Asteon zientzia begi-bistan #134
Ospitale-eremutik kanpo hartzen den pneumonia heriotza-eragile garrantzitsua da: urtero 1.000 biztanletik 2-8ri eragiten baitie, eta %10-15eko heriotza-tasa baitu ospitaleratzen diren pazienteetan eta, are handiagoa, zainketa intentsiboko unitateetara (ZIU) eramaten dituzten kasuetan. Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko Eskualdean egindako eta UPV/EHUn defendatutako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, pneumoniaren eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko. Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak azaltzen du diagnostikoa egiten den unean jakin behar dela zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, “oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea”.
OsasunaEdari gozoei zerga ezarriko die Erresuma Batuko gobernuak 2018ko apiriletik aurrera: ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei. Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain Oxfordeko Unibertsitateak. Badirudi zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela. Zerga igoeraren aurrean, zer egin dezakete enpresek? industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea.
InformatikaAzken urteotan asko ugaritu dira ikasketa automatikoan oinarritutako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak. Hauen funtzionamendua ezagutuko dugu testu honen bitartez. Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak zuhaitz-banku bat behar dute ikasteko. Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiek analizatuta egon behar dute eta esaldian dagoen hitz bakoitza etiketatu, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz. Zuhaitz-bankua CoNLL-X formatuan egon behar da. Analizatzaile sintaktiko-estatistiko bat euskarara egokitzeko honako hiru oinarrizko elementu hauek egokituko dira: algoritmo sintaktikoa, ikasketa automatikoa eta ezaugarrien modeloa. Egokitu ostean, euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da.
FisikaAntimateria-atomo batek zer argi xurgatzen duen neurtu dute lehen aldiz, CERNeko ikertzaileek. Ikertzaileek aldarrikatu dute neurketa honek ate garrantzitsu bat irekitzen duela antimateria ikertzeko. Antihidrogeno baten espektroa neurtu dute. Eta, emaitzek erakusten dutenez, hidrogenoaren espektro berdina du antihidrogenoak. Hori bat dator fisikako Eredu Estandarrarekin; hark iragartzen baitu hidrogenoak eta antihidrogenoak ezaugarri espektroskopiko berdin-berdinak izan beharko lituzketela.
Gabonetako argiei erreparatu die Aitor Bergarak artikulu honetan. Duela bederatzi urte Bilbok Gabonetako argiteria aldatu zuen. Bonbilla gori tradizionalen ordez, LED (Light Emitting Diode) bonbillak erabiltzen hasi ziren. Zein da desberdintasuna? Tradizionaletan, igortzen duten erradiazioa infragorria da, batez ere. Hori da eraginkorrak ez izatearen arrazoi nagusia. Emandako energiaren %10a soilik bihurtzen delako argi; gainerakoa bero gisa galtzen da. LED bonbillak, berriz, argi kuantikoak dira. LED baten kasuan, argia sortzen da korrontea aplikatzean. LED bat diodo bat da, eta horren osagai nagusia erdieroale bat da. Korrontea erdieroaletik zehar pasatzen denean, diodoaren elektroiek energia handitzen dute, baina justu ondoren, hasierako energia-egoerara bueltatzen dira fotoi bat igorriz, hau da, argia igorriz. Bonbilla horiek ia ez dira berotzen, beraz, oso eraginkorrak dira. Izan ere, bonbilla goriek baino 10 aldiz gutxiago kontsumitzen dute.
Zientzialari asko hidrogenoan oinarritutako beste energia nuklear baten aldeko ikerketetan ari dira aspalditik. Partikula subatomikoen fusioan edo partikulen batuketan abiatutako erreaktoreak lortu nahi dituzte. Asmoa da izarrek sortzen duten energia ikaragarriaren abiapuntu den prozesua Lurrean eta era kontrolatuan lortzea. Igor Peñalva UPV/EHUko ingeniariak gai horri lotutako teknologien aditua da. “Gure departamentuan ITER proiektuan erabilgarriak izan daitezkeen materialak ikertzen ari gara. Gure lana, besteak beste, horiek aztertzea da, gero erabakia hartu behar duenak jakin dezan zeintzuk diren materialik egokienak”. ITER proiektua fusioa garatzeko nazioarteko esperimentu erraldoi bat da. Txina, Europako Batasuna, India, Japonia, Hego Korea, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak ari dira proiektuan lanean. “Zoritxarrez, askotan ikerkuntza gerretatik abiatu da, eta gero hortik ateratako ondorioak bizitza normalerako aprobetxatu dira, baina horrek ez du zertan horrela izan. Kasu honetan nazioarteko adostasuna eta elkarlana dago”, gaineratu du Peñalvak.
BiologiaIgelek egiten duten antzera egin dute salto artikulu honen egileek Titikakatik Borneora, han topatuko baitugu gure protagonista: Barbourula dugu birikarik gabeko igel bakarra. Borneon aurkitu zuten 1978an. Disekzioa egitean aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourularen banakoak aztertu dituen Singapurreko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur-lasterretan bizitzeko moldaera da birikarik ez edukitzea. Birikek flotatzea errazten baitute.
GenetikaCRISPR teknikari esker, banan-banan T linfozitoen gene guztien miaketa egin, eta GIB birusaren infekzioari aurre egiteko gakoak izan daitezkeen faktoreak identifikatu dituzte. T linfozitoen bost gene identifikatu dituzte -horietatik hiru identifikatu gabeak ziren-. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu kontua: Geneok gakoak dira haiek desaktibatuta birusak ezin dituelako T zelulak infektatu, baina aldi berean gene horiek ez dutelako baldintzatzen T linfozitoen bideragarritasuna –geneok isilarazita ere, bizirik diraute–. Hortaz, gene horiek mutatuta dituzten T linfozitoak erabiltzeak GIBaren infekzioari aurre egiteko botika eta terapia eraginkorrak diseinatzeko balio lezake.
2016ko albiste zientifiko nabarmenenak2016an albiste izan direnak bildu ditu Elhuyarrek artikulu honetan. Gogoratzen dituzue?
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #134 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #140
Noiz sortzen da zientzialariaren estereotipoa? Zein adinetan? Hau jakiteko modu bat badago eta José Ramón Alonsok aurkezten digu: Draw a Scientist!
Ioi-kanal mekaniko berriak aurkitzeko prozesua Sherlock Holmesek egingo lukeen horietako bat da. Sergio Laínezen artikulua: Molecular Detectives: discovering new ion channels (II).
Denak ez du balio material spintroniko berriak topatzeko orduan. Esaterako, isolatzaile topologiko baten gainean konplexu metaliko bat jartzea eta zer ikusten den behatzea. DIPCko ikertzaileen kontuak dira horiek: Manipulating the topological surface states with molecular adsorbates.
Gutxienez azukrea eta minbiziaren arteko harremana kontuan hartzeko modukoa da. Pasquale Pellegrinik diosku Sweet, sweet cancers lanean.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #140 appeared first on Zientzia Kaiera.
Aintzane Apraiz: “Hainbat gaixotasunen agerpena autofagiaren garapen desegokiarekin lotuta dago” #Zientzialari (63)
Gure gorputzeko zelulen barnean dauden kaltetutako atalak edota zelulara kanpotik sartutako mikroorganismo kaltegarriak deuseztu eta kanporatzeko prozesuari autofagia deritzo. Giza gorputzean era naturalean gertatzen den fenomeno honek zelulen osasuna bermatzea ahalbidetzen du. Horregaitik, autofagiaren garapen desegokiak hainbat gaixotasunen agerpena ekar dezakeela uste da.
Autofagia zertan datzan eta nola burutzen den azaldu digu Aintzane Apraiz UPV/EHUko Medikuntzako irakasle eta ikertzaileak Zientzialariren azken atalean. Gainera, fenomeno honen inguruan azken aldian eman diren aurkikuntza nabarmenenak ere plazaratu ditu.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Aintzane Apraiz: “Hainbat gaixotasunen agerpena autofagiaren garapen desegokiarekin lotuta dago” #Zientzialari (63) appeared first on Zientzia Kaiera.
Birikarik gabeko igela
———————————————————————————————————–
Titikaka aintzirako igela atalean esan dugu Telmatobius culeus igelak ez daukala egiazko birikarik, arnasa larruazaletik hartzen duela. Bada, baina, are harrigarriagoa den beste igel bat: Barbourula kalimantanensis du izen zientifikoa eta Borneoko igel buru zapala (Bornean flat-headed frog) izen arrunta. Barbourulak ez du birikarik, ez egiazko birikarik ez eta birika-aztarnarik ere. Gogora dezagun Telmatobiusek birika-aztarnak dituela. Barbourula dugu birikarik gabeko igel bakarra.
Irudia: Barbourula kalimantanensis barbourula generoko animalia da. Anfibioen barruko bombinatoridae familian sailkatuta dago, anura ordenan. (Testua: Wikipedia / Argazkia: David Bickford)
Borneon aurkitu zuten 1978an, baina 2008an espezie beraren bi populazio gehiago aurkitu diren arte, ez da igelaren disekziorik egin eta ez da behar bezala deskribatu eta sailkatu. Disekzioa egitean aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourularen banakoak aztertu dituen Singapurreko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur-lasterretan bizitzeko moldaera da birikarik ez edukitzea. Birikek flotatzea errazten dute, flotagailuek bezala jokatzen baitute. Ura oso arin mugitzen den tokietan zaila izan daiteke errekaren substratu gainean egotea, eta are zailagoa igelak flotatzeko joera badu. Flotatzeko joera txikiagoa da birikarik gabe eta beraz, zentzuzkoa dirudi eboluzioan zehar birikak guztiz galdu izana.
Ur-lasterretan erraz eskura daiteke oxigenoa, ura oxigenoz saturatuta baitago. Beraz, larruazala organo egokia izan daiteke igelak behar duen oxigeno guztia lortu ahal izateko. Gainera, buru laua izatea azalera emendatzeko moldaera izan daiteke; izan ere, azalera handiagoak arnas azalera handiagoa dakar.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Birikarik gabeko igela appeared first on Zientzia Kaiera.
Azukreari bidesaria, osasunaren mesedetan
“Industria etekinak ateratzen ari da, gure haurren osasunaren lepotik. Enpresek ez badute azukrea beren borondatez murrizten, Erresuma Batuko gobernuak aurrera pausoa egin beharko du, eta araudia indartu”. Hala zioen Simon Capewell Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzaileak, haurrei zuzendutako edari askok duten gehiegizko azukre kantitateari buruz, Zientzia Kaiera honetara ekarri genuen artikulu batean. Bada, agintariek hartu dute enkargua, eta ondo bidean, Erresuma Batuak zerga zorrotzagoak aplikatu dizkio sektore horri, 2018ko apiriletik aurrera: bidesari gogorra ezarriko diete ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei.
Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain, Oxfordeko Unibertsitatetik gidatutako ikerketa batean. Zerga igoerari erantzuteko edarion industriak zer neurri har ditzakeen aurreikusi, horien araberako zenbait agertoki planteatu, eta balizko ondorioak atera dituzte. Emaitzon arabera, baikor izateko moduan gaude, zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela baitirudi. Hala adierazi dute The Lancet Public Health aldizkarian argitaratu duten artikuluan.
Zerga igoeraren aurrean, industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea. Hiru neurri horiek osasunean izan dezaketen inpaktuari begira, bina agertoki errealista identifikatu dituzte: baikorrena eta ezkorrena. Guztira sei agertoki, beraz.
1. irudia: Neskato bat, azukredun edariak saltzen dituen makinari begira. Haur obesitatea nabarmen murriztuko litzateke, industriak neurriak hartuko balitu. (Argazkia: Jmettraux / CC BY 2.0)
Lehen agertokian, formulazioa aldatuko luke industriak, edari gozoenen azukre edukia %30 eta koska bat beherago daudenena %15 murriztuz. Ikerketaren arabera, horixe litzateke neurri onuragarriena. Izan ere, 58,5 mililitrotan gutxituko litzateke Erresuma Batuan norbanako bakoitzak egunero edaten duen azukredun edarien bolumena. Emaitza are nabarmenagoa litzateke 11-18 urteko adin taldean, haurren artean mota honetako produktuek duten ikaragarrizko arrakastaren erakusle: egunean 137,6 mililitro gutxiago edango lukete mutilek, eta 93,2 mililitro gutxiago neskek.
Aurreneko agertoki horrek inpaktu nabarmena izango luke herritarren osasunean. Ikerketa honetako kalkuluen arabera, 144.000 lagun gutxiagok izango lukete obesitatea. Inpaktua bereziki handia izango litzateke txikienen artean: obesitatea duten 4-10 urteko mutilen kopurua %10,4 gutxituko litzateke, eta %8,9 neskei dagokienez. Hori gutxi ez, eta 2 motako 19.000 diabetes kasu gutxiago egongo lirateke urtean (65 urtetik gorakoen artean izango luke intzidentzia handiena) eta 270.000 hortzetako txantxar gutxiago.
Aztertutako agertokien artean, edarien formulazioa aldatzea izango litzateke osasunarentzat onuragarriena, baina beste neurri batzuk ere ez lirateke txarrak. Esaterako, industriak zergaren kostuaren erdia kontsumitzailearen esku utziko balu, %20 igo beharko luke azukredun edarien prezioa (hirugarren agertokia). Garestitze horrekin, obesitatea duten pertsonak 81.600 gutxiago izango liratekeela estimatu dute, 10.800 diabetes kasu gutxiago egongo liratekeela urtean, bai eta 149.000 txantxar kasu gutxiago ere.
Agertoki guztiek eman dituzte emaitza positiboak, batek izan ezik. Azukre gehien duten produktuekin enpresek izan ditzaketen galerak orekatzeko, ikertzaileak beldur dira, marketinaren bitartez, ez ote dituzten edari osasungarriak hartzen dituzten pertsonak azukre zertxobait duten produktuak (zerga, bai, baina arinagoa) kontsumitzera bideratuko. Horixe planteatzen du seigarren agertokiak, eta obesitatea eta beste gaitzak handitzea ekarriko luke horrek.
2. irudia: Azukredun edarien kontsumoak handitu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua. (Argazkia: Mr Hyde / Public domain)
Hala ere, oro har, ikerketa honetan parte hartu duten taldekideak baikor dira. Adam Briggs artikuluaren egile nagusiaren arabera, “zergaren aurrean industriak eman ditzakeen erantzun balizkoenei erreparatzen badiegu (azukrea gutxitu, prezioa handitu, azukre gutxiko edariei merkatuan tarte handiagoa eman), neurri guztiek dute osasuna hobetzeko potentziala. Onura horiek zenbaterainokoak izango diren, industriaren erabakien araberakoa izango da hori. Adi egon behar dugu, industriak azukrea murrizten duela egiaztatzeko, eta zergaren arabera prezioak igotzen badituzte, soilik azukredun edariak garestituko dituztela ziurtatzeko”.
Gainera, The Lancet aldizkarian argitaratutako artikulu honi iruzkina egin dio Lennert Veerman ikertzaileak, eta are baikorragoa da zergak izan dezakeen inpaktuari buruz. Mexikon eta Frantzian antzeko zergak ezarri dituztela azaldu du, eta bi kasuotan, kontsumitzaileak ordaindu duela osorik, industriak edariaren prezioa nabarmen garestituta. Oxfordeko ikertzaileok ez dute aukera hori sei agertoki balizkoenetan sartu, baina sentikortasun analisia egin dute. Erresuma Batuan ere, Mexikon eta Frantzian bezala gertatuko balitz, ondorioak agertokirik onenean baino onuragarriagoak lirateke: azukredun edarien kontsumoa 71 mililitro murriztuko litzateke pertsona eta eguneko, obesitatea ia 175.000 pertsonatan jaitsiko litzateke, urteko diabetes kasuak 23.000 gutxiago lirateke, eta txantxarrak, 324.000 gutxiago.
Erreferentzia bibliografikoa:
Adam D M Briggs et al. Health impact assessment of the UK soft drinks industry levy: a comparative risk assessment modelling study. The Lancet Public Health. Published: 15 December 2016. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/S2468-2667(16)30037-8
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Azukreari bidesaria, osasunaren mesedetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetako apaingarri kuantikoak
Irudia: Bilboko Maria Diaz de Haro kalea Gabonetako argiekin apainduta. 2013an 500.000 LED bonbilla jarri ziren Bilboko kaleetan, 2016.ean ordea, 1,2 milioi bonbilla erabili dira kaleak apaintzeko. (Argazkia: Borja Guerrero. Deia)
Duela bederatzi urte Bilbok Gabonetako argiteria tipikoa guztiz aldatu zuen. Aldaketa estetikoaz gain, aldaketa teknologiko handia ere izan zen. Bonbilla gori tradizionalen ordez, LED (Light Emitting Diode) bonbillak erabiltzen hasi ziren. Bonbilla goriak, hau da, betiko bonbillak, ez dauka zerikusirik LED bonbilla berri hauekin, ezta bere errendimendu energetikoak ere.
Bonbilla goriaren kasuan, korronte elektrikoa wolframiozko (edo tungstenozko) harizpi oso fin eta luze batetik zehar pasatzen da –lodierak ia ez du milimetro baten hamarrena gainditzen, eta luzerari dagokionez, 2 metrotik gora neurtzen ditu bildu gabe-. Harizpiaren erresistentzia handia dela eta, 2000 ºC-tik gorako tenperatura ere har dezake. Tenperatura horretan, objektuek ikusi egin daitekeen erradiazioa igortzen dute, beraz, bonbillak argia igortzen du. Hala ere, bonbilla horiek igortzen duten erradiazioa infragorria da, batez ere, eta guk bero gisa hautematen dugu. Izan ere, hori da bonbilla goriak eraginkorrak ez izatearen arrazoi nagusia. Emandako energiaren %10a soilik bihurtzen da argi; gainerakoa bero gisa galtzen da.
LED bonbillak guztiz desberdinak dira, eta, arraroa badirudi ere, funtzionamendua fisika kuantikoaren ondorio zuzena da. Argi kuantikoak dira. Bitxia bada ere, LED baten argi-igorpena azaltzen duen mekanismoa efektu fotoelektrikoaren kontrakoa da. Efektu fotoelektrikoaren harira jaso zuen Einsteinek Nobel Saria, 1921ean. Efektu fotoelektrikoaren kasuan, material metaliko baten gainean argia aplikatzeak korronte elektrikoa induzitzen du; eta LED baten kasuan, argia sortzen da korrontea aplikatzean. LED bat diodo bat da, eta horren osagai nagusia erdieroale bat da. Korrontea erdieroaletik zehar pasatzen denean, diodoaren elektroiek energia handitzen dute, baina justu ondoren, hasierako energia-egoerara bueltatzen dira fotoi bat igorriz, hau da, argia igorriz. Bonbilla horiek ia ez dira berotzen, beraz, oso eraginkorrak dira. Izan ere, bonbilla goriek baino 10 aldiz gutxiago kontsumitzen dute, eta askoz gehiago irauten dute, 100 aldiz gehiago edo. Horrek esan nahi du 10 urtez baino gehiagoz egon daitezkeela piztuta, etengabe, funditu gabe. LED bonbillak ez dira asmakizun berria. 60ko hamarkadan erabiltzen zirela badakigu. Diodoek argi gorria igortzen zuten, orain etxean ditugun tresna elektrikoetan hain ohikoa dena. Gerora, berdeak garatu ziren, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Shuji Nakamurak, 2006an Milurtekoko Teknologia saria jaso zuenak (Teknologia arloko Nobel Saria dela esaten da), diodo urdinak lortu zituen. Aurrerapen handia izan zen hori; izan ere, diodo berde eta gorriekin konbinatuta, argi zuria lortu zen, eta LED delakoen aplikazio teknologikoak izugarri zabaldu ziren.
Eraginkorrak izan ez arren, 100 urtez baino gehiagoz erabili ditugu bonbilla goriak. Orain, Europan aurrezte energetikoaren alde egindako apustuari esker, debekatuta dago saltzea. Ez da arazoa, aukera asko ditugu eta: argi halogenoak (goriak ere badirenak, eta beraz, ez oso eraginkorrak), kontsumo baxuko fluoreszenteak, eta noski, LED bonbillak. Azken horiek izango dira urte gutxi barru, seguru aski, prezioa zerbait jaisten denean, etxe guztietan izango ditugunak.
Gabonetako argien xahutze energetikoaren gaia berriro hizpide hartuz, 2013an Bilbon 125 kW-eko potentzia baino ez zen behar izan 500.000 LED bonbillak pizteko. Kontuan izanda argiok 18:00etatik 22:00etara soilik daudela piztuta, eta orduan kW-aren orduko prezioa 0.1 eurokoa zela, eguneko kostua ez zen izan 50 euro baino garestiagoa! Ez da horrenbesterako, ezta? Aurten, kontuan hartuta bonbilla kopurua eta argindarraren prezioa garestiagoa izango da, baina ez espero izango genukeena bezain beste. Azken finean, Gabonetan jendearen animoa hobetzeko balio badu, gure gain hartu dezakegun kostu bat dela esango nuke. Noski, ez da beti horrela izan. Argiteria kuantikoaren aurretik, bonbilla gori tradizionalak erabiltzen zirenean, kontsumoa hamar aldiz handiagoa zen.
———————————————————————————-
Egileaz: Aitor Bergara Fisika irakaslea da UPV/EHUn eta DIPCko (Donostia International Physics Center) ikertzaile laguna da.
———————————————————————————-
The post Gabonetako apaingarri kuantikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak hobetzeko esperimentuak
Irudia: Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiak analizatu dira eta esaldiko hitz bakoitza etiketatu da, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz.
Imajinatu, adibidez, “urdina eta edo delakoa” esaten dela. Esaldi honek lau hitz ezagun ditu, baina horrela lotuta, hitzek ez dute inongo zentzurik. Esaldiak lehen baldintza hori betetzen duen jakiteko, analizatzaile sintaktikoa erabil daiteke. Baina, analizatzaile sintaktikoen erabilera arlo desberdinetara zabaltzen ari da: analisi semantikoa lortzeko, gramatika-zuzentzaile modura lan egiteko edo gaizki erabilitako egiturak detektatzeko, bai eta, besteak beste, hizkuntzaren modelizazioan, informazioaren berreskurapenean, itzulpen automatikoan, galdera-erantzunetan, itzulpen automatikorako baliabideak sortzean edota parafrasien eskuratze automatikoan ere. Analizatzaile sintaktiko bat garatzeko orduan, azken urteotan asko ugaritu dira ikasketa automatikoan oinarritutako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak.
Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak zuhaitz-banku bat behar dute ikasteko. Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiak analizatu dira eta esaldiko hitz bakoitza etiketatu da, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz. Zuhaitz-bankua CoNLL-X formatuan egon behar da; hau da, esaldiko hitz bakoitzaren informazioa lerro batean jartzen da eta tabuladore batekin banatutako zutabetan hurrengo informazioa aurki daiteke: esaldian hitzak duen ordena zenbakia, esaldian duen hitz-forma, hitzaren lema, hitzaren kategoria, hitzaren azpikategoria, hitzaren ezaugarri morfosintaktikoak, hitzaren gobernatzailea eta gobernatzailearekiko duen dependentzia-etiketa.
Dependentzia-sintaxian eta datuetan oinarritutako 2006ko eta 2007ko CoNLL Shared Task (X. Compuntational Natural Language Learning) zereginen ondoren, grafoetan eta trantsizioetan oinarritutako hurbilpenak nagusitu ziren. Lan honetan, 2006ko CoNLL zereginen ondoren nagusitutako hurbilpen bietan (hots, trantsizio eta grafoetan) oinarritutako sistema onenen egokitzapena egin da, hau da, MaltParser eta MSTParser izenekoena, hurrenez hurren. Analizatzaile sintaktiko-estatistiko bat euskarara egokitzeko honako hiru oinarrizko elementu hauek egokituko dira:
- algoritmo sintaktikoa,
- ikasketa automatikoa,
- ezaugarrien modeloa.
Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak egokitu ostean, euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da. Lan honetan teknika ezberdinak aztertzen dira: zuhaitz-transformazioak, analizatzaileen pilaketa eta analizatzaile-modelo desberdinen irteeren konbinazioa. Nahiz eta buru-osagarri eta buru-modifikatzaile egitura gehienek analisi berdintsua izan dependentzia-gramatikan, badaude eztabaidagarriak diren egitura asko; besteak beste honako hauek: aditz-laguntzailea aditz nagusien gobernatzailea izatea edo ez; determinatzaile-sintagman determinatzailea burua izatea edo ez; postposizio-sintagman azken hitza burua izatea edo ez; koordinazioetan, juntagailua edo koordinazioaren lehenengo edo azken osagaia buru izatea edo ez.
Erabakitzeko unean teoria ezberdinak daude. Etiketatze teoria desberdinen eragina aztertzeko, euskarako zuhaitz-bankuari aplikatutako aurretiko eta ondorengo prozesaketa ezberdinak aplikatu dira: sintagmen transformazioa, mendeko perpausen transformazioa eta koordinazioaren transformazioa. Dependentzia-zuhaitzetan aplikatzen diren transformazioek kutxa beltzaren metodoa erabiltzen dute.
Analizatzaileen pilaketaAnalizatzaileen pilaketan bi analizatzaile bateratzeko, lehenengo analizatzailearen irteeran lortutako informazioa bigarren analizatzailearen sarrera aberasteko erabili da eta modelo bi elkarren osagarri izan ahal direla probatu da. Gainera, horrek aukera eman du, lehenengo analizatzailearen irteeran lortutako dependentzia-zuhaitzetatik informazioa goratzeko eta irteerako datuak gehiago aberasteko.
Bozketa bidezko konbinazioaAnalizatzaile desberdinen irteerak kontuan hartzen dira, irteera bateratu eta egokia lortzeko asmoarekin. Aztergai dauden esperimentuak egite aldera, eta dependentzietan oinarritutako analizatzaileen irteerak bateratzeko, bozketaren bidezko konbinaketa erabili da.
Sortutako oinarrizko sistemen (sistemen egokitzapena gauzatu ostean) eta sistema hedatuen (pilaketa eta zuhaitz- transformazio teknika osagarriak gauzatu ostean) irteerak konbinatu dira aniztasun faktoreak analisian izan dezakeen eragina probatzeko. Normalean esperimentuak egiteko zuhaitz-bankuan dauden ezaugarriak erabiltzen dira; hau da, hizkuntzalari-talde batek eskuz gainbegiratutako ezaugarriak. Baina euskaraz ezaugarriak era automatikoan lortzeko aukera dago, testua analizatzaile morfologikotik eta desanbiguatzaile morfologikotik pasatu ostean. Desanbiguazio-moduluen irteerak, batez beste, 1,3 aukera eskaintzen ditu hitz-forma bakoitzeko. Erabiltzen diren analizatzaile sintaktikoek aukera bakarra behar dutenez, desanbiguazio-moduluak ematen dituen aukeretatik lehenengo aukera (sarriena) hartu da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoa hobetzeko teknikak.
- Laburpena: Artikulu honetan euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da. Lan honetan teknika ez-berdinak aztertzen dira: i) zuhaitz-transformazioak, ii) analizatzaileen pilaketa, eta iii) analizatzaile-modelo desberdinen irteeren konbinazioa. Emaitza guztiak zuhaitz-bankutik zuzenean hartutako urre-patroiko ezaugarri morfosintaktikoak erabiliz eta analisi morfologiko eta desanbiguatze-moduluetatik hartutako ezaugarri morfosintaktiko automatikoak erabiliz egin dira.
- Egileak: Kepa Bengoetxea, Koldo Gojenola.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 19-45
- DOI: 10.1387/ekaia.14548
—————————————————–
Egileez: Kepa Bengoetxea eta Koldo Gojenola UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak hobetzeko esperimentuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Pneumonia duten gaixoen eboluzio txarra iragarri nahian
Irudia: Osakidetzan burutu eta UPV/EHUn aurkeztutako ikerketa batean frogatu dute emaitza hobeak ematen dituela pneumonia duten gaixoen ohiko iragarpen-erregelei biomarkatzaileak gehitzeak.
Komunitatean hartutako pneumoniarekin (ospitale-eremuan hartzen ez den gaixotasuna) osasun-zentroetara iristen diren pazienteak artatzeko praktika klinikoko beren gida 2001ean ezarri ostean, eta, hortik abiatuta, paziente horien eboluzioa iragartzeko erregela bat sortu ondoren, Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko eskualdean egindako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko. Biomarkatzaileak laborategiko proba klinikoak dira, honen bidez organo baten disfuntzioa antzeman daiteke. Disfuntzioak aldaketa neurgarrien dira eta biokimikoak, fisiologikoak edo morfologikoak izan daitezke.
Zergatik aurreikusi txarrerako joera?Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak azaltzen duenez, “karga handia da gaixotasun hori osasun-sistementzat, lehen mailako arretako medikuarengana eta larrialdi-zerbitzuetara egiten diren bisitak direla, ospitaleratzeak direla, tratamendu medikoak direla eta segimenduko zainketak direla, besteak beste”. Karga horiek eta konplikazio larrienak saihesteko, “diagnostikoa egiten den unean jakin behar da zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea”. Premisa hori oinarri hartuta, pneumonia zuten pazienteak baloratzeko eta sailkatzeko zenbait protokolo ezartzen eta garatzen joan ziren. 2001ean, praktika klinikoko gida bat ezarri zuten, osasun-pertsonalaren jokabidea estandarizatzeko asmoz, eta aurretik artatze-lanetan zegoen aldakortasuna ezabatzeko. “Emaitzak hobetu zituen horrek, eta artatutako pazienteei buruzko informazioa biltzeko aukera eman zigun”.
Halaber, larritasuna iragartzeko eskala batzuk erabiltzen hasi ziren, hilkortasuna iragartzeko erabiltzen zirenak mundu osoan. Zenbait aldagai fisiologiko oinarri hartuz: tentsio arteriala, odoleko oxigeno-kantitatea, analisi klinikoak edo erradiografia-irudiak; eskala horiek aukera ematen dute monitorizatu behar diren eta tratamendu gogorragoak eman behar zaizkien pazienteak identifikatzeko.
Praktika klinikoko gida ezarri zutenetik biltzen joan ziren datuei esker, dena den, beren iragarpen-erregela sortu eta ezarri ahal izan zuten 2006an, SCAP score deritzona. “Zenbait ospitaletan baliozkotu ondoren, ikusi ahal izan genuen ordura arte erabilitako erregelak baino emaitza nabarmenki hobeak ematen zituela horrek”, dio pneumologiako adituak. Baina, erregela berriak ere muga batzuk zituenez, “interesgarri jo zen zenbait biomarkatzaile seriko aztertzea, arrisku gutxiko paziente gisa sailkatu baina azkenean eboluzio txarra izan zutenak identifikatzeko asmoz, bai eta arrisku handikotzat sailkatu eta azkenean eboluzio ona izan zuten pazienteak identifikatzeko asmoz ere. Pentsatzen hasi ginen paziente bakoitzaren immunitate-sistemak desberdin erantzuten duela gaixotasun beraren aurrean, eta, hortaz, pentsatu genuen ostalariek hanturaren aurrean duten erantzunaren markatzaile batzuk aztertzea. Edozein infekzioren aurrean, immunitate-sistemak hantura eraginez erantzuten du, infekzioa geldiarazten saiatzeko. Baina erantzun hori neurriz kanpokoa bada, pronostikoa larriagoa izan ohi da”, dio.
España doktoreak azaldu duenez, frogatu ahal izan dute “dagoeneko ezagutzen ziren iragarpen-erregelekin batera biomarkatzaile jakin batzuen analisia eginez iragarpen hobeak egiten direla: batez ere prokaltzitonina (PCT), eta, emaitza onenak eman dituena, proadrenomedulina (Pro-ADM). Hain zuzen, informazio gehigarria ematen du horrek kasu jakinetan. Bereziki, erregelarekin arrisku gutxiko gisa sailkatu diren pazienteetan, biomarkatzailearen maila altua neurtzeak jakinarazten digu zerbaitek okerrera egin dezakeela, eta, hala, hobeto aukera ditzakegu tratamendua eta zainketarako lekua”.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Pneumonia duten pazienteek eboluzio txarra izateko arriskuaren identifikazioa hobetu dute.
The post Pneumonia duten gaixoen eboluzio txarra iragarri nahian appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #133
Gero eta goizago hasten dira haurrak Internet erabiltzen, Net Children Go Mobileren ‘Interneteko arriskuak eta aukerak eta gailu mugikorren erabilera Espainiako adingabeen artean (2010-2015)” txostenaren arabera. Bertan, Espainiako 9 eta 16 urte bitarteko 500 Internet erabiltzaile adingaberi eta haien gurasoei egindako inkestako datuak islatzen dira. Honen helburua, gailu mugikorrak konbergentzia mediatikoaren testuinguruan nola erabiltzen diren aztertzen da, egiaztatzeko ea gailu horiek Internetera konektatzeko erabiltzeak arrisku gehiago edo gutxiago dakarzkien 9 eta 16 urte bitarteko Interneten erabiltzaileei. Jarraian agerian utzi dituzten zenbait datu: eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena; haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen -9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin-; azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte. UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa.
Gauzen Interneta (Internet of Things) eta Big Datari (Datu Handiak) buruz mintzo da liburu hau. Mario Tascón eta Arantza Coullaut kazetari eta Interneten adituek idatzi dute liburua; bertan, argibide interesgarriak ematen dizkigu termino horien inguruan. Hasteko, horien arteko desberdintasuna azaltzen dute. Adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema.
Genetika eta MedikuntzaTumoreen metastasiak gantzen metabolismoarekin zerikusia duela argitu du Bartzelonako ikerketa talde batek. Ikertzaileen arabera, minbizi zelulen ehuneko oso txiki batek baino ez du metastasia sortzeko ahalmena: % 1-% 5ek baino ez. Bada, orain jakin dutenez, haientzat gantza ezinbestekoa da. Ikerketak argitu du metastasia eragiteko ahalmena duten zeluletan besteetan baino askoz ere gehiago espresatzen dela CD36 izeneko genea. Bestalde, proteinak metastasiarekin duen erlazioa ere garbia dela frogatu dute, saguetan egindako esperimentuetan: tumoreari CD36 genea gehituz gero, gaiztoa bihurtzen da eta metastasia eragiten du; aldiz, inhibituz gero, metastasia ia desagertu egiten da.
Klima-aldaketaZiurrenik 2016 urterik beroena izango da. Bi ikerketek berretsi dute datu hori. Alde batetik, itsasoko izotzaren mapa egiten du Rasmus Tage Tonboek Danimarkako Meteorologia Institutuan. Hark ohartarazi du mundua azken hilabeteotan Artikoan gertatzen ari denaren inguruan. Urte luzeak darama datu horiek jasotzen, eta aurten, azkenean, lortu du prest izatea jendaurrean aurkezteko. “Aurten ohi baino askoz goizago apurtu zen izotza Artikoan, Baffingo badian eta Barents itsasoaren inguruan”, dio. “Izotzik gabeko ura asko berotu da udan, eta ohi baino askoz epelagoa egon da udan”, gehitu du. Horretaz gain, munduko klimaren orain arteko oreka amildegiaren ertzean dagoela ondorioztatu du Thomas Crowther Yale unibertsitateko (AEB) biologoak eta klima aldaketaren ekologian adituak. Bere ikerketa lanean esan duenaren arabera, planetaren tenperatura bi gradu igotzen bada, zorutik beste 55.000 milioi tona CO2 isuriko dira atmosferara 2050. urterako. Irakurri osorik artikulu interesgarri hau.
OsasunaHamaika ikerketa argitaratu dira tabakoaren inguruan. Batzuek pentsatzen dute gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela. Baina uste hori hankaz gora jarri du berriki ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino. Minbiziaren institutu Nazionalak (AEB)egin du ikerketa. AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela. Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa. Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia.
AstronomiaHelioskiametroa izan dute mintzagai artikulu honetan. Tresna horri esker jakin badakigu ez daudela berdinak diren bi egun. Bere egiturari dagokionez, helioskiametroak gnomon deritzon zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den. Artikuluak nola funtzionatzen duen azaltzen du eta informazio horrez gain, gertutik ezagutu nahi baduzue Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. Egun eguzkitsuak dira aproposenak bisita egiteko eta zuen kabuz ikusteko tresna honen nondik norakoa.
Astronomia arloari jarraiki, ALMA teleskopioaren bidez, bi planetaren jaiotza behatu dute Atacamako desertutik. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu gure galaxian, baina eguzki-sistematik kanpo sortzen ari direla, HD 163296 izarraren inguruko hautsezko eta gasezko diskoetan. HD 163296 izarrak bi Eguzkiren adinako masa du. Izar gaztea da –duela 5 milioi urte sortu zen–, eta hautsezko eta gasezko 3 diska handi ditu inguruan: gertukoena izarretik 60 unitate astronomikoetara dago (unitate astronomiko bat Eguzkitik Lurrerako distatziaren parekoa da), eta beste biak 100 eta 160 unitate astronomikoetara. Ikertzaileek argitu dute orain arte ez zutela uste izarretik hain distantzia handira planetak eratzea posible zenik. Gainera, sortzen ari diren exoplaneta biak handiak dira
Gaurkoan, Beulah Louise Henry asmatzailea izan dugu protagonista. 49 asmakizun patentatu zituen emakumea; hala ere, 110en egile dela uste da. Bere asmakizunen artean aurkitzen ditugu, izozkiak egiteko makina, poltsa bat tonu ezberdineko estalki trukagarriekin, oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa… Umeentzako ere asmatu zituen zenbait gauza. Hala nola, hitz egin zezaketen panpinak. Protografo bat ere asmatu zuen. Makina honetan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Objektuak asmatzeari dedikatu zion bizitza osoa Henryk. Ez galdu!
BiologiaTitikaka aintzirako uretan bizi den igelak ez du egiazko birikarik. Berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Igel honek larruazaletik hartzen du arnasa; hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra. Bitxia da bere larruazala, tolesdurez beteta dauka eta horiei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko. Titikakan bizi den animalia hau gertutik ezagutzeko aukera ederra duzue artikulu honetan.
Sagu helduetan zelulak birprogramatuz zahartzea moteltzea eta bizitza luzatzea lortu dute Kaliforniako Salk Institutuko ikertzaileek. Zelulak partzialki birprogramatuta genomako marka epigenetikoetan eragin dute, eta gakoa hor dagoela uste dute. Zahartze goiztiarra eragiten duen mutazio bat duten saguak erabili dituzte ikerketan. “Ez dugu zahartze goiztiarra eragiten duen mutazioa zuzendu, epigenoma aldatuz eragin dugu zahartzean. Horrek iradokitzen du zahartzea prozesu plastikoa dela”, argitu du ikerketa zuzendu duen Juan Carlos Izpisua Belmonte ikertzaileak. Lehenengo aldia da zelulak birprogramatuz animalia baten bizitza luzatzea lortzen dena.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #133 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #139
Rio de Janeiroko Guanabara badia, munduko badiarik kutsatuena ez bada ere, azken olinpiadetan bela probak bertan egin ondoren, gutxienez bada ezagunena. Gerardo Cebriánek badiago egoera errealaren berri ematen digu bertatik: Guanabara Bay: waiting for the return of the whales.
Egun inork (edo ia inork) ez badu onartzen neurketaren teoria adierazpena, haren teoremak oraindik erabilgarriak dira. Jesús Zamorak azaltzen digu bere artikulu-sortaren azken alean: The rise and fall of the representational theory of measurement (and 3).
Geruza monoatomikoen ezaugarri elektronikoak eta spintronikoak kontrolatzea oinarrizkoa izango da haren aplikazio erabilgarriak bilatzeko. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute tentsioak badirela hau lortzeko modua: Strains control electronic properties and magnetic ordering in an atomically-thin layer.
Azken urteotan immigrazioaren fenomenoak arreta asko bereganatu du, baina gaiaz idatzi denaren artean antza, datu objektiboak ez ezik, alde bateko edo besteko iritziak eta aurreiritziak ugariak dira. José Luis Ferreirak literatura akademiko nabarmenaren berrikusketa bat egiten du: The effects of immigrants in the host country.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #139 appeared first on Zientzia Kaiera.
Beulah Louise Henry (1887-1973): Edisonen pareko asmatzailea
Orain dela gutxi hasi gara asmatzaileen zerrenda hori puzten isilarazitako ahotsekin, eta hura betetzea xede izan dugunean, orduantxe gertatu zaigu gauzarik harrigarriena… gainezka egin digula orriak: Josephine Cochrane, Hedy Lamarr, Stephanie Kwolek, Sarah Mather, Ángela Ruiz Robles, Mary Anderson, Mary Phelps Jacob, Tabitha Babbitt, Marion O´Brien Donovan, Margaret Knight, Martha Coston, Melitta Bentz, Katherine Blodgett, besteak beste. Gogoan ditugu horiek guztiak, baina gaurkoan, Beulah Louise Henry izango dugu artikulu honen protagonista, 49 asmakizun patentatu zituen emakumea, 110en egile dela uste bada ere.
1. irudia: Beulah Louise Henry asmatzailea gaztaroan. Bizitzan zehar 100 asmakizun garatu zituela uste dute. Hainbat gauza asmatu zituen, bere sasoian “Lady Edison” ezizena jarri ziotela.
Henry autodidakta izan zen. Txikitatik diseinuak egiten zituen, oro har, etxean aurkitzen zituen objektu eta erremintenak. Oso goiz hasi zen patenteak lortzen. 1912an, adibidez, izozkiak egiteko makina bat asmatu zuen. Egitura isolatzaile batek inguratzen zuen izozkailu bat sortu zuen eta horrek ahalbidetzen zuen fabrikazio-prozesuaren azkartasuna, izotz gutxi erabiliz. Estatu Batuetan, Britania Handian eta Frantzian erregistratu zuen makina gozo hura. Urtebete beranduago, eta izozkiak alde batera utzira, poltsa edo zorroak deigarri gertatu zitzaizkion. Arropa desberdinekin batera janzteko, poltsa bat asmatu zuen tonu ezberdineko estalki trukagarriekin. Konpartimentu anitz zituen zorroak barruan, apaintzeko objektuez gain, idazketakoak ere sar zitezen. Oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa ere asmatu zuen. Objektu horrek, baina, sorpresa bat gordetzen zuen: heldulekua desmuntagarria zen eta makillaje estutxe gisa balio zuen. Britania Handiak eta Kanadak ez zuten segundo bat ere galdu asmakuntza hori berauen herrialdetan saltzen hasteko.
1919. urtean, New Yorkera joan zen bizitzera. Bere garunak ez zuen erretiroa hartu, asmatzen jarraitu zuen, argiaren etengailua inoiz itzali ez balitzaio bezala. 1921ean, Henry Umbrella & Parasol Company enpresa sortu zuen, eguzkitakoekin zerikusia zuten asmakizun horiek merkaturatzeko asmoz. Salmenta arrakastatsua izan zen: 50.000 dolar lortu zituen Henryk. Gerora lokal batean inbertituko zituen, laborategi bat sortzea baitzuen helburu. Langileak kontratatu zituen ere; mekanikoek, maketistek eta artisauek osatu zuten lan-taldea. Hain izan zen handia lorturiko arrakasta, ezen Scientific American aldizkari famatuak 1924ko asmatzaile esanguratsuen artean aipatu zuela.
2. irudia: Beulah Louise Henry 1927. urtean asmatutako panpinarekin, busti zitekeen lehen panpina, benetako haur baten antza izan zuen lehena. (Argazkia: Victoriana Magazine)
Eguzkitako eta aterkiez aparte, Henryk umeentzako jostailuak egin zituen ere. Adibidez, 1925ean, material-higienikoekin estalita zegoen panpina bat patentatu zuen, ura jasaten zuena, gainera. Barne egiturari dagokionez, malgukiek osatzen zuten panpina. Horri esker, jarrera desberdinak imitatzen ahal zituen, berriz hasierakora bueltatzeko. “Irrati-panpina” bat ere sortu zuen, jostailurik sofistikatuena une hartara arte; izan ere, umeei asko gustatzen zitzaien hitz egin zezaketen panpinak. Jostailuak sortzea oso gustuko zuen Henryk. Beste batzuk aipatzearren, behin uretan erabiltzeko jostailu bat sortu zuen, txakur baten antza zeukan aparatu puzgarri bat. Aipagarria da 1935. urtean begiak mugitzen zitzaizkion panpina bat sortu zuela. Asmakizun horren ostean, ‘Miss Illusion’ merkaturatzen hasi zen. Botoi bati sakatuz, begien eta ilearen kolorea aldatzen ahal zitzaion, soinekoa biratzeaz gain.
Umeen entretenimendua eta produktuen erosotasuna bilatzen zuen emakume asmatzaileak. Moda, jostailuak eta azkenik, bulegoen mundua. 1932 eta 1937 artean, “protógrafo” izeneko aparatua sortu zuen. Horri esker, makinan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Suitzan ere erregistratu zen. 1936an, josteko makina mota baten patentea lortu zuen. 1939an, Nicholas Machine Works Company enpresan kontratatu zuten eta 1955.urtera arte egon zen lanean bertan. Asmakizunik bitxiena, baina, hauxe izan zen: 60ko hamarkadan injekzio bidezko labe elektrikoa. Elikagaiek beraiek isurtzen zuten zukuarekin janaria prestatzean zetzan. 83 urterekin asmatu zuen azkena: gutun azalak modu desberdinean egiteko metodoa babestu zuen.
Objektuak asmatzeari dedikatu zion bere bizitza Beulah Louise Henryk, bere zerrendako kideek egin zuten bezalaxe: Elizabeth Arden, Hélène Dutrieu, Margarita Salas Falgueras, Ángela Ruiz Robles, Elsa Schiaparelli, Celia Sánchez-Ramos Roda, Elizabeth Magie Phillips, Maria Montessori, Ada Lovelace, Ida Tacke-Noddack…
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Beulah Louise Henry (1887-1973): Edisonen pareko asmatzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Titikaka aintzirako igela
———————————————————————————————————–
Irudia: Telmatobius Culeus igela, desagertzeko arriskuan dagoen Titikakako espezie endemikoa da. (Argazkia: Bolivian Amphibian Initiative)
Jakina da anfibioen arnasketan larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen duela. Ez da hain ezaguna, ostera, hainbat anfibio taldetan, garrantzi hori zenbaterainokoa den. Titikaka aintzirako (3.812 m) uretan bizi den igelak (Telmatobius culeus) ez du egiazko birikarik, gasen trukerako egokiak ez diren biriken aztarnak baino ez ditu. Oso berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Ezagunak ditugun igel gehienak ez bezala, ez da uretatik irteten; horregatik ez du arnasa hartzeko balio duen egiazko birikarik. Izan ere, larruazaletik hartzen du arnasa. Hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra.
Kontuan hartu behar da, bestalde, 3.812 m-tan oxigeno gutxi dagoela eta horrek, berez, zaildu egiten duela arnasa hartzea. Hortaz, Telmatobius culeus-ek tolesturaz beterik du larruazala. Tolesturei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko eta, era horretara, oxigenoaren kanpo-kontzentrazioa ahalik eta altuen mantendu. Aurrekoaren osagarri modura, larruazalaren barnealdea odol-hodiz josita dago, eta, hori gutxi balitz, igel honen odola berezia da oso. Batetik, beste igelen odolak baino hemoglobina gehiago du eta, bestetik, globulu gorri gehiago edukitzeaz gain, txikiagoak dira eritrozito horiek; horrela, oxigenoa xurgatzeko azalera handiagoa du eritrozitoen multzo osoak. Faktore horiei guztiei esker, erraztu egiten da altuera horretan guztiz urria den oxigenoaren transferentzia.
Titikaka aintziran Telmatobius culeus igelaren irudiak erakusten dituen bideoa. (Irudiak: Bolivian Amphibian Initiative)
Telmatobius culeus igela estimu handian dute Titikaka aintziraren inguruko herritarrek. Estimu handia, baina, ez dagokio igelaren arnas fisiologia bereziari. Izan ere, ohiko janaria da inguruko jatetxeetan, eta hori nahikoa ez eta afrodisiakoa omen da igela. Hori dela eta, «igel-irabiakiak» prestatzen eta “edaten” dituzte bertako biztanleek. Viagra perutarra deitzen diote orain. Ez dakigu gordinik ala egosirik hartzen duten «irabiakia»; erabili ditugun iturriek ez digute hori argitu.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Titikaka aintzirako igela appeared first on Zientzia Kaiera.
Tabakismoak ez du bidezidorrik
Tabakoak hil egiten du. Ez da zigarro kaxatan irakur daitekeen mezu soila, egia borobila baizik. Dagoeneko makina bat ikerketa argitaratu dira, eta zalantza gutxi dago horren inguruan: biriketako eta eztarriko minbiziak eragiten dituela, arnasketa arazoak, gaitz kardiobaskularrak… Hala ere, oraindik badaude uste oker batzuk tabakoari buruz; esaterako, gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela pentsatzea. Bada, uste hori ere hankaz gora jarri berri du ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino.
Minbiziaren Institutu Nazionalak (AEB) egin du ikerketa. Orain arte ez zegoen propio intentsitate txikiko erretzaileei erreparatzen zien gisa honetako lanik, eta horretarako beharra bazegoela antzeman zuen erakunde honek. Izan ere, AEBtako erretzaileen artean, egunean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen dituzte gero eta gehiagok. Egunero bi kaxa agortzen zituztenei buruz asko esan da, eta joera berri honi behatzea erabaki dute orain. JAMA Internal Medicine aldizkarian eman dute emaitzen berri.
1. irudia: Egunean zigarro bat baino gutxiago erre arren, heriotza goiztiarra izateko arriskua badago. (Argazkia: Lindsay Fox / CC0 Public Domain )
AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Orain dela hamar urte, institutuak galdeketak bidali zizkion sei estatu eta bi hiritako 50 eta 71 urte arteko jendeari, norbere elikadura eta bizimoduaren inguruan. Milioi erdi bat lagunek baino gehiagok erantzun zuten galdeketa, eta zenbait ikerketa egin ahal izan dituzte informazio hori guztiari esker; intentsitate txikiko erretzaileei buruzko hau, tartean.
Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela.
Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa.
Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia. Beti egunean zigarro bat baino gutxiago erre dutenek bederatzi aldiz arrisku handiagoa dute gaitz honen ondorioz hiltzeko, zigarrorik probatzen ez dutenekin alderatuta, eta egunean 1-10 zigarroko tartean dabiltzanentzat hamabi aldiz handiagoa da arriskua.
Arnasketa arazoek eta gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotzei ere erreparatu diete ikertzaileek: egunean 1-10 zigarro errez gero, erretzen ez dutenek halako sei eta halako bat eta erdi da kausa horien erruz hiltzeko aukera, hurrenez hurren. Hori bai, erretzaile zirenean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen zituzten baina erretzeari utzi diotenen artean, pixkanaka murriztuz doaz arrisku horiek. Zenbat eta gazteago utzi, orduan eta gehiago.
2. irudia: Tabakoa zenbat eta gazteago utzi, orduan eta azkarrago murrizten da heriotza arriskua. (Argazkia: Hernan Piñera / CC BY-SA 2.0)
Maki Inoue-Choi ikerketaren egilea nagusiak adierazi bezala, “aurkikuntza hauek erakusten dutenez, zigarro gutxi erretzeak ere kalte nabarmena egiten dio osasunari. Gainera, erretzeari uztea erretzaile guztientzat ona dela ere egiaztatu dugu, kontsumitzen den kantitatea txikia izanda ere“.
Hala ere, ikerketa honek baditu gabezia batzuk. Esaterako, uste baino jende gutxiagok aitortu du batez beste zigarro bat baino gutxiago erretzeko ohitura duela, eta lagina txiki geratu zaie atal horretan. Gainera, egindako galdeketak ez du maiztasunaren auzia nahi bezain zehatz aztertzeko aukerarik ematen: esaterako, gauza bera al da ia egunero zigarroren bat erretzea, ala astegunetan batere probatu ez eta asteburutan soilik kontsumitzea?
Gainera, galdetegian parte hartu duten gehienak arraza zurikoak eta 60 eta 70 urte artekoak dira, eta horrenbestez, laginak ez du AEBtako populazio anitza behar bezainbeste ordezkatzen. Hori bereziki garrantzitsua da, historiari erreparatuta, gutxiengo etnikoen artean intentsitate txikiko erretzaile gehiago izan baitira, ikertzaileok diotenez. Hori dela eta, lagina beste adin eta arraza talde batzuetara hedatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Inoue-Choi M, Liao L, Reyes-Guzman C, Hartge P, Caporaso N, Freedman N. Association of long-term low-intensity smoking with all-cause and cause-specific mortality in the NIH-AARP Diet and Health Study. JAMA Internal Medicine. December 5, 2016. DOI:10.1001/jamainternmed.2016.7511
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Tabakismoak ez du bidezidorrik appeared first on Zientzia Kaiera.
Helioskiametroa, astronomia-efemerideen neurgailua
1. irudia: Helioskiametroaren irudi osoa, zodiakoaren ikurrak, sei koloretako abanikoa eta erdigunean kokatuta dauden bi marrekin. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU)
Eguzkiarekin dugun erlazioa aintzat hartuta denbora neurtzeak hainbat zereginetarako balio izan dio gizakiari: urtaroak, urtearen iraupena eta eguerdia zehazteko, lana antolatzeko: noiz erein, uzta bildu eta kimatzeko sasoia ezagutzeko edota eurite sasoia eta lehortea zehazteko. Denbora neurtzeko ez ezik egunez egun, Eguzkiak lurrazalen sortzen duen irudiaren mugimendua aztertu eta neurriak hartzen ditu Helioskiametroak eta horri esker, jakin badakigu, urtean zehar ez daudela berdinak diren bi egun.
Helioskiametroak gnomon deritzogun zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den.
Astronomia-efemerideak neurtzen lurrazaleko irudien bidezZoru gainean neurri batzuk irudikatzen dira, agerian uzteko, alde batetik, egunaren iraupena eta eguzkia nondik atera eta sartzen den, eta bestetik, eguzkiaren irudiaren mugimendua bi lerroren artean kokatzen dela beti: udako solstizioa (ekainaren 21) eta neguko solstizioaren artean (abenduaren 21).
Urte erdiko tarteak banantzen dituen bi lerro horien artean, Eguzkiak tarteko lerro diferente bat ibiltzen du egun bakoitzean. Eguzkiak zoru gainean duen ibilbide hau meridianoaren norabidean desplazatzen da, 10 m egunean gutxi gorabehera, solstizioetan izan ezik; azken horietan, hiru bat egunez, berbera da Eguzkiaren irudiak marrazten duen lerroa, geldirik egongo balitz bezala. Horixe da solstizio hitzak latinez esan nahi duena, “geldirik dagoen Eguzkia”.
Lerroak kurbadura aldatu eta zuzena bihurtzen da ekinozio egunetan (martxoaren 21 eta irailaren 21), eta urteko bi egun horietan bakarrik ateratzen da eguzkia ekialdetik eta ezkutatzen da mendebaletik; gainerako egunetan, edo iparralderago atera/sartzen da (udaberria-uda), edo hegoalderago (udazkena-negua). Eguzkia nondik ateratzen den (edo sartzen den) ikusita, urteko zer egunetan gauden jakin dezakegu, eta egun horretan zenbat argi ordu izango ditugun. Eguzkiaren irudia marraztu ditugun muga horietatik kanpo irtengo balitz, Lurraren errotazio ardatzaren inklinazioa aldatzen ari dela adieraziko luke.
Egun batzuek 15 minutu gehiago irauten dute eta beste batzuek, 15 minutu gutxiago, eta gainerako egunek tarteko iraupenak dituzte, egun batetik besterako aldakuntza tartea minutu erdi eta minutu bat baino zertxobait gehiago izanik. Horiek guztiak neurtu daitezke Helioskiametroarekin.
2. irudia: Urte erdiko tarteak banantzen dituen bi lerroak. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU) Sei koloretako marrazkia ardatz
Denboraren jaiotzaren ideia piktorikotik abiatuta, eguzki espektroaren oinarrizko 6 koloreak erabili dira sei eskualde argiztatzeko, horietako bakoitza hilabete bateko iraupenekoa izanik. Kolore beroak (gorria, laranja eta horia) udaberri eta udako hilabeteetarako; hotzak (berdea, urdina eta morea), udazken eta negukoetarako. Eguzkiak zutoinetik hurbilen sortzen duen lerroa ekainaren 21ekoa da; urrutien sortzen duena, abenduaren 21ekoa.
Eguzkiak egun jakin batean duen ibilbidea ikusirik, zer egunetan gauden jakin dezakegu: egun horien artean interpolatu besterik ez dugu. Data hauek ez dira zehatzak, zehatza ez den bezala urteak 365 egun izatea. Bisurteetan egutegiari egun bat gehitzeak egutegi zibileko egun horiek desplazatzen dizkigu.
Gailuaren lerro nagusia edo ardatza zutoinaren oinarritik igarotzen den meridianoa da, eta ipar-hego norabide lokala adierazten du. Lerro horretan, ezkerraldean, eguzki deklinazioa adierazten da (eguzkiaren izpien inklinazioa lur ekuatorearen planoari dagokionez). Aldiz, eskuinaldean, Eguzkiaren altuera lokala adierazten da; hots, egun horretan izpiek zoruaren gainean izango duten inklinazio maximoa, irudia meridianotik igarotzen denean. Gure latitudean, eguzkiaren izpiak inoiz ez dira lurrera iristen 70◦-tik gorako inklinazioarekin.
Bitxikeria gisa, irailaren 28tik martxoaren 15era, izpien inklinazioa inoiz ez da 45◦-tik gorakoa izaten, eta beraz, hilabete horietan, gure itzala gure altuera baino luzeagoa da egun osoan.
3. irudia: Orduak zehazten dituen atala. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU)
Abaniko itxura duen erdiko irudiaren bidez, Eguzkiak egunez egun dituen irteera eta sartze norabideak ezagutu ditzakegu. Eguzkiak egun batean zer ibilbide duen badakigu, adibidez, eremu berdearen erditik doan ibilbidea egiten badu, eta abanikoaren zerrenda berdera jotzen badugu, zerrenda horren batez besteko norabidea zeruertzera luzatuz, egun horretan eguzkia nondik atera eta sartuko den ikusiko dugu. Gure latitudean, Eguzkiaren irteera eta sartze norabideek 66◦-ko aldaketa osoa dute zerumugan urte osoan.
Gailuaren alboko zerrendetan, eguzkia irteteko eta sartzeko ordu lokalak adierazita daude. Meridianotik igarotzen denean 12:00ak dira (ordu lokala). Ikuspuntu zibiletik eguzkia 14:15ean igarotzen bada meridianotik, 2:15 orduko alde hori gehitu beharko diegu adierazitako zenbakiei. Kontuan hartzekoa da udako solstizioan eguzkia 4:30etan atera eta 19:30etan sartzen dela, eta 15 argi ordu ditugula, beraz; neguko solstizioan, 9 ordu besterik ez ditugu.
Egunaren iraupena neurtzeko, Eguzkiak ondoz ondoko bi egunetan meridianotik igarotzeko behar duen denbora erabil dezakegu. Ia inoiz ez da 24 ordukoa izaten. Batzuetan luzeagoa da eta beste batzuetan, laburragoa. Zortzi forma duen kolore gorriko kurba –Analema izena duena- urte oso bati dagokion 24 orduko kurba da. Edozein egun aukeratuta marraz daiteke, eguzkiaren irudiaren erdigunearen posizioa markatuz eta 24 ordutik behin hurrengo irudiak marraztuz.
Zodiakoaren ikurrak bat datoz konstelazioen antzinako izenekin, eguzkiak une jakinetan izar finkoen hondoari dagokionez zeharkatzen zituen konstelazioekin, Zodiakoa sortu zenean, duela hiru mila urte baino gehiago. Haien balio historikoagatik mantendu dira Helioskiometroan, gaur egun konstelazio bat baino zertxobait gehiagoko desfasea badago ere, eta beste berri bat agertu bada ere: Ophiuus.
Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. 2016ko abenduaren 2an, gailua berriztu ondoren, bigarrenez inauguratu zen. Guztion eskura dagoen tresna astronomiko honek badu zer erakutsi Eguzkiaren itzalaren bidez. Egun eguzkitsu baten bisitan etorriz gero, ez zara damutuko.
———————————————————————————-
Egileaz: Martin Rivas UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakaslea da.
———————————————————————————-
The post Helioskiametroa, astronomia-efemerideen neurgailua appeared first on Zientzia Kaiera.
Big Data eta gauzen Interneta
Liburuak bost atal ditu:
- Zer dira Datu Handiak?
- Datuen ikusgarritasuna.
- Eremu eta industri eraldatuak.
- Gure eguneroko bizitzan duten eragina.
- Gauzen Internetaren ordua.
Datu Handiak edo makrodatuak, informazioaren teknologian eta komunikazioan erabiltzen den terminoa da, konplexutasun handiko datu multzoentzat ohiko sistema informatikoekin prozesatzea zaila denean. Datu Handiak lau ezaugarri nagusi dituzte:
- Abiadura: Datu Handiak abiadura handian sortu, prozesatu eta mugitzen dira.
- Aldaera: mota guztietako datuak aurkituko ditugu, besteak beste, testuak, bideoak, audioa eta lokalizazioak.
- Tamaina: administrazioek eta enpresak datu kopuru handiak dituzte.
- Bistaratzea: datuen emaitzak modu ulergarrian bistaratzea da Datu Handien beste ezaugarri bat. Bistaratzeak geroz eta garrantzi handiagoa hartu du. Datu Handiak zabalkunderako eta analisirako dira interesgarriak.
Datu Handiak eta gauzen Interneta (ingelesez Internet of Things, IoT) elkarren arteko lotura handia duten kontzeptuak dira. Konparaketa bat eginez, adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema. Gutako bakoitzak soinean edo gurekin daramazkigun sentsoreek etengabe informazioa jaso eta emititzen dute. Internet of Things terminoa, Kevin Ashton Massachusetts Teknologi Institutuko (MIT) ingeniariak sortu zuen 1999an, RFID (Radio Frequency Identification Device) irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, eta Interneten arteko loturaz hitz egiteko.
Irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, pegatina antzeko etiketa bat da eta leku askotan dago, adibidez erosten ditugun eta erabiltzen ditugun gauzetan, etxeko tresnetan, soinean egiten diren inplanteetan. Liburuan zehar gauzen Internetaren aurrerapausoak eta oztopoak ere azpimarratzen dira, amaierako hiztegiak asko laguntzen du kontzeptuak ondo ulertu eta sakontzeko.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Big Data y el Internet de las cosas: qué hay detrás y cómo nos va a cambiar
- Egileak: Mario Tascón eta Arantza Coullaut
- Argitaletxea: Los Libros de la Catarata, 2016
- Orrialdeak: 126
- Prezioa: 214 €
- ISBNa: 9788490970744
- Non eskuratu: Big Data y el Internet de las cosas eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostian Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian eta Basauriko Udal Liburutegian.
———————————————————————————-
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.
———————————————————————————-
The post Big Data eta gauzen Interneta appeared first on Zientzia Kaiera.
Gero eta goizago hasten dira haurrak Interneten erabiltzen
Irudia: Haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen. Ikerketak adierazten du, adibidez, 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi zirela Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.
UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa. Egindako lanak honako helburua nagusiak izan ditu:
- 9-16 urte bitarteko haurren artean Internet mugikorraren erabilerari buruzko ohitura berriak sailkatu erabilera, trebetasun eta parte-hartzearen arabera.
- Datu fidagarriak eta konparagarriak eman Internet mugikorrari lotutako arriskuen izaerari buruz, online arrisku orokorragoekin konparatuz.
- Haurren artean zeintzuk dauden bereziki arriskuan eta zergatik aditzera eman, ahulezi faktoreak aztertuz.
- Arriskuari aurre egiteko haurrek erabiltzen dituzten estrategiak ebaluatu, alfabetatze mediatikoa barne.
- Guraso, irakasle eta gizarte-langileen bitartekaritzaren eta sentsibilizazio estrategien motibazioak eta eraginkortasuna aztertu.
- Segurtasunaren aldeko ekimenak garatzeko gomendio egokiak identifikatu eta zabaldu.
Ikerketaren emaitzak islatu du haurrak etxean konektatzen direla Internetera eta eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena. Horrez gain, emaitzek erakusten dutenez, haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen: 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.
Azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte (batez beste, % 63k smartphone bat dute erabilera propiorako). Deigarria da smartphoneak gehienbat etxean erabiltzea (% 70), joan-etorrietan erabiltzeko gailu ohikoenak izan arren. 9 eta 10 urte arteko haurren % 50ek erabiltzen dute Internet egunero etxean, eta 15-16 urteko haurren % 90ek.
Eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena: batez beste, inkesta egin duten adingabeen % 15ek diote egunero erabiltzen dutela Internet eskolan. Eskolako erabilera, halaber, handitu egiten da adinaren arabera. Horrela, 9-10 urteko haurren artean, % 5 sartzen dira Internetera egunero, eta 15-16 urteko nerabeen artean, berriz, % 28. Alde izugarriak gorabehera, ez da ahaztu behar eskolek ahalmen handia dutela adingabeak sareko segurtasunaren inguruan hezteko, bereziki Internetik erabiltzen ez duten gurasoentzat. Gainera, eskolek berdinen arteko bitartekaritzarako aukera ere eman dezakete.
Sareko jarduera ohikoenen artean honako hauek daude: bideoklipak ikustea (% 85), eskolako lanak egitea (% 84), bat-bateko mezuak bidaltzea (% 68), beste pertsona batzuekin jolastea (% 48), partekatzeko edukiak argitaratzea (% 44), sare sozialetan ibiltzea (% 44) eta musika edo filmak deskargatzea (% 42). EU Kids Online (2010) inkestako datuei dagokienez, maiztasuna murriztu duten jarduera bakarrak sare sozialetarako bisitak eta musika edo filmen deskargak dira.
Deigarria da nola sare sozialen erabileraren maiztasuna eta intentsitatea murriztu diren eta nola bat-bateko mezuak ugaritu diren. Sare sozialen bidezko parekoen arteko eguneroko harremana areagotu egiten da adinarekin; nerabe helduenen % 17k erabiltzen dituzte egunero sare sozialak. Bat-bateko mezuen bidezko parekoen arteko kontaktua are handiagoa da: 13 urtetik aurrera, % 85ek baino gehiagok erabiltzen dituzte.
Tresnak erabiltzeko gaitasunaInterneteko gaitasunen balorazio zehatzagoa egiteko, haurren trebetasun instrumentalak, kritikoak, komunikatiboak eta segurtasunari dagozkionak aztertu dira. Batez beste, adingabeek adierazi dute proposaturiko 12 trebetasunetatik ia erdiak dituztela (5,6). Trebetasunen batez bestekoa aldatu egiten da adinarekin: 9-10 urteko haurretako batzuek esan dute bi trebetasun dituztela, eta nerabe helduenetako zenbaitek, berriz, bederatzi.
Azterturiko alderdi horiekin guztiekin lotuta, Internet mugikorraren erabiltzaileen datuek alde handiak dituzte konektatzeko smartphonerik edo tabletarik erabiltzen ez dituztenekin. Internet mugikorra erabiltzen dutenak sarriago konektatzen dira egunero etxetik (% 92-94, % 26ren aldean); egunero maizago konektatzen dira eskolatik ere (% 20-21, % 7ren aldean); sare sozialak eta partekatzeko plataformak gehiago erabiltzen dituzte; eta egunero gehiago jartzen dira harremanetan gurasoekin sare sozialetan eta bat-bateko mezuen bitartez. Horrez gain, trebetasun gehiago dituztela diote: smartphoneen erabiltzaileek, batez beste, 7; tableten erabiltzaileek 6; eta ez smartphonerik ez tabletarik erabiltzen ez dutenek, berriz, 3. Datu horiek guztiek “erabileraren hipotesia” berresten dute: haurrek zenbat eta gehiago erabili Internet, orduan eta aukera gehiago dauzkate eta orduan eta trebetasun gehiago garatzen dituzte.
Sarean pairatzen diren arriskuakAdingabeek Internet erabiltzean izan ohi duten arrisku ohikoena irudi sexualak online nahiz offline ikustea da; adingabeen erdiek baino gehiagok (% 52) baieztatu dute halako irudiak ikusi izan dituztela. Negatiboak izan daitezkeen irudiak ikustea ez ezik, nahiko ohikoa da erabiltzaileek sorturiko mezu sexualak jasotzea (gorrotoarekin, anorexiaren aldeko jarrerekin, autolesioarekin, droga kontsumoarekin edota suizidioarekin lotutakoak), ia hiru adingabetik batek (% 32k) esan baitute halako edukiak jaso izan dituztela.
Ildo horretatik, 9 eta 16 urte arteko umeen % 31k adierazi dute nolabaiteko jazarpena jasan dutela bai online bai offline. Alabaina, zertxobait txikiagoa da Interneten edota sakelako telefonoen bidez bullyinga jasan duten adingabeen kopurua: % 12.
Kontuan hartzekoa da, birusak eta datu pertsonalen erabilera okerra, adibidez, izan dituzten adingabeen datua: % 29. Adingabeen laurdenek baino pixka bat gehiagok (% 26) onartu dute Interneteko mendekotasunarekin lotutako bost jokabideetatik gutxienez bi esperimentatu dituztela.
Kalteari dagokionez, oro har adingabeen % 18k diote molestatu dituzten zerbait ikusi edo esperimentatu dutela Interneten. Bullyinga da, oraindik ere, jasaten dutenei (% 24) kalte handiena eragiten dien arriskua. Baina, nahiz eta nolabaiteko diskurtso sozial eta mediatikoa dagoen eta sare sozialek abusu egoerak areagotzeko aukerak ematen dituzten, oraindik bullying kasu askoz ere gehiago gertatzen dira aurrez aurre online baino, kaltetuen hitzetan.
Arrisku sexualak kalte eragileetan bigarrenak dira: online zein offline eduki sexualak ikusi dituzten bost haurretik ia bat minduta sentitu da.Hirugarrenik, mezu sexualak daude: adingabeen % 14k esan dute “oso” edo “zertxobait” haserre sentitu direla.
Gurasoen parte-hartzea erabileranDatuek erakusten dute gurasoek antzera parte hartzen dutela erabileraren bitartekaritza aktiboan (% 84), segurtasunaren bitartekaritza aktiboan (% 84) eta bitartekaritza murriztailean (% 83); askoz ere gutxiago esku hartzen dute bitartekaritza teknikoan (% 29). Datuok EU Kids Online (2010) txostenekoekin alderatuta, ikus daiteke nabarmen areagotu dela segurtasunaren bitartekaritza aktiboa (% 63tik % 84ra) –gurasoek aholku gehiago ematen dizkiete seme-alabei nabigazio seguruari buruz–; halaber, erabileraren bitartekaritza aktiboa hobetu da (% 71tik % 84ra) –haiekin batera nabigatzen dute edo jarduera gehiago partekatzen dituzte–, eta bitartekaritza teknikoa ere bai (% 16tik % 29ra).
Bitartekaritza murriztailea, bestalde, pixka bat gutxiagotu da (% 85etik % 83ra). Bitartekaritzako adinaren intzidentziari dagokionez, haur gazteenek gurasoen bitartekaritza handiagoa izan ohi dute, eta 13 urtetik gorakoek, berriz, bitartekaritza handiagoa jasotzen dute berdinengandik.
Laburbilduz, eta nahiz eta adingabeak jabetuago dauden jazarpenarekin edo gatazka eragin dezaketen beste egoera batzuekin lotuta dauden arriskuen gainean, oraindik ere beharrezkoa da komunikazio mugikorra seguruago eta ardura handiagoarekin erabiltzen dela sustatzea. Horretarako, besteak beste, gurasoek eta adingabeek kontzientzia handiagoa izan behar dute pribatutasunarekin lotutako hainbat alderdirekin; salatzeko edo blokeatzeko diseinaturiko aplikazioak erabiltzeko gaitasunak garatu behar dituzte; geolokalizazioa nola erabili jakin behar dute; eta sareko gatazketan batzuetan gertatzen diren truke eskaladarekin zerikusia duten arriskuen jakitun izan behar dute.
Azkenik, ikerketak erakutsi du oraindik ere nolabaiteko desberdintasunak daudela adingabeen Interneteko erabileran, haien maila sozioekonomikoa zein den; bereziki, gurasoen bitartekaritzari dagokionez. Datuen arabera, familia behartsuenetako umeek bitartekaritza gutxiago jasotzen dute gurasoengandik. Hori dela eta, adingabeen inklusio digitala sustatzen duten egitasmoek lehentasuna izan behar dute aurrerantzean ere.
Txostena:
Uso de internet de los menores en España (2010-2015)
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurrak 7 urterekin hasten dira Internet erabiltzen.
The post Gero eta goizago hasten dira haurrak Interneten erabiltzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #132
Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPCko) zenbait ikertzailek, Cambridgeko Unibertsitatearekin elkarlanean, munduko lenterik txikiena eraiki dute. Javier Aizpurua izan da argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea sortu duen ikerketaren alor teorikoen burua. Ikertzaileek azaltzen dutenez, eroankortasun altuko urrea erabili dute aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko. Barrunbe hau – ‘piko-barrunbe’ deitua – urrezko nano-egitura batean atomo bakarreko konkor batez osatuta dago, eta argia konfinatzen du metroaren mila milioirena baina neurri txikiagoetan. Irakurri artikulu osoa hemen:
IngeniaritzaR programarekin itsas energia nola irakasten den jakin dezakegu artikulu honen bitartez. Pakete batzuk daude, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituztenak, edo maps eta mapdatapaketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituztenak; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketeak; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDF paketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko. Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dute iturri gisa ere, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Azken finean, itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko gai da programa.
BiologiaIraia Muñoak irabazi du Txiotesia lehiaketako sarietako bat. Epigenetikaren inguruko tesia idazten ari da eta lan hori sei txiotara laburtzea lortu du. Ikertzaileak dio tesia egiteko lau urte dituztela eta denbora horretan “gauza asko” egiten direla. Beraz, “hori sei txiotara laburtzea zaila da”. Gaia erraz uler zedin, istorio txiki bat asmatu du: “Hori izan zen nire erronka, erraz ulertuko zen zerbait egitea”. Dibulgazio lanari dagokionez, Muñoak dio zientzia sare sozialetan gero eta gehiago lantzen dela: “Zientzia jendearengana eramaten lan handia egiten ari dira”.
IngurumenaKlima eta elikadura elkarri lotuta daude. Kutsaduraren eraginez, areagotzen ari da klima-aldaketak abereetan ala landaredian duen eragina. Berrian azaltzen digute afera: IPPC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, klimaren auziak eragin zuzena izango du osasunaren eta elikaduraren kalitatean. Nekazaritzari dagokionez, iragarri ezinezko ekintza izango da landatzen den uzta batuko den ala ez. Klimagatik ez, globalizazioaren eraginez aldatu da elikatzeko era. Eta kontsumoak sortutako kutsaduraren ondorioz, aldaketak izango dira nutrizioan. Unai Aranguren EHNE-Bizkaia sindikatuko kideak honakoa irizten dio: “Klima aldaketarekin aukera bat ikusi dute multinazionalek. Eta aurkitu dute horri aurre egiteko erantzuna: Klimatikoki inteligentea den nekazaritza (CSA) izenarekin bataiatu dute proposamena. Baserritarrei hazi “bereziak” eskaintzea du helburu CSAk. “Klima aldaketei aurre egiteko eta uzta bermatzeko gaitasuna duten haziak sortu dituzte”.
Sahara basamortu idor eta gogor bat bezala ezagutu dugu baina ez da horrela izan beti. Orain dela 5.000 urte inguru, gauzak okertzen hasi ziren, eta berde koloreko paradisuak hauskararantz jo zuen pixkanaka. Klima-aldaketa hori hobeto ulertzeko aukera izan dugu ikerketa baten bidez. Zehazki, Saharako hautsak azken milurtekoetan Ipar Afrikako prezipitazioetan zer rol bete duen aztertu dute adituek. Lortutako emaitzek diote duela 16.000 urte, azken Izotz Aroaren amaieran, inoiz baino hauts gehiago zegoen, gaur egun dagoena halako bi. Duela 11.000 eta 5.000 urte arteko aldian, berriz, gaur dagoen hautsaren erdia. Zeru oskarbiak eguzki argi gehiago pasatzeko bidea eman zuen, eta horrek, berriz, ozeanoaren tenperaturen gorakada ekarri zuen. Beroago egonda, ozeanoak ur lurrun gehiago sortu zuen, eta, horrekin batera, montzoi handiagoak izan ziren. Soka luze horren muturrean bizitzan blai eginda zegoen Sahara berdea topatu dute zientzialariek. Ondoren, hauts kopurua berriro igo eta basamortua nagusitu zen.
Geologia eta estratigrafiaGizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia identifikatu dutela uste dute Kanadako ikertzaile batzuek. Jordanian gertatu zen, orain dela zazpi mila urte, kobrearen erauzketaren ondorioz. Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldean topatu dute ibaia. Amaia Portugalek azaltzen digu ibaiak dagoeneko ez duela emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daudela. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak.
BiologiaIa 400 arrain-espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta, beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Gehienetan, uretako oxigeno-kontzentrazioa jaisten denean hasten dira airean arnasa hartzen. Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak kasu. Anguilla rostrata, esaterako, oxigeno-beharren % 60 larruazaletik hartuz asetzen du, eta ahotik gainerako % 40a. Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Badira, adibidez, urdaila erabiltzen duten arrain batzuk. Beste zenbaitek hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da airea igeri-puxika, urdail edo hesteraino, eta gero uzkitik kanporatzen dute.
GeodinamikaZer dira Mantuko luma gorakorrak? Testu honen bidez, horrekin lotutako hainbat kontzeptu historiko berrikusiko dira, eta hipotesia sortu zen zientzia-egoeraren berri emango da era berean. Plaka-tektonika, eta kontinenteen jitoa hedatu aurretik aipatu izan zen lurrazalaren azpian konbekzio-korronteak egon zitezkeela. Lehendabiziko aipamena William Hopkins matematikariak eign zuen baina Osmond Fisher izan zen mantuko konbekzioa egitura geologikoen eragile gisa erabiltzen lehena. Orduko teoria nagusiak esaten zuen Lurra hoztean gertatutako uzkurduraz sortzen zirela mendikateak; Fisherrek aldiz, iradoki zuen lurrazalaren azpitik geruza mehe likidoa zegoela eta gaineko lurrazalak mugitzean mendikateak sortuko zituela. Badaude aldiz plaken barne eremuetan zein plaken arteko mugetan gertatzen diren hainbat “prozesu magmatiko anomalo” (gandor aseismikoak, basalto-plataformak, dike sare-erraldoiak,…), ereduan azalpenik aurkitzen ez dutenak. Sortutako galderei irtenbideren bat emateko, luma gorakorren eredua plazaratu zen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!
HistoriaMarie Curieri buruzko bitxikeriak topatuko dituzu artikulu honetan. Argian kontatzen da Mariek koadernoetan jasotzen zituela lortzen zituen emaitza guztiak “modu obsesiboan”: Pierren alkandora egiteko erabilitako oihalaren prezioa dakigu koadernoei esker. Adibidez, Irène alaba zen Marieren etxeko aztergai kuttunetakoa. Alabaren buruko diametroa aldiro neurtzen zuen kurrikak erabiliz, eta emaitza txukun idatzi. Polonioa aurkeztu zuten hilabete hartan bertan, Irènek “gogli gogli go” esan zuen eta 1899ko urtarrilean hamabost hortz-hagin zituen. Sukaldea ere laborategia zen Nobel saridun bikoitzarentzat. 1898an bertan, andere-mahatsen jelea prestatu ondoren, errezeta/esperimentu hau idatzi zuen koaderno batean. Nobel saridunaren bitxikeria gehiago topatuko dituzu Marie Curieren lanbidearen ajeak artikuluan.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #132 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #138
Mapping Ignorance blogaren internazionalizazioa geldiezina da. Asteon Txinako ikertzaile baten lehenengo ekarpena argitaratu dute, Shu Ning ikertzailearen testu interesgarri bat. Artikuluak infartu baten ondoren ehun kardiakoak nola berreskuratu lantzen du: Regain the renewal capacity after myocardial ischemia? Pitx2 and its partners! Eduardo Oliver doktorea izan da artikulu-orraztailea.
Malariaren eltxoak antropofilikoak badira (gizakiei heltzea edo ziztatzea nahiago dute) eta gure gustuak erakartzen baditu, orduan gure zaporea alda beharko dugu, ezta? José Ramón Alonsok azaltzen digu: Change your flavor artikuluan.
Alde ilunak badu xarma. Eta argia eta materiaren arteko eraikuntza hibridoak diren polaritonetan, agian, xarma horren botereak erabiltzea mereziko du. DIPCko ikertzaileek azaltzen digute: Dark states can be much better excitation carrier.
Sergio Laínezek ioi-kanalak ikertu ditu hiru herrialdetan eta egun Bristolen ari da hau gauzatzen. Molecular Detectives: discovering new ion channels (I) artikuluan haren lanari buruz kontatzen ez direnak azaltzen dizkigu, ioi-kanal berrien aurkikuntzen atzean dagoen detektibe-lana.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #138 appeared first on Zientzia Kaiera.
Oskar González: “Material eta teknika berriak sortu dira artistek kimikari lana egin dutelako” #Zientzialari (62)
Margolari edo eskultore batek artelan bat egin behar duenean erabiliko dituen materialen ezaugarriak ezagutu behar ditu. Tenpera bat zer den, olio pinturaren konposaketa edota pigmentuen degradazio prozesua jakitea lagungarria da materialen artean sortuko diren elkarrekintzak aurreikusteko. Honetarako kimika ezagutzak izatea oso lagungarria da. Kimikan oinarritutako teknika analitikoen bidez, gainera, aspaldiko artelanen konposizioari buruzko edo artistak jarraitu duen estiloaren inguruko informazioa izan dezakegu.
Arteak eta kimikak duten lotura estuaz hitz egin digu Oskar González UPV/EHUko Kimikako irakasleak Zientzialariren azken atalean.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Oskar González: “Material eta teknika berriak sortu dira artistek kimikari lana egin dutelako” #Zientzialari (62) appeared first on Zientzia Kaiera.
Anfibio ezkatadun paradoxikoak
———————————————————————————————————–
In the mid-1800s, anatomists began to learn of mysterious living fish from the southern continents. One of the first was discovered by German anatomists working in South America. It looked like a normal fish, with fins and scales, but behind its throat were large vascular sacs: lungs. Yet the creature had scales and fins. So confused were the discoverers that they named the creature Lepidosiren paradoxa, “paradoxically scaled amphibian”. Other fish with lungs, aptly named lungfish, were soon found in Africa and Australia. African explorers brought one to Owen. Scientists such as Thomas Huxley and the anatomist Carl Gegenbaur found lungfish to be essentially a cross between an amphibian and a fish. Locals found them delicious.
«XIX. mendean, hegoaldeko kontinenteetan bizi ziren arrain misteriotsuen berri jakin zuten anatomistek. Lehenetako bat Hego Amerikan lan egiten zuten anatomista alemanek topatu zuten. Arrain arrunta zirudien, hegal eta ezkatekin, baina eztarriaren atzean, zorro baskular luzeak zituen: birikak. Izakiak, baina, bazituen ezkatak eta hegalak ere. Hain nahasiak zeuden aurkitzaileak, Lepidosiren paradoxa “anfibio ezkatadun paradoxikoa” izena eman zioten izakiari. Birikadun beste zenbait arrain aurkitu zituzten geroago Afrikan eta Australian, eta arrain birikadun izen egokia eman zieten. Afrikako esploratzaileek horietako bat eraman zioten Owen jaunari. Thomas Huxley zientzialariaren eta Carl Gegenbaur anatomistaren arabera, anfibio baten eta arrain baten arteko gurutzatze bat zen arrain birikaduna. Bertako jendearentzat, berriz, jateko gozo-gozoa.»
Aurreko paragrafoa, Your inner fish (468-473 or.) paleontologia-liburutik hartua dago, eta ederki azaltzen du zer-nolako harriduraz hartu zuten XIX. mendeko naturazaleek arrain birikadunen aurkikuntza.
1. irudia: Afrikan bizi den Protopterus espezieko arraina, birikadun arraina da. Lobulu biko birikak eta brankia oso txikiak ditu eta airea behar du. Izan ere, airerik gabe hil egiten dira. (Argazkia: Gőtehal. CC BY 2.5 lizentziapean, Wikimedia Commons bidez.)
Ia 400 arrain-espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta, beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Gehienetan, uretako oxigeno-kontzentrazioa jaisten denean hasten dira airean arnasa hartzen, eta tenperatura igotzen denean gehiago jotzen dute airean arnastera, metabolismoa tenperaturarekin batera igotzen baita. Hori bai, oxigenoa airetik hartzen badute ere, uretara ―brankietatik edo gorputz-azaletik― askatzen dute CO2.
Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak dira horren adibide bat. Erraztasun handiz irten daitezke uretatik hezetasuna handia bada; Anguilla rostrata-k, esaterako, oxigeno-beharren % 60 larruazaletik hartuz asetzen du, eta ahotik gainerako % 40a.
Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Zati hori espezializaturik dago, odol-hodi asko ditu, eta hormetan inbaginazio eta ebaginazio asko. Aingira elektrikoetan (Electrophorus electricus), adibidez, aho-barrunbea da airean arnasteko organoa, eta beste zenbait espezietan operkulu-barrunbea. Brankien gaineko barrunbe bereziak dituzte bagre (Heteropneustes) batzuek; burutik gorputzaren erdi alderaino luzatzen diren tutu-dibertikuluak dira bagre horien barrunbeak.
2. irudia: Aingira anguillidae familiako arraina da. Ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik baina erraz irten daitezke uretatik hezetasuna handia bada.
Baina badira bestelako bideak hartu dituzten arrainak ere. Adibidez, batzuek urdaila erabiltzen dute, eta Callichthyidae familiako beste bagre batzuek heste-hodiaren zati bat, oso baskularizatua hau ere. Beste zenbaitek, hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da airea igeri-puxika, urdail edo hesteraino, eta gero uzkitik kanporatzen dute.
Arrain hauek, oxigeno gutxiko uretan daudenean, brankietatik uretara oxigenoa galtzeko arriskua dute. Azken batean, aireko O2-aren presio partziala oso altua da gehienetan, baina egoera desberdinak suerta daitezke uretan, O2-kontzentrazioaren eta tenperaturaren arabera. Arrain hauek, uretara O2 ez galtzeko, mugatu egin dute brankietatik gasak trukatzeko ahalmena; zenbaitetan brankien aztarnak baino ez zaizkie geratzen, eta, askotan, zirkulazio-sisteman kortozirkuituak dauzkate, odol oxigenatua ez dadin handik igaro.
Airean arnasa hartzen dutenen artean, arrain birikadunak (6 espezie) izan dira ikertuenak. Egiazko birikak dituzte, azalera handikoak, barne-inbaginazio eta trenkada zein tontor ugaridunak. Noceratodus Australiakoak birika bakarra eta brankia funtzionalak ditu; bi medioetan har dezake arnasa. Afrikako Protopterus (lau espezie) eta Hegoamerikako Lepidosiren espezieek, berriz, lobulu biko birikak eta brankia oso txikiak dituzte. Airea behar dute, eta airerik gabe hil egiten dira.
Paleontologoek uste dute arrain horiek direla lehorreko ornodunak sortu ziren garaiko arrainen ondorengo zuzenak. Izaera bikoitza dute, airean eta uretan arnasa hartzeko modua baitute. Ez da batere harritzekoa, beraz, duela bi mendetako naturazaleak arrain misteriotsu hauen berri izaterakoan zur eta lur geratu izana. Arrazoi osoz izendatu zuten arrain horietako bat izendatu zuten bezala: anfibio ezkatadun paradoxikoa!
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Anfibio ezkatadun paradoxikoak appeared first on Zientzia Kaiera.