S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 52 min 34 sec

Itsasoetako babes guneak arrantza ziurtatzeko gakoak

mer, 2017/10/18 - 09:00
Juanma Gallego AEBtako ekologoek egindako ikerketa batek dio itsasoetako babes guneen kudeaketa egokia eginez gero arrantzaleak ere garaile aterako direla. Espezie zehatzak babestea baino, ekosistemak babestuko dituzten eremuetan dago koska.

Ameriketako Estatu Batuen presidentetza uzteko hilabete batzuk baino falta ez zirenean, bat-batean, Barack Obama presidente zenak ezusteko mugimendua egin zuen. 2016ko abuztuan, Hawaiiko Papahanaumokuakea Monumentu Nazionala izeneko itsas babes gunearen zabalera nabarmenki handitu zuen: eremua 360.000 km karratu izatetik 1.510.000 km karratu izatera igaro zen; munduko handienetakoa, hain zuzen, Antartikan dagoen Ross itsasoarekin batera.

Halako erabakiak, ordea, ez dira beti ongi etorriak sektore guztietan. Kasu horretan, Hawaiiko arrantzaleak kexu azaldu ziren, erabakiak haien interesen kontra jotzen zuelakoan. Aspalditik errepikatzen den prozesua da, kontserbazioaren eta ustiapen ekonomikoaren arteko oreka mantentzea inoiz ez baita erraza.

Ekologo talde batek egindako eredu teoriko baten arabera, ordea, babes gune hauen kudeaketa egokia eginez gero, arrantzaleek ere onura gehiago eskuratuko lituzkete. Ekologian erabiltzen diren eredu matematikoak baliatu dituzte arrainen kopurua, mugimenduak, jaiotze-tasak eta bestelako adierazleak kalkulatzeko. Besteak beste, ondorioztatu dute babes guneetan arrainak hobeto hazten direla. Horrez gain, arrainak zein planktona babes gune horietatik kanpora ateratzen direla ere, arrantzaleen onurako. Arazoari ekiteko eredu hau, arrantzaren kudeaketan erabiltzen diren beste ereduak baino egokiagoak omen dira. Abuztuan argitaratu dute ikerketa, PNAS aldizkarian.

1. irudia: Ekologoek diote babes eremuak eraginkorrak direla onura ekonomikoak eta ekologikoak aldi berean eskuratzeko. (Argazkia: Matt Alaniz/Unsplash)

Artikuluan zehaztu dutenez, orain arte arrantzaren kudeaketan “lorpenak eta akatsak” tartekatu dira. Akatsei dagokienean, “zientziaren, politikaren eta kudeaketaren mugak” agerian gelditu direla diote. Adituen aburuz, arreta gehiegi jarri ohi da espezie zehatzetan, ekosistemetan jarri beharrean. Ekologoek arreta berezia jarri dute arrain bazterkinen arazoan, “arrantzaren kudeaketak aurrean duen erronkarik handienetakoa”, zehaztu dutenez.

Arrantzaleek eskuratzen dituzten arrain guztiak ez dira portuetara heltzen, sareetan harrapatutakoaren zati bat ez delako kontsumorako egokia. Fenomeno horri arrain bazterkina deitzen zaio. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen estimazioen arabera, arrantzan harrapatutako biomasaren %8 betiko galtzen da.

Hamarretik bat, alferrik

Batez bestean, FAOk kalkulatu du 7,3 milioi tona galtzen direla urtero. Beste balioespen batzuek zifra handiagoak kalkulatzen dituzte, eta baztertutako biomasa ia 10 milioi tona direla diote. Kopuru handia izanda ere, duela hainbat hamarkada askoz handiagoa zen. 1989an puntu gorenera heldu zen. Urte horretan, arrantzaleek 18,8 milioi tona arrain kareletik behera bota zituzten.

Bazterkinen erdia inguru izkiren eta, oro har, itsas ondoan bizi diren arrainen arrantzan gertatzen da. Kasu hauetan, orokortuta dago arraste arrantza. Ekologistek askotan kritikatu dute arrantza mota hau, itsas hondoan dagoen guztia akabatzen duela argudiatuz.

2. irudia: Gobernuek kuotak erabili ohi dituzte arrantza arautzeko eta espezieak babesteko. (CC BY-3.0-ES 2012 / EJ-GV / Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola)

Arazo honi aurre egiteko, gobernuek kupoen politika martxan jarri ohi dute. Horren bitartez, orotara arrantzaleek eskuratu ahal dituzten arrainen kopurua gutxitu egiten da, egoera onean zein egoera kaxkarrean dauden espezieak bereizi gabe. Ondorioz, egoera onean dauden espezieen harrapaketak ere gutxitzen dira, eta horrek arrantzaleei kalte ekonomikoa eragiten die.

Ekologoek 2000ko hamarkadaren hasieran AEBtako mendebaldeko kostan gertatutakoa ekarri dute gogora. Orduan, itsas hondoko arrantza ahitu zen, eta arrantzaleek beren harrapaketak asko gutxitu behar izan zituzten, gehiegi ustiatutako espezieek berreskuratzeko aukera izan zezaten.

Ondo diseinatutako babesguneak, espezie ahulen aterpea

Egoera honen aurrean aterabide bat proposatu dute: itsas eremuak erabiltzea espezierik ahulenak babesteko. “Eredu honen arabera, denak garaile ateratzen dira”, laburbildu du Alan Hastings ekologoak, artikuluaren egile nagusia. UC Davis Unibertsitateko (AEB) aditu honen esanetan, era honetan aukera egongo litzateke arrantzaleek eskuratu nahi dituzten espezieak jasotzeko eta, aldi berean “populazio ahulenak babesteko”.

Arrantza tasa altuegiak nozitu behar dituzten espezie asko bizi iraupen luzea dute, eta ugaltzeko denbora dezente behar dute. Hau, batez ere, garrantzitsua da itsas hondoan bizi diren espezieen kasuan. Egileek ondorioztatu dute itsas eremu babestuetan espezie guztiak, bai ahulak zein indartsuak, askoz hobeto hazten direla, eta, ondorioz, biomasa gehiago sortzen dela.

Ikerketan hainbat espezie hartu dituzte eredutzat. Batetik, arrantzaleek kopuru handitan ustiatzen duten mihi-arraina (Microstomus pacificus), egoera onean dagoen espezie gisa. Bestetik, egoera ez hain onean dauden beste espezieak ikertu dituzte. Hauei gehiegizko arrantzak kalte egin diete: Sebastes alutus, Sebastes crameri, Sebastes paucispinis eta Sebastes ruberrimus espezieak. Guztiak itsas hondoetan bizi diren arrainak dira.

Adituek diote babestutako eremuek laguntzen dutela mihi-arrainaren arrantza mantentzen eta, aldi berean, ahulagoak diren espezien berreskurapena ahalbidetzen. Horrela, babes eremuen kudeaketa egokia eginez, onura ekonomiko eta ekologikoak bateratzeko bidea zabaltzen dela diote: “orokorrean, eta espezie asko tartean dauden inguruetan, ikusi dugu ondo diseinatutako babes eremuen erabilerarekin eta horietatik kanpo arrantzaren kudeaketa arretatsuarekin onura ekologikoak eta ekonomikoak lortzen direla“, laburbildu dute artikuluan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Alan Hastings, Steven D. Gaines, and Christopher Costello. Marine reserves solve an important bycatch problem in fisheries. PNAS 2017 114 (34) 8927-8934; published ahead of print August 9, 2017, DOI:10.1073/pnas.1705169114

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Itsasoetako babes guneak arrantza ziurtatzeko gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Diomedes eta albatrosak

mar, 2017/10/17 - 09:00
Carlos Lobato Greziar mitologiak istorio oso ederrak sortu zituen, lagunekin eta suaren ondoan entzuteko. Mundu osoan zehar entzuten ziren kontakizun horiek, batzuetan itsasgizonek portuz portu eta tabernaz taberna eramanak. Ulergarria da ipuin horietan gehienetan, itsasoa, itsasgizonak eta itsasoan bizi direnak azaltzea, zeren eta ezagumendua, liburuetan baizik ez zegoen, eta ahoz transmititzen ziren kontuak teknologiarik gabeko garai hartan.

1. irudia: Diomedea epomophora albatrosa. (Argazkia: JJ Harrison)

Gaurkoak, berriz uztartzen ditu biologia eta mitologia, legenda eta zientzia, fabula eta nomenklatura, antzinako greziar itsasgizonak eta egungo hegaztiak. Aurkez ditzagun pertsonaia nagusiak. Kontakizuna ez da luzea izango, baina betiko geldituko da gure buruan, estuki lotuta baitago gure planetan oso ezaguna den hegazti baten izenari.

Diomedes heroi greziarra, Etioliako errege Tideoren semea zen. Zonalde menditsu hori, Korintoko Golkoaren ipar kostaldean zegoen. Diomedesen ama, Deípile zen, Argoseko printzesa. Egungo istorietan lobak eta izebak sexu-harremanak dituztenean, intzestoa gaurko gauza dela pentsatzen dugu baina ez da hala: Diomedes, bere izeba Egialearekin ezkondu zen. Ipuinaren beste bertsio batzuetan Egialea lehengusina zela ikus daiteke. Edonola, heroi honen abenturak ondo bildu zituen Homerok bere Iliadan, eta Ovidio bere “Metamorfosiak” lanean. Denak ziren bidaiak, epika eta gerrak.

Zer dela eta Diomedes hona ekarri? Jo dezagun bizidunen nomenklaturara. Bertan, maiz aurki daitezke jainkoen, munstroen edo heroien izenak, eta Diomedes ere azaltzen da. Hegaztien Diomedeidae familian, albatrosak daude, planetan ditugun hegaztirik miresgarrienetakoak. Familia horren barruan, lau genero daude eta taxonomia-irizpideen arabera, 13-22 espezie ikusten dira bertan.

2. irudia: Diomedea generoko zenbait espezie.

Naturaren Kontserbaziorako Erakundeak 22 espezie onartzen ditu egun. Albatros izen arrunta, portugesezko alcatraz izenetik dator. Izen hau erabiltzen da Morus genero osoa izendatzeko. Bistan da izen bereko espetxeak eta irlak nondik hartu duten izena: dakigun bezala, irlak ere Alcatraz izena dauka, eta izen bera daukate irla batek eta bertan dagoen espetxeak.

Juan Manuel esploratzaileak eman zion izena uharteari 1775ean, bertan zeuden hegaztiengatik, noski. “Alcatraz” bere aldetik, arabierazko al-câdous edo al-gattas direlakoetatik dator. Azken hauek “pelikano” edo “buzeatzaile” izena daukate. Agian ez da jendearentzat oso erraza itsas hegaztiak elkarrengandik zehatz bereiztea, baina edonola, aitzinan Fregata generoko hegazti eder batzuei ematen zitzaien alcatraz izena. Fragata izena ere hartzen zuten hegaztiok, kolore beltza eta paparo gorria zuten. Ziur aski albus sartu zen tartean, alcatraz albatros bihurtzeko. Izan ere, fragatak beltzak dira, eta albatrosak zuriak. Diomedea exulans albatros bidaiaria da lehenengoz deskribatu zena, eta bide batez handiena dena Carl Von Linneok deskribatu zuen 1758.ean.

3. irudia: Fragata hegaztia.

Albatrosak oso hegalariak dira eta hego-luzera handienetako hegaztiak dira gure planetan. Bere garaiera 1.30era iritsi daiteke, eta 2.5 eta 3.5 tarteko hego-luzera. Espeziearen balio ertaina 3.1 da.

4. irudia: 2,8 metroko hego-luzera duen albatrosa. (The Meteor Expedition. Argazkia: F. Spiess)

Hegazti zoragarri hauek ozeano guztietan bizi dira. D. exulans hego hemisferioko ozeanoetan dago. Arraina eta mariskoa jaten du eta beraz, ur handitan ibiltzen da.

Heroiaren izena

Diomedes berriz hizpide hartuta, heroi honek zenbait gerratan hartu zuen parte, Eneo aitonaren ondoan, Calidonen defentsan. Bere aitaren ondoan ere borrokatu zen Tebasen konkistan. Bere ospea ordea, askoz ere gerra ezagunagoan gauzatu zen: Troiako gerra. Diomedes izan zen Ulisesekin batera Aquilesen bila joan eta bueltan ekarri zutena. Itsasontzi asko eskaini zizkion armadari, eta Aquilesekin batera borrokatu zen. Istorio honen protagonistetako bat izan zen, eta milaka konspiraziotan hartu zuen parte, tartean Agamenon, Príamo, Menelao eta Filoctetes zeudelarik. Troiako zaldiaren barruan sartu zen hirira, eta bertako soldadu asko hil zituen.

Homerok Iliadan esaten duenaren arabera, Diomedes borrokalari gogorra zen eta Troiako soldadu onenetako birekin borrakatu zelarik, garaile atera zen. Afrodita jainkosa ere, zauritu egin zuen borroka batean, eta Apolo tartean sartu zelako utzi zituen bizirik jainkosa eta troiatarrak. Borroka hartan, Ares beldurgarriaren aurka ere aritu zen, eta Atenea laguntzaile zuelarik, zauritu egin zuen. Gorputzean egin zion zauria zela eta, jainkoa Olinpora itzuli zen. Ordutik aurrera Zeusek debekatua geratu zen jainko-jainkosek gizakien guduetan parte hartzea. Dantek idatzitako Divina Comedia lanean, Diomedes eta Ulises infernuan kondenatuta daude, besteak beste Troiakoa egiteagatik, eta Aquiles gerrara bultzatzeagatik. Izan ere, Diomedesek eta Ulisesek bazekiten gerra horretan hilko zela Aquiles.

Beti ere Divina Comedia horretan, Diomedes eta Ulises bi bizkari ziren, eta azkenean infernura joan ziren egindako bekatu ugarirengatik.

Ulises eta Diomedes bihotzezko harremana izango zuten, eta elkarri emango zioten laguntza gertaera guztietan. Sinbiosia zuten, biologiako termino bat erabilita. Bitxia bada ere, gure albatrosak sinbiosi-harremanak ditu beste animalia batzuekin, hau da, bientzat onuragarriak diren harremanak. Horrela osatutako “bikoteak” harrigarri samarrak dira batzuetan. Ilargi-arrainak nahiko handiak izan daitezke, baina oso sentikorrak dira parasitoekiko. Lasaynen kusi izan da albatrosak arrain hauen atzetik dabiltzala arrainetan dauden krustazeoak erauzi eta jateko. Horrela, janaria lortzen du Diomedes hegaztiak, eta parasito-garbiketa Ulises arrainak.

5. irudia: Ilargi arraina (Mola mola)

Gure Diomedes hegaztia, hots, Diomedea exulans, bidaiaria eta alderraia da eta lumaje zuria du nagusia denean; luma primario beltzak ditu, ordea. Bere mokoa luzea da eta horixka edo arrosakara, eta bere hankak palmeatuak dira. Emeak txikiagoak dira, eta bere lumetako batzuk kafe kolorekoak dira. Txitek oro har lumaje arreagoa dute. Diomedes heroia ez zaigu zehatz deskribatuta iritsi, baina irudika dezakegu gizon sendo gisa, itxura oneko gizona. Esan ohi da bere babestzaile Atenea ausartzia eta adorea eman zizkiola, eta eragin zuela Diomedesen kasko eta ezkututik sugar etengabe bat ateratzea. Udazkeneko eguzkiaren antzerakoa omen zen sugar hura.

Monogamia bai, baina berezia

Besteak beste, esan beharrekoa da albatrosak monogamoak direla bizitza osoan. Hau ez da hain bitxia hegaztietan, baina hegaztien artean ere bitxia da albatrosaren monogamia. Bietako bat hiltzen bada, bestea urteak luza daiteke beste bikote bat osatu eta ugaltzeko. Bi urtean behin ugaltzen dira, eta 10 bat urte betetzen dituenean heltzen zaie sexu-heldutasuna. Uharteetan egiten dute habia, lumak, goroldioa eta gorotzak erabilita. Habien artean 20 m baino gehiago daude. Emeak arrauza bakarra erruten du, eta bi gurasoek zaintzen dute ardura handiz. Arrautza 80 egun beranduago irekitzen da. Oso ohikoa da geroagoko estaltzea eta errutea habia berberean egitea bizitza osoan zehar.

6. irudia: 80 egunen ostean erruten dira albatrosen arrautzak.

Diomedes ere fidela izan omen zen Egialea bere emaztearekiko, hainbeste bidai egin arren, eta etxetik kanpo hainbeste denbora eman arren. Emaztearekin bi seme izan zituen: Diomedes eta Amphinomus. Ospe txarragoa iritsi zaigu ordea emaztearengandik. Izan ere, ez da ezohikoa testuetan emaztea gaizkiago tratatua izatea, eta gizonen ezbeharren errudun bezala azaltzea. Kasu honetan ere, Diomedes onik atera da testuetan, eta emaztea azaltzen da gaizkile. Esan ohi da Diomedes Libiara iritsi zela, ekaitz batetik ihesi. Bertan kapturatua gertatu zen, eta Aresi sakrifikatua izateko zorian egon zen, beti ere Lycus erregearen esku zegoela. Erregearen alaba Callirhoe, Diomedesekin liluratua zegoen, eta ihes egiten lagundu zion, horrela heroiaren maitasuna lortuko zuelakoan. Diomedesek ordea ez zuen bere emaztea engainatu nahi izan, eta Callirhoe bakarrik utzi, eta alde egin zuen. Neskatoak, erabat etsita, bere buruaz beste egin zuen.

Kontakizun batzuen arabera, Egialearen fideltasuna urratuezinezkoa zen, albatrosen arteko fideltasunaren antzera. Hala ere, Afroditak Diomedesek eragindako zaurien mendeku hartu nahi izan zuen eta Diomedesen emaztea sorginduz, beste gizon batzuenganako pasioa piztu zuen bere bihotzean. Diomedes Troiako guduetan ari zelarik, emazteak azkenenean zenbait gizonekin izan zituen harremanak. Afrodita urrunago joan zen, lortu baitzuen emazteak herri guztia Diomedesen aurka jartzea, eta hala ikusi zuen Diomedesek, Argosera itzuli zenean. Tenplu baten babespera ere jo behar izan zuen eraila ez gertatzeko.

Afrodita tartean egonda ala egon gabe, emaztea da gaizkile istorio honetan, eta Diomedes senar gaixoa omen zen. Itzul gaitezen baina albatrosenera, haien artean fideltasun eza ez baita ezohikoa. Zer dela eta aipatu dugu orduan monogamia? Bikote bakoitzak ardura hartzen du habiako txitak zaintzeko, eta hori bada monogamia tankerako zerbait; hala ere erraz gerta daiteke txita horiek arrarenak ez izatea. Izan ere, ikasketa baten emaitzek aditzera eman dute habiarekin zerikusirik ez duten arrek sortua dela albatros txitoen 10%a. Beste ikerketa baten arabera, eme batzuek 40 arrekin izan zituzten sexu-harremanak zazpi asteko epean. Beti ikerketa horren arabera, arrek ere antzera jokatzen dute.

Ez da inoiz Diomedes eta homosexualitatea uztartu, baina hegaztien artean, eta zehazki albatrosen artean, ohikoa da sexu bereko bikoteak osatzea. Oahu uhartean, ikusi zen eme-eme bikote zela bertan zeuden bikoteen %30a. Ar-ar bikoteak askoz ere gutxiago ziren, baina gogoan izan behar da emeak elkartuta, txitak hobeto zaindu daitezkeela bi nagusi (eme) izanda. Kultur tradizioak beti aurkeztu du Diomedes bikaina, fidela, zintzoa, nahiko azkarra eta zuhurra…bertutez gainezka alegia. Bertute horien artean badaude gudurako gaitasunak, balentria handia, gudu-taktikak, lidergo-ahalmena, umiltasuna eta autokontrola… eta gainera Atenearen babesa eta kontseilua izan zituen.

7. irudia: Oso usaimen ona dute albatrosek, hegaztietan ezohikoa dena (Argazkia: JJ Harrison)

Era berean, mundu errealeko gure albatrosak ere hegazti bikainak dira. Orden bereko beste narrastiek ez bezala, mokoaren ondoan bi narina dituzte eta hori esker, oso usaimen handia dute; hau ez da oso ohikoa hegaztietan. Beste itsas hegazti batzuek bezala, gatza pilatzen zaie gorputzean, ura edaten dutelako jaten ari diren bitarten; jaitsi egin behar dute gatz-kontzentrazio hori eta horretarako, gatz-guruina dute, bere begien gainean. Guruinak sudur-zuloetan isurtzen du bere ekoizkina. Hankak ere beste hegaztienak ez bezalakoak dira, ez baitute atzeko partean atzamar oposatu bat, eta aurreko hiru atzamar elkarrekin guztiz batuta daude atzamarren arteko mintz baten bidez. Mintz honek ahalbidetzen die igeri egitea, lurreratzea edo uretatik aireratzea. Beren hankak oso indartsuak dira, lehorrean ondo ibili ahal izateko. Izan ere, gogoan izan behar da 10 kg-tik gorako pisua dutela.

Gizon-hegazti

Baina zergatik darama taxoi honek mitologiako heroiaren izena? Diomedesen heriotza dela eta, hainbat kontakizun aurki daitezke. Horietako batean, esaten da heroia ez zela inoiz Argosera itzuli, beren laguntzaileak itsasontzian itsas hegazti bihurtu zirelako eta eragotzi egin zietelako itzulera. Afroditak eragin zuen aldaketa hau, sorgin txar bihurtuta eta beti ere pairatutako zaurien mendeku bila. Garbi dago albatros bihurtu zirela gizon horiek: hegazti handiak, Diomedes zigortzeko gizonengandik sortuak.

Politagoa da ordea beste bukaera bat. Tremiti artxipelagoko San Nicola irlan, Diomedesen hilobia izeneko bat dago. Horren harira, esaten da Afrodita azkenean damutu egin zela Diomedesen heriotzagatik beren lagunak negarrez ikusten, eta albatros bihurtu zituela, hilobia zaindu zezaten. Federico Fellinik egindako 8½ filmean, kardinalak istorio hau kontatzen dio Marcelo Mastroianiri. Itsasgizonek pentsatzen dute albatrosek zorte ona iragartzen dutela, eta hegazti horietako bat zauritzeak edo hiltzeak ezbehar handiak ekar ditzakeela, uste baita itsasgizon haien arimak daudela albatrosen barruan.

Bukaera politenean, Diomedesek bizitza luzea izan zuen, heroi modura edo errege modura. Hala ere, ez dakigu zein adinetan hil zen. Albatrosak harrigarriak dira honetan ere, 2013.ean plazaratu baitzen 63 urteko eme batek oraindik arrautzak errun eta txitak hazten zituela. Izan ere, 60-70 urtera iristen direla pentsatzen da.

8. irudia: Bizi itxaropen luzea dute albatrosek, 60-70 urtekoa.

Greziarrez gain, beste kultura batzuek ere gogoan dituzte albatrosak. Maoriek animalion hegoen hezurrak erabiltzen zituzten zeremonietako tatuaiak egiteko eta flautak tailatzeko. Gure gertuko kulturan, albatrosak aipatzen dira Rime of the Ancient Mariner olerkian (Itsasgizon zaharraren baladan). Samuel Taylor Coleridgek egin zuen lan hori. Bestetik, Charles Baudelairek ere Albatrosa izeneko olerki bat egin zuen, baina hala eta guztiz, albatrosak ez dira giza jardueretatik salbu ibili. Polinesiarrek ehizatu egin zituzten, Pascuako Irla bezalako tokietan desagerrarazi arte. Europar itsasgizonek ere jan egiten zituzten albatrosak, oso erakargarri gertatzen baitzitzaizkien batez ere goseteetan. Are txarrago, denbora-pasan edo lumak lortzeko ere ehizatzen zituzten, eta honen guztiaren ondorioz, hiru albatros-espezie desagertzeko zorian daude: Amsterdameko albatrosa (Diomedea amsterdamensis), Tristanen albatrosa (Diomedea dabbeneta) eta Galapagoetako albatrosa (Phoebastria irrorata). Lehenengo biak, idazlan honetan hartu dugun hizpide nagusiari dagokion generokoak dira, baina azkenekoa Phoebastria generokoa da, beti ere mitologiatik gertu.

Phoebastria generoak lau espezie ditu: Galapagoetakoa, buztan laburreko albatrosa (P.albatrus), hanka beltzeko albatrosa (P.nigripes) eta Laysaneko albatrosa (P-immutabilis). Phoebetria generoa ere badago (beti ere Phoebe ederra gogoan), bi espeziez osatua: albatros iluna (P. Fusca) eta albatros tiznatua (P.palpebrata).

9. irudia: Thalassarche chlororhynchos espezieko albatrosa. (Argazkia: Vincent Legendre)

Eta oraindik aipatu gabe dugun azken generoak ere, hau da, Talassarche generoak mitologiatik hartu du izena. Aitzinako itsas jainkosa bat zen Talasa edo Thalasa, Éter eta Hemeraren alaba, eta Mediterraneo itsasoaren pertsonifikazioa. Izan ere, latinezko baliokidea Mare zen. Genero honetan bost espezie daude: albatros klororrinkoa (T. chlorhyncos), buru griseko albatrosa (T. chrysostoma), Bullerren albatrosa (T. bulerri), albatros betazpitsua (T. melanophris), eta bekoki zuriko albatrosa (T. cauta).

Diomedes heroi greziarra oso ospetsua da eta mito eta legendetan agertzen delarik, ohore handia eman zaio animali taxonomian ere. Dena dela, esandako guztia ikusita, gauza asko izan zitekeen Diomedes: heroi greziarra, Argoseko erregea, Troyako Helenaren ezkon-nahia, bere izebaren senarra, edo Phoebe printzesaren senarra, bere lankideen lagun ona, jainkoen etsaia… Diomedes aurretik ere, badago mitologian munstro bat Diomedes izenekoa: Aresen seme izugarria, lau zaldi gizaki-jale zituena; Hérculesek harrapatu zituen azkenean zaldiak. Berdin dio: aitzakia ona hartu dugu mitologian, hegazti hauei buruz hitz egiteko: kaio erraldoiak, beti gure inguruko natura ederraren ikur. Egun, ez dago heroirik baina bai oraingoz hegazti hauek, zeruan zehar zoragarriro hegaz egiten.

Oharra: Rhetenor izan zuen Diomedesek lagun bere bidaietan eta abenturetan, eta izen hori ere armiarma saltiziden genero bat izendatzeko erabili da, baina hori, beste post biomitologiko batean jorratuko dugu.

Egileaz: Carlos Lobato (@BiogeoCarlos), Bigarren Hezkuntzako geologia eta biologiako irakaslea da eta Naukaseko partaidea.

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

The post Diomedes eta albatrosak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz metaketa prebenitzen dute

lun, 2017/10/16 - 09:00
Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz-metaketa murrizten laguntzen dutela frogatu du Ana Gracia Jadraquek.

Mahatsetan eta ahabietan aurki daitezkeen konposatu fenolikoak dira resveratrola eta ptrostilbenoa eta gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete. Gantz metaketan efektua duten DNAren metilazioan (metilo taldea gehitzea) eta mikroRNAetan aldaketak eragiten dituzte molekula hauek.

Bi alor aztertu ditu ikerketak:

  1. Gantz ehunean triglizeridoen metaketan DNA metilazioan resveratrolak eta pterostilbenoak izan dezaketen eragina.
  2. Gantz hepatikoaren metaketaren eta gantz ehunaren mikroRNA bidezko erregulazio post-transkripzionalean resveratrolak duen parte-hartzea zehaztea.

De novo lipogenesian (dietarekin hartzen diren karbohidratoak gantz-azido bihurtzeko bide metabolikoa) esku hartzen duten entzimetako batean metilazio-mailan aldaketak eragiten ditu pterostilbenoak. Metilazioa mekanismo epigenetikoa da, hau da, DNA aldatu barik bere aktibitatea aldatzeko mekanismoa da. Pterostilbenoak, beraz, enzimaren metilazioan eragiten du eta enzima horrek gantzen metaketan.

Resveratrolak ez du de novo lipogenesiaren asaldura hori sortzen, baina gantz ehun zurian hainbat mikroRNAen erregulazioan aldaketak eragiten ditu. Aldatutako mikroRNA horietako batzuk lotura dute triglizeridoen metabolismoaren geneekin eta horietako batzuk zeharkako erregulazioa eragiten dute gantz-azidoen sorreran.

Gibelean egindako azterketaren emaitzen arabera, organo honetan nabarmen adierazten diren mikroRNAen adierazpena murrizten du resveratrolak. Horren ondorioz, ikusi ahal izan da gantz-azidoen β-oxidazioan (gantz-azidoak degradatu eta energia sortzen duen ibilbide metabolikoan) esku hartzen duen entzima baten adierazpena eta jarduera areagotzen bada, resveratrolaren bidez mikroRNAren adierazpena modulatzeagatik izan daitekeela.

Aurretik egindako azterlanetan aditzera eman zuten resveratrol eta pterostilbeno bezalako hainbat konposatu fenoliko gantz ase eta azukre sinpleko dieten ondoriozko obesitatea prebenitzeko ahalmena dutela animalietan. Ana Gracia Jadraqueren tesi ikerketa honek, resveratrolak eta pterostilbenoak DNAren metilazioan eta mikroRNAetan eragiten dituzten aldaketak direla eta, gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezaketela frogatu du.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Resveratrol eta pterostilbeno konposatuek gorputzean gantza metatzea prebenitzen dute.

The post Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz metaketa prebenitzen dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #172

dim, 2017/10/15 - 09:05
Uxue Razkin

Astrofisika

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideek Haumea –Neptunoren orbitatik haragoko gerrikoan dauden lau planeta nanoetatik ezezagunena– aztertzeko parada izan dute. Hori egin ahal izateko izar-estaltze bat aprobetxatu dute. Behatze horrek jakitera eman ditu planeta nanoaren forma, tamaina eta bestelakoak. Adibidez, uste zutena baino handiagoa dela frogatu dute, eta ez hain trinkoa. Eguzkiaren inguruan orbita bat osatzeko 248 ordu behar dituela ikusi dute, eta errotazio-abiadura izugarri handia duela: lau ordu. Halere, harrigarriena honakoa da: eraztun bat du.

Astronomia

Korresen (Araba) dagoen Izkiko parke naturalean astronomia behatoki berri bat abian jarri dute. Bertan, asteroideak eta exoplanetak ikertzeko aukera izango dute. “Lurretik gertu igarotzen diren objektuei jarraipena egiteko aukera emango digu behatokiak”, azaldu du Mikel Martinezek. “Laster Minor Planet Centerrek ematen duen nazioarteko behatzaile kreditazioa lortzea espero dugu”, gehitzen du astronomiazaleak.

Ig Nobelak

Ig Nobel sariek bi baldintza bete behar dituzte: batetik, barrea eragin behar dute, eta, bestetik, pentsarazi egin behar dute. Esaterako, Izan ote daitezke katuak solidoak bezain likidoak? lehen ikerketaren izenburua da eta Fisikako kategorian jaso du saria. Ekonomiari dagokionez, beste ikerketa bat aipatzen da testuan: ur gaziko krokodilo bat besoetan izatearen eragina neurtu zuten ikertzaile batzuek; zertan, eta txanpon-makina batean jokatutako diruan. Beste hainbat ikerketa harrigarriak daude. Ez galdu!

Klima-aldaketa

Euskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan. Lehenengo ideiari dagokionez, Aingeru Martinez ikertzailearen arabera, ur-eskasia “gero eta handiagoa izaten ari da, eta gero eta gehiago irauten du”. Jarraitze du esaten: “Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da”. Eukalipto plantazioaren arazori jarraiki, kontatzen du nola izaten den fenomenoa. “Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, gehitzen du.

Biologia

Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Artikulu honetan azaltzen diguten moduan, erradiazio infragorria da hori. Gizakiok, baina, ez gara gai ikusteko; bai ordea bero-transferentzia senti dezakegula. Esan bezala, gizakiok ez dugu ahalmenik ikusteko baina badira izpi horiek ikusten dituzten animaliak: kriskitin-sugeak –pozoitsuak dira–, kasu. Eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen ditu suge horiek. Horregatik harrapatzen ahal dituzten bakarrik odol beroko animaliak, aurpegian dituzten zulo batzuei esker.

Hizkuntzalaritza

Ozeano Barean erabiltzen diren hizkuntzen analisi batean oinarrituta, ikertzaileek ondorioztatu dute gramatika hiztegia baino ezegonkorragoa dela. Orain arte hizkuntzalariek uste zuten gramatikak egitura sendoa, trinkoa zela, eta lexikoa, berriz, oso aldakorra zela. Atera duten beste ondorio bat da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan.

Geologia

Bi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan, hain zuzen ere. Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira lurrikarak, eta sumendi erupzioak. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa. Plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortzen da. Eta nolakoak dira lurrikara mota horiek? Irakurri artikulu osoa erantzuna ezagutzeko!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #172 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #186

sam, 2017/10/14 - 09:00

Autismoaren oinarri genetikoak apurka-apurka eta zailtasun handiz argitzen ari dira. Agian zailtasun hau ematen ari da oinarri genetiko horiek ez daudelako ohikoa den tokian. Jose Ramon Alonsok azaltzen digu: Postzygotic mutations in autism.

Eguzki-babesleak disruptore endokrinoak izan daitezkeen frogak pilatzen ari dira. Eta ez ditugu soilik gure gorputzean erabiltzen, ingurumenarekin partekatzen ditugu. Sergio Lainezek argitzen digu guztiau: Sunscreens, health and environment: a dangerous cocktail?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #186 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80)

ven, 2017/10/13 - 09:00

Angelman izenez ezagutzen den sindromea gene batean emandako alterazio baten ondorioz sortzen den gaitz neurologiko kronikoa da. Gaixotasun arraroen multzoan sailkatua dago, izan ere, 20.000 pertsonatik 1ek pairatzen duela uste da eta buruko atzerapena, egoki mintzatzeko ezintasuna, oreka arazoak eta krisi epileptikoak bezalako asaldurak eragiten ditu, besteak beste. Sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena, ordea, beraien izaera alai eta irribarretsua da.

Sindrome honi buruz gehiago jakiteko, Nerea Osinalde UPV/EHUko Biokimikako irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, gaitzaren aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu badira ere, bidea dago oraindik egiteko.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Beroa ikusten duten sugeak

jeu, 2017/10/12 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Neguko egunetan, kanpoan hotza egiten duenean, eskua leiho batera hurbiltzen badugu, hoztu egiten dela sumatuko dugu. Leihoaren eta eskuaren artean dagoen airea, ordea, ez dago hotz, gelako airea baita. Beraz, leihora hurbildu arte ez badugu eskuan hotzik sumatu, horrek esan nahi du ez dela airea izan eskugaina hoztu duena. Hau da, eskuak beroa galdu du, baina ez du konbekzioz galdu, erradiazioz baino.

Erradiazioa gertakari fisikoa dugu, elkar ukitzen ez duten bi gorputzen artean gertatzen den fenomenoa. Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Erradiazio infragorria da, hau da, gorri koloreari dagokiona baino uhin luzera luzeagokoa, eta, beraz, maiztasun baxuagoko erradiazioa.

Guk, gizakiok, ez dugu erradiazio infragorria ikusteko ahalmenik. Sortzen duen bero-transferentzia bai sumatzen dugu, baina gorputz beroek bidaltzen dizkiguten izpiak ezin ditzakegu argi-izpiak ikusten ditugun moduan ikusi.

Irudia: Kriskitin-sugeak beroa hauteman dezake eta horri esker, odol beroko harrapakinak aurkitu ditzake egunez eta gauez.

Badira, baina, izpi infragorriak hauteman ditzaketen animaliak, Crotalus eta Sistrurus generoetako suge pozoitsuak diren kriskitin-sugeak hain justu. Badirudi eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen dituela kriskitin-sugeak. Horregatik harrapatzen dituzte bakarrik odol beroko animaliak; odol hotzeko animalien (poikilotermoen) gorputzeko tenperatura ingurukoaren berdina denez, ez dute berorik igortzen, eta sugeek ez dute horiek hautemateko modurik. Horregatik, aspaldi hildako animaliak ere ezin dituzte hauteman. Baina hildako arratoi batek oraindik inguruak baino bero gehiago gordetzen badu, orduan sugeak hauteman egingo du eta harrapatu, baita begiak estalita baditu ere.

Alde bakoitzeko sudur-zuloaren eta begiaren artean badute beste zulo bat, aurpegi-zuloa izenekoa, eta, dirudienez, aurpegi-zulo horiek dira izpi infragorrien hautemaileak. Izan ere, zulo horietatik garunera doazen nerbioen jarduera ikertu denean, kinada termikoak izan dira aktibitate elektrikoa sortu dutenak. Soinu, bibrazio edo argi-kinadek ez dute erantzunik sortu, baina bai ingurua baino beroago dauden objektuek, aurpegi aurrean jarri zaizkionean.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Beroa ikusten duten sugeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke

mer, 2017/10/11 - 09:00
Juanma Gallego Ozeano Barean erabiltzen diren hizkuntzen analisi batean oinarrituta, ikertzaileek ondorioztatu dute gramatika hiztegia baino ezegonkorragoa dela: orain arte hizkuntzalariek uste zutenaren kontrakoa, hain justu.

Hizkuntzen jatorria eta bilakaera ikertzerakoan, hizkuntzalari gehienek premisa batetik abiatu ohi dira: lexikoa azkar aldatzen da, baina atzean dagoen gramatikaren egitura askoz egonkorragoa da. Hilaren hasieran PNAS aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera, ordea, planteamendu hau okerra izan daiteke; edo, bederen, ez du beti horrela izan behar.

Alemaniako Max Planck Giza Historiarako Zientzia Institutuko, Australiako Unibertsitate Nazionaleko eta Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek ordenagailu bidezko analisiak baliatu dituzte Ozeano Barearen eremuan mintzatzen diren 81 hizkuntza alderatzeko.

Hizkuntzen garapenari hurbiltzeko bide berri honekin denborak ezarritako mugak apurtu nahi izan dituzte. Artikuluan azaldu dute zergatik ekin dioten azterketari: “Hizkuntzalaritza historikoaren ikuspuntu ortodoxoaren arabera, behin 6.000-10.000 urte igarota, parekotasunak eta maileguak bereiztea arras zaila da, eta horregatik hizkuntzaren historia sakona aztertzeko biderik ez dago”. Denborak ezartzen duen muga honen aurrean, zenbaitetan hizkuntzalariek egitura gramatikaletara jo dute erreferentzia sendoagoen bila. Izan ere, lexikoarekin edo fonologiarekin alderatuz, gramatikak izaera abstraktuagoa duela uste dute adituek, eta, era berean, trinkoagoa ere omen da. Arrazoinamendu hori jarraiki, logikoagoa dirudi hizkuntza baten historia ebolutiboa arakatzeko gramatikan arreta jartzea.

1. irudia: Austronesiako 81 hizkuntza erabili dituzte ikerketa burutzeko, tartean Trobriandar Uhartetako Kilivila hizkuntza. (Irudia: PNAS)

Datu base zabalak erabili dituzte hizkuntzak alderatzeko. Hiztegia ABVD Austronesiar Oinarrizko Hiztegiaren Datu Basetik eskuratu dute. Datu gramatikalak, berriz, Pioners of Island Melanesia izeneko datu basetik hartu dituzte. Oinarrizko 210 kontzeptu 1.526 hizkuntzatan nola esaten diren biltzen du ABVD datu baseak. Orain arte, guztira, 293.846 item agertzen dira bertan. Oinarrizko hitz hauek bereziki egonkorrak direlako aukeratu dituzte. Zerrenda horretan daude aditz eta izen sinpleak, koloreak, zenbakiak, gorputzeko atalak eta familiari loturiko hitzak.

Iragana argitzeko

“Ezusteko aurkikuntza da hau, zeren orain arte askok uste izan baitute hizkuntzaren iragana zehazteko gramatikaren analisiarekin hiztegiaren analisiarekin baino sakonago joan gintezkeela”, esan du Max Planck institutuko ikertzaile Stephen Levinsonek. Adituak gaineratu du argi dagoela aldaketa gramatikalak eta lexikoak ez dutela halabeharrez batera joan behar.

Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan. Egileek aitortu dutenez, hizkuntza horiek guztiak eremu berekoak izatea oso lagungarria izan da bilakaeraren nondik norakoak aztertzeko. Antzeko hizkuntzak izateak emaitzetan nolabaiteko alborapena izan zezakeela aitortu dute. Halere, idatzizko testigantza gutxi duten hizkuntza horien historia berreraikitzeko tresna egokia dela uste dute.

Datuetatik erauzi duten beste ondorioa da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Hizkuntza berriak jaiotzen direnean bereziki lexikoa aldatzen da, baina beste hizkuntza batekin kontaktuan egotean gramatika da gehien aldatzen den elementua.

2. irudia: Gramatikaren eta hiztegiaren araberako analisian oinarrituta, ikertzaileek zuhaitz hau ondorioztatu dute. (Irudia: PNAS)

Bestetik, ekarpen berri honek ere kolokan jar dezake hizkuntzalaritzan urte luzetan zehar ospe handia izan duen teoria bat. Kapitalismoaren inguruko gogoetak direla eta ezaguna da Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarra, baina adituen artean bereziki Gramatika Unibertsalaren teoriaren bultzatzailea izateagatik ezaguna da Chomsky. 1970eko hamarkadan mamitu zen teoria horren arabera, gramatika jaiotzetik sustraituta dago haurtxoaren garunean. Ez, noski, gramatika osoa, baizik eta oinarrizko hainbat printzipio. Hortik omen dator hizkuntzan trebatzeko orduan umetxoek erakutsi ohi duten erraztasuna. Alemaniako ikertzaileek egindako azken proposamenarekin, berriz, zaila da irudikatzea hain jaiotzatikoa omen den gramatika hori hiztegia baino errazago aldatu izana.

Jaio zenetik, gramatika unibertsalaren teoria polemika iturri izan bada ere, azken urteotan bereziki kritika gogorrak jaso ditu. Horren aurka, erabileran oinarritutako jabetzearen teoria indartu da. Horren arabera, umetxoek ez dute hain erraz ikasten buruan gramatikaren oinarriak “zizelkatuta” dituztelako, inguruko solasaldiak entzutean erabilera arauak susmatzeko gaitasun paregabea dutelako baizik.

Erabilitako metodologiari dagokionean, azken urteotan horrelako ikerketak asko ugaritu direla nabarmendu beharra dago. Azterketa horietan, hizkuntza askotako hitzen eta ezaugarrien datu base handiak erabili dituzte analisi estatistikoak egin ahal izateko. Analisi horiek hizkuntzalariek erabiltzen dituzten ohiko metodoekin zerikusirik ez dute, eta bi diziplinetako adituen arteko polemika sonatuak izan dira. Adibidez, mendebaldeko gizarteetan mintzatzen diren hizkuntza gehienen arbasoa den indoeuroparraren jatorria argitzeko bi teoria nagusi daude: batak duela 6.000 urte inguru kokatzen du bere jatorria, Itsaso Beltzaren iparraldean; besteak Anatolian kokatzen du abiapuntua, duela 8.500 urte inguru. Bigarren teoria indartzeko analisi estatistikoak baliatu ditu Quentin Atkinson biologoak, baina hizkuntzalari asko horren aurka azaldu dira. Kasu honetan ere, ikusteko dago planteamendu berriak hautsak harrotuko ote dituen hizkuntzalarien artean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Simon J. Greenhilla et al. Evolutionary dynamics of language systems. PNAS 2017 ; published ahead of print October 4. DOI: 10.1073/pnas.1700388114

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mexikoko dardara

mar, 2017/10/10 - 09:00
Ziortza Guezuraga Bi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan. Eta bigarrena, gainera, herri horrek inoiz jasandako lurrikararik kaltegarrienaren egun berean, 32 urte beranduago. Lurrikarak ez dira fenomeno arrotzak Mexikon, Ozeano Bareko Su Eraztunaren parte izaki, lurrikarak eta sumendi erupzioak ohikoak dira.

Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira bai lurrikarak, baita sumendi erupzioak ere.

1. irudia: Rivera eta Cocos plakak Mexikoko kostaldean daude. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Rivera eta Cocos plaka ozeanikoak subdukzio izeneko prozesuan dabiltza. Zehazki, Ipar Amerikako eta Karibeko plakekin. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa.

2. irudia: Subdukzio prozesuan plaka ozeanikoa beste plakaren azpian sartzen da beheranzko mugimenduarekin. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Kasu honetan, plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortu. Mexikon aurten izandako bi lurrikarak, irailaren 8koa eta irailaren 19koa (8.1 eta 7.1 magnitudekoak, hurrenez hurren) mota honetakoak izan ziren, Cocos plakan gertatutako apurketen ondorioz.

3. irudia: Plaka ozeanikoa plaka beheranzko mugimendua du beste plakaren azpitik, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak plakari eragiten jarraitzen du eta tentsioa batzen da apurketa puntura arte (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

Hain denbora gutxian izandako fenomenoak izanik, bigarrena lehenaren erreplika dela pentsa liteke. Apurketaren ostean zonalde horretan gertatzen den Lurraren barrenaren doiketa dira erreplikak. Kasu honetan, baina, 600 km. baino gehiago daude bi puntuen artean, bata bestearen erreplika kontsideratzeko gehiegi. Honek ez du esan nahi, hala ere, bien artean harremanik ez dagoenik: bi lurrikarak Cocos plakan izan dira, sakontasun berdintsura (40-80 Km.) eta lehen gertaerak nahikoa indarra izan zuen plakan eragiten duten indarretan aldaketak eragiteko.

1985eko lurrikara, ezberdina

Irailaren 19an bi lurrikara sendo jasan ditu Mexikok, bata 2017an eta 1985ean bestea. Data, baina, kointzidentzia baino ez da. 1985eko lurrikara Mexikok inoiz jasan duen lurrikararik suntsigarriena izan da eta, datu zehatzik ez badago ere, Munduko Bankuak egindako txostenak 9.500 hildako aipatzen ditu. Heriotza gehienak Mexiko Hirian izan ziren, lurrikararen epizentroa izan zen Michoacánetik 450 kilometrora.

Sismologian mugarria izan zen 1985eko lurrikara. Ordura arte sismologoek ez zekiten Mexikoko kostaldeko zonalde hori (Michoacán) lurrikarak sortzeko gaitasuna zuen ala ez. Datu historikoek ez zuten aktibitate seismikorik erakusten, hutsune seismiko gisa kontsideratzen zen. Michoacáneko bretxa aseismikotzat jotzen zen, lurrikara handiak sortu ezin zezakeena. 1985ean 8.1 magnitudeko lurrikara sortu zuen arte.

Aurtengo bi lurrikarak ez bezala, 1985eko lurrikara ez zen intraslab motakoa izan, interplate (plaken artekoa) baizik. Kasu honetan ere subdukzioan gertatzen den fenomenoa da eta batutako tentsioa apurketa bidez askatzean du oinarria, plaka baten baitan sakoneran gertatu beharrean bi plaken arteko mugan gertatzen dela da ezberdintasuna.

4. irudia: Intraslab lurrikarak ez bezala, bi plaken arteko mugan gertatzen dira interplate lurrikarak. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Lurrikaretan hiru uhin sismiko mota nagusi sortzen dira: P(-rima) eta S(-econda) lurraren barruan higitzen diren bitartean eta azaleko uhinak lurrazalera heltzen direnean. Interplate gertakizun hauek uhin-trenak sortzen dituzte, azaletik hurbil bidaiatzen direnak eta Mexikoko Haranean, non izugarri anplifikatzen diren, harrapatuta geratzen diren uhin-trenak. Bi arrazoi daude anplifikaziorako:

  1. Interplate apurketak luzeak eta azalekoak dira, kontaktu puntu berean ziklikoki irristatzearen ondorioz. Apurketa luze hauek periodo luzeko azaleko uhinak sortzen dituzte.
  2. Mexiko Harana laku baten arroa da. Bertako sedimentuak urez saturatutako buztinak dira, uhin seismikoen eraginpean gelatina bezalako portaera dutenak.

Lurrikaren kontra prebentzioa lantzeko erabakigarria izan zen 1985eko lurrikara: eraikin-kodea eguneratzea eta bai Babes Zibilaren eta baita SASMEX lurrikara alerta sistemaren sorrera ekarri zituen. Urtero, gainera, lurrikara simulazioa egiten dute irailaren 19an (aurten lurrikara baino bi ordu lehenago bukatu zena), zeinari esker hainbat bizitza salbatu dira pertsonen entrenamenduari zor.

Aurten izan diren bi lurrikarak oso bestelakoak izan dira. Intraslab motatakoak izanik, beheranzko bidean dagoen plakan gertatu dira, non arrokak plaken arteko mugan baino sendoagoak diren. Hauek, hortaz, energia gehiago behar dute apurtzeko eta apurketak motzagoak eta gogorragoak dira. Intraslab lurrikarak interplateak baino txikiagoak izaten dira, proportzionalki energia gehiago askatzen badute ere. P eta S uhin seismikoek, azaleko uhinak baino periodo motzagoa dutenak, daramate energia hori.

Aurtengo lurrikarak bezala, sakonean gertatzen diren fenomenoak erronka dira abisu eta alerta sistementzat. Justu kontinentearen azpian gertatzen dira eta lehenengo uhinak (energetikoenak) zuzenean igotzen dira jendea bizi den zonaldeetara. Bestela esanda, ez daude uhin gogorrak ailegatu baino lehen uhin ahulik, abisu seinalerik.

Etorkizunean zer gertatuko den jakiterik ez dago. Hala ere, intraslab lurrikarak interplate fenomeno handien aurretiko gertakariak izatea da subdukzio zonaldeetan dagoen ziklo seismiko komuna. Aurtengo bi lurrikarak Tehuantepec eta Guerrero bretxa seismikoetan gertatu dira eta hauetan ez da interplate gertakaririk izan azken mendean.

Iturria: What´s going on beneath Mexico?

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

The post Mexikoko dardara appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du

lun, 2017/10/09 - 09:00
Tenperatura-aldaketa izaten da normalean klima-aldaketaren alderdirik aipatuena. Hala ere, hau ez da bakarra. UPV/EHUren Landareen Biologia eta Ekologia Sailean egindako ikerketa batek erakutsi du ur-mailaren aldaketak ere kontuan hartu beharreko alderdia dela.

Irudia: UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan.

Euskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan, sistema horien metabolismoa aldatzen dutela.

Aingeru Martinez ekologoak azaldu duenez, “ikusten ari gara ur-eskasia gero eta handiagoa izaten ari dela, eta gero eta gehiago irauten duela. Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da. Hemen, esaterako. Garrantzitsua da jakitea horrek zer eragin duen ur-ekosistemetan”.

Azterketak kontuan hartzen du, munduan gehien landatzen den zuhaitz-espezieetako baten, Eucalyptus grandis espeziearen monolaborantza-plantazioen eragina ur-ekosistemetan. Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, azaltzen du Aingeru Martinez ikertzaileak. “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bi alderdi horiek elkartzea: batetik, zer eragin izan dezakeen ur-eskasiak, eta, bestetik, ur-sistemak eukalipto-plantazioz inguratuta egoteak”, gehitu du.

Ibaietako eta urtegietako harrietako lirdingak (biofilma) jasotzen dituen eraginak ere aztertu dituzte. Biofilma kate trofikoen oinarrizko osagaietako bat da eta “funtsezkoa da, bai materia organiko disolbatuaren ziklo biogeokimikoan, bai materia, nutrienteak eta energia goragoko maila trofikoetara transferitzeari dagokionez. Hala, biofilmaren metabolismoaren aldaketek erreakzio-kate bat ekar lezakete, eta ur gezatako ekosistemen funtzionamenduari eragin“, baieztatu du Aingeru Martinezek.

Biofilmak ur gezatako sistemetan duen garrantzia dela eta, “esan liteke ur gutxiko garaiek eta eukalipto-plantazio estentsiboek aldatu egiten dutela, mundu mailan, ur gezatako sistemen metabolismoa eta, beraz, haien funtzionamendua ere”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez A, Kominoski JS & Larrañaga A, (2017). “Leaf-litter leachate concentration promotes heterotrophy in freshwater biofilms: Understanding consequences of water scarcity”. Science of the Total Environment. Vol. 599–600. Pages 1677–1684. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2017.05.043.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Giza jarduerak nutrienteen zikloak asaldatzen ditu.

The post Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi bistan #171

dim, 2017/10/08 - 09:00
Uxue Razkin

Nobel sariak

Aste honetan banatu dira Kimika, Medikuntza eta Fisikako Nobel sariak eta horien berri Elhuyarrek eman digu. Kimikakoari dagokionez, JacquesDubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariak saritu ditu 2017an, biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egin duten lanagatik. Izan ere, haiek garatutako kriomikroskopia elektronikoak izoztu egiten ditu erdi-mugimenduan dauden molekulak eta ikusgai bihurtzen ditu.

Fisika alorrean, garaile izan dira Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne, LIGO behatokia garatu eta grabitazio-uhinen behaketa posible egiteagatik. Elhuyarren azaltzen digutenez, grabitazio-uhinak Lurrera iristen direnerako oso ahulak dira. Einsteinek ez zuen uste inoiz detektatu ahalko zirenik. Bada, Kip Thorne eta Rainer Weissek uste zuten posible zela grabitazio-uhinak detektatzea. Eta, horretarako, laserrean oinarritutako interferometro bat diseinatu zuten. Barry Barish 1994ean LIGO proiektuaren zuzendari bilakatu zen eta milaka parte-hartzaileko nazioarteko lankidetza bihurtu zuen 40 kideren taldea.

Azkenik, Medikuntza alorrean, Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jasoko dute Nobela. Karolinska Institutuak “erritmo zirkadianoa kontrolatzen duten mekanismo molekularren gaineko aurkikuntzengatik” hautatu ditu.

Berriak ere eman digu zientzia Nobel sarien berri. Baina horretaz gain, beste datu bat agerian utzi du egunkariak: aurten saridun guztiak gizonak izan dira. Arantxa Iraola kazetariak honakoa azpimarratzen du artikuluan: “XX. gizaldi hasieran sariak banatzen hasi zirenetik, 920 pertsonari eman diete saria, eta horien artean 49 emakume bakarrik daude”.

Emakumeak zientzian

Ainhoa Iñiguez Goizuetari beti iruditu zaio entretenigarria matematika. UPV/EHUn arlo hori ikasten hasi zen ikasten eta emaitza onak lortu zituen baina uztea erabaki zuen. Ondoren, arkitekturan hasi zen baina ez zuen ikasturte osoa iraun. Au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”. Tesiarekin ari zela, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso zuen. Han egon zen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, “azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten”. Bidea egiten jarraitu zuen: arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiten hasi zen, Cambridgen.

Manuela Gutierrez Esguerrak (Bogota, 1987) ikertu du olio palmondoaren monolaborantza Kolonbian sortzen ari den eragina. Laborantza horrek ingurumenean duen eragina eta sortzen dituen kalteak azaltzen ditu antropologoak elkarrizketa honetan, besteak beste. Esguerrak dio: “Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak. Indonesia eta Malaysiako oihanean sarraskia egin ondoren, Amazoniakoan ari dira orain. Desertifikazio prozesua dakar, palmondoek ur behar handia baitute: egunean bederatzi eta hamar litro inguru”.

Ingurumena

Nicolas Olea, Granadako Unibertsitateko Erradiologiako katedradunari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, hormona nahasle diren substantzia kimikoez aritu da. Hark azaltzen duen moduan, horiek plastikoetan daude batez ere. Milaka produktu kutsagarri kimiko daudela dio, zehazki Europako Batasunaren zerrenda ofizialak 144.000 ditu jasota. “Baina horien artean talde batek badu jokatzeko modu berezi bat: behin gorputzera sartzen direnean, gure hormonak aldatzen dituzte”, azaltzen du. Baina non daude substantzia horiek? Adituak argitzen digu: “Batez ere plastikoen osagaiak dira, baita parabeneak eta benzofenolak… Seguruenik ikusiko zenuten supermerkatuetan parabenerik gabeko gelak saltzen hasi direla. Kosmetikan erabiltzen diren substantziak dira”. Oraindik argitu ez duten arren, badirudi substantzia horiek hautsaren bidez barneratzen ditugula edo “etxe barruan arnasten duguna ere bada”.

Argiak ere eman du honen berri.

Neurozientzia

Maitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Ikerketa baten bidez, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du eta ildo horretatik, ikertzaileek ikusi dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean.

Biologia

Pitoia izan dugu asteko protagonista. Animalia horrek ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Gauzak horrela, denbora luzea egon daiteke jan gabe. Hortaz, erreginatxo marradunaren hegaztiaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da. Hau da, jan gabe egonik, ez du digestio-sistema lanean jartzen, eta beraz, ez du energia xahutzen. Baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galtzen du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Hortaz, etekinik atera ezin duenean, “itzali” egiten du digestio-sistema. Portaera zentzuzkoa pitoiarena.

Natacha Aguilar zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean. Naukasen izan zen ikerlaria eta bertan azaldu zuen nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak eta tartean kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen.

Antropologia

Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko. Alde handiak ikusi dira leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan. Horren aurrean, bi interpretazio planteatu dira. Lehenengoa, Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Bigarrena, maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea. Horren inguruko ikerketa berriak planteatzen ari dira jada.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi bistan #171 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #185

sam, 2017/10/07 - 09:00

Material genetikoaren funtzionamenduaren eta egituraren oinarri-oinarrizko ezaugarriak ari gara ezagutzen oraindik ere. Kromosomen oinarri substantzia den kromatinaren egitura, esaterako. Artikulu hau prestatzeko, alor honetako bi ikertzaile garrantzitsuenekin izan zuen elkarrizketa Dani Morenok: How is chromatin structured?

Loreek usaina dute. Landareek, orokorrean, usaina dute. Zelan askatzen dute, baina, usain hori? Dirudien baino konplexuagoa da. Daniel Marinok azaltzen du How do flowers release their perfume? artikuluan.

Elektroi libreen gasaren eredua oso ondo dago eta oso polita da. Ez den arte. DIPCkoek Breakdown of the free electron gas concept for electronic stopping

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #185 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen”

ven, 2017/10/06 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Ainhoa Iñiguez Goizuetak onartzen du Matematikak ospe txarra duela: zaila, astuna, aspergarria… Beretzat, ordea, erraza eta entretenigarria izan da beti: “Eskolan aspertzen nintzenean, adibidez, eragiketak egiten hasten nintzen. Txikitatik gustatu izan zaizkit zenbakiak, eta asko gozatzen dut gauzen atzean dauden arrazoiak edo logika ulertzen. Ulertzen eta azaltzen, gogoan baitut Matematikan zailtasunak zituzten ikaskideei laguntzen ere aritzen nintzela”.

Beraz, Matematikaz gain, irakastea ere gogoko du. Horregatik, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaionean, zalantza izan zuen: “Matematika eta irakaskuntza ez ezik, kirola ere gustatzen zait. Eta Euskal Filologia ikastea ere pasa zitzaidan burutik. Azkenean, Matematikaren alde egin nuen”.

Hala, UPV/EHUn hasi zen ikasten, baita emaitza bikainak lortu ere. Eta hala eta guztiz ere, lehen urtea amaitutakoan, utzi egin zuen: “Erraz eta ondo nenbilen, baina duda sortu zitzaidan: hau al da guztia? Gehiago espero nuen; ez nengoen ziur, eta aukera oker egin nuela pentsatu nuen. Zerbait aplikatua probatzea erabaki nuen, eta Arkitekturan sartu nintzen. Baina ez nuen ikasturte osoa iraun”, gogoratu du.

Irudia: Ainhoa Iñiguez matematikaria.

Hurrengo ikasturtea hasteko geratzen ziren hilabeteetan au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”.

Horrenbestez, Matematikako ikasketetara bueltatu zen. Aurrena, urtebete egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta gero UPV/EHUra itzuli zen, amaitzera. Aitortu du, ikasketetan aurrera egin ahala, gero eta interes handiagoa zuela, “seguru asko, aukeratzen joan nintzen gaiak gustuko nituelako. Hala, bosgarren urtean benetan gozatu nuen gai batzuekin”.

Bere bidea egin nahian

Ez zitzaion hori gertatu, ordea, tesiarekin. “Bosgarren mailan, unibertsitatean lankidetza-proiektu bat egiteko aukera izan nuen. Horretan ari nintzela, doktoretza-ikasle batek aipatu zidan Oxforden izan zela egonaldi bat egiten, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela han tesia egitea. Egia esan, berez ez nuen ikertzeko grina, baina banekien, unibertsitatean irakatsi nahi banuen, bide hori egin beharra nuela. Horrela sartu nintzen, baina ez da batere erraza izan: aukeratutako problema uste baino konplexua gertatu da eta tesi-zuzendariaren gidaritza edo laguntzaren faltan beste kolaborazio batzuk bilatu behar izan ditut…”.

Dena den, tesiarekin ari zela ere, topatu zuen bere bidea egiteko modua. “Han arraunak indar handia du, eta, ni ere arraunean ibilia nintzenez, saiatu nintzen loturak bilatzen. Biomekanikaren inguruan lan egiteko gogoz nengoen, eta behin eta berriro saiatuta eta mezu elektroniko askoren ondoren, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso nuen, eta hara joan nintzen. Han aritu nintzen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten.”

Horrek ateak zabaldu zizkion arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiteko, Cambridgen; eta, horrela, iaztik Espainiako Arraunketako Federazioaren Berrikuntza eta Teknologia batzordearen kide ere bada. Azaldu duenez, “horrela lortu nuen zubia egitea tesia eta kirolaren artean. Batean aljebra hutsa lantzen nuen, eta, bestean, datuen analisia”.

Tesia amaitutakoan, ordezkapen bat egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta iaz Mondragon Unibertsitatean aritu zen. Alabaina, bere aurreikuspenak ez ziren ase, eta ez jarraitzea erabaki zuen. Kirol esparruan ere, Euskadi Irratian Kirol Tertulia saio bitan parte hartzeko aukera izan du pasa den uda honetan.

Aurtengo ikasturtean Bilboko Ingeniaritza fakultatean ariko da irakasle-lanetan, eta, bestetik, ikerketa-lerro berrietan barneratzen ari da, DIPCko fisikari baten eskutik. “Gogoz nengoen gai berriren batean lanean hasteko, eta aukera berriaz disfrutatzen ari naiz. Dena den irakaskuntzan disfrutatzen dut gehien, eta bien arteko oreka egokia topatzea dut helburu aurtengoan”.

Fitxa biografikoa:

Ainhoa Iñiguez Goizueta Donostian jaio zen, 1985ean. UPV/EHUn Matematikako lizentziatura amaitu ostean, 2010 urtean Oxfordeko Unibertsitatera jo zuen talde teorian tesia egitera. Aldi berean, arraunketako biomekanikan lan egiteko aukera izan du maila internazionaleko talde eta prestatzaileekin. Gaur egun Espainiako Selekzioko Berrikuntza eta Teknologia batzorde kide da. Matematika eta zientziaren dibulgazioa bultzatzeko Matematika Txokoa elkarteko lehendakaria ere bada.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pitoiaren baraualdia

jeu, 2017/10/05 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

«Erreginatxo marraduna» izenburuko atalean ikusi dugun bezala, Dendroica striata hegaztiak digestio-sisteman erregresio-prozesua gertatzen da migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz, funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina, horrela, energia asko aurreztu dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migratzen ari den bitartean, eta jan gabe egonik, ez du merezi digestio-sistema lanean mantentzea, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko xahutzen baitu.

Jokabide hori ez da, inondik ere, salbuespen bat. Pitoia dugu, esaterako, jokabide beraren muturreko kasu bat. Hemen ikusi ditugun beste zenbait animalia bezala, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da pitoia. Hau da, ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Hori horrela, denbora luzea (hainbat aste) igaro daiteke harrapakin bat pitoiarengana hurbildu arte. Gerta daiteke, bada, denbora luze baraurik egon behar izatea. Hortaz, erreginatxo marradunaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da, nahiz eta jan gabe egoteko arrazoiak desberdinak izan kasu batean eta bestean.

1. irudia: Pitoia, itsas zapoaren antzera, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da.

Hori bai, horren denbora luze baraurik egon ondoren, tamaina handiko harrapakinak ehizatu ditzake pitoiak, eta ez bakarrik ehizatu, baita osorik irentsi ere. Harrapakinak hain izan daitezke handi, ezen ehizakiaren pisua pitoiaren pisuaren % 70era hel baitaiteke.

Jakina, baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galdua du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Python molurus Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Aldi berean proteina garraiatzaileen sintesi oso handia gertatzen da hestearen epitelioko zeluletan; izan ere, glukosa eta aminoazidoen garraiatzaileen dentsitatea hogei aldiz igo daiteke. Jarduera horren ondorioz, metabolismo-tasa berrogei bider handiagoa izan daiteke 24 ordu horiek igaro ondoren, sintesi-jarduerek metabolismo-behar handiak sorrarazten dituztelako.

Bitxia da, bai, pitoiaren digestio-sistemaren portaera, baina era berean zentzu handikoa, oso garestia baita digestio-sistema aktibo mantentzea. Hortaz, etekinik atera ezin daitekeenean, «itzali» egiten duela esan genezake. Oso malgua da, beraz, pitoiaren digestio-sistema, baina ez da ahaztu behar hau ez dela salbuespen bat, joera orokor baten muturreko adibidea baino.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Pitoiaren baraualdia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da

mer, 2017/10/04 - 09:00
Juanma Gallego Aurretik sexuarekin eta maitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Etorkizunean epilepsia edota eskizofrenia sendatu ahal izateko lagungarri izatea espero dute ikertzaileek.

Maitasunaren hormona deitzen zaio sarritan, baina zibilizazioaren hormona ere deitu dakioke. Horri esker, hegazkin batean sar gaitezke, postariari etxeko atea lasai asko irekitzen diogu, astronautek piztear dagoen eta ehunka tona erregaiez beteta dagoen andel baten gainean ipurdia esertzeko ausardia dute, eta, astronauta ez garenok ere zulagailu txikia eskutan duen dentistaren aulkian esertzeko adorea ateratzen dugu. Funtsean, oxitozinak zibilizazioa ahalbidetu du, elkarlana eta konfiantza posible egin dituelako. Finean, gizakia bere kideekin kolaboratzeko jaioa da, eta horretan bereziki iaioa da, gainera.

Maitemintzean, ama eta bere umearen arteko loturan eta emakumezkoen sexu kitzikapenean ere eragiten du oxitozinak. Baina harreman sozialak sustatzeko ere funtsezkoa dela uste dute ikertzaileek. Orain, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute.

1. irudia: Harreman sozialak funtsezkoak dira elkarlana eta konfiantza sortzeko, eta oxitozinak zeresan handia dauka horretan. (Argazkia: Wendy Corniquet)

Bide hau aurreko ikerketei esker ezaguna bazen ere, orain zientzialariak gai izan dira prozesuaren atzean dauden mekanismo molekularrak zehazteko. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Ezaguna zen ere harreman sozialak martxan jartzen direnean, dopamina askatzen dela, baina orain zehaztu dute oxitozinak ere mekanismo horretan parte hartzen duela.

Zehazki, hipotalamoan kokatuta dagoen tegmentu bentraleko eremutik accumbens gunea izeneko eremura zabaltzen dira garunaren sari zirkuituak, eta hortik zabaltzen da dopamina. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du. Horrek accumbens gunean dauden neuronen jarduera aldatzen du.

Eremu zehatz horretan zabaltzean, dopaminak plazera eragiten du, eta garunak “ulertzen” du une horretan gertatzen ari dena biziraupena ziurtatzeko erabilgarria dela. Ondoren ere, garuna gai izango da plazera eragin dioten une eta portaerak gogoratzeko.

Ikerketa honek sari sozialaren atzean dauden garuneko zirkuituen inguruko ezagutza berria dakar. Aspaldiko lagun bat berriro ikustean edota jende berria ezagutzean izaten den esperientzia positiboa da sari sozial hori”, esan du ikerketan parte hartu duen Robert Malenka irakasleak.

2. irudia: Saguak erabili dituzte ikerketa egiteko, garuneko sari mekanismoak antzekoak direlako. (Argazkia: Robert Owen Wahl)

Artikuluaren egileek argudiatzen dute sari mekanismoa hain garrantzitsua dela ezen eboluzioan zehar oso ondo mantendu baita; horregatik, saguen sari mekanismoa ikertzen ere gizakiarentzat baliagarriak diren ondorioak atera omen daitezke.

Ikertzaileek frogatu dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean. Berdina gertatu da neuronek oxitozina eskuratzeko dituzten errezeptoreak bertan behera utzi dituztenean. Alabaina, hormonaren bidea moztuta ere, saguen mugimenduan ez dute ikusi aparteko aldaketarik, eta animaliek drogak hartzeko nahia ere berdin mantendu dute. Haien portaera ebaluatzeko testak erabili dituzte, eta horrela neurtu dituzte saguak beste sagu ezezagunekin egoteko joeran izandako aldaketak. Ikertzaileek ez dute eraginik ikusi beste sariak eskuratzeko joeran. Beraz, oxitozinan oinarritutako errefortzuak arlo sozialeko sariei dagokiela ondorioztatu dute.

Aspaldiko oinordetza

Science aldizkariko ale berean egindako iruzkin batean, Stephanie D. Preston Michigango Unibertsitateko psikologoak ikerketa testuinguruan ipini du. Prestonen esanetan, orain arte teologiak eta filosofiak landu ohi dituzten galdera batzuk neurozientziaren ikuspuntutik jorratzen dira egunotan. “Jendea berez ona al da? Maitatzeko, enpatia izateko edo altruismoa izateko gaitasuna gizakiona baino ez da? Monogamoak izateko diseinatuta ote gaude?” Orain galdera horien erantzunak laborategietan ere bila daitezke.

Prestonek dio gizakiok giza ezaugarri gehienen oinarriak beste hainbat espezierekin partekatzen ditugula, bai itxuran zein funtzioan, “eta horrek adierazten du arbaso komun bat egon dela eta denboran zehar eboluzio bat izan dela”.

Neuropeptido bat da oxitozina, aminoazidoez osatuta, eta bere arrastoa 500 milioi urtez atzera jarraitu daitekeela dio adituak: “hegaztietan, narrastietan, arrainetan, anfibioetan eta zenbait ornogabetan antzeko peptidoak daude”. Ikerketa gehienek iradokitzen dute besteengana hurbiltzeak beldur gutxiago eta onura gehiago dakarrela, beti ere norbanakoarentzat baliagarria bada”.

Ikerketak bidea ireki dezake etorkizunean autismoa, depresioa edo eskizofrenia bezalako gaitzak dutenei laguntzeko. Izan ere, gaixotasun hau dutenei zaila egiten zaie beste gizaki batzuekin egotetik plazera eskuratzea. Ohi legez, ibilbide luzea dago aurkikuntza hau aplikatu arte, baina hasierako bidea urratuta dago jada.

Erreferentzia bibliografikoa:

LIN W. HUNG et al. Gating of social reward by oxytocin in the ventral tegmental area. Science 29 Sep 2017: Vol. 357, Issue 6358, pp. 1406-1411 DOI: 10.1126/science.aan4994

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu

mar, 2017/10/03 - 09:00
Iraide Olalde Irla Kanariarretan Ziphiidade familiako kide asko, hau da zifio asko gelditzen ziren hondartzan mugitu ezinik, herrialde horretan ur azpiko sonar militarrak erabiltzen zirelako. Sakonera handitan urpekoak detektatzeko erabiltzen da teknika hau, soinuak uretan zehar hedatzen den neurrian.

2003.ean, Palmako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen. Bertan egiaztatu zen zetazeoen heriotza eta sonarren arteko lotura, eta 2004.ean, Gobernu Espainiarrak moratoria bat ezarri zion sonarren erabilerari: 12 mila nautiko Kanaria inguruan, zifioak hobeto kontserbatzeko. Ordutik hona, ez da hainbeste zifio hilik aurkitu.

Natacha Aguilarrek ondo daki kontserbazio-biologia zeinen garrantzitsua den, eta zehazki zifioen kontuak zein garrantzi daukan. Zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

1. irudia: Natacha Aguilar itsas biologoa da, eta zetazeoetan eta itsas bioakustikan ikertzen ari da La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Aguilarrek Naukasen bigarren jardunaldian azaldu zigun nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Tamaina ertaineko itsas ugaztunak dira eta urpeko igeriketa benetan izugarriak egiten dituzte. Katxaloteak baino miresgarriagoak, zeren eta nahiko dute ur-azalean bi minutu egotea, gero ur azpian bi ordu egon ahal izateko beste oxigenoa hartzeko.

Behin uretan murgilduta, gutxi gorabehera 500 m-ra daudelarik, ekolokalizazio-klaskak egiten hasten dira. Izan ere, sonar hori saguzarren eta zetazeoen eboluzio-ildoetan garatu da bata bestearekiko beregain. Berari esker, harrapakin egokia lokalizatzen dute. Behin lokalizatuta, klaskak azkar igortzen hasten dira bere harrapakariari gertutik jarraitzeko, eta azkenean harrapatzeko.

2. irudia: Zifioa (Argazkia: Circe)

Sakonera handikoak diren urpeko igeriketa horien artean, zifioek buzeo laburragoak egiten dituzte errekuperatzeko, 400 m-raino 10-20 minutuan. Horrelakoen artean, bi minutu besterik ez dute ematen ur-azalean. Tarte hauetan jartzen dute Natacha eta laguntzaileek sakelako telefonoen antzeko gailu bat zifioen bizkarrean bentosa baten bidez: DTAG gailua.

DTAG gailuak zetazeoen mugimenduen eta portaeraren datu zehatzak lortzen ditu. Datuen artean, urpeko igeriketaren sakonera, iraupena edo buztanaren mugimenduen maiztasuna, estimuluek eragindako erreakzioak, komunikazio akustikoa edota tasa metabolikoa bezalako datu fisiologikoak biltzen ditu gailuak. “ Egun St Andrews (Eskozia), Aarhus (Danimarka) eta Moss Landing Instituterekin (EEBB) lanean dihardugu zifioen frekuentzia kardiakoa antzemateko lanean”, dio Natachak.

Zifioak, gainontzeko zetazeoen antzera, kontserbazio neurriak behar dituzten babestutako espezieak dira. Bizitza luzeko animaliak dira, “K” estrategia dutenak, hau da, ugalketa erritmo baxua dute eta izaten duten kume apurren zaintzaz arduratzen dira. “Animalia bat galtzen den uneak garrantzia du”, eta “itsasoko misterioekin asko disfrutatzen dugu, beraz, hauek zaintzea beharrezkoa dugu. Espezie bakoitza bakarra da eta ezinezkoa izango du haren burua mantentzea itsasoko habitata hondatzen badugu gure jarduerarekin”, baieztatzen du Natachak.

Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak. Horrez gain, kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen ikertzaileak Naukas zientzia-dibulgazio ekitaldian. Gainontzeko zetazeoen antzera, zifioek plastikoak itsasoan eragin duen kutsadura pairatzen dute. Izan ere, duela gutxi Norvegian urdailean plastikozko 30 poltsa zituen zifio bat hilik aurkitu zuten. Honek mobilizazio soziala eta SKY TVko dokumentala ekarri zituen. Dokumentalean ULLko talde batek lan egin zuen.

Horretxegatik da hain garrantzitsua kontserbazio-biologia izeneko hori. Diziplina arteko zientzia honetan kontuan hartzen dira bioaniztasunaren eta habitataren ezaugarriak, bai eta gizakiaren eta beste animalien arteko harremanen ezaugarriak ere.

Funtsean, planetako bioaniztasun hori babestea du helburu zientzia honek, eta Natachak dio horretarako behar-beharrezkoa dela giza jarduerak eta fauna eta floraren beharrak elkarrekin batera aztertzea. “Planeta bakarra dugu, eta gero gizaki gehiago gaude bertan. Erantzukizun handia daukagu beste animaliekiko eta ondo egin behar ditugu gauzak”.

3. irudia: Zifioen urpeko igeriketaren perfila.

Kontserbazio-biologiaren esku, ingurumen esparruan hainbat neurri hartu dira, giza jarduerek ahalik eta gutxien eragin diezaioten bioaniztasunari. Horrela, ildo horretako teknologiak garatu dira, ondar gutxiago sortzeko, energia gutxiago kontsumitzeko, eta oro har ahalik eta eraginkorren jokatzeko.

Oso adibide garrantzitsua da Zeelanda Berria edo Nigeria bezalako herrialdeena. Bertako itsas hondo sakonetako meatzaritzari murriztapenak ezartzen ari dira, zeren eta nodulu ferromagnetikoak eta mineral anitzeko zarakarrak ateratzen direlarik, deuseztatu egiten dira zenbait bizidun-komunitate, milaka urtean garatu direnak.

Natachak ondo daki kontserbazio-biologia funtsezkoa dela eta hala berretsi zuen Naukasen bigarren jardunaldiak egin zitzaion elkarrizketan. “Giza jarduerek gero eta gehiago eragiten diete ozeanoen eta itsasoen hondo sakonei, eta neurri zorrotzak ezarri behar ditugu hondo horiek babesteko. Alegia, erantzukizuneko animaliak gara. Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu”, berresten du adituak.

———————————————————————————-

Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.

———————————————————————————-

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Trikuharrian ala leizean, non lurperatu?

lun, 2017/10/02 - 09:00
Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko.

Irudia: UPV/EHUk eta Oxford Unibertsitateak egindako ikerlan batek duela 5.000 urteko desberdintasun sozialak erakutsi ditu.

Karbono eta nitrogeno isotopo egonkorrak neurtu dituzte duela 5.000 urteko hezur kolagenoaren gainean. Iraganeko dieta berreraikitzeko dira baliagarriak isotopoak, pertsona bakoitzaren bizitzaren azken hamar bat urteetan jaten denak zehazten baitu giza hezurren osaera.

Emaitzek erakutsi dute C3 motako landareetan (zerealak, adibidez, ordurako ereiten baitziren) oinarritutako elikadura zutela eta animalia lurtarrak ere jaten zituztela, etxekotuak gehienbat (ahuntzak, ardiak, behiak). Badirudi hori dela bi hobi-motetakoen dieta orokorra. Alde handiak ikusi dira, hala ere, leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan.

Bi interpretazio planteatzen dira karbono isotopoen balioen ezberdintasuna azaltzeko:

  1. Komunitate ezberdinak izatea. Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Ustiapen eremu beraezituak erabiltzen zituzten: haitzuloen kasuan, Toloñoko mendilerroaren magala eta, trikuharrien kasuan, haraneko eremurik zabalenak.
  2. Maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Espezializazio ekonomikoak zituen talde bakar bateko kideak izatea. Populazioaren parte bat mendian artzaintzan aritzea eta beste parte bat haraneko nekazaritzan, edo eremurik emankorrenetara edo jaki jakin batzuetara lehentasunezko sarbidea ematen zuten ezberdintasun sozioekonomikoak egotea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea.

Ezberdintasun demografikoak aurkitu zituen dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen artean Teresa Fernández-Crespok, azterketa honen egile nagusiak, aurrez egindako lan batean. Dolmenetan gizonezko helduak ziren nagusi eta leizeetan, berriz, ohikoagoak ziren umeak eta emakumezkoak. Hobiratze-aldagai hau europar kontinente osoan aurkitzen da.

Hobiratze mota ezberdinek izan dezaketen esanahia jakin nahia izan da ikerketaren zergatia, megalitoetan eta leizeetan hobiratutakoen dieten artean ezberdintasunik zegoen konprobatzea. Dieta ez da behar fisiologiko bati erantzuteko modu hutsa, portaera kultural eta sozial bat ere bada, zenbait parametrok baldintzatzen dutena.

Arabar Errioxako hondakinak hartu dira kontuan azterketan. Leizeak eta trikuharriak elkarrengandik oso hurbil daude, batez beste 10 kmtara. Datazioei esker, dolmenetan Neolito bukaerako eta Eneolito hasierako hondakinak bereizi ahal izan dira, leizeetan aurkitutako garai bereko sekuentziekin alderatu ahal izateko.

Ikerketa bide berriak

Zein hipotesiren alde egin behar den jakiteko ikerketa bide berriak planteatzen dira. Estrontzio eta oxigeno isotopoen azterketa, esaterako. Azterketa hauek populazio horien mugikortasuna aztertzeko dira erabilgarri. Neolitoaren amaieran eta Eneolitoaren hasieran lurralde horretan populazio dentsitate handia zegoela uste dute zenbait egilek, kanpoko jendea iritsi zelako, agian. Hala, baliteke ehorzleku mota batean edo bestean daudenak kanpotik etorritakoak izatea.

Bestalde, hortzetako dentinaren gaineko karbono eta nitrogeno isotopoen analisi sekuentzialetan oinarritutako ikerketa bati ekin diote. Hezurrek indibiduoen bizitzaren azken hamar urteetako informazioa baino ez dute ematen, hortzetan, ordea, finkatuta geratzen da sortu ziren uneko karbono eta nitrogeno seinale isotopikoak.

Dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen arteko aldeak jaiotzatik datozen edo denborarekin sortzen diren, eta, beraz, indibiduo bakoitzak lortutako estatusarekin lotura handiagoa duten argitu dezake hortzetako isotopoen azterketak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fernández-Crespo T, Schulting R. 2017. Living different lives: early social differentiation identified through linking mortuary and isotopic variability in Late Neolithic/ Early Chalcolithic north-central Spain. Plos One.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Trikuharrietan eta leizeetan hobiratuen arteko desberdintasun sozialak hezurretan ikusgai.

The post Trikuharrian ala leizean, non lurperatu? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi bistan #170

dim, 2017/10/01 - 09:00
Uxue Razkin

Mikrobiologia

Eraikin historikoen kontserbazioa hobetzeko metodologia berria garatu dute Granadako Unibertsitateko ikertzaileek. Kutsadura atmosferikoak eta harrian pilatzen diren gatzek eragiten dituzten narriadura fisikoaren eta kimikoaren ondorioak ekiditeko asmoz abiatu dute ikerketa. Juanma Gallegok azaltzen digu zertan datzan erabilitako metodologia. Bakterioen transplantean oinarritzen da. Eta hori nola egiten da? Azalpena testuan ageri da: eraikinaren harrietan dauden bakterio komunitate bat hartu, laborategian hazi eta jatorrizko eraikinera itzuli dituzte ondoren. Bakterio karbonatogenikoak izan dira funtsa. Izan ere, bakterio hauek gai dira kaltzio karbonatoa sortzeko, eta horrek eraikinetako harria babesten eta trinkotzen du. Oso interesgarria kazetariak ekarri digun gaia!

Ignacio López-Goñi mikrobiologoak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eman zuen ‘Bakterioek ere txertoak hartzen dituzte’ hitzaldiaren nondik norakoak bildu dituzte artikulu honetan. Hark kontatu zuen birus batek bakterio bat infektatzen duenean, bakterioa gauza dela birusaren DNA zati bat bere genoma propioan txertatzeko. Hala azaldu zuen: “Hurrengoan, bakterioak ezagutu egingo du birus hori, eta hil egingo du. Horrelakoak dira bakterioek birusen aurka hartzen dituzten txertoak”.

Biologia

Bare “hiltzaile” baten berri eman digute artikulu honen bidez. Badirudi 2006an aurkitu zutela lehenengo banakoa, baina 2008ra arte ez dute sailkatu: Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zuria da –mamu-barea deitu diote Bill Symondson eta Ben Rowson zoologoek–, eta litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira. Haragijalea eta ehiztaria da; lurrean bizi da eta zizareak eta beste bareak ehizatzen ditu. Hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi, horregatik dira hain bitxiak.

Pandak ez daude arriskuz kanpo oraindik. Animalia hauen populazioak gora egin den arren, ikerketa batek aditzera eman du haien habitataren egoera okerrera doala. Zehazki, Txinako eta AEBko ikertzaile batzuek satelite-bidez hartutako datuekin egin duten ikerketan ondorioztatu dute panden habitata egoera txarragoan dagoela, 1888an panda arriskuan dauden espezieen zerrendan sartu zutenean baino. Badirudi, errepideek eragindako zatiketa dela arazoa. Halere, ikertzaileek esan zuten Txinako gobernuak esfortzu handia egin duela afera honetan.

Paleontologia

Neolito garaiko hilobiratze-ohiturak hobeto ezagutzeko ikerketa egin dute UPV/EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek Arabar Errioxako hainbat txokotan. Galdera bati erantzuteko abiatu zuten ikerketa: zergatik hilobiratzen ziren pertsona batzuk trikuharrietan eta beste batzuk kobazuloetan? Lan honek erakutsi du Neolitoan jada pertsonen arteko desberdintasun sozioekonomikoak egon zitezkeela, eta horiek izan zitezkeela hilobiratze desberdinen arrazoia.

Astrofisika

Saturno nebulosa edo NGC 7009 aztertu du MUSE estreskopioak. Nebulosaren erdian dagoen izarra inguratzen duen hautsaren mapa egin du, eta horri esker ikusi dute egitura oso konplexua duela. Elhuyarrek bildu du informazio guztia: “Burbuila eliptiko bat du barrualdean, beste bat kanpoan, eta halo bat. Halaber, bi korrontek zeharkatzen dute horizontalean, eta, gune batean, hautsez osatutako uhin bat ere detektatu dute. Gainera, barruko burbuilaren ertzetako hautsa desagertu egiten dela baieztatu dute, baina oraindik ez dakite zergatik”.

Emakumeak zientzian

Marthe Vogten ekarria oso garrantzitsua izan zen neurozientzia arloan. Frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Baina bere ibilbide zientifikoa ez zen erraza izan. Izan ere, Hitler boterera iritsi eta Ingalaterrara ihes egitea erabaki zuen. Utzi zuen Berlin, bere jaioterria, eta Ingalaterran hasi zen lanean. Halere, Britania Handiko inteligentzia-zerbitzuek ikusi zutenean Deutsche Arbeitsfront sindikatu nazionalsozialistaren (alemaniarraz DAF) kidea zela eta –behartu zuten erakunde horretan izena ematera–, A mailako atzerritar arerio gisa sailkatu zuten. Atxilotu, epaitu eta kartzela-zigorra ezarri zioten zientzialari alemaniarrari. Kartzelatik atera eta jarraitu zuen ikertzen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

Ana Payo ozeanologoa eta anbientologoa da. Itsas hegaztien ekologia ikertzen du eta monologoen bitartez, zientzia hedatzen du. Emakume zientzialarien ikusgarritasuna lortzeko proiektu batean dabil: Howard Bound. Hark azaltzen du: “Genero berdintasuna, aldaketa klimatikoa eta lidergoa batzen dituen egitasmo bat da. Emakume zientzialariaren rola nabarmentzea du helburu, ikusezintasuna askotan oztopo bat delako gure ibilbidean”. Proiektu horrekin espedizio bat egingo dute Antartikara.

Genetika

Aste honetan laguntzaile fina izan dugu eta udan genetikari buruz publikatu diren berriak bildu ditu Koldo Garciak bere blogean. Autoreak dio berririk garrantzitsuena edizio genomikoan izan dugun aurrerapausoa izan dela. Nabarmentzen duen bigarrenak minbiziarekin du zerikusia. Metastasien oinarri genetikoak aztertu dituzte, egileak azaltzen duen moduan, “tumoreek gorputzetik bidaiatzeko gaitasunaren geneak zeintzuk diren aurkitu; eta besteek tumoreetan aktibo dauden geneen arabera tratamenduek izango duten arrakasta aurreikusi eta, hortaz, minbiziaren tratamendua egokitu”. Frikiak diren albisteak ere bildu ditu. Esaterako, Txinako Unibertsitate batek argitu du elikaduran hartutako landareen mikroRNAk eragiten duela erleak langile bilakatzea.

Kimika

Poliziklooktenoarekin (polimero erdikristalino komertzial bat) lehendik egindako ikerketak oinarri hartuta, zenbait sistema polimeriko garatu ditu Nuria García Huete ikertzaileak. Polimero kateak elkarrekin gurutzatuta daudenean forma memoria duen materiala da poliziklooktenoa. Polimeroak gurutzatzeko dikumilo peroxidoa erabiltzen da eta deformatu ondoren bere jatorrizko egitura berreskuratzen du beroaren eraginpean jarrita. Azaletik hondatutako objektu bat (hondatua, baina apurtzera iritsi gabe) berotuz konpontzeko balia daiteke ezaugarri hau. Polimeroa gurutzatzeko alternatiba lortu du ikertzaileak: gamma erradiazioa. Irakurri osorik artikulua!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi bistan #170 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #184

sam, 2017/09/30 - 09:00

Nonahi daude online kurtsoak. Graduak, masterrak eta orotariko formakuntza aktibitateak ordenagailuaren bidez egin daitezke bere osotasunean ala partzialki. Zein puntura arte, baina, dira kurtso presentzialen baliokide? José Luis Ferreirak horren inguruko ikerketak dakarzkigu: Online vs. in-person courses. Which ones are better?

Minbizia ez da existitzen. Minbiziak existitzen dira. Zehazki, gaixo bezainbeste minbizi. Sistema inmune propioan egon daiteke minbizi bakoitzaren irtenbidea? Sergio Laínezek aztertzen du Will your own immune system be the cure to your own cancer?

Nobel Saria jaso zuen Einsteinek 1921ean efektu fotoelektrikoaren azalpenagatik, batez ere. Ia ehun urte geroago ere DIPCkoek teoria fintzen dihardute: A new benchmark for any future models of solid-state photoemission

Mexikoko lurpean zerbait mugitzen dabilela iradokitzen dute herri hartako lurrikarek. Zer, zehazki? Lekuan bertan lan egindako Daniel Garcíak kontatzen digu What’s going on beneath Mexico?

Kimikariek estreoisomesoen errezamatoen erresoluzioa izenez ezagutzen dutena, bata bestearen irudi espekularra diren bi molekula banatzeko gai izatea, ez da erraza. Interes praktiko, eta baita ekonomiko, izugarria du. Molekulak enkapsulatzen lortzen duenik bada, Adrián Matencio Novel methods of chiral separation artikuluan.

Minibrain, minigaruna, ama zelulez osatutako neurona egitura esferikoa da eta hainbat erabilera ditu. Zer zerikusi du hortzen maitagarriak (Perez sagutxoaren baliokidea) honekin? JR Alonsok Minibrains: a present from the tooth fairy

Ia ziur gaude materiaren egoera bat badela, baina detekzio metodoa, eszitoien kondentsatua, ez dago guztiz findurik. Validating the existence of a new phase of matter, the exciton condensate artikuluan eszitoia zer demontre den azaltzeaz gain, haien kondentsatua detektatzeko metodoa ere proposatzen dute DIPCkoek.

Diabetesa eta Parkinsona aldi berean tratatzen dituen farmakoa posiblea da? Rosa García-Verdugok kontatzen digu Potential 2×1 drug for Parkinson’s and Diabetes artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #184 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik

ven, 2017/09/29 - 09:00
Uxue Razkin Mein Kampf irakurri zuenean ikaratu egin zen. Horregatik egin zuen ihes Alemaniatik eta utzi zuen bere jaioterria, Berlin. Ordurako ibilbide oparoa eraikitzen hasia zen Marthe Vogtek neurozientzia alorrean, baina Bigarren Mundu Gerrak zeharo aldatu zituen bere planak. Ingalaterrara ihes egitea lortu zuen, bai. Baina Britania Handiko inteligentzia-zerbitzuek ikusi zutenean Deutsche Arbeitsfront sindikatu nazionalsozialistaren (alemaniarraz DAF) kidea zela eta –behartu zuten erakunde horretan izena ematera–, A mailako atzerritar arerio gisa sailkatu zuten. Atxilotu, epaitu eta kartzela-zigorra ezarri zioten zientzialari alemaniarrari.

1. irudia: Marthe Louise Vogt neurozientzialaria. (Argazkiaren iturria: Mujeres con Ciencia)

Bada, komunitate zientifikoak emandako babesaren kariaz, kartzelatik atera zuten. Ez zen bere ibilbide zientifikoaren amaiera izan beraz, Vogteren lanik garrantzitsuena etortzekoa zen oraindik. Izan ere, hark egindako ikerketa batek frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean.

Etxean ikusia, umeek ikasia

Bere etxeko giroa zuen zientzia-libururik oinarrizkoena. Cécile Vogt-Mugnier eta Oskar Vogt, bere gurasoak, garai hartan, neurologo ospetsuak ziren. Anekdota gisa, Vogt-Vogt sindromeari –haurtzaroan gertatzen den atetosiaren asaldura– esparru horretan bere gurasoek egindako lan eta ikerketengatik jarri zioten izen hori. Bada, haiek ez ziren izan inspirazio-iturri bakarrak Marthe gaztearentzat; bere ahizpa, Marguerite Vogt, genetista ezaguna izan zen ere.

2. irudia: Cécile Vogt-Mugnier (1875-1962) eta Oskar Vogt (1870-1959) neurologoak, Marthe Louise Vogt eta Marguerite Vogt zientzialarien gurasoak.

Kimikan, fisikan eta matematiketan bikaina zen Marthe eta horregatik eman zuen izena Berlineko Unibertsitatean, Medikuntza eta Kimika ikasteko irrikaz zegoen. 1927an lizentziatu zen eta horren ondotik, ospitale batean hasi zen praktiketan, abiatu zuen Medikuntza masterraren baitan. Doktorego-tesia ere gauzatu zuen Kaiser Wilhelm Society-n; kimika organikoa ikasi zuen eta karbohidratoen metabolismoaren inguruan lan egin zuen, Carl Neubergen zuzendaritzapean. Horren ondotik, Paul Tredelenbergekin batera hasi zen lanean Berlineko Unibertsitatean, Farmakologia departamentuan, hain zuzen. Bertan, endokrinologia jorratu eta teknika farmakologiko esperimentalak garatu zituen. 1931. urtean bere aitak gidatzen zuen Kaiser-Wilhelm-Institut für Hirnforschung-ean Kimika-saileko arduraduna izatera iritsi zen. Bertan, garuneko ikerketa elektrofisiologikoak egin zituen eta ikasi zuen nola barreiatzen ziren farmakoak nerbio-sistema zentralean.

Ihesaldia eta aurkikuntza esanguratsuak

Aurretik aipatu bezala, Ingalaterrara ihes egiteko aukera ez zuen galdu nazismoa gorenean zegoenean. Rockefeller Travelling Fellowshiperi esker erdietsi zuen hori. Han zegoela berehala hasi zen lanean. Lehenik, Sir Henry Daleren laborategian. Han ikasi zuen, Wilhem Feldbergerekin batera, azetilkolinaren eta nerbio-sistemaren transmisore kimikoen askapena, esaterako. 1937an, Cambridgen, hipertentsioari buruzko ikerketak gauzatu zituen Ernest Basil Verneyrekin elkarlanean.

Britania Handiko Farmazia Elkarteko Farmakologia-laborategietara iritsi zen atxiloketaren ondotik, 1941. urtean. Marthek giltzurrun gaineko guruina eta era berean, estresaren eta adrenalinaren arteko harremana izan zituen ikergai bertan. Jarraian, Edinburgoko Farmakologia Sailera egin zuen jauzi. Hark egindako lanik esanguratsuena bertan idatzi zuen, alegia: Sinpatinaren kontzentrazioa nerbio-sistemaren hainbat tokietan egoera normaletan eta botiken administrazioaren ondoren.

Ikerketa honek frogatu zuen sustantzia hori modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Horretaz gain, epinefrina, serotonina eta reserpina izeneko neurotransmisoreen jokabidea aztertu zuen. Egun, depresioaren edo gaixotasun mentalen aurkako tratamendu gehienen oinarrian dago horien jokabidea ezagutzea. Hortaz, garrantzitsua izan zen Vogtek garai hartan abiatu zituen ikerketak.

Cambridgera itzuli zenean, Agricultural Research Councilleko farmakologia departamentuko zuzendari izendatu zuten.

Neurotransmisoreen inguruko ikerketak egiten jarraitu zuen. 1968an erretiroa hartu bazuen ere, 1980ra arte jarraitu zuen lanean. Orobat, egindako lan guztiagatik komunitate zientifikoaren esker ona jaso zuen. Royal Societyren kide izendatu zuten 1952an –kargu hori lortzen bederatzigarren emakumea izan zen– eta 1981ean Royal Medal delakoa eman zioten. Azkenik, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiako ohorezko kide egin zuten. 2003. urtean zendu zen, 100 urte bete ondoren.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages