Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak

Irudia: Hainbat arlotan izan dezaketa aplikazioa nanozelulosan oinarritutako material nanokonposatuek.
Polimero biodegradagarrien artean, biopolimeroak garatzeko orduan aukera desberdinak daude oinarrizko material ugari daudelako agertzen eta aztertzen, propietate interesgarri eta aplikazio aukera anitzekin. Sailkapenik ohikoenetan, zuzenean biomasatik lortzen direnak, baliabide naturaletatik ateratako monomeroen sintesi kimiko bidez produzitutakoak eta, azkenik, bakterio edo mikroorganismoen bidez lortutako biopolimeroak bereiz daitezke.
Zuzenean baliabide naturaletatik sintetizatutako biopolimeroen artean, zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke, jatorri naturaleko materiala izateaz gain, oparoenetarikoa delako eta ezaugarri oso interesgarriak dituelako. Baina, nahiz eta zelulosa material aski ezaguna izan, ez ordea zelulosatik sintetizatutako eskala nanometrikodun materialak. Azken material nanoegituratu honek biodegradagarriak izateaz gain, propietate harrigarriak ari dira erakusten, funtzionalizazio aukera handiekin.
Nanozelulosaren aukeraz beteko gainazal funtzionalizazio hau, nano-eskala dimentsioak eragindako hainbat eta hainbat azaleko -OH talderen eta gainazal espezifiko handiaren ondorioa da. Bestalde, zelulosatik sintetizatutako nanozelulosaren moldaketaren bidez aukera desberdinak aurkitu daitezke nanomaterial mota bereizgarriak lortuz; nanokristalak eta modu desberdinen bidez sintetizatutako nanozuntzak. Zehazki, nanozuntz hauek lortzeko aukera bat landereetatik tratamendu mekaniko eta kimiko bidez sintetizatzea da eta beste aukera sintesi bakteriano bidez produzitzea.
Hala ere, ikuspuntu zabalagoa edukitzeko, materialak jatorriaren arabera ez ezik, askotan oinarrizko egituraren distribuzioaren arabera sailkatu litezke, hain zuzen ere egituran duten bolumen aske kopuruaren arabera. Sailkapen hau kontuan hartuz eta nanozelulosari dagokionez, porodun edo poro gabeko materialak aurkitu daitezke eta filmak, gelak eta aerogelak nabarmendu daitezke.
Filmak paper moduko materialak dira, gelak berriz egoera geldikorrean jariakortasun eza duten material solido gelatinakarrak dira eta aerogelak porotasun oso handiko material izugarri arin eta bereziak dira. Bestalde, ohikoa da aerogelak gelen lehortze superkritiko edo liofilizazio prosezu bidez lortu ahal izatea.
Aipatutako aukerei nanozelulosaren propietate bereziak gehitzen badizkiegu, alde batetik propietate mekaniko eta fisiko apartak eta beste alde batetik biobateragarritasun, degradagarritasun egokia eta toxikotasun eza, besteak beste, aplikazio esparru handiak aurkitu ditzakegu. Bestalde, gainazal modifikazio aukera izugarriak dituen materiala izanik, ezaugarri guzti hauen konbinazioari esker, gaur egun aplikazio aukera gehiago atzematen ari dira.
Nanozelulosan oinarritutako material nanokonposatuen aplikazio berritzaileenak, ingurumenean (ur kaltetuetan), energian (energia metaketan eta isolatzaile moduan), biomedikuntzan (garraio bide eta emaile, protesi eta scaffold-ak edo soluzio antiseptikoetan), sentsoregintzan eta garraio edo konstrukzio sektoreetarako konposite eta osagai berrietan aurkitu ditzakegu eta etorkizun zirraragarria aurreikusten zaizkie.
Bestalde, enbalatze eta elikaduran, industria kimikoan edo kosmetikan nanozelulosaren deribatuen erabilera barneratuagoa dago. Hain zuzen ere, aplikazio berritzaileen erabilera merkaturatzeko oraindik ikerketa arloa badago eta erronkarik nagusienetakoa nanozelulosan oinarritutako material eta osagaiak industria mailan eta eskala handian fabrikatzea da. Helburu hori lortzeko, prozesu jasangarri, kalitatezko eta lehiakorrak garatzea beharrezkoa da material berriak merkatu eta sektore desberdinetan barneratzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak.
- Laburpena: Gaur egungo plastiko erabilienak oraindik petroliotik deribatutako polimero eta lehengaietan oinarrituta daude, horrek ingurumenean duen eragina eta guzti, material horiek biodegradagarriak ez direlako, besteak beste. Egoera honetan, erakunde eta industria sektore askotan, gero eta erregulazio eta estandar gehiago ezartzen ari dira, produktu jasankorragoak eta ingurumenarekiko aproposagoak garatzea bultzatzeko helburuan. Honen eraginez, polimero biodegradagarrien inguruan interes handia piztu da, eta material horien aukerak sakonki ikertzen ari dira. Polimero biodegradagarri mota desberdinak daude eta horrez gain, polimero berriak aurkitzeko eta garatzeko asmoarekin, oinarrizko materialen inguruan aukera desberdinak aztertzen ari dira. Ikerketa zabal honi esker, material polimeriko biodegradagarrien arloan propietate berri eta interesgarriak agertzen ari dira eta honekin lotuta aplikazioa askotarako aukerak. Material biodegradagarrien artean, zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke; zelulosak jatorri naturala du, material oparoenetariko bat da eta ezaugarri apartak azaltzen ditu. Zelulosa eta horren propietate bereziak aspaldi ezagunak diren arren, gaur egun ikerkuntza-arlo emankor bat zabaldu da zelulosatik sintetizatutako eskala nanometrikoko materialen inguruan, material horiek agertzen dituzten propietate ikusgarrien eta funtzionalizazio-aukeren ondorioz. nanozelulosa mota desberdinak lor daitezke, zelulosa-nanozuntzak (ZNZak), zelulosa-nanokristal (ZNKak) eta nanozelulosa bakterianoa (NZBa). Nanozelulosa mota bakoitzak xehetasun partikularrak ditu, propietate bereziak eta berezitasun hauen ondorioz aplikazio arlo ugari agertzen ari dira, etorkizun nabarmena eskainiz. Bestalde, aplikazioaren arabera ez ezik materialak oinarrizko egituraren distribuzioaren arabera sailkatzen baditugu, nanozelulosan oinarritutako materialak hidrogel, aerogel edo film bezala aurkitu dezakegu. Zehazki, nanozelulosan oinarritutako aerogelak emaitza ikusgarriak ematen ari dira, horien pisu arin eta dentsitate baxu, porositate altu eta propietate mekaniko paregabeen ondorioz besteak beste. Propietate horri zelulosaren biobateragarritasuna, toxikotasunik eza eta biodegradagarritasuna gehitzen badizkiogu, material interesgarriak lor daitezke, funtzionalizazio- eta kustomizazio-aukera zabalak dituztenak. Pertsonalizazio-aukeren eta ezaugarri aparten ondorioz, nanozelulosa eta nanozelulosan oinarritutako materialak zenbait sektoretan hasi dira erabiltzen; besteak beste ingurumenean, energian, biomedikuntzan, enbalatze eta elikadura industrietan edo garraioan.
- Egileak: Uribarri Goikuria, Erlantz Lizundia.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 119-142
- DOI: 10.1387/ekaia.19675
————————————————–
Egileez:
Uribarri Goikuria Erlantz Lizundia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko Kimika Makromolekularreko Laborategikoak dira eta Erlantz Lizundiak, gainera, Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Sailean ere badabil.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lau leinutan kokatu dute ‘Homo sapiens’ espeziearen jatorria
Bide bihurgunetsua da giza eboluzioaren ikerketarena. Modu tradizionalean, hezurren eta harrizko industriaren azterketan oinarritu dira ikertzaileak, eta oraindik ere bide horrek emaitza zirraragarriak ematen ditu. Zientziaren arlo guztietan adituen arteko eztabaidak oinarrizkoak izanda ere, paleoantropologiaren alorrean bereziki biziak dira. Askotan, ikerketa batek 180 graduko bira ematen dio indarrean dagoen ezagutzari… beste ikerketa batek kontrakoa esaten duen arte. Batzuetan etsigarria gerta daiteke ere, benetan pozgarria da ikustea zelan egiten den aurrera, zabuka agian, baina, aldi berean, ezagutzaren norabidean.
Genetikaren agerpenarekin, bazirudien eztabaida horiek guztiak nonbaiten baretuko zirela, ustez humanitateetatik aldenduta eta genetikari jauzi eginda tresna berrien emaitzak ukaezinagoak izango zirelakoan. Zoritxarrez –edo zorionez–, ez da horrela izan, eta ez dirudi hemendik aurrera ere hala izango denik.

1. irudia: Duela 25 bat urte aurkitu ziren lau umeren arrastoak Shum Lakako aztarnategian, baina orain egindako azterketa genetikoek haien gaineko ezagutzan iraulia ekarri dute. (Argazkia: Isabelle Ribot)
Hala, duela gutxi ezagutarazitako ikerketa batek Homo sapiens-aren jatorria Afrikako hegoaldean kokatu du, DNA mitokondrialaren analisian oinarrituta. Orain, berriz, hein batean ideia horren kontra doan beste ikerketa baten berri eman dute. Nazioarteko ikertzaile talde batek Nature aldizkarian aurkeztutako emaitzen arabera, duela 300.000 eta 200.000 urte tartean Afrikan bizi izan ziren lau populaziotan dago gaur egungo gizakien jatorria. Harvardeko Unibertsitateko David Reich genetista ezagunak gidatu du ikerketa, eta antzinako DNAren ikerketan aitzindarienetakoa den Carles Lalueza-Fox adituak ere parte hartu du.
Ondorio horretara iristeko mahai gainean jarri dituzten datuak ez dira edonolakoak izan: aurrenekoz, Ekialdeko eta Erdialdeko Afrikako antzinako DNAren sekuentzia genomiko osoak berreskuratu dituzte. Ez dira duela 300.000 urteko genomak, noski; duela 8.000 eta 3.000 urte inguru bizi izan ziren giza arrastoenak baizik. Horietan oinarritura, denboran atzera eginda zeuden ezaugarri genomikoak ondorioztatu dituzte.
Zaila da hain antzinako DNAren kontserbazioa, baina hori are konplikatuagoa da Afrika bezalako inguru batean, Saharako basamortua edota klima tropikalak direla eta. Horregatik, haitzuloetan aurkitutako fosilek berebiziko garrantzia dute, ingurune horietan errazagoa baita arrasto genetikoa gehiegi narriatu gabe mantentzea.
Hain justu, Kamerunen kokatuta dagoen Shum Laka izeneko harpe batean aurkitutako arrastoak daude ikerketaren abiapuntuan. Lau umeren arrastoak dira: horietako bi, duela 8.000 urte ingurukoak; beste biak, duela 3.000 urtekoak. Shum Lakan ehortzitako umeen genoma arakatu ondoren, Afrikako Ekialdeko eta Hegoaldeko hainbat ehiztari-biltzaileri buruz eta gaur egun kontinentean bizi diren beste hainbat populaziori buruz argitaratuta dauden DNA azterketekin alderatu dituzte, ikuspegi osatuago bat eduki aldera. Datu hauetan oinarrituta, Homo sapiens-aren historian egon diren leinu nagusiak ikustarazteko moduan egon dira.

2. irudia: Kamerungo Shum Lakako harpean kontserbatu dira duela 8.000 eta 3.000 urteko aztarnak. Tropikoetako klima ez da 2. irudia: Kamerungo Shum Lakako harpean kontserbatu dira duela 8.000 eta 3.000 urteko aztarnak. Tropikoetako klima ez da batere egokia DNAren kontserbaziorako, baina haitzuloetako tenperaturei esker hobeto mantentzen da informazio genetikoa. (Argazkia: Isabelle Ribot)
Ikerketan parte hartu du Iñigo Olalde zientzialariak, eta haren azalpenak jaso ditu Eva Caballerok La mecánica del caracol irratsaioan. Olaldek argi utzi du aztertutako genometan ez daudela berez leinu horiek. “Baina hain lagin zaharrak edukita, argiago ikus daiteke zer gertatu zen garai zaharragoetan, azken 8.000 urteetan batu diren seinale genetiko desberdinak kendu ditugulako”.
Lau leinu horietatik, hiru ondo identifikatuta dituzte: Afrika Hegoaldeko ehiztari-biltzaileetan ikus daiteke lehen leinua; bigarrena, Afrika Erdiko populazioei dagokie; eta, hirugarrena, Afrika Ekialdean bizi ziren zein Afrikatik atera ziren populazioei dagokie. Laugarrena, berriz, ez da identifikatu gaur arte, eta, hortaz, “leinu mamutzat” jo du ikertzaileak. Olalderen hitzetan, baliteke leinu gehiago egon izana, baina, hala izan balitz, horiek ez dira kontserbatu. Leinu hori Sahel inguruetan egon zitekeela uste dute, baina momentuz bederen ez dute modurik hipotesia mamitzeko.
Emaitzen argitara, ikertzaileek uste dute duela 250.000-200.000 urte bitartean gertatu zela lau leinu horien arteko bereizketa. Eta bidean, noski, oraindik argitzeko dauden gauza asko gertatu ziren. Adibidez, umeak ehortzita izan ziren eremua bantu hizkuntzen abiapuntutzat jo izan da. Afrikako berezko hizkuntzen artean, talderik zabalduena eta askotarikoena da bantu hizkuntzena. Alabaina, ez dute lotutarik aurkitu ume horien eta gaur egungo hiztunen artean. “Hau ezusteko bat izan zen, batez ere duela 3.000 urteko arrastoen kasuan” argitu du Olaldek. “Ordurako hasita zegoen bantu hizkuntzen zabalkuntza, eta espero zen ume horiek arbaso genetikoak izatea. Baina ikusi dugu ez dela hala izan”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Lipson, M., Ribot, I., Mallick, S. et al., (2020). Ancient West African foragers in the context of African population history. Nature, 577, 665–670. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-020-1929-1
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Lau leinutan kokatu dute ‘Homo sapiens’ espeziearen jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.
Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
Diabetesaren ugaritasuna obesitatearekin eta elikadura desegokiarekin lotzen da, kasu askotan. Horrexegatik beharrezkoa da prebentzioa eta heziketa, alegia, arazoei aurre egiteko arazoa zein den jakitea eta ulertzea. Lehen ekarpen honetan, diabetes mellitus gaixotasuna ulertzeko bidean kokatuko gara eta, horretarako, ezinbestekoa da glukosaren metabolismo normala zein den ulertzea.

Irudia: Otorduen ostean, odoleko glukosa kontzentrazioa handitzen da. Kontzentrazio hori murrizteko eta zelulek glukosa modu eraginkorrean erabiltzeko, intsulina izeneko hormona ezinbestekoa da. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Gorputzeko zelula guztiek energia behar dute bizirauteko eta haien funtzioak betetzeko. Gure organismo zelulen energia-iturri nagusia glukosa da, beste hainbat biomolekula metabolizatu ondoren lortzen den gluzidoa. Glukosa odolaren bidez iristen da zeluletara eta, horrela, zelula batek energia behar duenean odolean dagoen glukosa zelulara sartu behar da. Hala ere, zelula gehienetan prozesu hori ez da hain sinplea. Glukosa zeluletan modu eraginkorrean sar dadin, intsulina izeneko hormona beharrezkoa da.
Intsulina hormona polipeptidikoa da, alegia, hainbat osagai txikiagoz -aminoazidoz- osatuta dago. Zehazki, berrogeita hamaika aminoazidok osatzen dute intsulina. Ornodunen kasuan, intsulinaren egitura nahiko antzekoa da eta aipagarria da, adibidez, behiaren eta gizakion intsulinaren artean hiru aminoazido bakarrik aldatzen direla. Txerrien hormonarekin alderatuz gero, aldiz, aminoazido bakarra aldatzen da. Intsulina pankrean sintetizatzen da, hain zuzen ere, Langerhans-en irlak deitzen diren zelula-multzoetan. Pankrea digestio-aparatuaren eta sistema endokrinoaren osagai den organoa da, urdailaren atzean kokatzen dena. Langerhansen irlak pankrean sakabanaturik dauden zelula hormona-jariatzaileen multzoak dira -0,3 mm-ko diametrokoak, gutxi gorabehera-. Irla horietan mota desberdinetako zelulak daude eta zelula bakoitzak hormona jakin bat jariatzen du. Alfa zelulek glukagoia jariatzen dute, beta zelulek intsulina eta delta zelulek somatostatina, esaterako.
Pankrea intsulina sintetizatzen hasten da zenbait seinale jasotzen dituenean, besteak beste, proteinak edo karbohidratoak jaten direnean. Elikagai horiek jan ondoren, odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da eta, orduan, pankrean dauden beta zelulak intsulina jariatzen hasten dira. Intsulinak hainbat funtzio ditu, baina, funtzioetako bat glukosa odoletik zeluletara sartzen laguntzea da. Zelula gehienek intsulina hartzaileak dituzte eta intsulina bertan lotzen denean, glukosa zelula barrura sartzeko kanalak ireki egiten dira. Kanal edo bide horiek glukosa garraiatzaileak izenekoak dira. Hiru glukosa garraiatzaile nagusi daude: GLUT1, GLUT2 eta GLUT4.
Lehena, GLUT1, nahiko berezia da eta intsulinarekiko independentea da. Nagusiki eritrozitoetan -globulu gorrietan- eta garuneko zenbait zeluletan dago garraiatzaile mota hori. GLUT2 pankreako beta zeluletan, gibeleko, giltzurrunetako eta hesteko zeluletan dago. Garraiatzaile honi esker, odolean dagoen glukosa detekta dezakete Langerhansen irletan dauden beta zelulek eta horrela intsulina ekoizten hasten dira. GLUT4 garraiatzaileak, aldiz, ehun adiposoan, muskuluetan eta miokardioan daude eta horiek intsulinaren menpekoak dira. Garraiatzaile horiei esker, eta intsulinaren laguntzarekin, odoleko glukosa energia behar duten zeluletara sar daiteke.
Horrexegatik dira hain garrantzitsuak intsulinaren funtzioak. Alde batetik, gorputzeko zelula gehienetara glukosa modu eraginkorragoan iristea ahalbidetzen du. Bestetik, glukogenoaren sintesiari laguntzen dio -glukogenoa organismoak glukosa metatzeko duen forma da- eta, modu horretan, energia beharrak daudenerako gorde daiteke glukosa. Horiek ez dira intsulinaren funtzio bakarrak, baina, emaitza, azken finean odoleko glukosa kontzentrazioa murriztea da. Laburtuz, bada, elikagaiak organismora sartu ostean odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da, ondoren pankreak intsulina ekoizten du eta, azkenik, intsulinari esker odolean dagoen glukosa zeluletara sartzen da eta zelulek energia iturri moduan erabiltzen dute. Zikloa itxita geratzen da, hortaz: glukosa kontzentrazioa bere balio arruntera itzultzen da berriro.
Jakina, hori guztia gertatuko da organismoaren funtzionamenduan akatsik ez badago. Tamalez, zenbaitetan gure gorputza den makinak huts egiten du, baina, hori hurrengorako utziko dugu.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Bueltatuko zenioke diruz betetako zorroa bere jabeari?
Esperimentua egiteko bezero arretako sailak aukeratu ziren, banku, antzoki, museo, posta bulego, hotel, polizia etxe, epaitegi eta bestelako egoitza publikoetakoak. Ikertzaileen laguntzaile bat horien arduradunarengana joaten zen eta diru zorro garden bat ematen zion –kreditu txartelak, bestelako agiriak eta, zenbaitetan, billete batzuk ikus zitezkeen–, eta handik hurbil topatu zuela esaten zion eta, arren, jabearekin harremanetan jartzeko, datuak dokumentazioan ageri baitziren. Azkenik, ehun egun igarota, langilea diru zorroaren ustezko jabearekin harremanetan jarri zen kasuak zenbatu zituzten.

Irudia: Zintzotasunaren eta norberaren interesaren arteko oreka aztertu dute munduko hainbat hiritan egindako esperimentu baten bidez. (Argazkia: BNN_News – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
40 herrialdetako 355 hiritan egin zuten esperimentua; guztira, 17.303 diru zorro entregatu zituzten, 400 bat herrialdeko. Hiri horietan guztietan eskema bera erabili zen: diru zorroetako batzuek ez zuten dirurik, eta beste batzuek, erosahalmen baliokidean, 13,45 dolar zeuzkaten. Hiru herrialde hautatutan –Polonia, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua– hirugarren motako diru zorro bat ere entregatu zuten, 94,15 dolarrekin (edo tokiko monetan, erosahalmen baliokidearen adinako zenbatekoarekin). Esperimentuaren emaitzak ezeztatu egin zuen espero zitezkeen emaitzei buruz galdetutako pertsonek –tartean, ekonomialariak eta ez adituak– emandako iritzia.
Ia herrialde guztietan, langilea jabearekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen kasuen ehunekoa txikiagoa zen zorroetan dirurik ez zegoen kasuan, eta zorroetan zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta handiagoa zen kasuon ehunekoa. Ikertzaileek ezusteko portaera horren arrazoiak aztertu zituzten modu independentean. Ondorioztatu zutenaren arabera, itzultzeko joera zorroan zenbat eta diru gehiago egon orduan eta handiagoa izatearen arrazoia hau da: langileak ez du bere burua lapurtzat hartu nahi. Bestela esanda: erabakian bi indar kontrajarrik eragiten dute; berekoia, dirua beretzat hartzearen aldekoa, eta altruista, diru zorroa itzultzearen aldekoa, galdu duenari kalterik ez egiteko.
Ikerketak emaitza gehiago izan zituen. Esaterako, desberdintasun handia dago jabearekin harremanetan jartzeko kasuen ehunekoetan 40 herrialdeen artean; alegia, kapital sozialaren osagai oso garrantzitsua den ondradutasunean, aldea dago herrialde batetik bestera. Peru, Mexiko, Kenya, Kazakhstan, Txina, Maroko, Ghana eta Malaysia dira, ehuneko txikienetik handienera ordenatuta, diru zorroak itzultzeko ahalegin txikiena egin zen herrialdeak (kasuen % 25ean baino gutxiagoan). Diru zorroak itzultzeko ahalegin handiena egin zen herrialdeak (% 70etik gora), handienetik txikienera ordenatuta, Danimarka, Suedia, Zeelanda Berria, Suitza, Norvegia, Txekiar Errepublika eta Herbehereak izan ziren.
Ikertzaileen arabera, hautemandako desberdintasunek korrelazio positiboa dute aldagai hauekin: baldintza geografiko onuragarriak ekonomian, erakunde politiko inklusiboak, hezkuntzaren hedadura soziala eta norbere taldeaz haragoko estaldura duten balio moralen aldeko balio kulturalak.
Esperimentua eta ondorioak oso interesgarriak dira, baina irudia osatzeko, jakin nahi nuke jendeak berdin jokatuko ote zukeen ondasun publikoen edo ondasun komunalen kasuan. Nik zalantzak ditut.
Iturria:
Cohn, A., Maréchal, M. A., Tannenbaum, D., & Zünd, C. L., (2019). Civic honesty around the globe. Science, 365(6448), 70-73. DOI: 10.1126/science.aau8712.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Bueltatuko zenioke diruz betetako zorroa bere jabeari? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #288
Onddo espezie berri bat aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek Pagoetako Parke Naturalean. Pseudosclerococcum golindoi izendatu duten espezie berria: oso onddo txikia da, beltza eta dilista baten tamainakoa. Hildako egurrean bizi da, eroritako enborren azpialdean. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
MikrobiologiaHil honetan gehien aipatu dugun hitza ziur asko “koronabirusa” izan dela: lanean, lagunartean, Twitterren… Gaixotasun berriari buruz ditugun zalantza guztiei erantzuna bilatzeko, hemen duzue Miren Basarasek idatzitako artikulua. Bertan azaltzen digu, besteak beste, nondik datorkion izena birusari; haren itxurari egiten dio erreferentzia, alegia, mota horretako birusek koroa itxura dute mikroskopioz behatzen direnean, eta gai dira gizakiak eta animalia ezberdinak (hegaztiak eta ugaztunak batez ere) kutsatzeko. Koronabirusaren berezitasunak eta hori saihesteko hartu beharreko neurriak ere azaltzen dira. Ez galdu!
Listeria monocytogenes deituriko bakterioaren inguruan mintzatu dira Berriako artikulu honetan, izan ere, berriki, bi produktu sorta, foie xerrak eta gazta marka bat, erretiratu behar izan dituzte. Bakterioa animalia jatorriko elikagaietan agertzen da, ekoiztean ez dute pasteurizazio prozesurik izan, eta ondoren ere prestatu gabe kontsumitzen dira. Horiek dira, batez ere, arriskutsu egiten duten ezaugarriak.
EboluzioaNeandertalen arrasto genetikoak aurkitu dira afrikarretan. Orain arte kontrakoa uste zen, izan ere, neandertalak ez ziren inoiz lurralde afrikarrean bizi izan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, Princetongo Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute %0,3ko arrasto neandertalak dituztela. Halaber, uste dute hibridazio afrikar hori gutxienez duela 100.000 urte inguru gertatu zela.
BioteknologiaIkertzaile talde batek giza gibelak zazpi egunez gorputzetik kanpo kontserbatzeko gai den makina eraiki du. Artikuluan zehazten denez, transplanteak egiteko baldintzak erraztea da proiektuaren helburua. Makina honek perfusio teknologia erabiltzen du eta horri esker, hasiera batean transplanteetan erabiltzeko modukoak ez diren gibelak nolabait berreskura daitezke.
KimikaEguzki-argia eraginkortasunez xurgatu eta energia kimikoan eraldatzeko gai den prozesu konplexua azaltzen da artikulu honetan. Lan honen helburua fotosintesian gertatzen den oinarrizko prozesuetako bat imitatzea da. Zehazki, argiaren xurgapenaz arduratzen diren organismo fotosintetikoetan (antena-sistemak) oinarritu dira, dimentsio nanometrikodun gailu artifizialak garatzeko. Garatutako nanomaterialak aproposak dira argia tarte espektral zabalean eraginkortasunez biltzeko.
Emakumeak zientzianLondresko Historia Naturalaren Museoa bisitatu baduzue noizbait, Dorothea Bate paleontologoaren izena topatuko zenuten. Hemeretzi urte zituela hasi zen han lanean, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen gainera. Aurkikuntza ugari egin zituen: Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie, Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila (Myotragus balearicus)… Horretaz gain, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen.
IngeniaritzaKostu baxuko plataforma eramangarrien bidez, seinale elektrokardiografikoak argi eta garbi detektatzeko algoritmo bat garatu dute UPV/EHUko Kontrol Adimentsua ikertaldean. Lanaren helburua patologia fisiologiko, arazo disfuntzionala edo ezgaitasun kognitiboren bat duten pertsonen estres-maila identifikatzeko tresna bat lortzea da. GICI taldeko Eloy Irigoyen ikertzaileak azaltzen du tartean: “Pertsona baten estres-maila eta zenbat denbora irauten dion zehazten saiatzen gara, elektrokardiograma-seinaleen analisian oinarrituta”.
KimikaTaula periodikoaren lehen bertsio modernoa Dmitri Ivanovic Mendeleiev errusiarrak egin zuen, 1869an. Elementu kimikoak pisu atomikoaren arabera antolatu zituen. Mendeleieven aurretik, beste zientzialariek ere egin zituzten euren proposamenak. Adibidez, Antoine-Laurent de Lavoisierrek. 1789an argitaratu zuen lanean, 33 substantzia sinple igarri zituen (gaur egun, horietatik 23 daude onartuta). Ba al dakizu nola antolatzen den taula periodikoa? Eta zeintzuk izan diren gehitu diren azken elementuak? Irakur ezazue artikulu hau osorik!
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #288 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #293
Zientzia merkatua bailitzan aztertzea zientzia marketizatzea al da? Jesús Zamora Bonillaren The marketization of science and the ‘marketization’ of science studies (1)
Testu batek, diskurtso idatzi batek dituen sentimenduak atzeman ditzake algoritmo batek, makina batek? BCAMekoek: An algorithm to discern sentiment in a text
Energia minimoko kuantoa baino ez baliatuta, molekula baten ingurunea ezagutzea posible dela teorikoki frogatu dute DIPCn: A local quantum emitter can be used to sense the environment of a molecule with the minimal quantum of energy
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #293 appeared first on Zientzia Kaiera.
Dorothea Bate (1878-1951): Iragana aztarrikatu zuen esploratzaile ausarta
Richard Ford eleberrigileak honakoa zioen Canadá liburuan: “Gauza orok ez du zertan ondorio praktikorik izan. Zenbait jardun gustuko dituzulako egiten dituzu”. Hain zuzen ere, paleontologo hau natura marrazten eta behatzen hasi zen, atsegin hutsez. Beste inork begiratzen ez zuena bilatu zuen Batek, eta horrenbestez, munduko fosilen harrapakarien artean ospetsuenetarikoa izan zen.
Dorotheak ez zuen ikasteko aukerarik izan, bere nebak eta ahizpak bai, ordea. Bata, mutila zen eta hori nahikoa zen garai hartan ikasketak gauzatu ahal izateko. Bigarrenak musikarako dohain berezia zuen. Dorotheak, bere aldetik, oso gogoko zituen natur zientziak baina hori ez zen nahikoa izan gurasoen iritzia aldatzeko. Dena dela, zoritxarrari aurre egin zion: hemeretzi urte zituela Londresko Historia Naturalaren Museoan lanean hasi zen, eta hori lortzen lehen emakumea bilakatu zen.

1. irudia: Londresko Historia Naturalaren Museoko Geologia Saila (1938). Dorothea Bate lehen lerroan eskuinean eserita dago. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)
Horren ondotik, 22 urterekin, bere lehenengo artikulua argitaratu zuen Geological Magazine aldizkarian. Bertan, Wye Valley kareharrizko kobetan aurkitutako karboniferoaren hezurrei buruz idatzi zuen. Bada, hori gertatu aurretik, Dorotheak jada identifikatuta zituen Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie. Bere aurkikuntzen artean, azpimarratzekoa da Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila: Myotragus balearicus (ahuntzaren eta arratoiaren arteko nahasketa bat).
Emakume bat museoan lanean1898an, pentsaezina zen emakumeak zientzialari gisa kontratatu ahal izatea, are gehiago, astakeria bat zen. Alabaina, Batek Londresko Historia Naturalaren Museoan lan egitea lortu zuen, izan ere, Richard Bowdler Sharpe hegaztien departamentuko buruak onartu zuen taldean, ikusi zuelako, ikasketarik gabe, ugaztunen fosilei buruz asko zekiela. Museoan lanean hasi bazen ere, oro har, gainontzeko langile gehienek ez zuten begi onez ikusi haren etorrera.
Lanean hasi eta berehala, bere jakin-mina puztu egin zen. Bereziki, indusketetan lan egin nahi zuela ohartu zen. Hala, bere aldetik bidaiatzen hasi zen eta laguntza behar bazuen, inguruko jendea kontratatzen zuen gidari gisa. Munduko zoko-moko guztiak ezagutu nahi zituen. 1901 eta 1911 artean, Kreta, Zipre eta Balear Uharteen eremu menditsuak arakatu zituen. Lehenengo bietan, Borneoko Pigmeo elefanteen eta hipopotamoen fosilak aurkitu zituen, eta Mallorcan, aurretik aipaturiko Myotragusa.

2. irudia: Dorothea Batek aurkitu zuen elefante-hortz nanoa. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)
Mediterraneoko uharteetan egindako aurkikuntzarik esanguratsuena, baina, espezieen aldaketa ebolutiboak azkarrak zirela ohartzea izan zen. Esaterako, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen. Espezie horretako elefante heldu batek metro bateko altuera zuen, hau da, egun ezagutzen diren elefante afrikar jaioberri baten garaiera bera. Bateren lana bide-urratzailea izan zen eta zooarkeologiari ekarpen oparoa egin zion.
Dorothy Garrod eta hilketa bat Belenen1929. urtean, Dorothy Garrod arkeologoa Monte Carmeloko (Israel) kobazuloetako indusketetan lanean ari zela, konturatu zen begien aurrean zituen fosilak garrantzi handikoak zirela, eta beraz, aditu batek berehala aztertu behar zituela. Ez zuen bi aldiz pentsatu eta Bateri bidali zizkion. Batek atsegin handiz onartu zuen erronka baina ez zuen distantzia maite eta, horregatik, Israelera joatea erabaki zuen. Elkarrekin egindako lanari esker, 54 espezie desberdinen aztarnak topatu zituzten, Gazella eta Persiar adarzabala artiodaktiloez gain.
Urte berean, Palestinako Britaniar Mandatuko Zaharki Departamentuak Bateri laguntza eskatu zion; Belengo mediku batek hezur-fosil zati batzuk ekarri zituen eta euren jatorria zehaztea eskatu zioten. Elefante baten hezurrak zirela ikusi zuen (iraungitako animalia horren lehenengo aurkikuntza izan zen Palestinan) baina sakonago ikertu nahi zuenez, Belenera joan zen, ez zuelako inolaz ere hori modu sakonean ikertzeko aukera galdu nahi. Aurkikuntza izugarria izan zen, Afrikatik at existitu ziren lehenengo elefanteen arrastoak zirelako, Elephas planifronsarenak, hain zuzen ere. Horretaz gain, errinozeroen, dortoka erraldoien eta Hipparion izeneko ugaztun artiodaktiloaren fosilak aurkitu zituen.

3. irudia: Dorothea Bate eta langile bat Belengo indusketan (1937?). (Argazkia: TowelBlazers)
Bat-batean sentitu zuen poz hura erraz desagertu zen, ordea. Izan ere, James Starkey arkeologoak ikerketan parte hartu nahi zuen eta Bateren lekua bete. Bere helburua lortu egin zuen. Jakina, Bate asko haserretu zen, ez baitzuen bere lana bukatu gabe utzi nahi, are gutxiago egindako lana Starkeyri oparitu. Horrenbestez, kolaboratzaile gisa lan egitea erabaki zuen Elinor Gardnerrekin batera, Starkey proiektuko buru gisa azaldu arren.
Istilu hori Starkeyren heriotzarekin amaitu zen. 1938an, Palestinako Arkeologia Museora zihoanean, armadak atxilotu egin zuen; kotxetik irteteko agindu eta tiro egin zioten. Gertakizun horren ondotik, Belengo indusketak bertan behera gelditu ziren. Eskualdea gero eta ezegonkorragoa bihurtu zen eta museoak ez zuen nahi Gardnerrek eta Batek bertan lan egiten jarraitzea. Gainera, ezin dugu ahantzi, Bigarren Mundu Gerraren zurrumurrua entzuten hasia zela honezkero. Gerraren ondotik, 70 urte zituela, Tringeko Historia Naturalaren Museoko zuzendari izendatu zuten Bate.
Iturriak:
- Osterloff, Emily, (2018). Dorothea Bate: a Natural History Museum pioneer, The Natural History Museum.
- Europa Press, (2018). El Consell presenta la programación del Año Dorothea Bate.
- Trowelblazers, Dorothea Bate. The Star(key) of Bethlehem.
- Consell de Mallorca, Dorothea Minola Alice Bate.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Dorothea Bate (1878-1951): Iragana aztarrikatu zuen esploratzaile ausarta appeared first on Zientzia Kaiera.
Koloratzaile organikoz dopaturiko L-zeolita antena material luminiszente gisa

1. irudia: Fotosintesian gertatzen den argiaren bilketa imitatzea du helburu lanak, nanomaterialak garatuta.
Lan honen helburua fotosintesian gertatzen den oinarrizko prozesuetako bat imitatzea da, halaber, argiaren bilketaz arduratzen dena. Eguzki-argia prozesuaren hasarazlea izanik, argiaren xurgapenaz arduratzen diren organismo fotosintetikoetan (antena-sistemak) oinarritu gara, dimentsio nanometrikodun gailu artifizialak garatzeko. Azken urteotan, mota askotako saiakuntzak egin dira antena-propietatea duten material lumineszenteak eskuratzeko.
Horretarako, sistema desberdinak frogatu dira; hola nola, dendrimeroak, konplexu metalikoak, koloratzailez dopaturiko polimeroak edo material hibridoak. Gure kasuan, azken sistema honetan oinarritu gara azken belaunaldiko antena material berri eta eraginkorragoak garatzeko.
Sistema naturaletan milaka klorofila-molekula inguru proteikoan antolatuta aurkitzen dira eta berauen funtzionamendua ardatz bezala hartuz, material lumineszenteak garatu ditugu, koloratzaile organiko aproposak aukeratu ostean L-zeolita matrizearen nano-kanal unidimentsionaletan barneratuz. Koloratzaileak gune fotoaktibo bezala jokatuko dute (klorofilaren antzera) eta zeolita, berriz, euskarri solidoa izango da, sistema naturalen inguru proteikoa simulatuz.
Zeolitak hainbat egitura ezberdin (barrunbeak edo hodiak) izaten dituzten aluminosilikatoak dira. Ezagutzen diren zeolita natural eta sintetiko guztien artean, L-zeolita interesgarrienetako bat da; izan ere, dimentsio molekularreko poroak (zilindrikoak) dauzka tamaina aproposeko koloratzaileak barneratzeko.
Beraz, ingurune zeolitikoak koloratzailea babesten du kanpo-kalte ezberdinetatik (tenperatura zein eraso kimiko edota fotokimikoetatik), haren egonkortasuna handituz, eta, ingurunearen zurruntasuna dela medio koloratzeileek orientazio espezifiko bat hartzen dute. Honek molekulen antolaketa ordenatua (anisotropikoa) ahalbidetzen du eta aldi berean haien arteko distantziak nabarmenki murrizten dira.
Konfinamendu hau ezinbestekoa da energia trukea bultzatzeko, funtsezko prozesua energiaren garraioa eta eraldaketa ahalbidetzeko. Behin euskarria aukeratuta, hurrengo pausua kanaletan barneratuko diren koloratzailek hautatzea izan da, ultramore eta ikuskor eremuetako ahalik eta argi gehien biltzeko, eta energia- truke eraginkorrak bermatzeko. Lan honetan, ultramore-ikuskor eremuan aktiboak diren laser-koloratzaileen sorta bat aukeratu da: DMPOPOP-a, Perileno Laranja (PL) eta Hostasol Gorria (HG).
Garatutako nanomaterialak aproposak dira argia tarte espektral zabalean eraginkortasunez biltzeko (antena jarrera) eta, ondoz ondoko energia trukeari esker, bereziki argi gorria igortzeko, hainbat arlo (bio)teknologikotan aplikagarria. Hala nola, fotonikan, biosentsoreetan, katalisian, gailu fotoboltaikoetan edo teragnosian biomedikuntzarako, besteak beste.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Koloratzaile organikoz dopaturiko L-zeolita antena material luminiszente gisa.
- Laburpena: Zientzialariek askotan naturan bertan aurkitzen dute inspirazioa aurrerakuntza zientifikoak sustatzeko. Honen adibide nabaria da fotosintesian jarritako arreta berezia, eguzki-argia eraginkortasunez xurgatu eta energia kimikoan eraldatzeko gai den prozesu konplexua. Lan honen helburua fotosintesian gertatzen den oinarrizko prozesuetako bat imitatzea da, halaber, argiaren bilketaz arduratzen dena. Horretarako, eremu espektral zabalean argia xurgatzeko gai diren material fotoaktiboak garatu dira, zeinak argi gorria igortzeko berezitasuna izango baitute. Material lumineszente hauek garatzeko, koloratzaile organiko aproposak aukeratu dira L-zeolitaren nano-kanal unidimentsionaletan barneratzeko. Konfinamendu hau ezinbestekoa da energia trukea bultzatzeko, funtsezko prozesua energiaren garraioa eta eraldaketa ahalbidetzeko. Garatutako nanomaterialak aproposak dira argia tarte espektral zabalean eraginkortasunez biltzeko (antena jarrera) eta, ondoz ondoko energia trukeari esker, bereziki argi gorria igortzeko, hainbat arlo (bio)teknologikotan aplikagarria.
- Egileak: Leire Gartzia-Rivero, David Martinez eta Jorge Bañuelos.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 101-118
- DOI: 10.1387/ekaia.19659
————————————————–
Egileez:
Leire Gartzia-Rivero, David Martinez eta Jorge Bañuelos UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Koloratzaile organikoz dopaturiko L-zeolita antena material luminiszente gisa appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza gibelak astebetez kontserbatzeko teknologia garatu dute
“Jainkoetara jolasten ari gara”. Zeinek ez du entzun argudio hori, aurrerapen berrien aurrean erabateko ezetza adierazteko. Eskerrak jolasten garen. Denbora askoan osasuna jainkoen kapritxoen esku utzi zen. Noah Gordon idazlearen Medikua eleberrian ederki adierazten da ideia hori. Sendatzeko bazen ere, Erdi Aroan gorputza urratzea bekatua zen, Jainkoaren esku baitzeuden giza gorputza eta arima. Hala, apendizitis ziztrin batek jendea akabatzen zuen. Gaur egun milioika lagun dira (gara), zirujau bati esker bizitza gozatzen ari direnak (garenok).

1. irudia: Perfusio artifiziala eragiten du gailuak, gibelak behar dituen oxigenoa eta nutrienteak emanez. Horrela, hainbat egunez organoa “erabilgarri” mantentzea lortzen dute. (Argazkia: Liver4life proiektua)
Erdi Aroko argudio hori erabili ohi da duela gutxira arte imajinaezinak zitzaizkigun aukera berriak zabaltzen diren aldiro. Hala gertatzen da organoen transplanteetan erabiltzeko moduko kimerak sortzeko ikerketetan. Organo “artifizialak” ereitea biziak salbatzeko jorratzen den lerroetako bat izanda ere, ohiko bideak hobetzeko estrategiak lantzen ari dira. Adibidez, organo berrien errefusa immuneari aurre egiteko edota emailearengandik hartzailearentzako tartea ahalik eta laburrena izan dadin. Horretarako, eta Euskal Herrian bertan, droneen erabilera ere aztertzen hasiak dira zenbait proiektutan.
Norabide horretan, beste aurrerapen itxaropentsua aurkeztu dute asteotan. Nature Biotechnology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean Suitzako ikertzaile talde batek giza gibelak astebetez kontserbatzeko gai den makina baten garapena azaldu du. Gibelak baldintza onetan mantentzeko ez ezik, baldintza horiek hobetzeko gai omen da makina hori. Ikerketa artikuluan zehaztu dutenez, ospitaleetan transplanteetan erabiltzeko gai ez zirelakoan atzera botatako hamar gibeletatik seitan lortu dute horiek erabilgarri izatea, perfusio-gailuan astebete eman ondoren.
Suitzako hainbat zientzia erakundetako ikertzaileek Liver4Life izeneko egitasmoaren barruan garatutako gailua da. Wyss Zurich institutua, Zuricheko Unibertsitate Ospitalea, ETH Zurich eta UZH Zuricheko Unibertsitatea dira erakunde horiek. 2015ean abiatu zuen egitasmoa, eta, hasieran, gibelek 12 orduz besterik ez zuten irauten makinaren barruan, baldintza egokietan. Orain, iragarri dutenez, zazpi egunera luzatu dute tarte hori.
Transplanteak egiteko baldintzak erraztea da proiektuaren helburua. Ezaguna da transplanteen alorrean dagoen muga etsigarria: hil berri den emaile baten organo baten zain dago gaixoa, eta berehalakoan egin behar da transplantea. Izan ere, gaur egun hildako emailearengandik jasotako organoa ordu batzuetan besterik ezin daiteke kontserbatu. Teknikarik hoberenak erabilita ere, gehienez 24 orduz kontserba daiteke organo hori gorputzetik kanpo. Horrelako makinen garapenarekin, ordea, transplantea egiteko orduan denbora gehiagorekin jokatzeko aukera izango lukete ospitaleetako profesionalek. Modu horretan, sinetsita daude bizitzak salbatzeko aukerak handituko direla.

2. irudia: Momentuz laborategiko probetan besterik ez dute erabili makina, baina azken helburua da transplanteetan erabili ahal izatea, duela hainbat egun hildakoen lagunen organoei ere probetxua ateratzeko. (Argazkia: Liver4life proiektua)
Transplantea burutzeko dagoen denbora tartea luzatzeaz gain, espero dute eskuragarri dauden gibelen kopurua handitzea. Bada, zenbait kasutan kaltetuta dauden gibelen kalitatea hobetzeko gai da gailua. Makinak perfusio teknologia erabiltzen du, eta, horri esker, hasiera batean transplanteetan erabiltzeko modukoak ez diren gibelak nolabait berreskura daitezke, ikertzaile hauen esanetan. Ez da kanpotik egindako sendaketa, behin gaixo dagoen gorputz batetik “askatuta” gibelak berak leheneratzeko duen ahalmenari probetxu ateratzea baizik. Hobekuntza hori erakusteko, kalteari eta hanturari lotutako zenbait konposaturen beherakada neurtu dituzte. Modu berean, bertako zelulek lanean jarraitu dutela egiaztatzeko moduan egon dira, energiari lotutako prozesuak mantenduz eta proteinak sortuz.
Perfusioaren bitartez, oxigenoa eta nutrienteak helarazten zaizkio gibelari, gorputzak eguneroko funtzionamenduan egiten duen prozesua errepikatuz. Funtsean, makina saiatzen da prozesu metabolikoak ordezkatzen, organoa osasuntsu mantendu aldera. Gorputzaren barruan dagoen presio berdina ere ezartzen zaio organoari. Modu berean, prozesu horietan hondakin gisa sortzen diren karbono dioxidoa eta beste hainbat konposatu kanporatzen ditu.
Orain, berriz, beste hainbat aukera irekitzen dira, eta horietan sakondu nahi dute datozen urteotan. Adibidez, aurretik organoetan zeuden lesioen konponketa, gibeletan egon daitezkeen gantz deposituen garbiketa edota gibelen leheneratzeak dira aukera horietako batzuk. Oraindik ikerketa fasean dauden arren, helburu nagusia logikoa da: makinan sartutako gibel horiek transplanteetan erabiltzea. Jainkoetara jolastea, hain justu, zerua iritsi bitartean, giza bizitzen salbazioan sakontzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Eshmuminov, D., Becker, D., Bautista Borrego, L. et al., (2020). An integrated perfusion machine preserves injured human livers for 1 week. Nature Biotechnology, (2020). DOI: https://doi.org/10.1038/s41587-019-0374-x.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Giza gibelak astebetez kontserbatzeko teknologia garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Txinako koronabirusa, aurtengo lehenengo birus berria

1. irudia: Koronabirusaren agerraldia dagoen lurraldeetan maskarak edo mozorroak jarri behar dira, aire tanta kutsatua ekiteko. (Argazkia: pics_pd – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixnio.com)
Baina koronabirusak zer dira?Aspalditik ezagutzen den birus mota da, 1960 hamarkadaren erdialdean isolatuak. Izena bere itxuragatik dator, koroa itxura dute mikroskopioz behatzen direnean. Gai dira gizakiak eta animalia ezberdinak (hegaztiak eta ugaztunak batez ere) kutsatzeko.

2. irudia: MERS-CoV koronabirusa Ekialde Hurbileko arnas sindromea sortzen du. (Argazkia: Estatu Batuetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroa – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)
Ezagunak diren koronabirus ezberdin guztietatik bakarrik gutxi batzuk gai dira gizakia kutsatzeko, beste guztiak animalia ezberdinetan daude (saguzarrak, untxiak, oilaskoak, ahateak,…). Gizakia kutsatzeko gai diren koronabirus ezagun hauek dira urtero gure artean mugitzen direnak eta, gehienetan, hotzeria arrunta sorraraziz, sarritan infekzio arina edo sintomarik gabekoa izanik. Batzuetan, eta bereziki, paziente immunogutxituetan, umeetan edo adinekotan pneumoniekin ere erlazionatu dira.
Mende honetan, beste bi koronabirus berri aurkitu egin dira: 2002an SARS-CoV eta 2012an MERS-CoV deiturikoak. Lehenengoa Txinan sortu zen eta arazo larria eman zuen 2003-2004an, munduan 8.000 pertsona baino gehiago kaltetuz eta ia 800 hildako sorraraziz, bere heriotza-tasa % 10koa izan zelarik. Sorrarazitako gaixotasunari arnas sindrome akutu larria deitu zioten (pneumonia larria bat). Iturburua saguzarrak izan ziren eta ondoren zibetaren bidez hedatu zen. Animalia exotiko hauek jan zituzten pertsonek kutsatu omen ziren eta, ondoren, pertsonaz pertsona transmititzeko gai izan zen birusa.
Bigarrenaren kasuan, MERS-CoV, Saudi Arabian identifikatu zen. Gameluak dira gordeleku garrantzitsu bat eta horietatik gizakira transmititzen da, ondoren pertsonen arteko transmisioa emanez. Birus honen heriotza-tasa % 35a omen da. Kasu honetan ere sorrarazitako gaixotasuna pneumonia larria da (Ekialde Hurbileko arnas sindromea ere deitzen zaio).
Koronabirus berriaren (2019-nCoV) berezitasunakBirus honen azterketa genetikoak dio SARS-CoV birusarekiko antzekotasun handia duela baina birus berria dela.
Egun 2.000 gaixo baino gehiago daude eta ia 60 hildako. Agerraldiaren epizentroa Wuhan hiria da eta, bertatik, Txinako hainbat lurraldeetara hedatu da eta beste herrialde batzuetara ere (Japonia, Hego Korea, Thailandia, Singapur, Vietnam, Estatu Batuak, Australia). Europan ere lehenengo kasuak antzeman dira Frantzian. Hala eta guztiz, herrialde hauetan guztietan momentuz bakankako kasuak agertzen ari dira eta denek komuna dutena da Txinatik etorriko pertsonak direla (3. irudia).

3. irudia: 2019-nCoV birus berriak sorrarazitako gaixo-kopurua (Munduko Osasun Erakundetik hartua, 2020ko urtarrilaren 25eko datuak). (Argazkia: Miren Basaras)
Hedapena mozteko asmoz, Txinako gobernuak Wuhan eta inguruko hainbat lurralde berrogeialdian jartzea erabaki du. Neurria zorrotza iruditu arren, SARS koronabirusen epidemian ikasitakoa baliozkoa izan behar du egungo agerraldi hori ahalik eta arinen kontrolatzeko.
Birus berri honen azterketa genetikoak dio parekotasun altua duela saguzarrek duten koronabirus batekin eta, hori dela eta, animalia horiek direla birus berri honen gordelekuaren susmoa dago. Wuhan hiriko merkatuan ere inguruneko laginak aztertu direnean antzeman da birusa. Honek baieztatzen du merkatu horretako beste animalia exotiko batzuk ere egon daitezkela inplikatuak transmisioan, nahiz eta momentuz ez den guztiz zehaztu zeintzuk izan daitezkeen.
Argi dagoena da birus berri honek espezieen arteko saltoa egin duela (animalietatik gizakira) eta, ondoren, mutazioren bat pairatuz gai izan dela pertsonen arteko transmisio ahalbidetzeko
Pneumonia: gaixotasun larriaBehin birusa gizakiaren barnean sartzen denean, bere inkubazio-aldia 2-14 egunekoa da. Ondoren arnasbideko infekzioak sorrarazten ditu: sukarra, eztarriko mina, buruko mina,… baina koadro kliniko larriena da birusa biriketara ailegatzen denean ematen duen pneumonia. Horren ondorioz, hainbat gaixo hil egin dira. Printzipalki immunologikoki ahulduta dauden pertsonak (adinekoak, beste gaixotasun bat dutenak,…). Beraien sistema immunea ez da gai gaixotasun honi aurre egiteko.
Nola saihestu birusa?Birus berria izanik egun ez daude botika edo txerto espezifiko eta eraginkorrik bere kontra. Herrialde batzuk, Txina printzipalki, hasi dira txerto eraginkor baten bila.
Egun, prebentzio-neurriak dira birusaren hedapena mozteko mekanismo eraginkorrenak. Alde batetik, higiene-neurrietara bideratuta daude. Horien barnean, eskuen garbiketa, eztula egiterakoan listu zipriztinak ez hedatzeko ukondoa jartzea, paperezko mukizapiak erabiltzea, eta abar izango dira hartu beharreko neurriak.
Bestetik, agerraldia dagoen lurraldeetan maskarak edo mozorroak jarri behar dira, aire tanta kutsatua ekiteko. Lurralde hauetan ere animalien merkatuak debekatu dira, animalia basatiekin kontaktua ekiditeko.
Azkenik, birusaren hedapena kontrolatzeko beste neurri bat isolamendua da. Txinatik irtendako eta beste herrialdeetara ailegatutako gaixoak, infekzio berri honen susmoa dagoen bitartean, pazienteak ospitaletako gelatan isolatu egin behar dira, beste pertsona osasuntsuak ez kutsatzeko. Txina bertan, agerraldiaren epizentroan dagoen populazioa berrogeialdian jarri da; neurri honen helburua hedapen globala saihestea da edo, alden neurrian, gutxitzea.
Une honetan eta birusa aurkitu zenetik hilabetea pasatu ez denean, gauza asko ezezagunak dira: zein den benetako gordelekua, zeintzuk animaliak parte hartzen duten transmisioan, kutsakortasun-maila, heriotza-tasa, eta abar. Baina argi dagoena da horrelako arazoak agertzen direnean derrigorrezkoa dela nazioarteko kolaborazioa. Munduko edozein lekutan gertatzen denean osasun arazo bat, denbora laburrean munduko beste paraje batean ager daiteke eta.
Iturriak:
- Munduko Osasun Erakundea (MOE): Novel Coronavirus (2019-nCoV).
- Europar Batasuneko Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Zentroa (ECDC): Novel coronavirus in China.
———————————————————————————-
Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
———————————————————————————-
The post Txinako koronabirusa, aurtengo lehenengo birus berria appeared first on Zientzia Kaiera.
Estres-maila detektatzen lagun dezakeen algoritmoa
Besteak beste, sistema biomedikoak eta laguntza pertsonalerako laguntza-sistemak ikertzen dituzte EHUko Kontrol Adimentsua Ikerketa Taldean (GICI). Ikerketa lerro honen helburua da medikuntzaren edo laguntza pertsonalaren sektorera zuzendutako aplikazioetan soluzioak garatzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Bide horretan, esaterako, seinale fisiologiko ez-inbaditzaileen bidez, pertsonengan eragina duten gertaera estresagarriak identifikatu eta sailkatzeko lanetan dihardute.

Irudia: UPV/EHUko Kontrol Adimentsua Ikerketa Taldeak, plataforma eramangarrietarako seinale elektrokardiografikoak aztertzeko soluzio bat garatu du. (Argazkia: Clker-Free-Vector-Images – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
GICI taldeko Eloy Irigoyen ikertzaileak azaltzen duenez, konputazio adimendunaren esparruko teknikak erabiltzen dituzte, eta laguntza-arlo zein mediku-arloetan aplikatzen dituzte. Bi esparru horietara zuzendutako aplikazioetan soluzioak garatzera bideratuta dago euren lana, xede zehatz bat dutelarik: pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.“ Desgaitasun jakin batzuk dituzten pertsonentzako laguntza-tresnak diseinatzen eta garatzen urte asko eman ondoren, “pertsona hauek estresaren eraginpean dauden edo ez antzeman lezakeen elementuren bat lortzea pentsatu genuen”, azaldu du Irigoyenek. Horrenbestez, “pertsona baten estres-maila eta zenbat denbora irauten dion zehazten saiatzen gara, elektrokardiograma-seinaleen analisian oinarrituta”, erantsi du.
Algoritmo bat estres-mailaren aldagaiak neurtzekoTalde bereko Unai Zalabarria ikertzaileak, estres-maila neurtzeko baliabidea garatu du: azkar samar exekutatzen den algoritmo bat lortu du. Algoritmo honek analizatutako elektrokardiograma-seinale bat eskaintzen du. Hau da, “algoritmoak bihotz-maiztasuna eta beste zenbait balio edo aldagaiak zehazteko aukera ematen duten seinale errealak aurkitzeko soluzioa eskaintzen du” azaldu du Irigoyenek eta azpimarratu du, proposatutako algoritmoak oso emaitza onak ematen dituela, gaur egun dauden algoritmo onenekin alderatuta. Ikertzaileak egindako lanaren ondorioz, elektrokardiograma-seinalea hobetu egin da kostu txikiko gailu eramangarrietan.
Algoritmoa baliozkotzeko, erraz integra daitezkeen kostu txikiko plataformekin proba pilotuak egin dituzte. Besteak beste, Arduino eta Raspberry Pi plataformekin egin dituzte probak, ingurune kontrolatu batean, boluntarioekin egindako esperimentuetan.
Hala ere, ikertzailearen ustez, hurrengo fase batean seinale hori konputazio adimendunaren esparrutik datozen teknikekin prozesatu beharko da. Argitu duenez, “oraindik ez dugu jauzirik egin patologia fisiologiko, disfuntzionaltasun edo ezgaitasun kognitibo jakin batzuk dituzten pertsonetara, ikusi behar baita nola agertzen diren estres-uneetan haien aldagai fisiologikoen aldaketak”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Zalabarria, U., Irigoyen, E., Martinez, R., Lowe, A., (2011). Online robust R-peaks detection in noisy electrocardiograms using a novel iterative smart processing algorithm. Applied Mathematics and Computation, 369, 124839. DOI: https://doi.org/10.1016/j.amc.2019.124839.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Seinale elektrokardiografikoak analizatzeko soluzio bat, plataforma eramangarrietarako.
The post Estres-maila detektatzen lagun dezakeen algoritmoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #287
Asteon, koronabirus hitza askotan agertu da egunkarietan, baita sare sozialetan ere. Hasieran, Wuhanen (Txina) gaixotutako pazienteen birusak aztertu zituzten, eta haren kode genetikoa argituta, jakin zuten koronabirus bat zela. Orain birus horren jatorria zehazten aritu dira. Hasiera batean ostalaria saguzarrak izan zitezkeela uste zuten, baina Pekingo ikertzaile batzuek erakutsi dute sugeak izan direla. Munduko Osasun Erakundea egunotan ari da erabakitzen larrialdi-maila eta hartu beharreko neurriak, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.
2019 Novel Coronavirus (2019-nCoV) izendatu duten birusari buruz ere hitz egin dute Berrian. Asteon jakin izan dugunez, zientzialari batzuk ahaleginak egiten ari dira birusak eragiten duen pneumonia ezohikoa gelditzeko —dagoeneko hemezortzi pertsona hil baititu eta 630 baino gehiago kutsatu sei herrialdetan—. Dakigunez, birusa animalia batetik gizaki batengana pasatu zen animalia-merkatu batean. Gerora jakin zuten gizakien artean ere zabaldu zela. Horrek alarma piztu du epidemia bat sor dezakeelako. Birus honi buruzko informazio gehiago artikulu honetan duzue irakurgai.
GenetikaGenetikaz ari garenean, beti atentzioa ematen digun elementua genea da. Baina mundu horretan, badira beste osagai batzuk garrantzitsuak direnak. Ildo honi jarraiki, berriki egin den ikerketa batek arrozean aztertu ditu gene-materia ilun honen parte diren osagai batzuk, proteinarik sortzen ez duten RNA luzeak, hain zuzen. Gene-osagai horiek geneen funtzioa modulatzen dute, geneen adierazpena kontrolatzen baitute; hau da, geneen aktibitate-maila doitzen dute. Ez galdu Koldo Garciaren azalpen interesgarria!
BiologiaRicardo Mutuberria biologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, ikertzaileak dio beharrezkoa dela zientzia jende amateurrengana gerturatzea eta horretarako joko biotikoak (biologia eta bideo jokoak biltzen dituen hitza) aipatzen ditu, horiek gazteak animatzeko tresna egokiak direla gehituz. Bada, nola eratzen dira joko horiek? Mutuberriak azaltzen du: “Web kamera bat egitura batean jartzen da, eta horren gainean mikroorganismoak jartzen dira porta batean. Paramezioak eta euglenak izaten dira mikroorganismorik ohikoenak. Horiek pultsu elektrikoen edo argiaren bidez mugitzen dira, eta mikroskopioa ordenagailura konektatzean, irudia pantailan ikusten da”.
Badakizue zer diren tardigradoak? Muturreko egoeretan bizirik irauteko gai diren animalia txikiak dira. Orain arte egin diren probetan ikusi da egoera berezitan daudenean tardigradoek -200 ºC eta 150 ºC arteko tenperaturak jasateko gai direla. Bada, badituzte ere puntu ahulak: ikerketa batek frogatu duenez, tenperatura altuak luzatu eginez gero, tardigradoak askoz zaurgarriagoak dira. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.
Betidanik entzun dugu ariketa fisikoa egitea lagungarria dela argaltzeko. Baina, badirudi, osasungarria den arren, oso laguntza txikia dela. Pisua kontrolatu nahi bada, hobe da gutxiago jatea, hori omen da modurik eraginkorrena. Testuan azaltzen digutenez, jarduera metabolikoa murriztu egiten da, eta energia gastuak behera egiten du. Gorputzeko tenperaturan ere badu eragina: hotzak egongo gara gehiagotan.
Adimen artifizialaLehenengo robot biologikoak sortu dituzte: zelula amez osatuta daude baina ordenagailu batek diseinatu ditu. Txikiak dira (0,1 cm-koak gutxi gorabehera), giza gorputzean bidaiatu ahal izateko. Zertarako balio dezakete? Ba, gorputzean botikak garraiatzeko eta modu adimentsuan entregatzeko, arterietako plakak kentzeko, edota kaltetutako ehunak bere onera ekartzeko… Nola egin zituzten jakiteko, jo ezazue Elhuyar aldizkariak argitaratu duen artikulura!
IngurumenaBerriki argitaratu den ikerketa baten arabera, palma-olioa ekoizteak gero eta kalte handiagoa eragiten du ingurumenean, hau da, baso zingiratsuetan palma-olioa ekoizteko lurra prestatzeak eta palmondo gazteak hazteak landaketa helduek baino kalte askoz handiagoa eragiten diote. Munduan gehien kontsumitzen den landare-olioa da; azken hemezortzi urteetan eskaera hirukoiztu egin da, gainera. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
KimikaEgun, ahalik eta informazio gehien ahalik eta espazio murritzenean gordetzea da gizartearen nahia eta beharra. Ildo honi jarraiki, 1993. urtean Mn12-ac koordinazio konposatua aurkitu zen eta aurrerapauso handi eman zen horri esker. Iman Molekular (SMM, Single Molecule Magnet) deituriko konposatu hauek informazio unitatea molekula bakar batera murriztea ahalbidetzen dute. Artikulu honetan, 1993. urtetik gaur egun arte emandako aurrerapauso garrantzitsuenak daude irakurgai.
TeknologiaGailu elektronikoetan ahots sintetiko pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du UPV/EHUko Aholab ikerketa taldeak. Taldearen ikertzaile nagusia Inma Hernaez dugu, Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedraduna eta ahotsaren prozesamendu teknologietan aditua. Proiektua abian jarri zuen ahots sintetiko pertsonalizatua eskaintzeko, bai hitz egiteko arazoak dituztenei, bai ahotsa galdu dutenei eta baita hitz egiteko arazorik ez dutenei ere. Gainera, ahotsen banku bat ere sortu dute, Berrian argitaratutako artikuluaren arabera.¡
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #287 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #292
Oso logika erraza da. Landareek eguzki energia baliatzen badute konposatu organikoak sintetizatzeko, zergatik guk ez? Sinplea da ideia, martxan jartzea ez horrenbeste. Aurrerapausuak badaude ere: Daniel González-Muñozen Leaf-based microreactors for organic synthesis
Trenen abiadura handiak limite fisiko eta teknologikoak ditu. Iván Riverak berrikusten ditu The limits of high speed rail artikuluan.
Teknologikoki kontrolpean ez dugun espektruaren eskualdea ez dela existitzen pentsa genezake. X izpiak, ultramorea, infragorria, mikrouhin, argi ikuskorra, besteren artean, entzutean dena kontrolpean dagoela pentsa daiteke. Ezta urrik eman ere. Espektruaren eskualde batek ihes egiten digu: terahertzioena edo submilimetrikoa. DIPCren aportazioa: Matter manipulation with terahertz radiation
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #292 appeared first on Zientzia Kaiera.
Aitziber Mendiguren: “Minaren maneiu ona egitea eta pazienteen bizi kalitatea hobetzea da gure helburua” #Zientzialari (130)
Azken urteetan mina eragiten duten sindromeen intzidentzia asko igo da eta mina arintzeko opiazeoak eta kannabinoideak dira gaur egun gehien erabiltzen diren farmakoak.
Substantzia horiek, ordea, tolerantzia eta mendekotasuna sortzen dute epe luzera. Bi fenomeno horiek arintzeko, farmako berriak aztertzeko teknika elektrofisiologikoak eta portaerazko teknikak aztertzen ditu, UPV/EHUko Aitziber Mendiguren irakasle agregatuaren ikerketa-taldeak.
Teknika elektrofisiologikoen bidez neuronen jarduera elektrikoa neurtzen dute lokus zeruleoa gunean, oso egokia baita mina arintzen duten opiazeoen eraginak aztertzeko. Portaerazko tekniken bidez, aldiz, animalietan duen eragin analgesikoa neurtzen dute.
Aitziber Mendigurenekin elkartu gara, UPV/EHUko Farmakologia saileko irakasle agregatua, haren ikerketa esparruaren nondik norakoak ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Aitziber Mendiguren: “Minaren maneiu ona egitea eta pazienteen bizi kalitatea hobetzea da gure helburua” #Zientzialari (130) appeared first on Zientzia Kaiera.
Iman Molekularrak: Informazio unitate txikienaren bila
Gaur egungo gizarteak gero eta informazio gehiago gordetzeko beharra eta nahia du. Paperean inprimatutako liburuak, musika, posta, argazkiak, egunkariko artikuluak eta abar luze bat ordenagailuan egotera pasa dira orain, baina horretarako memoria, edo beste hitzetan, gigabyteak (GB) behar dira. Honen inguruan teknologia aurrera azkar baldin badoa ere (CDak, DVDak, pendriveak eta disko gogorrak sortu dira azken urteetan), 1993. urtean aurkikuntza esanguratsua eman zen Mn12-ac (manganesoan oinarritutako konposatua) molekula sortutakoan. Ikertzaileek ondorioztatu zuten informazio unitate primarioa (bit-a, hizkuntza bitarrean 1 edo 0-a) molekula bakar batean gorde zitekeela. Ondorioz, egungo informazio gordailuek duten potentziala izugarri areagotu litekeela ondorioztatu zen.

1. irudia: Mn12-ac konposatua, lehenengo iman molekularra. Biribil berde eta moreak manganeso (Mn) ioiak dira, gainontzekoak ozpinean dagoen azido azetikoaren deribatuak (azetatoak).
Mota honetako konposatuak Iman Molekularrak deitutako (SMM, Single Molecule Magnet) koordinazio konposatuak dira. Zentro metaliko bat edo gehiago dituzte eta hauei lotuta estekatzaile organikoak (adibidez, Mn12-ac molekulan azetatoa da estekatzailea, ozpinean dagoen azido azetikoaren deribatua). Material bereziak dira metalean dauden elektroiek informazioa gorde dezaketelako. Eremu magnetiko baten bidez elektroiak noranzko batean orientatuz hizkuntza bitarreko 1 zenbakiari dagokion informazioa gordetzen dute, kontrako noranzkoan orientatuz, ordea, 0 zenbakiari dagokiona. Gainerako material gehienek ez bezala, behin eremu magnetikoa kendu ostean elektroiek aurrez finkatutako noranzkoan orientatuta jarraitzen dute, berezitasun hori da informazioa gordetzeko ahalmena ematen duen ezaugarria.
Ikertzaileen lehenengo joera Mn12-ac itxurako kluster metalikoak ikertzea izan zen, hots, hainbat zentro metaliko dituzten molekulak. Horretarako, trantsizio metaletan oinarritutako konposatuak diseinatu ziren, besteak beste, manganeso eta burdin ioienak. Hala ere, emaitzak ez ziren espero bezain onak izan. Horren harira, 2003. urtean Ishikawaren ikerkuntza taldeak guztiz aldatu zuen ordu-arteko ikuspuntua, izan ere, lantanidoekin edo lur-arraroekin lan eginez propietate hobeak lor zitezkeela frogatu zuen. Horretaz gain, ikusi zen ez zela beharrezkoa klusterrak sortzea, zentro metaliko bakar bateko molekulak eraginkorrak izan baitaitezke.
Horrela, ikerkuntza talde asko lantanidoekin hasi ziren lanean. Pixkanaka materialen diseinurako bete beharreko pautak argitzen joan ziren, horretan Rinehart eta Longek zeresan handia izan zuten. Modelo sinple bat definitu zuten, non, disprosioaren (Dy) edo erbioaren (Er) antzeko lur-arraro bakoitzarentzat diseinu eraginkor bat proposatzen zuten. Disprosio edo antzekoak diren ioientzat, komenigarriena estekatzaileak Z ardatzean lotzea da, modu axialean. Erbioa bezalakoentzat, ordea, justu kontrakoa gertatzen da. Materialak portaera eraginkorra erakutsi dezan, estekatzaileek modu ekuatorialean edo XY planoan egon behar dute kokatuta.

2. irudia: Disprosiozko (Dy) eta erbiozko (Er) iman molekular eraginkorrak sintetizatzeko diseinu egokiak. Biribil handienak zentro metalikoak dira, gainontzekoak estekatzaile organikoak.
Urteen poderioz gero eta material eraginkorragoak ari dira agertzen, baina oraindik merkaturatze prozesutik urrun dago teknologia mota hau. Izan ere, informazioa gordetzeko ahalmena azaltzen badute ere, eraginkorrak izan daitezen erabili beharreko tenperaturak oso baxuak dira, -210°C inguru. Hala eta guztiz ere, Donostiako Kimika Fakultatetik hasita, mundu guztiko ikertzaileak dabiltza zientzia honen garapenean eta urte batzuen buruan izango dira oihartzuna izango duten aurrerapausoak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Iman Molekularrak: Informazio unitate txikienaren bila.
- Laburpena: Ahalik eta informazio gehien ahalik eta espazio murritzenean gordetzea gizartearen gaur egungo beharra eta nahia da, aldi berean. Zentzu honetan teknologia dezente aurreratua badago ere, 1993. urtean Mn12-ac koordinazio konposatua aurkitu zenean sekulako aurrerapausoa eman zen. Izan ere, Iman Molekular (SMM, Single Molecule Magnet) deituriko konposatu hauek informazio unitatea molekula bakar batera murriztea ahalbidetzen dute. Ondorioz, material hauekin sortutako gailuek askoz ere potentzial handiagoa izango lukete. Lan honetan 1993. urtetik gaur arte emandako aurrerapauso garrantzitsuenak laburbiltzen dira.
- Egileak: Andoni Zabala-Lekuona.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 85-99
- DOI: 10.1387/ekaia.19692
————————————————–
Egileez:
Andoni Zabala-Lekuona UPV/EHUko Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko Kimika Ez-organikoa sailekoa da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Iman Molekularrak: Informazio unitate txikienaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Superheroi guztiek dituzte puntu ahulak, baita tardigradoek ere
Iazko apirilean, Ilargian aurrenekoz zunda pribatu bat ilargiratzeko lehen saiakera egin zuen israeldar misio batek, baina huts egin zuen. Beresheet espazio-ontziak Mare Serenitatis eremuaren kontra jo zuen. Talka gertatu zen arren, une hori mugarri bat izan zen, enpresa pribatu batek aurrenekoz beste mundu batean objektu bat jartzeko egindako lehen saiakera izan zelako.
Handik denbora batera, baina, polemika piztu zen, misio horretan aitortu gabeko zama bat ere zihoala jakin zenean. Ezaguna zen The Arch Mission Foundation elkarteak liburu klasikoen bereizmen handiko 60.000 orrialderen irudiak, ingelesezko Wikipediaren eduki gehienak eta David Copperfield magoaren magia trukoak sartuak zituela israeldarrek gidatutako kapsulan. Fundazioak eguzki-sisteman zehar giza ezagutzaren kopiak utzi nahi ditu, egunen batean gure zibilizazioak huts eginez gero, espazio-aldirietan babeskopiak eduki aldera.

1. irudia: Tardigradoak uraren inguruko habitatetan bizi dira, bereziki goroldioetan eta bestelako landareetan, horien inguruan sortzen diren ur xafla meheetan. (Argazkia: Kazuharu Arakawa / Hiroki Higashiyama)
Baina, horiez gain, 24 lagunen DNA sekuentziak eta hainbat tardigrado sartu zituzten Ilargira eraman beharreko zaman, teorian misioaren arduradunen horren berri ez zuten arren. Espero zena baino eztabaida gutxiago piztu zuen auziak, eta agerian jarri zuen espazioari buruz gaur egun dagoen araudiak gabezia nabarmenak dituela.
Eztabaida horretan sartu gabe, kontua da Ilargian dauden lehen biztanle potentzialak tardigradoak direla. Ez da espero talka horretatik bizirik atera izana, baina, berez, inork ez daki oraindik bizirik mantentzen ote diren. Izan ere, bizirik irauteko duen ahalmen izugarria egon zen animalia txiki horiek Ilargira eramateko erabakiaren atzean.
Ibiltzeko duten moduagatik jaso zuten ur-hartzaren ezizena. Tardigrado terminoa ere haien mugimenduengatik jarri zieten, hau da, “mantso ibiltzen direnak”. Gehienak idorrean bizi badira ere, haien habitatak urari lotuta daude, bereziki goroldioetan, likenetan edota landareetan sortzen diren ur-xafla meheetan aurki d. Gehienetan milimetro erdira ere iristen ez diren organismo hauek mundu osoan zehar barreiatuta daude. Elikatzeko, besteak beste, barailak erabiltzen dituzte landareetako zelulak apurtu eta horien izerdia xurgatzeko. Mila bat espezie daude, eta horietako asko emeez besterik ez daude osatuta: ernaldu gabeko arrautzen bitartez ugaltzen dira; modu asexualean, alegia.
Lehortea agertu eta ura falta bada, tardigradoek kriptobiosi izeneko estrategia abiatzen dute: euren prozesu metabolikoak bertan behera uzten dituzte, garai egokiagoak iritsi bitartean. Hori egin ahal izateko, animaliaren fisiologian zenbait aldaketa gertatu behar dira. Hala, tardigradoak gorputza uzkurtu egiten du, eta barneko organoak berrantolatzen ditu, lehortu ahal izateko. Hankak ere barneratzen ditu. Azkenean, eta kanpotik ikusita, animaliak kupel baten antza hartzen du.
Egoera horretan egonda, muturreko baldintzetan bizirik iruteko gai dira: oxigenorik gabeko inguruak, toxikotasun handikoak, gatz maila handikoak edota muturreko tenperaturak dituzten egoerak dira horietako batzuk. Aitortu beharra dago tardigradoak ez direla ahalmen horiek dituzten bizidun bakarrak; baina hau egiteko aukera duten organismo gehienak bakterioak dira, hau da, askoz sinpleagoak diren bizidunak.
Orain arte egin diren probetan ikusi da egoera berezi horretan daudenean tardigradoek -200 ºC eta 150 ºC arteko tenperaturak jasateko gai direla, baina orain argitaratu den ikerketa batek ñabardura garrantzitsua egin du: tenperatura altuak luzatu eginez gero, tardigradoak askoz zaurgarriagoak dira. Kirolariek ondo dakitenez, gauza da marka puntual bat egitea eta oso bestelakoa da marka hori denboran zehar mantentzea.

2. irudia: Egoera zailak datozenean, tardigradoek deshidratatzeko ahalmena dute, egoera latente batean urte luzez mantentzeko gai direlarik. (Argazkia: T.C. Boothby)
Scientific Reports aldizkarian eman dituzte ikerketaren gaineko xehetasunak. Bertan argitu nahi izan dute klima aldaketak animalia hauengan izango duen eragina, eta egiaztatu ahal izan dute epe luzerako beroari dagokienez tardigradoak ere tenperaturen menpekoak direla.
Ikerketa burutzeko, Ramazzottius varieornatus espeziean jarri dute arreta. Ohiko espeziea da hori. Are gehiago, laginak Danimarkako etxe baten teilatuko isurbideetan bildu dituzte. Lagin horiekin hainbat esperimentu egin dituzte, bai animalia aktiboekin zein lehortutako animaliekin.
Animaliak hainbat tenperaturatara jarri dituzte, eta, animalia aktiboen kasuan, horiek egoera berrietara egokitzeko izandako bilakaeran ere arreta berezia jarri dute. Aklimatazio prozesu labur bat egin zuten tardigradoen kasuan, batez bestean 37,6 °C-ra iristean hil egin dira. Aklimataziorik egin ezean, batez besteko mugako tenperatura 37,1 °C-koa izan da. Lehortutako animalien kasuan, horien erdia 82,7 °C-ra iritsita hil dira, tenperaturaren gorakada hasi eta ordubetera. Esposizioa 24 ordutara luzatu dutenean, tenperatura hilgarria 63,1 °C-koa izan da.
Hilkortasunaren arrazoi zehatzetan sartu ez badira ere, lehortuta dauden animalien kasuan, eta ikertzaileek esku artean duten hipotesiaren arabera, tardigradoei biziraupena bermatzeko gako diren proteinen ezegonkortzea legoke hilkortasunaren atzean.
“Ikerketa honetatik, ondorioztatu ahal dugu tardigrado aktiboak zaurgarriak direla tenperatura handien aurrean, baina badirudi ere haien habitat naturaletan izaki hauek gai izango direla gorantza doazen tenperaturetara aklimatatzeko”, laburbildu du prentsa ohar batean Ricardo Neves biologoak. “Lehortutako tardigradoak askoz erresilienteagoak dira, eta tardigrado aktiboek jasan ditzaketen tenperaturak baino altuagoak jasateko gai dira”. Halere, eta tenperatura handiei dagokienez, esposizio-denbora “faktore mugatzailea” dela ohartarazi dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Neves, R.C., Hvidepil, L.K.B., Sørensen-Hygum, T.L. et al., (2020). Thermotolerance experiments on active and desiccated states of Ramazzottius varieornatus emphasize that tardigrades are sensitive to high temperatures. Scientific Reports, 10, 94 (2020). doi:10.1038/s41598-019-56965-z.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Superheroi guztiek dituzte puntu ahulak, baita tardigradoek ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrozaren genomaren materia iluna, arroz-etxekotzearen argibide

1. irudia: Arroz-landa. (Argazkia: Sasin Tipchai – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Geneak, proteinarik sortzen ez duten RNA luzeak eta laburrak, salto egiten duten gene-osagaiak, sekuentzia errepikatua… Unibertso oso bat dago bizidunen genometan. Baina geneei bakarrik erreparatzen diegu, proteinak sortzen dituztenez, zerbait egiten duten gene-osagai bakarrak direla ematen duelako. Gainontzeko osagaiak DNA zabortzat jo badira ere, gero eta argiagoa da askotariko funtzioak dituztela eta, horregatik, zuzenagoa litzateke DNA txatar deitzea. Bizidun guztien genometan handia da gene-materia ilun honen presentzia, genomaren zatirik handiena hartzen baitu; eta landareetan are nabarmenagoa da presentzia hori.
Ikerketa berri batek arrozean aztertu ditu gene-materia ilun honen parte diren osagai batzuk, proteinarik sortzen ez duten RNA luzeak (lncRNA eran laburtzen direnak) hain zuzen ere. Gene-osagai horiek geneen funtzioa modulatzen dute, geneen adierazpena kontrolatzen baitute; hau da, geneen aktibitate-maila doitzen dute. lncRNAk aztertu dituzte etxekotutako 638 arroz aletan (O. sativa ssp. japonica) eta bere ahaide basatiaren (Oryza rufipogon) 220 aletan, lncRNA-ek arroza etxekotzean izan duten balizko eragina ikertzeko.
Lehenengo lana izan zen gene-osagai horiek bilatzea eta identifikatzea. Horretarako, arrozaren panikulako ehuna hartu zuten –ehun horrek zehazten baititu garauen tamaina, kopurua eta kalitatea– eta ehun horretan zegoen RNA guztia sekuentziatu zuten. Gene-informazio hori erabili zuten RNA guzti horretatik lncRNAk identifikatzeko eta ondorioztatu zuten halako 3300 gene-osagaitik gora zeudela arrozaren genoman.

2. irudia: Arroza era askotara kozinatzen den zereala da. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Hurrengo lana izan zen aztertzea gene-osagai horien adierazpena –aktibitate-maila–eta adierazpena konparatzea etxekotutako arrozaren eta arroz basatiaren artean, RNA sekuentziatzeak ahalbidetzen duen analisia, hain zuzen ere. Hala, ikusi zuten 300 IncRNAk baino gehiagok adierazpen ezberdina izan zutela etxekotutako arrozaren eta arroz basatiaren artean; eta horietako gehienek adierazpen gutxiago izan zutela; hau da, arroza etxekotzean beren aktibitate-maila murriztu dute. Gainera, adierazpen ezberdina izan zuten gene-osagai horietatik laurden bat kokatuta zeuden bederatzi gene-eskualdetan; eta jakina zen horietako sei gene-eskualdek jasan zutela etxekotze-hautespena. Izan ere, ikertzaileek ondorioztatu dute adierazpen ezberdina izan zuten lncRNAen bi herenek zituztela hautespenaren zantzuak. Horrela, lncRNA hauen aktibitatea aldatu duten gene-aldaerak mantendu dira etxekotutako arrozaren gene-materialean.
Azkenik, aztertu zuten, era berean, gene-osagai hauek zein genetan zuten eragina. Gene horiek, batez ere, karbohidratoen garraioan eta energia-erreserben kudeaketan parte hartzen dute. Gainera, hainbat esperimenturen bidez ikusi zuten, oro har, lncRNAen adierazpenaren aldaketek eragina zutela arroz-garauen kalitatean, garauek duten almidoi kantitatea areagotuta. Esperimentu horietan 3 lncRNA hartu zituzten eta beren adierazpena handitu zuten, hau da, etxekotzean gertatu den kontrako prozesua egin zen. Horrela ikusi zuten aldatzen zela garauaren almidoi kantitatea eta kolorea. Ikertzaileen ustez, lncRNA bakoitzak aldaketa xumeak eragiten ditu, baina aldaketa xume horien baturak sortzen ditu itxuran ikusten diren aldaketa nabarmenak.

3. irudia: Arrozaren genomaren materia ilunak eragina izan du etxekotze-prozesuan (Argazkia: ImageParty – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Arrozak duen garrantzi ekonomikoa dela eta, sakonki ikertu da nola areagotu desiragarriak diren agronomia-ezaugarriak. Geneak ikertu direnean ondorio gutxi atera dira, geneetan aldaketa nabarmenik ez baitago. Edota aurretik egindako ikerketek erakutsi zuten lotura zutela ezaugarri desiragarri horiek generik ez duten gene-eskualdeekin, eskualde ilun horietan kokatzen diren aldaerekin, hain zuzen ere. Ikerketa honek bide berri bat jorratu du: geneen funtzioa bera ikertu beharrean, gene horiek nola kontrolatzen diren ikertzea. Hau da, desiragarriak diren ezaugarriak hautatu direnean ez da geneen egitura aldatu, haien aktibitatea baizik. Horrela, ikertzaileek espero dute bide berri bat zabaltzea landareen hobekuntzan, lncRNAen manipulazioaren bidez desiragarriak diren agronomia-ezaugarriak lortuta.
Laburtuz, arrozaren etxekotze-prozesuaren ondorioz aldaketak gertatu dira genomaren materia ilunean. Aldaketa horiek eragina izan dute arrozaren ezaugarrietan, arrozaren landaketarako desiragarriak diren ezaugarrietan hain zuzen ere. Hortaz, bizidunen ezaugarri konplexuak eta eboluzioa aztertzeko, izarrak diren geneak aztertzearekin ez da nahikoa, ahaztuta gelditzen den materia ilunak gehiago argitzen baititu ezaugarri konplexuak eta eboluzioa.
Erreferentzia bibliografikoa:
Zheng, X. M. et al., (2019). Genome-wide analyses reveal the role of noncoding variation in complex traits during rice domestication. Science Advances, 5(12), eaax3619. DOI: 10.1126/sciadv.aax3619.
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Arrozaren genomaren materia iluna, arroz-etxekotzearen argibide appeared first on Zientzia Kaiera.
Ariketa egitea laguntza txikia da argaltzeko; hobe da gutxiago jatea

1. irudia: Ariketa fisikoa erregulartasunez egitea osasungarria den arren, antza jarduera horrek ez ditu pentsatzen ditugun argaltze-efektuak. (Argazkia: Александр Вальков – erabilera publikoko argazkia / Iturria: Pixabay.com)
Goizaldetan, saio luzeak egiten ditut bizikleta estatikoan. Ariketari ekin nionean, bai, pare bat kilo galdu nuen bizpahiru astean. Geroago, are saio luzeagoei ekin nien. Eta bi kilo gehiago galdu ere bai. Baina orduz geroztik –ia bi urte daramatzat– nire pisua aldatzeko trazarik batere gabe egonkortu da. Ariketa fisiko handiak eginda ere, apenas galtzen dut gramorik. Ezin ditut pedalkada saioak gehiago luzatu. Egunak ez du gehiagorako ematen, eta gauak ere ez.
Larrituta nauka kontu horrek bi arrazoirengatik. Batetik, efektuengatik, alegia, efektu ezarengatik. Etsigarria da edozein goizetan bizikletara igo, ordubete baino gehiagoan egurrean pedalei eragiten aritu eta lehengo berean jarraitzea. Gauza bakarra lortzen dut; asteburuan irabazitakoa lanegunetan galtzea.
Bestetik, gogaikarria suertatzen zait horren guztiaren itxurazko logika fisiologiko eza. Fisiologia irakasten dut, eta, energia orekaren atala lantzean, jarduera handitzean gastu metabolikoa handitzen dela azaldu ohi dut. Horrenbestez, elikagaien bidezko energia xurgapena konstantea bada, jarduera metabolikoa handitzeak hazkunderako energia erabilgarria murriztea ekarri behar luke. Are negatiboa izan arte.
Ez al du funtzionatzen energia orekak?Kontua da organismoa egoera horretara egokitzen dela eta espero baino masa gutxiago galtzen duela. Hotzak egoten naiz, non eta ez den urteko egunik beroenetan. Eta hotz handiagoa izaten dut ariketa fisiko handia egin dudan goizetan. Susmoa dut metabolismoari ariketan ordainarazten diodana beroan kobratzen didala; alegia, hotzez edukitzen nauela.
Herman Pontzer antropologoaren arabera (Duke Unibertsitatea, AEB), ariketa fisikoa luzaroan handituta, eguneko energia gastua ere handitzen da, baina espero litekeena baino gutxiago. Gainera, jarduera maila handitu ahala eguneko gastua gero eta gutxiago handitzen da, harik eta konstantea izan arte. Alegia, gastu hori egonkor samarra bada, eta organismoak ariketa fisiko handiagoa egiten badu, beste gastu atal batzuk murriztu behar dira. Printzipioz, funtzio ez-funtsezkoetan gertatzen da murrizketa.
Pontzerren hipotesiaren arabera –medikuz eta fisiologoz ere osatutako taldetan lan egin du–, ariketa fisikoak gainerako jarduera fisiologikoak murriztea eragiten du, eta murrizketa horiek, gainera, onuragarriak dira osasunerako. Hori bai, ariketa oso bizia bada, efektuok negatiboak ere izan daitezke.
Ariketa neurrian eginez gero, bizitzeko funtsezkoak ez diren jarduera fisiologikoak murrizten dira. Kategoria horietakoak dira doikuntza termikoa, hazkunde somatikoa eta ugalketa funtzioak. Izan ere, ariketa fisiko handiak obario zikloa aldatzen du, espermatozoideen ekoizpena gutxiagotzen, sexu hormona gutxiago dago odolean eta libidoa behera dator.

2. irudia: Pisua kontrolatzeko, jaten duguna kontrolatzea eraginkorra omen da, nahiz eta ez da batere gauza erraza izaten. (Argazkia: Jan Vašek – erabilera publikoko irudia / Iturria: Pixabay.com)
Oso handia bada ariketa maila, ugalketa funtzioak are efektu handiagoak nozitzen ditu. Gainera, immunitate sistemaren funtzionamendua kaltetzen da, baita egitura kaltetuak konpontzeko funtzioak ere. Horiek dira osasunerako ondorio negatiboak.
Ondorioz, ariketa fisikoa neurrian eta erregulartasunez egitea osasungarria bada ere, ariketa maila horrek ez du egozten zaion flakatze gaitasunik. Pisua kontrolatu nahi bada, hobe da ahorakina kontrolatzea. Hori bai, ez da batere erraza, eta, dakigunaren arabera, emaitzak ez dira esperotakoak izaten.
Ariketa fisikora bezala, organismoa jaki eskasiara ere egokitzen da. Kasu horretan, bizi prozesuak geldotzen dira. Jarduera metabolikoa murriztu egiten da, eta energia gastuak behera egiten du. Gorputzeko tenperaturan ere badu eraginik: ahorakina murriztuta, hotzak egongo gara gehiagotan. Gutxiago jateak bizi fisiologiko geldoagoa dakar, eta, neurri batean, efizienteagoa.
Horri guztiorri egozten zaio kaloria murrizketak bizialdian duen efektu positibo ia ziurra. Hori, ordea, albiste txarra da gehiegizko pisuaren eta II. motako diabetesaren Damoklesen ezpata buru gainean dugunontzat.
Ez naiz nor nire ohiturak inori gomendatzeko, baina ez dit ardura nire hautuaren berri emateak:
- Lehen baino gutxiago jaten dut, eta jaten dudana lehen baino gehiago zainduta, baina, aitortzen dut, noiz edo noiz opariren bat egiten diot neure buruari.
- Ariketa fisiko neurritsua egiten dut, astean 150 km bizikleta estatikoan, eta oinez noa ahal dudan leku guztietara.
Bizitza, oraingoz, ez zait betiereko bihurtu.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2019ko ekainaren 9an: urriaren 10ean: El ejercicio ayuda poco a adelgazar: es más efectivo comer menos.
The post Ariketa egitea laguntza txikia da argaltzeko; hobe da gutxiago jatea appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #286
Etorkizuneko zientzia bermatzeko beharrezkoa da zientzia-bokazioak sortzea. Horretarako, zientziaren irakaskuntza esperimentazioari lotuta egon behar da. Azken hamarkadetan, ordea, jarduera ez-interaktiboak proposatu dira. Badira ere metodologia esperimentalak proposatu dituztenak. Baina laborategian ematen duten denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten igarotzen dute eta ez dute, aldiz, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denborarik.
PaleontologiaGeneen transmisioen kateri eusteko, animaliek estrategia desberdinak erabiltzen dituzte eta bi multzotan bereiz daitezke: kume asko izatea (kantitatea) ala dituzten gutxi horiek ondo zaintzea (kalitatea). Orain, zaintzaren azken portaera honen adierazlerik zaharrentzat hartzen dena aurkitu dute duela 309 milioi urteko fosil batean. Gainera, espezie berri bati antzeman diote portaera hori: Dendromaia unamakiensis du izena eta Cape Breton uhartean aurkitu dute. Ez galdu!
KimikaAzken urteotan, gelatina gisako proteinetan oinarritutako materialenganako interesa handitu da. Gelatinak hainbat abantaila ditu: ugaria, erabilgarria eta merkea da. Halere, kontuan hartu behar da proteina honetan oinarritutako materialek urarekiko sentikortasun handia dutela, bere erabilera mugatuz horrela. Baina bada gelatinaren urarekiko sentikortasuna txikitzeko metodo bat, lan honetan agertzen dena: materialak laktosarekin erreakzionarazi.
AstrofisikaInoiz topatu den materialik zaharrena aurkitu dute meteorito batean. Australian eroritako meteorito batean topatu dute: silizio karburozko 40 pikor dira (pikor horiek izarren hautsa dira), mikra gutxiko tamaina dute, eta eguzki-sistema sortu baino lehenagokoak dira. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
BiologiaNola egiten diote aurre neguari ugaztunek? Tenperatura beherakadari erantzuteko moduak bi osagai nagusi ditu. Testuan azaltzen diguten bezala, alde batetik, kanpoarekiko isolamendu maila handitzen dute. Bestetik, giro tenperatura asko jaisten bada, jarduera metabolikoa ere areagotzen dute. Gizakiak, baina, bereziak gara. Zer gertatzen da hotza dugunean? Ez galdu!
Datozen hamar urteotan Antartika inbaditzeko arrisku handiena ekarriko duten munduko animalia eta landare-espeziak identifikatu dituzte ikerketa batean. Hamahiru espezie identifikatu dituzte, karramarro eta muskuilu batzuk, loredun landareak eta akaroak, besteak beste. Elhuyar aldizkarian aurki dezakezue espezie inbaditzaileen zerrenda!
Mikroglia garunean neuronen bizi-zikloa ixteaz arduratzen dela argitu berri du ikerketa batek. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, duela ehun urtetik, bazekiten mikroglia izeneko zelula txikiak direla hildako neurona horiek fagozitatu eta garuna garbitzeaz arduratzen direnak, baina susmoa zuten fagozitosia ez zela hondakinen bilketa pasiboa. Orain, prozesu hori aktiboa dela frogatu dute. Hortaz, hildako neuronak jasotzeaz gain, neuronen bizi-zikloa ixteaz arduratzen dela argitu dute.
PsikopedagogiaGero eta garrantzi handiagoa dute emozioek errendimendu akademiko hobea lortzeko. Horregatik hartzen ari da protagonismo handiagoa emozioen kudeaketa ikasgeletan. “Historikoki onartu da gaitasun mentalak edo kognitiboak eragina duela ikaslearen errendimenduan, baina bereziki errendimendu akademikoa gaitasun horiekin lotutako faktoreekin neurtu izan delako”, dio Berrian Aitor Aritzetarena psikologiako doktoreak.
FisikaClarivate Analyticsek munduan gehien aipatzen diren ikertzaileekin osatutako zerrendan agertu da, hirugarren urtez jarraian, Javier Aizpurua (Donostia, 1971). Nanofotonikaren Teoria ikerketa taldeko buru da Materialen Fisika Zentroan, Donostian. Nanofotonika ikertzen du, hau da, argiaren eta nanoegituren arteko elkarrekintza. Bere lanaz mintzo da Berrian egin dioten elkarrizketa interesgarri honetan! Ez galdu!
Emakumeak zientzianIngurumen zientzietan lizentziatua den Sarai Pousok AZTI ikerketa zentroan egin du doktorego tesia. Nerbioi estuarioaren kasua ikertu du eta berak Unibertsitatea.net atarian azaltzen duen moduan, “bertako zerbitzu kulturalak ikertu ditut, zehazki, aisialdiko bi esperientzia: kirol arrantza eta hondartzen aisi erabilera. Aktibitate hauek uraren kalitate minimo bat behar dute praktikatu ahal izateko eta estuario honetan azken 30 urteetan gertatu diren aldaketa ekologikoaren ondorioz, aisialdirako aukerak ere aldatu diren aztertzea interesgarria iruditu zitzaidan”.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #286 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #291
Pertsonentzat ilea dena dira zilioak zelulentzat. Zerbaiterako balio dutela suposatzen da, horretarako baitaude, baina garrantziarik gabeko kontua izango da. Zilioen kasuan, ikerketa sakon batek gauza harrigarriak ekarri ditu argira: José V. Torres-Pérezren A Tale of Primary Cilia: from overlooked organelles to key mechanically-sensing antennae.
Garia ez da gero garoa. Garia eta garoa, dieta eta autismoa? José Ramón Alonsoren Glutein-free and casein-free diet in autism
Nonahi daude simetriak fisikan. Baina apurtzen denean aparteko gauzak gertatzen dira, espero ez den lekuan kargan espin konbertsioa agertzea, adibidez. DIPC ren Large multi-directional spin-to-charge conversion in a low symmetry semimetal at room temperature.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #291 appeared first on Zientzia Kaiera.