Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 32 min ago

Zero meridianoa, Aragoren medailoiak, Paris, Bartzelona

Tue, 2017/07/11 - 09:00
Manu Arregi
Guztiok dakigu Greenwicheko meridianoa ordutegien erreferentzia dela baina, noiztik da horrela eta zergatik? Geografian, Claudio Ptolomeo (90-168 K.o) oso garrantzitsua izan da. Bere Geographian, Hierroko irlan eta zehazkiago Punta Orchillan kokatu zuen bere mapetako longitudeen jatorria edo zero meridianoa. Ez zen garaian inongo lurrik ezagutzen mendebalderago. Jatorri “naturala” zirudien. Ptolomeo geografian erreferentzia izan zenez luzaro, Hierroko meridianoa 16 mendean erabili zen.

1. irudia: Ptolomeoren Mapamundia, Roma 1478. urtea (Iturria: valdeperrillos.com)

Hasiera batean meridianoak eta paraleloak mapa kontuak ziren, baina nabigazio transatlantikoa hasi zenean, posizioa jakitea hil edo biziko kontu bilakatu zen. Erraza da latitudea aurkitzea. Ipar izarrak ematen dizu ipar hemisferioan. Edota eguzkiak eguerdian duen altuera neurtuta jakin ahal da. Baina longitudea aurkitzea ez da hain erraza. Zenbait metodo aztertu ziren, eta azken lehia biren artean geratu zen: Ilargiaren kokapena erabili edo erloju eramangarri zehatzak asmatu.

1667.ean, Frantziako Luis XXIV.ak Pariseko Behatokia sortu zuen, Unibertsoaren inguruko ezagutza hobetzeko. 1657.ean berriz, Ingalaterrako Carlos II.ak, Greenwicheko Errege Behatokia sortu zuen, nabigaziorako tekniken hobekuntzara zuzenduta. Behatoki hauekin batera, erreferentziazko meridiano berriak agertu ziren. Nevil Maskelynek (5. Errege astronomoak) 1767.an Nautical Almanac argitaratu zuen, behatokian egindako lanetan oinarrituta. Bertan itsasotik nabigatzeko efemerideak plazaratu zituen.

Bertan erreferentziazko meridianoa, nola ez, Greenwich zen. Nola geroz eta herrialde gehiagok nabigatzen zuten, geroz eta erreferentziazko meridiano gehiago agertzen hasi ziren. Ordena apur bat ipintzeko, 1884an Meridianoaren Nazioarteko bilera egin zen Washington DC-n. Taulan dituzue garaian erabiltzen ziren meridiano garrantzitsuenak. Dozenatik gora ziren ordurako.

2. irudia: Erreferentziazko meridianoak 1884an.

Taulan ikus daiteke Greenwichekoa zela merkatuan gehien erabiltzen zen meridianoa, osoko bolumenaren %72a hartuta.

Greenwichekoa izan zen, noski, aukeratutako erreferentziazko meridianoa. Bilera berean Sir Sandford Fleming eskoziarrak Lurra 24 ordu eremutan banatzea proposatu zuen. Ez zuten une hartan onartu. Frantsesak, berriz, beraiek sortutako Neurrien Nazioarteko Sistema, herrialde guztiek erabiltzea proposatu zuten. Ingelesak, dakigunez, ez zuten onartu,… gaur egun arte.

Frantsesek, bitartean, beste bide batzuk jorratu zituzten. Ilustrazioaren ideia arrazionalistak jarraituz, 1791an Parisko Zientzia Akademiak erabaki zuen aipatu dugun pisu eta neurri-sistema berri bat asmatzea, garaian zegoen nahasmena ordenatzeko. Izan ere, ia herri bakoitzak zituen bere neurri eta pisu propioak. Naturan oinarritutako neurri bat pentsatu zen, eta ez arbitrarioa. Horrela jaio zen metroa, sistema berri osoaren oinarri bezala. Metroa Ipar polotik ekuatorera dagoen distantziaren 1/10.000.000 da. Hau da, polotik ekuatorera 10.000 km daude.

3. irudia: Metroaren definizioa. Horiek 10.000 km dira.

Horrek ondorio bat zekarren: metroa ezagutzeko, meridianoa neurtu behar zen. Aukeratua, nola ez, Pariseko behatokitik igarotzen den meridianoa izan zen, frantsesen “zero” meridianoa. Osorik ezin zenez neurtu, erabaki zen Dunkerque eta Bartzelona arteko meridianoaren arkua neurtzea, 9.5º inguru. 1791eko martxoaren 30an, Luis XVI.k Pierre Méchain astronomo eta geologoari eta Jean-Baptiste Joseph Delambre astronomo eta matematikariari gomendatu zien lana. Delambrek ipar partea neurtuko zuen (Dunkerquetik, Rodezera) eta Méchainek, berriz, hego partea (Rodezetik, Bartzelonara). Triangulazio geodesikoa erabil zen neurketarako, hau da, meridianoaren inguruko mendi eta puntu altuenenekin eraikitako triangelu katea.

4. irudia: Dunkerque-Bartzelona arteko triangulazio katea. (Iturria: Gallica)

1792ko uztailaren 10ean heldu zen Méchain Bartzelonara. Besteak beste, Montjuiceko Gazteluko Zaindariaren dorrea erabili zuen erpin geodesiko bezala. Oraindik badira han bere neurriak hartzeko Méchainek egindako marka batzuk. Zoritxarrez bisitatu ezin den parte batean dira. 1798ko amaieran itzuli bueltatu ziren Méchain eta Delambre Parisera, Bartzelona eta Dunkerque artean hartutako neurriekin. Sei hilabetez egon ziren kalkuluak egiten. Azkenik, lortutako emaitzetan oinarrituta, 1799ko abenduaren 10ean Napoleonek sistema metriko berria ezarri zuen, lelo honekin: “Herri guztientzat, garai guztientzat.”

5. irudia: Méchainek Montjuiceko Gazteluko Zaindariaren dorrean egindako markak. (Iturria: chauffeurbarcelona.wordpress.com)

1859an Ildefonso Cerdàk, Bartzelonako eixample–a diseinatu zuenean, metroaren neurria omentzeko detaile xume eta ezkutu bat jarri zuen. Avinguda del Paralel ospetsua, paralelo batekin bat dator. Avinguda del Meridiano berriz, meridiano batekin. Eta ez edozein. Bartzelonako portu zaharreko faroarenak dira, gaur egun Barcelonetako Erlojuaren dorrea eta Mèchainek bere triangulazioetan erabilitako triangelu baten erpina izan zena.

Laplacek, Napoleoni eskatuta, Méchain meridianoaren arkua Valencia eta Formenteraraino luzatzera bidali zuten berriz. Metroaren neurria zehazteko alferrikako lana zen, ordurako jakina zelako meridiano guztiak ezberdinak zirela (Lurra ez da esfera perfektua). Hala ere, interesgarria zen Lurraren forma jakiteko. Castellón hil zen Méchain, 1804ko irailaren 20an. Jean Baptiste Biot eta Fraçois Aragok jarraitu zuten lan horretan. Aragoren lanen amaiera benetan zaila izan zen, Espainiako independentziaren gerra hasi zelako, eta Pariserako itzulera latza izan zen, baina lortu zuen helburua. Aragok eta Biotek jasotako neurriak erabiliz, birkalkulatu egin zen metroa. Bi milimetro milaren baizik ez zen izan aurrekoarekiko aldea.

6. irudia: Parisen egonda bazaude, ziur medailoiren batekin topo egin duzula. Toki guztietatik daude, Louvre museoan ere. Argazkian horren adibide bat, Aragoren medailoia, Louvreko zabaldegian.

Parisera itzulita, garaiko pertsonaia ospetsu bihurtu zen Arago. Frantziako estatu burua ere izan zen 1848ko maiatza eta ekaina artean. Pertsonai nabarmen bezala, bere estatua izan zuen Île-de-Sein plazan, Parisko behatoki ondoan. Estatua brontzezkoa zenez, beste hainbeste bezala, naziek urtu zuten armak egiteko Bigarren Mundu Gerran Pariseko okupazioan zehar. 90eko hamarkada hasieran, Aragoren estatua gainean zeukan oinarriak hutsik jarraitzen zuen. Lehiaketa bat antolatu zen Aragoren “ohorea” erreparatzeko. Hutsik jarraitzen du oinarriak, baina ordutik, brontzezko 12 cm-ko 135 medailoik gogorarazten dute Arago. Jan Dibbets artista holandarra da egilea eta Pariseko meridianoan zehar jarrita daude, Behatokia eta Aragoren estatuaren oinarria, barne. 9,2 kilometrokoa da monumentu original hau, 1994ko azaroan inauguratu zena.

Nahiko ahaztuta daude Aragoren medailoien gaia. Parisen azken aldiz egon nintzenean, turismo bulego batean galdetu eta ez zegoen ia bat ere informaziorik. Eta penagarria da, Aragoren medailoiak omenaldi ederra direlako, Aragorentzat ez ezik, metroaren neurketaren zeregin latz hartan murgilduta ibili ziren zientzialari handi guztientzat ere.

Parisera zoazenean medailoi bila hastea nahi baduzu, hau da zure orria Paris Meridian/Arago Medallions. Mapa ere baduzu: Googlemaps-en tokia eta medailoien egoerarekin. Baina tentuz hartu, agian ez dituzu bertan dauden guztiak aurkitzen, desagertu egin baitira medailoi batzuk.

———————————————————————————-

Egileaz: Manu Arregi Biziola fisikaria da, Bergarako Aranzadi Ikastolako irakaslea eta astronomia-zalea.

———————————————————————————-

The post Zero meridianoa, Aragoren medailoiak, Paris, Bartzelona appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Garun oxigenazioa lasterketatan

Mon, 2017/07/10 - 09:00
Lasterkari kenyarrekin egindako ikerketa baten arabera, ez da posible garun oxigenazioa egonkor mantentzea erabateko ahalegina egin bitartean, aurreko emaitzen aurka.

Irudia: UPV/EHUko ikertzaileek lasterkari kenyarrekin egindako ikerketa batek adierazi du ez dela posible garunaren oxigenazioa egonkor mantentzea erabateko ahalegina egin bitartean.

Aurretik argitaratutako azterlan baten jarraipena da ikerketa eta jatorrian argitaratutako ikerketen emaitza batzuk gezurtatuko lituzke, baita erresistentzia probetan erritmoaren kontrolaren garrantzi kritikoa azpimarratu.

Erabateko ahalegina egin bitartean (5 kilometroko erlojupeko probetan) lasterkari kenyarrak garunaren oxigenazioa tarte egonkor batean mantentzeko gai direla eta litekeena dela honek distantzia luzeko lasterketetan arrakasta izaten laguntzea eman zuen aditzera hasierako azterlanak.

Azterlan berriaren arabera, ordea, indarrak ahitu arte eta muga fisiologikoetatik gertu korrika egitean eliteko korrikalari kenyarrek ezin diote beren garunaren oxigenazioari eutsi.

Hasierako azterlanean egindako bost kilometroko erlojupeko proban lasterkariek beren erritmoa hautatu dezakete. Korrikaldiaren intentsitatea inposatuta lasterkarien garunaren oxigenazioak zein erantzun ematen duen erabateko ahalegina egin bitartean aztertzea erabaki da, lehen ikerketaren emaitzak kontrastatzeko.

Propio diseinatutako testa baliatu dute: 1.000 metroko errepikapenak (5 kilometroko erlojupeko proben bataz bestekoa baino %5 azkarrago egin behar izan dute korrika) eta errepikapenen artean errekuperatzeko 30 segundo izan dituzte lasterkariak. Ahalik eta errepikapen gehien egitea izan da helburua eta limiteraino iristea sustatzeko, korrikalariei pizgarri ekonomikoak eskaini zaizkie osatutako errepikapen gehigarri bakoitzeko.

Lasterkari onenak 8 aldiz errepikatu du 1.000 metroko proba, kilometro bakoitza 2 minutu eta 48 segundotan eginda.

Indarrak erabat ahitzea bermatzen du ariketaren diseinuak eta testaren amaieran lasterkari guztiek jaitsi zutela garunaren oxigenazio maila erakutsi dute emaitzek.

Garun oxigenazioa behera

Garun oxigenazioaren jaitsiera hipokapniarekin lotzen dute ikertzaileek. Ariketa fisikoaren ondorioz egiten den hiperbentilazioa dela eta gertatzen da hipokapnia, odoleko CO2 presio partzialaren murrizketa da. Intentsitate handiko ariketa egitean gertatzen da hiperbentilazioa eta arnasketa erantzun honen ondorioz gertatzen den hipokapniak basokonstrikzioa (eta, beraz, odol fluxuaren murrizketa) eragin dezake, garunaren oxigenazioan eragina duena.

Edonola ere, azterlaneko kenyarren garun-oxigenazioaren jaitsiera gertatzen den ariketaren intentsitatea beste edozein diziplinatako eliteko atletenaren gainetik dago. Azterlaneko lasterkari onenak (1.000 metroko serieak egiteaz gain, erritmo handiagoan egitea lortu zutenak), gainera, kolapsatu aurretik garunaren oxigenazioaren jaitsiera handiagoak jasateko gai izan ziren. Gizakion errendimenduaren mugatzaile gisa garun oxigenazioak duen garrantziaren adierazle.

Erreferentzia bibliografikoa:
Santos-Concejero, J., Billaut, F., Grobler, L., Oliván, J., Noakes, T.D., Tucker, R.. ‘Brain oxygenation declines in elite Kenyan runners during a maximal interval training session‘. European Journal of Applied Physiology 2017 Mar 20. DOI: 10.1007/s00421-017-3590-4.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Erritmoaren garrantzi kritikoa lasterketa luzeetan

The post Garun oxigenazioa lasterketatan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #162

Sun, 2017/07/09 - 09:15
Uxue Razkin

Fisika

Unibertsoaren hedapena ulertzeko nazioarteko ikerketa bat gidatuko du UPV/EHUko Ruth Lazkoz kosmologoak. CANTATA du izena proiektuak eta berak azaltzen duen moduan, ikertu behar dute “ba ote den modurik jakiteko, eskura ditugun datu astrofisikoekin, ea Einsteinen teorietatik harago joan beharra daukagun, azaltzeko, adibidez, zergatik gertatzen den unibertsoaren hedapen azeleratua”. Izan ere, azken urteotan egindako behaketek agerian utzi dute unibertsoak ez duela jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala. CANTATA proiektuaren balorazioa “oso ona” dela adierazi dute.

Ingurumena

Aragoi aldeko mendilerro garaienetan ere tenperatura nabarmen epeldu da azken lau hamarkadotan, ikerketa batean egiaztatu berri dutenez. Erdialdeko Pirinioetako serie klimatikoak aztertu ditu Rovira i Virgili Unibertsitateko ikerketa talde batek, 1910etik 2013rako tartea hartzen dute serie horiek. Hiru aldagai hartu dituzte kontuan: tenperatura minimoak, maximoak eta prezipitazioak. 1970etik 2013ra, tenperatura maximoak 0,57 gradu epeldu dira hamarkada bakoitzeko. “Aurreko urteekin alderatzen badugu, igoera bikoiztu baino gehiago egin da”, dio Nuria Perez-Zanon artikuluaren egile nagusiak.

Emakumeak zientzian

Amaia Lujanbio ikertzailea elkarrizketatu du Ana Galarragak. New Yorken dago bera eta minbizia ikertzeko laborategi bateko burua da Lujanbio Laboratory, Mount Sinaiko Icahn Medikuntza Fakultatean. Txikitatik gustatu izan zaio zientzia. Hala, Biologia ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. 2004. urtean praktikak egiteko beka bat eskuratu zuen Ikerketa Onkologikoetarako Zentroan eta orduan hasi zen minbizia ikertzen, zehazki, aldaketa epigenetikoak. Lujanbioren esanetan, “oso interesgarria” da gaia eta era berean, jende askori eragiten dio. Laborategian saguekin egiten dute lan. CRISPR teknologiaren bidez, mutazio genetikoak eragiten dizkiete, eta, gero, tratamendu desberdinak probatzen dituzte. “Izan ere, gibeleko minbizia oso gaixotasun gaiztoa da, eta ez dago tratamendu onik oso gaixo daudenentzat”.

Eboluzioa

Ugaztunen eta tetrapodo guztien arbaso komunaren titina-zatiak berreraikita, CIC nanoGUNEko ikertzaile batzuek ikusi dute korrelazioa dagoela titinaren (proteina) ezaugarrien eta animalien tamainaren artean. Ateratako ondorioak fosilekin eta datu bibliografikoekin alderatu dituzte, eta baieztatu dute emaitzak zuzenak direla. NanoGUNEko Nanobiomekanika taldeko Ikerbasque ikertzaile Raúl Pérez-Jiménezek zuzendutako ikerketaren berri ematen du testuan: “Interesgarriena da proteinaren eboluzio mekanokimikoa ikusi dugula, hau da, eboluzioan zehar titina nola aldatu den”.

Biologia

Inurri hosto-ebakitzaileen izaera eta portaera “berezia” gertutik ezagutzeko parada izan dugu testu interesgarri honen bitartez. Nekazaritzatik onura nabarmenak atera dituzte eta arrakasta handiko inurri-espezieak dira Hego eta Erdialdeko Amerikako baso eta oihanetan. Guztira, 41 espezie dira hosto-ebakitzaileak, bigenerotakoak, Atta eta Acromymex hain zuzen ere. Dena dela, arrakasta horrek badu alde txarrik gizakiontzat, espezie batzuek giza nekazaritzarako eta azpiegituretarako kaltegarriak diren izurriteak sortzen dituzte eta. Inurri hauek landare batzuen hostoak bildu eta ebaki egiten dituzte. Gero, hosto zatiak lurpeko habiako ganbaretara eraman eta hosto zati horietan onddoak hazten dituzte. Eta hori gutxi balitz, hondarrak garbitu eta habiatik urrun dagoen zabor-piletara eramaten dituzte.

Mikrobiologia

Bilboko itsasadarrean maiatzean egin zen triatloian, partaide batzuk leptospirosia izeneko gaixotasunak jota gelditu omen ziren. Albiste horrek kezka handia sortu du eta horregatik, Miren Basarasek idatzi du gaixotasun horri buruzko artikulu argigarria. Animalietatik etorritako gaixotasuna da eta Leptospira interrogans bakterioak transmititzen du. Leptospirosia mundu osoan zehar aurkitu daiteke, Euskal Autonomi Erkidegoan ere, noizbehinka kasuak detektatzen dira. Leptospirak zenbait modutara iristen dira gizaki barnera. Modurik arruntena da ur kutsatuarekin kontaktua izatea eta igeri sartzea bakterioak gizakira, larruazaleko zauritxoetatik edo urraduretatik. Zorionez, tratamendu eraginkorra du.

Paleobiologia

Azken 100 urteetan aurkitutako fosilen berrazterketa batetik abiatuz, duela 2,5 milioi urte inguru, itsas megafaunaren heren bat desagertu zela jakin da orain. Juanma Gallegok eman dizkigu publikatu berri duten ikerketaren xehetasunak. Adibidez, suntsipen horretan, besteak beste, inoiz existitu den marrazorik handiena desagertu zen: Carcharodon megalodon izenekoa. Itsas megafauna osotasunean hartzea erabaki zuten. Itsas ugaztunak izan ziren galera gehien nozitu zutenak. Egin dituzten kalkuluen arabera, mota horretako animalien %55 desagertu ziren. Itsas dortoken %43 desagertu ziren, eta itsas hegaztien %35. Suntsipena azaltzeko, ikertzaileek itsas mailaren hipotesiari heldu diote: “Kostaldetik gertu dauden sakonera txikiko uretan bizi ziren animaliek nozitu zuten bereziki iraungipena”.

Astrofisika

1997ko uztailaren 4an gizakiak, lehenengoz, robot bat jarri zuen Marteko lurrazalean. Harrezkero, Marteko argazki asko jaso ditugu. Aste honetan 20 urte beteko ditu gizakiak Marten. Hurrengo erronka izango da 2030ean astronautak eramatea planeta gorrira.

Medikuntza

Aspalditik erabiltzen dira biometalak (altzairu herdoilgaitza eta titanio aleazioak) medikuntzan: protesietan, soldatzeko lotura elementuetan eta arazo kardiobaskularretan erabiltzen diren stentetan. Eragozpenak badaude, baina. Adibidez, bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da materiala kentzeko behin zeregin medikua beteta. Biometal hauen ordez material degradagarria erabilita bigarren ebakuntza horiek saihestu daitezke. Ideia honi jarraiki, hainbat ikerketa egiten ari dira beste material batzuekin, magnesioaren familiarekin eta haren aleazioekin, besteak beste.

Kimika

Hondakin plastikoen kantitatea gero eta handiagoa da eta hori arazo bihurtzen ari da. 2014. urtean munduan 311 milioi tona plastiko inguru kontsumitu ziren. Datozen urteetarako herrialde garatuetako plastiko kontsumoak zein produkzioak %3 gora egitea espero da, eta herrialde azpigaratuetakoak %10 inguru. Hondakin plastikoen artean ugarienak, %60 inguruko masa proportzioan, poliolefinak dira. Eta Poliolefinen pirolisia, dentsitate altuko polietilenoarena konkretuki, aurkezten da berauen birziklatzerako aukera interesgarri moduan. Irakur ezazue artikulua jakiteko zertan datzan prozesu hori!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #162 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #178

Sat, 2017/07/08 - 09:00

MikroRNAren edizio arazoak zenbait tumore motarekin daude lotuta. Ikerketa berri batek etorkizun handiko emaitzak lortu ditu garun tumoreekiko. Isabel Pérez Castrok azaltzen du Brain tumours and the lack of molecular editing.

Raman espektroskopia bezalako kimika analitikoko teknikak hobetzen ditu plasmonikak, baina datuak indargabetu ditzake. Hau ekiditeko metodoa aurkezten du DIPCk. Recovering native chemical information from surface-enhanced Raman scattering

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #178 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Amaia Lujanbio: “Noizean behin, eureka-momentuak izaten ditugu”

Fri, 2017/07/07 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Amaia Lujanbio Goizueta goizuetarra da, baina bere herritik kilometro askotara erantzun die gure galderei: New Yorketik, hain zuzen. Izan ere, minbizia ikertzeko laborategi bateko buru da han, Lujambio Laboratory, Mount Sinaiko Icahn Medikuntza Fakultatean.

Zuzen-zuzenean iritsi da hara. Dioenez, txiki-txikitatik gustatu izan zaizkio ikerketa eta zientzia; eskolan, matematikak eta natura omen ziren bere gai gogokoenak. Aurrerago, berriz, genetika ikasi zuenean, “maiteminduta” geratu zen: “Izan ere, DNAk logika matematikoa dauka. Gainera, DNAk bizitzaren sekretua gordetzen du, eta izugarrizko ahalmena du gure biologia ulertzeko, baita gaixotasunak sendatzeko ere”.

Hala, Biologia ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Oso garbi zuen tesia egin nahi zuela, eta praktikak egin zituen zenbait laborategitan. 2004an beka bat lortu zuen praktikak egiteko Ikerketa Onkologikoetarako Zentroan (CNIO), eta orduan hasi zen minbizia ikertzen, zehazki, aldaketa epigenetikoak.

Amaia Lujanbio ikertzailea laborategian.

Haren esanean, “oso gai interesgarria da, eta, gainera, jende askori eragiten dio. Horregatik, tesia minbiziaren arloan egitea erabaki nuen. Eta hamabi urte geroago, arlo berean jarraitzen dut”. Izan ere, asko betetzen du bere lanak: “Beti gauza berriak ikasten ari gara, eta, noizean behin, emaitza ustekabekoak lortzen ditugu; eureka momentuak!”.

Gainera, orain arteko bidean oso ondo joan zaiola aitortu du: “Lehendabizi nire tesian, gero doktoretza ondorengoan, eta orain nire laborategian, baliabide nahiko izan ditut eta horrek gauzak errazten ditu”.

Hala ere, dena ez da erraza, noski: “Esperimentuak ateratzen ez direnean… Eta etengabeko ziurgabetasuna dugu, gure lana aurreratzeko kanpoko finantziazioa behar baitugu”. Baina ez luke ezer ere aldatuko: “Erabaki batzuk ez dira izan zuzenenak, baina egoera horietan ere asko ikasten da”

Tratamendu egokienaren bila

Lujanbioren laborategian, saguekin egiten dute lan. CRISPR teknologiaren bidez, mutazio genetikoak eragiten dizkiete, eta, gero, tratamendu desberdinak probatzen dituzte. “Izan ere, gibeleko minbizia oso gaixotasun gaiztoa da, eta ez dago tratamendu onik oso gaixo daudenentzat”. Hori lortzea dute helburu, beraz.

Ikerketa-burua denez, erantzukizun handia du, “baita azken hitza ere”, zehaztu du. Bestela, etxetik kanpo lana egitea antzekoa da profesionalki, baina onartu du kulturalki badaudela desberdintasunak: “Ameriketan ez dira gu bezain langileak, baina bai baikorragoak, eta beren buruengan konfiantza handiagoa dute”.

Etorkizunera begira, tratamenduak pertsonetan probatzeko helburua du, eta ziur da hurrengo hamar urteetan aurrerapen handiak egingo direla arlo horretan. Maila pertsonalean, berriz, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka lortu nahiko luke. Dioenez, “ez da beti erraza lan honekin!” Nire ametsa? Zoriontsu izatea”.

Fitxa biografikoa:

Amaia Lujanbio Goizueta 1982an jaio zen, Goizuetan. Nafarroako Unibertsitatean lizentziatu zen Biologian, eta tesia, berriz, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zuen. Ordutik aurrera, bere ikertzaile-ibilbideak ez du etenik izan. Zenbait artikulu argitaratu ditu zientzia-aldizkari nabarmenenetan, eta, orain, bere izeneko laborategia zuzentzen du, Mount Sinaiko Icahn Medikuntza Fakultatean (New York).

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Amaia Lujanbio: “Noizean behin, eureka-momentuak izaten ditugu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Inurri laborariak

Thu, 2017/07/06 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Nekazaritza da giza zibilizazioaren lorpen garrantzitsuenetako bat. Neolitoan gertatu zen nekazaritza-iraultzari esker izugarri hazi zen giza populazioa eta, neurri handi batean, iraultza horri zor dio gizakiak lortu duen hedapena. Bada, gizakia baino lehenago, inurrien espezie batzuek erdietsi zuten lorpen hori bera. Zehatzak izateko, duela 50 milioi urte hasi ziren laborantzan jarduten inurri horiek, inurri hosto-ebakitzaile izenez ezagutzen diren inurriak.

1. irudia: Inurri hosto-ebakitzaileak.

Nekazaritza gizakiarentzat oso garrantzitsua izan bada, inurri hosto-ebakitzaileek onura nabarmenak atera dituzte jardun horretatik: arrakasta handiko inurri-espezieak dira Hego eta Erdialdeko Amerikako baso eta oihanetan. Guztira, 41 espezie dira hosto-ebakitzaileak, bi generotakoak, Atta eta Acromymex hain zuzen ere. Arrakasta horrek, baina, badu alde txarrik gizakiontzat, espezie batzuek giza nekazaritzarako eta azpiegituretarako kaltegarriak diren izurriteak sortzen dituzte eta.

Inurri hosto-ebakitzaileek landare batzuen hostoak bildu eta ebaki egiten dituzte; hortik datorkie izena, noski. Gero, hosto zatiak lurpeko habiako ganbaretara eraman eta hosto zati horietan onddoak hazten dituzte. Gongilidia izena duten egitura bereziak dira inurriek jaten dituzten onddoen zatiak; gongilidiak elikagaietan oso aberatsak dira, eta larbek ere jaten dituzte. Inurri desberdinek onddo espezie desberdinak erabiltzen dituzte, baina onddo guztiak Lepiotaceae familiakoak dira.

Aurkeztu dugun mutualismo harreman horretan hirugarren osagai batek hartzen du parte, bakterio batek, izan ere. Inurriek Pseudonocardia izeneko bakterioak dituzte tegumentuan, eta badirudi inurri-espezie batzuek bakterioak elikatzeko berezko osagaiak jariatzen dituztela. Aldiz, bakterio horiek onddo-infekzioen aurkako produktuak sortzen dituzte, eta horiei esker babesten dituzte onddo-haztegiak inurriek. Bereziki, Escovpsis izeneko onddo bizkarroiaren aurkakoak dira Pseudonocardia bakterioek sortzen dituzten metabolitoak [1].

Gainera, egurats-nitrogenoa finkatzen duten bakterioek ere hartzen dute parte harreman konplexu honetan [2]. Horietako asko Klebsiella generoko bakterioak dira eta baratzean egiten dute finkatze-lana. Dirudienez, nitrogeno-eduki oso baxua dute hostoek, eta, bakterio horien jardueragatik ez balitz, nitrogenoak mugatuta egongo lirateke inurriak. Izan ere, nitrogeno horri zor diote inurriek izan duten arrakasta ekologikoa, nitrogenoan pobre samarrak baitira eurak bizi diren baso eta oihanak.

2. irudia: Klebsiella-pneumoniae bakteria.

Inurriak nekazariak direla esatea gehiegikeriatzat har liteke, baina ez da inondik inora gehiegikeria. Esan bezala, hostoak ebaki, zatiak habiara eraman eta onddoak zaintzen dituzte inurriek. Eta hori gutxi balitz, hondarrak garbitu eta habiatik urrun dagoen zabor-piletara eramaten dituzte. Zenbait espezietan, inurri laborari zaharrenek egiten dute lan hori, gazteak baratzean geratzen diren artean. Horrela, onddo- edo bakterio-infekzioez kutsatzeko arrisku gutxiago dute inurri gazteek.

Berezi samarra da hemen deskribatu dugun portaera, baina hau ez da animalien artean ezagutzen den nekazaritza-kasu bakarra. Anbrosia-kakalardoek eta termitek ere onddoak hazten dituzte. Eta kontuan hartu behar dugu digeritzeko zaila den baliabide bat ustiatzeko sinbiosia dela hau, inurrien gorputzetatik kanpoko sinbiosia. Arraroa begitantzen zaigu kanpo-sinbiosia delako, baina helburu bereko beste sinbiosi asko daude, animaliaren digestio-hodiaren barruan gertatzen direnak, hori bai.

Oharrak:

[1] Esan beharra dago Pseudonocardia Actinobacteria taldeko kidea dela, eta talde berekoak direla antibiotiko gehienak sortzen dituzten bakterioak; beraz, antibiotikoak erabiltzeari dagokionez ere, 50 milioi urte aurreratu zitzaizkigun inurriak.

[2] 2010eko urtarrileko alean Elhuyar aldizkariak ematen du kontu honen berri: Bakterioak inurrien nitrogeno-iturri.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Inurri laborariak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Klima-aldaketak Pirinioetako gainak ere jo ditu

Wed, 2017/07/05 - 09:00
Amaia Portugal Iberiar penintsula osoan bezala, Aragoi aldeko mendilerro garaienetan ere tenperatura nabarmen epeldu da azken lau hamarkadotan, ikerketa batean egiaztatu berri dutenez. 1970etik, tenperatura maximoak gradu erdi bat baino gehiago epeldu dira hamarkada bakoitzean. Erdialdeko Pirinioetan inoiz egin den erregistro klimatiko zabalena osatu dute lan honetan.

“Izugarrizko aldaketak ikusi ditugu azken laupabost urteotan. Adibidez, agian glaziar bat puntu batean zegoen iaz, eta urtebete geroago, hogei metro atzerago dagoela ikusten dugu. Bereziki interesgarriak dira Pirinioetako glaziarrak, oso tamaina txikia dutelako, baina aldi berean oso kalteberak dira klima-aldaketarekiko. Europako hegoaldeko glaziar hauek geoadierazle apartak dira”. Ibai Rico glaziologoaren hitzak dira, orain dela hiru urte Berria egunkarian argitaratutako erreportaje batean. Martxa honetan, datozen hogeita bost urteotan Pirinioetako glaziar asko desagertu egingo direla ere aurreikusi zuen.

Izan ere, klima-aldaketak berdin kolpatu ditu beheak eta gainak, ura eta lehorra. Hori frogatzen duen beste ikerketa bat plazaratu da berriki. Kasu honetan, Erdialdeko Pirinioetako serie klimatikoak aztertu ditu Rovira i Virgili Unibertsitateko (Tarragona, Herrialde Katalanak) ikerketa talde batek. Tamalez, gailurrotako joerak ere bat egiten du, oro har Iberiar penintsulan azken hamarkadatan erregistratu den panorama beltzarekin. International Journal of Climatology aldizkarian eman dute lanaren berri.

1. irudia: Posets mendia, Huescan, Erdialdeko Pirinioetan. (Argazkia: Miguel303xm / CC BY 3.0)

Erdialdeko Pirinioetako hegoaldeko behatokietako ehunka serie klimatiko bildu dituzte ikerketa honetarako, 1910etik 2013rako tartea hartzen dutenak. Hain zuzen, zonalde horretarako inoiz egin den erregistro zabalena da honakoa. Hiru aldagai hartu dituzte kontuan: tenperatura minimoak, maximoak eta prezipitazioak.

Datu horiekin guztiekin ondorioztatu dutenez, azken ehun urtetan Pirinioak 0,11 gradu epeldu dira hamarkada bakoitzeko. Hori batez bestekoa baino ez da, ordea. Izan ere, azken urteotako zifrak askoz ikaragarriagoak dira: 1970etik 2013ra, tenperatura maximoak 0,57 gradu epeldu dira hamarkada bakoitzeko. “Azken hogeita hamar urtetan tenperatura bat-batean berotu da. Aurreko urteekin alderatzen badugu, igoera bikoiztu baino gehiago egin da”, dio Nuria Perez-Zanon artikuluaren egile nagusiak.

1970etik hona, batez ere udaberriko eta udako hilabeteetan antzeman da tenperaturaren igoera. Horren erakusle, udaberrian epeldu dira gehien goizeko maximoak eta gaueko minimoak. Dena dela, oro har, batez ere tenperatura maximoen igoeran islatu da klima-aldaketa. Izan ere, aurrez esan bezala, azken berrogei urteotan gradu erdi baino gehiago igo dira maximoak hamarkada bakoitzean, baina minimoak 0,23 baino ez, nahiz eta datu hori ere kezkatzeko adinakoa izan. Prezipitazioei dagokienez, murriztu direla antzeman dute ikerketa honetan, negukoak batez ere, baina aldaketa ez da tenperaturena bezain adierazgarria.

2. irudia: Agintariak Parisen 2015ean, klima-aldaketari buruzko akordioa adostu zutenean)
(Sinadura: Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)

Horiek horrela, Perez-Zanonek adierazi bezala, “serie hauek erakusten duten bilakaera bat dator Iberiar penintsulan ikusten ari garen joera klimatikoarekin”.

Artikuluaren egile nagusiak kezka agertu du Pirinioetako basoen etorkizunari buruz. Izan ere, klima-aldaketaz 2015ean Parisen adostutako akordioan ageri denez, basoak garrantzitsuak dira, atmosferako karbono dioxidoa uxatu dezaketelako, eta hain zuzen, Pirinioetan baso mordoa dago. “Baina tenperaturaren epeltzeak zonalde garaiagoetara mugitzen du landaredia, eta haren azalera murriztu dezake. Edo litekeena da zuhaitzak agertzen hasten diren lerroa aldatzea, eta zenbait landare mota zonalde oso garaietan bakarrik azaltzea. Horrek guztiak kliman eragingo luke”, dio Perez-Zanonek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pérez-Zanón, Núria; Sigro, Javier; Ashcroft, Linden. Temperature and precipitation regional climate series over the central Pyrenees during 1910-2013. International Journal of Climatology 37 (4): 1922-1937. 30 March 2017. DOI:10.1002/joc.4823

Informazio gehiago;

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Klima-aldaketak Pirinioetako gainak ere jo ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Leptospirosia: arraroa baina benetakoa

Tue, 2017/07/04 - 09:00
Miren Basaras Bilboko itsasadarra kutsatua al dago? Azkeneko triatloia maiatzaren 20an egin ondoren, partaide batzuk leptospirosia izeneko gaixotasunak jota gelditu omen dira. Horrek kezka handia sortu du benetan Nerbioi itsasadarrean bainatzea arriskutsua ote den. Baina gertaera hau ez da apartekoa. 1998an antzeko kasua gertatu zen Springfield lakuan, Estatu Batuetako Illinois estatuan. Bertan, triatloian parte hartu zuten partaideen erdiaren odol-laginak aztertu ziren eta horietatik %11ak leptospirosia izan zuen. Badirudi triatloia aurretik eurite bortitzak izan zirela lurralde horretan eta litekeena da lakuaren leptospiren maila igo izana.

1. irudia: Leptospira interrogans bakterioa.

Zer da leptospirosia?

Mundu mailako gaixotasun zoonotikoa da, hots, animalietatik etorritako gaixotasuna. Leptospira interrogans bakterioak transmititzen du. Bakterio honen barnean hainbat serotalde daude eta Leptospira interrogans serovar Icterohaemorrhagie da arruntenetarikoa. Bakterio honek kortxo-kentzekoaren itxura du eta oso fina eta mugikorra da.

Leptospirosia mundu osoan zehar aurkitu daiteke, baina arruntagoa da tropiko aldeetan eta tropiko azpiko aldeetan. Balioespenek diote urtero 500.000 kasu berri sortzen direla mundu osoan zehar. Agerraldiak lotuak daude ur asko metatzen den lekuetara, batez ere uholdeek eta urakanek eraginda. Brasil eta Nikaraguan izan dira azken agerraldi garrantzitsuenak, baina munduko lurralde gehienetan detektatu dira kasuak.

2. irudia: Leptospirosiaren mundu mailako erikortasuna. Koloreen esanahia: zuria (0-3), horia (7-10), laranja (20-25) eta gorria (100 baino gehiago), kasuak 100.000 biztanleko (Costa F. et al artikulutik hartua).

2. irudian ikus daitekeenez, mundu osoan zehar banatutako gaixotasuna da, intzidentzia edo kasu kopurua ezberdina bada ere. 3. irudian Europako kasuistika ikus daiteke. Bertan agertzen denez, ia lurralde guztiak aitortu zuten leptospirosia 2014. urtean.

3. irudia: Europa mailan 2014an zenbait lurraldetan agertu izan ziren kasuak (ECDCtik hartua).

Gure Euskal Autonomi Erkidegoan ere, noizbehinka kasuak detektatzen dira. Mikrobiologiako Informazio Sistemak 1996tik hona aitortzen du leptospiren detekzioa. 4. irudian ikus daitekeenez, kasuen kopurua ez da oso handia azkeneko urteetan, baina gutxi gorabehera urtero behatzen dira leptospirosi kasuak.

4. irudia: Leptospirosien kasuak Euskal Autonomi Erkidegoan (Datuak Mikrobiologiako Informazio Sistematik SIMCAPV hartuak).

Nola gerta daiteke transmisioa?

Bakterio honen andui ezberdinak aurki daitezke animalia mota ezberdinetan: basatiak zein etxe-abereak (karraskariak, txerriak, txakurrak, zaldiak, behiak, ardiak,…). Horien guztien artean arruntenak, karraskariak dira, arratoiak bereziki. Leptospirak animalia hauen giltzurrunetan eta ernaltze-organoetan kokatzen dira eta gernua egiterakoan kanpora ateratzen dira, ondoan dagoen lurzorua edo ura kutsatu egiten direlarik. Eramaileak diren animalia hauek leptospirak aldizka kanporatzen egon daitezke urteetan edo bizitza guztian zehar. Gizakia, beraz, ustekabeko edo behin-behineko ostalaria da.

Leptospirak zenbait modutara iristen dira gizaki barnera. Modurik arruntena da ur kutsatuarekin kontaktua izatea eta igeri sartzea bakterioak gizakira, larruazaleko zauritxoetatik edo urraduretatik edo begiko, sudurreko edo ahoko mukosetatik zuzenean.

Oso arraroak dira gizakira sartzeko beste modu batzuk hala nola, ur kutsatua edatea, elikagai kutsatuak jatea edo gizakiz gizakiko transmisioa.

Infekzio arriskua bakterioaren peko egonaldiaren araberakoa da. Horrela, badaude gizaki batzuk lanbideagatik arrisku handiagoa pairatzen dutenak, hala nola, albaitariak, putzu-zainak, zabor-biltzaileak, arroz-biltzaileak, azukre-kanaberaren plantazioko langileak, …

Leptospirosia baserri-giroko gaixotasuntzat hartu da, baina hiriko jendea ere arriskuan egon liteke, jolasetara loturiko arriskua ere badagoelako, igerian, raftingean, …

Gaixotasuna larria al da?

Leptospirosiak zenbait espektrotako agerpen klinikoak izan ahal ditu. Bakterioaren inkubazio epea 5-14 egunekoa da (2-30 eguneko tartea). Horren ondoren, fase biko gaixotasuna agertzen da. Hasieran, gripe antzeko sintomak detektatzen dira: hotzikarak, sukarra (39-40ºC), buruko mina eta mialgia (bernako muskuluan batez ere). Epe honek 4-9 egun irauten du. Ondoren, sukarra jaisten doa eta mialgiak eta digestio-bideko sintomak (botagurak, beherakoak) gutxitzen doaz. Fase honetan, pazienteen %80-90an erreakzio meningeoa agertzen da, baina sintomaduna da kasuen erdian eta egun gutxi iragan ondoren desagertu egiten da.

Gaixoen %5-15ek gaixotasun larriago bat garatzen dute, Weil sindromea, eta kasu horretan ikterizia, giltzurruneko gutxiegitasuna, hepatomegalia, miokarditisa, sukar altua,… izan daitezke. Nekez hiltzen dira gaixoak, baina tratatu gabeko pazienteen %5-10 hil daiteke.

Trata al daiteke?

Zorionez, leptospirosi gaixotasunak tratamendu eraginkorra du baina ahalik eta arinen tratatzen hastea gomendatzen da, gaixotasunaren egoera larri batera ez iristeko. Gaur egun zeftriaxona edo G penizilina antibiotikoak erabiltzen dira, bena-barnetik 7 egunean, batez ere klinika larria bada. Bestalde, klinika arina bada, badaude beste farmako batzuk, aho bidez eman daitezkeenak: doxiziklina edo amoxizilina.

Nola prebeni daiteke?

Infekzio arriskua gutxitzen da animalien gernuarekiko kontaktua eta infektaturiko animaliak edo kutsatutako ingurumena ekidinez. Hori lortzeko hainbat neurri har daitezke:

  • Jantzi eta oinetako babeskorrak erabili ur edo lurzoru kutsatua omen dagoenean (botak, eskularruak, mozorroak,…)
  • Larruazaleko lesioak estali aldez aurretik
  • Ez ibili edo igeri egin ur kutsatua omen dagoen inguruan
  • Ur edo lurzoru kutsatuarekiko kontaktuan egon ondoren ondo garbitu
  • Gernu-zipriztinak edo aerosolak ekidin eta animalia gaixoak edo hilak ez ukitu zuzenean
  • Neurri higienikoak hartu animalien zainketan
  • Ustezko gune kutsatuak desinfektatu (ukuiluko, hiltegiko eta harategiko zorua)
  • Ur edangarria erabili
  • Etxe-animaliak txertatu
  • Karraskarien kontrola

Leptospirosia, beraz, ez da gaixotasun arrunta kasu kopurua ugariak ez direlako, batez ere gure inguruan. Leptospirosien kasuak gutxitzeko, prebentzio neurriak hartu beharko lirateke jakintza-arlo anitzeko begiradapean eta kontutan hartuz ingurumenaren aldea eta gizakien eta animalien populazioen aldea.

Bibliografia:

Costa F, Hagan JE, Calcagno J , et al. Global Morbidity and Mortality of Leptospirosis: A Systematic Review. PLOS Neglected Tropical Diseases, 2015, DOI:10.1371/journal.pntd.0003898

Gehiago jakiteko:

  • Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroa, ECDC
  • Informazio Mikrobiologiko Sistema, SIMCAPV

———————————————————————————-

Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

———————————————————————————-

The post Leptospirosia: arraroa baina benetakoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Plastikoa berziklatzen: poliolefinen pirolisia

Mon, 2017/07/03 - 15:00
Miriam Arabiourrutia, Gorka Elordi, Martin Olazar Hondakin plastikoen kantitatea gero eta handiagoa da eta honek arazo larria suposatzen du. 2014. urtean munduan 311 milioi tona plastiko inguru kontsumitu ziren. Datozen urteetarako herrialde garatuetako plastiko kontsumoak zein produkzioak %3 gora egitea espero da, eta herrialde azpigaratuetakoak %10 inguru. Hau dela eta plastikoen birziklapenean jarri da arreta, kontutan harturik gainera hondakin plastikoen berrerabilpen eta birziklatzea, energia beharren murrizte edo energia alternatiboen lorpenaren barruan sailka daitekeela.

1. irudia: Eguneroko plastikozko objektuak.

Hondakin plastikoen artean ugarienak, %60 inguruko masa proportzioan, poliolefinak dira (dentsitate altuko polietilenoa, %15a, dentsitate baxuko polietilenoak -adarkatua eta lineala- %20a eta polipropilenoa %26a). Hau dela eta lan honetan poliolefinen pirolisia, dentsitate altuko polietilenoarena konkretuki, aurkezten da berauen birziklatzerako aukera interesgarri moduan. Baita plastikoak edo plastikoen pirolisiko produktuak findegietako FCC (fluid catalytic cracking) unitatean erabiltzeko dauden aukerak aipatzen dira.

Pirolisia atmosfera inertean burutzen den degradazio termikoko prozesua da. Prozesuan erabilitako baldintzen arabera lorturiko produktuen banaketa ezberdina da.

Pirolisia eskala handian eta erregimen jarraituan modu egokian burutzeko opera dezakeen erreaktoreetako bat ohantze iturritu konikoa da. Ohantze iturritu konikoak propietate egokiak ditu material plastikoen pirolisia burutzeko, batez ere partikula plastiko urtuek eragin ditzaketen aglomerazio arazoak ekiditeko.

Pirolisia katalizatzaile mota ezberdinak erabiliz ere burutu daiteke, katalizatzailerik gabe burututako pirolisian lorturiko produktuen banaketa aldatzeko. Poliolefinen pirolisi katalitikoak petrolioaren gas likuatuen (PGL) eta gasolinaren irakite tenperaturaren tarteko produktu hidrokarbonatuak ematen ditu batez ere.

Dentsitate altuko polietilenoaren pirolisia ohantze iturritu konikoan 500-700ºC artean burutzean lorturiko produktuak taldetan bildu dira: C1-C4 gasak, C5-C11 frakzioa (batez ere olefina eta isoparafinaz osatua) edo gasolina frakzioa, C12-C20 frakzioa edo gasolio frakzioa (olefinak, parafinak eta diolefinak dira osagai nagusiak), ezkoak edo +C21 frakzioa. Konposizioari dagokionez ezkoak parafinaz eta olefinaz osaturiko hidrokarburo kate luzeak dira batez ere.

Etekin handienean lortzen den produktua ezkoa da, bere etekina %67 ingurutik 500ºCtan %12 ingurura 700ºC-tan jeisten delarik. Ondoren gasolio frakzioa dator bere etekina %26tik %18ra jeisten delarik 700ºCtan. Hurrengo bi frakzioen etekinak igo egiten dira tenperatura tartean. Gasolina frakzioarena %7tik %34ra handitzen da, gasarena berriz, %2tik %39ra. Emaitza hauetan tenperaturaren eragina argi ikusten da produktu astunenak krakeatu egiten baitira tenperatura altuetan produktu arinenen etekina handituz.

Katalizatzaile azidoak in situ erabiltzeak era faboragarrian aldatzen du produktuen banaketa pirolisi termikoarekin konparatuz gero. Pirolisi termikoko produktu hegazkorren krakeaketa katalitikoa lerroan ere burutu daiteke. Pirolisi katalitikoko esperimentuak 500 ºC-tan, 30 g katalizatzaile (HZSM-5 zeolitaz osatua) erreaktorean erabiliz burutu dira. Horrela, ezkoak guztiz krakeatzen dira 450ºC-tik gora, monomero edota autoetarako erregaien etekin handiak lortuz. Olefina arinak (C2-C4) %60ko etekinean lortzen dira, katalizatzaile hau oso selektiboa baita konposatu hauetarako. Gainerako C4- gas arinak, %14ko etekinean lortzen dira eta C5-C11 frakzioa %25 inguruko etekinean. Lortutako gasolio (C12-C20) eta ezkoen (C21+) etekina mesprezagarria da.

Frakzio hauek findegietan ohiko korronteekin elkartu edo bertako unitateetako elikadurak osa ditzakete. Ezkoen kasuan material berrien prestaketan ere erabili daitezke. Adibidez, ezkoek asfaltoarekin osaturiko nahasteak, Warm Mix Asphalt (WMA), osa ditzakete ohikoa baino tenperatura baxuagoan. Ezkoak baita fase aldaketako material organikoak dira, (PCM), hau da, fusio-bero sor altua dute, potentzial handiko aplikazioa ahalbidetuz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Poliolefinen pirolisia iturri-ohantze konikoan.
  • Laburpena: Hondakin plastikoen kantitatea gero eta handiagoa da eta horrek arazo larria sortzen du. Hondakin plastikoen artean ugarienak, %60 inguruko masa-proportzioan, poliolefinak dira (dentsitate altuko eta baxuko polietilenoa eta poliprilenoa). Pirolisi bidezko birziklatzea aukera interesgarria da plastikoen materiala berreskuratzeko. Pirolisia atmosfera inertean gauzatzen den degradazio termikoko prozesua da. Iturri-ohantze konikoak propietate egokiak ditu material plastikoen pirolisia egiteko, batez ere plastikozko partikula urtuek eragin ditzaketen aglomerazio-arazoak ekiditeko. Pirolisia tenperatura ezberdinetan, katalizatzailerik gabe edo katalizatzaile ezberdinak erabiliz egin daiteke, lortzen diren produktuen banaketa aldatzeko. Poliolefinen pirolisian lortzen diren produktuak hidrokarburoak dira, hala nola, C1-C4 gasak, gasolina frakzioa edota ezkoak. Frakzio horiek findegietan ohiko korronteekin elkar daitezke edo bertako unitateetako elikadurak osa ditzakete.
  • Egileak: Miriam Arabiourrutia, Gorka Elordi, Martin Olazar
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 145-152
  • DOI: 10.1387/ekaia.16286

—————————————————–
Egileaz: Miriam Arabiourrutia, Gorka Elordi eta Martin Olazar UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Plastikoa berziklatzen: poliolefinen pirolisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Metalezko protesien ordezkoaren bila

Mon, 2017/07/03 - 09:00
Protesietan, hezurrak soldatzeko lotura-elementuetan edo arazo kardiobaskularretarako stentetan erabili ohi diren metalen ordezko bihur daiteke magnesio aleazioa.

Irudia: UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek hobetu egin ditu protesi degradagarrietako magnesio-aleazioak.

Aspalditik erabiltzen dira biometalak (altzairu herdoilgaitza eta titanio aleazioak) medikuntzan: protesietan, soldatzeko lotura elementuetan eta arazo kardiobaskularretan erabiltzen diren stentetan. Hainbat dira material hauek erabiltzearen arrazoiak, ingurune fisiologikoko korrosioarekiko erresistentzia, adibidez. Eragozpenak ere badituzte, hala ere. Protesiaren inguruan hezur-dentsitatea txikitzen da eta, ondorioz, hezurrek erresistentzia galtzen dute. Gainera, askotan, bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da materiala kentzeko behin zeregin medikua beteta.

Biometalen ordez material degradagarria erabilita bigarren ebakuntza horiek saihestu daitezke. Hainbat ikerketa egiten ari dira beste material batzuekin, magnesioaren familiarekin eta haren aleazioekin, besteak beste. Ingurune fisiologikoan disolbatzeko duten gaitasuna da magnesio aleazioen ezaugarririk nabarmenena. Pixkanaka disolbatuko litzateke materiala eginbeharra bete ondoren, gorputzak modu naturalean egotzi arte. Horretaz gain, hezur dentsitatearen galera saihesten da eta kostua ere arrazoizkoa da, altzairu herdoilgaitzaren eta titanio aleazioen kostuen tartekoa.

Degradagarria izatea da magnesio aleazioek duten abantaila nagusia. Orain arte, baina, ezin izan da materialaren degradazio abiadura erregulatu eta, beraz, aplikazio praktikoa mugatua zegoen.

Degradazioa erregulatzen

Disoluzio abiadura behar baino azkarragoa da magnesio aleazioen kasuan, funtzioa bete aurretik disolbatzen da. Medikuntza aplikaziora doitutako bizitza bermatzea da ikertzaileen erronka. Lortzeko kaltzio fosfatoz estali dute materiala ikerketa honetan, helburu bikoitzarekin: materialaren bizitza luzatzea, batetik, eta integrazioa hobetzea (giza gorputzak hobeto onartzea eta inguruko ehunak sortzeko abiadura handitzea; izan ere, kaltzio fosfatoa hezurren osagai nagusia da), bestetik.

Estalketa elektrolitikoa erabili da kaltzio fosfato geruza magnesio aleazioaren gainazalean eransteko. Askatuko ez den estalketa uniforme bat egitea eta lodiera modu eraginkorrean aldatu ahal izatea dira metodo honek eskaintzen dituen aukerak. Erabilitako metodoa baliozkotzeaz gain, geruzaren kalitatea eta lodiera zehatz erregulatzea ere lortu dute.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketak etorkizunerako erronkak ere baditu: inolako arriskurik eragiten ez duten magnesio aleazioak sortu, ikerketa honetan erabilitako magnesio-aleazioak aluminioa baitu eta metal hau kaltegarria da osasunerako.

Erreferentzia bibliografikoa:
N. Monasterio, J.L. Ledesma, I. Aranguiz, A.M. Garcia-Romero, E. Zuza.. Analysis of electrodeposition processes to obtain calcium phosphate layer on AZ31 alloy. Surf. Coat. Technol. 319 (2017) 12-22.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Degradazio-abiadura kontrolatua duten protesiak

The post Metalezko protesien ordezkoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #161

Sun, 2017/07/02 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Munduko animaliarik garaiena da jirafa. Arrak 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke. Bere lepo luzearen ondorioz, odola bururaino bidaltzeko “ponpa” indartsua behar du. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta 7’5 cm-ko lodiera dute haren hormek. Indar handia egin behar du; aortatik ateratzerakoan, beste edozein ugaztunen bikoitza da odolaren presio arteriala. Gainera, odolaren presioaren kontra egiten du larruazalak. Horri esker, odola ez da hanketan pilatzen eta ez da edemarik gertatzen. Ura edateko burua jaitsi behar duenean zer egiten du odola buruan ez pilatzeko? Sistema berezi bat dute lepoan. Rete mirabile sarea da funtsa. Gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!

Kepa Ruiz-Mirazo UPV/EHUko ikertzailea da eta bere lanak bi ildo nagusi ditu: alde batetik, Leioako Biofisika Unitateko laborategietan bizia sortu aurreko urratsak erreproduzitzen saiatzen da; bestetik, bizia bera zer den hausnartzen du Biologiaren Filosofia ikertaldean. Ruiz-Mirazok dio“biziaren sorrerari buruzko ikerketetan oso ohikoa da molekula mota bakarrari erreparatzea, “biziaren molekula” aurkitu nahian. Baina bizia osagai askoren arteko jokoa da. Gero eta gehiago molekula multzoak kontuan hartuta egiten ari dira ikerketak; ikuspegi aldaketa ematen ari da”. Laborategian egin duten lanari dagokionez, aitzindari molekular horiekin, alegia gantz azidoekin eta peptidoekin sinergia bat lortu dutela azaltzen du. Irakur ezazue osorik elkarrizketa.

Emakumeak zientzian

Elisabeth Kübler-Ross izan da aste honetako protagonista. Psikiatria arloan erreferentziazko emakumea izan zen; heriotza hurbil sentitzen duten gaixoen eta familiakoen emozioen-oreka ikertzen aitzindari eta zainketa aringarri edo paliatiboetan aditu izan zen. Horretaz gain, heriotza duina lortzearen aldeko apustua egin zuen. Bere obrarik garrantzitsuena On death and dying da, bere lehen liburua, 1969an publikatu zuena. Bertan heriotzaren asimilazioan gertatzen diren bost faseak esplikatu zituen, hala nola: ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena; Kübler-Ross eredua deritzona, hain zuzen.

Ikergazte egitasmoaren barruan, Pasaiako portuan bizi diren arrainen sexu garapenean kutsadurak duen eragina aztertu du Ainara Valencia ikertzaileak. Biologian lizentziatua da eta Ingurugiroa, kutsadura eta toxikologia masterra egin ondoren, doktoretza tesia egiten ari da. Korrokoiak aukeratu ditu “kutsadura gehiena dagoen tokian bizi direlako eta efektuak begiratzeko ere errazago delako”. Ikertzailean dio Pasaian korrokoi arrak intersex bihurtzen direla kutsaduragatik

Ekologia eta ingurumena

Toki batean ingurumenaren alde hartutako neurriak kaltegarriak izan daitezke urrutiko beste toki batzuentzat. Hori ondorioztatu dute klima-aldaketa ikertzen duten hainbat adituk; hala nola BC3 zentroko Unai Pascualek eta Eneko Garmendiak. Askotan gertatzen dira horrelakoak. BC3ko ikertzaileek azaltzen dutenez, Europako arrain-populazioak eta basoak berreskuratu ahal izateko, Afrikako uretan egiten den arrantzaren gaineko presioa eta oihan tropikaletako deforestazioa areagotu egin dira. Egoera ezberdin horiek kontuak hartzeko zenbait bide iradoki dituzte, “globalki pentsatu eta tokian ekin” ideiari jarraituz.

Anomalia termikoa nabaritu da aurten itsasoetan. Horrela berretsi dute Espainiako buien sareak jasotako datuek. Sustatun eman diguten datuon berri. Kantauri itsasoko eta Mediterraneoko urek errekor historikoak gainditu dituzte ekainean. Izan ere, Bizkaiko itsasadarrean ekainean batez besteko tenperatura 19,09º C-koa izan da, azken hamar urteotan erregistratu den altuena. Eta tenperatura maximoa 23,5º C-tara heldu da, inoizko beroena sasoi honetan. Bai, Kantauri itsasoko ura inoiz baino beroago egon da ekainean.

Artea eta kimika

Kolore urdina aztertu du testu honetan Oskar Gonzalezek. Itsasoaz haraindiko urdina Erdi Aroaren bukaera aldean iritsi zen Italiara. Kokcha haraneko (Afganistan) meatzetan lortzen zen. Bertan, lapiz-lazuli ugari lortzen zen. Erdi-harribitxia da, lazulita asko dauka gainera eta hori da hain zuzen ere urdin hori eragiten duena. Oso jende gutxik eros zezakeen horrelakorik. Baina Europan bazegoen aukera merkeago bat: “hemengo urdina”, zurita ere deitua. Kobre karbonato basikotik lortzen zen eta oso ugaria zen Alemaniako mendietan. Pigmentuak eragozpenak sortzen zituen baina eta beraz, pigmentu urdin artifizialak egiten hasi ziren. Hori lortzen lehenak egiptoarrak izan ziren hain zuzen 2500 Kristo aurretik historian lehenengo pigmentu sintetikoa lortu zutenak. XVIII. mendetik aurrera, Frantzia izan zen pigmentu urdina sintetizatzen gehien saiatu zena. Pigmentu urdin ezberdinak erabili dituzte margolariek historian zehar. Ez galdu!

Medikuntza

Arreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua bezalako gaitzengandik edoskitzeak izan dezakeen babes funtzioa ikertu dute. Edoskitzeak autismo ezaugarrien aurrean babes dezake. Lotura kausala ezin da ezarri, hala ere. INMA Proiektuko datuak erabilita egin da ikerketa. Azterlanean parte hartu dute Enrique Arranz eta Manuel Sánchez UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek eta Jesús Ibarluzea Biodonostiako ikertzaile eta Psikologiako Fakultatera atxikitako ikerketa-laguntzaileak.

Ingeniaritza eta teknologia

Orain dela sei urte hasi zela Hasier Larrea ingeniaria robotika eta arkitekturarekin lanean Bostongo (AEB) MIT Media Laben. Metro koadro adimentsua lortzeko lanean diharduen ingeniari talde bateko kide da eta produktu berri bat kaleratu dute berriki: botoi bat klikatuta espazioa eraldatzen duen altzaria. Larreak azaltzen duenez etxebizitza edo mikroetxebizitzetarako pentsatuta dago. “Gure sistemak espazioaren banaketa aldatzen du, eta, aldi berean, gauzak gordetzeko leku asko sortzen du. Ideia da etxebizitza txiki bati handiago baten erabilgarritasuna ematea”.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #161 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #166

Sat, 2017/07/01 - 09:00

Astakeriak egin dira zientziaren izenean. II. Mundu Gerrako kontzentrazio-eremu nazietan egindako esperimentu arrazistak izan daitezke honen adibiderik argienetakoa. Duela gutxi ere egin dira oinarri arrazista sendoa izan duten esperimentuak. Eta ez dituzte naziek egin. Berrogei urte iraun zituen horietako batek. José Ramón Alonsok kontatzen digu Syphilis at Tuskegee artikuluan.

Lagun berezi berria du David Humek… eta pilula urdinak behar ditu. Lehen mailako arazo filosofikoa suposatzen du honek, non Otto Neurath erresidentzia kideak zeresan handia izango duen. Jesús Zamora Bonillak dakarkigu istorio bitxi hau: Hume’s viagra or the new riddle of induction.

Elementu kimiko baten isotopoek ez dute portaera fisiko-kimiko bera. Ikerketa zientifikoaren zenbait alorretan ezinbestekoa da hau, ezagutza teorikoa, beraz, oso garrantzitsua da. Ezagutza horrek sorpresak ematen dituzte batzuetan, Romain Dupuisek Geological phenomena implying dissolved species bring new insights on fundamental thermophysics azken ikerketan azaltzen duen bezala.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #166 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Elisabeth Kübler Ross (1926-2004): Gaixoen sufrimendua itzali nahi zuen emakumea

Fri, 2017/06/30 - 09:00
Uxue Razkin Tximeletak jaio ei ziren Majdaneko sarraski-esparruko barrakoietan. Badirudi bertan pilatu zituzten umeek margotu zituztela, heriotza berehalakoa zela sentitu zutenean. Irudi horrek barrenak astindu zizkion Elisabeth Küblerri; pentsamendu latzak uxatzeko burua astinduta ere, burutik kendu ezin izan zuena. Heriotza segika zuten umeek baina eurek, aukeran, bizitza irudikatu zuten hormetan. Orduantxe erabaki zuen heriotza gertu duten pertsonak lagunduko zituela. Baina horretarako beharrezkoa zen ulertzea heriotza bizitzaren parte bat zela; baina ez zoritxarrekoa, baizik eta lasaia eta alaia izan zitekeela. Azken bidaia hori sufrimendurik gabe igarotzea eta pertsona horren duintasuna lortzea zituen asmo Küblerrek.

Irudia: 1957. urtean Züricheko Unibertsitatean medikuntzan lizentziatu zen Elisabeth Kübler.

Burutazio hori mantra bat bailitzan errepikatu zuen bere bizitza osoan zehar. Modu horretan bilakatu zen psikiatria arloan erreferentziazko emakumea; heriotza hurbil sentitzen duten gaixoen eta familiakoen emozioen-oreka ikertzen aitzindari eta zainketa aringarri edo paliatiboetan aditu izan zen. Horretaz gain, heriotza duina lortzearen aldeko apustua egin zuen.

Medikua izan nahi zuela argi zuen hasieratik baina aitaren debekuarekin egin zuen topo. Gauzak horrela, hamasei urterekin etxeko erosotasunetik ihes egin zuen. Jakin bazekien kanpoaldeko egoera zein zen; laztura nagusi, heriotza nonahi, errealitate gordina. Baina horrek guztiak ez zuen gelditu. II. Mundu Gerran ospitale ezberdinetan lan egiten hasi zen boluntario gisa, gerratik zetozen zaurituak eta errefuxiatuak lagunduz. Horren ondotik, Züricheko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak burutu zituen eta graduatzea lortu zuen ere 1957. urtean, hain zuzen. Ezkondu egin zen Emanuel Rober Rossekin urtebete geroago eta harekin bi ume izan zituen (aurretik beste bi galdu). Familia osoa Estatu Batuetara joan zen.

Psikiatria erresidentzia egiten hasi zen eta bertan, gaixo terminalekin kontaktua izan zuen lehen aldiz. Laster ikusi zuen zer nolako garrantzia zeukan gaixoak eta euren familiakoak prestatzea trantze mingarri horretarako. Prozesu horretan beharrezkoa zen laguntza hori eskaini nahi zien gaixoei, nola edo hala.

1962an Coloradoko Unibertsitatean hasi zen lanean eta hiru urte geroago, Chicagon. Bere klaseak ezberdinak ziren: gaixo terminalak gonbidatzen zituen bertara eta horrela ikasleek haiei zuzenean galdetzeko aukera zuten. Klaseak emateko prozedura hura ez zuen mundu guztiak onartu.

Bere lan erraldoia eta ondoren sortu zen polemika

Bere obrarik garrantzitsuena On death and dying (Sobre la muerte y el morir) da, bere lehen liburua, 1969an publikatu zuena. Bertan heriotzaren asimilazioan gertatzen diren bost faseak esplikatu zituen, hala nola: ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena. Kübler-Ross eredua dugu hori. Berehalako arrakasta lortu zuen liburuak. Hala, mundutik zehar hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak eman zituen.

Bestelako ideiak ere zabaldu zituen suitzarrak. Argitaratutako gainontzeko obretan doluaz eta minaz mintzatu zen, eta baita testigantzak tartekatu ere, gaixo zeuden umeenak, adibidez. Mundutik barrena emandako konferentziak ere bilduta daude liburu batean eta badauka argitaratuta ere minbizia zuen 10 urteko ume bati bidalitako gutuna.

1977an Kaliforniara joan zen bizitzera bere familiarekin eta bertan ideia iraultzaile bat garatu zuen. San Diegotik gertu, Shanti Nilaya Bakearen etxea izango litzateke itzulpena– sortu zuen, duintasunez heriotza itxaroteko espazio bat. Horren ondotik, Küblerren lana polemikoa bihurtzen hasi zen. Izan ere, hiesdun umeentzat gune bat sortu nahi zuen Virginian. Bertako bizilagunek, gaixotasunaren beldur, ezezko borobila eman zioten. Halaber, esoterismo gisako esperientzietara hurbiltzen hasi zen eta horren kariaz, komunitate zientifikoak izen ona galarazi nahi izan zion.

1995ean hainbat krisi sufritu zituen –istripu zerebrobaskularrak– eta partzialki immobilizatuta gelditu zen. Horren ondotik Shanti Nilaya itxi zuten. Azkenik, Herioak Arizonan harrapatu zuen 2004.urtean. Hil eta hiru urtera, American National Women’s Hall of Fame-n sartu zuten. Mundu osoan ezagunak diren hogei obra baino gehiagotan utzi zuen gordeta psikiatra suitzarrak bizitasun osoz heriotzari buruz pilatu zuen ezagutza guztia.

—————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

—————————————————–

The post Elisabeth Kübler Ross (1926-2004): Gaixoen sufrimendua itzali nahi zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Jirafak

Thu, 2017/06/29 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Lepoaren luzera da jirafaren ezaugarririk behinena. Lepo horri esker, beste belarjaleek eskura ezin ditzaketen hostoak jan ditzake jirafak. Lepo luze hori horretarako ote duten ez dago esaterik, baina bai esan dezakegu lepo luze horri esker irits daitezkeela arbola askoren goiko hostoetara.

1. irudia: Jirafak.

Historian izan den jirafarik famatuena Medici-ren jirafa izan da, Lorenzo de Mediciri 1486an bidali ziotena. Hura ez zen izan, baina, Europara ekarri zuten lehena. Julius Caesar-ek k.a. 46an jirafa bat eraman zuen Erromara Egipton izandako garaipenak ospatzeko. Eraman zuen bilduma osatzen zuten animalien artean jirafa izan zen arrakastatsuena. Erromatarrek grezierazko jatorria (καμηλοπάρδαλη) duen izena (camelopardale) eman zioten ordura arte guztiz ezezaguna zuten animaliari, gameluaren eta lehoinabarraren ezaugarriak nahastuta zituela iruditu zitzaielako. Hortik dator, hain zuzen ere, jirafaren izen zientifikoa, Giraffa camelopardalis. Generoaren izena arabieratik dator –ziraafa edo zurapha hitzetik- eta camelopardale espeziea izendatzen duen bigarren hitza, aldiz, grekotik.

Julius Caesar handia antzeratu nahi izan zuen Lorenzo de Medicik, Caesarrek erromatarren artean zeuzkan ospe edo auctoritas berdina izan nahi baitzuen berak Florentziako herritarren artean. Segurtasun osoz ez dakigun arren, badirudi al-Ashraf Qaitbay Egiptoko Sultan Mamelukoak oparitu ziola, otomandarren aurka Mediciren laguntza eskuratzeko. Arrakasta handia izan zuen jirafak Florentzian, hain arrakasta handia, non garaiko artistek euren margolanetan margotu eta idazlanetan jaso baitzuten. Francesco di Ubertino Verdi Il Bacchiaccaren «Mana bilketa» margolana dugu horren adibide ona, baina ez bakarra.

2. irudia: Il Bacchiaccaren “Mana bilketa” margolana.

Jirafa gaixoak, ordea, zorte txarra izan zuen; korta berezia prestatu zioten arren, lepoa hautsi zuen kortako habeen aurka buruan kolpea hartu ondoren. Kortako habeak ez bide zeuden behar bezain altu. Azken batean, munduko animaliarik garaiena da jirafa. 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke arrak.

Horren lepo luzeak, bistan da, ondorio bitxiak ditu, odola bururaino bidaltzeko «ponpa» indartsua behar baita altuera handi horretara heltzeko. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta 7’5 cm-ko lodiera dute haren hormek. Indar handia egin behar du; aortatik ateratzerakoan, beste edozein ugaztunen bikoitza da odolaren presio arteriala.

Presio hori, baina, arazo handia izan liteke bihotzetik behera dauden organo eta gorputz-ataletarako, presio handiegia jasan behar dutelako. Izan ere, presio horretan odol-plasma kapilarretatik irten egingo litzateke beste edozein animaliaren hanketan. Jirafetan hori ez da gertatzen, noski, haien odol-hodien hormak, ehun konektiboa eta larruazala oso lodiak direlako. Gainera, pilotuen g jantzien moduko larruazala dute jirafek; hau da, odolaren presioaren kontra egiten du larruazalak. Horri esker, odola ez da hanketan pilatzen eta ez da edemarik gertatzen.

Zer gertatzen da, baina, ura edateko burua jaitsi behar duenean? Odola ez ote zaio buruan pilatzen? Arazoa konpontzeko sistema berezia dute jirafek lepoan. Izan ere, ez da jirafetan sortu den sistema berria, baizik eta ugaztun guztiok dugun egitura baten erabilera moldatua. Buruaren azpian dugun rete mirabile delakoaz ari gara, sare miresgarriaz alegia. Sare miresgarriak beherago ikusiko ditugu; atunek muskuluak berotzeko erabiltzen dute, esaterako, eta kontrako helburua betetzeko erabiltzen dugu ugaztun askok, burua gehiegi ez berotzeko, alegia[1].

3. irudia: Jirafa ura edaten.

Paraleloak diren odol-hodi askok osatzen dute rete mirabile bat, eta odol-hodi horiek odol-bolumen oso desberdinak har ditzakete barnean. Hori dela eta, burua jaisterakoan rete mirabilearen hodiak odolez betetzen dira, eta horri esker odola ez da bururaino heltzen; burua altxatzean, berriz, odol-hodiak hustu egiten dira. Zeregin horretan balbula batzuek eraentzen dute odol-fluxua, eta garrantzi handikoak dira prozesua era egokian bideratzeko. Nolabaiteko indargetze-lana egiten du sare miresgarriak kasu honetan, presio hidrostatikoa indargetzea, hain zuzen ere.

Oharra:

[1] Rete mirabile delako hori bero-trukatzaile bat da. Elkarren ondoan dauden odol-hodien sorta bik osatzen dute, eta sorta bakoitzaren hodiek kontrako norantzan daramate odola. Horregatik trukatzen dute beroa, batzuek besteei iraganarazten diotelako.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

The post Jirafak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile

Wed, 2017/06/28 - 09:00
Juanma Gallego Sare sozialetan gezurrak nola zabaltzen den aztertu dute zientzialariek eta ondorio garbia atera dute: informazio gehiegi dago eta jasotzailearen arreta mugatua da.

1 irudia: Sare sozialen bitartez zabaltzen dira gezur gehienak. (Argazkia: Kansasko Unibertsitatea)

Facebook-en horman ez –oraindik ez zegoen halakorik-, baina Egiptoko hainbat tenplutako hormetan marraztu zuen Ramses II faraoiak Historian dokumentatutako lehen gezur handia. Bertan zehaztu zituen hititen aurka Kadeshko guduan izandako garaipena. Historialariek badakite, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan zela, eta gudu horretan garaile garbirik ez zela izan. Berdinketa tekniko horretatik atera zen ere Historiako lehen bake hitzarmena.

Nahita zabaldutako desinformazioa ez da, beraz, gaur egungo kontua. Halere, normalean estatuek edo korronte ideologiko boteretsuek zabaldutako propaganda izan da erraz barreiatu dena. Zorionez ala zoritxarrez, Interneten garapenak informazio eredu hau irauli egin du. Orain edozeinek zabal dezake mezua eta, teorian behintzat, mila milioika laguni heltzeko ahalmena dago.

Informazio andana izateak, ordea, gezurren zabalpena erraztu du, eta fenomenoak zientzialariek arreta ekarri du. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aztertu dute gaia Indianako Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) eta Shanghaiko Teknologia Institutuko (Txina) ikertzaileek. Ondorio nagusia atera dute: gero eta informazio gehiago dago eta erabiltzaileen arreta gero eta mugatuagoa da. Horrek hauspotzen du gezurren eta berri faltsuen hedapena sare sozialetan.

Aurreko ikerketetan oinarrituta, zientzialariek bazekiten kalitatea ez dela beharrezkoa Interneten informazio bat birala bilaka dadin. Baina erantzunik gabeko galdera bat zegoen airean. Zergatik bilakatzen da birala kalitate baxuko informazioa? Egileek John Milton poetak zabaldutako ideia bat ekarri dute gogora: ideiak askatasunez eta modu irekian alderatzen direnean, egia garaile aterako da. Senak ala agintzen du, eta munduan diren antzeko beste hainbat fenomeno ere ideia borobil horren zuzentasunaren adierazle dira: eboluzioan, esaterako, inguruarekiko hoberen egokitzen direnak nagusituko dira; ekonomian, berriz, merkatuaren beharrak egokien asetzen dituzten produktuak ere hobetsiko dira. Errealitateak, ordea, poeta ingelesa erratu zela erakutsi du; bidelagun aparta izanda ere, sena ez da beti garaile ateratzen.

Ikertzaileek eredu teoriko bat garatu dute sare sozialetan izaten den informazioaren jarioa jarraitzeko. Halako informazio zati bakoitzari “meme” deritzo. Meme horiek oso bestelakoak izan daitezke: albiste bati lotura, esaldi bat, traola bat, bideo bat edo irudi bat. Twitter, Facebook eta Tumblr sare sozialetan egin dute albisteen jarraipena.

Funtsezko bi faktore kontuan hartu dituzte ikerketan: batetik, hedatzeko lehian dauden memeak; bestetik, jasotzaileek duten arreta mugatua. Bi faktore horien arteko elkarrekintzatik erabakitzen omen da informazio sistema batean zeintzuk izango diren hedadura gehien lortuko duten memeak. Jende gehienak denbora laburrez mantentzen du arreta albiste bakoitzean. Ondorioz, arreta lortzeko lehia gehiago sortzen da meme ezberdinen artean. Egoera horretan, erabiltzaileak di-da batean erabaki behar du albiste bat onartzea ala alboratzea, eta askotan erabaki hori ez da egokiena.

2 irudia. Noizbehinka berri faltsuak ere hedabide “tradizionaletan” sartzen dira. ‘Euskalburroa’, horren adibide da.

Egileek arazoaren tamainaz ohartarazi dute: “hedabide sozialetan, ebidentzia anekdotikoetan oinarritzen diren iruzurrak, konspirazioaren teoriak eta berri faltsuak” barra-barra zabaltzen ari dira, eta, hortaz, “desinformazio digital masiboa gure gizarteak dituen goi mailako arriskuen artean” kokatu behar da. Metafora bat baliatu dute egoera azaltzeko: “sare sozialak gure arreta eskuratzeko lehian ari diren ideia eta albisteen merkatu masiboak dira”.

Bestetik, “bot” automatikoen papera azpimarratu dute. Informazio faltsuak automatikoki eta abiadura handiz zabaltzen dituzte automatizatutako programa hauek. Desinformazioaren hedatzeari aurre egiteko, ikertzaileek zerbitzu hauen erabilera mugatzea proposatzen dute eta, orokorrean, sisteman sartzen diren sarrera kopurua mugatzearen alde azaldu dira.

Sare sozialak, informazio iturri

Beti hala ez bada ere, informazioaren atzean hedabide jakin bat egotea, beraz, informazioaren gutxienezko bermea izan daiteke. Halere, sare sozialen bitartez eskuratutako berrien kontsumoa gora doa, Nafarroako Unibertsitateak egindako inkesta baten arabera. Unibertsitate hau mundu mailan urtero osatzen den Digital News Report ikerketaren Espainiako atalaz arduratzen da. Guztira 36 herrialdetan egindako 70.000 inkestatan oinarritzen da ikerketa; horietatik, 2.000 inguru Espainian egin dira.

Inkestaren arabera, Espainiako erabiltzaileen %41ek sare sozialen bitartez kontsumitzen ditu albisteak. Hori egiten duten lagunen kopurua gora badoa ere (%35 ziren duela bi urteko inkestan), oraindik internauta gehienek hedabide marka “tradizionalak” erabiltzen dituzte informazioa jasotzeko (telebista kateetako webguneak, egunkariak edo hedabide digitalak). Gainera, hamar internautetatik seik gutxienez zazpi hedabide ezberdin kontsumitzen ditu Interneten.

Copy-pastearen garaian, hedabide horietan ere kontsumitzaileek askotan informazio beretsua jasoko dute seguruenera, baina, noizean behin, gizaki batek denboraz landutako informazio kontrastatua jasotzeko aukera izango dute. Informazio hori egokia ala okerra izan daiteke, baina, bederen, sinatzaile bat egongo da atzean. Ohitura bitxi horri kazetaritza deritzo, eta, garai latzetan egonda ere, oraindik pizten du John Miltonek aipatutako ilusioa: ideiak askatasunez alderatzean, egia –edo horren antzeko zerbait- garaile aterako da.

Erreferentzia bibliografikoa:

Xiaoyan, Oliveira et al. Limited individual attention and online virality of low-quality information. Nature Human Behaviour 132 (2017). DOI:10.1038/s41562-017-0132

The post Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Urdinean blai

Tue, 2017/06/27 - 09:00
Oskar Gonzalez

“Nahi bezain ilun idatz ditzaket gaurko bertsoak. ‘Gaua izarreztatua dago’ esan dezaket eta astroek urdin distiratzen dute urrunean‘” (Puedo escribir los versos más tristes esta noche. Escribir, por ejemplo: “La noche está estrellada, y tiritan, azules, los astros, a lo lejos”.)

Pablo Neruda. XX. poema. Abeslaria: Chavela Vargas

Urdina inspirazio-iturri izan da gizakiontzat: izarren distira, uhinen isla, zeruaren handia, begi urdinak… Kolore honek ehunka abesti eta bertso eragin dizkio gizakiari, eta, zer esanik ez, garrantzitsua izan da Artearen Historian ere. Bere ingurua irudikatzen hasi zenetik, gizakiak izugarrizko ahaleginak egin ditu kolore hori pigmentuen bidez islatzeko.

Zer da ordea urdina? Zientziaren ikuspegitik, espektro elektromagnetiko baten tarte bat besterik ez da, 460 eta 495 nanometroen artean. Tarte txiki horretan ordea, nahi beste ñabardura aurki daitezke: urdin iluna, zeru-urdina, turkesa, blue-jeanen urdina,… Zuzena da beraz kolore bakar dugula esatea? Ez da zuzena Errusian behintzat. Errusierak, bi zatitan dauka espektroa: golubóy (zeru-urdina), eta síni (urdin iluna). Vietnamerak ordea, hitz bera erabiltzen du urdina zein berdea adierazteko. Horrelakoak dira hizkuntzak.

Emaidazue freskura ura eskutik eskura izarren salda urdina edanda bizi naiz gustora.

Xabier Amuriza – Mendian gora haritza – Kantaria: Imanol

Ez dago munduan Giottok Scrovegni Kaperan egin zuen zeruaren antzekorik. Lan horretan, oso garrantzitsua izan zen pigmentua: itsasoaz haraindiko urdina. Cennino Cenninik esan zuen “Artearen liburua” izeneko lanean LXII atalean “itsasoaz haraindiko urdina kolore noblea da, ederra, beste kolore guztiak baino hobea”. Ez naiz ni ba izango horretan gauzak hobetzen saiatuko dena. 1. Irudian ikus dezakezue kapera honen kupula. Badakizue hala ere argazkiek nekez erakusten dutela artelan baten eder osoa. Stendhalen sindromeak joak izateko, artelana bete-betean dastatzeko, Padovara joan behar da, Vénetora (Italia).

1. irudia: Giottoko Scovegni familiaren Kaperako Kupula (1305-6). Iturria.

Itsasoaz haraindiko urdina Erdi Aroaren bukaera aldean iritsi zen Italiara. Itsasoan zehar iritsi zen, eta horregatik jarri zioten izen hori. Kokcha haraneko (Afganistan) meatzetan lortzen zen. Bertan, lapiz-lazuli ugari lortzen zen. Erdi-harribitxia da lapis-lazuli, eta lazurita asko dauka. Lazurita da urdin hori eragiten duena: Na8-10Al6Si6O24S2- . Ez da esan beharrik garai hartan ez zegoela oso “errepide” onik eta erraz imajina daiteke honelako harribitxien prezioa. Oso jende gutxik eros zezakeen horrelakorik, eta batez ere Birjinaren jantziak irudikatzeko erabiltzen zen, Jainkoaren ama izanda urdinik bikainena merezi zuelakoan.

Zorionez, Europan bazegoen aukera merkeagoa: “hemengo urdina” (itsasoaz haraindikoa ez bezalakoa), zurita ere deitua. Oso ezaguna eta erabilia izan zen Erdi Aroaren bukaeran eta Berpizkundean, eta Kobre karbonato basikotik 2·CuCO3·Cu(OH)2) lortzen zen. Karbonato hau oso ugaria zen Alemaniako mendietan, eta izan ere “Alemaniako urdina” edo “mendietako urdina” ere esaten zaio. Pigmentuak ordea hainbat eragozpen eragiten zituen. Alde batetik, kolorea ez da bat ere egonkorra, eta berderantz lerra daiteke minerala malakitara aldatzen bada. Era berean, ilundu daiteke kobrea oxidatu egiten bada (CuO), tenoria (beltza) emateko. Hori dela eta, jatorriz urdinak ziren koadro batzuk, berde edo beltz direla ematen du egun. Beste alde batetik, itsasoaz haraindikoa baino merkeagoa zen, baina ez merkea. Gauzak horrela, pigmentu urdin artifizialak egiten hasi ziren.

Uste dugu Europa dela arte-munduaren erdialdea, baina Egipton sortu zen askoz ere lehenago interes hori. Egiptoarrak izan ziren hain zuzen 2500 Kristo aurretik historian lehenengo pigmentu sintetikoa lortu zutenak: urdin egiptoarra, kobre eta kaltzio silikato bat (CaCuSi4O10). Horrelakoa lortzeko, tenperatura handietan (800ºC inguru) nahasten ziren area (silikatoaren iturria), kaltzio karbonatoa (kaltzioaren iturria) eta malakita (kobrearen iturria). Natrona (Na2CO3) gehitzen zen urgarri modura, eta horrela jaitsi egiten zen urtuaren tenperatura. Prozesu honetan oso urdin egonkorra lortzen zen, gure egunetaraino ere heldu delako, askotan 4000 urte iragan ondoren era ezin hobean mantendua. Rafaelek erabilitako urdinak aldiz, erabat aldatu dira. Egipto 1 –Europa 0.

2. irudia: Aurrretik ikusia dugu Ducciok erabili zuela itsasoaz haraindiko urdina; kolore honek ez du argi infragorria xurgatzen, eta horrela, gardena zen irudi infragorrietan. Dirk Boutsek aldiz, azurita erabili zuen, eta horrek, argi infragorria xurgatzen duelarik, irudi iluna uzten du argi infragorrian

“Maitasuna urdina da eta kulunkatu egiten du nire bihotz maitemindua. Maitasuna urdina da, zure begietako zeruaren antzera”. (Bleu, bleu, l’amour est bleu. Berce mon cœur, mon cœur amoureux. Bleu, bleu l’amour est bleu. Bleu, comme le ciel qui joue dans tes yeux2)

André Popp eta Pierre Cour. “L’amour est bleu”. Abeslaria: Vicky

XVIII. mendetik aurrera, Frantzia izan zen pigmentu urdina sintetizatzen gehien saiatu zena. Izan ere, kimika modernoaren sorlekua da Frantzia. Erdi Arotik, margolanetan erabiltzeko moldatzen zen esmaltea, kobalto oxido bat, kristalari urdin kolorea emateko erabiltzen zena. Egiptoarrak izan ziren kobaltoa erabiltzen ere lehenak, XXVII Kristo aurretik. Edonola, urdin kobaltoa ez zen XIX.mendera arte merkaturatu. Bere formula hobetua (CoO·Al2O3), 1807an lortu zuen Louis Jacques Thénard kimikariak. Pigmentu hau oraindik erabiltzen da, eta oso harrera ona eman zioten margolari inpresionistek, aurkitu ondoren zenbait hamarkada beranduago. 3. Irudian ikus daiteke Renoirek nola erabili zuen.

3. irudia: Les parapluies (180×115 cm). Renoir (1881-1886). Iturria.

Artelan hau zoragarria da koloreen erabileraren ikuspegitik. Izan ere, urdin kobaltoa ez zen bertan erabilitako urdin bakarra. 1880-1885 tartean, margolari frantziarrak nahiko aldatu zituen bere koloreak, eta bazter utzi zuen kobaltoa, itsasoaz haraindikoa hartzeko. Hain zuzen “Euritakoak” margotu zuen garaian gertatu zen hori. National Gallery izenekoan egindako ikerketek agerian utzi dute artelan honetan pigmentu biak daudela: zenbait tokitan, kobalto oxidoa itsasoaz haraindikoaz estalita dago. Pentsa dezagun baina. Ez ote zen ba itsasoaz haraindikoa oso garestia? Renoirrek nonbait aurkitu ote zuen merkeago? Ba ote zuen zuzeneko harremanik Afganistanekin? Izatez, urdin hori ez zen jadanik Asiakoa, Frantziakoa baizik. Frantziak lortu zuen produktua sintetizatzea. Bere konposizio kimikoa aurkitu zuten, eta gobernuak sari bat eskaini zion sintesi-bidea aurkituko zuenari. Jean-Baptiste Guimeti eman zitzaion saria, eta 1830.ean industria mailan hasi ziren sintetizatzen. Horrekin batera, alemanek ere gauza bera erdietsi zuten.

“Urdina, lerroak itsaso handian, egiaren atzetik sutsu” (Azul, líneas en el mar que profundo y sin domar acaricia una verdad)

Antonio Vega, egilea eta abeslaria: “Zeu zintuen ardatz”

Urdin kobaltoa eta itsasoaz haraindiko urdina sortu baina hamarkada batzuk lehenago, Diesbach izeneko artisau batek oso ezaguna bilakatu zen pigmetua aurkitu zuen XVIII. mendearen hasiera aldean. Dirudienez, serendipia kasu bitxi bat izan zen. Diesbach saiatzen ari zen gorri koloreko kotxinila-laka lortzen, baina ustekabean, produktu urdin bat aurkitu zuen: Prusiako urdina. 1724.ean, merkatura eraman zen produktua, bere Fe7(CN)18 formulan susma daitekeen baino korapilatsua dena. Izan ere, burdinak oxidazio-egoera desberdinak izan ditzake.

Artegile ugari hasi ziren pigmentua erabiltzen. Urdin berria, askoz ere biziagoa eta indigoa eta beste pigmentu natural batzuk baino egonkorragoa. Munduan zehar hedatu zen eta Txinara ere eraman zuten holandar salerosleek. Han, Hokusai handiak erabili zuen oso lan ospetsua egiteko. Ukiy-o formatoan egin zuen, hau da, egurrean egin zituen irudiak. Lan hori, Nueva Yorkeko Metropolitan museoan dago eta “Kanagawaren olatu handia” du izena. 4. Irudian ikus dezakezue.

4. irudia: Kanagawaren olatu handia (26 x 38 cm). Hokusai. Iturria.

“Urdina duzu ninia, eta barre egitean, bere argitasun leunak, gogora dakarkit egunsentiaren dardara, itsasoan islatua” (Tu pupila es azul, y cuando ríes, su claridad suave me recuerda el trémulo fulgor de la mañana, que en el mar se refleja)

Gustavo Adolfo Becquer –XIII. errima– “Abestu” Eskur (espainierazko zeinu-hizkuntzan moldatua)

Kontu hauek irakurrita, burura etorriko zaizue agian “Big Eyes” filma. Duela urte batzuk estreinatu zuten, eta Amy Adams zen protagonista. Margaret Keane margolariaren bizitza zuen ardatz. Margolari honen lanak, oso bereziak dira, bere pertsonaiek oso begi handiak dituztelako (5. Irudia). Badaude ordea niri bitxiagoak gertatzen zaizkidan beste begi batzuk, urdinak jakina: Amadeo Modiglianik margotu zituenak, Jeanne Hébuterne bere musarengan inspiratuak Jeanne ere margolaria zen, eta musa, adiskide mina izan zen, bere buruaz beste egin baitzuen, maitasun-historiari bukaera emanda.

5. irudia: Ezkerrean, Play time (20 x 25 cm) (Margaret Keane); iturria. Eskuina: Begi urdinak (Jeanne Hébuterneren erretratua) (5 x 43) Amadeo Modigliani (1917); iturria.

Eta hitz dezagun Modigianik erabilli zuen beste pigmentu urdin bat: zeruleoa. Honek ere kobaltoa dauka, baina baita eztainua. Zehatz esanda, kobalto estannatoa da (CoO · n SnO2). 1821.etik ezagutzen da baina 1980.ean hasi zen George Rowney merkaturatzen Ingalaterran, eta orduantxe egin zen ezaguna. Pigmentu honen izena latinetik dator, caeruleus, eta hau caelum ‘zeru’ izenetik eratorria da latinaren barruan. Hain zuzen ere, merkatura iritsi zenetik, zerua irudikatzeko erabili izan da. Eta zer dela eta hemen Modigliani aipatzea? Modiglianik ez zuen ba pigmentu hau erabiltzen (dakigun bezala beste aukera asko zeudelako), eta horri esker, faltsutze asko harrapatu dira. Duela zenbait urte, koadro hori atzerabegirako erakusketa batean jartzeko eskaini zen, baina kimikako analisiak eginda, hura ustekabea!: urdin zeruleoa zegoen. Erakusketaren antolatzaileek nahiko izan zuten pigmentu hori aukitzea eta Modiglianiren lanetan ohikoak ziren beste pigmentu batzuk ez zeudela ikustea: baztertu egin zuten koadroa erakusketatik. Beste behin, egia agerian utzi zuten kimikako analisiek eta zorrotz lan egiteak.

“Tertziopelo urdina zeraman soinean, gaua baino urdinagoa. Satina leunagoa zen, izarretako argia baino” (She wore blue velvet Bluer than velver was the night, Softer that satin was the light from the stars)

Bernie Wayne eta Lee Morrus. Blue Velver. Abeslaria: Isabella Rosellini

Kyle Maclachian Isabella Rosellini liluraturik begira dago, emakumea Blue Velvet abesten ari den bitartean, hain zuzen ere Blue Velvet izeneko filmean. Urdin mota guztiak ez ezik, testurak ere landu ditzakete artegileek, eta halaxe egin zuen Yves Kleinek, pintura berri bat sortu zuenean. Yves Klein izena jarri zioten pinturari. Pigmentua, itsasoaz haraindikoa zen, eta sintesi bidez lortua. Hala ere, aglutinatzailea zen gakoa. Rhône Poulene enpresa farmazeutikoko kimikariek polimero biniliko bat garatu zuten. Berak, alkohol etilikoak eta itsasoaz haraindiko urdinak International Klein Blue izenekoa osatzen dute. Aurretik behar bezain azalduta dago hau guztia hemen (baina Youtuben ere kontsulta dezakezue).

6. irudia: Samokraziako garaipena (S 9) (50×26×30 cm). Yves Klein (1973). Arte klasikoak eta arte garaikideak bat egiten dute obra honetan.

Laburbilduta, urdina kolore bat baino gehiago da (eta kolore bi baino gehiago). Kimikaren historiaren eragile liluragarria da. Giottoren zerua da, gogo bat, Kleinen Venus hura, Birjinaren mantua, Jeanneren begiak, bertso bakan batzuk, Picassoren garai bat, Hokusairen olatua, eta milaka akorderen sortzaile.

Gehiago jakiteko:

Cennino Cennini “El libro del arte” Ediciones Akal (1988).

Xavier Durán “El artista en el laboratorio” Universidad de Valencia (2008).

Deborah Garcia Bello (2013) “La química del azul de Klein

M. Douma (2008). “Pigments through the Ages

R. Klockenkämper et al. (2000) “Analysis of Pigments and Inks on Oil Paintings and Historical Manuscripts Using Total Reflection X-Ray Fluorescence Spectrometry” X-Ray Spectrom. 29, 119–129. DOI: 10.1002/(SICI)1097-4539(200001/02)29:13.0.CO;2-W

—————————————————–

Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea ere.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Urdinean blai appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Autismotik eta arreta gabeziatik babesteko, edoskitzea

Mon, 2017/06/26 - 09:39
Arreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua bezalako gaitzengandik edoskitzeak izan dezakeen babes funtzioa ikertu dute.

Edoskitzeak haurraren garapen kognitiboan eragin positiboa zuela, ama-ume elkarreraginaren ondorioz, uste zen orain arte. Edoskitzean umeak hartzen dituen gantz-azidoek sistema neurologikoak estimulu sozialei dien sentsibilitatea aktibatu egiten duela zehaztu ahal izan da aldagaiak bereizita identifikatzeko aukera eskaintzen duten azterlanei esker.

Edoskitzearen iraupena eta garapen kognitiboa, arreta, AGHN sintomak eta autismo-ezaugarriak lotu dituzte ikerketa honetan. Edoskitzeak autismo ezaugarrien aurrean babes dezakeela da ikerketaren ekarpena. Lotura kausala ezin da ezarri, hala ere, beste faktore batzuek ere esku hartzen dutelako.

Amagandik edoskitzeak funtzio kognitiboan eragin positiboa duela erakutsi du ikerketak. Edoskitzearen iraupena eta haurren adimen errendimendua positiboki lotzen dituzten hainbat ikerketa egin izan dira, iraupen luzeagoa errendimendu hobea.

Arreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua bezalako portaera arazoen aurrean edoskitzeak izan ditzakeen efektu babesle potentzialak aztertu dute oraingoan eta bien arteko harreman positiboa dagoela iradokitzen dute emaitzek.

Edoskitzearen iraupen luzeagoaren eta bai garapen kognitibo hobearen bai espektro autistaren nahasmenduaren zantzu txikiagoaren arteko lotura azalaratu du ikerketak, faktore sozioekonomikoak edozein direla. Edoskitzearen eta funtzio kognitiboaren arteko lotura positiboa, gizarte eta ingurumen faktoreetaz kanpo, frogatu du ikerketak.

Metodologia

INMA Proiektuko datuak erabilita egin da ikerketa. Estatu mailako ikerketa da INMA, kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzen duena, nazioarteko beste ikerketa batzuekin koordinatuta.erabili dira.

2003an jaiotako Asturias, Gipuzkoa, Sabadell eta Valentziako 1.346 haurren datuak dira ikerketan aztertu direnak. 2008an (umeak bataz beste 4.9 urte zituztenean) hainbat froga eta test egin zitzaizkien, laugarren hilera arte jasotako edoskitzeak (zela elikagai iturri nagusia, zukuak edo ura ere edaten zuelako; zela iturri bakarra, edoskitzea besterik ez zutelako hartzen) eta garapen kognitiboa, espektro autistaren zantzuak eta AGHN sintomak loturarik zuten ikusteko.

Azterlanean parte hartu dute Enrique Arranz eta Manuel Sánchez UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek eta Jesús Ibarluzea Biodonostiako ikertzaile eta Psikologiako Fakultatera atxikitako ikerketa-laguntzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:
Boucher, O., Julvez, J., Guxens, M., Arranz, E., Ibarluzea, J., de Miguel, M. S. & O’Connor, G. Association between breastfeeding duration and cognitive development, autistic traits and ADHD symptoms: a multicenter study in Spain. Pediatric Research. DOI: 10.1038/pr.2016.238.

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Aditzera eman dute edoskitzeak babes dezakeela haurra autismo eta arreta-gabeziaren aurrean

The post Autismotik eta arreta gabeziatik babesteko, edoskitzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #160

Sun, 2017/06/25 - 09:31
Uxue Razkin

Medikuntza

Juanma Gallego kazetariak entzute handiko gaia ekarri digu aste honetan: gezurretan oinarritutako terapiak, hala nola homeopatia, txertoen inguruko konspirazioak eta minbizia ‘sendatzen’ duten sendabelarrak. Testuan Josu Lopez-Gazpio UPV/EHUko kimikariak argi azaltzen du: “Ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere. Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da”. Baina zergatik batzuek diote produktu horiek funtzionatzen dutela? Kimikariak badu erantzuna ere horretarako: “Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan”. Fedea, eta horretaz gain, jendeak osagarri modura hartzen duela, ohiko botikekin batera, “laguntzeko edo”. Alabaina, aipatutakoak ez dira arrazoi bakarrak. Testu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kolesterol-maila jaisten duen txerto bat probatuko dute pertsonetan. Europako Kardiologia Elkarteak aurkeztu du eta saguetan egindako probetan ikusi da txertoa segurua eta eraginkorra dela. Kolesterol “txarra” altua duten pertsonei zuzenduta dago, odol-hodiak buxatzen baititu. Txerto berriak AT04A du izena, eta PCSK9 entzimaren aurkako antigorputzak sorrarazten ditu.

Astrofisika

Eguzkiaren espikulak –plasma-zorrotadak– nola sortzen diren azaldu dute. Egunero milaka espikula sortzen dira. Segundoko 50-150 kilometroko abiaduran ateratzen da plasma Eguzkiaren gainazaletik koroarantz. Juan Martinez-Sykorak eta kideek lortu dute zehaztea Eguzkiko plasmaren eta eremu magnetikoaren arteko zer elkarrekintza fisikoren bidez sortzen diren espikulak. Gainera, jakin dute espikulen eraginez Eguzkiaren kanpoko atmosferak tenperatura altua hartzen duela.

219 exoplaneta berri aurkitu ditu Kepler teleskopioak. Horietako hamar Lurraren oso antzekoak dira gainera. Horietako bat, adibidez, KOI7711.01 da eta eguzkiaren antzeko izar baten inguruan ari da biraka. Izar horretatik jasotzen duen argi kantitatea ere lurraren antzekoa da. Hala ere, ikertzaileek aurreratu dute, zalantzak asko direla eta planeta horren atmosferaren datuak beharko lituzketela ondorio zehatzagoak ateratzeko.

Ingurumena

Ganaduak eragiten dituen metano isuriez kezkatuta daude zientzialariak. Behien dieta moldatuz —azukre gehiago duten jaki batzuk emanez—, gas igorpenak txikitu daitezkeela ondorioztatu dute, urdailean jakiak metano bihurtzeko prozesua aldatzen delako. Teknika berri horiek hedatzen ari dira baina oraindik ez dago adostuta nazioartean gasen isurketa neurtzeko modurik. Horretan aritu da IPCC Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Taldea azken bi asteetan, UPV/EHUren Leioako campusean (Bizkaia) egindako bileran. Bertan 190 aditu izan dira eta 2019an izango dute prest gida berria.

Javier Franco AZTIko ikertzaileak argi utzi du elkarrizketa honetan: plastiko gutxiago kontsumitzen saiatu behar da. Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen Kudeaketa arloko teknikaria da eta plastikoek itsasoan dute eraginari buruz mintzo da honetan. Plastikoa ohiko materiala da gurean eta erabilera oso zabalduta dago. Itsasoko hondakinen %75 plastikoak dira. Eta hemendik aurrera, zer? Konponbiderik badago? AZTIko ikertzaileak dio hainbat modu daudela arazoari aurre egiteko. Adibidez: “Egunerokoan, plastiko gutxiago kontsumitzen saia gaitezke, baina zaila da: sistemak ez digu batere laguntzen”.

Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Hala berresten du Miren Onaindiak, Garapen Iraunkorra eta Ingurumen hezkuntzarako Unesco Katedraren zuzendaria UPV/EHUn, “Biosfera erreserba baten erdigunea pertsona da“. Ildo horretatik, Nekane Castillo ikertzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du. Helburua? “Biosfera Erreserbaren izendapenak kalte edo on egin ote dion Urdaibaiko biztanleriari”, azaldu du ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak, kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren emaitzak adierazten dute: ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzen lagundu duela.

Ingeniaritza

Larrialdi egoeretan toki jendetsuak %25 azkarrago husten dituen ebakuazio sistema garatu dute Europako proiektu batean. Tekniker zentroak horretan parte hartu du. Anoeta estadioan eta Bilboko metroan egin dituzte proba pilotuak. Krisi egoeretan oso zaila da arrazionalki jokatzea. Hala, eVACUATE izeneko europar proiektuak kontuan hartzen du giza faktore hori eta jakin denez, aparteko egoerak detektatzen dituzten algoritmo adimendunetan oinarrituta, hari esker %25 arindu daiteke ekitaldi eta toki jendetsuak husteko prozesua. Jo ezazue artikulura informazio osagarria ezagutzeko!

Biologia

Klorofila da ardatz artikulu honetan. Klorofila landareek eguzkiaren argia xurgatzeko duten molekula da. Landareek karbohidratoak sintetizatzeko erabiltzen dute energia hau geroago, fotosintesiaren bigarren fasean. Klorofilaren molekula konplexua da. Jon Corresek azaltzen digu bertan porfirina eraztun bat dagoela (2. irudia) Mg2+ atomo zentral bat estekatuta duena, koordinazio-konposatu bat sortuz. Klorofilak argia xurgatu dezake, bere egituran lotura bikoitzak eta bakunak txandakatzen direlako. Hau dela eta, molekularen elektroi batzuk lekutu gabe daude, eta karbonoen artean erresonantziari esker mugi daitezke. Klorofila molekulak ez daude aske zelulan, kloroplasto izeneko organulu batzuen mintzetan baitaude kokatuta. Klorofilak energia (eta materia organikoa) eskuratzeko balio du.

Landareak jaten dituen armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izena eman diote. Akazia zuhaixketan bizi da. Akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoitzitako nektarra eta Belt gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrien janaria. Inurriek bezala, Bagheera armiarmek berdina jaten dute baina gero ez dute landarea defendatzen. Costa Rican 2001ean aurkitu zuten lehenengoz, eta 2007an, Mexikon, berriro behatu zuten.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #160 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #165

Sat, 2017/06/24 - 09:00

Suntsipen masiboko armarik baldin ez badago, ba al dago arrazoirik erasorako? Arazo honek, zalantzarik gabe, karga politiko nabarmena du eta dimentsio berri bat hartzen du jokoen teoriatik lantzen bada. José Luis Ferreirak ekiten dio gaiari: There may not be weapons of mass destruction. Should we still attack?

Astrofisikariek ez dute behatzen teleskopioetatik zehar. Are gehiago, ez dute gaueko zerua leihoan zehar begiratzen ere. Ordenagailu bateko pantailan datuak ikusi eta hauek maneiatzen dituzte. Víctor Marín Felip horretaz mintzo da haren azken artikuluan: How everyday astrophysics is done.

Duela urte asko aurkitu zuen naturak materialen zientzietan ditugun arazo konplexuen konponbidea. Hona dakargun adibidea harrigarria da benetan. DIPCko ikertzaileek esaten digute zein den berori: Enantioselective polymerization of a biodegradable polymer using a substituted aminoacid as a catalyst.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #165 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Edorta Unamuno: “Txorien migrazio ohiturak aldatzen ari dira” #Zientzialari (75)

Fri, 2017/06/23 - 09:00

Euskal Herrian 300 txori espezietik gora bistaratu daitezke. Horietatik asko migratzaileak dira, hau da, milaka kilometrotako bidaiak egiten dituzte, kontinente batetik bestera, ugaltzeko edota elikatzeko toki aproposen bila. Zeharkaldi luze horiek behar bezala burutzeko, ezinbesteko dute bidean geldialdiak egin eta atseden hartzea. Horretarako leku aproposak ditugu gurean, esaterako, Urdaibai Bizkaian, Salburua Araban, Txingudi Gipuzkoan edo Pitillas Nafarroan.

Txorien migrazioaren fenomenoari buruz gehiago jakiteko, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Center-eko biologoarekin izan gara. Bere esanetan, hegaztien migrazio ohiturak aldatu egin dira azken urteetan.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Edorta Unamuno: “Txorien migrazio ohiturak aldatzen ari dira” #Zientzialari (75) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages