barne, asmoa dute Baccaren kalkuluak errepikatzeko eta gaizki atera zena aurkitzeko. Litekeena da erantzuna indar nuklearraren hurbilketan termino gehiago sartzea izatea, besterik gabe. Bestalde, litekeena da helio nukleo puzgarri horiek izugarrizko akatsa ikusarazi izana indar nuklearraren gure ulermenean.

“Buru hausgarria ikusarazi genuen, baina zoritxarrez ez dugu osatu”, ondorioztatu du Baccak. “Oraindik ez”.

Jatorrizko artikulua:

Katie McCormick (2023). A New Experiment Casts Doubt on the Leading Theory of the Nucleus, Quanta Magazine, 2023ko ekainaren 12a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Esperimentu berri batek nukleoaren teoria nagusiari buruzko zalantzak sortu ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #456

Sun, 2023/10/15 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

espezie

Ingurumena

Araztegi-urek, ondo tratatuta eta diluituta isuri arren, ibaien ekosisteman eragiten dutela frogatu du EHUko Ibai ekologia ikerketa-taldeak. Esperimentu berritzaile baten bidez, hondakin-uren araztegi handi bateko urak kutsadurarik gabeko errekasto batera desbideratu zituzten. Desbiderapenaren aurretik eta ondoren hainbat neurketa eginda, emaitzek erakutsi zuten errekastoko dibertsitatean eta sare trofikoan aldaketa nabarmenak gertatu zirela araztegi-urak gehitu ostean. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik itsasora isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez. Hamabi urte pasa dira Fukushimako hondamendia gertatu zenetik, eta bertan gordeta zegoen ur erradioaktiboa itsasora isurtzen hasi dira. Hori bai, 100 aldiz diluituta, eta 30 urte beharko dituzte, beraz, ur guztia isurtzeko. Hain diluituta egonda, segurtasun-mugen barruan dago uraren erradioaktibitatea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

IPBES erakundeak argitaratutako txosten berri baten arabera, espezie inbaditzaileak erronka handia izango dira biodibertsitatearen kontserbazio lanetan. Txostenean azaltzen denez, urtero 200 espezie inbaditzaile berri zerrendatzen dira, eta gutxienez 37.000 espezie sartu dira munduko eskualde berrietan gizakiok eramanda. Gainera, azaldu dute biodibertsitatearen kolapsoan eragiten duten bost arrazoi nagusietatik gutxien ikertu dena dela espezie inbaditzaileena. Hauei aurre egiteko soluzioak ere proposatu dituzte. Datuak Gara egunkarian.

Natalia Rodriguez Eugenio Lurzoruaren Aldeko Munduko Aliantzako idazkaria da, eta lurzoruaren garrantziaz egin du hausnarketa Bilboko Euskalduna Jauregian ospatutako Soiluzioak kongresuan. Bere esanetan, Europako lurren bi heren degradazio prozesuan daude, baina ez dira behar bezala babesten. Lurzoruaren okupazioak haren emankortasuna edo biodibertsitatea leheneratzea ekiditen duela azaldu du, eta ohartarazi du lurzorua ez babesteak gizakien osasunean eragin dezakeela. Azalpenak Berrian.

Osasuna

Urtaroko Nahasmendu Afektiboa da udazkena iristean denean goibel eta apatiko sentitzea. Hainbat adituren arabera, eguzkiak gizakian duen eraginagatik gertatzen da hori, baina badira beste arrazoi batzuk, gehienbat psikologikoak. OMEk ez du nahasmendutzat hartzen sintomatologia hori, urtaro patroia duelako, baina jende askori gertatzen zaio. Badira nahasmendua erregulatzen duten tratamenduak, eta ezagunena fototerapia da; hain zuzen ere, eguzki argiaren faltari buelta emateko erabiltzen dena. Informazio gehiago Berrian: Eguzkiaren printza ilunak harrapaturik.

Geologia

UPV/EHUko Geologia Saileko bi taldek ikusi dute itsas sedimentuetan dauden mikroorganismoek informazio garrantzitsua eskaintzen dutela. Gaur egungo organismoak sakon aztertu dituzte lehenengo eta, informazio horrekin, iraganean izan ziren baldintzak estrapolatu dituzte erregistro fosila aztertuz. Hala, batetik ikusi dute foraminifero planktonikoen multzoak gaur egun euskal plataforma kontinentalera iristen diren itsaslasterren eta ur-masen adierazle onak direla. Horrekin batera, Armintzako flysch beltz sortu zen garaiko itsas baldintzak ere ondorioztatu dituzte. Datuak Zientzia Kaieran.

Blanca Martinez geologoa uholdeez jardun da Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, uholdeak gertatzen dira urak, aldizka, ibai baten ibilgua gainditu eta inguruko eremuak urez betetzen dituenean. Prozesu naturala da, baina gizakiok eremu horiek kolonizatzen ditugunean sortzen dira arazoak. Martinezen esanetan, ibaietako urak beti jarraituko dio topatzen duen bide errazenari eta, nahikoa energia duenean, jatorrizko ibilgura itzuliko da. Alabaina, uholdeen azterketen bidez, uholde lautada zehaztasunez mugatu ahal izango dugu, eta arrisku mapa bat marraztu.

Argitalpenak

Ekaiak badu garrantzia (2014) liburuan, Mark Miodownik ingeniariak egunerokotasunean ikusten edo erabiltzen ditugun material arruntak aztertzen ditu. Ekai horien artean daude zapata-zoletako apar malgua, eraikinetako hormigoia, beirazko leihoak edota beira fineko kopak, beste askoren artean. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran topatu daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Astronomia

James Webb espazio teleskopioak K2-18 b exoplanetan karbono dioxidoa, metanoa eta beste molekula interesgarri bat identifikatu ditu. Exoplaneta hori Lurretik 124 argi urtera dago, K2-18 izar nano gorriaren inguruan orbitatzen, eta bertan biomarkagailu bila ibili dira zientzialariak. Hala planetaren espektroan dimetil sulfuroa izan daitekeena topatu dute. Lurrean behintzat, konposatu hori prozesu biologikoen bitartez soilik sortu daiteke, eta ozeanoetako fitoplanktonak sortzen du, batez ere. Azalpenak Zientzia Kaieran: K2-18 b: mundu oparo bat Leo konstelazioan.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #456 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #464

Sat, 2023/10/14 - 09:00

Metodoak

Hurrengo pandemiaren birusak behar bezala detektatzeko metodoak beharko dira. PCR bezalako metodoak motelegiak dira bahetze masiboak egiteko. BCMaterials-eko ikertzaileek grafenoa erabiltzen ari dira hurrengo sentsore-belaunaldirako. New generation sensors for the prevention of the next pandemic Alessandro Silvestri, Ivan Coluzks eta Alejandro Criadoren eskutik

Eraikinen teilatuan aire girotuen fakturak jaisteko aukera ematen duten materialak erabil daitezke. Aukera bat eguzki-panelak dira, baina ez da energia-eskaria gehien murrizten duena. What a roof’s material can do to lower energy demand

Teknika berriak garatzen ari dira animalia baten gorputzaren barne-egiturak hiru dimentsiotan aztertzeko, zabaldu gabe. Antigorputzak erabiltzen ditu, eta, beraz, oraingoz ezin zaie organismo bizidunei aplikatu. Rosa García-Verdugok idatzia: A new imaging technique allows visualisation inside intact animals.

Helduko da unea non, Lurra ez da bizitzeko egokia izango ugaztunentzat. Eta arazo geologiko batengatik bakarrik izango da. Alex Farnsworthen eskutik How the age of mammals could end

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #464 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sukar horia

Fri, 2023/10/13 - 09:00

Sukar horia gaixotasun birikoa da, Flavivirus generoko arbobirusak sortua. Gaur egun, Aedes eta Haemagogus generoetako kutsatutako eltxoek transmititutako gaixotasun akutua eta hemorragikoa dela ezagutzen da, baina, ikusiko dugunez, ez da beti informazio hori eduki.

1793an, Filadelfia hirian, biztanleen %10 hil zen sukar horia izurrite baten ondorioz. Urte gutxi geroago, Stubbins Ffirth medikuak, gaixotasun hori nola kutsatzen zen ulertzeko eta sendabide bat topatzeko asmoarekin, bere buruarekin esperimentatzea erabaki zuen. Haren metodoa? Gaixoen gonbitoak igurtzi eta edan. Harrigarria bada ere, Ffirth ez zen kutsatu, eta ondorioak ‘A Treatise on Malignant Fever’ izeneko tesian argitaratu zituen. Bertan azaltzen zuen sukar horia ez zela kutsakorra. Gaur egun badakigu datu hori okerra dela.

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Sukar horia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ekaiak badu garrantzia

Thu, 2023/10/12 - 09:00

Ekaiak badu garrantzia (2014) liburuan, Mark Miodownikek egunero etxean edo kalean aurrez aurre aurkitu eta erabiltzen ditugun ekai arruntak aztertzen ditu. Zergatik da beira gardena? Zergatik ikusten da edozein material ikusten dugun itxuran eta zergatik portatzen dira ekaiak egiten duten moduan? Zergatik da grafitoa diamantea baino karbono-forma goragokoa? Miodownikek horrelako galderak egiten dizkio etengabe bere buruari.

Ekaiak baduIrudia: Ekaiak badu garrantzia liburuaren azala. (Iturria: UEU argitaletxea)

Liburuan egunero etxean edo kalean aurrez aurre aurkitu eta erabiltzen ditugun ekai arruntak aztertzen dira, hala nola goizero bizarra mozteko darabilgun bizar-orria, kalera irteteko janzten ditugun zapata-zoletako apar malgua, eraikin berrien egitura osatzeko baliatzen den hormigoia, etxe orratzak estaltzen dituzten beirazko leihoak, kafea edo tea hartzeko darabiltzagun portzelanazko katiluak, ardoa dastatzeko kontuz hartzen ditugun beira fineko kopak, erosketetan ematen dizkiguten askotariko paperak, lapitzen erdialdean dagoen grafitozko mina beltza, uste baino objektu gehiagotan dagoen plastikoa…

Mark Miodownik ingeniariak (Londres, 1969) galdera horiei dagozkien hainbat erantzun zehatz ematen dizkigu, anekdotaz beterik dauden kontakizun umoretsu eta garbiak osatu eta harrapatzen gaituen estilo samur batez idatzita.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Ekaiak badu garrantzia
  • Egilea: Mark Miodownik
  • Itzultzailea: Jose Ramon Etxebarria Bilbao
  • ISBN: 978-84-8438-835-7
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2014
  • Orrialdeak: 250 or.
Iturria:

Udako Euskal Unibertsitatea argitaletxea: Ekaiak badu garrantzia

The post Ekaiak badu garrantzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Uren matxinada

Wed, 2023/10/11 - 09:00

Joan den abuztuaren 26an, Bilboko uholdeen 40. urteurrena izan zen. Aste Nagusia zen. Urez pasatako jaiak izan ziren, eta egunero egin zuen euria; ordea, 1983ko abuztuaren 26a, larunbata, desberdina izan zen. Garai hartan lagunartean «tanta hotz» esaten geniona gertatu zen. Gaur egun, «depresio askatu» deitzen diogu, eta horrek hiru ekaitz gogor eragin zituen, prezipitazio ugarirekin. Bizilagun askok une hartan esan zuten bezala, «leherketa» gertatu zen, edo bat-bateko uholdea. Bilboko itsasadarra, hiria zeharkatzen duen Nerbioi ibaiaren ahoko eremu hori, urez beteta zegoen, ibaiaren goi ibarreko lursaila bustita zegoen eta ezin zuen euri ur gehiago iragazi. Horrez guztiaz gain, itsasgora zegoen. Hala, hondamendia gertatu zen: itsasadarrak gainezka egin zuen, eta Bilboko Alde Zaharra eta inguruko beste eremu batzuk urak hartu zituen. Eta «hondamendi» hitza erabili dut, kalte materialak egoteaz gain, pertsonak ere hil baitziren.

uholde1. irudia: Bilboko uholdeen Espainiako Irrati Telebistaren artxiboko irudia, 1983ko abuztuaren 26koa. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hiriguneetako uholdeak, zoritxarrez, albistea dira oraindik ere uda eta udazken guztietan, ez gure herrialdean bakarrik. Baina jakin behar dugu ibaiak ez direla gure etsaiak. Urak, aldizka, ibai baten ibilgua gainditu eta inguruko eremuak urez betetzen ditu, eta hori prozesu naturala baino ez da. Horregatik dute izen geologikoa ibilguak inguratzen dituzten eremu horiek: alubioi lautada edo uholde lautada. Arazoa sortzen da gizakiok eremu horiek kolonizatzea erabakitzen dugunean; izan ere, uholde bat arrisku geologiko bat da, eta zuzenean eragiten digu, bai gure azpiegituretan, bai gure bizitzetan.

Duela milaka urtetik hona, gizarte batek, leku finko batean finkatzea erabakitzen duenean, ura etengabe erabiltzeko aukera ematen dion leku bat aukeratzen du. Eta, kasu askotan, ibaiak aukeratzen dituzte. Adibide bat jarriko dizuet. Ziur asko, nik bezala, ikasiko zenuten gizakien lehen zibilizazioak bi ibairen artean sortu zirela: Tigris eta Eufrates ibaiak. Baina ura ez da ibaiek ematen diguten gauza garrantzitsu bakarra gure etxeak haien ertzetan eraikitzea erabakitzeko.

Urak, gainezka egiten duenean uholde lautadan, tamaina desberdinetako sedimentuak eramaten ditu, direla finenak (buztina eta lohia, kasu), direla lodienak (hala nola harea eta legarra). Horiek gure etxeetarako, tresnetarako edo azpiegituretarako eraikuntza material izan daitezkeenak. Gainera, sedimentu horiek deskonposatzen ari den materia organiko asko izaten dute eta, ondorioz, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako soro bikainak dira. Eremu horiek gure garapen ekonomiko eta sozialerako aprobetxatzeko beharrak (edo zikoizkeriak, askotan) bultzatuta, ingurune naturala aldatzen dugu, gure helburuetara egokitzeko: ibaietatik gertu dauden hezeguneak lehortu egiten ditugu, ibilguak aldatu egiten ditugu interesatzen zaigun tokitik igaro dadin, edo, are gehiago, ubideen eta dike artifizialen arteko ibai ibilgua bideratzen dugu.

Baina naturak beti jarraitzen dio bere bideari, nahiz eta haren aurka borrokatzen tematu. Ibai bateko urak goi ibarretik bokalera joateko biderik errazena bilatuko du, eta, modu artifizialean aldatzen badugu ere, gure hesiak eta kanalizazioak gainditzeko nahikoa energia duenean, jatorrizko ibilgura itzuliko da. Eta ibilgu horretan jarraitu ezin duen urak gainezka egingo du uholde lautadan, eta sedimentu ugari eramango ditu berekin –lohi fluxu handi bihur daitezke–. Antzinako uholde lautada horretan gaur egun hiri handi bat eraikitzen bada, ez da ibaiaren errua.

uholde2. irudia: Uholde eremuetako arriskuen mapa baten adibideak, gehieneko sakonerak eta gehien kaltetutako eremuak zehaztuta, 500 urteko uholde probabilitaterako. (Irudia: Díez-Herrero, Andrés; et. al. (2018). Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Geologiari esker, gertaera natural horiek –uholdeak– gizakiarentzat arrisku bihurtzea saihets dezakegu. Ibai batek, gainezka egiten duen bakoitzean, marka bat uzten du haren inguruan, sedimentu geruza berri bat pilatzen delako. Material horiek estalitako eremua kartografiatu badezakegu eta maila bakoitzari adin absolutu bat eman badiezaiokegu, datazio teknikei esker (C14, adibidez), uholde lautada zehaztasunez mugatu ahal izango dugu, eta denbora aldizkakotasunak kalkulatu; hau da, jakingo dugu zenbat denboraz estaltzen den eremu hori guztia urez. Horrela, uholdeen arriskuen mapak egingo ditugu, eta uholdeen aldi baterako probabilitatea deskribatuko dugu. Adibidez, gorriz adieraz ditzakegu uholde lautadan gutxienez berrogeita hamar urtean behin urez beteko diren zatiak, eta berdez, berriz, bostehun urtean behin urez estaliko direnak. Arrisku mapa horiei esker, egokiak diren eta herritarrentzako arriskurik ez duten hirigintzako plangintzak egin daitezke.

Baina zer gertatzen da dagoeneko eraikita dauden guneetan? Ezin dugu Bilboko, Valladolideko edo Segoviako hiri erdia eraitsi, iraganean behar ez zen tokian eraiki zelako. Orduan, ibaiaren goi ibilguan jardungo gara. Ingurune naturalean ekintzak egin daitezke; hau da, ibaiertzeko eremuak berreskuratu daitezke, berriz ere uholde lautada izan daitezen, gehiegizko ura eta sedimentuak biltzeko. Eta ibilguan bertan ere lan egin daiteke; hots, ibilguaren barruan hesi artifizialak jar daitezke uraren energia murriztu dezaten edo, bestela esanda, abiadura murriztu dezaten, eta garraiatzen dituzten materialak atxiki ditzaten, hiriguneetara iritsi ez daitezen eta lohi fluxu beldurgarri bihur ez daitezen. Horrez gain, ibaietako uraren abiadura eta bolumena denbora errealean neurtzen duten gailuak jarri behar dira, ibaiek gainezka egiten dutenean alerta goiztiarrak eman eta babes neurri egokienak hartu ahal izateko.

https://culturacientifica.com/app/uploads/2023/08/video-4.mp4 Ibai baten beheko aldean sedimentuz betetako uraldi bati lotutako arriskuaren murrizketaren adibidea, ibilguan hesi artifizialak eraikita. Japoniako Geologia Zerbitzuaren bideoa.

Gertakari natural horiekin bizitzen ikasi behar dugu, eta gure ezagutza geologikoa erabili behar dugu arriskuak saihesteko, uholdeak izaten jarraituko baitugu. Garrantzitsuena da ea gizakioi nola eragiten diguten. Eta azken aholku bat: ez hurbildu inoiz euri bide lehor batera euri jasen aldietan edo ekaitz gogorreko aldietan; izan ere, behin ibilgu horietatik ura igaro bada, berriz ere igaroko da, eta ez duzue hor egon nahi gertatzen denean. Hobe prebenitzea, sendatzea baino, naturak beti irabaziko baitu.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 31n: La rebelión de las aguas.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Uren matxinada appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

K2-18 b: oparoko mundu bat Leo konstelazioan

Tue, 2023/10/10 - 09:00

124 argi urtera dagoen exoplaneta batean karbono dioxidoa eta metanoa identifikatu ditu James Webb espazio teleskopioak. Biomarkagailua izan daitekeen konposatu bat benetan ote dagoen egiaztatu nahi dute orain.

Prozesua ez da batere lasaia izango, inondik inora. Kontrara, ia-ia sufrikario baten antzerakoa izango da. Behin baino gehiago aipatu dugu hemen Lurretik kanpoko bizitza aurkitzeko abentura –inoiz lortzekotan– seguru aski graduala izango dela. Oso graduala, gure pazientzia eza areagotzeko. Pelikuletan ez bezala, ez du ematen inoiz ikusiko dugunik agintari garrantzitsu bat prentsaren aurrean gizateriaren historiako albiste garrantzitsuena ematen. Eta ez da izango politikariek hori egitea nahi izango ez luketelako, Bill Clintonek ALH84001 meteoritoarekin erakutsi zuen moduan.

K2-18 b1. irudia: Lurraren eta Neptunoren arteko tamaina du K2-18 b exoplanetak, eta bere izarraren bizigarritasun eremuan kokatuta dago. (Irudikapen artistikoa: NASA, CSA, ESA, J. Olmstead (STScI))

Zerbait aurkitu ala ez, prozesua aterabiderik ez duten bideez josita egongo da. Zenbaitetan, horietan abiatu eta gutxira jakingo da bide antzuak direla. Beste batzuetan, berriz, luzeago joko du jakitea bide horietan itxaropen zantzurik ote dagoen.

Duela gutxi aurkeztu den aurkikuntzaren kasua izan daiteke: momentuz aurrera begira zer emango ez duen argi ez dago. James Webb espazio teleskopioaren bitartez Lurretik 124 bat argi urtera dagoen K2-18 b exoplanetan karbono dioxidoa eta metanoa detektatu dituelako zientzialari talde batek. Gas horien aztarnak nahiko modu argian ziurtatu dituzte behaketek. Modu berean, amoniako gutxi hauteman dute, eta horrek indartzen du mundu horretan hidrogeno askoko atmosfera bat egoteko posibilitatea.

K2-18 izar nano gorriaren inguruan orbitatzen duen planeta da K2-18 b, Leo konstelazioan. Lurraren eta Neptunoren arteko tamaina duen planeta da —Lurraren masa halako 8’6, eta tamaina halako 2,7, gutxi gorabehera—. Beraz, gure Eguzki Sisteman ez luke parekorik izango. Gauzak hala izanik, astronomoen artean eztabaida handia dago halako planeten izaeraz, askotan argi espektro apur batzuekin eta beren ezaugarri orbitalen kalkuluekin espekulatzea beste aukerarik ez dagoelako.

Normalean, Lurra bezalako arrokazko planeta batean metanoa biomarkagailu bat izan zitekeen, jatorri abiotikoa izan badezake ere —kasurako, azken urteotan dozenaka albiste eta espekulazio eratu dira Marten atzemandako aldizkako metano isurien kontura—. Baina, planeta honen kasuan bederen, metanoa ezin daiteke jo biomarkagailutzat: tamainaren eta orbitaren ezaugarrien arabera, atmosferaren eraketak adierazten du mundu hizeaniko bat dela, eta, horietan, metanoa ez omen da biziaren adierazgarri.

Hizeaniko hitza ez da, ez, errata bat. “K2-18 b exoplaneta hizeaniko bat dela iradokitzen duten aurreko ikerketara gehitzen zaie aurkikuntza hau” azaldu du ESA Europako Espazio Agentziak prentsa ohar batean. Mundu hizeanikoak hidrogeno ugariko atmosfera eta ur ozeanoez beteriko lurrazala dituzten planetak dira, agentziak berak zehaztu duenez. Momentuz, zientzia artikuluak ez du igaro publikoki adituen ebaluazio prozesua, baina ESAk ziurtatu du The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratzeko onartuta dagoela

Hortaz, Hubble teleskopioari esker aurretik egindako behaketek susmatzen zutena berretsi du James Webbek. Honaino, aurkikuntza txukuna, baina ez ia-ia astero ezagutarazten direnak baino askoz deigarriagoa. Kontua da beste molekula baten zantzuak detektatu dituztelakoan daudela. Zehazki, planetaren espektroan dimetil sulfuroa egon daitekeela iradoki dute. Zantzuak baino ez dira, eta emaitzak ez omen dira estatistikoki oso indartsuak. Baina etorkizunean behaketa berriak hori egiaztatuko balute, ur handitan sartuko ginateke. Dimetil sulfuro handitan, txantxa onartzen baldin bada.

K2-18 b2. irudia: espektroa NIRISS eta NIRSpec tresnekin eskuratu dute, James Webb espazio teleskopiotik. (Irudia: NASA, ESA, CSA, Ralf Crawford (STScI), Joseph Olmsted (STScI))

Izan ere, konposatu hori Lurrean bederen jatorri biologikoa baino ez du. Zehazki, ozeanoetako fitoplanktonak sortzen du batez ere. Ondorioz —eta kontuan izanda K2-18 b bizigarritasun eremuan dagoela—, baieztatuz gero, biomarkagailu nahiko adierazgarria izango litzateke. Lurretik kanpoko biziaren lehen zantzu indartsuak.

Ez bota errua —ez oraingoan behintzat— hedabideei, ezta ESAren edo NASAren prentsa bulegokoei. Egileek berek aipatzen dute aukera hori, non eta abstract edo laburpenean bertan: “considerations of possible biological activity on the planet”. Testu serio batean emojiak onartuko balira, dantzari flamenkoaren ikonotxoa letorke orain.

Halako adierazpen baten tamainaren aurrean, prentsa oharrean tonua jaitsi dute. Halakoetan egin ohi den bezala, ESAren oharrean itxaropenaren eta zuhurtziaren artean nabigatzen ahalegindu dira. Diotenez, bizigarritasun eremuan egoteak eta karbonodun molekulak edukitzeak ez dute zertan esan halabeharrez behatutako planeta bizia sostengatzeko gai dela. Argudiatu dutenez, haren tamaina aintzat hartuta, litekeena da bertan izotz geruza oso pisutsua egotea lurrazalean, izugarrizko presioa eragingo lukeena. Modu berean, hidrogeno asko lukeen atmosfera hori oso mehea izan liteke. Kontrako argudioen artean ere aipatu dute ozeanoak edukita ere, bertako ura beroegi egon litekeela.

“Dimetil sulfuroaren inferentzia ez da hain indartsua, eta eskatzen du balidazio gehiago”, ohartarazi du ESAk.

Ondorioz, behaketa gehiago egin beharko dituzte molekula hori benetan planeta ote dagoen egiaztatzeko. Arras ezaguna zientziaren eta, oro har, ezagutzaren alorrean erabili ohi den irizpidea: ezohiko adierazpenek ezohiko frogen beharra dute. Eta oraingo hau, zalantza barik, halako kasu bat da.

Aurretik askatzen ez badituzte —sortu den zalaparta kontuan izanda, hala izan liteke ere—, 2024ko urtarriletik aurrera eskuragarri egingo dituzte ikerketan erabilitako lehen datuak. Beraz, ordura arte ezin izango dira erreplikatu orain aurkeztutako datuen analisiak. Pazientzia landu beharko da ordura arte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madhusudhan, Nikku; Sarkar, Subhajit; Constantinou, Savvas; Holmberg, Måns; Piette, Anjali; Moses, Julianne I. (2023). Carbon-bearing Molecules in a Possible Hycean Atmosphere. arXiv, 2309.05566 astro-ph.EP. DOI: 10.48550/arXiv.2309.05566

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post K2-18 b: oparoko mundu bat Leo konstelazioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsas mikroorganismoek Bizkaiko Golkoaren eta Kretazeoaren sekretuak argitzen dituzte

Mon, 2023/10/09 - 09:00

Berriki argitaratutako bi lanetan, UPV/EHUko Geologia Saileko bi taldek itsas sedimentuetan dauden organismo mikroskopokoen analisiaren moldakortasuna frogatu dute. Batetik, ikusi dute Bizkaiko Golkoari buruzko informazio ozeanografiko berria ematen dutela. Bestetik, Armintzako flysch beltz deritzona sortu zen garaiko (113 eta 94 milioi urte bitarteko sedimentuak) itsas baldintzak ondorioztatu ahal izan dituzte.

Harea – Itsas Bazterreko Geologia eta Kretazeo eta Paleogenoaren ikerketa-taldeek, biak ere UPV/EHUko Geologia Sailekoek, bi ikerketa argitaratu dituzte. Horietan informazio ozeanografiko berria eta iraganekoa (Kretazeokoa) atera dute euskal kostaldetik, sedimentuetan dagoen mikrofaunaren analisian oinarrituta. Bi argitalpen horiek “oraina iraganaren gakoa dela” dioen geologiaren printzipioaren adibide argia dira. Hau da, “gaur egungo organismoak sakon aztertu ditugu eta, informazio horrekin, iraganean izan ziren baldintzak estrapolatu ditugu erregistro fosila aztertuz”, azaldu du Ana Pascualek, Itsas Bazterreko Geologiaren taldeko ikertzaileak, zeinak bi azterketetan parte hartu baitu.

organismoIrudia: lan horien bi azterketa-eremuak jasotzen dituen irudia: Armintzako flysch beltza eta Kantauri itsasoko kosta. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa).

“30 urte inguru daramatzagu mikropaleontologian lanean, sedimentuetan dagoen mikrofaunaren zati bat aztertzen, iraganeko baldintza ozeanografikoak zehazteko (sakonera, itsas hondoaren oxigenazioa, ur-masen eragina eta abar). Bi organismo-talderekin lan egin izan dugu beti: ostrakodoekin, hots, krustazeo oso txikiekin (askotan mikroskopikoak); eta foraminifero bentonikoekin, hau da, oskol bat jariatzen duten eta itsas hondoan bizi diren protista edo organismo zelulabakarrekin”, zehaztu du ikertzaileak. Gaur egungo zenbait ozeano-gertakizun ere aztertu dituzte, organismo horiek ikertuz; izan ere, leku batean gertatzen diren baldintzen arabera, aldatu egiten da itsas organismoen talde ugari horiek osatzen dituzten espezieen osaera eta banaketa.

Baina, analisi honetarako, foraminifero planktonikoak ere barne hartzea erabaki zuten. Horiek ur-masetan bizi dira, planktonaren zati gisa, eta itsaslasterrekin desplazatzen dira. Honela dio Pascual doktoreak: “foraminifero horiekin lan egiten genuen lehen aldia zenez, gure helburu bakarra gaur egungo espezieen biodibertsitatea, osaera eta banaketa ezagutzea zen, eta ikustea ea egungo organismoei buruzko ezagutza horrek etorkizuneko berreraikuntza paleoklimatiko eta paleoklimografikoak egiteko balioko ote zuen”. Horretarako, aurreko azterketa batetik kontserbatuta zeuzkaten sedimentu berrien lagin batzuetan zeuden foraminifero planktonikoak aztertu zituzten.

Lortutako emaitzek, ordea, informazio gehigarria eman zieten, ikusi baitzuten foraminifero planktonikoen multzoak “gaur egun euskal plataforma kontinentalera iristen diren itsaslasterren eta ur-masen adierazle onak direla”, dio Pascualek. Adibidez, ikusi zuten euskal plataformaren ekialdeko ertzean foraminifero planktonikoak metatzen direla, eta hori bat datorrela euskal kostaldeko ur-azaleko itsaslaster orokorrarekin (urte ia osoan ekialderantz doa). Ur subtropikaletako eta eremu subpolarretako espezie tipikoen presentziak halaber adierazten du Bizkaiko Golkoan zenbait itsaslaster sartzen direla, egungo arrantzarako hain garrantzitsuak diren upwelling (ur-masa sakonen igoera) tipokoak barne.

Armintzako flysch beltzeko paleoingurunea berreraikitzea

Lehen esan bezala, foraminifero planktoniko eta bentonikoak eta ostrakodoak ezagutzeak balio izan die UPV/EHUko bi geologia-talde horiei gaur egun Armintzako flysch beltza deritzona sorrarazi zuten sedimentuak metatu zirenean zegoen giroa edo ozeano-baldintzak berreraikitzeko, duela 113 milioi urte hasi zen Behe Kretazeokoak (Albiarra) eta duela 94 milioi urteko Goi Kretazeoaren hurrengo aldikoak (Zenomaniarra).

Flysch guztiak bezalaxe, Armintzakoa ere jatorri sedimentarioko eraketa geologiko bat da, arroka-geruza gogorrak eta material bigunagoen geruzak txandakatzen dituena, halako moldez non liburu baten orriak balira bezala agertzen baitira. Armintzako flyscharen berezitasuna da sedimentu iluna dela. Kretazeoaren eta Paleogenoaren ikerketa-taldeko Luis Miguel Agirrezabala doktoreak zehaztu nahi izan zuen zer baldintzak eragin zuten ezaugarri hori: “oro har, oxigenorik ez duten inguruneekin lotzen da eta zerk eragiten duen metatzen den eta kolore ilun hori hartzen duen materia organikoa”, azaldu du ikertzaileak.

Foraminifero planktoniko eta bentonikoen proportzio eta osaera handia oinarri hartuta, kalkulatu dute garai hartan itsasoaren sakonera 600 metro ingurukoa zela. Flysch beltzeko sedimentuak aberatsak dira materia organikotan, eta organismo gehienak (% 90 baino gehiago) foraminifero planktonikoak dira. “Horrek esan nahi du sedimentu horiek metatu ziren garaian ur-masa oxigenatu bat egon zela azalean, oso oxigeno-maila txikiko ur-masa geldi sakonago baten gainean. Baina, hurrengo fasean, organismo bentonikoen ugaritzea hautematen da, eta ur sakonagoetakoak diren foraminifero planktonikoak agertzen dira. Horrek esan nahi du urak geldirik egoteari utzi ziola, nahiz eta hondoan nolabaiteko oxigeno-eskasia egon. Artikulu honek flysch beltzaren eraketari buruzko informazio garrantzitsua ematen du; izan ere, orain arte, inoiz ez da eraketa horren ingurumen-azterketarik egin”, ondorioztatzen du Pascualek.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal kostaldeko zenbait ozeano-gertakizun deskribatu dituzte, organismo mikroskopikoak aztertuz

Erreferentzia bibliografikoak:

Martínez-García, Blanca; Pascual, Ana; Rodríguez-Lázaro, Julio; Bodego, Arantxa (2023). Distribution of recent planktonic foraminifera in surface sediments of the Basque shelf (S Bay of Biscay): Oceanographic implications. Continental Shelf Research, 263. DOI: 10.1016/j.csr.2023.105011

Agirrezabala, L.M.; Malaxetxebarria, A.; Pascual, A.; Rodríguez-Lázaro, J. (2023). Deep-sea paleoenvironmental evolution in the mid-Cretaceous of the Basque Pyrenees based on microfaunal analysis (Armintza section). Continental Shelf Research, 260. DOI: 10.1016/j.csr.2023.105001

The post Itsas mikroorganismoek Bizkaiko Golkoaren eta Kretazeoaren sekretuak argitzen dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #455

Sun, 2023/10/08 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Medikuntza

Ikerketa berri baten arabera, klimaterioa ez da oraindik ondo ulertzen, eta gehiago ikertu behar da arta klinikoa hobetzeko. Beroaldietarako ebidentzia zientifikoa duen tratamendu bakarra hormonala da: estrogenoak arautzen dira klimaterio aurreko kopurura. Baina sintomak modu alternatiboetan ere lausotu daitezke, hala nola, elikadura zainduz eta ariketa fisikoa eginez. Azalpenak Berrian: Zientzian nahasitako klimaterioa.

Stockholmeko Karolinska Institutuak 2023ko Nobel Sariak iragarri ditu, eta Medikuntza edo Fisiologiako 2023ko Nobela Katalin Karikók eta Drew Weissmanek jasoko dute. Bi zientzialari horiek funtsezko aurrerapenak egin dituzte mRNA-txertoak garapenean, eta Karikó sari hori jasoko duen 13. emakumea izango da. Bikoteak 2005ean egin zuen funtsezko aurkikuntza batek berebiziko garrantzia izan zuen haien ibilbidean. Izan ere, ohartu ziren  mRNA sortzen zuen hantura uridina baseak eragiten zuela, eta hura eraldatuz gero, ez zela hanturarik sortzen. Datuak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Fisika

Nobel sariekin jarraituz, fisikakoa Pierre Agostinik, Ferenc Krauszek eta Anne L’Huillierrek jasoko dute. Kasu honetan, haien ekarpen nagusia elektroien dinamika ikertzeko, attosegundotako argi-pultsuak sortzeko metodo esperimentala garatzea izan da. Hain zuzen, attosegundotan neur daitezkeen argi-pultsoak sortzeko esperimentuak egin dituzte. Argi-pultso horien bidez, atomoetan eta molekuletan gertatzen diren prozesuen irudiak lor daitezke, eta horrek eskala hain txikietan gertatzen den dinamika ikertzea ahalbidetu du. L’Huillier sari hori jasoko duen bosgarren emakumea izango da. Azalpenak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Sara Fernández Uria fisikaria da eta Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitza egin zuen UPV/EHUn. Eskolan gehien gustatzen zitzaizkion irakasgaiak matematika eta fisika ziren, baina, dioenez, genero-arrakala handia dago fisikan, eta oso lotuta dago jenioaren mitoarekin. Honegatik guztiagatik, Sarak dio fisika gizartetik asko aldentzen dela. Fernándezek grabitazio kuantikoaren arloan ikertzen du, eta horretan sakontzen jarraitu nahiko lukeela dio. Alabaina, zaila ikusten du, bere esanetan ikertzailearen bizimodua oso prekarizatua baitago. Azalpen gehiago Berrian: Sara Fernández Uria, fisikaria: “Fisikari izateko ez dago jenioa izan beharrik, eta ez da bokazio berezirik behar”.

Kimika

Kimikaren alorrean, berriz, Moungi G. Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei I. Ekimovek jasoko dute Kimikako 2023ko Nobel Saria. Hiru ikertzaile hauek puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatzea lortu dute, eta aurrerapen horrek dagoeneko aplikazio ugari ditu; besteak beste, telebista eta ordenagailuen monitoreetan edota kirurgiako tresnetan. Bakoitzaren ekarpenak laburbilduz, Ekimovek koloretako kristalak lortu zituen neurriaren araberako ezaugarri kuantikoekin. Brisek neurriaren araberako ezaugarri kuantikoak frogatu zituen, eta Bawendik partikula ia perfektuak lortzeko metodoa garatu zuen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Pneumatiko-etxeak pneumatikoak modu jasangarriagoan ekoizteko eta birziklatzeko ahaleginak egiten ari dira. Kautxu naturala lortzeko kautxu-plantazioek oihan-galtzea eragiten dute, eta ondorengo garraioa ere kontutan izan behar da. Hala, Europan eta Estatu Batuetan hazi daitezkeen landare bila ibili dira, eta bi topatu dituzte: Guayulea eta Txikori belar errusiarra. Pneumatiko-hondakin guztiak behar den bezala kudeatzea ere garrantzitsua da jasangarritasunerako. Pneumatikoak birziklatzeko bi bide daude, eta berreskurapena ere erabiltzen da produktu kimiko erabilgarriak sortzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Aranzadi zientzia elkarteak “Euskadiko hegazti habiagileen atlasa” argitaratu du. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hegazti ugaltzaileen inguruko informazioa txertatu dute. Sei urte iraun duen ikerlanaren emaitza da, hirurogei ornitologok baino gehiagok hartu dute parte. Ikerketaren emaitzen arabera, 180 hegazti espezie ugaltzen direla Euskal autonomia erkidegoan, eta horien artean, bost espezie exotiko. Populazio estimazioak ere egin dituzte atlaserako, lehen aldiz euskal ornitologiaren historian. Datuak Berrian: Habietan umatu dena.

Iridioaren mintzoa: Meteoritoa eta dinosauroen akabantza (2021) Kepa Altonaga zoologoak idatzitako saiakera-liburua da. Dinosauroen desagerpenaren bueltan 1980an plazaratu zen hipotesi ausart bat hartzen du abiapuntu liburuak. Luis Alvarez eta Walter Alvarez zientzialariek meteorito-inpaktuaren hipotesia argitaratu zuten urte hartan. Paleontologoen iritzi orokorra beste bat zen: dinosauroak ordurako suntsituak zeudela pentsatzen zen, milioika urteko gainbehera gradual baten ondorioz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Zoologia

Gaur egun Kolonbian dauden hipopotamoak Pablo Escobar narkotrafikatzaileak eraman zituen bertara. Escobarrek etxalde bat sortu zuen herrialde erdialdeko eremu basati batean, eta zoologiko bat sortu zuen bertan. Guztira mila eta berrehun animalia inguru zituen bertan, haien artean hipopotamoak. Pablo Escobar hil ondoren, animalia batzuk etxaldean gelditu ziren, eta geroztik, bertako hipopotamoak izugarri ugaldu dira, eta zabaldu egin dira ibaia jarraituz. Animalia hauek inbaditzaileak dira Kolonbian, eta ondorio ekologiko, sozial eta ekonomikoak eragiten ari dira. Datuak Zientzia Kaieran: Escobar narkoaren hipopotamoak.

Ingurumena

Plastiko konpostagarrizko poltsak ohikoak baino toxikoagoak dira. Hiru plastiko moten toxikotasuna neurtu eta alderatu dute: plastiko konpostagarria, lehen erabilera zuen plastikoa, eta plastiko birziklatua. Neurketak in vitro egin dituzte, zebra-arrainen zelula-lerroetan, zehazki. Ondorioztatu dutenez, poltsa biodegradagarria egiteko eransten diren gehigarri kimikoak bereziki toxikoak dira, eta plastiko birziklatuzko poltsak ere ohikoak baino toxikoagoak dira. Informazio gehiago Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

Adimen artifizialeko ikertzaileak datu sintetikoak erabiltzen ari dira adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko. Izan ere, datua errealak lortzea zaila da, garestiak, pribatuak edota urriak baitira. Horren adibide dira aurpegiak. Aurpegi ezagutzako sistemak entrenatu egin behar dira, eta horretarako, Microsofteko Mixed Reality & AI Lab taldeko ikertzaileek 100.000 aurpegi sintetikoko bilduma bat atera dute. Hala, irudietako pertsonen pribatutasunari buruzko arazoak gainditzea lortu dute. AArako datu sintetikoak sortzearen esparrua geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari da. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Astrofisika

Jocelyn Bell Burnell astrofisikariak pulsarrak deskubritu zituen 1967an. Hauen inguruko hitzaldia eskaini zuen asteartean Donostian, IPESek antolatutako Passion for Knowledge jaialdian. Cambridgen ikaslea zela quasarrak ikertzen hasi zen Burnell, galaxietako erdigunetik irrati uhinak igortzen dituzten objektu handiak. Horretan ari zela topatu zuen lehen aldiz pultsar baten seinalea. Antony Hewishek eta Martin Rylek Fisikako Nobel saria irabazi zuten 1974an pulsarren aurkikuntzarengatik, baina Burnell kanpo geratu zen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Berrian irakur daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #455 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #463

Sat, 2023/10/07 - 09:00


Nahiz eta bi hizkuntza arin eta erraz hitz egin, horrek ez du esan nahi emozioak berdin adierazten ditugunik bietan. Anna Hatzidaki eta Mikel Santesteban: Emotional language use and bilingualism

James Webb espazio-teleskopioa agindutakoa betetzen ari da: unibertso goiztiarreko gauza askori buruz genituen ideiak aldarazten ari zaigu. Hona adibide bikaina: Galaxies from the early Universe are more like our own Milky Way than previously thought

Galaxiekin jarraituz, lasai-lasai uzten badituzte, beren erritmoan, presarik gabe, sortzen direla baieztatzen da. The quiet life of galaxies in cosmic voids Tomas Ruiz-Larak idatzia, Nature aldizkarian argitaratutako paperaren egileetako batek.

Fenomeno kuantikoak arraroak dira, arraroak eta bizarroak ere bai. Batzuk enigma bat dira, eta DIPCko jendeak zentzua aurkitu nahi die: The enigmatic charge order of kagome (Cs,Rb)V3Sb5

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #463 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sara Fernández Uria, fisikaria: “Fisikari izateko ez dago jenioa izan beharrik, eta ez da bokazio berezirik behar”

Fri, 2023/10/06 - 09:00

Sara Fernández Uria googleatuz gero, ez da gauza askorik agertzen. Fernández ez da harritu horregatik: “Azken finean, ez ditut hainbeste lan argitaratuta”, onartu du. Baina, bere izenaz harago, ukaezina da emakume fisikariek pairatzen duten diskriminazioa, eta halaxe aipatu du Fernándezek ere: “Egia da, emakume fisikari gutxi egoteaz gain, daudenak ere ez direla ezagunak; horregatik, ziur Googlen informazio asko falta dela horren inguruan. Ea konpontzen dugun!”.

Berez, “apur bat nahi gabe” hasi zen fisika ikasten unibertsitatean. Betitik gustatu izan zaizkio matematika, natura, teknologia… eta ingeniaritzaren bat egiteko asmoa zuen hasieran. Baina, justu unibertsitatean hasi behar zuenean, Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitza sortu zuten, eta, berria zenez, hura aukeratu zen.

Sara FernándezIrudia: Sara Fernández Uria fisikaria.

“Jada lehenengo urtean konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidana fisika zela. Orain, denborarekin, akordatu naiz eskolan gehien gustatzen zitzaizkidanak matematika eta fisika zirela. Baina ez dakit ez ote zitzaidan iruditzen oso-oso zaila, ez nintzela gai izango hori egiteko, eta horregatik ez nintzela ausartu. Eta uste dut lehen aipatu dugun genero-arrakala fisikan, oso lotuta dagoela horrekin, jenioaren mitoarekin. Gizarteak duen ideia da fisikari izateko gaitasun bereziak izan behar dituzula, ez dela nahikoa lan asko egitea, eta, neskok jasotzen dugun hezkuntzarekin batera, horrek zaildu egiten du 16-17 urteko neska batek fisika aukeratzea”.

Hain mitifikatuta egoteak, gainera, fisika gizartetik ere urruntzen duela uste du Fernándezek. Berak, hala ere, aurrera egin zuen, eta ohartu zen karrerako jendea bera bezalakoa zela. Gainera, oso giro ona zuten, eta asko laguntzen zioten elkarri.

Eta horrela iritsi zen kosmologiara. “Gehiegi pentsatu gabe izan zen. Karreran zehar argi neukan fisika teorikoa zela gehien gustatzen zitzaidana, eta, gradu amaierako lana aukeratzean, hitz egin nuen irakasle batekin (orain nire tesi-zuzendaria dena), berak eman zigulako ikasgai oso teoriko bat, baina, berez, ez nuen ideia askorik kosmologiaz. Lan hori asko gustatu zitzaidan, eta doktoretza-tesia egitea proposatu zidan. Horrela izan zen”.

Horren harira, Fernándezek argi utzi nahi du bokazioa ez dela guztiz beharrezkoa fisikaria izateko. Ez du ukatzen batzuek bokazio handia dutenik, baina, gaztea zenean, asko estutzen zen horrekin, uste zuelako pasio edo bokazio berezia izan behar zuela. “Eta gertatzen dena da ez dugula aukerarik gustatzen zaiguna ezagutzeko eta denbora behar dela jakiteko zer nahi dugun egin. Joan behar gara gauzak probatzen, eta hori izan da nire kasua, adibidez; horrela iritsi naiz aurrena fisikara, eta gero kosmologiara”.

Grabitazio kuantikoaren munduan

Zehazki, grabitazio kuantikoaren arloan ikertzen du. Azaldu duenez, grabitazioa eta fisika kuantikoa uztartzean datza. “Grabitazioa, batez ere, eskala handiko fisika azaltzeko erabiltzen dugu, adibidez, planeten higidura; eta mekanika kuantikoa, berriz, eskala txikikoa deskribatzeko, adibidez, nola higitzen den elektroi bat”.

Biek bat egiten duten fenomeno baten adibidea jarri du: zulo beltzak. “Zulo beltzek masa handia dute, eta, orduan, grabitate-eremu oso bortitza sortzen dute. Baina, aldi berean, bolumen oso txikia hartzen dutenez, mekanika kuantikoa ere behar dugu”. Gaur egun, ordea, fisikariek ez dute modurik bi teoria horiek batzeko. Bere gaia askoz ere espezifikoagoa bada ere, arlo horretan dabil ikertzen Fernández.

Aurrerantzean, horretan sakontzen jarraitu nahiko balu ere, oso zaila ikusten du, ikertzailearen bizimodua oso prekarizatua baita. Hortaz, doktoretza-ondorengoa egin nahiko lukeen arren, ez daki aurrera egitea lortuko ote duen. “Nire ametsa unibertsitatean plaza bat lortzea izango litzateke, eta irakasle izatea, klaseak ematen baititut, eta asko gustatzen baitzait. Baina zaila da, oso zaila”, berretsi du.

Fitxa biografikoa:

Sara Fernández Uria 1996an jaio zen Bilbon. EHUn Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitza egin ostean, fisika teorikoan ikertzea erabaki zuen, eta, horretarako, Fisika eta Matematikako masterra egin zuen Granadan. Egun, doktorego tesia egiten ari da Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean, grabitazio eta kosmologia kuantikoaren inguruan. Iaz, egonaldia egin zuen AEBko Penn State Unibertsitatean, ikerkuntza-lerro horretan sakontzeko.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Sara Fernández Uria, fisikaria: “Fisikari izateko ez dago jenioa izan beharrik, eta ez da bokazio berezirik behar” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages