Zergatik ezin ziren espagetiak erdibitu (eta orain bai)?

1. irudia: Espagetiak egosteko erdibitzen saiatzean nekez lortzen da espageti bakoitza bi zatitan bakarrik banatzea. (Argazkia: Jeshootscom – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Espagetiak bitan zatitzea zein fenomeno konplexua den Richard Feynman fisikari ospetsua bera ere ohartu zen. Diotenez, bere sukaldean orduak eta orduak igaro zituen espagetiak bitan zatitzen ahalegintzen. Haren ustez, espagetiak zailtasunik gabe zatitu behar ziren bitan; izan ere, espagetiaren kurbadura handiegia bilakatzen denean, espagetia bitan apurtzeak energia askatuko zuen kurbadura murrizteko. Hori horrela zela uste bazuen ere, ez zuen lortu espagetiak bi zatitan apurtzea. Nahi eta ezin. Jarraian ikusgai dagoen bideoan -50. segundotik aurrera- ikus daiteke espagetiak erdibitu nahi direnean zer gertatzen den.
Lehen ikerketakFeynmanek egindako esperimentuen ondoren, espagetien gaia ikertzen jarraitu zuten zientzialariak egon ziren eta, hain zuzen ere, 2006an espagetiak erdibitzeko ezintasunaren fenomenoa azaltzea lortu zuten Audoly eta Neukirch zientzialariek. Fisikariek espagetia apurtzean gertatzen diren indarrak deskribatu zituzten. Azaldu zutenez, espagetia apurtzean alderantzizko indarrak eta bibrazioak sortzen dira eta horiek dira, hain zuzen, espagetia zati gehiagotan apurtzea eragiten dutenak -erreakzio-turrusta modukoa-. Hortaz, intuitiboa ez bada ere, espageti harian zehar erlaxazio-uhin bat hedatzen da eta hedapen horrekin batera espagetia zatitxo txikitan apurtzen da. Esan behar da espagetien inguruko ikerketari esker bi fisikari frantziarrek 2006ko Ig Nobel saria irabazi zutela. Sariok, umore kutsuan izan dezaketen ikerketak saritzen dituzte -Nobel sarien parodia modura-, baina, Ig Nobelek ere zientzia asko dute atzean eta, haiek diotenez, barrea eragin ondoren pentsarazi egiten duten sariak ere badira. Sariaren ostean, espagetien arazoa ezagunagoa egin zen, baina, oraindik galdera bat zegoen erantzuteke. Tira, orain badakigu zergatik den hain zaila espagetiak erdibitzea, baina, ba al dago modurik espagetia bitan -eta bitan bakarrik- zatitzeko?
Azken aurrerapausoak espagetien ikerketanOrain, MITeko bi matematikarik fenomeno hori azaltzea lortu dute eta, gainera, irtenbidea eman diote. Horretarako espagetiak apurtzeko makina diseinatu eta eraiki dute eta hainbat eta hainbat espageti zatitzen saiatu dira modu desberdinetan. Horri esker jakin dutenez, espagetiak biratzen diren bitartean apurtzen badira -270 º-ko angeluaz-, indarrak gehiago sakabanatzen dira eta espagetia zati gehiagotan apurtzea ekiditen da. Hain zuen ere, apurketa-tentsioa eta biraketa-tortsioa elkartuz, espagetiak simetrikoki zatitzen dira. Espagetiaren lehenengo apurketak eragiten duen bibrazioa tortsio mugimenduan kanalizatzen da eta espagetiaren egituran tentsio gutxiago eragiten du.

2. irudia: Espagetientzat egindako eredu matematikoak bestelako egituretan ere aplikatu ahal izango da, hala nola nanohodiak eta zelula-mikrotubuluak. (Argazkia: quintheislander – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Beraz, MITeko ikertzaileen ondorioen arabera jarraian ikusgai dagoen bideoan ikusten den moduan erdibitu behar dira espagetiak. Eskuz egitean beti ez da lortzen, baina, antza, hauxe da espagetiak erdibitzeko modurik eraginkorrena.
Hasiera batean dirudienaren gainetik, ikerketa honek aplikazio ugari izango ditu; izan ere, espagetientzat garatutako eredu matematikoa bestelako egituretan aplikatu ahal izango da eta kaskada-hausturak saihestea lor daiteke. Beraz, Ig Nobel sarien kasuan gertatzen den antzera, ikerketa xelebre eta bitxienek ere badute funtsa. Hori bai, agian errazagoa da espagetiak osorik egostea…
Erreferentzia bibliografikoa:
Heisser, Ronald H., et al., (2018). Controlling fracture cascades through twisting and quenching. PNAS 115(35), 8665-8670. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1802831115
Informazio osagarria:
- ¿Por qué es imposible partir un espagueti en dos? abc.es, 2018.
- MIT mathematicians solve age-old spaghetti mystery, Jennifer Chu, news.mit.edu, 2018.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Zergatik ezin ziren espagetiak erdibitu (eta orain bai)? appeared first on Zientzia Kaiera.
Zilarrezko nanopartikulak toxikoak dira uretako organismoentzat

Irudia: Zebra arrainen taldeak erabili dituzte zilarraren eragina ezagutzeko egindako ikerketan.
Zilarrezko nanopartikulak gero eta gehiago erabiltzen dira kontsumoko produktu gisa arropan, norberaren zainketa produktuetan eta elikagaien zein medikuntza-farmaziaren industrian. Aurreikusi da gero eta gehiago egongo direla ingurumenean eta organismoei ondorio kaltegarriak eragin diezazkieketela. Ur gezan dauden partikula horiek epe luzera utz dezaketen aztarna aztertu dute zebra arrain helduetan.
Hiru zebra arrain talde erabili dira ikerketan, 50-60 bana, hiru akuario desberdinetan. Urmaeletako batean, zilar nitratoa gehitu dute uretan disolba daitekeen zilarra sortzeko; bigarren batean, 20 nm tamainako zilarrezko nanopartikulak (NP Ag) eta hirugarrenean ur garbia, kontrol gisa erabilita.
Kutsatutako urmaeletako taldeak 21 egun egon dira bi metal formen eraginpean eta, jarraian, sei hilabete ur garbian, epe luzera zilarraren eraginpean izandako ondorioak aztertzeko. Ingurumenean adierazgarritzat jotako metal kontzentrazio bat erabili da, alegia, naturan egon daitekeen kontzentrazio bat. Tratamendu instalazioetatik ateratako hondakin uren bokale batean izan daitekeena, adibidez.
Zilarra uretan agertzeko duen moduak (disolbatuta edo nanopartikulatan) eragina du metalak arrainen organoetan duen banaketan ikerketaren emaitzen arabera. Halaber, behatu ahal izan da zilar disolbagarriak epe laburreko alterazioak eragiten dituela (hiru egun) eta nanopartikulek, berriz, epe luzeagora (21 egun). Bietan ere, ur garbitan animaliek sei hilabeteren ondoren arazten dituzte beren gorputzak baina, detektatu denez, zakatzetan hanturak iraun egiten die.
Zilarraren eraginpean 21 egun eta ur garbitan sei hilabete egon ondoren, hainbat analisi kimiko eta biologiko egin zaizkie arrain horien zakatzei, gibelei eta hesteei. Kutsatzaileak sartzeko sarrera nagusia delako aukeratu dituzte zakatzak; gibela, metabolismo eta desintoxikaziorako organo nagusia delako eta hesteak zilarrezko nanopartikulak janariaren bidez adsorba daitezkeelako.
Arrainek metal kontzentrazio antzekoak metatzen dituzte zilar disolbagarriaren zein zilar nanopartikulen eraginpean egon. Ur garbitan 6 hilabete pasa ondoren, gainera, metalaren eraginpean egon aurreko mailara suspertzen dira. Arrainen organoak analizatzean ondorioak bestelakoak izan dira. Gibeleko eta hesteetako zilarraren banaketa tratamenduan erabilitako metal formaren araberakoa izan da, baina bi tratamenduek eragin dute hantura arrainen zakatzetan eta, gainera, ur garbitan sei hilabete pasa ondoren ere, iraun egiten du ondorioak.
Bestetik, gibeleko transkriptomaren analisiak erakutsi dute zilarraren eraginpean egoteak ondorio larriak dituela. Zilar disolbagarriaren eragina larriagoa izan da hiru egunen ondoren, guztira 410 gene sekuentziaren adierazpen mailetan detektatu baitira aldaketak. Zilar nanopartikulen kasuan, alterazioa 21 egunetara detektatu zen, eta 799 sekuentziari eragin die.
Erreferentzia bibliografikoa:
Orbea Amaia, et al., (2018) Waterborne exposure of adult zebrafish to silver nanoparticles and to ionic silver results in differential silver accumulation and effects at cellular and molecular levels. Science of The Total Environment, 645, 1209-1220. DOI: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2018.06.128
The post Zilarrezko nanopartikulak toxikoak dira uretako organismoentzat appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bista #221

Juan Ignacio Pérezek ugaztunik arraroena aurkeztu digu: sator biluzia. Kolonietan bizi diren karraskari zulatzaileak dira. Kolonia bakoitzean eme bakarra dago, ugaltze-lan osoaz arduratzen dena. Sator honen gorputz-tenperatura, 30 °C-tan konstante mantentzen da, baina gorputz-beroaren jatorria ez da metabolismoa, bizi den zuloa baizik. Tartean bi bitxikeria aipatzen dira: oso bizitza luzea du eta minbizirik pairatzen ez duen ugaztun bakarra omen da.
Animalien migrazioan instintuak garrantzia handia du baina ez da oinarri bakarra, izan ere ikerketa batek ondorioztatu du transmisio kulturala ere funtsezkoa izan daitekeela. Ungulatuak agertzen dira testuaren adibide. Wyomingeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek ondorioztatu dute migratzen ikasi egin dutela. Talde honetan sartzen dira, besteak beste, bisonteak, altzeak edota ahuntz basatiak. Ezagutu gertutik ugaztun hauen portaerak.
Usaimen-errezeptore batek ilearen hazkuntza erregulatzen duela aurkitu dute, laborategian giza buru-azalarekin egindako esperimentuetan. Hain zuzen ere, ile-folikuluetan OR2AT4 usaimen-errezeptoreak daudela aurkitu dute eta sandalo-lurrin sintetikoarekin egin dituzten esperimentu batzuetan ikusi dute lurrin horrek ilearen hazkuntza estimulatzen duela.
Emakumeak zientzianIsabelle Rapin neuropediatra autismoaren esparruan espezializatu zen eta arlo horretan dauden oker asko gezurtatu zituen. Adibidez, frogatu zuen autismoa arazo biologiko bat zela, eta ez amen jokaeraren errua. Lausanako Unibertsitatean ikasi zuen. Ondoren, AEBra jotzea erabaki zuen; bertan, barneko sendagile lanetan aritu zen. 1958.ean Albert Einstein Medikuntza ikastetxean sartu zen eta han, ikertu, eskolak eman eta gaixoak artatu zituen 2012.ean erretiratu zen arte.
Françoise Barré-Sinoussi birologo frantsesak GIBa isolatzea eta identifikatzea lortu zuen eta horregatik eman zioten Medikuntzako Nobel Saria 2008an. Pasteur Institutuan hasi zuen bere zientzia-lana. 1983an birusa identifikatu eta haren lehenengo irudiak lortu zituzten. Oraindik GIB eta HIESAren inguruko zenbait arlo ari da aztertzen, hala nola berezkoak ditugun defentsa immunitarioen papera aztertzen jarraitzen du gidatzen duen taldearekin, baita amaren eta haurraren arteko birusaren transmisioa ere. Horretaz gain, GIBa duten pertsonen ezaugarriak ikertzen ari da, izan ere batzuk gai dira birusaren erreplikazioa mugatzeko antierretrobiralik erabili gabe.
PaleontologiaDickinsonia animalia zaharrenetakoa dela baieztatu dute. Orain arte, onddotzat edo protistatzat hartu izan dituzte baina animaliak direla ondorioztatu dute fosilen berariazko biomarkatzaile batzuk aztertuta. Ikertzaileek nabarmendu dute fosiletan molekula kolesteroide gehiago topatu dituztela (% 93 baino gehiago), inguruko jalkin mikrobianoetan baino (% 11).
Ebakidura markak dituzten hegazti eta haragijaleen fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategi mousteriarrean (Dima, Bizkaia). 70.eko hamarkadan Jose Miguel de Barandiaranek Axlorren kobazuloan zuzendutako indusketetan aurkitutako animalia fosilak berraztertu dituzte eta kantauriar eremuko neandertalek haragijaleak eta hegaztiak kontsumitu zituztela baieztatzen duen lehen froga aurkitu dute.
GenetikaSardiniarrak genetikoki populazio bereizia direla berretsi dute. Datuen arabera, geografikoki oso isolatuak egon dira: duela 4.300-7.000 urte isolatu ziren europar populazio kontinentaletatik. Kasu honetan, 3.514 gizabanakoren genoma osoa sekuentziatu dute. Ikertzaileen arabera, datu berriak bat datoz sardiniar eta euskaldunen arteko lotura genetikoa adierazten zuten hipotesiekin.
AntropologiaGatza izan du mintzagai Blas Castellon ikertzaileak. Gatzaren erabilera eta ekoizteko moduak nabarmen aldatu dira baina azpimarratzen du elementu garrantzitsua dela oraindik. Historian erabilera asko eta ugariak izan ditu. Aipatzen du, besteak beste, “elikadurarako eta komertziorako erabili izan da, batez ere, baina jakien kontserbaziorako zein elementu sendagarri gisa ere” erabili dela. Gainera dio gatzaren arlo kulturala ez dela galdu: “Ekoizpen tradizionalek iraun dute, ez dira desagertu, eta horrek gatzaren arlo kulturalari eusteko bidea eman du”. Toponimia da horren adibide. “Ingalaterrako Northwich herriak lotura estua izan du gatzarekin, iturburu ugari izan baitira bertan historian. Kuriosoa da nola herriaren izenean gatza bera ageri den: kontatu zutenez, wich horrek gatzari egiten dio erreferentzia”.
TeknologiaSpaceX enpresak lehenengo turista bidali nahi du ilargira. Yusaku Maezawa enpresari japoniarra izan da hautatua. Halere, ez dago datu handirik oraindik bidaia espazial horren inguruan. Adierazi dutenez, badirudi lehenengo frogak 2019-2020 artean izango direla eta bidaia 2023an izan daitekeela. Asmoa da ilargiaren inguruan orbitatzea eta joan-etorriko bidaia izatea.
Adelaidako Unibertsitateak (Australia) munduko ordularirik zehatzena izan daitekeena aurkeztu du. Atzeratzen ez den ordularia da, 40 milioi urte beharko liratekeelako segundo bakarra atzeratzeko. Proiektu bitxi honek Eureka Saria jaso du. Zafirozko oszilatzaile kriogenikoa deitu diote erlojuari, 20 urteko lanaren emaitza izan denari.
GeografiaAntartikaren maparik zehatzena argitaratu berri dute. Horri esker, hemendik aurrera hobeto ezagutuko da Antartikako erliebea eta egitura. Beste edozein kontinente baino bereizmen handiagoa dauka; 187.585 irudi jaso dira azken sei urteotan. Mapa ez da estatikoa, kontinente izoztuaren bilakaera jasoko baitu.
MedikuntzaAna Urrutia mediku geriatrak liburu bat atera du berriki: Cuidar (Zaindu). Orain arte egindako bidea liburu honetan bildu du, hau da, bere esperientzian oinarrituta dago. Nagusiki gai bati egiten dio erreferentzia: gaixoak lotzearen ohiturari, hain zuzen. Alzheimerrak eta antzeko gaitzek jotako pertsonak artatzean, ohikoa da (“oraindik egiten da”) gaixoak lotzea, “praktika kronikoa” dela dio: “Larriena eragin psikologikoa da: lotuta daudenen abandonu eta gutxiespen sentimena, tristura. Eskubide urraketak daude hor: askatasun falta, nahierara adieraztekoa…”.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bista #221 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #229
MIR azterketa gainditzen duten Medikuntza graduatuek plaza jasotzen duteneko formula hobetu daiteke, ospital pribatuetan, behintzat. José Luis Ferreiraren Matching MIR students with hospitals in Spain
Lipidoen eta proteinen arteko harremanak ikertzea, printzipioz, ez da erraza. Erresonantzia magnetiko nuklearra baliatuta modu konsistentean egiteko forma topatu dute Francisco J Blanco eta kolaboratzaileek A generalized approach for NMR studies of lipid–protein interactions
Kimika kuantiko topologikoaren teoriak, zeinaren garapenean DIPC-k paper garrantzitsua izan duen, fruituak ematen hasi da, jakintzat emandako zenbait kontu ezeztatuta: Topology of disconnected elementary band representations
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #229 appeared first on Zientzia Kaiera.
Françoise Barré-Sinoussi: GIB eta HIESAren aurkako oihu ozena
Une horretan, Françoise Barré-Sinoussi birologo frantsesak, Luc Montaignerrekin batera, linfozitoak erasotzen zituen erretrobirus bat aurkitu zuen gongoil linfatikoak handituta zituzten gaixoetan. Konturatu zen birus horrek gaixoen immunitate-sistemari oso modu bortitzean eragiten ziola. Erretrobirus hura oso ezaguna den GIBa zen (ingelesez Human Immunodeficiency Virus HIV), HIESAren sorburua. Ikerketa lerro horretan lan egiteagatik, birusa isolatzeagatik eta identifikatzeagatik lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 2008an, Montaignerrekin eta Harald zur Hausenekin partekatu zuena (honek Giza Papilomaren Birusa, GPB, aurkitu zuen).

1. irudia: Françoise Barré-Sinoussi 2012. urtean Washingtonen izan zen HIESAren Nazioarteko Biltzarrean parte-hartzen. (Argazkia: Michael Fleshman)
Barré-Sinoussi 1947.urtean jaio zen, Parisen. Txikitan, hiriko parkeetan animaliak eta landareak behatzea gustatzen zitzaion; halaber, naturarekiko lilura handia izan zuen hasieratik. Adibidez, Auvernian, Frantziako erdialdean dagoen eskualdean, igarotzen zituen oporraldiak familiarekin eta kanpora irteten zenean, natura begiztatzen zuen; hain zen handia bere lilura ezen intsektu txikienari ere arreta jartzen baitzion. Zientziarekiko maitasuna une hartan hasi zen ehuntzen eta eskolan jada hori nabarmentzen hasi zen: zientzia-irakasgaiak gehiago gustatzen zitzaizkion filosofia eta hizkuntzak baino.
Modu horretan, Parisko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean lizentziatura bat egitea erabaki zuen. Karrera amaitzen ari zenean, ordea, konturatu zen laborategi batean lan egin nahi zuela eta ikerkuntzaren bidetik jotzeko aukera bazuela. Boluntario gisa hasi zen lanean oso prestigiotsua den Pasteur Institutuan, 1970ean. Une hartan, Jean-Claude Chermann taldeko zuzendaria zen, eta erretrobirusen eta minbizien arteko lotura ikertzen ari zen saguetan.
Lanean hasi eta berehala, doktorego proiektua eman zioten. Zehazki, alderantzizko transkriptasaren inhibitzaile gisa funtzionatzen zuen molekula sintetiko baten erabilera aztertu behar zuen. Izan ere, molekula hura, HPA23 izenekoa, gai zen alderantzizko transkriptasaren jarduera inhibitzeko. Halaber, saguetan egindako azterketek iradoki zuten molekulak gaixotasunaren garapena atzera zezakeela. 1974an amaitu zuen doktoregoa. Denbora tarte hartan, urtebetez AEBen izan zen doktorego ondokoa egiten, Estatu Batuetako Osasun Institutuan, alegia. Pasteur Institutura 1975ean itzuli zen eta bertan hasi zuen bere ibilbide zientifikoa, gaur arte.
GIB – Giza Immunoeskasiaren Birusaren atzetikGIB erretrobirus bat da, kate bakarreko RNA (bere material genetikoa), hain zuzen. RNA kate horrekin batera entzima bat dago, alderantzizko transkriptasa izenekoa. Hau da, zelula bat infektatu ondoren, erretrobirusak alderantzizko transkriptasa entzima erabiltzen du ARN molekula DNA-n eraldatzeko. Gero, bere DNA zelula ostalariaren DNAn integratzen du. Birusak sortzen duen infekzioak immunitate-sistema suntsitu egiten du.
1982.urtean, Françoise Brun-Vézinetek, birusa eragiten ari zen egoera larria zela ikusita, Luc Montagnier Pasteur Institutuko taldeko zuzendariari deitu zion laguntza eske. Azken honek Barré-Sinoussiri galdetu zion proiektu honetan lan egin ote nahi zuen eta biokimikariak ez zuen bi aldiz pentsatu eta proposamena onartu zuen. Gaixotasunaren atzean erretrobirus bat ote zegoen egiaztatu behar zuten. Bada, jakin bazekiten birus horrek hiru transmisio-bide zituela: sexu bidez, odolaren bitartez eta amatik fetura (transmisio bertikala). Urte hartako abenduan, egindako behaketa klinikoek iradoki zuten gaixotasunak immunitate-sisteman eragina zuela baina kasu horretan, CD4 linfozitoen agortzeak zaildu egin zuen birusaren isolamendua zelula arraro horietan.
Hala, taldeak erabaki zuen linfadenopatia orokortua sufritzen zuten pazienteen gongoilen biopsia bat egitea. Kultiboak emaitza positiboak eman zituen; izan ere, ikertzaileek ikusi zuten alderantzizko transkriptasaren jarduera nolakoa zen, eta birusak linfozitoak nola infektatzen zituen. Birusari LAV (Lymphadenopathy Associated Virus) deitu zioten, gerora HIV edo GIB (euskaraz) izango zena, hain zuzen. Testuinguru honetan, berebiziko garrantzia zuen birus haren kanpoko itxura ikusteak. 1983an haren lehenengo irudiak lortu zituzten. Horren ondotik, urte berean, Science aldizkarian publikatu zuten artikulua, birusaren isolamendua eta bere ezaugarriak azalduz. Alabaina, hor ez zen burutu lana. Hurrengo hilabeteetan, birusaren sekuentzia genomikoa zehazten aritu ziren buru-belarri.

2. irudia: Françoise Barré-Sinoussi ikertzailea HIESAren nondik norakoak azaltzeko munduan zehar ibili da azken urteotan.
“Lasaitu gara HIESAren aurkako borrokan”1992an, Erretrobirusen Biologiaren Unitateko buru izendatu zuten Barré-Sinoussi. HIESAren aurkako borrokan jarraitu zuen, Afrika eta Asiako zenbait herrialdetan laguntza eskainiz eta batez ere, birusaren aurkako txerto eta botika posibleak ikertuz. Biokimikari honen lanak ez du etenik izan. Egun, GIB/HIESAren aurrean, berezkoak ditugun defentsa immunitarioen papera aztertzen jarraitzen du gidatzen duen taldearekin, baita amaren eta haurraren arteko birusaren transmisioa ere. Horretaz gain, GIB duten pertsonen ezaugarriak ikertzen ari da, izan ere batzuk gai dira birusaren erreplikazioa mugatzeko antierretrobiralik erabili gabe.
Medikuntzako Nobelaz gain, azpimarratzekoak dira beste hainbat sari, hala nola Frantziako Medikuntza Akademiak eman ziona, Sovac Saria, Körber Fundazioak esleitu zion saria Europan zehar zientzia hedatzeagatik eta HIESAren aurkako Nazioarteko Elkartearen eskutik jaso zituenak, besteak beste. Honoris causa doktoregoa jaso zuen Tulane Unibertsitatearen eskutik 2009an eta 2014an, berriz, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatearen eskutik. Amaitzeko, Ohorezko Legioaren Frantziako Ordenaren ofizial izendatu zuten 2006an eta hiru urte geroago, komandante egin zuten. 2013an, ofizial handi izendatu zuten. Gainera, 2012tik 2014ra HIESAren Nazioarteko Elkarteko zuzendaria izan zen. Egun, Birologia Departamentuko Infekzio Erretrobiralen Erregulazioko Unitatean zuzendari lanetan dabil, Pasteur Institutuan. 240 publikazio baino gehiagoren egilekide da, 250 nazioarteko konferentziatan parte hartu du eta ikertzaileen formakuntzaz arduratzen da.
2009an egindako elkarrizketa batean, Barré-Sinoussik adierazi zuen HIESAren aurkako borrokan lasaitu egin garela. Bere ustez, gaixotasuna kroniko bihurtzen duen tratamendua izateak ekarri du jendeak arrisku handiagoa hartzea. Gainera, gogoratzen du borroka oraindik ez dagoela irabazita eta kanpaina ugari egin behar direla gizarteak kontzientzia har dezan.
Iturriak:
- Biografías y vidas: Françoise Barre-Sinoussi.
- El País: Mujeres de la ciencia: Françoise Barre-Sinoussi
- Mujeres con Ciencia bloga: Françoise Barré-Sinoussi: una viróloga frente al VIH.
- The Nobel Prize: Françoise Barré-Sinoussi.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Françoise Barré-Sinoussi: GIB eta HIESAren aurkako oihu ozena appeared first on Zientzia Kaiera.
Ugaztunik arraroena
———————————————————————————————————–
Somalia, Kenya eta Etiopiako larre elkorren azpian sator bat bizi da; sator biluzia du izena eta bera da ezagutzen den ugaztunik arraroena. Hartzen dugun ezaugarria ia edozein dela ere, ez da sator biluzia bezain ugaztun bitxirik.
Irudia: Animalia ugaztun arraroenetarikoa da sator biluzia.
Izenak berak dioenez, ilajerik gabeak dira sator biluziak. Itxura berezi samarra dute, hortaz, baina itxura baino gehiago, berezia da haien sistema soziala. Kolonietan bizi diren karraskari zulatzaileak dira, eta termitak bezala bizi eta ugaltzen dira. Eme bakarra dago kolonia bakoitzean; eta eme hori da ugaltze-lan osoa egiten duena. Emeaz gain, tamaina txikiko banako arren kasta bat bada; eurak dira janari bila aritzen direnak, bai eta gordelekuak zulatzen dituztenak ere. Langileak dira, beraz, ar txiki horiek.
Heterotermia aztertu dugun atalean esan dugun bezala, sator honen gorputz-tenperatura, 30 °C-tan konstante mantentzen da, baina gorputz-beroaren jatorria ez da metabolismoa, bizi den zuloa baizik. Hortaz, animalia ektotermoa da, baina teknikoki homeotermoa, gorputz-tenperatura ez baita aldatzen. Ugaztunen artean salbuespena da, beraz, sator biluziaren estatus termikoa, eta, zenbaiten aburuz, zuloetan bizitzearekin zerikusia du eraenketa termiko berezi horrek. Hala ere, Sahara azpiko Afrikako eskualdeetan badira beste zazpi sator espezie eta guztiek eraentzen dute gorputzaren tenperatura beroaren barne-ekoizpenean oinarrituta. Beraz, ez dirudi Afrikan lurpean bizitzea arrazoi nahikoa denik hain gertaera bitxia azaltzeko.
Badira sator espezie horien arteko beste desberdintasun esanguratsuak ere, baliabide-gertutasunarekin zerikusia dutenak hain justu. Izan ere, satorren koloniak handiagoak dira baliabideak urriagoak diren inguruetan, eta handiagoa da sator-talde bakoitzaren barruko banakoen arteko lankidetza ere. Hortaz, inguru txiroenetan bizi dira sator biluziak. Zulatzen dituzten lurrak oso idorrak dira eta bazter horietan dauden landareek tuberkulu handiagoak dituzte; handiagoak eta, aldi berean, sakabanatuagoak. Beraz, zailagoa da tuberkulu bat aurkitzea, baina aurkitzen denean janari gehiago dago tuberkulu horietan. Kontuan hartu behar da, gainera, zuloak egitea energia-kostu handiko jarduna dela.
Muturreko ingurune-baldintzen menpe bizitzeko moldaerak dira sator biluziek garatu dituzten portaera eta fisiologia. Tuberkulu bat aurkitzea oso zaila denez, satorrak gosez hiltzeko arriskua oso handia izango litzateke nor bere aldetik arituko balitz janari bila. Beraz, janaria partekatuz gero, satorren kolonia banako askok osatzea da estrategiarik egokiena. Sator biluzien talde-egitura dela eta, banako askok osatzen dute kolonia eta, gainera, eme ugaltzaile bakarra egonik, talde osoaren jarraikortasuna da bermatu behar dena, ez banako bakoitzarena.
Taldea osatzen duten kideak asko izateko, kideek txikiak izan behar dute, aldi berean asko eta handiak izatea ezinezkoa baita. Horrek, baina, desabantaila nabarmena du, animalia txikien metabolismo-tasa animalia handiena baino altuagoa baita. Horri dagokio, seguru asko ere, endotermia galtzea, horren bitartez konpentsatzen baita, nonbait, desabantaila hori. Ugaztun eta hegazti txikiak dira masa-unitateko gehien gastatzen duten animaliak, energia-gastu handia dakarten bi ezaugarri batera gertatzen baitira animaliotan: endotermia eta tamaina txikia.
Tamaina, kasu honetan, aho biko ezpata dugu: batetik, txikiak izateagatik asko izan daitezke talde bateko satorrak, baina, bestetik, gastu metaboliko altuegia edukiko lukete, txikiak izateagatik hori ere. Beraz, tamaina txikiari uko egin ezin diezaioketenez, endotermiari egin diote uko sator biluzi bitxi hauek. Horri esker energia asko aurrezten dute eta horrek, gainera, ez die aparteko eragozpenik ekartzen, altua eta, aldi berean, konstante samarra baita bizi diren eskualdeetako lurpeko zuloen tenperatura.
Bukatzeko, sator biluziaren beste bi bitxikeria aipatuko ditugu. Batetik, oso bizitza luzea dute, beste karraskari guztiena baino askoz luzeagoa: batez beste, 30 urteko adinera heltzen dira. Bestetik, minbizirik pairatzen ez duen ugaztun bakarra omen da. Bi ezaugarri horiek harrigarriak dira, batez ere biak batera hartzen baditugu: azken batean, bizitza laburra duen animalia batek minbizirik ez edukitzea ulergarriagoa izango litzateke, minbizi bat garatzeko denbora nahikoa ez edukitzea gerta bailiteke; baina 30 urte minbiziak garatzeko denbora nahikoa da, nahikoa eta sobera.
Ezezaguna da bitxikeria (bitxitasun) horren arrazoia, baina, normala den bezala, kontuak biziki piztu du ikertzaileen interesa , minbiziaren aurkako mekanismoren bat aurkitzeko gakoa eman bailezake. Ikertzaileek minbizia ikertzeko bi animalia-eredu erabili izan dituzte orain arte, sagua eta gizakia. Sagua txikia da eta bizitza laburrekoa; gizakia, berriz, handia eta bizitza luzekoa. Baina sator biluziak txikiak eta bizitza luzekoak dira; hortaz, baliteke konbinazio berezi horrek zerikusirik izatea minbizirik ez pairatzearekin.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Ugaztunik arraroena appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez pentsa guztia sena denik: migratzen ere ikasi behar da
BBC kateak ekoiztutako Planet Earth edo antzeko dokumental bikainak ikusi dituen lagun orok ondo gordeko ditu oroimenean hegazkin bitartez hartutako irudi ikusgarriak. Lurraldean zehar pixkanaka baina modu etengabean mugitzen den orban erraldoi bat azaltzen da zenbait irudiotan. Milaka animaliaz osatutako orbanak dira, naturaren handitasunaren eta edertasunaren adierazle bikainak.
Belaunaldiz belaunaldi transmititutako geneetan abiatzen dira mugimendu horiek, instintuak bultzatuta. Halako azalpena entzuten ohituta gaude, baina, antza, gauzak ez dira hain linealak. Ohituta gaude ere senaren baitan sailkatzen animalien portaeran guztiz ondo ulertzen ez ditugun fenomenoak, eta batzuetan ulertezina zaigun gizakiaren portaera azaldu nahian ere instintura jo ohi dugu, beste garai batean kimikariek ondo ulertzen ez zuten guztia eterraren baitan kokatzen zuten modu berdinean.

1. irudia: migratzen ari diren mufloiak Yellowstonetik gertu dagoen Park konderrian (Wyoming). (Argazkia: Travis Zaffarano Trailcam Photo, Wyoming Migration Initiative)
Ikerketan aurrera joan ahala, baina, gero eta gehiago konturatzen ari gara gizakiena baino ez omen diren portaera batzuk animalietan ere aurki daitezkeela. Ez pentsa, eremu labainkorra da hau. Interneten bitartez aise hedatzen diren bideo biralen garaian, animalien portaera basati arrunt asko ikuspuntu antropozentriko batetik interpretatzen direlako, portaera horiei heroitasuna, eskuzabaltasuna eta Disneyko filmetan eta ipuinetan ohikoak diren bestelako portaerak antzematen zaizkiolarik.
Ez da gaur hona ekartzen dugun proposamenaren kasua, atzean ondo finkatutako ikerketa baitago. Ipar Amerikako mendebaldean 60 urtez egindako behaketan oinarritu dira, baina, batez ere, azken urteetan GPS gailuen bitartez hainbat animaliari egin dieten jarraipen zehatza izan da erabakigarria. Zehazki, 267 mufloiri eta 189 altzeri jarraipena egin diete.
Orain arte ekologoek susmoa zuten ugaztun hauetan migratzeko joeran ikasketa sozialak nolabaiteko rol bat izan behar zuela, baina momentuz ez da frogatu. Oraingoan, baina, datu andana jarri dute mahai gainean, eta baita datu horien interpretazio ausarta ere.
‘Surfean’, kimu goxoen bilaWyomingeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek Science aldizkarian argitaratutako ikerketan ondorioztatu dute ungulatuek migratzen ikasi egiten dutela, eta, hortaz, nolabaiteko “transmisio kulturala” egon behar duela fenomeno horren oinarrian. Apatxak dituzten ugaztunak dira ungulatuak. Kategoria horretan biltzen dira, adibidez, bisonteak, altzeak edota ahuntz basatiak.

2. irudia: ikerketa egin ahal izateko GPSarekin hornitutako lepokoak jarri dizkiete animaliei. Irudian agertzen diren ikertzaileak hori egiten ari dira. (Argazkia: Mark Gocke)
Fenomenoa ulertzeko, beharrezkoa da azaltzea surfetik “maileguan” hartutako kontzeptu bat azaltzea. Urteroko hazkundea hasten duten landareak dira aproposenak belarjaleentzat, eta, horregatik, une hori iristen denean kimu goxoez betetako larreen bila joan ohi dira ungulatuak. Normalean, denbora aurrera joan ahala, latitude altuagoetan aurkitzen dira halako bazkak. Modu informal batean, ekologoek diote belar berrien bila belarjaleek egiten dituzten mugimendu hauek “olatu berdearen gainean surf egitearen” parekoa dela. Olatu honen atzean ibiltzea migraziorako beharrezkoa den lehen pausutzat dute adituek.
Portaera horretatik abiatuta, kalitate oneko bazkaren atzean mufloiek eta altzeek duten ahalmena ebaluatu nahi izan dute ikertzaileek. Hiru multzo bereizi dituzte populazio horietan: ohiko eremuetatik mugitu ez diren populazioak, duela hainbat belaunaldi gizakiak lekuz aldatu dituen populazioak eta, azkenik, gizakiak duela gutxi eremu berrietara mugiarazi dituen populazioak.
Ikusi ahal izan dutenez, eremu batean gero eta denbora gehiago egon, orduan eta migratzeko joera izan dute animaliek. Eskualde batean errotutako animaliek betiko moduan migratu duten bitartean, urte gutxi lehenago mugitutako populazioek gutxiago migratu dute, eta mugitu berri izan direnek, berriz, ez dute batere migratu. Ikerketan erakutsi dute 90 urte inguru igaro behar direla, edo 12-13 belaunaldi, leku berri batera eraman izan diren populazioen erdia berriro “migratzaile” bihurtzeko. Desberdintasunak badira espezieen artean: mufloien kasuan, 40 urte igaro behar izan dira animalien %80 migratzaile bihurtzeko. Altzeen kasuan, 90 urte igaro behar dira horretarako.
Hortaz, animaliek denbora bat behar dute habitat berrietara egokitzeko, elikagairik hoberenak non dauden ikasteko eta, orain ezagutu den moduan, ezagutza hori belaunaldi berriei transmititzeko. “Ondorio hauek erakusten dute ungulatuek denboran zehar paisaiari buruzko ezagutza metatzen dutela, eta ezagutza honen transmisio kulturala beharrezkoa dela migrazioa indartzeko eta mantentzeko”, esan du prentsa ohar batean Brett Jesmer artikuluaren egile nagusiak.
Ohiko estrategia da animalia basatien kontserbazioan taldeak leku batetik bestera eramatea. Giza populazioa edota giza jardueraren bat dagoen eremuetatik animaliak hartu eta parke naturaletara edo bestelako babeslekuetara eraman.
Science aldizkariko ale berean argitaratutako iruzkin batean Sherbrookeko Unibertsitateko (Kanada) Marco Festa-Bianchet biologoak konparaketa bitxia egin du: funtsean, turistek hiri ezezagun batera iristean egin ohi duten berdina egiten omen dute ungulatuek: jateko toki aproposenei buruz galdetzen diete hiri horretako biztanleei. “Ungulatuen migrazioa transmisio kulturalaren bitartez garatu eta mantentzen” dela berretsi du aditu honek. Biologoak azaldu du nola beste garai batean Europako hainbat ungulatu espezie migratzaile sedentario bihurtu direla, gizakiak haien habitatak guztiz aldatu dituelako.
Ehiza, klima-aldaketa eta habitaten galera dira animalia hauek aurrean dituzten mehatxurik handienak. Hegaztiei ez bezala, ungulatuei gizakiek jarritako hesi artifizialek asko eragiten diete, hala nola autobideek edota harresiek. Printzipioz, migratzen duten populazioak sedentario bilakatzeko modua badute ere, adituen esanetan, aukera hau ez da oso gomendagarria espeziaren biziraupenerako, modu horretan migrazioak urtaro desberdinetan zehar janaria soberan eskuratzeko espeziari dakarkion abantaila galtzen delako.
Erreferentzia bibliografikoa:
Brett R. Jesmer et al., (2018). Is ungulate migration culturally transmitted? Evidence of social learning from translocated animals. Science (361), 6406, pp. 1023-1025. DOI: 10.1126/science.aat0985
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ez pentsa guztia sena denik: migratzen ere ikasi behar da appeared first on Zientzia Kaiera.
Isabelle Rapin, amak autismoaren errutik askatu zituen neuropediatra
Izan ere, luzaro pentsatu izan zen autismoa ama hotzek eragiten zutela. Rapinek frogatu zuen gauzak ez direla horrela. Gainera, “autismo” hitza bertan behera utzi nahi izan zuen eta bere ordez, “autismo esparruko eraldaketa” erabili zuen, agerian utzi nahi izan zuelako ez zela kausa bakar batek eragindako gaixotasuna, iturri desberdinetatik etorritako sintoma sorta bat baizik.

1. irudia: Isabelle Rapin neuropediatra. (Argazkia: Albert Einstein College of Medicine)
Rapin Suitzan jaio zen 1927.ean. Ama amerikarra zuen eta aita suitzarra, eta irakurle amorratua izan zen txikitatik. Zientzialari-familia zuen eta 10 urte bete baino lehen, erabakia zuen jadanik medikuntzan arituko zela. Lausanako Unibertsitatean ikasi zuen. Bere ikasgelan, hamabi bat emakume besterik ez zegoen, ikasle kopurua 100ekoa izanik. Haur-ospitale batzuetan egin zituen praktikak eta neuropediatrian hasi zen.
Ikasketak bukatuta, Suitzan aukera gutxi zituela ikusi zuen, eta erabaki zuen Amerikako Estatu Batuetara jotzea, hau da, amaren lurraldera. Barneko sendagile modura egon zen. Gero, barneko pediatra modura aritu zen New Yorkeko Bellevue Hospital Centerren, eta neurologia-egonaldia egin zuen Columbia-Presbyterian Hospital izenekoaren Neurologia Institutuan. 1958.ean Albert Einstein Medikuntza ikastetxean sartu zen. Bertan, ikertu, eskolak eman eta gaixoak artatu zituen 2012.ean erretiratu arte.
Bertan ezagutu zuen bere senarra izango zena, Harold Oaklander. Rapinek esan zuen ezinbestekoa izan zela berarentzat bere senarraren laguntza eskuzabala eta etengabea. Autoaren ardura hartu zuen senarrak eta joskintzaren ardura berak, baina erdi bana egin zituzten beste etxeko lan guztiak eta haurren ardura. Horri esker izan zuen umeen neurologian aritzeko aukera.

2. irudia: 1959. urtea, argazkiko bigarren lerroan, Isabelle Rapin Albert Einstein Medikuntza ikastetxeko Neurobiologia Saileko lankideekin. (Argazkia: Albert Einstein College of Medicine)
Oinarri-oinarritik hasi zen, eta ume batzuek erakusten dituzten komunikazio-eragozpenak aztertu zituen: zerk sortzen zizkien arazoak, zer egin litekeen eragozpenak gainditzeko eta horrela bizi-kalitatea hobetzeko. Urte asko eman zituen ume gorrekin. Izan ere, gaixo hauek eragozpen larriak aurkitzen zituzten eskola-garaian, eta ondorioz betirako murrizten zitzaizkien gizartean egoera ekonomiko onetan bizitzeko.
Gainera, ikusi zuen kognizio eta garapen-atzerapenak eragiten zituztela eraldaketa neurologiko eta metaboliko hauek. Autobiografia labur bat idatzi zuen 2001.ean eta bertan esan zuen hizkuntza eta jokaera-atzerapenez goiz konturatzen zirela autisten gurasoen bi hiruren. Zer esanik ez, hori zinezko informazio objektiboa zen, eta kontua sakonean aztertu behar zen biologiaren ikuspegi horretatik.
Horrela, agerian utzi zuen autismoa ez zela erantzun psikologiko bat, kontu neurobiologiko bat baizik. Hori dela eta, lasaitu ederra hartu zuten gurasoek. Rapinek diagnostiko klinikorako, eta portaeraren gaineko tratamendurako oinarriak finkatu zituen, azken batean ume horien bizi-kalitatea hobetzeko bere bizitza osoan zehar. Rapinen ustez, botikek nolabaiteko eragin onuragarria zeukaten konbultsioak eta bestelako sintoma batzuen aurka, baina portaeraren gaineko tratamendu bat eraginkorragoa izan liteke, batez ere fase goiztiarretan hasiz gero.

3. irudia: Ume autistek inguruneaz komunikatzeko edo hau ulertzeko arazoak izaten dituzte.
Rapin 2017.ean hil zen, eta Albert Einstein Ikastetxeak sentipenezko omenaldia egin zion bere webgunean, medikuaren karreraren laburpena plazaratuz. Bertan, esaten zuten Rapin harro zegoela zientzialari oso garrantzitsuekin lan egin zuelako. Izan ere, zientzialari hauek 60 urte eman dituzte neurologia-tratamenduak aztertzen eta diagnostikatzen. Era berean, harro zegoen gaixoekin eta gaixoen senitarteekin izandako harremanagatik. Berak uste zuen asko ikasi zuela harreman horretan. Izan ere, gaixoaren bizitza osoan zehar luzatzen zen batzuetan harremana.
Edonola, berak uste zuen irakaskuntza zela bere zeregin nagusia. Fakultateko kide modura aritu zen 1958tik 2012ra eta geroago ere, jarraitu zuen akademia eta irakaskuntza jarduera batzuetan. Laguntza eman zien kide askori, eta sendagile egoiliar askori fakultate barruan eta fakultate horretatik kanpo ere.
—————————————————–
Egileaz: Rocío Pérez Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
—————————————————–
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
Oharra: Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2018ko urtarrilaren 25ean: Isabelle Rapin, la neuropediatra que libró a las madres de la culpa del autismo.
The post Isabelle Rapin, amak autismoaren errutik askatu zituen neuropediatra appeared first on Zientzia Kaiera.
Neandertalek hegaztiak eta haragijaleak jan zituzten lehen froga Kantauriar eremuan

Irudia: Ebakidura markak dituzten fosilak topatu dituzte Axlor aztarnategian.
Tamaina ertaineko ungulatuak (ahuntzak, zaldiak, bisonteak, oreinak) ehizatuta bizi ziren neandertalak. Hala ere, landareen, ehiza xehearen, dortoken, Itsas-baliabideen (moluskoak, esaterako), hargijaleen eta hegaztien kontsumoa iradokitzen duten gero eta ebidentzia gehiago daude. Hegaztien eta haragijaleen frogak, dena den, Iberiar penintsulako zonalde mediterraniora mugatzen ziren orain arte, klima eurosiberiarreko iparralde penintsularrean ez zegoen ebidentziarik.
70.eko hamarkadan Jose Miguel de Barandiaranek Axlorren kobazuloan zuzendutako indusketetan aurkitutako animalia fosilak berraztertu dituzte eta kantauriar eremuko neandertalek haragijaleak zireneko eta hegaztiak kontsumitu zituzteneko lehen froga aurkitu. Hiru hegaztiren (bi arrano beltz eta bele bat) eta bi haragijale (otsoa, kanidoa eta katamotza, felidoa) fosiletan ebakidura markak ikusi dituzte. Arrano beltzaren eta katamotzaren kasuan, ebakidura markak haragia lortzeko egindakoak dira ziur aski eta otsoaren kasuan, haragiaren ala larrua lortzeko.
Jateko ez ezik, larrua, lanabesak eta, ebidentzia gero eta gehigo dituen apaingarriak eskuratzeko ehizatzen zuten neandertalek Europan Erdi-paleolitoan. Hegaztien ustiatzeak ikertzaileen arreta piztu du, portaera konplexuei lotuta baitago ikuspuntu bikoitzetik:
- Dieta zabalagoari eta ungulatuak baino animalia txikiago eta azkarragoak ehizatzeko gaitasunari lotuta dagoelako hegaztien kontsumoa.
- Portaera sinbolikoekin lotutako hegaztien ustiaketaren frogak aurkitu izan direlako.
Haragijaleen kontsumoak, bestalde, bi helburu nagusi izango lituzke: jateko haragia lortu eta larruak eskuratu. Nahiz eta arraroa izan, Europa mailako frogak aztertu dituzte ikerketan eta kontinenteko neandertal talde ezberdinen arteko ezberdintasun kulturalei lotutako kontsumo patroia egon liteke. Hegaztien kasuan, haragia lortzeko ehizatzea Iberiar penintsulan izan zen, erpeak apaingarri moduan Frantzian, Italian eta Kroazian ikusi dira; lumak apaingarri moduan zabalduago dirudi. Haragijaleei dagokionez, hartzak dira ehizatuenak Europa kontinentalean, iberiar penintsulan topatutako froga apurrak kanidoak eta felidoak direla iradokitzen dute.
Erreferentzia:
Gómez-Olivencia, Asier, et al., (2018). First data of Neandertal bird and carnivore exploitation in the Cantabrian Region (Axlor; Barandiaran excavations; Dima, Biscay, Northern Iberian Peninsula). Scientific Reports, 8, e10551. DOI: 10.1038/s41598-018-28377-y.
The post Neandertalek hegaztiak eta haragijaleak jan zituzten lehen froga Kantauriar eremuan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #220
Zalantzak sortu dira probiotikoen inguruan: badirudi agian ez direla uste zuten bezain eraginkorrak ezta onuragarriak ere. Bi esperimentu egin dituzte ondorio horretara iristeko. 15 boluntarioren mikrobiomaren laginak hartu dituzte, zuzenean hesteetatik, eta haien gorotzetako mikroorganismoekin alderatu dituzte. Ikertzaileek ohartarazi dute probiotikoak ez direla onak beti eta denentzat.
FisikaAndre Geimek aurkitu zuen grafenoa 2004.urtean eta horregatik eman zioten Fisikako Nobel Saria. Donostian izan da asteon grafenoari buruz hizketan. Gogoratu du aurkikuntza ez dela gauetik goizera egindakoa: “Urteetan milaka pertsonak egindako urrats txikiak daude atzean. Horiei jarraituta iritsi ginen muinera. Polita izan zen”. Grafenoak duen merkatuaz ere mintzatu da. Bere ustetan, hainbat industriara ari da hedatzen: “Oro har, grafenoa babesgarri moduan hasi dira erabiltzen, edozer egiteko: itsasontziak, haize turbinak… Medikuntzan ere hasi dira aztertzen, eta teknologia berrien industrian hasieratik sartu da indar handiarekin. Aurrerapen asko aurreikusi dira, ukipenezko pantaila tolesgarriak eta, baina emaitzak poliki helduko dira”.
AstrofisikaZeruetan agertzen den purpura koloreko marra bat auroratzat jo izan da orain arte, baina artikulu berri batean zientzialariek proposatu dute STEVE ez dela horietako fenomeno bat. Gainerako aurorak baino latitude baxuagoetan agertzen da hau, eta berezko kolore zein forma ditu. Horrez gain, aurorak baino arraroagoak dira. STEVEren izaerari dagokionez, barruan dauden partikulek 6.000 gradu zentigraduko tenperatura dutela ikusi ahal izan dute. Eta aurora bat ez bada, zer da orduan?
BiologiaHirta uhartean bizi diren Soay ardien tamaina txikiagotzen ari da azken hogeita bost urteotan. Orain horren arrazoia topatu dute. Nola? ingurumen-baldintzei erreparatuz eta eredu matematikoak erabiliz. Dirudienez, txikiagotzeak eguraldiarekin du zerikusia. Interesgarria da afera izan ere agerian uzten du ingurumen-baldintzen eta animalien bizi-zikloen ezaugarrien arteko harremana estua dela.
BiokimikaMitosiaren proteinen lehen atlas dinamikoa argitaratu dute. Biologia Molekularreko Europako Laborategian egin dute, eta ikertzaile guztien eskura jarri dute. Atlasari esker, zelula banatzeko prozesuan parte hartzen duten proteina guztiei jarraipena egiteko aukera izango dute ikertzaileek.
KimikaForma-memoria duten poliuretanoak sintetizatu dituzte ikerketa batean ehungintzarako eta oinetakoen industriarako. Helburua formaz aldatzeko eta tenperaturaren arabera egokitzeko gai diren materialak sortzea izan da. Lortu dituzten emaitzetatik ondorioztatu daiteke ikerketan sintetizatutako forma-memoria duten poliuretanoek etorkizun handiko aplikazioak dituztela ehungintzarako.
Arrautzei buruzko artikulu sortarekin jarraitu du Josu Lopez-Gazpiok asteon ere. Ez dago hain erraz eraldatzen den beste elikagairik eta horren azalpena kimikan dago. Hasieran arrautza likidoa da nagusi eta bertan proteinak daude. Proteinaren forma mantentzen duten elkarrekintzak apurtzen badira, proteinak egitura galtzen du eta desnaturalizatu egin dela esaten da. Adibidez, arrautza berotzen denean molekulak geroz eta azkarrago mugitzen hasten dira eta una jakin batean, proteinak desnaturalizatzen hasten dira. Ezagutu nahi dituzu arrautza kozinatzeko moduak?
Argia zergatik eta nola sortzen den ulertzeko lanean ari da Dimas García de Oteyza fisikaria. Max Planck Institutuan dabil ikerketak egiten, Humboldt Fundazioak eman berri dion Bessel sariari esker. Bere lanaz mintzo da baita Alemaniako ikerketa zentroei buruz ere. Horren inguruan, Alemanian askoz baliabide gehiago dituztela esan du. Donostiara itzulitakoan, material molekularren ildotik joko du, mundu horrek “aukera izugarriak” baititu.
Emakumeak zientzianIratxe Perezek erizaintza egin zuen UPV/EHUn eta ondoren bi master burutu zituen, Nazioarteko Kooperazioaren gaiari lotutakoa bata eta Feminismoa eta genero ikuspegiei buruzkoa bestea. 2015ean hasi zen tesiarekin eta 2019an bukatzeko asmoa du. Bertan, Osasun Politikaren aldaketak Euskal Herriko etorkinengan izan duen eragina aztertu du. Etorkinek egun Osakidetzan sartzeko dituzten oztopoak izan ditu mintzagai, besteak beste: “Baliabide urriekin datozen etorkinei buruz ari gara. Osasun zentroetako langileen eta etorkinen arteko komunikazio faltak, hizkuntzak eraginda, etorkinen sarbidea edo osasun arreta bertan behera geratzea ekarri dezake”. Egoera hobetzeko bidean, eman dira aurrerapausoak: “2012. urtetik egoera asko hobetu da”.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #220 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #228
Imaginatu Lego pieza bat, egitura izugarri eta erabilgarriak eraikitzeko balio duena. Antzeko gauza da hau, baina molekula batetik abiatuta: Pablo Ortiz-en High-performance supramolecular polymer from a simple molecule
Mamitsuak izan ziren bizitzaren jatorri abiotikoaren inguruko lehen esperimentuak. Isabel Pérez Castrok azaltzen du Early research on the origin of life. The Miller experiment.
Ekorketazko mikroskopio elektroniko baten elektroien energia galera erabilita, plamoien eta kitzikatze molekularren arteko akoplamendua neurtzeko teknika asmatu dute DIPCkoek. Nanoteknologian aplikazioak asko dira. Surface-Enhanced Molecular Electron Energy Loss Spectroscopy
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #228 appeared first on Zientzia Kaiera.
Juan Ignacio Pérez: “Kultura Zientifikoko Katedraren lana kultura zientifikoa gizarteratzea da” #Zientzialari (100)
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra 2010ean sortu zen. 2011n zabaldu zuen lehenengo bloga eta harrezkero hamaika jarduera burutu ditu zientziaren ezagutza handitzeko eta kultura zientifikoa gizarteratzeko helburuarekin.
Datorren urrian 8 urte betiko ditu Katedrak. Kultura zientifikoaren garrantziaz hitz egiteko eta zientzia zabaltzeko egiten duen lana sakonago ezagutzeko UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den Juan Ignacio Pérez Iglesiasekin elkartu gara.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Juan Ignacio Pérez: “Kultura Zientifikoko Katedraren lana kultura zientifikoa gizarteratzea da” #Zientzialari (100) appeared first on Zientzia Kaiera.
Txikiagotzen ari diren ardiak
———————————————————————————————————–
Hirta uhartean bizi diren Soay ardien tamaina txikiagotzen ari da azken hogeita bost urteotan. Ez zekiten zergatik gertatzen ari den hori, baina orain ba omen dakite.
Irudia: Soay ardiak gero eta txikiagoak dira.
Hirta uhartea St. Kilda uhartedian dago, Eskoziako Mendebaldeko Uharteetatik 60 km-tara. Joan den mendearen hasiera arte, gizakiak bizi ziren han, uharte txiki eta pobrean, baina bizi-baldintzak hain ziren gogorrak, gizakiek handik alde egiteko erabakia hartu behar izan baitzuten. Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak St. Kildari buruz idatzi du bere Bilbao-New York-Bilbao narrazioan. Uhartearen historia laburtu du eta hango biztanleek uhartea noiz eta zergatik abandonatu zuten azaldu du. Pasarte ederra da eta, luzea izan arren, egoki iritzi diogu pasarte horretako bi zati hona ekartzeari.
«ST KILDA irla da Rockall-etik hurbilen dagoen lur zatia 1930. urtera arte jendea bizi izan zen bertan. Orduantxe atera ziren bertatik azkeneko biztanleak, orduantxe bukatu baitzen bi mila urteko bizitza, 1930ko abuztuaren 28an hain zuzen, egun eguzkitsu batean gauzak jaso eta irla utzi zutenean, betiko. Berrogei lagun baino gutxiago ziren orduan herrian, gazteak alde eginak ziren lur berrien bila eta jende heldua baino ez zen geratzen irlan.
St Kildako aztarnak, baina, antzina-antzinakoak dira, neolito garaikoak. Bostehun urtetan zehar MacLeod familiarena izan zen irla. Urtean behin egiten zuen bidaia ugazabaren mandatariak irlara, udan. Orduan, alogera jasotzen zuen eta irlakoek behar zituzten gauzak eramaten zizkien. Bitxia da ikustea zer gauza eskatzen zituzten irlako biztanleek. Behiak eta gailuak eskatzen zituzten, baina baita arropa ere. Horietako zerrenda batean agertzen zen nola eskatu zituzten gizonentzako dozena bat boneta.
Aparteko irla hartan modarekin zuten harremana deigarria da XIX. mendearen bukaeran turista aberatsak iritsi ohi ziren bertara udan. Exotikoa zen Britainia Handiko irlarik urrunenera bidaia egitea. Behin, emakume bat harri-harri eginda geratu zen portura iritsi eta ikusi zuelako irlako emakume bat Londresko Oxford Streeten moda-modako ziren arropekin jantzita. Barkuan iritsi ziren turistak baino modernoago jantzita zihoan irlako emakume hura. Jantziok nola lortu zituen galdetu eta emakumeak erantzun omen zion pasa zen udan aldatu zizkiola barkuan etorri zen turista bati. Irlako emakumeak inor baino modernoago izan gura zuen.
Urteroko barku hori izan zen mendeetan zehar mundu zibilizatuarekin irlako biztanleek zuten lotura bakarra. Posta igortzeko oholezko barkutxo batzuk eraikitzen zituzten, olgetakoak balira bezala, jostailuak. Bertan gutuna eta peny bat sartu eta bota egiten zuten itsasora argipen batzuekin. Ontziak “Please, open” esaldia izaten zuen kanpoan idatzita.
……
Irla uzteko erabakia gaixotasun batek ekarri zuen. Gaixotasuna ez zen larria ordea. Apendizitis xume batek bultzatu zuen irlaren uztea. Mary Gillies izeneko emakume bat urdaileko minez hasi zen 1930ko urtarrilean. Zamaontzi bat zegoen orduantxe portuan eta abisu bat bidali zuten andrea gaixorik zegoela. Otsailaren 15a arte ez zuten eraman Glasgow-eko ospitalera. Hantxe hil zen emakumea.
Biztanleek oso gaizki hartu zuten Mary-ren heriotza eta irla uztea erabaki zuten, biltzarrean bilduta, ohitura zaharrei jarraituz. Ordurako, 15 gizon eta 22 emakume baino ez ziren bizi irlan. Gainontzekoek emigratzea erabaki zuten-eta, Amerikara edo Australiara.
Zaharrenek ez zuten irlatik atera nahi, bertan uzteko esaten zieten etxekoei, hantxe hil nahi zutela beren senide eta lagun hildakoen ondoan.
Diotenez, oso gaizki egokitu ziren St Kildatarrak bizimodu berrira. Ez zuten sekula ahaztu aparteko irla ekaiztsu hartan zuten bizitza.» (151-154 or.)
Gizakiak joan ondoren ardiak heldu ziren, Bute-ko markesak hara eraman zituelako, uhartedi bereko Soay uhartetik, hain zuzen ere. Hirurogeita hamar urte baino gehiago daramate han eta, beraz, erabat finkatuta daude orain. Lehen esan bezala, duela hogeita bost urte baino txikiagoak dira orain.
Itxaron zitekeenaren aurkakoa da gertaera hori, ardi handiek txikiek baino bizirik irauteko eta ugaltzeko aukera gehiago baitute. Hori da behintzat animalien eboluzioan adituak direnen iritzia. Horregatik ez zuten ulertzen zergatik txikiagotzen diren han bizi diren ardiak. Baina orain bai, ingurumen-baldintzei erreparatuz eta eredu matematikoak erabiliz aurkitu bide dute txikiagotzearen arrazoia.
Dirudienez, txikiagotzeak eguraldiarekin du zerikusia. Azken urteotan nabarmen hobetu da St. Kilda uhartediko eguraldia. Neguak lehen baino laburragoak dira orain, eta tenperaturak ez dira asko jaisten. Lehen, neguak gogorragoak zirenean, arkume handienek soilik gainditzen zuten negua. Orain, berriz, arkume txiki askok ere gainditzen dute. Horren ondorioz, ez da tamaina txikiaren aurkako hautespen naturalik gertatzen, eta horrek populazioaren banakoen txikiagotzea dakar.
Gertaera interesgarria da hau, agerian uzten baitu ingurumen-baldintzen eta animalien bizi-zikloen ezaugarrien arteko harreman estua. Bizi-zikloen ezaugarriak (bizitzaren iraupena, ugaltze-adina, ugaltze-ahalegina, hazkunde-tasa, eta abar) oso garrantzitsuak dira eboluzioaren ikuspuntutik. Izan ere, espezie baten arrakasta, askotan, ezaugarri horien menpe dago. Baldintza abiotikoekiko erresistentzia garrantzitsua da; energia-baliabideak eskuratzeko ahalmena ere, arrakastaren osagai gakoa da. Bada, bizi-zikloaren ezaugarriak ere, hautespen-presioaren pean egoten dira eta presio hori ingurumen-baldintzen araberakoa da. Horixe da adibide honetan ikusi duguna. Baldintzok gogorrak zirenean, ardien tamainak handiagoa behar zuen, txikiek ez baitzuten bizirik irauteko aukera handiegirik; baina biguntzen direnean, tamainaren garrantzia gero eta txikiagoa da. Ondorioz, gero eta txikiagoa bilakatzen da Hirtako populazioaren ardien batez besteko tamaina.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Txikiagotzen ari diren ardiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2018ko udarako: erantzunak
Erantzun guztiak zuzenak izan dira. B=A+11 eta B2=A2+1001 behar direnez, A=40 eta B=51 lortzen dira.
Julenen erantzuna zuzena da. Iñakiren erantzunean, 11 eta 18 elkarrekin trukatuta daude. Honela geratzen da taula:
Ekhik du arrazoia eta ez Julenek. Toki bakoitietan dauden zifren baturari toki bikoitietan dauden zifren batura kenduta, 11ren multiploa lortu behar da (ez du zertan 0 izan). Hortaz, 9, 7 eta 1 doaz leku bakoitietan (6 aukera), eta 2 eta 4 toki bikoitietan (2 aukera). Denetara, 12 dira. Ekhik zerrenda osoa eman digu, gainera.
Zuzen daude Luis Pedriniren eta Iñakiren erantzunak. Zirkulu txikiaren erradioa handienaren 2/3 da. Horren ondorioz, txikiaren azalera handienaren (2/3)2 da, hots, 4 cm2. Hona hemen bide bi erradioen erlazioa arrazoitzeko.
Lehen bidea:
ANM triangelua zuzena da (erradioa eta zuzen ukitzailea perpendikularrak dira). NAM angelua 30o-koa da, beraz, AM=2NM. Eta NM=MB denez, MB=AB/3.
Bigarren bidea:
ACD triangelua aldeberdina da. M triangeluaren zentroa da. Beraz, MBren luzera AB altueraren 1/3 da.
Iñakiren erantzuna zuzena da.
Izan bedi x kirol bakarra egiten dutenen kopurua. Orduan, 78-x dira kirol bi egiten dutenak. Hortaz,
49 x + 80 (78 – x) = 1198 + 1269 + 1572 = 4039.
Hortik ateratzen dugu 71 direla kirol bakarra egiten dutenak eta 7 kirol bitan ari direnak.
Orain arloka jarraitu behar dugu. Izan bitez a1 atletismoa bakarrik egiten dutenak eta a2 atletismoaz gain beste arlo batean ari direnak. Orduan,
49 a1 + 40 a2 = 1198.
Ekuazio honek soluzio osoak behar ditu. Baturaren azken zifra 8 izan dadin, a1 = 2, 12, 22… izan beharko da. Erraz ikusten da a1 = 22 eta a2 = 3 direla.
Era berean, b1 badira igeriketa bakarrik egiten dutenak eta b2 igeriketa eta beste arlo bat,
49 b1 + 40 b2 = 1269.
Orain, b1 = 1, 11, 21… Hortik, b1 = 21eta b2 = 6 lortzen dira.
Azkenik, c1 badira txirrindularitza bakarrik egiten dutenak eta b2 txirrindularitza eta beste kirol bat,
49 c1 + 40 c2 = 1572.
Orain, c1 = 8, 18, 28… eta, ondorioz, c1 = 28 eta c2 = 5 lortzen dira.
Galderaren erantzuna hau da: 25 atletismoan, 27 igeriketan eta 33 txirrindularitzan.
Oharra.- Berez, hasieran egin dugun kalkulua (zenbat ari diren kirol bakarrean eta zenbat bitan) ez da inon behar. Areago, ariketak ez balu esango 78 bazkide direla ere, lortu dugun soluzioa da posible den bakarra eta bazkide-kopurua 78 dela ondorio modura aterako genuke.
Iñakik lortu duen azalera zuzena da, 32 cm2, baina arrazonamendua ez da zuzena, ez baitago arrazoirik AC=AX izan dadin. Nahikoa litzateke irudia deformatzea horretaz konturatzeko.
AN=NM=MC denez, ANB, NMB eta MCB triangeluek azalera bera dute, 4 cm2. XB=BM eta YB=BN direnez, NMB eta XYB triangeluak berdinak dira eta, gainera, NM eta XY paraleloak dira. Orduan, AXYN eta XYMC paralelogramoak dira. Ondorioz, irudiko triangelu guztien azalera 4 cm2 da. Denetara, 32 cm2.
Beste modu batez arrazoituta: AXM triangeluan, XB=BM denez, XBA eta ABM triangeluek azalera bera dute, 8 cm2, beraz. Era berean, CYN triangeluari begiratuz, YBC eta NBC triangeluek ere azalera bera dutela ikusten da.
The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.
STEVE, aurora dirudien fenomeno misteriotsu agurgarri hori
Planeta osoa eta eguzki sistemaren zati handi bat ondo kartografiatuta dagoen honetan, ezinezkoa dirudi naturan fenomeno berriak aurkitzeko aukera; eta hala da gehienetan. Puntako muturretan izan ohi dira aurkikuntzak, hala nola nanoeskalan aurkitzen diren materiaren propietate berriak edota distantzia itzeletara behatzen diren fenomeno kosmiko urrunak.
Noizean behin, baina, aurkitzeko dauden fenomeno naturalak azaltzen dira, eta horietako batzuk ahoa bete hortz uzteko modukoak dira. STEVE da horietako bat. Stephen King idazlearen eleberri baten izenburua dirudi, baina benetan zeruan marrazten den fenomeno berria da.

1. irudia: Ohiko aurorek ez bezala, STEVE fenomenoak purpura koloreko marra bat marrazten du zeruan, eta latitude baxuagoetan ikusteko aukera dago. (Argazkia: Krista Trinder/ESA)
Aurora borealak jarraitzen dituzten hainbat lagunek fenomenoa ezagutzen zuten, baina zientzialariek hori aztertzen hasi berriak dira. Hain da gertukoa, ezen gaiari buruzko lehen zientzia artikuluak aurten argitaratu baitira. Lehena martxoan plazaratu da. Science Advances aldizkarian zabaldutako ikerketa batean deskribatu dute aurrenekoz modu zientifiko batean STEVE zer den: aurora mota bitxi bat. Gainerako aurorak baino latitude baxuagoetan agertzen da hau, eta berezko kolore zein forma ditu.
Aurorek itxura obalatua izan ohi dute, eta kolore “paletari” dagokionean, bereziki berdea, urdina eta gorria dira nagusi. Jakina denez, aurorak sortzen dira eguzkitik etorritako partikula kargadunek magnetosferaren kontra jotzen dutenean. Talka egiten duten atmosferako elementu kimikoren arabera azaltzen dira kolore horiek. STEVEren kasuan, ordea, fenomenoak zeruan marraztutako marra luze baten itxura hartzen du, eta purpura kolorea hartzen du. Horrez gain, aurorak baino arraroagoak dira, gutxitan agertzen dira eta.
Lehen ikerketa horretan, fenomenoaren izaera argitzen saiatzeko ESA Europako Espazio Agentziaren Swarm satelitearen magnetometroa funtsezkoa izan da. Satelite horren bitartez, STEVEren barruan dauden partikulek 6.000 gradu zentigraduko tenperatura dutela ikusi ahal izan dute, inguruko tenperatura baino dezente handiagoa. Artikuluan proposatu dute STEVE aurora berezi bat dela, ioien mugimendua abiatzen duena.
Baina orain, Geophysical Research Letters aldizkarian aurkeztutako beste artikulu batean 2008ko martxoan erregistratutako halako fenomeno bati buruzko azterketaren berri eman dute. Ikerketaren bitartez argitu nahi izan dute ea aurorak sortzeko mekanismo berdina gertatzen den. Duela 10 urte jazotako gertaera horretan, ordea, ez dute horrelakorik sumatu. Auroren ikerketan izan ohi den bezala, all-sky motako kameren bitartez lurretik hartutako irudiak eta satelite bidezko neurketak baliatu dituzte. Kasu honetan, NOAA agentziaren POES-17 ingurumen satelitea erabili dute, fenomenoa jazotzen den bitartean gailu hori gertu zegoelako. Alabaina, satelite horrek ez zuen atzeman kargatutako partikularik atmosferan. Hortaz, bestelako jatorria behar luke, egileen arabera. Bigarren artikulu honetan beraz, fenomenoaren beste modu batean sailkatzeko beharra azpimarratu dute, aurorek eragiten duten partikulen prezipitazioa gertatu gabe abiatu baita fenomenoa.
“Gure ondoriorik nagusiena da STEVE ez dela aurora bat”, esan du ikerketa artikuluaren egile nagusi Bea Gallardo-Lacourt zientzialariak, Ameriketako Geofisika Batasunak argitaratutako ohar batean. “Une honetan, oso gutxi dakigu fenomenoari buruz. Eta hau benetan zirraragarria da, argazkilariek hamarkadetan ezagutzen zuten fenomenoa zelako, baina zientzialarientzat guztiz ezezaguna izan da orain arte”.

2. irudia: 2018ko apirilean Columbia Britainiarrean (Kanada) aurora ehiztariek hartutako STEVE baten irudia. Urruntasunean, irudiaren eskuman, berde koloreko aurora bat ikusten da.
Bada, aurora ez bada, zer da? Ez dago erantzun errazik, momentuz bederen. Argi dago harremana baduela ionosferarekin, baina atzean oraindik argitu ez den mekanismo bat dagoela uste dute zientzialariek. Artikuluan aipatu dute protoien eta energia altuko elektroien prezipitaziorik ez zela gertatu, baina bai neurtu ahal izan zuten energia baxuko elektroien gehikuntza bat. “Halere, une horretan zegoen elektroien fluxu energetikoa baxuegia zen inolako estruktura optikorik sortzeko, eta, hortaz, ez zegoen lotuta STEVErekin”, zehaztu dute zientzia artikuluaren ondorioetan. Modu berean, energia baxuko protoiekin harremanen bat egotea ezin dutela alboratu onartu dute.
Gallardo-Lacourten esanetatik igartzen den moduan, fenomenoaren aurkikuntza zientzia herritarrari ezagutu ahal izan da. Batetik, zaletuek ateratako irudietan azaldu da fenomenoa. Bestetik, NASAk eta NSF Zientziarako Fundazio Nazionalak bultzatutako Aurorasausurus egitasmoari esker jarraitu ahal izan da. Izenak berak istorio bitxia du atzean. Izan ere, zaletuek asmatu zuten izen hori jartzea, baina ondoren NASAko zientzialariek erronkari eutsi eta mundu anglosaxoian hain gustuko duten akronimoen tradizioa jarraitu zuten. Hortaz, “Steve” izena STEVE Strong Thermal Emission Velocity Enhancement bilakatu zen, hots, Igorpen Termikoaren Abiaduraren Gehikuntza Indartsua, gutxi gorabehera. Izen konplexuak erraz gogoratzeko modukoak bihurtzeko duten abilezia ezin zaie ukatu zientzialariei, baina, akronimoez harago, orain aurrean duten erronka da garrantzitsuena: STEVEren benetako izaera argitzea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gallardo-Lacourt, B., Liang, J., Nishimura, Y., & Donovan, E. (2018). On the origin of STEVE: Particle precipitation or ionospheric skyglow? Geophysical Research Letters, 45. DOI: https://doi.org/10.1029/2018GL078509
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post STEVE, aurora dirudien fenomeno misteriotsu agurgarri hori appeared first on Zientzia Kaiera.
Kimika sukaldean: arrautzak (eta III). Zer gertatzen zaie arrautzei?

1. irudia: Arrautza gordinari beroa emanez proteinak desnaturalizatu egiten dira eta arrautza gogortu eta solidotu egiten da. (Argazkia: Alexas_Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Arrautzaren ezaugarri nutritibo guztiek ez lukete guretzat garrantzirik izango arrautzak kozinatzea hain erraza ez balitz. Likido irristakor eta jariakor batetik abiatu eta nahikoa da beroa ematea likido hori gogortu eta elikagai jangarri eta erakargarria lortzeko. Oso erraz transformatzen den elikagaia da –nekez aurki daiteke hain erraz eraldatzen den beste elikagairik- eta, jakina, prozesu horren azalpena kimikan dago. Arrautzaren proteinen kimikan, hain zuzen ere.
Proteinak elkartzen, arrautza gogortzenHasiera batean arrautza likidoa da nagusiki urez osatuta dagoelako. Bertan proteinak daude, baina, kopuruan ur molekulak baino askoz ere gutxiago dira eta horregatik da nahaste likidoa. Proteinak aminoazido kate luzeak dira, eta milaka atomoz osatuta daude. Aminoazido katea modu jakin batean tolestuta dago, proteinak forma jakin eta zehatza izan behar duelako bere funtzio biologikoa bete ahal izateko. Proteinen egitura hori hainbat lotura kimikori esker gertatzen da: hidrogeno loturak, disulfuro zubiak, eta bestelako elkarrekintzak. Hala ere, aminoazidoen arteko elkarrekintza horiek lotura kimiko ahulak dira eta, hortaz, beroaren, tenperaturaren edota azido zein baseen eraginez hautsi egin daitezke. Proteinaren forma mantentzen duten elkarrekintzak apurtzen badira, proteinak egitura galtzen du eta desnaturalizatu egin dela esaten da.
Arrautzaren kasuan, zuringoaren proteina gehienen karga negatiboa da eta hortaz, elkarrengandik aldaratu egiten dira, uretan flotatuz. Alabaina, arrautza berotzen denean molekulak geroz eta azkarrago mugitzen hasten dira eta una jakin batean, proteinak desnaturalizatzen hasten dira. Kiribilduta zeuden proteinek forma galtzen dute eta luzatu egiten dira. Luzatu ahala, haien artean elkartzen dira eta hiru dimentsiotako sarea osatzen dute. Une horretan, ur molekulak proteinen sarean harrapatuta gelditzen dira eta ezin dira hasieran bezainbeste mugitu. Orduan, arrautza gogortzen hasten da eta zuringoan dauden proteinak egitura dentsoago batean elkartu direnez -argi izpiak desbideratzeko gai dena-, zuringoa opaku bihurtzen da.
Desnaturalizazioa beste elementu batzuk erabiliz ere lor daiteke -ozpinez edo gatzez ondutako arrautzetan, esaterako-. Beroketaren kasuan ere, erabilitako tenperaturak eragin handia izango du azken emaitzan; izan ere, proteina bakoitza tenperatura desberdin batean desnaturalizatzen da. Oro har, zuringoa 63 ºC-an hasten da koagulatzen eta 65 ºC-an bihurtzen da solido samur batean. Nagusiki obotransferrina proteinari esker gertatzen da hori, hori baita lehenengo desnaturalizatzen den proteina. Arrautzaren proteinarik ugariena, oboalbumina, aldiz, 80 ºC-an desnaturalizatzen da. Gorringoaren proteinak 65 ºC-an hasten dira trinkotzen eta 70 ºC-an koagulatzen dira.
Modu honetan kozinatutakoa jangarria ez litzatekeen arren, arrautza bat kozinatu daiteke alkohol etilikoa edo azido sendoak erabiliz. Horretarako nahikoa da arrautza gordina alkoholetan kraskatzea eta ordu bete inguru itxarotea. Alkoholaren zein azidoen eraginez proteinak desnaturalizatu egiten dira eta frijitutako arrautzaren antzeko testura hartzen du -jarraian dagoen bideoan ikus daiteke prozesu hori-. Dakigunez, desnaturalizazio prozesua itzulgarria izan daiteke zenbait kasutan eta baldintza bereziak erabiliz eta, modu horretan, Kaliforniako Unibertsitateko Tom Yuan eta bere lankideek egositako arrautza baten zenbait proteina jatorrizko egiturara itzultzea lortu dute -bide horretatik, arrautzak desegostea posible izango ote da?-.
Kozinatzeko moduakArrautza egostea da, ziur aski arrautzak kozinatzeko modurik sinpleena, baina, baditu bere sekretuak. Uraren tenperatura eta egoste-denbora kontrolatzea gakoa da arrautzak testura bat edo zeharo desberdina den beste bat izan dezan. Kimikaren ikuspuntutik, arrautzak uraren irakite tenperaturan egostea ez da modurik egokiena. Esan bezala, arrautzaren proteinak 100 ºC azpitik koagulatzen dira eta, hortaz, tenperatura horretan egosteak proteinak azkarregi koagulatzea eragin ohi du. Horregatik, uraren tenperaturak 80-85 ºC tartean egon beharko luke, burbuilarik gabe, arrautza modu uniformean egosteko.
Egosketa denbora gehiegi luzatzen bada gorringoak kolore berdexka har dezake. Hori zuringoaren zenbait proteinetan dagoen sufreak gorringoaren burdinarekin erreakzionatzen duelako gertatzen da. Biek erreakzionatu egiten dute eta sulfuro ferrosoa, FeS, osatzen da. Arrautza zenbat eta zaharragoa izan kolore berde gehiago lortuko da, baina, honek ez du osasunarentzat arriskurik ekartzen. Oskola kentzerakoan ere arrautza freskoak eta zaharrak berezitu daitezke; izan ere, arrautza freskoen pHa baxuagoa da hiruzpalau egun dituzten arrautzenak baino -7,6 eta 9,2, hurrenez hurren- eta, horren eraginez, arrautza zaharragoen oskola zuringotik askeago geratzen da.

2. irudia: Arrautzak hainbat modutara egosi daitezke, tenperatura eta denbora kontrolatuz, testura desberdinak lortuz. (Argazkia: Charly_7777 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Arrautzak oskolik gabe kozinatzeko moduak ere ugariak dira: frijituta, galdarraztatuta, arrautza nahasiak eta tortillak, besteak beste. Arrautza galdarraztatuak oskolik gabe gutxi egositako arrautza da, zuringoa gogortuta duena, baina, gorringoa ez. Berriro ere, tenperatura eta denboraren kontrola garrantzitsua da puntu egokira iristeko. Arrautza frijituak oliotan berotzen dira eta 120 ºC-ko tenperatura da egokiena zuringo eta gorringoaren koagulazioa onena izan dadin. Hala ere, aurreko kasuetan bezala, norberak bilatzen duen proteinen testura izango da beti erakargarriena, arrautzak horixe baitu: tenperatura eta denborarekin oso desberdinak diren elikagaiak presta daitezke. Arrautza nahasiek eta tortillek ere badituzte sekretuak, baina, norberaren esperimentaziorako utziko dugu hori. Adituen arabera -McGee-ren liburua benetan gomendagarria da gaien interesa duenarentzat da-, nahaskiak mantso eta su ertainean egin behar dira eta tortillak, aldiz, azkar eta su altuan.

3. irudia: Arrautza txitaren enbrioiari babesa eta elikagaiak emateko egitura konplexua da, gizakion elikagai preziatua bilakatu dena. (Argazkia: cocoparisienne – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Arrautzaren anatomia pausoz pauso aztertuta, ikusi dugu oiloak zer mekanismo dituen arrautzaren osagaiak egiteko. Izatez, zelula germinalari -gero enbrioi izango denari- babesa eta nutrienteak emateko egitura da, konplexutasun kimiko itzela ezkutatzen duena. Nagusiki urez osatuta dago, baina, ehunaka osagai ditu. Proteinak, lipidoak, karbohidratoak, bitaminak eta mineralak ditu eta geure dietako elikagai garrantzitsua -ia ezinbestekoa- bihurtu da. Egunero hozkailuan ikusten den produktua izanik, haren kimika ezagututa, orain beste modu batera begiratuko diogu.
Erreferentzia bibliografikoak:
Yuan, T. Z. et al., (2015). Shear‐Stress‐Mediated Refolding of Proteins from Aggregates and Inclusion Bodies. ChemBioChem, 16(3), 393-396. DOI: 10.1002/cbic.201402427
Informazio osagarria:
- La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.
- The chemistry of eggs and egg shells, Compound Interest, 2016.
- How to “cook” and egg without heat – and other weird egg science (video), American Chemical Society, acs.org, 2017.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
Kimika sukaldean: arrautzak, artikulu-sorta
- Kimika sukaldean: arrautzak (I). Nola egiten dira arrautzak?
- Kimika sukaldean: arrautzak (II). Zer dira arrautzak?
- Kimika sukaldean: arrautzak (eta III). Zer gertatzen zaie arrautzei?
The post Kimika sukaldean: arrautzak (eta III). Zer gertatzen zaie arrautzei? appeared first on Zientzia Kaiera.
Ehun adimendunak forma-memoria duten poliuretanoei esker

Irudia: Forma-memoria duen poliuretanozko ehuna da sintetizatutako materialetako bat.
Forma-memoria duten poliuretanozko hainbat zuntz eta ehun adimendun dira sintetizatu dituztenak, izerdia lurrunarazten eta hezetasuna kontrolatzen dutenak eta, gainera, % 99tik gorako berreskuratze-ahalmena dutenak.
Forma-memoria duten poliuretanoak aztertu da ikerketan, ehun adimendunetan erabiltzeko. Forma-memoria duten zuntz edo ehun batzuk sortzea izan da helburua; alegia, berez formaz aldatzeko eta tenperaturaren arabera egokitzeko gai diren materialak sortzea. Materialaren beira-trantsizioko tenperatura (polimeroaren egoera urtuaren eta egoera zurrunaren tarteko tenperatura-puntua), batez beste, 37-38 °C ingurukoa izatea, gorputzaren tenperaturaren parekoa, eta polimeroaren forma tenperatura horren arabera egokitu ahal izatea izan da helburu zehatza.
Lehenbizi, segmentu zurrun eta malguak dituzten zenbait poliuretano sintetizatu dituzte. Jarraian haien portaera termikoa, propietate mekanikoak, iragazkortasuna eta forma-memoriaren efektua aztertzeko. Gainera, zuntzak eta ehunak sortu dituzte poliuretano horietatik abiatuta, poliuretanoek ehungintzan nola erabil daitezkeen sakonago ulertu ahal izateko.
Ikerketan lortutako emaitzetatik ondorioztatu daiteke ikerketan sintetizatutako forma-memoria duten poliuretanoek etorkizun handiko aplikazioak dituztela ehungintzarako. Horrez gainera, forma-memoriaren efektuak agerian utzi du forma-memoria duten poliuretano gehienek % 99tik gorako berreskuratze-balioak dituztela. Iragazkortasunari dagokionez forma-memoria duten poliuretano-geruzek izerdia lurrunarazteko eta hezetasuna kontrolatzeko gaitasuna ere badutela ikusi dute. Halaber, forma-memoria duten ehun-egiturako poliuretanoek % 99an berreskuratzen dute bere forma, beraz, ondoriozta daiteke etorkizunean ehungintzarako erabil litezkeela.
Forma-memoria oso propietate interesgarria da, forma-memoria duten materialak formaz alda baitaitezke kanpo-estimulu (termikoa, elektrikoa, magnetikoa, e.a.) baten menpe daudenean. Forma-memoria duten polimeroak arretagune izan dira azken urteetan, oso funtzionalitate eta aukera onak eskaintzen baitituzte material adimendun gisa. Konposizioa aldatuz eta osagaien egitura kimiko egokia hautatuz arkitektura molekular mota ezberdinekin sintetiza daitezkeen polimero klase bat dira forma-memoria duten poliuretanoak. Horrek askotariko aukerak ematen ditu automobilgintzan, biomedikuntzan, itsasgarrietan, ehungintzan edo oinetakoen industrian erabiltzeko.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Ehun adimendunak, forma-memoria duten materialei esker
The post Ehun adimendunak forma-memoria duten poliuretanoei esker appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #219
Penintsulako hiru kobazulotako artea neandertalek egina zela ondorioztatu zuten duela gutxi: La Pasiegan (Kantabria), Maltravieson (Cáceres) eta Ardalesen (Málaga). Orain agitaratutako ikerketa batek zalantzan jarri ditu ondorio horiek. Maxime Aubert arkeologo eta geomikimikariak, ikerketa zuzendu duenak, bi alderdi jarri ditu auzitan: Ardalesen isuriz sortutako arroketan dauden aztarna gorriak benetan artelanak ote diren eta La Pasiegako eta Maltraviesoko datu mikroestratigrafikoak zuzenak ote diren.
Zergatik desagertu ziren neandertalak? Badirudi duela 44.000-40.000 urte izandako hotzaldiak funtsezkoak izan zirela baina aditu guztiak ez daude ados ondorio horrekin. Ikerketa batean, Paleolito aroan izandako klima aldaketa aztertu dute. Zehazki, duela 44.000-40.000 urte izandako tenperaturak aztertu dituzte, eta datu horiek neandertalek utzitako aztarna arkeologikoekin alderatu dituzte. Bi hotzaldi gogorren ondorioz, ehizarako aukerak gutxitu zitzaizkien eta, horregatik, elikadura iturri nagusirik gabe geratu ziren. Ikertzaile guztiak ez daude ados hipotesi honekin. Adibidez, Israel Hershkovitz antropologoak argudiatu du neandertalek halako garai hotz asko pairatu behar izan zituztela aurretik ere.
GenetikaTxakurretan Duchenne muskulu-distrofia sendatzea lortu dute Southwestern medikuntza-zentroko ikertzaileek (Texasko Unibertsitatea) gene-terapiaren bidez. Aurretik saguetan lortu zituzten emaitza onak, baina lehen aldia da ugaztun handi batean lortzen dutela. Albistea itxaropentsua da esperimentuan erabilitako txakurren mutazioa gaixotasuna duten pertsonenaren parekoa delako.
Emakumeak zientzianAinhoa Magrach Gonzálezi txikitatik gustatu izan zaio National Geographic aldizkarian ikusitakoa, horregatik aukeratu zuen Biologia. Lehen urtea “etsigarria” izan bazen ere, laugarren urtean aurkitu zuen gustuko zuen bidea; beka bati esker, Ekologia sailean hasi zen lanean. Biologian lizentziatu zen, Ekologian doktoratu, eta Ekologiako gaiak ikertzen dihardu, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroan, Leioan. Bere tesian, basoak zatitzearen eragina ikertu zuen eta doktoretza-ondorengoko ikerketan Australian, Borneon eta Brasilen izan zen. Adibidez, Brasilen lianak ikertu zituen.
IngeniaritzaPello Insausti industria ingeniaria elkarrizketatu dute Berrian, ordutegi aldaketaren sistema izan dute mintzagai. Insaustirentzat ez da eraginkorra. “Oso gutxi” aurrezten dela dio. “Nire ustez, arazoa ez da hainbeste ordutegi aldaketa kendu edo ez. Arazoa da iparraldeko herrialdeek urte osoan negukoa eduki nahi dutela, eta beste batzuek, udakoa”, azaltzen du. Insaustik gaineratzen du Euskal Herriari dagokion ordutegia negukoa dela: “Guri dagokigun ordutegia ez da daukaguna. Gurea Portugal eta Ingalaterrak daukatena da. Hau da, neguko ordutegian geratu beharko genuke”.
Ikerketa batean altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinek morteroari zer propietate ematen dizkioten zehazten ari dira. Fabrikazio prozesurik izan ez duten zuntzak erabili nahi izan dituzte, industrian sortzen diren altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinak, hain zuzen ere. Gauzak horrela, zuntzak fabrikatzea saihesten da eta industrian sortzen diren hondakin horiek zuzenean berrerabiltzen dira. Altzairu hondakinez sendotutako egituren monitorizazioa egiterik ote dagoen ere ikusi nahi izan dute. Lortutako emaitzei dagokienez, erabilitako hondakin metalikoek, mota eta kantitatea edozein izanda ere, ez dute aldatzen modu esanguratsuan ez morteroaren erresistibitate elektrikoa ez haren konduktibitate termikoa.
KimikaRoundup pozoi dosi handiak aurkitu dituzte gosaritako hainbat zerealetan. Ikertutako produktuetatik, 43tan aurkitu dute glifosatoa, horietatik 31tan oso maila altuan. Glisofatoaren segurtasuna oraindik eztabaidagai da. Izan ere, erregulatzaile estatubatuarrek herbizidak ziurrenik minbizirik eragiten ez duela defendatzen duten bitartean, Munduko Osasun Erakundeak minbizi eragilea izan litekela dio.
Arrautzak mineralak, bitaminak eta beste hainbat osagai onak ditu baina ospe txarra ere badauka elikagai honek: kolesterola. 1950eko hamarkadan hasi zen arrautzaren kolesterolaren inguruko kezka. Baina testuan esaten den moduan, arrautzak neurrik jaten badira ez da arriskutsua. Arrautza batek 215 mg inguru kolesterol ditu -antzeko haragi zati batek 50 mg izango lituzke, esaterako-. Arrautzaren osagaiak hiru dira: oskola, zuringoa eta gorringoa. Horiei buruz mintzatu da Josu Lopez Gazpio.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #219 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #227
Autismoa dutenen eta ez dutenen artean ezberdintasun neurobiologikoak topatzea ez da dirudien bezain erraza. Horregatik da hain interesgarria entzefaloaren sari-sistemak ezberdint funtzionatzen duela konfirmatzen dela dirudi. J R Alonsoren Differences in the reward pathway in autism
Pare berrikuspenean eta esperimentuen erreproduzigarritasunean oinarritzen den egungo zientzia kolokan jar dezakete artikulu zientifikoetan figurak berrerabiltzen dituzten pertsonek. Rosa García-Verdugo: Scientific misconduct on the rise
Bismutoak propietate bereziak dituela bagenekien. Oso bereziak. Baina, zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta arraroagoa da. DIPCkoek HOTI (orden goreneko isolatzaile topologikoa) dela aurkitu dute. HOTI bismuth
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #227 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ainhoa Magrach González: “Txikitan National Geographicen ikusitakoa aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut”

Irudia: National Geographic aldizkariak piztu zion grina Ainhoa Magrach ikertzaileari.
Ez da harritzekoa, beraz, Biologia aukeratu izana unibertsitateko ikasketak hasteko garaian. Hala ere, lehen urtea nahiko “etsigarria” iruditu zitzaion, ematen zituzten ikasgaiak ez baitzizaizkon gehiegi gustatzen: Matematika, Fisika… “Ikasgaiak ez ezik, irakasteko erak ere ez ninduen erakartzen. Bazirudien buruz ikastea zela helburua; niri, ordea, ikertzea gustatzen zitzaidan, erantzunak nire kabuz bilatzea eta aurkitzea”, azaldu du Magrechek.
Zorionez, laugarren mailan gustuko zuen bidea aurkitu zuen. Beka bati esker, Ekologia sailean hasi zen lanean. “Orduan bai, asmatu nuela sentitu nuen”, dio. Eta hala dirudi, geroztik horretan baitabil buru-belarri: Biologian lizentziatu zen, Ekologian doktoratu, eta Ekologiako gaiak ikertzen dihardu, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroan.
Tesian, basoak zatitzearen eragina ikertu zuen: “Nekazaritza, eraikuntza, industria eta halako jardueretarako basoa zatitzeak zer ondorio dituen ikertzeko, ia urtebete eman nuen Chiloé uhartean (Txile), hegaztien, ugaztunen eta landareen laginak biltzen”, gogoratu du.
Handik ateratako ondorioak beste baso batzuetara estrapolatu daitezkeela azaldu du eta hori frogatzeko aukera izan zuen doktoretza-ondorengoko ikerketan Australian, Borneon eta Brasilen izan baitzen: “Antzeko ereduak ikusi genituen leku haietan ere”.
Adibidez, Brasilen lianak ikertu zituen: “Baso batean aldaketak eragindakoan, areagotu egiten da liana-kopurua, eta horrek ondorioak ditu zuhaitzetan: zer espeziek irauten duten, zein hiltzen diren, zer eragin duen hazkuntzan… Eta horrek guztiak basoan bizi diren gainerako espezieetan ere nola eragiten duen ikertu genuen”.
Txanponaren bi aldeak
Magrechek aitortu duenez, hori dena ikertzeko aukera izatea “amets baten antzekoa” izan da. “Egin kontu: txikitan National Geographic-en ikusitako basoa aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut. Baina, aldi berean, hondamendiaren lekuko izatea ere egokitu zait eta hori benetan latza da”. Behintzat, ikerketa-lanaren eta komunikazioaren bidez, ahal duen neurrian, bere aletxoa jarri duelakoan dago.
Suitzan ere izan da, ETH unibertsitatean. “Hango landa-lana Indian egiten nuen. Gure helburua zen, kafea landatzen den lekuetan, ekoizten jarrai zezatela, baina basoak galdu gabe. Zerbitzu ekosistemikoak ziren ardatza: basoan bizi diren intsektuak (zehazki erle erraldoi bat) funtsezkoak dira kafearen polinizazioan. Onura hori neurtzen aritu ginen, eta, ekoizleei emaitzak aurkeztu genizkienean, nahiko harrera ona izan genuen. Azken finean, haiek inork baino hobeto dakite zer lan egiten duen erle horrek, baina, zenbakitan ikusi zutenean, ohartu ziren benetan komeni zitzaiela basoa zaintzea”.
Suitzan pare bat urte egin ondoren, polinizatzaileekin ikertzen jarraitu zuen, Doñanan. Garai hartan haurdun zegoen, eta pixka bat lasaiago ibiltzea erabaki zuen. Izan ere, Magrechen arabera, ez da erraza amatasuna eta ikerketa-lana bateratzea. “Nahitaez, ama izatean zure ibilbide zientifikoa moteldu egiten da eta ez dago nahikoa neurririk beste lankideekiko sortzen den desabantaila orekatzeko”.
Edonola ere, ez du egonean egoteko asmorik. Hain zuzen, Leonardo beka bat jaso du komunitate batean espezie bat galtzeak eragiten duen ondorioa ikertzeko: “Esperimentu natural bat izango da, bai baitago kolibri bat, Mexiko eta Alaska artean migratzen duena. Hortaz, ekosistema jakinetan sartu eta atera egiten da, eta aldagai horrek ekosisteman eragiten duen aldaketa ikertuko dut”. Horretarako, kolibriari jarraituko dio, Mexikotik hasi eta Alaskaraino, National Geographic-en ikusten zituen erreportajeen antzera.
FITXA: Ainhoa Magrach González
Berangon jaioa, 1982an. Biologian lizentziatu ondoren EHUn, Ekologian doktoratu zen Santiago de Compostelako Unibertsitatean. IMEDEA Azterketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuan izan zen ikertzen, eta, jarraian, doktoretza ondorengo ikertzaile aritu da James Cook Unibertsitatean (Australia), ETHn (Suitza) eta Doñanan (Espainia). Gaur egun BC3n dago, Leioan, baina laster Erdialdeko eta Ipar Amerikara joatekoa da, Leonardo beka bati esker.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ainhoa Magrach González: “Txikitan National Geographicen ikusitakoa aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dut” appeared first on Zientzia Kaiera.