San Juan bataiatzailea

Bergarako herriak duen ondare aberats baino aberatsagoaren barruan, ez daude bakarrik parrokia monumentalak, edo hiriguneko eraikin zibil ugariak. Ondare-aberastasun hori landa-ingurura ere zabalduta dago. Sasoi batean, udalerrian 38 ermita egon ziren; eta kopuru aparta horrekin, Bergara da Gipuzkoa osoan mota honetako eraikin gehien dituen bigarren udalerria –lehenengoa Oñati–.

Ondare-multzo oparo horretatik lagin txiki bat hizpide hartuta, Laboratorium museoaren programazioaren barruan hitzaldi bat eskainiko da Bergaran, San Juan auzoko izen bereko ermitan, hilaren 19an (larunbata), goizeko 11:00etan. Hizlaria Jesus Muñiz Petralanda izango da, historiagilea eta Erdi Aroko arte higigarria ikertzen aditua. Ekintza honetarako ermita hau aukeratzea ez da kasualitatea izan; San Juan ermitaren barruan oraindik ere estilo gotikoko lau irudi ikus ditzakegu: bi San Juan Ebanjelari (bata XIV. mendekoa, eta bestea XVI.aren hasierakoa), XV. mendeko Andre Mari bat, eta ermitako irudi titularra den San Juan Bataiatzailea, XV. mendearen azken urteetakoa.

Hitzaldian zehar, pieza horien azterketa historiko-artistikoa egingo da, bai ikonografia aldetik, bai forma aldetik. Horrela, deskribatu egingo dira irudiok dituzten jarrerak, ikurrak, jantziak edo ezaugarriak; eta hausnartu egingo da iturri grafikoei buruz, hau da, nondik atera zuten irudi horiek egiteko eredua, zer nolako iturri grafikoak erabili ahal izan zituzten. Era honetan, entzuleek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dituzte irudien ezaugarriak eta, halaber, proposatutako kronologiak justifikatzeko argudioak, betiere Euskal Herriko irudigintza gotikoaren bilakaera-prozesuaren barnean txertatuz; azken finean, ikuspegi panoramikoa izango dugu, ermita honetako pieza horietatik abiatuta.