Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean
Endometriosia emakumeetan eratu daitekeen gaixotasun ginekologikoa da. Gaixotasun honetan uteroa inguratzen duen ehuna, endometrioa, uterotik kanpo agertzen da. Horrek, hantura kronikoa eragiten du eta, askotan, endometrioaren gehiegizko garapena eta uteroz kanpoko metaplasia muskularrarekin batera agertzen da. Endometriosiaren patogenesia ezezaguna da, halaber, gaixotasunaren patogenesia azaltzeko hainbat hipotesi proposatu dira. Hipotesi batzuk besteak baino argiagoak dira, hala ere, ez da proposatu hipotesi bat endometriosiaren patogenesia azaltzeko gai dena gaixotasunaren modu guztietan.
Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Dena den, minarekin batera beste sintomak ager daitezke, hala nola, dismenorrea (hileroko mina), min pelbikoa, dispareunia sakona (min sakona harreman sexualetan), diskezia (sabelusteko zailtasunak) eta disuria (mina pixa egiterakoan).

Mina esperientzia sentsorial eta emozional desatsegina da, ehunen kalte erreal edo potentzialarekin lotuta dagoena. Endometriosian ematen den mina mekanismo periferikoarengatik eta mekanismo zentralarengatik ematen da. Mina eremu anatomiko zehatz batean hauteman ohi den arren, minaren esperientzia kontzientea garunetik sortzen da nerbio-sistema zentralaren barruko jarduera koordinatuaren ondorioz. Minak berak ere nerbio-sistema zentralaren egitura eta funtzioa aldatzen ditu, eta sarritan sentsibilizazio zentralera eramaten du; honek eragiten du estimulu periferikoak sentikorragoak bihurtzea, baita mina sortzea lesio kaltegarri periferikorik gabe.
Zein da endometriosiaren tratamendua?Endometriosiak ez dauka tratamendu sendatzailerik, beraz, tratamendua sintomen eta bizi kalitatearen hobekuntzan oinarritzen da. Izan ere, gaixotasun honen tratamendu sintomatologikoa multidiziplinarra da, tratamendu medikua, nutrizionala, psikologikoa eta fisioterapeutikoa barneratzen dituena, eta, haien artean konbinatu daitezke. Hori dela eta, tratamendu sintomatologikoa planteatu baino lehen, lehenengo minaren jatorria aztertu behar da eta, ondoren, garrantzitsua da zehaztea mina ehunaren lesioarekin lotuta egon daitekeen edo beste faktore batzuengatik sortu den.
Fisioterapia tratamenduei dagokionez, endometriosian ematen den minean duen eraginari buruzko ikerketa askorik ez egon arren, min pelbikoa kronikoari buruz hainbat ikerketa eta berrikuspen sistematiko argitaratu dira azkenengo urteetan. Min pelbikoa endometriosian ematen den sintoma nagusienetarikoa da, izan ere, kasu askotan kronifikatu egiten da. Hortaz, min pelbiko kronikoari buruzko ikerketetan ateratako ondorioak endometriosiarekin erlazio handia izan dezakete.
Gaixotasun honen aurrean fisioterapia pelbiperioneologikoaren helburuak mina arintzea, inplante endometrialek edo ebakuntzek eragindako adherentziak askatzea, gaixotasunaren progresioa murriztea eta endometriosia pairatzen duten emakumeen bizi kalitatea hobetzea dira. Horretarako, Fisioterapia-metodo eta -teknika desberdinak egon daitezke, hala nola, masoterapia (perineala, abdominala, orbainetakoa), osteopatia estrukturala zein biszerala, indukzio miofasziala, berreziketa posturala, arnas teknika fisioterapikoak eta erlaxazio teknikak. Dena den, fisioterapia tratamendu asko enpirikoak dira, beraz, fisioterapia tratamenduei buruzko ebidentzia zientifikoa aztertu nahi izan da.
Berrikuspen sistematikoa egin ondoren eta azken urteetako literatura aztertu ondoren, ikerketak erabilitako fisioterapia metodoak Thiele masajea, TENS-a (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira. Emaitzei dagokionez, azterlan guztiek minaren hobekuntza estatistikoki esanguratsuak adierazi zituzten. Hala eta ere, tratamenduen eraginkortasuna zehazteko meta-analisi bat egin beharko litzateke, eta, hori hurrengo pausua izango litzateke. Azkenik, berrikuspen sistematiko honek barneratzen dituen ikerketen ezaugarriengatik ezin izan dira ondorio sendoak atera eta etorkizunean ikerketa gehiago, kontrolatuagoak eta lagin handiagoekin gehiago beharko lirateke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean: berrikuspen sistematikoa
- Laburpena: Endometriosia emakumeetan agertzen den gaixotasun ginekologiko kroniko, ohiko, onbera, hanturazkoa eta estrogeno menpekoa da. Gaixotasun horretan funtzionalki aktiboa den ehun endometriala uterotik kanpo eratzen da, eta horrek hantura kronikoa eragiten du. Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Ikusita askotan gaixotasun honen tratamendurako fisioterapiaren erabilera enpirikoa dela, berrikuspen sistematiko hau egin nahi izan da. Alde batetik, endometriosia diagnostikatuta duten emakumeen minaren tratamendurako zer fisioterapia-tratamendu dauden ikusteko eta, bestetik, horiek lortutako emaitzak aztertzeko ebidentzia zientifikoaren arabera. Bilaketa bibliografikoa egin zen «Endometriosis», «Physical Therapy Modalities» eta «Physical Therapy Specialty» terminoekin osasunarekin lotutako 6 datu-basetan. Bertan, endometriosia diagnostikatuta duten mina tratatzeko fisioterapia metodo edo teknikak erabili zituzten ausazko entsegu klinikoak bilatu ziren, ingelesez edo gaztelaniaz idatziak. Kalitate metodologikoaren balorazioa PEDro eskalaren bidez egin zen. Azkenean, 7 azterlan aukeratu ziren, horien kalitate metodologikoa egokia edo ona izanik; batek bakarrik kalitate metodologiko eskasa zuen. Guztira 320 parte-hartzaile aztertu zituzten, eta aztertutako fisioterapia metodoak, Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektro-estimulazioa eta akupuntura izan ziren. Azterlan guztiek minaren edo minarekin erlazionatutako sintometan hobekuntza estatistikoki esanguratsuak aurkitu zituzten. Endometriosiak sortutako min sintomen tratamendurako dauden fisioterapia-tratamenduak ebidentzia zientifikoan oinarrituta Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira, eta guztiek minaren gutxipena eragin zuten ebidentzia zientifikoaren arabera.
- Egileak: Ismene Rodriguez, Izaro Esain, Iraia Bidaurrazaga-Letona, Miriam Urquiza eta Iratxe Duñabeitia
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 51-70
- DOI: 10.1387/ekaia.24979
Ismene Rodriguez, Izaro Esain, Iraia Bidaurrazaga-Letona, Miriam Urquiza eta Iratxe Duñabeitia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean appeared first on Zientzia Kaiera.
Manhattan proiektuko giza softwarea
Gaur egun, asko txunditzen du konturatzeak duela gutxiko historiako zientziaren eta teknologiaren arloko mugarri garrantzitsuenetako batzuk arazo batean lan egiteko eskuragarri zeuden giza garunen kopuruak mugatutako gaitasun konputazional baten bidez lortu zirela. Baina, kontua da ikerketa zentro batzuetan garun horiek askoz hobeto antolatuta zeudela eskura izan zezaketen edozein makina baino. Horixe izan zen, hain zuzen ere, 1943 inguruan, Manhattan proiektuan zehar Los Alamos konputazio instalazioen kasua.
Kontu horretan garrantzitsuena izan zen XX. mendeko 40ko hamarkadan, alde batera utzita lehen bonba atomikoaren sorrera finantzatzea eragin zuten inguruabar zientifiko, politiko eta belikoak, halako tresna bat garatzeko beharrezkoak ziren kalkuluak ez zirela hutsalak, ezta gutxiagorik ere. Batez ere mekanismoaren diseinuari eta plutonio bonbaren ―Trinity testean probatu zen eredua― inplosio hidrodinamikari buruzko kalkuluak; izan ere, besteak beste, gailuak zenbat energia askatuko zuen zehaztu behar zen. Ezin zenez frogarik egin, batez ere hasieran, deribatu partzial ez-linealetan ekuazio diferentzialak ebatzi beharreko eredu matematikoekin egin behar zen lan, eta, horiekin trebatuta ez dagoen edozeinentzat, nahiko lan zaila zen ordenagailurik izan ezean.

Une hartan, batez ere Bigarren Mundu Gerraren aurretik, nagusiki hiru kalkulagailu mota zeuden: idazmahaiko kalkulagailu elektromekanikoak, txartel zulatuen tabulagailuak eta analizatzaile diferentzialak (Vannevar Bush-ek MITen eraiki zuenaren antzeko ordenagailu analogikoa). Manhattan proiektuan batez ere lehenengo biak erabili ziren. Analizatzaile diferentziala gerran artilleriako taulak egiteko erabili zen.
1943. urtearen hasieran, Stanley P. Frankel eta Edred Nelson Los Alamosera iritsi ziren matematika lan teoriko guztia antolatzeko. Berkeleyko Lawrence laborategian esperientzia jasoa zuten uranioaren isotopoak bereiztearekin lotutako kalkuluak egiten eta kate erreakzioari eusteko beharrezkoa zen masa kritikoa zenbatesten. Mexiko Berrian, hasiera batean, uraniozko bonbarekin lotutako kalkulu balistikoez arduratuko ziren; aurrerago, berriz, 1944 aldera eta John von Neumannek ikuspegia aldatu behar zela behin eta berriro errepikatu ondoren, uraniozko bonbarekin eta haren inplosio mekanismoarekin lotutakoekin arduratu ziren.
Horretarako, idazmahaiko hainbat Marchant eta Friends kalkulagailu eta Monroe batzuk eskatu zituzten, eta prozesuaz arduratuko ziren “giza ordenagailuen” artean (emakumezkoak gehienetan) banatu zituzten. Aurrerago, tabulagailuak erabiltzeko aukera aztertzen hasi ziren eta 1944ko martxoan, besteak beste, IBM 601en errefortzua iritsi zen.

Hemen eten bat egin behar da. Aski ezaguna da, konputazioaren historiaren hasieran, emakumeak arduratzen zirela lehenengo ordenagailuak programatzeko lanez. Manhattan proiektuari dagokionez, batez ere, ehuneko handi batean, han lan egiten zuten zientzialarien emazteek programatzen zituzten. Horiek horrela, izen hauek topa ditzakegu: Mary Frankel, kalkulu talde bat gainbegiratu zuena, edo Mici Teller, zeinen ezkon abizenak ez liratekeen ezezagunak izan beharko. Aipagarriak dira, halaber, gerra amaitu ondoren, Klara Dan von Neumman-ek ENIACekin egindako lanak. Zenbatesten da hirurehun emakume baino gehiago aritu zirela Manhattan proiektuko lanpostu teknikoetan. Los Alamosen kasuan, gainera, familia osoak jaso zituen miniaturazko hiri bat zen leku hura, eta emakume horien lana sustatu zen aktiboki. Horietako asko etxekoandreak ziren eta hainbat laguntza jaso zituzten, normalean etxearen eta seme-alaben zaintzarekin lotutakoak.

Hala ere, Frankel-en eta Nelson-en konputazio taldearen alderdirik deigarriena ez ziren ez emakume kalkulatzaileak, ez erabiltzen zituzten makinak, antolaketa baizik. Kalkuluak egiteko tabulagailuak erabiltzea balioesten hasi zirenean, kalkuluak azkarrago egiteko sistema bat pentsatu zuten. Ekuazio baten ebazpen prozesua urrats sinpleetan banatzen zuen “programa” edo fluxu diagrama moduko sistema bat sortu zuten. Ezin izan zuten zuzenean probatu IBMak izan arte; hortaz, simulazio bat egin zuten emakume kalkulatzaileen taldea erabilita. Prozesua nahiko intuitiboa zen. Marchant-a mahai gainean zutela, bakoitzak urratsetako bat egiten zuen: batek biderketak egiten zituen, beste batek zatiketak, beste batek erro karratuak… beti urrats bera, eta emaitzak txartel batean pasatzen zituzten hurrengo mahaira, beste lankide batek kalkuluaren bere partea egin zezan. Sistemak izugarri ondo funtzionatu zuen, pertsona bakar batek ekuazio osoa, urratsez urrats, ebatzi izan balu baino askoz hobeto eta efizienteago.
Guztiaren erdian, hogeita sei urteko fisikari gazte bat zegoen, zeina etorkizunean ezagunagoa izan baitzen bongoak jotzeagatik Nobel saria irabazteagatik baino: Richard Feynman. Marchant kalkulagailuak matxuratzen zirenean, haiek konpontzeaz arduratzen ziren fisikarietako bat zen (izan ere, ez zegoen fabrikatzaileari bidali eta hark noiz itzuliko zain egoteko denborarik) eta oso ondo ezagutzen zuen guztiaren funtzionamendua. Lehenengo IBMak iritsi zirenean, 1944ko apirilean, Frankeli eta Nelsoni muntatzen lagundu zien ―Manhattan proiektuarekin zerikusia zuen guztiaren inguruko muturreko sekretismoa zela eta, hasiera batean, IBMko langile bakar batek ere ez zuen lortu Los Alamosera joateko baimena―.
Dena prest egon zenean, jakina, Feynmanek bere ideia bitxietako bat izan zuen: emakume kalkulatzaileak eta tabulagailuak lan bera egiten jartzea eta elkarren artean lehian aritzea. Nork emango zuen denbora gutxien arazo bat ebazteko? Gaur egun, esango genuke ordenagailu batek behar zuela denbora gutxien, baina, garai hartan, emakumeek irabazi zuten. Desabantaila bat baino ez zuten izan: kalkulu prozesu bera erabilita, emakumeak nekatu egin ziren, IBMak ez bezala, jakina.
Giza “programa” horrek, dagoeneko operatibo zeuden tabulagailuekin batera, izugarri areagotu zuen errendimendua, eta, gainera, ikusi zuten horrela ez zutela zertan aldi bakoitzean kalkulu bakarra egin, baizik eta aldi berean bi edo hiru eragiketa egin zitzaketela. Koloretako txartelak erabiliz gero, lanpostu bakoitzean beti urrats bera egiten zen, baina hainbat eginkizunetarako, bakoitza kolore batekin identifikatuta.
Bitxia da, halaber, hain oinarrizkoak ziren makina haiek burua galarazi ziotela Stanley Frankeli; izan ere, erosi ziren xederako ez bestetarako erabiltzen hasi zen ―merkatuko azken zehaztapenak dituen PC bat erosten duten geekak bezala―, zer egiteko gai ziren aztertzeko. Feynmanek ordezkatu zuen lanpostuan eta oso antolatzaile ona zela erakutsi zuen. Tabulagailuekin lan egiten zuen taldeak ―institututik ateratako gazteek osatua, zeinak teknikaren eta ingeniaritzaren arloko ezagutzaren bat zuten― ez zekien zertarako ziren kalkulu horiek guztiak. Feynmanek horren berri emateko baimena lortu zuen, eta, berriro ere, produktibitateak nabarmen egin zuen gora: gazte haiek prozesuak hobetzeko eta arintzeko moduak aztertzen hasi ziren gau eta egun. Tabulagailuen eta giza softwarearen aurretik bederatzi hilabetetan hiru arazo ebazten baziren, hiru hilabetetan bederatzi arazo ebaztera iritsi ziren.
Sinestezina da arkatza, papera eta talentua bakarrik erabilita zientzialariek etekin hori guztia ateratzea oinarrizko makina haiei, eta atomoaren sekreturik korapilatsuenetako bat argitzeko gai izatea.

- Archer, B. J. (2021). The Los Alamos computing facility during the Manhattan Project. Nuclear technology, 204, pp. S190-S203. doi: 10.1080/00295450.2021.1940060
- Feynman, R. P. (2018 [1987]). ¿Está usted de broma, Sr. Feynman? Aventuras de un curioso personaje. Alianza Editorial.
- Howes, R. y Herzenberg, C. L. (1999). Their day in the sun. Women of the Manhattan Project labor and social change. Temple University Press.
Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 27an: El software humano del Proyecto Manhattan.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Manhattan proiektuko giza softwarea appeared first on Zientzia Kaiera.
Loaren erregulartasunaren garrantziaz ohartarazi dute
Lo patroi irregularra izateak bihotzeko arazo larriak izateko arriskua %26 handitu dezakeela ondorioztatu du korrelazioan oinarritutako ikerketa batek.
Urtetan zehar pilatutako zientzia ebidentziak aditzera ematen du gauzak horrela direla, eta sen arruntak ere ondo ulertzen du hori: argi dago gutxi lo egitea osasunerako oso kaltegarria izan daitekeela. Hori dela eta, loaren iraupenean eta kalitatean oinarritu dira orain arte lo ohituren eta osasunaren arteko harremanen inguruko ikerketak, baina ez dira asko izan loaren erregulartasunaren gainean egin direnak; hots, ohera joateko eta ohetik altxatzeko antzeko ordutegia erabiltzen ote den aztertzen dutenak.
Familia, lana, oporrak edo bestelako aisialdia izan daitezke ohera joateko orduan ohiko ordutegiak aldatzea ekarri dezaketenak, eta agian aldagarritasun hori guztiz kaltegabea dela eman dezake. Alabaina, gauzak oso bestelakoak izan daitezkeelako zantzuak dituzte zientzialariek. Journal of Epidemiology & Community Health aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, erregularrak ez diren lo ordutegiak izateak ondorio negatiboak izan ditzake osasun fisiko eta mentalean.

Ez da aurreneko aldia horrelako planteamendu bat mahai gainean jartzen dena, zientzialariek aspalditik dakitelako loaren aldakortasunak erritmo zirkadianoei eragiten diela. Alabaina, eragin hori norainokoa den jakitea ez da erraza. Orain hori argitzen ahalegindu dira, eta, zalantza barik, emaitzak zeharo harrigarriak dira.
Erloju biologiko baten funtzioa betetzen dute erritmo zirkadianoek, eta loaren patroiak zehazten dituzte, baina bestelako prozesutan ere ezinbestekoak dira. Loa arautzeaz gain, besteak beste, digestioan, hormonen sorreran edota gorputzaren tenperaturaren arautzean eragina ere badute.
Bada, zientzialari talde honek berretsi duenez, erritmo zirkadianoak sarritan eteteak ondorio kaltegarriak izan ditzake. Besteak beste nahasmendu metabolikoak edo gaitz kardiobaskularrak izateko arriskuak handitzen dituelakoan daude zientzialariak. Are, osasunerako epe luzerako ondorioak uste baino larriagoak izan daitezkeela sinetsita daude ikertzaileak.
Datu andana esku artean izan dituzte Ottawako Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek: 40 eta 79 urte arteko 72.269 pertsonarenak. Horien guztien lo patroien inguruko jarraipen datuak erabili dituzte. Aukeratutako pertsona horiek ez zeukaten aurretik bihotzeko arazo nabarmenik. Erresuma Batuko Biobankuan bildutako datuak dira horiek.
Parte hartzaile horien loaren jarraipena zazpi egunen egina zieten, eta, modu horretan, pertsona bakoitzaren Loaren Erregulartasun Indizea kalkulatzeko gai izan dira. Adierazle honetan 87 puntu baino gehiago dituztenek lo patroi erregularra dutela ebatzi dute; 72 baino gutxiago dituztenak, berriz, irregulartasunaren barruan sailkatu dituzte. Tartean direnak, erdibideko eremu batean sartu dituzte ikertzaileek.

Loari buruzko datu horiek heriotza erregistroekin alderatu dituzte, bai eta loaren neurketa egin ondorengo zortzi urteetan zehar jasotako ospitaleratze datuekin ere. Horiek arakatzean arreta berezia jarri diete bihotzari lotutako arazoei. Atera duten ondorio esanguratsuenetakoa izan da lo ordutegi iraunkorra jarraitu ez dutenek osasun kalteak izateko arrisku gehiago izan dituztela. Kontrara, lo egiteko ohitura egonkorragoak izan dituztenek osasun egoera hobea dutela ikusi dute, bai alde fisikoan zein mentalean. Besteak beste, aldaketarik gabeko ordutegiak jarraitu ez dituztenek hantura gehiago izan dituzte, eta hau lotuta dago hainbat gaitz kroniko izateko arriskuarekin: diabetesa, hipertentsioa edota bihotzeko gaitzak, esaterako.
Parametro fisikoetan ez ezik, loaren ordutegien alterazioak buruko gaitzei ere eragiten die, antsietatearekin eta depresioarekin lotu dituztelarik. Erritmo zirkadianoek metabolismoa eta immunitatea arautzen dituztenez, azken horietan ere asaldurak gertatzen direlakoan daude ikertzaileak. Atzean dagoen arrazoia da erritmo zirkadianoak egunaren iraupenarekin batera joan ohi diren prozesu fisiologikoak direla, eta, beraz, egunaren argira eta gauaren iluntasunera egokitu ohi direla. Erritmo hauetan oreka galtzen denean, estresa sortzen da, eta glukosaren arautzea ere eten egiten da.
Hormonei dagokienez, serotonina eta dopaminaren produkzioan eragiten dute erritmo zirkadianoek, eta zientzialariek uste dute horrek antsietatea eta depresioa sortzen dituela. Neurotransmisore hauek aldartean zuzeneko eragina daukatenez, arazoak osasun mentalean zuzeneko eragina duelakoan daude zientzialariak, horiek gainera iraunkor bilakatu daitezkeelako.
Halako ikerketa baten aurrean burura ohi datorren galdera logikoa da ea noraino kontuan hartu izan diren bestelako faktoreek zeresanik ote duten harreman horretan. Adibidez, lo egiteko ohitura duen pertsona batek seguru aski dieta orekatuagoa izan dezake, eta estres gutxiago. Zentzu horretan, ikerketa nahiko irmoa da, beste hainbat aldagairen eragin posiblea ere kontuan hartu dutelako. Besteak beste, adina, jardun fisikoa, pantailen aurreko denbora, dieta, txandakako lanaldia, botiken erabilera, osasun arazoak edota kafearen, tabakoaren edo alkoholaren kontsumoa.
Ikertutakoen artean, oro har, modu erregularrean lo egiten duten gehienek gomendatutako loaldien luzerak mantendu dituzte (% 61). Modu irregularrean egiten zutenen artean, berriz, ehunekoa 48 % izan da. Gauzak hala izanik ere, azken hauen artean, berdin nahikoa lo egin ala ez, istripu zerebrobaskularra gutxiegitasun kardiakoa edota bihotzekoa izateko arriskua bere horretan mantendu da, % 26 horretan. Erdibidean egon direnen artean, hau da, loaldi partez irregularra izan dutenen kasuan, arriskua %8 handitzen da. Beraz, egileek nabarmendu dute jaso dituzten emaitzek iradokitzen dutela loaldiaren erregulartasuna loaldiaren iraupen minimoa baino garrantzitsuagoa izan daitekeela.
Logikoa denez, argi dago zein izan daitekeen arrisku hauek guztiak arintzeko modua: lo ohitura iraunkorra mantentzea, eta ohera joateko eta altxatzeko ordutegi zehatzak izatea, baita asteburuetan ere. Kontu honetan Jean-Philippe Chaput egile nagusia nahiko irmoa da, eta ordu erdiko zehaztasun batekin lokartzea eta esnatzea gomendatu du. “Zero aldakortasunik gero eta gertuago egon, orduan eta hobeto” nabarmendu du, baita “asteburuetan ere”. Chaputek garrantzi gehiago eman dio esnatzeko orduari, ohera joateko orduari baino.
Erreferentzia bibliografikoa:Chaput, Jean-Philippe; Biswas, Raaj Kishore; Ahmadi, Matthew; Cistulli, Peter A.; Rajaratnam, Shantha M. W.; Bian, Wenxin; St-Onge, ;arie-Pierre; Stamatakis, Emmanuel (2024). Sleep regularity and major adverse cardiovascular events: a device-based prospective study in 72 269 UK adults. J Epidemiol Community Health, Published Online First. DOI: 10.1136/jech-2024-222795
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Loaren erregulartasunaren garrantziaz ohartarazi dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Higgs-en eremuak nola ematen dien masa (benetan) oinarrizko partikulei
Matt Strassler fisikariak Waves in an Imposible Sea (Uhinak ezinezko itsaso batean) liburu berritik egokitutako artikulu honetan azaltzen duenez, masak unibertsoan duen jatorriak zerikusi handia du musikarekin.
2012an Higgsen bosoia Hadroien Talkagailu Handian aurkitu izanak berretsi egin zuen partikulen fisikariok aspalditik susmatzen genuena: kosmosa sartzen den eta oinarrizko partikulen masak sortzen dituen eremu bat dagoela. Zoritxarrez, fisikarientzat zaila izan da gainerakoei azaltzea Higgsen eremu deitzen den horrek nola betetzen duen bere zeregin handia.

Ikuspegi komun bat istorio fantastiko bat kontatzea izan da. Hona hemen bertsio bat:
Bada substantzia bat, zopa baten modukoa, unibertsoa betetzen duena; hori Higgsen eremua da. Partikulak mugitzen diren heinean, zopak balaztatu egiten ditu, eta horrela hartzen dute masa partikulek.
Beste bertsio batzuk Higgsen eremua melaza bat, sastraka bat, jende asko edo elur hedadura baten antzeko zerbaiten moduko gisa deskribatzen dute.
Hala ere, istorio horiek guztiak ez datoz bat fisikariok lehen urteko unibertsitate ikastaroen lehen asteetan irakasten dugunarekin. Higgsen eremuak egindako erresistentziaren eraginez masa sortzen duela iradokitzean, Newtonen mugimenduaren lehen eta bigarren legeak hausten dira. Beste hondamendi batzuen artean, erresistentzia horrek aspaldi eragingo zuen Lurra Eguzkirantz kiribil batean erortzea. Gainera, Higgsen eremua benetan substantzia bat balitz, gure mugimendu absolutua neurtzeko konparazio puntu bat izango litzateke, Galileoren eta Einsteinen erlatibitatearen printzipioak urratuz.
Egia esan, Higgsen eremuak ez du zerikusirik mugimenduarekin, ezta desazelerazioarekin ere; bere historia guztia bibrazioaren ingurukoa da.
Eremuen teoria kuantikoak, partikulen fisika modernoaren esparru ahaltsuak, unibertsoa eremuz beteta dagoela dio. Horren adibide dira eremu elektromagnetikoa, grabitazio eremua eta Higgsen eremua bera. Eremu bakoitzerako, dagokion partikula mota bat dago, eremu horretako uhin txiki gisa hobeto ulertzen dena. Eremu elektromagnetikoaren uhinak argi uhinak dira, eta haien uhin leunenak argi partikulak dira, eta horiei fotoi deitzen diegu. Era berean, elektroiak uhinak dira elektroien eremuan, eta Higgsen bosoia uhin txiki bat da Higgsen eremuan.

Elektroi egonkor bat, gitarra soka baten bibrazioa bezala, uhin geldikor bat da, nahi duen maiztasunarekin bibratzen duena, erresonantzia maiztasun gisa ezagutzen dena. Erresonantzia bibrazio hori ohikoa eta familiarra da. Pultsatutako gitarra soka batek erresonantzia maiztasuna etengabe jotzen duenez, beti tonu bera sortzen du. Era berean, pendulu kulunkatzaile baten maiztasun finkoak bihurtzen du erloju bat eraginkor. Printzipio beraren arabera, elektroi egonkor bakoitzak eremu elektronikoaren erresonantzia maiztasunarekin bibratzen du.
Unibertsoko eremu gehienek erresonantzia maiztasunak dituzte. Zentzu batean, kosmosak musika tresna baten antza du; biek dituzte maiztasun bereizgarriak, eta horietan errazago bibratzen dute.
Niretzat, pertsonalki, errealitatearen oinarria erresonantzia izateak atsegina eta harridura sortzen dit. Musikari eta konpositore afizionatua naizen aldetik, aspalditik ezagutzen dut pianoen, klarineteen eta gitarren barne funtzionamendua. Baina erabat harrituta geratu nintzen, graduondoko ikaslea nintzenean, unibertsoaren egiturek, baita neure gorputzaren barruan ere, antzeko printzipioen arabera funtzionatzen dutela ezagutzean.
Hala ere, gure kosmosaren musikaltasun sekretu hori ezinezkoa litzateke Higgsen eremuagatik ez balitz.
Eremuen teoria kuantikoan, Einsteinen fisika kuantikoaren eta erlatibitatearen konbinazio batek erresonantzia maiztasun baten eta oinarrizko partikula baten masaren arteko erlazio erabakigarri batera garamatza: partikula geldikor batek zenbat eta azkarrago bibratu, orduan eta handiagoa da bere masa. Erresonantzia maiztasunik ez duten eremuak masarik ez duten partikulei dagozkie; partikula horiek, eremu elektromagnetikoko fotoiak barne, ezin dute inoiz egonkorrak izan.
Higgsen eremuari buruzko fantasiazko ipuinek masa oinarrizko partikulen desazeleraziotik sortzen dela iradokitzen badute ere, melazaren antzeko substantzia batengatik, egia esan, Higgsen eremu indartsuago batek oinarrizko partikulak maiztasun altuagoetan bibrarazten ditu, eta horrek masa handitzen du. Beraz, Higgsen eremua errefortzuko eragile kosmiko moduko bat dela esan daiteke, beste eremu batzuetako erresonantzia maiztasunak handitzea helburu duena.
Nola alda dezake eremu batek bestearen maiztasuna? Pendulu xumeak adibide erraz bat eskaintzen digu.
Demagun pilota bat soka baten muturrean jartzen dugula espazio sakonean, non grabitazio eremua ia nulua den. Pilotak norabide finkorik gabe flotatuko du. Pixka bat bultzatzen badugu, bere posizioa poliki-poliki alda daiteke, baina ez du bibraziorik izango.
Hala ere, pendulu inprobisatua zero ez den grabitazio eremu batean jartzen bada, dena aldatzen da. Bola zuzen zintzilikatzen da beherantz, eta mugitzen bada, kulunkatu egiten da.

Pilota geldirik dagoenean, orekan dagoela esaten da: egonkorra, orekatua eta mugitzeko arrazoirik gabe. Pilota eskuinerantz mugitzen bada, grabitateak ezkerrerantz kulunkatzea eragingo du, eta alderantziz. Pilotaren posizioak oreka puntura itzultzeko duen joerak, leheneratze efektu gisa ezagutzen denak, kulunkatzea eragingo du.
Kasu horretan, grabitazio eremuak errefortzu eragile gisa jokatzen du: pendulua zurrunago bihurtzen du, eta horrek erresonantzia maiztasun bat ematen dio, zero ez dena. Grabitazio eremua zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta indartsuagoa izango da berreskuratze efektua, eta penduluaren erresonantzia maiztasuna handiagoa izango da.
Era berean, Higgsen eremuak leheneratze efektua sortzen du oinarrizko beste eremu batzuetan, eta horrek duten bibratzeko modua aldatzen du. Nahiz eta edozein eremuk izan ditzakeen mugitzen diren uhinak, urmael bat zeharkatzen dutenak bezalakoak, leheneratze efektu batek ahalbidetzen du eremu batek uhin geldikorrak izatea, gitarra soka batean agertzen diren uhin geldikorren antzekoak. Lehen aipatu dudan bezala, uhin geldikor horiek geldirik dauden oinarrizko partikulak besterik ez dira, bakoitza bere eremuan kulunkatuz.
Ideia hori Peter Higgs (Higgen eremuaren homonimoa) fisikari britainiarra zenak eta haren lehiakideek 1960ko hamarkadan adierazi zutenaren muinean dago: eremu batek beste eremu batzuk indartu ditzake, eta, horrela, uhinek beren lekuan erresonantzia maiztasunarekin bibratzen dute; eta, horrek, beren partikulei masa ematen die. Higgsen bosoiaren ikerketa esperimentalek, Hadroien Talkagailu Handian, baieztatzen dute hori dela hain zuzen ere Higgsen eremuak egiten duena. Partikulen fisikaren eredu estandarraren matematika erabiliz (ezagutzen diren oinarrizko partikula guztiak eta unibertsoko eremuen arteko elkarrekintzak deskribatzen dituen eremuen teoria kuantikoa), zientzialariek Higgsen bosoiaren portaerari buruzko iragarpenak egiten dituzte, eta esperimentuekin guztiz bat datoz. Ez dago zalantzarik: Higgsen eremuak leheneratze efektua sortzen du beste eremu askotan.
Beraz, Higgsen eremua sakonago ulertuta, beste istorio bat iradokiko dizuet:
Bazen behin existitu zen unibertso bat. Bero kiskalgarria, oinarrizko partikulaz gainezka. Bere eremuen artean Higgsen eremua zegoen, hasiera batean itzalita zegoena. Baina unibertsoa hedatu eta hoztu ahala, Higgsen eremua bat-batean aktibatu zen, zero ez zen indar bat garatuz. Hori gertatu zenean, eremu asko zurrun bihurtu ziren eta, ondorioz, haien partikulek erresonantzia maiztasunak eta masa hartu zuten. Horrela bihurtu zen unibertsoa, Higgsen eremuaren eraginaren bidez, gaur egun den musika tresna kuantikoa.
Jatorrizko artikulua:Matt Strassler (2024). How the Higgs Field (Actually) Gives Mass to Elementary Particles, Quanta Magazine, 2024ko irailaren 3a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Higgs-en eremuak nola ematen dien masa (benetan) oinarrizko partikulei appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #514
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AEBko antzinako zohikaztegietako molekula fosilak aztertuta, ikertzaile batzuek Deccan bolkanismoaren erupzioen eta Chicxulubeko kraterra sortu zuen asteroidearen talkaren bitarteko tenperaturak argitu dituzte. Deccan bolkanismoaren erupzio masiboek klima 5 ºC hoztu zuten 10.000 urtez, asteroidearen talka baino 30.000 urte lehenago. Gasek eguzki-izpiak blokeatu zituzten, baina tenperatura berehala leheneratu zen, eta erupzioek ez zuten eragin erabakigarririk izan dinosauroen desagerpenean. Asteroidearen talkak, berriz, hondamendi globala eragin zuen: hozte bizkorra, suteak, tsunamiak eta lurrikarak. Hori dela eta, ikertzaileek ondorioztatu dute dinosauroen galera asteroidearen talkak eragin zuela nagusiki. Emaitzak Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Adimen artifizialaUPV/EHUko eta Pauko Unibertsitateko ikertzaileek eginiko azterlan batek erakutsi du Adimen Artifizialak (AA) % 70eko zehaztasunarekin irakasleen ebaluazioak kopiatu ditzakeela. 507 irakasle eta AA sistemek (ChatGPT, Gemini, Copilot) parte hartu zuten esperimentuan, Lehen Hezkuntzako ikasleen testuak ebaluatuz. ChatGPT izan zen gizakien ebaluazioetara gehien hurbildu zena. Ondorioek adierazi dute AAren zehaztasuna prestakuntza mailarekin lotuta dagoela, baina generoak eta maila akademikoak ez dute eraginik. AA tresna lagungarria izan daiteke irakasleentzako, ebaluazio lanak arintzeko eta beste zereginetarako denbora gehiago eskaintzeko. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
KimikaMunduko txoko askotan su artifizialak jaurtiz ematen zaio hasiera urte berriari. Horren harira Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikariak kolorez eta soinuz betetako suziri hauen atzean dagoen kimika azaldu dute Zientzia Kaieran. K.a. 250ean Txinan asmatu ziren, eta bolbora beltzaren aurkikuntzarekin garatu ziren. Koloreak gatz metalikoen bidez sortzen dira: sodioak horia, barioak berdea, eta kobreak urdina. Zarata, bestalde, konposatu kimikoen errekuntzaz lortzen da, danbadak aluminioz eta txistu-hotsak nitrokonposatuez eraginez. Oinarrizko osagaiak erregaia, oxidatzailea, koloratzailea eta aglomeratzailea dira. XIX. mendetik aurrera su artifizialak asko hobetu ziren, gaur egungo ikuskizunak sortuz.
BiologiaIkerketek erakutsi dute aitaren dietak eragin epigenetikoa izan dezakeela seme-alaben osasun metabolikoan, sncRNA molekulen bidez. Gantz ugariko dieta jarraitzen duten sagu arren ondorengoek diabetesaren sintomak garatzen dituzte; efektu hori dieta normala berriro hartzean desagertzen da. Eragina epididimoan zehar espermatozoideak heltzen direnean gertatzen da, mitokondrietako sncRNA maila handitzearen ondorioz. Gizakietan, obesitateak eta gorputz-masaren indize altuak ere sncRNA mailak aldatzen dituzte, seme-alaben obesitate eta osasun metabolikorako arriskuak bikoiztuz. Hortaz, osasuntsu jatea garrantzitsua da, batez ere ugalketa unean. Informazioa Zientzia Kaieran.
ArkitekturaLandare-fatxadek lorategi bertikalen izaera emulatzen dute eta eraikinen isolamendu termikoa nabarmen hobetzen dute. Substratu batekin egituratutako sistema hauetan, landareek ura eta mantenugaiak jasotzen dituzte. Azterketa batean, landare-fatxada baten eta oinarrizko hormaren portaera termikoa alderatu da. Landare-fatxada instalatuta, isolamendu-ahalmena % 30 handitu zen, transmisio termikoa 0.75 W/(m²·ºC) izatetik 1.22 W/(m²·ºC) izatera pasatuz. Udaran, kanpoko geruzaren hozte efektua nabarmendu zen, beroa pasiboki murriztuz. Berrikuntzak eraginkorrak dira bero-galerak minimizatzeko eta energia aurrezteko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AstrofisikaNASAren Parker zundak Eguzkitik inoizko gertuen igarotzea lortu du, 6,1 milioi kilometroko distantziara. Objektu artifizialik hurbilenak, 692.000 km/h-ko abiaduran, Eguzkiaren atmosferaren datu baliotsuak bildu ditu. Misio honek Eguzkia hobeto ulertzea ahalbidetuko du, eta teknologikoki garrantzitsua da, adibidez, eguzki-ekaitzak iragarri eta horien eragina prebenitzeko. 2018an jaurtitako zundak grabitazio-bultzadak erabiliz hurbildu da pixkanaka Eguzkira, eta azken igarotzea arrakastaz gauzatu du, sistemak kaltetu gabe. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Zientziaren komunikazioaGureikerrek egindako ikerketaren arabera, komunikabideetan parte hartu duten ikertzaileen % 51k erasoak jasan dituzte, bereziki COVID-19 eta klima-aldaketarekin lotutako gaiengatik. Sare sozialak dira eraso gehienen gune, eta emakume zientzialariek jasaten dituzte irain eta zalantza gehien, genero estereotipoen ondorioz. Hala ere, dibulgazioa ezinbestekoa da desinformazioari aurre egiteko. Zientzialariek diote erronkak gorabehera, gizartearekiko ardura dutenez jarduera hori ezin dela baztertu. Ondorioz, erasoak gelditzeko eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Azalpen guztiak Berria egunkarian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #514 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #521
Urteko azkena da aste honetako Ezjakintasunaren kartografia, eta pixka bat berezia egitea erabaki dugu. Jarraian lau artikulurik irakurrienak.
1. Ez duzu gezurrik esango. Eta zientzialaria bazara are gutxiago. Izan ere, politikaria izanez gero gezurra esateari iritzi-aldaketa esaten zaio, tradizio marxistarik onenean (Groucho Marxen tradizioan), eta bidean gorantz egiten duzu; baina zientzialaria bazara, zure atzetik ibiliko dira. Juan Trilloren eskutik: The deceiving scientist: an evil to tackle.
2. Ordenagailu-simulazio batean bizitzeko probabilitate ez nulua bada. Eta TILKUTek badaki kodea erabiltzen duten izakiek zer egingo luketen baieztatzen badugu. Virtual reality
3. Sumendi batek lurperatutako papiro bat irakurri ahal izatea zientzia-fikzioa da. Juan F. Trilloren Herculaneum Papyri talking from the ashes
4. Gutxieneko espazioan egia biribilak kontatzeko gai da bineta bat. Translaton. TILKUTena.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #521 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ane Paniagua, adimen artifizialeko ikaslea: “Aukera izan dut nire eremutik atera eta gauza berriak ikasteko”
Ane Paniagua Gonzalez de Txabarri Adimen Artifizialeko gradua egiten ari da EHUn. Gehiengoak bezala, unibertsitateko ikasketak aukeratzean, ez zeukan oso garbi zer egin nahi zuen: “Ate irekien jardunaldian, informatika eta beste ingeniaritza batzuk erakarrita joan nintzen. Han jakin nuen adimen artifizialeko gradua zegoela, eta, artean ez nekien arren zer zen, horren alde egin nuen”. Eta, aitortu duenez, asmatu egin zuen.
Hain zuzen, oso gustuko zuen informatika, baita matematika ere. Baina matematikako gradua teorikoegia iruditzen zitzaion. Eta ingeniaritzetan fisika eta kimika ere bazeuden. “Adimen artifizialean, berriz, ez zeuden bi ikasgai horiek. Hori alde batera utzita, ez nekien gauza handirik. 2020an batxilergoko bigarren mailan nengoen, eta 2021ean hasi nintzen. Oso berria zen dena, eta horrek ere bultzatu ninduen. Pentsa, oraindik ez zegoen gradua egin zuen inor —gu bigarren belaunaldia gara—, eta chatGPT ez zen existitzen. Siri eta itzultzaile automatikoa eta halakoak bakarrik ezagutzen genituen”, gogoratu du.

Ikasgaiek eta berritasunak ez ezik, beste zerbaitek ere lagundu zion erabakia hartzen: irakasle emakumezkoen jarrerak. Izan ere, onartu du bazegoela informatikarien gainean estereotipo jakin bat: bideojokoen zalea, frikia… Eta jendeak esaten ziola bera ere halakoa bilakatuko zela. “Nik, ordea, ez nuen horrelakorik ikusi. Gainera, zer du txarra frikia izateak? Bestalde, nire karreran, neskak eta mutilak nahiko orekatuta gaude. Ingeniaritza informatikoan agian mutil gehiago daude, baina ate irekietan gugana berehala hurbildu ziren irakasle pare bat, emakumeak biak, animatzera, eta, beraz, ondo hartuak sentitu ginen”.
Eta Ane Zelaia Jauregi irakasleak animatu zuen karrerako ikasgaiez aparteko proiektu bat egitera, beste bi lagunekin batera. Hala, Badok eta Musikasten euskal musika-taldeei buruzko webguneetako datuak hartu, eta Wikidatara eraman zituzten, Wikipediaren datu-basera. “Oraindik datu pila falta dira, baina guk, pixka bat osatu genituen, eta, batez ere, egitura eman genien. Horri esker, sistematikoki kontsulta daitezke, eta nazioarteko beste leku batzuetakoekin alderatu daitezke”. Adibidez, euskal musikarien rankinga osatu daiteke, argitaratutako album-kopuruaren arabera, edo argitaratu diren dataren araberako denbora-diagramak egin daitezke.
Atzerriko esperientzia eta etorkizuneko galdera-markaGauza berriak egiteko bulkada horrek berak eraman zuen Ljubljanara, Esloveniako hiriburura. Erasmusen bidez izan da han, eta, etorri berritan, balorazio ezin hobea egin du hango esperientziaz, nahiz eta azterketak egiteko dituen oraindik. “Jende asko etxetik kanpo joaten da karrera ikastera, baina ni etxean geratu nintzenez, gogoa neukan kanpora ateratzeko, eta ikusteko zer ikasten duten beste unibertsitate batzuetan adimen artifizialeko karreran”.
Izan ere, arlo berria denez, ikasgaiak nahiko desberdinak dira batean eta bestean. Ljubljanan, hasiera batean, masterreko ikasgaiak aukeratu zituen, baina gero karrerakoak hartzeko gomendatu zioten, bestela lan-karga handiegia izango zelakoan. “Hasieran beste asmo bat neukan arren, oso gustura ibil naiz. Gauza desberdinak ikasi ditut, eta aukera bat izan da nire eremutik ateratzeko eta zerbait berria ikasteko”. Ikasgaiak alde batera utzita, bidaiatzeko eta herrialde askotako jendea ezagutzeko aukera izan du, eta balorazio ezin hobea egiten du esperientzia osoaz.
Bukatzeko, etorkizuna nola ikusten duen galdetuta, hau da bere erantzuna: “Galdera-marka handi bat”. Ikasten jarraitu nahiko lukeela dio. Esaterako, gustuko du irudi-prozesamendua. “Iazko udan praktikak egin nituen DIPCn (Donostia International Physics Center), eta oso gustura aritu nintzen. Itzulitakoan, haiekin jarraituko dut. Hizkuntzaren inguruan ere badago master bat oso interesgarria, baina uste dut irudiak gehiago erakartzen nauela. Beste aukera bat kanpora joatea da, baina ez dakit”. Tarte batean pentsakor geratu ondoren, errepikatu du: “Galdera-marka da hori”.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ane Paniagua, adimen artifizialeko ikaslea: “Aukera izan dut nire eremutik atera eta gauza berriak ikasteko” appeared first on Zientzia Kaiera.
Landare-fatxaden eraginkortasun termikoa
Landare-fatxada modular bertikal bat eraikitzea lorezaintzaren eta paisajismoaren esparruan egin beharreko konposizio konplexuenetako bat da, lorategi tradizional baina era perpendikularrean ezaugarriak emulatzea baitu helburu, eta horregatik lorategi bertikal ere deitzen zaio.
Lorategi bertikalen eraketan, ordea, substratu bat ezartzen den egitura bat erabiltzen da, non landaredia eta landareak sustraitzeko gai diren eta horren bidez ura eta horiek garatzeko behar diren mantenugaiak jasotzen dituzten.

Azterketa honetan landare-fatxada baten karakterizazio termikoa egiten da, isolamendu naturalaren gaitasuna egiaztatzeko, eta, beraz, tenperatura atseginagoak ematen dituzten edo ez, bai neguan, bai udan.
Konparazioa fatxada biluziko hormarekin egin zen, eta horma horren gainean landare-fatxada instalatu zen birgaitze energetiko gisa.
Hona hemen lortutako emaitza adierazgarrienak:
MLWn, ezaugarri termikoek hobekuntzak erakusten dituzte. Kasu honetan, oinarrizko hormaren 0.75 W/(m2 ºC)-tik 1.22 W/(m2 ºC)-ra transmisio termikoko balioetara igaro zen honek isolatzeko ahalmena % 30 handituz.
Udako urtaroen kasuan lortutako balioak aztertuz, hau da, erosotasunaren interesa fatxadaren kanpoko geruza hoztean datzanean erradiazioa maximoetara eta kanpoko tenperaturetara iristen baita. Hormaren tenperatura murriztea landare fatxadak eragiten du, eta horrek tenperatura modu pasiboan murrizteko gailu egokiak bihurtzen ditu. Itxitura bat berritu nahi bada bero-galerak murrizteko, komeni da isolamendu-geruza bat gehitzea oinarrizko horman, landaredun fatxadaren aurretik.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Eraikin pasiboen karakterizazio termikoa: landare-fatxada modular baten kasu-azterketa.
- Laburpena: Sistema berdeak sendotzen ari dira hirietako eskari termikoa murrizteko eta, aldi berean, hiriko bizitzaren kalitatea hobetzeko. Sistema berdeei lotutako onurak hainbat dira: biodibertsitatea handitzea, ekaitz-uren kontrola, energia aurreztea, tenperatura erregulatzea eta zarata arintzea. Landaredun sistema bertikalek errendimendu energetikoari egiten dioten ekarpenari buruzko ezagutza lortzeko, landaredun fatxada bati proba metodologikoak egin zaizkio Paslink zelda batean. Helburua landare-fatxada modular baten berokuntza- eta hozte-eskaria ezaugarritzea da. Emaitza nagusia isolamenduaren hobekuntza izan da. Erreferentziako fatxada 0.75 W/(m2 °C) baliotik abiatzen zen, eta 1.22 W/(m2 °C)-ko transmisio termikoko balioetara igaro zen landare-fatxadari esker; horrek esan nahi du isolamendu-ahalmena % 30 handitu zela. Fatxada berdeek energia aurrezteko potentzialtasun handia dutela ondoriozta daiteke.
- Egileak: Zaloa Azkorra-Larrinaga, Koldobika Martín-Escudero eta Naiara Romero-Antón
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 259-278
- DOI: 10.1387/ekaia.24600
Zaloa Azkorra-Larrinaga, Koldobika Martín-Escudero eta Naiara Romero-Antón UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Energetika Eraikuntzan Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Landare-fatxaden eraginkortasun termikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Aitaren dietak eraginda du semearen osasun metabolikoan
Espermatozoidearen geneek modu erabakigarrian laguntzen diote obulua ernaldu ondoren sortuko den banakoari. Gizakien kasuan, aitaldeko 23 kromosomak amaldeko kromosomen kopuru berarekin konbinatzen dira izaki berri bat sortzeko. Ba al dago, aitaldeko kromosomen ekarpenaz bestelako ekarpenik? Baieztatu egiten da mitokondriak (beren gene kopurua duten horiek ere) ez direla aitaren aldetik transmititzen eta herentzia mitokondriala amaldekoa baino ez dela. Hori ez da erabat zuzena; izan ere, espermatozoidearen mitokondria batzuk obulura iristen dira, baina mitokondria horiek zein haien DNA ezabatu egiten dira zenbait mekanismoren bidez.

Duela gutxi jakin dugu badagoela espermatozoidearen beste ekarpen bat, eta orain hasi gara haren garrantzia ezagutzen. sncRNA (small non-coding RNA, azido erribonukleiko ez kodifikatzailearen sekuentzia txikiak) izenez ezagutzen ditugun molekulak dira. 200 nukleotido baino gutxiagoko luzera dute eta transferentziako RNAren edo erribosomikoaren zatietatik eratortzen dira. RNA horien egitekoa da, hurrenez hurren, polipeptidoa mihiztatzeko aminoazidoa garraiatzea eta mihiztaketa hori gertatzen den erribosoma antolatzea.
Espermatozoideak obuluari ematen dion sncRNA multzoa, bere nukleoarekin batera, konplexua, dinamikoa eta ingurumen eraginekiko sentikorra da. Halaber, badakigu enbrioiaren garapenean eta helduen ezaugarrietan (fenotipoa) eragiten duela. Hemen aurki dezakegu gaiari buruzko azken berrikuspena. sncRNAek helduen fenotipoan duten eragin hori maila epigenetikoan gertatzen da, hau da, ez dute aldaketarik eragiten DNAren sekuentzian. Espermatozoidetik transferitutako sncRNAek ondorengoaren geneen adierazpena modulatu dezakete, eta aldaketa fenotipikoak eragin. Hortaz, ingurumen faktoreek eragindako herentzia epigenetikoaz ari gara.
Alemaniako eta Austriako ikertzaile talde batek Nature aldizkarian duela gutxi argitaratutako artikulu batean erakutsi du, saguetan, estaltze unean aitaren dietak eragina duela ondorengo arren osasun metabolikoan eta eragin hori maila epigenetikoan gertatzen dela, sncRNAen ekarpen espermatikoaren bidez.
Lehenengo esperimentuan, sagu arrak bi astez elikatu ziren gantz ugariko dietaren bidez. Sagu horiek emeekin estali ziren, eta egiaztatu zen ondorengo arren % 30 inguruk intsulinarekiko erresistentzia eta glukosarekiko intolerantzia garatu zutela, hau da, II motako diabetesaren zeinu bereizgarriak. Bigarren saiakuntzan, gantz ugariko dietarekin bi aste igaro ostean, saguek dieta normala jaso zuten berriro ere hilabete batez. Estalketaren ondoren, ondorengoek ez zuten garatu inolako arazo metabolikorik. Ikertzaileek ondorioztatu zuten dietak eragina zuela epididimoan espermatozoideak heltzen ziren garaian. Lasaiago azalduko dugu.

Espermatozoideak testikuluan sortzen dira, zelula germinaletatik abiatuta, gaitasun proliferatibo handia duten aitzindarietatik. Osatu ondoren, epididimo izeneko hodi egitura luzea zeharkatzen dute1. Saguaren espermatozoideek astebete behar izaten dute metro luze den hodi hori zeharkatzeko. Zeharkatzen ari direla, espermatozoideek epididimosomak (epididimoaren epiteliotik datozen molekulaz kargatutako besikulak) jasotzen dituzte, hala nola sncRNAk, eta ondoren lobulura transferituko dituzte (2. irudia).
Nature aldizkariko azterlanak erakutsi zuen gantz ugariko dieta espermatozoideak epididimoan sartu aurretik eteten bazen, ondorengoek ez zutela ondoriorik izango. Hau da, gantz ugariko dietaren eragina/eragin kaltegarria epididimoa zeharkatzean gertatzen zela. Eta horren erantzule transferitutako sncRNAk ziren. Izan ere, gantz ugariko dietak mitokondrietako sncRNAen maila igoarazten zuen ehun guztietan, epididimoa barne. Aldaketa hori dieta normalera itzuli ondoren leheneratzen zen.
Modu independentean, ikertzaileek bi generen (Mrpl23 eta Ndufb8) mutazioen ondorioak aztertu zituzten, mitokondrietako RNAren zati ez kodifikatzaileak areagotzen zituztenak. Mutazio horiek zituzten sagu arren ondorengoek gantz ugariko dietaren bidez elikatutako sagu arren ondorengoen aldaketa metaboliko berberak zituzten.
Ikerketaren egileek saguetan lortutako emaitzek eragin klinikorik izan zezakeen aztertu zuten. Egiaztatu zuten transferentziako eta mitokondrietako RNAren zatien mailak lotuta zeudela gizonen gorputz-masaren indizearekin. Aldi berean, egiaztatu zuten sorkuntzaren unean aitak gainpisua izateak bikoiztu egiten duela semeek obesitatea izateko arriskua eta arriskuan jartzen duela haien osasun metabolikoa. Espermak duen sncRNA karga izan liteke bi behaketa horien arteko lotura.

Nature aldizkariko artikuluan aipatzen den egoera batek proposatzen du gantz ugariko dietarekiko esposizioak mitokondrien funtzioa kaltetuko lukeela, eta hori mitokondrietako geneen transkripzio handiagoarekin konpentsatu beharko litzatekeela. Horren ondorioz, RNAn zelulen edukia handitzeak sncRNAen zati gehiegi sortuko lituzke, eta espermatozoideek garraiatu eta obozitoetara iritsiko lirateke. Oraindik ez dakigu, ordea, zati horiek nola modulatzen duten enbrioien geneen adierazpena, modulazio epigenetiko horrek nola eragiten dituen ondorioak ondorengoen metabolismoan eta zergatik dituzten semeek arrisku metaboliko gehiago alabek baino.
Laburbilduz, beti da gomendagarria dieta osasuntsu bat izatea eta gorputzaren pisuari maila egokietan eustea; are gomendagarriagoa da, ordea, gizonezkoentzat sorkuntza unean.
Oharra:1 Testikuluaren gainean dagoen giza epididimoaren bitxikeria bat: 4-5 zentimetro luze da, baina zabaldu egingo balitz, 6 metro luze izango litzateke.
Erreferentzia bibliografikoak:Cai, Chen; Chen, Qi (2024). Father’s diet influences son’s metabolic health through sperm RNA. Nature. DOI: 10.1038/d41586-024-01502-w
Tomar, A.; Gómez-Velázquez, M; Gerlini, R. et al. (2024) Epigenetic inheritance of diet-induced and sperm-borne mitochondrial RNAs. Nature. DOI: 10.1038/s41586-024-07472-3
Egileaz:Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 15ean: La dieta del padre influye en la salud metabólica del hijo.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Aitaren dietak eraginda du semearen osasun metabolikoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Urtezaharreko txinparten kimika
Munduko txoko askotan su artifizialak jaurtiz ematen zaio hasiera urte berriari. Kimika asko dago kolorez eta soinuz betetako suziri hauen atzean.
Lehenengo suziriak Txinan asmatu ziren, K.a. 250 urte inguruan. Suziri hauek prestatzeko, eztanda egiten duen substantzia bat sartzen zen banbu-kimuan. Hark eztanda egitean danbada ozen bat eragiten zuten eta, garai hartako sinesmenen arabera, espiritu gaiztoak uxatzen ziren.

Bolbora beltzaren aurkikuntzak su artifizialen garapena ahalbidetu zuen. Txinako alkimistak hilezkortasunaren elixirra bilatzen ari zirela, potasio nitratoa, egur-ikatza eta sufrea nahastu zuten eztanda egiten zuen substantzia bat lortuz: bolbora beltza. Substantzia hau suziriak egiteko erabiltzen hasi ziren XII. mendean eta, zenbait urte geroago, koloretako su artifizialak lortzeko gai ziren. Bolbora beltzarekin batera, su artifizialak iritsi ziren Europara. Hasierako su artifizialen kolorea oso mugatua zen, baina XIX. mendean berrikuntza ugari egin ziren askotariko konposatu kimikoak erabiliz eta hainbat koloretako su artifizialak sortu ziren.
Su artifizialen osagaiakSu artifizialen oinarrizko osagaiak erregaia, oxidatzailea, koloratzailea eta aglomeratzailea dira. Su artifizialen osagai nagusia bolbora beltza da. Aldi berean erregai eta oxidatzaile modura jokatzen du eta, lehen aipatu bezala, osagai ditu potasio nitratoa, egur-ikatza eta sufrea. Sufreak eta egur-ikatzak erregai gisa jokatzen dute; potasio nitratoa, berriz, oxidatzailea da. Oxidatzaileak konbustioa gertatzeko behar den oxigenoa sortzen du deskonposatzean; horrela konbustioa ez dago atmosferako oxigenoaren menpe, zeinetan kontzentrazioa oso baxua den. Gaur egun oxidatzaile gisa, nitratoez gain, kloratoak edo perkloratoak ere erabiltzen dira. Osagai guztiak batera eusteko, aglomeratzaile bat daramate, gehienetan destrina.
Su artifizialen koloreak lortzeko, askotariko gatz metalikoak erabiltzen dira, eta bakoitzak kolore batzuk sortzen ditu. Tenperatura oso altuetara berotzean (2000 °C-ra ere iritsi daiteke) metalek beroa absorbatzen dute. Horrela metaletako elektroiak kitzikatu egiten dira ohikoa baino energia maila altuagoetara. Elektroi hauek, beren orekazko egoerara itzultzean, gehiegizko energia argi moduan igortzen dute. Argia sortzeko modu honi luminiszentzia deritzo. Elementu bakoitzak uhin-luzera jakin bateko argia igortzen du, eta horretatik dator bakoitzaren kolore bereizgarria: sodioak kolore horia sortzen du, barioak berdea eta kobreak urdina.
Kolorea ere goritasun bidez lortu daiteke, horrek emititzen duen erradiazio elektromagnetikoaren bidez. Horrela kolore txuria edo zilar-kolorea lortu daitezke aluminioa, magnesioa edo titanioa erretzerakoan.
Su artifizialen zarataKimikak eragin handia dauka su artifizialek sortzen duten zaratan; izan ere, osagai egokiak aukeratzen dira zarata bakoitza lortzeko. Suziri batzuek danbada handia sortzen dute eztanda egitean. Kasu honetan, oxidatzailea, sufrea eta metala (normalean aluminioa) erabiltzen dira leherketa azkarra eta eraginkorra izan dadin: danbada ozena lortzen da horrela.
Badaude zenbait suziri txistu-hotsa egiten dutenak jaurtitzean. Zarata hori lortzeko bi motatako konposatuak erabiltzen dira: 1) nitrokonposatu aromatikoak eta 2) alkohol aromatikoak, azido aromatikoak edo metal lur-alkalinoak. Konposatu hauek oxidatzaileekin nahasten dira. Nahaste honen errekuntzak gas-eraketa azkarrak eta airean uhinak eragiten ditu, eta, horrek denak, txistu-hots ozena.
Erreferentzia bibliografikoak:- Steinhauser, Georg; Klapotke, Thomas M. (2010). Using the chemistry of fireworks to engage students in learning basic chemical principles: a lesson in eco-friendly pyrotechnics. Journal of Chemical Education, 87(2), 150-156. DOI: 10.1021/ed800057x
- Sturman, Barry; Garrioch, David (2023). Amateur science and innovation in fireworks in nineteenth-century Europe. Ambix, 70(2), 109-130. DOI: 10.1080/00026980.2023.2201743
- Brunning, Andy (2013, abendua). The chemistry of the colours of fireworks. Compound Interest. www.compoundchem.com
Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.
The post Urtezaharreko txinparten kimika appeared first on Zientzia Kaiera.
Adimen artifizialaren inpaktua hezkuntzako ebaluazioan
Didaktika eta Eskola Antolakuntza arloko UPV/EHUko eta Pauko Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako azterlan baten arabera, Adimen artifizialak (AA) % 70eko zehaztasunarekin kopiatu zuen irakasleen portaera.
Hezkuntzan alorreko ikertalde batek azterlan berritzailea gauzatu du: AAk irakasle izateko ikasten diharduten ikasleek egiten dituzten ebaluazioak kopiatzeko duten gaitasuna aztertu dute. Edutec aldizkarian argitaratu dute artikulua eta hezkuntza arloan AAn oinarritutako tresnak txertatzeko interesa gero eta handiagoa dela nabarmentzen du.

Formatzen ari diren 507 irakaslek parte hartu zuten ikerketan. Horiek, berariaz diseinatutako errubrika bat erabilita, Lehen Hezkuntzako ikasleek idatzitako hainbat testu ebaluatu zituzten. Aldi berean, zeregin bera egin zuten hainbat AA sistemak, hala nola OpenAIren ChatGPTk, Googleren Geminik eta Bingen Copilotek. AAren ebaluazioak eta etorkizuneko irakasleen ebaluazioak zer puntura arte ziren antzekoak zehaztea zen helburua, ikasleen generoaren, maila akademikoaren eta errendimenduaren araberako ezberdintasun posibleei arreta berezia jarrita.
Emaitzek erakutsi zutenez, aztertutako AA sistemen artean, ChatGPT izan zen testu idatzien ebaluazioan gizakien ebaluaziora gehien gerturatzea lortu zuena, ia % 70eko zehaztasunarekin. Era berean, prestatzen ari diren irakasleen arteko ezberdintasunak euren errendimendu akademikoaren arabera ebaluatzea izan zen azterlanaren alderdirik interesgarrienetako bat. Ikerketak erakutsi zuenez, ikasketetan errendimendu altuagoa zuten irakasleek egindako ebaluazioak lerrokatuago zeuden AAk egindakoekin. Horrek esan lezake AAren zehaztasuna lotuta egon litekeela etorkizuneko irakasleen prestakuntza mailarekin eta ebaluazio arloko alfabetatzearekin. Bestetik, badirudi generoak eta maila akademikoak ez zutela eragin esanguratsurik izan ebaluazioen zehaztasunean. Horrek esan nahi du laguntza tresna inklusiboa eta eraginkorra izan daitekeela AA.
Honakoa adierazi du Héctor Galindo-Domínguezek, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle atxikiak eta azterlanaren ikertzaile nagusiak: “Gaur egun ikasgelak oso jendetsuak dira eta irakasleek denbora asko pasatzen dute lan akademikoen ebaluazioarekin lotutako zereginetan, euren denboraren herenaren eta erdiaren artean, batez beste. Testuinguru horretan, emaitza hauek baliagarriak dira, irakaskuntzako jardueretan AA sortzailea laguntza tresna bat izan litekeela erakusten dutelako, ebaluazioarekin lotutako kargaren zati bat murrizteko eta irakasleek denbora hori beste funtsezko zeregin batzuetarako erabili ahal izateko, hala nola irakaskuntza pertsonalizatzeko, inklusiorako, klima sozialerako edo kooperatibismorako”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Adimen Artifizialaren inpaktua hezkuntzako ebaluazioan.
Erreferentzia bibliografikoa:Galindo-Domínguez, Héctor; Delgado, Nahia; Sainz de la Maza, Martín eta Expósito, Ernesto (2024). Un análisis experimental de la relación entre las evaluaciones proporcionadas por la inteligencia artificial y las proporcionadas por los docentes en formación. Edutec, Revista Electrónica De Tecnología Educativa, 89, 84–104. DOI: 10.21556/edutec.2024.89.3509
The post Adimen artifizialaren inpaktua hezkuntzako ebaluazioan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #513
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

3D inprimaketan oinarrituta egongo diren terapia zelular birsortzaileak izango ditugu etorkizunean medikuntzan. Horietako batzuk, esaterako, ehunak edo organoak inprimatzea ahalbidetuko dute. Horien inguruan hitz egin du Gorka Oribe ikertzaileak Berria egunkarian, Science aldizkarian berriki argitaratu duen “Terapia zelular birsortzailea 3D bioinprimaketarekin” izenburuko artikuluaren harira. Lan honetan Oribek 3D inprimaketaren bitartez zelulak birsortzeko erabiltzen den teknologia hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu. Xehetasun guztiak Berria egunkarian.
BiologiaTxinako hainbat erakundeko eta Estatu Batuetako ikertzaileek osatutako ikertalde batek dieta mugatu bat hartzen duten animalia batzuen zahartze-prozesua moteltzen lagundu dezakeen molekula bat identifikatu du. Horren berri eman digute Elhuyar aldizkarian. Ikertzaileek azido litokolikoaz elikatu dituzte fruta-euliak eta nematodoak, eta frogatu dute konposatu hori jan ez zutenak baino luzeago bizi zirela. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute gizakietan ez dagoela frogatuta azido litokolikoak eragin hori duenik. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Zuhaitzen inbentarioa (2021) dibulgazio-liburua munduko 60 bat zuhaitz-espezie biltzen ditu, batez ere Europakoak, hala nola hostozabalak, koniferoak eta palmondoak. Landareen izen zientifikoari, altuerari eta adinari buruzko informazio teknikoa ematen du, baita zuhaitz horiei lotutako lore, fruitu eta animalien ilustrazio zehatzak ere. Marrazkiek, zehatzak eta antzinako naturalisten estilokoak, errotuladoreak, tinta txinatarra eta akuarelak erabiltzen dituzte. Balio teknikoaz gain, basoen zeregin ekologikoa, egurraren garrantzi sozioekonomikoa eta zuhaitzen sinbolismo poetikoa nabarmentzen ditu liburuak. Datuak Zientzia Kaieran.
FisikaIkerketa berri batek frogatu du muturreko zulo beltzak —haien masak baimentzen duen karga edo errotazio handienarekin— naturan eratu daitezkeela, Stephen Hawkingen eta beste fisikari batzuen 1973ko sinesmena gezurtatuz. Eredu matematikoak erabiliz, Kehlek eta Unger matematikariek erakutsi dute nola zulo beltz batek egoera hori lor dezakeen fisikaren legeak urratu gabe eta banakotasun biluziak sortu gabe. Muturreko zulo beltzak egon litezkeela iradokitzen du aurkikuntza horrek, hamarkadetako sinesmen bati desafio eginez eta objektu kosmiko horien ulermena aberastuz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
KimikaGabonak direla eta egunotan etxe askotan turroia dastatzeko aukera egongo dela aprobetxatuz, Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikariak turroia egiteko osagai nagusienetarikoari buruz aritu dira Zientzia Kaierako artikuluan: almendra. Munduko fruitu lehor kontsumituenetako hau turroien zaporea eta kalitatea zehazten ditu. Arbendolondotik (Prunus dulcis) datorren hazia da. Almendrak gozoak, erdi-garratzak edo garratzak izan daitezke, eta garratzak toxikoak dira amigdalina dutelako. Txigortzeak almendren zaporea eta testura hobetzen ditu Maillard erreakzioa dela medio. Biltegiratzean, almendren zaharmintzea gertatzen da, gantz-azidoen oxidazioak osagai lurrinkorrak sortuz, zaporea kaltetuz. Almendrak 12 hilabete arte iraun dezakete ezaugarriak galdu gabe.
GeologiaBlanca Martinez geologoak Zambia eta Zimbabue artean dauden Victoria ur-jauziak aztertzen ditu Zientzia Kaieran. Ur-jauzi hauek munduko handienak dira: 1.700 metro luze eta 100 metro garai. Duela 180 milioi urte sumendien erupzioek sortu zituzten, eta Zambeze ibaiak basaltoaren eremuko hausturak baliatu ditu arroila higatzeko eta paisaia ikusgarri hori sortzeko. Uraren energiak erortzen ari den tantazko gortina bat sortzen du, eta, “Newtonen hirugarren legearen” arabera, gorantz bultzatzen du. Balio geologiko handiko eta UNESCOren Munduko Ondare gisa babestutako ingurune honek geologiak paisaia nola moldatzen duen erakusten du.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #513 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #520
Ikerketa biomediko askotan, emaitza positibo handi batekin batera, nahi gabeko albo-ondorioak agertzen dira. The ears, TILKUTEN bineta bat.
Esperimentalki egiaztatu ahal izan da, oso modu burutsuan, sufrea dela fluido magmatikoetan urrea mugitzen duena. In magmas, bisulphide transports most of the gold
Egiaren bilaketa da zientzia, Egia maiuskularekin; ala ez? Closer to the truth (1) , Jesús Zamora Bonillaren eskutik.
Esne Bidea bezalako galaxietan zulo beltz alderraiak daude. Baina zenbat? Eta zein da bere jatorria? DIPCko jendeak kalkulu batzuk egin ditu. Wandering black holes in Milky-Way-type galaxies
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #520 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: mikroorganismoak
Mikroorganismoak organismo bizidun ñimiñoak dira eta bakarrik mikroskopio bati esker ikus daitezke. Mikroorganismoen artean bakterioak, protozooak, algak eta onddoak daude. Birusak organismo biziduntzat hartzen ez diren arren, batzuetan mikroorganismo gisa sailkatzen dira. Edozein tokitan aurki daitezke mikroorganismoak: itsasoan, lurrean, giza gorputzetan… eta ikertzaileek demostratu dute mikroorganismoak atmosferan distantzia handiak egiteko gai direla aire masek garraiatuta.
Gaur egun, jakin badakigu mikroorganismoak beharrezkoak direla biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna mantentzeko, hainbat elikagaien ekoizpenean edo gure ongizatean ere garrantzitsuak direla. Izan ere, mikroorganismo gehienak ez dira kaltegarriak. Mikroorganismoak beharrezkoak dira gure biziraupenerako eta planetako ekosistema guztien biziraupenerako eta hori dela eta irailaren 17an Mikroorganismoen Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Begi hutsez ikusten ez diren izaki hauei erreparatu die oraingoan Kiñu kirikiñoak, izan ere merezi dute erreparatzea eta ezagutzea gurekin bizi diren txikitxo hauei.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: mikroorganismoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Zuhaitzen inbentarioa
Zuhaitzen inbentarioa (2021) liburuak munduko 60 zuhaitz-espezie inguru biltzen ditu, Europakoak franko: hostozabalak, koniferoak, palmondoak. Hosto, baso eta azal desberdinei buruzko hiztegi irudidun txiki batez gain, egileek, besteak beste, landare bakoitzaren izen zientifikoa, lor ditzaketen garaiera eta adina zehaztu dituzte, eta lore edo fruituen marrazkiak erantsi dizkiete, baita zuhaitz horietara biltzen diren animalienak ere.

Marrazkiak estilo zientifikoan emanak dira, antzinako naturalistek zuten zehaztasun berberaz: errotuladorez eta tinta txinatarrez egindako ingeradak, eta kolore eta gardentasunekin jokatzen duten akuarelak, testura eta tonuak jasotzeko. Liburu honek, eduki teknikoaz gain, basoen zeregin ekologikoa, zuraren sektorearen faktore sozioekonomikoa eta zuhaitzen garrantzi sinboliko eta poetikoa nabarmentzen ditu.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zuhaitzen inbentarioa
- Egilea: Virginie Aladjidi
- Itzultzailea: Mikel Taberna eta Juanjoxe Petrirena
- Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
- ISBNa: 978-84-9172-396-7
- Argitaletxea: Pamiela etxea; Kalandraka
- Hizkuntza: Euskara
- Orrialdeak: 72
- Urtea: 2021
Kalandraka: Zuhaitzen inbentarioa.
The post Zuhaitzen inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Burrunba egiten duen Geologia
«Livingstone doktorea, ezta?». Esaldi hori 1871ean Henry Stanley eta David Livingstone esploratzaileek Tanganyika lakuan lehenengo aldiz topo egin zuten kondairaren parte da. Izan ere, Staley Livingstoneren bila joan zen Afrikako erdigunera, urte batzuk zeramatzalako inondik ageri gabe. Baina Livingstone ez zen txango bat egiteko asmoz joan, Britaniar Inperioak bidali zuen Nilo ibaiaren iturburuak bilatzera; hots, itsasoratzean Egiptoko lurrak bustitzen dituen ibai ezagunaren jatorria kartografiatzera. Zalantza geografiko horri erantzuna eman ez bazion ere -gaur egun eztabaida sortzen jarraitzen du-, beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen: Zambeze ibaia aurkitu, bideari jarraitu eta ikaragarrizko ur-jauzi bat aurkitu zuen; eta, Britaniarra zenez, Victoria izena jarri zion.

Victoria ur-jauziak, edo Mosi-oa-Tunya batoko hizkuntzan (“burrunba egiten duen kea”), Zambia eta Zimbabweren arteko muga zehazten du, Afrika kontinentearen hegoaldean. Munduko ur-jauzi handiena da; 1.700 metrotik gorako longitudea eta 100 metrotik gorako ur jauzia du. Euri sasoietan, ura indarrez erortzen denez, tanta txikiz osatutako geruza handi bat sortzen da. Tantak gorantz doaz eta burrunba handi bat entzun daiteke; hortik datorkio, hain zuzen ere, bertako toponimoa. Eta, nola ez, sekulako paisaia horren jatorria Geologian aurki dezakegu.
Historia aztertzeko 180 milioi urte egin behar dugu atzera, Pangea bi superkontinentetan banatu eta elkarren artetik banatzen hasi zirenean. Laurasia iparraldean zegoen, eta Gondwana -gaur egungo Afrika barne-, berriz, hegoaldean. Garai hartan, gaur egun Victoria ur-jauzia dagoen tokian, zenbait sumendi erupzio gertatu ziren. Horren ondorioz, arroka basaltikoen mantu batek estali zuen eremu osoa, bata bestearen gainean jarritako geruzatan. Erupzio prozesu horiek hainbat milioi urte iraun zuten, eta ehunka metroko altuerako arroka bolkanikoak metatu ziren hainbat kilometroko itzulinguruan.
Plaken tektonika geldiezina da: ehun milioi urte baino gehiagotan aritu zen Gondwana azpibanatzen. Horrek arroka bolkanikoen mantua apurtzea eragin zuen, eta alde batetik bestera zeharkatzen duten ahulezia gune batzuk sortu ziren. Urak, lurrazalean barrena ibiltzen denean, zalantzarik gabe, ahulezia guneak baliatzen ditu, aurrera egiteko lasterbideak baitira.
Halaxe iristen gara duela bost milioi urte hasi eta gaur egunera arte dirauen historiaren azken kapitulura. Azken aldi horretan, klimari erreparatzen badiogu, aldi hotz eta lehorrak (glaziazioak) eta aldi bero eta hezeak (interglaziarrak) tartekatu dira eta horrek bokalerako bidean dauden zenbait ibaik osatutako drainatze-sistema bat ahalbidetu du. Ibai horien artean Zambeze ibaia dago, eta jo ta ke, milioika urtetan lortutako eroapenarekin, sigi-saga doan bidea eraiki du; halaber, arroka bolkanikoak zulatu ditu, ibilgua gero eta sakonago eraman baitu.
Eta Victoria ur-jauzia? Bada, beste galdera bat botako dizuet: gogoratzen al duzue lehen aipatu dudala urari asko gustatzen zaiola bere ibilbidean ahulguneak aurkitzea? Hori da. Ur-jauziak lurzoruren hustura handiak dira, ibaiak bokalera azkarrago iristeko baliatzen dituenak. Azter dezagun zehatzago: Zambeze ibaiak, hasiera batean, lurzoruaren azaleko haustura hori bertatik mugitzeko baliatu zuen. Hortaz, hondoa errazago higatu ahal izan zuen, eremu horretan arroila edo zintzur txiki bat sortu arte. Denborak aurrera egin ahala, eta ibilguaren ondorioz arroilaren goialdeko pareten eta hondoaren arteko distantzia handitu ahala, urak erortzean duen energia potentziala handitu egiten da, azkenean hondoko arroken kontra gabi baten antzera erortzen den arte. Ondorioz, ur-jauzia gero eta sakonagoa da, eta bertan ura ibiltzen den bitartean, gero eta sakonagoa izango da. Halaber, hondoko arrokekin talka egitean urak askatzen duen energiaren ondorioz, ziztu bizian gora irteten diren ur tanta txikien geruza sortzen da; hots, “Newtonen hirugarren legea” betetzen da.

Victoria ur-jauziak gizateria osoa (Afrikako erdigunean bizi ziren Homo generoaren hasieratik gure egunera arte) txunditzen duen ametsezko paisaia sortzen du. Eremu babestu ere bihurtu da, UNESCOren Parke Nazionalaren eta Munduko Ondarearen Gunearen izaerarekin. Eta, hori guztia, leku zoragarri horretaz gozatzeko aukera ematen digun historia geologikoari esker. Horrexegatik aukeratu dut, hain zuzen ere, zuei joan den urriaren 6an izan zen Geodibertsitatearen Nazioarteko Egun zoriontsua opatzeko. Inguruko paisaiari erreparatzen diozuen bakoitzean, gogoratu Geologiari esker sortu dela.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urriaren 10ean: La Geología que truena.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Burrunba egiten duen Geologia appeared first on Zientzia Kaiera.
Turroia: almendraren kimika gozo eta pozoitsua
Gabonak dira eta egunotan aukera egongo da, etxe askotan, turroia dastatzeko. Turroi tradizionalak osagai ditu almendra, eztia, azukrea eta arrautzak. Almendrak bere zapore, lurrin eta testura bereizgarriak ematen dizkio turroiari. Hain zuzen ere, turroiaren kalitatea almendra kantitatearen araberakoa da: kalitate baxueneko turroiek % 30 almendra daukate eta kalitate altuenekoek % 70 izan dezakete.
Almendra arbendolondotik (Prunus dulcis) lortzen den hazia da eta nagusiki lipido, proteina eta zuntzez osatuta dago. Mediterraneoan, Asian, Australian eta Ameriketan hazten da eta munduan gehien kontsumitzen den fruitu lehorra da. 30 espezie baino gehiago daude, baina merkaturatzeko ekoizten direnak gozoak izaten dira. Hain zuzen ere, duten garraztasunaren arabera sailkatu daitezke almendrak: gozoak (ez garratzak), erdi-garratzak eta garratzak.

Naturan aurki daitezkeen almendrak garratzak eta toxikoak dira amigdalina daukatelako. Holozeno garaian zenbait almendraren geneetan gertatutako mutazio baten ondorioz, amigdalinarik gabeko almendrak lortu ziren, almendra gozoak alegia. Mota horretako almendrak ekoizten dira gizakiaren kontsumorako.
Amigdalina azido zianhidrikoen glukosido bat da. Glukosido hauek zenbait landaretan aurkitu daitezke, defentsa bezala erabiltzen baitituzte. Animaliek edo gizakiek kontsumitzean landarean dagoen glukosido-entzima askatu eta glukosidoa hidrolizatzen du hidrogeno zianuroa eta bentzaldehidoa emanez. Hidrogeno zianuroa pozoitsua da, eta mertxika, sagar eta albertxikoen hazietan ere aurkitu daiteke.
Bentzaldehidoak almendrari duen zapore bereizgarria ematen dio. Almendra gordinek zenbait konposatu lurrinkor dituzte: bentzaldehidoaz gain alkohol txikiak, aldehidoak, azido organikoak eta, kasu batzuetan, sufre konposatuak, terpenoak (adibidez limonenoa), pirazinak eta abar.
Gehienetan almendrak txigortu egiten dira merkaturatu aurretik. Aire beroa edo olioa erabiltzen da horretarako. Txigortutako almendrek gordinek baino konposatu lurrinkor gehiago dituzte, txigortze prozesuan gertatzen diren erreakzioak direla eta: Maillard erreakzioa, azukreen pirolisia eta lipidoen oxidazioa. Bertan sortutako konposatuek ‒pirazinak, furanoak eta pirrolak‒ txigortatutako jakien zaporea ematen diete. Gainera, almendra hauek testura kurruskaria daukate.
Almendrak denbora luzez biltegiratzean lipidoen oxidazioa eta zaharmintzea gertatzen da, eta horrek eragina du zaporean. Oro har, almendrek 12 hilabete inguru iraun dezakete dituzten ezaugarri organoleptikoak galdu gabe. Zaharmintzea triglizeridoen hidrolisiaren eta gantz-azidoen oxidazioaren ondorioz gertatzen da.
Oxidazioaren kasuan, hidroperoxidoak eta erradikal askeak sortzen ditu oxigenoak gantz-azidoekin erreakzionatzean. Erradikalek erreakzio gehiago eragiten dituzte, osagai lurrinkorrak sortzen dituztenak: hidrokarburoak, aldehidoak eta zetonak. Nahiz eta zaharmintzea almendren arazo garrantzitsuenetarikoa izan, ez dago metodo egokirik prozesu hau antzemateko.
Erreferentzia bibliografikoak:- Franklin, Lillian M.; Chapman, Dawn M.; King, Ellena S.; Mau, Mallory; Huang, Guangwei; Mitchell, Alyson E. (2017). Chemical and sensory characterization of oxidative changes in roasted almonds undergoing accelerated shelf life. Journal of Agricultural and Food Chemistry, 65(12), 2549-2563. DOI: 10.1021/acs.jafc.6b05357
- Lee, Jihyun; Xiao, Lu; Zhang, Gong; Ebeler, Susan E.; Mitchell, Alyson E. (2014). Influence of storage on volatile profiles in roasted almonds (Prunus dulcis). Journal of agricultural and food chemistry, 62(46), 11236-11245. DOI: 10.1021/jf503817g
- Sánchez-Pérez, R.; Pavan, S.; Mazzeo, R.; Moldovan, C.; Aiese Cigliano, R.; Del Cueto, J.; Ricciardi, F.; Lotti, C.; Ricciardi, L.; Dicenta, F.; López-Marqués, R.L.; Møller, B. L. (2019). Mutation of a bHLH transcription factor allowed almond domestication. Science, 364(6445), 1095-1098. DOI: 10.1126/science.aav8197
Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.
The post Turroia: almendraren kimika gozo eta pozoitsua appeared first on Zientzia Kaiera.
Matematikak frogatu du Hawking oker zebilela muturreko zulo beltzei buruz
Hainbat hamarkadatan zehar, muturreko zulo beltzak matematikoki ezinezkotzat jo ziren. Baina froga batek kontrakoa erakutsi du.
Unibertsoa ulertzeko, zientzialariek anomaliak aztertzen dituzte. “Muturreko kasuei buruz gehiago jakin nahi dugu, mugan dauden kasu berezi horiei buruz”, adierazi du Carsten Gundlachek, Southamptoneko Unibertsitateko fisikari matematikariak.

Zulo beltzak kosmosaren mutur enigmatikoak dira. Horien barruan, materia hain dago trinkotuta non, Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorraren arabera, ezerk ezin duen bertatik ihes egin. Hamarkadatan zehar, fisikari eta matematikariek zulo beltzak erabili dituzte grabitateari, espazioari eta denborari buruzko beren ideien mugak egiaztatzeko.
Baina zulo beltzek ere badituzte muturreko kasuak, eta kasu horiek ere beren ideia propioak eskaintzen dituzte. Zulo beltzak biraka dabiltza espazioan. Materia horietan erortzen den heinean, are arinago biratzen dute; eta materiak kargarik badu, zuloak elektrikoki kargatzen dira. Hasiera batean, zulo beltza irits daiteke ahalik eta karga eta momentu angeluar handiena izatera, bere masa kontuan hartuta. Horrelako zulo beltzak “muturreko” izendatzen dira, muturren muturra.
Zulo beltz horiek ezaugarri bitxiak dituzte. Bereziki, honako hau: zulo beltz mota horren mugako azalerako grabitatea, edo gertaeren muga, zero da. “Zulo beltz horien azalerak ez du jada ezer erakartzen”, azaldu du Gundlachek. Baina partikula bat zulo beltzaren erdigunerantz bultzatuko balitz, ezingo litzateke bertatik atera.
1973an, Stephen Hawking, James Bardeen eta Brandon Carter fisikari ospetsuek baieztatu zuten muturreko zulo beltzak ezin direla benetako munduan existitu, ez baitago inongo modurik halakorik sortzeko. Hala ere, azken 50 urteetan, muturreko zulo beltzak eredu erabilgarriak izan dira fisika teorikoan. “Simetria politak dituzte, kalkuluak errazten dituztenak”, esan du Rhode Islandeko Unibertsitateko Gaurav Khannak. Horri esker, fisikariek mekanika kuantikoaren eta grabitatearen arteko harreman misteriotsuari buruzko teoriak proba ditzakete.

Orain bi matematikarik frogatu dute Hawking eta haren kideak oker zebiltzala. Lan berria Massachusettseko Teknologia Institutuko Christoph Kehleren eta Stanfordeko Unibertsitateko eta Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Ryan Ungerren pare bat artikulu argitaratu berrik osatzen dute. Horietan jasotzen da guretzat ezagunak diren fisikaren legeetan ezerk ez duela eragozten muturreko zulo beltz baten sorrera.
Froga matematikoa “ederra, teknikoki berritzailea eta fisikoki harrigarria” da, Princeton Unibertsitateko Mihalis Dafermos matematikariaren hitzetan (Dafermos da Kehle eta Ungerren doktorego tesien zuzendaria). Horren guztiaren arabera, unibertsoa are aberatsagoa eta anitzagoa izango litzateke, non “astrofisikaren ikuspuntutik, muturreko zulo beltzak egon litezkeen”, gehitu du.
Horrek ez du esan nahi existitzen direnik. “Ezaugarri egokiak dituen soluzio matematiko bat existitzeak ez du esan nahi naturak hura erabiliko duenik”, azaldu du Khannak. “Baina, nolabait, bat aurkituko bagenu, horrek benetan pentsaraziko liguke zer galtzen ari garen”. Horrelako aurkikuntzek “galdera nahiko erradikal batzuk” planteatzeko potentziala dutela azaldu du.
Ezintasunaren legeaKehle eta Ungerren probaren aurretik, arrazoi pisutsuak zeuden pentsatzeko muturreko zulo beltzak ezin zirela existitu.
1973an, Bardeen, Carter eta Hawkingek zulo beltzen portaerari buruzko lau lege aurkeztu zituzten, termodinamikaren lau legeen antzekoak zirenak, zeinak duela asko ezarri baitziren: printzipio sakrosantuen multzo horrek ezartzen du, adibidez, unibertsoa, denboraren poderioz, gero eta desordenatuagoa dela, eta energia ezin dela ez sortu ezta suntsitu ere.

Artikuluan, fisikariek zulo beltzen termodinamikaren lehen hiru legeak frogatu zituzten: zerogarrena, lehenengoa eta bigarrena. Horrenbestez, onartu zuten hirugarren legea ere bete egingo zela (termodinamika estandarrean bezalaxe), nahiz eta oraindik ezin zen frogatu.
Lege horrek ezartzen zuen zulo beltz baten azalerako grabitatea ezin dela zerora arte murriztu denbora finitu batean; hau da, ez dagoela modurik muturreko zulo beltz bat sortzeko. Baieztapen hori indartzeko, hirukoteak argudiatu zuen zulo beltz baten kargak edo momentu angeluarrak muturreko mugara iristea ahalbidetuko lukeen edozein prozesuk, aldi berean, potentzialki eragingo zuela haren gertaeren muga erabat desagertzea. Komunitate zientifikoak nahiko argi dauka gertaeren mugarik gabeko zulo beltzak, singularitate soil izenekoak, ezin direla existitu. Gainera, jakin badakigunez zulo beltz baten tenperatura haren azalerako grabitatearekiko proportzionala dela, azalerako grabitaterik gabeko zulo beltz batek ere ez luke tenperaturarik izango. Horrelako zulo beltz batek ez luke erradiazio termikorik emitituko. Hawkingek aurrerago proposatuko zuen zulo beltzek erradiazio termikoa emititu behar zutela.
1986an, Werner Israel izeneko fisikari batek gaia ebatzitakotzat jo zuen hirugarren legearen proba bat argitaratu zuenean. Demagun muturreko zulo beltz bat sortu nahi dugula ohiko zulo beltz batetik abiatuta. Hori lortzeko, arinago bira dadila eragin dezakegu, edo karga duten partikula gehiago gehitu. Israelen probak, antza, frogatu zuen hori guztia egitean ezin dela eragin zulo beltz baten azalerako grabitatea zerora irits dadila denbora finitu batean.
Kehle eta Ungerrek aurrerago deskubrituko zuten Israelen argudioan akats bat zegoela.
Hirugarren legearen heriotzaKehle eta Ungerren asmoa ez zen muturreko zulo beltzak aurkitzea. Kasualitatez egin zuten topo haiekin.
Elektrikoki kargatutako zulo beltzen sorkuntza aztertzen ari ziren. “Konturatu ginen egin genezakeela” –zulo beltz bat sortzea– “karga-masa harreman guztietarako”, azaldu du Kehlek. Karga ahalik eta altuena den kasua barne; hau da, muturreko zulo beltz baten ezaugarri nagusia.

Dafermosek aitortu zuen bere ikasleek Bardeen, Carter eta Hawkingen hirugarren legearen aurkako adibide bat deskubritu zutela: frogatu zuten ohiko zulo beltz bat muturreko zulo beltz bihur zitekeela denbora tarte finitu batean.
Kehle eta Unger biratzen ez den eta kargarik ez duen zulo beltz batekin hasi ziren, eta modelatu zuten zer gerta litekeen eremu eskalar izeneko ingurune sinplifikatu batean jarriko balitz, zeinetan uniformeki kargatutako partikulak dauden. Ondoren, zulo beltza kolpatu zuren eremu pultsuekin, karga emateko.
Pultsu horiek, halaber, energia elektromagnetikoa ematen zioten zulo beltzari, haren masa handitzea eraginez. Maiztasun txikiko pultsu difusoak bidaltzean, matematikariak ohartu ziren zulo beltzaren karga haren masa baino arinago areagotu zezaketela; eta horixe zen, hain zuzen ere, proba osatzeko behar zutena.
Emaitzak Dafermosekin eztabaidatu ondoren, 1986ko Israelen proba aztertu eta akatsa identifikatu zuten. Beste bi soluzio ere eraiki zituzten Einsteinen erlatibitate orokorraren ekuazioetarako, zulo beltz bati karga gehitzeko beste modu batzuk jasotzen zituztenak. Bardeen, Carter eta Hawkingen hipotesia ezeztatuta, hiru testuinguru ezberdinetan gainera, lanak ez zuen zalantzetarako tarterik uzten; Ungerren hitzetan: “hirugarren legea hilda dago”.
Bi zientzialariek frogatu zuten, halaber, muturreko zulo beltz baten sorkuntzak ez lukeela singularitate soil baterako atea irekiko, fisikarien kezkek adierazten zuten moduan. Aitzitik, badirudi muturreko zulo beltzak atari kritiko batean daudela: kargatutako materia hodei trinko bati karga kantitate egokia gehitzen bazaio, kolapsatu egingo da muturreko zulo beltz bat sortzeko. Gehiago gehitzen bada, singularitate soil batean kolapsatu ordez, hodeia dispertsatu egingo da. Ez da zulo beltzik sortuko. Kehle eta Unger gogoberotuta daude bai emaitza horrekin bai muturreko zulo beltzak existi daitezkeela frogatzearekin.
“Adibide ederra da hau, erakusten baitigu matematikek zerbait itzultzen diotela fisikari”, adierazi du Elena Giorgi Columbiako Unibertsitateko matematikariak.
Ezinezkoa agerianKehle eta Ungerrek naturan muturreko zulo beltzak existi daitezkeela teorikoki frogatu badute ere, ez dago bermerik hori hala dela egiaztatzeko.
Alde batetik, adibide teorikoek gehieneko karga dute, baina ez da sekula karga hautemangarria duen zulo beltzik aurkitu. Askoz probableagoa da arin biratzen duen zulo beltz bat aurkitzea. Kehle eta Ungerrek momentu angeluarraren muturreko atarira iristen den adibide bat eraiki nahi dute, kargarenaren ordez.
Baina spinarekin lan egitea askoz zailagoa da matematikaren ikuspuntutik. “Horretarako matematika berri eta ideia berri asko behar dira”, adierazi du Ungerrek. Kehlerekin batera problema aztertzen hasi da.
Bien bitartean, muturreko zulo beltzak hobeto ulertzeak informazio gehiago eman dezake ia muturrekoak diren zulo beltzei buruz; eta, azken horiek bai, unibertsoan ugariak direla uste da. “Einsteinek ez zuen uste zulo beltzak benetakoak izan zitezkeenik, arraroegiak direlako”, adierazi du Khannak. “Baina orain badakigu unibertsoa zulo beltzez beteta dagoela”.
Antzeko arrazoiengatik, gehitu du, “ez genuke amore eman behar muturreko zulo beltzei dagokienez. Nik neuk ez diot mugarik jarriko naturaren sormenari”.
Jatorrizko artikulua:Steve Nadis (2024). Mathematicians Prove Hawking Wrong About the Most Extreme Black Holes, Quanta Magazine, 2024ko abuztuaren 21a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Matematikak frogatu du Hawking oker zebilela muturreko zulo beltzei buruz appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #512
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
EHUko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak itsas jatorriko PET-botilen (itsas plastikorik ohikoenetakoa) bereizketa eraginkorra ikertu du. Aire zabalean eta itsasoan urperatutako botilak analizatu dituzte, bigarren taldekoak izanda degradazio-maila handiago daukatenak. Bereizketa optikoko sistema batekin probak egin dituzte ere, itsas eta hiri jatorriko PET-botilak automatikoki bereizteko. Ikerketak ondorioztatu duenez, hiri-hondakinen tratamendu-sisteman itsas hondakinak eraginkorrago kudeatu daitezke, eta horrek itsas zaborren jasotzea sustatuko du. Informazioa Elhuyar Aldizkarian.
BiologiaUPV/EHUko Basque Environmental Health Research Group taldeko ikerketa batek ondorioztatu du haurren portaera arazoek zerikusia dutela adatseko kortisol maila handiagoekin, estres kronikoaren adierazle. INMA proiektuko 11 urteko haurrekin egin dute ikerketa, eta amaren estresak eta inguruko zaratarekiko esposizio luzeak kortisol mailetan eragina dutela ere agerian uzten du. Ikerketak haurren estresari eragiten dioten ingurumen faktoreak, faktore sozialak eta indibidualak aztertzeko eredu bat proposatzen du, haurtzaroan eta nerabezaroan politika publikoak hobetzeko eta estres kronikoa murrizteko helburuarekin. Azalpenak Zientzia Kaieran.
HizkuntzalaritzaLeyre Rojo Horrillo euskal hizkuntzalariak Erronkarieraren azterketa sakona egiten ari da, euskararen dialekto honen ezaugarri bereizgarriak eta desagertzearen arrazoiak ulertzeko. Erronkarieraren ezaugarri fonologiko eta morfologikoak, hala nola bokal-erorketak edo k-dun erakusleak, aztertzen ditu. Halaber, hizkera desagertuaren soziolinguistika eta testuen edizioa lantzea du helburu, etorkizuneko ikerketetarako baliagarri izan daitezen. Hildako hizkuntzen analisia ezinbestekoa dela dio, hizkuntzen bilakaera eta desagerpena ulertzeko. Tesia Madril eta Compostelako kongresuetan aurkeztu du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.
ArkeologiaAntzinako Brontze Aroko Britainia Handiko Charterhouse Warren aztarnategian izandako sarraskiaren xehetasunak argitu dituzte. Gutxienez 37 pertsona, tartean haurrak, ezustean harrapatu eta modu bortitzean erail zituzten; gorpuak zatikatu eta, ebidentzien arabera, jan egin zituzten. Kanibalismoa indarkeriazko erritual baten parte izan zitekeen, arerioei gizatasuna kentzeko helburuz. Hezurren ebaketa markek eta karbono datazioek erakutsi dute gertakariak K.a. 2200-2000 artean izan zirela. Europan halako erritual bortitzik ez da dokumentatu, eta aurkikuntzak gizateriaren “alderik ilunena” agerian utzi du. Datuak Alean.
MikrobiologiaObelisko izeneko RNA molekulak aurkitu dituzte, birusen eta biroideen arteko eremu batean kokatzen direnak. Entitate hauek 1.000 nukleotido inguru dituzte, proteinak kodetzeko gai dira, baina ez dute birusen proteinen estaldurarik. Giza ahoan eta gorotzetan aurkitu dira, baita ingurune naturaletan ere, 30.000 espezie inguru identifikatuz. Oraindik ez da ulertu zer funtzio betetzen duten, baina zientzialariek uste dute bakterioen barruan prozesu biologikoetan eragina izan dezaketela. Aurkikuntza honek bizitzaren ulermena sakon alda dezake eta RNAren jatorriari buruzko hipotesi berriak piztu ditu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
GenetikaIkerketa berri batek, Max Planck Institutuko zientzialariek egina, sifilisaren jatorria Amerikan sustraituta zegoela erakutsi du, Europako konkistatzaileak iritsi aurretik. Amerikako fosiletatik berreskuratutako bost genoma aztertuz, paleontologo molekularrek gaixotasunaren genealogia osatu dute. Ondorioztatu dute sifilisa Amerikatik Europara XV. mendearen amaieran iritsi zela, Europako agerraldi handiaren eragile izan zela, eta ondoren europarrek gaixotasuna hedatu zutela Afrikan eta Amerikan giza trafikoaren bidez. Ikerketak sifilisaren historia ulertzeko hipotesi berriak indartu ditu, eta emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dira. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
ZoologiaMarrazo muturluzea (Isurus oxyrinchus), arriskuan dagoen espeziea, AZTIk monitorizatzen hasi da Bizkaiko Golkoan haren mugimenduak eta portaera ezagutzeko, kontserbazio-neurriak bideratzeko. Espezie honek ekosistemen orekan funtsezko rola betetzen du, baina arrantza-interesa ere badu. Aurten, lehen aldiz, 1,4 metroko eme bat markatu dute, Amalur izena jarrita, eta bi marka satelital jarri dizkiote, mugimendu horizontal eta bertikalak aztertzeko. Aurretik markatutako marrazoek erakutsi dute Bizkaiko Golkoa marrazo urdinentzat gune garrantzitsua dela urte osoan, eta itsaspeko arroilak interes bereziko habitat direla. Helburua da arrantza-jardueraren kalteak murriztea eta marrazoen irudi negatiboa aldatzea, beren funtzio ekologikoa azpimarratuz. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Ikerketa batek frogatu du odol hotzeko ornodunek, hala nola Niloko tilapiak, ur beroetara joanda portaerazko sukarra erabiltzen dutela infekzioei aurre egiteko. Tenperatura altuek T linfozitoen suntsipen-entzimen ekoizpena moteldu, oxido nitriko antimikrobianoaren transkripzioa handitu eta hantura-proteinak sortzen dituzte, immunitatea indartuz. Era berean, birus eta bakterioen hazkundea oztopatzen dute. Jokabide hori odol beroko animalien sukar biologikoa baino milioika urte lehenago garatu zela ondorioztatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaUranoren eta Neptunoren sateliteek jarduera geologikoaren zantzuak erakusten dituzte, eta lur azpiko ozeanoak har litzakete. Berriki egindako ikerketa batek, JWST teleskopioa erabiliz, karbono dioxido eta karbono monoxido izotz geruza lodiak antzeman ditu Arielen (Uranoren satelitea), eta horrek prozesu geologiko aktiboak iradokitzen ditu, kriobulkanismoa, esaterako. Gainazalean egon daitezkeen karbonatoen presentziak ur likidoaren eta arrokaren arteko elkarrekintza adieraziko luke, eta horrek bizigarritasun aukerak handitzen ditu satelite horretan. Aurkikuntza horiek etorkizuneko misioen beharra nabarmentzen dute, mundu horiek sakon esploratzeko. Informazioa Zientzia Kaieran.
ArgitalpenaVirginia Garcia astronomoak eklipseak haurrentzako liburu batean azaldu ditu, Aranzadi zientzia elkartearekin batera. Hurrengo bost urteetan 13 eklipse ikusiko ditugu, eta horietako ikusgarriena 2026ko abuztuaren 12an izango da Euskal Herrian, eguzki eklipse osoa. Liburuan eklipseen sekretuak azaltzen dira modu erraz batean, baita eguzkiari segurtasunez begiratzeko betaurrekoak ere badituzte. Garcia zeruaren inguruko jakintza galdu dela ohartarazi du, eta astronomiarekiko zaletasuna aitonari zor diola nabarmendu. Datuak Berrian.
Itsasoaren inbentarioa (2021) dibulgazio zientifikoko liburua da, eta 100 itsas espezie inguru aurkezten ditu, batzuk desagertzeko arriskuan daudenak, hala nola zerra-arraina eta hegalaburra. Bisualki erakargarria eta sinplea den gida baten bidez, krustazeo, molusku, arrain eta itsas ugaztunen barietate zabala deskribatzen da. Emmanuelle Tchoukrielen ilustrazioek antzinako grabatu zientifikoak zehatz imitatzen dituzte. Haur eta helduei zuzendutako liburu honek itsas ekosistemaren ezagutza eta kontserbazioa sustatzen du. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #512 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #519
Korapilatzearen entropia kontzeptuak oso paper garrantzitsua du fase kuantikoen trantsizioetan. DIPCko jendeak zehatz-mehatz aztertu du. The role of entanglement in quantum phase transitions
Gizakiak dauden lekuetan, ziur aski, plastikoa egongo da. Plastikoa dagoen lekuan biofilmak sortzen dira. Biofilmak itsasoan badaude, edozein kostaldetara irits daitezke. Ongi etorri Antartikara. The Antarctic plastisphere, Pere Monràs i Riera eta Elisenda Ballesté.
Kuantikaren jatorria termodinamikan dago; beraz, honek ere ez luke hainbeste harritu behar. Esperimentalki baieztatu da osagarritasun-printzipioaren eta ziurgabetasun entropikoaren arteko lotura. The equivalence of entropic uncertainty with wave-particle duality
Orain arte ez da jakin zergatik diren laranjak katu laranjak. The mystery of Garfield’s orange coat finally solved, Lluis Montoliuren eskutik.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #519 appeared first on Zientzia Kaiera.