Jakina da Bergara herri erreferentea dela ehungintzan. Baina, benetan zein garrantzi izan du ogibide horrek herrian? Nola sentitzen dute herritarrek oihalgintza? Galdera horiei zein beste batzuei erantzuteko asmoarekin, 'Bergarako ehungintzaren bizi istorioak' ekimena gauzatuko da Laboratorium Museoan.
Gorka Artola Alkateak ehungintzak herrian historikoki izan duen garrantzia nabarmendu du ekimenaren aurkezpenean, “familia askoren bizitzetako zutabe garrantzitsua izan da urtetan, bizipen asko utzi dituena, zalantza barik, eta horiek jasotzea ezinbesteko ikusten dugu. Historia pertsonen istorioekin osatzen delako. Bergarako Udala gertuko memoria historikoa jasotzeko egiten ari den beste lan batzuen testuinguruan ere kokatuko nuke hau”, esan du.
Ehungintzan lan egin zuten pertsonen testigantzak jaso, eta industria horrek herrian izan duen eragina aztertuko da.
Informazio bilketaren helburua da Bergaran izan den ehun industria gogora ekarri eta bertako langileen bizi istorioak ezagutzera ematea. Herritarren testigantzak jasotzeko, 'Kotoizko kafeak' izeneko ekimena sortu dute Fanny Alonsok eta Anne Galarragak, Laboratorium Museoarekin elkarlanean.
Jasoko den informazio guztia, Laboratorium Museoan egongo da herritar ororentzat eskuragarri, bertan sortuko den txokoan. Rosa Errazkin Laboratoriumeko arduraduna Bergarako ondarea herrian bertan geratzearen garrantziaz aritu da, “gizarte museoa den heinean, herritarren bizipen eta testigantzek hemen leku naturala dute”. Elkarlanean gauzatzen ari den ekimena dela ere aipatu du Errazkinez, bai Alonsorekin eta Galarragarekin egiten ari dela, eta baita herriko eragile eta norbanakoekin ere, esaterako jubilatuen San Joxepe elkartearekin.
Kotoizko kafeak
Gozo eta kafeen artean, Bergarako oihal industrian lan egin zuten pertsonen arteko solasaldiak izango dira, Fanny Alonsok azaldu duenez.
“Kotoizko kafe bakoitzean 3 edo 4 pertsona bilduko dira haien bizipen eta oroitzapenez hitz egiteko. Ekitaldi guztiak, irudi, bideo eta audioz jasoko dira, bizipen horiek memorian gordeta gera daitezen”.
Kotoizko kafeen datak eta izen emateak
Noiz: Urriaren 26an, azaroaren 9an eta 23an. 16:00etan.
Non: Laboratorium Museoan.
Izen emateko: 943 76 90 03 telefonora deituz edota laboratorium@bergara.eus helbidera mezu bat bidaliz.
Azaroaren 16an, 18:00etan, halaber, San Joxepera eramango dute ekimena, bertan biltzen baitira potentzialki garai hartako bizipenak izan ditzaketen pertsonak.
Oharra: Izen emateko garaian beharrezkoa da zehaztea pertsonaren adina, lantokia eta lan departamentua.
Dohaintza
Ekimenak irauten duen bitartean, Bergarako oihal industriarekin zerikusia duen edozein irudi edo objektu jasoko da Laboratorium Museoan. Horrenen asmoa da, azterketa bukatzerakoan, Laboratorium Bergarako ehungintzaren txoko erreferente bihurtzea.
Hortaz, esan bezala, herritarren batek lanbide honen inguruko edozein objektu edo irudi badu, Laboratorium Museora eraman dezake.
Aurrekariak
Ekimen honek 2021. urteko ekainean Laboratorium Museoan inauguratu zen 'Kotoiaren emakumeak' erakusketan du jatorria.