Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 46 min 57 sec ago

Landare exotikoen jatorriak badu zer esana ahalmen inbaditzailean

Wed, 2021/11/03 - 09:00

Panpako luma-erratza (Cortaderia selloana), banbu japoniarra (Fallopia japonica) eta kanabera arrunta (Arundo donax) gure lurraldean ikusten diren landare inbaditzaileak dira. Lehena, esaterako, Hego Amerikatik ekarri zen eta, batez ere, lorategiak apaintzeko erabili izan da baina egun hainbat tokitan ikus daitezke.

Landare exotiko inbaditzaileak asko ugaritu dira eta espezie autoktonoekin lehiatzen dira. Horrela, bide bazterretako ezpondetan edo ibaiertzetan ikusten dugu Panpako luma-erratza, bertako landareei aurrea hartu eta hauek baztertu baititu.

Landare inbaditzaileak gurera noiz heldu ziren eta beraien jatorria zein den erregistratzeak lagun dezake horien ugaritasuna, hedapena eta anplitude ekologikoaren ezagutzan. Izan ere, hiru ezaugarriak (ugaritasuna, hedapena eta anplitude ekologikoa) funtsezkoak dira espezie inbaditzaileen ahalmena ulertzeko.

luma-erratza1. irudia: Cortaderia selloana edo Panpako luma-erratza XX. mendearen erdialdean ekarri zuten Europara lorategietan apaingarri gisa erabiltzeko. Lorategietatik ihes egin eta bertakotu egin zen 80. eta 90. hamarkadetan eta izugarri hedatu da Euskal Herrian. (Argazkia: JackieLou DL – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Idoia Biurrun UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da eta Europan dauden espezie exotikoen ahalmen eta baldintza inbaditzaileak identifikatzen dituen nazioarteko ikerketa baten parte hartu du (Dimensions of invasiveness: links between local abundance, geographic range size, and habitat breadth in Europe’s alien and native floras).

Biurrunek, besteak beste, ikerketan Iberiar penintsularen iparraldeko landare komunitateetan dauden landare exotikoei buruzko datuak bildu ditu, eta azterlanaren emaitzak interpretatzen lagundu du. Datu horiek, Europa osoko datuekin batera, ezinbestekoak izan dira espezie exotiko bakoitzak hiru alderdietan duen ahalmena kalkulatzeko: tokiko ugaritasuna, hedapen geografikoa eta anplitude ekologikoa. Hiru alderdiko esparru horrek landareen banaketaren dinamikari buruzko ezagutzak hobetuko ditu, eta, beraz, egon daitezkeen inbasioak aurreikusten eta kudeatzen lagunduko du.

Espezie exotikoen ahalmen inbaditzailea

Ekologiaren arloko adituek gero eta hobeto dakite “inbaditzaile” terminoak ez duela ezaugarri bakarra deskribatzen. Hain zuzen ere, espezieen banaketa motek inbaditzaile izan daitezkeela adieraz diezagukete. Espezieek inbaditzaile bihurtzeko dituzten moduak hobeto ezagutzeko, egileek bi datu-base handi nahastu dituzte: alde batetik, naturalizatutako flora exotikoari buruzko datu-basea (Global Naturalized Alien Flora –GloNAF–), eta, bestetik, landareei buruzko Europako datu-basea (European Vegetation Archive –EVA–).

Landare inbaditzaileen2. irudia: Reynoutria japonica Houtt. Zuhaixka itxurako belar erraldoi honek lurpeko errizomen bidez hedatzeko eta ugaltzeko izugarrizko gaitasuna du. Jatorriz Asia ekialdekoa da eta apaingarri bezala erabiltzeko ekarri zen Europara XIX. mendean. Ordutik hona ia Europa osoa inbaditzen joan da, batez ere ibai, errepide eta trenbideak kolonizatuz. (Argazkia: Juan Antonio Campos. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Jatorrizko landareek eta landare exotikoek antzeko lotura ereduak dituzten arren, alde erabakigarria dago bi taldeen artean: bertako landareek ez bezala, inbaditzaileek ez dute eboluzionatu berriki sartu diren habitat inbadituetan. Hori dela eta, landareen ahalmen inbaditzailea izateko funtsezko baldintzak edo faktoreak identifikatzea izan dute helburu ere.

Ikusi zuten balio altuak dituzten landareak, oro har, beste kontinente batzuetatik datozenak direla; adibidez, Asiatik edo Amerikatik. Europako beste toki batzuetatik sartu diren landare inbaditzaileek, aldiz, ez dute ahalmen inbaditzaile handirik. Gainera, Europatik kanpoko “superinbaditzaileek”, askotan, azkar hazten laguntzen dieten propietate biologikoak dituzte, baina euren defentsa mekanismoak ez daude hain garatuak. Emaitza horiek Enemy release hypothesis edo “etsaiengandik ihes egitearen hipotesia” babesten dute. Hau da, espezie inbaditzaileek gure lurraldeak hartzen dituztenean, alde batera uzten dituzte beren habitatetan berekin eboluzionatu duten patogeno, herbiboro eta aurkari asko. Horri esker, “kontrolik gabe haz” daitezke, eta ondorio hori are nabarmenagoa izan daiteke inbasio prozesuan kontinenteen arteko mugak igaro badira, hala nola ozeanoak edo mendikate handiak.

Arauaren salbuespenak

Alderdi batean ahalmen inbaditzailea duten landareek beste alderdietan ere badutela dioen arauaren salbuespenak ere aurkitu zituzten zientzialariek, eta salbuespen horien kausa posible batzuk identifikatu zituzten. Adibidez, sarrera data duela gutxikoa bada, litekeena da landare inbaditzaileak arau hori ez betetzea. Izan ere, landare horiek berriak dira lurraldean, eta oraindik ez dute beren ahalmena garatu. Horrek esan nahi du sartu berri diren eta ahalmen inbaditzailea alderdi bakarrean duten landareez arduratu behar dugula, litekeena baita beste alderdietara ere zabaltzea. Horrenbestez, “ahalmen inbaditzailearen alderdien” esparrua tresna eraginkor bat da naturalizazioaren egungo ereduak azaltzeko eta espezieen banaketaren dinamikari buruz dugun ulermena hobetzeko. Horrez gain, lagungarria izan daiteke gerta daitezkeen inbasioak aurreikusteko eta banakako kudeaketa estrategiak prestatzeko, landare inbaditzaileak hobeto kontrolatze aldera.

Iturria:

UPV/EHUko prentsa bulegoa: Europako landare espezieen inbasioaren gakoak argitu dira

Erreferentzia bibliografikoa:

Fristoe, T.S., Chytrý, M., Dawson, W., Essl, F., Heleno, R., Kreft, H., Maurel, N., Pergl, J., Pyšek, P., Seebens, H., Weigelt, P., Vargas, P., Yang, Q., Attorre, F., Bergmeier, E., Bernhardt-Römermann, M., Biurrun, I. et al (2021). Dimensions of invasiveness: Links between local abundance, geographic range size, and habitat breadth in Europe’s alien and native floras. PNAS,  118, e2021173118. DOI: 10.1073/pnas.2021173118

 

The post Landare exotikoen jatorriak badu zer esana ahalmen inbaditzailean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tokian tokiko jarduera: klima aldaketaren espioitza dronea

Tue, 2021/11/02 - 09:00

Klima-aldaketak kontinente guztietako herrialde guztiei eragiten die, eta ekonomian, pertsonen bizitzetan eta komunitateetan inpaktu negatiboa sortzen ari da. Aurreikusten denaren arabera, etorkizuneko ondorioak are larriagoak izango dira. Berehala zerbait egiten ez badugu, etorkizuneko ondorioak hondamenezkoak izan litezke.

Klima-aldaketari aurre egiteko bi aukera daude: alde batetik, klima-aldaketaren kausak murriztea, besteak beste berotegi efektuko gasen emisioak (arintzea), eta, beste alde batetik, klima egoera berrietara egokitzea kalteak gutxitzeko edo aukera berriak aprobetxatzeko (egokitzapena).

klima aldaketaren1. irudia: Klima patroien aldaketak itsasoaren tenperaturari, mailari eta azidifikazioari eta espezieen aniztasunari eragiten die. (Argazkia: FrankWinkler – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Klima-aldaketa gelditzeko berehalako neurriak ezartzea garestiegia dela uste liteke. Hala ere, horrelako ekintzetan inbertitu ezean, klima-aldaketak sortutako egoeretara egokitzea ezinezkoa izango da, eta lanpostu berririk ere ez litzateke sortuko beste batzuk halabeharrez desagertzen ari direlarik.

Klima patroien aldaketak itsasoaren tenperaturari, mailari eta azidifikazioari eta espezieen aniztasunari eragiten die. Horrek ondorioak ditu itsaso zabalean eta itsaso sakonean, kostaldeko eremuetan eta itsasoko baliabideen ustiapenari lotutako gizakien elikaduran.

Horregatik, ahal den heinean, arazoari aurrea hartu behar zaio, eta planak sortu behar dira aurreikuspenak egiteko eta itsasoko baliabideetan eta ekosistemetan eta kostaldeetako giza eremuetan klima aldaketaren ondorioak gutxitzeko. Horrez gain, intereseko habitatak kontserbatu behar dira, espezie kalteberak babestu behar dira eta arrantza eta itsas espazioaren antolamendua modu jasangarrian kudeatu behar dira.

Hori guztia lortzeko, datuak behar dira, eta datu horietatik informazioa ateratzea posible izan behar da. Hala, habitaten eta ekosistemen ereduak erabilita, aztertu ahal dira klimaren ondorioek nola eragin diezaieketen ekosistema batean garrantzitsuak diren espezieen populazioen eta talde trofikoen banaketari, ugaritasunari eta dinamikari. Inpaktu arriskuen eta kalteberatasun adierazleen mapak egin daitezke, eta horrekin, neurri zuzentzaile posibleak aztertu, eta kontingentzia planak egin ahal dira.

Kontua da nola lortu datuak modu efizientean. Kasu honetan, efiziente hitzak esan nahi du ahalik eta kalte gutxien sortzea, ez kutsatzea, energia kontsumoa gutxienekoa izatea eta energia hori berriztagarria eta pertsonentzako segurua izatea, eta hori dena oso aldi luzeetan.

AZTI zientzia eta teknologia guneak itsas ingurunearekin lotutako inpaktu handiko eraldaketa proiektuak lantzen ditu Nazio Batuetako 2030erako GJHekin lerrokatutako erakundeekin lankidetzan. Branka Composites enpresarekin batera, AZTIk Itsasdrone sortu du: itsas gainerako drone bat, epe luzeko datuak behar diren misioetarako; modu autonomoan funtzionatzen du.

2. irudia: AZTIk itsas gainerako drone bat sortu du, epe luzeko datuak behar diren misioetarako; modu autonomoan funtzionatzen duena (Iturria: AZTI)

Itsasdroneak energia berriztagarriekin bakarrik funtzionatzen du eta ez du emisiorik sortzen. Konpositearekin fabrikatuta dago, non % 30 jatorri biologikoa baita eta fabrikazio prozesuek ingurumena errespetatzen baitute. Droneak gauzatu ditzakeen askotariko misioen artean daude, besteak beste, azterketa hidrografikoetarako datuak jasotzea, laginketa ozeanografikoak egitea, arrain populazioak analizatzea, itsasoko espezieen migrazioak aztertzea, eremu arriskutsuetan neurketan egitea, datu meteorologikoak eta airearen osaerakoak biltzea, eguzkiaren jarduera neurtzea, petrolio isuriak monitorizatzea eta itsasoko hondakinak detektatzea.

Baina, noski, intrusio gutxieneko eta hainbeste datu biltzeko gaitasuna duen drone batek hain zientifikoak ez diren beste aplikazioak ere baditu: adibidez, arrantzaren industria edo legez kanpoko trafikoak kontrolatzea, helburu militarrak monitorizatzea edo minak detektatzea. Eta, noski, espioitza gordin eta sinplea ere (formalki esanda, inteligentzia datuak biltzea).

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tokian tokiko jarduera: klima aldaketaren espioitza dronea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #366

Sun, 2021/10/31 - 09:30

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Teknologia

Fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa, material jakin baten geruzak gainezarriz hiru dimentsiotako objektu solidoak osatzean datza. Prozesu hau sortu zenetik, abantaila ugari erakutsi ditu metodo tradizionalekin alderatuta, hala nola diseinu askatasuna, pertsonalizazioa, egitura konplexuak fabrikatzeko gaitasuna edota azkartasuna. Jatorrian plastikozko prototipoak sortzeko teknika modura garatu bazen ere, batzuen ustetan etorkizunean industria iraultza bat suposatuko du, bakoitzak bere etxetik behar dituen produktu propioak sortzeko aukera emango baitu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: etorkizuneko teknologia gaur egungo gizartean.

Step Monitoring izena duen sistema garatu du Donostiako Naru Intelligence enpresak. Sistema honek minbizia duten gaixoen osasun egoeraren jarraipen zuzena egiten du. Horren ondorioz, esaterako, tratamenduen konplikazioak denboraz atzemateko baliagarria da eta medikuek jakinaren gainean jartzeko. Azalpen guztiak Berrian Jakes Goikoetxearen bidez: Adimen artifiziala gaixoa eta medikua gerturatzeko.

Astronomia

Elhuyar aldizkarian azaltzen denez, Esne Bidearen kanpoko exoplaneta baten zantzuak aurkitu dituzte lehen aldiz. Esne Bidetik 28 milioi argi-urtera dago planeta hau, Messier 51 deituriko galaxian eta orain arte aurkitu diren ia 5.000 exoplanetetatik, gure galaxiatik kanpo dagoen lehena da. Chandra X-izpiko teleskopioari esker aurkitu dute, planetaren iragateaz baliatuz. Hau da, planeta bat izar baten aurretik igarotzean, izarraren argia estali egiten du neurri batean, eta teleskopioek distiraren jaitsiera hori hautematen dute, kasu honetan, X izpien bidez.

Jupiterren Orban Gorri Handia uste zutena baino sakonagoa dela azaltzen du Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian. Orban Gorri Handia ekaitz erraldoi bat da, Lurraren diametroa baino zabalagoa hain zuzen, eta, Science aldizkarian argitaratu denez, uste zutena baino sakonagoa da. Juno zundaren azken neurketei esker lortu dituzte hau ondorioztatzeko datu berriak, mikrouhinen eta grabitatearen neurketez baliatuz.

Birologia

Poliomielitisa edo polioa XX. mendeko gaixotasunik larrienetako bat zen, garai hartan milioika pertsonari paralisia eragiten baitzien. Polioa eragiten zuen birusa garaitzea lortu zen ordea, hein handi batean, Marguerite Vogt birologoak egindako aurrerapenengatik. Vogt Alemanian jaio zen 1913an baina Estatu Batuetara emigratu ikerketan lan egiteko asmoz. Bertan, polioaren birusa arazteko metodo bat garatu zuen birologo italiar batekin batera, eta teknika honek beste birus batzuk aztertzea ahalbidetu zuen mundu osoan zehar. Honela, birologia molekular izeneko arloa sortu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Marguerite Vogt, birusak nola ‘kontatu’ deskubritu zuen birologoa.

Biologia

Mangosta marradun (Mungos mungo) espezieko ia talde guztietan eme helduek egun berean erditzen dute. Ernaldia betetzen dutenek lur azpiko zulo batean erditzen dituzte kumeak eta horrela, partekatutako kumaldi komunal moduko bat sortzen da. Beraz, jaioberrien bizitzako lehen hilabetean, taldeko amek, batzuk zein besteak maite dituzte bereak diren ala ez kontuan hartu gabe eta gainera, baliabide gehien dituzten amek (ondo elikatuta daudenak) gehiago elikatzen dituzte pisu gutxien duten kumeak, beraien kumeak izan edo ez. Beste kideekiko prestutasun jokabide hau orain arte gure espeziean bakarrik ikusi izan da. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaltzen du Zientzia Kaieran: Mangosta marradunen ezjakintasun-beloa.

Tumore-zelulen arteko lehiaketa aztertzen ari dira elkarlanean EHUko Analisi Ekonomikoko ikertzaileak eta Biocruceseko patologoak. Helburu honekin, jokoaren teorian oinarritu dira. Teoria hau, batetik, tumore-zelulen arteko eta, bestetik, tumore-zelulen eta ostalari-zelulen arteko elkarrekintzak argitzeko baliagarria dela frogatu dute. Izan ere, gaixotasun hau disfuntzio sozial gisa hartzeak ikuspegi berriak lortzea ahalbidetu du, eta etorkizunean emaitza interesgarriak izatea espero dute teoria berri honi esker. Datuak Elhuyar aldizkarian: Jokoen teoria erabiltzen dute metastasien jokaera aztertzeko.

Ingurumena

Landare erreinuko organismoak bereziki erlazio estua dute atmosferako CO2 gasarekin, fotosintesia egiteko beharrezkoa baitute, beraz zentzuzkoa izango litzateke atmosferako CO2 kontzentrazioa emendatzeak landareengan eragina izatea. Pentsatu izan da CO2 kontzentrazioa handiagotzeak eragin positiboa izango lukeela garapen eta ekoizpenean, baina errealitatea ez da hain sinplea. Nature plants aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi duenez, bada espezie toxiko bat, Parthenium hysterophorus landare amerikarra, zeinak bere toxikotasuna emendatu duen atmosferako CO2 kontzentrazioa handitzearekin batera, eta lehiakorragoa eta inbaditzaileagoa bilakatzen ari dira lurreko herrialde batzuetan, Australian adibidez. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak.

Arkeologia

Zientzialari talde batek ezkutaturik dauden 478 monumentu aurkitu dituzte Mexikon laser bidez. Science aldizkarian argitaratu denez, oihanak ezkutatzen dituen lautada artifizial batzuk dira egitura horiek, duela 3.000 urte eraikiak izan litezke eta ospakizunetarako eta liturgiarako erabiltzen zirela ondorioztatu dute. LIDAR teknologiaren bidez hartutako irudiak aztertuz egin dute aurkikuntza baina irudiak ez dira berriak, Mexikoko Gobernuak lehendik publiko egindakoak baitira. Datu guztiak Berrian.

Genetika

Txinaren mendebaldean dagoen Tarim ibaiaren arroko momien azterketa genomikoak hauen jatorria erakutsi du. Mendebaldeko ezaugarriak dituzten momien ezaugarriek harrituta izan ditu urteotan zientzialariak. Garai batean, mendebaldeko etorkin indoeuroparrak zirela uste izan zen; hala ere, Asiako sustrai sakonak eta urruneko sukaldaritzarekiko gustua zituen bertako indigenak direla ondorioztatu du azken ikerketak. Jakes Goikoetxeak kontatzen digu Berrian: Bertako herritarrenak dira Tarimgo momiak, ez migratzaileenak.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #366 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #371

Sat, 2021/10/30 - 09:00

Ingeniaritza elementuak garatzeko material bizidunetan inspiratzen dira ingeniariak aspaldi. Hilik dagoen baina naturala den egituraren txanda da orain: litosfera. Lithomimetics: lithosphere as inspiration for the design of novel materials Silvia Románek.

Kosta tropikalean bizi dira mangladiak. Ur gazian, beraz. Zelan da posible, orduan, mangladiak egotea Yucatán penintsulan, lurrean barna 200 kilometrora, San Pedro ibaiaren ur gezan? 125.000 urte atzera egin behar da ulertzeko: A forgotten mangrove forest around remote inland lagoons in Mexico’s Yucatan tells a story of rising seas Sula E. Vanderplankek.

Materialen eta aplikazioen garapen prozesuan bai maila atomikoak analisi teknika berriak garatzea, bai fisika lege berriak aurkitzea ekarri du nanozientziak. Aplikazio biomedikoen artean, nanozientziaren eta neurozientziaren bategiteak ekartzen dituen aukerak izugarriak dira. NanoNeuro is a thing DIPCk.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #371 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marguerite Vogt, birusak nola ‘kontatu’ deskubritu zuen birologoa

Fri, 2021/10/29 - 09:00

XX. mendean, poliomielitisa edo polioa zen gaixotasunik beldurgarrienetako bat. Ez zen beti hilgarria, baina ondorioak izugarriak ziren: milioika pertsonari –horietako asko haurrak ziren– paralisia eragiten zien urtero. Gaur egun ia inork ez du gogoratzen.

Hura eragiten zuen birusari buruzko ikerketei eta hura garaitzea lortu zuen txertoari esker, mehatxu izateari utzi dio ia mundu osoan. Txerto baten garapenean ikertzaile askok parte hartzen dute, bai eta horien aurkikuntza progresiboek ere, bakoitza hurrengoetan oinarrituta. Gizateriaren konkista honetako izen erabakigarrietako bat Marguerite Vogt izan zen.

1. irudia: Marguerite Vogt eta haren ahizpa Marthe Louise Vogt. (Argazkia: Wellcome Library, London – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikipedia)

Vogt Alemanian jaio zen 1913an, eta garaiko goi mailako neurozientzialari bikote baten alaba zen. Eragin zientifiko handiko giro batean hazi zen, eta berak eta bere ahizpak bide hori jarraitu zuten. Haurtzaroa laborategi artean igaro zuen, eta 14 urterekin argitaratu zuen bere lehen ikerketa, frutaren eulian izandako mutazio batzuk deskribatzen zituena.

“Ez nuen nazi batekin bukatu nahi”

Naziak indarra hartzen ari ziren Alemanian, eta gurasoak Berlingo Kaiser Wilhem Institututik –gaur egun, Max Planck– kanporatu zituzten. Aita hango zuzendari izatera iritsi zen. Urte batzuk geroago kontatu zuenez, “Hitlerren garaian, gizon guztiak saihesten nituen. Ez nuen nazi batekin bukatu nahi, eta garai hartako Alemanian ezin zinen inoren ideia politikoez ziur egon”.

Beren ikergune propioa ireki zuten, non naziek jazarritako beste pertsona batzuk hartu zituzten, eta Vogtek denbora asko ematen zuen laborategietan lehen ikerketa haietan. Medikuntzako unibertsitate ikasle zela ikertzen jarraitu zuen; ez zen eskoletara joaten eta, galdutako lezioak konpentsatzeko, buruz ikasten zituen testu liburuak.

Ausarta, polioaren birusaren aurrean

Gerraren ondoren, Vogtek Estatu Batuetara emigratu zuen. Bertan, Kaliforniako Teknologia Institutuan matrikulatu zen lehenik eta Biologia Ikasketen Salk Institutuan gero, sortu eta gutxira. Bertan behin-behineko instalazio itogarrietan lan egin zuen, ikertzen ari zen patogeno arriskutsuetatik ia babesten ez zuten txanoen azpian.

2. irudia: Marguerite Vogt birologoa 1938. urtean. (Iturria: Wikipedia)

Patogeno horietako bat, hain zuzen ere, polioa eragiten duen birusa zen. Pipeten eta petri plaken artean, inkubatzen, zentrifugatzen eta berriro inkubatzen, Vogt tximino giltzurruneko zeluletan birusa kultibatzen eta bakartzen saiatzen zen hura aztertzeko, eta hori oso ausarta zen. Une hartan zientzialari gehienek zalantza egiten zuten mikrobiotik hain hurbil egotearen ideiarekin. Vogtek ez zien gurasoei kontatu. Geroago kontatu zuen aita asko haserretuko zela zerekin lan egiten zuen jakingo bazuen.

Birusak aztertzeko metodo kuantitatibo bat

Urtebetez saiatu ondoren, 1954an lortu zuen saiatzen ari zena. Berak eta Renato Dulbecco birologo italiar ospetsuak polioaren birusa arazteko garatu zuten metodoa argitaratu zuten. Horri esker, birologia zientzia deskriptibo huts izatetik zientzia kuantitatibo ere izatera igaro zen: horrela, birusak, haien ugalketa eta haien infekzio gaitasuna kontatu egin zitezkeen, eta, nolabait, alderatu.

Berehala hartu zuten hori beste birologo batzuek polioaren birusaren aldaera desberdinak aztertzeko, baita Albert Sabin mikrobiologoak ere. Horrela, birusaren andui ahulduak identifikatu eta bakartu ahal izan zituen, eta, hortik abiatuta, immunizazio kanpaina masiboetan erabili zen ahotiko txertoa garatu. Hurrengo urteetan, gaixotasuna garaitu eta ia desagerrarazi ahal izan zen.

Baina Vogten lana ez zen amaitu polioaren ondoren. Bere metodoari esker, mundu osoko zientzialariek beste birus batzuk aztertu ahal izan zituzten, zehazki, zelula indibidualetan duten eragina; horrela, birologia molekular izeneko arloa sortu zen. Partikula birikoak kultibatzeko eta arazteko metodorik erabiliena da oraindik ere, baita COVID-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren inguruko ikerketetan ere.

Onkobirusetatik tumoreen kausa genetikoetara

Aurrerago, Vogtek eta Dulbeccok beste birus batzuetan ere lan egin zuten, zehazki, DNA aldatuta zelula osasuntsuak zelula kantzerigeno bihurtzeko gai direnak. Ikerketa onkologikoetan ere aurrerapausoa izan zen hori, tumoreen anatomia sailkatzetik gaixotasuna eragiten duten mutazio genetikoak aztertzera igaro baitziren.

3. irudia: Marguerite Vogt biroloa erretiratu ondoren, San Diegoko hirian. (Argazkia: The Lancent)

Dulbeccok 1975eko Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen onkobirusei buruzko ikerketengatik, baina Vogt ez zuten berdin aitortu bere ibilbidean. Bera, dena den, ez zen kexu. “Pozten naiz ez didatelako halako gauzengatik molestatu. Oso ospetsu egiten zarenean, ezin duzu lanik egin”.

Estatu Batuetan bizi izan zen zendu zen arte, eta eskubide zibilen aldeko eta Vietnamgo gerraren aurkako protestetan parte hartu zuen. 80 urte baino gehiago zituenean ere ikertzen jarraitu zuen, eta uste zuen orduan emakumeek egoera hobea zutela inguru zientifikoan bere gaztaroan baino, baina oraindik asko zegoela hobetzeko. “Askoz gehiago izan behar dute, horrela ezingo gaituzte alde batera utzi”. Vogt 2007ko uztailaren 6an zendu zen Kalifornian, 94 urte zituela.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Pérez Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko urriaren 21ean: Marguerite Vogt, la viróloga que descubrió cómo “contar” los virus.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Marguerite Vogt, birusak nola ‘kontatu’ deskubritu zuen birologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: etorkizuneko teknologia gaur egungo gizartean

Thu, 2021/10/28 - 09:00

Fabrikazio gehigarria (additive manufacturing, AM) teknologia ezberdinak biltzen dituen fabrikazio prozesua da, gaur egun “3D inprimaketa” izenez ezagutzen dena. Prozesu honetan, material jakin baten geruzak gainezarriz osatzen da hiru dimentsiotako objektu solidoa. Metodo tradizionalekin alderatuta abantaila ugari ditu, hala nola diseinu askatasuna, pertsonalizazioa, egitura konplexuak fabrikatzeko gaitasuna edota azkartasuna.

3D inprimaketa1. irudia: 3D inprimagailu bat. (Argazkia: Lutz Peter – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hasiera batean fabrikazio gehigarria plastikozko prototipo berriak sortzeko teknika bezala garatu bazen ere, urteak joan ahala jasandako hobekuntzen ondorioz, erreminten mundura hedatu da. Gaur egun ordea, kontsumitzaileentzat funtzionalak diren produktuak ekoiztean ardaztu du produkzioa. Etorkizunean, “industria iraultza” moduan identifikatu den prozesu honekin, erabiltzaile bakoitzak bere beharrak asetzen dituen produktu propioak sortzeko aukera izango du, merkatuko pieza berriak erosi beharrean.

Nahiz eta izen berberaren pean ezagunak izan, egun, 3D inprimaketarako zenbait metodo edo teknika ezberdin daude eskuragarri. Tekniketako bakoitza, erabiltzen den materialaren (metalak, zeramikoak edo polimeroak) eta oinarritzen den printzipioaren (likido baten deposizioa, hauts baten laser bidezko sinterizazioa, material baten fusio termikoa…) arabera aukeratzen da. Material ezberdin ugari erabil daitezkeen arren, gaur egun polimeroak dira gailentzen direnak, beraien aldakortasuna, kostu baxua eta propietate fisiko-kimikoak direla eta.

Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarrirako metodoen artean honakoak ditugu:

  1. material-urtze bidezko modelatzea (FDM)
  2. estereolitografia (SLA)
  3. argiaren prozesatze digitala (DLP)
  4. laser bidezko sinterizazio selektiboa (SLS)
  5. hiru-dimentsiotako inprimaketa (3DP)
  6. ijeztutako objektuen manufaktura (LOM)
  7. PolyJet teknologia

Gehienek erretxina polimeriko bat argi ultramore bidez ontzean dute funtsa (SLA, DLP, PolyJet). 3DP-n hauts eta aglutinatzaile baten arteko nahastea trinkotzen da. Gainontzekoek ordea fusio selektiboetan duten oinarria, hauts erako (SLS), ijeztutako (LOM) edo estrusio prozesua jasan duen (FDM) materialen gainean.

Fabrikazio teknikaren arabera, polimero termoplastikoak (FDM, SLS, 3DP, LOM metodoetan) edo termoegonkorrak (SLA, DLP, PolyJet metodoetan) erabiltzen dira (1.irudia). Lehenak egitura molekular lineala duten material bezala definitzen dira eta gai dira bero edo presio bidez urtu edo biguntzeko. Ohikoenak, akrilonitrilo-butadieno-estireno (ABS) kopolimeroa, nylonak, elastomeroak, poli (metilmetakrilatoa) (PMMA) eta poli (binilkloruroa) (PVC) dira. Bigarrenek elkargurutzaketa kimikoan oinarritutako egitura aurkezten dute eta ondorioz, deskonposatu egiten dira urtu edo bigundu beharrean. Fotopolimero termoegonkorren artean, akrilato-, binil eter eta epoxi erretxinak daude.

3D inprimaketa2. irudia: Fabrikazio gehigarrian erabiltzen diren ohiko polimero eta monomeroen egitura kimikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Nahiz eta aplikazio-eremu zabala aurkeztu, 3D inprimaketaz prestatutako polimeroek biomedikuntzan (protesi eta inplanteen inprimaketa, birsorkuntza medikuntza, ehunen ingeniaritza), elektronikan eta industria aeroespazialean duten garrantzia bereziki nabarmentzekoa da. Azken esparru honetan, adibide argia da 2. irudian ikus daitekeen turbina, arin eta eraginkorra izateaz gain, presio eta tenperatura altuak jasateko gai baita 3D inprimaketaz fabrikatutako material konposatu polimerikoa.

3D inprimaketa3. irudia: Gainazal aerodinamikoaren (a) eta helizearen (b) hiru dimentsioko ereduak. Fotopolimerizazio bidez inprimatutako beira-zuntzezko (c, d, g, h) eta karbono-zuntzezko (e, f, i, j) konpositeak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2019ko ale berezia
  • Artikuluaren izena: Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: etorkizuneko teknologia gaur egungo gizartean.
  • Laburpena: Fabrikazio gehigarriak, metodo tradizionalekin alderatuta, abantaila ugari ditu, hala nola diseinu askatasuna, pertsonalizazioa, egitura konplexuak fabrikatzeko gaitasuna edota prototipoen sorrera azkarra. 3D inprimaketa teknologietan material ezberdin ugari erabiltzen badira ere, polimeroak dira gailentzen direnak, haien aldakortasuna, kostu baxua eta propietate fisiko-kimikoak direla eta. Horrela, artikulu honek polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarrirako metodoak eta horietan erabiltzen diren polimero nagusiak laburbiltzen ditu, baita zenbait arlotan dituzten erabilera-esparruak ere: biomedikuntzan, elektronikan eta ingeniaritza aeroespazialean.
  • Egileak: Cristian Mendes, Beñat Artetxe, Leire Ruiz-Rubio, Jose Luis Vilas
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 101-119
  • DOI: 10.1387/ekaia.19729
Egileez:

Cristian Mendes BCMaterials zentroko ikertzailea da; Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta BCMaterials zentroko ikertzaileak dira eta Beñat Artetxe UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Polimeroetan oinarritutako fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa: etorkizuneko teknologia gaur egungo gizartean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak

Wed, 2021/10/27 - 09:00

Dagoeneko egiaztatu da atmosferako CO2 kontzentrazioa emendatzeak Lurreko bizitzan eragin handia duela eta, besteak beste, aurtengo Fisikako Nobel saria irabazteko haina garrantzia eman zaio ikerketa-lerro horri. Lurreko izaki bizidun askoren prozesu biologikoetan eragiten du gas honen kontzentrazioa igotzeak, baina bada bereziki CO2-arekin erlazio oso estua duen erreinu bat: Landareen erreinua.

Landareek CO2 gasarekiko menpekotasun handia dute, haren kontzentrazioaren baitan baitago haien fotosintesi-tasa eta ondorioz, hazkuntza, nutrizio-balioa eta baita biziraupena ere. Pentsatu izan da, landareek fotosintesia aurrera eramateko airetik CO2 gasa hartzen dutenez, atmosferan CO2 kontzentrazioa handiagotzeak eragin positiboa izango lukeela haien fotosintesi tasan eta, ondorioz, landareen garapen eta ekoizpenean. Errealitatea, ordea, ez da hain sinplea.

Frogatu ahal izan denez, landareen barneko prozesu biologikoak hori baino dibertsoagoak eta konplexuagoak dira eta, ikusi da, besteak beste, aireko CO2 kontzentrazioak, maila batetik gora, landareentzat ere toxikoak izan daitezkeela. Badira, ordea, CO2 kontzentrazio altuei etekina ateratzeko ahalmena duten landareak: horietako bat da Parthenium hysterophorus espezie toxikoa. Nature plants aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi duenez, espezie honetako indibiduo batzuk beren toxikotasuna emendatu dute atmosferako CO2 kontzentrazioa handitzearekin batera, eta horrela, lehiakorragoak eta inbaditzaileagoak bilakatzen ari dira.

Parthenium hysterophorus1. irudia: Parthenium hysterophorus landarea. (Argazkia: Forest & Kim Starr – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Parthenium hysterophorus landarea Amerikako eremu beroetakoa da jatorriz eta Estatu Batuetako hegoaldetik Argentinaraino hedatzen da, Ertamerika barne. Azken urteotan, alabaina, espezie inbaditzailea bihurtu da Afrikako eremu batzuetan, bai eta Australian eta Indian ere. Kasu berezia da landare honena. Izan ere, espezie honen bi biotipo ezberdin sartu ziren Australian 1950eko hamarkadan, baina horietatik bakarra izan zen lurralde berrian loratzeko gai. Zertan datza, beraz, bi biotipo hauen arteko desberdintasunak? Julie Wolf landare-fisiologoak du galdera honen erantzuna.

Lehenago aipaturiko ikerketan, atmosferako CO2 kontzentrazioaren emendioaren eta bi biotipoen aldaketa biokimikoen artean erlaziorik egon ote den aztertu zuten. Emaitza erabat interesgarriak lortu zituzten inolaz espero ez zituzten landarearen ezaugarrietan. P. hysterophorus espezieak parterina izeneko karbonozko toxina bat sortzeko ahalmena du, bere inguruan beste landareen hazkuntza oztopatzeko helburua duena. Gizakiotan asma eta larruazaleko narritadura ere sor dezake. Gauzak honela, substantzia honek arrakasta handiz ugaritzeko gaitasuna emango lioke biotipo bati, ikertzaileen ustetan. Izan ere, frogatu ahal izan dute biotipo inbaditzaileak toxina gehiago ekoizten dituela gaur egungo CO2 kontzentrazioaren menpe, gas honen maila aurre-industrialekin alderatuta. Biotipo hau gehiago hazten da eta toxina kantitate gehiago ekoizten du karbono-eskuragarritasuna handitu ahala eta, ondorioz, lehiakorragoa bilakatzen da, beste landare espezieak ordezkatzen ditu eta bere hedadura handitzen du.

Landare toxiko honen kasuak CO2 kontzentrazioaren handipenari erantzuteko moldaera bat erakutsiko luke eta horrek esanahi handia du biologoentzat: alegia, etorkizunera begiratzeko beharrik gabe, jada aldaketa biologikoak gertatzen ari direla ondoriozta daiteke emaitza hauetatik, eta gas honen ugaritzea, beraz, hautespen naturalaren eragile bat dela esan daiteke.

Landare toxikoagoak alde batera utzita, beste ikerketa batek CO2 kontzentrazioaren handipenak laborantzetan izan dezakeen eragina aztertu zuen eta, ondorioztatu zutenez, landareen tamaina handitzen bazen ere, nutrizio-balioa gutxitu egiten zen gasaren kontzentrazio altuagoetan. Besteak beste, gariak eta arrozak proteina eta mantenugai gutxiago erakusten zuten, ale bakoitza handiagoa bazen ere. Etorkizunean, ikerketa gehiago egin beharko lirateke landareen nutrizio-balio murrizpena zer punturaino eta zer espezietan hedatuko litzatekeen argitzeko, gaur egun ez baitago horren inguruko informaziorik.

Wolf ikertzaileak espero du espezie toxiko honen kasuak gizartean alarma piztea, gai honen inguruko ikerketak bultzada jaso dezan. Moldaera berri hori oso interesgarria dela dio, baina, zoritxarrez, gerta liteke hura erakusten duten landareak gizakiarentzat onuragarrienak ez izatea, eta horrek arazo larriak sortuko lituzke. Etorkizuneko uzten mantenugai eskasiak, bestalde, erlazio estua erakusten du ezberdintasun sozialekin, gariaren eta arrozaren kalitate-murrizpenak eragin sakonagoa izango baitu uzta hauen menpekotasun handia duten gizarte-taldeengan askotariko elikadura eskura dutenengan baino, eta areagotu du horrek gizarte-ezberdintasuna.

Erreferentzia bibliografikoak:

Samuels, Fiona. M. D. (2021). Famine weed becomes more toxic, invasive in carbon-rich atmosphere. Eos, 102. DOI: https://doi.org/10.1029/2021EO163272.

Ebi, Kristie L. et. al. (2021). Nutritional quality of crops in a high CO2 world: an agenda for research and technology development. Environmental Research Letters, 16 (6), 064045. DOI: https://doi.org/10.1088/1748-9326/abfcfa

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Atmosfera toxikoagoa, landare toxikoagoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tokian tokiko jarduera: silizio karburoan oinarritutako potentzia bihurgailuak

Tue, 2021/10/26 - 09:00

XX. mendeko bigarren erdialdean, Ignacio Mártil fisikariak “XX. mendeko iraultza isil handiena” [1] deitu zuenaren oinarriak ezarri ziren, hau da, mikroelektronikarenak. XXI. mendeko lehen urteetan, lehengaien oparotasunarekin eta silizioan oinarritutako mikroelektronikaren heldutasun teknologikoarekin, gaur egun bizi dugun gizarte iraultza sortu zen, non sare sozialak, telelana eta informazioa edozein ordutan eta tokitatik eskura egotea posible den orain dela hamar urte inguru imajinaezinak ziren eraginkortasuna eta prestazioak dituzten gailuei esker (lehenengo iPhonea 2007ko urtarrilean merkaturatu zen).

Hala ere, silizioan oinarritutako teknologia bere muga fisikora heltzear dago. Industriaren alorrean, urte batzuetatik hona, garapenak olataren –mikrozirkuituak egiteko erabiltzen den xafla– tamaina handitzean oinarritu dira. Harrigarria bada ere, 2005etik transistoreak gehitu badira ere, azkartasuna ez da handitu: zirkuitu integratuen abiadura gehienez ere 5 gigahertzetan [2] geldituta dago ordutik.

silizio karburoanIrudia: Silizio karburoa tenperatura tarte oso zabal batean modu egonkorrean funtzionatzeko gai da. (Argazkia: David Monniaux – Creative Commons Attribution-Share Alike 3.0 Unported lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Orain dela gutxi, industriak aldatu egin du zirkuitu integratuak sortu zirenetik erabiltzen zen estrategia. Tradizionalki, lehenengo txipa diseinatzen zen eta, gero, aplikazioa aurkitzen zitzaion; gaur egun, aldiz, ikerketa eta garapen proiektuak egiten dira, eta horietarako zirkuitu integratu egokienak diseinatu. Diseinu horrek silizioa ez beste material batzuk erabiltzeko aukera ere ematen du.

Etorkizun hurbilerako bereziki interesgarria den kasu bat potentzia gailuena da. Gailu horiek kontrolatuko dituzte, adibidez, plaka fotovoltaikoen, haize sorgailuen edo ibilgailu elektrikoen hurrengo belaunaldiak. Merkeak izan behar dira, modu efizientean ekoizteko modukoak eta telefono mugikor batek edo ordenagailu batek jasaten dituen lan baldintza askoz ere muturrekoagoak jasateko gai izan behar dira. Zirkuitu integratu horiek bete beharreko betekizun nagusia hau da: tenperatura tarte oso zabal batean modu egonkorrean funtzionatzeko gai izan behar dute. Hortxe sartzen da silizio karburoa (SiC), erdieroale konposatu bat.

Silizioarekin alderatuta, SiC potentzia gailuak efizienteagoak dira energia bihurtzeko orduan. SiC etengailuek frekuentzia handiagoan jarduten dute, eta horrekin etengailu baten tamaina txikitu daiteke edo osagai induktiboak eta ezabatzaileak (snubbers) deusezta daitezke. Horren ondorioz, sistemaren tamaina eta pisua txikitu egiten dira, oro har. Horrek ekarriko lukeen kostu baxuagoak konpentsatu egin beharko luke silizioaren ordez SiC gailuak erabiltzearen kostu osagarria.

SiC teknologiak erabiltzen dituzten egungo eta etorkizuneko aplikazioen zerrenda gehitzen ari da, eta aplikazio horien artean daude elikadura iturri kommutatuak, eguzki energia eta haize erroten energia sortzeko inbertsoreak, motor industrialak, ibilgailu hibridoak eta elektrikoak eta sare adimendunetako energia kommutazioa.

Gaur egun, Europa Asiaren eta Amerikaren atzetik dago energia aurrezteko eta karbono dioxidoaren emisioak gutxitzeko ezinbesteko energia horren garapenean; helburu horiek biak lortzeko, era berean, mugikortasun elektrikoa eta eraginkortasun energetiko industriala sustatu behar dira. REACTION dugu teknologia arrakala hori gutxitzeko Europar Batasunak finantzatzen duen proiektuetako bat.

REACTION proiektuan hogei bat erakundek lan egiten dute, eta 50 milioi euro inguruko aurrekontua du. Helburua da Europako eta munduko lehenengo lerro pilotua sortzea teknologia energetikoetarako silizio karburoaren olatak fabrikatzeko. Olata horiek 8 hazbeteko tamaina izango dute eta, egungo tamaina estandarra 4koa eta 6koa denez, merkatua berrantolatu egingo da.

Ikerlan euskal kooperatiba ezinbestekoa izango da garapen horretan. SiCan oinarritutako inbertsore fotovoltaiko bat –tentsio ertaina aplikatzeko– eta inbertsore hori energia biltegiratzeko sistema bati konektatzeko DC/DC bihurgailu bat diseinatzeaz gain, Arrasaten (Gipuzkoa) egingo dira proiektuaren azken etapan garatuko diren potentzia bihurgailuen prototipo guztien probak.

Oharrak:

[1] Ignacio Mártil (2018) Microelectrónica. La historia de la mayor revolución silenciosa del siglo XX. Ediciones Complutense. Oso liburuxka gomendagarria.

[2] Mártil (2018). 118. or.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tokian tokiko jarduera: silizio karburoan oinarritutako potentzia bihurgailuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mangosta marradunen ezjakintasun-beloa

Mon, 2021/10/25 - 09:00

Mangosta marradunek, Mungos mungo, ez dituzte ondorengoak hazten. Espezieko ia talde guztietan eme helduek egun berean erditzen dute. Aurreko asteetatik dator sinkronia. Denak arreske egoten dira kumea izan eta ondorengo hamargarren egunaren inguruan. Berriz ernarik daudela, ernaldia betetzen dutenek lur azpiko zulo batean erditzen dituzte kumeak. Horrela, partekatutako kumaldi komunal moduko bat sortzen da.

Sinkronia estu horrek amatasunaren gakoetako bat ezabatzen duela dirudi, berezko kumeak identifikatzeko gaitasuna hain zuzen ere. Izan ere, jaioberrien bizitzako lehen hilabetean, taldeko amek, batzuk zein besteak maite dituzte bereak diren ala ez kontuan hartu gabe. Hau da, kumeek ama desberdinak dituzte bizitzako lehen etapan.

Hala ere, amatasunaren gakoak agerian daude kasu bakanetan. Esaterako, ama guztien ugalketa ez denean sinkronizatzen edo zaharrenei antisorgailuak ematen zaizkienean. Aurreko kasuetan eme batzuek besteen kumeak hiltzen dituzte haiek zaindu beharrean. Horrek iradokitzen du gako horiek ez direla existitzen baldintza arruntei dagozkien kumaldi sinkronikoetan.

mangostaIrudia: (Argazkia: Quartl – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Kumeek titia hartzen duten epea bukatu ondoren gordelekutik ateratzen dira eta helduekin biunibokoki elkartzen dira. Helduek eskolta gisa jokatzen dute eta taldeko edozein ar edo eme izan daiteke, haien arteko ahaidetasun maila edozein dela ere.

Eskolta bakoitza bere kumeaz arduratzen da, elikatu eta babesten du hiru hilabete bete arte, adin horrekin mangosta kumea bere kabuz mantentzeko gai baita. Eskoltek zein kumeek bien arteko lotura mantentzen laguntzen dute. Eskoltak zaintzen duen kumea antzematen du besteen artetik eta, ahal dela, zaintzen duen kumearen deiei erantzuten die, eta modu aktiboan bilatzen du aldetzen edo galtzen bada. Mangosta kumeak janaria etengabe eskatzen dio zaintzaileari eta honek ia modu esklusiboan elikatzen du.

Intsektu sozialetan izan ezik, gurasoak zaintzen dituzten espezieetan, gurasoek beren ondorengoak zaintzen dituzte. Horrela, haiek eta, haiekin batera, beren geneek dute euren leinua betikotzeko aukera handiena. Aldiz ez da horrelakorik gertatzen mangosta marradunen kasuan.

Mangosta marradunekin egindako esperimentu baten emaitzek erakutsi dute baliabideak banatzen dituztela taldeko kideen arteko desberdintasunak murrizteko. Ikertaldeak ernaldian zehar mangosta ama-talde bati beste batzuei baino elikagai kantitate handiago eman zion. Horrela, amen arteko desberdintasuna hazi egin zen, eta, ondorioz, kumaldiko jaioberrien pisuan ere bariazio nabarmenak ikusi ziren. Hala ere, zientzialariek ikusi zuten baliabide gehien zituzten amek (ondo elikatuta zeudenak) arreta berezia eskaintzen zietela pisu gutxien zuten kumeei eta hauek elikatzen zituztela. Horrela, jaiotzako tamaina-desberdintasunak konpondu (kumaldi osoak antzeko pisua hartu baitzuen) eta helduarora arte bizirauteko aukera ematen zieten. Beraz, espezie horretan, amek arriskuan egon daitezkeen kumeak babesteko erabiltzen dituzte baliabideak. Hau da, hazkunderako baliabideak inbertitzen dituzte kumeek bizi ditzaketen desabantaila egoeren arriskuak orekatzeko eta ez batzuen abantailak edo pribilegioak indartzeko. Beraz, ikerketak erakusten duenez, kume bakoitza norena den ez jakiteak, hau da, ahaidetasunaren ezjakintasun-beloak baliabideak zuzenago banatzera eramaten ditu eta egon daitezkeen desberdintasunak murriztera.

Orain arte, gure espeziean bakarrik genekien desorekak arintzeko prezio bat ordaintzeko prestasuna egon badagoela, nahiz eta desberdintasun horiek ordaintzen duten banakoen mesederako izan. Horrela, lankidetza bultzatzen da. Izan ere, gizarte-rol zehatza betetzeak bueltan ekarriko digunari buruzko ziurgabetasuna dagoenean, baliabideak berdintasunez partekatzeak desabantaila-egoeran egoteko arriskuan daudenei laguntzen die. Mangostek John Rawlsen “ezjakintasun-beloaren” logikaren arabera jokatzen dute: norberaren kumeak nortzuk diren ez jakiteak, mangosta kumeei ematen dieten tratuan desberdintasunak albo baten uztera eramaten ditu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marshall, H.H., Johnstone, R.A., Thompson, F.J. et al. (2021).  A veil of ignorance can promote fairness in a mammal society. Nature Communications, 12 (3717). DOI: 10.1038/s41467-021-23910-6

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Mangosta marradunen ezjakintasun-beloa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #365

Sun, 2021/10/24 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bikingoak

Genetika

DNA sekuentzia bitxi bat aurkitu dute Jill Banfield eta Basem Al-Shayeb mikrobiologoek lursail bateko lokatzetan. DNA zati hori sekuentziatu ostean, ikusi ahal izan dute inoiz ikusi ez den DNA-egitura bat dela: 1 milioi baseko luzera duela, geneen erdia ezezaguna dela, berezko sekuentzia-patroiak dituela hasieran eta bukaeran, DNA errepikakorra dagoela geneen artean eta bere burua kopiatzeko balizko gaitasuna duela. Borg izena jarri diote egitura honi, Star Trek frankizian agertzen diren organismo zibernetikoei erreferentzia eginez. Oraindik, hala ere, ez dute argi DNA-egitura bitxi hauen jatorria baina Methanoperedens deitutako arkeobakterioaren sekuentziak izan daitezkeela iradoki dute. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran.

Antzinako DNAren azterketaren bidez hainbat sekretu argitu dituzte ikertzaileek. Izan ere, batzuetak ikertzaileen lana detektibeena bezalakoa da. Horretan dihardu Iñigo Olalde genetistak EHUko Biomics ikertaldean, aspaldiko giza arrastoen genoma aztertzen bioinformatikari esker. Juanma Gallegok elkarrizketatu du eta Alea aldizkarian azaltzen du Iñigok genetikaren bidez, besteak beste, saiatu gaitezkeela ulertzen nolakoak ziren gure aurreko leinu zaharrak eta DNA hizkuntzen jatorria argitzeko tresna lagungarria izan daitekeela.

Fisika

Nanomaterialetan oinarrituta, neuronak estimulatzeko eta haien jarduera erregistratzeko hain inbasiboak ez diren tresnak eraikitzen hasi dira, DIPC Donostia International Physics Center eta Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza batean. NanoNeuro deitu diote ikerketa-ildo berri honi eta Nature Methods aldizkarian argitaraturiko artikuluan batean nanomaterial hauen erabilpenak azaldu dituzte, besteak beste, urre-nanopartikulak edo puntu kuantikoak neuronen jarduerak grabatzeko eta manipulatzeko nola erabili daitezken argitu dute. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: NanoNeurok nanopartikulak sortuko ditu garunaren funtzionamendua aztertzeko.

Ingeniaritza

Nerbio ehunak birsortzearen inguruan elkarrizketatu dute Yurena Polo biologoa Unibertsitatea.net-en. Yurena Polo grafenoa eta polimero bioxurgagarriekin ari da lanean, hauen propietate fisiko-kimikoak direla eta, oso erraz modulatu baitaitezke ehun kaltetuak birsortzeko beharrezkoa den forma emateko. Material hauek, kaltetutako ehunen birsorkuntzan lagundu beharko lukete, pazientearen zelula ama propioen mugimendua eta desberdintzapena eraginez. Alabaina, euskarri nanoegituratu hauek gidatuak izan behar diren ehunak birsortzeko estrategia ona badira ere, oraingoz ez dute balio garuna bezalako ehun konplexu bat birsortzeko.

Ehun ingeniaritzaren helburu nagusietako bat matrize porotsu delako egiturak diseinatzen eta sintetizatzen datza. Matrize porotsu hauek kaltetuta dauden ehunen ordezko funtzionalak dira eta, hauek sortzeko, zelulak, molekula bioaktiboak (proteinak, hazkuntza faktoreak…) eta euskarri porotsuak beharrezkoak dira. Matrize porotsu hauek izan beharreko berezitasun nagusia zelulaz kanpoko giza matrizearen antza edukitzea da, horregatik, euskarri hauek sintetizatzeko gehien erabiltzen diren materialak hidrogel polimerikoak dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan.

Geologia

Blanca Martinez geologoak 2003an eginiko ikerketa baten inguruan idatzi du Zientzia Kaieran, inoiz aurkitutako historiako lehen arraren inguruan. Orain dela 425 milioi urte inguru Ingalaterrako kostaldean bizi izan zen ostrakodo baten fosila da, 5 mm-ko krustazeo bat. Gehienetan, organismo bat hiltzen denean haren zati bigunak desegin egiten dira kanpo-eragileen ondorioz eta hori dela eta, gorputz-zati gogorrek soilik osatu ohi dute fosilen erregistroa. Ostrakodo honen kasuan, alabaina, duela 400 milioi urte ingeles kostaldeko eremu horretara iritsi zen bat-bateko errauts bolkanikoak dena estali zuen, bertan bizi ziren organismo asko barne. Honela, bizidun txiki horren ehun bigunak fosilizatuta gorde dira eta besteak beste, ugaltze-aparatuak ia osorik iraun du gaur egunera arte.

Arkeologia

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, bikingoak duela 1.000 urte izan ziren Ternuan. Horixe frogatu ahal izan dute Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, eta azaldu dutenez, Atlantikoa zeharkatuta europarrak Amerikara iritsi zireneko arrastorik zaharrena da, 1021. urtekoa, hain zuzen. Ternuako gune arkeologiko batean aurkitutako egurrezko tresna batzuk izan dira aurkikuntza honen iturri. Izan ere, ikusi dute Atlantikoaz bestaldeko egurra zela, duela mila urte moztua gainera, eta metalezko erremintekin egurrean egindako moldaketek berretsi dute ez zituztela inguruko herri indigenek sortu. Egurra datatzeko gainera, dendrokronologia delako teknikaz baliatu dira eta, egurrezko tresnen eraztunetako batzuetan ohikoa baino 14C-kantitate handiagoa finkatu zela ikusi zuten. Honek, diotenez, zehazki K.o. 993. urteko izpi kosmikoekin erlazioa izango luke. Berrian ere eman dituzte aurkikuntza honen inguruko xehetasunak.

Bilboko Begoña hilerriak urteak daramatza itxita eta Udalak bizia eman nahi dio parke bihurtuz. Egitasmoa aurrera eraman orduko, Aranzadi Zientzia Elkartea eta EHUko hainbat ikertzaile (arkeologoak, antropologoak, historialariak, geologoak, medikuak eta biologoak) dabiltza lursailean lanean iragana berreskuratzeko asmoz. Begoñako Argia izendatu dute egitasmoa eta Jakes Goikoetxeak Berriako “Autopsia hilerri bati” artikuluan azaltzen du hezurren azterketaz gain, hilerriko harriak, porlana edo lurra ere aztertuko dutela hezurretan zer faktorek eragiten duten ezagutzeko.

Astronomia

NASAk James Webb teleskopioari izena aldatzea baztertu du, mila pertsonak baino gehiagok, tartean astronomoek, egindako eskaera albo batera utziz. Hubble teleskopioa ordezkatuko du abendutik aurrera teleskopio berri honek eta bere izena, NASAko arduradun izan zen gobernuko funtzionarioaren omenez jarri diote. Alabaina, 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Webbek hainbat langile kaleratu zituela salatu du talde handi batek, gay edo lesbiana izateagatik. Salaketak 1.200 sinadura baino gehiago bildu ditu, eta NASAk gaia ikertuko zuela agindu zuen. Orain eman du ordea erabakiaren berri: ez dio izena aldatuko, ez duelako salatzen den portaeraren ebidentziarik aurkitu. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Joan den urtean, Txinako Chang’e-5 misioak Ilargiaren laginak hartu zituen, besteak beste, haren jarduera magmatiko gazteena aztertzeko. Honen harira, Ilargiko arroka gazteenak 2 mila milioi urte dituela kalkulatu dute. Hau da, gutxienez ordura arte, Ilargia geologikoki aktiboa izan zela frogatu dute, eta Ilargiko bolkanismoak uste zutena baino gehiago iraun zuela. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Ilargiaren geologia hobeto ezagutzeko aukera ematen ari da Chang’e-5 misioa.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #365 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #370

Sat, 2021/10/23 - 09:00

 

Covid-19 pandemia hasi zenetik argi geratu zen ez ziola berdin eragiten mundu guztiari: asintomatikoak zeuden, batetik, eta sintomatologia arinetik larrira eta heriotza ere jasan dute beste batzuk. Klabea geneetan egon daitekeen susmoa dago: New gene variants associated with increased COVID-19 risk Rosa García-Verdugorena.

Zure tesi zuzendariak Nobel saria irabazi izanak aitzakia ezin hobea da lan horren muina azaltzeko: My Ph.D. supervisor just won the Nobel Prize in Chemistry for designing a safer, cheaper and faster way to build molecules and make medicine David Nagibena.

Giro tenperaturan eta presio baxuan supereroankortasuna lortzea da ideia. Zenbait hidrogeno konposatu Grial Santua izan daitekeen susma dago. Baina, supereroankortasuna posible egiten duen fisiko-kimika ulertu ezean, zaila. Hortxe DIPC:  Electronic bonding network and critical temperature in hydrogen-based superconductors

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #370 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mailo Virto: “Gaztaren mikrobiota aztertzea garrantzitsua da produktua kontsumorako segurua dela bermatzeko” #Zientzialari (162)

Fri, 2021/10/22 - 09:00


Mikrobiota mikroorganismoen komunitateari deritzo, eta gure gorputzeko atal bakoitzean, hala nola, ahoan, azalean, edo hestean mikrobiota desberdinak ditugu. Gizakion gorputzean ez ezik, edozein ekosistemetan egon daitezkeen bakterioek eta birusek osatzen dute mikrobiota. Esaterako, gazta bezalako esnekietan ere aurki daiteke. 

Esnekien ekoizpenean hainbat prozesu biokimiko ematen dira: laktosaren degradazioa; esnean dauden proteinen degradazioa proteolisiaren bidez eta lipidoen edo gantzen degradazioa lipolisia prozesuaren bidez. Azken bi hauetan sortzen diren konposatuak gaztaren zaporea eta usaina zehazten dute neurri handi batean.

Gazta elikagai hartzitua da eta haren mikrobiota aztertzea garrantzitsua bilakatu da, izan ere, animalia jatorria duen kalitate nutrizional handiko esnekia da. Gainera, bakterioak dituen elikagai bat denez, patogenoetatik libre dagoela aztertu beharra dago giza kontsumorako segurua dela bermatzeko.

Gaiaz gehiago jakiteko, UPV/EHUko LACTIKER ikerketa taldeko Mailo Virto ikertzailearekin bildu gara. Virtok, besteak beste, Idiazabal gaztaren mikrobiota aztertzeko biologia molekularrak eskaintzen dituen teknika berriak aurkeztu dizkigu.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Mailo Virto: “Gaztaren mikrobiota aztertzea garrantzitsua da produktua kontsumorako segurua dela bermatzeko” #Zientzialari (162) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan

Thu, 2021/10/21 - 09:00

Ehun ingeniaritza kaltetuta dauden ehunen ordezko funtzionalak sintetizatzeko helburua duen medikuntzaren arloa da. Horretarako, zelulaz, molekula bioaktiboz (proteinak, hazkuntza faktoreak…) eta euskarri porotsuz osatutako matrizeak beharrezkoak dira, proliferazio eta diferentziazio prozesu zelularrak gerta daitezen.

Matrize porotsu hauek izan beharreko berezitasun nagusia zelulaz kanpoko giza matrizearen antza edukitzea da, horregatik, euskarri hauek sintetizatzeko gehien erabiltzen diren materialak hidrogel polimerikoak dira. Polimeroak unitate molekular errepikakorrez osatuta dauden makromolekulak dira eta hauen elkargurutzapenaren ondorioz, hidrogel izeneko sare polimerikoak eratu ahal dira.

HidrogelIrudia: Hidrogel injektagarriak gorputzetik kanpo likido modura aurkitu daitezke eta behin gorputz barnean, bat-bateko gelifikazioa pairatzen dute. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hidrogel edota hiru dimentsiotako matrize polimerikoak elastikotasun eta ur kantitate handiak barnean mantentzeko ahalmen handia daukate eta horregatik, giza ehunak imitatzeko gehien erabiltzen diren materialak dira. Hidrogel injektagarriak gorputzetik kanpo likido modura aurkitu daitezke eta behin gorputz barnean, kanpo estimulu bati (pH, tenperatura, ioiak, entzimak…) erantzun eta ondorioz, bat-bateko gelifikazioa (in-situ) pairatzen dute, kaltetuta dagoen ehunaren akatsa betez.

In-situ gelifikazioak, alde batetik, interakzio fisiko itzulgarrien bidez (elkarrekintza edo aldarapen elektrostatikoak, hidrogeno loturak, aldarapen hidrofobo-hidrofobikoak…) gerta daitezke, horrela, hidrogel termosentikorrak, pH sentikorrak edo ionikoak eratzen dira. Bestaldetik, hidrogel injektagarriak erreakzio kimikoetan ere oinarritu daitezke, hauei esker, hidrogel fotopolimerizagarriak edota entzimek katalizatutako gurutzamendu bidezko hidrogelak lortu daitezke. Guzti hau kontuan hartuz, lan honek azken urteotan hidrogel injektagarrien eskutik medikuntza arloan emandako haztapenen berrikuspen bat egitea du helburu, batez ere, ehun ingeniaritzan.

Iturria: Maiz-Fernández, Sheila; Pérez-Álvarez, Leyre; Ruiz-Rubio, Leire; Vilas-Vilela, José Luis (2020). Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan. Ekaia, 37, 129-143. DOI: https://doi.org/10.1387/ekaia.20837 Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan.
  • Laburpena: Ehun ingeniaritzak kaltetuta dauden ehunen ordezko funtzionalak sintetizatzeko helburua dauka. Horretarako, zelulaz, molekula bioaktiboz eta euskarri porotsuz osatutako matrizeak beharrezkoak dira, hazkuntza eta zelulen diferentziazio prozesuak gerta daitezen. Matrize horiek solidotzeko gai den aitzindari baten injekzioz eratu daitezke kaltetuta dauden ehunetan. Hori dela eta, hidrogel injektagarriak ikerkuntza arlo biomedikoan izugarri hedatu dira azken urteotan. Biomaterial horien injektagarriak izateko gaitasuna sare polimerikoen in situ gurutzaketan oinarritzen da. Gurutzaketa horiek, alde batetik, interakzio fisiko itzulgarrien bidez gerta daitezke. Hala, hidrogel termosentikorrak, pH-sentikorrak edo ionikoak eratzen dira. Bestalde, erreakzio kimikoetan ere oinarritu daitezke, zeinetan hidrogel fotopolimerizagarriak edo entzimek katalizatutako gurutzaketa bidezko hidrogelak lor daitezkeen. Lan honen helburua da hidrogel injektagarriak sintetizatzeko erabiltzen diren estrategien eta ehun ingeniaritzan ikertutako sistemen aplikazioen berrikuspen bat egitea.
  • Egileak: Sheila Maiz-Fernández, Leyre Pérez-Álvarez, Leire Ruiz-Rubio, José Luis Vilas-Vilela
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 129-143
  • DOI: 10.1387/ekaia.20837
Egileez:

Sheila Maiz-Fernández, Leyre Pérez-Álvarez, Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela UPV/EHUko Kimika Makromolekularra ikerketa-taldeko eta BCMaterials zentroko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Historiako lehen arra

Wed, 2021/10/20 - 09:00

Gure planetako biziaren historiako animalia ar zaharrena aurkitu zuen ikerketa-talde britaniar batek 2003an. Orain arte, behintzat, zaharrena.

Esaldi sinple honekin imajina dezakegu ornodun handi bat dela, haren pelbiseko hezurra erregistro fosilean gorde dela eta, zalantzarik gabe, maskulinoa dela. Baina arestian aipatutakoa errealitatetik urrun dago, lehenengo ar horrek 5 mm-ko luzera besterik ez baitu. Izan ere, orain dela 425 milioi urte inguru, Siluriar aroan, Ingalaterrako kostaldean bizi izan zen ostrakodo baten fosila aurkitu zuten ikertzaileek.

ostrakodoIrudia: Ostrakodo bat. (Argazkia: Anna Syme – CC BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ostrakodoak krustazeo mikroskopikoen talde bat dira, normalean 2 mm baino txikiagoak, eta uretako edozein ingurunetan bizitzeko gai dira. Mendi baten goialdean euria egiten duen putzu txiki baten edo milaka metroko sakonerako itsas hondoan aurki daitezke. Bere itxura ez da karramarro edo ganbak bezalako krustazeoena. Izan ere, haren gorputz biguna estaltzen duten bi kusku karbonatatuz osatutako oskola baitute.

Ostrakodoen berezitasun bitxienetako bat ugalketa-zikloa da. Espezie batzuek ugalketa asexuala dute eta beste batzuek ugalketa sexuala. Ugalketa asexualeko espezieak arrautza emankorrak jartzen dituzten emeek baino ez dituzte osatzen.

Paleontologiaren arloan, gure planetaren historian klima nola aldatu den jakiteko tresnarik erabilienetako bat dira ostrakodoak. Gutxienez, azken 485 milioi urteetan zelan aldatu den jakiteko, lehenengo ostrakodoak Ordoviziar garaiaren hasieran agertu baitziren. Izan ere, espezie bakoitzak bizi diren ingurune urtarreko parametro ekologiko batzuen maila oso zehatzak jasaten ditu: tenperatura, uraren gatz-kantitatea, hondoan metatutako sedimentu moten ezaugarriak edo uretako landarediaren kopurua, esaterako.

Beraz, faktore ekologiko horietan aldaketa txiki bat gertatuz gero, aldaketak gertatzen dira ostrakodo espezieen arteko asoziazioan. Horrela egin daitezke erregistro fosilean gordetako ur-ingurune zaharren ingurumeneko berreraikitze paleontologikoak. Hala ere, iraganean bizi izan ziren organismoen fosiltzea ez da hain erraza.

Orokorrean, organismo bat hiltzen denean haren zati bigunak desagertu egiten dira, bai hil ondoko (post mortem) oxidazioaren ondorioz, bai organismo deskonposatzaileen edo sarraskijaleen eraginez. Hori dela eta, haren zati gogorrek bakarrik osatzen dute fosilen erregistroa. Ostrakodoen kasuan, kusku karbonatatuak izango lirateke zati gogor horiek. Hala ere, ehun bigunak fosilizatuta gorde daitezke batzuetan baldin eta organismoak azkar lurperatzen badira sedimentu finetan, hondoko korronte handirik ez dagoen ingurunean eta oxigenazio gutxiko egoeran. Eta horixe gertatu zen ingeles kostaldeko eremu horretan duela 400 milioi urte baino gehiago, bat-batean errauts bolkanikoa iritsi baitzen itsasora eta honek sedimentu karbonatatuak estali zituen, bertan bizi ziren organismo asko barne.

Ikertzaileek errauts-geruzetan sartuta geratu ziren arroka karbonatatuen mailak aztertzen ari zirela, ostrakodoen oskol oso eta itxiak aurkitu zituzten. Eta zientzialarien eta, bereziki, geologoen ezaugarri bat haien jakin-mina denez, ikerketa-taldeko kideek oskol horien barruan zer aurki zezaketen galdetu zioten elkarri. Beraz, ostrakodoen arrasto fosilak arrokatik bereizi zituzten eta 0,02 mm-tik behin oskolean ebaki meheak egitea erabaki zuten. Tarte bakoitzari argazkia atera zioten seriean, eta hiru dimentsiotan berregin zuten ale osoa, kolorazio faltsua erabiliz emaitza arretaz behatzeko. Ezustekoa handia izan zen, konturatu baitziren ostrakodoen zati bigunak ondo fosilduta zeudela oskolaren barruan, eta horien artean ugaltze-aparatu maskulino bat identifikatu zuten. Historiako espezimen ar zaharrena aurkitu baitzuten.

Zientzialariek Colymbosathon ecplecticos izendatu zuten espeziea, eta, hitzez hitz, “zakil handiko igerilari harrigarria” esanahia duela esan daiteke. Zalantzarik gabe, oso izen “iradokitzailea” da, momentuz fosilen erregistroan ezagutzen den lehen arrari eman zaiona.

Erreferentzia bibliografikoa:

Siveter, D. J., Sutton, M. D., Briggs, D. E. G. and Siveter, D. J. (2003). An ostracod crustacean with soft parts from the Lower Silurian. Science, 302, 1749 – 1751. DOI: 10.1126/science.1091376

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Historiako lehen arra appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tokian tokiko jarduera: titaniozko pieza aeronautikoen 3D inprimaketa

Tue, 2021/10/19 - 09:00

Ernatzen ari diren ekonomien garapenarekin batera, gizartean eta ekonomian aldaketak gertatzen dira. Orain arte ez zeuden kontsumo beharrak dituen tarteko klase berri bat sortu da, eta horixe da Asian eta halako lekuetan inbertsio berriak egiteko motorretako bat. Hala ere, ehunka milioi pertsonaren kontsumo hori Mendebaldeko ekonomietakoa bezalakoa izango balitz, ingurumenean eta, bereziki, klima aldaketan sortutako kalteak ondorio ikaragarriak izango lituzke. Zenbait gobernu, Txinakoa adibidez, horren jakitun dira, eta, horregatik, neurriak hartu dituzte; adibidez, hemendik urte batzuetara ibilgailu gehienak, edo denak, elektrikoak izatea.

Gora datorren tarteko klasearen beste alderdi garrantzitsu bat bidaiatzeko beharra da, dena dela arrazoia, eta, batzuetan, bidaia horiek luzeak izaten dira edo autoarekin edo trenarekin iristea zaila den lekuetara egiten dira; besteak beste, artxipelagoetara. Abiazio kontsumoa gaur egun kezkagarria da jada; beraz, oraindik gehiago handituko balitz, oso arazo larria litzateke mundu osoan. Horregatik, hegazkinen belaunaldi berriak ahalik eta efizienteena izan behar du. Diseinu berriek karbono aztarna ahalik eta gehien murriztu behar dute, harik eta hegazkin elektrikoak edo erregai pilak dituztenak errealitate bihurtu arte, eta badirudi helburu hori oso urrun dagoela abiazio komertzialerako.

titaniozkoIrudia: Abiazio kontsumoa gaur egun kezkagarria da. Horregatik, hegazkinen belaunaldi berriak ahalik eta efizienteena izan behar du. (Argazkia: Holgi – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Erregaien kontsumoan efizienteagoa izango den hegazkin bat sortzeko alderdi garrantzitsu bat motorren diseinua da. Efizientzia horri oso lotuta dagoen zenbaki bat dago: deribazio erlazioa. Helizeak motorraren gelaxkan sartzen duen airetik benetan turbinatik zenbat igarotzen den neurtzen du zenbaki horrek. Zenbakia altua bada, esan nahi du sartzen den aire guztitik bakarrik pixka bat igarotzen dela turbinatik, eta alderantziz. Zenbakia altua bada, motorrak erregai gutxiago kontsumitzen du, eta zenbakia baxua bada, motorra ahalmentsuagoa da. Zenbaki altuak hegazkin komertzialetan erabiltzen dira, eta baxuak, gerra hegazkinetan; salbuespen bakarra Concorde hegazkina zen, zeina gerra hegazkinen diseinua zuen merkataritza hegazkin bat zen. Horren guztiaren ondorio zuzen bat da merkataritza hegazkinen motorrak oso handiak direla, eta gerra hegazkinenak (edo concordeenak) oso txikiak.

Hegazkin efizienteagoak eraiki nahi badira, aurreko guztiaren ondorioak argiak dira: are motor handiagoak egin behar dira. Baina, noski, hori aerodinamikaren aurkakoa da guztiz. Motor handiago batek nahi ez diren turbulentziak, ezegonkortasunak eta zaratak sortzen ditu, eta erregai gehiago kontsumitzen du. Arazo hori konpontzeko, aire fluxua kontrolatzen duten eragingailuak erabili behar dira.

Eragingailu horiek ezaugarri oso zehatz batzuk izan behar dituzte: pisu gutxi izan behar dute (hegazkin bateko elementu guztiek bezala), eta mekanikoki eta kimikoki oso gogorrak izan behar dira. Gainera, ziurrenik, horrelako hegazkinak diseinatzea ez da batere erraza izango.

Zer materialekin egin mota horretako eragingailu bat? Altzairuzkoa ezin da izan, asko pisatuko lukeelako; aluminiozkoa ere ez, erresistentzia mekanikoa mugan egongo litzatekeelako. Erantzuna aspaldi aurkitu zuten: titaniozkoa. Edo, hobeto esanda, titanio aleaziozkoa. Aplikazio aeronautikoetarako ezin hobea dela frogatu den bat Ti-6Al-4V da, hau da, % 6 aluminioa, % 4 banadioa eta gainerako % 90a (ezpurutasunak kenduta) titanioa.

Baina, titanio aleazio horrekin lan egitea oso zaila da, dituen ezaugarriengatik, hain zuzen ere. Nola lortu material horrekin egindako diseinu konplexu bat? IK4 Lortek euskal kooperatibak erantzun bat aurkitu du: fabrikazio gehigarriaren bidez, laser bidezko fusio selektiboa erabilita. Aurrekoak esan nahi du “bakar-bakarrik” ordenagailu batean hiru dimentsioko pieza bat diseinatu behar dela, eta diseinu hori laserra erabiltzen duen 3D inprimatzaile batetik igaro behar dela titanio aleazioaren aleak urtzeko eta, hala, pieza geruzaz geruza sortzeko (modu gehigarrian). Kontzeptu hori Airbusek sustatutako Flowcaash deituriko proiektu baten parte da, eta bere xedea da pisu gutxiko diseinu biomimetikoak garatzea, hegazkinen ondorengo belaunaldian fluxu eragingailuak integratzeko eta hegazkinen erregai efizientzia eta aerodinamika hobetzeko. Pieza berrien proba guztiak Arabako CTA Teknologia Aeronautikoen Zentroan egiten dituzte (hain zuzen, bertan egin zituzten Exomars zundaren probak ere).

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tokian tokiko jarduera: titaniozko pieza aeronautikoen 3D inprimaketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geneak asimilatu dituzten DNA-egiturak

Mon, 2021/10/18 - 09:00

Star Trek frankizian Borg-ak etsai oso beldurgarriak dira eta antagonista nagusiak dira “The Next Generation” eta “Voyager” telesailetan, eta “Star Trek: First Contact” filmean. Beste espezieen teknologia eta ezagumendua asimilatzen dituzten organismo zibernetikoak dira eta beren azken helburua da perfekzioa lortzea. “Erresistentzia hutsala da” da haien esaldirik ospetsuena, pop kulturan hedatu den esaldia, hain zuzen ere. Bada, Borg izendatu zituen Jill Banfield ikertzaileak lokatzetan aurkitu zituen DNA-egitura bitxi batzuk, bere semearen –Star Trek-eko zale amorratuaren– proposamena aintzat hartuta.

Arkeobakterio deitutako mikroorganismoak infektatzen dituzten birusak ikertu nahi zituzten Jill Banfield-ek eta Basem Al-Shayeb-ek. Horretarako, gainazaletik metro bat edo gehiagora zegoen lokatza hartu zuten arkeobakterioak eta birusak bertan aurkituko zirelakoan. Lokatz horretan zegoen DNA eskuratu zuten, DNA hori sekuentziatu zuten eta, ordenagailu-programak erabilita bilatu zituzten birusen arrastoak. Ikertzaileek sekuentzia bitxi bat aurkitu zuten Banfield beraren lursailetik eskuratutako lokatzean: 1 milioi baseko luzera zuen, geneen erdia ezezaguna zen, berezko sekuentzia-patroiak zituen hasieran eta bukaeran, DNA errepikakorra zegoen geneen artean eta bere burua kopiatzeko balizko gaitasuna zuen. Inoiz ez zuten halako DNA-egiturarik ikusi.

1. irudia: Arkeobakterioetan aurkitu dira Borg izendatu diren DNA-egitura bitxiak. (Argazkia: NASA – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia Commons)

DNA sekuentzia berezi hori aztertzerakoan ez zela zorizko nahasketa ondorioztatu zuten ikertzaileek, eta halako sekuentzia gehiagoren bilaketa hasi zuten. Horretarako, datu-base publikoetan dauden sekuentziak aztertu zituzten eta halako 23 Borg sekuentzia aurkitu zituzten. Sekuentzia horietako batzuk aurkitu ziren Coloradoko lurpeko uretan, abandonatutako merkurio-meategi baten isurpenetan edo Coloradoko East River ibaiaren sakonera txikiko ibilguan. Gainera, horietako hainbat sekuentziek 1 milioi base inguruko luzera zuten, kromosometatik kanpoko DNA-egituren artean inoiz aurkitu diren luzeenak.

Bizidun gehienetan DNA kromosometan antolatuta aurkitzen da, prokariotoetan (bakterioetan eta arkeobakterioetan) nahiz eukariotoetan (landareetan, onddoetan eta animalietan). Kromosometatik kanpo, prokariotoetan plasmido deitutako egituretan aurki daiteke DNA; eta eukariotoetan mitokondrioa edo plasmidoa bezalako organuluetan. Kromosometatik kanpo dagoen gene-materialean joan daitezke funtzio biologiko gehigarriak edota osagarriak: esate baterako, plasmidoek eraman ditzakete antibiotikoen aurreko erresistentzia lortzeko geneak. Borg-ak, beraz, kromosometatik kanpoko DNA-egitura mota berri bat izan litezke. Ikertzaile batzuek, ordea, uste dute oraindik goiz dela hori jakiteko: alde batetik, Borg-en ezaugarri batzuk presente baitaude gatz-inguruneetan bizi diren arkeobakterioen kromosometatik kanpoko DNA-egituretan; beste batetik, Borg-ak Actinobacteria-etan agertzen diren plasmido erraldoien antza dutelako.

DNA-egiturak2. irudia: Lokatzetan aurkitu dute DNA-egitura bitxi hau (Argazkia: Artvision-So – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Borg-ak aurkitu diren lekuetan Methanoperedens deitutako arkeobakterioaren sekuentziak ere aurkitu dira. Arkeobakterio hau metanoa oxidatzeko gai den mikroorganismoa da eta batera agertzeak iradoki dezake Borg-ak arkeobakterio honen barruan daudela. Tamalez, Methanoperedens ezin daiteke laborategian hazi eta, ondorioz, ezin daiteke baieztatu Borg-ak arkeobakterio horien barruan ote dauden. Borg-en tamainaz jabetzeko –lehen aipatutako milioi bat base–, pentsa dezagun beren luzera Methanoperedens kromosoma nagusiaren herena dela.

Borg hauen gene gehienak ezezagunak badira ere, gene horien %20 inguruk arkeobakterioetan ezagunak diren geneen antza dute. Gainera, gene horien artean metanoa prozesatzeko geneak daude –agian Methanoperedens arkeobakteriotik eskuratu dituztenak– eta ikertzaileek iradokitzen dute horrek metanoaren zikloan eragina izan dezakeela eta ostalariaren gaitasunei bultzada eman diela. Borg-etan identifikatu diren beste gene-moten artean daude CRISPR-Cas sistema bezalako defentsa-mekanismoak, DNAren eta RNAren manipulaziorako geneak, zelularen mintzean jarduten duten geneak, estresari aurre egiteko geneak edo energia metatzeko geneak. Borg bakoitzean identifikatu diren gene-motak ezberdinak izan ziren eta ikertzaileek iradokitzen dute Methanoperedens espezie bakoitzaren arabera ager litekeela Borg bat edo beste.

3. irudia: DNAren egiturek forma oso bitxiak hartzen dituzte (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Banfield-ek eta bere kideek, ordea, ez dute argi DNA-egitura bitxi hauen jatorria. Beren susmoa da izan daitezkeela Methanoperedens baten barruan gelditu zen arkeobakterio baten arrastoak. Izan ere, Borg-en ugaritasuna handitzen da sakonerarekin batera, baina ez du harremanik Methanoperedens-en ugaritasunarekin. Aipatu bezala, Borg-ek geneak hartu dituzte Methanoperedens-en kromosomatik eta, badirudi, beste iturri batzuetako gene-materiala ere asimilatu dutela. Aipatu beharra dago ezaguna zela Methanoperedens-ek beste organismo batzuetatik geneak asimilatzeko duen gaitasuna eta, agian, DNA-egitura bitxi hauetan egon liteke azalpena. Banfield-ek espero du aurkikuntza honek ikertzaileak bultzatzea halako egiturak beste mikroorganismoetan bilatzera, batez ere muturreko inguruneetan bizi diren mikroorganismoetan.

Oraingoz, ikertzaileek ezin dute ez baieztatu ezta ezeztatu ere Borg hauek ote diren arkeobakterioen birusak, plasmidoak edo minikrosomosomak, baina argi dute ezberdinak direla orain arte ezagutzen diren DNA-egiturekin alderatuta. Ikerketa hau oraindik berrikusi gabe badago ere, ikertzaileen artean harridura sortu du eta jakin-mina piztu du aurkikuntza honek. Batez ere, jakin nahi delako zer diren eta zein den beren jatorria. Posible da ikerketan akatsen bat egin izana eta, ondorioz, ikusteko dago Borg-en existentzia baieztatzen ote den. Bitartean, liluratu gaitezen gene-materialak har ditzakeen forma bitxiekin.

Erreferentzia bibliografikoak:

Dance, A. (2021). Massive DNA ‘Borg’ structures perplex scientists. Nature 595, 636. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-01947-3

Pennisi, E. (2021). Mysterious DNA sequences, known as ‘Borgs,’ recovered from California mud. Science. DOI: 10.1126/science.abl4769

Al-Shayeb, B. et al. (2021). Borgs are giant extrachromosomal elements with the potential to augment methane oxidation. BioRxiv. DOI: https://doi.org/10.1101/2021.07.10.451761

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

 

The post Geneak asimilatu dituzten DNA-egiturak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #364

Sun, 2021/10/17 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

konbutxa

Osasuna

Konbutxa edari ia ezezaguna izatetik supermerkatu, osasun-denda eta influencerren kanal askotan egotera pasa da. Esaten dutenez, konbutxak ezaugarri miragarriak ditu, besteak beste, odol-tentsio altua saihesten du, energia ematen du eta immunitate-sistemarentzat onuragarria da. Edari hartzitu hau antioxidatzailea eta antikartzinogenoa izan litekeela ikusi da, baina, momentuz Petri plaketan hazitako kultiboetan bakarrik frogatu ahal izan da. Gainera, zenbait ikerketek erakutsi dutenez, gehiegizko konbutxa kontsumoa arriskutsua izan daiteke. Josu Lopez Gazpiok azaltzen du Zientzia Kaieran: Konbutxa, modako freskagarria edo bizitzaren elixirra?

Emakumeak zientzian

Estatu ezberdinen artean eginiko inkesta baten arabera, herritarren %63aren ustetan emakumeek ez dute balio goi-mailako zientzialariak izateko. L’Oréal Fundazioak burutu du azterketa hau eta lorturiko datuek oraindik gizartean oso barneraturik dauden ideiak plazaratu dituzte. Hala ere, argi utzi behar da mota horretako iritziek ez dutela inolako oinarri enpirikorik. Datu objektiboen arabera, ibilbide zientifikoek neurri txikiagoan erakartzen dituzte emakumeak gizonezkoak baino, hein handi batean, neskek haurtzaroan eta gaztaroan jasotzen dituzten mezu diskriminatzaileengatik. Ana Zubiagak azaltzen du Zientzia Kaieran: Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu.

Ernest Lluch Kultur Etxeak programa berri bati emango dio hasiera urriaren 19an. Emakume zientzialarien argitan izenarekin, kultur etxeak zientziaren dibulgaziorako egiten duen lanean sakonduko du eta helburu nagusia emakume zientzialariak ezagutzea izango da. Elhuyarreko Ana Galarraga Aiestaranek koordinatuta eta gidatuta, arlo desberdinetan lan egiten duten emakume zientzialariak elkarrizketatuko dira eta hauek ezagutzeko aukera paregabea izango da. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Tardigradoak, ornogabe mikroskopiko batzuk, duela 500 milioi urte azaldu ziren Lurrean eta, beraz, eboluzio luzea egin duten arren, orain arte bi tardigrado fosil besterik ez dituzte aurkitu erregistro fosilean. Orain, Dominikar Errepublikako anbar-tanta batean azaldu da hirugarren alea eta duela 16 milioi urtekoa da, Zenozoikoaren garaikoa. Oso zaila da organismo hauek fosilizatzea. Izan ere, ez daukate nahikoa mineral gorputzean horrelako prozesu bat aurrera eramateko.  Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Duela 16 milioi urteko tardigrado fosil bat aurkitu dute anbarean

Estatu Batuetako White Sands parke nazionalean oinatz arrasto fosilduak atzeman dituzte eta duela 23.000-21.000 urte artean datatuak izan dira. Antzinako aintzira baten barnean zeuden oinatzak, behin lokatza izan zen eremu batean eta honek zehaztasun gehiagorekin datatzea ahalbidetu du. Science aldizkarian argitaratu da aurkikuntza adituen aztoramendua sortuz. Izan ere, datazio horren arabera, azken glaziazioa bere punturik gorenean zegoenean populatuta zegoen Ipar Amerika. Berri honek, beste behin, hankaz gora utzi du Clovis hipotesia eta gizakiaren Amerikarako migrazioa 10.000 urte aurreratu du. Juanma Gallegok azaltzen du Zientzia Kaieran: Uste baino lehenago iritsi zen gizakia Ameriketara.

Teknologia

Gasteizko eta Bilboko Fisika Aplikatua Saileko lau ingeniarik industriarentzat laguntza handikoa izan daiteken teknika bat diseinatu dute, termografia infragorri aktiboa eta laser mugikorra erabiliz. Ikerketa-talde honek industriako material eta piezetan pitzadura bertikalak detektatzeko eta karakterizatzeko metodo bat garatu du, begi hutsez ikusten ez diren akatsak aurkitu eta konpontzeko aukera emanik. Orain arte, termografia aktiboa erabiliz, laginaren gainazalaren berotze eta hozte prozesuak kamera infragorri batekin grabatzen ziren akatsak ikusi ahal izateko. Pitzadura bertikalak, ordea, ez dira argiztapen uniformearekin detektatzen eta hau jakinik, ingeniari hauek Laser Mugikorreko Termografia infragorria erabili dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz.

Material magnetikoak sailkatzeko aspaldiko arazoa ebatzi dute Luis Elcoro EHUko irakasleak eta nazioarteko hainbat ikertzailek. Elkarlan honen bidez, material errealen isolatzaile topologiko magnetikoen lehen gida unibertsala lortzeko oinarria jarri dute. Orain arte, material magnetikoetarako garatutako sailkapen-sistema arrakastatsuena (Lev Shubnikov zientzialari sobietarrak duela ia 75 urte lortu zuena) osatu gabe egon da eta azkenik, ikerlari-talde honek osatu du. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Otsailetik Perseverance ibilgailua Marteko Jezero krater handian datuak jasotzen dabil eta dagoeneko, planeta gorriaren eboluzioari buruzko informazio interesgarria argitu du. NASAren datuen arabera, garai batean, Jezero kraterra aintzira lasai bat zen, ibai batek elikatua baina bat-bateko uholde indartsu batek aintziraren izaera aldatu zuen.  Ibaiaren deltan eta aintziran aurki daitezken arroka handien presentziagatik ondorioztatu dute hau. Gerora ordea, klima-aldaketaren batek aintzira lehortzea eragin zuen, eta hurrengo milioika urteetan lehor mantendu da. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Marteren eboluzio klimatiko eta hidrologikoari buruzko datu esanguratsuak eman ditu NASAk.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #364 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #369

Sat, 2021/10/16 - 09:00

DNA zaborra denetarik izango da zaborra baino. Haren influentzia gero eta ebidenteagoa da. Mutations in the non-coding genome contribute to autism por JR Alonsorena.

Asmakizun posmodernoa da antropozenoa. Edo, Jesús Zamorak dioenez: Anthropocene as a cultural artifact.

Atomo artifizialak nanohutsune optikoetan sartzean, gauza oso interesgarriak gertatzen dira. Eta giro tenperarturan oso erabilgarriak izan daitezkeenak. DIPCren The unexpectedly rich excited-state dynamics of quantum dots in plasmonic cavities

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #369 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu

Fri, 2021/10/15 - 09:00

L’Oréal Fundazioak oraintsu eginiko estatuen mailako inkesta baten arabera, herritarren %63k uste zuen emakumeek ez dutela balio goi-mailako zientzialariak izateko. Inkestatuen zati handi batek uste zuen emakumeek ez dutela “zientziarekiko interesa, adorea, jarrera arrazionala, praktikotasuna edota izaera analitikoa”. Mota horretako iritziek, gure gizartean oso zabalduak badira ere, ez dute oinarri enpirikorik.

Datu objektiboa hauxe da: ibilbide zientifikoek neurri txikiagoan erakartzen dituzte emakumeak gizonezkoak baino, nahiz eta gizartean ondoen baloraturiko lanbideak zientziarekin lotutakoak izan (Ikerketa Soziologikoko Zentroaren arabera). Desberdintasun horren atzean arrazoi ugari daude ziur asko. Esate baterako, neskek haurtzaroan eta gaztaroan jasotzen dituzten mezu diskriminatzaileak, bai familiatik, bai eskolatik edo gizartetik, modu esplizitu edo inplizituan. Mezuok eragin zeharo negatiboa dute emakumeengan, eta horrek, azken finean, zientzia eta teknologia esparruan dituzten gaitasunak gutxiestera eramaten ditu.

Akaso ibilbide zientifikoa ez da hain erakargarria emakumezkoentzat, bizitza pertsonala eta, batez ere, familia-bizitza ikerkuntza ibilbidearekin bateratzeko oztopoak aurkitzean. Kontuan hartu behar dira ibilbide zientifikoak dituen zailtasunak (lehiakortasuna, prekarietatea, mugikortasuna). Horrez gain, baliteke zientziaren arlo batzuetan agertzen den genero-alborapenak eta diskriminazioak, gehienak zeharkakoak, emakumeak lanbide honetatik aldentzea. Alborapen horren isla da Espainiako zientzia sarien %18 baino ez izatea emakumezkoentzat, Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteak egindako txostenaren arabera, edo zientzietako Nobel sarien %3 baino ez izana emakumezkoentzat sari horiek sortu zirenetik.

1. irudia: emakumeen talentua erakarri, eutsi eta ibilbide profesionala berdintasunean gauzatzeko neurriak garatzea beharrezkoak dira genero-hutsuneei aurre egiteko. (Argazkia: RAEng_Publications – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Nire ustez, lanbide zientifikoan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunak lehentasuna izan beharko luke gobernuentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat, oinarrizko giza eskubidea baita berau, eta era berean gizarte osoaren aurrerapenerako ezinbesteko balioa. Ildo horretatik, nire ustez, hiru dira landu beharreko gaitasunak, karrera zientifikoan dauden genero-hutsune nagusiak ezabatzen lagun dezaketenak.

  • Beharrezkoa da emakumeen talentua erakartzea, ingeniaritza, zientzia eta teknologia arloetara batik bat, non etorkizuneko kalitatezko lanpostu asko bilduko direla aurreikus daitekeen.

Jakin badakigu emakumeak gehiengoa direla unibertsitateetako graduko eta masterreko ikasleen artean (guztiaren %55 dira), Unibertsitate Ministerioko iturrien arabera. Baina gehiengo hori nabarmen murrizturik dago zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikarekin lotutako ezagutza arloetan (STEM izenez ezagutzen direnak, ingelesezko science, technology, engineering and mathematics siglak erabiliz). Muturreko kasua ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketek erakusten dute. Bereziki maskulinizatutako eremu honetan, graduko ikasleen %25 baino ez dira emakumeak.

Doktorego-mailan ere generoaren araberako desberdintasunak agerikoak dira irakaskuntza arloak aukeratzeko orduan: informatikan doktore diren pertsonen %22 baino ez dira emakumeak. Proportzioak zertxobait igotzen dira ingeniaritzan eta arkitekturan (%30) eta zientzietan (%47), baina ez dira parekotasunera iristen oraindik. Europar Batasuneko gainerako herrialdeetako datuak Espainiakoen antzekoak edo urriagoak dira. Datu horiek guztiek nabarmentzen dute bokazio zientifikoak eta teknikoak sustatzeko beharra emakume gazteen artean, haurtzarotik hasita.

  • Eutsi egin behar diogu talentu horri, ikerketa-ibilbideari egonkortasun handiagoa emanez eta oztopoak ezabatuz, hala nola genero-alborapenak edo kontziliazio-zailtasunak, emakumeak zientziaren munduan euren ahalmen guztiarekin murgildu ahal izan daitezen.

Ondotxo dakigun moduan, unibertsitatean edo ikerketa-zentroetan ibilbide zientifikoaren urratsetan aurrera egin ahala, emakumeen proportzioa gutxituz joaten da. Datu horien gora eta beherek guraize baten itxura hartzen dute irudian eta genero-segregazio bertikal argia dagoela adierazten dute, “beirazko sabaia” izena eman ohi zaion gertaera.

Emakumeen proportzioaren beherakada nabarmenagoa da ibilbide zientifikoaren maila altuenetan. Halanda ze, Espainiako unibertsitate publikoetan eta ikerketa-zentroetan, lanbide- maila altuenean emakumezkoen ehunekoa %22tik beherakoa da (unibertsitateko katedradunen edota ikerketa-irakasleen mailan, hurrenez hurren). Eta ehuneko hori are txikiagoa da (%10etik gertu) STEM eremuetan. Hori dela eta, argi dago genero-berdintasunaren neurri multzo bat beharrezkoa dela desberdintasun nabarmen horiek orekatzeko.

Emakumeak lanbide zientifikoan2. irudia: Guraize-efektua: gizonezkoen eta emakumezkoen banaketa unibertsitateko ikerkuntza-ibilbidean. (Iturria: Unibertsitate Ministerioa)
  • Emakumeak ibilbide zientifikoko kudeaketa-postu gorenetara iristea bermatu eta babestu behar dugu, zientziaren diseinuan eta garapenean osotasunez eta berdintasunez parte har dezaten.

Segregazio bertikala, “beirazko sabaia”, jarraitzen dugu ikusten erabakiak hartzeko postuetan, hala nola unibertsitateetako eta ikerketa-zentroetako pertsona bakarreko gobernu-organoetan. Maila altuenean (errektoreak eta ikerketa-institutuetako zuzendariak) emakumeek postu horien %23 baino ez dute betetzen. Dekanotzen kasuan edo sailen zuzendaritzetan, zifrak zertxobait hobetu dira azken urteotan, baina guztizkoaren %35era baino ez iritsi.

Ibilbide zientifikoan genero-berdintasuna lortzeko neurriak

Azken urteotan, ekimen interesgarri nahikotxo sortu dira zenbait esparrutan (gizartea, akademia, erakundeak) xede hauekin: zientzian genero-berdintasuna lortzea, bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea eta gizartean interes zientifikoa piztea, bereziki nerabeen eta gazteen artean. Ezinbestekoa da bide horretatik ahalegintzen jarraitzea, etenik gabe eta sormena landuz.

Gizarte-ekimenen arloan, azpimarratzekoak dira Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna (otsailak 11), Hypatia izeneko hezkuntza-programak edota L’Oréal-UNESCO sariak Emakume Zientzialarientzat, emakumeek zientzia esparruan duten eginkizuna ikusarazi eta ohoretu nahi dutenak. Maila akademikoan, Mujeres con Ciencia izeneko ekimena nabarmendu nahi nuke, Marta Macho Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleak zuzendua. Azkenik, erakunde-mailan, egina da dagoeneko lan bat zientzia-sisteman genero-berdintasun erreal eta eraginkorrerako aldaketak azkartzeko aukera ematen duten neurri sorta bat ezartzeko asmoz. UPV/EHU barruan ere gure ekarpentxoa egiten saiatzen ari gara, eremu hauetan besteak beste:

  1. batzordeen eta tribunalen berdintasunezko osaera;
  2. hautaketa- eta ebaluazio-prozesuetan eta baliabideen esleipenean berdintasun eraginkorra bermatzeko prozedura;
  3. genero-ikuspegia ikerketa eta teknologian zeharkako kategoria gisa txertatzea;
  4. genero-berdintasunaren inguruko sentsibilizazio-jardunaldiak antolatzea;
  5. genero-berdintasunaren inguruko prestakuntza eskaintzea;
  6. emakume zientzialari eta teknologoen ekarpenen ikusgarritasuna eta aitorpena sustatzeko ekintzak atontzea.

Zorionez, ugari gara lanbide zientifikoan genero-berdintasuna lortzeko lanean ari garen gizon eta emakume. Bide luzea geratzen zaigu oraindik, baina pixkanaka neurri, politika eta ekimen eraginkorragoak aurkitzen eta aplikatzen ari gara. Emaitzek diote, oso poliki bada ere, hoberantz goazela.

Egileaz:

Ana Zubiaga Elordieta Biologian doktorea da eta Genetikako katedraduna UPV/EHUn.

The post Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz

Thu, 2021/10/14 - 09:00

Gure ikerketa-taldeak pitzadura bertikalak detektatzeko eta karakterizatzeko metodo bat garatu du termografia infragorri aktiboa eta laser mugikorra erabiliz. Teknika hau industriarentzat laguntza handikoa izan daiteke, gaur egun industriaren kezka handi bat begi hutsez ikusten ez diren akatsak aurkitzea baita, era azkarrean, fidagarrian eta laginak suntsitu gabe, era honetan, arazoak haustura gertatu aurretik konpondu baitaitezke.

Termografia infragorria 1980ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen Teknika Ez-Suntsitzaile (TEZ) gisa (ingelesez Non-Destructive Technique, NDT), bereizmen nahikoa zeukaten bideokamera infragorri eskuragarriak fabrikatzen hasi zirenean. TEZ gisa teknika honen lorpenik handienak termografia aktiboa erabiliz lortzen dira; bertan aztertu beharreko pieza estimulazio optikoaren bidez, ultrasoinuen bidez edo uhin elektromagnetikoen bidez estimulatzen da eta laginaren gainazalaren berotze eta hozte prozesuak kamera infragorri baten bidez grabatzen dira. Teknika hori bereziki egokia da materialen akatsen azterketarako. Zehazki, akatsaren presentziak gainazalaren tenperatura-eremua aldatzen du, akatsik gabeko piezarekin alderatuta. Azken urteetan, materialaren gainazalaren paraleloak diren akatsak (delaminazioa, desenkolatuak, korrosioa, etab.) detektatzeko eta karakterizatzeko metodo sinpleak eta fidagarriak garatu dira.

pitzadura bertikalakIrudia: Erabilitako muntaia esperimentala: Galileoren transformazioa erabiliz, laserra geldi eta lagina abiadura konstantez higitzen. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Pitzadura bertikalak, ordea, ez dira argiztapen uniformearekin detektatzen; izan ere, konfigurazio horretan energia-fluxuaren norabidea pitzaduraren paraleloa da eta pitzadurak ez dauka ia eraginik energia-fluxuaren sakabanaketan. Gure ikerkuntza-taldeak pitzadura bertikal infinituak karakterizatzeko (posizioa eta tamaina kalkulatzeko) metodo termografikoak garatu ditu. Horretarako, 90.eko hamarkadan garatutako Laser Mugikorreko Termografia infragorria (ingelesez Flying Spot) erabili dugu, teknika honetan laginaren gainazala higidura konstantez higitzen den laser baten bidez argiztatzen da, horrela, laserra higituz laginaren gainazal guztia argiztatu daiteke, era berean, kamera infragorri baten bidez gainazaleko tenperatura neurtzen da. Teknika honek gainazal handiak azkar aztertzeko aukera ematen du eta pitzadura bertikalak detektatzen ditu.

Hala ere, laser mugikorraren teknika hau, orain arte, pitzadurak detektatzeko bakarrik erabili da eta ez pitzadurak karakterizatzeko. Gure taldeak pitzadura bertikal infinituak detektatu eta karakterizatzeko protokoloa garatu du. Lehenik, beroaren difusioaren ekuazioa askatuz laginaren gainazaleko tenperaturarako adierazpen matematiko bat lortu du, laginaren gainazala laser mugikor batekin argiztatzen den kasurako. Gero, Galileoren transformazioa erabiliz, laserra geldi eta lagina abiadura konstantez higitzen den kasurako lortu dugu ekuazioa. Azkenik, kamera infragorri baten bidez (ikus 1 irudian muntaia esperimentala) lortutako datuak ekuazio teorikoekin konparatuko ditugu pitzaduren zabalera kalkulatu ahal izateko (ikus 2 irudian esperimentalki lortutako emaitzak, puntuen bidez adierazita, eta, gorriz, garatutako ekuazioak emandako doikuntza). Emaitzek berresten digute garatutako protokoloa 0,5 μm-ko pitzadura estuak neurtzeko gai dela eta, hori, oso garrantzitsua da aeronautika-industriarako, automobilgintzarako edo antzeko sektoreetarako, sektore hauetan segurtasuna oso  garrantzitsua baita eta pitzadurak garaiz detektatzea ezinbestekoa da, horrela hausturak ekidin baitaitezke.

Iturria:

Apiñaniz, Estibaliz; Salazar, Agustín; Oleaga, Alberto; Mendioroz, Maria Aranzazu (2020). «Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz»; Ekaia, 37, 2020, 211-220. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20862) Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz.
  • Laburpena: Artikulu honetan, termografia infragorri aktiboaren bidez, pieza handietako pitzadura bertikalak karakterizatzeko metodo bat aurkeztuko dugu. Metodo honen bidez materialaren gainazala abiadura konstantez mugitzen den laser sorta batekin argiztatzen dugu, eta abiadura handiko kamera infragorri bat erabiliz gainazaleko tenperaturaren aldaketaren garapena neurtzen dugu. Gainazaleko pitzadura bertikalak uhin termikoentzat hesi termiko bat dira, eta, beraz, gainazaleko tenperaturaren profilean ez-jarraitasun bat sortzen dute. Matematikoki garatutako modelo teorikoa esperimentalki lortutako tenperatura profilarekin doituz, pitzaduraren ezaugarriak lor ditzakegu. Garatutako metodoa baliozkoa da laser sorta mugitu beharrean laserra geldi utzi eta lagina mugitzen dugunean; azken hori interesgarria da ekoizpen-kateetan pitzadurak in situ karakterizatu ahal izateko. Lan honetan, beraz, gure ikerketa taldeak pitzadura bertikalak karakterizatu ahal izateko jarraitutako ibilbidea azalduko dugu, eta lortutako metodoa balioztatzeko kalibratutako laginekin egindako neurketak aurkeztuko ditugu.
  • Egileak: Estibaliz Apiñaniz, Agustín Salazar, Alberto Oleaga, Maria Aranzazu Mendioroz
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 211-220
  • DOI: 10.1387/ekaia.20862

————————————————–
Egileez:

Estibaliz Apiñaniz UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua Sailekoa da

Agustín Salazar, Alberto Oleaga eta Maria Aranzazu Mendioroz Bilboko Ingeniaritza Eskolalo Fisika Aplikatua Sailekoak dia

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Pitzadura bertikalen detekzio eta karakterizazioa termografia infragorria eta laser mugikorra erabiliz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages