Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 13 mins 46 segs

Lucie Adelsberger, Auschwitzen bizitzak salbatzen saiatu zen mediku judua

Vie, 2024/07/05 - 09:00

1940ko azaroaren 27an, Alemania nazian, mediku batek errezeta bat idatzi zuen paziente batentzat. Judua zen eta, beraz, haren errezetak Daviden izar bat zeraman estanpatuta, leku eta une horretan kondenaren baliokidea zen baldintza bat argi eta garbi adierazteko. Haren izena Lucie Adelsberger zen eta, jakina, kondena hori bete zuen: urte batzuk eman zituen Auschwitz eta Ravesnbrückeko kontzentrazio-esparruetan.

Lucie Adelsberger1. irudia: Lucie Adelsbergerrek medikuntza ikasi zuen eta interes berezia zuen alergologian eta immunologian. Alemaniako Emakumeen Elkarte Medikoaren sortzaileetako bat izan zen. (Argazkia: Ursula Bohn doktorearen jabetza pribatua, Seidler 2005, 197. or. – Copyright lizentziapean. Iturria: Berlin.de)

Bertan aritu zen bere lanbidean eta presoen pairamena arintzen saiatu zen, batez ere tifusa zutenena, imajina zitezkeen baldintzarik gogorrenetan. Bizitzak salbatzea bere irismenetik kanpo zegoen ia beti, nahiz eta ahal izan zuen guztia egin zuen. Aske utzi ondoren, hurrengo urteetan memoria batzuk idatzi zituen, eta bertan bizitako esperientzia kontatu zuen. Horri esker, Holokaustoaren memoria gorde ahal izan da.

Alemaniatik ihes egin nahi izan zuenerako, berandu zen

Adelsberger Nurenbergen (Alemanian) jaio zen 1895eko apirilaren 12an. Aita ardo merkataria zen. Medikuntza ikasi zuen Erlangengo Unibertsitatean eta 1919an lizentziatu zen. Weimarko Errepublikaren garaian hasi zen pediatra gisa lan egiten Berlinen, Adolf Hitler boterera igo aurretik. Robert Koch Institutuko ikerketa klinikoan ere jardun zuen, eta interes berezia adierazi zuen alergologian eta immunologian. Alemaniako Emakumeen Elkarte Medikoaren sortzaileetako bat izan zen, eta haren lanek eragin handia izan zuten garai hartako lankideen artean, eta Harvardeko Unibertsitatea bisitatzeko eskaintza bat jaso zuen.

Hasieran, Gestapok, polizia naziak, bidaiatzeko baimena ukatu zion. Geroago, hamar eguneko baimena lortu zuen eta Estatu Batuetara bidaiatu zuen. Han zegoen 1938an, labana luzeen gaua izenekoa gertatu zenean. Gertaera horien aurrean, Estatu Batuetako orduko presidenteak, Rooseveltek, dekretu bat eman zuen; horren bidez, herrialdean zegoen eta berera itzultzeko beldur zen edozein pertsona gera zitekeen. Berak ez zuen hori egin nahi izan: ama, bere mende zegoena, Alemanian baitzegoen, eta ez zuen bakarrik utzi nahi hain giro arriskutsuan.

Eta hori bere lan aukerak nabarmen murriztu zirela erregimen nazia boterean zegoenean. 1933tik aurrera, mediku eta zientzialari juduei unibertsitateetan ikerketa-lanpostuak betetzea eta osasun-arretako plan nazionalean parte hartzea debekatu zitzaien, ordura arte beren lanaren ordainsaririk handiena izan zena. 1938az geroztik debekatuta zuten juduak ez ziren gaixoak tratatzea. Geroago, Adelsbergerrek bisa bat lortu nahi izan zuen amarekin alde egiteko, baina ez zuen lortu.

“Sara” izena hartzera behartuta

Adelsbergerrek, beraz, erregimen naziaren pean bizitzen jarraitu zuen. Garai horretakoa da istorio hau hasteko erabili dugun errezeta. Bertan agertzen den izen osoa Lucie Sara Adelsberger da. “Sara” ez zen Adelsbergerren benetako bigarren izena, baina garai hartan erregimen naziak ezarritako arraza-dekretuetako batek emakume judu guztiak behartzen zituen beren izenetan sartzera, haien nortasuna argi uzteko. Gizonek bigarren izen gisa “Israel” erabili behar zuten arrazoi beragatik.

1943ko maiatzaren 17an, Adelsberger Auschwitzera deportatu zuten, Bigarren Mundu Gerrako Europako kontzentrazio-esparrurik handienetako batera. Esparru hori da ezagunena juduen eta beste gutxiengo batzuen hilketarako erregimen naziak abiarazitakoen artean. Adelsbergerrek bizirik irautea lortu zuen, eta, urte batzuk geroago, memoria batzuk argitaratu zituen. Bertan, bere esperientzia kontatu zuen, eta gertatutakoaren oroitzapena gordetzen lagundu zuen.

Lucie Adelsberger2. irudia: Lucie Adelsbergerrek 1940ko azaroaren 27an emandako errezeta bat. (Irudia: Herentzia Juduaren Museoa, New York. Iturria: Berlin.de)«Ez zuen ezertarako balio, euliak bezala hiltzen ziren»

Auschwitzeko esparrua hainbat eremuk osatzen zuten: sarraski-eremu bat (gas-ganberak zeuden tokia), Auschwitz II-Birkenau izenekoa; barneratze-eremu nagusi bat, Auschwitz I; eta behartutako lanen eremu bat, Auschwitz III. Adelsberger ijito etniako pertsonak konfinatuta zeuden sarraski eremuko erizaindegira bidali zuten, eta horien artean tifus bolada piztu zen. Medikaziorik eta tratamendu aukerarik gabe, higiene eta pilaketa baldintza jasangaitzenen erdian, medikuak bere memorietan kontatu zuen ezer gutxi zegoela egiteko, kontsolatzen eta animatzen saiatu baino ez. «Ez zuen ezertarako balio, euliak bezala hiltzen ziren».

Adelsberger saiatu zen ahalik eta preso gehienei bizirauten laguntzen, posible zuen modu guztietan. Gaixoak sendatzen eta kontsolatzen saiatzeaz gain, beste pertsona batzuei gaixotasun edo ahuleziak ezkutatzen lagundu zien. Izan ere, guardia eta mediku naziek hauteman izan balituzte, gas-ganberara bidaltzeko lituzkete; lan egiteko moduan ez zegoena ez zen nahitaezkoa, eta berehala gaseztatzen zuten.

Baina Adelsbergerrek oso-oso gutxitan salbatu ahal izan zuen biziren bat, eta horrelako leku batean mediku izateak zalantza etiko ikaragarriak sortu zizkion, aurrerago bere memorietan kontatuko zituenak. Auschwitzera haurdun zeuden emakume batzuk iritsi ziren; eta, antzemanez gero, berehala hiltzen zituzten. Baina antzematen ez bazuten eta haurdunaldia kontzentrazio-esparruan garatzen bazen, gauzak ez ziren hobeak ez haientzat ez haurrarentzat, erditu eta hurrengo egunetan hiltzen baitzituzten.

Etika medikoak dio erditzean amaren bizitza eta haurrarena arriskuan badaude, lehentasuna amaren bizitza salbatzera bideratu behar dela. Preso-medikuek diskrezioz jokatzen zuten arau horri jarraituz: haurra hil egin behar zen amak bizi ahal izateko. Emakume askok ez dute gainditzen haren haurraren heriotzak eragindako shocka, eta ez digute barkatu, ez guri ez beren buruari.

Basakeria desagerrarazteko ondarea

1945eko urtarrilaren 18an, tropa sobietarrek Auschwitzerantz aurrera egin ahala, ofizial naziek presoak hotzetik eta elurretik martxa bat hastera behartu zituzten. Horietako asko bidean hil ziren edo hil egin zituzten. Adelsberger bizirik atera zen eta beste esparru batera bidali zuten, Ravesnbrückera, Alemanian. Azkenik, aske utzi zuten 1945eko maiatzaren 2an.

Lucie Adelsberger3. irudia: Lucie Adelsberger Auschwitzetik beste esparru batera bidali zuten, Ravesnbrückera, eta azkenik aske utzi zuten 1945eko maiatzaren 2an. (Argazkia: 1964ko “Montefiore” egunkaria. (Seidler 2005, 8). 211. Iturria: Museum im Robert Koch-Institut)

Gerra ostean, Adelsbergerrek Estatu Batuetara emigratu zuen eta New Yorkera joan zen bizitzera. Han minbiziaren ikertzaile gisa lan egin zuen bere karrera amaitu arte. 1971ko azaroaren 2an hil zen.

Bere memorietan, Adelsbergerrek alegatu bakezale sutsua egin zuen:

Txosten honek biktimen historia kontatzen du, ez zauri zaharrak irekitzeko asmoarekin, baizik eta guretzat, juduontzat eta gizateria osoarentzat, ondarea izan dadin. Helburua beteko du irakasten badigu, guri geure burua Jainkoaren kreaturatzat daukagunoi, pertsona hobeak izateko, lagun hurkoa benetan maitatzeko eta Lurretik basakeria desagerrarazten lan egiteko.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 25ean: Lucie Adelsberger, la médica judía que trató, con poco éxito, de salvar vidas en Auschwitz.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Lucie Adelsberger, Auschwitzen bizitzak salbatzen saiatu zen mediku judua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak

Jue, 2024/07/04 - 09:00

Zure aitonaren oinek, lurrin batek edo erre den gosariko ogi xigortuak badute zerbait komunean: usaina dute.

Egunean 23.000 bat aldiz arnasten duzu. Egiten duzun bakoitzean, nahi edo ez, usaina hartzen duzu. Aromak, esentziak, hatsak edota kiratsak. Berta Paramok, ilustrazioaren, zientziaren eta umorearen bidez, usaimenaren funtzionamendua azaltzen du liburu honetan.

usainduIrudia: “Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak” liburuaren azala. (Iturria: CSIC Argitaletxea)

Inguratzen zaituen airea molekulaz josita dago, begi bistaz ikusten ez badituzu ere, eta arnasgora bakoitzean, zeruan ikusten dituzun izar adina molekula sartzen dira zure barruan. Usaimenak, gainerako zentzumenek bezalaxe, gure inguruaren informazioa ematen digu.

Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak liburua Jakin-egarri direnen jakin-mina bildumaren parte da. Jakin-minak bultzatuta egiten dira lorpen zientifiko handienetako asko “zergatik?” eta “nola?” galdetu zutenen jakin-minak bultzatuta. Bilduma honen xedea da ezagutza transmititzea, entretenitzea, eta, batez ere, jakin-egarri diren buruak inspiratzea.

Berta Paramok Arkitektura ikasi zuen, baina haurrentzako ilustrazioko master bat egin zuen eta hark norabidea aldatu zion. Paramok dio ilustratzeak pentsatzen eta mundua ikusteko duen modua adierazten laguntzen diola. Ez-fikzioan espezializatuta dago eta ikertzen dituen gai guztietan esploratu gabeko bideak egitea gustatzen zaio. Bere lehen liburu ilustratua, Cambio Climático (Litera Libros), World Illustration Awards sarietan aukeratu zen. Testuen eta ilustrazioen egile gisa idatzi zuen lehen liburuak, Fluidotecak (Litera Libros), Opera Primaren Aipamen Berezia jaso zuen Bologna Ragazzi Awards sarietan, Robotlandek (Zahorí Books) APIMen ez-fikziozko saria jaso zuen, eta honako liburua, Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak (CSIC eta Zahorí Books) The BRAW Amazing Bookself-en hautatu zuten. Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak
  • Jatorrizko izenburua: Oler. Aromas, esencias, hedores y pestilencias
  • Egilea: Berta Páramo
  • Berrikuste zientifikoa: Laura López-Mascaraque
  • Itzulpena: Lete Itzulpenak
  • Argitaletxea: CSIC Argitaletxea / Zahorí
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2024
  • Orrialdeak: 48
  • ISBNa: 978-84-19889-10-2
Iturria:

CSIC Argitaletxea: Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak.

The post Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ikusteko moduko harana

Mié, 2024/07/03 - 09:00

William Shatner eta Patrick Stewart aktoreen arteko harremanari buruz galdetzen badut, zientzia fikzioaren fanatikoek argi eta garbi erantzungo dute: Star Trekeko USS Enterprise izarrarteko espazio-ontziko kapitainak dira. Baina Arnold Schwarzenegger aktorea ere tartean sartzen badut, kontua konplikatu egiten da. Hala ere, galdera nik neuk egiten badut, erantzun hau ere nahiko agerikoa da: geologia.

Baina ez geologia oro har, baizik eta kokaleku oso zehatz baten geologia. Star Trek: Generations filma ikusi baduzue, zehazki Kirk eta Picard kapitainek Veridian III planetan duten interakzioa, bai eta Total Recall (Desafío Total Espainian) filma ere, zehazki Quaid Marten paseoan dagoenean, agian konturatuko zineten paisaia berbera dela. Kanpoalde horiek Nevadako Suaren Harana Parke Nazionalean grabatu ziren.

harana1. irudia: A) Star Trek: Generations filmeko fotograma: bi protagonistak gaiztoari aurre egiten Veridian III planetan. (Argazkia: Paramount Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica) B) Total Recall fimeko xehetasuna, protagonista Marteren gainazalean paseatzen ari dela. (Argazkia: Columbia Pictures / Tri-Star Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Jokoaren munduko hiriburutik (Las Vegas) 80 kilometrora ipar-ekialdera, eta Mojave basamortuan bertan, Suaren Harana dago. Leku aparta da, tonu gorrixka, laranjatu eta marroixka duten bandadun arrokaz eratutakoa. Koloreek izugarrizko distira dute, eta kolorea aldatzera ere iristen dira; izan ere, eguzkiak bete jotzen duenean, badirudi harana sutan dagoela. Ezaugarri horrek eman dio haranari izena, hain zuzen ere. Bada, horrek guztiak zinema plato eder bihurtzen du, eta ez soilik western estilokoetarako, baita aurretik adierazi ditugunen antzeko zientzia fikziozko ekoizpenetarako ere. Eta ezaugarri horiek guztiak geologiari zor dizkio.

harana2. irudia: Suaren Haraneko (Nevada, Estatu Batuak) harrien itxura, bereizgarri dituen koloretako bandekin. (Argazkia: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Suaren Haraneko harri gehienak hareharri azteka (Aztec Sandstone, ingelesez) izeneko formazio geologiko baten parte dira. Izenak berak adierazten duen moduan, kuartzo‑pikorrezko hareharriak dira nagusiki, baina beste arroka detritiko batzuk ere badaude, hala nola pikor xeheko konglomeratuak eta lutitak; bai eta kareharriak bezalako harri karbonatatuak ere. Material horiek duela 150 milioi urte baino gehiago eratu ziren, Jurasikoan; orduan, eremuaren itxura asko aldentzen zen egungokotik. Garai hartan, eremua basamortu erraldoia zen, Sahara gaur egun dena baino askoz handiagoa. Haize boladek kuartzo‑pikorrak mugitzen zituzten, eta duna zelai erraldoiak sortzen ziren horrela, etengabe mugitzen eta aldatzen zirenak. Duna horiek hareharrietan preserbatu dira; egun, oraindik mantentzen dute haien egitura, bai eta barne-lineazioa ere, gailurren kokalekua eta kuartzo-pikorrak irristatzen ziren malda handieneko eremuak markatzen dituena.

harana3. irudia: hareharri jurasiko gorriaren xehetasuna; jatorrizko dunetan kuartzo-pikorren mugimenduaren eraginez eratutako barne lineazioa ikus daiteke. (Iturria: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Beste alde batetik, dunen arteko eremu lauek ura pilatzeko aukera ematen zuten, eta putzu txikiak eta ingurune hezeak sortzen ziren. Leku horiek oasi edo urmael efimero bihurtzen ziren, landare gutxi batzuez inguratuta, eta, egun, hareharrien arteko harri karbonatatu edo kareharrien maila isolatu bihurtu dira. Arroila txikiak ere bazeuden, zeinetatik ura ibiltzen zen, eta errekak ere sortzen ziren denboraldi ekaiztsuetan. Lokatza eta harea arrastan eramaten zituen urak, eta indarra galtzen zuenean, material horiek inguruan pilatuta geratzen ziren. Azken inguru hori da egungo konglomeratuen eta lutiten aurrekaria. Baina basamortua bazen ere, horrek ez du esan nahi bizitzarik ez zegoenik. Izan ere, artropodo, narrasti hegalari eta dinosauroen oinatzen fosilak aurkitu dira, eremu hezeetara edatera joaten zirenean sortutakoak.

Baina leku berezi horren historia geologikoa ez da hor amaitzen. Eratu ondoren, harriek prozesu tektoniko handiak jasan zituzten egungo Iparramerika sortuko zuten plaka litosferikoen mugimendua dela eta. Hasteko, Aro Mesozoikoaren amaieran, konpresio- edo bultzada-indarren pean egon ziren; eta indar horiek failak sorrarazi zituzten eta materialak tolestea eragin zuten. Hori gutxi balitz, duela 17 eta 14 milioi urte artean, hedapen-indarrak ere jasan zituzten, hau da, kontrako indarrak. Ondorioz, haustura are handiagoa sortu zen harrietan. Baina, horrez gain, azken ehunka mila urteetan, egurats zabalean egon dira, eguraldi txarrak modelatu eta zizelkatuta, eta higadurak askotariko morfologiak eratu ditu: arkuak, arrailak, haitzuloak… denek ala denek piztu dute jendearen imajinazioa, horietan pareidoliak bilaraziz: elefanteak, erle abaraskak, eta abar.

Nolanahi ere, hau da galdera nagusia: nondik atera dira kolore horiek? Badirudi hareharri horiek gorriak zirela jada Jurasikoan dunak sortu zirenean; izan ere, hematiteek estalitako kuartzo-pikorrak aurkitu dira. Mineral hori burdin oxido bat da (Fe2O3) eta kolore gorrixka distiratsua du. Ezaugarri horrek ematen dio izena, gainera (termino grekoaren itzulpena “odolaren antzekoa” litzateke). Hortaz, harana betetzen duten harri gorri horiek ondoko prozesu tektonikoen menpe egon zirenean, hainbat jariakin —bai lurrazpikoak bai gainazalekoak— ibili ziren horien artean zirkulazioan, kolorazioak aldatuko zituzten erreakzio kimikoak eraginda eta tonu horixkak, arrosak edo laranjatuak sortuta, kareharrien grisen gainean nabarmentzen diren bandadun sekuentzietan. Azkenik, egungo prezipitazioek patina marroixka bat jarri dute hareharri askoren gainazalean, herdoiltzearen eraginez. Eta patina horiek mihise gisa erabili zituzten gerora zenbait kulturak (adibidez, anasaziena): pazientzia handiz patinak kentzen zituzten, harrien kolore gorria berriro gailentzen zen arte, eta, horrela, petroglifo izugarriak marrazten zituzten.

harana4. irudia: Suaren Haraneko hareharri jurasikoan kontserbatutako petroglifoak, gainazaleko oxido patina arraspatuta sortutakoak. (Argazkia: Clément BardotCC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria:  Wikimedia Commons)

Horrela sortu zen ikusteko modukoa den harana, Hollywoodeko superekoizpen handi baten berezko historia geologikoa duena. Nolanahi ere, azalpen hauek egundoko film horren trailerra besterik ez dira.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 9an: Un valle de película.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Ikusteko moduko harana appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Egoera sozioekonomikoaren eragina hizkuntzan

Mar, 2024/07/02 - 09:00

Egoera sozioekonomikoa gizartea mailakatzeko erabiltzen den tresna bat da. Orokorrean, egoera sozioekonomikoak norbanakoaren (edo talde baten) diru-sarrerak, hezkuntza-lorpenak, lanbide-prestigioa eta gizarte-klasearen pertzepzio subjektiboak biltzen ditu (APA hiztegia). Egoera sozioekonomikoa norbanakoaren bizi-mailaren kalitatearen isla izan daiteke.

Irudia: haurren estimulaziora bideratutako baliabideen presentziak eragina du hauen hizkuntz garapenean. (Argazkia: Stephen Andrews – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Gainera, egoera sozioekonomiko horrek gizarte jakin batean bizi diren banakoek izan ditzaketen aukerak zedarri ditzake. Zenbaitetan, ikerketa psikologiko ugariren iragarle sendoa izan daiteke. Era berean, egoera sozioekonomikoak hizkuntzaren erabileran ere eragina duela erakutsi da. Hizkuntzezko lorpen ezberdinak, hala nola, lehenengo eta bigarren hizkuntzetan lortutako maila edo erregistro ezberdinetan hitz egiteko gaitasuna, maila sozioekonomikoak baldintza ditzake.

Gizaki egiten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat (garrantzitsuena, hizkuntzalarioi galdetuz gero) hizkuntza-ahalmena da. Sortzen garenetik, gizaki guztiok garatzen dugun gaitasuna da hizkuntzarena. Ezaugarri unibertsala da, denontzat berdina; ikusteko gaitasuna bezala, gure espeziearen baitan dago. Jabekuntza aroan, haurren hizkuntza-sistemak barne-bilakaera biologikoei egin behar die aurre. Esaterako, 80ko hamarkadatik badakigu haurrek inguruan dituzten soinuetarako espezializazio-prozesu bat pairatzen dutela. Haurrek patroi prosodikoak eta egitura sintaktikoak hautemateko gaitasun biologikoa baliatuko dute kanpotik datorren estimulazioa prozesatzeko. Soinu-kate gisa jasotako kanpoko estimulazio horrek baldintzatuko du haurrek ikasiko duten hizkuntzaren itxura. Frantzian jaiotako haurrek frantsesa entzuten badute euren inguruan, eurek ere frantsesa erabiliko dute; eta kitxua entzuten dutenek hizkuntza hori ikasiko dute. Barne-faktore biologikoez gain, hortaz, badira beste zenbait, norbanakoaren kanpokoak direnak eta gizarteratze-ingurune kulturalarekin zerikusia dutenak.

Hizkuntzen arteko bariazioaren erantzule nagusia kanpo-faktoreak dira. Hauek askotarikoak izan daitezke: kulturalak, prestigiozkoak, diglosikoak edota sozioekonomikoak. Gizarte diglosikoetan, adibidez, bi hizkuntzek duten harremana ez dago orekatuta. Hizkuntza batek besteak baino prestigio handiagoa du. Gutxiespen-egoeran geratzen den hizkuntzak errefus gisa baztertua izateko arriskua du. Diglosia egoeran hazitako haur elebidunen kasuan, prestigio handiko hizkuntzaren esposizio-denbora eta -kalitate maila altuagoa izango da gutxitutako hizkuntzarekin alderatzen badugu.

Hizkuntza-jabekuntzaren literaturan topatzen dugun beste kanpo-faktore bat hiztunen egoera sozioekonomikoa da. Haurrak inguruarekin duen harremanak baldintzatzen badu zein hizkuntzatan eta nola jardungo den, ulertzekoa da inguru sozioekonomikoak ere eragina izatea ekoitziko dituen hitzen aukeraketan, egitura sintaktikoen konplexutasunean edota hizkuntza-erregistroen erabileran.

Haurrak hizkuntzaz jabetzen diren inguruneko egoera sozioekonomikoa neurtzeko, haurren gurasoen ikasketa maila, lanbidea eta errenta hartzen dira kontuan, besteak beste. Haurren hizkuntza-jabekuntzan egoera sozioekonomikoak duen eragina gehien ikertu duenetako bat Erika Hoff da. Beraren ikerketetan, ama-hizketaren nolakotasuna zuzenean lotzen da egoera sozioekonomikoarekin. Beste era batera esanda, egoera sozioekonomiko altuen kasuan, amen hizketaldia luzeagoa eta ugariagoa izan ohi zela ikusi zuen; eta kontrakoa gertatzen zela egoera sozioekonomiko baxuko amen hizketaldiarekin, laburragoa eta urriagoa zela, alegia. Hortaz, erakutsi zuen, amen hizketaldia umeen hiztegiaren garapenean faktore baldintzatzaileenetako bat izanik, gerora eragina zuela umeek ekoitzitako hitzen kantitate, kalitate, jariotasun eta aberastasun linguistikoan.

Haurren inguru sozioekonomikoak bi bidetan baldintza dezake haien hizkuntza-garapena. Batetik, guraso eta haurren arteko elkarrekintzak ditugu, eta bestetik, ikasketarako eskuragarri dauden baliabideak. Lehen ere aipatu dugun moduan, egoera sozioekonomiko mesedegarri batean, gurasoek denbora gehiago pasa dezakete haurrekin, elkarrekintzak ugariagoak izango dira eta hizkuntzaren garapena aberatsagoa izan daiteke. Aldiz, egoera sozioekonomiko baxuagoa duten amek ordu luzez egin behar izaten dute lan, sarri; eta etxeratzen direnean, ahalik eta etekin gehien atera behar diete haurrekin izaten dituzten elkarrekintzei. Bestetik, haurren estimulaziora bideratutako baliabideen presentziak ere eragina du hauen hizkuntz garapenean. Beste era batera esanda, etxea joko didaktikoz beteta badute, edota liburu ugari ikusten badituzte, edota jolas kognitiboak badituzte inguruan, orduan eta jakin-min handiagoa piztuko zaie eta hizkuntza garapen hobea izateko aukera gehiago izango dituzte etxean libururik edo jolas zein jokorik ez badute baino. Estimulazio kognitiboak nabarmen egiten badu gora, hizkuntzazko baliabideak aberatsagoak izan daitezke.

Egoera sozioekonomikoak modu esanguratsuan eratzen du lotura hizkuntzazko lorpenekin. Lotura sendoa izan daiteke hori, eta kultura, etnia zein ama-hizkuntza ezberdinetan zehar agertzen da. Lotura hau iraunkorra ere izan daiteke, hizkuntzaren hainbat esparrutan loratzen delarik, lexikotik hasi eta pragmatikaraino. Gainera, lotura hau goiz hasten da, hizkuntzaren erabileran ezberdintasunak ager daitezke haurtzaroan bertan, eta gaztaroan eta haratago ere zabal daitezke. Dena den, lotura hau ez da unibertsala, ezta iragazgaitza ere. Esku-hartze eraginkor bati esker kantzelatu egin daiteke egoera sozioekonomiko baxuak hizkuntzaren garapenean izan dezakeen eragina. Esaterako, politika sozialek kalitate handiko hezkuntza eta osasun zerbitzu egokia bermatzen duten herrialdeetan erakutsi dute deuseztatu egin daitekeela egoera sozioekonomiko apalak haurren inteligentzian eta lorpen akademikoetan izan dezakeen eragina. Oraindik orain, ikerketa gehiagoren premia nabaria da esparruan. Ikerketa enpirikoa behar da egoera sozioekonomikoak hizkuntzaren garapenean duen eragina ezagutzeko. Bestelako kanpo faktoreen eraginak aztertu behar dira, norbanakoaren aldagarritasuna kontuan hartu, eta haurren gertuko gizarte-testuinguruetan esku-hartze eraginkorrak ahalbidetu.

Egileez: Kepa Erdozia Uriarte Hizkuntzalaritzan doktorea da eta gaur egun, UPV/EHUko irakaslea eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzailea da. Miren Calvo Berriotxoa Euskal Ikasketetan graduatua da.

gogo elebiduna

The post Egoera sozioekonomikoaren eragina hizkuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Dinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan

Lun, 2024/07/01 - 09:00

Duela 120 milioi urte bizi izan zen dinosauro espinosauroa, eta Riojavenatrix lacustris izena jarri diote. Hainbat ikerketa-taldek egindako lanaren emaitza da honakoa, eta tartean daude UPV/EHUko bi ikertzaile. Zoological Journal of the Linnean Society aldizkari ingelesean argitaratu da.

dinosauro1. irudia: Riojavenatrix lacustris espinosaurido bat da, teropodoen taldekoa, eta duela 120 milioi urte bizi izan zen gaur egun Iberiar penintsula den lurraldean. (Irudia: Isasmendi, Erik et. al. (2024). Iturria: Zoological Journal of the Linnean Society)

Ikertzaile horietako bat da Erik Isasmendi, UPV/EHUko Geologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailea. Ikerketa hau bere doktorego-tesiaren parte da, eta haren nondik norakoak ezagutu ahal izan genituen pasa den maiatzaren 15ean, Bidebarrieta Liburutegian eman zuen hitzaldian: “Dinosauro haragijaleak ehizatzen Iberiar penintsulan”.

Isasmendiz gain, honako hauek ere parte hartu dute ikerketan: Elena Cuesta (doktoratu ondoko ikertzailea Argentinako Egidio Feruglio Paleontologia Museoan eta Alemaniako Ludwig Maximilian Unibertsitatean), Ignacio Díaz-Martínez (Kantabriako Unibertsitatea), Julio Company (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa), Luis I. Viera eta Pachi Sáez-Benito (Errioxako Interpretazio Paleontologikoko Zentroa Igean), Angélica Torices (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta Xabier Pereda Suberbiola (UPV/EHU).

“Lakuko ehiztaria”

Errioxan deskribatutako lehen dinosauroa 7-8 metro luze zen espinosaurido bat da, eta 1,5 tonako gorputz-masa zuela estimatzen da. Bipedoa zen eta arrainez elikatzen zen batez ere, nahiz eta lurreko harrapakinak ehizatzeko ere gaitasuna izango zukeen seguruenik.

Espinosauridoak dinosauro haragijaleen (teropodoen) parte dira, tamaina ertain-handia dute, eta oso ezaugarri anatomiko bereziak dituzte: garezur baxu eta luzexka dute, hortz konikoz hornitutako barailekin, krokodilo modernoen antzekoa, eta beso luze eta sendoak, hiru hatzetako eskuekin. Espinosaurido batzuek bizkarrean bela bat zuten, baina ez da Riojavenatrix lacustrisen kasua.

Espezie berri hau funtsezkoa izango da teropodo horien jatorriari eta bilakaerari buruz gehiago ulertzeko. Xabier Pereda Suberbiola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko irakasle eta ikertzailea, Erik Isasmendiren doktore-tesiaren zuzendarietako bat da, eta indusketa-zuzendaria Igean. “Aurkitutako fosilak interes paleontologiko handikoak dira, eta Igea espinosauridoen eta dinosauro haragijaleen munduko mapan jartzeko aukera ematen digute, oro har”, adierazi du Peredak.

Espinosaurido bila Errioxan

1983an topatu ziren lehen espinosaurido fosilak Igean (Errioxa hegoaldean); masailezur zati bat eta hortz isolatuak batzuk. Hondakin horiek, 2005ean berreskuratutako hezurdura partzial batekin batera, Baryonyx dinosauro ingeles ikonikoari esleitu zitzaizkion. Hala ere, berrikusi egin zuten materiala, eta ohartu ziren espinosaurido genero eta espezie berri bat zela: Riojavenatrix lacustris, Errioxan deskribatutako lehen dinosauroa.

“Genero eta espezie berria, lagunartean Britney esaten dioguna, hezurdura partzial batean oinarrituta dago; atzeko gorputz-adarrak (femurra, epela, fibula, orkatilako hezurrak eta oineko falangeak) eta pelbisa (pubisa eta iskion-a) erabili genituen espeziea definitzeko“, adierazi du Erik Isasmendi UPV/EHUko ikertzaileak. “Karaktere anatomikoen konbinazioak bakarra egiten dute, eta beste espinosaurido batzuetatik bereizteko aukera ematen dute”, gehitu du.

dinosauro2. irudia: Xabier Pereda eta Erik Isasmendi. (Argazkia: Alberto Labrador/Equipo Garras. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Riojavenatrix lacustris espeziearekin bost dira Iberiar Penintsulan deskribatutako Behe Kretazikoko espinosauridoak. Besteak Camarillasaurus, Aragoin, Vallibonavenatrix eta Protathlitis dira, Valentziako Erkidegoan topatutakoak, eta Iberospinus, Portugalen aurkitua. Argitaratutako azterlanak agerian utzi duen ondorioetako bat da ezin dela baieztatu Baryonyx erregistro iberikoan egon denik. Hondakin fosilen arabera, Iberiar penintsulan dinosauro haragijale horien multzo zabala eta askotarikoa zegoen. Elena Cuestaren ustez, talde ikoniko horretako aurkikuntzek “galdera berri asko planteatzen dituzte” animalia horien ekologiari buruz. “Espinosauridoei buruzko azterketa zehatzagoak behar ditugu”, azaldu du.

Igea da gaur egun munduan espinosauridoen hondakin fosil gehien dituen eremuetako bat. Egoera hori “Garras” ikertaldeak garatutako jardueren emaitza da. Talde horrek paleontologoen eta zaleen talde bat biltzen du, eta haien helburua Igeako eta, oro har, Errioxako ondare paleontologiko aberatsa ezagutaraztea da.

Dinosauro haragijale ohikoenak

Iberiar Penintsulan, espinosauridoak dira ohikoenak Behe Kretazeoko formazioetan, eta bereziki aintzira-inguruneetan eratutako harkaitzetan dira nagusi haien fosilak. Ohikoa da fosilak (batez ere hortzak) arro sedimentario desberdinetan aurkitzea, hala nola Cameros (Burgos eta Errioxa), Maestrazgo (Teruel eta Castelló) eta arro lusitanikoa Portugalen. Talde honen jatorria Europa mendebaldeko Goi Mailako Jurasikoan egongo litzateke; izan ere, haren hondakinak Espainian, Portugalen eta Erresuma Batuan agertu dira batez ere, Europa eta Afrika iparraldearen arteko Behe Kretazeoan hainbat fauna-trukerekin.

“Garras” lantaldeaz gain, egindako indusketa eta ikerketa paleontologikoetan zenbait erakundek parte hartu dute: Errioxako Interpretazio Paleontologikoko Zentroak Igean, Euskal Herriko, Kantabriako, Madrilgo Complutenseko eta Ludwig Maximilianeko unibertsitateekin batera, bai eta Egidio Feruglio Museo Paleontologikoak ere. Hondeaketa-kanpainak diruz lagundu dira, eta Errioxako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta Turismo Sailaren (Kultura eta Turismo Zuzendaritza Nagusia, Ondare Historiko Artistikoa Zaindu eta Sustatzeko Zerbitzua) jarduera-baimenak izan dituzte.

“Garras” taldearen hurrengo urratsa Igean aurkitutako beste espinosaurido fosil batzuk argitaratzea izango da. Horien artean daude Peña Cárcenaren “Garras” izeneko eskeleto partziala eta azken urteetan “Virgen del Villar 2”-n induskatutakoa (“Virgen del Villar 1” -tik oso gertu), zeinari “Villar” izena eman baitzaio. Azken hori “Europako eta munduko erregistroan ezagutzen den hezurdurarik osatuenetakoa da“. “Garras”-en materiala azken azterketa-fasean dago argitaratu aurretik, eta “Villar”-ena laborategiko taldeko kideak prestatzen ari dira.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: UPV/EHUko ikertzaileek dinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Isasmendi, Erik; Cuesta, Elena; Díaz-Martínez, Ignacio; Company, Julio; Sáez-Benito, Patxi; Viera, Luis I.; Torices, Angelica; Pereda-Suberbiola, Xabier (2024). Increasing the theropod record of Europe: a new basal spinosaurid from the Enciso Group of the Cameros Basin (La Rioja, Spain). Evolutionary implications and palaeobiodiversity, Zoological Journal of the Linnean Society, zlad193. DOI: 10.1093/zoolinnean/zlad193

The post Dinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #492

Dom, 2024/06/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

glutenak

Emakumeak zientzian

Asmo oneko zientzialari gizonek ere berdintasunaren inguruan ezjakintasuna mantendu dezakete, eta modu horretan beren akzio-falta justifikatu. Ikerketa batean ikusi zenez, pertsona horiek inertziei eusten zieten saiheste-jokabideen bitartez, eta ukatu egin zuten haien inguruan desparekotasunik zegoenik. Sexismoaren kausak gizarte-sistemari leporatu zizkioten, eta argudioak eman zituzten ezer ez egitea justifikatzeko. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Nozebo efektua plazebo efektuaren kontrakoa da, eta sintoma batzuk izatea eragiten du zerbaiten uste edo espektatiba negatiboengatik. Efektu hori gertatzen da gaur egun hainbat manenugaiekin, hala nola, laktosarekin edo glutenarekin. Ikerketa batek erakutsi du pertsonek glutenaren aurrean dituzten espektatiba negatiboek eragina dutela beren osasun-arazoen agerpenean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Hegaztien gripearen birusa gero eta gehiago ari da hedatzen ugaztunetara. Hala baieztatu du AEBko Nekazaritza Sailak, behitegi baten inguruko 66 saguk positibo eman dutela ezagutzean. Alabaina, ikertzaileek oraindik ez dute argitu kutsadura-katea zein den. Frogatuta dago behi-esnean birus-kantitate esanguratsua egoten dela, baina ez dago argi saguak esnearen bidez kutsatu ote diren. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Filosofia

Laida Arbizu Agirre filosofoa da, eta negazionismo zientifikoa ikertzen ari da bere doktore-tesian. Adostasun zientifikoa ukatzen duen pentsamoldea da negazionismoa, eta mota askotakoak dauden arren, zalantza erabiltzen dute denek gatazka sortzeko. Arbizuk azaldu du pisu handia duela talde baten parte izatearen sentimenduak. Gainera, ideia negazionistek, askotan bide errezena bilatzen dute, lasaigarria delako etsai identifikagarri bat izatea. Informazio gehiago Berrian.

Fisiologia

Krauseren korpuskuluek koitoan funtsezko funtzioa dutela argitu dute. Korpuskulu hauek egitura sentsorial espezializatuak dira, eta klitorian eta zakilean daude. Saguetan egin duten ikerketa berri baten arabera, klitoriak eta zakilak mekanikoki eta elektronikoki estimulatuta, frogatu dute korpuskuluek 40-80 Hz-ko maiztasunei erantzuten dietela. Aldiz, korpuskuluak genetikoki desaktibatuz gero, koitoa asko zailtzen zela ikusi zuten. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Asebetetzea nola sortzen duten argitu dute. GLP-1 errezeptorearen agonistak dira horren erantzule, eta ikerketaren arabera, elikagaiekiko kognizioa aldatzen dute. Zehazki, janariak hipotalamoan eragiten dituen seinaleak txikitzen dituzte, eta ahosabaian sortzen duen pertzepzioa aldatzen dute. Hala, obesitateari aurre egiteko eraginkorrak direla frogatu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Neurologia

Ehun urtetik gorako pertsonen garunek patroi molekular desberdina dute gainerako adineko pertsonen aldean. Azterketa hipokanpoan oinarritu da, oroimenaz, ikaskuntzaz eta halako funtzioez arduratzen den eremuan, eta ikusi dute pertsona horiek metalotioneinen familiako geneen maila altuak dituztela. Gene horiek metal astunak desagerrarazten dituzte. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Dendrokronologia zuhaitzen eraztunak datatzeko metodo zientifikoa da. Jesus Julio Camarero Pirinioetako Ekologia Institutuko ikertzailea da, eta metodo hori erabiltzen du bere ikerketan. Azaldu duenez, eraztun horien interpretazioak geroz eta erabilera gehiago ditu. Besteak beste, klima berreraikitzeko, zuhaitzen ekologia zehazteko, edo ibaiek edo suteek zer eragin zuten neurtzeko erabiltzen da gaur egun. Azalpenak Berrian.

Paleontologia

Downen sindromea zuen haur neandertal baten fosila aurkitu dute Valentzian. Hasiera batean, animalia baten hezurra zela pentsatu zuten, baina gerora ohartu ziren duela 150.000 urteko haur neandertal batena zela. Zenbait malformazio zituen ordea, eta patologia horiek Downen sindromea duten pertsonek  izaten dituzte. Aurkikuntza honek erakusten du neandertalek zailtasunak zituzten haurrak zaintzen zituztela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Geozientziak

Jean Letort astrofisikariak ondorioztatu du Okzitaniako Lacq herri industrialean gertatzen diren lurrikarak gizakiaren jardun industrialak eragiten dituela. Lurpeko gas naturala ustiatzen zen bertan, eta 2013tik industrialdeko ur kutsatuak igortzen zituzten bertara. Ikertzaileek ondorioztatu dute ur zikin horiek direla lurrikarak sortzearen erantzule. Ikerketa sakonagoa egin nahi dute, baina oraingoz ukatu egin diete. Datu guztiak Berrian.

Astronomia

Antzinatik saiatu da gizakia eklipseak iragartzen, hasiera batean adur txarreko seinalea zirela pentsatzen baitzen. Baina urteetako behaketen ondorioz, zientzia zehatza izatera iritsi da fenomeno honen iragarpena. Zehaztasunez eklipse bat noiz eta non ikusiko zen asmatu zuen lehenetakoa izan zen Edmond Halley, 1715eko apirilaren 22an Londresen eguzki-eklipse bat ikusiko zela iragarri baitzuen. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Zientziaren uretan liburua dibulgazio-artikuluen aukeraketa bat da, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak Zientzia Kaiera blogean 2014. eta 2022. urteen artean argitaratutako artikuluen artean. Izan ere, gure gaur egungo bizimodua ezin genezake ulertu zientziaren eta teknologiaren eragina kontuan hartu gabe, eta liburu honek horiek biak hurbildu nahi ditu gizartera. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #492 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #499

Sáb, 2024/06/29 - 09:00


Oso mundu konplexuan bizi gara, eta, aztertu ahal izateko, zientziak hura zatitu eta idealizatu egiten du. Agian zientziak bilatzen duena ez delako egia, ulertzea baizik. Horrek, zientziaren helburu anitzekin batera, kontraesanak eta gatazkak sortzen ditu. Jesus Zamoraren Misunderstanding idealization, truth, and understanding (1)

Oxigenoaren agerpena Lurrean eta ondorengo guztia,  Oxidazio Handia bezala ezagutzen dena, ez zen bat-batean gertatu, ehunka milioi urte luzatu zen prozesua izan zen. How the oxygenation of the oceans took place

Ordenagailuek, oro har, eta adimen artifizialak, bereziki, argi-, soinu- eta presio-inputetan oinarrituta jarduten dute. Eta usainak gaineratzen baditugu? Giving computers a sense of smell

Giro-tenperaturan material supereroale bat lortzera hurbildu nahi badugu, elektroni-fonoi akoplamendu handia duen materiala aurkitzea izan daiteke bidea. DIPCko jendea, Increasing superconducting critical temperature by enhancing electron-phonon coupling

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #499 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kiñuren begirada: neutrinoak

Vie, 2024/06/28 - 09:00

Azken aldian geroz eta gehiago entzuten da “neutrino” hitza. Zer dira neutrinoak? Non daude eta nolakoak dira?

Galdera hauek erantzungo dizkigu gaurkoan Kiñu kirikinoak.

Neutrinoak masa oso txikiko eta kargarik gabeko partikulak dira. Ia argiaren abiaduran bidaiatzen dute eta oso ugariak dira unibertsoan. Baina ez espazio zabalean bakarrik; momentuoro gure gorputza gurutzatzen dute milioika neutrinok, eta ez dugu somatu ere egiten.

Hain partilula iheskorrak izanik, oso zailak dira hautematen eta ikertzen. 1930. urtean, Wolfgang Pauli fisikariak proposatu zuen lehen aldiz neutrinoen existentzia, baina ez ziren 1956. urtera arte detektatu. Ordea, misterio asko gordetzen dituzte oraindik; pentsatzen da unibertsoa gobernatzen duten indarrak ulertzen lagundu dezaketela.

neutrinoak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: neutrinoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Zientziaren uretan

Jue, 2024/06/27 - 09:00

Zientziaren uretan liburuan jaso dira Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak Zientzia Kaiera blogean 2014. eta 2022. urteen artean argitaratutako artikuluen aukeraketa bat. Bederatzi jakintza-arlotako dibulgazio-artikuluak aukeratu dira.

zientziarenIrudia: “Zientziaren urtean” liburuaren azala. (Iturria: Euskal Herriko Unibertsitatea)

Besteak beste, zientziaren historiako pasarteak, eguneroko elementuei buruzko edukiak edota interes orokorreko gai esanguratsuak bildu dira. Helburua da zientzia eskura izatea, eta ahalik eta jende gehien murgiltzea.

Izan ere, egungo gizartea ulergaitza da ekarpen zientifikoei erreparatzen ez badiegu. Hiriak, garraioa, energia, elikadura, osasuna, era guztietako zerbitzuak… Gure bizimodua bera ere ezin genezake ulertu zientziaren eta teknologiaren eragina kontuan hartu gabe.

Zer ekoiztu, nola egin, zer esparrutan, zer erosi, zer jan, norentzat eta abarreko kontuez galdetu beharko diegu geure buruei gai askori dagokionez. Ganorazko erantzuna eman ahal izateko, gutxieneko zientzia-ezagutza oso lagungarria izango da, ezinbestekoa zenbait kasutan. Bide horretan laguntzeko asmoz gauzatu da liburu hau.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zientziaren uretan
  • Egilea: Elisabete Alberdi Celaya / Uxune Martínez Mazaga
  • Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2023
  • Orrialdeak: 168
  • ISBNa: 978-84-1319-610-7
Iturria:

Euskal Herriko Unibertsitatea: Zientziaren uretan

The post Zientziaren uretan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nozebo efektua eta glutena

Mié, 2024/06/26 - 09:00

Gure gizartean, elikadura moda iragankorrez eta sinesmen faltsuz betetako eremua da. Ezjakintasunak eta zenbait marketin-estrategiek pertsonen artean ideia okerrak agertzea eta zabaltzea sustatzen dute. Horren adibide da «superelikagai» kontzeptua.

Superelikagai kontzeptua elikagai jakin batzuen kontsumoa sustatzeko erabiltzen da, eta gehiegizkoak edo irrealak diren propietate osasungarriak ematen zaizkie. Beste batzuetan, zenbait mantenugai deabrutzen dira, hala nola laktosa eta glutena. Modu okerrean sinesten da mantenugai horiek osasunerako ondorio kaltegarriak dituztela, baita arazorik ez duen biztanleria osasuntsuan ere. Hau da, laktosarekiko intolerantzia, zeliakia, gariarekiko alergia edo gluten ez zeliakoarekiko sentikortasuna (GEZS) ez duten pertsonentzat ere kaltegarriak direla pentsatzen da.

Nozebo efektuaIrudia: gizartean zabalduta dauden ideia batzuen arabera, mantenugai jakin batzuk kaltegarriak dira, baita horiekiko intolerantzia edo alergiarik ez duten pertsonentzat ere. (Argazkia: Towfiqu barbhuiya – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Horren ondorioz, pertsona batzuek glutena edo laktosa duten elikagaiak baztertu eta molekula horiek ez dituzten beste produktu batzuekin ordezten dituzte, nahiz eta ez duten halakorik hartzea eragozten dien gaitzik. Gainera, produktu horiek garestiagoak izaten dira. Horretarako ematen diren justifikazioen artean, kontzeptu okerrak nabarmentzen dira: hala nola laktosarik gabeko esnea arinagoa eta digestiboagoa dela (hau da, sintoma gastrointestinal gutxiago eragiten dituela) edo glutenik gabeko elikagaiak osasungarriagoak eta naturalagoak direla eta argaltzen laguntzen dutela. Egia esan, justu kontrakoa gertatzen da. Glutenik ez duten produktuek nutrizio konposizio pobreagoa izaten dute; gatz, azukre eta gantz aseen ehuneko handiagoa dute, eta mineral, bitamina eta zuntz gutxiago. Bestalde, esnean laktosarik ez dagoenez, hartu ondoren mineral gutxiago xurgatzen dira (esaterako, kaltzioa, fosforoa edo magnesioa), azukre horrekin egindako esnearekin alderatuta.

Izan al liteke gizabanako osasuntsu batzuek mantenugai batzuen aurrean (glutena, adibidez) dituzten espektatiba negatiboek, horiek hartu ondoren, beren osasunerako ondorio negatiboak sentitzera eramatea, halako autobetetako profezia bat sortuz? Medikuntzan, badakigu fenomeno hori maiz gertatzen dela pazienteen artean, bai saiakuntza klinikoetan, bai egunerokoan. Sendagai bat edo plazebo bat hartzen ari diren jakin gabe, pertsona batzuek sintoma edo zeinu jakin batzuk izaten dituzte; ez sintoma edo zeinu horien eragin aktiboagatik, baizik eta hartzera doazenean dituzten uste edo espektatiba negatiboengatik. Gertaera berezi horri «nozebo efektua» deitzen zaio, eta plazebo efektuaren kontrakoa da.

Nozebo efektua saiakuntzara

Duela gutxi, kalitate handiko saiakuntza kliniko bat egin da (taldeetako bateko parte-hartzaileak ausaz hautatu dira eta plazeboarekin kontrolatu; hainbat herrialdetan egin da), eta berriro indartu du ideia hau: pertsonek glutenaren aurrean dituzten espektatiba negatiboek eragina dute beren osasun arazoen agerpenean. Ikerketa horren emaitzak The Lancet, Gastroenterology & Hepatology aldizkarian argitaratu dira. 84 parte-hartzaileek, 18 eta 70 urte bitartekoek, ez zuten gariarekiko alergiarik, ezta zeliakiarik ere. Baina ikertzaileei jakinarazi zieten GEZSa zutela, glutena kontsumitu ondorengo 8 orduetan hainbat sintoma gastrointestinal zituztelako. Boluntario horiek ez zuten medikuaren baieztapen diagnostikorik jaso; aitzitik, beraiek aipatzen zuten osasun arazo hori.

Saiakuntzan parte hartu aurretik, gizabanakoek glutenik gabeko dieta aske bat jarraitu behar zuten, gutxienez astebetez eta baita azterketan zehar ere. Hori egiten zen gizabanakoek beste arrazoi batzuengatik sintoma gastrointestinalik ez zutela ziurtatzeko, eta, beraz, dieta hori egiten zuten bitartean sintomarik gabe edo sintoma arinekin egon behar zuten. Parte-hartzaileak ausaz 4 taldetan banatu ziren, gosaltzeko eta bazkaltzeko glutendun ogia kontsumitzeko itxaropen handia edo txikia zegoen (bi xerra guztira) edo, benetan, glutendun ogia jasotzen zuten ala ez kontuan hartuta. Ikertzaileek eta boluntarioek ez zekiten parte‑hartzaileek kontsumitzen zuten ogiak molekula hori zuen.

Gluten espektatiba handia

Sintoma gastrointestinal gehien izan zituen taldea glutendun ogia jaso eta kontsumitzen egoteko espektatiba handia zuena izan zen. Horiek glutendun ogia jaten ari ziren baina hura jaten egoteko espektatiba txikia zutenek baino sintoma nabarmen gehiago zituzten. Gainera, ez zen alde esanguratsurik ikusi sintomen magnitudean glutendun ogia jateko espektatiba txikia zutenetan, benetan hartzen ari ziren ala ez. Bitxiki, glutena kontsumitzeko espektatiba handia zuten bi parte-hartzailek, eta, benetan, glutenik gabeko ogia jan zutenek, kontrako gertaeren berri eman zuten. Batek ziurtatu zuen masailezurrean azkura zuela, eta besteak tripetako hotsa eta zorabioak.

Zentzuak agintzen duenaren kontra, azterketa horrek erakusten du ogian glutena egotea ez zela arazo gastrointestinal gehien eragiten zituena GEZSa zutela uste zuten pazienteengan, baizik eta kontsumitzen egoteko espektatiba bera. Egileek ondorioetan nabarmentzen dutenez, espektatiba negatiboen konbinazioak eta glutena benetan hartzeak eragiten zituzten sintoma gastrointestinal gehien, eta horrek nozebo efektua adierazten du, baina ezin da baztertu glutenaren efektu aktibo jakin bat. Javier Molinak, San Pedro de Alcántara Ospitaleko (Caceres) Digestio Aparatuko Zerbitzuko medikuak, Science Media Centren azaldu duenez, «ikerketa honek ebidentzia zientifiko sendoa ematen du terapia psikologikoa babesteko. Terapia horrekin zuzendu egingo lirateke espektatibak eta uste okerrak garun-heste ardatzaren nahasmenduen diziplina anitzeko tratamenduan».

Saiakuntza kliniko horrek gogorarazten digu inoiz ez dela burua gutxietsi behar osasun arazoen agerpenean. Arazo organikorik egon ez arren, espektatiba negatiboek pazienteen bizitzan eragin dezaketen kaltea oso erreala izan daiteke.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 1ean: Efecto nocebo y gluten.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Nozebo efektua eta glutena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nire sailean hori ez da gertatzen (edo zelan justifikatu ezer ez egitea)

Mar, 2024/06/25 - 09:00

Zisgizon zuriak nagusi dira STEM arlo gehienetan, eta bereziki nolabaiteko botere edo eragina daukaten postuetan. Horrek, printzipioz, ahalmena emango lieke gauzak aldatzeko. Genero desparekotasunagatik suminduta agertu arren eta ozen adieraziagatik ere arazo horri aurre egiteko interesa, asmo onak gorabehera, beren taldearen pribilegioei eusten dieten sineste egiturak, diskurtsoak eta gelditasuna agertu ohi dituzte.

Gizonak fisikan

Azterlan batean, Melissa Dancyk eta Apriel K. Hodarik elkarrizketak egin zizkieten gizonezko zenbait fisikariri, eta agerian geratu zen zientzialari haiek beren diskurtso berdin zaleak baliogabetzen zituzten arau sexistei eusten zietela. Ikerketan argi geratu zen goi mailako hezkuntza jaso duten pertsona pribilegiatuek inertziei eusten dietela saiheste jokabideen bitartez: inkestatuek ukatu egin zuten beren inguruan desparekotasunik zegoenik, sexismoaren kausak gizarte sistema handiei leporatu zizkieten, esanez haiek ezer gutxi egin zezaketela, eta argudioak eman zituzten ezer ez egitea justifikatzeko.

egitea1. irudia: goi mailako hezkuntza jaso duten pertsona pribilegiatuek inertziei eusten dietela saiheste jokabideen bitartez. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gizon asko oso arduratuta daude, eta prest daude ikasteko eta lan egiteko beren inguruko bidegabekeriaren kontra, baina eragin positiborik sortzeko ahalmenik gabe ikusten dute bere burua. Gizonak gehiengoa dira fisikaren arloan (STEM arlo gehienetan bezala), maila guztietan, eta goiko postuetan are nabarmenagoa da nagusitasun hori. Historikoki, haiek eratu dituzte zientziaren kultura eta egiturak, eta, aldaketaren aldeko erretorikak gorabehera, jarraitzen dute arrakasta profesionalerako ildoa markatzen.

Oso gutxi dira beren interesak eta pribilegioak modu kontzientean babesten dituztenak, hau da, zapalkuntza mekanismoak erabiliz. Estatu Batuetan 2020an inkesta bat egin zitzaien kimika, matematika eta fisikako 1023 irakasleri. Gehienak –% 86– beren arloan aniztasuna bultzatzeko neurrien alde zeuden, eta % 2k baino ez zuten “kaltegarritzat” jotzen ahalegin hori. Galdetutakoen % 91 “ados” edo “guztiz ados” egon ziren esaldi honekin: “Nik badut erantzukizunik (neure arlo)an dagoen desparekotasunaren kontrako neurriak hartzeko”.

Beraz, zientzia ikasi eta zientzian lan egiten duten gizon gehienek aitortzen dute desparekotasunik badagoela, gauzak aldatzea gura dute eta prest daude haiek zerbait egiteko. Hala ere, azken 25 urteotan horretan erabilitako denbora eta baliabideak gorabehera, oso gutxi handitu da fisikako emakume doktoreen kopurua. Zenbateko hori hutsaren hurrengoa da beste kolektibo zaurgarri batzuekin gurutzatzen denean: Estatu Batuetan 1972tik 2017ra bitartean 59.894 doktore titulu eman ziren fisikan, eta horietatik 90 baino ez (hau da, % 0,15) emakume beltzei.

Zein mekanismoren bidez defendatzen dute beren nagusigoa asmo oneko gizonek fisikaren arloan?

Galdera horri erantzuteko, ikerketaren egileek proposatu dute erabiltzea talde pribilegiatuak aztertzean gutxitan baliatzen den lente bat. Ikerketa eta esku hartzerako proiektu gehienek botere gutxien duten taldeei erreparatu ohi diete, hau da, bereizkeria pairatzen dutenei. Ahalegin horiek guztiak funtsezkoak badira ere (hau da, neskak STEMera bultzatzea, neskatilak eskolan motibatzea, pedagogia inklusiboak egitea etab.), beharrezkoa da boteretsuak inplikatzea eta kontzientzia hartzera bultzatzea. Beren gelditasunaren ezaugarriak aztertzeko lentea hartuta, elkarrizketa egin zitzaien postu finkoak zeuzkaten gizonezko fisikariei, eta behatu ziren haien aldaketa asmoak, eta haien jokamoldearen eragina, haien hizkeraren eta haren atzeko sineste sistema. Aztertu zen nola darabiltzaten hitzek inertzia bat iraunarazten duten, sexismoaren konplizea dena.

Analisiak tonu kritikoari eusteko, beharrezkoa izan zen berez sinpleak ez diren kontzeptuak sinplifikatzea: esaterako, azaltzea zer den pribilegioa generoaz ari garenean. Testuinguru honetan pribilegioak ekarriko luke, besteak beste, onarpen sozial handiena, begirune profesional handiena, karreran gora egiteko aukerak, horri lotuta doan urteko soldata handiagoarekin etab., eta gainera lanean jazarpenik ez jasotzea. Abantaila ugari eta askotarikoak eskura izanik, gizonezkoei errazagoa zaie zientzian jarraitzea.

Oso ikerketa gutxi egin dira goi mailako postuetan dauden gizonen bizipenak, sinesteak eta ekintzak jasotzeko. Hori ez da kasualitatea; adierazten digu botereak nola baldintzatzen duen zein galdera egin daitezkeen ikerketetan, eta nori egin dakizkiokeen. Ikertaldeak dibertsoak izateak beti hobetzen du errealitatearen analisia.

Boterea dutenei entzun egiten zaie

Fisikako postu garrantzitsuetan egoteagatik, gizon askoren ahotsa ozenago entzuten da, eta handiagoa da haien eragina fisikaren kulturan. Emakumeak sexismoari aurre egiten saiatzen direnean, askotan ondorio negatiboren bat jasan behar izaten dute, eta oso litekeena da salatutako desparekotasunak ez konpontzea. Ingurune batzuetan esajeratuak eta bazter nahasleak izatea leporatzen zaie oraindik, diskriminazioari buruzko kexak ez zaizkie aintzat hartzen, eta errepresalien jomuga bihurtzen dira. Aldiz, talde pribilegiatuetako pertsonek oso bizipen desberdinak izan ohi dituzte beren andrazko kideen zapalkuntza ikustarazten dutenean. Besteen aurreiritziei aurre egiten dieten talde pribilegiatuek haserrekuntza eta aurkakotasun gutxiago sortzen dute zapalkuntza jasaten duten lankideek eurek baino; jendeak ez du pentsatzen gizon horiek gogaikarriak direnik, edo behintzat ez gauza bera salatzen duten emakumeak beste. Zerbait salatzen duena talde pribilegiatuko kidea bada, eragin handiagoa dauka eta erantzun eraginkorragoak lortzen ditu erasotzailearen aldetik.

Zerbait egiteko pausoak

Diskriminazioa amaitzeko lehen pausoa da onartzea diskriminaziorik, egon, badagoela. Horretan gizon askok badute zereginik oraindik. Badirudi batzuk ez direla inongo desparekotasunez ohartzen, eta, halakorik ikusten badute, zientziaren mundutik kanpoko kausei leporatzen diote, hala nola gizarte mailari edo norberak bere karreraz libreki hartutako erabakiei.

egitea2. irudia: diskriminazioa amaitzeko lehen pausoa da onartzea diskriminaziorik, egon, badagoela. (Argazkia: Nothing Ahead – domeinu publikoko argazkia. Iturria: pexels.com)

Desparekotasunik egon badagoela behin aitortuta, hurrengo pausoa da zerbait egiteko motibazioa hartzea. Ez da kontu erraza, askotan sexismoari garrantzia kentzen zaiolako, aintzat hartzeko bezain larria ez dela esanez.

Zapalkuntzarik egon badagoela eta neurriak hartu behar direla behin aitorturik, hurrengo pausoa zerbait egitea da. Hori ez doa esan gabe, askotan talde pribilegiatuek eurek boikotatzen dituztelako beren asmo onak. Berdintasunaren aldeko aliatuek egoera zailean aurkitzen dute beren burua: desmuntatu behar dute abantailak ematen dizkien sistema bat, eta, aldi berean, eurak murgilduta dauden kulturak pribilegio horiek ez ikustera eta ez ulertzera bultzatzen ditu.

Sistemari eusten dion aldamioaren parte izan nahi ez badute, ahalegina egin beharko dute, eta ez txikia, beren estatusaz eta estatus horretara heltzeko jarraitu dituzten ildoez jabetzeko. Ohartuko balira batzuetan gurasokeriaz joka dezaketela beren kide diskriminatuekin –salbatzaile jokatuz, lankide jokatu beharrean– hori aurrerapauso ederra izan liteke berdintasunerantz.

Elkarrizketetan ikusi zen gizonezko zientzialariok maiz axalekoari erreparatzen diotela, garrantzitsuari heldu beharrean, hala nola aldaketa estrukturalak egiteari. Jarrera performatibo hutsak ere aurkitzen dira: gizon asko oso ozenki plazaratzen dute beren sumindura genero desparekotasunen aurrean –adibidez sare sozialetan–, baina gero ez dira sakon inplikatzen beren inguruko pertsona zaurgarrien arazoetan.

Ezjakintasunaren epistemologia

Zelan gerta liteke pertsona bat ez jabetzea begi bistakoa den gauza batez? Ezjakintasunaren epistemologiak proposatzen du arrazakeriari eta sexismoari buruzko ezjakintasuna ez dela gertatzen norberak jakintza eskuratzeko modurik ez duelako, baizik eta ezjakintasunak pribilegio postuetan daudenen interesei laguntzen dielako, eta, horregatik, boterean daudenek, bai norbanakoek eta bai egiturek, ezjakintasunari eusten diotela. Bestela esanda, ezjakintasunak inertzia justifikatzen du, denak berdin jarraitzea. Hori dela eta, ezjakintasunaren mekanismoak identifikatzea eta ulertzea lagungarria izan daiteke haien kontrako estrategiak bilatzeko.

Parekotasunaren alde zeudela adierazi arren, gizonezko fisikariok, pentsamoldez, hizkeraz eta jokamoldez, inertzia hori defendatzen zuen, eta eurek ezer ez egitea justifikatzen. Hona hemen beren diskurtsoen atzean ezkutatzen ziren hiru ideia:

1.“Halako gauzak nire lan ingurunetik urrun gertatzen dira”. Urruntze fisikoa: desparekotasuna leku urrunetan gertatzen da.

Emakumeak fisikan diskriminatuta daudela uste izan arren, ez zaie iruditzen hori berengandik gertu gertatzen denik. Ez da gertatzen ez beren ikasgeletan, ez beren ikertaldean, ez beren sailean, ez beren lankideen artean, ez beren eskualdean ez beren azpiarlo zehatzean. Pentsaera hori badaezpadakoa da, fisikako sexismoaren kausak eta konponbideak gizon horien eragin eremutik kanpo kokatzen dituelako. Ezjakintasunean jarraitzeko beste mekanismo bat da.

2.“Gaia handiegia da nik horretan eraginik izateko”: desparekotasuna gizarte egitura handietan kokatzea.

Fisikan zergatik dagoen desparekotasuna azaltzeko, elkarrizketatuek beren kontrolpean ez dauden egitura kultural oso zabalak aipatu zituzten. Hona hemen hiru erantzun ohiko:

  • Neskatilak desanimatzearen errua hezkuntza sistemarena da, batez ere bigarren hezkuntzarena.
  • Sexismoa gehienbat iraganeko kontua da, eta aldaketa berez etorriko da denborarekin, bereziki orain goi karguetan daudenek erretiroa hartzen dutenean.
  • Desparekotasuna zor zaio emakumeek eta gizonek gurasotasunaren inguruan hartutako erabakiei, alegia, batzuek eta besteek bizitza profesionalaren eta familiaren inguruan (zaintza, kontziliazioa etab.) egindako hautuei.

3.“Nik ezin dut ezer egin, beraz justifikatuta dago ezer ez egitea”. Fisikariek arrazoi hauek eman zituzten ezer ez egitea justifikatzeko, besteak beste:

  • Norbera sexismoaz ez ohartzea, nahiz eta bere gertuko ingurunean gertatu, edo nahiz eta beste batzuek sexismoa ikusarazi. Norbera ohartzen ez bada, ez du sexismoa aitortzeko erantzukizunik.
  • Pentsatzea zerbait eginez gero, ondorioak okerragoak izango direla diskriminazioa bera baino. Zerbait egiteak deseroso jar balezake jokabide diskriminatzailea duena, horrek justifikatzen du ezer ez egitea. Gainera, askotan emakumeek eurek ez dute nahi ezer egiterik, ondorio kaltegarriak ekarriko lizkiekeelako.
  • Norberak zer egin ez jakitea. Gizon batzuk ez dira gai desparekotasuna bidegabekeria gisa ulertzeko, eta parekotasuna, eskubide gisa. Behar dute beste norbaitek haiei esatea zer egin, edo beste norbaitek zeozer egitea, ez eurek. Gainera, diotenez, batzuetan ez dago ezer egiterik. Ezinezkoa da besteak aldatzea eta beti egongo dira aurreiritziak. Bizitzan desparekotasuna dago, ezinbestean.

Pentsamoldeon atzean dauden sinesteek ezjakintasuna bultzatzen dute eta euskarria ematen diete zapalkuntza sistemei. Eragotzi egiten diete pertsonei aldaketa positiboetan parte hartzea.

Gomendioak

Zientzian genero parekotasuna lortzeko, beharrezkoa da talde hegemonikoak autokritika sakona egitea. Berdintasunaren alde esku hartzerakoan, ahalegina egin beharko litzateke botere guneetan dauden pertsonengan sortzeko aldaketak. Hona hemen horretarako proposamen batzuk:

  1. Goi kargudunei irakastea haiek zapalkuntzaren konplize bihurtzen dituzten ohiko jokamolde diskurtsiboak. Batzuetan beharrezkoa da kontzientzia hartzea eta pentsamendu eta ekintza patroiak ezagutzea. Esaterako, “mikroeraso” terminoari esker, jendeak ikasi ahal izan du eraso sotil eta asmo gabekoak ezagutzen eta izendatzen.
  2. Pertsona pribilegiatuak beren ezagutza faltaren erantzule egitea. Sailetan ez dago kontu emateko mekanismorik parekotasuna ebaluatzeko. Gizonei beren arlo profesionalean jarraitzea eta gora egitea bideratzen dien sari sistema indarrean dagoen artean, jokabide sexistak edo bestelako zapalkuntzak kontuan hartu barik, oso litekeena da desparekotasunak bere horretan irautea.
  3. Berdintasuna gizonen kontu ere bihurtzea. Fisikariek adierazi zuten beren ustez inklusio lana talde zaurgarrien kontua zela. Aitzitik, pribilegiodunak dira eragin handia izan dezaketenak aldaketa positiboak sortzeko.
  4. Ingurune hurbileko desparekotasunari buruzko datuak biltzea eta argitara ematea. Norberaren pertzepzioa egiatzat hartzen denean, ezjakintasunak bere horretan irauten du. Garrantzitsua da sailek edukitzea genero parekotasunaren egoera erakusten duten datuak. Datuok izan behar dira, batetik, kuantitatiboak eta, bestetik, zapalduei entzunez eta diotena sinetsiz bildutakoak.
  5. Diskriminazioari aurre egiteko trebetasunak esplizituki irakastea. Inkestatuek esan zuten ez zeukatela tresnarik desparekotasunari aurre egiteko. Desparekotasuna ezagutzen eta haren inguruan eraginkortasunez berba egiten ikasteak lana eskatzen du. Diskriminazioari zuzenean nahiz zeharka kontra egiteko, beharrezkoa da guzti-guztien benetako inklusioa posible egingo duten lan inguruneak eratzea.

Hortaz, desparekotasuna urruneko lekuetan kokatu beharrean, emankorragoa litzateke gure ingurune hurbilean dagoela onartzea (hau da, “bai: nire sailean badago sexismorik” esatea). Azpiordezkapenaren kausak egitura sozial handiei leporatu beharrean, emankorragoa litzake aitortzea pertsona askok fisika bertan behera uzten dutela eskoletan eta lan egiten duten sailetan giro oldarkorra dagoelako (hau da, “nire andrezko ikasleek beren kideen eta nagusien aurreiritziak pairatzen dituzte” esatea). Eta, ezer ez egitea justifikatu beharrean, emankorragoa izango litzateke zerbait egitea (hau da, “ikusi nuenean lankide batek mespretxuzko komentario bat egin zuela andrezko irakasle bakarraren kontra, esan nion hori lekuz kanpo zegoela” esatea).

Beraz, fisikaren arloan gauzak parekotasunerantz aldatzeko, ezinbestekoa izango da gizonezko zientzialari askok aurrerapauso bat egitea, beren pasibotasunaz gogoeta eginez, eta diskurtso diskriminatzaileak apurtzen saiatuz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dancy, Melissa; Hodari, Apriel K. (2023). How well-intentioned white male physicists maintain ignorance of inequity and justify inaction. International Journal of STEM Education, 10, 45. DOI: 10.1186/s40594-023-00433-8

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 24an: En mi departamento no pasa (o cómo justificar la inacción).

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Nire sailean hori ez da gertatzen (edo zelan justifikatu ezer ez egitea) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Eklipseak iragartzeko antzinako artea zientzia zehatz bihurtu zenekoa

Lun, 2024/06/24 - 09:00

2024ko apirilaren 8ko eklipsearen kronologia segundoan ezagutu zen, gizaki ikaratiak ekitaldi kosmikoak aurreikusteko saiakerak egiten hasi zirenetik milaka urtera.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/06/EclipsePrediction-crStephanieSwart_KristinaArmitage_EmilyBuder-Lede.mp4 Antzinakoek aldizkakotasuna nabaritu zuten, eta hark hasiera eman zion eguzki eklipseen eta, oro har, astronomiaren ulermen gero eta zabalagoa izateari. (Bideoa: Stephanie Swart, Kristina Armitage eta Emily Buder – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Historiaren zati handi batean, eguzki-eklipseak subiranoarentzako berri txartzat interpretatzen ziren. Haren edo erreinuaren osasunari begirako adur txarreko seinalea ziren. Baina ikara horiek elikatu zituzten, hain zuzen ere, erudiziozko milaka urte. Aurrerapena Mesopotamian hasi zen, datu historikoetan aldizkako patroiak bilatzen hasi zirenean. Eta egungo arora arte iraun du; izan ere, egun eguzki-sistemako gorputzen etorkizuneko mugimendu interdependenteak ezagutzen ditugu mendetako aurrerapenarekin. Garai batean eskala kosmikoko larritasun iturria zena erlojugintzako mekanismo hotz bihurtu dugu.

Inflexio puntu bat aukeratu behar balitz, 1715eko apirilaren 22ko goiza izan liteke: Londresen eguzki-eklipse bat egon zen. Eta Edmond Halley polimata britainiarrak, Halley kometa izendatzeagatik ezagunagoa denak, eklipse hori iragarri zuen. Iragarki bat argitaratu zuen, non Ilargiaren itzalak Ingalaterraren gainean egingo zuen bidea adierazteko mapa bat ere jarri zuen. Urte horretan, Ingalaterrak errege koroatu berria zuen, eta haren aurkako matxinada prestatzen ari zen. Eklipsea iragarpenaren bidez desmitifikatzean, Halleyk seinale txar gisa zuen boterea neutralizatu nahi zuen.

Horrez gain, datu biltzaileak ere errekrutatu nahi zituen, behaketa horien bidez etorkizunean eklipseen iragarpenak are hobeto egiteko. “Ikusnahiek Beha dezatela, bereziki Erabateko Iluntasunaren iraupena”, iragarri zuen, “horrela zehaztuko baitira modu argian Itzalaren Kokapena eta tamaina; eta, horri esker, etorkizunean antzeko Agerpenak Iragarri ahal izango ditugu, egun baino doitasun handiagoz”.

Erritmoari eusten dioten seinaleak

Hamarkada batzuk lehenago, Halleyk, antzinako testu asko irakurtzen zituenak, eklipseei eta Ilargiak zeruan hartzen zuen kokapenari buruz pentsatzeko ziklo zerutar erabilgarri bat berraurkitu eta ezagutarazi zuen: 6.585 egun, edo 18 urte baino pixka bat gehiago. Ziklo hori «saros» izendatu zuen. Historialari modernoen aburuz, hitz hori sinbolo sumertar baten itzulpen txar bat da, jatorriz «unibertsoa» edo «zenbaki handia» esan nahi zuena.

Oraingo Aroaren Aurreko 600. urtearen inguruan, Mesopotamian, Asiriako eta Babiloniako apaiz matematikariek buztinezko taulatxotan erregistratutako aurreko eklipseen datak aztertu zituzten, hurrengo eklipsea noiz gerta zitekeen asmatzeko estrategiak garatzeko itxaropenarekin. Kultura horietako erregeak kezkatuta zeuden eklipseekin, eta denbora gutxian, zodiakoa asmatu zenean, Eguzkiaren, Ilargiaren eta planeten kokapena kontrolatzeko beharrak mundu osoari eragingo zion.



Eguzki eklipseen iragarpenak berrikuntza bultzatu du zientziaren eta matematikaren historian zehar, Sarosen ziklotik hasi eta Greziako geometria, Newtonen kalkulua eta hiru gorputzen problemaraino. (Bideoa: Emily Buder eta Stephanie Swart – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Lehendabiziko soluzioak arau orokorrak izan ziren. Adibidez, ilargi-eklipseak, askotan, sei hilabetean behin gertatzen dira. Babiloniarrak ere ohartu ziren eguzki- eta ilargi-eklipse espezifikoak, askotan, antzeko ekitaldi batetik bereizita zeudela (ekitaldi horri Halleyk saros izena jarri zion).

Ziklo hori termino modernoetan ulertzeko, imajina dezagun gorputz astronomikoen geometria eguzki-eklipse bat gertatzen den unean, Ilargia zuzenean Eguzkiaren eta Lurraren artean jartzen denean, hiru gorputzek lerro definitu bat sortzen dutelarik. Hori gertatzeko, ilargi berria egon behar da. Horrez gain, Ilargiak leku zehatz batean egon behar du; zehazki, Lurraren inguruko orbita inklinatua Lurra bere orbitan Eguzkiaren inguruan mugitzen den planoan sartuta.

Eta, orain, imajina dezagun erlojua aurreratzen dugula baldintza horiek errepikatzen diren hurrengo momentura arte. Horretarako, zenbait ilargi ziklo gainjarri baina ezberdin kontziliatu behar ditugu. Lehenengo zikloa: 29,5306 egun inguru igarotzen dira ilargi berri batetik hurrengora. Bigarren zikloa: Ilargiak 27,2122 egun inguru behar ditu Lurraren orbitaren planotik pauso batean joatetik hurrengo itzulian pauso berera joateko. Hirugarren zikloa: Ilargiaren orbita eliptikoak Lurretik hurbildu eta urruntzen duenez, Ilargiak ere tamainan eta abiaduran oszilatzen du Lurraren gaineko zeruetan; ziklo horrek 27,5546 egun irauten ditu gutxi gorabehera.

Sarosa, beraz, denbora tarte birobil polit bat besterik ez da, non ziklo horiek guztiak zenbaki osoko kopuru jakin batean errepikatzen baitira: Ilargi berrirako 223 pauso ia berdina da ekliptikaren barruko eta kanpoko 242 itzulirekiko, baita Ilargiaren ageriko tamainan 239 oszilaziorekiko ia berdina ere. Eguzki edo ilargi eklipse bat ikusi baduzu, saros bat itxaron besterik ez duzu behar gorputz astronomikoek gutxi gorabehera kokapen geometriko berdina errepikatzeko.

eklipseak1. irudia: ezkerrean, Babiloniako buztinezko taulatxo kuneiforme bat, hamar zentimetro zabalekoa; Kristo aurreko 609. eta 447. urteen arteko ilargi eklipseak jasotzen ditu.Eskuinean, Antiziterako mekanismo gisa ezaguna den antzinako planetario greko baten zati bat. Naufragio batean aurkitu zen eta, gutxi gorabehera, Kristo aurreko II. mendeko data jarri zitzaion. Planetarioak sarosa bezalako zikloak jarraitzen zituen, eklipseak eta beste ekitaldi astronomiko batzuk iragartzeko. (Irudiak: The Trustees of the British Museum (ezkerrean); 2005 Atenasko Arkeologia Museo Nazionala (eskuinean). Iturria: Quanta Magazine)

Hala ere, Ilargiaren orbita parametro horiek baino konplexuagoa da. Eta, nolanahi ere, eskema horrek ez du adierazten Lurreko zein lekutatik ikusi ahal izango den eklipsea.

Halley eta haratago

Baina Halleyk sarosari buruzko informazioa irakurri eta berak erabiltzeko berrekarri zuenerako, kultura askotako ahaleginez beteriko mende asko igaro ziren, non eklipseen arazoa askoz gehiago zehaztu zen. Halaxe deskribatu zituen gertaerak Clemency Montelle historialari matematikariak 2011n Chasing Shadows liburuan. Babiloniarrak, azkenean, bazter utzi zituzten «itxaron saros bat» bezalako arau enpiriko soilak, eta Ilargiak zeruan etorkizunean izango zituen koordenatuak kalkulatzeko zenbakizko eskema konplexuagoak erabiltzen hasi ziren. Antzinako grekoek kosmosari buruzko beren ideia geometrikoak fusionatu zituzten babiloniarren estiloko zenbakizko kalkuluekin. Sintesi hori oinarri hartuta, mundu islamikoko astronomoak, hala nola al-Juarismi («algoritmo» hitzaren homonimoa IX. mendean), funtzio trigonometrikoak eta zenbaki hamartarrak (Indiakoak) erabiltzen hasi ziren, eta paper asmatu berrian (Txinan) zirrimarratzen zituzten, oraindik ere iragarpen metodo aurreratuagoak garatzeko; eta metodo horiek Europa osoan ere zabaldu ziren.

Baina Halleyk oraindik ere berriagoa zen zerbait bazuen jokoan sartzeko. Antzinatetik sarosa berreskuratu eta aldi berean, bere lagun Isaac Newtonen grabitazioari buruzko ideien argitalpena finantzatzen ari zen; eta, gerora, Newtonek ideia horiek aplikatuko zituen Ilargiaren orbita ulertzeko. 1715ean, mende askoren ostean Londresera eguzki-eklipse bat iristear zegoenean, Halleyren iragarpenen mapa antzinateko eta aro modernoko pentsamoldeen konbinazioa zen.

eklipseak2. irudia: 1715eko apirilaren 22ko eguzki-eklipsea baino egun batzuk lehenago, Edmond Halley astronomo britainiarrak egunkari hau argitaratu zuen ekitaldiaren unea eta kokapena iragartzeko. Ibilbidea osotasunean iragartzen zuen mapa nahiko zehatza izan zen: 20 bat milia baino ez ziren desbideratu iparraldeko muturrean. (Irudia: Houghton Liburutegia, Harvard Unibertsitatea. Iturria: Quanta Magazine)

Hurrengo pausoa 1824an eman zen. Friedrich Bessel astronomo alemaniarrak Newtonen ikuspegia zabaldu zuen, zeinak grabitatearen legeak erabiltzen baitzituen eklipseei buruzko hausnarketak egiteko. Ilargiaren itzala irudikatu zuen, Lurraren erdigunetik igarotzen zen alegiazko plano baten gainean proiektatuta. Ondoren, itzal hori berriro proiekta zitekeen globoaren azaleran, ikusteko zehazki non eta noiz inpaktatuko zuen. Baina, puntu horretara iristeko, zeukaten Lurraren irudia aldatu behar izan zuten: forma esferikoa baztertu, eta biraka zebilen zuloz beteriko objektu pikortsu gisa irudikatu zuten. Besselen ostean, nazio askok izan zuten irismen inperial globala itzal horiei jarraitzeko. Halaxe azaldu du St. Andrews Unibertsitateko matematikako historialari Deborah Kentek. Eta, horren bidez, are gehiago perfekzionatu zitzaketen beren kalkuluak, zientziari lotutako botere bigunaren gailentasuna lortzeko borrokan.

Hurrengo mendean zehar, eklipseen espedizioei esker, zientziaren misteriorik handienetako bat ebatzi zuten: Merkurioren orbita arraroa Eguzkitik oso hurbil zegoen deskubritu gabeko planeta baten ondorioa zen (zeina eklipse batean ikusgarri egingo zen)? Edo, gerora konfirmatuko zena, arazoren bat zegoen Newtonen grabitatearen ulermenarekin? Hori dela eta, eklipseen iragarpena eta behaketa are garrantzitsuagoa bihurtu zen, eta Lurraren bazter guztietako zientzialariak lanean jarri zituzten, jarraibide oso zorrotzekin, zehazki non egon behar zuten eta zer datu erregistratu behar zituzten adierazita. Behaketaren ondoren, txosten lehorrak aurkezten zituzten, “harridura erupzioren” batek zipriztinduta; Kenten hitzetan. «Txosten guztietan neurriz gaineko deskribapen rapsodiko eta viktoriarrezko bi paragrafo inguru daude».

20. mendean, arazoa berriro eraldatu zen. Ordura arte, eklipseen iragarpen egoki batek beti izan zuen zerikusia baieztapen honekin: Ilargia eta Eguzki Sistemako gainerako guztia etengabe daude elkarrekiko interakzioan. Ez zen soilik ezin ebatzizko “hiru gorputzen problema” famatua; N-gorputzen problema bat zen. NASA pertsonak eta robotak Eguzki Sistemako gorputzetarantz bidaltzen hasi zenean, premiazkoa zen gorputz horiek non zeuden eta etorkizunean non egongo ziren jakitea; eta, ondorioz, ulerterrazagoa bihurtu zen.

Apoloko astronautek Ilargian utzi zituzten ispiluei esker, badakigu non dagoen Ilargia Lurrarekiko, bi metro inguruko doitasunarekin; halaxe azaldu du Ryan Parkek, NASAko Zurrusta Propultsioko Laborategiko (JPL, ingelesezko siglengatik) Eguzki Sistemaren Dinamika taldeko zuzendariak. Eta Eguzki Sistemaren inguruan burrunban dabiltzan bitartean irismen datuak transmititzen dituzten aireontzi ugariei esker, Eguzkiaren kokapen zehatza ere ezagutzen dugu. Parken taldeak Ilargiaren eta Eguzkiaren kokalekuaren datuak sartzen ditu ordenagailu batean, planeten eta ehunka asteroideren antzeko parametroekin batera, baita zenbait zuzenketa ere, hala nola eguzki haizearen presioa. Hau da, ez dituzte soilik Newtonen grabitatearen legeak sartzen, baizik eta erlatibitatearen doikuntza sotilenak ere. Horiek horrela, ereduak elementu guztien aurreikusitako kokalekuak ematen ditu, Ilargiarena barne. Eta gero, aldian-aldian, JPLko taldeak eredua eguneratu eta zerrenda berriak argitaratzen ditu.

Kokaleku horiek gehiegizkoak badira ere eklipseak aurreikusteko, nahiko onak dira espazioko bidaiei begira. «Pixka bat harritzen naiz», esan du Parkek, espazioko misioen garatzaileek galdetzen dutenean ea denbora asko dedikatu beharko duten Ilargia zehazki non dagoen eta nola mugitzen den deskubritzeko. «Ez, ez, esaten diet nik, arazo hori duela urte batzuk ebatzi genuen jada».

Jatorrizko artikulua:

Joshua Sokol (2024). How the Ancient Art of Eclipse Prediction Became an Exact ScienceQuanta Magazine, 2024ko apirilaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eklipseak iragartzeko antzinako artea zientzia zehatz bihurtu zenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #491

Dom, 2024/06/23 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ekosoziala

Klima-larrialdia

Energia kontsumoak eta emisioek marka hautsi zuten 2023. urtean, Energy Instituteren txostenaren arabera. Datuen arabera, Europan eta Ipar Amerikan jaisten ari da energia kontsumoa, baina Asian gora doa. Emaitzek erakusten dute berriztagarrien hedapena ez dela nahikoa izaten ari gas kutsagarrien emisioen gorakada eteteko, eta beraz, planetaren berotzea eragozteko. Informazio gehiago Berrian.

Ingurumena

Pirinioetako larreetan bioaniztasuna indartzeko gakoak identifikatu dituzte. Zehazki, Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako bazkalekuetan egin dute ikerketa. Ondorioztatu dutenez, azienda-mota da larrearen balio naturala zehazten duen faktore garrantzitsu bat. Zaldi-azienda, ardi-azienda edo biak nahastuak zituzten partzelek nabarmen balio natural handiagoa zuten behi-azienda zutenek baino. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Belen Gonzalez Itsas Zientzietako ikertzailea da, eta uretako laginak ikertzen ditu, bai itsasokoak eta baita ibaietakoak ere. Azaldu duenez, Bizkaiko kostaldeko uretan ere badaude elementu kutsatzaile asko, eta duela urte batzuetako datuekin alderatuta, gero eta kutsadura gehiago, ur beroagoa eta okupazio handiagoa dagoela ikusi dute. Gonzalazen iritziz, zientziak, arazoaz jakinarazteaz gain, irtenbideak proposatu beharko lituzke. Datu guztiak Berrian.

Hezkuntza-zientzia

Hezkuntza ekosoziala eta baso eskolen jarduna nola uztar daitezken aztertzen ari dira Larraitz Altuna eta Jon Diaz EHUren Hezkuntza Zientzien saileko ikertzaileak. Haien ustetan, baso eskolen aire zabaleko metodologiak indartu egiten du hezkuntza ekosozialaren irismena, eta zenbait proiektu pilotu jarri dituzte martxan. Halako hezkuntza motak naturarekiko atxikimendua indartu dezakeela diote, eta klima-aldaketaren aurrean jokabide aktiboagoa sorrarazi dezakeela. Informazio gehiago Berrian.

Osasuna

Ikerketa berri baten arabera, odol-analisi batekin parkinsona iragarri liteke. Zortzi proteinen mailari erreparatzen zaie, eta sintoma motorrak hasi baino zazpi urte lehenago ere diagnostikatu ahal izango litzateke. Bestetik, markatzaile horiek botika berrien jomuga izan litezkeela adierazi dute ikertzaileek, hanturarekin eta proteinen degradazioarekin lotuta baitaude. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Gure gorputzaren zati handi bat gandor neuraletik sortzen da, eta baita animalia ornodun guztietan ere. Gandor neurala garapen enbrionarioan esku hartzen duten zelulek osatzen dute, eta orain arte ez zen haren jatorria ongi ezagutzen. Ciona intestinalis aszidiarekin egindako ikerketa batek bere gastrulako bi zelula pare identifikatu ditu, eta ondorioztatu dute horiek direla gandor neuralaren jatorri ebolutiboa. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Ugaztunetan sexua determinatzen duen molekula-multzo bat aurkitu dute. mikroRNA izeneko molekulak dira, eta ikertzaileek ikusi dute mutazio baten ondorioz mikroRNA-multzo jakin bat falta zaien sagu arretan SYR genearen adierazpena atzeratzen dela. Gene horrek testikuluen garapena aktibatzen du, eta ondorioz, XY enbrioietan obuluak garatzen dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Paleoantropologia

Neolito aroaren aurreko giza-populazio batek landare jatorriko elikagai ugari jaten zuen. Marokon aurkitu dituzte arrastoak, eta zalantzan jarri dute historiaurreko dietari buruz pentsatzen zena, haragia elikagai nagusia zela uste baitzen. 25 hortz eta zazpi hezur analizatu dituzte, eta hortzetako esmaltean dauden zink eta estrontzio isotopoekin ondorioztatu dute beren dieta nagusiki landareetan oinarritzen zela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Paleolitoko labar-arteak funtzio asko zituen Euskal Herriko kobazuloetan. Lau taldetan sailkatu dituzte irudiak ikonografiaren eta kokapenaren arabera. Batzuk ikusiak izateko egin ziren, funtzio xamanikoekin. Beste batzuk igarotze-erritoei erantzuten diete. Buztinezko grabatuak eta eskunturak ere topatu dituzte, eta azken taldea zeinu abstraktuek osatzen dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Jupiterren Orban Gorri Handiaren sorrera, adina eta bilakaera argitu dituzte. Orban hori zurrunbilo antizikloniko handi bat da, Eguzki Sistemako planeten atmosferetan dagoen zurrunbilo handiena, eta gaur egun Lurraren diametroa du, gutxi gorabehera. Ikerketako egileen artean dago EHU, eta emaitzen arabera, orbanak gutxienez 190 urte izango lituzke, eta uzkurtzen eta biribiltzen joan da denborarekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Aristoteles Grezia klasikoko filosofo eta zientzialaria izan zen. Platonekin batera, filosofia okzidentalean ezagunenetako bat. Filosofo eta zientzialari honen bizitza ezagutu ahalko dugu “Aristoteles: Jakiteko irrika” komikiaren bitartez. Jakin-min handiko pertsona izan zen Aristoteles, eta hainbat zientziaren esparru landu zituen, besteak beste, biologia, fisika, kimika eta astronomia. Bizitzaren helburua jakintza lortzea zela sinesten zuen. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #491 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #498

Sáb, 2024/06/22 - 09:00


UPV/EHUn azken belaunaldiko ioi-iturri bat eraiki da, gas desberdinak erabil ditzakeena. Aplikazio zientifikoak, industrialak eta biomedikoak ditu. New multispecies compact ion source and efficient experimental proton beam characterization Victor Etxebarria haurraren gurasoetako baten eskutik.

Partikula birtualak behagarri bihur daitezke. Horretarako, Landauren berezitasunak ezaugarritu behar dira. Landau singularities revisited

Ordenagailu-simulazio batean bizitzeko probabilitate ez nulua bada. Eta TILKUTek badaki kodea erabiltzen duten izakiek zer egingo luketen baieztatzen badugu. Virtual reality

Benetako katalizatzaileak ez dira lauak, ezta hurrik eman ere. Katalizatzaile industrial batean benetan zer gertatzen den zehaztea laborategiko aurkikuntza bat bezain garrantzitsua da. DIPCko jendeak Investigating the fundamental stages of the CO oxidation reaction using a kinked Pt crystal

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #498 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Mars Climate Orbiter ontziaren istripua

Vie, 2024/06/21 - 09:00

90eko hamarkadan, ia ez genekien ezer Marteren inguruan, eta espazio-agentziak hura ikertzeko misioak martxan jartzen hasi ziren. Horietako bat NASAren Mars Exploration programa izan zen, eta planeta gorriko klima hobeto ezagutzeko helburuarekin, 1998ko abenduan Mars Climate Orbiter ontzia aireratu zuten.

Marterako bidaiaren erdian, ordea, ingeniariak ohartu ziren zerbait ez zihoala ondo ontzian. Bere bidetik desbiderantzen zen behin eta berriz, eta halako batean, ohartu ziren programa matematikoan unitaeekin nahastu zirela.

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Mars Climate Orbiter ontziaren istripua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Aristoteles: Jakiteko irrika

Jue, 2024/06/20 - 09:00

Aristoteles Grezia klasikoko filosofo eta zientzialaria izan zen. Platonekin batera, filosofia okzidentalaren pertsonaia nagusienetako bat izan zen.

Aristoteles1. irudia: “Aristoteles: Jakiteko irrika” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

Jakin-min handiko pertsona izan zen, eta bizitzaren helburua jakintza lortzea zela sinesten zuen.  Bere jaioterritik, Estagiratik, Atenasera joan zen ikastera, Platonen akademiara. Urteak eman zituen bertan, liburu eta eztabaida filosofikoen artean, baina Mazedoniak Grezia hartu zuenean alde egin behar izan zuen Atarneora.

Hainbat zientziaren esparru landu zituen: biologia, fisika, kimika, astronomia… Animaliak disekzionatzen zituen eta landareen bildumak egiten zituen, haietaz ikasteko eta ulertzeko zergatik ziren ziren bezalakoak.

Aristoteles2. irudia: Aristoteles jakin-min handiko filosofo eta zientzialaria izan zen, eta bizitzaren helburua jakintza lortzea zela sinesten zuen. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

“Aristoteles: Jakiteko irrika” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, edo Hipatia.

“Zientzialariak” komiki-sortaren ale honetan ikusiko dugu, zelan duela urte asko, gaur egun dakizkigun gauza asko oraindik ezagutzen ez zirenean, ezagutzeko grina beharrezkoa zen mundua hobeto ulertzeko, eta zelan Aristoteles bezalako jakin-min handiko pertsonengatik egiten dugun aurrera.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Aristoteles: Jakiteko irrika
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2018
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-16752-96-6

The post Aristoteles: Jakiteko irrika appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gandor neuralaren jatorria

Mié, 2024/06/19 - 09:00

Baliteke askok gandor neuralari buruz entzun ez izana. Hala bada, ezin dute imajinatu zenbat zor dioten. Gure gorputzaren zati handi bat gandor neuraletik sortzen da, orain ikusiko dugun moduan. Gauza bera gertatzen da animalia ornodun guztietan, eta kontu honetan bitxiena da gure arbaso ornogabeetan ez zela antzekorik ezagutzen. Horregatik, gandor neuronal garrantzitsuaren jatorria enigma bat zen. Orain arte.

Gandor neuralaren1. irudia: nerbio hodi enbrionarioaren eraketa, ornodunen nerbio sistema zentrala sorrarazten duena (entzefaloa eta bizkarrezur muina). Plaka neuralaren ertzek gandor neurala sortzen dute, jomuga anitzeko zelula mugikorren multzoa. (Irudia: NikNaks – Irudi eraldatua, jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

Has gaitezen hasieratik. Ornodun guztien garapen enbrionarioan esku hartzen duten zelulek osatzen dute gandor neurala (1. irudia).  Zelula horiek plaka neuralaren ertzetan sortzen dira, hau da, enbrioian hondoratu eta gure nerbio sistema zentrala (entzefaloa eta bizkarrezur muina) sortuko duten azaleko zelulen multzoan. Gandor neuralak gorputz osoan zehar migratzen du, eta eratorri asko eta askotarikoak sortzen ditu: adibidez, nerbio sistema zentral horretatik kanpoko neurona guztiak (nerbio sistema sinpatikoak eta parasinpatikoak), horiek babesten dituzten Schwannen zelulak barne. Ehun endokrinoak ere sortzen ditu, hala nola, muin adrenala edo tiroideko C zelulak. Ekarpen harrigarria egiten die baita ere garezurreko hezurrei, dentinari, erdiko belarriko hezurtxoei, arteria handien muskulu leunari, edo irteera aortikoa biriketatik bereizten duen bihotzeko trenkadari. Eta hori gutxi balitz, gure larruazalari kolorea ematen dioten melanozitoak ere gandor neuraletik datoz.

Gandor neuralak gure garapenean duen garrantzia azpimarratzekoa da neurokristopatiak ezagututa. Terminoa duela mende erdi sortu zen, gandor neuralaren garapenean izandako anomaliek eragindako patologiak izendatzeko. Gandor neuralaren norako ugarien ondorioz, haren alterazioek sistema organiko askori eragin diezaiekete. Orain arte 66 neurokristopatia identifikatu dira, besteak beste, garezur aurpegiko malformazioak, bihotzeko akatsak, pigmentu alterazioak edo tumoreak, hala nola, feokromozitoma. Adibide batzuk aipatzearren, Hirschprung gaixotasunak hesteetako buxadura larriak eragiten ditu 5000-10.000 jaioberritik 1ean. DiGeorge sindromearen prebalentzia handiagoa da (4.000 haurtxotik 1). Paziente horietan, 22. kromosomaren zati bat galtzeak alterazioak eragiten ditu gandor neuralaren migrazioan, eta patologia espektro bat sortzen du, infekzioak, hipokaltzemia, bihotzeko akatsak eta ahosabaiko arraila barne. Bakanagoa da piebaldismoa, melanozitoen migrazioan izandako akatsen ondoriozko alterazio pigmentario zabala, esan bezala, gandor neuraletik eratorriak baitira zelula horiek.

Gure gorputzeko hain osagai desberdinak sortzeko gaitasun horrek garapenaren biologoak liluratu ditu betidanik. Baina galdera gehien egiten zituena gandor neuralaren jatorri ebolutibo bera zen. Gurekin ahaidetasun handiena duten ornogabeek, anfioxoek eta urokordatuek (aszidiak eta salpak) gurea bezalako nerbio hodi bat osatzen dute, baina ez dute gandor neural bat garatzen. Aszidietako enbrioian, zelula sentsorialak eta pigmentarioak sortzeko migratzen duten plaka neuraleko zelula batzuk identifikatu ziren. Baina zelula horiek ez dute eratorri eskeletiko edo muskularrik sortzen, gandor neuralak egiten duen bezala.

Gandor neuralaren2. irudia: gorriz ageri dira ikertzaile japoniarrek proposatutako aszidia gastrulako zelulak, gandor neuralaren eta ornodunen ama neuromesodermikoen aitzindari gisa. Zelula horiek neuronak eta muskulua sortzen dituzte aszidiako larba igerilariaren buztanean (metaformosiaren ondoren galtzen den buztana). (Irudia: Eric A. Lazo-Wasem-ek egindako aszidiaren irudia – Jabari publikoa, CC0 1.0. lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Kyotoko Unibertsitateko bi biologok Ciona intestinalis aszidiari buruz egindako ikerketa batek erakutsi berri du bere gastrulako bi zelula parek ornodunen gandor neuralarekin harremana iradokitzen duten ezaugarriak dituztela. Plaka neuralaren ertzetan kokatzen dira, gastrulak ehun zelula pasatxo dituenean (2. irudia). Ikerketak zelula horiek aitzindari neuromesodermikoekin duten harremana ere iradokitzen du, nerbio hodiari eta ornodunen enbrioiaren atzeko mesodermoari laguntzen diotenak.

Aszidietako lau zelula horien leinuak ornodunen gandor neuralaren ohiko geneak adierazten ditu. Leinu horrek nerbio hodiaren atzealdeko neuronak nahiz larba buztaneko muskulu zelulak sortzen ditu. Neuronen edo muskuluen bereizketa kontrolatzen duen sistema genetikoa ornodunen aitzindari neuromesodermikoek erabiltzen duten bera da. Ebidentzia gehigarri gisa, aszidietako zelula hautagaien transkriptorea (adierazitako geneen multzoa) ornodun baten transkriptorearekin (zebra arraina) alderatzeak argi eta garbi erlazionatzen ditu aitzindari neuromesodermikoekin.

Ikertzaile japoniarrek ondorioztatu dutenez, aszidia enbrioiaren zelula gutxi horiek dira bai gandor neuralaren bai ornodunen enbrioiko aitzindari neuromesodermikoen jatorri ebolutiboa. Ornodunok hasieratik egin genuena zelula horien plastikotasuna sakon ustiatzea izan zen, askotariko funtzioak betetzera bideratzeko, gure gorputz antolamenduaren konplexutasuna areagotuz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ishida, T., Satou, Y. (2024). Ascidian embryonic cells with properties of neural-crest cells and neuromesodermal progenitors of vertebrates. Nature Ecology & Evolution. DOI: 10.1038/s41559-024-02387-8

Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 22an: El origen de la cresta neural.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Gandor neuralaren jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Paleodieta beti ez zen uste genuen modukoa

Mar, 2024/06/18 - 09:00

Urte luzez historiaurreko dietari buruz egon den estereotipo bat zalantzan jarri dute Marokon aurkitutako datu berriek: Neolito aroaren aurreko populazio batek landare jatorriko elikagai ugari jaten zuen.

paleodieta1. irudia: Neolito Aroaren aurreko ehiztari-biltzaileen dietan begetalek garrantzi handia izan zutela ondorioztatu dute azterketa isotopikoek. (Argazkia: Hans Splinter – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Haragiaren kontsumoa gizakiaren eboluzioan funtsezkoa izan zelako ideia luze eta zabal hedatuta dago, eta, hein handi batean, aditu gehienak bat datoz esatean haragiak berebiziko garrantzia izan zuela, batez ere, garunaren garapenerako beharrezko energia izatea ahalbidetu zielako gure arbasoei. Baina horrek ez du halabeharrez esan nahi Neolito Aroaren aurreko gizakiek haragia baino jaten ez zutenik.

Dena dela, hain garai urrunetan zer nolako elikadura izaten zen jakitea ez da batere erraza. Izan ere, dieta nolakoa zen ezagutzeko, arkeologiak ez du asko laguntzen. Edo, hobeto esanda, laguntzen du, baina hala moduz, denbora luzean kontserbatzen diren arrastoak baino ez direlako geratzen aztarnategietan. Hala, gehienetan, mantentzen direnak hezurrei edo —kostaldeko populazioen kasuan— moluskuei lotuta daude.

Esan beharrik ez dago horrek isuri kognitibo erraldoia dakarrela garaiko gizakien bizimoduen gaineko ulermenerako, baina, zorionez, bide horretan laguntzen duten teknika berriak garatzen eta izugarri hobetzen ari dira azken urteotan. Plaza honetara behin baino gehiagotan ekarri dugun teknika horietako bat da isotopoen analisia, eta, oraingoan ere, bide horri eutsita nobedade interesgarriak dakartzate zientzialariek besopean.

Nature Ecology & Evolution argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute iberomauritaniar kulturako gizakien arrastoen analisietatik ondorioztatutakoa. Aurkitu dute duela 15.000-13.000 urte inguru gaur egungo Marokon bizi zen ehiztari-biltzaileen populazio horrek landare jatorriko produktuetan zuela proteina iturri nagusia. Klima-aldaketa sakoneko garaia izan zen ordukoa, azken hotzaldi handiaren ostean beroketa handia gertatu zelako, eta Holozenoa abiatu zen.

Ondorio horretara iritsi dira Taforalt izeneko haitzuloan aurkitutako 25 hortz eta zazpi hezur analizatu ostean. Zehazki, hortzetako esmaltean dauden zink eta estrontzio isotopoak aztertu dituzte, eta horietan aurkitu dituzte argudiorik indartsuenak proposatzeko beren dieta nagusiki landareetan oinarritzen zela. Horiez gain, hezurretako kolagenoan ere nitrogeno eta karbono isotopoen arabera ondorioztatu dute alde gutxiago zegoela gizaki horien eta animalia belarjaleen artean, Europan eta Asian Goi Paleolitoko beste aztarnategiekin alderatuz.

Isotopoetan ez ezik, inguruabar arkeologikoek ere berretsi dituzte emaitzak. Izan ere, aztarnategian erretako ezkurren, pistatxoen eta basa-oloen arrastoak aurkitu dituzte. Horiekin batera, ehotzeko tresnak ere aurkitu dituzte. Gauzak hala izanik ere, haragi kontsumoaren zantzuak ere agertu dira, ebaketa markak aurkitu dituztelako ardi eta gazelen hezurren arrastoetan.

paleodieta2. irudia: Marokon dagoen Taforalt aztarnategian jaso dituzte analisietan erabilitako arrasto arkeologiko eta antropologikoak. (Argazkia: Nicolas Perrault III – CC0 1.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Beste kontu interesgarri bat azaleratu dute arrastoek. Aztertutako norbanako baten kasuan, aurkitu dute goiz kendu ziotela titia. Ikertzaileen irudikoz, horrek adierazi lezake almidoia duten elikagai begetalak eman ahal zizkiotela umeari, ehiztari-biltzaileen gizarteetan horrelako portaerak ohizkoak ez diren arren. Are, proposatu dute hau ohiko portaera izan ahal zela, eta urtebete inguru zutenean kentzen zietela titia haurtxoei, landare jatorriko dieta batera igaroarazteko. Hau posible bide zen zerealen moduko elikagai bigun eta erraz digerigarriak eskura zituztelako, ikertzaileen arabera.

Atzemandako karies aztarnek ere berresten dute karbohidrato ugari hartzen zituztelako ideia. Aurretik egindako beste ikerketa batek agerian utzi zuen populazio hauek arazo oso larriak zituztela hortzetan, eta une horretan ere pentsatu zuten hartzigarri diren landareetako karbohidratoak izan ahal zirela arazo horien iturria.

Klervia Jaouen egileak prentsa ohar batean azaldu dutenez, “teknika isotopikoak erabilita dieta paleolitiko batean landare jatorria duen horren zati handia dokumentatzen den aurreneko aldia da hau seguru aski”.

Horregatik guztiagatik uste dute agian talde hori sedentarismorako trantsizioan ari zirela jada. Izan ere, Ekialde Hurbileko lehen nekazariek izan zituzten dieten parekoa zela azaldu dute ikertzaileek. “Nekazaritza aurreko giza taldeetan animalia proteinen dependentzia handia zegoelako ideia zalantzan jartzen du dieta patroi desberdin honek”, erantsi du Zineb Moubtahij ikertzaileak.

Ikertzailek azaldu dute lortutako emaitzek beste behin agerian utzi dutela giza espeziearen arrakastaren ezaugarri nagusienetako bat malgutasuna izan dela; kasu honetan, dietarekiko. Hots, inguruaren eta bertan zeuden baliabideen arabera, elikadura aldatzeko gaitasuna zutela. Norabide honetan, gizakiak beren elikadura ohituretan “erresilienteak eta malguak” direla nabarmendu du Moubtahijek, modako terminoari eutsita.

Aurretik ere halako portaeren zantzuak baziren, baina probatzeko zailagoak. Kasurako, Alacanten aurkitutako gorozki arrastoen analisi molekularrean oinarrituta 2014n argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu zuen duela 50.000 urteko neandertalek ere landare jatorriko produktuak kontsumitzen zituztela.

Egileek uste dute nekazaritza agertu aurretik ere gero eta landare gehiago kontsumitzen zirela —kasurako, Israelego iparraldean duela 23.000 urteko zereal aleak ere aurkitu direla gogora ekarri dute ikertzaileek—.

Bestetik, Taforalt haitzuloan egindako analisi batzuek sedentarismo zantzuak aurkitu dituzte, bai eta kanaberaz egindako saskigintza ere. Sedentarioak izan zirela uste da hilerriak aurkitu direlako zonaldean —Taforalt da horietako bat; bertan helduak, nerabeak eta haurrak ehortzi zituztelarik—, eta aterpeak sarritan berrerabiliak izan zirelako.

Landareetara jotzeko arrazoiari dagokionez, ikertzaileek uste dute hainbat faktore egon ahal zirela, baina nagusiena izan zela gizakiek ehizatzen zituzten animalia erraldoien iraungitzea.

Bestetik, urtaroen arabera moldatzen ziren ere. Ikertzaileek uste dute landareen kontsumoa bideratuta egon ahal zela ehizatzeko animaliak eskasak ziren uneetan elikatzera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zineb Moubtahij et al. (2024). Isotopic evidence of high reliance on plant food among Later Stone Age hunter-gatherers at Taforalt, Morocco. Nature Ecology & Evolution, 8, 1035–1045. DOI: 10.1038/s41559-024-02382-z

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Paleodieta beti ez zen uste genuen modukoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Pirinioetako larreetan biodibertsitatea indartzeko gakoak identifikatu dituzte

Lun, 2024/06/17 - 09:00

Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako bazkalekuetan biodibertsitatea sortzeko eta mantentzeko kudeaketako jardunbide gakoak identifikatu dituzte. UPV/EHUko FisioKlima-AgroSosT taldeak, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa elkarlanean aritu dira ezterlan honetan.

Landa-garapeneko eta biodibertsitatea kontserbatzeko Europako estrategiek aspalditik onartzen dute balio natural handiko abeltzaintza-sistema estentsiboek duten garrantzia. Hala ere, inguru horietako asko gaur egun mehatxupean daude, intentsifikazioagatik eta lurrak utzi egiten direlako. Balio natural handiaren (high natural value, HNV) kontzeptuak edo adierazleak barruan hartzen ditu biodibertsitatea mantentzen laguntzen duten eta horretarako garrantzia duten landa-sistema guztiak. Hainbat lan egin dira paisaiaren eskalan balio natural handia duten guneak identifikatzeko. Oso urriak dira, ordea, kudeaketa-unitate oinarrizkoenen –hau da, partzelen– mailako ikerlanak.

biodibertsitateaIrudia: aztertutako nekazaritzako lurzatien kokapena Mendebaldeko Pirinioetan (Nafarroa, Espainia). (Argazkia: Pardo, Iker; et. al. (2024))

UPV/EHUko FisioKlima-AgroSosT ikerketa-taldeak eta erakunde laguntzaileek partzela mailako landa-ikerketa zabala egin dute. “Partzelaz ari garenean erabilera-unitateen eskalaz ari gara —erabilera eta jabe bakarreko larreak—“, azaldu du Iker Pardo Guereñok, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologiako saileko irakasleak. Horretarako, “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako 144 partzela inguru ikertu ditugu, eta metodologia bat garatu dugu haien balio naturalaren adierazle bat lortzeko, islatzen duena zeinen intentsiboa den erabilera eta zer ekarpen egiten dion biodibertsitateari”, azaldu du Pardok.

Adierazle berri hori zenbait indizetan oinarrituta dago, zeinek batera biodibertsitatearen ebaluazio osatuagoa ematen baitute ohiko adierazleek baino (esaterako, espezieen aberastasuna). Gainera, “datuak erraz jaso daitezke lekuan bertan, eta horrek aukera ematen du espezializatu gabeko jendeak parte hartzeko (adibidez, nekazariek edo abeltzainek), beren lurren edo larreen balio naturala ebaluatzen eta haien jarraipena egiten”.

Biodibertsitatea hobetzen laguntzen duten faktoreak

Honako hau da ikerlanaren ondorioa: “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetan azienda-mota da larrearen balio naturala zehazten duen faktore garrantzitsu bat. Zaldi-azienda, ardi-azienda edo biak nahastuak zituzten partzelek nabarmen balio natural handiagoa zuten behi-azienda zutenek baino”.

Horrez gain, Pardok azpimarratu duenez, “lehentasuna eman behar zaio era estentsiboan eta tratamendurik gabe (landatzea eta/edo ongarritzea) erabiltzen diren bazka-partzelak babesteari eta kontserbatzeari, balio natural handia baitute. Nekazaritzako politikek indartu egin beharko lukete dauden belarretarako larre eta bazkaleku erdinaturalak lehengoratzea, mantentzea eta kontserbatzea, eta esku-hartzeak diseinatu beharko lituzkete, utz edo intentsifika ez daitezen. Pirinioetan, belarretarako zelai tradizional asko belardi artifizial bihurtu dira, eta horrek, azterlan honetan agerian utzi denez, balio natural handia galtzea dakar. Hortaz, lehentasuna izan beharko luke egoera hori lehengoratzeak”, gaineratu du UPV/EHUko ikerlariak.

Azkenik, “Europar Batasuneko Natura 2000 sare ekologikoan sartutako partzelek naturaltasun-balio nabarmen handiagoak zituzten haren kanpo daudenek baino. Dena den, Natura sareak egindako ekarpena aztertzeko denborari-testuinguruari erreparatu behar zaio; izan ere, litekeena da Natura 2000 sareko partzelen egoera ona izatea dagoeneko sarean sartu zirenean”, argitu du Iker Pardok.

Balio naturalaren indizea berariaz Pirinioetako larreekin probatu zen arren, “ikusmolde hori abeltzaintzako edozein gune edo eskualdetara zabaldu liteke, adierazleak tokian tokiko egoerara egokituz gero”. Orobat, “proposatutako landa-azterketaren metodoa hain da soila, ezen indizea egokia baita aztertzeko biodibertsitatearen arloan arrakasta duten ala ez nekazaritzako eta ingurumeneko dirulaguntzen bitartez lagundutako jardunbideek”, gaineratu du Iker Pardok.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Jardunbide gakoak identifikatu dituzte mendebaldeko Pirinioetako landa-inguruko biodibertsitatea indartzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pardo, Iker; Zabalza, Silvia; Berastegi, Asun; Ripoll-Bosh, Raimon; Astrain, Carlos (2024). Assessment of determinants of high nature value (HNV) farmland at plot scale in Western Pyrenees. Journal of Environmental Management, 349. DOI: 10.1016/j.jenvman.2023.119516

The post Pirinioetako larreetan biodibertsitatea indartzeko gakoak identifikatu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #490

Dom, 2024/06/16 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ozono

Zientziaren komunikazioa

Ekainaren 4an, Bilbon, Generoa eta zientziaren komunikazioaren bigarren edizioa ospatu zen. Hainbat profesionalek parte hartu zuten, eta agerian geratu zen genero-ikuspegia duen komunikazioa egiteko beharra. Zientzia-komunikazioak estrategiaz aldatu behar du, praktika profesionala eta irakaskuntza-praktika berrikusi behar ditu, azken finean, desorekak arindu behar dira. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Klima-larrialdiari buruzko NBEren azken konferentzian, herrialde aberatsek pobreei eman beharreko finantzaketaz aritu dira. Izan ere, hainbat ikerketek baieztatu dute herrialde txiroagoek jasaten dituztela Mendebaldeak ingurumenari egindako kalteen ondorio latzenak. Gasen isuriari dagokionez, Iparralde globaleko herrialdeek isuri gaindikinen %92 sortzen dute. Datu guztiak Berrian.

Ingurumena

Ozono-geruza suntsitzen duten substantzien mailak behera egin du atmosferan. Gehienbat hidroklorofluorokarbonatuen (HCFC) maila jaitsi da. Hauek berotegi-efektu handia eragiten dute baita ere, beraz, emaitza itsaropentsuak dira. 1987an adostu zen Montrealgo Protokoloan ozonoa suntsitzen duten substantzien ekoizpena eta erabilera arautzea, eta protokolo horri esker, 2040an dago ezarrita epemuga HCFCak erabiltzeari guztiz uzteko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Aitaren dietak semeen osasunean eragiten duela frogatu dute. Dietak aitaren espermatozoideetan aldaketak eragiten ditu. Adibidez, gantz ugariko elikagaiak kontsumitu zituzten gizonezkoen semeek joera handiagoa izan zuten arazo metabolikoak izateko. Saguetan egindako beste ikerketa batek horren arrazoia azaldu dezake; gantz askoko dieta baten ondodrioz, espermak transferentziazko RNA-zati gehiago ditu, eta mitokondrioen zenbait generen jardueran eragin dezakete. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du. Sexu, genero eta kolektibo ezberdinak haintzat hartzea garrantzitasua da, baita zientzian ere. Ikerketa bat inklusiboa izan dadin eta errealitatea eslatu dezan, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan. Emakume askorentzat, ordea, zaila izan daiteke lankidetza bat egiteko erabakia hartzea, askotan gizonen itzalean gelditzen baitira. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Zoologia

Elefanteek izenen antzekoak izan litezkeen deiak erabiltzen dituzte. Hala ondorioztatu dute Afrikako sabanako elefante basatien talde batekin egindako behaketetan. Ikertzaileek ikusi zuten elefanteak azkarrago hurbiltzen zirela eta dei gehiago erantzuten zituztela dei jakin bat eurei zuzendutakoa zenean, beste elefanteei zuzendutako deien kasuan baino. Horrek iradokitzen du elefanteek identifikatzen dituztela haiei zuzendutako deiak, eta seguruenik bakoitzak berea duela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Neandertal baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen. 18 arrasto dira, guztiak banako bakarrarenak direla uste dute, eta gutxienez, 150 mila urte izan ditzakete. Hala ere, 200.000-300.000 urte izan ote ditzakeen aztertzen ari dira, bertatik gertu topatu baitzituzten adin horretako leize-hartz batzuk. Testuingurua ikertzen jarraituko dute, kronologia zehaztu ahal izateko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

EHUko ikertzaileek dinosauro espezie ezezagun bat aurkitu dute Errioxan. Riojavenatrix lacustris izena jarri diote, eta espinosaurido bat da. Aurkitutako hezur fosiletatik ondorioztatu dute zortzi metro luze zela, eta 1,5 tonako gorputz masa zuela. Bi hanken gainean ibiltzen zen, eta nagusiki arrainak jaten zituela uste dute. Bere izen zientifikoak “Errioxako lakuko ehiztaria” esan nahi du. Informazio gehiago Berrian.

Fisika

Azkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute. Ordenagailu klasikoak nahiko onak dira eginkizun askotarako, eta ikertzaileak hainbat urte daramatzate ordenagailu kuantikoek soilik ebatzi ditzaketen arazoen bila. Ikerketa berri batean, sistema kuantiko batzuen energia aztertzen ari zirela, galdera espezifiko eta erabilgarri bat aurkitu zuten, makina kuantiko batentzat erantzuteko erraza dena, baina klasiko batentzat zaila. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Eris Eguzki Sistemako bigarren planeta nano handiena da, Plutonen atzetik. 2005ean aurkitu zen, eta azalera oso zuria eta islatzailea du. Berriki, planeta nano horren barne-egiturari buruzko informazio gehiago lortu da, eta emaitzen arabera, ez da gorputz erabat zurruna. Badirudi nolabaiteko konbekzio-korronteak izan ditzakeela izotzez egindako tarteko geruzan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Einstein: Jauzi kuantikoa Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komiki honetan Albert Einstein zientzialari entzutetsuarne bizitzari buruz hainbat datu bitxi ikasiko ditugu. Besteak beste, Patenteen Bernako bulegoan teknikari ibili zeneko bizipenak kontatzen dizkigu, bertan hasi baitzen Einstein denboraren inguruan pentsatzen. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #490 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas