Asteon zientzia begi-bistan #186
Ezaguna zen Mexikon uraren azpian leize handi askoak zeudela. Izan ere, azken glaziazioaren ondorioz uholdeek kobazulo asko urperatu zituzten. Azken urteotan hainbat antzeman dituzte zientzialariek eta asteon Sustatun azaldu digute urpeko kobazulo sistema handiena aurkitu dutela Yucatanen. 347 km-ko luzera du sistemak eta biodibertsitate aberatseko ingurunea omen da.
AstronomiaAsteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren lehen aldia da. Orain lortu dituzte emaitzak baina meteorito horiek 1998an erori ziren: bata Texasen eta bestea, Marokon. Erori eta bi urte geroago hasi ziren lehen emaitzak agertzen. Orain informazio berria erantsi diote horri. Karbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela. Esan dutenez, Meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke.
Genetika
AKT1 du izena eta gene bat da. Historian zehar asko ikertu da gene hau, izan ere ikertuenen artean 10. postua dauka. Koldo Garcia genetistak hurbiltzen digu gene honen ezaugarriak Edonola blogean. 14. kromosoman kokatuta dago AKT1 eta Cowden eta Proteus sindromeekin, eskizofreniarekin eta minbizi mota batzuekin lotua izan da. Honez gain, aipatzekoa da gene honen zeregina ez dela nolanahikoa, zelulen biziraupena, tumoreen eraketan eta glukosaren aurreko erantzunean zerikusia baitu berorrek. Xehetasun guztiak Generik ikertuenak: AKT1 artikuluan.
Klima-aldaketaAzken hiru urteak neurtu diren beroenak dira Munduko Meteorologia Erakundeak aditzera eman duenez. 2017ko munduaren batez besteko tenperatura 14,3 gradukoa izan zen, hau da, 1981etik 2010era bitarteko aldiko epeko batez besteko tenperatura baino 0,46 gradu beroagoa.
MedikuntzaEHUko ikerketa batek frogatu du faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoa parkinsonaren sintomak arintzeko eraginkorra dela. Parkinsonaren eredu batekin egin dute lan, zehazki, bi faktore aplikatu dituzte eta frogatu dute bi horiek emanez gero, neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murrizteaz gain, zelula berriak sortzea eta bereiztea bultzatzen dutela.
Zientzia Kaierak eman du honen berri ere. Testuan azaltzen den moduan, eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Faktore horiek parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.
Nazioarteko ikerketa batek lipidoen sintesian parte hartzen duen entzima bat identifikatu berri du. Badirudi, hori inhibituz gero, saguetan prostatako minbiziaren metastasia geldiarazten duela. Horrek agerian utzi du lipidoak minbizi-zelulen hazkuntzan eta metastasian inplikatuta daudela. Arkaitz Carracedo Pérez CIC bioGUNEko ikertzaileak parte hartu du ikerketa horretan. Bere iritziz, minbizi-zelulen elikadura bere osotasunean ulertzeko aurrerapauso bat izango da.
Geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela, hala nola minbiziak sendatzeko, epilepsia tratatzeko… Kannabis landarea oso konplexua da: 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Egindako lan honek etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman ditu.
Kimika“Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?” galderarekin abiatu du artikulua Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an nekazaritza sistema ugari aztertu ostean, ikerketa bat publikatu zuten eta eztabaida sortu du bi sistema horien artean. Zein da modurik onena, orduan? Lopez-Gazpiok hiru ondorio atera ditu ikertzaileek argitaratutako txostenetik: lehenik, eta datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, dio, ulertu behar dela zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Azkenik, kimikariak dio “askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. ”.
EkologiaAfrikako gatazka armatuek eremu babestuetako belarjaleetan izan duten eragina zenbatu dute zientzialariek. Joshua Daskin eta Robert Pringle ikertzaileek 253 populazio aztertu dituzte eta 1946. eta 2010. urteen artean jasotako datuak baliatu dituzte. Joshua Daskin ekologoa baikor agertu da eta Mozambikeko Gorongosa parkean gertatutakoa izan du oinarri Berrian emandako azalpenean: “1977 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean, ugaztun handien %90 hil zituzten, baina fauna horren populazioa gerra aurretik zegoen egoeraren %80ra iritsi da orain. Naturari aukera eman zaio bere bidea egin dezan”. Beste zientzialari batzuk ez dira hain itxaropentsu agertu. Ez galdu artikulu interesgarri hau!
Emakumeak zientzianTu Youyou doktorea malariaren aurkako terapia bat aurkitu zuen medikuntza eta ohiko medikuntza txinatarra uztartuz. Artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel Saria orain dela hiru urte. 60 hamarkadan, Txinak abian jarri zuen proiektu sekretu batean (Project 523) parte hartu zuen. Ikerketak bi metodologia jarraitu zituen: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak. Bigarren talde horretan zegoen Youyou. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua landarea izan zen, malariaren kontrako terapiaren oinarri.
MikrobiologiaKosmetikaren arloan oso ezaguna egin da botoxa. Botulismo-toxina da eta Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute. Zimurrak kentzeko hori erabiltzen dute baina aurretik gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna. Testuan azaltzen diguten moduan, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten du botulismo-toxinak. Motoneuronak (nerbio-zelula) egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina eta neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulu-paralisia sortzen du.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #186 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #199
Erantzun inmunearen osagaiak ditu asmak, baita neurologikoarenak ere. Asmari aurre egiteko modu berrria dakar Sergio Laínezek Nociceptor inhibition as a new therapeutic approach for asthma.
Izaera sozial edo ekonomikoa duten programa pilotuak ezin dira automatikoki eskalatu. Adibide bikaina dakar José Luis Ferreirak How to scale up a pilot program.
Zer demontre da fonoi bat? DIPC-k azaltzen digu What the heck is a phonon?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #199 appeared first on Zientzia Kaiera.
Tu Youyou (1930): Sendabelarrek badute lekua medikuntzan
Aski ezaguna zaigu gaixotasun infekzioso honen izena; ikusi moduan, Plasmodium generoko parasitoek eragiten duten gaitza da. Ezezagunagoa zaigu, baina, haren aurkako terapiaren jatorria. Horren atzean dago Tu Youyou doktore txinatarraren lana. Malariaren (Plasmodium falciparum) aurka jokatzen duen artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel saria orain dela hiru urte (William Campbell eta Satoshi Omurarekin elkarbanatu zuen). Haren irudiko, gaixotasun ugari senda zitezkeen sendabelarrak erabiliz, landare horien printzipio aktiboa lortuta, gaitza geldiaraztea posible eginez. Milioika pertsona salbatu zituen terapia horrek XX. mendean.
Vietnamgo Gerran, 60 hamarkadan, Txinak proiektu sekretu bat (Project 523) jarri zuen abian, Mao Zeodeng-ek gidatu zuena. Vietnamek laguntza eskatu zion Txinari, ez AEBen kontrako gerran laguntzeko, baizik eta malariak sortutako sarraskia gelditzeko. Gaitz horren aurkako terapia baten bila abiatu ziren ikusita Plasmodium anduiak ezin zirela errotik kendu. 60 ikerketa-zentro baino gehiagok parte hartu zuten programa horretan eta bi metodologia ezberdin jarraitu zituzten: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak.
Bigarren talde horretan zegoen Youyou doktorea; bera zentroko zuzendari izan zena. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua izan zen. Arratoietan frogatu ondoren, emaitza kontraesankorrak erdietsi zituzten; batzuetan ikusten zuten inhibitzaile gisa funtzionatzen zuela baina besteetan, kontrakoa gertatzen zen. Youyou doktoreak lortu zuen arazo hori argitzea. Nola? IV. mendeko errezeta-liburu batean ikusi zuen hotzean egin behar zirela erauzketak. Izan ere, tenperatura beroarekin osagai aktiboa ezabatzen zuten nahi gabe erauzketa egiterako garaian. Txinan egin ziren lehenengo entsegu klinikoek arrakasta handia izan zuten. Era berean, lortu zuten proiektu honen bitartez produktu natural horren egitura kimikoa azaltzea, iraganean erabilitako gainontzeko antipaludikoekin konparatuz, itxuraz oso desberdina zena.
Guda amaituta, Youyouren aurkikuntza ez zen ezagutzera eman. Soldadu eta oro har, zibil asko salbatu zituen arren, farmazia-industriak ez zuen asmorik agertu hori merkaturatzeko. Dena dela, hamar urte igaro ondoren, 1977an hain zuzen, artemisininaren aurkikuntza publikatu zuten. Mundu mailan ezaguna egin zen terapia berri hori eta modu berean, Tu Youyouren izena entzuten hasi zen.
Youyou medikuari buruzNingbón jaio zen 1930ean. Pekineko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan hasi zen ikasten 1951n. 1955ean ikasketak amaitu ondoren, bi urte igaro zituen Txinako Medikuntza tradizionala ikasten. Eskistosomiasiaren (zizare parasitoek sortzen duten gaixotasuna) inguruko ikerketak burutu zituen lehenik, une horretan, oso zabalduta baitzegoen Txinan. Nobel sariaz gain, 2001etik aurrera doktoretza egiten ari ziren ikasleen kontseilari akademiko gisa aritu zen eta geroago, zuzendari bihurtu zen Txinako Medikuntza Akademian. 2011.urtean, Albert Lasker Saria jaso zuen Medikuntza kliniko ikerketak gauzatzeagatik.
Iturriak:
- Cell: Artemisinin: Discovery from the Chinese Herbal Garden
- CNN:Ganadora del Premio Nobel de medicina exploró textos antiguos para encontrar la cura de la malaria
- El País: El Nobel de Medicina premia terapias contra la malaria y otros parásitos
- Jotdown: Artemisa, el inesperado regalo de Mao
- La ciencia de la Mula Francis: Premio de medicina de 2015: Campbell, Omura y Tu por ayudar a la salud de los paíse pobres
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Tu Youyou (1930): Sendabelarrek badute lekua medikuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.
Kannabisa: ageriko altxor ezkutua
Bestalde, oraindik guztiz frogatuta egon ez arren, geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela; hala nola, hainbat minbizi sendatzeko, epilepsia tratatzeko, eta alzheimerrari, Hungtintonen gaixotasunari, diabetes kasuei zein Touretten sindromeari aurre egiteko.
Kannabis landarea ez da batere sinplea ordea. 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Hortaz gain, euren artean eragin sinergikoa gertatzen da; esaterako, jakina da kannabidiolak (CBD cannabidiol) tetrahidrokannabinolaren (THC tetrahydrocannabinol) eragin euforikoa modulatzen duela. Hori gutxi ez, eta terpenoek, lurrinaren erantzule izateaz gain, hainbat efektu terapeutiko dituzte eta kannabinoideekin sinergian joka dezakete.
Lan honetan, etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Horretarako, 6 kannabinoide nagusi kuantifikatu eta beste 7 identifikatu eta kualitatiboki aztertzeko metodo analitikoa garatu da. Identifikatutako 7 kannabinoide horiek berresteko konposatuen identifikazio zehatzagoa eskaintzen duen hegaldi-denbora bati akoplatutako kuadrupolo (Q-ToF quadrupole-time off light) bat erabili da. Teknika horrek konposatuen masa zehaztasun handiz determinatzea ahalbidetzen du, eta, modu horretan, bere formula molekularra zein den ezagut daiteke. Formula molekularra ezagututa, masa-espektroa aztertu eta bibliografiara jo da 7 kannabinoide ezezagun horiek identifikatzeko. Garatutako metodoa 30 lagin ezberdini aplikatu zaie, eta kanpoan hazitako eta barnean hazitako landareen hatz-marken artean ageriko ezberdintasunak ikusi dira. Modu honetan, garatutako metodoa landare ezberdinen kanabinoide profila osatzeko baliagarria dela frogatu da.
Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Horretarako, ama-landare ezberdinen 50 klon landatu dira eta barnean hazi dira hiru fase ezberdinetan. Astero landare bakoitzetik 3 klon moztu eta analizatu dira, 8 kannabinoide diodo-segiden detektoreari (DAD Diode Array Detector) akoplaturiko HPLC bidez eta 28 terpeno garraren bidezko ionizazio-detektagailuari loturiko gas kromatografiaren bidez (GC-FID Gas Chromatography – Flame Ionization Detector). Bertan, kannabis landarearen 3 kimiotipo ezberdinen hazkuntza-prozesuetan zehar kannabinoide eta terpenoen kontzentrazio maximoak noiz aurkitzen diren ezartzeaz gain, kimiotipo bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren ikusi da. Ezaugarritze hori kannabinoideen eta terpenoen arteko sinergiak aztertzea helburu duten ikerketetarako lagungarria izan daiteke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Kannabisa: ageriko altxor ezkutua.
- Laburpena: Etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira lan honetan. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Bertan, konposatu garrantzitsuenen kontzentrazio maximoak noiz agertzen diren ikusteaz gain, landare-mota bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren aurkitu da.
- Egileak: Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 7-18
- DOI: 10.1387/ekaia.15800
—————————————————–
Egileez:
Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga UPV/EHUko Kimika Anialitikoa Sailekoak (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Kannabisa: ageriko altxor ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.
Botox eta beste
———————————————————————————————————–
Botox, toxina baten merkatu-izena da, botulismo-toxinarena hain justu. Aspalditik erabiltzen da botika gisa, gaixotasun muskular batzuk ―distonia fokalak, esaterako― tratatzeko; hau da, muskulu bakar bat edo muskulu multzo baten distoniari tratamendua emateko behar denean erabiltzen da. Azken urteotan, baina, oso ezaguna egin da kosmetikaren arloan.Izan ere, zimurrak kentzeko oso erabilia da; zimurrak ez dira betiko kentzen, baina, 3-6 hilabeteko eragin-epea baitu. Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute botulismo-toxina, eta osasun- eta estetika-arloan erabiltzen hasi arte, batez ere gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna.
Botulismo izena, botulus (= saltxitxa) latinezko hitzetik dator. Izan ere, botulismo-toxinari saltxitxa-pozoia izena eman zitzaion duela bi mende lehendabizi deskribatu zenean, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik. Lehen esan bezala, Clostridium generoko bakterioek sortzen dute, eta, bakterio horiek direla eta, ez dira gutxi izan etxean prestaturiko kontserbak jateagatik gertatu diren pozoitzeak. Merkatuko kontserbetan erabiltzen diren esterilizazio- eta asepsia-prozedurei esker ez da arriskurik egoten.
Ikus dezakegunez, beraz, toxina horrek bi aurpegi ditu: batetik, pozoi bat da eta pozoi hilgarria gainera, eta, bestetik, botika gisa erabil daiteke. Bada, bi eraginek, hilgarriak eta sendagarriak, oinarri bera dute, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten baitu botulismo-toxinak.
Bi zelula kitzikagarriren arteko lotura funtzionalak dira sinapsiak, eta zelula batetik besterako seinale elektrikoa bidaltzea ahalbidetzen dute, gehienetan bitartekari modura molekula kimiko bat erabiliaz. Mezulari kimikoak bere lana modu egokian egiten ez badu, nerbio-sistemaren komunikazio-prozesua eten egiten da eta, beraz, bertan behera gelditzen da bere koordinaziorako eta integraziorako ahalmena. Sinapsi neuromuskularra da hobekien ezagutzen direnetako bat. Motoneurona (nerbio-zelula) baten eta zelula muskularraren arteko lotura da sinapsi mota hori eta azetilkolina da horretan jarduten duen neurotransmisorea. Hortaz, azetilkolinaren lana kaltetzea izaten da zenbait neurotoxinaren eragina.
Motoneuronak egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina. Jakina, neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulua ez da uzkurtzen, hau da, muskulu-paralisia sortzen du. Eta horixe da, hain zuzen ere, toxina botulinikoak pozoi gisa edo botika gisa jokatu ahal izatearen arrazoia.
Botulismo-toxina ez da Clostridium generoko espezieek ekoizten duten toxina bakarra, Clostridium tetani izeneko bakterioak toxina tetanikoa edo tetanospasmina sortzen baitu. Toxina botulinikoak bezala, honek ere oztopatzen du mezulari kimikoa jariatzea, interferentziak eragiten baititu neurotransmisorea gordetzen duten besikulen edukiaren askatze-prozesuan. Toxina botulinikoak sinapsi neuromuskular periferikoak deuseztatzen baditu, bizkar-muineko neurotransmisore inhibitzaileen askapena oztopatzen du pozoi tetanikoak. Eta, beraz, motoneuronak inhibitu ezin daitezkeenez, muskulu eskeletikoa hiperkitzikatu egiten da eta tetanikoki (etengabe) uzkurtu. Hori dela eta, tetanos izenez ezaguna dugun gaixotasun larria eragiten du.
Ikusi ditugun bi toxina horiek neurotransmisorearen jariatzea oztopatzen dute, baina aurkako eragina duen toxinarik ere bada. Hau da, zenbait toxinak kontrol gabeko jarioa eragiten dute eta horien artean sartzen da α-latrotoxina. Aurreko kasuetan ez bezala, α-latrotoxina ez du bakterio batek sortzen, alargun beltza armiarma emea da-eta pozoiaren ekoizlea. Toxina horren eragin-bidea ere oso desberdina da. Ikus dezagun. Kaltzio ioiak zeregin garrantzitsua du sinapsi kimikoetan. Nerbio-bulkada sinapsi aurreko terminalera heltzen denean, kaltzioa sartzen da neurona barrura, tentsio menpekoak diren kaltzio-kanalen bitartez. Izan ere, kaltzio hori da neurotransmisorearen askapena eta, beraz, zelulen arteko komunikazioa eragiten dituena. α-latrotoxinak, kaltzioaren menpekotasunetik askatzen du neurotransmisorearen jarioa eta, beraz, etengabea da, agortu arte. Horren ondorioz, pozoi honek ere muskuluen uzkurtze etengabea sortzen du.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Botox eta beste appeared first on Zientzia Kaiera.
Biziaren osagaiak, zerutik erorita
Seguruenez, zientziak eta gizateriak aurrean duten erronkarik zirraragarrienetakoarekin lan egiten dute Lurretik kanpo bizia ote dagoen aztertzen dutenek. Urratzeko duten bidea, ordea, ez da erraza. Milaka argi-urtez bidaiatu duten fotoiei etekina atera behar diete, espektrografiaren bitartez, bertan bizirako oinarri izan daitezkeen molekulen islak ote dauden igartzeko. Halere, horrek ez du ziurtatzen argiaren bitartez atzemandako molekula horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.
Astrobiologoek Lurrean bertan ikertzen dute ere, eta espazioan izan daitezkeen antzeko baldintzetan gure planetan biziak aurrera nola egiten duen aztertzen dute, batez ere, organismo extremofiloen bizimodua arakatuta. Halere, horrek ez du ziurtatzen organismo horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.
Alabaina, noizean behin, meteoritoetatik berri onak datoz. Horrek esan lezake nonbait, noizbait bizia egondakoa dela unibertsoan. Halere, horrek ez du ziurtatzen… bai, jakina. Astrobiologoek etengabeko zalantzarekin lan egin behar dute. Aparteko adierazpenek aparteko frogak behar dituzte, eta “apartekotasun” hori astrobiologia beraren jatorrian dago.
Itxaropenak pixkana pilatzen dira, ordea. Horren adibide da Science Advances aldizkarian plazaratutako ikerketa bat. Asteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren aurreneko aldia da.
Emaitza berriak orain atera badituzte ere, duela 20 urte aurkitu ziren meteorito horiek, bakoitza toki eta une desberdinean. “Monahans” izenekoa Texasen (AEB) erori zen, 1998ko martxoan. “Zag” deitutakoa, berriz, Marokon jaso zuten, urte bereko abuztuan.
Arroka puska horiek erori eta bi urtera izan ziren lehen ezustekoak. 2000ko ekainean Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian utzi zuen bi meteorito hauetan eguzki-sistema eratu zen garaiko ura zegoela. Ikerketa horretan bertan argudiatu zen bizia sortzeko baldintzak bazirela eguzki-sistema sortu eta gutxira. 17 urte geroago, meteorito horien analisiari esker, zientzialariek informazio berria eskuratu dute orain.
Denbora kapsulaKarbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan, eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Urarekin batera, bizia sortzeko beharrezkoak diren osagaietako batzuk, hain zuzen. Material organiko hori gatz kristalen barruan gordeta mantendu da. Ikerketa taldeko kide David Kilcoyne zientzialariak anbarean harrapatuta gelditzen diren intsektuekin alderatu du kontua. Kilcoyne Lawrence Berkeley (Kalifornia, AEB) laborategiko zientzialaria da. Bertan egin dituzte, hain zuzen ere, gatzen azterketa, X-izpiak erabilita.
Lortutako datuek ideia argi bat babesten dute: materia organiko hori ura egondako toki batean sortua dela. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela, eguzki-sistema eratu eta gutxira. Proposatu dutenez, meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke. Orain bi objektu horiek Marte eta Jupiterren artean dagoen asteroideen gerrikoan kokatuta daude. Gogoratu beharra dago, Nazioarteko Astronomia Batasunak duela hainbat urte finkatutako irizpideen berrien arabera, planeta nanoa dela Zeres; baina, funtsean, asteroide gerrikoaren objekturik handiena dela ere.
Antzinako eguzki-sisteman materialen garapena aztertzeko bidea emango duela uste dute zientzialariek. Zehazki, eta egileek babestu dutenez, gatz kristal hauek ikertzea lagungarria izan daiteke Europa edo Entzelado bezalako ilargietan izan zitezkeen hasierako prozesu biologikoak hobeto ezagutzeko. “Halitazko kristalek eta euren barruan dauden material organikoek eguzki-sistemaren hasierako materialen mugimenduari eta hasierako historiari begira dagoen leihoa” zabaltzen dutela azaldu dute ikerketa artikuluan.
Ikerketa hau, funtsean, panspermiaren hipotesi ezaguna babesteko beste argudio bat litzateke. Espaziora jaurtikitako arroka hauetan gorde litezke bizia garatzeko beharrezkoak diren hainbat konposatu. Bestalde, gatzen barruan egoteak espazioaren ingurune latzetik babesteko bidea emango lieke konposatuei.
Ikerketa artikuluan babestu dute izotz-sumendietan egon daitekeela abiapuntua: “Europa edo Entzelado bezalako ilargiak ulertzeko bidean, kriobolkanismoaren bitartez sortu diren eta gero espaziora jaurtikiak izan diren halita kristalak eredu bikainak dira objektu hauetan sor daitezkeen prozesu aurrebiotiko eta balizko prozesu biotikoak aztertzeko”.
Azpimarratu beharra dago konposatu horiek berez ez dutela ziurtatzen… bai, hala da. Ez dute ziurtatzen bizia garatu daitekeenik. Dena dela, eguzki-sistemaren hasiera nolakoa izan zen eta bizia sortzeko zer nolako aukerak zeuden igartzeko bide aproposa da. Eta, zergatik ez, gure eguzki-sisteman bertan bizia aurkitzeko ametsera ere hurbiltzen gaitu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Queenie et al. Organic matter in extraterrestrial water-bearing salt crystals. Science Advances 10 Jan 2018. Vol. 4, no. 1, eaao3521 DOI: 10.1126/sciadv.aao3521
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Biziaren osagaiak, zerutik erorita appeared first on Zientzia Kaiera.
Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?
Bada, eztabaida horren aurrean, Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an ikerketa mamitsu baten ondorioen berri eman zuten, urtetan zehar 742 nekazaritza sistema aztertu ondoren. Gaian sartu aurretik, komeni da definitzea zer den nekazaritza ekologikoa eta zer nekazaritza konbentzionala; izan ere, herrialde bakoitzean arau desberdinak daude bereizketa hori egiteko. Oro har, nekazaritza ekologiko moduan ulertu behar da osagai sintetikorik ez dela erabiltzen edo, behintzat, araututako substantzia gutxi batzuk erabiltzen direla ekoizpenean. Jakina, horrek ez du esan nahi substantzia kimikoak erabiltzen ez direnik nekazaritza ekologikoan. Ikerketaren emaitzak nekazaritza mota bakoitzak ingurumenean duen eragina soilik aztertzen duenez, esan behar da osasunari dagokionez ez dagoela desberdintasun aipagarririk. Ez da frogatu produktu ekologikoek nutriente gehiago dituztenik edo osasunarentzat hobeak direnik. Hori bai, nekazaritza konbentzional bidez ekoiztutako produktuetan pestiziden kontzentrazio handiagoak aurkitu dira. Edozein kasutan, frogatuta dago pestizida kontzentrazio horiek ez dutela osasun kalterik eragiten, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako mugen azpitik egoten baitira elikagaietan.
Datuen garrantziaNekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko konparaketa egitean -eta, oro har, edozein konparaketa modu zientifikoan egin nahi denean-, kontuan izan behar da kasu isolatuek ez dutela ezer adierazten. Beti egongo dira kasu partikularrak edozer frogatzeko, baina, aipatutako ikerketaren garrantzia horretan datza: meta-analisiak nekazaritza sistema asko eta asko aztertu ditu, modu objektibo eta definituan, aurreiritzirik gabe.
Clark eta Tilmanek sei elikagai talde ikertu zituzten: frutak, zerealak, barazkiak, lekaleak, esnea eta arrautzak -bi horiek talde berean- eta haragia. Ingurumen eraginak ere honako talde hauetan sailkatu zituzten: negutegi efektuko gasen ekoizpena, lurraren erabilera, azidotzea, eutrofizazioa -gehiegizko ongarri erabilpenarekin lotua- eta energia erabilera. Gainera, ez zuten nekazaritza etapa bakarrik kontuan hartu, alegia, elikagaiaren bizi-ziklo osoa aztertu zuten ingurumen eraginak aztertzean. Esan bezala, guztira 6 elikagai talde eta 5 ingurumen eragin aztertu zituzten. 30 aukera horietatik, 3 kasutan nekazaritza ekologikoaren ingurumen eragina txikiagoa da, 14 kasutan nekazaritza konbentzionala da ingurumena gehien zaintzen duena eta beste 13 kasuetan bien eragina antzekoa da. Metodo organikoak hobeak diren kasuak hauek dira: frutak landatzean negutegi efektuko gasen ekoizpenean, eta zereal, arrautza eta esnearen ekoizpenean energia kontsumoaren kasuan.
Konbentzional-ekologiko eztabaidan, zenbait ondorioEsandakoaren ildotik, hiru puntu garrantzitsu hartu behar dira kontuan nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko eztabaidan. Lehenik eta behin, argi izan behar da ez dela zuzena pentsatzea elikagai organikoak izatez hobeak direla edo ingurumenarentzat hobea dela nekazaritza mota hori. Datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, nekazaritza intentsiboaren eta ekologikoaren arteko eztabaida oso polarizatuta badago ere, ulertu behar da zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Kasuak banan-banan aztertu behar dira, eta ezin da esan, ekologikoa edo konbentzionala, zein den bietan onena. Oro har, datuen arabera, frutak landatzeko bide organiko-ekologikoak hobeak dira eta gainontzekoen kasuan ¾zerealak, barazkiak, haragia, arrautzak eta esnea¾, aldiz, konbentzionala.
Azkenik, garrantzitsua da konturatzea konbentzional-ekologiko eztabaidan oinarrituta gure dietan aukeraketak egiten ditugunean, ahaztu egiten dela ingurumenean eragin handiena izango duten erabakiak aztertzea. Askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. Oro har, nekazaritza ekologikoan ekoiztutako produktu baten eta modu konbentzionalean ekoiztutako produktu beraren arteko ingurumen eraginaren desberdintasuna txikia izaten da -gehienez bikoitza izaten da, kasurik argienetan-. Alabaina, proteinak haragitik eskuratzearen eta laboreetatik eskuratzearen arteko ingurumen eragina ehun aldiz handiagoa da. Hortaz, zure txuletaren ondoan dauden patata frijituak ekologikoak diren ala ez pentsatzen denbora pasatzen duzun bitartean, ez duzu pentsatzen -agian, ez duzulako nahi- ingurumen eragin handiena txuletak berak duela.
Informazio osagarria:
- Is organic really better for the environment than conventional agriculture?, Hanna Ritchie, ourworldindata.org
- Comparative analysis of environmental impacts of agricultural production systems, agricultural input efficiency, and food choice, M. Clark and D. Tilman, Environmental Research Letters, 2017.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat? appeared first on Zientzia Kaiera.
On Zientzia: Gaztamania
Esnea eta gatzagitik abiatuta gazta egiteko prozesua azaltzen dute protagonistek, parte hartzen duten entzima eta proteinen funtzioak azalduta. Kimosina entzimaren eraginez kaseina proteina zelan prezipitatzen den, horrek zelan mamitzen duen esnea eta hortik aurrera gazta lortu arte jarraitu beharreko prozesua ikus daiteke bideo honetan.
Gaztaren atzean dagoen prozesu biokimikoa ikus daiteke Unamuno BHI-Gasteizeko 1.E-ko gelakideek egindako “Gaztamania” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VI. edizioan euskarazko epaimahaiaren azken errondaren parte izan zena.
—–—–
Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.
Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.
Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:
- Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
- Euskarazko bideo onena. 2000 €
- Dibulgazio bideorik onena. 3000 €
2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.
The post On Zientzia: Gaztamania appeared first on Zientzia Kaiera.
Efektu birsortzailea eta neurobabeslea parkinsonean
Bigarren patologia neurodegeneratibo arruntena da gaur egun parkinsona. Aurre egiteko terapiak ordezkapenean oinarritzen dira nagusiki eta arazoak dituzte epe luzera. Diagnostiko goiztiarra egitea eta terapia neurobabesleak eta neurobirsortzaileak sortzea, gaixotasunaren sintomak geldotzeko eta baita lehengoratzeko ere, da parkinsonaren erronka nagusia. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko LaNCE taldeak egin dituen lanetan bi faktore neurotrofikoren efektu birsortzailea eta neurobabeslea egiaztatu da, era konbinatuan aplikatzen direnean.
Garunaren substantzia beltzean neurona dopaminergikoak galtzen direnean sortzen da parkinsona mugimenduaren nahasmedua. Dopamina neurotransmisorea (nahi gabeko mugimenduen modulazioan eginkizun garrrantzitsua duena) sortzen duten nerbio zelulak dira neurona dopaminergikoak.
Eredu esperimentala eta bi faktoreParkinsonaren fase ezberdinak erreproduzitzeko aukera ematen duen eredu esperimentala erabili da ikerketan. Emaitzetan ikusi zenez, gaitzak eragindako aldaketak ez dira homogeneoak garunean kaltetutako eskualdeetan. Kaltea bat dator neurona dopaminergikoen eta haien terminalen banaketa anatomiko espezifikoarekin; zehazki, neurona dopaminergikoek osorik dirauten eremuekin konexio gehiago dituzten zonaldeetan kaltea txikiagoa da.
Eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Zelulen hazkundea, plastikotasuna eta biziraupena errazten duten eta neurona funtzioaren erregulazioan funtsezko eginkizuna duten proteinak dira erabilitako faktoreak.
Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Polimero biobateragarri eta biodegradagarria den azido (poli-laktiko-ko-glikolikoa), PLGA, mikroesferetan edo nanoesferetan sartu dira proteinak, pixkana-pixkana baina etenik gabe askatuak izan daitezen. Faktoreak era konbinatuan erabili dira, batera efektu sinergikorik ba ote duten aztertzeko.
Bai ereduaren fase goiztiarrean bai fase zorrotzean, emaitzak itxaropentsuak izan dira. Substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murriztu ez ezik, bultzada eman dio zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari VEGF eta GDNF faktoreen konbinazioak.
Efektu sinergiko eta neurobirsortzailea frogatzeko aztertutako bi faktore neurotrofikoen hartzaileak inhibitzen dituen molekula bat erabili da. Ondorioak are okerragoak izan dira sistema dopaminergikoan eta VEGF eta GDNF faktoreek Parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.
Faktoreak nanoesferen barruan kokatuta eta ereduak erreplikatutako gaixotasunaren fase goiztiarrean eman direnean lortu dira emaitzarik onenak. Diagnostiko goiztiarrak duen garrantzia eta nanoteknologiaren egokitasuna adierazten dute emaitza hauek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Bi proteinaren konbinazioak efektu birsortzailea eta neurobabeslea du Parkinson gaixotasunean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Lafuente JV, Requejo C, Carrasco A, Bengoetxea H. Nanoformulation: A Useful Therapeutic Strategy for Improving Neuroprotection and the Neurorestorative Potential in Experimental Models of Parkinson’s Disease. Int Rev Neurobiol; 137:99-122. DOI: 10.1016/bs.irn.2017.09.003.
The post Efektu birsortzailea eta neurobabeslea parkinsonean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #185
2069 urterako misio berezia jarri nahi du abian NASAk: Proxima Centauri sistemako planeta bat kolonizatzea. Gure Eguzki-Sistematik ez oso urrun dagoen Proxima Centauri sisteman bada Proxima B, Lurraren antzeko ezaugarriak dituen planeta. Gaztezulon azaltzen dutenez, egungo teknologiarekin ezinezkoa da bidaia egitea eta 2069an kokatzen dute ingeniariek bidaiaren bideragarritasuna eta, hartara, abian jarri du plana NASAk.
Breakthrough Starshot proiektua ekarri dute Naiara Barradok eta Itziar Garatek asteon Zientzia Kaierara. Lurra galdutzat eman eta beste planeta batera alde egin baino, are urrunago, izarretara joan beharko genukeela uste dutenak badira. Horixe du, hain justu, helburu Starshot proiektuak: izarretara Eguzki-Sistematik atera eta beste izar batera, Alpha Centaurira, joatea.
BiologiaBonba kimiko batekin babesten den kakalardoa ekarri dute aste honetan Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak Zientzia Kaierara. Zerbaitek, dela apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egiteko zorian duela antzematen duenean, esprai kimiko narritagarria jaurtitzen diote etsaiari kakalardoek. Ez hori bakarrik, jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa da, hainbat aldiz erabil dezakete eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezakete.
Norbera espazioan kokatzen duten neuronak zeintzuk diren identifikatuta zuten zientzialariek, orain arte, baina, ez da jakin zelan egiten zitzaien bestelako animaliei jarraipena. Elhuyar aldizkarian ikusi dugunez, espezie bereko beste animalien kokapena erregistratzen duten garuneko zelulak identifikatu dituzte saguzarrekin egindako esperimentuetan. Interakzio sozialetan, behaketa bidezko ikasketan edo taldean nabigatzeko gako izan daitezke identifikatutako neuronak.
Paradisuko hegaztien lumak duten kolore beltzaren atzean dagoen misterioa argitu dutela ikusi dugu Elhuyar aldizkarian. Luma superbeltzek (argiaren % 0,05 baino islatzen ez dutenak) ohiko luma beltzek baino egitura morfologiko konplexuagoa dute: zuntz bakunak eduki beharrean, zuntz adarkatuak eta bertikalki inklinatuak dituzte. Zientzialarien arabera, egitura horiei esker dute argi ikusgai gehiago xurgatzeko gaitasuna.
GenetikaZeintzuk dira gizakiotan gehien ikertutako geneak? 1980ko hamarkadaren hasieran HBB genea (hemoglobinaren zati bat kodetzen duen gene bat) zen ikerketa genetikoaren jaun eta jabe zen. Famak beherakada izan eta CD4 geneak hartu zion lekukoa. Honetaz guztiaz aritzeaz gain, Peter Kerpedjievek gizakiotan gehien ikertutako geneen zerrenda egin zuela kontatu digu Koldo Garciak Edonolan.
Ilustrazio zientifikoaGai konplexuak azaltzeko orduan, irudiek duten garrantziaz, eta ez soilik zientzia dibulgazioa egiteko, aritu da Juanma Gallego Berrian. Ideiak azaltzeko, bereziki zientziaren alorrean, tresna bezala irudigintzak duen balioa azpimarratzen du Vega Asensio ilustratzaileak eta adituen artean komunikazioa errazteko ere balio duela aipatu. Irudien nolakotasunari dagokionez, irudiok ez dutela zertan ederrak izan azaltzen du, askotan oso teknikoak direla, zuri-beltzekoak, eta ikertzaileek baino ez dituztela ulertzen.
KliodinamikaHistorian garatu diren gizarteak modu zientifikoan ikertzeko modua da Kliodinamika. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. Hartara, Seshat “historia globalaren datu-basea” sortzen dabiltzala azaldu digu Juanma Gallegok: azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara.
MedikuntzaGIBaren infekzioari aurre egiteko tratamenduak oso eraginkorrak dira, baina derrigor egunero-egunero hartzea eskatzen dute. Elhuyar aldizkarian ikusi dugu astean behin bakarrik hartuta Giza Immunoeskasiaren Birusaren infekzioari aurre egiteko gai izango den pilula ari direla garatzen. Izan ere, ikerketek erakutsi dute gaixoen % 30ek bakarrik hartzen dutela egunero tratamendua behar bezala, birusak botikekiko erresistentziak garatzea eragin dezakeena.
TeknologiaMekanismo txiki batekin datozen eta ahotsaren bidez kontrolatu daitezkeen paperezko figura txiki batzuei buruz jakin dugu Sustaturi esker. Googlek bultzatzen du Paper Signals proiektuko figuratxoak: ahotsarekin kontrolatzen diren paperezko seinaleak. Kode irekiko proiektua da eta, beraz, salgai dauden ereduez gain, edonork sor ditzake antzeko elementuak.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #185 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #198
Nerbio sistema zentraleko sistema inmunitarioaren zelulek, mikrogliek, paper garrantzitsua dute autismoan. JR Alonso, Microglia and autism
Familia batzea oso ondo dago eta oso polita da. Familia eredu estandarra denean izan ezik. Mario Reigek azaltzen digu Family unification (1) artikuluan.
Gutxien espero den tokian ezusteko aurkikuntzak dakartza natura imitatzen saiatzen diren nanoegituren ikerketak. DIPCk Unexpected molecular core level shifts in nanoarchitectures.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #198 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elisa Sainz de Murieta: “Klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka da” #Zientzialari (86)
Planetaren batez besteko tenperaturaren igoera edo bioaniztasunaren galera klima-aldaketaren adierazle orokorrak dira. Hala ere, klima-aldaketak ekar ditzakeen arriskuak eta kalteak oso desberdinak izan daitezke lekuaren arabera.
Euskal Herriak jasango duen klima-aldaketaren inpaktu garrantzitsuenetariko bat itsas mailaren igoera izango da. Izan ere, igoera honek gure hondartzen atzerakada edo marea altueran dauden eremu batzuen ureztatzea ekar ditzake.
Baina, zenbat igoko da itsas maila Euskal Herrian? Zeintzuk dira inpaktuei aurre egiteko hartu beharreko neurriak? Gai honen inguruan sakontzeko BC3 zentroko Elisa Sainz de Murieta ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka bat da eta arazo orokorra den heinean, herri bakoitzak inpaktuei nola aurre egin jakitea oso garrantzitsua da.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Elisa Sainz de Murieta: “Klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka da” #Zientzialari (86) appeared first on Zientzia Kaiera.
Kakalardo bonba-jaurtitzailea
———————————————————————————————————–
Carabidae familiakoak ditugu beren babes kimikorako mekanismoa dela eta izen xelebre hau hartzen duten 500 intsektu-espezietik gorako taldeko kideak. Zerbaitek, normalean apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egingo diela antzematen dutenean, kakalardo hauek narritagarria den esprai kimikoa jaurtitzen diote etsaiari. Babes-modua bera deigarria bada ere, are harrigarriagoa da jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa izatea; beraz, oso arma indartsua da ia edozein harraparirentzat.Kakalardo bonba-jaurtitzaileak 100ºC-tik gorako esprai kimikoa jaurtitzen du mehatxatuta dagoenean. Iturria: KQED San Francisco telebista publikoa.
Nola ekoizten dute horren kaltegarria izan daitekeen konposatu hori? Eta nola lortu dute eurei kalterik ez eragitea?
Kontua oso konplexua da, eta horrexegatik erabili izan dute adibide modura kreazionismoaren eta diseinu adimendunaren aldekoek, horren konplexua den zerbait hautespen naturalez ezin gara daitekeela azaltzeko. Utz ditzagun funts zientifikorik gabeko kontu hauek alde batera eta azter dezagun eraso kimiko honen oinarrian dagoena.
Kakalardo hauen sabelaren atzealdeko muturrean kokatzen diren guruin berezietan ekoizten da aerosol babesgarria. Espraia jaurtitzen dutenean, laino bat bezala ikus daiteke, eta leherketak hots berezia eta entzuteko modukoa sortzen du.
Bi ganbarek osatzen dituzte sekrezio-guruin berezi hauek: ganbara handienean, barrurago kokatzen dena, animaliaren bi guruin berezitutan ekoitzitako hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa nahasten dira; kanporago kokatzen den ganbara txikiagoan, berriz, epitelioko zelulek jariatzen dituzten katalasaz eta peroxidasaz osatutako nahaste entzimatiko bat dago. Hidrokinona intsektu askoren metabolismoaren produktuetako bat da, kitinaren sintesian erabiltzen dena, eta hidrogeno peroxidoa, bestalde, denok ezaguna dugun ur oxigenatua da.
Intsektu hauek mehatxua hautematen dutenean, zenbait muskulu uzkurtuz ganbara handiko likidoa ganbara txikiagoan sarrarazten dute, eta orduan gertatzen da leherketa, hidrogeno peroxidoa bat-batean hidrolizatzen hasten delako eta hidrokinonak oxidatzen, oso erreakzio bortitza eraginez, non bero kantitate handiak askatzen diren. Sortutako gasen presioaren eraginez, alde batetik ganbara handiko balbula itxita mantentzen da, eta horrela babestuta gelditzen, eta bestetik nahaste erasotzailea esprai fin bat bezala kanporatzen da beste balbula batetik. Ateratzen den benzokinona eta lurrunaren nahasteak erre egiten du, uraren irakite-puntuaren tenperaturaren ingurura heltzen baita, eta normalean harrapariak uxatu egiten ditu.
Kakalardoek hainbat aldiz erakuts dezakete babes-erantzun hau eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezaketela ikusi da, harrapariaren mugimenduen arabera eraso kimikoaren norabidea aldatuz. Afrikako zenbait kakalardo bonba-jaurtitzailek 270 graduko errotazio-ahalmena dute, eta, beraz, guruinaren irekitze-gunea ia edonorantz bideratu dezakete.
Animalia hauek erabiltzen duten lehertze-mekanismoa hain da eraginkorra, ezen 2004 urtean Leeds-eko Unibertsitatean 135.000 liberako finantziazioa jaso zuen proiektu bat abiatu baitzen, animalia hauen konbustio-mekanismoak industria aeronautikoan izan ditzakeen aplikazioak aztertuko dituena. «Learning from controlled explotions in nature: modelling the catalytic explosion device of bombardier beetles» da ikerketa-lanaren izena, eta gero eta gehiago garatzen ari den biomimetikaren arloan sakonduko du.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Kakalardo bonba-jaurtitzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Kodetu al daiteke Historia? Kliodinamika baiezkoan dago
Historia ezagutu beharra dago, behin egindako akatsak berriro ez errepikatzeko. Mendetan zehar errepikatu izan den mantra da. Ideia horren atzean dagoen filosofia da, nonbait, iragana ezagututa etorkizuna aurreikus daitekeela. Halere, ia hori bezain zaharra da beste galdera bat: zientzia al da Historia?
Ezetz esango dute gehienek, eta arrazoia izango dute, seguruenera. Baina ondorengo galderek erantzun zailagoa dute. Metodo zientifikoa erabil al daiteke Historia lantzerakoan? Humanitateak horrela aztertu ahal dira? Kasu honetan, zalantza gehiago agertzen dira. Bereziki arkeologoek aldarrikatzen dute haien jardunaren balio zientifikoa. Objektuak aztertu, eta sailkatu egiten dituztelako, txukuntasun zientifikoarekin. Halere, jakina da askoz harago doala arkeologia, “trastelogia” izan nahi ez badu bederen. Traste horien interpretazioa egin behar da, eta, askoren ustez, horretan dago diziplina horren funtsa: “Arkeologia antropologia da edo ez da ezer”, Gordon Willey eta Philip Phillips arkeologoen esanetan. Interpretazio horretan, beraz gauzak zaildu egiten dira.
Zientziak aldagaiak kodetzea gustuko du. “Ezaugarritzea” da zientzialarien aitagurean gehien aipatzen den hitzetako bat. Fenomenoak behatzea, ezaugarritzea, sailkatzea, eta aldagaien arteko loturak bilatzea; finean, errealitatea azaltzeko gai den teoria bat osatzeko. Ez edonolako teoria, gainera. Beste edonork, antzeko baldintzatan, errepikatu ahal izango duen teoria bat baizik. Jakinda, gainera, teoria hori kolokan jartzea dela beste zientzialarien beharra. Horrela urratzen baita zientziaren bidezidorra. Baina hau ia ezinezkoa da Historiaren alorrean. Ala agian bai?
Seshat “Historia globalaren datu-basea” izeneko tresnaren atzean dauden ikertzaileek baietz uste dute. Gizarteek dituzten konplexutasunak kodetzeak zaila badirudi ere, egile hauek lanari ekin diote. Planteamendu filosofikoetan murgiltzeari baino, praktikari ekin diote, gizarte desberdinak kodetzen dituen datu-basea sortuz eta elikatuz.
Egiptoko jainkosa baten izena du martxan jarri duten datu-baseak. Liburutegien eta idazketaren jainkosa da Seshat. Egiptoko mitologiaren arabera, iraganean gertatutakoari buruz, eta, era berean, etorkizunean gertatu behar zenari buruz idazten zuen Seshatek. Izen ezin aproposagoa, beraz, Historiari buruzko teoriak garatzea helburu duen tresna baterako.
70 adituk baino gehiagok parte hartu dute historia eta arkeologiari buruzko datuak biltzen dituen tresnaren sorreran. Azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara. Egileen esanetan, orain arte gaiari buruz munduan garatu den datu-baserik osatuena da.
Mundua 10 eremutan bereizi dituzte, eta, horietako eremu bakoitzean hiru lokalizazio hautatu dituzte, “eremu geografiko natural” izenaren pean. Hiru lokalizazio horiek gizarteen garapen mailaren adierazgarri dira: hasierako gizarteak, erdikoak eta, azkenik, zentralizazio politikoa duten gizarteak. “Gure helburua da iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza biltzea, baita informazioa ziurra ez denean eta adituen arteko desadostasunak daudenean ere”, zehaztu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Analisirako unitatea gisa “polity”-a ezarri dute (gobernua edo estatua esan nahi du, ingelesez). Unitate horrek maila guztietako batasun independenteak biltzen ditu; berdin maila lokalean aritzen diren komunitate independenteak, zein etnia anitz biltzen dituzten inperio hedakorrak. Eremu geografiko natural bakoitzean, denbora 100 urteko tarteetan banandu dute. Horrela, toki eta une bakoitzean adierazgarria den “polity”-a identifikatu dute, analisia egin ahal izateko (adibidez, hemen, Erresuma Ostrogotikoaren “polity”-aren fitxa).
Konplexutasun sozialaren adierazle desberdinak kontuan hartu ahal izateko, 51 aldagai ezarri dituzte. Aldagai horiek bederatzi multzotan bildu dituzte.
- Populazioa
- Lurraldea
- Hiriburua
- Hierarkia adierazten duten aldagaiak (erabakitze guneak, erlijioa…)
- Gobernua
- Azpiegiturak
- Informazio sistemak
- Literatura
- Garapen ekonomikoa
Aldagai hauek kontuan hartuta, datuen analisi estatistikoa egin dute. Besteak beste, eta horrenbeste aldagaien artean korrelazioak bilatu ahal izateko, osagai nagusien analisia baliatu dute. Hasierako hiru multzoen arteko korrelazioa aurkitzea espero zuten -populazioa, lurraldea, eta hiriburua-, eta hala izan da, baina gainerako aldagaien artean ere harremana aurkitu dute. Diotenez, aldagai batzuk ezagututa, posible da beste aldagaiak aurreikustea. Bereziki populazioaren aldagaia da besteekin harreman gehien omen duena. “Emaitza honek berresten du hipotesietako bat: konplexutasun soziala neurketa bakar baten bitartez adieraz daitekeela”, diote zientzia artikuluan.
Horrez gain, berretsi dute ere kontinente desberdinetan dauden gizarteek bidea ematen dutela konparaketak egiteko. Europarren eta amerikarren arteko talka jarri dute adibidetzat. “PC1an [populazioa azaltzen duen aldagaia] dauden desberdintasunek adierazten dute Ameriketako gizarteak ez zirela Eurasiako gizarteak bezain konplexuak gizarte hauek kontaktuan jarri zirenean. Horrek lagun dezake azaltzen zergatik Europako gizarteak gai izan ziren Amerika inbaditu eta kolonizatzeko”.
Bestalde, zenbait gizarte txikik beste handiagoen ohiturak berenganatzen dituzte gizarte horiekin harremanetan egoteko, baina horrek ez dakarkie aldaketarik beste arloetan. Diruaren eta idazketaren adibidea jarri dute. “Hautapen selektibo horrek ez du esan nahi halabeharrez beste ezaugarri konplexuak garatuko dituztenik”.
Kliodinamika, historia eta matematikaEgileek argudiatu dutenez, iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza kolektiboa “historialarien garunetan gordeta edota ohar eta argitalpen heterogeneotan sakabanatuta” dago. Era berean egileek diote ezagutza potentzial honi guztiari etekinik ez zaiola atera, eta, hortaz, ezin izan direla erabili garapen politikoaren edota ekonomikoaren inguruko teoriak osatzeko.
Exeterreko Unibertsitateak (Erresuma Batua) zabaldutako prentsa ohar batean, Thomas Currie antropologoak nabarmendu du “azaleko desberdintasunen gainetik, gizarteek duten eboluzionatzeko moduan oinarrizko antzekotasunak” badirela. Gizarte guztiek antzeko egiturak dituztela uste dute ikertzaileek, ez du axola garatu diren espazioa edo garaia zein den.
Ikerketan egile askok parte hartu badute ere, Peter Turchin Connecticuteko Unibertsitateko (AEB) biologoa da egile nagusia. Matematika eta zientzia sozialak uztartzeko egin dituen ahaleginei esker ezaguna da Turchin. Kliodinamika metodoaren sortzailea da. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. (Isaac Asimoven Foundation liburua irakurri dutenei, berehala etorriko zaie burura psikohistoria izeneko diziplina).
2017. urtearen hasieran Turchinen ikerketa batek oihartzun mediatiko handia izan zuen. Bertan babesten zuen munduan eliteak handitzen ari direla, eta gero eta lagun gehiago jasaten ari direla baldintza ekonomikoen txirotze bat. Horrek gero era biolentzia gehiago ekarriko duela proposatu zuen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Turchin et alia. Quantitative historical analysis uncovers a single dimension of complexity that structures global variation in human social organization. PNAS 2017:1708800115v1-201708800. DOI: 10.1073/pnas.1708800115
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Kodetu al daiteke Historia? Kliodinamika baiezkoan dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizakia izarretara bidean
Breakthrough Starshot proiektuan lan egiten dutenen ustean, bai. Horien artean dira Mark Zuckerberg (Facebook-en sortzailea) moduko enpresariak, alde batetik, eta Stephen Hawking moduko zientzialariak, bestetik. Unibertsoaren inguruan garrantzi handiko galderak erantzun nahirik ari diren Breakthrough Initiatives izeneko egitasmoetako bat da Startshot. Gizakia izarretara joan daitekeen ala ez jakin nahi du.
Espazio-agentzia batek izarretara joateko misio bat mahaigaineratu ahal izateko, halako bidaia bat egitea posible dela frogatu behar da lehenengo. Hau da, horretarako gai dela gaur egun dugun teknologia, edo epe laburrean garatu dezakegun teknologia. Hori da Starshoten helburu nagusia, izar batera joan ahal izateko teknologia garatzea.
Alpha Centauri da gertuen dugun izar-sistema. Centaurus konstelazioan kokatua (ikus 2. irudia), gugandik 4,36 argi-urtera edo 41 bilioi kilometrora dago. Egungo espazio-ontzietan ehunka mila urte beharko genituzke bertara iristeko. Gehiegi. Abiadura handiagoa behar da, askoz handiagoa. Argiaren abiaduran (1080 milioi km/h) edo ia abiadura horretan joan beharko genuke urte kopuru ez oso handi batean Alpha Centaurira iristeko.
Halere, espazioaren esplorazioan ohikoa den moduan, gizakia nonbaitera joan aurretik robotak bidaltzen ditugu, espazio-ontziak. Kasu honetan, nano-ontziak. Milaka nano-ontzi.
Gaurko espazio-ontziak handiegiak, edo hobe esanda, pisutsuegiak dira halako abiadura hartzeko. Baina Breakthrough Starshot proiektuko partaideek uste dute potentzia handiko izpi-jaurtigailu batekin nano-ontziak bultzatu eta argiaren abiaduraren %15-20ko abiaduran (gutxi gorabehera 200 milioi km/h) jarri ahalko genituzkeela, gramo gutxi batzuetako espazio-ontziak sortzeko gai bagina. Honela, Alpha Centaurirako bidaia 20 urtera murriztuko litzateke. Hori bai, ezin dugu ahaztu 20 urte horiei beste 4,36 urte gehitu beharko genizkiekeela bertako informazioa (argazki edo datu zientifiko) gugana itzultzeko. Nano-ontziari bidali nahiko geniokeen edozein motatako informazioak bertara heltzeko ere denbora hori beharko luke.
Jaurtiketa2036an jaurti nahi dituzte lehen nano-ontziak, mila nano-ontzi batera. Ontzi handiago baten barnean jaurtiko lirateke Lurretik, eta, ondoren, espazioan direla, banan-banan aterako lirateke ontzi-nagusitik. Bestalde, Lurrean, potentzia handiko izpi-jaurtigailu bat eraikiko litzateke laser multzo handi batez osatuta (ikus animazioa). Jaurtigailu horrek nano-ontzi bakoitzaren bela (“haize”-oihala) jo eta ontzia norabide zuzenean azeleratuko luke.
Erronka handiak dira hauek, ordea. Bai espazio-ontzi hain txikiak egitea, bai izpi-jaurtigailu indartsua egitea.
Nano-ontzi bakoitzak izango duen oihalak, adibidez, 4 metroko zabalera izan beharko du, Lurretik laserrak ondo lerrokatu ahal izateko. Ezin du ordea ia masarik izan, nano-ontziaren osoko masa handiegia ez izateko. Bestalde, nano-ontziek Alpha Centaurira iritsitakoan, zientzia egin behar dute, hau da, irudiren bat hartu, adibidez. Horretarako, gutxienez kamera bat eraman behar dute. Kamera hori hornituko duen energia-iturria ere eraman behar dute. Ondoren, irudi hori Lurrera bueltan bidaltzea nahi dute, eta beraz, telekomunikazio-sistema bat ere eraman behar dute. Eta abar, eta abar. Dena gramo gutxi batzuetan, zentimetro gutxi batzuetan.
Izpi-jaurtigailuak potentzia handia izan beharko du nano-ontziak 200 milioi km/h-ko abiadurara arte azeleratzeko. Hori dela eta, izpiaren uhin-luzera eta fasea oso garrantzitsuak izango dira, ahalik eta erradiazio gehien iris dadin espaziora eta, ondorioz, nano-ontziek jasotako bultzada ahalik eta handien izan dadin. Eta garrantzitsuena, laser guztiak lerrokatuta eta sinkronizatuta egon beharko dira. Izpi-jaurtigailua non eraiki ere ondo pentsatu behar da. Izan ere, alde batetik, atmosferak erradiazio asko xurgatzen du, espaziora iristen den energia gutxiagotzen delarik. Bestetik, atmosferaren turbulentziak izpiaren sekzioa zabal dezake. Beraz, jaurtigailua altuera handitan kokatzea komeni da, izpiak atmosfera gutxiago zeharka dezan.
Alpha CentauriAlpha Centauri izarra aukeratu da Starshot egitasmorako. Izatez, izar-sistema bat da. Alpha Centauri A eta Alpa Centauri B izarrak elkarri lotuta daude grabitate indarragatik. Biek masa-zentro beraren inguruan biratzen dute, 80 urteko orbita eliptikoetan. Lehenengoa Eguzkia baino apur bat handiagoa eta distiratsuagoa da, eta bigarrena Eguzkia baino apur bat txikiagoa eta apalagoa. Baina bada hirugarren izar bat, Proxima Centauri nano gorria, beste bien inguruan biraka egon daitekeena. Hala balitz, bere orbita ehunka urtekoa izango litzateke.
Proxima Centauri izarra da, hain zuzen, gugandik gertuen dagoen izarra. Eta badu beste ezaugarri interesgarri bat gainera, Proxima Centauri b exoplaneta. 2016ko abuztuan aurkitua, Lurra-moduko (Earth-like) exoplaneten artean sailkatzen da. Lurraren masa eta erradio oso antzekoak izan ditzakeela uste da, eta izarrarekiko duen distantzia egokia da exoplanetaren gainazalean ur likidoa egon dadin. Halere, Proxima Centauri izarrak haize bortitzak jaurti ditzakeela uste da, eta horrek zaila egingo luke planetaren inguruan atmosfera bat mantentzea. Beraz, bizia baldin bada Proxima Centauri b-n, gainazalaren azpian izan beharko da.
Izugarrizko suertea da gertuen dugun izarra izar-sistema baten parte izatea eta, gainera, “Earth-like” exoplaneta bat izatea. Ikaragarria litzateke nano-ontzi bakar batek lortuko balu Alpha Centaurira iritsi, bertan argazki bat atera (edota bestelako datu zientifikoren bat hartzea) eta informazio hori Lurrera bidaltzea. Teknologia aldetik sekulako garrantzia luke lorpenak, baina zientzia aldetik ez luke parekorik izango izar-sistema bat eta exoplaneta bat gertutik ikertu ahal izateak.
Antza, gauza bera uste dute Breakthrough Starshot egitasmokoek ere.
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.
—————————————————–
The post Gizakia izarretara bidean appeared first on Zientzia Kaiera.
Ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen materiala
Daniel Vallejo, Garikoitz Beobide eta Oscar Castillo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak dira eta baita ere Kimika Ez-organiko Saileko ikertzaileak. Daniel Vallejoren “Coordination compounds of organosulfur ligands as precursors of nanoestructured materials’ (Estekatzaile organosufreztatuekin koordinatzeko konposatuak, material nanoegituratuen aitzindari gisa) doktorego-tesian oinarria duen material metal-organiko porotsu, nano-egituratu, ultrarin eta erdieroale berri bat patentatu dute ikertzaileek eta Poretune enpresa sortu dute materialaren aplikazioak garatzeko.
Material patentatua aerogel metal-organikoa da, eta material mota horretan aldi berean agertu ohi ez diren propietateak ditu: porotsua eta izugarri arina da, egonkortasun termikoa eta mekanikoa du, jokabide plastikoa du, molekula organikoak zein metal astunak harrapatzeko gai da eta erdieroalea da. “Materiala, izan ditzakeen aplikazio ugariak kontuan harturik, etorkizun handiko plataforma teknologikoa da. Alabaina, proiektu honen hasierako fasean, inpaktu ekonomiko handiena izan dezaketen aplikazio esparruak baino ez ditugu jorratu: automozioa eta energia”, azaldu du Oscar Castillo ikertzaileak.
Aerogelak geletan oinarrituta daude; gel horiek sistema koloidalak dira eta jateko gelatinen antzera, euren formari eusteko gai dira, solidoak bezala, baina likidoen antzeko dentsitatearekin. Partikula txiki-txikiek osatzen dituzte aerogelak; partikulok modu aleatorioan gurutzatzen dira elkarren artean, eta hiru dimentsioko eskeleto bat osatzen dute. Material hori prestatzeko erabiltzen den disolbatzailea han geratzen da harrapatuta, eta horrek bolumen osoaren % 95etik gora hartzen du.
“Gela airean edo hutsean lehortzen denean jatorrizko materialak kontrakzioa jasaten du eta material dentso bat sortzen da, zeinak balio gutxi izaten duen. Baina, prozesu jakin batzuk aplikatuz gero, disolbatzailea ezabatu daiteke kontrakzio hori gertatu gabe. Horrela, aerogela lortzen da; solido izugarri arina da (ura baino 50-100 aldiz arinagoa), eta oso porotsua (bolumen osoaren % 90-99 hutsik dauka). Gure kasuan, aerogelak ohiz kanpoko propietateak ditu: egonkortasun kimikoa du, elektrizitatea eroan dezake eta giza ile bat baino 10.000 aldiz meheagoak diren zuntzek osatzen dute. Bada, zuntz horiek elkarrekin gurutzatzen dira, material hau osatzen duen hiru dimentsioko sarea eratzeko”, adierazi du Daniel Vallejok, tesiaren egileak eta Poretune enpresaren sortzaileetako batek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Aerogel metal-organikoak: enpresa bihurtu den doktorego-tesi bat.
The post Ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen materiala appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #184
Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa batek misterioa argitu du eta gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri du. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte Artizarraren gaueko aldea ikertzerakoan. Zientzia Kaieran hurbildu dizkigute xehetasun guztiak: Gaua Artizarrean.
Benetan bitxia Juanma Gallegok asteon Zientzia Kaiera blogean landu duen gaia. Kazetariak azaldu du onddoek egindako “sukalde lanari” esker garatu ahal izan zirela landareak. Hau da, oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Izan ere, onddoek eboluzioan izan duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daitekeela uste dute ikertzaileek.
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoek Taricha generoko arrabioen larruazal pozoitsuari erreparatu diote. Taricha granulosa arrabioa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri, baita ere Thamnophis sirtalis izeneko sugeak, bera baita arrabioaren harrapari bakarra. Sugea eta arrabioaren inguruko istorio osoa Zientzia Kaieran ekarri digute: Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea.
FisikaMpemba efektua du izena eta fenomeno bitxi bat deskribatzen du. Izan ere, intuizioaren kontra doan fenomeno fisikoa bat du oinarrian: ur beroa ur hotza baino arinago izozten dela. Aristotelesen garaitik ezaguna da eta antza, filosofoak esaten omen zuen: “Jakina da aire zabalean jartzen badugu likido bat hau izozteko asmoz, arinago leituko da beroa bada”. Azalpen ezagunik ez duen efektu honen zergatira hurbildu berri du Madrilgo Carlos III, Extremadurako eta Sevillako Unibertsitateetako ikertzaileez osatutako talde batek. Efektu interesgarri honen nondik norakoak ederto bildu dituzte Sustatun: Ur beroa lehenago izozten da ur hotza baino (bai, ondo irakurri duzu).
Kultura ZientifikoaJosu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu mitoak edo uste okerrak oso ohikoak direla egun eta zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezkeela. Izatez, egia da zenbaitetan mitoen atzean badela zentzuzko arrazoirik, baina, oro har, zientziak aurrera egin ahala, usteak besterik ez zirela frogatu da. Mito hauei buruzko informazioa: Usteak erdi ustel (I).
NeurozientziaGlia nerbio-sistemako zelula ez-neuronalak dira eta Ben Barres neurozientzialariak frogatu zuen gliako zelulek ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela, eta aintzat hartu behar zirela garuna ezagutzeko eta harekin erlazionatutako gaitzak ulertzeko. Elhuyar aldizkarian jakinarazi dute Ben Barres ikertzailea 2017ko abenduren 27an hil zela, 63 urterekin, pankrea-minbiziak jota: Ben Barres neurozientzialari iraultzailea hil da.
OsasunaGanteko Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek doktoregaiak izan ditu ikerlerro. 3.600 doktoregairen buru-osasunaren 12 adierazle neurtu dituzte. Besteak beste, presiopean sentitzea etengabe, goibel eta deprimituta egotea, loa galtzea, zailtasunak gainditzeko ezintasuna, ez gozatzea eguneroko jarduerekin, konfiantza galtzea, kontzentratzeko arazoak izatea edota erabakiak hartzeko ezindura. Emaitzek erakutsi dutenez, doktoretza egiten ari direnen artean, hirutik batek gaixotasun psikiatriko bat pairatzeko arriskua du. Xehetasun guztiak eskaintzen dizkigu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Zaintzaren beharra, ikerketa-munduan ere.
RobotikaTeknologiaren alorrean robotikak hainbat aurrerapauso eman ditu azken urteotan. Duela aste batzuk Juanma Gallego kazetariak Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak aurkeztu zizkigun. Asteon, berriz, Sustatun manta-arraia bionikoa aurkeztu digute. EvoLogics enpresa Bionic Observation and Survey System proiektuan lanean ibili da azken 4 urteotan eta aurkeztu berri du lortutako emaitza: BOSS Manta-arraia, itsaspeko ibilgailu autonomoa eta bionikoa.
2017ko zientziaz mintzo130 milioi argi urtera zeuden bi neutroi izarren arteko talka antzeman zuten 2017an. Unibertsoaren taupada hauek biziaren adreiluak izan zitezkeen, geneak editatzeko CRISPR-Cas9 teknikaren aldaera berriak bezala. Biziaren adreilu berri hauez gain energia iturriak berriak ere bideratu ziren iaz, izan ere, Txinatik jakinarazi zutenez, itsaspean gordeta dauden metano hidratoetatik gasa erauztea lortu dutela. Eta itsaspean sekretuak badaude ere, Eguzki Sistematik kanpo ere hamaika gordeleku ditugu, bai, 3.500 exoplaneta inguru ezagutzen diren arren askoz gehiago daude esperoan. Eta Cassini zundak ez ditu antzemango mundu berri hauek, erretiroa hartu baitzuen joan zaigun 2017an. Istorio osoa Berrian Juanma Gallegoren eskutik: Dragoietan emandako urtea eta Sustatun ere zientziak iaz eman ziguna laburtua: 2017ko aurkikuntza zientifiko handienak, 4 minutuko bideoan laburbilduta.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #184 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #197
Makrofagoak immunitate-sistemaren zelulak dira eta agente arrotzak irensten dituzte. Baina makrofago guztiak ez dira berdinak. Esaterako, bareko makrofagoek odoleko gauza arraroak garbitzen dituzte. Eta, honen kanpoko hegaleko makrofagoek proteina batera lotzen dute beraien funtzionamendua, LXR proteinara. Mapping Ignorance blogean ematen dizkigute xehetasun guztiak: Marginal macrophages and LXR: living on the edge.
Ikerketa batzuk hainbeste zentratzen dira aplikazioetan, oinarrizko zientziaren funtsezko alde bat ahaztu egiten dela. Miguel Gilaren itsaspekoaren berdin antzeko kasuak dira: “kolorez ondo, baina ez da ur gainean irauteko gai”. Adrian Matencio eta Jose Manuel Lopez Nicolas ikertzaileen taldeak adibide harrigarri batekin egin zuen topo eta beraiek azaltzen digute: When we forget basic science. An example concerning solubility.
Plasmoi izeneko kuasipartikulak, fotonikan eta plasmonikan hainbesteko etorkizun eransten zaienei, desagertu egiten dira gutxien komeni zaizunean. Esaterako, grafenoaren kasuan hori gertatzen da ezaugarri interesgarriak ematen dituzten atomoak gehitzen direnean. Orain DIPCko ikertzaileek hau zergatik gertatzen den azaltzen digute: How dopants induce plasmon decay in graphene.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #197 appeared first on Zientzia Kaiera.
Maddi Ibarbia: “Parte-hartzaileekin harremana dut, eta hortik ere asko ikasten dut”
Hain zuzen, betitik erakartzen zuen medikuntzak eta giza gorputza ezagutzeak, eta, batxilergoko bigarren mailan zegoela, Ingeniaritza Biomedikoa gradua ezagutzeko ate irekien jardunaldia zegoela ikusi zuen. Gradu berria zen, beraz, ordura arte ez zuen hori ikasteko asmorik izan, baina berehala pentsatu zuen beretzat egokia izan zitekeela. Baita asmatu ere! Hala dio Ibarbiak: “Orain ikasten hasi beharko banu, berriro aukeratuko nuke Ingeniaritza Biomedikoa, inolako zalantzarik gabe”.
Gradua ikasi ondoren, Datu Biomedikoen Analisiaren masterra egin zuen, eta segidan sortu zitzaion BCBLn (Basque Center on Cognition, Brain and Lenguage) tesia egiteko aukera. Orain, tesiaren lehen urtean dago, eta, horraino etenik gabe iritsi bada ere, sumatzen du aldea hasi aurretik egin dituen ikasketen eta oraingo lanaren artean: “Ikasten ari zarela, egiten dituzu praktikak ere, baina horietan dena bideratuta dago. Zuk egin bakarrik egin behar duzu. Aldiz, orain, nik diseinatu behar ditut esperimentuak, egin ere neuk egiten ditut, eta ardura nirea da”.
Ez du damurik, dena den, horixe baitzen nahi zuena. “Gradua ikasten hasi nintzenetik, argi neukan tesia egin nahi nuela; batetik, formazioan sakontzeko, eta, bestetik, lan-mundurako ateak irekitzeko balioko zidala uste nuelako. Eta hala izan da”, baieztatu du Ibarbiak.
Erresonantzia magnetikoko metodo desberdinetatik ahalik eta onura gehien lortzea da Ibarbiaren helburua. Azaldu duenez, datuen analisi estatistikoko metodo berri batekin ari da lanean: “Orain arteko metodoek aldagai bakarra onartzen zuten, eta ni aldagai bat baino gehiago har dezakeen metodo batekin ari naiz lanean. Horri esker, garunaren analisi estatistikoa osotasunean egin dezakegu, garuneko zatitxo bakoitza banan-banan aztertu beharrean”.
Sormena, ikerketa gaiLan guztia, ordea, ez du ordenagailu aurrean eta zenbakiekin egiten; pertsonekin ere aritzen da, aurrez aurre: “Orain, sormen-prozesua aztertzeko esperimentu batean nabil lanean, eta parte-hartzaileak Mugaritz jatetxeko sukaldariak dira. Zehazki, erresonantzia magnetikoan aztertzen ditugu haien garunak, sormen-prozesuaren aurretik eta ondoren, ikusteko aldaketarik ba ote dagoen”.
Horrez gain, chefentzako beste esperimentu bat ere prestatzen ari dira. “Kasu horretan, erresonantzia magnetikoko proba egin bitartean, sormen-ariketa bat egin beharko dute. Horrela, zer eremu aktibatzen diren aztertu nahi dugu”. Eta BCBLko beste ikertzaile batzuei laguntzen ere badabil, memoriari buruzko azterketa batean.
Ibarbiaren esanean, jendearekin zuzeneko harremana izateak asko asetzen du, eta oso gustuko du bere lanaren alderdi hori: “Beste ikerketa zentro batzuetan, zenbakiekin bakarrik egiten dute lana; baina nik hemen aukera dut esperimentua diseinatu eta parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko; erresonantzia magnetikoko probak ere hemen bertan egiten dizkiegu. Beste leku askotan, datu-baseetatik ateratzen dituzte datuak, eta haien analisia baino ez dute egiten; nik, berriz, beste gertutasun bat dut parte-hartzaileekin, eta horretatik ere asko ikasten dut”.
Atzerrian egindako egonaldiak ere oso esperientzia baliagarriak izan direla adierazi du Ibarbiak: “Tesiarekin, badut kanpora joateko asmoa. Lehen ere izan naiz, eta oso aberasgarria izan da. Erasmus bekarekin Belgikan izan nintzen, Lovainan, eta masterreko proiektua egiten, berriz, Berlinen”.
Oraingoz ez du etorkizun urrunerako planik, momentuz “nahikoa” du tesiarekin, baina, zailtasunak zailtasun, gustura ari onartu dut: “Zortea dut, benetan gustatzen baitzait egiten ari naizena”.
Fitxa biografikoa:Maddi Ibarbia Garate Orion jaio zen, 1991ean urtean. Nafarroako Unibertsitatean graduatu zen, Ingeniaritza Biomedikoa graduan, eta gero, unibertsitate berean, Ingeniaritza Biomedikoko masterra egin eta datu biomedikoen analisian espezializatu zen. Micro Discovery GmbH enpresan (Berlin) masterreko tesina egin ondoren, BCBLn (Basque Center on Cognition, Brain and Lenguage) doktoretza egiten ari da, MINECO bekarekin.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Maddi Ibarbia: “Parte-hartzaileekin harremana dut, eta hortik ere asko ikasten dut” appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea
———————————————————————————————————–
Behin, edanda zegoen Estatu Batuetako Oregongo 29 urteko gazte batek, Taricha granulosa arrabioaren banako bat irentsi zuen erronka baten erruz. Gaztearen bizitza salbatzeko egin ziren ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren, eta egun berean joan zen bestaldera. Taricha generoko arrabioen larruazala pozoitsua da oso, eta T. granulosa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri.Puxika-arrainaren pozoia eta Taricha granulosarena berbera da: tetrodotoxina (TTX) neurotoxiko ezaguna da bi kasuetan. Hortaz, puxika-arraina ez da, ikus daitekeenez, salbuespen bat. Ekarpen honen protagonista, hala ere, ez da arrabioa izango, ez protagonista bakarra, behintzat. Izan ere, arrabioarekin batera Thamnophis sirtalis izeneko suge bat ekarri nahi dugu hona, bera baita arrabioaren harrapari bakarra.
Thamnophis sirtalis sugea arrabioaren toxina eramateko gai izan daiteke, eta tolerantzia-maila aldagarria da banakoen arabera eta, batez ere, populazioen arabera. Hau da, sugearen populazioen arteko aldagarritasun handia dago tetrodotoxinarekiko jasankortasunari dagokionez. Izan ere, zenbait populazioren banakoen tolerantzia, beste zenbaitena baino ehun bider handiagoa izatera hel daiteke. Populazio berean ere desberdintasun nabarmenak daude banakoen artean eta, bestalde, heredagarria da tolerantzia hori. Kontua da tolerantziaren aldagarritasuna bat datorrela harrapakinaren larruaren toxizitatearekin; hau da, arrabio denek ez dute toxizitate-maila bera eta oso pozoitsuak direnak bizi diren tokietan tolerantzia altuagoa dute bertan bizi diren sugeek. Hortaz, batera aztertzen eta baloratzen badira denboran zehar behaturiko jasankortasun-aldaketak, kokapen geografikoaren araberakoak, eta populazio-barneko aldagarritasuna, koeboluzio kasu baten aurrean gaudela ondorioztatu behar da. Hau da, naturan horrenbeste gertatzen diren armen lasterketa horietako bat dugu sugearen eta arrabioaren artekoa. Arrabioaren pozoiari erresistentziarekin edo jasankortasunarekin erantzun dio sugeak eta erantzuna, gainera, mehatxu-mailaren araberakoa izan da.
Zertan oinarritzen da, baina, sugearen tolerantzia? Ezaguna denez, tentsioaren menpekoak diren sodio-kanalak daude bai neuronetan, bai eta muskulu-zeluletan ere. Kontua argitu duten esperimentuetan muskulu-zelulen sodio-kanalen jokabidea izan da aztertu dutena, eta hau aurkitu dute: kanal horien TTX-arekiko sentikortasuna aldatzen dela banakoen arabera. Eta, horrez gainera, toxinarekiko jasankortasun handiagoa duten sugeek sentikortasun apalagoko sodio-kanalak dituzte.
Hemen azaldutakoa interesgarria da, eta, eboluzio-ikasketei dagokienez, baita eredugarria ere. Moldatze-balioa duen ezaugarri baten aldagarritasuna dagoela aurkitu da, batetik; aldagarria den ingurune-faktore batekin erlazionatua dagoela ikusi da, bestetik; eta, azkenik, ezaugarri horren oinarrizko mekanismoa ezagutu ahal izan da. Gaur egun abian den eboluzio-gertaera dugu hau.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea appeared first on Zientzia Kaiera.