Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa azaroaren 10ean, 12an eta 13an egingo da Bergarako UNEDen, ZTB Jardunaldien barruan. Poster zientifikoen erakusketa, gazteen ahozko aurkezpenak eta esperientzia handiko ikerlarien hitzaldiak bilduko ditu.
(HI)! Ikerlari, Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien 11. edizioko berrikuntza nagusietako bat da. Lehen aldiz, bailarako gazte ikerlariek beren ikerketa-proiektuak aurkeztuko dituzte jardunaldien barruan, eta herritarrek gaur egun egiten den ikerketa gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Ikerketa da aurtengo ZTB Jardunaldien ardatza, eta forumak prozesu hori herritarrei gerturatzea du helburu: ikerketa-galderak nola sortzen diren, hipotesiak nola egiaztatzen diren eta emaitzetara iristeko zer bide egiten den. Horretarako, ikerketa-arloan lanean ari diren bailarako gazteei beren esperientziak partekatzeko eta herritarrekin harremanetan jartzeko topagunea eskainiko die foroak.
Gorka Artola Bergarako alkateak ZTB Jardunaldien inaugurazioan adierazi zuenez, “ezinbestekoa da talentu berriei ikusgarritasuna ematea eta etorkizuneko zientzialari eta ikertzaileentzat eredu eta erreferente izatea”. Behar horri erantzuna emateko asmotan jaio da, beraz, (HI)! Ikerlari Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa.
Poster zientifikoen erakusketa
Forumaren ardatzetako bat poster zientifikoen erakusketa izango da. Bailarako hamahiru ikerlari gaztek beren ikerketa-proiektuak poster bidez aurkeztuko dituzte, modu bisual eta ulergarrian. Horrela, bisitariek ikerketa horien nondik norakoak ezagutzeko eta eguneroko bizitzan izan dezaketen eraginaz jabetzeko aukera izango dute.
Askotariko gaiak landuko dituzte: adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa, sentsore kuantikoak, antibiotikoekiko erresistentzia, robot kirurgikoak, biologia konputazionala, immunologia, kimika organikoa, materialen ingeniaritza, 3D simulazio elektromagnetikoak eta ibarbasoak. Parte-hartzaileek hainbat ikerketa-zentro eta erakundetan egiten dute lan, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), IKERLANen, CIC bioGUNEn, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuan, NEIKERen, Materialen Fisika Zentroan (CFM) eta UNEDen.
Hauek dira posterrak aurkeztuko dituzten ikerlariak: Oihane Altube Urkia, Usue Olatz Aspiazu Iturbe, Ane Blazquez Garcia, Itxaso Calbano Osinaga, Jon Irureta Barrena, Jokin Labaien Soto, Janire Lamariano Merketegi, Uxue Lazkano Dobao, Asier Mongelos Martinez, Maitane Mujika Unamuno, Maider San Torcuato Labaien, Irati Sanz Zubizarreta eta Ibai Sanz Zubizarreta.


Erakusketaren bidez, bailarako gazte ikerlarien lana ikusarazi eta aitortu nahi da, eta, aldi berean, herritarrak zientziara gerturatu eta ikerketa etorkizuneko aukera profesional gisa aurkeztu.
Erakusketa Foruma ospatuko den hiru egunetan egongo da ikusgai Bergarako UNED eraikinean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Posterrak euskaraz eta ingelesez egongo dira, eta publiko orokorrari zein ikasleei zuzenduta daude. Sarrera librea da, eta ez da aurrez izena eman behar.
Gazte ikerlarien ahozko aurkezpenak
Poster-erakusketaz gain, bailarako gazte ikerlariek beren ikerketak ahoz aurkeztuko dituzte UNEDeko aretoan, publiko orokorrari eta ikasleei zuzendutako saioetan. Teknologia kuantikoak, adimen artifiziala, minbiziaren ikerketa, immunologia eta material berriak izango dituzte hizpide, besteak beste.
Azaroaren 10a, asteartea
Uxue Lazkano Dobao: «Minbizia ulertzen: ospitaletik laborategira». Biokimikaria da, bioinformatikan espezializatua, eta biologia molekularra eta datuen analisia uztartzen ditu minbiziaren metastasia ikertzeko. Zelulen seinaleztapena eta metabolismoa aztertzen dituen laborategi baten lana hartuko du ardatz, minbiziari buruzko galderei erantzuteko diziplina zientifiko desberdinak nola uztartzen diren azaltzeko. Biologoek, biokimikariek, bioinformatikariek eta beste zientzialari batzuek osatutako talde baten eguneroko lana ezagutzeko aukera izango da.
Jokin Labaien Soto: «Adimen artifizial sortzailea industrian». Adimen artifizial sortzaileak lan egiteko modua nola aldatu duen azalduko du. Espezialisten eta adimen artifizialaren arteko lankidetza berria aztertuko du, baita teknologia horrek industrian dituen aplikazio praktikoak ere.
Maitane Mujika Unamuno: «Immunitate entrenatua». Urte luzez uste izan da sistema immunologikoko zelula jakin batzuek soilik gorde zezaketela mikroorganismoekin izandako aurreko topaketen memoria. Azken urteetako ikerketek, ordea, erakutsi dute lehen defentsa-lerroko zelulak ere «entrena» daitezkeela infekzioen edo txertoen bidez. Hitzaldian, fenomeno hori zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko du.
Asier Mongelos Martinez: «Zertarako teknologia kuantikoak eta noizko». Teknologia kuantikoen erabilgarritasuna aztertuko du, bereziki medikuntzan, komunikazioan eta nabigazioan izan ditzaketen aplikazioak. Horrez gain, Donostiako laborategian gizartean erabilgarri izan daitezkeen teknologia kuantikoak garatzeko egiten duten lana azalduko du.
Azaroaren 12a, osteguna
Usue Olatz Aspiazu Iturbe: «Material berrien arrakasta muturreko klima-baldintzetan». Materialen ingeniaritzan diharduen ikerlariak gero eta handiagoa den energia-kontsumoaren erronkari helduko dio. Munduko biztanleria handitzearekin eta energia-eskaria areagotzearekin batera, behar horri modu jasangarrian erantzutea ezinbestekoa da. Material berriek, baita muturreko klima-baldintzetan ere, erronka horri aurre egiteko egin dezaketen ekarpena izango du hizpide.
Maider San Torcuato Labaien: «Osasun ikerketa eta berrikuntza: mikrobioen aurkako erresistentzia adibide gisa». Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko koordinatzaile zientifikoa da. Mikrobioen aurkako erresistentzia (AMR) gero eta erronka handiagoa da osasun publikoarentzat: bakterioek, birusek, onddoek eta parasitoek tratamendu antimikrobianoekiko erresistentzia gara dezakete, eta horrek infekzioak tratatzea zailtzen du. Erronka horri aurre egiteko, RaDAR-PPI proiektuan institutuak duen parte-hartzea aurkeztuko du.
Ane Blazquez Garcia: «Konputazio kuantiko banatua». Ordenagailu kuantikoek qubitak erabiltzen dituzte, gainezarmenaren eta korapilatze kuantikoaren moduko fenomenoak baliatuz. Teknologia horri esker, gaur egun konpontzen zailak diren arazoei heltzea espero da, besteak beste, material eta botika berriak diseinatzeari edo prozesu industrialak optimizatzeari lotutako erronkei. Hitzaldian, konputazio kuantikoaren aukerak eta konputazio kuantiko banatuak ekar ditzakeen onurak eta erronkak azalduko ditu.

Ibilbide luzeko ikerlarien hitzaldiak
Gazteen aurkezpenak osatzeko, ikerketa eta berrikuntza arloetan esperientzia handia duten ikerlariek eta profesionalek ere hitzaldiak eskainiko dituzte. Beren esperientziatik abiatuta, zientziaren hainbat arlo eta ikerketaren aplikazio praktikoak gerturatuko dizkiete entzuleei.
Azaroaren 10ean, Amaia Agirre Etxebarria: «Jakin-minetik berrikuntzara: polimeroen mundua ezagutzen». Polimeroen mundura gerturatuko ditu entzuleak. Material horiek pinturetan, itsasgarrietan, gailu medikoetan eta energia garbiko teknologietan erabiltzen dira, besteak beste. Eguneroko bizitzako hainbat arlotan daude presente, nahiz eta askotan oharkabean igarotzen diren.
Azaroaren 12an, Iker Badiola: «Minbiziaren immunologia eta immunoterapia». Lehenik, gorputzak kanpoko mehatxuen eta bere baitan sortzen diren zelula anormalen aurrean nola defendatzen duen bere burua azalduko du. Ondoren, minbiziaren garapenean parte hartzen duten mekanismoak eta tumoreek sistema immunologikoaren erantzunari ihes egiteko erabiltzen dituzten estrategiak landuko ditu.
Azaroaren 13an, Gorka Mendiaraz Zelaia: «Erreka Medical-eko esperientzia». Erreka enpresak industria-sektore tradizionaletatik sektore zientifikora egindako jauzia azalduko du, Erreka Medical dibertsifikazio-proiektuaren bidez. Enpresaren jarduera-eremu guztietan zientziak izan duen garrantzia eta balioa sortzeko zein enpresaren etorkizuna bermatzeko duen eginkizuna nabarmenduko ditu. Saioa euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.
Azaroaren 13an, Mikel Atxega Zirako: «3D eskaneatze eta modelatzea. Areolalab proiektua». Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxeko irakaslea eta Tknikako ikertzailea da, eta metrologian eta industria-diseinuan aditua. Alderantzizko ingeniaritzak azken urteetan izan duen bilakaera azalduko du, eta 2025-2026 ikasturtean Irudika ikastetxearekin batera garatutako Areolalab proiektua aurkeztuko du. Proiektu horretan, bular-protesietako areola egiteko prozesu alternatibo bat landu dute digitalizazioari esker, orain arte artisau-eran egiten zen lana teknologia berriekin gauzatzeko.
Datu praktikoak
- Egunak: azaroaren 10a, 12a eta 13a.
- Lekua: Bergarako UNED eraikina.
- Poster-erakusketa: 10:00–13:00 eta 16:00–20:00. Sarrera librea, aurrez izena eman gabe.
- Ahozko aurkezpenak eta hitzaldiak: doakoak, aurrez izena emanda.
- Izen-ematea: Laboratorium Museoa, 943 76 90 03 telefonoan edo laboratorium@bergara.eus helbidean.
- Egitarau osoa: ztbergara.eus/hi-ikerlari
