Moko-baleen estrategia bizirik irauteko: isilpeko igeriketa sinkronizatua
Ez da erraza moko-balea edo zifio bat ikustea, eta agian horregatik ere ez dira oso ezagunak. Askotan, hondartzetan hilik agertzen direnean baino ez dira ikusten. Horren arrazoia da normalean sakontasun handiko uretan denbora gehiena ematen dutela. Ez da soilik habitat kontua: tartean biziraupena dago.
Arazoaren muina moko-baleen areriorik handiena da, eta Orcinus orca du izena. Bai, orka. Haiengandik babesteko, moko-baleak gutxitan joaten dira itsasoaren azaletik gertu, eta, egiten dutenean, kontu handiz egiten dute, haientzako arrisku handiko eremua baita. Beste hainbat zetazeok badute abantailaren bat orkei aurre egiteko: balearik handienek tamaina eta indarra dituzte alde. Izurdeek, batera eta arin igeri egiteko gaitasuna. Odontozento klaseko hainbat espeziek, berriz, orkek entzuteko gai ez diren komunikazio-frekuentzia bat erabiltzen dute. Moko-baleen kasuan, sakontasun handietan igeri egitea da haien abantaila, baina, hain ezezagunak izanik, zientzialariek portaeraren atzean gehiago jakin nahi izan dute. Eta ikasi dute.

1. irudia: Izurdeen itxura dute moko-baleek, baina elefante baten tamainan. Ez dira oso ezagunak, denbora gehiena urpean ematen dutelako. (Argazkia: Ivan Dominguez / La Lagunako Unibertsitatea – CC BY 3.0 lizentziapean)
La Lagunako Unibertsitateko (Tenerife) itsas biologoek gidatutako ikerketa batean, moko-baleen portaera aztertu du nazioarteko zientzialari talde batek; atera dituzten ondorioak Scientific Reports aldizkarian ezagutarazi dituzte. Zehazki, bi dira aztertu dituzten espezieak: Cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) eta Blainville moko-balea (Mesoplodon densirostris).
Zetazeoen jarduna jarraitu ahal izateko, sentsoreak jarri dizkiete hiru talde desberdinetako sei animaliari. Lagin gehiago nahiko lituzketen arren, arras zaila da moko-balea bati halako gailu bat txertatzea. Modu horretan, zetazeoek hartzen duten sakontasuna eta urpetik ateratzean hartzen duten ibilbidearen makurdura neurtzeko aukera izan dute, eta egiten dituzten soinuak ere grabatu dituzte.
Datu berrietan oinarrituta, aurretik zituzten hainbat susmo berresteko moduan izan dira, eta gauza berriak ikasteko abagunean egon dira. Ikertzaileek azaldu dutenez, beste zenbait zetazeo espezieren artean ohikoa da kumeak itsas azaletik gertu uztea, taldeko heldu batzuen zaintzapean, uretan murgildu eta janari bila joateko. Baina moko-baleek kumeak ere eramaten dituzte beraiekin. Gainera, modu sinkronizatuan egiten dute, eta isilpean. Soilik sakontasun handiko uretara iristean hasiko dira ekolokalizazioa erabiltzen, janaria aurkitu ahal izateko.
Maila fisikoan, badirudi hori egiteko ondo prestatuta daudela ere. Umeek arren tamaina berdina dute, eta kumeak nahiko handiak dira, jaiotzetik bertatik. Modu horretan, helduekin batera urperatzeko gai dira. Nagusiek kilometro bateko sakontasunera iristeko gaitasuna dute, zenbait kasu berezitan marka hori bizpahiru kilometrora luza daitekeelarik.
Jaistean, 450 metroko sakontasunean hasten dira ekolokalizazioa erabiltzen, eta taldeko kideak sakabanatu egiten dira, ehiza egiteko. Ehiza bukatzean, bildu egiten dira, gorantzako norabidea hartuta arnastu ahal izateko. Urpean bi ordu eta erdi inguru eman dezakete, baina, ugaztunak direnez gero, noizean behin arnasa hartu behar dute, ezinbestean.
Dena dela, goian zain dituzte orkak. Sakontasun handietara iritsi ezin badaitezke ere, orkak gai dira ekolokalizariorako erabilitako deiak entzuteko, eta moko-baleak noiz aterako diren zain geratzen dira, adi-adi.

2. irudia: Moko-baleek erabiltzen duten ibilbidea eta portaera aztertu dituzte, sentsoreak erabilita. Igotzean, 700 metrotik aurrera desbideratzen dira, orken harrapakaritza saihestu nahian. (Irudia: Scientific Reports – CC BY 4.0 lizentziapean / Eraldatuta)
Harrapakariaren eta harrapakinaren arteko beste hainbat harremanetan bezala, hemen ere portaera bitxia garatu dute moko-baleek: itsas azalera bueltatzean, ez dute modu zuzenean egiten, zeharka baizik, bertikalarekiko angelu bat osatuz. 700 metroko sakonetik, gainera, erabateko isiltasuna mantentzen dute. Gainera, pixkanaka joan behar dira, halabeharrez, oxigeno gehiegi ez kontsumitzeko.
Gorantzako bidean, ekolokalizazioa egiteri utzi dioten puntutik kilometro batera atera daitezke. Modu horretan, orkek harrapatuak izateko aukerak gutxitzen dituzte moko-baleek. Kalkulatu dutenez, moko-baleak atera daitezkeen eremuaren %10 baino ezin dute behatu orkek. Hortaz, estrategia hau erabilita, moko-baleek %90 handitzen dute bizirik irauteko aukera.
Dena dela, ikertzaileek argitu dutenez, dena ez da abantaila: ezkutuan ibiltzeko behar izanagatik, itsasoan gora egiteko ordubete inguru behar dute, eta horrek janaria lortzeko denbora kentzea dakar. Ikertzaileen esanetan, janaria lortzeko denbora %35 murrizten zaie, beste zetazeoekin alderatuta.
Hau gutxi balitz, orkak ez dira arerio bakarrak: orka diruditen arren, orka ez direnak ere arazo iturri dira moko-baleentzat. Sonar militarrei buruz ari gara. Orkek erabili ohi dituzten antzeko frekuentziak erabiltzen dituzte, eta horregatik moko-baleek soinu horiek orketatik datozela pentsatzen dute. Ondorioz, izugarrizko ezustekoa hartzen dute, eta ziztu bizian alde egiten dute. Zenbait kasutan, horrek heriotza dakarkie; orketatik babesteko urpean igeri egiteko behar diren eskakizun fisiologikoak hain muturrera eraman behar izanagatik, sonarrek eragindako estresak enboliak eta barneko odoljarioak eragin ahal dizkiete.
Natacha Aguilar de Soto itsas biologoaren hitzetan, ez dago modurik zetazeoek halako alarma baten aurrean hartzen duten izua murrizteko, baina badago aukera gobernuei neurriak har ditzaten eskatzeko, “maniobra militarrak inpaktua izango ez duten eremuetara mugatu ditzaten”.
Eboluzioaren bidean, bada, orkei aurre egiteko moduan egon dira zetazeo bitxi hauek, baina, tamalez, hamarkada gutxietan garatu diren sonarrei egokitzeko denbora nahikorik ez dute izan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Aguilar de Soto, N., Visser, F., Tyack, P.L. et al. (2020). Fear of Killer Whales Drives Extreme Synchrony in Deep Diving Beaked Whales. Scientific Reports, 10:13. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-019-55911-3.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Moko-baleen estrategia bizirik irauteko: isilpeko igeriketa sinkronizatua appeared first on Zientzia Kaiera.
Diabetesa ulertzeko bidean (eta III): akatsak konpontzen

Irudia: Diabetikoek maiz kontrolatu behar dute odoleko glukosa kontzentrazioa. (Argazkia: Tesa Robbins – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Diabetes mellitusaren ondorioz glukosaren metabolismoaren erregulazioan bi akats nagusi gertatzen dira: pankreak intsulina ez jariatzea -1 motako diabetesa- edo organismoko zeluletako hartzaileak intsulinarekiko sentikortasunik ez izatea -2 motako diabetesa-. Edozein kasutan, diabetikoen ezaugarri komuna odoleko glukosa kontzentrazioa altua izatea da eta, hortaz, arazoa tratatzen ez bada, hainbat osasun-arazo ekar ditzake. Odoleko glukosa kontzentrazio altuaren ondorioz, diabetikoen gernua ohikoa dena baino gozoagoa da. Hain zuzen ere, 1776. urtean jakin zuten glukosa zela gernuaren zapore gozoaren erantzulea, baina, XIX. mendera arte ez zen lortu gernuko glukosa kontzentrazioa neurtzeko metodorik.
Era berean, 1869. urtean Paul Langerhansek egun Langerhasen irlak izenarekin ezagutzen ditugun pankreako zelula-multzoak ezagutzera eman zituen haren tesian. Orain badakigu irla horietan ekoizten dela intsulina -glukosaren metabolismoa erregulatzen duen hormona-, baina jakina, orduan ez zuten hori ezagutzen. Hirugarren ezagutza aipagarria hauxe da: 20 urte geroago, Joseph von Mering eta Oskar Minkowskik zenbait esperimentu egin zituzten txakurren pankreak aztertzeko. Hobeto esanda, txakurren pankreak erauzita jakin zuten pankrearik ez zuten txakurrek egarri eta pixagura handia zutela eta haien gernua gozoa zela. Ondorioa nabarmena zen: pankrearik gabeko txakurrek diabetikoen antzeko sintomak eta ezaugarriak zituzten.
Iraultza 1921. urtean iritsi zen. Frederick Banting eta Charles Best ikertzaileek ordura arteko ideiak elkartu zituzten eta pankrearen substantziak bilatzen hasi ziren. Bazekiten pankreak zerbait izan behar zuela eta horren gabeziak diabetesa sortzen zuela. Substantzia hori lortzeko, 1921eko maiatzean lehen esperimentuak egin zituzten. Lehen pausoa txakurren pankreako hodiak ixtea izan zen. Horrela, txakurraren pankreak intsulina ekoizten zuen, baina, pankrean bertan pilatzen zen -une hartan substantzia horri isletina deitu zioten, Langerhasen irletan ekoizten zelako-. Esperimentuaren bigarren fasean, beste txakur batzuk hartu eta pankrea kentzen zieten. Diabetesa agertzea itxaroten zuten eta, orduan, hasierako txakurren pankreatik erauzitako substantzia –intsulina– ematen zieten. Horrela lan eginda, txakurren bizitza luzatu zuten eta diabetesa kontrolatu ahal izan zuten.
Banting eta Bestek animalien intsulina gizakietan erabiltzea posible izan zitekeela pentsatzen zuten eta egun badakigu zuzen zeudela. Gizakion intsulina eta txerriena edo behiena oso antzekoa da. Desberdintasun txiki honi esker, txerrien pankreatik erauzitako intsulina sendagai gisa erabili izan da diabetikoak tratatzeko, baina, 1921ean oraindik ez zekiten posible izango ote zen. Lehen saiakuntza Leonard Thomson gazte diabetikoarekin egin zuten. Txakurren pankreatik erauzitako substantzia eman zioten eta hasiera batean erreakzio alergikoa izan bazuen ere, aurrera jarraitu zuten. Bigarren aldian, purifikatutako intsulina eman zioten eta, oraingoan bai, hobekuntza txikiak ikusten hasi ziren. Tratamenduarekin jarraituz, hilzorian zegoen Leonard Thomsonen bizitza beste 13 urtez luzatzea lortu zuten.
Iraultza izugarria izan zen eta horrek azaltzen du zergatik jaso zuten 1923an Medikuntzako Nobel saria. Pixkanaka ikerketa gehiago egin ziren eta metodoak hobetuz, animalien pankreak erabili ziren intsulina erauzteko. Modu horretan, intsulinarik jariatzeko gai ez ziren diabetikoei ematen zitzaien odoleko glukosa kontzentrazioa murrizteko. Azken batean, organismoak duen mekanismo berdina erabiltzen zuten, baina, pankrea kanpotik hartzen zuten. Gaur egun beste bide batzuk erabiltzen dira intsulina lortzeko eta ingeniaritza genetikoari esker bakterio eta legamiek ekoizten dute intsulina -bai, sendagai gisa erabiltzen den intsulina transgenikoa da-. Intsulinaren aurkikuntzaren ondoren, diabetesaren tratamendurako hiru lerro zeudela jakin zuten -eta gaur egun ere, 1921ean bezala, horrela izaten jarraitzen du-: kirola, dieta eta sendagaiak. Garrantzitsua da esatea, gainera, 2 motako diabetesa sendatu daitekeela ohitura onak hartzen edo berreskuratzen badira. 1 motakoaren kasuan, aldiz, gaixotasun autoimmune denez gauzak ez dira hain errazak. Hala ere, pankreako transplanteak eta bestelako tratamendu zelularrak ere izan badira.
Zalantzarik gabe, diabetesari aurre egiteko modurik eraginkorren prebentzioa da: dieta eta kirola. Batez ere, jakinda 2 motako diabetesa dela ugariena, alegia, ohitura txarren ondorioz agertzen dena. Hala ere, intsulinaren erabilpena ezinbestekoa da milaka gaixorentzat eta, hori gabe, diabetesak heriotza azkarra eragingo luke. Era berean, intsulinaren aurkikuntza prozesuan ondo ikusten da zientziak nola funtzionatzen duen: ikertzaile askok aurretik egindako lanik gabe, Banting eta Bestek ez zuten 1921erako intsulina lortuko eta Leonard Thomson, beste asko bezala, diabetesak jota hilko ziren. Zorionez, gauzak asko aldatu dira.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
Diabetesari buruzko artikulu-sorta:
- Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
- Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean
- Diabetesa ulertzeko bidean (eta III): akatsak konpontzen
The post Diabetesa ulertzeko bidean (eta III): akatsak konpontzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Prestakuntza hobea duten pertsonek osasun hobea ere badute
Alabaina, duela lau hamarkada baino gehiago, Samuel Preston demografoa eta soziologoa konturatu zen aldagai horien arteko erlazioa ez zela uste bezain sinplea. Egiaztatu zuen herrialde askotan biztanleen bizi-itxaropena ez zetorrela bat eskema horrekin eta, horretaz gain, ikusi zuen XX. mendean zehar, bizitza-luzera aberastasunaren hazkundearen efektuz espero zitekeena baino handiagoa zela. Eta, orduan, pentsatu zuen agian guztia ez zegoela diru-sarreren mailaren mende. Proposatu zuen osasun kondizioek izandako hobekuntzak eta medikuntzan gertatutako aurrerabideak –faktore ekonomikoen araberakoak ez erabat– izan zirela bizi-itxaropena handiagotzearen eragile nagusiak. Hamarkada bat geroago, John C. Caldwell demografoak ikusi zuen eskualde pobreetan (adibidez, Indiako Keralan, Sri Lankan eta Costa Rican) bizi-itxaropenak nabarmen egiten zuela gora osasun zerbitzuak hobetzeaz gain emakumeek hezkuntzarako sarbidea zuten tokietan.

Irudia: Hezkuntza maila eta osasunaren arteko harremana ikertu zuten 2018an Wolfgang Lutz eta Endale Kebede ikertzaileek. Lortutako emaitzen arabera hainbat egilek adierazitako diru-sarreren eta osasunaren arteko korrelazio estatistikoa faltsua izan litekeela ikusi zuten. Ikerketan adierazi zuten hezkuntza maila hobea dela osasun hobearen eta diru-sarrera gero eta handiagoen funtsezko determinatzailea. (Argazia: Steffen Eckart. Iturria: Pixabay.com)
Datu horiek eta beste azterlan batzuetan ikusitakoa kontuan izanik, Wolfgang Lutz eta Endale Kebede ikertzaileek osasunaren eta bizi-itxaropenaren baldintzatzaile nagusia identifikatzen saiatu ziren, eta, horretarako, oso aberastasun maila desberdinak dituzten 174 herrialderen datuak baliatu zituzten; datuak, 1970‑2010 tartekoak, bost urteko tartetan sailkatu zituzten azterlanerako. Azterlan horretan, jaiotzean bizi-itxaropenean eta haurren heriotza-tasan eragina izan dezaketen bi faktore hartu zituzten kontuan: batetik, herrialdeen batez besteko aberastasun maila (pertsona bakoitzeko barne produktu gordina); bestetik, biztanleriaren hezkuntza maila (azterlan batean, 15 urtetik gorakoen eskolatze urteak; bestean, 20-39 urteko emakumeen eskolatze urteak).
Datuen azterketa estatistikoen arabera ondoriozta daitekeenez, hezkuntza mailak diru-sarreren mailak baino askoz ere hobeki azaltzen du biztanleriaren osasun egoera. Ondorio hori azaltzeko beste modu bat da, jendearen hezkuntza maila herrialdearen aberastasun maila baino garrantzitsuagoa dela haurren heriotza-tasa eta bizi-itxaropenean. Ikertzaileek proposatzen dute hezkuntza mailak irizpide hobea ematen diela pertsonei, osasunarekin loturiko ondorioak dituzten erabakiak hartzeko orduan, dela elikadurari dagokionez, dela bizi ohitura orokorrei gagozkiela. Aberastasun mailaren efektua ez litzateke benetakoa izango; aitzitik, egileen hitzetan, lotura faltsua izango litzateke: herrialde aberatsenetan jendea hobeto prestatuta egotearen ondorioa litzateke diru-sarreren mailaren eta osasun-egoeraren arteko erlazioa.
Azterlanak ez du kontuan hartzen osasun sistemara bideratzen diren baliabideek bizi-itxaropenean duten eragina. Baina, jada azaldu den bezala, zenbat eta handiagoa izan biztanleen prestakuntza maila, orduan eta handiagoa izango da herrialdearen aberastasuna eta, horrenbestez, gehiago dira osasun sistemara bideratzen diren baliabideak. Berriz ere agerian geratzen da prestakuntzan baliabideak inbertitzea oso errentagarria dela. Prestakuntza ona duten pertsonen bizitza ez ezik, biztanleria osoarena ere hobeagotzen du.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Prestakuntza hobea duten pertsonek osasun hobea ere badute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #291
Esteban Abad Holgado CSICeko kimikaria elkarrizketatu dute Berrian, Zaldibarko luiziaren harira. Zabortegiko suteetako kearen bidez airera zabaldu diren partikulak (dioxinak eta furanoak) kezka dira. Horiei buruz hitz egin du adituak: “Toxikoak dira; kontrolatu egin behar dira maila apaletan ere. OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak esana du minbizia eragiten dutela; disruptore endokrino ere badira”. Halere, kimikariak dio ez zaiola aparteko larritasunik eman behar egoerari: “Kezka iturri dira dioxinekiko esposizio iraunkorrak. Kasu honetan, hamar-hamabi eguneko esposizio bati buruz ari gara; ezin dugu esan hori iraunkorra denik”.
Berriki publikatu den ikerketa batek aditzera eman du permafrostean zein izotz-geruzen azpian bilduta dagoen metanoa askatzeak ez duela izango orain uste den bezainbesteko eragina klima-aldaketan. Ondorio horretara iristeko, zientzialari talde batek duela 18.000-8.000 urte inguru, Antartikako izotzetako aire-burbuiletan bildutako metanoa aztertu du. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
OsasunaAurreko artikulu batean, Josu Lopez-Gazpiok glukosaren metabolismoan intsulinak duen garrantzia azaldu zigun. Eta oraingoan, erregulazio horretan akatsak daudenean gertatzen dena izan du mintzagai. Jakina denez, glukosaren metabolismoa intsulinak erregulatzen du eta bere funtzio garrantzitsuena glukosa odoletik zeluletara igarotzen laguntzea da. Baina pankreak intsulinarik jariatzen ez badu, zeluletako paretetan dauden glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da modu eraginkorrean sartzen zeluletara. Horri 1 motako diabetesa deritzo.
Tontakeria bat dirudi baina aireportuetatik igarotzen diren bidaiariek eskuak ondo garbitzen badituzte, gaitz infekziosoen hedapena murriztu daiteke. Hala adierazi dute Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaileek. Proposatu dutenez, munduko hamar aireportutan eskuak garbitzeko tasa handitze soilarekin, gaitz biral baten zabalkuntza asko murriztuko litzateke. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.
Berdeguneetatik hurbil bizitzeak menopausia atzeratzen duela erakutsi du ikerketa batek. Datuek argitu digute bidea: hurbil bizi diren emakumeek urrun bizi direnak baino 1,4 urte geroago izaten dute menopausia. Ikertzaileek azaldu dutenez, menopausia hasteko adinean hainbat faktorek dute eragina, hala nola genetikak eta bizi-ohiturek; tabakoa erretzeak, obesitateak, jarduera fisikoa egiteak, etab. Berdeguneen faktoreak kortisolarekin du harremana Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.
PaleontologiaNeanderthal heldu baten gorpuzkiak topatu dituzte Hego Kurdistanen, inguruan polen arrastoak dituela, eta hori hileta errituak frogatzeko aztarna bat izan daiteke. Cambridge Unibertsitateko laborategietara eraman dute gorpua, haren berreraiketa digitala egiteko. Halaber, ikertzaile taldea leizean aurkitutako sedimentuak ere aztertzen ari da, Berriaren artikuluaren arabera.
AstrofisikaLehenengo aldiz, eguzki-sistematik kanpoko planeta batek bere izarrean eragin ahal izan dituen aurorak identifikatu dituzte. Hala, exoplaneta berri bat aurkitu dutela adierazi dute. Elhuyar aldizkaria azaldu digu LOFAR erabilita –Europan zehar banatutako 20.000 irrati-antenen sarea– hauteman dutela GJ 1151 izar nanoan eztanda aurorarra. Oraingoz hipotesi bat da horren aurkikuntza.
FisikaAntihidrogenoaren propietate fisiko bat doitasun handiz neurtzea lortu dute CERNeko zientzialariek. Ikusi dute propietate hori ohiko hidrogenoaren parekoa dela eta horrekin ikertzaileek berretsi dute materiaren eta antimateriaren arteko simetria. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, antihidrogeno atomo batean dauden bi energia-mailaren arteko aldea neurtu dute eta hidrogenoan atzeman daitekeen alde hori antihidrogenoan ere dagoela frogatu dute.
MikrobiologiaLurpeko biosferari (mikrobio materia iluna deitzen zaio) arreta jarri dio Tennesseeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek; izan ere, mikrobio horien populazioa lehen aldiz kalkulatu du. Datuak harrigarriak dira oso: organismo horiek guztiak 2 mila milioi km³-ko arroka bolumenean banatuta daude (Lurreko ozeano guztiek okupatzen duten bolumenaren bikoitza), Lurreko mikrobio-bizitzaren %70 izango litzateke. Nolakoak dira mikroorganismo horiek? Ez galdu artikulu interesgarria hau!
KimikaTeknologia arloan, material porotsuak lortzeko nahia gero eta handiagoa da. Material horien artean ezagunak dira zirkonio-MOFak (ingelesez metal-organic frameworks), propietate bikainak dituelako eta bere sendotasunagatik. Halere, azken urteotan, MOFen aurrerakuntza horrekin lotuta berezko arazoak ere ageri dira, haien artean ezegonkortasun kimikoa eta termikoa. Egun, zientzialariak sendoagoak diren MOFen bila ari dira, artikuluan irakur daitekeenez.
Emakumeak zientzianUPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fisika eta matematika departamentuetan emakumeek jasaten duten diskriminazioari buruzko ikerketa bat abiatzea pentsatu zuen Nastassja Ciprianik (Erroma, 1987). Emakunderen beka bati esker, datuekin hori frogatu du. Fisika eta matematika departamentuetako maila guztietako ikertzaileei eta irakasleei galdetuta, gehienek ez zuten ikusten emakumeen diskriminazioa. “Jende askok uste du diskriminazioa sexu jazarpen esplizitua dela”, dio Ciprianik. Ez galdu Berriako elkarrizketa interesgarri hau!
Jone Uria Albizuri matematikan doktorea elkarrizketatu dute honetan Unibertsitatea.neten. Egun BCAM-en ari da doktoretza ondoko ikertzaile gisa, Neurozientzia Matematiko, Konputazional eta Esperimentalen lan taldean. Bertan, neurozientzia ikuspuntu matematiko batetik aztertzea dute helburu. Horretaz gain, elkarrizketa honetan, bere matematikarekiko zaletasunaz eta egindako ikerketaz eta tesiaz mintzatu da.
Iraganera jauzi eginez, Jean Sammet informatikaria ezagutzeko aukera izan dugu artikulu honen bitartez. Zenbakiak maite zituen eta arlo konputazionalean murgildu zen: COBOL (COmmon Business Oriented Language) eta FORMAC (FORmula MAnipulation Compiler) programazio-lengoaiak diseinatu eta garatzeagatik bilakatu zen aitzindari.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #291 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #296
Arroparen etiketak ez nabaritzea da ohikoena. Jantzi ostean denbora pasata, arropa bera ez nabaritzea da ohikoena. Ohitze deitutako mekanismoa da hau, bizitzarekin aurrera egitea ahalbidetzen duena. Berdin funtzionatzen du, baina, autismoa duten pertsonengan? JR Alonsoren Habituation and autism
Argumentazio bide bati eusteko arazo batzuk ebakuntzarekin konpondu daitekeen zioa izan dezakete: minbizia. How a meningioma can make you lose your train of thought while speaking Cheyenne Svaldiren eta Adrià Rofesen eskutik.
Hall efektu kuantikoak dirudien baino kontribuzio gehiago ditu. Horietako batzuk errelatibistak dira eta argiaren abiaduraren araberakoak dira. DIPCren An additional contribution to the spin Hall effect induced by an electric current.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #296 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jean Sammet (1928-2017): programazioaren lengoaiak argitu zizkigun emakumea

1. irudia: Jean Sammet informatikaria aitzindaria izan zen konputazio lengoaien alorrean. (Argazkia: SDTimes)
Batzuek akaso, programazioa, alor gisa alegia, kaotiko eta nahasi samar ikusiko dute; miopiadun batek betaurrekoak kentzean sentituko lukeen sentsazioa bailitzan. Ez zitzaion, alabaina, estatubatuar informatikariari horixe gertatu, hark zenbakiak maite zituen eta. Agian, gainerakoak horrenbeste harritzen dituen horrek gidatuta aukeratu zuen Matematika, eta helburu bakarra izan zuen: jende guztiak gai izan beharko luke ordenagailu batekin komunikatzeko.
COBOL (COmmon Business Oriented Language) eta FORMAC (FORmula MAnipulation Compiler) programazio-lengoaiak diseinatu eta garatzeagatik bilakatu zen Sammet aitzindari arlo konputazionalean. Halaber, ACM (Association for Computing Machinery) elkarteko fundatzailea eta lehenengo zuzendaria izan zen.
Uko egitetik liluraraJean Sammet 1928an jaio zen New Yorken. Bere gurasoak, Harry eta Ruth Sammet, abokatuak ziren. Euren alabaren nahia Bronx High School of Science-n ikastea zen, hiriko eskola ospetsuenetarikoan, alegia, baina ez zuten onartu emakumea izateagatik. Hortaz, Julia Richman High School ikastetxean eman zuen izena. Horren ondotik, Matematikako gradua ikasi zuen Mount Holyoke Unibertsitatean. 1948an, titulua lortzeaz gain, arlo horretako klaseak eman zituen laguntzaile gisa. Urtebete geroago, matematikako masterra egin zuen Illinoisko Unibertsitatean.
Ordenagailuen munduak ez zuen batere erakartzen hasieran, alor horri uko egitetik oso gertu zegoen, baina ikasketa akademiko gisa ezarri zutenean, iritziz aldatu zuen. Izan ere, Jeanek 2000. urteko elkarrizketa batean azpimarratu zuen moduan, ordenagailu bat ikusten zuen bakoitzean pentsatzen zuen ez zuela “hardware-pieza lizun horrekin” zerikusirik izan nahi. Batzuetan, norberaren uste osoa zalantzan jarri, eta hasieran pentsatzen zenuenaren kontrakoa egin behar da. Hori dibertigarriagoa da.
1951n, Metropolitan Life Insurance enpresan hasi zen lanean. Urtebete baino ez zuen eman bertan, irakasle izatea nahiago baitzuen. Hala, irakaskuntzan murgildu zen, eta Columbiako Unibertsitatean eman zituen klaseak. Bere programatzaile-lanari dagokionez, esan beharra dago hiru espaziotan garatu zuela. Lehenik, 1955ean, Sperry Gyroscope enpresan hasi zen, eta programatzaileen lehen taldea ikuskatu zuen bertan. Edonola ere, ez zuen alboratu irakasle-lana, horrek ere asebetetzen baitzuen. Modu honetan, 1956 eta 1958 bitartean, Adelphi Unibertsitateko graduondoko batean, Ordenagailuen programazioa ikasgaiaz arduratu zen.

2. irudia: Jean Sammet informatikaria, 1979. urtean hitzaldi bat eman aurretik Marylandeko Unibertsitatean. (Argazkia: Nytimes.com / Ben Shneiderman)
Bigarrenik, Sylvania Electric Products enpresan kontratatu zuten eta 1961era arte iraun zuen bertan. Hasieran, oinarrizkoak ziren lanak egin zituen, adibidez, MOBIDIC (MOBIle DIgital Computer) ordenagailuaren softwarearen garapena kudeatu zuen. Ordenagailu hori AEBtako Seinaleen Armada-gorputzarentzat eraiki zuten. Oro har, enpresa hartan, matematikariak postu ugari izan zituen; aipagarriena da COBOL programazio-lengoaia garatu zuen taldeko kide izan zela. Mundu guztiak bere ordenagailuan erabil zezakeen lengoaia zen COBOL, baina, kontuan hartu behar da sistema hori negozio kontuetarako bideratuta zegoela batez ere. Sammetek hobekuntzak egin zituen, unibertsalagoa bihurtu zuen sistema, gainontzeko arloetan ere erabili ahal izateko, hala nola, bankuetan eta osasunean.
Azkenik, 1961ean, IBM taldean hasi zen lanean; bertan, Bostoneko Programazio Zentroa kudeatzea eta antolatzea izan zuen helburu. Kalkulu sinbolikorako erabili zen lehenengo lengoaia eta programazio-sistemaren (FORMAC) garapena zuzendu zituen. Horretaz gain, programazio-lengoaiaren teknologiako gerente bilakatu zen Sammet 1965ean, aipaturiko enpresako sistema-garapenen departamentuan. Geroago, ADA programazio-lengoaia sortzeko proiektua zuzendu zuen.
Eskuliburu bat eta goraipamen ugariUrteetan zehar egindako lan eta ezagutza guztiak Programming Languages: History and Fundamentals liburuan (1969) bildu zituen, programazio-lengoaien inguruan idatzitako oinarrizko eskuliburuan. Argitalpenaz gain, ugariak izan ziren jaso zituen goraipamenak programazio alorrean egindako lanagatik. 1974an, ACMren (Association for Computing Machinery) lehendakari izateko hautatu zuten (bi urte igaro zituen karguan). Horretaz gain, 1978an, SIGPLAN izeneko elkartea zuzendu zuen, ACMren barruan zegoen erakundea, hain zuzen ere.
1977an, Konputazioaren Historiaren batzordea antolatu zuen American Federation of Information Processing Societies (AFIPS) izeneko elkarterako. Gainera, Sammet bertako zuzendaria izan zen. Halaber, Estatu Batuetako Ingeniaritza Akademiako kide izendatu zuten. Urtebete geroago, honoris causa doktoretza eman zioten Mount Holyoke Unibertsitatean. Horretaz gain, Bostoneko Ordenagailuaren Museoko Administrazio Kontseiluko kide bilakatu zen.
1988an erretiroa hartu eta gutxira, Ada Lovelace Saria jaso zuen, Konputazio alorrean lan egiten duten Emakumeen Elkartearen eskutik. Aipaturiko sari eta errekonozimendu askok ziurtatzen dute Sammetek egindako lan aitzindaria, bera izan baitzen programazio-lengoaien munduan bide-urratzaileetako bat. Sariei dagokienez, nabarmentzekoak dira, alde batetik, IEEE Institutuak (Institute of Electrical and Electronics Engineers) 2009. urtean eman zion saria, eta bestetik, 2013an National Center for Women & Information Technologyren (NCWIT) eskutik jaso zuena.
Badira euren lanaren bitartez besteon bizitza erraztea lortzen duten pertsonak. Sammet izango genuke horren adibide. Haren lanak eta programazio-lengoaien erabilerak erraztu egin zuten gizakien eta makinen arteko harremana; bat-batean, ordenagailuak lan batzuk egiteko tresna eraginkorrak bihurtu ziren. Hiru urte pasa dira ikertzaile estatubatuarra hil zenetik, baina bere ondareak bizirik dirau. 50eko hamarkadan fikzioa zirudien erronka gainditzea lortu zuen.
Iturriak:
- Computer History Museum, Jean Sammet.
- El Mundo, 2017ko ekainaren 5a: Muere Jean Sammet, pionera de los lenguajes de programación.
- Foro Histórico de las Telecomunicaciones, Sammet, Jean E.
- The New York Ties, 2017ko ekainaren 4a: Jean Sammet, Co-Designer of a Pioneering Computer Language, Dies at 89.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Jean Sammet (1928-2017): programazioaren lengoaiak argitu zizkigun emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.
Zirkoniozko material porotsu berriak: egitura sendoen bila

1. irudia: Zr-MOFek basamortuan uraren lorpena ahalbidetu dute. 2018. urtean,.
MOFak (ingelesez metal-organic frameworks) ordena handiko material hibrido porotsuak dira, metalez eta estekatzaile organikoz osatutako koordinazio-konposatuen sare hedatuak. Konposatu horietako sare-nodoak ioi metalikoz edo kluster metalikoz osatuta daude. Kluster horiei bigarren mailako eraikin-unitate deritze, edo SBU (ingelesez, secondary building units). Barruko metalaren arabera mota askotako SBUak daude, MOFen eraketan faktore determinatzailea izanik. Nodoen arteko konexioetan estekatzaile organikoak zubi gisa agertzen dira (nagusiki azido karboxilikoak), eta koordinazio-loturen bidez SBUekin lotuta geratzen dira. Antolamendu horren ondorioz porotasun iraunkorra duten sare irekiak sortzen dira, kristalezko esponja molekularrak antzekoak direnak.

2. irudia: Plastilinaz eta zotzez eratutako MOFa. (Irudia: Luz Fidalgo).
Hurrengo analogia hau argigarria izan daiteke. Demagun plastilina bolatxoak eta zotzak ditugula. Bolatxo batean 90 graduko angelua eratuz lau zotz sartuko ditugu eta zotz bakoitzari beste bolatxo bat gehituko dugu. Jarraian bolatxo bakoitean posizio berdinean beste hiru zotz kokatuko ditugu. Hiru dimentsioetan prozedura honi jarraituz, espazioan hedatzen den sare porotsu bat eratuko da, 1.irudian agertzen den moduan. Bolatxoak Zr-klusterrak badira eta zotzak ligando organikoak, horra hor gure Zr-MOFa!
Ikusgarriak dira eskaintzen dizkiguten aukerak bai metalari bai estekatzaile organikoari dagokienez. Hain aldakortasun handiak milaka konposatu sortzeko modua ematen du, eta CSD (Cambridge Structural Database) datu-basean 84000 mila MOFen egiturak agertzen dira. Konposatu horiek porotsuak izan daitezke beren bolumenaren % 90 arte, eta BET (Brunauer-Emmmett-Teller) azalera espezifikoari dagokionez, MOF bat azukre-koskor bat izatekotan sei futbol-zelaiei dagokiena izango litzateke. Harrigarria!
Azken urteotan, MOFen aurrerakuntza horrekin lotuta berezko arazoak ere ageri dira, haien artean ezegonkortasun kimikoa eta termikoa. Hori dela eta, propietate horiek areagotu nahian izugarrizko esfortzuak egin dira eta zientzialariak sendoagoak diren MOFen bila ari dira. Abiapuntua konposatu horietako loturek irmotasuna irabaztea da eta xede horretarako Zr(IV) MOFak baliagarriak izan daitezkeela egiaztatu dute.
Zirkonioak oxidazio-egoera, karga-dentsitatea eta eratzen dituen loturen polarizazioa altua du. Faktore horien ondorioz, Zr(IV)-aren eta karboxilato anioien artean afinitate handia sortzen da.
Zr-MOFen lotura honen sendotasunaren lehendabiziko froga 2008.urtean lortu zen, Osloko unibertsitateko Cavka eta lankideek Zr(IV)-MOFaren sintesi berria argitaratu zutenean. 2. irudian ikusten dira UiO-66, UiO-67 eta UiO-68 deritzen MOFak, guztietan SBU bera agertzen denez, Zr6(µ3–O)4(µ3–OH)4(CO2)12. Konposatu horiek guztiek ohiz kanpoko portaera dute. Beraren agerpenak iraultza bat ekarri zuen ikerkuntza-eremu honetara.

3. irudia: Zr(IV)-MOF a) Cu-aren gelaxka-unitatea; b) UiO-66-ren egitura; c) UiO-67-ren egitura; d) UiO-68-ren egitura. (Iturria: DOI: 10.1021/ja8057953)
4. irudian azken urteotan izugarrizko garapena izan duten MOFen aplikazio batzuk ageri dira. Nanoteknologia arloan, ere, agertzen ari dira nano-MOF motako konposatuak.

4. irudia: MOFen zenbait aplikazio.
Ikerketa-talde askok Zr-MOFek duten propietateen artean adsortzioarekiko selektibotasuna azpimarratu dute. Adibidez, CO2/CH4 eta CO2/N2 nahasketekin egindako lana, negutegi-efektuan gas horiek duten eraginagatik.
Bestalde, Zr-MOFek basamortuan uraren lorpena ahalbidetu dute. 2018. urtean, Omar Yaghy eta lankideek garatutako gailuan, gaueko aire hezea adsortzioz eta egunean geroko kondentsazioz, 200mL MOF-Kg-tik eskuratu dute.
Azkenik, Zr-MOFak aplikazio biologikoetarako bereziki egokiak dira, bio-bateragarritasun bikaina baitute eta farmakoen askapenean erabiliak dira. Zalantzarik gabe, Zr-MOFak etorkizun handiko materialak dira.
Gehiago jakiteko:
- Chen, Zhijie, et al., (2019). Reticular chemistry in the rational synthesis of functional zirconium cluster-based MOFs. Coordination Chemistry Reviews 386 (2019) 32–49. DOI: https://doi.org/10.1016/j.ccr.2019.01.017
- Fathieh, Farhad, et al., (2018). Practical water production from desert air. Science. Advance, 4. DOI: https://doi.org/10.1126/sciadv.aat3198
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Zirkoniozko material porotsu berriak: egitura sendoen bila.
- Laburpena: MOFak (ingelesez metal-organic frameworks) ordena handiko material hibrido porotsuak dira, ioi metalikoz eta estekatzaile organikoz osatutako koordinazio-konposatuen sare hedatuak. Azken urteotan, material porotsuek teknologiaren arloan izan duten interes handiak sustatuta MOF konposatuen aurrerakuntza handia izan da. Hala gertatzeko arrazoien artean berezko ezaugarri eta propietate interesgarriak daude, baita aplikazio ugari eta askotarikoak ere. Aurrerakuntza horrekin lotuta MOFen arazoak ere ageri dira, haien artean ezegonkortasun kimikoa eta termikoa. Hori dela eta, zientzialariok sendoagoak diren MOFen bila ari gara, eta, ildo horri dagokionez, Zr-MOFak adierazgarriak dira beren ohiz kanpoko portaeragatik. Zalantzarik gabe, etorkizun handiko materialak dira.
- Egileak: Luz Fidalgo Mayo.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 165-183
- DOI: 10.1387/ekaia.19546
————————————————–
Egileez:
Luz Fidalgo Mayo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Ez-Organikoa sailekoa da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zirkoniozko material porotsu berriak: egitura sendoen bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Eskuak ondo garbitzea, gaitz infekziosoen aurkako gakoetako bat
Komun publiko batetik atera berritan bazaude eta, doktoretza tesia egiteko adinean egon daitekeen gazteren bat ikusten baduzu, libreta eskutan, zertan ari zaren kuxkuxeatzen eta gaizki disimulatzen, ez haserretu. Edo, behintzat, ez moskeatu gehiegi. Kontuan izan agian ikertzaile bat izan daitekeela, gizateria salbatu nahian. Ados, bai, agian hau gehiegi esatea da. Gizateria salbatzen lagundu nahian, akaso.
Kuxkuxeroaren helburua zure portaera behatzea izan daiteke. Zertarako, bada? Ba, jakiteko ea, behin heldutasunera iritsita, gurasoek txikitan behin eta berriz gogorarazten zizuten agindu hori benetan jarraitzen ote duzun: “Komunetik ateratzean, arren, ondo garbitu eskuak”.

1. irudia: Argi dago eskuen garbitze soilarekin ez dagoela modurik gaitz baten zabalkuntza nazioartean ekiditeko, baina ikertzaileek uste dute oso lagungarria izango litzatekeela garbiketa-tasak handitzea. (Argazkia: Dan Watson/Unsplash)
Ez da soilik arreta erakartzeko kazetariek erabiltzen duten amu txotxolo horietako bat. Era horretako ikerketak egin egiten dira. 2003an, esaterako, halako behaketa baten gaineko emaitzak argitaratu zituzten, mikrobiologiari buruzko kongresu batean. AEBtako aireportuetan egindako ikerketa izan zen. New York, Chicago, San Francisco, Dallas, Miami eta Toronto hirietako aireportuetan 7.541 lagunen portaera aztertu zuten. Eta emaitzek berretsi zutenez, benetako datuak eskuratzeko, galdetzea baino, beharrezkoa da zuzenean begiratzea. Aurreko ikerketetan ikusia zuten jendeari galdetuz gero %95ek esaten zutela baietz, eskuak garbitzen zituztela, baina benetan soilik %67k egiten zuten. 2003ko azterketa horretan, SARS gaitzaren zabalkuntza puri-purian zegoenean, behaketetan eskuratutako datuak hobeak izan ziren: ikusi zuten %78k hori benetan egiten zutela. Sexuaren arabera, emakumezkoak (%83) gizonezkoak (%74) baino txukunago aritu ziren.
Ikerketa horiek aireportuetan egiteak badu arrazoi garrantzitsu bat: nodo baten modura funtzionatzen dute. Bai airelineatarako, pertsonentzako… zein birusetarako ere. Aireportuetan leku askotako lagunak elkartzen dira eta, normala denez, objektu desberdin asko ukitzen dituzte: aulkietako beso-euskarriak, segurtasun-kontroletan objektu pertsonalak uzteko erabiltzen azpilak edota ateetako heldulekuak, esate baterako.
Hori guztia kontuan hartuta, azpiegitura horietan higienea handitzearen garrantzia nabarmendu dute ikerketa berri batean. Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaileek Risk Analysis aldizkarian proposatu dutenez, munduko hamar aireportutan eskuak garbitzeko tasa handitze soilarekin, gaitz biral baten zabalkuntza asko murriztuko litzateke.
Dena dela, garbiketa horrek egokia izan behar duela azaldu dute. Izan ere, eskuak garbitzen dituztenen artean ere, askok ez dute ondo egiten. Ondo egiteko, gomendatzen da ura eta xaboia erabiltzea, 15-20 segundo inguruz eskuak igurtziz. Halere, askok ura baino ez dute erabiltzen. Germenen propagazioa ekiditeko, gainera, gutxienez ordubetean behin egin behar dela diote. Eta oraingoan aipatu ez badute ere, aurreko ikerketa batek agerian utzi zuen garbitzeaz gain garrantzitsua dela ere eskuak ondo lehortzea.
Hortaz, kalkulatu dute aireportuetan dabiltzan bidaiarien %20k baino ez daramatzatela eskuak ondo garbituta. Bada, munduko aireportu guztienetan kopuru hori hirukoiztuz gero –ondo garbitutako eskuak dituzten bidaiarien kopurua %60ra pasata–, horrek lortuko luke mundu mailan gaitzaren propagazio-maila ia %70 atzeratzea.

2. irudia: Munduko hainbat aireporturen kokapena eta beste aireportuekiko loturak aztertu dituzte, eta ikusi dute faktore horiek trafiko-kopurua baino garrantzitsuagoak direla gaitzen zabalkuntzari dagokionez. Irudian, Honoluluren adibidea. (Irudia: Nicolaides et al./Risk Analisys)
Halako neurri bat munduko aireportu guztietan ezartzea zaila litzatekeela aitortuta, kalkulatu dute noraino lagunduko lukeen horrelako garbitze-tasak munduko hamar aireportutan lortzeak. Gaitzen zabalkuntza %37 atzera litekeela ondorioztatu dute. Aireportu horien aukeraketa, gaitz infekziosoaren hasierako agerraldiaren jatorriaren arabera egin beharko litzateke. Wuhango koronabirusaren gorakada baino lehenago egindako ikerketa izan arren, egileek diote azken krisi honetan ere aplikagarri direla ondorioak, kutsagarria den edozein gaitzi dagokiolako.
Epidemiologia ereduetan eta datuetan oinarritutako simulazioak baliatu dituzte ikerketa egiteko. Besteak beste, nazioarteko hegaldien inguruko datuak, aireportuetan izaten diren itxarote-tasak eta pertsonen arteko zein pertsonen eta objektuen arteko elkarrekintzei buruzko balioespenak kontuan hartu dituzte, eta baita historikoki izurriteek izan duten bilakaeraren inguruan aurreko ikerketek esan dutena ere.
Higiene neurriak indartzeko, gaiari buruzko komunikazio kanpainen beharra azpimarratu dute. Egin duten beste kalkulu baten arabera, munduko aireportu guztietan eskuen garbitze-tasa %10 handituz gero, nazioarteko gaitz infekziosoen zabaltzea %24 murriztuko litzateke.
Ikertzaileek identifikatu dituzte munduan gaitzen zabalpenean eragin handiena izan dezaketen 120 aireportuak, eta ikusi dute ez direla izan behar, halabeharrez, trafiko gehien dutenak. Kokapena ere garrantzitsua izan daiteke. Tokio (Japonia) eta Honolulu (AEB) jarri dituzte adibidetzat. Hurrenez hurren, trafikoari dagokionez 46. eta 117. postuetan daude, baina euren kokapena eta bertan izaten diren loturak direla eta, garrantzi nabarmena izan ahal dute nazioarteko gaitz infekziosoen zabalkuntzan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nicolaides, C., Avraam, D., Cueto‐Felgueroso, L., González, M.C. and Juanes, R. (2020). Hand‐Hygiene Mitigation Strategies Against Global Disease Spreading through the Air Transportation Network. Risk Analysis. doi:10.1111/risa.13438
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Eskuak ondo garbitzea, gaitz infekziosoen aurkako gakoetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean

Irudia: Diabetesa duten gaixoentzat beharrezkoa da odoleko glukosaren kontzentrazioa kontrolatzea eta beharrezkoa denean intsulina injektatzea. (Argazkia: Steve Buissinne – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Diabetesa aspalditik ezagutzen den gaixotasuna da. Ideia bat emate aldera, kontuan izan behar dugu diabetesaren lehen deskribapena Ebers papiroan dagoela, k.a. 1.500. urtean. Erromatarrek eta greziarrek diabetesa ezagutzen zuten. Garai hartan, norbaitek diabetesa zuen edo ez jakiteko haren gernua dastatu behar zen. Horrela, greziarrak konturatu ziren zenbait lagunen gernua mellitus zela, alegia, gozoa zela -eztia, mellita hitzetik dator-. Orain badakigu zapore hori gehiegizko glukosa kontzentrazioaren kausa dela. Modu horretan, greziarrek bazekiten gaixotasun hori zutenek edari gozoak edan bezala kanporatzen zituztela gernuaren bidez -alegia, gernua ere gozoa zela- sifoi bat balitz bezala. Sifoi hitzaren baliokide greziarra diabetes da eta hortik, hain zuzen ere, diabetes mellitus.
Diabetesa duten gaixoek egarri handia izan ohi dute eta baita pixa egiteko gogo handia ere. Sintoma horietan oinarrituta, historian zehar hainbat aurkikuntza egin dira diabetesari buruz. 1679an, Thomas Willis mediku ingelesak sintoma horiek zituzten gaixoen gernuaren hondakinak dastatu zituen eta bi diabetes mota berezitu zituen: diabetes gozoa eta zaporerik gabeko diabetesa -esan beharrik ez dago nola iritsi zen ondorio horretara-. Gaur egun dakigunez, diabetes mellitusa diabetes gozoa da eta odoleko glukosa maila handiegiarekin lotzen da. Zaporerik gabeko diabetesa, aldiz, guztiz desberdina den gaixotasuna da eta hormona antidiuretikoaren gabeziarekin lotzen da. Hala ere, antzeko sintomak ematen dituenez, izen bera dute biek. Hortaz, garrantzitsua da jakitea diabetes mellitus eta diabetes zaporegabea fisiologikoki gaixotasun desberdinak direla. Oro har, diabetesa aipatzen denean lehenengoaz ari gara.
Diabetesa, beraz, pertsona baten odoleko glukosa maila behar baino gorago dagoenean izaten da. Oro har, odoleko azukre maila normaltzat jotzen da 65-100 mg/dl artean badago -baraurik- eta 140 mg/dl azpitik otordutik ordu bat edo bi igaro denean. Maila hori gaindituz gero, litekeena da pertsona horrek diabetesa izatea. Azukre kantitate handiegi horrek hainbat kalte ekar ditzake begietan, giltzurrunen funtzionamenduan, nerbio sisteman, eta abar. Oro har, epe luzera agertzen diren arazoak izan ohi dira. Diabetesa mota desberdinetakoa izan daiteke, baina, motarik arruntenak 1 mota eta 2 mota deiturikoak dira. Horien arteko desberdintasuna ulertzeko, lehenik eta behin beharrezkoa da glukosaren metabolismoaren erregulazioan gehiago sakontzea.
Glukosaren metabolismoa intsulinak erregulatzen du. Bere funtzio garrantzitsuena glukosa odoletik zeluletara igarotzen laguntzea da, modu horretan odoleko glukosa kontzentrazioa murriztuz. Era berean, intsulinak gibeleko glukogeno sintesia aktibatzen du eta prozesu horrek ere glukosa kontzentrazioa murrizten du. Alabaina, pankreak intsulinarik jariatzen ez badu, zeluletako paretetan dauden glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da modu eraginkorrean sartzen zeluletara. Egoera honi 1 motako diabetesa deritzo, alegia, intsulina gabeziaren ondorioz odoleko glukosa kontzentrazioa murrizten ez denean.
Halere, bada beste akats mota bat glukosaren metabolismoaren erregulazioan. Zenbait kasutan, intsulina egon daiteke, bai, baina zeluletako intsulina hartzaileetan egotea akatsa -alegia, intsulinarekin lotu behar diren zelulako paretaren atalak-. Lotura hori ez bada modu egokian gertatzen, glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da zeluletara sartzen. Bigarren arazo hori duten gaixoek 2 motako diabetesa dute, hots, pankreak intsulina jariatzen du, baina, intsulina ez da modu egokian lotzen hartzailearekin.
1 motako diabetesa haurtzaro edo nerabezaroan agertu ohi da, nahiz eta beranduago ere ager daitekeen. Oro har, mota honetako diabetesa bat-batean agertzen da eta intsulina hartuz kontrola daiteke. 2 motako diabetesa helduaroan agertzen da normalean eta horrek ez du zertan betirako izan behar; tratatzen bada, adibidez gizentasunaren aurka egiten bada, desagertu egin daiteke. 1 motako diabetesa baino askoz ere ohikoagoa da biztanlerian -%90-95- eta, orokorrean, sintomak ez dira hain agerikoak. Askotan ez du inongo minik sortzen eta denbora luzean oharkabean pasa daiteke -horrexegatik daude diagnostikatu gabeko kasu asko-. Oro har, 2 motako diabetesa elikadura desegokiaren eta kirol gabeziaren ondorioa izaten da. 1 motakoa, aldiz, ezin da era eraginkorrean saihestu. 1 motako diabetesa norberaren immunitate-sistemak pankrean dauden beta zelulak erasotzen dituenean gertatzen da eta horren arrazoiak genetikoak edo ingurunearenak izan daitezke -esaterako, gaixotasun birikoak jasan ondoren-.
Diabetes mellitusaren tratamenduari dagokionez, historian zehar hainbat modutara egin da, aurkikuntza berriek tratamendu eraginkorragoak ekartzen zituzten neurrian, baina, hori guztia hurrengorako utziko dugu.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
Diabetesari buruzko artikulu-sorta:
- Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
- Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean
The post Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikrobio materia iluna
Izaki bizidunak topatu diren lekurik ustekabekoenak, agian, sakonera handian dauden harkaitzen barnealdeak dira. Mikrobio formak bizi dira lurrazaletik eta itsas hondotik metro gutxi batzuetara, baita sakonera handiagoetan ere. Bakterioak eta arkeoak topatu dituzte lurrazaletik 5 kilometrora, lur azpian Txinan. Halaber, mikrobioak topatu dituzte itsas hondoa baino 2,5 kilometro beherago.

Irudia: Laborategietan kultibatu gabeko mikrobioen populazioari mikrobio materia iluna esaten zaio. Tennesseeko Unibertsitateko Karen Lloyd irakaslearen taldea lehena izan da mikrobio horien populazioa kalkulatzen. (Argazkia: Erabilera publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Arroken barruan, arrakalen eta poroen barnean, biosfera oso bat dago. Kalkulatu da organismo horiek guztiak 2 mila milioi km³-ko arroka bolumenean banatuta daudela (Lurreko ozeano guztiek okupatzen duten bolumenaren bikoitza), eta 1030 zelula izango lituzketela, hau da, Lurreko mikrobio-bizitzaren %70. Izan ere, zatirik handiena lurpeko biosferan dago, bakterioek eta arkeoak dira gehien bat, nahiz eta alga zelulabakarrak eta onddoak ere badauden.
Mikroorganismo horietatik gutxi batzuk heterotrofoak dira, hots, materia organikoz elikatzen dira; eta oso oxigeno gutxi edo batere ez dagoen inguruneetan bizi direnez, normalean, anaerobioak dira asko eta asko. Nolanahi ere, gehienak kimiolitotrofoak dira: gai inorganikoak dira euren energia iturri. Mikroorganismo horiek hondakinak sortzen dituzte, eta beste izaki bizidun batzuk elikatzen diren kate trofikoaren oinarria dira hondakinok. Gutxienez kasu batean, sare trofiko horretan superharrapakari bat dago, Halicephalobus mephisto har nematodoa, milimetro erdiko luzerakoa. 2011n topatu zuten urre meatze batean, 1.300 metroko sakoneran.
Bizitza forma anitz dago inguru batzuetan, eta oso gutxi beste batzuetan, edo espezie bakar bat. Hegoafrikako Mponeng urre meatzean, 2,8 km-ko sakoneran, ezagutzen den ekosistema bereziena topatu da: organismoen % 99,9 baino gehiago espezie bakar batekoak dira; Desulforudis audaxviator bakteriokoak.
Eta oraindik ere izaki bizidun asko eta asko dago lurpean nork aurkituko, ezagutzen dugun biologiaz oso bestelako organismoak, baiki. Seguru asko, bide metaboliko ezezagunak dituzte, eta litekeena da metabolismo oso geldokoak izatea. 2010ean, Pazifiko Hegoaldeko Ozeano Bareko sedimentuetan lurperatutako mikrobioak topatu zituzten, eta bertan 100 milioi urte zeramatzatela kalkulatu da. Bizirik zeuden, baina oso jarduera metaboliko txikia zuten.
Mikroorganismoen metabolismoa bizi diren arroken konposizio kimikoaren araberakoa da. Hau da, arroka granitoa, basaltoa, hareharria edo buztina den. Heterogenotasun metaboliko horri esker, mikrobio komunitateak asko aldatzen dira leku batetik bestera, arrokak ez direlako berdinak leku guztietan.
Lurpeko biosfera horri mikrobio materia iluna deitzen zaio, unibertsoko materia ilunaren analogiaz. Hori bai, materia mikrobianoa ezagutzen hasiak gara. Eta ez genuke baztertu behar halakorik gure planetan soilik topatzea: Marteko lur azpiak biosfera propioa izan lezake.
Iturria:
Lawton, Graham, (2019): Earth’s deep, dark secret. New Scientist, 242 (3229), 42-45. DOI: https://doi.org/10.1016/S0262-4079(19)30841-3.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Mikrobio materia iluna appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #290
Azken urteetan, modan jarri da proteina asko dituzten dietak. Horren harira, publikatu den ikerketa batean ikusi dute dieta horiek arterietan plaken pilatzea eragiten dutela. Testuan azaltzen digutenez, proteina maila altu hauek odolean zenbait aminoazidoren kopuruak handitzen dituzte, eta horrek sistema immuneko zelula makrofagoak akabatzen dituzte. Horren ondorioz, arteriak estutzen dira eta kasurik larrienetan, guztiz buxatzeko aukera dago.
Testosterona hormonaren mailaren eta zenbait gaixotasunen arteko lotura aztertzen duen ikerketarik handiena publikatu dute. Datuen arabera, testosterona-maila altua izateak bularreko eta endometrioko minbizia izateko arriskua handitzen du emakumezkoetan, eta prostatako minbiziarena gizonezkoetan. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
Epilepsiaren Nazioarteko Egunaren harira, Berriako artikulu honetan gaixotasun kroniko honi buruz mintzatu dira. Kristinak eta Mikelek euren esperientziak azaldu dizkigute, gaitz hori hobeto ulertze aldera.
GenetikaGenetikan doktorea den Koldo Garcia elkarrizketatu dute Geuria.eus-en. Egun, ikertzaile lanetan ari da Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan, gaixotasun gastrointestinalen sailean. Bertan, genetika erabilita, gaixotasun horiek hobeto ezagutzen eta tratamendu hobeagoak egin daitezkeen ikertzen dute. Taldearen helburu nagusia da gaixotasun gastrointestinala (GI) sortzen duten mekanismo genetikoak azaltzea. Halaber, Garciak azaltzen digu zein den ikerkuntzaren egungo egoera eta zientziaren dibulgazio-lanaren garrantzia. Ez galdu!
EboluzioaRichard Wrangham primatologoaren Cathing Fire: How Cooking Made Us Human liburua aipatzen da testu honetan. Izan ere, eta autorearen hipotesiaren arabera, Homo erectus espezieak lortu zuen sua kontrolatzea eta elikagaiak kozinatzea, eta hori funtsezkoa izan zen garunaren eta adimenaren garapenerako. Elikagaiak kozinatuz handitu egin zen hauek digeritzeko eta xurgatzeko eraginkortasuna, eta horrek ondorio ebolutibo sakonak izan zituen.
AstrofisikaBerriki jakin dugu Arrakoth, iazko azarora arte Ultima Thule bezala ezagutu genuen Neptunoz haraindiko objektua, bi planetesimalen arteko batuketatik sortu zela. Hala berretsi du nazoarteko ikertzaile talde batek. Izan ere, objektuaren eraketa ez zen talka batengatik izan, “leunkiro” egindako grabitazio-hurbilpen baten emaitza baizik. Honi buruzko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.
MaterialakNanoteknologiak ikerkuntza arlo askotan garrantzi handia du, elikagaigintzan, esaterako. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta zehazki, hiru arlo hauetan: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Horretaz gain, nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertzen da testuan.
FisikaAurreko astean eman genuen honen berri: Ion Errea ikertzailearen taldeak frogatu zuen tenperatura oso handiko supereroaleak lor daitezkeela askoz ere presio txikiagoetan. Honek iraultza ekar dezake, izan ere, etorkizunean presio baxuagoko material supereroaleak identifikatzeko oinarriak ezarri dituzte. Informazio gehiago Elhuyar aldizkariko artikulu honetan aurki dezakezue.
KlimatologiaHimalaiako glaziarretan industria-iraultzaren hastapenetatik poluitzaileak metatu zirela frogatu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikerketak agerian utzi du Britainia Handian sortu zen industria-iraultzak eragin nabarmena izan zuela airean, izotz-zutabean ordura arte baino metal toxiko gehiago aurkitu baitute 1780tik aurrera. Baina ez zen bakarrik industria-iraultza izan horren eragile, nekazaritzak ere eragina izan zuen izan ere, nekazaritzarako lurrak lortzeko basoei su emateak zinka askatzen baitu atmosferara.
AstronomiaAurten, AEBk, Europako Batasunak eta Errusiak, Txinak eta Arabiar Emirerri Batuek misioak bidaliko dituzte Martera, bizitza arrastoak aurkitzera. Antolatuta dituzten misioen artean, ikertu nahi dute ea Marte bizia edukitzeko moduko planeta bat izan zen eta mikrobioak bizi izan ziren. Noizbait pertsonak bidali ahal izateko esperimentuak ere egingo dituzte. Marte hobeto ezagutzeko misioez gain, 2020an ilargia eta eguzkia izango dute helburu aipaturiko herrialdeek. Berriako artikuluan informazio guztia.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #290 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #295
Zientzia merkatu bihurtu eta aura erromantikoa galdu duen beldur direnentzat, onbidezko irakurketa izan daiteke Jesús Zamoraren artikulua. Aurreiritziak tartean sartu ezean, noski. The marketization of science and the ‘marketization’ of science studies (& 2)
Alzheimerra goiz detektatzeko moduen bilaketan kandidatu berria: T zelulak. Rosa García-Verdugoren T cells could be key for early Alzheimer’s detection
Erreakzio biokimikoak katalizatzeko gai diren proteinak dira entzimak. Zikloadizio erreakzio bat katalizatzeko gai den proteina topatu dute DIPCn, organismo bizietan halakorik ez da aurkitu. Izena ere asmatu behar izan dute. Huisgenases, new protein catalysts which are not enzymes
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #295 appeared first on Zientzia Kaiera.
Aitana Lertxundi: “Gure hipotesia da ingurumenak fetuan eragina izan dezakeela” #Zientzialari (131)
Gaur egun badakigu ingurumenak gure osasunean eragiten duela, baina ingurumenak fetuan eragina izan dezakeen ala ez jakin nahi du zientziaren munduak.
Aire kutsadurak, esaterako, haurdunaldian fetuari eragiten diola badakigu, eta ez bakarrik jaiotze-faktoreetan (pisuan, adibidez), baita lau eta bost urteko haurren hazkunde-faktoreetan ere; hala nola, garapen neuropsikologikoan.
Ingurumenak umearen hazkuntzan duen eragina ikertzen du INMA proiektuan (Haurtzaroa eta Ingurumena-Infancia y Medio Ambiente) eta ekimen horretan dabil lanean Aitana Lertxundi, UPV/EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea. Berarekin elkartu gara gaiaren inguruan sakontzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Aitana Lertxundi: “Gure hipotesia da ingurumenak fetuan eragina izan dezakeela” #Zientzialari (131) appeared first on Zientzia Kaiera.
Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean

Irudia: Nanoteknologia baliatuta superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri bati atea irekitzen dio.
Elikagaigintza industriak iraultza nanoteknologiko honekin batera aurrera egin du. Izatez, elikagaiak molekula nanometrikoez (behintzat, dituzten dimentsioetariko bat 100 nm baino txikiagoa denean) osatuta daude. Hori dela eta, ez da harritzekoa elikagaigintzan molekula txiki hauen inplementazioan aurrerapenak burutu izana. Elikagai berriekin amets egin dezagun! Goxoak eta aberastuak baina betiko itxura mantentzen dutenak.
Ziurrenik Edurnezuriren sagar gorri perfektua urdina izango balitz ipuinak beste amaiera bat izango zuen… Baina, zer-nolako elikagai motak nahi ditugu? Bakoitzak bere errezeta perfektua bilatuko luke: batzuek elikagai osasuntsuagoak eskatuko lituzkete; beste batzuek zapore originala mantenduko luketen gatz, azukre edo koloratzaile gutxiko elikagaiak nahiko lituzkete. Gainera, diabetesa edo gizentasun arazoak tratatzen lagunduko luketen elikagaiak sortzea posible izango litzateke. Eta murtxikatzeko arazoak dituzten adinduek? Zapore eta testura hobeagoko pureak hartzeko aukerak izango lituzkete. Hau guztia nanoteknologiari esker posiblea izango da.
Elikagaiei begi-bistan ikusezinak diren nanogehigarriak botaz elikagaigintza arloaren iraultza sortuko da. Dagoeneko nanoemultsioen egonkortzeari esker zaporea, dastamena edo testura desberdinak indartzeaz gain, elikagaietan farmako espezifiko bat sartzea eta digestio-aparatuan zehar duen askapena kontrolatzea posiblea da.
Baina nanoteknologiak superelikagaien sorreratik harago doa, izan ere, elikagaien paketatze perfektuak ere egin daitezke. Dudarik gabe, gaur egungo gizarteak plastikoarekiko menpekotasun handia du. Horretaz konturatzeko, etxean plastikoak eta ontziak birziklatzeko dugun poltsa begiratzearekin nahikoa da, non plastiko gehienak elikagaien estalkiak diren. Plastiko kontsumo etengabe honek ingurumen arazo larriak sortzen ari ditu. Erabiltzen diren plastiko gehienak ez dira biodegradagarriak.
Ingurumenarekiko kalte txikiagoa aurkezten dituzten plastikoek ez dituzte elikagaiak paketatzeko propietate egokiak azaltzen, adibidez: gasekiko hesi-propietate txarrak aurkezten dituzte. Mota honetako plastikoetan buztina bezalako nanopartikulak gehituz material hauen propietateak hobetuko lirateke, hauen erabilera eremuak zabalduz. Horren haritik, tupper zein elikagaiak gordetzeko erabiltzen diren ontzietan elikagaien kontserbazioa hobetzeko ere bakteriak “hiltzeko” gaitasuna duten nanopartikulak jarri daitezke.
Azkenik, nanoteknologiak elikagaigintzan izango duen beste arrakasta bat elikagaien egoera ezagutzeko nanosentsoreetan oinarritzen da. Gaur egun, iraungitze-data da elikagaiaren egoeraren berri ematen duena, baina nolakoa izan da elikagaiaren paketatze eta garraioa? Prozesu hauetan elikagaiaren egoera aldatu da? Nanosentsoreak erabiliz prozesu hauetan zehar elikagaiaren kalitatea eraldatua izan den jakitea posiblea izango litzateke estalkiaren gainazalean kolorez aldatzen duen pegatina bat jarriz.
Nanoteknologiak superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri batekin amets egitea ahalbidetzen du. Baina, amets hauek egia bihurtzeko azkeneko oztopo bat gainditu behar dute: herri-pertzepzioa. Biziraupen gisa, berria eta ezezaguna den guztia alde batera uzten dugu. Dena den, toxikotasun ikerketa sakonen bermearekin gure eskuetan dago etorkizuneko nanoelikagaietara eramango gaituen aurrerapausoa ematea, non tamainak axola duen.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean.
- Laburpena: Nanoteknologiaren erabilpena funtsezko erreminta bilakatu da aplikazio askoren garapenean, eta elikagaien sektorea ez da alde batera geratu. Modu horretan, nanoelikagaien garapenak osasuntsuagoak, erresistenteagoak eta iraupen luzeagoa duten elikagaiz gozatzea ahalbidetuko duela uste da. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta, bereziki, honako hiru arlo hauetan jarri da arreta: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Amaitzeko, elikadura industrian nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertuko da; abantaila asko ekar ditzakeen arren, egun gizartearengan beldurra eta kezkak eragiten baititu.
- Egileak: Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 143-164
- DOI: 10.1387/ekaia.19684
————————————————–
Egileez:
Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean appeared first on Zientzia Kaiera.
Proteina asko duten dieten eta bihotzeko arazoen arteko lotura aurkitu dute
Bada Twitter erabiltzaile bat ospetsua egin dena azken urteetan: @justsaysinmice. Zehaztapen bat egitera dedikatzen da. Zientzia albisteak hartu eta garrantzitsua den datu bat gaineratzen du: “in mice”. Hau da, “arratoietan”. “Zientzialariek zerbait aurkitu dute… arratoietan”. Egia esanda, medikuntzaren alorrean egiten diren ikerketa gehienak, lehen pausuetan bederen, arratoietan egiten dira, ugaztunetan prozesu metaboliko asko oso antzekoak direlako. Gero, behin emaitza horiek eskura izanda, modu batean edo bestean ikertzaileak ikerketa horiek gizakietara eramaten saiatzen dira.
Twitterren bitartez egiten den kritika hori gaiaren inguruan arreta deitzeko aproposa bada ere, argi dago titularretan ezinbestean sinplifikatu beharra dagoela; beti ere, noski, artikuluan aipatzen bada arratoietan egindako ikerketa dela. Kazetarion deskarguan, aipatu beharra dago zientzia-artikuluen titularretan ere ez dela normalean azaltzen. Hala izan balitz, gaur dakargun honen tituluak honakoa beharko luke: High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy… IN MICE.

1. irudia: Proteinak beharrezkoak badira ere, gehiegi hartzea ere ez omen da gomendagarria, horrek arterietan plaken pilaketa lagun dezakeelako. Orain argitu dute horren arrazoia… arratoietan. (Argazkia: Jeff Covey / Unplash)
Bada, hasiera-hasieratik arratoietan egindako ikerketa dela argi utzita, baina emaitzak gizakietara eraman ahal izango diren esperantzan, hona hemen Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean funtsean azaldu dutena: proteina maila altua duten dietek arterietan plaken pilatzea eragiten dute, eta, hortaz, aterosklerosia garatzen laguntzen dute. Ikusi ahal izan dutenez, proteina maila altu hauek odolean zenbait aminoazidoren kopuruak handitzen dituzte, eta horrek sistema immuneko zelula makrofagoetan txarrerako eragiten du. Horren ondorioz, arteriak estutzeko edo, kasurik larrienetan, guztiz buxatzeko aukerak biderkatzen dira.
Aurrera joan baino lehen, komeni da gogoratzea proteinak behar beharrezkoak ditugula organismoaren funtzionamendu egokirako, eta elikadura eta osasuna jorratzen dituzten ikerketa guztien antzera, emaitzak ezin direla interpretatu norberaren usteen arabera. Are gutxiago, lehen faseetan dauden ikerketak direnean.
Oraingo honetan, proteina asko dituzten dietak egon dira ikerketaren abiapuntuan. Izan ere, azken urteetan modan jarri dira halako dietak, pisua galtzeko onak direlakoan. Pisua galtzeaz gain, muskulu-masa handitzen laguntzen dute. Eguneroko jakietan ez ezik, lagun batzuek osagarri modura hartzen dituzte proteina horiek. San Luisko Washington Unibertsitateko (AEB) Babak Razani ikertzailearen esanetan, irabiakietan jartzen den hautsezko proteina-koilarakada pare batek 40 gramo proteina gehitzen du dietan, “normalean egun osorako gomendatzen den dosia”, hain justu.
Esperimentua egiteko, bi arratoi talde bereizi dituzte. Lehen taldekoek gantz eta proteina asko dituen dieta jaso dute. Bigarren taldean, gantzen maila altuak mantendu dituzte, baina proteinen kopurua gutxitu dute. Zehazki, lehen taldekoek jan duten elikagaien proteina kopurua %46 izan da, bigarren taldekoek %15 jaso dutelarik. Gantzen kopuru berdina mantentzeari dagokionez, argitu dute gantz horiek beharrezkoak direla plaken eraketarako. Espero zuten moduan, proteina asko jaten zuten arratoiak ez dira gizendu, baina bai gizendu dira bigarren taldekoak, gantz kopuru berdina baina proteina gutxiago jan dituztenak, alegia.
Baina esperimentuaren helburu nagusia izan da ikustea zein den proteinen eragina plaken eraketan. Eta harremana badagoela ikusi dute. Zehazki, proteina asko duen dieta jaso duten arratoiek %30 plaka gehiago garatu dute euren arterietan.
Aitortu dutenez, hau ez da lotura hori azalarazten duen lehen ikerketa. Aurretik animalietan egindako zenbait probak eta baita kohorte handien bitartez egindako ikerketa epidemiologikoek erakusten zuten proteina kopuru handiko dieten eta arazo kardiobaskularren arteko harremana. “Horregatik argitu nahi izan dugu benetan lotura kausal hori ote zegoen”, azaldu dute ikertzaileek. Behin erlazio kausal hori berretsita, prozesuaren atzean dauden mekanismoei erreparatu diete, harreman horren nondik norakoak argitzeko.

2. irudia: Pisua galtzen laguntzen dutelako, azken urteetan modan jarri dira proteina kopuru altuak dituzten dietak, proteinak gehigarri modura hartzeraino. (Argazkia: Kelly Sikkema / Unsplash)
Arterietan sortzen diren plaka horiek hainbat materialez osatuta daude: gantzak, kolesterola, kaltzioa edota zelula hilak. Horiek garbitzeko ardura dute zelula makrofagoek. Baina proteina asko duten dieten kasuan, aminoazidoen kopurua handitzen da, eta horrek mTOR izeneko proteina bat aktibatzen du makrofagoetan. Haien zereginetan jardun beharrean, makrofagoak handitu egiten dira, eta, azkenean, hil egiten dira. Egoera okertzeko, hildako makrofago horiek plaken inguruan geratzen dira pilatuta, eta, hala, arterietan zegoen arazoa konpondu beharrean, arazoa bera handitu egiten da.
Aminoazidoen artean, bereziki makrofagoentzat kaltegarrien direnak leuzina eta arginina direla ikusi dute. Dena dela, aminoazido desberdinek kontu honetan guztian jokatzen duten rola argitu nahi dute datozen ikerketetan. “Proteina kopuru handiko dieta jaten zuten arratoiek makrofagoen hilerria ziruditen plakak zituzten”, adierazi du Razanik. Erantsi du hildako zelulek plakak ezegonkortzen dituztela, eta, ondorioz, plaka horiek askatuak izateko arriskua handitzen dela.
Proteina altuko dietak eta aminoazidoak arazoaren muinean daudela aitortuta ere, zientzia-artikuluarekin batera argitaratutako iruzkin batean Hanrui Zhang eta Muredach P. Reill ikertzaileek oraindik argitzeke dauden hainbat galdera jarri dituzte mahai-gainean.
Egile hauen ustetan, orain argitu behar da, besteak beste, beste aterosklerosia motetan harreman hori mantentzen ote den, dieta beganoen bitartez eskuratutako proteinek antzeko eragina ote duten, eta mikrobiotan sortzen den eragina aztertzeko aukera ere aipatu dute. Bestalde, eta egileek jatorrizko artikuluan esandakoari jarraiki, leuzinaren rola arreta handiagorekin aztertzeko beharra aipatu dute. Izan ere, soilik horrela argitu ahal izango da leuzina bera benetan hain funtsezkoa den, ala, aldiz, beste hainbat aminoazidoren arteko elkarrekintzatik sortzen ote den eragin kaltegarri hori. Informazio hori edukita, era batean edo bestean prozesuan kanpotik eragiteko aukera aztertzeko beharra aipatu dute ere, modu honetan, proteina altuko dietek dituzten abantailei probetxua ateratzen jarraitu ahal izateko.
Azkenean, gogorarazi dute aurkikuntza hau ez dagokiola soilik dieten arloari, eta, behin aminoazidoek makrofagoetan duten eragin hori ezagututa, botika eta sendabide berriak aurkitzeko ateak irekitzen direla. Antzeko moduan mintzatu dira ikerketaren egileak, prentsa ohar batean jaso dutenez: “Lan honek ez du soilik definitzen dietetako proteinen atzean dauden prozesu kritikoak. Bihotzeko arazoak tratatzeko bideak ezartzeko oinarria jartzen du ere”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Zhang, X., Sergin, I., Evans, T.D. et al., (2020). High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy. Nature Metabolism, 2, 110–125. DOI: https://doi.org/10.1038/s42255-019-0162-4
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Proteina asko duten dieten eta bihotzeko arazoen arteko lotura aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Nazioarteko egun baterako arrazoiak
Hortik aurrera, elkarrekin hizketan hasi dira, emakumeek zientziaren munduan duten presentziari buruz. Hainbat arazo aipatu dituzte gai horrekin lotuta, besteak beste, emakumezko zientzialariak ez direla hainbeste aintzatesten, lehen emakumeek debekatuta zutela ikasketa jakin batzuk egitea, eta emakumeak pertsonen arreta eta zaintzarekin lotutako lanbideetara orientatu ohi direla. Ikuspegi desberdinak azaldu dituzte eta, halaber, aipatu dute gizarteak eta familiak neskak presionatu egiten dituztela euren prestakuntza eta lanbidea norabide batean edo bestean orientatzeko.
Nahiz zenbait lanbidetan aritzeko aukera gutxiago duten, ondo baino hobeto dakite edozein ikasketa egiteko eta edozein lanbide izateko gaitasuna dutela, eta halaxe adierazten dute. Iruditzen zaie gauzek hobera egin dutela, eta orain neskek askatasuna dutela zer izan nahi duten erabakitzeko.
Arazo horiek guztiak direla-eta da, hain zuzen ere, otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Mutilen eta nesken artean desparekotasuna dago ikasketei dagokienez, eta, batik bat, oso neska gutxik hautatzen dituzte bereziki zailtzat jotzen diren eta, suposatzen denez, ikasle bereziki argiei dagozkien diziplina jakin batzuetako gradu eta graduondokoak. Ikasketa bat edo beste hautatzeko orduan dauden desberdintasunek ondorio sozial eta ekonomikoak dituzte, arrakala sozial eta ekonomikoak sortzen eta jada existitzen diren arrakalak handiagotzen baitituzte.
Euskal Herriko Unibertsitatea konprometituta dago: gizartean gizonek eta emakumeek eskubide berak izatea eta aukera berberak izatea da helburua. UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak ere konpromiso hori hartu du bere gain, eta, ahal duen neurrian, egoera hori aldatzen lagunduko duela erabaki du. Horregatik, 2014ko maiatzaren 8az geroztik Mujeres con ciencia bloga argitaratzen da.
Gaur, otsailaren 11, guk ere bat egin nahi dugu Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak sustatzen duen eguna. Horretarako, Gai gara bideoa egin dugu, testu honekin batera dagoena. Agerian utzi nahi izan dugu unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari diren gazteek nola ikusten duten emakumeek zientziaren munduan duten egoera. Bideoan agertzen diren neska-mutilekin bat gatoz: ez gaude ados egungo egoerarekin, bidegabea da. Gainera, neska-mutil horien baikortasuna partekatu nahi dugu, baita euren gaitasunekin duten konfiantza ere. Baina baikortasun hori gizon-emakumeen eskubide eta aukera berdintasunean aurrerapausoak ematearekin justifikatzeko, ekintzak beharrezkoak dira; lan egiten jarraitu behar da. Horixe da Kultura Zientifikoko Katedraren jomuga. Eta horregatik, guretzat, bihar emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, atzo bezalaxe.
“Gai gara” K2000 enpresak ekoiztu du, Jose A. Pérez Ledok zuzendu eta musika Borrtex (Christmas Tree) jarrio dio. Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan grabatua dago eta eskerrak eman nahi dizkiogu ikastetxeari haren lankidetzarengatik.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunari buruzko gehiago:- Juan Ignacio Pérez Iglesias, Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala, 2017ko otsailaren 11.
- Juan Ignacio Pérez Iglesias, Ez da pertzepzio bat, 2018ko otsailaren 11.
- Juan Ignacio Pérez Iglesias, Nire alabak ingeniaria izan nahi du, 2019ko otsailaren 11.
The post Nazioarteko egun baterako arrazoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kozinatzeak egin gintuen gizaki
Richard Wrangham primatologoa da egilea eta haren arabera, Homo erectus espeziea orain bi milioi urte sortu zen Afrikako sabanan, hain justu, sua kontrolatu eta hura ezaugarri fisiologiko eta portaera ezaugarri zenbaiten gainean erabiltzeak izan zituen efektuengatik. Agerpen ordenaren arabera, H. erectusa da, ziur aski, Homo generoko bigarren espeziea; lehena, H. habilis genuke. Alabaina, gure bilakaeraren aldi horren gaineko ezagutza asko ari da areagotzen azken urteotan eta ezin daiteke baztertu espezieon estatusa edo haien agerpen datak aldatzea.

Irudia: Giza espeziea elikagaiak prestatzen dituen bakarra da eta Richard Wrangham primatologo eta Harward Unibertsitateko antropologia biologikoko irakaslearen ustez, ohitura hori funtsezkoa izan zen gure garunaren eta adimenaren garapenerako. (Argazkia: Karsten Madsen – erabilera publikoko lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)
Wranghamen arabera, elikagaiak kozinatuz handitu egin zen hauek digeritzeko eta xurgatzeko eraginkortasuna, eta horrek ondorio ebolutibo sakonak izan zituen. Elikagai batek energia eta mantenugai gehiago ematen ditu kozinatuta gordinik baino. Izan ere, kozinatzean, tamaina handiko molekula zenbaiten egitura, esaterako, proteinena edo karbohidratoena, aldatu egiten da, eta errazagoa da haiek digeritzea. Ondorioz, elikagai kantitate gutxiago behar da bizirauteko, eta denbora gutxiago bideratu behar da hura lortzera, mastekatzera eta digeritzera. Eta hori bezain garrantzitsua edo areago dena: behar dugun janaria prozesatzeko, arbasoena baino digestio sistema txikiagoa behar da, edota gorilena eta txinpantzeena baino txikiagoa.
Hala –eta hau da bilakaerarako elementu gakoa–, digestio sistema asko txikiagotu ahal izan zen, eta energia askoz gehiago bideratu genezakeen entzefaloa elikatzera; pixkanaka tamaina handitu, eta gaur egungo bolumen harrigarria izatera iritsi zen. Trantsizio hori behar bezala ulertzeko, kontuan hartu behar da digestio eta nerbio ehuna direla (giltzurrun ehunarekin bat) energia gehien kontsumitzen dutenak masa unitateko; hau da, entzefaloa eta digestio aparatua oso garestiak dira mantentzeko. Ez hainbeste giltzurrunak, txikiak direnez.
Gainera, suaren kontrolak beroa ematen du eta harrapariak arrastoan sartzeko modua. Hala, bizimodu ez hain zuhaiztarra egin zitekeen, lurzoruan denbora gehiago egotea eta jarduera gehiago egitea ekarriko lukeen, eta horrek erraztu egingo zuen zutik egotea.
Wranghamen hipotesiak arazo bat zuen orduan; orain hamar urte ez zegoen frogatuta duela bi milioi urte sua kontrolatzen zutenik. Hori bai, kontrolaren ebidentziarik ez egotea ez da kontrola ez zutelako ebidentzia. Hamar urte geroago, oraindik ezin diogu erantzun gizakiok noiz hasi ziren sua kontrolatzen, baina argitaratu berri den lan batek “errekuntzaren eta giza portaeraren arteko lotura dokumentatu” du, 1,5 milioi urteko antzinatasuna duen aztarnategi batean, Koobi Fora formazioan, Kenyako ipar-mendebaldean. Eta litekeena da lotura hori hurbileko eta garai bereko beste bi tokitan ere gertatzea. Oso zaila da duela milaka urte suaren erabilera kontrolatuaren frogak izatea. Baina Koobi Foran egindako aurkikuntzek Wranghamen hipotesiaren alde egiten dute. Hipotesi hori, oso erakargarria da bere oinarri fisiologikoengatik eta, zergatik ukatu, askori sukaldaritza ona gustatzen zaigulako.
Iturria:
Hlubik, S., Cutts, R., Braun, D. R., Berna, F., Feibel, C. S., & Harris, J. W. K., (2019). Hominin fire use in the Okote member at Koobi Fora, Kenya: New evidence for the old debate. Journal of Human Evolution, 133, 214-229. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2019.01.010.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Kozinatzeak egin gintuen gizaki appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #289
Daniel K. Inouye Eguzki Teleskopio berriak Eguzkiaren azala aurrekaririk gabeko xehetasunez lehen irudiak eman ditu. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, irudian ikusten diren gelaxkak Eguzkiaren plasma-burbuilak dira. Gelaxka bakoitzak Iberiar penintsulako neurria duela adierazi du National Science Foundation-ek.
EstatistikaDiru zorro bat kaletik topatzen badugu, jabeari itzuliko genioke? Eta berdin itzuliko genioke diru zorroa hutsik edo diruarekin aurkituko bagenu? Mundu mailako esperimentu batek eman digu erantzuna. Ia herrialde guztietan, langilea jabearekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen kasuen ehunekoa txikiagoa zen zorroetan dirurik ez zegoen kasuan, eta zorroetan zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta handiagoa zen kasuon ehunekoa. Arrazoia? langileak ez du bere burua lapurtzat hartu nahi. Hona artikulua informazio guztiarekin.
MikrobiologiaKoronabirusak eragin duen larrialdia ikusita, Elhuyar aldizkariak glosario bat prestatu digu gaitza hobeto uler dezagun. Hainbat kontzeptu argitu dizkigute, hala nola, zoonosia zer den azaldu digute, baita R0 zenbakiak esan nahi duena ere. Ez galdu!
ArkeologiaNazioarteko ikertzaile talde batek ikusi du duela 300.000 eta 200.000 urte tartean Afrikan bizi izan ziren lau populaziotan dagoela gaur egungo gizakien jatorria. Kamerunen kokatuta dagoen Shum Laka izeneko harpe batean aurkitutako arrastoak dira ikerketaren abiapuntu. Lau umerenak dira: horietako bi, duela 8.000 urte ingurukoak; beste biak, duela 3.000 urtekoak. Juanma Gallegoren artikuluan informazio guztia.
Danbolinzulo haitzuloan (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitutako horma-irudiek informazio baliotsua eman dute Paleolitoko testuingurua ulertzeko. Bertan, bost basahuntz, bi zaldi, eta giza itxurako figura bat identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, ikerketan ondorioztatu dute Magdaleniar aurrekoak direla (duela 20.000-30.000 urte), kantauriar-iberiar estilokoak. Ez galdu!
BioteknologiaGarun-organoideak sortu dituzte Trentoko Unibertsitatean (Italia), Elhuyarren ikusi bezala, meduloblastoma, haurren garun-minbizirik erasokorrena ikertzeko. Izan ere, meduloblastoma duten haurren %70ek bakarrik irauten dute bizirik diagnostikoa jaso eta handik bost urtera. Ikertzaileek onartu dutenez, zailena tumoreetan oinarritutako organoideak sortzea izan da.
KimikaDiabetesa ulertze aldera, ezinbestekoa da argitzea zein den glukosaren metabolismo normala. Hasteko, gorputzeko zelula guztiek energia behar dute bizirauteko eta haien funtzioak betetzeko. Hala, zelulen energia-iturri nagusia glukosa da eta odolaren bidez iristen da zeluletara. Baina glukosa zeluletan modu eraginkorrean sar dadin intsulina behar da. Ez galdu Josu Lopez-Gazpioren azalpenak!
MaterialakIngurumena kaltetzen duten polimero eta plastiko arruntak ordezkatzea da azken urteotan ikertzaile askoren helburua. Bide horretan, polimero biodegradagarriak interes handia piztu du. Material polimeriko biodegradagarrien arloan propietate berri eta interesgarriak agertzen ari dira eta horien artean zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke. Honen ingurukoak artikuluan.
Ion Erreak –irakaslea UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ikertzailea DIPC Donostia International Physics Centerren eta CFM Materialen Fisika Zentroan– zuzendu duen ikerketa batean frogatu dute tenperatura oso handiko supereroaleak lor daitezkeela askoz ere presio txikiagoetan. Berriak egin dion elkarrizketa honetan aurkituko duzue informazio osagarria.
Emakumeak zientzianIzar Agirresarobe Pinedarentzat zientzia eta filosofia uztartzea posiblea da. Filosofia ikasi zuen lehendabizi: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla”. Ondoren, Psikologia gradua lortu zuen, baita Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra ere. Orain doktoretza egiten ari da, plazeboa ikertzeko proiektu batean, IAS-Research taldean. Plazeboa eta plazebo-efektuaren arteko harremana ikertzea interesatzen zaio, besteak beste.
OsasunaEuropako kontsumitzaileen hainbat erakundek koloretako ezpain margo batzuk aztertu dituzte eta horietan “osagai kezkagarriak” topatu dituzte. Azaldu dutenez, petroliotik ateratako hainbat olio erabiltzen dira produktuotan, hala nola MOSH (Olio Mineralez Saturaturiko Hidrokarburoak), POSH (Poliolefina Oligomerikoz Saturaturiko Hidrokarburoak) eta MOAH (Olio Mineraletako Hidrokarburo Aromatikoak) gaiak. Berrian irakur daiteke informazioa.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #289 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #294
Anai-arreben arteko harremana, positiboagoa da haietako batek desgaitasun neurologikoa duenean, biak neurotipikoak direnean baino. Limitazioak ditu egindako ikerketak, baina oso interesgarria da. J.R. Alonso: Siblings and discapacity
Titularretako “clickbait”ak ez du beti funtzionatzen, bereziki zenbait gairi lotuta. Hedabideetako editore batzuk konturatu beharko lirateke batzuetan kaltegarria ere badela. Martha Villabonaren Newspaper headlines influence online news search and engagement
250 K (23 gradu zero azpitik) giro tenperatura kontsideratzea ez, ezta? Ez da ohiko giro tenperatura, baina ez dirudi bereziki baxua denik, segun zein tokitan topa daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua 250 K-tan supereroalea den konposatua topatu izana. DIPCkoek lortu dute eta azaldu ere: Quantum atomic fluctuations stabilize the crystal responsible for superconductivity at 250 K
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #294 appeared first on Zientzia Kaiera.
Izar Agirresarobe, filosofoa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla”
Lotura hori, baina, gerora iritsi da. Izan ere, unibertsitatera sartzeko hautaketa-proba egin aurretik, Psikologia ikasteko asmoa zuen. Horretarako nota nahikorik ez zuen lortu, ordea, eta Filosofia egiten hasi zen. Eta hara non, lehen mailan bertan, ohartu zen hura zela bere bokazioa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla. Ordura arteko ikasketetan, bazirudien gauzak irakasten zizkiguten bezalakoak zirela, eta ez zitzaion arretarik jartzen eztabaidari eta galderak egiteari. Eta niri asko gustatzen zait ezagutzea zenbat modu dauden gauza bat ikusteko eta ikertzeko”.
Zientziarekiko interesa, berriz, hirugarren mailan piztu zitzaion, Zientziaren Filosofia ikasgaian. Aitortu duenez, aurretik zientziari buruz zuen ikuspegia beste bat zen: “Matematikarekin, Fisikarekin… lotzen nuen, eta zerbait zurruna zela iruditzen zitzaidan”. Gerora, ikusi zuen ez dela horrela, eta Matematikaren filosofia ere badagoela, adibidez.
Elhuyarrera praktikak egitera joan zenean aurkitu zuen plazeboa. “Agustin Arrieta Urtizberea irakasleak Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua gomendatu zidan, eta Elhuyarren harekin lanean ari nintzela deskubritu nuen plazeboa”. Hainbesteko jakin-mina sortu zion, ezen gradu-amaierako lanerako ere gai hori aukeratu baitzuen.
Jarraian, unibertsitatean sartu aurreko asmoari heldu eta Psikologia egitea erabaki zuen. Nahiz eta hasieran ez zitzaion iruditu baliagarria izango zitzaionik plazeboa eta plazebo-efektua ikertzeko, denborarekin ohartu da gai batzuk ikasi izana, neuropsikologia edo osasunaren psikologia, adibidez, ondo datorkiola orain. Hain zuzen, berriro itzuli da Filosofiara eta plazebora.
Plazeboa eta plazebo-efektua, sakonean
Doktoretza egiteko bidean hasi berria da, plazeboa ikertzeko proiektu batean, IAS-Research taldearen barruan. “Plazeboa eta plazebo-efektuaren arteko harremana ikertzea interesatzen zait; izan ere, intuitiboki, badirudi plazeboak beti sortzen duela plazebo-efektua, baina egile batzuek zalantzan jartzen dute hori. Horrez gain, plazebo hitza ezabatzea proposatzen dute zenbait egilek, eta horrek zer ondorio ekarriko lituzkeen aztertu nahiko nuke. Eta, bestalde, plazeboaren erabilerak zer oinarri metodologiko duen, baita etikan plazeboaren erabilera arautzeko zer arau dauden ere”.
Hainbat alderdi aztertu nahi ditu, beraz, baina funtsezko galdera hau izango litzateke, Agirresaroberen hitzetan: “Plazeboa barrutik sortzen den zerbait den, edo kanpotik datorren. Edo zer harreman dagoen barrukoaren eta kanpokoaren artean, plazebo-efektua sortzeko”.
Hori ikertzeko, IAS-Research taldearen laguntza ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat ere jaso du doktoretza egin ahal izateko. Hortaz, ez du ezkutatzen pozik eta ilusioz gainezka dagoela. Ongi hornituta eta indartsu abiatu du bidea.
Fitxa biografikoa:Izar Agirresarobe Pineda, Donostian jaio zen 1993an. Filosofiako gradua, Psikologiako gradua, eta Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egin ditu UPV/EHUn. Filosofiako praktikak egin ditu Elhuyarren, eta Psikologiako praktikak Ekin Emakumeak elkartean (Arrasaten). Egun, IAS-Research ikerketa taldean doktoretza egiten ari da.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Izar Agirresarobe, filosofoa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla” appeared first on Zientzia Kaiera.