Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 29 min ago

Elena Lazkano: “Robotak gure antzeko portaera izatea garrantzitsua da guretzako, pertsonentzako” #Zientzialari (129)

Fri, 2020/01/17 - 09:00

Robot lagunak edo robot sozialak gure egunerokotasunean gurekin bizitzen izango ditugun horiek dira. Beste robot motekin gertatzen ez den bezala, robot sozialei gizakiekin elkarrekintza naturala izatea eskatzen zaie, gure antzeko portaera erakusten dutenean gertutasuna sentitzen baitugu.

Robotika sozialaren gaian sakontzeko, Elena Lazkanorekin, UPV/EHUko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala saileko irakasle eta ikertzailearekin, hitz egin dugu.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Elena Lazkano: “Robotak gure antzeko portaera izatea garrantzitsua da guretzako, pertsonentzako” #Zientzialari (129) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Manufaktura metodoen eta saretze-erreakzioaren eragina gelatinazko materialen propietateetan

Thu, 2020/01/16 - 09:00
Alaitz Etxabide, Jone Uranga, Pedro Guerrero, Koro de la Caba Plastiko sintetikoen erabilera masiboarengatik eta haien zabor-tratamendu ez eraginkorrengatik ingurumenean eragindako kalteek jasangarriagoak diren iturrien erabilera bultzatzeko ordezko materialen garapena sustatzea eragin dute. Azkeneko urteotan, naturatik lortu daitezkeen berriztagarriak nahiz biodegradagarriak diren polimeroen (biopolimeroen) ikerketaren arloan gelatina bezalako proteinetan oinarritutako materialenganako interesa handitu da.

Irudia: Psible da gelatinaren merkatu-bideragarritasuna sustatzea bidea zabaltzeko aukera erakutsiz eta materialari aplikazio berriak emateko aukera zabalduz.

Gelatina animalia-proteina bat da, lurreko (behiak, txerriak) eta itsasoko (arrainak) animalien hezur, azal eta ehun konektiboetako kolagenoari egindako hidrolisitik lortzen dena. Gelatinaren ugaritasunak, erabilgarritasunak eta kostu baxuak material hau aplikazio ugaritan erabiltzera bultzatzen dute, hala nola, elikagai edota elikagai-gehigarri moduan eta kosmetikoetan. Hala ere, gelatina elikagai zaporegabea, biobateragarria, biodegradagarria eta ez-toxikoa denez, elikagaiak babesteko filmetan edota biomaterialetan erabiltzeko ahalmen handia erakusten du, proteina honi aplikazio berriak emateko aukera zabalduz.

Gelatinak ingurune urtsuetan erakusten duen disolbagarritasun altuak, ordea, proteina honetan oinarritutako materialek urarekiko sentikortasun handia izatea eragiten du, hauen erabilera zenbait aplikaziotara mugatuz. Propietate funtzional hauen hobekuntza proteinaren saretze bidez lor daiteke, Maillard erreakzioa proteinen eta azukreen arteko beroarekin bizkortzen den saretze-erreakzioa naturala izanik. Saretze erreakzio honetan, konposatuen artean sortutako lotura sendoek gelatinaren propietateak aldatzea eragiten dute, urarekiko sentikortasuna txikitzea, esaterako.

Manufakturari dagokionez, berriz, gelatinan oinarritutako materialak prestatzerakoan plastikoen industrian erabilitako zenbait fabrikatze-metodo erabiltzea ezinbestekoa da, materialaren merkatu-bideragarritasuna sustatzea helburua bada. Biopolimero honen urarekiko disolbagarritasun handia eta tenperaturarekiko urtze puntu baxua abantailatzat hartuz, gelatina egoera solidoan nahiz likidoan prozesatu daiteke, eta honek, fabrikazio teknika ezberdinak erabiliz gelatinazko produktuak sortzeko aukera ematen du.

Manufaktura metodoen eta saretze-erreakzioaren eragina gelatinazko materialen propietateetan izenburupean EKAIA aldizkarian berriki argitaratutako lanean, % 20 laktosadun arrain-gelatinazko formulazioak erabili ziren disoluzio metodoaren bidez, liofilizazioz eta estrusio-injekzio bidez gelatinazko filmak, scaffold-ak eta biokonpositeak ekoizteko, hurrenez hurren, elikagaiak babesteko filmetan edota biomaterialetan gelatina erabiltzeko helburuarekin.

Produktuak fabrikatu ostean, hauetako batzuetan berokuntza tratamendu batez gelatina eta laktosaren arteko saretze erreakzioa bizkortu zen eta ondoren, saretutako (berotutako) eta ez saretutako (ez berotutako) produktuen karakterizazioa egin zen. Ikusi zen saretze-erreakzioak berotu gabeko gelatinazko produktuen ura xurgatzeko ahalmena esanguratsuki txikitu zuela, erreakzioan sortutako lotura sendoek gelatinaren propietateak eraldatu zituztela baieztatuz. Aipatzekoa da, era berean, prozesatze-teknikek berotu gabeko biokonpositeen urarekiko egonkortasunean eta gelatinazko materialen egituran nabarmenki eragin zutela. Izan ere, filmen kasuan erdigune leunagoa eta homogeneoagoa ikusi zen eta scaffold-en eta biokonpositeen kasuan, berriz, material porotsuak lortu ziren Maillard erreakzioaren ostean.

Ikerketa lan honen ondorio nagusi moduan, esan daiteke hasierako formulazioaren, erabilitako manufaktura tekniken eta saretze-erreakzioaren arabera, aplikazio zehatzetarako eskakizunen araberako propietate jakineko gelatinazko materialak plastikoen industrian erabilitako zenbait fabrikatze-metodo erabiliz ekoiztea posiblea dela, gelatinaren merkatu-bideragarritasuna sustatzeari bidea zabaltzeko aukera erakutsiz eta materialari aplikazio berriak emateko aukera zabalduz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Manufaktura metodoen eta saretze-erreakzioaren eragina gelatinazko materialen propietateetan.
  • Laburpena: Plastikoen erabilerak eta haien zabor-tratamenduak sortutako kezkek jasangarriagoak diren iturrien erabilera bultzatzeko ordezko materialen garapena sustatu dute. Azkeneko urteotan, proteinen ikerketaren arloan gelatinan oinarritutako materialenganako interesa handitu da. Proteinen merkatu-bideragarritasuna sustatzeko helburuarekin, gelatinazko filmak, scaffold-ak eta biokonpositeak prestatu ziren, hurrenez hurren disoluzio metodoaren bidez, liofilizazioz eta estrusio-injekzio tekniken bidez. Gainera, gelatinaren urarekiko sentikortasuna txikitzeko, materialak laktosarekin erreakzionarazi zituzten, Maillard saretze-erreakzioa bero tratamendu bidez bultzatuz (105 °C, 24 ordu). Fourierren transformatuaren bidezko espektroskopia infragorriaren (FTIR) bidez gelatinaren eta laktosaren arteko interakzioak baieztatu ziren. Bestetik, gelatinazko materialen ura xurgatzeko gaitasunen balio ezberdinek eta ekorketazko elektroi-mikroskopia (SEM) bidez ikusitako egitura desberdinek saretze erreakzioak eta manufaktura prozesuek materialen propietateetan eragin zutela baieztatu zuten.
  • Egileak: Alaitz Etxabide, Jone Uranga, Pedro Guerrero, Koro de la Caba.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 71-84
  • DOI: 10.1387/ekaia.19635

————————————————–
Egileez:

Alaitz Etxabide, Jone Uranga, Pedro Guerrero, Koro de la Caba. UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza eskolako BIOMAT taldean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Manufaktura metodoen eta saretze-erreakzioaren eragina gelatinazko materialen propietateetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gurasoen zaintza ez da erraz fosilizatzen den horietakoa

Wed, 2020/01/15 - 09:00
Juanma Gallego Animaliek bi estrategia darabiltzate ondorengoa ziurtatzeko: kumeak barra-barra izatea ala gutxi batzuk izan baina horiek ondo zaintzea. Azken portaera honen adierazlerik zaharrentzat hartzen dena aurkeztu dute, duela 309 milioi urteko fosil batean.

Umeak zaindu. Guraso gehienek hori egingo dute, eta kausa horren alde bizitza ere emango lukete. Finean, zaintza eboluzioaren amarru bat da, norberaren geneak ondorengo belaunaldien bitartez nolabait ‘bizirik’ irautea ahalbidetuko dutena. Zoragarria da pentsatzea etenik gabeko kate horrek LUCA edo azken arbaso komun unibertsalarengana garamatzala. Gure arbasoek lagatako ondareari buruz hitz egiterakoan, ordea, gutxitan oroitzen gara duela milioika urte bizi izan zen bakterio hori multzoan sartzeaz.

Geneen transmisioen kate hori sendo mantentzeko, animaliek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte; baina, oro har, bi multzo handitan bereiz daitezke: kantitatearen ala kalitatearen araberakoa.

1. irudia: Duela 309 milioi urte bizi zen Dendromaia unamakiensis espeziea, fosilaren datazioaren arabera, eta sugandila handi baten itxura zuen. (Irudia: Henry Sharpe)

Lehen estrategia bereziki arrainek eta intsektuek erabiltzen dute. Arrautzak barra-barra sortzen dituzte, horietako batzuk bederen heldutasunera iritsiko diren esperantzan. Ordainean, gehienak behin betiko galduko dira, beste animalientzako bazka bihurtuta.

Bigarren estrategian kalitatea lehenesten da: kume edo arrautza gutxiago sortzen dira, baina horiek ondo zaintzen dira, haien kabuz moldatzeko gai izan arte. Ornodun askok estrategia hori erabiltzen dute, baina bereziki ugaztunen artean dago zabalduen, animalia-klase hau, hain justu, kumeei titia emateko estrategian espezializatuta dagoelako.

Hauek, esan bezala, estrategia nagusiak dira, baina horien arteko nahasketak eta ñabardurak ere izaten dira, noski. Ohi bezala, zaila da gizakiok asmatutako kategorien arabera mundu naturala sailkatzea. Adibidez, itsas izar askok arrautzak eta hazia uretan botatzen dituzte, eta, hor konpon, etor dadila etorri beharrekoa; baina hori ez da sei besoko itsas izarraren (Leptasterias hexactis) hautua. Itsas izar honek arrautzak eta ondorengo enbrioiak babesten ditu, eta horretarako jarrera bitxia hartzen du, besoen gainean zatituta. Ez dira gutxi: gehienez 1.500 arrautza jartzen ditu. 40 egun ematen ditu horrela, jateko aukerarik izan gabe, besapean dituen kumeak haien kabuz mugitzen diren arte. Hala izanik ere, ohiko jarrera zapala berreskuratzen du, baina beste hilabete inguru ematen ditu izartxo berriak zaintzen.

Gonatus onyx espezieko txibiaren zama are handiagoa da: emeak 6-9 hilabetez 2.000-3.000 arrautzez osatutako pilota beltz bat eskegita eramaten du, amaren tamaina bikoizten duena, gainera. Beste espezie batzuetan, hala nola itsas zaldietan (Hippocampus), Opistognathidae generoko arrainetan edota zenbait zimitz espezietan, arrak dira arrautzen ardura hartzen dutenak. Ipar Ozeano Barean bizi den olagarro erraldoiaren (Enteroctopus dofleini) kasuan, bi gurasoak hiltzen dira ugalketa abiatu eta gutxira. Arrak hazi-poltsa antzeko bat uzten dio emeari, eta handik gutxira hiltzen da. Emeak hainbat hilabetez babestuko du poltsa hori, eta, prest dagoenean, arrautzak jarriko ditu (100.000 izan daitezke), aspaldi utzitako hazi horrekin ernaltzen. Zazpi hilabete inguru emango ditu arrautza horiek zaintzen, garbitzen eta aireztatzen, jan gabe, kumeak jaio arte. Handik gutxira ama hilko da.

Halako adibideak ikusita, zaila dirudi finkatzea historia ebolutiboan kumeak zaintzeko estrategia noiz agertu zen, zaintza askotarikoa eta ñabarduraz beterikoa izan daitekeelako. Argi dago duela 200 milioi inguru lehen ugaztunak agertu zirenean estrategia hori garatu zela, baina paleontologoek data hori baino atzerago jotzeko aukera izan dute, ugaztun ez ziren animalietara iritsita.

Orain arte, Hegoafrikan aurkitutako Heleosaurus scholtzi espezieko fosil bat hartu da zaintza horren adibide zaharrentzat, duela 270 milioi inguru urtean datatua. Orain, Nature Ecology & Evolution aldizkarian zabaldutako zientzia artikulu batean 40 milioi urtez atzeratu dute zaintzaren agerpena. Gainera, aurkitu berri den espezie bati antzeman diote portaera hori.

2. irudia: Aurkitutako fosilean, animalia helduaren pelbisaren eta femurraren artean kokatuta dago animalia txikiaren burua. (Argazkia: Carlentongo Unibertsitatea)

Dendromaia unamakiensis du izena espezie berriak, eta Cape Breton uhartean aurkitu dute, Kanadako ekialdeko kostaldean. Hegoafrikako fosilaren kasuan bezala, hau ere sinapsidoen motako animalia izan zen, Varanopidae familiakoa. Kalkulatu dutenez, duela 309 milioi urte gertatutako eszena da fosil horren bitartez denboran izoztuta kontserbatu dena. Aurkikuntza oso berezia da. Musker itxurako bi animaliak azaltzen dira fosilean, bata txikia, eta handiagoa bestea. Helduak 20-30 zentimetroko tamaina zuela kalkulatu dute, buztana kontuan hartu gabe. Haren burua, baina, ez da kontserbatu.

Bada, txikia handiaren babespean dagoela ematen du, handiaren buztanarekin bilduta. Ez da zantzu bakarra. Biak daudelako motzondo batean kokatuta, gaur egungo animalia askok habia edo bizileku bezala erabili ohi duten elementu baten barruan, alegia. Ikertzaileek uste dute duela 309 milioi urteko ekaitza batek uraz eta sedimentuez zulo hori bete zuela, eta gertaera hori izan zela hil baino lehenagoko azken “besarkada” hori denboran izoztu zuena.

Askotan arras zaila da fosil baten testuingurua interpretatzea, eta are zailagoa da fosil baten atzean zaintza ote dagoen argitzea. Dinosauroen artean, adibidez, habien eta arrautzen fosilak aurkitu dira, eta logikak agintzen du gurasoek kumeen zaintza egiten zutela, arrautzen arabera, kumeak oso tamaina txikikoak zirelako. Baina, momentuz, horren froga argirik ez da aurkitu; zantzuak baizik. Alabaina, orain aurkeztu duten fosilaren kasua nahiko argia da, adituen arabera.

Filogenia, ezbaian

Eboluzioaren historian, berez arrautzak idorrean jartzen zituzten animaliek bi adarretan bereizi ziren: lehena, narrastietara eta dinosauroetara eraman zuena; eta, bigarrena, ugaztunetara eraman zuena. Itxuraz muskerra ematen duten arren (Varanopidae familiak baranoetatik hartzen du izena) zientzialariek uste dute baranopidoak ugaztunetara eraman zuen bigarren adar horretan egon zirela.

Baina hau ere agian aldatzear egon daiteke. Izan ere, hain urruneko filogeniak askotan ezbaian daude. Horren adibide, aldizkari berean argitaratu duten beste artikulu batean proposatu dute berez baranopidoak ez zirela izan ugaztunen arbasoak, eta bai ordea krokodiloak, sugandilak, sugeak, dortokak eta hegaztiak ahalbidetu zituen beste lerro batekoak. Hala izan ala ez, ikusi ahal izan dugunez, badirudi guraso arduratsuak izan zirela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Maddin, H.C., Mann, A., & Hebert, B., (2020). Varanopid from the Carboniferous of Nova Scotia reveals evidence of parental care in amniotes. Nature Ecology & Evolution, 4, 50–56. DOI: 10.1038/s41559-019-1030-z.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Gurasoen zaintza ez da erraz fosilizatzen den horietakoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zientzia-bokazioak sortzearen garrantzia

Tue, 2020/01/14 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Gizarteak zientzian interesa izatea behar-beharrezkoa da. Horretarako ezinbestekoa da zientziaren dibulgazioan lan egiten dugunon jarduna, baina, hori ez da punturik garrantzitsuena. Zientziarekiko zaletasuna sortzeko, gakoa da txikitatik zientzia irakastea eta zientziarekiko grina bultzatzea. Horrek lagunduko du, zalantzarik gabe, zer den zientzia eta zer ez den zientzia azaltzen. Zientzia-bokazioak sortzea ezinbestekoa da etorkizuneko zientzialariak -eta, era berean, etorkizuneko zientzia- bermatzeko. Guzti horretan zeresan handia dute derrigorrezko hezkuntzako irakasleek eta horien lana funtsezkoa da.

Irudia: Zientzia-bokazioa txikitatik sortzea beharrezkoa da gizarteak zientzian interesa izan dezan. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientziaren irakaskuntza metodoari dagokionez, tradizionalki, onartzen da zientziaren ikaskuntza-irakaskuntza esperimentazioari lotuta egon behar dela, nahitaez. Horrekin lotuta, aspalditik egon dira literatura zientifikoan ikerkuntza gidatu bidezko laborategi lanak baliabide didaktiko aberasgarri moduan erabiltzea proposatu dutenak. Proposamen horietan, ikasleari zientziaren printzipioak ezagutzeko aukera ematen zaio, Naturaren beraren ulermena bultzatzeko. Dena den, azken hamarkadetan Zientziaren irakaskuntza irakaslearen ereduan oinarritu da eta, oro har, instrukzio ohikoena jarduera ez-interaktiboak proposatzea izan da. Horrek ez dauka lotura handirik zientzialariaren benetako jardunarekin.

Zientzialarien jarduera ohikoena, esperimentazioa, eskolatik kanpo egon da kasu askotan eta, gainera, laborategiko praktika tradizionalek —praktika-errezetek— porrot egiten dute ikasleen zientzia-potentziala azaleratzerakoan. Oro har, ikasleak ez dute uste egiten ari diren lan hori — praktika-errezeten bidez egindako laborategiko lana— zientziaren esentzia den ikerkuntza denik. Bestalde, irakasle askok ez dituzte planteatzen ikasleek haien ezagutza eraiki ahal izateko modukoak diren laborategi praktikak eta, eskuarki, laborategiko lanak eduki kontzeptualen barneratze hutsa izaten dute helburu. Jakina, denbora baliabide eskasa eta preziatua da irakaskuntzan eta praktika-errezetak prestatzea da, sarri askotan, bideragarria den aukera bakarra.

Zentzu horretan, dena den, azken urteotan praktika-errezeten alternatibak diren beste metodologia esperimentalak proposatu dira ikasleak zientziaren metodoetara modu esanguratsuan gerturatzeko. Jarduera mota horrek zientziaren arloan eskuratu beharreko prozedurazko, jarrerazko eta kontzeptuzko edukien barneratzea ahalbidetzen eta errazten du, zalantzarik gabe. Jarduera praktikoak oso garrantzitsuak -ezinbestekoak- dira zientzian eta, oro har, jarduera edo lan praktiko horiek laborategian gertatzen direnez, zentzuzkoa eta aberasgarria da zientziaren ikaskuntza-irakaskuntzan laborategian ikerkuntza-lanak egitea.

Testuliburu gehienetan aurkitzen diren saiakuntza praktikoak oso gutxi izan ohi dira eta, salbuespenak salbuespen, literaturan argitaratutako ikerketetan ohartarazten da testuliburuetan dauden ariketek ikerkuntza-maila eskasa eskatzen dutela, alegia, errezeta hutsen jarraipenean oinarritzen direla. Ikasleak laborategian dauden denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten, datuak deskribatzen eta tresneria erabiltzen ematen dute. Ez dago, aitzitik, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Teoriaren eta praktikaren arteko loturak ia ez dira aipatzen, eta ez da laborategia erabiltzen eduki kontzeptualen ikaskuntza esanguratsua lortzeko. Jarduera gehigarri moduan lantzen dira, baina, ez ikasi beharrekoaren atal garrantzitsu bezala.

Laburtuz, bi eredu esperimental kontrajarrien —praktika-errezeten eta ikerkuntzen— arteko aldeak bistakoak dira. Praktika-errezetak guztiz gidoitutako, antolatutako eta aurreikusitako jarduerak direnez, irakaslearentzat eta ikasleentzat askoz errazagoak dira, baina kontzeptuak gutxiago erlazionatzen ikasten da; izan ere, ondorioak ateratzerakoan irakasleak zuzentzen du praktika. Ikerkuntza bidezko metodologia ikerkuntza txikiak izanik ere, noski askoz konplexuagoa da eta lan gehiago eskatzen dio irakasleari, baina, modu esanguratsuagoan barneratzen dira edukiak. Praktika-errezeta bidezko lan praktikoetan jakin edo ikasi gabe egiten da proposatutakoa, ikerkuntzen bidez, aldiz, ikasleak egin behar ditu proposamenak. Horixe da jarduera zientifikoaren funtsa.

Hipotesi eta soluzioei dagokienez, errezeten bidez lan egitean ikasleak ez du proposamenik egin behar eta jarduerak duen soluzio bat eta bakarra aurkitzea da kontua. Ikerkuntza bidez lan egitean, zientzialariek izan ditzaketen arazo errealen aurrean hipotesiak egin behar dituzte ikasleek eta soluzio anitzak lor daitezke. Ikerkuntza gidatuen bidez lan egitean ikasleak bide posible bat baino gehiago proposa dezake eta modu irekian egiten du lan. Ikasleak diseinatu behar du lan-jarduera eta hasieratik jakina da beti ez dela soluzioa lortuko. Prozesu horretan, dena den, zientziako edukien ikasketa esanguratsua gertatzea askoz ere probableagoa da. Modu horretan lan eginda, behar-beharrezkoak diren zientzia-bokazioak bultzatzea ere probableagoa da, jakina.

Informazio gehiago:

Etxabe, J.M. (2012). Natura Zientziak Lehen Mailako ikasgelan. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zientzia-bokazioak sortzearen garrantzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hotza iritsi da

Mon, 2020/01/13 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Irudia: Negua omen da guretzako urtarorik hotzena, non elurra eta izotza izaten ditugu maiztasun handiagorekin. (Argazkia: ArtTower / Pixabay.com)

Hotza heltzean gorputzeko tenperaturari konstante eusteko, animalia homeotermoek metabolismoaren bidez birjarri behar dute galtzen duten beroa. Galera eragiten dute, alde batetik, organismoko eta giroko tenperaturen arteko aldeak eta, bestetik, isolamendu mailak. Horregatik, hibernatzaileak alde batera utziz gero, ugaztunek neguko tenperatura beherakadari erantzuteko moduak bi osagai nagusi ditu. Alde batetik, kanpoarekiko isolamendu maila handitzen dute. Bestetik, giro tenperatura asko jaisten bada, jarduera metabolikoa ere areagotzen dute, bero handiagoa ekoizteko eta galera handiagoa konpentsatzeko.

Isolamendua hainbat modutan alda daiteke: jarrera aldatuz, kanpoaldearekiko kontaktuan dagoen gorputzaren zatia aldatzeko; odol-zirkulazioa mugatuz gorputz-adarren periferian eta horiek hozten utziz; edota ilajearen bitartez, gorputzaren gainazala isolatzen duen aire geruzaren lodiera aldatzeko. Hala ere, tenperatura jakin batetik behera, erantzun horiek ez dira nahikoak eta energia kantitate handiagoa erre behar dute, metabolismoa azkartuz. Horregatik, garrantzitsua da hotza iristean elikagai ugari izatea edo, bestela, erreserba gordailuak.

Baina, gizakiak bereziak gara. Homeotermoak izan arren, gure espeziea Afrikan sortu zen eta gure leinu hominidoa afrikarra da. Sabanan garatu ginenez, gure ezaugarrietako askok jatorri hori islatzen dute. Bilakaera horretan, ia biluzik gelditu ginen eta izerditzeko gaitasun bikaina garatu genuen –hozteko oso modu efizientea, larruazalaren gainean izerdia lurrunduz–. Hala, eremu hotzetara joan ginenean, arropa jantzi behar izan genuen toki bakoitzeko tenperaturarekiko isolamendu egokia izateko. Gainera, oso toki hotzetan ahalegin bereziak egin behar izan ditugu bizileku erosoa izateko (berokuntzan gastatu), berokiak jantzi eta gehiago jateko elikagai nahikoak lortu behar izateaz gain.

Gorputzean sakabanatuta ditugun tenperatura sentsoreek beherakada termikoa hautematen dutenean, entzefaloaren barneko nerbio egitura bati, hipotalamoari, jakinarazten diote. Hark beharrezko aginduak emango dizkie sistema endokrinoari eta nerbio sistemari. Zenbait aginduk aldaketak eragiten dituzte odol zirkulazio periferikoan eta ilearen banaketan, isolamendu maila handitzeko. Beste batzuek jarduera metabolikoa areagotzen dute. Doikuntza horietan parte hartuko dute zenbait hormonak, esaterako adrenalinak, noradrenalinak eta tiroidekoek, metabolismoa azkartzen dutenak. Gantz arrea dutenek abantaila bat dute, ehun horren funtzio bakarra beroa ekoiztea delako. Eta behar dugunean, gainera, dar-dar egiten dugu.

Eremu hotzetako ugaztunak inguru izoztuetan bizitzera egokitu dira, logikoa denez. Hartz zurien kumeak metabolismoari konstante eusten diote 0 °C arte eta, estimazioen arabera, -60 °C arte ez lukete hirukoiztuko. Artikoko azeriek, txakur eskimalek eta Artikoko gainerako ugaztun handiek ia ez dute metabolismoa areagotu behar tenperaturak benetan muturrekoak ez badira, -25 °C-koa edo -30 °C-koa kasu. Gizakiek, ordea, oraindik ere Sabanako primateak garenez gero, hori guztia larrutik ordaintzen dugu. Biluzik dauden gizakien metabolismoa azkartu egiten da tenperatura 26 ºC-etatik jaisten denean, eta hirukoitza izango da, 8 °C-tan.

Informazio horrek ondorio triste batera garama. Hotza bereziki krudela da arras pobreak direnekin: ez daukate baliabiderik ez beren bizilekua ez beren barrua berotzeko.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Hotza iritsi da appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #285

Sun, 2020/01/12 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Astronomia alorrean bi albiste garrantzitsu izan ditugu. Lehenik, Lurraren tamainako planeta bat aurkitu du NASAk. “TOI 700 d” izena du eta ehun argi urtera dago. Datu esanguratsu bat horren harira: bizitza izateko ezaugarriak dituen planeta bakarra litzateke bere sisteman. Bigarrenik, Europako Espazio Agentziak (ESA), Hubble teleskopioaren bidez, Rubin galaxia ageri den irudi bat argitaratu du, “Hurbileko unibertsoan” ezagutzen den galaxiarik handiena, hain zuzen. Berrian informazio guztia.

Artizarrean gaur egun sumendi aktiboak egon daitezkeela baieztatu dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Ondorio horretara iristeko, Artizarreko atmosfera sortu zuten laborategian, eta planetaren azaleko mineralak denborarekin nola eraldatzen diren ikertu dute.

Psikologia

Zer eragin du gure erabakietan jasotzen dugun informazio faltsuak? Anne Hamby ikertzaileak eta bere lankideek egin dute honen inguruko ikerketa eta ondorioztatu dute kosta egiten zaigula gure eredu logikoen aurka doazen ideiak onartzea. Horrek badu lotura guk informazio hori prozesatzeko dugun moduarekin, hau da, eta testuan hala azaltzen digutenez, “gizakiok eredu mentalak egiten ditugu ekintzak azaltzeko eta eredu horietako elementuak kausa-efektu kate baten bidez lotzen dira. Behin eredua osatu dugula, kate horren elementu bat ezabatzea kosta egiten da”. Gainontzeko ondorioak irakurtzeko, jo ezazue artikulura.

Munduan mintzatzen diren hizkuntzen herena aztertu dute ikerketa batean, sentimenduen adierazpena unibertsala ote den ikusteko. Horretarako, sentimenduak adierazteko hizkuntza desberdinetan erabiltzen diren hitzen mapa semantikoa osatu dute. Patroi antzeko bat aurkitu dute: hizkuntza guztiek balentzia (emozioak atseginak edo desatseginak diren) eta aktibazio (sentimendu bakoitzari lotuta agertzen den fisiologia-jardueraren maila) izeneko ezaugarrien arabera emozioak “bereizten” dituztela argudiatu dute. Informazio guztia artikuluan.

Osasuna

Zer dakigu terapia fotodinamikoari buruz? Testuan azaltzen digutenez, argia dela medio tumore-zelulak era hautakorrean hiltzeko bidea izan daiteke. Aurkezten diguten lan honetan, fotosentikortzaile berri eta efizienteak sintetizatu eta karakterizatu dira. Hauek, BODIPY kromoforoei loturiko Iridio (III) ziklo metalikoak dira. Emaitzen arabera, ondorioztatu dute oxigeno singletea sortzearen arduraduna BODIPY unitatea dela.

Kimika

Pigmentu berdeak lortzea erronka handia izan da artistentzat. Gizakiak lortu zuen lehenengo pigmentu berdeari landare izena zuen: malakita, “malben hostoen kolorekoa”. Historian zehar, eta kimika sintetikoa iritsi baino lehen, kolore berdea nola lortu izan den azaldu digute artikulu interesgarri honetan. Nola margotu izan dute kolore berdea mihiseetan artista ezagunenek? Ez galdu!

Medikuntza

Berriki estreinatu dugun 2020a Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Ildo honi jarraiki, 2030erako garapen jasangarriaren helburuak gauzatu eta osasun-estaldura unibertsala lortzeko, munduan 9 milioi erizain gehiago behar direla jakinarazi du OMEk, eta gaineratu du erizainak XXI. mendeko osasun-erronken erdigunean jarri beharko liratekeela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue.

Arkeologia

Aurreko astean Elhuyar aldizkarian irakurri ahal izan genuen ikerketa talde batek berriro aztertu dituela Jose Migel Barandiaranek Axlor aztarnategian aurkitutako giza fosilak. Oraingoan, Berriak eman digu honen berri, gaian sakonduz. Ikerketari dagokionez, Neanderthalen hiru hortz eta garezur zati bat aurkitu dituzte eta Barandiaranek hortz batzuei buruz egindako sailkapena ere zuzendu dute.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #285 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #290

Sat, 2020/01/11 - 09:50

Harrigarria badirudi ere, pertsona itsu batek ekuazio matematikoak ebaztean kortex bisuala baliatzen du. Fisikari, pedagogo eta itsua den Marta Buenok One sense less, one more equation

Paretoren printzipioa, aukeraketa sozialaren oinarrizko printzipioa, urratzen dituzte zenbait eskubide indibidualek. Paradoja liberala da hau. Jesús Zamora Bonillaren Fifty years of the Paretian liberal paradox.

Badaude ezinezkoak diruditen materialak, ezinezko ez diren arte. Antiferromagnetismoaren agerpena suposatzen duen ordenamendua eta materiala isolatzaile topologiko bihurtzen duena kontrajarriak dira. DIPCkoek material bat isolatzaile topologiko antiferromagnetikoa izan daitekeela aurreikusi, lehenengo, eta, ondoren esperimentalki frogatu du. Nature aldizkarian argitaratu dute. First ever antiferromagnetic topological insulator discovered

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #290 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ibaizabal itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Fri, 2020/01/10 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Milioi bat lagun inguru bizi gara Ibaizabal itsasadarraren bi aldeetan diren hirietan edo horietatik hurbil dauden herrietan. Lagun horietako askok gure bizitzaren denbora gehiena edo osoa eman dugu inguru horretan, eta gainera, askotan igaro gara ibaiertz batetik bestera. Baina hori horrela izanik ere, oso gutxi da itsasadarrari buruz dakiguna, azken mende erdian Ibaizabal itsasadarrari buruzko ezagutza handia pilatu den arren.

Lortu dugun ezagutza horren zati txiki-txiki bat erakutsi nahi izan dio UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Bizkaiko herritarrei eta kanpotik bisitan etortzen zaizkigunei ere. Eta gainera, gure metropolian jende kopuru handien pasatzen den lekuetako batera eramanez egin du. Metrora eraman dugu. Horretarako Metro Bilbaoren paregabeko laguntza izan dugu, egitasmo honetan indar guztiz parte hartu du-eta.

Itsasadarraren historian zeharreko garapena, inguruko geologia, ubidearen eta Abraren ekologia, egin diren saneamendu lanen ondorioak, Bizkaiko Zubia, metroa eta zenbait osagai aurkeztu dira infografiez hornitutako hamar panel-bilduma baten bitartez. Zientzia eta teknologiaren argitan erakusten dira gai horiek guztiak. Bizi garen eta lan egiten dugun inguruaren ikuspegi desberdina eskaintzen da horrela, ikuspegi ulergarriagoa.

Infografia-bilduma NorArte estudioak gauzatu du eta bertan agertzen den informazioa hainbat erakundeetako ikertzaile eta adituren eskutik jasotakoa da.

Erakusketa honen bitartez eman dio hasiera Katedrak 10 urte beteko dituen 2020 urte honi. Ezagutza jendartera eramatea bilatzen duen ekintza-lerro berri batekin hasi nahi izan du Katedrak urte berria. Orain arte herritarrak deitu egin ditugu zientzia gizarteratzeko antolatu ditugun ekitaldietara etor daitezen; ekimen berri honekin, berriz, kontrako norazkoan ibili nahi dugu, jendearengana joan nahi dugu, ibiltzen eta egoten deneko lekuetara hurbildu nahi dugu zientzia, gure ohiko jarduerak albo batera utzi barik, noski.

Abenduaren 16tik 31ra Moyuako metro-geltokian izan dira panelak. Urtarrilaren 2tik 31ra Indautxuko geltokian izango dira, eta otsailean zehar Portugaletekoan egongo dira ikusgai. Ez galdu itsasadarra beste begi batzuekin ezagutzeko aukera.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Ibaizabal itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Konposatu organometalikoak terapia fotodinamikorako

Thu, 2020/01/09 - 09:00
Rebeca Sola-Llano eta Antonio Veloso Gaur egun arte luze ikertu izan da minbiziaren aurkako tratamendu berri eta hobetuen inguruan. Zentzu honetan, terapia fotodinamikoa estrategia erakargarria dirudi, argia dela medio tumore-zelulak era hautakorrean hiltzeko bidea izan daitekeelako.

1. irudia:

Terapia fotodinamiko honetan, fotosentikortzaile gisa izendatzen den molekula bat argiarekin kitzikatzean, bere energia inguruko oxigenoari transferitzen dio oxigeno singlete izeneko espezie zitotoxikoa sortuz. Espezie hau da hain zuzen zelulak hiltzeko gai dena. Gainera bakarrik argiztatutako eremu edo ehunean sortzen da oxigeno singletea, aldameneko gune osasuntsuak kaltetu gabe, eta beraz, ohiko minbiziaren aurkako metodoen albo-efektuak saihestuz.

Lan honetan, fotosentikortzaile berri eta efizienteak sintetizatu eta karakterizatu dira. Hauek, BODIPY kromoforoei (4,4-difluoro-4-bora-3a,4a-diaza-s-indazeno koloratzaileak) loturiko Iridio (III) ziklo metalikoak dira hain zuzen. Diseinu arrazionala dela bide, argi ikusgaia xurgatzeko gai diren konposatuak lortu dira, zeinak oxigeno singletea oso modu efizientean sortzeko gai diren, batzuk leiho-klinikora ere gerturatuz (espektro elektromagnetikoaren eremu gorria, 650-800 nm), ehunetan sakonera sartzeko gai den argi eremua hain zuzen.

Izan ere, biomedikuntzan erabiltzeko aproposak diren konposatu fotoaktiboak behar direnean, argia eremu gorri horretan xurgatzea interesgarria da, gorputz ehunek eremu gorria baino uhin-luzera energetikoagoko argia (urdiranzkoa) xurgatzen dutelako. Baina ez bakarrik hori; konposatu hauek igorpen fluoreszentea ere erakusten dute. Horrela, aktibitate duala dutela esan daiteke. Alde batetik oxigeno singletea sortzen dute, terapia fotodinamikorako egokiak izanik; eta bestetik fluoreszenteak dira, bioirudian erabilgarriak izanik beraz.

Azken hau interesgarria da ehunetan konposatuen jarraipena egin ahal izateko, adibidez mikroskopia teknikak erabiliz. Bi prozesu hauek konbinatzen dituzten konposatuak aurkitzea ez da erraza, aurkakotzat hartu daitezkeelako oxigeno singletearen sorkuntza eta fluoreszentzia, bata bestearekin lehiatuz.

Prestatutako iridio-oinarridun konposatu organometalikoak sakonki karakterizatu dira haien igorpen fosforeszentea, erdibizitza denborak eta kalkulu teorikoak aurrera eramanez, horrela ikusitako fotosentikortzaile-aktibitateari azalpena bilatuz. Emaitza guzti hauen arabera oxigeno singletea sortzearen arduraduna BODIPY unitatea da. Unitate honek, iridiorik (atomo pisutsurik) gertu ez daukanean berriz, ez da fotosentikortzaile-aktibitaterik erakusten. Beraz, ondoriozta daiteke fotosentikortzaile berri hauek modu eraginkor eta egokian diseinatu direla.

Azkenik, terapia fotodinamikorako (zelulak hiltzeko) konposatu egokiak diren egiaztatzeko, in vitro ikertu da fotosentikortzaileen aktibitatea HeLa zelulekin. Ikusi da konposatuak efizienteki barneratzen direla zeluletan eta argiztatzean zelulak hiltzeko gai direla nahiz eta konposatuen kontzentrazioa baxua izan. Beste baldintza garrantzitsu bat fotosentikortzaile hauek apropos gisa hartu daitezen terapia fotodinamikorako da ez direla toxikoak izan behar zelulentzako zuzenki argiztatzen ez badira. Gure kasuan hau betetzen dela ikusi da, zelulen heriotza-tasa ilunpean eta fotosentikortzaileen presentzian ia nulua bait da.

Hau guztia dela eta, lan honetan deskribatzen diren konplexuak potentzialki aproposak direla teragnosirako agente gisa esan daiteke (terapia eta irudia bateratuz), fotosentikortzaile aktibitateaz gain, igorpen fluoreszentea ere erakusten baitute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Konposatu organometalikoak terapia fotodinamikorako.
  • Laburpena: BODIPY kromoforoei (4,4-difluoro-4-bora-3a,4a-diaza-s-indazeno koloratzaileak) loturiko iridio (III) ziklo metalikoak prestatu eta karakterizatu dira fotosentikortzaile berri eta efizienteak garatu nahian. Diseinu arrazionala dela bide, argi ikusgaia xurgatzeko gai diren konposatuak lortu dira, zeinak oxigeno singletea oso modu efizientean sortzeko gai diren, batzuk leiho klinikora ere gerturatuz; ehunetan sakon barneratzeko gai den argi-eremua dena, hain zuzen. Konposatuen igorpen fosforeszentea, erdibizitza denborak eta kalkulu teorikoak aurrera eraman dira ikusitako fotosentikortzaile-aktibitateari azalpena bilatu nahian, eta emaitza horien guztien arabera, oxigeno singletea sortzearen arduraduna BODIPY unitatea dela ondorioztatu da. In vitro ikertu da terapia fotodinamikorako aktibitatea HeLa zelulekin, eta agerian jarri da konposatuak efizienteki barneratzen direla zeluletan, ez direla toxikoak haientzat ilunpean, eta argiztatzean zelulak hiltzeko gai direla nahiz eta konposatuen kontzentrazioa baxua izan. Hau guztia dela eta, esan daiteke lan honetan deskribatzen diren konplexuak potentzialki egokiak direla teragnosirako agente gisa, fotosentikortzaile-aktibitateaz gain igorpen fluoreszentea ere agertzen baitute.
  • Egileak: Rebeca Sola-Llano eta Antonio Veloso.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 57-70
  • DOI: 10.1387/ekaia.19701

————————————————–
Egileez:

Rebeca Sola-Llano eta Antonio Veloso UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean dabiltza eta Antonio Velosok, gainera, Polymaten ere.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Konposatu organometalikoak terapia fotodinamikorako appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bizitza sentitzerakoan hitzek duten garrantziaz

Wed, 2020/01/08 - 09:00
Juanma Gallego Munduan mintzatzen diren hizkuntzen herena aztertu dute, horietan guztietan sentimenduen adierazpena unibertsala ote den ebatzi asmoz. Alde nabarmenak aurkitu dituzte, eta baita egitura unibertsal baten zantzuak ere.

Piliriqatigiinniq. Gustuak gustu, ez dirudi bereziki hitz ederra. Baina esanahiari erreparatuz gero, izugarri polita da. Inuitek egoera zehatz bat deskribatzeko erabiltzen duten hitza da. “Helburu bat lortzeko elkarrekin lan egiteko gaitasuna” da piliriqatigiinniq-a. Euskaldun batek erraz igarriko du euskarak ere auzolana duela, antzeko esanahiarekin. Egia esanda, euskarak halako hitz polit asko gordetzen ditu bere baitan, eta askotan horregatik euskaldunok harro azaltzen gara munduaren aurrean. Baina hizkuntza guztiek dituzte berezko hitz jatorrak. Esaterako, bielorrusiarrek ere talaka hitza dute “komunitatearen izenean, borondatez egiten den lan komuna” adierazteko.

Ez pentsa horrelakoak soilik kontu abstraktuei dagozkienik. Adibide bat jartzearren, etxetik kanpo eraman baina jan gabe berriro bueltan ekarritako jakiari esateko modu bat dute hungarieraz: madarlatta.

1. irudia: Berez gizakien emozioak unibertsalak ote diren jakiterik ez dago, baina emozio horiek lengoaiaren bitartez adierazteko modu desberdinak aztertzea badago. Horixe egin du zientzialari talde batek. (Ilustrazioa: Juanma Gallego)

Baina, zalantza barik, plazerari dagokien terminoetan dago aniztasun bereziena. Hala, serbokroazieraz merak deitzen diote eguneroko jardun xumeek ematen duten plazerari; adibidez, lagun artean egoteari. Nederlanderaz uitwaaien erabiltzen dute “leku haizetsu bat bisitatzean hartzen diren plazera” adierazteko, eta, geografiaren eraginaren pean jarraituta, malteraz ixxemmex hitza dute eguraldi ona ateratzen denean hartzen den eguzki-bainu goxoa adierazteko. Horiek bai bizipozaren adierazle, ezta?

Halako adibideek argi erakusten dute batzuetan zaila dela hizkuntza desberdinen arteko itzulpen zehatzak egitea, eta askotan batetik bestera egindako moldaketetan ñabardura asko galtzen direla. Baina, oro har, hitz bakoitzak itzulpen posible bat du gainerako hizkuntzetan, edo, bederen, aukera dago igartzeko zein kontzeptu adierazi nahi duen. Eta askotan gertatzen da ere hitz bakar batek adiera bat baino gehiago dituela. Fenomeno horri kolexifikazioa deritzo, eta horren bitartez, zientzialariak ondorioak ateratzen saiatzen ari dira.

Hizkuntza multzo handiak harremanetan jartzeko jardunean ez dira nahikoak, noski, hainbat hizkuntzetan aritzeko gai diren ikertzaileak, datu-base terminologiko handiak baizik. Modu horretan, teknologia berriek terminoen arteko harremanak ikertzeko modua erraztu dute.

Science aldizkarian argitaratu duten zientzia artikulu batean azaldu dute norabide honetan egindako azken ikerketa handia. Askotan hizkuntza desberdinek koloreak adierazteko duten terminoetan arreta jarri bada ere, oraingoan emozioak adierazteko moduan jarri dute fokua. Gutxi gorabehera munduan mintzatzen diren hizkuntzen herena arakatu dute.

20 hizkuntza-familia nagusietako 2.474 hizkuntza aztertu dituzte, eta, horietan oinarrituta, sentimenduak adierazteko hizkuntza desberdinetan erabiltzen diren hitzen mapa semantikoa osatu dute. Horrez gain, eta ikerketaren testuingurua hobetu nahian, emozioari lotuta ez dauden 2.400 inguru kontzeptu gehitu dituzte azterketan. CLICS izeneko kolexifikazioen datu-basean oinarritu dira, besteak beste, ausazko ibilbideen teknika baliatuz, kontzeptu desberdinen arteko harremanak aurkitzen saiatzeko. Euskara ere bilduta dago datu-basean, northeuralex bildumaren baitan. Kasu honetan, euskara indoeuropar hizkuntza delako ideia bitxia babesten duen Gianfranco Forni adituak egindako bildumarekin ordezkatuta dago.

Datu-base hori arakatuta, kontzeptu desberdinak nola lotzen diren aztertu dute, hizkuntza bakoitzaren arabera emozioak antzekoak ala desberdinak ote diren ebatzi nahian. Funtsean, kolexifikazio asko aztertuta, zientzialariek aukera dute jakiteko kontzeptu batek esanahi unibertsala ote duen. 24 emozioren esanahia aztertu dute hizkuntza horietan guztietan, eta ondorioztatu dute emozioen adierazpenak ez direla hasieran uste daitekeen bezain unibertsalak. Alta, emozioena koloreen adierazpenean dagoen aldagarritasuna baino hiru aldiz handiagoa dela proposatu dute. Aldeak alde, patroi antzeko bat aurkitu dutela azaldu dute. Horren arabera, argudiatu dute hizkuntza guztiek balentzia eta aktibazio izeneko ezaugarrien arabera emozioak “bereizten” dituztela. Balentziaren arabera, emozioak atseginak edo desatseginak izan daitezke. Aktibazioari dagokionez, parametro hau sentimendu bakoitzari lotuta agertzen den fisiologia-jardueraren maila litzateke. Emozio bakoitzarekin batera atxikita doan bihotz-maiztasuna jarri dute aktibazioaren adierazletzat.

2. irudia: Austronesiar hizkuntzetan aurkitu dituzte hainbat alde nabarmen. Horietan maitasuna penari lotuago agertzen da, eta ez horrenbeste nahiari edo gustuari. (Argazkia: Jovi Waqa/Unsplash)

Aurkitutako joera horren arabera, kolexifikazio edo kontzeptuen arteko loturetan hizkuntza gehienek ez dituzte nahasten emozio positiboak eta negatiboak. Berdina gertatzen da bigarren faktoreari dagokionez: aktibazio handiko eta aktibazio baxuko emozioak ez dira nahasten.

Sen arruntak agintzen duena egiaztatzeko moduan izan dira. Horrela, ondorioztatu dute hein handi batean geografiaren araberakoa dela hizkuntzen arteko aldakortasuna: geografikoki hurbil dauden hizkuntzek emozioak adierazteko antzeko moduak dituzte, baina distantziak handitzen direnean horien arteko aldea handitzen da. Geografian oinarritutako antzekotasun horiek arrazoi historikoei egotzi diete. Horien adibidetzat, merkataritza-harremanak, konkistak eta populazioen mugimenduak aipatu dituzte.

Adibide zehatz eta argigarriak jarri dituzte, sentimenduak adieraztean erabiltzen diren terminoen arteko aldeak ikusarazteko. Esaterako, hizkuntza indoeuroparretan maitasuna nahiari edo gustuari lotuta agertzen den bitartean, austronesiar hizkuntzetan penari lotuta azaltzen dela. Bestetik, hawaiierazko pu’iwa hitzak beldurra eta ezustekoa esanahiak ditu, eta antzeko lotura dago familia bereko beste hainbat hizkuntzatan. Baina harreman hori ez da ematen beste hizkuntzetan, eta horrek esan nahi du hizkuntza horietako hiztunek ondo bereizten dituztela bi emozio horiek.

Antza, gizakiek antzeko emozioak sentitzen badituzte ere, emozio horiek komunikatzeko modua norberaren kulturaren arabera moldatuta dago. Emozioa garunari lotuta doanez, hein batean, hainbat neurologoek behin baino gehiagotan proposatu duten ideiaren bidetik lihoake hau: hizkuntzak, nolabait, garuna aldatzeko gai direla.

Hortaz, hobeto bizi nahi izanez gero, arren, saiatu bizipozari lotutako emozioak komunikatzen. Horrek benetan garunean eraginaren bat izango ote duen zientzialariek argitu beharko dute. Dena dela, berdin dio. Horrela izanda ala ez, ziur ingurukoek jarrera hori eskertuko dizutela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Joshua Conrad Jackson et al., (2019). Emotion semantics show both cultural variation and universal structure. 366 (6472), 1517-1522. DOI: 10.1126/science.aaw8160.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bizitza sentitzerakoan hitzek duten garrantziaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tots els colors del verd: berdea nonahi

Tue, 2020/01/07 - 09:00
Oskar Gonzalez Tots els colors del verd sota un cel de plom que el sol vol trencar Tots els colors del verd en aquell mes de maig

Berde guztiak aurki ditzakegu gure bazterretan. Hori da, behintzat, Raimon paregabeak abesten duena. Zer da berdea, ordea? Non bukatzen da kolore hau? Non hasten da horia, espektroaren alde batetik, edo urdina, beste aldetik? Ez da lan erraza galdera horiei erantzutea. Halaxe soilik uler daiteke vietnamdarrek hitz berbera erabiltzea berdea eta urdina izendatzeko, edo Amazoniako bororoek berdearen 17 tonu bereiztea. Eta zer esan gure hizkuntzari buruz. Euskaldunok ez dugu hitz zaharrik berdea izendatzeko. Nork eta guk, berdez inguratuta bizi garenok!

Argi dago berdea kolore berezia dela. Argi ere badago naturarekin lotuko genukeen lehenengo kolorea izango litzatekeela. Ama Lurrak, berriz, inoiz ez dio gizakiari berdea modu errazean eskuratzeko aukerarik eskaini, kolorearen esklusibotasuna nahi izango balu bezala. Pigmentu berdeak lortzea erronka izugarria izan da artistentzat historian zehar. Gorriak ikusi dituzte margolanetan berdea irudikatzeko, esamoldea egokiena ez bada ere. Laster ikusiko dugu nola lortu zituzten pintura irrikatu horiek; baina, lehendabizi, ezagutu dezagun nola margotzen duen artistetan artistenak.

1. irudia: Vincent van Goghen Zelai berdea. (Argazkia: Wikimedia Commons – jabego publikoko irudia)

Oinez zelai berdean itsaso bazterrean gailurrak ditut maite eta kresal usaina.

Zuhaitz handienek zein landare xumeenak klorofila molekulari zor diote kolorea. Hobe esanda, klorofila-molekulei zor diete kolorea, klorofila-A eta klorofila-B existitzen baitira. Hala ere, guztiz zehatzak izateko, ezin ditugu beste substantzia batzuk albo batera utzi: karotenoideak, flabonoideak eta antozianinak. Konposatu horiek eskaintzen duten tonu gorri-horixkak oso garrantzitsuak dira, batez ere udazkenean, klorofilak uzten gaituenean.

Gezurra badirudi ere, klorofilak gure odolari kolorea ematen dion hemoglobinaren antz handia du; behintzat, kimikaren ikuspuntutik. Hori bai, landareen pigmentuak argi ikusgaiaren banda gorria eta urdina xurgatzen du, eta berdea islatzen. Horrexegatik du kolore hori. Argiarekin sortzen den interakzioari esker, landareek energia eskuratu dezakete eta, bide batez, gizakiontzat ezinbestekoa zaigun oxigenoa askatu. Baina natura ez da beti horren eskuzabala izaten, eta ez du baimendu klorofila artelanetan erabiltzea, substantzia honekin egindako margoak ez baitira iraunkorrak. Adibidez, labar-arteari buruz pentsatzen dugunean, nekez etorriko zaigu gogora kolore berdea. Izan ere, arte prehistorikoaren paletan beltza, gorria eta zuria ziren nagusi, zeinak eskura zituzten errautsetatik, burdinen oxidoetatik eta klarionetik lortzen baitziren, hurrenez hurren. Hori da esaten dutena. Baina, gure arbasoek ez ote zituzten iratzeak eta haritzak margotzen? Zergatik landarerik ez eta oreinak eta bisonteak bai? Ez ote zen berdea zuzien argipean ondo bereizten? Edo, beharbada, desagertu egin dira marrazki horiek mendeak joan ahala…

Edonola ere, eta klorofila fotosentikorra izan arren, artista batzuek artelan apartak erdietsi dituzte sentikortasun horretaz baliatuz. Adibide paregabea da Binh Danh, jatorri vietnamdarrekoa, berdea eta urdina bereizteko hitzik ez zuten lurralde horietakoa. Bere artelanak argazkigintzan oinarritutako prozeduraren bidez lortzen ditu. Hasteko, negatibo bat ipintzen du hosto berde baten gainean; bere amaren lorategikoa baldin bada, askoz hobe. Gero, hostoa eguzkipean uzten du, argiak estalita ez dauden zatiak eraso ditzan. Hala, zati horietan klorofila degradatuko da eta hostoak kolorea galduko. Emaitza ikusgarria da, 2. irudian ikus dezakezuen bezala. Hori bai, artelana bukatutakoan erretxinaz babestu behar da, degradazioak aurrera egin ez dezan. Egun, klorofilaren egitura kimikoan oinarritzen diren ftalozianina berdea bezalako pigmentu egonkorrak sintetizatzea lortu dugu. Horrek, ordea, ez du inondik inora Binh Danhek jarraitzen duen prozeduraren lilura.

2. irudia: Klorofilaren degradazioaren bidez lortutako artelana. (Argazkia: Rocor – CC-BY-NC 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)

It’s not that easy bein’ green Having to spend each day The color of the leaves

Gustavo igelak zioen lez, ez da erraza hostoen kolorekoa izatea; kolore horretako margoak lortzea erraza ez den bezala. Agian horrexegatik, gizakiak lortu zuen lehenengo pigmentu berdeari landare izena ipini zion: malakita. Grekoek ipini zioten izena, eta “malben hostoen kolorekoa” esan nahi du. Bitxia da, ziur aski malba morearekin lotuko genukeelako hasiera batean, baina malba kolorekoak landarearen loreak dira, ez hostoak. Landare-erreinua albo batera utzi behar dugu malakitaz hitz egin ahal izateko, hura minerala baita (Cu2CO3(OH)2). Askotan, azurita (Cu3(CO3)2(OH)2) izeneko beste mineral batekin batera agertzen da, eta harribitxi asko baino politagoak diren konbinazioak sortzen dituzte (3. irudia). Mineral biek kobrea dute, betiere urdinaren eta berdearen kimikarekin erlazionatuta dagoen elementua. Azurita malakita bihur daiteke, eta horrelako transformazioak naturan politak diren arren, artelanen itxura alda dezakete. Irudika itzazue izarrak zeru berdean dir-dir!

3. irudia: Malakita (berdea) eta azurita (urdina). (Argazkia: Rory McKeon – CC-BY-SA-3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Con la sombra en la cintura ella sueña en su baranda, verde carne, pelo verde, con ojos de fría plata.

Leon edo kastillo? Itxaropenaren ala heriotzaren kolorea? Zalantzarik gabe, heriotzaren pigmentua izan zen berdea, behintzat, XIX. mendean zehar. Elementu kimiko batek izan zuen errua, izena entzute hutsaz ikara eragiten diguna: artsenikoa. XVIII. mendearen amaieran Carl Wilhem Scheelek – kimikari aparta bera – lehenengo pigmentu artsenikoduna lortu zuen (CuAsHO3). Scheelen berdea deritzonak kobrea ere badu, noski. Pigmentuak izugarrizko arrakasta izan zuen, batez ere, mende-aldaketarekin batera bertsio egonkorragoa agertu zenean. Verones berdea, esmeralda berdea edo Paris berdea deitu zioten. Izen erakargarriak benetan, baina aholku bat emango dizuet: ez erosi arratoi-pozoi gisa erabili daitezkeen pinturak. Margolari inpresionistak eta prerrafaelistak ez ezik, gizarte viktoriarra ere pigmentu honekin maitemindu zen. Etxeko pareta-papera berdez koloreztatu zuten, eta modan jarri zen emakumeen soinekoa berdez tindatzea. Ondorioz, askok pairatu zuten artsenikoaren efektua, kontaktu zuzenean egoteagatik zein hormetatik askatzen zen lurrinak arnasteagatik. Napoleonek berak pairatu omen zuen Agatha Christieren pozoi gogokoenaren erasoa Santa Elenako etxea berdez pintatuta izateagatik. Borodinon 100.000 soldadu errusiarrek lortu ez zutena, atomo xume batek erdietsi ei zuen.

4. irudia: Paris berdea eta 1836. urteko moda-katalogoa. (Argazkia: Chris Goulet – CC-BY-SA-3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons eta Internet Archive Book Images)

E o vinho verde me fará recordar A aldeia branca que deixei atrás do mar.

Askatasunaren estatua, Rodinen Pentsalaria edota zure etxetik hurbil dagoen brontzezko eskultura horren gainean, berde koloreko geruza bat existitzen da. Pentsa genezake monumentu horiek guztiak horrela sortu zirela, baina ezta gutxiago ere. Patina hori kobrearen etengabeko degradazioaren ondorioa da. Denborak aurrera egin ahala, kobrea oxidatu egiten da, eta gatzak sortzen ditu kloruroekin eta sulfatoekin, besteak beste. Hala, behinola distira metalikoa zuten estatuei kolore deigarriko bigarren azala agertzen zaie. Orain dela mende asko, norbaiti bururatu zitzaion patina hori pintura egiteko erabilgarria izan zitekeela: jaioa zen kuprits pigmentua.

Hala ere, gizakiok ezin gara pigmentu bat noiz agertuko zain egon; hortaz, prozesua bizkortu beharra zegoen. Gutxienez, K.a. IV. mendetik kuprits sintetikoa lortzeko gai gara, nola eta prozesu kimiko baten bidez. Horretarako, kobre-xaflak ozpinaren lurrinekin kontaktuan ipini behar dira (5. irudia). Apurka-apurka azido azetikoak zarakar urdin-berdexka ([Cu(CH3COO)2]2·Cu(OH)2·5H2O) sortuko du xaflaren gainean artisten pozerako. Grekoen eta erromatarren garaian, ozpinaz gain, mahats-patsak erabiltzen ziren, biak ala biak mahasgintzaren hondakinak. Hori dela eta, ardoa ekoizten zen lekuetan kupritsa ere ekoizten zen sarritan.

5. irudia: Kobrea ozpinarekin kontaktuan ipintzean sortzen den pigmentua. (Argazkia: Yaiza Lascorzek eskainia – CC-BY-SA-3.0 lizentziapean)

Pigmentu hau oso erabilia zen arren, konposatu egonkorragoak lortzen saiatu ziren; izan ere, pigmentuak erreaktibotasun handia du. Hala, kobre erretxinatua (Cu(C19H29COO)2) lortu zuten kupritsa erreakzionaraziz zuhaitzen erretxina destilatuz lortzen zen trementina edo kolofonia bezalako konposatu organikoekin. Berriro ere, kobrea tartean.

Arestian aipatu den bezala, gaur egun pigmentu berde egonkorragoak lortu ditugu sintesi organikoari esker. Baina artikulu honen helburua da berdea nola lortzen zen erakustea, kimika sintetikoa iritsi baino lehen. Hots, nolakoa izan den inguratzen gaituen berdea mihisean harrapatzeko ahalegin etengabea. Van Goghen berde artsenikoduna, berde goibela Lorcaren luman, kobrea duen berdea, horiaren eta urdinaren nahastea dena Velazquezen paletan, Bako jainkoaren opariari esker lortzen den berdea eta maiatzean dena estaltzen duen berdea.

Bibliografia:

Ashok, Roy (1993). Artists’ Pigments: A Handbook of Their History and Characteristics (Vol. 2). Oxford University Press, New York (1993).

Preciado, Txema (1995). Zergatik berde kategoria adierazteko euskal hitz jatorrik ez? Jakin, 87, 77-100.

Esker onak: Egileak eskerrak eman nahi dizkio Josu Lartategiri testu hau prestatzen laguntzeagatik.

—————————————————–

Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.

—————————————————–

The post Tots els colors del verd: berdea nonahi appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hasierako gezurra, azkenean egia

Mon, 2020/01/06 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Gure pentsamendua eta erabakiak hartzeko modua ez da makina perfektua. Gure pentsamenduan ereduak eraikitzen ditugu jasotzen dugun informazioa antolatzeko eta ulertzeko. Kasu askotan, ordea, informazio horrek hutsuneak ditu. Esate baterako, gure buruan kausa-efektu argudioen katea sortu badugu, baina, une jakin batean kate horren maila bat falta bada -informazioa zuzendu behar delako, edo jasotako informazioa desegokia zela jakin dugulako-, zer gertatzen da gure buru-ereduetan?

Anne Hamby ikertzaileak eta bere lankideek horixe aztertu dute eta ondorio garrantzitsuetara iritsi dira. Ondorio horiek gakoak dira informazio faltsuaren hedapena ulertzeko, eta baita informazio desegokiak -nahita edo nahi gabe zabaldutakoak- gure erabakietan izan dezakeen eragina ulertzeko. Pentsa, adibidez, iragarki batean sendagai bati buruzko elkarrizketa bat ikusten dugula, sendagai hori zein eraginkorra den azaltzen duena. Jarraian, iragarkiak sendagaiaren hainbat ezaugarri ematen ditu, balizko albo-ondorioak, edo sendagai horrek beste sendagaiekin edo elikagaiekin izan ditzakeen elkarrekintzak deskribatuz. Informazio guzti horrekin, iragarkiaren jasotzaileek eredu mental bat osatuko dute. Pentsa, geroago iragarkian emandako daturen bat gezurra dela frogatzen dela eta iragarleak esandakoa atzera egiten duela iragarkia kenduz. Gai izango al ginateke gure iritzia ere informazio berriaren arabera aldatzeko?

Irudia: Gezurrek eta informazio faltsuek, geroago zuzendu arren, geure portaera eta pentsamendua alda dezakete. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketek erakutsi dutenez, kosta egiten zaigu gure eredu logikoen aurka doazen ideiak onartzea. Anne Hamby eta bere lankideen ikerketa hori aztertzera eta frogatzera etorri da. Oro har, lehen aldiz entzuten den informazioa memorian ondo gordeta geratzen da, batez ere garunak sortu duen ereduarekin bat datorrenean. Nolabait, informazio jakin batekin kausa-efektu logiko bat osatzen bada, geroago informazio hori okerra dela esaten bada ere, sortu dan kausa-efektua mantendu egiten da -edo, iraunkorragoa da behintzat-.

Hori informazioa prozesatzeko dugun moduarekin lotuta dago: gizakiok eredu mentalak egiten ditugu ekintzak azaltzeko eta eredu horietako elementuak kausa-efektu kate baten bidez lotzen dira. Behin eredua osatu dugula, kate horren elementu bat ezabatzea kosta egiten da. Nolabait, kate guztiak logika du guretzat eta elementu bat ezabatzea -informazio desegokian oinarritze zelako- ez dugu atsegin. Eredua osatu gabe gelditzen zaigu eta, gizakioi ez zaizkigu gustatzen osatu gabeko ereduak. Ane Hamby ikertzaileak eta bere lankideek ikusi dutenez, kontsumitzaileek atzera egin den informazioan sinesten jarraitzen dute, informazio horrek memoriako kontakizun bat azaltzeko balio badu. Era berean, kontsumitzaileek guztiz ulergarria den eredu bat osatu badute -nolabait, ez da informazio gehiago behar eredua azaltzeko-, orduan informazio berria baztertzeko joera izaten dute. Beste modu batera esanda: usteak ondo azalduta daudela pentsatzen bada, nekez jaso nahi izango da horren aurka doan informazioa.

Hasieran egokitzat aurkeztu den informazioak gure memoria eta arrazoitzeko modua baldintzatzen du, nahiz eta geroago informazioa faltsua dela frogatu. Harrigarriena zera da: nahiz eta gai izan gogoratzeko informazioa ez dela egokia, informazio oker horrek ere memoria baldintzatzen du. Eragin Jarraituko Efektua deritzo efektu horri psikologian. Horren adibide kezkagarria da txertoen eta autismoaren arteko loturaren kasua. Andrew Wakefield zientzialariaren ikerketa batean oinarritzen da lotura hori, baina, geroago frogatu zen egindako ikerketa iruzurra izan zela eta datuak faltsutu egin zirela aipatutako lotura ezartzeko. Froga horiek pisuzkoak diren arren, kaltea egina zegoen eta, egun, hainbat lekutan entzun eta irakurri daiteke txertoek autismoa eragin dezaketela. Asko kostatzen zaigu hasieran egokitzat hartu dugun informazioa baztertzea, nahiz eta aurrerago ikusi informazio hori ez dela zuzena.

Hambyren taldeak hiru ikerketa planteatu ditu. Lehen ikerketan, boluntario talde bati kontatzen zaio gaixo bat ez dela sendatu sendagai jakin bat eman zaionean. Ondoren, boluntarioak bitan banatu ziren: talde bati esan zitzaion sendagaiak ez zuela eraginik izan momentu desegokian hartu zuelako gaixoak. Bigarren taldeari, aldiz, ez zitzaion azalpen berezirik eman. Jarraian, bi taldeei esan zitzaien gaixoak limoi zukua hartu zuela eta sendagaia ez dela eraginkorra C bitaminarekin batera hartzen bada. Geroago, bi taldeei esan zitzaien azken informazio hau gezurra dela. Egun bat beranduago, ikertzaileak bi taldeetako kideekin harremanetan jarri ziren sendagaiaren eraginkortasun eza zehazki zein zen galdetzeko. Harrigarria badirudi ere, azalpen berezirik jaso ez zuen taldean probableagoa zen limoi zukuaren ondorioa izan zela esatea, nahiz eta bazekiten informazio hori gezurra zela. Horrek, nolabait, frogatzen du ereduan azalpenak falta badira -bigarren taldekoek ez zekiten zergatik ez zen sendatu gaixoa-, probableagoa dela informazio faltsua mantentzea.

Bigarren ikerketan, boluntarioek poker jokalari baten istorioa irakurri zuten. Istorioak esaten zuenez, poker jokalaria oso arrakastatsua zen eta beti konbutxa izeneko te bereziaren trago bat hartzen zuela pokerrean jokatzen zuen bitartean. Istorioa irakurri ostean, boluntarioak berriro ere bitan banatzen ziren. Talde bati esaten zitzaion ikerketen arabera konbutxak garun-eraginkortasuna hobetzen duela eta beste taldeari, aldiz, konbutxa giharrentzako ona dela. Lehen taldekoek kausa-efektua aurkitzen zuten -alegia, konbutxa zela pokerreko arrakastaren erantzule logikoa-. Bigarren taldeak aldiz, konbutxari buruz emandako informazioak ez zuen balio pokerrean izandako arrakasta azaltzeko. Geroago, bi boluntario taldeei jakinarazten zitzaien emandako informazioa gezurra zela, hau da, konbutxak ez duela inolako eraginik organismoan. Hala eta guztiz ere, lehen taldeari askoz ere gehiago kosta zitzaion emandako informazioa gezurra zela onartzea; izan ere, sortu zuten eredu logikoarekin bat zetorren. Harrigarriena, hala ere, jarraian datorrena da. Ikerketarekin amaitzean, parte hartu zuten guztiei edariak eskaini zizkieten ikertzaileek eta, lehen taldeko kideek bigarren taldekoek baino gehiagotan aukeratu zuten konbutxa edatea. Boluntarioek bazekiten konbutxak ez dauzkala ezaugarri bereziak, bazekiten eman zitzaien informazioa gezurra zela, baina, hala ere, hasieran emandako informazio faltsuan oinarrituta konbutxa aukeratzea probableagoa zen.

Hirugarren ikerketak ere antzeko emaitzak berresten zituen, baina, kasu horretan ikertzaileek frogatu zuten istorioaren amaiera positiboa denean informazio faltsua iraunkorragoa dela. Hiru esperimentuen ondorioa zera da: eredu mental logikoak osatzeko joera dugu eta eredu horiek kausa-efektu sendoetan oinarrituta egotea atsegin dugu. Nolabait, eredu logikoak lehenesten ditugu eredu osatugabeak baztertuz informazio faltsuan oinarrituta egon arren. Horrek, jakina, eragin handia du gure eguneroko erabakietan eta eskuragarri daukagun informazioa kudeatzeko unean. Horrexegatik oso garrantzitsuak dira horrelako ikerketak: gure pentsatzeko moduaren akatsak ezagututa, prest egongo gara erasoei aurre egiteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hamby, A., Ecker, U. eta Brinberg, D. (2019). How stories in memory perpetuate the continuated influence of false information. Journal of Consumer Psychology. DOI: 10.1002/jcpy.1135

Informazio gehiago:

Why we continue to believe false information even after we’ve learned it’s not true, Rhi Willmot, digest.bps.org.uk, 2019.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Hasierako gezurra, azkenean egia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #284

Sun, 2020/01/05 - 09:00
Uxue Razkin

Klima larrialdia

Climate Transparency GKE gobernuzko kanpoko erakundeak Brown to Green (marroitik berdera) txostenean argi utzi du: tenperaturaren igoera hiru gradukoa izango den egoera baterantz doa planeta. Eta horri aurre egiteko beharrezkoa da G20 taldeko herrialdeen konpromisoa. Izan ere, iazko datuak kontuan hartuta, herrialde horietan guztietan areagotu egin zen berotegi gasen isurketa.

Lorea Floresek, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaileak, dio klimaren eta krisi ekologikoaren ikuspegitik mundua larrialdi egoeran dagoela. Halaber, Berriak egin dion elkarrizketa honetan azpimarratzen du herritarren artean kontzientzia gero eta handiagoa dela baina “benetako konpromisoak” falta direla

Paleontologia

Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, Jose Migel Barandiaranek Dimako Axlor haitzuloan 1967-1974an egindako indusketaren aztarna paleontologikoak berraztertu ditu UPV/EHUk zuzendutako ikertalde batek. Ikerketan bi ondorio nagusi atera dituzte: batetik, maila arkeologiko desberdinetan berreskuratutako neandertalen lau aztarna aztertu eta aurkeztu dituzte. Bestetik, gaur egun Bilboko Arkeologi Museoan dauden Axlorreko hortzak berraztertu dituzte, eta frogatu dute, neandertalenak zirela uste zuten arren, gure espeziearenak direla.

Biologia

UPV/EHUko ikertzaileek ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu dute. Ikerketan frogatu dute aztertutako animalia eta landare espezie urrien kasuan % 90ak elkarte modukoak eratzen dituztela aurrera egiteko. “Ghettoetan” antolatzeko modu hori espezie arraroen iraupenaren baitan egon liteke.

Lurrean izan diren oxigeno mailaren gorakada handiak azaltzeko eredu berria plazaratu dute ikertzaileek. Orain arte, oxigenoaren gorakada azaltzeko bi teoria zeuden indarrean: batek dio bizidunak izan zirela oxigenazioa ahalbidetu zutenak. Besteak, sumendien eta iraultza tektoniko handien ondorio dela. Orain hirugarren bat daukagu: oxigenazio gertaera horiek jazo ziren fosforoaren, karbonoaren eta oxigenoaren zikloen artean sortzen diren berrelikadurei esker.

Osasuna

2021etik aurrera, Frantziako Gizarte Segurantzak produktu homeopatikoak ordaintzeari utziko dio. Progresiboa izango da prozesua, Berriako artikuluan zehazten denez: orain arte, bere gain hartu du produktu horien kostuaren %30, eta aurten %15era jaitsiko da. Hego Euskal Herrian homeopatiak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen. Are gehiago, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak osasuna sasizientziatik babesteko plan bat aurkeztu zuen.

Gibeleko minbizia ari da ikertzen Amaia Lujanbio New Yorkeko Mount Sinai ospitalean. Zehazki, gibeleko minbizia duten gaixoen mutazioak berregiten ari dira saguetan, ikertzeko eta tratamenduak aurkitzen saiatzeko. Hamar urte daramatza New Yorken eta duela bost urtetik du laborategia. Lujanbiok azaltzen du zer aztertzen ari diren: “Gibeleko minbiziaren hamabost ereduko bilduma moduko bat daukagu, eta eredu bakoitza ikertzen ari gara. Sekulako lana da, baina ikasten ari gara saguetan ere mutazio ezberdinak baldin badituzte tumoreak ere ezberdinak direla”.

Depresioari buruzko ikerketek urrats ugari eman dituzte. Egin diren azkenekoek erakutsi dute estresak eta depresioak neuronen atrofia eta galera eragiten dutela, eta horrekin batera kortex eta sistema linbikoaren bolumena murrizten dela. Depresioari buruzko azkeneko ikerketa preklinikoek eta klinikoek agerian jarri dute ketaminak eragin antidepresibo harrigarriak dituela, azkarrak eta iraunkorrak. Ebidentzia hauek farmako antidepresibo berrien bilaketa berpiztu dute.

Matematika

Lorea Zumeta ikertzaileak txikitatik izan ditu gustuko matematikak. Halere, matematikako gradua aukeratu zuenean ordura arte ikusitakoarekin ez zeukala antz handirik antzeman zuen. Hark dioenez, “ordura artekoa baino abstraktuagoa” izan zen. Gradua amaituta, master bat egin zuen Bartzelonan eta bioestatistikan espezializatu zen. Horren ondotik, BCAMen ikertzaile laguntzaile izateko aukera sortu zitzaion. Bertan, kirol-lesioak modelizatzeko tesia egiten dabil eta lanaren helburua da ulertzea nola sortzen diren lesioak, eredu estatistiko bat erabilita.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #284 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Euskaldunen Y kromosoma mota bereizgarria Latinoamerikan

Sat, 2020/01/04 - 09:00
Amerikako garai kolonialeko merkataritzarekin lotu dute Latinoamerikako biztanle mestizoetan euskaldunen Y kromosoma mota bereizgarria aurkitu izana

1. irudia: Euskal Herrian oso zabalduta dagoen haplotaldea Latinoamerikako talde mestizoetan topatu dute.

DF27 haplotaldea Latinoamerikako populazio mestizoan zenbateraino zabalduta dagoen aztertu du UPV/EHUko BIOMICs ikerketa-taldeak. Ikerketan, %29-35eko batezbesteko maiztasuna hauteman dute. Iparretik hegora maiztasuna hazi egiten da; garai kolonialean Amerikara egiten ziren joan-etorri komertzialen eraginarekin bat datorrena, antza.

Giza espeziean gizonezkoen kromosoma sexualetako bat da Y kromosoma. Leinu-markatzaile bat da eta populazioen historia biologikoaren berri ematen digu. Oso garrantzitsua da genetika forentsearen arloan.

Zenbait bereizgarritasun aurkitu dituzte ikertutako populazioaren DNAn, besteak beste, DF27 haplotaldea. Y kromosomaren haplotaldeak kromosoman bertan dauden markatzaile-multzoak edo ezaugarri genetikoen multzoak dira. Oso maiztasun handia du haplotalde horrek Euskal Herrian eta maiztasun handia Kantabrian eta Aragoin. Asturiasen, Galizian edo Katalunian bilatzen dugun heinean, haplotaldearen maiztasuna lausotuz doa.

Kontuan hartuta historikoki euskal herritarrek emigratzeko joera handia izan dutela, DF27a mestizo amerikarretan bilatzea erabaki zuten. Hala, Mexikon, Guatemalan, El Salvadorren, Nikaraguan, Panaman, Kolonbian eta Puerto Ricon egin dute azterketa eta berretsi dute euskal jatorriko gizonezkoek ondorengoak utzi dituztela Latinoamerikan.

2. irudia:Berretsi dute euskal jatorriko gizonezkoek ondorengoak utzi dituztela Latinoamerikan eta maiztasuna txikitu egiten dela hegoaldetik iparraldera.

Aztertutako herrialde amerikarretan, %9-37 bitarteko maiztasunarekin aurkitu da DF27 haplotaldea. Maiztasun handienarekin Kolonbian aurkitu dute eta txikienarekin El Salvadorren. Egiaztatu dute maiztasuna txikitu egiten dela hegoaldetik iparraldera.

Badirudi banaketa-joera hori bat datorrela garai kolonialean Amerikara egiten ziren joan-etorri komertzialekin eta maiztasun handiagoarekin aurkitu da harreman komertzialik handiena zen tokian: Cartagena de Indias (Kolonbia) zen garai hartan Iberiar Penintsulatik Amerikarako komertzioaren gunea.

Haplotaldearen banaketaren irudi zehatzagoa lortzeko, Latinoamerikako beste herrialde batzuetan —hala nola Argentina, Paraguai, etab.— eta Ipar Amerikan ere haplotaldea badagoen aztertu beharra dagoela nabarmendu dute.

Ikuspegi forentse batetik interesgarria da DF27 haplotalde bat aurkitzea agertoki forentse baten aztarnetan, baina zuhurra izan beharra dago hura interpretatzeko garaian; izan ere, litekeena da Iberiar Penintsulako iparraldeko gizonezko batena izatea edota Latinoamerikako batena izatea, kontuan izanik gaur egun zenbat latinoamerikar bizi diren inguru hauetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Villaescusa, P., Blázquez, P., Martíınez-Jarreta, B, Jiménez, S., Álvarez-Gila,,O., M. de Pancorbo, M. “The impact of haplogroup R1b-DF27 in Hispanic admixed populations from Latin America”. Forensic Science International: Genetics Supplement Series DOI: 10.1016/j.fsigss.2019.10.062.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Euskaldunen Y kromosoma mota bereizgarri bat, Latinoamerikako populazio mestizoan

The post Euskaldunen Y kromosoma mota bereizgarria Latinoamerikan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lore Zumeta, matematikaria: “Ikerketan hasi berria naiz, eta dena dut deskubritzeko”

Fri, 2020/01/03 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Pertsona askok aitortzen dute umetan edo gaztetan gorroto zituztela Matematikak, baita zientziazaleak izanda ere. Lore Zumeta Olaskoaga ez da horietakoa: txikitatik ditu gogoko zientziak eta Matematika. Hala, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaian, zalantzak izan zituen, Ingeniaritzaren bat, Euskal Filologia edo Matematika aukeratu. Azkenean, ate irekien egunean Matematikari buruzko azalpenak entzuteko aukera izan zuen, eta probatzea erabaki zuen, “zaila izateko ospea zeukan arren”.

Dioenez, unibertsitatean topatu zuen Matematikak ez zeukan ordura arte ikasitakoarekin antz handirik: “Karreran sartu nintzenean, ezagutzen ez nuen Matematika bat aurkitu nuen, ordura artekoa baino abstraktuagoa. Pentsatzera bultzatzen zuen, logika erabiltzera… Uste dut asko lagundu zigula pentsamendu logikoa garatzen”.

Bestalde, azken mailan bereizten dira Matematika aplikatua eta teorikoa, eta hor ikusi zuen aplikatua gehiago gustatzen zitzaiola, nahiago zituela aplikaziora bideratutako ikasgaiak, hala nola probabilitatea, programazioa eta estatistika. Hala ere, ez zeukan garbi nondik jo etorkizunean. “Aurrez ez nuen pentsatu ikertzaile izango nintzenik. Baina gradua egin ondoren master bat egitera joan nintzen Bartzelonara, eta bioestatistikan espezializatu nintzen. Eta aukera sortu zitzaidan BCAMen ikertzaile laguntzaile izateko, eta orduan sartu nintzen honetan”.

Irudia: Lore Zumeta, matematikaria.

Neurri batean, bidea aukeratzean, inguruan dituen pertsonek lagundu eta eragin diotela uste du Zumetak. “Esaterako, ez nuen irakasle aritzea baztertzen, baina Bartzelonan ikerketa mundua ezagutzeko aukera izan nuen, eta horrantz jo nuen”.

Ikerketan ere, ingurukoekin elkarlanean aritzea da gehien estimatzen duen alderdietako bat: “Estatistikaren arloan, beharrezkoa dugu hainbat diziplinatako adituekin aritzea. Adibidez, azken urte honetan, BCAMeko proiektu batean aritu naiz lanean, eta lantaldean ginen ingeniaria, kirol-zientzialaria, kirolmedikua, eta gu, estatistikariak. Beti taldean, beharrezkoa baitugu bakoitzak bere arloan duen jakintza besteenarekin osatzea”.

Elkarlan horretan, komunikazioaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, diziplina bakoitzak du bere terminologia, eta batzuek besteena ulertzeko “itzulpenak” egin behar izaten dituzte.

Kirol-lesioak aztergai

Bestela, proiektua bera ere oso motibagarria zaio, txikitatik kirol asko egin baitu, eta, orain, proiektuari jarraiki, kirol-lesioak modelizatzeko tesia egiten dabil BCAMen: “Futbolean egiten diren lesioen datuak ditugu, bai gizonezkonak bai emakumezkoenak, eta tesian saiatuko naiz haiek modelizatzen, jakiteko zerk eragiten duen lesioa eta zein diren arrisku-faktoreak. Hau da, helburua da ulertzea nola sortzen diren lesioak, eredu estatistiko bat erabilita”.

Beste kasu askotan bezala, ikerketa horretan ere funtsezkoa da datuak sexuaren arabera bereizita aztertzea, medikuek dagoeneko ikusi dutelako gizon eta emakume futbolariek lesio ezberdinak jasateko joera dutela.

Hasi berria da tesia egiten, eta, beraz, bere etorkizun hurbila horretan ikusten du, noski. Badaki ez dela bide erraza izango, baina orain arte ez du oztopo berezirik topatu. Beraz, motibatuta dago, alde batetik giroagatik, baina, batez ere, ikergaiagatik beragatik: “Tesiak nire bi zaletasunak biltzen ditu: Matematikak eta kirola. Jakina, galdera konplexua da, eta buruhausteak izan ditut eta izango ditut, baina, oraingoz, gustuko dudana ari naiz egiten, eta dena dut deskubritzeko”.

Fitxa biografikoa:

Zarautzen jaio zen, 1994an. Matematikako gradua egin zuen UPV/EHUn eta ondoren, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboko masterra UPC-UBn, Bartzelonan, matematikaren arlo aplikatuak bultzatuta. BCAM ikerketa zentroan ikertzaile laguntzaile lanetan aritu da urtebetez eta egun, doktorego-tesia egiten dabil zentro berean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Lore Zumeta, matematikaria: “Ikerketan hasi berria naiz, eta dena dut deskubritzeko” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ketaminaren eragin antidepresiboak. Ekintza mekanismo berriak farmako antidepresiboen bilaketarako

Thu, 2020/01/02 - 09:00
Leire Borrega, Miquell Saumell, Amaia Isasti, Xabier Aretxabala, Imanol Gonzalez-Burguera, Maider López de Jesús, Gontzal Garcia del Caño, Joan Sallés, Sergio Barrondo Ketaminak erakutsitako eragin antidepresibo azkarrek eta iraunkorrek goitik behera aldatu dute farmako antidepresibo berrien ikerkuntza.

1. irudia: Psikiatrian gaixotasun psikiatrikoei buruzko hipotesi etiologikoak ebidentzia farmakologikoetan oinarritzen dira.

Izan ere, ketaminaren eraginkortasunak agerian jarri ditu orain arte onartutako depresioaren inguruko hipotesi etiologikoek farmako antidepresiboen garapenean inposatutako hertsadurak.

Beste Medikuntza-arloetan ez bezala, Psikiatrian gaixotasun psikiatrikoei buruzko hipotesi etiologikoak ebidentzia farmakologikoetan oinarritzen dira. Horrela, 1950eko hamarkadan depresioaren kontrako farmakoak garatzen hasi ziren, behin ikusita zer-nolako eraginak zituzten tuberkulosiaren kontrako farmako batzuek. Lehenengo antidepresiboek neurotransmisio monoaminergikoa bultzatzen zutenez, hipotesi monoaminergikoa sortu zen, eta depresioaren inguruko ikerkuntzak serotoninaren, noradrenalinaren eta dopaminaren (monoaminen) gutxiagotzea hartu zuen oinarri.

Nahiz eta depresioaren inpaktu ekonomiko eta soziala oso handia izan, azkeneko hamarkadetan ez da aurrerapen nabarmenik egon gaixotasunaren tratamendu farmakologikoan, eta egungo antidepresibo gehienek 50eko hamarkadan sortutako teoriari jarraituz, monoaminen mailen igoera eragiten dute garunean. Tamalez, klinikan erabiltzen diren farmakoek ez dute profil terapeutiko desiragarririk erakusten: eragin terapeutikoa igartzeko denbora luzeegia da (bizpahiru aste), eragin desiragaitz ugari dituzte eta kasuen heren batean ez dira eraginkorrak.

Dena den, farmako antidepresiboen garapenean ez bezala, depresioari buruzko ikerkuntzan aurrerapenak egon dira, eta egun badakigu zenbait aldaketa morfologiko gertatzen direla, batez ere kognizioaz, gogo aldarteaz eta oroimenaz arduratzen diren garuneko eremuetan. Beraz, depresioaren oinarrian dauden aldaketa morfologiko horiek zuzentzea izan beharko litzateke farmako berrien helburu nagusia.

Testuinguru honetan, 90eko hamarkadan agerian jartzen hasi zen ketaminak eta ketamina bezalako NMDA hartzaileen antagonistek sintoma depresiboen hobekuntza eragiten zutela, animaliekin egindako ikerketetan. Azken urteetan, entsegu kliniko ugari gauzatu dira depresioa pairatzen duten pazienteekin, eta ketaminaren dosi subanestesikoek egoera depresiboen hobekuntza azkarra eta iraunkorra eragiten dutela erakusten duten ebidentziak sendotu dira.

Ketaminaren eragin antidepresiboak maila zelularrean azaltzeko, sinaptogenesi azkarra bultzatzeko duen gaitasuna proposatu da ekintza mekanismo nagusi bezala. Ketaminak neuronetan aldaketa morfologiko azkarrak eragiten dituela ikusi da; esaterako, kortexeko neurona piramidaletan arantza dendritikoen kantitatearen igoera azkarra eragiten duela deskribatu da. Depresioan gertatzen den atrofia neuronala eta neuronen arteko komunikazioaren jaitsieraren kontrako efektua erakusten du, alegia.

2. irudia: Ketaminak eragindako sinaptogenesi azkarra depresioaren kontrako ekintza mekanismo zelular nagusi bezala proposatu da.

Dena den, ketaminak eragindako efektu antidepresiboen mekanismo neurobiologikoak konplexuak dira, eta ezin dira azaldu NMDA hartzaileen blokeoaren bidez soilik. Izan ere, ketamina organismotik desagertzen denean ere mantentzen dira efektu hauek, beraz, NMDA hartzaileen blokeoaren ondorioz martxan jartzen diren zenbait mekanismo eta egokitze-aldaketa izango lirateke luzaroko efektu antidepresiboaren arduradun.

Ketaminak depresioaren tratamenduan izan ahal dituen abantailak argi erakutsi dituzte azken hamarkadako ikerketek. Izan ere, Estatu Batuetan FDAk (Food and Drug Administration) SpravatoTM (esketamina) izenarekin komertzializatu den sudur espraiaren erabilera baimendu berri du, tratamenduari erresistentea den depresio kasuetan, betiere kontrol zehatz bati jarraituz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Ketaminaren eragin antidepresiboak. Ekintza mekanismo berriak farmako antidepresiboen bilaketarako.
  • Laburpena: Beste Medikuntza-arloetan ez bezala, Psikiatrian gaixotasun psikiatrikoei buruzko hipotesi etiologikoak ebidentzia farmakologikoetan oinarritzen dira. Horrela, 1950eko hamarkadan depresioaren kontrako farmakoak garatzen hasi ziren, behin ikusita zer-nolako eraginak zituzten tuberkulosiaren kontrako farmako batzuek. Lehenengo antidepresiboek neuro-transmisio monoaminergikoa bultzatzen zutenez, hipotesi monoaminergikoa sortu zen, eta depresioari buruzko ikerkuntzak serotoninaren, noradrenalinaren eta dopaminaren (monoaminen) gutxiagotzea hartu zuen oinarri. Orduz geroztik hipotesi monoaminergikoak, eta bere bariazioek, farmako antidepresiboen garapena baldintzatu dute. Hala ere, azkeneko urteetan egindako ikerketek erakutsi dute estresak eta depresioak neuronen atrofia eta galera eragiten dutela, eta horrekin batera kortex eta sistema linbikoaren bolumena murrizten dela. Ebidentzia berri hauen arabera, depresioa ez litzateke izango garuneko gune zehatz bateko asaldura hutsa, baizik eta gogo aldartea, kognizioa eta oroimenak kontrolatzen dituzten zirkuitu neuronalen asaldura. Depresioari buruzko azkeneko ikerketa preklinikoek eta klinikoek agerian jarri dute ketaminak (anestesiko disoziatiboa) eragin antidepresibo harrigarriak dituela, azkarrak eta iraunkorrak. Oinarrizko ikerketek ketaminak sinapsi konexioak oso azkar handitzen dituela frogatu dute, depresioan antzemandako neurona-atrofia leheneratzen dutela. Ebidentzia hauek farmako antidepresibo berrien bilaketa berpiztu dute, eta hainbat mekanismo berri proposatu dira helburu horretarako.
  • Egileak: Leire Borrega, Miquell Saumell, Amaia Isasti, Xabier Aretxabala, Imanol Gonzalez-Burguera, Maider López de Jesús, Gontzal Garcia del Caño, Joan Sallés, Sergio Barrondo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 41-56
  • DOI: 10.1387/ekaia.20145

————————————————–
Egileez:

Leire Borrega, Miquell Saumell, Amaia Isasti UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakologia Sailean dabiltza; Xabier Aretxabala, Gontzal Garcia del Caño eta Imanol Gonzalez-Burguera UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Neurozientzia Sailean; Maider López de Jesús, Joan Sallés eta Sergio Barrondo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakologia Sailean eta CIBERSAMen dabiltza dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ketaminaren eragin antidepresiboak. Ekintza mekanismo berriak farmako antidepresiboen bilaketarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zianobakterioek oxigenoaren sorgin-gurpila abiatu zutenekoa

Wed, 2020/01/01 - 09:00
Juanma Gallego Iraultza biologiko edo tektoniko handietara jo behar izan gabe, Lurrean izan diren oxigeno mailaren gorakada handiak azaltzeko eredu berria plazaratu dute ikertzaileek. Ziklo biogeokimikoen arteko berrelikadura baten bitartez azaldu dituzte gertaera hauek.

Duela 2.400 milioi urte abiatu zen oxigenazio handiaren fenomenoa. Haren ohiko estilo fresko eta argigarria erabilita, Lynn Margulis biologoak “oxigenoaren holokaustoa” izendatu zuen une hori. Une horretara arte bizi ziren organismoentzat horren parekoa izan baitzen gertatu zena. Karbono dioxidoaz, hidrogenoz eta sufreaz osatutako atmosfera goxoa gas hilgarri batez bete zen pixkanaka, eta ordura arteko paradisua infernua bilakatu zen.

1. irudia: Modu batean edo bestean, oxigenoa beharrezkoa da gaur egun ezagutzen ditugun bizi mota gehienentzat, baina atmosferan eta itsasoetan nola metatu zen ezbaian dago oraindik. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hala da bizitza. Batzuentzat kalte, eta besteentzat onura. Izugarri erreaktibo zen gas horretara egokitzeko gai izan ziren bizidunentzako mundu berria ireki zen orduan, eta orain arte, oxigenoa izan da planeta honen oinarria. Horregatik, Lurretik kanpoko bizidunen bila izarretara begira jartzen garenean, sarri oxigenoaren ideia datorkigu burua. Baina iragan urrunaren gainean egin diren ikerketei esker, orain badakigu oxigenoa ez dela beharrezkoa bizia sustatzeko. Bai beharrezkoa da ordea, biziaren oinarrizko prozesuak ahalbidetuko duen disolbagarri on bat, eta ura disolbagarri paregabea dela badakigu. Hortaz, ura da exobiologoek bizi bila ari direnean jomugan duten lehen osagaia. Ikusteko dago, adibidez, Titango metanoak ere horretarako bidea ematen ote duen.

Oxigenazio handiari buruz asko dago ikertzeko. Aztarna geologikoei begiratuta, badirudi 2.400 milioi urte horien bueltan metatu zela oxigenoa, hainbat mineral orduan hasi baitziren herdoiltzen. Baina baliteke aurretik ere oxigenoa sortu izana, eta, ezagutzen ez diren arrazoiak zirela eta, oxigeno hori metatu ez izana. Adibidez, 2018an ikertzaile talde batek proposatu zuen askoz lehenago hasi zela oxigenoa ahalbidetu zuen fotosintesia, eta 3.500 milioi urteko zifra eman zuten. Ez zen noski ausaz ateratako data, erloju molekularraren teknika baliatuta egindako hurbilpena baizik.

Data bat edo bestea izanda ere, zabalduen dagoen hipotesiak dio zianobakterioen arbasoak izan zirela prozesua abiatu zutenak. Zeharo bitxiak dira mikroorganismo horiek, fotosintesia egiteko gai diren bakterioak direlako. Horregatik, denbora askoan algatzat jo izan ziren, begetalak zirelakoan.

Kontua da zianobakterioek hidrogenoa behar zutela fotosintesia egiteko, baina garaiko Lurrean hidrogenoa gero eta urriagoa zen, tartean, hain arina izanda atmosferatik espaziora aise askatzen zelako. Bada, badirudi ordura arte bereziki energia hidrogeno sulfuroan eskuratzen zuten bakterio mutanteak izan zirela uraren hidrogenoa baliatzeko gaitasuna garatu zuten lehen organismoak. Hala, uraren molekulan oxigenoaren eta hidrogenoaren artean dagoen lotura indartsua apurtzeko gai izan ziren heroi mutante ñimiño horiek. Behin hidrogenoa kenduta, hondar gisa oxigenoa kanporatzen hasi ziren, eta hor abiatu zen gainerako bizidunentzako “holokaustoa”.

Ordukoa ez zen izan oxigenazio fenomeno bakarra, Lurraren historian zehar antzeko beste bi gertaera jazo zirelako. Bigarrena duela 800 milioi urte abiatu zen, eta azkena duela 450 milioi urte. Azkenengo gertaeraren ostean agertu ziren animalia handiak, haien garapenerako energia-behar handiak zituztenak, hain zuzen.

2. irudia: Zianobakterioak ondo ezagutzen dira, eta bioerregaiak sortzeko eta bestelako aplikazioetan erabiltzeko ikertzen dira. Zabalduen dagoen teoriak dio zianobakterioen arbasoak izan zirela fotosintesia “asmatu” zutenak. (Argazkia: David J. Thomas – CC BY-NC 2.0 lizentziapean)

Zianobakterioen lehen ekarpena aitortuta, Lurraren historian izan diren oxigenoaren gorakada hauen guztien atzean dauden arrazoiak azaltzeko bi teoria nagusi erabili dira orain arte. Teoria batek argudiatzen du bizidunak izan zirela oxigenazioa ahalbidetu zutenak. Besteak arrazoi geologikoetan jartzen du fokua, oxigenoaren gorakada sumendien eta iraultza tektoniko handien ondorio gisa aurkeztuta.

Hirugarren aukera planteatu dute orain. Izan ere, oxigenazio gertaera guztiei azalpen bat ematen saiatu da Leedseko (Erresuma Batua) unibertsitateko ikertzaile talde bat. Eredu matematikoak baliatu dituzte zeregin horretarako, eta atera dituzten ondorioak Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dituzte.

Proposatu dutenez, oxigenazio gertaera horiek ez ziren izan iraultza biologikoen edo tektonikoen ondorioa, fosforoaren, karbonoaren eta oxigenoaren zikloen artean sortzen diren berrelikaduren ondorioa baizik. Modu erraz batean esateko, behin zianobakterioak oxigenoa sortzen hasi zirela, oxigeno mailen gorakadak “modu espontaneoan” gertatu ziren, ziklo geokimiko hutsetan oinarrituta. Argudiatu dutenez, ziklo horiek itsasoaren zein atmosferaren oxigeno mailetan aldaketa azkarrak sortzeko gai dira. Zehazki, prozesuaren abiapuntuan zera dago: itsasoetako fosforoaren zikloa oxigeno mailen arabera aldatzen da, eta horrek ere eragina du fosforoaren beharra duen fotosintesian. Handik abiatu omen zen oxigenoaren gorakada ekarri zuen sorgin-gurpila.

Dagoeneko adituen artean ezaguna den itsas-eredu biogeokimiko bat hartu dute oinarritzat, eta, itsasoetara ez ezik, eredua Lur-sistema osora egokitzen saiatu dira. Argudiatu dute zianobakterioen hasierako jarduna eta plaka tektonikaren martxan jartzea nahikoak izan zirela oxigenazioa abiatzeko.

Prentsa ohar batean zabaldu dutenez, haien ereduak argi uzten du afera: behin zianobakterioak oxigenoa sortzen hasi zirela, bizi konplexua mantentzeko gai ziren oxigeno mailen agerpena “saihestezina” izan zen. Eredu matematikoa eta oxigenazio-gertaerek erregistro geologikoan utzi dituzten ebidentziak bat datozela argudiatu dute.

Ikerketaren ondorioak astrobiologiaren alorrerako baliagarriak direla erantsi dute. “Lan honetan ikusten denez, badirudi oxigenatutako planetak uste genuena baino ohikoagoak izango direla, garapen biologiko bitxi eta askotarikoak beharrezkoak ez direlako, ezta gertaera tektoniko handiak ere”, argudiatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Alcott, Lewis J. et al., (2019). Stepwise Earth oxygenation is an inherent property of global biogeochemical cycling. Science, 366 (6471), 1333-1337. DOI: 10.1126/science.aax6459.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zianobakterioek oxigenoaren sorgin-gurpila abiatu zutenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakume zientzialarien “erroskoa”

Tue, 2019/12/31 - 10:00
Jolas bat proposatzen dizugu urteko azken egunerako, zientzialariei eta beraiek egindako ekarpenei buruz dituzun ezagutzak proban jartzeko.

“Errosko” bat aurkezten dizuegu, bertan ezkutatuta agertzen dira emakume zientzialarien hogeita sei abizen (X letrarako izan ezik, non “ezezagun” kontzeptuarekin jokatzen baita). Gehienei buruz Zientzia Kaieran hitz egin dugu eta bizpalau Mujeres con Ciencia blogean izan dira hizpide.

Alfabetoko letra bakoitzerako, proposatutako zientzialariaren lana deskribatzen duen pista bat ematen dugu. Ezagutu duzu? Egin baduzu, aurkitu dituzun zientzialarien izenak guri esatea proposatzen dizugu, sarrera honetan bertan mezu bat utzita iruzkinen atalean.

“Erroskoan” ezkutatutako hogeita sei zientzialarietatik gutxienez hogei asmatzen dituzten parteideen artean, zientziari buruzko liburu bat zozkatuko dugu. 2020ko urtarrilaren 7ra arteko epea duzu zure emaitzak uzteko.

2020ko urtarrilaren 8an jakingo dugu nortzuk diren emakume zientzialari hauek eta nor den zozketaren irabazlea. Animatu zaitez eta bilatu erantzunak Zientzia Kaiera eta Mujeres con Ciencia blogean, ematen dizkizugun datuekin!

Emakume zientzialariei buruzko datuak

A. Anestesiologian eta teratologian espezialista izan zen eta neonatologiaren arloa sortu zuen. Jaioberrien osasuna ebaluatzeko metodo ezagun bat sortu zuen.

B. Kimikari honen ikerketa funtsezkoa izan zen Espainian Raman espektroskopia bezalako teknikak (substantzia kimikoen molekulak identifikatzeko) garatzeko.

C. Biokimikari hau izan zen zientzia arloan Nobel Saria irabazi zuen hirugarren emakumea eta 1947an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen lehena.

D. 2012. urtean, bere taldearekin batera, biokimikari honek teknika berri bat aurkitu zuen edozein organismoren DNA editatzeko: CRISPR/Cas 9.

E. Mikrobiologian aritu zen zientzialari honek esnearen eta gaztaren bakterioak ikertu zituen eta aurkitu zuen behiak infektatzen dituen Bacillus abortus bakterioak bruzelosia eragiten ziela abereei zein gizakiei.

F. Astrofisikari hau ezaguna da haren lanak auroren jatorria ulertzen lagundu zuelako. Besteak beste, eguzkiaren orbanen zikloak aurresateko metodo bat garatu zuen.

G. Matematikari bat daukagu oraingoan. Zientzialari honek ekarpen garrantzitsuak egin zizkion zenbakien teoriari eta elastikotasunaren teoriari. Zenbaki lehenen mota berezi batek bere izena du.

H. Teleskopioak egiten eta behaketa astronomikoetan lagundu zion nebari. Horrez gain, bere kabuz, zortzi kometa eta hiru nebulosa aurkitu zituen eta horrez gain, hainbat katalogo astronomiko egin zituen.

I. Kimikaria izan zen eta 1901ean Fritz Haber Nobel saridunarekin ezkondu zen. Senarraren ikerketan parte hartu zuen eta besteak beste, bere lanak ingelesera itzuli zituen. Hala ere, ez zuen inolako aitorpenik jaso.

J. Senarrarekin batera, erradioaktibitate artifiziala aurkitu zuen 1934. urtean. Lorpen horri esker, Kimikako Nobel saria jaso zuten 1935ean.

K. 1965ean Kevlarra sintetizatu zuen, erresistentzia handiko urre koloreko zuntza (poliamida). Material hau pneumatikoak, kandela nautikoak edo balen kontrako txalekoak egiteko erabiltzen da.

L. Sismologoa izan zen eta egindako lanei esker ondorioztatu zuen Lurreko nukleoak zati solido bat duela gune likidoaren barruan. Bi eremu horien arteko tarteak bere izena darama.

M. Biologoa eta ekologista izan zen eta 2004an Bakearen Nobel saria jaso zuen, garapen jasangarriari, demokraziari eta bakeari egindako ekarpenengatik. Sari hau lortu zuen Afrikako lehen emakumea izan zen.

N. Enbrioi-garapenaren lehen faseetako kontrol genetikoari buruzko ikerlanengatik, Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1995ean, garapenaren biologiako aditu honek.

O. Geologoa izan zen eta sumendien labak dituen propietate kimikoak aztertu zituen. Horrez gain, idortasunak lurzoruen higaduran eta aldizkako korronteetan dituen ondorioak ikertu zituen.

P. Astronomoa izan zen eta bere doktorego-tesian frogatu zuen hidrogenoa dela izarren osagai nagusia.

Q. Espainian kanpaina ozeanografiko batean parte hartu zuen lehen emakume ozeanografoa izan zen. Baita itsas zientzien arloko lan zientifiko bat sinatu zuen lehen emakumea.

R. Neuropediatra hau erreferente bat da espektro autistaren nahasteen ikerketan. Autismoaren inguruan zeuden mito asko bota zituen behera eta gaitza arazo biologiko gisa onartzen lagundu zuen.

S. Sexuaren oinarri kromosomikoak deskribatu zituen Edmund Beecher Wilsonekin batera. Genetista honek frogatu zuen izaki bizidun baten sexua kromosoma partikular baten mende dagoela.

T. Geologoa izan zen eta haren lanak erakutsi zuen Erdialdeko Atlantikoko dortsala zegoela, eta, horri esker, plaka-tektonikaren eta kontinenteen jitoaren teoriak zabaldu ziren.

U. Sismologoa da eta lurrikarak ikertzen ditu. Arrisku sismikoen mende dauden herrialdeak ditu ikergai eta uhin-sismikoen indargabetzean oinarritzen da bere ikerketa.

V. Neurozientzialari honen lana funtsezkoa izan zen neurotransmisoreek garunean duten zeregina ulertzeko. Batez ere, garrantzitsuak izan ziren epinefrinari buruz egin zituen ekarpenak.

W. Haurdunaldiko anemia makrozitikoaren inguruko lan seminala egin zuen Indian hematologo honek. Anemia mota honek dieta eskasak dituzten tropikoko haurdunei eragiten die gehien bat.

X. X-ak ez du zerikusirik bere abizenarekin. “X”, ezezagunaren “x” da. Nor izan da, oraingoz, Fields domina lortu duen lehen emakumea (eta bakarra)?

Y. Kristalografo honek erribosomen egiturari buruzko lan aitzindaria egin zuen eta horri esker Kimikako Nobel saria jaso zuen 2009an.

Z. 1937. urtean Albaitaritzako ikasketak amaitu zituen lehen euskal emakumea izan zen. Besteak beste, sukar aftosoa ikertu zuen.

Emakume zientzialarien irudiak (nahastuta)

Proposatutako izenak bilatzen laguntzeko, “erroskoko” zientzialarien argazkiak dakarkizuegu…, baina desordenatuta.

—————————————————–

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

—————————————————–

The post Emakume zientzialarien “erroskoa” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Landare eta animalia espezie urrienak elkarteetan antolatzen dira bizirauteko

Mon, 2019/12/30 - 09:00
UPV/EHUko ikertzaileek ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu dute. Ikerketak mundu osoko hirurehun komunitate ekologikotik gora aztertu ditu eta Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Ikusi dutenez patroi ekologiko bat jarraitzen dute animalia eta landare gutxi dituzten espezieek: ghettoetan antolatzen dira bizirik irauteko.

Hirien antolaketaren antzera, animalia eta landare espezie urrienak elkartu egiten dira espezien lehiakorrenen aurrean biziraupena bermatzeko. UPV/EHUko adituak dituen nazioarteko ikertalde batek egiaztatu du aztertutako animalia eta landare espezie arraroen (oso kide gutxi dituztenak edo ale bakanez osatuta daudenak) % 90ean elkarte modukoak eratzen dituztela aurrera egiteko.

Irudia: Aztertutako komunitateen artean, besteak beste, koralak daude. (Argazkia: Marcelo Kato – Iturria: Pixabay.com)

Ikertzaileek zehaztu dutenez, animalia- eta landare-komunitateak hirietan, ghettoetan edo auzo etnikoetan egiten dugun moduan antolatzen dira eta antolatzeko modu hori espezie arraroen iraupenaren baitan egon liteke. Izan ere, espezie ugarienen lehia-presioa saihets baitezakete modu honetan, haien artean lankidetzan aritzeko aukera ematen dielako egitura honek eta mikrohabitat zehatzak sortzen dituztelako.

Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako emaitzek lehiakortasun-giroetan biodibertsitatea mantentzeko azalpen orokorra ematen dute, eta, hala, lehiakortasun-bazterketaren printzipioari buelta bat ematen zaio. Printzipio horren arabera, lehiarako gaitasun eskasak dituzten espezieak baztertuak izango lirateke lehiakide eraginkorrenen aurrean. Ikerketan parte hartu duten biologoen esanetan, eredu horrek azaltzen du baliabide berberen alde lehiatzen diren espezieak elkarrekin bizitzeko gai direla.

Ikerketaren oinarria, zenbakizko simulazioak

Azterketa egiteko, goroldio, belar, zuhaitz, intsektu, araknido eta koralen hirurehun komunitate ekologiko baino gehiago aztertu dituzte, mundu osoan banatuak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ghettoak edo taldeak atzemateko sareen teoria erabili dute, eta sareen mekanismoak aztertzeko, berriz, zenbakizko simulazioak aplikatu dituzte. Simulazio horien emaitzen arabera, oso ugariak ez diren espezieen arteko elkarketa beharrezkoa da mundu mailan behatutako koexistentzia-ereduak azaltzeko. Elkarketa hauek ezagutzea lagungarria izan daiteke, adituen ustez, kontserbazioaren plangintza edo hesteetako mikrobiomarekin zerikusia duten giza gaixotasunak aztertzeko.

Hala ere, ikertzaileek aitortu dute oraindik ez direla ezagutzen espezie arraroen elkarketak ahalbidetzen dituzten elkarrekintza eta mekanismo espezifikoak, eta horrek, ikerlerro berriak sustatu beharko lituzkeela bizitzaren zientzietako hainbat arlotan.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Animalia eta landare gutxi dituzten espezieak ghettoetan antolatzen dira bizirik irauteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Calatayud, J., Andivia, E., Escudero, A. et al. (2019). Positive associations among rare species and their persistence in ecological assemblages. Nature & Ecology Evolution, 4, 40–45 (2020). DOI:10.1038/s41559-019-1053-5.

The post Landare eta animalia espezie urrienak elkarteetan antolatzen dira bizirauteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #283

Sun, 2019/12/29 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Lehoiak baino beldur handiagoa ematen du liztor esmeraldak (Ampulex compressa): gai da labezomorroen gaineko kontrola hartzeko, drogatzeko, eta, oraindik bizirik dagoela, kumearentzako bazka bihurtzeko. Horretarako pozoia erabiltzen du. Tragedia hiru ekintzetan: lehenengo ziztada, toraxean. Horrek balio du labezomorroa geldiarazteko eta biktima lasaitzeko, bigarren ziztada zehatzagoa izan dadin. Behin pozoituta dagoela, aurretik prestatu duen habia batera eramaten du, arrautza bat jarri eta habia zigilatzen du. Baina badira horrelako beste adibide batzuk, marigorringoa, kasu.

Genetika

Oso zaila egiten zaigu egunotan, asko jan eta edan ondoren, bihotzerreak, indigestioak eta heste-igarotze zailak ekiditea. Zorionez, eta Koldo Garciak testu honetan esaten digun moduan, arazo horiek aldizkakoak dira baina badira gaixotasun eta nahasmendu gastrointestinal kronikoak pairatzen dituzten pertsonak. Artikulu interesgarri honetan, asaldura horiek azaldu dizkigu genetikaren ikuspuntutik. Heste minberaren sindromea, Crohn-en gaixotasuna, kolitis ultzeradunak, eritasun zeliakoa… zer dago horien atzean? Ekin digestioaren gene-puzzlea ebazteari!

Osasuna

Migrainak bizimodu arrunta egitea eragozten duen buruko min mota bat da. Alfredo Rodriguez-Antiguedad IMQ-ko neurologo eta Gurutzeta ospitaleko neurologia saileko buruak Berrian azaltzen duenez, buruaren zati batean sentitzen diren taupaden bidez identifikatzen dira eta aldi bakoitzean buruko atal desberdin batean ager daitezke. Bestalde, migraina aldi batekoa edo kronikoa izan daiteke eta batik bat emakumeek pairatzen dute.

Soziologia

Nicholas Christakis soziologoak, Amazonek 2015.urtean garatutako software bat oinarrian hartuta, miniaturazko gizarteak sortu ditu bere laborategian, euren hartu-emanen konexioak, lankidetza motak eta aldaketak aztertzeko. Testuan zehar, egindako hiru esperimentuei buruz irakurtzeko aukera izango duzue. Ez galdu!

Medikuntza

Medikuntza aplikazioetara bideratutako fabrikazio gehigarriak (MABIFAG) osasun-industria erabat eraldatzeko gaitasuna dauka. Eraikuntza gehigarria, edo Additive manufacturing ere deitua, 3D ereduko datuetatik abiatuta objektuak eraikitzeko prozesuan datza. Artikulu honetan, MABIFAGaren ikerketa egoera ebaluatu eta zientzia eta teknologia patroiak identifikatu dituzte.

Zientziaren dibulgazioa

Elhuyar aldizkariak 2019an publikatu diren urteko zientzia albiste nabarmenak bildu ditu honetan. Guztira, hamar albiste hautatu dituzte, arlo askotarikoak: adimen artifiziala, arkeologia, astrofisika eta genetika, besteak beste. Ez galdu!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #283 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages