Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 7 min 48 sec ago

Jon Zarate: “Terapia aurreratuko medikamentuek gaixotasun konplexuak tratatzeko balio dute” #Zientzialari 165

Fri, 2021/12/10 - 09:00

Teknologia biofarmazeutikoak tratamendu pertsonalizaturako terapia aurreratuko medikamentuak sortzea du helburu. Medikamentu hauek sortzeko teknologia berritzaileak erabiltzen dira, hala nola, mikrofluidika, nanoteknologia eta mikropartikulen teknologia, 3D bioinprimaketa edo edizio genetikoa dira esanguratsuenak.  

Terapia aurreratuko medikamentuek farmako konbentzionalen printzipio aktiboak izan ordez, zelula, ehun edo gene batean oinarritutako medikamentu konplexuak dira. Oro har, terapia zelularrerako edo genikorako erabiltzen dira eta hainbat gaixotasun tratatzeko dira egokiak; esaterako, fibrosi kistikoa bezalako gaixotasun monogenikoak edo faktore anitzek eragiten duten hesteetako hanturazko gaitza.

Estrategia terapeutiko berritzaileei buruz eta teknologia farmazeutikoari buruz gehiago jakiteko, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel ikerketa-taldeko Jon Zaraterekin bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Jon Zarate: “Terapia aurreratuko medikamentuek gaixotasun konplexuak tratatzeko balio dute” #Zientzialari 165 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hiriko gune berdeak eta osasuna

Thu, 2021/12/09 - 09:00

Hiriko gune berdeak eragin positiboa dute osasunean. Bai, geroz eta ugariagoak dira baieztapen hau babesten dituzten ikerketak. Nahiz eta hainbat teoria duela urte askokoak izan, ingurumen epidemiologiako arloan duela 5-10 urte hasi ziren gune berde eta osasunaren arteko erlazioa aztertzen. Honen arrazoia, azken urteetan GISak (Geografia Informaziorako Sistemak) eta datu espazialek bizi izan duten garapena dela eta, gune berdeen inguruko esposizio objektibo zehatzak lortzea ahalbidetuz.

gune berdeak1. irudia: Gune berdeek osasunean duten eragina geroz eta esanguratsuagoa dela ikuste da, eta geroz eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute hori. (Argazkia: Pixabay.com – Pixabay lizentziapean)

Gune berdeek osasunean eduki dezaketen eragin positiboa arrazoi ezberdinengatik ematen da. Faktore horiek lau talde nagusietan bana genitzake: ingurumenarekiko faktoreekiko esposizioa, jarduera fisikoa, giza kohesioa eta estresaren gutxitzea eta atentzioaren berrezartzea. Hauek guztiak bitartekariak dira eta osasun fisiko zein mentalean dute eragina.

Bitartekari moduan jokatzen duten ingurumen faktoreak aire kutsadura, zarata, tenperatura eta hezetasuna dira. Hiriguneetan aire kutsadura eta zarataren iturri nagusiena trafikoarena da. Gune berdeei esker aire kutsadura maila gutxitu egiten da, landarediak aire kutsatu hori poroetan barneratuz edota besterik gabe kutsadura hostoetan pausatuz, gizakiekin antzekotasun bat eginez, kutsadura arnastea edo arropan geratzea bezala litzateke. Zarata mailak ere gutxitu egiten dira. Batetik, trafiko gutxitu egiten delako eta bestetik, zuhaitz handiek pantaila bezala jokatzen dutelako. Tenperatura eta hezetasunari dagokionez, hirietan udan ematen diren bero-irlak ekiditen dituzte gune berdeek, hostaje dentsoen bitartez eguzki izpiak ez dira asfaltora iristen. Gainera, ura lurruntzeko ahalmena dutenez, tenperaturak ere jaitsi egiten dira.

gune berdeak2. irudia: Gune berdeek nola eragiten dioten osasunari. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gune berdeek jarduera fisikoa garatzeko espazio osasuntsu, ireki eta zabal bat eskaintzen dute. Hiri guneetan oso urriak dira jarduera fisikoa aire librean egiteko existitzen diren espazioak. Ikerketa ezberdinek baieztatu dute etxebizitzatik gertu gune berde bat edukitzeak ariketa fisikoa egitera bultzatzen duela.

Gune berdeek ere elkarbizitzarako guneak sortzen dituzte, honela, elkartze sozialak errazten dituzte eta auzoarekiko eta auzokideekiko atxikimendua areagotzen dute. Landarediaren bitartez ere, auzoko espazioak erakargarriagoak bilakatzen dira giza kohesioa ahalbidetuz eta ondorioz, ingurukoen ongizatea hobetuz.

Eta azkenik, estres maila gutxituz eta atentzioa berrezarriz osasuna hobetzea legoke. Roger S. Ulrich ikertzailearen “Stress Reduction Theory” (SRT) eta Stephen Kaplanen “Attention Restoration Theory”-ek (ART) dioten bezala gune berdeek estresa gutxitzeko eta atentzio maila berreskuratzeko ahalmena dute. Gune berde batean egoteak emozio positiboak sortzen ditu, negatiboak blokeatuz eta honela estres maila gutxituz, Ulrichen arabera, eboluzioaren oinarrian dauden erantzun biologikoen prozesu bezala ulertzen da. ARTa aldiz, gune berdeetan atentzio esfortzurik gabe egoteak atentzio berreskuratzen dela dio.

Hortaz, hirietako gune berdeek osasunean duten eragina aztertuta, hiri plangintzan eta hiritarren bizitzetan maizago kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, osasunean eragin positiboak izateaz gain, ingurumenean, eta hortaz, aldaketa klimatikoan ere, eragin positiboak dituelako. Hiri osasuntsuagoak eta jasangarriagoak baditugu helburu gune berdeek garrantzi handiagoa eduki beharko dute.

Erreferentzia bibliografikoak:

Ulrich, Roger S. (1993). Biophilia, biophobia, and natural landscapes, Kellert, S.R. eta Wilson, E.O. (ed.), The biophilia hypothesis, (73–137). Island Press.

Ulrich, Roger S. (1983). Behavior and the Natural Environment. Springer US, Boston.

Kaplan, Rachel, Kaplan, Stephen (1989). The Experience of Nature: A Psychological Perspective. Cambridge University Press.

Kaplan, Stephen (1995). The restorative benefits of nature: Toward an integrative framework. Journal of Environmental Psychology, 15(3), 169–182. DOI: https://doi.org/10.1016/0272-4944(95)90001-2

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Hiriko gune berdeak eta osasuna.
  • Laburpena: Azken urte luzeetan hiritarragoa den mundu batean, hiriguneek sortutako esposizio positibo zein negatiboek osasunean duten eraginak geroz eta gehiago kezkatzen gaitu. osasunean eragin negatiboa duten esposizioak ikertu dira gehien, baina, hauei aurre egiteko, esposizio positiboak ere badaude, bizimodu osasuntsuago batera eta hortaz osasun maila hobe bat edukitzera bultzatzen gaituztenak. Esposizio positibo hauek gune berde eta urdinak dira. Geroz eta ikerketa gehiagotan aurki daitezke, eta osasun mental, fisiko eta sozialean duten eragin positiboa hainbat ikerketatan aurki daiteke. Artikulu honen helburua gune berde eta urdinak aztertzen dituzten ikerketek diotena aztertzea, esposizio hauek neurtzeko metodologia ezberdinak azaltzea eta osasunean dituzten eragin ezberdinak ikustea da.
  • Egileak: Asier Anabitarte, Jesus Ibarluzea, Kepa Azkona, Aitana Lertxundi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 45-63
  • DOI: 10.1387/ekaia.20910

Egileez:

Asier Anabitarte eta Aitana Lertxundi UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak dira; Jesus Ibarluzea Psikologia Fakultatekoa eta Kepa Azkona BIODONOSTIA Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

15 makilen jokoa

The post Hiriko gune berdeak eta osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek

Wed, 2021/12/08 - 09:00

Ikertzaile talde batek aurkikuntza bitxia egin du: hegazti migratzaileek luma argitsuagoak izateko joera dutela ondorioztatu dute, eta atzean egon daitekeen arrazoi ebolutiboa ere proposatu dute: beroa hobeto jasan dezakete horrela.

Esperientzia hutsagatik txikitatik ikasten den kontzeptu horietako bat da albedoarena. Lagun askok hitz horren berririk ez duen arren, horren adierazpena nahiko agerikoa da jende gehienarentzat. Udako egun eguzkitsu batean hondartzatik autora itzultzean beltz koloreko autoa ukitzea besterik ez dago. Azal ilunek askoz arinago hartzen dute beroa, eta denbora gehiagoz mantentzen dute ere. Arrazoi berdinagatik, Mediterraneo aldeko herri askok zuriz marraztutako mihiseak dirudite. Maila handiagoan, klima globalean garrantzi handia du albedoak, eta hori aintzat hartzen dute klimatologoek mundu mailako eredu klimatikoak lantzerakoan.

Fenomeno horren atzean arrazoi fisiko ezaguna dago: gorputz guztiek xurgatzen dute erradiazioa —are gehiago, teknikoki 0 absolututik gora dauden gorputz guztiek erradiazioa igortzen dute ere—, baina gainazal baten kolorea gero eta argiagoa izanda, orduan eta erradiazio gehiago islatzen du.

hegazti migratzaileek1. irudia: Espezie migratzaileen kasuan, hautespen naturalak lumadi argiagoa duten hegaztiak lehenetsi dituela ondorioztatu dute. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hala izanik, kontraesankorra eman dezake ikustea ingurune hotzean bizi diren ugaztun askok ile zuria dutela, eta hainbat espeziek ilea aldatzen dutela urtaroen arabera. Negua iristean, ile marroixka kendu eta jantzi zuria jartzen dute. Kasu horietan, azalpenik agerikoena da elurraren kolorea hartuta errazagoa dela kamuflatzea, eta horrek bizirik irauteko aukerak biderkatzen dituela, berdin harrapakina zein harrapakaria izan. Baina beste batzuetan argudiatu izan da ere kasu horietan ile zurietan melalinak okupatzen ez duen espazioa aireak betetzen duela, eta horrek hobetzen duela animaliaren isolamendu termikoa.

Ikertzaile talde batek egin duen azken proposamenaren arabera, hegaztietan ere garrantzi handia izan dezake lumadiaren kolorazioak. Zehazki, zientzialari hauek diote hegaztien espezie migratzaileak argitsuagoak direla, antza, migrazioan zehar Eguzkiaren erradiazioa hobeto jasateko. Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dute haien proposamena.

“Espezie migratzaileek kolore argitsuagokoak izateko joera dute migratzaile ez diren espezieen aldean”, laburbildu du Ornitologiarako Max Planck Institutuko (Alemania) ikertzaile Kaspar Delheyk. Dioenez, eboluzioak luma argiagoak dituzten hegaztiak lehenetsi ditu, horrela Eguzkiaren argiaren aurrean gehiegi berotzeko arriskua arintzen delako. “Hau bereziki garrantzitsua izan daiteke distantzia luzeko hegaztientzat, bidaia horietan ezin dutelako gelditu itzalpean atsedena hartzeko”, erantsi du.

Ikertzaile hauek aurretik ibiliak ziren klimaren eragina aztertzen hegaztietan, eta azterketa horietan ondorioztatu zuten kolore argitsuak dituzten hegaztiak tenperatura altuko eta itzal gutxiko eremuetan bizi direla.

Oraingoan jakin nahi izan dute ea migratzaile diren hegaztien kasuan harreman hori ote dagoen. Horretarako, beste egile batzuek emandako pista bat jarraitu dutela aitortu dute: zantzu horren arabera, hegazti espezie batzuk altitude handiagoetan hegan egiten dute egunez, eta baxuagoetan gauez. Altitude handiagoetan hegan egiteak kostu energetiko handiagoa du. Hortaz, portaera horren arrazoia izan liteke altitude horietan tenperatura baxuagoa dela, eta horrek laguntzen du konpentsatzen Eguzkitik jasotako erradiazioa.

hegazti migratzaileek2. irudia: Txirri zuri (Calidris alba) espezieko talde bat, migrazio bat abiatzen. (Argazkia: Pablo F. Petracci)

“Termorregulazioa espezie migratzaileetan hautespen faktore garrantzitsua baldin bada, baliteke espezie hauek lumadi argiagoa eta islatzaileagoa garatu izana, gehiegizko beroa ekiditeko”, idatzi dute gutunean. Hipotesi horretatik abiatuta, zenbakietara jo dute.

Lumadiaren argitasuna kuantifikatzeko, 0tik 100erako eskala osatu dute, eta Birds of the World datu basean bilduta dauden espezie guztiak sailkatu dituzte ezaugarri horien arabera. Datu base horrek 10.000 espezie inguru jasotzen ditu.

Bi aldagaiak alderatzean —lumadiaren argitasuna eta migratzaile izan ala ez—, horien arteko korrelazioa aurkitu dute. Diotenez —seguruenera korrelazioetan ateratako ondorioen inguruan zientzia komunitatean dauden zuhurtziei aurreratu nahian—, lumadiaren kolorean eragiten duten beste hainbat faktore ere aintzat hartu dituzte alderaketa horretan. Eta kontuan hartu dute ere hegaztien kasuan oso garrantzitsua den faktore bat: dimorfismo sexuala. Espezie bakoitzeko, emeen zein arren koloreak jaso dituzte, eta horrek biderkatu du datu-basean sartu behar izan dituzten itemen kopurua: guztira 19.552 izan dira.

Migratzen duten hegaztiak argitsuagoak izateaz gain, migrazioaren luzeraren arabera ere desberdina da kolorea. Migrazio luzeagoak egiten dituzten hegaztien lumadiak are argiagoak dira, eta zertxobait ilunagoak dira migrazio motzagoak egiten dituztenak. Berdin hegazti handia ala txikia izan, lurtarra ala urtarra izan, joera berdina aurkitu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Delhey, Kaspar et al. (2021). Migratory birds are lighter coloured. Current Biology, 31, R1505–R1512. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2021.10.048

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hesteetako gaixotasun inflamatorioa tratatzeko zelula amak

Tue, 2021/12/07 - 09:00

Hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) kontzeptu zabala da, eta patologia immunomediatu, inflamatorio eta kronikoak deskribatzeko erabiltzen da, hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna, digestio-traktuaren hantura kronikokoak.

Crohn eta Kolitis Ultzeradunaren Konfederazioak (ACCU) ematen duen deskribapenaren arabera, bi nahasmendu horiek aldatu egiten dute organismoak elikagaiak digeritzeko eta mantenugaiak xurgatzeko duen gaitasuna. Gaixotasun hori duten pertsonek beherakoa, gorozkietan odola, nekea, sabeleko mina, jateko gogoa eta pisua galtzea edo sukarra izan ditzakete, besteak beste.

Azken urteotan, hesteetako gaixotasun inflamatorioen eragina handitzen ari da mundu mailan, batez ere herrialde garatuetako hiriguneetan. Osagai genetikoren bat duten kausak gorabehera, jakina da zenbait faktorek, hala nola bizimodu frenetiko batek dakarren estresak, giroan dauden substantzia toxikoek eta elikadurak eragin handia dutela hesteetako floraren aldaketan. Horrek erantzun immune anomalo bat eragiten du, eta, ondorioz, hantura eta hesteetako gaixotasun inflamatorioaren sintomatologia agertzen dira; beraz, gaixotasun horren kasu gehiago jakinarazten dira.

hesteetako gaixotasun inflamatorioa1. irudia: Jatorri adiposoko zelula ama mesenkimalak (AT-MSCak), alginatozko hidrogeletan kapsulatuak. Tindaketa Live/dead tindaketa: zelula bideragarriak (berdea) eta ez-bideragarriak (gorria). (Argazkia: Cuaderno de Cultura Científica)

Gaur-gaurkoz, ez dago hesteetako gaixotasun inflamatorioa sendatzeko tratamendurik. Merkatuan eskuragarri dauden farmakoak –hala nola aminosalizilatoak, kortikoesteroideak eta immunomodulatzaileak– hesteetako hantura txikiagotzen saiatzen dira, sintomak agertzea saihesten, eta mina arintze-egoeran edukitzen dute, baina ez dute behin betiko erantzunik ematen.

Hala ere, farmazia eta medikuntzako terapia aurreratuen bilakaerak aukera ematen du mota horretako patologia inflamatorio eta immunologikoen tratamendua eraginkorra izateko. Zehazki, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioceleko ikertaldean –sendagaiak garatzen eta kapsulatzen adituak– 2017tik ari dira lanean zelula ama mesenkimaletan oinarritutako sendagai eraginkor bat garatzea helburu duen proiektu batean, gaixotasun hori tratatzeko.

Zergatik aukeratu dira zelula mota horiek? Rosa Hernandez Farmaziako katedradunak eta proiektuaren arduradunak azaldu duenez, “zelula ama mesenkimalek gaitasun terapeutiko handia dute jariatzen dituzten substantziengatik, zitokina eta hazkunde-faktore ugari, kasu. Horiek, Crohnen gaixotasuna edo kolitis ultzeraduna duten pazienteetan bezala, asaldatuta dagoen sistema immune baten funtzionamendua erregulatu dezakete”.

Terapia zelularrak ez dira ezezagunak. Aspalditik aplikatzen dira gaixotasunak tratatzeko, esaterako, leuzemia. Diogunaren adibide da hezur-muinaren transplantea, zelula eriak zelula ama osasuntsuz ordezkatzean datzana.

Hala ere, HGIren tratamenduan terapia zelularrak aplikatzeak baditu, Hernandezen ustez, sendagai eraginkor bat garatu ahal izateko konpondu behar diren arazo batzuk. “Zelula organismo bizi bat da, eta ezin da konprimatu, beste printzipio aktibo sintetiko batzuk bezala, hala nola azido azetilsalizilikoa –Aspirinaren printzipio aktiboa–. Beraz, beharrezkoa da zelula horiek kapsulatu ditzaketen sistema berriak garatzea, gorputzean ezarri, eta substantzia terapeutikoak denbora luzez jaria ditzaten”.

2. irudia: UPV/EHUko NanoBiocel ikerketa-taldeko kideak. (Argazkia: UPV/EHU)

Ildo horretan, Hernandezek dioen bezala, ez dira lehenak horrelako terapiak HGIren tratamenduan aplikatzen. “Eremu horretan lehenago egindako ikerketetatik abiatuta, gure helburua da zelula amen efektu positiboak indartzea eta luzatzea lortuko duen emate-sistema bat garatzea, eta, gainera, horrelako terapiei lotutako arazoak saihestuko dituena, hala nola organismotik azkar kanporatzea eta tronboak sortzea. Horretarako, zelula behar bezala kapsulatzea da gakoa”.

Asmo handiko lankidetza-ikerketa hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du, eta, UPV/EHUko taldearen beraren partaidetzaz gain, beste unibertsitate batzuetako -Harvard (AEB), eta Lovainako Unibertsitate Katolikoa (Belgika)- medikuntza, biokimika, farmazia eta biologiako adituen eta, besteak beste, Arabako Unibertsitate Ospitaleko patologia-zerbitzuen laguntza izan dute.

24/7 zelula-lantegi bat

Diziplina anitzeko lankidetza-ikerketa horren barruan, erronka nagusia zelula amak modu eraginkorrean kapsulatzea da, eta organismoan behar adina denboran egon daitezela, hantura iraunkorra arintzeko eta kaltetutako ehunak birsortzeko.

Helburu hain konplexu hori lortzeko, funtsezko hiru elementu garatu dituzte: zelulak kapsulatzeko hidrogel bat (euskarria), zelula amak beraiek (sendagaiaren printzipio aktiboa) eta gamma interferona (zelulak aktibatzeko substantzia).

Zelula ama mesenkimalen (MSK) propietate terapeutikoak indartzeko sistema funtzioanitz bat garatzea. MSKak interferonez kargatutako mikropartikulak dituzten alginato-kolagenozko hidrogeletan kapsulatzen dira, haien eragin immunomodulatzailea sustatzeko eta inplantearen atxikipena errazteko.

Lehenik eta behin, kapsulatzearen arazoa konpontzeko, hidrogel bat garatu dute Harvardeko Unibertsitatearekin lankidetzan, zeina euskarri modukoa den, eta zelula babesten duen. “Jatorri naturaleko polimeroz osatutako hidrogel horren ezaugarri biomimetikoak direla eta, zelula ‘etxean bezala’ egongo da, bizirik irauteko baldintza egokiak topatuko dituelako. Gainera, zelulak hidrogel horretan sartzean, lokalizatuta daude eta organismoko beste edozein lekutara migratzea saihesten da.

Bestalde, sendagai hori garatzeko erabili den bigarren osagaia da garrantzitsuena: printzipio aktiboa bera, hau da, zelula. “Kasu honetan, jatorri adiposoa duten zelula ama mesenkimalak aukeratu ditugu. Etorkizunean, dena ondo badoa, translazio klinikoa egitean, helburua izango litzateke zelulak pazientearen beraren gantzetik atera ahal izatea, transplante erabat autologoa izan dadin eta erantzun immunearen ikuspegitik arazo gutxiago sor ditzan”. Ildo horretan, beste zelula batzuk erabiltzea ere ikertzen ari dira, hala nola ile-folikuluetakoak, oso propietate immunomodulatzaile onak baitituzte eta inbaditze oso txikiko teknikak erabiltzen baitira.

Azkenik, hirugarren osagaiak zelula amak aktibatzea du xede, gaixotasun hori tratatzeko behar diren substantzia immunomodulatzaileak modu jarraituan eta luzaroan jariatu ahal izan ditzaten. “Garatu duguna mikropartikula batzuk dira, gamma interferon substantzia ‘aktibatzaileari’ elkartu dizkiogunak. Substantzia horrek seinaleak bidaltzen dizkio zelula amari, HGIren sintomak apaltzen dituzten substantzia onuragarri horiek jaria ditzan”.

Hizpide dugun lana pazienteari larruazalpean emango zaion sistema funtzioanitz bat sortzeko egin da. Hala, substantzia terapeutiko horiek etenik gabe askatuko lituzke, etengabe funtzionatzen ari den zelulen lantegi bat balitz bezala.

Gaur egun, proiektua fase preklinikoan dago. “Saguekin egin berri dugu lehen kontzeptu proba, animalia horietan ereduari jarraikiz, gaixotasuna gizakiengan bezala erreproduzitzeko”. Lan hori egiteko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko patologia-zerbitzuaren laguntza izan dute. Zerbitzu horrek gaixotasun patologikoa diagnostikatzen die gizakiei, eta saguen eredua sortzen lagundu diete.

Saguei autopsia egin ondoren, “egiaztatu da kapsulatutako zelulek bizirik jarraitzen dutela, eta substantzia immunomodulatzaileak jariatzen, eta hori aurrerapauso bat da ikerketan”, Hernandezek dioenez. “Hala ere, emaitza histologikoak egiaztatu arte ezin izango dugu zehaztu tratamendu horrek ehunak birsortzen laguntzen duen, hau da, organismoaren ehunak birsortzen laguntzen duen”, dio Hernandezek.

Beste gaixotasun immunologiko batzuetarako tratamendua

Ikerketa duela lau urte hasi zen, eta oraindik bide luzea du aurretik. “Doikuntzak egin beharko ditugu, eta sistema pixkanaka kontrolatu, zelularen jariatze portaera hobetzea ekarriko duten beste elementu batzuk txertatuz.“ ”Horretaz gain, propietate immunomodulatzaileak dituzten beste zelula mota batzuk probatuko ditugu, nahiz eta gaur egun erabiltzen ari garenak izan gold standarda”.

Etorkizunean, terapia mota horiek, Hernandezek dioen bezala, “hantura edo erantzun immune disfuntzionalak ere agertzen dituzten beste patologia immunologiko batzuen tratamenduan sartu ahal izango dira, hala nola lupusean edo beste gaixotasun autoimmune batzuetan. Gainera, gaur egun zauri kronikoetarako birsortze terapietan ere aplikatzen ari gara, emaitza onekin”.

Ildo horretan, terapia zelularrak COVID-19a ikertzeko saiakuntza klinikoetan ere erabiltzen ari dira, paziente batzuetan birus horren aurrean ematen den gehiegizko erantzun immunea geldotu ahal izateko.

Ikerketaren azken helburua da laborategitik pazienterako jauzia egitea, eri dagoenaren bizi-kalitatea hobetzeko. “Sendagaien garapenean dakigun guztia eskaini nahi dugu, tratamendu luzeagoak, seguruagoak eta patologia horiek dituzten pazienteen bizi-kalitatea hobetuko dutenak lortzen laguntzeko”.

Ikertzaileaz:

Rosa Hernandez Farmaziako eta Teknologia Farmazeutikoko katedraduna da eta UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa-taldeko kidea.

Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

The post Hesteetako gaixotasun inflamatorioa tratatzeko zelula amak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geologoak Ilargian

Mon, 2021/12/06 - 09:00

1969ko uztailaren 21ean Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia bihurtu zen Neil Armstrong. Baina gizadiaren mugarri historiko hori ez zen posible izango geologia gabe.

Bidaia dezagun historia honen hasierara. 1915ean, Oklahoman (Estatu Batuak), Mareta Nelle West izeneko neskato bat jaio zen. Maretak Oklahomako Unibertsitatean ikasi zuen. Geologian graduatu zen 22 urte zituela. Hainbat hamarkadatan petrolioaren industrian lan egin ondoren, 1964an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak kontratatutako lehen emakumezko geologoa bihurtu zen. Lasterketa espazial betean geunden, eta, horren ondorioz, Mareta NASAko Geologiako Talde Esperimentalean sartu zen, Apolo misioetako astronauten entrenamenduaz arduratzen zen taldean, eta lehen emakumezko astrogeologotzat hartu zen.

astrogeologoa1. irudia: Mareta N. West astrogeologoa lanean. 1969an, Mareta izan zen NASAren Geologiako Talde Esperimentaleko emakume bakarra eta Apolo 11 misioko Eagle modulua lurreratzeko leku zehatza berak identifikatu zuen. (Argazkia: Celestis)

Maretaren lana erabakigarria izan zen lehen gizakiak Ilargiraino eraman zituen Apolo 11 misioaren garapen onerako, bera arduratu baitzen gure satelitearen kartografia egiteaz eta historiako lehen ilargiratzea gertatuko zen puntu zehatza erabakitzeaz. Hau da, geologo batek aukeratu zuen Ilargiko lehen giza aztarna markatuta geratuko zen lekua. Eta ez zen bakarra izan; izan ere, Apolo 11ko tripulazioak egindako ilargi mapak berrikusi ondoren, Maretak NASAren beste misio tripulatu batzuetako ilargiratze puntuak hautatu zituen. 1988an hil ondoren, hainbeste aztertu zuen espazio horretara bidali zituzten bere errautsak.

Bada lasterketa geologiko honetan aipatu beharreko beste izen propio bat: Eugene Merle Shoemaker. Eugene 1928an jaio zen Kalifornian (Estatu Batuak) eta benetako bokaziozko geologotzat har daiteke, txikitan zientzia horrekiko interesa piztu zioten harri eta mineralak bilatzen eta horien bilduma egiten aritzen baitzen. Bere ibilbide profesionala Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuarekin lotuta egon zen beti; gure planetako gorputz estralurtarren inpaktu kraterrak aztertzen espezializatu zen, eta gure historia geologikoko gertaera kritiko batzuekin erlazionatu zituen. Ezagutza hori Ilargiaren inpaktu kraterren azterketara eraman zuen, eta NASArekin lankidetza estuan aritu zen. Hala, 1961ean, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren astrogeologia plana jarri zuen martxan. 1965ean amaitu zen, erakunde horri lotutako Astrogeologia Zentroa sortuta.

astrogeologoa2. irudia: Eugene Merle Shoemaker astrogeologoa laborategian laean. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)

Lan horregatik guztiagatik, Eugene Geologia Planetarioaren gurasoetako bat dela esaten da. NASAn, Maretak bezala, Apolo programako astronautak entrenatzen jardun zuen, eta Ilargira bidaiatzeko hautatuetako bat izaten ere saiatu zen. Baina osasun arazoak zirela eta, ezin izan zuen. Hala ere, 1987an hil ondoren, bere ametsa bete ahal izan zuen, ilargi zunda batek bere errautsak gure satelitera eraman baitzituen, eta gorpuzkiak Ilargian dituen lehen pertsona da, eta bakarra, gutxienez orain arte.

Ibilaldi espazial txiki hau amaitzeko, hirugarren geologo bat gogoratuko dugu. 1935ean, Mexiko Berrian (Estatu Batuak), Harrison Hagan Schmitt jaio zen. Estatu Batuetan zein Norvegian geologo gisa trebatu ondoren, Eugenek sortutako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuko Astrogeologia Zentroan lan egin zuen Harrisonek, 1965ean NASArekin bat egin baino lehen. Bertan, Ilargitik ekarritako hauts eta arroka laginak aztertzeaz gain, astronautentzako entrenamenduetan ere parte hartu zuen.

astrogeologoa3. irudia: Harrison Hagan Schmitt astrogeologoa astronauta jantziarekin. (Argazkia: NASA – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bera ere prestatu zen gure satelitera bidaiatzeko hautatuetako bat izateko, eta lortu egin zuen, Eugeneren gomendioari esker. Horrela, 1972aren amaieran gure satelitean ilargiratu zen Apolo 17 misioko tripulazioko kide izan zen Harrison. Ilargia zapaldu duen lehen zientzialaria bihurtu zen, eta bakarra. Eta, geologo bat Ilargiaren gainazalean paseoan ibili zela egiaztatzeko, gure satelitetik alde egin aurretik, bere geologo mailua Ilargiaren modulutik urrun jaurti zuen –soldatatik deskontatuko ziotela txantxetan esanez– (jaurtiketa beheko bideoan ikus daiteke).

Zalantzarik gabe, Geologia Planetarioaren hiru aitzindari horiek beren aztarna propioa utzi zuten Ilargian, nork bere erara.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Geologoak Ilargian appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #371

Sun, 2021/12/05 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

izotza

Biologia

Berrian irakur daitekeenez, iaz baino antxoa gutxiago aurkitu du Aztik Bizkaiko Golkoan. 2020ko uda amaieran Aztik 230.000 tona antxoa gazte zeudela ondorioztatu zuen; aurten ordea, 208.000 tona zenbatu dituzte. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako arduradunek adierazi dute antxoaren populazioan beherakada ikusten bada ere, osasun onean dagoela. Baina hau ez da aurten behartu duten aldaketa bakarra. Antxoa gazteak aurreko urteetakoak baino txikiagoak dira. 2004ko datuekin alderatuz, bataz beste 4.5 cm murriztu dute gorputz tamaina.

Nazioarteko hainbat ikertzaile eta erakunde ornitologiko batu dira oraingoan, denen artean txori-kantetan gertatu den aldaketa ikertzeko. Mundu-mailako txori-populazioen murrizpenak iradokitzen du paisaia naturaletako ezaugarri akustikoak aldatzen ari direla, eta hau aztertzeko, azken 25 urteetan Europa eta Ipar Amerikako 200.000 kokalekutako txori-kantak grabatu dira. Emaitza kezkagarriak lortu zituzten: oro har, txori-espezie kopurua murriztu da bai Ipar Amerikan bai Europan, eta baita espezie bakoitzeko indibiduo kopurua ere. Honek, bestalde, naturako soinuak homogeneoagoak eta isilagoak izatea eragin du. Azalpenak Zientzia Kaieran: Txori espezieen ordezkapena: udaberriko soinua aldatzen ari da.

Psikologia

Gure haurtzaroko lehen urtetako (jaiotzatik hiruzpalau urte ingurura arte) oroitzapen ezari “haur-amnesia” esaten zaio. Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu bezala, giza garunak denbora behar du garatzeko, eta hipokanpoa esaterako, ez da osatzen gutxienez zazpi urte betetzen ditugun arte. Garunaren egitura hau da, hain zuzen ere, oroitzapenak kudeatzen dituena, zientzialarien ustetan. Hala ere, bada hipokanpoaz harago “haur-amnesia” sor dezaken beste eragile bat, hitz egiteko gaitasuna, hain zuzen. Izan ere, badirudi hitzaren domeinuaren aurreko oroitzapenak galdu egiten direla. Azkenik, gurasoen narratibak ere eragina izan dezakeela pentsatzen dute zientzialariek. Xehetasunak Zientzia Kaieran: Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura.

Osasuna

Elhuyar aldizkarian eta Zientzia Kaieran Leire Pinedo psikologo klinikoari hainbat galdera egin dizkiote, bere ibilbide eta bizipenen inguruan. Salamancan ikasi zuen psikologia eta ondoren Madrilen egon zen lau urtez lanean. Lan hark ordea ez zuen betetzen eta BAPEa (Barneko Psikologo Egoiliar) prestatzea erabaki zuen. Lan horretan dabil geroztik, eta azaldu duenez, laguntza psikologikoa behar duen gero eta jende gehiago dago. Datuak Zientzia Kaieran: Leire Pinedo, psikologoa: “Osasun mentalik gabe ez dago osasunik”.

Hiesaren Nazioarteko eguna izan zen abenduak 1 eta honen harira, Osakidetzak eta Osasunbideak datu hau eman du: %29ko beherakada eman da GIB birusaren urteko positibo berrietan. 2019 urtean 190 positibo berri izan ziren; iaz berriz, 134 kasu diagnostikatu ziren. Hala ere, osasun agintariek ez dute benetako beherakada bat ziurtatu. Izan ere, iaz COVID-19aren izurriak asko eragin zion osasun sistemaren ohiko funtzionamenduari, eta beraz, datu horiek ez-osoak izan daitezke. Bitartean, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, Nazioarteko erakundeek ohartarazi du COVID-19ak atzerapausoak eta etenak ekarri dituela hiesaren aurkako plangintzetan, gehienbat herrialde pobretuetan. Gai berarekin jarraituz, Berrian zuzenbidean lizentziaduna den Paulina Ramirez Carvajali egindako elkarrizketa. Paulinak GIBa dutenek jasaten duten diskriminazioa aztertu du Alcalako Unibertsitateko Klinika Juridikoan, eta, bere esanetan, Espainiako sistema juridikoan gaixotasun infekto-kutsakorra kalifikazioa jasotzen du gaixotasunak; hala ere, gaixotasun infekzioso-transmitigarri gisara kalifikatu beharko litzateke. Izan ere, txikikeria horrek eragin handia du GIB pairatzen dutenen eskubideetan. Adibidez, lan eskaintza publikoetan pertsona horiek automatikoki baztertzen ziren.

Osasunaren Mundu Erakundearen markoa COVID-19ra egokitu dute eta pandemiak eragin dituen baldintzatzaile sozialak aztertu eta azaltzeaz gain, zapalkuntza-sistemen eta komunikazioaren eragina ere aintzat hartu dute. Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratu dute informazio hau guztia, eta bertan irakur daitekeenez, osasun-arazoak desberdintasun sozioekonomikoak areagotu ditu mundu osoan. Honi aurre egiteko, beraz, ezinbestekoa da marko hau berritzea. Egileen esanetan, bestalde, markoa COVID-19rako landu badute ere, antzeko izurrietarako egokia izan daitekeela argitu dute. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Baldintzatzaile sozialen OMEren markoa egokitu dute COVID-19rako.

Aseguru konpainien eta ospitaleen arteko gatazkak gutxitzeko asmotan, Asier Garmendia Mujika ikertzaileak, UPV/EHU Adimen Konputazionalaren taldeko kideen laguntzarekin, adimen konputazionalean oinarritutako sistema bat garatu zuen 2016an. Ikerketarako datuak Santiagoko José Joaquín Aguirre Txileko Unibertsitateko Ospitale Klinikotik eskuratu zituen, bertan ospitaleratutako pertsonen balio fisiologikoen milaka analisi erabilita. Garmendiak azaldu duenez, paziente horietako batzuk larrialdi zerbitzuetara joan ondoren alta jasotzen zuten, baina egun batzuen ostean ospitalera itzuli eta ingresatu egin behar izan zituzten. Datuak Zientzia Kaieran: Aseguru konpainien eta ospitaleen arteko gatazka, datu kontua.

Astronomia

Leonard kometa begi-bistaz ikustea espero zen, baina bere arrastoa galdu dute. Greg Leonardek urtarrilean aurkitu zuen kometa hau Arizonako Lemmon Mountain behatokitik zerura begira zegoela, eta hortik datorkio deitura. 80.000 urtean behin pasatzen da Lurraren ingurutik eta, beraz, ikusmin handia sortu zen astronomia zaleen artean abenduan ikusgai egongo zela jakinarazi zenean. Hilabete horretako 12an, 13an eta 14ean espero zen. Alabaina, Leonard ez da handitzen ari, eta agian hautsi egingo dela pentsatzen dute adituek. Azalpen guztiak Berrian: Zer gertatu zaio ‘Leonard’-i?

Ingurumena

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, itsas-ingurumen iraunkorraren bidean, ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoa garatu dute Pasaiako portuan. Ortze izena du eta Blas de Lezo Itsas Arrantza BHIk duen itsasontzia birmoldatuta eraiki dute, propultsio sistema berritzaile bat instalatuz. Hain zuzen, propultsio sistema diesel mekaniko konbentzionaletik propultsio sistema diesel-elektrikora (hibridoa) pasatuko da. Horrela, zero-emisio egoera lortu nahi da portuetan eta babestutako inguruetan edo jendartetik gertuko guneetan. Eraldaketaren ostean, Ortze ontzia eskola-itsasontzi ez ezik, itsas eta ingurumen ikerketa lanak burutzeko ere erabiliko da.

Geologia

Beyond EPICA ikerketa proiektuak Antartikako izotza zulatu nahi du laginak atera eta klima bilakaera hobeto ezagutzeko asmotan. Duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina eskuratu nahi dute, eta horretarako, hiru kilometro luze eta hamar zentimetro zabal den izotzezko hodia atera behar dute. Izan ere, ikertzaileei izotzetan harrapatuta geratzen diren aire burbuilak interesatzen zaizkie, hauetaz baliatuz, garaian garaiko atmosferaren konposizioa lortu baitaiteke. Ikerketa honen helburuetako bat, Erdi Pleistozenoko trantsizio garaian (duela 800.000 eta 1,2 milioi urte artean) gertatu zen aldaketa aztertzea da, garai hartan, izotz aroen maiztasuna aldatu baitzen. Hau da, 40.000 urtetik behin gertatzen zena 100.000 urtetik behin gertatzen hasi zen. Alegia, izotz aro batetik besterako denbora tartea bikoiztu egin zen. 2019an hasi zuten ikerketa berria, eta egunotan zuloa egiten hasteko prestatzen ari dira. Jakes Goikoetxeak azaltzen du Berrian: Izotzik zaharrena nahi dute.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #371 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #376

Sat, 2021/12/04 - 09:00

Isolatuta, denetarik urrun deneko inpresioa eman dezake Antartikak. Baseek (zientifikoak eta bestelakoak) eta turismoak, baina, orotariko espezieen inbasioa sortzen ari dira. Invasive species are threatening Antarctica’s fragile ecosystems, Dana M Bergstromy Shavawn Donoghue.

Espektro autistaren ulermenaren bila, hurbilketa anatomiko soila beharrezkoa da. Badirudi espektroan dauden pertsonek kortex zerebralean neurona dentsitate handiagoa dutela. Increased density of synapses in autism spectrum disorders JR Alonsorena.

5 atomoko zabalera duten grafeno tiritak sortzea mekanismo kimiko garbia eta ordenatua da. DIPCk The orderly growth of 5-armchair graphene nanoribbons.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #376 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Leire Pinedo, psikologoa: “Osasun mentalik gabe ez dago osasunik”

Fri, 2021/12/03 - 09:00

Leire Pinedo Rodríguez psikologia klinikoko egoiliarra da, txikitan eta gaztetan horretarako asmorik ez bazuen ere, eta halaxe dio, argi eta garbi: “Ez nuen interes handia psikologia klinikoan”. Salamancan ikasi zuen psikologia, han bizi baitzen, eta master bat ere egin zuen. Gero lana lortu zuen Madrilen, eta lau urtez aritu zen han.

“Lan hark ez ninduen erabat betetzen, eta baldintzak ere ez ziren oso onak. Egonkortasun handiagoa bilatuz eta hiri lasaiago batean bizi nahi nuelako, BAPEa prestatzea erabaki nuen (Barneko Psikologo Egoiliar). Lau urteko prestakuntza da, ezinbestekoa eremu publikoan lan egiteko, eta ospitale publiko batean egiten da. Praktika asko ditugu, eta beste profesional batzuek gainbegiratzen dute gure lana”, azaldu du.

Leire PinedoIrudia: Leire Pinedo Rodriguez, psikologoa.

Gustura dabil, baina onartu du bizi duten egoera pixka bat “etsigarria” dela, laguntza psikologikoa behar duen gero eta jende gehiago baitago, eta baliabideak, aldiz, urriak dira: “Inbertsio handiagoa behar da. Ahal duena pribatura joaten da, baina denek ezin dute”.

Egun batzuk oso gogorrak egiten zaizkio, eta zalantza ere egiten du bide egokia hartu ote duen. Eta aurretik egin duen bidea ere ez da zailtasunik gabekoa izan. Haren arabera, txikitan, matematiketan eta fisikan ona zen, eta uste zuen hortik jarraituko zuela. Institutuko ikasketak amaitutakoan, ordea, krisi-garai bat izan zuen, eta beste bide bat hartu zuen. Psikologia ikasten hasi zen, eta hezkuntza eta ikerketa zituen gustukoen, baina ez du aukerarik izan hortik jarraitzeko.

Zailena, dena den, BAPEn sartzea izan da, oso plaza gutxi baitaude eta jende asko geratzen baita kanpoan, nahiz eta ondo prestatuta egon. Gainera, etxekoak eta lagunak ez omen dira ohartzen zein zaila den, eta, beti ikasle ona izan denez, ziurtzat eman dute sartuko zela. “Asmo onenekin animatzen ninduten, baina presioa oso handia zen”.

Eta, orain, jarraitzen du zailtasunei aurre egiten: “Lan honetan, emaitzak ez dira epe laburrean ikusten, eta ez dago bide bakarra. Baina, aldi berean, asetzen nau, eta indarra ematen dit ikasten jarraitzeko, eta aztertzeko zer egiten dudan ondo eta zer hobetu behar dudan”.

Babesa eta autozaintza

Lagunen eta familiaren babesaz gain, lankideena ere sumatzen du, eta hori oso lagungarria zaio egunerokoan. “Babesa eta autozaintza, biak behar dira: atseden hartzea, lana bukatutakoan deskonektatzea, beste zaletasun batzuk elikatzea… Lana nire bizitzaren zati handi bat da, baina ez bakarra. Nire buruarekin dudan harremana ere zaindu behar dut: ez dudala dena perfektu egin behar edo dena batera ikasi behar”.

Sinesten du egiten duen lanean, bere balioekin bat egiten duelako. Gainera, oso aberasgarria iruditzen zaio: “Jendeak zugan konfiantza jartzea oso berezia da, eta oso estimulatzailea, gainera, pertsona bakoitza bakarra baita. Hortaz, gure lana oso sortzailea da. Psikologia zientzia bat da, eta guztiontzat printzipio berberak daude, baina justu hori da nire ekarpena psikologo gisa: printzipio hori ezagutzea eta pertsona horrek bere burua hobeto ezagutzen eta bideratzen laguntzea”.

Ospitalean egiten duen lanaz gain, sarean ere aritzen da. Hain zuzen, jende askok jarraitzen ditu bere txioak Twitterren. Berez, euskara lantzeko hasi zen, konfinamendu-garaian, eta, pixkanaka, lagun bilakatu diren jarraitzaileak bildu ditu.

Twitterren zein handik kanpo, buru-osasuna zaintzeko zerbitzu publikoak indartzea eskatzen du, behar-beharrezkoa iruditzen baitzaio.

“Orain lehen baino gehiago hitz egiten da buru-osasunaren garrantziaz, baina ez da islatzen agintarien erabakietan. Eta osasun mentalik gabe ez dago osasunik”.

Fitxa biografikoa:

Leire Pinedo Rodriguez Bilbon jaio zen 1990. urtean. Psikologian graduatua Salamancako Unibertsitatean. Gaur egun, Osasun Prestakuntza Espezializatutako (BAPE) bigarren urtea egiten dago Osakidetzan, Psikologo Klinikoko Espezialista titulua lortzeko.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Leire Pinedo, psikologoa: “Osasun mentalik gabe ez dago osasunik” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsas-ingurumen iraunkorraren bidean: ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoak

Thu, 2021/12/02 - 09:00

Ozeanoek lurrazalaren %70 estaltzen dute baina bakarrik haien %5 aztertu da sakon. Itsasoa ezagutzeko asmoz XVIII. mendean itsas-esplorazioak hasi ziren; halere, aurrerapen teknologikoei esker, XX. mendean hasi zen itsas mundu honen inguruko benetako jakintza garatzen. Gaur egun, itsas ingurunearen ezagutzak garrantzi handia hartu du, izan ere, bere iraunkortasuna bermatzeko ezinbestekoa bilakatu baita.

Ikerketa-itsasontziak itsasoa eta beraren baliabideak aztertzeko eta kontserbazioa bermatzeko funtsezko azpiegituratzat jo daitezke. Plataforma teknologiko konplexuak eta berritzaileak dira, eta ekipamendu eta teknologia sofistikatuz hornituta daude. Nahitaezkoak bilakatu dira itsas ekosistemak beraien osotasunean aztertzeko. Itsasontzi ozeanografikoen lana ezinbestekoa suertatzen da, itsasoaren aldagai abiotikoak (pH, gazitasuna, sakonera, dentsitatea, tenperatura, etab.) eta haien arteko eta aldagai biologikoekiko loturak ikertzeko.

ontziIrudia: 2020ko erdialdetik aurrera, Ortzek gure kostaldeko ingurumen eta ozeanografia ikerketa operazioak hasi ditu. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Testuinguru honetan, gaur egungo itsasontzi batek ere, eraginkortasun energetikoa bermatu behar du, ez soilik energiaren kostuagatik baita ingurumenaren aldeko konpromisoengatik ere. Beraz, gaur egungo ontzien erronka nagusienetarikoa energia ekoizteko beharrezkoak diren makina eta motor termikoen erregai kontsumo eta negutegi efektuko gasen emisioak diesel motorren kasuan adibidez, murriztea da.

Euskal Herriko kostaldean jarduteko ikerketa-itsasontzi baten beharrean gaude, goi mailako ikerkuntza eta irakaskuntza burutzea ahalbidetuko duena. Ontzi berri baten fabrikazioak inbertsio handia suposatzen du, beraz, egungo ontzi baten birmoldaketa planteatu da propultsio sistema berritzaile bat instalatzeko. Aukeratutako itsasontzia, Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantza BHIk (Bigarren Hezkuntza Institutua) duen Ortze ontzia da, Eusko Jaurlaritzako ontzi flotako parte delarik.

Azterketa sakon baten ostean, Ortzeren propultsio sistema konbentzionaletik berritzailera igarotzea aukera egokia ondorioztatu da. Horretarako, Ingeteam Power Technology enpresak burutzen duen partzuergo mistoa eratu zen, erakunde pribatu zein publikoekin batera. Ortze ontzia eraldatuko da, hain zuzen, propultsio sistema diesel mekaniko konbentzionaletik propultsio sistema diesel-elektrikora (hibridoa) pasatuz. Hain zuzen ere, zero emisio egoera lortu nahi da portuetan (itsasoratze eta lehorreratze ibilbideetan) eta babestutako inguruetan edo jendartetik gertuko guneetan.

Orokorrean, aurreikusita dago isurketak %25-a baino gehiago murriztu egingo direla egungo sistemarekin konparatuz. Honekin batera, erregaien kontsumoa ere murriztu egingo da neurri berdinean. Ortze itsasontzi berriztatuak ondoko operazio moduak lortuko ditu:

  1. portuan dagoenean, lurrera konektatutako modua;
  2. nabigazio modu guztiz elektrikoa (portuetako sarrera eta irteeretan, eta babestutako inguruneetan erabiliko da, eta modu honetan isurpen maila zero da);
  3. nabigazio modu diesel elektrikoa, eta
  4. nabigazio modu hibridoa (kostaldetik urrunago dauden lekuetan erabiltzen da).

Eraldaketa osteko Ortze ontzia eskola itsasontzi ez ezik, itsas eta ingurumen ikerketa lanak burutzeko ere erabiliko da, ikerketa-itsasontzi gisa alegia. Hainbat erabilpen aurreikusten dira. Industria, ikerketa eta hezkuntza izan dira proiektu honen funtsezko zutabeak.

Parte hartutako enpresek puntako teknologia propioa eta ezagutza erantsi diote garapen teknologiko honi. Itsaso eta gure kostaldeko ekosistemen ikerketarako ozeanografia ikertzea, gure kostaldearen ekosistemak eta ingurumena ezagutzea eta ingurumenarekiko konpromisoa eta sentsibilizazio urdina garatuko ditu. Itsaso eta arrantza alorretan etorkizuneko profesionalei, bai eta itsas ingeniariei ere, praktikak eta prestakuntza egitea eskainiko die. Itsas ingurumenarekin edo ingurumenaren osasuna eta biodibertsitatearekin zerikusia daukaten EHUko hainbat masterren ariketa praktikoak bertan jorratu daitezke. Ez graduondoko ikasleek soilik, baita gradu desberdinetako ikasleek ere (fisikariak, ingeniariak, biologoak, kimikariak, nautikako ikasleak, etab.) bertan emenda dezakete itsasoaren eta propultsio makina berritzaile honen inguruko ezaguera. 2020-ko erdialdetik aurrera, Ortzek gure kostaldeko ingurumen eta ozeanografia ikerketa operazioak hasiko ditu, bai eta trebakuntza, dibulgazio eta kontzientziazio jarduerak ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2020ko ale berezia
  • Artikuluaren izena: Itsas-ingurumen iraunkorraren bidean: ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoak.
  • Laburpena: Itsas ingurunearen ezagutzak garrantzi handia hartu du azken urteotan, izan ere, bere iraunkortasuna bermatzea jakintza honen konpromiso nagusiena bilakatu da. Euskal Autonomi Erkidegoan itsas ingurunearen oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua egiten duten zenbait erakunde daude. Ikerketa taldeek itsasoan dituzte euren ikerkuntza iturri nagusiak. Mota desberdinetako lagin biotiko eta abiotikoak lortzeko, arrantza ontzietan edota ikerketa ontzi ozeanografikoetan itsasoratzea ezinbestekoa izaten dute askotan. Ikerketa egiten duten ontziek garrantzi handiko eginkizuna izaten dute beti, eta egin behar den azterketaren neurrikoa izan behar du behintzat, lanen beharrizanak asetzeko. Ideia honi helduz, Euskal Herriko kostaldean jarduteko balio anitzeko ontzi baten transformazioa izango da artikulu honen lerro nagusia; goi mailako ikerkuntza eta irakaskuntza jasoko dituena. Horretarako, Ingeteam Power Technology enpresa buru duen partzuergo mistoa eratu zen, erakunde pribatu zein publikoekin batera. Helburua, efizientzia energetiko altu eta emisio murritzak bermatuko dituen ikerketa eta irakaskuntza ontzi baten transformazioa da. Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantza eskolako Ortze ontzia eraldatuko da, hain zuzen, propultsio sistema diesel mekaniko konbentzionaletik propultsio sistema diesel-elektrikora (hibridoa) pasatuz. Proiektua zero-emisio, ekonomia urdin eta garapen iraunkorra jasotzen duen esparruan gauzatzen da. Garapen teknologiko berritzaile honen aurrean, hainbat erabilpen aurreikusten dira: kostaldetik gertu eta ingurune babestuetan zero emisio eta baldintza akustiko baxuetan ikerketa lanak, arrantza alorreko lanbide hezkuntza, propultsio sistema berritzaileaz baliatuz goi mailako graduondoko zein doktorego ikasketak, edota nazioarteko ikerketa taldeen saretzea, besteak beste.
  • Egileak: Manu Soto, Iratxe Olabarri, Gorka Gabiña
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 57-78
  • DOI: 10.1387/ekaia.21209
Egileez:

Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko(PiE) ikertzailea da, Iratxe Olabarri Ingeteam Power Technology enpresakoa eta Gorka Gabiña AZTIko Arrantza Teknologia Iraunkorra departamentukoa.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Itsas-ingurumen iraunkorraren bidean: ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura

Wed, 2021/12/01 - 09:00

Gutako gehienok ez ditugu gogoratzen haurtzaroan bizitako pasadizoak. Izan ere, ez dugu bi edo hiru urteko umeak gineneko oroitzapen argirik. Ikerketen emaitzek erakutsi dute zazpi urte baino lehenagoko bizitzaz oso gutxi oroitzen garela eta, normalean, umetako oroitzapenak kontatu digutenetik eraiki ditugula.

haur-amnesiaIrudia: Haur-amnesia esaten zaio helduek haurtzaroko lehen urteak gogoratzeko duten ezintasunari. (Argazkia: Michal Jarmoluk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gure lehen oroitzapenak gogora ekartzen saiatzen garenean, askotan ez dago argi egiazkoak diren edo beste batzuek kontatu dizkiguten istorioak diren. Akaso, ikusi ditugun argazki zaharretan oinarritutako pasadizoak besterik ez dira. Gure haurtzaroko lehen urteotako, jaiotzatik hiruzpalau urte ingurura arte, oroitzapen ezari “haur-amnesia” esaten zaio.

Haur-amnesiaren aldagaiak

Oroitzeko gaitasuna ez da gauza bera haurtzaroan edo helduaroan. Oroimenaren oinarrizko prozesuen garapenean garuneko hainbat eskualde daude inplikatuta. Izan ere, garuna da oroimena osatzen, mantentzen eta berreskuratzeaz arduratzen den organoa. Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu zigun bezala, giza garunak denbora behar du garatzeko eta horrez gain, eremu guztiak ez dira batera hazten ez garatzen. Esaterako, hipokanpoa ez da osatzen gutxienez zapi urte bete arte eta bera da oroitzapenak kudeatzen dituen garuneko egitura.

Zientzialariek uste dute hipokanpoa dela oroitzapenak sortzen dituenak, egitura honek espazioari eta testuinguruari dagokion informazioa prozesatzen laguntzen baitu eta erlazionatuta dago epe luzeko memoriarekin. Kontua da, hipokanpoa ez dela garatzen gutxienez zazpi urtera arte. Hori izan daiteke haurtzaroan gertatutakoa ez gogoratzearen arrazoia. Baina hipokanpoaz harago badago ere kontuan hartzeko beste aldagai bat “haur-amnesian”: hitz egiteko gaitasuna.

Hizkuntza dugu beste faktore garrantzitsu bat. Urtebetetik sei urtera bitartean, haurrak hitz bakarra esatetik bere ama-hizkuntza edo -hizkuntzak menderatzera pasatzen dira. Hitz-eztanda bat bizi dugu tarte horretan eta hitz egiteko ahalmenean aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira, haurren amnesiarekin (jaioberritik lau-bost bat urtera arte) bat datozenak.

Hitz egiteko gai garenean oroimenarekin zerikusia duen iraganeko denbora erabiltzen ikasten dugu eta baita horrekin harremana duten hitzak: “gogoratu”, “ahaztu”, “atzo” edo “aspaldi” kokatzen eta interpretatzen ditugu. Beraz, badirudi hitzaren domeinuaren aurreko oroitzapenak galdu egiten direla, hizkuntzaren bidez ez direlako “itzultzen” edo gauzatzen, oroimen bihurtzen.

Baina bada ere hirugarren faktore bat haur-amnesian: gurasoen narratiba. Ikertzaileen ustetan eragina du ere gurasoek gauzak kontatzeko duten moduak eta baita ere noiz hazten diren umeekin kontu-kontari izaten. Haur txikiei iraganeko gertaerak gogora ekartzen badizkiete gurasoek, kontakizun horien bidez gaitasun narratiboak edo istorioak kontatzeko trebetasuna irakasten diete. Hau da, istorioak modu ulergarrian transmititzeko baliabideak eta egiturak erakusten dizkiete. Bestalde, istorioetan jarritako enfasiak garrantzizko gertaerak zeintzuk diren jakitera ematen diete eta horri esker, haurrek sailkatu egingo dituzte gertakizunak. Orden horren arabera, garrantzizkotzat jo dituzten pasadizoak gorde egingo dituzte tarte batez (asteak, hilabeteak edo urteak) eta baita oroitu ere. Beraz, narrazioaren koherentziak, gertaeren kronologiak eta emozio-mailak laguntzen dute jazotako zerbait hobeto gogoratzen.

Gertatukoaren informazio hutsa ematea baino gehiago da oroitzea, oroitzapenek besteekin esperientziak partekatzeko funtzioa dute. Horrela, kontakizunek denboran zehar oroitzapenak eskuragarri mantentzen laguntzen dute. Eta zenbat eta istorio koherenteagoak eta ondo josiak, hobeto gogoratuko ditugu.

Haur-amnesiaren nondik norakoak ez dituzte guztiz argi ikertzaileek. Jakin badakite, adibidez, haurrek eta nerabeek helduek baino oroitzapen goiztiarragoak dituztela. Eta horrek iradokitzen du arazoak oroitzapenen eraketan baino, hauek bizirik mantentzeko lanetan dirauela. Dena dela, badirudi hipokanpoaren garapenak, hitz egiteko gaitasunak eta gurasoen istorioen kalitateak badutela zerikusia gure oroitzapenetan.

Iturriak:
  • Shinskey, Jeanne (2016). Why can’t we remember our early childhood? The Conversation.
  • Noel, M., Pavlova, M., Lund, T., Jordan, A., Chorney, J., Rasic, N., Brookes, J., Hoy, M., Yunker, W.K., Graham, S. (2019). The role of narrative in the development of children’s pain memories: influences of father- and mother-child reminiscing on children’s recall of pain. Pain, 160(8), 1866-1875. DOI: 10.1097/j.pain.0000000000001565
Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Aseguru konpainien eta ospitaleen arteko gatazka, datu kontua

Tue, 2021/11/30 - 09:00

Pazienteei buruzko informazioa biltzean hainbat datu sortzen dira, eta osasun langileek egunero kudeatu behar dituzte datu horiek. Datuok zuzen prozesatzeak eta aztertzeak osasun langileei lagun diezaieke kasu larrienak zehazten eta horiei aurrea hartzen eta, hala, larrialdi zerbitzuetan ospitaleratzeen kudeaketa hobetuko litzateke. Osasun zerbitzuak pribatuak diren herrialdeetan –Txilen, adibidez–, nahiz eta osasun txostenak digitalizatzeari esker ospitaleek pazienteen askotariko aldagai fisiologikoen erregistroekin datu baseak sortzeko gaitasuna izan, datu base horietatik ospitaleratzeak optimizatzeko informazio egokia atera ahal izanez gero bakarrik gutxituko lirateke aseguru konpainien eta ospitaleen arteko gatazkak.

Pazienteen larritasuna zehaztu ahal izateko, Asier Garmendia Mujika ikertzaileak, UPV/EHU Adimen Konputazionalaren taldeko kideekin batera, adimen konputazionalean oinarritutako sistema bat garatu zuen, Santiagoko José Joaquín Aguirre Txileko Unibertsitateko Ospitale Klinikoan ospitaleratutako pertsonen balio fisiologikoen milaka analisi erabilita. Ikerketa hori doktorego tesi honetan ageri da: “Contributions from computational intelligence to health care data processing” (Adimen konputazionala osasun arloko datu base batzuk prozesatzeko); zuzendaria Manuel Graña Romay izan zen, UPV/EHUko talde horretako ikertzaile nagusia.

aseguru etxeek1. irudia: Datuok zuzen prozesatzeak eta aztertzeak osasun langileei lagun diezaieke kasu larrienak zehazten eta horiei aurrea hartzen eta, hala, larrialdi zerbitzuetan ospitaleratzeen kudeaketa hobetuko litzateke. (Argazkia: ArtisticOperations – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Tesia 2016an aurkeztu zuen, eta Txileko Unibertsitateko CEINE ikertaldearen laguntza izan zuen. Hauxe azaldu du Garmendiak: “Azterketa honetako datu baseetako bat 101.500 pazienteren datuekin osatu da; paziente horiek larrialdi zerbitzuetara joan ondoren alta jaso zuten, baina egun batzuen ostean ospitalera itzuli eta ingresatu egin behar izan zituzten”.

Azterketa hiru gertakariren kalkuluan oinarritu zen:

  • larrialdi zerbitzuetan onartzea, hau da, pazienteak lehen aldiz larrialdi zerbitzuetara joan ziren unea;
  • bigarrenik, gehienez 30 egun baino lehen larrialdi zerbitzuetara itzuli ziren pazienteak berriro onartzea (3 egunera, 7 egunera, 15 egunera eta hilabete batera itzuli zirenen artean banatuta),
  • eta, azkenik, ospitaleratzea, hau da, denbora tarte horretan itzuli ziren pazienteak, eta ospitaleratu zituzten edo ez.

Baina zergatik da beharrezkoa hori egitea? “Imajina ezazu larrialdi zerbitzuetara joaten zarela zerbait gertatu zaizulako. Alta ematen dizute, eta hiru egun gabe berriz ere itzultzen zara eta ingresatu egin behar zaituzte. Hori onartze fasean akats bat egon delako izan daiteke. Beharbada, aurretik ingresatu behar zintuzten. Osasun zerbitzuak pribatuak diren lekuetan –Txilen, adibidez– aseguru konpainien eta ospitaleen artean gatazkak egoten direlako gertatzen dira horrelako kasuak. Aseguru konpainiek ospitaleen akatsa dela uste dute, eta gastu hori ez dute beren gain hartu nahi izaten, eta horrek ondorio zuzenak sortzen ditu ospitaleratzeetan eta pazienteei ematen zaien arretan”.

Detekzio goiztiarrerako eredua

Aztertu beharreko datuetan zenbait aldagai fisiologiko biltzen ziren, besteak beste, tenperatura, bihotz maiztasuna, arnas maiztasuna, odoleko oxigeno asetasuna, odol presioa, parametro biomedikoak –adibidez, glukosa maila– eta beste datu pertsonal batzuk, hala nola generoa, bizilekua eta adina. Laginketa bi taldetan banatu zen: helduak eta pediatriako pazienteak, hau da, 15 urte baino gutxiagokoak. “Umeen datuak askoz ere aldakorragoak direlako egin zen horrela. Umeek, adibidez, sukar handiagoa izaten dute, eta datuak aurreikustea zailagoa da”. Pazienteak larrialdi zerbitzuetara joateko arrazoiak ere jaso zituzten.

Datu horiek eskuz jaso zituzten 2013ko urtarriletik 2016ko apirilera bitarte, horrek dituen zailtasun guztiekin. Adimen konputazionaleko algoritmoen bidez, larrialdi zerbitzuetara joandako pazienteei alta eman behar zitzaien edo ingresatu egin beharko ziren aurreikusten saiatu ziren.

aseguru etxeek2. irudia: Algoritmoak detektatu zuen aztertutako denbora tarteetan alta jaso zuten hamar pazientetik sei ospitaleratuak izan behar zirela. (Argazkia: Engin_Akyurt – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Horri dagokionez, arazoa zen lehenengo kontsultan alta jaso zuten paziente batzuk larrialdi zerbitzuetara itzultzen zirela denbora bat igaro ostean, eta une horretan ospitaleratzen zituztela. “Ezberdintasun handia dago umeen eta helduen artean; izan ere, zailagoa da umeekin zer gertatuko den aurreikustea. Adibidez, hiru eta zazpi egun artean kontsultara itzultzen ziren helduen % 5,7 ospitaleratzen ziren, eta paziente pediatrikoen % 14,7”.

Datuen boterea

Ikerketa horretako arazoetako bat datuak paperean hartzea izan zen. Izan ere, eremu asko hutsik edo guztiz bete gabe geratzen ziren, informazioa jasotzean akatsak egiten ziren eta zailtasunak izan zituzten zenbakien bidez adierazi ezin ziren datu batzuk kodifikatzeko, adibidez, pazienteak onartzeko arrazoiak. “Pazienteak onartzeko arrazoien artean 500 baino gehiago zeuden, eta horiek guztiak modu eraginkorrago batean multzokatzen eta kodifikatzen saiatu ginen. Lehenengo arrazoia, % 25 eta % 30 artean, arrazoi zehaztugabea zen, eta “beste bat” izenaren barruan jasotzen zen.

Akatsak eta datuak jasotzean zailtasunak egon arren, azterketa horrekin medikuentzako eredu erabilgarri bat sortu zen, diagnostiko hobeak egiteko eta ospitaleratzeen kudeaketa optimizatzeko. Algoritmoen zehaztasun maila % 60 izan zen, hau da, “algoritmoak detektatu zuen aztertutako denbora tarteetan alta jaso zuten hamar pazientetik sei ospitaleratuak izan behar zirela”.

Orain arte eredua ez da ezein ospitaletan ezarri, baina lehen urratsa izan daiteke adimen konputazionala mundu osoko osasun profesionalentzako tresna gisa erabiltzeko; izan ere, “garatutako iragarpen sistemak edozein ospitaletan eta herrialdetan aplika daitezke”, nabarmendu du Garmendiak.

Hala ere, bide horretan aurrera egiteko, garrantzitsua da datu kualitatiboak modu eraginkorrean kodifikatzeko irizpideak ezartzea. Modu horretan, informazio baliagarria eskuratu ahal izango da osasun egoerari buruz, eta informazioa boterea da. Paziente bat ospitalera itzultzeko arrazoiak jakitea ezinbestekoa da pazienteari eta osasun sistemari kostu ekonomikoak eragozteko, pazienteei ematen zaien arreta hobetzeko eta aurretiazko patologia batek okerrera egin ez dezan.

Etorkizunean, “osasun kudeaketako sistemetan konputazioan oinarritutako aurreikuspen ereduak ezarrita eta ospitalera joateko arrazoiak zuzen sailkatuta, alde batetik, hobeto kudeatuko dira osasun zerbitzuetako baliabideak eta, beste alde batetik, gaur egun aseguru konpainiekin gertatzen diren egoerak eragotziko lirateke. Izan ere, gaur egun ez dituzte ospitaleratzeen gastuak beren gain hartzen, esaten dutelako ospitalearen zabarkeria izan dela lehenengo kontsultan alta eman zaiolako”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Garmendia, A., Graña, M.,  Lopez-Guede, J.M.,  Rios, S. (2017). Predicting Patient Hospitalization after Emergency Readmission. Cybernetics and Systems-An International Journal, 48(3), 182-192. DOI: 10.1080/01969722.2016.1276772.

Ikertzaileaz:

Asier Garmendia Mujika, ingeniaria da eta UPV/EHUko Adimen Konputazionaleko ikertaldeko kidea. Unibertsitate bereko Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea da.

Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

The post Aseguru konpainien eta ospitaleen arteko gatazka, datu kontua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Txori espezieen ordezkapena: udaberriko soinua aldatzen ari da 

Mon, 2021/11/29 - 09:36

Naturako soinuek eta, bereziki, txori-kantek, naturarekin dugun harremana eta konexioa mantentzen dute. Alabaina, mundu-mailako txori-populazioen murrizpenak iradokitzen du paisaia naturaletako ezaugarri akustikoak aldatzen ari direla.

Susmo hori argitzeko asmotan, hainbat nazioarteko ikertzaile eta erakunde ornitologiko batu dira ikerketa bateratu bat egiteko. Haien artean, SEO Birdlife eta Bartzelonako Historia Naturaleko Museoa, besteak beste. Lorturiko datuekin, azken 25 urteetan Europa eta Ipar Amerikako 200.000 kokalekutako txori-kantetan gertatu den aldaketa kuantifikatu dute.

txori1. irudia: Ikertzaileen iritziz, oro har, aniztasun akustikoa eta soinu-paisaia naturalen intentsitatea jaitsi egin ziren, hegaztien komunitateen osaera aldatu egin delako. (Argazkia: Christiane – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Analisi hau egiteko, lehenik eta behin, kokaleku bakoitzerako urte bakoitzean erregistratutako txori-kanten berreraiketa egin zuten. Horretarako, Xeno Canto izeneko online datu-base libretik deskargatu zituzten grabaketak. Honela, leku bakoitzean 25 urtean zehar entzun diren txori-espezieen erregistro bat lortu zuten eta, datu horiekin, urteetan zehar espezie horiek aldatu ote diren edo espezie jakin baten ugaritasuna aldatu ote den neurtu ahal izan zuten. Lortu zituzten emaitzak benetan kezkagarriak dira: oro har, txori-espezie kopurua nabarmenki murriztu da bai Ipar Amerikan bai Europan azken 25 urteetan, eta baita espezie bakoitzeko indibiduo kopurua ere. Datu hauek aditzera ematen dute paisaia naturaletako txori-kantak, homogeneoagoak izateaz gain, isilagoak direla.

Prozesu honek badu erlazioa mundu-mailan hauteman den beste aldaketa batekin, azken urteetako txori arrunten desagerpen azkarrarekin, hain zuzen. Zehazki Espainiar Estatuari begiratzen badiogu, 500 hegazti espezie baino gehiago ikus daitezke bertako zeruak zeharkatzen. Horietatik 280 gutxi gorabehera ez-migratzaileak dira. Azken hegazti multzo horren barnean hegazti “arruntak” daude, guztira 110 bat. Txori deritzen hegaztiak dira horiek, txikiak oro har, eta ugariak, horietako batzuk behintzat. Txori horietatik, gaur egun, 40 espezie gainbeheran daude, 44 espezieren populazioak handiagotzen ari dira eta gainontzeko 26 espezieek egonkor dirudite, oraingoz. Lehen taldetik 95 milioi banako galdu dira azken 20 urteetan, eta bigarren taldetik, berriz, 110 milioi gehiago ditugu. Balantzea beraz, positiboa da. Arazoa, ordea, galtzen ari diren espezie horietan dago.

Beherakada sumatu duten txori arrunt horietatik gehienak nekazaritza-inguruan bizi dira. Manuel B. Morales Madrilgo Unibertsitate Autonomoko lur-ekologiako ikertzaileak dio soroetako txorien desagerpena duela hainbat urte hasi zela. Prozesu horren zergatien bila aritu da ekologoa eta Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean ondorioztatu zuenez, horietako bat lugorriaren desagerpena izan daiteke. Ohiko lugorriak, lurrari atsedena emateaz aparte, txori espezie askori elikagaiak, babeslekua eta habia egiteko lekua bermatzen zien. Baina nekazaritza intentsiboak eta herbiziden erabilerak soroen funtzio ekosistemiko horren galera ekarri du.

txori2. irudia: Urretxindorra txioka. (Argazkia: Peter Kasteren van – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Errealitatea guztiz bestelakoa da, bestalde, hirietan. Hiri-ingurunetako txorien populazioak handitu egin dira azken hamarkadetan, %12 kasu batzuetan. Handipen horren parte bat lehengo landa- eremuetako espezieen eskutik gertatu da, baina aparteko handipena espezie inbaditzaileen populazioek pairatu dute; usapal turkiarrak, adibidez. Era berean, duela urte batzuk nonahi ikusten ziren txorien populazioek -enarek, etxe-txolarreek eta sorbeltzek, besteak beste- gaur egun milioika banako galdu dituzte.

Datu hauekin, ez da harritzekoa, beraz, paisaia naturaletako txori-kantetan nabarmendu den narriadura kronikoa. Espero da, gainera, prozesu hau udaberrian agerikoagoa izatea, garai horretan txoriek gehiago egiten baitute kantuan. Aipatzekoa da, bestalde, ikerketa honetan bereziki txori-kantei erreparatu badie ere, litekeena dela soinu naturalak sortzen dituzten beste talde taxonomiko batzuetan ere prozesu bera nabarmentzea. Are gehiago, gainontzeko zentzumenek naturarekin ditugun harremanetan garrantzia badute ere, jatorri antropogenikoko kutsadura akustikoak naturarekin dugun lotura are gehiago eteten du eta, ikertzaileen ustetan, giza ongizatean eta portaeran eragin zuzena izan dezake horrek.

Eremu naturalak presiopean daude, mundu-mailako biodibertsitatearen galera dela medio, eta naturaren soinuen isiltzeak are gehiago okertu dezake egoera, atzeraelikadura negatiboa sortuz. Izan ere, naturarekiko kontaktua gehiago apurtzeak beragatik dugun miresmena galtzea eragin dezake, eta bera babesteko eta zaintzeko interesa erabat galtzeko arriskuan gaude. Horregatik, soinu naturalak berreskuratzea, biodibertsitatea zaintzeko zeharkako teknika izateaz aparte, giza ongizatea bermatzeko modua izan daiteke, eta baita ingurune natural osasuntsuak bermatzeko moduetako bat ere.

Erreferentzia bibliografikoak:

Morrison, C. A., et. al. (2021). Bird population declines and species turnover are changing the acoustic properties of spring soundscapes. Nature Communications, 12(6217), 1–12. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-021-26488-1

Criado, M.A. (2019). El campo español se está quedando sin pájaros, El País, 2019ko irailaren 29a.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Txori espezieen ordezkapena: udaberriko soinua aldatzen ari da  appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #370

Sun, 2021/11/28 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Nilo

Astronomia

Aste honetako astelehenean, azaroak 22, NASAk zunda bat bidali zuen espaziora, Lurra asteroideetatik babesteko teknologia berritzailea probatzeko. DART izena jarri diote misioari eta Dimorphos asteroidearen kontra joko du misio honen lehen zundak. Ez da asteroide mehatxagarri bat, baina zundaren kolpea honen orbita aldatzeko nahikoa den ikusteko erabiliko dute, etorkizunean gure planetara gehiegi gerturatzen diren asteroideetatik defendatzeko. Datuak Berrian: Lur planeta asteroideetatik defendatzeko DART misioa jaurtiko dute bihar.

Komunikazioa

Science aldizkariko editorialak eztabaida berri bat ireki du, zientzia-komunitateak informazioa gizarteratzeko dituen arazoak salatuz. Honen adibide argia da COVID-19arekin bizitzen ari garen egoera. Nahiz eta prebentzio-neurriak eta tratamenduak eraginkorrak direla frogatuta egon, askotan jendeak uko egiten die eta hau porrot modura definitzen du aldizkariak. Horri aurre egiteko, zientziak gizartera iristeko beste errei bat gehitu behar duela azaldu du, inplementazio-ikerketa. Zientziaren lerro honek, zientziak lortutako emaitzak nola gizarteratu aztertu eta landu beharko luke. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Beste errei bat gizartera iristeko.

Teknologia

AEBko eta Txinako ikertzaile batzuek materialei ezaugarri mekaniko bereziak ematea lortu dute, origamian eta kirigamian inspiratuta. Bi Japoniako arte-diziplina horiek papera tolestuz egitura ezberdinak sortzea dute helburu; 2D materialak 3D bihur daitezke tolestuz (origami), ebakiz (kirigami), edo biak eginda, hau da, tolestuz eta ebakiz (hibridoak). Teknika horiek aintzat hartuta, elektronika malguan, gailu medikoetan, robotikan, ingeniaritza zibilean edo ingeniaritza aeroespazialen erabili ahalko liratekeen metamaterialak sortu daitezkeela azaldu dute Applied Physics Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Datuak Elhuyar aldizkarian: Origamia eta kirigamia, materialei ezaugarri bereziak emateko.

Mutrikuko dikean 2011tik dago martxan olatu-energiaren instalazioa. Orain, EOLO UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak, eredu estatistiko batez baliatuz, instalazioak 1979-2019 bitartean zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen kalkulatu du, tarte horretan martxan izan balitz. Horretarako, hamar itsas egoera identifikatu dituzte ikertzaileek eta azken lau hamarkadetan olatuek izan duten bilakaera kontuan hartuta, metodologia bat garatu dute aipatutako kalkulua egiteko. Eredu estatistiko honekin ikusi dutenez, Mutrikun olatu-energia handitzen bada ere, elektrizitate-ekoizpena ez da areagotzen. Askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran: Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua.

Ingurumena

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Europako ekialdean, hondakin elektronikoen % 3,2 baino ez dute kudeatzen. Nazio Batuen Erakundeak eman du datua, Estatu Independenteen Erkidegoan eta Georgian hondakin elektronikoen inguruan egindako lehen azterketaren ostean. Azaldu duenez, % 50 hazi da hondakin elektronikoa herrialde horietan, munduko bataz bestekoaren pareko. Alabaina, munduan bataz beste hondakin elektronikoen % 17, 4 berreskuratu eta tratatzen bada ere, herrialde horietan 3,2-koa da ehunekoa. Datuak ikusirik, beraz, herrialdeei politika eta arau sendoak ezartzea eskatu dute, hondakin elektronikoak kudeatzeko eta ingurumena babesteko.

Maria Larumbe kazetariak Europako GREENPEG proiektuaren inguruan idatzi du aste honetan Zientzia Kaieran. Proiektu honen helburua teknologia berdean erabiltzen diren metalak esploratzeko teknika berri eta ez hain inbasiboak garatzea da eta, bereziki, pegmatitak bilatzeko erabil daitezkeen esplorazio aurreratuko teknologiak garatzeko lanean dabiltza. Harri igneo hauek oso garrantzitsuak dira gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko. Proiektu honen parte da Encarnación Roda-Robles Zientzia eta Teknologia Fakultateko doktore eta geologoa. Berak zuzentzen duen taldearen lana LCT (litioa-zesioa-tantalioa) motako harri pegmatitikoak aztertzeko tresnak diseinatzen datza. Datuak Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia artikuluan.

Biologia

Jose Antonio Rodriguez EHUko Genetika irakasleak RNAk irekitako bide berrien inguruan idatzi du Berrian. Azken urteotan, RNA gero eta gehiago erabili da giza osasuna hobetzeko tresna gisa, esate baterako COVID-19aren aurkako txertoetan. Baina tresna gisa ez ezik, itu terapeutiko gisa ere erabil daiteke mRNA (RNA mezularia), zenbait gaixotasun genetiko tratatzeko. Horretarako, eraldatutako azido nukleiko molekula berezi batzuk garatu dira, noranzko-kontrako oligonukleotidoak deiturikoak (ASO, ingelesezko antisense oligonucleotide). Molekula hauek gene jakin baten mRNA behar bezala erabiltzea eragozten duten gaixotasun genetikoetan erabil daitezke. ASO molekula mRNA mutatuari lotuko da eta molekula mutatu horrek sortuko lukeen eragin negatiboa ezeztatuko du horrela.

Ibon Cancio biologoa Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea da eta aste honetan itsas estazio biologikoen historiari buruz eta bertan aurrera eramaten diren ikerketen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Itsas estazio biologikoen xedea, itsasoko bioaniztasunaren ikerketa da. Pierre Joseph Van Benedenek zabaldu zuen lehen itsas-kostaldeko laborategia 1843. urtean Belgikan. Geroztik, 758 instituzio sortu dira mundu osoan zehar eta 80 Nobel saridun baino gehiagok burutu dituzte beraien lanak itsas estazio biologikoetan.

Arkeologia

Eurasiako orain arteko bitxi apaindurik zaharrena aurkitu dute. Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, Poloniako Stajnia kobazuloan aurkitu zuten 2010ean, eta erradiokarbonoaren datazio zuzenaren bidez, 42.000-37.000 urte dituela kalkulatu dute. Mamut-letaginez egindako zintzilikari apaindu bat da eta ikertzaileen arabera, ezagutzen den bitxi apaindu zaharrena da. Scientific Reports aldizkarian eman dute ikerketaren berri eta bertan azaldu dutenez, bitxia pentsamendu sinbolikoaren sorrerarekin eta Homo sapiens espeziearen hedapenarekin erlazionatuta egon liteke.

Geologia

Uholde handiek migrazio handi bat eragin zuten Egipton. Duela 10.000 urte inguru gertatu zen Nilo ibaiaren ertzetan, eta hiru milurtekoz abandonatuta egon zen inguru hori uholdeen erruz. Geologo talde batek Quaternary Science Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, aldi lehor horren ondoren, beste loraldi bat etorri zen, Kristo aurreko 14800 eta 5500 urteen inguruan. Afrikako aldi heze izenekoa gertatu zen, eta giza talde askok bizi ahal izan zuten Saharan. Datuak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #370 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #375

Sat, 2021/11/27 - 09:00

Hiltzaile izateko prestatu du giza garuna eboluzioak. The Evolution of Murder, Eduardo Anguloren orijinala adapatatu eta itzuli du Julio Ozoresek.

Kenneth Arrow izan zen bozkaren bidezko erabaki-hartzearen teoria logiko matematikoaren aita. Haren aurkikuntza batzuk harrigarriak dira. Voting theory: Arrow’s impossibility theorem Jesús Zamora Bonillarena.

Material elektroniko organiko baten propietateak neurtzea, gauza bat da. Dispositibo batean jartzerakoan zelako portaera izango duen ulertzea, beste kontu bat da. DIPCk: A path to systematically bridge the gap between molecular properties and solid-state material performance

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #375 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakume kartagileak

Fri, 2021/11/26 - 09:00

Kartak mahai joko ezagunenetako eta entretenigarrienetako bat baino gehiago dira. Aitzakia bikaina dira sozializatzeko eta ongi pasatzeko, dela tabernan, dela lagunen etxean, haurrekin, adinekoekin edota karta gutxi izanda ere pareen hordagoa arriskatzen duten lagun lakonikoekin.

Aurreko guztirako, karta sorta bat behar dugu, baina bada aipatu gabe utzi ezin dugun karten erabilera bat: magia. Magoak adituak dira kartak manipulatzen, eta, gaur egun, trukotik harago doaz: duela urte batzuetatik hona, korronte gazte eta urbano batek, cardistry delakoak, diseinu bereziak eskatzen ditu kartetan. Cardistry terminoa card (karta) eta artistry (artea) hitzen elkarketa da, eta barnean hartzen ditu trebetasun artistikoa, «kartaren artea», kartak esku batekin nahastea, piloa ebakitzea, abanikoak, kaskadak eta jaurtiketak, ahal dela, piloa ordenarik gabe jirabiraka eta lurrean amaitu gabe.

Magia existitzen denetik existitzen da cardistrya. Kartomago guztiek egiten dute florituraren bat kartekin. Emanaldien maila gero eta handiagoa da, eta kartak manipulatzea berez bihurtzen da arte, trukoa alde batera utzita. Diseinu originalak eta bisualki oso erakargarriak sortzen dira, emaitza zirraragarriak lortzeko, eta teknika bakoitzaren eta karten mugimendu bakoitzaren irudiak kontuan hartuta diseinatzen dira ilustrazioak. Horrela, efektu artistiko oso deigarriak sortzen dira. Argi dago, halaber, karten materialak egokia izan behar duela kartak ondo maneiatzeko.

Bideoa: Manuela Rud cardistriana.

Baina itzul gaitezen karten ohiko erabilerara eta fabrikaziora, eta, zehazki Espainian historikoa den enpresa batera: Heraclio Fournierrek Gasteizen sortu zuen karta fabrika.

XIX. mendearen amaieran, gizonak baino askoz emakume gehiago zeuden karta fabrikan lanean. Fabrikazioaren eta azken produktuaren berrikuspenaren prozesuko hainbat puntutan egiten zuten beren lana. Karta fabrika 1870. urtean ireki zen, eta 2021ean 150. urteurrena ospatzen ari dira, 2020an, pandemia zela eta, ezin izan baitzuten. Hori dela eta, Heraclio Fournier Museoak bere lantegietako emakumeak omendu ditu haien lana goraipatzen duen erakusketa batekin.

Berdintasunezko lan eskubideen arloan bidea ireki zuten langile horiek ikusgai egiteko helburu berarekin, Aritza Saenz del Castillo Velasco Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak liburu hau argitaratu du: Emakume kartagileak. Memoria bizia / Naiperas. Una memoria viva. Bertan, garai hartan fabrikan lan egin zuten emakume ugariren testigantzak biltzen dira. Heraclio Fournierren fabrikaren lehenengo urteetan ez zegoen ondo ikusia emakumeek etxetik kanpo lan egitea, eta are gutxiago industrian. Saenz del Castillok dioen bezala, emakumeen lan produktiboa mehatxu soziala zen, naturaren aurkako erasoa. Hala ere, kartagileek lan munduan lekua egiteko modua aurkitu zuten. Duela gutxi arte ez genekien gehiegi haiei buruz, ez haiei ez hiri askotako ekonomia funtzionarazten zuten beste hainbat langileri buruz, une hartan emakumeek ezin baitzuten ugalketa funtziotik harago joan. Badakigu ekonomia, neurri handi batean, emakumeek historian zehar egin duten doako zaintza lanean oinarritzen dela. Lan esparru arautuan sartu zirenean ez zuten ez aitorpenik ez laguntza erantzukiderik izan etxean. Eta esan gabe doa lantokian ere ez zeudela euren eskubideak aitortuta.

Bideoa: Fournierreko emakume kartagileak, hiriko nortasunaren ikur (Egilea: Arabako Alea

Karta fabrikan, lanpostu guztietan zegoen generoaren araberako bereizketa horizontala eta bertikala. Emakumeak enplegatu zituzten «emakumeen lanbide osagarriak» egiteko, baita kartak inprimatu aurreko eta ondorengo zereginetarako ere: kartulina hautatzea, bernizatzea, kartak moztea, karta sortak berrikustea, kutxatilak egitea eta paketatzea. Azpimarratu behar da beren egitekoa funtsezkoa izan zela karta sorten kalitate-maila gorena mantentzeko. Denborarekin, administrari eta ilustratzaile lanetan ez ezik, laborategi kimikoetan, fotokonposizioan eta inprimaketa makinetan ere aritu ziren.

Fournierren karta fabrika familia handi bat bezalakoa zen. Enpresa ez zen lanerako toki bat bakarrik, sozializatzeko, prestakuntza jasotzeko, aisialdirako eta kulturarako toki bat ere bazen. Gainera, langileen osasuna zaintzen zuten bertan, bai eta morala eta erlijioa, etxebizitza, gizarte prestazioak eta kirola ere. Eta ezin dugu ahaztu enpresan arnasten zen aire paternalista.

Baina Espainiako industria etaparen hasieran, emakumeen lana oso prekarioa zen. Bigarren mailako lanbidetzat jotzen zen, lan ingurune askotan gehiengoa baziren ere. Bi arrazoi nagusi zeuden emakumeak kontratatzeko: alde batetik, zorrotzak, tematiak, behatzaileak eta arduratsuak zirelako, eta, bestetik, soldata txikiagoak ordaintzen zitzaizkielako. Karrera profesional luzeko emakumeek jornalarien –fabrikara sartu berri ziren gizonen– soldata berdina jaso zezaketen, eta ez zuten kategoria aldatzeko eskubiderik.

kartagileakIrudia: Kartagileak Fourier enpresak lanean. (Argazkia: Arabako Fournier Karta Museoa)

Gainera, Gerra Zibila amaitutakoan, diktadurak espazio publikotik atera zituen emakumeak, eta Bigarren Errepublikan ezarritako berdintasun lege guztiak indargabetu zituen. Horrela, Lanaren Foruak (1938), alegia, lanaren arloko legedia frankistaren bizkarrezurrak, lantegia eta fabrika uzteko eta etxera itzultzeko agindu zien emakumeei, «emazteen eta amen eginbeharra bete zezaten».

Fournierren, ezkontzeko nahitaezko absentzia baimenik ezarri ez bazen ere, 25 eta 29 urte arteko kartagile askok erretiroa hartu zuten ezkontzeko, eta konpentsazio ekonomiko txiki bat zuten. Ondorioz, 30 urtetik gorako emakumeak lan indarraren % 20 ziren. Hala eta guztiz ere, Fournierren fabrikak emakumeak kontratatzen jarraitu zuen, «Gasteizen bizitzea garestia zenez, euren familiei baliabideak emateko». Kartagileek erregimenak bultzatutako imajinarioa hautsi zuten. Etxera zeramaten soldata, askotan, familiaren ekonomiaren oinarria zen.

Emakume ezkonduek lan egiten jarraitu nahi zuten. Konturatu ziren, gizonen mende egoteari uzteko, funtsezkoa zela beren bizi proiektua karrera profesional bati lotuta eraikitzea. Familia eta lantegia uztartu nahi zituzten. Langilearen irudia aldarrikatu zuten: beren bikotekideek bultzatutako estereotipo asko bidegabeak zirela konturatu ziren, soldata diskriminazioa salatzen hasi ziren eta lanpostuak berrikustea eskatu zuten. Gainera, etxeko lanak eta lan profesionalak uztartzeko neurriak eskatu zituzten, baita haurtzaindegiak fabriketan eta lan baldintza hobeak ere. Lan baldintza horiek, gaur egun, oinarrizko eskubideak dira, eta haien borrokari esker balia ditzakegu. Autokudeaketa oso garrantzitsua bihurtu zen beren bizi proiektuaren eraikuntzan, eta bazekiten ekonomia iturri bat behar zutela hori lortzeko.

1950eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, emakumeen eskulanaren eskariak gora egin zuen. Horrek emakumeen rola aldatzea ahalbidetu zuen, eta lantegietan beste lan batzuk egiten hasi ziren. Fournierren, beste lanpostu eta kargu batzuk izateko aukera gehiago lortu zituzten. Proiektu eta Marrazketa Zerbitzua nabarmentzen da, bertan, genero kontuen gaineko pentsaera aldatu egin baitzen. Langileak ordezkatzen zituzten erakundeetan ere sartu ziren.

Kartagileak urrutira iritsi ziren, eta, gainera, 1976ko lehen hilabeteetan, Gasteizen, greba giroa piztu zen. Batzuk diktaduraren aurkako oposizioan sartu ziren, eta 1976ko martxoaren 3ko mobilizazioetan ere aktiboki parte hartu zuten. Egun hartan egin zen Fournierren fabrikako lehen greba.

Mobilizazio horiei eta lortutako eskubideei esker, emakumeek lantegietan jarraitu dute, eta, bereziki, karta fabrikan, non teknologiak aurrera egiten duen eta inklusioa enpresaren printzipioa den. Emakumeek egindako ekarpenak modu positiboan aitortzen eta baloratzen dira: kartak egiteko materialen azterketa bakoitzaren atzean dagoen zientzia, diseinuak egiteko sormena eta teknologia, koloreak finkatzeko kimika eta bernizak, bai eta prozesua kalitate kontroletatik gainbegiratzea ere, horietan, asko balioesten baitziren –eta baitira– «ezaugarri femeninoak».

Esparru honetan oraindik asko dago egiteko estereotipoei eta genero rolei dagokienez, baina emakumeek beren gizonezko lankideek dituzten gaitasun berberekin diseinatzen eta fabrikatzen dituzte karta jokoak. Mus jokalari adituak izan daitezke, edo gauza ederrak egin ditzakete kartak hegan eginarazita. Kartagileen liburuko hitzaurreak Pamela K. Metz eta Jacqueline L. Tobin aipatuta dioenez:

«Orain isiltasuna hautsi da; koru bat goratu da. Emakumeak hitz egiten ari dira».

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko azaroaren 16an: “Naiperas“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Emakume kartagileak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsas estazio biologikoen historia eta kostaldeko bioaniztasunaren ikerketa

Thu, 2021/11/25 - 09:00

Itsasoa ez da guretzako gizakiok, ohiko bizi-eremua. Ez da gure habitata eta gure historiaren zati nagusienean lur-eremuak banatzen zituen pasabidea edo amildegia baino ez da izan. Horretan, eta bertan bizi diren organismoak eta berauen berezitasunak arrotzak izan zaizkigu gizaldietan zehar. Itsasoarekiko hurbilketan izan dugun zailtasun horretan trebezia eta azpiegitura bereziak garatzeko beharrean aurkitu gara. Itsasoan bizi diren izakion azterketarako itsasontziak eta laginketa-metodo aproposak garatu behar izan ditugu, eta baita ere itsasotik hurbil egonkorki kokaturiko ikerketa-azpiegiturak eta “egoitzak”. Izan ere, eta orokorrean, kostaldeetan aurkitzen da itsaso guztietan bioaniztasun ugariena, lurraren eta itsasoaren arteko mugak biziaren loratzea ahalbidetzen baitu.

Itsas estazioIrudia: Plentziako Itsas Estazioa itsasoko bioaniztasuna ikertzea du helburu, besteak beste.  (Argazkia: Euskal Herriko Unibertsitatea)

Aniztasun honen ikerketa izan da itsas estazio biologikoen xedea, Pierre Joseph Van Benedenek lehen itsas-kostaldeko laborategia 1843. urtean Ostenden (Belgika) zabaldu zuenetik. 1910. urterako 40 itsas estazio biologiko baino gehiago zeuden zabalduak Europako geografian barrena, ekosistema desberdinen ikerketarako ate gisa. UNESCOren 2017. urteko txosten baten arabera badira gaur egun izaera honetako 758 instituzio, 98 lurralde desberdinetan barreiaturik. Erakunde hauek berebiziko garrantzia izango dute UNESCOk 2021 eta 2030 urteen bitartean deitu duen “Garapen Jasangarrirako Itsasoaren Ikerketarako Hamarkada”-ren egitasmoen baitan. 150 urte luzez egin duten bezala, oraindik ere, itsasoaren bioaniztasuna eta bertan diren izakien biologiaren ikerketa da beraien misioa.

Egitura hauek, besteak beste, zientifikoei egoitza eskaintzeko sortutako ikerketa azpiegiturak dira. Itsas estazioak babesa, tresneria eta trebatutako laguntza eta ingurunearen ezagutza eskaintzen dituzten “itsas-geltokiak” izan dira. Ikerketa-lana tren-bidai batekin alderatzekotan, bioaniztasun aberats edo berezietako guneak markatzen dituzten geldiuneak markatuko lituzkete ikerketa-erakunde hauek. Historia naturalaren irakaskuntzarako tresna izan dira, bai eskola mailako heziketan zein Unibertsitate mailakoan, eta gizartean sortu den itsas-ingurunearekiko kontzientzia sortzaile izan dira. Hiru mendetan egindako bidai honetan itsasoko organismoek lehen lerroko oinarrizko ikerketarako bideak eman dituzte, itsas eredu biologikoen erabileraz. Hau da, zenbait espezie itsastar laborategiko akuria baliagarrirenetarikoak izan dira. Adibide bat ematearren, itsas trikua ezinbesteko baliabidea izan da ernalketaren, enbriologiaren eta garapen biologiaren ikerketan, edota, minbiziaren biologia molekularraren hastapenetan eta beste hainbat esparrutan ere. Ikerketa neurofisiologikoa, bestetik, ulertezina da XX. mendeko erdialdean hasita itsas-moluskuekin egindako ikerketak alboratzen badira. Ez dago gaur egun animali transgenikoekin ikerketa molekularrik egiterik itsas marmoketatik eratorritako proteina fluoreszente berdea erabili gabe.

Itsas estazioetan ostatu hartuta, zuzeneko lana burutu dute edo denbora laburreko harremana izan dute, 80 Nobel saridun baino gehiagok (Thomas Hunt Morgan, Otto Warburg, Santiago Ramon y Cajal, Hans Spemann, Bernard Katz, Tim Hunt, Avram Hershko, Eric Kandel…). Gainera, itsasoko izakiok gizakiontzako ezinbesteko baliabideak lortzeko eta ustiatzeko aukerak eman dituzte, ez bakarrik arrantzuaren eta itsas akuikulturaren bidez, baita “bioteknologia urdina”-ren bidez ere. Itsasotik datozen izakien erabilera bioteknologikoa itsas eskualdeen garapen sozioekonomikorako etorkizunezko promesa bilakatu dira eta horrela jasotzen dute Europar Elkartea edo OECD bezalako erakundeek. Hori sustatzeko jaio zen Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU) eta horretarako elkartu da Europako 9 lurraldeetako beste hainbat itsas estazioekin, ikerketa azpiegitura pan-europar berria sorraraziz, “European Marine Biological Research Center” . Urte askotarako!

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2020ko ale berezia
  • Artikuluaren izena: Itsas estazio biologikoen historia eta kostaldeko bioaniztasunaren ikerketa.
  • Laburpena: Itsasoa ez da guretzat, gizakiontzat, ohiko bizi-eremua. Ez da gure habitata eta gure historiaren zati nagusian lur-eremuak banatzen zituen pasabidea edo amildegia baino ez da izan. Horretan, bertan bizi diren organismoak eta haien berezitasunak arrotzak izan zaizkigu mendeetan zehar. Itsasoarekiko hurbilketan dugun zailtasun horretan gizakiok trebezia eta azpiegitura bereziak garatzeko beharrean aurkitu gara. Itsasontziak eta laginketa-metodo aproposak behar ditugu, baina baita itsasotik hurbil egonkorki kokatuak dauden ikerketa-azpiegiturak eta «egoitzak» ere. Izan ere, eta oro har, kostaldeetan aurkitzen da itsaso guztietan bioaniztasun ugariena, lurraren eta itsasoaren arteko mugak biziaren loratzea ahal- bidetzen baitu. Aniztasun horren ikerketa izan da itsas estazio biologikoen xedea XIX. mendetik.
  • Egileak: Ibon Cancio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 29-55
  • DOI: 10.1387/ekaia.21074
Egileez:

Ibon Cancio EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Itsas estazio biologikoen historia eta kostaldeko bioaniztasunaren ikerketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Uholde handiek migrazio handi bat eragin zuten Egipton

Wed, 2021/11/24 - 09:00

Duela 10.000 urte inguru Nilo ibairen inguruan bizi ziren populazioek alde egin behar izan zuten, uholdeak zirela eta. Hiru milurtekoz abandonatuta egon ondoren, gizakiak Nilora bueltatu ziren, iraganeko zibilizazio garrantzitsuenetakoa abiatuz.

Kultura eta garai askotan mito bat errepikatzen bada, hori da uholde handi bati erreferentzia egiten diona. Kultura judeokristauan, uholde unibertsalaren gaineko kontakizunak mota guztietako azalpenak bilatzera bultzatu ditu lagun asko eta asko, mito horren jatorria azaltzeko. Agian zabalduenetako bat Itsaso Beltzari buruzko hipotesia da. Horren arabera, duela 7.500 urte inguru, itsaso horretako urak bat-batean igo ziren, Mediterraneotik ura barra-barra sartu zelako. Zientzialari batzuen arabera, igoera horrek eragin zuen Itsaso Beltzaren kostaldean bizi ziren herriek migratu behar izana. Uholdearen oroitzapena Mesopotamiara igaro bide zen gero, eta, handik, Israelera.

Azken glaziazioaren amaierara jotzea da beste klasiko bat. Itsasoaren mailaren igoerak kostaldeetako populazioek lur barrenera migratzera bultzatu zituen. Kasu deigarrienetako bat da Doggerland izeneko eremuarena, Britainiar uharteen eta Europa kontinentalaren artean zeuden populazioen bizilekuak urperatuak izan baitziren.

1. irudia: Nilo ibaiaren ertzean abiatu zen Egiptoko zibilizazioa, baina hori gertatu aurretik, 3.200 bat urtez, ibaia abandonatua egon zen, uholdeak zirela eta. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hipotesi zirraragarriak izanik ere, zaila da gertakari horiek berariaz Ekialde Hurbilarekin lotzea. Egiptoko zibilizazioaren eta Ekialde Hurbilaren arteko lotura, ordea, trinkoagoa izan zen. Bada, uholdearen mitoari azalpen historiko bat bilatzen diotenek badute orain bazkalosteko solasaldietan mahai gainean jartzeko beste argudio bat. Izan ere, ikertzaile batzuek Niloren inguruan gertatutako uholdeen ebidentzien berri eman dute.

Geologo talde batek Quaternary Science Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, duela 10.000 urte inguru izandako eurite handiek Egipton populazio mugimendu handi bat eragin zuten. Ondorio horretara iritsi dira orain basamortu hutsa den tokian garai horren bueltan zeuden ibaien aztarnak aztertuta.

Artean Egiptoko zibilizazioa garatuta ez zegoela gogoratu beharra dago, baina ikertzaileek badakite Nilo ibaiaren ertzak populatuta zeudela aspalditik. Aurreko ikerketek erakutsi dute giza populazio batzuk duela 25.000 urte inguru hasi zirela bizitzen Niloren ertzetan, gaur egungo Egiptoko hegoaldean eta Sudango iparraldean. Han hartu zuten aterpe, ordura arte hezea izan zen Sahara basamortu bilakatu zenean.

Seguruenera ez zen lehen aldia horrelako zerbait gertatu zela, ezta azkena ere. Milurtekoetan zehar, Saharako eremuan aldi hezeak eta idorrak tartekatu izan dira, eta horien arabera mugitu izan dira giza populazioak. Aldi lehor horren ondoren, beste loraldi bat etorri zen: Kristo aurreko 14.800 eta 5.500 urteen inguruan Afrikako aldi heze izenekoa gertatu zen, eta giza talde askok bizi ahal izan zuten Saharan.

Bada, orain argitu dutenez, aldi heze horretan Niloren inguruan bizi zirenek migratu behar izan zuten, antza, eurite gogorrek eragindako uholdeek bertan bizitzea ezinezkoa bilakatu zutelako. Duela 10.000 urte inguru Egiptoko erdialdera jo behar izan zuten muturreko eguraldia zela eta. Duela 7.000-5.500 urteren bueltan, egoera klimatikoa berriro aldatu zen, eta herri horiek Nilora itzuli ziren. Azken mugimendu hori izan zen, hain justu, Egiptoko zibilizazioa ahalbidetu zuena.

Ikertzaileek kalkulatu dute Niloren ertzak 3.200 urtez abandonatuak izan zirela, uholdeengatik. Bertan “egoera arriskutsuak” bizi izan zirela diote, eta seguruena aintzirak sortu zirela. Garaiko klima berreraikitzeko, Nasser lakuaren iparraldean dauden ibai fosilak ikertu dituzte. Horrela, garai horretan eremuan ziren euri tasak kalkulatu dituzte. Ondorioztatu dutenez, nahiko modu bizkorrean tenperatura 7 ºC handitu zen, eta, ondoren, euri jasen frekuentzia lau handiz handitu egin zen. Horrek ekarri zuen ibai horien inguruan bizi ziren populazioek Egiptoren erdialdera migratu behar izana.

“Iraganeko klimak berreraikitzeko ezinbestekoak dira ibai hauek, aukera ematen digutelako ondorioztatzeko unean-unean zihoan ur kopurua, zenbat euria egiten zuen, eta baita zein maiztasunekin egiten zuen ere”, azaldu du Abdallah Zaki ikertzaileak prentsa ohar batean.

uholde2. irudia: Gizakien bizilekuen kokalekuak (goian), zenbatetsitako prezipitazioekin alderatuta (behean). (Irudia:Abdallah S. Zaki et al.)

Nolatan da izan dira gai ibai idor batean abiatuta klima zaharrak berreraikitzeko? Paleohidrologia lantzen dutenek teknika andana baliatzen dituzte horretarako. Horietako bat da harri koskorren azterketa. Handienek erakusten dute euri emari handia gertatu zela, bestela urak ez zuelako modurik izango harri puska horiek eramateko.

Horrez gain, ibai fosilaren sakonera eta zabalera ere aintzat hartzen dituzte, horiek ere badirelako ibaiek eramaten zuten ur kopuruaren adierazle bikainak. Segundoko zenbat metro kubo ur zeramatzaten kalkulatzeko gai dira horrela. Modu berean, aro hidrografikoaren azalera kalkulatu behar dute. Bi aldagai horiek ezagututa, prezipitazio tasa kalkulatzeko moduan egon dira.

Ibaiak aktibo noiz egon ziren zehazteko, ibilguan aurkitutako materia organikoa karbono-14 teknikaren bitartez datatu dute. Materia organikoari ez ezik, sedimentuei ere erreparatu diete. Horretarako, sedimentu horietako kuartzoa aztertu dute, optikoki estimulatutako lumineszentzia teknikaren bitartez.

Datu horiek aintzat hartuta, prezipitazio oso indartsuak gertatu zirela ondorioztatu dute: orduko 55-80 milimetro artean. Prezipitazio horiek, gainera, Afrikako aldi hezea baino lehen zeudenak baino hiruzpalau handiagoak izan zirela kalkulatu dute.

Denbora luzean uholdeak kezka iturri izan ziren, baita Egiptoko zibilizazioa loratuta zegoenean ere. Horren adibidetzat jo dute Karnak tenpluan aurkitutako estela bat. Duela 3.500 urte gertatutako hondamendi baten berri ematen du, muturreko eguraldiaren ondorioz izandako kalteak aipatuta. Beste ikertzaile batzuek iradoki dute egoera hori Therako sumendiaren erupzio baten ondorio izan zitekeela, baina istorio hori beste egun baterako utzi beharko dugu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Abdallah S. Zaki et al. (2021). Did increased flooding during the African Humid Period force migration of modern humans from the Nile Valley? Quaternary Science Reviews, 272, 07200. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quascirev.2021.107200.

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Uholde handiek migrazio handi bat eragin zuten Egipton appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia

Tue, 2021/11/23 - 09:00

Historiaurretik, gizakiak lurra ustiatu du tresnak, armak eta eraikuntza materiala fabrikatzeko, harriak, zeramika eta metalak erauzita. Meatzaritza munduko lanbide zaharrenetako bat da eta, aurrerapen teknologiko asko egon arren, gizakiak oraindik ere mineralen mendekotasun handia du egunerokotasunean.

Izan ere, zenbait mineraletan dauden elementu batzuk –adibidez, litioa– telefono mugikorren, tableten eta bestelako gailu elektronikoen eta auto elektrikoen baterien oinarria dira, eta azken horiek, era berean, ezinbestekoak dira trantsizio ekologikoa gauzatzeko eta karbono aztarna gutxitzeko. Mineral horien erauzketa nagusiki bi metakin mota hauetatik egiten da: gatzunak eta pegmatitak, eta, paradoxikoa badirudi ere, hori ez da beti espero bezain ekologikoa; izan ere, ondorio txarrak izan ditzake inguruko floran eta faunan, airea eta azaleko urak kutsa ditzake, eta lurrazalean kalteak sortu.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da teknologia berdean erabiltzen diren metalak esploratzeko teknika berri eta ez hain inbasiboak garatzea. Horixe da Europako GREENPEG proiektuaren helburu nagusietako bat, pegmatitak bilatzeko erabil daitezkeen esplorazio aurreratuko teknologiak garatzea, hain zuzen ere. Pegmatitak konposizio granitikozko harri igneoak dira, kuartzoz, feldespatoz eta mikaz osatuak, eta litio, zesio, tantalio eta halako beste mineral batzuekin aberastuak egon daitezke, zeinak garrantzitsuak diren gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko.

Trantsizio ekologikoaIrudia: Pegmatitak konposizio granitikozko harri igneoak dira, kuartzoz, feldespatoz eta mikaz osatuak, eta litio, zesio, tantalio eta halako beste mineral batzuekin aberastuak egon daitezke, zeinak garrantzitsuak diren gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko. (Argazkia: Francisco Ruiz Contreras – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)

Proiektu horretan, esplorazio eta meatzaritza enpresa batzuk eta Europako zenbait unibertsitate parte hartzen ari dira. Horien artean dago UPV/EHU, Encarnación Roda-Robles Zientzia eta Teknologia Fakultateko doktore, geologo eta ikertzaile nagusiak zuzentzen duen ikertaldearen bitartez. Talde hori VARISBLIP deitzen da, eta proiektuaren zati garrantzitsu bat beraien esku dago, hau da, LCT (litioa-zesioa-tantalioa) motako harri pegmatitikoak aztertzeko tresnak diseinatzen dituzte, energia berdeekin lotutako materiala ustiatzeko. “Diseinatuko ditugun tresna horiek erabilerrazak eta azkarrak, ekonomikoak eta ingurumena gutxi inbaditzen dutenak izatea nahi dugu”, azaldu du Roda-Robles doktoreak.

Proiektu horren beste helburuetako bat da Europak litioa ustiatzen aitzindariak diren herrialdeekin –adibidez, Txina eta Australia– duen mendekotasuna gutxitzea eta Europako baliabide materialak modu jasangarriagoan, ekonomikoagoan eta ez hain inbasiboan ustiatzea. Horretarako, ikertaldeak harri pegmatitikoak aztertzen ditu, zeinak, doktorearen hitzetan, “bereziki aberatsak izan baitaitezke metal teknologikoetan, baina askotan txikiak dira, eta aurkitzen zailak esplorazio teknika tradizionalen bidez”.

Pegmatitak, lurreko “txerria”

Pegmatitak oso harri interesgarriak dira, haietatik ateratzen baitira lurrazalean oso ugariak ez diren elementuak, bai eta harribitxi batzuk ere; adibidez, akuamarina eta turmalina. Roda-Robles doktoreak eta ikertaldeko arduradunaren hitzetan, harri horietatik “guztia aprobetxa daiteke, txerriekin gertatzen den moduan: industria mineralak eskuratu daitezke –kuartzoa, feldespatoa eta mikak–, baita metalak ere –litioa, tantalioa eta eztainua– edota bitxigintzarako eta museoen eta partikularren mineralen bildumetarako harribitxiak ere”.

Harri horiek oso garrantzitsuak dira trantsizio ekologikorako. Pegmatitetatik metalak erauz daitezke, besteak beste, litioa, zesioa edo tantalioa, eta metal horiek ezinbestekoak dira energia berdeko zenbait gailu fabrikatzeko; adibidez, energia biltegiratzeko gailuak, zelula fotovoltaikoak, turbina eolikoak eta kondentsadoreak, telefono mugikorrak, kamerak eta tabletak.

Rodas-Roblesek dioenez, “Europak kanpoko herrialdeekiko mendekotasun handia du litiozko bateria horiek fabrikatu ahal izateko. Iberiar penintsulan badaude litio biltegi batzuk, eta, zenbait azterketa geologikoren arabera, lurraldea oparoa da elementu horretan. Orain, bilatu egin behar dugu”. Proiektuaren barnean, ikertaldea lanean ari da Arribes del Dueron (Salamanca), Almendra eta Gonçalon (Portugal), Tres Arroyosen (Badajoz) eta Caceresko zenbait herritan. Helburua da harri horien esplorazioari heltzea zenbait mailatan: harrien lokalizazioan, laginketan eta analisian. Proiektua duela urtebete jarri zen martxan, 2020ko maiatzean, eta ia lau urte eta erdi iraungo du.

Meatzaritza ekologikoagoa

Rodas-Robles doktorearen lantaldearen ikerketak bi zati nagusi ditu. Lehenengoa azterketa litogeokimikoa egitea da, hau da, pegmatitak harrian utzi duen aztarna aztertzea. Zehazki, haien lana da Iberiar penintsulan litio mineralizatua duten harrien laginketa eta analisia egitea, litio mineralizatua duten dike pegmatitikoek harrietan utzitako aztarna kimikoaren hedadura eta zenbatekoa zehazteko.

“Datu horiek eskuratu ostean, erreka eta lurzoruetako sedimentuen azterketekin osatuko ditugu; izan ere, harri batean anomalia kimikoren bat gertatzen den bakoitzean, elementuen kontzentrazioa gehitu egiten da hurbileko harrietan eta harri horietatik sortzen diren lurzoruetan eta ibaietako biltegietan.”

Harrietan zundaketarik edo zulaketarik egin behar ez denez, miaketarako tresna hori azkarragoa eta ekonomikoagoa izango da, ez hain inbasiboa, eta aztertuko diren eremuetan oso inpaktu txikia izango du. Iberiar penintsulan eskala txikian egingo da, zehazki, 25 kilometro artera mugatutako erradioetan.

Nahiz eta mineralekiko mendekotasuna artean ere handia izango den, gizakiak bere bizi estiloa mantendu eta hurrengo belaunaldientzako etorkizuna ziurtatu nahi badu, ekimen berdeak martxan jarri behar dira. Horixe ondorioztatzen da Nazio Batuen Erakundeak hamarkada honetan mundua eraldatzeko sortutako 2030 Agendan. GREENPEG eta halako ekimenen xedea da meatzaritzan lehiakortasuna berreskuratzea modu jasangarrian, CO2 emisioak gutxituz eta auto elektrikoen aldeko apustua eginez, erregai fosilak erabili ordez.

Ikertzaileaz:

Encarnación Roda-Robles geologoa eta UPV/EHU Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko VARISBLIP ikertaldeko ikertzaile nagusia da.

Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

The post Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua

Mon, 2021/11/22 - 09:00

Mutrikuko dikean 2011tik martxan dago olatu-energiaren instalazioa. Elektrizitatea sarera etengabe hornitzen duen munduko olatu-parke bakarra da. UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak (EOLO) eredu estatistiko bat erabiliz kalkulatu du zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen instalazioak 1979-2019 bitartean, tarte horretan martxan izan balitz.

Energia ekoizteko olatuen indarraz baliatzen diren teknologiak ez daude oso garatuak eta EOLO ikerketa-taldeak, besteak beste, hutsune hori hartu du ikerlerro. Azken urteotako lanari esker egiaztatu du 1900etik aurrera Bizkaiko Golkoko olatuen energia-fluxua handituz joan dela eta Mutrikuko olatuen plantaren ekoizpen ereduak aurresateko eredua sortu du. Horretarako, hamar itsas egoera identifikatu dituzte ikertzaileek eta helburua izan da ikustea nola erantzungo zukeen Mutrikuko instalazioek joera horren arabera funtzionatu izan balu. Beraz, azken lau hamarkadetan olatuek zer bilakaera izan duten kontuan hartuta, metodologia bat garatu dute ikusteko gorakada horrek zer eragin eduki dezakeen Mutrikuko ekoizpenean.

Mutrikuko energia-ekoizpenaIrudia: EHUko Eolo ikerketa-taldea itsasoaren portaera aurreikusiko dituen modeloak garatzen dabil, energia berriztagarriek daukaten aldizkakotasunaren erronkari aurre egiteko. (Argazkia: confused_me – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gabriel Ibarra taldeko ikertzaile eta UPV/EHUko Ingeniaritza Energetikoa Saileko irakasleak azaldu duenez, “gauza bat da olatuek zer energia dakarten, zer energia hidrauliko duten, eta beste gauza bat da hortik zenbat energia elektriko lortzen den”. Horretan ari dira azken urteetan: “Duela zenbait urte Mutrikuko instalazioen funtzionamenduaren hainbat gako identifikatu ondoren, orain, klima-aldaketak Mutrikuko ekoizpenean zer eragin duen jakiteko metodologia bat garatu dugu. Haren bidez, kalkulatu dugu 1979-2019 bitartean Mutriku jardunean aritu izan balitz zenbaterainoko energia ekoitziko zukeen eguneko; eta, gainera, horrek balioko digu etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikusteko”, dio Ibarrak.

Olatu-energia handitzen da, baina elektrizitate-ekoizpena ez

Ikertzaileek ikusi dute Mutriku inguruan olatu-energiaren goranzko joera hori ez dela Bizkaiko Golkoko beste toki batzuetan bezain handia izan. Horrez gain, olatuen energia-fluxuaren bilakaera baikorra izan arren, adituen esanetan, ekoizpen elektrikoa konstante mantenduko litzateke, energia-fluxua nibelatu egiten delako maila jakin batetik gora. Ibarraren iritziz, askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko.

Hamar itsas egoera nagusi identifikatu dituzte, eta bakoitzari elektrizitate-sorrerarekin lotutako patroi bereizgarri bat lotu diote —eguneko eskalan—. Horrela, Mutrikuko olatu-parkea 1979-2019 bitartean jardunean egon izan balitz egunean sortuko zukeen energia elektrikoa kalkulatu dute. Ondorioz, ebaluatu ahal izan dute klima-aldaketak eta honekin lotutako olatuen energia-fluxuak zer-nolako eragina izango zuen Mutrikuko instalazioen elektrizitate-ekoizpenean.

Aurrera begira, “hurrengo urratsa da klima-aldaketaren eraginez etorkizunera begira jarri eta aurreikuspen bat egitea: guk uste dugu goranzko joera horrek jarraitu egingo duela, eta ikusi nahi dugu, batetik, zelako joera izango den, handia edo txikia, eta, bestetik, zelako eragina izango duen horrek etorkizunean, datozen hamarkadetan, Mutrikuko ekoizpenean. Mutrikuko instalazioetan egiten diren ikerketa guztiak oso baliagarriak dira teknologia hauetan aurrera egiteko, sarera energia etengabe hornitzen duen munduko instalazio bakarra baita”, adierazi du Ibarrak. Ikerketan frogatu dute, beraz, olatu-instalazioen bideragarritasun-azterketak eta azterketa ekonomikoak fidagarritasun handiz egin daitezkeela, baliabidearen beraren etorkizuneko ziurgabetasunek ez dutelako eragin nabarmenik izango instalazioen bizitza-ziklo osoko errendimendu elektrikoan.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Olatu-indarrak gora egin arren, Mutrikuko energia-ekoizpena konstante mantentzen da

Erreferentzia bibliografikoa:

Ibarra-Berastegi, Gabriel; Ulazia, Alain; Sáenz, Jon; Serras, Paula; González Rojí, Santos J; Esnaola, Ganix; Iglesias, Gregorio (2021). The power flow and the wave energy flux at an operational wave farm: Findings from Mutriku, Bay of Biscay. Ocean Engineering, 227. DOI: 10.1016/j.oceaneng.2021.108654

The post Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #369

Sun, 2021/11/21 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

elur hontza

Teknologia

Ordenagailu kuantikoak sortzeko pausu berri bat eman da. AEBtako IBM (International Business Machines Corporation) multinazionalak nanografenozko iman kuantikoen kateak eraiki ditu partikulen magnetismoa hobeto ulertzeko asmotan eta horiekin lanean dabil David Jacob EHUko Ikerbasqueko ikertzailea. Grafenoa bi dimentsiokoa da, hau da, atomo bakarreko lodiera du, eta hainbat ezaugarri ditu, besteak beste, propietate elektroniko bereziak. Grafeno geruzen magnetismoa oso interesgarria da eta horietaz baliatzen ari dira Jacob eta bere lankideak ordenagailu kuantikoak egiteko bide alternatibo moduan. Datuak Berrian: Bide kuantiko berri bat. Berriako beste artikulu batek ere gai bera jorratu du aste honetan, orain arteko prozesadore kuantikorik indartsuena aurkeztu du IBMk, konpainia honek Eagle izeneko prozesadorea aurkeztu baitu, 127 qubit dituen txip bat, hain zuzen.

Beñat Zaldibarrek, UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak, “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrena ospatuz, nobelaren nondik norakoen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, nobelaren arrakastaren parte handi bat seguruenik bi elementuei zor diegu. Alde batetik, Nemo kapitaina momentura arte Vernek sortu zuen pertsonaia interesgarriena eta zeresan gehien sortu zuena zelako. Bestalde, momentuko ingeniaritzan errotuta badago ere, Vernek etorkizunean etor daitezkeen aurrerapenak gehitzen dizkio, bien arteko oreka perfektua lortuz.

Biologia

Artikoko elur hontzak (Bubo scandiacus) azaldu dira Espainiako iparraldean eta jendetza joan da hauek mirestera. Europa eta Amerika iparraldeko hegazti enblematiko da eta Tundran bizi da, eremu oso hotzetan, eta gizakirik ez dagoen toki basatietan. Horregatik izan da hain berezia animalia hauek gugandik hain gertu ikustea. Bat ordea, oso ahul zegoen eta hil egin da. Espezie honetako kideek migratu egiten dute eta bidaian zehar, batzuetan itsasontzietan geratzen dira atseden hartzeko, eta ontzia lehorreratzen den tokian agertzen dira. Hau da animalia hauen agerpenaren hipotesietako bat. Azalpenak Berrian: «Behin izaten da elur hontza ikusteko aukera».

“DNA airean dago” idatzi du Koldo Garciak Zientzia Kaieran. Science aldizkarian argitaratutako artikulu baten harira dator idatzi hau. Azken hamarkadan DNA hainbat tokitatik detektatzea lortu dute ikertzaileek, baina DNA airean detektatzeko saiakerak, aldiz, urriagoak izan dira. Danimarkako ikertzaile-talde batek Kopenhageko zoologikoko hiru lekutan egin zuen aireko DNAren laginketa, hainbat xurgagailu eta haizagailu erabiliz. Beste ikertzaile talde iragazkiak zituzten huts-ponpak jarri zituzten Hamerton Zoo Park zoologikoan. Bi lan hauek helburu bera zuten: inguruko biodibertsitatea neurtzea.

Juanma Gallegok zaldi modernoen jatorria argitu dutela azaldu du Zientzia Kaieran. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa genetiko batek frogatu duenez, Errusiako estepetan abiatu zen zaldiaren etxekoratzea, duela 4.200 urte inguru. Kaukaso iparraldean kokatu dute abiapuntu hori, Errusiako estepetan, Don eta Volga ibaien bokaleen artean. Handik abiatu ziren gero, Europa osora eta Asiako ekialderantz, aurretik zeuden zaldien populazioak ordezkatuz. Ikerketa honek, zaldiaren jatorria eta historia genetikoa argitzeaz aparte, giza migrazioak eta kulturen arteko harremanak aztertzeko balio izan du.

Bakterio magnetotaktikoak ibaietan eta itsasoan bizi diren mikroorganismoak dira eta haien berezitasun nagusia, magnetitazko nanopartikulak sintetizatzeko gaitasuna da. Partikula hauek iparrorratz gisa erabiltzen dituzte lurreko eremu magnetikoan orientatzeko eta beraz, propietate magnetiko oso interesgarriak baitituzte. Lucía Gandarias bioteknologoak bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, batez ere, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatuta. Aplikazio nagusia hipertermia magnetikoa da. Minbiziaren tratamendurako terapia honetan, tumore-eremuko nanopartikula magnetikoen injekzioak ematen dira eta ondoren eremu magnetiko alterno bat aplikatzen da, zelula kantzerigenoak ahulduz. Azalpenak Unibertsitatea.net atarian: Lucía Gandarias: “Bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatutakoak batez ere”.

Ingurumena

Aste honetan Zientzia Kaieran, Ioan Marigomez Plentziako Itsas Estazioko zuzendariari egin diote elkarrizketa, estazioan aurrera eramaten ari diren ikerketen inguruan. Itsas ekosistemen aldaketak giza osasunean dituzten eraginak eta itsasoko biobaliabideak ikertzen dituzte bertan eta, itsasoko osasuna aztertzeko, batez ere, arrainen eta moluskuen zelulak ikertzen dituzte, ingurumenean ematen diren aldaketen aurrean espezie hauen erantzunak zeintzuk diren kuantifikatzeko. Datu horiek aztertuz ekosistemaren osasuna ezagutu nahi dute. Datuak Zientzia Kaieran: Ionan Marigomez: “Badakigu moluskuen eta arrainen erantzunak antzematen eta neurtzen ingurumeneko aldaketak ezagutzeko”.

Zenbait arrain eta moluskutan sexu aldaketak aztertu dituzte. Honen arrazoia, sendagaiak, garbitzeko produktuak edo etxeko ohiko plastikoak modu desegokian botatzea da eta arazoak sortzen ari da itsasoaren orekan. Alkifenol etoxilatu motako detergenteek, osagai plastikoek, hala nola ftalatoek eta pinturek, eta hainbat motatako farmakoek, adibidez, pilula antisorgailuek edo antidepresiboek, uretako espezie batzuen sistema endokrinoa alda dezakete. Horrela, haien hazkundean, garapenean, jokaeran eta ugalketa eta immunologia sisteman aldaketak gerta daitezke eta aldaketa horietako ba da organismo hauen feminizazioa. Maren Ortiz-Zarragoitia biologoa gai hau ikertzen dabil Plentziako Itsas Estazioan. Azalpenak Zientzia Kaieran: Uraren feminizazioa, gizakien kontua.

Ozeano Garbiaren Manifestua plazaratu du nazioarteko talde batek. Elhuyar aldizkarian azaltzen dute Nazio Batuek ozeanoen arloan 2030erako jarritako helburuei bultzada bat emateko asmoz egin dutela manifestua eta azaroaren 19ra bitartean egin den ozeanoen biltzarraren oinarria izango dela. Biltzar honen helburuak zehazteaz gain, haiek lortzeko estrategiak diseinatu dituzte bertan eta, diotenez, ozeano garbia lortzeko bidean eman beharreko lehen pausoa poluitzaileek egiten duten ibilbidea ikertzea da. Bestalde, prebentziorako eta kontrolerako araudiak sendotzea, eta praktika egokiak ezartzeko diru-laguntzak bideratzea proposatu dute, eta gizarteratzeari eman nahi izan diote garrantzia, herritarren parte-hartzea bultzatuz.

COP26 klimaren gailurrean aipatu denez, garraioa CO2 isurien % 21aren jatorria. Hau kontuan izanik, hainbat irtenbide proposatu dira garraioari lotutako isuriak gutxitzeko. Elhuyar aldizkarian azaldu dutenez ordea, Christian Brand Oxford Unibertsitateko garraioa, energia eta ingurumena saileko ikertzaileak, helburu horiek lortzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu artikulu batean. Lehenik, ohartarazi du eskaera zuzenean lotuta dagoela populazioaren eta ekonomiaren hazkundeei eta gainera, neurri eraginkorrak proposatu direnean, jendeak haien aurka egin du, garraiobideak egokitzea edo erregai fosilei zerga handiagoak jartzea, besteak beste. Orokorrean, bizimodua bera aldatu beharko genukeela dio, garraioa ere aldatu nahi badugu. COP26 bileraren harira, Berriak biltzarrak utzitakoez galdetu die lau adituri, COP26: bileraren argiak eta itzalak artikuluan irakur daitekeenez. Haien aburuz, badaude argi izpi bat erakusten duten neurri batzuk, baina, oraindik ez da nahikoa larrialdiari modu eraginkorrean aurre egiteko.

Osasuna

Txertoak eragin diezaieketen kalteak eta onurak aztertzeko asmotan, Science aldizkariak haurrak txertatzeari buruzko editoriala plazaratu du, 5-11 urteko haurrei Pfizerren txertoa ematea gomendatu duela eta. Jeffrey S. Gerber eta Paul A. Offit dira editorialaren egileak eta zera argi utzi nahi izan dute: ia 700 haur hil dira AEBn COVID-19agatik eta horren ondoan, ez da haurrik hil COVID-19aren txertoaren ondorioz. Honetaz aparte, kontuan hartu dituzte haurren garapen sozialean eta emozionalean funtsezkoak diren jarduerak, eta gogora ekarri dute eskolaratzeak duen garrantzia. Argi utzi dute infekzioengatik eskola-jarduerak eteteak kalte handiagoa egiten die haurrei, txertoaren albo-ondorioek baino. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Haurrak COVID-19aren aurka txertatzea aztergai, Science aldizkariaren editorialean.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #369 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages