Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 3 min 1 sec ago

Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak

Mon, 2022/09/12 - 09:00

Itsas algen banaketa eraldatzen ari da. Itsasoaren tenperatura igotzeak, besteak beste, eragina izan du organismo horien hazkundean, eta desorekak eragin ditu azken hamarkadetan itsas ekosistemetan, makroalgak barne.

Klima-aldaketak espezieen banaketan izan duen eragina sarri ikertu da, baina komunitate-ikuspegia gutxi aztertu da oraindik. UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak lehendabizikoz iragarri du klima-aldaketaren ondorioz zer aldaketa gertatuko diren Iberiar penintsularen iparraldeko —Galiziatik Euskal Herrira— makroalgen komunitateetan.

makroalgakIrudia: Algak klima-aldaketaren eta horrek gainerako itsas ekosistemetan dituen ondorioen adierazle onak izan litezke. (Argazkia: TheOtherBen – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Uraren tenperatura da azterketa-eremuan makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia. Uraren tenperaturak eragin handia du makroalgen biziraupenean, hazkundean, ugalketan eta erreklutamenduan. Mantenugaien eskuragarritasuna, berriz, bigarren mailako faktorea dela ikusi da.

Lan honen emaitzak ikusita, berrogeita hamar edo ehun urte barru klima-egoera jakin batzuetan aztertu delarik, etorkizunean Iberiar Penintsulako iparraldeko populazioak hegoaldeko populazioaren antz handiagoa izan dezaketela uste dute ikerlariek. Nahiara Muguerza UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeko ikertzaileak dioenez: “Eszenatoki ezkorrenean, ipar-mendebaldeko komunitateak (Galizia) gainerakoetatik desberdinak izaten jarraituko dute, eta ur hotzenetako espezieak babestuko dituzte; Iberiar Penintsulako iparraldeko kostaldeko erdiguneko eta ekialdeko multzoak, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute ipar-mendebaldeko kostaldekoena baino. Ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan”.

Algak oso sentikorrak dira klima-aldaketaren ondorioek ingurumenean eragiten duten edozein aldaketaren aurrean. Beraz, klima-aldaketaren eta horrek gainerako itsas ekosistemetan dituen ondorioen adierazle onak izan litezke. “Kostako ekosistemaren biodibertsitatea ingurumen-baldintza berriei nola erantzungo dien aurresaten lagun dezake ikerketa honek. Ezinbesteko informazioa da kudeaketa eta kontserbazio politika egokiak garatzeko”, adierazi du Muguerzak. “Beste azterketa batzuetarako interesgarria izango litzateke azterketa-eremua Iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldera zabaltzea eta Mediterraneoko laginketa-lekuak handitzea”, erantsi du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak

Erreferentzia bibliografikoa: Muguerza, M.; Arriaga, O.; Díez, I.; Becerro, M.A.; Quintano, E.; Gorostiaga, J.M. (2022). A spatially-modelled snapshot of future marine macroalgal assemblages in southern Europe: Towards a broader Mediterranean region? Marine Environmental Research volume 176. DOI: https://doi.org/10.1016/j.marenvres.2022.105592

The post Kantauriko kostaldeko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #406

Sun, 2022/09/11 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Bilbo Zientzia Plaza

Dibulgazioa

Irailaren 12tik 30era Bilbo Zientzia Plaza jaialdiaren bosgarren edizioa antolatuko da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. Hiru erakusketa eta zazpi ekitaldi biltzen ditu aurtengo programak.“Ibilbide bat nanomunduan” eta “Zientzia kalean” erakusketak antolatuko dira Bizkaia Aretoan eta Euskalduna Jauregiko zabalgunean, urrenez urren. Bestalde, “Naukas 2022” erakusketa egongo da ikusgai Metro Bilbaoko Moyua geltokian. Ekitaldiei dagokionez, adin-tarte eta konplexutasun-maila askotariko jardunaldietan parte hartu ahalko du nahi duen orok. Bestak beste, bigarren hezkuntzako ikasleak protagonista dituen bakarrizketa lehiaketa, zientzialari profesionalen hitzaldiak, zientziaren inguruko tailerrak eta abar bilduko ditu Bilbo Zientzia Plaza 2022 jaialdiak. Informazio gehiago Sustatun: Bilbo Zientzia Plaza 2022: iraila dibulgazioari emana.

Teknologia

UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek sare neuronal konboluzionalak erabili ditu potentzia handiko aerosorgailuen profil aerodinamikoetako aire-fluxuaren ezaugarriak aurresateko. Unai Fernández Gámiz ikerketan parte hartu duen ikertzaileak azaltzen duenez, hobekuntza honi esker, aerosorgailu berarekin megawatt gehiago sor daitezke, eta hala, megawatt-orduaren kostua murriztu egiten da. Izan ere, energia eolikoak energia-baliabide konbentzionalekin lehiatu ahal izan dezan aerosorgailuen errendimendua hobetu beharra dago. Helburu honekin, ikerketa berri honek aerosorgailuen errotoreen eraginkortasun aerodinamikoa hobetzeko aurrerapausoa eman du. Datuak Zientzia Kaieran: Sare neuronalak aerosorgailuak hobetzeko.

Astronomia

Orain arte, hiru sismometro igorri dira Martera (azkena 2018ko azaroan), eta azken honek soilik jarraitzen du oraindik martxan eta datuak biltzen. Datu hauekin, Marten lurrikararik gertatzen ote den jakin nahi zuten zientzialariek; izan ere, ez da erupzio bolkaniko baten antzik duen ezer behatu gaur egunera arte. Ordea, sismografo honek lurrikara txikiak detektatu ditu urte hauetan zehar, baina horien arrazoia ez dago oso argi. Alabaina, gai horri buruz argitaratu den azken azterlanak iradokitzen du mantuko magmaren mugimenduaren ondorioz gure planetan gertatzen direnen antzekoak direla lurrikara horiek, baina baliteke magmak zailtasun handiak izatea azaleratzeko eta erupzio bolkanikoa eragiteko, Marteren azalaren lodiera dela eta. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

EHUk antolatutako Lurralde osasuntsuak: urbanismoaren eta osasun publikoaren topagunea izeneko ikastaroan Carolyn Daher ISGlobal enpresako Hiri Plangintza, Ingurumen eta Osasun Ekimenaren koordinatzaileak hitzaldi bat eman du gai honen inguruan. Honen esanetan, hiri osasuntsuagoak eraikitzea da etorkizuneko helburuetako bat, eta hiritarren bizi kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da berdeguneak sortzea eta hiri eredua aldatzea. Ikastaro berean egon zen baita ere Ignacio de la Puerta Rueda Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria. Gain beraren inguruan, honek iragarri zuen hiri osasuntsuagoak eta berdeagoak eraikitzeko hainbat helburu ezarri dituztela Euskal Autonomia Erkidegorako. Datuak Berrian: Berdeguneak dira hirietako osasun iturri.

Ingurumena

Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon abiatu du ozeanoak babesteari buruzko nazioarteko kongresua. Hain justu, zientzia ozeanikoei buruzko munduko txostena aurkeztu zuen atzo Luis Valdes ikerlariak, Santanderko Ozeanografia Zentroko zuzendariak. Txosteneko datuei begira, ondorioztatu du ozeanoen inguruko ikerketaren arloa osasuntsu dagoela. Ikerketa-alor garrantzitsuenetako bat klima-aldaketa dela azaldu du, eta honen inguruan, azken asteetan arreta piztu da honen inguruan. Izan ere, ozeanoak nabarmen beroago daude. Bereziki kezkagarriak izan dira Mediterraneo itsasoan erregistratutako tenperaturak, 29 gradura artekoak, baina Bizkaiko golkoko urak ere batezbestekoaren gainetik ibili dira: 25 gradura iritsi dira. Honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Bero oldeek arrastoa uzten dute ozeanoan».

Biologia

Marmoka “hilezkorraren” sekretuak azaldu ditu Juanma Gallegok Zientzia Kaieran. Oviedoko Unibertsitateko ikerketa berri batek bere bizi-zikloan atzera egiteko gaitasuna duen marmoka baten genoma sekuentziatu du. Turritopsis dohrnii marmoka espeziea da, eta munduan zehar dezente zabaldu da azken urteetan, espezie inbaditzaile gisa. Marmoka espezie honek gaitasun berezi bat duela ikusi zen laborategian. Izan ere, egiaztatu da marmoka honek gaitasuna duela estres baldintzetan hondora joan eta berriro polipo bihurtzeko, marmokentzako “enbrioi fasea” izango litzatekeena. Honek zera esan nahi du, marmoka hauek zelula normalak zelula ama bihurtzeko gaitasuna dutela. Bada, ikerketa berri honek espezie honen longebitatearen arrakastako gako diren geneak identifikatu ditu. Aurkikuntza honen azken helburua zahartzeari lotutako gaitzen tratamenduan aurrera egitea da.

Arkeologia

Borneoko alde indonesiarrean, anputazio baten frogarik zaharrena aurkitu dute duela 31000 urteko eskeleto batean. Ezker hankako anputazio garbi bat da, kirurgia bidez egindakoa, eta horrenbestez, halako operazio baten ebidentziarik zaharrena bihurtu da. Aurkikuntzak atzera botatzen du medikuntzaren eboluzioari buruz aurrez zegoen ikuspegia. Izan ere, lehen uste zen duela 10.000 urte inguru sortu zirela operazio medikoak, Neolitoko iraultzan.

Emakumeak zientzian

Nazioarteko ikerketa baten emaitzen arabera, genero-oreka duten taldeen emaitzak berritzaileagoak eta esanguratsuagoak dira. Hau da, emakumez eta gizonez osatutako talde zientifikoek artikulu berritzaileagoak eta inpaktu handiagokoak ekoizten dituzte. Ondorio honetara iristeko, 2000. urtetik 6,6 milioi zientzia-argitalpen aztertu dituzte, denak ere arlo medikokoak. Honetaz gain, genero-orekaren onuren zergatia ikertu dute. Honen inguruan ikusi ahal izan dutenez, genero-oreka handiagoa duten taldeek dibertsitate handiagoa dute beste faktore batzuetan ere, eta dibertsitateak onura esanguratsuak ditu lortutako emaitzen kalitatean. Hala ere, talde mixtoak gaur egun, zoriz espero zitekeena baino gutxiago dira. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #406 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #412

Sat, 2022/09/10 - 09:00

 

Sare sozialek onurak dituztela gutxik jartzen dute zalantzan; arriskuak dituztela ere. Nerabeek eta gazteek dira arrisku gehien dituztenek. Social networks and risk behaviors of adolescents and young adults, Martha R. Villabona

Aldizkako baraualdiak espero ez zitezkeen ondorioak izan ditzake. Eta onak dira.  Intermittent fasting could improve nerve regeneration, Rosa García-Verdugorena.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #412 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sekula existitu ez ziren animalien historia

Fri, 2022/09/09 - 09:00

Bernard Heuvelmans zoologoak folkloreak sortutako izakiak maite zituen, existitzen ez ziren horiek, alegia. Hain gogoko zituen diziplina berri bat asmatu zuela hauek aztertzeko: kriptozoologia. Kriptozoologia sasizientzia da, grekotik datorren hitz da eta bere esanahi literala hau da: “animalia ezkutuen azterketa”.

Horrela, ezkutuko animaliei erreparatuz, Bernard Heuvelmansek irudimenak sortutako 600 animalia baino gehiago katalogatu zituen bere ibilbide osoan, besteak beste, Ness Lakuko munstroa, elurretako gizon izugarria edo itsas suge beldurgarria.

Zientziaren historia ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Sekula existitu ez ziren animalien historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marmoka ‘hilezkorraren’ sekretuak azaleratu dituzte

Thu, 2022/09/08 - 09:00

Bere bizi zikloan atzera egiteko gaitasuna duen marmoka baten genoma sekuentziatu dute zientzialariek, prozesuaren atzean dauden mekanismoak hobeto ezagutuz. Azken helburua zahartzeari lotutako gaitzen tratamenduan aurrera egitea da.

Jaio, hazi, ugaldu eta hil. Ezaguna da animalia gehien-gehienen patua. Erdian, noski, gauza asko daude. Animalia askorentzat mugarri horien artean dagoen bizitza biziraupen latza da. Tamalez, baita gizaki askorentzat ere. Beste hainbatek, berrik, bizitzaren bidezidorrean bestelako gauza politak egiteko pribilegioa dute. Pribilegioa dugu. Eskerrak.

Hori da naturan dagoen eskemarik zabalduena, baina badira animalia batzuk bestelako bideak urratzen dituztenak. Nolabait esatearren, beren egutegi biologikoan atzera egiteko gai dira, hilezkortasunera asko hurbiltzen den eredu batean.

Turritopsis dohrnii marmokaren kasua da. Munduan zehar dezente zabaldu den marmoka da, espezie inbaditzaile gisa. Itsasoan bizi diren antzeko beste bizidun txikiekin gertatzen den moduan, itsasontziek lasta gisa eraman ohi duten uraren mugimenduaren ondorioz sortu da hedapen hori. Heldutasunera iritsita lau milimetroko tamaina baino ez duen marmoka baten kasuan, errazagoa da itsasontzien bidez hedatzea.

Hasiera batean, halako organismo batek ez luke zertan atentzio gehiegi eman behar, eta hala izan da urte askoan. Baina 1988an gauzak aldatzen hasi ziren. Urte horretan Christian Sommer izeneko itsas biologiako ikasle batek polipo batzuk hartu zituen Italiako urtetan, eta laborategira eraman zituen, bertan ikertzeko. Handik egun batzuetara konturatu zen marmokak sortzen zirela haietatik. Horraino, dena normala zen. Izan ere, marmoken bizitza horrelakoa da: polipo gisa hasten da haien bizi zikloa, itsasoaren hondora itsatsita, normalean kolonietan. Egoera horretan daudenean, modu asexualen ugaltzeko gai dira: polipo horietatik zatiak askatzen dira, efirula gisa ezagutzen diren marmoka berriak sortzen direlarik. Horiek ar edo eme gisa heldutasun sexualera iristen direnean ugaltzeko gai dira, eta ugaltze horren ondorioz polipo berriak sortzen dira.

Marmoka1. irudia: Italiako uretan jaso dituzten polipoetatik jaiotako marmoka gaztea. (Argazkia: Maria Pascual-Torner)

Alabaina, handik gutxira Sommerrek oso gauza bitxia ikusi zuen: artean marmokak sexualki helduak ez zirela, polipo berriak sortu ziren laborategian. Irakasleekin batera egiaztatu zuen marmoka horiek estresatuta zeudenean hondoa jotzen zutela, berriro polipo bihurtzeko. Logikoa zenez, emaitzek harridura eta sinesgaiztasuna sorrarazi zituzten halako bizidunak ikertzen zituztenen artean, baina 1996an argitaratutako zientzia artikulu batean soberan dokumentatu zuten prozesu guztia.

Biologoen interesaz gain, bestelako adituei atentzioa eman die hain ez ohikoa den prozesuak, agerikoa delako medikuntzaren alorrean irakaspen garrantzitsuak atera daitezkeela. Izan ere, prozesuaren abiapuntuan dago marmoka horrek zelula normal direnak zelula ama bihurtzeko gaitasuna duela. Naturan oso ezohikoa den miraria da hau, azken urteotan gizakiok laborategian hori egitea lortu badugu ere.

Prozesuan parte hartzen duten faktoreak hobeto ulertzeko, Oviedoko Unibertsitateko ikertzaile talde batek marmoka horren genoma sekuentziatu du. Horrez gain, oso antzekoa den baina hilezkorra ez den beste marmoka espezie baten genoma sekuentziatu du Turritopsis rubra espeziea—, horien bien artean dauden aldeak ikusi eta prozesuaren gako genetikoak eskuratu aldera.

Arlo desberdinetako adituek parte hartu duten arren, onkologia sail bat da ikerketa abiatu duena. Hortaz, argi dago ezagutza soilean ez baizik eta gaitzei aurre egiteko gakoen bila abiatu dutela ikerketa. Oviedoko Unibertsitateak kaleratutako prentsa ohar batean Carlos Lopez-Otrin biologoak ohartarazi du ikertzaileen helburua ez dela gizakiontzako hilezkortasuna bilatzea, zahartzeari lotuta dauden zenbait gaitzei aurre egiteko estrategiak aurkitzea baizik. Zehazki, zenbait animaliatako zelulek erakusten duten plastikotasuna gehiago ezagutu nahi dute haien taldean.

Sekuentziazio eta alderaketa horren ondorioz, haren longebitatearen arrakastako gako diren geneak identifikatu dituzte, eta horien berri eman dute PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean. Gene horiek lotura dute zenbait gai garrantzitsurekin: DNAren erreplikazioa eta konponketa, telomeroen mantentzea, zelula amen sorrera, zelulen arteko komunikazioa eta zelulak kaltetzen dituen oxidazioaren gutxitzea.

Marmoka2. irudia: Bizi zikloan atzera egin duen marmoka batetik sortutako polipoa. (Argazkia: Maria Pascual-Torner)

Modu berean, aurkitu dute gaztetze prozesua ematen den bitartean zenbait gene isiltzen direla, eta zelulen pluripotentziari lotutako beste zenbait generen espresioa handitzen dela; horrela, zelula horiek beste edozein zelula bihurtzeko aukera izango dute. Bi prozesu horiek beharrezkoak dira zelula amak sortu ahal izateko.

Turritopsis dohrnii-k egindako bidaia kitzikagarrietatik ikasi dugu zeintzuk diren zelulen plastikotasunaren gakoak eta mugak; ezagutza honetan abiatuta, eta horiekiko kezka dugulako, gaur egun zahartzeari lotura agertzen diren gaitzei aurre egiteko erantzun hobeak aurkitu nahi ditugu”, azaldu dute egileek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean.

Marmoka honen zeluletan gertatzen diren aldaketak sarritan transdiferentziazio izeneko prozesu biologiko baten bitartez azaldu dira. Horren arabera, zelula batek zuzenean beste zelula mota bat bihurtzeko gaitasuna izango luke, aurretik zelula ama fasetik igaro gabe. Marmoka espezie honi ahalmen hori egotzi zaio behin baino gehiagotan. Gaiari buruz galdetuta, Maria Pascual-Torner ikertzaileak ohartarazi du azterketan ez dutela aukera zuzena izan horrela ote den jakiteko, baina blog honi argitu dio uste dutela zelula ama fasetik igarotzen direla marmokaren zelulak.

Bai modu batean zein bestean izan, ikertzaileek argi dute ezagutza berria lagungarria izango dela zenbait gaitzi aurre egiteko, baina berretsi dute hasierako ideia: “hilezkortasun biologikoa gizakien artean oraindik amets bat baino ez da”.

Gainera, gizakiak, bere modu berezian, jakin badaki amets hori lortzen, egileek nahiko era poetikoan nabarmendu dutenez. “Gizakiak aspaldi ikasi du nola izan hilezkorra: artearen eta ezagutzaren bidez historian egiten duen ekarpen txikiaren bitartez egiten du”.

Ez da, ez, ideia hutsala.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lopez-Otin, C. et al. (2022) Comparative genomics of mortal and immortal cnidarians unveil novel keys behind rejuvenation. Proceedings of the National Academy of Sciences. 119 (36) e2118763119 https://doi.org/10.1073/pnas.2118763119

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Marmoka ‘hilezkorraren’ sekretuak azaleratu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (6): Laukizuzenaren aldeak kalkulatzen

Wed, 2022/09/07 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure seigarren ariketa: Laukizuzenaren aldeak kalkulatzen.

Hiru zirkulu ditugu laukizuzen baten barruan. Zirkuluen diametroa 30 cm da eta laukizuzenaren aldeak 70 cm eta d cm dira. Lehen zirkulua laukizuzenaren ukitzailea da 70 zentimetroko alde baten erdiko puntuan. Beste zirkulu biak lehen zirkuluaren ukitzaileak dira eta, gainera, bakoitza d zentimetroko alde baten ukitzailea. Zein da d-ren balio posible txikiena? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

Irudia: Robin Higgins – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

 

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (6): Laukizuzenaren aldeak kalkulatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ba al dago jatorri bolkanikoko lurrikararik Marten?

Tue, 2022/09/06 - 09:00

Geologia modernoaren erronka handienetako bat planeten barne egitura zehatz-mehatz ezagutzea da: barne geruzak nolakoak diren –monolitikoak diren edo oso hautsita dauden–, zein egoeratan dauden –solido edo likido–, eta zein osaera duten. Eta ez da datu hutsala; izan ere, atea irekiko liguke haien jatorria eta bilakaera hobeto ulertzeko, eta, agian, erantzuteko zergatik diren itxuraz elkarren artean hain desberdinak planeta ez gaseosoak (gurea barne).

Zoritxarrez, ezin dugu leiho bat ireki eta planeten barrura begiratu; beraz, barruan zer dagoen jakiteko daukagun modu bakarra zeharkako metodoen bidez da, baina hori ez da erraza Lurra ez diren planetekin. Hain zuzen ere, meteoritoak ziren planeten eta asteroideen barrura begiratzeko geneukan leihorik onenetako bat –ohar gaitezen paradoxaz–.

lurrikarak1. irudia: Kraterrek planeten barruko zerbait ikusten uzten digute, baina ez asko. (Argazkia: NASA/JPL/ASU. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Talka kraterrak eratzea da gure Eguzki Sisteman mugitzen diren gorputzen arteko talken ondorio nabarmenenetako bat; batzuetan, ehunka metro gutxi batzuk agerian uzten dituzte, baita, zenbaitetan, lurrazalaren barrualderantz kilometro batzuk ere.

Talka horien bortiztasunak, zenbaitetan, planeta horien zati batzuk biziki abiadura azkarrean jaurtitzen ditu kanporantz, eta planetatik ihes eginarazten die; halakoetan, ez dira berriro planetara erortzen baizik eta eguzkiaren inguruko orbitan noraezean ibiltzen hasten dira.

Tarteka, gerta daiteke planeta batetik kanporatutako zati horiek, beren bidean zehar, beste planeta batzuekin topo egitea, Lurrarekin kasu. Halakoetan, meteorito gisa erortzen dira eta jaso ditzakegu; hala, zenbaitetan, jatorrizko planetaren azalaren eta mantuaren propietateak inferitzen laguntzen digute.

Baina hori ez da nahikoa. Gehiago hurbildu beharra dugu planeten barrualdeari buruzko xehetasun gehiago lortu nahi baditugu. XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, gure Eguzki Sistemako gorputzetara zundak bidaltzeko aukera izan dugu. Planeten barnealdeak hobeto ezagutzea ahalbidetu digute, eremu grabitatorioa eta magnetikoa aztertzeari esker; izan ere, era horretan planeta horien barruko masaren banaketari eta barrualdeko materialen egoerari buruzko zenbait zantzu lortzen ditugu.

Marteko lurrikarak entzuten

Baina gehiago jakin nahi badugu, planeten gainazaleraino iritsi behar dugu, eta planeten taupadak (lurrikarak) argi eta garbi entzuteko behar bezain tresna sentikor instalatu behar ditugu.

Haiek detektatzeko eta aztertzeko, sismometro deitzen ditugun sentsoreak erabiltzen ditugu. Sentsore horiek lurzoruaren desplazamenduaren hedadura neurtzen dute, ez bakarrik lurrikarek sortutakoa, baita haizeak, olatuek, leherketek edo trafikoak ere –beste arrazoi natural eta artifizial askoren artean–.

Uhinak planetan zehar nola hedatzen diren aztertuz, abiadura eta anplitudea nola aldatzen zaien aztertuz, bai eta geruzak zeharkatzean gertatzen zaizkien errefrakzio eta islapen fenomenoak aztertuz ere, planeten barrualdearen irudi askoz zehatzagoa egin dezakegu, eta askoz ere eredu zehatzagoa eraiki, maila fisikoan zein kimikoan.

lurrikarak2. irudia: InSight misioaren berreraikuntza bat, Marteren gainazalean erabat zabalduta dagoela. Sismometroa lehen planoko kupula formako aparatu hori da. (Argazkia: NASA/JPL. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Orain arte, hiru sismometro igorri dira Martera: bi, 70eko hamarkadan, Viking 1 eta 2 misioetako lurreratze moduluetan –zoritxarrez askorako balio izan ez zutenak–, eta beste bat InSight misioan, zeina Marten lurreratu baitzen 2018ko azaroan, eta oraindik martxan eta datuak biltzen ari baita. Jauzi kualitatiboaren eta kuantitatiboaren ideia bat egin dezagun, Viking zundek jatorri sismikoko gertaera bakar bat detektatu zuten argi eta garbi; aldiz, InSight zundak 500 lurrikara eta iraupen laburreko 800 gertaera baino gehiago hauteman ditu bere misioan, ziur aski tenperatura aldaketek eragindako arroken hausturarekin lotuta egongo direnak.

Eta Marten jatorri bolkanikoko lurrikarak izango balira?

Marten, agerikoa denez, jatorri naturaleko lurrikarak baino ez ditugu espero –salbu eta misioren bat marteratzen denean edo bertako gainazalaren aurka talka egiten duenean–, baina batez ere arroketan metatutako tentsioak sortutakoak izaten dira: tentsio horiek deformazio gisa egokitzen jarraitu ezin direnean, azkenean apurtu egiten dira arrokak eta energia hori guztia uhin sismiko gisa askatzen da.

lurrikarak3. irudia: Eguzki Sistemako hainbat lekutako lurrikaren seinalearen irudia. Lehenengo biak Lurrean gertatu ziren, hirugarrena Marten eta laugarrena ilargian. (Argazkia: ETZ Zürich. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Baina Marten sumendi jatorriko lurrikarak ere izango balira? Egia esan, planeta gorrira begiratzen dugunean, planeta hotz bat ikusten dugu, mortua, zeinaren eragile geologiko nagusia haizea baita. Marte era jarraitu samarrean aztertzeko gaitasuna dugunetik behintzat, ez dugu erupzio bolkaniko baten antzik duen ezer behatu.

Martek gure Eguzki Sistemako sumendi handienetako batzuk ditu, batez ere Tharsis eskualdean daudenak. Bertan dago, besteak beste, Olympus Mons, 20 kilometro baino gehiagoko garaiera duena baina gaur egun jarduerarik gabekoa, ziur asko planetaren barnealdea hozten ari delako –Lurrean, aldiz, barneko dinamika agerian geratzen da lurrazaleko bulkanismo maila handi baten bidez–.

Baina bada Marten Cerberus Fossae izeneko eremu bat, InSight misioaren lurreratze eremutik nahiko gertu dagoena, dirudienez jarduera maila handikoa dena. Toki hori haustura sistema bat da, 1.200 kilometro baino luzeagoa eta zenbait puntutan halo ilunez inguratuta dagoena. Badirudi haustura horietatik zerbait atera izan dela eta inguruko lurra zikindu egin duela.

lurrikarak4. irudia: Cerberus Fossaeren zati txiki bat kolore faltsuan, kanpoaldearen eta barrualdearen osaeren arteko desberdintasunak erakusten dituena. (Argazkia: NASA/JPL/ASU. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hain zuzen ere, Cerberus Fossae pitzadura sistema estentsional bat da, non azala banatzen ari baita, Afrikako Rift haranean gertatzen denaren antzera –gugandik hurbil dagoen adibide bat jartzearren–, eta non bulkanismo oso aktiboa baitago.

Ikerketa berrienek iradokitzen dutenez, baliteke inguru horretan bulkanismo aktiboko fenomenoak egon izana azken milioika urteetan, beharbada duela hamar baino gutxiago autore batzuen arabera, baita 50.000 urte inguru ere beste batzuen arabera. Nolanahi ere, denbora gutxi ikuspuntu geologikotik, eta oso gutxi Marten gaur egun ikusten dugun jarduera geologiko maila kontuan hartzen badugu.

Tira, eta zer zerikusi du horrek lurrikarekin? Fenomeno bolkanikoak dira gure planetako lurrikara naturalen sortzaile handienetako bat: magmak eta beste fluido batzuek, lurrazalean zehar mugitzean eta kokatzean, arrokak hautsi ditzakete presioa handitzearen ondorioz. Halaber, fluido horiek eroanbide garatuagoetatik zehar mugimendu asismikoago batean mugitzerakoan, bibrazio jarraituak ager daitezke (nolabait esateko, ura hodi baten barrutik zirkulatzen ari den bitartean hodia ukitzen dugunean bezala).

InSight misioak hiru urte baino gehiago daramatza Marteko lurrikarak zaintzen, eta horietako batzuk Cerberus Fossaetik datozela dirudi, baina detektatu diren lurrikaren arrazoia ez dago oso argi: edo planeta hoztearen beraren ondorio dira –uzkurtzean arrokak esfortzu handiaren pean jartzen ditu eta azkenean hautsi egiten dira–, edo beste indar batzuen ondorio dira –hausturak eta irekidurak eragitean Cerberus Fossae sortzen dute–, edo Marte barruko zenbait fluidoren migrazioagatik, edo magmaren mugimenduarengatik.

Gai horri buruz argitaratu den azken azterlanak –Sun, W. & Tkalčić, H. (2022) Repetitive marsquakes in Martian upper mantle–, InSight misioaren erregistro sismiko osoa aztertu du, eta, oharkabean igaro zitezkeen anplitude txikiagoko seinaleak aurkitzeko teknika aurreratuagoak erabiliz, hasieran detektatutakoak baino lurrikara gehiago aurkitu ditu.

Garrantzitsua da jakitea Marteko gainazalean haizeak jotzen duela, eta sismometroa nahiko isolatuta dagoen arren, haize horrek seinale jarraitua sortzen duela bibrazio moduan. Horrek gertaera txikienak mozorrotu ditzake, eta, horregatik, batzuetan zaila izaten da haiek detektatzea. Horren antzekoa gertatzen da zinemara joan eta, gure ondoan, krispetak jaten ari den norbait daukagunean: kosta egiten zaigu filmeko elkarrizketak entzutea. Bada, haizea seinale sismikorako zarata iturri da, zineman krispetak jatea den bezalaxe.

Badirudi lurrikara berri horiek ez diotela patroi bati jarraitzen, baizik eta modu jarraituan nahiz ez hain jarraituan gertatzen direla, eta batzuk aurrez antzemandako lurrikara handiagoekin ere lotuta egon daitezkeela.

Ikerketaren egileek interpretatzen dutenez, magmaren mugimenduaren ondorioz gure planetan gertatzen direnen antzekoak dira lurrikara berri horiek, eta magmaren alboko migrazioarekin eta migrazio bertikalarekin lotutako lurrikara sortak sortzen dituzte.

Marteren barruko eredu hau garatzeko, InSight misioak bildutako uhin sismikoetan oinarritu dira. Uhinen ibilbideak eta abiadura aldaketek barruko geruzak berreraikitzen laguntzen digute. Khan et al. (2021).

Kasu honetan, badirudi lurrikarak Marteren mantuan gertatzen direla, eta horrek frogatuko luke uste baino bero handiagoa geratzen dela barruan. Hori bai, oso litekeena da, Marteren azalaren lodiera dela eta –24 eta 70 kilometro artekoa da–, magmak zailtasun handiak izatea azaleratzeko eta erupzio bolkanikoa eragiteko; horrek azalduko luke gaur egun ikusten dugun aktibitate bolkaniko txikia.

Zalantzarik gabe, teoria zirraragarria da, Marteri buruz ikasteko eta jakiteko geratzen zaigun guztia agerian uzten duena, eta nork daki egunen batean Marten erupzio bolkanikoren bat ikusteko aukera emango ez digun.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sun, W. & Tkalčić, H. (2022). Repetitive marsquakes in Martian upper mantle. Nature Communications, 13(1), 1695. doi:10.1038/s41467-022-29329-x

Horvath, D. G., Moitra, P., Hamilton, C. W., Craddock, R. A., & Andrews-Hanna, J. C. (2021). Evidence for geologically recent explosive volcanism in Elysium Planitia, Mars. Icarus, 365, 114499. doi: 10.1016/j.icarus.2021.114499

Khan, A., Ceylan, S., van Driel, M., Giardini, D., Lognonné, P., Samuel, H., Schmerr, N. C., Stähler, S. C., Duran, A. C., Huang, Q., Kim, D., Broquet, A., Charalambous, C., Clinton, J. F., Davis, P. M., Drilleau, M., Karakostas, F., Lekic, V., McLennan, S. M., … Banerdt, W. B. (2021). Upper mantle structure of Mars from InSight seismic data. Science, 373(6553), 434-438. doi: 10.1126/science.abf2966

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra (@geologoenapuros) geologo planetarioa eta dibulgatzaile zientifikoa da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko apirilaren 4an: ¿Hay terremotos de origen volcánico en Marte?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

 

The post Ba al dago jatorri bolkanikoko lurrikararik Marten? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sare neuronalak aerosorgailuak hobetzeko

Mon, 2022/09/05 - 09:00

Energia eolikoa elektrizitatea sortzeko iturri garrantzitsua da, energia-eredu garbiago eta jasangarriago bat lortzeko helburuarekin lotuta. Hala ere, aerosorgailuen errendimendua hobetu beharra dago, energia-baliabide konbentzionalekin lehiatu ahal izan daitezen. Hobekuntza hori lortzeko, fluxua kontrolatzeko gailuak ezartzen dira profil aerodinamikoetan, aerosorgailuen errotoreen eraginkortasun aerodinamikoa hobetzeko.

UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek sare neuronal konboluzionalak erabili ditu potentzia handiko aerosorgailuen profil aerodinamikoetako aire-fluxuaren ezaugarriak aurresateko. Ikerketak frogatu du fluxua kontrolatzeko gailuak sare neuronal horien bidez azter daitezkeela, errore onargarriak lortuz eta konputazio-denbora lau magnitude-ordena murriztuz. Unai Fernández Gámiz UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko irakasleak eta ikerketan parte hartu duen ikertzaileak azaltzen du: “Hala, aerosorgailu berarekin megawatt gehiago sor daitezke, megawatt-orduaren kostua murriztu egiten da, eta hori, adibidez, itsasoan kokatutako turbina eoliko batera eramanda (ikaragarri handiak dira), inplementazio-kostua oso txikia izanik ere hobekuntza aerodinamikoa % 8 edo % 10 ingurukoa izan daiteke”.

Sare neuronalakIrudia: Aerosorgailuen errendimendua hobetu beharra dago, energia-baliabide konbentzionalekin lehiatu ahal izan daitezen. (Argazkia: EdWhiteImages – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Fluidoen dinamika konputazionalaren simulazioak (CFD, ingelesezko izenetik) dira halako gailuak aztertzeko metodorik erabiliena: “Fluidoen higidura simulatzen duen software bat da, konputazio-ahalmen handia behar duena, hau da, konputagailu oso ahaltsuak eta konputazio-denbora luzea”, azaldu du Fernández Gámizek. Baina azken urteotan, Adimen Artifizialaren hazkundearekin, gero eta gehiago erabiltzen dira sare neuronalak fluxu-ezaugarriak iragartzeko; hala, Koldo Portal Porras UPV/EHUko ikasleak sare neuronal konboluzional bat ezarri du (CNN, ingeleseko izenetik), turbina eolikoen fluxua kontrolatzeko erabiltzen diren parametro batzuk ematen dituena. NATUREko Scientific Reports aldizkari entzutetsuak eman du ikerketa-lan honen berri.

Tresna azkar, malgu eta merkea

Emaitzen arabera, eremuaren iragarpena egiteko proposatutako CNNa gai da fluxua kontrolatzeko gailuaren inguruko fluxuaren ezaugarri nagusiak zehaztasunez aurresateko, eta oso errore txikiak egiten dira. Koefiziente aerodinamikoekin lotuta proposatutako CNNa ere gai da koefizienteak modu fidagarri batean aurresateko, eta joera eta balioak zuzen aurresateko. “CFD simulazioekin alderatuta, CNNak erabiltzeak lau magnitude-ordenatan murrizten du konputazio-denbora”, dio Portal Porras ikertzaileak. “Emaitza azkarrak lortu dira, ia berehalakoak, eta % 5-6ko errorea, kasu batzuetan. Errore hori nahiko onargarria da batez ere emaitza azkarrak lortu nahi dituen industriarentzat”, erantsi du Fernández Gámizek.

“Lehenik, CFDko simulazioak egin ditugu fluxua kontrolatzeko bi gailurekin (mikrohegats birakariak eta Gurney flap-ak), eta hortik irteera-datuak ateratzen ditugu; datu horiek egiazkotzat hartzen eta sare neuronal konboluzionala entrenatzeko erabiltzen ditugu —azaldu du Portal Porrasek—. Sarrera gisa, geometria sartzen dugu, eta, irteera gisa, CFDarekin lortutako emaitzak. Hala, sarea entrenatu egiten da, eta, ondoren, beste geometria bat sartzen badiogu, aurreko emaitzekin, sare neuronala gai da abiadura- eta presio-eremu berriak aurresateko”.

Fernández Gámizen iritziz, Portal Porrasek “tresna azkar, malgu eta merkea lortu du”. Gaur egun, industriak irtenbide azkarrak behar ditu. Horrelako sareak aplikatzeko ez da ordenagailu handirik behar, ezta informatika-klusterrik eta abarrik ere. Eta, gainera, tresna malgua lortu dugu, edozein profil aerodinamikori, era guztietako gailu-sistemei eta beste geometria-mota batzuei ere aplika dakiekeelako”. Portal Porrasen esanetan, sareak mota guztietako aerosorgailuetarako balio du, “baina sartu ditugun entrenamendu-datuak profil aerodinamiko jakin batekoak ziren. Beraz, beste profil aerodinamiko bat sartzen baduzu, entrenamendu-prozesu osoa egin beharko litzateke, hau da, beste aerosorgailuaren sarrera- eta irteera-datuak sartu”. Biak bat datoz adimen artifizialaren garrantziarekin: “Funtsezko urratsa da gure industria-ingurunea lehiakorra izatea nahi badugu. Adimen artifizialeko gaietan sartzen ez bagara, ez dugu lehiakortasunean aurrera egingo nazioarteko merkatuetan”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Sare neuronalak potentzia handiko turbina eolikoen errendimendua hobetzeko

Erreferentzia bibliografikoa: Portal Porras, Koldo; Fernández Gámiz, Unai; Zulueta, Ekaitz; Ballesteros Coll, Alejandro; Zulueta, Asier (2022). CNN-based flow control device modelling on aerodynamic airfoils. Scientific Reports 12, 8205. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-022-12157-w

The post Sare neuronalak aerosorgailuak hobetzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #405

Sun, 2022/09/04 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

alka belarra

Osasuna

Kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak aztertu dituzte euskal populazioan. Koldo García Etxebarria Biodonostiako ikertzaileak gidatutako taldeak egin du azterketa, eta minbizi mota horien prebentziorako eta diagnostiko goiztiarrerako baliabideak lortzea izan da asmoa. Izan ere, Koldok azaldu duenez, munduan diagnostikatzen diren minbizien % 10 kolon eta ondestekoak dira. Gainera, hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi-mota da. Azterketan zehar Donostia Ospitaleko 800 gaixoren eta Euskal Biobankuko 900 kontrol osasuntsuren 5 milioi gene-aldaeratik gora aztertu dituzte. Horren bidez, kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen duten zenbait gene-aldaera identifikatu dituzte.

Aurtengo Espainiako epidemiologia-biltzarra Donostian izan da, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. Batzar honen ardatza oraingoan ingurumena, klima-aldaketa, eta gizarte-desberdintasunak izan dira. Hainbat alor jorratu dituzte aditu ezberdinen laguntzarekin. Elisa Sainz de Murieta ikertzaileak klima-aldaketaren ebidentziak jarri ditu mahai-gainean, eta ekosistemei eragiten dien kalteaz gain, ondorio ekonomikoak ere aipatu ditu. Bestalde, Cristina Linares Gilek klima-aldaketak osasunean dituen ondorioez hitz egin du. Izan ere, klima-larrialdiak gaixotasun berriak sortu baino gehiago, gaitzak hedatzen laguntzen duela nabarmendu du. Batzar honi buruzko datu gehiago Elhuyar aldizkarian aurki daiteke.

Abeltzaintza

María Durán Lázaro baso-ingeniaria da. Aezkoan egin zuen tesia gramineo baten hedapenari buruz, alka belarraren (Brachypodium rupestre) inguruan, hain zuzen ere. Tesian zehar lan asko argitaratu zituen bere taldearekin batera, lurrari, landaretzari eta baita zehazki alka belarraren inguruan ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka eta honen ondorioz, galera sozioekonomikoak dakartza abeltzaintzan. Honen harira, Duránek frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela. Abererik gabeko larretan hedatzen da alka belarra, eta, beraz, ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar. Elkarrizketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Argitalpenak

Erein argitaletxeak aurkeztu berri du klima-aldaketa aztergai duen komikia, euskarara itzulia. Zer gertatzen da klimarekin? izena du argitalpenak. Jenny eta Ole dira abentura honetako protagonistak, eta pertsonaia hauen laguntzaz irakurleak klima-aldaketari buruzko jakin beharreko xehetasun guztiak ezagutuko ditu; besteak beste, zergatik sortu den klima-aldaketa, zer den berotze globala, zer ondorio dituen etab. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Klima-aldaketa komikian azalduta.

Astronomia

NASAko Artemis I misioa abuztuaren 29an jarri behar zen abian, baina arazoak izan dituzte, eta irailaren 2ra atzeratu zuten jaurtiketa. Orain, arazo berriak direla eta, irailaren 3rako espero da azken saiakera. Gizakia berriro Ilargira eramateko xedea du Artemis egitasmoak, eta bereziki, lehen emakumea. Artemis I eskifaiarik gabeko misioa da, eta haren helburu nagusietako bat NASAren suziririk ahaltsuena probatzea da. Epe luzera, misio honek Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko asmoa du, eta baita orbitan espazio-estazio bat jartzea ere. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Artemis I, gizakia berriro Ilargira eramateko misioaren lehen pausoa, atzeratuta.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #405 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #411

Sat, 2022/09/03 - 09:00

Tenperaturaren eta iraungitzearen dimentsioaren arteko erlazioa dago klima dela eta gertatzen diren iraungitze handietan. The bigger the temperature change, the larger the extinction event

Nerbio sistemaren eredu neuronala ez dela zuzena konturatzen ari gara. Neuronen eta glien arteko interrelazioa da benetan kontua azaltzen duena. Baina zenbakiak jartzea beste kontu bat da. Horretarako BCAM: Modelling the new neuron-glial paradigm

Geometriaren aldaketa txikien araberakoak diren gauzak daude mundu kuantikoan. Horregatik, gauza bat dira gainazaleko plasmoiak eta beste bat parodia gainazaleko plasmoiak.  Bai, existitzen da eta sekulako aplikazioak ditu. DIPCk: Spoof surface plasmons.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #411 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”

Fri, 2022/09/02 - 09:00

María Durán Lázarok aitortu duenez, txikitatik zuen gustuko natura, baina ez zeukan arrastorik ere zer bidetatik joko zuen ikasketetan eta lanean. “Mediku edo suhiltzaile izango ote zaren galdetzen dizute, baina ez biologo edo baso-ingeniari; beraz, gaztetan ez nuen erreferenterik. Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Horren erakusgarri, haren ibilbidea ez da ohikoa izan. Adibidez, institutuko ikasketak amaitu zituenean, ez zuenez batere garbi zer ikasi unibertsitatean, Lanbide Heziketara jotzea erabaki zuen: “Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa izeneko ikasketak ikusi nituen, eta, gaur egun, uste osoa dut aukerarik onena izan zela hasteko. Hori egin ondoren ohartu bainintzen zenbat gustatzen zaidan, ez naturan ibiltzea bakarrik, baizik eta ingurunea eta ekosistemak ezagutzea, eta profesionalki ere interesatzen zitzaidala”.

maria duranIrudia: María Durán Lázaro, basoetako eta natura inguruneko ingeniaria. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Horrenbestez, baso-ingeniaritza teknikoa ikastea erabaki zuen. Bukatutakoan, CSICen lan-poltsan izena eman zuen, eta hilabete batzuk geroago Iruñeko Agrobioteknologia Institututik deitu zioten. Hala, Valentziatik Iruñera joan zen, eta ia sei urtez aritu zen kontratu bat bestearekin lotzen. Eta, horretan ari zela, ikerketan aritzeko aukera sortu zitzaion.

“Ordura arte, inoiz ez nuen pentsatu ikertzaile izan nintekeenik. Ez nekien zer zen ere! Laborategiko teknikari- edo nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioen teknikari-lanak egiten nituen, eta, han, tesia egiten ari ziren ikertzaileak ikusten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan egiten zuten lana. Beraz, tesia egitea erabaki nuen, baina, ingeniaritza teknikoko titulua nuenez, aurretik masterra egin behar izan nuen, ingeniaritza teknikoa gradura egokitzeko. Eta lana egiten nuen bitartean egin nuen; baina benetan izan dut gustuko, asko gozatu dut”, gogoratu du.

Aezkoako larreak eta neska gazteak

Tesia egitera, berriz, Aezkoara joan zen. Master- eta gradu-amaierako lana egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle batekin jarri zen harremanetan, Rosa María Canals Tresserras, zeinak Aezkoako larreak antolatzeko proiektua egin baitzuen 2008an. “Hortik abiatuta, ikerketa-proiektuak egiten hasi zen, eta haietako bat gramineo baten hedapenari buruzkoa zen: alka belarra (Brachypodium rupestre). Hala, haren bidez, goi-mendietako larreetako ekologia ikertzeko beka bat eskatu nuen, eta lan asko argitaratu ditugu, lurrari, landaretzari eta baita alka belarrak dakarren galera sozioekonomikoari buruz ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka”.

Horrez gain, frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela: “Azienda ez dabilen lekuetan hedatzen da alka belarra. Hortaz, pixkanaka larrea degradatzen joaten da. Ondorioa da ganaduaren kudeaketa egoki bat lagungarria dela kalitate oneko larreak izateko, eta hori onuragarria da ikuspegi sozioekonomikotik. Baina Aezkoa bezain bakartuta dauden lekuetara ere iristen da globalizazioa, eta ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar”, azaldu du.

Onartu du landa-lana eta laborategiko lana oso gustukoak baditu ere, dezente kostatzen zaiola artikuluak idaztea eta horrelakoak egitea. Horregatik, asko eskertu du lantaldearen laguntza: “Tesi bat ez du batek bakarrik egiten”, baieztatu du.

Horrez gain, bere arloan emakumeak gutxiengoa izaten direla eta, neska gazteei (DBH 2. eta 4. maila) egiten dutena erakusteko eta bide horretara animatzeko proiektu batean parte hartu zuela nabarmendu du. Ecosistemas aldizkarian argitaratu dute proiektua, eta garbi esan du guztiz bete zuela eta oso pozgarria izan zitzaiola.

Fitxa biografikoa:

María Durán Lázaro Valentzian jaioa da, 1984an. Lanbide Heziketan Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa ikasi ondoren, Baso-ingeniaritza teknikoa egin zuen. Valentziatik, Iruñera joan zen Agrobioteknologia Institutuan lana egitera, eta, horretan ari zela, ingeniaritzako gradua lortzeko masterra egin zuen. Aezkoako goi-mendiko larreetan egin du tesia.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (5): Gereziak jaten

Wed, 2022/08/31 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bosgarren ariketa: Gereziak jaten.

Markelek 756 gerezi batu ditu eta berarentzat hartu eta zenbait lagunen artean banatu ditu. Bai berak, bai lagunek, denek hartu dute kopuru bera. Markelek berehala jan ditu egokitu zaizkionak. Gainera, lagunetako hiruk hartu dituzten gerezien laurdenak itzuli dizkiote Markeli eta horiek ere jan ditu. Zenbat gerezi jan ditu Markelek, 150 baino gehiago izan direla jakinik? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

gereziIrudia: congerdesign – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (5): Gereziak jaten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Klima-aldaketa komikian azalduta

Mon, 2022/08/29 - 09:00

Zer da klimaren krisia? Erein argitaletxeak galdera honen eta beste askoren erantzunak hurbildu ditu Zer gertatzen da klimarekin? komikia euskarara itzultzen.  Bidai liluragarri bat irudi atseginez sortuta zientziaren klima aldaketari buruz oinarrizko hiztegia lantzen duena.

Klima1. irudia: “Zer gertatzen da klimarekin?” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jenny Jordahl. Iturria: Erein)

Abentura honetan, Jenny eta Olek azaltzen dituzte klima-aldaketari buruzko jakin beharreko xehetasun guztiak: zergatik sortu da klima-aldaketa, zer da berotze globala, zer ondorio ditu… Baita gauzarik garrantzitsuena azaltzen dute: zer egin dezake gutako bakoitzak planetari laguntzeko.

Horretarako, haien Naut ontziarekin komiki honen irakurleek denboran eta espazioan bidai harrigarria egingo dute, munduko ekosistema nagusienak ezagutzen. Oihan tropikaletik Artikora, Koralezko Hesi Handitik gure inguruko atmosferara, hiri eredu desberdinetatik igarotzen. Planeta honetako bizitzaren hasieratik gure etorkizunera; espezieak galtzea, hondamendi naturalak eta animalien ohituren aldaketa bortitzak. Baita tenperaturen igoeraren ondorio okerrenak berreskuratzeko hainbat herrialdetan ezartzen ari diren aldaketak ere.

Hainbat datu pilatzen ditu historian zehar irakurleak jabetzeko egungo planetaren egoeraz: atmosferari buruzkoak, animalia migrariei buruzkoak, ikerketa zientifikoei buruzkoak… Gaur egun gertatzen ari dena modu adimentsu, argi eta entretenigarrian azaltzen duen komikia.

Klima1. irudia: “Zer gertatzen da klimarekin?” Gaur egun gertatzen ari dena klimarekin modu adimentsu, argi eta entretenigarrian azaltzen duen komikia da. (Ilustrazioa: Jenny Jordahl. Iturria: Erein)

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: zer gertatzen da klimarekin?
  • Egilea: Ole Mathismoen eta Jenny Jordahl
  • Itzultzailea: Danele Sarriugarte
  • Argitaletxea: Erein
  • Orrialdeak: 72 orrialde
  • ISBNa: 978-84-9109-670-2

The post Klima-aldaketa komikian azalduta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tokiko fauna eta floraren ezagutza urria

Fri, 2022/08/26 - 09:00

Klima aldaketarekin batera, egun dugun arazo larrienetako bat biodibertsitatearen galera da. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak, eta tartean, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin beharko dieten herritarrek, egungo gazteek, alegia, biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa izatea.

Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek, Euskal Herriko 12-13 urteko gazteen fauna eta flora ezagutza aztertu dute, bai eta talde horiekiko eta naturarekiko interesa ere, ingurumenarekin duten lotura eta ezagutza aztertu nahian.

Environmental Education Research aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek erakutsi dute ikasleen interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela. Landareen kasuan, gainera, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan ere antzeman den ‘landareekiko itsutasuna’ (‘Plant blindnesss’) dagoela ondorioztatu da; hots, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz.

fauna eta florarenIrudia: Euskal Herriko gazteen artean, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan bezala,  ‘landareekiko itsutasuna’ antzeman da. (Argazkia: Daniel_Nebreda – Pixabay lizentziapean. Iturria:  pixabay.com)

Era berean, bertako espezieei loturiko ezagutza eta interes urriak daudela ondorioztatu da, eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute zientzia mailan hemendik aurrera erabiltzeko: “bertako espezieekiko kontzientzia-eza” edo ‘Native species awareness disparity’. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte.

Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke bertako naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.

Ikerketaren emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da.

Beraz, ezinbestekoa da etorkizunean, hezkuntza formalean zein informalean, naturaz gozatzeko ez ezik, ingurumenean azterketa txikiak egiteko, hipotesiak azaleratzeko, eta azken finean, ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzea.

Horretarako, irakasleak eta ikasleak, zein gurasoak, formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, natur guneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.

“Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean”, nabarmentzen dira ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Nolako herria, halako natura ezagutza

Erreferentzia bibliografikoa: Barrutia, Oihana; Ruiz González, Aritz; Sanz Azkue, Iñaki, Díez, José Ramón (2022). Secondary school students’ familiarity with animals and plants: hometown size matters. Environmental Education Research. DOI: https://doi.org/10.1080/13504622.2022.2086689

The post Tokiko fauna eta floraren ezagutza urria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (4): Salerosketa

Wed, 2022/08/24 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure laugarren ariketa: Salerosketa.

Kafe kutxa batek 100 euro balio du erostean eta 140 euroan saltzen da: % 40ko irabazia ematen du. Kakao kutxa baterako irabazia % 20koa da. Baldin saldu diren kafe kutxen kopurua kakao kutxen kopuruaren bikoitza bada, eta irabazia % 36koa izan bada denetara (erosketa prezioarekiko), zegan saldu da kakao kutxa? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

salerosketaIrudia: janiceweirgermia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

 

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (4): Salerosketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mary Anning: historiaurreko fosilak gureganatu zituen lehen emakumea

Mon, 2022/08/22 - 09:00

Mary Anning Ingalaterra hegoaldeko Lyme Regis-en jaio zen fosil jasotzaile eta saltzaile eta paleontologoa izan zen. 1847ko maiatzaren 21ean jaioa, haren lana XIX. mendearen hasieran gizakien historiaurrearen edo munduaren historiaren zientzietan gertatu ziren aldaketa oinarrizkoetako bat dela jotzen da zientzialarien artean.

Haren aurkikuntzarik nabarmenenak hauek dira: lehen aldiz zuzen identifikatzen den iktiosauro hezurdura lehena, aurkitutako lehen bi plesiosauroak eta Alemaniatik kanpo aurkitutako lehen pterosauro eta beste arrain garrantzitsuen fosil batzuk. Hala ere, Anning emakumea zenez eta bere familia klase apalekoa, traba asko jarri zizkioten XIX. mendearen komunitate zientifiko britaniarrean parte hartzeko.

Mary Anning1. irudia: “Mary Anning, herensuge-ehiztaria” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Mary Anning, herensuge-ehiztaria” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Mary Anning2. irudia: “Mary Anning, herensuge-ehiztaria” lehen emakume paleontologoaren bizitza eta ibilbidea biltzen duen komikia da. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Zientzialariak” komiki-sortaren alea honetan ikusiko dugu, zelan Maryk historiaurreko espezie ezberdinak aurkitu zituen aitak fosilak jasotzeari eta mantentzeari buruz erakutsi zionarekin, eta, geroago, irakurtzen. Nagusitan bere ezagutzak partekatu eta handitu zituen garaiko geologo eta beste zientzialariekin.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Mary Anning, herensuge-ehiztaria
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar, 2019
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-18978-21-0

The post Mary Anning: historiaurreko fosilak gureganatu zituen lehen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua

Fri, 2022/08/19 - 09:00

Ozeanoetako mikrobioma ezkutuko unibertsoa da, eta biomasaren bi heren baino gehiago hartzen ditu gure ozeanoetan. Osatzen duten mikrobio-galaxiek, bakterioek, arkeek, onddoek, mikroalgek eta itsas birusek espazio eta elikagaiengatik lehiatzen dira, beren arteko eta beren ingurunearekiko harreman korapilatsuak sortzen dituzten bitartean. Mikrobio horiek ozeanoari eta, oro har, planetari mesede egiten dieten funtzioak betetzen dituzte. Elikagaien hornitzaileak, hodeien prestatzaileak, hondakinen ezabatzaileak, ur-araztegiak, ingeniari kimikoak eta elikagaien sare ozeanikoko arkitektoak dira. Munduko oihan tropikal guztiek adina oxigeno sortzen dute, eta haiek baino karbono dioxido gehiago xurgatzen dute.

Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU), EMBRC-ERIC itsas biologiaren eta ekologiaren arloko ikerketarako Europa osoko azpiegituraren barruan, Tara Oceans, Tara Fundazioa eta EMBL-en elkarlanean aritu da. Helburua itsas mikrobioma aztertzea eta ulertzea lehentasunezko helburu batzuk ezartzeko, klima-aldaketaren aurrean nola funtzionatzen duen eta nola erantzuten duen eta ozeanoetatik lortzen ditugun funtsezko zerbitzuei nola eragiten dien jakitea. Lehentasun horiek Nature Microbiology aldizkari entzutetsuan argitaratzen dira, aldizkariaren azala ere izan derlarik.

mikrobiomaIrudia: . (Argazkia: giusti596 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Mikrobioma ozeanikoak ongi funtzionatzea hainbat mikrobio-komunitateren eta ugariren mende dago. Berotze globalak, itsasoko izotza urtzeak, ozeanoen azidotzeak, kosten degradazioak, gehiegizko arrantzak eta poluzioak, besteak beste, desitxuratu egin dezakete eta haien produktibitatea murriztu.

Artikulu horrek ozeanoetako mikrobioma ulertu eta babesteko lehentasunak ezartzen ditu, gero eta handiagoak diren mehatxu horien testuinguruan. Helburu horiek aukera eman behar dute orain arteko aurrerapen zientifikoak aprobetxatzeko eta mikrobioen garrantziaz jabetzen laguntzeko. Era berean, bermatu nahi da mikrobioma ozeanikoaren ikerketa mundu osoko gizarteentzat onuragarria izango dela, eta jurisdikzio nazionalez gaindiko eremuetako baliabideak berdintasunez partekatu ahal izango direla.

“Mikrobioma ozeanikoak ulertzea ikerketa-arlo zirraragarrienetako bat da gaur egun; izan ere, galdera askok ez dute erantzunik zientzialarientzat. Mundu osoko ikerketa-taldeek beren sekreturik ezkutuenak aurkitzen jarraitzen duten bitartean, artikulu honen helburua ahaleginak partekatzea da, eta gaur egun itsas biologiako gairik garrantzitsuenetariko bati ekiteko beharrezko tresnak eta bitartekoak proposatzea”, azaldu du Ibon Cancio ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ozeanoetako mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua, aztertu eta babesteko lehentasunak gomendatu dituzte

Erreferentzia bibliografikoa: Abreu, Andre; Bourgois, Etienne; Gristwood, Adam; Troublé, Romain; Acinas, Silvia G.; Bork, Peer; Boss, Emmanuel; Bowler, Chris; Budinich, Marko; Chaffron, Samuel; de Vargas, Colomban; Delmont, Tom O.; Eveillard, Damien; Guidi, Lionel; Iudicone, Daniele; Kandels, Stephanie; Morlon, Hélène; Lombard, Fabien; Pepperkok, Rainer; Karlusich, Juan José Pierella; Piganeau, Gwenael; Régimbeau, Antoine; Sommeria-Klein, Guilhem; Stemmann, Lars; Sullivan, Matthew B.; Sunagawa, Shinichi; Wincker, Patrick; Zablocki, Olivier; Arendt, Detlev; Bilic, Josipa; Finn, Robert; Heard, Edith; Rouse, Brendan; Vamathevan, Jessica; Casotti, Raffaella; Cancio, Ibon; Cunliffe, Michael; Kervella, Anne Emmanuelle; Kooistra, Wiebe H. C. F.; Obst, Matthias; Pade, Nicolas; Power, Deborah M.; Santi, Ioulia; Tsagaraki, Tatiana Margo; Vanaverbeke, Jan (2022). Priorities for ocean microbiome research. Nature Microbiology, 7, 937-947. DOI: https://doi.org/10.1038/s41564-022-01145-5

The post Mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (3): Katetoen neurrien bila

Wed, 2022/08/17 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure hirugarren ariketa: Katetoen neurrien bila.

ABC triangelu zuzenaren AB hipotenusan P puntua hartu dugu. Distantzia hauek ditugu: PA = 3 cm, PB = 1 cm eta PC = 2 cm. Aurkitu katetoen neurriak eta utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (3): Katetoen neurrien bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Unibertsitateentzat hiri-plangintza jasangarri baten bila

Mon, 2022/08/15 - 09:00

Gaur egun, ikusi da beharrezkoa dela klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzea, planetaren ingurumen-inpaktuaren edo ingurumen-degradazioa gelditzeko. Ildo horretan, egiaztatu da berotegi-efektuko gasen isurketen % 71,0 eta baliabideen kontsumoaren % 60,0 hiri-eremuekin erlazionatuta daudela, eta etengabe hazten ari direla.

Hirigileek eta arkitektoek irtenbideak bilatu behar izan dituzte hiri-proiektuen errendimendua hobetzeko, ingurumenaren gaineko eraginari, bizi-kalitateari eta arazo sozioekonomikoei dagokienez, bai Europako araudiek ezarritako helburuak lortzeko, bai Nazio Batuek ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko. Eraikinaren eskalako ingurumen eta energia-inpaktuak anplifikatu egiten dira hiri mailan, eta ikusi da unibertsitate-campusak, beren tamaina, populazioa eta jarduera direla eta, «hiri txikitzat» har daitezkeela, ingurumenean duten eragina nabarmena dela.

Azken urteotan, tresna berriak garatu dira ingurumen-inpaktu hori barruti mailan ebaluatzeko, bizi­-zikloaren analisi baten bidez. Haien artean, NEST nabarmendu behar da, oinarrizko agertokia eta hobekuntza-hipotesiak aztertzeko tresna arin eta azkarra. Ingurumen-adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak ebaluatzen ditu, eta bizi-zikloaren analisirako tresna gisa balio du auzo-eskalan eraikitako inguruneetan. Argitalpen honen egileek NEST erabili izan dute hainbat ikerketa-proiektutan, eta oinarrizko agertokiak aztertu eta zenbait kasuistikatan hobekuntzak ebaluatu dituzte. Artikulu honetan, egindako ikerketen bilakaeraren laburpen bat aurkeztu, eta azterketa-kasu bakoitza eta ondorio orokorrak azaltzen dira. Duela gutxi hasi den ikerketa-proiektu bat ere aurkezten da, baso-biomasa energia-iturri berriztagarri gisa ezartzea helburu duena askotariko izaera, gobernantza, eskualde eta herrialdetako unibertsitate-campusetan. Unibertsitateen eta hirien arteko kooperazioak, sinergiak eta lankidetza-ekintzak ezartzeko, gizartearentzat funtsezkoak diren GIHen hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetuko du.

Hiri-plangintzaIrudia: Eraikinetarako ingurumen-ebaluazioaren prozesuaren NESTen diagrama. (Iturria: Ekaia aldizkaria).

Azterlana bi fasetan egituratzen da. Lehenik eta behin, unibertsitate-campusek gaur egun ingurumenean duten eragina aztertuko da. Bigarrenik, Europako zuzentarauetan funtsezko bi datatarako hobekuntza-egoerak aztertuko dira, hala nola 2030. eta 2050. urteetarakoak. Campuseko eraikinen energia-eraginkortasunean hobekuntzak proposatuko dira, sistema aktiboetan (berokuntza ekoizteko sistema, ur bero sanitarioa) zein sistema pasiboetan (fatxadaren isolamendua eta leiho-mota) jardunez. Gainera, energia berriztagarrien eta eguzki-energia termikoaren iturrien inplementazioa proposatu eta ebaluatuko da.

Lortutako emaitzek erakusten dutenez, birgaitze pasiboa eta hobekuntza-estrategia aktiboak ezarriz (argiteria publikoa aldatzea, fatxadak isolatzea, leihoak aldatzea, galdarak eraginkorrago bihurtzea edo energia-iturri berriztagarri batean oinarrituta, eguzki-plaka termikoak eta fotovoltaikoak instalatzea eta biomasa ekoiztea), posible da campusaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea. 2030ean eta 2050ean EBk ezarritako helburuei dagokienez, 2020ko agertokia oinarritzat hartuta, berotegi-efektuko emisioen murrizketa, energia-eraginkortasunaren hobekuntza eta berriztagarrietatik sortutako energia-ekoizpenaren ehunekoa behar bezala lortu direla ikus daiteke. Hala ere, azterlan honetan 2050erako proposatutako hobekuntza-egoera ez da iristen EBk energia berriztagarriaren ekoizpenaren arloan ezarritako aurreikuspenetara. Egindako azterlanean lortutako datuetatik abiatuta, garrantzitsutzat jotzen da EBk ezarritako ingurumen- eta energia-helburuak berrikustea, baita tokiko araudiak ere. Helburu horien balioak ahalik eta errealistenak izan daitezen, litekeena da horiek egokitu behar izatea. Aukera bat bizi-zikloaren fase guztiek eragindako inpaktua kontuan hartzen duten helburu batzuk finkatzea litzateke, eta ez soilik erabilera-fasearen eragina kontuan hartzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Unibertsitateen ingurumen-inpaktuaren analisia NESTen bidez eta haren eginkizuna GIHekin bat datorren hiri-plangintza jasangarri bati begira.
  • Laburpena: Azken urteotan, hirigileek eta arkitektoek irtenbideak bilatu behar izan dituzte hiri-proiektuen errendimendua hobetzeko, ingurumenaren gaineko eraginari, bizi-kalitateari eta arazo sozioekonomikoei dagokienez, bai Europako araudiek ezarritako helburuak lortzeko, bai Nazio Batuek ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko. Eraikinaren eskalako ingurumen- eta energia-inpaktuak anplifikatu egiten dira hiri mailan, eta ikusi da unibertsitate-campusak, beren tamaina, populazioa eta jarduera direla eta, «hiri txikitzat» har daitezkeela, ingurumenean duten eragina nabarmena dela. Azken urteotan, tresna berriak garatu dira ingurumen-inpaktu hori barruti mailan ebaluatzeko, bizi-zikloaren analisi baten bidez. Haien artean, NEST nabarmendu behar da, oinarrizko agertokia eta hobekuntza-hipotesiak aztertzeko tresna arin eta azkarra. Ingurumen-adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak ebaluatzen ditu, eta bizi-zikloaren analisirako tresna gisa balio du auzo-eskalan eraikitako inguruneetan. Argitalpen honen egileek NEST erabili izan dute hainbat ikerketa-proiektutan, eta oinarrizko agertokiak aztertu eta zenbait kasuistikatan hobekuntzak ebaluatu dituzte. Artikulu honetan, egindako ikerketen bilakaeraren laburpen bat aurkeztu, eta azterketa-kasu bakoitza eta ondorio orokorrak azaltzen dira. Duela gutxi hasi den ikerketa-proiektu bat ere aurkezten da, baso-biomasa energia-iturri berriztagarri gisa ezartzea helburu duena askotariko izaera, gobernantza, eskualde eta herrialdetako unibertsitate-campusetan. Unibertsitateen eta hirien arteko kooperazioak, sinergiak eta lankidetza-ekintzak ezartzeko, gizartearentzat funtsezkoak diren GIHen hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetuko du.
  • Egileak: Iñigo León, Xabat Oregi, Cristina Marieta, Alba Arias, Lara Mabe
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 195-209
  • DOI: 10.1387/ekaia.22082
Egileez:

Iñigo León, Xabat Oregi eta Alba Arias UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Saileko ikertzaileak dira.

Cristina Marieta UPV/EHUko Donostiako Ingeniaritza Fakultateko Kimika eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko ikertzailea da.

Lara Mabe Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Tecnalian ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Hiri-plangintza

The post Unibertsitateentzat hiri-plangintza jasangarri baten bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bi hilean behin hortzak aldatzen zituen dinosauroak

Fri, 2022/08/12 - 09:00

EHUko, Errioxako Unibertsitateko, Madrileko Unibertsitate Konplutentseko eta Errioxako Interpretazio Paleontologikorako Zentroko ikertzaileek egindako ikerketa batek agerian utzi du dinosauro Espinosauridoek hiru belaunaldi hortz garatu zitzaketela aldi berean. 1983an aurkitutako Dinosauro haragijale baten masailezurreko hondar fosila berraztertzen ari zirela, albeolo berean animaliaren hortz funtzionala, hortz hori ordezkatuko lukeen pieza eta bigarren hotz horren ordezkoaren jatorria identifikatu zuten.

hortzakIrudia: Ezkerrean: Fosilaren irudiak, albotik eta goitik ikusita. Eskala: 5 cm. Eskuinean: Fosilaren kokapena (kolorez) espinosauro baten burezurraren irudian. Eskala: 25 cm. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Orain arte jakina zen espinosauridoen espezie batzuek beste teropodo batzuek baino azkarrago alda zitzaketela hortzak. Estimazioen arabera, dinosauro haragijale ertain/handi hauek, garezur luzexka zeukatenaketak krokodiloen antzeko hortz konikoak 60-68 egunean behin berritzen zituzten. Ikerketa honek egiaztatu du talde osoaren ezaugarria zela.

Horrek eragiten zuen oso azkar aldatzea hortzak eta Behe Kretazeoan Iberiar penintsulan hainbeste espinosaurido-hortz aurkitu izanaren arrazoia ere izan daiteke. Hortz horiek, gutxi gorabehera kono forma eta zenbait zentimetroko neurrikoak, ibaiek garraiatzen zituzten aintziren inguruetaraino. Denborarekin, fosil bihurtzen ziren. Behe Kretazeoko (145 eta 113 milioi urte bitartean) aztarnategi iberikoetako ornodunen aztarna ohikoenetako bat dira gaur egun.

Hortzak horren maiz aldatzeko zergatia zehaztasunez ez dakiten arren, uste dute ezaugarri horrek aukera ematen ziela uneoro hortz funtzionalen kantitate handiagoa edukitzeko. Hori funtsezko abantaila izango litzateke harrapakinei masailezurraz eusteko esfortzu handia egin behar baitzuten.

Orain arte Igean (Errioxa, Espainia) egin diren azterketa paleontologikoak nabarmenak dira espinosauridoen hezurren hondakin ugari aurkitu direlako, artean, zenbait banakoren eskeleto partzialak. “Ikerketa horri esker, dinosauro haragijaleen talde hain berezi horren aniztasunari buruzko ezagutza hobetuko dugu. Igeako aztarnategietan seguruenik bi espezie aurkituko ditugu gutxienez”, esan dute Erik Isasmendi eta Xabier Pereda-Suberbiolak, UPV/EHUko Geologia Departamentuko paleontologoek. Beraz, Errioxako herri hori munduko leku garrantzitsuenetakoa da espinosauridoen azterketarako.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Dinosauro espinosauridoek hortzak aldatzeko maiztasuna da Kretazeoko aztarnategietan ugari aurkitzearen arrazoia

Erreferentzia bibliografikoa: Isasmendi, Erik; Navarro Lorbés, Pablo; Sáez Benito, Patxi; Viera, Luis I.; Torices, Angelica; Pereda Suberbiola, Xabier (2022). New contributions to the skull anatomy of spinosaurid theropods: Baryonychinae maxilla from the Early Cretaceous of Igea (La Rioja, Spain) Historical Biology. DOI: https://doi.org/10.1080/08912963.2022.2069019

The post Bi hilean behin hortzak aldatzen zituen dinosauroak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages