Material konposatuak balio erantsi handiko ingeniaritzako materialak dira.

Errefortzu-zuntzez eta erretxina batez osatuta daude, eta beraien abantaila nagusia da pisu espezifiko txikia dutela baina zurruntasun eta erresistentzia handia, eta horregatik hainbat aplikaziotan erabiltzen dira: hegazkingintzan, sateliteen fabrikazioan, itsasontzigintzan, automobilgintzan, azpiegituretan, eolikoan, kiroletako ekipamenduan, luxuzko artikuluetan, ... Tknikako Material Konposatuak proiektuaren atal bat izan da korrika egiteko karbonozko hanka protesiko baten diseinu, simulazio, fabrikazio eta balidazioan lan egitea. Karbonozko hanka protesikoa fabrikatu aurretik, elementu finituen bidezko simulazioak egin dira software espezifiko batekin. Simulazioaren bidez karbono-zuntzen orientazio eta kapa kopuru desberdinen konfigurazioa definitu da.

Protesiaren fabrikaziorako tenperatura baxuko pre-preg karbonoa erabili da eta 3D inpresioz egindako molde baten gainean laminatu da pieza. Nahiz eta fabrikatutako hanka benetako gaixo bati egokitutako protesi batean frogatua izan den, proiektuaren helburu nagusia lanbide heziketako irakasleak material konposatuen simulazioan eta fabrikazio prozesuetan trebatzea izan da, eta ez horrenbeste konpositezko produktua lortzea.

Proiektu honetan UGLE Eskolako, CIFP Bidasoa LHII, CIFP Don Bosco LHII eta Tknikako irakasleak parte hartu dute.

Noiz: 
2018/12/10

Ikusi gainontzeko pieza gonbidatuak