Asteon zientzia begi-bistan #146
Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Horregatik normala da batzuetan haurdun daudenak arnasaldi sakonak egitea. Gainera, umekiak jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak. Ez da inolaz ere kontu erraza. Umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Irakur ezazue artikulua osorik, ez zarete damutuko.
Emakumeak zientzianSalernoko Trotula izan dugu protagonista aste honetan. 1190.urtean jaio zela diote adituek eta Erdi Aroko Salernoko Medikuntza Eskola laikoan ikasi eta ondoren, irakatsi zuen lehen medikua izan zen. Obstetrizian eta ginekologian aditu zen eta garaiko emakumeei laguntzen zien, eurek sufritzen zituzten minak arintzen eta gaixotasunak sendatzen. Adibidez, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzerakoan mina kentzeko, praktika hau legez kanpokoa bazen ere. Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen garai hartan.
BioteknologiaFilm bat DNA bihurtu dute. Bai, esaldi hori nahiko harrigarria da; Elhuyarrek azaltzen digu kontua. Lumière anaien L’arrivée d’un train à La Ciotat filma (1895) izan da Columbia Unibertsitateko bi zientzialarik hartu dutela ikerketa gauzatzeko. Hori gauzatzeko, kode bitarrean 0 eta 1en bidez adierazitako informazioa DNAren base nitrogenatuetara (A, C, G, T) itzultzen duen algoritmo bat sortu dute. garatutako metodoa erabat fidagarria da eta orain artekoek baino informazio gehiago gordetzeko aukera ematen du.
GeologiaLau mila eta berrehun milioi urtetik gorako lurrazalaren osagaiak aurkitu dituzte Kanadan. Ikerketaren emaitzek diote Lurraren lehen ehunka milioika urtetan sortutako lurrazalaren arrastoak liratekeela. Gehienbat 2.700 milioi urteko granitoz osatua dago eremu hori, baina, granito horren osaeragatik, ondorioztatu dute beste arroka zaharrago batzuetatik abiatuta sortu behar izan zutela arroka horiek. Prozesu horrek beharko zukeen denbora kontuan hartuta, eta laginetako samario- eta neodimio-isotopoak neurtuta, kalkulatu dute 4.200 milioi urtetik gorako lurrazala dagoela 2.700 milioikoarekin nahastuta. Elhuyarrek eman digu honen berri.
Geologian eta mineralogian gizakiaren inpaktua handia da. Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak eta horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratutakoak dira; batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu du. artikuluaren benetako helburua gizakiaren esku hartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.
Mantuko luma gorakorrekin jarraitzen du Arturo Apraizek artikulu honetan. Horiek eredua sortu bezain laster, zalantzan jarri zuten teoria. Ikertzaileak berehala ohartu ziren luma gorakorren ereduak aurreikusitako behaketak ez zirela puntu bero guztietan betetzen; ez dago era berean luma gorakor bakarra hasieran definitutako luma teoriko batek iradokitako baldintza guztiak betetzen dituenik. Hutsune horiek erabiliz, lumen ereduaren aurkakoek eredua alboratu eta XXI. mendearen hasieran plaken eredu alternatiboa (plate model) sortu zuten. Plaken ereduak dio prozesu magmatiko anomaloek ez dutela puntu beroen beharrik. Plaken ereduan, plaketan bertan sortzen diren indarrak dira plaka-tektonikaren eta konbekzio-korronteen indar eragileak, eta ez plaken azpitik luma gorakorren eraginez jasaten duten berotzea.
MedikuntzaEuskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Sant Joan de Deu Ospitalearekin eta Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, sendagai “bizi” bat garatzeko proiektua abiarazi dute. Odoleko azukre-mailari intsulina askatzen erantzungo dioten sintetikoki diseinaturiko zeluletan oinarritua egongo da. Horrela, gluzemia asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzkeen aplikazio bakar batez erregulatuko luke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz.
ArkeologiaArmintxeko leizeak identifikatu dituzten arazo nagusiak azaldu dituzte. Aurretik, baina, gogora dezagun zein izan zen aurkikuntza. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte eta gutxienez bi lehoi aurkitu zituzten. Europa mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan. Arazoei dagokienez, Armintxeko galeria nagusiaren ur-zirkulazioa larriki oztopatua dago; euri denboretan altuera normala gutxienez 20 m-tan gainditzen du. Kobak izan duen etengabeko eraso urbanistikoen eraginez, uraren maila gero eta gorago igo da eta ur lohituak daraman lokatza, poliki-poliki, artelanak hondatzen ari da.
PaleontologiaDuela 42.000 eta 50.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki horien hortzetako plakaren barruan “harrapatuta” gelditu da jan zutenaren arrasto genetikoa eta hori aztertu egin dute. Spyko (Valonia) eta El Sidrongo (Espainia) aztarnategietako lau neandertalen laginak, hain zuzen. Valoniako neandertalen kasuan, errinozero iletsuaren, basa ardiaren eta perretxikoen arrastoak agertu dira hortzetan. El Sidrongo gizakiek, berriz, landareetan oinarritutako elikadura omen zuten: pinaziak eta goroldioa agertu dira, eta perretxikoen aztarnak ere ikusi dituzte. Sidrongo norbanako batek osasun arazoak zituela ere ondorioztatu dute. Deigarriena, baina, hortzetan makalaren eta Penicillium lizunaren aztarnak ere ageri direla da. Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuan lan egiten duen Lalueza Foxek hausnartu du honen inguruan: “Neandertalen inguruko ideia sinpleegia dugu gehienetan. Ehiztari biltzaileak izanda, haien bizimodua gaur egun Afrikan edo Amazonas aldean dauden halako populazioen antzekoak izango zen seguruenera. Nolabaiteko ezagutza enpirikoa izan behar zuten”.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #146 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #151
Adinean aurrera joan ahala entzefaloa txikiagotu egiten da. Tamaina aldaketa hau ez da guztiotan berdina izaten, litekeena da jaten dugunak zerikusia izatea honetan. José Ramón Alonsok azaltzen digu Mediterranean diet and brain shrinkage artikuluan.
Simulazio baten bizi garela uste dutenentzat, Jesús Zamorak aurrekoa zientzia-fikziora mugatzen duen argudioa ematen die, edo ia-ia: Why we almost certainly do not live in a simulation ? (&2)
Nanogailu optoelektriko berrien garapenerako beharrezkoa da hauek era zehatzean ekoizteko moduak aurkitzea. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute grafenozko nanotiretan puntu kuantikoak barneratzeko modua, zerotik sintetizatuz: Quantum dots embedded in graphene nanoribbons
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #151 appeared first on Zientzia Kaiera.
Salernoko Trotula (1110-1160): Europako obskurantismoa abolitu zuen lehen medikua
Une hartan, obskurantismoa Europa estaltzen zuen burusia zen, baina jendartean ezjakintasuna zabaltzeko aitzakia zuen ideologia deuseztatzea lortu zuten. Kondairak dio lau fundatzailek eraiki zutela eskola, nagusi ziren kultura desberdinak batzen zituen ezagutza-iturri handienetakoa sortuz. Ez zen bazterketarik egin, tokia zegoen guztiontzat. Lau horma horien barruan kultura judutarra, grekoa, arabiarra eta latindarra zeuden, bizikidetza posible zela erakutsiz.
Irudia: Salernoko Trotula (John William Waterhouse margolariaren lana).Jakina da Erdi Aroan emakumeak ezin zirela medikuntza arloan aritu –umeen zaintza eta obstetrizia salbu– ezta ikasle izan. Salernoko Eskolak, bada, aukera ematen zien emakumeei, gizonekin batera, bertan edozein irakasgai ikasteko (eta ondoren irakasteko). Bost emakume gailendu ziren ikasgeletan: Trotula, Salernitana, Constanza Calenda, Rebeca eta Abella. Horiek izan ziren Salernoko Emakumeak (Mulieres Salernitanae).
Trotula Ruggiero, gaurko protagonista, Salernoko Medikuntza Eskolan ikasi eta ondoren irakasle aritu zen lehen medikua izan zen. 1110. urtean jaio zela pentsatzen da. Obstetrizian, ginekologian eta emakumeen gaixotasunetan espezializatu egin zen. Informazio gutxi dago emakume honen inguruan; bere existentziaz duda egin dute, fikziozko pertsonaia zela pentsatu dute batzuek eta berak idatzitako obran ez da bere sinadurarik inoiz agertu. Salernoko Eskola fundatu zuen gizonezko baten emakumea zela diote adituek, Johannes Platearius, hain zuzen, gerora Trotularen obra sinatuko zuena.
Bere obra nagusiakAurretik aipatu moduan, lehen Medikuntza Eskola laikoan ikasi zuen eta ondoren, irakasle izan zen bertan. Liburu anitz idatzi zituen, ginekologia eta obstetrizia jorratuz horietan. De passionabus mulierum curandurum (emakumeen gaixotasunak), Trótula maior izenaz ezagututa, De curis mulierum (emakumeen sendabidea) eta De ornatu mulierum (emakumeen kosmetika) dira idatzi zituen obra nagusien izenak. Medikuntzarako testu bezala erabili ziren XVI. mendera arte. Bere libururik ezagunena Trotulae curandurum aegritúdinem mulierorium ante et post partum da, 60 kapituluz osatuta. Bertan, hilekoaz, kontzepzioaz, haurdunaldiaz, emakumeen gaixotasunez eta erditzeaz mintzo zen.
Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen Erdi Aroan. Antzutasun tratamenduez, esaterako, behin baino gehiagotan azaltzen zuen sortze-modua emakume zein gizon baten akatsa izan zitekeela. Horretaz gain, erditzeak zekarren mina jatorrizko bekatuan Evak izan zuen jokabideagatik zela zioen pentsamendu erlijiosoak eta Trotulak horren kontra egiten zuen beti. Ideia horri jarraiki, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzean mina arintzeko asmotan, praktika hau legez kanpokoa bazen ere.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Salernoko Trotula (1110-1160): Europako obskurantismoa abolitu zuen lehen medikua appeared first on Zientzia Kaiera.
Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak
———————————————————————————————————–
Hemoglobinak arnas mediotik hartzen du O2, baina aurreko zenbait ataletan ikusi dugunez, batzuetan erabili aurretik beste pigmentu batetik iragan behar da, mioglobinatik alegia. Emari hori ez da animalien arnas pigmentuen artean gertatzen den bakarra. Ugaztun emeetan ere oxigeno-transferentzia bat gertatzen da, ernari dauden emeetan amaren odoletik umekiaren odolera oxigenoa igaro behar baita.Kontu ezaguna da haurdun dauden emakumeek ahalegin luzeak egiten dituztenean ito egiten direla esan ohi dutela; arnasa heltzen ez zaiela esaten dute. Arnasaldi sakonak egin behar izaten dituzte noizean behin. Normaltzat hartzen da, umekiak betetzen duen bolumenak eragozten omen duelako birikak behar den neurrian zabaltzea. Ez dakigu hori horrela ote den; ez dakigu umekiak noraino kentzen duen arnasa hartzeko bolumenaren zatiren bat.
Irudia: Zeren bidez jasotzen du umekiak behar duen oxigenoa? Izan ere umekiek oxigeno asko behar dute behar metabolikoei aurre egiteko.Baina badago beste arrazoi bat itotze-sentsazio horretarako. Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Gainera, jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak.
Umekiaren behar metabolikoak, beraz, handiak dira, eta horrek esan nahi du oxigeno asko behar duela. Bestalde, umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Kontua, hala ere, ez da sinplea. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Baina oxigeno-tentsioa asko jaisten bada, ez da izango umekiaren beharrak asetzeko nahikoa. Kontuan hartu behar da, gainera, oxigenoa umekiaren odolera heltzeko, plazentaren epitelioan zehar barreiatu behar dela, hau da, oxigenoak nolabaiteko “hesia” zeharkatu behar duela.
Bestelako mekanismorik gabe, beraz, egoera ez litzateke umekiarentzat batere samurra izango, amaren hemoglobinak, nonbait, oxigenoa “gordetzeko” joera duelako eta umekiarengana iristeko oxigenoak hesi bat zeharkatu behar duelako. Argi dago, hala ere, umekiarentzako oxigeno-emariak nola edo hala bermatuta egon behar duela. Halaxe da, izan: umekiaren odolak badu oxigenoa eskuratzeko pigmentu bat, hemoglobina bat, amaren hemoglobinari oxigenoa “xurgatzen” diona. Oxigenoa “xurgatu” egiten duela esatea ez da guztiz zuzena, baina berbak ondo adierazten du zer egiten duen. Umekiaren hemoglobinak oxigenoarekiko kidetasun handia du, amaren hemoglobinak baino kidetasun handiagoa. Hori dela eta, bi pigmentuak oxigeno-tentsio bertsuaren menpe daudenean, amaren hemoglobinatik umekiaren hemoglobinara igarotzen da oxigenoa. Esan genezake, beraz, umekiak nolabaiteko “lehentasuna” duela amak arnasturiko oxigenoa erabiltzeko orduan.
Ugaztun guztien ezaugarria da hemen gizakiaren bitartez azaldu duguna, nahiz gertaeraren mekanismo molekularrak berberak ez izan kasu guztietan. Izatez, hiru motatako mekanismoak daude, baina azken emaitza oso antzekoa da denetan: umekiaren pigmentuaren oxigeno-kidetasuna amarena baino altuagoa da, eta horri esker berma daiteke umekiaren beharrak asetzeko nahikoa den oxigeno-emaria.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak appeared first on Zientzia Kaiera.
Mineralak, antropozenoaren adierazle
Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak (IMA). Bada, horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratu dira, batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. Hala azaldu dute, AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu duen eta American Mineralogist aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean.
Lurreko mineralen dibertsitatea azken 4.500 milioi urtetako uztaren emaitza da, eta batez ere, duela bi mila milioi urte baino gehiago gertatu zen Oxidazio Handiak (atmosferako oxigenoaren gorakada) bultzatu du. Horregatik, mineralak sortzeko prozesua oro har nahiko motela izan dela kontuan hartuta, deigarria da azken bizpahiru mendeetan gizakiak oharkabean sustatutako bilakaera bizkorra.
“5.200 aleko bilduma horretatik, 208 giza jardueren ondorio dira, zuzenean zein zeharka, eta batez ere XVIII. mendearen erditik aurrera sortu dira. 250 urte eta bi mila milioi urte ari gara alderatzen hemen; segundo baten herena (begi kliska bat) eta hilabete bat konparatzearen parekoa da”, dio Robert Hazen artikuluaren egile nagusiak. Industrializaziotik hona, gizakiak geologian izan duen inpaktu itzela nabarmendu dute horrela artikulu honetan, bai eta garai berri batean, Antropozenoan, gaudela aldarrikatu ere.
Hain zuzen, artikuluaren benetako helburua gizakiaren eskuhartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.
1. irudia: Nealita. Gaur egungo irizpideen arabera, IMAk ez luke mineraltzat hartuko. (Argazkia: RRUFF)Gainera, zerrenda horrek zenbait ñabardura garrantzitsu ditu. 208 mineralok bi zutabetan sailkatu dituzte artikuluaren egileek: 1A zutabean 91 mineral ageri dira, eta 1B zutabean, 117. Bada, lehenengo 91 ale horiek gaur egun aurkitu izan balituzte, IMAk ez zituen mineral gisa onartuko, 1998an irizpideak aldatu baitzituen. Lehenago identifikatu zituztelako baino ez daude zerrenda horretan.
Zergatik aldatu zuten, baina, irizpidea? Hain justu, giza faktorea mineralaren definiziotik kanpo uzteko. IMAren arabera, minerala konposatu kimikoa da, nagusiki kristalinoa, eta prozesu geologikoen ondorioz sortua. “Laborategian kuartzoa sintetizatzen badut, ez da minerala; artifiziala da, nahiz eta kuartzo naturalaren berdina izan”, azaldu du Gilek.
Ezin esan 91 mineral horiek erabat artifizialak direnik, gizakiak ez baititu propio sortu, baina ez dira prozesu geologiko soil baten ondorio ere: “Modu naturalean sortu dira, baina aurrez gizakiak ekoitzitako produktuen gainean”. Ez dituzte zerrendatik kanporatu, definizio berriak ez duelako atzeraeraginik, baina gaur egun ez lirateke mineraltzat joko. Horren adibide bitxia da kalklazita: Bruselako Historia Naturaleko Museoko apalategi bat eta bakarrean aurkitu zuten 1959an, egur zehatz horretako erretxinaren ondorioz sortu baitzen.
1B zutabeko 117 mineralak, aldiz, desberdinak dira. Izan ere, bi modutan sor daitezke: gizakiaren eskuhartzeak bultzatuta, baina prozesu erabat naturalen ondorioz ere bai. Horregatik, definizioa aldatuta ere, ezin uka mineralak direla. Faialita eta forsterita dira bi adibide. Mineral olibinoak dira; tenperatura altuetan, silize gutxiko magma ferromagnesikoak kristaltzearen ondorioz eratzen dira, eta horren erakusle dira, esaterako, Lanzaroten nonahi saltzen dituzten kristal berdeak.
2. irudia: Olibinoak ohikoak dira Lanzarote bezalako irla bolkanikoetan. Prozesu naturalen bidez sortzen dira, baina gizakiaren eskuhartzeaz ere bai. (Argazkia: David Monniaux / CC BY-SA 3.0)Bada, faialita eta forsterita prozesu naturalen bitartez eratzen dira horrelako irla bolkanikoetan, baina bestela ere bai. Hala nola, erritualetan gizakiak utzitako errautsen gainean jaio daitezke bi mineralok, denboraren poderioz, ehunka urteren ondoren.
Ñabardurak ñabardura, artikuluaren bigarren irakurketari ematen dio garrantzia Gilek: gizakia geologian izaten ari den inpaktu itzelari. “Milaka eta milaka tona burdin mineral ari gara mugitzen urtean. Ordena naturala aldatzen ari gara”, hausnartu du. Izan ere, adibide xume bat jartzearren, gure sukaldeetako mahaietan dugun granitoa edo marmola ez dira etxe ondoko harrobietatik atera. Zer esanik ez, zubiez edo bestelako eraikin erraldoiez ari bagara.
Gilek bota du galdera: zer ez dute topatuko etorkizuneko geologo eta mineralogoek, New York bezalako hiri bateko sedimentuetan? Ildo beretik, artikuluan honakoa dio Edward Grew ikertzaileak: “Mineral horiek banaketa globala izango dute adierazgarri, hala agertuko dira erregistro geologikoan. Gure garaia aurreko guztietatik bereizten du, nabarmen, horrek”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Robert M. Hazen et al. On the mineralogy of the “Anthropocene Epoch”. American Mineralogist. Mar 2017, 102 (3) 595-611. DOI: 10.2138/am-2017-5875
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————
The post Mineralak, antropozenoaren adierazle appeared first on Zientzia Kaiera.
Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua
Plaken ereduak dio prozesu magmatiko anomaloek ez dutela puntu beroen beharrik, eta plaka-tektonikaren ereduan bertan izan behar dutela azalpena. Horretarako beharrezkoa da litosferaren azpiko mantua fusio-puntutik gertu egotea eta heterogeneoa izatea (konposizioan zein bolatilen portzentaian). Baldintza horiek daudenean, magmak kopuru izugarri handietan sor daitezke astenosferaren edozein tenperatura- edo sakonera-aldaketa gertatuta. Sakonera- eta tenperatura-aldaketa hauek ondorengo prozesuekin egon daitezke lotuta: hilzorian dauden edo jaioberriak diren plaken arteko mugekin, faila apurtu transformakorrekin, hausturekin, estentsio-lurraldeekin, berraktibatutako plaken arteko muga zaharrekin edo plaken mugimenduarekin lotutako eskala txikiko konbekzio-korronteekin. Prozesu hauek guztiak atermikoak dira, hau da, ez dute kanpoko bero-iturririk behar.
Plaken ereduan, plaketan bertan sortzen diren indarrak dira plaka-tektonikaren eta konbekzio-korronteen indar eragileak, eta ez plaken azpitik luma gorakorren eraginez jasaten duten berotzea.
Puntu beroen ideia plazaratzeko, Wilsonek Hawaiii-Emperor gandor aseismikoa erabili zuen adibide modura, eta ordutik bera izan da bolkanismo anomaloen tokirik ikertuena. Geofisikoek ahalegin bizian aritu dira Hawaii azpiko balizko luma gorakorraren aztarnak bilatzen, baina ez da datu erabakiorrik lortu, azken urteetara arte behintzat. Froga erabakiorren faltan, plaken ereduaren aldekoek diote estentsio-hausturen sorrera progresiboaren ondorioa dela Hawaiiko bolkanismoa. Pazifikoko plakak subdukzioa pairatzen du iparraldetik Aleutianaseko fosan, eta hala da mendebaldetik Japoniako subdukzio-eremuan ere; subdukzioa azkarragoa da Pazifiko ekialdeko ozeano-gandorrean gertatzen den ozeano-zabalkuntza baino.
1. irudia: Aleutiarretako ozeano-fosa ekialdetik mendebaldera Alaskako hegoaldeko kostaldetik eta Siberia ipar-ekialdeko ondoko uretatik, Kamtxatka penintsularen parean, igarotzen den ozeano-fosa eta subdukzio gunea da. (Argazkia: Wikipedia)Beraz, alde batean iparralderantz eta bestean mendebalderantz ematen diren subdukzio-indarrek Pazifikoko plaka estentsioaren eraginpean jartzen dute, gutxi gorabehera erdibidean dagoen Hawaiin, bolkanismoa ahalbidetzen duten estentsio-hausturak sortaraziz.
Beraz, lumen jatorrizko eredua fluidoen dinamika prozesuetan oinarrituta dago eta tenperatura-aldaketak dira parametro eraginkorrenak. Aldiz, plaken ereduan atermikoak diren beste hainbat mekanismo iradokitzen dira, sakonera jakin batean tenperaturaren albo aldaketa nabarmenik behar ez dutenak (2. irudia).
2. irudia: Lumen ereduaren (ezkerra) eta plaken ereduaren (eskuma) ezaugarri nagusiak erakusten dituen Lurreko zehar-ebakia. Ezker aldean, nukleo eta mantuaren arteko mugan sortutako bi motatako luma gorakorrak islatu dira. Ozeano-ezpalak sakon barneratzen dira behe-mantuan eta konbekzioa lumen ondorioa da. Eskuma aldean, bolkanismoa estentsio-lurraldeetan dago pilatuta eta ozeano-ezpalak goi-mantuan gelditzen dira. Goi-mantua oso heterogeneoa da eta behe-mantua isolatuta dago gainetik gertatzen diren prozesuetatik. Magmatismo anomaloen lurraldeak litosferaren esfortzu-egoeraren eta mantuaren emankortasunaren ondorio dira. Foulger (2010).Luma gorakorren agerpenaren inguruan ez dago adostasunik mantua ikertzeko zailtasun handiak daudelako. Metodo ez-zuzenen bitartez aztertzeko beste biderik ez dago; horrela, lortutako datuek ez dute behar besteko zehaztasunik eta sarritan era askotara uler daitezke. Hala ere, teknika geofisikoak hobetu ahala, gero eta zehaztasun handiagoa lortzen ari da, eta noizbait interpretazio bakarrera iritsiko gara, agian uste baino azkarrago.
Gaur egun luma gorakorren eredua gailentzen ari da, batez ere teoriak datu berriak interpretatzean moldatzeko erakutsi duen ahalmenari esker. Egun, argi dago “prozesu magmatiko anomaloak” sortzeko aukera bat baino gehiago daudela eta luma gorakorrak hainbat tokitan sortuak izan daitezkeela (nukleo eta mantuaren arteko mugan, 670 km-ko etengunean,….). Gainera, badirudi, luma gorakorrak termikoak izan beharrean, termo-kimikoak izan daitezkeela, alegia inguruko mantuarekiko konposizio-desberdintasun bat dutela, tenperatura-desberdintasun bat izateaz gain.
Mantuaren barne konposizio desberdinetako eremuak egotea, arazo asko konpontzen ditu, era berean luma gorakorren inguruko esperimentazioa eta zenbakizko simulazioak izugarri korapilatzen ditu ere.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
- Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movements. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
- Holmes, A. (1944): Principles of Physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
- Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
- Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
- Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
- Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
- Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
- Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.
Luma gorakorrei buruzko artikulu-sorta:
Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea.
Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua.
Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua.
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua appeared first on Zientzia Kaiera.
Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia
Diabetesa herrialde garatuenetan eragiten duen epidemia bat da. Kalkuluen arabera, 18 urtetik gorako Espainiarren % 13,8ak diabetesa dauka; hau da, 5,3 milioi pertsona baino gehiago. 1. motako diabetesaren intzidentzia, hain ohikoa ez bada ere, diabetesa duten pertsonen % 1a eta % 5a bitartean kokatzen da. Diagnostiko goiztiarra eta gaixotasun honen tratamendua funtsezkoak dira, organo oso garrantzitsuak kaltetu baititzake: giltzurrunak, ikusmena, bihotza edo nerbio sistema.
Irudia: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa garatzen hasi dira 2017an UPV/EHU eta beste bi erakundeetako ikertzaileak. Helburua da medikamentu “bizia” garatzea, non gaixoaren immunologia-sistemaren erantzunaren arabera, gluzemia epe luzez erregulatuko luke aplikazio bakar batekin.UPV/EHUk diabetesa tratatzeko sendagai berri baten garapenean parte hartuko du beste bi erakunderekin batera. Abian jarritako ikerketak biologia sintetikoan eta mikrokapsularatzean egondako azken aurrerapenak eta azken belaunaldiko biomaterialak konbinatuko ditu. Honen helburua da, odoleko azukre-mailak eguneroko intsulina-injekzio nekosoen beharrik gabe kontrolatuko lituzkeen sendagai alternatiboa bideratzea. Sendagai honek, aplikazio bakar batek asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuko luke.
Gorka Orive proiektuko ikertzaile nagusienetako bat eta UPV/EHUko irakaslea sendagaiaren azken garapenaz arduratuko da, mikrokapsularatze teknologia berrienak aplikatuz. Proiektuaren xedea da kanpoko glukosa-mailei erantzuteko gaitasuna izango duten zelula sintetikoak diseinatzea eta garatzea. Hauek, mikrokapsuletan sartuko dira (sendagai gisa arituko diren esferak) eta intsulina, beharraren arabera askatzeko gaitasuna izango dute. “Gure nahia da biomaterial immunomodulatzaileak ikertzea sendagai “bizia” egiteko orduan, hartzailearen immunologia sistemaren erantzuna hutsa edo hutsetik gertukoa izan dadin sendagaia ezartzean. Lortuz gero, aplikazio bakar batez gluzemia astetan edo hilabetetan zehar kontrolatuko lukeen sendagai bat garatuko genuke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz”, azaldu du Orive doktoreak.
Datu osagarriak:Sendagai berria garatzeko proiektua, ‘Kapsulatutako zelula zirkuitu sintetikoak gluzemia kontrola berrezartzeko 1. motako diabetes mellitusean’ izenekoa, 2017n abiatu da eta Kataluniako La Marató urteroko ekitaldian lorturiko funtsetatik datorren diru-laguntza handia jaso du. Ikus-entzunezko Hedabideen Kataluniako Elkarteak 1996. urtean sortu zuen TV3ko La Marató fundazioaren xedea da bikaintasuneko ikerketa biomedikoa sustatzea eta bultzatzea, TV3ko eta Catalunya Radioko La Marató programan lorturiko funtsen bidez. Fundazioak diruz laguntzen duen ikerketa jarduketak zeharkako ikerketa traslazionala sustatzen du, oinarrizko ikerketako eta ikerketa klinikoko proiektuetan eta erakunde ezberdinen arteko sare lana dakarten proiektu koordinatuetan eginiko inbertsio mailakatuak agerian uzten duen bezala.
Ikerketaren lehen emaitzak 2019. urtean zehar aurkeztuko dira.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa.
The post Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #145
Martxoaren 8an Marta Machok argitaratutako artikuluarekin hasiko gara. Bertan azaltzen zaigu Moebiusen sindromea zer den: gaixotasun neurologikoa da eta Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena –batez ere neurofisiologiaren etaendokrinologiaren alorretan lan egin zuen–. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko “argudio zientifikoak”; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen “normaltzat”). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896). Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri bildu ditu artikulu honetan.
BiologiaBadira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak. Arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten dute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Zientzia Kaierak azaltzen digu gaia. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak. Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Horiek ezagutzeko, irakur ezazue artikulua osorik.
EkologiaIkerketa baten arabera, gaur ezagutzen dugun Amazonia, hein handi batean, gizakiak moldatutakoa da. Europarrak heldu baino lehenago, gizakiek Amazoniako oihanean zer eragin izan zuten aztertu dute bertan. Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) Carolina Levis ekologoak gidatu du azterketa. Normalean zientziarena lan komuna bada ere, kasu honetan bereziki azpimarratzekoa da 152 zientzialarik parte hartu dutela. Hamar urteetan bildutako datuak 3.000 aztarnategi arkeologikoekin alderatzea lortu dute, eta orduan azaldu da marraztuta Amazoniaren irudi berria. “Arrasto arkeologiko ugari oihanean barna ezkutaturik daude oraindik. Zaila da horiek topatzea, baina etxekotutako landareak errazagoak dira ikusteko, eta horiek agian toki arkeologiko berrien seinalea eman dezakete», iradoki du Devisek.
EboluzioaEl Sidrón (Asturias) kobazuloko neandertalek pinaziak, perretxikoak eta goroldioa jaten zutela frogatu dute, hortzen lertzotik erauzitako material genetikoa aztertuta. Aldiz, ez dute topatu haragia jaten zutela erakusten duen frogarik. Horrekin batera, gaixotasunei aurre egiteko sendabelarrak erabiltzen zituztela baieztatu dute. Hori lehendik ere ezaguna zen baina kasu honetan, Penicillium onddoaren eta makalaren arrastoak topatu dituzte. Bestalde, mikroorganismo baten genomarik zaharrena erauztea lortu dute, neandertalen hortzen lertzotik. Methanobrevibacter oralis arkea da, eta kalkulatu dute, eboluzioan, neandertalen anduia eta gure espeziearena duela 112.000-143.000 urte bereizi zirela. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.
Juanma Gallegok aste honetan beste artikulu interesgarri bat ekarri digu. Nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu ditu. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek.
GenetikaAdi! Legamien Genoma Sintetikoa proiektu internazionalak emaitza berriak eman ditu: dagoeneko bost kromosoma artifizial gehiago sortu dituzte laborategian. Legamia artifizialak sortzetik gertu jarri ditu ikertzaileok: bizirik iraun dute legamiok. Gainera, dagoeneko amaitu dute lehenengo genoma eukarioto sintetiko hipotetiko horren diseinua; sintetizatzea falta zaie bakarrik. Diseinua BioStudio kode irekiko softwarearen bidez egin dute.
ArkeologiaEuskal Herriko Unibertsitateko Francesca Grass ikertzaileak, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterketa morfologikoa egiten ari da, orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko. Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea du xede. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu dituzte, denak Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak. “Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako”, dio.
KimikaJosu Lopez-Gazpiok osagai usaintsuei heldu die. Zehazki, musketaz mintzo da artikulu interesgarri honetan. Nondik dator? Oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Baina orein musketaduna desagertzeko zorian dago eta kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan. Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela. Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak (garrantzitsuenak) kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea.
MatematikaMarkov Kateak zer diren azaldu dizkigute honetan. Markov Kateak gertakizun estatistikoak aztertzeko erabiltzen dira, hainbat arlotan: adimen artifizialeko sistemetan, supermerkatuko ilaretan, ospitaletako larrialdietako zerbitzuetan. Estatistikan badaude gertakizun batzuk elkarrekin independenteak direnak. Txanpon bat airera botatzen dugunean, esaterako independentzia hori gertatzen da. Alegia, aurpegia ateratzeko probabilitatea 1/2 da, hots, aurreko jaurtiketen emaitzekiko independentea da. Baina badira elkarrekin independenteak ez direnak. Adibidez, gaur dudan lan atzeratuaren tamaina atzo egindako lanaren araberakoa da. Halere, Markoven garaian estatistikan aztertzen ziren gertakizun guztiak independenteak zirela uste zuten. Uste hori okerrekoa zela frogatzeko, Andrei Markov matematikariak Alexander S. Pushkin idazlearen Eugene Onegin olerki-liburua erabili zuen; 200 zati aukeratu zituen eta zati bakoitzak 100 letra zituen. Lehenik, bokal eta kontsonante kopurua zenbatu zuen eta, horrela, 7.788 bokal eta 12.212 kontsonante zeudela ikusi zuen. Froga honen inguruan gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #145 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #150
Badago hortik ordenagailuko simulazioa baten bizi garela dioenik ere. Agian ez da, mundu honetan zergatik gauden azaltzeko, ideia kaxkarra. Baina egia esateko, jainko sortzaile baten ideiaren bezalakoa da, ez da erantzun bat. Edozein kasutan Jesus Zamorak hainbat argudio eskaintzen dizkigu hori ez dela irtenbidea pentsatzeko: Why we almost certainly do not live in a simulation?
Diotenez, ariketa fisikoa eginez argalduko zara. “Eman izena gimnasio baten eta pisua galduko duzu” promesten dute. Eta ekuazio honen kontra egingo balu biologiak? Ignacio Amigok hurbiltzen digu gaia: The problem with exercising and losing weight.
Sarritan konponbide elektronikoak erabiltzen dira material berrietan, funtzionatu omen behar dutela suposatuz. Baina egin beharreko gauza da egindakoa neurtzea, elektroiak pantailaratzeko erabiltzen diren grafenozko heteroegituren kasuaren antzera. Eskerrak DIPCko ikertzaileek honako korapiloei argibidea ematen dietela: Quantifying the screening of electrons in graphene heterostructures.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #150 appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabriel Ibarra: “Olatu-energia garatzeko beharrezkoa da haien indarra aurreikustea” #Zientzialari (68)
e
Gizakiak betidanik izan du itsasoaren bitartez sortutako energia baliatzeko joera. Horren lekuko dira esaterako Erdi Aroko errotak, zeinak itsasaldien gora beherek sortutako ur maila aldaketatik energia sortzen zuten. Hala ere, bada beste sistema bat, oraindik garapen fasean egonagatik ere interes handia piztu duena; olatu-energia. Energia mota hau egonkortzeko beharrezkoa den teknologia garatzen ari dira egun ikertzaileak. Gainera, itsasoaren portaerak aurreikusiko dituzten modeloak bilatzeko lanean ere badabiltza, energia berriztagarri guztiek daukaten aldizkakotasunaren erronkari aurre egiteko.
Olatu-energiari buruz gehiago jakiteko, gai honetan aditua den Gabriel Ibarra EOLO taldeko ikertzailearekin izan gara.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Gabriel Ibarra: “Olatu-energia garatzeko beharrezkoa da haien indarra aurreikustea” #Zientzialari (68) appeared first on Zientzia Kaiera.
Narrasti urpekariak
———————————————————————————————————–
Uretako ugaztunez lehenago aritu gara, eta animalia horiek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak zeintzuk diren azaldu dugu. Airean egiten dute arnasa ugaztun horiek, eta urpean daudenean odolean eta muskuluetako mioglobinan gordetzen dute oxigenoa. Horiexek dira erabiltzen dituzten oxigeno-biltegiak, odol-bolumen handia eta mioglobina-kontzentrazio altuak baitituzte.Ugaztunez gain, badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak ere. Horien artean, gainera, arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten baitute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak.
Irudia: Narrasti zaharrenetakoen artean daude dortokak. 300 espezie inguru bizi dira egun baina batzuk galtzeko arrisku larrian daude.Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Itsas sugeak, esaterako, gorputzaren luzera ia osoan zehar duten birika luzean gordetako oxigenoari esker egon daitezke urperatuta hain denbora luzez. Horrez gain, narrasti gehienek metabolismo-tasa jaitsi egiten dute urperatzen direnean eta, gainera, espezie batzuek metabolismo-bide anaerobioak erabiltzeko ahalmena dute.
Lehen esan bezala, narrasti gutxi batzuek uretan bertan egiten dute gas-trukea. Zenbait sugek eta dortokak jokatzen dute horrela; sugeek larruazaletik hartzen dute arnasa eta dortokek aho- eta faringe-barrunbetik. Kasu bietan gas-trukerako duten azalera oso handia ez den arren, badirudi nahikoa dela. Kontuan hartu behar da poikilotermoak direla eta, beraz, haien oxigeno- beharrak ez direla handiegiak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Narrasti urpekariak appeared first on Zientzia Kaiera.
Emakumearen gutxiagotasun mentala
La inferioridad mental de la mujer du izena Paul Julius Moebius (1853-1907) neurologo eta psikiatra alemaniarrak 1900. urtean argitaratutako Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes panfletoaren gaztelaniazko bertsioak -Emakumearen adimen-elbarritasun fisiologikoari buruz litzateke jatorrizkoaren euskarazko itzulpen leiala-.
1. irudia: Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes liburuaren azala (bederatzigarren argitalpena, 1908), bai eta Carmen de Burgosek (1905) eta Adan Kovacsics Meszarosek (1982) gaztelaniara egindako itzulpenenak ere.Gaztelaniaz eskuratu ahal izan dudan bertsioa Bruguera argitaletxeak 1982an argitaratutakoa da; Adan Kovacsics Meszaros du itzultzaile, eta Franca Ongaro Basaglia feminista italiarrak 1977an idatzitako hitzaurrea du. Halaber, bigarren ediziotik zortzigarrenera artekoek izandako hitzaurre guztiak biltzen ditu -horietan, Moebiusek gezurtatu egiten ditu aurreko argitalpenek jasotako iritzi negatiboak-. Horrez gain, testuaren egileak defendatutako tesiek izandako kritika positiboen eta negatiboen bilduma egiten du.
Espainian bada beste bertsio bat, Carmen de Burgosek gaztelaniara ekarria eta itzultzaileak berak prestatutako hitzaurrearekin (Sempere argitaletxea, 1904), baina ezin izan dut topatu. Nolanahi ere, saiatuko naiz bilatzen, hainbat oin-ohar baititu Moebiusen tesia gezurtatzeko.
Moebiusen sindromea izenaz ezagutzen dugun gaixotasun neurologikoak Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena; Moebiusek batez ere neurofisiologiaren eta endokrinologiaren alorretan lan egin zuen. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko «argudio zientifikoak»; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen «normaltzat»). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) -eta haren alaba Gina Ferrero mediku eta idazlearenak (1872-1944)- edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896).
Hurrengo lerroetan Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri emango ditut:
«Alderdi mentala gutxi garatuta duten gizonezkoetan (beltz baten kasuan, esaterako), emakumearen lobulu parietalean topatutako datu anatomiko berberak ageri dira.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 7. orrialdea.
«Alderdi guztietatik ere, erabat frogatuta geratzen da emakumeek gutxiago garatuta dauzkatela zerebroaren zenbait alde, bizitza mentalerako garrantzi bizia dutenak; hala nola lobulu frontalaren eta tenporalaren zirkunboluzioak. Alde hori jaiotzetik ageri da.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 8. orrialdea.
«Oinarrizko aldeetako bat, hain zuzen ere, instintuarekin lotuta dago, instintuak emakumeengan garrantzi handiagoa baitu gizonengan baino. […] Hartara, instintuak piztien tankerako egiten du emakumea, mendekoagoa, seguruagoa eta alaiagoa.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 9. orrialdea.
«Garapen orok gizona du abiapuntu. Hori dela eta, emakumeak karga astuna dira haientzat; energia guztiak baliatzea galarazten diete, ikerketa asegaitzak eta berrikuntza ausartak lausotzen, eta ekimen jatorrak zapuzten dituzte. Izan ere, emakumeak ez dauka bere kabuz ongia eta gaizkia bereizteko ahalmenik, eta usadioaren menpean ipintzen du gauza oro, “hala dio jendeak” delako horren zorian.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 10. orrialdea.
«Norbaitek esana dauka alferrik dela emakumeengandik ezer espero izatea; osasuntsu eta tuntun izatea besterik ez. Tankera horretako paradoxa, zakarra izan arren, egia biribila da. […] Emakume moderno buruberoak oker erditzen dira, eta ama penagarriak dira.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 17. orrialdea.
«Hau da, klimaterioan, emakumea zahartzen den prozesuan, gaitasun mentalak ahultzea baino ezin dezakegu espero.»
Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 25. orrialdea.
Luze jarraituko nuke Moebiusen mespretxuzko iruzkin krudelak jasotzen eta ematen, «emakume modernoen», «atsoen» eta feministen kontrako aipu guztiak plazaratzen, baina iruditzen zait aurrekoak nahikoa adierazgarriak direla. Emakumeen aldarrikapenak gero eta maizago gertatzen ziren garaian (soldaten berdintasuna, besteak beste), ezinbestekoa zen haiek «zegokien tokian» ipintzea, nolabaiteko alegatu «zientifiko» baten bidez. Gai honekin estu-estu loturik, Carolina Martinez Pulidoren ¿Cerebro femenino, cerebro masculino? artikulua irakurtzea gomendatuko nuke (Gizonezkoen garuna, emakumezkoen garuna?).
Askok eta askok pentsatuko dute garai bateko kontuak direla; Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes 1900. urteko testua dela, egoera asko hobetu dela, argudio horiek gaindituta daudela… Baina, gogora ditzagun orain egun batzuk (2017ko martxoaren 1ean), Europako Parlamentuan emakumeen eta gizonen arteko soldata-aldeari buruzko eztabaida batean, Janusz Korwin-Mikke diputatu ultraeskuindarrak botatako hitzak, Iratxe Garcia eurodiputatuaren aldarrikapenei erantzunez:
«Badakizu zer egiteko zuten emakumeek Greziako olinpiar jokoetan? Lehendabiziko emakume greziarra, neuk esango dizut, 800. postuan zen. Badakizu zenbat emakume diren lehendabiziko 100 xake-jokalarien artean? Esango dizut: bat bera ere ez. Emakumeek, jakina, gutxiago irabazi behar dute gizonezkoek baino. Ahulagoak baitira, txikiagoak, gizonak baino adimen apalagokoak; horrexegatik irabazi behar dute gutxiago.»
Ezer esatekorik ez. Borroka eta aldarrikapena martxoaren 8rako!
2. irudia: 2017ko martxoak 8. Emakunderen kanpaina.———————————————————————————-
Egileaz: Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
———————————————————————————-
The post Emakumearen gutxiagotasun mentala appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizia itsaspeko sehasketan kulunkatu zen
Norabide horretan beste aurrerapauso garrantzitsua iragarri da hilaren hasieran. Nature aldizkarian ezagutzera eman denez, nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu dituelako. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Horregatik, hain zuzen, azken urteotan zientzialariek gertutik aztertu dituzte toki honetan dauden egitura geologiko bitxiak.
Fosil hitza aipatzean berehala dator burura trilobite baten irudia edo Natur Zientzietako museoen atarian dauden dinosauroen hezurdura erraldoiak. Kasu honetan, baina, inork gutxik iragar lezake oinen azpian den harritzarra fosila izan zitekeenik. Izan ere, halako fosil bereziak bilatzen dituztenak baino ez dira gai horretaz jabetzeko. Hala gertatu omen zaio Dominic Papineau biokimikariari, Londresko University College unibertsitateak zabaldutako bideo batean adierazi duenez. “Egitura hauek ikustean, nire buruari esan nion: tira, hau aztertu beharra dago!”. Bistadizo batean ikusezinak diren egiturekin lan egiten ohituta dago Papineau -nanobiogeokimika irakasten du Londresko Nanoteknologia Zentroan-, baina, egia esanda eta meritua kendu gabe, topatutako aztarna horiek berariaz bilatzen ari zen aditua.
1. irudia: Hematite hodi hauek gutxienez duela 3,770 milioi urtekoak dira. (Argazkia: Matthew Dodd)Eta topatutakoa ez da nolanahikoa. Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek. Orain arte, fosilik zaharrenak Australian topatutako silizezko egiturak ziren, duela 3.460 milioi urtekoak, baina horien inguruko eztabaida mantendu da zientzialarien artean, askotan zaila baita jakitea egitura baten jatorria geologikoa ala biologikoa ote den. Horregatik, hain antzinakoak diren fosilen inguruko ikerketak egiten dituztenek tentu handiz aurkeztu ohi dituzte emaitzak eta arroketan marraztutakoa prozesu biologikoen emaitza dela frogatzen saiatzen dira. Hala egin bide dute azken ikerketa honetan ere.
Iaz ere, Groenlandian, duela 3.700 milioi urteko estromatolitoen berri eman zuten Naturen. Egitura ezberdinak izan arren, orain Quebecen aurkitutakoek, nonbait, Groenlandiako data horiek berresten dute: bizia uste baino lehenago agertu omen zela Lurrean, beraz.
Kasu honetan, gainera, “gutxienez” hitza ez da ironia puntu baten adierazle, datazioa ezartzeko orduan egon ohi den tartearen gertueneko mugara jotzeko ardura baizik. Baina tarte horren kontrako mugara jotzeko tentaldia izatea ere ulertzekoa da, eta Papineauk, zuhur jokatuz, beste hainbaten ahotan jarri du ardura. “Aztarnategian lanean diren zenbait zientzialarik uste dute arroka horiek duela 4.280 milioi urtekoak izan litezkeela. Beraz, eguzki sistemaren akrezioa izan eta ehunka milioi urte gutxira sortuak izan litezke”, esan du zientzialariak-
Burdin jaleakItsas hondoko iturri hidrotermalen inguruan bizi ziren bakterioen aztarnak dira aurkitu berri direnak. Funtsean, hodi eta harizpi itxurako estruktura ñimiñoak dira. Ikerketa egin dutenek diote egitura hauek burdinaz elikatzen ziren bakterioen jardueraren emaitza direla. Gaur egun ere iturri hidrotermalen inguruan kokatzen dira bakterio extremofilo asko, hasiera batean oso inguru latza dela ematen badu ere. Horregatik zientzialari askok uste dute iturri horiek izan zirela biziaren lehen sehaskak.
Plaka tektonikoak bereizten diren ozeanoen eremuetan sortzen dira iturri horiek eta, ondorioz, beroa eta elementu kimikoak askatzen dituzte. Hainbat zientzialariren aburuz, iturriok baldintza egokiak jarri zituzten lehen mikroorganismoek energia lortzen “ikas” zezaten.
2. irudia: Nuvvuagittuq Gerrikoa, Quebec-en, Nastapoka uharteetatik hurbil. (Argazkia: Dominic Papineau)Gaur egungo inguruarekin alderatuz, garai horretan Lurra oso bestelakoa zen. Atmosfera “toxikoa” zen ordukoa, gaur egun lurrean dauden bizi forma gehienentzat, bederen. Izan ere, duela 2.400 milioi urte inguru hasi zen garatzen gaur egun ezagutzen dugun atmosfera mota, zianobakterioak oxigenoa “ekoizten” hasi zirenean. Horren ondorioz, gas berri horretara ohituta ez zeuden bizi forma guztiaz pozoitu ziren. Moldatu ala hil izan zen orduko leloa.
Zeruari begiraIaz Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean ere zehazten zen azken arbaso komun unibertsala (ingelesezko LUCA akronimoarekin ezagutzen dena) termofiloa zela eta hidrogenoa baliatzen zuela energia eskuratzeko. Beraz, bere jatorria iturri hidrotermalen inguruan egon zitekeela proposatu zuten ikerketa horren egileek.
Gai honen inguruko jarraipena egin dutenek ondo dakitenez, bizitzaren lehen pausoen bila aritzen diren zientzialari asko, Lurrari begira baino, zeruari begira egoten dira. Izan ere, Lurretik kanpoko bizia biltzen duen exobiologiaren alorrean ere funtsezko da jakitea bizia zer nolako baldintzetan sortu zen. Baldintza horiek kontuan izanda errazagoa da bizia beste nonbaiten bilatzea.
Ikerketa honen egileek ere zerura seinalatu dute. “2007an Marten zegoen esplorazio rover batek hematite konkrezioak aurkitu zituen. ‘Ahabia’ gisa izendatuak izan ziren, eta aurkikuntza hura ere sona handikoa izan zen”, gehitu du Papineauk. “Lurrean ere ez dugu oraindik guztiz ulertzen nola sortzen diren egitura hauek, ezta materia organikoak egitura hauen osaketan betetzen duen funtzioa zein den ere”.
Ikerketa honetako egile nagusi Matthew Doddek antzeko balorazioa egin du. “Zirraragarriena da orain badakigula bizia gai izan zela Lurraren eboluzioaren lehen fase goiz hauetan txertatzeko, eta horrek eguzki sisteman edo unibertsoan bakarrik ote gauden galdetzera garamatza. Lurrean bizia hain goiz sortu bazen, agian oso prozesu sinplea izan zen eta, ondorioz, posible da beste hainbat planetatan ere hala izatea. Ala benetan izan zen Lurra kasu bitxi bat?”
Erreferentzia bibliografikoa:
Matthew S. Dodd, Dominic Papineau, Tor Grenne, John F. Slack, Martin Rittner, Franco Pirajno, Jonathan O’Neil, Crispin T. S. Little. Evidence for early life in Earth’s oldest hydrothermal vent precipitates. Nature, 2017; 543 (7643): 60 DOI: 10.1038/nature213776
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Bizia itsaspeko sehasketan kulunkatu zen appeared first on Zientzia Kaiera.
Markov Kateak: liburuen letrak zenbatuz matematikak sortzen
Markov Kateak gertakizun estatistikoak aztertzeko erabiltzen dira. Oso tresna boteretsuak dira eta, hori dela kausa, gaur egun hainbat arlotan erabiltzen dira: adimen artifizialeko sistemetan, supermerkatuko ilaretan, ospitaletako larrialdietako zerbitzuetan, etab. Markov Kateak orain dela ehun urte baino gehiago aztertu ziren lehen aldiz.
1. irudia: Markov kate baten irudia. Katea grafo baten bitartez irudika daiteke. Irudian, adibide bat. Puntu batetik ateratzen diren probabilitateen batura 1 izan behar da (Argazkia: Wikimedia Commons /Joxemai4 – Lan propio, CC BY-SA 3.0 lizentziapean)Badakigu estatistikan badaudela gertakizun batzuk elkarrekin independenteak direnak. Hau da, une honetan gertatzen denak ez du harremanik lehenago gertatutakoarekin. Independentzia hau gertatzen da, esate baterako, txanpon bat airera botatzen dugunean eta aurpegia edo gurutzea ateratzen den ikustean. Alegia, aurpegia ateratzeko probabilitatea 1/2 da (trukatu gabeko txanpona bada, noski), hots, aurreko jaurtiketen emaitzekiko independentea da. Dadoetan ere hala gertatzen da, eta dadoen jaurtiketak independenteak direla esaten dugu.
Gaur egun badakigu ordea gertakizun guztiak ez direla elkarrekin independenteak, hots, orain gertatzen dena lehenago gertatutakoaren araberakoa izan daitekeela. Adibidez, gaur dudan lan atzeratuaren tamaina atzo egindako lanaren araberakoa da ; atzo lan asko egin banuen gaur lan atzeratu gutxiago dut baina Markoven garaian, berriz, estatistikan aztertzen ziren gertakizun guztiak independenteak zirela uste zuten.
Uste hori okerrekoa zela frogatzeko, Andrei Markov matematikariak Alexander S. Pushkin idazlearen Eugene Onegin olerki-liburua erabili zuen. Olerki horretako 200 zati aukeratu zituen eta zati bakoitzak 100 letra zituen. Lehenik, bokal eta kontsonante kopurua zenbatu zuen eta, horrela, 7.788 bokal eta 12.212 kontsonante zeudela ikusi zuen. Beraz, probabilitate-teoria erabiliz, ondoriozta daiteke olerki horretako letra bat bokala dela 0.3894 probabilitatearekin eta kontsonantea 0.6206 probabilitatearekin.
2. irudia: Eugene Onegin liburuaren lehen edizioaren azala (1833. urtea). (Argazkia: Wikipedia, domeinu publikokoa)Ikerketa honen bigarren pausoan, Markovek olerki horretako hurrengo gertakizunak zenbatu zituen: (i) bi bokal jarraian, (ii) bi kontsonante jarraian, (iii) kontsonante bat bokal baten ondoren eta (iv) bokal bat kontsonante baten ondoren. Haren emaitzen arabera, bi bokal jarraian 1.365 aldiz agertu ziren, kontsonante bat bokal baten ondoren eta bokal bat kontsonante baten ondoren 6.423 aldiz, eta bi kontsonante jarraian 5.788 aldiz.
Aurreko paragrafoan esandakoan aurrera eginez, olerki horretan bi bokal jarraian agertzeko probabilitatea 0.06825 da. Alabaina, garai hartako matematikariek uste zuten gertakizun guztiak independenteak direla eta, hori horrela balitz, bi bokal jarraian agertzeko probabilitatea 0.3894*0.3894 izan beharko litzateke. Kalkulagailua erabiliz, argi ikus daiteke bi zenbakiak ezberdinak direla, eta horregatik, garai hartako matematikak oker zeudela. Ikerketa honi esker, beraz, probabilitate teoriaren adar berri bat sortu zen, Makov Kateen teoria alegia.
Literatura eta matematika harreman estuko zientziak dira. Artikulu honetan Markov Kateen aurkikuntza azaldu dugu. Hala ere, beste harreman mota asko dauzkate matematikak eta literaturak elkarrekin, baino hurrengo batean emango dizuet horren berri.
———————————————————————————-
Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta egun, INRIA Institutuan dihardu ikertzen.
———————————————————————————-
The post Markov Kateak: liburuen letrak zenbatuz matematikak sortzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen
Musketa naturala Moschus moschiferus orein musketadun espeziearen arraren guruin usain-sortzaileen jariakinetik lortzen da, eta mendeetan zehar usain gozo bezala erabili da. Hain zuzen ere, oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen eta egun babestuta badago ere, arriskuan dago, batez ere legez kanpoko ehizaren ondorioz. Egun, ordea, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan.
Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko, eta, hartara, perfumearen usainak gehiago irauten du. Merkatuaren ikuspuntutik, Galaxolide (HHCB), Tonalide (AHTN) eta Traseolide (ATII) dira musketa polizikliko garrantzitsuenak. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela —erresistentzia multixenobiotikoaren inhibitzaileak dira, esate baterako— eta ingurumenean nahiz bizidunetan metatzeko gaitasuna dute; beraz, sakonago aztertu behar da zer-nolako albo ondorio eta kalte sor ditzaketen.
2. irudia: Orein musketaduna, Moschus moschiferus (ezkerrean) eta erauzitako guruina (eskuinean). (Argazkia: Wikimedia Commons, CC-BY-SA)Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea. Horretarako, elektroforesi kapilar deritzon teknika instrumentala erabili zen. PCMak neutroak direnez, kromatografia elektrozinetiko mizelarra (MEKC, micellar electrokinetic chromatography) deritzon aldaera erabili behar izan zen; horretaz gainera, PCMek ur-disolbagarritasun oso txikia dutenez , teknika ingurune ez-akuosoan egin behar izan zen: NAMEKC delakoa (nonaqueous micellar electrokinetic chromatography). Metodoaren aldagai analitikoak optimizatu eta ebaluatu ondoren, lagin errealen analisian erabili zen, hautatutako osagaien kontzentrazioa zehazteko. Laginei dagokienez, guztira Gipuzkoako hainbat dendatan lortutako 27 perfume analizatu ziren.
Ikerketa honetan NAMEKC metodo bakuna, fidagarria eta merkea garatu da perfumeetan HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak aldi berean kuantifikatzeko. Metodoak ezaugarri analitiko onargarriak ditu, balioztapen prozesuko ebaluazioak adierazi duen moduan. Hauxe da lehen ikerketa, elektroforesi ez-akuosoari esker PCMak determinatzea ahalbidetzen duena. Horretaz gainera, laginaren prestaketa erraza proposatu da —laginaren diluzioa, besterik ez—. Bestalde, elektroforesi kapilarraren aplikazioak zabaldu dira; izan ere, konposatu oso hidrofoboak elektroforesi kapilarra erabiliz analizatzeko bidea aztertu da. Ondorioz, elektroforesian oinarritutako metodo hau gas- edo likido-kromatografian oinarritutakoen aukera egokia da, bai aplikazio kualitatiboetan eta baita kuantitatiboetan ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia.
- Laburpena:Kromatografia elektrozinetiko mizelar ezurtsuan oinarrituta metodo bat garatu da perfumeetan Galaxolide®, Tonalide® eta Traseolide® musketa poliziklikoak kuantifikatzeko. Konposatu horiek kosmetikoen osagai moduan asko erabiltzen dira zainketa pertsonalerako produktuetan. Metodoa optimizatzeko esperimentu-diseinua eta erantzun-gainazalen metodologia erabili ziren. Metodoaren ezaugarri analitikoak ebaluatu ziren eta balio onargarriak lortu ziren ezaugarri hauei dagokienez: linealtasuna, detekzio- eta kuantifikazio-mugak, doitasuna eta zehaztasuna. Optimizatutako eta balioztatutako metodoa perfume-lagin komertzialetan hautatutako osagaiak determinatzeko erabili zen.
- Egileak: Josu Lopez-Gazpio eta Esmeralda Millán
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 97-107
- DOI: 10.1387/ekaia.14129
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide
Irudia: UPV/EHUko azterlan batek Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterlan morfologikoa egiten ari da, Gaztelako Goi Erdi Aroko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz.
Goi Erdi Aroko herrixketan, nekazariak lurra eta zura bezalako oinarrizko elementuez eraikitako etxoletan bizi ziren. Etxeotan, gune batzuk bizitoki gisa erabiltzen zituzten, eta beste batzuk, berriz, biltegi gisa (siloak) edota eskulanak egiteko. Garai hartako herrixketan, IX. eta X. mende aldera, eliza txikiak eta monumentaltasun gutxiko hilerriak eraiki ziren. Francesca Grassi arkeologoaren helburua da, hain zuzen ere, gizarte haien konplexutasun sozial eta politikoa aztertzea, zeramika kontsumoaren ekoizpena, banaketa eta ereduak oinarri hartuta. Horretarako, aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoa egin du.
“Hau ez da datu zeramikoak aztertzeko ohiko lan bat; izan ere, azken xedea da Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu ditugu, denak ere Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak, hiru eremu nagusitakoak: Arabako lautadakoak, Miranda Ebroko arrokoak eta Goi Erribera ingurukoak. Hiru eremu horiek askotarikoak dira. Alde batetik, Arabako lautada inguru oso itxia da ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, ez baita aurkitu arrotik kanpoko beste materialik. Beste bi eremuak, berriz, irekiagoak dira, Goi Erribera ingurua batik bat, han baitzegoen Gaztelako konderri zaharraren erdigunea; konderri hura Goi Erdi Aroan eratu zen, eta erreferentziazko kokaleku ugari zituen Goi Erriberan”, azaldu du Francesca Grassik.
Miranda Ebroko arroa eta Goi Erribera ingurua, gainera, irekiagoak izan ziren zeramikaren kontsumoari dagokionez ere, eta horrek nabarmenago egiten ditu hiru eremu horien arteko alde sozial, politiko eta ekonomikoak. “Zeramika kontsumoaren motan igar daitezke aldeak. Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako. Tipologiari dagokionez, aztarnategi batzuetan estaldurarik gabeko zeramika aurkitu dugu, ore lodiz edo araztuz egindakoa, eta litekeena da oinarrizko funtzio bat baino gehiago edukitzea: kozinatzeko, jateko edo gauzak gordetzeko ontzi gisa erabiltzeko… Biltegi batzuetan, baina, aurkitu dugu zeramika pintatua ere, estaldurarik gabea baina engobe gorriz ekoitzitako pintura duena. Zeramika horrek ere oinarrizko funtzio bat zuen, mahaian ura zerbitzatzekoa eta gauzak gordetzekoa esaterako, eta badirudi Ebro inguruan ekoitzi zela, baita aztarnategietatik oso urrun zeuden tailerretan ere. Halere, datu hori hasiera-hasierakoa da oraindik, aztertu beharreko analisi arkeometrikotik ateratakoa”, esan du ikertzaileak.
Datu osagarriak:Ikerketa EARMEDCASTILE proiektuaren (The formation of the State in Early Medieval castle: craft production and social complexity) barruan kokatzen da. EARMEDCASTILE proiektua Europako Batasunak diruz lagundua dago (Grant Agreement N. 656540), 2015eko udan hasi zen, eta 2016ko uztailean bukatuko da. UPV/EHUko Letren Fakultateko Ondarea eta Kultur Paisaiak ikerketa taldea ari da azterlana egiten, Juan Antonio Quirós Castillo Arkeologiako katedradunak gidatuta, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Saileko Luis Angel Ortega, Ainhoa Alonso Olazabal eta Mª Cruz Zuluaga ikertzaileen eta Sienako Unibertsitateko (Italia) Lurraren Zientzien Saileko Cristina Fornacelli eta Isabella Memmi Turbanti ikertzaileen laguntzarekin.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Goi Erdi Aroko gizarteak zeramikaren bitartez ezagutzen.
The post Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #144
Gutxienez 3.770 milioi urteko mikroorganismoen arrasto fosilak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermala izandako arroketan, Kanadako ipar-ekialdean dagoen Nuvvuagittuq gerrikoan, hain zuzen. Hodiak eta harizpi-formako egiturak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermaletan bizi ohi diren mikroorganismoek sortzen dituzten egituren antzekoak. Horrez gain, jarduera biologikoaren beste adierazle batzuk ere aurkitu dituzte; burdin-oxidozko granuluak eta karbonatozko errosetak, esaterako. Elhuyarrek azaltzen digu albistea.
KimikaSagardoaren azidotasunari heldu diote testu honetan. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio eta gozotasuna ezabatu egiten du. Gainera, azidotasuna garrantzia dauka sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako. Ekoizpenean, legamiek sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan. Baliteke lortutako azidotasuna egokia ez izatea, baina, testuan azaltzen digutenez, sagardoaren pH-a erregulatu daiteke. Eta nola egiteko da moldaketa hori? Azalpena Sagardoaren kimika artikuluan.
BiologiaElefanteek, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, beste zenbait bereizgarri dituzte. Adibidez, urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko. 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia. Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa handia da. Afera ulertzeko: beste ugaztunen kasuan odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lirateke. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.
Emakumeak zientzianNahia Idoiaga fisika ikasten hasi zen baina ez zitzaion gustatu, eta psikologiara pasa zen,zientzia inoiz alboratu gabe. Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen”. Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.
AstronomiaNASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven, deiturikoak. Baina programako ikertzaileari William Randolph Lovelace II.ak pentsatzen zuen emakumeak zirela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak ziren eta erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko. Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian. Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten. 1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten: emakumeek ez zituzten astronauta izateko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea.
Gure eguzki sisteman bertan beste planeta bat egon daitekeela pentsatzen dute aditu batzuek. Berriak azaltzen digu ustezko objektu horri X planeta edo bederatzigarren planeta deitzen zaiola. Hilabete honetan, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian proposatu dute Neptunotik harago dauden 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen ezaugarriek hor kanpoan planeta erraldoi bat dagoeneko hipotesia babesten dutela. Espektrografiaren bitartez, astronomoek espaziotik datorren argia ikertu eta objektu bakoitzaren konposizioa zein den jakin dezakete. Horrela konturatu dira bi asteroideon osaketa oso antzekoa dela. “Horregatik uste dugu iraganean objektu bikoitza zela, baina duela 5 eta 10 milioi urte arteko tartean Lurra baino 10 edo 20 aldiz masiboagoa den planeta ezezagun batek banatu zituela”, dio Julia de Leon Kanaria uharteetako Astrofisika institutuko ikertzaileak.
TeknologiaHandle izeneko robot gurpilduna aurkeztu berri du Boston Dynamics enpresak (Googlerena da Dynamics). 2 metroko garaiera dauka eta 20 km orduko abiadura har dezake, jauziak ere egin ditzake. Gurpilak eta hankak ditu eta ia edozein tokitan ibili daiteke. Etorkizuna hemen dugu!
FisikaEuskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horren kariaz: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzean datza. Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileak dio: “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren.
GeologiaZeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaile gehienek, zati handi bat ur azpian dagoena. Aspaldi jarri zioten Zeelandia izena. Orain, horri buruz egin diren ikerketa guztiak bildu dituzte. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. Kontinente bat izateko lau baldintzetatik hiru hiru betetzen ditu argi eta garbi: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da.
MedikuntzaBerlineko zientzialari batzuek mina tratatzeko albo-ondoriorik gabeko botika sintetizatzea lortu dute. Analgesiko berria opioidea da, baina ez ditu eragiten morfinak eta beste opioideek izaten dituzten albo-ondorioak. Adibidez, goragalea, apnea, ultzerak, etab. NFEPP izeneko analgesiko berriak hantura-guneetan bakarrik eragiten du. Animaliekin egin dituzte entseguak eta ikusi dute handitutako ehunetan ahalmen analgesiko handia duela baina aldi berean, ehun osasuntsuek ez dutela analgesikoaren aurrean erreakzionatzen.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #144 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #149
Loak oroimena sendotzen omen duela esaten da, baina kontrakoa balitz? Loak oroimena ahazten lagunduko baliguke? José Ramón Alonsok argitzen digu kontua: Seleeping Spines.
Izotzaren azpian, kilometro eta erdi lurrazalaren azpian, lurperatuta dago unibertso behagarrian barneratzeko gai den behatoki bat. Víctor Marínek aurkeztu digu: Ice Cube, the frozen observatory.
Ez da erraza egungo zibilizazioaren oinarri industrialen funtsezko kontzeptuak sakon ulertzea, are gutxiago metodo estatistikoek ez dutenean laguntzen. Baina DIPCk laguntzen digu zeregin honetan: Understanding polyatomic dissociative chemisorption.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #149 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea”
Psikologia ikasten ari zela gerturatu zen berriro zientziara. “Lankidetza-beka izeneko beka bat zegoen, aukera ematen zizuna irakasle batekin batera ikertzeko. Probatu nuen, eta gustatu zitzaidan”. Dioenez, ikasten jarraitzeko aukera ematen du ikerketak; horrek erakartzen du. “Nigatik balitz, beti ariko nintzateke ikasten”.
Irudia: Nahia Idoiaga Mondragon psikologoa.Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen: “Izurriteek gizartean eragiten duten inpaktua aztertu nuen tesian”. Gustura aritu zen tesia egiten, besteak beste, denboraren kudeaketan izan zuen askatasunagatik. “Ulertzen dut jende askok gaizki pasatzea tesia egiten, ordu asko eskatzen baititu, eta zaila da beste lan batzuekin batera egin behar baduzu. Baina nik beka bat nuen, eta oso esperientzia ona izan zen. Tarte horretan bi seme-alaba izan ditut eta ikerketa beste alorrekin bateragarria suertatu zait”, onartu du.
Ikertzearen aurkia eta ifrentzuaTesiaren gaia, berekin lana egiten zuen irakasleengatik eta gaurkotasunagatik aukeratu zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen.”
Idoiagaren ustez, garrantzitsua da jakitea nola bizi izan ditugun izurriak, “beti izango ditugulako, eta gero eta sarriago”. Jendeak zer pentsatzen duen eta zer irudikapen dituen jakitea gako da komunikazioa eraginkorra izan dadin. “Adibidez, alderdi emozionalak garrantzi handia du gauzak ulertzeko moduan, eta ez zait iruditzen arrisku-krisien komunikatzaileek aintzat hartzen dutenik”.
Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.
Ikerketa benetan gustuko duen arren, dena ez da erraza. Oztopoen artean, burokraziak eta argitaratzeko beharrak aipatu ditu, eta baita talde baten babesa ez duten gazte ikertzaileen egoera zaila ere.
Ez du aipatu gabe utzi nahi beste zailtasun bat: “Argitaratzeko behar horrekin lotuta, horrek berak euskaraz ikertzea zailtzen dit. Tesia euskaraz eta ingelesez egin nuen, eta aldiro artikuluak euskaraz publikatzen saiatzen naiz. Baina beti iruditzen zait euskararekiko militantzia hutsagatik egiten dudala. Izan ere euskal erakundeek ere apenas hartzen dituzte aintzat euskaraz idatzitako produktu zientifikoak”.
Idoiagaren esanean, badaki joera ingelesaren aldekoa dela, eta ulertzen du hori. Hala ere, haren ustez, garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako artikuluak edota lanak balioestea.
Fitxa biografikoa:Nahia Idoiaga Mondragon Gernikan jaio zen, 1985ean. Psikologian lizentziatu zen, UPV/EHUn, eta Psikopedagogian, Mondragon Unibertsitatean. Masterra egin ondoren, gizarte psikologian egin zuen tesia, gizarte irudikapenen alorrean, eta, bereziki, arrisku-krisien eta osasun-izurriteen gizarte mailako eragina aztertzen. Orain irakasle da Psikologia Fakultatean, eta ikertzen ere jarraitzen du.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Elefantearen birikak
———————————————————————————————————–
Elefanteek badituzte zenbait ezaugarri interesgarri. Lurraren gainean, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, edo handienak izateagatik, badituzte zenbait ezaugarri berezi. Belarrien tamainaz aritu gara aurreko atal batean, belarriek gorputzen tenperaturaren erregulazioan betetzen duten zereginaz, hain zuzen ere. Oso desberdina da hemen aztertuko duguna. Irudia: Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, ez dago elefanteak bezalako animaliarik tamainari dagokionez. Horrez gain badituzte bestelako ezaugarri bereizgarria. Esaterako, urpean sakonera handitan igeri egiteko gai dira.Elefanteek urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko tresna gisa. Elefanteentzat balio handiko ahalmena da hori, joan-etorri luzeak egiten baitituzte, eta egiten dituzten ibilbideetan oso ohikoa baita ibaiak zein aintzirak zeharkatu behar izatea. Zenbaitetan, gainera, sakon samarrak dira zeharkatzen dituzten urak.
Ahalmen hori harrigarria egin zaie beti zientzialariei. Izan ere, elefanteak urpean ibil daitezkeen sakoneran beste edozein ugaztunen birikak kaltetuta geratuko lirateke presio hidrostatiko handiaren eraginez. Baina 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia lehendabizi. American Physiological Society delakoaren 2002ko biltzarrean emandako hitzaldi batean eskaini zuen gertaera harrigarri horren zergatia.
Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa hain da handia, ezen beste edozein ugaztunen odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lituzkeen. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.
Biologo askoren ustez, urtarrak ziren gaur egungo elefanteen arbasoak, eta West doktorearen ustez, baliteke tronpa iraganeko garai hartan garatu izana. Azken batean, ez da ahaztu behar urtarrak diren sirenioak (dugongak eta manatiak) direla elefanteen ahaide hurbilenak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Elefantearen birikak appeared first on Zientzia Kaiera.