S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 48 min 6 sec

Duela lau mila urte iritsitako errainak mintzatu dira orain

mer, 2017/09/06 - 09:00
Juanma Gallego Europako lehen ‘zibilizazioan’ emakumeek izan zuten rola aztertu dute paleogenetika eta isotopoen azterketa batu dituen ikerketa batean. Migrazio handiak baino, norbanakoen mugikortasunaren garrantzia azpimarratu dute.

Kanpai itxurako zeramikak, arkuak, aiztoak eta, zenbaitetan, anbarrez, brontzez edo urrez egindako objektuak. Hori da, funtsean, arkeologoek gehien topatzen dutena brontze aroko hilobi bat induskatzen dutenean. Hori, eta gorpuzkiak, noski. Horietan oinarrituta, iraganari buruzko irakaspen ugari atera daitezke, baina, ezagutza horrek, beti ere, berezko mugak ditu. Azken urteotan, ordea, iraganera hurbiltzeko bideak biderkatzen hasiak dira. Biologia eta kimika indartsu sartu dira aztarnategietan.

Horien bitartez, errazagoa da duela gutxira arte irudikaezina ematen zuen informazioa eskuratzea. Alemaniako zientzialariek egindako azken ikerketa horren adibide da. Duela lau mila urte inguru hilobiratutakoei mintzarazi egin diete. Familiaz eta jatorriaz galdetu diete, eta erantzunak lortu ere. Erantzun partzialak, behin-behinekoak, eta zalantzez beterikoak; baina erantzunak, azken finean. Antzineko DNAren eta isotopoen analisiaren bitartez eskuratu dituzte erantzun horiek. Emaitzak astelehenean ezagutzera eman dituzte PNAS aldizkarian.

Neolito eta Brontze aroen arteko trantsizioa nolakoa izan zen aztertzeko, Kristo aurreko hirugarren milurteko 84 hezurduren analisia egin dute. Bavariako (Alemania) Lech ibaiaren inguruan bilduta dauden zazpi aztarnategietan topatutako arrastoak baliatu dituzte ikerketa burutzeko. Azken bi hamarkadetan, eremu horretan arkeologoek ia 400 hilobi topatu dituzte.

1. irudia: Brontze Aroan emakumeek izan zuten mugikortasuna aztertu dute. Irudian, Miravecheko nekropolia (Burgos) (Argazkia: Juanma Gallego)

DNA mitokondrialaren azterketaren bitartez, bertan hilobiratutako gizakien arteko familia loturak argitu dituzte. Duela 4500-3700 urteko tartean, boterearen transmisioan familiak zuen indarra egiaztatu dute: emaitza genetikoaren arabera, hilobiratze hatu handiak zituzten hiru hobietan lurperatutakoak senideak zirela ikusi dute.

Bestalde, 22 lagun kanpotik etorritakoak zirela argitu dute, eta, horietatik, 17 emakumezkoak ziren. Hortaz, ondorioztatu dutenez, behin bikotekidea ezagututa, garaiko emakumeak “senarraren” herrira bizitzera joaten ziren. Antropologoek patrilokalitate deitzen duten ohitura edo instituzioa zabalduta zegoela, alegia.

Estrontzioa, gako

Jatorri hori azalarazteko, hezurretako isotopoen azterketa egin dute. Bereziki, estrontzio isotopoak bilatzeari ekin diote. Elementu kimikoen taula periodikoan kaltzioaren azpian dago estrontzioa. Horregatik, bizidunen hezurretan erraz barneratzen da. Baina naturan, egonkorrak diren estrontzioaren lau isotopo nagusi daude, eta horiek, ingurumenean dauden proportzio berdinean iristen dira hezurretara. Proportzio horiek, alta, ezberdinak dira eremu geografikoaren arabera. Hortaz, markagailu geografiko bikaina da hezurretan pilatutako estrontzioa: horren proportzioa jakinda, gutxi gorabehera, ondoriozta daiteke gizabanako bakoitzaren jatorri geografikoa.

Hortzen esmaltearen osagai nagusi den hidroxiapatitaren isotopoen analisia bereziki erabilgarria egin zaie zientzialariei. Horren zioa agerikoa da: hezurrak gizabanakoaren bizitzan zehar handitu eta aldatzen badira ere, hau ez da hortzen kasua. Hortzak bizitzaren lehen urteetan garatzen dira, baina gero ez dute aldaketa nabarmenik jasotzen. Hortaz, hortzetan geratzen da zizelkatuta, betiko, pertsona baten jatorria.

Heldu berriak ziren emakume horiek beren herri berrietan ondo txertatuta zeudela dirudi. Ikertzaileek, bederen, ez dute aparteko ezberdintasunik antzeman hilobiratzeetan. Guztiek zuten hezurdura tolestuta, eta, emakumeen kasuan, eskumara jarrita eta burua hegoalderantz. Gizonezkoak, aldiz, ezkerrerantz eta iparraldeari begira jartzen zituzten. Ezberdintasun horren zergatia, oraindik orain, misterioa da, baina, askotan, generoaren araberako lehen diskriminazio aztarnatzat jo izan da.

2. irudia: Gizon eta emakume baten hilobi komuna. Gorpuen jarrera, beti ere, ezberdina da, generoaren arabera. (Argazkia: PNAS/Stadtarchäologie Augsburg)

Izan ere, aurreko garaietan, megalitoetan egindako hilobiratzeetan antzeko ezberdintasunik ez omen zen igartzen. Hala ere, megalitoen garaiko ustezko berdintasun hau ere kolokan jarri izan da beste hainbat ikerketatan. Adibidez, Teresa Fernandez-Crespo eta Concepcion de la Rua EHUko ikertzaileek 2015ean proposatutakoaren arabera, Neolitoan hasi ziren generoaren araberako lehen bazterketak. Euskal Herriko eta Errioxako trikuharrietan egindako hilobiratzeetan topatutako aztarnen arabera egin zuten proposamena. Ikerketa horretan ere isotopoen analisia baliatu zuten, baina, kasu horretan, dietan oinarritu ziren, eta karbono eta nitrogeno isotopoak izan zituzten jomugan.

Oxigenoaren isotopoak aztertuz, bestetik, paleontologoak gai dira iraganeko klimaren inguruko zantzuak eskuratzeko. Izan ere, oxigenoaren bi isotopo egonkor nagusiak O16 eta O18 dira, eta horien proportzioa tenperaturaren arabera aldatzen dira. Ikerketa honetan teknika hori baliatu dute ere, emakume horien jatorria kokatzen saiatzeko. 60 kilometro ingurura kokatuta dagoen Nördlinger Ries eskualdea proposatu dute, baina Alpeak eta Bohemia ere aukeran dauden jaiolekuak dira, bertan dauden isotopoen arabera.

Migrazioetatik harago

Goi Neolitoren eta Brontze Aroaren arteko trantsizioan, ia Europa osora zabaldu zen zibilizazio baten zantzuak agertu ziren. Andrew Sherratt arkeologo britainiarrak idatzitakoaren arabera, “pixkanaka, baina etengabe, Europa epeleko gizarteak ideia komun batera abiatu ziren”. Egile horrek nabarmendu zuenez, estilo hori berdin mantendu zen, bai bakean zein gerran: europarrek borroka egiteko ezpata berdinak erabili zituzten, baina abegi ona erakusteko ere antzeko edalontzietan edan zuten.

Askotan iraganaren diskurtsoak gerren eta migrazio handien arabera berreraikitzen badira ere, ikerketa honen egileek nabarmendu nahi izan dute “norbanakoen mugikortasunaren garrantzia, batez ere, emakumeei dagokienean”. Are gehiago, migrazioen arabera azaldutako iragana berrikusteko beharra azpimarratu dute beren artikuluan. Kontzeptu hori ez omen da nahikoa azaltzeko III. milurtekoko Brontze Aroko gizarteek zuten mugikortasun konplexua. “Aitzitik, badirudi arkeologoek migraziotzat jo ohi dituztenak, benetan norbanakoen mugikortasunen ondorioak direla; mugimendu horiek instituzionalizatuta zeudela, eta sexu eta adinari lotuta egon zirela uste dugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Knipper et al. Female exogamy and gene pool diversification at the transition from the Final Neolithic to the Early Bronze Age in central Europe. Proceedings of the National Academy of Sciences. Online Early Edition (September 4, 2017 – September 8, 2017). DOI: 10.1073/pnas.1706355114

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Duela lau mila urte iritsitako errainak mintzatu dira orain appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bihotzik gabe, ezin

mar, 2017/09/05 - 09:00
Jane Goodall (1934), primatologoa, etologoa, antropologoa eta Nazio Batuen Bakearen mezularia da. Jatorri britaniarra izanik, bizitza osoa eman du txinpantzeen portaera ikertzen Tanzanian, Afrikan. Lan handia egin izan du kontserbazioaren eta animalien ongizatearen alorretan.

Jane Goodall: “Teknologia bakar-bakarrik ez da nahikoa. Bihotza ere jarri behar dugu”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Bihotzik gabe, ezin appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

FINGER, osasun-arreta hobetzeko eredu estatistikoa

lun, 2017/09/04 - 09:00
Gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen kopuruak gora egin du egun. Gaixo kroniko askok urtean hainbat aldiz jo behar izaten dute osasun zerbitzu desberdinetara: osasun-zentrora, espezialisten kontsultetara, larrialdi-zerbitzuetara, eta askotan ospitaleratzen dituzte. Urtean behin baino gehiagotan osasun zerbitzuetara hurbiltzen diren gaixoen arretak dituen hutsuneak gainditu eta koordinazioa hobetzeko sistema garatu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Irudia: Jon Orueta medikuak osasun-arreta hobetuko lukeen sistema bat garatu du haren doktorego-tesian.

Jon Orueta medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Geruzatze-sistema bat proposatu du ikertzaileak, hau da, populazioa antzeko beharrak dituzten pertsona-multzotan banatzea eta geruzetako bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzea. Modu horretan, gaixo kronikoen zaintza aldez aurretik planifika daiteke, kontsulta edo ospitaleetara joateko zain egon beharrean. Funtsean, osasun-arretaren beharrak gertatu aurretik planifikatzeko baliabidea sortu du Jon Orueta medikuak. Honako baliabide batek zeregin garrantzitsua izan dezake, pertsona-multzo bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzeko eta osasun-zerbitzuen funtzionamendua optimizatzeko unean.

“Uste zabaldua da osasun-sistemen antolakuntza zaharkituta gelditu dela, eta aldaketa sakonak egin behar direla. Gaur egungo populazio-piramidearen egitura ikusirik, uste dugu datozen urteetan populazio zahartua izango dugula. Beraz, zaintza sanitario konplexua eman beharko da, eta baliteke hori osasun-sistema kolapsatzera iristea. Edonola ere, gaur egungo sistemak ondo funtzionatzen du pazienteetako askorentzat. Horregatik, erabaki egin behar da zein paziente artatuko diren eredu tradizionalari jarraikiz, eta zeinentzat aurkitu behar ditugun osasun-arreta emateko modu berriak”, azaldu du Jon Oruetak.

Geruzatze-sistemarik ezagunenak Estatu Batuetan sortu ziren, eta haien osasun-sistemaren eta gure osasun-zerbitzuen arteko aldeak handiak izan arren, ikerketek baieztatu dute honako ere balio dutela sistema horiek. Gaur egun Oruetak Osakidetzako Uribeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratua) egiten du lan, baina EAEko Populazioaren Geruzatze Programaren zuzendari izan zen lau urtez, eta ondo ezagutzen ditu halako sistemak erabiltzeko zailtasunak. “Mundu errealean aplikatzen saiatu garenean, ikusi dugu eredu estatistiko oso konplexuak direla, aldagai asko dituztela, eta, askotan, ulertzeko zailak direla medikuentzat edo kudeatzaileentzat. Gainera, programa informatikoak erabiltzeko, urteko erabilera-lizentzia erosi behar izaten da. Horregatik, ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena. Gainera, hemen garatua denez, ez luke izango lizentzia-kosturik”.

FINGER, ‘made in Euskadi’

FINGER sistemak, arriskuen geruzapenerako talde berriak osatzeko eta identifikatzeko sistema, gaztelaniazko izendapenetik hartzen du izena: Formación e Identificación de Nuevos Grupos de Estratificación de Riesgo. Pazienteak osasun-zerbitzuetan jasotako osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da sistema. Argia eta erabilerraza da, baina “ondo identifikatzen du hurrengo urtebetean baliabide asko beharko dituzten pazienteen, programatu gabeko ospitaleratzeak beharko dituztenen edo heriotza-arrisku handiena izango dutenen ehuneko handi bat. Hala, paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du“.

Iragarpen-ereduek ez dute “beren kabuz jendearen osasuna hobetzen, ez eta ospitaleratzeak saihesten edo kostuak txikitzen ere, haiekin batera ekintza-plan batzuk martxan jarri ezean”, adierazi du Oruetak. FINGER sistema eta hari lotutako ekintza-planak abian jarriz gero, “arreta hobea eman ahal izango litzateke, zaintza hobea, ospitaleratze gutxiago, eta desoreka gutxiago. Eta, logikoa denez, ospitaleak eta zaintza konplexuen unitateak gutxiago erabiltzen badira, kostuak ere gutxitu egingo dira”. Baina sistemaren helburua arreta hobea ematea da; “osasun-gastua murriztea neurri horiek aplikatzearen ondorioa da”, azpimarratu du Oruetak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko eredu estatistiko bat

The post FINGER, osasun-arreta hobetzeko eredu estatistikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Udan ere zientzia begi-bistan #166

dim, 2017/09/03 - 09:00
Uxue Razkin

Genetika

CRISPR-Cas 9 izeneko teknika lehen lerrora bueltatu da udan. Horren bidez mutazio bat ezabatzea lortu dute giza enbrioietan. Nazioarteko ikerketa talde batek eman digu berria. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako, Txinako eta Hego Koreako adituak aritu dira batera. Ikertzaileen arabera, 58 enbrioi lortu zituzten teknika erabilita, eta 42k ez zuten gaitza eragiten duen mutazioa. Arrakasta %72koa dela nabarmendu dute, inoizko handiena.

Elhuyar aldizkariak eman digu horren berri ere. Gaixotasun genetiko batzuk ondorengoetara pasatzea saihesteko bide eraginkor eta seguru bat izan daitekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, nahiz eta argi utzi duten oraindik asko hobetu behar dela klinikoki erabili ahal izateko. Ikertzaileek ondorioztatu dute CRISPR teknika in vitro ernalketarekin batera erabiltzea kardiomiopatia hipertrofikoa bezalako gaixotasun monogenikoak saihesteko bide eraginkorra izan daitekeela.

Medikuntza

Koldo Callado Hernando, medikuntza eta kirurgian doktorea, elkarrizketatu dute Berrian. Droga berrien eta klasikoen inguruan aritu da testu honetan. Droga mota berrien efektuak, oro har, psikoaktiboak eta pizgarriak direnez gehienak, jendeari euforia eragiten diote. “Asko oso lotuta daude jai giroarekin, eta logura murriztu eta gosea kentzen dute; jaiez jai gorputza martxan edukitzeko baliagarriak dira. Beste batzuek haluzinazioak edo barne munduko bidaiak eragiten dituzte”, azaltzen du. Berrien eta aspalditik dauden drogen arteko desberdintasunak azaltzen ditu tartean: “Droga ilegalen legezko alternatiba bihurtu dira droga berri horiek; denda espezializatuetan edo Internet bidez lor daitezke. Horixe da droga berrien arrakastaren gakoetako bat. Horiez gain, prezioz ere droga klasikoak baino merkeagoak dira, sintetizatzen ere errazagoak, eta odolean detektatzeko zailagoak dira”.

Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, desagertzear zeuden hainbat eritasun berrindartu egin dira. Automedikazioa, erabilera desegokia eta abeltzaintzako abusuak dira arazoaren motibo nagusiak, adituek diotenaren arabera. Gero eta nabarmenagoa da tuberkulosia, malaria eta halako eritasunen intzidentzia, bakterioen antibiotikoekiko erresistentziagatik. Hala ondorioztatu du Lierni Txintxurreta UPV/EHUko farmazia graduatuak (Donostia, 1994) bere gradu amaierako lanean. Ondorioei dagokienez, antibiotikoen erabilera normalizatu edo gehiegizkoak berekin ekar dezake infekzio batean medikamentu horien efektua baliogabetzea. Gauzak horrela, lehenago tratamendu bidez hiltzen ziren mikroorganismoek immunitatea dute zenbait antibiotikoren aurrean.

Zika birusak emakume haurdunen immunologia-sistema ahultzen duela frogatu dute Keck Medikuntza Fakultateko ikertzaileek (USC). Horretaz gain, ikusi dute birusak globulu zuri batzuk, CD14+ monozitoak, infektatzen dituela, eta M2 makrofago bihurtzen dituela. Makrofago horiek gorputzak patogenoa suntsitu duten seinale izaten dira; hortaz, gorputzak ez dio oztoporik jartzen hedatzeko eta ugaltzeko. Guztira, bi birus mota aztertu dituzte, Afrikakoa eta Asiakoa, eta ikusi dute bigarrenak kalte handiagoa egiten diela emakume haurdunei.

Biologia

Gloriana Chaverri biologoari elkarrizketa interesgarria egin diote Berrian. Saguzarrei buruzko nazioarteko biltzar batean parte hartu du Donostian, eta horiei buruz zertzelada batzuk eman ditu. Animalia hauek ingurumenari egiten dioten ekarpena azaldu du, hala nola “izurria ekar dezaketen intsektuen kontrola, hazien zabalkundea, zona tropikaletan, saguzarrak asko elikatzen dira fruituez, eta, libratzen direnean, haziak eramaten dituzte. Landareak polinizatzen ere egiten dute lana. Saguzar banpiroak zuhaitz handien azpian bizi dira, eta, libratzen direnean, elikagaiak ematen dizkiete zuhaitzei”. Gainera, badugu gizakiok saguzarrengandik zer ikasi: “Elkartasun handiagoa izatea gure artean, kooperatiboagoak izatea”.

Arkeologia

Arkeologoak Trebiñuko ‘Pozarrate’ izeneko aztarnategia arakatzen ari dira, duela 6.000 urteko sekretuak azaleratzeko. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da bera. Trebiñun, duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek silexaren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Horregatik dabil baliabide horren arrastoaren atzetik. Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea.

Fisika

Kobalto aleazioak (kromozkoak, ruteniozkoak eta platinozkoak) eta baita kromo oxidozko aleazioak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu Lorenzo Fallarinok egin duen ikerketan. Helburua? Ordenagailuetako grabazio magnetikoko memoria sistemak (disko gogorrak, USBak) hobetzeko material berriak bilatzea, baita material horien propietate magnetiko, fisiko, elektriko eta elastikoak ikertzea izan da.

Ingurumena

Gizakion jarduerak Lurraren tenperatura igotzea ekarri du (berotegi-efektua). Badira berotegi-efektuko gas ugari; ugariena CO2 da. Konposatu hori era naturalean sor daitekeen arren (jarduera bolkanikoan izan dezake jatorria, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoaren ondorioz (energia-iturri fosilen errekuntzaz) bilakatu da klima-aldaketaren eragile nagusia. Karbono dioxidoaren isuriak atmosferan metatzen dira, eta horregatik beharrezkoa da horiek murriztea. Horri aurre egiteko hainbat estrategia planteatu dira. Adibidez, CO2-a bahitzea da. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Plastikoen erabilera asko handitu da. Prezio merkea, kalitate ona, edo prozesatzeko erraztasuna badute ere, ez dira biodegradagarriak eta iturri ez-berriztagarrietatik datoz. Hondakinen hazkundeari aurre egiteko, jatorri berriztagarri eta izaera biodegradagarria duten materialek bultzada handia jasan dute. Aipaturiko material hauen artean, baliabide naturaletatik sortutako biopolimeroak aurkitzen dira.

Ekainetik hona, troposferako ozonoaren kantitatea igotzen ari da eta behin baino gehiagotan gainditu ditu legezko mailak. Ibilgailu motordunek, trafikoak, autobideek eta industrialdeek handitzen dute ozonoaren kantitatea. Miguel Angel Ceballos Ekologistak Martxan-eko kideak azaltzen du ozono kontzentrazio handienak hiri handien kanpoalde eta landa eremuetan izaten direla. “Izan ere, ozonoa sortu ahal izateko beharrezkoak diren erreakzio fotokimikoek distantzia bat behar dute osagai kutsatzaileen iturrietatik”. Horretaz gain, itsasoaren hurbiltasunak ere badu bere eragina.

Astronomia

UPV/EHUko ikertzaile batzuek beste hainbatekin batera ezagutzera eman dute gaueko haizeak egunekoen desberdinak direla Artizarrean. Aurreikusi ezin diren haizeak, uhin geldikorrak eta laino aldakorrak topatu dituzte, ESAren Venus Express misioak hartutako datuei eta irudiak prozesatzeko teknika berriei esker. “Superrotazioa gauean zehar ere gertatzen da, baina mugimendu-aniztasun zabalagoa du, eta orain artean ikusi gabeko laino mota ezberdinak agertzen dira, egun batetik bestera aurreikusi ezin den moduan bortizki aldatzen diren lainoak”, dio Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.

Neurozientzia

Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariek hizketaren tonu-aldaketak nola detektatzen ditugun azaldu dute. Intonazioa da funtsa. Adibidez, esaldia neutroa edo galdera izan daiteke, eta hitz bat edo bestea indartzean ere esanahia aldatu egiten da. Ikerketan ikusi dute, gainera, ahotsak bereizten dituzten neuronek ahots bakoitzaren tonu absolutua detektatzen dutela, eta intonazioa bereizten dutenek berriz, tonu erlatiboa, alegia, hizlariaren ahotsak uneoro dituen tonu-aldaketak.

Hizkuntzalaritza

Zenbait ikerketen arabera, test informatikoek abantaila asko dauzkate paperean egiten direnen aldean; besteak beste, azterketa gehiago egin daitezke eta erantzunak ere azkarrago prozesatzen dira. Test informatizatu hauek ohikoak, hau da, azterketa egingo duten pertsona guztiek azterketa bera izango dute, edo egokigarriak izan daitezke. Test egokigarriak informatizatuak izaten dira eta item bakoitzak parametro batzuk eduki behar ditu, ondorioz, kalibraketa egitea ezinbestekoa da.

Osasuna

Zaldi haragia osasuntsuagoa da? Artikulu honetan topatuko dugu erantzuna. Zaldi haragia ezaugarritzeko asmotan, bere konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila aztertu dira. Ikusi da gantzaren kopurua desberdina dela ikusi dira herrialde ezberdinetan jasotako laginen artean. Halere, herrialde guztietako laginen batez besteko gantz kopuruak %3ren azpitik daude. Urtaroari dagokionez, bada beste desberdintasun bat: neguan jasotako laginen gantz-azido monoasegabeen ehunekoa (%32.3) udaberrikoena (%35.4) baino baxuagoa izan da. Hortaz, zaldi haragia koipe gutxi eta gantz-azidoen profil onuragarria duen haragia desiratzen duten kontsumitzaileentzat egokia izan daitekeen produktua da.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Udan ere zientzia begi-bistan #166 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nekane Castillo: “Ingurumenaren eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen zait”

ven, 2017/09/01 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Alemaniatik etorri berria da Nekane Castillo Eguskitza. Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari den tesiaren barruan, hiru hilabeteko egonaldia egin du Lüneburgeko Unibertsitatean. Artean han zela kontatu digu hara iritsi bitartean izan duen ibilbidea.

Castillok dioenez, betitik gustatu izan zaizkio natura-zientziak, biologia eta halakoak, eta ez zuen asko pentsatu Ingurumen Zientziak aukeratzeko. “Biologia ere aukeratu nezakeen, baina Ingurumen Zientziek gizakia ere aintzat hartzen dute, eta gustuko dut ingurunearen eta gizakiaren arteko elkarrekintza“, zehaztu du.

Tesia egitea, aldiz, ez zuen aurreikusita. Haren esanean,”beti pentsatu izan dut tesia egitean denbora asko ematen dela gauza oso zehatz batean, eta ez nituen beste lau urte eman nahi ikasten. Baina gero masterrak egin nituen, ekosistemen kontserbazioan eta leheneratzean sakondu nahi bainuen, eta enpresetan aritu nintzen lanean eta praktiketan, enpresa pribatuan zein publikoan, eta azkenean Costa Rican bukatu nuen, ikerketa-zentro batean. Hiru hilabete baino ez ziren izan, baina han sartu zitzaidan tesia egiteko gogoa. Gainera, banituen tesia egiten ari ziren edo egin berri zuten lagunak ere, eta haiek ere aurretik animatu ninduten”.

Irudia: Nekane Castillo ikertzailea.

Horrenbestez, tesia egiteko Eusko Jaurlaritzako beka eskatu, eta horretan ari da orain, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ekosistemen zerbitzuak dira naturak eskaintzen dizkigun onurak; eta ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio osagarria lortzea lurraldearen planifikazioa egokiagoa izan dadin. Nire taldeak azterketa biofisikoa egiten du, eta nik, berriz, balorazio ekonomikoa egiten dut, gizartearen lehentasunak eta desirak kontuan hartuta”.

Ikuspegi globala helburu

Adibidez, Biosfera Erreserbaren izendapenak Urdaibaiko biztanlerian izan duen eragina aztertu dute. Zehazki, biztanleei izendapenak kalte ala mesede egin dien jakin nahi zuten, eta ikerketak erakutsi du onuragarria izan daitekeela.

Ondorio horretara iristeko, Castillok eta lankideek hiru aldagai-mota aztertu dituzte Busturialdean eta Uribe Kostan: lurraldearen erabilerari buruzkoak, sozioekonomikoak eta kulturalak. Ikusi dutenez, Biosfera Erreserbaren izendapenak ez du eragin kaltegarririk izan biztanleentzat; eskualdearen kontserbazioa bermatzen du, nahiz eta pinudiak baso autoktonoaz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzea lehentasuna izan; eta, gainera, litekeena da eskualdearen garapen sozioekonomikoan eta kulturalean lagundu izana

Orokorrean, berriz, ikusi dute balorazio bakoitzak informazio-mota bat ematen duela. Horrenbestez, ekosistemetan esku-hartzeak planteatzean, uste du denak hartu behar direla aintzat, ikuspegi globala izateko: “Ezin da ikuspegi ekologikoan bakarrik oinarritu, edo ekonomikoan edo kulturalean bakarrik; dena hartu behar da kontuan. Hori da gure ondorio nagusia; eta, gainera, bat dator beste ikerketa batzuen ondorioekin”.

Lüneburgen, Urdaibaiko datuak aztertzen aritu da, eta, horretan bakarrik aritu bada ere, hango ikertzaileekin lanean aritzeko aukera izan du. Horri esker, lana egiteko beste modu batzuk ezagutu ditu, “eta ingelesa praktikatu dut”, gehitu du, barrez. Horretarako ere baliagarria izan omen zaio Alemaniako egonaldia; “esperientzia izugarri ona”, laburbildu du.

Tesian zailena zer egin zaion galdetuta, aukeratutako arloa, ingurumen-ekonomia, izan dela erantzun du. Izan ere, bere taldean berria da ikuspegi hori, eta, beraz, talde barruan nolabait bakarrik aritu da. “Baina nik aukeratu nuen gaia, ekosistemen eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen baitzait, eta, gainera, Sarrikoko ekonomialari batekin ari gara lankidetzan. Hortaz, ez nago bakar-bakarrik ere”. Bestalde, gaur egun ekosistemen gaineko ikuspegi global hori gero eta zabalduago dagoela zehaztu du.

Aurrera begira, tesia bukatutakoan, ikerketan jarraitzeko gogotsu dagoela aitortu du, baina enpresa batean ere arituko litzatekeela dio. Garbi dauka: “Aukera guztietara irekita nago”.

Fitxa biografikoa:

Nekane Castillo Eguskitza Bilbon jaio zen, 1988an. UPV/EHUn Ingurumen Zientzietan lizentziatu ostean (2010), Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Alcalako Unibertsitatean Kontserbazio Biologian eta Ekosistemen Lehengoratzean espezializatu zen, hurrenez hurren. Ingurumen aholkularitzetan, kluster eta ikerketa zentroetan praktiketan eta lanean aritua, 2015ean Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen ekosistemen zerbitzuen inguruan tesia egiten hasi zen, gaurdaino.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nekane Castillo: “Ingurumenaren eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen zait” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (5): Bizikletan arineketan

jeu, 2017/08/31 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bosgarren ariketa: Lorategiaren neurriak

5) Naiarak 15 km egin ditu bizikletan 51 minututan. Geroz eta arinago ibili da eta kilometro bakoitza egiteko aurrekoa baino 5 segundu gutxiago eman ditu. Zenbat denbora behar izan du azken kilometroa egiteko?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (5): Bizikletan arineketan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mikrobiota eta sabeleko minaren arteko lotura aurkitu dute

mer, 2017/08/30 - 09:00
Juanma Gallego Hesteetako mikrobiota sabeleko minari lotuta egon daitekeela proposatu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Ikerketan Biodonostia Institutuko adituek parte hartu dute, eta Gut aldizkarian argitaratutako gutun baten bidez ezagutarazi dute. Institutu horretako ikertzaile Luis Bujandak azaldu duenez, aurkikuntzak bide berriak ireki ditzake hesteari lotutako gaixotasunak tratatu ahal izateko.

Populazioaren %10-20ak nozitzen ditu, maila ezberdinetan, gaitz funtzional digestibo deritzonak. Halakoetan, pazienteak sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen ditu, eta, ondorioz, medikuarengana jotzen du. Ondorengo analisietan, ordea, ez da ezer berezirik antzematen. “Asaldura horiek azaltzeko hipotesi asko badaude ere, orain arte ez dago argi zerk eragiten duen”, esan du Bujandak. “Halere, pazienteak sintomak izaten ditu, eta gaitzak bizi kalitatean eragiten du”.

1. irudia: gaitz funtzional digestiboa dutenek sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen dituzte. (Argazkia: Ben White/Unsplash)

Azken urteotan, zientzialariek hesteetako bakterioek osasunean jokatzen duten rola oso nabarmena dela ikasi dute. Mikrobiota hori, ordea, izugarri konplexua da. “Hesteetan 1.000 bakterio mota baino gehiago daude. Guztira, 100 bilioi bakterio inguru; prozesu fisiologikoetan eragin garrantzitsua izaten dute, eta, mikrobiota hori aldatzen denean, egoera patologiko batera eraman dezake”.

Horregatik, bakterio andana horrek gaixotasun digestiboetan duen eragina aztertzeari ekin diote zientzialariek. Suediako PopCol izeneko kohortea erabili dute ikerketa aurrera eramateko: kolonoskopietan eskuratutako datuak baliatu ahal izateko. Guztira, kohorte horretako 159 lagun ikertu dituzte. Horietatik, 107 lagunek inoiz ez dute sabeleko minarekin arazo nabarmenik izan, eta, horregatik, kontrol talde modura erabili dituzte. Gainerako 52 lagunak, berriz, erraietako minak nozitu dituztenak dira. Taldearen batezbesteko adina 60 urte ingurukoa izan da.

Ikerketa hau egin aurretik, mikrobiotaren eta sabeleko minaren arteko ustezko lotura aztertzeko 15 lagunez osatutako taldea erabili izan dute; baina, orain, kopuru hori dezente handitu dute, 159 lagunera iritsi arte.

Astebetez, partehartzaileek galdetegi bat bete dute, mina ote duten jakiteko eta, hala izatekotan, min horren nondik norako zehatzak azaltzeko. Lagun bakoitzaren mikrobiota aztertuta, ikertzaileek ikusi dute mina nozitu izan duten eta minik nabaritu ez dutenen bakterioen osaketa nahiko ezberdina dela. Bereziki Prevotella, Blautia, Streptococcus eta Lactobacillus motako bakterioek izan zuten dute zeresanik handiena.

Sekuentziazio masiboa

Paziente bakoitzaren makrobiota aztertzeko sekuentziazio genetiko masiboko teknikak baliatu dituzte. Teknika hau erabilita, aukera dago lagin batean dagoen DNA guztia aztertzeko eta, ondorioz, bertan dauden bakterio guztien berri izateko. Sekuentziazio masiboak benetako iraultza ekarri du, eta ez soilik medikuntzan. Adibidez, paleoantropologiaren alorrean, estratu zehatz batean eskuratutako lurretik erauzitako DNA aztertuz posible izan da garaiko bizidunen berri izatea.

2. irudia: Mikrobiota enterotipoen banaketa ezberdina dute gaitza dutenek eta kontrol taldean parte hartzen dutenek. (Irudia: /Gut)

Zientzialariek dakitenez, hesteetako bakterioak hiru enterotipo edo talde nagusitan banatzen dira. Horietako multzo bakoitzean, Ruminococcaceae, Prevotella eta Bacteroides motako bakterioak dira nabarmenenak. Ikerketa honetan ikusi dutenez, Prevotella enterotipoa urriagoa izatea izan daiteke gaitzaren atzen dagoen faktoreetako bat. Halere, ikertzaileek momentuz aldagai horien arteko korrelazioa baino ez dute iragarri, eta denbora igaroko da minaren zio konkretua argitu arte. Baina itxaropentsu azaldu da Bujanda. “Tratamendu baten bitartez, bakterioen orekan izandako aldaketa hauek berriro bere onera eramanez, sintoma horiek alda litezke”, esan du adituak.

Horretarako bidea irekita omen dago jada. “Gorozkien transplantea aukeretako bat da: osasuntsu dagoen lagun bati gorozkia hartu eta gaixo dagoen beste lagun batean txertatzea, hain zuzen. Orain, batez ere, infekzio larrien kasuan egiten da hori, antibiotikoek balio ez dutenean. Bestetik, bakterio-flora ere erabili daiteke horretarako”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hadizadeh F, Bonfiglio F, Belheouane M, et al Faecal microbiota composition associates with abdominal pain in the general population Gut Published Online First: 01 August 2017. doi: 10.1136/gutjnl-2017-314792

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Mikrobiota eta sabeleko minaren arteko lotura aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Tradizioari hezkuntza

mar, 2017/08/29 - 09:00
Seymour Papert (1928-2016), Hegoafrikako zientzialari konputazionala, matematikaria eta hezitzailea. Adimen artifizialaren aitzindaria eta eragin handiko pentsalaria, batez ere ordenagailuaren erabilerak ikasteko moduan eragindako aldaketen esparruan. 60ko hamarkadan planteatu zuen konputagailuak erabilgarriak izan zitezkeela haurren ikaskuntza eta sorkuntza hobetzeko. Are gehiago, ikasle bakoitzak kostu gutxiko konputagailu bat izatearen ideia ere planteatu zuen. Konstruktibismoaren aitetako bat da.

Seymour Papert: “Berrikuntzak ideia berriak behar ditu… hezkuntzak erantzukizun bat du, tradizioaren aurrean…”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Tradizioari hezkuntza appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zaldi haragia, osasuntsuagoa?

sam, 2017/08/26 - 09:00
Xabier Belaunzaran eta Noelia Aldai Zaldi haragiaren kontsumoak historiaurreko gizakiarekin du lotura. Dena den, hainbat faktore erlijioso, sozial edo/eta kulturalek eraginda, zaldi haragiaren kontsumoa eten egin da historian zehar. Beste espezietako haragiarekin alderatuta, egungo zaldi haragiaren ekoizpena eta kontsumoa baxua da gure inguruan. Alabaina, trans gantz-azidoen kopuru baxua eta esentzialak diren gantz-azidoen kopuru altuagatik, zaldi-haragia “osasuntsu” bezala deskribatua izan da.

Zaldi haragia ezaugarritzeko helburuarekin, bere konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila aztertu dira. Horretarako, laginketa egin da Kantauri mendilerroaren bi aldeetan kokaturiko herrialdeetan (Euskadi, Nafarroa, Kantabria, Asturias, Galizia eta Gaztela eta Leon; 5-7 lagin/lurralde), udaberrian (n=41) eta neguan (n=41). Urtaro bakoitzeko haragiaren kalitatea aztertzeko aziendaren maneiuan egon daitezkeen aldaketetan du oinarria. Orokorrean, udaberrian jaiotako moxalek, amaren esnea hartuz mendietako larreetan igarotzen dute uda. Beraz, udazken/neguko hilabeteetan saltzen den haragiak modu estentsiboan ekoiztutako animalia izan dezake jatorri. Bestalde, negu giroa heltzean, ukuiluratu egin ohi dira, titia kendu, eta agian beren elikadura pentsu kontzentratuaz osatu. Ondorioz, udaberrian merkaturatutako haragia aipatutako azken animalietatik etor daiteke.

Konposizio kimikoari dagokionez, beste espezietako haragiaren antzera, balio biologiko altuko proteinen kopurua adierazgarria da (%23.2-23.8). Gantzaren kopuruan desberdintasun garrantzitsuak ikusi dira herrialde desberdinetan jasotako laginen artean. Gaztela eta Leonen eskuratutakoak izan dira koipetsuenak (%2.77), eta Galizia (%1.37) eta Asturiaskoak (%1.12) gantz urrienak dituztenak. Segur aski, lurraldearekin loturiko arraza eta produkzio-sistema desberdinak dira honen arrazoi. Edonola ere, herrialde guztietako laginen batez besteko gantz kopuruak %3ren azpitik daude.

Esan bezala, herrialdeen arteko laginen gantz kopurua desberdina izan da, eta hauen gantz-azidoen profilean ere desberdintasun nabariak ikusi dira. Oro har, Galiziako eta Asturiasko (gantz urrieneko haragia) laginen kate luzeko n-6 eta n-3 gantz-azido poliasegabeen ehunekoak altuagoak izan dira. Gaztela eta Leoneko laginen artean (koipetsuenak), aldiz, gantz-azido monoasegabeen ehunekorik altuenak ikusi dira. Orokorrean, trans gantz-azidoen eta azido linoleiko konjugatuen pilaketa baxua ikusi da. Zaldiak monogastrikoak dira, eta hauen dietako lipidoak mikrobiotak eraldatu aurretik (itsua/kolona), heste meharrean xurgatu egiten dira. Ondorioz, biohidrogenazio bitartekarien xurgapena eta pilaketa baxua da zaldian.

Urtaroari dagokionez, neguan jasotako laginen gantz-azido monoasegabeen ehunekoa (%32.3) udaberrikoena (%35.4) baino baxuagoa izan da. Bestalde, udaberriko (%23.4) laginekin alderatuta, gantz-azido poliasegabeen ehunekoak altuagoak azaldu dira neguan (%26.6). Lortutako kate luzeko omega-3 edo n-6 gantz-azido poliasegabeen ehunekoak ere altuagoak izan dira neguko haragian, eta azken hauen poliasegabeen/aseen erlazioa onuragarriagoa izan da. Desberdintasunek ziur aski animalien maneiu aldaketekin izango dute erlazioa. Emaitzak, neguko laginen jatorria baldintza estentsiboagoan ekoiztutako animaliak direnaren adierazgarri izan daitezke. Dena den, aipagarria da zaldi haragiaren n-3 motako gantz-azido poliasegabeen kopuru altua (%8.49).

Ondorioz, zaldi haragia gantz urriko eta n-3 motako gantz-azido poliasegabeen kopuru altua duen haragia dela esan genezake. Koipe gutxi eta gantz-azidoen profil onuragarria duen haragia desiratzen duten kontsumitzaileentzat egokia izan daitekeen produktua da. Amaitzeko, lortutako emaitzak kontsumitzaileek produktu honekiko duten harrera hobetzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan gaude.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Zaldi-haragiaren ezaugarritzea: konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila.
  • Laburpena: Zaldi-haragiaren ekoizpen-, merkataritza- eta biztanleriarekiko eskuragarritasun-balioak laburbildu dira artikulu honetan. Gainera, zaldi-haragia ezaugarritzeko helburuarekin (konposizio kimikoa eta gantz-azidoen (GA) profila), laginketa egin da Kantauri mendilerroaren bi aldeetan kokaturiko herrialdeetan, udaberrian (n=41) eta neguan (n=41). Oro har, urtaroak GA monoasegabe eta poliasegabeetan izan du eragina. Bestalde, herrialdeen arteko haragiaren gantz kopuruan eta honen GAen profilean desberdintasun esanguratsuak ikusi dira. Lagin koipetsuenetan, GA monoasegabeen ehunekorik altuenak eta GA poliasegabeen eta dimetil azetalen ehunekorik baxuenak lortu dira. Desberdintasun horiek lurraldearekin erlazionatutako arraza eta ekoizpen-sistema izan dezakete oinrri. Dena den, zaldi haragia gantz urriko eta n-3 gantz-azidoen iturri garrantzitsu izan daitekeen produktu bezala ezaugarritu da.
  • Egileak: Xabier Belaunzaran eta Noelia Aldai
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 37-50
  • DOI: 10.1387/ekaia.16278

—————————————————–
Egileaz: Xabier Belaunzaran eta Noelia Aldai UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailekoak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zaldi haragia, osasuntsuagoa? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (4): Lorategiaren neurriak

jeu, 2017/08/24 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure laugarren ariketa: Lorategiaren neurriak

4) Olatz laukizuzen forma duen lorategi batean dago jarrita. Dagoen lekutik erpinetara dauden distantziak 6, 9, 7 eta d metro dira. Zenbat da d?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (4): Lorategiaren neurriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zientziaz haratago

mar, 2017/08/22 - 09:00
Pedro Miguel Etxenike (1950), Zientzialari nafarra, egoera solidoko Fisikan espezializatuta. Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) burua da. Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Asturiasko Printzea saria jaso zuen solidoen azaleran egoera elektronikoen aurreikuspen teorikoan egindako aurkikuntzengatik.

Pedro Miguel Etxenike: “Zientzia ez da egiazko jakintza eskuratzeko modu bakarra”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Zientziaz haratago appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

CO2 bahiketa klima-aldaketa arintzeko

sam, 2017/08/19 - 09:00
Ainara Ateka, Irene Sierra eta Javier Ereña Gero eta arreta gehiago eskaintzen ari zaio klima-aldaketari. Lurraren klima etengabe aldatzen da, kausa naturalak direla medio. Horretaz gain, gizakion ekoizpen-jarduerak eta kontsumo-ohiturek klima aldatzea eragiten dute. Klima-aldaketa oso ondorio larriak izaten ari da (desertifikazioa, arazoak ur-horniketan, ekosistemen aldaketa, etab.), eta aurreikusten da haren intentsitatea gero eta handiagoa izango dela etorkizunean.

1. irudia: Klima-aldaketari aurre egiteko hainbat bide ikertzen eta lantzen ari dira zientzialariak.

Gizakion jarduerak Lurraren tenperatura igotzea ekarri du (berotegi-efektua). Fenomenoa ulertzeko Lurraren energia-fluxuei erreparatu behar zaie. Eguzkitik datorren erradiazioa Lurraren gainazalera iristen denean, zirkulazio atmosferiko eta ozeanikoek banatu egiten dute, eta geroago espaziora itzultzen da. Jasotako eta itzulitako erradiazioaren arteko orekak biziarentzat egokiak diren baldintzak mantentzen ditu. Berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa igotzen bada, aldiz, Lurrak espaziora irradiatzen duen energia kantitatea murriztu egiten da, eta horrek gehiago beroarazten du atmosfera.

Badira berotegi-efektuko gas ugari; horietatik sei araututa daude klima-aldaketari buruzko nazioarteko araudian (Kyotoko protokoloa): karbono dioxidoa (CO2), oxido nitrosoa (N2O), metanoa (CH4), hidrofluorokarbonoak (HFC), perfluorokarbonoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6). Horien artean CO2 da ugariena. Konposatu hori era naturalean sor daitekeen arren (jarduera bolkanikoan izan dezake jatorria, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoaren ondorioz (energia-iturri fosilen errekuntzaz) bilakatu da klima-aldaketaren eragile nagusia.

Karbono dioxidoa konposatu ez-erreaktiboa da, eta ondorioz, atmosferan denbora luzez irauten du. Karbono dioxidoaren isuriak atmosferan metatzen dira, eta horregatik beharrezkoa da horiek murriztea. Helburu hori betetzeko hainbat estrategia proposatu dira. Aukera guztietan lehen pausua CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik, eta ondoren, bi aukera daude: i) CCS, Carbon Capture and Storage; eta ii) CCU, Carbon Capture and Utilization. Teknologia bien arteko desberdintasuna bahitutako CO2-aren azken erabileran datza: i) CCS teknologiaren bidez, bahitutako CO2-a iraupen luzeko biltegiratzea bermatuko duten guneetara (akuifero gazi sakonetara, edota petrolio- edo gas-gordailuetara) bideratzen da; ii) CCU teknologiarekin, aldiz, bahitutako CO2-a produktu komertzial bihurtzen da.

2. irudia: CCS estrategiaren irudikapen eskematikoa.

Artikulu honen helburua CCS teknologiaren testuingurua aztertzea da, berrikuspen kritiko baten ikuspuntua hartuta. Nahiz eta CCU teknologiak soluzio ideala dirudien, teknologia bien artean komenigarriena zein den aukeratzeko, egoera zehatz bakoitzean teknologia biek duten kostu-errentagarritasuna eta ingurugiroarekiko eraginak era sakon batean aztertu behar dira, faktore bien arteko oreka egokia bermatzeko. Gainera, CCU teknologia ezin da CCS teknologiaren alternatiba moduan hartu, kudeatu dezakeen CO2 kantitatea desberdina baita. Adibide moduan, kalkulatzen da produktu kimiko eta erregai sintetikoak ekoizteko bideek CO2-isurketen % 10 inguru kudea dezaketela.

CCS teknologiak erregai fosilen erabilera jarraitua ahalbidetzen du, CO2-aren atmosferarako isurketak murrizten dituen bitartean. Hala ere, baditu zenbait arazo, hala nola, inbertsio ekonomiko eta energia-beharrizan handiak, epe luzerako biltegiratzea iraunkorra dela egiaztatu beharra, biztanleriaren erresistentzia, eta biltegiratzeko lekuen falta herrialde batzuetan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Azterketa informatizatu eraginkor baten bila.
  • Laburpena: Gero eta arreta gehiago eskaintzen ari zaio klima-aldaketari. Gizakion jardueraren eraginez Lurraren tenperatura igotzen ari da. Berotegi-efektuko gasen artean karbono dioxidoa (CO2) ugariena da, eta energia-iturri fosilen errekuntzan du jatorri antropogeniko nagusia. CO2-ak denbora luzez irauten du atmosferan eta, ondorioz, beharrezkoa da haren isurketak murriztea. Helburu hori betetzeko, karbono dioxidoaren bahiketa- eta biltegiratze-teknologia (CCS teknologia) erabil daiteke. Horretan, lehenengo pausoa, ekoitzitako CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. Ondoren, garraiatu eta formazio geologiekoetan (akuifero gazi sakonetan, edota petrolio- edo gas-gordailuetan) biltegiratzen da. CCS teknologiak erregai fosilen erabilera jarraitua ahalbidetzen du, CO2-aren atmosferarako isurketak murrizten dituen bitartean. Hala ere, baditu zenbait arazo, hala nola, inbertsio ekonomiko eta energia-beharrizan handiak, epe luzerako biltegiratzea iraunkorra dela egiaztatu beharra, biztanleriaren erresistentzia eta biltegiratzeko lekuen falta herrialde batzuetan.
  • Egileak: Ainara Ateka, Irene Sierra eta Javier Ereña
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 81-92
  • DOI: 10.1387/ekaia.16204

—————————————————–
Egileaz:

Ainara Ateka eta Javier Ereña UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoak (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) dira eta Irene Sierra Ingeniaritza Kimikoa Sailekoa (Farmazia Fakultatea) da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post CO2 bahiketa klima-aldaketa arintzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (3): Saskibaloi txapelduna

jeu, 2017/08/17 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure hirugarren ariketa: Saskibaloi txapelduna

3) Anartzek 10 saskibaloi partida jokatu ditu. 6.etik 9.era hauek izan dira lortu dituen puntuak: 23, 14, 11 eta 20. Bederatzigarren partidaren ostean, Anartzen partidako batez besteko puntu-kopurua handiagoa da bosgarren partidaren ostean baino. Hamargarren partidaren ostean, batez besteko hori 18 puntukoa da. Zenbat puntu egin ditu gutxienez azken partidan?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (3): Saskibaloi txapelduna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Heziketa eta hondamendia lasterketan

mar, 2017/08/15 - 09:00
Herbert George Wells, (1866-1946) Munduen arteko gerra, Denboraren makina eta Gizon ikusezina idatzi zituen besteren artean. Mundu mailako ospea eskuratu zuen zientzia fikziozko eleberriei esker. Kazetaria, soziologoa eta historialaria ere izan zen Erresuma Batuko eleberrigilea. Lau aldiz izendatu zuten Literatura Nobel sarirako, ez zuen irabazi, baina.

H. G. Wells: “Zibilizazioa heziketaren eta hondamendiaren arteko lasterketa bat da”.

H. G. Wells aipua

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Heziketa eta hondamendia lasterketan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Test azterketa informatizatzen

sam, 2017/08/12 - 09:00
Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado, Tomás Pérez, eta Conchi Presedo Gaur egun testak ohikoak dira, ezagutza ebaluatzeko garaian, adibidez hizkuntza ezagutza neurtzen duten azterketa ofizialetan edo gida baimena lortzeko azterketa teorikotan. Gehienetan, ebaluatzaileen esperientzian eta eskarmentuan oinarrituta hartzen dira azterketarako galdera edo itemak.

Irudia: Aukera anitzeko testa.

Arrazoi ugari daude ordenagailua erabiltzeko, azterketa bat egitean. Zenbait ikerketen arabera, test informatikoek abantaila asko dauzkate paperean egiten direnen aldean; besteak beste, azterketa gehiago egin daitezke, toki oso ezberdinetan eta aldi berean, horrela, kopia-kasuak saihestuz. Erantzunak ere azkarrago prozesatzen dira, eta, ondorioz, ikasleek bukatu bezain laster izango dute probaren emaitza; gainera, galderak formatu egokiagotan egin daitezke, multimedia, elementu dinamikoak edota interaktiboak erabiliz. Bestalde, azterketak egiteko ordenagailua erabiltzeak ingurumenari ere laguntzen dio, papera erabiltzen ez den heinean, zuhaitz gutxiago moztu beharko dira eta.

Test informatizatu hauek bi erakoak izan daitezke: ohikoak, hau da, azterketa egingo duten pertsona guztiek azterketa bera izango dute, edo egokigarriak, hau da, azterketa egiten ari den pertsonak galderari ondo erantzuten badio, galdera zailagoa jarriko zaio; gaizki erantzuten badio, ordea, galdera errazagoa egingo zaio, duen ezagutza-maila finkatu arte. Test egokigarriak informatizatuak izaten dira eta item bakoitzak parametro batzuk eduki behar ditu, ondorioz, kalibraketa egitea ezinbestekoa da.

Kalibraketa aurrera eraman ahal izateko egin behar den lehenengo gauza item edo galdera-sorta bat sortzea da, ondoren kalibratu ahal izateko. Kalibraketa hori bi motatakoa izan daiteke: adituetan oinarritutako kalibraketa edo kalibraketa psikometrikoa.

Adituetan oinarritutako kalibraketak oinarritzat estatistika konplexua erabili beharrean adituen esperientzia erabiltzen du, eta Testaren Teoria Klasikoa hartzen du ardatz gisa. Kalibraketa-prozesu honek bi zati ditu, item-administrazioa alde batetik eta datuen analisia eta kalibraketa bestetik. Lehenengo pausoan adituengandik informazioa jasotzen da, item bakoitzeko erantzun zuzena eta zailtasun-maila, bigarren pausoan, datu horiek aztertu eta item bakoitzaren zailtasuna lortzen da.

Kalibraketa psikometrikoa Itemaren Aurreko Erantzun-Teorian oinarrituta dago, eta pertsona askok egingo dituzten azterketetarako pentsatuta dago. Kalibraketa hau aurrera eramateko 6 pauso eman behar dira: esperimentuaren diseinua, esperimentua aurrera eramatea, aurre analisiak, parametroen kalkulua, doikuntza-analisiak eta parametroak alderatzea. Baina labur adierazita, lehenbizi itemen erantzunak jaso behar dira ahalik eta pertsona gehienengandik eta ondoren datu horiek aztertu eta itemak kalibratu.

Test on bat prestatzea ez da zaila kalibratutako item-banku bat badago, baina, hain zuzen ere, prozesu hori astuna eta luzea suertatzen da, zaila ez izan arren. Pausu batzuei jarraitu ostean, ez da zaila kalibraketa hori lortzea, baina baliabide ugari behar dira horretarako, batez ere, pertsonak; adituak, lehenengo kalibraketaren kasuan, eta testa erantzungo duten pertsonak, bigarrenean.

Bi prozesu hauen konbinaketa baten ondorioz 127 item zituen banku bat kalibratu zen. Item hauek euskarazko testu baten ulertze-maila neurtzeko erabiltzen ari dira proba batean Hizeba sistema erabiliz. Azpimarratu beharra dago, egindako ahalegina handia izan arren, kalibraketak merezi izan duela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Azterketa informatizatu eraginkor baten bila.
  • Laburpena: Gaur egun testak ohikoak dira ezagutza ebaluatzeko garaian. Gehienetan, ebaluatzailearen esperientzian eta eskarmentuan oinarrituta hartzen dira azterketarako galdera edo itemak. Test Egokigarri Inrormatizatu (TEI) batean pertsona akoitzak item ezberdinak ditu, aurreko erantzunen arabera. Hori lortu ahal izateko, item bakoitza kalibratu egin behar da, hau da, item bakoitzari balio batzuk eman behar zaizkio, prozesu jakin, zehatz bati jarraituz. Artikulu honetan azaltzen da zer egin behar den TEI bat osateko eta itemak kalibratzeko.
  • Egileak: Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado, Tomás Pérez, Conchi Presedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 145-152
  • DOI: 10.1387/ekaia.16368

—————————————————–
Egileaz: Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado eta Conchi Presedo UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak dira eta Tomás Pérez Hizkuntza eta Sistema Informatikoak sailekoa da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Test azterketa informatizatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (2): Fitxen balio altuena

jeu, 2017/08/10 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bigarren ariketa: Fitxen balio altuena

2) Aurpegi bakoitzean zenbaki bat idatzita duten lau fitxa ditugu. Denetara 1etik 8rainoko zenbaki guztiak daude idatzita. Fitxak behin bota eta 6, 1, 4 eta 3 zenbakiak agertu dira; bigarrenean, 1, 3, 5 eta 7; hirugarrenean, 3, 7, 2 eta 6. Zein da jaurtialdi batean agertzen diren zenbakiak batuz lor daitekeen baliorik handiena?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (2): Fitxen balio altuena appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Oinarrian, zientzia

mar, 2017/08/08 - 09:00
Irène Joliot-Curie (1897-1956), Frantziako fisikari eta kimikaria, Nobel saria jaso zuen senarrarekin batera erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik. Pierre eta Marie Curieren alaba zen eta, Nobel saria baino lehen, atomoaren egiturari buruz egin zituen ikerketak, neutroiaren aurkikuntzarako funtsezkoak izan zirenak. Horretaz gain, Frantziako lehen pila atomikoa egiten lagundu zuen.

Irène Joliot-Curie: “Zientzia gizakien bizitza hobetzen eta sufrimendua arintzen duen aurrerapen ororen oinarria da”.

Irène Curie aipua

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Oinarrian, zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hondakinen bigarren bizitza

sam, 2017/08/05 - 09:00
Tania Garrido, Itsaso Leceta, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba XX. mendean zehar industria petrokimikotik eratorritako plastikoak ezinbestekoak bihurtu dira bizitzaren arlo ugarietan eta honen ondorioz, bere erabilera izugarri handitu da. Hauek prezio merkea, kalitate ona, edo prozesatzeko erraztasuna badute ere, ez dira biodegradagarriak eta iturri ez-berriztagarrietatik datoz. Azken urteetan, hondakinen kudeaketa dela eta, ingurugiroarekin erlazionaturiko arazo larriak sortzen ari dira, nagusiki kontsumo ereduak sortutako hondakinen etengabeko hazkuntzaren ondorioz. Beraz, plastikoekin erlazionatutako hondakinen arazoari aurre egiteko helburuarekin, jatorri berriztagarri eta izaera biodegradagarria duten materialek bultzada handia jasan dute, beti ere ingurumenerako bide lagungarriak eta ekonomikoki bideragarriak jarraituz. Aipaturiko material hauen artean, baliabide naturaletatik sortutako polimero biodegradagarriak aurkitzen dira, hau da, biopolimeroak.

Irudia: Soja aleak.

Ikerkuntza-lan honetan polisakaridoak eta proteinak erabili dira, berriztagarriak, ugariak eta ingurunearekin errespetutsuak izateaz gain, biokonpositeak eratzeko gaitasun bikainak dituztelako. Proteinen artean, landare-proteinak azpiproduktu edo hondakin gisa daude eskuragarri barazkigintzan zein nekazaritza-industrian. Hauen artean, soja-proteina aukera interesgarria da. Soja-proteina, soja-olioa ekoizterakoan azpiproduktu gisa lortzen da eta gainera, naturako proteinarik merkeenetarikoa da. Bestalde, landareetatik eratorritako polisakaridoen artean, agarra etorkizun handiko produktua da. Itsasoko alga gorritik erdietsi daiteke eta bere berriztagarritasuna, biodegradagarritasuna eta gelifikazio gaitasun altuagatik biokonpositeak garatzeko aukera interesgarria da. Hala ere, agarraren erauzketa ez da hain merkea; horregatik, soja-proteinan oinarritutako biokonpositeak prestatzeko alga-industrian sortutako hondakin naturala betegarri gisa erabiltzea proposatzen da (guk dakigula, ez da hau inoiz era horretan erabili). Gainera, hondakin horren erabilerak honako bi abantaila hauek izan ditzake: batetik, hondakina bera, era eraginkorrago batean erabil daiteke; eta bestetik, kostu baxuagoko azpiproduktuak lor daitezke. Hain zuzen, ekonomiarako eta ingurumenerako onurak ekar ditzake konposite jasangarriago horien garapenak.

Nahiz eta soja-proteinan oinarritutako biopolimeroek polimero sintetikoak ordezkatzeko ahalmena izan, eragozpen batzuk badituzte haien egitura kimikoarengatik, izaera higroskopikoa eta hauskortasuna, hain zuzen. Horren ondorioz, aldaketa batzuk beharrezkoak dira materiala erabilgarria bilakatzeko. Testu inguru honetan, biopolimeroen prozesatzea nahiz amaierako propietateak hobetzeko plastifikatzaileak beharrezkoak dira eta horregatik glizerola plastifikatzaile gisa erabili zen.

Gehigarriez gain, biokonpositeen propietateak hobetzeko polimeroaren prozesatze metodoa kontuan izatea garrantzitsua da. Ikerkuntza-lan askotan soluzio- eta konpresio- metodoak erabili ohi dira proteinetan oinarritutako konpositeak garatzeko. Hala ere, biokonposite berrien bideragarritasun komertziala zuzenki erlazionatuta dagoenez aplikazio industrialetan plastiko konbentzionalak garatzeko erabilitako teknikekin, lan honetan estrusio eta injekzio prozesatze-metodoak erabili ziren, soja-proteinan eta alga-hondakin betegarriz oinarritutako biokonpositeen garapenerako.

Orokorrean, alga-hondakin betegarriak soja-proteinarekiko bateragarritasun ona erakutsi zuen. Soja-proteinazko pelletak estrusio metodoaren bidez eta biokonpositeak injekzio metodoaren bidez lortu ziren. Lortutako biokonpositeen propietate funtzionalei dagokienez, alga-hondakinaren gehikuntzak ez zuen proteinan oinarritutako biokonpositeen hesi-propietate bikainak aldatu eta propietate optiko egokiak mantendu ziren paketatze aplikazioetan erabiltzeko. Bestalde, alga-hondakina balioztatzean, hondakinen kantitatea eta materialen kostua murriztu zen eta balio erantsizko produktuak garatu ziren.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Nola erabili azpiproduktuak eta hondakinak, propietate egokiak dituzten material jasangarriak garatzeko?
  • Laburpena: Ikerkuntza-lan askotan soluzio- eta konpresio- metodoak erabili ohi dira proteinetan oinarritutako konpositeak garatzeko. Hala ere, biokonposite berrien merkatu-bideragarritasuna, zuzen lotuta dago industria-aplikazio konbentzionalak garatzeko teknikekin eta, beraz, lan honetan estrusio eta injekziorako prozesatze-metodoak erabili dira, soja-proteinan oinarritutako biokonpositeak garatzeko. Bestalde, agarra erauzterakoan hondakin naturala lortzen da. Hondakin hau, biokonpositeen betegarri gisa erabili da. Betegarri honek, soja-proteinarekiko bateragarritasun ona erakutsi zuen, eta horrela biokonposite jasangarriagoak garatu dira. Biokonpositeeen hesi-propietateak eta propietate optikoak egokiak izan ziren paketatze aplikazioetarako.
  • Egileak: Tania Garrido, Itsaso Leceta, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 93-104
  • DOI: 10.1387/ekaia.16278

—————————————————–
Egileez: Tania Garrido, Itsaso Leceta, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba UPV/EHUko BIOMAT ikerketa Taldearen kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hondakinen bigarren bizitza appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (1): Lau zifrako zenbakiaren bila

jeu, 2017/08/03 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure lehenengo ariketa: Lau zifrako zenbakiaren bila.

1) Lau zifrako zenbaki bati bere zifren batura gehituta 2017 lortzen da. Zeintzuk dira propietate hori duten zenbakiak? Zifren batura gehitu beharrean kenduz gero, bada soluziorik?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (1): Lau zifrako zenbakiaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zientziaren poesia

mar, 2017/08/01 - 09:00
Maria Mitchell (1818-1889), astronomo estatubatuarra abuztuaren 1ean jaio zen. “Miss Mitchell’s Comet” (1847 VI) kometa aurkitu zuen eta kometa bat aurkitu zuen hirugarren emakumea izan zen historian. Estatu Batuetako lehen astronomia irakasle emakumezkoa izan zen Vassar Collegen. Era berean, 1848an American Academy of Arts and Sciences elkartean izan zen onartua, elkarteko lehen emakumea.

Maria Mitchell: “Zientzialariok, batez ere, irudimena behar dugu. Ez dira nahikoak ez matematikak, ez logika: estetika eta poesia apur bat behar dugu”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Zientziaren poesia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages