S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 33 min

Hizkuntzaren moraltasuna, erabaki zure ama-hizkuntzan

mar, 2017/01/24 - 09:00
Luis Pastor Hizkuntza koloretan artikuluan erakutsi zen azkenengo urteetan mugimendu neowhorfarra berpiztu dela psikohizkuntzalaritzan. Steven Pinker (1994) ez zetorren bat ikerketa horren ondorioekin eta zentzugabekeria konbentzionaltzat jotzen zituen. Orain ordea, badirudi beste iritzi bat duela eta esaten du ez dela guztiz okerra hizkuntzak pentsamenduan eragina duelako ideia, modu asko baitaude hizkuntzak pentsamenduari eragiteko. Izan ere, jendeak joera handia du behaketa hutsalak baieztapen erradikaltzat hartzeko: adibidez, pentsatu ohi da erabiltzen dugun hizkuntzaren hitzek mugatzen dutela gure mundu-ikuskera (Pinker, 2007).

1. irudia: Steven Pinker psikologo kognitiboa eta hizkuntzalaria.

Hainbat ikerketak aztertu dute nola eragiten duen hizkuntzak pentsamenduko zenbait arlotan; bereziki aztertu dute nola eragiten dien hizkuntza jabekuntzak hartzen ditugun erabakiei. Adibidez, galera-egoera baten aurrean erabakiak hartzeko unean ausartagoak gara gure ama-hizkuntzan, bestelako hizkuntzetan baino (Keysar et al. 2012, Costa et al. 2014, Winskel et al. 2016). Hemen erabaki mota bati erreparatuko diogu, erabaki moralei, hain zuzen ere. Marc Hauserren (2006) iritziz, hizkuntzarekin gertatzen den bezala, gaitasun moral batekin jaiotzen gara eta honek ahalbidetzen du sistema moralen garapena. Beste modu batean esanda, hizkuntzak garatzeko softwarerekin jaiotzen garen moduan, sistema moralak garatzeko softwarerekin ere jaiotzen gara. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragin desberdina dutela erabaki moralen aurrean.

Costa eta kideek (2014) gaztelania eta ingeles-hiztun elebidunak aztertu zituzten ikusteko ea ama hizkuntzak edota bigarren hizkuntzak eragina duten erabaki moralak hartzerakoan. Gaztelania-elebidunek ingelesa zuten bigarren hizkuntza moduan, eta ingeles elebidunek aldiz, gaztelania. Esperimentuan, ikertzaileek Tranbia dilemaren bi aldaera aurkezten zieten paper batean idatzita: botoiaren aldaeran, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke botoi bat sakatuz edo ez; zubiaren aldaeran, berriz, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke gizon lodi bat zubitik botaz edo ez (ikusi 2. irudia). Partaideen erdiak dilemak bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Behin irakurrita, bietako bat aukeratu behar zuten. Emaitzek erakutsi zuten botoiaren aldaeran elebidun guztiek tranbia desbideratuko zutela, pertsona bat hilez bost salbatzearren. Baina zubiaren aldaeran desberdintasun bat topatu zuten: ama-hizkuntzan irakurri zutenen %18ak baizik ez zuen zubitik botako gizon lodia, hau da kopuru horrek bakarrik erailko zuen gizona, tranbia geldiarazteko; bigarren hizkuntzan irakurri zutenen kasuan aukera hori %44ra igotzen zen. Hori ikusita, Costa eta kideek ondorioztatu zuten ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragina zutela erabaki moral bat hartzerakoan. Hain zuzen ere, bost gizaki salbatzekotan, gizaki bat erailtzea moralagoa ikusten zuten bigarren hizkuntzan, ama-hizkuntzan baino.

2. irudia: Goiko testuan Tranbiaren dilemaren “botoia” aldaera agertzen da, eta behekoan “zubia” aldaera. (Costa et al., 2014)

Geipel eta kideek (2015a) antzeko esperimentu bat egin zuten alemaniar eta ingeles-elebidunekin. Ikusi nahi zuten ea zubiaren aldaeran topatutako desberdintasuna dilema pertsonala izatearen ondorio zen edo ez. Dilema pertsonaletan pertsona batek beste bati zuzenean zerbait egiten dio, dilema ezpertsonaletan, berriz, ekintza zeharkakoa da (ikusi, 3. irudia). Esperimentuan, partaideen erdiak dilema pertsonal eta ezpertsonala bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Dilema pertsonalean erabaki behar zuten norberaren umea hiltzea ala ez soldadu etsaietatik bere burua eta beste herritarren bizitza salbatzeko. Dilema ezpertsonalean erabaki behar zuten kalean topatutako diru-zorro bat barruan duen diruarekin bueltatzea edo ez. Dilema biak behin irakurrita, dilemen onargarritasuna baloratu behar zuten 7 puntuko eskala baten bidez: puntu 1 guztiz onartezina bazen eta 7 puntu guztiz onargarria bazen. Dilemak ama-hizkuntzan irakurri zutenek desegokiagotzat hartu zuten umea hiltzea zein diruarekin geratzea, bigarren hizkuntzan irakurri zutenek baino. Beraz, berdin da dilema pertsonala edo ezpertsonala bada, moralki desegokiagotzat baloratzen dira dilemak ama hizkuntzan aurkezten direnean.

3. irudia: Goiko testuan dilema pertsonala agertzen da, eta behekoan dilema ezpertsonala. (Geipel et al., 2015a:14 [moldatua])

Geipel eta kideek (2015b) bigarren esperimentu bat egin zuten, baina honetan erabili zituzten dilema guztiak ezpertsonalak ziren (ikusi, 4. irudia). Aurreko esperimentuan bezala, erdiak ama-hizkuntzan irakurtzen zituen dilemak eta beste erdiak bigarren hizkuntzan; haien onargarritasuna neurtu behar zituzten 9 puntuko eskala baten bidez: 9 puntu guztiz onartezina bazen eta 0 puntu guztiz onargarria bazen. Ama-hizkuntzan irakurritako dilemak onartezinagotzat hartu ziren bigarren hizkuntzan irakurritakoen aldean.

4. irudia: Esperimentuan erabilitako dilema moralak. (Geipel et al., 2015b:10 [moldatua])

Laburbilduz, azaldutako ikerketek erakusten dute elebidunetan hizkuntza biek nolabaiteko eragin desberdina dutela erabaki moral bat hartzerakoan.

Ama-hizkuntzan pentsatzen denean gure erabakiak moralagoak izaten dira bigarren hizkuntza batean hartzen ditugunean baino. Eta zergatik gertatzen da desberdintasun moral hori? Ikertzaileek ez dakite ba oraindik oso ondo zein den arrazoia.

Ikertzaile batzuek (Gawinkowska et al. 2013) proposatzen dute ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino joera handiagoa duela gure arau moralak eta gizarte-arauak pizteko. Beste batzuen aburuz (Harris et al. 2003; Puntoni et al. 2009), ordea, ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino errazago erakartzen ditu emozioak (beldurra, maitasuna, tristura, poza, haserrea…); izan ere, gure ama-hizkuntzaz sentipen aberatseko esperientzien bidez jabetzen gara eta bigarren hizkuntzaz, berriz, sentipen gutxiko egoeretan (adib., ikasgeletan). Beraz, ama-hizkuntzaren emozionaltasun horrek bideratzen gaitu gizabanakoaren oinarrizko eskubideen alde egiten dituzten erabaki moralak (erabaki deontologikoak) hartzera. Bigarren hizkuntza ez da hain emozionala eta distantzia psikologiko bat sortzen du eta ongizate komunaren alde egiten dituzten erabaki moralak hartzera bideratzen gaitu, gizabanakoaren eskubideak bortxatzen ote dituen kontuan hartu gabe.

Erreferentzia bibliografiakoak:

  • Cipolletti, H., McFarlane, S., & Weissglass, C. (2015). The moral foreign-language effect. Philosophical Psychology, 29, 23–40.
  • Costa, A., Foucart, A., Arnon, I., Aparici, M., & Apesteguia, J. (2014). ‘Piensa’ twice: on the foreign language effect in decision making. Cognition, 130(2), 236–254.
  • Costa, A., Foucart, A., Hayakawa, S., Aparici, M., Apesteguia, J., Heafner, J., & Keysar, B. (2014). Your morals depend on language. PLoS One, 9(4), e94842.
  • Gawinkowska, M., Paradowski, M. B., & Bilewic, M. (2013). Second language as an exemptor from sociocultural norms. Emotion-related language choice revisited. PLoS ONE, 8, e81225.
  • Geipel J., Hadjichristidis C., & Surian L. (2015b). How foreign language shapes moral judgment. Journal of Experimental Social Psychology, 59, 8-17.
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2015a). The foreing language effect on moral judgment: the role of emotions and norms. PLoS One, 10(7), e0131529
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2016). Foreign language affects the contribution of intentions and outcomes to moral judgment. Cognition, 154, 34–39.
  • Harris, C.L., Ayçiçeği, A., & Gleason, J. B. (2003). Taboo words and reprimands elicit greater autonomic reactivity in a first language than in a second language. Applied Psycholinguistcs, 24, 561–579.
  • Hauser, M. D. (2006). Moral Minds. New York: HarperCollins.
  • Hayakawa, S., Costa, A., Foucart, A., & Keysar, B. (in press). Using a Foreign Language Changes Our Choices. Trends in Cognitive Sciences.
  • Keysar, B. Hayakawa, S., & An, S. G. (2012). The foreign language effect: Thinking in a foreign tongue reduces decisión biases. Psychological Science, 23, 661-668.
  • Pinker, S. (1994): The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics (P.S. edizioa, 2007). [euskaraz: Pinker, S. (2010): Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
  • Puntoni, S., De Langhe, B., & Van Osselaer, S. M. J. (2009). Bilingualism and the emotional intensity of advertising language. Journal of Consumer Research, 35, 1012-1025.
  • Winskel, H., Ratitamkul, T., Brambley V., Nagarachinda T., & Tiencharoen, S. (2016). Decision-making and the framing effect in a foreign and native language. Journal of Cognitive Psychology, 28(4), 427-436.

—————————————————–

Egileaz: Luis Pastor, (@aloxieusko) Euskal Filologian lizentziatua da. Egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko doktoregaia da eta psikolinguistika du ikerlerro UPV/EHU Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

—————————————————–

The post Hizkuntzaren moraltasuna, erabaki zure ama-hizkuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila

lun, 2017/01/23 - 15:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Schmidt-Nielsen abizena irakurtzen dugunean, Knut izena etortzen zaigu burura gehienetan. Joan den mendeko fisiologo handienetako bat izan zen bera, animalien ingurumen-fisiologian aditu handiena ere, segur aski. Gutako askok berak idatzitako testuliburuarekin ikasi genuen fisiologiaz dakigunaren zati handi bat. Bazen, hala ere, Schmidt-Nielsen abizena zeukan beste fisiologo bat, emakumea, Knuten emaztea izandakoa hain zuzen ere. Bera ere fisiologo ospetsua izan zen, eta bere senarra bezain fisiologo handia, zalantzarik gabe, baina ez hain ezaguna haien lan esparruetatik kanpo. Artikulu honetan eta datozen asteotan plazaratuko ditugun beste bi lanetan ezagutzera eman nahi ditugu hain ezaguna ez den Schmidt-Nielsenen ibilbide eta lorpen zientifikoak, bereak ere handiak izan zirelako eta ezagunak izatea merezi dutelako.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen haren seme-alabekin. (Argazkia: AEBtako Smithsonian Institution Wikimedia Commons bidez)

Kopenhagen sortu zen Bodil Scmidt-Nielsen, 1918ko azaroaren 3an. August Krogh Nobel sariduna eta Marie Krogh ziren bere gurasoak, fisiologo oso ezagunak biak. Bikote horren lanari esker frogatuta geratu zen oxigenoa atmosferatik biriketako odol-kapilarretara pasiboki (energiarik erabili gabe) iragaten zela. Marie Kroghek “Zazpi deabru txikiak” izena eman zion lan bikain horren emaitzak plazaratzeko argitaratu zuten artikulu sortari, eta izen horrekin ezagunak dira geroztik fisiologiaren esparruan.

Zientzia-giroa zegoen etxean, gurasoen arteko fisiologiari eta lan esperimentalari buruzko elkarrizketak ohikoak baitziren. Holako giro batean haurrek gurasoen lana gorrotatzea gerta daiteke, edo alderantziz. Dirudienez, azken hau izan zen Bodilen kasua, zientziarekiko grina eta ez gorrotoa izan zelako garatu zuena.

Bere lehen ikaste-urteak -6tik 11ra- etxean eman zituen irakasle partikular batekin. 11 urte zituela sartu zen Kopenhageko Rysensteen Gymnasiumen eta 1937an bukatu zituen guk batxilerra deitzen ditugun ikasketak. Zientzia eta matematiketan espezializatu zen. Kopenhageko Unibertsitateko Odontologia Fakultatean sartu zen ondoren. Ikasketetan zehar handitu egin zen fisiologiarako zeukan jakin-mina eta oraindik ikaslea zela, giza hortzetan gertatzen den kaltzio eta fosforoaren trukeei buruzko lehen ikerketa-lanak egin zituen. Ikasketak bukatu baino lehen ezkondu zen 1939an Knut Schmidt-Nielsenekin [1]. Fisiologo norvegiarra zen Knut gaztea; Kroghtarren laborategian zebilen ikerketa munduan bere lehen urratsak ematen. Ikasketak amaitu eta berehala izan zuten lehen haurra. Hori dela eta, Medikuntzako ikasketak egin beharrean, ikerketa-jardueraren bidea hartu zuen Odontologiako Fakultatean. II Munduko Gerraren urteak ziren. Kaltzio eta fosforoaren metabolismoari buruzkoak izan ziren bere lehen lan haiek. 1946an odontologiako titulua lortu zuen eta bera izan zen, izan ere, Kopenhageko Unibertsitatean titulu hori eskuratu zuen lehena. Doktorego titulua 1955an lortu zuen unibertsitate berean.

Baina doktorego gradua lortu baino lehen, Bodil Scmidt-Nielsenek ibilbide luzea egin zuen Danimarkatik urrun, ur eta elektrolitoen balantzea ikertzen. 1946an Ameriketako Estatu Batuetako Swarthmore College delakoan lan egiteko konbitea hartu zuten Knut bere senarrak eta berak. Han egon ziren bi urte (1946-1948). Stanforden izan ziren gero (1948-1949), handik Cincinnatira egin zuten (1949-1952) eta, azkenean, Duke Unibertsitatera joan ziren. Leku horietan guztietan Research Associate postua eduki zuen, eta 1957tik 1964ra Associate Research Professor gisa jardun zuen Duken. Urte horietan zehar (1946-1964) egin zituen Bodilek bere ekarpen garrantzitsuenak ioi eta fluidoen balantzearen eta giltzurrun fisiologiaren esparruetan.

Bodil Schmidt-Nielsenen aita zen August Kroghen ustez, espezie desberdinak erabili behar ziren animalien fisiologia ikasteko, eta gaiaren edo argitu behar zen printzipioaren arabera aukeratu behar zen espezie bat ala bestea, beti ere egokitasunaren arabera. Badirudi Bodil ere, aitaren iritzi berekoa zela. Ez hori bakarrik, animalia espezieen arteko erkaketak ere egin zituen askotan. Izan ere, fisiologia konparatua deitzen dugunaren aitzindariak izan ziren Knut eta Bodil Schmidt-Nielsen. Bere bizitzan zehar anfibio, narrasti, hegazti zein ugaztunekin egin zuen lan Bodilek; izan ere, era guztietako ornodunak erabili zituen bere ikerketarako.

Oharrak:

[1] 1966an dibortziatu ziren eta Bodil 1968an R. G. Chagnonekin ezkondu zen, baina betiko mantendu zuen bere lehen senarraren abizena.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nanopartikulak ondarea birgaitzeko

lun, 2017/01/23 - 09:00
Eraikuntzek denborarekin galdu ohi duten osotasuna eta kohesioa itzultzeko helburua dute ondarea sendotzeko tratamenduek. UPV/EHUko ikertzaile batek erkatu egin du gehien erabiltzen den produktuaren eta beste hiru produktu berriren sendotze-gaitasuna, Mediterraneoaren arroan historikoki eraikuntzetan asko erabili izan den harri batean. Helburuetako bat izan da gaur egun dagoen hutsune bat betetzea: produktu berriak eraikuntzetan beretan erabiltzea, arriskutsua izan baitaiteke obrarentzat.

Irudia: Eraikuntza historikoetarako zenbait produktu sendogarri aztertu ditu UPV/EHUko ikertzaile batek, bakoitzaren indargune eta ahulguneak ezagutzeko.

Ondare historiko-artistikoa, ondare soziokultural oso garrantzitsua izateaz gainera, aktibo garrantzitsuenetako bat da gaur egun turismoari lotutako industrian. Denboraren poderioz, eta askotariko hondatze-prozesuen eraginez, beharrezkoa izaten da esku hartzea etorkizunean iraun dezan. “Kontserbazio zientifikoaren alorrean, tratamendu berriak ikertzea alor garrantzitsuenetako bat da gaur egun, eta nanopartikulak erabiltzen dira gehien”, azaldu du Ainara Zornoza UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatua I saileko ikertzaileak.

Birgaitze arkitektonikoan eta arkeologikoan gaur egun gehien erabiltzen den produktu konbentzionalaren sendotze-gaitasuna ebaluatzeko helburuz, batetik, eta, bestetik, nanoegituretan eta nanopartikuletan oinarritutako produktu berritzaileena ezagutzeko, konparazio-ikerketa bat egin zuten Bizertako Gotorleku Espainiarrean (Tunisia), Bizertako muino baten gailurrean dagoen XVI. mendeko gotorlekuan, Mediterraneoaren arroan arkitekturan asko erabili den harri batean, kalkarenita bioklastikoan. “Harria oso hondatuta dago han, materialaren mineral-konposizioa eta porositatea dela eta, gatz-lainoek eta aurreko birgaitze-lanetan erabilitako mortero desegokiek kaltetu egin baitute”, zehaztu du.

Materialaren egoeraren diagnostikoa egindakoan, sendotze-produktuak erabili eta alderatzeari ekin zioten. Lau aztertu zituzten, bai in situ bai laborategian. Etil silikatoa izan zen lehenengoa: “Hori da erabiliena eta sare-formako egitura bat sortzen du, silizearen antzekoa, substratuaren egitura porotsuan”. Bestalde, produktu nanoegituratu bat aztertu zuen, Cadizko Unibertsitatean garatutakoa, eta, aurrekoaren antzeko produktu batekin batera erabilita, hura zartatzea saihesten du (hori da produktu horien muga nagusietako bat). Halaber, nanopartikuletan oinarritutako beste bi produkturekin egin zituzten probak: batetik, silizezko nanopartikulen ur-dispertsio bat (Nano Estel), zeinak silize ez-organikozko gel bat sortzen baitu sistema porotsuaren barruan, eta, bestetik, kaltzio hidroxidozko nanopartikulaz osatutako produktua (Nanorestore®). “Atmosferako karbono dioxidoarekin (CO2) kontaktuan eta hezetasun-egoeretan, erreakzionatu eta kaltzio karbonato bihurtzen da; hau da, jatorrizko  karbonato-harriaren egiturako material bera“, azaldu du ikertzaileak.

Produktu bakoitzaren eragina aztertzeko, ezaugarri asko neurtu zituzten: gainazalaren morfologia, mikroskopio elektronikoa erabiliz; sendotze-maila; lortutako gogortasun-maila; portaera hidrikoan izandako aldaketak, eta kolore-aldaketak. Emaitza guztiak kontuan hartuta, “bi taldetan sailka genitzake produktuak”, dio. Etil silikatoaren eta produktu nanoegituratuaren kasuan, asko handitzen dira propietate mekanikoak, bereziki ingurune hezeetan, baina, bestalde, geruza hidrofobo bat sortzen dute gainazalean eta poroak okluitzen. “Horren eraginez, kanpotik datorren ura barrura sartzea saihesten da, baina, aldi berean, kapilarretatik gora iristen den ura ateratzea oztopatzen dute. Horrenbestez, sendotutako eremuaren eta sendotu gabekoaren arteko interfazean metatzen den ur horrek narriadura fisikoa, kimikoa eta bionarriadura eragin dezake”, gaineratu du.

Nanopartikuletan oinarritutako produktuen kasuan, desberdintasun handiena da mikroporoak sortzen direla; hau da, poroak ez dira erabat ixten, eta, hala, ura kanpora atera daiteke. Silizezko nanopartikulen kasuan, Zornozak zehaztu duenez, “emaitzak hobeak dira kondizio lehorretan, produktuak inguruko hezetasunaren arabera ura xurgatu edo kanporatzen duen gel gisa aritzen baita. Kaltzio hidroxidozko nanopartikulek, berriz, emaitza apalenak eman dituzte”.

Emaitza horiek ikusita, ikertzaileak nabarmendu du helburua ez dela “zehaztea zein den birgaitzeetarako produkturik onena. Aitzitik, bakoitzaren portaera deskribatzea da garrantzitsuena, birgaitu beharreko obra zer kondiziotan dagoen kontuan hartuta, eta artifizialki sor litezkeen kondizioen arabera, substratuaren kondizioen arabera eta abar. Horren arabera aukeratu beharko litzateke produktu egokiena, kasu bakoitzaren beharretara egokituta, azkeneko emaitza faktore askoren araberakoa baita“.

Ikerketaren helburuetako bat izan da zubiak eraikitzea ikertzaileen eta zaharberritzaileen artean. Gaur-gaurkoz, “nahiko urrun daude elkarrengandik: alde batetik, komunitate zientifikoak ikertzen jarraitzen du, lanak argitaratuz eta merkatura produktu berriak ateraz, baina, bestetik, kontserbatzaile-zaharberritzaileek, oro har, uste dute ikerketak ezin direla aplikazio errealetara estrapolatu, eta, hortaz, produktu berriak ez dira asko erabiltzen. Gure ikerketak errealak eta erabilgarriak izan daitezen ahalegindu gara, merkatuan eskura daitezkeen produktuak erabili baititugu eta egin ditugun tratamenduak oso antzekoak izan baitira errealitatean egiten direnekiko. Hala ere, egia da oso gai konplexua dela, eraikuntza-ondarean esku-hartzeari buruz ari gara eta. Gainera, hainbeste faktorek eragiten dutenez aldi berean azkeneko emaitzan, oso zaila da lan egiteko modua aldatzera eta beste produktu batzuk erabiltzera arriskatzea”.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Zornoza-Indart, A., Lopez-Arce, P., Leal, N., Simão, J., & Zoghlami, K. (July 2016). Consolidation of a Tunisian bioclastic calcarenite: From conventional ethyl silicate products to nanostructured and nanoparticle based consolidants. Construction and Building Materials, 116, 188-202. doi: http://dx.doi.org/10.1016/j.conbuildmat.2016.04.114.
  • Zornoza-Indart, A., Lopez-Arce, P., López-Polin, L. (November 2016). Durability of traditional and new nanoparticle based consolidating products for the treatment of archaeological stone tools: Chert artifacts from Atapuerca sites (Burgos, Spain). Journal of Cultural heritage. http://dx.doi.org/10.1016/j.culher.2016.10.019
  • Zoghlami, K., Lopez-Arce, P., and Zornoza-Indart, A. (December 2016). Differential Stone Decay of the Spanish Tower Façade in Bizerte, Tunisia. Journal of Materials in Civil Engineering. http://dx.doi.org/10.1061/(ASCE)MT.1943-5533.0001774

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Nanopartikulak ondarea birgaitzeko: laborategitik atera eta obretan erabiltzeko aurrerakada.

The post Nanopartikulak ondarea birgaitzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #138

dim, 2017/01/22 - 09:00
Uxue Razkin Fisika

Informazioa oso azkar eta ia berorik sortu gabe gordetzeko modua aurkitu dute. Argia eta magnetismoa erabiltzen ditu Bialystok Unibertsitateko (Polonia) eta Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaileek aurkeztu duten teknikak. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu laser polarizatu berezi bat erabili dutela informazio-unitate edo bit magnetikoak idazteko. Oxido magnetiko batean oinarritutako isolatzaile batean egitea lortu dute. Material horretan teknika hori aplikatuta inoizko eraginkortasun energetiko handiena erdietsi dute. Aurkikuntza handia da Brnoko Unibertsitate Teknologiko ikertzaile Jon Ander Arregi Uribeetxebarriarentzat: “Bit magnetiko bat idazteko behar den energia ia mila milioi aldiz murriztu dute, gaur egun erabiltzen den teknologiarekin alderatzen bada”.

Geologia

Puntu beroak eta luma gorakorrak izan ditu mintzagai Arturo Apraiz geologoak. W. Jason geofisikaria ahalegindu zen J. Tuzo Wilsonek aurretik azaldutakoari, hau da, puntu beroen kontzeptuari, oinarri fisikoa ematen. Bere esanetan, puntu beroak lurrazaleko prozesu bolkanikoak dira, nukleoaren eta mantuaren arteko mugatik gora egindako mantuko arroka beroen bitartez elikatuak. Mantu sakonetik gora egiten duen egiturari luma gorakor deritzo. Beraz, puntu beroa luma gorakor baten azaleko ondorioa litzateke. 1971 geroztik, luma gorakorren hipotesia izan da plaken barnean gertatzen diren prozesu bolkanikoak (Hawaii, Yellowstone) azaltzeko eredurik hedatuena. Testuak azaltzen duen bezalaxe, luma gorakorrak ere erabili izan dira hainbat egituren bolkanismoaren jatorria azaltzeko. Adibidez, Pitcairn uharteak, MacDonald mendilerroa, Galapagos, Azores edo Kanariar uharteak. Luma gorakorren izaeraz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulu honetara:

Giza zientziak

Montrealgo Unibertsitateko eta Geriatria Institutu Unibertsitarioko ikertzaileen arabera, elebidunen garuna elebakarrena baino eraginkorragoa bihurtzen da urteetan zehar baliabideak erabiltzeko orduan. Hori frogatzeko, ikertzaileek adineko elebakarrei eta elebidunei zeregin bat jarri zieten eta haien garunen konexio funtzionalak alderatu zituzten. Zereginak kontzentrazioa eskatzen zuen interferentziei aurre egiteko. Ikerketak erakutsi zuen adineko pertsona elebidunen garunek ibilbide txikiagoak eta egokiagoak erabiltzen dituztela eskatutako informazioa lortzeko. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Astronomia

Berriki Israelgo zientzialariek Ilargiaren formazioaren inguruko teoria berri bat proposatu dute. Aditu gehienek uste dutenez, Lurra jo zuen planeta batek sortu zuen Ilargia. Israelgo zientzialariek zehaztu dutenez, ordea, talka erraldoi bakar batek ez, objektu txikiagoen arteko talkak izan ziren Ilargia sortu zutenak. Hala dio artikuluan behintzat ikerketaren egile nagusi Raluca Rufuk, Ilargia aztertzearen beharra dagoela gaineratuz: “Ilargiaren osaketa oso lotuta dago Lurraren historiari berari. Ilargirik gabe, ezinezkoa izango zen gure planetan bizia garatzea”. Bestalde, beste ikerketa batek proposatu du Ilargia orain arte uste zen baino 40-140 milioi urte zaharragoa dela. Zehazki gutxienez duela 4.510 milioi urte sortu zela proposatu dute. Zirkonio minerala erabili dute Ilargiaren jaiotza data zehazteko, 1971an Apolo 14 misioak Lurrera ekarritako arroketan bildutako laginetan oinarrituta.

Orain dela 10 urte irrati eztanda azkar bat detektatu zuten lehenengoz. Orain, Cornwell Unibertsitateak (New York, AEB) gidatu duen ikerketa batean eztanda horietako baten iturri kosmikoa kokatzea lortu du, uhina bete-betean harrapatuta. Aztertu duten hau hiru mila milioi argi urtetara dagoen galaxia batetik dator. Irrati eztanda azkar horren jatorria zer distantziara eta zer galaxiatan dagoen kokatzea lortu dute. Baina zerk sortzen du, zehazki? Hori argitzeke dago oraindik.

Genetika

Bakterioek ere, zelula eukariotoetan bezalaxe, prioiak badituztela erakutsi du. Elhuyarrek azaldu digu ikerketa: 60.000 genoma bakteriar analizatu zituzten, legamien prioien antzeko sekuentzia genetikoen bila, eta Rho izeneko proteinaren sekuentzia bat hautagai ona izan zitekeela ikusi zuten. Rho proteina gene askoren adierazpena eta aktibitatea erregulatzen duen osagaia da berez. Rho proteinaren bertsio arrunta injektatzean, E. coli-ren aktibitate genetikoa isilarazten zuela ikusi zuten, eta bertsio prionikoa injektatzean, gene asko aktibatu egiten zirela. Hori ikusita, ikertzaileek uste dute bakterioen kasuan, geneen erregulazioaren bidez, prioiek inguruko baldintzen aldaketetara egokitzen lagun ditzaketela bakteriook. Adibidez, antibiotiko baten presentziara.

Ekologia

Namibiako zirkulu mortuen sorrerari buruzko azalpen berria argitaratu dute. Bi teoria ziren nagusiki orain arte. Azalpen sendoenaren arabera, termitak lirateke errudunak. Bestearen arabera, aldiz, landareen arteko lehia izan liteke zirkulu bitxi horiek agertzearen eta desagertzearen arrazoia. Azken teoriak dio aurreko azalpenen konbinazioa gertatzen dela. Ereduen simulazioen bitartez azaldu dute lurrazpiko intsektuen kolonien arteko lehiaren eta landareen arteko lehiaren konbinazioak gertatzen direla.

Medikuntza

Nanozientzian eta materialen kimikan murgilduta, minbiziaren aurkako ohiko tratamenduetatik urruntzen den soluzio bat proposatu du UPV/EHUko ikerketa batek. Izan ere, osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte. Terapia honek ez du ia kalterik eragiten tratatu nahi ez diren eskualdeetan. Minbiziari aurre egiteko ez ezik, mikrobio-zelulak, bakterioak, onddoak eta birusak hitzeko ere erabil daiteke. Ikertzaileek helburu zehatza dute: argiaren bidez oxigeno erradioaktiboa sortuz, zelula kaltegarriak hiltzea. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Biologia

Animalia asko bizi dira haitz, zoru edo arboletako zulo eta barrunbeetan. Bereziak dira gune horiek, aire-bolumena oso txikia izan eta aire hori oso astiro berriztatzen baita. Karraskariek, adibidez, metabolismo-tasa altuak dituzte. Homeotermoak dira batetik, eta bestalde, jarduera handia garatzen dute. Horrek esan nahi du oxigeno asko hartu behar dutela. Hortaz, horrelako egoeretan bizi ahal izateko moldaera bereziak behar dira. Hainbat karraskarik, esaterako, globulu gorri asko dute; beste hainbatek, globulu gorri gehiago izan gabe, hemoglobina gehiagoko globuluak dituzte. Ezaugarri horiekin, oxigeno gehiago garraia dezakete odolean. Artikulu honetako egileek argi azaltzen digute karraskarien odolak daukan beste berezitasun bat, baina kasu honetan ez da odolean hemoglobina gehiago edukitzea, hemoglobina oxigenoarekiko kidetasun handiagokoa izatea baizik. Hemoglobinari dagozkion moldaera horiei esker, oxigeno-harrera eta zeluletarako garraioa berma daiteke baita barrunbeko oxigeno-kontzentrazioa oso baxua denean ere.

Ekologia

Bilboko itsasadarreko uraren kalitatea ona da. Urak garbitzeko azpiegiturak jarri dituzte, eta horrekin bizitza itzuli da. Urtetik urtera, arrain espezie gehiago agertzen ari dira: azken neurketen arabera, hogei. Itsas zaldia izan da agertu den espezietako bat. Eguzkiñe Gil Getxoko Aquariumeko teknikariak azaltzen du itsasadarrean espezie hori agertu izanak erakusten duela uraren kalitatea hobetzen ari dela. Izan ere, haren hitzetan, itsas zaldiek baldintza oso zehatzak behar dituzte bizi ahal izateko, espezie ahula delako: uraren kalitatea ona izatea, eta ur lasaiak egotea, besteak beste. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #138 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #144

sam, 2017/01/21 - 09:00

Kolonek, haren sasoian ezaguna zen bezala, Lurra borobila zela uste zuen baina baita ere Amerika ezin zela existitu, eta horrez gain, ezinezkoa zela hau existitzea. “Holywood”en (“l” bakar batekin) gauzak. Jesús Zamorak azaltzen digu istorio harrigarri hau: Columbus and the shape of the Earth, a “Holywood” story.

Atzo Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuen Donald Trumpek. Ongi etorriak ziurgabetasunaren arora. Zeintzuk dira ziurgabetasunak ekonomian dituen eraginak? Erantzuna José Luis Ferreirak ematen digu: The effects of uncertainty in the economy.

Grafenoa gauza sinestezinak lortzeko gai da. Esaterako, sekulako eremu elektriko batekin borrokatzea ilerik harrotu gabe. DIPCko ikertzaileek gaitasun honen azalpen teorikoa aurkitu dute: The ultrafast electronic response of graphene.

Ehiztarien portaera oso konplexua da haren neurologiari erreparatuz gero. Duela gutxi portaera honetan parte hartzen duten mekanismo neurobiologikoak antzeman dituzte eta José Ramón Alonsok azaltzen dizkigu: Predation unchained.
–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #144 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kepa Sarasola: “Hizkuntzalaritza konputazionalarekin lengoaiak errezago erabiltzeko tresnak garatzen ditugu” #Zientzialari (65)

ven, 2017/01/20 - 09:00

Itzultzaile automatikoak, zuzentzaileak, bilatzaileak… Gure eguneroko bizitzan hizkuntzalaritza konputazionalean oinarritutako hainbat tresna erabiltzen ditugu. Haietaz gehiago jakiteko gai honetan aditua den ikertzaile batekin izan gara: Kepa Sarasola UPV/EHUko IXA taldeko ikertzailea.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Kepa Sarasola: “Hizkuntzalaritza konputazionalarekin lengoaiak errezago erabiltzeko tresnak garatzen ditugu” #Zientzialari (65) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Barrunbeetan ito gabe bizi

jeu, 2017/01/19 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Animalia asko bizi dira haitz, zoru edo arboletako zulo eta barrunbeetan, eta beste asko bertan bizi ez arren, denbora luzea igarotzen dute zulo horien barnean, habia bertan eginik edo babestoki gisa erabilirik. Oso bereziak dira gune horiek, animaliek gertu duten aire-bolumena oso txikia izan eta aire hori oso astiro berriztatzen baita. Hori dela eta, toki arruntetan baino oxigeno gutxiago dago barrunbe horietan.

Lurzorua zulatzen duten muskerrek eta sugandilek ez dute ezaugarri berezirik, guk dakigula. Horrela jokatzen duten anfibioek ere ez dute aparteko portaerarik erakusten. Izan ere, poikilotermoak direnez gero, metabolismo-tasa baxua dute narrasti eta urlehortarrek, eta baliteke hori izatea ezaugarri berezirik ez edukitzearen zioa.

Irudia: Satorra lur azpian bizi den ugaztuna da. 5 metroko sakoneran dituzten haien habiak eta barrunbeetako ugaztunen antzera, ez da karbono dioxidora sentikorra. CO2 gatz solido gisa kanporatzen dute.

Karraskariek, berriz, metabolismo-tasa altuak dituzte, oso altuak. Batetik, homeotermoak dira; bestetik, metabolismo-tasa altuak dituzte berez, txiki izateagatik hain justu[1]; azkenik, jarduera handia garatzen duten animaliak dira. Horrek esan nahi du oxigeno asko hartu behar dutela eta, ondorioz, haien beharretarako baxuegiak diren oxigeno-kontzentrazioak egon daitezkeela karraskarien barrunbeetan. Ohikoak izan daitezke, adibidez, % 6ko O2-kontzentrazioak.

Horrelako egoeretan bizi ahal izateko moldaera bereziak behar dira, zalantzarik ez dago, baina moldaera horiek desberdinak izan daitezke espezie desberdinetan. Hainbat karraskarik, adibidez, globulu gorri asko dute, ohikoa dena baino gehiago; beste hainbatek, globulu gorri gehiago izan gabe, hemoglobina gehiagoko globuluak dituzte. Bai era batera eta bai bestera, oxigeno gehiago garraia dezakete odolean.

Hemoglobinaren ezaugarriei dagokie barrunbeetako karraskarien odolak daukan beste berezitasun bat, baina kasu honetan ez da odolean hemoglobina gehiago edukitzea, hemoglobina oxigenoarekiko kidetasun handiagokoa izatea baizik. Kidetasun altuko hemoglobina edukitzearen ondorioez jabetzeko, hona adibide bat: arboletatik ibiltzen diren karraskarien -hots, katagorrien- hemoglobinaren % 50 dago oxigenoarekin elkartuta odolaren oxigeno-tentsioa 40 mmHg-koa denean. Oxigeno-tentsio beraren azpian, oxigenoarekin elkartua dagoen hemoglobina % 80 izatera irits daiteke barrunbeetako karraskarietan.

Hemoglobinari dagozkion moldaera horiei esker, oxigeno-harrera eta zeluletarako garraioa berma daiteke baita barrunbeko oxigeno-kontzentrazioa oso baxua denean ere. Horra ikusi ditugun moldaera horien zioa.

O2-urritasuna, baina, ez da animalia horiek gainditu behar duten oztopo bakarra edo txikiena. Izan ere, oxigenoa urria bada, karbono dioxidoa (CO2) ugariegia da barrunbeetan, animaliek beraiek sorturikoa delako. Ohikoak izan daitezke, adibidez, % 6ko CO2-kontzentrazioak. Bada, animalia gehienentzat arazo larria izan daiteke hori.

Kontua da karbono dioxidoan aberatsa den atmosfera batean arnasa hartzea ez dela batere osasuntsua. Izan ere, ugaztunok oso sentiberak gara arnasten dugun airearen karbono dioxidoari dagokionez, eta ohikoa baino altuagoa den CO2-kontzentrazioko atmosferan, bihotz-taupadaren frekuentzia oso gora igo daiteke, alferrik igo gainera, horrela ez baita konpontzen kanpoko airean CO2 gehiago egoteak dakarren arazoa.

Hori dela eta, barrunbeetako ugaztunak ez dira, inondik inora, karbono dioxidoarekiko hain sentikorrak, eta, gainera, CO2 kanporatzeko beste bide bat garatu dute horietako batzuek. Izan ere, gas gisa kanporatu beharrean, kaltzio edo manganeso karbonato edo bikarbonato gisa jariatzen dituzte; hau da, gatz solido gisa kanporatzen dute bestela kaltegarria izango litzatekeen gasa. Adibide honen bitartez ikusi dugun bezala, handia da ingurumen desberdinetara moldatzeko animaliek duten ahalmena, eta oso deigarriak horretarako asmatu dituzten bideak.

Oharrak:

[1]Basasagua eta elefantea” izenburuko istorioan azaldu dugun bezala, animalia txikiek handiek baino metabolismo-tasa altuagoa dute; hau da, masa-unitateko jarduera metaboliko handiagoa dute eta, horren ondorioz, oxigeno gehiago kontsumitu behar dute.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Barrunbeetan ito gabe bizi appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Uhin iheskorra harrapatu dute

mer, 2017/01/18 - 09:00
Amaia Portugal Orain hamarkada bat detektatu zuten lehenengoz irrati eztanda azkar bat, eta horien jatorriaz ezer gutxi dakigu. Orain, baina, eztanda horietako baten iturri kosmikoa kokatzea lortu dute ikertzaile batzuek. Aztertu duten hau hiru mila milioi argi urtetara dagoen galaxia batetik dator. Neutroi izar jaioberri batek sortua izan daiteke, baina badaude bestelako hipotesiak ere.

Irrati eztanda azkarrak uhin oso bizkor eta laburrak dira, haien iraupena segundo milarenetan neurtzen baita. Gisa honetako irrati uhin bat 2007an identifikatu zuten lehenbizikoz, eta horien jatorria misterio hutsa da, gaurtik gaur. Kolapsatutako izarrak, lurrundutako zulo beltzak… bai eta seinale estralurtarrak ere. Horra hor, zabaldu izan diren hipotesietako batzuk.

Haien frekuentziaren ondorioz, badakigu hedapen erraldoia dutela, eta gas kantitate oso handiak zeharkatzen dituztela galaxietan luze eta zabal, gurean antzematerako. Horrenbestez, Esne Bidetik at eta oso urrutitik datozela badakigu, baina ezer gutxi gehiago. Orain, baina, irrati eztanda azkar baten iturri kosmikoa kokatzea lortu dute aurrenekoz, uhina bete-betean harrapatuta. Cornwell Unibertsitateak (New York, AEB) gidatu du ikerketa, eta aztergai izan duten eztanda zehatz honek hiru mila milioi argi urtetara dagoen galaxia batean du jatorria. Hala azaldu dute, Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan.

1. irudia: Areciboko Behatokian antzeman zuten lehen irrati eztanda azkarraren jatorria aztertu dute. (Argazkia: Areciboko Behatokia)

Areciboko Behatokian (Puerto Rico) detektatu zen lehen irrati eztanda azkarra izan dute ikergai, zehazki. Laura Spitler doktoretza ondoko ikertzaileak aurkitu zuen 2012ko azaroan, eta horregatik, FRB 121102 du izena. Bere berezitasuna zera da, beste kasu batzuetan ez bezala, irrati eztanda azkar hau gehiagotan antzeman dutela gero; jarraitua dela, alegia. Horrenbestez, haren jatorriak ezin du, adibidez, izar baten eztanda izan, fenomeno egonkorrago bat baizik. Jarraikortasun horrek, aldi berean, ikerketa honetarako hautagai egoki bihurtzen du, aukera gehiago ematen dituelako bere jatorriaren bila aritzeko.

FRB 121102 Auriga konstelazioan dago, Orion baino aurreraxeago, baina hori jakiteak ez du bilaketa nahi beste errazten. “Zeruko gune zehatz batetik datorkigu seinalea, eta gune horren diametroa arku-minututan neurtu daiteke. Ehunka balizko iturri daude hor. Izar, galaxia eta bestelako gauza mordoa“, esan du Shami Chatterjee artikuluaren egile nagusiak.

2. irudia: Karl G. Jansky Behatokiak bereizmen handiagorako ahalmena du. Hari esker, bete-betean harrapatu dute FRB 121102 irrati eztanda azkarra. (Argazkia: John Fowler / CC BY 2.0)

Areciboko irrati teleskopioak ez du hain begi zorrotza, ordea, haren bereizmena Ilargiaren diametroaren hamarrenaren parekoa baita (edo hiru arku-minutu). Horrenbestez, bereizmen handiagorako ahalmena duen Karl G. Jansky Behatokira (Mexiko Berria, AEB) jo zuten ikertzaileek. 80 orduz aritu ziren harekin lanean, eta hala, FRB 121102 bete-betean harrapatzea lortu zuten. Mundu osoko bestelako teleskopio batzuk ere baliatu zituzten lan osagarria egiteko; esaterako, irrati eztanda azkar horren argi espektroa definitzeko. “Hidrogenoaren, oxigenoaren eta beste elementu batzuen kolore oso bereizgarrien seinale detektagarria dauka”, dio Chatterjeek.

Irrati eztanda azkar horren jatorria zer distantziara eta zer galaxiatan dagoen kokatu dute, beraz. Baina zerk sortzen du, zehazki? Hori argitzea litzateke hurrengo urratsa. “Uste dugu neutroi izar jaioberri bat izan daitekeela, eremu magnetiko erraldoia duena. Edo, agian, galaxia nano bateko nukleo galaktiko bat izan daiteke. Edo litekeena da bi ideia horien arteko konbinazioa izatea, eta horrek azalduko luke zergatik den, nolabait, arraroa, ikusten ari garen hau”, gaineratu du ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:

S. Chatterjee et al. A direct localization of a fast radio burst and its host. Nature, 541, 58–61 (05 January 2017). DOI:10.1038/nature20797

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Uhin iheskorra harrapatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua

mar, 2017/01/17 - 09:00
Arturo Apraiz “Prozesu magmatiko anomaloak” azaltzeko estreinako saiakera J. Tuzo Wilsonek egin zuen 1963. urtean, puntu beroak (hot spot) aipatuz. Wilsonek esan zuen Hawaii uharteak bezalako kate bolkanikoak plaka tektoniko bat mantuan kokatutako puntu bero baten gainetik igarotzean sortuak direla (1. irudia).

1. irudia: Hawaiiko uharteen sorrerarako J. Tuzo Wilsonek 1963. urtean iradokitako puntu beroaren eredua (aldaketa txiki batzuk eginda).

8 urte beranduago, W. Jason Morgan (1971, 1972) geofisikaria, ahalegindu zen Wilsonen puntu beroen kontzeptuari oinarri fisikoa ematen. Bere esanetan, puntu beroak lurrazaleko prozesu bolkanikoak dira, nukleo eta mantuaren arteko mugatik gora egindako mantuko arroka beroen bitartez elikatuak. Mantu sakonetik gora egiten duen egiturari luma gorakor deritzo. Beraz, puntu beroa luma gorakor baten azaleko ondorioa litzateke. 1971 geroztik, luma gorakorren hipotesia izan da plaken barnean gertatzen diren prozesu bolkanikoak (Hawaii, Yellowstone) azaltzeko eredurik hedatuena. Hala gertatu da era berean ozeano-gandorretako zenbait kokapenetan gertatzen diren isurketa erraldoiak (Islandia) azaltzeko unean.

Aipatutako ingurune bolkanikoekin batera, luma gorakorrak ere erabili izan dira hainbat egituren bolkanismoaren jatorria azaltzeko: Pitcairn uharteak, MacDonald mendilerroa, Galapagos, Azores edo Kanariar uharteak eta Afrikako Afar lurraldea, eta Deccan, Paraná, Ontong-Java edo Siberia bezalako basalto-plataforma erraldoiak. Morganek luma gorakorren eredua iradoki zuenean, Hessen (1962) itsas hondoen zabalkuntzaren eredua zen nagusi, eta iradokitzen zen ozeano-gandorren azpian kokatutako konbekzio-korronte gorakorren eraginez zabaltzen zirela ozeanoak. Baina ereduak ezin zituen puntu beroak azaldu eta, gainera, ozeano-gandorren inguruko xingola magnetikoen azken ikerketek erakutsi zuten Hessen eredua ezinezkoa zela. Ondorioz, plaka-tektonikak ondo deskribatzen zuen Lurraren azaleko bloke zurrunen zinematika, baina mugimenduak azaltzeko mekanismoan aldiz, huts egiten zuen. Morganek, behe-mantuan garatutako luma gorakorrak jotzen zituen plaken mugimenduaren erantzule. Bere esanetan plakak bi arrazoiengandik mugitzen dira: alde batetik, luma gorakor bakoitzaren erdiguneak litosferaren oinaren aurka jo eta astenosferan hedatzen diren korronte erradialen eraginez eta, bestetik, plaken arteko mugetan sortzen diren esfortzuen ondorioz. Morganen arabera, luma gorakorrak ziren mantuko konbekzio-eredu nagusia ahalmena dutelako; plakak apurtzeko, ozeano-gandorren bilakaera mantentzeko eta plaken mugimendua gidatzeko. Mantuko konbekzioa mugimendu gorakor, indartsu, estu eta beroek eta askoz zabalagoak diren mugimendu beherakorrek (subdukzio-eremuak) osatzen dute.

Beraz, Morganen ereduan luma gorakorrak nukleo eta mantuaren arteko mugan sustraituta dauden eta inguruko arrokak baino beroago dauden arroken “tximiniak” dira. Mantu sakoneko materialek mantu solidoan gora egiten dute, ustez tenperatura altuak soilik eragindako dentsitate-murrizketaren eraginez (luma termikoak), litosfera zurrunarekin bat egin arte.

Hasiera batean, beraz, uste zen luma gorakorrek jatorri termikoa zutela. Horrela, mantuaren konbekzioa fluidoen konbekzioarekin pareka liteke, lapiko batean urak duen mugimenduarekin gutxi gorabehera.

Eredu teorikoan, mantuko konbekzioa, beroa kondukzioz garraiatzen dituzten bi geruza-muga termikoen[1] artean gertatuko litzateke. Goikoa litosfera da, gaineko azaleratik hozten dena eta noizean behin mantuan barneratu egiten dena; azpikoa nukleo eta mantuaren arteko mugan dago kokatuta. Nukleorako egindako petrologia esperimentaleko ikerketek erakutsi dute bertako tenperatura gaineko mantuarena baino ehunka gradu altuagoa dela. Tenperatura-desberdintasunak nukleotik mantura doan bero-fluxua eragingo du, eta ondorioz gaineko arrokak berotu, flotazio-anomaliak eragingo eta gorantz abiatzen diren luma gorakorrak abiaraziko dituzte.

Baldintza hauek ezarrita, asko izan dira luma gorakor termikoen izaera erreproduzitu dituzten laborategiko esperimentuak eta zenbakizko simulazioak.

Horietan lortutako argazkiek (2. irudia) eta bestelako emaitzek adierazten dute luma gorakor termikoak bi zati nagusitan bana daitezkeela: aurretik doan buru handia batetik, eta bestetik burua nukleoarekin eta mantuaren arteko mugarekin lotzen duen zutabe estua. Ikerketa hauetan iradoki izan da luma gorakorren buruek 800-1.200 km-ko diametroa dutela litosferara iritsita eta zutabeak, aldiz, 100-200 km-koak direla. Luma gorakorren eta inguruko mantuko arroken arteko tenperatura-desberdintasuna, 150-250ºC bitartekoa izan daiteke.

2. irudia: Laborategian lortutako luma termikoen argazkiak. Geruza-muga ezegonkor batetik sortzen dira, ura azpitik berotu ondoren. (Sparrow et al., 1970)

Lumen ereduan beraz, burua litosferaren oinera iritsita norabide guztietan erradialki hedatuko da, litosfera zurrunaren konkordura eragingo du eta probintzia igneo erraldoia (LIP; Large Igneous Province) garatuko du (3. irudia). Ondoren, burua litosferaren aurka zanpatu eta zabaldu egiten da, gero eta difuminatuago agertuko den disko baten geometria lortuz. Ondorioz, lumaren zutabea baino ez da geldituko, anomalia termiko mugatuagoa sortzen duena, gandor aseismikoak edo bolkan-kateak sortzeko bestekoa baino ez (3. irudia).

3. irudia: Luma gorakorra eta berak sortzen duen puntu beroaren arteko harremana. Luma gorakorren buruak basalto-plataforma eta zutabeak gandor aseismikoa sortzen dute.

Egun, luma gorakorren ereduak sendo dirau, eredua sortu zenean iradokitako hainbat prozesu geologiko egiaztatu ahal izan direlako. Denborarekin egiaztatu diren ereduaren aurreikuspenen artean ondorengoak aipa daitezke:

  • Luma gorakorrak nukleo eta mantuaren arteko mugan sor daitezke eta buru handi eta zutabe estu batekin osatuta daude.
  • Luma gorakorraren buruaren eraginez milioika kilometro kubiko probintzia igneo erraldoiak sor daitezke.
  • Riftaren ertzetan ozeano-lurrazal lodia duen eremu estua gara daiteke, litosferaren azpian kokatutako luma gorakorren buruek garatutako riftingaren ondorioz.
  • 1000 m inguruko domo-gorakada gerta daiteke, luma gorakorren buruek sortutako erupzioak hasi aurretik.
  • Luma gorakor berri baten estreinako erupzioetan pikritak[2] eratuko dira, eta ingurune bolkanikoaren erdigunean kokatuko dira.

Esan bezala, denborak aurrera egin ahala, behaketen bidez egiaztatu ahal izan dira baieztapen hauek guztiak, mantuko lumen hipotesia balizkoa izan daitekeela frogatuz. Hala ere, oraindino ez dago adostasunik puntu beroen eta luma gorakorren kopurua eta kokapenaren kontuan, baina zalantza gutxi daude 4. irudiko mapan agertzen direnen artean.

4. irudia: Urteetan zehar oso aldakorrak izan dira iradokitako puntu beroen kopurua eta kokapenak. Mapa honetan puntu gorriekin adierazi dira zalantza gutxi sortzen dituzten puntu beroak.

 Oharrak:

[1] Geruza-muga termiko: Fluidoen mekanismoaren barne, biskositatearen eragina nabarmena deneko azalera baten albo-alboan kokatutako fluido-geruza da.

[2] Pikrita: Magnesio portzentaia handia duen basalto aldaera, olibinoan oso aberatsa dena. Iluna da olibinozko fenokristal (20-50%) hori-berdexkarekin eta piroxeno (nagusiki augita) beltz edo marroi iluna. Oso tenperatura handiko magmen kristalizazioaren ondorioa da, eta sarritan luma gorakorrekin lotzen da.

Aurreko artikulua:

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
  • Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movements. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
  • Holmes, A. (1944): Principles of Physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
  • Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
  • Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
  • Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
  • Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
  • Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
  • Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Minbiziari aurre egiteko nanopartikula fluoreszenteak

lun, 2017/01/16 - 09:00
Nanozientzian eta materialen kimikan murgilduta, minbiziaren aurkako ohiko tratamenduetatik urruntzen den soluzio bat proposatu du UPV/EHUko ikerketa batek.  Izan ere, osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte. Helburua zehatza da, argiaren bidez oxigeno erradioaktiboa sortuz, zelula kaltegarriak hiltzea.

Irudia: Osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte UPV/EHUn.

Euskarri bezala silizezko nanopartikulak erabilita, eta haiei terapia fotodinamikoa egiteko beharrezko osagaiak ainguratuta, minbizi-zeluletaraino iritsi eta haietan bakarrik eragiteko modua garatu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Minbiziaren kontrako tratamendu konbentzionaletan ez bezala, zeintzuetan minbizi-zelulez gain gorputzeko zelula osasuntsuak ere kaltetzen baitira, terapia fotodinamikoak ez du ia kalterik eragiten tratatu nahi ez diren eskualdeetan. Minbiziari aurre egiteko ez ezik, mikrobio-zelulak, bakterioak, onddoak eta birusak hitzeko ere erabil daiteke. Bada, UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileek horrelako terapietan erabiltzeko moduko nanopartikulak sortu dituzte, eta beste ikerketa-talde batzuekin elkarlanean ari dira nanopartikula horien ekintza in vitro behatu nahian, “minbizi-zeluletara nola iristen diren, nola hiltzen dituzten, zer eraginkortasunez, irudiak ondo ikusten diren eta abar”, azaldu du Nerea Epelde kimikariak eta ikertzaile-taldeko kideak.

Epeldek eta bere kideek sintetizatu dituzten nanopartikulek zenbait osagai garrantzitsuak dituzte. Batetik, euskarri gisa aritzen diren nanopartikulak berak daude, silizezko nanopartikula porotsu esferikoak, ez-organikoak, “biomedikuntzako beste aplikazio batzuetan egokiak direla frogatuta dagoelako”, dio. Bestetik, nanopartikularen barruan molekula fluoreszente batzuk kapsulatu dituzte, “nanopartikulen kokapenari jarraitu ahal izateko, eta tumore-zeluletara iristen direla ziurtatzeko”, zehaztu du Epeldek.

Nanopartikuletan gehitu beharreko beste osagai organiko bat fotosentsibilizatzaileak izan ziren; “nanopartikularen kanpoaldean ainguratu genituen horiek, haiek direlako terapia fotodinamikoan zelula kaltegarriak akabatzeko funtzioa dutenak. Fotosentsibilizatzailea argi-iturri batez kitzikatzen denean, aktibatu egiten da, energia-transferentziaren bidez oxigeno-espezie erreaktibo zitotoxikoa sortzen du, bereziki oxigeno singletea, eta horrek hiltzen ditu tumore-zelulak, apoptosia edo nekrosia eraginez”, kontatu du.

Erabilera ugariko material hibridoak

Nanopartikula-formatuan ez ezik, monolito-itxurako silizezko egituretan ere kapsulatu dituzte molekula fotoaktiboak, “egoera solidoan dauden material fluoreszenteak lortzeko. Funtzio eta erabilera ugari izan ditzakete horrelako materialek. Guk batez ere Rodamina molekularekin egin dugu lan, eta ikusi dugu gure monolitoetan beste ikerketa batzuetan lortzen dituzten egoera solidoko materialek baino etekin fluoreszente hobeak lortu ditugula. Egia esan, dena den, ikerketa hau lehenengo hurbilketa bat baino ez da izan, ikerketa sakonagoa behar da materiala egonkorragoa izateko eta materialaren hauskortasuna ekiditeko, horretarako beste konposatu batzuk, beste sintesi-metodo batzuk eta abar probatu beharko lirateke”.

Silizea alde batera utzita, beste mota bateko material hibridoak ere sortu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Osagai ez-organiko gisa xaflaz eratutako buztin bat erabiltzea, saponita eta laponita, eta xaflen artean aztergai zuten material organikoa sartzea izan zen jarraibidea, ioi-truke bitartez. “Horrela, ordenatuta gelditzen da konposatu organikoa, eta hori oso baliagarria da argi polarizatuarekin lan egiteko, adibidez. Egoera solidoko laser sintonizatzaile moduan edota bigarren harmoniko sortzaile moduan erabil liteke, besteak beste”, argitu du Epeldek.

Azken batean, material hibridoak era askotakoak izan daitezke, eta erabilera ugarikoak. “Ikerketa asko egiten ari dira mundu osoan gai honetan, interes handiko arloa delako eta badagoelako zer hobetua. Egindako ikerketek zenbait ate ireki dizkigute, eta fintzen eta hobetzen jarraituko dugu”, dio.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Material nanoegituratu egokiaz eta argiaren laguntzaz, minbiziari aurre egiteko materialak sortu dituzte.

The post Minbiziari aurre egiteko nanopartikula fluoreszenteak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #137

dim, 2017/01/15 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Birgus Latro artropodo lehortarra aurkeztu digu Juan Ignaciok. 40 cm-ko gorputz-luzera du, eta 4 kg-ko masa. Ez da munduko karramarrorik handiena, halere. Tropiko aldeko uharteetan bizi daIndiako Ozeanoan eta Ozeano Barean. Kokoez, pikuez eta bestelako materia organikoaz elikatzen da. Kokoak jateko ahalmenari dagokio bere izena; izan ere, kokoak apurtzeko eta zabaltzeko ahalmen harrigarria du. Berriki plazaratu den ikerketa batek frogatu du indar gehien egiten duen krustazeoa dela.

Geologia

Esnatzen hasi da dagoeneko Italiako Campi Flegrei sumendia. Hala ohartarazi dute adituek, bederen. Milaka urtez lo seko egon da eta orain asaldatzen hasia da. Ikerketa baten arabera, magmaren gainean dagoen sistema hidrotermala berotzen ari da, eta askatzen ari diren gasek presio handiko egoerara eraman dute magma. Funtsean, sumenditik gero eta gas gehiago askatzen ari da, eta hori magma puntu «kritikora» ailegatzen ari den seinalea omen da. Giovanni Chiodini bulkanologoak azalpenak ematen ditu Berria egunkarian: “Lurzoruaren deformazioa azkartzen ari da. Jarduera sismikoa dago, eta sumendiaren epizentrotik gertu dauden Solfatara-ko fumarolen osaketan ere aldaketak izaten ari dira”.

Emakumeak zientzian

Beatriz Royo Castillejok ez du zailtasunik izan ikerketa-lana eta amatasuna bateratzeko, bere laborategiko buruaren jarrerari esker. Orain tesia idazten ari da baina pauso horretara iritsi arte beste zenbait gauza egin ditu bidean. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta gero Lleidara joan zen Goi Mailako Ingeniaritza egitera. Han egin zuen baita amaierako ikerketa-proiektua eta orduan sortu zitzaion ikertzeko gogoa. Berrikuntza bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ematen zituen bi urteko beka bat eskatu eta lortu egin zuen. Onddoak baliatuta, baso-mozketan lortutako ligninatik bioetanola nola sortu ikertzen aritu zen. Urtebete zeramala, master bat egiteko aukera sortu zitzaion, eta Ingurugiroaren Agrobiologia egin zuen. Orain tesia idazten ari da eta otsailean aurkeztea espero du.

Astronomia

Asteroide lur-koorbitalak izan ditu mintzagai autoreak artikulu honetan. Lurraren orbitaren antzeko orbitetan ere aurkitzen dira hauek. Beren orbitaren ardatz nagusiak 2 unitate astronomiko ditu gutxi gorabehera, eta ondorioz, translazio-periodoa ia-ia urte bat da. Asteroideen mugimenduen eta historian zehar topatutakoen berri izango duzu artikulu honetan. Adibidez, 1986. urtean aurkitu zen lehenengo koorbital lurtarra den asteroidea, 3753 Cruithne  zuten eta 5 kilometrokoa da. Asteroide honek oso orbita eszentrikoa dauka, eta beraz, Merkurioren orbitara hurbiltzen da mutur batean eta Marte baino gehiago urruntzen da Eguzkitik, bestean.

Medikuntza

Ahoko infekzioak dira hortz-inplanteek huts egitearen eragile nagusia. Arazoari aurre egiteko estrategiak eta medioak aztertzen eta diseinatzen ari dira ikertzaileak. UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko Biomaterialen taldeko Beatriz Palla ikertzailearen taldea horretan ari da. Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte. Testuan azaltzen denaren arabera, sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten, hau da, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da eta horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, ezarriko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. “Silizioa erabiltzen dugu hasarazle gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen”, argitzen du ikertzaileak.

Albiste itxaropentsua dakargu aste honetan. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du rVSV-ZEBOV izeneko txertoak eraginkortasun handia erakutsi duela Ebolaren aurrean. Ginean egindako saioek balio izan dute frogatzeko, eta 2017ko amaierarako txertoaren lizentzia izatea espero da. Estomatitis besikularraren birusean (VSV) oinarritutako txerto errekonbinantea da. Erreplikatzeko konpetentea da birusa, baina ez du gaixotasunik garatzen, eta haren azalean Ebola birusaren glikoproteinak jarri dizkiote, birusarekiko babesa eragin dezan.

Elektronika

Municheko Unibertsitate Teknikoko (TUM) ikertzaile-talde batek lortu du grafeno-xaflari porfirinak, klorofilaren eta hemoglobinaren parte diren eraztun proteikoak, batzea. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri. Egitura hibrido berri horiek oso erabilgarriak izan litezke elektronika molekularraren arloan, non zirkuitu elektronikoak molekula-unitatez osatuta dauden, baita erreakzio kimiko asko azeleratzen dituzten prozesu katalitiko ugaritan eta gasen sentsore berrien garapenean ere.

Biologia eta eboluzioa

Homonimoetan, burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta daudela pentsatzen da maiz; hau da, garuna handitu ahala, harrizko tresnak egiteko ahalmena eskuratu zutela gure aurrekoek, eta tresna horiek edukita hortzak hainbeste erabili behar ez zituztenez, horiek txikitu egin zirela. George Washington Unibertsitatean egin duten ikerketa batek, baina hankaz gora jarri du uste hori. Amaia Portugalek azaltzen digu afera: garunaren eta hortzen bilakaerak ez datoz bat. Ez ziren gertatu ez aldi berean, ez eta erritmo berean ere. Aida Gomez-Robles artikuluaren egile nagusiak dioenez, “ez dirudi kausazko harreman soila dagoenik garunaren tamainaren bilakaeraren, tresnen erabileraren eta hortzen tamainaren artean. Batez ere, homininoen bilakaeraren konplexutasuna aintzat hartuta, eta aldaketa horiek denbora tarte oso zabaletan gertatu zirela kontuan hartzen badugu”.

Ingeniaritza

Hormigoiaz eta eraikuntzaz dihardu Aimar Orbek honetan. Materialari buruz azalpen batzuk eman dizkigu honetan. Laborategiko mailan egindako saiakuntzek frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #137 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #143

sam, 2017/01/14 - 09:00

Erabil daiteke Twitter zientzia-gaiei buruzko eskolak emateko modu eraginkorrean?  Ignacio López Goñik eta beste hainbestek posible dela erakutsi zuten mikrobiologia irakatsiz. Ignacio López Goñi berak azaltzen digu: The #microMOOCSEM initiative: Twitter as a tool for teaching and communicating science.

Ilehori eta ilehoriak daude. Batzuk azal zuria dute eta besteek oso beltzarana. Biak ala biak ilehoriak jaiotakoak dira baina bestelako bide genetikoetatik. José Ramón Alonsok argitzen digu kontua: Blonds and Blondes.

Oso material interesgarria izan arren, karbono atomoen kate lineal infinitua lortzea ez da bat ere gauza erraza. DIPCko ikertzaileek elkarlanean dihardute kate hauek lortzeko. Hona azalpena: A route to bulk carbyne.

Agian gose zara eta ez dago harategirik hurbil…. Ez arduratu, ez dakigu ezer konponduko dizun, baina laborategian haragia zelan hazi daitekeen kontatzen digu Sergio Laínezek: Growing hamburgers on a petri dish.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #143 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Beatriz Royo: “Ama izatea eta ikertzea bateragarriak izan daitezke”

ven, 2017/01/13 - 09:30
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Beatriz Royo Castillejok lehenengo hitzetik aitortzen du zortea izan duela. Izan ere, duela gutxi ama izan da, baina ez du zailtasunik izan ikerketa-lana eta amatasuna bateratzeko, bere laborategiko buruaren jarrerari esker. “Borondatea egonez gero, gauzak ondo egin daitezkeela erakusten du nire kasuak”, dio Royok.

Orain tesia idazten ari da; bost orduko lan-jarduna du, eta nahi duen bezala bete ditzake. Ordutegia alde batera utzita, kontratazio-gaietan ere ondo zainduta daudela iruditzen zaio, eta lantaldean oso giro ona dutela adierazi du: “Alde horretatik, zorionekoa naiz, zalantzarik gabe”.

Irudia: Beatriz Royo ingeniaria eta ikertzailea jardunaldi batean aurkeztutako posterraren aurrean.

Horra iristeko izan duen ibilbidea kontatzean, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuenetik abiatzen da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin zituen ikasketa horiek, eta gero Lleidara joan zen Goi Mailako Ingeniaritza egitera. Han egin zuen baita amaierako ikerketa-proiektua eta orduan sortu zitzaion ikertzeko gogoa. Izan ere, horren aurretik, industrian lan egiten ikusten zuen bere burua. Bestalde, bestelako lan batzuk ere egin zituen, aholkularitza batean, esaterako, eta lan-mota hori ez zuela gogoko konturatu zen.

Hala, berrikuntza bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ematen zituen bi urteko beka bat eskatu zuen, eta baita lortu ere. Onddoak baliatuta, baso-mozketan lortutako ligninatik bioetanola nola sortu ikertzen aritu zen. Urtebete zeramala, master bat egiteko aukera sortu zitzaion, eta Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen.

Tesia, amatasuna eta lana

Masterra NUP eta EHUren artekoa da, eta masterra ikasi bitartean, Iruñean eta Bilbon, ikertzen jarraitu zuen. “Garai gogorra izan zen”, onartu du, baina merezi izan zuela uste du. Hain zuzen, masterraren amaierako proiektuan Danimarkara joateko aukera eskaini zioten, eta hara joan zen, lau hilabetez. Irribarretsu kontatzen ditu hango bizipenak, asko ikasteaz gain, oso giro onean egon baitzen. “Eta hori gutxi ez, eta artikulu bat argitaratzea lortu nuen!”, gehitu du.

Handik itzultzean, tesia egiteko lau urteko beka eman zioten Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean, eta han dabil oraindik. Bi egonaldi egin ditu, bat Oxforden, lau hilabetekoa, eta bestea Kordoban, hiru hilabetekoa, eta lau urteko beka amaitzeko hiru hilabete geratzen zitzaizkionean, haurdun geratu zen. Orduan eten bat egin zuen, haurra izan eta, sei hilabeteko kontratu baten bidez, berriro itzuli den arte.

Orain, beraz, kontratatuta dago, eta tesia idazten ari da, eta otsailean aurkeztea espero du. Gutxi gorabehera orduan amaituko zaio kontratua, baina dagoeneko badaki beste sei hilabeteko kontratu batekin lotzeko aukera izango duela. Edonola ere, ez du baztertzen industrian probatzea, lanean egonkortasun handiagoa izateko, baina berriro dio: “ezin dut ukatu, zorionekoa naiz”.

Fitxa biografikoa:

Beatriz Royo Castillejo Iruñean jaioa da, 1983an. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa NUPen ikasi ondoren (2009), eta Goi Mailako Ingeniaritza egin zuen Lleidan (2009an). 2011n, berriz, Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen (NUP eta EHU). Orain tesia egiten ari da Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean (NUP), eta, tartean, hainbat lan egin ditu: egonaldiak atzerrian ikerketa-bekekin, irakasle-lana, enpresan…

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Beatriz Royo: “Ama izatea eta ikertzea bateragarriak izan daitezke” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteroide lur-koorbitalak

jeu, 2017/01/12 - 09:00
Esteban Esteban Asteroide gehienak Marte eta Jupiterren orbiten artean higitzen dira, Gerriko Nagusian. Baina badaude gure Eguzki Sisteman edozein lekutan mugitzen direnak ere. 1906. urtean aurkitu zuten lehenengo asteroidea hortik kanpo. Non eta Jupiterren orbita berean. Akiles eman zioten izena eta gaur egun ehunka asteroide ezagutzen dira, “asteroide troiarrak” izenekoak, eta planeta erraldoiaren aurretik edo atzetik 60°-ra higitzen direnak.

Lurraren orbitaren antzeko orbitetan ere aurkitu dira asteroide batzuk, eta lur-koorbitalak deitzen zaie. Beren orbitaren ardatz nagusiak 2 unitate astronomiko ditu gutxi gorabehera, eta ondorioz, translazio-periodoa ia ia urte bat da. Esan daiteke ia Lurrarekin batera mugitzen direla, normalean bere orbita-planoa eta eszentrikotasuna ezberdinak izan arren.

Goitik ikusita badirudi Lurraren orbitarekin gurutzatzen direla, baina planoak ezberdinak direnez ez da hori normalean gertatzen, nodoak urrun egon daitezke eta. Badaude nodo bat edo biak Lurraren bidetik hurbil dituenak ere, baina asteroide koorbital hauek ez dira arriskutsuak.

1-irudia

1. irudia: Lurra eta asteroidearen orbitak hainbat ikuspuntutik.

Adibide honetan nodo bat urrun dago Lurraren orbitatik eta bestea hurbil. Pentsa liteke talka egiteko arriskua dagoela nodo hurbilean, baina ez da hala gertatuko astiro hurbiltzen direlako urtetik urtera; horrela, gure planetak grabitate-indarraren bidez aldatzen du asteroidearen abiadura eta ezin dira gehiegi hurbildu. Izan ere, oso prozesu bitxiak eta paradoxikoak gertatzen dira.

1986. urtean aurkitu zen lehenengo koorbiltal lurtarra den asteroidea, 3753 Cruithne izendatu zuten eta 5 kilometrokoa da. Asteroide honek oso orbita eszentrikoa dauka, eta beraz, Merkurioren orbitara hurbiltzen da mutur batean eta Marte baino gehiago urruntzen da Eguzkitik, bestean.

Gure planetatik ikusitako kokapen erlatiboa kontuan hartuta, ibilbide berezia dauka, ematen baitzuen bueltaka zebilela Lurraren inguruan garai hartan. Horregatik, sasisatelitea deitu zioten. Ez da Lurraren bigarren ilargia, berri batzuetan agertu zen moduan, benetan Eguzkiaren inguruan mugitzen delako, eta bere ibilbidearen arrazoi nagusia Eguzkiaren grabitatea delako. Bere ustezko Lurraren inguruko orbita erlatiboa ez da eliptikoa, indaba edo giltzurrun itxurakoa baizik.

2-irudia

2. irudia: (A) Benetako orbitak. (B) Cruithne asteroidearen orbita erlatiboa Lurretik ikusita, Eguzkiko erreferentzia leku finko batean jarrita. 1- kanpoan (gezi horia), 2-atzean (zuria), 3 barruan (gorria) , 4 aurrean (berdea).

Egoera bitxia zen. Benetan bere translazio-periodoa ez da zehazki urte bat eta horregatik bere orbita erlatiboa ez da ixten, eta Lurrarekiko mugitzen da malguki baten antzera. (Ikusi 3. irudian A grafikoa.)

Hori gutxi balitz, 1997. urtean Paul Wiegert astronomo kanadarra konturatu zen Lurraren grabitateak bere ibilbidea aldatzen ziola noizean behin: 1902. urtea baino lehen bere periodoa 366 egunekoa izan zen, hau da, Lurra baino pixka bat astiroago higitzen zen, baina aldaketaren ondorioz Eguzkitik hurbilago mugitzen da orain 364 eguneko periodoan; gure planeta baino azkarragoa da beraz, eta gaur egun orbita erlatibotik kanpo dago Lurra, eta Cruithne ez da sasisatelitea. (Ikusi 3. irudian B grafikoa.)

XXIII. mendearen amaieran, aurkako aldaketa gertatuko da eta orbita erlatibo bitxi horrek atzera eta aurrera egingo ondorioz txikituta edo handituta. Ferra baten ertzaren antzerako ibilbidea egingo, 770 urteko ziklo batean.

3-irudia

3. irudia: Cruithneren orbita erlatiboaren garapena. Eskema baino ez da. Benetan bueltak askoz hurbilago daude elkarrengandik eta askoz ere gehiago dira urtero.

XXI. mendearen hasieran Lurraren periodoaren antzeko periodoa duten beste asteroide batzuk aurkitu ziren:

  • 2002 AA29, gure planetaren orbitaren antzekoagoa dauka; izan ere, eszentrikotasun txikia dauka, eta horretxegatik esan zen lehenengo benetako koorbitala zela. Bere bi nodoak hurbil daude Lurrarenaren orbitatik eta orain ez da sasisatelitea baina bai halakoa izan zen VI. mendean baino lehen, eta berriro izango da 550 urte barru.
  • 2003 YN107, orbita antzekoa dauka: sasisatelitea zen une hartan, eta 2006. urtera arte horrela jarraitu zuen.
  • 2004 GU9 asteroidea, mila urte daramatza, gutxienez, sasisatelite moduan Lurrarekin batera higitzen, eta horrela jarraituko du beste mila urte. Lurraren grabitateak saihesten du gehiegi hurbiltzea, baita urruntzea ere, baina hori ez betiko moduan, aldizkako eraginen bidez baizik. Edonola, Eguzkiaren grabitatearen ondorioz higitzen da benetan. Hemendik ikusita, malguki baten antzerako ibilbidea dauka eta Lurraren inguruan mantentzen da, aurrera eta atzera eginez.
4-irudia

4. irudia: 2004 GU9 asteroidearen orbitak perspektibaz: A) Benetako orbitak B) Asteroidearen orbita erlatiboa. D) Hasieran Lurra baino motelago mugiten da eta hemendik ikusita atzera doa. E) Atzera, aurrera, atzera,… ez da inoiz asko urruntzen.

Aipatutako eragin grabitatorioak paradoxikoak dira. Asteroidea Lurrari atzetik hurbiltzen zaionean, Lurrak erakartzen du, gehiago azkartzen du eta horren ondorioz, kanpoko beste orbita batera ateratzen da asteroidea. Orbita hori motelagoa denez, azkenean asteroidea Lurra baino astiroago mugituko da eta urrundu egingo da.

5-irudia

5. irudia: Asteroide-orbitaren aldaketa.

Gero eta asteroide lur-koorbital gehiago agertu dira azken urte hauetan. Horien artean hona hemen batzuk:

  • 2010 TK7 Lurraren lehenengo asteroide troiarra.
  • 2016 HO3 asteroidea orain dela gutxi aurkeztu zuten, sasitelite baten adibide onena eta egonkorrena balitz bezala. Berriro “bigarren ilargia dela” esan da leku askotan. Baina orain 2004 GU9 bezala higitzen da berdin berdin, baina askoz urte gutxiago daramatza sasisatelite moduan eta oso txikia da. Beste askotan bezala, berriak hanpatu egiten du aurkikuntzaren garrantzia.

Asteroide bat lur-koorbitala den ala ez erabakitzeko, ez dago definizio zehatza: orbitaren tamaina, Lurraren tamainaren antzekoa izan behar da, bai, baina muga ez dago zehaztuta. Zorrotz jokatzen ez badugu, gaur egun ezagutzen ditugun 25 asteroide inguru sartu beharko lirateke talde honetan. Kasu batzuetan orbitaren ezaugarriak oso bitxiak dira eta parametroak azkar aldatzen dira Lurraren grabitatearen eraginez baina badaude ere beste batzuk orbitak egonkorrak dituenak.

Irizpide geometrikoak erabiltzen badira, esango genuke 5 edo 6 Lurraren inguruan mugitzen direla, sasisatelite moduan.

Ez dira benetako sateliteak, Keplerren legeak betetzen ez dituztelako erdiko astroa Lurra bada. Arauak ondo betetzen dituzte ordea Eguzkiaren inguruko ibilbidea hartzen bada kontuan. Ez dira ere harrapatutako asteroideak.

Azken urteetan aurkitutako astro deigarri hauek kontuan hartuta, argi dago Lurrak ez duela garbitu bere orbita. Batzuen ibilbideak Lurraren grabitatearen menpe daudela esan daiteke, baina beste kasu batzuetan ez dago hain argi eta hori dela eta, 2006. urtean ezarritako “planeta” definizioa agian aldatu egin beharko litzateke.

—————————————————–
Egileaz: Esteban Esteban Peñalba Durangoko Astronomia Ikasgelaren zuzendaria da eta Asociación para la Enseñanza de la Astronomíako (ApEA) presidenteordea.
—————————————————–

The post Asteroide lur-koorbitalak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Garunak eta hortzek, nork bere bidea

mer, 2017/01/11 - 09:15
Amaia Portugal Homininoetan, burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta egon direla pentsatzen da maiz, lehena handitu ahala txikitu zirela bigarrenak. Ikerketa batek hankaz gora jarri du uste hori: batak eta besteak homo espezieetan izan duten garapenak ez datoz bat, ez eta garapen hori baldintzatu duten faktoreak ere.

Jakina da gizakiaren arbasoek guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituztela. Burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta daudela pentsatzen da maiz; hau da, garuna handitu ahala, harrizko tresnak egiteko ahalmena eskuratu zutela gure aurrekoek, eta tresna horiek edukita hortzak hainbeste erabili behar ez zituztenez, horiek txikitu egin zirela.

George Washington Unibertsitatean egin berri duten ikerketa batek, baina, hankaz gora jarri du uste hori: haien emaitzek iradokitzen dutenez, garunaren eta hortzen bilakaerak ez datoz bat. Ez ziren gertatu ez aldi berean, ez eta erritmo berean ere. Hala azaldu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Homininoak dira Homo generoko kideak eta horien arbaso gertukoenak; Australopithecus, Paranthropus eta Ardipithecus, alegia. Bada, berriki plazaratutako beste ikerketa batzuetan ere egiaztatu dutenez, homininoen garuna garatzen hasi eta gero ere hortz handiak izaten jarraitu zuten, eta gainera, oraindik burmuin nahiko txikia zeukaten, harrizko tresnak erabiltzeari ekin ziotenean. Aipaturiko lotura kolokan jartzen duten datuak dira, eta ikerketa berri hau ere ildo beretik doa.

 No machine-readable source provided / CC BY-SA 3.0)
1. irudia: Australopithecus homininoak guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituen.

Artikulu honetan diotenez, aztertu duten hominino espezie bakoitzean, garunak garapen desberdina izan zuen tamaina eta erritmoari dagokionez, batez ere Homo generoaren barruan. Hortzen tamainaren bilakaera, aldiz, oso egonkorra izan da, pixkanaka txikitu baitira.

Hala azaldu du Aida Gomez-Robles artikuluaren egile nagusiak: “Gure aurkikuntzek adierazten dutenez, ez dirudi kausazko harreman soila dagoenik garunaren tamainaren bilakaeraren, tresnen erabileraren eta hortzen tamainaren artean. Batez ere, homininoen bilakaeraren konplexutasuna aintzat hartuta, eta aldaketa horiek denbora tarte oso zabaletan gertatu zirela kontuan hartzen badugu”.

Zortzi hominino espezie izan dituzte aztergai lan honetan. Hain zuzen, komunitate zientifikoarentzat polemikoak ez direnak aukeratu dituzte: ikertzaile gehienak bat datoz haien bilakaeraren xehetasunetan, eta ez dute beste zenbaitek bezainbesteko eztabaidarik eragiten. Hala, zortzi espezieon eboluzio tasari behatu diote, eta haien arteko desberdintasunei erreparatu. Bai eta kasu bakoitzean garuna eta hortzak zer unetan aldatu ziren aztertu ere. Argi ikusi dute garuna azkarrago aldatu zela hortzak baino, batez ere aurreneko Homo espezieetan. Bien garapena ez dator bat, eta bion atzean dauden faktoreak ere ez.

 George Washington University
2. irudia: Gaur egungo giza garuna, hortzak barne, hiru dimentsiodun irudian. (Argazkia: George Washington University)

Lan honetan ez dute aztertu faktoreok zeintzuk izan daitezkeen. Hala ere, zenbait hipotesik iradokitzen dutenez, garunaren hazkundeak zerikusia izan dezake homininoen gizarte egituran eta portaeran (familia, gurasotasuna) eragin handia izan zuten zenbait aldaketatan. Hortzen tamainari dagokionez, aldiz, homininoen elikadura ohituretan izandako aldaketekin ikusi dute lotura askok. Baina bilakaera hain izan da egonkorra eta jarraitua kasu honetan, ezen ez baita ageri jakiekin zerikusia duen gorabehera nabarmenik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aida Gomez-Robles, Jeroen B. Smaers, Ralph L. Holloway, P. David Polly, Bernard Wood. “Brain enlargement and dental reduction were not linked in hominin evolution”. PNAS, January 3, 2017. DOI: 10.1073/pnas.1608798114

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Garunak eta hortzek, nork bere bidea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak

mar, 2017/01/10 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Birgus latro da munduan masa handiena duen artropodo lehortarra. 40 cm-ko gorputz-luzera, eta 4 kg-ko masa du eta bere gorputz-adarrak luzatuta dituenean, 1 m-ko hanka-zabalerara hel daiteke. Ez da munduko karramarrorik handiena eta, seguru aski, ezin liteke tamaina handiagokoa izan, zeren ezin izango bailioke, ez masa handiagoari eutsi, ez eta lur gainean ibili ere. Hala ere, ez da krustazeo makala. Handiena karramarro japoniarra dugu, Macrocheira kaempfrei, baina hori itsastarra da eta, ezaguna denez, ur azpian ez dute eraginik lehorrean eragiten duten baldintza murriztaileak.
1. irudia: Kokondoetako karramarro erraldoia. (Argazkia: Wikimedia Commons / John Tann, Creative Commons Attribution 2.0 Generic lizentziapean)

Tropiko aldeko uharteetan bizi da Birgus, Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean, eta kokondoetako karramarroa da krustazeo honen izen arrunta. Kokoez, pikuez eta bestelako materia organikoaz elikatzen da. Eta kokoak jateko ahalmenari dagokio bere izena; izan ere, kokoak apurtzeko eta zabaltzeko ahalmen harrigarria du. Bere hagin edo matxardez apurtu eta barruan dagoena jaten du.

Karramarro honetaz ari naiz hemen, duela gutxi plazaratu direlako bere haginez egin dezakeen indarrari buruzko ikerketa baten emaitzak. Okinawa uharteko 29 kokondoetako karramarrook gara dezaketen indarra neurtu du Okinawa Churasima Foundationen lan egiten duen Shin-Ichiro Oka ikertzaileak zuzentzen duen taldeak. Azterketa horren emaitzen arabera, indar handia egiten dute, izugarri handia; izan ere, indar gehien egiten duen krustazeoa dela aurkitu dute.

kokondoetako-karramarroa
2. irudia: Kokondoetako karramarroen matxarden morfologia eta hauen indarra neurtzen. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)

Lehen eta behin, espero bezala, ikertzaileek ikusi zuten animalien masaren proportzionala dela matxardek egin dezaketen indarra. Bestalde, neurturiko baliorik handiena 1800 newton-ekoa izan zen; indar hori garatu zuena 3 kg-ko karramarroa zenez, 4 kg-ko ale batek 3000 newton-eko indarra sor dezakeela ondorioztatu zuten. Zenbaki horien esanguraren ideia bat egiteko, kontuan hartu behar da otarrain batek 250 newton-eko indarra baino ezin dezakeela egin bere haginez, hau da, Birgus-ena baino askoz ere apalagoa. Kokondoetako karramarroak hain matxarda indartsuak edukitzeagatik janari mota asko balia ditzake eta, gainera, balio handikoak dira harraparien mehatxuei aurre egiteko eta lehiakideak uxatzeko.


3. irudia: Lurrazaleko harrapakari askoren haginkadak baino indar gehiago du kokondoetako karramarroaren matxardak. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)

Ikusi dugunez, beste krustazeoek egiten duten indarrarekin alderatuta, izugarri handia da Birgus latro-k egiten duena. Baina krustazeo ez diren beste animaliekin erkatzea ere oso adierazgarria da. Gure eskuek, esaterako 300 Newton-eko indarra egiteko ahalmena dute gutxi gorabehera, eta 1600 Newton-ekoa krokodilo baten barailezurrak sor dezakeena. Begira zein handia den kokondoetako karramarroarena, animalia-erreinuan indar handien gara dezakeen animalia krokodiloa dela kontuan hartzen badugu!

Erreferentzia bibliografikoa:

Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita, Kei Miyamoto (2016): A Mighty Claw: Pinching Force of the Coconut Crab, the Largest Terrestrial Crustacean. Plos One, November 23, 2016. DOI: 10.1371/journal.pone.0166108

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala

lun, 2017/01/09 - 15:00
Aimar Orbe Eraikuntzaren alorrean, aurreiritzi ugari azaleratzen dira sarri gizarte, ekonomia eta ingurumenean duen eraginaren ondorioz. Hala ere ezin uka liteke, gizarteak jardun ezberdinak aurrera eramateko beharrezko dituen espazio kontrolatu eta babestuak, ezinezkoak liratekeela hura barik. Hormigoia bezalako eraikuntza materialen inguruko ikerketari dagokionez, hainbat dira iraunkortasun eta kostu eraginkortasunari loturiko ildoak. Alabaina, hari atxikitako ikuspegi mediatiko negatiboa gailendu egiten zaie.  Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuztzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.
Irudia: Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuntzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.

K.A. VIII milurtekoaz geroztik, hainbat dira eraikuntza materialak indartzeko zuntzak erabiltzeko joera. Anatoliako Çatal Höyük hiri zaharrean buztina lasto eta belar onduarekin nahasten zen gisara, A. Bernardek altzairu ezpalak erabili zituen, 1874an erregistratutako patentearen arabera, alde batetik hormigoia indartu eta beste aldetik hondakin industrialak berrerabiltzeko asmoz. Nabarmentzekoa da, hormigoi armatuaren aitzindaritzat hartzen diren Jean-Louis Lambot (1856) eta Joseph Monieren (1867) patenteen garaikidea izan zela. Azken hauek ez bezala, altzairu zuntzez indarturiko hormigoiak, matrize hauskorra indartzeko ausaz kokatzen diren milaka zuntz labur baliatzen ditu, gaur egun ohikoagoak diren barren ordez. 1962an James Romualdik gidaturiko saiakuntzek beharrezko bultzada eman eta puri-purian jarri dituzte altzairu zuntzez indarturiko hormigoiaren ikerketak.

Laborategiko mailan egindako saiakuntzek aski ondo frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik buru-belarri dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Argi dago, teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.

Hormigoia era berritzailean indartzeko erabiltzen diren beste material naturalen kasuan, egur-zelulosa edo koko-zuntza kasu, ordenagailu bidezko tomografia axialak erabil litezke, elementu edo laginaren barreneko zuntz, poro edo edozelako beste gorputzak zehaztasun oso agertzen dituztelarik. Hala ere, teknika honen kostua altua da eta ezinezkoa suertatu ohi da tamaina handiko egitura elementuetan erabiltzea. Gaurkotasun handikoak diren jasangarritasun alderdiak sustatu egiten dira saiakuntza ez-suntsikor hauen erabileraz. Teknika berri hauek gauzatzea arin eta sinplea denez, interesgarria litzateke neurketa ekipoak garatu, gailu mugikor bati atxiki eta etengabeko neurketen erregistroa biltzea egituraren indartze-mapa osatuz.

Hurbilean badira hainbat adibide material hau erabiltzen dutenak, esate baterako, Bilbao Exhibition Centreko pabiloien lauzak, Bermeoko portua, Metro Bilbaoren tunel tarte baten sostengua eta LKS Ingeniaritza enpresaren egoitza nagusia. Azken hau da guztietan adierazgarriena. 660 metro karratuko forjatuak 300 mm-ko lodiera duten lauzez eraiki dira eta, zuzenean eta inolako haberik gabe, 8 x 7,8 metrora irits daitekeen zutabe sarearen gainean bermatzen direlarik. Era honetan, nabarmenki murriztu dira muntaia eta eraikitze lan eta kostuak.

Etorkizunera begira, zuntz horien kokapen eta orientazioa detektatzeaz gain, datu horiek aurreikusteko egoeran izango gara, batik bat, ordenagailu bidezko jariakinen dinamikaz baliatuz. Horrez gain, pitzadurak berez sendatzeko gai diren hormigoiak garatze bidean dira, materialaren iraunkortasuna handituz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia: Eraikuntza lanak erraztuko dituen etorkizun oparoko materiala.
  • Laburpena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia, AZIH (ingelesez SFRC), arrunki ezagutzen dugun hormigoi armatuaren anaia txiki eta ezezaguntzat har genezake. Hala ere, bere ibilbidea anaia zaharrenaren eskutik egin du teknologia hauen garapenean zehar, eta orain etorkizun oparoa aurreikusten zaio. Aldi berean, azken bolada honetan garatzen dabiltzan hainbat azterketa teknika ez-suntsikorrek, kalitate kontrol erraz eta zehatza egitea ahalbidetzen dute. Hori baita AZIHak duen desabantailetako bat, hau da, behin hormigoia gogortuta, ez da hain erraza zuntzek hormigoi matrizearen baitan hartzen duten orientazioa ikusten. Hala ere, materialak merkatuan harrera ona izan dezan, ezinbestekoa da laborategiko maila gainditu eta eskala errealeko egitura-osagaien ikerketa bultzatzea.
  • Egileak: Aimar Orbe
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 137-144
  • DOI: 10.1387/ekaia.14494

—————————————————–
Egileaz: Aimar Orbe Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakaslea da eta Eraikuntza Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzailea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia_ale_berezia_2016

The post Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bakterioen kontrako hortz-inplanteak

lun, 2017/01/09 - 09:30
Egun, ahoko infekzioak dira hortz-inplanteek huts egitearen eragile nagusia. Adibidez, inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak edo infekzioak agertzen direlako. Arazo horiei aurre egiteko estrategiak eta medioak aztertzen eta diseinatzen ari dira ikertzaileak. Horien artean dugu UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko Biomaterialen taldeko Beatriz Palla ikertzailearen taldeak egindakoa. Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte, hauen ezarpena arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten. implantes-dentales-profilacticos-768x576
Irudia: Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte UPV/EHUn, inplantazioa arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten.

Inplanteen inguruan bakterioak itsastea eta kolonizazioa gertatzea saihesteko gai diren gainazalak bilatzea “interes handiko gaia da, inondik ere, eta horren erakusgarri da zenbat argitalpen zientifiko atera diren gai horri lotuta”, azaldu du Beatriz Palla ikertzaileak. Izan ere, “inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak medio edo infekzioak agertzen direlako”, gaineratu du.

Arazo horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzeko orduan, kontuan izan behar da erronka bat dela titaniozko inplanteen gainazalari bakterioen aurkako propietateak ematea, eta, aldi berean, bakterio-anduiek erresistentzia handiak gara ditzaketela ohiko antibiotiko-terapien aurrean. Horixe izan zen, ikertzaileek gainditu beharreko erronka. “Dagoeneko garatuta genituen inplantearen inguruan hezurra sortzea bultzatzen duten estaldura batzuk, inplanteak hezurrean ainguratzen laguntzeko. Urrats bat aurrera egin nahian, estaldura horiek bakterizida ere bihurtzen saiatu ginen“, dio ikertzaileak.

Sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten horretarako. Sol-gel sintesian, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da. Gel horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, ezarriko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. “Silizioa erabiltzen dugu hasarazle gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen“.

Egindako ikerketan, hiru motatako estaldurak garatu zituen Pallak, bakterioen aurkako zenbait agente erabilita. Bakterioen infekzioei aurre egiteko mekanismo jakin bat du horietako bakoitzak: batzuek eragin profilaktikoa dute, eta bakterioak hasieran itsastea saihesten dute, eta, baita ondoren infekzioa sortzea ere. Besteek, berriz, sortuta dagoen infekzioa ezabatzen dute.

Estaldura profilaktikoen kasuan, “degradazio-denbora oso luzeko materiala behar genuen, torlojuan denbora luzean itsatsita egon dadin, eta ahalik eta denbora gehiena eman dezan bakterioak itsastea galarazten”, adierazi du Pallak. Dagoeneko sortuta dagoen infekzioei aurre egitera bideratutako estalduretan, berriz, “azkar degradatzen diren materialak behar dira, ahalik eta azkarren askatzeko bakterioen aurkako agentea eta infekzioari eraso egiteko”. Azkeneko helburu horretarako sortutako estalduretako bat, gainera, “odontologia-kontsultan bertan, infekzioak hartutako torlojuan erabiltzeko diseinatu dugu, pazienteari inplantea kendu beharrik izan gabe. Patente-bidean dago material berri hori, baita industria-sekretupean ere”, nabarmendu du ikertzaileak.

Emaitzei erreparatuta, Pallaren ustez, “esan daiteke sortutako estaldurak gai direla bakterioen aurka egiteko, eta ez dutela galarazten inplantea masailezurrean behar bezala integratzea“. Hala ere, aitortzen du bide luzea dagoela oraindik odontologia-kontsultetan erabiltzeko moduko zerbait bihurtzeko, inoiz bihurtuko bada: “Egin beharko liratekeen entsegu guztiez gain, egokia litzateke gehixeago ikertzea, emaitzak optimizatzea lortzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Romero-Gavilán, F., Barros-Silva, S., García-Cañadas, J., Palla, B., Izquierdo, R., Gurruchaga, M., & Suay, J.. Control of the degradation of silica sol-gel hybrid coatings for metal implants prepared by the triple combination of alkoxysilanes. Journal of Non-Crystalline Solids, 453, 66-73.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hortz-inplanteak, bakterioen kontra egiteko eta hezurrean integratzea bultzatzeko gai.

The post Bakterioen kontrako hortz-inplanteak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #136

dim, 2017/01/08 - 09:00
Uxue Razkin

tree-838667_1280

Neurozientzia

Ikerketa berri baten arabera, garunaren eremu batek hazten jarraitzen du helduaroan ere. Orain arteko teoriak dio haur jaioberri baten garunak baduela jada helduaroan izango duen neurona-kopuru bera (90.000 milioi inguru neurona). Horren arabera, haurra hazten doan heinean, bere garuna ere hazten doa, baina ez neurona gehiago sortzen dituelako, baizik eta neuronen tamaina eta mielinazko estaldura handitzen doazelako. Elhuyarren azaltzen digute nerabezarora iristean aukeraketa bat gertatzen dela: gutxi erabiliak eta ahulak diren neuronen arteko sinapsiak galdu egiten dira, eta gehien erabiltzen direnak sendotu. Hori dela eta, nerabezaroa hartzen zen garuna hazteko muga gisa. Orain, ordea, ikusi dute eremu batean hazten jarraitzen duela, eta gainera, neurona gehiago sortzearen ondorio dela.

Ekologia eta biologia

Datu triste batekin hasi dugu albisteen errepasoa: 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena murriztu da. Amaia Portugalek kontatu digu gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena dela, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu direla elkarlanean. Sarah Durant ikertzaileak azaltzen du, animalia iheskorra dela eta hari behatzea zaila dela. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”. Afrikan daude gepardo ia guztia; Asian ale eskas geratzen dira. Orain, guztira, 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude.

Animaliekin jarraituz, bitxia da jarraian datorrena: Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek ez dute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Autoreek azaltzen digutenaren arabera, benetan bitxia da talde hori ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da. Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?

Zergatik egiten dugu lo? Loaren garrantziaz jabetzeko, zenbait ikerketa egin dira eta horiek bildu ditu artikuluaren autoreak. Lehenik, dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du Marie-Pierre St.-Ongek gidatzen duen ikerketan. Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute. Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Alabamako unibertsitateak jakitera eman du beste ikerketa baten bitartez 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute.

Osasuna

Bitamina eta gehigarriak hartzeko ohitura asko zabaldu azken urteotan. Eskura ditugu honakoak hainbat tokitan. Baina benetan onuragarriak al dira. Berrian Edu Lartzangurenek gaia jorratzen du. Antioxidatzaile, azido foliko edo resveratrol pilulak hartzea baliagarria da zerbaitetarako?  Zientziak erakutsi du belar denda, parafarmazia, gimnasio eta supermerkatuetan denen eskura dauden elikagai gehigarriak hartzeak ez duela, askotan, osasun onurarik ekartzen. Adituek argi dute auzia: egoera berezietan ez bada, gehigarriok ez dira beharrezkoak, ez dute onurarik ekartzen eta, arriskuak, ordea, badituzte.

Biokimika

Bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertzen dihardu UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko lanean ari dira. DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, esan du Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUkoBiofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du. Gantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik.

Argiak egin dio elkarrizketa Aitana Oltra zientzialariari. Herritar zientziari buruz mintzatu dira, batik bat. Haren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Oltra urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.

2016ko aurrerapen esanguratsuak

Juanma Gallegok aurten izandako aurrerapen esanguratsuenak bildu ditu bilduma interesgarri honetan. Lehenik, Advanced Ligo behatokiak grabitazio uhinen aurkikuntza egin zuen. Duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzek egindako talkaren seinalea izan zen atzemandakoa. Albert Einsteinen teorien baliagarritasuna frogatzeaz gain, unibertsoa aztertzeko ate berri bat ireki du grabitazio uhinen aurkikuntzak. Bigarrenik, CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren bidez eraldatutako geneak gizaki batean txertatu zituztela gogoratzen du. Guztira, hamar bat lagunengan egingo dute saioa. Orain arte ez dute jakinarazi sendabide gisa arrakastatsua izan ote den. Erresuma Batuak, bestalde, tresna giza enbrioietan erabiltzeko aukera ireki du. Hirugarrenik, astronautika pribatua dugu. Apirilean, SpaceX enpresak Nazioarteko Espazio Estaziora bidalitako suziri batek itsasoan zegoen oholtza batean lurreratzea lortu zuen. Zerrenda honetan ere, planeta gorriaren lurrazalera egin diren bidaiak aipatu ditu autoreak. ESA Europako Espazio Agentziaren Exo Mars 2016 misioa, adibidez. Ez galdu zientzian izan diren aurrerapenak 2016.urtean zehar.

Astrofisika

Ospea iragankorra da. Niri zenbakiek sariek baina gehiago inporta didate. Etorkizunean astronomoek nire datuak erabiltzen jarraitzen badute, hori izango da nire ohorerik handiena.” Vera Rubin (1928-2016)

Vera Rubin 2016ko abenduan zendu zen. Astrofisikaria aitzindaria izan zen. Berorrek neurtu zuen lehen aldiz izarren errotazioa galaxia barruan. Neurketa horren emaitzekin materia iluna bazegoela frogatu zuen. Aurkikuntza honez gain ibilbide oparoa egin zuen Vera Rubinek. Nobel saria jasotzeko beste ekarpen egin bazituen ere ez zuen eskuratu inoiz. Beste hainbeste bezala Gorka Zozaia kimikariak Gaur8 gehigarrian azaltzen digu, sukaldeko lana egin dutela Vera bezalako zientzialariak “iluna” argitzen.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #136 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #142

sam, 2017/01/07 - 09:00

 

mommy_brain_myth2

Objektu bat aurkitzen denean aztarnategi arkeologiko batean, ezaguna den kategoria baten sailkatzen da aurkitutakoa. Eta hau horrela egiten da sailkapenerako aukera bat bera ere egokia izan ez arren. Eta beste modu batera egingo balitz? César González-Pérezek erantzuten du galdera Category-less Archaeology artikuluan.

Hormonek emakumeen garunean eragina dute. Izan ere, ez dute eragiten soilik aldarte aldaketan, entzefaloaren tamainan ere eragiten dute, eta, horrez gain, neurona-zirkuitu batzuetan. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Brains on hormones.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #142 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages