Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 53 min ago

Grabazio magnetikorako materialen bila

Mon, 2017/07/31 - 09:00
Kobalto aleazioak (kromozkoak, ruteniozkoak eta platinozkoak) eta baita kromo oxidozko aleazioak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu Lorenzo Fallarinok egin duen ikerketan.

1. irudia: Grabazio magnetikoa baliatzen duen diska gogorra.

Ordenagailuetako grabazio magnetikoko memoria sistemak (diska gogorrak, USBak) hobetzeko material berriak bilatzea, baita material horien propietate magnetiko, fisiko, elektriko eta elastikoak ikertzea izan da ikerketaren helburua.

Tamaina txikiko gailuen eskari gero eta handiagoaren ondorioz, oso garrantzitsua bihurtu da eskala nanometrikoko material berriak ikertu eta garatzea. Materialak eskala nanometrikora murrizten direnean, fenomeno edo propietate fisiko berriak azaltzen dira, eragin handikoak bai zientzian bai industrian. Materialaren kristal egitura aldatuz, adibidez, propietate magnetikoak alda daitezke eta lortu nahi diren teknologikoetarako doitu.

Eskala nanometrikoko lodiera (1-2 nm eta 100 nm bitartekoak) eta kristal egitura perfektua duten materialak erabili ditu Lorenzo Fallarinok. Kromozko, ruteniozko eta platinozko kobalto aleazioak eta kromo oxidozko aleazioak silizio olata fin-finen gainean ezarri eta propietate magnetikoak ikertu ditu. Diseinua aldatuz joan da materialak etorkizun handiko grabazio magnetikoko tekniketan erabiltzeko modukoak izan arte.

Curieren tenperatura manipulatzeko aukera ematen duten aleazioak fabrikatzea lortu du ikertzaileak. Material ferromagnetikoak ferromagnetiko izateari uzten dion tenperaturari esaten zaio Curieren tenperatura, iman gisa jokatzen duten materialak iman izateari uzten dioten tenperatura, alegia.

Magnetismoa ikertzeko eta etorkizuneko aplikazio teknologikoetarako aukera handiak zabaltzen dituzten aleazio magnetikozko film finak eta geruza anitzeko filmak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu ikertzaileak; laser bidezko tokiko berokuntzan oinarritutako grabazio magnetikoko teknika berrietan erabiltzeko material berriak.

Transferentzia teknologikoa

Lorenzo Fallarinok adierazi duenez, “Oso zaila da ikerketa honen emaitzak epe laburrean ikustea memoria magnetikoetan aplikatuta, baina material berri hauek aukera handiak zabaltzen dituzte laser bidezko tokiko berokuntza erabiltzen duten grabazio magnetikoko teknika berriak garatzeko”. Horretaz gain, magnetismoaren oinarrizko fisika ikertzeko oso aproposak dira material hauek.

Transferentzia teknologikoak garrantzi handia du. Ezaugarri berritzaileak dituzten material berriak bilatzea da zientziaren oinarri nagusietako bat. Berehalako helburu praktikorik gabe gauzatzen da oinarrizko ikerketa, naturak berak edo errealitateak berez dituzten oinarrizko printzipioen inguruko jakintza areagotzeko xedeari jarraituz.

Erreferentzia bibliografikoa:
L. Fallarino, B. J. Kirby, M. Pancaldi, P. Riego, A. L. Balk, C. W. Miller, P. Vavassori, A. Berger. Magnetic properties of epitaxial CoCr films with depth-dependent exchange-coupling profiles Physical Review B (Vol.95, No.13). April 2017.. DOI: DOI: 10.1103/PhysRevB.95.134445.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Grabazio magnetikoko teknika berriak

The post Grabazio magnetikorako materialen bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #165

Sun, 2017/07/30 - 11:00
Uxue Razkin

Mikrobiologia

Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoak orain arte ezagutzen ez zen erresistentzia mekanismo bat daukala frogatu du UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeak. Onddo mota hau mikroorganismo multierresistentea da eta egun erabiltzen diren onddoen aurkako antibiotikoei erresistentea. Oso infekzio larriak sor ditzake baina immunitate sistema ahula duten pazienteengan. Onddoa voriconazolarekin tratatzean zelula horman gertatzen diren aldaketak behatuta, orain arte ezezaguna zen erresistentzia mekanismoa aurkitu du ikerketak, praktikan onddoari aurre egiteko botika eraginkorrak diseinatzea ahalbidetu dezakeena.

Biologia

Europako zenbait zootan Triatoma generoko intsektuak erabiltzen ari dira animaliei odol-laginak hartzeko. Horiek ugaztunen odola xurgatuz elikatzen dira. Ezpainen alboetatik edo betazaletatik xurgatzen du gizakien odola lotan daudenean. Horretarako, hozkaren mina gutxitzeko entzima bat erabiltzen du, eta horixe da animalien odola erauzterakoan estresik sortzen ez duen metodo hau erabiltzeko arrazoia.

Txakurrak hain adiskidetsuak izatearen oinarria genetikan datza. Zehazki, GTF2I eta GTF2IRD1 geneak omen dira portaera hori arautzen dutenak. Juanma Gallegok azaltzen du ikerketak jarraitu dituen bideak. Batetik, portaeraren inguruko esperimentuak egin dituzte. Bestetik, analisi genetikoak egin dituzte. Halaber, ikerketa honetan, txakurren eta otsoen arteko desberdintasun genetikoetan sakondu dute.

Ekologia

Ibaien osasuna neurtzeko markoa berritzeko proposatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Bertako kidea da Daniel Von Schiller, Biologian doktorea. Hark azaldu duenez, ibaiaren osasuna ezagutzeko egiturari dagozkion alorrak aztertu ohi dira: ibaian bizi diren espezieak, nitratoak uretan duen kontzentrazioa… ez ordea ibaien funtzionamendua. Hortaz, ibaian dauden prozesuak ikertzeko moduetan arreta jarri du. Hau da, eta ikerlariak azaltzen duen moduan, “materia organikoak deskonposatzeko behar duen denbora; ibaiaren metabolismoa, urak duen oxigenoa; hau da, ibaiak nola arnasten duen”.

Arkeologia

Rapanuien gizartea loratu zen, baina gero gauzak okertu ziren Pazko uhartean. Adituek ez dute argi hondamendi horren jatorria zein izan zen. Lehen planteamendua ekozidioaren hipotesia da. Jared Diamond geografo eta antropologoak ideia horren alde agertu zen: Pazko uharteko biztanleek gaizki erabili zituzten eskura zituzten baliabide naturalak, eta horrek gosea eta bertakoen amaiera ekarri zituen. Ahalik eta eskulturarik handienak —moai delakoak— sortzeko lehia izan zen adituen arabera hondamendia eragin zuen beste elementu bat. Hilabete honetan argitaratu dute bigarren ideia bat. Anakena eta Ahu Tepeu aztarnategietan aurkitutako arrastoak aztertu dituzte eta hauxe adierazi dute ikertzaileek: “Gure ikerketak frogatu du bertako populazioa modu iraunkorrean bizi zela, eta tokiko ingurumenera ondo egokituta zegoela”.

Emakumeak zientzian

Badakizu zein izan zen X izpien difrakzio bidez DNAren lehen irudia lortu zuena? Rosalind Franklin (1920-1958) kristalografoa. Haren DNAren helize bikoitzeko ereduak biologia molekularra eta funtzio genetikoak ulertzeko bidea ireki zuen “51 argazkia”ri esker.

Astronautika

NASAk 500 bideo historiko argitaratuko ditu Youtuben. Batzuk bideo oso teknikoak dira; beste asko, berriz, herritar arruntentzat interesgarriagoak izan daitezke. Kasu guztietan, hala ere, astronautikaren historia bertatik bertara jarraitzeko aukera izango du jendeak.

Zientzia eta artea

Zientziak eta arteak bat egiten dute ilustrazio zientifikoaren lanbidea sortzeko. Espainian ez dago formakuntza arauturik diziplina honetan, normalean profesional autodidaktak dira arlo honetan murgiltzen direnak. Graduondokoa eskaini zuen lehen unibertsitatea Estatu Batuetako Johns Hopkins unibertsitatea da, eta 100 urte baino gehiagoko historiarekin, munduko unibertsitate prestigiotsuenen artean dago. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT), beste fakultate eta erakunde batzuen laguntzarekin, lehen aldiz eskainiko du Unibertsitateko Espezialista Ilustrazio Zientifikoan berezko titulazioa.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #165 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lehen graduondokoa Ilustrazio Zientifikoaren lanbide ezezagunean

Sat, 2017/07/29 - 09:00
Vega Asensio Gizakia bisuala da. Gure burmuinaren gaitasun kognitibo anitz irudiaren prozesamenduari loturik daude. Horrenbestez, irudiak ezinbesteko tresna dira zientzia ulertu eta transmititzeko. Irudiak, diagramak, grafikoak, ilustrazioak… ez daude soilik artikulu, liburu, klase eta zientziako ia edozein aurkezpenetan, gure haurtzarotik gozatu ditugu mota guztietako formatuetan: entziklopediak, gidak, liburuxkak, museoak, egunkariak, etab. Material horiek guztiak sortzeko formakuntza duten profesionalak dira ilustratzaile zientifikoak.

1. irudia: Angel Dominguezen ilustrazioa.

Profesional horiek formakuntza zientifikoa izaten dute gehienetan, eta geroago ilustraziora jo dute, edo bestela zientzietan espezializatutako arte ederretako profesionalak dira. Zientziak eta arteak bat egiten dute ilustrazio zientifikoaren lanbidea sortzeko, eta zientzia modu bisualean bere horretan komunikatzea edo idatzizko nahiz ahozko hitzak laguntzea helburu duen komunikazioaren adarra da.

Normalean profesional autodidaktak dira, izan ere, Espainian ez dago formakuntza arauturik diziplina honetan. Beharbada horixe izango da ilustrazio zientifikoa lanbide ezezagun bihurtzen duten faktore nagusietako bat. Noizean behin museo eta udaletxeek antolatzen dituzten tailer edo ikastaro txikiak aurki daitezke, gehien bat naturarekin erlazionatutakoak, baina horrekin ez da nahikoa diziplina honen osotasun eta konplexutasuna barne hartzeko.

2. irudia: Eduardo Sainzen ilustrazioa.

Europan formazio arautuko oso zentro gutxi daude, baina unibertsitate horietan graduondoko mota hau hainbat urtetatik hona eskaintzen da, eta sail ezberdinek sustatzen dute: arte ederrak edo diseinuak, zientziak eta medikuntzak. Graduondokoa eskaini zuen lehen unibertsitatea Estatu Batuetako Johns Hopkins unibertsitatea da, eta 100 urte baino gehiagoko historiarekin, munduko unibertsitate prestigiotsuenen artean dago.

Jakinda komunikazio zientifikoa ezinbestekoa dela zientziak aurrera egin dezan, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT), beste fakultate eta erakunde batzuen laguntzarekin, lehen aldiz eskainiko du Unibertsitateko Espezialista Ilustrazio Zientifikoan berezko titulazioa. Graduondokoari buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke: Ilustrazio Zientifikoko graduondoa. Unibertsitateko espezialista.

Irakasleek zientzialari, artista, jurista eta komunikatzaile talde anitz eta orekatua osatzen dute, eta nazioartean aintzatetsiak eta sarituak izan dira. Irakasle horiek guztiak oso motibaturik daude graduondoko berri honetan beren onena emateko.

3. irudia: Vega Asensioren ilustrazioa.

Graduondokoak honako hauen laguntza ekonomikoa du: Bergarako Laboratorium museoa, itsas eta elikadura-berrikuntzan aditu den AZTI-Tecnalia zentroa eta arte ederretako materiala ekoizten duen Colart etxea. Edonola ere, proiektuan parte hartu nahi duten babesle gehiagori irekita dago.

Graduondokoa 2017-18 ikasturtean eskainiko da. Momentu honetan aurre-matrikula garaian dago, eta horrela jarraituko du irailera arte, urrian hasiko baitira klaseak. Graduondokoan izena emateko baldintzak graduatua edo lizentziatua izatea eta marrazketako oinarrizko ezagutzak izatea da. Ikasleen formakuntzaren kalitatea bermatzeko xedeaz, 15 ikasle baino ez dira onartuko ikasturte akademiko bakoitzeko, horrela, irakasleek ikasle bakoitzari jarraipen pertsonalizatua egin ahal izango baitiote.

4. irudia: Carles Pucheten ilustrazioa.

Graduondokoak 40 kreditu ditu, aurrez aurreko klaseak (34,5 ECTS) eta bukaerako proiektua (4,5 ECTS) barne hartuta. Azken hori erakunde laguntzaileetan egin ahal izango da, besteak beste, museoetan, unibertsitateko sailetan edo zentro teknologikoetan. Bide batez, kolaboratzaile gehiagori parte hartzeko gonbita egiteko aprobetxatu nahi dugu. Proiektu horiek guztiak denontzako probetxugarriak izango dira, bai ikasleentzako, praktika errealak egingo baitituzte, bai erakundeentzako, profesionalak eta lanbidea bera ezagutu eta gozatuko baitituzte.

Graduondoko honetatik aterako da Ilustrazio Zientifikoan titulatutako lehen belaunaldia Espainian. Dena den, harago joateko asmoa du eta beste hauek ere lortu nahi ditu: zientzia bisualaren eremuan erreferente bihurtzea, ilustratzaile zientifikoen arteko lotura bihurtzea eta zientziaren, teknologiaren eta gizartearen zerbitzura dagoen lanbide hori ezagutzera eman eta sustatzea.

Informazio gehiago:

———————————————————————–

Egileaz: Vega Asensio Biologian doktorea da, ilustratzailea eta Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren koordinatzailea.

———————————————————————–

The post Lehen graduondokoa Ilustrazio Zientifikoaren lanbide ezezagunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Jone Uria: “Matematika teorikoaren eta aplikatuaren arteko bidea norabide bikoa da” #Zientzialari (77)

Fri, 2017/07/28 - 09:00

Kontzeptua abstraktuak neurtzen dituen zientzia zehatza da matematika. Horretarako, ezarritako arau logiko batzuetatik abiatu, teoriak osatu eta berauekin zer demostratu daitekeen eta zer ez frogatzen saiatzen dira alderdi teorikoan lan egiten duten matematikariak. Baina zer dira zehazki definizio, teorema eta frogapen matematikoak? Zein da esparru teorikotik aplikaturako bidea?

Matematika teorikoaren inguruan gehiago jakiteko, UPV/EHUko matematikaria den Jone Uriarekin izan gara. Bere esanetan, matematika teorikoaren eta praktikoaren arteko lotura norabide bietan ematen da, hau da, badago teorematik abiatu eta horri aplikazioak bilatzen dizkionik, baina baita erabilera bat azaltzeko teoria garatu behar izan duenik ere.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jone Uria: “Matematika teorikoaren eta aplikatuaren arteko bidea norabide bikoa da” #Zientzialari (77) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zimitzaren musua

Thu, 2017/07/27 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Europako zenbait zootan Triatoma generoko intsektuak erabiltzen ari dira animaliei odol-laginak hartzeko.

1. irudia: Triatoma espezieko intsektua. (Bernard Duponten argazkia).

Dirudienez, ez da erraza zooetako zenbait animaliari odola erauztea, osasun-azterketak egiteko hartu behar diren odol-laginak txikiak badira ere. Anestesiatu egin behar dira animaliak. Baina zenbait espezietan ―jirafetan, esaterako― oso arriskutsua da anestesia, eta, beraz, odola maiz erauzi behar bazaie, jirafa hiltzeko arriskua handiegia izaten da.

Triatoma generoko intsektuak ugaztunen odola xurgatuz elikatzen dira. Espezie asko dira genero horretakoak eta batzuk oso ugariak Ameriketan. Hego Amerikan chinche besucona, vinchuca, chipo edo barbeiro izenez deitzen dituzte, eta kissing bug izenaz ingelesez. Horregatik, euskaraz, “zimitz musukatzailea” izena eman diogu guk.

Odola erauzteko metodo hori arrakastatsua izan da hipopotamo, gepardo, jirafa, elefante eta errinozero zurietan. Zimitz musukatzaile izena intsektuaren elikatze-portaerari dagokio. Izan ere, ezpainen alboetatik edo betazaletatik xurgatzen du gizakien odola lotan daudenean. Horretarako, hozkaren mina gutxitzeko entzima bat erabiltzen du, eta horixe da animalien odola erauzterakoan estresik sortzen ez duen metodo hau erabiltzeko arrazoia.

Prozedura bitxi hau garatu dutenen arabera, erabilitako zimitz musukatzaileak gizatasunez hiltzen dituzte, baina, egia esan, ez dute azaldu xurgaturiko odola eskuratzeko zer egiten duten.

Kontu bitxia da hau, zeren zooetako animalien osasuna zaintzeko erabiltzen den Triatomak osasun-arazo larriak sorraraz baititzake Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikako zenbait herritan. Izan ere, Trypanosoma cruzi protozooak eragiten duen Chagas gaitza kutsa dezake, eta, gainera, bere listu-proteinek alergia-erreakzio gogorrak eragiten dituzte. Zimitzaren musuaren paradoxak!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

The post Zimitzaren musua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Adiskiderik hoberenak, erraietatik

Wed, 2017/07/26 - 09:00
Juanma Gallego Analisi genetikoan oinarrituta, txakurrak hain adiskidetsuak izatearen arrazoia bi gene zehatzetan kokatu dute ikertzaileek.

Datorren urtean estreinatuko den Alpha izeneko filmean istorio polita kontatzen da. Historiaurreko gizaki baten eta otso baten arteko harremanak gidatzen du kontakizuna. Dena horrela hasi omen zen, aurrerakinaren arabera. Ez zen horrela izan noski, baina berdin dio. Puristek esango dute, seguruenera, filmak historia desitxuratzen duela. Eta egia da, baina fikzioa fikzioa da, eta entretenitzeko zein jakin-mina pizteko balioa aitortu behar zaio.

Oso bestelakoa izan zen txakurren etxekotzea, zantzu guztien arabera. Gizakiak belaunaldiz belaunaldi egindako hautespenari esker, gaur egun mota guztietako txakurrak daude. Txakur horien eta otsoen portaera alderatuta, ondorio argia atera dute zientzialariek: antzeko baldintzetan hezita ere, txakurrak otsoak baino lagunkoiagoak dira. Gizakiei kasu gehiago egiten diete, eta emandako aginduak hobeto jarraitzen dituzte. Halako ondoriora iristeko, ordea, ez da ikerketa sakonik behar. Halere, zientzialariek desberdintasun horren arrazoi genetikoak bilatu dituzte. Eta, diotenez, aurkitu dituzte.

Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Txakurrak hain adiskidetsuak izatearen oinarria genetikan datza. Zehazki, GTF2I eta GTF2IRD1 geneak omen dira portaera hori arautzen dutenak, zientzialariek proposatutakoaren arabera.

1. irudia: Ikerketa egiteko txakurrak eta gatibutzan hezitako otsoak erabili dituzte. Irudian, otso horietako bat, ikertzaile baten alboan. (Argazkia: Monty Sloan/Science Advances)

Gizakiengan, gene horiek Williams-Beurenen sindromeari lotuta daude. Jaiotzatiko sindrome honek kognizioan eragina du, baina gaixotasunaren beste ezaugarri bat da hipersozializazioa eragiten duela. Sindromea dutenek pertsona ezezagunak berehala adiskidetzat jotzen dituzte. Eta hor da, hain zuzen, gizakien aurrean txakur gehienek erakutsi ohi duten jarrera.

Ikerketak bi bide jarraitu ditu. Batetik, portaeraren inguruko esperimentuak egin dituzte. Bestetik, analisi genetikoak egin dituzte. Bietatik atera dituzte ondorio interesgarriak.

Portaera ikertzeko, ariketa bat egin dute kanidoekin: arraza desberdinetako 18 txakur eta gatibutzan hezitako 10 otso erabili dituzte horretarako. Saltxitxa zati bat duen kutxa bat irekitzen irakatsi diete guztiei, baina ariketa hori egoera desberdinetan proposatu diete. Alboan gizakirik izan gabe, gizaki ezezagun bat alboan izanda, eta, azkenik, kanidoek aurretik ezagutzen zuten gizaki batez lagunduta.

Oro har, gizakiaren presentzia soila nahikoa izan da txakurren artean atazarekiko kontzentrazio maila jaisteko, gizakiari hurbiltzeko joera handiagoa izan delako. Hiru egoeratan, otsoek hobeto bete dute kutxa irekitzeko ariketa. Ikertzaileek adierazi dutenez, kontua ez da izan txakurrek gaitasun gutxiago izan dutela ariketa egiteko, baizik eta arreta gizakiengan jarri dutela, kutxan jarri beharrean.

Bigarren fase batean, gizaki batek animaliei hurbiltzeko dei egin die. Txakurrak zein otsoak, biak ala biak hurbildu dira gizakiarengana, baina otsoek denbora gutxiago eman dute pertsonaren alboan, eta lehenago bueltatu dira saltxitxa zati goxo hori eskuratzeko zereginetara.

Analisi genetikoari dagokionez, txakurren eta otsoen arteko desberdintasun genetikoetan sakondu dute. Izan ere, ikerketa honetan parte hartu duten hainbat zientzialarik aurretik ere identifikatua zuten desberdintasun horretan gako den gene bat: WBSCR17 izenekoa, hain zuzen. Emaitzak 2010ean argitaratu zituzten Nature aldizkarian.

Oraingoan, ordea, gizakiei eragiten dien sindrome bat izan dute abiapuntu. Princentongo Unibertsitateak zabaldutako ohar batean, ikerketaren egile nagusietako bat den Bridgett von Holdt biologoak azaldu du abiapuntu hau. “Williams-Beurenen sindromea dutenek zein txakurrek komunean duten antzeko portaera hau izan zen pentsarazi ziguna agian bi fenotipoen arkitektura genetikoan antzekotasunak egon zitezkeela”.

2. irudia: Txakurren jatorria argitzeak gizakiaren historia argitzen lagun dezake, azken 40.000 urteetan gizakiak txakurrak bidelagun izan dituelako. (Argazkia: Tim Mossholder/Unsplash).

Etxekotzearen oinarriak

Gizakien kanpalekuetara hurbiltzen ziren otsoak izan ziren lehen txakurren arbasoak. Orain arte, adituen artean gehien zabaldutako hipotesia izan da hasierako animalia horiek gaitasun kognitiboen arabera hautatuak izan zirela: gizakiek, batez ere, haien imintzioak eta ahotsa hoberen antzemateko gai ziren animaliak hautatzen zituzten etxekotzeko. Ikerketa honen egileek, ostera, bestelako proposamena egiten dute: gizakiengana hurbiltzeko joera handiagoa zuten animaliak izan ziren hautatuak.

Von Holdtek laburbildu duenez, “Gizaki primitiboek beraiekin egoteko nortasuna zuen otso batekin kontaktua egin bazuten, eta soilik mota honetako txakur primitiboak hezi bazituzten, orduan portaera soziala izateko ezaugarria handitu zuten txakurrengan”.

Azken urteetan, genetika ezinbesteko tresna bihurtu da gizakiaren adiskiderik hoberenak ulertzeko. Bereziki paleogenomika izan da baliagarria horretarako. Gainera, gizateriaren iragana ulertzeko tresna aproposa da txakurren eboluzioa aztertzea. Izan ere, etxekotu zenetik, txakurra gizakiaren ondoan egon da, eta txakurren bidea jarraitzeak gizakien migrazioa eta bizimodua hobeto ulertzea dakar ezinbestean. Harreman pribilegiatu honi esker, txakurrek arrakasta ebolutibo itzela izan dute, gizakiarekin batera, munduan zehar barreiatu baitira.

Halere, eta giza eboluzioan gertatu ohi den moduan, txakurren iragana zehazterakoan, oraindik orain datu kontrajarriak daude. Iaz Science aldizkarian plazaratutako ikerketa baten arabera, txakurrak bi leku eta garai desberdinetan etxekotuak izan ziren, Eurasiako bi muturretan: Europan eta Txinan. Hilabete honetan bertan Nature Communications aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batek dio, aldiz, etxekotzea behin baino ez zela gertatu, duela 40.000 eta 20.000 urte bitartean. Etxekotzea behin ala bitan izan ala ez, aditu guztiak ados daude ideia berean: gaur egungo txakurrak, noizbait, bi taldetan banandu zirela. Ekialdeko Asiako arrazak, batetik, eta gainerako Eurasiako eta Afrikako arrazak, bestetik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bridgett M. von Holdt et al. Structural variants in genes associated with human Williams-Beuren syndrome underlie stereotypical hypersociability in domestic dogs – Science Advances 19 Jul 2017: Vol. 3, no. 7, e1700398 DOI: 10.1126/sciadv.1700398

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Adiskiderik hoberenak, erraietatik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eguneroko zientzia

Tue, 2017/07/25 - 09:00
Rosalind Franklin (1920-1958) kristalografoa uztailaren 25ean jaio zen. Haren DNAren helize bikoitzeko ereduak biologia molekularra eta funtzio genetikoak ulertzeko bidea ireki zuen “51 argazkia”ri esker. X izpien difrakzio bidez DNAren lehen irudia lortu zuen biofisikari ingelesak. Hala ere, bizi izan zen artean ez zuen horregatik errekonozimendurik lortu, bai ordea ikatzen eta birusen egiturari buruz egindako ekarpenengatik.

Rosalind Franklin: “Zientzia eta eguneroko bizitza ezin dira bereizi eta ez dute bereizita egon behar”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Eguneroko zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Onddo erresistenteari aurre egiten

Mon, 2017/07/24 - 09:00
Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoak orain arte ezagutzen ez zen erresistentzia mekanismo bat daukala frogatu du UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeak.

1. irudia: Lomentospora prolificans onddoa.

Hari formako onddoa da L. prolificans (lehen Scedosporium izenez zen ezaguna), lizun taldekoa da, egoera txarreko elikagaietan (fruituetan, ogian) ikus daitezkeen onddoak bezala. Mikroorganismo multierresistentea da eta egun erabiltzen diren antifungikoei (onddoen aurkako antibiotikoei) erresistentea.

Onddoak ez du minik eragiten pertsona osasuntsuengan immunitate sistemaren babesari esker. Oso infekzio larriak sor ditzake, baina, immunitate sistema ahula duten pazienteengan (minbizia tratatzeko kimioterapia hartutakoek ala HIESA dutenek, adibidez) eta %80-100 hilkortasun tasa du.

Lomentospora prolificans antifungikoei erresistentea da, bera bezalako hari formako onddoek sortzen dituzten mikosiak tratazeko botikak ez dira eraginkorrak. Onddo honi aurre egiteko medikamenturik erabiliena voriconazola da, eraginkortasun handiena erakutsi duena baita. Hala ere, eraginkortasuna oso baxua da.

Metodologia

Lomentospora prolificans onddoa voriconazolarekin tratatzean jasaten dituen aldaketak ikertu dituzte. Zehazki, zelula hormaren arkitekturan eta konposizioan gertatzen diren aldaketak, voriconazolari erresistente izatea ahalbidetzen duten mekanismo eta molekulak identifikatzeko.

  • Egitura

Egiturari dagokionez, medikamentuaren dosiaren araberako zelula hormaren zabaleraren handitzea eta luzeraren txikitzea izan da behatutako aldaketa. Hormaren zabaleraren aldaketa, gainera, kanpo geruza fibrilarrean gertatzen dela zehaztu da.

2.. irudia: Tratatu gabeko zelularen hormaren (CTRL) eta voriconazolarekin tratatutako hormaren (VRC) alderaketa.

  • Konposizioa

Hormaren konposizioaren analisiak, bere aldetik, karbohidratoen konposizioan aldaketak erakutsi ditu, tratatutako zeluletan kantitatea handitzen delarik. Honekin batera, kitina kontzentrazioan ere aldaketak behatu dira, dosiaren araberakoak hauek ere; zenbat eta voricazol gehiago, orduan eta kitina gehiago.

Horretaz gain, mintzari eragiten dion SDS agentearekin eta hormari eragiten dioten kalkofluor-zuri eta kongo gorria agenteekin batera aplikatu da voriconazola, konposatu hauekiko sentsibilitatea neurtzeko. Agente hauek voriconazolaren eraginkortasuna handitzen dutela frogatu da.

Azkenik, proteina lokalizazioak aztertu dira eta espresioan ezberdintasunak topatu dira, baita voriconazolarekin tratatutako zeluletan bakarrik agertzen den lokalizazio bat identifikatu ere.

Tratamendurako lehen pausua

Oinarrizko ikerketa da honakoa, beharrezko ezagutza sortzen ari da etorkizunean terapia berriak diseinatu ahal izateko.

Onddoa voriconazolarekin tratatzean zelula horman gertatzen diren aldaketak behatuta, orain arte ezezaguna zen erresistentzia mekanismoa aurkitu du ikerketak, praktikan onddoari aurre egiteko botika eraginkorrak diseinatzea ahalbidetu dezakeena.

Fernando L. Hernando, Aitor Rementeria eta Andoni Ramirez irakasleek zuzendu dute ikerketa eta Aize Pellón ikerlariak (bere doktore tesiari esker sortu da azterlana), Idoia Buldain, Xabier Guruceaga eta Aitziber Antoran ikerlariek hartu dute parte UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics taldearen baitan.

Erreferentzia bibliografikoa:
Aize Pellon, Andoni Ramirez-Garcia, Idoia Buldain, Aitziber Antoran, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando. Molecular and cellular responses of the pathogenic fungus Lomentospora prolificans to the antifungal drug voriconazole. PLOS ONE 12(3): e0174885. DOI: 10.1371/journal.pone.0174885.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: %90eko hilkortasuna eragin dezakeen onddo baten erresistentzia-mekanismo bat azaldu dute

The post Onddo erresistenteari aurre egiten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #164

Sun, 2017/07/23 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Txori migratzaileak ezagutzeko aukera izan dugu testu honen bitartez. Txoriek gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute, lau bider gehiago jatera iristen ahal dira. Horretarako, handitu egiten dute digestio-sistemaren edukiera. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Geldialdi horietan energia eta elikagai erreserbak berreraikitzeko aukera dute. Adibide gisa, Dendroica striata txoria dugu. Txikia da eta Ipar Amerikatik Erdialdeko Amerikara edo Hego Amerikako iparraldera migratzen du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik, eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela.

Beleak adimena aztertzeko tresna bikainak dira. Lund Unibertsitateko (Suedia) Can Kabadayi eta Mathias Osvath ikertzaileek hainbat esperimentu egin dituzte animalia horiekin. Ondorioztatu dute beleak gai dira etorkizuna planifikatzeko. Esperimentu ugari egin dituzte beleekin. Ikerketa honetatik ondorioztatzen dute, adibidez: “Beleak erabakiak hartzeko gai izan dira, etorkizunean gertatuko diren gauzak irudikatuz. Hau da, etorkizunean gerta daitekeen zerbait kontuan hartu dute unean uneko erabakiak hartzeko”.

Paleontologia

Joan Wiffen izan da aste honetako protagonista. Modu autodidaktan ikasi zuen paleontologia eta “Dinosauroen erregina” deitzen zioten. Bi aurkikuntza nagusi egin zituen Zeelanda Berriko Ipar Uhartean, Hawkeseko badian: duela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren orno bat eta tiranosauro baten hezur bat. Halere, adituek ez zioten erraz jarri Joani. Izan ere, lurralde horretan ez zirela dinosauroak existitu zioten gehienek. Joanek horien existentzia frogatzen zituen fosilak topatu zituen arte.

Ekonomia

Barbara Ward (1914-1981) Britainia Handiko ekonomialari, kazetari eta idazlea da. Ahalegin handiak egin zituen mendebaldeko oparotasuna munduaren gainerako herrialdeekin partekatzeko. 60.eko hamarkadan, ingurumenari lotutako gaiak landu zituen, garapen iraunkorraren aldeko defentsan aitzindari bilakatuz. United Nations Conference on the Human Environment biltzarraren aurreko txostenaren idazketan parte hartu zuen.

Neurozientzia

Txinan egindako ikerketa batean ikusi dute anai-arrebarik ez duten haurrek sormen handiagoa dutela eta ez direla hain atseginak. Halaber, ikerketa horren bitartez egiaztatu dute anai-arrebak izan edo ez, garuneko zati batzuetan bolumena aldatu egiten dela. Garuneko eskanerrek eman dituzte datu deigarrienak. Horien arabera, ikerketa honetako ume bakarrek bolumen handiagoa dute lobulu parietaleko atal batean: zirkunboluzio supramarginalean. Ikerketa honetan aurrenekoz egiaztatu da garuneko egitura anatomikoan ikus daitezkeen desberdintasun zenbaitek lotura izan dezaketela jokabidearekin.

Ingeniaritza

Zurichen (Suitza) 3D inprimagailu bat erabiliz silikonazko bihotz bat “inprimatu” dute eta taupadaka jartzeko gai izan dira, ia-ia benetako bihotz baten gisan. Prototipo bat da oraindik, jakina, asko falta da oraindik bihotz-transplanteetan erabiltzeko. Oso-osorik artifiziala den lehenengo bihotza da. “Gaixoaren bihotzaren berdin-berdina den beste bat sortzea da helburua, neurriz eta itxuraz, eta bere funtzionamendua erabat imitatzea”, adierazi dute ikertzaileek.

Victor Mayoral elkarrizketatu dute Berrian, H-ROS nazioarteko proiektuagatik izendatu dute Inovators Under 35 sarietan. Robotikan espezializatutako ingeniaria da, proiektu horretan, “oso berritzailea” bere ustetan, robotetan erabil daitezkeen piezak sortzen ditu. Zertan datza baina? Mayoralek azaltzen duenez, “helburua pieza batzuk sortzea da, robot mota ezberdinen artean truka daitezkeenak, eta baita fabrikatzaile ezberdinen artean trukatu daitezkeenak ere”. Etorkizunera begira, robotek zer aldaketa ekarriko duten galdetuta, hauxe dio: “Oso aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu; esaterako, bakarrik ibiliko diren auto eta kamioiak. Aurreratu dezaket datorren hamarkadan sukaldeko robot asko eta asko ikusiko ditugula”.

Medikuntza

Larrialdi medikoetako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU) erabili ohi da Allen maniobra –odol fluxuaren kalitatea begiratzeko erabiltzen da–. Ahurra goraka dagoela, eskua ukabilean ixten da. Hatzekin arteria erradiala eta kubitala eskumuturraren albo bietan estutzen dira aldi berean, ahurrak kolore zurbila hartzen duen arte. Arteria kubitalaren gaineko presioa askatzen da, erradialaren gainekoari eusten zaiola. Bada, ikerketa batean ondorioztatu dute Allen testak ez duela %100ean odol zirkulazioaren kalitatea ezagutzea bermatzen eta ez duela eragozten arteria ziztatu ostean iskemiaren bat agertzea.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #164 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #180

Sat, 2017/07/22 - 09:00

Ez dugu izan haren berri orain arte, baina Pliozenoan suntsipen masiboa gertatu zen. Rocío Pérezek ematen digu azaltzen digu: Where have all the megasharks gone?

Solidoen banden teoriaren sorrerak 90 urte ditu jada eta ibilbide honetan arrakasta izan du, besteak beste, erdieroaleak bezalako fenomenoak azaltzeko orduan. Baina azken urteotan isolatzaile topologikoen aurkikuntza dela eta teoria hau arrakalatzen hasita egon da. Asteon Nature aldizkariaren azalean banden teoria zehazten duen ikerketa bat aurkeztu du. Ikerlan honetan DIPCko ikertzaileen partaidetza izan du. Ikerketa taldeak teoria berri bat aurkeztu eta garatu du, propietate topologikoak dituzten materialak era sistematikoan eta eraginkorrean aurkitu eta karakterizatu ahal izateko. Xehetasun guztiak Topological Quantum Chemistry, the band theory of solids is now complete artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #180 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Joan Wiffen (1922- 2009): Dinosauroen atzetik

Fri, 2017/07/21 - 09:00
Uxue Razkin Joan Wiffen agertu zenean, dinosauroa han zen oraindik. Bere fosila bai, bederen. Adituek eta paleontologoek zioten Zeelanda Berriko Ipar Uhartean, Hawkeseko badian, hain zuzen, dinosauroak ez zirela inoiz existitu. Joanek horien existentzia frogatzen zituen fosilak topatu zituen arte. Paleontologia modu autodidaktan ikasi zuen eta arlo horretan aurkikuntza esanguratsuak egitera iritsi zen ikasketa zientifikorik gauzatu gabe, hala nola duela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren orno bat eta tiranosauro baten hezur bat. Dinosauroen erregina izan zen Joan Wiffen.

1. irudia: Joan Wiffen, Zeelanda Berriko Dinosauroen erregina. (Argazkia: John Cowpland/NZPA)

Txikitan eskola utzi behar izan zuen. Hasieratik naturarekiko lotura berezia garatu zuen, aparteko jakin-mina sorrarazten zion zientziak. Esaterako, uretako maskorrak asko gustatzen zitzaizkion eta horiek biltzeko ohitura zuen, nahiz eta txikia zenean, ez zekien zer ziren. Bigarren Mundu Gerra gertatu bitartean, bere ametsak alboratu zituen, Women’s Auxiliary Air Forcen izena eman baitzuen; bertan, 6 urtez egin zuen lan. 1953an Pont Wiffenekin ezkondu zen. Hawkeko badian landetxe bat eraiki zuten, abandonatutako etxe bat atondu eta lurra landu zuten, animaliak hezi zituzten eta bi ume eduki ere.

Liburuak tresna izan ziren zientziarekiko zuen lotura hori berreskuratzeko. Liburutegi publikoan hartzen zituenak bere seme-alabekin partekatzen zituen. Zientziarekiko jakin-mina handitzen hasi zen familia osoan. Hala, Pont Wiffenek geologian matrikulatzea erabaki zuen eta gauean antolatzen ziren klase batzuetara joaten hasi zen. Baina, gaixotu zenean, eta matrikula ez galtzearren, Joanek erabaki zuen bera joango zela klaseetara senarraren ordez. Ordu hartatik aurrera, geologiaz maitemindu zen; Lurraren historiaz eta antzinako animaliez, are zehatzago, dinosauroez.

Non gogoa, han zangoa

Australiatik barrena espedizioak egin zituen Wiffen-familiak, beti harri eta mineralak aurkitzeko asmotan. Joanen azken helburua zen dinosauroen fosilak aurkitzea lurralde horietan. Une hartan, baina, ez zekien aditu gehienek sinisten zutela Zeelanda Berrian ez zirela dinosauroak existitu, uharteak isolaturik egon zirelako denbora luzez. Charles Fleming izan zen iritzi horren aurkari bakarra. Honela zioen: “Lurraldeak ez zuen dinosauroen fosilik, inork aurkitu ez zituelako oraindik”. Hortaz, Flemingen iritziari men eginez, lurralde horietara joango zela erabaki zuen Joanek.

2. irudia: 1991. urtean Joan Wiffenek egindako aurkikuntzei buruzko liburua argitaratu zuen.

Mapa geologiko zahar bat eskuratu zuen horretarako. Bertan zehazten zen narrastien hezurrak zeudela Mangahouanga haranean. Zehazki, Te Hoe ibaian, Hawkeko badian. Sei hilabete kostatu zitzaion batetik, zehaztea non zegoen leku hori eta bestetik, esploratzeko baimena lortzea. 1972. urtean bilaketa abiatu zuen boluntario talde txiki batekin eta bere senarrarekin batera. Joanek publikatutako liburuan Valley of the dragons, zehatz azaltzen du azkar topatu zituela espedizio horretan “hortzak, ezkatak eta arrainen ornoak zituzten harriak, baita marrazoen hortzak eta mota guztietako maskorrak ere”. Urteak igaro zituen zonalde hori esploratzen. Han aurkitu zuten uretako narrasti baten hezur-fosila. Aurkikuntza hori, gerora etorriko zen arrakastaren hasiera besterik ez zen izan.

Paleontologiari ekarpena

1975ean Joanek bere lehenengo dinosauro baten hezur-fosila topatu zuen Mangahouangan. Une horretan bazekien oso berezia zela hezurra, lurrean bizi zen animalia batena. Aurkikuntza, baina, fosilak identifikatzen ikasi aurretik egin zuen. Lau urteren buruan, Australian oporretan zegoela, Brisbaneko Queensland museora joan zen. Bertan, Ralph Molnar paleontologoarekin jarri zen kontaktuan. Bere bulegoan ezaguna egiten zitzaion hezur bat ikusi zuen. Molnarrek esan zion dinosauro batena zela eta Joanek erantzun zion bere etxean oso antzekoa zen hezurra zeukala. Azkenean, Molnarrek konfirmatu zuen Joanek berak aurkitutako hezurra orain dela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren ornoa zela. Hala, bera izan zen lurralde horretan dinosauroen existentzia frogatu zuen lehena. Are gehiago, hezur hori haragijale batena zela ohartu zen, belarjaleena baino zailagoa aurkitzekoa dena.

1999. urtean beste aurkikuntza esanguratsu bat egin zuen. Tiranosauro baten hezurra topatu zuen. Halaxe kontatu zuen Joanek: “Sedimentuzko harri bat ikusi nuen Te Hoe ibaiaren ertzean, Rugbyko pilota baten tamaina zuena. Hondeatu nuen eta lagun bati eskatu nion mailu batekin irekitzeko. Berehalaxe ikusi nuen hezur-egitura ez zela uretako narrastien berdina”.

3. irudia: Joan Wiffen eta Ralph Molnar lanean. (Argazkia: Michael Schneider)

Aipatu moduan, autodidakta izan zen eta paleontologia arloan aurkikuntza garrantzitsuak egitera iritsi zen. Baina ez hori bakarrik. Fosilak arroketatik ateratzen ikasi zuen ere: mailuak, zizelak, esku-zerrak eta lehergailuak erabiltzen zituen. Horretaz gain, aurkitutako fosilen moldeak egiten ikasi zuen, adituei “kopiak” bidali ahal izateko. Bere ibilbide zientifikoa oparoa izan zela frogatzen duena jasotako sarien zerrenda da. 1994an, Masseyeko Unibertsitateak (Zeelanda Berria) ohorezko doktoretza eta Zientzia eta Teknologiako brontzezko dominarekin saritu zuten. Hurrengo urtean, CBE-ko (Commander of the British Empire) ohorezko titulua jaso zuen. 2004. urtean, saririk garrantzitsuena esleitu zioten: Morris Skinner Saria irabazi zuen, Estatu Batuetako Ornodunen Paleontologia Elkartearen eskutik.

Zientzia arloan ezagutzarik ez zuela leporatu zioten hainbat adituk, pentsa, dinosauroak ikusten zituen existitu ez ziren lurraldeetan. Egia esan, ez zioten bidea erraztu Joani baina aurrera jarraitu zuen. Paleontologia ikasi egin zuen eta azkenean lortu zuen, kostata, adituek osatzen zuten komunitatera sartzea. Horra hor Dinosauroen erregina.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Joan Wiffen (1922- 2009): Dinosauroen atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Erreginatxo marraduna

Thu, 2017/07/20 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Jakin-min handia sortu dute, betidanik, hegazti migratzaileek. Bizi-baldintzak oso gogorrak diren tokietan ugaltzen diren espezie askok latitude bigunagoetara migratzen dute negua igarotzera. Latitude altuetan janari ugari dago udan eta uda inguruko hilabeteetan, eta, gainera, ingurune-tenperatura egokia da. Negua eta neguaren inguruko hilabeteak, berriz, oso gogorrak: janari gutxi dago, edo ezer ere ez, eta bizirik irautea bera ere ezinezkoa izan daiteke muturreko tenperatura hotzetan.

1. irudia: Hegazti-saldo migratzailea.

Txori txikientzat bereziki gogorrak dira latitude altuetako bizi-baldintzak. Txori txikiek handiek baino bero gehiago galtzen dute masa-unitateko, eta horregatik janari gehiago behar dute. Ez da harritzekoa, beraz, latitude altuetako txoriak migratzaileak izatea. Baina migratzea oso gogorra da. Scott McWilliams ikertzaile estatubatuarrak ikerketa interesgarriak egin ditu txori migratzaileei buruz, eta hemen laburbilduko ditugu berak lorturiko emaitzak.

Txoriek gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute eta, gainera, proteina eta gantzetan aberatsak diren jakiak aukeratzen dituzte. Lau bider gehiago jan dezakete migratu aurreko egunetan, eta horretarako, handitu egiten dute digestio-sistemaren edukiera, handitu barik ezingo lukete-eta horrenbeste jan. Ingurune-seinale batek, fotoperiodoak, abiarazten du digestio-sistemaren edukiera handitzeko prozesua. Izan ere, egunaren argi-ordu kopuruaren aldaketa esperimentalen bidez piztu ahal izan dira laborategian gatibu mantenduriko txorien digestio-sistemaren handitzea eta ingestio-tasaren igoera. Hortaz, egun-argiaren iraupenaren sasoi-aldaketek sorturiko aldaketa endokrinoak dira gehiago jatearen, loditzearen eta gauaz hegan egiteko joeraren bitartekoak.

Beharrezkoak izango zaizkien proteinak eta gantzak metatu ondoren, txoriek migratze-bidaiari ekiten diote ugaltze-aldeetatik negua igarotzeko aldeetara joateko. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Beraz, energia eta elikagai erreserbak berreraikitzeko aukera dute geldialdietan, baina zenbait kasutan malgutu egin behar dute elikatze-portaera. Izan ere, txori intsektujale batzuk fruta jatera aldatzen dira geldialdietan, intsektu gutxi dauden tokietan fruta janez arinago lor baitezakete behar duten energia.

Hego Amerikan reinita rayada edo chipe gorranegra izenez ezaguna den Dendroica striata dugu aipatzeko moduko txoria. Txikia da: 14 cm-ko luzera du eta 12 g-ko pisua Ipar Amerikatik Erdialdeko Amerikara edo Hego Amerikako iparraldera migratzen du, eta bidaiaren zati handi bat Atlantikoaren gainetik egiten du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik, eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela. Bidaiaren eskakizun-maila, beraz, oso altua da, eta horren araberakoak dira txori horrek erakusten dituen moldaera fisiologikoak: batetik, migratzen hasi baino lehen, bere masa bikoiztu egiten du oso denbora laburrean (aste batean egin dezake), gantz- eta proteina-erreserbak metatuz. Bestetik, digestio-sistema atrofiatu egiten zaio hegaz egiten hasten denean. Digestio-aparatua oso aktiboa da, metabolismoa oso altua, eta, beraz, energia asko kontsumitzen du. Hori dela eta, eta 88 ordutan ezertarako ere erabili behar ez duenez, hobe du ahalik eta gutxien gastatzea aldi horretan. Horregatik atrofiatzen du digestio-sistema, atrofiaturik askoz gutxiago gastatzen duelako eta horrela aurrezten duen energia hegaz egiteko erabil dezakeelako.

2. irudia: Dendroica striata txoria. (Cephasen argazkia).

Aurkako bakarra du horrela jokatzeak. Izan ere, hegaldia bukatu eta berehala ezin du galdutako energia berreskuratu, digestio-sistemak egun bat edo bi baino gehiago behar baitu janaria berriro digeritu eta xurgatu ahal izateko. Hala ere, Dendroicak etekin argia ateratzen dio jokabide horri, migrazioa bukatu ostean galdutakoa berreskuratzeko denbora sobera baitu.

Izugarria da, bai, txori txiki horren digestio-sistemaren malgutasuna: migratu aurretik handitu egiten du, haren edukiera fisiko eta funtzionala nabarmenki emendatuz; migratzen hasterakoan, atrofiatu egiten du, baliabiderik xahutu ez dezan; eta migratu ostean funtzional bihurtzen du berriro ere.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

The post Erreginatxo marraduna appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nolako familia, halako garuna

Wed, 2017/07/19 - 09:00
Amaia Portugal Seme-alaba bakarra izan ala ez, burmuineko zati batzuk handiagoak edo txikiagoak direla ikusi dute Txinan egindako ikerketa batean, eskanerren bitartez. Ikertzaileok diotenez, anai-arrebarik ez duten haurrek sormen handiagoa dute eta ez dira hain atseginak, eta horrekin lotura dute buruko anatomian antzeman dizkieten desberdintasunek.

Gizakiok askotan jotzen dugu estereotipoetara, erosoak baitira. Seme-alaba bakarrei buruz ari garenean, adibidez, hiruzpalau ideia datozkigu gogora: berekoiak direla, nahi dutena egiten dutela, saltsa guztien erdigunean egon nahi izaten dutela… Muturrera joaten gara. Baina egiari zor, ume bakarrak badira zertxobait desberdinak; fisiologikoki ere bai. Txinan egindako ikerketa batean egiaztatu dutenez, anai-arrebak izan edo ez, garuneko zati batzuetan bolumena aldatu egiten da. Hala azaldu dute, Brain Imaging and Behavior aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Txinako Chongqing hirian dagoen Hego-mendebaldeko Unibertsitatean (SWU) egin dute ikerketa. Bertako ikasle diren 303 lagun hartu dituzte lagintzat. Guztira 249k hartu dute parte ikerketan hasi eta buka, eta horien artean 95 dira seme-alaba bakarrak. Hain zuzen, Txinan haur bakarraren politika ezarri zen urteetan (1979-2015) jaiotakoak dira lagineko kideak; familia guztiek bete ez bazuten ere, estrategia honek nabarmen handitu zuen anai-arrebarik gabeko haurren proportzioa.

1. irudia: Txinako bikote bat, semearekin. Haur bakarraren politikak inpaktu handia izan du.
(Argazkia: Daniel Case / CC BY-SA 3.0)

Adimena, sormena eta izaera neurtzeko test kognitiboak egin zitzaizkien ikasleei ikerketa honetan, bai eta haien garuna eskaneatu ere. Test horien arabera, adimenean ez dago alderik, baina seme-alaba bakarrek sormen handiagoa izan ohi dute (pentsaera malguagoa), eta ez dira anai-arrebak dituztenak bezain atseginak, betiere nortasun testen irizpideei jarraiki.

Hala ere, garuneko eskanerrek eman dituzte datu deigarrienak. Horien arabera, ikerketa honetako ume bakarrek bolumen handiagoa dute lobulu parietaleko atal batean: zirkunboluzio supramarginalean, hain zuzen. Lengoaiaren pertzepzioari eta prozesatzeari lotu ohi zaio burmuineko zati hau, eta horrenbestez, anai-arrebarik gabekoek erakutsitako pentsaera malguagoarekin harremana duela uste dute ikertzaileek. Lagineko seme-alaba bakarrek batez bestetik beherako bolumena dute, aldiz, kortex prefrontal medialean. Garuneko atal honek harremana du nortasunarekin eta gizarte harremanekin, eta hortaz, hain atsegina ez izatearekin korrelazioa dagoela uste dute ikertzaileok.

Artikuluan azaldu dutenez, ikerketa honetan aurrenekoz egiaztatu da garuneko egitura anatomikoan ikus daitezkeen desberdintasun zenbaitek lotura izan dezaketela jokabidearekin; kasu honetan, malgutasunaz eta atsegingarritasunaz ari garela. “Seme-alaba bakarrak direnek eta ez direnek desberdintasunak izan ditzakete funtzio kognitiboan eta nortasunean, eta desberdintasun horiek zer oinarri neuroanatomiko duten ulertze aldera, ekarpena egin dute gure emaitzek”, gaineratu dute.

2. irudia: Seme-alaba bakarrek sormen handiagoa dutela iradokitzen du ikerketa honek.
(Sinadura: mliu92 / CC BY-SA 2.0)

Desberdintasun horien atzean zer dagoen, horri buruz ez dute ondorio zehatzik atera ikertzaileok, baina badituzte hipotesi batzuk. Esaterako, ume bakarrek sormen handiagoa badute, gurasoek haiekin denbora gehiago igaro dutelako izan daitekeela iritzi diote. Eta ez hain atseginak izateari dagokionez, txikitan jolas bakartiagoetan aritu eta senideek soka motzagoan lotu izanak zerikusia izan dezakeela uste dute.

Bestalde, kontuan izan behar da ikerketa honek badituela gabezia batzuk. Izan ere, lagina murritza da kopuruari zein gune geografikoari dagokionez, eta parte hartzaile guztiek goi mailako formakuntza dute, gainera. Alor honetan oraindik badago zer ikertu, beraz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Junyi Yang et al. Only-child and non-only-child exhibit differences in creativity and agreeableness: evidence from behavioral and anatomical structural studies. Brain Imaging and Behavior. April 2017, Volume 11, Issue 2, pp 493–502. DOI: 10.1007/s11682-016-9530-9

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Nolako familia, halako garuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Berdintasuna mundua mugitzeko

Tue, 2017/07/18 - 09:00
Barbara Ward (1914-1981), Britainia Handiko ekonomialari, kazetari eta idazlea. Garatze bidean diren herrialdeen arazoekiko erakutsitako interesa eta konpromisoagatik egin zen ezaguna. Ahalegin handiak egin zituen mendebaldeko oparotasuna munduaren gainerako herrialdeekin partekatzeko. 60.eko hamarkadan, ingurumenari lotutako gaiak lantzeari ekin zion, aitzindaria izanik garapen iraunkorraren aldeko defentsan. Hurrengo hamarkadaren harieran, berriz, United Nations Conference on the Human Environment biltzarraren aurreko txostenaren idazketan parte hartu zuen.

Barbara Ward: “Gure garaian, berdintasunaren iraultza da mundua mugitzen duen indar handienetako bat”.

—————————————————–

Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.

—————————————————–

Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.

alfabetatze zientifikoa

The post Berdintasuna mundua mugitzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Allen testa aztergai

Mon, 2017/07/17 - 09:00
Testaren fidagarritasuna eta baliagarritasuna auzitan jarri du UPV/EHUko gradu amaierako lan batek.

Larrialdi medikoetako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU) erabili ohi da Allen maniobra. Odol zirkulazioaren kalitatearen eta iskemia (odol fluxuaren falta) arriskuaren arteko harremana ezartzeko erabiltzen da testa.

Eskuko arteria ziztatu edo erradio kateter bat jarri aurretik, odol zirkulazioaren kalitatea egiaztatu behar dute osasun langileek, odol fluxua falta den (iskemia) egiaztatzeko. Konplikazio larria ekar lezake iskemiak, nekrosia (eskuko ehunen hiltzea), esaterako.

Allen maniobra erabili ohi da odol fluxuaren kalitatea begiratzeko. Ahurra goraka dagoela, eskua ukabilean ixten da. Hatzekin arteria erradiala eta kubitala eskumuturraren albo bietan estutzen dira aldi berean, ahurrak kolore zurbila hartzen duen arte. Arteria kubitalaren gaineko presioa askatzen da, erradialaren gainekoari eusten zaiola. Ziztada egiteak edo kateterra jartzearen eragina simulatzen da honela.

Arteria kubitalak eskuko odol fluxu guztia bereganatzeko zenbateko gaitasuna duen aztertzeko balio du. 10-15 segundo igaro eta ahurra kolore normalera itzuli ez bada, ez da egokia arteria erradiala ziztatzea, esku zirkulazio albokidearen (kubitalarena) defizitak iskemia eragiteko arrisku handia baitago. Arteria erradiala ziztatzea, beraz, ez da egokia.

Edgar Allen medikuak deskribatu zuen testaren teknika 1929an aurreneko aldiz. Ordutik erabiltzen da eta bai larrialdi zerbitzuetan bai ZIUetan ohikoa bada ere, testaren baliagarritasuna ez da egiaztatu, ezta Edgar Allen berak ere.

Ikerketa

Allen testaren baliagarritasunari buruz orain arte ingelesez eta gaztelaniaz egin diren saiakuntza kliniko guztiak berrikusi eta aztertu ditu ikerlanean Oscar Romeu Bordasek. Sei datu baseren (Medline, Scopus, Web of Science, EMBASE, Cochrane plus eta CINAHL) 14 ikerketa guztira. Ahurreko zirkulazio albokidea ebaluatzeko Doppler ekografiarekin lortutako emaitzak eta Allen teknikarekin lortutakoak konparatzen dira azterlan horietan eta arteria erradiala ziztatu osteko konplikazio iskemikoak ebaluatzen dituzte.

Analisiaren ondoren, Erizaintzako gradudunak ondorioztatu du Allen testak ez duela %100ean odol zirkulazioaren kalitatea ezagutzea bermatzen eta ez duela eragozten arteria ziztatu ostean iskemiaren bat agertzea. Gainera, gradu amaierako lanaren arabera, Teknika asistentziako protokolo eta eskuliburuetatik ken daitekeela iradokitzen du, gainera: mugatu bailitzake lehen aukerako beste teknika terapeutiko batzuen erabilera, kateterismo erradiala adibidez.

Erreferentzia bibliografikoa:
Romeu-Bordas O, et al. Validez y fiabilidad del test modificado de Allen: una revisión sistemática y metanálisis. Emergencias 2017;29: 126-135

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Allen testa baliagarria eta fidagarria den aztertu dute

The post Allen testa aztergai appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #163

Sun, 2017/07/16 - 09:00
Uxue Razkin

Paleontologia

Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat. Haiekin batera, beste 12 grabatu aurkitu dituzte; ohiko irudiak dira gehienak baina badira ere, esku baten inpresio bat eta bi bulba. Dena dela, Diego Garate Maidagan arkeologoak dio berezienak behe-erliebeak direla: “Bédeilhac haitzuloan (Ariège, Frantzia) badaude batzuk, baina hemen ez dugu halakorik topatu orain arte”. Behe-erliebeak egin zituzten garaian bezalaxe daude. Ohartarazi duenez, lekua oso desegokia da, bai ikertzeko bai kontserbatzeko.

Fisiologia

Lasterkari kenyarrekin egindako ikerketa baten arabera, ez da posible garun oxigenazioa egonkor mantentzea erabateko ahalegina egin bitartean, aurretik egindako ikerketetan kontrakoa ondorioztatu zuten arren. Korrikaldiaren intentsitatea inposatuta lasterkarien garunaren oxigenazioak zein erantzun ematen duen erabateko ahalegina egin bitartean aztertzea erabaki da, lehen ikerketaren emaitzak kontrastatzeko. Garun oxigenazioaren jaitsiera hipokapniarekin lotzen dute ikertzaileek.

Astronomia

Longitudea aurkitzea ez da hain erraza. Historian zehar zenbait metodo aztertu ziren, eta azkenean bi nabarmendu ziren: Ilargiaren kokapena erabili edo erloju eramangarri zehatzak asmatu. 1667.ean, Frantziako Luis XXIV.ak Pariseko Behatokia sortu zuen eta 1657.ean berriz, Ingalaterrako Carlos II.ak, Greenwicheko Errege Behatokia sortu zuen. Horien sorrerarekin batera, erreferentziazko meridiano berriak agertu ziren. Greenwichekoa zen aukeratutako erreferentziazko meridianoa. Frantsesek 1791an Parisko Zientzia Akademiak erabaki zuen aipatu dugun pisu eta neurri-sistema berri bat asmatzea. Irakur ezazue artikulu osoa, metodo berri hori zein zen ezagutzeko.

Adimen artifiziala

Zenbaitetan garapen teknologikoak irizpide etikoak segituan garatu behar ditu produktu berriak kaleratu ahal izateko. Hori izango da ibilgailu autonomoen kasua. Horiei arauak eta irizpideak irakatsi behar zaizkie eta horretan ari dira zientzialariak. Horren adibide dugu, Alemaniako adituek egindako ikerketa: aditzera eman dutenez, gizakiok errepidean auto bat gidatzean jarraitzen ditugun irizpide etikoak auto autonomoetan erabil daitezke. Osnabrück-eko Unibertsitateko Zientzia Kognitiboen Institutuko ikertzaileek ondorioztatu dute, teorian, autoak gai izango liratekeela arriskuen aurrean gizakien antzera jokatzeko. Ikertzaileek bi dilemei egin behar diete aurre, azaltzen dutenez: “Batetik, erabaki behar dugu makinen portaeran balore moralek izango duten eragina. Bestetik, eztabaidatu behar dugu ea makinak gizakiek egingo luketen moduan aritu behar ote diren, edo ea beti egin behar ote duten”.

Biologia

Ezti-gidariak oso txori bereziak dira. Batetik, beste txori batzuek eraikitako habietan erruten dituzte arrautzak. Bestetik, eta honetan bakarrak dira, argizari-jaleak dira. Argizaria erlauntzen barruan egoten da, baina ezti-gidariak txori txikiak izanik ez dute behar besteko indarrik erlauntzak apurtzeko. Areago, testuan azaltzen digutenez, erle-habiara sartzeak badu bere arriskua. Beraz, argizaria eskuratu ahal izateko, laguntzaileak bilatzen dituzte. Digeritzeko ahalmenari dagokionez, argizaria digeritzeko modua ez dago oraindik guztiz argi, baina ez da inoiz digestio-hodiaren egitura espezializaturik aurkitu, ez eta hipertrofiatutako listu-guruinik ere.

Psikologia

Enrique Etxeburua psikologia klinikoko katredaduna UPV/EHUn elkarrizketatu dute Berrian, berak berriki koordinatutako udako ikastaro baten harira. ‘Zer erlazio dago indarkeriaren eta buruko nahasmenduen artean?‘ galdera erantzuten saiatu dira. Etxeburuak azaltzen du: “Buruko nahasmendu klase asko daude; egiten diren kalkuluen arabera, populazioaren %20ak edo %25ak izango du uneren batean halakoren bat. Nahasmendu gehienek, ordea, ez dute loturarik portaera biolentoekin”. Jarrera biolentoak izateko arriskua tratamenduarekin kontrolatzen ahal direla dio. “Biolentziarik gabeko egoerara ez gara inoiz ere iritsiko, beti egon daiteke kasuren bat. Baina tratamendua hobetuta, arta hobetzeko baliabideak jarrita, asko hobetu daiteke. Eta argi utzi behar da: pertsona horietako gehienak ez dira arriskutsuak”.

Matematika

UPV/EHUko Udako ikastaroekin jarraituz, kulturaren eta matematikaren arteko harremana aztertu dute Kultura matematikaren M-arekin izeneko ikastaroan. “Diseinu baten atzean beti daude zenbakiak”, azaldu du Elena Gonzalez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Diseinu grafikoaren eta matematikaren arteko erlazioaz gain, beste harreman asko jorratu dituzte. Adibidez, papiroflexia: medikuntzan, robotikan eta aeronautikan erabiltzen da papiroflexiaren oinarrian dagoen geometria, baita espaziora bidaltzen diren sateliteen eguzki paneletan ere. Horretaz gain, bideo jokoak izan dituzte ikergai, horiek sortzeko prozesuan asko erabiltzen direlako zenbakiak.

Ingurumena

Antartikan dagoen iceberg erraldoi bat askatu da. Izozmendiak 200 kilometroko luzera du, eta ia-ia Euskal Autonomia Erkidego osoaren tamaina (6.000 km2). Historiako 3. handiena izango da. Zientzialari batzuen ustez, horrelako prozesu “ezohikoak” ohi baino gehiago ari dira gertatzen azken urteotan. Izotz-plaka erraldoi hau itsasoratzeak ez du eragin zuzenik izango ozeanoen ur-mailan, dagoeneko itsasoan dagoelako orain ere, baina zientzialariek aipatu dute egoera berri honen ondorioz Larsen C plaka osoa desegonkortu daitekeela eta bertako glaziarren dinamika aldatu daitekeela.

Teknologia

Hegaztien behaketa ahalbidetzen duten webcamak gero eta ohikoagoak bihurtu dira. Kumaldian jartzen dira kamerok, gehienbat; udaberrian, umatze-prozesua jarraitzeko eta txiten ibilerak ikusi ahal izateko. Irudi horietan ikusten dira euren lehenengo hegaldiak eta gurasoen azken zaintzak.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #163 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #179

Sat, 2017/07/15 - 09:00

Erlatibitate Orokorra egitura metrikorik gabe formulatzea ezinezkoa da, ikertzaile entzutetsuren batek esaten duena esanda ere. Metric structures in General Relativity artikuluan azaltzen du Carlos Shahbazik.

Etorkizuneko elektronikaren eta espintronikaren eremuan material berriek eskaintzen dituzten aukerak sinesgaitzak dira. Energia kantitate arbuiagarriak erabiltzeko aukera, esaterako. Horretarako, baina, materialak deiseinatu behar dira. Adibide zoragarria DIPCren eskutik: Materials for raising the temperature of the quantized anomalous Hall and magnetoelectric effects

The post Ezjakintasunaren kartografia #179 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Arantxa Isla: “Parkinsonismoa agertu aurretik diagnostikatzea da helburua” #Zientzialari (76)

Fri, 2017/07/14 - 09:00

Parkinsona gaixotasun neuroindikatzaile ohikoena da alzheimerraren ostean eta nerbio sistema zentralean dopamina izeneko sustantzia jariatzen duten neuronen galeraren ondorioz ematen da. Gaur egun ez dago berau sendatzeko tratamendurik eta, horren aurrean, gaixoek pairatzen dituzten sintomak kontrolatzeko terapia ezberdinetan aurrerakuntza nabariak egin dira. Zeintzuk dira, ordea, sintoma hauek? Zein erronkari egin beharko diete aurre ikertzaileek? Zer da parkinsonaren “euskal mutazioa” deituriko fenomenoa?

Galdera hauei erantzuteko, Arantxa Isla UPV/EHUko Farmazia Teknologia irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, sendatu ezin daitekeen arren, parkinsonismoa agertu baino lehen diagnostikatu eta honen eragina ahal bezain beste atzeratzea da helburua.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Arantxa Isla: “Parkinsonismoa agertu aurretik diagnostikatzea da helburua” #Zientzialari (76) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezti gidaria

Thu, 2017/07/13 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Nahiz eta txikiak izan, kolore deigarririk ez erakutsi eta kantuan ere arruntak izan, bereziak dira, oso bereziak, Indicatoridae familiako ezti-gidari izenez ezagutzen diren txoriak. Berezitasuna, portaeratik datorkie. Batetik, beste txori batzuek eraikitako habietan erruten dituzte arrautzak, eta, beraz, bizkarroitzat har ditzakegu; horri dagokionez, kukuaren antzera jokatzen dute. Baina, bestetik, badute ikertzaileen interesa piztu duen ezaugarri bat, horretan bai, bakarrak baitira: argizari-jaleak dira txori hauek.

1. irudia: Indicator minor txoria. (Alan Mansonen argazkia)

Aurkikuntza hau egin arte uste zen lehorreko ornodunek ezin zituztela ezkoak elikagai modura erabili, digestio zailekoak zirela uste baitzen; izan ere, ornodun gehienen areak ekoitzitako lipasek ezin dituzte hidrolizatu kate luzeko gantz alkohol baten eta gantz azido molekulen arteko esterrak diren ezkoak.

Argizari-jale izatea berez bitxia izanik, are bitxiagoa da txoriok jaki mota hau lortzeko erabiltzen duten amarrua. Argizaria erlauntzen barruan egoten da, baina ezti-gidariak txori txikiak izanik ez dute behar besteko indarrik erlauntzak apurtzeko. Askotan, gainera, erleek zokondo eskuraezinetan egiten dituzte etxeak eta, beraz, txoriok ezin izaten dira erlauntzetaraino iritsi. Hori gutxi balitz, erle-habiara sartzeak badu bere arriskua, erleek euren eremua babestu egiten dutelako. Hortaz, argizaria eskuratu ahal izateko, lankide bat bilatu dute.

Laguntzaile horien artean daude ezti-bilatzaileak diren zenbait giza talde, adibidez Keniako Boran tribuetakoak, eta, batzuen ustez, baita azkonar ezti-jalea ere[1]. Erlauntzaren jabe egiten lagunduko dien kidearen arreta jasotzeko, jokabide zalapartatsua agertzen dute txoriek, lankideak erlauntzerantz gidatzeko. Nolabaiteko sinbiosia dago tratu horretan, ezti-bilatzailea txoriari jarraituz bestela aurkitzeko zaila litzatekeen erlauntzeraino iristen delako. Txoriak, bere aldetik, gida-lanaren ordainetan erlauntza barruko edukietara iristea lortzen du. Lankideak eztia besterik erabiltzen ez duenez, utzitako hondakinetan dauden erle, erle-larba, gainerako fauna eta batez ere argizaria baliatzen ditu gure txori gidariak.

2. irudia: Gizakiekin elkarlanean eskuratzen dute ezkoa indicatoridae familiako txoriek.

Ezti-gidariak ezkoak jaten dituztela lehenengoz aipatzen du Joao dos Santos misiolari portugesak: 1569an idatzi zuen Indicator taldeko txoriak bere Mozanbikeko misioko elizara sartzen omen zirela aldareko kandeletako argizaria jatera. Harrezkero, urteetan eta urteetan aurkitu zituzten naturazaleek ezti-gidarietako arandoietan (errotetan) argizari arrastoak, baina 1950era arte ez zen argi ezarrita gelditu animalia hauek erlauntzeko argizaria aktiboki bilatzen dutela, eta ez soilik hango erleak eta erle-beldarrak. Eztia beste osagai horiei lotuta doan neurrian baino ez omen dute irensten.

Erleek ekoitzitako argizaria irentsi eta digeritzeko ahalmena bi ezti-gidari espezietan behintzat frogatu izan da modu esperimentalean: ezti-gidari txikian (Indicator minor) eta ezti-gidari handi edo lepo beltzaren kasuan (Indicator indicator). Argizaria digeritzeko modua ez dago oraindik guztiz argi, baina ez da inoiz digestio-hodiaren egitura espezializaturik aurkitu, ez eta hipertrofiatutako listu-guruinik ere[2].

Izatez, bi aukera daude ezkoen digestioa azaltzeko: edo bakterio sinbiontikoek burutzen dute digestio hori edo berezko entzima egokiak dituzte txoriek lipido horiek hidrolizatzeko. 1956an argitaratutako ikerketa batean Friedmann eta Kern ikerlariek Micrococcus cerolyticus eta Candida albicans bakterio sinbiontikoak aurkitu zituzten ezti-gidari txikien kasuan, eta hortik ondorioztatu zuten mikroorganismo hauen lana ezkoen digestioa izan litekeela. Baina 1988an Diamond-ek eta Place-k emaitza horiek kolokan jarri zituzten, eta argizariaren digestioa txori askoren ahalmen endogenoa dela proposatu zuten.

3. irudia: Erlauntza.

Geroago, Downs eta Hegoafrikako bere lankideek ikerketa bat burutu zuten kontu hauek argitu nahian. Ateratako ondorioen artean, Indicator minoren kasurako behintzat, honako hauek aipa daitezke: aske bizi direnean, ohikoa da ezti-gidariek argizaria baliatzea. Laborategian egindako lanetan ikusi zen egunero irensten zutela substantzia hori eta, aukeran, nahiago zutela ekoitzi berria zen argizaria eta ez zenbait egunetakoa; hala ere, proteina-iturri gehigarri bat beharrezkoa zuten gorputz-masa mantentzeko. Besterik ematen ez zitzaienean, argizaria % 90 baino etekin handiagoz digeritzen zuten, eta horretarako denbora luzez mantentzen zuten digestio-hodian. Mikrobio gutxi batzuk besterik ez zituzten aurkitu digestio-aparatu osoan, baina digestio-entzimak, lipasa barne, arean eta hestean behatu zituzten. Emaitza horietan oinarrituz, beraz, ondorioztatu zuten berezko ahalmena dutela txori hauek lipido konplexu hauek hidrolizatzeko. Dirudienez, ezkoak digeritzeko ahalmen horretan zenbait txoritan ohikoa den hestetik arandoiranzko errefluxuak izan dezake eragina, arandoiak oso eraginkorra den errota emultsionatzaile modura jokatzen baitu.

Benetan dira bitxiak Indicator izen adierazgarria duten txori hauek. Urte askotan bitxikeria fisiologikotzat hartu izan den arren, animalien fisiologiak duen malgutasunaren erakusle ezin hobea dugu agertzen duten moldaera dietetikoa. Ez da hor amaitzen kontua: ugaztunekin, batez ere gizakiarekin mantentzen duten harremana ere antropologoentzat aztergai izan da. Indicatorek badute, bai, zientzialarien arreta erakartzeko motiborik.

Oharrak:
[1] Azkonar ezti-jalearen kasuan ba omen daude datu objektiboak txoriaren gida-lana kolokan jartzen dutenak, hainbat aldiz behatu izan baita azkonarra txoria bera baino lehenago heltzen dela erlauntzara.
[2] Horixe da, hain zuzen ere, nektar-jaleek agertzen duten moldaeretariko bat.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

The post Ezti gidaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola irakatsi autoei zintzoak izaten

Wed, 2017/07/12 - 09:00
Juanma Gallego Ikerketa batek dio gizakien erabaki etiko eta moralak eredu estatistikoen arabera kodetu daitezkeela, ibilgailu autonomoak horren arabera jokatzeko gai izan daitezen.

Teknologia azkar garatzen da, baina garapen horrek eragiten dituen aldaketei moldatzea prozesu motelagoa izan ohi da. Halere, zenbaitetan garapen teknologikoak irizpide etikoak segituan garatu behar ditu produktu berriak kaleratu ahal izateko. Hori izango da ibilgailu autonomoen kasua. Herrialde bakoitzean lege zehatzen arabera araututa dago trafikoa, baina laster aktore juridiko berriak egongo dira tartean: ibilgailu autonomoak. Funtsean, horiek izango dira gurekin egunerokotasunean arituko diren lehen robotak.

Aktore berri horiei arauak eta irizpideak irakatsi behar zaizkie, eta zientzialari asko zeregin horretan daude, buru-belarri. Horren adibide da Alemaniako adituek egindako azken ikerketa. Diotenez, gizakiok errepidean auto bat gidatzean jarraitzen ditugun irizpide etikoak auto autonomoetan erabil daitezke. Teorian behintzat, autoak gai izango lirateke arriskuen aurrean gizakien antzera jokatzeko. Osnabrück-eko Unibertsitateko Zientzia Kognitiboen Institutuko ikertzaileek egin dute lana, eta emaitzak Frontiers in Behavioral Neuroscience aldizkarian argitaratu dituzte.

1. irudia: ibilgailu autonomoak lehen ibilaldiak egiten ari dira. Irudian, Waymo (Google) enpresaren Chrysler Pacifica furgonetaren bertsio autonomoa Phoenixen (Arizona, AEB). (Argazkia: Waymo)

Errealitate birtuala erabili dute ikerketan parte hartu duten 105 laguni hainbat trafiko egoera erakusteko. Parte hartzaileei auto bat “gidatzea” eskatu diete. Aldirietan egun lainotsu batean gidatu behar izan dute, eta ustekabeko arazo ugari planteatu dizkiete: objektuak, animaliak eta pertsonak bide erdian gurutzatu zaizkie, eta baldintza horien arabera erabakiak hartu behar izan dituzte: oztopo bat harrapatu eta bestea salbatu.

Emaitzak zenbakietara eraman dituzte, eta, horrela, parte-hartzaileen erabaki moralak azaleratu dituzte. Gizaki, animali eta objektu bakoitzari “balore” bat eman diote, eta datu horiek guztiak baliatuta estatistika bat eraiki dute. Funtsean, ikertzaileek gizakien morala kodifikatu daitekeela erakutsi nahi izan dute. Datu horiek hartu eta ibilgailu autonomoei irakatsi ahal zaizkiela uste dute zientzialariek.

Morala, zenbakitan

Ikerketan parte hartu duen Gordon Pipa adituaren arabera, “arauak eta jarraibideak definitu ahal izateko”, bi urrats eman behar dira. “Lehenik, gizakiek egoera kritikoetan hartzen dituzten erabaki moral aztertu eta ulertu behar ditugu. Bigarrenik, portaera hau estatistikaren bitartez deskribatu behar da, makinetan erabiltzeko moduko arauak zehaztu ahal izateko”.

Bestetik, ikerketaren lehen egile Leon Suerfeldek esan duenez, “gizaki, animalia eta bizigabeko objektu bakoitzari loturik doazen bizitza balioak alderatuz, gizakien portaera morala izugarrizko zehaztasunarekin azaldu eta aurreikus daiteke. Horrek erakusten du, printzipioz, gizakien erabaki moralak arauen arabera azal daitezkeela, eta makinek arau horiek har ditzaketela”.

Osnabrückeko Unibertsitateak zabaldutako ohar batean ikertzaileek azaldu dutenez, algoritmoak bi motatako datuetan oinarritu daitezke: arau kategorikoetan eta eredu estatistikoetan. Lehenaren arabera oinarritzen da, adibidez, legea. Kasu bakoitzean zer egin behar den ondo zehazten du legeak. Eredu estatistikoa erabiltzen dute, aitzitik, bai gizakiek zein adimen artifizialak, eta horrek aukera ematen die inoiz bizi ez duten egoera baten aurrean erabaki bat hartzeko. “Arauak ez dira ezarri behar era abstraktuan, gizaki batek bulego batetik egingo lukeen moduan: giza portaeran abiatuta, zuzenean ikas daitezke horiek”, diote.

2. irudia: 105 lagunek parte hartu dute ikerketan, irudian agertzen den trafiko simulagailu bat erabilita. (Irudia: Osnabrückeko Unibertsitatea)

Orain ikertzaileek bi dilemei aurre egin behar diete, Peter Koenigen arabera. “Batetik, erabaki behar dugu makinen portaeran balore moralek izango duten eragina. Bestetik, eztabaidatu behar dugu ea makinak gizakiek egingo luketen moduan aritu behar ote diren, edo ea beti egin behar ote duten”.

Koenigek aipatutako “beti” hori ñabardura garrantzitsua da. Izan ere, egoera batzuk erraz konpontzen dira. Jende guztia seguruenera bat etorriko da: hobe da paperontzi baten kontra jotzea pertsona bat harrapatzea baino. Erabaki gogorragoa izanda ere, animalia bat eta pertsona baten artean ere aukeratzean zalantza askorik ez dago. Eta bi pertsona badira? Eta erabakiak haurdun dagoen emakume baten eta agure baten artean aukeratzea eskatzen badu?

Are gehiago, oraindik ere hausnarketak ibilbide luzeagoa dauka aurretik. Izan ere, gizakiek beti ez dute jokatzen irizpide egokienen arabera, eta horrek erabaki zailak hartzeko beharra ekarriko ditu ezinbestean; zenbaitetan, kontraesanez beterikoak. Iazko ekainean Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian jarri zituen kontraesan horiek.

Ia 2.000 lagun elkarrizketatu zituzten orduan, gidari gabeko ibilgailuek istripuetan hartu behar zituzten erabaki hoberenak zeintzuk ziren jakiteko. Baina kasu honetan, dilema gogorragoa jartzen zitzaien inkestatutakoei: bizitza asko salbatzearen truke, autoaren barruan doazenak sakrifikatu beharko lirateke, adibidez, horma baten truke talka eginez? Inkestak ondorioztatu zuenez, gehiengoak begi onez ikusten zuen autoak oinezkoen bizitza lehenestea, baina, era berean, gehienek ez lukete eurentzat horrelako autorik erosiko.

Ez da soilik norberekeria kontua. Psikologoek aspalditik dakite jende gehienak ez duela onartzen bizitza bat sakrifikatzea, azken helburua bizitza gehiago salbatzea izanda ere. Tranbiaren dilema deitu izan zaio fenomenoari (“Bultzatuko al zenuke pertsona bat tranbia baten aurrean, horrekin bost bizitza salbatzea lortuko bazenu?”), eta arazoak argi utzi du morala eta etika ezin direla hain erraz zenbaki hutsetara eraman.

Filosofiarako bidea zabalik utzita ere, erabakiak hartzeko beharra pixkanaka aurrera doa. Adibidez, BMVI Alemaniako Garraio eta Azpiegitura Digitalen Ministerioak 20 printzipio etiko proposatu ditu auto autonomoetan erabiltzeko. Osnabrückeko Unibertsitateko ikertzaileek espero dute eskuratutako emaitzak zeregin horretan lagungarriak izango direla. Zientzialariek esan dutenez, azken emaitzen arabera, ministerioak egindako zerrenda horretako zortzigarren puntua bertan behera geldituko litzateke: erabaki moralak modelizatzea ez zela posible esaten zioen puntuak. Baina, antza, posible bada. Orain erabaki horiek ondo zehaztea falta da, baina, ikusi dugunez, hori ez da lan erraza izango.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sutfeld et al. Using Virtual Reality to Assess Ethical Decisions in Road Traffic Scenarios: Applicability of Value-of-Life-Based Models and Influences of Time Pressure. Frontiers in Behavioral Neuroscience. 05 July 2017 DOI:10.3389/fnbeh.2017.00122

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Nola irakatsi autoei zintzoak izaten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages