S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 46 min 38 sec

Ezjakintasunaren kartografia #244

sam, 2019/01/12 - 09:00

DNA mitokondrialaren eta autismoaren arteko harremanaren gure ezagutza hutsa izateari utzi dio. Eta ezagutza berri honek gizateriaren historia genetikoa kokatzen du. José Ramón Alonso-ren Haplotypes, mitochondria and autism

Esperimentuak egiteko gaitasuna al da benetan zientzia eta zientzia ez dena ezberdintzen duena? Jesús Zamora Bonilla en Karl Popper’s ‘constitution of science’ (2)

Schrödinger katuaren paradoxa desagertu egiten da dekoherentzia agertzen denean. Sistema kuantikoetan dekoherentzia muturrekoa da. DIPCren Extreme decoherence in chaotic quantum systems

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #244 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”

ven, 2019/01/11 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Askok Twitterren bidez ezagutu dute Naima El Bani Altuna paleozeanografoa. Hain zuzen, Artikoan izan dituen bizipenen berri emateko, sare sozial hori erabili du, @artikoan izenarekin, hain zuzen. Horrenbestez, ez da harritzekoa El Bani eta Artikoaren artean lotura zuzena egitea. Alabaina, El Banik berak ikertzaile izateko asmotan zebilenean, beste toki bat zuen jomugan, Artikoa baino beroagoa eta abegikorragoa.

Dena den, non eta zehazki zertan ez bazekien ere, txikitatik zuen garbi El Banik zientzian arituko zela: “Ama biologoa dugu, eta, umetan, sukaldean esperimentuak egiten genituen. Ordutik, argi neukan zientzietatik joko nuela. Hori bai, ez nuen arrastorik ere geologoa izango nintzela eta Artikoan ikertuko nuela”.

Irudia: Naima El Bani Altuna paleozeanografoa Norvegian, ikerketa burutzen ari den herrialdean.

Aitortu duenez, jakin-minak bultzatuta hasi zen Geologia ikasten. Eta asko harritu zen ikusi zuenean ez zela hasiera batean kontatzen ziotenaren modukoa: “Hasieran esaten zigutenaren arabera, bazirudien oso bideratuta zegoela petroliora eta erregaien mundura, eta nik hori ez nuen nahi. Alderantziz, klima-aldaketarekin kezkatuta nengoen, eta alde horretatik jo nahi nuen. Eta pozik nago, Geologian topatu dudalako aukera nahi nuen bidea egiteko”.

Horretarako, UPV/EHUko irakasleak gako izan zirela aitortu du El Banik. Are gehiago: ondotik, Frantzian, Kanadan eta Norvegian izan da, eta ohartu da UPV/EHUko maila benetan ona dela. “Gainera, izan nituen irakasleek irakasteko gogoa zuten, eta hori pila bat eskertzen da”, dio El Banik.

Irteera asko egiten zituztela ere gogoratu du, Sopelara eta Zumaiara, besteak beste. “Geologia nola aplikatu ikasten genuen, eta masterrean, berriz, Frantzian, ez genituen hainbeste irteera. Behin bai, astebeteko irteera izan genuen, eta euskal kostaldera izan zen! Ikasle aurreratua izan nintzen orduan”, dio, barrez.

Artikora, ezustean

Masterraren lehen urtean foraminiferoekin egin nahi zuen lana, Bizkaiko Golkoan. Gainera, aita marokoarra du, eta jakin zuen Bordelen bazela irakasle bat Bizkaiko Golkoan eta Marokoko kosta atlantiarrean ikertzen zuena. Hortaz, harengana jo zuen proiektua egitera. Eta hark, onartu. Hortik aurrerakoa ez zen espero zuen bezala gertatu: “Talde batek foraminiferoekin laguntza behar zuela esan zidan, eta talde hura Artikoan ari zen, Artikoko foraminiferoekin”. Horrela iritsi zen Artikora.

Ezusteko helmuga izan zen, beraz, baina onartu du izugarri gustuko duela. “Baditu zailtasunak: itsasontzi bereziak behar dira, izotza hausteko eta abar, hotz egiten du… baina oso aberasgarria da. Ontzietan, espedizioaren helburuaren arabera, diziplina askotako ikertzaileak elkartzen gara. Nire zuzendariak paleozeanografia egiten du, eta askotan eramaten ditu biologoak, iraganeko fosilak ulertzeko, gaur egungo bizidunak nola funtzionatzen duten jakin behar dugulako. Horrez gain, askotan espedizio berean proiektu bat baino gehiago batzen da, eta elkarlanean aritzen gara. Horri esker, askoz gehiago sakontzen dugu”.

Ontzietan egiten den bizikidetza ere aberasgarritzat jotzen du Al Banik. Adibidez, Artikoko espedizioko kideek euskararekiko erakutsi duten jakin-mina ekarri du gogora: “Ez zuten ezagutzen eta harrituta geratu ziren Twitterren neukan elkarrekintzarekin. Erabat erromantizatuta zuten, eta beste estatus bat duela ohartu dira”.

Twitterreko jardunak hori baino gehiago ere ekarri dio, UEUk antolatzen duen Txiotesia sariketa ere irabazi baitu horri esker, txiolari originalenaren kategorian. Ez zuen inondik inora espero, baina pozik dago, sinetsita baitago ezinbestekoa dela zientzia gizarteratzea. “Eta, horretarako, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea. Nire inguruko ikertzaileek, diren lekukoak direla ere, ingelesez egiten dute Twitterren, baina nire amak, adibidez, edo nire lagun batzuek ez dakite ingelesez. Zertan ari naizen ulertzea nahi badut, euskaraz kontatu beharko diet, bada!”

Fitxa biografikoa:

Bilbon jaio zen, 1993an. UPV/EHUn Geologia ikasi zuen, eta, horren ostean, Paleozeanografia eta Sedimentologia Masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean. Masterrean zela, Kanadako Artikoko paleozeanografia ikertzeko aukera izan zuen foraminiferoekin, eta doktoregoa Artikoko foraminiferoekin jarraitzea erabaki zuen, CAGE zentroan (Centre for Arctic Hydrate, Environment and Climate), Tromsøko Unibertsitateko Geozientzien Sailean, Tine L. Rasmussen eta Mohamed Ezat ikertzaileen zuzendaritzapean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Analisi farmakozinetiko/ farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan

jeu, 2019/01/10 - 15:00
Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz Infekzioak mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu dira. Alde batetik, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo delako eta honek tratamendu eraginkorrak ezartzea zaildu duelako. Bestetik, infekzio bat pairatzeko arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin duelako, gaixo immunokonprometituena edo pertsona nagusiena, esaterako.

Irudia: Antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain, dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko.

Infekzioek mundu osoko zainketa intentsiboko unitateetan (ZIU) zehar presentzia nabarmena dute. Horrela, bestelako pazienteekin konparatuz, gaixo kritikoei hamar bat aldiz antibiotiko kopuru handiagoa administratzen zaie. Medikamentu hauek maizago erabiltzeak erresistentziak sortzeko aukera handitzen du.

Antimikrobianoen erabilera egokirako, agente infekziosoek farmakoari dioten sentikortasunaz gain, medikamentuaren, pazientearen eta mikroorganismoaren artean gertatzen diren elkarrekintza konplexuak ere kontuan hartu behar dira. Horregatik, antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain (bakterioaren aurkako aktibitatea daukana), dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Hala ere, posologia egokiena ezartzea bereziki zaila suerta daiteke gaixo larrietan, haien egoera fisiopatologikoa dela eta, botiken farmakozinetikan eta farmakodinamikan aldaketa nabariak ematen baitira.

Farmakozinetikak farmakoen kontzentrazioen eboluzioa aztertzen du denboran zehar. Hori dela eta, “gorputzak medikamentuari egiten diona” aztertzen duela esaten da. Dosifikazio egokiena aukeratzeko, farmakoaren portaera farmakozinetikoari erreparatzea ezinbestekoa izan arren, egunerokotasun klinikoan ez da medikamentu hauen monitorizazioa egiten; hau da, ez dira farmakoen kontzentrazio plasmatikoak neurtzen. Honek paziente bakoitzean farmakoaren farmakozinetika zehazki ezagutzea eragozten du. Ondorioz, erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa aurretik burututako populazio ikerketetatik lortu behar izaten da. Populazio eredu farmakozinetikoek, bataz besteko parametro farmakozinetikoak kontuan hartzeaz gain, pazienteen arteko aldakortasuna ere kuantifikatzen dute. Gainera, aldagai desberdinak (kreatinina argitzapena edota pisua, esaterako) aintzat izaten dituzte, pazienteen ezaugarri desberdinek farmakozinetikan duten eragina zehazteko.

Posologia optimizatzeko, farmakozinetikaz gain, farmakodinamia ere kontuan hartu behar da. Honek medikamentu batek organismoan eragiten dituen efektuak aztertzen ditu eta, “farmakoak gorputzari egiten diona” bezala definitu izan da. Terapia antimikrobianoan, antibiotikoari bakterioaren esposizioa eta efektu mikrobiologiko edo klinikoa erlazionatzen duen disziplina da.

Farmakodinamia medikamentuaren kontzentrazioaren menpe dagoenez, eta azken hau farmakoaren farmakozinetikak baldintzatzen duela kontuan hartuz, farmakozinetika eta farmakodinamika estuki erlazionatuta daude. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak indibiduo desberdinentzat eta infekzio mota bakoitzarentzat antibiotikoen dosi egokiena aukeratzea ahalbidetzen du. Modu honetan, efektu desiragaitzak edota erresistentziak agertzea saihesten da.

Hala ere, gaixo larrietan pertsona arteko aldakortasuna nabaria izan ohi da eta ZIUetan burututako ikerketan parte hartzen duen gaixo kopurua, berriz, mugatua. Informazio murritz honek dosifikazioen doikuntza ezegokia edota helburu terapeutikoak lortzeari dagokionez iragarpen okerrak egitera eraman gaitzake. Hau gerta ez dadin, indibiduoen arteko aldakortasuna aintzat hartu eta laginaren tamaina maximizatu egiten duten estrategiak burutu daitezke, Monte Carlo simulazioa (MCS) erabiliaz. Honek aurretik eraikitako eredu farmakozinetikoaren ekuazioak aintzat hartzen ditu eta indibiduo desberdinen artean lortutako parametroen distribuzioa kontuan hartuz, milaka subjektu desberdin simulatzen ditu. Simulazio hauek, baliagarriak dira terapia enpirikoan zein populazio berezietan dosifikazio optimoak aurreikusteko.

Laburbilduz, analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoek, populazio modelizazio farmakozinetikoarekin eta MCSekin batera, antibiotikoen dosifikazio erregimenen optimizazioa egitea ahalbidetzen dute. Analisi hauek bereziki erabilgarriak izango dira gaixo kritikoetan. Alde batetik, farmakoen farmakozinetika modu nabarian eraldatuta izan ohi dutelako, eta bestetik, antibiotikoekiko erresistenteagoak diren mikroorganismoek eragiten dizkietelako infekzioak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan.
  • Laburpena: Azken urteotan infekzioen tratamendua mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu da, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo baita. Antibiotiko berrien gabeziak merkatuan daudenen dosifikazioen optimizazioaren premia areagotzen du. Zenbait pazientetan, gaixo larrietan esaterako, aipatutakoa egitea bereziki zaila suerta daiteke. Izan ere, beraien egoera fisiopatologikoa dela eta, medikamentuen farmakozinetika eta farmakodinamia eraldatuta daukate. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak, Monte Carlo simulazioekin batera, dosifikazio-erregimenen optimizazioa ahalbidetzen du. Horrela, tratamenduaren arrakasta bermatu eta erresistentzien agerpena ekiditen da.
  • Egileak: Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 19-33
  • DOI: 10.1387/ekaia.17849

————————————————–
Egileez:

Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz UPV/EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldean dabiltza.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Analisi farmakozinetiko/ farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Plaken tektonikaz

jeu, 2019/01/10 - 09:00
César Tomé López Plaken tektonikaren teoria XX. mendeko 60ko hamarkadan proposatu zen. Teoriak baieztatzen du plaka zurrun batzuen ―oso meheak Lurraren diametroarekin alderatuta― sorrera, mugimendua eta suntsipena direla planetaren kanpo-azalaren itxuraren eragileak. Argitaratu eta gutxira iraultzatzat jota, XX. mendeko aurkikuntza zientifikorik nabarmenenetako bat da zalantzarik gabe.

1. rudia: Iraultzailea izan zen plaken tektonikaren teoria. (Argazkia: Evelyn Proimos).

Plaken tektonikaren formulazioa eragin zuten aurkikuntzak paleomagnetismotik eta ozeanografiatik etorri ziren. 50eko urteen amaieran, fisikari talde txiki baina eragin handiko bat ―Ingalaterrako Londres eta Newcastleko unibertsitateetakoak eta Australiako Nazio-Unibertsitatekoak― lurraren paleomagnetismoa ikertzen ari zen. Polo magnetikoaren kokapen itxuraz alderraia globalki azaltzeko, garai geologikoetan, aintzat hartu behar zutela kontinenteak mugitu egin zirela elkarrekiko ondorioztatu zuten. Onarpen hori beste froga bat zen kontinenteen jitoaren hipotesiaren alde; teoria hori Alfred Wegener-ek 1912an proposatu zuen eta artean biziki eztabaidatzen zen, unibertsitate britainiarretan eta australiarretan bereziki, Arthur Holmes-en 1945eko Principles of Physical Geology testuari esker.

Bien bitartean, ozeanografoak arituak ziren itsas hondoa kartografiatzen eta bero-fluxuaren, grabitatearen eta magnetismoaren anomaliak neurtzen. Bruce Heezen-ek eta Marie Tharp-ek dortsal ozeanikoak existitzen zirela ikusi zuten datu horietan. Itsaspeko mendilerro erraldoi horiek hainbat ezaugarri fisiko oso deigarriak dituzte, hala nola, anomalia magnetikoen pautak eta bero-fluxu handia duen erdiko haran bat (rift izenekoa). 60ko hamarkadaren hasieran, Harry Hess-ek iradoki zuen dortsalak tentsio-hausturak zirela, zeinetan zehar laba isurtzen zen, itsas hondo berria sortuz eta hedatuz. Susmo horrek atxikimendua jaso zuen handik oso gutxira, bi iragarpen berretsi zirenean.

1963an, Fred Vine-k eta Drummond Matthews-ek aurreikusi zuten dortsal ozeanikoaren albo banatan behatutako anomalia magnetikoek inbertsio magnetiko globalak erregistratzen zituztela laba solidotuaren itxuran. Fisikariek erregistratuak zituzten inbertsio magnetiko globalak kontinenteetan erradiaktibitatea baliatuta eta, beraz, bazuten denbora-eskala bat. Hortaz, dortsalen alboetan zeuden anomalia magnetikoen lerro paraleloak aurkitu behar ziren soilik. Bestalde, 1965ean, Hessen ikasle zen J. Tuzo Wilson-ek, aurreikusi zuen itsas hondoa hedatzen ari baldin bazen posible izango zela faila mota berri bat —“faila eraldatzailea” izenaz bataiatu zuena— sismologikoki aurkitzea. 1966an, Lamont Doherty Geological Observatoryko ikertzaile batzuek bi iragarpenen frogak aurkitu zituzten.

Itsas hondoa hedatzen ari bazen, non kokatzen ari zen material berria? Akaso Lurra ere hedatzen ari zen? Zientzialariek serioski aztertu zuten aukera hori. Dena den, berehala baztertu zen 1967 eta 1968 urteetan, hurrenez hurren, Jason Morgan-ek eta Dan Mckenzie-k, nork bere aldetik, plaken tektonikaren teoria proposatu bezain laster. Biek proposatzen zuten plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egitura-ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak. Dortsal ozeanikoetan sortzen ziren, eta haietatik bereiziz joaten ziren, harik eta hondoratu eta “subdukzio zonetan” suntsitzen ziren arte; bertan jarduera sismiko bizia eta grabitate negatiboko anomaliak zeuden. Plaken mugimenduen eredu matematikoak eta lekuan bertan egindako behaketak ia bat zetozen. 70eko urteen hasieran geologo gehienek onartua zuten plaken tektonika egitatea zela (Sobietar Batasunean eta herri sateliteetan salbu).

2. irudia: Plaken tektonikaren teoriaren arabera, plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egiturazko ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak.

Gehigarri filosofikoa

Zientzialarien komunitateak hain azkar onartu zuen plaken tektonika, ezen jende gehienaren jakin-mina piztu baitzuen. Geologo batzuk hasi ziren zientzia jendarteratzeko aldizkarietan argitaratzen, telebista saioetan agertzen, eta testuliburuak orrazten. Baina behin hasierako euforia igarota, ordea, geologo askok konfiantza-krisi bat izan zuten: Hain oker egon al ziren kontinenteen jitoaren teoria berrogeita hamar urtetan errefusatzean? Eta, zientziak aurrera egiten baldin bazuen gertaeren metaketa motelari esker ―haietako gehienek hala uste zuten―, zientifikotzat jo liteke urte gutxitan pasatzea kontinenteak estatikoak zirela pentsatzetik mugitzen zirela pentsatzera?

Lehen galderari dagokionez, geologo askok (gehienak gazteak) zalantzan jartzen zuten nola litekeen beren aurretikoek kontinenteen jitoaren teoria baztertu izana eta sasizientifikoa zela egotzi izana, teoria berresten zuten frogak egonda; hala nola, antzekotasunak Atlantikoaren bi aldeetako kostaldeko paleontologian eta litologian eta kontinenteen puzzlearen egokitzea. Bistan denez, jarrera hori presentismo-kasu bat zen, hau da, historia orainaldiko balio eta ezagupenekin epaitzea. Kontinenteen jitoa oso serio hartu zen baina ez zen bere horretan onartu, frogak “zirkunstantzialak” baino ez zirelako. Plaken tektonikak, aldiz, oinarri askoz sendoagoa zuen eta geroago berretsitako iragarpenak egin zituen. Gainera, ideia ezberdina zen: plakak sartzeak garrantziarik gabeko ondorio bihurtzen zuen kontinenteen mugimendua eta ez baieztapen teorikoaren giltzarri.

Gorago esan dugunez, geologoei kostatu egiten zitzaien asimilatzea teoria berria hain azkar onartu izana eta denboran zeharreko datu-metaketaren gainean eraikitako zientzia batean egokitu izana. 1962an Thomas Kuhn-en Iraultza zientifikoen egitura argitaratu zen, auzian interesa zuten geologoek besoak zabalik hartutako liburua. 60ko urteen amaieran, J. Tuzo Wilson eta Allen Cox, adibidez, argi eta garbi mintzatzen ziren plaken tektonikaz Kuhn erako iraultza gisa eta paradigmen aldaketaz. Hori zerbait ageriki eztabaidagarria zen (paradigmak, iraultzak existitzea, eta existitzekotan, plaken tektonika halaxe izatea).

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Plaken tektonikaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ez da arrain soila, doitasun handiko detektagailua baizik

mer, 2019/01/09 - 09:00
Juanma Gallego Arrain espezie batek elektrizitatea baliatzen du jasotzen duen informazio sentsoriala hobetzeko, eta portaera hori detektatze aktibo izeneko prozesuaren adierazpen bat dela uste dute zientzialariek. Eskuratutako ezagutzak robotikaren alorrera bideratu nahi dituzte.

Filosofiako eskoletan irakatsi ohi den pasartea da Platonen haitzuloarena, potentzia handiko alegoria baita. Zulo batean sartuta dauden gizakiek kanpoko munduaren itzalak baino ez dituzte ikusten, eta itzal horiek errealitate bakartzat jotzen dituzte; baina, halere, jakina da kanpoko errealitatea guztiz bestelakoa dela, haitzulo barrukoek irudikatu ezin badute ere.

1. irudia: Eigenmannia virescens espezieko arrainek elektrizitatea erabiltzen dute haien inguruko informazioa jasotzeko, bereziki harrapakariengandik babesteko ezkutalekuetan mantendu aldera. (Argazkia: Luis Ruiz Berti /CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Zentzumenekiko dugun dependentziaren adierazle da alegoria hori, baina lotura uste baino handiagoa da. Gehienetan, gainera, konturatu ere ez gara egiten garunak jasotzen eta prozesatzen duen informazio horretaz. Horren adibide da detektatze aktibo izeneko prozesua. Horren bitartez, animalia batek zentzumenen bitartez jasotako informazioaren arabera egokitzen ditu haren mugimenduak. Mugimendua, soinua edo bestelako seinaleak sortzen dira zentzumenen bitartez atzeraelikadura jasotzeko. Kasurik argiena saguzarrek edo izurdeek erabiltzen duten ekolokalizazioa da, baina beste adibide asko badira ere. Gizakiok ere modu inkontzientean egiten ditugu hainbat mugimendu, ia-ia konturatzeke. Adibidez, zerbait eskuetan dugunean, objektu hori gora eta behera mugitu ohi dugu, objektuaren pisua kalkulatzeko.

Prozesu horren inguruko ezagutzan sakontzeko arrainetara jo dute ikertzaileek. Izan ere, etengabean ari dira arrainak igerian, antza guztiz aleatorioa den mugimendu batean. Zergatik, bada? Agerikoa dirudi erantzuna: ez hondoratzeko. Eta hala da; baina elektrizitatea duten arrainen kasuan, hori ez da erantzun bakarra, orain aurkitu dutenez. Johns Hopkins unibertsitateko ikertzaile talde batek dio etengabeko mugimendu horri esker zenbait arrainek igeri egin ahal izateko beharrezkoa duten informazioa jasotzen dutela ere; hau da, funtsean, mugimendu hori detektatze aktiboaren baitan kokatu dute. Current Biology aldizkarian azaldu dute ikerketa (zientzia artikuluaren aurreko bertsioa, modu irekian, hemen).

Eigenmannia virescens espeziean oinarritu dute ikerketa, bereziki, espezie horretako arrainek elektrizitatea kopuru txiki bat igortzen dutelako: eremu elektriko arina sortzen dute haien inguruan, eta horrek komunikazioa eta nabigazioa errazten die. Amazonas ibaian bizi den arrain hau babeslekuetan sartu ohi da harrapariengandik babesteko. Modu horretan, elektrizitatea baliatuta, babeslekuan mantendu dezake bere burua, doitasun handiz.

Inguruneko aldaketen arabera arrainek mugimenduak nola egokitzen dituzten argitu aldera, errealitate areagotua sortu dute zientzialariek. Mugimenduan oinarritutako detekzio aktiboa frogatzeko errealitate areagotua denbora errealean erabili duten lehenengo aldia izan daitekeela azpimarratu dute ikertzaileek.

Emaitza “zirraragarriak”

Arrainontziaren barruan sartutako hobi bat baliatu dute esperimentua burutzeko. Ez zen edonolako hobia, ordea: bideo sistema baten bitartez, hobiak automatikoki arrainen mugimenduaren arabera mugitzeko gaitasuna zuen. Bertan arraina sartuta zegoela, hobia mugitu dute, animalien orientazioa zailtzeko. Berdin arrainaren mugimenduarekin bat edota arrainaren mugimenduaren kontra egiten zutela, kasu bietan arrainek igeri egiteko modua aldatu dute; antza, informazio berdina jasotzen zutela ziurtatu nahian.

2. irudia: Eric Fortune biologoaren laborategian animalien zentzumenak eta sistema motorraren arteko harremana aztertzen dute. (Argazkia: NJIT/Johns Hopkins)

Zehazki, hodiaren mugimenduaren bitartez gero eta atzeraelikadura gutxiago jaso, orduan eta gehiago mugitu dira arrainak. Osterantzean, zentzumenen bitartez atzeraelikadura gehiago jaso dutenean, gutxiago mugitu dira. Esperimentua ilunpean egin dutenean, are handiagoa izan da aldagai horien arteko harremana, arrainek elektrizitatean gehiago oinarritu behar izan duten seinale.

Zientzialarien ustez, esperimentuak erakutsiko luke arrainek haien mundu sentsoriala nolabait kontrolatzen dutela. Ondorioztatu dute arrain hauek kontrol sistema bikoitza baliatzen dutela, esperimentuaren fasearen arabera modu ezberdinean aritzen direlako: modu batean arrainek beraiek estimulua “kontrolatzen” dutenean eta beste modu batean estimulu hori erreproduzitzen denean, hobiaren bitartez sortutako errealitate areagotua dela eta. Orain, ustezko bi kontrol sistema horietan parte hartzen duten neuronak argitu nahi dituzte, fenomenoaren oinarri neuronalak zehaztu aldera.

“Ikerketa honetan, zirraragarriena da aukera izan dugula atzeraelikadura aztertzeko, hamarkada batez amestu besterik ezin genuen modu batean”, nabarmendu du prentsa ohar batean New Jerseyko Teknologia Institutuko (AEB) biologo Eric Fortunek.

Halako ikerketetan gertatu ohi den moduan, emaitzak biomimetikaren alorrean bereziki interesgarria izan daitezkeela uste dute ikertzaileek. Adimen artifizialaren garapenari esker, robotek gero eta sentsore hobeagoak behar dituzte atazen aurrean ahalik eta azkarren eta modu egokienean “erabaki” bat hartzeko, eta, zentzu horretan, detektatzea aktiboa funtsezkoa izan daiteke benetan autonomoak izango diren makinak garatzeko. Oraintxe bertan zabaltzen ari den teknologia denez gero, bereziki auto autonomoen alorrean funtsezkoak dira sentsoreak, eta horretan ere lagungarria izatea espero dute.

Batek daki etorkizun urrun batean, makina horiek “kontzientzia” garatzeko aukera izango ote duten; baina, hala izatekotan, iritsiko da eguna non adimen artifizial horiek agian Platon irakurtzen eta ulertzen hasiko diren, eta galdera deserosoak jarriko dituzte mahai gainean. “Nor ote naiz ni, nork sortu nau eta nolakoa da benetako mundua, neure siliziozko sentsoreetatik harago?”. Eta akaso norbaitek erantzungo die haien garapena, neurri batean, arrain txiki baten ahalmen izugarrian oinarritu zela. Haitzulo ñimiño batean burua gordetzen bereziki trebea zen arrain baten ahalmenean, hain justu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Biswas, Debojyoti et al., (2018). Closed-Loop Control of Active Sensing Movements Regulates Sensory Slip. Current Biology, 28(24), 4029-4036. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2018.11.002

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ez da arrain soila, doitasun handiko detektagailua baizik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Talboten efektua (I): fenomeno bitxi baten jaiotza

mar, 2019/01/08 - 09:00
Daniel Eceizabarrena Gizakiari guztiz naturala zaion elementua da argia, eta hark inguraturik bizi izan da beti. Hala ere, askotan espero ez diren fenomeno miresgarriak uzten dizkio argiak begien bistan. Honen adibide ezin hobea dugu aztertzera goazen Talboten efektua.

Gure protagonista nagusia Talboten alfonbra izenez ezagutzen da eta bera dugu Talboten efektuaren adierazpenik deigarriena. Datozen lerroetan irudi polit hau sortzearen arrazoiak azaltzen saiatuko gara, baina egoki deritzogu lehenago Talbot zientzialaria aurkezteri. Izan ere, bera izan zen lehenbizikoz fenomenoa behatu zuena, baina ez da ziurrenik merezi bezain ospetsua, nahiz eta fenomenoari izena ematen dion.

1. irudia: Xaharen jauregian egon litekeen alfonbra persiarra dirudi baina aitzitik, argiak sortutako irudi ikusgarria da. (Argazkia: Wikimedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

William Henry Fox Talbot

Erresuma Batuko hegoaldean jaioa, William Henry Fox Talbot (Dorset, 1800 – Wiltshire, 1877) harrigarria den diziplina anitzetan aritutako zientzialaria izan zen. The Royal Society erakundearen kide izendatu zuten 1831n matematikan egindako lan garrantzitsuengatik. Ekarpen azpimarragarriak egin zituen kimikan, elektrizitatean eta astronomian ere. Natur-zientziez gain, etimologian eta arkeologian ere aditua zen; hori erakusten du, behintzat, gaur egun Iraken dagoen Asiriako Ninive hiriko zenbait inskripzio kuneiforme itzuli izanak. Hori guztia gutxi balitz, politikan aritzeko denbora ere izan zuen, Londresko Parlamentuan aulkia lortu baitzuen 1832an. Edonola ere, esan liteke kalotipoa dela bere ekarpen handiena, gaur egun ezagutzen ditugun argazkien aitzindarietan garrantzitsuenetarikoa baita.

Italiako Comoko lakuaren ertzeko paisaia eskuz marrazten saiatzen ari zen 1833ko oporraldian, eta nonbait marrazkigilea baino zientzialari hobea zen Talbot, lan hori egingo zuen makina sortzea bururatu baitzitzaion. Bururatu ez ezik, 1839an argiarekiko sentikorra zen papera sortu eta haren gainean irudiak islatzeko metodoa garatu zuen. Garai bertsuan Parisen arrakasta itzela izan zuen Dagerrotipo famatuarekiko abantaila zuen, gainera. Hura ez bezala, irudi negatibo bat sortzeko gai zen, eta nahi bezainbeste kopia positibo sortzeko erabil zitekeen. Frantsesaren asmakuntzak, ordea, hedapen handiagoa izan zuen, seguruenik Talbotek bere ideia patentatu zuelako.

Kalotipoaren sortze prozesu honetan optika-ikerketak egin behar izan zituen Talbotek halabeharrez. Egoera horretan gertatu zen Talboten efektuaren aurkikuntza, izan ere, 1836an argitaratu baitzuen horri buruzko artikulua. Modu kualitatiboan eta xehetasun handirik gabe deskribatu bazuen ere (ziurrenik garaiko muga teknikoengatik), argi dago fenomeno honen lehen erregistroa dela. Guk ere bide kualitatibo horixe egingo dugu, baina zehaztasun handiagoa ematen saiatuko gara.

2. irudia: Philosophical Magazine aldizkariaren 1836. urteko abenduko alean argitaratutako Talboten Facts relating to Optical Science. No.IV artikuluaren lehen orrialdea. (Argazkia: Taylor & Francis Online)

Esperimentuaren planteamendua

Talboten efektua fenomeno optiko mikroskopiko bat da, hots, eskala txikian gertatzen den argiaren fenomeno bat, eta argia sareta batean zehar iraganaraztearen ondorioz sortzen da. Efektua ikusteko, sareta alde batetik argiztatu eta argiak sareta zeharkatu ostean, beste aldean zer ikusten den behatu behar dugu.

3. irudia: Esperimenturako erabil daitekeen sareta. Hau baino askoz estuagoak diren saretak erabiltzen dira normalean. (Argazkia: jsteuben / Thingiverse.com – Creative Commons lizentziapean)

Nahiz eta kontzeptualki oso esperimentu sinplea izan, aberastasun ikaragarria dauka egitura aldetik, eta ez da batere erraza argiak sareta zeharkatu ondoren duen portaeraren analisia egitea.

Hasteko sinplifikazio batzuk ontzat emango ditugu. Sareko ebaki guztien artean tarte berdina dagoela onartuko dugu, eta tarte horrekin alderatuz ebakien zabalera oso txikia dela. Gainera, egoera bi dimentsiotan aztertuko dugu hirutan egin beharrean. Zehatzago, saretoaren norabide bertikala ez dugu kontuan hartuko, saretako ebakiak bertikalak direnez egoera berdina izango baita altuera guztietan. Ondorioz, ebaki bertikalak dituen sareta tarte berdinez aldenduta dauden hutsuneak dituen marra zuzen bihurtuko da, eta argia perpendikularki etorriko zaio.

4. irudia: Sinplifikazioen ondorengo bi dimentsioko planteamendua. Marra horizontal beltza sareta da, eta puntu beltzek adierazten dituzte zuloak, argiak zeharkatuko dituenak. Marra horizontal urdinek argi-uhinen uhin-fronteak adierazten dituzte. Saretaren beste aldean pantaila bat jarriz gero zer ikusten den jakin nahi dugu. (Argazkia: Daniel Eceizabarrena)

Hasieratik problema zuzenean ebatzi beharrean, lehenik zulo bakar batekin eta bi zulorekin zer gertatzen den ikusiko dugu. Horretarako, ezinbestekoa da uhinen fisikan berebiziko garrantzia duten hiru kontzeptu jorratzea: uhinen difrakzioa, Huygensen printzipioa eta Youngen bi zirrikituen esperimentua.

Difrakzioa eta Huygensen printzipioa

Demagun saretak zulo bakarra duela, 5. irudiko egoeran gaudelarik. Saretaren norabide perpendikularrean datorren argi-uhina zulo bakar horretatik igaroko da beraz, eta gure helburua saretaren beste aldetik zer ikusiko dugun jakitea da.

5. irudia: Zulo bakarreko sareta. Zirrikitu batetik argia igaroarazten badugu eta beste aldetik begiratzen badugu, pentsa genezake, besterik gabe, zirrikitua argiztatuta ikusiko dugula. Besterik gertatzea posible al da, bada? (Argazkia: Daniel Eceizabarrena)

Goiko hau azaltzen du, beste gauza askoren artean, Huygensen printzipioak. Izan ere, 1690ean argitaratutako Traité de la lumière liburuan, Christiaan Huygens holandarrak (Haga, 1629 – Haga, 1695) argiaren propagazioaren printzipio nagusia deskribatu zuen: argiaren iturria puntu bakar bat denean, uhin esferikoen bidez hedatzen da.

6. irudia: Huygensen Traité de la lumière liburuko irudia, printzipioaren oinarria azaltzen duena: “Honela, partikula bakoitzaren inguruan uhin bat sortu behar da, partikulan bertan zentroa duena. Eta DCF argi-iturria den A puntuak sortutako uhina bada, orduan DCF esferaren barruan dagoen B partikulak bere uhin propioa, KCL, sortu izango du. Honek DCF uhina C puntuan ukituko du, A-tik datorren uhin nagusia DCF-n dagoen momentu berean…” (Argazkia: C. Huygens, Traité de la Lumière, Leiden: Pieter van der Aa, 1690)

Gatozen gure saretaren egoerara. Argi-uhinak sareta jotzean zuloa duen puntuan bakarrik zeharkatuko du. Huygensen printzipioari jarraituz, puntu horrek uhin esferikoa sortuko du. Fenomeno hau da difrakzio izenez ezagutzen denaren oinarrizko adibidea da.

7. irudia: Uhina zuloan difraktatu egin da. (Argazkia: Daniel Eceizabarrena)

Jakin nahi dugu irudian beltzez markatutako pantailan zer ikusiko dugun. Argi dago saretako zuloaren parean argiaren intentsitatea handia izango dela, zuzen zuzenean iristen baita uhina bertara. Hala ere, geroz eta zuloaren paretik gehiago urrundu, orduan eta intentsitate txikiagoa izango du iristen den argiak, distantzia gehiago egin behar izan duelako jatorritik.

8. irudia: Argia zulo bakarretik igaro ostean pantailan ikusiko dugun irudia. Espero bezala, zirrikituari dagokion zonalde argi bat ikusten dugu. Alboetako argigune txikiagoak zirrikituaren zabaleraren ondorioa dira, eta ez ditugu aintzat hartuko(Argazkia: Jordgette / Wikimedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Huygensen printzipioari esker, beraz, argi geratu zaigu zer gertatzen den zirrikitu bakarreko saretan. Hurrengoan, bi zirrikitu dituen sareta aztertuko dugu, ondoren Talboten esperimentuko egoera ondo ulertu ahal izateko. Ikusi berri dugunaren antzeko zerbait behatuko al dugu? Erantzuna, hurrengo atalean.

Erreferentzia bibliografikoak:

———————————————————————————-

Egileaz: Daniel Eceizabarrena matematikaria da eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) ikerketa-zentroko ikertzailea.

———————————————————————————-

The post Talboten efektua (I): fenomeno bitxi baten jaiotza appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Erromatar Inperioak tuberkulosia hedatu zuen

lun, 2019/01/07 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Tuberkulosiak batez ere birikei eragiten die eta erraz kutsatzen da airean zehar. Egokiro tratatzen ez bada, eten gabeko eztula eragiten du, eta sukarra, pisu-galera, ahulezia eta azkenean heriotza. Kutsadura bidezko gaixotasunen artean, bera da heriotza gehien eragiten dituen gaixotasunetako bat; urteko, 10-15 miloi kasu berri agertzen dira eta 1.5-1.8 miloi heriotza.

Irudia: Afrika eta Eurasiaren arteko konektibitate patroiak kontuan izanik ikertzaileek ondorioztatu dute, besteak beste, ozeanoz bestaldeko espezieen eta bestelakoen komertzioak, Zetaren Bideak, Erromatar Inperioaren hedapenak eta Europatik abiatutako esplorazioek tuberkulosia eragiten duen “Mycobacterium tuberculosis”-aren zabalkundean eragin zutela. (Argazkia: Couleur / Pixabay – Creative Commons lizentziapean)

Caitilin Pepperellek, Wisconsin-Madisongo (AEB) Unibertsitatean, bakterioaren 552 genoma-lagin aztertu ditu. Tuberkulosia eragiten duen hau, Mycobacterium tuberculosis da, eta ikerketa honetarako munduko hainbat tokitatik hartu dira laginak. Bakterioa XV. mendean iritsi zen Amerikara europarrekin batera. Ikerketa honetan ez da Amerikako laginik hartu. Pepperell doktore andrearen taldeak bakterioaren leinu-zuhaitza osatu du, jatorri geografikoa eta bakterioak mutazio bidez aldatzeko duen abiadura kontuan hartuta. Aurretik ezaguna zen zazpi familia nagusi daudela Mycobacterium tuberculosis espeziean. Zazpi horiek sortu zituena, ziur aski Afrika Mendebaldean sortu zen duela 5.000 urte. Zazpi familia horietatik hiru ez dira inoiz Afrikatik atera.

Dirudienez, zazpi familia horietako bat Asia Eki-mendebaldera hedatu zen, gure garaia hasi baino hiru mende lehenago. Garai hartan, salgaiak garraio handia egiten zen; batez ere espeziak garraiatzen ziren Indiako Ozeanoan zehar, eta hori dela eta, bakterioa Papua uhartera ere (Nueva Guinea) iritsi zen.

Edonola, I. mendean Mediterraneotik ia Europa osora joan zena da eta gehien hedatu dena. Errusiar estepetara eta Asiara ere iritsi zen, eta gero jatorrizko tokira itzuli zen, Afrikara alegia. Hori guztia Erromatar Inperioaren hedadura handienaren garaian gertatu zen. Izan ere, desplazamenduen kopuruak gora egin zuen garai horretan eta halaber askoz ere salgai gehiago garraiatu ziren inperio horren mugen barruan. Inguruko beste herriekiko merkataritza ere igo egin zen. Txinatar Inperioarekiko harremanak ere gertatu ziren. Hori guztia dela eta, oso jatorri desberdinetako jendea jarri zen harremanetan lehenengo aldiz. Gainera, hiriak garrantzitsu bilakatu ziren. Erroma miloi bat biztanle izatera iritsi zen, eta kontuan hartu behar da industria-iraultzara arte ez zela Londres kopuru horretara iritsi. Erroma abiapuntua eta helmuga zen milaka kiderentzat munduan zehar. Hiritar horietako batzuek bere baitan zeramatzaten Mycobacterium tunberculosisen milaka ale. Gainera erromatarrek noranahi eraman zituzten bere ohiturak eta barrakoi militar handietan bizi ziren eta bainu publikoak erabiltzen zituzten. Alegia, bakterioaren hedapena errazten zuten ohiturak zituzten.

Erromatarrengandik heredatu ditugu egungo Europan egiten diren hizkuntza asko, eta latinetiko hiztegia ere oparoa da, Europako hizkuntzetan, bai eta euskaran bertan ere.

Gainera, beraiek egin zituzten errepideak, akueduktuak, komun publikoak, antzerkiak, zirkuak et bestelako azpiegiturak, bere zibilizazioaren oinarri materiala izan zirenak. Beraiena da era berean Zuzenbide Erromatarra bera ere, eta egungo egutegiaren oinarriak ere. Bestela esanda, gure egungo bizitza beraiek sortutako arauetan oinarrituta dago neurri batean. Horretaz guztiaz gain, erraztu egin zuten tuberkulosiaren hedapena, eta gaixotasun hori da gizakion historian egon direnetan hilkorrena.

Erreferentzia bibliografikoa:
O’Neill Mary B., Kitchen Andrew, Zarley Alex, Aylward William, Eldholm Vegard, Pepperell Caitlin S., (2017). Mycobacterium tuberculosis dispersal in Africa and Eurasia. bioRxiv, e:210161. DOI: https://doi.org/10.1101/210161

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Erromatar Inperioak tuberkulosia hedatu zuen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #236

dim, 2019/01/06 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

2019 urtea ondo hasteko, badugu astronomia arloko albiste garrantzitsu bat: NASAren New horizons zundak Ultima Thuleri egindako lehenengo argazkia bidali duela irakur daiteke Elhuyar aldizkarian. Horri esker, haren tamaina eta formaren informazioa jaso dugu: 35 km luze eta 15 km zabal da. Horretaz gain, bidali diren beste argazkiei esker ikusi dute objektu bakar bat dela. Elur-panpin baten itxura du, gainera Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez. Ultima Thule ikertzeak eguzki-sistemaren sorrera argitzea du helburu.

Chang’e 4 zunda Ilargiratzea lortu du CNSA Txinako Espazio Administrazio Nazionalak, gizakiak gertutik sekula aztertu gabeko eremu batera gainera, Berriaren arabera. Aitken arroa gunean dago, Von Karman kraterrean, hain zuzen. Espazio zunda han dagoela, irrati frekuentzia baxuak, Ilargiaren lurrazala eta erliebea, eta haren konposaketa eta egitura ikertuko ditu. Horrez gain, neutroien eta atomo neutroen erradiazioa neurtuko du.

Albiste honek eman du zeresana adituen artean, jakina. Javier Armentia astrofisikari eta Iruñeko Planetarioaren zuzendariak dio Txinaren espazio programaren garapena “oso adimentsua” dela. Bestalde, Jose Felix Rojas astrofisikari eta EHUko Planeten Zientzien taldeko kidearen arabera, Txinak egindako balentria ez da “propaganda” kontua: “Espazioan dagoena komertzialki ustiatzeko aukerak ikusten ari gara dagoeneko”. Berrian landutako informazioan irakur daiteke.

Ekologia

Urte berrian murgildu gara guztiz baina iazko gai garrantzitsu bat ekarri dugu gurekin: mikroplastikoak. Josu Lopez Gazpiok azaldu zigun moduan, itsas-uretara iristen diren mikroplastikoak bertako organismoetan pilatzen dira eta guk bizidun horiek jaten baditugu, gure organismora gehitzen ditugu mikroplastiko horiek. Philipp Schwabl eta bere lankideen hipotesia izan zen pentsatzea mikroplastiko horiek gizakion gorotzetan aurkitu ahal izango zirela baina lagin hori oso eskasa zen emaitzak adierazgarriak izateko (zortzi boluntario aztertu zituzten bakarrik). Beraz, gorotzetan mikroplastikoak detektatu direla esatea eta hori arriskutsua izatea ez da gauza bera. Lopez Gazpiok gogoratzen digun moduan, neurrigabeko kezka horiek saihestea da, hain zuzen ere, zientzia dibulgatzaileon funtziorik garrantzitsuenetako bat.

Ibai handien egoeraren azterketa zabala egin du Jim Best geologoak eta ikerketak kezka eragin du, Juanma Gallegoren artikuluan irakur daitekeenez. Zenbait esparrutako ondorioak azaldu ditu geologoak publikatu duen artikulu batean. Klima-aldaketa, kutsadura, ur erazteak eta ur desbideraketak dira aipatzen diren arazoak, besteak beste. Halaber, kanpoko espezieen sarrera aipatu du Bestek kontuan hartu beharreko arazoen artean. Ezagunak dira zebra muskuilua edo Karpa arrunta bezalako espezieek sortutako arazoak, baina ez dira bakarrak. Artikuluan ere irtenbideak proposatu ditu. Jaso dituen datu horiek guztiak “ezinbestekoak dira etorkizunean kudeaketa jasangarria egin ahal izateko”, aitortu du geologoak.

Osasuna

Fundación Española del Corazón (FEC) elkarteak dioenez, miokardio-infartuaren sintomak eta euren pertzepzioa ezberdina da gaitza pairatzen duen pertsonaren sexuaren arabera. Emakumeen kasuan okerragoa da eta gizonak baino %6 gehiago hiltzen dira gaixotasun kardiobaskularren ondorioz. Gizonek dituzten sintomak izan ditzakete emakumeek baina horietaz gain, ezohikoak direnak ere paira ditzakete, hala nola bizkarreko mina, sabelaren goialdean mina, ezohiko nekea etab. Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Geologia

Isostasiaren oinarri fisikoa Arkimedesen printzipioan dago eta kontzeptua XIX. mendearen erdialdean sortu zen, César Toméren artikuluaren arabera. Isostasiaren inguruko teoriak zabaltzen hasi ziren George Airy eta John Pratt ikerlariei esker, besteak beste. Izena Clarence Duttonek eman zion eta lehenetarikoa izan zen Lurraren barneko dinamikan zituen ondorioei erreparatzen. Halere, XX. mendeko 60ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen, plaken tektonikaren garapenarekin, isostasiak planteatzen zituen arazoak konpontzeko gai zen teoria bat aurkitzeko.

Emakumeak Zientzian

Naima El Bani Altuna bilbotarrak Geologia ikasi zuen UPV/EHUn. Ondoren, Paleozeanografia masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean. Hori bukatuta, Kanadara joan zen Artikoko foraminiferoak ikertzera eta handik, Norvegiara joan zen, non bere tesia egiten ari den orain. Unibertsitatea.net-ek egindako elkarrizketan geologoak azaltzen du txikitatik bazekiela zientzia ikasi nahi zuela. Horretaz gain, bere ikerketaren muina azaldu du: “Foraminiferoak oskoldun protista txiki batzuk dira. Uretan “flotatzen” bizi badira, foraminifero plantoniko deritzegu, eta itsas-hondoan bizi badira berriz, foraminifero bentoniko”.

Biologia

Azken urteetan, askotan ikertu dira lipidoak eta honekin batera, biomolekula hauen gaineko ezagumendua asko hazi da, Ekaia aldizkariko artikuluak dioenaren arabera. Hemen laburtzen den lanean zehazki matrizez lagundutako laser desortzio-ionizazio hegaldi denbora masa-espektrometria erabili da lipidoak identifikatzeko lagin biologikoetan. Lipidoak aztertzea lan konplexua da, espezie anitz daudelako zelularen ziklo metaboliko bakoitzean, eta kimikoki desberdinak izan arren euren masak oso antzekoak direlako.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #236 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #243

sam, 2019/01/05 - 09:00

Aurkikuntza zientifikoaren logika hainbat logika posibleren arteko bat da. Ezabatu ezin daitekeen konbentzio konponentea du. Xake jokoa ala konstituzio politiko bat bezala. Jesús Zamora Bonillaren Karl Popper’s ‘constitution of science’.

Argiak materiarekin elkar eragin behar badu, dispositibo txiki eta eraginkorretan egin beharko du. Zentzu honetan plusmarka den kristal fotonikoa sortu dute DIPCn. A photonic crystal the size of a single free space wavelength

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #243 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean

ven, 2019/01/04 - 09:00
Ziortza Guezuraga Miokardio-infartuaren sintomak eta euren pertzepzioa ezberdina da gaitza pairatzen duen pertsonaren sexuaren arabera.

1. irudia: Bihotzekoak sintoma tipikoak ditu, hala nola, bularreko min zapaltzailea ezkerreko besorantz/bi besotarantz doana, baita leporantz edo beheko masailezurrerantz edota izerdi hotza goragaleekin. (Iturria: German Tenorio).

Miokardio-infartuaren kasuan sexuaren arabera ezberdintasunak daude, Fundación Española del Corazón (FEC) elkartearen arabera. Pronostikoan ezberdintasunak daude, emakumeen kasuan okerragoa da eta emakumeak gizonak baino %6 gehiago hiltzen dira gaixotasun kardiobaskularren ondorioz, FECren datuek erakusten dutenez. Mundu mailan lehen heriotza kausa da emakumeen artean.

Bai gizonek bai emakumeek gaixotasun kardiobaskularraren sintoma tipiko komunak dituzte:

  • Bularreko min zapaltzailea ezkerreko besorantz edo bi besoetarantz doana, baita leporantz edo beheko masailezurrerantz.
  • Izerdi hotza
  • Goragaleak

Emakumeen kasuan, baina, gaixotasun kardiobaskularrak sintoma ezberdinak izan ditzake, ezohiko sintomak. Kasu askotan, ez emakumeek ez artatzen dituzten profesionalek ez dituzte kontuan sintoma hauek, tradizionalki sintoma komunak baino ez baitira kontuan izan.

2. irudia: Miokardio-infartuaren sintomak emakumeengan. (Ilustrazioa: Ziortza Guezuraga Mikael Häggström-en irudian oinarrituta)

Egoera honi aurre egiteko Bizkaiko medikuen elkargoak eta Foro Emakumeak Medikuntzan kanpaina abiatu dute miokardio-infartuaren ezohiko sintomak ezagutzera emateko: «Desberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean».

Sintomez gain, miokardio-infartua izateko arrisku faktoreak ere kontuan izan dira kanpainan. Hala bi arrisku faktore mota nabarmentzen dira:

  • Aldaezinak. Pertsonen kontroletik kanpo daudenak: adina, arraza, familia aurrekariak…
  • Aldagarriak. Pertsonen ohiturekin eta jarrerekin zerikusia dutenak: tabakismoa, obesitatea, hipertentsioa, kolesterola edota sedentarismoa.

Mezua zabaltzeko, gainera, hiru bideo eta posterrak egin dira kanpainaren barruan. Lehenengo bideoan miokardio-infartuaren ohiko sintomak eta baita ezohiko sintomak ere azaltzen dira:



Diagnostiko azkarra egitearen garrantzia azpimarratzen da bigarren bideoan:



Eta arrisku faktoreetan jartzen du fokua hirugarrenak:

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Ezberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lipidoak aztertu eta identifikatzeko TLC kromatografiaren eta MALDI masa-espektrometriaren arteko akoplamendua

jeu, 2019/01/03 - 15:00
Antonio Veloso Azken urteetan, lipidoen ikerketak gora egin du eta masa-espektrometriaren (MS) garapenarekin batera, biomolekula hauen gaineko ezagumendua asko hazi da. Hori dela eta, lipidomika garaian gaudela esaten da.

1. irudia: Lipidoak aztertzea lan konplexua da, espezie anitz daudelako zelularen ziklo metaboliko bakoitzean, eta kimikoki desberdinak izan arren euren masak oso antzekoak direlako.

Bestalde, masa-espektrometria erabilita ioien masa/karga erlazioa (m/z) zehaztu daiteke. Lan honetan, zehazki, Matrix Assisted Laser Desorption Ionization Time of Flight (MALDI-TOF) edo matrizez lagundutako laser desortzio-ionizazio hegaldi denbora masa-espektrometria erabili da lipidoak identifikatzeko lagin biologikoetan.

Teknika honetan, lagina matrizearekin nahasten da eta espektrometroko laserrak laginean dauden osagai guztiak ionizatu egiten ditu. Ondoren, ioiak euren masa/kargaren arabera, analizatzailean banatuko dira eta azkenik, ioiak detektagailura iritsiko eta espektro bat lortuko da. Espektroan dauden gailur guztiak, bat etorriko dira laginean dauden osagaien masa balioekin.

Beste alde batetik, egun, MALDI Imaging Mass Spectrometry (IMS) edo masa-espektrometriaren bidezko irudia deritzon teknikak, izenak dioen bezala, irudiak lortzea ahalbidetzen du. IMS teknika, oso teknika bikaina da ehun biologikoetan dauden molekulen banaketa aztertzeko. Teknika honek molekula mota ezberdinen identifikazioa eta lokalizazioa ahalbidetzen du, konposatuaren edota familia kimikoaren aukera egin aurretik.

Lipidoak aztertzea lan konplexua da, espezie anitz daudelako zelularen ziklo metaboliko bakoitzean, eta kimikoki desberdinak izan arren euren masak oso antzekoak direlako. Beraz, gutxiengoan dauden espezieak detektatzeko ezinbestekoa da analisia MS egin aurretik lipidoen frakzionamendua egitea. Betidanik, lipidoak Thin Layer Chromatography (TLC) edo geruza fineko kromatografia erabilita banatu izan dira. Teknika hau laginaren osagai desberdinek disolbatzaile jakin batean duten higikortasunean oinarritzen da. Horrela, konposatuok migratu egingo dute disolbatzailearekin bat egin eta aluminio edo beirazko azal batean zabalduta dagoen eta xurgatzailea den silikazko gelean lagineko osagaiak banatuko egingo dira.

Lan honetan, proposatutako irtenbidea ondorengoa da: lehendabizi TLC bidez lipidoak banatzea eta TLC xaflan bertan, MALDI matrizea gehitzea eta ostean MALDI Imaging Mass Spectrometry (IMS) analisia egitea (2. irudia).

2. irudia: TLC kromatografia eta MALDI IMS teknikak akoplatzeko eskema: Kubetan TLC xafla sartzen da eta lipido mota desberdinak polaritatearen arabera banatzen dira. Ondoren, TLC xafla matrizez estaltzen da eta euskarrian jartzen da espektrometroan sartzeko. Espektrometroa programatzen da eta TLC xaflaren posizio bakoitzean espektro bat jasotzen da. Espektro guztiak izanda IMS irudia lortzen da eta lipido espezie bakoitzaren esleipena.

Horretarako, TLC-IMS teknikaren bitartez, erauzkin batetik banatu diren lipido espezie desberdinak analizatu, talde bakoitzeko espektroak lortu eta laginean dauden lipido espezie desberdinak identifikatu dira. Bi teknika hauen konbinazioa lipidoen eta bestelako biomolekulen detekziorako erabil daiteke eta askotan produktu berrien sintesian lortzen diren orban desberdin eta ezezagunen karakterizaziorako ere erabil daiteke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Lipidoak aztertu eta identifikatzeko TLC kromatografiaren eta MALDI masa-espektrometriaren arteko akoplamendua.
  • Laburpena: Geruza meheko kromatografia teknika (TLC, ingelesezko Thin Layer Chromatography) oso erabilia izan da hainbat molekularen banaketa eta karakterizaziorako. Bestalde, Matrix Assisted Laser Desorption Ionization Time of Flight Mass Spectrometry (MALDI-TOF MS) edo matrizez lagundutako laserraren bidezko desortzioionizazioa/hegaldi-denbora masa-espektrometria teknikaren erabilera gero eta gehiago hedatzen ari da molekula desberdinen analisia egiteko. Gainera, Imaging Mass Spectrometry (IMS) edo masa-espektrometriaren bidezko irudia izeneko teknikak, ahalbidetzen du ehun biologikoetan dauden lipidoen, proteinen eta farmakoen banaketa-irudiak lortzea eta teknika bikaina da molekula horien banaketa aztertzeko. Teknika honek lipido mota ezberdinen identifikazioa eta lokalizazioa ahalbidetzen du, konposatuaren edota familia kimikoaren aukera egin aurretik. Analizatu behar diren konposatuen aukera aldez aurretik egin behar ez denez, aukera dago irudiak sortzeko masa-espektrometroan detektatutako ioietatik abiatuta. Lan honetan, erakusten da lipidoen ikerkuntzarako oso lagungarria dela TLC xaflak eta MALDI IMS teknikak konbinatzea.
  • Egileak: Antonio Veloso.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 149-165
  • DOI: 10.1387/ekaia.16322

————————————————–
Egileez:

Antonio Veloso UPV/EHUko Polymaten dabil.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Lipidoak aztertu eta identifikatzeko TLC kromatografiaren eta MALDI masa-espektrometriaren arteko akoplamendua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Isostasiaz

jeu, 2019/01/03 - 09:00
César Tomé López Isostasia lurrazalaren zatiak grabitazio-orekan daudelako ideia da; besteak beste, lurrazala substratu erdi jariakor batean —mantuan— igeri egotea dakar horrek.

Irudia: 60ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen, plaken tektonikaren garapenarekin, isostasiak planteatzen zituen arazoak konpontzeko gai zen teoria bat aurkitzeko.

Isostasiaren oinarri fisikoa Arkimedesen printzipioan dago. Kontzeptua XIX. mendearen erdialdean sortu zen ikerketa topografiko eta geodesikoen ondorioz eta funtsezko papera jokatu zuen lurraren tektonikari buruzko eztabaidetan XX. mendearen lehen erdian.

1850eko hamarkadan, Indiako Topografia Trigonometrikoaren Egitasmo Handiarentzat lanean ziren teknikariek ―karguan George Everest-en ondorengoa zen Andrew Waugh-en agindupean ― arazo batekin egin zuten topo. Bazekiten mendien masak eragindako grabitazio-indarrak beren berun harietan eragin lezakeela. Hala ere, Himalaiako mendi itzelek espero zena baino gutxiago desbideratzen zituzten berunak eta horrek arazo kartografikoak sortzen zituen. Hori bera behatua zuen mende bat lehenago Pierre Bouguer-ek Andeetan. Eragozpen tekniko horrek ahalbidetu zuen zientzialariek Lurraren egituraz hausnartzea.

George Airy-k, matematikari eta errege-astronomoak, proposatu zuen mendi garaienek inguruko lurrazala baino sakonera handiagoa zuten sustraiak zituztela, eta lurrazalak dentsitate konstantea zeukala. Bere aldetik, John Pratt-ek, matematikari eta Kalkutako artxidiakonoak, iradoki zuen mendien dentsitatea garaierarekiko proportzionalki alderantziz aldatzen dela. Proposamen biak baliokideak dira; izan ere, biek baieztatzen dute substratuaren edozein gunetan, sakonera mugatu batean, zama berdina dela alde guztietan.

Geologoak liluraturik zeuden fenomenoarekin. Clarence Dutton-ek isostasia izena eman zion, eta lehenetarikoa izan zen Lurraren barneko dinamikan zituen ondorioei erreparatzen. Orduan, hainbat geologok Eskandinaviako lurraren eta itsasoaren maila aldakorrei azalpena aurkitu zieten: Proposatu zuten azken glaziazioan izotz-masaren pisuak orain punpaka ari zen lurra hondoratu zuela.

Geofisikan eta geodesian geroago egindako aurrerapenek aldatu egin zuten isostasiaren estatusa, ideia berria izatetik gehiengoak onartutako egia izatera. Geofisikariek, bereziki Veikko Heiskanen-ek, Airyren formulazioa erabili eta hobetu zuten; hain zuzen, ereduak Airy-Heiskanenen eredua izena du gaur egun. Bere aldetik, komenientziagatik, geodesikoek Pratten eredua nahiago izan zuten, John Hayford-ek hobetua, zeinaren lanak aipamen berezia merezi baitu.

Geodesikoek argi zekiten triangelaketaren bidez egindako longitude eta latitudearen zehaztapena metodo astronomikoen bidez kalkulatutakoaz bestelakoa zela; desberdintasun hori berunen desbideratzeari egozten zioten. Hayfordek neurketa sistematiko pilo bat burutu zuen garai hartan posible zen zehaztasun handienarekin, Pratten eredua erreferentzia hartuta. Horrela frogatu zuen berunen desbideratzeak sistematikoki aldatzen direla. Halaber, frogatu zuen lurraren eta itsasoaren arteko mugek aldaketa askoz handiagoak eragiten zituztela, tokiko topografiak baino. Emaitza horiek eskuan, Hayfordek 1909an eredu berri bat iragarri zuen erreferentziazko elipsoidearentzat, matematikoki zehaztutako azalera bat, Lurraren benetako forma hurbiltzen duena eta gehiengoak onartu zuena. Gainera, geologo batzuek jada susmatzen zuten zerbait berretsi zuen, hots, kontinenteen materiala ez zela lurrazal ozeanikoarena bezain dentsoa.

Hayforden emaitzak eskuan, geologoek egia bati aurre egitea beste erremediorik ez zuten: Isostasia mehatxu larria zen hoztean azkar uzkurtzen zen Lurraren teoriarentzat, hori baitzen tektonikaren ereduetarako oinarria. Kontinenteak lurrazal ozeanikoak baino arinagoak baldin baziren, kontinenteak hondoratu eta ozeano-arroak eratu zituztelako hipotesia, ―Eduard Suess-ek proposatua eragin handiko bere Das Antlitz der Erde lanean (Lurraren gainaldea, hiru liburukitan argitaratua 1883 eta 1904 urteen artean)― ezin liteke egiazkoa izan.

Ondorioz, hipotesi berriak behar izan ziren arazo hori gainditzeko. Teoria tektoniko alternatibo ugari proposatu zituzten geologoek nahiz fisikariek, eta denek estropezu egiten zuten, nola edo hala, harri berean: isostasia. Adibidez, Wegenerren kontinenteen jitoak ezinezkoa zirudien: Nola liteke hain dentsoak ez ziren kontinenteak dentsoagoak ziren itsas lurrazaletan zehar mugitzea?

XX. mendeko 60ko urteak arte itxaron behar izan zen, plaken tektonikaren garapenarekin, isostasiak planteatzen zituen arazoak konpontzeko gai zen teoria bat aurkitzeko. Eredu berriak mugak ezartzen zituen lodiera baliokideko plaken artean, eta ez kontinenteen eta ozeanoen artean; horrek ahalbidetzen zuen plaken mugimendua.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Isostasiaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Txarrera doa ibaien egoera, inoiz ikusi ez den abiaduran

mer, 2019/01/02 - 09:00
Juanma Gallego Ibai handien egoeraren azterketa zabala egin du Jim Best geologoak, haren esperientzia propioan eta beste zientzialariek bildutako datuetan oinarrituta. Espero zitekeen moduan, egin duen diagnosia kezka eragiteko modukoa da.

2.700 miloi lagun inguru bizi dira ibai handien arroetan. Datu hori kontuan izanda, erraza da irudikatzea ibai horiekiko gizateriak duen dependentzia; halere, gutxitan erreparatzen diogu horien egoerari. Hortaz, ezinbestekoa da ibai horien inguruko diagnosia egitea. Horixe da Jim Best geologoak egin duena: ibai handien egoeraren erradiografia osatu du zientzialariak Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean.

Atera dituen ondorioak publiko zabalari modu errazagoan helarazteko, ikerketa horri buruzko dibulgazio artikulu batean laburbildu ditu emaitzak. “Ibai hauek giza zibilizazio handiek aurrera egin dezaten ahalbidetu duten arteria handiak dira, eta gaur egun milaka milioi pertsonen bizitza ahalbidetzen dute”. Zientzia artikuluan ere eskura daitezke nahiko argigarriak diren datuak, modu errazean azalduta, eta baita horien inguruko interpretazioa ere. “Gaur egun, aldaketa antropogenikoak munduko ibai handienei aldaketak eta mehatxuak eragin dizkie, orain arte gizakiak ikusita ez zuen abiadura batean, gainera. Etorkizun hurbilean, geomorfologiaren, ekologiaren eta gizartearen ikuspuntutik, ibai handi askok aldaketei aurre ekin beharko diete, eta aldaketa horiek haien funtzionamendua goitik-behera alda lezakete”.

1. irudia: Tirabira askoren abiapuntua da Nilo ibaia, bertako urak partekatu behar dituzten estatuen artean. Irudian, Aswango presa, Egipton. (Argazkia: Juanma Gallego)

Bestek egin duena berrikusketa artikulua izan da, aurretik beste hainbat egileek landutako ikerketetan oinarrituta. Inozoa litzateke artikulu bat erabilitako bibliografiaren arabera epaitzea, baina zalantzarik ez dago berrikusketa artikulu batean datu “kuantitatibo” hori nahiko esanguratsua dela ondorioen kalitatea neurtzerakoan. Kasu honetan, egileak 263 erreferentzia izan ditu esku artean.

Bildutako ezagutza hori, hein handi batean, teknologiari esker eraiki izan da. Izan ere, azken urteotan asko hobetu dira ibaiak ikertzeko teknikak: tresna akustiko eta elektromagnetikoak erabilita (tartean, Doppler edota LIDAR bidezko neurketak), badago aukera ibaien estruktura goitik-behera eta doitasun handiarekin ikertzeko, eta baita ibaien hondoak, ur-lasterrak, arrainak edota suspentsioan doazen sedimentuen ibilbidea jarraitzeko ere. Tresna horiei, gainera, satelite bidezko neurketak gehitu zaizkie, hala nola NASAren edo Planet Labs enpresaren cubesat konstelazioak. Hemendik gutxira, gainera, satelite bidezko neurketak are gehiago hobetuko dira, 2020. urterako aurreikusita baitago SWOT izeneko misioa. Satelite horrek doitasun handiz neurtuko ditu munduko ur sistemetako azalerak.

“Horrelako urruneko detekzioari esker, aukera egongo da monitorizatzeko uraren deskarga bai urruneko eremuetan zein politikoki edo ekonomikoki datu horiek sentikorrak diren kasuetan”. Datuok eragile guztien esku egotea hoberako izango delakoan dago Best, horrela, haren ustez, estatu desberdinen arteko konfiantza handituko delako. Nilo ibaiaren arroa jarri du adibidetzat. Tirabira geopolitikoen abiapuntu klasikoa da Nilo ibaia, bertako uren kontrola gora behera, baina ez da, inolaz ere, liskarrak pizten dituen ibai bakarra: Anatolia edota Kaxmir bezalako eskualdeetan uraren banaketak ia-ia casus belli baten kategoria irabazita dauka.

Ondorioen katalogoa

Gizakiak eragindako hainbat faktore analizatu ditu Bestek. Lehenik eta behin, azken bi hamarkadetan presa erraldoien gorakada izan dela azaldu du geologoak. 2000-2015 tartean, energia hidroelektrikoaren ekoizpena %55 handitu da. Horrek suposatzen du energia osoaren %16, eta energia berriztagarrien %70. Baina elektrizitatea sortzeko erabiltzeaz gain, presa horiek bestelako funtzioak dituzte: soroen ureztapena, uholdeen gaineko kontrola edo txorrotako ura metatzeko biltegiratzea. Alabaina, abantaila horiek beste alde txarrak dauzkate ere, hala nola ekosistemen zatiketa, ziklo hidrologikoaren aldaketa edota sedimentuen gaineko eragina.

Klima-aldaketari dagokionean, eraginak ez dira batere sinpleak, eta prezipitazio aldaketak baino harago joango dira: ondorioz, arro bakoitzaren arabera desberdinak izango dira eragin horiek. Klimari loturiko proiekzio guztietan bezala, hemen ere ziurgabetasun ugari agertzen dira. Batez ere, beroketa globalak uholdeen zikloari eragingo diola uste dute ikertzaileek, eta argi daukate ere glaziarrek rol garrantzitsua jokatuko dutela ur emarietan.

Ibai hauetan kezka gehien sortzen duen kutsadura batez ere nutrienteei loturikoa da (nekazaritzatik datozen nitrogenoa eta fosforoa, gehienbat), eta baita ur zikinetatik datozen patogenoen kutsadura.

Zuzenki giza jarduerari loturik doaz jorratutako hurrengo eraginak: ur erazteak eta ur desbideraketak. Kasu honetan bereziki beharrezkoa da planifikazio egokia, herrialde batean izandako esku hartzeak zuzenean eragin larriak izan ditzakeelako beste herrialde batean. Indian egindako horrelako esku hartzeak Bangladeshen eragindako lehorteak jarri ditu Bestek adibidetzat.

2. irudia: Munduko 32 ibairik handienak aztertu ditu Jim Bestek, bibliografia oparo batean oinarrituta. Ibai horien magalean hartzen du aterpe munduko hiru biztanletik batek. (Irudia: Nature Geoscience)

Eragin mugatuagoa badu ere, kanpoko espezieen sarrera aipatu du kontuan hartu beharreko arazoen artean. Ezagunak dira zebra muskuilua edo Karpa arrunta bezalako espezieek sortutako arazoak, baina ez dira bakarrak. Gainera, klima-aldaketa dela eta, kanpoko espeziaren kontzeptua bera ere berrikusi beharko da, horrek ere aldaketak bultzatuko dituelako habitatetan. Azkenik, ibaien zatitzea eta sedimentuen erauztea jorratu ditu ikerketa artikuluan.

Best ez da geratu analisi hutsean, eta irtenbideak proposatu ditu. Aterabide horietan eragile guztiek parte hartu behar dutela dio: ibaietako biztanleak, zientzialariak, industriaren eta sektore energetikoaren ordezkariak, gobernuak edota gobernuz kanpoko erakundeak.

Dena dela, zientzialaria izanda, ezagutza handitzearen aldeko aldarria egin du konponbideak bilatzeko. Egileak dio, ozeanoetako hondoetara edo eguzki sistemako planetetara esplorazioa egiten den modu berean, ibaien esplorazioan sakondu beharra dagoela, are gehiago kontuan izanda giza populazioaren zati handi bat eta Lurreko bioaniztasunaren zati handi bat horiei lotuta daudela. “Orain da momentua ezagutza hori eskuratzeko abaguneari probetxua ateratzeko, eskura ditugun teknika berriak erabilita”.

Gezurra dirudien arren, ikertzaileak dio oraindik ere hutsune ugari daudela ibai handien ezagutzan. Adibidez, artean oso gainetik ezagutzen da ibai hauek dakartzaten sedimentuen kopurua, eta horietan dauden animalien eta landareen katalogoa osatzeko dago. Bertatik zenbat nutriente eta poluitzaile igarotzen diren ere argitzeke dago. Datuen falta horrek zaildu egiten du diagnosia burutzea. “Datu horiek guztiak ezinbestekoak dira etorkizunean kudeaketa jasangarria egin ahal izateko”, aitortu du geologoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Best Jim, (2019). Jim Best. Anthropogenic stresses on the world’s big rivers. Nature Geoscience, 12, 7–21. DOI: https://doi.org/10.1038/s41561-018-0262-x

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Txarrera doa ibaien egoera, inoiz ikusi ez den abiaduran appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kakan dauden mikroplastikoen harira

mar, 2019/01/01 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Duela gutxi hedabide honetan bertan mikroplastikoei buruz aritu nintzen, eta bertan mikroplastikoak zer diren azaldu nuen, eta azken urteotan haiekiko dagoen kezka handitu egin dela azpimarratu nuen. Orain arte ezaguna zen, besteak beste, arropa garbigailuetan garbitzearen ondorioz sortzen zirela hainbat mikroplastiko. Mikroplastiko horiek itsasoan bukatzen dute eta, hortik, ur-ekosistemetan bizi diren animalietara igarotzen dira.

Horretaz gainera, argitaratutako ekarpenaren mamia zera zen: kutsatutako animalia horiek jaten ditugunez, espero zitekeen moduan, gure gorotzetan mikroplastikoak identifikatu dira. Esandakoak, ordea, eta Zientziaren zuzentasunari zor, zenbait azalpen gehigarri eta zuzenketa eskatzen ditu.

Irudia: Plastikoen ohiko kutsaduraz gainera, mikroplastikoena ere interes handiko gaia bilakatu da azken urteotan. (Argazkia: bilyjan – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azaldu bezala, mikroplastikoak plastiko zati oso txikiak mikroskopikoak edo ia dira eta, uste denez, arrisku potentzial handia dute. Mikroplastiko horiek plastiko-zaborretik, etxeko hondakin-uretatik eta antzeko iturrietatik datoz, besteak beste. Azken urteotan kutsadura iturri modura fokua jarri da mikroplastikoetan, baina, baliteke foku hori gehiegizkoa izatea, oraingoz dakigunaren arabera behintzat. Mikroplastikoen ezin asmatuzko bideek erakutsi dutenez, antza, itsas-uretara iristen diren mikroplastikoak bertako organismoetan pilatzen dira. Guk bizidun horiek jaten baditugu, geure organismora gehitzen ditugu mikroplastiko horiek.

Hari horri tiraka, Philipp Schwabl eta bere lankideen hipotesia izan zen pentsatzea mikroplastiko horiek gizakion gorotzetan aurkitu ahal izango zirela eta ikerketa martxan jarri zuten. Azaldu nuenez, «ikertzaileek zortzi herrialdetako boluntarioen gorozkiak aztertu dituzte, besteak beste, Italiakoak, Japoniakoak, Errusiakoak eta Erresuma Batukoak». Egia da zortzi herrialdetako boluntarioak hartu zituztela, bai, baina ikerketaren funtsera bagoaz, ikertzaileek azaltzen dute zortzi boluntario bakarrik aztertu zituztela. Zalantzarik gabe, Zientziaren zuzentasunaren irizpideei jarraituz lagin hori oso eskasa da emaitzak adierazgarriak izateko. Alabaina, argitaratutako zenbait albistek zioten mundu guztian zehar aurkitu direla mikroplastikoak gizakion kakatan. Hain zuzen ere kakan ere badaude ekarpenaren erreferentzietan aipatzen den iturrietako batek horixe dio. Egiari zor, munduan zehar -edo, hobeto esanda, munduko zortzi lekutan- aurkitu dira mikroplastikoak giza gorotzetan, baina, albistearen titulua nahasgarria da eta neurrigabeko alarma sor dezake. Hori ez zen argi geratzen nire ekarpenean, beraz, ikerketaren muina zehaztasun handiagoz azaltzea ezinbestekoa zen. Neurrigabeko kezka horiek saihestea da, hain zuzen ere, zientzia dibulgatzaileon funtziorik garrantzitsuenetako bat. Zalantzarik gabe, zortzi gizabanakori analisiak egitea ez da nahikoa mundu guztian hori bera gertatzen dela baieztatzeko.

Beste alde batetik, gorotzetan mikroplastikoak detektatu direla esatea eta hori arriskutsua izatea ez da gauza bera. Zentzu horretan, ikerketaren emaitzen harira argitaratutako albisteek ideia hori iradokitzen zuten, hein handi batean. Azkenik, egindako ikerketaren lagin kopuru murritzak eta argitaratutako frogek ez dute ziurtatzen zein den mikroplastikoen jatorria. Baliteke organoetara iristen diren mikroplastikoek elikaduran jatorria izatea, baina, baliteke beste iturri batzuetatik etortzea. Argi utzi behar da azken hori ez dutela ikertu Schwabl eta bere lankidek. Horrek ez du esan nahi horrela ez denik, alegia, baliteke gorotzetara iritsi diren mikroplastikoen jatorria kutsatutako itsas-uretan dauden animalietan egotea, baina, hori ez da frogatu zientziaren metodoak erabiliz, momentuz. Azaldutako hiru arrazoien ondorioz, ikerketaren ondorioak tentu handiz hartu behar dira eta, momentuz, ezin dira ondorioak orokortu.

Schwabl eta bere lankideen lana biltzar zientifiko batean aurkeztu zen lehen aldiz, United European Gastroenterology Week delakoan. Oro har biltzar batean aurkezten diren lanek ez dute zientzian ezinbestekoa den peer review prozesua igaro behar, baina, kasu honetan, UEG berak duen United European Gastroenterology Journal aldizkarian ere argitaratu zen. Aldizkari horrek zientzia-aldizkariek bete behar dituzten ohiko baldintzak betetzen ditu eta, horren eredu, Journal Citation Reports zerrendan sartuta dago -aldizkarien kalitatearen adierazleetako bat izaten dena-. Hortaz, albisteetan irakurri daitekeena zehaztuz, esan behar da Schwablen ekarpenak berrikusketa prozesua pasa zuela -biltzarrera aurkeztutako ekarpenen %70ak pasa zuen berrikusketaren iragazkia-. Horrexegatik, ikerketa bera zuzena da, baina, haren ondorioak ezin dira orokortu laginaren tamaina eskasa ikusita.

Guzti hori argituta, «momentuz lehen ikerketa da esparru interesgarri bezain higuingarri honetan, baina, ikertzaileek ikerketa sakon gehiagoren beharra dagoela plazaratu dute» esaldia ez da nahikoa ikerketaren emaitzen behin-behinekotasuna azpimarratzeko. Horrexegatik, azalpen gehigarriak eta zuzenketak egin behar dira, zientzialariok batzuetan egin ohi dugun moduan. Xehetasun horiek ematea beharrezkoa zen; izan ere, dibulgatzaileok izan behar dugu geure lana zuzentzen eta hitz lausoak azaltzen lehenak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schwabl Philipp, Liebmann Bettina, Köppel Sebastian, Königshofer Philipp, Bucsics Theresa, Trauner Michael, Reiberger Thomas, (2018). Assessment of microplastic concentrations in human stool – preliminary results of a prospective study. United European Gastroenterology Journal 2018; 6 (Supplement 1).

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Kakan dauden mikroplastikoen harira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zazpi zientzialari, zazpi elementu kimiko eta 2019rako mezu ezkutu bat

lun, 2018/12/31 - 09:00

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2019a Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen 2017an. Datorren urtean, besteak beste, Dmitri Mendeleiev kimikariak elementu kimikoen taula periodikoa sortu izanaren 150. urteurrena ere ospatuko da.

Urte amaierako jolasa

Datorren urteko izendapena gogoan izanik, 2018a bukatzeko jolas bat proposatzen dizuegu. Elementuen taula periodikoari buruzko eta zientziaren aurrerapenari ekarpenak egin dizkioten emakumeei buruzko ezagutzak neurtuko ditugu gaurkoan. Behean ageri diren pistak jarraituz, ondoko laukitxoak bete eta 2019a ondo hasteko mezu ezkutua argituko duzue.

Argitu beharreko mezua

Laukitxo bakoitza elementu kimiko jakin baten sinboloari dagokio. “YY” idatzita dauden laukitxoetan sinboloa inbertitu da (hau da, YY zilarrari dagokion sinboloa balitz, AG jarri beharrean GA litzateke).

Sinboloak aurkitzeko Mujeres con ciencia blogean agertzen diren zazpi zientzialarien abizenaren lehenengo letra edo lehen biak erabil daitezke. Lana errazteko elementu kimikoen eta zientzialarien pistak dituzue jarraian eta baita zientzialarien argazkiak, baina hurrenkera jakin bat mantendu gabe.

Anima zaitez eta aurki ezazu mezu ezkutua!

Erantzuna lortzeko pistak Zazpi zientzialari
  1. “Paisaia gizakiak eta gizarteak eraki duten elementu bat da”, zioen arkitekto honek.
  2. Uraren destilazioan eta etxeko berokuntzan eguzki-energia aplikatzen aitzindaria izan zen.
  3. Petrografikoki egiaztatu zuen harri sedimentarioak laba metamorfizatuen fluxuak zirela.
  4. Rosetta zundaren SD2 gailuaren ikertzaile arduraduna izan da.
  5. Valentina Tereshkova eta Svetlana Savitskaja ondoren, kanpo-espaziora iritsi zen hirugarren emakumea izan zen.
  6. Hirugarren laukitxoari dagokion zientzialaria izan zuen irakasle eta laben kimikaren inguruko propietateak aurkitu zituen.
  7. Walter Noddack eta Otto Carl Berg kimikariekin batera renioa aurkitu zuen.

Irudia: Goian aipatutako zientzialarien irudiak, hurrenkera aldatuta.

Zazpi elementu kimiko
  1. Trantsizio-metal urria da.
  2. 1782. urtean aurkitu zuen Franz-Joseph Müller von Reichenstein kimikariak metaloide hau.
  3. Haren masa 10,811 da.
  4. Zilarrezko kolorea duen elementu arraro samarra da.
  5. Bigarren elementu dentsoena da eta korrosioaren aurrean erresistenteena.
  6. Substantzia hau Lurraren atmosferaren osagai garrantzitsua da.
  7. Elementu honen osagai organikoak sarritan leherkorrak dira.

Agian ez duzu lortu mezu ezkutua antzematea. Ez du axola, hementxe duzu erantzuna. Laster arte!

—————————————————–

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@MartaMachoS) Matematikan doktorea da, UPV/EHUko Matematika Saileko irakaslea eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) soziologoa da, Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

—————————————————–

The post Zazpi zientzialari, zazpi elementu kimiko eta 2019rako mezu ezkutu bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #235

dim, 2018/12/30 - 09:00
Uxue Razkin

Psikologia

Duela mende laurden bat, Robin Dunbar zientzialari britaniarrak esan zuen agian 150 bat pertsonarekin izan genitzakeela ohiko harremanak. Primatologo batzuen ustez, burmuineko neokortexaren tamainak badu zerikusia primate taldeetan gertatzen diren harreman kopuruarekin. Hortaz, horrek kognizio-ahalmena baldintzatu lezake. Madrilgo Carlos III Unibertsitateko ikertzaile batzuek eta Dunbarrek berak giza harremanen eredu bat garatu dute. Horrek azaltzen du zirkuluka gauzatzen direla giza harremanak.

Geologia

1840rako jada identifikatuak eta hurrenkera kronologikoan jarriak izan ziren zutabe estratigrafikoaren azpizatiketa garrantzitsuenak; hala ere, eskalarik gabeko kronologia bat zen. 1959an Charles Darwin data geologiko bat zehazten saiatu zen: kalkulatu zuen zenbat denbora beharko zen lurraren estratuen lodiera jakin bat higatzeko. Ondorioztatu zuen gutxienez 300 milioi urte beharko zirela. Hurrengo urtean, John Philipsek baieztatu zuen zifra hori okerra zela, eta zutabe estratigrafiko osoa higatzeko nahikoa izango zirela, gehienez ere, 100 milioi urte. Geroxeago William Thomson fisikariak beste datu bat eman zuen: kalkulatu zuen 100 milioi urte nahikoa eta gehiago zirela Lurra gaur egun duen tenperaturaraino hozteko, jatorrizko egoera erabat urtu batetik abiatuta. Lurraren adina zehazten jarraitu zuten hainbat adituk, jo ezazue artikulura hipotesi horiek ezagutzeko!

Medikuntza

Tumore-zelulen ekologia bektore nagusi bik baldintzatzen dute: tumore-zelulak aurre egin behar dituen arriskuak eta inguruan dituen baliabideak. Lehenengoen taldean topa daitezke pazientearen immunitate-sistema, gorputzean ekoiztutako toxina eta hondakinak, mikroorganismo batzuk eta minbiziaren aurkako terapia ezberdinak. Hau da, gure organismoan ditugun babes-zelulek minbizi-zelulak arrotz bezala hautematean tumore zelulentzat predatzaileak bihurtzen dira. Baliabideei dagokienez, minbizi-zelulen ugalketa-erritmoa eta tumorearen hazkundea mikroingurune baten arabera gertatzen da: karbohidratoak, proteinak, gantzak, etab. Baliabideen eskasiak minbizi-zelulen arteko lehia eragin dezake.

Depakine botikari buruzko artikulua dugu hau. Izan ere, berriki hedabideen eta Interneten bidez izan dute emakume askok urte askotan hartu izan duten botika batek fetuetan eragiten dituen ondorio gaiztoen berri. Botika epilepsiaren aurka erabiltzen da, baita nahasmendu bipolarrak tratatzeko ere. Hainbat ikerketaren arabera, umeen %40k arazoak dituzte garapenean; %10ek, malformazioak, baina osasun sisteman sarri errezetatu egiten da. Emakume batzuen iritziak daude irakurgai artikuluan. Ez galdu!

Astronomia

Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ikusi dute zerua zeharkatu duen distira handi bat. Beste lekuko batzuek leherketa bat entzun dute. Su bola bat izan litekeela uste dute adituek. Nafarroako Unibertsitate Publikoak meteoroak atzemateko jarria duen kamerak hartu du irudi bat. Ikus ezazue argazkia!

Neptuno eta Urano ezagutzeko garaia heldu dela iritzi dio NASAk. 2017ko ekainean NASArentzako txosten batean zehaztu zuten bi planetak ikertu behar zirela, baina badirudi ez dagoela diru nahikorik planeta bakoitzari zunda bana bidaltzeko. Alde batetik, zientzialariek diotenez bi planetak nahiko antzekok dira, baina Neptuno Urano baino beroagoa da, adibidez. Bestetik, osaketa bitxia omen da: Jupiterren eta Saturnon ez bezala, izotzezko erraldoietan hidrogenoa eta helioa baino pisutsuagoak diren elementu asko daudela uste dute. Badaude beste ezaugarri interesgarriak. Ez galdu!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #235 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Medikuntza-ezagutza poltsikoan

sam, 2018/12/29 - 09:00
Jorge Nieto, Anaje Armendariz, Tomás A. Pérez,Javier López-Cuadrado, Juan M. Pikatza, Eduardo G. Pérez-Yarza Denbora pasa ahala, ezagutza zientifikoa aurrera doa, baita medikuntza arloan ere. Urtetik urtera gauza gehiago ezagutzen dira eta lehen sendaezinak ziren gaixotasunak sendagarri bihurtzen ari dira, bularreko minbizia esate baterako.

Irudia: Gida klinikoak ordenagailuetan erabiltzeko prestatuta daude eta, gaur egun, teknologia mugikorra dago puri-purian.

Baina arazoa ezagutza horren transferentzia izaten da, hau da, gaixotasun baten tratamendu ona topatzen denean, nola azaldu beste medikuei tratamendu horren existentzia. Gainera, askotan, tratamenduak ez du balio pertsona guztientzat, edo tratamendua ezberdina da hainbat ezaugarriren arabera: sexua, adina, pisua edota elikadura mota kontuan eduki behar dira. Adibidez, ezin zaio jarri tratamendu bera asma duen 2 urteko ume bati edo 90 urte dituen adineko bati. Hori guztia azaltzeko ohikoa da medikuek artikuluak edo prozedurak idaztea, baina, azken finean, garrantzitsua da transferentzia hori ahalik eta azkarren egitea.

Ezagutza zabaltzeko ohikoa da medikuek prozedurak edo artikuluak idaztea aldizkari zientifikoetan edota kongresuetan. Baina zaila da horrela mediku guztiak informatzea. Erakundeek, hori jakinda, gida klinikoak garatzea erabaki zuten. Gida kliniko bat aholku multzo bat da gaixotasun baten inguruan. Aholku horiek ebidentzien errebisioetatik ondorioztatzen dira, gaixoen atentzio medikoa optimizatzeko helburuarekin. Eta lehen urrats bezala medikuek paper formatuan, hau da liburu moduan, idazten dituzte gida klinikoak.

Ondoren, gida kliniko horiek informatizatzeak lana errazten duela ikusiz, bide hori hartzea erabaki da. Horretarako, lehen hurbilketa gida klinikoak formatu elektronikoan argitaratzea da. Horrek bilaketak errazten ditu eta ahalbidetzen du espazio gutxian, edo berehala, behar den gida edukitzea. Mota honetakoak dira Osakidetza edo Guiasalud-enek, esate baterako, dituzten gida kliniko informatizatuak beraien webguneetan.

Hurrengo hurbilketa batek gida kliniko adimentsuak garatzea ekarri du. Hau da, erabakiak hartzeko behar den informazioa soilik erakusten duena; hots, ez da informazio hori bilatu behar, aplikazioak bere kabuz erakusten baitu, eta lana errazten du, sistema adimentsuez baliatuz. Adibidez, gaixoa 10 urteko mutil bat dela esaten badiogu sistemari, hasieratik helduei eta neskei dagozkien galderak saihestuko ditu, adibidez, ea haurdun dagoen edo zenbat alkohol edaten duen egunean. Mota honetakoak dira, adibidez, Erabaki taldeak www.e-guidesmed.ehu.es helbidean dituen gidak. Dena den, gida hauek ordenagailuetan erabiltzeko prestatuta dago eta teknologia mugikorra gaur egun pil-pilean dagoen teknologia dela ikusirik, mugikorren aplikazioak erabili ahalko lirateke lehen aipatu den ezagutza azkar zabaltzeko, baina horretarako, bide eta kanal egokiak jarri behar dira medikuei informazioa zabaltzeko eta jasotzeko lana errazteko.

Gida informatizatu bakoitza garatzeko zerotik hasi eta zuzenean programatzea aukeretako bat den arren, bigarren bide bat aukeratu zuen Erabaki taldeak. Bigarren bide hori editoreak garatzean datza. Eta bide bera jarraitu du taldeak mugikorretarako aplikazioak garatzeko, OsasunApp gida kliniko informatizatuak sortzeko programa sortuz. Aurretik sortutako XML fitxategi bat hartu eta automatikoki mugikorrentzako aplikazioak sortuz. Baina aplikazio hauek medikuentzat pentsatuta daude, eta guar egun pertsona orok du mugikor bat eskuetan, beraz, hurrengo pausoa da gaixoa bere tratamenduan inplikatzea . Horrela, bi gauza lortu ahal izango ditugu: batetik, mediku espezialistarengana behar denean bakarrik joatea, eta bestetik, bere tratamenduarekiko gomendioak ematea, zuzen jokatu dezan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Medikuntza-ezagutza poltsikoan.
  • Laburpena: Gaur egun medikuntza arloan ezagutza handia dago, baina zabaltzea da zaila. Horretarako, erakundeek gida klinikoak egitea erabaki zuten; bertan mediku espezialistek gomendioak eta maila oneko erreferentziak ematen dituzte gaixotasun bakoitzaren inguruan. Gida asko daude eta ia ezinezkoa da denekin egunean egotea. Teknologiak aurrera egin duen heinean, gidak informatizatzea lagungarri dela ikusi da. Hasiera batean formatu elektronikora pasa ziren, baina gaur egun gida exekutagarriak daude, eta Erabaki Taldeak OsasunApp aurkezten du, automatikoki mugikorretako aplikazioak sortzen dituen sistema. Artikulu honetan OsasunApp azaltzen da; baita zer egin beharko litzatekeen etorkizunean ere.
  • Egileak: Jorge Nieto, Anaje Armendariz, Tomás A. Pérez,Javier López-Cuadrado, Juan M. Pikatza, Eduardo G. Pérez-Yarza.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-18
  • DOI: 10.1387/ekaia.17855

————————————————–
Egileez:

Jorge Nieto, Anaje Armendariz eta Javier López-Cuadrado UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailekoak dira, Tomás A. Pérez eta Juan M. Pikatza UPV/EHUko Informatika fakultateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak sailekoak eta Eduardo G. Pérez-Yarza UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Pediatria sailekoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Medikuntza-ezagutza poltsikoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Begoña Sanz: “Funtsezkoa da zahartze-prozesuan agertzen diren aldaketa molekularrak ezagutzea” #Zientzialari (107)

ven, 2018/12/28 - 09:00

Egun, 65 urtetik gorako pertsonak Euskadiko biztanleen %22 dira eta aurreikuspenen arabera, 2030erako %30 izango dira. Testuinguru honetan, zahartze osasungarri eta bizigarria sustatzeak berebiziko garrantzia hartzen du.

Zahartze-prozesuan agertzen den narriadura fisiko zein kognitiboa gorputzeko aldaketa molekularren isla da. Beraz, biomarkadore molekularrek adinakoen bizi-kalitaterik handiena bermatzeko jokatzen duten papera ukaezina da. Izan ere, biomarkadore hauek gaixotasun desberdinen diagnostiko goiztiarra ahalbidetzen dute.

Baina, zeintzuk dira biomarkadore molekularrek klinika arloan baliagarriak izateko behar dituzten ezaugarriak? Galdera honi erantzuna bilatzeko Maria Begoña Sanz UPV/EHUko Fisiologia saileko irakaslearekin izan gara. Egun, UPV/EHUko Ageing on ikerketa taldeko kidea da eta, bere esanetan, aldaketa molekularrak ezagutzeak zahartzaroan gertatuko diren aldaketa funtzionalak aurreikustea errazten du.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Begoña Sanz: “Funtsezkoa da zahartze-prozesuan agertzen diren aldaketa molekularrak ezagutzea” #Zientzialari (107) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lurraren adinaz

jeu, 2018/12/27 - 09:00
César Tomé López XVIII. mendearen erdialdea baino lehen, mendebalde kristauko jakintsu edo filosofo natural gutxik jartzen zituen zalantzan Moisesen narrazioetatik eratorritako kronologiak. Uste zuten Lurra giza historiaren erregistroaren milaka urte apurrak baino apur bat zaharragoa zela.

Irudia: Aro geologikoen espirala. (Iturria: United States Geological Survey)

Hala ere, XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Lurraren geruzei eta fosilei buruzko ikerketak iradokitzen hasi ziren lurrazalak ezin konta ahaleko eratze- eta suntsitze-ziklo jasan zituela, eta etengabe aldatzen ziren organismo bizi pilo baten bizilekua izan zela gizakiak agertu baino askoz lehenago.

Hala ere, Lurraren adina zehazteko auziak ezin helduzkoa zirudien giza ulermenerako, eta halaxe aitortu zuten, besteak beste, James Hutton edo Charles Lyell-en mailako geologoek. Izan ere, 1840rako jada identifikatuak eta hurrenkera kronologikoan jarriak izan ziren zutabe estratigrafikoaren azpizatiketa garrantzitsuenak; hala ere, eskalarik gabeko kronologia bat zen, datarik gabeko Lurraren historia bat.

1859an Charles Darwin, Espezieen jatorrian, data geologiko bat zehazten saiatu zen: kalkulatu zuen zenbat denbora beharko zen lurraren estratuen lodiera jakin bat higatzeko. Ondorioztatu zuen gutxienez 300 milioi urte beharko zirela Ingalaterrako hegoaldeko Weald barrutiko estratu berri samarrak desagerrarazteko, eta horrek berehalako erantzuna ekarri zuen. Hurrengo urtean, John Phillipsek ―1841ean denbora-eskala geologikoaren lehen saioa egin zuena, fosilen korrelazioan oinarrituta― baieztatu zuen zifra hori okerra zela, eta zutabe estratigrafiko osoa higatzeko nahikoa izango zirela, gehienez ere, 100 milioi urte.

Geroxeago, William Thomson fisikariak (geroago Kelvin baroia) kalkulatu zuen 100 milioi urte nahikoa eta gehiago zirela Lurra gaur egun duen tenperaturaraino hozteko, jatorrizko egoera erabat urtu batetik abiatuta. Kelvinen ondorioek ―Lurra oinarrizko nebulosa batetik sortua zelako hipotesi zabaldu eta onartuan oinarrituta, eta indartsu agertzen ziren termodinamika-teorietan funtsatuta― eredua ezarri zuten XIX. mendearen amaiera arte. Geroago, higadura- eta sedimentazio-abiaduren, eguzki-erradiazioaren eta hoztearen, Ilargiaren eta ozeanoen eraketaren unearen kalkuluak bat etorri ziren urte-kopuru gutxi gorabeherako batean: 100 milioi urte.

Dena aldatu zen 1903an deskubritzean elementu erradioaktiboek beroa etengabe igortzen dutela. Hurrengo urtean, Ernest Rutherfordek iradoki zuen harrien adinak kalkulatzeko metodo bat eman zezakeela elementu erradioaktiboek beren desintegrazio-produktuekiko zuten ugaritasun-ratioak. Robert John Strutt-ek eta bere ikasle Arthur Holmes-ek Rutherforden ideia garatu zuten. 1911rako Holmesek erabilia zuen uranio/berun ratioa Kanbriarraurreko hainbat harriren adinak kalkulatzeko. Antza, harrietako batek 1600 milioi urte zituen.

Lurraren adinaren jauzi itzel horrek ekarri zuen zientzialari asko hasieran eszeptiko agertzea. Hogei urte geroago, neurri batean Holmesen lanari esker, geologo gehienek onartu egiten zuten datatze erradioaktiboa metodo fidagarriena zela harrien adina eta Lurrarena berarena zehazteko. Datatze erradioaktiboa berresteko erabakigarriak izan ziren 1913an isotopoak deskubritzea eta 30eko urteetan masen espektrometro modernoa garatzea.

40ko urteetan, metodo erradioaktiboak jada ezarriak zituen Lurraren adinaren muga batzuk, 4000 eta 5000 milioi urteren artean. 1956an Clair Cameron Pattersonek lurraren azaleko isotopoak alderatu zituen bost meteoritoren isotopoekin. Hori oinarri hartuta, ondorioztatu zuen bai Lurraren adina, bai meteoritoena 4.550 ± 70 milioi urtekoa zela. Geroagoko zehaztapen guztiek berresten dute Pattersonen datua, gaur egun oro har onartutako balioa 4.540 ± 50 milioi urtekoa delarik.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Lurraren adinaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bada garaia izotzezko erraldoien madarikazioari amaiera emateko

mer, 2018/12/26 - 09:00
Juanma Gallego Neptuno eta Urano “ahaztuta” egon dira denbora luzez, baina NASAko adituen ustez, horien sekretuak argituko dituzten misioak abiatzeko ordua iritsi da. Biak ala biak ikertzea litzateke hoberena, baina setatsua da errealitatea: bietako bat aukeratu beharko da agian.

Nork ez du noizbait amets egin kriseilu miragarri bat topatzeko aukerarekin? Imajinatu: kriseilua igurtzi eta bertatik aterako den jeinuak hiru desio emango dizkizu. Nahi duzuna aukeratzea baduzu. Baina, kontuz, hiru besterik ez dira. Eta ez dago atzera bueltatzeko modurik.

1. irudia: Izotzezko erraldoi biek interes handia pizten badute ere, badirudi Neptunok dituela misio bat jasotzeko aukera gehien. (Argazkia: NASA)

Berdina gerta dakieke zientzia planetarioen arloan aritzen direnei. Aldian behin, zenbait desira lortzeko aukera eskaintzen zaie, baina zinez aukeraketa zaila da hori. Jomuga miresgarriez beteta dago eguzki sistema, eta, ezagutzaren bidezidorrean aurrera egin ahala, gero eta jomuga gehiago gehitzen dira “gauza txundigarrien” katalogoari.

Cassini zundari esker, Entzelado eta Europa ilargiek interes astrobiologiko izugarria dutela badakigu orain; Artizarra gertuen dagoen planeta da, baina –hitzez hitz– lanbropean mantentzen zaigu oraindik. Ilargira iritsi ginen, baina 50 urtetan ez gara bueltatu, harri ukaldi batera egon arren. Eta Titan, zer esan Merkurio baino handiagoa den ilargi horri buruz? Nork ez du ikusi nahi Titanetik transmititutako metanozko euri zaparrada bat? Eta Marte?… ene Jainkoa, ez al da Marte izan behar gizateria planeta arteko espeziea bilakatzeko lehen pausua?

Aukeraketa ezin zailagoa, beraz. Baina eguzki sistemaren mugak ere lauso geratu zaizkigu: Urano eta Neptuno apenas ez ditugu ezagutzen. Zerbait egin badaiteke ere, teleskopioz probetxuzko zerbait ikustea zaila da. Oroitzen 2015. urtera arte Plutoni buruz zegoen ezagutza nolakoa zen? Eta oraingoa? Alde nabarmena suposatu zuen zuen bertara New Horizons zunda eramateak. Eta istorio berdina errepika liteke oraingoan Urano eta Neptunorekin. Beren-beregi prestatutako zunda bat hara eramateak izugarrizko bidea irekiko luke, zalantza barik.

Momentuz, Voyager zundei esker dakigu planeta horiei buruz dakiguna; baina, halere, zunda horiek gertu igaro zirelako, Urano eta Neptuno planeta “bisitatuen” katalogoan sartu dira, eta horrek zaildu egin du bertara beste misio bat diseinatzeko aukera. Paradoxa horri “Voyager zunden madarikazioa” deitu izan zaio.

Baina, antza, madarikazio horri buelta emateko ordua iritsi dela uste du NASAk. Datorren hamarkadan, Uranora eta Neptunora misioa abiatzeak lehentasunezkoa izan behar duela uste dute erakunde horretako adituek.

2017ko ekainean NASArentzako txosten mardul batean landu zuten gaia, planeta horiek ikertzeko zeuden aukerak aztertuz. Txosten horretan NASAk zehaztu zuen bi planetak ikertu behar zirela, baina kriseilu miragarriaren arazoarekin egin dute topo, eta errealitate gordina azaldu zaie, bete-betean: ez dago diru nahikorik planeta bakoitzari zunda bana bidaltzeko, horrek kostu izugarri handia izango lukeelako. Daniel Marin dibulgatzaileak Eureka blogean azaltzen duenez, orain NASAko batzorde batek ebatzi du Neptunok izan behar duela lehentasuna.

Dena dela, bai Urano zein Neptuno, biak ala biak dira interes handiko jomugak, eta momentuz zaila da zehaztea nola egingo den behin betiko hautaketa. Hilabete honetan bertan AGU Ameriketako Geofisika Batasunaren biltzar batean aurkeztu dituzte planeta horiek ikertzeko argudioak, eta erakunde horretako EOS aldizkarian laburbildu dituzte.

Argitzeko misterioak

NASAko zientzialari Mark Hofstadterrek azaldu du zergatik beharrezkoak diren kostu handiko misioak, eta ez merkeagoak izan litezkeen misio txikiagoak: “Garrantzitsua da izotz erraldoi batera doan hurrengo misioak sistema osotasunean iker dezala: planeta bera, atmosfera, eraztunak, sateliteak eta magnetosfera”.

2. irudia: Triton eta Neptuno, NASAk egindako fotomuntatze batean. Tritonek bereziki arreta erakarri du, jarduera geologikoa izateaz gain, barruan ozeano bat izan dezakeelako. (Irudia: NASA)

Bide hori jarraituta, lehenik eta behin, zientzialariek argitu nahi dute printzipioz nahiko antzekoak diren bi planeta horien artean dagoen tenperatura aldea: biek izugarrizko tenperatura baxuak badituzte ere, Neptuno Urano baino beroagoa da. Bai Jupiter, Saturno zein Neptuno planetek Eguzkitik jasotzen dutena baino energia gehiago igortzen dute, baina Uranok barruko bero gutxi igortzen du.

Bestetik, planeta horiek osaketa bitxia dute: Jupiterren eta Saturnon ez bezala, izotzezko erraldoietan hidrogenoa eta helioa baino pisutsuagoak diren elementu asko daudela uste dute zientzialariek.

Erantzunak dira ere intereseko gaia. Uranoren eraztunak oso mehe eta dentsoak dira, eta grabitate legeen arabera eraztun horiek egonkorrak izateko artzain-ilargiak beharko lituzkete; baina ilargi horien arrastorik ez dago. Bestetik, Uranoren µ izeneko eraztuneko partikulek antza handia dute Saturnoko E eraztunekoekin. Entzeladoko lumei esker sortzen da E eraztuna, baina µ eraztuna sortzen duen Mab ilargiak ez du lumarik, eta, beraz, gaur egun ez dago batere argi nola sortu den eraztun hori. Neptunoko erantzunei dagokienean, zalantzetako bat da zergatik haietan eremu batzuk besteak baino dentsoagoak diren.

Izotzezko erraldoien ilargiei dagokienez, Uranotik gertuen dagoen Miranda ilargiaren osaketa bitxia aztertu nahiko lukete, baina batez ere Neptunoko Triton ilargiak erakartzen du arreta gehien. Triton da, hain zuzen, Neptunoren aldeko hautua bultzatu duen arrazoietako bat. Kuiperreko gerrikotik erauzitako ilargia da, jarduera geologikoa duena –geiserrak eta arraila ilunak ditu–, eta, gainera, barruan ozeano bat izan dezakeela uste dute astronomoek.

Azkenik, planeta horien eremu magnetikoen konplexutasuna argitzen saiatu nahi dute. Diotenez, bertako eremu magnetikoaren hain irregularrak izatearen zioa izan daiteke eremu horiek sortzen dituzten prozesuak lurrazaletik gertuago gertatzen direla, gas erraldoiekin konparatuta.

Argudio hauek guztiak eskuetan, planeta biak edo horietako bat aztertuko dituen misioa gaurdanik prestatu behar dela nabarmendu dute adituek. Neptunoren aldeko hautua garaile ateratzen bada, 2028-2030 urte tartean izango den jaurtiketa-leihoa baliatu nahi dute hara joateko. Orduan eginez gero, Jupiterren grabitazio-laguntza erabili ahal izango litzateke arinago iristeko: 2043. urtean helduko ginateke hara. Urruneko data dirudi, egia da, baina kontuan hartu behar da orain egindako aurkikuntzetako asko duela hainbat hamarkada hasi zirela “egosten”. Kriseiluko jeinuak eman ematen du, baina beharrezkoa irizten duen denbora hartzen du horretarako. Politikariek ez bezala, jeinuak epe luzerako pentsamendu estrategikoa du. Eskerrak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cartier, K. M. S. (2018). Uranus and Neptune should be top priority, says report. Eos, 99, DOI: https://doi.org/10.1029/2018EO112187.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bada garaia izotzezko erraldoien madarikazioari amaiera emateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages