Pitoiaren baraualdia

———————————————————————————————————–
«Erreginatxo marraduna» izenburuko atalean ikusi dugun bezala, Dendroica striata hegaztiak digestio-sisteman erregresio-prozesua gertatzen da migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz, funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina, horrela, energia asko aurreztu dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migratzen ari den bitartean, eta jan gabe egonik, ez du merezi digestio-sistema lanean mantentzea, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko xahutzen baitu.Jokabide hori ez da, inondik ere, salbuespen bat. Pitoia dugu, esaterako, jokabide beraren muturreko kasu bat. Hemen ikusi ditugun beste zenbait animalia bezala, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da pitoia. Hau da, ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Hori horrela, denbora luzea (hainbat aste) igaro daiteke harrapakin bat pitoiarengana hurbildu arte. Gerta daiteke, bada, denbora luze baraurik egon behar izatea. Hortaz, erreginatxo marradunaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da, nahiz eta jan gabe egoteko arrazoiak desberdinak izan kasu batean eta bestean.

1. irudia: Pitoia, itsas zapoaren antzera, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da.
Hori bai, horren denbora luze baraurik egon ondoren, tamaina handiko harrapakinak ehizatu ditzake pitoiak, eta ez bakarrik ehizatu, baita osorik irentsi ere. Harrapakinak hain izan daitezke handi, ezen ehizakiaren pisua pitoiaren pisuaren % 70era hel baitaiteke.
Jakina, baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galdua du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Python molurus Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Aldi berean proteina garraiatzaileen sintesi oso handia gertatzen da hestearen epitelioko zeluletan; izan ere, glukosa eta aminoazidoen garraiatzaileen dentsitatea hogei aldiz igo daiteke. Jarduera horren ondorioz, metabolismo-tasa berrogei bider handiagoa izan daiteke 24 ordu horiek igaro ondoren, sintesi-jarduerek metabolismo-behar handiak sorrarazten dituztelako.
Bitxia da, bai, pitoiaren digestio-sistemaren portaera, baina era berean zentzu handikoa, oso garestia baita digestio-sistema aktibo mantentzea. Hortaz, etekinik atera ezin daitekeenean, «itzali» egiten duela esan genezake. Oso malgua da, beraz, pitoiaren digestio-sistema, baina ez da ahaztu behar hau ez dela salbuespen bat, joera orokor baten muturreko adibidea baino.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Pitoiaren baraualdia appeared first on Zientzia Kaiera.
Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da
Maitasunaren hormona deitzen zaio sarritan, baina zibilizazioaren hormona ere deitu dakioke. Horri esker, hegazkin batean sar gaitezke, postariari etxeko atea lasai asko irekitzen diogu, astronautek piztear dagoen eta ehunka tona erregaiez beteta dagoen andel baten gainean ipurdia esertzeko ausardia dute, eta, astronauta ez garenok ere zulagailu txikia eskutan duen dentistaren aulkian esertzeko adorea ateratzen dugu. Funtsean, oxitozinak zibilizazioa ahalbidetu du, elkarlana eta konfiantza posible egin dituelako. Finean, gizakia bere kideekin kolaboratzeko jaioa da, eta horretan bereziki iaioa da, gainera.
Maitemintzean, ama eta bere umearen arteko loturan eta emakumezkoen sexu kitzikapenean ere eragiten du oxitozinak. Baina harreman sozialak sustatzeko ere funtsezkoa dela uste dute ikertzaileek. Orain, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute.

1. irudia: Harreman sozialak funtsezkoak dira elkarlana eta konfiantza sortzeko, eta oxitozinak zeresan handia dauka horretan. (Argazkia: Wendy Corniquet)
Bide hau aurreko ikerketei esker ezaguna bazen ere, orain zientzialariak gai izan dira prozesuaren atzean dauden mekanismo molekularrak zehazteko. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Ezaguna zen ere harreman sozialak martxan jartzen direnean, dopamina askatzen dela, baina orain zehaztu dute oxitozinak ere mekanismo horretan parte hartzen duela.
Zehazki, hipotalamoan kokatuta dagoen tegmentu bentraleko eremutik accumbens gunea izeneko eremura zabaltzen dira garunaren sari zirkuituak, eta hortik zabaltzen da dopamina. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du. Horrek accumbens gunean dauden neuronen jarduera aldatzen du.
Eremu zehatz horretan zabaltzean, dopaminak plazera eragiten du, eta garunak “ulertzen” du une horretan gertatzen ari dena biziraupena ziurtatzeko erabilgarria dela. Ondoren ere, garuna gai izango da plazera eragin dioten une eta portaerak gogoratzeko.
“Ikerketa honek sari sozialaren atzean dauden garuneko zirkuituen inguruko ezagutza berria dakar. Aspaldiko lagun bat berriro ikustean edota jende berria ezagutzean izaten den esperientzia positiboa da sari sozial hori”, esan du ikerketan parte hartu duen Robert Malenka irakasleak.

2. irudia: Saguak erabili dituzte ikerketa egiteko, garuneko sari mekanismoak antzekoak direlako. (Argazkia: Robert Owen Wahl)
Artikuluaren egileek argudiatzen dute sari mekanismoa hain garrantzitsua dela ezen eboluzioan zehar oso ondo mantendu baita; horregatik, saguen sari mekanismoa ikertzen ere gizakiarentzat baliagarriak diren ondorioak atera omen daitezke.
Ikertzaileek frogatu dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean. Berdina gertatu da neuronek oxitozina eskuratzeko dituzten errezeptoreak bertan behera utzi dituztenean. Alabaina, hormonaren bidea moztuta ere, saguen mugimenduan ez dute ikusi aparteko aldaketarik, eta animaliek drogak hartzeko nahia ere berdin mantendu dute. Haien portaera ebaluatzeko testak erabili dituzte, eta horrela neurtu dituzte saguak beste sagu ezezagunekin egoteko joeran izandako aldaketak. Ikertzaileek ez dute eraginik ikusi beste sariak eskuratzeko joeran. Beraz, oxitozinan oinarritutako errefortzuak arlo sozialeko sariei dagokiela ondorioztatu dute.
Aspaldiko oinordetzaScience aldizkariko ale berean egindako iruzkin batean, Stephanie D. Preston Michigango Unibertsitateko psikologoak ikerketa testuinguruan ipini du. Prestonen esanetan, orain arte teologiak eta filosofiak landu ohi dituzten galdera batzuk neurozientziaren ikuspuntutik jorratzen dira egunotan. “Jendea berez ona al da? Maitatzeko, enpatia izateko edo altruismoa izateko gaitasuna gizakiona baino ez da? Monogamoak izateko diseinatuta ote gaude?” Orain galdera horien erantzunak laborategietan ere bila daitezke.
Prestonek dio gizakiok giza ezaugarri gehienen oinarriak beste hainbat espezierekin partekatzen ditugula, bai itxuran zein funtzioan, “eta horrek adierazten du arbaso komun bat egon dela eta denboran zehar eboluzio bat izan dela”.
Neuropeptido bat da oxitozina, aminoazidoez osatuta, eta bere arrastoa 500 milioi urtez atzera jarraitu daitekeela dio adituak: “hegaztietan, narrastietan, arrainetan, anfibioetan eta zenbait ornogabetan antzeko peptidoak daude”. Ikerketa gehienek iradokitzen dute besteengana hurbiltzeak beldur gutxiago eta onura gehiago dakarrela, beti ere norbanakoarentzat baliagarria bada”.
Ikerketak bidea ireki dezake etorkizunean autismoa, depresioa edo eskizofrenia bezalako gaitzak dutenei laguntzeko. Izan ere, gaixotasun hau dutenei zaila egiten zaie beste gizaki batzuekin egotetik plazera eskuratzea. Ohi legez, ibilbide luzea dago aurkikuntza hau aplikatu arte, baina hasierako bidea urratuta dago jada.
Erreferentzia bibliografikoa:
LIN W. HUNG et al. Gating of social reward by oxytocin in the ventral tegmental area. Science 29 Sep 2017: Vol. 357, Issue 6358, pp. 1406-1411 DOI: 10.1126/science.aan4994
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da appeared first on Zientzia Kaiera.
Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu
2003.ean, Palmako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen. Bertan egiaztatu zen zetazeoen heriotza eta sonarren arteko lotura, eta 2004.ean, Gobernu Espainiarrak moratoria bat ezarri zion sonarren erabilerari: 12 mila nautiko Kanaria inguruan, zifioak hobeto kontserbatzeko. Ordutik hona, ez da hainbeste zifio hilik aurkitu.
Natacha Aguilarrek ondo daki kontserbazio-biologia zeinen garrantzitsua den, eta zehazki zifioen kontuak zein garrantzi daukan. Zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

1. irudia: Natacha Aguilar itsas biologoa da, eta zetazeoetan eta itsas bioakustikan ikertzen ari da La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.
Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Aguilarrek Naukasen bigarren jardunaldian azaldu zigun nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Tamaina ertaineko itsas ugaztunak dira eta urpeko igeriketa benetan izugarriak egiten dituzte. Katxaloteak baino miresgarriagoak, zeren eta nahiko dute ur-azalean bi minutu egotea, gero ur azpian bi ordu egon ahal izateko beste oxigenoa hartzeko.
Behin uretan murgilduta, gutxi gorabehera 500 m-ra daudelarik, ekolokalizazio-klaskak egiten hasten dira. Izan ere, sonar hori saguzarren eta zetazeoen eboluzio-ildoetan garatu da bata bestearekiko beregain. Berari esker, harrapakin egokia lokalizatzen dute. Behin lokalizatuta, klaskak azkar igortzen hasten dira bere harrapakariari gertutik jarraitzeko, eta azkenean harrapatzeko.

2. irudia: Zifioa (Argazkia: Circe)
Sakonera handikoak diren urpeko igeriketa horien artean, zifioek buzeo laburragoak egiten dituzte errekuperatzeko, 400 m-raino 10-20 minutuan. Horrelakoen artean, bi minutu besterik ez dute ematen ur-azalean. Tarte hauetan jartzen dute Natacha eta laguntzaileek sakelako telefonoen antzeko gailu bat zifioen bizkarrean bentosa baten bidez: DTAG gailua.
DTAG gailuak zetazeoen mugimenduen eta portaeraren datu zehatzak lortzen ditu. Datuen artean, urpeko igeriketaren sakonera, iraupena edo buztanaren mugimenduen maiztasuna, estimuluek eragindako erreakzioak, komunikazio akustikoa edota tasa metabolikoa bezalako datu fisiologikoak biltzen ditu gailuak. “ Egun St Andrews (Eskozia), Aarhus (Danimarka) eta Moss Landing Instituterekin (EEBB) lanean dihardugu zifioen frekuentzia kardiakoa antzemateko lanean”, dio Natachak.
Zifioak, gainontzeko zetazeoen antzera, kontserbazio neurriak behar dituzten babestutako espezieak dira. Bizitza luzeko animaliak dira, “K” estrategia dutenak, hau da, ugalketa erritmo baxua dute eta izaten duten kume apurren zaintzaz arduratzen dira. “Animalia bat galtzen den uneak garrantzia du”, eta “itsasoko misterioekin asko disfrutatzen dugu, beraz, hauek zaintzea beharrezkoa dugu. Espezie bakoitza bakarra da eta ezinezkoa izango du haren burua mantentzea itsasoko habitata hondatzen badugu gure jarduerarekin”, baieztatzen du Natachak.
Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak. Horrez gain, kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen ikertzaileak Naukas zientzia-dibulgazio ekitaldian. Gainontzeko zetazeoen antzera, zifioek plastikoak itsasoan eragin duen kutsadura pairatzen dute. Izan ere, duela gutxi Norvegian urdailean plastikozko 30 poltsa zituen zifio bat hilik aurkitu zuten. Honek mobilizazio soziala eta SKY TVko dokumentala ekarri zituen. Dokumentalean ULLko talde batek lan egin zuen.
Horretxegatik da hain garrantzitsua kontserbazio-biologia izeneko hori. Diziplina arteko zientzia honetan kontuan hartzen dira bioaniztasunaren eta habitataren ezaugarriak, bai eta gizakiaren eta beste animalien arteko harremanen ezaugarriak ere.
Funtsean, planetako bioaniztasun hori babestea du helburu zientzia honek, eta Natachak dio horretarako behar-beharrezkoa dela giza jarduerak eta fauna eta floraren beharrak elkarrekin batera aztertzea. “Planeta bakarra dugu, eta gero gizaki gehiago gaude bertan. Erantzukizun handia daukagu beste animaliekiko eta ondo egin behar ditugu gauzak”.

3. irudia: Zifioen urpeko igeriketaren perfila.
Kontserbazio-biologiaren esku, ingurumen esparruan hainbat neurri hartu dira, giza jarduerek ahalik eta gutxien eragin diezaioten bioaniztasunari. Horrela, ildo horretako teknologiak garatu dira, ondar gutxiago sortzeko, energia gutxiago kontsumitzeko, eta oro har ahalik eta eraginkorren jokatzeko.
Oso adibide garrantzitsua da Zeelanda Berria edo Nigeria bezalako herrialdeena. Bertako itsas hondo sakonetako meatzaritzari murriztapenak ezartzen ari dira, zeren eta nodulu ferromagnetikoak eta mineral anitzeko zarakarrak ateratzen direlarik, deuseztatu egiten dira zenbait bizidun-komunitate, milaka urtean garatu direnak.
Natachak ondo daki kontserbazio-biologia funtsezkoa dela eta hala berretsi zuen Naukasen bigarren jardunaldiak egin zitzaion elkarrizketan. “Giza jarduerek gero eta gehiago eragiten diete ozeanoen eta itsasoen hondo sakonei, eta neurri zorrotzak ezarri behar ditugu hondo horiek babesteko. Alegia, erantzukizuneko animaliak gara. Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu”, berresten du adituak.
———————————————————————————-
Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.
———————————————————————————-
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu appeared first on Zientzia Kaiera.
Trikuharrian ala leizean, non lurperatu?

Irudia: UPV/EHUk eta Oxford Unibertsitateak egindako ikerlan batek duela 5.000 urteko desberdintasun sozialak erakutsi ditu.
Karbono eta nitrogeno isotopo egonkorrak neurtu dituzte duela 5.000 urteko hezur kolagenoaren gainean. Iraganeko dieta berreraikitzeko dira baliagarriak isotopoak, pertsona bakoitzaren bizitzaren azken hamar bat urteetan jaten denak zehazten baitu giza hezurren osaera.
Emaitzek erakutsi dute C3 motako landareetan (zerealak, adibidez, ordurako ereiten baitziren) oinarritutako elikadura zutela eta animalia lurtarrak ere jaten zituztela, etxekotuak gehienbat (ahuntzak, ardiak, behiak). Badirudi hori dela bi hobi-motetakoen dieta orokorra. Alde handiak ikusi dira, hala ere, leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan.
Bi interpretazio planteatzen dira karbono isotopoen balioen ezberdintasuna azaltzeko:
- Komunitate ezberdinak izatea. Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Ustiapen eremu beraezituak erabiltzen zituzten: haitzuloen kasuan, Toloñoko mendilerroaren magala eta, trikuharrien kasuan, haraneko eremurik zabalenak.
- Maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Espezializazio ekonomikoak zituen talde bakar bateko kideak izatea. Populazioaren parte bat mendian artzaintzan aritzea eta beste parte bat haraneko nekazaritzan, edo eremurik emankorrenetara edo jaki jakin batzuetara lehentasunezko sarbidea ematen zuten ezberdintasun sozioekonomikoak egotea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea.
Ezberdintasun demografikoak aurkitu zituen dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen artean Teresa Fernández-Crespok, azterketa honen egile nagusiak, aurrez egindako lan batean. Dolmenetan gizonezko helduak ziren nagusi eta leizeetan, berriz, ohikoagoak ziren umeak eta emakumezkoak. Hobiratze-aldagai hau europar kontinente osoan aurkitzen da.
Hobiratze mota ezberdinek izan dezaketen esanahia jakin nahia izan da ikerketaren zergatia, megalitoetan eta leizeetan hobiratutakoen dieten artean ezberdintasunik zegoen konprobatzea. Dieta ez da behar fisiologiko bati erantzuteko modu hutsa, portaera kultural eta sozial bat ere bada, zenbait parametrok baldintzatzen dutena.
Arabar Errioxako hondakinak hartu dira kontuan azterketan. Leizeak eta trikuharriak elkarrengandik oso hurbil daude, batez beste 10 kmtara. Datazioei esker, dolmenetan Neolito bukaerako eta Eneolito hasierako hondakinak bereizi ahal izan dira, leizeetan aurkitutako garai bereko sekuentziekin alderatu ahal izateko.
Ikerketa bide berriakZein hipotesiren alde egin behar den jakiteko ikerketa bide berriak planteatzen dira. Estrontzio eta oxigeno isotopoen azterketa, esaterako. Azterketa hauek populazio horien mugikortasuna aztertzeko dira erabilgarri. Neolitoaren amaieran eta Eneolitoaren hasieran lurralde horretan populazio dentsitate handia zegoela uste dute zenbait egilek, kanpoko jendea iritsi zelako, agian. Hala, baliteke ehorzleku mota batean edo bestean daudenak kanpotik etorritakoak izatea.
Bestalde, hortzetako dentinaren gaineko karbono eta nitrogeno isotopoen analisi sekuentzialetan oinarritutako ikerketa bati ekin diote. Hezurrek indibiduoen bizitzaren azken hamar urteetako informazioa baino ez dute ematen, hortzetan, ordea, finkatuta geratzen da sortu ziren uneko karbono eta nitrogeno seinale isotopikoak.
Dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen arteko aldeak jaiotzatik datozen edo denborarekin sortzen diren, eta, beraz, indibiduo bakoitzak lortutako estatusarekin lotura handiagoa duten argitu dezake hortzetako isotopoen azterketak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Fernández-Crespo T, Schulting R. 2017. Living different lives: early social differentiation identified through linking mortuary and isotopic variability in Late Neolithic/ Early Chalcolithic north-central Spain. Plos One.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Trikuharrietan eta leizeetan hobiratuen arteko desberdintasun sozialak hezurretan ikusgai.
The post Trikuharrian ala leizean, non lurperatu? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi bistan #170
Eraikin historikoen kontserbazioa hobetzeko metodologia berria garatu dute Granadako Unibertsitateko ikertzaileek. Kutsadura atmosferikoak eta harrian pilatzen diren gatzek eragiten dituzten narriadura fisikoaren eta kimikoaren ondorioak ekiditeko asmoz abiatu dute ikerketa. Juanma Gallegok azaltzen digu zertan datzan erabilitako metodologia. Bakterioen transplantean oinarritzen da. Eta hori nola egiten da? Azalpena testuan ageri da: eraikinaren harrietan dauden bakterio komunitate bat hartu, laborategian hazi eta jatorrizko eraikinera itzuli dituzte ondoren. Bakterio karbonatogenikoak izan dira funtsa. Izan ere, bakterio hauek gai dira kaltzio karbonatoa sortzeko, eta horrek eraikinetako harria babesten eta trinkotzen du. Oso interesgarria kazetariak ekarri digun gaia!
Ignacio López-Goñi mikrobiologoak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eman zuen ‘Bakterioek ere txertoak hartzen dituzte’ hitzaldiaren nondik norakoak bildu dituzte artikulu honetan. Hark kontatu zuen birus batek bakterio bat infektatzen duenean, bakterioa gauza dela birusaren DNA zati bat bere genoma propioan txertatzeko. Hala azaldu zuen: “Hurrengoan, bakterioak ezagutu egingo du birus hori, eta hil egingo du. Horrelakoak dira bakterioek birusen aurka hartzen dituzten txertoak”.
BiologiaBare “hiltzaile” baten berri eman digute artikulu honen bidez. Badirudi 2006an aurkitu zutela lehenengo banakoa, baina 2008ra arte ez dute sailkatu: Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zuria da –mamu-barea deitu diote Bill Symondson eta Ben Rowson zoologoek–, eta litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira. Haragijalea eta ehiztaria da; lurrean bizi da eta zizareak eta beste bareak ehizatzen ditu. Hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi, horregatik dira hain bitxiak.
Pandak ez daude arriskuz kanpo oraindik. Animalia hauen populazioak gora egin den arren, ikerketa batek aditzera eman du haien habitataren egoera okerrera doala. Zehazki, Txinako eta AEBko ikertzaile batzuek satelite-bidez hartutako datuekin egin duten ikerketan ondorioztatu dute panden habitata egoera txarragoan dagoela, 1888an panda arriskuan dauden espezieen zerrendan sartu zutenean baino. Badirudi, errepideek eragindako zatiketa dela arazoa. Halere, ikertzaileek esan zuten Txinako gobernuak esfortzu handia egin duela afera honetan.
PaleontologiaNeolito garaiko hilobiratze-ohiturak hobeto ezagutzeko ikerketa egin dute UPV/EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek Arabar Errioxako hainbat txokotan. Galdera bati erantzuteko abiatu zuten ikerketa: zergatik hilobiratzen ziren pertsona batzuk trikuharrietan eta beste batzuk kobazuloetan? Lan honek erakutsi du Neolitoan jada pertsonen arteko desberdintasun sozioekonomikoak egon zitezkeela, eta horiek izan zitezkeela hilobiratze desberdinen arrazoia.
AstrofisikaSaturno nebulosa edo NGC 7009 aztertu du MUSE estreskopioak. Nebulosaren erdian dagoen izarra inguratzen duen hautsaren mapa egin du, eta horri esker ikusi dute egitura oso konplexua duela. Elhuyarrek bildu du informazio guztia: “Burbuila eliptiko bat du barrualdean, beste bat kanpoan, eta halo bat. Halaber, bi korrontek zeharkatzen dute horizontalean, eta, gune batean, hautsez osatutako uhin bat ere detektatu dute. Gainera, barruko burbuilaren ertzetako hautsa desagertu egiten dela baieztatu dute, baina oraindik ez dakite zergatik”.
Emakumeak zientzianMarthe Vogten ekarria oso garrantzitsua izan zen neurozientzia arloan. Frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Baina bere ibilbide zientifikoa ez zen erraza izan. Izan ere, Hitler boterera iritsi eta Ingalaterrara ihes egitea erabaki zuen. Utzi zuen Berlin, bere jaioterria, eta Ingalaterran hasi zen lanean. Halere, Britania Handiko inteligentzia-zerbitzuek ikusi zutenean Deutsche Arbeitsfront sindikatu nazionalsozialistaren (alemaniarraz DAF) kidea zela eta –behartu zuten erakunde horretan izena ematera–, A mailako atzerritar arerio gisa sailkatu zuten. Atxilotu, epaitu eta kartzela-zigorra ezarri zioten zientzialari alemaniarrari. Kartzelatik atera eta jarraitu zuen ikertzen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!
Ana Payo ozeanologoa eta anbientologoa da. Itsas hegaztien ekologia ikertzen du eta monologoen bitartez, zientzia hedatzen du. Emakume zientzialarien ikusgarritasuna lortzeko proiektu batean dabil: Howard Bound. Hark azaltzen du: “Genero berdintasuna, aldaketa klimatikoa eta lidergoa batzen dituen egitasmo bat da. Emakume zientzialariaren rola nabarmentzea du helburu, ikusezintasuna askotan oztopo bat delako gure ibilbidean”. Proiektu horrekin espedizio bat egingo dute Antartikara.
GenetikaAste honetan laguntzaile fina izan dugu eta udan genetikari buruz publikatu diren berriak bildu ditu Koldo Garciak bere blogean. Autoreak dio berririk garrantzitsuena edizio genomikoan izan dugun aurrerapausoa izan dela. Nabarmentzen duen bigarrenak minbiziarekin du zerikusia. Metastasien oinarri genetikoak aztertu dituzte, egileak azaltzen duen moduan, “tumoreek gorputzetik bidaiatzeko gaitasunaren geneak zeintzuk diren aurkitu; eta besteek tumoreetan aktibo dauden geneen arabera tratamenduek izango duten arrakasta aurreikusi eta, hortaz, minbiziaren tratamendua egokitu”. Frikiak diren albisteak ere bildu ditu. Esaterako, Txinako Unibertsitate batek argitu du elikaduran hartutako landareen mikroRNAk eragiten duela erleak langile bilakatzea.
KimikaPoliziklooktenoarekin (polimero erdikristalino komertzial bat) lehendik egindako ikerketak oinarri hartuta, zenbait sistema polimeriko garatu ditu Nuria García Huete ikertzaileak. Polimero kateak elkarrekin gurutzatuta daudenean forma memoria duen materiala da poliziklooktenoa. Polimeroak gurutzatzeko dikumilo peroxidoa erabiltzen da eta deformatu ondoren bere jatorrizko egitura berreskuratzen du beroaren eraginpean jarrita. Azaletik hondatutako objektu bat (hondatua, baina apurtzera iritsi gabe) berotuz konpontzeko balia daiteke ezaugarri hau. Polimeroa gurutzatzeko alternatiba lortu du ikertzaileak: gamma erradiazioa. Irakurri osorik artikulua!
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi bistan #170 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #184
Nonahi daude online kurtsoak. Graduak, masterrak eta orotariko formakuntza aktibitateak ordenagailuaren bidez egin daitezke bere osotasunean ala partzialki. Zein puntura arte, baina, dira kurtso presentzialen baliokide? José Luis Ferreirak horren inguruko ikerketak dakarzkigu: Online vs. in-person courses. Which ones are better?
Minbizia ez da existitzen. Minbiziak existitzen dira. Zehazki, gaixo bezainbeste minbizi. Sistema inmune propioan egon daiteke minbizi bakoitzaren irtenbidea? Sergio Laínezek aztertzen du Will your own immune system be the cure to your own cancer?
Nobel Saria jaso zuen Einsteinek 1921ean efektu fotoelektrikoaren azalpenagatik, batez ere. Ia ehun urte geroago ere DIPCkoek teoria fintzen dihardute: A new benchmark for any future models of solid-state photoemission
Mexikoko lurpean zerbait mugitzen dabilela iradokitzen dute herri hartako lurrikarek. Zer, zehazki? Lekuan bertan lan egindako Daniel Garcíak kontatzen digu What’s going on beneath Mexico?
Kimikariek estreoisomesoen errezamatoen erresoluzioa izenez ezagutzen dutena, bata bestearen irudi espekularra diren bi molekula banatzeko gai izatea, ez da erraza. Interes praktiko, eta baita ekonomiko, izugarria du. Molekulak enkapsulatzen lortzen duenik bada, Adrián Matencio Novel methods of chiral separation artikuluan.
Minibrain, minigaruna, ama zelulez osatutako neurona egitura esferikoa da eta hainbat erabilera ditu. Zer zerikusi du hortzen maitagarriak (Perez sagutxoaren baliokidea) honekin? JR Alonsok Minibrains: a present from the tooth fairy
Ia ziur gaude materiaren egoera bat badela, baina detekzio metodoa, eszitoien kondentsatua, ez dago guztiz findurik. Validating the existence of a new phase of matter, the exciton condensate artikuluan eszitoia zer demontre den azaltzeaz gain, haien kondentsatua detektatzeko metodoa ere proposatzen dute DIPCkoek.
Diabetesa eta Parkinsona aldi berean tratatzen dituen farmakoa posiblea da? Rosa García-Verdugok kontatzen digu Potential 2×1 drug for Parkinson’s and Diabetes artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #184 appeared first on Zientzia Kaiera.
Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik

1. irudia: Marthe Louise Vogt neurozientzialaria. (Argazkiaren iturria: Mujeres con Ciencia)
Bada, komunitate zientifikoak emandako babesaren kariaz, kartzelatik atera zuten. Ez zen bere ibilbide zientifikoaren amaiera izan beraz, Vogteren lanik garrantzitsuena etortzekoa zen oraindik. Izan ere, hark egindako ikerketa batek frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean.
Etxean ikusia, umeek ikasiaBere etxeko giroa zuen zientzia-libururik oinarrizkoena. Cécile Vogt-Mugnier eta Oskar Vogt, bere gurasoak, garai hartan, neurologo ospetsuak ziren. Anekdota gisa, Vogt-Vogt sindromeari –haurtzaroan gertatzen den atetosiaren asaldura– esparru horretan bere gurasoek egindako lan eta ikerketengatik jarri zioten izen hori. Bada, haiek ez ziren izan inspirazio-iturri bakarrak Marthe gaztearentzat; bere ahizpa, Marguerite Vogt, genetista ezaguna izan zen ere.

2. irudia: Cécile Vogt-Mugnier (1875-1962) eta Oskar Vogt (1870-1959) neurologoak, Marthe Louise Vogt eta Marguerite Vogt zientzialarien gurasoak.
Kimikan, fisikan eta matematiketan bikaina zen Marthe eta horregatik eman zuen izena Berlineko Unibertsitatean, Medikuntza eta Kimika ikasteko irrikaz zegoen. 1927an lizentziatu zen eta horren ondotik, ospitale batean hasi zen praktiketan, abiatu zuen Medikuntza masterraren baitan. Doktorego-tesia ere gauzatu zuen Kaiser Wilhelm Society-n; kimika organikoa ikasi zuen eta karbohidratoen metabolismoaren inguruan lan egin zuen, Carl Neubergen zuzendaritzapean. Horren ondotik, Paul Tredelenbergekin batera hasi zen lanean Berlineko Unibertsitatean, Farmakologia departamentuan, hain zuzen. Bertan, endokrinologia jorratu eta teknika farmakologiko esperimentalak garatu zituen. 1931. urtean bere aitak gidatzen zuen Kaiser-Wilhelm-Institut für Hirnforschung-ean Kimika-saileko arduraduna izatera iritsi zen. Bertan, garuneko ikerketa elektrofisiologikoak egin zituen eta ikasi zuen nola barreiatzen ziren farmakoak nerbio-sistema zentralean.
Ihesaldia eta aurkikuntza esanguratsuakAurretik aipatu bezala, Ingalaterrara ihes egiteko aukera ez zuen galdu nazismoa gorenean zegoenean. Rockefeller Travelling Fellowshiperi esker erdietsi zuen hori. Han zegoela berehala hasi zen lanean. Lehenik, Sir Henry Daleren laborategian. Han ikasi zuen, Wilhem Feldbergerekin batera, azetilkolinaren eta nerbio-sistemaren transmisore kimikoen askapena, esaterako. 1937an, Cambridgen, hipertentsioari buruzko ikerketak gauzatu zituen Ernest Basil Verneyrekin elkarlanean.
Britania Handiko Farmazia Elkarteko Farmakologia-laborategietara iritsi zen atxiloketaren ondotik, 1941. urtean. Marthek giltzurrun gaineko guruina eta era berean, estresaren eta adrenalinaren arteko harremana izan zituen ikergai bertan. Jarraian, Edinburgoko Farmakologia Sailera egin zuen jauzi. Hark egindako lanik esanguratsuena bertan idatzi zuen, alegia: Sinpatinaren kontzentrazioa nerbio-sistemaren hainbat tokietan egoera normaletan eta botiken administrazioaren ondoren.
Ikerketa honek frogatu zuen sustantzia hori modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Horretaz gain, epinefrina, serotonina eta reserpina izeneko neurotransmisoreen jokabidea aztertu zuen. Egun, depresioaren edo gaixotasun mentalen aurkako tratamendu gehienen oinarrian dago horien jokabidea ezagutzea. Hortaz, garrantzitsua izan zen Vogtek garai hartan abiatu zituen ikerketak.
Cambridgera itzuli zenean, Agricultural Research Councilleko farmakologia departamentuko zuzendari izendatu zuten.
Neurotransmisoreen inguruko ikerketak egiten jarraitu zuen. 1968an erretiroa hartu bazuen ere, 1980ra arte jarraitu zuen lanean. Orobat, egindako lan guztiagatik komunitate zientifikoaren esker ona jaso zuen. Royal Societyren kide izendatu zuten 1952an –kargu hori lortzen bederatzigarren emakumea izan zen– eta 1981ean Royal Medal delakoa eman zioten. Azkenik, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiako ohorezko kide egin zuten. 2003. urtean zendu zen, 100 urte bete ondoren.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.
Mamu-barea

———————————————————————————————————–
Mail Online egunkariak 2008ko uztailaren 11n eman zuen kontu honen berri. Honako hau izan zen berriaren titularra: ‘Alien’ killer slug with razor-sharp teeth slithering round gardens in the UK, «Labanak bezain hortz zorrotzak dituen bare hiltzaile atzerritarra Erresuma Batuko lorategietan irristaka».Antza denez, 2006an aurkitu zuten lehenengo banakoa, baina 2008ra arte ez dute sailkatu eta ez diote izena eman. Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zientziarentzat berria da bare hau, eta haren taldekide hurbilenak Kaukason bizi direnez, handik ekarria dela uste dute. Ongarri naturalarekin batera nahi gabe ekarri zutela uste dute espeziea ikertu duten zoologoek. Zuri-zuria da eta hori dela-eta, litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Hain da zuria, ezen mamu-barea deitu baitute barea sailkatu duten Bill Symondson eta Ben Rowson zoologoek.

1. irudia: Mail Online egunkariak 2008. urtean argitaratutako berria.
Baina egunkariko izenburuak berak dioen bezala, bare horren ezaugarrietako bat, garrantzi handikoa gainera, hortzeria da. Egia esan hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira, labanak bezain zorrotzak, Mail Online egunkariak emandako berriaren arabera. Jakina, ezaugarri horrek badu azalpen egokia, izenburuak hori ere adierazten baitigu killer slug hitzen bitartez.
Haragijalea (eta ehiztaria) baita bare hori. Izan ere, lurpean bizi da eta beste bare eta (batez ere) zizareak ehizatzen ditu. Mehetu egiten du bere gorputza zizareen zulobideetan sartu ahal izateko. Organo kimiohartzaileak ditu antenetan, eta horiei esker aurkitzen ditu bere harrapakinak. Zizare edo bare bat aurkituz gero, iltzatu egiten du aho-atal zorrotzak erabiliz eta, ondoren, zurrupatu egiten ditu harrapakinaren barne-fluido eta ehunak, oraindik bizirik dirauen arren.

2. irudia: Selenochlamys ysbryda edo mamu-barea. (Iturria: Pan-species Listing)
Gure artean ere bada bare karniboro bat, Testacella generokoa. Selenochlamys bezala, lurpean bizi da eta zizareak jaten ditu. Honek badu, gainera, beste ezaugarri bitxi bat: maskor txiki bat du gorputzaren atzealdean. Bareak eta barraskiloak oso antzekoak dira. Izan ere, kaltzioz pobreak diren lurretan bizitzeko moldaera da bareek maskorrik ez izatea; hau da, maskorra egiteko nahikoa kaltzio ez zegoen tokietan «maskorrik gabeko barraskiloak» sortu ziren. Baina trantsizio horretan bada erdiko formarik ere, eta horixe da, hain zuzen, Testacella, erdiko forma bat; horregatik du maskor txikia.
Istorio hau arrazoi batengatik ekarri dugu hona: guk dakigula, hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi. Egia da guk ezagutzen ditugun bare arruntek ere haragia (euren espezie bereko kideena, zehatzak izateko) jan dezaketela, baina oso gutxitan egiten dute. Haien janaren osagai nagusiak landareak dira ―baserritarrek ondo dakiten bezala― eta noizean behin, proteinen beharrak errazago asetzeko, beste animalia txikiak edo euren espeziekideak ere jan ditzakete.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Mamu-barea appeared first on Zientzia Kaiera.
Bakterioen transplantea, eraikin historikoak babesteko
Eraikin historikoen kontserbazioa hobetzeko metodologia berria garatu dute Granadako Unibertsitateko ikertzaileek. Kutsadura atmosferikoak eta harrian pilatzen diren gatzek eragiten dituzten narriadura fisikoaren eta kimikoaren ondorioak ekiditeko bidea ireki du aurkikuntzak, zientzialarien esanetan. Nature Communications aldizkarian aurkeztu dute aurrerapena, hilaren hasieran.
Funtsean, eta sinplifikatuz, bakterioen transplantean oinarritzen da metodologia berria. Hori egin ahal izateko, eraikinaren harrietan dauden bakterio komunitate bat hartu, laborategian hazi eta jatorrizko eraikinera itzuli dituzte ondoren.

1. irudia. Granadako San Jeronimoko monasterioan martxan jarri dute metodo berria. (Argazkia: Paul Hermans CC BY-SA 3.0)
Zehazki, bakterio karbonatogenikoen bila joan dira zientzialariak. Bakterio hauek gai dira kaltzio karbonatoa sortzeko, eta horrek eraikinetako harria babesten eta trinkotzen du, “biozementu” izendatu duten materiala sortuz. Bakterioek isurtzen dituzten sustantzia exopolimerikoek, gainera, biozementu hau babesten laguntzen dutela argitu dute ikertzaileek. Exopolimero hauei esker sortzen dira mikrobioez osatutako geruzak, bioteknologiaren alorrean gero eta erabilpen gehiago dituztenak.
Granadan dagoen San Jeronimoko eraikinean probatu dute teknika berria. Beste askotan bezala, Errenazimentuko eraikin honetako harrietan bi motako arazoak izaten dira. Batetik, gatzek harri porotsuetan aldaketa fisikoa eragiten dute, tentsio mekanikoaren bidez. Bestetik, atmosferaren kutsadurak aldaketa kimikoak sortzen ditu, harrian dauden mineralak disolbatzen dituelako.
Egileek diotenez, monasterio horretan dauden bakterio karbonatogenikoak ohikoak dira mundu osoko eraikinetan, eta, ondorioz, metodologia hau beste leku askotan ezartzeko aukera dagoela esan dute.
Aspaldiko garapenaDuela urte batzuk asmatu zuten tratamendu sinpleago baten garapena da honakoa, Granadako Unibertsitateko Mineralogia eta Petrologia katedradun Carlos Rodriguez Navarrok adierazitakoaren arabera. “Orduan, elikagaia zuen kultibo-ingurunea ezartzen genuen harrian, baina bakteriorik gabe. Era horretan, eraikinean zeuden bakterioak aktibatu egiten ziren, eta, ondorioz, karbonatoak sortzen zituzten”.
Baina orain beste aurrerapausoa egin dute, zuzenean eraikinean zeuden bakterioak erauziz, horiek laborategian hazi eta berriro ere eraikinean txertatuz. Funtsean, gizakiengan egiten diren mikrobiotaren transplantearen antzekoa litzateke, auto-inokulazio bat, hain zuzen.

2. irudia. Monasterioaren sarreran egindako esku-hartzea, eta mikroskopio bidez eskuratutako zenbait irudi: narraiatutako kaltzita (e), nitroa (f) eta hexahidritako gatz-kristalak (g). (Argazkia: Nature Communications)
Tratamenduaren ebaluaketa egin ahal izateko, alderdi fisikoak eta kimikoak kontuan hartu dituzte, eta, diotenez, bietan egiaztatu dute harrian izandako hobekuntza. “Eraso kimikoen aurrean iraunkorragoa da, eta mikro-zulaketa baten bitartez ere ikusi dugu harriak hobera egin duela”.
Itxurari dagokionean, kolorearen espektroa ere neurtu dute, espektrofotometriaren bitartez. “Proba sinpleagoak ere egin daitezke halakoetan”, azaldu du Rodriguez Navarrok. “Adibidez, azaleko trinkotasuna ikusteko, eranskailuaren proba egiten da, tratamenduaren aurretik eta ondoren. Pegatina bat harrian itsasi eta zenbat material erausten den ikusten dugu horrela”.
Aurreko tratamenduekin alderatuz izandako aldea nabarmendu du katedradunak. Izan ere, orain arte erabili diren zenbait metodok arazo ugari sortu dute eraikinetan. Hasiera batean harria babesten badute ere, denbora aurrera joan ahala arazoak sortu dituzte. Arazoaren oinarrian dago babes-geruzak harriaren poroak estaltzen dituela. “Funtsezkoa da harriaren sistema porotsuaren iragazkortasuna bermatzea”. Azken finean, eta metaforaren eremuan sartuta, bizidunen antzera harriek ere arnas egin behar dute “bizirik” irauteko.
Euskal Herrian ere antzeko irtenbideak aurkitzen saiatzen ari dira. Zehazki, Nano-Cathedral izeneko proiektuan parte hartzen ari dira Gasteizko Santa Maria katedraleko arduradunak. Nanoteknologiaren bitartez harriaren kontserbazio egokia ahalbidetuko duen tratamendu berrien bila ari dira. Bestetik, UPV/EHUko IBeA Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa taldean ere hainbat aurrerapen egin dituzte kutsadurak eta itsas aerosolek eraikinetan duten eragin negatiboa ekiditeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Fadwa Jroundi et al. Protection and consolidation of stone heritage by self-inoculation with indigenous carbonatogenic bacterial communities. Nature Communications 8, Article number: 279 (2017) DOI:10.1038/s41467-017-00372-3
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Bakterioen transplantea, eraikin historikoak babesteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Ignacio López-Goñi: Bakterioen defentsa-sistema da genoma-editore onena
“Bakterioek ez dute pentsatzen baina oso azkarrak dira” esan zuen López-Goñi mikrobiologoak, aurrean entzuleria txunditua zuelarik, Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Izan ere, birus batek bakterio bat infektatzen duenean, bakterioa gauza da birusaren DNA zati bat bere genoma propioan txertatzeko. “Hurrengoan, bakterioak ezagutu egingo du birus hori, eta hil egingo du. Horrelakoak dira bakterioek birusen aurka hartzen dituzten txertoak”.

1. irudia: Ignacio López-Goñi, Naukaseko ekitaldian, irailaren 15ean. (Argazkia: Iñigo Sierra)
Sistema sofistikatua eta heredagarria dute bakterioek hor. Berari esker, bakterioen ondorengoek bere “oroimenean” gordetzen dute lehenengo infekzioa, gerokoei aurre egin ahal izateko. Sistema hau ezkutuan egon da milioika urtean, Francis Mojica Alacanteko Unibertsitatean lanean hasi arte.
Mojica Haloferaz mediterranei arkearen genoma aztertzen ari zen. Mikroorganismo hau, gatz kontzentrazio handiak behar ditu bizi ahal izateko, eta Santa Polako (Alacant) gatzagetan bizi da. Lan horretan ari zelarik, ikusi zuen behin eta berriz errepikatzen zirela genoma-sekuentzia jakin batzuk. Clustered Regularlly Interspaced Short Palindormic Repeats izena jarri zien, CRISPR. Alegia, Errepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak.
Zer esanik ez, jakin nahi izan zuen sekuentzia hauek zein funtzio betetzen zuten zelulan. Urte batzuk beranduago, aurkitu zuen defentsa-sistema ezin hobea zela bakterioaren aldetik.
Zehazkiago, prokariotoek inbaditzailearen DNA zati bat txertatzen dute bere genoma propioan, geroago etor daitezkeen inbasioak ekiditeko. Alegia, informazioa biltegiratuta gelditzen da bakterioan eta bere ondorengoetan, eta leinu horrek “txerto” bat izango du birus horien aurka.

2. irudia: Ignacio López-Goñik azaldu zuen Naukasen bakterioek ere txertoa hartzen dutela. (Argazkia: Iñigo Sierra)
2012.etik aurrera, ikertzaile honen ikerketa-ildoan aurrera eginez, Emmanuelle Charpentier biokimikari frantziarrak eta Jenniger Doudna kimikari estatubatuarrak frogatu zuten CRISPR mekanismoak ahalmena duela edozein genoma editatzeko: benetako genoma-editore bat, DNA zatiak moztu eta itsasten dituena.
Testu-editore baten antzera, teknika hau bakuna, merkea eta zehatza da, eta aukera ematen du geneak jartzeko eta kentzeko, eta mutazioak zuzentzeko ere. Bere hitzaldian ikerlari honek baieztatu zuzen bakterioen defentsa-sistema dela ezagutzen den genoma-editore onena.
Teknika oso erabilia da munduko laborategietan, eta berari esker mikrobiologoek eta zientzialariek aldaera hobetuak lortzen dituzte hainbat bizidunetan: izurriteekiko jasankorrak diren landareak, muskulu-masa handiagoko animaliak, edo malaria eta denge hedatzen ez dituzten eulitxoak. “Terapia genikorako ere balio dezake, eta gaixotasun arraroak eta infekzioak sendatzeko ere”. Hain zuzen ere, uda honetan bertan CRISPR teknikak aukera eman die zientzialari estatubatuarrei enbrioi jakin batzuetan gaixotasun genetiko bat ezabatzeko, ADN-sekuentzia kaltegarriak ezabatuz.
Mojikak Santa Polako bakterioak aztertu zituenetik 20 urte igaro direlarik, zientzialari hau hautagaia da hurrengo Nobel Saria hartzeko, Medikuntzan eta Kimikan.
———————————————————————————-
Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.
———————————————————————————-
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Ignacio López-Goñi: Bakterioen defentsa-sistema da genoma-editore onena appeared first on Zientzia Kaiera.
Polimero hobeen bila

Irudia: Jatorrizko forma berreskuratzen duen eta bere burua konpontzea lortzen duen polimero erdikristalino bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean.
Poliziklooktenoarekin (polimero erdikristalino komertzial bat) lehendik egindako ikerketak oinarri hartuta, zenbait sistema polimeriko garatu ditu Nuria García Huete ikertzaileak. Polimero kateak elkarrekin gurutzatuta daudenean forma memoria duen materiala da poliziklooktenoa. Polimeroak gurutzatzeko dikumilo peroxidoa erabiltzen da eta deformatu ondoren bere jatorrizko egitura berreskuratzen du beroaren eraginpean jarrita.
Azaletik hondatutako objektu bat (hondatua, baina apurtzera iritsi gabe) berotuz konpontzeko balia daiteke ezaugarri hau. Halaber, ikerketan frogatu dute mikrozutabeetan oinarritutako azaleko egitura batean forma-berreskuratzeko fenomenoak bere horretan jarraitzen duela eta gainazaleko kontaktu-angelua aldatzea lortzen dela. Horretarako, ur-tanta bat erabili dute, eta hala egiaztatu dute urak angelu desberdinak osatzen dituela gainazalarekin, laginaren deformazioaren arabera.
Peroxidoak degradatu egiten dira denborarekin, baina. Polimeroa gurutzatzeko alternatiba lortu du ikertzaileak: gamma erradiazioa. Hala, zitotoxikotasunik eragiten ez duten hainbat material lortu ditu. Propietate mekaniko eta termikoak aztertu ondoren, forma-memoriaren portaera aztertu da eta, beste aditu batzuekin lankidetzan, forma-memoria polimeroaren bolumen librearekin lotzea lortu dute (alegia, molekulen arteko espazio librearekin).
Aukera berriak sortzeko asmoz, forma-memoria izateaz gain (deformazioak leheneratzeko aukera) bere burua konpontzeko gai diren materialak (materialaren beraren hausturak konpontzea) nola lortu jakin nahi izan dute ikertzaileek. Delft-eko Unibertsitate Teknologikoarekin lankidetzan (Herbehereak), ikusi dute ionomero izeneko beste polimero-mota batekin nahastuz lortutako poliziklookteno-nahasteek forma-memoriaren efektuari eusten diotela eta, gainera, berotuz bere burua konpontzeko gaitasuna dutela. Materialen bizitza erabilgarria luzatzeko aukera ematen du horrek. Polimero beretik abiatuta propietate ezberdinak dituzten materialak lor daitezkeela frogatu dute, beraz.
Etorkizunean medikuntzan aplikazio praktikoak izan ditzaketen forma memoria duten material polimeriko ez-zitotoxiko berriak lortu dituzte. Forma memoriaren efektua mantentzeaz gain, berotzean bere burua konpontzeko gaitasuna duten materialak ere garatu dituzte, materialen bizitza erabilgarria luzatzeko balioko dutenak.
Informazio gehiago:
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Berotuz bere burua konpontzea lortzen duen forma-memoriadun polimeroa.
The post Polimero hobeen bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi bistan #169
Itsas-zapoa sakonera desberdineko hondo bigunetan bizi da, eta kostaldeko ur ez oso sakonetatik 500 metroko sakoneraraino egon daiteke. Buru gainetik antena bat ateratzen zaio eta horrekin ikusten dute. Bizkar-hegatsaren hezur batetik eratorria da luzakin hori, arrantza egiteko erabiltzen du hori. Harrapakina hurbiltzen denean, zapoak luzakinaren mugimenduen bitartez, ahorantz erakartzen du. Bere ahoa oso handia da eta muskulu indartsuak ditu. Gainera, itsas zapoak hortz asko, oso zorrotzak eta barrurantz makurtutakoak ditu. Luzakinak kanaberaren antza du, eta luzakinaren puntak, beitarena.
GenetikaTximeletek hegoetan dituzten marrazkiak bi genek baldintzatzen dituzte: gene batek lerroak marrazten ditu batez ere, eta besteak, koloreak. Elkarren osagarriak dira bi geneak, eta haiek inaktibatzeak intsektuok ia monokromatikoak bihurtzen dituela ikusi dute. Jakina da hegoen ereduak tximeleten erakargarritasun sexualaren oinarrian daudela, eta harrapakarietatik babesteko ere erabiltzen dituztela. Orain ikusi dute zein den marrazki horien jatorria. Geneon aktibitatea CRISPR teknikaren bidez argitu dute New York-eko Cornell-eko Unibertsitateko biologoek.
AstronomiaEman diote agurra Cassini zundari. Aurreko ostiralean jakin genuen Cassini espazio-ontzia (NASA) Saturnoren atmosferan murgildu eta betiko desagertu zela. Artikulu honen bidez, bere ibilbidea ezagutzeko aukera dugu. 1997ko urriaren 15ean jaurti zen. 2000. urtean Jupiterretik gertu igaro eta bere atmosferaren irudi paregabeak hartu zituen Cassini-Huygens misioak. Cassini Saturno inguruan inoiz kokatu den lehen orbitadorea izan da eta Huygens Lurretik urrunen lur hartu duen zunda. Azken urteotako misiorik emankorrenetakoa izan da.
Berria egunkaria aritu da ere hamahiru urte iraun duen misio honen inguruan. Misioaren amaierari Grand Finale izena jarri diote arduradunek. Zundak egin dituen aurkikuntzei dagokienez, ESA Europako Espazio Agentziak misioan duen zientzialari nagusi Nicolas Altobellik Titanen topatutakoaren garrantzia azpimarratu du: “Huygensek Titango atmosferaren sekretuak azaleratu ditu aurrenekoz; hango lurrazala ukitu du, eta haren osaketa aztertu. Bestalde, beste planeta bateko ilargi batean gizakiak egindako lehen lurreratzea izan da”. Entzeladon topatutakoa ere aipatzen du: “Izan ere, Cassini zundak erakutsi digu izotzezko ilargiek jarduera dutela. Entzeladoren barruan ozeano bat dago, eta orain badakigu bertan jarduera hidrotermala dagoela”.
MedikuntzaKimioterapiaren eraginkortasuna apaltzen duen proteina bat identifikatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Kimioterapiak minbizi-zelulen DNA puskatzen ditu. Zelulek, ordea, neurri batean badute haustura horiek konpontzeko gaitasuna. 2009an, ikertzaileek mekanismo horretan laguntzen duen entzima bat aurkitu zuten, TDP2 entzima, hain zuzen. Orain, entzima horren aurretik lan egiten duen proteina bat identifikatu dute: ZATT. Hautsitako DNAren ertzak berregiten ditu.
Klima-aldaketaUda honetan urakanek (Irma kasu) eta Euskal Herrian egin duen eguraldiak klima aldaketarekin lotura ote duen saiatu dira erantzuten testu honetan. Horretarako, Ganix Esnaola, atmosferaren fisikariak dio: “Klima aldatzen ari dela inor gutxik jartzen du zalantzan. Intuizioak esaten digu gizakiak sorturikoa dela, baina, gutxienez, beroaldi gehiago dituen 30 urteko epe esanguratsua beharko dugu zientifikoki guztiz baieztatzeko”. Artikuluan azaltzen den moduan, azken 30 urteotako datuek erakusten du ozeanoak berotzen ari direla. Horrek lotura zuzena du urakanak indartzearekin. Joseba Areitio fisikari eta Amillena Meteorologia elkarteko buruaren azalpenak bildu dituzte honetan. Ez galdu!
PaleontologiaAsturiaseko El Sidrón kobazuloan aurkitutako haur neandertal baten eskeletuak datu baliagarriak eman ditu hobeto ezagutzeko nola garatzen zen neandertalen garuna. Badirudi haur neandertal horrek 7 urte eta 8 hilabeteko adina zuela hil zenean, baina bere garunak bolumenaren % 87,5 baino ez zuen lortu artean. Artikuluan argi azaltzen digutenez, gure espeziean, adin horretarako ia guztiz garatuta dago garuna, eta 5-6 urteko haurrek izaten dute neandertalaren antzeko garapena. Horrek agerian utzi du neandertalen garunak Homo sapiens-enak baino denbora gehiago behar izaten zuela guztiz garatzeko.
NanoteknologiaOso gutxi dira erabili daitezkeen aleazio metalikoak, materiala zartatzen joatea eragiten baitute 3D inpresioaren fusio- eta solidifikazio-dinamikek. Baina zientzialariek arazo hori konpontzea lortu dute. Nola? Metala geruzaz geruza gehitzeko prozesuan solidifikazioa kontrolatzen duten nanopartikulak sartuta. Hidrogenoz egonkortutako zirkonio-nanopartikulak erabili dituzte, kasu honetan erresistentzia handiko aluminio-aleazioak estaltzeko. Horrekin frogatu dute nanopartikulen laguntzaz inprimatutako piezak ez direla zartatzen, eta forjaz sortutako materialen pareko sendotasuna dutela.
FisikaDIPCko eta UPV/EHUko fisikariek, Alemaniako zenbait unibertsitatetako zientzialariekin batera, elektroien igorpena zehatz-mehatz kronometratzea lortu dute lehenengo aldiz. Horretaz gain, azaldu dute, eta hau oso harrigarria da, zergatik elektroirik bizkorrenak azkenak iristen diren detektagailura. Ikertzaileek adierazi dute puntako ekipo esperimental hauek fisikaren muga berri batera garamatzatela: attosegundoen mundura, hau da, segundo baten trilioirenen mundura.
IngurumenaItsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko harremana dagoela iradoki dute. Katrina Virts ikertzailea dago horren atzean, beste batzuen artean. Doktoretza ondorengo ikerketa egiten ari zela, mundu mailako tximisten erregistroak aztertzeari ekin zion. Hori egiten zegoela, Indiako Ozeanoan zehar zabaltzen zen tximisten marra ia zuzena ikusi zuen mapan, eta atentzioa eman zion. Misterioa argitu dute: itsasontziak dira errudunak. Funtsean, tximisten mapa eta itsasontzien mapa elkartzean ikusi dute harremana, zientzialariek beraiek aitortu dutenez. “Bi mapa horiek parean jarrita, bistan zegoen itsasontziek harremana izan behar zutela tximisten sorrerarekin”, nabarmendu du ikerketaren egile nagusi Joel Thorntonek.
KimikaLarrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo bat egokitu du UPV/EHUk errutinazko ingurumen-azterketetan integratzeko. Ikerketan, neurketa esperimentalak eta zenbakizko simulazioak egin dituzte. Raquel Idoeta doktorearen arabera, metodo azkarra da, errendimendu ona du, eta metodoa egokitzea erlatiboki erraza eta ekonomikoa da. Edozein ingurumen-laborategirentzat baliagarria metodo hau eta ez du arazorik izango integratzeko, baldin eta beta partikulak detektatzeko ekipamendua badu edo estrontzio-determinazioak egiten baditu.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi bistan #169 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #183
Sistema inmunearen ezinbesteko atalak dira makrofagoak. Egoera aktibatuek defenditu ala sendatu dezakete. Zer behar da, baina, bata bestea bihur dadin? Plasticity in the macrophage activation states artikuluan Rosario Luque-Martínek bere ikerketaz hitz egiten digu.
Egoera pertsonal jakinekin lotzen ditugu zenbait usain, baita gaixotasun jakinekin. Alzheimerra horietako bat izango da? Rosa García -Verdugo, The smell of Alzheimer’s.
Hastear da bigarren iraultza kuantikoa. Dekoherentzia etsai handia garaitu bezain pronto. Espinari dagokion egoera DIPCren eskutik: Defeating spin decoherence.
Ordenagailu batean adimena deskargatzeko gaitasuna gai errepikagarria da. Zentzurik du, baina, planteamendu honek? Jezús Zamora, Your mind will never be uploaded to a computer.
Infekzio batekin hasten diren sepsiaren ondorio potentzialki katastrofikoak sistema inmune propioak sortzen ditu, kontrola galduta haien aurka borrokatu eta gurpil zoroan sartuta. Carlos Romá-Mateok kontatzen digu Using mass spectrometry to measure circulating histones against sepsis progression artikuluan.
Zelularen funtzionamenduan, prozesu biokimikoetan eraginik izan gabe gertatzen diren erreakzioak dira bioortogonalak. Bioortogonalitatea eta argiak aktibatutako katalisia konbinatuta, gauza harrigarriak lor daitezke, DIPCko jendeak Riboflavin as a bioorthogonal photocatalyst artikuluan azaldu bezala.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #183 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elisabete Alberdi: “Zenbakizko metodoak bizitzako hamaika esparrutan erabiltzen ditugu” #Zientzialari (79)
Problema matematiko baten emaitza zehatza lortzea ez da beti posible izaten. Esaterako, etorkizunean giza gorputz batean emango den minbizi zelulen gehikuntza analitikoki kalkulatzea ezinezkoa da. Horrelakoetan, zenbakizko metodoak deituriko tresna matematikoen bidez emaitza ahalik eta hurbilduena bilatzen da. Baina, zer dira zehatz mehatz zenbakizko metodoak? Nola sortzen dira? Nola neurtzen da hauen zehaztasuna?
Galdera hauei erantzuteko, Eli Alberdi matematikariarekin izan gara. Bere esanetan, zenbakizko metodoak bizitzako hamaika esparru eta sektoretan erabiltzen dira, hala nola, medikuntzan, kimikan, eraikuntzan, ekonomian…
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Elisabete Alberdi: “Zenbakizko metodoak bizitzako hamaika esparrutan erabiltzen ditugu” #Zientzialari (79) appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrain arrantzalea

———————————————————————————————————–
Itsas zapoa (Lophius sp) «eseri-eta-itxaron» motako harraparia dugu. Sakonera desberdineko hondo bigunetan bizi da, eta kostaldeko ur ez oso sakonetatik 500 metroko sakoneraraino egon daiteke. Hondoko jalkipean sartzen da, eta horri esker harrapakinek ez dute ikusten. Gorputza ez, baina buru gainetik ateratzen zaion antena moduko luzakin bat bai ikusten dute. Bizkar-hegatsaren hezur batetik eratorria da luzakin hori.Lophiusek arrantza egiteko erabiltzen du luzakina. Mugitu egiten du zizare baten mugimenduak antzeratuz. Iraulkatzen den edo sigi-saga dabilen «zizare» bat ikustean, harrapakina hurbildu egiten zaio eta zapoak, luzakinaren mugimenduen bitartez, ahorantz erakartzen du. Alboan dagoenean, ziztu bizian irekitzen du ahoa, ur-korronte bortitza sorturik. Kontuan hartu behar da zer-nolako ahoa duen zapoak: oso handia da eta muskulu indartsuak ditu. Egia esan, ez dakigu ba ote den aho handiagorik duen animaliarik, gorputzaren tamaina kontuan harturik, jakina. Aho beldurgarri horrek sorturiko korronteak aho-barrura sartzen du harrapakina. Hortik alde egiterik ez dago, itsas zapoak hortz asko, oso zorrotzak eta barrurantz makurtutakoak baititu. Hasieran esan bezala, «arrantzan» egiten du zapoak. Luzakinak kanaberaren antza du, eta luzakinaren puntak, beitarena. Azkenean, harrapari gisa jokatu nahi izan duena harrapakin bihurtzen da, ia konturatu gabe.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrain arrantzalea appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez da Anbotoko Mari, ez: kutsadura da
Mari zen gurean. Eskandinavian, aldiz, Thor zen ekaitzen erantzule. Eta ezaguna da ere Antzinako Grezian Zeus jainkoa zela tximistekin jolasean aritzen zena. Meteorologoek istorio horien xarma kendu badigute ere, oso ondo datorkigu jakitea zer eguraldia egingo duen. Eguraldia iragartzeko datu andana baliatu behar dituzte zientzialariek, eta badirudi faktore guztiak kontrolpean daudela. Ondorioz, eta ordenagailuetako konputazio ahalmenari esker, datuak jasotzeko gai diren estazio eta satelite ugari edukitzea nahikoa omen da eguraldia iragartzeko.
Zentzu horretan, zaila da irudikatzea orain arte kontuan hartu ez den faktore bat egotea, baina hala dela dirudi. Izan ere, itsasoan sortutako kutsadurak ekaitzak indartzeko ahalmena izan dezakeela jakin berri da orain, Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek ezagutzera eman duten aurkikuntza baieztatzen bada, bederen. Itsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko harremana dagoela iradoki dute ikertzaile horiek. Hilaren hasieran Geophysical Research Letters aldizkarian idatzitako zientzia artikulu batean argitaratu dituzte emaitzak .

1. irudia: Itsasontziek jarraitzen dituzten ibilbideen gainean tximista kopurua ia biderkatzen dela ikusi dute. (Argazkia: Jeremy Bishop/Unsplash)
Katrina Virts ikertzailea izan zen “eureka” une horietako batean lotura ikusi zuen lehena. Washingtongo Unibertsitatean Doktoretza ondorengo ikerketa egiten ari zela, mundu mailako tximisten erregistroak aztertzeari ekin zion: World Wide Lightning Location Network izeneko sarea, hain zuzen. 2005etik 2016ra arte erregistratutako tximistak jasotzen dira datu-base horretan; guztira 1.500 milioi tximista inguru.
Zeregin horretan zegoela, Indiako Ozeanoan zehar zabaltzen zen tximisten marra ia zuzena ikusi zuen mapan, eta atentzioa eman zion. Hain egitura bitxia ikustean, horren atzean zioren bat egon zitekeela pentsatu zuen, eta unibertsitateko kideekin misterio hori argitzeari ekin zion. Eta aurkitu zuten. Proposatu dutenaren arabera, itsasontziak dira errudunak.
Itsasontziek egindako isurien datuekin alderatu dute tximistek jarraitutako patroi bitxi hori, eta hor azaleratu da harremana. Bata bestekoarekin alderatuz, zientzialariek ikusi dute itsasontziek jarraitzen dituzten ibilbideen gainean tximista kopurua ia biderkatu egiten dela Indiako Ozeanoan eta Txinako Hego Itsasoan.
Lotura eremu horretan agertzea ez da kasualitatea. Txina munduko faktoriarik handiena bihurtu den mende horretan, bertatik ateratzen dira itsas garraio gehienak. Garrantzi estrategiko handikoa den Malakako itsasartea zeharkatzen dute itsasontziek, gero Txinako Hego Itsasora ateratzeko.
Kondentsazio nukleoakFuntsean, tximisten mapa eta itsasontzien mapa elkartzean ikusi dute harremana, zientzialariek beraiek aitortu dutenez. “Bi mapa horiek parean jarrita, bistan zegoen itsasontziek harremana izan behar zutela tximisten sorrerarekin”, nabarmendu du ikerketaren egile nagusi Joel Thorntonek prentsa ohar batean. “Erregaiek sortzen dituzten partikulak direla eta, gizakia ekaitzetan sortzen diren prozesuen indarra aldatzen ari da”, gaineratu du.
Halere, aurkeztu dutena ez da korrelazio hutsa, noski. Aldagaien arteko halako harremanak erabilita ia edozein gauza defenda liteke eta. Azalpen zientifiko batez babestu dute haien proposamena.

2. irudia: Goiko mapak urte batean izaten diren tximisten batez bestekoa erakusten du. Beheko mapak, berriz, itsasontzietako aerosolen kutsadura. (Irudia: Thornton et al/Geophysical Research Letters/AGU)
Errekuntza motor guztiek ihesak sortzen dituzte. Isuri horiek kedarreko partikula ñimiñoak daramatzate, eta baita nitrogenozko zein sufrezko konposatuak ere. Aerosolak dira horiek, eta hiri handietan sortu ohi den gandua eragiten dute. Baina, era berean, kondentsazio nukleo bezala funtzionatzen dute partikula horiek. Partikulen inguruan metatzen da atmosferan dagoen ur-lurruna, eta horrela sortzen dira euri tantak.
“Partikula hauek hodeiak sortzeko gai diren nukleo bezala funtzionatzen dute, eta ekaitzen garapen bertikala aldatzeko ahalmena dute. Horrela, hodeiak puntu gorenetara eramaten dituzte, eta bertan tximistak sortuko dituen elektrifikazioa eragiten dute”, laburbildu dute egileek. Altitude handietan, euri tanta eta izotz pusken arteko talkek elektrifikazioa eragiten dute. Tximistak, beraz, ekaitzaren indarraren erakusle dira.
Ikertzaileek alboratu dituzte fenomenoa azal zezaketen bestelako faktoreak, hala nola haizeteak edo atmosferaren tenperaturaren estruktura.
Ozeanoak zeharkatzen dituztenean, merkantzia ontziek etengabe isurtzen dituzte horrelako ihesak. Ondorioztatu dute, beraz, itsasontziek isuritako aerosolak direla tximisten kopurua bikoizten dutenak. Ibilbide jakinak baliatzen dituzte itsasontzi horiek, itsasoetako autobideak balira bezala. “Errei hauek martxan dagoen benetako esperimentua suposatzen dute, eta aukera ematen digute ikusteko nola partikula bidezko kutsadura sortzen duten giza jarduerak ekaitzen indarra aldatzeko gai diren”, gaineratu dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Thornton, J. A., K. S. Virts, R.H. Holzworth, and T.P.Mitchell (2017), Lightning enhancement over major oceanic shipping lanes, Geophys. Res. Lett., 44, doi:10.1002/2017GL074982.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ez da Anbotoko Mari, ez: kutsadura da appeared first on Zientzia Kaiera.
Agur bero bat, Cassini

1. irudia: Cassini espazio-ontzia. (Argazkia: NASA)
1997ko urriaren 15ean jaurti zen Cassini-Huygens misioa Cabo Cañaveraletik (EEBB). Bi zatiz osatuta zegoen, Cassini Saturnoren inguruan biraka egongo zen orbitadorea eta Huygens ontzia (ESA) Titanen, Saturnoren ilargi nagusienean, lur hartu behar zuen zunda.
Bi ontziek elkarrekin akoplatuta Lurretik Saturnorako bidaia egin zuten, ia 7 urtean. Bidean, bizpahiru flyby egin behar izan zituzten. Flyby bat egiten denean, objektu batera hurbildu eta bere grabitatearen indarra erabiltzen da abiadura irabazteko. Normalean, planeta bat izaten da objektu hori.
Horixe da espazioan bidaiatzeko modu ohikoena gaur egun. Artizarraren inguruan bi flyby eta Lurraren inguruan bat egin ondoren, 2000. urtean Jupiterretik gertu igaro eta bere atmosferaren irudi paregabeak hartu zituen Cassini-Huygens misioak, bertan jardunean ari zen Galileo espazio-ontziaren (NASA) zientzia osatuz.
2004ko uztailaren 1ean kokatu zen Cassini Saturnoren inguruko orbitan eta abenduaren 23an Huygensek bere Titaneranzko bidaiari ekin zion. Hiru aste beranduago lur hartu zuen bertan. Bi gertakariak oso garrantzitsuak izan ziren teknologiaren aldetik. Cassini Saturno inguruan inoiz kokatu den lehen orbitadorea izan da eta Huygens Lurretik urrunen lur hartu duen zunda.
Huygensek 72 minutu besterik ez zituen iraun Titanen gainazalean bateriak xahutu aurretik. Titanen atmosfera zeharkatzen zuen bitartean, haizearen abiadura neurtu eta atmosferako gas eta partikulen konposizioa aztertu zituen. Gainazaletik irudi bat bidaltzeko gai ere izan zen, eta Titanen benetako kolorea erakutsi zuen (ikus 2. irudia). NASAk bideo paregabe bat du Huygensen jaitsierari buruzkoa, “Musical Descent to Titan” izenburupean.

2. irudia: Huygens zundak Titanen gainazaletik bidalitako irudia. (Argazkia: NASA/JPL/ESA/University of Arizona)
Bestalde, Cassini orbitadorea, ia 13 urtez egon da Saturnoren atmosfera ikertzen. Hasiera batean 4 urterako pentsatua zegoen misioa, baina instrumentuen egoera ona eta erregai kopurua kontuan harturik, misioa luzatu ahal izan zen. Birritan! Lehenengo luzapena 2008tik 2010era izan zen eta Saturnoren ekinozioa ikertzeko aukera bikaina eskaini zuen. Bigarren luzapena aurten amaitu da, 2017ko apirilean. Urte hauetan guztietan Cassinik Saturnori buruzko informazio berri eta interesgarri ugari pilatu du. Esaterako, 30 urtetik behin sortzen diren ekaitz erraldoietako bat ikertu ahal izan du, baita ipar poloko Hexagono ospetsua ere (ikus 3. irudia). Saturnoren inguruan ezagutzen ez ziren ilargi berriak ere topatu dira Cassini-Huygens misio honi esker, baita eraztun berriak behatu ere. Enzelado ilargiak, gainazal izoztuaren azpian, itsaso gazi bat izan dezakeela sostengatzen duten frogak bildu dira. Eta Titan zentzu askotan Lurraren antzekoa dela egiaztatu da; lakuak, ibaiak, hodeiak, euria eta abar ikus daitezke bertan. Hori bai, metanozko lakuak, ibaiak eta hodeiak lirateke eta ez Lurrean bezala urean oinarritutakoak.

3. irudia: Saturnoko ipar poloko Hexagonoa. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)
Azken urteotako misiorik emankorrenetakoa izan da Cassini, zientziaren eta teknologiaren aldetik. Ez dezagun ahantz Saturno Lurretik mila milioi kilometrora dagoela. Hala ere, erregairik gabe geratu aurretik amaiera egoki bat eman zitzaion ostiralean. Saturnorantz zuzendu eta atmosferan murgilarazi zuten, bertako presio eta tenperatura altuek espazio-ontzia desegin zezaten. Sakrifizioa ez da alferrikakoa izan, planeta erraldoiaren atmosferan murgiltzen zen heinean Cassinik Saturnoren azken datuak jaso baitzituen hurbil-hurbiletik. Gainera, modu honetan, Saturnoren inguruan zabor espazialik ez da geratuko, eta Cassiniri agur bero bat eman diogu.
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.
—————————————————–
The post Agur bero bat, Cassini appeared first on Zientzia Kaiera.
Esneko estrontzioa neurtzen
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) esneko estrontzio erradioaktiboa neurtzeko larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo baten bideragarritasuna probatu eta balioztatu du errutinazko zaintza erradiologikoan integratzeko.
Istripu nuklearraren kasuan, atmosferara isurtzen da gehienbat Estrontzioa (Sr). Bi isotopo erradioaktibo nagusi ditu (90Sr eta 89Sr) eta portaera kimikoa kaltzioaren antzekoa da; lurzoruan, landareetan edo animalietan (batez ere, hezurretan) pilatu daiteke, beraz. Bizitza eraginkor erlatiboki luzea du gizakiarentzat eta, esan bezala, hezurretan finkatzen denez, erradiazio-dosia ematen du urte askoan.
Esneko estrontzioaEsneko estrontzio erradioaktiboa laster detektatzeko metodo bat proposatu du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, larrialdi edo istripu nuklearren kasuetarako. Metodo hori, baina, ezin da erabili errutinazko ingurumen-neurketetan, azken horietan detekzio-mugak larrialdi nuklearreko kasuetakoak baino askoz ere txikiagoak direlako. Behar diren baldintzak eta parametroak lortu dira ikerketa honetan EANAk proposatutako metodo lasterra errutinazko ingurumen-azterketetan integratutako zainketa-plan erradiologikoetan erabiltzeko moduko metodo bihur dadin.
Ikerketan, egokitzeko parametroak eta baldintzak zehaztearren, neurketa esperimentalak eta zenbakizko simulazioak egin dituzte. Metodo azkarra da, errendimendu ona du, eta metodoa egokitzea erlatiboki erraza eta ekonomikoa da, Raquel Idoeta doktorearen arabera. Edozein ingurumen-laborategik, baldin eta beta partikulak detektatzeko ekipamendua badu edo estrontzio-determinazioak egiten baditu, ez du ia ezer behar metodo hau integratzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
M. Herranz, R. Idoeta, S. Rozas, F. Legarda.. “Analysis of the use of the IAEA rapid method of 89Sr and 90Sr in milk for environmental monitoring”.. Journal of Environmental Radioactivity.. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jenvrad.2017.06.003.
The post Esneko estrontzioa neurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi bistan #168

1. irudia: Cecilia Payne Gaposchkin.
OsasunaEskizofreniaren aurkako farmako antipsikotikoek arazo kognitiboak sortzen dituzte. Dosi handietan eta etengabe hartzen dituzten pertsonetan narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismo zelularrak aurkitu dituzte. Objektu ezagun eta berrien artean bereizteko zailtasuna edota lan memorian zailtasunak bezalako aldaketa kognitiboak sortzen dituzten anomalia sinaptikoak detektatzeaz gain, ikerketak frogatu egin du defizit kognitibo hauek hainbat generen burmuin-espresioaren birmoldaketaren ondorio direla.
Eskizofrenia gaixotasunari jarraiki, Juanma Gallego kazetariak ekarri digu gai interesgarria: eskizofreniak eragiten dituen barruko ahotsak eta horien identifikazioa. Izan ere, zientzialariek iradoki dute garunaren eremu zehatz batean sortzen direla horiek. Eskizofreniaren sintomarik ezagunenetakoa da ahotsak entzutearena; eskizofrenia dutenen %70ek entzuten dituzte. Pultsu magnetikoak erabilita, hainbat pazientetako osasun egoera hobetzea lortu dutela diote. Zientzialariek ondorioztatu dute tratamendua jaso dutenen %34,6k hobekuntza “nabarmena” izan dutela. Hortaz, bi gauza azpimarra daitezke aurkikuntza honetatik, Sonia Dollfus ikerlariak azaltzen duen legez: ahotsak gertatzen diren eremu anatomiko zehatza topatu dute eta frekuentzia altuko pultsu magnetikoak erabiltzeak gaixo batzuei hobekuntza dakarkie.
Emakumeak zientzianXX. mendearen hasieran, komunitate zientifikoak uste zuen oraindik izar baten konposizioa Lurra planetarena bezalakoa zela. 1925ean, baina, Cecilia Payne-Gaposchkinek astronomia alorrean egindako tesiak frogatu zuen hidrogenoa zela horien oinarrizko osagaia. Konposaketa kimiko horretan, helioa ere zegoela zehaztu zuen. Meghnad Saha fisikariak garatutako ionizazioaren teoria aplikatu zuen astronomoak. Horri esker, erlazionatu zituen izarren espektro mota –Harvardeko espektro sailkapena– euren tenperatura absolutuekin.
AnimaliakIzain guztiak ez dira odolaz elikatzen; badira harrapariak direnak ere. Halere, gehienak odolaz elikatzen dira. Hirudo medicinalis da Europan ezagunena; odolusteak egiteko aspalditik erabili izan da. Azken urteotan, izainak erabilgarriak izan dira mikrokirurgiarako. Bukatzen duenean zauri bat uzten du eta hori ez da orbaintzen, baizik eta odoluste txiki baina etengabea sortzen da. Halere, izainek alergia-erreakzioak eta infekzioak sor ditzaketenez, heparinaz hornituriko “izain mekanikoak” fabrikatu nahi dituzte
Walabiaren esneak karenaren funtzioa duela frogatu dute. Standford Unibertsitatean egindako ikerketa batean Macropus eugenii espeziaren ernaldia aztertu dute. Ikertzaileek lehenik walabiaren karenaren geneen espresioa ikertu zuten, eta beste bi espezierenarekin alderatu zuten; saguarenarekin eta emakumearenarekin. Eta ikusi zuten walabiaren sabelaldiaren amaierako gene-espresioa oso antzekoa zela beste bi espezie horiek sabelaldiaren hasieran izaten dutenarekin. Jarraian ikusi zuten guruin horietan espresatzen direnak eta beste ugaztunetan sabelaldiaren amaieran karenean espresatzen direnak berberak zirela. Hortaz, walabiek, beste ugaztunek bezala, badute karen osoa.
BiologiaHelena Gonzalez biologoa elkarrizketatu dute Berrian. Biologiaren dibulgazioan dabil lanean, Big Van Ciencia dibulgatzaile taldeko kide da, eta zientziarekin umorezko bakarrizketak egiten ditu. Tenemos menos genes que un brocoli… y se nota liburua argitaratu du. Bertan, genetikaren inguruko azalpenak ematen ditu. Epigenetika aipatzen du Gonzalezek: “Gure DNAk badu gaitasun handi bat bere burua erregulatzeko, beste organismoek baino gehiago. Eta horri epigenetika deitzen diogu. Ez da organismo batek duen gene kopurua bakarrik, horiek erregulatzeko duen gaitasuna baizik”. Irakurtzeak ala musika entzuteak epigenetika molda dezakeela dio biologoak ere: “Genetika ezin du aldatu kirolak, ez janariak, ez ezerk. Genetika duguna da, baina epigenetika moldagarria da, eta instrumentu jakin bat jotzeak, edo musika jakin bat entzuteak irakaspen prozesu batzuk hobetu ditzake”.
IkaskuntzaBadirudi beste ikasketa metodo ezagunagoek baino ondorio hobeak dakartzala ebaluazioak, bai jabekuntzan, bai eta ikasitakoa ondorengo garaietan gogoratzeko jardueran. Berriki metanalisi bat egin dute eta onurak dakarten jarduerak hauexek dira: oroitze askea, oroitzea argibidea emanda, aukera anitzeko erantzunak eskaintzen dituzten galderak, eta erantzun laburreko galderak. Kontua da irakasleak aukeratu behar duela ikasketa mota jakin bati hobekien doitzen zaion metodoa. Berrirakurketaren aurrean, ebaluazio metodoaren onurak irakurriko dituzu artikulu interesgarri honetan.
AstrofisikaOrain dela 20 urte abiatu zen Cassini zunda. 13 urtez egon da Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatzen. Orain, bere burua planetaren aurka suntsitu da, ez dutelako zoriz Entzeladorekin edo Titanekin talka egiterik nahi. Izan ere, Saturnoren bi ilargi horietan bizia hartzeko kondizioak daudela baieztatu dute ikertzaileek; beraz, talka eginez gero, zundak Lurretik eramandako bizidunekin haiek kutsatzeko arriskua legoke.
Azken irudiak aste honetan bidali ditu.
KimikaBernard Petit ingeniari kimikoak eta industrialari ohiak asaldatzaile endokrinoak izan ditu mintzagai elkarrizketa honetan. Zer dira, baina? Hark argi azaltzen du: “Molekula kimikoak dira, kanpotik gure gorputzean sartzen direnak, eta gure hormonen sistema nahasten dutenak”. Herritar gisa guk boterea daukagula dio: “Erosten duenaren bidez, merkatua bidera dezake”. Adi egon behar dugu erosten dugunarekin, beraz. Petitek hala dio: “Zorrotzagoak izan behar dugu janariarekin kontaktuan den guztiari begira. Adibidez, altzairu herdoilgaitzezko zartaginak erabiliz. Baztertuz fluorezko produktuak dauzkaten zartagin famatu horiek”. Ingeniari kimikoak azaldu moduan, askatzen dituzten substantzia batzuk asaldatzaile endokrino efektua dutelako.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi bistan #168 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #182
Adimen artifizialak erabakiak zelan hartzen dituen ulertzen ez dugunik diotenak dira, paradoxikoki. Julián Estévezek ideia honen esanahia analizatzen du What does the “we don’t understand how artificial intelligence takes decisions” statement mean? artikuluan.
Eztabaidagai iraunkorra da genetikak inteligentzia deitzen dugun horretan duen papera. Hori dela eta, dira hain interesgarriak milaka subjektu dituzten meta-analisiak. Zenbaitek duten muturreko posizioa argitzeko balio duten ala ez beste kontu bat da. Rosa García-Verdugok lantzen du gaia: Intelligence: a mishmash of genetic ingredients
Adin goiztiarrean kalte entzefalikoak dituzte ume obesoek, memoria eta atentzio defizitarekin lotura izan dezaketenak, ikerketa baten arabera. José Ramón Alonsoren eskutik: Child obesity and brain function.
p-ren balio estatistikoa magnitude ordena bat murriztea, ikerketa emaitzen birsorketa arazoen irtenbidea al da? Rosa García-Verdugok erantzuten du galdera: A starker p-value.
Txanogorritxuren ipuina kontatzeko gai zara, ziur. Eta ez bazara, arazoa izan zenezake. Paola Falangak eta Adrià Rofesek azaltzen digute zein den arazo hori: What does remembering the “Little Red Riding Hood” story tell about your cognition?
“Oraingo tomateek ez dute gusturik”, dio amamak. Zergatik eta noiz utzi zioten, baina, zaporea izateari? Daniel Marinok ere galdera berdina egiten du: Why and when did tomatoes lose their flavour?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #182 appeared first on Zientzia Kaiera.