Clementine, «Kondenatuetako bat»
“C.S.C. («Kondenatuetako bat»)” delako batek sinatutako gutun bat argitaratu zuten The Times egunkarian 1912ko martxoaren 30ean. Bi egun lehenago Almroth Edward Wright (1861-1947) bakteriologoak bidalitako beste gutun bati emandako erantzun ugarietako bat zen eskutitza.
Almroth Edward Wright ezaguna zen emakumeen sufragioaren aurka zegoelako. Ikertzaileak arrazoi «zientifikoetan» oinarritzen zuen bere baieztapena, eta gizonenen eta emakumeen burmuinak desberdinak zirela argudiatzen zuen. Haren ustez, andrazkoen garunak ez zeuden «antolatuta» gai sozialak eta publikoak lantzeko. 1913an gaiari buruzko liburu bat argitaratu zuen: The Unexurgated Case Against Woman Suffrage (Emakumearen sufragioaren aurkako auzia). Bertan, besteak beste, emakumeen garapen profesionalaren aurka ere agertzen zen.

Liburua argitaratu baino hilabete batzuk arinago, 1912ko martxoaren 28an, gutun luze bat bidali zuen The Times egunkarira. Idazkian zientzialariak argudiatzen zuen emakumeek politikatik erabat aldenduta egon behar zutela beren «gabezia» fisiologiko eta psikologikoengatik. Erantzun sutuak jaso zituen gutunak, merezi zuen bezala, eta horietako batek C.S.C. («Kondenatuetako bat») sinadura zeraman. Erantzun hau bereziki argia eta zorrotza zen eta honela zioen:
1912ko martxoaren 30a
The Times egunkariko editorearentzat
Jaun hori,
Sir Almroth Wrightek emakumeak ezagutzen dituen moduan ezagututa, emakumeei buruz idatzi dituen azalpen burutsu eta sakonak irakurri ondoren, badirudi kontua ez dela «emakumeek bozkatu beharko lukete?», baizik eta «ez al litzateke hobe emakumeak erabat akabatzea?». Hain txundituta geratu naiz Sir Almroth Wrighten zehaztasunarekin, haren esperientzia zientifiko eta pertsonal handian oinarrituta dagoena, emakumeei amaiera eman beharko litzaiekeela ondorioztatu dudala.
Zientzialariarengandik ikasten dugu emakumeak gaztetan ez daudela bere onean, noizean behin hipersentiberatasuna eta zentzugabekeria jasaten dutela, eta haien presentzia bakarrak gizonak gogaitzen eta haserretzen dituela, bizitzan zehar zein eguneroko zereginetan. Jarduera profesional bat hasten badute, beraien adimenaren zakartasunak lankide zitalak bihurtzen ditu gizonezkoentzat. Bizitzan zehar buru-nahaste larriak eta etengabeak izaten dituzte, eta, guztiz erotuta egon ez arren, horietako asko giltzaperatu behar izaten dituzte.
Hau horrela izanik, ez al litzateke izango mundua askoz hobea eta zoriontsuagoa emakumeak akabatuz? Hemen begiratzen diegu zientzialari handiei. Benetan kasu desesperatu bat da? Emakumeek, zalantzarik gabe, baliagarritasunen bat izan behar zuten iraganean, bestela, nola jasan eta onar zitekeen orain arte tribu nazkagarri hori?
Baina, ziurta al dezakegu emakumeak ezinbestekoak izango direla etorkizunean? Emango al digu zientziak ziurtasunik, edo, behintzat esperantzarako arrazoirik? Esan ahal digu aurkikuntzarik handienaren atarian gaudela? Hau da, nola euts diezaiokegun gizonezkoen arraza bati baliabide zientifiko hutsak erabiliz?
Hainbeste urtez mundua hondatu duen espezie bizkarroi, zoro eta immoralagandik askatzea lortu duenez gizateria, ezin al diogu Sir Almroth Wrighti begiratu haren lorpen ugariak txalotzeko?
Zure esanekoa,
C.S.C.
(“Kondenatuetako bat”)
Inizial horien atzean Clementine Spencer Churchill (1885-1997) ezkutatzen zen, Winston Churchillen emaztea (1874-1965), Erresuma Batuko lehen ministroa izango zena.
Benetan tamalgarria da Wright bezalako zientzialariek ideologia misoginoak adierazi izana ustezko egitate zientifikoetan oinarrituta. Seguru asko beste pertsona batzuk diskurtso horietan sostengua hartuko zuten, Wright bezalako defendatzaileen prestigioa kontuan hartuta.
Emakumeen sufragioa 1919an onartu zen Erresuma Batuan (Wrighten eskutitza argitaratu eta zazpi urtera). Espainian 1933an.
Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta aurten, “genero berdintasuna gaur, biharamun jasangarri baterako” lelopean ospatzen dugu. Izan ere, aniztasuna eta emakumeen presentzia berdinzalea erakusten duen zientziak egingo dio aurre klima-aldaketak dakarzkigun erronkei.
Iturriak:- Futility Closet, A Modest Proposal. 2022ko otsailaren 22a.
- Letters of Note, Ought women not to be abolished altogether? 2012ko maiatzaren 14a.
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Clementine, «Kondenatuetako bat» appeared first on Zientzia Kaiera.
Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko
Izarren argiak bere egitura kimikoari buruzko oinarrizko informazioa dauka. Baina informazio hori ezkutuan egon da hamarka mendez, botila bateko mezua bezala. Argiaren barneko ortzadarra askatzeko gai den Newtonen prisma izan zen gerora mezu horiek guztiak interpretatzeko aukera eman zigun puzzlearen lehen pieza.

XIX. mendean, zientziaren eta teknologiaren aurrerabideari esker, erreminta optikoen zehaztasuna gero eta handiagoa zen. William H. Wollaston fisikari eta kimikariak eguzkiaren argian ezkutatutako lehen lerro ilunak aurkitu eta gero (xurgatze-espektroak), Joseph von Fraunhofer fisikariak bere teknika perfekzionatu zuen eta urteak eman zituen horiek zehaztasunez sailkatzen. Fisikari alemaniarra izan zen lehena difrakzio sare bat erabiltzen argiaren espektroa lortzeko –zirrikitu ñimiñoz betetako sareta bat da, argia difraktatzen duena eta uhin luzera ezberdineko izpiak bereizten dituena (kolore ezberdinekoak)–. Era berean, lehena izan zen gailu hori baliatzen ortzadarraren lerro ilun misteriotsuei lotutako uhin luzerak neurtzeko. Horregatik, Fraunhofer espektroskopiaren aita kontsideratzen da. Bere izena eguzki argiaren espektroan idatzita geldituko da betiko.
XIX. mendean, astrofisikariak gutxika izarretatik zetorren argiaren mezuak deszifratzen joan ziren. Espektro horiei esker, zientziak datu berri ugari bildu zituen, gero eta zehaztasun handiagoarekin neurtutakoak. Hala ere, zenbaki horiei guztiei zentzua emateko, beharrezkoa zen aztertzea eta interpretatzea, horiekin eredu bat sortzea. Zer konta zezaketen lerro ilunek izarren jatorriari buruz?
Espektro horietan oinarritutako izarrak sailkatzeko lehen saioak 1860 eta 1870 artean izan ziren. Garai horretan nabarmendu zen Angelo Secchiren lana, Unibertsitate Potifikal Gregoriarraren behatokia zuzentzen duen astronomo italiarrarena. Secchik proposatu zuen lau izar motako sailkapen bat, kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek lerro oso markatuak zituzten, hidrogenoarenak. Izar horien artean zeuden Vega eta Sirius. Gainera, tonu apalagoa zuten argi horiko izarrak (2. motakoak), laranjakoak (3. motakoak) edo gorrixkak (4. motakoak) zeuden. Sailkapen sistema hori egun erabiltzen ez den arren, Secchi aitzindarietako bat izan zen ikerketa astronomikoak espektrografian oinarritzen. Emankorrenetako bat ere izan zen: 4.000 izarren espektrotik gora sailkatu zituen, bere sistema erabiliz.
Atlantikoaren beste aldean, Edward Charles Pickering izeneko fisikariak eta Massachusettseko Teknologia Institutuko irakasleak (MIT ospetsua) ere uste zuen astronomia berria ezin zela mugatu izarren abiadurak eta posizioak neurtzera: ondoren, izarren espektroa, distira eta kolorea funtsezkoak izan ziren unibertsoa ulertu ahal izateko, astrofisika berriaren oinarriak. Baina anbizio handiko helburu hori lortzeko bi osagai ezinbestekoak izan ziren. Hasteko, datu gehiago behar ziren.
Zorionez, Pickeringek bi teleskopio handi zituen horretarako: Cambridgeko errefraktore handia, 1847an eraikitakoa eta zeruaren argazkiak ipar hemisferiotik ateratzen zituena, eta Arequipako Bruce teleskopioa, 1896koa, hego hemisferioan. Eta, batez ere, Pickeringen proiektuak datu horien guztien analisi xehatua behar zuen. Informazio berri hori guztia aztertzeko gai ziren pentsalariak behar zituen. Halaxe osatu zen giza konputagailuen lehen taldea, gaur egun oraindik ere “Pickeringen harema” izen desegokiaz ezagutzen dena.
Erreferentzia bibliografikoa:Gray, O. Richard eta Corbally, Christopher J. (2009). Stellar Spectral Classification. Princeton University Press.
Egileaz:Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 30ean: Interpretar el arcoíris para clasificar estrellas.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #384
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Silurua arrain harrapakari bat da, eta bi metroko luzera eta 100 kiloko pisua izan dezake. Espezie inbaditzailea da, eta Sobrongo urtegira iritsi dela berretsi dute. Gaztela eta Leongo Gobernuak eman ditu datuak, eta haien kontrolerako plan bat ezarri du. Baina Berriak arrantzaleetatik lortutako datuetatik azaldu du silurua Sobronen aspalditik dagoela, eta baita Arabako beste urtegi batzuetan ere. Baina gaur egun, silurua ez dago espezie inbaditzaile gisa katalogatuta araudian, eta beraz, izatez Araban ezin da silururik arrantzatu. Alabaina, espezie harrapakaria da, eta aloktonoa den ekosistemetan sarraskiak eragiten ditu, ez baitago bera harrapatuko duen beste animaliarik. Datu guztiak Berrian: Siluruaren lorratza.
Plentziako Itsas Estazioko (PIE/EHU) ikertzaileek orain arte inoiz ikusi gabeko parasito bat aurkitu dute euskal kostaldeko uretan eta Txikispora philomaios izena jarri diote. Espora txiki hau maiatzean bakarrik azaltzen da uretan, eta urteko gainontzeko hilabeteetan desagertu egiten da. Baina bitxiena ez da hori: ikertzaileek uste dute leinu primitibo bateko organismo bat dela, eta animaliak emango zituen organismo zelulabakarra diferentziatu eta organismo zelulanitzak emango zituen puntutik oso hurbil kokatzen dela. Parasito honen genomak ulertzen lagunduko du, beraz, zelulak noiz eta nola hasi ziren elkartzen eta espezializatzen. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Animalietan zelulaniztasuna nola garatu zen ulertzen lagunduko duen parasitoa.
Mendexan itsaso zabalean kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan eta beste hainbat ezartzea planteatzen ari da. Akuikulturarako eremuak ezarri aurretik, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Honen harira, azken urteetan bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinak egin dira Mendexa eta Mutrikun, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Muskuiluen hazkuntzarako onuragarriak ziren fitoplankton taldeak aurkitu zituzten, besteak beste, diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak. Alabaina, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia ere bazegoela ikusi zuten bi ikerketa eremuetan. Datuak Zientzia Kaieran: Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan.
EkologiaAzpiegitura linealek (errepideek eta trenbideek, zubiek etab.) eragin oso negatiboak dituzte biodibertsitatean. Errepideak eraikitzerakoan, gutxitan hartzen da kontuan bertako animalien banaketa espaziala, eta, beraz, tranpa hilgarri bat ezartzen zaie. Inpaktu hau ezagutzera eman zuen lehenetarikoa Richard T. T. Forman Harvard Unibertsitateko ekologoa izan zen, eta “errepideen ekologia” delako ekologiaren diziplinaren sortzaileetako bat kontsideratzen da. Forman-en aurkikuntzek bidea ireki zuten, errepideen eta animalia basatien arteko elkarrekintzak ahalik eta gehien murrizteko. Ahalegin horien artean daude animalientzako pasabideak, baina hauek ezartzea ez da nahikoa izan errepideetako basa bizitzaren hilkortasuna ezabatzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai.
OsasunaBerriak Gurutzetako ospitaleko Nora Civicos mediuarekin hitz egin du. Nora Civicos Bizkar Muineko Lesionatuen Unitateko koordinatzailea da eta Suitzako ikerketa-talde batek bizkar muineko lesioen sendaketan egindako aurrerapena aztertu du. Ikertaldeak erabateko lesioa duten hiru gaixo oinez ibiltzea lortu du, baina Norak ez du uste betirako konponbidea aurkitu denik. Azaldu duenez, sekulako aurrerapausoa iruditzen zaio, baina beldur pixka bat ere eragin dio. Izan ere, ondo ulertu behar da zer egin duten Suitzan eta zertan datzan ikerketa, jendearen sentimenduekin ez jolasteko. Suitzakoa ikerketa bat da, terapia esperimental bat, baina bizkar muineko lesionatuen unitateen errealitatea bestelakoa da. Azalpenak Berrian: «Aurrerapen itzela», baina ez sendabidea.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, hesteetako hanturazko gaixotasunaren ezaugarri genetikoak argitu dituzte euskal populazioan. Hesteetako hanturazko gaixotasuna bi eratara agertzen da nagusiki: Crohnen gaitz moduan (digestio-aparatuko edozein lekutan) edo ultzeradun kolitisaren bidez (batez ere kolonean). Jakina da pertsona batzuek joera genetiko handiagoa dutela gaitz hauek garatzeko, eta haiekin erlazioa izan dezaketen 200 gene-eskualde identifikatu dituzte. Koldo García Etxebarria Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko genetistak gidatu du ikerketa, eta azaldu duenez, gene-eskualde horien eragina asko aldatzen da populazio batetik bestera. Baina Guretzetako Ospitaleetako datuekin egindako analisiari esker, gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde detektatu dituzte.
Gaixotasunak Kontrolatzeko Atlantako Zentroko Andrew Geller medikuak eta bere lankideek nutrizio-gehigarrien inguruko ikerketa bat egin dute. Nutrizio-gehigarriak ikuspuntu nutrizionaletik, nutriente batean edo gehiagotan osoak diren prestakinak dira, baina dietan gomendatzen diren bitamina eta mineral kantitate txikiagoak izan ohi dituzte. Bada, Geller medikuak eta bere lankideek ikusi ahal izan zutenez, Estatu Batuetan 20 eta 34 urte bitarteko gazteen ospitaleratzeen % 28 nutrizio-gehigarriekin lotutako arazoengatik gertatzen da, eta haurren ospitaleratzeen % 21. Hauen artean, ia % 70 lotuta daude belarren zein bitaminen eta mineralen osagarriekin. Azaldu dutenez, kezkagarria da Estatu Batuetan nutrizio-gehigarriak hartzeko dagoen ohitura. Eduardo Angulok azaldu du Zientzia Kaieran: Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma.
PsikologiaIone Bretaña psikologoaren ustetan, atxikimendu ez segurua duten gizabanakoek, emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte. Ionek bikote harremanetako gatazkak eta hauek konpontzeko estrategiak izan ditu bere tesian ikergai. Ikerketa aurrera eramateko, bikote atxikimendu maila neurtu dute autoinformeak erabiliz. Atxikimendua sustatuko luketen zenbait portaera bildu dituzte, hala nola, bestearekiko gertutasun nahia, beraien nahiei erantzuteko gaitasuna edo erlazioaren inguruko espektatibak. Horrela, tesian zehar ikusi ahal izan dutenez, atxikimendu segurua duten gizabanakoek emozioak egokiago erregulatzeko gaitasuna dute. Generoari dagokienez, ez dute gatazka estrategietan ezberdintasun nabarmenik aurkitu. Azalpenak Unibertsitatea.net webgunean daude eskuragarri.
Ikerketa batek 1850etik 2019ra bitartean argitaratutako milioika liburutan hitzek duten erabilera maiztasuna aztertu du. Dirudienez, bi joera garbi hauteman dituzte. Lehenengoa, gaur egun zaharkituta dauden terminoak utzi eta hitz berriak erabiltzea da. Bigarrena, jokabidearen alderdi emozionalarekin lotutako hitzen (sentitu edo sinetsi, adibidez) eta alderdi arrazionalarekin lotutakoen (zehaztu edo ondorioztatu, adibidez) erabilera maiztasuna aldatzea da. Azken hamarkadetan, konnotazio arrazionaleko hitzen maiztasuna etengabe txikitu da, eta aldi berean, alderdi emozionalarekin lotutakoen maiztasuna handitu egin da. Hau ikusita, azterlanaren egileek ondorioztatu dute, egia-ostearen indarrak eta hedapenak, beharbada, aldaketa sakonagoa islatzen duela jendearen interes eta lehentasunetan. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu du Zientzia Kaieran: Emozioen goraldia, arrazionaltasunaren beheraldia.
PaleontologiaEvolutinoary Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batek eztabaida sortu du dinosauroen gaiaren inguruan. Izan ere, adierazi dute paleontologoek zaku modura erabili dutela Tyrannosaurus rex izenaz ezagutzen den espeziea, baina, berez, hainbat Tyrannosaurus espezie biltzen dituela bere baitan. Ondorio hau 38 banakoen hezurrak eta hortzak aztertuta atera dute. Izan ere, ikertzaileen ustez banako hauen femurren sendotasunean eta hortzen egituran ikusten diren desberdintasunak ez dira sexuak edo adinak eragindakoak, baizik eta garai eta espezie desberdineko banakoei dagozkiela. Orain arte, emeei eta banako gazteei egotzi zaie femur arinagoak izatea, baina ikertzaileek uste dute desberdintasunak handiegiak direla hala izateko Horregatik, Tyrannosaurus imperator eta Tyrannosaurus regina espezie-izenak proposatu dituzte. Aitziber Agirrek azaldu du Elhuyar aldizkarian: Tyrannosaurus generoko hiru espezie egon zitezkeen.
FisikaLeire Larizgoitiari fisikariari egin diote elkarrizketa Elhuyar Zientzian. Neutrinoak ikertzen ditu Leirek bere tesian DIPCn. Hainbat esperimentu egiten dituzte bere taldean, haietako bat NEXT esperimentua, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan. Taldearen helburuetako bat DIPCn neutrino-detektagailu bat eraikitzea da, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora. Zientzia Kaieran ere aurki daiteke artikulua: Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #384 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #389
Bihotz taupaden erregulartasunean eragina esku hartzen duen zelula tipo berri bat aurkitu dute. Eta zelula glien antza du. A glial cell that touches the heart Rosa García-Verdugorena.
Supergeneak ez dira superheroien kontua. Belaunaldietan zehar mantentzen diren kobinazio genetikoak dira. Arrantzaren gehiegizko ustiatzeari aurre egiteko eboluzionatutako bakailao supergeneak arrantzatuak izatea zailtzen ari dira eta, gainera, klima-aldaketatik babestu dezakete espeziea. Cod ‘supergenes’ reveal how they are evolving in response to overfishing, Tom Cameron.
Egon beharko liratekeen tokian ez dauden bi neutrino detektatzea bezain zaila den zerbait detektatzera bagoaz, zergatik ez erabili ahalik eta handien den detektorea? DIPC A tonne-scale detector for neutrinoless double-beta decay
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #389 appeared first on Zientzia Kaiera.
Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”
Leire Larizgoitia Arkotxa neutrinoen fisikaria da, nahiz eta, fisika ikasten hasi zenean, ez zekien bazirenik ere neutrino izeneko partikulak. Gogora ekarri du, batxilergoko bigarren mailan, fisikako irakasle oso on bat izan zutela: “Teoria azaltzeaz gain, esperimentuak egiten zituen, eta oso ondo ulertzen zitzaion dena. Halako batean, fisika ikasi nahi nuela esan nion, eta fisikarien ibilbidea oso zaila zela erantzun zidan. Hala ere, sartu egin nintzen, eta bai, egia da zaila dela fisikaria eta ikertzailea izatea, baina benetan gustura nabil”.
Aitortu duenez, hirugarren mailan partikulen fisika ikasgaia zuten, eta orduan zaletu zen guztiz. “Hala, hirugarren mailan, CERNera joan nintzen udako praktikak egitera (Suitza), eta han konturatu nintzen hori zela nik egin nahi nuela: neutrinoak ikertu, modu esperimentalean”. Nazioartean erreferentziazko laborategia da CERN, eta, alde horretatik ere, sekulako esperientzia izan zen, Larizgoitiaren esanean: “Mundu osoko jendea zegoen, bakoitza bere kultura eta pentsaerarekin, eta denok ingelesez egiten genuen, baina denok ikasten genuen denongandik. Oso aberasgarria izan zen, eta ate asko ireki zizkidan”.

Gradua bukatu ondoren, DIPCra joan zen udako praktikak egitera (Donostia), neutrinoen taldean, eta bertan lanean hasi zen. Segidan, masterra egin zuen Valentzian, eta orain DIPCko neutrinoen taldera itzuli da, tesia egitera.
“Talde esperimentala gara; beraz, hainbat esperimentu ditugu. Haietako bat NEXT da, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan, eta ni GanESS proiektuan ari naiz egiten tesia (Gaseous detectors for neutrino physics at the ESS). Gure helburua da neutrino-detektagailu bat eraikitzea DIPCn, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora”, azaldu du Larizgoitiak. Haren esanean, ederra da pentsatzea hemen garatutako detektagailu bat Europako beste puntara bidaliko dela, punta-puntako ikertzaileek erabil dezaten, neutrinoak ikertzeko.
Etengabeko ikasketaOnartu du atzera-aurrera asko dituztela proiektuan, eta bidea ez dela zuzena: “Baina hori badakigu horrela dela, eta, gainera, ikasteko modua da. Azken finean, gu egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.
Bestalde, laborategiko giroa oso ona dela kontatu du. Beste arlo askotako jendearekin lan egiten dute: ingeniariak, enpresekin… “Esperimentazioan lan egiten dugunok hori dugu ona: ez dela bakarkako lana, beste diziplinetakoekin ere elkarlanean aritzen zarela”.
Bukatzeko, gogoratu du masterra ikasi zuenean neska bakarra zela, eta, bazterkeriarik sumatu ez badu ere, batzuetan faltan duela inguruan neska gehiago izatea. “Zorionez, gero eta gehiago gara, pixkana-pixkana. Eskertzen da”.
Fitxa biografikoa:Leire Larizgoitia Arcotxa 1998an jaio zen, Gasteizen. EHUn ikasi zuen fisika, baina 4.maila Queen’s Unibertsitatean egin zuen (Kanada). Udako praktiketan, CERNen eta DIPCn izan zen. Masterra Valentzian egin, eta, orain, DIPCn dabil tesia egiten, neutrino-taldean. Bere tesi-zuzendariak (Francesc Monrabal) Europako diru laguntza bat jaso berri du (ERC-Sarting Grant) ‘GanESS’ izeneko proiektua aurrera eramateko.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara” appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan
Akuikulturak azken hamarkadan mundu mailan izan duen garapena itzela izan da eta, honek, Euskal Autonomia Erkidegoan itsaskien akuikultura burutzeko nahia piztea eragin du. Gaur egun, itsaso zabalean (Mendexan) kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan. Eremu hau 2019ko uztailean hasi muskuiluak saltzen. Hala ere, sektorea gehiago garatzeko helburuz, beste aukerazko kokaleku batzuk planteatu dira kostaldean, Mutriku portua adibidez, izan ere, akuikulturarako eremuak kostaldeko sarguneetan kokatzen dira gehienetan (Galizian adibidez).
Gauzak horrela, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Elikagai bezala duen balioa konposizio lipidikoaren araberakoa da, bereziki gantz azido esentzialen araberakoa. Fitoplankton zelulen osaketa lipidikoa espeziaren edo taldearen arabera aldatzen da. Gainera, zelulen tamaina eta ugaritasuna (biomasa) kontuan hartzeko faktoreak dira, muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkortasuna baldintzatzen baitituzte. Hala ere, fitoplanktona ere arriskutsu bilakatu daiteke, izan ere, muskuiluek eta bestelako bibalbioek fitoplankton toxikoa elikagai gisa iragazterakoan, fikotoxinak pilatu egiten dituzte eta maila trofiko altuagoetara lekualdatzen dira, gizakientzako arrisku nabarmena bihurtuz, intoxikazio ezberdinak eragiteko aukera baitago (ASP, DSP, PSP, NSP edo AZP).

Jarraian, azken urteotan, Mendexa eta Mutrikun egin diren bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinen emaitzak laburbiltzen dira, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Informazio iturritzat erabili diren artikulu eta txosten-teknikoetan fitoplankton komunitatearen ugaritasuna eta osaketa ikertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina kontzentrazioa ere neurtu zen.
Diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak ziren Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa totalari ekarpen handiena egiten zioten taldeak. Hau, muskuiluen hazkuntzarako onuragarria da, hiru taldeek duten gantz azido edukiagatik. Halaber, bi eremuetan nagusitzen zen fitoplankton zelulen tamaina 2-20 µmkoa zen, eta hau ere muskuiluak hazteko aproposa da, 4 µmtik gorako zelulek ingestio eta erretentzio eraginkorra ahalbidetzen baitute. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa balioak oso baxuak dira, 0,5 µg/L inguruko a klorofila kontzentrazioekin.
Gainera, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia aurkitu zen bi ikerketa eremuetan. Pseudo-nitzschia spp., Dinophysis spp. eta Alexandrium spp.-ek itsaskien toxikotasun arriskua adierazten duten kontzentrazio muga-balioak gainditu zituzten hainbat aldiz, azido okadaikoa izanik muga legala maiztasun handienaz gainditu zuen toxina, bai Mendexan baita Mutrikun ere. Gainera, bi eremuak konparatzeko egindako ikerketa batean ikusi zen Mendexan toxikotasun arriskua handiagoa zela. Dinophysis acuminata da euskal kostaldeko, eta bereziki Mendexako, akuikulturak duen mehatxu nagusia, Galizian eta beste akuikultura eremu askotan sortzen dituen arazoak ikusita. Era berean, Mutrikun, eta orokorrean kostaldeko eremuetan, potentzialki toxikoak diren dinoflagelatu bentonikoekin (Ostreopsis spp.) kontuz ibili behar da, bertako sakonera eskasak ur zutabean aske aurkitzeko aukera gehiago eskaintzen baititu.
Honenbestez, alde kualitatibotik, euskal kostaldeko fitoplankton komunitateak aproposak dira itsaskien akuikultura garatzeko, haptofito, diatomeo eta dinoflagelatuen nagusitasunari eta zelulen tamaina egokiari esker. Hala ere, Mendexa eta Mutrikuko a klorofila balioak akuikultura eremu tradizionalenak (itsasadarrak) baino baxuagoak izateak, bertako muskuiluen ekoizpen-gaitasuna mugatu dezake. Gainera, toxikotasun arazoak aurkitu dira bai Mendexan baita Mutriku ere. Ondorioz, ezinbestekoa da eremu honetako fitoplanktona aztertzen jarraitzea, muskuiluentzako elikagai iturri gisa duen balioa ikertu eta toxikotasun arrisku posibleak kontrolatzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 40
- Artikuluaren izena: Euskal kostaldeko fitoplaktona eta bere garrantzia bibalbioen akuikulturan.
- Laburpena: Azken urteotan, Mendexan eta Mutrikun, bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren zenbait ikerketa gauzatu dira, bertako komunitate naturalek bibalbioen akuikulturari eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Ikerketa horietan fitoplankton-komunitatearen ugaritasuna eta osaketa aztertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina-kontzentrazioa ere neurtu zen. Diatomeoak eta haptofitoak izan ziren Mendexako eta Mutrikuko komunitate fitoplanktonikoen talde nagusiak, dinoflagelatuen aldizkako agerpenekin batera. Horrenbestez, fitoplankton-komunitate horiek muskuiluen hazkuntzarako nutrizio-kalitate onuragarria daukatela ikusi da, talde nagusiek gantz azido maila altuak azaltzen dituztelako. Gainera, komunitateetan nagusitzen zen zelula-tamaina (2-20 μm) aproposa da muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkorrerako. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexako eta Mutrikuko a klorofila-balioak oso baxuak dira, 0,5 μg/L inguruko kontzentrazioekin. Halaber, itsaskien toxikotasun-arriskua adierazten duten zelula-ugaritasuna eta toxinen kontzentrazio-mugak hainbat aldiz gainditu ziren bi eremuetan. Dinophysis da generorik arriskutsuena, Mendexan bereziki, genero horren eta bere toxinen (azido okadaikoa) kontzentrazioa handiagoa baita. Horrenbestez, beharrezkoa da fitoplanktonen azterketekin jarraitzea, toxikotasun-arrisku posibleak hauteman eta kontrolatzeko.
- Egileak: Jone Bilbao, Oihane Muñiz, Marta Revilla, José Germán Rodríguez, Aitor Laza-Martínez, Sergio Seoane
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 180-202
- DOI: 10.1387/ekaia.22340
Egileez:
Jone Bilbao, Aitor Laza-Martínez eta Sergio Seoane EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.
Oihane Muñiz, Marta Revilla eta José Germán Rodríguez AZTI ikerketa zentroko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan appeared first on Zientzia Kaiera.
Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai
Gizakiak historian zehar, bi aldiz pentsatu gabe hartu ditu erabaki asko. Hau da, erabaki horien ondorioak askotan ez dira aintzat hartu, eta gutxiago gizakiari zuzenean eragiten ez badiote. Gizartearen garapenerako eta bizimodu modernorako beharrezkoak suertatu direnez ez dira gainontzeko inpaktuak aintzat hartu. Horien artean izango genituzke ikerketek erakutsi dituzten ondorio negatiboak, esaterako, azpiegitura linealek biodibertsitatean sortutakoak.
Azpiegitura linealak informazio kartografiko antolatua eta sailkatua dutenak dira. Hau da, trazadura edo ibilbidearen informazio lineala duten azpiegiturak dira, hala nola, errepideak eta trenbideak, zubiak, hormak, tunelak, uraren, argiaren eta gasaren eraginpeko zerbitzuak.

Azpiegitura linealek eragin oso negatiboa dute biodibertsitatean, hainbat ikerketak erakutsi dutenez. Begi-bistakoena den inpaktua basa animaliek azpiegitura horien kontra izandako talkak dira, eta, askotan, ondoriozko heriotza. Errepideak eraikitzerakoan, gutxitan hartzen da kontuan bertako animalien banaketa espaziala, eta are gutxiago duela urte batzuk, errepide gehienak eraikitzen hasi ziren aldian. Espezie bakoitzak bere banaketa du, hau da, maiztasun handiarekin okupatzen duen espazioa, eta gune horren barnean egiten ditu bere eguneroko mugimenduak; elikagai bila joan, harrapariengandik ezkutatu edo babeslekura joan, besteak beste. Banaketa honen barnean errepide bat, trenbide bat edo linea elektriko bat eraikitzean, alabaina, zatitu egiten dira habitat hauek, eta tranpa hilgarri bat topatzen dute animaliek beren ohiko bideetan.
Lurra gure oinen arrastoz bete dugu, oin horiek zapaltzen zutenaz ohartu gabe, gehienetan. Gizakia izango da, seguruenik, bere presentziaren arrasto nabarienak uzten dituen animalia. Etxeak, tenpluak, urtegiak, kanalak, fabrikak… Eremu batzuetan, zementuak erabat estali du garai bateko natura. Baina egitura solteez gain, Lurra estaltzen duen sare artifizial bat ere eraiki dugu: errepideak, trenbideak eta linea elektrikoak, besteak beste, azpiegitura lineal deritzon taldean sartu hori dira, eta hauek ere badira gizakiaren aztarnen parte. Bada, beste aztarnen moduan, sortu zirenean kontuan hartu ez ziren inpaktuak eragiten dituzte, bai ingurune fisikoan (pentsatu ohi den bezala), bai eta, gainera, basa bizitzan.
Errepideen ekologiaInpaktu hau ezagutzera eman zuen lehenetarikoa Richard T. T. Forman izan zen, Harvard Unibertsitateko ekologoa. 1998an Roads and their major ecological effects (Errepideak eta beren eragin ekologiko nabarienak) artikulua argitaratu zuen, eta “errepideen ekologia” delako ekologiaren diziplina berria jaio zen berarekin batera. Jada garai haietan, Forman-ek zenbaki beldurgarriak plazaratu zituen artikulu hartan. Urtero 159 000 ugaztun eta 653 000 hegazti hiltzen ziren Herbehereetako errepideetan; Bulgarian, berriz, 7 milioi hegaztira igotzen zen zifra, eta hildako 5 milioi igel eta narrasti estimatu zituzten Australian. Estatu Batuetan, azkenik, errepideetako harrapatzeen ondorioz, egunero milioi bat ornodun hiltzen zirela kalkulatu zen. Gaur egun, errepideen mundu-mailako dentsitatea handitzen doala kontuan izanik, ziurtasun osoz esan dezakegu datuek okerrera egin dutela.

Arazo larri horretaz jabetu ginenetik, ordea, ahaleginak egin dira errepideen eta animalia basatien arteko elkarrekintzak ahalik eta gehien murrizteko. Helburu hau dute, adibidez, animalientzako pasabideek. Animalientzako pasabideak azpiegitura lineal batek bananduta dauden bi habitat lotzen dituzten egiturak dira, landaretzaz atonduta. Zubiak izan daitezke, gehienetan animalia handientzat (orkatzak, basurdeak, abereak…) ezarriak, eta baita anfibio eta ugaztun txikientzako (trikuak, azkonarrak, saguak etab.) tunelak ere. Baina, noizbehinka animaliek pasabide hauek erabiltzen badituzte ere, zaila izan daiteke egitura hauen kokaleku egokia erabakitzea.
Animalien banaketa espaziala aldatzen doa denborarekin, eta hasiera batean eraginkorra zen pasabide bat alferrikako egitura bilakatu daiteke urte gutxian. Gainera, hilkortasun datuen handitasuna aintzat hartuta, orain arte eraiki diren animalientzako pasabideak ez dira nahikoa errepideen inpaktuari aurre egiteko. Ahaleginak ahalegin, errepideetako basa bizitzaren hilkortasuna ez da inolaz ere deuseztatu pasabide artifizial hauekin.
Errepideetan hildako animalien kopurua jakin nahianBada beste kontu bat, bestalde, errepideen ekologiari zailtasuna gehitzen diona: oso zaila da errepideetako harrapaketen ondoriozko egiazko hilkortasun-tasak kalkulatzea. Tasa hauek kalkulatzeko, zientzialariek gehienetan laginketak egiten dituzte aurrez erabakitako errepide-tarte batzuetan, eta ikusten dituzten animalia hilak zenbatzen dituzte. Prozesu hau maiztasun jakin batekin errepikatuz, hilkortasun-tasak kalkulatzen dira. Alabaina, laginketa-metodo honek hainbat errore dakartza, egiazko hilkortasuna kalkulatzea oztopatzen dutenak. Animalia batzuek (animalia handiak, gehienetan) talkaren ostean beren kabuz errepidetik irtetea lortzen dute, baina askotan basoan hilko dira gero. Errepidean hilik geratu direnetatik, batzuk (anfibioak, narrasti eta ugaztun txikiak…) egun gutxira deskonposatuko dira bertan eta behatzailearentzat ikusezinak izan daitezke. Azkenik, behatzaileak berak ere errore bat gehitzen dio laginketari, agian ez baita dauden animalia-hondar guztiak ikusteko gai izango.
Zailtasun hauei erantzuna eman nahi diete mundu-mailako hainbat ikerketa-taldek, eta horixe lortu nahi du SAFE proiektuak (Stop Atropellos de Fauna en España, gaztelerazko sigletatik). Espainiako MITECOk (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa) sustatzen du proiektua eta Doñanako Estazio Biologikoak burutuko du diseinu zientifikoa eta datuen tratamendua. Borondatezko langileen mobilizazioari esker, datu-base handi bat eraiki nahi da. Borondatezko langileek ibilbide bat aukeratuko dute eta gutxienez urtean behin bizikletaz edo oinez egingo dute, betiere ibilbidea aldatu gabe (ezingo dute parte hartu, hilabete batean edo bitan egin ezin badute ere). Harrapatutako animalia guztiak erregistratuko dituzte gailu mugikorretarako aplikazio bat erabiliz, bai eta horiek ibilbidean non dauden ere. Egunen batean harrapatutako animaliarik aurkitzen ez bada, 0 erregistratuko da.
Egitasmo honekin bi helburu bete nahi dituzte. Lehenik, aipatutako laginketako erroreak zuzentzen ikastea eta, ondoren, Espainiako errepideek eragiten duten basa bizitzaren egiazko hilkortasuna kalkulatzea. Hastapenetan dago oraindik ekimena; ikusiko dugu, beraz, zer nolako emaitzak lortzen dituzten.
Errepideen ekologia jaio zenetik 24 urte pasa dira, eta ia mende laurdenean jakintza asko eskuratu bada ere, lan asko dago oraindik aurrean. Azpiegitura linealen eragina, talken ondoriozko heriotzez gain, haratago doa. Animalien portaeran aldaketak egon daitezkeela aztertu da, azpiegiturak saihesten saiatzeagatik; horretaz aparte, paisaiak eta habitatak zatitzen dira, inbasio biologikoen arriskua handitzen da eta kutsadura atmosferikoak eta akustikoak animalien banaketa naturalari eragiten dio. Horrenbestez, etorkizuneko ikerketek animalien banaketaren informazioa, mugimendu-patroiak eta azpiegituren sareak, datu horiek denak integratu beharko dituzte, basa bizitzaren hilkortasun-tasaren ahalik eta ikuspegi errealistena lortzeko. Informazio hori gero aplikatu ahal izango da, errepideak, trenbideak eta linea elektrikoak hobeto kudeatzeko ingurumenaren mesedetan, eta haren babesa helburu izanik.
Erreferentzia bibliografikoak:Ascensão, F., Kindel, A., Teixeira, F. Z., Barrientos, R., D’Amico, M., Borda-de-Água, L., & Pereira, H. M. (2019). Beware that the lack of wildlife mortality records can mask a serious impact of linear infrastructures. Global Ecology and Conservation, 19, e00661. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gecco.2019.e00661
D’Amico, M., Ascensão, F., Fabrizio, M., Barrientos, R., & Gortázar, C. (2018). Twenty years of Road Ecology: a Topical Collection looking forward for new perspectives. European Journal of Wildlife Research, 64 (3). DOI: https://doi.org/10.1007/s10344-018-1186-x
Forman, R. T. T., & Alexander, L. E. (1998). Roads and their major ecological effects. Annual Review of Ecology and Systematics, 29, 207–231. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev.ecolsys.29.1.207
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai appeared first on Zientzia Kaiera.
Emozioen goraldia, arrazionaltasunaren beheraldia
Egia-ostea neologismo bat da, emozioek publikoaren iritzian gertaera objektiboek baino eragin handiagoa duten egoera edo inguruabarrekin lotua.
Egia-osteak, normalean, errealitatea desitxuratuz gizarte jarreretan eragiteko eta iritzi publikoa modelatzeko asmoz sortzen dira. Horretarako, hain zuzen, ni emozionalera jotzen da eta gertaerak alde batera uzten dira.

Termino hori, esanahi pixka bat ezberdina eman arren, Steve Tesich antzerkigileak sortu zuen, joan den mendeko 90eko hamarkadan Golkoko gerrari buruz esan ziren gezurrak izendatzeko. A. C. Grayling pentsalari britainiarrak dioenez, gure mendeko bigarren hamarkadan goraldi handia izan du. Itxuraz, bi fenomenok eragin dute goraldia. Alde batetik, 2008ko eta ondorengo urteetako krisiaren eraginez jendea bankariekin eta agintariekin haserretu izanak, zeinak emozioak gorestea bultzatu omen baitzuen. Eta, beste aldetik, sare sozialen erabilera eta hauek eragin gero eta handiagoa izateak ere egia-ostea hedatzen lagundu zuten.
Baina 2015. eta 2016. urteetara arte, Erresuma Batuan Brexitari buruzko erreferendumaren kanpaina eta AEBn Donald Trumpen presidentetzarako kanpaina egin baino hilabete batzuk lehenago arte, hurrenez hurren, egia-osteak ez zuen garrantzi handiko ondoriorik izan.
Hitzen erabilera aztergaiDuela aste batzuk Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratutako azterketa batean, 1850etik 2019ra bitartean argitaratutako milioika liburutan hitzek duten erabilera maiztasuna aztertuz, bi joera garbi hauteman dituzte. Lehenengoa gaur egun zaharkituta dauden terminoak utzi eta horien ordez hitz berriak erabiltzeak sortutako aldaketa da; joera hori denborarekin gertatzen den hizkuntzaren aldaketa prozesu normalarekin lotuta dago. Bestea jokabidearen alderdi emozionalarekin lotutako hitzen (sentitu edo sinetsi, adibidez) eta alderdi arrazionalarekin lotutakoen (zehaztu edo ondorioztatu, adibidez) erabilera maiztasuna aldatzea da.
1850 eta 1980 bitartean, gutxi gorabehera, konnotazio arrazionaleko hitzen maiztasuna etengabe handitu zen. Aldi berean, alderdi emozionalarekin lotutakoen maiztasuna txikitu egin zen. Azken hamarkadetan, ordea, joera horiek aldatu egin ziren. Harrigarriena da aldaketa horiek bai fikziozko literatur lanetan bai saiakeretan edo, oro har, ez-fikzio deiturikoetan gertatu dela.
Bestetik, prentsako artikuluetan aldaketa berdinak gertatu dira, The New York Times egunkaria epe berean aztertuz ondorioztatu dutenez. Eta, aurrekoa gutxi balitz, espainierazko lanekin egindako pareko azterlan batetik ondorio berdinak atera daitezke. Azkenik, Googlen azken hamarkadetan egindako hitzen bilaketak ere joera hori islatzen du. Liburuetan erabiltzen diren hitz moten aldaketak, funtsean, jendearen interesen aldaketa islatzen duela adierazten du horrek.
Azterlanaren egileek ondorioztatu dutenez, egia-ostearen indarrak eta hedapenak, beharbada, aldaketa sakonagoa islatzen du jendearen interes eta lehentasunetan, baita haien balioetan eta pentsatzeko moduetan ere; arrazionaltasunetik emozionalera igaro baitira. Egiazki, aldaketa hori bat dator artikulu honen egilearen pertzepzioarekin eta hezkuntzaren munduan alderdi emozionalari gero eta garrantzi handiagoa ematearekin. Ikerketaren egileek ez dakite zeren ondorio diren hautemandako joerak, baina ondorioekin kezkatuta daude; izan ere, zientzia, demokrazia eta arrazionaltasunaren indarrean oinarritzen diren bestelako instituzioak kaltetu ditzakete.
Erreferentzia bibliografikoa:Scheffer, Marten; van de Leemput, Ingrid; Weinans, Els & Bollen, Johan (2021). The rise and fall of rationality in language. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118(51), e2107848118. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2107848118
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Emozioen goraldia, arrazionaltasunaren beheraldia appeared first on Zientzia Kaiera.
Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma
Ez da erraza nutrizio-gehigarriak definitzea eta, beraz, zer diren zehaztea. Madrilgo 12 de Octubre Unibertsitate Ospitaleko Valero Zanuy eta León Sanz doktoreek 2005an argitaratutako berrikusketa baten arabera: “nutrizio-gehigarriak ikuspuntu nutrizionaletik, nutriente batean edo gehiagotan osoak diren prestakinak dira, baina dietan gomendatzen diren bitamina eta mineral kantitate txikiagoak izan ohi dituzte”. “Gehigarri dietetiko” edo “elikadura-osagarri” izenak ere ematen gehigarri hauei.
Ohikoena ahotik hartzea da, konprimitu, kapsula, likido edo hauts formatuan eta, esaterako, Estatu Batuetan “janari-osagai”ren bat dutela (bitaminak, mineralak, aminoazidoak, entzimak, belarrak, etab.) adierazten da. Hala ere, ez dira elikagai baten ordezko gisa aurkezten, eta ez dira dietaren edo janariaren osagai bakartzat hartzen, eta etiketan osagarri gisa identifikatu behar dira beti.
Gutxi gorabeherako definizio horretan oinarrituz, Gaixotasunak Kontrolatzeko Atlantako Zentroko Andrew Geller medikuak eta bere lankideek azterlan bitxi, interesgarri eta kezkagarri bat argitaratu dute. Estatu Batuetako 63 ospitaletako larrialdietan 2004 eta 2013 bitartean izandako ospitaleratzeak aztertuz, jakin dute 3 667 pazientek nutrizio-gehigarriekin lotutako arazoengatik iritsi zirela. Horrenbestez, estimatu dute kausa horrek urtean batez beste 23 000 paziente bidaltzen dituela larrialdietara herrialde osoan, eta horietatik 2 100 kasu ospitaleratzen dituztela.
20 eta 34 urte bitarteko gazteei dagozkie ospitaleratzeen % 28 eta haurrei, % 21. Ia % 70 lotuta daude belarren zein bitaminen eta mineralen osagarriekin. Pazienteek hartutako osagaien % 20 pisua gutxitzeko dira eta % 10, energia handitzeko. Gaixoen % 72k bihotzeko palpitazioak, takikardia eta bularreko mina zituzten. Ingresatutako 65 urtetik gorakoen % 38k asfixia sintomak eta disfagia edo irensteko arazoak zituzten.
Laburbilduz, gazteek bihotzeko arazoak izaten dituzte, zaharrek irensteko eta arnasteko zailtasunak eta haurren ospitaleratzeak izan ohi dira zaintzen ez zituztenean dosi handiegiak hartu dituztelako.
Nutrizio-gehigarrien kontsumoaren zergatiaArestian aipatutako datuak kontuak izanik, Estatu Batuetako ikertzaileek jakin nahi izan dute zergatik den hain ohikoa gehigarrien kontsumoa. Bostongo Unibertsitateko David Kaufman epidemiologoak eta bere taldeak telefono bidezko inkesta baten emaitzak argitaratu zituzten 2002an: 1998an eta 1999an, 18 urtetik gorako 2.540 boluntariori deitu zieten, zeintzuen batez besteko adina 34 urtekoa baitzen eta % 53 emakumeak baitziren.
Inkestako emaitzen arabera:
- Bitaminen eta mineralen osagarriei dagokienez, % 35ek erantzun zuen osasunerako onuragarriak zirelako hartzen zituela; % 11k, dietaren osagarri moduan eta % 6k, osteoporosia prebenitzeko. % 3k ez zekien edo ez zuen esan zergatik kontsumitzen zituen.
- Belardun osagarrien kasuan, % 16k osasunerako onuragarriak direlako hartzen zituen; % 7k, artritiserako; % 6k, memoria hobetzeko; % 4k, dieta osatzeko eta % 3k, hobeto lo egiteko. % 2k ez zekien edo ez zuen erantzun zergatik.

Gehigarri dietetikoen kontsumoari buruzko Estatu Batuetako datuen beste azterlan bat argitaratu zuten 2013an, Bethesdako Osasuneko Erakunde Nazionaletako Regan Bailey nutrizio arloko epidemiologoak eta bere taldeak. 20 eta 60 urte bitarteko 11.956 laguni egin zieten inkesta (% 54 emakumeak). Lanak honako datuak utzi zituen agerian:
- Inkestatutakoen % 43k osasuna hobetzeko eta % 33k osasunari eusteko kontsumitzen zituen osagarriak.
- % 36k hezurretako osasunerako kaltzioa hartzen zuen eta % 18k, bihotzerako edo kolesterola gutxitzeko osagarriak.
- Bitaminadun eta mineraldun gehigarriak ziren kontsumituenak (% 32), kaltzioak (% 12) eta omega-3 gantz azidoek (% 10) jarraituta.
- % 23k soilik kontsumitzen zituen nutrizio-gehigarriak osasun profesional baten gomendioz.
Aipagarria da militarrek kontsumitzen dituzten gehigarri dietetiko buruzko azterlan bat, Estatu Batuetako Armadaren Ingurumeneko Medikuntzaren Natick-eko Ikerketa Institutuko Joseph Knapik medikuak eta bere taldeak egindakoa. Armadako eta marineetako langileen, zeintzuen % 14 emakumeak baitira eta batez besteko adina 33,8 urte baita, % 74k kontsumitzen dituzte: % 45ek bitaminadun eta mineraldun osagarriak eta % 42k proteinadunak. % 31k bost osagarri edo gehiago erabiltzen ditu. Zifrak zibilen artean baino altuagoak dira, baina beste militar batzuen antzekoak.
Nutrizio-gehigarriak kiroleanKirolariek eta kirola egin ohi dutenek ere badute osagarriak kontsumitzeko ohitura. Izan ere, errendimendu fisikoari edo pisuari eusten laguntzeko osagaiak izaten dituzte batzuetan –badaude dopinaren aurkako analisietan positibo eman ditzaketenak ere–. Hori da oxilofrinaren kasua, metilsinefrina izenez ere ezagutzen dena. Bihotza estimulatzeko, odol presioa igotzeko eta oxigenoa hobeto hartzeko joan den mendeko 30eko hamarkadan, Europan garatutako farmako bat da.
Cambridgeko Osasunerako Aliantzaren Pieter Cohen ikertzaileak eta bere taldeak azaldu dutenez, oxilofrina farmako moduan onartu ez bazen ere Estatu Batuetan, gantzak erretzeko eta pisua galtzeko iragartzen diren elikadura-osagarrien osagaien artean ageri da. Kontzentrazioa ezagutzeko, osagarrien artean aipatzen duten 27 marka aztertu dituzte.
Emaitza harrigarria izan da: % 48k, 27tik 13k, ez dute oxilofrinarik. Badutenen kasuan, 14, kontzentrazio tartea 0,0003 eta 75 miligramo artekoa da. Oxilofrinadun produktuetako seitan, kontzentrazioa farmakoan erabilitakoaren berdina edo handiagoa da. Horrenbestez, emaitza positiboa izango litzateke dopinaren aurkako analisian. Edo ez, erdiak ez baitauka oxilofrinarik. Minik eragiten ez duten osagarriak dira, ez baitute efekturik. Oxilofrinari dagokionean, gutxienez.

Baina kirolarien osagarrien auzia are harrigarriagoa da. Beste azterlan batean, Pieter Cohenen taldeak ikertu zuen estimulatzaileen presentzia kirolarientzako bederatzi osagarrietan bederatzi hilabetez jakiteko kontzentrazioak denborarekin aldatzen ziren. Marketako batean izan ezik, beste zortzietan aldaketak nabarmenak izan ziren. Adibidez, kafeinaren kasuan, -% 7 eta +% 266 bitartean aldatzen da. Agerikoa da kontrol falta osagarrien benetako konposizioan, Estatu Batuetan gutxienez.
Eskoziako St. Andrews Unibertsitateko Ronald Maughan, kiroleko medikuntzan adituak eta bere lankideek zenbait inkesta aztertuta ondorioztatu dute nutrizio-gehigarriak baliatzeko kirolarien erabakia ez ohi da informatuta egoten, jakintza ezagatik eta, askotan, gertuko pertsonek bultzatzen dute, antzeko irizpide zientifikoekin. Gainera, ohikoa da konpondu nahi duten arazoa ondo ez ezagutzea.
Nutrizio-gehigarriak kiroletatik haragoOsagarrietako batzuk onuragarriak izan daitezke arazo jakin bat une jakin batean konpontzeko. Aitzitik, askok esaten dena baino onura gutxiago dituzte, batzuk kaltegarriak izan daitezke eta, batzuk, dopinaren aurkako erregulazioek debekatutako substantziak eduki ditzakete.
Kasu zehatzen bat ere azter dezakegu, esaterako, argaltzeko osagarri dietetikoena. Exeterreko Unibertsitateko (Ingalaterra) Igho Onakpoyak eta bere lankideek osagarri horien eraginkortasunari buruzko meta-analisi bat argitaratu dute.
2009 arteko datu-baseak gainbegiratu eta artikuluak irizpide metodologikoekin hautatu ondoren, bederatzi aukeratu dituzte. Lan horiek aipatzen dituzten gehigarri dietetikoak dira guarana, kromo pikolinatoa, efedrina, laranja mingotsa, azido linoleiko konjugatua, kaltzioa, glukomananoa, kitosanoa eta te berdea.
Azterlan batzuetako laginak txikiak eta kontrolak eskasak diren arren, osagarri horietako batek ere ez du pisu galera eragiten, behintzat % 5 (klinikoki onartutako zifra bat). Egileek beste azterlan batzuk proposatu dituzte ondorioak baieztatzeko edo ezeztatzeko.
Badago, halaber, Omega-3 gantz azidoaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko erlazioaren meta-analisi bat. Ioanninako Unibertsitateko (Grezia) Evangelos Rizos-ek eta bere taldeak argitaratu dute datu-baseak berrikusi eta 20 azterketa aurkitu ondoren, guztira, 68 680 pazienteri egindakoak.
Paziente horietako 7 044ren heriotzaren kausaren eta Omega-3 osagarrien kontsumoaren arteko erlazioa ikertu ostean ondorioztatu dute ez dutela loturarik inolako heriotza-kausarekin eta, zehazkiago, gaixotasun kardiobaskularrekin, bihotz geldialdia, bat-bateko heriotza, miokardioko infartua eta buruko isuria kasu.
Minbiziaren arriskua gutxitzeko bitamina osagarrien erabilera ere zabalduta dago. Seattleko Minbizia Ikertzeko Fred Hutchinson Zentroko Marian Neuhouser-ek eta bere lankideek 2009an lan bat argitaratu zuten osagarriek minbiziaren intzidentzian zuten eraginari buruz. 161 808 emakumeri terapia hormonalari, dietari eta D bitaminaren eta kaltzioaren kontsumoari buruz egindako hiru inkestaren emaitzak jasotzen zituen. Datuak 1995 eta 1998 bitartean bildu zituzten eta hurrengo zortzi urteetan boluntarioen segimendua egin zuten. Gaixotasunean izandako intzidentzia 2005ean neurtu zuten.
Inkestatutakoen % 41,5ek bitamina anitzeko osagarriak hartu zituen eta, zortzi urteko jarraipenaren ondoren, 9 619 minbizi kasu eta, guztira, 9 865 heriotza izan ziren. Ez dago frogarik bitamina anitzeko osagarrien kontsumoak eraginik duenik emakumeek menopausia ostean minbizia edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuan edo, oro har, hilkortasunean.
Erreferentzia bibliografikoak:Attipoe, S. et al. (2016). Variability of stimulant levels in nine sports supplements over a 9-month period. International Journal of Sport Nutrition and Exercise Metabolism, 26, 413-420. DOI: 10.1123/ijsnem.2015-0177
Bailey, R.I. et al. (2013). Why US adults use dietary supplements. Journal of American Medical Association Internal Medicine, 173 (5), 355-361. DOI: 10.1001/jamainternmed.2013.2299
Cohen, P.A. et al. (2016). Pharmaceutical doses of the banned stimulant oxilofrine found in dietary supplements sold in the USA. Drug Testing and Analysis, 9 (1), 135-142. DOI: 10.1002/dta.1976
Geller, A.J. et al. (2015). Emergency department visits for adverse events related to dietary supplements. New England Journal of Medicine, 373 (16), 1531-1540. DOI: 10.1056/NEJMsa1504267
Kaufman, D.W. et al. (2002). Recent patterns of medication use in the ambulatory adult population of the United States. The Slone Survey. Journal of American Medical Association, 287 (3), 337-344. DOI: 10.1001/jama.287.3.337
Knapik, J.J. et al. (2021). Prevalence of and factors associated with dietary supplement use in a stratified, random sample of US Military Personnel: The US Military dietary supplement use study. Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics, 151 (11), 3495-3506. DOI: https://doi.org/10.1093/jn/nxab239
Maughan, R.J. et al. (2018). Making decisions about supplement use. International Journal of Sport Nutrition and Exercise Metabolism, 28 (2), 212-219. DOI: 10.1123/ijsnem.2018-0009
Neuhouser, M.L. et al. (2009). Multivitamin use and risk of cancer and cardiovascular disease in the women’s health initiative cohorts. Archives of Internal Medicine, 169 (3), 294-304 doi: 10.1001/archintermed.2008.540
Onakpoya, I.J. et al. (2011). Food supplements for body weight reduction: A systematic review of systematic reviews. Obesity, 19 (2), 239-244. DOI: 10.1038/oby.2010.185
Rizos, E.C. et al. (2012). Association between omega-3 fatty acid supplementation and risk of major cardiovascular disease events: a systematic review and meta-analysis. Journal of American Medical Association, 308 (10), 1024-1033. DOI: 10.1001/2012.jama.11374
Valero Zanuy, M.A. & M. León Sanz. (2005). Empleo de suplementos nutricionales orales basado en la evidencia. Endocrinología y Nutrición, 52 (S2), 34-40. DOI:
Egileaz:Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
The post Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #383
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Hedabideetan eta politikarien diskurtsoetan kontrakoa badiote ere, adituek diote koronabirusa oraindik ez dela endemiko bihurtu. Adrian Aginagaldek, Kantabriako Osasun Publikoko Behatokiko zuzendari eta epidemiologoak, azaldu du trantsizio fase baten hasieran egon gaitezkeela, izurriaren dezelerazio baten ostean eta pandemia arteko fasearen aurretik. Baina erakunde askok gaitza gripea balitz bezala tratatzeko erabakia hartu dute, ebidentzia zientifikorik gabe. COVID-19aren izurriak hankaz gora jarri ditu epidemiologoek historikoki erabili izan dituzten eredu teorikoak. Hortaz, Aginagalderen ustetan, aurrerantzean iragarpenak egitea ezinezkoa da. Azalpen guztiak Berrian: Pandemia bat bidegurutzean.
Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute. Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz osatutako substantzia organikoak. Gantz-azido horietako batzuk dira omega-3 molekulak. Omega-3 gantz-azidoen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea eta zelula-mintzen osagai izatea dira. Gaur egun ditugun dietek, alabaina, nekez betetzen dituzte omega-3-en inguruko beharrak, eta 2 motako diabetesa, obesitatea edo dislipemiak pairatzeko arriskua nabarmenagoa da. Omega-3-a hainbat gaixotasunetan terapia gisa erabili daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri.
GenetikaAitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, gizakien genealogia bateratua aurkeztu dute, antzinako eta egungo milaka genomen sekuentziak konbinatuta. Erresuma Batuko eta Austriako ikertzaileek garatu dute, eta metodologia estatistiko eta konputazional berri bat erabili dute horretarako. Zuhaitz filogenetiko baten kontzeptuan oinarritzen da metodologia, baina datuak denboran eta espazioan kokatuta ageri dira. Genealogia honekin agerian geratu dira jada ezagunak ziren giza-historiaren hainbat ezaugarri; esaterako, gizaki modernoen eta arkaikoen arteko desberdintasun sakonak, Afrikako irteera, eta historian zehar hainbat irlatan gertatu diren odolkidetasun-fenomenoak, besteak beste.
ArkeologiaBerrian azaldu denez, duela 3.000 urte inguruko brontzezko aizkora bat aurkitu dute Errezilen. Saseta Defentsa Sistemaren ikerketa-proiektuan egindako prospekzio arkeologikoetan aurkitu zuten instrumentua, Iturriotzen. 2018ko uztailean gertatu zen, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 36ko gerrako munizioa bilatzen zebiltzala. Angel Armendariz Kantabriako Unibertsitateko irakasle titular erretiratuaren esku utzi zuten gailua, eta, hark baieztatu duenez, Brontze Aroko aizkora bat da.
Endurance 22 espedizioa abian da, Endurance bergantinaren arrastoak aurkitzeko, Antartikako Weddell itsasoan. 1915eko azaroaren 21ean hondoratu zen itsasontzia, Ernest Shackleton kapitain eta esploratzailearen agindupean. Shackletonek Antartika oinez zeharkatzen zuen lehen pertsona izan nahi zuen, eta espedizio bat antolatu zuen helburu horrekin: Trans-Antartika Inperiala. Endurance ontzian ekin zion bidaiari, baina urtebete izotzetan harrapatuta egon ostean, izotzaren mugimenduek apurtu zuten itsasontzia, eta ondoratu egin zen. Alabaina, oraindik ez dira aurkitu Endurance-en arrastoak itsas ondoan. Jakes Goikoetxeak azaltzen du Berrian: Iraunaren ikurraren bila.
FisikaBirminghameko Unibertsitateko ikertzaile batzuk adierazi dute fisika kuantikoa lurpea ezagutzeko baliabide interesgarria izan daitekeela. Hainbat froga egin dituzte interferometria atomikoa erabiliz, eta lurpearen grabitazio-aldaketak detektatu dituzte. Informazio honekin, lurpeko azpiegituren ezaugarriak zehaztasunez identifikatzea lortu dute, lurrazaletik datozen soinuak, mugimenduak, bibrazioak eta hondoko zaraten eragina ezabatuta. Ikertzaileen ustetan, teknika honek hainbat erabilera interesgarri izango lituzke, besteak beste, akuiferoak edo lurpean dagoen edozein tunel edo azpiegitura mapatzea, eraikuntzarako arriskutsuak izan daitezkeen guneak identifikatzea edo sumendien erupzioak hobeto iragartzea. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Fisika kuantikoa lurpea ikertzeko.
TeknologiaMary Lee Woods, World Wide Web asmatu zuen programatzailearen ama izateaz gain, aitzindarietako bat izan zen lehen ordenagailuak erabiltzeko baliatu zen programazioaren eremuan. 1951n, maila komertzialean salduko zen lehen ordenagailua garatu zuen taldeko kide izan zen, eta gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna lortzeko ekimen bat jarri zuen abian. Oraindik 20 urte falta ziren legeriak hala ezarri zezan. Gainera, 50eko hamarkadan seme-alabak izan eta etxetik aholkularitza informatikoa ematen hasi zen, eta, honela, munduko lehen freelance programatzaileetako bat bilakatu zen. Rocío Benaventek azaldu du Zientzia Kaieran: Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera.
EHUko ikertzaile talde batek eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat diseinatu du, berotegi efektuaz baliatzen direnak. Journal of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, sistema honek modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien jokabide energetikoa. Ikertzaileen esanetan, aireztatze-sistemek eraikinaren barruan erabilitako airea botatzean bero asko galtzen da. Energia-gastu hau saihesteko, negutegi baten prototipoa diseinatu dute. Eguzkitik jasotako erradiazioa harrapatuz, negutegi horren barruko airea modu sinple, merke eta eraginkor batean berotu daiteke. Triangelu angeluzuzen baten itxura du proposatu duten negutegiak, eta 55 graduko angeluan dago ezarrita, Espainia gehienean tenperatura altuena lortzeko angelurik egokiena. Datuak Zientzia Kaieran: Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte.
BiologiaZientzia Kaieran irakur daitekeenez, kolore gorriak Aedes aegypti eltxoak erakartzen ditu. Aedes aegypti espezieko eltxo emeek dengea, zika edo sukar horia transmititzen dute ziztaden bidez. Washingtongo Unibertsitateko ikerketa-talde batek eltxoen ziztatzeko joera aztertu berri du, eta emaitzek erakutsi dute Aedes aegypti espezieak gizakiak arnasa hartzean isurtzen duen CO2 detektatu ondoren, kolore gorrirantz abiatzen direla. Taldeak 450 Aedes aegypti eltxo emeen hegaldiak aztertu ditu, eta ikusi ahal izan dute kolore gorria, laranja, beltz edo ziana zuten azalerak erakartzen dituela eltxoak. Hau interesgarria da, giza larruazalak, bere pigmentazio tonua edozein izanda ere, gorri-laranja koloreko seinalea igortzen baitu intsektu hauentzako.
Erle espezie batzuk nektarra eta polena dute elikagai, baina beste espezie batzuk, sarraskia jaten dute. Meliponini (eztenik gabeko erleak) taldeko zenbait erlek dute dieta hau, zehazki. Aldaera ezberdinekoak daude. Batetik, nekrofago fakultatiboak daude, hau da, eskura animali gorpuak badituzte, elikagaitzat hartuko dituzte. Bestela, polena eta nektarra bilatu eta baliatuko dute. Bestetik, nekrofago hertsiak daude. Trigona espezian baino ez dira topatu aldaera hau, zehazki elkarrengandik oso hurbil dauden hiru espezietan. Dirudienez, hiru espezie hauek erabat eman diote bizkarra loreei eta ornodunen gorpuengandik lortzen dituzte proteinak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lorerik ez Trigona erleentzat.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #383 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #388
Galaxia sateliteen posizio erlatiboen behaketekin ez dator bat Big Bang teoriak. Ez dator bat unibertsoaren eskalan zuzen simulatu arte, noski. Tomás Ruiz-Lararen Are satellite galaxies “aligned” against the current cosmological paradigm?
Dinosauro guztiak ez ziren galdu. Dinosauro hegalarien oinordekoak dira egungo txoriak. Baina, zenbateraino da dinosauro txoria? What birds have inherited from dinosaurs Darla K. Zelenitsky, dinosauroak arrautza barruan zelan zeuden kokatuta deskribatu du lehenengoz.
Produktuak sintetizatzeko modu berriak behar dituzte material berriek. Karbono nanohariak, esaterako. DIPCren Highly ordered nanothread products using heteroatoms
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #388 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera
Mary Lee Woods ezaguna da, batik bat, Tim Berners-Lee ingeniariaren ama izan zelako, World Wide Web asmatu zuen programatzailearen ama hain zuzen; gaur egun Interneten erabilera nagusia oinarritzen den egitura. Mary Lee Woodsek berak izendatu zuen bere burua «webaren amona» bezala, semearen lorpenari buruzko aipamen umoretsu batean. Berners-Leek behin baino gehiagotan nabarmendu du amak nolako eragina izan duen bere lanean, ordenagailuek pertsonen bizitzari eman ziezaioketen ahalmena gogoko baitzuen Lee Woodsek:
Guretzat begi-bistakoa zen hazi ginenean zein zirraragarria zen hura, gailu berritzaile bat izateagatik ez ezik, harekin egin zenezakeena zure irudimenak soilik mugatu zezakeelako ere.
Baina Lee Woods “norbaiten ama” baino askoz gehiago izan zen.

Aitzindarietako bat izan zen lehen ordenagailuak erabiltzeko baliatu zen programazioaren eremuan. 1951n, maila komertzialean salduko zen lehen ordenagailua garatu zuen taldeko kide izan zen: Ferranti Mark I. Konpainia horretan –Ferranti–, gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna lortzeko ekimen bat jarri zuen abian, legeriak hala ezarri baino bi hamarkada lehenago. 50eko hamarkadaren erdialdean, seme-alabak izan eta etxetik aholkularitza informatikoa ematen hasi zen; hala, munduko lehen freelance programatzaileetako bat bihurtu zen.
Gurasoek ez zuten nahi alabaren helburu bakarra ezkontzea izan zedinLee Woods 1924ko martxoaren 12an jaio zen Birmingham hiriko Hall Green auzoan, Ingalaterran. Gurasoak maisu-maistrak ziren, eta ikastera animatu zuten alaba, hezkuntzarekin jarraitzera unibertsitateraino; garai hartan, hori ez zen oso ohikoa emakumeentzat. Emakumeen sufragioaren aldeko bilera batean ezagutu zuten elkar Lee Woodsen gurasoek; izan ere, emakumeek bizitzan ezkontzeko eta haurrak izateko aukera baino zerbait gehiago behar zutela zeritzoten. Laster matematika arloan nabarmendu zen Lee Woods, eta Birminghameko Unibertsitatean matematikako karrera ikasteko beka bat lortu zuen.
Izan ere, bertan hasi zen ikasten, baina Bigarren Mundu Gerra martxan egonik, unibertsitate bizitza eten egin behar izan zuen, bi urtez, gerra ahaleginean hasteko: bi urte eman zituen Malvern Telekomunikazioen Ikerketa gunean. 1947an, graduatu ondoren, Commonwealth-eko Behatokiko –Canberratik hurbil– (Australia) zuzendariari idatzi zion, Richard Woolleyri, hain zuzen; Wolleyk espektro elektromagnetikoaren ezaugarrien arabera izarrak sailkatzen lan egiteko kontratatu zuen. Lee Woods gustura bizi zen Australian, baina ez zegoen pozik, ordea, lan harekin, aspergarria eta errepikakorra iruditzen baitzitzaion, ez oso interesgarria.

1951n Ingalaterrara itzuli zen, baina ez zuen astronomiaren alorrean lan egiten jarraitu nahi. Nature aldizkari zientifikoan argitaratuta ikusi zuen iragarki bati erantzun zion; iragarki horretan, Ferranti izeneko konpainia bat –ingeniaritza elektrikoaren alorrekoa eta Manchesterren kokatua– matematikarien bila zebilen, eta ordenagailu programazioko prestakuntza eskaintzen zien. Konpainia, izan ere, Ferranti Mark I –Manchester Mark I ordenagailuaren bertsio komertziala– merkaturatzeko prestatzen ari zen; Manchester Mark I, izan ere, 1949an jarri zen martxan Manchesterreko Unibertsitatean. Ferranti Mark I bi kabinaz osatuta zegoen; 5 metro luze, 1 metro zabal eta 2,4 metro garaiko bi kabina horiek hutseko 4 000 hodi, 2 500 transistore, 15 000 erresistentzia eta ia 10 kilometroko kablea zuten.
Alan Turingen eskuliburuari jarraikizPostu horretan, Alan Turingek idatzitako eskuliburuari jarraikiz ordenagailu programak idazten ikasi zuen taldeko kide izan zen Lee Woods; Alan Turing konputazio zientziaren eta informatika modernoaren aitzindaritzat jotzen da. Turingek sortutako kodea erabiliz, teklatu baten letrak eta sinboloak kartoi mehezko txartelen edo zinten gainean egindako zuloen patroi bihurtzen ziren, eta ordenagailuak horiek irakurri eta interpretatzeko gaitasuna zuen. Programatzaileek kontzentrazio handia behar zuten, ezinbestekoa baitzen oso zehaztasun handiz jokatzea; izan ere, programatzaileek esandakoa egingo zuen makinak, «baita nahi zutenaz bestelako zerbait esanda ere», kontatu zuen Lee Woodsek elkarrizketa batean, aurrerago.
Lee Woodsen lehen lanetako bat diagnostikorako programa bat garatzea izan zen, sistemaren funtzionamendua eteten zuten zulaketa horietan erroreak aurkitze aldera. Halaber, aldi berean dozenaka ekuazio ebatz zitzaketen programetan lan egin zuen; aeronautika eta karrera espazialaren arloan oso eskari handia zuten halako programek, eta lehen ordenagailu horiek –inolaz ere ez gaurkoak bezain fidagarriak– muturrera eraman ziren eginkizun hartan.
Lee Woods Ferrantin hasi eta gutxira, enpresan lanean ziharduten emakumeek jakin zuten denbora bererako eta lan bera egiteko kontratatutako gizonei baino gutxiago ordaintzen zitzaiela. Horregatik, egoeraren inguruan zuzendaritzarekin eztabaidatzea eta emakumeen eta gizonen soldata berdintasuna eskatzea erabaki zuen; eztabaida horrek emaitza positiboa izan zuen, emakumeek soldata igoera izan baitzuten berehala eta, horrenbestez, konpainian soldata diskriminazioa amaitu baitzen. Bi hamarkada geroago, Ingalaterrak Soldata Berdintasunaren Legea (Equal Pay Act) onartu zuen, horrelako egoerak debekatzen zituena.

1954an Conway Berners-Lee konpuntazio zientzialariarekin ezkondu zen; honek Ferrantin lan egiten zuen ere. 1955ean, lehen semea izan zuten, eta Lee Woods etxetik hasi zen programatzaile lanetan, beste enpresa edo erakunde batzuek azpikontratatuta. Besteak beste, Aire Ministerioarekin elkarlanean jardun zen, erakunde horrek iragarpen meteorologikoetan erabiltzen zituen aireko globoak programatzen, baita Londresko Garraio Bulegoarekin ere, autobusak kudeatzeko sistema garatzen. Aurrerago, matematikako irakaslea izan zen, eta, ondoren, programazioaren mundura itzuli zen, aholkularitza informatikoko negozio batekin, bere etxetik.
1987an behin betiko erretiroa hartu zuen, eta, 2017an, hil egin zen, 93 urte zituela.
Iturriak:- Wikipedia, Mary Lee Woods.
- The Guardian, Mary Lee Berners-Lee Obituary.
- Voices of Science, British Library: Mary Lee Berners-Lee.
- Sánchez, Cristina (2016). La increíble “abuela” de la Web: la madre de Berners-Lee también fue una pionera, ABC-XL Semanal. 2016ko uztailaren 16a.
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 16an: Mary Lee Woods, la matemática que se aburrió de clasificar estrellas y se convirtió en pionera de la programación.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera appeared first on Zientzia Kaiera.
Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri
Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute . Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz (GA) osatutako substantzia organikoak. GAk egitura hidrokarbonatuko kateak dira. Katearen hasierako muturrean karboxilo talde bat aurkezten dute, eta katearen amaieran, berriz, metilo talde bat. Kate horietan lotura bikoitzak gerta daitezke, eta GA asegabeak sortu. Lotura bikoitz horien kokapenaren arabera, GA ezberdinak sortzen dira, eta, horiek izendatzeko, metilo taldetik hasita lehenengo lotura bikoitzaren kokapena erabiltzen da. Zehazki, lotura bikoitza metilo taldetik hasita 3. eta 4. karbonoen artean daukaten gantzei omega-3 deritze; 6. eta 7. karbonoen artean daukaten gantzei omega-6, eta 9. eta 10. karbonoen artean daukatenei, berriz, omega-9. Omega-3 GA garrantzitsuenak kate luzekoak dira, 18 karbono atomo edo gehiago dituzten kateak, hain zuzen ere. Horien artean, azido α-linolenikoa (ALA, 18:3), azido eikosapentaenoikoa (EPA, 20:5) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA, 22:6) azpimarratzekoak dira.

Omega-3 GAen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea (eikosanoideak, dokosanoideak) eta zelula-mintzen osagai izatea dira. DHA, erretinan eta garunean kantitate handitan ageri da. Bestalde, omega-3 GAk mintz zelularren osagai dira, eta horien fluidotasunean eragina dute. Mintzeko zelulak kitzikagarriak baldin badira, omega-3 GAek paper garrantzitsua jokatzen dute seinale-transdukzioan, mintzari lotuta dauden hartzaile, ioi-kanal eta entzimen aktibitatea egokia izaten ahalbidetuz. Funtzio horiek izateaz gain, omega-3 GAek kontrol genikoan ere parte hartzen dute peroxisoma proliferatzaileen bidez aktibatutako hartzaileei (PPAR) lotuz.
Ugaztunak elongazio eta asegabetasun prozesuen bidez GAk eraldatzeko gai dira. Hala ere, ugaztunek, omega-9-tik karboxilo muturreraino sor ditzakete soilik lotura asegabe horiek. Horren ondorioz, ALA nahitaezko GA da; hau da, dietaren bidez bereganatu behar da. ALA-tik abiatuta EPA eta DHA sor daitezke. Aitzitik, lortzen diren kantitateak oso txikiak dira; are gehiago, EPA ALAtik abiatuta sortzen bada, bitartekari gisa jokatuko du, eta, hortaz, ez ditu bere jatorrizko funtzioak beteko. Horrexegatik, ez ALA bakarrik, baizik eta gainerako omega-3 garrantzitsuenak ere dietaren bidez bereganatu behar dira.
Omega-3 GAk gorputzeko homeostasia mantentzeko beharrezkoak diren osagaiak dira. Hala ere, gaur egun jarraitzen ditugun dietek nekez betetzen dituzte omega-3-en inguruko beharrak, eta 2 motako diabetesa, obesitatea edo dislipemiak pairatzeko arriskua nabarmenagoa da (irudia). Berrikusketa honen helburua da omega-3 GAek hainbat gaixotasunetan terapia gisa erabilita eduki ditzaketen efektu onuragarriak aztertzea. Zehazki, berrikusketa honek biltzen ditu bihotz-hodietako gaixotasunetan, minbizian, neuroendekapenezko gaixotasunetan, alkoholismoan eta gainpisuan (oinarrizko ikerkuntzan zein ikerketa klinikoan) omega-3 GA gehigarriek dakartzaten efektu mesedegarriak edo onurak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 38
- Artikuluaren izena: Omega-3 gantz-azidoen propietate onuragarriak zenbait egoera klinikotan.
- Laburpena: Kate luzeko omega-3 mantenugaiak, azido α-linolenikoa (ALA), azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA), dietaren bitartez bereganatzen diren gantz-azido (GA) poliasegabeak dira. Propietate antioxidatzaileak barne hartzen dituzten hiru osagai horien elikagai-iturri nagusia arrain koipetsua (izokina, antxoa, hegalaburra…) eta horretatik eratorritako arrain-olioa dira batez ere. Omega-3 GA osagarriaz aberastutako dietak aldaketa molekular zein funtzional mesedegarriak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan, zenbait garun lesioren berreskurapenean parte hartuz. Gehigarri horrek mintz zelularraren fluidotasuna areagotzen du eta metabolismoaren erregulazioan parte hartzen du, seinaleztapen molekulen askapena sustatuz eta gene espresioan eraginez. Bi ekintza horien bidez seinaleztapen-bideak aktibatzen dira, ondoriozko garun plastikotasuna eta transmisio sinaptikoa suspertuz. Areago, omega-3 GAk zeluletan oro har, eta neuronetan bereziki, oxidazio-estresak eta inflamazioak eragindako kalteak murriztu ditzake. Hori guztiagatik, omega-3 osagarria hainbat patologietan prebentzioan edo tratamenduan erabili da. Berrikuspen honek kate luzeko omega-3 GA gehigarriek bihotz hodietako gaixotasunak, minbizia, neuroendekapenezko gaixotasunak (Alzheimer eta Parkinson), alkoholismoa eta gainpisua tratatzeko oinarrizko ikerkuntzan eta ikerketa klinikoan frogatu eta egiaztatu diren aurrerapen terapeutiko berriak laburbiltzen ditu; etorkizunera begira beste hainbat gaixotasunei aurrea hartzeko edo tratatzeko potentzialtasun handiko eta albo ondoriorik gabeko osagarri ez inbaditzaile aproposa izan daitekeela iradokiz.
- Egileak: Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri,
Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai, Pedro Grandes - Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 73-95
- DOI: 10.1387/ekaia.21840
Egileez:
Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri, Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai eta Pedro Grandes UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Neurozientziak Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri appeared first on Zientzia Kaiera.
Kolore gorriak ‘Aedes aegypti’ eltxoak erakartzen ditu
Urtero milioi bat lagun inguru hiltzen dira eltxoak bektoretzat dituzten gaitzak direla eta. Esaterako, dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero eta 30.000 hiltzen ditu. Aedes aegypti eltxo emeen ziztadek transmititzen dute dengea, zika edo sukar horia. Eltxoen ziztatzeko joera aztertu berri du ikerketa-talde batek eta emaitzek erakutsi dute Aedes aegypti espezieak gizakiak arnasa hartzean isurtzen duen CO2 detektatu ondoren, kolore gorrirantz abiatzen direla.
Aedes aegypti espezieko eltxoak ez dira zuzentzen bakarrik gure arnas hotsen karbono dioxidoarengatik. Juanma Gallego kazetariak azaltzen zuen bezala, odola aurkitzeko izerdian dauden azido laktikoak, beroa eta hezetasuna lirateke gida-faktoreak eta, horrez gain, ikusmena ere lagungarria omen zaie lan horretan.
Azken faktore honi dagokionez urrats berri bat eman du Washingtongo Unibertsitateko zientzialariek zuzendutako ikerketa batek. Ikerketak agerian utzi baitu Aedes aegypti eltxoek kolore espezifikoetarantz egiten dutela hegan. Kolore hauek gorria, laranja, beltza eta ziana dira eta egiaztatu dute ere eltxoek ez dituztela kontuan hartzen beste kolore batzuk, esaterako, berdea, morea, urdina eta zuria.

Ikertzaileek aztertu dute eltxoaren usaimenaren zentzuak zelan eragiten duen elikagaiak eta ostalariak bilatzeko dituen portaera bisualetan. Hau da, seinale bisualen aurrean duten jokabideari erreparatu diote. Izan ere, eltxoek usainak erabiltzen dituzte gertu dagoena bereizten laguntzeko eta, adibidez, ostalari bat ziztatzeko.
Esperimentuak koloreekin eta usainekinIkerketa esperimentuen bidez gauzatu dute ikertzaileek. Taldeak 450 Aedes aegypti eltxo emeen hegaldiak aztertu zituzten (beraiek baitira ziztatu eta gaixotasunak transmititzen dituztenak) hainbat ale proba-kutxetan banaka sartuta. Guztira 1.300.000 hegaldi gainbegiratu zituzten.
Proba-kutxa hauek usain jakinekin busti zituzten, esaterako CO2, eta kolore-puntu zehatzak edo giza esku bat jartzen zuten eltxoentzako bertan. Kontuan izan behar da, giza larruazalak, bere pigmentazio tonua edozein izanda ere, gorri laranja koloreko “seinale” bizia igortzen duela intsektu hauentzako.
Esperimentuek erakutsi zutenez, proba-kutxa CO2-z busti ondoren, eltxoek muzin egiten zioten bertan jarritako kolore-puntuari puntu hori berdea, urdina edo morea izanez gero. Aldiz, puntua gorria, laranja, beltza edo ziana bazen, eltxoak harengana zihoazen hegan.
Bigarrenez errepikatu zuten esperimentua. Kasu honetan lantaldeak gizakion larruazalaren pigmentazio tonua zituzten txarteltxoak edo ikertzaile baten esku biluzia sartzen zituzten kutxetan. Honetan, eltxoek berriro hegan egin zuten ikusmen-estimulurantz baina bakarrik kutxa CO2-arekin busti ondoren. Ikertzaileek uhin-luzerako zabaleraren seinaleak ezabatzen bazituzten, edo ikertzailearen eskua eskularru berde, more, urdin edo zuriz janzten bazuten, orduan eltxoek ez zuten estimulurantz hegan egiten.
Ikerketa honek berretsi egin ditu aurretik egindako beste lan batzuen emaitzak eta erakutsi du ere:
- CO2 usaintzeak eltxo emeen jarduera-maila handitzen duela eta inguruan egon daitekeen ostalari baten bila hasten direla,
- CO2 bezalako konposatu espezifikoak usaintzen dituztenean, usain horiek begiak estimulatzen dituztela kolore espezifikoak bilatzeko.
CO2-a usaindu ondoren, eltxo horien begiek uhin-luzera batzuk nahiago dituzte espektro ikusgaian. Bereziki ostalari potentzial batekin lotuta dauden koloreak bilatu eta haiengana zuzentzeko. Hala ere, ikertzaileen ustetan geneek erabakitzen dute eme horiek kolore gorri laranja nahiago izatea. CO2-a usaintzeko beharrezkoa den gene baten kopiaren mutazioa duten eltxoek ez baitzuten kolorea lehenetsi probetan.
Ikerketa honek lagundu dezake eltxoak arrastoan sartzeko metodo hobeak diseinatzen eta baita euren ziztadak ekiditeko estrategiak garatzen.
Dena dela, ez da harritzekoa gizakiok eltxoen gogokoak izatea. Izan ere, intsektu hauek arnasterakoan botatzen dugun CO2-a usaintzeko gai dira, honek euren begiak estimulatzen ditu kolore gorria edo laranja bilatzera eta gure larruazalak kolore horietako seinaleak igortzen dituenez hauen begientzako, gizakiok eltxoen harrapakin errazak bihurtzen gara.
Iturria:Los mosquitos se sienten atraídos por el rojo.
Erreferentzia bibliografikoa:Alonso San Alberto, D., Rusch, C., Zhan, Y. et al. (2022). The olfactory gating of visual preferences to human skin and visible spectra in mosquitoes. Nature Communications 13, e555. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-28195-x
Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez
The post Kolore gorriak ‘Aedes aegypti’ eltxoak erakartzen ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Lorerik ez Trigona erleentzat
Ezagutzen ditugu denok erleak salbatzeko deiak. Zer demontre, nik neuk idatzi dut polinizatzaileen garrantziaz, ez bat, baizik eta bi artikulu. Agian, baina, ez dira sinestarazi diguten bezain babesgabeak. Erle sarraskijaleak baitaude.

Bai. Erle sarraskijaleak. Putre edo hienaren parekoa baina intsektu munduan. Beraz, baditugu alde batetik nektarra eta polena elikagai dituztenak eta, bestetik, sarraskia jaten dutenak. Eta gutxi balitz, dieta konbinatua dutenak ere badaude: polena, nektarra eta sarraskia, ezeri muzin egin barik.
Berez, erleak bizimodu begetarianora aldatutako liztorrak dira, zientzialariek azaltzen dutenez. Ziur aski, liztorren arbaso komuna fitofagoa (landarejalea) bazen ere, erleek polenaz elikatzea beranduago garatu zen. Eta nondik? Seguruenik polenaz eta nektarraz elikatzen ziren harrapakinez elikatzen ziren arbaso harrapakariengandik.
Bada, badirudi zenbait erlek atzerako bidea egin dutela eta bizimodu begetarianotik sarraskiaz elikatzera pasa direla, haien proteina iturri nagusia sarraskia bilakatuta. Meliponini (eztenik gabeko erleak) taldeko zenbait erle, zehazki.
Erleak vs liztorrakEntomologiari begira, Hymenoptera ordenean kokatzen diren intsektuak dira bai erleak bai liztorrak, inurriekin batera. Zelan ezberdintzen dira erleak eta liztorrak, baina?
Anatomikoki, eta besteren artean, liztorrek kortsea eramango balute bezalako gorputz forma izaten dute, erleek, aldiz potoloagoa (biologian ohikoa den moduan, ez denak, ez beti). Hortik etorriko da, agian, erdarazko cinturita de avispa delakoa. Erleak, gainera, iletsuak izaten dira, liztorrak ez bezala.

Eta, aprobetxatuz, ideia bat azpimarratu nahiko nuke: erle guztiak ez dira da burura etorri zaizun hori-beltz iletsu horren tankerakoa. Asko bai, badira hori-beltzak. Baina kolore askotarikoak daude naturan: badira urdinak, berdeak, gorriak ala beltzak. Baita marradunak. Eta distira metalikoa dutenak ere.
Horretaz gain, gutxi gorabehera 20 000 erle espezie daude eta gehienak ez dira erlauntzetan bizi. Erleen gehiengo zabalena (85 % baino gehiago) erle bakartiak dira eta %70 lurpean egiten dute habia. Baina gaitik desbideratzen ari naiz.
Putre-erleak, erle sarraskijaleakKontua da zenbait Meliponini erle sarraskijaleak direla. Eta aldaera ezberdinekoak daude, gainera. Batetik, nekrofago fakultatiboak daude: eskura animali gorpuak badituzte, elikagaitzat hartuko dituzte; bestela, polena eta nektarra bilatu eta baliatuko dute. Talde honetan daude T. pallens eta T. fulviventris, esaterako.

Bestetik, nekrofago hertsiak daude. Trigona espezian baino ez dira topatu, zehazki elkarrengandik oso hurbil dauden hiru espezietan: T. hypogea, T. necrophaga eta T. crassipes. Momentuz, behintzat.
Hiru espezie hauek sozialak dira, hau da, kolonietan bizi dira eta erlauntzak sortzen dituzte. Bi teoria nagusi daude erle nekrofago hauek sarraskia zelan baliatzen duten azaltzeko.
- Noll et al.-ek (1) Hypogea aztertu zuten. Sarraskia hartzen dute gorputik, koloniara eramaten dute eta han erlauntzeko gelaxkatan uzten dute, non eztiarekin nahasten den. Nahasketa hori 14 egunez ontzen da aminoazidoetan eta azukrean aberatsa den pasta moduko bat sortu arte.
- Roubik, Buchmann eta lankideek (2), bere aldetik, bestelako hipotesia dute: erle langile gazteek kontsumitutako sarraskia baliatzen dute sekrezio hipofaringeoak sortzeko, ezti-erleen antzera. Kasu honetan, sekrezio hori litzateke erlauntzaren gelaxketan gordeko litzatekeena.
Edozein dela, badirudi hiru espezie hauek erabat eman diotela bizkarra loreei. Lorez kanpoko nektarioengandik lortzen dituzte karbohidratoak eta ornodunen gorpuengandik proteinak. Noski, galdera bat izan dute zientzialariak polenaz elikatzetik sarraskiaz elikatzera pasa diren erle hauek aurkitu zirenean: zer-nolako papera izan du mikrobiomak?
Izan ere, aldaketa bortitzaz ari gara. Bada, Figueroa et al.-ek kontua aztertu dute eta aldaketa honek sinbionteen ordezkapena ala mikrobiomaren moldapena ekarri zuen argitu nahian, polena bakarrik jaten duten erleen, nekrofago fakultatiboen eta nekrofago hertsien arteko mikrobioma konparatu dituzte.
Eta zer aurkitu dute? Putre-erleek zenbait mikrobio galdu dituztela, beste batzuei heldu dietela eta mikrobio azidofilikoekin asoziazio berriak sortu direla. Sarraskian eta ingurumenean topa daitezkeen mikrobio azidofilikoak, hain zuzen. Erle sarraskijaleek hotzikarak sortzen badizkizute, albiste ona: euri-oihan tropikaletan bizi dira erle-putre hauek. Ikerketa honetakoak, Costa Rican, zehatz mehatz. Albiste txarra: Liztor asiarra ere Asian bizi zen….
Baina tira, laburbilduz, erleak begetariano bilakatutako liztorrak dira eta erle batzuk begetarianismoa alde batera utzi eta haragijale ala orojale barik, zuzenean sarraskijale bihurtu dira. Egun, erle sarraskijaleak eta erle begetarianoak aurkitu daitezke, beraz. Hau guztia gutxi balitz, bi erlastar espezie (Bombus terrestris eta Bombus ephippiatus) ere behatu izan dira sarraskiaz elikatzen.
Bibliografia:Figueroa, L. et al. (2021), Why Did the Bee Eat the Chicken? Symbiont Gain, Loss, and Retention in the Vulture Bee Microbiome. mBio. https://journals.asm.org/doi/10.1128/mBio.02317-21
(1) Noll, F. B., Zucchi, R., Jorge, J. A., & Mateus, S. (1996). Food collection and maturation in the necrophagous stingless bee, Trigona hypogea (Hymenoptera: Meliponinae). Journal of the Kansas Entomological Society, 69(4), 287–293.
(2) Gilliam, M., Buchmann, S. L., Lorenz, B. J., & Roubik, D. W. (1985). Microbiology of the larval provisions of the stingless bee, Trigona hypogea, an obligate necrophage. Biotropica 17:28–31. https://doi.org/10.2307/2388374
Camargo, J.M.F., Roubik, D.W. (1991). Systematics and bionomics of the apoid obligate necrophages: the Trigona hypogea group (Hymenoptera: Apidae; Meliponinae). Biological Journal of the Biological Journal of the Linnean Society, Vol. 44, Issue 1, , 13–39, https://doi.org/10.1111/j.1095-8312.1991.tb00604.x
Rasmussen C, Camargo JMF. (2008). A molecular phylogeny and the evolution of nest architecture and behavior in Trigona s.s. (Hymenoptera: Apidae: Meliponini). Apidologie 39:102–118.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
The post Lorerik ez Trigona erleentzat appeared first on Zientzia Kaiera.
Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte
EHUko ikertzaile talde batek eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat diseinatu du, berotegi efektuaz baliatzen diren egiturez osatuta.
Bi ahoko ezpata da berotegi efektua. Hari esker posiblea da bizia lurrean, behintzat gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Kalkulatzea zaila den arren, zabalduen dagoen kalkuluaren arabera eragin hori ez balego planetaren batez besteko tenperatura -18 °C-ren bueltan ibiliko litzateke. Oreka fin hori apurtu eta demaseko berotegi efektua gertatuz gero, arazoak kontrako norabidean hasi daitezke, klima-aldaketaren sorgin zoroa abiatuz, azken hamarkadetan soberan ikasi dugun moduan.
Eremu geografiko batean klima lagungarria ez denean ere aspalditik erabili izan da efektu hori, negutegien bitartez landareak garaiz kanpo hazteko, bai eta berez ez dagozkien latitudeetan ere. Alabaina, nekazaritza ez da aukeran dagoen erabilera bakarra, gaurkoan hona ekarriko dugun esperientziak agerian uzten duenez: EHUko ikertzaile talde batek berotegi efektuan oinarritutako sistema bat proposatu du eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko.

Journal of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, eraikinetan berotegi efektua baliatzen duen egitura bat jartzeak modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien jokabide energetikoa.
Egileek babestu dute eraikinetako ezaugarri askok eragiten dutela beraien energia kontsumoan, baina, halere, normalean soilik klimatizatze sistemei eta eraikuntza materialei erreparatzen zaizkiela. Alabaina, aireztatzen sistemak ere “funtsezko eragina” duela nabarmendu dute.
Eta horri atera nahi izan diote probetxua, hain zuzen. Diotenez, aireztatze sistemek eraikinaren barruan erabilitako airea botatzean bero asko galtzen da. Faktore hau gero eta garrantzitsuagoa da, eraikin berriek isolatze hobea dutelako.
Bide honetan sakontzeko, negutegi baten prototipoa diseinatu dute. Eguzkitik jasotako erradiazioa harrapatuz, negutegi horren barruko airea “modu sinple, merke eta eraginkor batean” berotu nahi dute, EHUk argitaratutako prentsa ohar baten arabera.
Triangelu angeluzuzen baten itxura du proposatu duten negutegiak, eta hegoaldera zuzenduta dago, ahalik eta eguzki erradiazio gehien jasotzeko.
Modu berdinean, kristalak eguzkiarekiko zut egon daitezela saiatu behar dira. Baina hori ez da lan erraza, Eguzkiaren kokapena aldatuz doalako urtean zehar. Egoera horri egokitzeko, angelurik hoberena lortzen saiatu dira. Espainia gehienean tenperatura altuena lortzeko angelurik egokiena 55 gradukoa dela ondorioztatu dute. Alde praktikoari begira, eraikinaren estalduran kokatuta leudekeenez, kristaleria nahi den angeluan jarri daiteke, Eguzkiaren erradiazioa ahalik eta hoberen xurgatzeko.
Negutegi horiek soilik ez dira nahikoak, noski: konbinatu behar dira aireztapen mekanikoko sistema batekin, aire beroa eraikinaren barrura eraman ahal izateko.
Negutegiak prototipoEz pentsa teoria edo simulazio hutsetan geratu direnik: prototipo bat eraiki dute ere. Modularra izanik, zenbait konfigurazio ezberdin probatzeko moduan egon dira, klima desberdinetan duen jokabidea aztertu aldera. Ohartarazi dute aurrezkia zenbait faktoreren araberakoa dela. Logikoa denez, horien artean nabarmenena da eraikina kokatuta dagoen eremu geografikoaren klima bera da.

Kokapenei dagokienez, Malaga, Valentzia, Bartzelona, Madril, Iruñea eta Burgos hiriak hartu dituzte erreferentziatzat. Horiek aintzat hartuta, ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte, eta, horretarako, prototipoan hartutako neurketak aintzat hartu dituzte. Simulazio hauen bitartez, eguraldi mota desberdinekin negutegi sistema honek duen portaera aztertzeko moduan egon dira, bai giro eguzkitsua dagoenean bai eta hodeiak daudenean ere.
Sistema hau jarriko litzatekeen tokiaren eta klimaren arabera sortuko zen aurrezki energetikoa aurreikusi dute. Berokuntza gutxi behar duten eremuetan negutegi hauen beharrik ez dagoela ondorioztatu dute, baina eskualderik hotzenetan abantaila nabarmena izan daitekeela babestu dute. Espainiako eremurik hotzenetan ─Burgosen─ urteko eta metro koadroko 38,48 kWh aurrezten direla kalkulatu dute, berokuntzan %58 aurreztuz ─beti ere, sistemaren konfiguraziorik onenaren kasuan─.
Zenbait aldaera edo hobekuntza ere proposatu dituzte, beharren arabera. Adibidez, iradoki dute probetxua atera dakiokeela ere eraikinetik ateratzen den aire kutsatuak duen beroari, hori berreskuratuz.
“Lortu ditugun emaitzek erakusten dute negutegiek modu nabarmenean hobetu ahal dutela eraikinen jardun portaera energetikoa”, laburbildu du Joseba Gainza-Barrencua EHUko ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa:Gainza-Barrencua, M. Odriozola-Maritorena, Rufino Hernandez_Minguillon, I. Gomez-Arriaran (2021). Energy savings using sunspaces to preheat ventilation intake air: Experimental and simulation study. Journal of Building Engineering, 40, 102343. DOI: 10.1016/j.jobe.2021.10234
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #382
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
West eta BioRes ikerketa-taldeek zinta metriko berezi bat garatu dute, adingabeen gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen duena. Gorka Vallejo ikerketa-taldean parten hartzen duen erizaina da, eta bere esanetan, pisua jakitea oso garrantzitsua izan daiteke egoera batzuetan, besteak beste, sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko, eta baita larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar diren jakiteko ere. Bilbo 2019 Zinta izena jarri diote asmakuntzari, eta koloreen arabera antolatu dituzte neurri ezberdinak. Honek, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratzea ahalbidetuko du. Zintaren diseinu-industriala Patente eta Marken Espainiako Bulegoan erregistratu dute, eta zinta Elite Bags enpresak salgai ipini du jadanik. Unai Etxenausiak azaltzen du Berrian: Zinta metriko bat larrialdietarako.
Hegoafrikako ikertzaileek iragarri zuten COVID-19aren kontrako Modernaren txertoaren kopia egitea lortu zutela, Osasunaren Mundu Erakundearen babesarekin. British Medical Journal medikuntza-aldizkari espezializatuan salatu dute Biontech farmazia-konpainia egitasmo hori oztopatu nahian dabilela. Hegoafrikako bi laborategi daude egitasmo horretan: Afrigen eta Biovac. Hasiera batean, Modernaren txerto osoa (mRNA eta injektatzeko gainerako formulazioa) lortzea zen ikertzaile hegoafrikarren helburua, baina orain, formulazio desberdinak probatu nahi dituzte, txerto merkeagoak eta hainbesteko hotza behar ez dutenak lortzeko. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Afrikak COVID-19aren bere txertoa egitea oztopatu nahi du farmazia-industriak.
Maria Blasco biologo molekularra da eta minbizia ikerlerro duen CNIO zentroko zuzendaria da. Berriako Arantxa Iraola kazetariak hitz egin du ikertzailearekin Minbiziaren Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, gaitzari erreparatzeko. Minbizia da herrialde garatuetan gaixotasunek eragindako heriotzen bigarren kausa eta gure gorputzeko zelulen zahartzaroarekin lotuta dago, neurri handi batean. Baina baita ere gizakion zahartzaroarekin. Blascoren esanetan: “Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da, urteak betetzea. Horrez gain, kanpoko hainbat faktorek ere bizkortu dezakete prozesua: tabakoaren keak, kutsadurak… Beraz, zoriak eragina du minbizian, baina probabilitateak handitu egiten dira zaharragoa bazara eta kaltea egiten duten bizi ohiturak badituzu.”
IngurumenaAste honetan, Zientzia Kaierako “Zientzialari” atalean, Idoia Biurrun UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko ikertzailearekin bildu dira. Ikerketa-talde honek landare-komunitateak aztertzen ditu, hau da, landare elkarketak. Biurrunek azaldu duenez, landare-komunitate baten barnean antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareak aurki daitezke, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta dauden landareak. Honen harira, IKERLAND taldeak fitosoziologia metodologia erabiltzen du komunitate ezberdin hauek osatzen dituzten espezieak hobeto ezagutzeko. Sailkapena antzekotasun folistikoak kontuan hartuz egiten dute, hau da, landare-komunitate bat bizi den lurzoruaren materia organikoaren ezaugarrien arabera. Sailkapen hauek garrantzitsuak dira, besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko.
GenetikaOraindik gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz, baina larruazaleko marka hauen patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek. Honetarako, lehenik Han etniako ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu dute. Genoma osoko asoziazio-analisiei esker ondorioztatu dute genomako 18 eskualdeek parte har dezaketela hatz-marken patroi nagusien garapenean. Asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea, alabaina, 3. kromosoman kokatuta zegoen, eta asoziazio hori eragiten zuen gene-aldaera aztertu ondoren, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan. Hau jakinik, ikerketan zehar gizakien enbrioietako geneen aktibitatea aztertu zuten, eta ikusi ahal izan zuten haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoela hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. Astean, berriz, EVI1 genearen aktibitatea gorputz-adarren muturretan detektatu zen, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. Koldo Garcia genetistak azaldu du Zientzia Kaieran: Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen.
PaleontologiaEgiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren harrietan egitura borobil txikiak aurki daitezke. Inguru horietako herritarren legendak dio piramideak eraiki zituzten langileei eroritako dilistak direla. Azalpen zientifikoari entzuten badiogu ordea, argi dago egitura horiek foraminiferoak direla. Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak eta oskol karbonatatu bat dute. Organismoak hiltzen direnean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen dira, eta pixkanaka lurperatu egiten dira. Horrela, denborarekin fosil bihur litezke eta hauek dira, hain zuzen ere, Egiptoko piramideetako harriek dituzten egituratxoak, Nummulites generoko foraminiferoak, zehazki. Izatez, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du. Blanca Martinez geologoaren eskutik Zientzia Kaieran: Harrizko txanponak.
BiologiaZientziaren historian lehen aldiz, gizakiaren eta animalien artean elkarrizketa bat mantentzen saiatuko dira. CETI (Cetacean Translation Initiative) izena du proiektuak eta lehen komunikazio saiakerak kaxaloteekin egingo dituztela argitu dute ikertzaileek. Izan ere, animalia oso argiak dira kaxaloteak, baina horretaz gain, espezie honetako indibiduoek sortzen dituzten soinuak morse kodearen oso antzekoak dira, eta ikertzaileen ustetan, deszifratzeko errazak izan daitezke beste animalia batzuekin alderatuta. Bost urtez kaxaloteen hotsak entzun eta interpretatzen jardungo dute eta, bataz beste, ikerketarako 4 000 milioi “hitz” beharko dituztela kalkulatu dute. Ondoren, adimen artifiziala erabiliz, maiztasun handiz bata bestearen jarraian azaltzen diren “hitzak” erlazionatzen saiatuko dira, ondoren hauen esanahia ulertzeko. Irati Diezek kontatzen du Zientzia Kaieran: Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, maskaren degradazioak arrainen ugalkortasunean eragiten du. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) eta Cádizeko Unibertsitateak zebra arrainen bidez aztertu dute zein den maskara kirurgikoak degradatzerakoan sortzen diren konposatuen eragina. Ikusi ahal izan dutenez, konposatu horiek arrainen geneetan eragiten dute, bereziki, ugalketarekin lotutako geneei. Ugalkortasunari lotutako 40 genetan ikusi zituzten aldaketak. Zehazki, gametoen heltze-prozesuarekin, espermaren eta obuluaren arteko ezagutzarekin eta ernalketarekin erlazionatuta daude gene horiek. Ikertzaileek azaldu dute ugalkortasunaz gain, litekeena dela maskarek arrain-populazioei ere eragitea.
TeknologiaZientzia Kaieran hacking etikoa azaldu dute, eta baita zertarako balioa duen ere. Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara. Ekintza hau sisteman ahultasunak bilatzean datza, erasotzaile batek galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak eragin baino lehen. Horretarako teknika ohikoenak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Bigarrena, sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Hacking etikoak aukera ematen die enpresei eta erakundeei edozein motatako datuak modu seguruagoan kudeatzeko.
FisikaAlemaniako Max Planck Institutuan egindako esperimentu batean, historian lehen aldiz elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute. Dianhidrido perilentetrakarboxiliko molekula erabili da horretarako, eta hura urrezko azalera batean ezarrita, bi laser-pultsu igorri dizkiote. Zientziarako aurrerapen handi bat dela azaldu dute ikertzaileek. Molekuletan elektroien mugimendua jarraitu ahal izatea gakoa bailitzateke edozein erreakzio kimiko ulertu eta kontrolatu ahal izateko. Hala ere, orain arte ez da posible izan, elektroien mugimendua attosegundoen eskalan (segundo bat baino trilioi bat aldiz txikiagoa) ematen baita. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute, lehenengo aldiz.
AstronomiaUrte bat doa NASAk bidalitako “Perseverance” rover ibilgailua Marten. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBEA ikerketa-taldea misioan parte hartzen ari da, ibilgailuak Lurrera bidaltzen duen informazioarekin Marteko harriak, geruzak eta hautsa ikertzen. Zehazki, Jezero kraterrean dago “Perseverance”, garai batean sumendia bat egon zen lekuan, baina orain laku bat dago eta bertako harri bolkaniko eta sedimentarioak ikertzen dihardute gaur egun. Argazkiak izaten dira neurketen abiapuntua. “Perseverance”-ko Mastcam-Z-k bereizmen handiko argazkiak ateratzen ditu, eta argazki horietan identifikatzen dituzte ikertzeko interesgarriak izan daitezkeen harriak, geruzak edo hautsak, hauen kimika ikertzeko. Datuak Berrian: Urtebeteko lorratza.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #382 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #387
Hiru dimentsiotako inpresioak orotariko aplikazioak ditu: arma baten piezak eta baita infartua izan duen bihotz batek onera ekartzeko behar duena. How to regenerate a functional heart using 3D printing por Marta Irigoyen.
Birusak berak sortutako heriotzak ez ezik, bestelako gaixotasunei eman ez zaien errekurtso faltagatik ere erantzule da covid-19. Tuberkulosi heriotzak, esaterako, igo egin ziren 2021ean, harmar urtez lehen aldiz. 2019an aurkeztutako txertoa atzeratu egin da. Txertoak inflexio puntua izan daitekeela aurreikusten du eredu batek. Model of new tuberculosis vaccine shows its potential impact and value in South Africa and India Matthew Quaife eta Finn McQuaid.
Material bidimentsionalak ez dira maneiatzen errazak. Zimurrak eta tolesturak oso erraz sortzen dira. Materialen propietate elektroniko izugarriak aldatu egiten dira tolestura eta zimurretan. Angelu magikoko bi geruzako grafenoan aztertu du DIPCk. Deformations of moiré patterns in twisted bilayer graphene
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #387 appeared first on Zientzia Kaiera.
Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169)
Ekologia eta natur zientzietan erabiltzen diren terminoen artean, landare-komunitateen kontzeptua aurki daiteke. Landare elkarteei egiten dio erreferentzia kontzeptuak eta antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareez osatuta daude, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta daudenak.
Landare-komunitateak sailkatzeko fitosoziologia deritzogun metodologia erabiltzen da. Tresna berria da eta bere helburua komunitate desberdinak ezagutzera ematea da, landare-komunitate zehatz bat osatzen duten espezieen identitateaz baliatuz. Komunitate horiek izendatzeko antzekotasun folistikoa (lurzoruaren material organikoa) hartzen da kontuan espezieak hainbat kategoriatan sailkatzeko. Fitosoziologiak espezieen osaeraren araberako antzekotasun maila diferenteak barneratzen ditu.
Sailkapen hauek egitea garrantzitsua da oinarrizko zientzian eta baita zientzia aplikatuetan. Besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko
Landare-komunitateen gaurkotasuna eta etorkizuna ezagutzeko, UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko Idoia Biurrun ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169) appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du?
Duela urte batzuk, zibersegurtasuna gutxi batzuek baino ez zuten kontuan hartzen. Teknologiaren aurrerapenak, mundu osoa uneoro konektatuta egotera ekartzearekin batera, zenbait arrisku ere ekarri ditu. Hainbestekoa da teknologiaren erabilera gaur egun edozein momentutan zibererasotuak izan gaitezkeela; gailu kopuruaren igoerarekin zibererasoen arriskua ere handiagoa izango delarik. Hala ere, komunikazio-sareen segurtasuna hasieratik existitzen den kontzeptu bat den arren, IoT delakoaren (Internet of Things, Gauzen Interneta) izugarrizko bilakaerarekin ezinbesteko tresna bihurtu da.

Hacking kontzeptuari buruz asko eztabaidatu da. Ez da erraza denen gustuko definizioa aurkitzea. Batzuen ustez, jokabide maltzur batekin lotuta dago. Beste batzuentzat, ordea, portaera adimentsua eta dibertigarria da. Kontzeptu hau argitzeko Richard Stallmanen iritzia nabarmendu behar da:
“Zaila da hacking-a bezain askotarikoa den zerbaiten definizio soila ematea, baina uste dut jarduera horiek guztiek izaera dibertigarria, adimentsua eta esploratzeko gogoa dutela. Beraz, hacking-ak posible denaren mugak aztertzea esan nahi du, izpiritu dibertigarri eta adimentsu batekin”.
Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman aurkitutako ahultasunez baliatzen da sarbide hori eskuratzeko. Askotan, helburua ondo pasatzea da, erronka gainditzea eta ez dago asmo txarrik.
Sisteman sartzen denean asmo maltzurrekin, cracker kontzeptuari buruz hitz egiten ari gara. Sistemako fitxategiak ezabatzetik informazio sentikorra lapurtzera arte joan daitezke burutzen diren ekintzak. Hala ere, komunikazio-sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara.
Hacking etikoa erasotzaile batek topatu eta exekutatu ditzakeen erasoek sor ditzaketen galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak gertatu baino lehen, sare edo sistema baten mehatxuak, hau da, ahultasunak bilatzeko ekintza bat da.
Hacking etikoa aurrera eramateko, ohikoen diren teknikak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Sarbide-testa sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Bertan, sistemaren aurkako erasoak egiten dira sistemaren ahultasunak aurkitzeko. Teknika honek segurtasun erroreak eta hutsuneak konpontzeko balio du. Gainera, erasoetatik babesteko eta sistemaren ahalmena balioztatzeko ere balio du. Sisteman ahultasunak egotearen arrazoiak hurrengoak izan daitezke, esate baterako, diseinu erroreak, txarto babestutako sareko konexioak, gizakiak sortutako erroreak, pasahitzen erabilera txarra eta abar. Sarbide-testak fase desberdinez osatuta daude, erabiltzen den metodologiaren arabera. Horietako bat PTES (Penetration Testing Execution Standard) metodologia da. Zazpi atal bereizten ditu, eta edozein ingurunetan garatu daiteke, emaitza eraginkorrak lortuz.
Datuen segurtasuna lortu ahal izateko erasotzaileek erabiltzen dituzten metodo berdinak erabiltzea beharrezkoa da sarearen babesa bermatzeko. Hori dela eta, gero eta erakunde gehiagok hacking etikoaz jakitunak diren pertsonak kontratatzen dituzte, beraien segurtasuna ziurtatzeko. Sarbide-testen azkeneko txostenean aurkitutako ahultasun guztiak biltzen dira eta horietako bakoitza konpontzeko irizpideak zehazten dira.
Beraz, hacking etikoari esker, enpresek eta erakundeek edozein motatako datuak (pertsonalak, ekonomikoak,…) modu seguruagoan kudeatzeko aukera dute, eta, horrela, beren jardueraren etorkizuna bermatzeko behar-beharrezkoa den konfiantza irabazten dute. Gainera, beren eguneroko aktibitatea geldiaraz dezaketen zibererasoetatik babesten dira, horrek dakarren mota guztietako kostu handia saihestuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Zibererasoetatik babesteko, hacking etikoaren balioa.
- Laburpena: 2020an, teknologiak bultzatutako gizarte batean bizi gara, eta datuak komunikatzeko sistemak funtsezkoak bihurtu dira gure eguneroko bizitzaren alderdi guztietan. Covid19-k erakutsi digu ezagutzen ez dugunak agertoki eta bizimodu berrietara eraman gaitzakeela, duela hilabete batzuk imajinatu ere ezin genituen lekuetara. Gaur egun, pertsonen, enpresen eta erakundeen arteko harremanak inoiz baino gehiago oinarritzen dira telekomunikazio-sareetan, eta, beraz, zibersegurtasun sofistikatuaren beharra oso garrantzitsua bihurtzen ari da gero eta handiagoak diren zibererasoetatik babesteko. Enpresak eta erakundeak diru kopuru handiak inbertitzen ari dira beren segurtasun zibernetikoan. Egoera horretan, hacking etikoa ohiko tresna bihurtu da behar den segurtasun-maila zehazteko. Hacking etikoaren helburua da sare informatikoetan ahuleziak eta kalteberatasunak aurkitzea, hackerrek sareetan sartzeko eta softwarearen ahuleziak azaltzeko erabiltzen dituzten ezagutza eta tresna berberak erabiliz. Dibulgazio-artikulu honek hacking etikoa zer den, zer onura dituen eta zergatik den beharrezkoa azaltzen du. Hacking etikoari buruzko artearen egoera bat aurkezten du, eta erakusten du enpresek eta erakundeek nola inplementa lezaketen hacking etikoa, sarbide-testetan (Penetration Testing Execution Standard, PTES) oinarritutako metodologia erabiliz.
- Egileak: Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga, Maider Huarte
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 313-326
- DOI: 10.1387/ekaia.21939
Egileez:
Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga eta Maider Huarte EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du? appeared first on Zientzia Kaiera.