Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 54 min ago

Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa

Mon, 2022/10/03 - 09:00

Sudurreko odoljarioa —epistasia ere deitzen zaio— mundu osoko larrialdi otorrinolaringologiko ohikoenetako bat da. Kalkuluen arabera, munduko populazioaren % 60k gutxienez behin izango du epistasia, nahiz eta % 6tik % 10era bitartean soilik beharko duten laguntza medikoa. Hainbat metodo daude epistasia tratatzeko, eta metodo ezagunenetako bat, arrakasta handia duena, sudurra buxatzea da. Hala ere, sudur-tapoirik egokiena aukeratzea funtsezkoa da tratamenduaren emaitzarako. Sudurreko tapoi idealak hemostasia lagundu behar du —odoljarioak geldiarazteko mekanismo biologikoen multzoa—, eta gaixoarentzat erosoa izan behar du; eta, hala, sudurreko mukosaren kaltea gutxitu.

UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko tapoi bat garatu dute, ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina, sudurreko hemorragia edo epistasia tratatzeko. Gaur egun merkatuan dagoen tapoirik onenak baino ezaugarri hobeak ditu. Sudurreko tapoia elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz egin da, hala nola sojaren proteina eta txibiaren lumaren kitina. “Egiaztatu dugu elikagai-industriako azpiproduktuak biomaterialen iturri baliotsu eta jasangarria direla, eta horiek erabil daitezkeela propietate hemostatiko handiko sudur-tapoi seguru eta eraginkorrak fabrikatzeko”, adierazi du Edorta Santos Vizcainok, NanoBioCel taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

tapoiIrudia: epistasiari aurre egiteko sudurreko tapoi bat garatu du UPV/EHUko talde batek, elikagaien industriako hondakinetatik abiatuta. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

“Elikagai-industriako azpiproduktu naturaletatik abiatuta —soja-proteina eta kitina-proteina—, scaffold edo matrize harro bat garatu dugu. Honek oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak ditu: ur edo odol kantitate handiak xurgatzeko gai da, gainazal handia du barruan zelulak elkartu eta gordetzeko, ez du materialaren kontrako inolako erantzun okerrik eragiten eta, gainera, partzialki degradatzen da”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Kitina da egitura berri horren oinarria, hau da, material harroaren eskeletoa; soja-proteinak, berriz, egitura hori inguratzen du, materiala oso biobateragarria izan dadin eta, era berean, odol-kantitate handiak xurga ditzan.

Estrategia berde bat

“Gizarteak gero eta behar handiagoa du ingurumena errespetatzeko —dio UPV/EHUko ikertzaileak—, eta, ondorioz, lan honetan ikertu dugu ea soja-proteinatik eta kitina-proteinatik sortutako materiala sudur-tapoi gisa erabil daitekeen epistasia tratatzeko. Gure materialak sudur-tapoi gisa duen potentziala ebaluatzeko, sudur-tapoi gisa duen erabilera aztertu dugu, material sintetikoekin egindako Merocel® izeneko gold standard-arekin alderatuz”.

“Arratoietan in vitro eta in vivo egindako saiakuntzek erakusten dute garatutako materialak mikroegitura porotsua duela, ura eta odola xurgatzeko ahalmen handikoa. Gure biomaterialak odolaren koagulazioa eraginkortasunez sustatzen duela egiaztatu zen, eta globulu gorriak eta plaketak lotzeko propietate bikainak dituela Merocel®-ekin alderatuta. Hori guztia osagai naturalen berezko propietate hemostatikoengatik da”, dio Edorta Santosek. Gainera, “ikusi genuen uretan pisua galtzeko eta egun gutxitan partzialki degradatzeko gai dela odolean murgilduta dagoenean, eta hori gero eta garrantzitsuagoa da sudur-tapoientzat, bestela tapoia erauzteko prozesu inbaditzailea suerta baitaiteke”, erantsi du ikertzaileak. Azken finean, “elikagaien industriako hondakinetatik sortutako materialak Merocel®  tapoiak baino propietate mekaniko eta hemostatiko handiagoak erakutsi zituen”, dio Edorta Santosek.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Sudurreko hemorragia tratatzeko etorkizun handiko tapoi ekologikoa

Erreferentzia bibliografikoa:

Jimenez-Martin, Jon; Las Heras, Kevin; Etxabide, Alaitz; Uranga, Jone; de la Caba, Koro; Guerrero, Pedro; Igartua, Manoli;  Santos-Vizcaino, Edorta; Hernandez, Rosa Maria (2022). Green hemostatic sponge-like scaffold composed of soy protein and chitin for the treatment of epistaxis. Materials Today Bio 15. DOI: 10.1016/j.mtbio.2022.100273

The post Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #409

Sun, 2022/10/02 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

BakeYourResearchBakeYourResearchOsasuna

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak apirilean atera zuen klima-larrialdiaren egoerari buruzko azken txostena. Bertan, osasun ondorioei atal bat eskaini diote. Beste hainbat arazoren artean, klima-larrialdiak buruko osasunean eragiten duela ziurtatu dute. Ondorio hauek ikusita, adituek diote politika orotan lehenetsi behar da osasuna. Aline Chiabai, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikertzaileak, giza osasunaren ikuspegi gero eta osoago bat behar dela dio, eta “osasun bakarra” deituriko ikuskera hartu du ardatz bere ikerketan. Nafarroan jada ezartzen ari dira neurriak honen inguruan, LIFE-IP Nadapta-CC proiektuaren bidez. Egitasmo honetan, klima aldatzeak dakartzan ondorioak neurtu, eta horiek gizakien osasunari mehatxu egiten dietenean prebentzio neurriak proposatzen dituzte.

Biologia

Lehen ornodun barailadunen fosilik zaharrenak aurkitu dituzte Txinako hegoaldean. Siluriarraren hasierako arrain-fosilen multzo bat da, 439 eta 436 milioi urte artekoak, eta, besteak beste, ezagutzen diren ornodun barailadun zaharrenak deskribatu dituzte; baita barailadun baten hortzik zaharrena ere. Batez ere, plakodermoak eta kondriktieak aurkitu dituzte; baita barailarik gabeko espezie bat ere. Orain arte ezagutzen zen arrain barailadun baten fosil zaharrena duela 425 milioi urtekoa zen. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Ikertzaile talde iparramerikar batek egindako ikerketa batek frogatu du ikerketa-taldeetako emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituztela dagokien lanen egiletza aitortzeko. Azaldu dutenez, arazoa ez da emakumeek ez dutela ekarpenik egiten, baizik eta ez dituztela errekonozitzen. Hau da, emakumeek gizonek baino askoz aukera gutxiago dituzte beren lanagatik aintzatespenak, sariak, sustapenak eta ikusgarritasuna jasotzeko. Desabantaila hauengatik, emakumeek beren buruarekiko duten konfiantza falta areagotu egiten da, beren ekarpenen aintzatespenik ez dagoela ikustean. Arazo hau konpontzen lagundu nahi du #BakeYourResearch mugimenduak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin.

Teknologia

UPV/EHUko “Materialak+Teknologia” ikerketa-taldeak 3D inprimaketa bidez zenbait almidoi-motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu. Artoa eta patata erabili dituzte lehengai gisa, eta honen almidoiaz baliatuz terapia pertsonalizatuak posible izatea dute helburu. Izan ere, medikamentu konbentzionalak helduen dosian oinarritzen dira, eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte. Konprimatu hauek, bestalde, farmakoa askatzeko modua doitzeko aukera ematen dutela ikusi dute ikertzaileek. Arto-almidoiarekin botika berehala askatzen da, gehienez 10 minutuan. Waxy arto-almidoiaren eta patata-almidoiaren kasuan, bestalde, botika modu jarraituagoan askatzen da. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Geologia

Blanca Martinez geologoak Silent Hill filmean irudikatzen den giro goibelaren azalpen zientifikoa eman du Zientzia Kaieran. Herri fantasma hartan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe, eta guztia mantu grisaxka batek biltzen du. Bada, filma hau Pensilvaniako Centralian grabatu duten, 1960ko hamarkadan erabat erre zen herria. Herri honek meatze asko ditu inguruan, eta egun batean meategi horietako batek sua hartu zuen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen herrian. Izan ere, ikatza karbonoz osatuta dago nagusiki, eta txinparta batekin gaitasun handia du erretzeko.

Psikologia

Robin Dunbar britaniarrak gazteen harreman aldaketak aztertu ditu, zehazki batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian. Ikerketak ezagutarazi du ikasleen gizarte-sareko pertsonen % 40 berritu egin zela hilabete horietan zehar, eta normalean, harreman berriek galtzen ziren harremanen lekua hartzen zutela. Bestalde, unibertsitate aurreko harremanak mantentzeko, neskak elkarrizketak baliatzen zituztela ikusi zuten, bai aurrez aurre, bai telefono bidez. Mutilen kasuan, ordea, beste pertsonekin egiten ziren jarduerek zuten eragin gehien. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa.

Miren Berasategi Zeberio Komunikazioan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 2004an, eta Komunikazioan doktorea da 2020tik. Bere tesia antsietate matematikoaren inguruan egin zuen. Kontzeptu hau zera da, zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen den antsietatea. Antsietate mota honek ondorio zuzenen artean ditu halako egoerak saihesteko joera, eta errendimendu gutxitua. Antsietateak lan-memoria itsutuz eragiten du, emozio-egoera ezkorra eta honi lotutako pentsamendu intrusiboak sortzen direlako. Horregatik, Berasategik dio beharrezkoa dela trebatzearekin batera antsietatea ere kontuan izatea. Informazio gehiago Unibertsitatea.net webgunean: Miren Berasategi: “Antsietate matematikoa duten pertsonek gaitasun matematikoak erabiltzeko zailtasunak dituzte, eta eragina du errendimenduan”.

Astronomia

Asteroide bat bere orbitatik desbideratu du DART misioak. Misio honen azken xedea asteroideen orbita desbideratzeko sistema bat probatzea da, etorkizunean, Lurraren aurka jo dezaketen asteroide mehatxagarriekin erabiltzeko. Proba hau, beraz, arriskutsua ez zen objektu espazial batekin egin dute, Dimorphos asteroidearekin, hain zuzen. Helburua talkak asteroidetik askatuko duen materiala neurtzea izan da, horren araberakoa izango baita orbitaren desbideratzea. NASAk azaldu duenez, asteroidearen erditik 17 metrora jo dute, segundoko 6,6 kilometroko abiadan, eta kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Berri hau Elhuyar aldizkarian, Sustatun eta Berrian irakur daiteke.

Ingurumena

Saioa Domingo ikertzaileak farmakoek ingurumenean duten inpaktuari buruz doktoretza tesia egin zuen. Farmakoak ezinbestekoak dira gizakiontzat, baina, ingurumenean agertzen direnean, eragina izan dezakete beste izaki bizidunetan eta ekosistemetan. Domingok azaldu duenez, Yorkeko Unibertsitateak ikerketa bat egin du orain arte ikertu gabeko 36 herrialdetako ibaietan, eta bertan frogatu dute farmakoen kutsadura arazo globala dela. Gainera, gaur egun, araztegiek ez dituzte guztiz ezabatzen farmakoak, eta naturara isurtzen dira, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna kaltetuz. Azalpenak Berrian.

Kutsadura handiko eremuetan, plastikoen degradazioak itsasoko uraren pHa 0,5 murriztea eragin dezake, Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko ikerketa-talde batek ikusi duenez. Ikerketa honek argitu du plastikoak degradatzean, uretara azido organikoak askatzen direla. Azido hauek polimero plastikoen eta gehitzen zaizkien gehigarrien osagaiak dira. Honetaz gain, frogatu dute eguzki-erradiazioak plastiko zaharkituak fotooxidatzen dituela, eta horren ondorioz sortzen den CO2-ak ere zuzenean eragiten du uraren pH-a murriztea. Hain zuzen, azidifikazio-maila hau CO2-aren igorpen-tasa ezkorrenetan, mende honen bukaerako eta ozeano zabalean aurreikusia dagoen maila bera da. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.

The post Asteon zientzia begi-bistan #409 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #415

Sat, 2022/10/01 - 09:00

Aukera izatekotan, itsua izatea aukeratuko zenuke horrek inteligenteago egingo bazintu? Ez da benetako aukera gaur egun, baina izan liteke etorkizunean. A blinding mutation that might increase intelligence por Rosa García-Verdugorena.

Patriarkatua gizateriaren organizazio naturala dela uste du jende askok. Ez da egia. How did the patriarchy start – and will evolution get rid of it? Ruth Macerena.

Irismen handikoak dira interakzio elektromagnetikoak eta bai atomoen edota molekulen formakuntzan zein tenperatura altuetan supereroankortasunaren agerpenean parte hartzen dute. Sistema kuantikoetan kontuan izatea, baina, ez da txikikeria. DIPCk: Quantum dots as analog simulators of long-range interactions

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #415 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: diapasoia

Fri, 2022/09/30 - 09:25

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Almudena Martin Castro fisikari eta musikariak diapasoia aurkeztu digu artikulu baten. Haren esanetan diapasoia gero eta gutxiago ikusten den gailu bat da. Kontzertuetan ea ez da erabiltzen afinagailu digitalak ditugunetik. Baina zer da diapasoia eta zein da bere historia?

Diapasoia sardexka forma duen altzairuzko gailu bat da. Berarekin soinua egiten denean, 440 Hz edo segundoko bibrazioak ematen ditu, nota arruntari dagozkionak, eta ahotsak eta musika-tresnak erregulatzeko erabiltzen dena.

Diapasoi baten tonua lima soil batekin doi daiteke. Besoen punta pixka bat gastatuz, masa txikitu egiten da eta tonua zorrotzago bihurtzen da. Aldiz, oinarria lixatzen bada (bi besoak kirtenarekin lotzen diren puntua), edo metala pixka bat berotzen bada, elastikotasuna aldatu egiten da eta tonua larriagoa bihurtzen da.

Diapasoiaren jatorria eta historiari begiratu dio Kiñu kirikiñoak eta hamaika datu interesgarri ditu.

kiñuren begirada

 

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua,  UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

 

The post Kiñuren begirada: diapasoia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin

Thu, 2022/09/29 - 09:00

Ondo dokumentatutako arrakala bat dago emakumeek eta gizonek zientzian ekoitzitako lan kopuruaren artean, eta horrek ez du oso ondorio onik emakumeak sustatzeko garaian. Pentsa liteke arrakala produktibitate desberdintasunengatik litzatekeela, baina duela gutxiko ikerketa baten emaitzak erakutsi du desberdintasun horiek emakumeen ekarpena ez onartzearen ondorio direla.

Ikertzaile talde iparramerikar batek egindako ikerketa batek (Ross et al., 2022) frogatu du ikerketa taldeetako emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituztela dagokien lanen egiletza aitortzeko. Aurkikuntzak hiru datu iturri oso ezberdinetan oinarritzen dira. Lehenengo iturriaren analisiak (ikerketa taldeei, taldearen ekoizpen zientifikoari eta egiletza aitortzeari buruzko eskala handiko datu administratiboak) erakusten du emakumeek probabilitate gutxiago dutela beren taldeak sortutako artikulu edo patente jakin batean izendatuak izateko, beren pareko gizonekin alderatuta.

tarta1. irudia: emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituzte dagokien lanen egiletza aitortzeko. (Argazkia: Vmenkov – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ez da ez dutela ekarpenik egiten, baizik eta ez dituztela errekonozitzen

Lanak aitortzean gizonen eta emakumeen arteko aldea arlo zientifiko gehienetan eta karreraren ia etapa guztietan dago. Bigarren iturriak, egileen inkesta zabal batek, antzeko moduan erakusten du emakumeen ekarpen zientifikoek, sistematikoki, errekonozituak izateko aukera gutxiago dutela. Hirugarren iturriak, erantzun kualitatiboenak, iradokitzen du emakumeak ez ezagutzeko arrazoia dela haien lana askotan ez dela ezagutzen, ez dela aintzat hartzen edo alde batera uzten dela. Beraz, kontua ez da emakumeek zientziari egindako ekarpenak gutxiago direnik, baizik eta ez direla haiek egindako ekarpenak errekonozitzen.

Ikerketa horren gakoa zera da: ekarpen zientifikoaren neurria gorabehera, eta argitaratzeko irizpideak estandarizatzeko ahaleginak egin arren, emakumeek gizonek baino askoz aukera gutxiago dituzte beren lanagatik aintzatespenak, sariak, sustapenak eta ikusgarritasuna jasotzeko. Emaitzak berdin mantentzen dira artikuluan bertan xehetasunez deskribatutako zehaztapen alternatiboen eta lagin murrizketen barietatearen aurrean.

Azterlanak argi uzten du arrakala ez dagoela hainbeste emakumeek zientziari egiten dioten ekarpenean, ekarpen horien aitorpenean baizik. Lotutako lan kualitatiboak iradokitzen du esleipen zientifikoa zehazten duten estandarrak ez direla ondo ezagutzen edo ulertzen alderdi guztiei dagokienez, eta askotan ez direla aintzat hartzen. Emaitzak erakusten duenez, emakumeak sistematikoki desabantailan daudela dirudi. Ikuspegia generoan jarri zen arren, arrakala horiek beste talde baztertu batzuek emandako erantzunetan ere ikusi ziren.

Adorerik eza emakumezko ikertzaile gazteen artean

Ebidentzia bat dator zientzian generoen arteko ezberdintasunek beren burua indartu dezaketela dioen nozioarekin, Rosalind Franklinek eta beste batzuek izandako patuak adoregabetu egin zuela eta ikertzaile bikain asko zientziara sartzetik gogogabetu ditzakeela dioen nozioarekin. Irakasle postuetan dauden emakumeen ordezkaritza txikia ikertzaile gazteen artean izandako etsipen goiztiarraren ondorioa izan daiteke: beren buruarekiko konfiantza falta areagotu egiten da beren ekarpenen aintzatespenik ez badago, batez ere oinarrizko proiektu oso indartsuetan, eta ondorioz, frustragarria da beren karrerek gutxi egitea aurrera. Emakumeen ibilbide profesionalen aurrerabideari buruzko luzetarako lana datu horiek aztertuz susta daiteke. Datu horiek lotura enpirikoa ematen dute egiletza aitortzearen, emakumeen karrera zientifikoaren progresioaren eta ikertzaileen hasierako etapetako gogo galeraren artean. Aurkeztutako emaitzetatik haratago, azterlanak datuen azpiegitura berri eta aberats baterako jarraibideak ematen dizkigu; desberdintasunen kausak ezagutzea, konponbideak bilatzeko.

Zientzia zabaltzeko gozogintza egitea

Eta gure ikerketaren emaitzak ikusarazteko sortzaileak bagina? Gure lanarekin lortutako lorpenetan inspiratutako pastel bat aurkeztuko bagenu?

tarta2. irudia: unibertsitate lehiaketek zein #BakeYourResearch eta halako traolek aukera ematen diete zientzialariei beren sormena probatzeko. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Gozogintza eta zientzia lotzeko modu horrek izena du: #BakeYourResearch. Duela hilabete batzuk, mikologo batek karameluzko onddo hiperrealistak sortu zituen, enbor formako txokolatezko bizkotxo batetik hazten zirenak. Maisulan mikologiko hori ez da kasu isolatu bat; sare sozialetako zientzialariek irina eta azukrea erabiltzen dituzte kontzeptu konplexuak ilustratzeko. Denetarik dago: kakahuete gurinezko pastela erabiliz mitosiak nola funtzionatzen duen erakusten duten mikrobiologoetatik hasi eta hilerriak ingurumen eremu babestu bihurtzeko ikerketen eskemak erakusten dituzten mazapanezko maketetara arte. Gozo zientifiko batzuk adituek egiten dituzte; beste batzuk, berriz, etxean prestatutako asteburuko proiektuak dira. Baina horiek guztiek atentzioa emateko izugarrizko boterea dute.

Unibertsitate lehiaketek zein #BakeYourResearch eta halako traolek aukera ematen diete zientzialariei beren sormena probatzeko. Ikerketan oinarritutako eta zientziarekin ondutako hainbat labe produkturen bidez, dibulgazioa egin daiteke, eta agian, ikerketa ildo batean egindako aurrerapenen benetako egiletza aldarrikatu. Argi dago txantxa hori besterik ez dela, txantxa bat, eta gozoez hitz egiten badugu ere, zientziaren munduak aitortu gabeko emakume egileei egindako bidegabekeriak garratzak dira, eta premiazko neurri konpontzaileekin kitatu behar dira.

Bakteriozko pasteltxoak tarta3. irudia: Charlotte Roughtonen eta Vic Burgeren pastela. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Charlotte Roughton mikrobiologia arloko doktoregoko ikasleak dio: «Apirilean, Vic Burge lankideak eta biok Bake Your Research ekitaldia antolatu genuen Biozientzien Institutuko Gizarte Batzordearen barruan. Sormen pieza ugari ikusi genituen, hala nola galletazko mikroskopio bat, jengibre ogizko zebra arrainaren larbak eta profiterolezko organuluak».

Roughtonek eta Burgek pasteltxoak erabili zituzten Clostridioides difficile bakterioaren peptidoglikanozko digestio entzimen jardueraren eskema bat irudikatzeko. Superbakterio hori zabaldu egiten da, eta infekzioak eragiten ditu, espora izeneko zelula inaktiboak eratzean. Espora horiek sortzeko, bakterioak entzimak (Pacman urdinak eta arrosak) erabili behar ditu zelula pareta birmoldatzeko. Pareta hori peptidoglikano izeneko azukre sare batez (cupcakeak) eta aminoazidoz (broxeta formako gozokiak) osatuta dago.

pastel4. irudia: Tharika Liyanageren pastela. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Beste obra handi bat pastel misteriotsua izan zen: Australian, Tharika Liyanage Lur Zientzietako doktoregoko ikasleak biomolekula fosildu gisa kontserbatzen diren arroken erregistro geologikoko bizitza zelulabakarreko lehen arrastoak deskribatu zituen, biomarkatzaile izenekoak. Biomarkatzaile batzuk, hala nola cheilantaneak, ugariak eta nonahikoak dira Lurreko arroken erregistroan. Baina ez dira ezagutzen jatorrizko biomolekula aitzindariak edo horiek sortzen dituzten mikroorganismoak. Pastela cheilantaneak bezalakoa litzateke. Ikerketan, Tharikak arroketan egositako molekula fosilizatu sinplea aurkitu zuen, baina ez zekien nola sortu zen. Ez dakigu zein diren osagaiak. Ez zekien zein zen errezeta. Ezta cheilantaneek zein mikrobio egin zituzten ere; beraz, pastela epaileei aurkeztu zien, eta pastelaren zaporea, usaina, ehundura eta itxura erabiliz osagaiak eta errezeta aurkitu behar izan zituzten haiek. «Ezin izan zituzten osagai nagusiak aurkitu, baina oso dibertigarria izan zen. Misterio hau cheilantaneen iturri biologikoetan egin dudan aurrerapenaren antzekoa da!»

pastel5. irudia: Nooshin Sheidaeiren pastela. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Nooshin Sheidaei dinamika zelularreko eta molekularreko doktoregoko ikasleak duela hilabete batzuk bere tarta labean egin zuen pandemiaren ondoren aurrez aurreko laborategiko lehen bilera ospatzeko. Kakahuete gurinezko pastel errezeta interesgarri bat aurkitu berri zuen sarean. Pastela egiten zuen bitartean, kakahuete osoak zituela gogoratu zitzaion, hornigai sinple baterako erabil zitezkeenak. Hona hemen gakoa: kakahueteek kromosomen antz handia dute. Pastela sorpresa atsegina izan zen bere laborategiko taldearentzat (bere taldearen ikerketa zelulen banaketan oinarritzen da). Lehen bilera ez-birtual hartan denei gustatu zitzaien tarta. Geroago, egun horretan, Twitterren partekatu zuen; jarraitzaile talde txiki bat zuen (agian 30 baino gutxiago), eta ez zuen inoiz pentsatu pastelak lortu zuen zabalkundea izango zuenik. Erantzuna ikaragarria izan zen, eta oso iruzkin laudagarriak jaso zituen. Zientziaren nerd neska bihurtu zen (batez ere biologiarena).

Artearen eta sormenaren hedapen honek guztiak balio badu beste batzuk zientziarekin liluratzeko, merezi dute gozogintzari eskainitako orduak. Bi zaporeko karameluan DNA helize bikoitzeko estalkia duten tartak egin behar baditugu, egin eta zabalduko ditugu. Hori bai, gozoaren eta aurkikuntza zientifikoaren egiletza aitortuz.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 16an: Cómo hacer una tarta con los resultados de tu investigación.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa

Wed, 2022/09/28 - 09:00

Adiskidetasunak aldakorrak dira; uste duguna baino errazago indartzen edo ahultzen dira. Izan ere, ez da zaila bi pertsona lotzen dituen harreman bizia desagertu eta ezagunak besterik ez izatera igarotzea. Dena den, arau horrek baditu salbuespen batzuk: gaztaro goiztiarrean sortzen diren bizpahiru adiskideek denborak eta distantziak ekartzen dituzten hondamenei aurka egiten diete.

lagunak izateaIrudia: benetan axola duena ez da gure lagun taldea nork osatzen duen, baizik eta lagunak izatea. (Argazkia: Dim Hou – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Robin Dunbar britainiarrak berriki zuzendu duen ikerketa batek neska-mutilen gizarte harremanen alderdi batzuk argitu ditu, baita batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian izaten dituzten gorabeherak ere. Adibidez, ikerketak ezagutarazi zuen ikasleen gizarte-sareko pertsonen % 40 berritu egin zela garai hori luzatu zen denboran; ehuneko horrek erakusten du adin tarte horretan gizarte-harremanek duten aldakortasuna. Ikerketa taldea harritu zuena zera izan zen: normalean harreman berriek galtzen ziren harremanen lekua hartzen zuten gizarte-sarearen barruan. Hau da, ordezkatutako lagunekin zuten kontaktu maiztasun bera zuten lagun berriekin. Zentzu horretan, pertsona bakoitzak arrasto sozial bereizgarri bat zuen.

Lagunak izatea, elkarrizketak eta jarduerak manteduz

Bestalde, neskek unibertsitate aurreko lagunak mantentzen laguntzen zuena elkarrizketak izaten zen, dela aurrez aurre, dela telefono bidez. Mutilen kasuan, ordea, elkarrizketek ez zuten inolako eraginik adiskidetasunari eusteko probabilitatean. Beste pertsonekin egiten ziren jarduerek zuten eragina: tabernetara joatea, kirolen bat egitea, mendira joatea edo beste batzuk. Horrek ez du esan nahi jarduera horiek ez zietela neskei ere laguntzen beren harremanei eusten; laguntzen zuten, baina gutxiago eragiten zieten. Mutilen eta nesken arteko beste alde bat telefono deiek irauten zuten denbora eta orduetan zehar zuten banaketa zen. Nesken deiek, batez beste, 150 s irauten zuten goizean, baina eguna amaitzean, 500 s-tara iristen ziren. Mutilenak, aldiz, 100 s ingurukoak ziren, eta ez zegoen alderik goizeko deien eta gauekoen artean.

Nahiz eta azterketan alde handiak ikusi zituzten monitorizatutako pertsonen ordutegi ohituretan, ondorioztatu zen ohitura horiek ez zirela aldatu azterlanaren 18 hilabeteetan. Hasieran goiz jaikitzen zirenek bukaeran ere hala jarraitu zuten, eta gauza bera gertatu zen berandu oheratzen zirenekin. Danimarkan unibertsitateko 1.000 ikaslerekin egindako beste ikerketa batean, egiaztatu zuten % 20 goiztiarrak zirela, beste % 20 berandu oheratzen zirela eta beste guztiek ez zutela ordu joera markaturik. Halaber, konturatu ziren goiztiarrek ez zituztela beren ohiturak zituzten adiskideak lehenesten, nahiz eta berandu oheratzen zirenek joera hori izan. Berandu oheratzen zirenek goiztiarrek baino sare sozial zabalagoak zituzten (35 vs. 28), baina, beharbada, logikoa denez, goiztiarren denbora gehiago ematen zuten telefono dei bakoitzean (112 s vs. 94 s.). Goiztiarren sareak sendoagoak ziren, egonkorragoak.

Dunbarren iritziz, gure gizarte harremanen izaerari buruzko datu ustekabekoena eta argigarriena egiturak duen konstantzia izan zen, osatzen dutenen identitate zehatza gorabehera. Gure adiskideak pertsona atseginak izatea nahi dugu, fidatzeko modukoak; haiekin ongi moldatu nahi dugu. Baina benetan axola duena ez da gure lagun taldea nork osatzen duen, baizik eta lagunak edukitzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dunbar, Robin (2021). Friendship-ology. New Scientist, 249 (3324), 36-40. DOI: https://doi.org/10.1016/S0262-4079(21)00379-1

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kriptako istorio geologikoak

Tue, 2022/09/27 - 09:00

Silent Hill bideo jokoen sagak berorren giroa du bereizgarri nagusi. Survival horror generoko bideo joko guztietan ohikoa den giro psikologikoki zapaltzaile hori sortzeko, hauetan, laino lodi batek estalitako herri batean galduta gaude, eta ezin dugu bereizi metro gutxira daukaguna telefono zutoin bat edo gu besarkatzeko asmorik ez duen izaki beldurgarri bat den. 2006an Silent Hill zinemara eraman zutenean, filma egin zuen talde teknikoak apur bat aldatu zuen jatorrizko istorioa; hala, protagonista herri fantasma batean galduta dago, baina oraingoan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe eta guztia mantu grisaxka batez biltzen du. Filmean, benetako gertaeretan oinarritutako azalpen bat ematen diote horri eta, sinesgaitza dirudien arren, oinarri geologiko bat du, ezin zuen bestela izan.

geologikoak1. irudia: Centralia herrira (Pennsylvania) sartzeko errepidearen xehetasuna. Hainbat zartadura ikus daitezke errepidean, eta lurrazpiko ikatzaren errekuntzak eragindako kea darie. (Argazkia: JohnDS – erabilera libreko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Horretarako, Pennsylvaniako (Estatu Batuak) herri txiki bukoliko batera bidaiatu behar dugu, Centraliara. XIX. mendearen erdialdean sortu zen, inguru osoan hainbat ikatz hobi garrantzitsu aurkitu ondoren. Material hori erauzten zuen meatzaritza industria izan zen herriaren bultzada ekonomiko nagusia. Baina, 1960ko hamarkadaren hasieran, dena amesgaizto bihurtu zen, beldurrezko bideo jokoen sarreretan beti gertatu ohi den moduan. Meategi zaharretako batean sutea gertatu zen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen hiriaren azpian zulatutako meatze guztietan. Zoruan zabaldutako pitzadurek harrapatzen zuten guztia irensten zuten, gasolindegiko lurrazpiko erregai deposituak hartutako tenperaturak eztanda izugarriak iragartzen zituen, eta gas toxikoak, kea eta hiri osoa estaltzen hasi zen errauts euri etengabe bat sortu ziren. Hainbatetan saiatu ziren sutea itzaltzen, baina ez zuten lortu; izan ere, lur azpian ikatza badago, sua kontrolaezina izango da hainbat hamarkadaz, baita hainbat mendez ere. Gaur egun, Centralia herri fantasma bat da, eta biztanle gutxi batzuk soilik bizi dira han.

geologikoak2. irudia: Birminghamgo San Andrew Elizako hilerriaren ondoan dagoen kartel turistikoa. Hau dio testuak: San Andrew Elizaren azpiko ikatza oso lurrunkorra zen. Ohikoa zen ikatza lur azpian erretzen hastea eta hilerrian kea eta sugarrak aireratzea. «Infernuko suak» ziruditen. (Argazkia: Marta Pascual)Oinarri geologikoko argi txakurrak

Orain, kontinentez aldatuko gara, antzeko istorio nahiko tetriko bat ezagutzeko. Horretarako, Ingalaterrako Birmingham hirira joan behar dugu; Erresuma Batuko bigarren hiri jendetsuena da, eta hantxe sortu zen Industria Iraultza XVIII. mendearen erdialdean, ikatz metaketa ugariko eremu batean baitago. Hiriaren kanpoaldean muino txiki bat dago, eta haren gailurrean San Andrew Eliza eraiki zuten, baita hilerri bat ere, lurrean zulatutako hilobiz eta harrizko hilarriz josia. Muino horretako ikatza oso aberatsa da gas sukoietan, eta gasok ia gainazaleraino azaleratzen dira, hainbesteraino ezen tximista bat erortzeak sutea eragin baitezake. Eta errekuntzaren ondorioz sortzen diren gasak, kea eta sugarrak hilarrien artean ateratzen dira azalera. Jakina, Birminghameko duela pare bat mendeko biztanleek infernuko ateetan zeudela pentsatuko zuten, seguruenik, hori ikustean. Han, edo Resident Evil bideo jokoko Racoon City hirian.

geologikoak3. irudia: Garai Karboniferoaren amaierako iratze zuhaizkaraz, likopodioz, azeri buztanez eta koniferoz inguratutako eremu zingiratsu baten irudia. (Ilustrazioa: Sergey Krasovskiy)

Baina Estatu Batuetako eta Britainia Handiko ikatz metaketa horien arteko lotura ez da anekdota beldurgarri huts bat. Ikatza jatorri organikoko harri sedimentario bat da, zingira eta estuario inguruetan metatu edo lurperatu eta oxigenorik gabe deskonposatu diren landare hondakin kontinentalez osatua. Milioika urte igaro ondoren, eta lurperatzeak trinkotu duelako, materia organiko hori kontsolidatu egiten da, eta harri sedimentarioak sortzen dira. Harriok karbonoz osatuta daude nagusiki, eta gai dira energia sortzeko errekuntza bidez; horregatik, erregai fosil gisa erabiltzen dira duela milaka urtetatik. Paleozoikoaren amaieran, duela 359 eta 299 milioi urte bitarteko periodo geologiko batean, gure planetako zingira eta itsasertzetan bizi ziren landareen hondakinekin sortu dira ikatz biltegi nagusiak. Eta Britainia Handiko bi geologok eman zioten izena periodo horri, XIX. mendearen hasieran, beren lurraldean azaleratzen ziren harriak aztertuz. Hala, bestela izan ezin zuenez, Karbonifero deitu zioten, latinez, «ikatz eramailea». Izan ere, geologian guztia azpisailkatzeko dagoen tradizioarekin jarraituz, Estatu Batuetan bi zatitan banatu zuten periodo Karboniferoa eta, haren azken zatiari (duela 323 eta 299 milioi urte bitartean) Pennsylvaniar izena eman zioten, Pennsylvaniako estatuaren omenez, inguru horretako ikatz metaketa ugariagatik. Eta Birmingham eta Centralia hiriak are gehiago lotzeko, esan behar da periodo Karboniferoaren amaieran Ipar Amerika eta Britainiar Uharteak masa kontinental beraren parte zirela. Laurasia izeneko lurralde horretan, klima subtropikal batean, zingira zabalak inguratzen zituzten landare masa izugarriak sortu ziren eta, milioika urte geroago, bi herrialdeetan ustiatzen diren ikatz metaketak eragin zituzten.

Ez da beti erraza ikustea, baina geologiak erabateko eragina du gure joera kultural guztian, gauden garaia edozein dela ere. Hala, bitxikeria geologiko bat berdin bihurtu daiteke deabruzko kondaira bat zein bideo joko batean oinarritutako film baten beldurrezko girotzea egiteko inspirazioa. Horren guztiaren jatorri zientifikoa bilatzea da dibertigarriena.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 23an: Historias (geológicas) de la cripta

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Kriptako istorio geologikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Almidoiaren 3D inprimaketan oinarritutako botikak

Mon, 2022/09/26 - 09:00

3D inprimaketa bidez zenbait almidoi-motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu UPV/EHUko ‘Materialak+Teknologiak’ ikerketa-taldeak (GMT). Botika hauek terapia pertsonalizatuak dute helburu eta ikertzaileek berretsi dute farmakoa askatzeko modua doitu litekeela almidoi-mota egokia eta konprimatuaren forma optimizatuz.

Metodo tradizionalek parametro jakin batzuk dituzten sendagaiak sortzen dituzte, baina, kasu askotan, pazienteen banakako beharrak ase gabe. Izan ere, medikamentu konbentzionalak helduen dosian oinarritzen dira, eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte. Horrez gain, zenbait paziente-taldek dosifikazio-forma espezifikoen alternatibak behar dituzte botikak ahotik errazago hartzeko. Ildo horretan, desintegrazio azkarreko konprimatuak aukera ona dira, berehala disolbatzen baitira mihian jartzean. Enpresa farmazeutikoek gainditu behar duten beste erronketako bat da botika denboran modu kontrolatuan askatzea; batez ere, farmakoak izaera hidrofoboa duenean, hau da, uretan disolbatzen zaila denean.

botikakIrudia: almidoiaz 3Dn inprimatutako konprimatuek botikak era pertsonalizatu batean askatu dezakete. (Iturria: EHUko prentsa bulegoa)

Arto- eta patata-almidoian oinarritutako konprimatuak

3D inprimaketa produktuak geruzaz geruza inprimatzean datzan teknologia da, non materialak metatzen baitira diseinu informatikoko softwareak diseinatutako eredu digitalaren arabera. Metodologia azkar eta erraz bati jarraituz, eta 3D inprimaketari esker, “gai izan gara hiru almidoi-motatan —bi arto-almidoi mota (arrunta eta waxya) eta patata-almidoi mota bat— oinarritutako konprimatuak prestatzeko, zenbait geometriarekin eta botika ez disolbagarri batez kargatuta”, adierazi du Kizkitza González ikertzaileak.

Sortzen den materiala xiringa batean sartu behar da inprimatu aurretik. Hala ere, lehenik eta behin, funtsezkoa da bermatzea materiala inprimagarria izango dela eta, inprimatu ondoren, bere formari eutsiko diola. Horretarako, azterketa erreologiko zehatza egin behar da. Hiru almidoi-motek propietate erreologiko egokiak erakutsi dituzte, nahiz eta patata-almidoiaren kasuan inprimatze-prozesua neketsuagoa izan, haren propietateak zirela eta.

Halaber, “ikusi dugu zer-nolako garrantzia duen almidoiaren jatorri botanikoak propietate ia guztietan, hala nola mikroegitura porotsuan, sare egonkor baten eraketan edo botikaren askapenean. Arto-almidoi arruntaren kasuan, botika berehala askatzen da, eta sendagaia erabat askatzen da 10 minutuan; waxy arto-almidoiaren eta patata-almidoiaren kasuan, bestalde, botika modu jarraituagoan askatzen da, eta 6 ordu behar izatera ere irits daiteke erabat askatzeko. Gainera, frogatu ahal izan dugu konprimatuaren geometriak garrantzia daukala farmakoaren askapenean”, dio Kizkitza Gonzálezek.

Azkenik, “almidoi-mota desberdinak konbinatzen zituzten konprimatuak ere inprimatu ziren. Kasu horretan, botika bi etapatan askatzea lortzen da. Adibidez, infekzio baten kasuan, lehenengo etapa batean, arto-almidoi arruntarekin berehala aska liteke sendagai bat mina arintzeko, eta, bigarren etapa batean, beste bi almidoietako edozeinekin, antibiotiko bat aska daiteke modu jarraituagoan”, esan du UPV/EHUko ikertzaileak.

Kizkitza Gonzálezek badaki lan hau prozesu luze baten lehen etapa baino ez dela, baina adierazi duenez, “almidoiaz 3Dn inprimatutako konprimatuek etorkizun handiko propietateak erakutsi dituzte botikak askatzeko etorkizuneko aplikazio pertsonalizatuak lortzeko”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Almidoiaren 3D inprimaketa, sendagai pertsonalizatuak garatzeko

Erreferentzia bibliografikoa:

González, Kizkitza; Larraza, Izaskun; Berra, Garazi; Eceiza, Arantxa; Gabilondo, Nagore (2022). 3D printing of customized all-starch tablets with combined release kinetics. International Journal of Pharmaceutics 622 DOI: 10.1016/j.ijpharm.2022.121872

The post Almidoiaren 3D inprimaketan oinarritutako botikak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #408

Sun, 2022/09/25 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

simetrikoa

Klima-aldaketa

Belardiak gorrituta daude eta urtegiak usteko zorian. Idorraldia. Antonio Aretxabala geologoaren arabera, gero eta ohikoagoak eta gogorragoak izango dira muturreko fenomenoak. Haren esanetan, baliagarri dugun uraren %80 inguru nekazaritzan agortzen dugu, eta ekoizten denaren gehiengoa esportatu egiten da. Aretxabalaren ustetan, ahalegina egin beharko genuke nekazaritza eta abeltzaintza ereduak, eta baita ekonomia, hirigintza eta bestelako politikak oraingo egoerara egokitzeko. Datuak Berrian: «Ur faltaren auzia klima aldaketaz harago doa: tragedia politikoa da».

Zientzialariek zalantzan jarri dute hirietako zuhaitzek giza osasunean duten onura betetzen jarraitu ahal izango duten. Izan ere, egoera zaurgarrian daude hirietako zuhaitzak, klima-larrialdia dela eta. Munduko 164 hirietako 3.129 zuhaitz-espezie aztertu ondoren, ikertzaile-talde batek ikusi du % 56 beren tenperatura-margen segurutik kanpo dagoela jada, eta % 65 baita euri-margen segurutik kanpo ere. Horrek arriskuan jar dezake klima-egokitzapenerako adituek proposatu izan duten estrategietako bat, hain zuzen ere, hirietan zuhaitzak eta berdeguneak ugaritzea, tenperatura-sentsazioa murriztu eta giza ongizatea hobetzeko. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

Klima-aldaketak eragindako fenomenoek ondare arkeologikoa kaltetu dezaketela pentsatzen dute ikertzaileek. Nahiz eta ikerketa gutxi egin diren gai honen inguruan, zientzialariek aurreikusten dute giroko baldintzen kontrasteek azkartu egingo lituzketela arrastoen higadura eta desagerpena. Diego Garate arkeologoak azaldu duenez, kontrolatu diren leize gutxitan, Pirinioetan, tenperatura igoera oso txikiak antzeman dira, 0,1-0,2 gradukoak. Halere, bariazio horiek nahikoa dira kalte kate bat abiarazteko. Informazio gehiago Berrian: Klima, aztarnak ezabatzen.

Duela bi mende Jean-François Champollion frantziarrak Rosetta harria deszifratzea lortu zuen. Rosetta harria Granodiorita arroka zati handi bat da, eta harriaren aurrealdean testu bera du hiru hizkuntzatan zizelkatua: antzinako egiptoerako hizkuntza hieroglifikoan (hamalau lerro) eta demotikoan (32 lerro), eta antzinako grekoan. Nilo ibaiaren mendebaldeko deltan aurkitu zuten, Rosetta hiritik gertu, 1799ko uztailean. Pieza preziatu honek antzinako Egiptoko hieroglifoak ulertzeko eta haien zibilizazioa hobeto ezagutzeko bidea zabaldu zuen ikertzaile frantziarrak. Datuak Berrian.

Genetika

Analisi genetiko zabal batez baliatuz, zientzialari talde batek proposatu du indoeuroperaren jatorria Eurasiako estepetan ez baizik eta Asia mendebaldean dagoela. Besteak beste, Anatoliako lagin genetikoak aztertu dituzte lan honetan, eta berretsi dute Neolito aroko bertako biztanleen artean ez dagoela jamnarren arrasto genetikorik. Baina bai ikusi dute Anatoliako populazioek eragin genetiko esanguratsua izan zutela Mendebaldeko Asiatik. Horrek iradokitzen du anatoliar eta indoeuropar hizkuntzen atzean zegoen aurreko hizkuntzaren abiapuntua Mendebaldeko Asian egon zela, eta ez estepan. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke.

Biologia

Txernobylgo eremu babestuko igelak ingurukoak baino ilunagoak dira, melaninak erradiaziotik babesten baititu. Litekeena da istripua izan zenean, igel ilunek hobeto aurre egin izana erradiazioari, eta horiek ugaritu izana inguru horretan. Prozesu hau aztertzeko, 189 ekialdeko zuhaitz-igel (Hyla orientalis) aztertu zituzten, erradiazio-maila desberdineko 12 puntutan. Emaitzek erakutsi zuten eremu babestutik kanpo aurkitutako ia igel guztiak berde distiratsuak zirela, espezie horren ohiko kolorekoak. Aldiz, eremu babestuan nabarmen ilunagoak ziren, batzuk beltzak izateraino. Istripuaren garaian erradiazio gehien jaso zuten eremuetan zeuden gainera, igel ilunenak. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Hizkuntzalaritza

Ikerketa baten arabera, 7 hilabeteko haurrek berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen ala ez. UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeko ikertzaileak lankidetzan aritu dira INCC zentroa, Vienako Unibertsitatea eta Paduako Unibertsitatearekin azterketa honetarako. Esperimentuan zehar, 7 hilabeteko haurtxoak egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean jarri zituzten, eta hauen berezko begirada-ereduak aztertu zituzten. Emaitza hauek iradokitzen dute haurrek txikitatik irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela. Datuak Zientzia Kaieran: Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute.

Fisika

Albedoa gainazal batek islatu dezakeen erradiazio kantitatea da. Energia gutxi islatzen duten gainazalek (hau da, erradiazio ia guztia xurgatzen dutenek) albedo oso baxua izango dute, et iristen zaien erradiazio gehiena islatzen duten gainazalek, berriz, albedo balio altuak izango dituzte. Planeta mailan, Lurrak 0,3ko albedo balioa du, gutxi gorabehera. Honek esan nahi du eguzki erradiazioaren ia % 30 islatzen duela, eta gainontzekoa xurgatu. Beraz, albedoak eragin zuzena du Lurrean dugun kliman, baina giza jarduerek ere eragin dezakete propietate fisiko horretan. Izan ere, Lurreko gainazala aldatuz, albedoa alda daiteke, eta ondorioz, Lurrak azalera horretan xurgatzen duen bero kantitatea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Eguzkia islatuz.

Astronomia

MIT Massachusetts Teknologia Instututuko astrofisikariek proposatu dute Saturnoren eraztunak ilargi baten desintegrazioak sortu zituela. Astrofisikari hauek planetaren eraztunen jatorria eta planetaren inklinazioa azaltzeko hipotesi berri bat argitaratu dute. Hipotesiaren arabera, duela 150 milioi urte inguru, Krisalida ilargiaren orbita desegonkortu egin zen, gehiegi gerturatu zen planetara eta desintegratu egin zen. Orduan, arrokek elkarren aurka jo zuten, zati txikiagoak sortu ziren, eta horiek osatzen dituzte oraingo Saturnoren eraztunak. Bestalde, astrofisikarien ustez, gertakari horrek berak eragin zuen Saturnok 26,7º-ko inklinazioa izatea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Neptunoren eraztunen argazkiak atera ditu James Webb teleskopioak. Eraztunak inoiz ez dira ikusi halako zehaztasunez, lehenbizikoz “Voyager 2” zundak irudikatu zituenetik. Planetatik 5.000 kilometrora egin zituen argazkiok lehen zundak, baina James Webb Lurretik gertu samar dago, eta Neptunotik 4.350 milioi kilometrora. James Webb ez da teleskopio optiko bat bezalakoa, eta ateratzen dituen irudiak moldatu egin behar dira gero. Berezitasun horri esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. Gainera, Neptunoren hamalau ilargitatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Azalpen guztiak Berrian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #408 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #414

Sat, 2022/09/24 - 09:00

amestutakoak gogoratzeko

Amestutakoak gogoratzeko gai zara? Pertsona kreatiboa zarela esan lezake horrek. J.R. Alonsok azaltzen du: Dream recall and creativity

Ezagutzen dugun proteinetan oinarritutako bizia baino, imajinatu plastikoetan oinarritutakoa. Gutxi falta da. BCMaterialsekoak dabiltza lanean. From protein design to materials design

Fase topologiko erdimetalikkodun materialak diseinatzeko prozedura orokorra topatu du DIPCk. A general procedure to design materials with topological semimetal phases

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #414 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marteko kanalen historia

Fri, 2022/09/23 - 09:00

Giovanni Virginio Schiaparelli 1835ean jaio zen Italian. Arkitektura eta ingeniaritza ikasi zituen arren, astronomia zen benetan interesatzen zitzaiona. Denborarekin lan garrantzitsu ugari gauzatu zituen astronomia arloan baina bere ospea Marteko kanalei esker lortu zuen.

Ilusio optiko baten ondorioz kanal batzuk ikusi zituen Marten. Hauek izendatzeko orduan, itzulpen-akats baten ondoren, italierako «canali» hitzari «canals» ordaina eman zioten ingelesez eta “canals” modu artifizialean eraikitako kanalak dira. Hori dela eta, irakurleek planeta gorriak norbaitek egindako ubideak zeudela pentsatu zuten.

Gaur egun badakigu Marten ez dagoela ez kanalik, ez gizaki berderik, ezta grisik ere. Baina ezin dugu baztertu iraganean mikrobioak egon izana. Ez da Schiaparelliren “aurkikuntza” bezain ikusgarria, baina baieztatuko balitz, lurretik kanpoko izaki bizidunen lehenengo aztarna izango litzateke.

‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Marteko kanalen historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Indoeuropar hizkuntzen katebegi galduaren bila

Wed, 2022/09/21 - 09:00

Analisi genetiko zabal batean abiatuta, indoeuroperaren jatorria Eurasiako estepetan ez baizik eta Asia mendebaldean dagoela proposatu du zientzialari talde batek.

Mediterraneo ekialdeko, Anatoliako eta Ekialde Hurbileko iraganaren inguruan orain arte egin den ikerketa genomiko zabalena aurkeztu du ikertzaile talde batek Science aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu sorta batean.

Kuantitatiboki bederen, kopuru itzelak daude ikerketaren atzean: orotara 30 erakundetako 206 ikertzailek kolaboratu dute —horietako bat da Iñigo Olalde Ikerbasque zientzialaria—. Eremu geografiko zabal horretan aurkitutako 1.300 lagin baino gehiago aztertu dituzte; horietatik, 727 aurrenekoz berariaz sekuentziatu dituzte lan honetarako. Halako azterketetan ohikoa den moduan, batez ere herri desberdinen eta giza banakoen mugimenduen inguruko informazio zabala ondorioztatu ahal izan dute, horien artean egon daitezkeen ahaidetasun harremanak argitzen saiatu aldera.

Mapan marrazten duen irudiari helduta, ikertzaileek Hegoaldeko arku gisa definitu dute eremu hau. Europako hego-ekialdetik Ekialde Hurbilera doan eremu zabala da: Errumanian hasita, besteak beste Grezia, Turkia, Armenia, Azerbaijan, Iran, Libano eta Israel hartzen ditu lurraldeak. Bertan garatu dira mundua orraztu duten hainbat zibilizazio eta gertakari historiko garrantzitsu. Eremu geografikoa handia izateaz gain, denbora tartea ere oso zabala izan da: lehen nekazaritza zibilizazioetatik (duela 10.000 urte inguru) eta Otomandar Garairaino (XVII. mendearen inguruan).

Indoeuropar1. irudia: Antzinako DNA laginak hartu dituzte eremu zabal batean. Hori koloreko puntuak lehen aldiz aztertutako DNA laginei dagozkie. (Irudia: Lazaridis et al.. Iturria: Science)

Harvardeko Unibertsitateko David Reich genetistak eta Vienako Unibertsitateko Ron Pinhasi antropologoek gidatu dute ikerketa, eta antzinako genoman nazioarteko erreferentzia den Iosif Lazaridis da egile nagusia.

Reichen taldeak azken urteotan proposamen ugari jarri ditu arkeologoen eta historialarien mahai gainean, eta, kritikak kritika, horiei esker bereziki Neolitoari eta Antzinaroari buruzko teoria asko berritzen eta zehazten ari dira.

Horien artean, seguruenera nabarmenena hizkuntza indoeuroparren gaineko jatorriari buruzkoa da. Aintzat hartzen badugu 3.000 milioi lagun inguruk familia horretako bat dutela ama hizkuntzatzat, agerikoa da horien jatorria argitzeko aspalditik dagoen interesa.

Urte askoan bi hipotesi nagusi egon dira: lehenak zioen (aitzinindoeuropera) Anatoliatik etorri zela Europa mendebaldera, lehen nekazariekin batera. Bigarrenak Asiako estepetan kokatzen zuen hizkuntza familiaren jatorria: duela 5.000 urte inguru Europa osoan zehar hedatu zen Jamna herriak zabaldu zuen. Hori izan da, zalantzarik gabe, aldeko froga gehien izan dituen hipotesia.

2015ean Reichen taldeak egindako azterketa genetiko batek behin betiko bultzada eman zion hizkuntzalariek aspalditik zuten susmo horri: Jamnarrekin batera zabaldu zen hizkuntza hori Europan zehar, eta beste migrazioen bitartez Asian zehar ere zabaldu ziren hizkuntza horien ondorengoak. Hizkuntza ez ezik, etorri berriek izurria ere ekarri zutelaekarri genuela, esan genezake— ondorioztatu dute beste ikertzaile batzuek.

Funtsean, Europa mendebaldeko biztanle gehienen ordezkapen genetiko bat egon zela ondorioztatu zuten aurreko ikerketek, batez ere leinu patrilinealen bitartez, eta, garaien erakusle, ondorio horrek ere zalaparta ugari ekarri zuen, batez ere hedabideetan. Funtsean, Jamna jatorrizko gizonezkoen leinu berriak nagusitu ziren Europako mendebalde gehienean, aurreko biztanleen artean emakumezkoen leinuak mantendu baziren arren. Ordezkapen horrek izan zuen bortizkeria maila da eztabaidagai dagoena adituen artean, oro har, arkeologiak ez dituelako erakusten beste zenbait garaietan ikusi ziren bortizkeria zantzu itzelak.

Bada, telesail txukunetan gertatzen den moduan, istorio honetan ere ezustekoak eta gidoiko birak ere agertzen dira. Izan ere, azken ikerketa honetan ikusi ahal izan dute jamnarrengana ez baizik eta atzerago joan daitekeela indoeuroperaren jatorria bilatzeko.

Gakoa, beste behin ere, Anatolian dago. Besteak beste, bertako lagin genetikoak aztertu dituzte azken lan honetan, eta berretsi dute Neolito aroko bertako biztanleen artean ez dagoela jamnarren arrasto genetikorik. Arazoa da garai horretan Anatolian hititera eta horren antzekoa zen luvitera hitz egiten zituztela: indoeuropar hizkuntzak. Hortaz, zaila dirudi hizkuntza horien jatorria Jamna kulturan egotea.

Aurretik hizkuntzalariek sumatzen zuten indoanatoliar hizkuntzen talde hau familia indoeuroparretik bereizi zen lehen adarretakoa izan zela, bereziki hizkuntza horietan gurpildun ibilgailuak izendatzeko erabilitako erroak ez datozelako bat indoeuroperarekin —gurdiei eta zaldiei lotutako norabaiteko oroimen komuna mantendu dute hizkuntza indoeuropar askok, eta uste da jamnarrek bidaiatzeko erabiltzen zituzten baliabideei lotuta dagoela hau—.

Indoeuropar2. irudia: Urartu erreinuko aztarnategi batean aurkitutako zaldi baten irudia. Gaurko Armenian kokatuta, erreinu horri lotutako hainbat DNA lagin aztertu dituzte ere. (Argazkia: Evgeny Genkin CC BY-SA 3.0)

Oraingo azterketek berretsi dute ideia hori: genetikari jarraiki, jamnarrek eta anatoliarrek ez zuten ia-ia loturarik. Baina bai ikusi dute Anatoliako populazioek eragin genetiko esanguratsua izan zutela Mendebaldeko Asiatik.

Ageriko da ondorioa: “Horrek iradokitzen du anatoliar eta indoeuropar hizkuntzen atzean zegoen aurreko hizkuntzaren abiapuntua Mendebaldeko Asian egon zela, eta ez estepan”, adierazi dute ikertzaileek.

Arrazoinamendu horri jarraiki, proposatu dute “katebegi galdu” bat dagoela indoeuroperaren jatorrian, bai jamnarrei zein anatoliarrei hizkuntza eta ondare genetikoa transmititu zizkiena. Aurkitu beharreko kultura hori Kaukasoko mendietan eta Mendebaldeko Asian bilatu beharra dagoela diote. Iosif Lazaridisek *Haaretz* egunkariari iradoki dio agian Maikop kultura izan daitekeela hautagaietako bat; hain justu, Kaukasoko mendietan Jamna kulturaren parean egon zen herria.

Indoeuroperarena ez da, inolaz ere, atera duten irakaspen historiko bakarra. Askotarikoak dira ondorioak. Adibidez, gai honi lotuta, aspaldiko beste misterio batean argi pixka bat ere eman dute: greziarren jatorria.

Izan ere, eta jamnarrak Europa Mendebalde gehienean nagusitu baziren ere, Greziaren kasuan ez zen hala izan. Iritsi ziren, bai, baina beren eragin genetikoa askoz urriagoa izan zen Europa gehienean izan zuten eraginaren aldean. Historiako beste hainbat adibideri helduta, pentsa zitekeen jamnarrak elitera iritsi zirela, gutxiago izan arren. Halako fenomenoen adibideak badira historian. Kasurako, bisigodo germanikoak iberiar penintsula iritsi zirenekoa, edo ptolomeotarrek mende batzuetan Egipton izan zuten agintea.

Esteparen eragin genetikoa urria izatekotan, zergatik nagusitu zen ba hizkuntza indoeuroparra den greziera? Kasu honetan, egileek proposatu dute agian lingua franca baten funtzioa bete izan zuela. Baina aditu hauen azalpenak irakurtzean argi dago zuhurtzia lehenesten dutela, jakin badakitelako garai urrun baten inguruan gene apur batzuen argitara espekulatzen ari direla. Halako gauzak tentuz hartu behar direla argi izanda ere, zeinen polita den espekulatzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lazaridis et al. (2022). Ancient DNA from Mesopotamia suggests distinct Pre-Pottery and Pottery Neolithic migrations into Anatolia. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abq0762

Lazaridis et al. (2022). The genetic history of the Southern Arc: A bridge between West Asia and Europe. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abm4247

Lazaridis et al. (2022). A genetic probe into the ancient and medieval history of Southern Europe and West Asia. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abq0755

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Indoeuropar hizkuntzen katebegi galduaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eguzkia islatuz

Tue, 2022/09/20 - 09:00

Bero handiko udako egunotan, nire auto erabat beltzera sartzen naizen bakoitzean, kalean zenbait orduz aparkatuta eduki ondoren, efektu batez oroitzen naiz; ez da oso ezaguna, baina benetan garrantzitsua da klima aldaketarako. Abuztu hasieran ere etorri zitzaizkidan oroitzapen horiek, aurten lehen aldiz praka motzak jantzi eta nire zangoen azalaren tonuak nire izenari ohore egiten ziola ohartu nintzenean, hainbesteraino, non distira egiten zutela baitzirudien. Albedo efektuaz ari naiz.

Labur esanda, albedoa gainazal batek islatu dezakeen erradiazio kantitatea da, beragan eragiten duen energiaren guztizkoari dagokionez. Propietate horrek ez du dimentsiorik, eta 0 eta 1 arteko tartean adierazten da bere balioa, edo ehunekoetan. Energia gutxi islatzen duten gainazalek (hau da, haietan eragiten duen erradiazio ia guztia xurgatzen dutenek) albedo oso baxua izango dute, 0 inguruko balioa; iristen zaien erradiazio gehiena islatzen duten gainazalek, berriz, albedo balio altuak izango dituzte, % 100etik, edo 1etik, hurbil.

Albedoa, latinez, zuritasuna

Albedo hitza latinezko albus errotik dator, eta horrek zuria esan nahi du. Horrek arrasto bat ematen digu: gainazal bakoitzaren albedoaren balioa gehienbat zehazten duen ezaugarri fisikoa, kolorea. Zehazki, kolore argiagoko gainazalek albedo balio altuagoa dute, ia ez dutelako xurgatzen haietan eragiten duen erradiazioa, eta energia horren gehiengoa islatzen dute; kolore ilunagoek, berriz, albedo oso baxua dute, erradiazio hori xurgatzeko ahalmen handiagoa baitute.

Albedo1. irudia: Lurreko hainbat gainazalen batez besteko albedo balioak. (Infografia: Johns Hopkins Unibertsitatea. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Planeta mailan, Lurrak Eguzkiaren erradiazioa zuzenean jasotzen du eta, edozein gainazal bezala, gai da energiaren zati bat xurgatzeko eta aldi berean energia horren beste zatia islatu eta berriro espaziora bidaltzeko. Hortaz, planetak 0,3ko albedo balioa du, gutxi gorabehera; hau da, eguzki erradiazioaren ia % 30 islatzen du, eta gainerako % 70a xurgatzen du.

Baina, esan bezala, hau batezbestekoa da. Lurrean kolore ilunagoko gainazalak daude: tonalitate ia beltzeko arroka batzuk, baso berde iluneko masa hostotsuak edo kolore urdin grisaxkako zona ozeaniko handi sakonak. Albedo balio baxuak dituzte eguzki erradiazio handiagoa xurgatzen dutelako eta, beraz, errazago berotzen dira. Baina gure planetako beste zati batzuk argiak dira, baita zuriak ere, hala nola poloetatik gertu dauden gune izoztuak. Hemen, ia erradiazio guztia islatzen da eta, beraz, albedoa oso altua da, eta zona horietan tenperatura baxuagoa da. Gure planetaren albedoko bereizketa hori da zirkulazio atmosferikoa eta ekuatore eremuen eta eremu polarren arteko bero trukea kontrolatzen dituen mekanismo nagusietakoa. Hau da, albedoak eragin zuzena du Lurrean dugun kliman.

Baina giza jarduerek ere eragina izan dezakete gainazalen propietate fisiko horretan eta, beraz, klimaren bariazioak edo aldaketak eragin ditzakete, zuzenean eragiten digun denbora eskala batean. Ekintza zuzenenetako bat elurraren kolorea aldatu izana da, eta latitude altuko lekuetan pilatutako izotzak izango duen kolorean islatuko da. Zaila dirudi hori egitea, baina ez da hala, ez.

Zoritxarrez, Iberiar penintsulako leku askotan errauts iluna nola erortzen den ikusten ari gara, gure mendiak astintzen dituzten baso suteen ondorioz. Bada, gauza bera eragin genuen duela mende batzuk ikatza kontrolik gabe erretzen genuenean, eta praktika hori oraindik ere mantentzen da gure planetako zenbait tokitan. Atmosferan dagoen errauts horrek kolore ilunagoz tindatzen du elurra eta, izotz geruza hori latitude altuetan uzten denez, elurrik garbienak baino albedo balio txikiagoa izango du, eguzki erradiazioaren xurgapena eta tenperatura areagotuko du eta, aldi berean, urtze abiadura handituko da. Eta izotz hori urtzen denean, ur masak sortzen dira geruza izoztuen artean. Ur horrek ere izotz zurixkak baino albedo txikiagoa du eta, berriz ere, urtzea areagotzen du. Hau da, termorregulazio atmosferikoa apurtzen ari gara, eta masa izoztu polarrak desagertzeko abiadura handitzea eragiten dugu.

Albedo2. irudia: Albedo balioak gure planetan zehar 2005. urtean. Irudia: Earth Observatory / NASA. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Esan dizuedan bezala, albedo efektua Lurreko klima baldintzatzen duten faktoreetako bat da, baina ez inola ere bakarra. Klima aldaketa oso kontzeptu konplexua da eta elkarren artean lotuta dauden aldagai asko sartzen dira bertan. Gaur egun aurre egin behar diogun arazoa hau da: giza jarduerak eragindako edozein alteraziok klima erantzuna eragiten du eta, askotan, erantzun hori ezin dugu prebenitu, ez baitugu erreferenterik edo antzekorik erregistro geologikoan. Batzuetan saiatzen gara gure ekintzak sumendi lehergarri handiek eragindako ondorioekin alderatzen, baina ezin dugu ziurtatu erantzun klimatikoa antzekoa denik.

Gainera, orain ziur ulertzen duzuela landan geologiako profesionalekin topatzen zaretenean zergatik eramaten ditugun normalean eguzkitako betaurrekoak, nahiz eta lainotuta egon. Ez da itxura hobea izateko, kolore argiko arrokek albedo altua dute eta ez dugu nahi lanean ari garen bitartean islak itsutu gaitzan.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 18an: Reflejando el sol

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eguzkia islatuz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute

Mon, 2022/09/19 - 09:00

UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeko ikertzaileek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean 7 hilabeteko haurtxoek dituzten berezko begirada-ereduak aztertu dituzte. INCC zentroa, Vienako Unibertsitatea eta Paduako Unibertsitatearekin lankidetzan egindako ikerketaren emaitzen arabera, haur horiek berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen, iradokitzen duena irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela.

simetriaIrudia: Ikerketan erabilitako mosaiko adibidea. (Iturria: EHUko prentsa bulegoa)

PLOS ONE aldizkarian berriki argitaratutako ikerketan erabilitako mosaikoak bi kategoriatako baldosa karratuz osatuta zeuden (A eta B), zeinak kolore-paletan eta barne-forman bereizten ziren. Baldosak egitura simetrikoko (adib., ABA, ABABA) edo asimetrikoko (adib., AAB, AABBA) mosaikoak eratuz ordenatzen ziren. Ikerketan egiaztatu dutenez, haurtxoek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak bereizi zituzten, eta sekuentziaren luzerak (3 edo 5 baldosa) edo simetria-mailak ez zuten nabarmen modulatzen haien portaera. Emaitza horiek adierazten dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura-simetria eredu bisual konplexuetan. “ Gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin…) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen”, adierazi du Irene de la Cruz-Pavíak ikertzaileak.

“Hizkuntza baten gramatika honen egitura eta arauen multzoa da. Ulertu nahi dut haurtxoek egiturak erauzteko, eta erregulartasunak hautemateko eta arauak ikasteko dituzten gaitasunak zenbateraino diren; hizkuntzarenak berariazkoak edo beste eremu batzuetakoak diren” dio de la Cruz-Pavíak. “Askoz galdera gehiago ditugu erantzuteko. Ikerketa honetan zehaztu ahal izan dugu haurtxoak gai direla egiturak berez eta azkar detektatzeko. Orain, ulertu nahi dugu gaitasun hori noiz hasten den, zenbaterainoko xehetasunez aztertzen duten egitura hori eta mosaikoen zer alderdik ematen dieten egitura hautemateko aukera (formak, koloreak, biek…)”.

UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldea aitzindaria da psikolinguistikaren esparruan; askotariko ikerketak egiten ditu hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den jakiteko, eta hizkuntzaren adierazpenaren eta prozesamenduaren ezaugarri unibertsalak zein diren jakiteko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zazpi hilabeteko haurtxoek badute simetria hautemateko sena

Erreferentzia bibliografikoa: De la Cruz-Pavía I, Westphal-Fitch G, Fitch WT, Gervain J. (2022). Seven-month-old infants detect symmetrical structures in multi-featured abstract visual patterns. PLoS ONE 17(5). DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0266938

The post Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #407

Sun, 2022/09/18 - 16:06

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

parazetamola

Paleontologia

Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa, Ulan Batorren jaio zen, baina ez dakigu noiz zehazki. Geologia ikasi zuen eta haren aita unibertsitateko paleontologo bakarra zenez, hark zuzendu zuen alabaren prestakuntza lehen urteetan. 1996an, Gobi basamorturako espedizio batean parte hartu zuen sukaldari gisa, baina fosilak bilatzen ere aritu zen espedizioan zehar. Horrela, espedizioko buruek New Yorkeko City Universityn doktoregoa egin zezan iradoki zioten. Bolortsetsegek duela 145 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean bizi izandako dinosauroen eta ugaztunen hainbat fosil aurkitu ditu Gobi basamortuan, eta Mongoliar Dinosauroak Ikertzeko Institutua sortu zuen Mongolian. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Genetika

Koldo Garcia Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzaileak minbiziaren genetika ikertzeak dituen zailtasunez idatzi du Zientzia Kaieran.Azaldu duenez, genetika erabilgarria izan da heredatzen diren minbiziak aztertzeko. Baina gene-aldaeren maiztasuna populazioen artean alda daitekeenez, zaila izan daiteke praktika klinikoan ereduok erabiltzea. Minbizi gehienak zoriz gertatzen dira, eta genetikak ezin ditu aurreikusi. Ondorioz, zaila da genetikaren ikuspuntutik ikertzea. Hau da, behin mutazio horiek gertatuta, gene-lanabesak erabili daitezke haiek ikertzeko, baina ez prebentziorako.

Osasuna

Aste honetan, Berria egunkariak aspirinari eta bere historiari eskaini dio artikulua bat. Duela 125 urte asmatu zen aspirina, eta urte luzez mina, sukarra eta hantura baretzeko erabilitako botika nagusia izan zen. XX. mendearen bigarren erdialdean ordea, beste botika batzuk agertu ziren, parazetamola eta ibuprofenoa, kasurako. Gaur egun, aspirina tratamendu eta prebentzio gisa erabiltzen da batzuetan, eta ikerketa batzuen arabera, kolon minbiziaren prebentziorako baliagarria izan daiteke etorkizunean. Azalpenak Berrian: Inon ez zen falta.

COVID-19aren kudeaketako akatsak salatu eta proposamenak egin ditu aditu-talde batek. Hauen esanetan, COVID-19aren kudeaketa txarraren ondorioz, eragotz zitezkeen milioika heriotza gertatu dira. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak motel eta zuhurregi jokatu omen zuen funtsezko hainbat auzitan, hala nola larrialdia ezartzean, maskarak gomendatzean edo aire bidez transmititzen zela onartzean. Bestalde, txertoen garapena azkarra izan zela onartu badute ere, jabetzan eta banaketan izan diren bidegabekeriak salatu dituzte.

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikerketa-talde batek artoaren eta patataren almidoiarekin hidrogelak sortu ditu. Haietan botika bat txertatu du, eta 3D inprimagailuekin pilulak egin ditu. Botikaren dosiak egokitu ahal izan dituzte, eta ikusi dute botikaren askatze prozesua azkarragoa edo motelagoa dela erabilitako almidoiaren arabera. Gainera, ikusi dute hidrogelaren formak zenbat eta azalera handiagoa izan, orduan eta azkarrago askatzen duela botika. Datu guztiak Berrian: Botikak inprimatzen.

Klima-aldaketa

UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak lehendabizikoz iragarri du klima-aldaketaren ondorioz zer aldaketa gertatuko diren Iberiar penintsularen iparraldeko makroalgen komunitateetan. Ikerketa honen emaitzek erakutsi dute etorkizunean Iberiar Penintsulako iparraldeko populazioak hegoaldeko populazioaren antz handiagoa izan dezaketela. Iragarpen ezkorrenaren arabera, Galiziako makroalga-komunitateek ur hotzenetako espezieak babesten jarraituko dute, baina Kantauri itsasoaren erdiguneko eta ekialdeko multzoek Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute. Hau da, ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Lurretik, Ilargiaren gainazalaren alde bat bakarrik ikus dezakegu, “aurpegi hurbila” izenez ezagutzen duguna, hain zuzen. Beste aurpegia, “aurpegi ezkutua” ez genuen ikusterik izan 1959. urtera arte. Zientzialariak ohartu ziren bi aurpegi hauen artean alde handiak zeudela. Besteak beste, aurpegi hurbilean itsasoek (labaz estalitako lautadek) azaleraren heren bat inguru hartzen dute; aurpegi ezkutuan, aldiz, soilik ehuneko bat inguru. Bestalde, Ilargiko Aitken arroa dugu, ia 2.500 kilometroko diametroa eta 6tik gora kilometroko sakonera dauzkan inpaktu-krater erraldoia. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

40 exoplaneta baino gehiago aztertu ondoren, lehen aldiz frogatu dute badirela exoplaneta urtsuak, eta, gainera, ugariak direla. Baina ur hori ez dago azalean, baizik eta barnealdean, arrokekin nahasian, edo haien arteko biltegietan. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta azaldu dutenez, hurrengo pausoa exoplaneta horien barneko osaketa ikertzea izango da. Gau honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Dimorphos asteroidea joko du “DART” zundak irailaren 26an, eta horrek haren ibilbidea zenbat aldatu duen aztertuko dute. Dimorphos asteroidea ez dago Lurraren ibilbidean baina esperimentu interesgarria egingo dute etorkizunean Lurra nola defendatu ikertzeko. Zundak arazorik gabe egin du ia urtebeteko bidaia, eta bidali ditu helburuaren lehenengo argazkiak. Kolpe kinetikoaren teknika deiturikoaren lehenengo proba izango da: hau da, asteroide bat joko dute, haren orbitan aldaketa eragiteko. Datu guztiak Berrian: Gizakiek asteroide bat desbidera dezaketen jakingo da laster.

Teknologia

Aztarna energetikoan eragiten duten faktoreak argitu dituzte, Errekaleor auzotik abiatuta. Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeek kalkulatu dutenez, auzo honetan bizi direnen aztarna energetikoa EAEkoa baino % 24 txikiagoa da. Horrela, ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murriztu dezakeela. Batez ere, kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiak duen garrantziagatik. Horrez gain, adierazi dute berean familietan edo bizikideetan bildutako pertsonek % 33,5eko aztarna txikiagoa dutela bakarrik bizi diren pertsonek baino.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #407 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #413

Sat, 2022/09/17 - 09:00

Esperimentu asko laborategian egiten dira, industrian izango diren baldintzetatik oso urrun. Esperimentuak benetako erabilera baldintzetan egitearen garrantzia azpimarratzen du katalisiaren inguruko lan batek. DIPC-k The need for experiments in working conditions: the case of carbon monoxide oxidation.

Trantsizio metalen dikalkogenuroen supereroaletasunaren prozesuaren eredu teoriko esperimentala eman du DIPC-k, erabilera inplikazio interesgarriekin: The dominant role of many-body correlations in TMDs superconductivity.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #413 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bolortsetseg Minjin, Tarbosaurus generoa aberriratu zuen paleontologoa

Fri, 2022/09/16 - 09:00

Kasualitatez aurkitu nuen Bolortsetseg Minjin izena, Elsa Panciroli eskoziar paleontologoaren Beasts before us liburuan aipatuta ikusi nuenean. Testuan, ugaztunen lehenengo arbasoen eta mota horretako lehenengo ordezkarien eboluzioa aztertzen da. Kontua da, laster ikusiko dugun moduan, Mongolian eta, zehazkiago, Gobi basamortuko Nemegt arroan fosil asko daudela; hori dela eta, duela mende batetik, paleontologiaren iturri handienetako bat dago han. UNESCOren arabera, munduko fosil gordailurik handiena da Gobi.

Hau ez da ohiko biografia zientifiko bat izango, arreta ez baitut protagonistaren ikerketen emaitzetan jarriko; aldiz, ikerketaz bestelako alderdi batzuk izango ditut hizpide, eta garrantzitsuak dira, era berean. Kontua testuinguruan jartzeko, ehun urte egin behar dugu atzera.

Bolortsetseg Minjin1. irudia: Labar kartsuak Gobi basamortuan. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 3.0 lizentziapean)

Mongoliako paleontologiaren historia duela zehazki mende bat hasi zen, New Yorkeko American Museum of Natural History (AMNH) museoak Roy Chapman Andrews zoologoa Erdialdeko Asiako hirugarren Espediziora bidali zuenean. Andrewsek paleontologo, geologo eta arkeologo talde bat eraman zuen Gobi basamortura. Han, ingurunearen itxura ikusgarriagatik Andrewsek berak Flaming Cliffs (labar kartsuak) izendatu zuen tokian, Mongoliako lehen dinosauroa aurkitu zuten: Protozeratopsa. Handik gutxira, 1925ean, Mongolia Sobietar Batasunaren mende geratu ondoren, ANHM museoak herrialde horretarako espedizioak eten zituen eta, horien ordez, ekialdeko blokearen ardurapean egindako espedizio garai bat hasi zuen.

1940ko hamarkadaren amaieran, Sobietar Batasuneko taldeak Tarbosaurus bataar tiranosauro erraldoia aurkitu zuen. Hirurogeiko hamarkadan, Zofia Kielan-Jaworowska poloniar paleontologoak Gobi basamortura egindako poloniar espedizioak zuzendu zituen, baita emaitza ikusgarriak izan ere; hain zuzen, hainbat fosil garrantzitsu aurkitu zituen, besteak beste, Deinocheirus handia (1965) eta dinosauro borrokalariak, hots, borrokan ari ziren Velociraptor baten eta Protozeratops baten hondakinak (1971).

Gure protagonista, Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa, Ulan Batorren jaio zen, Mongoliako hiriburuan, baina ez dakigu noiz. Haren ama maistra zen eta aita, unibertsitateko irakaslea. Aita, Minjin Chulum, paleontologoa zen, eta hori erabakigarria izan zen Bolor gazteak –hala deitzen diote paleontologiaren munduan– diziplina horrekiko interesa izateko. Haurra zenean, Mongolia Sobietar Batasunaren eragin politiko eta kulturalaren pean zegoen, ikusi dugun moduan; horregatik, eskuratu zitzakeen testuak, baita bere aitak idatzitakoak ere, errusieraz zeuden. Dinosauroei buruzko liburuak irakurtzeko ikasi zuen hizkuntza hori. Eta geologiako ikasketak egin zituen Mongoliako Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean; han, Geologiako gradua eta Ornogabeen Paleontologiako master bat egin zituen. Haren aita unibertsitateko paleontologo bakarra zenez, hark zuzendu zuen alabaren prestakuntza lehen urteetan.

Ustekabeko aurkikuntza bat Gobi basamortuan

Gerra Hotzaren amaierak AMNH Mongoliara itzultzea erraztu zuen. 1996an, Gobi basamorturako espedizio batean parte hartzeko gonbita egin zioten Minjin Chulum irakasleari. AMNH erakundeko kide Mike Novacek eta Mark Norell ikertzaileak ziren espedizioaren buru. Ez zen lan erraza izan, baina Minjinek bere alaba Bolortsetseg espedizioko sukaldari gisa onar zezaten konbentzitu zituen espedizioko mongoliar langileak.

Alabaina, gainerako espedizionarioentzat janaria prestatzen igarotzea ez zitzaion etorkizun oso erakargarria iruditu eta, seguruenik, fosilak bilatzen aritzea askoz ere probetxugarriagoa izango zela pentsatuko zuen, eta ardura eta abilezia handiz egin zuen lan hori. Begi bikaina eta trebetasun handia zituen, izan ere. Espedizioaren taldeko buru ziren mongoliarrei ez zitzaien batere gustatu Bolorren jarrera eta adierazi zuten ez zutela beste ezein espedizioetan sartuko. Baina Novaceken eta Norellen errespetua eta babesa irabazi zuen, eta doktoregoa AMNH erakundearen eta New Yorkeko City Universityren baterako programa baten esparruan egin zezan iradoki zioten. Michael Novacek izan zuen doktoregoko zuzendari. 2008an defendatu zuen Bolorrek bere doktorego tesia: «Description of three new specimens of cimolodontans and a phylogenetic study of the postcranial anatomy of Multituberculata (Mammalia, Synapsida)».

Bolortsetseg Minjin2. irudia: Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 4.0 lizentziapean)

Bolortsetsegek duela 145 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean bizi izandako dinosauroen eta ugaztunen hainbat fosil aurkitu ditu Gobi basamortuan, eta inguru hartara egindako bi espediziotako buru izan da, bietan Mendi Harritsuen museoarekin (Montana, AEB) lankidetzan. Tesia amaitu ondoren, ikertzen jarraitu zuen, museoko ikertzaile Jack Hornerren zuzendaritzapean, Kretazeoko Psittacosaurus dinosauroaren paleobiologiari buruz.

Hala ere, doktorego tesia defendatu aurretik, ezagutza paleontologikoa zabaltzearekin, ezagutza hori bere herrialdeko prestakuntza programetan sartzearekin eta legez kanpo esportatutako fosilak Mongoliarako berreskuratzearekin lotutako beste jarduera batzuetan hartu zuen parte.

New Yorkera iritsi eta Amerikako Historia Naturaleko Museoa ezagutu zuenean, erabaki zuen Mongolian museo bat sortzen saiatu behar zuela, denboran zehar bere herrialdean aurkituko ziren fosilak hartan biltzeko. Berehala konturatu zen halako proiektu handi bat gauzatzea ez zela erraza izango; izan ere, han bertan egiaztatu ahal izan zuen hainbat arlotan espezializatutako langileek lan handia egin behar dutela jasotzen dituzten fosilekin.

Bestalde, Bolortsetseg Minjinek uste zuen ez zuela zentzurik paleontologiak ia presentziarik ez izatea munduko fosil aberastasunik handieneko herrialdeetako batean. Era berean, ez zen logikoa Mongoliako gaztetxoek ondare hori ez ezagutzea eta, are zentzugabeagoa, arlo horretan karrera zientifiko bat egiteko aukera planteatu ere ezin izatea. Bi helburu horiek betetze aldera, 2007an, Mongoliar Dinosauroak Ikertzeko Institutua (ISMD, ingeleseko siglen arabera) sortu zuen Mongolian, Jack Hornerren laguntzarekin; gobernuz kanpoko erakunde horren helburua zen paleontologia hezkuntzan sartu eta diziplina horretan karrera bat egiteko interesa zuten gazteei prestakuntza ematea. Orduz geroztik, ISMD lankidetzan aritzen da aipatutako Mendi Harritsuen museoarekin eta AMNH erakundearekin, zenbait programa garatzeko, hala AEBn, jatorri mongoliarreko neska-mutilentzat, nola Mongolian. 2016an, ISMDk irabazi asmorik gabeko erakunde gisa onartu zuten AEBn.

Tarbosaurus bataar, mongoliar heroi bat

Mongoliara egindako espedizio paleontologikoei esker, herrialde hartako ondare paleontologiko aberatsa aurkitu eta zabaldu zen. Baina, aldi berean, dirutza handiak ordaintzeko prest zeuden bildumagileek fosilak erosteko merkatu bat sortu zen. Kontuan hartu behar da Gobi basamortuan kontserbatutako hondakinetako asko aparteko kalitatekoak direla. Mongolian, legez debekatuta dago fosilak esportatzea eta baimen ofizial berezi batzuk behar dira induskatzeko, baina, hala ere, legez kanpoko trafikoa egiten da.

“Mongoliako heroirik moderno eta zaharrena”, halaxe izendatu du Xurxo Mariñok, bere Tierra liburuan, herrialde hartako dinosaurorik mediatikoena. Halaxe izan da, hain zuzen ere, Estatu Batuetan legezko prozesu bat egin ondoren, jatorrizko herrialdera itzuli ahal izan dutelako. Bolortsetsegen esku hartzea funtsezkoa izan zen fosila aberriratzeko. Gaur egun, aipatutako heroia Mongoliako Dinosauroen Museo Nagusian dago, eta duela 70 milioi urte inguruko Tarbosaurus bataar baten fosila da. Tyrannosaurus rex ezagunaren ahaide hurbil bat da, eta haren oso antzekoa, gainera.

Bolortsetseg Minjin3. irudia: Bolortsetseg Minjinek lortu zuen aberriratzea Tarbosaurus eta Saurolophusen eskeletoak Estatu Batuetatik Mongoliara. (Iturria: Wikimedia Commons – CC0 lizentziapean)

Mongoliako heroia legez kanpo esportatu zuten eta, trafikatzaileak, Floridan zuen garajean muntatu ondoren, 2012ko maiatzean New Yorken enkantean jarriko zuela iragarri zuen. Eta orduan esku hartu zuen Bolortsetsegek. Enkantean jartzekoak zirela jakin zuenean, Mongoliako Gobernuari jakinarazi zion eta hark berehala hartu zituen zegozkion legezko neurriak, fosila berreskuratzeko. Fosila milioi bat dolar baino gehixeagoren truke saldu zuten, baina Bolortsetsegen eta Mongoliako gobernuaren jokaera arduratsuari esker, alea zaintzapean zegoen auzia argitu arte. 2014an hartu zen azken erabakia, eta Mongoliari eman zioten arrazoia; beraz, azkenean, dinosauroa aberriratu ahal izan zuten. Prozesuari “United States vs. One Tyrannosaurus Bataar Skeleton” deitu zioten, oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta, besteak beste, iritzi publikoari jakinarazi zitzaion fosilen legez kanpoko trafikoa egiten zela eta aurkitu eta identifikatzen ziren fosilak aberriratu behar zirela.

Bolortsetsegek denbora asko igaro eta ahalegin handia egin du fosilak berreskuratzen eta aberriratzen. Hau da haren leloa: “Fosil bat herrialdetik ateratzen denean, ezagutzak ere alde egiten du”. New Yorkera doktorego tesia egitera iritsi zenetik bizi da AEBn, eta herrialde horretako hondakinak soilik kontuan hartuta, Mongoliatik legez kanpo ateratako 30 fosil baino gehiago aberriratzea lortu du. Litekeena da Tarbosaurus bataar dinosauroa Mongoliako heroirik zahar eta modernoena izatea, baina, zalantzarik gabe, badakigu zein den gure emakumezko heroia.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 8an: Bolortstseg Minjin, la paleontóloga que repatrió el Tarbosaurus

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

 

The post Bolortsetseg Minjin, Tarbosaurus generoa aberriratu zuen paleontologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Minbiziaren genetika ikertzeak dituen zailtasunak

Thu, 2022/09/15 - 09:00

Bizidun zelulanitzen zelulek, beren ohiko funtzioez gain, bi funtzio garrantzitsu bete behar dituzte: behar baino gehiago ez haztea eta inguruko zeluletatik ez askatzea. Lehenak huts egiten badu, tumore bat gara daiteke; bigarrenak huts egiten badu, metastasia. Hortaz, funtzio biologiko horiek egiten dituzten geneek akatsik –mutaziorik– ez edukitzea edo ahalik eta gehien mugatzea funtsezkoa da minbizien garapena galarazteko. Baina denborak eta zoriak ez dute errazten hori.

Minbiziek gene-oinarria badute ere –azken finean zeluletako gene-materialean gertatzen diren akatsek sortzen dute minbizia–, soilik minbizi mota gutxi batzuk dira heredagarriak. Eta genetika jaio zen heredatzen diren ezaugarriak ikertzeko jakintza-arlo bezala. Hortaz, genetika erabilgarria izan da heredatzen diren minbiziak aztertzeko. Esate baterako, Lynchen sindromeak eragiten ditu kolon eta ondesteko minbizien %2 eta %7 artean. Besteak beste, MSH2, MLH1 eta MSH6 geneen mutazioek eragiten dute pertsona horietan kolonean eta ondestean tumoreak garatzea, DNAren akatsen konponketan parte hartzen duten geneetako mutazioek, hain zuzen ere. Beste adibide ezagun bat dira BRCA1 eta BRCA2 geneen mutazioak, bularreko eta obulutegiko minbizia garatzeko aukera handitzen baitute. Gene horiek ezagunak egin ziren Angelina Jolie antzezleak masektomia egin zuenean BRCA1 genea mutatua zuela jakin ondoren.

Heredagarriak diren minbiziak beste edozein ezaugarri edo gaixotasun heredagarri bezala ikertzen dira eta, hala, aurkitu egiten dira arriskutsuak diren gene-aldaerak eta geneak. Gainera, gene-aldaera horietan oinarrituta, garatu egin dira gene-arriskua kalkulatzeko ereduak. Baina gene-aldaeren maiztasuna populazioen artean alda daitekeenez, bai gene-aldaeren eraginak bai gene-arriskua kalkulatzeko eredu horien erabilgarritasunak mugak izan ditzake eta, ondorioz, zaila izan daiteke praktika klinikoan ereduok erabiltzea.

genetika1. irudia: Erronka handia da minbiziaren ikerketa. (Argazkia: jarmoluk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gure intuizioaren kontra badoa ere –gure garunari asko gustatzen zaio guztiari zentzua ematea–, minbizi gehienak zoriz gertatzen dira, espontaneoak dira, denboran zehar zeluletan metatzen diren mutazioen ondorioz. Mutazio horiek inguruneak eragin baditzake ere, hein handi batean, zelulak bikoiztean sortzen diren zorizko mutazioak dira minbizi gehienen jatorria. Mutazio horiek zelularen hazkundea, zelularen kokapena edo DNAren osotasuna kontrolatzen duten geneetan gertatzen badira, handitu egiten dira minbizia garatzeko aukerak. Esan bezala, zorizko gertaera bat denez, genetikak ezin ditu aurreikusi eta, ondorioz, zaila da, oso, genetikaren ikuspuntutik ikertzeak. Hortaz, behin mutazio horiek gertatuta, gene-lanabesak erabili daitezke haiek ikertzeko, baina ez prebentziorako.

Genetikak egin dezakeen ekarpena mugatua bada ere, gene-lanabesak lagungarriak izan daitezke zorizko minbiziak ikertzeko. Halako kasuetan, egiten dena da tumorearen gene-materiala eta alboko ehun osasuntsuaren gene-materiala konparatu eta, horrela, ezagutu egin daiteke zein mutazio gertatu diren. Hala, kaltetuta dauden geneen eta funtzio biologikoen zerrenda zehatza lor daiteke. Egin daitezkeen beste analisi batzuk dira aztertzea tumoreek nola eboluzionatzen duten, ondorioztatzea zein diren gene garrantzitsuenak eboluzio horretan eta tratamenduak egokitzea tumoreen gene-ezaugarrien arabera. Hala ere, zaila da emaitza horiek guztiak lortzea, aztertzea eta modu egokian interpretatzea. Oraindik asko dugu ulertzeko arlo honetan.

genetika2. irudia: Minbizia garatzen da DNAk pairatzen dituen kalteen ondorioz (Argazkia: mirerek8 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Arestian aipatutako zailtasunak gure lanaren baitan daude eta, ondorioz, gure betebeharren artean daude horiek ebaztea eta gainditzea. Baina ikertzaile eta dibulgatzaile bezala, badira minbiziaren genetika ikertzeak eragiten dizkidan beste kezka eta zalantza batzuk.

Aztertzen ditudan datuak –izan genetikoak, izan klinikoak– anonimizatuak jasotzen ditut. Hau da, datuok kode bati lotuak daude eta hala behar du izan, parte hartzaileen pribatutasuna bermatzeko. Baina datu horiek erabiltzeko baimena eman duten pertsonak datu horiek baino askoz gehiago dira. Kode batekin agertzen zaizkit datu hotz horiek baina, datuetan espreski agertzen ez badira ere, datu horien atzean sufrimendu, beldur eta lo egin gabeko gau asko daude. Pertsona horien istorioak zenbait datuetara mugatzea zaila egiten zait, ikerketa gauzatzeko hala egin behar dudala jakitun banaiz ere. Egia da edozein gaixotasun ikertzerakoan berdina sentitzen dudala, baina minbiziak badu zerbait sentsazio hori handitzen duena.

Halakoetan –agian neure burua lasaitzeko–, pentsatzen dut beren datuak eman dituzten pertsona horiek konfiantza osoa dutela gugan, ziur daudelako datu horiek taxuz erabiliko ditugula eta ahalik eta zientziarik onena egingo dugula datu horiekin. Jakitun direlako agian haientzat berandu dela ikerketaren onurak jasotzeko, baina haiek emandako datu horiek beste batzuen osasun-egoera hobetzeko balio lezaketela. Horrengatik guztiagatik –eta agian horietako hainbat gurekin jada ez daudelako–, oso ondo pentsatzen dut datu horiek nola aztertu eta asko hausnartzen ditut emaitzen interpretazioa eta inplikazioak. Nire lanean oso zorrotza naiz, baina minbizia ikertzerakoan are zorrotzagoa.

genetika3. irudia: Ikertzaile eta dibulgatzaile bezala hainbat kezka eta zalantza eragiten dizkit minbiziaren gene-ikerketak (Argazkia: Fennster – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Bestalde, lortutako emaitzen dibulgazioa egiten dut, erantzukizun handiarekin. Txoko honetara gerturatzen zareten guztiak jakin badakizue zientziaren eta genetikaren dibulgazioarekin dudan konpromisoa. Bestela ez ginateke ospatzen ibiliko hau dela Zientzia Kaieran idazten dudan 50. testua. Arestian aipatu bezala, genetika minbizia ikertzeko oso erabilgarria bada ere, gutxitan ekarri dut gaia hona. Esan bezala, erantzukizun handia iruditzen zaidalako minbiziaz aritzea. Hitzak oso ondo neurtu behar ditut, ziurgabetasunaren maila argi utzi behar dut eta ñabardurak ondo aukeratu behar ditut mezu egokia helarazteko. Batetik, datu horiek eman dituzten pertsonekiko begiruneagatik. Bestetik, minbizia pairatzen ari diren pertsonei eta gertukoei itxaropen faltsuak ez sortzeagatik.

Ez bakarrik gauzatu ditudan ikerketei buruz aritzerakoan, baita beste lanez aritzerakoan ere. Gurean dibulgatzaile asko ez ditugunez, azkenean, minbiziari buruzko galderak egiten dizkidate, batez ere lerroburuetan agertzen diren berriei buruz. Ez zenukete asmatuko zenbatetan esan didaten “Zuk jakingo duzu hau…”, gero erantzun errazik ez duen galdera bat egiteko. Askotan egokitzen zait itxaropena baretzea eta berri horiei ñabardurak jartzea. Inori ez zaio gustatzen zapuztaile bat izatea baina erantzukizunagatik eta zintzotasunagatik paper hori egitea egokitu zait askotan. Eta behar beste egingo dut, gure ezagumenduaren eta gaitasunen mugak azaltzea ere dibulgazioa egitea delako.

Laburbilduz, minbizien genetika ikertzeak baditu hainbat zailtasun. Horietako hainbat gaindituko ditugu gehiago eta hobeto ikertuz, baina pertsonalki, ardura handiagoa eragiten didate ikerketa horiek erantzukizunez gauzatzeak eta zabaltzeak. Izan bedi idazki hau nire esker ona eta omenaldia ikerketa horiek gauzatzeko beren datuak utzi dizkiguten pertsona horientzat guztientzat.

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Minbiziaren genetika ikertzeak dituen zailtasunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako: erantzunak

Wed, 2022/09/14 - 09:00

Javier Duoandikoetxea

 

1. Anartz, Gari eta Mikel zifra biko zenbaki batez ari dira. Bakoitzak egia bat eta gezur bat esaten ditu.

  • Anartzek: “bikoitia da eta 3ren multiploa”.
  • Garik: “3ren multiploa da eta azken zifra 5 da”.
  • Mikelek: “5en multiploa da eta zifren batura 12 da”.

Zenbat balio desberdin har ditzake zenbakiak?

Zenbakia 3ren multiploa ez bada, Anartzen eta Gariren egiak “bikoitia da” eta “azken zifra 5 da” izango lirateke. Baina horiek ez dira bateragarriak eta, ondorioz, zenbakia 3ren multiploa da. Gainera, zenbakia ez da bikoitia eta azken zifra ez da 5, beraz ezin daiteke 5en mutiplo izan. Orduan, Mikelen egia zifren batura 12 dela da. Hortaz, zifrak 3 eta 9 edo 5 eta 7 dira, eta zenbaki posibleak 39, 93 eta 57. Hiru balio desberdin, beraz.

Koldotxuren erantzuna zuzena da eta argi arrazoituta.

 

2. Zenbat modutan har daitezke pizzaren zortzi zatietatik hiru, elkarren alboko bi hartu barik?

erantzunak

Pizza zati bakoitza 6 modutan aukera daiteke. Esate baterako, 1 zatia hartuz gero, hauek dira aukerak: 1-3-5, 1-3-6, 1-3-7, 1-4-6, 1-4-7 eta 1-5-7.

Zati bakoitza 6 modutan aukeratuta, zortzi zati direnez, 48 aukera dira denetara. Aukera bakoitza hiru bider hartzen ari garenez, 48 : 3 = 16 dira benetan modu desberdinak.

Nahi izanez gero, aukera guztien zerrenda eman daiteke eta horrek beste ebazpide bat ematen du. Goian daude 1 zatia hartuta agertzen diren 6 aukerak. 2 zatia sartzen badugu, beste sei: 2-4-6, 2-4-7, 2-4-8, 2-5-7, 2-5-8 eta 2-6-8. 3 sartuta eta ez 1, beste hiru daude: 3-5-7, 3-5-8 eta 3-6-8. Azkenik, 4 sartuta eta ez 1 ez 2, beste aukera bat: 4-6-8. Eta ez dago gehiago, ez badugu 1, 2, 3 edo 4 hartzen, ez dago baldintza betetzeko modurik.

Joseluk ariketaren erantzun zuzena utzi digu eta, gainera, kasu orokorrerako formula ere eman digu, hau da, pizzaren zatiak 8 izan beharrean, n direnerako.

 

3. ABC triangelu zuzenaren AB hipotenusan P puntua hartu dugu. Distantzia hauek ditugu: PA = 3 cm, PB = 1 cm eta PC = 2 Aurkitu katetoen neurriak.

erantzunak

Egin ditzagun katetoen paraleloak P puntutik. Horrela, irudiko M eta N puntuak lortuko ditugu. PMB, ANP eta ACB triangeluak antzekoak dira, hau da, angelu berdinak eta alde proportzionalak dituzte. Orduan,

                                                 PM = AN/3 = AC/4   eta     MB = NP/3 = CB/4.

Idatz dezagun MB = x eta PM = y. Pitagorasen teorema erabiliz PMB eta PMC triangelu zuzenetan,

Hortik, 8x2 = 3, hots, x2 = 3/8, eta y2 = 5/8 lortzen dira. Katetoen luzerak, beraz, hauek dira:

Joseluk utzi digu erantzun zuzena.

 

4. Kafe kutxa batek 100 euro balio du erostean eta 140 euroan saltzen da: % 40ko irabazia ematen du. Kakao kutxa baterako irabazia % 20koa da. Baldin saldu diren kafe kutxen kopurua kakao kutxen kopuruaren bikoitza bada, eta irabazia % 36koa izan bada denetara (erosketa prezioarekiko), zegan saldu da kakao kutxa?

Izan bedi x kakao kutxa baten eroste-prezioa. Irabazia 0.2 x izango da.

Demagun N kakao kutxa eta 2N kafe kutxa saldu direla. (Berez, N zein den berdin da, baina jarrai dezagun horrela.) Erostean, 200 N + N x ordaindu dugu. Irabaziak 80 N + 0.2 N x dira. Denetara % 36 irabazi dugunez,

                                                                     80 N + 0.2 N x = 0.36 (200 N + N x).

Bistan da N sinplifika daitekeela eta ekuazio hau gelditzen dela: 8 = 0.16 x. Hemendik, x = 50 aterako dugu. Hori da, beraz, kakao kutxaren prezioa erosten dugunean. % 20ko irabazia gehituta, 60 euroan saldu da.

Berriro ere, Joseluk eman digu erantzun zuzena. Ez hori bakarrik, hiru bide utzi dizkigu erantzuna lortzeko.

 

5. Markelek 756 gerezi batu ditu eta berarentzat hartu eta zenbait lagunen artean banatu ditu. Bai berak, bai lagunek, denek hartu dute kopuru bera. Markelek berehala jan ditu egokitu zaizkionak. Gainera, lagunetako hiruk hartu dituzten gerezien laurdenak itzuli dizkiote Markeli eta horiek ere jan ditu. Zenbat gerezi jan ditu Markelek, 150 baino gehiago izan direla jakinik?

Izan bitez N lagun denetara, Markel barne. Bakoitzak 756/N gerezi hartu ditu. Hiru lagunek gereziak eman dizkiote Markeli, bakoitzak 756/4N, hau da, 189/N = 3 x 3 x 3 x 7/N. Zenbaki horrek osoa eman behar du eta N gutxienez 4 da (Markel eta hiru lagun). N = 7 bada, Markelek 189 gerezi jan ditu (108 + 27 + 27 +27). N = 9 izanda, 147 jango lituzke (84 + 21 + 21 + 21) eta hori ez da onargarria. Are gutxiago jango lituzke, lagunak gehiago balira. Beraz, 7 lagun dira eta Markelek 189 gerezi jan ditu.

 

6. Hiru zirkulu ditugu laukizuzen baten barruan. Zirkuluen diametroa 30 cm da eta laukizuzenaren aldeak 70 cm eta d cm dira. Lehen zirkulua laukizuzenaren ukitzailea da 70 zentimetroko alde baten erdiko puntuan. Beste zirkulu biak lehen zirkuluaren ukitzaileak dira eta, gainera, bakoitza d zentimetroko alde baten ukitzailea. Zein da d-ren balio posible txikiena?

erantzunak

Zirkuluak irudiak erakusten duen moduan daude (alde bertikalak beherago etor daitezke, baina d-ren balio txikiena irudikoa da).

Alde batetik, CB + 15 = 35 daukagu. Hortik, CB = 20 aterako dugu. ABC triangeluan Pitagorasen teorema erabiliz, AC2 = 302 – 202= 500 lortuko dugu, hau da, . Orduan, d-ren balio txikiena AC + 30 denez, lortuko dugu.

Azken ariketa bietarako ez dugu erantzunik jaso, idazten ari naizen egunera arte (irailaren 13a).

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

 

 

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zergatik dira horren ezberdinak Ilargiaren aurpegiak?

Tue, 2022/09/13 - 09:00

Uste dut denok, salbuespenik gabe, Ilargiari so egon garela inoiz eta deigarriak egin zaizkigula begiratu bakarrean ere nabariak diren irregulartasunak. Ziurrenik denetan ikusgarriena bi koloreren presentzia da: zuria eta grisa. Ilargiaren gainazalean sakabanatuta ageri dira, forma bitxiak sortuz, inpaktu-krater ugarirekin batera.

Zoritxarrez, Lurretik gainazal horren alde bat bakarrik ikus dezakegu, hain zuzen, «aurpegi hurbila» izenez ezagutzen duguna eta geografia eta geologia oso bestelakoak dituen «aurpegi ezkutua» deitzen dugunaren ehuneko hogei baino gutxiago.

1959. urteraino ez genuen Ilargiaren aurpegi ezkutua ikusterik izan. Luna 3 zunda sobietarrak hartutako argazkiei esker izan zen. 1970eko hamarkadan, bigarren erditik aurrera bereziki, zehatzago aztertzeko aukera izan genuen Ilargirako misio kopuru gero eta handiagoari eta teknologia hobeari esker.

Ilargiaren aurpegien arteko aldeak Ilargiaren1. irudia: Ilargiaren aurpegi hurbilaren eta ezkutuaren arteko konparazioa, Lunar Reconaissance Orbiter zundak ateratako irudiekin. (Irudia: NASA/GSFC/Arizona State University. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Argazki horiek aztertzean, zientzialariak konturatu ziren bi aurpegien artean alde handiak zeudela. Gertakari hori azaltzeko zenbait bertsio eman zituzten, batzuetan polemika eta guzti, baina guztiek aurreratu ziguten Ilargiaren historia a priori iruditu zitzaiguna baino askoz ere interesgarriagoa zela.

Eta zein dira alde horiek? Nabariena Ilargiko itsasoen eta ingurune argienen arteko proportzioa da. Aurpegi hurbilean itsasoek azaleraren heren bat inguru hartzen dute; aurpegi ezkutuan, aldiz, soilik ehuneko bat inguru. Itsaso gutxiago edukitzeaz gain, aurpegi ezkutuaren geografia askoz ere malkartsuagoa da eta, itxuraz, krater kopuru handiagoa du.

Baina zer dira itsasoak? Ilargiko itsasoek ez dute zerikusirik gure planetako ur-itsasoekin: labaz estalitako lautada zabalak dira, asteroideek Ilargiaren aurka izandako talka handiek eta horien ondoriozko sumendi erupzioek sortutakoak.

Ilargiaren2. irudia: eratu ondorengo inpaktu-kraterrak eta mendi batzuk alde batera utzita, Ilargiko itsasoak oso lauak dira Apolo XVI misioaren aginte-modulutik ateratako irudi honetan ikusi daitekeenez. (Irudia: NASA. Iturria: Cuaderno da Cultura Científica)

Pentsatu behar dugu talka indartsu eta bortitzenek dimentsio handiko kraterrak sortzeaz gain, Ilargiaren azala hautsi zezaketela. Modu horretan, mantuaren material urtua gainazalera ateratzen zen eta kraterrak betetzen zituzten.

Baina, orduan, nola azal daiteke alde hori? Ez al zen inpaktu handirik egon Ilargiaren aurpegi ezkutuan edo orain arte argitu ez dugun beste faktoreren bat al dago?

Aitken arroaren misterioa

Science Advances aldizkariak argitaratu zuen artikulu bat saiatu da galdera horiei erantzun zuena ematen: Ilargiaren hego poloan Aitken arroa dago, ia 2.500 kilometroko diametroa eta 6tik gora kilometroko sakonera dauzkan inpaktu-krater erraldoia, duela 4.300 milioi urte inguru sortu zena. Ilargiko kraterrik handiena ez ezik, Eguzki Sistemako handienetako bat ere bada. Ziurrenik bigarren handiena da ezagutzen ditugun guztien artean.

Artikuluaren egileen arabera, arroa eragin zuen talka horren bortitza izan zenez, bero moduan askatu zen energiak Ilargi-mantuaren zirkulazioa aldarazi zuen, bat-bateko tenperatura aldaketa inpaktu-eremutik Ilargiaren barnealderantz zabaldu zelako.

Gutxi gorabehera 100 kilometroko diametroa zuen gorputz batek eragindako talka handia izan zen arren, badakigu Ilargiaren azalari soilik eragin ziola, hau da, ez zela ez zela mantura iritsi.

Nola jakin dugu xehetasun hori? Bada, Ilargiaren ingurune horren konposizioa aztertu ahal izan dutelako zenbait misio espazialek, eta egiaztatu ahal izan dutelako ikusten diren arroka guztiak osaeraren aldetik antzekotasun handiagoa dutela gainazalekoekin mantukoekin baino. Inpaktua manturaino iritsi izan balitz, beste osaera bateko arrokak ikusiko genituzke bai kraterraren barruan, bai kraterretik kanpo inpaktuaren energia bortitzak sakabanatuta.

Horrek esan nahi du inpaktua oso angelua zeiharrarekin gertatu zela ziur aski, hau da, ez “aurrez aurre”. Angelua askoz ere bertikalagoa izan balitz eta manturi eragin izan balio, talkaren ondorioz kanporatutako eta urrutira jaurtitako arrokak aurkituko genituzke.

Pentsa dezakegu inpaktuari buruz azaldu ditugun xehetasun horiek ez dutela zerikusirik gure historiarekin, baina seguruenik ondoren gertatu zena baldintzatu zuten. Izan ere, Ilargiaren azalaren justu azpian KREEP akronimoaz ezagutzen dugun elementu kimiko-multzoa metatzen ari zen. Izen horren arrazoia da potasioaren (K), lur arraroen (REE) eta fosforoaren (P) nahasketa dela. Elementu horiekin batera egongo lirateke desintegrazio erradioaktiboaren ondorioz beroa sortarazteko gai diren beste batzuk, torioa kasu.

Aurretik azaldu dugunez, ikertzaileek uste dute inpaktuak sortutako beroak Ilargi-mantuaren ohiko zirkulazioa aldarazi zuela, eta zirkulazio-korronte berriak Ilargiaren aurpegi hurbileraraino eraman zituela gainazalaren azpian metatutako elementuak.

Gertaera hori bat dator Ilargiko geokimikari buruzko obserbazioekin. Adibidez, elementu horien ezohiko kontzentrazioak aurkitu dituzte gure satelitearen leku batzuetan, itsaso handienetako batean kasu (Oceanus Procellarum).

Ilargiaren3. irudia: Ilargiko azalaren lodieraren mapa. Mapa honetan, aurpegi hurbileko inpaktu-krater handiez gain, ikus daiteke Oceanus Procellarum eremuaren lodiera txikiagoa dela. (Irudia: NASA/JPL-Caltech/S. Miljkovic. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Izan ere, aipatutako elementuek eragindako bero osagarriari esker, litekeena da mantuko materialetan fusio maila handiagoa gertatu eta, ondorioz, magma kantitatea gehitu izana. Magma hori da asteroideen inpaktuek sortutako hausturen bidez kanporatu zena eta itsasoak eratu zituena.

Oso hipotesi interesgarria da zalantzarik gabe eta, oro har, badirudi bat datorrela obserbazioekin. Hala ere, oraindik asko daukagu Ilargiaren geologiaz ikasteko eta, adibidez, ulertzeko zergatik den gure satelitearen azala lodiagoa aurpegi ezkutuan hurbilean baino eta hori ere faktore garrantzitsua izan al zen aurpegi batean bestean baino itsaso gehiago agertzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jones, M. J., Evans, A. J., Johnson, B. C., Weller, M. B., Andrews-Hanna, J. C., Tikoo, S. M., & Keane, J. T. (2022). A south pole–aitken impact origin of the lunar compositional asymmetry. Science Advances, 8(14).doi: 10.1126/sciadv.abm8475

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko apirilaren 18an: ¿Por qué las caras de la Luna son tan diferentes?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zergatik dira horren ezberdinak Ilargiaren aurpegiak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages