Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 26 min 30 sec ago

Asteon zientzia begi-bistan #172

Sun, 2017/10/15 - 09:05
Uxue Razkin

Astrofisika

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideek Haumea –Neptunoren orbitatik haragoko gerrikoan dauden lau planeta nanoetatik ezezagunena– aztertzeko parada izan dute. Hori egin ahal izateko izar-estaltze bat aprobetxatu dute. Behatze horrek jakitera eman ditu planeta nanoaren forma, tamaina eta bestelakoak. Adibidez, uste zutena baino handiagoa dela frogatu dute, eta ez hain trinkoa. Eguzkiaren inguruan orbita bat osatzeko 248 ordu behar dituela ikusi dute, eta errotazio-abiadura izugarri handia duela: lau ordu. Halere, harrigarriena honakoa da: eraztun bat du.

Astronomia

Korresen (Araba) dagoen Izkiko parke naturalean astronomia behatoki berri bat abian jarri dute. Bertan, asteroideak eta exoplanetak ikertzeko aukera izango dute. “Lurretik gertu igarotzen diren objektuei jarraipena egiteko aukera emango digu behatokiak”, azaldu du Mikel Martinezek. “Laster Minor Planet Centerrek ematen duen nazioarteko behatzaile kreditazioa lortzea espero dugu”, gehitzen du astronomiazaleak.

Ig Nobelak

Ig Nobel sariek bi baldintza bete behar dituzte: batetik, barrea eragin behar dute, eta, bestetik, pentsarazi egin behar dute. Esaterako, Izan ote daitezke katuak solidoak bezain likidoak? lehen ikerketaren izenburua da eta Fisikako kategorian jaso du saria. Ekonomiari dagokionez, beste ikerketa bat aipatzen da testuan: ur gaziko krokodilo bat besoetan izatearen eragina neurtu zuten ikertzaile batzuek; zertan, eta txanpon-makina batean jokatutako diruan. Beste hainbat ikerketa harrigarriak daude. Ez galdu!

Klima-aldaketa

Euskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan. Lehenengo ideiari dagokionez, Aingeru Martinez ikertzailearen arabera, ur-eskasia “gero eta handiagoa izaten ari da, eta gero eta gehiago irauten du”. Jarraitze du esaten: “Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da”. Eukalipto plantazioaren arazori jarraiki, kontatzen du nola izaten den fenomenoa. “Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, gehitzen du.

Biologia

Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Artikulu honetan azaltzen diguten moduan, erradiazio infragorria da hori. Gizakiok, baina, ez gara gai ikusteko; bai ordea bero-transferentzia senti dezakegula. Esan bezala, gizakiok ez dugu ahalmenik ikusteko baina badira izpi horiek ikusten dituzten animaliak: kriskitin-sugeak –pozoitsuak dira–, kasu. Eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen ditu suge horiek. Horregatik harrapatzen ahal dituzten bakarrik odol beroko animaliak, aurpegian dituzten zulo batzuei esker.

Hizkuntzalaritza

Ozeano Barean erabiltzen diren hizkuntzen analisi batean oinarrituta, ikertzaileek ondorioztatu dute gramatika hiztegia baino ezegonkorragoa dela. Orain arte hizkuntzalariek uste zuten gramatikak egitura sendoa, trinkoa zela, eta lexikoa, berriz, oso aldakorra zela. Atera duten beste ondorio bat da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan.

Geologia

Bi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan, hain zuzen ere. Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira lurrikarak, eta sumendi erupzioak. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa. Plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortzen da. Eta nolakoak dira lurrikara mota horiek? Irakurri artikulu osoa erantzuna ezagutzeko!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #172 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #186

Sat, 2017/10/14 - 09:00

Autismoaren oinarri genetikoak apurka-apurka eta zailtasun handiz argitzen ari dira. Agian zailtasun hau ematen ari da oinarri genetiko horiek ez daudelako ohikoa den tokian. Jose Ramon Alonsok azaltzen digu: Postzygotic mutations in autism.

Eguzki-babesleak disruptore endokrinoak izan daitezkeen frogak pilatzen ari dira. Eta ez ditugu soilik gure gorputzean erabiltzen, ingurumenarekin partekatzen ditugu. Sergio Lainezek argitzen digu guztiau: Sunscreens, health and environment: a dangerous cocktail?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #186 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80)

Fri, 2017/10/13 - 09:00

Angelman izenez ezagutzen den sindromea gene batean emandako alterazio baten ondorioz sortzen den gaitz neurologiko kronikoa da. Gaixotasun arraroen multzoan sailkatua dago, izan ere, 20.000 pertsonatik 1ek pairatzen duela uste da eta buruko atzerapena, egoki mintzatzeko ezintasuna, oreka arazoak eta krisi epileptikoak bezalako asaldurak eragiten ditu, besteak beste. Sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena, ordea, beraien izaera alai eta irribarretsua da.

Sindrome honi buruz gehiago jakiteko, Nerea Osinalde UPV/EHUko Biokimikako irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, gaitzaren aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu badira ere, bidea dago oraindik egiteko.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Beroa ikusten duten sugeak

Thu, 2017/10/12 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Neguko egunetan, kanpoan hotza egiten duenean, eskua leiho batera hurbiltzen badugu, hoztu egiten dela sumatuko dugu. Leihoaren eta eskuaren artean dagoen airea, ordea, ez dago hotz, gelako airea baita. Beraz, leihora hurbildu arte ez badugu eskuan hotzik sumatu, horrek esan nahi du ez dela airea izan eskugaina hoztu duena. Hau da, eskuak beroa galdu du, baina ez du konbekzioz galdu, erradiazioz baino.

Erradiazioa gertakari fisikoa dugu, elkar ukitzen ez duten bi gorputzen artean gertatzen den fenomenoa. Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Erradiazio infragorria da, hau da, gorri koloreari dagokiona baino uhin luzera luzeagokoa, eta, beraz, maiztasun baxuagoko erradiazioa.

Guk, gizakiok, ez dugu erradiazio infragorria ikusteko ahalmenik. Sortzen duen bero-transferentzia bai sumatzen dugu, baina gorputz beroek bidaltzen dizkiguten izpiak ezin ditzakegu argi-izpiak ikusten ditugun moduan ikusi.

Irudia: Kriskitin-sugeak beroa hauteman dezake eta horri esker, odol beroko harrapakinak aurkitu ditzake egunez eta gauez.

Badira, baina, izpi infragorriak hauteman ditzaketen animaliak, Crotalus eta Sistrurus generoetako suge pozoitsuak diren kriskitin-sugeak hain justu. Badirudi eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen dituela kriskitin-sugeak. Horregatik harrapatzen dituzte bakarrik odol beroko animaliak; odol hotzeko animalien (poikilotermoen) gorputzeko tenperatura ingurukoaren berdina denez, ez dute berorik igortzen, eta sugeek ez dute horiek hautemateko modurik. Horregatik, aspaldi hildako animaliak ere ezin dituzte hauteman. Baina hildako arratoi batek oraindik inguruak baino bero gehiago gordetzen badu, orduan sugeak hauteman egingo du eta harrapatu, baita begiak estalita baditu ere.

Alde bakoitzeko sudur-zuloaren eta begiaren artean badute beste zulo bat, aurpegi-zuloa izenekoa, eta, dirudienez, aurpegi-zulo horiek dira izpi infragorrien hautemaileak. Izan ere, zulo horietatik garunera doazen nerbioen jarduera ikertu denean, kinada termikoak izan dira aktibitate elektrikoa sortu dutenak. Soinu, bibrazio edo argi-kinadek ez dute erantzunik sortu, baina bai ingurua baino beroago dauden objektuek, aurpegi aurrean jarri zaizkionean.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Beroa ikusten duten sugeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke

Wed, 2017/10/11 - 09:00
Juanma Gallego Ozeano Barean erabiltzen diren hizkuntzen analisi batean oinarrituta, ikertzaileek ondorioztatu dute gramatika hiztegia baino ezegonkorragoa dela: orain arte hizkuntzalariek uste zutenaren kontrakoa, hain justu.

Hizkuntzen jatorria eta bilakaera ikertzerakoan, hizkuntzalari gehienek premisa batetik abiatu ohi dira: lexikoa azkar aldatzen da, baina atzean dagoen gramatikaren egitura askoz egonkorragoa da. Hilaren hasieran PNAS aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera, ordea, planteamendu hau okerra izan daiteke; edo, bederen, ez du beti horrela izan behar.

Alemaniako Max Planck Giza Historiarako Zientzia Institutuko, Australiako Unibertsitate Nazionaleko eta Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek ordenagailu bidezko analisiak baliatu dituzte Ozeano Barearen eremuan mintzatzen diren 81 hizkuntza alderatzeko.

Hizkuntzen garapenari hurbiltzeko bide berri honekin denborak ezarritako mugak apurtu nahi izan dituzte. Artikuluan azaldu dute zergatik ekin dioten azterketari: “Hizkuntzalaritza historikoaren ikuspuntu ortodoxoaren arabera, behin 6.000-10.000 urte igarota, parekotasunak eta maileguak bereiztea arras zaila da, eta horregatik hizkuntzaren historia sakona aztertzeko biderik ez dago”. Denborak ezartzen duen muga honen aurrean, zenbaitetan hizkuntzalariek egitura gramatikaletara jo dute erreferentzia sendoagoen bila. Izan ere, lexikoarekin edo fonologiarekin alderatuz, gramatikak izaera abstraktuagoa duela uste dute adituek, eta, era berean, trinkoagoa ere omen da. Arrazoinamendu hori jarraiki, logikoagoa dirudi hizkuntza baten historia ebolutiboa arakatzeko gramatikan arreta jartzea.

1. irudia: Austronesiako 81 hizkuntza erabili dituzte ikerketa burutzeko, tartean Trobriandar Uhartetako Kilivila hizkuntza. (Irudia: PNAS)

Datu base zabalak erabili dituzte hizkuntzak alderatzeko. Hiztegia ABVD Austronesiar Oinarrizko Hiztegiaren Datu Basetik eskuratu dute. Datu gramatikalak, berriz, Pioners of Island Melanesia izeneko datu basetik hartu dituzte. Oinarrizko 210 kontzeptu 1.526 hizkuntzatan nola esaten diren biltzen du ABVD datu baseak. Orain arte, guztira, 293.846 item agertzen dira bertan. Oinarrizko hitz hauek bereziki egonkorrak direlako aukeratu dituzte. Zerrenda horretan daude aditz eta izen sinpleak, koloreak, zenbakiak, gorputzeko atalak eta familiari loturiko hitzak.

Iragana argitzeko

“Ezusteko aurkikuntza da hau, zeren orain arte askok uste izan baitute hizkuntzaren iragana zehazteko gramatikaren analisiarekin hiztegiaren analisiarekin baino sakonago joan gintezkeela”, esan du Max Planck institutuko ikertzaile Stephen Levinsonek. Adituak gaineratu du argi dagoela aldaketa gramatikalak eta lexikoak ez dutela halabeharrez batera joan behar.

Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan. Egileek aitortu dutenez, hizkuntza horiek guztiak eremu berekoak izatea oso lagungarria izan da bilakaeraren nondik norakoak aztertzeko. Antzeko hizkuntzak izateak emaitzetan nolabaiteko alborapena izan zezakeela aitortu dute. Halere, idatzizko testigantza gutxi duten hizkuntza horien historia berreraikitzeko tresna egokia dela uste dute.

Datuetatik erauzi duten beste ondorioa da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Hizkuntza berriak jaiotzen direnean bereziki lexikoa aldatzen da, baina beste hizkuntza batekin kontaktuan egotean gramatika da gehien aldatzen den elementua.

2. irudia: Gramatikaren eta hiztegiaren araberako analisian oinarrituta, ikertzaileek zuhaitz hau ondorioztatu dute. (Irudia: PNAS)

Bestetik, ekarpen berri honek ere kolokan jar dezake hizkuntzalaritzan urte luzetan zehar ospe handia izan duen teoria bat. Kapitalismoaren inguruko gogoetak direla eta ezaguna da Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarra, baina adituen artean bereziki Gramatika Unibertsalaren teoriaren bultzatzailea izateagatik ezaguna da Chomsky. 1970eko hamarkadan mamitu zen teoria horren arabera, gramatika jaiotzetik sustraituta dago haurtxoaren garunean. Ez, noski, gramatika osoa, baizik eta oinarrizko hainbat printzipio. Hortik omen dator hizkuntzan trebatzeko orduan umetxoek erakutsi ohi duten erraztasuna. Alemaniako ikertzaileek egindako azken proposamenarekin, berriz, zaila da irudikatzea hain jaiotzatikoa omen den gramatika hori hiztegia baino errazago aldatu izana.

Jaio zenetik, gramatika unibertsalaren teoria polemika iturri izan bada ere, azken urteotan bereziki kritika gogorrak jaso ditu. Horren aurka, erabileran oinarritutako jabetzearen teoria indartu da. Horren arabera, umetxoek ez dute hain erraz ikasten buruan gramatikaren oinarriak “zizelkatuta” dituztelako, inguruko solasaldiak entzutean erabilera arauak susmatzeko gaitasun paregabea dutelako baizik.

Erabilitako metodologiari dagokionean, azken urteotan horrelako ikerketak asko ugaritu direla nabarmendu beharra dago. Azterketa horietan, hizkuntza askotako hitzen eta ezaugarrien datu base handiak erabili dituzte analisi estatistikoak egin ahal izateko. Analisi horiek hizkuntzalariek erabiltzen dituzten ohiko metodoekin zerikusirik ez dute, eta bi diziplinetako adituen arteko polemika sonatuak izan dira. Adibidez, mendebaldeko gizarteetan mintzatzen diren hizkuntza gehienen arbasoa den indoeuroparraren jatorria argitzeko bi teoria nagusi daude: batak duela 6.000 urte inguru kokatzen du bere jatorria, Itsaso Beltzaren iparraldean; besteak Anatolian kokatzen du abiapuntua, duela 8.500 urte inguru. Bigarren teoria indartzeko analisi estatistikoak baliatu ditu Quentin Atkinson biologoak, baina hizkuntzalari asko horren aurka azaldu dira. Kasu honetan ere, ikusteko dago planteamendu berriak hautsak harrotuko ote dituen hizkuntzalarien artean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Simon J. Greenhilla et al. Evolutionary dynamics of language systems. PNAS 2017 ; published ahead of print October 4. DOI: 10.1073/pnas.1700388114

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mexikoko dardara

Tue, 2017/10/10 - 09:00
Ziortza Guezuraga Bi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan. Eta bigarrena, gainera, herri horrek inoiz jasandako lurrikararik kaltegarrienaren egun berean, 32 urte beranduago. Lurrikarak ez dira fenomeno arrotzak Mexikon, Ozeano Bareko Su Eraztunaren parte izaki, lurrikarak eta sumendi erupzioak ohikoak dira.

Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira bai lurrikarak, baita sumendi erupzioak ere.

1. irudia: Rivera eta Cocos plakak Mexikoko kostaldean daude. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Rivera eta Cocos plaka ozeanikoak subdukzio izeneko prozesuan dabiltza. Zehazki, Ipar Amerikako eta Karibeko plakekin. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa.

2. irudia: Subdukzio prozesuan plaka ozeanikoa beste plakaren azpian sartzen da beheranzko mugimenduarekin. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Kasu honetan, plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortu. Mexikon aurten izandako bi lurrikarak, irailaren 8koa eta irailaren 19koa (8.1 eta 7.1 magnitudekoak, hurrenez hurren) mota honetakoak izan ziren, Cocos plakan gertatutako apurketen ondorioz.

3. irudia: Plaka ozeanikoa plaka beheranzko mugimendua du beste plakaren azpitik, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak plakari eragiten jarraitzen du eta tentsioa batzen da apurketa puntura arte (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

Hain denbora gutxian izandako fenomenoak izanik, bigarrena lehenaren erreplika dela pentsa liteke. Apurketaren ostean zonalde horretan gertatzen den Lurraren barrenaren doiketa dira erreplikak. Kasu honetan, baina, 600 km. baino gehiago daude bi puntuen artean, bata bestearen erreplika kontsideratzeko gehiegi. Honek ez du esan nahi, hala ere, bien artean harremanik ez dagoenik: bi lurrikarak Cocos plakan izan dira, sakontasun berdintsura (40-80 Km.) eta lehen gertaerak nahikoa indarra izan zuen plakan eragiten duten indarretan aldaketak eragiteko.

1985eko lurrikara, ezberdina

Irailaren 19an bi lurrikara sendo jasan ditu Mexikok, bata 2017an eta 1985ean bestea. Data, baina, kointzidentzia baino ez da. 1985eko lurrikara Mexikok inoiz jasan duen lurrikararik suntsigarriena izan da eta, datu zehatzik ez badago ere, Munduko Bankuak egindako txostenak 9.500 hildako aipatzen ditu. Heriotza gehienak Mexiko Hirian izan ziren, lurrikararen epizentroa izan zen Michoacánetik 450 kilometrora.

Sismologian mugarria izan zen 1985eko lurrikara. Ordura arte sismologoek ez zekiten Mexikoko kostaldeko zonalde hori (Michoacán) lurrikarak sortzeko gaitasuna zuen ala ez. Datu historikoek ez zuten aktibitate seismikorik erakusten, hutsune seismiko gisa kontsideratzen zen. Michoacáneko bretxa aseismikotzat jotzen zen, lurrikara handiak sortu ezin zezakeena. 1985ean 8.1 magnitudeko lurrikara sortu zuen arte.

Aurtengo bi lurrikarak ez bezala, 1985eko lurrikara ez zen intraslab motakoa izan, interplate (plaken artekoa) baizik. Kasu honetan ere subdukzioan gertatzen den fenomenoa da eta batutako tentsioa apurketa bidez askatzean du oinarria, plaka baten baitan sakoneran gertatu beharrean bi plaken arteko mugan gertatzen dela da ezberdintasuna.

4. irudia: Intraslab lurrikarak ez bezala, bi plaken arteko mugan gertatzen dira interplate lurrikarak. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).

Lurrikaretan hiru uhin sismiko mota nagusi sortzen dira: P(-rima) eta S(-econda) lurraren barruan higitzen diren bitartean eta azaleko uhinak lurrazalera heltzen direnean. Interplate gertakizun hauek uhin-trenak sortzen dituzte, azaletik hurbil bidaiatzen direnak eta Mexikoko Haranean, non izugarri anplifikatzen diren, harrapatuta geratzen diren uhin-trenak. Bi arrazoi daude anplifikaziorako:

  1. Interplate apurketak luzeak eta azalekoak dira, kontaktu puntu berean ziklikoki irristatzearen ondorioz. Apurketa luze hauek periodo luzeko azaleko uhinak sortzen dituzte.
  2. Mexiko Harana laku baten arroa da. Bertako sedimentuak urez saturatutako buztinak dira, uhin seismikoen eraginpean gelatina bezalako portaera dutenak.

Lurrikaren kontra prebentzioa lantzeko erabakigarria izan zen 1985eko lurrikara: eraikin-kodea eguneratzea eta bai Babes Zibilaren eta baita SASMEX lurrikara alerta sistemaren sorrera ekarri zituen. Urtero, gainera, lurrikara simulazioa egiten dute irailaren 19an (aurten lurrikara baino bi ordu lehenago bukatu zena), zeinari esker hainbat bizitza salbatu dira pertsonen entrenamenduari zor.

Aurten izan diren bi lurrikarak oso bestelakoak izan dira. Intraslab motatakoak izanik, beheranzko bidean dagoen plakan gertatu dira, non arrokak plaken arteko mugan baino sendoagoak diren. Hauek, hortaz, energia gehiago behar dute apurtzeko eta apurketak motzagoak eta gogorragoak dira. Intraslab lurrikarak interplateak baino txikiagoak izaten dira, proportzionalki energia gehiago askatzen badute ere. P eta S uhin seismikoek, azaleko uhinak baino periodo motzagoa dutenak, daramate energia hori.

Aurtengo lurrikarak bezala, sakonean gertatzen diren fenomenoak erronka dira abisu eta alerta sistementzat. Justu kontinentearen azpian gertatzen dira eta lehenengo uhinak (energetikoenak) zuzenean igotzen dira jendea bizi den zonaldeetara. Bestela esanda, ez daude uhin gogorrak ailegatu baino lehen uhin ahulik, abisu seinalerik.

Etorkizunean zer gertatuko den jakiterik ez dago. Hala ere, intraslab lurrikarak interplate fenomeno handien aurretiko gertakariak izatea da subdukzio zonaldeetan dagoen ziklo seismiko komuna. Aurtengo bi lurrikarak Tehuantepec eta Guerrero bretxa seismikoetan gertatu dira eta hauetan ez da interplate gertakaririk izan azken mendean.

Iturria: What´s going on beneath Mexico?

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

The post Mexikoko dardara appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du

Mon, 2017/10/09 - 09:00
Tenperatura-aldaketa izaten da normalean klima-aldaketaren alderdirik aipatuena. Hala ere, hau ez da bakarra. UPV/EHUren Landareen Biologia eta Ekologia Sailean egindako ikerketa batek erakutsi du ur-mailaren aldaketak ere kontuan hartu beharreko alderdia dela.

Irudia: UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan.

Euskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan, sistema horien metabolismoa aldatzen dutela.

Aingeru Martinez ekologoak azaldu duenez, “ikusten ari gara ur-eskasia gero eta handiagoa izaten ari dela, eta gero eta gehiago irauten duela. Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da. Hemen, esaterako. Garrantzitsua da jakitea horrek zer eragin duen ur-ekosistemetan”.

Azterketak kontuan hartzen du, munduan gehien landatzen den zuhaitz-espezieetako baten, Eucalyptus grandis espeziearen monolaborantza-plantazioen eragina ur-ekosistemetan. Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, azaltzen du Aingeru Martinez ikertzaileak. “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bi alderdi horiek elkartzea: batetik, zer eragin izan dezakeen ur-eskasiak, eta, bestetik, ur-sistemak eukalipto-plantazioz inguratuta egoteak”, gehitu du.

Ibaietako eta urtegietako harrietako lirdingak (biofilma) jasotzen dituen eraginak ere aztertu dituzte. Biofilma kate trofikoen oinarrizko osagaietako bat da eta “funtsezkoa da, bai materia organiko disolbatuaren ziklo biogeokimikoan, bai materia, nutrienteak eta energia goragoko maila trofikoetara transferitzeari dagokionez. Hala, biofilmaren metabolismoaren aldaketek erreakzio-kate bat ekar lezakete, eta ur gezatako ekosistemen funtzionamenduari eragin“, baieztatu du Aingeru Martinezek.

Biofilmak ur gezatako sistemetan duen garrantzia dela eta, “esan liteke ur gutxiko garaiek eta eukalipto-plantazio estentsiboek aldatu egiten dutela, mundu mailan, ur gezatako sistemen metabolismoa eta, beraz, haien funtzionamendua ere”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez A, Kominoski JS & Larrañaga A, (2017). “Leaf-litter leachate concentration promotes heterotrophy in freshwater biofilms: Understanding consequences of water scarcity”. Science of the Total Environment. Vol. 599–600. Pages 1677–1684. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2017.05.043.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Giza jarduerak nutrienteen zikloak asaldatzen ditu.

The post Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi bistan #171

Sun, 2017/10/08 - 09:00
Uxue Razkin

Nobel sariak

Aste honetan banatu dira Kimika, Medikuntza eta Fisikako Nobel sariak eta horien berri Elhuyarrek eman digu. Kimikakoari dagokionez, JacquesDubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariak saritu ditu 2017an, biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egin duten lanagatik. Izan ere, haiek garatutako kriomikroskopia elektronikoak izoztu egiten ditu erdi-mugimenduan dauden molekulak eta ikusgai bihurtzen ditu.

Fisika alorrean, garaile izan dira Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne, LIGO behatokia garatu eta grabitazio-uhinen behaketa posible egiteagatik. Elhuyarren azaltzen digutenez, grabitazio-uhinak Lurrera iristen direnerako oso ahulak dira. Einsteinek ez zuen uste inoiz detektatu ahalko zirenik. Bada, Kip Thorne eta Rainer Weissek uste zuten posible zela grabitazio-uhinak detektatzea. Eta, horretarako, laserrean oinarritutako interferometro bat diseinatu zuten. Barry Barish 1994ean LIGO proiektuaren zuzendari bilakatu zen eta milaka parte-hartzaileko nazioarteko lankidetza bihurtu zuen 40 kideren taldea.

Azkenik, Medikuntza alorrean, Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jasoko dute Nobela. Karolinska Institutuak “erritmo zirkadianoa kontrolatzen duten mekanismo molekularren gaineko aurkikuntzengatik” hautatu ditu.

Berriak ere eman digu zientzia Nobel sarien berri. Baina horretaz gain, beste datu bat agerian utzi du egunkariak: aurten saridun guztiak gizonak izan dira. Arantxa Iraola kazetariak honakoa azpimarratzen du artikuluan: “XX. gizaldi hasieran sariak banatzen hasi zirenetik, 920 pertsonari eman diete saria, eta horien artean 49 emakume bakarrik daude”.

Emakumeak zientzian

Ainhoa Iñiguez Goizuetari beti iruditu zaio entretenigarria matematika. UPV/EHUn arlo hori ikasten hasi zen ikasten eta emaitza onak lortu zituen baina uztea erabaki zuen. Ondoren, arkitekturan hasi zen baina ez zuen ikasturte osoa iraun. Au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”. Tesiarekin ari zela, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso zuen. Han egon zen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, “azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten”. Bidea egiten jarraitu zuen: arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiten hasi zen, Cambridgen.

Manuela Gutierrez Esguerrak (Bogota, 1987) ikertu du olio palmondoaren monolaborantza Kolonbian sortzen ari den eragina. Laborantza horrek ingurumenean duen eragina eta sortzen dituen kalteak azaltzen ditu antropologoak elkarrizketa honetan, besteak beste. Esguerrak dio: “Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak. Indonesia eta Malaysiako oihanean sarraskia egin ondoren, Amazoniakoan ari dira orain. Desertifikazio prozesua dakar, palmondoek ur behar handia baitute: egunean bederatzi eta hamar litro inguru”.

Ingurumena

Nicolas Olea, Granadako Unibertsitateko Erradiologiako katedradunari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, hormona nahasle diren substantzia kimikoez aritu da. Hark azaltzen duen moduan, horiek plastikoetan daude batez ere. Milaka produktu kutsagarri kimiko daudela dio, zehazki Europako Batasunaren zerrenda ofizialak 144.000 ditu jasota. “Baina horien artean talde batek badu jokatzeko modu berezi bat: behin gorputzera sartzen direnean, gure hormonak aldatzen dituzte”, azaltzen du. Baina non daude substantzia horiek? Adituak argitzen digu: “Batez ere plastikoen osagaiak dira, baita parabeneak eta benzofenolak… Seguruenik ikusiko zenuten supermerkatuetan parabenerik gabeko gelak saltzen hasi direla. Kosmetikan erabiltzen diren substantziak dira”. Oraindik argitu ez duten arren, badirudi substantzia horiek hautsaren bidez barneratzen ditugula edo “etxe barruan arnasten duguna ere bada”.

Argiak ere eman du honen berri.

Neurozientzia

Maitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Ikerketa baten bidez, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du eta ildo horretatik, ikertzaileek ikusi dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean.

Biologia

Pitoia izan dugu asteko protagonista. Animalia horrek ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Gauzak horrela, denbora luzea egon daiteke jan gabe. Hortaz, erreginatxo marradunaren hegaztiaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da. Hau da, jan gabe egonik, ez du digestio-sistema lanean jartzen, eta beraz, ez du energia xahutzen. Baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galtzen du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Hortaz, etekinik atera ezin duenean, “itzali” egiten du digestio-sistema. Portaera zentzuzkoa pitoiarena.

Natacha Aguilar zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean. Naukasen izan zen ikerlaria eta bertan azaldu zuen nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak eta tartean kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen.

Antropologia

Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko. Alde handiak ikusi dira leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan. Horren aurrean, bi interpretazio planteatu dira. Lehenengoa, Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Bigarrena, maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea. Horren inguruko ikerketa berriak planteatzen ari dira jada.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi bistan #171 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #185

Sat, 2017/10/07 - 09:00

Material genetikoaren funtzionamenduaren eta egituraren oinarri-oinarrizko ezaugarriak ari gara ezagutzen oraindik ere. Kromosomen oinarri substantzia den kromatinaren egitura, esaterako. Artikulu hau prestatzeko, alor honetako bi ikertzaile garrantzitsuenekin izan zuen elkarrizketa Dani Morenok: How is chromatin structured?

Loreek usaina dute. Landareek, orokorrean, usaina dute. Zelan askatzen dute, baina, usain hori? Dirudien baino konplexuagoa da. Daniel Marinok azaltzen du How do flowers release their perfume? artikuluan.

Elektroi libreen gasaren eredua oso ondo dago eta oso polita da. Ez den arte. DIPCkoek Breakdown of the free electron gas concept for electronic stopping

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #185 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen”

Fri, 2017/10/06 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Ainhoa Iñiguez Goizuetak onartzen du Matematikak ospe txarra duela: zaila, astuna, aspergarria… Beretzat, ordea, erraza eta entretenigarria izan da beti: “Eskolan aspertzen nintzenean, adibidez, eragiketak egiten hasten nintzen. Txikitatik gustatu izan zaizkit zenbakiak, eta asko gozatzen dut gauzen atzean dauden arrazoiak edo logika ulertzen. Ulertzen eta azaltzen, gogoan baitut Matematikan zailtasunak zituzten ikaskideei laguntzen ere aritzen nintzela”.

Beraz, Matematikaz gain, irakastea ere gogoko du. Horregatik, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaionean, zalantza izan zuen: “Matematika eta irakaskuntza ez ezik, kirola ere gustatzen zait. Eta Euskal Filologia ikastea ere pasa zitzaidan burutik. Azkenean, Matematikaren alde egin nuen”.

Hala, UPV/EHUn hasi zen ikasten, baita emaitza bikainak lortu ere. Eta hala eta guztiz ere, lehen urtea amaitutakoan, utzi egin zuen: “Erraz eta ondo nenbilen, baina duda sortu zitzaidan: hau al da guztia? Gehiago espero nuen; ez nengoen ziur, eta aukera oker egin nuela pentsatu nuen. Zerbait aplikatua probatzea erabaki nuen, eta Arkitekturan sartu nintzen. Baina ez nuen ikasturte osoa iraun”, gogoratu du.

Irudia: Ainhoa Iñiguez matematikaria.

Hurrengo ikasturtea hasteko geratzen ziren hilabeteetan au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”.

Horrenbestez, Matematikako ikasketetara bueltatu zen. Aurrena, urtebete egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta gero UPV/EHUra itzuli zen, amaitzera. Aitortu du, ikasketetan aurrera egin ahala, gero eta interes handiagoa zuela, “seguru asko, aukeratzen joan nintzen gaiak gustuko nituelako. Hala, bosgarren urtean benetan gozatu nuen gai batzuekin”.

Bere bidea egin nahian

Ez zitzaion hori gertatu, ordea, tesiarekin. “Bosgarren mailan, unibertsitatean lankidetza-proiektu bat egiteko aukera izan nuen. Horretan ari nintzela, doktoretza-ikasle batek aipatu zidan Oxforden izan zela egonaldi bat egiten, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela han tesia egitea. Egia esan, berez ez nuen ikertzeko grina, baina banekien, unibertsitatean irakatsi nahi banuen, bide hori egin beharra nuela. Horrela sartu nintzen, baina ez da batere erraza izan: aukeratutako problema uste baino konplexua gertatu da eta tesi-zuzendariaren gidaritza edo laguntzaren faltan beste kolaborazio batzuk bilatu behar izan ditut…”.

Dena den, tesiarekin ari zela ere, topatu zuen bere bidea egiteko modua. “Han arraunak indar handia du, eta, ni ere arraunean ibilia nintzenez, saiatu nintzen loturak bilatzen. Biomekanikaren inguruan lan egiteko gogoz nengoen, eta behin eta berriro saiatuta eta mezu elektroniko askoren ondoren, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso nuen, eta hara joan nintzen. Han aritu nintzen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten.”

Horrek ateak zabaldu zizkion arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiteko, Cambridgen; eta, horrela, iaztik Espainiako Arraunketako Federazioaren Berrikuntza eta Teknologia batzordearen kide ere bada. Azaldu duenez, “horrela lortu nuen zubia egitea tesia eta kirolaren artean. Batean aljebra hutsa lantzen nuen, eta, bestean, datuen analisia”.

Tesia amaitutakoan, ordezkapen bat egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta iaz Mondragon Unibertsitatean aritu zen. Alabaina, bere aurreikuspenak ez ziren ase, eta ez jarraitzea erabaki zuen. Kirol esparruan ere, Euskadi Irratian Kirol Tertulia saio bitan parte hartzeko aukera izan du pasa den uda honetan.

Aurtengo ikasturtean Bilboko Ingeniaritza fakultatean ariko da irakasle-lanetan, eta, bestetik, ikerketa-lerro berrietan barneratzen ari da, DIPCko fisikari baten eskutik. “Gogoz nengoen gai berriren batean lanean hasteko, eta aukera berriaz disfrutatzen ari naiz. Dena den irakaskuntzan disfrutatzen dut gehien, eta bien arteko oreka egokia topatzea dut helburu aurtengoan”.

Fitxa biografikoa:

Ainhoa Iñiguez Goizueta Donostian jaio zen, 1985ean. UPV/EHUn Matematikako lizentziatura amaitu ostean, 2010 urtean Oxfordeko Unibertsitatera jo zuen talde teorian tesia egitera. Aldi berean, arraunketako biomekanikan lan egiteko aukera izan du maila internazionaleko talde eta prestatzaileekin. Gaur egun Espainiako Selekzioko Berrikuntza eta Teknologia batzorde kide da. Matematika eta zientziaren dibulgazioa bultzatzeko Matematika Txokoa elkarteko lehendakaria ere bada.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pitoiaren baraualdia

Thu, 2017/10/05 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

«Erreginatxo marraduna» izenburuko atalean ikusi dugun bezala, Dendroica striata hegaztiak digestio-sisteman erregresio-prozesua gertatzen da migratu behar duen bakoitzean. Erregresio-prozesu horren ondorioz, funtzionalitatea (digeritzeko ahalmena) galtzen du digestio-sistemak, baina, horrela, energia asko aurreztu dezake erreginatxo marradunak. Izan ere, jan gabe egoten da migratzen ari den bitartean, eta jan gabe egonik, ez du merezi digestio-sistema lanean mantentzea, metabolikoki oso sistema aktiboa baita eta energia asko xahutzen baitu.

Jokabide hori ez da, inondik ere, salbuespen bat. Pitoia dugu, esaterako, jokabide beraren muturreko kasu bat. Hemen ikusi ditugun beste zenbait animalia bezala, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da pitoia. Hau da, ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Hori horrela, denbora luzea (hainbat aste) igaro daiteke harrapakin bat pitoiarengana hurbildu arte. Gerta daiteke, bada, denbora luze baraurik egon behar izatea. Hortaz, erreginatxo marradunaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da, nahiz eta jan gabe egoteko arrazoiak desberdinak izan kasu batean eta bestean.

1. irudia: Pitoia, itsas zapoaren antzera, «eseri-eta-itxaron» motako harraparia da.

Hori bai, horren denbora luze baraurik egon ondoren, tamaina handiko harrapakinak ehizatu ditzake pitoiak, eta ez bakarrik ehizatu, baita osorik irentsi ere. Harrapakinak hain izan daitezke handi, ezen ehizakiaren pisua pitoiaren pisuaren % 70era hel baitaiteke.

Jakina, baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galdua du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Python molurus Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Aldi berean proteina garraiatzaileen sintesi oso handia gertatzen da hestearen epitelioko zeluletan; izan ere, glukosa eta aminoazidoen garraiatzaileen dentsitatea hogei aldiz igo daiteke. Jarduera horren ondorioz, metabolismo-tasa berrogei bider handiagoa izan daiteke 24 ordu horiek igaro ondoren, sintesi-jarduerek metabolismo-behar handiak sorrarazten dituztelako.

Bitxia da, bai, pitoiaren digestio-sistemaren portaera, baina era berean zentzu handikoa, oso garestia baita digestio-sistema aktibo mantentzea. Hortaz, etekinik atera ezin daitekeenean, «itzali» egiten duela esan genezake. Oso malgua da, beraz, pitoiaren digestio-sistema, baina ez da ahaztu behar hau ez dela salbuespen bat, joera orokor baten muturreko adibidea baino.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Pitoiaren baraualdia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da

Wed, 2017/10/04 - 09:00
Juanma Gallego Aurretik sexuarekin eta maitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Etorkizunean epilepsia edota eskizofrenia sendatu ahal izateko lagungarri izatea espero dute ikertzaileek.

Maitasunaren hormona deitzen zaio sarritan, baina zibilizazioaren hormona ere deitu dakioke. Horri esker, hegazkin batean sar gaitezke, postariari etxeko atea lasai asko irekitzen diogu, astronautek piztear dagoen eta ehunka tona erregaiez beteta dagoen andel baten gainean ipurdia esertzeko ausardia dute, eta, astronauta ez garenok ere zulagailu txikia eskutan duen dentistaren aulkian esertzeko adorea ateratzen dugu. Funtsean, oxitozinak zibilizazioa ahalbidetu du, elkarlana eta konfiantza posible egin dituelako. Finean, gizakia bere kideekin kolaboratzeko jaioa da, eta horretan bereziki iaioa da, gainera.

Maitemintzean, ama eta bere umearen arteko loturan eta emakumezkoen sexu kitzikapenean ere eragiten du oxitozinak. Baina harreman sozialak sustatzeko ere funtsezkoa dela uste dute ikertzaileek. Orain, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute.

1. irudia: Harreman sozialak funtsezkoak dira elkarlana eta konfiantza sortzeko, eta oxitozinak zeresan handia dauka horretan. (Argazkia: Wendy Corniquet)

Bide hau aurreko ikerketei esker ezaguna bazen ere, orain zientzialariak gai izan dira prozesuaren atzean dauden mekanismo molekularrak zehazteko. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Ezaguna zen ere harreman sozialak martxan jartzen direnean, dopamina askatzen dela, baina orain zehaztu dute oxitozinak ere mekanismo horretan parte hartzen duela.

Zehazki, hipotalamoan kokatuta dagoen tegmentu bentraleko eremutik accumbens gunea izeneko eremura zabaltzen dira garunaren sari zirkuituak, eta hortik zabaltzen da dopamina. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du. Horrek accumbens gunean dauden neuronen jarduera aldatzen du.

Eremu zehatz horretan zabaltzean, dopaminak plazera eragiten du, eta garunak “ulertzen” du une horretan gertatzen ari dena biziraupena ziurtatzeko erabilgarria dela. Ondoren ere, garuna gai izango da plazera eragin dioten une eta portaerak gogoratzeko.

Ikerketa honek sari sozialaren atzean dauden garuneko zirkuituen inguruko ezagutza berria dakar. Aspaldiko lagun bat berriro ikustean edota jende berria ezagutzean izaten den esperientzia positiboa da sari sozial hori”, esan du ikerketan parte hartu duen Robert Malenka irakasleak.

2. irudia: Saguak erabili dituzte ikerketa egiteko, garuneko sari mekanismoak antzekoak direlako. (Argazkia: Robert Owen Wahl)

Artikuluaren egileek argudiatzen dute sari mekanismoa hain garrantzitsua dela ezen eboluzioan zehar oso ondo mantendu baita; horregatik, saguen sari mekanismoa ikertzen ere gizakiarentzat baliagarriak diren ondorioak atera omen daitezke.

Ikertzaileek frogatu dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean. Berdina gertatu da neuronek oxitozina eskuratzeko dituzten errezeptoreak bertan behera utzi dituztenean. Alabaina, hormonaren bidea moztuta ere, saguen mugimenduan ez dute ikusi aparteko aldaketarik, eta animaliek drogak hartzeko nahia ere berdin mantendu dute. Haien portaera ebaluatzeko testak erabili dituzte, eta horrela neurtu dituzte saguak beste sagu ezezagunekin egoteko joeran izandako aldaketak. Ikertzaileek ez dute eraginik ikusi beste sariak eskuratzeko joeran. Beraz, oxitozinan oinarritutako errefortzuak arlo sozialeko sariei dagokiela ondorioztatu dute.

Aspaldiko oinordetza

Science aldizkariko ale berean egindako iruzkin batean, Stephanie D. Preston Michigango Unibertsitateko psikologoak ikerketa testuinguruan ipini du. Prestonen esanetan, orain arte teologiak eta filosofiak landu ohi dituzten galdera batzuk neurozientziaren ikuspuntutik jorratzen dira egunotan. “Jendea berez ona al da? Maitatzeko, enpatia izateko edo altruismoa izateko gaitasuna gizakiona baino ez da? Monogamoak izateko diseinatuta ote gaude?” Orain galdera horien erantzunak laborategietan ere bila daitezke.

Prestonek dio gizakiok giza ezaugarri gehienen oinarriak beste hainbat espezierekin partekatzen ditugula, bai itxuran zein funtzioan, “eta horrek adierazten du arbaso komun bat egon dela eta denboran zehar eboluzio bat izan dela”.

Neuropeptido bat da oxitozina, aminoazidoez osatuta, eta bere arrastoa 500 milioi urtez atzera jarraitu daitekeela dio adituak: “hegaztietan, narrastietan, arrainetan, anfibioetan eta zenbait ornogabetan antzeko peptidoak daude”. Ikerketa gehienek iradokitzen dute besteengana hurbiltzeak beldur gutxiago eta onura gehiago dakarrela, beti ere norbanakoarentzat baliagarria bada”.

Ikerketak bidea ireki dezake etorkizunean autismoa, depresioa edo eskizofrenia bezalako gaitzak dutenei laguntzeko. Izan ere, gaixotasun hau dutenei zaila egiten zaie beste gizaki batzuekin egotetik plazera eskuratzea. Ohi legez, ibilbide luzea dago aurkikuntza hau aplikatu arte, baina hasierako bidea urratuta dago jada.

Erreferentzia bibliografikoa:

LIN W. HUNG et al. Gating of social reward by oxytocin in the ventral tegmental area. Science 29 Sep 2017: Vol. 357, Issue 6358, pp. 1406-1411 DOI: 10.1126/science.aan4994

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zibilizazioa hormona baten gainean sustengatzen da appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu

Tue, 2017/10/03 - 09:00
Iraide Olalde Irla Kanariarretan Ziphiidade familiako kide asko, hau da zifio asko gelditzen ziren hondartzan mugitu ezinik, herrialde horretan ur azpiko sonar militarrak erabiltzen zirelako. Sakonera handitan urpekoak detektatzeko erabiltzen da teknika hau, soinuak uretan zehar hedatzen den neurrian.

2003.ean, Palmako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen. Bertan egiaztatu zen zetazeoen heriotza eta sonarren arteko lotura, eta 2004.ean, Gobernu Espainiarrak moratoria bat ezarri zion sonarren erabilerari: 12 mila nautiko Kanaria inguruan, zifioak hobeto kontserbatzeko. Ordutik hona, ez da hainbeste zifio hilik aurkitu.

Natacha Aguilarrek ondo daki kontserbazio-biologia zeinen garrantzitsua den, eta zehazki zifioen kontuak zein garrantzi daukan. Zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

1. irudia: Natacha Aguilar itsas biologoa da, eta zetazeoetan eta itsas bioakustikan ikertzen ari da La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Aguilarrek Naukasen bigarren jardunaldian azaldu zigun nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Tamaina ertaineko itsas ugaztunak dira eta urpeko igeriketa benetan izugarriak egiten dituzte. Katxaloteak baino miresgarriagoak, zeren eta nahiko dute ur-azalean bi minutu egotea, gero ur azpian bi ordu egon ahal izateko beste oxigenoa hartzeko.

Behin uretan murgilduta, gutxi gorabehera 500 m-ra daudelarik, ekolokalizazio-klaskak egiten hasten dira. Izan ere, sonar hori saguzarren eta zetazeoen eboluzio-ildoetan garatu da bata bestearekiko beregain. Berari esker, harrapakin egokia lokalizatzen dute. Behin lokalizatuta, klaskak azkar igortzen hasten dira bere harrapakariari gertutik jarraitzeko, eta azkenean harrapatzeko.

2. irudia: Zifioa (Argazkia: Circe)

Sakonera handikoak diren urpeko igeriketa horien artean, zifioek buzeo laburragoak egiten dituzte errekuperatzeko, 400 m-raino 10-20 minutuan. Horrelakoen artean, bi minutu besterik ez dute ematen ur-azalean. Tarte hauetan jartzen dute Natacha eta laguntzaileek sakelako telefonoen antzeko gailu bat zifioen bizkarrean bentosa baten bidez: DTAG gailua.

DTAG gailuak zetazeoen mugimenduen eta portaeraren datu zehatzak lortzen ditu. Datuen artean, urpeko igeriketaren sakonera, iraupena edo buztanaren mugimenduen maiztasuna, estimuluek eragindako erreakzioak, komunikazio akustikoa edota tasa metabolikoa bezalako datu fisiologikoak biltzen ditu gailuak. “ Egun St Andrews (Eskozia), Aarhus (Danimarka) eta Moss Landing Instituterekin (EEBB) lanean dihardugu zifioen frekuentzia kardiakoa antzemateko lanean”, dio Natachak.

Zifioak, gainontzeko zetazeoen antzera, kontserbazio neurriak behar dituzten babestutako espezieak dira. Bizitza luzeko animaliak dira, “K” estrategia dutenak, hau da, ugalketa erritmo baxua dute eta izaten duten kume apurren zaintzaz arduratzen dira. “Animalia bat galtzen den uneak garrantzia du”, eta “itsasoko misterioekin asko disfrutatzen dugu, beraz, hauek zaintzea beharrezkoa dugu. Espezie bakoitza bakarra da eta ezinezkoa izango du haren burua mantentzea itsasoko habitata hondatzen badugu gure jarduerarekin”, baieztatzen du Natachak.

Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak. Horrez gain, kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen ikertzaileak Naukas zientzia-dibulgazio ekitaldian. Gainontzeko zetazeoen antzera, zifioek plastikoak itsasoan eragin duen kutsadura pairatzen dute. Izan ere, duela gutxi Norvegian urdailean plastikozko 30 poltsa zituen zifio bat hilik aurkitu zuten. Honek mobilizazio soziala eta SKY TVko dokumentala ekarri zituen. Dokumentalean ULLko talde batek lan egin zuen.

Horretxegatik da hain garrantzitsua kontserbazio-biologia izeneko hori. Diziplina arteko zientzia honetan kontuan hartzen dira bioaniztasunaren eta habitataren ezaugarriak, bai eta gizakiaren eta beste animalien arteko harremanen ezaugarriak ere.

Funtsean, planetako bioaniztasun hori babestea du helburu zientzia honek, eta Natachak dio horretarako behar-beharrezkoa dela giza jarduerak eta fauna eta floraren beharrak elkarrekin batera aztertzea. “Planeta bakarra dugu, eta gero gizaki gehiago gaude bertan. Erantzukizun handia daukagu beste animaliekiko eta ondo egin behar ditugu gauzak”.

3. irudia: Zifioen urpeko igeriketaren perfila.

Kontserbazio-biologiaren esku, ingurumen esparruan hainbat neurri hartu dira, giza jarduerek ahalik eta gutxien eragin diezaioten bioaniztasunari. Horrela, ildo horretako teknologiak garatu dira, ondar gutxiago sortzeko, energia gutxiago kontsumitzeko, eta oro har ahalik eta eraginkorren jokatzeko.

Oso adibide garrantzitsua da Zeelanda Berria edo Nigeria bezalako herrialdeena. Bertako itsas hondo sakonetako meatzaritzari murriztapenak ezartzen ari dira, zeren eta nodulu ferromagnetikoak eta mineral anitzeko zarakarrak ateratzen direlarik, deuseztatu egiten dira zenbait bizidun-komunitate, milaka urtean garatu direnak.

Natachak ondo daki kontserbazio-biologia funtsezkoa dela eta hala berretsi zuen Naukasen bigarren jardunaldiak egin zitzaion elkarrizketan. “Giza jarduerek gero eta gehiago eragiten diete ozeanoen eta itsasoen hondo sakonei, eta neurri zorrotzak ezarri behar ditugu hondo horiek babesteko. Alegia, erantzukizuneko animaliak gara. Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu”, berresten du adituak.

———————————————————————————-

Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.

———————————————————————————-

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Trikuharrian ala leizean, non lurperatu?

Mon, 2017/10/02 - 09:00
Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko.

Irudia: UPV/EHUk eta Oxford Unibertsitateak egindako ikerlan batek duela 5.000 urteko desberdintasun sozialak erakutsi ditu.

Karbono eta nitrogeno isotopo egonkorrak neurtu dituzte duela 5.000 urteko hezur kolagenoaren gainean. Iraganeko dieta berreraikitzeko dira baliagarriak isotopoak, pertsona bakoitzaren bizitzaren azken hamar bat urteetan jaten denak zehazten baitu giza hezurren osaera.

Emaitzek erakutsi dute C3 motako landareetan (zerealak, adibidez, ordurako ereiten baitziren) oinarritutako elikadura zutela eta animalia lurtarrak ere jaten zituztela, etxekotuak gehienbat (ahuntzak, ardiak, behiak). Badirudi hori dela bi hobi-motetakoen dieta orokorra. Alde handiak ikusi dira, hala ere, leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan.

Bi interpretazio planteatzen dira karbono isotopoen balioen ezberdintasuna azaltzeko:

  1. Komunitate ezberdinak izatea. Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Ustiapen eremu beraezituak erabiltzen zituzten: haitzuloen kasuan, Toloñoko mendilerroaren magala eta, trikuharrien kasuan, haraneko eremurik zabalenak.
  2. Maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Espezializazio ekonomikoak zituen talde bakar bateko kideak izatea. Populazioaren parte bat mendian artzaintzan aritzea eta beste parte bat haraneko nekazaritzan, edo eremurik emankorrenetara edo jaki jakin batzuetara lehentasunezko sarbidea ematen zuten ezberdintasun sozioekonomikoak egotea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea.

Ezberdintasun demografikoak aurkitu zituen dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen artean Teresa Fernández-Crespok, azterketa honen egile nagusiak, aurrez egindako lan batean. Dolmenetan gizonezko helduak ziren nagusi eta leizeetan, berriz, ohikoagoak ziren umeak eta emakumezkoak. Hobiratze-aldagai hau europar kontinente osoan aurkitzen da.

Hobiratze mota ezberdinek izan dezaketen esanahia jakin nahia izan da ikerketaren zergatia, megalitoetan eta leizeetan hobiratutakoen dieten artean ezberdintasunik zegoen konprobatzea. Dieta ez da behar fisiologiko bati erantzuteko modu hutsa, portaera kultural eta sozial bat ere bada, zenbait parametrok baldintzatzen dutena.

Arabar Errioxako hondakinak hartu dira kontuan azterketan. Leizeak eta trikuharriak elkarrengandik oso hurbil daude, batez beste 10 kmtara. Datazioei esker, dolmenetan Neolito bukaerako eta Eneolito hasierako hondakinak bereizi ahal izan dira, leizeetan aurkitutako garai bereko sekuentziekin alderatu ahal izateko.

Ikerketa bide berriak

Zein hipotesiren alde egin behar den jakiteko ikerketa bide berriak planteatzen dira. Estrontzio eta oxigeno isotopoen azterketa, esaterako. Azterketa hauek populazio horien mugikortasuna aztertzeko dira erabilgarri. Neolitoaren amaieran eta Eneolitoaren hasieran lurralde horretan populazio dentsitate handia zegoela uste dute zenbait egilek, kanpoko jendea iritsi zelako, agian. Hala, baliteke ehorzleku mota batean edo bestean daudenak kanpotik etorritakoak izatea.

Bestalde, hortzetako dentinaren gaineko karbono eta nitrogeno isotopoen analisi sekuentzialetan oinarritutako ikerketa bati ekin diote. Hezurrek indibiduoen bizitzaren azken hamar urteetako informazioa baino ez dute ematen, hortzetan, ordea, finkatuta geratzen da sortu ziren uneko karbono eta nitrogeno seinale isotopikoak.

Dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen arteko aldeak jaiotzatik datozen edo denborarekin sortzen diren, eta, beraz, indibiduo bakoitzak lortutako estatusarekin lotura handiagoa duten argitu dezake hortzetako isotopoen azterketak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fernández-Crespo T, Schulting R. 2017. Living different lives: early social differentiation identified through linking mortuary and isotopic variability in Late Neolithic/ Early Chalcolithic north-central Spain. Plos One.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Trikuharrietan eta leizeetan hobiratuen arteko desberdintasun sozialak hezurretan ikusgai.

The post Trikuharrian ala leizean, non lurperatu? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi bistan #170

Sun, 2017/10/01 - 09:00
Uxue Razkin

Mikrobiologia

Eraikin historikoen kontserbazioa hobetzeko metodologia berria garatu dute Granadako Unibertsitateko ikertzaileek. Kutsadura atmosferikoak eta harrian pilatzen diren gatzek eragiten dituzten narriadura fisikoaren eta kimikoaren ondorioak ekiditeko asmoz abiatu dute ikerketa. Juanma Gallegok azaltzen digu zertan datzan erabilitako metodologia. Bakterioen transplantean oinarritzen da. Eta hori nola egiten da? Azalpena testuan ageri da: eraikinaren harrietan dauden bakterio komunitate bat hartu, laborategian hazi eta jatorrizko eraikinera itzuli dituzte ondoren. Bakterio karbonatogenikoak izan dira funtsa. Izan ere, bakterio hauek gai dira kaltzio karbonatoa sortzeko, eta horrek eraikinetako harria babesten eta trinkotzen du. Oso interesgarria kazetariak ekarri digun gaia!

Ignacio López-Goñi mikrobiologoak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eman zuen ‘Bakterioek ere txertoak hartzen dituzte’ hitzaldiaren nondik norakoak bildu dituzte artikulu honetan. Hark kontatu zuen birus batek bakterio bat infektatzen duenean, bakterioa gauza dela birusaren DNA zati bat bere genoma propioan txertatzeko. Hala azaldu zuen: “Hurrengoan, bakterioak ezagutu egingo du birus hori, eta hil egingo du. Horrelakoak dira bakterioek birusen aurka hartzen dituzten txertoak”.

Biologia

Bare “hiltzaile” baten berri eman digute artikulu honen bidez. Badirudi 2006an aurkitu zutela lehenengo banakoa, baina 2008ra arte ez dute sailkatu: Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zuria da –mamu-barea deitu diote Bill Symondson eta Ben Rowson zoologoek–, eta litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira. Haragijalea eta ehiztaria da; lurrean bizi da eta zizareak eta beste bareak ehizatzen ditu. Hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi, horregatik dira hain bitxiak.

Pandak ez daude arriskuz kanpo oraindik. Animalia hauen populazioak gora egin den arren, ikerketa batek aditzera eman du haien habitataren egoera okerrera doala. Zehazki, Txinako eta AEBko ikertzaile batzuek satelite-bidez hartutako datuekin egin duten ikerketan ondorioztatu dute panden habitata egoera txarragoan dagoela, 1888an panda arriskuan dauden espezieen zerrendan sartu zutenean baino. Badirudi, errepideek eragindako zatiketa dela arazoa. Halere, ikertzaileek esan zuten Txinako gobernuak esfortzu handia egin duela afera honetan.

Paleontologia

Neolito garaiko hilobiratze-ohiturak hobeto ezagutzeko ikerketa egin dute UPV/EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek Arabar Errioxako hainbat txokotan. Galdera bati erantzuteko abiatu zuten ikerketa: zergatik hilobiratzen ziren pertsona batzuk trikuharrietan eta beste batzuk kobazuloetan? Lan honek erakutsi du Neolitoan jada pertsonen arteko desberdintasun sozioekonomikoak egon zitezkeela, eta horiek izan zitezkeela hilobiratze desberdinen arrazoia.

Astrofisika

Saturno nebulosa edo NGC 7009 aztertu du MUSE estreskopioak. Nebulosaren erdian dagoen izarra inguratzen duen hautsaren mapa egin du, eta horri esker ikusi dute egitura oso konplexua duela. Elhuyarrek bildu du informazio guztia: “Burbuila eliptiko bat du barrualdean, beste bat kanpoan, eta halo bat. Halaber, bi korrontek zeharkatzen dute horizontalean, eta, gune batean, hautsez osatutako uhin bat ere detektatu dute. Gainera, barruko burbuilaren ertzetako hautsa desagertu egiten dela baieztatu dute, baina oraindik ez dakite zergatik”.

Emakumeak zientzian

Marthe Vogten ekarria oso garrantzitsua izan zen neurozientzia arloan. Frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Baina bere ibilbide zientifikoa ez zen erraza izan. Izan ere, Hitler boterera iritsi eta Ingalaterrara ihes egitea erabaki zuen. Utzi zuen Berlin, bere jaioterria, eta Ingalaterran hasi zen lanean. Halere, Britania Handiko inteligentzia-zerbitzuek ikusi zutenean Deutsche Arbeitsfront sindikatu nazionalsozialistaren (alemaniarraz DAF) kidea zela eta –behartu zuten erakunde horretan izena ematera–, A mailako atzerritar arerio gisa sailkatu zuten. Atxilotu, epaitu eta kartzela-zigorra ezarri zioten zientzialari alemaniarrari. Kartzelatik atera eta jarraitu zuen ikertzen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

Ana Payo ozeanologoa eta anbientologoa da. Itsas hegaztien ekologia ikertzen du eta monologoen bitartez, zientzia hedatzen du. Emakume zientzialarien ikusgarritasuna lortzeko proiektu batean dabil: Howard Bound. Hark azaltzen du: “Genero berdintasuna, aldaketa klimatikoa eta lidergoa batzen dituen egitasmo bat da. Emakume zientzialariaren rola nabarmentzea du helburu, ikusezintasuna askotan oztopo bat delako gure ibilbidean”. Proiektu horrekin espedizio bat egingo dute Antartikara.

Genetika

Aste honetan laguntzaile fina izan dugu eta udan genetikari buruz publikatu diren berriak bildu ditu Koldo Garciak bere blogean. Autoreak dio berririk garrantzitsuena edizio genomikoan izan dugun aurrerapausoa izan dela. Nabarmentzen duen bigarrenak minbiziarekin du zerikusia. Metastasien oinarri genetikoak aztertu dituzte, egileak azaltzen duen moduan, “tumoreek gorputzetik bidaiatzeko gaitasunaren geneak zeintzuk diren aurkitu; eta besteek tumoreetan aktibo dauden geneen arabera tratamenduek izango duten arrakasta aurreikusi eta, hortaz, minbiziaren tratamendua egokitu”. Frikiak diren albisteak ere bildu ditu. Esaterako, Txinako Unibertsitate batek argitu du elikaduran hartutako landareen mikroRNAk eragiten duela erleak langile bilakatzea.

Kimika

Poliziklooktenoarekin (polimero erdikristalino komertzial bat) lehendik egindako ikerketak oinarri hartuta, zenbait sistema polimeriko garatu ditu Nuria García Huete ikertzaileak. Polimero kateak elkarrekin gurutzatuta daudenean forma memoria duen materiala da poliziklooktenoa. Polimeroak gurutzatzeko dikumilo peroxidoa erabiltzen da eta deformatu ondoren bere jatorrizko egitura berreskuratzen du beroaren eraginpean jarrita. Azaletik hondatutako objektu bat (hondatua, baina apurtzera iritsi gabe) berotuz konpontzeko balia daiteke ezaugarri hau. Polimeroa gurutzatzeko alternatiba lortu du ikertzaileak: gamma erradiazioa. Irakurri osorik artikulua!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi bistan #170 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #184

Sat, 2017/09/30 - 09:00

Nonahi daude online kurtsoak. Graduak, masterrak eta orotariko formakuntza aktibitateak ordenagailuaren bidez egin daitezke bere osotasunean ala partzialki. Zein puntura arte, baina, dira kurtso presentzialen baliokide? José Luis Ferreirak horren inguruko ikerketak dakarzkigu: Online vs. in-person courses. Which ones are better?

Minbizia ez da existitzen. Minbiziak existitzen dira. Zehazki, gaixo bezainbeste minbizi. Sistema inmune propioan egon daiteke minbizi bakoitzaren irtenbidea? Sergio Laínezek aztertzen du Will your own immune system be the cure to your own cancer?

Nobel Saria jaso zuen Einsteinek 1921ean efektu fotoelektrikoaren azalpenagatik, batez ere. Ia ehun urte geroago ere DIPCkoek teoria fintzen dihardute: A new benchmark for any future models of solid-state photoemission

Mexikoko lurpean zerbait mugitzen dabilela iradokitzen dute herri hartako lurrikarek. Zer, zehazki? Lekuan bertan lan egindako Daniel Garcíak kontatzen digu What’s going on beneath Mexico?

Kimikariek estreoisomesoen errezamatoen erresoluzioa izenez ezagutzen dutena, bata bestearen irudi espekularra diren bi molekula banatzeko gai izatea, ez da erraza. Interes praktiko, eta baita ekonomiko, izugarria du. Molekulak enkapsulatzen lortzen duenik bada, Adrián Matencio Novel methods of chiral separation artikuluan.

Minibrain, minigaruna, ama zelulez osatutako neurona egitura esferikoa da eta hainbat erabilera ditu. Zer zerikusi du hortzen maitagarriak (Perez sagutxoaren baliokidea) honekin? JR Alonsok Minibrains: a present from the tooth fairy

Ia ziur gaude materiaren egoera bat badela, baina detekzio metodoa, eszitoien kondentsatua, ez dago guztiz findurik. Validating the existence of a new phase of matter, the exciton condensate artikuluan eszitoia zer demontre den azaltzeaz gain, haien kondentsatua detektatzeko metodoa ere proposatzen dute DIPCkoek.

Diabetesa eta Parkinsona aldi berean tratatzen dituen farmakoa posiblea da? Rosa García-Verdugok kontatzen digu Potential 2×1 drug for Parkinson’s and Diabetes artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #184 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik

Fri, 2017/09/29 - 09:00
Uxue Razkin Mein Kampf irakurri zuenean ikaratu egin zen. Horregatik egin zuen ihes Alemaniatik eta utzi zuen bere jaioterria, Berlin. Ordurako ibilbide oparoa eraikitzen hasia zen Marthe Vogtek neurozientzia alorrean, baina Bigarren Mundu Gerrak zeharo aldatu zituen bere planak. Ingalaterrara ihes egitea lortu zuen, bai. Baina Britania Handiko inteligentzia-zerbitzuek ikusi zutenean Deutsche Arbeitsfront sindikatu nazionalsozialistaren (alemaniarraz DAF) kidea zela eta –behartu zuten erakunde horretan izena ematera–, A mailako atzerritar arerio gisa sailkatu zuten. Atxilotu, epaitu eta kartzela-zigorra ezarri zioten zientzialari alemaniarrari.

1. irudia: Marthe Louise Vogt neurozientzialaria. (Argazkiaren iturria: Mujeres con Ciencia)

Bada, komunitate zientifikoak emandako babesaren kariaz, kartzelatik atera zuten. Ez zen bere ibilbide zientifikoaren amaiera izan beraz, Vogteren lanik garrantzitsuena etortzekoa zen oraindik. Izan ere, hark egindako ikerketa batek frogatu zuen “sinpatina” (noranedralina) modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere sustantzia horrek transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean.

Etxean ikusia, umeek ikasia

Bere etxeko giroa zuen zientzia-libururik oinarrizkoena. Cécile Vogt-Mugnier eta Oskar Vogt, bere gurasoak, garai hartan, neurologo ospetsuak ziren. Anekdota gisa, Vogt-Vogt sindromeari –haurtzaroan gertatzen den atetosiaren asaldura– esparru horretan bere gurasoek egindako lan eta ikerketengatik jarri zioten izen hori. Bada, haiek ez ziren izan inspirazio-iturri bakarrak Marthe gaztearentzat; bere ahizpa, Marguerite Vogt, genetista ezaguna izan zen ere.

2. irudia: Cécile Vogt-Mugnier (1875-1962) eta Oskar Vogt (1870-1959) neurologoak, Marthe Louise Vogt eta Marguerite Vogt zientzialarien gurasoak.

Kimikan, fisikan eta matematiketan bikaina zen Marthe eta horregatik eman zuen izena Berlineko Unibertsitatean, Medikuntza eta Kimika ikasteko irrikaz zegoen. 1927an lizentziatu zen eta horren ondotik, ospitale batean hasi zen praktiketan, abiatu zuen Medikuntza masterraren baitan. Doktorego-tesia ere gauzatu zuen Kaiser Wilhelm Society-n; kimika organikoa ikasi zuen eta karbohidratoen metabolismoaren inguruan lan egin zuen, Carl Neubergen zuzendaritzapean. Horren ondotik, Paul Tredelenbergekin batera hasi zen lanean Berlineko Unibertsitatean, Farmakologia departamentuan, hain zuzen. Bertan, endokrinologia jorratu eta teknika farmakologiko esperimentalak garatu zituen. 1931. urtean bere aitak gidatzen zuen Kaiser-Wilhelm-Institut für Hirnforschung-ean Kimika-saileko arduraduna izatera iritsi zen. Bertan, garuneko ikerketa elektrofisiologikoak egin zituen eta ikasi zuen nola barreiatzen ziren farmakoak nerbio-sistema zentralean.

Ihesaldia eta aurkikuntza esanguratsuak

Aurretik aipatu bezala, Ingalaterrara ihes egiteko aukera ez zuen galdu nazismoa gorenean zegoenean. Rockefeller Travelling Fellowshiperi esker erdietsi zuen hori. Han zegoela berehala hasi zen lanean. Lehenik, Sir Henry Daleren laborategian. Han ikasi zuen, Wilhem Feldbergerekin batera, azetilkolinaren eta nerbio-sistemaren transmisore kimikoen askapena, esaterako. 1937an, Cambridgen, hipertentsioari buruzko ikerketak gauzatu zituen Ernest Basil Verneyrekin elkarlanean.

Britania Handiko Farmazia Elkarteko Farmakologia-laborategietara iritsi zen atxiloketaren ondotik, 1941. urtean. Marthek giltzurrun gaineko guruina eta era berean, estresaren eta adrenalinaren arteko harremana izan zituen ikergai bertan. Jarraian, Edinburgoko Farmakologia Sailera egin zuen jauzi. Hark egindako lanik esanguratsuena bertan idatzi zuen, alegia: Sinpatinaren kontzentrazioa nerbio-sistemaren hainbat tokietan egoera normaletan eta botiken administrazioaren ondoren.

Ikerketa honek frogatu zuen sustantzia hori modu heterogeneoan banatzen zela garunetik eta ondorioztatu zuen ere transmisore gisa jokatzen zuela garuneko zelulen artean. Horretaz gain, epinefrina, serotonina eta reserpina izeneko neurotransmisoreen jokabidea aztertu zuen. Egun, depresioaren edo gaixotasun mentalen aurkako tratamendu gehienen oinarrian dago horien jokabidea ezagutzea. Hortaz, garrantzitsua izan zen Vogtek garai hartan abiatu zituen ikerketak.

Cambridgera itzuli zenean, Agricultural Research Councilleko farmakologia departamentuko zuzendari izendatu zuten.

Neurotransmisoreen inguruko ikerketak egiten jarraitu zuen. 1968an erretiroa hartu bazuen ere, 1980ra arte jarraitu zuen lanean. Orobat, egindako lan guztiagatik komunitate zientifikoaren esker ona jaso zuen. Royal Societyren kide izendatu zuten 1952an –kargu hori lortzen bederatzigarren emakumea izan zen– eta 1981ean Royal Medal delakoa eman zioten. Azkenik, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiako ohorezko kide egin zuten. 2003. urtean zendu zen, 100 urte bete ondoren.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Marthe Louise Vogt (1903-2003): Garuneko mezularien atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mamu-barea

Thu, 2017/09/28 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Mail Online egunkariak 2008ko uztailaren 11n eman zuen kontu honen berri. Honako hau izan zen berriaren titularra: ‘Alien’ killer slug with razor-sharp teeth slithering round gardens in the UK, «Labanak bezain hortz zorrotzak dituen bare hiltzaile atzerritarra Erresuma Batuko lorategietan irristaka».

Antza denez, 2006an aurkitu zuten lehenengo banakoa, baina 2008ra arte ez dute sailkatu eta ez diote izena eman. Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zientziarentzat berria da bare hau, eta haren taldekide hurbilenak Kaukason bizi direnez, handik ekarria dela uste dute. Ongarri naturalarekin batera nahi gabe ekarri zutela uste dute espeziea ikertu duten zoologoek. Zuri-zuria da eta hori dela-eta, litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Hain da zuria, ezen mamu-barea deitu baitute barea sailkatu duten Bill Symondson eta Ben Rowson zoologoek.

1. irudia: Mail Online egunkariak 2008. urtean argitaratutako berria.

Baina egunkariko izenburuak berak dioen bezala, bare horren ezaugarrietako bat, garrantzi handikoa gainera, hortzeria da. Egia esan hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira, labanak bezain zorrotzak, Mail Online egunkariak emandako berriaren arabera. Jakina, ezaugarri horrek badu azalpen egokia, izenburuak hori ere adierazten baitigu killer slug hitzen bitartez.

Haragijalea (eta ehiztaria) baita bare hori. Izan ere, lurpean bizi da eta beste bare eta (batez ere) zizareak ehizatzen ditu. Mehetu egiten du bere gorputza zizareen zulobideetan sartu ahal izateko. Organo kimiohartzaileak ditu antenetan, eta horiei esker aurkitzen ditu bere harrapakinak. Zizare edo bare bat aurkituz gero, iltzatu egiten du aho-atal zorrotzak erabiliz eta, ondoren, zurrupatu egiten ditu harrapakinaren barne-fluido eta ehunak, oraindik bizirik dirauen arren.

2. irudia: Selenochlamys ysbryda edo mamu-barea. (Iturria: Pan-species Listing)

Gure artean ere bada bare karniboro bat, Testacella generokoa. Selenochlamys bezala, lurpean bizi da eta zizareak jaten ditu. Honek badu, gainera, beste ezaugarri bitxi bat: maskor txiki bat du gorputzaren atzealdean. Bareak eta barraskiloak oso antzekoak dira. Izan ere, kaltzioz pobreak diren lurretan bizitzeko moldaera da bareek maskorrik ez izatea; hau da, maskorra egiteko nahikoa kaltzio ez zegoen tokietan «maskorrik gabeko barraskiloak» sortu ziren. Baina trantsizio horretan bada erdiko formarik ere, eta horixe da, hain zuzen, Testacella, erdiko forma bat; horregatik du maskor txikia.

Istorio hau arrazoi batengatik ekarri dugu hona: guk dakigula, hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi. Egia da guk ezagutzen ditugun bare arruntek ere haragia (euren espezie bereko kideena, zehatzak izateko) jan dezaketela, baina oso gutxitan egiten dute. Haien janaren osagai nagusiak landareak dira ―baserritarrek ondo dakiten bezala― eta noizean behin, proteinen beharrak errazago asetzeko, beste animalia txikiak edo euren espeziekideak ere jan ditzakete.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Mamu-barea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bakterioen transplantea, eraikin historikoak babesteko

Wed, 2017/09/27 - 09:00
Juanma Gallego Ikertzaileek eraikinetan karbonatoak sortzen dituzten bakterioak hartu, hazi eta berriro txertatuz ‘biozementua’ garatzea lortu dute. Granadako eraikin batean probatu dute metodo berria.

Eraikin historikoen kontserbazioa hobetzeko metodologia berria garatu dute Granadako Unibertsitateko ikertzaileek. Kutsadura atmosferikoak eta harrian pilatzen diren gatzek eragiten dituzten narriadura fisikoaren eta kimikoaren ondorioak ekiditeko bidea ireki du aurkikuntzak, zientzialarien esanetan. Nature Communications aldizkarian aurkeztu dute aurrerapena, hilaren hasieran.

Funtsean, eta sinplifikatuz, bakterioen transplantean oinarritzen da metodologia berria. Hori egin ahal izateko, eraikinaren harrietan dauden bakterio komunitate bat hartu, laborategian hazi eta jatorrizko eraikinera itzuli dituzte ondoren.

1. irudia. Granadako San Jeronimoko monasterioan martxan jarri dute metodo berria. (Argazkia: Paul Hermans CC BY-SA 3.0)

Zehazki, bakterio karbonatogenikoen bila joan dira zientzialariak. Bakterio hauek gai dira kaltzio karbonatoa sortzeko, eta horrek eraikinetako harria babesten eta trinkotzen du, “biozementu” izendatu duten materiala sortuz. Bakterioek isurtzen dituzten sustantzia exopolimerikoek, gainera, biozementu hau babesten laguntzen dutela argitu dute ikertzaileek. Exopolimero hauei esker sortzen dira mikrobioez osatutako geruzak, bioteknologiaren alorrean gero eta erabilpen gehiago dituztenak.

Granadan dagoen San Jeronimoko eraikinean probatu dute teknika berria. Beste askotan bezala, Errenazimentuko eraikin honetako harrietan bi motako arazoak izaten dira. Batetik, gatzek harri porotsuetan aldaketa fisikoa eragiten dute, tentsio mekanikoaren bidez. Bestetik, atmosferaren kutsadurak aldaketa kimikoak sortzen ditu, harrian dauden mineralak disolbatzen dituelako.

Egileek diotenez, monasterio horretan dauden bakterio karbonatogenikoak ohikoak dira mundu osoko eraikinetan, eta, ondorioz, metodologia hau beste leku askotan ezartzeko aukera dagoela esan dute.

Aspaldiko garapena

Duela urte batzuk asmatu zuten tratamendu sinpleago baten garapena da honakoa, Granadako Unibertsitateko Mineralogia eta Petrologia katedradun Carlos Rodriguez Navarrok adierazitakoaren arabera. “Orduan, elikagaia zuen kultibo-ingurunea ezartzen genuen harrian, baina bakteriorik gabe. Era horretan, eraikinean zeuden bakterioak aktibatu egiten ziren, eta, ondorioz, karbonatoak sortzen zituzten”.

Baina orain beste aurrerapausoa egin dute, zuzenean eraikinean zeuden bakterioak erauziz, horiek laborategian hazi eta berriro ere eraikinean txertatuz. Funtsean, gizakiengan egiten diren mikrobiotaren transplantearen antzekoa litzateke, auto-inokulazio bat, hain zuzen.

2. irudia. Monasterioaren sarreran egindako esku-hartzea, eta mikroskopio bidez eskuratutako zenbait irudi: narraiatutako kaltzita (e), nitroa (f) eta hexahidritako gatz-kristalak (g). (Argazkia: Nature Communications)

Tratamenduaren ebaluaketa egin ahal izateko, alderdi fisikoak eta kimikoak kontuan hartu dituzte, eta, diotenez, bietan egiaztatu dute harrian izandako hobekuntza. “Eraso kimikoen aurrean iraunkorragoa da, eta mikro-zulaketa baten bitartez ere ikusi dugu harriak hobera egin duela”.

Itxurari dagokionean, kolorearen espektroa ere neurtu dute, espektrofotometriaren bitartez. “Proba sinpleagoak ere egin daitezke halakoetan”, azaldu du Rodriguez Navarrok. “Adibidez, azaleko trinkotasuna ikusteko, eranskailuaren proba egiten da, tratamenduaren aurretik eta ondoren. Pegatina bat harrian itsasi eta zenbat material erausten den ikusten dugu horrela”.

Aurreko tratamenduekin alderatuz izandako aldea nabarmendu du katedradunak. Izan ere, orain arte erabili diren zenbait metodok arazo ugari sortu dute eraikinetan. Hasiera batean harria babesten badute ere, denbora aurrera joan ahala arazoak sortu dituzte. Arazoaren oinarrian dago babes-geruzak harriaren poroak estaltzen dituela. “Funtsezkoa da harriaren sistema porotsuaren iragazkortasuna bermatzea”. Azken finean, eta metaforaren eremuan sartuta, bizidunen antzera harriek ere arnas egin behar dute “bizirik” irauteko.

Euskal Herrian ere antzeko irtenbideak aurkitzen saiatzen ari dira. Zehazki, Nano-Cathedral izeneko proiektuan parte hartzen ari dira Gasteizko Santa Maria katedraleko arduradunak. Nanoteknologiaren bitartez harriaren kontserbazio egokia ahalbidetuko duen tratamendu berrien bila ari dira. Bestetik, UPV/EHUko IBeA Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa taldean ere hainbat aurrerapen egin dituzte kutsadurak eta itsas aerosolek eraikinetan duten eragin negatiboa ekiditeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fadwa Jroundi et al. Protection and consolidation of stone heritage by self-inoculation with indigenous carbonatogenic bacterial communities. Nature Communications 8, Article number: 279 (2017) DOI:10.1038/s41467-017-00372-3

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bakterioen transplantea, eraikin historikoak babesteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ignacio López-Goñi: Bakterioen defentsa-sistema da genoma-editore onena

Tue, 2017/09/26 - 09:00
Iraide Olalde Bakterioek ere txertoak hartzen dituzte. Izen hori eman zion Ignacio López-Goñik hasiera bere hitzaldiari, Naukas Zientzia Dibulgazioko ekitaldian. Naukas, zazpigarrenez egin da aurten, Euskalduna Jauregia Bilbon. Lopez-Goñi katedraduna da Nafarroako unibertsitatean,

“Bakterioek ez dute pentsatzen baina oso azkarrak dira” esan zuen López-Goñi mikrobiologoak, aurrean entzuleria txunditua zuelarik, Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Izan ere, birus batek bakterio bat infektatzen duenean, bakterioa gauza da birusaren DNA zati bat bere genoma propioan txertatzeko. “Hurrengoan, bakterioak ezagutu egingo du birus hori, eta hil egingo du. Horrelakoak dira bakterioek birusen aurka hartzen dituzten txertoak”.

1. irudia: Ignacio López-Goñi, Naukaseko ekitaldian, irailaren 15ean. (Argazkia: Iñigo Sierra)

Sistema sofistikatua eta heredagarria dute bakterioek hor. Berari esker, bakterioen ondorengoek bere “oroimenean” gordetzen dute lehenengo infekzioa, gerokoei aurre egin ahal izateko. Sistema hau ezkutuan egon da milioika urtean, Francis Mojica Alacanteko Unibertsitatean lanean hasi arte.

Mojica Haloferaz mediterranei arkearen genoma aztertzen ari zen. Mikroorganismo hau, gatz kontzentrazio handiak behar ditu bizi ahal izateko, eta Santa Polako (Alacant) gatzagetan bizi da. Lan horretan ari zelarik, ikusi zuen behin eta berriz errepikatzen zirela genoma-sekuentzia jakin batzuk. Clustered Regularlly Interspaced Short Palindormic Repeats izena jarri zien, CRISPR. Alegia, Errepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak.

Zer esanik ez, jakin nahi izan zuen sekuentzia hauek zein funtzio betetzen zuten zelulan. Urte batzuk beranduago, aurkitu zuen defentsa-sistema ezin hobea zela bakterioaren aldetik.

Zehazkiago, prokariotoek inbaditzailearen DNA zati bat txertatzen dute bere genoma propioan, geroago etor daitezkeen inbasioak ekiditeko. Alegia, informazioa biltegiratuta gelditzen da bakterioan eta bere ondorengoetan, eta leinu horrek “txerto” bat izango du birus horien aurka.

2. irudia: Ignacio López-Goñik azaldu zuen Naukasen bakterioek ere txertoa hartzen dutela. (Argazkia: Iñigo Sierra)

2012.etik aurrera, ikertzaile honen ikerketa-ildoan aurrera eginez, Emmanuelle Charpentier biokimikari frantziarrak eta Jenniger Doudna kimikari estatubatuarrak frogatu zuten CRISPR mekanismoak ahalmena duela edozein genoma editatzeko: benetako genoma-editore bat, DNA zatiak moztu eta itsasten dituena.

Testu-editore baten antzera, teknika hau bakuna, merkea eta zehatza da, eta aukera ematen du geneak jartzeko eta kentzeko, eta mutazioak zuzentzeko ere. Bere hitzaldian ikerlari honek baieztatu zuzen bakterioen defentsa-sistema dela ezagutzen den genoma-editore onena.

Teknika oso erabilia da munduko laborategietan, eta berari esker mikrobiologoek eta zientzialariek aldaera hobetuak lortzen dituzte hainbat bizidunetan: izurriteekiko jasankorrak diren landareak, muskulu-masa handiagoko animaliak, edo malaria eta denge hedatzen ez dituzten eulitxoak. “Terapia genikorako ere balio dezake, eta gaixotasun arraroak eta infekzioak sendatzeko ere”. Hain zuzen ere, uda honetan bertan CRISPR teknikak aukera eman die zientzialari estatubatuarrei enbrioi jakin batzuetan gaixotasun genetiko bat ezabatzeko, ADN-sekuentzia kaltegarriak ezabatuz.

Mojikak Santa Polako bakterioak aztertu zituenetik 20 urte igaro direlarik, zientzialari hau hautagaia da hurrengo Nobel Saria hartzeko, Medikuntzan eta Kimikan.

———————————————————————————-

Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.

———————————————————————————-

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Ignacio López-Goñi: Bakterioen defentsa-sistema da genoma-editore onena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages