Sei bakarrizketalari zientifikok umorea eta dibulgazioa uztartuko dituzte azaroaren 5ean, Bergarako Seminarixoan, ZTB Jardunaldien barruan egingo den saioan. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.
Zientzia eta umorea elkartuko dira azaroaren 5ean, ostegunean, Bergarako Seminarixoan. 18:30ean hasita, Wolfram Txinpartak saioak sei bakarrizketa zientifiko eskainiko ditu, umorea eta dibulgazioa uztartuz.
Bergarako Udalak, Laboratorium Museoak eta Elhuyarren elkarlanean antolatutako ekimena da Wolfram Txinpartak. Ekitaldia ZTB, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien 11. edizioaren barruan egingo da.
Wolfram Txinpartak saioak zientzia eta umorea uztartzen ditu, herritarrei zientzia eta teknologia modu hurbil eta dibertigarrian gerturatzeko. Bakarrizketen bidez, zientziarekiko jakin-mina piztu, gai horiekiko beldurrak gainditzen lagundu eta bokazio zientifikoak sustatu nahi ditu. Horrez gain, aurrez aurreko topagunea izanik, berdintasuna, dibertsitatea, euskararen erabilera eta elkarlana ere sustatzen ditu, zientzia guztion eskura dagoela aldarrikatuz.
Ana Galarragak gidatuko du saioa, eta askotariko arlo zientifikotako sei bakarrizketalari igoko dira agertokira:
- Uxue Lazkano (Bergara), bioinformatikan espezializatutako biokimikaria. Biologia molekularra eta datuen analisia uztartzen ditu minbiziaren metastasia ikertzeko.
- Ugutz Basauri (Bergara), geologoa, historiaz, arkeologiaz eta bitxikeriez ere zaletua. Dibulgazioa du jardunaren ardatz.
- Miren Aldasoro, zoologoa eta biodibertsitatean doktorea EHUn. Saguzarren dietari buruzko tesia egin zuen, eta gaur egun Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.
- Maider Triviño «Mimi», neurozientzialaria eta artista. Biokimikaria eta adimen artifizialeko garatzailea ere bada, eta irakasle eta dibulgatzaile gisa dihardu.
- Unai Garcia Lopez, EHUn adimen artifizialean graduatua. Adimen artifiziala, 3D teknologia eta sorkuntza digitala uztartzen ditu, baita musikarako tresnak garatu ere.
- Tinder Match edo Koxk, Elhuyarren On Zientzia lehiaketan euskarazko bideorik onenaren saria jaso zuen lanaren egileak. Animalien amodio-jokoak dituzte dibulgazio-gai.
Wolfram Txinpartak saioa ZTB Jardunaldien programazioaren barruan kokatzen da, zientzia eta kultura zientifikoa modu hurbil eta dibertigarrian zabaltzeko helburuarekin.
DATU PRAKTIKOAK
- Eguna: azaroak 5, osteguna
- Ordua: 18:30
- Lekua: Seminarixoa, Bergara
- Sarrera: doakoa, aforoa bete arte
- Antolatzaileak: Bergarako Udala eta Laboratorium Museoa
