Asteon zientzia begi-bistan #128
Röntgen izpi katodikoekin ikertzen ari zen, eta ikusi zuen gelaren beste muturrean material fluoreszente bat argiztatzen zela, erradiazio-iturria paper beltzez estali eta gela ilun utzi zuenean. Alemaniar zientzialari honek berehala ulertu zuen izpi batzuek ahalmena zutela papera zeharkatu eta material fluoreszentea aktibatzeko. X izpia izena jarri eta aztertzeari ekin zion. Laster ikusi zuen X izpiek hobeto zeharkatzen zituztela material batzuk beste batzuk baino. Horrela, giza ehun bigunak erraz zeharkatzen zituzten, baina zailagoa zitzaien metalak eta hezurrak zeharkatzea. Historian egin izan den lehenengo erradiografia, bere emazte Bertharen eskuarena izan zen. Arlo honetan egin izan zuzen lan bikainagatik, Nobel Saria eman zioten Röntgeni 1901ean. Erradiografiek izugarrizko aurrerapena ekarri zuen medikuntzan. Ondoren, beste eremuetan praktikatu zen: ingeniaritzako piezak edo artelanak hartu zituzten aztergai.
Elikagaiak biltzeko materialetatik plastikoa, papera, beira, altzairua, aluminioa eta zenbait konglomeratu dira erabilienak. Hauek beren alde txarra ere badute. Adibidez, ingurumen-inpaktu handia sortzen dute. Hori dela eta, konponbide posibleen artean aurkitzen da zenbait biopolimerotatik eratorritako filmak. Hauek ingurumena errespetatzen dute biodegradagarriak baitira. Horiek egiteko gehien erabilitako biopolimeroak proteinak eta polisakaridoak dira. Lan honetan arrain-gelatinazkoak egin dira. Horrela, hondakinak kontsideratzen ziren arrain, hezur eta azalei erabilera bat ematea lortzen da. Arrain-gelatinazko film hauek aurkezten dituzten abantailak, film komertzialek eskaintzen dituztenen aurrean, dira, esaterako, gaztak bere koipea mantentzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dutela. Zehatz-mehatz propietate egokienak azaltzen dituen filma % 10 azido zitriko portzentajea duena da. Konposizio hau duten filmak gardenak dira baina, aldi berean, argiarekiko erresistentziari dagokionez, oso erantzun ona aurkezten dute. Horri esker, ontziratutako elikagaiaren kalitatea denbora luzeagoan mantentzen lagunduko dute.
HizkuntzalaritzaUPV/EHUko Maria Jose Ezeizabarrena irakasleak eta Tania Barberán doktoregaiak Cambridgeko Unibertsitateko Napoleon Katsosek zuzendutako proiektu batean parte hartu dute eta lortutako emaitzak ikuspegi berria gehitu dio hizkuntzaren unibertsaltasunari. Oraingoan, ikerketa honek konfirmatu du hizkuntzak ikasteko patroi unibertsalak daudela, eta patroi horiek ez datoz bat hizkuntzak sailkatzeko erabiltzen diren hizkuntza unibertsalekin. Aurkikuntza honek, hizkuntza guztietan erabilgarriak izan daitezkeen hizkuntza testak garatzeko bidea abiarazten du.
AstronomiaEkaitz erraldoi bati jarraituz, Saturnoko jet korronte handiaren ezaugarriak aztertu dituzte EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek. Eguzki Sistemako jet korronterik zabalena eta bortitzena da. Ikertzaileek xehetasun gehiagoz aztertu ahal izan dute fenomenoa; Hubble Espazio Teleskopioa erabiltzeko baimena lortu zuten. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira”, azaldu du Sánchez Lavegak, lanaren lehen sinatzaile eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. Orban distiratsua 7.000 km inguruko ekaitz erraldoi bat zen eta informazio berria lortu dute egiturari buruz. Ikusi dute atmosferan zenbat eta sakonago, orduan eta indartsuagoak direla haizeak. Goi atmosferan 1.100 km/h abiadurak neurtu dituzte, eta 150 km inguruko sakoneran 1.650 km/h-koak. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan oso aldakorrak dira korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera, intsolazio-zikloaren eraginez. Saturnoren eraztunen itzalpean indartu egiten dira haizeak. Horretaz gain, beste hainbat fenomeno meteorologikok ere haizean eragiten dutela ikusi dute.
BotanikaLandareei ere erreparatu behar diegu eboluzioa ulertzeko. William Friedman botanikoa (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1959), Harvardeko Unibertsitateko Arnold Arboretum lorategi botanikoko zuzendaria, irailaren amaieran Donostian izan zen, DIPC Donostia International Physic Centerrek antolatutako Passion For Knowledge topaketan eta landareen garrantziaz eta horiek oinarri diren ikerketez hausnartu zuen Jose Iñaki Hormaza (Donostia, 1965) botanikoarekin batera. Friedmanen arabera, oraindik misterio bat da landareena: “Egun badakigu lehendabiziko landare loredunek lore txiki-txikiak zituztela, baina oraindik ez dakigu zein izan zen horiek ekarri zituen jauzia”, azaltzen du. Landareetan badira ere kasu deigarriak. Adibidez, Ginko biloba izeneko landarea, oso bitxia dena: “Orain dela 200 milioi urteko fosilak aztertu, edo oraingo ginko biloba landareenak, eta ia igualak dira. Ez dira ia batere aldatu”, dio. Haren esanetan, landare organismoak eta animalienak ez dira hain ezberdinak. Izan ere, “biokimika, oinarria, bera da; DNA, proteinak, aminoazidoak… Horiek guztiak komunak dira animalia eta landareetan”. Giza jardueraren ondorioz, izadiak pairatzen duena ekarri du solasaldira. Horren gainean dio klima-aldaketa dela egun gure bizitzan ditugun erronka nagusietako bat: “Ez espezieak desager daitezkeelako bakarrik; Sirian egun gertatzen diren arazoetako asko ere klima-aldaketaren ondorioz gertatzen direla ulertu behar da”.
TeknologiaEuskal Herriko Ekaingo haitzuloa bisitatzeko aukera egongo da app baten bidez edo web bidez. Barnetik erabat digitalizatzeko lanak egin dituzte, kobazuloan aurkitutako Goi Paleolitoko labar-pinturak bereizmen handiarekin ikusteko gai izango gara. Ikusgarriak dira figurak, hauen ingerada eta margolanetan erabili zen teknika argiro ikustea ahalbidetzen duten hartualdi infragorriak ere barne hartzen dituztelako.
IngurumenaAzaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egiteko. Erronka handia dute aurretik: mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ezin da bi gradu baino gehiagora igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta. Hitzarmena sinatu duten Estatuek konpromiso hori hartu dute. Horrez gain, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian. Halere, Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik.
BiologiaSerengetin dauden ugaztun belarjaleek migratu egiten dute urtero. Hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara, hain zuzen. Euri-sasoian nahiko ur dago eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak eta ibaiak lehortzen dira. Ur-ingestioaren menpeko diren belarjaleek migratzen dute. Adibidez, ñu urdinek eta zebrek, ura edan behar dutelako. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik. Antilope ipotxa ere aurkezten zaigu testu honetan eta honek ez du ia urik edaten.
MedikuntzaGure gorputzak sortzen dituen kannabinoideek zein Cannabis landarearen kannabinoideek gure memorian galera eragiten dute, neuronen arteko komunikazioa oztopatzen dutelako. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu neuronetako mintz-hartzaile batzuk inhibitzen dituztela, eta ondorioz, ez da ia neurotransmisorerik sortzen. Orain arte uste zuten kannabinoideek neuronen mintz plasmatikoan eragiten zutela, baina orain ikusi dute mitokondrioetako mintzetan ere eragiten dutela, mitokondrioetako energia-sorrera blokeatzea lortuz. Ikerketa berri hau UPV/EHUKO Neurozientziak Saileko ikertzaileek Frantziako ikertzaile batzuekin elkarlanean egindakoa da.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #128 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #134
Oxido bi nahastea oso gauza sinplea da, eta honek askotariko aplikazio nanoteknologiko izan ditzake. Andi Cukok kontatzen dizkigu Nanoscale mixing: the case of titanosilicates artikuluan.
Saturno bezalako planeta bateko korronte atmosferikoen egiturak guztiz konplexuak izan daitezke. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioko Santiago Pérez-Hoyos astrofisikariak azaltzen digu zergatik: Winds of change in Saturn.
Zergatik egiten dugu negar pelikulak ikusten ditugunean? Zer dela eta gustuko dugu negar egitea film bat ikusterakoan? Zer nolako onurak ditu negar egiteak honako kasuetan? José Ramón Alonsok ematen dizkigu erantzun guztiak: Endorphins and tearjerker movies.
Munduko lenterik txikiena sortzeko lankidetzan aritu dira DIPCko ikertzaileak. Leiar ñimiño honek argia atomo baten kontzentratzeko ahalmena du. Hona hemen azalpena: When Optics goes Atomic.
Zer gertatzen zaie botikei, mahai gainean ahaztuta utzi edota ez badituzu ondo biltegiratu eta argiak ematen badie? Aukeren artean bat ikaragarria da, toxikoak bihur daitezke. Neus Aguilera-Portak kontatzen digu zelan gertatzen den hau: Can drugs become toxic when exposed to light?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #134 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alain Ulazia: “Energia eolikoa energia iturri lehiakortzat hartzen da gaur egun” #Zientzialari (60)
Gaur egun, energia eolikoa sortzeko erroten ahalmena duela 10 urte baino 5 aldiz handiagoa da. Horren agergarri da Eskozia eta Alemania bezalako herrialdeak azken urteotan haize erroten alde egiten ari diren apustua. Izan ere, egungo 100 haize errota zentral nuklear batek zor dezakeen energia kopurua berdintzeko gai direla uste da. Baina, zein da egoera gurean? Egokia al da Euskal Herria haizearen bitartez lortutako energia sortzeko? Nolako haizea daukagu gure lurraldean?
Gai hauek errepasatu ditugu Alain Ulazia Eibarko UPV/EHUko Energía Berriztagarrien graduko irakaslearekin Zientzialariren atal berri honetan. Bere esanetan, Euskal Herriko haizea aztertzerakoan iparraldea eta hegoaldea bereiztea ezinbestekoa da, ezberdinak baitira oso bateko eta besteko baldintzak.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Alain Ulazia: “Energia eolikoa energia iturri lehiakortzat hartzen da gaur egun” #Zientzialari (60) appeared first on Zientzia Kaiera.
Serengetiko belarjale handien migrazioak
———————————————————————————————————–
Afrikan, iraganean, ugariak ziren herbiboro handien migrazio luzeak; orain, berriz, oso herbiboro gutxi gelditzen dira eta, gelditzen direnak Serengetin eta antzeko beste zenbait ekosistematan bizi dira. Serengetin ugaztun belarjale asko daude oraindik, eta horietako batzuek migratu egiten dute.1. irudia: Ñu urdinak, Connochaetes taurinus.
Urteko migrazio handi bat gertatzen da Serengetin. Migrazio horretan esku hartzen duten belarjaleak hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara. Euri-sasoian nahiko ur dago txoko guztietan eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak lehenengo eta ibaiak gero, denak lehortzen dira. Putzu txiki batzuk baino ez dira gelditzen. Ur-ingestioaren menpeko ez diren belarjaleek ez dute migratzen, bertan gelditzen dira. Besteek, ordea, bai, migratu egiten dute. Gero, sasoi hezea itzultzen denean hego-ekialdera bueltatzen dira.
Ur-beharren araberakoak dira, beraz, Serengetin gertatzen diren migrazioak. Ñu urdinek eta zebrek migratzen dute. Ura edan behar dute; uraren menpekoak dira eta horregatik migratzen dute. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik.
2. irudia: Damara dik-dika Namibiako Etosha Parke Nazionalean. (Argazkia: Wikipedia, CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Egilea: Yathin S Krishnappa)
Grant gazela eta antilope ipotxa (dik-dik) ez daude ura edatera behartuta eta, beraz, ez dute ur bila migratu beharrik. Ur-ekonomiari dagokionez, desberdintasun nabariak daude ñu urdinaren eta Grant gazelaren artean. Ñu urdinak gerizpeak bilatzen ditu berorik egiten ez duenean ere, baina Grant gazelak ez du zertan bilatu, ez baitu gerizperik behar. Batak gerizpea bilatzean ur-lurruntzeari aurre egin nahi dio; besteari, berriz, berdin dio horrek. Grant gazela ez da uraren menpeko; horri esker ur-iturrietatik asko urrun daiteke eta, horrela, beste belarjaleek ustia ezin ditzaketen baliabideetara irits daiteke.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Serengetiko belarjale handien migrazioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Parisko akordioa betetzea ez da nahikoa
Azaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egite aldera. Erronka ez da makala. Mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta: horixe da hitzarmena sinatu duten estatuek hartu duten konpromisoa. Eta are gehiago, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian.
Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, ordea, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik. Izan ere, egin duten azterketaren arabera, mendea bukatzerako tenperatura bi gradu edo gehiago igotzen bada, klima-aldaketak lurralde mediterraneoetan eragingo dituen gorabeherak galantak izango dira, Holozenoan inoiz ikusi gabeak. Hori saihesteko lerro gorria 1’5 gradutan dagoela estimatu dute. Ez gehiago. Hala azaldu dute Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.
1. irudia: Punta-puntako agintariak, iaz, Parisen. Aurtengo azaroaren 4tik martxan da akordioa. (Argazkia: Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)
Mediterraneoari behatu diote Joel Guiot eta Wolfgang Cramer ikerketaren egileek, lurralde horietan inon baino agerikoagoa baita klima-aldaketaren aztarna. Horren erakusle, 1880-1920 denbora tartetik gaur egun arte, tenperatura 1’3 gradu epeldu da bertan; munduan, aldiz, 0’85 gradu, batez beste. Gainera, Mediterraneoak ekarpen handia egiten dio munduko biodibertsitateari, eta ur garbia eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. Bertan gertatzen den edozer bereziki kezkagarria da, beraz.
Ikerketa egiteko, Mediterraneoko sedimentuetako polen nukleoak baliatu dituzte, eta horiei esker, azken hamar mila urteotan (Holozenoa) klimak eta ekosistemak izan duten aldakortasuna berreraiki dute. Zer dela eta polena? Bada, polen mota bakoitza landare edo zuhaitz bati dagokiolako, eta landare edo zuhaitz bakoitzak habitat eta kondizio zehatz batzuk dituelako bereizgarri; haritzek eta pinuek ez dituzte klima eta toki berberak gustuko, adibidez. Horrenbestez, polen mota batzuk besteak baino maizago aurkituz gero, baditugu zantzuak, klimaren historia berreraikitzeko.
Iragana aztertu eta bildutako informazioan oinarrituta, etorkizunera begira jarri dira gero bi ikertzaileak. Izan ere, simulazioak egin dituzte, tenperaturaren halako edo bestelako aldaketak ekosisteman zer ondorio izango lukeen aurresateko.
2. irudia: Almeriako basamortua. Neurri zorrotzak hartzen ez badira, horrelakoak hedatu egin daitezke Espainia hegoaldean. (Argazkia: Colin C Wheeler / CC BY-SA 3.0 es)
Hala, inolako neurririk hartzen ez bada eta orain arte bezala jarraitzen badugu, Espainia hegoalde osoa basamortu bihurtuko dela ondorioztatu dute, Mediterraneoko baso hostogalkorrek mendian gora egingo dutela, eta orain baso horiek dauden tokiak sasiz beteko direla. Zehatz esateko, lau gradutik gorako berotzeak Europa hegoalderainoko basamortutzea ekarriko luke. Hiru gradu artekoak, aldiz, Afrika iparraldea idortuko luke, eta mendietako basoen kopurua murriztu.
Artikuluaren arabera, eraiki duten matematika ereduak adierazten duenez, Parisko Akordioa ozta-ozta beteta ere, ez litzateke nahikoa: mendea bukatzerako, tenperatura industria aurreko garaikoa baino bi gradu epelagoa bada, Mediterraneoak gogotik ordainduko du. Horrenbestez, 1’5 graduko langa gainditzen ez duen agertokia da ondorio hain larriak ez dakartzan bakarra. Azken kasu horretan, klima-aldaketak ez lituzke gorabehera hain apartak eragingo; ez, behintzat, Holozenoko une batzuetan izan direnak baino handiagoak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Joel Guiot, Wolfgang Cramer. Climate change: The 2015 Paris Agreement thresholds and Mediterranean basin ecosystems. Science, 28 Oct 2016: Vol. 354, Issue 6311, pp. 465-468. DOI: 10.1126/science.aah5015
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Parisko akordioa betetzea ez da nahikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Artearen erradiografia
1. irudia: Röntgenek, “izpi inkognita” deitu zien izpi hauei, hau da, X izpiak. Izan ere, ez zekien ez zer ziren, ez eta zerk sortzen zituen.
Röntgen izpi katodikoetan ikertzen ari zen, eta ikusi zuen gelaren beste muturrean material fluoreszente bat argiztatzen zela, erradiazio-iturria paper beltzez estali eta gela ilun utzi zuenean. Alemaniar zientzialari bikain honek berehala ulertu zuen izpi batzuek ahalmena zutela papera zeharkatu eta material fluoreszentea aktibatzeko. X izpia delako izena jarri zion izaera ezezaguna zuen horri, eta bera aztertzeari ekin zion. Laster ikusi zuen X izpiek hobeto zeharkatzen zituztela material batzuk beste batzuk baino. Horrela, giza ehun bigunak erraz zeharkatzen zituzten, baina zailagoa zitzaien metalak eta hezurrak zeharkatzea. Historian egin izan den lehenengo erradiografia, bere emazte Bertharen eskuarena izan zen.
Arlo honetan egin izan zuzen lan bikainagatik, Nobel Saria eman zioten Röntgeni 1901ean. Erradiografiek izugarrizko aurrerapena ekarri zieten medikuntzako diagnostikoei. Izan ere, giza gorputzaren egiturak eskuragarri bilakatu ziren, ebakuntza egiteko beharrik gabe. Edonola, erradiografiak harantzago eraman ziren, eta objektibo bizigabeak aztertzeko ere erabiltzen hasi ziren; horrela, ingeniaritzako piezak edo artelanak hartu zituzten aztergai.
Nola egin erradiografiak artelanei?Erradio edo argi ikusgarriaren uhinen antzera, X izpiak uhin elektromagnetikoak dira, baina askoz ere uhin-luzera laburragoa dute, hau da, energia gehiago dute, eta errazkiago zeharkatzen dute materia. Materiaren elementuak zeharkatuak gertatzen diren neurri desberdin horiek irudikatzea da hain zuzen ere erradiografia. Horretarako, objektu jakin bat zeharkatzeko ahalmena duten X izpien iturri bat erabiltzen da, eta plaka fotografiko bat, objektua zeharkatu duen erradiazioa neurtzeko. Plaka hauek, zilar haluroez osatuak daude eta ilundu egiten dira X izpiekiko kontaktuan jarrita. Hori dela eta, medikuntzan egiten diren erradiografietan, argiago ikusten dira izpiek gehiago eragiten duten zonaldeetan, eta hezurrek estaltzen dituzten zonaldeak, ilunago ikusten dira, izpiek gutxiago intziditzen dutelako bertan. Horretan guztian, izpien energiak berebiziko garrantzia du, eta zer esanik ez, aztergai den materialaren dentsitatea ere baldintzapen garrantzitsua da. Izan ere, elementuak astunagoak direnean, elektroi gehiago daude, eta haien arteko elkarrekintzek zailago egiten dute izpiek materia zeharkatzea. Hori dela eta, X izpiek adibidez ondo zeharkatzen dute larruazala, honek karbono asko daukalako eta karbono pisu molekular txikikoa delako. Hezurrek aldiz, kaltzio asko daukate eta kaltzioa astuna delarik, izpiak gehiago xurgatzen dira bertara.
Giza gorputzaren antzera, artelan bat konposatu ugariz osatua dago eta zer esanik ez, X izpiak era ezberdinetara xurgatuak gertatuko dira konposatu horien arabera. Horrela, giza larruazalaren antzera, kanpo eragileen aurkako babesa den berniza erraz zeharkatua gertatzen da, erretxinek eta olio organikoek osatua dagoelako. Artelana bera egiteko erabilitako pigmentuek X izpiekiko elkarrekintza desberdinak pairatuko dituzte, pigmentuaren jatorriaren arabera. Erradiazioa ondo xurgatzen dute eta beraz orban zuri berezia uzten dute pigmentu ezorganikoek, hala nola beruna (berun zuria) edo merkurioa (bermiloia edo gorrimina) bezalako metal astunak dituztenek. Hain astunak ez diren elementuak dituzten pigmentuek, arinago jokatuko dute beren jatorriaren arabera, eta horrela aukera egongo da artelanaren zenbait “geruzak” ikusteko. Horri esker, oso informazio argigarria lortuko da lanaren egoerari buruz, margolariaren arte-teknikari buruz, eta lana egiteko eta berritzeko egin izan diren jarduerei buruz ere. Azken urteotan, modua aurkitu izan da artelan batzuen egilea zehazteko, eta ustezko egiletasun batzuk gezurtatzeko. Ikus ditzagun orain kasu deigarri batzuk.
X izpiak epaitegietanLa Belle Ferronniére Leonardo da Vincik egina dela uste dute egun, baina eskandaluzko epai ospetsu batean parte hartu zuen Amerikako Estatu Batuetan joan den mendeko 20.eko hamarkadan. Artearen industria bere unerik gorenean zegoenean, Arkansaseko senar-emazte batzuek esan zuten bere eskura zutela margolanaren originala, frantsesa zen Andrea Hahn emazteak heredatuta. Margolana ikusi gabe, Sir Joseph Duveenek baieztatu zuen senar-emazte haien margolana ez zela jatorrizkoa. Senar-emazteek bere aurkako auzi-eskea aurkeztu zuten, baieztapen hark ezinezko egiten zuelako margolana saltzea. Epaia oso entzutetsua izan zen garai hartan, eta Hahn senar-emazteen margolana ikusgai jarri zen, Louvre museoan zegoen ustezko originalaren ondoan. Horrela, adituek biak aztertzeko aukera izango zuten.
2. irudia: “La Belle Ferronnière”, ustez Lenardo da Vincik egina (1495-99, 63 x 45 cm), eta Hahn senar-emazteena (1750 baino lehen, 55 x 44 cm). Iturria: Brewer, John (2005) Art and Science: A Da Vinci Detective Story
Gehienek baieztatu zuten Louvrekoa zela originala, baina Sir Duveenek galdu egin zuen auzia. Izan ere, harrotasunak bultzatuta, arte-adituek ez zuten beren iritzia zientzia-datuetan oinarritu, eta zituzten epaimahaikoak konbentzitu. Izatez, adituak beren inpresioetan oinarrituta mintzatu ziren, eta epaimahaikoek ez zuten arte-ezagumendu handirik. Gezurra badirudi ere, zientzian oinarrituta Louvrekoari egindako erradiografiek agerian utzi zuten egia: Museokoa zen originala, erradiografiek ederki irudikatzen zituztelako egileak pentimenti deritzon prozesuan pixkana egin zituen aldaketa guztiak. Esparru honetako zientzia ez zegoen behar bezain garatua garai hartan, eta datu zientifikorik ez zen epaian kontuan hartu. Gaur egun, uste dute senar-emazteen margolana beranduago egina zela Frantzian, eta Louvrekoa Da Vincirena edo bere ikasleetako batena dela. Edonola, lehendabizi hartu ziren hizpide epai horretan zientzia-datu zorrotzak honelako auzi batean.
3. irudia: (Lore-natura hila; mitxoletak eta arrosak). Vincent van Gogh (1886-1887, 99 x 79 cm). Margolanaren erradiografia, 90º-ko bira emanda. Iturria: van der Loeff (2012).
Irudi honen azpian, bi gizon agertzen dira erdi biluzirik, elkarrekin borrokan. Hori bat dator Van Goghek bere anaiari idatzitako gutun batean esandakoarekin, bertan esaten baitzion, bi borrokalarien irudia egina zuela, biek enborra biluzirik zutela. Hain zuzen ere horixe ikusten da X izpiak erabilita. Garai hartan, holandar margolari hau Anberesen zegoen ikastaro bat egiten, eta hango eskolan, oihal handiagoak erabiltzen ziren, hain zuzen margolan honen tamainakoak (100 x 80 cm), eta margolariak erabili ohi zituenak baina handiagoak. Ohikoa zen garai hartan oihalak bi aldiz erabiltzea, azkenean agerian iritsi zaigun irudian nabari da ohi baino marra lodiagoak erabili zituela, hain zuzen ere jatorriz irudikatuak zituen borrokalariak ezkutatzeko. Azken batean, ezin ditugu lan biak dastatu, baina gutxienez, berreskuratu egin dugu ezkutuko lana. Batek daki munduan zeharreko museoetako eta etxeetako margolanetan zenbat lan dauden ezkutuan gordeak, nork antzemango zain.
Bizitza eta heriotza irudi bereanPicassok egindako La vie (1903) margolanak agerian utzi digu norainoko zehaztapenak eman diezazkigukeen honelako teknologiak. Olio-margolan honek bi irudi erakusten dizkigu: batetik maitasun profanoaren alegoria bat, eta bestetik bizi-zikloaren irudi bat.
4. irudia: “La vie”. Pablo Picasso (1903, 196 x 129 cm). Margolanaren erradiografia. Iturria: The Cleveland Museum of art.
Gizona Carlos Casagemas da, Picassoren gaztaroko laguna. Desengainu bat izan zuen Germaine izeneko emakumearekin, eta emakumea hiltzen saiatu ostean, bere buruaz beste egin zuen. Heriotzak izugarri hunkitu zuen Picasso eta margolaria bere garai urdinera aldatu zen. Epe horretan, zenbait lan egin zituen bere lagunaren omenez. Hizpide hartu duguna da lan horietako bat, baina azalezko ikuspegi honen azpian, gauza ikaragarri korapilatsuak daude. Margolariak berak esan zion elkarrizketa ezagun batean Brassaï argazkilariari “…ez da nahiko egile baten lanak ezagutzea. Berdin jakin behar da noiz egin zituen, zergatik eta zein baldintzatan”. Erradiografiak oso lagungarriak gertatu dira oraingo honetan ere.
Margolana Clevelandeko arte-museoan dago. 1978.ean egindako erradiografiak oso desberdina zen irudi bat azaleratu zuen, eta gainera pentimenti ugari egin zirela ikus daiteke. Hasiera batean, Picassok bere burua hegaka irudikatu zuen, hegaka gizon txori bat bailitzan. Emakumearengana doa, amatasunaren bila. Gero damutu egingo zen agian, Germainek berarekin harreman sentimental bat izan zuelako. Hori dela eta, berriz elkartu zituen bere laguna eta Germaine, eta ezabatu egin zituen sexu-konnotazioak (Casagemas sexu-ezintasunak jota egon baitzen). Izan ere, bukaerako irudian, Casagemas gerripeko bat jantzita duelarik azaltzen da. Ezin ditugu sexu-ezintasuna eta gerripekoa lotu, baina X izpiei esker badakigu aurretik egindako margolan baten gainean margotu zela hau guztia, 1900.ean Pariseko Mundu Erakusketan, Picasso oso gaztea zenean. Erradiografiaren beheko aldean, badago pigmentu batez egindako lanpara bat, erradiazio asko xurgatzen duena. Hori esker, lana 90º biratu behar da erlojuaren mugimenduaren aurka, eta horrela, beste zirriborro bat gelditzen da agerian. Ziur aski, Azken unean lana da hori. Lan horren zehaztapenak ezagunak ziren, baina ez lanaren kokapena. Horrela, erradiografiei esker berreskuratu zen ustez galduta zegoen lana. Casagemas eta Picasso Parisen ibili ziren elkarrekin, eta izugarria da Picassok Casagemasen heriotzaren gainean La vie margotu izana.
Erreferentzia bibliografikoak:
.- John Brewer, Art and Science: A Da Vinci Detective Story, Engineering and Science, 68 (1) (2005) 32-41.
.- Luuk Struick van der Loeff, Matthias Alfeld, Teio Meedendorp, Joris Dik, Ella Hendriks, Geert van der Snickt, Koen Janssens and Meta Chavannes, Rehabilitation of a flower still life in the Kröller-Müller Museum and a lost Antwerp painting by Van Gogh, Special Edition Kröller-Müller Museum (2012).
.- Marilyn McCully and Robert McVaugh, New Light on Picasso’s La Vie, Bulletin of The Cleveland Museum of Art, 65 (2) (1978) 66–71
—————————————————–
Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Artearen erradiografia appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrain-gelatinazko filmak gazta ontziratzeko
Elikagaiak biltzeko materialetatik plastikoa, papera, beira, altzairua, aluminioa eta zenbait konglomeratu dira erabilienak. Plastikozko filmek garrantzi berezia dute, ezaugarri aipagarriak baitituzte, hala nola, pisu txikia izatea. Petroliotik eratorritako film hauek ordea, beren alde txarrak ere badituzte, esaterako, ingurumen-inpaktu handia sortzen dute. Konponbide posibleen artean aurkitzen da zenbait biopolimerotatik eratorritako filmak egitearena. Biopolimeroak, berriztagarriak diren iturrietatik lortutako kate luzez osatutako makromolekulak dira; gainera, ingurumena errespetatzen dute, biodegradagarriak baitira, hau da, ez dira hondakin iraunkorrak, mikroorganismoen jarduerari esker beren egitura eta propietateak aldatzen direlako, denbora laburrean degradatuz.
Irudia: Gazta bezalako produktu koipetsuetarako geruza bakarreko ontzi aktibo eta biodegradagarria garatu berri dute Biomat ikerketa-taldeko ikertzaileek.
Film biodegradagarriak egiteko gehien erabilitako biopolimeroak proteinak eta polisakaridoak dira. Proteinen artean aurkitzen da hezur, azal eta kartilagoetako kolagenotik eratorritako gelatina. Hainbat arrazoirengatik sailkatzen da biopolimero hau aztertuenen artean: bere ekoizpena handia da, kostua txikia eta propietate funtzional oso onak ditu. Beraz, lan honetan, gelatinazko filmak egin dira, zehazki, arrain-gelatinazkoak. Horrela, hondakinak kontsideratzen ziren arrain hezur eta azalei erabilera bat ematea lortzen da. Dena den, arrain-gelatinazko filmen propietateak hobetzeko eta prozesatzea errazteko, gehigarriak erabiltzea beharrezkoa da. Alde batetik, plastifikatzaileen erabilerak filmaren elastikotasuna handitzea eta zurruntasuna nahiz gogortasuna gutxitzea ahalbidetuko du; honek proteinaren kateen arteko interakzioak gutxituko ditu eta aipatutako propietateen hobekuntza lortzen da. Beste aldetik, gelatinarekin erreakzionatuko duten gehigarriak daude, gelatinaren talde polarrekin loturak sortuko dituztenak, urarekiko erresistentzia hobetuz eta gainera, mikrobioen aurka lan egin dezakete.
Lan honetan, filmak prestatzeko plastifikatzaile moduan glizerola erabili da eta antimikrobiano moduan azido zitrikoa, zenbait kontzentraziotan. Glizerola hiru alkohol talde dituen pisu molekular txikiko plastifikatzailea da; substantzia hidrofilikoa da, gelatinaren aminoazidoekin hidrogeno zubizko lotura ahulak erraz sortzen dituena. Azido zitrikoa gehigarri naturala da, elikagaietatik transferi daitezkeen gaixotasunak saihestu ahal izateko baliagarria izango dena; V. Parahaemolyticus, L. Monocytogenes, E. Coli, S. Aureus eta B. Cereus mikrobioen aurka babesten du. Elikagaiak biltzeko filmak sortu nahi direnez, modu praktikoan filmak aplikazio honetarako egokiak diren aztertzeko, gazten ontziratzean duten jarrera behatu da.
Gainera, prestaturiko filmen propietateak aztertu dira: lotura fisiko eta kimikoak, infragorri-espektroskopiaren bidez; disolbagarritasuna, uretan sartuz; filmen arteko kolore ezberdintasuna, kolorimetriari esker; eta filmen gardentasuna eta izpi ultramoreekiko babesa, ultramore-espektroskopia erabiliz. Eginiko arrain-gelatinazko film hauek, film komertzialek eskaintzen ez dituzten zenbait propietate interesgarri aurkeztu dituzte, esaterako, gaztak bere koipea mantentzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dute. Zehatz mehatz propietate egokienak azaltzen dituen filma % 10 azido zitriko portzentajea duena da. Konposizio hau duten filmak gardenak dira baina, aldi berean, argiarekiko erresistentziari dagokionez, oso erantzun ona aurkezten dute. Horri esker, ontziratutako elikagaiaren kalitatea denbora luzeagoan mantentzen lagunduko dute.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Arrain-hondakinak baloratzea, gazta ontziratzeko.
- Laburpena: Elikagaiak ontziratzeko filmak aztertzea garrantzitsua da, ikerketaren bidez gaur egun merkatuan dauden ontziratzeen propietateak hobetzea ahalbidetu baitaiteke. Kasu honetan, polimero berriztagarri eta biodegradagarri bat erabiliz, hainbat azido zitriko kantitatetako filmak egin dira. Haien propietateak aztertu dira, bai eta gazten ontziratzean duten jarrera. Arrain-gelatinazko film hauek film komertzialek eskaintzen ez dituzten zenbait propietate interesgarri erakutsi dituzte; esaterako, gaztak bere koipea gordetzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dute.
- Egileak: Jone Uranga, Alaitz Etxabide, Pedro Guerrero, Koro de la Caba.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 95-104
- DOI: 10.1387/ekaia.13927
—————————————————–
Egileez: Jone Uranga, Alaitz Etxabide, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba UPV/EHUko Biomat ikerketa-taldeko kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Arrain-gelatinazko filmak gazta ontziratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Kuantifikatzaileak hurrenkera berdintsuan ikasten dira edozein hizkuntzatan
Zailago egiten da pentsatzea horrelako hitzak haurrek nola ikasten dituzten, inork ez baitizkie banaka edo zerrendan errepikatuta irakasten. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile batzuk ere parte hartu duten nazioarteko ikerketa batek erakutsi du zenbatekotasuna adierazten duten kuantifikatzaile batzuk hurrenkera berean bereganatzen dituztela haurrek, berdin antzeko edo antz gutxiagokoak diren ikertutako 31 hizkuntzetan.
Irudia: Haurrek ingeleseko some ‘batzuk’, most ‘gehienak’ eta all ‘guztiak’ bezalako hitzak hurrenkera berean ikasten dituzte hizkuntza oso desberdinetan zehar.
UPV/EHUko Maria Jose Ezeizabarrena irakasleak eta Tania Barberán doktoregaiak Cambridgeko Unibertsitateko Napoleon Katsosek zuzendutako proiektu batean parte hartu dute, beste 50 ikertzailerekin batera. Ikerketaren emaitzak 2016ko abuztuaren 1ean argitaratu ziren Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari entzutetsuan.
Emaitza honek ikuspegi berria gehitu dio hizkuntzaren unibertsaltasunaren auziari, oraingoan hizkuntza NOLA ikasten den, kuantifikatzaileak ikasteko prozesuan ere unibertsalak daudela erakutsi baitu. Hau da, ikerketa honek konfirmatu du hizkuntzak ikasteko patroi unibertsalak daudela, eta patroi horiek ez datoz bat hizkuntzak sailkatzeko erabiltzen diren hizkuntza unibertsalekin. Aurkikuntza honek, hizkuntza guztietan erabilgarriak izan daitezkeen hizkuntza testak garatzeko bidea abiarazten du.
Labur esanda, haurrek zenbakiak euskaraz (eta gainerako hizkuntza askotan) aurrena bat, gero bi, hurrena hiru… ikasten dituzten bezala, kuantifikatzaileak zein hurrenkeratan ikasten dituzten zehaztea zuen helburu ikerketa honek. Harrigarria bada ere, aztertutako lau kuantifikatzaileen ezaugarriak (all‚ ‘guztiak‘, none‚ ‘bat ere ez‘, some‚ ‘batzuk‘ eta most‚ ‘gehienak‘) aldatu egiten baitira hizkuntzaz hizkuntza, 31 hizkuntza horietan haurrek hurrenkera berean ikasten dituztela aurkitu dute.
Ikerketan 11 familiatan taldekatu izan diren 31 hizkuntzatako datuak aztertu dira, eta guztira bost urteko 768 haurren eta 536 helduen datuak aztertu dira, haien artean euskara, bere taldeko hizkuntza bakarra, eta gaztelania, hizkuntza erromanikoen taldekoa. Hizkuntza guztietan datuak biltzeko prozedura bera erabili zen. Esperimentuan bost kutxa eta bost gauza (bost sagar, bost kotxe…) agertzen ziren irudiak erakusten zitzaizkion parte hartzaileari, batzuetan bost gauzak agertzen ziren kutxa banatan, besteetan hiru bakarrik eta beste biak kanpoan eta besteetan kutxa guztiak hutsik eta gauzak guztiak kanpoan. Irudi bakoitzarekin batera, parte hartzaileek esaldi bat entzuten zuten, kuantifikatzailea zuena (adb., sagar guztiak kutxetan daude, edo sagar batzuk kutxetan daude…) eta esaldiak irudian ikusten zena ondo adierazten zuen erabaki behar zuten.
Hizkuntza guztietan haurrek kuantifikatzaileen esanahia eta erabilera zuzena hurrenkera berean ikasten dute, lan honek erakutsi duenez. Adibidez, haurrentzako errazagoak dira, eta txikiagotan ikasten dute guztiak edo batere ez bezalakoen esanahia, batzuk edota gehienak-ena baino, eta horrek erakusten du haurrek osotasunarekin lotura duten kuantifikatzaileak goizago bereganatzen dituztela, talde zatiak adieraztekoak direnak baino.
Erreferentzia bibliografikoa:
Katsos, N.; Cummins, K.; Ezeizabarrena, M.J.; Gavarró, A.; Kuvač Kraljević, J.; Hrzica, G.; Hrzica, G.; Grohman, Kl.; Skordi, A.; Jensen de López, K.; Sundahl, L.; van Hout, A.; Hollebarandse, B.; Overwegi J.; Faberi, M.; van Koert, M.; Smith, N.; Vijam,M.; Zupping, S.; Kunnari, S.; Morisseau, T.; Rusieshvili, M.; Yatsushiro, K.; Fengler, A.; Varlokosta, S.; Konstantzous, K.; Farby, Sh.; Guasti, M.T.; Vernice, M.; Okabe, R.; Isobe, M; Crosthwaite, P.; Hongy, Y.; Balčiūnienė, I.; , Ahmad Nizar, Y.M.; Grech, H.; Gatt, D.; Cheong, W.N.; Asbjørnsenγ, A.; von Koss Torkildsen, J.; Haman, E.; Miękisz, A.; Gagarina, N.; Puzanova, J.; Anđelković, D.; Savić, M.; Jošić, Sm.; Slančová, D.; Kapalková, Sv.; Barberán, T.; Özge, D.; Hassan, S.; Hung Chan, Y.; Okubo, T.; van der Lely, H.†; Sauerland, U. & Noveck, I (2016), ‘Cross-linguistic patterns in the acquisition of quantifiers’, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS), doi:10.1073/pnas.1601341113.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Kuantifikatzaileak antzeko hurrenkeran ikasten dituzte haurrek, beren hizkuntza zeinahi den ere.
The post Kuantifikatzaileak hurrenkera berdintsuan ikasten dira edozein hizkuntzatan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #127
Londresko University Collegen egindako esperimentu batean ondorioztatu dute gezur txikitan behin eta berriz aritzean, gure burmuinak galdu egiten duela jarrera horrek dakarkion ezinegonarekiko sentikortasuna. Ondorioz, errazagoa egiten zaigu gerora gezur gehiago eta handiagoak botatzea. Idatziaren izenburua argigarria da oso: the brain adapts to dishonesty (garuna egokitu egiten da zurikeriatara). Amigdalari erreparatu diote ikerketa honetan. Garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masari, hain zuzen, emozioarekin lotuta dagoena. Amigdalaren erantzuna aktiboagoa da lehen gezurra esaten denean, baina bere erreakzioa gainbeheran doa gezur gehiago esan ahala, eta aldi berean, iruzurra handituz doa. Tali Sharot ikerketaren arduradunak azaltzen du: “Gezurretan aritzen garenean, gure amigdalak sentipen negatiboa sorrarazten du, eta zenbaterainoko gezurra botatzeko prest gauden mugatzen du horrek. Hala ere, erreakzio hori ahuldu egiten da gezurretan jarraitu ahala: zenbat eta gehiago ahuldu, orduan eta handiagoak bihurtzen dira gure gezurrak”.
BiokimikaIkerketa berri batek hartzaileen eta mintzeko nanodomeinu lipidikoen arteko elkarrekintza nolakoa den argitu du, eta gakoa izan daiteke mintz-hartzaile horien jarduera erregulatzen duen mekanismo molekularra ulertzeko. “Etorkizunean lortuko bagenu hartzailea nanodomeinu horietara zerk bideratzen duen eta aktibo/inaktibo zergatik dagoen jakitea, hartzaileengan eraginez seinalizazio zelularrak eteteko edo areagotzeko moduan egongo ginateke”, adierazi du Biofisika Unitateko ikertzailea Xabier Contrerasek. Mintza da gakoa ikerlariaren esanetan. Hasiera batean mintz plasmatikoa deskribatu zenean uste izan zen barrera inerte bat besterik ez zela. Gerora, ordea, argi geratu da zelularen osotasuna mantentzeko ezinbestekoa dela, eta gainera, egitura erabat dinamikoa dela. “Lipidoak etengabe mugitzen ari dira, oso denbora-eskala txikian: mikrosegundo bat eta hamar nanosegundo bitartean. Eta ez hori bakarrik. Orain badakigu mila lipido-espezie inguru daudela. Zergatik ditugu hainbeste lipido, mintz bat osatzeko izatez nahikoa badira hiruzpalau lipido-mota?”
Contrerasen ikerketari buruz informazio gehiago Zientzia Kaieran ere topatuko duzue.
Emakumeak zientzianEdurne Mugarza biokimikariari egin dio elkarrizketa Ana Galarragak. Mugarzak beti izan du interes berezi bat minbiziarekiko eta “gutxika” sartu zen mundu horretan. Oraingoz ez da damutu. Egun, Londresko Francis Crick institutuan dago doktoretza egiten, eta hurrengo lau urteak han emango ditu, minbizi-immunologia arloko proiektu batean. Nafarrak aitortu du ez duela “amets handirik” baina bada asko poztuko lukeen zerbait: “Niretzat politena izango litzateke nik deskubritu edo lan egin dudan zerbaitek egunen batean minbizia sufritzen duen gaixo bati laguntzea”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
AstrofisikaGuillem Angladari egin diote elkarrizketa Berrian. Centauri izarraren sisteman dagoen Proxima b planeta aurkitu duen astrofisikarietako bat da Anglada (Ullastrel, Herrialde Katalanak, 1976) eta hori izan du mintzagai honetan. Eguzki sistematik gertuen dagoen izarraren, Proxima Centauriren, orbitan dagoen planeta bat da. Tenperaturari dagokionez, 40 gradu zero azpitik egon daiteke. Dena den, planetak atmosfera izango balu, berotegi efektuari esker, tenperatura egokia izango luke; gure planetaren antzekoa. Informazio asko daukate baina zein motatakoa den jakitea falta zaie. “Planeta izarraren aurretik igarotzen den momentu hori Lurretik harrapatuko bagenu, planetaren neurria jakingo genuke, eta, masa zein den badakigunez, planeta zein motatakoa den jakingo genuke”. Planeten eta izarren bila ez ezik, aurrerantzean “biziaren bila” ere arituko direla dio Angladak.
GenetikaTerapia genikoek ez dute espero zen arrakasta izan baina une honetan bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak egin dituzten aurrerapausoak direla eta, berpiztu egin da interesa. Teknika hauek, besteak beste, badute eragozpen bat gaixotasuna sendatuko lukeen genearen cDNAren tamainan, ez baitzegoen neurri handiko gene-transferentzia egiteko gaitasuna zuen bektorerik. Gaur egun ordea hainbat teknikaren bidez saiatu dira arazo hau gainditzen. Hedatuena, CRISPR/Cas9 (Clustered regularly interspaced short palindromic repeats CRISPR associated 9 (Cas9)) sistema da, bere eraginkortasunagatik eta bere erabilera anitzengatik. Splicing-akatsak zuzentzeko gero eta gehiago erabiltzen dira molekula txikiak, zeluletan oligonukelotidoak baino errazago barneratzen direnak. Molekula txiki hauek, splicing modulatzaile deiturikoak, splicinga egiten duen zelula-makineriari eragiten diote. Halaber, RNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT izendaturiko estrategia, terapia geniko berritzaileak diseinatzeko etorkizun handiko estrategia da, tratamendurik ez duten gaixotasunentza
Arrainen gene-kodearen ezagutza azken hamarkadan esponentzialki emendatu da. Sekuentziaturiko lehenengo teleosteoaren genoma, 2002an publikatu zen. Artikulu bi hauetan, ‘Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar’ eta ‘Mikrotxipak arrainetan: atzo gaur eta bihar’, egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datu-baseetan dagoen informazioa laburtu da. Orokorrean, DNA/RNA mailako informazio aberastasunak zenbat eta arrain familia ezberdin gehiago barneratzen dituen orduan eta eboluzioari buruzko informazio gehiago ezagutuko da. Halaber, erabilitako mikrotxipek arrainek estres egoeretan pairatzen dituzten geneen adierazpen aldaketak aztertzea ahalbidetu dute.
MedikuntzaAdolfo Lopez de Munian neurologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Hitzaldi bat egin zuen lehengo astean polioak jotako pazienteek eskatuta, zalantzak argitzeko asmoz. Poliomielitisa izan zutenek ea urteetan joan ahala, sindromea izango duten galdetuta, honako erantzuna ematen du: “Ikerketa epidemiologikoek diote polioa gero eta oldarkorragoa izan, gero eta arrisku handiagoa dagoela sindromea izateko. Aintzat hartu behar da, ordea, polio erasokorrenak izan zituzten umeak hil egin zirela: erien %10 hil egiten ziren. Gaixoek bileran esan zuten gaixoen %25-%60 ingururi erasan diezaiekeela orain sindromeak; ez dakit nondik ateratako datua den, baina %60koa ehunekoa, behintzat, ez zait aintzat hartzeko modukoa iruditzen: %25ekoa bai baina hori baino baxuagoa ere izan daiteke”. Izan ere, eta neurologoak azaltzen duenez, markatzaile zehatzik ez du sindromeak, diagnostikatzen zaila da beraz. Ez da pronostiko txarra dutena, baina. “Nik dudan esperientziaren arabera, ez da pentsatu behar arriskua dagoenik gaitza garatuz joan eta gaixoa deusetarako gai ez dela geratzeko”.
Historiaren eta zientziaren arteko fusioa daukagu honetan. Umeen hilkortasun tasa 2013. urtean islatzen duen mapa interaktibo bat du oinarri piezak. Horri tiraka, Espainiaren kasura iritsi da egilea eta hilkortasun tasa handiena izan zuen urtea kontsultatu du: 1918. Jakina denez, urte hartan Lehenengo Mundu Gerra bukatu zen. Eta era berean, gripea (A motako influentza birusa) H1N1 azpimota, agertu zen, espainiar gripea bezala izendatu zutena. Lehenengo Mundu Gerrak 15-17 milioi hildako eragin zituen bitartean (soldadu eta zibilen artean), gripearen pandemia honek, 1918ko gripe pandemia edo Espainiako gripea deritzonak, 50-100 milioi hildako eragin zituela estimatzen da. Bada, non sortu zen pandemia? Estatu Batuak eta Txina dira lekurik aipatuenak, ozeanoaren alde batera eta bestera tropen mugimenduek, epidemia zabaltzen lagundu ez ote zuten pentsatzen da.
BiologiaArratoi gizena izan dugu protagonista artikulu honetan. Afrikako ipar-ekialdean eta ekialde hurbilean bizi da. Testuan azaltzen digutenez, berez ez da arratoia, jerboa baizik. Oso ezaguna da biomedikuntzaren zenbait esparrutan. Landare eta ur gutxi dauden tokietan bizi da. Toki horretan hazten diren landareak jaten ditu, elikatze-balio gutxikoak dira, halere. Ez dago landare hori jaten duen beste animaliarik. Arratoi gizena oso aktibitate gutxikoa da, eta “astiro” biziz energia gutxiago gastatzen du. Oso erraz loditzen dira, II motako diabetesa gara dezake gainera. Arratoi gizenak ez du urik edaten. Landareen egunsentiko garoa miazkatuz eta landareen ehunetatik ateratzen du behar duen ur guztia.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #127 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #133
Nanodispositiboen munduak etengailuak behar ditu. Batzuk argiarekin pizten diren molekulak dira. Fracesco Talottak diosku zelan Ruthenium nitrosyl complexes: a useful kind of molecular photoswitches artikuluan.
X izpiak eta X izpiak daude. Batzuk oso aproposak dira artea aztertzeko. Alvaro Peraltak azaltzen du nola A new source of X-ray fluorescence for art lanean.
Grafenozko nanozintek aplikazio ugari izan ditzakete, teorikoki behitzat. Baina ezin badituzu sortu, ezinezkoa da ezer egitea. DIPC erreskatera dator: Growing chiral graphene nanoribbons.
Minbiziaren aurkako borrokan hainbat terapia probatzen ari dira. Terapia hauetariko batzuk gure kimikako eta fisikako ezagutzen erabilera sofistikatua egiten dute. Esaterako, terapia fotodinamikoak. Martina De Vettak kontatzen digu: What is photodynamic therapy? Insights from computational chemistry.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #133 appeared first on Zientzia Kaiera.
Edurne Mugarza: “Norberak bere aukerak bilatu behar ditu”
Hala, biokimika ikasi zuen. Garai hartan ohartu zen gaixotasun asko sendatzeko ikerketak garrantzi handia zuela. “Beti izan dut interes berezi bat minbiziarekiko, eta medikuntzan erabiltzen diren sendagai guztien atzean ikaragarrizko ikerketa lana dago. Horrek bultzatu ninduen praktikak egitera laborategian. Hango dinamika ikaragarri gustatu zitzaidan, eta konturatu nintzen mundu honetan jarraitu nahi nuela”, azaldu du. Eta gehitu du: ”Gutxika sartu nintzen mundu honetan eta, oraingoz, ez naiz damutu”.
Irudia: Edurne Mugarza biokimikaria Londresko Francis Crick institutuaren sarreran.
Horretarako, jende askorengana jo du, esperientzia hartzeko ezinbestekoa baita praktikak egitea, baina ez da erraza praktikak egiteko laborategi batean onartua izatea. Hortaz, uste du ekintzailea izan beharra dagoela: “Norberak bere aukerak bilatu behar ditu, hau da, zerbait nahi baduzu, zuk bilatu behar duzu modua hura eskuratzeko”.
Bestalde, ikertzaile-lanak alde on eta txarrak dituela onartzen du. “Pertsona gehienentzat oso zaila da ulertzea laborategian pasatzen ditugun orduak. Hau ez da ‘egunean 8 ordu’ motako lanbidea. Erraza da egun normal batean 10-12 ordu laborategian egotea, edo asteburuetan lan egitea. Asko gustatu behar zaizu egiten ari zarena. Dena den, gauza onak ere baditu; adibidez, ez dago ordutegirik, bakoitzak nahi bezala banatu dezake denbora”.
Lankideak, akuilu eta babesHorrez gain, lankideekin harreman ona izateak izugarrizko garrantzia duela iruditzen zaio Mugarzari. “Ziur nago hau oso garrantzitsua dela lanbide guztietan, baina honetan bereziki; ez bakarrik ordu asko igarotzen ditugulako elkarrekin, baita ere jende gutxik uler dezakeelako zer sentitzen den esperimentu batek funtzionatzen ez duenean”. Are gehiago; dioenez, egunero ikasten du zerbait lankideetatik: “Oso motibagarria da giro batean egotea, non pertsona guztiek zientziarekiko pasioa duten”.
Orain doktoretza egiten ari da Londresen, eta han emango ditu hurrengo lau urtean. Horren ondoren, ez daki zertan arituko den. Agian ikertzen jarraituko omen du, baina, beste zerbait probatzekotan, garbi du zientziaren edo medikuntzaren arloan izango dela.
“Ez dut amets handirik”, dio, apal. Hala ere, bada asko poztuko lukeen zerbait: “Niretzat politena izango litzateke nik deskubritu edo lan egin dudan zerbaitek egunen batean minbizia sufritzen duen gaixo bati laguntzea”.
Fitxa biografikoa:Edurne Mugarza Strobl Iruñean jaio zen 1992an. Nafarroako Unibertsitatean biokimika ikasi zuen lau urtez, eta uda haiek praktikak egiten eman zituen, Iruñean zein Chicagon. Ondoren, bi urte pasatu zituen Alemanian masterra egiten, minbizi-biologia espezialitatean, eta 3 hilabetez praktikak egin zituen Londresen. Orain Londresko Francis Crick institutuan dago doktoretza egiten, eta hurrengo lau urteak han emango ditu, minbizi-immunologia arloko proiektu batean.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Edurne Mugarza: “Norberak bere aukerak bilatu behar ditu” appeared first on Zientzia Kaiera.
Arratoi gizena
———————————————————————————————————–
Psammomys obesus du izen zientifikoa. Halako izen espezifikoa! Baina, dirudienez, ondo merezia du, arrak batez ere. Afrikako ipar-ekialdean eta ekialde hurbilean bizi da, hau da, Algeriako ekialdera eta Itsaso Gorriko bi kostaldeetatik hurbil dauden herrietan. Izatez, ez da arratoia, jerboa baizik, eta oso ezaguna biomedikuntzaren zenbait esparrutan.Irudia: Arratoi gizena Psammomys generoko karraskaria da.
Basamortuetan bizi da, landare gutxi eta ur gutxiago dauden tokietan. Atriplex halimus izen zientifikoa duen lur gazietako sastraka da haren oinarrizko jana. Landare horiek jaten ditu, toki idor horietan hazten diren landareak, eta landare horien multzoak dauden lekuetan egiten ditu bere zuloak. Oso landare eskasak dira, elikatze-balio gutxikoak. Izan ere, arratoi gizena da landare horiek baliatzen dituen animalia bakarra edo bakarrenetako bat. Hortaz, bera bizi den tokietan ez dago lehiakiderik, ez baitago landare hori jaten duen beste animaliarik. Aktibitate gutxiko animalia dugu; sastraka horiek jango dituen beste animaliarik ez dagoenez, “astiro” bizi daiteke. Astiro biziz energia gutxiago gastatzen du, eta horrek mesede egiten dio hain toki beroetan bizi ahal izateko, jarduera handiak dakarren beroa xahutzea ez baita erraza.
Esan bezala, oso landare eskasak dira arratoi gizenak jaten dituenak. Hori, seguru asko, aktibitate gutxikoa izateko beste arrazoi bat da. Baina horrek badu ondorio tamalgarri bat: gatibu mantentzen direnean, oso erraz loditzen dira, loditu eta, gainera, II motako diabetesa garatu; janariak eta jateko ohiturek sorturiko diabetes mota da hau, hain zuzen ere. Janari-aldaketagatik gertatzen zaio hori, laborategian pentsuak eta zerealak ematen baitizkiote. Hori dela eta, arratoi gizena oso erabilia izan da gizentasunari eta diabetesari buruzko ikerketetan, eredu biologiko gisa. Gaur egun bi hazkunde-leinu artifizial mantentzen dira soilik munduan; izan ere, ez da erraza gatibu mantentzea, diabetesak jota erraz hiltzen baita.
Arratoi gizenak ez du urik edaten. Landareen egunsentiko garoa miazkatuz eta landareen ehunetatik ateratzen du behar duen ur guztia. Alde horretatik, oso antzekoak dira haren ur-ekonomia eta ikusi berri dugun kanguru-arratoiarena. Ez batak ez besteak ez dute urik edaten, eta ura aurrezteko erabiltzen duten mekanismorik eraginkorrena giltzurruneko ur-birxurgapena da, oso gernu kontzentratua sortzen duena. Izan ere, 17 bider handiagoa da gernuko solutu-kontzentrazioa odolekoa baino. Oso balio altua da hori; gogora dezagun kanguru-arratoiaren gernuko solutu-kontzentrazioa odol-plasmakoa baino 14 bider handiagoa zela; apur bat handiagoa, beraz. Horrek, seguru asko, jaten dituen landareekin du zerikusia, gatz-eduki handiko landareak baitira Atriplex halimus sastrakak.
Ezaugarri horiek ikusita, argi dago lur gazietako sastrakak jan ahal izateko oso moldaera bereziak garatu dituela jerbo honek. Baliabide hori ustiatzen duen belarjale bakarra da, eta eraginkorra da guztiz.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Arratoi gizena appeared first on Zientzia Kaiera.
Gezurrak esatera ohitu egiten da garuna
Endredozko komedia askoren haria da, eta, egiari zor, guri geuri ere tarteka gertatzen zaigu: gezur bat esan, eta ondoren hura estaltzeko beste bat bota, eta beste bat, eta beste bat… egoera nahi baino gehiago korapilatu arte. Bada, gizakiok gezurren katramila luzetan sartzeko joera badugu, ez da soilik ziri txiki bat sinistarazteko beste guztia apaindu behar izaten dugulako. Izan ere, zenbat eta gezur gehiago esan, orduan eta erosoago gaude iruzurrarekin, ez gara hasieran bezain gaizki sentitzen.
Hala azaldu dute Londresko University College erakundeko zenbait ikertzailek, Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Idatziaren izenburua argigarria da oso: the brain adapts to dishonesty, edo euskaraz, garuna egokitu egiten da zurikeriatara. Egiaztatu dutenez, gezur txikitan behin eta berriz aritzean, gure burmuinak galdu egiten du jarrera horrek dakarkion ezinegonarekiko sentikortasuna. Ondorioz, errazagoa zaigu gerora gezur gehiago eta handiagoak botatzea.
Irudia: Pinotxori bezala, behin gezurretan hasita, gizakioi ere kosta egiten zaigu galga jartzea.
(Argazkia: mhagemann / CC BY-SA 2.0)
Amigdalari erreparatu diote ikerketa honetan. Garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masa da amigdala, almendra itxurakoa, eta emozioarekin lotuta dago. Ikertzaileok ikusi dutenez, amigdalaren erantzuna aktiboagoa da lehen gezurra esaten denean, baina bere erreakzioa gainbeheran doa gezur gehiago esan ahala, eta aldi berean, iruzurra handituz doa. Tali Sharot ikerketaren arduradunak adierazi bezala, “guretzat onuragarria izango delakoan gezurretan aritzen garenean, gure amigdalak sentipen negatiboa sorrarazten du, eta zenbaterainoko gezurra botatzeko prest gauden mugatzen du horrek. Hala ere, erreakzio hori ahuldu egiten da gezurretan jarraitu ahala: zenbat eta gehiago ahuldu, orduan eta handiagoak bihurtzen dira gure gezurrak”.
Ondorio horretara iristeko 18 eta 65 urte arteko 80 boluntariorekin egin dute esperimentua. Pote batean zenbat libera zeuden asmatu behar zuten, eta haien estimazioaren berri eman aurrez aurre ez zeukaten kideari, horretarako ordenagailua erabiliz. Estimazio horietan nahi beste gezur esateko baimena zuten esperimentuko partaideek.
Lehenengo kasuan, estimazioa zenbat eta zehatzagoa izan, partaidearentzat zein bere kidearentzat orduan eta onuragarriagoa izango zela esan zitzaien. Baina ondoren, askotariko agertokiak planteatu zitzaizkien. Hala nola, estimazioa gainetik edo azpitik egiten bazuten: haiek irabaziko zutela, haien kidearen lepotik; biek irabaziko zutela; kideak irabaziko zuela, haien lepotik; eta batak edo besteak irabaziko zuela, baina besteari kalterik egin gabe.
Catch me if you can filmean ere, protagonistaren gezurrak gero eta handiagoak dira. (Bideoa)
Gainestimazioa, kidearen lepotik, boluntarioaren aldekoa zen agertokian, hasieran zertxobait baino ez zuten puzten kalkulua, eta amigdalak gogor erantzuten zuen. Esperimentuak aurrera egin ahala, ordea, zifra gero eta gehiago puzten zuten boluntarioek, eta amigdalaren erreakzioak behera egiten zuen. Hala, hasieran gainestimazioa batez beste lau liberakoa zen bitartean, esperimentua bukatzerako (80 bat ariketaren ondoren) zortzi liberatan ari ziren puzten emaitza. 80 boluntario horien artean, 25ek garuna eskaneatu bitartean egin zuten esperimentua, eta hor argi eta garbi ikus zitekeen amigdalaren erreakzioaren bilakaera, eta gezurrak esaten ohitu egiten dela garuna.
Horrenbestez, ikerketak iradokitzen duenez, gaizki dagoenari edo immorala deritzonari higuina dio gure amigdalak, baina higuin hori lausotuz doa, ekintza errepikatzen den heinean. “Zurikeria baino ez dugu aztertu kasu honetan, baina litekeena da printzipio hau bera beste ekintza batzuetan ere aplikatzeko modukoa izatea. Hala nola, gehiegi arriskatzeko edo jokabide oldarkorrak izateko joerez ari garenean”, gaineratu du Neil Garrett artikuluaren egile nagusiak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Neil Garrett et al. The brain adapts to dishonesty. Nature Neuroscience (2016). Published online: 24 October 2016. DOI:10.1038/nn.4426
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Gezurrak esatera ohitu egiten da garuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Splicing bidez eginiko zuzenketa genetikoa: trans-splicinga
0. irudia: Splicinga genetika molekularrean erabiltzen den teknika bat da.
Badira urte batzuk terapia genikoek ez dutela izan esperoko arrakasta, baina une honetan bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak egin dituzten aurrerapausoak direla eta, berpiztu egin da terapia mota honekiko interesa. Teknika hauek, besteak beste, badute eragozpen bat gaixotasuna sendatuko lukeen genearen cDNAren tamainan, ez baitzegoen neurri handiko gene-transferentzia egiteko gaitasuna zuen bektorerik.
Gaur egun ordea hainbat teknikaren bidez saiatu dira arazo hau gainditzen; hori dela eta terapia genikoan aurrerapauso garrantzitsua eman da, zientzia eta bioteknologian erabilgarri izango diren baliabideei harrera emanaz.
Badira genomaren zuzenketa egiten duten teknologia ugari eta horretarako endonukleasek erabilpen zabala dute egunotan. Hedatuena, CRISPR/Cas9 (Clustered regularly interspaced short palindromic repeats CRISPR associated 9 (Cas9)) sistema da bere efikazia eta bertsatilitateagatik. Bere eraginkortasunagatik eta bere erabilera anitzengatik, CRISPR/Cas9 da sistema hedatuena.
Cas9 bakterioek kanpo DNA degradatzeko erabiltzen duten proteina bat da. Teknologia hau edozein zelula aldatu eta zuzentzeko erabiltzen da. Oso zehatzak izango liratekeen guraize molekular hauek edozein DNA molekula moztu eta bertan DNA berri bat gehitzeko gaitasuna dutenak. Behaturiko erronkarik handiena, beharrezkoa den entzima eta RNA gida, itua den ehunera zuzentzeko modua da.
Baina teknologia honetan ez dugu sakonduko RNAren heltze prozesuko terapiari buruzko estrategietara mugatuko baikara.
Gene jakin bat adierazia izan dadin, transkripzio prozesuaren ondorioz mRNA sortuko da informazio genetikoaren transmisioa baimentzeko. Besteak beste, jatorri genetikoa duten gaixotasun askoren artean badira, RNA mezulariaren heltze-prozesuan gertatzen diren akatsek sortzen dituzten gaixotasunak. Esan bezala, RNAn oinarrituriko terapiek mutazioa daramaten geneen adierazpena erregulatzea dute helburu. Akats mota jakin honi irtenbide bat emateko, gaur egun splicingean oinarrituriko hiru estrategia dira erabilienak:
Oligonukleotidoak orokorrean 13-25 nukleotido dituen azido nukleikoak dira, zeintzuk gene zehatz baten sekuentziarekiko osagarri diren. Hauek, zelulako mRNAri atxikituz proteinaren sintesia ekidin edo sintesian eraldaketak eragiten dira; horrela ordezko splicing bat bultzatzen dute lorturiko proteinak desiotako egitura izango duelarik (1 eta 2 irudia).
Oligonukelotido arrotzak zelulan sartuz gero, nukleasek azkar degradatzen dituzte, eta beraz, berauek aldaketa kimikoak behar dituzte degradazio hau ekiditeko. Aldaketa erabilienak 2’-gluzidoaren aldaketak dira, fosforilazioak, metilazioak, eta abar, horrela lotze-afinitatea eta farmakozinetika asko hobetzen delarik (Goyenvalle et al 2016).
Oligonukleotidoetan oinarrituriko terapiak etorkizun handikoak dira monogenikoak diren zenbait gaixotasunen splicing patologikoa zuzentzeko. Hauen eredu adierazgarriena Duchennen distrofia muskularrean erabilitako estrategia da. Estrategia honetan, mutazioa daraman exoia splicing bidez kentzen da (exon skipping) eta lorturiko proteina txikiagoa izan arren funtzioa bete dezake (2 irudia). Entsegu klinikoak urrats aurreratuetan daude dagoeneko, Duchenneen muskulu-distrofia eta muskulu-atrofiarako aplikazioetarako. Dena den, FDAk (US Food and Drug Administration) ez du dagoeneko oligonukleotidoetan oinarrituriko terapiarik baimendu minbiziaren tratamendurako (Lee et al 2016).
Splicing modulatzaileakSplicing-akatsak zuzentzeko gero eta gehiago erabiltzen dira molekula txikiak, zeluletan oligonukelotidoak baino errazago barneratzen direnak. Molekula txiki hauek, splicing modulatzaile deiturikoak, splicinga egiten duen zelula-makineriari eragiten diote, izan ere molekula hauek ez dute akasdun exoia itutzat hartzen (Chakradhar et al 2016).
Molekula hauek spliceosomako proteina ezberdinak izan ditzakete itutzat, splicinga gertatzeko beharrezko diren konplexuen sorrera ekiditen delarik.
Konpainia farmazeutikoak oraindik molekuletan eragiteko modua aztertzen ari badira ere, spliceosomari zuzenean atxikitzen zaizkiola uste da.
Badira dagoeneko, ahoz har daitezkeen bi hautagai, RG7800 eta RG7916 farmakoak alegia; hauek, gaixoentzat askoz egokiago izanik SMA atrofia espinalerako erabiltzen dira. Badirudi, RG7800rekin arazoren bat egon zela baina RG7916k, SMN2 genearen mRNA kopurua handitzen du odolean eta 1 fase klinikoan dago. Badira minbizi arloan erabilitako beste zenbait molekula ere. (Chakradhar et al 2016)
Aipaturiko bi estrategia hauetan ere erronkak badira, espezifizitatea eta banaketari dagozkionak alegia. Alde batetik, molekula txiki modulatzaile hauek, splicing makineriarengan eragiten dute eta ezespezifikoak izanik, itutik kanpo eraginda albo efektuak sor ditzakete. Bestalde, gorputzeko entzimek oligonukleotidoak molekula modulatzaileak baino errazago degradatzen dituzte eta oligonukleotidoak zeluletan barneratzeko ere zailagoak dira. Gainera, zaila da oligonukleotido hauek splicing makinarian eragiteko nukleoan sartzeko gaitasuna dutela ziurtatzea. Horretaz gain oligonukleotido bakoitzak oro har, mutazio bat zuzentzen du eta beraz, oligonukleotido asko beharko genituzke gaixotasun bakar bat sendatzeko.
Arazo hauek direla eta, zientzialari batzuen iritziz teknologia hauek baina hobea izan daiteke RNA bidezko trans-splicinga (Berger et al 2016).
RNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT (Spliceosome-mediated RNA trans-splicingRNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT izendaturiko estrategia, terapia geniko berritzaileak diseinatzeko etorkizun handiko estrategia da, tratamendurik ez duten gaixotasunentzat.
SMaRT teknologiak, mutazioen zuzenketa-transkripzioaren ondoren egiten du eta ondorioz mRNA sekuentzia aldatzen du. Horretarako, exogenoa den RNA bat barneratzen da zelula ituan eta splicinga gertatzen da RNA exogeno horren eta itua den pre-mRNA endogenoaren artean. Beraz, heltze prozesua trans moduan gertatzen da (3 irudia).
Trans-splicinga arrunta izan arren, tripanosoma eta nematodoetan, gertaera nahiko arraroa da ugaztunetan banandurik dauden bi premRNA-ren artean mRNA kimeriko bat osatzea. Dena dela, RNAren splicingeko makinaria naturalaz eta mekanismo honek dakartzan abantailaz baliatzeak, RNAren terapien aplikaziorako abangoardiara ekarri du SMaRT teknologiak.
Terapia genikoan erabil ahal izateko, pre-mRNA trans-splicing molekulak –PTM (pre-mRNA trans-splicing molecule) – deiturikoak erakusten dituen ezaugarriengatik, trans-splicingak dituen abantailak ondokoak dira:
1- Itua lehen introia denean, eta ondorengo sekuentzia guztia ordezkatzen denean, PTM bakarra behar da ondoren egon daitezkeen mutazio ugari konpondu ahal izateko. Honek CRISPR teknologia, ASO edo beste molekula batzuk baina abantaila gehiago ditu, azken hauek mutazio zehatz bakarra izan dezaketelako itutzat.
2- Gene desberdinen erregulazioa, espazio eta denboran, oso zorrotza izan behar da zelulen oreka fisiologikoa manten dadin. Beraz, PTMak, trans-splicing prozesurako izan ezik, inerteak direnez, berauen adierazpena erabat naturala den pre-mRNA ituaren erregulazioaren menpekoa da.
3- PTMek gaitasun bikoitza azaltzen dute erreakzio bakar batean, mutaturiko proteinaren sintesia murriztekoa eta halaber, proteina normalaren sintesia sustatzekoa alegia.
4- PTMak konponketarako cDNAren atal batez soilik osaturik daudenez (beste terapia genikoek cDNA osoaren premia dute), tamaina txikiko molekula baten beharra besterik ez dago. Horrela bektore gisa erabiltzen diren birusen eskaintza zabalagoa izatea baimentzen da.
Badira oraindik tras-splicingari buruz ezagutzen ez diren zenbait arlo; cis-splicingari buruzko informazio asko daukagun baina tras-splicingari buruzkoa ez da hain ugaria eta gaur egun ezinezkoa da PTMak izango duen eraginkortasuna aldez aurretik jakitea.
Trans-splicing teknologia gaixotasun askoren terapiarako erabili da dagoeneko, hala nola, distrofia muskularretan (Duchenne-en distrofia muskularra, Disferlinopatiak, Titinopatiak), Retinosi pigmanetarian, Fibrosi kistikoan,… Hauetaz gain ere zenbait minbiziren tratamendurako erabili izan da splicingaren zuzenketa.
Hala ere zoritxarrez, trans-splicinga ez da oraindik gehiegi garatu gaur egun eta oraindik hobeto aztertu eta ulertu behar da, PTM indartsuagoak lor ahal izateko.
Zenbait saiakera egin dira aipaturiko gaixotasunetan, baina oraingoz efizientzia ez da espero zitekeena bezain ona eta teknologia honen bidez ez da gaixotasuna gainditzeko proteina kopuru adina sortzen.
Sekuentziaren espezifikotasuna litzateke ordea arazo larriena, ingeniaritza genetikoko erreminta guztien kasuan gertatzen den bezala. Izan ere, ez genuke nahi trans-splicinga proteina aberrante baten sortzaile izatea.
Bestalde PTMaren gehiegizko adierazpenak ere arazoak sor ditzake, inespezifitatea gehitu edo toxikoa den gehiegizko RNA txikiaren gainadierazpena gerta baitaiteke.
Besteak beste, beharrezko ezagutza lortuta, efizientzia %100 izanda, eta albo ondorioak ekidinda, SMaRT teknologia benetan eraginkor eta boteretsu den terapia genikorako tresna izango da etorkizunean, gaixotasun askoren sendabide izanik.
———————————————————————————-
Egileaz: Amets Sáenz Peña Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea da eta egun, Gaixotasun Neuromuskularren Taldean dihardu lanean.
———————————————————————————-
The post Splicing bidez eginiko zuzenketa genetikoa: trans-splicinga appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainen gene-kodea ezagutzen
Azken hamarkadan genomak eta transkriptomak sekuentziatzeko metodo berriak garatu dira, bai eta sekuentzia kontsensuen antolaketa baimentzen duten programak ere. Hau da, gene-kodea aztertzea baimentzen duen tekniken iraultza gertatu da, baina ingurune urtarreko organismo askoren informazio genetikoa ezezaguna da oraindik. Teleosteoen kasuan, kladoaren dibertsitate handia kontuan harturik, ezagutzen diren arrainen genomen %0,2a baino ez da sekuentziatu edo behintzat, sekuentziatzeko asmoa dago. Trankriptoma kontuan hartzen bada ordea, arrainen %0,5 da.
Irudia: Berriki, DNA eta RNA mailako ikerketak egiten hasi eta asko ugaritu dira arrainetan, besteak beste, eboluzioa, populazioaren genetika, ekotoxikologia, akuikultura zein arrantza bezalako arloetan.
Hala ere, arrainen gene-kodearen ezagutza azken hamarkadan esponentzialki emendatu da. Sekuentziaturiko lehenengo teleosteoaren genoma, 2002an publikatu zen. 6 urte geroago, ordea, sekuentziazio teknologia berriak erabilita, lehenengo teleosteoaren transkriptoma. Artikulu bi hauetan, “Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar” eta “Mikrotxipak arrainetan: atzo gaur eta bihar”, gaur egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datu-baseetan dagoen informazioa laburtu da, bai eta informazio honen jakintzak dakartzan onurak azpimarratu ere. Horien artean, molekula mailako azterketetarako tresnak garatzea lortu da; hala nola, biomarkatzaile espezifiko berriak, mikrotxipak edo ingelesezko “digital gene expression” izenekoak. Hauek guztiak, hainbat arlotan diharduten bidezidorrak ulertzen laguntzen dute, besteak beste: garapenaren prozesu biologikoak, gaixotasunen disfuntzioen ezagutza, immunizazioa, elikadura, ingurumeneko aldaketen aurreko adaptazioa, ernalketa zein eboluzioa.
Orokorrean, DNA/RNA mailako informazio aberastasunak zenbat eta arrain familia ezberdin gehiago barneratzen dituen orduan eta eboluzioari buruzko informazio gehiago ezagutuko da. Zenbat eta filogeniako hutsune gehiago bete edo sekuentziatu, orduan eta errazago detektatuko dira espezie bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, eta estres ezberdinei aurre egiteko espezie bakoitzaren berezitasunak argitzen joango dira. Honetan guztian mikrotxipek zein“RNAseq” moduko teknologia berriek lagundu dezakete gene mailako informazioa deskodetzen eta funtzionalki testatzen. Hala ere, molekula mailan ematen diren aldaketok, zelula/ehun maila baino antolaketa biologiko konplexuagoetan izango duten efektua estrapolatzea zaila da oraindik. Hori dela eta, tresna mota hauek hipotesi berriak plazaratzeko erabili izan dira nagusiki ekotoxikologian.
Mikrotxipek zehazki, arrainek estres egoeretan pairatzen dituzten geneen adierazpen aldaketak aztertzea ahalbidetu dute. Horrela, kutsatzaile eta droga askoren efektu posibleak aztertu eta hipotetizatu dira. Hala ere, ingurunean, kutsatzaileak nahastuta daude, eta zoritxarrez, nahasketa hauek eragindako aldaketen inguruko azterketak urriak dira. Ingurunean aurkitzen diren kutsatzaileen nahasketok ikerketak zaildu egiten dituzte, eta ondorioz mikrotxipek izan dezaketen erabilgarritasuna sarri kritikatu da. Hala ere, mikrotxipak gai dira lekuan lekuko kutsadurak eragin ditzakeen efektuen espektroa azaltzeko.
Mikrotxipen bidez detekta daitezkeen gene baten zein gene multzo baten transkripzio mailako gorabeherek malformazioak edo gaixotasunak ondorioztatuko dituzten baieztatzea ez da batere erreza. Hala ere, zenbat eta molekula mailako informazio gehiago izan arrainetan, sekuentziazioak, zein mikrotxipen eta RNAseq bidezko gene adierazpen mailen azterketak direla medio, kutsaduraren aurkako arrain talde sentikorrenak/erresistenteenak ezagutu ahalko dira eta informazio hau balizkoa izan daiteke ingurune kortserbazio eta errekuperazio planetarako, bai eta “toxikologia ebolutiboa” bezalako ikerketa lerro berriak irekitzeko ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar.
- Laburpena:Nahiz eta genomak eta transkriptomak sekuentziatzeko metodo berriak garatu diren, ingurune urtarreko organismo askoren sekuentzia ez dugu ezagutzen oraindik. Teleosteoen kasuan, kladoaren dibertsitate handia kontuan harturik, ezagutzen ditugun arrainen %0.2aren genoma besterik ez da sekuentziatu edo sekuentziatze asmotan dago. Artikulu honen helburua, beraz, gaur egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datubaseetan dagoena laburbiltzea da, bai eta informazio honen jakintzak dakartzan onurak indartzea ere. .
- Egileak: Oihane Diaz de Cerio eta Eider Bilbao.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 151-182
- DOI: 10.1387/ekaia.13266
—————————————————–
Egileez: Oihane Diaz de Cerio eta Eider Bilbao Izaskun Alvarez UPV/EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen ikertaldeko kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Arrainen gene-kodea ezagutzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Sendagai eraginkorragoen mekanismoak argitzen
Irudia: Xabier Contrerasek, Biofisika Institutuko Ikerbasque ikertzaileak, mintz hartzaileak blokeatzen dituen mekanismo molekularra identifikatu duen ikerketan parte hartu du.
Ikerketa 11 haurren osasun txostenetatik abiatu zen. Haur horiek guztiek mikobakterioengatiko infekzioek eragindako nahasmendu bat zuten, eta konturatu ziren denek fenotipo bera zutela, mutazio bera zuena. Mutazioa interferon-gamma hartzailean (IFNGR) zegoen kokatuta, eta taldea disfuntzio hori zerk eragiten zuen ikertzen hasi zen.
Zelula mintza ozeano batekin konpara daiteke: batez ere lipidoz eta proteinaz osatutako itsaso bat, non lipido espezifiko batzuez osatutako uharteak dauden (kolesterolaz eta esfingolipidoz osatutakoak, esaterako). Uharte horietan daude mintz proteinak, eta nanodomeinu horietan baino ezin dute gauzatu euren funtzioa.
IFNGR hartzailea mintz proteina horietako bat da, eta askotariko prozesu zelularretan parte hartzen duten geneak aktibatzen ditu. Prozesu horietako bat agente patogenoen eta minbiziaren aurkako defentsa da. Taldeak aurkitutakoaren arabera, hartzailea osatzen duen 337 aminoazidoko katean mutazio soil bat egoteak azukre bat gehitzen dio hartzaileari. Azukre hori galektina izeneko zelulaz kanpoko proteinen familiako proteina bat da. Proteina hori hartzaileari gehitzen zaionean, bere nanodomeinutik ateratzen du, eta harrapatuta gelditzen da zelularen zitoeskeletoa osatzen duten aktina filamentuen artean. Hartzailea, bere nanodomeinutik kanpo dagoenean, blokeatu egiten da eta ezin du seinalea igorri.
“Ikerketak zenbait froga zuzen ematen ditu, egiaztatzen dutenak nanodomeinu lipidiko batzuek eginkizun garrantzitsua dutela IFNGR hartzaileak gauzatzen duen zelula seinaleztapena aktibatzen eta erregulatzen. Gainera, lan honen emaitzek agerian jarri dute beharrezkoa dela galektinen eta hainbat sortzetiko gaixotasunekin lotuta dauden N-glikosilazio maila altuko mintz hartzaileen arteko elkarreragina aztertzea. Ikerketak, halaber, zenbait helburu terapeutiko ematen ditu IFNGR hartzailean mutazioa duten gaixoak tratatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Blouin CM, Hamon Y, Gonnord P, Boularan C, Kagan J, Viaris de Lesegno C, Ruez R, Mailfert S, Bertaux N, Loew D, Wunder C, Johannes L, Vogt G, Contreras FX, Marguet D, Casanova JL, Galès C, He HT, Lamaze C. Glycosylation-Dependent IFN-γR Partitioning in Lipid and Actin Nanodomains Is Critical for JAK Activation. Cell. 2016 Aug 11;166(4):920-34. DOI: 10.1016/j.cell.2016.07.003.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Mintz hartzaileak blokeatzen dituen mekanismo molekularra identifikatu dute.
The post Sendagai eraginkorragoen mekanismoak argitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #126
Sagardo naturalari heldu dio Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Hasieratik argitzen digu kontua esaldi batekin: sagardoa ez da naturala. Halere, sagardo botila guztietan naturala dela jartzen du. Orduan, zer? Lopez-Gazpiok ederto batean azaltzen digu ‘natural’ hori 1979ko abuztuaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialean agindutakoa betetzen duen sagardoa delako. Aginduaren 4. artikuluan definitzen da: praktika tradizionalak jarraituz egindako sagardoa da, gehitutako azukrerik gabekoa eta jatorri endogenoko gas karbonikoa besterik ez duena. Definizio horrek islatzen du praktika tradizionalekin egindakoa dela naturala. Hau da, praktika tradizionalak dira eta ez naturalak.
TeknologiaPanorama iluna irudikatu du Yuval Noah Harari intelektualak aurrerapen teknologiko-zientifikoen gainean. Gizakia Jainko bihurtzen ari dela dio, “literalki, ez zentzu metaforikoan: gizakiak diseinatzen eta fabrikatzen ikasten ari gara”. Bere hitzetan, XXI. mendeko ekonomiaren produktu garrantzitsuenak ziurrenik gorputza eta burmuina izango dira. Argiak gerturatu dizkigu bere hausnarketak. Azpimarragarriena, honakoa: teknologia berriez informatuago egoteko eta gure ordez erabakitzen ez uzteko gomendatzen du. Haren irudiko, “arrisku handiak daude, baina gauzak aldatzeko garaiz gaude”.
BiologiaIpar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru-arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hazi eta landare lehorrak jaten dituzte metabolismoa asetzeko behar duten energia lortzeko. Animalia txikiak dira (10-20 cm-koak, eta gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak. Inguruan urik ez dagoen egoera batean, animalia hauek janaritik lortzen dute ura. Elikagaiek berez duten ur-kantitatea inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Basamortuan egonda, ur galerak murriztu behar dituzte orduan. Eta hori nola lortzen dute? Batetik, horretara zuzendutako bizimodua dute: gauez ateratzen dira bakarrik. Bestetik, azal oso iragazgaitza dute, eta, beraz, tegumentutik apenas galtzen dute urik.
Biologiari jarraiki, flatulentzien inguruko artikulua dugu hau. Datu ugari ematen dizkigute. Adibidez, Magendie fisiologo ospe handikoak aztertu zituen gizon osasuntsuen heste-gasak XIX. mendearen hasieran. Oxigenoa eta karbono dioxidoa aurkitu zituen, eta metanoa ere egon litekeela susmatu zuen. Egungo ikerkuntzek berretsi egin dituzte aurkikuntza hori. Horretaz gain, gasak hiru prozesutan sortzen direla azaltzen da. Neurri batean, jatean barneratzen dira gorputzera. Beste parte bat urdailean sortzen da digestio azidoaren ondorio modura. Azkenik, hesteetako bakterioek hidrogenoa, metanoa eta sufredun produktuak ekoizten dituzte, iristen zaizkien elikagaien digestioaren ondorioz.
IngurumenaEuropak 47,8 milioi tona plastiko eskatu zuen 2014an, eta tona horien % 90ek iturri berriztaezinetan zuten jatorria. Gainera, 25,8 milioi tona plastiko zaborretara bota ziren, eta horietatik % 30,8k zabortegietan bukatu zuten bizi zikloa. Hori da EBko herrialde askotan hondakinak kudeatzeko erabiltzen den plana. Baina alternatiba bat badago: ekonomia zirkularra. Azken honek baliabideak produktu bilakatzen ditu, produktuak hondakin, eta hondakinak atzera baliabide. Horrela, erabilitako baliabideen, sortutako hondakinen eta ingurumeneko isurien kopurua txikitzen da. UPV/EHUko Biomat ikertaldeak industriako hondakin eta azpiproduktuekin produktu biodegradagarriak edo konpostagarriak lortu nahi dituzte. Biomatek produktuaren hondakinak erauzteko, ekoizteko eta tratatzeko prozesuak hobetzeko lan egiten du. Besteak beste, itsas hondakinak balioztatzen ditu material berriak lortzeko.
Nazioarteko ikerketa batek zuhaitzen inbentario handiena bildu du. Ondorioztatu dutenez, basoak espezieen aldetik zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta azkarrago eta gehiago hazten dira zuhaitzak, eta beraz, egurrari merkatuan ateratzen zaion etekina handiagoa da. Horrenbestez, ekonomiari dagokionez, ikus daiteke benetan aberasgarria dela. Datuak kontuan hartuta, 770.000 lursailetik gora aztertu dituzte eta 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan. Horien artean: Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak).
Europan egindako ikerketa batek agerian utzi du airearen kutsaduraren eta trafikoaren zarataren eraginpean modu jarraian jartzeak hipertentsioa eragin dezakeela. Norvegia, Suezia, Danimarka, Espainia eta Alemaniako 41.000 herritarrekin egin da ikerketa, ESCAPE proiektuaren baitan. Ondorioetan azpimarragarriena honakoa izan da: Alemaniak eta Espainiak dute aireko kutsadura handiena eta Sueziak eta Espainiak trafiko-zarata handiena.
Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Testuinguru horretan kokatzen dira, hain zuzen, bioeraikuntza eta earthshipak. Nolakoak dira eraikuntza hauek, bada? Artikulu honetan topa dezakegu erantzuna: material birziklatuez eta, neurri handi batean, material naturalez eraikitako etxebizitza ekologiko eta autonomoak dira. Bestalde, earthshipak ez dira hornidura-sareetara konektatzen. Izan ere, modu pasiboan berotzen eta hozten dira; behar duten elektrizitatea sortzen dute eta behar duten ura batzen dute; hondakin-urak tratatzen dituzte eta janaria ekoizten dute ere.
MedikuntzaIkerketa berri batek espezie barruko garunaren desberdintasunak ikertu ditu eta tolesdurak adinarekin aldatzen direla ikusi dute. Artikuluan azaltzen digutenez, zahartzearen lehenengo kanpo-adierazlea larruazala da, irmotasuna eta elastikotasuna galtzen duelako. Baina garun-azalari ere antzeko zerbait gertatzen zaio: zahartzen goazen heinean tentsioa murrizten da eta garun-azalaren tolesturan igartzen da.
AstronomiaMarten dira jada ExoMars misioa osatzen duten TGOsatelitea eta Schiaparelli izeneko lurreratze modulua. Satelitearen egoera ona bada ere, moduluarekiko komunikazioak eten ziren lurreratzearen azken segundoetan, eta ESA Europako Espazio Agentziak galdutzat eman du modulua; planetaren kontra jo eta txikitu zela onartu du. Juanma Gallegok Berrian azaltzen dizkigu maila honetako misioak dituen zailtasunak. Esaterako, Marten lurreratzeak zailtasun tekniko handiak dakartza. Planetak oso atmosfera arina duenez, ziztu bizian doan espaziontziaren abiadura azkar eta zehaztasun handiarekin geldiarazi behar da. Egoera horrek istripua izateko arriskua handitzen du. Hasiera-hasieratik, ESAk «frogatzailetzat» jo du Schiaparelli modulua. Izatez, ESAk 2020an bidali nahi duen noranahikoa han pausatzeko lehen ahalegina izan da.
Emakumeak zientzianAste honetan, Alessandra Giliani ezagutzeko aukera izan dugu. XIV. mendeko patologoa eta anatomista izan zen. Hilotzak prestatzen zituen Boloniako Unibertsitateko anatomia klaseetarako (Mondino de Liuzzi medikuak ematen zituen klaseak). Gorpuak prestatzen zituen disekziorako. Horretaz gain, bere ikerketak ere egin zituen arlo horretan eta horietatik metodo garrantzitsu bat garatu zuen: arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #126 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #132
Energia berriztagarrien iraultzak beharrezkoa du material berriak sortzea. Horien artean dauzkagu material organiko fotovoltaikoak. Hauek, besteak beste, zelula malgu eta merkeen ekoizpena ahalbidetuko dute. María A. Izquierdo-Morelosek kontatzen digu Looking for new materials with applications in organic solar cells artikuluan.
Gure eguzki sisteman Artizarra da infernutik gertuen dagoen planeta. Baina, bitxia bada ere, zerua izan ei zitekeen denbora luzez. Santiago Pérez Hoyosek kontatzen digu: Heaven from hell.
DIPCko ikertzaileek lortu dute modu esperimentalean zehaztea, lehen aldiz, zeintzuk diren uraren konstante dielektrikoak hain handiak egiten dituzten mekanismo mikroskopikoak. Hau guztia neutroiak erabiliz egin dute: Neutrons reveal how water dipoles relax.
Aluminioa toxikoa izan daiteke. Eta, kelatoak deitutako substantzia batzuekin egindako tratamenduak ez omen du funtzionatzen espero bezain ondo. Baliteke kimika konputazionalak eransteko zerbait izatea kontu honetan. Gabriele Dalla Torrek zehazten du The Dark Side of Al(III) Chelation Therapy: A New Computational Hope artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #132 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alessandra Giliani (1307-1326): Hilotzen artean
Irudia: Mondino de Luzzi medikuak 1316. urtean idatzi zuen Anathomia Corporis Humani liburuaren azaletik hartutako irudia. Liburua 1478. urtean argitaratu zen.
Giza-gorpuak disekzionatzen zituen Alessandrak. Berari zegokion hilotzak prestatzea Boloniako Unibertsitatean ematen ziren anatomia klaseetarako. Gorpuen zaintze prozesuaz arduratzen zen, hori gauzatzeko beharrezkoak ziren teknikak ezagunak zituelako. Mondino de Luzzi mediku eta irakasle ezagunaren laguntzaile gisa lan egin zuen. Zoritxarrez –medikuntza arloan etorkizuna zuelako Gilianik-, Herioak goizegi egin zion bisita: hemeretzi urterekin zendu zen, septizemia batek eraginda.
Mito faltsutik aldenduzGilianiren jaiotza data ez da zehazki ezagutzen baina badirudi 1307. urtean munduratu zela San Giovanni in Persiceton, Italiako Emilia-Romagna eskualdean. Esan bezala, kirurgia laguntzaile bezala lan egin zuen aipaturiko unibertsitatean de Luzzi medikuarekin batera. Irakasleak hilotzak erabiltzen zituen bere anatomia klaseetan eta Gilianik horiek prestatzen zituen disekziorako. Antza, giza gorpuen zaintze-teknikak ezagutzen zituen. Medikuaren klaseetan parte hartzen zuen ere. Dena dela, bere kabuz, ikerketa anatomiko ugari abian jarri zituen. Horietatik, metodo garrantzitsu bat garatu zuen emakume gazteak. Arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen, hain zuzen. Teknika horri esker, odolak egiten zuen bidea marraztea lortu zuen, giza-gorputzaren zirkulazio aparatua modu zehatz batean irudituz. Horrenbestez, praktika horrek ahalbideratu zuen ikasketa xehea egitea zirkulazio aparatuaren inguruan.
Bertutezko Gilianiz gain, De Luzzik beste laguntzaile bat zeukan, Otto Agenius izenekoa. Alessandra hemeretzi urterekin hil zenean, San Pietro e Marcellino elizan oroitarri bat hautatu zuen emakumea omentzeko:
Encerradas en esta urna las cenizas del cuerpo de Alessandra Giliani, doncella de Periceto, hábil con el pincel en las demostraciones anatómicas, y discípula, igualada por pocos, del muy notable médico, Mondino de Luzzi, esperan la resurrección. Vivió diecinueve años; murió consumida por sus trabajos el 26 de marzo de 1326. Otto Agenius Lustrulanus, privado por su pérdida de lo mejor de sí mismo, su excelente compañera merecedora de lo mejor, ha erigido esta lápida.
Ez zen debekurikErdi Aroan ez zegoen debekurik gorpuak tratatzeko eta ikerketetan erabiltzeko, baldin eta praktika horrek helburu didaktikoak bazituen. Hain zuzen ere, Tourseko Kontzilioak egin zuen ediktua (1163) eta Bonifacio VIII.a aita santuak XIV. mendearen hasieran egindako dekretua ez dira behar bezala ulertu. Izan ere, ez dago arau unibertsalik aro horretan disekzioa eta autopsia debekatzen zuenik. Halaber, XIV. eta XVI. mende bitartean, Boloniako eta Paduako Unibertsitateetan burututako giza-disekzioek anatomia arloaren berpizkundea eragin zuten eta horrek kirurgia-teknikak hobetzea ekarri zuen ezinbestean. Mondino de Luzzik argitu zuen bidea, Gilianiren laguntzaz ziur asko, 1316an idatzi zuen disekzioetarako gidarekin, gerora medikuntzaren eta, zehatz-mehatz, anatomiaren oinarria bilakatu zena.
Iturria:
- Alic, Margaret: El legado de Hipatia. Historia de las mujeres en la ciencia desde la Antigüedad hasta fines del siglo XIX. (2005)
- Arriaga Flórez, Mercedes: Mujeres, espacio y poder
- Centre de Recursos per a l’Aprenentatge i la Investigació: Alessandra Giliani (1307-1326).
- Comunicaciones Tian: Alessandra Giliani.
- Wikipedia: Alessandra Giliani.
- Women’s History: Alessandra Giliani.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Alessandra Giliani (1307-1326): Hilotzen artean appeared first on Zientzia Kaiera.
Urik edan gabe bizi
———————————————————————————————————–
Ipar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru-arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hazi eta landare lehorrak jaten dituzte metabolismoa asetzeko behar duten energia lortzeko.1. irudia: Dypodomys Heteromyidae familiako kanguru-arratoia, karraskarien barruan sailkatzen den animalia. (Argazkia: Wikipedia. Domeinu publikoa)
Kanguru-arratoiak deritze aurreko hankak oso-oso laburrak dituztelako, eta atzeko hanka luze-luzeekin jauziak eginez mugitzen direlako, kanguruen antzera. Animalia txikiak dira (10-20 cm-koak, eta gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak, karraskari guztiak bezala; eta, beraz, energia-eskari altuak dituzte. Izatez, animalia hauek ez dira gainerako gehienak baino idorragoak; duten ur-edukia normaltzat har daiteke ugaztunen artean (% 66 inguru). Ur-proportzio hori mantendu egin dezakete, nahiz eta ura eskura ez izan. Are gehiago, janari lehor nahikoa janez gero, animalia hauek ez dute pisurik galtzen; aitzitik, irabazi egin dezakete. Horrek esan nahi du ur-galerek ez dituztela ur-sarrerak gainditzen. Nola gerta daiteke ur-balantze negatiborik ez izatea urik ez duten egoera horretan?
Azter ditzagun ur-sarrerak eta ur-galerak kontu hau argitzeko: inguruan urik ez dagoen egoera batean, animalia hauek lor dezaketen ur bakarra da janariak berez duena, eta janari horren oxidazio-prozesuen ondorioz lor daitekeena. Elikagaiek berez duten ur-kantitatea inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Janariaren katabolismoaren ondorioz lortzen dena, ur metaboliko deritzona, jakiaren konposizio biokimikoaren araberakoa da; hortaz, janari mota aldatzen ez bada, konstantea izango da jatekoaren masa-unitateko lor daitekeen ur metabolikoaren kantitatea. Argi dago, beraz, kanguru-arratoiek janaritik lor dezaketen ur metabolikoa beste edozein animaliak lor dezakeen berdina dela, ez gehiagorik.
Hori horrela, ura mugatua dagoen egoera batean, urik ez galtzean datza ura aurrezteko modu bakarra. Ikus dezagun nola lortzen duten basamortuetako biztanle hauek ur-galerak murriztea: batetik, horretara zuzendutako bizimodua dute, gauez besterik ez dira ateratzen euren habietatik, tenperatura oso altua eta hezetasuna oso txikia ez denean hain zuzen ere. Bestetik, azal oso iragazgaitza dute, eta, beraz, tegumentutik apenas galtzen dute urik.
Baina zer gertatzen da ezinbestekoak diren ur-galerekin, hots, gorotzetan, gernuan eta arnas azaleran gertatzen diren ohiko ur-galerekin? Kanguru-arratoiek ekoizten dituzten gorotzak oso lehorrak dira eta horietan galtzen den ur kantitatea baztergarria da.
2. irudia: Egun, Amerikan bizi diren Dypodomys kanguru-arratoien 22 espezie daude. Basamortuetan edota leku lehorretan bizi dira guztiak.
Arnasketan gertatzen da saihestu ezineko ur-galerarik handiena (>% 50). Arnasa hartzeak beti eragiten du ura lurruntzea. Prozesu horretan galdutako ur kantitatea eguraste-bolumenaren menpekoa da, eta eguraste-bolumena oxigeno-kontsumoaren araberakoa; kanguru-arratoiek eskari metaboliko altuak dituzte, oso aktiboak izateaz gain animalia txikiak baitira. Nola lortzen dute orduan arnasketaren ondorioz lurrundutako ur kantitatea murriztea? Batez ere gorputz-tenperatura baino hotzago dagoen airea kanporatuz: biriken tenperatura ohikoa bada eta urez saturatuta badago ere, sudurretik igarotzean hoztu egiten da. Arnasa hartzean airearen pasabideko hormek beroa eta ura galtzen dute, airea berotu, eta urez saturatu, eta gertatzen den lurruntze-prozesuari esker, sartutako airearen tenperaturaren azpitik koka daiteke pasabideko hormen tenperatura. Arnasa botatzerakoan, biriketatik datorren aire bero eta urez betea azalera hotz hauetatik igaroarazten da, hoztu, eta duen ura hormetan kondentsatu egiten da. Airea zenbateraino hozten den jatorrizko airearen tenperatura eta hezetasunaren araberakoa da.
Animalia guztiek erabil dezakete mekanismo hori berez, baina airearen pasabideak estuagoak badira eta trukerako azalera zabalagoa, karraskari txikietan den bezala, indartsuagoa da haren eragina. Izan ere, laborategiko arratoietan kanguru-arratoian bezain eraginkorra da.
Orduan, inguruan urik ez dagoen egoeretan zergatik deshidratatzen dira arratoi arruntak baina kanguru-arratoiak ez? Saihestezina den hirugarren ur-galeraren murrizteko gaitasunak ematen digu erantzuna. Lehengusu hauen arteko desberdintasun nagusia horretan datza hain zuzen: basamortuko biztanle txikiek gernua izugarri kontzentratzeko duten ahalmenean. Animalia hauek odola bera baino 14 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoitz dezakete. Henle-ren bihurgune oso luzeak dituzten nefronez osaturik daude haien giltzurrunak, eta horien lanari esker gernuaren kontzentrazioa 4.000-5.000 miliosmolarreraino irits daiteke. Erreferentzia bat izateko, gizakiak 4 aldiz, arratoi arruntak 9 aldiz, eta katuek 10 aldiz kontzentratuagoa den gernua kanpora dezakete, hau da, askoz ur gehiago behar dute solutu-kontzentrazio berbera iraizteko.
Hala ere, Ipar Amerikako basamortuko kanguru-arratoi hau ez da gernu kontzentratuena ekoizten duen animalia; Australian bada Notomys generoko kanguru-arratoi bat odola baino 25 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoizteko gai dena. “Hopping mouse” du ingelesezko izena, eta Arizonako basamortuan bizi den kanguru-arratoiaren antzeko bizimodua darama. Gauez da aktiboa, eta egunez zuloan geratzen da. Australiako basamortuetan bizi da, oso toki lehorretan. Hain kontzentrazio altuko gernua sortzeak, seguru asko, badu zerikusirik duen tamaina txikiarekin, 30 g inguruko pisua baitu, eta aski ezaguna da animalia txikiek jarduera metaboliko altua dutela eta, beraz, baita iraizte-behar handiagoak ere.
Australian bizi den Notomys kanguru-arratoiari buruzko bideoa (ingelesez).
Kanguru-arratoientzat ohikoak diren egoeretan gertatzen da azaldutako hau guztia; alegia, ur gutxi dagoenez, animalia hauen bizi-funtzioak modu egokian gerta daitezela ahalbidetzen dute garatu dituzten moldaera fisiologikoek. Inoiz, baldintza bereziren batek ur-beharrizanak areagotzea eragin dezake. Adibidez, kanguru-arratoi emeek, ugaltze-sasoian, udaberri goienean, ohikoa baino ur-behar handiagoak dituzte esnea ekoizteko; hori dela eta, berdeak edo behintzat hezeagoak diren landareak jan behar dituzte ur-oreka mantentzeko.
Bukatzeko, azaldu duguna ikertzen jardun zuen K. Scmidt-Nielsen biologoak bere autobiografian (The Camel’s Nose: Memoirs Of A Curious Scientist) idatzitako beste pasarte bat ekarri dugu hona; Arizonako basamortuari buruzko aipamena da, eta oso egokia iruditu zaigu biologoen lan-baldintzak batzuetan nolakoak izan daitezkeen erakusteko:
The summer was interesting in many other ways. We learned to pull the beds away from the wall and to keep bedding off the floor so that scorpions couldn’t climb in with us. Likewise, before putting on our shoes in the morning we shook out any scorpions that had crawled in. Before taking a shower, we looked for scorpions that might have crawled up the primitive drain. Outside we watched out for rattlesnakes: Fearing for the children’s safety, I killed several near our cabin. (90. or)
«Uda oso interesgarria izan zen beste hainbat aldetatik. Oheak hormetatik apartatzen eta oheko jantziak lurra ukitu gabe ipintzen ikasi genuen, eskorpioiak guregana irits ez zitezen. Era berean, goizean, jantzi baino lehen astindu egiten genituen zapatak barrura sartutako eskorpioiak ateratzeko. Dutxa bat hartu baino lehen, isurbidean eskorpioiak bilatzen genituen. Etxetik kanpo, kriskitin-sugeei adi egoten ginen: haurren segurtasunaz kezkaturik, zenbait hil nituen gure etxolatik hurbil.»
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Urik edan gabe bizi appeared first on Zientzia Kaiera.