Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 26 min 34 sec ago

Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen

Mon, 2017/03/06 - 15:00
Josu Lopez-Gazpio Usainek oharkabean alda edo bideratu dezakete gure portaera. Dastamena eta usaimena dira bizidunon informazio iturri zaharrena, inguratzen gaituenari buruzko datu kimikoak eskuratzeko bidea. Perfumeen historiaren hasierak bat egiten du gizateriaren historiarekin. Historiaurrean usainek garrantzi jainkotiarra zuten erlijioan. Geroago, Grezian eta Erroman ere oso preziatuak izan ziren espezia, olio eta perfumeak. 1708an, Charles Lilly lurringileak lehen aldiz animalia jatorriko konposatu bat erabili zuen merkaturako perfume baten konposizioan: musketa.

1. irudia: 1710. urtean Giovanni Maria Farinak egun ezaguna den Eau de Cologne perfumea sortu zuen. Mende bat beranduago, Paul Parquet lurringile frantsesak erabili zuen lehen aldiz laborategian sintetizatutako konposatu bat, Fougere Royale perfumearen osagai bezala.

Musketa naturala Moschus moschiferus orein musketadun espeziearen arraren guruin usain-sortzaileen jariakinetik lortzen da, eta mendeetan zehar usain gozo bezala erabili da. Hain zuzen ere, oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen eta egun babestuta badago ere, arriskuan dago, batez ere legez kanpoko ehizaren ondorioz. Egun, ordea, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan.

Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko, eta, hartara, perfumearen usainak gehiago irauten du. Merkatuaren ikuspuntutik, Galaxolide (HHCB), Tonalide (AHTN) eta Traseolide (ATII) dira musketa polizikliko garrantzitsuenak. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela —erresistentzia multixenobiotikoaren inhibitzaileak dira, esate baterako— eta ingurumenean nahiz bizidunetan metatzeko gaitasuna dute; beraz, sakonago aztertu behar da zer-nolako albo ondorio eta kalte sor ditzaketen.

2. irudia: Orein musketaduna, Moschus moschiferus (ezkerrean) eta erauzitako guruina (eskuinean). (Argazkia: Wikimedia Commons, CC-BY-SA)

Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea. Horretarako, elektroforesi kapilar deritzon teknika instrumentala erabili zen. PCMak neutroak direnez, kromatografia elektrozinetiko mizelarra (MEKC, micellar electrokinetic chromatography) deritzon aldaera erabili behar izan zen; horretaz gainera, PCMek ur-disolbagarritasun oso txikia dutenez , teknika ingurune ez-akuosoan egin behar izan zen: NAMEKC delakoa (nonaqueous micellar electrokinetic chromatography). Metodoaren aldagai analitikoak optimizatu eta ebaluatu ondoren, lagin errealen analisian erabili zen, hautatutako osagaien kontzentrazioa zehazteko. Laginei dagokienez, guztira Gipuzkoako hainbat dendatan lortutako 27 perfume analizatu ziren.

Ikerketa honetan NAMEKC metodo bakuna, fidagarria eta merkea garatu da perfumeetan HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak aldi berean kuantifikatzeko. Metodoak ezaugarri analitiko onargarriak ditu, balioztapen prozesuko ebaluazioak adierazi duen moduan. Hauxe da lehen ikerketa, elektroforesi ez-akuosoari esker PCMak determinatzea ahalbidetzen duena. Horretaz gainera, laginaren prestaketa erraza proposatu da —laginaren diluzioa, besterik ez—. Bestalde, elektroforesi kapilarraren aplikazioak zabaldu dira; izan ere, konposatu oso hidrofoboak elektroforesi kapilarra erabiliz analizatzeko bidea aztertu da. Ondorioz, elektroforesian oinarritutako metodo hau gas- edo likido-kromatografian oinarritutakoen aukera egokia da, bai aplikazio kualitatiboetan eta baita kuantitatiboetan ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia.
  • Laburpena:Kromatografia elektrozinetiko mizelar ezurtsuan oinarrituta metodo bat garatu da perfumeetan Galaxolide®, Tonalide® eta Traseolide® musketa poliziklikoak kuantifikatzeko. Konposatu horiek kosmetikoen osagai moduan asko erabiltzen dira zainketa pertsonalerako produktuetan. Metodoa optimizatzeko esperimentu-diseinua eta erantzun-gainazalen metodologia erabili ziren. Metodoaren ezaugarri analitikoak ebaluatu ziren eta balio onargarriak lortu ziren ezaugarri hauei dagokienez: linealtasuna, detekzio- eta kuantifikazio-mugak, doitasuna eta zehaztasuna. Optimizatutako eta balioztatutako metodoa perfume-lagin komertzialetan hautatutako osagaiak determinatzeko erabili zen.
  • Egileak: Josu Lopez-Gazpio eta Esmeralda Millán
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 97-107
  • DOI: 10.1387/ekaia.14129

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide

Mon, 2017/03/06 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko Francesca Grass ikertzaileak, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterketa morfologikoa egiten ari da, orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz. Aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoak eginez, Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea du helburu.

Irudia: UPV/EHUko azterlan batek Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterlan morfologikoa egiten ari da, Gaztelako Goi Erdi Aroko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz.

Goi Erdi Aroko herrixketan, nekazariak lurra eta zura bezalako oinarrizko elementuez eraikitako etxoletan bizi ziren. Etxeotan, gune batzuk bizitoki gisa erabiltzen zituzten, eta beste batzuk, berriz, biltegi gisa (siloak) edota eskulanak egiteko. Garai hartako herrixketan, IX. eta X. mende aldera, eliza txikiak eta monumentaltasun gutxiko hilerriak eraiki ziren. Francesca Grassi arkeologoaren helburua da, hain zuzen ere, gizarte haien konplexutasun sozial eta politikoa aztertzea, zeramika kontsumoaren ekoizpena, banaketa eta ereduak oinarri hartuta. Horretarako, aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoa egin du.

“Hau ez da datu zeramikoak aztertzeko ohiko lan bat; izan ere, azken xedea da Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu ditugu, denak ere Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak, hiru eremu nagusitakoak: Arabako lautadakoak, Miranda Ebroko arrokoak eta Goi Erribera ingurukoak. Hiru eremu horiek askotarikoak dira. Alde batetik, Arabako lautada inguru oso itxia da ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, ez baita aurkitu arrotik kanpoko beste materialik. Beste bi eremuak, berriz, irekiagoak dira, Goi Erribera ingurua batik bat, han baitzegoen Gaztelako konderri zaharraren erdigunea; konderri hura Goi Erdi Aroan eratu zen, eta erreferentziazko kokaleku ugari zituen Goi Erriberan”, azaldu du Francesca Grassik.

Miranda Ebroko arroa eta Goi Erribera ingurua, gainera, irekiagoak izan ziren zeramikaren kontsumoari dagokionez ere, eta horrek nabarmenago egiten ditu hiru eremu horien arteko alde sozial, politiko eta ekonomikoak. “Zeramika kontsumoaren motan igar daitezke aldeak. Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako. Tipologiari dagokionez, aztarnategi batzuetan estaldurarik gabeko zeramika aurkitu dugu, ore lodiz edo araztuz egindakoa, eta litekeena da oinarrizko funtzio bat baino gehiago edukitzea: kozinatzeko, jateko edo gauzak gordetzeko ontzi gisa erabiltzeko… Biltegi batzuetan, baina, aurkitu dugu zeramika pintatua ere, estaldurarik gabea baina engobe gorriz ekoitzitako pintura duena. Zeramika horrek ere oinarrizko funtzio bat zuen, mahaian ura zerbitzatzekoa eta gauzak gordetzekoa esaterako, eta badirudi Ebro inguruan ekoitzi zela, baita aztarnategietatik oso urrun zeuden tailerretan ere. Halere, datu hori hasiera-hasierakoa da oraindik, aztertu beharreko analisi arkeometrikotik ateratakoa”, esan du ikertzaileak.

Datu osagarriak:

Ikerketa EARMEDCASTILE proiektuaren (The formation of the State in Early Medieval castle: craft production and social complexity) barruan kokatzen da. EARMEDCASTILE proiektua Europako Batasunak diruz lagundua dago (Grant Agreement N. 656540), 2015eko udan hasi zen, eta 2016ko uztailean bukatuko da. UPV/EHUko Letren Fakultateko Ondarea eta Kultur Paisaiak ikerketa taldea ari da azterlana egiten, Juan Antonio Quirós Castillo Arkeologiako katedradunak gidatuta, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Saileko Luis Angel Ortega, Ainhoa Alonso Olazabal eta Mª Cruz Zuluaga ikertzaileen eta Sienako Unibertsitateko (Italia) Lurraren Zientzien Saileko Cristina Fornacelli eta Isabella Memmi Turbanti ikertzaileen laguntzarekin.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Goi Erdi Aroko gizarteak zeramikaren bitartez ezagutzen.

The post Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #144

Sun, 2017/03/05 - 09:00
Uxue Razkin

Eboluzioa

Gutxienez 3.770 milioi urteko mikroorganismoen arrasto fosilak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermala izandako arroketan, Kanadako ipar-ekialdean dagoen Nuvvuagittuq gerrikoan, hain zuzen. Hodiak eta harizpi-formako egiturak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermaletan bizi ohi diren mikroorganismoek sortzen dituzten egituren antzekoak. Horrez gain, jarduera biologikoaren beste adierazle batzuk ere aurkitu dituzte; burdin-oxidozko granuluak eta karbonatozko errosetak, esaterako. Elhuyarrek azaltzen digu albistea.

Kimika

Sagardoaren azidotasunari heldu diote testu honetan. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio eta gozotasuna ezabatu egiten du. Gainera, azidotasuna garrantzia dauka sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako. Ekoizpenean, legamiek sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan. Baliteke lortutako azidotasuna egokia ez izatea, baina, testuan azaltzen digutenez, sagardoaren pH-a erregulatu daiteke. Eta nola egiteko da moldaketa hori? Azalpena Sagardoaren kimika artikuluan.

Biologia

Elefanteek, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, beste zenbait bereizgarri dituzte. Adibidez, urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko. 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia. Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa handia da. Afera ulertzeko: beste ugaztunen kasuan odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lirateke. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.

Emakumeak zientzian

Nahia Idoiaga fisika ikasten hasi zen baina ez zitzaion gustatu, eta psikologiara pasa zen,zientzia inoiz alboratu gabe. Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen”. Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.

Astronomia

NASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven, deiturikoak. Baina programako ikertzaileari William Randolph Lovelace II.ak pentsatzen zuen emakumeak zirela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak ziren eta erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko. Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian. Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten. 1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten: emakumeek ez zituzten astronauta izateko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea.

Gure eguzki sisteman bertan beste planeta bat egon daitekeela pentsatzen dute aditu batzuek. Berriak azaltzen digu ustezko objektu horri X planeta edo bederatzigarren planeta deitzen zaiola. Hilabete honetan, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian proposatu dute Neptunotik harago dauden 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen ezaugarriek hor kanpoan planeta erraldoi bat dagoeneko hipotesia babesten dutela. Espektrografiaren bitartez, astronomoek espaziotik datorren argia ikertu eta objektu bakoitzaren konposizioa zein den jakin dezakete. Horrela konturatu dira bi asteroideon osaketa oso antzekoa dela. “Horregatik uste dugu iraganean objektu bikoitza zela, baina duela 5 eta 10 milioi urte arteko tartean Lurra baino 10 edo 20 aldiz masiboagoa den planeta ezezagun batek banatu zituela”, dio Julia de Leon Kanaria uharteetako Astrofisika institutuko ikertzaileak.

Teknologia

Handle izeneko robot gurpilduna aurkeztu berri du Boston Dynamics enpresak (Googlerena da Dynamics). 2 metroko garaiera dauka eta 20 km orduko abiadura har dezake, jauziak ere egin ditzake. Gurpilak eta hankak ditu eta ia edozein tokitan ibili daiteke. Etorkizuna hemen dugu!

Fisika

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horren kariaz: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzean datza. Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileak dio: “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren.

Geologia

Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaile gehienek, zati handi bat ur azpian dagoena. Aspaldi jarri zioten Zeelandia izena. Orain, horri buruz egin diren ikerketa guztiak bildu dituzte. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. Kontinente bat izateko lau baldintzetatik hiru hiru betetzen ditu argi eta garbi: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da.

Medikuntza

Berlineko zientzialari batzuek mina tratatzeko albo-ondoriorik gabeko botika sintetizatzea lortu dute. Analgesiko berria opioidea da, baina ez ditu eragiten morfinak eta beste opioideek izaten dituzten albo-ondorioak. Adibidez, goragalea, apnea, ultzerak, etab. NFEPP izeneko analgesiko berriak hantura-guneetan bakarrik eragiten du. Animaliekin egin dituzte entseguak eta ikusi dute handitutako ehunetan ahalmen analgesiko handia duela baina aldi berean, ehun osasuntsuek ez dutela analgesikoaren aurrean erreakzionatzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #144 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #149

Sat, 2017/03/04 - 09:00

Loak oroimena sendotzen omen duela esaten da, baina kontrakoa balitz? Loak oroimena ahazten lagunduko baliguke? José Ramón Alonsok argitzen digu kontua: Seleeping Spines.

Izotzaren azpian, kilometro eta erdi lurrazalaren azpian, lurperatuta dago unibertso behagarrian barneratzeko gai den behatoki bat. Víctor Marínek aurkeztu digu: Ice Cube, the frozen observatory.

Ez da erraza egungo zibilizazioaren oinarri industrialen funtsezko kontzeptuak sakon ulertzea, are gutxiago metodo estatistikoek ez dutenean laguntzen. Baina DIPCk laguntzen digu zeregin honetan: Understanding polyatomic dissociative chemisorption.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #149 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea”

Fri, 2017/03/03 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Nahia Idoiaga Mondragonek Fisika ikasteko asmoz hasi zen unibertsitatean. Laster konturatu zen, ordea, hura ez zuela gustuko. “Ez zen espero nuena. Besteak beste, talde txikia ginen; exijentzia, berriz, oso handia”, azaldu du. Hala, Fisika utzi eta Psikologia ikasten hasi zen. Eta hura bai, oso gustuko izan zuen. Arlo horretan egin du, beraz, bere ibilbide akademikoa. Hala ere, horrek ez du esan nahi zientzia baztertu duenik. Izan ere, zientziarekin lotuta egin du tesia, eta orain ere, irakasle izateaz gain, ikertzen ere badabil.

Psikologia ikasten ari zela gerturatu zen berriro zientziara. “Lankidetza-beka izeneko beka bat zegoen, aukera ematen zizuna irakasle batekin batera ikertzeko. Probatu nuen, eta gustatu zitzaidan”. Dioenez, ikasten jarraitzeko aukera ematen du ikerketak; horrek erakartzen du. “Nigatik balitz, beti ariko nintzateke ikasten”.

Irudia: Nahia Idoiaga Mondragon psikologoa.

Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen: “Izurriteek gizartean eragiten duten inpaktua aztertu nuen tesian”. Gustura aritu zen tesia egiten, besteak beste, denboraren kudeaketan izan zuen askatasunagatik. “Ulertzen dut jende askok gaizki pasatzea tesia egiten, ordu asko eskatzen baititu, eta zaila da beste lan batzuekin batera egin behar baduzu. Baina nik beka bat nuen, eta oso esperientzia ona izan zen. Tarte horretan bi seme-alaba izan ditut eta ikerketa beste alorrekin bateragarria suertatu zait”, onartu du.

Ikertzearen aurkia eta ifrentzua

Tesiaren gaia, berekin lana egiten zuen irakasleengatik eta gaurkotasunagatik aukeratu zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen.”

Idoiagaren ustez, garrantzitsua da jakitea nola bizi izan ditugun izurriak, “beti izango ditugulako, eta gero eta sarriago”. Jendeak zer pentsatzen duen eta zer irudikapen dituen jakitea gako da komunikazioa eraginkorra izan dadin. “Adibidez, alderdi emozionalak garrantzi handia du gauzak ulertzeko moduan, eta ez zait iruditzen arrisku-krisien komunikatzaileek aintzat hartzen dutenik”.

Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.

Ikerketa benetan gustuko duen arren, dena ez da erraza. Oztopoen artean, burokraziak eta argitaratzeko beharrak aipatu ditu, eta baita talde baten babesa ez duten gazte ikertzaileen egoera zaila ere.

Ez du aipatu gabe utzi nahi beste zailtasun bat: “Argitaratzeko behar horrekin lotuta, horrek berak euskaraz ikertzea zailtzen dit. Tesia euskaraz eta ingelesez egin nuen, eta aldiro artikuluak euskaraz publikatzen saiatzen naiz. Baina beti iruditzen zait euskararekiko militantzia hutsagatik egiten dudala. Izan ere euskal erakundeek ere apenas hartzen dituzte aintzat euskaraz idatzitako produktu zientifikoak”.

Idoiagaren esanean, badaki joera ingelesaren aldekoa dela, eta ulertzen du hori. Hala ere, haren ustez, garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako artikuluak edota lanak balioestea.

Fitxa biografikoa:

Nahia Idoiaga Mondragon Gernikan jaio zen, 1985ean. Psikologian lizentziatu zen, UPV/EHUn, eta Psikopedagogian, Mondragon Unibertsitatean. Masterra egin ondoren, gizarte psikologian egin zuen tesia, gizarte irudikapenen alorrean, eta, bereziki, arrisku-krisien eta osasun-izurriteen gizarte mailako eragina aztertzen. Orain irakasle da Psikologia Fakultatean, eta ikertzen ere jarraitzen du.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Elefantearen birikak

Thu, 2017/03/02 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Elefanteek badituzte zenbait ezaugarri interesgarri. Lurraren gainean, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, edo handienak izateagatik, badituzte zenbait ezaugarri berezi. Belarrien tamainaz aritu gara aurreko atal batean, belarriek gorputzen tenperaturaren erregulazioan betetzen duten zereginaz, hain zuzen ere. Oso desberdina da hemen aztertuko duguna.

Irudia: Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, ez dago elefanteak bezalako animaliarik tamainari dagokionez. Horrez gain badituzte bestelako ezaugarri bereizgarria. Esaterako, urpean sakonera handitan igeri egiteko gai dira.

Elefanteek urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko tresna gisa. Elefanteentzat balio handiko ahalmena da hori, joan-etorri luzeak egiten baitituzte, eta egiten dituzten ibilbideetan oso ohikoa baita ibaiak zein aintzirak zeharkatu behar izatea. Zenbaitetan, gainera, sakon samarrak dira zeharkatzen dituzten urak.

Ahalmen hori harrigarria egin zaie beti zientzialariei. Izan ere, elefanteak urpean ibil daitezkeen sakoneran beste edozein ugaztunen birikak kaltetuta geratuko lirateke presio hidrostatiko handiaren eraginez. Baina 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia lehendabizi. American Physiological Society delakoaren 2002ko biltzarrean emandako hitzaldi batean eskaini zuen gertaera harrigarri horren zergatia.

Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa hain da handia, ezen beste edozein ugaztunen odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lituzkeen. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.

Biologo askoren ustez, urtarrak ziren gaur egungo elefanteen arbasoak, eta West doktorearen ustez, baliteke tronpa iraganeko garai hartan garatu izana. Azken batean, ez da ahaztu behar urtarrak diren sirenioak (dugongak eta manatiak) direla elefanteen ahaide hurbilenak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Elefantearen birikak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zeelandia, kontinente ezkutua

Wed, 2017/03/01 - 09:00
Amaia Portugal Zenbait ikertzailek defendatzen dutenez, Zeelanda Berria Australiatik bereizten den eta ur azpian murgilduta dagoen beste kontinente baten parte da. Ia bost milioi kilometro karratuko azalera du Zeelandia izena hartzen duen lurralde honek, eta agerian ez egonagatik, kontinente izateko baldintzak betetzen dituela argudiatu dute artikulu batean.

Zenbat kontinente ditugu? Nola kontatu behar dira? Mundua ez da ados jartzen honen inguruan, eta desberdin irakasten da herrialde batzuetako eta besteetako eskoletan: Ipar eta Hego Amerika bi kontinente direla, Europa eta Asia bat eginda daudela, Antarktikaz ahaztu egiten garela… Bada, eztabaidari ekarpen berria egin diote Zeelanda Berriko ikertzaile batzuek. Izan ere, ba omen dago orain arte kontaketa hauetan kontuan hartu ez dugun beste kontinente bat: Zeelandia.

Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaileok. Kontinente ezkutua, ur azpian baitago ia bere osotasunean. Lurralde horri Zeelandia izena jarri zioten aspaldi inguruotako geologoek, baina kontu hau nahiko ezezaguna da munduko beste tokietan. Orain, baina, GNS Science erakundeko ikertzaile talde batek azken hogei urteotan auzi honen inguruan egin den ikerketa geologiko eta geofisiko guztia bildu du, lan zientifiko bakarrean. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. GSA Today aldizkarian plazaratu dute artikulua.

1. irudia: Zeelandia aintzat hartzen duen munduko kontinenteen mapa. (Argazkia: Nick Mortimer et al.)

Ia bost milioi kilometro karratu ditu Zeelandiak (Australiaren hiru bosten), baina Zeelanda Berria, Kaledonia Berria, Norfolk uhartea eta beste irla gutxi batzuk baino ez ditu agerian. Hau da, kontinentegai honen azaleraren %94a ur azpian dago. Zeelanda Berriko Cook edo Aoraki mendia du tontor garaiena (3.724 metro), eta bi plaka tektonikoren arteko mugan dago: australiarra eta pazifikokoa.

Ikertzaileok defendatzen dutenez, ezkutuan dagoelako ez da hartzen kontuan, baina Zeelandiak kontinente guztiek dituzten ezaugarriak betetzen ditu: “Gaur egun lurrazala, kontinenteak eta mikrokontinenteak definitzeko erabiltzen diren hitzak aldatu gabe ere, Zeelandiak bat egiten du”.

Artikuluan azaltzen denez, kontinenteek lau baldintza nagusi bete behar dituztela iritzi diote geologo gehienek: nabarmen goratu behar du inguruan duen lurrazal ozeanikoarekin alderatuta; askotariko harri magmatiko, metamorfiko eta sedimentarioak izan behar ditu osagaien artean; lurrazal lodia ere bai; eta mugek ondo definituak behar dute egon, nahikoa azalera handia duen eremuan. Ikertzaileon arabera, Zeelandiak argi betetzen ditu lehen hiru baldintzak: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da; 40 kilometrorainokoa ere bai, Zeelanda Berriko hego uharteko zenbait gunetan.

2. irudia: Zeelanda Berria, Kaledonia Berria eta irla gutxi batzuk baino ez ditu agerian kontinente honek. (Argazkia: Nick Mortimer et al.)

Laugarren baldintzari dagokionez, Australia eta Zeelandiako mugak oso ondo zehaztuta daudela argudiatu dute ikertzaileok, Cato sakonuneari esker. Lurrazal ozeanikoaren gainean dagoen eremu honek 3.600 metroko sakonera du, eta bereizketa espazial eta tektoniko honek Zeelandia eta Australia fisikoki banatzen dituela diote ikertzaileok. “Cato sakonunea egongo ez balitz, artikulu honek deskribatuko lukeen aurrerapen zientifikoa bestelakoa litzateke: Australiako kontinentea aurrez uste baino 4,9 milioi kilometro karratu handiagoa dela esango genuke”, azaldu dute artikuluan.

Tamaina da arazoa, ordea. Laugarren baldintzak baitio, mugak ondo definituta egoteaz gain, eremuak nahikoa azalera handia izan behar duela, baina azalera horrek zenbatekoa izan behar duen ez da zehazten. Langa milioi bat kilometro karratuko azaleran ezartzea proposatu dute artikulu honetan. Hartara, geologoen kolektiboak proposamena onartzekotan, Zeelandiak sobera beteko luke kontinente izateko azken baldintza. “Milioi bat kilometro karratu baino gehiagoko azalera duenez eta muga geologiko eta geografikoak ondo zehaztuta dituenez, gure definizioaren arabera, Zeelandia bada nahikoa handia kontinentetzat jotzeko”, gaineratu du Mortimerrek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nick Mortimer et al. Zealandia: Earth’s Hidden Continent. GSA Today. Volume 27, Issue 3 (March/April 2017). DOI: 10.1130/GSATG321A.1

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Zeelandia, kontinente ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sagardoaren kimika

Tue, 2017/02/28 - 09:00
Laura Isabel Sarasola Sagardo-denboraldi bete-betean sartuta gaudenez une bikaina da hau gure lurraldean hain ospetsua den edaria hobeto ezagutzeko. Kasu honetan kimikaren ikuspuntutik arituko gara. Nola ez, azidotasunari ekingo diogu lehenengoz, ezaugarri bereizgarrienetarikoa baita hori. Izan ere, berebiziko garrantzia ematen zaio sagar zuku hartzitu honen pH-ari. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio sagardoari eta gozotasuna ezabatu egiten du. Horretaz gain, azidotasuna garrantzi handikoa izango da sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako.

1. irudia: Hainbat herrialdetan ekoiztu eta kontsumitu izan da sagardoa. Edari honek ospe handia izan du Euskal Herritik kanpo ere, batez ere Europan.

Sagardoaren ekoizpenean, legamiek (Saccharomyces cerevisiae) sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan.

Beraz, bi dira nagusiki pH-a murrizten duten konposatuak: azido laktikoa eta azido malikoa. Bietatik lehenengoa da sendoena.

2. irudia: Hartzidura malo laktikoaren erreakzioa eta osagaien azidotasun konstantea.

Sagardoaren pH optimoa 3,2-3,6 tartean izaten da; hala ere, sagar-zukuaren ekoizpenean 2,9 eta 5,2 arteko azidotasun balioak lortzen dira maiz. pH-aldakortasun hori erabilitako sagar klasearen araberakoa da neurri handi batean. Adibidez, Granny Smith sagarrek azidotasuna areagotu egiten dute (Euskal Herrian errege-sagarra edo gazi-gorria erabili izan dira). Legamia-anduia eta giro-tenperatura aldagaiek ere, garrantzia handia dute azidotasunean. Tenperaturak hartzidura malolaktikoa baldintzatzen duenez, azido laktiko eta azido malikoen kontzentrazioan eragin zuzena du.

Baina, zer gertatzen da lortutako azidotasuna egokia ez bada? Posible da sagardoaren pH-a erregulatzea? Noski baietz. Behin hartzidura gertatuta, pH-a moldatzeko ohiko metodoa potasio karbonatoa gehitu ohi da pH-a moldatzeko; karbonatoak, basea izanik, pH-aren igoera eragiten du. Hala ere, zaporea alda dezakeenez, ez da gomendagarria potasio karbonatoa erabiltzea. Ekoizle askok pH-aren balioa jaistearren azido malikoa gehitzen dute eta hartzidura denbora luzatu egiten dute.

3. irudia: Sagardoa ekoizteko hainbat sagar mota erabiltzen dira. Sagarrak zaporea ematen dio edariari haren hiru osagaiei esker: azukrea, azidoak eta taninoak.

Ez da ordea azidotasuna sagardoaren kimikarekin lotutako ezaugarri bakarra, diziplina honen bidez ulertzen baitira beste propietate batzuk ere. Kolorea dago horrelakoen artean. Sagardoaren kolore-aldaketak oxidazio-erredukzio erreakzioen adibide argiak dira. Zukuaren marroi kolorea sortzen da, polifenol oxidasak oxigenoaren eraginpean duen entzima-aktibitatearen ondorioz konposatu organikoak oxidatu egiten direlako. Dena dela, oxidazio prozesu hori kontrolatzearren antioxidatzaileak erabiltzen dira, limoi-zukua (C bitaminagatik) eta sulfitoak esate baterako.

Historian, Euskal Herrian ez ezik, beste herrialde askotan ere izan du ospea sagardoak. Bitxikeria moduan esango dugu pozoitze kasu asko eragin zituela Frantzian eta Britainia Handian. Pozoitze kasu horien eragileak ez ziren sagardo ekoizpen prozesuan sortutako produktuak izan: iragazketa prozesuan erabilitako berun zuriak eragin zuen pozoitzea. Mineral hori sagardoa lohitzen eta arretzen duten partikulak desagerrarazteko erabiltzen zen eta ondorioz edaria metal astun horrekin kutsatzen zen. Hori ezagutu zenean berunaren detekziorako prozedurak garatzen hasi ziren, adibidez sagardoari potasio sulfuroa gehituta, berun sulfuro hauspeakin beltz bereizgarria sortzen duena.

Kimika, arazoaren iturria eta konponbidea aldi berean. Txotx!

Gehiago jakiteko:

———————————————————————————-

Egileaz: Laura Isabel Sarasola Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikasten ari da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Oskar Gonzalez irakasleak bultzatutako Oreka kimikoa eguneroko bizitzan jardueraren harira idatzi zuen lantxo hau.

———————————————————————————

The post Sagardoaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Testutik hitz-konbinazioak ikasten

Mon, 2017/02/27 - 15:00
Antton Gurrutxaga, Iñaki Alegria eta Xabier Artola Hizkuntza bat ikasteko esperientziatik igarotzen den orok arreta berezia jarri behar izaten du hitzak nola konbinatzen diren jakiteko, maiz gramatikaren arauak ez baitira aski hiztunek hitzak nola erabiltzen dituzten aurresateko eta esplikatzeko. Euskarazko urrats ingelesez step dela ikasita, eta eginerako do edo make erabil ditzakegula jakinda, modu naturalean sortuko ditugu to do steps edo to make steps konbinazioak gure urratsak egin adierazteko, harik eta norbaitek ezetz esan arte, horrela ez dela esaten, step hitzarekin take erabiltzen dutela ingelesdun “jatorrek”.

1. irudia: eu urrats = en step → en to do/make/give steps? Ez, to take steps!

Ardoaz mintzatuz, euskaraz beltz dena gorri da beste zenbait hizkuntzatan (vin rouge, red wine, vino rosso, Rotwein…). Horrelakoak baino ezagunagoak dira, beharbada, adarra jo edo hautsak harrotu modukoak; horien adiera aurrez jakin ezean, nekez asmatuko dugu zer esan nahi duten osagaien esanahietatik abiatuta.

2. irudia: Interpretazio literala eta idiomatikoa.

Lehenei kolokazio esan ohi zaie, eta bigarrenei lokuzio edo esapide idiomatiko, baina, diren motakoak direla, garrantzi handikoak dira, hizkuntzaren irakaskuntzan eta hiztegigintzan ez ezik, Hizkuntzaren Prozesamenduaren hainbat atazatan ere, hala nola itzulpen automatikoan eta terminologia-erauzketan. Esaterako, es → eu itzulpen automatikoko sistema batek ez badaki prestar atención konbinazio berezia dela, “arreta utzi” itzul lezake, hitzez hitz, arreta jarri itzuli beharrean.

Idiomatikotasunaren karakterizazio automatikoa

Kolokazioak eta lokuzioak hitz anitzeko unitate edo unitate fraseologikoen (UF) multzo zabaleko bi kategoria dira (beste bat, esaterako, esaera zaharrena da). UFak liburua irakurri, ogia erosi eta antzeko “konbinazio libreetatik” bereizten dituen ezaugarria idiomatikotasuna da. Ezaugarri konplexua da, zenbait osagai edo propietatez osatua, eta graduala.

Bada, ikerkuntza-lan honen helburua izan da izena+aditza osaerako euskarazko UFak testuetatik (corpusetik) automatikoki eskuratzeko eta haien idiomatikotasunaren arabera karakterizatzeko teknikak garatzea.

Oinarrizko ideia da UFen propietateak testuak prozesatuz kuantifikatzea, eta neurketa horien eta idiomatikotasunaren artean korrelazioa dagoen egiaztatzeko esperimentuak egitea. Zein dira, ordea, idiomatikotasunaren bereizgarri diren propietate horiek?

Lehenak zerikusia du konbinazioaren osagaiak elkarrekin agertzeko duten “joerarekin”. UFetan, joera hori konbinazio libreetan baino handiagoa bide da (agerkidetza estatistikoki esanguratsua da). Bigarren propietatea semantikarekin lotuta dago; adibidez, lehen aipatutako adarra jo konbinazioaren esanahia ez da ‘adar’ + ‘jo’ esanahien batura. Bestela esanda, adarra jo ez da konposizionala. Azken propietatea konbinazioaren “finkotasunarekin” dago lotuta, edo, alderantzizko aldetik begiratuta, “malgutasunarekin”. Esaterako, adarra jo konbinazioan, adar izena ez da pluralean erabiltzen; eta aurrekoan jo zenidan adarra ez zitzaidan gustatu moduko perpaus erlatiboak ere ez ditugu egiten, ez behintzat aipatzen ari garen esanahiarekin. Hori malgutasun morfosintaktikoa da. Malgutasun lexikala da, berriz, honekin dago lotuta: zenbateraino ordezka dezakegu konbinazioaren osagai bat haren sinonimo batez? Arreta jarri konbinazioan, jarri aditzaren ordez ipini erabil dezakegu, baina gerrikoa estutu konbinazioan, gastuak murrizteaz ari bagara behintzat, ez da uhal sinonimoa erabiltzen.

Nola neurtu propietate horiek? Bakoitza behagai edo neurgai batekin erlazionatu behar da. Hauek dira teknika erabilienak:

  • Agerkidetza: osagaien elkartze-neurriak Hau da teknika erabiliena, gure esperimentuen oinarri-lerrotzat hartu duguna. Gure ikertze-galdera izan da honen emaitzak gainerako propietateak neurtuz hobetu daitezkeen.
  • Konposizionaltasun-maila: konbinazioaren eta haren osagaien arteko antzekotasun distribuzionala (esanahia testuinguruen bidez modelizatzen da, eta modelo horiek konparatzen; oso antzekoak badira, konbinazioa librea da).
  • Malgutasun morfosintaktikoa: portaera morfosintaktikoen arteko distantzia estatistikoa (konbinazioaren portaeraren eta batez besteko erreferentzia-portaera baten artekoa).
  • Malgutasun lexikala: osagaien ordezkagarritasuna (sinonimoen bidez konbinazio berriak sortu, eta konbinazio guztien agerkidetza-datuak konparatzea).

Bi karakterizazio-ataza bereizi dira: ranking-ataza eta sailkatze-ataza. Lehenari propietate bakun bakoitza neurtuz ekin diogu. Sailkatze-atazan, ikasketa automatikoa erabili dugu, esperimentu bakunen emaitzak konbinatuz.

3. irudia: Lan esperimentalaren eskema.

UF hautagaiak testutik automatikoki erauzteko eta forma kanonikoa esleitzeko prozesu automatikoa garatu da. 74 milioi hitzeko kazetaritza-corpus bat prozesatu dugu. Ebaluaziorako gold standardtzat, aditu-talde batek eskuz sailkatutako 1 200 hautagaiko multzo bat erabili dugu, hiru kategoriatan banatua: esapide idiomatikoak (lokuzioak), kolokazioak eta konbinazio libreak.

Neurketaren emaitzak

Lan esperimentalaren ondorio nagusia da arlo honetan estandar diren agerkidetza-tekniken emaitzak modu esanguratsuan gainditu direla, batez ere teknika semantikoen bidez, baina baita malgutasun morfosintaktikoaren neurketaren bidez. Aldiz, malgutasun lexikalaren neurketak ez du espero zen mailako emaitza izan.

4. irudia: Ranking-atazan teknika bakoitzaren bidez lortutako emaitza onenak. AM: association measures edo elkartze-neurriak; DSim: antzekotasun distribuzionala; MSFlex: malgutasun morfosintaktikoa; LFlex: malgutasun lexikala. : Kendall tau korrelazio-koefizientea (berdinketetarako modalitatea). AP: batez besteko doitasuna (average precision).

Bestetik, fraseologiaren aurresan batzuen ebidentzia esperimentalak lortu ditugu:

a) idiomatikotasunaren konplexutasuna;

b) konposizionaltasunaren UF-kategorien zeharreko graduazioa;

c) kolokazioen erdikonposizionaltasuna eta malgutasun morfosintaktiko handia;

d) aditzak konbinazioaren idiomatikotasunarekiko duen korrelazioa.

Ikerketa honen ondorioak eta ekarpenak baliagarriak dira etorkizuneko hiztegigintzak automatizaziorantz izango duen bilakabidean eta Hizkuntza Prozesamenduaren arloko hainbat atazatan, hala nola datu-base lexikalen elikatzean, corpusen etiketatzean eta, testuinguru eleaniztunean aplikatuta, itzulpen automatikoan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Idiomatikotasunaren karakterizazio automatikoa: izena+aditza konbinazioak.
  • Laburpena: Ikerkuntza-lan honen helburua izan da izena+aditza osaerako unitate fraseologikoak (UFak) corpusetik automatikoki eskuratzeko eta haien idiomatikotasunaren arabera karakterizatzeko teknikak garatzea eta esperimentalki testatzea. Idiomatikotasuna UFen ezaugarri definitzailetzat hartu dugu, eta haren lau propietate hauek hartu ditugu neurgai gisa: instituzionalizazioa (idiosinkrasia estatistikoa), ez-konposizionaltasun semantikoa, finkapen morfosintaktikoa eta finkapen lexikala. Ondorio nagusia da arlo honetan estandar diren agerkidetza-tekniken emaitzak modu esanguratsuan gainditu direla, batez ere teknika semantikoen bidez, baina baita malgutasun morfosintaktikoaren neurketen bidez ere. Aldiz, malgutasun lexikalaren neurketek ez dute espero izatekoa zen mailako emaitza izan. Azkenik, teoria fraseologikoaren aurresan batzuen ebidentzia esperimentalak lortu ditugu.
  • Egileak: Antton Gurrutxaga, Iñaki Alegria eta Xabier Artola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 47-68
  • DOI: 10.1387/ekaia.14544

—————————————————–
Egileez: Antton Gurrutxaga Elhuyar Fundazioko Hizkuntza eta Teknologia unitateko ikertzailea da. Iñaki Alegria eta Xabier Artola UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko irakasleak dira, eta Ixa taldeko ikertzaileak.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Testutik hitz-konbinazioak ikasten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Prozesu biologikoak imitatzen duen simulagailu kuantikoa

Mon, 2017/02/27 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horri esker: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzea, hain zuzen. Garatutako mekanismoak lagungarri izan litezke konputazio kuantikorako, eta makinen ikaskuntza-prozesua erraztu lezakete.

Irudia: Gailu kuantiko bat. (Argazkia: Erik Lucero, Martinis Group, University of California / Wikimedia Commons CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzailea da, eta informazio eta teknologia kuantikoetan aditua. Informazio kuantikoak fisika kuantikoa erabiltzen du ataza konputazionalak kodetzeko. Izan ere, konputazio kuantikoak aukera ematen die sistema kuantikoei eragiketa konplexuak egiteko eta haue esker paralelismo konputazional bat ezartzeko maila kuantikoan. Ondorioz, konputazio-sistema klasikoek baino emaitza hobeak eskaintzen ditu.

Alor horretan dauden azterketa-aukera guztietatik, Alvarez-Rodriguezen ikerketa-taldeak prozesu biologikoak imitatzeari ekitea erabaki zuen. “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren. Horrek eraman zituen, gero, biomimetika kuantikoaren kontzeptua definitzera.

Lehen kasuan, hautespen naturaleko ingurune bat sortu zuten. Ingurune horretan banakoak hainbat egoeretan zeuden: erreplikazioa, mutazioa, beste banako batzuekiko eta inguruarekiko elkarrekintzan eta heriotzaren baliokidea zen egoeran, esaterako. “Banakoek bizitza finitua izan zezaten garatu genuen azken mekanismo hori”, zehaztu du ikertzaileak. Hala, elementu horiek guztiak konbinatuz lortzen den sistemak ez du irtenbide argi eta bakar bat: “hautespen naturaleko eredua estrategien arteko borroka gisa planteatu genuen; banako bakoitza arazoa konpontzeko estrategia bat da, eta eskuragarri dagoen espazioa menderatzeko estrategia da irtenbidea”.

Bestalde, oroimena simulatzeko mekanismoa ekuazio batzuen araberako sistema bat da. Ekuazioak beren iraganeko eta etorkizuneko egoeren mendekoak dira, ordea; beraz, sistema aldatzeko modua “ez dago soilik oraingo egoeraren mende, eragina du 5 minutu lehenagokoak, bai eta hemendik 5 minuturakoak ere”, azaldu du Alvarez-Rodriguezek.

Azkenik, ikaskuntza-prozesuekin lotutako algoritmo kuantikoetan, batetik, ondo zehaztutako zereginak optimizatzeko mekanismoak garatu zituzten, algoritmo klasikoak hobetzeko eta eragiketen errore- eta fideltasun-marjinak hobetzeko. Bestetik, “gai izan ginen funtzio bat sistema kuantiko batean kodetzeko, baina zuzenean idatzi gabe; sistemak modu autonomoan egin zuen. Esan dezagun, “ikasi” egin zuela, guk horretarako diseinatu genuen mekanismoaren bidez. Hori da, hain zuzen, ikerketa honen aurrerapen berritzaileenetako bat”, azpimarratu du ikertzaileak.

Eredu konputazionaletatik mundu errealera

Ikerketan zehar garatutako metodo eta protokolo guztiek askotariko sistemak ebazteko bideak eman dituzte. Oroimenaren atalean, esaterako, Alvarez-Rodriguezek nabarmendu du sistema oso konplexuak ebazteko balio duela metodoak: “Sistema kuantikoak hainbat giro-baldintzatan edo eskalatan errazago eta merkeago aztertzeko erabil litezke”. Hautespen naturalaren alorrean, “gure ekarpena, batez ere, mekanismo kuantiko bat izan da. Hartan oinarritu litezke gero prozesuak eskala kuantikoan automatizatzeko erabil litezkeen sistema autoerreplikatzaileak”, azpimarratu du. Eta, azkenik, ikaskuntzaren atalean, “lortu dugu makinari funtzio bat irakastea aldez aurretik azken emaitza sartu beharrik gabe. Hori oso erabilgarria izango da datozen urteetan, ikusiko dugu”, adierazi du.

Ikerketan garatutako eredu guztiak eredu konputazionalak izan dira. Edonola ere, Alvarez-Rodriguezek argi utzi du bere ikerketa-taldearen ideia nagusietako bat dela “zientzia mundu errealean gertatzen dela. Guk egiten dugun guztiak, handiagoa edo txikiagoa, baina aplikazio zuzena du. Guk planteatu ditugun simulazioak, nahiz eta modu teorikoan eginak izan, esperimentuetan eta hainbat eratako plataforma kuantikoetan gauzatzeko diseinatuta daude: ioi harrapatuak, zirkuitu supereroaleak eta gidari fotonikoak, besteak beste. Horretarako, talde esperimentalen laguntza dugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

U. Alvarez-Rodriguez, L. Lamata, P. Escandell-Montero, J. D. Martín-Guerrero, E. Solano.. Quantum Machine Learning without Measurements. Quantum Physics. 2016. DOI: https://arxiv.org/abs/1612.05535.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Adimen artifiziala, baita sistema kuantikoetan ere.UPV/EHU

The post Prozesu biologikoak imitatzen duen simulagailu kuantikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #143

Sun, 2017/02/26 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Asteko eta urteko (gutxienez) albistea ekarri dugu zientzia gaien errepasoa abiatzeko. Berria egunkariak kontatu digu Lurraren neurriko zazpi planetako sistema aurkitu dutela eta horietarik hirutan bizitza aurkitzeko baldintzak egon daitezkeela. Trappist-1 izena du izarrak, izar nanoa, hotza eta gorrixka. Izarraren neurria eta tenperatura aintzat hartuta eta hiru planeta horiek izarretik orbitatzen duten distantzia kalkulatuta, bertako tenperaturek lurrazalean ura egotea ahalbidetuko lukete. Izarretik gertuen dauden hiru planetetan tenperatura beroegia izango litzateke bertan bizitza izateko; hurrengo hiruretan ez; eta azkenekoan, aldiz, hotzegia, zientzialarien arabera. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak egin du aurkikuntza.

Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak Javier Gorosabel astrofisikariaren izena jarri diote 1990 KB1 asteroideari. Horrela egin nahi izan diote hilondoko omenaldia Javier Gorosabel Urkia zientzialari eta dibulgatzaileari. Duela bi urte hil zen eibartarra eta erreferentziazko ikertzailea izan zen gamma izpien eztanda izeneko fenomeno kosmiko bortitzen alorrean.

NASAren Dawn zundak konposatu organiko alifatikoak detektatu ditu Ceres asteroidearen azalean. Aurkikuntza horrek indartu egingo luke jarraian azaltzen den hipotesia: Lurrean bizia loratzeko behar izan ziren ura eta karbonodun konposatuak kometetatik eta asteroideetatik etorriak lirateke.

Biologia

Bochumgo Ruhr Unibertsitatean ondorioztatu dute eskuin ala ezkerti izateko funtsa bizkarrezur muinean egon daitekeela. Egindako ikerketaren arabera, ikusi dute fetuak aste gutxi batzuk baino ez dituenean ere, haren bizkarrezur muinak daukan jarduera genetikoa asimetrikoa dela dagoeneko. Asimetria hori eskuina ala ezkerra aukeratzearekin lotuta dagoela uste dute ikertzaileek. Halere, ez dute baztertu burmuinaren rola honetan, biak osagarriak izan daitezkeelako. Amaia Portugalek eman dizkigu datuak: Eskuin ala ezker, bizkarrezur muinaren arabera.

Ba al zenekiten itsas txakurrek arnas egiteari utz diezaioketela lo egiten dutenean? Fokak 20 minutu egon daitezke arnas egin gabe lo daudenean. Artikulu honetan azalpena ematen digute. Lo egiten hasi eta berehala jaisten da mioglobinaren oxigeno –kontzentrazioa. Baina ondoren oreka lortzen da eta konstante mantentzen da berriro arnas egiten asi arte. Bitartean, bi dira mioglobinarekin konbinatua dagoen oxigenoaren kontzentrazioa ez jaisteko mekanismoak. Batetik, metabolismo-tasa baxuagoa mantentzen dute itsas txakurrek; hau da, oxigenoa ―eta energia, noski― aurreztu egiten dute. Bestetik, mioglobinari hemoglobinak ematen dio apurka-apurka gastatzen doan oxigenoa, hemoglobina ere oxigeno-biltegi garrantzitsua baita. Harrigarria gero!

Londresko Queen Mary Unibertsitateko ikertzaile batzuk, esperimentu baten bidez erakutsi dute, erlastarrak ere gai direla ikusi eta ikasteko. Plataforma baten ertzean jarritako pilota bat plataformaren erdigunera eramanez gero sari bat jasoko zutela ikasi zuten. Horretarako, plastikozko erleak erabiliz erakutsi zieten lehenengo. Erle guztiek ikasi zuten egin beharreko guztia. Gero, beste erle batzuekin beste hiru proba egin zituzten. Lehenengoan, entrenatutako erleek pilota nola mugitzen zuten ikusten zuten. Bigarrenean, imanen bidez mugitu zituzten pilotak, erleek ikus zezaten. Eta, hirugarrenean, pilota hasieratik erdigunean zegoen. Hiru probak eginda, ikusi zuten lehenengo taldeko erleek bigarrenekoek baino azkarrago ikasi zutela. Eta bigarren taldekoek hirugarrenekoek baino arrakasta handiagoa izan zutela.

Farmakologia

Aurrerapauso nabarmenak eman dituzte GIBaren detekzioan eta hiesaren tratamenduan. Elhuyar aldizkariak azaltzen dizkigu bi ikerketa hauen nondik norakoak. Orain arte, bi metodo erabili izan dira GIBa detektatzeko; lehena birusaren RNAren detekzioan oinarritzen da, eta bigarrena, GIBaren antigenoetako baten detekzioan, p24 proteinarenean. Infekzioa gertatu eta bi aste igaro ondoren egin daiteke lehena, eta bigarrena, berriz, hiru-lau aste igaro ondoren. Alde horretatik, biosentsoreak aukera ematen du GIBa detektatu eta lehenbailehen ezartzeko tratamendua. Aurkeztutako biosentsorea p24 proteinaren detekzioan oinarritzen da, baina oraingo sistemak baino 100.000 aldiz kontzentrazio txikiagoak detektatzeko gai da. Dagoeneko probatu dute pertsonetan, eta patentatuta dago. Gainera, beste antigorputz batzuekin, teknologia berak minbizi batzuen biomarkatzaileak detektatzeko ere balio du. Bigarren ikerketak erakutsi duenez, antierretrobiralik hartu behar ez izateko txertoa lortzeko bidean daude.

Alor honi jarraiki, Elhuyarrek beste albiste bat dakar. Listuan azaltzen den biomarkatzaile batean oinarrituta, Alzheimerra izateko arriskuaren berri ematen duen test diagnostiko bat garatu dute Geroa Diagnostics laborategietan. Gorka Orive EHUko Farmaziako irakasle eta Geroa Diagnosticseko ikertzaileak dio helburua metodo diagnostiko erraz bat sortzea dela, Alzheimerraren lehen sintomak azaldu aurretik diagnostikatzeko. “Orain erabiltzen diren metodoak konplexuak eta garestiak dira; esaterako, likido zefalorrakideoaren analisia eta PET edo RMN bidezko iruditeria”, azaldu du Orivek. Horrenbestez, garatu duten testa oso lagungarria izango litzateke asaldura erraz diagnostikatzeko eta tratamendu goiztiarra ezartzeko. Biomarkatzaile hori berria da, eta, Geroa Diagnosticsekoek jakinarazi dutenez, patentatuta dute.

Kimika

2016. urtean kimikan egin diren aurkikuntzarik esanguratsuenak daude irakurgai honetan. Taula periodikoko sei elementu berrien agerpena dugu lehenengoa. Horretaz gain, kimikan errekorrak hautsi dira: espezie neutro polarrena eta base sendoena. Rosetta zundak glizina aminoazidoa eta fosforoa detektatu zituen. Nobel saria ere ezin da ahaztu, makina molekularren inguruan egindako ikerketak, adibidez.

Hizkuntzalaritza

María Luisa García Lecumberrik, Martin Cooket UPV/EHU Ikerbasque irakasleak eta Jon Barker eta Ricard Marxer Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaileek osatzen duten taldeak bat datozen 3.207 pertzepzio oker identifikatu ditu ingeleserako, hau da, entzule ugari bat datozen hutsegiteak. Eskala handiko azterlan bat egin zuen taldeak eta honi esker, “hobeto uler ditzakegu hizketa hautemateko mekanismoak, eta zenbat eta hobeto ezagutu mekanismo horiek, orduan eta hobeto lagundu ahal izango zaie pertzepzio arazoak dituztenei, bai teknikoki bai klinikoki”, azaldu du ikertzaileak.

Zer da bruxismoa? Berriak azaldu digu:  Tentsioak askatzeko hortzak estutzea eta karraskatzea da. Hiru pertsonatik batek karraskatzen ditu hortzak, baina askok ez dakite arazoa dutela, gehienetan lotan zaudela gertatzen delako. Igor Horrillok UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta buruko osasunaren inguruan ikertzen duen CIBERSAM taldeko kideak dio “tentsioa kanporatzeko” modu bat dela. Halere, zientzialariek ez dakite nondik datorren oraindik bruxismoa.

Osasuna

DSM (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders)-5eko lan-taldeen arabera garrantzitsua da landa ikerketak egitea nortasun-nahasteak dituzten pazienteak modu egokian diagnostikatuak izan daitezen, gaixotasun mentalak, hain zuzen. Ikerketa honen bitartez, Euskal Herrian hartutako lagin batean, DSM-5aren tresna berri hauek balioztatzeko landa ikerketa bat egin da. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka, horregatik eskala eta tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia ikusi da. Euskal Herrian hartutako lagin batean baliagarriak direla frogatu da.

Mikrobiologia

Infekzioei aurre egiteko bidea erraztuko duten ikerketak abian jarri dira baina oraindik oztopo nagusi bat dago gainditzeko: antibiotikoekiko erresistentzia. Ospitaleetan dauden bakterioei arreta eman diote. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Zaloa Bravok aztertu duen bakterioak Acinetobacter baumannii du izena. “Ospitaleratutako pazienteetan infekzioak eragiten ditu. Horregatik, eta bakterioen ekologiaren ikuspuntutik, A. baumannii honek bizirik irauteko darabiltzan estrategiak aztertu ditugu“. Adituak azaldu duenez, denbora luzean bizirik irauten duen bakterioa da, hezetasun apala izanda edota jatekorik ez izanda ere lasai asko iraun baitezake. “Horri aurre egiteko ospitaleetan erabiltzen diren produktu desinfektatzaileak aztertu ditugu. Produktu eraginkorrak direla baieztatu dugu”, gehitzen du.

Ingurumena

Cheernoby Herbarium izeneko erakusketa ireki dute Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, landare eta hazietan Txernobylgo hondamendi nuklearrak eragindako ondorioei buruzkoa. Bi elementu konbinatu dituzte. Batetik, Txernobylgo eremu baztertutik hartutako 30 landare ditu, eta, bestetik, istripuaren ondorioez hausnartzeko testu bana. Fotogramaren teknika erabili du artistak, erakusketako irudiak hartzeko. Teknika horrek bonba atomiko batek igorriko zukeenaren pareko argiarekiko muturreko esposizioa itxuratzen du. Maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #143 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #148

Sat, 2017/02/25 - 09:00

Txina komunista da. Edo, agian, sozialista. Ala zer? José Luis Ferreirak erantzuten digu galderak bere artikuluan: Is China a Socialist country?

Zebra arraina etorkizunean farmako berriak aurkitzeko animalia-eredua izan daiteke. Oskar Gonzalezek aurreratzen digu etorkizuna,  The next “big” thing in drug discovery artikuluan.

Likidotik solidorako bidea ez dago beti tenperatura zehatz baten (fusio puntua) mende. Esaterako, aipatutako kontua ez dago ondo zehaztuta beiretan eta, esku artean, neurri nanometrikoko polimeroak baditugu, orduan asko korapilatzen da guztia. Baina DIPCko ikertzaileak gure erreskatera datoz: Glass transition in nano-structured polymers.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #148 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marian Iriarte: “Biodegradagarriak diren polimeroak sortzeko lanean ari dira kimikariak” #Zientzialari (67)

Fri, 2017/02/24 - 09:00

Molekula sinple bat etengabe errepikatuz eratzen den makromolekulari polimeroa deritzo. Eguneroko bizitzan edonon aurki ditzakegu, hala nola, janzten ditugun arropetan, automobilgintzan, medikuntzako tresnerian…Gure gizartean, polimeroez ari garenean laborategietan sintetizatutakoak diren sustantziez hitz egiten da gehienbat, hala ere, ugariak dira baita era naturalean sortutakoak, karbohidratoak edota proteinak esaterako.

Guzti honi buruz aritu da Marian Iriarte, Polymat taldeko ikertzailea, Zientzialariren atal berri honetan. Bere esanetan, 60. hamarkadaz geroztik asko ugaritu da petroliotik eratorritako polimeroen erabilera eta gehiegizko erabilera honek hainbat arazo sorrarazi ditu.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Marian Iriarte: “Biodegradagarriak diren polimeroak sortzeko lanean ari dira kimikariak” #Zientzialari (67) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Arnasteari uzten diote lokartzean

Thu, 2017/02/23 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Urpekarien oxigenoa atalean azaldu dugun bezala, itsas ugaztunek badituzte urperatzea ahalbidetzen duten berezko oxigeno-biltegiak. Itsas txakurrak, esaterako, 80 minututan egon daitezke urperatuta arnas egitera irten beharrik gabe.

Irudia: Ugaztun gehienok lehortarrak gara, baina badira itsasoan bizi direnak edo bizimodu urlehortarra dutenak ere.

Itsas txakurrek beren ehunetan oxigenoa gordetzeko duten ahalmenari esker, arnas egiteari utz diezaiokete lo egiten duten artean. Harrigarria bada ere, fokak hogei minututan egon daitezke arnas egin gabe lo daudenean. Lo egiten hasi eta berehala jaisten da mioglobinaren oxigeno-kontzentrazioa; loaldiaren lehen minutuan oxigeno-kontzentrazioaren % 20ko jaitsiera gertatzen da. Baina ondoren, orekatu egiten da oximioglobinaren kontzentrazioa eta konstante mantentzen da berriro arnas egiten hasi arte. Bitartean, bi dira mioglobinarekin konbinatua dagoen oxigenoaren kontzentrazioa ez jaisteko mekanismoak. Batetik, metabolismo-tasa baxuagoa mantentzen dute itsas txakurrek; hau da, oxigenoa ―eta energia, noski― aurreztu egiten dute. Bestetik, mioglobinari hemoglobinak ematen dio apurka-apurka gastatzen doan oxigenoa, hemoglobina ere oxigeno-biltegi garrantzitsua baita. Bukatzeko, aipatzekoa da fokek ez dutela metabolismoaren bide anaerobikorik erabiltzen; horixe da, hain zuzen ere, erabil lezaketen beste mekanismo bat, baina aukera hori baztertu dute.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Arnasteari uzten diote lokartzean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eskuin ala ezker, bizkarrezur muinaren arabera

Wed, 2017/02/22 - 09:00
Amaia Portugal Fetuan garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko konexioa osatu baino lehen ere, hasia da eskuen arteko baten aldeko hautua. Horregatik, pertsona bat ezkertia ala eskuina izatea garunak erabakitzen duela uste izan den arren, litekeena da lepotik behera egotea benetako gakoa.

Zerk egiten gaitu eskuin edo ezkerti? Zer dela eta dugu gehienok esku eskuinaz idazteko joera, eta zergatik dira gutxi gorabehera hamarretik bat baino ez, gauza bera ezkerraz egiten dutenak? Oraindik erantzun zehatzik ez duten galderak dira, baina honetan guztian garunak zerikusia izan behar duela eman da ontzat aspalditik. Bada, ikerketa berri baten arabera, akaso gakoa ez dago burmuinean; edo ez hor bakarrik, behintzat. Lepoan behera egin, eta eskuin edo ezkerti izateko funtsa bizkarrezur muinean egon daitekeela ondorioztatu dute Bochumgo Ruhr Unibertsitatean (Alemania) egindako ikerketa batean.

1. irudia: Zer dela eta idazten dute batzuek ezker eskuaz? Bizkarrezur muinean egon daiteke gakoa. (Argazkia: *Physalis / CC BY-SA 2.0)

Lan honetan egiaztatu dutenez, fetuak aste gutxi batzuk baino ez dituenean ere, haren bizkarrezur muinak daukan jarduera genetikoa asimetrikoa da dagoeneko. Asimetria hori eskuina ala ezkerra aukeratzearekin lotuta dagoela uste dute ikertzaileok, eta horregatik, bizkarrezur muina jarri dute auzi honen erdian. Hala ere, goizegi da burmuinaren rola baztertzeko, eta litekeena da, gainera, biak ala biak faktore osagarriak izatea. Ikerketa honen berri eLife aldizkarian eman dute.

1980ko hamarkadan egin izan ziren ultrasoinu eskanerren arabera, haurdunaldiaren zortzigarren asterako, fetuan nabaria da hasia dela hautua: ezker ala eskuin, lehentasuna ematen zaio bi eskuetako bat mugitzeari. Are gehiago, hamahirugarren asterako, oraindik osatzen ari den haurrak nahiago du hatz lodi bat xurgatu bestea baino, aurrez egin izan diren ikerketek erakutsi dutenez.

2. irudia: Judith Schmitz and Sebastian Ocklenburg ikertzaileak. (Argazkia: © RUB, Marquard)

Besoaren mugimenduak garuneko kortex motor ataletik abiatzen dira. Burmuinak seinalea igortzen dio bizkarrezur muinari, eta honek itzulpen lanak egiten ditu, agindua mugimendu bihurtuz. Fetuaren hastapenetan, baina, kortex motorra ez dago bizkarrezur muinari konektatuta, eta lotura hori osatu baino lehen ere, badirudi hasiak direla eskuinaren ala ezkerraren aldeko lehen zantzuak. Argudio hori baliatu dute hemen, bizkarrezur muinari erreparatzeko. “Fetuek asimetria nabarmenak dituzte besoen mugimenduetan, kortex motorrarekin lotura funtzionala gertatu aurretik ere. Horregatik, oso litekeena da muineko geneen espresioan dauden asimetrietan egotea honen guztiaren oinarri molekularra”, defendatu dute artikuluan.

Hain zuzen, haurdunaldiko zortzi eta hamabigarren asteen artean zeuden bost giza fetu aztergai hartu, eta haien bizkarrezur muineko geneen espresioari behatu diote lan honetan. Hala, egiaztatu dutenez, zortzigarren asterako, antzemateko moduko desberdintasunak zeuden bizkarrezur muinaren alde bietako gene kopuruaren espresioan. Alde horiek, gainera, besoen eta hanken mugimenduak kontrolatzen dituzten bizkarrezur muinaren ataletan ageri ziren, zehazki. Ikerketan iradokitzen denez, ingurune faktoreek eragingo lituzkete gorabehera horien gene jardueran, epigenetikaren bitartez.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sebastian Ocklenburg et al. Epigenetic regulation of lateralized fetal spinal gene expression underlies hemispheric asymmetries. eLife, 2017, DOI: 10.7554/eLife.22784

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Eskuin ala ezker, bizkarrezur muinaren arabera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bataioak, errekorrak, Rosetta eta bestelako gailuak: 2016ko kimika

Tue, 2017/02/21 - 09:00
Gotzone Barandika 2016. urteak alde egin du, eta egokia liteke gogora ekartzea zeintzuk izan diren kimikan egindako aurkikuntza zientifiko aipagarrienak.

Zer esanik ere ez, hautaketak egitean beti baztertzen dira gauzak. Horregatik, barkamena eskatzen dut aldez aurretik, hemen aipatutakoak dozena erdi lorpen baino ez dira eta. Gainera, horietatik batzuk, kimikari ez ezik, zientzia eta teknologiako arlo askori daude atxikita.

Jarduera ofizialen artean, sei elementu berrien “bataioa” dugu aipagarriena (1. Irudia). IUPAC (Union of Pure and Applied Chemistry) da taula periodikoko elementu kimikoez arduratzen den erakundea, eta horrek izen ofiziala jarri die 113, 115, 117 eta 118 elementuei. Guztiak ez dira jaio berriak. Izan ere, moskovioak (Mc ikurra eta 115 zenbaki atomikoa dituena), lehenbizikoz jaunartzeko adina gainditua du, 2004an deskubritu zutelako. Tenesoa (Ts, 117), pixka bat zaharragoa da, 2010ekoa, hain zuzen ere. Nihonioa (Nh, 113) eta oganesona (Og, 118), gaztetxoenak, kinta berekoak dira: 2015ekoak, hain justu ere. Horrela, dagoeneko 7. periodoa beteta dago taula periodoan. 1869an Mendeleyevek proposatu zuen taula periodiko “modernoa”, eta orduan 60 elementu ezagutzen ziren. Kimikari errusiarra harrituta egongo zen egun, kopurua bikoiztu delako ia ia.

1. irudia: Taula periodiko berriena.

Kimikan errekorrak ere hausten dira. Izan ere, 2016an bi marka jausi dira: espezie neutro polarrena eta base sendoena. Lehen kasuan, aurreko errekorra hurbila zen: 2015ekoa, hain zuzen ere. Izan ere, O’Hagan eta laguntzaileek (University of St. Andrews, Eskozia) 1,2,3,4,5,6-hexafluoroziklohexanoa prestatu zuten eta bera jo zuten molekula polarrentzat

Baina txapela denbora laburrean egon da eskoziarren buruetan. Izan ere, urte bat geroago Alemaniako Max Planck Institutuko Müllen eta laguntzaileek bentzeno hexaordezkatu bat sintetizatu zuten, eta aurreko konposatua baino basikoagoa suertatu zen. Txapeldun berriaren izenak (hots 5,6-diaminobentzeno-1,2,3,4-tetrakarbonitriloak) erakusten du horren zergatia. Alegia, karbonitrilo talde elektronegatiboek eta amino talde elektropositiboek molekularen kontrako muturretarantz bideratzen dute karga-banaketa, eta horrela molekulan behin-betiko dipolo sendoa sortzen da. Bigarren errekorra hausteko denbora luzeagoa behar izan da, 2008an gertatu baita haustura.

Tian eta laguntzaileek (University of Sydney, Australia) litio monoxido anioia sintetizatu zuten, eta urrezko domina lortu zuten espezie basikoen artean. Zortzi urte geroago, podiumetik bota zuten litioaren anioia. Garaile berria beste bentzeno ordezkatu bat da (anioi orto-dietinilbentzilikoa), baina domina Australian geratu zen. Izan ere, zientzialariak hainbat unibertsitatekoak dira, Sydneykoa barne.

Rosetta, izen erromantikoa da, eta agian horregatik jarri zioten izen hori espaziora bidali zuten zundari 2004an. Hamar urteko bidaia egin behar izan zuen Rosettak 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara iritsi ahal izateko baina lortu egin zuen, eta geroztik lanean dabil. Han aurkikuntza harrigarria egin zuen 2016an: glizina aminoazidoa eta fosforoa detektatu zituen. Aurkikuntzaren garrantzia erraz ulertzen da kontuan izanda bi osagai horiek ezinbestekoak direla DNAn zein zelulen mintzetan.

Beti ere gailuen esparruan, eta litio-baterietan egindako aurrerakuntzak aipatu behar dira. Bateria hauek aplikazio anitzetan erabiltzen dira, baina arriskutsuak dira sua har dezaketelako. Hori ekiditeko, Chen eta laguntzaileek (Stanford University, Estatu Batuak) polimero hedakor bat garatu dute, elektrodoetan jartzeko. Sistema konplexua da: polietilenoa eta grafenoz estalitako nikel partikulak. Gailua berotzen denean, polietilenoa hedatu egiten da, eta sistemak ezin du lan egin. Horrela, bateria berriz abian jarri ahal izateko, tenperatura jaitsi egin behar da.

2016ko kimikako aurkikuntza garrantzitsuenak aipatu nahian, ezin da ahaztu Nobel saria. Saritutako aurkikuntzak ez dagozkio igaro den urteari ez ezik, hainbat urtean zehar egindako lanari ere badagokio. Zientzialariak dira Jean-Pierre Sauvage (Frantzia), Fraser Stoddart (Erresuma Batua) eta Bernard Feringa (Holanda), eta hirurek garatu dituzte makina molekularrak. Nanogailu hauen funtzioak asmatzen gabiltza dagoeneko (2. Irudia).

2. Irudia. Makina molekularra DNAren hariak banatzen.

Beraz, aukeratutako dozena erdi elementu bataiatu berri horretan baditugu bi errekor hautsi, eta hiru gailu (Rosetta, litio-bateriak eta nanomakinak). Ikusteko dago 2017ak dakarrena…

———————————————————————————-

Egileaz: Gotzone Barandika UPV/EHUko Kimika Ez-Organikoko irakaslea da.

———————————————————————————-

The post Bataioak, errekorrak, Rosetta eta bestelako gailuak: 2016ko kimika appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nortasun-nahasteak ebaluatzeko tresnen itzulpena

Mon, 2017/02/20 - 15:30
Naiara Ozamiz, Agurtzane Ortiz, Jose Guimon eta Javier Escobar APAk, (American Psychological Association), gaixotasun mentalen diagnostiko eta estatistika bosgarren eskuliburua “Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-5”) publikatu zuen 2013ko maiatzean. DSM (Diagnostic an Statistical Manual of Mental Disorders) gaixotasun mentalen sailkapena da. Mundu guztiko ikertzaile, kliniko, konpainia farmazeutiko, osasun-aseguru konpainia eta politikoek erabiltzen dute, AEBn batez ere.

DSM-5eko nortasun eta nortasun nahasteen lan taldeak, nortasunaren psikopatologiaren ebaluazio eta diagnostikoan birformulatze esanguratsua gomendatu zuen 2010ean. Formulazio berri honetan, garrantzia eman zitzaion diagnostiko hau testuinguru desberdinetara egokitzeari, pertsonarteko harremanei eta banakoaren identitatearen narriadurari. Nortasun nahaste kategoria kopurua murriztu eta eredu kategoriala dimentsio ereduarekin konbinatu egiten da formulazio berri honetan.

Irudia: Gaixotasun mentalen lehen sailkapena (DMS – Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders) 1952. urtean publikatu zen. Ondoren beste bost errebisio egin dira. Errebisio horietan zenbait nahaste mental kendu edo gehitu dira, egon diren beharren arabera. Azkeneko edizioa 2013. urteko maiatzean argitaratu zen.

DSM-5eko lan-taldeen arabera garrantzitsua da landa ikerketak egitea pazienteak modu egokian diagnostikatuak izan daitezen, eta nahasterik ez daukatenak akats moduan diagnostikatuak izan ez daitezen. Landa ikerketen bitartez, tresna hauek testuinguru desberdinetan eta profesional desberdinengan frogatzen dira, eta horrela tresnen fidagarritasuna handiagotzen da. Ikerketa honen bitartez, Euskal Herrian hartutako lagin batean, DSM-5aren tresna berri hauek balioztatzeko landa ikerketa bat egin da. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka, horregatik eskala eta tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia ikusi da, batez ere, euskara ama hizkuntz bezala duten ebaluatzaile eta gaixoentzat.

Datu bilketa, Euskal Herriko instituzio desberdinetan egin zen eta 32 paziente euskaldunek parte hartu zuten. Tresna originalak euskaratzeko, “Back-Translation” metodologia erabili zen, metodologia honen bitartez kalitatezko itzulpenak lortzen baitira. Metodo honen bitartez, tresna originalak hizkuntza batera itzultzen ditu itzultzaile batek. Ondoren, bigarren itzultzaile batek berriro itzultzen du tresna hau jatorrizko hizkuntzara. Azkenik, hirugarren ebaluatzaile batek jatorrizko testua berriro itzulitako testuarekin konparatzen du, esanahi bera dutela egiaztatzeko. Modu honetan, kalitatezko itzulpenak lortzen dira.

Kasu honetan, tresnen aplikaziorako, test-retest metodologia erabili zen, hilabeteko tartea utzita bi frogen artean. Bestalde, DSM-5eko lan taldearen aholkuak jarraituz, kappa estatistikoak egin ziren, bi elkarrizketen arteko nortasun nahaste mota eta funtzionamendu mailen arteko harremanak neurtzeko eta Wilcoxonen proba bilateralak egin ziren ezaugarri eta eremuekin, bi laginen banaketa berdina zen ala ez egiaztatzeko.

Ikerketaren ondorioek erakusten dutenez, alde batetik, “Back-Translation” metodologiaren bitartez, euskarara itzulitako DSM -5eko tresnek, jatorrizkoen esanahi berdina dute. Bestalde, tresna berri hauek guztiz ulergarriak eta erabilgarritasun errazekoak dira ebaluatzaile trebatuentzat. Amaitzeko, tresna berri hauek eduki baliozkotasuna daukate eta, DSM-IVkoak baino askoz zehatzagoak direla baieztatu daiteke.

Guzti honekin, DSM-5eko nortasun nahasteen inguruan sortu diren irizpide berriak aztertu dira eta Euskal Herrian hartutako lagin batean baliagarriak direla frogatu da. Gaur egun, irizpide berri hauek DSM-5 eskuliburuaren hirugarren sailean agertzen dira, hots, ikertzeko bidean dauden tresnen sailean.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: DSM5-eko nortasun-nahasteak ebaluatzeko tresnen itzulpena eta balidazioa. Euskal Autonomi Erkidegoan egindako ikerketa bat.
  • Laburpena: 2013ko maiatzaren 18an, APAk (Amerikar Psikiatria Elkartea), gaixotasun mentalen diagnostiko eta estatistikaren bosgarren eskuliburua «Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-5») publikatu zuen. Eskuliburuaren hirugarren sailean (Neurketa tresna eta eredu berriak), DSM-5eko nortasunaren eta nortasun-nahasteen lan taldeak nortasunaren psikopatologiaren ebaluazio eta diagnostikoan birformulatze esanguratsua gomendatu du. Ikerketa honen bitartez, tresna berri horiek balidatu ditugu Euskal Herrian hartutako lagin batean. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka; horregatik nabaria da tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia, batez ere, euskara ama-hizkuntza duten ebaluatzaile eta gaixoentzat.
  • Egileak: Naiara Ozamiz, Agurtzane Ortiz, Jose Guimon (1943-2016) eta Javier Escobar.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 87-96
  • DOI: 10.1387/ekaia.14518

—————————————————–
Egileaz: Naiara Ozamiz eta Agurtzane Ortiz UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasleak eta ikertzaileak dira. Javier Escobar Rutgers Universityko ikertzailea da. Jose Guimon (1943-2016) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako irakaslea eta ikertzailea zen eta psikiatrian aditua.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nortasun-nahasteak ebaluatzeko tresnen itzulpena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ingelesaren entzumen hutsegiteen-bilduma

Mon, 2017/02/20 - 09:00
Normalean, ez dugu egoera optimoetan entzuten –hondo zaratak egon ohi dira: trafikoa, makinak, beste elkarrizketa batzuk–, baina, jatorrizko hiztunak garenez eta testuinguruak laguntzen digunez, gai gara heldu ez zaigun seinalearen zati hori osatzeko. Hala eta guztiz ere, hutsak egiten ditugu. María Luisa García Lecumberrik, Martin Cooket UPV/EHU Ikerbasque irakasleak eta Jon Barker eta Ricard Marxer Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaileek osatzen duten taldeak bat datozen 3.207 pertzepzio oker identifikatu ditu ingeleserako, hau da, entzule ugari bat datozen hutsegiteak. Konkordantzia horiek baliagarriak dira hizkuntza hautemateko ereduak probatzeko eta gizakien pertzepzio mekanismoek nola funtzionatzen duten hobeto ulertzeko.

Irudia: Ingeleseko entzuleen 3.000 ‘entzumen irristaldi’ baino gehiagoko corpusa osatu dute UPV/EHU ikertzaileek. Ikerketa honetan, irakasleek testuingurutik ateratzen dituzte hitzak eta isolaturik eta hondo zarata dagoela aurkezten dituzte.

Hondo zarata dagoela, entzuleak pentsa dezake esandakoa ez beste hitz bat entzun duela. Sarritan gertatzen diren hutsegite horiei ‘entzumen irristaldi’ esaten zaie (slips of the ear). UPV/EHUko irakasle María Luisa García Lecumberrik parte hartzen duen talde batek ingelesean ohiko pertzepzio hutsegiteen lehendabiziko corpus handia sortu du, 3.000 terminorekin baino gehiagorekin.

Horretarako, taldeak eskala handiko azterlan bat egin zuen, 212 parte hartzailerekin eta ikertzaileek testuingurutik ateratzen zituzten 300.000 hitz aurkezpenekin baino gehiagorekin (ikertzaileek bereiz aurkezten zituzten hitzak, hondo zaratarekin). Azterlanaren bidez, bat zetozen 3.207 pertzepzio oker identifikatu ahal izan ziren, eta aurretik sekula egin ez den corpus batean bildu (The English Consistent Confusion Corpus). Okerreko pertzepzio bakoitzerako, corpusak honako hauek aurkezten ditu: esandako hitzaren eta hutsegitea sorrarazi zuen hondo zarataren soinu uhinak, entzuleek emandako erantzunak eta esandako eta hautemandako hitzaren transkripzio fonemikoak. Ikusi zen hainbat nahaste mota daudela. Kasu batzuetan, adibidez, garbi dago zaratak ezkutatzen zuela hitzaren zati bat, eta entzuleek zati entzungarriekin bat zetorren beste hitz bat imajinatzen zuten (“wooden” -> “wood” edo “pánico” -> “pan”), edo zati entzungaitzak beste soinu batzuekin ordezkatzen zituzten (“ten” -> “pen” eta “valla” -> “falla”). Beste kasu batzuetan, berriz, hondoko zarataren edo elkarrizketen zatiak gehituz osatzen zuten hitza (“purse” -> “permitted” edo “ciervo” -> “invierno”). Azkenik, entzule bat baino gehiago bat zetozen pertzepzio bitxiak ere aurkitu ziren, zeintzuetan ez zuten inolako antzik esandako hitzak eta ustez entzundakoak (“modern” -> “suggest” edo “guardan” -> “pozo”). Kasu horietan, hizketaren eta zarataren arteko interakzioa askoz ere konplexuagoa da, eta, beraz, interesgarriagoa ere bai.

Azterlan hauei esker hobeto uler ditzakegu hizketa hautemateko mekanismoak, eta zenbat eta hobeto ezagutu mekanismo horiek, orduan eta hobeto lagundu ahal izango zaie pertzepzio arazoak dituztenei, bai teknikoki bai klinikoki”, azaldu du ikertzaileak. Taldeak gaztelaniako entzumen irristaldien corpus bat kaleratu zuen aurretik, eta hura ere webgune berean kontsulta daiteke. “Bi hizkuntzen artean antzekotasunak eta aldeak daude: gaztelaniak flexio handiagoa du, eta, horren ondorioz, nahaste gehiago sortzen dira bukaeretan; ingelesak, berriz, silababakar gehiago ditu, eta kontsonante gehiago azken posizioan, eta hor oker gehiago gertatzen dira kontsonante bat beste batekin ordezkatzen delako”, gehitu du. Hizkuntza bietan, zarata motaren arabera, hobeto irauten dute soinu eta silaba mota batzuek besteek baino.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ricard Marxer, Jon Barker, Martin Cooke, and Maria Luisa Garcia. A corpus of noise-induced word misperceptions for English. The Journal of the Acoustical Society of America Volume 140, Issue 5. DOI: 10.1121/1.4967185.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ingeleseko entzuleen 3.000 ‘entzumen irristaldi’ baino gehiagoko corpusa osatu dute.

The post Ingelesaren entzumen hutsegiteen-bilduma appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #142

Sun, 2017/02/19 - 09:00
Uxue Razkin

Medikuntza

Bakterioa bizi den ingurunean zer portaera duen jakiteko asmoz, bakterioak ospitaleko ingurunearekin lotutako askotariko kondizioetan bizirik irauteko zer estrategia dituen aztertu du UPV/EHUko Zaloa Bravo mikrobiologoak. Ikusi du Acinetobacter baumannii bakteriori hainbat desinfekzio-prozesuz aurre egin arren, zelula batzuek bizirik jarraitzen dutela, nahiz eta ez dira gai ohiko kultibo-inguruneetan hazteko. Ondorioz, zelula horiek ez dira detektatzen desinfekzio-prozesua ebaluatzeko metodoen bidez. Ikerketan, hainbat garbiketa-metodoren eraginkortasuna aztertu zuen, bai erradiazioa erabiltzen duten metodoak, bai desinfektatzaileekin egindako garbiketak.  “Lortutako emaitzek agerian utzi zuten aztertutako desinfektatzaile bat ere ez dela gai mikroorganismo hori erabat ezabatzeko”, azaldu du ikertzaileak.

Bakterioek 30 egun baino gehiago iraun dezakete ospitaletako paretetan, gainazaletan eta material kirurgikoan. Elhuyarren ere topatuko duzu informazio osagarria.

Neurozientzia

Gustuko dugun musika entzuten dugunean, endorfinak (opioide endogenoak) eta dopaminak (neurotransmisoreak) askatzen ditugu; sexuarekin edo janariarekin bezalaxe. Amaia Portugalek jakinarazten digu artikulu honen bidez Quebeceko McGill Unibertsitatean egindako ikerketa batean hori egiaztatu dutela. “Lehenbizikoz erakutsi dugu garunaren berezko opioideek esku-hartze zuzena dutela musikaren plazerean”, dio Daniel Levitin neurozientzialari, musikari eta ikerketa honen arduradunak. Ildo honi jarraiki, naltrexona –garuneko opioideak blokeatzen dituen substantzia– erabili dute esperimentu batean musikak eragiten duen gozamena ere desagertzen den jakiteko. Zein izan zen emaitza? Artikuluan topatuko duzue erantzuna! Ez galdu!

Ingurumena

Poluzio-maila altua aurkitu dute itsasoaren sakonenean, 10.000 metro ingurukoetan. Pazifikoko ipar-mendebaldeko eremu industrial poluituenetakoa den Suruga Badiako (Japonia) maila bereko poluzioa neurtu dute fosa horietako krustazeoetan. Ikertzaileek ikusi dute eremu industrialetatik urrun eta hainbesteko sakoneran egoteak ez dituela poluziotik libratzen. Izan ere, krustazeo horietan maila oso altuetan aurkitu dituzte hainbat poluitzaile organiko iraunkor; esaterako, garai batean gailu elektrikoetan erabiltzen ziren PCBak, eta suarekiko erresistentzia handitzeko plastikoetan eta abarretan erabiltzen PBDEak. Elhuyarrek kontatu digu berria.

Biologia

Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaile-talde baten arabera, pertsona baten izaera erabat aldatzen da nerabezarotik zahartzarora. Hori ondorioztatzeko, 1950. urtean egindako ikerketa batean oinarritu ziren ikertzaileak. Orduan, 14 urteko 1.208 gaztetxoren izaeraren aldagai jakin batzuk neurtu zituzten; alegia, norberaren buruan konfiantza izatea, saiatua izatea, gogo-aldartearen egonkortasuna, kontzientzia, originaltasuna eta ikasteko grina. 2012an, berriz, parte-hartzaile haietako 174 adinekori neurtu zizkieten 1950ean neurtutako sei aldagaiak. Ondorioz, zenbat eta denbora-tarte handiagoa izan neurketen artean, txikiagoa da emaitzen arteko erlazioa, eta 63 urte ondoren, ez dago ia inongo antzekotasunik.

Eguzki-ekaitzek baleak lehorreratzea eragiten ote duten ikertuko dute NASAk, BOEM Ozeanoko Energiaren Kudeaketa Bulegoak eta IFAW Animalien Ongizaterako Nazioarteko Funtsak elkarlanean. Litekeena da eremu magnetikoa asaldatzen duten fenomenoek zetazeoen nabigazioan eragitea; fenomeno horien artean, eguzki-ekaitzak dira nabarmenenak. Zientzialariek milaka datu dituzte jasota, bai baleen lehorreratzeenak bai eguzki-ekaitzenak. Erlaziorik balego, lotura hori azal ditzaketen arrazoiak ikertuko dituzte.

Juanma Gallego kazetariak ere heldu dio gai honi Berrian. Gertuen dugun izarrak sortutako ekaitzek radarrak itsutu, komunikazio sateliteak hondatu, transformadoreak erre eta GPS sistemak nahas ditzakete. Azken urteotan beste balizko ondorio batek indarra hartu du: eguzki ekaitzek zetazeoen lehorreratzearekin harremana izan dezakete eta hori ikertuko du NASAk. Goddard Espazio Hegaldi Zentroan (Maryland, AEB) lan egiten duen Antti Pulkkinen heliofisikaria arduratuko da ikerketaz eta hala mintzo da: “Teknika estatistikoak erabiliko ditugu bi data multzo horien inguruan harremana ote dagoen ikertzeko”. Ikerketak animalia gehiago salbatzeko bidea irekiko duela espero dute zientzialariek.

Badira itsasoan bizi diren edo bizimodu urlehortarra duten ugaztunak. Esaterako, baleak eta izurdeak. Eta aurreko asteko azalpenarekin lotuta, nondik ateratzen dute hortaz itsas ugaztunek behar duten oxigenoa? Bada, bi bide dituzte. Bata, odola da. Itsas txakurrek, adibidez, masa-unitateko odol gehiago dute gizakiok baino; ia bikoitza. Gainera, oxigeno-kontzentrazioa balio altuagoetara hel daiteke haien odolean. Horrek, hala ere, mugak badituela argitzen digute artikuluan. Izan ere, hemoglobinaren kontzentrazioa oso altua balitz, odolaren biskositatea altuegia izango litzateke, eta horrek lan handiegia emango lioke bihotzari odola ponpatzeko orduan. Hala ere, zenbait itsas ugaztunek badute beste ezaugarri deigarri bat horri aurre egiteko: uretatik ateratzen direnean eritrozito asko kentzen dituzte zirkulaziotik eta barean gorde. Bigarrena, muskulua da. Irakurri osorik artikulua! Ez zarete damutuko!

Euskal Herriko hegaztiei buruzko webgunea sortu du Asier Sarasua biologo eta filologoak: txoriak.eus. Helburu nagusia txorien euskarazko izenak biltzea da eta horien inguruko informazioa ematea. Bi gai jorratuko ditu: batetik ornitonimia (txori izenak), eta bestetik ornitologia (hegaztiak aztertzen dituen zoologiaren adarra).

Emakumeak zientzian

Myriam Gorospe biologoarekin hitz egin dute Zientzia Kaieran. Estatu Batuetako Zahartzearen Institutu Nazionalean dihardu ikertzaile (NIA); bertan, gizakiaren zahartze prozesuak argitzen ditu. Madrilen gauzatu zituen ikasketak. Biologia izan zuen hautu –hiru urte igaro zituen Alcalá de Henareseko Unibertsitatean eta bi, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean–. Bosgarren urtean beka bat eskatu zuen AEBtako unibertsitate eta azkenean lortu zuen bere eskaera porturatzea: “Beka eman zidaten doktoretza SUNYn (State University of New York) egiteko. 1993. urtean amaitu nuen”. Bere laborategian, gizakiaren zahartzearen oinarri genetikoa, molekularra eta zelularra aztertzen dute: “Zelulek kanpoko estimuluen aurrean garatzen dituzten erantzunen oinarrizko mekanismoak ikertzen ditugu”. Taldeak hauxe du helburu: “Bizitza osasungarria luzatzea eta aldi berean, atzeratzea edo eragoztea gaixotasun kronikoen agerpena; hala nola, neurodegenerazioa, patologia kardiobaskularrak, immunologia-urritasunak eta minbizia”.

Astronomia

Otsailaren 10ean ikusi ahal izan genuen ilargi-eklipse bat. Bada, 2017. urtean beste bat ikusteko aukera izango dugu. Apuntatu data: abuztuaren 7an izango da. Aurreko asteko eklipseari buruzko ezaugarriak Elhuyar aldizkarian irakurgai.

Argitalpenak

Arantxa Arzamendik asteon Lucía Taboadaren liburu bat ekarri digu #Hiperkonektatuak (#Hiperconectados): Hiperkonektatuak bizi direnekin hasi eta hamaika ataletan pantailen mundu zabalari errepasoa ematen dio: sare sozialak, sare sozialetako hizkera, Interneten eta Interneti esker egiten ditugun gauzak, wifia, pantailaren menpekotasuna, whatsappa, exhibizionismo birtuala, youtuber belaunaldia, giffak eta memeak, etab. Argitalpen honek oso ondo azaltzen ditu sareari lotuak egotearen abantailak eta desabantailak.

Museoak

Bergarako Errege Seminarioko Museoa gertutik ezagutzeko parada izan dugu artikulu honen bidez. Euskal Herrian, zientziaren sorlekua da Museoa. Joseph Louis Proust kimikaria seminarioko irakasle izan zen eta laborategi paregabe bat antolatu zuen. Bertan, Elhuyar anaiek 1783. urtean elementu kimiko berri bat deskubritu zuten: wolframa. Horretaz gain, platinoa xaflakor bihurtzeko metodoa aurkitu zen. Museoan dagoen bildumarik esanguratsuenetakoa zientzia egiteko eta irakasteko tresnak dira, hiru mila objektuk osatzen dute bilduma, eta Euskal Herrian dagoen mota honetako bakarra da.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #142 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #147

Sat, 2017/02/18 - 11:00

Berriki gauzatutako ikerketen emaitzen arabera, heldu zein haur elebidunek elebakarrek baino emaitza hobeagoak ateratzen dituzte sineste faltsuetako zereginetan. Hau berori liluragarria da. Are gehiago egiaren ondorengo garaian. José Ramón Alonsok jorratzen du gaia Bilinguals and the theory of mind artikuluan.

Karotenoideak pigmentu erabakigarriak dira bizitzarako eta hau ezagutzen dugun modurako. Estibaliz Urartek diosku zergatik Carotenoids, I see your true colours lanean.

Urrea metal nobleena da. Baina ingurune-kondizioak modu sinple batean aldatuz gero, urreak kimika ikusgarri batekin harrituko gaitu. DIPCko ikertzaileek kontatzen digute: The unexplored chemistry of electronegative gold.

Unibertsoa zer den ulertzeko orduan misterio handi batekin egiten dugu topo: materia. Harrigarria bada ere materia iluna erloju bat erabiliz ikertu daiteke. Víctor Marínek esaten digu nola: Testing alternative Dark Matter hypotesis with a clock.

Nerbio-komunikazioa protesi robotiko berriekin uztartzeko gaitasunak aukera berri zabalak eskaintzen dizkie anputazio jasan dutenei. Aukera berriak eskaintzen dizkie, bai, egiazko ziborgak bihurtzeko. José Ramón Alonsok dakarkigu gaia: A new hope for amputees.

Supereroaleek eskaintzen dituzten aukerak modu bitxian ustiatu daitezke. Zelan? Eroale arruntekin modu egokian konbinatuz. DIPCko ikertzaileek azaltzen digute: How to phase-engineer Josephson topological materials.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #147 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages