Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 38 min 40 sec ago

Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia

Tue, 2021/11/23 - 09:00

Historiaurretik, gizakiak lurra ustiatu du tresnak, armak eta eraikuntza materiala fabrikatzeko, harriak, zeramika eta metalak erauzita. Meatzaritza munduko lanbide zaharrenetako bat da eta, aurrerapen teknologiko asko egon arren, gizakiak oraindik ere mineralen mendekotasun handia du egunerokotasunean.

Izan ere, zenbait mineraletan dauden elementu batzuk –adibidez, litioa– telefono mugikorren, tableten eta bestelako gailu elektronikoen eta auto elektrikoen baterien oinarria dira, eta azken horiek, era berean, ezinbestekoak dira trantsizio ekologikoa gauzatzeko eta karbono aztarna gutxitzeko. Mineral horien erauzketa nagusiki bi metakin mota hauetatik egiten da: gatzunak eta pegmatitak, eta, paradoxikoa badirudi ere, hori ez da beti espero bezain ekologikoa; izan ere, ondorio txarrak izan ditzake inguruko floran eta faunan, airea eta azaleko urak kutsa ditzake, eta lurrazalean kalteak sortu.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da teknologia berdean erabiltzen diren metalak esploratzeko teknika berri eta ez hain inbasiboak garatzea. Horixe da Europako GREENPEG proiektuaren helburu nagusietako bat, pegmatitak bilatzeko erabil daitezkeen esplorazio aurreratuko teknologiak garatzea, hain zuzen ere. Pegmatitak konposizio granitikozko harri igneoak dira, kuartzoz, feldespatoz eta mikaz osatuak, eta litio, zesio, tantalio eta halako beste mineral batzuekin aberastuak egon daitezke, zeinak garrantzitsuak diren gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko.

Trantsizio ekologikoaIrudia: Pegmatitak konposizio granitikozko harri igneoak dira, kuartzoz, feldespatoz eta mikaz osatuak, eta litio, zesio, tantalio eta halako beste mineral batzuekin aberastuak egon daitezke, zeinak garrantzitsuak diren gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko. (Argazkia: Francisco Ruiz Contreras – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)

Proiektu horretan, esplorazio eta meatzaritza enpresa batzuk eta Europako zenbait unibertsitate parte hartzen ari dira. Horien artean dago UPV/EHU, Encarnación Roda-Robles Zientzia eta Teknologia Fakultateko doktore, geologo eta ikertzaile nagusiak zuzentzen duen ikertaldearen bitartez. Talde hori VARISBLIP deitzen da, eta proiektuaren zati garrantzitsu bat beraien esku dago, hau da, LCT (litioa-zesioa-tantalioa) motako harri pegmatitikoak aztertzeko tresnak diseinatzen dituzte, energia berdeekin lotutako materiala ustiatzeko. “Diseinatuko ditugun tresna horiek erabilerrazak eta azkarrak, ekonomikoak eta ingurumena gutxi inbaditzen dutenak izatea nahi dugu”, azaldu du Roda-Robles doktoreak.

Proiektu horren beste helburuetako bat da Europak litioa ustiatzen aitzindariak diren herrialdeekin –adibidez, Txina eta Australia– duen mendekotasuna gutxitzea eta Europako baliabide materialak modu jasangarriagoan, ekonomikoagoan eta ez hain inbasiboan ustiatzea. Horretarako, ikertaldeak harri pegmatitikoak aztertzen ditu, zeinak, doktorearen hitzetan, “bereziki aberatsak izan baitaitezke metal teknologikoetan, baina askotan txikiak dira, eta aurkitzen zailak esplorazio teknika tradizionalen bidez”.

Pegmatitak, lurreko “txerria”

Pegmatitak oso harri interesgarriak dira, haietatik ateratzen baitira lurrazalean oso ugariak ez diren elementuak, bai eta harribitxi batzuk ere; adibidez, akuamarina eta turmalina. Roda-Robles doktoreak eta ikertaldeko arduradunaren hitzetan, harri horietatik “guztia aprobetxa daiteke, txerriekin gertatzen den moduan: industria mineralak eskuratu daitezke –kuartzoa, feldespatoa eta mikak–, baita metalak ere –litioa, tantalioa eta eztainua– edota bitxigintzarako eta museoen eta partikularren mineralen bildumetarako harribitxiak ere”.

Harri horiek oso garrantzitsuak dira trantsizio ekologikorako. Pegmatitetatik metalak erauz daitezke, besteak beste, litioa, zesioa edo tantalioa, eta metal horiek ezinbestekoak dira energia berdeko zenbait gailu fabrikatzeko; adibidez, energia biltegiratzeko gailuak, zelula fotovoltaikoak, turbina eolikoak eta kondentsadoreak, telefono mugikorrak, kamerak eta tabletak.

Rodas-Roblesek dioenez, “Europak kanpoko herrialdeekiko mendekotasun handia du litiozko bateria horiek fabrikatu ahal izateko. Iberiar penintsulan badaude litio biltegi batzuk, eta, zenbait azterketa geologikoren arabera, lurraldea oparoa da elementu horretan. Orain, bilatu egin behar dugu”. Proiektuaren barnean, ikertaldea lanean ari da Arribes del Dueron (Salamanca), Almendra eta Gonçalon (Portugal), Tres Arroyosen (Badajoz) eta Caceresko zenbait herritan. Helburua da harri horien esplorazioari heltzea zenbait mailatan: harrien lokalizazioan, laginketan eta analisian. Proiektua duela urtebete jarri zen martxan, 2020ko maiatzean, eta ia lau urte eta erdi iraungo du.

Meatzaritza ekologikoagoa

Rodas-Robles doktorearen lantaldearen ikerketak bi zati nagusi ditu. Lehenengoa azterketa litogeokimikoa egitea da, hau da, pegmatitak harrian utzi duen aztarna aztertzea. Zehazki, haien lana da Iberiar penintsulan litio mineralizatua duten harrien laginketa eta analisia egitea, litio mineralizatua duten dike pegmatitikoek harrietan utzitako aztarna kimikoaren hedadura eta zenbatekoa zehazteko.

“Datu horiek eskuratu ostean, erreka eta lurzoruetako sedimentuen azterketekin osatuko ditugu; izan ere, harri batean anomalia kimikoren bat gertatzen den bakoitzean, elementuen kontzentrazioa gehitu egiten da hurbileko harrietan eta harri horietatik sortzen diren lurzoruetan eta ibaietako biltegietan.”

Harrietan zundaketarik edo zulaketarik egin behar ez denez, miaketarako tresna hori azkarragoa eta ekonomikoagoa izango da, ez hain inbasiboa, eta aztertuko diren eremuetan oso inpaktu txikia izango du. Iberiar penintsulan eskala txikian egingo da, zehazki, 25 kilometro artera mugatutako erradioetan.

Nahiz eta mineralekiko mendekotasuna artean ere handia izango den, gizakiak bere bizi estiloa mantendu eta hurrengo belaunaldientzako etorkizuna ziurtatu nahi badu, ekimen berdeak martxan jarri behar dira. Horixe ondorioztatzen da Nazio Batuen Erakundeak hamarkada honetan mundua eraldatzeko sortutako 2030 Agendan. GREENPEG eta halako ekimenen xedea da meatzaritzan lehiakortasuna berreskuratzea modu jasangarrian, CO2 emisioak gutxituz eta auto elektrikoen aldeko apustua eginez, erregai fosilak erabili ordez.

Ikertzaileaz:

Encarnación Roda-Robles geologoa eta UPV/EHU Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko VARISBLIP ikertaldeko ikertzaile nagusia da.

Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

The post Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua

Mon, 2021/11/22 - 09:00

Mutrikuko dikean 2011tik martxan dago olatu-energiaren instalazioa. Elektrizitatea sarera etengabe hornitzen duen munduko olatu-parke bakarra da. UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak (EOLO) eredu estatistiko bat erabiliz kalkulatu du zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen instalazioak 1979-2019 bitartean, tarte horretan martxan izan balitz.

Energia ekoizteko olatuen indarraz baliatzen diren teknologiak ez daude oso garatuak eta EOLO ikerketa-taldeak, besteak beste, hutsune hori hartu du ikerlerro. Azken urteotako lanari esker egiaztatu du 1900etik aurrera Bizkaiko Golkoko olatuen energia-fluxua handituz joan dela eta Mutrikuko olatuen plantaren ekoizpen ereduak aurresateko eredua sortu du. Horretarako, hamar itsas egoera identifikatu dituzte ikertzaileek eta helburua izan da ikustea nola erantzungo zukeen Mutrikuko instalazioek joera horren arabera funtzionatu izan balu. Beraz, azken lau hamarkadetan olatuek zer bilakaera izan duten kontuan hartuta, metodologia bat garatu dute ikusteko gorakada horrek zer eragin eduki dezakeen Mutrikuko ekoizpenean.

Mutrikuko energia-ekoizpenaIrudia: EHUko Eolo ikerketa-taldea itsasoaren portaera aurreikusiko dituen modeloak garatzen dabil, energia berriztagarriek daukaten aldizkakotasunaren erronkari aurre egiteko. (Argazkia: confused_me – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gabriel Ibarra taldeko ikertzaile eta UPV/EHUko Ingeniaritza Energetikoa Saileko irakasleak azaldu duenez, “gauza bat da olatuek zer energia dakarten, zer energia hidrauliko duten, eta beste gauza bat da hortik zenbat energia elektriko lortzen den”. Horretan ari dira azken urteetan: “Duela zenbait urte Mutrikuko instalazioen funtzionamenduaren hainbat gako identifikatu ondoren, orain, klima-aldaketak Mutrikuko ekoizpenean zer eragin duen jakiteko metodologia bat garatu dugu. Haren bidez, kalkulatu dugu 1979-2019 bitartean Mutriku jardunean aritu izan balitz zenbaterainoko energia ekoitziko zukeen eguneko; eta, gainera, horrek balioko digu etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikusteko”, dio Ibarrak.

Olatu-energia handitzen da, baina elektrizitate-ekoizpena ez

Ikertzaileek ikusi dute Mutriku inguruan olatu-energiaren goranzko joera hori ez dela Bizkaiko Golkoko beste toki batzuetan bezain handia izan. Horrez gain, olatuen energia-fluxuaren bilakaera baikorra izan arren, adituen esanetan, ekoizpen elektrikoa konstante mantenduko litzateke, energia-fluxua nibelatu egiten delako maila jakin batetik gora. Ibarraren iritziz, askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko.

Hamar itsas egoera nagusi identifikatu dituzte, eta bakoitzari elektrizitate-sorrerarekin lotutako patroi bereizgarri bat lotu diote —eguneko eskalan—. Horrela, Mutrikuko olatu-parkea 1979-2019 bitartean jardunean egon izan balitz egunean sortuko zukeen energia elektrikoa kalkulatu dute. Ondorioz, ebaluatu ahal izan dute klima-aldaketak eta honekin lotutako olatuen energia-fluxuak zer-nolako eragina izango zuen Mutrikuko instalazioen elektrizitate-ekoizpenean.

Aurrera begira, “hurrengo urratsa da klima-aldaketaren eraginez etorkizunera begira jarri eta aurreikuspen bat egitea: guk uste dugu goranzko joera horrek jarraitu egingo duela, eta ikusi nahi dugu, batetik, zelako joera izango den, handia edo txikia, eta, bestetik, zelako eragina izango duen horrek etorkizunean, datozen hamarkadetan, Mutrikuko ekoizpenean. Mutrikuko instalazioetan egiten diren ikerketa guztiak oso baliagarriak dira teknologia hauetan aurrera egiteko, sarera energia etengabe hornitzen duen munduko instalazio bakarra baita”, adierazi du Ibarrak. Ikerketan frogatu dute, beraz, olatu-instalazioen bideragarritasun-azterketak eta azterketa ekonomikoak fidagarritasun handiz egin daitezkeela, baliabidearen beraren etorkizuneko ziurgabetasunek ez dutelako eragin nabarmenik izango instalazioen bizitza-ziklo osoko errendimendu elektrikoan.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Olatu-indarrak gora egin arren, Mutrikuko energia-ekoizpena konstante mantentzen da

Erreferentzia bibliografikoa:

Ibarra-Berastegi, Gabriel; Ulazia, Alain; Sáenz, Jon; Serras, Paula; González Rojí, Santos J; Esnaola, Ganix; Iglesias, Gregorio (2021). The power flow and the wave energy flux at an operational wave farm: Findings from Mutriku, Bay of Biscay. Ocean Engineering, 227. DOI: 10.1016/j.oceaneng.2021.108654

The post Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #369

Sun, 2021/11/21 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

elur hontza

Teknologia

Ordenagailu kuantikoak sortzeko pausu berri bat eman da. AEBtako IBM (International Business Machines Corporation) multinazionalak nanografenozko iman kuantikoen kateak eraiki ditu partikulen magnetismoa hobeto ulertzeko asmotan eta horiekin lanean dabil David Jacob EHUko Ikerbasqueko ikertzailea. Grafenoa bi dimentsiokoa da, hau da, atomo bakarreko lodiera du, eta hainbat ezaugarri ditu, besteak beste, propietate elektroniko bereziak. Grafeno geruzen magnetismoa oso interesgarria da eta horietaz baliatzen ari dira Jacob eta bere lankideak ordenagailu kuantikoak egiteko bide alternatibo moduan. Datuak Berrian: Bide kuantiko berri bat. Berriako beste artikulu batek ere gai bera jorratu du aste honetan, orain arteko prozesadore kuantikorik indartsuena aurkeztu du IBMk, konpainia honek Eagle izeneko prozesadorea aurkeztu baitu, 127 qubit dituen txip bat, hain zuzen.

Beñat Zaldibarrek, UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak, “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrena ospatuz, nobelaren nondik norakoen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, nobelaren arrakastaren parte handi bat seguruenik bi elementuei zor diegu. Alde batetik, Nemo kapitaina momentura arte Vernek sortu zuen pertsonaia interesgarriena eta zeresan gehien sortu zuena zelako. Bestalde, momentuko ingeniaritzan errotuta badago ere, Vernek etorkizunean etor daitezkeen aurrerapenak gehitzen dizkio, bien arteko oreka perfektua lortuz.

Biologia

Artikoko elur hontzak (Bubo scandiacus) azaldu dira Espainiako iparraldean eta jendetza joan da hauek mirestera. Europa eta Amerika iparraldeko hegazti enblematiko da eta Tundran bizi da, eremu oso hotzetan, eta gizakirik ez dagoen toki basatietan. Horregatik izan da hain berezia animalia hauek gugandik hain gertu ikustea. Bat ordea, oso ahul zegoen eta hil egin da. Espezie honetako kideek migratu egiten dute eta bidaian zehar, batzuetan itsasontzietan geratzen dira atseden hartzeko, eta ontzia lehorreratzen den tokian agertzen dira. Hau da animalia hauen agerpenaren hipotesietako bat. Azalpenak Berrian: «Behin izaten da elur hontza ikusteko aukera».

“DNA airean dago” idatzi du Koldo Garciak Zientzia Kaieran. Science aldizkarian argitaratutako artikulu baten harira dator idatzi hau. Azken hamarkadan DNA hainbat tokitatik detektatzea lortu dute ikertzaileek, baina DNA airean detektatzeko saiakerak, aldiz, urriagoak izan dira. Danimarkako ikertzaile-talde batek Kopenhageko zoologikoko hiru lekutan egin zuen aireko DNAren laginketa, hainbat xurgagailu eta haizagailu erabiliz. Beste ikertzaile talde iragazkiak zituzten huts-ponpak jarri zituzten Hamerton Zoo Park zoologikoan. Bi lan hauek helburu bera zuten: inguruko biodibertsitatea neurtzea.

Juanma Gallegok zaldi modernoen jatorria argitu dutela azaldu du Zientzia Kaieran. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa genetiko batek frogatu duenez, Errusiako estepetan abiatu zen zaldiaren etxekoratzea, duela 4.200 urte inguru. Kaukaso iparraldean kokatu dute abiapuntu hori, Errusiako estepetan, Don eta Volga ibaien bokaleen artean. Handik abiatu ziren gero, Europa osora eta Asiako ekialderantz, aurretik zeuden zaldien populazioak ordezkatuz. Ikerketa honek, zaldiaren jatorria eta historia genetikoa argitzeaz aparte, giza migrazioak eta kulturen arteko harremanak aztertzeko balio izan du.

Bakterio magnetotaktikoak ibaietan eta itsasoan bizi diren mikroorganismoak dira eta haien berezitasun nagusia, magnetitazko nanopartikulak sintetizatzeko gaitasuna da. Partikula hauek iparrorratz gisa erabiltzen dituzte lurreko eremu magnetikoan orientatzeko eta beraz, propietate magnetiko oso interesgarriak baitituzte. Lucía Gandarias bioteknologoak bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, batez ere, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatuta. Aplikazio nagusia hipertermia magnetikoa da. Minbiziaren tratamendurako terapia honetan, tumore-eremuko nanopartikula magnetikoen injekzioak ematen dira eta ondoren eremu magnetiko alterno bat aplikatzen da, zelula kantzerigenoak ahulduz. Azalpenak Unibertsitatea.net atarian: Lucía Gandarias: “Bakterio magnetotaktikoen aplikazioak aztertzen ditugu, minbiziaren aurkako terapiekin erlazionatutakoak batez ere”.

Ingurumena

Aste honetan Zientzia Kaieran, Ioan Marigomez Plentziako Itsas Estazioko zuzendariari egin diote elkarrizketa, estazioan aurrera eramaten ari diren ikerketen inguruan. Itsas ekosistemen aldaketak giza osasunean dituzten eraginak eta itsasoko biobaliabideak ikertzen dituzte bertan eta, itsasoko osasuna aztertzeko, batez ere, arrainen eta moluskuen zelulak ikertzen dituzte, ingurumenean ematen diren aldaketen aurrean espezie hauen erantzunak zeintzuk diren kuantifikatzeko. Datu horiek aztertuz ekosistemaren osasuna ezagutu nahi dute. Datuak Zientzia Kaieran: Ionan Marigomez: “Badakigu moluskuen eta arrainen erantzunak antzematen eta neurtzen ingurumeneko aldaketak ezagutzeko”.

Zenbait arrain eta moluskutan sexu aldaketak aztertu dituzte. Honen arrazoia, sendagaiak, garbitzeko produktuak edo etxeko ohiko plastikoak modu desegokian botatzea da eta arazoak sortzen ari da itsasoaren orekan. Alkifenol etoxilatu motako detergenteek, osagai plastikoek, hala nola ftalatoek eta pinturek, eta hainbat motatako farmakoek, adibidez, pilula antisorgailuek edo antidepresiboek, uretako espezie batzuen sistema endokrinoa alda dezakete. Horrela, haien hazkundean, garapenean, jokaeran eta ugalketa eta immunologia sisteman aldaketak gerta daitezke eta aldaketa horietako ba da organismo hauen feminizazioa. Maren Ortiz-Zarragoitia biologoa gai hau ikertzen dabil Plentziako Itsas Estazioan. Azalpenak Zientzia Kaieran: Uraren feminizazioa, gizakien kontua.

Ozeano Garbiaren Manifestua plazaratu du nazioarteko talde batek. Elhuyar aldizkarian azaltzen dute Nazio Batuek ozeanoen arloan 2030erako jarritako helburuei bultzada bat emateko asmoz egin dutela manifestua eta azaroaren 19ra bitartean egin den ozeanoen biltzarraren oinarria izango dela. Biltzar honen helburuak zehazteaz gain, haiek lortzeko estrategiak diseinatu dituzte bertan eta, diotenez, ozeano garbia lortzeko bidean eman beharreko lehen pausoa poluitzaileek egiten duten ibilbidea ikertzea da. Bestalde, prebentziorako eta kontrolerako araudiak sendotzea, eta praktika egokiak ezartzeko diru-laguntzak bideratzea proposatu dute, eta gizarteratzeari eman nahi izan diote garrantzia, herritarren parte-hartzea bultzatuz.

COP26 klimaren gailurrean aipatu denez, garraioa CO2 isurien % 21aren jatorria. Hau kontuan izanik, hainbat irtenbide proposatu dira garraioari lotutako isuriak gutxitzeko. Elhuyar aldizkarian azaldu dutenez ordea, Christian Brand Oxford Unibertsitateko garraioa, energia eta ingurumena saileko ikertzaileak, helburu horiek lortzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu artikulu batean. Lehenik, ohartarazi du eskaera zuzenean lotuta dagoela populazioaren eta ekonomiaren hazkundeei eta gainera, neurri eraginkorrak proposatu direnean, jendeak haien aurka egin du, garraiobideak egokitzea edo erregai fosilei zerga handiagoak jartzea, besteak beste. Orokorrean, bizimodua bera aldatu beharko genukeela dio, garraioa ere aldatu nahi badugu. COP26 bileraren harira, Berriak biltzarrak utzitakoez galdetu die lau adituri, COP26: bileraren argiak eta itzalak artikuluan irakur daitekeenez. Haien aburuz, badaude argi izpi bat erakusten duten neurri batzuk, baina, oraindik ez da nahikoa larrialdiari modu eraginkorrean aurre egiteko.

Osasuna

Txertoak eragin diezaieketen kalteak eta onurak aztertzeko asmotan, Science aldizkariak haurrak txertatzeari buruzko editoriala plazaratu du, 5-11 urteko haurrei Pfizerren txertoa ematea gomendatu duela eta. Jeffrey S. Gerber eta Paul A. Offit dira editorialaren egileak eta zera argi utzi nahi izan dute: ia 700 haur hil dira AEBn COVID-19agatik eta horren ondoan, ez da haurrik hil COVID-19aren txertoaren ondorioz. Honetaz aparte, kontuan hartu dituzte haurren garapen sozialean eta emozionalean funtsezkoak diren jarduerak, eta gogora ekarri dute eskolaratzeak duen garrantzia. Argi utzi dute infekzioengatik eskola-jarduerak eteteak kalte handiagoa egiten die haurrei, txertoaren albo-ondorioek baino. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Haurrak COVID-19aren aurka txertatzea aztergai, Science aldizkariaren editorialean.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #369 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #374

Sat, 2021/11/20 - 09:00

txokolatea

Entzefalo epileptikoa arindu zezakeen bakarra osagai kimiko bat zela zirudienean, Rosa García-Verdugo ikertzaileak azaltzen digu Mozartek, edo hobeto esanda, bere konposizioetako batek ere egin dezakeela: How Mozart can soothe epileptic brains.

Zure gustuko txokolatea dastatzen duzunean, lehengaia lortzeko esklabo bihurtutako haurrek parte hartu izan dutela da burutik pasatzen zaizun azken gauza. Michael E. Odijie ikertzaileak plazaratzen du gaia Child slavery in West Africa: understanding cocoa farming is key to ending the practice artikuluan.

Zenbait kristal fotonikotan polaritoiak agertzen dira fonoiei lotuta, eta ez grafenoan eta haren aldaeretan bezala plasmoiei lotuta. Solido horiek oso interesgarriak dira, benetan erabilgarriak izan baitaitezke. Kontua da gaur egungo metodoak ez direla eraginkorrak horiek aztertzeko. Dena dela, DIPC eta nanoGune zentroetan lanean diharduten ikertzaileek aurkitu dute irtenbidea bat: Hyperspectral infrared nanoimaging as a tool for the comprehensive analysis of polaritonic crystals.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #374 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ionan Marigomez: “Badakigu moluskuen eta arrainen erantzunak antzematen eta neurtzen ingurumeneko aldaketak ezagutzeko” #Zientzialari 164

Fri, 2021/11/19 - 09:00


Plentziako Itsas Estazioak itsas ekosistemen aldaketak giza osasunean dituzten eraginak eta itsasoko biobaliabideak ikertzen dituzte. Itsas ingurumenaren osasunaren kontzeptua definitzea oso konplexua da, baina hainbat tresna ditugu ozeanoko aldaketak eta arazoak zeintzuk diren eta non egon daitezkeen detektatzeko.

Itsasoko osasuna aztertzeko, batez ere, arrainen eta moluskuen zelulak ikertzen dituzte, ingurumenean ematen diren aldaketen aurrean espezie hauen erantzunak zeintzuk diren kuantifikatzeko. Zelula horiek aztertuz kaltea nola jaso duten eta zelan konpondu duten jakin daiteke. Datu horiek analizatuz ekosistemaren osasuna ezagutzea posible da. 

Ozeanoen ekosistemen eta beraien osasun egoerari buruz gehiago jakiteko, Ionan Marigomez UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioko zuzendariarekin bildu gara eta xehetasun guztiak azaldu dizkigu. 

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ionan Marigomez: “Badakigu moluskuen eta arrainen erantzunak antzematen eta neurtzen ingurumeneko aldaketak ezagutzeko” #Zientzialari 164 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

“Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrenean

Thu, 2021/11/18 - 09:00

“Beste Jules Verne bat ezin izango da, historiaren une errepikaezin batean jaio zelako. Lurrun-makina mundu materiala eta aurkikuntza zientifikoak eraldatzen zegoen urteetan jaio zen. Aldaketa guzti hauek besoak zabalik jaso zituen lehen idazlea izan zen eta ikerketa zientifikoa abentura zoragarriena izan zitekeela aldarrikatu zuen. Horregatik ez da sekula modatik joana egongo…”.

Arthur C. Clarke (1917-2008), idazlea

Arthur C. Clarke nobelagilearen hitz hauek argi uzten dute zer nolako garrantzia izan duen Jules Verneren obrak ez bakarrik zientzia eta teknologiaren zabalkundean baizik eta asmakizun eta aurrerapen zientifikoen inspirazio-iturri gisa ere.

Nantesen jaioa, Vernek gazte gaztetik erakutsi zuen bidaietarako eta geografiarako zaletasun handia, eta hori bere liburuetan islatzen da. Vernerekin Afrika zeharkatu dugu, Lurraren erdiraino, Munduan zehar edo Ilargiraino hurbildu gara. Idatzitako nobela guztien artean, garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe, “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” da. Obra hau Verneren beste hainbat lanekin batera folletoi gisa “Voyages extraordinaires” (Bidaia apartak) seriearen parte da. Lana, 1899-1870 urte bitartean plazaratu zen, beraz, 150 urte bete ditu maisulan honek.

20.000 legoako bidaia itsaspetikIrudia: Nautilus urpeko ontziaren bidaia eta bidaian gertatutako pasadizo esanguratsu batzuen irudi eskematikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Nobelaren nondik norakoak nahiko ezagunak dira. Pierre Aronnax biologoa, Conseil zerbitzariarekin batera, Abraham Lincoln gerraontzian ontziratzen dira, ustez momentura arte ezezaguna zen bale espezie baten bila. Gerraontzian Ned Land kanadar arpoilariaren lagun egiten dira eta, azkenik, Pazifikoan ustezko balea aurkitzen dutenean, ontzitik erori eta “balea” gizakiak sortutako urpeko ontzi bat dela konturatzen dira. Aronnax, Conseil eta Land, Nautilus urpeko ontziaren eta bere jabea den Nemo kapitainaren preso/gonbidatuak izatera pasatzen dira. Urpeko ontzia, Ozeanoetan zehar barreiatzen da eta bidaian hainbat abentura bizitzen dituzten bitartean Aronnax irakasleak eta Nemo kapitainak Ozeanoetako sekretuak azaltzen dizkigute.

Nobelaren arrakastaren parte handi bat seguruenik bi elementuei zor diegu. Alde batetik, Nemo kapitaina seguruenik momentura arte Vernek sortu duen pertsonaia interesgarriena eta zeresan gehien sortu duena da. Misterioz betetako pertsonaia da eta narrazioan zehar bere izaera edo motibazioei buruzko pintzelada gutxi batzuk soilik ezagutuko ditugu. Bigarren elementu bereizgarria Nautilus urpeko ontzia bera da. Nobeletako pertsonaiek sortzen zituzten tresnak eta asmakizunak deskribatzerakoan Verneren talentua paregabea da. Eta Nautilus urpeko ontzia ez da salbuespen bat. Alde batetik, momentuko ingeniaritzan errotuta dago, baina bestetik etorkizunean etor daitezkeen aurrerapenak gehitzen dizkio Vernek, nolabait dagoenaren eta egiantzekotasunez egon daitekeenaren arteko oreka perfektua lortuz. Nautilus urpeko ontzia maisulanak gordetzen dituen maisulan bat da eta Ozeanoak bisitatzeko garraiobide bikaina da.

Verne haur eta gazteentzako literatura-autoretzat hartu da hasieratik, eta izan ere, bere lan gehienen editorea zen Pierre-Jules Hetzelen itu-publikoa hori zen. Baina urtebetetze borobil hau betetzeko, beharbada ideia ona izan daiteke horren gazte ez garenontzat ere berriz Nautilus ontzian sartzea eta Nemo kapitainaren gidaritzapean Ozeanoen sekretuak berraurkitzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia, ale berezia 2020
  • Artikuluaren izena: “20.000 legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrenean.
  • Laburpena: 1869 eta 1870. urteen bitartean Jules Vernek bere obra nagusietako bat plazaratu zuen; «20.000 legoako bidaia itsaspetik» hain zuzen. Nobela hau Vernek, seguruenik, momentura arte sortu zuen nobelarik handiena da. Lan erraldoi horretan, Nautilus urpeko ontzi mitikoari esker itsasoetako sekretuak azaleratzen zaizkigu bidaia entretenigarri bezain hezitzaile batean, gaztetxoei (eta ez horren gaztetxoei) itsasoaren ikerketari buruzko sarbide paregabea eskainiz. Artikulu honetan, nobelaren eta haren autorearen inguruko zenbait gogoeta azaltzen dira; autoreak erakusten duen jakintza zientifiko eta koherentzia handia (baina inperfektua) eta Vernek geroago etorriko diren autoreengan duen eraginari buruzko hausnarketa txiki bat ere azaltzen da. Izan ere, ez dira egunero 150 urte betetzen, eta nobelaren garrantziak eta eraginak merezi du esfortzu txiki hau burutzea.
  • Egileak: Beñat Zaldibar Aranburu
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 15-28
  • DOI: 10.1387/ekaia.20942
Egileez:

Beñat Zaldibar Aranburu UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

 

The post “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” obraren 150. urteurrenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

DNA airean dago

Wed, 2021/11/17 - 09:00

Maitasuna airean dago (Love is in the air) dio abesti ezagunak. Beno, egia esan, airean aurki ditzakegu mota eta tamaina askotako partikulak. Horietako batzuk atseginak egiten zaizkigu –adibidez, artikulu hau irakurtzen duzun bitartean edaten ari zaren kafearen usaina–, beste batzuek kezka sortzen digute –adibidez, kutsadura sortzen duten partikulak–. Bai, airean denetatik dago, DNA barne.

Azken hamarkadan DNA hainbat tokitatik detektatzea lortu dute ikertzaileek. Ingurumenean aske dagoen DNA hori eskuratu da lakuetatik, ibaietatik edo kostaldeetatik. Hala, ikertzaileak gai izan dira espezie inbaditzaileen eta espezie arraroen DNA detektatzeko. Horrez gain, hostoetatik eskuratu da intsektuen DNA edo lurzoruan detektatu da ugaztunen DNA.

DNA airean detektatzeko saiakerak, aldiz, urriagoak izan dira. Kontuan izan behar da polena DNA airetik garraiatzeko egitura biologikoa dela. Hortaz, DNA airean ere egon badago, polenari alergia dioten pertsonek ondo baino hobeto dakiten bezala. Baina DNA aske egon daiteke airean? Ez dago argi animalietatik DNA nola askatzen den eta gene-eduki horrek zenbat irauten duen airean. Hainbat ikerketa gai izan dira bakterioen eta onddoen DNA airean detektatzeko; eta 2015. urtean ornodun eta artropodoen DNA detektatu zen Washingtoneko (AEB) aire-monitoreetan. Baina ez zegoen argi airean dagoen DNA detektatzeko tekniken erabilgarritasuna.

DNA airean1.irudia: DNAk airean bidaia al dezake? (Argazkia: icsilviu – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Danimarkako ikertzaile-talde bat ideiak lantzen ari zen ikerketa berritzaileen deialdi baterako. Kristine Bohmann-ek –ikertzaile-taldeko kideetako batek– gogoratzen du ideiak pentsatzen eta proposatzen ari zirelarik esan zuela “zoroagoa izan behar da proposatzen duguna; adibidez, airetik DNA xurgatzea: hori zoramena litzateke”. Bada, aurkeztu zuten airean dagoen DNA aztertzeko proposamena eta eskuratu zuten ideia zoro hori gauzatzeko dirua. Laginketa Kopenhageko zoologikoko hiru lekutan egin zuten. Leku bakoitzean hainbat xurgagailu eta haizagailu erabili zituzten DNA eskuratzeko eta jakiteko zein xurgagailu eta haizagailu ziren eraginkorrenak. Xurgatutako aire horretatik 49 ornodun espezieren DNA eskuratzea lortu zuten.

Beste ikertzaile talde batek –aurrekoarekin zerikusitik ez zuen ikerketa batean– iragazkiak zituzten huts-ponpak jarri zituzten Hamerton Zoo Park (Erresuma Batua) zoologikoko 20 kokalekutan. 30 minutuz huts-ponpek airea iragazi zuten, airean zegoen DNA harrapatzeko itxaropenarekin. Guztira, 72 aire-lagin bildu zituzten zoologiko barneko eta kanpoko eraikinetatik. Iragazi horietan DNA gutxi egon zitekeenez, DNAren kopurua handitzeko PCR teknika erabili zuten. Horrela, DNAren kopuru nahikoa lortu zuten DNA hori sekuentziatu ahal izateko. Sekuentziatutako DNA datu-base publikoetan bilatu zuten, ezagunak ziren DNA sekuentziekin erkatzeko. Horri esker, ikertzaileek identifikatu egin zuten zoologikoan bizi diren 17 espezieren DNA. Harrigarria badirudi ere, zoologikoko animalia batzuen DNA detektatu zen animalia zegoen lekutik 300 bat metrora. Gainera, detektatu egin zuten zoologikoaren inguruan bizi diren espezie batzuen DNA, hala nola trikuak eta oreinak; eta harrapariei jaten emateko erabiltzen den haragia, hau da, gai izan ziren detektatzeko oiloen, txerrien, behien eta zaldien DNA. Guztira, ikertzaileek identifikatu egin zuten ugaztunen eta hegaztien 25 espezieren DNA.

DNA airean2. irudia: Hainbat ikertzailek airea xurgatu dute DNA detektatzeko. (Argazkia: stevepb – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Bi lan independentetan gai izan dira airean dagoen DNA eskuratzeko, baina zeintzuk izan daitezke haren erabilerak? Adibidez, airean dagoen DNA erabilgarria izan daiteke biodibertsitatea aztertzeko. DNA horri esker, beste modu batera detektatzen zailak diren animalien presentzia baieztatu daiteke: DNA hari esker detekta daitezke ingurune idorretan, zuloetan edo haitzuloetan bizi diren animaliak; edo fauna aztertzeko erabiltzen diren kameretatik kanpo gelditzen diren hegaztiak.

Hala ere, garatzen ari den teknika denez, muga batzuk baditu airean dagoen DNA detektatzeak. DNAk airean zein distantzia egin dezakeen da zalantzarik handiena. Hainbat faktorek muga dezakete distantzia hori; adibidez, inguruneak berak muga dezake, baldintzak ez baitira berdinak landa batean edo baso batean. Beste zalantza bat da animaliek nola askatzen ote duten DNA airera. DNA aska daiteke animaliek larruazalean hatz egiten dutenean, larruazala igurzten dutenean, doministiku egiten dutenean edo jarduera indartsu bat egiten dutenean –adibidez, borrokatzean edo harrapakina menderatzean–. Muga horiek baldintzatuko dute metodo honek duen gaitasuna animalia baten kokalekua zehazteko.

3. irudia: Zoologikoak erabili dira airean dagoen DNA aztertzeko. (Argazkia: elluisx – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Erantsi beharra dago, beste erronka bat dela lagin hauetan kutsadura saihestea. Halako laginak prozesatzerakoan gerta liteke DNA arrotza laginean sartzea eta, ondorioz, saihestu behar da bere jatorria airean ez duen DNA laginean sar dadin. Dirudienez, ezin daiteke aire esterila erabili kontrol gisa. Hortaz, zaila da jakitea prozeduran zehar kanpoko DNA sartzen ote den. Ondorioz, metodo hau sendoa eta fidagarria izateko arazo hori gainditu beharko du.

Itxuraz zoroa dirudien ideia batetik abiatuta, aztertzen zailak diren animaliak detektatzeko teknika bat garatzeko oinarria jarri da. Horrek azpimarratzen du zientziak baduela ideia berritzaileak proposatzeko alderdi oso irudimentsua; eta baduela, gainera, burutazio horiek gauzatzeko ausardia. Horrela, zientziak aurrera egiten du, irekitzen ditu sinesgaitzak diren bideak eta sakontzen du ezagumenduan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stokstad, E. (2021). DNA pulled from thin air identifies nearby animals. Science. DOI: 10.1126/science.abl5425

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post DNA airean dago appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Uraren feminizazioa, gizakien kontua

Tue, 2021/11/16 - 09:00

Katetik tiratzea edo harraskan behera produktuak botatzea keinu azkar eta eraginkorrak dira eta, modu horretan, sortzen ditugun hondakinak berehala paretik kentzen ditugu. Hala ere, noizbait pentsatu al duzu non bukatzen duten hondakin horiek? Inguruko itsasora eta ibaietara joaten dira, eta, araztegietan tratatzen dituzten arren, zenbait gai kutsagarri itsas eta ibai ekosistemetara iristen dira, eta fenomeno harrigarriak sortu. Sendagaiak, garbitzeko produktuak edo etxeko ohiko plastikoak modu desegokian botatzeak arazoak sortzen ditu itsasoaren orekan; adibidez, zenbait arrainek eta moluskuek sexu aldaketak izaten dituzte.

Ez dugu ahaztu behar arrainek, enbrioi fasetik hiltzen direnera arte, ezaugarri jakin batzuk direla-eta araztegietan tratatu ezin daitekeen guztia ‘edaten’ dutela; adibidez, zenbait konposatu kimiko. Horietako batzuek, besteak beste, alkifenol etoxilatu motako detergenteek; osagai plastikoek, hala nola ftalatoek eta pinturek, eta hainbat motatako farmakoek, adibidez, pilula antisorgailuek edo antidepresiboek, uretako espezie batzuen sistema endokrinoa alda dezakete, eta, hala, haien hazkundean, garapenean, jokaeran eta ugalketa eta immunologia sisteman aldaketak eragin.

Aldaketa harrigarrienetako bat uretako zenbait organismoren feminizazioa da, hau da, intersex fenomenoa esaten dena. 90eko hamarkadan Erresuma Batuko ikertzaile talde batek deskubritu zuen fenomeno bat da, eta, aztertu zutenaren arabera, eremu industrializatu edo urbanizatuetatik gertuko ibaietan bizi ziren arrain arren barrabiletan, isuri horien ondorioz, obozitoak sortzen ziren, ugalketa zelula femeninoak, hain zuzen.

intersex1 irudia: Eremu industrializatu edo urbanizatuen isurien ondorioz uretako espezie batzuen sistema endokrinoa alda dezakete. (Argazkia: AveCalvar – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Geroago, efektu horiek munduko hainbat lekutan ikusi izan dituzte, beti hiri eta industria eremuetan. 2007an, UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian (ZBIT) ikertaldeak euskal kostaldean lehenengo aldiz detektatu zuen fenomeno hori, Urdaibaiko Biosfera Erreserban zegoen lazun (edo korrokoi) populazio batean.

Maren Ortiz Zarragoitia biologoa, ZBITeko kidea eta Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea da, eta, azaldu duenaren arabera, “arazo hori nagusiki hormona femeninoen (estrogenoen) mendekoa den mekanismoa martxan jartzeko gai diren kutsatzaile batzuei lotuta dago eta, horren ondorioz, gonadek espermatozoideak modu normalean sortu ordez, obozitoak sortzen dituzte”.

Arrainen ugalketa sistema aldatzen duten kutsatzaileen artean daude detergenteen deribatuak, hala nola alkifenolak; ftalatoak, eta A Bisfenola edo BPA, zeina enpasteak fabrikatzeko erabili ohi den plastiko oso hormonatua baita, eta estradiola, hormona sexual femeninoa, imitatzen duen elementuetako bat baita. Konposatu hori estuarioetan, ur laginetan eta arrainen behazunean detektatu dute. Arrainek konposatua metabolizatu eta pilatu egiten dute. Farmako hondarrak ere aurkitu dituzte; adibidez, etinilestradiola, pilula antisorgailuaren osagai nagusia.

Zenbait arren feminizazioaz gain, adituek ikusi dute, halaber, intersex arrain asko detektatu dituzten lekuetan, emeen obozito mailak ez direla kutsatu gabe dauden eremuetakoen bezain onak. Horrekin lotuta, kalitate gutxiagoko obozitoak edo atresia (obuluen degenerazioa) dituzten emeak aurkitu dituzte.

Uraren feminizazioaren efektuak intersex2. irudia: Ikertzaileak laginak hartzen ibaian. (Iturria: Maren Ortiz Zarragoitia)

Gaur egun, ZBIT ikerketa proiektu berri batean murgilduta dago: intersex arrainen gametoen kalitatea aztertzen ari dira, zehaztu ahal izateko fenomeno horrek populazioaren ugalketa gaitasunean ondorioak izan ditzakeen edo ez.

Zehazki, azterketa horretan ikusi nahi dute, alde batetik, ea intersex arren espermak kutsatzaile horien eraginaren mende egon ez direnen espermaren antzera jokatzen duen edo kalitate bera duen, eta ea horrek emeen ugalkortasunean eragiten duen, hau da, eme horien obozitoek, garbiago dauden eremuetako emeenekin alderatuta, kalitate eskasagoa duten edo ez.

Proiektu horretan aztertzen ari diren arrainak nagusiki lazunak edo korrokoiak dira, euskal uretan ugaria den espeziea; erraz harrapa daitezke, eta oso onak dira konparazioak egiteko. Izan ere, eremu kutsatuetan zein osagai kutsatzailerik gabeko eremuetan bizi dira. Intersex fenomenoa ez da lazunen artean bakarrik gertatzen ari, molusku batzuei ere gertatzen zaie, besteak beste, ostrei eta muskuiluei, baita planktonean dauden organismo batzuei, kopopedoei, alegia.

Azterlana nagusiki Urdaibain eta Pasaian egiten ari dira, Euskadin eremu horietan aurkitu baitute intersex organismo gehien. Harrigarria bada ere, Ortiz Zarragoitiaren arabera, baliteke Urdaibairen kasuak –UNESCOk 1984an Biosferaren Erreserba deklaratu zuen– zerikusia izatea inguru horretako hondakin uren araztegiarekin –“gaur egun lehen mailako tratamendua bakarrik egiten du, solidoak eta partikulak kenduta, baina uretan disolbatutako kutsatzaileak gera daitezke”– bai eta Gernika eta inguruko populazioaren hazkundearekin ere. “Edonola ere, espero dugu hondakin uren araztegi berriaren konexioarekin zona hori lehengoratu ahal izatea”.

Halaxe gertatu da behintzat Pasaian; “efektu hormonaletan beheranzko joera dago aurreko urteekin alderatuta Loiolan hondakin uren araztegi berria instalatu ondoren”.

“Erabili eta botatzekoa” ez den etorkizun baterantz

Kutsaduraren eta ingurumen estresaren efektuei aurre egiteko, garrantzitsua da plastikoen erabilera gutxitzea, arazketa sistemen efizientzia hobetzea eta baliabide berrien alde egiten jarraitzea, kutsatzaile kantitate handiak sortzen dituzten erregai fosilekiko geroz eta mendekotasun gutxiago izateko.

Ikerketa horiek nabarmen ondorioztatzen dute itsasoa zaindu behar dela; izan ere, organismo eta espazio horien osasuna gure osasunarekin lotuta dago. Kutsadurak eta ingurumen estresak kaltea egiten dute ekosistemaren kalitatean eta jaten ditugun arrain eta moluskuetan. Halaber, harraska edo komunetik behera ezer bota aurretik, pentsatzeko tarte txiki bat hartu behar da.

Ikertzaileaz:

Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldeko eta Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea izateaz gain, Maren Ortiz-Zarragoitia Euskal Herriko Unibertsitateko Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia ECT+ Erasmus Mundus masterraren koordinatzailea da.

Egileaz:

Maria Larumbe kazetaria da.

The post Uraren feminizazioa, gizakien kontua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zaldi modernoen jatorria argitu dute

Mon, 2021/11/15 - 09:15

Ikerketa genetiko batek etxekotutako zaldien jatorria argitu du: Errusiako estepetan abiatu ziren, duela 4.200 urte inguru. Aurkikuntzak indoeuroparraren zabalpena azaltzen duen teoriari ñabardura garrantzitsua egin dio.

Zaila da ebaztea zein izan den historian eragin handiena izan duen animalia. Ardiek eta behiek izugarrizko garrantzia izan dute Neolito Arotik, horien bitartez gizakiak janaria eta jantziak egiteko baliabideak eskuratu dituelako. Txerria ere aintzat hartzekoa da, noski. Eta zer esan oiloei buruz? Zenbaitetan proposatu izan da, erdi txantxetan erdi egiatan, etorkizun urrun batean Antropozenoaren adierazle garrantzitsuenetakoak izango direla jandako oilaskoen fosilak.

Elikatzeko erabiltzen ez direnen artean, txakurra da dudarik gabe izarra, ehizan laguntzeko eta ardiak zein etxeak zaintzeko bidaide bikainak izan delako. Baina, egiari zor, historiaren orrialdeetan eragin handiena izan duena zaldia izan da. Duela gutxira arte, garrantzi handiko gertaera historiko gehienetan, hortxe egon da animalia hori. Gurdiei tiraka, goldeari eutsita edota, zer esanik ez, guda zelaietan.

zaldia1. irudia: Analisi genetikoei esker, zaldi modernoen jatorria zehaztasun handiz argitu dute: duela 4.200 urte inguru sortu ziren, Kaukaso iparraldeko estepetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Erromatar inperioaren erorialdian askotariko arrazoiak egon ziren arren, ez dago soberan gogora ekartzea Hadrianopolisko bataila erabakigarrian godoak erromatarren aurrean gailendu zirela besteak beste estribuak erabiltzen zituztelako. Izan ere, gerra egiteko tresna apartak dira zaldiak. Bigarren Mundu Gerran, garai baten amaieratzat jo izan zen Poloniako zalditeria Alemaniako Panzer tankeen aurka aritu izana, baina XXI. mendean bertan munduko armadarik indartsuenak Afganistanen zaldiak baliatu izan ditu gerrarako.

Zaldia guztiz erabakigarria izan zen beste une historiko bat azaltzeko ere. Duela 5.000 urte inguru, Errusiako estepetatik etorritako Jamna kulturak Europa osoko populazioak ordezkatu zituen. Kultura horren eragina izugarri handia izan zen, antzinako DNAren analisiari esker jakin ahal izan zenez: aurreko populazioen aita bidezko leinuak ia-ia desagerrarazteraino. Aita leinua ez ezik, populazio horiek hizkuntza indoeuroparren arbasoa ekarri zuten haiekin batera.

Bada, populazio azkar horren hedapena azaltzeko, zaldien erabilera funtsezkoa izan dela argudiatu da gehienetan, eta horregatik haiei egotzi izan zaie zaldien etxekotzearen meritua. Hizkuntzalariek askotan zaldiei eta gurdiei lotutako terminoak baliatu dituzte indoeuroparraren zabalpena aztertzeko, eta arrasto arkeologikoetan ere aztarna mota horiei erreparatu zaie. David W. Anthony antropologoaren liburu ospetsu baten izenburua ikustea besterik ez dago: The Horse, the Wheel and Language; hots, Zaldia, gurpila eta hizkuntza.

Kanpotik ikusita bederen, teoria borobila da, eta horregatik etxekotutako zaldien jatorria argitzea lagungarria izango zela espero zen. Alabaina, ezagutzaren bidean, gehienetan gauzak konplikatu egiten dira, eta hori gertatu da oraingoan.

Izan ere, zaldiei buruz orain arte osatutako ikerketa genetiko handienaren emaitzak ezagutarazi dituzte Nature aldizkarian. Bertan, doitasun handiz zehaztu dute non sortu ziren gaur egungo zaldien arbasoak: Kaukaso iparraldean kokatu dute abiapuntu hori, Errusiako estepetan, Don eta Volga ibaien bokaleen artean. Handik abiatu ziren gero, Europa osora eta Asiako ekialderantz, aurretik zeuden zaldien populazioak ordezkatuz. Estatistikari erreparatuta, ondorioztatu dute Kristo aurreko 2200 eta 2000 urte bitartean aldaketa handia gertatu zela, eta estepetako zaldiak zabaltzen hasi zirela Eurasia osoan zehar.

zaldia2. irudia: Gaur egungo zaldi guztiak etxekotutzat edo etxekotutako zaldien ondorengotzat hartzen dira. Adostasunik ez dago Przewalski zaldien inguruan —irudian—, askotan, azken zaldi basatitzat hartzen baitira. (Argazkia: Juanma Gallego)

Jamna kultura ere estepa horien inguruan abiatu zenez, eta mendebalderantz antzeko mugimendua egin zutenez, agerikoa izan daiteke lotura. Horregatik, ikerketa honen egileek berariaz hori argitu nahi izan dute ere. Alabaina, ez dute loturarik aurkitu; ez Europako zabalpenari dagokionez bederen. Batetik, datak ez datoz bat, kalkulatzen delako Jamma kulturaren zabalpena Kristo aurreko 3000 urtearen bueltan izan zela, hau da, milurteko bat aurretik. Baina kultura horri lotutako bi zalditan ere ez dute aurkitu etxekotutako zaldien leinuarekiko antzekotasunik. Artikuluan hitzez hitz diotenez, “Jamnarren artzaintzak ez zituen zaldiak hedatu haien jatorrizko lurraldetik”.

Sintashta kulturarekin, ordea, bai aurkitu dute antzekotasunik: Asiara egindako mugimenduan, beraz, bat datoz gizakien zein zaldi berrien mugimenduak. Zaldi horiekin batera zabaldu ziren populazio horiek, hizkuntza indoiraniarrak eta gurdi arinak haiekin batera eramanez.

“Emaitza honek agerian uzten du zein garrantzitsua den animalien historia genetikoa aintzat hartzea giza migrazioak eta kulturen arteko harremanak aztertzerakoan”, nabarmendu du artikuluaren lehen egile Pablo Librado ikertzaileak.

Duela Kristo aurreko 200 urte eta duela 50.000 urte artekoak dira aztertutako laginak. Orotara, Eurasian zehar aurkitutako 273 zaldi arrastoren genomak sekuentziatu dituzte, eta horiek gaur egungo zaldien laginekin alderatu dituzte. Ez da ahalegin txikia izan: 114 erakundetako 162 ikertzailek parte hartu dute bertan

Ordezkapen horren oinarri genetikoak ere argitu dituzte. Bereziki bi gene daude horren atzean. Ondorioztatu dutenez, etxekotze prozesuaren hasieran, GSDMC eta ZFPM1 geneen bi aldaera lehenetsiak izan ziren. Gizakietan, GSDMC geneko zenbait mutazio lotuta dute ornoarteko diskoen gogortzearekin, bizkarreko mina eraginez. ZFPM1 geneak, berriz, aldartean eragina izan dezaketen neuronen garapenean eragiten du. Arratoiekin egindako esperimentuen bidez jakin da gene hori bertan behera uztean antsietatea eta beldurra sortzen direla.

Gene hauen hautespenaren bidez, hobetu ziren bai estresarekiko erresistentzia zein zamak eramateko zuten gaitasuna. Aldagai horiek izan ziren, hain justu, zaldi berriek mundu osoan eskuratu zuten arrakastaren arrazoia, ikertzaileen arabera.

Ikerketa honek aspaldiko eztabaida bati ñabardura garrantzitsua egin dion arren, aukera andana ireki ditu ere. Izan ere, oraingo erronka izango da gertutik aztertzea nola izan zen zaldi berri horien zabalpena, eta baita aurreko zaldi populazioen ordezkapena nola gertatu zen, mugimendu horiek arkeologiaren bitartez ezagutzen denarekin bateratuz. Modu berean, argitu beharko da Jamna kulturako populazioek zaldiekin izan zuten harremana: argi dago zaldiak baliatu zituztela, baina, datu berrien argitara, ez ziren izan etxekotutako zaldiak zabaldu zituztenak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Librado, P., Khan, N., Fages, A. et al. (2021). The origins and spread of domestic horses from the Western Eurasian steppes. Nature, 598, 634-640. DOI: 10.1038/s41586-021-04018-9

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Zaldi modernoen jatorria argitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #368

Sun, 2021/11/14 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Biologia

Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran azaldu duenez, Kaliforniako kondorrak partenogenesiz jaio daitezkeela berretsi dute, hau da, arrak ernaldu gabeko arrautzetatik txitak jaio daitezkeela. Hautazko partenogenesia ezaguna eta ohikoa da ornogabe askotan, eta baita zenbait ornodunetan ere, baina arraroa da hegaztietan eta lehen aldiz antzeman da Kaliforniako espezie honetan. Kaliforniako kondorra, Gymnogyps californianus, desagertzeko arrisku larrian dago eta beraz, San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeak uste du, partenogenesia espeziearen arrisku egoeraren emaitza izan daitekeela. Azalpen guztiak Kondorraren partenogenesia artikuluan.

Klorofilaren fluoreszentzia behatuz, galdera anitz erantzun daitezke. Horretan dihardu, hain zuzen ere, Jose Ignacio Garcia Plazaola biologoak, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. Klorofilaren fluoreszentziaren potentziala aztertzen dabil nazioarteko ikerketa bati esker eta honen helburua, hurrengo belaunaldiko basoen eta laboreen kudeaketa hobeago bat lortzea da. Honetarako, dorre, drone, hegazkin eta sateliteez baliatuta, eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentzia (SIF) kalkulatzen dute eta lortutako datuekin emaitza oso interesgarriak lortzen dituzte, hala nola, baso batek barneratzen duen CO2 kantitatea. Datuak Zientzia Kaieran: Fotosintesiaren ezagutzan sakontzen klorofilaren fluoreszentziarekin.

Eboluzioa

Giza garuna txikitzen joan da eboluzioaren puntu batetik aurrera. AEBko ikertzaile-talde baten arabera, txikitze hori duela 3.000 urte inguru nabarmenagoa bilakatu zen eta litekeena da txikitze hori adimen kolektiboaren garapenaren ondorio bat izatea. Ondorio hauek inurrietan egindako ikerketa baten ostean lortu dituzte eta Frontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, Homo-en garunak ez du hazkunde ez jarraitu ez unibertsala izan, baina, erregistro fosilaren arabera, handitzen joan da Pleistozenoaren amaierara arte eta hortik aurrera, bolumenaren murrizpen bat nabarmendu da gaur egunera arte. Hainbat arrazoi plazaratu dira hau azaltzeko, hala nola gorputzaren masa galtzea, dieta aldatzea edo auto-etxekotzea. Ikerketa honen egileen ustetan ordea, arrazoia soziokulturala izango litzateke, gizarte konplexuetan norbanakoek ez baitute hain garun handia behar. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Giza garuna adimen kolektiboaren ondorioz txikitu dela proposatu dute.

Ingurumena

Atmosferako CO2 kontzentrazioa igotzearekin batera, ur-masen (estuarioen, lakuen, itsasoen…) pH-a murrizten da, azken hauek CO2 gasa absorbatzen baitute eta erreakzio batzuen bidez, hidrogeno protoien kontzentrazioa handitzen baita uretan. Honen harira, uraren azidotasuna (pH murrizpena) ikertu dute Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal estuarioetan, hain zuzen. Hasieran batean, ikertzaileek uste zuten hiru estuario hauen kutsadura maila oso ezberdina izango zela, baina hiru urtez lagindu ostean, Urdaibai eta Plentziako estuarioek portaera antzekoa dutela zehaztu dute. Nerbioi-Ibaizabal estuarioan berriz, Galindo ibaiadarrean oso balio ezohikoak neurtu dituzte. Orokorrean, CO2-aren sistemarekin erlazionatutako parametro guztiak estuarioen gazitasunarekin korrelazio handia daukatela behatu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Julen Astigarraga oñatiarrari egin diote elkarrizketa Unibertsitatea.net-en, bere ibilbide zientifikoaren inguruan. Julenek Geografia eta Lurralde Antolamenduko Gradua egin zuen UPV/EHUn eta Australian lanean egon ostean, Ekologia Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun,  Madrileko Alcalako Unibertsitate FORECO (Forest Ecology and Restoration Group) ikertaldean dabil tesia egiten, klima-aldaketak basoetan duen eragina ikertzen. Horretarako, azalera handiko nahiz txikiko basoen inbentarioak aztertu dituzte eta bakoitzak klima-aldaketaren aurrean duen portaera aztertu dute. Oraingoz behatu ahal izan duenarekin zera ondorioztatu du: birsortzen ari diren basoen hazkuntzak azkarragoak direla, baina klima-aldaketaren eraginen aurrean zaurgarriagoak izan daitezkeela.

Astronomia

Uxue Razkinek Fiammetta Wilson astronomoa aurkezten digu Zientzia Kaieran. Astronomo hau Lowestoften (Ingalaterra) jaio zen baina Suitza eta Alemanian egin zituen bere ikasketak. Fiammetta hizkuntzetan eta musikan nabarmendu zen, eta orkestra-zuzendari arrakastatsu eta hizkuntzalari ospetsua izan zen, baina 46 urte zituela, Alfred Fowler astronomoak Imperial College Londonen eman zituen ikasgai batzuetara joan ondoren, kalkulu astronomikoetaz maitemindu zen. Une hartan Britainia Handiko Astronomia Elkarteko kide bihurtu zen eta ordutik 1920ra arte, hil zen arte, 10.000 meteoro behatu eta, horietatik, 650 baten ibilbideak kalkulatu zituen zehatz-mehatz. Emakume zientzialari honen lana oso garrantzitsua izan zen, baina haren oihartzuna itzali egin zen ageriko arrazoirik gabe: Fiammetta Wilson astronomoaren suzko bolak.

Agustin Arrieta Canales ingeniariak Drakeren ekuazioari buruzko hitzaldia eman zuen urriaren 24an Gasteizen eta, honen harira, ekuazio berezi honen inguruko azalpenak eman ditu Juanma Gallegok Alea aldizkarian. Drake ekuazioak gure galaxian zenbat zibilizazio aurreratu egon daitezkeen kalkulatzea du helburu. Zehazki, Esne Bidean gurekin komunikatzeko ahalmena duten zenbat zibilizazio egon ote daitezkeen kalkulatzeko balio du. Hau kalkulatzeko Frank Drake astronomoak hainbat faktore deskribatu zituen, besteak beste, zein den bideragarriak izan daitezkeen izarren osaketaren ratioa, zenbatetan egon ote daitezkeen planeta sistemak edo zenbat diren biziarekin bateragarriak. Arrietak dioenez, zibilizazio posible asko egon daitezke ekuazio honen arabera, eta seguruenera teknologia eta denbora kontua izango da horiek aurkitzea. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Behar adina teknologiarik ez dugu estralurtarrak topatzeko”.

Geologia

Blanca Martinez geologoak mikropaleontologia arloan garatzen du ikerketa. Hau da, fosil mikroskopikoen azterketaren bidez organismo horiek bizi ziren eremuetako parametro ekologikoen ezaugarriak identifikatu ditzakete ikertzaileek. Ikerketari buruz mintzatzen da eta baita klima-aldaketaz. Martinezen esanetan, erregistro historikoak aztertuz gero ikusten da ezohikoa dela: “Ezin dugu deusekin alderatu; ez dakigu zer gertatuko den. Beraz, egoera ahalik eta naturalenera itzuli behar dugu, garapen ahalik eta iraunkorrenera, gertatuko dena iragarri ahal izateko”. Haren hitzak Berriako elkarrizketa interesgarri honetan: “Planetari ez zaio deus pasatuko; gizakiari, ez dakigu“.

Osasuna

Elhuyar aldizkarian jakinarazi dute bidean daudela COVID-19ari aurre egiteko pilula antibiralak. Molnupiravir eta Paxlovid izena dute antibiral hauek eta SARS-CoV-2aren lehen sintomak izan eta infekzioa baieztatutakoan hartu behar dira. Bost egunetan hartu behar dira pilulak. Lehenak erribonukleosido baten analogoa du, eta birusaren erreplikazioan eragiten du; bigarrenak berriz, proteasa bat inhibitzen du lehenaren eragin bera sortuz. Paxlovid antibiralak ordea, Molnupiravirrenak baino askoz ere emaitza hobeak lortu ditu 2. eta 3. fasean, % 89ko eraginkortasunarekin murriztu baititu ospitaleratzeak eta heriotzak. Molnupiravirrek aldiz, % 50eko eraginkortasuna duela frogatu da.

Dementzia pairatzen duten edadeko pertsonen kopurua, hazten ari da, heriotza-tasa goiztiarrak jaitsi egin baitira. Datuek erakusten dutenez, 65 urtetik gorako hamar biztanletik batek du dementziaren bat. Hala ere, kalkulatzen da mundu mailan soilik dementzien %30 inguru daudela diagnostikatuta. Dementzien artean Alzheimerra da gaitzik ohikoena eta Berrian asteon publikatu dutenez, gaitza listuaren bidez detektatzeko markagailu berri bat garatu du ikerketa-talde batek: “Termometro” bat alzheimerra atzemateko.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #368 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #373

Sat, 2021/11/13 - 09:00

botoa ematea

Bozkatzea, bai, botoa ematea,… nola hobetu hori berori? Hauteskundeetan hainbat aukera daude: zerrenda itxiak, zerrenda irekiak, zerrendarik gabe, barruti handiak kontuan izanda, barruti txikiak edo barruti bakarrak? Buelta bakarrekoa, bi bueltakoa edo “n” bueltakoa? Ordezkaritza proportzionaleko botazioa, gehiengo soil edo gehiengo kualifikatukoa? Boto-txartel bakarra, ordena alfabetikoaren arabera ordenatukoa, aurreko boto kopuruaren araberakoa edo hainbat boto-txartelekoa? Aurrez inprimatutako edo bete beharrekoak boto-txartelak? Aukera bakar bat ere ez da kalterik gabekoa. Hautaketa bakoitzak gauza batzuen edo besteen alde egin dezake. Jesús Zamora Bonillak azaltzen du Voting theory: the origins artikuluan.

Azken 15 urteetan, material topologikoen munduak hazkunde esponentziala izan du. Izan ere, kimika kuantiko topologikoaren eta haren barietate magnetikoaren garapenak, adierazten du kontu hau hasi besterik ez dela egin. DIPCko ikertzaileek ekarpen garrantzitsuak egin dituzte arlo horretan: Discovering topological materials from symmetry.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #373 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Fiammetta Wilson astronomoaren suzko bolak

Fri, 2021/11/12 - 09:00

Gaueko zerua behatzeak ia Fiammetta Wilson (1864-1920) astronomoa akabatzen du. Gerran, polizia batek Alemaniako espioi batekin nahastu zuen Fiammetta, linterna moduko bat erabiltzen zuen erregistro astronomikoak egiteko, eta poliziak pentsatu zuen argi harekin zepelinak seinalatzen zituela. Ozta-ozta libratu zen hiltzeaz, auskalo, agian izar iheskor bati desio bat eskatuko zion eta horrek lagundu zion. Ez da zaila, milaka ikusi baitzituen.

1. irudia: Fiammetta Wilson astronomoa 1915. urtean. (Argazkia: Lafayette – Knowledge and Illustrated Scientific News, 12. liburukia (1915) –  Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Ez zen hiltzeaz libratu zen une bakarra. Esaten dutenez orduak ematen zituen etxeko lorategian behaketak egiten, aire zabalean eta bere auzoan atsedenik gabe erortzen ziren bonben metraila saihestu zuen hainbatetan.  Bai, Lehen Mundu Gerra zen baina berak zeruko izarrei begira ematen zituen orduak, ez hegazkin bonbaketariei.

Fiammettaren une ia tragikoek ederki erakusten dute haren adorea, espazioa ikuskatzeko beharra (baita zerua lainotuta zegoenean ere) ordu luzez, besterik kontuan hartu gabe.

Alice Grace Cook astronomoa izan Fiammetta Wilsonen lankidea izan zen eta hark esaten zuenez Fiammettaren “espiritu ausartak” ahalbidetu zion besteek huts egin zuten lekuan arrakasta izatea. Egia esan, ez zegoen ezer heroikorik astronomoan, nahiz eta epikoa zuen guztia bere izena zen —Fiammetta (sugarra) izeneko pertsona batek ezin du oharkabean pasatu—. Hala ere, arrakasta ez da pertseberantziarekin eta lan isilarekin bateraezina; haren lana oso garrantzitsua izan zen, baina haren oihartzuna itzali egin zen ageriko arrazoirik gabe.

Fiammetta Wilson2. irudia: Asteroide-gerrikotik datozkigun diametro txikiko objektuei deitzen zaie meteoroide. Euren bidean Lurraren atmosferarekin topo egiten dutenean desintegratzen hasten dira eta izar iheskor, izar uxo edo suzko bola bezala ezagutzen ditugu. (Argazkia: OpenClipart-Vectors – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Fiammetak aurorak, argi zodiakala, kometak eta meteoroak aztertu zituen (fenomeno argitsu hori meteoroide batek Lurraren atmosfera zeharkatzen duenean gertatzen da, eta lagunartean, “izar uxo” edo “suzko bola” deitzen zaio). Bere lana egiteko, egurrezko plataforma bat eraiki zuen lorategian; horri esker, espazioa ikusi ahal izan zuen zuhaitzen adaburuen eragozpenik gabe. 1910ean Britainia Handiko Astronomia Elkarteko (British Astronomical Association) kide bihurtu zen eta ordutik 1920ra arte, hil zen arte, 10.000 meteoro behatu zituen, eta 650 meteoroen ibilbideak kalkulatu zituen zehatz-mehatz. 1916tik 1919ra bitartean, Astronomia Elkarteko Meteoroen saileko zuzendari ere izan zen, Alice Grace Cookekin batera.

Musikatik zientziara

Lowestoften (Ingalaterra) jaioa, Fiammettak etxe-irakasle batekin ikasi zuen etxean, eta Lausana hirian (Suitza) eta Alemaniako ikastetxe batean osatu zuen bere prestakuntza akademikoa. Han, urte batez ikasi zuen.

Txiki-txikitatik aita (medikua zen) ahalegindu zen alabarengan natur zientziekiko maitasuna sustatzen. Aldiz, Fiammetta hizkuntzetan eta musikan nabarmendu zen. Izan ere, orkestra-zuzendari arrakastatsu eta hizkuntzalari ospetsua izan zen. Baina Alfred Fowler astronomoak 1910ean Imperial College Londonen eman zituen klase batzuetara joan ondoren, pentagramak eta letrak albo batera utzi eta kalkulu astronomikoetan murgildu zen. Bat-bateko maitemina izan zen.

Britainia Handiko Astronomia Elkartean behatzaile gisa aritu ondoren, Royal Astronomical Society-ko kide hautatu zuten 1916an. Gogoan izan behar da XIX. mendean elkarte horrek ohorezko beka eman ziela Caroline Herschel eta Mary Somerville zientzialariei, baina erakundeak uko egin zion emakumeak eskubide osoko kide gisa onartzeari. Gerra Handiaren ondorioz postu zientifiko gehienak emakumeen esku geratu ziren, honek pixkanaka aldaketak ekarri zituen eta emakumeen lanaren merezitako aintzatespena bultzatu zuen.

Urte horretan bertan, Fiammetta Société d’astronomie d’Anvers  eta  Frantziako Elkarte Astronomikoko kide bihurtu zen. Garai hartan, bere behaketen inguruko artikulu zientifikoak idatzi zituen, eta horietako bi Elkarte Astronomikoan argitaratu zituen. 1920an, E. C. Pickering beka eman zioten Harvard Collegeko Behatokian ikertzaile gisa lan egiteko, baina, zoritxarrez, hil eta berehala jakinarazi zuten berria.

Erraza da Fiammetta udako gau batean bere lorategian imajinatzea, behaketetarako egin zuen egurrezko plataformaren gainean zeruari begira. Ez du galdu nahi zeru zabal horretako ezertxo. Erne eta lasai; bera da, zalantzarik gabe, gaua zaintzen duen astronomoa.

Iturriak:

———————————————-

Egileaz:

Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————-

 

The post Fiammetta Wilson astronomoaren suzko bolak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Uraren azidotasuna Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal

Thu, 2021/11/11 - 09:00

Lurraren %70a estaliz, ozeanoek zeregin handia dute planetaren prozesu gehienetan. Azken 200 urteetan CO2-aren emisioak gorakada handia izan du gizakien jarduera dela eta. Ondorioz, atmosferako CO2-aren kontzentrazioa bolumeneko milioiko 280 partetik (280 ppm) 415ppm ingurura igo da garai aurre-industrialetik gaur egunera.

Zenbait ikerketen arabera, 2100. urterako kontzentrazioak 936ppm-ko mailetara irits daitezke isuriek orain arte bezala jarraituz gero. CO2-aren hazkundeak bi efektu nagusi ditu: alde batetik, tenperatura globalaren igoera da, hau da, berotegi efektuaren areagotzea; eta bestetik, ozeanoen azidotasuna.

Ozeanoek CO2-a absorbatzen dute, eta ondorioz, atmosferan dagoen kontzentrazioa murrizten da, baina honek uraren pH-a txikitzen du. Itsasoko uraz gain, bereziak diren hainbat gune ikertzearen beharra agertu da ere, hala nola estuarioak. CO2-aren hazkundearen efektuak ur sistema hauetan ez dira gehiegi aztertu eta oso garrantzitsuak dira animalia eta landare espezie askoren bizileku baitira.

Azidotasuna aztertzeko lau parametro erabiltzen dira:

  1. alkalinitate totala (TA),
  2. disolbatutako karbono ezorganikoa (DIC),
  3. pH-a,
  4. iheskortasuna (fCO2).

Beraien arteko erlazio termodinamikoa dela eta, esperimentalki soilik neurtu behar dira bi beste biak kalkulatu ahal izateko. Lau parametro hauen azterketa bat egin da Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai (UR), Plentzia (PL) eta Nerbioi-Ibaizabal (NI). Estuario hauek aukeratu ziren beren arteko kutsadura maila oso ezberdina izango zelakoan. Laginketak 3 urtez egin ziren, urtaro bakoitzean, estuarioen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak ikusi nahian eta baita denborarekiko joerak aztertu nahian.

azidotasunaIrudia: CO2 misioen hazkundeak bi efektu nagusi ditu: berotegi efektuaren areagotzea eta ozeanoen azidotasuna. (Argazkia: Inactive account – ID 12019 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lortutako emaitzek erakutsi dute CO2-aren sistemarekin erlazionatutako parametro guztiak korrelazio handia daukatela gazitasunarekin. Beraz, parametro hauen normalizazioa egiten ez bada, emaitzak marearen momentuaren menpe egongo dira. Orain arte bibliografian aurki daitezkeen normalizazioak gazitasun aldaketa txikientzako baino ez dute balio eta lan honetan aztertutako estuarioen kasuentzako ez dira erabilgarriak.

TA eta DIC-ari dagokienez, PL-n eta UR-n, ekarpen nagusiena ibaitik dator hauen arroa mugikorrak diren karbonato-mineralez osatuta daudelako. Beraz, estuarioetan aurkitzen diren balioak azaltzeko, inguruko geokimika kontuan izan behar da. Nerbioi-Ibaizabalen aldiz, balio altuenak Kadagua, Asua eta Gobela ibaiadarretatik datoz. pH-ari dagokionez, PL eta UR estuarioetan ibaiko laginek erakutsi dute pH balio altuenak berriro ere. Honek laguntzen du aurretik aipatutako teoria, hauen arroa mugikorrak diren karbonato-mineralez osatuta daudela. Izan ere, karbonato ioiak pH handitzen du. NI-n atentzioa eman du Galindo ibaiadarrak erakutsitako pH balio baxuak, pH = 7 bezain balio baxuetara heldu delarik. Hau oso arraroa da ur natural hauetan eta aurki daitekeen azalpen bakarra antropogenoa da. Honekin erlazionatuta, ibaiadar honek iheskortasun balio altuenak erakutsi ditu, atmosferikoa baino 25 aldiz altuagoa.

Emaitza hauek guztiak kontuan izanda, esan daiteke PL eta UR estuarioak antzeko portaera daukatela, CO2-aren sistemari dagokionez, eta beste edozein estuariotan topa daitekeenaren antzekoa. Ibaitik datozen balio altuak arroaren geokimikari dagozkie eta beraz, normaltzat har daitezke. Bestalde, orokorrean NI-n aurkitutako balioak normalak izan arren, Galindo ibaiadarrean oso balio ezohikoak aurkitu dira. Kontuan izanda ibai hau zenbait fabriketatik pasatzen dela, badirudi pH balio baxu hauek isuri bati dagozkiela. Bilbo inguruko laginketa puntuek ere balio ez-ohikoak erakutsi dituzte.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia, ale berezia 2020
  • Artikuluaren izena: Uraren azidotasunari buruzko ikerketa Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal.
  • Laburpena: Lurraren % 70 estaltzen dutelarik, ozeanoek zeresan handia dute planetaren prozesu gehienetan. Azken 200 urteetan CO2-aren emisioak gorakada handia izan du gizakien jarduera dela eta. Horren ondorioz, atmosferako CO2-aren kontzentrazioa 280 ppm-tik 415 ppm ingurura igo da garai aurreindustrialetik gaur egunera bitartean. Zenbait ikerketaren arabera, 2100. urterako kontzentrazioak 936 ppm-ko mailara irits daitezke, isuriek orain arte bezala jarraituz gero. CO2-aren hazkundeak bi efektu nagusi ditu: alde batetik, tenperatura globalaren igoera, hau da, berotegi efektuaren areagotzea; eta bestetik, ozeanoen azidotasuna. Ozeanoek CO2-a absorbatzen dute, eta, ondorioz, atmosferan dagoen kontzentrazioa murrizten da, baina horrek uraren pH-a jaitsiarazten du. Itsasoko uraz gain, bereziak diren hainbat gune ikertzearen beharra ere agertu da, hala nola estuarioak. CO2-aren hazkundeak ur-sistema horietan izan dituen efektuak ez dira gehiegi aztertu, eta oso garrantzitsuak dira, zeren eta animalia- eta landare-espezie askoren bizileku baitira. Azidotasuna aztertzeko, lau parametro erabiltzen dira: alkalinitate totala, disolbatutako karbono ezorganikoa, pH-a eta iheskortasuna. Haien arteko erlazio termodinamikoa dela eta, esperimentalki soilik bi neurtu behar dira beste biak kalkulatu ahal izateko. Lan honetan, alkalinitate totala eta disolbatutako karbono ezorganikoa neurtu dira. Lau parametro horien azterketa egin da Bizkaiko hiru estuariotan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal. Laginketak hiru urtez egin ziren, urtaro guztietan, estuarioen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak ikusi nahian, bai eta denborarekiko erlazioak aztertu nahian ere.
  • Egileak: Leire Kortazar, Luis Ángel Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 125-144
  • DOI: 10.1387/ekaia.21030
Egileez:

Leire Kortazar, 35q Luis Ángel Fernández UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Uraren azidotasuna Bizkaiko hiru estuarioetan: Urdaibai, Plentzia eta Nerbioi-Ibaizabal appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Fotosintesiaren ezagutzan sakontzen klorofilaren fluoreszentziarekin

Wed, 2021/11/10 - 10:21

Zenbat karbono dioxido atmosferiko barneratzen du baso batek fotosintesiaren bidez? Zein landare barietate dira aldaketa orokorrarekiko sentikortasun gutxien dutenak? Galdera horiek erantzun ahal litezke klorofilaren fluoreszentzia behatu eta aztertuz gero.

Klorofilak, landareek eta algek eguzkiaren argia hartzeko erabiltzen duten pigmentu berdeak, argi gorri ahula igortzen du fotosintesian. Klorofilako fluoreszentzia bezala ezagutzen da fenomeno hau eta fotosintesiaren bat-bateko tasari buruzko informazioa transmititzen du.

fluoreszentziaIrudia: “Klorofilako fluoreszentzia” deritzon fenomenoa ikusezina da gizakion begientzat.  (Argazkia: AStoKo – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Duela zenbait hamarkadatatik ezagutzen dira klorofilaren fluoreszentzia hosto batean edo maila azpizelularrean neurtzea eta interpretatzea ahalbidetzen duten manipulazio-metodoak. Hala ere, duela gutxira arte ezin izan da kalkulatu eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentzia (SIF), eta ekosistema batean eta eskualde-mailan irudiak lortzea.

Jose Ignacio Garcia Plazaola biologoak, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak, nazioarteko ikerketa baten parte hartu klorofilaren fluoreszentziaren potentziala aztertu eta honen eta fotosintesiaren arteko kate-maila ezagutzeko. Lanak landare edo ekosistema baten zatien dinamika fotosintetikoarekin lotutako datuak argitzen lagunduko du. Bestalde, lagungarria izan daiteke ere landareen fenotipifikazio fisiologikoan eta hauen estresa detektatzeko ere. Beraz, ikerketak tresnak eman ditzake hurrengo belaunaldiko basoak eta laboreen kudeaketa hobeago baterako.

Teknologia bidelagun

Gaur egungo SIF neurketak dorre, drone, hegazkin eta sateliteetan muntatutako sentsore optiko hiperespektralen bidez egiten dira. Esate baterako, Europako Espazio Agentziaren FLuorescence EXplorer (FLEX) misioa programatuta dago 2024an espaziora bidaltzeko eta SIFen mapa globalak emango ditu ehunka metro gutxi batzuen bereizmenarekin. Garapen horiek bidea errazten dute landare ekofisiologian, ekologian, biogeokimikan eta doitasunezko nekazaritzan eta basogintzan hainbat aplikazio zientifiko eta komertzialetarako.

Jose Ignacio Garcia Plazaola ikertzailearen esanetan, “Tresna horiek aukera ematen dute fotosintesi espazialeko eta 3Dko ikerlanak egiteko, eta horrek lagunduko du landare edo ekosistema baten zati desberdinen dinamika fotosintetikoarekin lotutako arazoak konpontzen, mundu errealeko baldintzetan. SIF sistema, fenotipifikazio fisiologikoan eta estresaren detekzio aurre-bisualean ere aplika daiteke, hurrengo belaunaldiko laboreak eta oihanak maneiatzeko tresna indartsua baita”.

Etorkizunera begira, eta helburu horiek betetzeko, diziplina anitzeko eta eskala ugaritako lankidetza azterlanak egin behar dira. Landare biologiaren, teledetekzioaren, agronomiaren eta basogintzaren esperientzia uztartu behar dira eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentziaren (SIF) informazioa aplikazio berritzaileetan bihurtzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Klorofilaren fluoreszentzia, ekosistemen funtzionamenduari buruz dugun ikuspegia argitzen duen fotosintesiaren argia

Erreferentzia bibliografikoa:

Porcar-Castell, A., Malenovský, Z., Magney, T. et al. (2021). Chlorophyll a fluorescence illuminates a path connecting plant molecular biology to Earth-system science. Nature Plants, 7, 998–1009. DOI: https://doi.org/10.1038/s41477-021-00980-4

The post Fotosintesiaren ezagutzan sakontzen klorofilaren fluoreszentziarekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tokian tokiko jarduera: ekoizpen industrialerako robot adimendun autoegokitzaileak

Tue, 2021/11/09 - 09:00

Denok ez dugu gaitasun bera ideia konplexuak ulertzeko, ingurunera modu eraginkorrean moldatzeko, esperientzietatik ikasteko, arrazoiketa moduak baliatzeko edo, azken batean, zailtasunak gainditzeko pentsamendua baliatuta. Pertsonen arteko ezberdintasun horiek funtsezkoak badira ere, inoiz ez dira guztiz finkoak: pertsona baten errendimendu intelektuala aldatu egiten da inguruabarren, zereginaren eta emaitzak epaitzeko moduaren arabera.

Arazoak ebazteko helburuarekin ikasteko eta moldatzeko dugun gaitasun hori, adimena deritzoguna, taxutzen duten inguruabarretako bat esperientzia da. Aditu batek, gai jakin batean jendearen batezbestekoak baino informazio gehiago izateaz gain, gai izaten da, halaber, informazio berria modu efizienteagoan aztertzeko eta erronka berriak azkarrago ebazteko, betiere bere jakintza arloan. Beraz, espezializazioak, oro har, efizientzia areagotzen du.

robot adimendun1. irudia: lehen, eskulangile batek egiten zituen produktu bat fabrikatzeko fase guztiak. (Argazkia: dimitrisvetsikas1969 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

XX. mende hasieran, iraultza bat sortu zen ideia horren erabilpenean, eta, hala, produktu oso sofistikatuak samaldan ekoizten hasi ziren populazioaren zati handi batek ordaintzeko moduko prezioan: kateko ekoizpena sortu zen. Aurretik, eskulangile batek egiten zituen produktu bat fabrikatzeko fase guztiak; orain, fase bakoitza pertsona jakin baten espezializazio eremua bihurtu zen, eta ekoizpenaren faseetarako diseinatutako erremintak eta tresnak erabiltzen zituen. Kateko ekoizpenak, beraz, etapa bakoitzaren hiperespezializazioa behar du eta, hala, efizientzia optimizatzen da etapa horretako arazoak ebazteko orduan.

Muturreko espezializazio horren ondorioz, baina, oso zaila da lanabesak eta pertsonen gaitasunak birziklatzea. Irudika dezagun autoen ekoizpen lerro bat: forman, dimentsioetan edo teknologian aldaketaren bat eginez gero, lanabesetan inbertsio ikaragarriak egin behar izaten dira; aldaketa muturrekoa bada, adibidez ibilgailu elektrikoak fabrikatzen hastea errekuntza motordunen ordez, beharbada hobe da fabrika oso bat hutsetik eraikitzea aurretik zegoena egokitu beharrean. Langileekin gauza bera gertatzen da: ez da batere erraza oso konplexua eta espezializatua den zeregin bateko gaitasunak birziklatzea –adibidez, aluminaren elektrolisi upel batean 30 urtez lanean egon den langile batenak–, horren ondoren langile hori efizientzia maila lehiakor batean beste zerbait egiten has dadin.

Gaur egun bizi dugun industria iraultzan, egokitzapen arazo horiek ebazteko –bai ekoizpen lerroena, bai lerroen funtzionamenduarena–, gizarteak eskatzen dituen produktu teknologikoki sofistikatuak, eta, gainera, prezio onean, fabrikatzeko, nekatzen ez den eta arazo pertsonalik ez duen adimena erabili behar da, hau da, adimen artifiziala.

Horren adibide bat Europar Batasunak finantzatutako ACROBA proiektua da, zeina aurtengo urtarrilaren 1ean abiarazi zuten. Proiektuaren xedea da plataforma robotiko adimendun berri batzuen eraginkortasuna garatzea eta frogatzea, industriako ia egoera guztietara arazorik gabe egokitzeko gai izango direnak. Helburua da kontsumitzaileek eskatzen dituzten aldaketei erraz, modu merkean eta kalitate estandarrak mantenduz erantzutea.

robot adimendun2. irudia: Vicomtech euskal enpresak pertsona/robota lankidetzako zeregin ezinbestekoetan parte hartuko du ACROBA proiektuan. (Iturria: Vicomtech)

Industria plataforma berri horiek plug-and-produce kontzeptuan oinarrituko dira (entxufatu eta ekoiztu) arkitektura modular eta moldagarriekin. Hala, sistema robotikoak azkar aldatzen diren ekoizpen inguruetan gaitasun kognitibo hobetuekin konektatuko dira. Beste modu batean esanda, ACROBA plataformak adimen artifiziala eta modulu kognitiboak erabiliko ditu fabrikatzaile bakoitzaren betekizunak betetzeko eta fabrikazio masiboko produktuen pertsonalizazioa hobetzeko (adibidez, gama altuko auto batek izan ditzakeen aukeren ia konbinazio infinituak), horretarako, ekoizpen behar guztietara autoegokitzeko gai diren sistema robotiko aurreratuak erabilita.

Horrelako plataformei esker, industria enpresa txiki eta ertainak sortu ahalko dira eta bideragarriak izan ahalko dira, ohiko kateko ekoizpena behar duten fabrika handien aurrean. Beraz, ez da harritzekoa proiektuan Vicomtech euskal enpresak parte hartzea, zeinak ikuspen eta adimen artifizialeko teknologien garapenaren arloan dituen esperientzia eta ezagutzak eskaintzen dituen. Zehazki, pertsona/robota lankidetzako zeregin ezinbestekoetan parte hartuko du: ezaugarriak erauzi, irudiak ulertu, egoerak deskribatu eta atzeman. Horiek guztiak ere adimen deritzogun horren ezaugarriak dira.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tokian tokiko jarduera: ekoizpen industrialerako robot adimendun autoegokitzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kondorraren partenogenesia

Mon, 2021/11/08 - 09:00

Analisi genetikoek berretsi dutenaren arabera Kaliforniako kondorrak partenogenesiz jaio daitezke, alegia, arrak ernaldu gabeko arrautzetatik txitak jaio daitezke.

Oraingoz eztabaidagaia da partenogenesiak lotura duen kondorraren desagertzeko arrisku egoerarekin, baina, hegaztietan oso arraroa den partenogenesia kondorretan ere gerta daitekeela frogatu du ikertzaile talde batek. Ikerketa horrek agerian utzi du beste hainbat espezietan ere partenogenesia gerta daitekeela, baina, oraindik dokumentatutako kasurik ez dagoela. Kaliforniako kondorra desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea denez, hainbat ikerketa programa martxan daude eta programa horiei esker antzeman ahal izan dira partenogenesi kasuak.

Irudia: Andeetako kondorra. Andeetako kondorra arriskuan dagoen arren, Kaliforniako kondorra baino egoera hobean dago. (Argazkia: jmarti20 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeko ikertzaileek jakinarazi dutenez, Kaliforniako kondorren bi jaiotza gertatu dira arren beharrik gabe. Nolabaiteko jaiotza birjinak, hain zuzen ere. Analisi genetikoek baieztatu dute 2001. eta 2009. urteetan ernaldu gabeko arrautzetatik jaiotako bi txitek haien amekin lotura genetikoa dutela. Aldiz, ez dute loturarik inongo arrekin. Kaliforniako kondorra, Gymnogyps californianus, desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea da. Ipar Amerikako hegaztirik handiena izanik, 80ko hamarkadan desagertzeko zorian egon zen –1982an 22 hegazti besterik ez zeuden-. AEBtako Gobernuak Kaliforniako kondorrari laguntzeko hainbat programa jarri zituen martxan eta, pixkanaka bada ere, gaur egun 500 bat kondor daudela jotzen da -horietako 300 aske-.

Ugalketa asexualeko kasu horiek duela urte batzuk ezagutu ziren, Kaliforniako kondorraren ugalketa programen bitartez. Zientziaren ikuspuntutik, aipatutako jaiotza birjin horiek deskribatzeko zuzenagoa da partenogenesi izena. Hautazko partenogenesia ezaguna eta ohikoa da ornogabe askotan, eta baita zenbait ornodunetan ere, besteak beste, muskerretan, sugeetan eta marrazoetan. Partenogenesi kasuetan, obulua espermatozoideak ernaldu gabe garatzen da eta, horrexegatik, kumeek amaren informazio genetikoa dute soilik. Ohiko ugalketa sexualeko kasuetan, kumeek aitaren eta amaren informazio genetikoa jasotzen dute. Informazio genetikoaren elkartze hori funtsezkoa da organismoen eboluzioan, belaunaldiz belaunaldi aldakortasun genetikoa handitzen delako.

San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeko Oliver A. Ryder eta bere lankideek argitaratu duten ikerketaren emaitzen arabera, lehen aldiz antzeman da hautazko partenogenesia Kaliforniako kondorrean. Ikerketa Journal of Heredity aldizkarian argitaratu berri da eta hegaztietan ezohikoa den partenogenesia deskribatu dute. Hautazko partenogenesi kasuak aztertutako emeen % 2,4an gertatu da, ikertzaileen emaitzen arabera. Emaitza horiek iradokitzen dute partenogenesia espeziearen arrisku egoeraren emaitza hobeto esanda, ugaltzeko zailtasunaren emaitza izan daitekeela. Ikerketa osagarriak beharrezkoak izango dira kondorraren kasuan hori gertatu den berresteko, baina, beste espezie batzuetan partenogenesia bikote gabeziaren irtenbidea izan daitekeela ikusi da.

Era berean, ikertzaileek azpimarratu dute honek erakutsi dezakeela beste hainbat espezietan ere partenogenesia gertatzen dela, baina, ez dagoela ikertuta. Hain zuzen ere Kaliforniako kondorraren partenogenesi kasuak ezagutzeko ezinbestekoak izan dira bere babeserako eta ikerketarako programak. Beste aurkikuntza bat ere egin dute: dokumentatuta dauden partenogenesi kasurik gehienetan emeak ez dauka arretara iristerik, baina, kondorraren kasuan bai. Arrak tartean zirela gertatu zen partenogenesia, hain zuzen ere. Bestalde, kondorren bizitza 60 urte ingurukoa izaten den arren, partenogenesiz jaiotako kondorretako bat bi urte zituela hil zen eta bestea, aldiz, zortzi urte zituela. Azken bi arrazoi horiengatik, hau da, arrak eskuragarri egoteagatik eta kumeak ugaltzeko adinera ez iristeagatik, partenogenesia bizirauteko estrategia bat dela baztertu egin beharko litzateke. Edozein kasutan, argi dago antzeman diren kasuak oso gutxi direla ondorio garbiak lortzeko eta eztabaidak, momentuz, ez dauka erantzun garbia. Hala eta guztiz ere, ikerketen ezinbestekotasuna agerian gelditu da horrelako gertakariak antzeman eta Natura ulertu ahal izateko.

Informazio gehiago: Erreferentzia bibliografikoa:

Ryder, Oliver A. et al (2021). Facultative parthenogenesis in California condors. Journal of Heredity, 1-6, advance access publication. DOI: 10.1093/jhered/esab052.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Kondorraren partenogenesia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #367

Sun, 2021/11/07 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima aldaketa

Ingurumena

Landare exotiko inbaditzaileak asko ugaritu dira bai gure lurraldean, baita beste herrialdetan ere, eta espezie autoktonoekin lehiatzen dira. Arazo honi aurre egiteko nazioarteko ikerketa bat bultzatu da Europa mailan, kontinentean dauden espezie exotikoen ahalmen eta baldintza inbaditzaileak identifikatzeko asmoz. Bertan parte hartzen du Idoia Biurrun UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak. Biurrunek Iberiar penintsularen iparraldeko landare komunitateetan dauden landare exotikoei buruzko datuak bildu ditu eta, hauetaz baliatuz, espezie exotiko bakoitzaren tokiko ugaritasuna, hedapen geografikoa eta anplitude ekologikoa identifikatuko da, Europa osoko datuekin batera. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Landare exotikoen jatorriak badu zer esana ahalmen inbaditzailean.

Milaka ekintzailek, ordezkari politikok eta 200 herrialdetako agintariek hitzordu garrantzitsua dute COP26 gailurrean. Arretaz jarraitzen ari da bertakoa Sergio H. Faria BC3ko Ikerbasque irakaslea eta Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko (IPCC) ikertzailea. Parisen duela sei urte hitzartutakoak betetzear daude oraindik eta egindakoa ez da nahikoa izan gehienez 1,5 graduko berotze globala ez gainditzeko. Ikertzaileak uste du orain dela aukera, Glasgown. Ez du uste azken aukera denik goi bilera, baina bai klima-aldaketari galga jartzeko aukera. Berrian elkarrizketatu du Iñaki Petxarroman kazetariak: “Atmosferan pilatutako CO2aren erdia azken 30 urteetan isuritakoa da”.

Biologia

Hologenoma animalia edo landare bat osatzen duten organismo guztien genomen multzoa da: bai ostalariarena eta baita haien mikroorganismoena ere. Horren harira, Antton Alberdi Estibaritz Kopenhageko Unibertsitateko biologoa, abereen eta haiekin bizi diren mikroorganismoen arteko interakzioa aztertzen ari da, hologenomikaz baliatuta. Alberdi eta bere kideen ustetan, egungo sekuentziazio-teknikek, CRISPR-Cas9-k eta ahalmen konputazionalak jada aukera ematen dute edozein ostalari eta haren mikrobioen ezaugarri genetikoen azterketa sistematikoa egiteko, eta baliabide hauei buruzko artikulu bat argitaratu dute Nature Reviews Genetics aldizkarian. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Hologenomika: ostalari eta mikrobiotaren arteko harremana argitzen.

Osasuna

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, COVID-19aren txaplata bidezko txertoa eta beste aukera batzuk garatu dituzte herrialde pobretuentzat. Saguetan frogatu dute txerto mota berri hau eta ohiko injekzioek baino babes hobea sortzeaz gain, dosi txikiagoa behar du, giro-tenperaturan biltegiratu daiteke, eta norberak bere buruari jar diezaioke. Larruazalean immunitate-zelulak oso ugariak direnez, erantzun immunitario sendoa sortzen da, baita dosi bakarrarekin ere. Espero da osasun-profesional gutxi edo/eta txertoak hotzean garraiatzeko eta gordetzeko baliabide eskasak dituzten lekuetan abantaila handia suposatuko duela, baina lehenik, pertsonetan probak egin beharko dituzte.

Teknologia

Aste honetan Zientzia Kaieran, Naiara Aginako UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldeko ikertzaileari egin diote elkarrizketa, minbizia tratatzeko teknologia berritzaile baten inguruan. SBRT irradiazio teknika du izena eta ohiko tratamenduekin baino erradiazio-dosi handiagoak sortzen direnez, pazienteek erradiazio-saio gutxiago behar dituzte. Ikerketa-talde honek biriketako minbiziaren tratamendua ikertzen du eta ebakuntza ezinezkoa denean SBRT teknika da erabilgarria dela erakutsi dute. Datu guztiak: Naiara Aginako: “Minbizia tratatzeko SBRT teknikaren doitasuna ohiko tratamenduena baino handiagoa da”

Industrian, piezen erabilpenean zehar agertzen den higadura edo fabrikazio-prozesuan zehar kaltetzen diren piezak konpontzeko “Laser Metal Deposition” deituriko prozesuaz baliatzen dira. Metodo honek oinarri-materialaren gainazalean material bera edo bestelakoa gehitzea ahalbidetzen du, laser-izpi batek oinarri-materiala eta gehigarria, biak aldi berean, urtzen baititu. Prozesu hau oso interesgarria bilakatu da trokelgintzako enpresa ugarirentzat. Izan ere, ikerkuntza-lan batek berotako trokelen hozketa-hodiak LMD bidez fabrikatzearen bideragarritasuna bermatu du. Datuak Zientzia Kaieran: Hozketa-hodien fabrikazioa berotako trokeletan laser bidezko ekarpen bidez.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #367 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #372

Sat, 2021/11/06 - 09:00

aurpegi

Gauza bat da jakitea ikusten duzuna aurpegi bat dela, eta beste bat da ikusten duzuna aurpegi ezagun bat dela jakitea. Ez dira gauza bera. Dena dela, garunak zer egiten duen bata eta bestea bereizteko, ez da hain gauza misteriotsua. Rosa Garcia Verdugok azaltzen digu: A new type of neuron identified in familiar face recognition por Rosa García-Verdugo.

Seguruenik, ilargian ura egotea primerakoa irudituko litzaioke norbaiti, batez ere ura modu batera edo bestera erabiltzeko. Baina baliteke hau astiroago pentsatu behar izatea. Alex Ellery-ren eskutik: Mining the moon’s water will require a massive infrastructure investment, but should we?

Mikroskopia bidez lortutako irudien azterketa hain da nekeza eta konplexua, honetarako ikasketa sakoneko sistemak erabiltzea arau bihurtzen ari dela. Baina baten batek esan zuen moduan: “Botere handi batek erantzukizun handia dakar”. DIPCko ikertzaileek honen arazoa eta konponbide posibleak adierazten ditu: The proper use of deep learning in microscopy image analysis.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #372 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Naiara Aginako: “Minbizia tratatzeko SBRT teknikaren doitasuna ohiko tratamenduena baino handiagoa da” #Zientzialari 163

Fri, 2021/11/05 - 09:00


SBRT irradiazio teknika minbizia tratatzeko teknologia berritzailea da. Doitasun handiko teknika honen ezaugarririk garrantzitsuena da, ohiko tratamenduekin baino erradiazio-dosi handiagoak jasotzen dituela gaixoak. Ondorioz, pazienteak erradiazio-saio gutxiago ditu.

UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldean (RSAIT) biriketako minbiziaren tratamendua ikertzen dute. Birikietako tumore primarioa duten eta osasun-egoera onean dauden gaixoen ohiko tratamendua kirurgia da. Ebakuntza ezinezkoa denean SBRT teknika da erabilgarria. Hala ere, tratamendua aplika daiteke soilik tumore bakarra dagoenean, txikia denean eta gongoilak erasan gabe daudenean.

Tumore bat irradiatzen denean inguruko zelula osasuntsuek ere jasotzen dute irradiazioa baina SBRT teknikarekin zelula kopuru txiki batek baino ez du hau jasango. UPV/EHUko RSAIT taldeko Naiara Aginako ikertzaileak azaltzen dizkigu xehetasunak. 

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Naiara Aginako: “Minbizia tratatzeko SBRT teknikaren doitasuna ohiko tratamenduena baino handiagoa da” #Zientzialari 163 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hozketa-hodien fabrikazioa berotako trokeletan laser bidezko ekarpen bidez

Thu, 2021/11/04 - 09:00

Laser bidezko ekarpena da industrian gero eta gehiago erabiltzen ari den fabrikazio-prozesua. Hainbat aldaera dituen arren, ikerlan honetan ingelesezko “Laser Metal Deposition” deituriko prozesuaz hitz egiten da, hemendik aurrera LMD izena hartuko duena. Prozesu horrek oinarri-materialaren gainazalean material bera edo bestelakoa gehitzea ahalbidetzen du. Material gehigarria hauts- edo hari-formatuan atxikitzen da oinarriaren gainazalean, laser-izpi batek oinarri-materiala eta gehigarria, biak aldi berean, urtzen dituelarik. Hori dela medio, LMD prozesuari esker piezaren erabilpenean zehar agertzen den higadura edo fabrikazio-prozesuan zehar kaltetuak diren piezak konpondu daitezke. Gainera, LMD bidez konponduriko piezek jatorrizkoarekin alderagarriak diren ezaugarri mekanikoak dituzte, eta, ondorioz, jatorrizkoen funtzio berdinetarako erabil daitezke.

LMDaren ezaugarririk esanguratsuena balio erantsi handiko piezen fabrikazioa da, errepikakortasun handiarekin eta erlatiboki kostu baxuarekin. Are gehiago, material-gehitze prozesua guztiz automatizatu daiteke, prozesuaren gaineko langilearen eragina ia desagertu arte murriztuz. Beraz, LMDak trokelgintzako enpresa ugariren interesa piztu du azken urteetan.

Hozketa-hodien fabrikazioaIrudia: Trokel kurbo baten hozketa-sistema diseinatzeko garatu diren aukerak: a) zulaketa-hodi zuzen bakarra; b) zulaketa-hodi zuzen bi; c) laser-ekarpeneko prozesuaren bidez fabrikaturiko hozketa-hodia. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Berotako estanpazioan xafla metalikoaren hozketa egokirako hain beharrezkoak diren hozketa-hodiak, gaur egun zulaketa bidez fabrikatzea beste irtenbide teknologikorik ez da existitzen. Hala, beraien forma fabrikazio-prozesu horrek mugatzen du, eta, hortaz, ezinezkoa da trokelaren gainazal kurboekiko paraleloak diren hozketa-hodiak fabrikatzea. Ondorioz, konformaturiko xaflaren hozketa ez-homogeneoa lortzen da, eta, bukaerako piezak propietate mekaniko aldakorrak ditu gune desberdinetan. Murrizketa horri aurre egiteko helburuarekin, erabaki da hozketa-hodiak laser bidezko ekarpen prozesuaren bidez fabrikatzea eta ikerlan honetan prozesu horren bideragarritasuna aztertu da.

Ikerkuntza-lan honi eskerrak, berotako trokelen hozketa-hodiak LMD bidez fabrikatzearen bideragarritasuna bermatu da. Horretarako, geometria konplexuko hozketa-hodiak LMD bitartez fabrikatzea ahalbidetzen duen estrategia berria garatu da.

Are gehiago, kontutan hartu behar da laser ekarpen bidez hozketa-hodiak ixtean, zulaketaren kasuan baino gainazal-zimurtasun handiagoa izango dutela eta honek hozketa-jariakinaren fluxuari eragingo diola. Alabaina, gainazal zimurrago batek turbulentzia-maila handiagoa dakar eta hau desiragarria da konbekzio-bidezko hozketa-prozesurako.

Gehituriko materialaren arrakalatzea ekiditeko bitarteko AISI 316 material bigunagoaren beharrizana ere frogatu da. Alabaina, material bigunagoaren erabilerak trokelaren hozketa-gaitasunean duen eragina aztertu beharra dago, eta, horregatik, etorkizunean ildo horretan ikertzen jarraituko da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2019ko ale berezia
  • Artikuluaren izena: Hozketa-hodien fabrikazioa berotako trokeletan laser bidezko ekarpen bidez.
  • Laburpena: Berotako estanpazioan xafla metalikoaren hozketa egokirako hain beharrezkoak diren hozketa-hodiak gaur egun zulaketa bidez fabrikatzea beste irtenbide teknologikorik ez dago. Hala, haien forma fabrikazio-prozesu horrek mugatzen du, eta, hortaz, ezinezkoa da trokelaren gainazal kurboekiko paraleloak diren hozketa-hodiak fabrikatzea. Ondorioz, konformaturiko xaflaren hozketa ez-homogeneoa lortzen da, eta bukaerako piezak propietate mekaniko aldakorrak ditu gune batean eta bestean. Murrizketa horri aurre egiteko helburuarekin, erabaki da hozketa-hodiak laser-ekarpeneko prozesuaren bidez fabrikatzea eta ikerlan honetan prozesu horren bideragarritasuna aztertu da.
  • Egileak: Jon Iñaki Arrizubieta, Eneko Ukar, Magdalena Cortina, Jose Exequiel Ruiz, Ines Asegionolaza, Aitzol Lamikiz
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 71-84
  • DOI: 10.1387/ekaia.19861

Egileez:

Jon Iñaki Arrizubieta, Eneko Ukar, Magdalena Cortina, Jose Exequiel Ruiz eta Aitzol Lamikiz UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaielak dira eta Ines Asegionolaza Batz S. kooperatibako ingeniaria da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Hozketa-hodien fabrikazioa

The post Hozketa-hodien fabrikazioa berotako trokeletan laser bidezko ekarpen bidez appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages