Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 36 min ago

Konstante kosmologikoa

Fri, 2023/09/15 - 09:00

Ezagutza zientifikoaren testuinguru zabalean, batzuetan, iraultzak pizten dituzten txinpartak dira akatsak. Une historiko horietako bat 1917an izan zen. Garai hartan, unibertsoa estatikotzat jotzen zen. Baina Albert Einsteinen ekuazioek unibertso dinamikoa iragartzen zuten. Hori ezinezkoa zela sinetsita, ekuazioari elementu bat gehitu zion: konstante kosmologikoa.

Urte batzuk geroago, astronomoen zenbait behaketek berretsi egin zuten orain dakigun zerbait: unibertsoa hedatzen da. Beraz, Einsteinek onartu behar izan zuen konstante kosmologikoa akatsa izan zela, nahiz eta, bitxia bada ere, energia ilunak bezala jokatzen duen, unibertsoaren hedapena azkar zabaltzearen benetako eragilea.

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Konstante kosmologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Onddoek ekoizten duten mikotoxinen bila

Thu, 2023/09/14 - 09:00

Azken urteotan nabarmen hazi da onddoek eragindako infekzioen intzidentzia. Igoera horren arrazoietako bat diagnostiko-metodoen hobekuntza izan da, baina baita gaixo immunodeprimituen populazioa nabarmen hazi dela ere. Gaixotasun mikotiko horiek kezka larrikoak dira, hilkortasuna % 20 – % 50 artekoa baita. Hortaz, osasun-arazo garrantzitsu bihurtu dira gaur egungo gizartean.

Infekzio horiek sortzen duten onddoen artean Aspergillus generoa dugu. Generoa osatzen duten 200 espezieen artean, 30 baino gehiagok gizakiongan infekzioak eragin ditzakete, aspergilosi inbasiboa deritzona, esaterako. Tuberkulosiaren antzeko sintomak dituen gaixotasun horren erantzule nagusia Aspergillus fumigatus espeziea da, hain zuzen ere.

aspergilosiIrudia: Kalkulatu da pertsona bakoitzak egunean ehunka konidio arnasten dituela.(Argazkia: Roberto J. Galindo – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

A. fumigatus erraz hedatzen da, hazteko gaitasunaren eta aireko dispertsio eraginkorraren ondorio. Gainera, ostalariaren ingurunera arin egokitzen da, eta haien konidioak (espora mota batzuk) gure arnasbideetara erraz iritsi daitezke. Kalkulatu da pertsona bakoitzak egunean ehunka konidio arnasten dituela. Etengabeko esposizio hori gorabehera, nabarmentzekoa da gizaki gehienek ez dutela gaixotasunik garatzen, birikietako defentsa mekanismoek konidioak ezabatzen baitituzte. Erantzun immunea ahulduta daukaten pertsonek, ordea, ez dute zorte berbera.

Aspergilosi inbasiboen kasuen %60 inguru birikietako infekzio moduan agertzen da, baina kasu batzuetan infekzioa gorputz osoan zehar hedatu daiteke, horrek dakartzan ondorio latzekin. Gaixotasun honen hilkortasuna handia den arren, ez da erraza datu hori zehaztea. Izan ere, oraindik ez dago gaixotasuna diagnostikatzeko metodo guztiz fidagarririk. Hori dela eta, gaixotasunaren diagnostikorako metodo sentikor eta espezifikoak garatzearen premia larria dago. Ikerketa batzuen arabera, uste da bigarren mailako metabolito deritzen konposatuek eginkizun erabakigarriak izan ditzaketela gaixotasunaren garapenean; beraz, konposatu horiek aspergilosi inbasiboaren diagnosirako biomarkatzaile moduan erabiltzearen ideia indarra hartzen ari da.

Aipatutako metabolito horiek asko dira, baina azken urteotan fumagilina izeneko mikotoxinak piztu du arreta handiena. Hortaz, substantzia hori analizatzeko metodoak garatzea oso erabilgarria izan daiteke gaixotasuna garaiz detektatzeko eta aspergilosi inbasiboaren garapena hobeto ulertzeko.

Bitxia bada ere, bere toxikotasuna dela eta, fumagilina agente antimikrobiar gisa erabili da hainbat aplikaziotan, hala nola, erle arruntak beste onddo batzuek eragindako infekzioetatik babesteko eta arrainetan parasitoekin erlazionaturiko gaixotasunak sendatzeko. Hori dela eta, fumagilinaren analisirako metodo analitikoak existitzen dira, gehienak eztian edo arrain ehunetan aplikatu direnak. Ez dira metodo analitikoak existitzen, berriz, substantzia hori zelula-hazkuntzako ingurunean kuantifikatzeko. Kontuan izanda matrize horretan A. fumigatusek sortzen duen fumagilina aztertu daitekeela, metodo analitiko horiek garatzeak berebiziko garrantzia dauka. Hori dela eta, lan honetan fumagilinaren determinaziorako metodo analitiko bat garatu eta balidatu da RPMI-1640 ingurune zelularrean. Gainera, metodoa A. fumigatusen lau andui analizatzeko aplikatu da, bakoitzak mikotoxina ekoizteko duen gaitasuna ezagutzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Fumagilina mikotoxinak aspergilosi inbaditzailearen garapenean duen rola aztertzeko SPE-UHPLC-DAD metodo analitikoa
  • Laburpena: Aspergillus fumigatus onddoak sortutako aspergilosi inbaditzailea mehatxua da immunoeskasia duten gaixoentzat. Azkeneko ikerketa batzuen arabera, fumagilinak, onddoak sortutako mikotoxinak, gaixotasunaren hedapenarekin zerikusia duela ikusi da. Hori dela eta, konposatu honen determinazioa lagungarria izan daiteke bai gaixotasunaren mekanismoak hobeto ulertzeko eta baita aspergilosi inbaditzailearen biomarkatzaile gisa erabili ahal izateko ere. Ikerketa mikrobiologikoetan fumagilinaren analisiak garrantzia izan arren, oraindik ez da haren determinaziorako metodo kuantitatiborik garatu zelula-hazkuntzako inguruneetan. Beraz, lan honetan fumagilinaren determinazio kuantitatiborako lehenengo metodo analitikoa balidatu da RPMI-1640 zelula-hazkuntzako ingurunean. Laginaren tratamendua fase solidoko erauzketarekin egin da, anioi trukatzaile sendoak diren modu mistoko kartutxoak erabiliz. Horrela, egon daitezkeen interferentziak modu eraginkorrean ezabatu dira, eta % 83 ± 7ko berreskurapena lortu da. Analisia fotodiodo detektagailuari akoplaturiko bereizmen oso altuko likido kromatografia erabiliz egin da 336 nm-ko uhin-luzeran. Horrela, metodoak EMA (Europako Medikamentuen Agentzia) eta FDA (Elikagai eta Sendagaien Administrazioa) agentziek balidazio bioanalitikoetarako zehazten dituzten parametro guztien onartze-irizpideak betetzen dituela egiaztatu da. Gero, metodoa A. fumigatus-en lau andui analizatzeko aplikatu da, eta bakoitzak mikotoxinaren kantitate desberdina ekoizteko gaitasuna daukala ikusi da.
  • Egileak: Ane Yaldebere, Oskar González-Mendia, Xabier Guruceaga, Andoni Ramirez-García, Aitor Rementeria eta Rosa Alonso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 41-58
  • DOI: 10.1387/ekaia.23368
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Onddoek ekoizten duten mikotoxinen bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako: erantzunak

Wed, 2023/09/13 - 15:00

Erantzun asko eta gehienak zuzenak izan ditugu aurten. Eskerrik asko denoi parte hartzeagatik.

1. ariketa:

Zenbaki baten zifren biderkadura 18900 da. Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

18900 = 2 x 2 x 3 x 3 x 3 x 5 x 5 x 7 denez, faktore horiek guztiak agertu beharko dira gure zenbakiaren zifretan. Eta nahi beste bider jar dezakegu 1 zifra, baina horrela zifra kopurua handituko genuke eta ez genuke eskatzen den zenbakirik txikiena lortuko.

Faktore guztiak dauden moduan idatzita, edo ordena aldatuta, zortzi zifrako zenbakia genuke. Zifra gutxiago erabiltzeko, 2 eta 2 idatzi ordez, 4 jar dezakegu. Era berean, 2 eta 3ren ordez, 6; edo 3 eta 3ren ordez, 9. Horren bitartez, sei zifrako zenbakia lor dezakegu, baina ez zifra gutxiagokoa.

Eskatzen zaigun zenbakirik txikiena lortzeko, 2 zifra mantentzea komeni zaigu. Horrela, 2, 6, 9, 5, 5 eta 7 izango dira gure zenbakiaren zifrak. Txikiena lortzeko, txikitik handira ordenatuko ditugu: 255679.

2. ariketa:

Denda batean gozoki batek 5 zentimo balio du. Eskaintza bat jarri dute: 35 gozokitik behera erosiz gero, %5eko deskontua egiten dute; 36 eta 55 gozoki artean, %12koa; eta 56 gozokitik gora, %20koa. Lehen erosketan %5eko deskontua egin digute, eta bigarren erosketan, %12koa. Dena batera erosi izan bagenu, %20ko deskontua lortuko genukeen eta 39 zentimo aurreztu. Zenbat gozoki erosi ditugu?

Lehenengo aldian m gozoki erosi baditugu, 5m-ren %95 ordainduko dugu. Bigarren aldian n gozoki erosita, 5n-ren %88. Dena batera erosi izan bagenu, 5(m + n)-ren %80 ordainduko genuen, 39 zentimo gutxiago. Beraz,

 

edo 15m + 8n = 780. Hemendik, 8n = 780 -15m = 15 (52 – m) ateratzen dugu. Hortaz, 8n 15en multiploa da, eta horretarako, n izan behar da 15en multiploa. Gainera, 36 eta 55 artean egon behar denez, n = 45 da aukera bakarra. Horrek m = 28 dakar. Denetara, 73 gozoki erosi ditugu.

3. ariketa:

1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 digituak errepikatu barik erabiliz idatz daitezkeen zazpi zifrako zenbaki guztiak txikitik handira ordenatu ditugu. Zer tokitan dago 3654712 zenbakia zerrenda horretan?

Aurretik egongo dira 1 edo 2 hasieran duten guztiak. Bakoitzetik 6! = 720 zenbaki, sei zifraren artean aukeratu behar baitugu jarraipena. Aurretik baita ere 31, 32, 34 eta 35 hasierakoak, bakoitzetik 5! = 120. Gero, 361, 362 eta 364 hasierakoak, 4! = 24 bakoitzetik. Ondoren, 3651 eta 3652 hasierakoak, 3! = 6 bakoitzetik. Azkenik, 36541 eta 36542 hasierakoak, 2 bakoitzetik. Denetara,

2 x 720 + 4 x 120 + 3 x 24 + 2 x 6 + 2 x 2 = 2008

dira aurretik dituen zenbakiak. Beraz, 2009. lekuan egongo da.

4. ariketa:

Maren eta Miren pista zirkular batean korrika hasi dira, bakoitza diametro baten mutur batean. Abiadura konstantea mantentzen dute, nork berea, eta elkarren kontrako noranzkoan doaz. Lehen aldiz gurutzatzen direnean, Marenek 100 metro egin ditu. Une horretatik aurrera, Mirenek 150 metro egin dituenean gurutzatu dira berriro. Zein da pistaren luzera?

Lehen soluziobidea. Pista erdiaren luzera l bada, Marenek 100 metro egin ditu eta Mirenek l – 100 metro. Hurrengoan elkartzen direnerako, Marenek 2l – 150 metro eta Mirenek 150 metro. Abiadura konstantean egiten dutenez, distantziak proportzionalak izan behar dira:

Ekuazio horren soluzioak l = 0 (baliogabea) eta l = 175 dira. Pistaren luzera 350 metrokoa da.

Bigarren soluziobidea. Gehienok ekuazioen bide hori hartuko genuke, seguruenik, baina Joseluk modu erraz eta dotorean ebatzi du problema. Abiadura konstante mantentzen dutenez, pista osoa egiteko bien artean, pista erdia egiteko behar dutenaren bikoitza da. Hortaz, pista osoaren 200 metro egingo ditu Marenek (erdian 100 egin dituelako) eta 150 metro Mirenek. Bien artean, 350 metro. Horixe da pistaren luzera.

5. ariketa:

ABC triangelu aldeberdina da eta M, BC aldeko puntu bat. M puntutik BC aldearen zuzen perpendikularrak P puntuan ebakitzen du AC aldea eta Q puntuan AB aldearen luzapena. Izan bedi N, MQ zuzenkiaren erdiko puntua. Baldin PC = 2 cm eta BN = 7 cm badira, zenbat da BC aldearen luzera?

Izan bedi l triangeluko aldearen luzera. Triangelu aldeberdinaren angeluak 60 gradukoak dira. CMP triangeluan CP = 2 denez, MC = 1 da. Orduan, BM = l – 1 izango da eta BMQ triangeluari begiratuz,

MQ = (l – 1) izango da. MN = MQ/2 denez, Pitagorasen teorema erabiliko dugu BMN triangeluan:

 

Hortik,

Eta Gutxi gorabehera, 6.2915 da.

6. ariketa:

Ehun karta ditugu 1etik 100eraino zenbakituta. Hiru kartako multzoak egin nahi ditugu propietate honekin: hirukoteko karta baten zenbakia beste karta bien zenbakien biderkadura da. Zenbat multzo egin daitezke gehienez? (Ezin dira kartak errepikatu, noski.)

Hirukote bakoitzak derrigorrez behar du 10 baino txikiago den karta bat. Bestela, edozein zenbaki biren biderkadura 100 baino handiagoa izango litzateke, eta ezin izango genuke hirugarren karta aukeratu. Gainera, ezin da 1 zenbakia egon, horrek bi zenbaki berdin beharko lituzkeelako. 2tik 9rainoko zenbaki bakoitza hirukote desberdin batean sartuz gero, zortzi hirukote lortuko genituzke eta hori izango litzateke kopuru handiena. Eta bai, egin daitezke zortzi, modu askotan. Esate baterako,

(9,10,90), (8,11,88), (7,12,84), (6,13,78), (5,14,70), (4,15,60), (3,16,48), (2,17,34).

Beraz, zortzi multzo egin daitezke gehienez.

Iñakiren erantzunaren arabera, esango nuke hirukote posible guztiak hartu dituela, hirukote batetik bestera kartak errepikatu arren. Horiek zenbatu nahi izanez gero, bide hau segi dezakegu. Hirukoteko karta txikiena 2 bada, 48 aukera daude (hurrengo karta 3 eta 50 artean egon daiteke); txikiena 3 bada, 30 aukera (hurrengoa 4 eta 33 artean); txikiena 4 bada, 21 aukera (hurrengoa 5 eta 25 artean); eta horrela, txikiena 9 izan arte, 2 aukera (hurrengoa 10 edo 11). Denetara, 137 hirukote ateratzen dira.

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zergatik iruditzen zaigu denbora motelago doala gu zahartu ahala?

Wed, 2023/09/13 - 09:00

Tik, tak… tik tak… Denbora aurrera doa halabeharrez denontzat. Nahiz eta denborak erritmo berean egiten duen aurrera denontzat, denboraren joanaren pertzepzio subjektiboa oso desberdina izan daiteke pertsona bakoitzarentzat. Horrela, dibertitzen garenean edo jardueraren batez gozatzen dugunean, badirudi denbora hegan igarotzen dela; lan monotono, aspergarri edo desatsegin batean murgilduta bagaude, berriz, minutuak betierekoak egiten zaizkigu. Alde horretatik, bada fenomeno berezi bat, psikologian luze-zabal egiaztatu dena: oro har, denbora azkarrago igarotzen dela iruditzen zaigu urteak bete ahala.

Atzera begiratuz gero, gure haurtzaroko oroitzapenetan arakatuz, iruditzen zaigu egunak luzeagoak zirela eta askoz ere probetxu handiagoa ateratzen geniela: jarduera ugari egin genitzakeen, ia denetarako denbora zegoelako. Gainera, haurtzaroko udek helduaroko udek baino luzeagoak ziruditen, hasperen bat baino azkarrago pasatzen baitira orain, batez ere udako oporrak hartzen ditugunean. Helduaroko une batetik aurrera, denbora «bizkortu» egiten dela eta dena pixkanaka azkarrago igarotzen dela iruditzen zaigu. Zein da denboraren pertzepzio subjektiboaren bilakaera horren arrazoia? Gaur egun, ez dakigu arrazoia zein den, eta asko dira hori azaltzen saiatu diren hipotesiak.

denbora motelagoIrudia: zein da denboraren pertzepzio subjektiboaren bilakaera horren arrazoia? Gaur egun, ez dakigu arrazoia zein den, eta asko dira hori azaltzen saiatu diren hipotesiak. (Argazkia: Mikhail Nilov – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Fenomeno horren atzean dagoen arrazoi posible bat egunero ikusten ditugun irudien prozesamendu zerebralarekin dago lotuta. Adrian Bejan Duke Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko irakasleak planteatutako hipotesiaren arabera, badirudi egunak laburragoak direla zahartzen garen heinean, denboran zehar informazio bisualaren prozesamendua moteldu egiten delako. Irudi gutxiago hautematen baditugu segundoko, horrek denbora azkarrago igaro delako sentsazioa sor dezake, eta alderantziz: segundoko irudi gehiago hautematen ditugunean, denbora motelago doala senti dezakegu, bideo bat kamera geldoan ikusten dugunean bezala.

Planteamendu horren oinarria da informazioa garraiatzen duten nerbio seinaleek denbora gehiago behar dutela faktoreen batuketa bat egiteko urteak betetzen ditugun heinean: garuneko neurona sareen tamaina eta konplexutasuna areagotu egiten da, eta, gainera, zahartzeak kalteak eragiten ditu, eta horrek seinale elektriko horien fluxua atzeratu dezake. Horregatik, haurrek helduek baino irudi gehiago prozesatu ahal izango lituzkete segundoko, eta, beraz, denbora motelago doala sumatu.

Baliteke, halaber, irudien prozesamenduaz harago, pertsona bakoitzaren denboraren erritmoa markatzen duen «metronomo neural» bat egotea. Haurrengan, metronomo hori helduengan baino azkarrago joango litzateke (geldi zaudeneko bihotz maiztasunarekin edo arnasketarekin gertatzen den bezala, horiek ere azkarragoak baitira haurrengan), eta horrek denboraren igarotze motelagoa hautematea eragingo luke. Izan ere, Clifford Lazarus psikologoak gai horri buruzko esperimentu bitxi bat kontatzen du: haurrak eserita, begiak itxita eta ezer egin gabe utziz gero, gehienek benetan igaro dena baino denbora gehiago igaro delako sentsazioa dute (askok aipatzen dute minutu bat igaro dela, benetan 40 segundo igaro direnean). Aldiz, baldintza berak helduei aplikatzen bazaizkie, denboraren pertzepzio subjektiboa errealistagoa da edo atzerapen txiki batekin doa: minutu bat igaro dela zehazten dute, baina, benetan, minutu bat edo 70 segundo igaro dira.

Denboraren erritmoak haurren eta helduen artean eragiten duen sentsazio desberdinari buruzko beste azalpen bat denbora kuantifikatzeko orduan biek duten perspektiba desberdinean zentratzen da. 10 urteko haur batentzat, adibidez, urtebete igarotzeak haren bizitza osoaren % 10 igaro dela esan nahi du, eta haren memoria kontzientearen % 15 eta % 20 artean. Aldiz, 65 urteko pertsona batentzat, urte bat haren bizitzaren % 1,5 baino ez da. Bizipenak eta oroitzapenak modu erlatiboan hautemateak haurtzaroan denbora motelago igarotzen zelako sentsazioa sor dezake, denbora unitate berak askoz pisu handiagoa zuelako bizitako esperientzia guztien barruan.

Baliteke, halaber, haurtzaroaren, helduaroaren eta zahartzaroaren arteko denboraren pertzepzio desberdina oroitzapenak finkatzeko joeren ondorio izatea. Gure oroimenean markarik handiena uzten duten bizitzako esperientziak, hain zuzen ere, emozioak eragiten dizkigutenak dira, batez ere emozio biziak badira. Haurrentzako eta nerabeentzako ia dena da berria, eta bizitzako etapa berantiarragoetan baino intentsitate emozional handiagoarekin bizi dira. Errutina eta monotonia nagusi izaten dira gero, eta horiek arrasto txikia uzten dute gure oroitzapenetan.

Horrela, gure iraganeko eta egungo oroitzapenak ebaluatzean, irudipena izan dezakegu askoz esperientzia gehiago bizi genituela denbora berean (eta, beraz, denbora motelago igarotzen zela) azken urteetan baino. Ez ditugu pasarte gogoangarri asko bizitzen eta interesik gabeko oroitzapen asko desagertu egiten dira, aurrekoan zer jan genuen, esaterako. Hipotesi hori egia balitz, gure buruei denbora motelago doala sentiarazteko modu bat monotoniatik ihes egitea eta maiz esperientzia berriak bizitzea litzateke.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko ekainaren 5ean: ¿Por qué nos parece que el tiempo pasa más rápido conforme envejecemos?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zergatik iruditzen zaigu denbora motelago doala gu zahartu ahala? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Europar Batasunak zientzia-aldizkarien argitalpen-tasak gaitzetsi ditu

Tue, 2023/09/12 - 09:00

Udaberrian hedabide honetan bertan aztertu nuen gaur egungo zientziaren atzean dagoen berrikuspen-sistema, peer review edo parekoen berrikuspen-prozesu deritzona. Gaiaz argitaratu genituen bi lanetan, zientzialariek eta argitaletxeek zientziaren jokoan nola hartzen duten parte azaldu nuen. Argiak eta itzalak dituen sistema bada ere, oraingoz ez daukagu aukera hoberik. Bada, ordea, artikulu horietan aipatu gabe gelditu zen puntu garrantzitsu bat eta, maiatzean Europar Batasunak esan zuenarekin lotuz, argitaletxeen atzean dagoen sistema ekonomikoa ekarriko dut gaur plazara.

argitalpenIrudia: zientzia-aldizkariak argitaratzen dituzten argitaletxeen irabaziak oparoak dira eta zientziari berari eragiten diote argitalpen-tasa altuek. (Argazkia: Dmitriy – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I eta II) lanetan, zientziaren oinarrian dagoen berrikuspen-sistemari begiratu sakona eman genion, baita dituen arrisku handienak aztertu ere. Laburtuz, argitalpenak berak ezinbestekoak direla esan daiteke; izan ere, zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko nolabaiteko komunikazioa eta, gaur egun, biderik ohikoena zientzia-aldizkariak dira. Publish or perish “argitaratu ala hil” lelopean, geroz eta nabariagoak dira argitaletxeen jokabideak dakartzan hainbat arazo. Ikertzaileek beharra dute kalitatezko aldizkarietan lanak argitaratzeko eta, sarri askotan, ordaindu egin behar izaten da lanak argitaratzeagatik. Ikerketa-lanak irakurri nahi dituzten zientzialariek ere ordaindu egin behar dute, haiek edo unibertsitateek ordaintzen dituzten harpidetzen bidez; beraz, negozio ezin hobea da argitaletxeentzat. Hori gutxi balitz, ikerketa-lanak ebaluatzen dituzten adituek ere musu-truk egin ohi dute lan.

Argitalpen-tasak negozioa direnean

Argitaletxeen jokabide hori arriskuan jartzen ari da zientzia, eta diru publikoaren kantitate handiak xahutzen ari dira, bai ikerketa-lanak argitaratu ahal izateko, bai eta aldizkarietara harpidetzak ordaintzeko. Gauzak horrela, oso garrantzitsua da maiatzean Europar Batasuneko Kontseiluaren baitan dagoen Lehiakortasun Kontseiluak adierazitakoa. Gaian kokatzeko, kontuan hartu behar dugu aldizkari entzutetsuenetan lan bat argitaratzeko 10.000 eurora bitarteko tasak ordaindu behar direla. Kontseiluak hartutako erabakiaren arabera (hemen ebazpen osoa), diru publikoz finantzatutako ikerketa lanak sarbide irekikoak, alegia, open access motakoak, izan behar dira. Berehala eta mugarik gabe edonork irakurtzeko moduko ikerketa-lanak izan beharko lirateke, haien aburuz.

Argitaletxeen negozioa oso errentagarria da eta urtean 17.500 milioi euroko diru-sarrerak dituztela jotzen da. Bolumen hori parean kokatzen da industria diskografikoaren edo zinematografikoaren, baina argitaletxeena askoz ere errentagarriagoa da. The Objective hedabideko Lidia Ramírez kazetariak argitaratutako artikuluaren arabera, bi bide daude argitaratzen diren ikerketa-lanen %90 irakurri ahal izateko: irakurri nahi duenak harpidetza ordaintzea edo artikulua argitaratu nahi duenak lana sarbide irekikoa izateko ordaintzea. Esan bezala, lanak sarbide irekikoak izan daitezen, argitaletxeek tasa bat eskatzen diote zientzialariari eta handiak izan daitezke eskatutako kopuruak. Aldizkariaren arabera, 170 eurotik hasi eta ia 10.000 eurora bitarteko tasak izan daitezke. Joko honetan dauden argitaletxerik ezagunenak dira Elsevier, Springer-Nature, Taylor & Francis eta MDPI, besteak beste. Testuinguru egokia izan dezagun, kontuan hartu behar da Elsevierrek, esaterako, 2022. urtean 3.380 mila milioi euroko diru sarrerak izan zituela eta 1.350 milioi euroko irabaziak; ia %40ko errentagarritasuna, hortaz. Errentagarritasun hori Apple, Google edo Amazon enpresena baino handiagoa da, adibidez.

Gauzak horrela, Europar Batasunaren Kontseiluak adierazi du argitalpen akademikoen sistemak kalitatezkoa, gardena, irekia, fidagarria eta bidezkoa izan behar duela. Gainera, zuzen-zuzenean doa argitaletxeen gaur egungo sistemaren aurka; izan ere, Kontseiluak azpimarratu du sarbide irekiko eta irabazi asmorik gabeko argitalpen-ereduen alde egiten duela. Era berean, adierazten du zientzialari batek ez duela mugarik izan behar, ez bere lanak argitaratzeko orduan ezta beste ikertzaileen lanak irakurtzeko orduan. Hain zuzen ere, harpidetza- eta argitalpen-tasa altuen ondorioz, finantzaketa-iturri urriak dituzten zientzialariek ezin dute edozein aldizkaritan argitaratu ezta edozein artikulu irakurri ere. Kontseiluak herrialde guztiei dei egiten die martxan jar ditzaten sarbide irekiaren eta lizentzia libreko zientziaren aldeko politikak. Momentuz itxurakeria hutsa izan badaiteke ere, itxaropentsua da Europar Batasunak iparra horrela adieraztea.

Poliki bada ere, zientzia-komunitatea ohartuz doa arazo horretaz, eta maiatzean albiste garrantzitsua irakurri ahal izan genuen. Neuroimage eta Neuroimage:Reports aldizkari entzutetsuen editoreek –zientzialariak izan ohi dira haiek ere- dimisioa eman zuten Elsevierri argitalpen-tasak murrizteko eskatu eta ezetza jaso ostean. Aldizkariak 3.450 dolar eskatzen zituen lanak argitaratzeko eta editore-taldeak prezio hori 2.000 dolar baino gutxiagokoa izatea eskatzen zuen. Argitaletxearen ezezkoa jaso ostean, 40 editorek dimisioa eman zuten gutun hau argitaratuz eta sarbide irekiko aldizkari baten sorrera sustatu behar dutela adieraziz. Editore ohien ustez, ez da etikoa tasa horiek eskatzea. Albisteak hautsak harrotu ditu zientzia-komunitatean, ez baitago argi kasu puntuala ote den edo etor daitekeen errebolta bat den.

Bide horretan, Europar Batasunaren adierazpenak adierazpen besterik ez diren arren, badirudi zerbait aldatzen hasi daitekeela. Ezinbestez aldatu beharko da; izan ere, argitalpen-sistema bideraezina den puntu batean egon daiteke eta zientzia bera arriskuan jartzen du horrek.

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Europar Batasunak zientzia-aldizkarien argitalpen-tasak gaitzetsi ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

DBHko ikasleen ingurumen-hezkuntzako programen ebaluazioa

Mon, 2023/09/11 - 09:00

UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute DBHko ikasleek hegaztien inguruko zer ezagutza duten eta kontserbazioarekin lotutako zer jarrera duten. Oro har, ikasleek hegazti-migrazioari eta -identifikazioari lotutako jakintza urria erakutsi dute; bestalde, ingurumenarekiko jarrera egokia erakutsi arren, askok uste dute kontserbazio-ahaleginak gehiegizkoak eta garapen ekonomikorako oztopo direla.

Mendebaldeko gizarteetan oso garrantzitsua da natura eta ingurumena nola ulertzen diren, haien inguruko ezagutzak eragina izan baitezake ingurumenarekiko jarreretan. Ingurumen-hezkuntza funtsezko tresna bat da jendearen kontzientziazioa handitzeko, eta askotariko programa-motak eskaintzen dira bai testuinguru formaletan bai ez-formaletan. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean kokatua dagoen Urdaibai Bird Center-ek (UBC) hegazti migratzaileen behaketa eta kontserbaziorako beharrezkoak diren habitat ugari ditu, eta, bide batez, ingurumen-hezkuntzako programak garatzeko kokaleku aproposa da.

hegaztiIrudia: ikasleek hegazti-migrazioari eta -identifikazioari lotutako jakintza urria erakutsi dute. (Argazkia: Diego Madrigal – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Halako inguruneetan biodibertsitatea gazteei hurbiltzeko programak urte askotan egin badira ere, orain arte ez da ebaluatu zer eraginkortasun duten. Ingurumen-hezkuntzako halako programak abiapuntutzat hartuta, UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika saileko ikertzaileek aztertu dute Urdaibai Bird Center-en jardueretan egun batez parte hartu duten DBHko 908 ikaslek zenbateraino barneratu dituzten bertan ikusi eta ikasitakoak.

Horretarako, ikasleek idatzizko galdetegi bat bete zuten, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba eta padurei buruz zituzten pertzepzioak, biodibertsitatearekiko interesa, hegazti-espezieak identifikatzeko trebetasuna, hegaztien migrazioari buruzko ezagutzak eta kontserbazioarekiko jarrera aztertzeko.

Unai Ortega ikertzaileak azpimarratu duenez, ikerketaren helburu nagusia izan da, batetik, ikasleen ezagutzaren eta jarreren diagnostiko bat egitea, eta, bestetik, halako ingurumen-hezkuntzako programen ebaluazioa egitea. “Oso ohikoak dira, baina haien eraginkortasuna neurtzeko ebaluaziorik ez zen egiten, eta beharrezkoa da jakitea programa horien helburuak zenbateraino lortzen diren”, azaldu du.

Ingurumen-alfabetatzearen garrantziaz

Ikertzaileek ikusi dute DBHko ikasleek ezagutza urria dutela biosfera-erreserben, paduren eta hegazti-migrazioaren inguruan, eta, batez ere, hegaztiak identifikatzeko garaian. Bestalde, ingurumenarekiko jarrerarekin lotutako puntuazio altuak izan bazituzten ere, ikasle askok uste dute inguruneok kontserbatzeko ahaleginak gehiegizkoak direla eta garapen ekonomikoa oztopatzen dutela. Bestalde, emaitzek erakutsi dutenez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban edo inguruan bizi diren eta landa-eremutik datozen ikasleek hobeto ezagutzen dute tokiko biodibertsitatea, baita lehen hezkuntzan hegaztietan oinarritutako plan bat gauzatu zuten ikasleek ere.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, “egun bakar bateko programek ez dute eraginik ingurumen-hezkuntzan —adierazi du Ortegak—. Programa horiek, epe motzean ingurumen-ezagutza eta -jarrerak sustatzeko baliagarriak badira ere, eraginkortasun mugatua dute“. Horrenbestez, ikertzaileek adierazi dute egokia izan daitekeela Urdaibai Bird Center-en ingurumen-hezkuntzako programa egokitzea testuinguru formaletan txertatzeko, jarduera praktikoen bidez edo proiektuetan oinarrituz, eta emaitzak sistematikoki ebaluatzea. Horrelako ebaluazio sistematikoen “luzerako estrategiak” egiten jarraitzea garrantzitsua dela nabarmendu dute.

Ingurumen-alfabetatzean atxikimendu emozionalak duen garrantzia aipatu du Ortegak. Haren ustez, “nahitaezko” baldintza da “sentitzea zaindu beharreko horrek zaintzea merezi duela”. Horren harira, askok “hartu dugu parte horrelako programetan, baina ingurumen-alfabetatzeak ez du gora egin; kontrara, dokumentatua dago alfabetatze hori gero eta eskasagoa dela”, adierazi du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: DBHko ikasleek zailtasunak dituzte hegaztiak identifikatzeko

Erreferentzia bibliografikoa:

Ortega Lasuen, Unai; Pedrera, Oier; Telletxea, Erin; Barrutia, Oihana; Díez, José Ramón (2023). Secondary Students’ Knowledge on Birds and Attitudes towards Conservation: Evaluation of an Environmental Education Program. Environmental Research and Public Health, 20. DOI: 10.3390/ijerph20105769

The post DBHko ikasleen ingurumen-hezkuntzako programen ebaluazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #451

Sun, 2023/09/10 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

giza

Kimika

Edith Marie Flanigen kimikaria harribitxiak asmatu zituen zientzialari moduan da ezaguna. Zehazki, esmeralda sintetikoak sortzea lortu zuen Flanigenek. 1952an lortu zuen Flanigenek Kimika Fisiko Ez-organikoko lizentzia, Sirakusako Unibertsitatean. Segituan hasi zen lanean Union Carbide konpainian, eta urte batzuk pasata, bahe edo iragazki molekularrez interesatu zen Flanigen. Hor hasi zen bere ibilbide zientifikoaren ardatza, eta zeolita mineralaren berrehun bertsio sintetiko desberdin baino gehiago asmatu zituzten, bere taldearekin batera. Esan bezala, bere asmakizun ezagunenetako bat esmeralda sintetikoarena da, baina horretaz gain, gutxienez bere izena daramaten 109 patente daude gaur egun. Datuak Zientzia Kaieran: Edith Marie Flanigen, harribitxien asmatzailea.

Ingurumena

Kielgo Unibertsitateak argitaratutako ikerketa baten arabera, geroz eta txori gehiago ikusi, orduan eta zoriontsuagoa da jendea. 26 herrialdetako 26.000 pertsonen esperientzia eta iritzia erabili dituzte, eta txoriak ikusi eta entzuteak zoriontasuna ematen duela ondorioztatu dute. Adituen ustez, hainbat arrazoi egon daitezke prozesu horren atzean. Joseba Miranda zainketa aringarrietako psikologoaren ustetan, erantzuna erraza da: naturarekin zerikusia duen edozerk egiten du zoriontsu gizakia. Azalpen guztiak Berrian: “Txoriontasuna” ote?

Mikrobiologia

Aurkikuntza berri baten arabera, itsasoko mikrobioek mintz gehigarri bat erabiltzen dute fotosintesiaren errendimendua handitzeko. Azaldu dutenez, fitoplankton espezie batzuek barne mintz gehigarri bat dute, eta bertan protoi-bonba izeneko entzima bat dute txertatuta. Protoi-bonba hori izango litzateke eboluzioan fitoplanktonari orain duen efizientzia fotosintetikoa eman ziona. Gainera, aurkikuntza honekin baieztatu daiteke fitoplanktona protozoo baten eta alga gorri erresiliente baten arteko aliantza sinbiotiko batetik sortu zela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Mikrobioek ahalmen fotosintetikoak eskuratu zituzten protoi bonba bati esker

Osasuna

Ikertzaile talde batek ondorioztatu du munduko gizonen herenak giza papilomaren birusa dutela. Orain arte birus horrek emakumeengan duen prebalentziaz kezkatu gara gehienbat, umetokiko lepoko minbizia eragin baitezake. Alabaina, gizonak ere infektatzen dira, eta are gehiago; haiek transmititzen dute birusa, kasu gehienetan. Emaitzak ikusirik, ikertzaileen arabera ezinbestekoa da prebentzio estrategietan gizonak ere kontutan izatea. Datuak Berrian: Giza papilomaren birusaren kontra, prebentzioa eta txertoa dira «gakoa».

Medikuntza

Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzaile bat garatu dute, tartean Biodonostia, Ikerbasque eta EHUko ikertzaileak daudelarik. Esofagitis eosinofilikoan eosinofiloak hestegorriko mukosan sartzearen dira, eta hantura kronikoa eragiten dute. Orain arte, gaixotasun honen diagnostikoa biopsia bidez egiten zen, baina ikerketa berri honek metodo errazago eta erosoago bat diseinatu du. Diagnostiko metodo horretan ahoko mukosa erabiltzen da, eta biomarkatzaile batzuk bilatuz, % 95eko predikzio-gaitasuna lortu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Amerikako Estatu Batuetako Giza Genetikako Elkarteak txosten bat argitaratu du historian gertatu den arrazismo zientifikoa izan duen eginkizuna aztertzeko. Bertan azaldu dituzte urteetan zehar gertatu diren hainbat bidegabekeria. Besteak beste, aipatu dute 1960-1970 hamarkadetan, giza genetika modu gaiztoan eta okerrean erabili zela diskriminazioa eta arrazismoa justifikatzeko. Komunitate zientifikoak zabaldu zituen informazio okerren ondorioz, beltzen aurkako diskriminazioa sustatu zen. Elkarteko zuzendaritzak kalteak onartu ditu eta zintzo eskatu du barkamena. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Giza genetikan egindako kalteak onartu aurrera egin ahal izateko.

Klima-aldaketa

AZTI zentro teknologikoak jakinarazi du txitxarroa eta berdela beren ugalketa-prozesua aldatzen ari direla itsasoko uraren beroketagatik. Itsasoa berotzen den gradu bakoitzeko, berdelak 370 km iparralderago erruten duela ikusi dute. Txitxarroak, berriz, 12 egun inguru aurreratzen du ugalketa. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biokimika

Erribosomaren tunelak proteinen tolesturan oso garrantzitsuak izan daitezke. Izan ere, proteinaren sintesian zehar, peptidoa erribosomaren tunelean tolesten has daiteke. Prozesu horri koitzulpenezko tolestura deritzo. Prozesu hori ikertzeko hainbat teknika erabili izan dira. Batetik, proteinari bi fluoroforo atxiki ahal zaizkio fluoreszentzia-erresonantziaren bidezko energia-transferentziak monitorizatzeko. Bestetik, atzipen peptidoak ere erabili daitezke, eta baita erresonantzia magnetiko nuklearra, eta, azken urteetan, teknika konputazionalak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Proteinen tolestura tunel erribosomikoan.

Antropologia

Ikerketa berri batek ondorioztatu du giza-populazioa ia desagertzeko zorian egon zela duela 800.000-900.000 urte. Kalkuluen arabera, ehun mila banako izatetik mila inguru izatera igaro zen giza-populazioa, eta hala mantendu zen 100.000 urtez. Horretaz gain, beste aurkikuntza bat ere egin dute azterketa berean. Ikertzaileen esanetan, garai antzekoan bi kromosoma aitzindari elkartu ziren, eta gizakion gaur egungo 2 kromosoma sortu zen. FitCoal izeneko metodo genetiko berriaren bidez lortu dituzte emaitza horiek. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #451 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #459

Sat, 2023/09/09 - 09:00
Irudia: Steve Jurvetson / Wikimedia Commons

Hezur-muineko T zeluletako zelula gurasoak minbizi (leuzemia) bihurtzeari T-ALL esaten zaio. Ingurune hurbilenak zerikusi handia du prozesu honetan. Marta Irigoyenen T-cell acute leukaemia exhibits dynamic interactions with bone marrow microenvironment

Nahasketa errazemiko batetik bi enantiomeroak bereiztea, edo sinple esanda, proportzio berdinean nahastutako molekula beraren bi forma espekularrak bereiztea ez da hutsala eta garrantzi industrial handikoa da; forma bakar bat biologikoki aktiboa izaten baita. Argi bidez aktibatutako katalizatzaile arrunta erabiliz lortu dute. Light-controled deracemization

Sare sozialek nerabeengan duten eragina ezin da orokortu, dagokion pertsonaren araberakoa da. Impact of social networks on adolescents, Martha R. Villabona.

Ikusgarria: Sahara erdian harri berdexka bat aurkitzen dute eta Eguzki Sistemaren jatorriari buruz genekiena nahastu egiten du. Sahara space rock upends assumptions about the early Solar System, Evgenii Krestianinov.

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #459 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Edith Marie Flanigen, harribitxien asmatzailea

Fri, 2023/09/08 - 09:01

Norbaitek depositua gasolinaz betetzen badu, arropa garbitzen badu edo Fukushimako (Japonia) istripu nuklearraren ondoren garbitzeko ahaleginen inguruan irakurtzen badu, orduan Edith Flanigenen lanarekin egin du topo.

Esaldi hori Zientzia eta Teknologiako Domina Nazionalak Fundazioarena da, 1929an Buffalon (AEB) jaiotako kimikari horri egindako errekonozimendu gisa. 2014an Barack Obama presidente ohiaren eskutik jaso zuen eta gure eguneroko bizitzako aurrerapen askoren garapenean izan duen funtsezko rola laburbiltzen du (agian gehiegi). Gainera, titularrak dioen bezala, harribitxiak asmatu zituen; zehazki, esmeralda sintetikoak. Beraz, zeharka, Kolonbia eta munduko beste toki batzuetan hainbesteko eragina duten «bitxi» batzuen erauzketa minerala saihestu zuen.

1. irudia: Edith Flanigen kimikaria. (Iturria: LEMELSON-MIT)

Edith hekatonbe ekonomiko global handiaren urtean jaio zen. Buffalon jaio zen, New Yorkeko estatuan, hondamendi finantzarioaren fokua egon zen lekuan. Elkarrizketa batzuetan aitortu izan du, aitak bezala, txikitatik izan zuela berezkoa eta aseezina zen jakin-mina. Hari eta haren ahizpa Joani eta Janeri kimikarekiko interesa piztu ziena bigarren hezkuntzan izan zuten kimikako irakasle bat izan zen; Dorothea Fitzgerald irakaslea, hain zuzen ere. Hiruek batera ikasi zuten zientzia hori haien hiriko D’Youville Collegen, eta gure protagonista izan zen promozioko lehena. 1952an, Kimika Fisiko Ez-organikoko lizentzia lortu zuen Sirakusako Unibertsitatean, eta, 2008an, Honoris Causa izatera iritsi zen bertan, erretiroa hartu ondoren.

Karrera amaitu bezain laster, zeukan espedientea ikusita, berehala lortu zuen ikertzaile lanpostu bat Union Carbide konpainian. Enpresa hori 1917an sortu zen, eta bere Bhopaleko instalazioetan (India) 1984an izandako istripuagatik oso ospetsua izan zen, tamalez. 25.000 hildako eta 150.000 kaltetu izan ziren bertan, baina enpresak ez zuen horren erantzukizunik hartu.

Edithen asmakuntzak

Baina, askoz lehenago, gerraostean, Edith eta bere bi ahizpak enpresan sartu ziren silikonazko polimero mota batzuk identifikatzen, ateratzen eta garbitzen saiatzeko. Lau urte geroago, 1956an, Edith sailez aldatu zen, eta bahe edo iragazki molekularrez interesatu zen (tartean, zeolita). Haren ibilbide zientifikoaren ardatza izatera iritsi zen hori.

2. irudia: zeolita naturala. (Domeinu publikoko argazkia. Iturria Wikimedia Commons)

Zeolitak kristal ñimiño eta porotsuak dira, eta nahasketa kimikoak partikulen tamainaren arabera bereizten eta garbitzen laguntzen dute. Bahe batek bezala, tamaina batzuetako partikulak harrapatzen dituzte eta beste batzuk pasatzen uzten dituzte, eta horrek molekula desberdinak eta materialak sailkatzen eta bereizten laguntzen du. Mineral naturala den arren, Flanigenek eta 1968tik Union Carbiden zuzendu zuen taldeak konposatuaren berrehun bertsio sintetiko desberdin baino gehiago asmatu zituzten, zenbait partikulatara bideratuak. Gaur egun funtsezkoak dira aplikazio ugari dituen milaka milioi dolarreko industria batean: petrolio gordina findu eta petrolio bihurtzeko erabili ohi dira, ingurumenarentzat kaltegarriak diren fosfatoak ordezkatu dituzte arropetarako detergentean, eta Fukushimaren inguruko uraren material erradioaktiboa iragazteko ere erabili ziren istripu nuklearraren ondoren.

Nola egin aurre eszeptikoei

Edithek berehala ikusi zuen bere balioa onartua zela. Urte haietan oso emakume gutxik lortu zuten ikerketa talde bateko buru izatea; izan ere, salbuespena ziren. Horregatik, hasieratik, bere mendeko gizon gehienek baloratu eta babestu egiten zutela egiaztatu bazuen ere, mesfidatienen (bazeuden batzuk) onespena lortzen ahalegindu zen. «Errespetua eman nien», esan zuen gerora. «Behin elkarrekin lan egin eta arrakasta izan genuenean, egiten ari ziren lanarekin gogotsuago zeuden, eta ez hain eszeptiko gure arteko harremanarekiko».

Haren asmakizun ezagunenetako bat esmeralda sintetikoarena da, Union Carbidek merkaturatzen zuena. Esmeralda horren hamaika pieza saldu ziren mundu osoan, laserren aurreko tresnetan erabiltzeko, baita bitxi gisa ere. Baina haren ondarea askoz handiagoa da. Materialen zientzietako aditu gisa, gutxienez bere izena daramaten 109 patente daude. Sektore petrokimikorako lan egin zuen arren, sektorearen garapenaren urteetan, asmakizun horiek, batez ere, erregai garbiagoak lortzeko izan ziren (petrolio gordina gasolina bihurtzea optimizatzeko eta fintzea eraginkorragoa, garbiagoa eta seguruagoa egiteko erabil daitekeen bahea sortu zuen), ingurumen hondamendietan garbitzeko edo ura garbitzeko; horiek guztiak hark garatutako bahe molekularretan oinarritutako teknologiak dira.

Ideia onak are hobeak dira pertsonen bizitzak hobe ditzaketenean eta Lurrari lagun diezaioketenean. Oso pozgarria izan da, nire ibilbide osoan, inoiz existitu ez diren materialak aurkitzea; benetan plazer handia da.

-Edith Marie Flanigen, National Inventors Hall of Fame®-ri (NIHF) emandako elkarrizketa

Egia esan, ezin da esan haren ibilbide zientifikoa oharkabean igaro denik. Haren herrialdeko Ingeniaritzako Akademia Nazionaleko emakume bakanetakoa izan da. 1992an, Perkin domina jaso zuen lehen emakumezko ikertzailea izan zen –kimika aplikatuko ohorerik handiena da Estatu Batuetan–. 2012an, gainera, Teknologia eta Berrikuntzaren Domina Nazionala jaso zuen. 1994an erretiroa hartu zuenetik, haren presentziak NIHFren programa eta ekitaldietan parte hartzen duten gazte berritzaile ugari inspiratu ditu etengabe, baita Camp Invention programaren guneetara egin izan dituen bisitek ere. Gaur egun 94 urte ditu, eta Buffalon bizi da oraindik.

Iturriak: Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 22an: Edith Marie Flanigen, la inventora de piedras preciosas

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

 

The post Edith Marie Flanigen, harribitxien asmatzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Proteinen tolestura tunel erribosomikoan

Thu, 2023/09/07 - 09:00

Giza zelulan, funtzio ezberdinak dituzten 100.000 proteina baino gehiago daude, baina denek dute zerbait amankomunean: haien funtzio betetzeko modu espezifiko batean tolestu behar dira, hau da, egitura tridimentsional zuzena lortu behar dute. Hauen tolesdura okerra gaixotasun askorekin erlazionatu da, hala nola, alzheimerrarekin, parkinsonarenekin eta minbiziarekin.

Proteinen tolesdura ez da ausazkoa eta berezko arauak ditu. Proteinen sintesia erribosoma deituriko organuluetan gertatzen da eta aminoazidoen sekuentzian dagoen informazioa nahikoa da proteina bere egitura tridimentsionalean tolesteko.

proteinenIrudia: Erribosomaren barruan gertatzen den proteina baten tolesdurari buruzko ezagutzak gaixotasunekin lotutako proteina batzuen funtzionaltasun-nahasteak argitzen lagun dezake. (Irudia: Vossman – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Erribosomak geneetan kodetuta dauden mezuak proteinetan itzultzen ditu, baina prozesua ez da zuzena. Lehenengo transkripzio prozesua eman behar da, hau da, DNA molekularen mezua irakurri eta RNA mezularian bilakatu. Ondoren, erribosomak RNA mezularian kodetutako mezua irakurtzen du eta mezua kate polipeptidikoan bihurtzen da. Hau hazten doan heinean erribosomaren tunela izeneko egitura batetik igarotzen da eta sintesia amaitzean, zelularen zitosolera askatzen da.

Gaur egun badakigu erribosomaren tunelak proteinen tolesturan rol aktiboa duela, izan ere, sortzen ari den peptidoa erribosomaren tunelean tolesten has daiteke eta prozesu honi koitzulpenezko tolestura deritzo.

Nola ikertu koitzulpeneko tolestura?

Erribosomaren tunelaren barruan gertatzen denak ihes egiten dio gehienen erabiltzen diren egungo teknikei. Beraz, argitaratutako ia ikerketa guztiek erribosomatik kanpo gertatzen den tolestura izan dute ardatz eta koitzulpenezko tolesturak arlo ezezaguna izaten jarraitzen du. Hala ere, azken urteotan zenbait teknika garatu dira, hala nola, fluoreszentzian oinarritutako teknikak, atzipen-peptidoak, molekula bakarreko indar-espektroskopia, erresonantzia magnetiko nuklearra eta biologia konputazionala.

Alde batetik, sortzen ari den proteinaren aldaketa konformazionalak zehazteko, honi bi fluoroforo atxikitu ahal zaizkio fluoreszentzia-erresonantziaren bidezko energia-transferentziak monitorizatzeko. Bestalde, atzipen peptidoak erabili izan dira erribosoman tolesdura sentsore moduan. Atzipen peptidoa tunelaren hormarekin interakzionatzen du proteinaren sintesia geldituz. Beraz, indar-sentsore moduan jarduten du: soilik indar handiko gertaeretan, hala nola, kate jaio berria egitura tridimentsionalean tolesten denean, peptidoa askatu egiten da eta sintesiak aurrera jarraitzen du.

Indar espektroskopiaren kasuan indar kontrolatuen pean dauden molekulen egiturazko aldaketak monitorizatzen dira, pintza optikoak, pintza magnetikoak eta/edo indar atomikoko mikroskopia erabiliz.

Erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) tolesdura ikertzeko beste teknika espektroskopiko bat da. EMN fenomeno fisikoaren laguntzaz, itzulpen fase desberdinetan dauden proteinen konformazio desberdinak aztertu daitezke. Erribosomaz eta tolesten ari den polipetidoaz osatutako molekulak eremu magnetikoaren eraginpean jarriz, proteinen jatorrizko eta ez-jatorrizko egoeren osaerak zehaztasun kimiko handiz ezagutzea lortu da.

Azkenik, koitzulpenezko tolesturari ikuspegi konputazionaletik ere heldu zaio, azken urteotan arlo honetan eman diren aurrerapenei esker. Koitzulpenezko tolesturak duen izaera dinamikoa kontuan hartuta, hurbilketa konputazionalak nagusiki dinamika molekularreko simulazioetan oinarritzen dira.

Beraz, gaur egun garatzen ari diren teknika hauei guztiei esker proteinen tolesturari buruzko informazioa lor daiteke. Erribosomaren barruan gertatzen den proteina baten tolesdurari buruzko ezagutzak gaixotasunekin lotutako proteina batzuen funtzionaltasun-nahasteak argitzen lagun dezake.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Proteinen tolestura tunel erribosomikoan
  • Laburpena: Proteinak polimero lineal gisa sintetizatzen dira eta beren jatorrizko egitura tridimentsionalean tolestu behar dira zelulan hainbat funtzio betetzeko. Proteinen tolespena ulertzea funtsezkoa da, tolespen okerrak hainbat gaixotasun neuro-degeneratiboren jatorria direlako. Proteinen tolespena modu koitzultzailean has daiteke, hau da, sortzen ari den peptidoa erribosomari lotuta dagoenean oraindik. Izan ere, zelularen proteinen heren bat baino gehiago erribosomaren tunelaren espazio mugatuan tolesten direla frogatu da, hau da, erribosomaren gainazalarekiko interakzioek modulatuta eta erribosoma-tunelaren beraren mugen pean. Gero eta ebidentzia gehiagok iradokitzen dute erribosomak funtsezko zeregina duela proteinen tolespenean. Erribosomak proteina trinkotzea erraztu dezake, soluzioan ikusten ez diren bitartekoak sortzea eragin dezake edo tolestearen hasiera atzeratu dezake. Hala ere, proteinen koitzulpenezko tolesdura aztertzeak zailtasun handiak ditu, batik bat, egungo teknikek dituzten mugengatik. Hori dela eta, proteinen tolesteari buruzko ikerketa gehienak soluzioan dauden proteinetan oinarritzen dira, proteina tolestuz eta destolestuz egiten direnak, prozesu horretan erribosomak duen rola kontuan hartu gabe. Artikulu honetan, azken urteotan proteinen koitzulpenezko tolestura ikertzeko garatu diren tekniken laburpena egin da.
  • Egileak: Sara M-Alicante, Arantza Muguruza-Montero, Oscar R. Ballesteros, Ane Metola, Janire Urrutia, Alvaro Villarroel eta Eider Nuñez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 101-116
  • DOI: 10.1387/ekaia.23624
Egileez:
  • Sara M-Alicantea, Arantza Muguruza-Monteroa, Alvaro Villarroel eta Eider Nuñez UPV/EHUko Biofisika Institutuko ikertzaileak dira.
  • Sara M-Alicantea, Oscar R. Ballesteros eta Eider Nuñez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Saileko ikertzaileak dira.
  • Arantza Muguruza-Monteroa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika Saileko ikertzailea da.
  • Ane Metola Stockholm Unibertsitateko Biokimika eta Biofisika saileko ikertzailea da.
  • Janire Urrutia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzailea da. 

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Proteinen tolestura tunel erribosomikoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (6): kartak multzokatuz

Wed, 2023/09/06 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure seigarren ariketa:

Ehun karta ditugu 1etik 100eraino zenbakituta. Hiru kartako multzoak egin nahi ditugu propietate honekin: hirukoteko karta baten zenbakia beste karta bien zenbakien biderkadura da. Zenbat multzo egin daitezke gehienez? (Ezin dira kartak errepikatu, noski.)

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

(Argazkia: cottonbro studio – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (6): kartak multzokatuz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Giza genetikan egindako kalteak onartu aurrera egin ahal izateko

Tue, 2023/09/05 - 09:00

Amerikako Estatu Batuetako Giza Genetikako Elkarteak –ASHG, ingelesezko siglen arabera– laburbildu egin ohi ditu bere kongresuak emandakoak Elkartearen aldizkariko martxoko alean –genetikan prestigio handia duen aldizkaria, hain zuzen ere–. Aurten, landu dituzte AEBko 2020ko protesta antiarrazisten harira eskatu zuten txosten baten ondorioak. Txosten hori eskatu zuten elkarte horrek bidegabekerietan izan zuen eginkizuna aztertzeko. Txostena mardula denez, hainbat gertakizun eta ondorio aukeratu ditugu, giza genetikak gizartean dituen eraginez hausnartzeko.

Hiru galdera izan ziren txostena egiteko ardatza:

  • Zein punturaino bultzatu zuen giza genetikak arrazismo zientifikoa?
  • Nola erabili zen giza genetika justifikatu ahal izateko bazterketa sistemikoa, tratu txarrak eta gehiegikeria historikoki minorizatutako edo baztertutako taldeen aurka?
  • Non eta noiz hitz egin zuten genetikariek gene-ezagumenduaren erabilera kaltegarriaren aurka?

Txostenean ASHG elkartearen historia aztertu zuten, gertakari guztiak sakonean aztertu ezin zitezkeela jakitun baziren ere. Hala, lehenetsi egin zituzten adierazgarriak ziren gertaerak, gakoak izan zitezkeen ondorioak lortzeko. Txostenaren egileek gaineratzen dute arreta AEBn kokatu bazutela ere, aztertutako gaien eragina nazioartekoa izan zela; eta hainbat gomendio egin dituzte egindako kalteak zuzentzeko eta berriro ez errepikatzeko.

giza genetika1. irudia: 2020ko protesta antiarrazisten harira, AEBko Giza Genetikako Elkarteak eskatu egin zuen txosten bat egin zedin aztertzeko elkarteak berak iraganean izandako jarrera arrazakerian eta beste bidegabekeria batzuetan. (Argazkia: PDBVerlag – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ideia eugenesikoak txertatuta zeuden AEBko zientzian, politikan eta gizartean XX. mendearen hasieran. Eugenesiak defendatzen du desiragarriak ez diren ezaugarriak ezabatu egin behar direla gizakion gene-ondaretik. Hala, gizadi osasuntsuago eta hobeagoa lortuko omen da. Praktikan behartutako antzutzea eta genozidioa bultzatu ziren “desegokiak” ziren pertsonen ugaritzea eragozteko, jada existitzen ziren aurreiritziei aitzakia genetiko bat jarrita. Naziek egindako basakeriak ezagutzeak –bide batez, AEBko politiketan oinarritu ziren– eugenesiaren gainbehera eragin bazuen ere, Ipar Karolinak eta Georgiak eutsi egin zietan halako programei. Orotara, AEBn 70.000 pertsona behartu ziren antzu bihurtzera eta, adibidez, Ipar Karolinan 1960ko hamarkadan antzutze behartua izan zuten pertsonen %60 emakume beltzak izan ziren. Ondorioz, giza genetikaren ikerkuntza eztabaidagarri bilakatu zen II. Mundu Gerraren ostean eta, jakintza-arlo honen ospea berreskuratzeko, ASHG elkartea sortu zen 1948. urtean. Hala ere, elkartea ez zen gai izan eugenesiatik aldentzeko eta elkartearen hastapenetako hainbat lider eugenesiaren aldekoak izan ziren edo lidergo-postuak izan zituzten elkarte eugenesikoetan.

Giza genetika pertsonak gutxiesteko

1960-1970 hamarkadetan, giza genetika modu gaiztoan eta okerrean erabili zen diskriminazioa eta arrazismoa justifikatzeko. Besteak beste, zabaldu egin zen baztertutako taldeetako pertsonak intelektualki gutxiago zirela balio apalagoko geneak zituztelako, edo sustatu egin zen beltzen aurkako diskriminazioa anemia faltziformea aitzakia hartuta. Azken adibide honi erreparatuko diogu. Anemia faltziformea anemia mota bat da zeinean globulu gorriak igitai itxura hartzen duten eta, ondorioz, globuluek oxigeno gutxiago garraiatzen duten. Anemia hau afrikar jatorriko pertsonetan da ohikoagoa, malariaren aurrean abantaila ebolutibo bat delako. Bada, anemia faltziformearen inguruko desinformazioa erabili zen baheketa bidegabeak egiteko eta gomendio okerrak emateko eta, ondorioz, AEBko komunitate beltzari ukatu egin zitzaion aseguruak eskuratzea, kirolean parte hartzea eta lana lortzea; eta komunitate beltzaren beldurra baliatu zuten iruzurtiek dirua irabazteko. ASHG elkarteak batzorde bat eratu bazuen ere genetikak gai sozial eta politikoetan zuen eragina aztertzeko, batzordeak huts egin zuen garaiko gai gakoen inguruan iritzia emateko orduan.

2. irudia: eugenesia, arrazismoa eta bestelako bazterketak izan ditu hizpide txostenak. (Argazkia: WikiImages – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Giza genetika garatzen joan zen heinean, garrantzitsuagoa bilakatu zen ikerkuntza eta metodo genetikoen inplikazio etikoak aztertzea. Giza Genomaren Dibertsitatearen Egitasmoak zalantzak piztu zituen, lortutako emaitzak erabili zitezkeelako gene-informazioan oinarritutako diskriminazioa hauspotzeko. Izan ere, hainbat talde indigenak proiektu horren aurka egin zuten, historikoki modu okerrean erabili baita indigenen gene-informazioa. Horren adibide da Arizonako Unibertsitateak Havasupai tribuarekin egindako ikerketa bat. 1990 eta 1994 urteen artean Arizonako Unibertsitateak Havasupai tribuko DNA laginak jaso zituen II motako diabetesa ikertzeko, tribu horretan altua baitzen diabetes mota horren kopurua. Ikerketak ez zuen lotura genetikorik aurkitu eta, horretarako baimena eman ez bazuten ere, gero laginak erabili ziren eskizofrenia, migrazioa eta endogamia ikertzeko, tribu horrentzat tabuak diren gaiak, hain zuzen ere. ASHG elkarteak aintzat hartu zituen kezka horiek guztiak eta gida bat argitaratu zuen azaltzeko gene-probetatik lortutako informazioak nola hauspotu zezakeen diskriminazioa. Gainera, gene-informazioan oinarritutako diskriminazioa eragozteko legearen babesle garrantzitsua izan zen. Lege honek norbanakoak babesten ditu ugazabek eta osasun-aseguruek gene-informazioan oinarrituta egin dezaketen diskriminaziotik.

Giza Genomaren Egitasmoak argi utzi bazuen ere ez dagoela oinarri genetikorik gizakietan arrazak daudela esaten jarraitzeko, norbanako eta erakunde batzuk jarraitzen dute arrazen arteko hierarkiak daudela zabaltzen. Ideia horiek gogor kritikatu dira eta ASHG elkarteak adierazpen irmoak egin ditu arrazismoaren aurka. Gainera, elkarteak hainbat egitasmo jarri ditu martxan gene-ikerkuntzan baztertu diren komunitateen parte hartzea sustatzeko eta bermatzeko.

giza genetika3. irudia: giza genetikak onuragarria izan behar du leku guztietako pertsonentzat. (Argazkia: muktinathbista369 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

ASHG elkarteko zuzendaritzak onartu du txostena apalgarria eta mingarria dela. Hala, egindako kalteak onartu ditu eta zintzo eskatu du barkamena, elkarteko sortzailetako batzuek, lehendakari ohiek eta beste lider batzuek eugenesia bultzatu izanagatik. Era berean, barkamena eskatu du elkarteak izandako isiltasunagatik genetika erabili denean diskriminazioa eta arrazismoa elikatzeko. Zuzendaritzak salatzen du genetika erabili izana kalte sistemikoak eragiteagatik baztertutako komunitate askori, besteak beste arrazan, jatorrian, erlijioan edo gaitasunetan oinarritutako bazterketak, edo indigenek edo LGTBIQ+ kolektiboak jasotako bazterketak. Jakitun dira txostenak ezin dituela guztiz barneratu komunitate eta norbanakoei egindako kalte espezifikoak. Hala ere, azpimarratu dute aipatutako bidegabekeriak eta kalteak eragina izan zutela pertsonen bizitzetan, giza genetikarien ekarpena edo gelditasuna dela eta. Hala, txostenak gomendatzen dituen aldaketei ekingo die elkarteak. Espero dute hausnarketarako baliagarria izatea elkarteko aldizkarian argitaratzea txosten hori eta egindako kalteen onarpena, literatura zientifikoan erregistratuta geldituko baita. Gaineratu dute giza genetika oso baliagarria denez –osasunean eta gizartean eragin onuragarriak baititu–, ikerketa horrek onura ekarriko badu, esperientzia eta ikuspuntu anitzak barneratu eta sustatu beharko dituela. Hala, giza genetikaren ikerkuntzara erakarri beharko dira jatorri guztietako ikertzaile eta parte hartzaileak, eta eskuratu egin beharko da komunitate guztien konfiantza.

Laburbilduz, esan daiteke giza genetika, iraganean, komunitate jakinei kalteak egiteko erabili dela, giza genetikari batzuen konplizitatearekin edo epeltasunarekin. Azken hamarkadetan, aldiz, giza genetikariak eginkizun aktiboagoa izan dute giza genetikaren erabilera maltzurrari aurre egiteko. ASHG elkarteak egin duen ariketa eredugarria izan da, zintzotasunez eta modu kritikoan aztertu baitu egindakoa, erantzukizunak onartuta eta oinarriak jarrita berriro errepika ez dadin. Egin dutena laudagarria da, bai zientzia arduratsua egiterako orduan, bai bidezko gizarte bat eraikitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Korf, B.R. et al. (2023). Celebrating excellence, acknowledging past harms: Both are vital parts of ASHG’s continuing journey to advance human genetics. The American Journal of Human Genetics, 110, 371–372. DOI: https://doi.org/10.1016/j.ajhg.2023.02.007.
  • American Society of Human Genetics Board of Directors (2023). On the report of the ASHG ‘‘Facing Our History—Building an Equitable Future’’ initiative. The American Journal of Human Genetics, 110, 375–376. DOI: https://doi.org/10.1016/j.ajhg.2023.02.006.
  • Jacson, C.S. et al. (2023). Facing Our History—Building an Equitable Future. The American Journal of Human Genetics, 110, 377–395. DOI: https://doi.org/10.1016/j.ajhg.2023.02.005.
Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu), genetikan doktorea, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko arduraduna da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Giza genetikan egindako kalteak onartu aurrera egin ahal izateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mikrobioek ahalmen fotosintetikoak eskuratu zituzten protoi bonba bati esker

Mon, 2023/09/04 - 09:00

Ikerketa berri batek erakutsi du itsasoko mikrobioek mintz gehigarri bat erabiltzen dutela, noizbait digestio funtzioak izan zituena, fotosintesiaren errendimendua handitzeko.

Fotosintesia aipatzean burura datorren lehenengo gauza oihan tropikal sarri bat izan liteke, edo lurreko beste landaredi berde bat agian. Hala ere, ozeanoak betetzen dituzten fitoplankton hodeiak dira prozesu horren bultzatzaile nagusiak naturan. Landareen antzeko uretako mikrobio zelulabakarrek atmosferaren oxigenoaren % 50 baino gehiago sortzen dute, eta karbono dioxidoaren ia erdia xurgatzen dute, ondoren glukosa, koipeak, proteinak eta ozeanoen elikadura sarea hornitzen duten beste molekula organiko batzuk bihurtzeko.

protoi bonbaIrudia: diatomeo izeneko uretako mikrobioak, forma korapilatsukoak, oso eraginkorrak dira fotosintesiaren bidez karbono dioxidoa molekula organiko bihurtzeko. (Iturria: Steve Gschmeissner/Science Source; Quanta Magazinek moldatua)

Current Biology aldizkarian argitaratu berri den azterlan batek aurrekaririk gabeko efizientzia fotosintetiko horren iturria zehaztu du, zientzialariak aspalditik harritu izan dituena. Ikerketa berriak erakutsi zuenez, fitoplanktonetako batzuek barne mintz gehigarri bat dute, «protoi bonba» entzima bat daramana, karbono dioxidoa beste substantzia batzuk bihurtzeko duten gaitasuna indartzen duena. Badirudi proteina aldaketa horren ondoriozko hobekuntzek aireko oxigenoaren ia % 12 eta ozeanoan «finkatutako» (konposatu organikoetan blokeatutako) karbono guztiaren % 25 ekoizten laguntzen dutela.

Harrigarria bada ere, badirudi berrikuntza fotosintetiko horrek kasualitatez eboluzionatu duela, fitoplanktonaren arbasoak digestiorako erabiltzen zuen mintz proteina batetik abiatuta. Fotosintesian zelulen efizientzia azaltzeaz gain, lan berriari esker, baieztatu liteke fitoplankton hori protozoo baten eta alga gorri erresiliente baten arteko aliantza sinbiotiko batetik sortu zela.

«Harrigarria iruditzen zait duela hamarkada askotatik ezagutzen dugun protoi entzima bat Lurrean hain fenomeno erabakigarria mantentzearen erantzule izatea», dio Dennis Brown, Harvardeko Medikuntza Eskolako biologo zelularrak; mintz proteinen funtzioak aztertzen ditu, eta ez da azterlanean inplikatuta egon.

Ikertzaileek bazekiten fitoplankton mota jakin batzuk (diatomeoak, dinoflagelatuak eta kokolitoforoak) beren gaitasun fotosintetiko bikainengatik nabarmentzen direla. Zelula horiek oso trebeak dira ingurunetik karbono dioxidoa xurgatzen eta kloroplastoetara bideratzen fotosintesirako, baina horretan hain onak izatearen arrazoi zehatzak ez zeuden oso argi. Hala ere, fitoplankton talde horien ezaugarri bereizgarri bakarra da beren kloroplastoen inguruan mintz gehigarri bat dutela.

Duela zazpi urte, Daniel Yee mikrobiologoa, azterlan berriaren lehen egilea, diatomeoak ikasten ari zen San Diegon, Kaliforniako Unibertsitateko Scripps Ozeanography Erakundean doktoretza egiteko. Haren aztergaia ez zen fotosintesia; ulertu nahi zuen diatomeoek barne azidotasuna nola erregulatzen zuten mantenugaiak biltegiratzen laguntzeko eta silize horma zelular erresistentea eraikitzeko. Baina behin eta berriz egiten zuen topo kloroplasto inguruko mintz gehigarriarekin.

Ikasi zuen mintz gehigarri hori digestio ekintza zahar baten hondar huts gisa hartzen zutela, oro har, ikertzaileek. Zientzialariek hipotesi hau planteatu zuten: duela 200 bat milioi urte, protozoo harrapari batek oturuntza bat egin nahi izan zuen alga fotosintetiko zelulabakar batekin. Protozooak alga erresilientea janari bakuolo izeneko mintzezko egitura batean bildu zuen digeritzeko, baina, arrazoi ezezagunengatik, digestioa ez zen gertatu. Horren ordez, alga bizirik atera, eta protozooaren lagun sinbiotiko bihurtu zen, eta haren fotosintesiaren fruituekin elikatzen zuen. Elkartze hori estuagoa egin zen belaunaldiz belaunaldi; bi batean erako organismo berriak eboluzionatu egin zuen, gaur egun ezagutzen ditugun diatomeoak bihurtzeraino. Baina janari bakuoloa izandako mintz geruza gehigarria ez zen desagertu.

1990eko hamarkadaren amaieran, zientzialari batzuek hipotesi hau planteatu zuten: litekeena zen janari bakuolo izandakoak artean mintzez gaindiko proteina bat izatea, protoi bonba deritzona. Protoi bonbak oso molekula moldakorrak dira, organismoetan hainbat zereginetan espezializatu daitezkeenak, digestiotik hasi eta odolaren azidotasuna erregulatu eta neuronei seinaleak bidaltzen laguntzeraino. Martin Tresguerres mikrobiologoak azaldu du; azterlan berriaren egilekide nagusia eta Yeeren tesiaren zuzendari izandakoa da UCSDn. Ugaztunetan, protoi bonben mota batek oso korrosiboak diren baldintza azidoak sor ditzake hezurren eremuetan, haien egitura mineralizatua deskonposatzeko eta denborarekin disolbatzeko.

Yee konturatu zen protoi bonbak berak ere laguntzen diela diatomeoei silizezko oskol erresistentea fabrikatzen. Baina protoi bonbaren aldakortasuna eta kloroplastoarekin duen zuzeneko lotura kontuan hartuta, konbentzituta zegoen zer edo zer gehiago egiten zuela.

Biologia molekularreko tekniken konbinazio bat erabiliz, Yeek eta bere taldea baieztatu zuten fitoplanktonaren kloroplastoaren inguruko mintz gehigarriak protoi bonba aktibo eta funtzional bat duela, VHA izenekoa, eta sarritan funtzio digestiboa betetzen duela janari bakuoloetan. Are gehiago, protoi bonba proteina fluoreszente batekin fusionatu zuten, denbora errealean funtzionatzen ikusi ahal izateko. Haien behaketek teoria endosinbiotikoa babestu zuten; hots, diatomeoek kloroplastoen inguruan mintz gehigarria eskuratu zuten modua.

Yeek, Tresguerresek eta euren lankideek, gainera, jakin nahi zuten protoi bonbak nola eragin ziezaiokeen kloroplastoaren jarduera fotosintetikoari. Hori jakiteko, farmako inhibitzaile bat erabili zuten, A konkanamizina, protoi bonbaren funtzionamendua gelditzeko; bitartean, fitoplanktonak zenbat karbono hartzen jarraitzen zuen kontrolatzen zuten, karbonatoak eratuz eta oxigenoa sortuz. Ikusi zutenez, protoi bonbaren inhibizioak nabarmen murriztu zuen bai karbono finkapena, baita zeluletako oxigeno ekoizpena ere.

Lan osagarriekin, ulertu zuten bonbak fotosintesia hobetzen zuela, karbonoa kloroplastoetatik hurbil kontzentratzen baitzuen. Bonbak protoiak transferitzen zituen zitoplasmatik mintz estraren eta kloroplastoaren arteko espaziora. Konpartimentu horretan azidotasuna handitzen zenez, karbono gehiago zabaltzen zen konpartimentuan (bikarbonato ioi gisa), hura neutralizatzeko. Entzimek bikarbonatoa berriz ere karbono dioxido bihurtzen zuten; kloroplastoaren karbonoa finkatzeko entzimetatik gertu zegoen orduan karbono dioxidoa, komeni zen bezala.

Diatomeoen banaketari buruzko estatistikak eta ozeano global osoan mintz gehigarria duen beste fitoplankton bat erabiliz, ikertzaileek ondorioztatu zuten VHA mintz proteinaren efizientzia handitzeak Lurreko oxigeno atmosferikoaren ia % 12 ordezkatzen duela. Urtero finkatutako karbono ozeaniko guztiaren % 7 eta % 25 arteko ekarpena ere egiten du. Alegia, gutxienez 3.500 milioi tona karbono, munduko abiazioak urtero igortzen duena baino ia lau aldiz gehiago. Ikertzaileen estimazioaren goi muturrean, VHA urtean 13.500 milioi tona karbono atxikitzearen erantzule izan liteke.

Zientzialariek, orain, faktore hori beste gogoeta batzuei gehitu diezaiekete, atmosferako karbono dioxidoak molekula organikoetan finkatzeko duen azkartasunean klima aldaketak dituen ondorioak zenbatestean, eta horrek zehazten du planetak zer abiaduratan jarraituko duen berotzen. Beste eztabaida batekin ere lotzen da: ea ozeanoaren azidotasunean gertatzen diren aldaketek karbonoa finkatzeko eta oxigenoa ekoizteko tasetan zuzenean eragingo ote duten. Yeek dioenez, zientzialariak pentsatzen has daitezke ea aurkitu berri den mekanismoan oinarritutako soluzio bioteknologikoek karbonoa bahitzeko prozesua hobetu dezaketen, klima aldaketa mugatzeko.

Yee doktoratu ondoko bekaduna da orain Grenobleko Ikerketa Zientifikoko Frantziako Zentro Nazionaleko Zelulen eta Landareen Fisiologiako Laborategian, eta harro dago bere taldeak mekanismo berri bat eskaini ahal izan duelako ikuspuntu ekologikotik hain garrantzitsua den izaki fotosintesia nola gertatzen den jakiteko.

“Baina, aldi berean, ohartzen gara”, dio, “zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakigula”.

Jatorrizko artikulua:

Saugat Bolakhe (2023). Microbes Gained Photosynthesis Superpowers From a ‘Proton Pump’, Quanta Magazine, 2023ko uztailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mikrobioek ahalmen fotosintetikoak eskuratu zituzten protoi bonba bati esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #450

Sun, 2023/09/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Psikologia

Ibane Aizpurua psikoneuroimmunologiako ikertzailea, eta tesia egiten dabil gai horren inguruan. Psikoneuroimmunologia da prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia. Aizpuruak zehazki bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu. Bere esanetan, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek osasunean duten pisua. Datuak Zientzia Kaieran: Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu”.

Klima-aldaketa

Apirilean ozeanoen batez besteko tenperaturaren errekor guztiak hautsi ziren AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) argitaratutako txosten baten arabera. Jon Saenz Agirre EHUko Fisika saileko irakasleak  ozeanoen eta atmosferaren arteko loturak ikertzen ditu, eta bere esanetan, ozeanoaren berotzearen erantzule nagusia karbono dioxidoa da. Karbono dioxidoak uhin-luzera luzeko energiaren fluxua handitzen du ozeanoan, ondorioz, energia gehiago hartzen du. Prozesu horrek itsas maila igotzea eragingo du, zabaltze prozesuaren eraginez eta baita izotza urtzearen eraginez. Informazio gehiago Berrian.

Teknologia

Hondakin plastikoak erabiliz xaboia egiteko metodoa garatu dute AEBtako Virginia Tech unibertsitatean. Zehazki, sulfaktanteak sintetizatzea lortu dute plastikoetatik eratorrita, eta azaldu dute substantzia horietatik xaboia, detergentea, eta balio handiko beste produktu batzuk ere lortu daitezkeela. Polietilenotik xaboia lortzeko prozesuan zehar, polietilenoa deskonposatu eta argizariak lortu dituzte. Ondoren, saponifikazioaren eta beste prozesu batzuen bidez, xaboia lortu dute emaitza modura. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Naturan aurki daitezkeen egiturak, matematikoki, modu jakin batean erlazionatutako zenbait kurbaren multzoak dira. Egitura horien adibide dira, esaterako, maskorrak. Maskorrak helize koniko batean zehar tamainaz handitzen doan kurba itxi eta leun bat marrazten lortzen diren gainazalak dira. Egitura hauek itsas hondoko presio altuak jasaten dituzte, eta baita olatuen talkak eta harraparitza ere. Dituzten propietateengatik interesgarria da naturako egitura hauek eta beste hainbat imitatzea. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara.

Osasuna

Magnetospirillum gryphiswaldense bakterioa eraldatu dute diagnostiko klinikoetan erabiltzeko. Bakterio hau ezaguna da magnetita-kristalak sintetizatzen dituelako, eta EHUren Magnetismoa eta Material Magnetikoak Taldeko ikertzaileek bakterio hau erabiltzea lortu dute, eremu magnetikoen bidez, tratatu beharreko lekura eramateko. Horretarako, bakterioa eraldatu dute haren hazkuntza-ingurunean elementu metalikoak  gehituta. Terbioa (Tb) eta gadolinioa (Gd) gehitu dizkiote, eta horrela, bakterioa fluoreszente eta kontraste bikoitzeko agente bihurtzea lortu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalen arrastoak aurkitu ditu San Adriango kobazuloan. Harrizko tresnak eta jandako animalien hezurrak topatu dituzte, eta horietan oinarrituta, arkeologoek ondorioztatu dute duela 40.000 urtekoak direla gutxienez, eta neandertalen presentzia baieztatzen dutela koba horretan. Neandertalen arrastoak aurkitu dituzten lekurik garaiena da. San Adriango kobazuloa Zegamako aldetik ixten duen harresi bat dago, eta estalita zegoen lurraren azpian. Hura garbituta ikusi zuten pentsatzen zutena baino altuagoa zela harresia, zazpi metrokoa. Bertan metatutako sedimentuak arakatuz egin dute aurkikuntza. Informazio gehiago Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian topatu daiteke.

Ingurumena

Ikerketa berri batek aztertu du zein arrazoik eragiten duten espezie jakin batzuek besteek baino arreta gehiago jasotzea. Hau ikertzeko, 3.007 espezie eukarioto hartu dituzte kontuan, ausaz hautatuak; tartean, animaliak, landareak eta onddoak. Eta begiratu dute zer erlazio dagoen interes sozialaren eta zientifikoaren artean, eta zenbaterainokoa den bakoitzari ematen zaion arreta zientifikoa. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Ziortza Guezuraga kazetariak urpean aurki daitezkeen armiarmen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Animalia horietako bat da Trechalea extensa armiarma tropikala. Zientzialariek ikusi dute armiarma horrek dituen ile moduko egitura lodietan aire-geruza bat sortzen duela, eta geruza horren bidez, gai da ur azpian arnasa hartzeko. Gainera, geruza horrek bero-galera handia eragozten du. Beste espezie  batek, Argyroneta aquatica aire-burbuila bat eraikitzen du urpeko landareetan eta bertatik hartzen du airea arnasa hartu ahal izateko.

Astronomia

Izar-mota berri bat aurkitu dute HD 45166 izar bitarraren azken behaketatik abiatuta. Ikertzaileek uste dute magnetarren jatorria izan daitekeela. Magnetarrak hildako izarrak dira, dentsitate oso handikoak, eta eremu magnetiko indartsukoak. Izar horien jatorria ez zegoen argi, baina aurkikuntza honek lagun dezake zalantza hori argitzen. Aipatutako izar bitar horren behaketatik ondorioztatu dute izarretako bat Wolf-Rayet motakoa dela; bi Eguzkik halako masa du, eta eremu magnetiko oso handia. Izar horren eboluzioaren simulazioa egin dute, eta litekeena da supernoba baten modura lehertu eta magnetar bilakatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Ikerketa berri batek gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu du. 140 herrialdetako biztanleekin egin dute azterketa, eta 2000 eta 2019 urteen artean aisi-denboraren eta lan-denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Ekintza guztiak hiru multzo handitan bildu dituzte, eta, era berean, 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lortutako emaitzen arabera, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu. Esnatuta gaudenean, berriz, gure burua zaintzeari eskaintzen diegu denbora gehien, hau da, giza adimenarentzat edota gorputzentzat emaitza zuzenak lortzeko jardueretan. Gainontzeko orduak mundua aldatzera, gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen ditugu. Datuak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #450 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #458

Sat, 2023/09/02 - 09:00


Zenbaterainoko harremana dago populazio bateko hizkuntzaren eta haren herentzia genetikoaren artean? Zure erantzuna edozein dela ere, norbait egongo da horren kontra. Baina, zer dio zientziak? Linguistic and genetic inheritance do not always match. Egilea: Juan F. Trillo.

Fotoi ilunak zokoratuak izaten ari dira. Existitzen badira, noski. Unprecedented sensitivity in an experimental setup for dark photons

El Niño fenomenoaren ondorioz, hainbat klima-aldagairen balio kritikoak gaindi daitezke, eta ezin da aurreikusi zer ondorio izango diren. What El Niño means for the world’s perilous climate tipping points, David Armstrong McKay.

Ez dakizula mekanismoa materia kondentsatuaren fisikaren eremurik hutsalenetako bati aplikatzen zaion, inork ez duelako esperimentalki lortu? Ez kezkatu, DIPCko jendea horretan dabil: Validity of the Kibble-Zurek mechanism for Ising domains

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #458 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu”

Fri, 2023/09/01 - 09:00

Miamin harrapatu dugu Ibane Aizpurua Pérez, han baitabil ikertzen. Aitortu duenez, asko eskertzen du hango eguraldia eta giroa, aukera ematen baitio paseatzeko eta bainu bat hartzeko, adibidez, unibertsitatetik atera ondoren.

Aizpurua tesia egiten ari da, eta psikoneuroimmunologian ikertzen duen lantalde batean egonaldia egitera joan zen Miamiko Unibertsitatera. Eta, kalean ez ezik, unibertsitatean ere oso gustura dabil. “Unibertsitateko giroa, profesionalki, lan-orduetan, erritmoetan eta abar, Euskal Herriakoaren antzekoa da. Hala ere, kulturalki, badaude aldeak. Esaterako, hemen ez dute etenik egiten bazkaltzeko edo kafea hartzeko, eta, beraz, lankideon artean, ez dira sortzen han izaten ditugun tarteak”.

Ibane AizpuruaIrudia: Ibane Aizpurua Pérez psikoneuroimmunologiako ikertzailea.

Eta zertan datza psikoneuroimmunologia? Horrela azaldu du Aizpuruak: “Prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia da”. Horren barruan, bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu Aizpuruak: “zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartze batek estresarekin erlazionatutako zenbait aldagai psikologiko eta biologikoetan duen efektua aztertzen dut”.

Haren esanean, orokorrean, ulertzen da estresak gure gorputzean eragin kaltegarria izan dezakeela. “Baina zein da estresa eta osasuna konektatzen dituen sistema? Badirudi immunitate-sistemak hor zeregin oso garrantzitsua jokatzen duela. Azken finean, prozesu psikologikoek eta gure defentsek elkarreragin sinbiotiko bat dute. Oso diziplina handia da, oso ahaltsua, eta diziplinartekotasun handia dago, eta ni pila bat kitzikatzen nau, eta pila bat gustatzen zait ikerketa-lerro hau”.

Miamiko egonaldian, zehazki, hango konderrian bularreko minbiziaren diagnostikoa jaso duten pazienteekin dabil ikertzen. “Gabezia sozio-ekonomikoak, estres-faktore gisa, pazienteen egokitzapen psikologikoan eta fisiologikoan duen eragina aztertzen dut, adibidez, kortisolaren neurketaren bidez (estresaren hormona). Eta ikusten ari gara, bularreko minbizia duten talde behartsuetan, zein diren esku-hartze psikologikoen aldagai onuragarriak”.

Aizpuruaren ustez, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek duten pisua, eta geroz eta ikerketa gehiago egiten ari dira ildo horretan.

Ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna, funtsezkoak

Aizpuruak gogora ekarri du nola sartu zen bera horretan: “[EHUko] Psikologia fakultateko Psikobiologia taldean ari naiz egiten tesia. Hasiera batean, psikologia ikasten hasi nintzenean, argi neukan prozesu psikologikoen eta osasunaren arteko lotura edo erlazioa interesatzen zitzaidan. Eta Psikobiologia taldeak hori zehazki aztertzeko aukera eman zidan“.

Orain, gizarte-laguntzek estresaren modulazioan, eta horrek alderdi psikosozialaren eta osasunaren arteko elkarrekintzan duen eragina ikertzen ari da. “Jakinda gizarte-laguntzak tresna bat direla, haien eragina ezagututa, ahalik eta onura handiena sortzera bidera daitezke. Eta horrekin prebenzio-lan nabarmena egin dezakegu, minbiziaren arloan edo beste hainbat arlotan”, azaldu du.

Osasun-sistemek, izan publikoak edo pribatuak, ez dituzte zerbitzu berdinak eskaintzen leku guztietan, baina, hori hala izanik ere, Aizpuruaren iritziz, galdera da zer egin dezaketen ikerketek ematen duten informazioarekin. “Adibidez, Miamiko konderrian, baldintza sozioekonomiko apalenak dituzten lekuetan, minbizia dutenen biziraupena txikiagoa dela ikusten ari dira lantaldeko ikertzaileak. Eta hori espero izatekoa zen. Baina orain arte ez zegoen enpirikoki frogatua. Orain hurrengo pausoa da zer egiten dugun informazio horrekin“.

Bukatzeko, Psikobiologia taldeko bere kideen babesa eta laguntza eskertu du, eta azpimarratu du tesia eta egonaldia egiteko funtsezkoak direla ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna. Dagoeneko, idazten ari da tesia, eta hilabete gutxi barru aurkeztuko du. Horren ondotik, ez du zalantzarik: ildo berean ikertzen jarraitu nahiko luke; hori da bere asmoa eta helburua.

Fitxa biografikoa:

Ibane Aizpurua Pérez Hernanin jaio zen, 1993an. Psikologiako gradua egin ondoren, Neurozientzietako masterra egin zuen, eta, jarraian, Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean tesia egiten hasi zen. Orain, horren barruan, egonaldia egiten ari da Miamiko Unibertsitatean, psikoneuroimmunologiaren arloan. Zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartzeek estresean, eta horrek osasunean duen eragina ikertzen ari da.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (5): triangelua

Wed, 2023/08/30 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bosgarren ariketa:

ABC triangelu aldeberdina da eta M, BC aldeko puntu bat. M puntutik BC aldearen zuzen perpendikularrak P puntuan ebakitzen du AC aldea eta Q puntuan AB aldearen luzapena. Izan bedi N, MQ zuzenkiaren erdiko puntua. Baldin PC = 2 cm eta BN = 7 cm badira, zenbat da BC aldearen luzera?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

triangelua(Argazkia: Karolina Grabowska – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (5): triangelua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Urpeko… armiarmak?

Mon, 2023/08/28 - 09:00

Eguraldiak lagunduta, urpekaritza egitera goaz gaur. Jantzi neoprenoa, hartu hornidura eta, uretako betaurrekoak ahaztu barik, urpera!

Normalean, gure kostaldean, txibiak, olagarroak, ikaraioak eta baita ataloak ere ikus ditzakegu urpean. Baina gu ez gatoz honetara. Armiarmak ikustera gatoz gu. Bai. Armiarmak. Urpean. Eta bai. Armiarmak. Pluralean. Batek baino gehiagok baitu urpean ibiltzeko gaitasuna. Ibili baino, igeri-edo.

armiarma1. irudia: armiarma batek baino gehiagok du urpean ibiltzeko gaitasuna. (Argazkia: Pixabay – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Armiarma lurtarrentzat urperatzeak kostu handia dakar: tenperatura-jaitsiera handia dago, jateko modurik ez da izaten, harrapari ugari dago… Eta, noski airerik ez dago. Eta armiarmek ez dute brankiarik. Urpean ibiltzeko, beraz, estrategia bereziak garatu behar izan dituzte. Gizakiok bezala.

Airezko neoprenoa sortzen dute batzuek…

Zer eta iletsua izatea baliatuta, batzuek. Trechalea extensa armiarma tropikala dugu protagonista istorio honetan. Zehazki, guretzat Tretxa izena izango duen indibiduoa, zientzialariek indibiduo batean baino ez baitute ikusi jokabide hau.

Tretxa gaixoa traumatizatuta lortu dute zientzialariek esklusiba, paparazzi okerrenen modura. Kontua da gure Tretxa lasai asko zegoela errekatxo baten ondoan zegoen harkaitz batean, bere jaioterria den Costa Rican. Zientzialariak heldu ziren orduan, dena aztertzeko duten grinarekin eta Tretxa harrapatzen saiatu ziren.

Normala den moduan, gure Tretxa ikaratu egin zen eta ihesari ekin zion. Nora eta ur azpira. Di-da batean ur azpian 25 zentimetro ingurura zegoen harri baten azpian ezkutatu zen. Zenbat denbora eman zuela uste duzue? Minutu bat? Bost minutu? Hamar? Ezta hurrik eman ere. 32 minutu egon zen gure Tretxa ur azpian bizitza salbatu nahian.

Baina airea behar eta uretatik atera behar izan zen. Finago ibili ziren zientzialariak orduan eta gure Tretxa gaixoa harrapatzea lortu zuten. Abentura osoa, dena den, bideoan grabatu zuten eta zenbait argazki ere atera zituzten.

Material horri esker armiarmaren murgilaldia analizatu ahal izan dute zientzialariek. Egin dituzten behaketen arabera, dituen ile lodiei zor die Trexak urpean egoteko duen gaitasuna. Bai, bai. Gorputzean dituen ileei esker. Depilazioa planteatu ere ez, gure Tretxak.

Ile hauek, egia esan, ez dira ileak. Ile moduko egiturak dira, gorputzean zehar banatuta dituenak. Egitura horiek egiten dutena zera da: aire-geruza bat harrapatzen dute armiarmaren inguruan, gorputz osoan neoprenoa jantziko balu bezala.

Ikertzaileen ikuspegia zuzena bada, armiarma ez da bustiko eta bero galera handia eragotziko du horrela. Honetaz gain, zientzialarien ustez, armiarmaren arnas-aparatua airez inguratuta (eta, beraz, uretatik babestuta) geratuko litzateke.

Ez hori bakarrik, armiarmen metabolismo tasa baxua kontuan izanda, posible litzateke aire geruzak ahalbidetzea urpean dagoen bitartean oxigenoa kontsumitzea. Are gehiago, urpean tenperatura baxuagoa denez gero, armiarmaren metabolismoa ere motelduko litzateke eta, ondorioz, oxigeno-beharrak are gehiago murriztuko lirateke. Ondorioa badakizue: ordu erdi urpean inongo hornidurarik gabe.

Eta hori guztia depilatzen ez dituen ileek duten fobiari esker; hidrofobiari esker, hain justu.

Eskafandristak dira besteak

Tretxa ez bezala, gurekin batera prestatu behar da Argyroneta aquatica armiarma urperatu baino lehen. Izan ere, armiarma hauek ere “eskafandrak” erabiltzen dituzte. Ez gizakionak bezalakoak, baina. Are bereziagoak eta ikusgarriagoak, baizik.

armiarma2. iruda: Argyroneta aquatica bere brankia fisikoarekin. (A) Eskafandratik urrun dagoen armiarma baten sabeleko ile hidrofoboei itsatsitako airea. (B) Urpean igeri egiteko kanpai txiki bat, amaraun ikusezin batek eutsia, sabelaldea bakarrik onartzeko bezain handia. (C) Burbuila handi bat, azalean harrapatua eta sabelak eta atzeko hankek eutsia, urpean igeri egiteko kanpairaino garraiatzen da. (D) Eme bat urpean igeri egiteko kanpaian, kupularen azpian, bolumenaren eta gainazalaren alboko luzapena erakutsiz. (Iturria: Seymour, L. et. al.)

Kontua da Argik, gure protagonista kasu honetan, ur-burbuila bat eraikitzen duela urpeko landareetan. Bai. Irakurri duzuen moduan. Ingeniari fin-fina dugu Argi eta bere zetazko haria baliatuta kanpaia formako egitura eraikitzen du.

Sare moduko egitura baliatuta kupula-formadun egitura eraikitzen du ur-landareari itsatsita, beraz. Eta, gainera, kupulatik ur-azalera doazen filamentuak ere eraikitzen ditu. Orduan kupula airez betetzen du. Benetan. Eta ipurdiarekin egiten du gainera. Ez nabil ezer asmatzen, serio eta benetan ari naiz.

Argik, Tretxak bezala, ile hidrofobikoak ditu abdomenean. Beraz, ur-azalera irtetean, beno, irten baino, ipurdia ateratzen duenean, airea harrapatuta geratzen da, Tretxaren kasuan bezala. Kasu honetan, baina, ur burbuila sortzen da abdomen aldean eta hankekin eusten dio burbuilari.

Ur-azaletik kupulara doazen filamentuak baliatzen ditu berriro ere ur azpira joateko, airea dela eta, flotagarritasuna handitzen baita. Eta behin kupulan, aire-burbuila bertan askatzen du. Et voilà! Airez betetako eskafandra.

Armiarma mota hau ezagutu zenean, egunean hainbat aldiz azalera aire bila atera behar zela uste zuten zientzialariek. Izan ere, bizitza osoa ematen baitu ur azpian. Hasiera bateko kalkuluen arabera, hogei minutuan behin-edo irteten zela uste zen. Baina sorpresa hartu dute, ikusi baitute ipurdia uretik egunean behin baino ez duela atera behar. Trukoa du, baina: oso aktibitate baxua baldin badu eman dezake hainbeste denbora azaleratu barik. Edozein kasutan, honekin batera zera aurkitu dute: kupulak eta sareak arrainen brankiek duten mekanismo bertsua dutela. Pentsa zer nolako azpiegitura, ingeniari zibilen inbidia hemendik ikus daiteke.

Pentsa liteke, Tretxa bezala, armiarma exotikoa edo tropikala dela Argi. Baina ez da, Europan eta Asian bizi da. Eta gure Tretxa ihesean urperatu bazen, Argik bizitza osoa ematen du ur azpian. Izatez, urpean bizitza osoa ematen duen armiarma bakarra da, dakigunez.

Hortaz, albiste txarra armiarmak gustuko ez badituzue, urpean ere ez zaudete salbu.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Swierk, Lindsey; Petrula, Macy; eta Esquete, Patricia (2022). Diving behavior in a Neotropical spider (Trechalea extensa) as a potential antipredator tactic. Ethology, 128, 508–512. DOI:  10.1111/eth.13281
  • Seymour, Roger S. eta Hetz, Stefan K. (2011). The diving bell and the spider: the physical gill of Argyroneta aquatica. The Journal of Experimental Biology, 214, 13, 2175–2181. DOI: 10.1242/jeb.056093
Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko abuztuan, 242. zenbakian.

The post Urpeko… armiarmak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

2D:4D indizea: jaio aurreko hormona sexualen erakusle

Fri, 2023/08/25 - 09:00

Azken urteetan aurrerapen teknologikoei esker, prozesu biologikoek eta biokimikoek animalien eta gizakion portaeran eta garapenean izan ditzaketen efektuak ikertu dira (Mikac et al., 2016). Hormonak, gorputzeko oreka eta metabolismoko funtzio anitz kontrolatzeaz arduratzen diren molekulak dira.

Funtzio nagusi horietaz gain, nerbio-sistemaren garapenean, garuneko funtzionamenduan ere eragina izan dezakete. Hortaz, hormonek garuneko egitura horietan oinarritzen diren funtzio kognitibo eta jokabideetan ondorioak gauzatu ditzakete, batez ere gizabanakoaren garapeneko bi momentutan: jaio aurreko garaian eta pubertaro garaian (Sisk & Zehr., 2005; Sisk., 2016).

Pubertaro garaiko hormona mailak modu ez inbaditzailean neurtu daitezke, esaterako listu edo ile laginak erabiliz. Jaio aurreko hormona mailak zuzenean neurtzea inbaditzaileak, ordea, garestiak eta etikoki mugak dituzten metodoak erabiltzea eskatzen du (Lutchmaya et al., 2004; Manning et al., 2014). Oztopo hauek gainditze aldera, jaio aurreko sexu-hormona mailak ezagutzeko, biomarkatzaile ez-inbaditzaile, ekonomiko eta eskuragarri baten erabilera proposatu zen: 2D:4D indizea (Manning et al., 2014).

4D indizeaIrudia: bigarren hatza laugarren hatza baino laburragoa duen eskua, 2D:4D indize bazua ematen. (Argazkia: Hand zur Abmessung – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Indize hau bigarren eta laugarren hatzetako luzera neurtzean oinarritzen da, zehazki, bigarren hatzaren luzera-balioa laugarren hatzaren luzeraren balioagatik zatitzean (Lutchmaya et al., 2004; Trivers et al., 2006; Hönekopp et al., 2007). 2D:4D indizearen eta jaio aurreko hormonen arteko loturari dagokionez, ikertzaileek ondorioztatu dute indize baxuak jaio aurreko testosterona maila altuekin eta estradiol maila baxuekin erlazionatzen direla. Gizakietan egin diren ikerketa gehienek erakutsi dute jaio aurreko androgeno eta estrogeno mailek korrelazioa dutela 2D:4D indizearekin, nahiz eta lotura honetan eragiten duten mekanismoak oraindik ezezagunak izan.

Indize hau neurtzeko metodo zuzenak (kalibrea edo erregela erabiliz) eta zeharkakoak (eskaneatutako irudiak, fotokopiak, kamera digitalen irudiak edo X izpiak) erabili izan ohi dira. Metodo zuzena hatzak kalibre edo erregela baten bitartez neurtzean da. Zeharkako metodoan, aldiz, eskuaren irudia gailu desberdinen bitartez lortzen da (eskaneatuta, fotokopiatuta, kamera digitalak edo X izpiak erabiliz) eta, ondoren, irudi horietan egiten da hatzen neurketa, kalibrea, erregela edo software espezifikoak erabiliz (Allaway et al., 20009).

Metodoen fidagarritasunari dagokionez, zeharkako metodoak fidagarriagoak direla ikusi da eta hauen artean, egokiena irudiak fotokopia bidez lortzea dela ikusi da. Behin irudiak lortuta, 2D:4D indizea kalkulatzeko, neurketak egiteko prozedurarik fidagarriena ordenagailuko programak erabiltzea dela ikusi zuen ikerketa batek (Allaway et al. 2009). Hala ere, oraindik eztabaida handia dago komunitate zientifikoan 2D:4D indizeak kalkulatzeko erabili beharreko metodoen eta hauen fidagarritasunaren inguruan.

2D:4D indizeak duen erabilgarritasuna kontutan hartuta, gai honi buruzko ikerketa gehiago egitea interesgarria izan daiteke, urria baita metodoen fidagarritasuna eta hauen arteko desberdintasunak ikertzen dituzten lanak. Gai honetan ebidentzia berriak lortzea protokolo estandarizatu bat sortzen lagundu dezake, eta, horrela, murriztu egingo litzateke 2D:4D indizearen neurketetako aldakortasuna.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: 2D:4D indizearen zeharkako neurketa: software bidezko irudien analisiaren behatzaile arteko/barneko fidagarritasuna
  • Laburpena: Sexu hormonek eragina dute garunaren garapenean, egituretan eta funtzionamenduan, eta, ondorioz, gizakion jokaeran. Haurdunaldiko hormona-esposizio mailen adierazle bat da 2D:4D indizea. Indize honen fidagarritasunaren inguruko ikerketek erakutsi dutenez, 2D:4D indizea neurtzeko metodo fidagarria da ordenagailuko irudien analisirako programak erabiltzea. Hau horrela izanik ere, ez dago adostasunik erabili beharreko programa egokienaren inguruan. Lan honen helburuak bi dira: 2D:4D ratioa neurtzeko erabili diren bi softwareen fidagarritasuna aztertzea (behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasunari erreparatuz) eta neurketen ekonomia ezagutzea. Horretarako, 11 urteko 180 parte-hartzaileren eskuetako eskanerrak jaso ziren. Neurketak irudien analisirako ordenagailuko bi programa erabiliz egin ziren (GIMP eta AutoMetrik). Emaitzek erakutsi dute, nahiz eta AutoMetrik programa bizkorragoa izan, GIMP programak behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasun altuagoa erakusten duela. Ondorio gisa esan daiteke 2D:4D indizearen neurketak egiteko irudien analisia erabiltzen duten metodoen desberdintasunak ikertzen dituzten lan gutxi daudenez, ikerketa gehiago egin beharko liratekeela gai honen inguruan.
  • Egileak: Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 209-220
  • DOI: 10.1387/ekaia.22912
Egileez:

Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea UPV/EHUko eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak dira.

Jesus Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Epidemiologia eta Osasun Publikorako biomedikuntza ikerketarako zentroen sareko (CIBERESP) ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post 2D:4D indizea: jaio aurreko hormona sexualen erakusle appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (4): pistaren luzeera

Wed, 2023/08/23 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure laugarren ariketa:

Maren eta Miren pista zirkular batean korrika hasi dira, bakoitza diametro baten mutur batean. Abiadura konstantea mantentzen dute, nork berea, eta elkarren kontrako noranzkoan doaz. Lehen aldiz gurutzatzen direnean, Marenek 100 metro egin ditu. Une horretatik aurrera, Mirenek 150 metro egin dituenean gurutzatu dira berriro. Zein da pistaren luzera?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

pistaren(Argazkia: Mateusz Dach – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (4): pistaren luzeera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages