Ezjakintasunaren kartografia #409
Merezi du antidepresiboak hartzea? Funtzionatzen dute? Funtzionatzen badute, zein kasutan? José Ramón Alonsoren Doubts about antidepressants
Galaxien errotazio abiadura azaltzeko postulatu zen materia iluna. Materia hau baliatzen ez duen eredu alternatiboa sortu zen: MOND. Eta adostasunak dio ez dela sostengatzen. Baina bada baietz dioenik. Dark matter: our review suggests MOND is better Indranil Banikena.
Angelu magikodun grafeno bigeruzak portadak izan ditu azken urteotan fisikaren munduan. Baina bigeruza zerbaitetan oinarritu behar da (grabitaterik gabekoa ez baita) eta zerbait horrek eragina izan dezake propietate elektronikoetan eta magnetikoetan. DIPC -k: An atomistic approach to twisted bilayer graphene-boron nitride heterostructures.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #409 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibone Ametzaga: “Ekosistemen zerbitzuek eragin zuzena daukate gizartean” #Zientzialari (179)
Badira urte batzuk klima-aldaketaren inguruan hitz egiten dela eta honen inguruan gehiago hausnartzen hasi ginela. Honenbestez, naturaren garrantziaz jabetu da gizartea, eta, natura gehiago zaintzen hasiak gara, izan ere, izardiaren abantailak ugariak dira.
Naturaren bidez gizartearen ongizaterako lortzen ditugun onurak ekosistemen zerbitzuak dira eta mota askotakoak izan daitezke, besteak beste, ekonomikoak, giza-harremanei dagozkienak edo segurtasunarekin lotutakoak. Hiru talde desberdinetan bereiz daitezke ekosistemen zerbitzuen onurak: lehena, hornidurazkoak edo eragin zuzena daukatenak (adibidez, elikagaiak); bigarrenak, erregulaziokoak edo zeharkakoak (tenperaturaren kontrola edo gaixotasunak); eta, azkenik, kulturalak izango genituzke, hau da, pertsonok naturan egoteagatik lortzen ditugunak (aisialdiarekin lotutakoak edo natura miresteagatik ondo sentiarazten gaituztenak).
Ekosistema zerbitzuen inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, UPV/EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako Ibone Ametzaga koordinatzailearekin egon gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ibone Ametzaga: “Ekosistemen zerbitzuek eragin zuzena daukate gizartean” #Zientzialari (179) appeared first on Zientzia Kaiera.
Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa
Gizakiak ingurunean sortzen duen eragina nabaria da eta inongo zalantzatik kanpo dago. Horren adibide dira kutsadura, klima-aldaketa, lurzoruaren higadura, baso-soiltzea eta lehengaien agortzea besteak beste. Horregatik, eragin hau murrizteko helburuarekin Nazio Batuen Erakundeak (NBE) “Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)” aurkeztu zituen 2015. urtean eta tokian tokiko erakundeak proposamen horretara atxiki izan dira, gizakien beharrak asetzeko beharrezkoak dituzten baliabideen erabilera egoki eta jasangarria bultzatzeko eta hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzeko.
Helburu horiek lortzeko, fabrikazio-teknologia aurreratuek funtsezko zeregina betetzen dute, ez bakarrik nazio-ekonomien oparotasuna areagotzeari dagokionez, baizik eta baita Garapen Iraunkorrerako 9. Helburuari dagokionez ere: «industria-berrikuntza eta -azpiegitura». Alabaina, fabrikazio-prozesuak jasangarritasun-ikuspuntuaren arabera garatzea erronka konplexua da, besteak beste, enpresek helburu gisa garapen iraunkorra jartzen dutenean, xede hori zuzeneko edo epe laburreko etekinak lortzearekin kontrajarria delako sarritan.
Jasangarritasun-helburu horiek guztiak lortzeko jomugarekin, lekuan lekuko gobernuek plangintza ugari argitaratu dituzte, betiere herrialdeen arteko koordinazioa bilatuz. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda argitaratu du, EAEko egoerara egokitua. Agenda horretan, fabrikazio gehigarria (hemendik aurrera, FG) etorkizuneko fabrikazio eta ekoizpen jasangarriagoen garapena ahalbidetuko duen fabrikazio-prozesu bezala sailkatzen da, eta horregatik, lan honetan FGaren iraunkortasunaren azterketa gauzatu da.
Fabrikazio gehigarriak fabrikazio-modu berri bati ireki dizkio ateak, eta diseinu-askatasuna eta konplexutasun handiko piezen fabrikazioa ahalbidetzea dira teknologia horren arrakastaren giltzarri. Besteak beste, ondorengo onurak eskaintzen ditu FGak:
- Lehengaien erabilera eraginkorra. Bukaerako pieza eskuratzeko fabrikazio-prozesuan zehar sortzen den hondakin kantitatea, mekanizazioarekin eta halako ohiko teknologiekin alderatuz, murriztu egiten da.
- Produktuen diseinu-optimizazioa. FGko prozesuek, diseinua egokitzeko gaitasuna eskaintzeaz gain, material gutxiago erabiltzea dakarte.
- FG prozesuaren berezko izaera: FGak energia kantitate handiak erabiltzen dituzten fabrikazio-prozesuak –hala nola forjaketa– baztertzeko gaitasuna dauka.
- Hornitze-katearen sinplifikazioa: FGko prozesuen izaera digitala dela medio, FGko ekipoak bukaerako bezeroarengandik hurbilago koka daitezke, eta distantziatik kontrolatu. Hortaz, hornitze-kateak sinplifikatu egiten dira; hala, «0 km»ko fabrikazioa lortzen da, eta bitarteko biltegi- eta garraio-logistikak gutxitzen dira.
- Produktuaren iraupena luzatzea: FGa piezen konponketarako edo xehetasun berriak gehitzeko erabil daiteke. Horrela, FGak piezen iraupena luzatzen du, eta fabrikazio jasangarriagoa eskaintzen.
Alabaina, FGak abantailak izan arren, ezin dira baztertu prozesu horrek ingurumenari begira dituen arriskuak. Piezen fabrikazioan erabiltzen diren hauts-formatuko lehengaiak oso kutsakorrak izan daitezke; ez bakarrik ingurumenaren jasangarritasunaren ikuspuntutik, baizik eta baita langileen osasunarenetik ere. Gainera, sortzen diren hondakinen tratamendua konplexua da, eta haien aurreko esposizio jarraituak osasun-arazoak ekar ditzake babes-neurri egokiak hartzen ez badira.

Dena den, FGak abantaila nabarmenak eskaintzen ditu pieza konplexuen fabrikazioan, bereziki aeronautikako, automobilgintzako eta medikuntzako balio erantsi handiko piezen fabrikazioan. Hala ere, kasu bakoitza bere aldetik aztertu beharra dago, fabrikazio gehigarriak ohiko fabrikazio-teknologiekin alderatuz hobekuntzarik eskaintzen duen ala ez erabakitzeko eta energia-kontsumo eta materialaren erabilera eraginkorra bermatzeko.
Bukatzeko, azpimarratu beharra dago EAEko industrian fabrikazio gehigarriak duen garrantzia handitzeko, erakunde publikoen apustu argia dagoela; izan ere, seguru daude teknologia hori fabrikazio jasangarriagoaren giltzarria izango dela etorkizun hurbilean.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2021
- Artikuluaren izena: Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa: materiala aurreztea eta kontsumo energetikoa murriztea.
- Laburpena: Gizakiaren ekintzen ondoriozko aztarna ekologikoaren eragina murriztearen garrantziaren kontzientzia globala hedatuta dago egungo gizartean, baina oraindik beharrezkoa da aurrerapausoak ematea. Egora horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aurkeztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean, industriaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren beharrizana azpimarratu behar da. Ildo horretan, fabrikazio gehigarria materialaren erabilera murriztu eta kontsumo energetiko jasangarriaren alde egiteko aukera ezin hobea da. Beraz, teknologia horrek eskaintzen dituen abantailen azterketa gauzatu da artikulu honetan, baina betiere ikuspuntu jasangarri batetik eta ohiko teknologiekin alderatuz.
- Egileak: Jon Iñaki Arrizubieta, Olatz Ukar, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz, Naiara Ortega
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 155-171
- DOI: 10.1387/ekaia.22141
Jon Iñaki Arrizubieta, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz eta Naiara Ortega UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileak dira.
Olatz Ukar Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Diseinu eta Industria Antolaketa Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Naturak 57 modu ditu mineralak sortzeko
Eratzen diren moduan abiatuta, mineralak sailkatzeko metodo berria proposatu du ikertzaile talde batek. Orain arte osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa baino ez dira kontuan hartzen.
Igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak. Oso ezaguna da arrokak sailkatzeko erabiltzen den modu orokorra. Jakina denez, arroken jatorria aintzat hartzen da sailkapenean, eta hori oso lagungarria da beren ezaugarriak eta testuinguru geologikoa ulertzeko.
Ez da mineralen kasua. Kasu horretan, haien ezaugarriak hartzen dira kontutan. Alabaina, aditu talde batek uste du mineralen kasuan ordua dela jatorria ere aintzat hartzeko. Horregatik, sailkapen osagarri bat proposatu dute. Lurrean ezagutzen diren mineral guztiak aintzat hartu dituzte horretarako. Sarbide librea duten datu baseetan abiatu dira —mindat.org eta rruff.ima/info aipatu dituzte—. Hamabost urteko lan baten ondoren, beraiek ere datu-base bat osatu dute mineralak sortzeko gai diren prozesu guztiekin.

Ez dira sailkapen hutsean geratu, noski. Jakina da ordenatze hutsak gutxirako balio duela, eta prozesu horretan ateratzen diren irakaspenak direla, hain zuzen, zientzia balio gehien dutenak.
Sailkapen berri hau aurrera eraman ahal izateko, azterketa egin duten azken uneetan IMA Nazioarteko Mineralogia Elkarteak onartuak zituen 5.659 mineral espezie arakatu dituzte (zenbaki hori, ordea, etengabean handitzen da, eta 2022ko uztailean zerrenda ofizialak 5.828 mineral biltzen ditu dagoeneko).
“Espezie” hauez gai, ikertzaileek 10.556 mineral “mota” proposatu dituzte. Honen zergatia da mineral asko modu batean baino gehiagotan eratu daitekeela, eta horretan jarri dute, hain zuzen, ikerketa honen fokua. Modu horretan, mineralak sortzen dituzten 57 prozesu fisiko, kimiko eta biologiko identifikatu dituzte. Hainbat mineral mota batu dituzte ezaugarri horien arabera, eta beste hainbat, berriz, banandu dituzte, mineral horiek noiz eta nola sortu ziren abiapuntu hartuta. Ez dute proposatu zerrenda ofiziala ordezkatzea, zerrenda horretan kategoria eta taldekatze berriak eranstea baizik.
Egileek azaldu dute orain arte proposatu diren sailkapenetan irizpideak beti izan direla osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa, baina proposamen berri honetan aintzat hartu dute mineral hauek sortu diren modua eta unea. “Ahaleginik handiena egin dugu mineral desberdinak arakatzeko orduan ikuspegi berri baten oinarriak jartzeko”, adierazi du Carnegie instituzioko zientzialari Robert Hazenek. “Lan honek errotik aldatzen du planetan dauden mineralen aniztasunari buruz daukagun ikuspuntua”, erantsi du.
American Mineralogist aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean Shaunna Morrison eta Robert Hazen ikertzaileek mineralak sailkatzeko erabili duten ikuspegi berri hau ezagutarazi dute.
Hain azterketa zabala izanda, datu interesgarri asko azaleratu dira, eta, horiei esker, mineralen mundua ikuspegi zabal batetik aztertu daiteke. Adibidez, ondorioztatu dute 2.400 mineral ingururen osaketarako 41 elementu funtsezkoak direla; baina, halere, elementu horien kontzentrazioa lurrazalaren milioiko bost partekoak baino ez direla.

Mineralen %40 inguru eratu dira bide batean baino gehiagotan. Mineral gehienak (%59) modu batez baino ez dira sortzen. Laurden bat (%24) bi modutara sortu ahal dira. Hiru prozesu bidez sortu daitezke mineralen %8, eta gainerako %8 inguru lau prozesuren baino gehiagoren ondorio izan daitezke.
Izan ditzakeen askotariko jatorriari dagokionez bederen, pirita (FeS2) da “munduko txapelduna”, prentsa ohar batean adierazi dutenez: 21 bide desberdinetik eratzen da. Sor daiteke tenperatura altuetan zein baxuetan, urarekin ala urik gabe, bizidunen laguntzarekin ala guztiz elkorrak eta antzuak diren eremuetan. Meteoritoak, sumendiak, iturri hidrotermalak, arroka geruzen arteko presioak, meteorizazioa, mikrobioek eragindako deposituak… are gehiago, meatzaritzari lotutako zenbait prozesu… horiek guztiak izan daitezke piritaren abiapuntu.
Faktore garrantzitsuena mineralen osaketarako ura da: mineralen %80 inguruk elementu hau dute beren eraketa prozesuan. Ondorioz, esan daiteke ura dela planetan dauden mineralen aniztasunaren funtsezko eragilea. Zientzialariek azaldu dutenez, horrek azaltzen du zergatik Ilargiak, Merkuriok edo Martek mineral mota gutxiago dituzten Lurrarekin alderatuz.
Adinari dagokionez ere, datu interesgarriak jarri dituzte mahai gainean: gutxienez 296 mineral Lurra bera baino aurretikoagoak dira. Horietatik, 97 soilik meteoritoetan ezagutzen dira. Horien barruan aurkitutako zenbait konposatu duela 7.000 milioi urte baino gehiago sortu zirela kalkulatu dute: horrek esan nahi du Eguzki Sistema bera baino zaharragoak direla. Horien jatorria zehaztea zaila den arren, meteoritoetan gordetako mineral berezi hauek gure Eguzki Sistema sortzen ari zenean gertatutako supernoba baten eztandaren emaitza izan zirela uste dute zenbait adituk.
3.534 mineral planetaren bizitzaren lehen 250 milioi urteetan sortu ziren. Garai horretan funtsezko hainbat prozesu gertatu ziren, hala nola ozeanoen sorrera eta lur azalaren garapena. Horrek esan nahi du biziaren agerpena abiatzeko beharrezkoak ziren osagai geokimikoak eskura zeudela. Honen guztiagatik, mineral asko zein ura soberan dituzten munduetan bizia “inperatibo kosmikoa” baldin bada, egileek babestu dute argitaratu dituzten emaitzek “bizia planetaren eboluzioaren lehen uneetan azkar sortu zelako hipotesia” sustatzen dutela. Horretan, lagungarria izan zen “askotariko erreinu mineral” indartsu bat egotea.
Baina, horrez gain, funtsezkoa izan da ere biologiaren rola. Kalkulatu dutenez, mineral espezieen heren batean ezinbestekoak izan dira bizidunak. Kasurako, oskolak, hezurrak, hortzak edota mikrobioak… horiek guztiak aintzat hartzeko modukoak dira zenbait mineralen eraketa prozesuan. Baina, zeharka ere, biologiak mineral gehiagotan du eragina: bizidunei esker bete zen oxigenoz planetaren atmosfera, eta hori ere funtsezkoa izan da mineral askoren eraketarako. Modu horretan ulertuta —zeharkako eragina— biologiak baldintzatu du mineral guztien erdia.

Mineral gehienen jatorria naturala bada ere, antropozenoaren mineralak deitu genitzakeenak ere badira. Ez dira gutxi, gainera: zenbatetsi dute 600 mineral baino gehiagok giza jardunean dutela jatorria. Horietatik 500 bat meatzaritzaren ondorio dira, eta 234 ikatz meatzaritzan izandako suteetan sortu dira.
Horiez gain, ikertzaileek gogorra ekarri dute gizateriak mineralekin antza handia duten material ugari sortu dituela azken hamarkadetan, horiek zerrenda ofizialetan agertzen ez diren arren. Konposatu horiek milioika urtez mantenduko dira planetan, temati, antropozenoaren adierazle gisa.
Jatorri biologikoaz gain, badira ere biomineraltzat har daitezkeenak, oso lotuta daudelako bizidunetan izandako prozesu metabolikoei. Kasurako, koralak, oskolak edota giltzurrunetan sortutako harriak. Halako 77 biomineral daudela kalkulatu dute. Zeharo bitxiak diren jatorriak egon daitezke multzo horretan: kasurako, badago mineral bat soilik Antartikako Elefante uhartean sortzen dena, eta pinguinoek botatako gernuak bertako zoruan dauden mineralekin sortutako erreakzioen ondorioz eratzen da: spheniszidita deritzo.
Esan beharrik ez dago: inoiz bikoteari edo lagun bati mineral horretaz egindako lepoko bat oparituz gero, ez duzu zertan horren jatorria azaldu beharrik.
Erreferentzia bibliografikoa:Hazen, Robert M., Morrison, Shaunna M. (2022). On the paragenetic modes of minerals: A mineral evolution perspective. American Mineralogist, 107 (7), 1262–1287. DOI: https://doi.org/10.2138/am-2022-8099 https://doi.org/10.2138/am-2022-8099
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Naturak 57 modu ditu mineralak sortzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Geodibertsitateak inguratzen gaitu
Joan den ekainaren 5ea, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatu genuen eta, ez baduzue uste ere, oso efemeride geologikoa da. Ingurumenaz hitz egiten dugunean, oro har, biodibertsitatearekin lotutako irudiak etorri ohi zaizkigu burura lehenik, hau da, inguru batean garatzen den aniztasun biologikoarekin lotutakoak (flora eta fauna). Gutxitan pentsatzen dugu geodibertsitatean –lurralde hori osatzen duten prozesuak, egiturak eta material geologikoak–. Aitzitik, geodibertsitateak zehazten du aurkituko dugun biodibertsitatea.

Eremu bateko geodibertsitatea tokiko historia geologikoaren emaitza da. Milaka urtez izan diren aldaketa, prozesu eta gertakari naturalen ondorioa, egungo paisaian beha daitezkeen arroketan eta egituretan islatuta gelditu direnak. Historia horrek hitz egiten digu gure iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, espezie eta gizarte gisa. Eta, aurretik azaldu bezala, historia horrek definituko du inguruan garatuko diren flora eta fauna. Hona hemen zenbait adibide.
Lurralde batek jasaten duen testuinguru tektonikoak topografia kontrolatzen du. Hala, mendi goragune handiak badaude, eragina izango dute ziklo atmosferikoan eta altuerako fauna eta flora banatzeko tokiak sorraraziko dituzte. Ingurune lau zabalak badaude, ordea, garatuko den biodibertsitatea oso bestelakoa izango da.
Eremu batean agertzen diren arrokek baldintzatuko dute han sortuko den zorua. Esaterako, kareharri askoko tokietan, kaltzio karbonatoan aberatsak diren zoruak egongo dira; hareharri gehiago dauden inguruetan, aldiz, silize eduki handiko zoruak egongo dira. Zoruek, aldi berean, inguru horietan finkatuko den landaredi mota zehaztuko dute eta, horrenbestez, kate trofiko osoari eragingo diote.
Uretako geodibertsitatea
Lurralde batean dagoen ura ere bertako ezaugarri geologikoen araberakoa da. Alde batetik, harri porotsuek, kareharriak edo basaltoak kasu, urari zirkulatzen eta metatzen uzten diote, eta, modu horretan ur gordailuak sortzen dira, gainazalekoak edo lurpekoak. Bestalde, material geologikoen higadura bereiziek edota ahalegin tektoniko estentsiboek eragindako hondoratzeek sakonuneak agertzea ekartzen dute, non ura metatu daitekeen, eta hala askotariko biodibertsitatea duten aintzirak eta lakuak ager daitezke.

Kostaldea ere geologiaren eraginpean dago. Kostaldean ageri diren arrokek eta horien geruzen posizioak olatuen korronteekiko eta itsasaldiekiko (alegia, geruzak kostaldeko lerroarekiko paralelo edo zut dauden) zehaztuko dute higadura edo hauste maila. Ondorioz, faktore horien arabera, oso hondar finezko hondartzak edota amildegi arrokatsuak aurkituko ditugu. Lehenetan, batez ere hondarretan lurperatuta bizi diren organismo hondeatzaile ugari egongo dira; bigarrenean, ordea, arrokei finkatuta bizi direnak aurkituko ditugu.

Azaldutako hauek oso adibide orokor batzuk baino ez dira. Gehiago sakonduko bagenu, geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen arteko lotura bera aurkituko genuke. Arroken osaera kimikoak eta barne egiturak, baita leku batean milioika urtez gertatu diren prozesu eta egitura geologikoek ere, askotariko ezaugarrietako ingurumen anitzak eragiten dituzte, non bakoitzaren baldintzei egokitutako flora eta fauna garatuko baitira (askotan oso espezifikoak). Historia geologikorik gabe ez litzateke gaur egun gure inguruan daukagu paisaia ikusi. Horrengatik, planteatu behar dugu, gure biodibertsitatea babesteko eta zaintzeko, aurretik gure geodibertsitatea zaindu eta ulertu behar dugula.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Geodibertsitateak inguratzen gaitu appeared first on Zientzia Kaiera.
Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa
Udako egun hauetan ez dago izozkia bezalakorik beroari aurre egiteko. Makina bat zapore daude: txokolatezkoa, banillazkoa, marrubizkoa, limoizkoa… Gogokoena aukeratzea zaila izaten da. Izozkiaren jatorria ez dago argi. Zenbaiten arabera lehenengo izozkiak edo antzeko produktuak orain dela milaka urte sortu ziren Txinan. Badirudi hainbat kulturatan zegoela joera elurra eztiarekin edo frutekin nahasteko. Edozein kasutan, gaur egun ezagutzen dugun izozkia Italian garatu zen Erdi Aroan, eta hortik hedatu zen Europara eta, ondoren, mundu osora.
Izozkiak hiru osagai nagusi ditu: esnea, esne-gaina eta azukrea. Sinplea badirudi ere, osagai hauek nahastean sistema konplexu bat osatzen da. Hain zuzen ere, izozkia izotz-kristalek (solido egoeran), aire-burbuilek (gasa) eta koipe- eta azukre-disoluzioak (likido egoeran) osatzen dute. Jarraian aztertuko dira aipaturiko lau osagai hauek.
Izotz-kristalek izozkiari sendotasuna eta gorputza ematen diote; izozkiaren % 30 inguru dira. Kontuan izan behar da esne-gainaren eta esnearen osagai nagusia ura dela, eta ur horren ehuneko bat solidotu egiten da izotz-kristalak sortuz. Kristalen tamainak garrantzi handia dauka testura krematsua lortzeko orduan. 50 mikra baino handiagoak diren kristalek testura pikortsua eragiten dute; 10-20 mikrako kristalek, berriz, kontsumitzaileei gustatzen zaien testura krematsua ematen diote izozkiari.
Izozkiaren beste osagai garrantzitsu bat aire-burbuilak dira; izozkiaren %30-50 inguru izan daitezke. Aireak eragina du izozkiaren sendotasunean. Zenbat eta aire gutxiago izan izozkiak, dentsoagoak dira eta testura krematsuagoa izango dute. Aire kantitate handiak dituzten izozkiak, ordea, arinagoak dira eta errazago urtzen dira. Aire-burbuilak harrapatzeko, ezinbestekoa da koipea, proteinak eta emultsifikatzaileak konbinatzea.
Izozkian dagoen koipearen jatorria esne-gaina eta esnea dira. Koipea garrantzitsua da aire-burbuilak egonkortzeko, urtze prozesua moteltzeko eta testura krematsua lortzeko.
Izotz-kristalak, aire-burbuilak eta koipea azukre-disoluzioan barreiaturik daude. Azukrearen presentziak uraren izozte-tenperatura jaitsarazten du eta horrek ura likido egoeran egotea ahalbidetzen du zero azpiko tenperaturan. Azukre mota desberdinak gehitu daitezke, izozkia gozatzeko eta hari gorputza emateko. Disoluzioan aurkitzen diren proteinek zeregin berezia daukate, aire burbuilak harrapatzen laguntzen baitute koipearekin batera eta izozkia egonkortzen laguntzen dute.
Nola egiten da izozkia?Izozkiak egiteko, izozkigile bakoitzak belaunaldiz belaunaldi gordetako errezeta sekretua baldin badu ere, jarraian jaki hau prestatzeko jarraitzen diren urrats nagusiak aipatuko dira.
Izozkia egiteko lehenengo urratsa osagaiak nahastea da: esne-gaina, esnea, azukrea, zaporedun konposatuak, etab. Osagaiak kantitate egokian nahastu behar dira azukre-, koipe- eta ur-proportzioa egokia izan dadin.
Oro har, nahastea berotu egiten da pasteurizatzeko; honela, ager daitezkeen bakterio arriskutsuak suntsitzen dira. Horretaz gain, esnearen proteinak desnaturalizatzen dira, eta horrek lagundu egiten du izozkian harrapatutako aire-burbuilak egonkortzen.
Jarraian, izozkia 5 °C-ra mantentzen da 4-24 h ordu artean. Prozesu honetan koipeak kristalizatu egiten du; horri zahartzea deritzo. Prozesu hau amaitutakoan egoera likidoan dauden koloratzaileak eta zaporea ematen dieten osagaiak gehitzen dira.
Egoera likidoan dagoen nahastea izozkia egiteko makinan sartzen da. Bertan nahastu eta izoztu egiten da, izotz-kristalak sortzen ditu eta aire-burbuilak harrapatzen ditu. Kristalen kopurua handitu ahala nahastea loditzen hasten da.
Izozkiari fruituak edo antzeko osagai solidoak gehitzen zaizkio eta azkenik gogortzea gertatzen da. Hau da, izozkiaren zati bat oraindik egoera likidoan dago; beraz, guztiz izozteko -25 °C-ra hozten da. Honela, izozkia prest dago egun hauetako beroari aurre egiten laguntzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:Cook, K.L.K., Hartel, R.W. (2010). Mechanisms of Ice Crystallization in Ice Cream Production. Comprehensive Reviews, 9, 213-222. DOI: https://doi.org/10.1111/j.1541-4337.2009.00101.x
Juri-Morales, G.; Ramírez-Navas, J. S.(2016). El helado desde la antigüedad hasta nuestros días. Heladería Panadería Latinoamericana, 233, 60-68.
Iturriak:- Ice Cream Science. Dream Scoop
- The science of ice cream. Ice Cream Nation
- Ice Cream Production. Milk Facts
Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta Colorado State University-ko Kimika Saileko ikertzailea. Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzailea Polymat Institutuan.
The post Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #402
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Aste honetan, James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu ditu NASAk. Orain arte inoiz unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira, eta 13.000 milioi urte atzera begiratu aha izan dute hauei esker. Aurkitutako egituren artean, argi infragorria erabiliz SMACS 0723 kumulua behatu ahal izan da, 4.600 milioi argi-urtera dagoen galaxien kumulua. Bestetik, WASP-96 b exoplaneta erraldoiaren espektroskopia-datuak aurkeztu dituzte. Azaldu dutenez, ura detektatu dute exoplanetan, baita lanbroaren zantzuak eta atmosferan lainoak dituen ebidentzia ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Natura Zientzien Museoak meteoritoen gaineko erakusketa zabala antolatu du, eta honen harira, Juanma Gallegok hauen inguruko artikulua idatzi du Alea aldizkarian: Unibertso puxka bat, beldurgarri bezain dotorea. Bertan azaldu duenez, batez bestean, eguneko ehun bat tona meteorito erortzen dira Lurrera, baina horietatik asko hauts baino ez dira. Meteoritoek tamaina eta osaketa oso desberdinekoak izan daitezke, eta asko ikasten da horiei esker. Izan ere, harri puska hauek eraldatu ez den jatorrizko materiala ikertzeko aukera ematen dute, horietako asko Eguzki Sistemaren osaketaren materialetatik datozelako. Gainera, etorkizunean asteroideetan meatzaritza egiteko aukera gero eta gehiago aipatzen ari da.
TeknologiaAhozko ezgaitasuna duten pertsonek sostengu-lanabes baliogarria eduki dezakete teknologia berrietan. Honen harira, badaude asko erabiltzen diren sistema komertzialak (ezagunak diren ‘Siri’ren edo ‘Google’en laguntzailearen ahotsen modukoak), baina hauek ahots-multzo mugatua izaten dute. Testuinguru honetan ZureTTS proiektua sortu da, norberaren ezaugarriei egokitutako ahots pertsonalizatuak emateko. Proiektu honen bidez, ahotsa galdu baino lehen, grabaketa sorta jakin bat egin daiteke esaldi multzo mugatua erabiliz. Horrela, ahots pertsonalizatua erabili ahal izango da ahotsa galdu ostean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ahots sintetiko pertsonalizatuak.
IngurumenaIkerketa batek baieztatu duenez, Euskal Herriko haurrek erraztasun handiagoa daukate kanpoko espezieak izendatzeko, bertakoak baino. Euskal Herriko 12 eta 13 urte bitarteko 1.000 gazterekin egin zen azterketa, eta ikasleen %82,8 hamar animalia izendatzeko gai izan zen, baina %7,4 baino ez zen izan gai hamar landare izendatzeko. Gainera, gehien aipatutako animalia espezieak lehoia, tigrea, otsoa, basurdea eta hartza izan ziren, batzuk kanpoko espezieak. Ornogabe edo anfibioak, esaterako, apenas aipatu ziren. Honegatik, umeak naturara hurbildu behar dira. Azalpenak Berrian: «Naturarekin kontaktu emozionala txikitu da; berreskuratu behar da».
IPBES plataformak aurkeztu duen txostenean ondorioztatu dutenez, naturaren balioa kontuan hartu gabe, epe laburreko onuretara eta hazkunde ekonomikora begira hartzen diren erabaki politikoak dira egungo biodibertsitate-krisiaren arrazoi nagusietako bat. Erabaki hauek guztiak, gainera, pertsonen ongizatea kontutan hartu gabe hartzen dira. Bestalde, orain arte ez da ia ahaleginik egin naturaren balioak erabaki politiko eta ekonomikoetan integratzeko, eta txosten honek informazio erabilgarria eta praktikoa ematen du jakiteko nola aktibatu naturaren balioak. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaFrontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du amilotx urdinaren lumen distira moteldu dela 2005etik 2019ra. Ikertzaileek uste dute klima-aldaketa izan daitekeela koloreen distira eta intentsitatea aldatzeko arrazoi nagusia. Zehatzago esanda, tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daiteke. Ez da lehen aldia hegazti-espezie batean aldaketa fisiko hau sumatzen dela. Amilotx urdinen kasuan alabaina, ikertzaileek azpimarratu dute ez dela genetikoki gertatu den aldaketa bat, plastikoa bizik, eta ingurumen berrira egokitzeko modu bat dela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
GenetikaArtocarpus odoratissimus zuhaitza tropikoan hazten den morazeoen familiako espeziea da. Izen zientifiko hori 1837. urtean eman zitzaion, eta geroago, 1860. hamarkadan, Odoardo Beccari italiar botanikoak Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis espezieak izendatu zituen. Orain arte azken izen hauek Artocarpus odoratissimus espeziearen sinonimotzat jo izan dira, baina lan berri batek ezbaian jarri du hori. Iban jendeak bi izen erabiltzen ditu Artocarpus odoratissimus zuhaitza izendatzeko: landatzen den zuhaitzari lumok deitzen diote, eta pingan zuhaitz basatiari. Bada, 31 zuhaitzen 451 generen informazioa erabilita, ikertzaileek argi ikusi zuten pingan eta lumok genetikoki ezberdinak direla, eta, beraz, proposatzen dute lumok eta pingan bi espezie ezberdin bezala sailkatzea. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak.
BiokimikaTaneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarrak bere garaian aintzatespena ekarri zion produktu bat sortu zuen: hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat. Marinbeef izena jarri zioten, itsas txahala euskaraz. Honen aurretik, Suzukik ekarpen ugari egin zituen arrantzako zientziaren eta teknologiaren arloan. Zehazki, arrantza produktuetatik eratorritako proteinen erabileran eta aprobetxamenduan egin zuen lan gehienbat. Gainera, Marinbeef garatzeaz gain, Suzukik hainbat lan eta liburu argitaratu zituen ingelesez, bere herrialdean kimika proteikoaren inguruan zekitena Japoniako mugetatik haratago ezaguna izan zedin. Horri esker, gaur egun hain ezaguna den surimiaren zientzia eta teknologia mundu osoan zabaldu zen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria.
OsasunaTximino baztangaren aurkako txertaketa-estrategia onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Estrategia horretan jaso denez, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak lehenetsiko ditu txertaketak. Talde horren barruan sartuko dira tximino baztangarekin kutsatuta egon gabe GIB birusaren prebentziorako tratamenduak hartzen ari direnak, eta baita GIB birusarekin kutsatuta daudenak. Lehentasuna izango dute baita ere pertsona zaurgarriek, hala nola kutsatutako pertsonekin harreman estua izan duten adingabeek, haurdunek eta immunoeskasia dutenek. Gainera, argitu dute baztangaren kontrako txertoa hartua dutenei ez zaiela jarriko bigarren ziztadarik. Datu guztiak Berrian.
Gorka Oribe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakasleak pandemiaz eta botiken kutsadurari buruzko ikerketaz jardun du Berriarekin. Azaldu duenez, badirudi joera aldaketa baten aurrean gaudela. Izan ere, hilabeteek aurrera egin ahala immunitatea, batez ere antigorputzena, gutxitu da. Ondorioz, aztertu egin beharko litzateke ea immunitate maila hori gutxitzen ari den, BA.4 eta BA.5 aldaera berriak gehiago kutsatzeko gai diren, eta kutsatze maila altuak ospitaleetan zer presio eragiten duen. Honetaz aparte, azaldu du txertoen banaketa munduan oso desorekatua izatea gainditu gabeko arazo bat dela, pandemia bat modu globalean jorratu behar baita.
Dengearen eta zikaren birusek eltxoak erakartzen dituen usaina sorrarazten dute. Eltxoen bidez hedatzen dira dengearen eta zikaren birusak, eta ikertzaileek ikusi dute infektatutako ostalariak ziztatzeko joera dutela eltxoek. Hauek usaimena erabiltzen dute ostalaria hautatzeko, eta horregatik, infektatutako ostalarien usaina aztertu dute. Ikusi ahal izan dutenez, azetofenona da gakoa, kutsatutako banakoen larruazalean ohi baino kontzentrazio handiagoetan aurkitzen baita. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
PaleontologiaHartz-txakur baten fosila aurkitu dute Pirinioetan, eta “Tartalo” izena jarri diote. Izendapena, hizkera arruntean euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez jarri diote eta, bestalde, Tartarocyon cazanavei izen zientifikoa eman diote. Espezie berri bat da, beraz, eta hau ondorioztatzeko hagin batean oinarritu dira, Amphicyonidae familiako beste aleetan orain arte aurkitu ez duten laugarren aurreko hagin berezkoa duelako. Duela 12 milioi urte bizi izan zen harrapari hau, eta familia honetako espezieak hartz baten eta txakur handi baten ezaugarrien arteko hibridoak zirela esan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: ‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #402 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #408
Imaginatu hamster bat genetikoki editatzen duzula otzana izan dadin eta panpin diaboliko bilakatzen dela. Unexpected effects of gene editing: aggressive hamsters, Rosa García-Verdugok.
Nekazal big data uste baino jende gehiago ari da biltzen. Elikaduraren etorkizunerako oso larria izan daiteke. The dangers of agricultural big data por Kelly Bronson
Van der Waals iman guztiak ez dute berdin funtzionatzen. DIPCren A different class of van der Waals magnets
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #408 appeared first on Zientzia Kaiera.
Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria
Elikagai ultraprozesatuak kontsumitzeak ondorio kaltegarriak ditu osasunean, baina zenbait une eta tokitan elikadura-abantaila izan daiteke herritarrentzat. Hala, nutrizio gabeziak garrantzitsuak izan diren edo diren une eta leku batzuetan, oso galkorrak diren edo jateko gutxi duten lehengaiak elikagai iraunkor edo kontsumitzeko errazagoak bihurtzeko gaitasuna abantaila bat izan daiteke herritarrentzat.

Ideia horrekin, zenbait produktu sortu dira; horien artean, Taneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarrari bere garaian aintzatespena ekarri zion produktu bat: hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat, bi arrain motaren –bakailaoaren antzekoak diren abadira (Pollachius pollachius) eta ikazkina (Pollachius virens)– proteinetatik ekoitzia. Garapen horri esker, 1980ko hamarkadan, arrantza industriaren aurrerabidean zentratutako erakundeen hainbat sari jaso zituen.
Taneko Suzuki 1926ko azaroaren 12an jaio zen Tokion, eta zientzia farmazeutikoak ikasi zituen Emakumeentzako Medikuntza eta Farmaziako Unibertsitate Inperialean; 1947an, titulua eskuratu zuen, eta, 1962an, doktoratu egin zen Kyushuko Unibertsitatean.
Txahala zirudien arrantza produktuaGraduatu zen urte berean, Suzuki laguntzaile gisa hasi zen lanean Japoniako Nekazaritza, Baso eta Arrantza Ministerioko Arrantza Estazio Esperimentalean, eta, 1949an, Tokai Eskualdeko Arrantza Esperimentazioko Laborategira joan zen, ministerioa berrantolatu ondoren. Administrazio horretan lan egin zuen hainbat urtez; 1967an, Kimika Biologikoko Dibisioko ikertzaile buru izendatu zuten eta, 1983an, zentroko zuzendari.
Bere ibilbidean, ekarpen ugari egin zituen arrantzako zientziaren eta teknologiaren arloan; zehazki, arrantza produktuetatik eratorritako proteinen erabileran eta aprobetxamenduan, haien kimikan eta aplikazioetan. Zehazki, produktu berri bat garatu zuen: haragi testura zuen eta hura bezala ondu zitekeen arrain proteinaren kontzentratu bat. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980ko hamarkadan arreta handia erakarri zuen.

Aurkikuntzaren printzipioa hauxe zen: arrain haragia % 1eko gatz disoluzioarekin eta baldintza zertxobait alkalinoekin oratzen denean, miosina –proteina fibroso bat– zati batean bakarrik disolbatzen da, eta, beraz, arrainaren muskulu zuntzak ez dira erabat lainoztatuta geratzen. Zuntz horiek elkarrekin landu daitezke, proteinak koagulatzen, desnaturalizatzen, koipegabetzen eta deshidratatzen dituen nahasketari konposatuak gehituz; emaitza kontzentratu proteiko pikortatu bat da. Produktu hori uretan murgiltzean, minutu gutxitan hidratatzen da berriro, eta emaitzak testura atsegina du, txahal haragi xehatuaren antzekoa.
Suzukik lortutako asmakizunari Marinbeef izena jarri zioten (itsas txahala edo halako zerbait), eta ezaugarri hauek zituen: proteina ugari, koipe gutxi, nutrizio balio handia eta arrain usainik edo zaporerik ez. Beraz, aukera asko zituen haragi xehatuaren ordez plater desberdinetan prestatzeko. Gainera, erraz garraia zitekeen, eta denbora luzez biltegiratzen zen giro tenperaturan, hondatu gabe, eta oso aukera onuragarria zen garapen bidean zeuden herrialdeentzat.
Bere lorpenagatik, Japoniako Arrantza Zientzien Elkarteak eta Nekazaritza, Baso eta Arrantza ministerioaren sariak jaso zituen Suzukik 1980an.
Surimia Japoniatik haratago azaltzenMarinbeefaren garapenaz gain, Suzukik hainbat lan eta liburu argitaratu zituen, bai japonieraz bai ingelesez (hizkuntza horretan aise hitz egiten eta idazten zuen). Horri esker argitaratu zuen, besteak beste, ingeleseko lehen liburua; bertan azaltzen zen bere herrialdean kimika proteikoaren inguruan egiten zen ikerketa aurreratua, bere mugetatik haratago ezaguna izan zedin, tartean, mundu osoan gaur egun ezagutzen eta kontsumitzen den surimiaren zientzia eta teknologia. Beste liburu ezagunenetako bat, honako hau japonieraz, publiko orokorrari arrantza produktuen ikerketa eta aprobetxamendua umorez eta erraztasunez baina ikerketa zehaztasunez azaltzeko idatzi zuen.

1986an laborategitik erretiratu zenean, eskolak ematen hasi zen irakasle gisa, eta, ondoren, Nihongo Unibertsitateko Ingurune Biziko Departamentuko dekano gisa. 1993an, unibertsitate hori utzi eta Nazioarteko Ikasketen Saitama Unibertsitatean hasi zen eskolak ematen, eta, bertan, hitzaldiak ematen jarraitu zuen 2019ra arte.
Ikerketaz gain, Suzukik interes handia zuen arrantza eta elikadura industriaren garapenean, eta, beraz, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (NBE) zenbait aholku batzordetako kide izan zen. Ikerketa aktibotik erretiratu ondoren, honela azaltzen zuen bere jarduera: “Elikaduraren eta nutrizioaren zientziak eta itsasoko elikagaien funtzioak kontsumitzaileek ulertuko duten modu erraz batean azaltzeko misioa”.
Taneko Suzuki 2020ko apirilaren 24an hil zen kolon eta ondesteko minbizi baten ondorioz.
Egileaz:Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 12an: Taneko Suzuki, la bioquímica japonesa que convirtió el pescado en (casi) una hamburguesa.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Ahots sintetiko pertsonalizatuak
Ahotsa ezinbestekoa da giza komunikaziorako. Ahotsa etengabe erabiltzen dugu eguneroko jardueretan, eta ahotsa galtzeak eragin handia du pertsonen bizitzan. Gainera, hitz egiteko gaitasunaren galera beste gaixotasun edo afekzio motorrekin batera edo ondorioz agertzen da askotan. Beraz, kaltetutako pertsonarentzat komunikatzeko gaitasunak are garrantzia handiagoa hartzen du.
Ahozko ezgaitasuna duten pertsonek, berriz, sostengu-lanabes baliogarria eduki dezakete teknologia berrietan. “Komunikazio alternatibo eta handigarriko sistemak” izeneko sistemen bidez (“komunikadoreak” ere deritzenak) posible da mezu bati dagokion soinu-mezua lortzea. Erabiltzaileak berak sortuko du mezu hau, eraikitzeko behar den interfaze egokiaren bidez. Interfazea desberdina izango da erabiltzailearen behar espezifikoen arabera (adibidez, joystick-ak, ukipen-pantailak edo begiradaren jarraipena egiteko sistemak erabiliz). Mezuaren testutik abiarazita seinale akustikoa osatzen duten sistemei “Testu-ahots bihurgailuak” deritze eta komunikadoreen osagai bat dira. Gehien erabiltzen diren sistema komertzialek ahots-multzo mugatua izaten dute normalean (ezagunak diren ‘Siri’ren edo ‘Google’en laguntzailearen ahotsen modukoak): gizonezkoen zein emakumezkoenak, hizkuntza desberdinetan… erabiltzaileak hautatzeko dituen aukerak mugatuak dira, eta horregatik erabiltzaile batzuek bere burua ahots horrekin identifikatzeko zailtasunak dituzte. Askotan gertatzen da, adibidez, adin txikiko umeek pertsona helduen ahotsak erabili behar izatea, sistema komertzialetan normalean ez delako agertzen haur-ahotsik. Beste ohiko egoera bat hizkuntza minorizatuen hiztunek ahots bakarra izatea da, eta, horren ondorioz, erabiltzaile guztiak ahots bera erabili behar izatea.

Testuinguru honetan sortzen da ZureTTS proiektua, norberaren ezaugarriei egokitutako ahots pertsonalizatuak emateko. Proiektuan, esaldi multzo mugatua erabiliz hiztunaren ahotsarekin antza handia duen bat sortzeko teknika bat garatu da. Horrela, ahotsa galtzeko aurreko faseetan dauden pertsonek (adibidez, AEAren diagnostikoa jasota, edo laringe-minbizia topatu delako) ahots pertsonalizatua erabili ahal izango dute geroago, ahotsa galdu baino lehen grabaketa sorta jakin bat egin bada. Jada ahotsa galdu duten pertsonei, grabaketarik ezin dutenez egin, proiektuak ahots pertsonalizatuen katalogo bat eskaintzen die, era altruistan emandako beste pertsonen grabazioekin lortu dena. 1.200 pertsonak baino gehiagok erabili dute sistema ahotsa emateko edo hau pertsonalizatua lortzeko. Artikuluan lanaren alderik azpimarragarrienak deskribatzen dira.
Erabiltzaileei egindako inkestek erakusten dute gustura daudela ahots sintetikoaren hainbat alderdirekin: gehienen ustez, ahots sintetikoa jatorrizkoaren antzekoa da, atsegina eta argia, baina robotiko samarra. Lan honek garapen jasangarrirako hainbat helburuei laguntzen die. Esaterako, herrialde bakoitzaren barneko eta herrialdeen arteko desberdintasunen murrizketari eta baita kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea errazten duten tresnen eskaintzari ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2021
- Artikuluaren izena: Ahots sintetiko pertsonalizatuak: esperientzia baten deskribapena.
- Laburpena: Ahotsa ezinbestekoa da giza komunikaziorako, eta haren galerak eragin handia du pertsonak gizartean integratzeko prozesuan. Testu-ahots bihurketak ahots sintetikoa eman diezaieke ahozko desgaitasuna duten pertsonei. Irtenbide arruntenek ahots estandarra izaten dute normalean, eta, horregatik, erabiltzaile batzuek zailtasunak dituzte beren burua ahots horrekin identifikatzeko. Horregatik, ahots sintetiko pertsonalizatuak sortu behar dira, eta ahozko desgaitasuna duten pertsonei ahots-katalogo bat eskaini behar zaie, beren beharretara egokitzen den ahots bat aukeratu ahal izan dezaten. ZureTTS proiektuaren helburua ahots pertsonalizatu horiek ematea da, bai gaztelaniaz, bai euskaraz. Ahotsa galduko duten pertsonek edo ahotsik ez dutenei ahotsa eman nahi dieten pertsona altruistek 100 esaldi grabatzen dituzte, AhoMyTTS web-atariaren bidez. Esaldi horiekin, egokitze-prozesu bat egiten da, grabaketako ahotsaren antzeko ahots sintetiko bat sortzeko. Erabiltzaileari sintesi-motor bat ematen zaio ahots pertsonalizatu horrekin batera, ahozko mezuak sortzea eskaintzen duten aplikazioetan erabiltzeko. Gainera, ahots-katalogo bat ere badago, grabaketarik egin ezin duen pertsona batek ahots horien artean gustukoena aukeratu dezan. 1.200 pertsonak baino gehiagok erabili dute sistema hori ahots pertsonalizatu bat lortzeko, eta haietatik 58 hautatu ditugu katalogoan sartzeko. Erabiltzaileei egindako inkestek erakusten dute gustura daudela ahots sintetikoaren hainbat alderdirekin: gehienen ustez, ahots sintetikoa jatorrizkoaren antzekoa da, atsegina eta argia, baina robotiko samarra. Lan honek garapen jasangarrirako 10. helburuari laguntzen dio, herrialde bakoitzaren barneko eta herrialdeen arteko desberdintasunak murriztuz. Era berean, garapen jasangarrirako 4. helburuari ere laguntzen dio, guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea errazten duten tresnak eskainiz.
- Egileak: Inmaculada Hernáez Rioja, Eva Navas Cordón, Ibon Saratxaga Couceiro, Jon Sánchez de la Fuente
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 173-194
- DOI: 10.1387/ekaia.22077
Inmaculada Hernáez Rioja, Eva Navas Cordón, Ibon Saratxaga Couceiro eta Jon Sánchez de la Fuente UPV/EHUko HiTZ zentroko eta Aholab ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ahots sintetiko pertsonalizatuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak
Txoko honetan aipatua dugu, gene-azterketak egiteko, beharrezkoa dela tokian tokiko jakintza eta usadioa errespetatzea. Hala nabarmendu genuen aritu ginenean Tuatararen genomari buruz edo Afrikak bere gene-beharrei heltzeari buruz. Baina, zer gertatzen da tokian tokiko jakintza ikerkuntzan jasotzen ez bada?
Artocarpus odoratissimus zuhaitza (malaysieraz tarap, tagaloz marang) ogi-zuhaitzaren (Artocarpus altilis) eta jackaren (Artocarpus heterophyllus) ahaidea da. Zuhaitz hauek guztiak tropikoan hazten dira eta morazeoen familikoak dira. Manuel Blancok –Filipinetan bizi zen fraide espainiar batek– eman zion Artocarpus odoratissimus zuhaitzari izen zientifiko hori 1837. urtean, Filipinetako zuhaitzetan oinarrituta. Geroago, 1860. hamarkadan, Odoardo Beccari italiar botanikoak Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis espezieak izendatu zituen Borneo irlako zuhaitzetan oinarrituta. Artocarpus odoratissimus espeziearen sinonimotzat jo izan dira azken izen hauek.

185 urtez taxonomia ofizialean Artocarpus odoratissimus espezie bakartzat jo bada ere, lan berri batek ezbaian jarri du hori. 2016. urtean ikertzaile-talde bat lanean ari zen Borneon kokatzen den Malaysiako Sarawak estatuan. Ikertzaileak konturatu ziren bertan bizi den Iban jendeak bi izen erabiltzen zituela Artocarpus odoratissimus zuhaitza izendatzeko: lumok deitzen zioten landatzen den zuhaitzari –hosto handiak, adaxka lodiak, fruitu gozo handi eta mamitsuak eta kimuetan ile laburrak dituena–; eta pingan deitzen zioten zuhaitz basatiari –hosto txikiak, adaxka meheagoak, fruitu txikiagoa, ez hain gozo ezta mamitsuak eta askotan kimuetan ile luzeak dituena–. Era berean, Borneon kokatzen den Malaysiako Sabah estatuko Dusun jendeak pareko bereizketa egiten du: landatutako zuhaitzari timadang esaten diote eta basatiari tonggom-onggom. Taxonomia ofizialaren eta bertako jendearen jakintzaren arteko desadostasun hau argitzeko, lumok/timadang eta pingan/tonggom-onggom zuhaitzen gene-materiala aztertu du ikertzaile-talde batek.
Zuhaitzen identifikazio-lanakLan hori egiteko, Sarawak-eko eta Sabah-eko zuhaitzen laginak hartu zituzten eta zuhaitzen identifikazio-lanak Iban eta Dusun jendeek lagunduta egin zituzten ikertzaileek. Gainera, Beccari-k 1860. hamarkadan jasotako laginak aztertzeko aukera ere izan zuten. Material horrekin hainbat galdera erantzun nahi zituzten ikertzaileek: pingan eta lumok genetikoki ezberdinak diren espezieak al dira? Kimuetan ile luzeak edo laburrak izateak zuhaitzak sailkatzeko balio al du eta pingan eta lumok izatearekin zerikusia al du ilearen luzerak? Eta pingan al da lumoken arbaso basatia?

31 zuhaitzen 451 generen informazioa erabilita, ikertzaileek argi ikusi zuten pingan eta lumok genetikoki ezberdinak zirela, bi multzo osatzen zituztela, alegia. Gainera, ikusi zuten Beccari-k Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis izena eman zien zuhaitzak pingan taldekoak zirela; eta kimuetan ile luzeak zituzten zuhaitzak pingan taldekoak zirela, baina pingan guztiek ez zutela zertan kimuetan ile luzeak izan behar.
Bestalde, 251 zuhaitzen gene-informazioa erabili zuten populazioaren gene-egitura aztertzeko. Hala, ondorioztatu zuten bi gene-osagai nagusi zeudela eta gene-osagai horiek bat egiten zutela lumok eta pingan taldeekin; eta, emaitza horietan oinarrituta, lumok ez zela pingan taldearen azpitalde bat. Ondorioz, ikertzaileek uste dute datuek adierazten dutenaren arabera, lumok eta pingan taldeak banatu egin behar direla –Iban eta Dusun jendearen jakintza tradizionalak egiten duen bezala–, kimuen ilearen luzera ez dela irizpide ona zuhaitzak sailkatzeko eta lumok eta pingan ahaideak direla, baina ez dago ebidentzia nahikorik esateko pingan lumoken aitzindari basatia dela.
Emaitza horiek guztiak ikusita, ikertzaileek proposatzen dute lumok/timadang eta pingan/tonggom-onggom bi espezie ezberdin bezala sailkatzea. Hala, beren proposamena da Artocarpus odoratissimus izen zientifikoa lumok/timadang zuhaitzak izendatzeko erabiltzea; eta Artocarpus mutabilis –Beccari-ren izenetan oinarrituta– pingan/tonggom-onggom zuhaitzak izendatzeko.
Egileek onartzen dute beharrezkoa dela taxonomian izen indigenak barneratzea. Kasu honetan, aldiz, ikertzaileek azaltzen dute Artocarpus tarap –Beccari-k erabili zuen beste nomenklatura– izena erabiltzeak nahasmendua sor lezakeela, malaysierako tarap hitza erabiltzen delako izendatzeko bai zuhaitz basatiak, bai landatutako zuhaitzak.

Espezieen kontserbazioa deitura zientifikoaren arabera egiten denez, kontserbazio-programetatik kanpo geldi daitezke izen zientifikorik gabeko espezieak. Espezieak sailkatzen dituzten lanentzat, abagune bat izan daiteke tokian tokiko jendearekin lan egitea eta beren jakintza kontuan izanda gauzatzea. Hala, izendapen taxonomikoa arinago garatuko litzateke, ikuspuntu ezberdinak barneratzekoan kriptikoak diren espezieak definitu daitezkeelako.
Izan ere, espezieak zehazteko eta izendatzeko oinarria analisi filogenetikoak badira ere, lan honetan ikusi da galdera aproposak egiteko eta analisi horiek egiteko baliagarria dela tokian tokiko jakintza. Gainera, klima-aldaketaren aurrean espezieen kontserbazioa bermatu nahi bada, beharrezkoa da tokian tokiko espezieak ondo ezagutzea. Hala, indigenen jakintza aintzat hartzeak laguntzen du bai espezien kontserbazioan, bai herri indigenen kulturen mantentzean.
Laburbilduz, 185 urtez espezie bakar bezala sailkatu dira bi espezie ezberdin, espezie horien deskripzioa egitean bertako jakintza ez jasotzeagatik. Hortaz, tokian tokiko jakintza jasotzea, gehitzea eta aitortzea beharrezkoa da jakintza egokiagoa sortzeko. Euskal tradizioan esaten da izena duena badela. Baina izenik ez badu, jakintza hori jaso ez delako edo galdu egin delako, ez du izanik izango eta, ondorioz, ikusezina izango da.
Erreferentzia bibliografikoak:Gardner, Elliot M.; Ahmad Puad, Aida Shafreena; Pereira, Joan T.; Tagi, Jugah anak; Nyegang, Salang anak; Miun, Postar; Jumian, Jeisin; Pokorny, Lisa eta Zerega, Nyree J.C. (2022). Engagement with indigenous people preserves local knowledge and biodiversity alike. Current Biology, 32 (11), R511-R512. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.04.062.
Kreier, Freda (2022). One tree or two? Genes confirm Iban traditional knowledge in Borneo. Nature News. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-022-01577-3.
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak appeared first on Zientzia Kaiera.
Amilotx urdinaren lumen distira moteldu da
Klima-aldaketak taxon askoren gaitasunarekin lotutako ezaugarrietan eragiten du. Esaterako, tenperaturen igoerak landare eta animalia espezie askoren ziklo biologikoak aldatu ditu. Hau da, aldaketa fenologikoak sortarazi ditu. Baina klima-aldaketak bigarren mailako ezaugarrietan ere ondorioak izan ditzake. Esaterako, lumen ezaugarrietan.
Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) kolore deigarriko hegazti txikia da. Koroa urdina du eta bularra horia, baina ikerketa baten emaitzen arabera distira galdu du bietan. 2005etik 2019ra hegazti honen bi azpiespezien 5.800 behaketa baino gehiago egin ondoren, ikertzaileek ikusi dute lumen kolorea moteldu egin dela. Izan ere, amilotxen koroa urdina eta bular horia ez dira 2005ean bezain koloretsuak.

15 urtez (2005-2019) aritu dira elkarlanean UPV/EHU Landareen Biologia eta Ekologia Saileko eta Montpellierreko Centre d’Ecologie Fonctionnelle et Évolutive-eko (CEFE-CNRS) zientzialariak, Frantziako hegoaldeko amilotx urdinen bi populazio aztertzen. Montpellierren eta Korsikako ipar-mendebaldean bizi diren amilotx urdinei jarraipena egin diote eta ikusi ditu koroa urdinaren eta bularreko orban horiaren kolorazioa aldatu egin dela. Beste era batera esanda, gaur egun, bi populazio horien koroa urdina eta bular horia ez dira ikerketa hasi zenean bezain koloretsuak. Ikertzaileen esanetan klima-aldaketa izan daiteke ezaugarri fisikoak aldatzeko arrazoi nagusia, zehatzago, koloreen distira eta intentsitatea.
Azterlanak erakusten duenez, lumajearen kolore aldaketa tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daiteke; beraz, klima-aldaketa izan liteke honen azken zergatia.
Lumen koloreen mudantza aldaketa estetiko hutsa iruditu arren, justu kontrakoa da ikertzaileen ustetan. Lumajearen aldaketak eraginak izan baititzake espeziaren parekatze patroietan. “Hegazti horiek kolorazioa erabiltzen dute beste banakoei adierazteko espezimen gisa duten kalitatea, eta hori erabakigarria da, adibidez, ugaltzeko”, azaldu du David López ikertzaileak.
Lurraldean aldaketa bat gertatzen denean, animalia-populazioek 4 aukera dituzte: lehena, aldaketa genetiko bat jasatea; bigarrena, aldaketa plastiko bat izatea (ezaugarri fisikoak aldatzea, baina aldaketa genetikorik gabe); hirugarrena, emigratzea; eta, azkenik, desagertzea. Amilotx urdinen kasuan ikertzaileek azpimarratu dute ez dela aldaketa genetikoa, plastikoa bizik eta ingurumen berrira egokitzeko modu bat dela.
David López ikertzailearen ustez, “Kontuan hartuta gure ingurunea nahiko antzekoa dela, ez hain beroa, baliteke gure hegaztiek aldaketa bera jasan izana”. Hala ere, munduan mota horretako lau ikerketa baino ez daudela azpimarratu du, horietako bat bera ere ez Euskal Herrian. Ondorioz, gure inguruan gaia aztertzea eta baita epe luzerako ikerketak gauzatzea ere garrantzitsua da, klima-aldaketak gure ekosistemetan dituen ondorioak ezagutu eta ulertzeko.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa baten arabera, hegaztien kolorazioaren aldaketa klima aldaketagatik izan liteke
Erreferentzia bibliografikoa: López-Idiáquez, David; Teplitsky, Céline; Amélie Fargevieille, Arnaud Grégoire; Christophe de Franceschi, María del Rey; Charmantier, Anne eta Doutrelant, Claire (2022). Long-Term Decrease in Coloration: A Consequence of Climate Change? Frontiers in Ecology and Evolution, 200(1), 32-47. DOI: https://doi.org/10.3389/fevo.2022.857317
The post Amilotx urdinaren lumen distira moteldu da appeared first on Zientzia Kaiera.
‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria
Izaki mitologikoaren omenez izendatu dute Pirinioetan aurkitutako hartz-txakur baten fosila. Duela 12 milioi urte bizi izan zen harrapari itzel hau.
30 milioi urte inguruz Ipar Hemisferioan jaun eta jabe izan ziren hartz-txakurrak. Alabaina, jakina da erregealdi guzti-guztien ondoren datorrela ezinbestean erorialdia: duela 36 milioi urte agertu baziren ere, duela 7,5 milioi urte behin betiko iraungi ziren.
Animalia horiek —Amphicyonidae familiakoak, zehazki hitz eginda— hartz baten eta txakur handi baten ezaugarrien arteko hibrido bat bezala irudika genitzake. Garaiko zenbait animalia irudikatzea zaila denez gero, horrelako nahasketetara jotzen da sarritan horien inguruko ideiaren bat egiteko.

Ez ziren, ordea, ez hartz eta ez txakur: ez filogeniari helduta bederen. Txakurren antzekoak ziren proportzioetan, baina haien egiturak antz handiagoa zuen egungo hartzekin. Kasurako, hartzak bezala, hartz-txakur gehienak plantigradoak zirela uste da; hots, oineko hezur guztiek lurra ukitzen zuten. Gaur egungo txakurrek eta beste animalia askok, berriz, ez dute hala egiten, eta behatz-puntetan ibiltzen dira, nolabait adierazteko: digitigradoak dira.
Espeziearen arabera, tamaina oso desberdinetakoak ziren Amphicyonidae familiako animaliak: 9 kilotan hasi eta 320 kilotara iristeraino. Orain ikertzaile talde batek Peer J. aldizkarian argitaratutako artikulu batean aurkeztu duen aleak 200 kilo inguruko pisua zuela kalkulatu dute. Harrapakaria zela jakinda, seguruenera latza izan beharko zen halako animalia baten aurrean egotea.
Pirinioetatik gertu aurkitutako barailezur fosil batean oinarritu dira espezie berria berreraikitzeko, eta genero berritzat jo dute ere. Zehazki, beheko baraila da Sallespisse herrian (Pirinio Atlantikoetako departamendua, Frantzia) aurkitu dutena.
Tartarocyon cazanavei izendatu dute espeziea. Tartalo edo, zehazkiago, horren aldaera den Tartaro izenean oinarritu dira genero berria izendatzeko, euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez. Aurkikuntzaren herria berez Euskal Herrikoa ez izan arren, zientzialariek azaldu dute Bearno inguruan ere zabalduta dagoela Tartalo izakiaren gaineko kondaira. Cyon (κύων) atzizkiak, berriz, grezieraz txakurra esan nahi du.
Espeziea izendatzeko erabili duten bigarren terminoaren bitartez, berriz, fosilaren aurkikuntzan parte hartu duen lagun bat omendu nahi izan dute: Alain Cazanave fosila topatu den lurren jabea da, eta “urte luzez indusketetan lagundu” du, zientzia artikuluan bertan azaldu dutenez.
Espezie berria dela ondorioztatzeko hagin batean oinarritu dira, Amphicyonidae familiako beste aleetan orain arte aurkitu ez duten laugarren aurreko hagin berezkoa duelako. Ikertzaileek prentsa ohar batean adierazi dutenez, hortz hau garrantzitsua da espezieak eta generoak zehazterakoan.
Azken urteotan paleontologiaren munduan ohikoa den bezala, hiru dimentsiotan eskaneatu dute fosila, ikertzaile eta interesatu guztien esku egon dadin.

Ale honen kasuan, paleontologoek kalkulatu dute duela 12 miloi urte bizi izan zela harrapakaria, Erdi Miozenoan. Inguruan aurkitu dituzten molusku fosilak ere oso erabilgarria izan zaizkie estratua datatzeko.
Oro har, Miozeno osoan—duela 23 eta 5,3 milioi urte artean— hartz-txakurrak oso zabalduta zeudela azaldu dute zientzialariek. Hala izanik ere, gutxi dira Pirinio inguruetan data honen bueltan aurkitu diren fosilak, eta horregatik aurkikuntza are garrantzitsuagoa da, egileen esanetan.
Barailezurra aztertuta agerikoa da haragijale indartsua zela. Aurreko hortzen bitartez harrapakina heldu eta haragi zati handiak ateratzeko gai zela uste dute, eta atzeko partea, berriz, haragia puskatzeko erabiltzen zuen. Beste espezieengatik ezagutzen da animalia hauek hanka indartsuak zituztela.
Halere, haren anatomiagatik ez zen oso haragijale azkarra izan behar, gaurko kanidoak edo felidoak ez bezala. Seguruenean zelatan edo beste haragijaleek ehizatutakoaz baliatzen zen janaria eskuratzeko.
Eta hau izan daiteke, adituen ustez, animalia hauen desagerpenaren arrazoietako bat, klimaren eta paisaiaren aldaketekin batera. Antza, inoiz izan den ugaztun talde arrakastatsuenetakoa ez zen gai izan gure gaur egungo munduan ohikoak bihurtu ziren azken aldaketa garrantzitsuei taxuz egokitzeko.
Klima milurtekoz milurteko hozten zen heinean, pixkanaka planeta osoa hartzen zuten basoak ez ziren hain ugariak. Ondorioz, gero eta eremu garbi eta larre zabalagoak sortu ziren Eurasian eta Ipar Amerikan. Landare altuen artean segadak egiteko ezkutatzea gero eta zailagoa bihurtu zen. Gainera, belarjaleak gero eta tarte zabalagoak egin behar zituzten elikatzeko, haien elikadura dagoeneko ez baitzen oinarritzen zuhaixken murriztean.
Horrela, eboluzioak horretarako prestatuenak ziren belarjaleak saritu zituen: belaunaldiz belaunaldi, belarjale azkarrenak nagusitu ziren, eta horrek suposatu zuen harrapariengandik alde egiteko aukera gehiago zituztela. Hartz-txakurrak ez zeuden horien abiadurarekin lehiatzeko prestatuak. Kasurako, paleontologoek badakite Miozenoaren amaierarako gaur egungoekin antza handia zuten zaldi azkarrak zabalduta zeudela.
Gaur egun badakigu zelai zabaletan belarjaleak ehizatzeko ezinbestekoa dela abiadura handiaren eta erresistentziaren arteko oreka ona izatea. Horrelakorik nahikoa ez den kasuetan ere, aukeran dagoen beste estrategia osagarri eta arrakastatsua talde ehizarena da, eta baina ez dago probarik hartz-txakurrek halakorik erabiltzen zutenik. Haien ehiza tekniken inguruan espekulatzea baino ezin badugu ere, adituek ez dute uste hartz-txakurrek nahikoa abilezia izango zutenik horretarako. Gainera, oraingo harrapakarirekin alderatuta, beren garuna sinpleagoa zela pentsatzen dute paleontologoek. Horregatik, planeta honetan bizi izan diren beste espezie asko eta asko bezala, hartz-txakurrak garai urrun baten oroimena baino ez dira gaur.
Erreferentzia bibliografikoa:Sole, F., Lesport, J., Heitz, A., Mennecart, B. (2022). A new gigantic carnivore (Carnivora, Amphicyonidae) from the late middle Miocene of France. PeerJ, 10, e13457. DOI: https://doi.org/10.7717/peerj.13457
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post ‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #401
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Bi ikerketen emaitzek erakutsi dute ez dakigula elkarrizketak nola amaitu. Esperimentu baten ondoren ikusi ahal izan duteez, elkarrizketen % 1,6k bakarrik bukatu zuten hizketaldia biek nahi zutenean. Oro har, hitz egiten dugun denboraren eta egin nahi dugunaren arteko aldea, gehiegi edo gutxiegi, elkarrizketaren iraupenaren erdia da, gutxi gorabehera. Gainera, azterketa hauekin ondorioztatu dute elkarrizketan zehar, ez garela gai beste pertsonak nahi duen iraupena zehaztasunez hautemateko. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen.
PedagogiaItziar Arregi Landa pedagogian lizentziatua eta Haur Hezkuntzan Diplomatua. Bere tesian jolasa izan du ikergai; izan ere, benetan umearen garapenari jolasak egiten dion ekarpenaren inguruan gutxi dakigu. Etologoek eta biologoek ikertu dute gai hau, eta ikusi da animaliengan ere kume aroan jolasa berez ateratzen den jokabidea dela, eta horri esker kumeak helduaroan beharko dituen trebeziak garatzen dituela. Gizakietan, zehazki, jolasa testuinguruaren arabera aldatu egiten dela ikusi du Arregik, eta askotan, oharkabean, jolasa eten edo eragotzi egiten duela ikertu du. Beraz, testuingurua zainduz jolasaren kalitatea hobetu egiten dela dio. Elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean irakur daiteke.
BiologiaIkerketek erakutsi dute katuak gaur egungo harrapari bortitzenetakoak direla. Izan ere, katuek eragin handia dute biodibertsitatean, batez ere, ehizatzen dituzten animalia kopuruarengatik eta animalia hauen aniztasunagatik. Katuak hainbat animalia harrapatzeko gai dira, besteak beste, txoriak, ugaztun txikiak edo narrastiak. Datu hauen aurrean, Alemaniako Walldorf herrian katu guztiak gordeta eduki beharko dituzte kutturlio arruntaren kumatze-garaian zehar. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Katuak, harrapari ezezagunak.
Lonjetan berdela antxoa baino garestiago saltzen ari dira euskal arrantzaleak, baina hau ez da antxoaren faltagatik. Izan ere, azterketen arabera, antxoaren populazioa tamaina onean dago. Izatez, azken 25 urteetan ez da hainbeste egon Bizkaiko itsasoan. Aztiren Bioman kanpainako datuen arabera, Bizkaiko itsasoan 230.000 tonako stocka dago, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxienekoaren oso gainetik (21.000 tona). Rogelio Pozo Aztiko zuzendari nagusiaren arabera, gaur egungo biomasak espeziearen iraunkortasuna bermatzen du, eta baita jarduera ekonomikoa ere. Azalpenak Berrian.
Zerynthia elkarteak Tximeleten Oasia proiektua abiatu zuten 2016an. Proiektu honi esker, elkarteak, ikastetxeak eta norbanakoak bultzatzen dituzte tximeletentzako oasiak sortu, zaindu eta ezagutzera. Geroztik, 300 bat oasi daude Espainiako Estatuan, eta 50 inguru Euskal Herrian. Ingurune naturaletan (Gorbeia, Izki, Valderejo, Salburua, Urdaibai) eta ingurune urbanoetan (Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz) daude oasi hauek, eta hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako erreminta baliotsuak dira. Gainera, talde mehatxatua dira tximeletak, hauen egoera ezagutzeko, larreetako tximeletei buruzko ikerketa bat osatu dute berriki. Informazio gehiago Berrian: Ostatua eta babesa tximeletentzat.
OsasunaAlexandra Ruiz de Azuak eta Aitziber Samaniegok elikadura-portaeraren nahasmenduak dituzte, eta Osakidetzari unitate berezi bat eskatu diote gaixotasun hauek behar bezala tratatzeko. Eritasun konplexuak dira elikadura portaeraren nahasmenduekin lotutakoak, eta, adituek diotenez, ikuspegi askotatik landu behar dira. Izan ere, nahasmendu hauek bizitzaren esparru ugaritan daukate eragina, eta osasun fisikoa eta mentala kaltetzeaz aparte, harreman pertsonaletan, familian eta lanean ere eragin zuzena daukate. Informazio gehiago Berrian irakurri daiteke: Orbaindu gabeko zaurien ispilu.
Ingurune aberastuak, aldaketa molekular, anatomiko zein funtzionalak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan, oroimena eta ikasketa prozesuak bultzatuz. Hau bereziki interesgarria da alkoholak garunean dituen eraginak konpontzeko. Izan ere, frogatu da nerabezaroko alkohol kontsumo intentsiboak kalte iraunkorrak eragiten dituela helduaro goiztiarreko sagu arretan. Alabaina, ikusi da ingurune aberastuak alkoholaren ondorioz saguek galdutako portaera gaitasunen berreskurapena sustatzen duela helduaro goiztiarrean, oreka eta funtzio kognitibo kaltetuen berreskurapena sustatuz. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Ingurune aberastuak nerabezaroko alkohol kontsumoaren kalteak leheneratzeko.
ArkeologiaUste zutena baino milioi bat urte zaharragoak dira gizakiaren Sehaska aztarnategiko (Hegoafrika) homininoen fosil zaharrenak. Kuartzoaren isotopoetan oinarritu dira azterketa hau egiteko, eta ikusi dute 3,4-3,6 milioi urte dituztela, eta, beraz, Australopithecus afarensis fosil zaharrenen garai berekoak direla. Orain arte, Afrika ekialdeko beste Australopithecus-en ondorengotzat jotzen ziren. Ikertzaileek azaldu dutenez, desintegrazio erradioaktiboa aztertuta zehaztasun handiz jakin daiteke zer adin duen arrastoetako kuartzoak, izpi kosmikoek honetan sortzen dituzten isotopo ezberdinen proportzioak neurtuta.
FisikaElhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, hiru partikula exotiko berri aurkitu dituzte LHC azeleragailuan, pentaquark bat eta bi tetraquark. CERNen mintegi batean aurkeztu dituzte aurkikuntza hauek eta pauso garrantzitsua dira materia exotikoaren ezagutzan. Duela 60 urte inguru iragarri ziren teorikoki partikula hauek, eta azken 20 urteetan joan dira aurkitzen lau eta bost quarkez osatutako multzoak. Besteak beste, quarkak horrelako multzoetan nola lotzen diren ulertzen lagunduko du aurkikuntza honek.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #401 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #407
Grafenoan ez dira elektroiak bakarrik mugitzen. Karbono-atomoek ere berdin egiten dute haren atzetik behar bezala ibiliz gero. Hori berori lehen aldiz neurtu berri dute esperimentalki. César Tome dibulgatzaileak azaltzen du: Migration of carbon atoms in hot graphene.
Zientziak, inolako zalantzarik gabe, giza bizitza bat noiz hasten den defini dezakeela uste duzun horietakoa bazara, behar bada Sahotra Sarkar filosofo eta biologoaren artikulu hau irakurri beharko zenuke: Defining when human life begins is not a question science can answer.
Barnealdean zerbait ez bada gertatzen, horrek ez du esan nahi azalean ezin denik gertatu. DIPCko ikertzaileek kontatzen dute zelan: Rich and diverse f-driven properties at the surface when the bulk has none
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #407 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jasone Astorga: “Hackinga ez dago ekintza ezegokiekin bakarrik lotuta”
Gure inguruko edozein lekutara begiratuz gero, teknologiarekin egingo dugu topo. Izan ere, teknologia da gaur egungo gizartearen protagonistetako bat. Horren ondorioz, ordenagailu zein mugikorretan gordetzen dugun informazioa gure baimenik gabe eskuratzeko baliabide gehiago sortu dira.
Zibererasoak beti egon dira presente teknologiaren munduan. Besteak beste, datuak lapurtzea da arlo teknologikoan gehien ezagutzen den jardueretako bat eta hackerrekin lotu ohi da. Beraz, hacking hitza entzuten dugunean, seguru asko jarduera desegokiak etorriko zaizkigu burura, baina jakin beharra dago adituek jokabide adimentsuekin ere lotzen dutela terminoa. Ondorioz, hacking etikoa bezalako jarduerak ere badaude. Hacking etikoaren oinarria da, hackerren erasoak ekiditeko, komunikazio sare eta sistema bateko ahuleziak aurkitzea.
Zibererasoen eta honekin lotutako terminoen inguruan gehiago jakiteko, UPV/EHUko I2T ikerketa-taldeko Jasone Astorga ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Jasone Astorga: “Hackinga ez dago ekintza ezegokiekin bakarrik lotuta” appeared first on Zientzia Kaiera.
Ingurune aberastuak nerabezaroko alkohol kontsumoaren kalteak leheneratzeko
Alkohola mundu osoan zehar gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da. Azken urteotan, alkoholaren kontsumo intentsiboa geroz eta ohikoagoa bilakatu da nerabeen artean. Kontsumo mota hau denbora tarte laburrean alkohol kantitate handia edatean datza. Garunak nerabezaroan zehar garapen prozesu konplexuak pairatzen ditu eta ondorioz, adin tarte horretan hainbat garun-atal zaurgarriagoak dira neurotoxikoen kalteen aurrean; hipokanpoa, memoriaz eta prozesu kognitiboez arduratzen den garun-atala eta garuntxoa, oreka eta koordinazio motorraz arduratzen dena, esaterako.
Ildo horretatik, nerabezaroko alkohol kontsumo intentsiboak kalte iraunkorrak eragiten dituela frogatu da helduaro goiztiarreko sagu arretan, non, portaera proben emaitzetan narriadura kognitiboa eta orekaren galera behatu den. Ingurune aberastuak (IAk), aldaketa molekular, anatomiko zein funtzionalak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan. Neurogenesia, angiogenesia, sinaptogenesia eta dendriten arborizazioa sustatzen ditu, oroimena eta ikasketa prozesuak bultzatuz.

Paradigma hau gaixotasun psikiatrikoen eta neuroendekapenezkoen tratamenduan zeresan handia izaten ari da. Hain zuzen ere, alkoholaren ondorioz saguek galdutako portaera gaitasunen berreskurapena sustatzen du helduaro goiztiarrean, aipatutako oreka eta funtzio kognitibo kaltetuen berreskurapena sustatuz. Hala ere, IAk eragindako efektu mesedegarri horiek epe luzerago batean mantentzen diren aztertzeke dago. Harira, ikerketa honen helburuak hurrengoak dira: nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak helduaroan eragiten dituen portaera aldaketak ikertzea eta parametro hauetan IAk izan ditzakeen onurak aztertzea.
Horretarako, C57BL/6J sagu arrei nerabezaroko 4 astetan zehar (jaio ondorengo 32-56 egunak) alkohol edo ur tratamendua eman zaie. Ondoren, helduaro goiztiarrean (jaio ondorengo 56-90 egunak) animaliak abstinentzia egoeran mantendu dira eta helduaroan (jaio ondorengo 90-104 egunak) saguen kumaldi erdia IAko baldintzetan jarri da 2 astez. Abstinentzia tarte horren azken egunetan portaera probak burutu dira: eremu irekiaren proba, antsietate maila neurtzeko; objektu berrien ezagutze proba, ezagutze oroimena aztertzeko; objektuen kokaleku berriaren ezagutze proba, oroimen espaziala ikertzeko eta oreka proba, oreka eta koordinazio motorra analizatzeko. Emaitzetan alkohol taldeko saguek bereizketa indize baxuagoak erakutsi dituzte bai ezagutze oroimen proban baita oroimen espazialean ere; hau da, sagu hauek ez dira gai objektu berria ezagunarekiko bereizteko, ezta objektuen kokaleku berria bereizteko. Emaitza hauek nerabezaroko alkohol kontsumoaren ondoriozko narriadura kognitibo adierazgarria eman dela iradokitzen dute.
Era berean, antzeko emaitzak behatu dira oreka proban ere, non nerabezaroko alkohol kontsumoak oreka eta koordinazio motorra modu iraunkorrean kaltetzen dituela frogatu den. Interesgarriki, animaliak IAko baldintzapean jartzean objektu eta kokaleku berriak bereizteko gaitasuna berreskuratzen dute eta oreka eta koordinazio maila hobetzen dute helduaroan, kontrol taldekoen antzeko balioetaraino. Emaitza guzti hauek bat datoz aurretik helduaro goiztiarrean behatutakoekin, IAren gaitasun terapeutikoa berretsiz; hain zuzen ere, epe luzera IAk alkoholak galarazitako funtzioak leheneratzeko gaitasuna erakutsi baitu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 41
- Artikuluaren izena: Ingurune aberastuak nerabezaroko gehiegizko alkohol-kontsumoaren ondorioz kaltetutako gaitasun motorrak eta kognitiboak berreskuratzen ditu C57BL/6J sagu helduetan.
- Laburpena: Alkohola (EtOH) munduan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da eta nerabezaroko alkoholaren kontsumo intentsiboa geroz eta ohikoagoa da. Adin tarte horretan burmuina garatzen ari da eta hainbat garun-atal zaurgarriagoak dira neurotoxikoen kalteen aurrean; hipokanpoa eta garuntxoa, esaterako. Ingurune aberastuak (IAk), aldaketa molekular, anatomiko zein funtzionalak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan eta alkoholaren ondorioz helduaro goiztiarreko saguek galdutako portaera gaitasunen berreskurapena sustatzen du. Hala ere, IAk eragindako efektu mesedegarri horiek epe luzerago batean mantentzen diren aztertzeke dago. Ikerketa honen helburuak hurrengoak dira: nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak helduaroan eragiten dituen portaera aldaketak ikertzea eta parametro hauetan IAk izan ditzakeen onurak aztertzea. Horretarako, C57BL/6J sagu arrei nerabezaroko 4 astetan zehar (p32-p56) alkohol edo ur tratamendua eman zaie. Ondoren, helduaro goiztiarrean (p56-p90) animaliak abstinentzia egoeran mantendu dira eta helduaroan (p90-p104) saguen kumaldi erdia IAko baldintzetan jarri da 2 astez. Abstinentzia tarte horren azken egunetan portaera probak burutu dira: eremu irekiaren proba, antsietate maila neurtzeko; objektu berrien ezagutze proba, ezagutze oroimenerako; objektuen kokaleku berriaren ezagutze proba, oroimen espazialerako eta oreka proba, oreka eta koordinazio motorrerako. Alkohol taldeko saguek bereizketa indize baxuagoak erakutsi dituzte bai ezagutze oroimen proban baita oroimen espazialean ere, alkohol kontsumoaren ondoriozko narriadura kognitibo adierazgarria iradokiz. Antzeko emaitzak behatu dira oreka proban ere, non alkohol taldeko saguek (EtOH) oreka eta koordinazio motorra kaltetuta erakutsi duten. Interesgarriki, animaliak IAko baldintzapean jartzean objektuak eta kokalekuak bereizteko gaitasuna berreskuratzen dute eta oreka eta koordinazio maila hobetzen dute helduaroan, kontrol taldekoen (H2O) antzeko balioetaraino. IAk alkoholaren ondoriozko helduaroko efektu kaltegarriak leheneratzeko gaitasuna duela erakutsi du.
- Egileak: Leire Lekunberri, Irantzu Rico-Barrio, Maitane Serrano, Izaskun Elezgarai, Nagore Puente, Itziar Bonilla-Del Río, Ilazki Anaut-Lusar, Inmaculada Gerrikagoitia, Pedro Grandes
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 49-68
- DOI: doi.org/10.1387/ekaia.21816
-
Egileez:
Leire Lekunberri, Irantzu Rico-Barrio, Maitane Serrano, Izaskun Elezgarai, Nagore Puente, Itziar Bonilla-Del Río, Ilazki Anaut-Lusar, Inmaculada Gerrikagoitia eta Pedro Grandes EHU/UPVko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko eta Achucarro Basque Center for Neuroscienceko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ingurune aberastuak nerabezaroko alkohol kontsumoaren kalteak leheneratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Katuak, harrapari ezezagunak
Duela aste batzuk Barakaldon instalatu berri dute katuentzako “auzotxoa”. Oraingoz hamar etxola ezarri ditu Barakaldoko udaletxeak, eta helburua da etxe-katuen segurtasuna eta higienea bermatzea. 76 boluntario arduratzen dira katuak astero elikatzeaz, eta baita noizbehinka harrapatu eta esterilizatzeaz ere.
Sustatzaileek argudiatu dute katu-koloniek hiriko kaleak karraskari, hegazti, intsektu eta narrasti txikien izurriterik gabe mantentzen laguntzen dutela, eta, beraz, garrantzitsua dela kolonia hauek modu egokian kudeatzea. Baieztapen honek, ordea, gaur egun zientzia-komunitatean gori-gorian dagoen gai batekin egin du topo: katuek biodibertsitatean duten eragina. Izan ere, ikerketek erakutsi dute katuak gaur egungo harrapari bortitzenetako animaliak direla, eta hala ere, ezezagunak.

Etxe-katuak (Felis catus) aske dabiltzan katu etxekotuak eta katu basatiak dira. Argi utzi behar da katu basatiak eta basakatuak (Felis silvestris), ez direla espezie bera. Lehenak bigarrenetik eboluzionatu zuen etxekotze-prozesuan zehar, duela 10.000 urte gutxi, eta geroztik mundu osoan zabaldu da gizakiarekin batera. Etxe-katuak kontinente guztietan daude, Antartika da salbuespen bakarra; munduko artxipelago urrunenetan ere bizi dira gaur egun.
Animalia etxekotua da etxe-katua, baina bere izaera burujabe eta iheskorrak espezie honen kolonia askeak sortzea eragin du, abandonatutako edo beren kabuz jabeen etxetik alde egindako katuak bilduaz. Hala ere, aske bizi diren etxe-katu batzuek ez dute gizakiengandik datorkien sostengua eteten. Batzuek janaria, lo-lekua edo/eta osasun-zainketa jasotzen dute gizakiengandik, Barakaldoko kolonien kasuan bezala. Laguntza hauek katu askeen bizitza asko errazten dute, noski, eta horregatik, leku jakin batzuetan katuen dentsitate oso altuak aurki daitezke. Hori arazo bilakatu da munduko hiri, hirigune eta herri askotan, besteak beste, biodibertsitatean duten eraginagatik.
Etxe-katuen harrapakinaEtxe-katuek dieta anitzetara moldatzeko gaitasuna dute, eta guk emandakoa jaten dute eta ehizan ere egiten dute. Bai, katuak ehiztariak dira, eta ez dira ehiztari makalak. Hainbat animalia harrapatzeko gai dira: txoriak, ugaztun txikiak, narrastiak, anfibioak, arrainak, eta baita tximeletak eta sorgin-orratzak bezalako ornogabeak ere. Katu soil batek lor dezaken harrapakin kopuruari zenbakia jartzeko, hona hemen Ingalaterrako ikerketa bat adibide gisa: bost hilabeteko tartean 986 katuk 14.370 harrapakin eraman zituzten beren etxeetara. Kopuru horren baitan 20 ugaztun espezie eta 44 hegazti espezie zeuden, bai eta narrasti, anfibio eta ornogabeak zeuden.
Kanadan aurrera eramandako beste ikerketa batek estimatu zuen etxe-katu askeek 100 eta 350 milioi txori artean akabatzen dituztela urtero (etxean bizi diren baina egunean zehar aske dabiltzan katuak kontuan izanda). Australian zenbaki hau 377 milioi txorira iristen da urteko; hau da, milioi bat txori eguneko. Estatu Batuetan beldurgarriak dira datuak, urtero katuek milaka milioi txori harrapatzen dituztela estimatzen baita.

Noski, etxe-katuek ehizatzen dituzten espezie hauetako batzuk mehatxatuak daude, eta katuen bazka izateak are gehiago okertzen du beren egoera. Horrela, uste da katuek 63 espezie desagerrarazi dituztela gaur egunera arte (40 txorienak, 21 ugaztunenak eta bi narrastienak). Modu berean, estimatzen da momentu honetan 367 espezie desagertzeko arriskuan egotearen errudunak direla katuak. Mehatxu latza dira, beraz, eta jada espezie inbaditzailetzat hartzen da etxe-katua, arrazoi horrengatik. Izatez, ikerketa batean ranking bat egin zuten, jakiteko ea, mundu-mailan, ze espezie zen gaur egun ornodun kopuru handiena hiltzen duena. Etxe-katua hirugarren postuan geratu zen, arratoien eta anfibioetan hilgarria den Bd (Batrachochytrium dendrobatidis) onddoaren atzetik soilik.
Datu hauen aurrean, ordea, oraindik oro har ekintza gutxi gauzatu dira administrazio mailatik. Herrialde batzuk, alabaina, hasi dira neurriak proposatzen, Alemaniako Walldorf herria adibide. Bertan, hiru urtean zehar herriko katu guztiak gordeta eduki dituzte kutturlio arruntaren (Galerida cristata) kumatze-garaian zehar. Azken hamarkadan espezie horrek nabarmen egin du behera Europa ekialdean, eta horren arrazoietako bat katuen aldetiko ehiza dela pentsatzen da. Izan ere, kutturlioak lurrean erruten ditu arrautzak, eta beraz, bereziki harrapakin erraza da katuentzat.
Gauzak horrela, arazo honentzako konponbidea hastapenetan dagoela esan daiteke. Argi dago katuek eragin ikaragarria dutela bizi diren inguruetako biodibertsitatean, baina oraindik ez dago argi zein izan daitekeen hori kudeatzeko modu egokiena. Gainera, gizakiak aspalditik du katua lagun, eta zaila suertatuko da mundu osoko gizarteetan han barneraturik dagoen felido honen koloniak modu iraunkor eta etiko batean kudeatzea.
Erreferentzia bibliografikoa:Trouwborst, A., McCormack, P. C., & Martínez Camacho, E. (2020). Domestic cats and their impacts on biodiversity: A blind spot in the application of nature conservation law. People and Nature, 2(1), 235–250. https://doi.org/10.1002/pan3.10073
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Katuak, harrapari ezezagunak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen
Gutxitan amaitzen dira solasaldiak hizketan dauden bi pertsonek nahi dutenean; bietako batek nahi duenean ere ez dira amaitzen. Eta hitz egiten dugun denboraren eta egin nahi dugunaren arteko aldea, gehiegi edo gutxiegi, elkarrizketaren iraupenaren erdia da, gutxi gorabehera.
Ez dakigu elkarrizketa bat nola amaitu. Ondorio hori ateratzen da bi ikerketen emaitzetatik. Bi ikerlanetan solasean ari diren bi pertsonek elkarrizketa nahi dutenean amaitzeko duten gaitasuna aztertzen saiatu dira. Batean, ikertzaileek aurreko orduetan beste hurbileko pertsona batekin izandako elkarrizketa bati buruz galdetu zieten parte-hartzaileei. Bigarren azterlanean, aurrekoa egin eta jarraian abiatu zutena, parte-hartzaileak ezezagunak ziren beste batzuekin binaka hitz egiteko eskatu zieten eta, behin berbaldia amaituta, aurreko galdetegi berbera eman zieten erantzuteko.
Galdetegiaren bidez, besteak beste, ezagutu nahi zuten, batetik, parte-hartzaileek elkarrizketa noiz amaitu nahi izan zuten eta, bestetik, solaskideak (lehenengo kasuan lagun min bat zen, eta bigarrenean, ezezagun bat) noiz uste zuten solaskideak amaitu nahi izan zuela. Guztira, mila elkarrizketa inguru monitorizatu zituzten eta hauetan.

Erantzunetatik abiatuta, ikertzaileek zehaztu zuten hitz egiten ari ziren bi pertsonek gutxi gorabehera aldi berean amaitu nahi izan ote zuten, ea gai izan ote ziren jakiteko solaskideak noiz amaitzea nahi zuen elkarrizketa, eta egindako kalkulua edo estimazio hori zenbateraino erabili zuten elkarrizketa amaitzeko, biek –edo, gutxienez, haietako batek –hala nahi zutenean.
Parte-hartzaileen erdiek nahiago zuten elkarrizketak benetan beste denbora tarte bat iraun izan bazuen, eta iraupena aldatuko zioten tarte debora heren bat luzeagoa edo laburragoa eginez. Beste erdiak, jakina, nahiago izango zukeen luzatu zen denboraren herena baino gutxiago desbideratzea.
Usteak ustelak direneanAzterlanean parte hartu zutenek uste zuten beren solaskideek nahiago zutela elkarrizketa, batez beste, izan zena baino pixka bat luzeagoa izatea, eta, batez ere, iraupena nabarmen desberdina izatea. Eta solaskideek nahi ez zuten iraupena izan zezaketela susmatzen zuten arren, ezberdintasun horren garrantzia gutxietsi zuten; ez ziren gai izan beste pertsonak nahi zuen iraupena zehaztasunez hautemateko, eta, beraz, ez zuten jakin ezta zein zen desbideraketa edo diferentzia bere lehentasunarekiko.
Desoreka horien ondorioz, parte hartu zutenen % 1,6k bakarrik bukatu zuten hizketaldia biek nahi zutenean. Baina ez zuten arrakastarik izan, gutxienez, haietako batek nahi zuenean, elkarrizketen % 29k bakarrik amaitu zuten horrela. Gutxi izan ziren, halaber, bi parte-hartzaileek nahi zuten denbora tartean amaitu ziren elkarrizketak ere. Eta deigarriena zera da: ia erdiek nahi baino lehenago amaitu zuten berbaldia, eta hamarren batek geroago.
Adostasun ez hauek bi arrazoiren ondorio dira. Alde batetik, bi pertsonak hitz egiten dutenean, normalena elkarrizketa neurri berean luzatu nahi ez izatea da. Bestalde, ez dira gai jakiteko, gutxieneko zehaztasun batekin, zer nahi duen beste pertsonak. Elkarrizketa bat ez da desio edo interes desberdinak dituzten bi pertsonen arteko negoziazioa. Elkarrizketa koordinazio-arazo bat da, non bakoitzak hizketan jarraitzeko duen nahia, neurri batean, besteak nahi duenari buruz pentsatzen duenaren araberakoa den. Kontua da, elkarrizketa arruntak amaitu behar direnean, pertsona batek argi eta garbi adierazten badu besteak baino lehenago amaitu nahi duela, hau mintzeko arriskua dagoela. Beraz, normalena, batez ere pertsona adeitsua bada, elkarrizketa amaitzeko gogoa ezkutatzea da, nahiz eta horrela tertuliakideari arazoa konpontzeko beharrezkoa den informazioa kendu. Izan ere, adeitasuna ez da beti onuragarria.
Erreferentzia bibliografikoa:Mastroianni, Adam M., Gilbert, Daniel T., Cooney, Gus A., Wilson, Timothy D. (2021). Do conversations end when people want them to? PNAS, 118 (10), e2011809118. DOI: 10.1073/pnas.2011809118
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #400
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Kaxaloteak, batez beste, 400 metroko sakoneraraino murgiltzen dira, baina 3.000 metroraino irits daitezke. Murgilketa hauek egiteko denbora askoan egon behar dira arnasa hartu gabe, noski. Normalean, 40 minutu inguru irauten dute uretan murgilduta eta ia bi orduz egon daitezke. Murgilketa hauek egiteko, kaxaloteek moldaera oso bereziak dituzte, bai anatomiko, zein fisiologikoak. Gainera, zetazeoek orokorrean, ur oso sakonetan igeri egitea ahalbidetzen dien ezaugarriak ere badituzte. Besteak beste, gainerako ugaztunek baino odol gehiago daukate, eta odol horrek globulu gorrien kontzentrazio altua dauka. Datu guztiak Igandean soilik hartzen du arnasa artikuluan.
Karibeko mangladietan inoiz ezagutu eta begi hutsez ikusten den bakteriorik handiena identifikatu dute. Zentimetro bat luze da eta, hain tamaina handia izateak kolokan jarri ditu bakterioen funtsezko ezaugarritzat jotzen ziren zenbait alderdi. Thiomargarita magnifica izena jarri diote. Orain arte uste zen bakterioek tamainari dagokionez muga fisikoak zituztela, baina T. magnificak muga horiek gainditzen ditu, barne-antolamendu berezi bati eta filamentu-itxurari esker. Datuak Elhuyar aldizkarian.
PaleontologiaOrganismoen eboluzioa ulertzeko, paleontologia fosil-erregistroaz baliatzen da. Alabaina, fosil erregistroa osatugabea da, hau da, noizbait existitu ziren organismo gehienak ez ziren fosil bihurtu ( oso zaila delako hondakin organiko bat fosil bihurtzea), eta beraz, arrastorik utzi gabe desagertu ziren. Horregatik, paleontologoek arazo asko izaten dituzte fosilen eta gaur egungo organismoen arteko harreman ebolutiboak definitzeko. Honela, batzuetan gertakizun bitxiak aurkitzen dituzte zientzialariek, Elvis eta Lazaro taxonak adibidez, eta baita taxon zonbiak ere. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Taxonak, paleontologiako paranormal activityak.
OsasunaEHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileek listu-tanta bakar baten kutsatzeko ahalmena aztertu dute. Simulazio baten bidez, ingurune-ezaugarri desberdinetan aztertu dute tantak lurruntzeko duen ahalmena, eta hiru dira lurrunketan eragiten duten faktore nagusiak: tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina. Ikerketa hau garrantzitsua da arnasbideetako tanten bitartez transmititzen diren birusen kutsatzeko ahalmena neurtzeko garaian, transmisioa tanten lurruntzearen araberakoa baita. Emaitzen arabera, giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diote lurruntzeari. Berri honen inguruko informazio gehiago, Zientzia Kaieran eta Elhuyar aldizkarian aurki daiteke.
PsikologiaErditzearen esperientzia bizitza osoan izaten da gogoan, eta beraz, esperientzia ona bada, amatasunarekiko eta jaioberriarekiko jarrera positiboarekin erlazionatzen da. Aldiz, negatiboa bada, trauma osteko estresarekin, edo erditze ondorengo depresioarekin lotzen da. Honen harira, azken ikerketek erditze-esperientziaren bizipen positiboan edo negatiboan eragina izan dezaketen hainbat faktore aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi zuten emakume bakoitzak erditzearen ondoren emozioen eta sentimenduen konbinazio ezberdin bat gogoratzen duela. Alabaina, oro har, emakume guztiak bat zetozen ezaugarri jakin batzuekin, hala nola, konplikaziorik ez sortzea edo segurtasunaren barnean gertatzea. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean.
SoziologiaChandralekha Singh fisikariak dioenez, askotan ezaxolaz hartzen dira nesken lan onak eta burutsuak, eta horrek adorea kentzen die emakumezko ikertzaile gazte askori. Arazo hau bereziki esanguratsua da fisika bezalako zientzietan, fisikako arazoak konpontzeko beren gaitasunetan konfiantza falta izaten baitute emakumezkoek askotan. Ildo honetatik jarraiki, Anna Danielson ikertzaileak fisika, ikaskuntza eta generoa barne hartzen dituzten zenbait alderdi aztertzen ditu, eta ikusi ahal izan zuen fisika gizonekin eta maskulinitatearekin lotzen dela sinbolikoki. Eileen Pollack idazleak ere emaitza adierazgarriak aurkeztu ditu gai honen inguruan, 2015eko The Only Woman in the Room: Why Science Is Still a Boys’ Club memorietan. Honi buruz gehiago irakurtzeko, Fisika egiten, generoa egiten artikulua dago eskuragarri Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #400 appeared first on Zientzia Kaiera.